<![CDATA[Juan Gorostidi | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sat, 04 Feb 2023 07:08:42 +0100 hourly 1 <![CDATA[Juan Gorostidi | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Eliza katolikoak 'ez daki']]> https://www.berria.eus/paperekoa/2041/024/002/2019-02-17/eliza_katolikoak_ez_daki.htm Sun, 17 Feb 2019 00:00:00 +0100 Juan Gorostidi https://www.berria.eus/paperekoa/2041/024/002/2019-02-17/eliza_katolikoak_ez_daki.htm
[...] Gai honi buruz beste behin idazteko bulkada sentitu nuen Deustuko zuzendari haren izena egunkarian idatzita ikusi nuenean: Luis Rojo, Errenteriako Don Boscon nire irakasle ere izandakoa. Eta saihetsezina egiten zait garai haietara itzultzea eta pentsatzea gaztez betetako giro animatu hartan Porfirio Castrok ezagutu genuenon artean inork ahaztuko ez duen sadiko odolzalea eta Luis Rojo pederastak osatzen zutela 9, 10, 11 urteko haurren zuzendaritza tandema. Gure gurasoek ez zekiten, gainontzeko irakasleek ere ez... Gerora ere, garaian kolegio haiek jokatu zuten funtzioa goraipatua izan denean, gustu txarrekoa da terrore erregimen hartaz ezer esatea. Badakigu beharrezkoa dugula ahaztura bizirik irauteko, baina badakigu ere egitura haiek zuzendu eta kudeatzen zituzten ordena erlijioso berek heziketaren proportzio handi baten buru jarraitzen dutela, aurreko hamarkaden gaineko inongo autokritikaren beharrik sentitu gabe. Beraiek ez baitakite zer eta nola.

Eliza Katolikoak ez daki, nonbait, haur bat bortxatua denean munduarekiko haren oinarrizko konfiantza suntsitzen dela eta perbertsiorako ateak parez pare zabaltzen zaizkiola barne infernuan. Babesgabetasuna ezartzen dela biktimaren muinean eta bere burua defendatzeko ahala erabat makaltzen dela. Horrela elikatzen da gurpil zoroa, borreroak ongi baitaki bortxatuak nekez erreakzionatuko duela bere buruaren defentsan, eta askoz ere gertagarriagoa dela biktimaren izaera barneratzea, lotsaren eta erruaren poderioz, isilik eta mendeko betiko —horrek bilakatzen du biktima kategoriakoa, eta ez bidegabekeria bat pairatu duen nornahi soila—. Hamarkadak pasata, haietako norbaitek barrua erretzen dion pozoia askatu beharrez gertaturikoa salatzen duenean, zauriaren neurri zehatzaz jakiten hasten gara: noren esku izan zen, zenbat kasutan... eta baita haren inguruko ñabardura juridikoez ere: preskripzioa bai ala ez, eta abar. Badakigu gaitz izugarri baten lagin txiki baten aurrean gaudela, eta izugarrikeria hori hain zaigu eramangaitza, ezen exorzismo erritoak abiatzen baititugu: politikarien deklarazioak, auzotarren elkartasunak, abokatuen ñabardurak, apaizen mea culpak. Ezin dugu izugarrikeriarekin bizi, eta gugandik at ipintzen saiatzen gara. Ahaztu behar dugu, normaltasunera bihurtu. Baina ezin dugu ahantzi sistema orokor batez ari garela eta sistema horren bortxa naturalizatua genuela jendarte osoan. Eta orain ere badugula hein handi batean eskoletan, lantegietan, familian —zer esanik ez eliza, polizia edo armada bezalako egituretan—.

[...] Egitasmo modernoaren erdian dago Eliza eta Estatua bereiztea, baina Eliza Katolikoak oso gaizki eraman du betidanik egitasmo hori. Azken mendeetan bultzatu dituen gurutzadak «antimodernistak» izan dira. Nork pentsatuko zuen 70eko edo 80ko hamarkadetan XXI. mendeko Elizaren arazo publikorik larriena pederastia eta jazarpen sexualaren inguruko egiturazko leherketatik etorriko zenik? Zorne horren parte txiki bat agerira ateratzen denean, Elizak ez dakiela dio. Denok dakigu, bidenabar, Elizak duen boterea jakintzaren eta gorentasun moralaren gainean eraikia duela: horrek justifikatzen du kontzientziak gidatzeko bere buruari ematen dion agintea, eta hezkuntzari oro har ematen dion lehentasuna: ez dago instituziorik munduan maila horretako hezkuntza sarerik duenik.

Egunotan, Europaren erdian egoitza duen Estatu teokratikoan, mundu osoan hedaturik duen gerontokraziak bilduta pasako ditu hainbat ordu, hainbat egun, muineraino barneratuta duen haurren eta emakumeen aurkako bortxari zein bide eman pentsatzen, erregutzen. Jainkoaren izenean gainontzekoei egunero zer egin behar dugun predikatzeko gai sentitzen direnek ez baitakite zer egin ebanjelioan agertzen den sententziarik argienetako bakarrarekin: «Nahitaezkoak dira eskandaluak, baina haur bat eskandalizatzen duenak hobe luke errotarri bat lepoari lotuko baliote eta itsasora bota».]]>
<![CDATA[Txoriaren garrasia urrezko kaiolatik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1880/028/001/2018-11-29/txoriaren_garrasia_urrezko_kaiolatik.htm Thu, 29 Nov 2018 00:00:00 +0100 Juan Gorostidi https://www.berria.eus/paperekoa/1880/028/001/2018-11-29/txoriaren_garrasia_urrezko_kaiolatik.htm Liburuaren inguruko zibilizazioetan» hezitakooi liburu sakratuez ari naiz, Bibliaz, Koranaz... arrotza egiten zaigu hori, ulertezina. Zer egin heriotzarekin, zer hildakoekin? Nola bizi dolua eta dolu-ostea? Ezin uka honetan ere sasoi nahasiak bizi gaituela.

Pertsona beste dolu mota dago, eta beste horrenbeste harreman, inguruko ala urruneko hildakoekin. Laboarekikoa bilakatuz joan da azken hamarkadan nire baitan, aurretik ulertzeko gai ez nintzen hainbat dimentsio argitu zaizkidan heinean. Laboaren obra ezagutu eta maitatu nuen, artean bizirik zegoenean, baina ez nituen haren gakoak sakonki ulertu bera denboraz kanpo kokatu den arte. Hori baita heriotzaren ondorio behinena: eternal bihurtzen gaituela, baina ez betiko bizitza batean, baizik eta denboraren koordenatuak ezabatu direnean. Beraz, ikusgarri egiten zaigu une berean gaztea nahiz zaharra, jaio berria nahiz hilotza. Eta horrek argizta lezake desagertua den denboraz kanpo lekualdatu den bizitza bat. Denborazko perspektiba horretatik ariko naiz hemen, beraz, oso modu eskematikoan bada ere.

Hiru aro antzematen ditut Laboaren ibilbidean, bakoitzak hamar bat urte iraun zuena: Laboa flamenkoa deitu diot lehenari, 1970eko hamarkada bete zuen hari; Laboa esperimentala bigarrenari, 1985-1995 bitartekoari; eta Laboa etsia azkenari, 2005eko Xoriak 17 diskoarekin itxi zenari.

Laboa flamenkoa berea ez zirudien suhar batez oldartu zitzaigun plaza erdira. Jendeak txunditurik begiratzen zion medium hari. Zirrarak jota uzten gintuen ahots androgino hark, oihu eta garrasi haiek. Ez zegoen hobirik hura kokatzeko, eta mar-mar bat hedatu zen aditu eta arduradunen artean: «Hori ez da kantua, ez gaitezen probokazioan erori». Nire tesia da, esku-hartze sektarioez gain, horrek eragin zuela Ez Dok Amairuren eztanda: traje estuegi baten josturak lehertu egin ziren, eta Artze eta Zabala bezalako ero-ekin jarraitu behar izan zuen Laboak, gainontzekoek zentzu ona berreskuratzen zuten bitartean, atarramendu txarreko gehiegikeria haietatik salbu.

Eta gertatu zen gertatu beharrekoa. 1980. urte ingurutik aitzina, erori egin zen Laboa, amildu Artze... Bere bizitzan errepikatu ziren erialdi larrietarik batean sartu, eta ahotsa galdu zuen Laboak; bizirik iraungo zuen ere beldur ziren ingurukoak.

Itzuli zen, halere, eremu sakratu hilgarritik; baina eraldatuta, ezinbestean. Inor ez da eremu horretatik osorik itzultzen: itsu, batzuk; mutu, besteak; burua han nonbait balute bezala denak. Eta inguru kezkatu bezain miresle batekin egin zuen topo. «Itzuli zaitez, jarrai ezazu gure ondoan», errepikatzen zion. Eta bizirik iraungo bazuen, inguru horren beharra zuenez, baietz erantzun zuen, itzuliko zela, jarraituko zuela eskatzen ziotena ematen, irauteko behar zuen maitasunaren ordainetan. Eta ordainetan, amaitua zen ausardia ero hura, eta abangoardiako artista esperimentalaren jantziarekin aurkeztu zitzaigun ondoren, inguru kutunaren oniritziz eta babesaz.

Zertaz ari naizen ulertzeko, nahikoa genuke Laboa flamenkoa-ren lekeitioak entzutea orduko grabazioetan (Baga, biga, higa; Gernika; Orreaga; Komunikazio-Inkomunikazio…), edo lehen kantu zirkular haiek (Nahiz eta heriotza, Zaude lasai, Besterik ezagutu ez eta…), eta konparatu ondorengoekin, bigarren sasoiko lekeitioekin (Itsasoa eta lehorra, Cherokee, Mugak…) edo kantu zirkularrekin (Lili bat, Hegazti errariak, Gure oroitzapenak…). Bigarren aro honetan interesgarria jarraitzen du izaten, baita jeniala ere, baina babesa nabari zaio, etxe ezagun batean dabil, barne-barneko amildegiaren ertzetik zentzuzko distantzia batez.

Laboa etsia izendatu dut azken arokoa: sorkuntza amaitu da ia, baina ikonoa eraikita dago dagoeneko, eta, ingurukoez gain, gizartearen agintari eta ordezkariek ere aho batez laudatzen dute. Aro horretako arrastoak grabazioak bildumak dira, zuzeneko saioak, orkestraz eta koruz jantzitako emanaldiak… Laboa mediumarekin harrapatuta geratu ginenontzat, etsigarriak, tristeak.

Eta gerora? Laboa desagertu zen, eta nolako omenaldiak egin ohi dizkiogun ikusirik, bistan da bilakaerak beste urrats bat egin duela: Denon Laboa bat aldarrikatuz, nabaria zaigu duintasuna elikatzeko ahalegina. Ereserki bihurtu ditugu haren zenbait kantu; hitz eta melodia sakonekoak, denon ustean. Solemneak jarri gara, eta, horrelakoetan, ereserkiak behar izaten ditugu estadioetarako, kanpaina instituzionaletarako, hiletetarako.

Baina indartsuegia izan zen Laboa flamenko hura, eta nago sasoi larri haiek bizi ez zituztenek sumatzen dutela ezkutatzen ari zaiena: telefonoz bestaldean dagoen ahots androginoa, «... badakizu zer gertatzen den hemen» dioena, eta bestaldetik zer datorkion jakin gabe ezezka hasten den Laboa zoratuarena: «Ez, ezetz, EZETZ !!!», gero eta garrasi desesperatuagoan. Eta oihu beldurgarri hori Bachen koruekin nahasten da, bat egiten, hildakoen erreinutik atzera eginez, denbora desagertua baita erreinu horretan, eta txoria, errukigarri hori, denon artean eraiki diogun urrezko kaiola lehertzekotan da.

Bihar: Olatz Salvador.

Hona Juan Gorostidik Mikel Laboari buruz idatzitako beste artikulu batzuk:

Laboaren bitartekaria. Mizel Thereten ‘Lekeitioak’

Zer egin Laboarekin: Deloreanen hautua

Euskal kulturaren oraina: Baga, Biga, Higa

Txoria txori]]>
<![CDATA[Laboaren bitartekaria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1885/030/001/2018-07-13/laboaren_bitartekaria.htm Fri, 13 Jul 2018 00:00:00 +0200 Juan Gorostidi https://www.berria.eus/paperekoa/1885/030/001/2018-07-13/laboaren_bitartekaria.htm lekeitioak jaso ditu, eta haiek ulertzera bultzatzen du. Joan den martxoan estreinatu zuen Lekeitioak lana, Bilbon, Miarritzen (Lapurdi) eta Aulestin (Bizkaia), eta gaur eskainiko du berriz, Eako (Bizkaia) poesia egunetan, 22:30etan, Eskolondon. Ondorengo hau badok.info-ko blogean argitaratutako testu baten hainbat pasarterekin osaturiko idazkia da.

... Oso bizirik den norbaitena egin zait Laboaren ahotsa, beste behin, Mizel Thereten emankizunean. Dantzariaren jarreraren poderioz, baina, ahots hura hildakoen artetik zuzentzen ari zaidala jabetu naiz. Laboak arrasto indartsua utzi zigun bizirik zen bitartean; eta modu horretan betikotu da. Baina ezin berraragituz dabil hildakoen ibaian, bertako fantasma eta izpiritu gaiztoekin deman, baita haserre eta etsituta ere, jabeturik oraino bizirik gaudenok zeinen ulermen makal eta erabilera fribolo egiten dugun bere ahotsaz eta auheneez. Etsituen dabilenean, suntsitu nahiko lituzke haren arrasto guztiak, eta, aingura horretatik libro, arima arinez etorri ama berri goxo baten sabelera. Baina ezinezkoa du, eta, une batzuetarako bada ere, bere burua eskainiko dutenen bila dabil gure artean, bakerik ematen ez dioten bere ahotik atera ziren hots eta arrangura madarikatu haiei bide bat aurkitu diezaiogun.

Une batzuetarako bederen, Mizelengan aurkitu du Mikelek bere gorputza utziko dion adiskidea, bitartekaria; baina ez edozein baldintzatan. Contrappasso legearen jakitun, Mikelen ezaugarrien kontrakoak behar ditu haren zama eroaleak: ahotsa zuen hark, isilik behar du honek; gitarraren gibelean ezkutatzen zen figura herabe eta ikaratuaren ordez, gorputz soilez bete beharko du honek egin beharrekoa. Mikelek utzitako zenbait arrasto aukeratu beharko du beste behin, eta hildakoaren izpirituaren oraingo behar larriei bidea egiten saiatu. Magia magiaren gainean ipintzen duen erronka beldurgarrian.

Iluntasun tenkatu batek girotzen du hildakoen eta bizirik daudenen arteko tratua. Eta isiltasun batek. Badaki bitartekariak ezin izango duela onik itzuli bestalde horretan sartu orduko hango mandatarien lana behar bezala beterik ezean. Kontzentrazio handiz jarri da gure gizona espazio horri so erpin batetik: soka gorri batez zoruan marraztua den lauki beltza da beste dimentsioa irudikatzen duen espazio magikoa. Isilik eta geldi. Dimentsio horretan barneratzeko une egokiaren zain.

... Eman du pausoa dantzariak, baina ezin digu aurpegia erakutsi. Begiraleei bizkarra emanez jarraituko du denbora luzez, espazio hura berea egin bitartean bederen; hildakoaren ahotsarekin bat egin arte luzean. Pauso batzuk eman eta zorua haztatzen du, saihetsetik etzaten da. Zutitzen denean, bi eskuak lurrean eta oin puntetan, korrika ziztuan aterako den atletaren moduan ipiniko da baina, aurrera jo beharrean, buruz lurrera eramango lukeen mugimendua geldituz. Erorikoa gerta ez dadin, oinak lurrean jarri, makurtu eta etzan egiten da beste behin saihetsean, lerro zuzen luzea marraztuz.

Laboak utzi zizkigun grabazio guztien artean ez dago Orreaga bezain intziri irrintzi asaldagarriagorik. Bortu hertsi batean suertaturiko pasarte odoltsuenera jo zuen horretarako, Erdi Aroko antzinatean euskaldunak ere nor bazirela adierazteko odolez izenpetu zuten batailara. Koblakariek derrotatuak besteak izan zirela azpimarratu zuten, behingoz, beste horiek gerora handi eta boteretsu bilakatu badira ere. Joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran plazaraturiko pieza hura bakana izan zen Laboaren kantutegian, eta muga bat seinalatu zuen. Eta seinalaturiko muga arriskutsu hura nola zeharka zitekeen erakutsi zigun.

Gerora, Herioren hegal hotzaren ukitua sentitu berritan, damutu egin zen agian gehiegikeria hartaz, eta ezabatu egin nahi izan zuen ausarkeria hura. 1960 eta 1970etako mozkorraldi asaldatuaren ostean eta Herioren ukituaren segidan, harekin bakea egiten saiatu zen kantaria. Ezabatu egin nahi izan zuen, baita memoriatik ere, Orreaga salbai lotsagabe hura, eta izen bereko beste bat grabatu zuen hurrengo hamarkadan. Bigarren horri lotu zaio dantzaria keinu haren leialtasunez, gauzatzen ari den exorzismoaren abiapuntu gisa.

... /...

Ezpata odoleztatuak lurperatuak izan dira, eta inoizko arrano-hegal handiusteak hegaldatzea ezinezkoa duten hegal hautsiak bilakatu dira. Nekatua da ahots hori, gehiegi luzatu eta itoan airea antsian hartzera behartua da etengabe. Antsia eta hegalen ezina. Oinak iltzatuak dira zoruan, eta ahots murmurioarekin batera, beso-hegalak figura berrosatzen saiatzen dira. Ez luzerako, antsika hartuko baitu airea behin eta berriz bestaldeko izpirituak, eta figura berriz hautsiko da behin bitan hirutan. Handik aurrera, etsia onartuz bezala, bi besoek irudi biluzia osatzen dute, erdi hegal, erdi helduleku -beso-hegalak dira, aurpegiarekin batera, beltzez estali gabe dauden gorputzaren atal bakarrak-. Beso-hegal ezinduak gorputz zut eta geldoarekin hasiko dira deman; esku zabalduak ukabiletan bilduko. Askatuko badira, aurretik zerbait borrokatu behar dute, baina hutsean dabiltza. Borrokak ezin, eta berriro bilatzen ditu hegal hautsiak dantzariak, bigarrena izanda enegarren ahalegina dirudien batean, askeago, bada, oraingoan. Ahotsa nagiak utzita baitabil dagoeneko, gardenago ematen digu auhena, murmurio etsian jausi bitartean, arnas itolarrian. Oihua irrintzi zoroa bihurtzen denerako atxikita geratzen zaizkio hegal hautsiak dantzariari gibelera, eta askatzeko ahala eginagatik ere, ezin du. Ez du berehalakoan lortuko; gorputz osoa astinduko dio beste behin dardarak, ahotsaren murmurioz, askatuko badira.

... /...

Itsasoa eta Lehorra izan zen Herioren hegal hotzak Laboa ukitu ondorengo lehen lekeitioa, egurraren hotsez abiatzen zena. Lehorra bezain leuna da hots hori, ataka horretan lasaitasuna eskaintzeko gai dena. Asko luzatu egin baita orain arteko eginahala. Aukera ematen dio dantzariari soa une batez guregana zuzentzeko. Berak ezin badu ere, egurraren hotsa hegaldatzen da, eta horrek ematen dio bitartekariari atsedena hartzeko aukera: figura luze etzana, beso baten gainean burua, bestea saihetsean. Hain gurea bilakatu dugun egur-hotsak ez dio melodiari leihoa zabaltzen, ezta gainontzeko tinbal gehienei larruek eskaintzen dioten epeltasun hurbila ere, baina aski dugu jo lehor horrekin. Kantariaren ahotsa jo soil horretan sostengatzen da, eta gitarraren ukitu aratzean. Aski du horrekin dantzariak loa debekatzen dion ohantze ilunetik altxatzeko. Badaki ezingo duela denbora neurtu lauki ilunean dagoen bitartean. Denboratik at barneratu baita bera ere, hildakoekin harremanetan jartzeko nolabait, haien kondena bera betetzea baitu baldintza.

Bilatu zuen irtenbide bat Laboak 1980ko hamarkada luzean, eta egurraren arrimuan egindako ahaleginari urrutirako bidaia batek jarraitu zion. Ipar Ameriketara jo zuen oihartzunen aztarnen bila, indio harro eta derrotatu haiengana bidaiatu zuen, txerokiengana, bizitzaren taupada haztatzeko.

Ez daki zer eta nolakoa izango den hurrengo mezua; antzinatera edo aitzinera bultzatuko duen, honezkero eramangarri egingo zaion... Bestaldeko hots eta ahots-uholde bakoitzak uzten baitu horrela, interludio bakoitza hutsetik abiatzeko enegarren ahalegina bilakatzen zaiolarik. Zatikatua, dudakor suertatzen da oraingoan, baina lehen aldiz eta segundo batez bada ere, besoak askatu egin zaizkio. Airean marraztutako keinuak berak eramaten du errepikatzera; indarra berriro bildu eta beste nonbait hainbat aldiz hegaldatzera... ]]>
<![CDATA[Indarkeria eta denbora galdua: ongi etorri normaltasunaren basamortura!]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2053/012/002/2017-08-23/indarkeria_eta_denbora_galdua_ongi_etorri_normaltasunaren_basamortura.htm Wed, 23 Aug 2017 00:00:00 +0200 Juan Gorostidi https://www.berria.eus/paperekoa/2053/012/002/2017-08-23/indarkeria_eta_denbora_galdua_ongi_etorri_normaltasunaren_basamortura.htm
Zer gertatzen da talde armatu batek ETAk kasu erretiratzea erabakitzen duenean?

[...] Urteak joan eta urteak etorri ukazioetan ibili direnei ezin eskatu orain onar dezaten zapaltzen duten zorua airezkoa denik; eraiki duten gotorlekua paperezkoa.

Urteak joan eta urteak etorri, hortxe, bada, koska. Nor gogoratzen da XX. mende erdialdeko gazte mendebaldarren amets eta bizipenez? Zer balio dute orduko bulkadek eta zioek oraingo ezer argitzeko? Halere, ezin ETAri buruz ezer ulertu Gerra Hotzaren testuinguruan Hirugarren Munduan sorturiko mugimendu askatzaileek piztu zuten sinpatia eta emulaziorako grina kontuan hartu gabe. Argi al daukate egungo gazteek zelako derroten gainean eraikiak dauden egungo Kubako, Vietnamgo, Aljeriako edo Kongoko errealitateak? Are gehiago, zeintzuk diren Mendebaldean eta mundu osoan garai urrun haietatik aurrera gertatu diren sakoneko aldaketak: neoliberalismoaren erabateko garaitzea eta horrek munduko populazioaren gehiengoarentzat dakartzan muturreko bortxaketak?

Joan den mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan, saldoka eratu ziren talde militar iraultzaileak Mendebalde osoan. Baina mende horren bukaerarako eta 1989an kokatu behar amaiera hori, kasu honetan amaituta zeuden ahalegin haiek, ETArenak salbu. [...]

Hamarkadetan atzendutako talde armatu bat mantentzetik eta Europako leku militarizatuena izateari utzi gabe, munduko herri baketsuena izatera iragaiteko zorian gaude, egun. Baina munduko ordena mantentzeko bortxak ez du etenik eta, gure agintarien kudeaketa abilari zein gure esaneko sen langileari esker, Europako bazter honetan inguruko leku aberatsenekin ipintzeko lehiaketan aski ondo kokatu ostean, urrutitik hurbilduko zaizkigu gure aitona-amona matxinoek horrenbeste miretsi zituztenen oinordekoak: Afrikako, Ameriketako eta Asiako desesperatuak. [...]

Bi muturreko joeren artean mugitzen jarraituko dugu historia luze honen lekuko izan garonok. Batean, indarkeriaren atzeraeraginezko arbuio erabatekoa: «Ez zen gurean inoiz halakorik gertatu behar». Edo «onar ezazue sakrifizio hori guztiak ez duela ezertarako balio izan». «Autokritika» eskatzen da, baina edozein errebelamendu bortitzen arbuioa bilatuz. Historiaren ukazio bat ikusten dut horren muinean. Beste muturrean, beren balentrien gozamen lizunari inondik ere uko egiteko prest ez daudenak: «Herri honek zerbaitetan aurrera egin badu, geure ahalegin eta sakrifizioagatik izan da. Geu izan gara azken erresistenteak; eta egungo nagikeria orokorrak dena histu ez balu, berdin jarraituko genuke zapaltzaileei eta haien morroiei loa kentzen, gure helburuak lortu arte».

Gero eta arrotzagoa egingo zaie hau guztia mende berrian hazi direnei, eta batzuk nahiz besteak, harri eta zur geratuko dira datozkigun hodeiertz utopikorik gabeko bortxazko adierazpen gordinenen aurrean. Gerraren legeari jarraituz, eragile bortitzenek jokalekuz kanpo uzten zuten gurean gehiengoa: horra haien ardura politikoa. Haien oinordekoak datoz orain «denon inplikazioa» eskatzera, ulertu ezinean gero eta arrotzagoak egiten zaizkigula zenbait berba eta jarrera. Normaltasunaren basamortuan egin beharreko ibilaldian, beste hitz batzuk asmatu beharko dira; eta beste keinu eta adierak, hitzek balioko ez dutenerako.]]>
<![CDATA[Xorien ihesa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1910/030/001/2017-07-23/xorien_ihesa.htm Sun, 23 Jul 2017 00:00:00 +0200 Juan Gorostidi https://www.berria.eus/paperekoa/1910/030/001/2017-07-23/xorien_ihesa.htm impasse tarte horiek, eta exijitu egiten diogu artistari barruan sortzen zaigun deserosotasun hori bete dezan kolorez, soinuz, mugimenduz, hitzez.

Badira zenbait, halere, morrontza horri uko egin, eta —bazterrean geratzeko arriskua onartuz— bidaia-sari bat ordaintzeko eskatzen digutenak: «Zertara zatoz hona ni ikustera, zeure burutik ihesi, ala zeure baitara biltzeko prest; denbora-pasa, ala nire lanak eta ikerketa isilak emango dizun isla zeureganatzeko ahaleginean?». Estimulu gabezia eragile den une horretan abiatu zen herenegun Errobiko Festibaleko bigarren gaualdeko emanaldia, Mizel Theretek zuzendutako koreografiarekin. Hegaztiak gaitzat hartuta osatu trilogiaren ixteko, Xorien ihesa Laboaren azken kantuari («Zuen eskuak zabaltzen diote/ xoriak laudatu egiten dituzue,/ lausengu lirikoak ere dedikatzen dizkiezue/ baina zuengandik beti ihes doaz») dei egin zioten bost dantzariek, eta isilik geratu ziren, geldi eta adi, mendeetan zehar errepikatu diren hotsen oihartzunen zain. Johanna Etcheverryk, Gael Domengerek, Eneka Bordato-Riañok, Matxalen Bilbaok eta Robert Jacksonek harilkatu zuten oihartzunez jositako ehun sotila, horren baitan ikus-entzuleak harrapatzea lortu zuen ordu beteko emankizunean.

Bost dira dantzari-xoriok, baina xori baino, emazte eta gizon dira, beren baitatik ezin askaturik, barnean daramaten hegazti hori gorpuzten dutenak. Xoriek hegaldatze dotore eta beti iradokitzailean bere burua behin eta berriz islatuz, hautsita sentitu ohi da emaztea ala gizona; kaiola baten modura bizi du gorputza, nondik xori hegalari horrekin amets egiten duen, kartzela horretatik inoiz libratuko al dena. Eutsi egiten zioten minutu luzeetan ahalegin horri dantzariek, haien artetik tiraka bezala zabaltzen zen espazioa betetzeko tentsioan. Isilik betiere, gorputzaren orro isila agerian, ezpada noizbehinka polifonia baten goxotasunean babesteko.

Horrela agertu ziren han-hemenka Ahaire zahar huntan eta Soule izenekin Javier Bello-Portuk osatu eta Kea taldeak grabatutako piezak; berdin Ürzo lüma eta Arvo Parten Agnus Dei. Apenas hausten zuten talde kantuok isiltasun hori, gorputz bakartuek aurrera zeramaten borroka gor etengabea zena. Gehiago ziren hegaztien oihartzun guztien oroitzapen, taldean gauzaturiko bakardadearen leungarri. Amore eman behar, halere, amaieran: kalatxorien garrasiak entzun ziren, eta lurrean etzanda edo elkar besarkatuz dantzariak, bost-bat edo hiru-bat eginez, gorputzez baino nekez sentitu edo adierazi litekeen giza elkartasun ezinbesteko hori bilatuz, adieraziz, gorpuztuz.

Hegan jarraituz

Ondoren etorri zenak izan zuen hegaldatzearekin zer ikusirik, gure ohituretatik eta moldeetatik urrutira eramaten gaituzten musiken bitartez suertatu zena. Elkartu ziren oholtzan Senegaleko Ablaye Cissoko griot-kantaria, Irango Kiya Tabassian setar jotzaile eta kantaria, Kanadako Pierre-Yves Martel viola da gamba jotzailea, Italiako Ziya Tabassian eta Frantziako Keyvan Shemirani, biak perkusio jotzaileak, eta bosten arteko bidaia musikal bakana eskaini zuten. Griota Afrika mendebaldean irauten duen kantari-kontalari gisako bat da, poema homerikoak kantatzen zituzten haien gisakoa, herri edo leinu baten historia mitikoan barneratuz izaera bat bere komunitatean eguneratzen duena. Gisa horretakoa da Cissoko senegaldarra, eta bere ahots gozoak, korarekin lagunduta, urrutiko paisaia eta denboretara eramaten du entzulea. Antzeko zerbait antzematen zitzaion Tebassian irandarrari.

Halere, harrigarriena bostak batera eta elkarrekin aritzea izan zen: Europan orain dela sei edo zazpi mende egiten zen musika motekin lotzen ziren une eta giroak, Asia erdialdeko edo Afrika mendebaldeko aireekin modu naturalean ehunduak, hain justu. Garbi entzuten zen une batean ahots bat edo bestea, baina baita hiru giroak bat eginda ere, paraje eta historia ezberdinetako giza bidaia bakartzat hartzeko moduan. Are gehiago, antzematen zen garaikidetasun harrigarri bat hiru zibilizazio eta lau kontinente elkarrekin aritzeko modu musikalean; ez ziren aritu musika tradizionala berritzen soilik, baizik eta zerbait berria eta elkarrekin egindakoa sorberritzen.

Errobiko Festibalak sakontasun handiko uneak eskaintzen ditu, eta horrela ari da erakusten aurten ere. Atzoko Haratago ikuskizuna, non Zuberoako basa-ahaideen interpretazioa musikari gazte euskaldunen eta europarren artean egin zen, Mazedoniako buhameen Kocani Orkestraren emanaldia, eta beste hainbeste adibide izan ziren. Tartean, Brasilgo forroa edo Garaziko nahiz Kongoko dantzak. Gaur, goizeko hamarretan abiatuko da Mondarrain mendian zeharreko ibilaldi poetikoa, aurtengo edizioa ixteko.]]>
<![CDATA[Musikaren unibertsoaren erditik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1736/027/001/2017-07-22/musikaren_unibertsoaren_erditik.htm Sat, 22 Jul 2017 00:00:00 +0200 Juan Gorostidi https://www.berria.eus/paperekoa/1736/027/001/2017-07-22/musikaren_unibertsoaren_erditik.htm
Ohi denez, hiru emanaldi saio bakarrean gertatzen dira Itsasuko Atharrin (Lapurdi) hedatzen den agertokian. Musika izaten du ardatz, baina dantzak ere badu bere leku berezia: hiru talde, hiru ikusmolde baina zerbait elkarrekin dutenak guztiak: musika tradizionalean sustraiak (zer da jazza hori baino?) eta inprobisazioan eta nahasketa berritzailean horren gauzatze etengabea.

Banatu Bartok

Bela Bartok XX. mendeko konpositore hungariarraren errebindikazioaz hasi zen kontzertu saioa. Orain hamar bat urte hasi ziren Christine Martineau (biola eta kantua) eta Denise Laborde (mandolina eta ahotsa) elkarrekin Bartoken errepertorioa lantzen. Bide luzea izan da haren eskutik hasi eta, euskal tradizioan barrena, Europa ekialdekoan murgilduz jorratu dutena. Disonantziaren maisua bezala ezagutu zena, garaiko beste hainbaten moduan, bere herrialdeko melodiak eta kantu zaharren transkripzioak eta grabaketak eginez ibili zituen orain mende bateko bere bazterrak. Aurkitutako altxorrak konposizioetan birsortu zituen gero. Martineauk eta Labordek egindako lana, elaborazio haietatik partituz, iturrietara itzultze bidean eman dela esan genezake. Eta joan den osteguneko emanaldian hiru geruzetan ikusi ahal izan genuen prozesu hau. Hiru geruza hauek bi emakumeon ikerketan eta interpretazioan dute muina, eta orain dela hainbat urteko Barkatu Bartok emanaldian erakusten zuten: Bartokekin batera, euskal kantutegi zaharra ageri zen bertan, baina baita Juan Kruz Igerabideren eta Joxan Artzeren hainbat poema laburretatik abiatzen ziren bariazioak eta inprobisazioak ere; ahotsetan eta, batez ere, musika instrumentalean.

Bigarren geruza bat gehitu zitzaion muin sendo honi, belaunaldi gazteago bateko hiru musikariren eskutik: Maider Martineau (soinu txikia, alboka eta ahotsa), Sylvain Meillan (biolontxeloa eta Bulgariako arrabita bat, gadoulka izenekoa) eta Vianney Desplantes (bonbardinoa eta alboka). Tinbreak aberasteaz gain, alboka eta bonbardinoa uztartuz eta soinu txikiaren melodikotasun freskoa mandolinarekin bikoa osatuz, biolaren nagusitasuna modu orkestralean osatua geratzen da Meillanen sokekin batera.

Bigarren geruza honek orkestra-osotasuna ematen dio aurreko bikoteari, baina baita joko berrietarako esparrua zabaltzen ere: bi emazte ahotsei hirugarrena gehitzen zaio denbora-, erritmo- eta harmonia-disonantziak berrituz; bonbardinoaren baxu sakon metalikoak harriduraz harrapatzen gintuen maiz, soka agudoen kontrastean edo albokaren indarrarekin. Bartok banatzen ari zitzaigun euskal lurraldeetan.

Hirugarren geruza bi musikari gazte apartek osatzen dute, aurrekoen lanari sakontasuna eta ekialdeko (baita gure ekialdeko) moduak erantsiz. Julen Axiari (perkusio turkiarrak eta ahotsa) eta Nicolas Nageotte (klarineteak) dira bi musikariok, eta haiengandik heldu ziren osteguneko emanaldiaren unerik gorenenak, hunkigarrienak, sakonenak.

Bazterretik bazterrera mundu bat da zabala zuen leloa Bartok maisua aurkeztuz entzulea Europa ekialdera eramaten zuen lehen aire alaiak. Melodia arin eta dantzagarriek osatu zuten kontzertuaren erdia: zortziko indartsuak edo fandango hautsiak, zenbaitetan ekialdera eta bestetan gure arbasoen modu bortitzenetara eramateko gai zirenak (Leon eta Maurizia berpiztuak izan ziren une batez). Bestalde, hauek tartekatuz, malenkonia sakonenaz blaituriko piezak: Bizkaiako lo-kanta-ren lau ahotsetako interpretazio zoragarria, esaterako, dagoeneko arrotzak ditugun erreferentziaz osaturikoak (gona gorriz jantzitako ama, bildotsarekin nahastuko duten haurra...).

Baina egon ziren beste hainbat eta, horien artean, Turkiako, Armeniako eta Irango melodia sarkorrak Axiariren kantaera harrigarrian emanak. Bartokek eta bere garaiko hainbat musikarik egindako bidaia itzuleran zetorkigula zirudien: forma landuenak kontraste tinbrikoekin emanak; ahotsen tratamendu antzinakoak, berreskuratuak. Zorioneko bidaia honetan parte hartu ahal izan zutenak!

Xisteraren dekonstrukzioa

Mizel Theret dantzari eta koreografoa leku berezia ari da izaten Errobiko jaialdi honen bilakaeran, baina ez da lehen aldia bere emanaldiekin bereziki estimatzen duen giro honetara datorrela. Orain bost urte eskaini zuen bere Pelotarhitza agertoki bihurturiko frontoian, bertsolariz eta musika herrikoiez horniturik. Oraingoan, haren soiltasunerako joera gero eta nabarmenagoa azpimarratuz, pieza laburrago bat eskaini zuen, ordu erdi ingurukoa, Beñat Axiariren ahotsez eta Jesus Aureden esku-soinuaz lagundurik. Aspaldian elkarrekin ibilitako artistak dira hirurak, eta nabarmena da haien arteko bat egitea. Axiariren hots agudoenak are agudoagoak bilakatzen dira Aureden soinuan, berdin grabeenak grabeago. Biona basakeria neurtua da, hainbat musikari bakanek zabaltzen dituzten eremuetara tiratzen duena.

Bien artean, baina espazio bakarra osatuz, Thereten soiltasuna: gelditasunetik zabaltasunera, bertikaltasunetik lurraren hedapenera, bere dantza isila karga dramatikoz betez. Zesta puntan erabiltzen den xistera izan zuen gonbidatu bakarra, eta haren inguruan ariko balira bezala —ez alderantziz, xistera apaingarria gisa— osatu zuen dantza. Eskuaren, besoaren eta gorputz osoaren hedadura horri atxikita, berari uzten zion agintzen. Eta pilotariek janzten duten zuria beltz bilakatuz, haien mugimenduak pilotarik gabe airean zabalduz, haien ahalegin ezinezko batez ari zen dantzaria: bizitzaren baieztapenaren eta endekapenaren aldarri apalaz.

Jazz pianoaren bilakaeraz

Izenburu hori eraman lezake Benjamin Moussay pianista bakanak Keyvan Shemirani perkusio maisuaren laguntzarekin eskaini zuen emanaldiak. Bere iturriak jazz pianista handienengan daude, baina baita ere pianoa garatu duten musikari klasiko eta garaikideengan. Shemiraniren perkusioarekin bat eginda, jazz hirukote klasikoak ekartzen zituen gogora —baxuaren absentziaz ohartu ere egin gabe—. Baina besteetan, bateria eskuz jotako perkusio beroago batez ordezkatua zenean, pianoari berari beste dimentsio bat ematen zioten koloreetan barneratzen zuten entzulea. Berrogei urte bete gabe, handien artean kokatzeko deitua dago Moussay, ez badago jada, eta bere emanaldiak, piezaz pieza, kronika oso baterako emango lukete. Beste norbaitek beste nonbait eginen duena.

Bitartean, gaur bertan hemen esandakoari beste bira bat emateko aukera izanen dute Itsasura hurbiltzen direnek: itzulpenari buruzko solasaldia goizean (Itxaro Borda, Juan Kruz Igerabide eta Pantxoa Etxegoin) eta musikaz blaituriko arrastiria: Zuberoako basa-ahaideak berreraikiak, esaterako, edo Mazedoniako ijitoen aireen zoramena.]]>
<![CDATA[Kakux bioboterea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/025/001/2017-03-09/kakux_bioboterea.htm Thu, 09 Mar 2017 00:00:00 +0100 Juan Gorostidi https://www.berria.eus/paperekoa/1832/025/001/2017-03-09/kakux_bioboterea.htm Ur Handitan programaren biharamunean entzun nuen Hedoi Etxarte Joxe Arregiren diskurtsoa laudatzen, kasu hauek duten morbo eta asaldurari aurre eginez «egongo den eta ezagutuko ez den horretan» kontuz ibiltzeko, eta apaiza batekin dugun jarrera salatuz: «Eta abusuen egilea kamioilari bat balitz, berdin joko al genuke kamioilarien kontra?». «Horrek ez dio ez biktimari eta ez eragileari ezertan lagunduko», zioen Arregik berak.

Ildo beretik zetorren Jon Sarasuaren gogoeta Euskadi Irratian. «Gero eta sentiberagoak gara biktimekiko» esan, eta Nietzschek kristautasunari —«ezinduen konspirazioa»— egiten zion kritika gogoratu zigun; ezkerrekoek edo feministek duten matrize bera seinalatuz: «erruduna egurtu eta gu lasai geratzeko». Berari ere «desproporzionatua» iruditzen zaio Kakuxi emandako egurra, eta Elizari oro har.

Azkenik, Idurre Eskisabelek BERRIAn: «Aitor dezadan Joxe Arregik gai honen harira egunotan argitaratu duen iritzi artikulua azkenaldian leitu dudan gauzarik eraldatzaile eta askatzaileenetakoa dela biktima/biktimario harremanari buruz ez ezik, baita pertsona izatearen muineko ikuspegiari dagokionez ere. [...] Baina, hala eta guztiz, kirrinka egiten dit, justu, doi-doi, diskurtso honen premia soziala eta ondoriozko enpatia sexu abusuen gaiarekin lotuta sortzeak —Arregi eta Sarasua barne baina haiez gaindi—, non eta, oro har, biktima eta biktimarioez pentsatzeko eta egiteko hainbeste dugun gure herri honetan».

Azken ohar hori interesatzen zait niri ere, baina ezin horri heldu Arregiren diskurtsoa kokatu barik, non ukatzen dena den esanguratsuena: kleroarekiko korporatibista ez dela, ezta moralista eta sentimentala ere; sentimenduz gaindiko gogoeta sakona bilatzen duela, biktima guztien enpatia erabatekotik esan ostean, azken aurreko abusuen testigantzari buruz dioen gauza bakarra da «eskabrosoagoa» dela, eta Ana Moralesena «dramatikoa».

Iritzi hauek entzunda bururatu zitzaidan lehenengo galdera: pentsatu al dute lagun hauek biobotereak Euskal Herrian izan duen espezifikotasunaz, eta bertan Eliza Katolikoak jokatu eta jokatzen duen rolaz? Ezetz esango nuke, bestela Arregiren amua ez lukete horren erraz irentsiko. Sloterdijk: «XIX. mende amaierako kristautasun protestantea ongizate-enpresa bihurtua zen, leunki maitekorra, gizatasun metafisikoz jantzia [...] Katolizismoa, berriz, 1870ez landa, modernitatearen aurkako krispazioaren gorenean sartu zen, eta bere ahalegin guztiak —frente teologiko nahiz politikoetan— ez ziren ahuldadetik sorturiko makinazioak baino izan. [...] Ariketa horietan guztietan dekadentziak sorturiko panikoa baino ez zen agerian uzten». Nago Arregi bezalako katolikoek ondo ulertu dutela hau guztia, eta denbora galduaren berreskuratze lanetan dabiltzala, ahalegin handiz. Baina Foucaultek garbi utzi zuen bezala, botereaz ari gara, diskurtsoak botere-borroka horien erdigunean duten funtzioaz, «ausazko gertakariak menderatu eta haien zama eta materialtasun beldurgarria saihesteko» ahalaz, alegia. Diskurtsoekin ez ditugu soilik borrokak eta aginte sistemak esplikatzen; diskurtsoak berak dira borroka-zelai, Elizak betidanik menderatu nahi izan duen gorputz eta kontzientzia eremu preziatuak, kasu honetan. Haurren aurkako eraso sexualetan bioboterearen eremu bortitzenean barneratzen gara. Horrexegatik da beste edozein estamenturekin konparagaitza Elizak horretan izan duen funtzioa. Eta funtzio horren indarra erabatekoa zen gurean aurreko 70eko hamarkada arte eta, sendo mantendu da boteregune estrategikoetan, hezkuntza instituzioetan batez ere, inongo garbiketarik gabe.

Gauzak horrela, Kakuxen kasuan ez da soilik izan ondo estalita zegoen zornea agerian jartzea. Hori baliatuz, erabateko gaurkotasuna duten beste gai batzuk azaleratu dira. Hasteko, zer da haur batekiko sexu abusu bat? Eta zergatik hartu behar dugu kontuan Elizak eragin duenean modu berezian? Azpimarratu da abusua boteretik egindako erasoa dela, haurraren zaurgarritasunari eta nagusiarekiko behar duen konfiantzari kalte konponezina eraginez. Noski daudela graduak eta ez dela berdin ukitu bat eta bortxaketa bat, baina erratzen gara konparaketan, nagusien arteko erasoekin alderatzen ditugunean («ez da berdin muturreko bat eta tiro bat» zioen Sarasuak). Guztiz beste maila batean gaude hemen. Eta konparagarria al da kleroa beste edozein korporaziorekin? Ez, berak izan duen eta duen botereagatik eta egiturazko inpunitateagatik, hain justu.

Katolikotasunaren baitan gogo eraldatzailea sumatzen dugunean, Arregirena kasu, aldeko ditugula uste dugu. Berari ez baitzaio interesatzen horren ondo ezagutzen duen katolikotasun zaharkitu atzerakoia. Eta arimen artzaintzan jarraitzeko, korporatibismo eta moralismo oro gainditu behar duela dio. Moralkeria gainditzeko aitzakiaz, inongo moralik gorena predikatzen digu berak: «Oinazea da inporta duen gauza bakarra. Lehenik eta behin, abusuak pairatu dituenarena, baina baita eragin dituenarena ere. Ez dut kulpan eta zigorrean sinesten, ezta absoluzio penitentzialean ere. Hortik bestearekiko elkartasunera igaro nahi dut, nire arduratik, norberaren historia eta drama besterezinetik».

Baina biobotereaz ari bagara, ezin atera hitz horiek bere aginte-testuingurutik. ETBko dokumentalean, Ana Moralesen diskurtsoak uzten zuen agerian eta nabarmen Arregirena —eta horregatik salatu zuen horrek «manipulazio lotsagabea»—. «Errukiaren Iraultza, behar dugun iraultza bakarra» aldarrikatuz, guztion gainetik ipintzen du bere buru «bekataria» gure klerigoak. Horra apez berritua ideologia new age gozoena predikatuz: errua eta kondena eternalekin mendeetan zehar gorputzak eta kontzientziak terrorean hezi ondoren, neurri errepresibo guztien abolizioa aldarrikatuz.]]>
<![CDATA[Edan zure biktimen odola]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/013/001/2015-08-18/edan_zure_biktimen_odola.htm Tue, 18 Aug 2015 00:00:00 +0200 Juan Gorostidi https://www.berria.eus/paperekoa/1832/013/001/2015-08-18/edan_zure_biktimen_odola.htm The Look of Silence (Isiltasunaren begirada), Joshua Oppenheimer errealizadorearen azken lanaren abiapuntuan. Lehenean, kamioi zerrenda dator —armadakoa, itxuraz—, tropikoko ilunabarrean baldar, zuloz jositako pistan barrena. Buru doanak argiak itzalita, atzekoek piztuta, itzal-argi jokoek giro espektrala sortuz. Bigarrenean, eserita eta biluzik dagoen agurea bainatzen ari da emazte bat, keinu sendo eta maitekorrez. Agure horzgabeek ematen diguten hilotz-itxura du agureak, begiak itxita, bere ume-marrutxoengatik ez balitz. Berehala jakingo dugu elbarria dela, itsua eta gorraz gain. Aski dira bi eszenok eta aurreko The Act of Killing (Heriotza emateko ekintza) gogorarazten dizkiguten borreroen hitz eta imintzio groteskoak ikuslea aprentsioz betetzeko. Baina berehala jabetuko gara hark ez zuen giro poetiko eta barnerakoian murgilduko gaituela zuzendariak orain.

Urruti geratzen zaizkigu 1965eko Indonesian CIAk bultzatu estatu kolpea, baita ondorengo hilabeteetan izandako sarraskia ere: bi miloi eta erdi erailketa erregimenaren kontrako ezein susmagarri akabatzeko: sindikalistak, lurrik gabeko nekazariak, intelektualak edo txinatar etniako edozein, «komunista» izatearen akusaziopean. Gauza da, Gerra Hotzaren garaiak ustez amaitu direnean, erregimen hark indarrean jarraitzen duela bertan, eta orduan sarraskiak gauzatu zituztenak goratuak direla egun heroi nazional gisa. Heroi hauei hitza ematea izan zen The Act of Killing filmak egin zuena, eta zur eta lur utzi gintuzten borrero aguretu haiek beren hitz eta errepresentazioekin, ez baikaude ohituta maila hartako lotsagabekeria putzarekin, inpunitate kriminalaren arrandia espektakulo bilakatzeko joerarekin.

Estreinatu berri den The Look of Silence honetan, berriz, orduan eraildako baten anaiak du rol nagusia. Anaia hil eta bi urte beranduago jaioa, hildakoaren itzalean hazi zen. Orain, erailketa haren detaile makabro guztiak ezagutu ditu eta erabaki bat hartu du: banan-banan bisitatuko ditu borreroak anaiarengatik galdegiteko. Ondorioa, agure arro hiltzaile zenbaiten erretratu zerrenda da, baina baita protagonistaren familiaren kontrapuntu samur eta sakona ere: aita elbarritua, ama indartsu eta argia, haren atrebentziagatik kontuak eskatzen dizkion emazte kezkatua, haur maitekorrak... Artelanaz baino ezin lortu bi adar horien lotura orekatua, eta maisuki egin du Oppenheimer-ek.

Horrelakoetan gertatu bezala, geruza asko ditu irudien sinfonia horrek, eta hitzen oso gainetik erakusten den diskurtso hedatu baten erakusketa gordina da. Ezen pasa dira hilketak, eta borreroek —baina baita milagroz salbatu zen batek ere— lelo bera errepikatzen dute: «Zertarako gogoratu?; iragana, iragana da, horrekin jarraitzeak kaltea baino ez digu ekarriko...». Eta horretara behartuak direnean, mehatxuka: «Jarraitu, jarraitu horrela... matxinatuak ageri dira egunotan ere bazter guztietan, eta horrela jarraituz gero, berriro gertatuko da ordukoa. Zuek bilatu duzue!».

«Ez zaitut mindu nahi» errepikatzen du galdegileak, «baina, ez al duzu ardurarik gertatutakoan?». Ahobatezkoa erantzuna: «Ez, komunistak gaiztoak ziren, fedegabeak, besteen emazteekin oheratzen ziren, akabatu behar genituen ordena berriro ezartzeko, Estatua eta Erlijioa salbatzeko». «Baina hori propaganda hutsa da, ondo dakizue errugabeak modu krudelenean akabatu zenituztela», gizonaren arrapostua. Isiltasun deserosoa orduan, eta mehatxu gisa erabiltzen diren bi argumentuak. «Ez hasi politikarekin, ez dut politikaz ezer jakin nahi...» edo, «horrela da politika, ideal batzuen gauzatzea, medioak zeintzuk diren erreparatu gabe». Finean, argumentu «erlijiosoak»: «Mahomak ez zuen inor hil, baina etsaiak eta fedegabeak akabatzea zilegi eta egin beharrekoa da». Bada filmean 60ko hamarkadako elkarrizketa bat, bertako baten eta amerikar baten artekoa, orduko NBL news kateak zabaldutakoa: «Bali irla paradisiakoa da, zer dela eta tamaina horretako sarraskiak?», galdetzen du amerikanoak. «Komunistak berak etortzen zitzaizkigun erail genitzan, onartua baitzuten beren erratzea, eta mesedez akabatzeko eskatzen ziguten». Tamaina horretakoa bota eta paseoan jarraitzen dute biek tropikoko arrastiri zoragarrian...

Ezer berririk ez, beraz, baina ausartuko nintzateke esatera filma honetan gauzak inoiz ez bezala agertuak eta erakutsiak direla. Eta harridura gaindiezineko unez beteriko deklarazio eta keinuen artean, batekin geratuko naiz: «Jende asko akabatzen baduzu burua galtzeko zorian egongo zara; hori bera gertatu zitzaion gure arteko zenbaiti. Palmondoetara igotzen ziren goiznabarrean, otoitzera deitzeko oihuka! Hori saihesteko modu bakarra eraildakoaren odola edatea da». «Hildako bakoitzarena?», galdetzen dio gizonak txunditurik. «Ez, nahikoa da bi basokada egunean. Baso bat generaman lepoa egiten genienean bertatik jasotzeko. Gazia eta gozoa da giza odola...».

Interpretazio bat baino gehiago izan lezake ekintza eta sinesmen horrek: mundu eta kontzientzia magikoaren indarretik hasita, eukaristia kristauan mantendu dena, besteak beste. Baina badu guri dagokigun eta indarrean jarraitzen duen erro sakonik ere: norbait akabatu behar baduzu, bere odola edan behar duzu ez erotzeko. Ez modu literalean, Asian bezala, baina bai modu sinbolikoan: hori izango baita zure eskuz hil duzunaren indarra eta boterea eskuratzeko erritoa, muturreko harreman erabatekoan. Odol horren bidez bestearen biziaren erabateko agintza bereganatuko duzu, baina baita zeure burua immunizatu ere egindako gehiegikeriaren aurrean. Ez dago «buru osasuna» mantentzeko beste aukerarik.]]>
<![CDATA[Agertokia, gudu zelai]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1963/030/001/2015-07-26/agertokia_gudu_zelai.htm Sun, 26 Jul 2015 00:00:00 +0200 Juan Gorostidi https://www.berria.eus/paperekoa/1963/030/001/2015-07-26/agertokia_gudu_zelai.htm kultur sormena zen, baina heriotzaz eta birsortzeaz aritu ziren bertaratutakoak, Euskal Herriaren dolurako zailtasunez edo Bilboko biziberritzearen gibelean suertatzen ari den mundu oso baten suntsipen fisiko eta kulturalez (Ibai Etxezarraga), edo Aljerian eta Afrika osoan bizi den kinkaz (Camel Zekri). Poesiak eta musikak ere badu lekurik elkarrizketan eta, Rene Char eta Attila Jozsef izan ziren oraingoan euskaraz eta frantsesez gonbidatuak: «Mundu honetara jaurtia izan bazara/ hobe duzu zazpi bider jaiotzea…/ Sei kume daude negarrez, baina ez da nahikoa:/zuk zeuk behar duzu izan zazpigarrena».

Arratsaldean, musika nagusitzen da, gaueko kontzertu hirukoitzerantz. Ostiralekoaren lehen uneak Beñat Axiarik (kantua) eta Didier Lasserrek (perkusioa) bete zuten, kontzertu labur bezain intentsuan. Axiari musikari lagun anitzekin aritua da urteetan, talde eta proiektu arruntetan, eta, horrela segitzen du egun ere, baina bikotea osatzean perkusio-maisuak ditu kide kutunenak. Hori da Ramon Lopezekin sortzen duena, eta antzeko zerbait gertatzen zaio Didier Lasserrekin. Maisuok badute indarra, baita lirismoa eta, guztien gainetik, bateriarekin orkestra oso batek duen giroak sortzeko gaitasuna. Instrumentu totala bihurtzen da hori, nola Beñaten ahotsa bera, hala bien arteko uztarketa, erabatekoa. Hitzik gabeko inprobisazio basatiekin abiatu eta burutu zuten emanaldia; tartean Abbey Lincoln-en hasierako As Tender As a Rose edo Herniette Aire-ren Egiaren egarriz poemaren gainean egindako pieza. Beti harritzen du entzulea Beñatek bere joko kromatiko eta erritmikoekin, eta gero eta askeago sumatzen zaio musikaren itsasoan.

Emile Parisien laukotea

Bigarren kontzertuak jazz garaikidean meritu propioz nabarmentzen ari den gazte handi bat ezagutzeko parada eman zien hara bildutakoei. Axiari eta Lasserreren dohainez aritzean haien instrumentuek osotasun musikala sortzeko gaitasuna aipatuta, zer esan Emile Parisienen saxoei buruz? Musikaz hitzen bitartez ezinezkoa denez, haren jotzeko eraz aritu behar, hasieratik erakutsi zuen manera propioaz: borrokalari baten gisan hartzen du saxoa, eta haren postura eta mugimendua halako batena da. Haren kontzertuaren lehen partea borroka baten sekuentziatan irudika liteke: hanka bat aurrean eta bestea sendo atzean beti, eta atzetik aurrera jaurtikia lirudike haren mugimendua, haren instrumentuaren hotsa. Nocturne girokoa izan zen lehen pieza, urrutitik arreta osoz begiratzen den gudu zelaira doan borrokalariak egiten duen otoitza edo konjuru baten antzekoa. Ondoren, borroka saihestu ezin duenaren autoafirmaziozko ahal erakusketa; zango aurreratuekin gorputza babestuz eta, saxo sopranoa arma bat balitz bezala, guardiazko eta erasozko keinu etengabeak gauzatuz.

Aldean zituen bere musikari laguntzaileak: Julien Touery (pianoa), Yvan Gelugne (kontrabaxua) eta Julien Loutelier (bateria), bere jardunarekin bat egiten, baina hirugarren piezaraino ez ziren nabarmendu, Parisienek jokoan zegoen bataila erabakita zegoen momentura arte borrokara sartzen utzi izan ez balitu bezala. Horien artean, Touery nabarmendu beharko litzateke, berez instrumentu osoa den pianoari eragin zion joko tinbriko eta erritmiko guztiengatik.

Erabakia zen borroka, onartuak zauriak, erailak fantasmak… eta ozeano handi bat zabaldu zen orduan, non gerlari haiek barneratzen ziren beren buruari galdezka bizi izandako hura benetakoa hala ametsezkoa izan ote zen. Bigarren kontzertu bat abiatu zen orduan, denboraren neurria urratu zuen lehen tarte hura iraganda. Saxo tenorraren tonu grabeagoek zuzendua, borroka izan zena dantza eta ospakizuna bilakatu zen bigarren zati honetan. Orduan zabaldu ziren instrumentista guztien ahalak, eta gainezka datorren ibai bizkor eta agortezin baten antzekoak ziren. Gogoetarako uneak bezala, ospakizun ero baterako, elkar besarkatzeko edo begiak itxita bakartzeko.

Dena aldatu zen gauaren hirugarren emanaldirako, agertokia nahiz musikariak. Entzule izateari utzi, eta dantzari bilakatu zen jendea orduan, Brasilgo ipar-ekialdeko jai giroko musika alaiarekin. Musikari brasildarrez nahiz europarrez osatua eta Fawzi Berger-ek zuzentzen duen Forro da Lua taldeak bideratu zuen aldaketa, Brasilen bertan bezala. Martxaz gainezka eta forró-ak berezko dituen kadentzia errepikakor eta inguratzaileekin korapilatu zuten gaua, eta gero jendeak ez zekien zein ordu zen oheratu zenerako.]]>
<![CDATA[Soiltasunaren handitasuna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1753/027/001/2015-07-25/soiltasunaren_handitasuna.htm Sat, 25 Jul 2015 00:00:00 +0200 Juan Gorostidi https://www.berria.eus/paperekoa/1753/027/001/2015-07-25/soiltasunaren_handitasuna.htm
Gaueko lehen kontzertua Maddi Oihenarten eta Julen Axiariren eskutik etorri zen, Iturritik heldu diren kantuak izenburupean. Zuberoako kantu betikoak eta garaikideak tartekatu zituzten, Oihenartek sendotasuna ipiniz eta Axiarik hauskortasun erraldoi bat, zeinetik tesitura altuenetan giza txilioaren bilakaera ez-humanora eramateko gai den. Bikoteak ezin hobeto funtzionatzen du beren arteko konjuntzioan, eta, XVIII. mendean estandarizatu zen melodia eredu zurrunetik ihesi, Zuberoako kantuera harrigarria birsortzen dute. Axiariren perkusio delikatuak eta Bastien Fontanille biola jotzailearen interbentzioak ahotsaren eta melodiaren lehentasunari zerbait gehitzen zioten, interferentziarik gabe.

Flamenko deseraikia

Tonu elegiakoa nagusi duen eta euskaldunok horren guretzat eta aldi berean gure urruneko ekialdetzat dugun horretan blai geundenean etorri zen gaueko bigarren saioa: Andaluziatik zuzenean ekarria eta flamenkoaren jarraitzaile edo behatzaileentzat txundigarria egin zen ordubeteko pausarik gabeko emankizunean. Flamenkoaren «hirukote saindua» osatzen duten kantaria, dantzaria eta gitarra jotzailea bertan genituen: Francisco Contreras, Niño de Elcheren ahotsean; Chiloe Brule, dantzan, eta Raul Cantizano, gitarran; baina flamenko instituzionalizatuak garatu eta ezarri dituen eredu mistifikatzaile eta zurrun guztiak apurtzera jarriak: bi gizonezkoak gazte kalekumeen itxurarekin, eta emaztea soineko soilez agertoki zabal bezain hutsa betetzen. Kalean aurkitutako gitarra zirudien trastea eta une batez agertu zen zurezko abanikoa izan zuten atrezzo guztia... eta nola bete helburu zailena! Ezen erraza izan liteke flamenkoaren topikoen gainean parodia barregarri bat muntatzea, baina benetan zaila, deseraikitze gupidagabe hori goi mailako artez eta teknikaz zipriztinduz hiruren arteko benetako performance josia, argigarria eta artifiziorik gabekoa burutzea.

Artista handiok, gorputzaren errekurtso zabalenekin, komunikazio zuzena dute helburu, eta beraiengana hurbiltzen direnenganako enpatia eskuratzea. Hirurak dira, beraz, musikari, kantari, dantzari... antzezle, eta neurturiko lirismoz eta kolpe gogorrez lortzen dute helburua, inprobisazioari tarte oso zabala eskainiz.

Gauaren beste dimentsio batean geunden jada kontzertuaren hirugarren atala heldu zenean: San Salvador izena daraman Tulle hiri gaskoian (Okzitania) hazitako talde batekin osatu zen. Gabriel Durifek zuzentzen duen seikote polifonikoa da, hiru emaztez eta hiru gizonez osaturikoa; sekulako sendotasuna eta maila eskaini ziguten. Oso gazteak seiak, baina kantari apartak; a cappella abesten dute gaskoiez, pieza bakoitza errezital polifoniko bihurtuz. Bi tinbal eta pandero baten laguntza soila tartekatuz, sekulako indarra erakutsiz, eta ohikoak ez diren harmoniak eta erritmoak landuz. Folk musika etiketa ipini eta zerbait bigun eta ez sofistikatuaz ari garela uste dutenek nahikoa dute talde honen pieza bakarra entzutea. Musika kultuko errekurtso melodiko eta erritmikoak erabiliz, eta, era berean, zenbait herri musikak dituzten harmonia berezkoei (bulgariarrak edo sardiniarrak, ezagunenen artean) etekin handia atereaz betetzen dute emanaldia.

Soiltasuna nagusitu zen Errobiko Festibalaren lehen gauean halako eskala ikusgarrian: euskal kantu misteriotsu eta malenkoniatsuenetik indarrez beteriko auzo ditugun gazte indartsu eta alai horietara, flamenkoaren goi mailatik egindako deseraikitze liluragarria tartean. Ez zen hasiera makala izan hainbeste promesten duen hogeigarren edizio honetarako.]]>
<![CDATA[Ruper Ordorika izan zen gizona]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1740/031/001/2015-06-25/ruper_ordorika_izan_zen_gizona.htm Thu, 25 Jun 2015 00:00:00 +0200 Juan Gorostidi https://www.berria.eus/paperekoa/1740/031/001/2015-06-25/ruper_ordorika_izan_zen_gizona.htm Sarri, Sarri kantua goraipatzearen atrebentzia (zeren seinale ote hori guztia? Eneko Goiaren hitzek gogoeta luze baterako emango lukete… Laburbiltzeko nahikoa By By gizontxo eta haren «irabazleen biba astunak» entzutea testuinguru honetan). Ruperrek, kiroltasunez eraman zuen unea, bere burua Asuranceturixekin —Asterix eta Obelix-eko bardoarekin, alegia— adarrak gora, adarrak behera, alderatuz. Une berezia zen igandekoa, abilezia finez tratatu beharrekoa…

Baztanen suertatu zitzaidan asteburua. Baztan mitikoan, noski. Ezen Baztan erreala han jaio edo bizi direnentzat baino ez da existitzen. Gainontzeko adin bateko euskaldunentzat, alegiazko Baztan bat dago, paisaia horrekin nolabait lotua eta Leteren eta Artzeren poemak, haien eta Laboaren edo Imanolen ahotsek sortua. Baino inor gutxik daki Baztan miretsi horretan gauzatu zela sortzaile haien nolabaiteko heriotza sinbolikoetako bat ere, hango komentu batean egin baitzen Ez Dok Amairu-ren azken bilera, 1972koa, oraino sekretupean gordetako eztabaida eta botazioekin —sekretuak 43 urte pasatu ostean!—. Komentu horretako aterpetxean bertan suertatu zait asteburua igarotzea, eta konturatu naiz —lehen ere egona nintzen, baina ez nuen igandera arte bilera harekin lotu— bere horretan iraun dutela etxe honetako gelak eta gainontzekoak urte hauetan guztietan. Orduan bezala dago dena: 60ko hamarkadan zegoen modura, baina pasatu den denborak eragindako dekadentziarekin.

Burutazio hauetan nentorren errepidean Ruperren kontzertura, azken diskoa berrentzuteko aprobetxatuz eta honek ilustratzen duen ibilbidea beste behin neureganatuz, doinu bakoitzari, esaldi bakoitzari oraindik antzeman gabeko zerbaiten bila, edo dagoeneko jasotako atseginean laketuz; ahots horri, esateko modu horri eta esandako hitz kantatuei errenditua. Banekien zerbait berezia gertatuko zela gero, kontzertuan, ez zela arrunta izango; esker oneko gizonak bere esker ona erakusteko manera bilatuko zuela. Sariaren eskaintzatik abiatu zen: etxekoei, bai, baina baita «radarren azpitik ibiltzen diren hainbat euskal musikariri» ere.

Disko baten lehen kantua printzipioen deklarazio bat izan ohi da. Baita karrera oso batekoa ere. Hautsi da anphora! apurtzailea izan zen Ordorika abizena zuen 24 urteko gazte harena, Baztango bileratik zortzi urtera; eta igandeko kontzertu berezikoak ere hala behar zuen: 2009an grabaturiko Haizea garizumakoa diskoarekin abiatu zuen aro berri baten baitan enblematikoa den kantua izan zen aukeratua igandean: «Zuren onenean ez zaudenean/ desiratzen iragan dadin eguna/ entzun nahi zenuke/ mundua biltzen duen oihartzuna». Zer da kantua? Zer nahi du izan Ruperren kantuak? galderei erantzun bila egina: «Ez utzi sakonago hondoratzen/ barruan daramazun pena, / zoriontsu entzun/ mundua biltzen duen oihartzuna». Aurretik, hartu zuen denbora, trantsizio gisa Abrahamsen gitarra sinfonikoak: nahikoa minutu bateko soinu iradokitzailea aurreko protokoloak ahaztu eta inporta zitzaigunean, munduaren oihartzuna izan nahi duen kantuan barneratzeko. Ondoren, eta kontzertuan gertatuko zen omenaldiaren arrastoa emanez —kantatu dituen poetei egindakoa—, Dionisio Cañas-en hitzekin azken diskoan ondutakoa etorri zen: «Zerutik gertu ez dira entzuten albistean/ beren odol putzuekin» baina «nik ez dut zerutik gertu egon nahi»; Zerua eskaintzen, agintzen, inposatzen diguten guztien aurreko deklarazioa.

Bi horiek hirugarrenaren prestaketa balira bezala, bere intimitatea partekatzen duen gizon heldua aurkeztu zitzaigun oholtzan; horretarako gai delako, eta, gainera, musika, melodiak eta soinuak eman dezaketen neurri inguratzaile zehatzarekin eskainiz. Horregatik ere bada handia Ruper, gai delako gure artean horren zailak diren adierazpen intimoak besteari enbarazurik sorrarazi gabe eskaintzeko. Esan bezala, ezin hobeki lortu zuen hori Abrahamsen gitarraren laguntzaz.

Hirugarren kantu honekin gera ninteke azpimarratu nahi dudana adierazteko: nola ailegatzen da bat zahartzaroaren atarira? Bizitza baten seigarren hamarkadaz ari gara, oraindik orain erretiroaren kondena/salbazioarekin amesteko edo urduritzeko sasoiaz, alegia. Etorkizun eskaseko eta iragan mitifikatutako limurtzaile patetikoak bihurtzen gara gehienok ataka horretan. Berak, aldiz —berriz ere ezin dotoreago— ontzi baten porturatzeaz ari zaigu Atako bandan aukeratu zuen kantuan («atako bandan» ikuskatzen omen dira arrantzaleen ontziak, Ondarroako adieraz). Hor dago beste behin itsas-bidaiaren irudia, honen larritasunen, arriskuen eta altxorren promesa guztiekin; naufragio posibleekin, dena alda dezakeen gertakizun aurretik kalkula ezinekin… baina benetako heroiak badaki etxera itzuli behar duela, bertan utzi zituen kontuak kitatzera, lehenik, eta bizitza berri bat abiatzeko, ondoren, etorkizuna akituz doan neurrian, une bakoitzaren dastamen posiblean. Horretaz ari zaigu Ruper azken aro honetan, eta edozein txoko maitekor izan litekeen talaia horretatik «bera izan zen gizonari» zuzentzen zaio zuzen, errarik gabe: «Lehen haundia zena/ orain txikia da…». «Ni izan nintzen gizona» hitzekin abiatzen du estrofa bakoitza, «hor dabil sinistu ezinik/ egunerokoan ikusten nauenean./ Bere aurreiritzi estuak,/ hil ala bizikoak/ nirekin bat ez datozenean…» eta «ixixa ez nau ezagutzen/ berbetan entzuten didanean». «Lehen zaharragoa al nintzen/ orain naizena baino?» galderarekin amaitzen du ur txorrota bezala jostalari doan melodia eta arpegioekin osaturiko kanta. Arrapostua gure kontura utziz bezala. Bai, gazteagoa zara orain, Ruper, eta zure adiskide ezagun eta ezezagunok goxoago eraman izan ahal dugu berrogei urte hauetako bizi beharrekoa.

Ez dudala kronika egingo agindu dut hasieran, baina Ruperren kantutegia gurea dugunontzat, ezin ustekabean harrapatu tenore honetarako egindako hautaketak: orain artekoez gain, Fas fatum, talde osoari harrera eginez ondutakoa, edo Berandu dabiltza eta Gure begiek kantuen deklarazio ozen eta borobilak, aitzakia gutxirako tarterik uzten ez dutenak; Luigi Anselmiren Lagunaren heriotza, edo 2008ko abendu urrun hartan Laboaren omenez idatzitako Sekulabelardiko kantaria hunkigarria. «Tradizioa ez dena plagioa da» esaldi probokatzailearekin aurkeztu zuen, azkenik, Otxandion jasotako Mendi altuan: «Larrosea ta krabelinea/ diferenteak kolorez:/ amak alaba agindu arren / aitak egin lei emon ez, / biok kontentu izanez gero/ bitartekorik emon ez» libertarioa. Gure omenez ibili zen Ruper, ez bere omenez, are gutxiago beren buruari saria emateko sariak banatzen iaioak diren agintarienez, eta intimitatetik abiatuta, bertakoen ereserki bilakatutako Zaindu maite duzun hori edo Bizitza eder denean beteak ere eskaini zizkigun. Lortu zuen esku artean erretzeko gai den saria gure esku epel uztea. Nahi gabe ere nabarmen utziz emailearen dorpezia; berez duen manerengatik gertatu zen horrela.

Ahaztuak ditugu dagoeneko gehienok Baztan mitikoa eta joan den mendeko liskarrak. Zalantzazkoagoa bada gaindituak ditugunik ere —zer ote gainditu beharrekoa?— Erantzunik gabeko galderei erantzuten saiatuz igo zitzaigun Ruper oholtzara orain dela zenbait hamarkada. Gazteagoa dugu orain. Izan dadila urte askoan!]]>
<![CDATA[Poesiaren gorazarrea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1740/032/001/2015-02-20/poesiaren_gorazarrea.htm Fri, 20 Feb 2015 00:00:00 +0100 Juan Gorostidi https://www.berria.eus/paperekoa/1740/032/001/2015-02-20/poesiaren_gorazarrea.htm Edo hitzaren eta kantuaren arteko esparru sublimean barneratzeko gonbita]]> Ezkia haizean kantariizeneko Itxaro Bordaren azken argitalpenak eman dit gonbit hau idazteko aitzakia. Sasoiz kanpo argitaratua -ez Durangoko azokarako, ezta udaberri aldeko ferietarako ere-, Baigorrin egoitza duen eta Paxkal Indok zuzentzen duen ZTK diskoetxeak atera du liburu-disko ederra. Izturitzeko Otsozelai harpeetan 2009an eta 2011n eman ziren zuzeneko saioekin osatu dira bi diskoak, eta Itxaroren errezitazioaz gain, Beñat Axiariren parte hartzea dago, elez eta kantuz, Jesus Aureden eskusoinuz eta Jean-Philippe Lerenboureren kuartzo-ontziez lagundua.

Liburua eta emanaldia osatzen duten hamalau poemek 2005eko udaberriko data dute, eta hiru moldetan dira osatuak: neurri librean, neurtitzetan eta poema fonetikoetan. Molde bakoitzak duen intentzioa gardena egiten da. Poema bakar bat osatzen dute bertso librean egindakoek. Haien gaia, lehen hitzetan da marraztua: «Eta populu zaharrek iraun baldin bazuten.» (I), «Larrua beltz, gorri edo zurbail duten populu zaharrak.» (IV), «Eta populu zaharretako amek / haurrak bularretan daramazkite oraino.» (VII), «Eta populu zaharretako alabak ardura / ezherrietarako trenetan / sartu zituzten, / gosearen aitzakiaz.» (X), «Eta populu zaharretako olerkariaren bista / laburtzen doa, bizitza hurritzen doakion eran.» (XIII). Emanaldian, bostak Itxarok errezitatuak dira, ez beste gehienak bezala kantatuak. Lehena eta azkena, inongo laguntzarik gabe. Tartekoetan, soinu ehundura soilez lagundua: kuartzozko ontziena (Lerenboure), kanaberak harriaren kontrako perkusioarena (Axiari) edo eskusoinuarena (Aured), Axiariren ahapekako hitzik gabeko melodiekin nahasiak, batzuetan, X.ean hausten den arte, alaia eta dantzagarria den baltsean bezala: «.Trena ez zen nehoiz egiazki / itzultzen. Nehoiz ez behintzat, / desiratutako geltokira». Bost poemotan populu zaharrarenepopeia osatzen da -inoiz harpe horietan bertan abiatu zena- eta hitzokin amaitzen da: «Harpeen sakon-sakonetan /zutik hiltzen diren herkideen / otoitza, hil-mihisea bailitzan / ehuten, / ikus eta entzun ezina / izan nahi du, / Herioaren mendeaz haratago / dagoelako, gogoz eta jakitatez».

Fonetiko-tzat har dezakegun bakoitza hitz baten inguruan dago osatua: Isiltasuna (II), Haizea (V), Gaua (VIII) eta Amodioa (XI). Hitz horietako bakoitza zortzi-hamar hizkuntzetan ahoskatzen da, aldarrikapen gisa, oihartzun bila: «.bizidunik ba denez galdezka» Isiltasuna, «.eztiki ferekatuz, bizidunak gozatzeko» Haizea, «.oinarrizko izua bizidunen gogoetan ereinez» Gaua, eta «Ilunbean, herioaren korrokak larruaren orroa elkortuz» Amodioa. Baina hitzok mugetara eramaten gaituzte ahalbidetzen duten bilaketan eta haren inguruko galderen interpretazioan. Isiltasunaeta Amodioahitzez eta hauen oihartzunez baino ez daude esanak. Haizeaeta Gaua, berriz, gure ahots dohatsuen eta plastikoen harribitxi bana ditugu. Lehenean, kontratenor bat dugu Axiari, tesitura altuenetan dantza delikatuan, lirismoaren gailurrean. Gauean, ordea, asaldatu egiten gaitu, hasieratik bukaeraraino, tenor ahots indartsuak eskusoinuarekin kontrapuntuan pieza garaikide harrigarria osatuz.

Neurtitzak, zortziko txikian (III), sonetoan (VI eta XIV), zortziko nagusian (XII) eta molde berriko sestetoan (IX) datoz. Poema guztion protagonista zuhaitza dugu, ezkia, zuhaitzak eskaintzen dituen adiera guztien jagole: «Itzalaren itzal ote?» (III), «.ezkiaren malda» (VI), «.betor iluna gau ezinetan, ezki usaina eman denetan!» (IX), «Ezki handia hats uhargian jostari dabil hegoan» (XII), azken «.ezki zahar maitea ez dezatela motz!» horrekin amaitzeko (XIV). Ezkia, beste poemetan kantatu den epopeiaren eta hitz handien zubi eta bitartekari apala, handia. Interpretazioan, berriz, denetik dago: a capellakantatuak diren zortzikoak, modu tradizionalean, eta soiltasunaren edertasunez, alde batean. Beste muturrean, Nire bihotz salbaiatxundigarri bat: Itxarok sonetoaren lehen kuartetoa esan ondoren, «.mintzo da ozenki» Beñat. Berak baino ez duen melodiarako eta aldaketa kromatikoetarako ahalaren erakusketa neurtua egiten da hemen, ohi dituen inprobisazioekin amaituz, lirismo izugarrian, une apartan. Bigarren sonetoa, lanari amaiera ematen diona, berriz, hitz soilez dago esana, Beñaten errezitazioan. Baina kabitu ezinik bezala, ia lau minutuko hitzik gabeko inprobisazioarekin amaitzen da, diskoaren beraren amaiera.

Askori entzuna diet Bordaren idazkiak zailak direla ulertzen; erori egiten zaizkiela esku artetik haren liburuak, gehiegi eskatzen diola irakurleari. Lehenik esan behar poesiaren balioainon egotekotan, beste hainbat eginkizun ez-materialetan bezala, eskatzen denaren eta eskaintzen denaren arteko tentsioan aurkitu ahal dugula. Eta kasu honetan, zalantzarik gabe, irakurlea ateratzen da irabazle. Zailtasunik badago, ez du honek zerikusirik hasi berrien doako manierismoarekin edo nerabezarozko probokazioarekin. Halere, bera da lehena outsidedagoela gogorarazten: «Outside nago. / has been baino has behin / bat baizik ez naiz / oraindik ere. / Ene poesia / a-soziala / dela / dinotsut / outsidera/ deitzen zaitudan / bitartean» (bere azken aldiko hiru liburutan poema bera aurkitzea ezin kasualitatea izan: Medearen iratzartzea eta beste poemak(Maiatz 2012), Gu(haur) arrotz(ak)(Castor Astral 2013) eta Zure hatzaren ez galtzeko(Elkar 2014). Baina ba al dago poetarentzat outsideez den lekurik? Bordaren emariak ibai handien hondo eta patxada du dagoeneko, zaildua da jauzi eta ur lasterretan, lurrazpiko desagerpenetan hainbat; mundu zabalean ditu sustraiak, gurean beste, eta urtaro bakoitzean luberriak sorrarazteko dohaina duten ibai emankorrenen eskaintza da berea. Artea formaren bilaketa eta sorkuntza bada, menderatzen ditu berak egungo poesiaren guztiak: kopla xumeenak eta eredu klasikoak, neurtitzak eta ia soinu hutsez eraikitakoak, arnas luzekoak -poema bakar batez osaturiko Hautsak errautsa bezain(Maiatz 2002), esaterako- eta poesia garaikideen «formarik gabekoak», barne arnas eta musikak baino ez sostengatuak.

Zein da, bada, poeten mundua? Erantzunik balego, haien hitzetan bilatu behar. Xabier Letek, heriotzaren hurbiltasunetik idatzitako Egunsentiaren esku izoztuaklaudatuan daudenen artean, horra Itxarori dedikaturikoaren azken hitzak: «udazkenean hurbiltzen naiz aldizka zuen lurraldera / eta nere so liluratuan negarra dago malko isilez / etsipenaren halabeharrera behin eramanak izan ginenontzat.» Poeta batzuk lirikaren lurralde ezinezkohorietara joan bai, baina handik itzultzeko arazo larritan ibiltzen diren susmoa dut. Itxarok ongi ezagutzen du eremu hori, baina nago, gai dela handik onik behin eta berriz itzultzeko.

Bi kontu gehiago merezi du aipatzea lan honen harira: batetik, Bordak azken urteotan eskaini dituen poemategiekin batera, bere zuzeneko emanaldiak jasotzen dituzten lan musikal eta diskografikoak: 2010eko Ogella Lineeta 2013ko Gu(haur) Arrotz(ak),biak Paris inguruko Le Castor Astral etxeak argitaratuak Olivier Kako Cavalieren musikarekin. Biak dira goi mailako lanak, eta ez dute konparaziorik orain arte gure poetek egin dituzten antzeko saioekin. Badago hor musikaren eta errezitazioaren arteko lan sakona, eta baita ere beste gogoeta bat mereziko lukeen euskararen eta frantsesaren arteko uztarketa bat, non, une artistikoan behinik behin, batak bestea zapaldu beharrean, elkarri enbarazurik egin gabe, musikalitateak irabazten duen.

Bigarren kontua, Paxkal Indoren produkzioari dagokio. Aspaldian dabil bere ZTK diskoetxe xumearekin lan baliosa eskaintzen. Berak argitaratu zuen orain arteko Kalakanen disko bakarra (hasieran, taldekoa zen bera ere) eta beste hainbat lan eder, bideoan eta musikan. Horien artean bat aipatzekotan, Aspaldian. izenekoa aipatuko nuke (2012), bertan jasotzen baita beste zuzeneko emanaldi bat, bideoa barne, Otsozelai harpeetan egina hori ere. Musikariak: François Rosse, Mixel Etxekopar, Christian Vieussens, Jean-Xarles Sans, Jose Le Piez eta Jean-Louis Hargous.

Outsidedaude maizegi gure aditu kulturalak. baina bereak ez du poetarenarekin zerikusirik.]]>
<![CDATA['Charlie Hebdo': egiaztapenak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/019/003/2015-01-13/charlie_hebdo_egiaztapenak.htm Tue, 13 Jan 2015 00:00:00 +0100 Juan Gorostidi https://www.berria.eus/paperekoa/1832/019/003/2015-01-13/charlie_hebdo_egiaztapenak.htm
«Charlie Hebdo-ko kazetariak adierazpen askatasunaren martiri gisa dira orain txalotuak, baina izan gaitezen zintzo: azken bi hamarkadetan bere aldizkari satirikoa publikatu nahi izan balute AEBetako edozein campus unibertsitariotan, ikasle eta irakasle taldeen 'gorrotoaren bultzatzaile' izatearen salaketapean, hogeita hamar segundo baino ezin iraungo zuten. Administrazioak edozein laguntza kendu eta aldizkaria ixteko agindua emango zuen». Hitzokin abiatzen zen The New York Times egunkarian David Brooks-ek Ni ez naiz Charlie Hebdo izenburupean joan den astean argitaratutako artikulua. Eta aurrerago: «Gutako gehienok ez gatoz bat aldizkari horren umore iraingarriarekin. Agian bai garairen batean, hamahiru urterekin edo, ausarta eta probokatzailea dirudi eta épater la bourgeoisie (burgesia eskandalizatzea) gainontzekoen ideia erlijiosoen kontura iseka egitea eta abar. Baina, denbora aurrera, umekeria iruditzen zaigu». Je suis Charlie Hebdo diogunean, eta lehen talkatik haratago, gure biktimismoa elikatzen baino ezer gutxi gehiago egiten ari gara. Eta, krudela badirudi ere, jasandako sarraskiak ez luke hau estaltzeko balio ukan behar.

Ohituak gara terrorismo itsuaz aritzera, nihilismoaz. Baina hau ez da horrelakoa. Erailtzen hil diren gizon horiek «Mahomaren izenean» egin dute. Ez al dugu ezer jakin behar islamari buruz, erlijioei buruz? «Fanatismo erlijiosoarekin ezin da hitz egin, borrokatu baino ez da egin behar», errepikatzen dugu. Baina gure terrorea eragiten duen diskurtsoaz ezer jakin nahi ez izateak bere mamu paralizantea handitu baino ez du egiten; neurriz kanpokoa eta intratablea bilakatu. «Ezein erlijiok ez du Mahomaren diskurtsoak bezainbeste Bakarraren transzendentzia, honen bereizketa handietsi. Absolutuaren aurrean, judaismoak eta kristautasunak ez dute bakarrik uzten giza ahuldadea. Bitartekaritza bat eskaintzen diote, babes bat: Herri batena, Eliza batena. Islamaren Absolutua, berriz, ez du ezerk arintzen; neurrigabea da. Hor dago bere distiraren oinarria», zioen aditu batek. Ez al dugu erlijioarekin zer ikusi duten kontuak denbora baino lehen alboratu, ezagutuko bagenitu bezala, geuk ere gaindituak bagenitu bezala?

Gizarte laikoetakook zenbakiak ipintzen ditugu Absolutu horri aurre egiteko: «Lau miloi manifestatu ziren joan den igandean Frantzia osoan». Egin al diezaiokegu aurre, sakonetik, modu horretan? Biktimen ohorez atera gara kalera, bai, baina zer eskatzera? Polizia gehiago, dudarik ez. Snowden gizajoa! Zelatatuak izan nahi dugu, kontrolatuak… bizitza baldin badago jokoan. Arrazoia du Houllebecq-ek puntu honetan: itxurakeria guztien gainetik, ez gaude erresistentziaren aroan, sumisioarenean baizik.

Mendearen hasierarekin New Yorkeko 9/11k astindu gintuen. Ondoren, Madrileko 3/14ak; Londreseko 7/7a etorri zen ondoren, Parisekoa orain…, eta ez da aztia izan behar sarraskiak izendatzeko zenbaki kodigo makabro horiek jarraipena izango dutela aspaldian ezagutzen dugun ekintza eta erreakzio-aren logikaz. Egia da, baita ere, gure artean bizi diren musulmanei atxikitako arazo bat dela lehenik eta behin —ETArena euskaldunen arazo bat zen eta den bezala—, baina mundua gero eta bakarragoa den heinean, sekula itzali ez diren gerra guztiak mundu gerrak dira eta jarraituko dute izaten, gero eta nabarmenago.

Besteek egiten dutenagatik sentitzen gara suminduak eta epaitzeko gai, eta ez guk egiten dugunagatik, edo gure inplikazioagatik. Gauzak maila honetan iraultzen ez ditugun bitartean, bere horretan jarraituko dute, ezin izango dugu madarikaziotik libratu, politika antiterrorista gorabehera.]]>
<![CDATA[Guggenheim museoa ez da gure mausoleoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1820/030/001/2014-12-17/guggenheim_museoa_ez_da_gure_mausoleoa.htm Wed, 17 Dec 2014 00:00:00 +0100 Juan Gorostidi https://www.berria.eus/paperekoa/1820/030/001/2014-12-17/guggenheim_museoa_ez_da_gure_mausoleoa.htm Basque Violence-ren jarraipen gisa irakur liteke Vieja Luna de Bilbao (Nerea 2014). Hartan, Joseba Zulaikak tragedia baten kontakizun lokala ehundu zuen —Itziarko baserri giroan kokatua—, ETAri buruz idatzi den lanik sakon eta aberatsena; eta oraingoan, belaunaldi oso baten kronikarekin bilakatu nahi izan du. Horretarako, metropolira egin du jauzi, Bilbora, honek XX. mendean zehar marka utzi duten biztanle enblematikoen erreseina biografikoez mosaiko zabala osatuz. Lan itzela, pasarte distiratsuz betea, eta baita hipotesi eztabaidagarriz eta zentzugabez ere.

Mosaiko bat eraikitzeko, pieza txiki asko aukeratu behar dira, eta ez dira nolanahikoak Zulaikarenak: Unamuno, Agirre, Prieto edo Arrupe; Aresti, Oteiza, Madariaga edo Ybarra; Wilson, Yoyes, Arriaran, Bengoa eta beste hamaika (langileak, misiolariak, eskaleak, artistak, prostitutak). Soslai biografiko horiengatik soilik merezi du liburuak, baina hor dago bere arriskurik handiena eta bere arrazoibidearen ahuldadea. Zuhaitz bat ez dela basoa, alegia, eta zuhaitz eder edo harrigarri askoren irudiek basoaren ikuspegi distortsionatu bat emateko aukera handia dutela.

Lehen distortsioa: belaunaldi oso batez aritzea. «Lurperatu nahi izan dut nire belaunaldia» zioen BERRIAk plazaratutako elkarrizketaren titularrak. Belaunaldiari egindako erreferentziak etengabeak dira: «Gure belaunaldikook hori asko sentitu dugu, ideologikoki identifikatu baikara ETArekin. Barrabilik bazenuen, sartzen zinen, eta sartzen ez bazinen, ez zen haiekin ados ez zeundelako. […] Kastrazio sinboliko hori bazenuen, eta erruduntasun hori arintzeko genuen identifikazio hori». «Sakrifizioarekiko menpekotasuna duen belaunaldia da zurea», esana zioten… Bistan da funtsezko zenbait gogoeta eginak dituela Zulaikak: «Gure belaunaldia maiz deskribatu dute gure gorrotoen bidez, baina nik uste dut azken batean amodio gehiegizkoa izan dela gure problema nagusia. Maite izan dugula gure aberria, gure familia, gure kultura hainbesteraino, ezen sentitu izan dugun kulpa handia behar beste ez emateagatik». Baina distortsioa dagoela diot, zeren hori guztia eta beste hainbat kontu larri belaunaldi horren zati esanguratsu baten ezaugarria izan zirelako, denen izenean beren buruak postulatu zuten gutxiengo batena, hain justu, ez belaunaldi horren gehiengo aktiboarena. Interesgarriak dira, oso, elite batzuen bilakaeraz liburuak azaltzen dituen mugarri eta eraldaketak, baina aipatu ere egin gabe zenbaterainoko lana egin zuten elite berriek gizartean pizten ari ziren dinamikak eta ahaleginak berenganatzeko; usurpazio eta suplantazio lana hain zuzen. Lan eredugarria, eta ez zentzurik onenean.

«Beste Handi» askoren porrotaren aroa izan dela dio, Jainko askoren suntsitzearena: «Jainkoa bera, ETA, sakrifizioaren menpekotasun hori, estatua…», aipatu elkarrizketan. Eta honetan, desioaren eta errealitatearen arteko nahastea gerta liteke. Forma aldaketak suertatu direnik ezin uka, baina Beste Handi-en porroteraino?

Are zalantzazkoagoa da Zulaikaren diskurtsoan Bilboren eraldaketak hartzen duen interpretazioak, zeinak leku nabarmena du obraren mamian: «Hiriak dira Krens-entzat [Guggenheim-eko zuzendaria] Don Juanentzat emakumeak diren gauza bera: bere aginte eta botere nahiak asetzeko tresna erabilgarriak». Zulaikaren obraren egituran —Danterenari jarraituz—, Infernuan osatzen da lehen atala, eta sedukzioaren kontakizun honekin abiatzen da Purgatorioa: «Seduktore profesionalaren eskakizunak aurretik eta zuzenean ase beharrak dira… Bilboko agintariek bazekiten egitasmoa apustu bat zela, kasinoan jolastea bezala…». Guggenheimeko operazio hura eskandaluzkoa izan zen orduan, Zulaikarentzat bezala, gainontzeko euskal intelektual progresista gehienentzat. Orain, «konbertitu bat» dela dio, Purgatorio zabaltzen duen kapituluan argi erakusten duen moduan. Distortsioa, hemen, eldarnioaren mailara jasotzen da. Bilbo subjektu bilakaturik, desio eta fedez betea da, eta bere postrazio eta zabarkeriazko itxuraren atzean, gai da erakusteko sekulako ahala duela Don Juan amerikano apetatsuenaren aurrean. Dirua ez da arazoa; mirakuluak beste dimentsio batean gauzatzen dira, eta abar.

Arregik, orduko Jaurlaritzako kultur arduradunak, orain gutxi esplikatu duenez (buruz ari naiz), «ahaztuak dira dagoeneko kulturaren inguruko orduko eztabaidak; hor ere erakusten da egitasmoaren garaipena». «Frank [Gehry], eraiki ezazu atari bat non jendea belauniko erori beharko duen museora sartzean», esan omen zion Krens-ek. Eta lortu du, nonbait, baina ez operazio espekulatibo erraldoi bat, Bilboren eraldaketa urbanistikoaren akuilu… «tragediaren osteko Bilboren ordua heldua zen. Krens izango zen Bilbok hain luzaz espero izan zuen munstro suntsitzailea, Teseo berria», eta horretarako, «enkante etxeen psikologiaz blaitu beharra zegoen politika kulturala».

Zulaikak jasotzen du Oteizaren etsipena: «Denetan izan gara garaituak…», baina haren hitzek baino, The New York Times Magazine-ren 1997ko azaleko titularrak gidatzen du bera Paradisuaren Berri Onera: «The word is out that miracles still occur» [«Zabal ezazue berria, mirariak gertatzen dira oraino»]. Mirari hori Bilbon gertatu da, eta Guggenheim du izena.

Zulaikaren arrazoibidea askoz ere konplexuagoa ere bada; naufragioaz ari da etengabe, ez ditu ahazten operazio arrakastatsu honen zehar-kaltetuak (langabezian eroriak, prostitutak, indarkeriaren biktimak… «lotsatua nengoen nire hutsaltasunaz haien egoera obszenoaren aitzinean»). Esango nuke bere ezintasuna bai dela berak ondo ordezkatzen duen belaunaldiaren zati horrena; arrakastaz aurrera atera direnak kontzientzia txarrari nola aurre egin ezinean. Hamaika haritatik tiraka saiatu da labirintoaren irteeraren xerkan bera ere… Teseo posmodernoa aurkitu duen arte. Eta Teseo/Don Juan horren sedukziozko maisulanaren aurrean errenditu egin da, bere belaunaldiaren panteoi liluragarria izendatuz: Marilyn Monroeren ikonoa irudikatzen duen mirarizko museoa.

Posmoderniaren alderik interesgarrienak eta iruzurtienak erakusten dizkigu Zulaikak, baina hainbeste gogoeta eta aipu iradokitzaileren uholdean itotzeko arriskuarekin: botere orok etengabe daraman ahalegin ideologikoan, hain justu. Eta badakigu zein den edozein boterek arerioak ezereztatzeko erabiltzen duen etengabeko politika: berea ez den edozein aukera suntsitu edo ito, lehenbizi, berea ez den beste aukerarik ez dela aldarrikatzeko, gero: Infernuko Bilbo hura ala Paradisuko hau, guztiz transfiguratua. Nori axola zaio bidean gertatu den suntsiketa sistematikoa? Artistek edo eragile kulturalek ikasi behar dute, behingoz, espektakuluaren parte baino ez direla; kasinoa dela gure tenplu bakarra. Nori axola zaio Marilyn hautsia, hain ederra denean berarekin egin dugun fetitxea?

Bilboko Guggenheim liluragarria ez da Zulaikaren belaunaldiaren mausoleoa, ezkutuan daukagun Bilbotik hamabost kilometrora dagoen beste bat baizik, niretako: 70eko hamarkadan zehar eraikitako hormigoizko munstro bat da hori. Zulaikak berak seinalatzen duenez, Gernikan abiatu zen aro atomikoaren ondoren etorri zena: Lemoizko zentralaren oskola, hain justu. 80ko hamarkadaren hasieran eta modu ezin traumatikoagoan geldiarazi zen ahalegin hura, eta inork ez daki zer egin harekin 35 urteren ostean. Eutsi egin beharko genioke oskol narriatu horri —Auschwitzen edo Hiroshiman egin bezala—, apaindurarik gabe bere arkitektura beldurgarrian, itsasoaren enbatari eutsi ahaleginean.

Gurea masokismoak egituratutako belaunaldia eta gizartea denez —«Masokistak Amaren agindu gisa bizi du ordena sinbolikoa (erlijioarena, aberriarena, familiarena). Ama da Semearen sakrifizioa exijitzen duena, etab»—, liluraturik ere, ezin dugu salbu atera sedukzio joko histerikoetatik, ez baititugu ulertzen ere… Horregatik da erratua Zulaikaren tesia.]]>
<![CDATA[Imanol Larzabal, hamar urtez atzeratu den hileta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/028/003/2014-11-02/imanol_larzabal_hamar_urtez_atzeratu_den_hileta.htm Sun, 02 Nov 2014 00:00:00 +0100 Juan Gorostidi https://www.berria.eus/paperekoa/1832/028/003/2014-11-02/imanol_larzabal_hamar_urtez_atzeratu_den_hileta.htm
Jakina da hurbilenekoei behar den distantzia falta ohi zaiela ur zaurgarrietan murgiltzeko. Doluaren funtzioetako bat baldin bada zorrak kitatzea gertakari traumatikoak sortzen duen bidegabekeriaren bizipenarekin, eta nire inpresioa egokia bada, lan zaila izan da Imanolen ingurukoenen kasuan. Zer gertatzen da horren ordez? Kontradikzioz eta kontrastez betetako ibilbide bat berdintzera eta sinplifikatzera jotzen dela, norberarentzat problematikoak ez diren ziurtasunekin geratzeko, tragediaren zioa guztiz kanpoan utziz.

Alderdi «humanoak» azpimarratzen dira, idealei loturikoak, «bere askatasun egarria» edo eskuzabaltasuna; «Imanol ona zen, onegia agian gure gizarterako», esaterako. Edo bere dohain artistikoak: ahots sakon eta ederra, melodiarako gaitasuna… Hauek denak egiatzat hartuta ere, norbere kontsolamenduaren mesederako baino ez dira; ezer gutxirako balio dute gizonaren patu tragikoa ulertzeko. «Oso krudelak izan ziren berarekin, berak aldarrikatzen zuen askatasunez lan egin zuelako» eta antzeko baieztapenek ez dute gehiegi laguntzen ibilbide korapilatsu bat ulertu edo korapilo haiek gure baitan askatu ahal izateko. Baieztapen horiek badutelako ifrentzu bat, alde humanoan nahiz artistikoan: ontasun hori ez dugulako gratifikazio premiarik gabe gauzatzen; inguruko jakin batzuen krudelkeria norbere auto-suntsipenarekin osatzen delako. Edo ekarpen musikal eder bat izan litekeelako aldi berean kontserbadorea oso…

Arazo korapilatsu hauei aurre egin ezinean, beste bide bat ere aukeratzen da: hildakoaren bizitzaren zati batean azaleratu zen alderdi batekin geratzen gara: izan frankismoaren aurkako engaiamendu erradikala («gainontzeko kantarien metafora epelak bere arriskuaren eta zuzentasunaren aurrean…»), izan jazarpenaren kontrako posizio salatari aitzindaria (Yoyesen hilketa salatzerakoan, ondoren etorriko zen Beldurraren kontrako kontzertuaren egokitasun zalantzazkoan…). Egia edo Arrazoia besteak baliogabetzeko arma bezala erabiltzea modu absolutu batean, hori guztia probetxu eskaseko kontua da, Imanolena bezalako ibilbide batean denok aurkitzen dugulako deseroso egiten zaigun zerbait, eta horri erreparatzea izan litekeelako bere memoriara enpatiaz hurbiltzeko egin genezakeen ariketarik baliagarriena.

Azaroaren 8an eta abenduaren 7an Donostian egingo zaizkion kontzertuak izango dira ziurrenik haren omenezko azken ekitaldi publikoak. Orain arteko gehienek gehiago izan dute pribatutik, edo sozialki eta politikoki interesatuegiak izan dira. ETBko dokumentalean bezala, atzerapen handiz bada ere, bete beharreko hutsune bat osatuko dute. Aldi berean, hala ere, ahulezia kolektibo nabarmen batzuen erakusle izango dira, Imanolen kasua oro har hartuta: kritika zintzoa egiteko dugun ikararena, edo komunikazio publikorako ahuleziarena; maila guztietako sektakerien haziak eta hauen etengabeko elikagarri.

Estimatzen dugun kultur gizon edo emakume bat hiltzen zaigunean ez dugu zerura edo infernura bidaltzen. Lehenera, hartan sinesten ez dugulako, eta bigarrenera, horretarako nahikoa dugulako bizitza. Halakoetan, eta Imanolen kasuan hamar urteko purgatorioan utzi ondoren, linbora bidaltzen dugu, eremu lanbrotsu eta aseptiko horretara. Linboaren eremu hotz horretatik bidaltzen dizkiguten seinale gero eta urrunagoekin elikatuko ditugu gure sentimendu eramangarrienak, eta, gogoan gordetzen ditugun heinean, bere ekarpen artistiko interesgarrienak indargabetuak geratuko dira erabat. Hildako kantari enblematikoenen kasuan, aski da gehien gogoratzen ditugun kantuei erreparatzea, konturatzeko ezen haiek berek azken urteetan ibilbide oso bat laburbiltzeko egin zituztenen aldean guztiz bestelakoak direla — gogoratu Xabier Leteren edo Laboaren kasuak, urrutirago joan gabe.

Irudipena dut Imanolek argitaratu zuen azken diskoaren minean dagoela bere azken hitza (2002ko Versos Encendidos hartan), erdarazko hamabi piezen artean tartekatu zituen hiru euskarazkoen esanguran hain justu, eta uste dut mereziko zukeela disko hori eta kantu haiek egunotan berrentzutea. Bi dira Lizardiren hitzekin ondutakoak («Zer goibeltzen zaitu, maitea, arratsero?» galdetuz abiatzen den Arras gorri, eta Mendi gaina —Lizardi bilakatu zen azken Imanolen euskal poeta?—), eta Barne Bidea kantuan, berriz, Arestiren hitz hauekin tartekatuak: «Ez naiz kejatu nire denporan / ez dut egundo esan ai / zeru azpiko aldian ez dut / inoren kalte izan nahi», Leteren hauek azaltzen zaizkigu: «barne bideak hain bihurriak / argitzen dizkit gau isilak /argitzen dizkit loaren mugan / paranoiaren amets beltzak…».

Badirudi Imanolen azken hitzek ez dutela oraino esanahirik galdu.]]>
<![CDATA[«Ekintza artistikoa une politiko bati dago atxikia»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1761/024/001/2014-07-20/ekintza_artistikoa_une_politiko_bati_dago_atxikia.htm Sun, 20 Jul 2014 00:00:00 +0200 Juan Gorostidi https://www.berria.eus/paperekoa/1761/024/001/2014-07-20/ekintza_artistikoa_une_politiko_bati_dago_atxikia.htm Niño de Elche, «beste era bateko kantari flamenko» gisa izendatzen duten artista gaztea (Elx, Alacant, Herrialde Katalanak, 1985) egona zen Euskal Herrian joan den irailean, Bilboko Bidebarrieta kulturguneak antolatutako kontzertu pedagogiko bat ematen. Orain, berriz, Errobiko Festibalera izan da gonbidatua, Raul Cantizano bere urte hauetako kolaboratzaile eta gitarristarekin batera. Festibalaren hasiera ekitaldian hartu zuten biek parte, Bernard Lubatekin eta Beñat Axiarirekin.

Zure lehen diskoa (Mis primeros llantos, 2007) arrakastaz eta sariz betetako gaztaro baten ondoren etorri zen, baina 21 urterekin grabaturiko disko horretan bertan nabari da ez zarela atxikiko arrakastari lotutako komertzialtasunari… Aurten, uko egin diozu Madrilgo Las Ventas zezen plazan antolatutako kontzertu handi batean kantatzeari eta SGAEren antzoki sarean abesteari. Harrigarriak egiten dira egun jarrera horiek talentu handiko artista batengan.

Nik senari jarraitzen diot, baina ondo ikasi dut nola kudeatzen duen botereak gizartean ernaltzen diren talentu eta forma artistikoak. Flamenkoaren historia laburrak oso garbi eman du irakaspena. Gero, bizi beharra dago, diru asko eskaintzen dizute, izen bat, dirdira… eta zaila da arrisku horietan modu askean mugitzea; zirkuitu ofizialetatik kanpo.

Flamenkoa, zure hitzetan, ez da arte herrikoi bat; desjabetze bat suertatu da, usurpatze bat, Andaluziaren marka bilakatu arte. Frankismo garaian antzeko zerbait gertatu zen, espainolismo zaharminduenaren ikur gisa ikusten baitzen, Espainia hegoaldeko beste hainbat konturekin batera. Horrek ekarri du, neurri handi batean, euskaldunen eta beste hainbat jenderen mesfidantza eta ezagutza eskasa ere.

Lehenik, esango nuke flamenkoa oso arte gaztea dela, eta bere aura enigmatiko eta misteriotsua, erromantikoen asmakizun bat. Ezagutzen ditugun lehen erreferentzia fidagarriak XIX. mende erdikoak dira, eta gaur ezagutzen ditugun formulak (dantzan, kantuan edo gitarran) lehen grabaketekin hasi ziren egituratzen. 1895ekoak dira lehen grabazioak, eta urte haietako kantuak entzutean konturatzen gara ez zeudela askoz geroago finkatu ziren kantaerak, erritmoak eta estiloak. Dena nahasia zen, eta hala jarraitu zuen izaten ondoren ere. Esan liteke XX. mendeko 60ko eta 70eko urteak baino lehen ez zirela forma zurrun horiek finkatu. Grabazioek eta urte hauetako profesionalizazio artistikoak bultzatu zuen egituraketa hori.

Sasoi horien aurrekoa erantzunik gabeko galderez betea dago, eta, frankismoari dagokionez, herritartasunaren ideia bati lotuta aurretik zetorren ideia erromantiko horien inposatze bat baino ez zen izan. Frankismoak bere egin zuen Errepublika garaiko mugimendu bat, misio pedagogiko-en bidez asko hedatu zena, hainbat ezkerreko ekintzaileren eskutik; berak ez zuen hori asmatu. Urte hauetan, berriz, ia erabateko instituzionalizazioa etorri da: asko hitz egiten da arte herrikoiaz, baina profesionalen eta administrazioan txertatutako funtzionarioen eskutik markatua eta erabakia suertatu da. «Sormena piztuko duen askatasunarena» kudeatzaile horiei komeni zaien erretolika gezurtia da, eta prozesu horren hasieratik bertatik nahasia eta kontrolik gabeko adierazpen hibrido eta aldakorra zena, mugatu, zatikatu eta zikiratu egin da flamenkoaren arrakastaren urteetan.

Badirudi antzeko zerbait gertatu dela beste hainbat musika arlotan: hor dago jazza bera eta baita klasikoa deitzen dena ere. Ez al da bilakaera hau gure garaiari erabat lotua, ezinbestean?

Hala da. Ezin dugu pentsatu leku bakar batean edo pertsona jakin batzuen erruz gertatu den zerbait denik. Paralelismo esanguratsu bat dago zuk aipaturiko fenomeno horien artean, baina horrek ez du esan nahi gaiari aurre egin behar ez zaionik. «Herrikoia» esaten denean, zinez, indibidualismo hertsi bat sustatzen da, oso irizpide atzerakoiekin kudeatua. Flamenkoan, muturreraino eraman dira jarrera horiek: talentu handiko kantariak, musikariak edo dantzariak jarrera erabat zurrun eta chauvinistak hartzera bultzatu dituzte. Batzuek diote ijito familia batean ez bazara jaio ezin duzula flamenkoa ulertu ere egin; familia horiek Jerezen edo Cadizen finkatuak behar zutela; beste batzuek Granadan edo Sevillan ezin dela esentzia ulertu. Kontu barregarriak, ez balira erabiliko askoren sormena eta adorea zapaltzeko. Ipuin batzuk oso errepikatuak izan dira —familia barruko iniziazio hermetikoak, erritualak…— ipuin galantak, gero norberaren alde eta besteen kontra erabiltzeko baliatuak.

Badira izar batzuk, azken urteetan guztiz mitifikatuak izan direnak: Camaron, Morente, Paco de Lucia… flamenkoa munduan izen eta prestigio bat lortzera eraman dutenak; tradizio bat garaikidetasunera prestigio handiz eraman dutenak…

Kasu bakoitza ezberdina da, eta nik ezin dut ukatu begien bistakoa: talentu handia, arriskua hartzeko gaitasuna… baina horrekin ezin dira estali egitasmo publiko bati lotuta dauden jarrerak, proposamen artistikoa bera goitik behera baldintzatzen dutenak. Tradizioa bera oso ideia manipulatua da. Zer da tradizioa? Bat nator honetan Beñaten [Axiari] ikusmoldearekin: «Tradizioa ez da izen horrekin saltzen diguten gorpuzki zurrun hori; tradizioa askatasuna da, egituretan malgua; inprobisazioa guztiz tradizionala da…». Sortzen da talentu bat; egiten ditu bere ekarpenak, baina berehala datoz haren ondorengoak maisuaren izen ona bere interesera eta besteak zapaltzeko erabiliko dutenak. Enrique Morenteren kasuan gertatu da: bere ondorengoak, morentetarrak (Estrella alaba, Poveda, Maite Martin…) guztiak maisua baino askoz ere kontserbadoreagoak dira, eta zuku ederra ateratzen diote bereganatu duten ondareari.

Morenterekin alderatua izan zara… Non daude aldeak eta desberdintasunak?

Horiek adituen kontuak dira, eta kalte izugarriak ekarri dituzte. Morentek intuizio handia zuen, eta ate asko ireki zituen flamenkoaren mundu hertsi eta atzerakoian, baina ez zuen bide horietan gehiegi sakondu. Bestalde, estetizismo handia dago. Badira artistak urrats handiak egin zituztenak arlo estetikoan; bai eta birtuosismoarekin tematu batzuk ere… Bide okerra, nire ustean. Ezin da gehiegi sakondu ideia estetiko batean, uste baduzu ideia hori gauzatzerakoan, gainontzeko artistekin dituzun harremanak, gizartearekin eta botere ezarriarekin dituzunak hortik kanpo daudela. Ekintza artistikoa une historiko, sozial eta politiko bati dago erabat atxikia. Ezinezkoa da ustezko neutraltasuna. Zeure burua diskurtso baten barruan kokatzen duzu, eta diskurtso hori gizartean dago, alde batera edo bestera. Horrek guztiak baldintzatuko du zure ekimen artistikoa… Artista neutral hori iruzur galanta da. Asko saltzen dutenek erabiltzen duten amarrua…

Sormena, jenialtasuna… norbanakoaren gaitasunarekin lotu ohi ditugu; zuk talde ekimena azpimarratzen duzu.

Zergatik gaude artea beti iraganean ipintzen? Artea ekintza da, orainean gauzatu behar dena, orainaren tentsio eta erronka guztiei kemenez, argitasunez eta eraginkortasunez aurre egiteko. Badakit ez dela lan erraza, arriskutsua ere badela, eta etiketaz kanpo ibiltzera eramaten zaitu. Etiketatzeko zailtasun horrek dena zailtzen du: hor gauzatzen da programatzaileen zentsura, eta autokudeaketaren gaia zabaltzen da: nola ekin, nola eraiki modu eraginkorrean… Artista ekilibrista bat da; mugetan dabilena, eta eskarmentuak esaten dit interesatzen zaizkidan forma artistikoak ezin direla eraikia dagoen sistemaren barnean landu. Halere, denok gaude sistemaren barruan aldi berean; kapitalismoa edo neoliberalismoa gure bizitzan dago txertatua; horregatik tentu handiz tratatu behar ditugu prozesuak, lan egiteko erak.]]>
<![CDATA[Gazteak, gogotik eta indartsu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1888/025/001/2014-07-20/gazteak_gogotik_eta_indartsu.htm Sun, 20 Jul 2014 00:00:00 +0200 Juan Gorostidi https://www.berria.eus/paperekoa/1888/025/001/2014-07-20/gazteak_gogotik_eta_indartsu.htm
Osteguneko nahiz ostiraleko saioak txalapartariekin abiatu ziren (Ttikia eta Handia; Koldo eta Xabi Sorzabalbere), saio labur baina bikainekin. Eta ondoren, Boson zazpikotea. Ez dute egitura hierarkiko bat Okzitaniako Tolosan elkartu ziren zazpi musikariek: Julen Axiari, ahotsa eta perkusioa; Camille Sabathier, biolina; Paul-Antonie Roubet, saxoa; Maxime Laval, gitarra elektrikoa; Maylis Maronne, pianoa; Vicent Toubaud, kontrabaxua eta Dimitri Kogane, bateria. Denek proposatzen dituzte gaiak eta konposizioak, eta denen artean lantzen. Sei pieza eskaini zituzten festibala zabaltzeko, eta freskotasuna eta inprobisaziorako gaitasuna erakutsi. Iturriak, mundu osoan: Mapassa Garai-n erritmo afrikarra eta euskal oihartzunak; Zanzibar-en, irla haietakoak...

Boson zazpikotearen ondoren, Ramon Lopezen 30 minutuko bateria soloa etorri zen. Instrumentu horretan birtuosoa izatea ez da nahiko maila espresibo horri Lopezek bezala eusteko. Harrigarria.Bukatzeko, Michel Portal eta Bernard Lubat; klarinetea eta saxo sopranoa lehenak eta pianoa eta bateria bigarrenak. Txantxekin batera sakontasuna eta lirismoa.

Ostiralekoa jendea zutik jartzen duten une horietako bat izan zen, Raul Cantizano eta Niño de Elcheren emanaldi fresko eta harrigarrian. Bata bestearen aurrean jarri, eta elkar zapladaka hasi zuten emanaldia, bestearen gorputza perkusio instrumentu gisa... Ondoren, ahotsarekin eta gitarra flamenko edo elektrikoarekin, alaitasunez eta salaketez betetako saioa osatu zuten publikoa zutik jarri arte. Poeta toxikoenhitzak, modu bitxian sordinaz tratatutako gitarra flamenkoa, ahots modulazio izugarriak eta ironia handia flamenkoaren topiko guztiei keinuka. Amaitzeko, Soleá aporráValentzian (Herrialde Katalanak) poliziak jipoitutako gaztetxoei eskainia, eta La misa buena por Alegrías. Haien arteko konplizitateak, gorputzaren ekimenak eta maila harrigarriko ahotsek emanaldi handia lortu zuten.

Amaitzeko, Beatiho proiektua. Guylaine Renaud eta Beñat Axiarik elkarren ahotsez sortutako ehundura Dominique Reget (biolontxeloa eta zanfona) eta Gerard Siracusak (bateria, perkusioa) osatzen dute: Probentzako kantu eta doinuak Teresa Avilakoaren eta San Joan Gurutzekoaren poesia mistikoaren interpretazio garaikide bat lortuz.

Gaur Gerezien denborapastoralaren emanaldiarekin burutuko da Errobiko Festibala.]]>
<![CDATA[Ohiz kanpoko jaialdi bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1605/031/002/2013-07-23/ohiz_kanpoko_jaialdi_bat.htm Tue, 23 Jul 2013 00:00:00 +0200 Juan Gorostidi https://www.berria.eus/paperekoa/1605/031/002/2013-07-23/ohiz_kanpoko_jaialdi_bat.htm
Propio horretarako baino ez da joaten hara jendea: mendiko herri txiki eder baten paisaia eta giroa dastatuz, halako izendatu gabeko eta geruza askoko etengabeko stage bat bizitzera. Adin guztietako jendeei eskaintzen zaie nolabaiteko parte hartze zuzen baterako aukera: musika eta poesia uztartuz basoan ume eta gaztetxoei; hitzaldi eta kantaldi inprobisatuak otordu inguruan egun-pasa bildutakoei; emanaldi laburrak eta lehen mailako musikari aparten emanaldiak formatu anitzetako kontzertuetan…

Hiru adibide jarriko ditut joan den astekoen artean: Andre Minvielle kantari okzitaniarra; Lyonen sortutako Nicolas Nageotte klarinete jotzailea; eta Christine Salem, Madagaskar ondoko Reunion uharteko kantaria.

Aipaturiko bi kantari horien artean egon litezke bi mutur kantagintza herrikoian. Minviellek egiten duen kantua propio da arrunta, arruntasun erabat sofistikatua bada ere. Bokalkimia izendatzen du bere kantaera, scat, blues eta raparen nahasketa hori; edozein herri xehetako modu linguistiko edo kaleko hots, aski ditu sorkuntzarako; «Roka-Rokolo», esaten omen zuen Italiako andre edadetu batek Koka Kola eta Rock'n roll nahasketari. Okzitania edo Siziliako taberna zulo batean gaude bera entzuten, presarik gabe eta solemnitate ororen immunizazio dosia barneratzen… Perkusionista trebea da bera, eta Itsasun gehien erabili zuen tresna, berriz, edozein bazar txinatarretan ordaindu gabe ematen dizuten plastikozko poltsa txuri horietako bat izan zuen.

Ahots tinbre bakoitza paisaia eta erro batzuei atxikita badago, guretzat Afrika beltza litekeen horri dago lotua Christine Salemena, emazte batengandik normalean espero ez dugun ahots sarkor grabea, berezko sakontasun eta bizitasuna dariona. Haren doinuak eta kantagintza sinpletzat genuke, lehen hitzetik ez bagenio aurreko hori antzemango. Dantzan jarri zuen berehala entzuleria eta, laugarren kanturako, ikusezinak ziren ia bera eta bere bi laguntzaileak Atharriko pilotalekuan, adin guztietako lagunak dantza etengabean. (Ohikoa al da gure plazetan hamahiru urteko gaztetxoak eta hirurogeitik gorako gizon-emakumeak —tarteko adin guztiak barne— dantzara emanak ikustea, zeharo hordi egon gabe?).

Itsasun aurten ere izan diren goi mailako instrumentisten artean, Nicolas Nageotte goraipatuko dut; ez hainbeste bere trebetasunagatik, musika ulertzeko moduagatik baizik. Bere klarinetearekin, bere saxoarekin nahiz Turkiako balaban izeneko flauta herrikoiarekin, ez dago tinbre esplorazio etengabean soilik, bere lagunen osagarri eta fusio sortzaile etengabean baizik. Musika egiteko era hori lehenesten du 80ko hamarkadan Europan eztanda egin zuen urrezko lehen free-jazz belaunaldi errepika ezin hark, eta maisu haiek oholtza gainetan jarraitzen badute ere, badute hainbat ondorengo belaunaldietan jarraitzaile bikainik.

Musika ulertzeko modu hau da Itsasun azken hemezortzi urtetan aldiro ospatu dena. Horrekin guztiarekin eta beste hainbat konturekin lotua, Euskal Herrian bakana egiten duena.]]>
<![CDATA[Larrosa salbaiak Madibarentzat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1528/030/001/2013-07-20/larrosa_salbaiak_madibarentzat.htm Sat, 20 Jul 2013 00:00:00 +0200 Juan Gorostidi https://www.berria.eus/paperekoa/1528/030/001/2013-07-20/larrosa_salbaiak_madibarentzat.htm
Amzat Boukari-Yabara historialari afrikarrak eman zion hasiera arratsaldeari, eta Afrikarentzat Mandelaren figurak izan duen garrantzia laburbildu zuen. Ondorengo hizlariek -Peio Dospital, rugby jokalari ohiak hasi eta Amnesty Internationaleko ordezkariak amaituz- Hegoafrikan izandako bizipenak eta Nelson Mandelaren borrokaren gaurkotasuna azpimarratu zuten. Hegoafrikako irudiekin jantzi zen ekitaldia, baita hainbat musikarien ekarpenekin ere: Ttikia eta Txomin txalapartariek Axiariren inprobisazio bat egin zuten Mandela hitzaren inguruan; Oihane Igerabide arpa jotzailea izan zen, Juan Kruz Igerabideren poemen lagungarri («Ez, Beltz, Babel, Badela, Mandela.» hitz progresioekin jolastuz, poema silabiko ederra erdietsiz); eta Jean-Christian Irigoyen soinujolea, David Holmes perkusiolaria eta Louis Sclavis klarinetistak ere izan ziren, Hamid Ben Mahi hip-hop dantzariaren eta Pantxoa Etxogoinen bertsoen osagarri.

Atharriko ezker pareta pilotalekua agertoki epela bihurtu zen. Azken emanaldietan ohi duen bezala, baina kasu honetan Afrikaren presentzia guregan mantentzeko ahaleginean ere, Mazisi Okeita Denbelek Atxagaren poemarekin abiatu zuen berea Beñat Axiarik. Ohikoak dituen Michel Queuille (pianoa) eta Julen Axiariz gain (perkusioak, ahotsa), lehen mailako bi musikari zituen oraingoan ondoan lehen unetik: Louis Sclavis klarinetista handia eta Christine Martineau, biola maisua eta kantaria. Hamid Ben Mahi hip-hop dantzariaren parte hartzea seigarren musikari-arena bezala hartu behar da instrumentista eta kantarien «apaingarri» baino gehiago, bere parte hartze puntualak egungo kale dantzak haien emanen interpretazio musikal pizgarri izan baitziren.

Laburra egin zen seikotearen emanaldia, haren zortzi interpretazioek guztiz bete baitzuten denbora eta espazioa, Afrikan hasten zen bidaia Euskal Herrira ekartzeko intentzio osoz jositakoa. Aipaturiko Mazisi-ren ondoren, De Lancre euskal inkisidoreari eskainitako pieza klasiko bezain bortitza etorri zen (Jauna Miserere), berak suntsitutako hainbat emakume herrikideen oihu eta garrasiak egundaino ez isilarazteko asmoz eraikitako pieza bakana. Bertan nabarmendu zen -hasiera besterik ez zen- Martineauren ahots-biolaren arteko fusio miresgarria, amildegiren baten ertzean ipintzeko gai dena.

Heldu ziren ondoren Larrosa salbaiak, aurreko orro desesperatuen ostean muturreko lirikotasunera salto bakar batez eramateko gai. Ezin saihestu genuen lore sorta hori egungo Mandela/Madiba guztiei eskainia izaten ari zela. Eta berriro Martineauren biola, bere ahotsarekin uztartuz hiru edo lau ahots eta harmoniko batera sortzeko gai.

Banda osoa nabarmendu zen ondoren, Beñat Axiarik aukeraturiko Serge Pey Poubelle poeta garaikidearen poema bisualaren zati baten Rouge! leitmotiv oihua abiapuntu hartu eta inprobisazioaren eremu luze zabalera eraman zituenean. Etorriko ziren gero Chico Buarque brasildarraren Cio da Terra [Lurraren epela] Brasilgo garia eta azukre kanabera uztaren goratzarrea: «Afagar a terra / conhecer os desejos da terra / cio da terra, a propícia estação / e fecundar o chão» [«Lurra laztandu bere nahia ezagutu, lurraren epela dagokion urtaroan bere erraiak ernaltzeko»]. Axiari aita semeak a capella kantatzen dute hau, maitekiro, ondoren hitzik gabeko beste klasiko baten abiapuntu: Chant d'exil / Deserriko kantu betea.

Axiariren beste erreferenteetako bat etorri zen gero, Billie Holiday, bere Strange fruit, fruitu-kantu harrigarriarekin. Ez omen zekien kantari beltzak zertaz ari zen kantu honekin hasi zenean, «fruitu harrigarri» horiek Ipar Ameriketako hegoaldean zuhaitzetan urkaturiko bere anaiak zirela jabetu eta kolpatuta utzi arte. Une horietan adierazten du Beñat Axiariren ahotsak bere erregistrorik sakonenetako bat, eta ostegunekoan, Sclavisen klarinetearekin bat eginda, une bakanak bizi arazteko gai izan zena.

Amaiera dantzagarriak

Fandango basa eta arin-arin dantzagarriekin bukatu zuen emanaldia seikoteak. Seitik hirura etorrita, biluziago beraz, Donostiako jazzaldian lehen aldiz Beñat Axiari eta bere Larrosa salbaiak -Agorrila etxeak argitaratu eta bederatzi urtez onduz joan den proiektua- bizitzeko parada izango dugu datorren ostiralean, Queuille piano jotzaile beti fidagarriarekin eta Julen Axiari perkusionista eta kantari gazte apartaren laguntza soilaz.

Gaueko saioko bigarren partean heldu ziren Papanosh boskote frantziar arrakastatsukoak -Parisko Jazz de la Défense entzutetsuan sarituak, besteak beste-. Aurrekoen heldutasuna eta osotasunaren ostean, freskotasuna zerien gaztoi, baina baita beteraniak baino ematen ez duen sakontasun gabezia ere. «Ikasle iaioak» dira, dudarik ez, pentsatu nuen ene golkorako behin baino gehiagotan. Lerro melodiko sendoa osatzen dute taldean Quentin Ghomarik (tronboia, tronpeta) eta Raphaël Quenehenek (saxoak), piano jotzailearen lekua -Sebastien Palis, sortzaileena, ezusteak sorrarazteko gai den bakarra, agian- itzalean utzi gabe. Nire ustez, jazzaren lerro ohikoenetik urrundu zirenean izan ziren onen, Gibril Circus, azkenerako utzi zuten Ghomariren konposizioan. Zirkoaren izpiritua atzemanda eta errekurtso soilez, benetan pieza ederra eskaini zigutenean. Dantzan jarri zituzten bertakoan ondoren, eta gaztea zen gaua ostiralaren lehen orduetan Itsasuko Atharrin.]]>
<![CDATA['Sasi-Shaolina' eta hutsaren diskurtsoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1513/004/001/2013-06-12/sasi_shaolina_eta_hutsaren_diskurtsoa.htm Wed, 12 Jun 2013 00:00:00 +0200 Juan Gorostidi https://www.berria.eus/paperekoa/1513/004/001/2013-06-12/sasi_shaolina_eta_hutsaren_diskurtsoa.htm
«Monje budistaz mozorrotutako hiltzaileaz» arituko naiz hemen, haren mozorroari eta diskurtsoari erreparatuz, bat-bateko eroaldiaren hipotesia alboratuz, hots «zerbait hautsi zen haren baitan, aurreko harmonia budatarra puskatu eta giza alderik ilunena agertu zitzaion». Psikosia berezko koherentziaren jabe denez, jarrai diezaiogun beste ildo logiko bati.

Juan Aguilar izar mediatikoa izan da, eta hala da oraindik ere: hedabideetan utzi dizkigu urteetako arrastoak. Azkena, komunikabide guztietan ageri den 2013ko bideoa. Hor, eldarniozko agertokian eta piura dotoreenekin, eskuan ehiza ganibeta duela aurkezten zaigu, labana astiro mugituz, laztanduz, aho zorrotzez besoko biloak moztuz, zirku itzulipurdika hasi aitzin. Erakustaldi hori haren kide askok izenpetuko luketen diskurtso batez dago idatziz hornitua: «Estilo eta forma aunitz bizi eta gauzatzen dira nigan. Urteak dira ez ditudala errepikatzen mendeetako tradizioz, ahanzturaz, modez edo txapelketetako araudiez higatutakoak. Dharma eta Zen-aren bihotza bilakatu nahian nabil, gogoa eta gorputza modu leunean menderatzeko neure bide propioa sortzen».

Atera berriak gara muturreko soluzioak hainbeste estimatzen zuen tradizio batetik, eta horrek ematen digu, agian, zenbait zororen solasaldi fanatikoak antzematen. Sloterdijk-en hitzetan, «[Pablo,] unibertsaltasunaren apostoluaren idazkietan, bultzatzen da dagoeneko maitasun mota bat zeinak, erantzun egokirik ez jasotzekotan, zekenkeria maniako-suntsitzailea bihurtzeko joera baitu. Monoteismo unibertsalista oldarkorren fisionomiak berezkoa du predikariek jendearengan Jainkoaren izeneko izu-ikara sorrarazteko grina». Baina, zer gertatzen da Ekialdetik datozkigun Hutsaren diskurtsoarekin? Ez al gara Mendebaldeko asko Funtsezko Hutsaltasun eta Ezerez Metafisiko baten lilurapean erori zerbait izatearen larritasuna arintzeko ahaleginean?

Sedukzio joko zabala hedatu da azken hamarkadetan Mendebaldeko zibilizazio gatazkatsuen eta Ekialde Urrunean proiektatzen den ustezko jakindurien artean. Han ikusi nahi izan dute askok hemengo gabezia eta akats guztien ifrentzua. Hemen materia gailentzen da, han izpiritua; hemen estresa, han lasaitasuna; hemen azalkeria, han sakontasuna…

Brian Victoriak, Zeelanda Berriko monje budistak, 1997an Zen at war ikerketa argitaratu zuen, II. Mundu Gerraren aurreko hamarkadetan Japoniako militarismo inperialak eta hango budismoak izan zuten harremanei buruzkoa. Liburuan azaltzen dira orduko maisu garrantzitsu zenbaitek egindako adierazpenak. Hona adibide batzuk: «Aurrera egiteko agindua hartzen baduzue, aurrera zuek!; tiro egitekoa bada, pum!, pum!, egin tiro! Horixe baita argiztatzearen ezaugarriaren gailentasuna». «Zen dotrina oso zehatza da buru-gogoeten jarioa ez gelditzeko aginduan […]. Norbaitek haren izena entzuten badu, 'bai' esan eta aurrera, zein arrazoirengatik deitua izan den erreparatzen ibili barik […]. Heriotzak deitu duenak ez luke urduritasun ñimiñoenik sentitu beharko». «Erlijioaren [Budismoa] zeregin nagusia Estatuaren bizi iraupenaren alde lanean laguntzea da […]. Heriotza eragiten duena ez da soldadua, haren ezpata baizik. Harengan ez dago inori kalte egiteko inongo gogorik, baina etsaia agertzen da, eta biktima bilakatzen. Balirudike ezpatak automatikoki betetzen duela justiziazko eginbeharra, errukizkoa» (etzanak neureak dira). Ez pentsa horiek salbuespeneko jarrerak direnik, edo Japoniari soilik dagozkionak. Budismoa ez da inondik ere botereek edozein korronte metafisiko edo erlijiosoren erabilpenetatik libro izan.

Historiak ezagutzera eman duenez, Hutsaren diskurtsoa, ustez budismoak edo taoismoak eskaintzen duten itxurakoa, ongi egokitu liteke jarrera inperialista oldarkorrenekin edo zenbait eldarnio eskizoiderekin.

«Arte martzialetan aditua» omen den horren aurrean, berriz, arlo horretan nolabaiteko zilegitasuna dutenen aldetik sortu den ahobatezko erantzun bakarra izan da Aguilarren iruzurra salatzea. Ez da oso zorrotza izan behar, baina, «arte martzialen» kirol edo errituen maneretan beste garai batzuetan gizonezko guztiek armadetan pasatu beharreko bazterreko arrastoa sumatzeko: hierarkia zurruneko botere jokoak, armen lilura edo oldarkortasun birtuosista baten aldeko «balioen» aldarrikapena. Hobe genuke diziplina horien sustatzaileok praktika hauen alderdi perbertsoak oso kontuan hartu eta interesgarri nahiz beharrezko diren besteak landuko bagenitu, gure arrapostuetan ero baten «benetakotasunaren» edo «faltsukeriaren» kontuan gelditu ordez. Beste modu batera esanda, errekonozitu beharra dugu badela nolabaiteko benetakotasun patetikoa «Aguilar monjearen» parafernaliaren erakustaldian, haren mozorro, aldare, arma eta akrobaziak barne. Horretan guztian, haren hitzen eldarnioan bezala, imitatzaile soila baino ez da. Zerbait ikasiko genuke, agian, botere arrandia sintomatiko horiei erreparatuta, horren nabarmenak direnak kirolaren goraipamen sozialean, bestalde.]]>