<![CDATA[Juan Kruz Lakasta | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sat, 20 Apr 2019 03:07:41 +0200 hourly 1 <![CDATA[Juan Kruz Lakasta | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Liskarrik ez]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/024/001/2018-06-21/liskarrik_ez.htm Thu, 21 Jun 2018 00:00:00 +0200 Juan Kruz Lakasta https://www.berria.eus/paperekoa/1890/024/001/2018-06-21/liskarrik_ez.htm
Batek baino gehiagok molde horretako otoitzak egin zituen joan den larunbateko manifestazioaren aurretik. Saindu beltzaranaren kapotikoak gazte suharrak Espainiako Polizia Nazionalaren furgoneten aurka gida zitzan. Xabierko San Frantziskoren beso ustelgabeak Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren aurka harri bat bota zezan.

Akaso agnostikoren batek Ziztor Woman super-heroi foralaren babesa eskatuko zuen, ziztor atomikoarekin pankartaren inguruko ordezkari politikoren bat joz, giroa gaiztotu zezan.

Liskarrak nahi eta behar zituzten, bai ala bai.

Ciudadanos alderdiko Nafarroako buru Perez Nievas jaunaren adierazpenak horren erakusle: «Foru Gobernuari eskatzen diot ez dezala ahalbidetu larunbateko manifestazioa bortitzek gidaturiko kale liskar bihurtzerik». Beste perla laranja bat: «Beren burua Errepublikaren Defentsarako Batzorde izendatzen duten horiek deialdiarekin bat egin dutenez, eta Katalunian hainbat errepide eta trenbide mozketa egin dituztenez, asteburu honetan Iruñean kaosa gailenduko dela aurreikus daiteke, eta Gobernuak eta Udalak ez lukete hori baimendu beharko».

Politika berriak oso doinu zaharrak darabiltza. Akaso lifting-a egindako eta ilea laranjaz tindaturiko politika zaharra baino ez delako. Datu argigarri bat: Ciudadanos alderdiaren Nafarroako frankiziako buru Perez Nievas jauna Nafarroako Gobernuko kontseilaria izan zen CDN alderdiarekin eta UPNren eskutik : alderdi foralista batetik alderdi antiforalista batera, orrazkera aldatu gabe.

Alta, ez zen liskarrik izan. Iruñeko karrikak bete zituzten milaka eta milaka herritarrek zibismo erakustaldia egin zuten inolako arazorik eragin gabe, hainbaten desesperaziorako.

Izan ere, Iruñeko karrikak bete zituzten milaka eta milaka herritar horiek, Altsasuko auziaren bidegabekeria salatzeaz gain, Altsasuko gazteei eta haien senideei elkartasuna adierazteaz gainera, danbateko batez itxi zioten atea iraganeko ardatzak eta markoak berpizteko aukerari.

Indarkeriarik ezean indarkeriaren komodinak ez du balio. Biolentoak vs demokratak ardatzarenak egin du. Baskoak datozen mehatxua higatu da. UPNren kudeatzaile onaren mitoa erori zen. Diskurtso hegemonikoa urtu da.

Altsasuko auzia puztu zuten aldaketaren aurkako arma moduan erabiltzeko, aldaketaren aldeko lau indarren artean arrakalak sortzeko. Eta auziak aurpegian eztanda egin die, —besteak beste gurasoen inteligentzia politiko eta emozionalari esker— aldaketaren aldeko lau indarrak ez ezik gehiengo sozial berria Barcinaren murrizketen aurka sortu zen hura kohesionatu baitu.

Hori gutxi balitz bezala, ingurumari berean oso argi geratu da haien hegemonia eraiki eta zabaltzeko erabili izan duten tresna higatu zaiela. Euskararen aurkako manifestazioaren deialdia Diario de Navarratik sortu zen haren webgunean eman zuten lehendabizikoz deialdiaren berri. Hainbat astez euskararen aurkako hainbat eta hainbat orrialde karrikaratu zituzten. Baina tinta horrek guztiak ez zuen deuserako balio izan, protestaldia porrota izan baitzen: joan den urteko banderen inguruko elkarretaratzean baino jende gutxiago elkartu zuten.

Diskurtso hegemonikorik ez dute. Hori barreiatzeko tresna nagusia gain behera doa. Marko berriak asmatu behar dituzte. Krisia bistakoa da.

Batek daki zer gertatuko den urtebete barruko udal eta foru hauteskundeetan. Argi dago Nafarroan aldaketa soziologiko eta politiko sakona gauzatzen ari dela.]]>
<![CDATA[Oker eta zahar]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/023/001/2018-06-07/oker_eta_zahar.htm Thu, 07 Jun 2018 00:00:00 +0200 Juan Kruz Lakasta https://www.berria.eus/paperekoa/1955/023/001/2018-06-07/oker_eta_zahar.htm
Arratsaldean trago bat hartzera ateratzen badira, ez esan deus, gorroto delitua bailitzateke. Eta herria (eskualdea, herrialdea…) desmilitarizatu behar dela aldarrikatzea ezta okurritu ere, ez baduzu terrorismoa leporatzerik nahi.

Altsasuko auziaren bidegabekeria guztiak kolpe bakarrean irudikatu zituen astearteko polizia operazioak.

Ez dakit jan edo edan dudan zerbaitegatik den, jakiren edo edariren batek kalte egin didan, baina azkenaldian baikor nabil. Pasako zait. Edonola ere, nago txapelokerrak oker dabiltzala, sardinzarrak zaharkiturik daudela. Haiek eta haien gibelekoak.

Altsasuko ferietako taberna liskarra hanpatu zuten desmilitarizazioaren eztabaida mozteko, eta aldaketaren laukoa higatzeko. Eta, ene uste harroan, eskema zaharren arabera diseinaturiko jokaldiak huts egin die, eta haien aurka bihurtu zaie: Altsasuko auzia mugarria izaten ari da eskema zaharrok behin betiko gibelean utzi eta aro berri bat zabaltzeko. Besteak beste ETAren behin betiko su-etenak beroturik, Nafarroaren arragoan gizarte gehiengo berri bat osatzen hasi zen Barcinaren gobernuaren murrizketen eta gehiegikerien aurkako protestetan, aurreko hamarkadetako nafar politikaren ardatz nagusia bazterrean utzirik.

Ospitaleetako sukaldeen pribatizazioaren edo Nafarroako Kutxaren desagerpenaren aurkako protestetan dikotomia ez zen konstituzionalistak versus abertzaleak (edo demokratak versus biolentoak, formulazio azurmenditar gordinagoan) baizik eta erregimena versus aldaketa. Ordura arte bizkarra emanda bizi zirenak pankarta berari eusten hasi ziren.

Altsasuko auziarekin ardatz zaharra berpiztu nahi izan zuten, gehiengo berria desegite aldera. Haatik, desegin ordez trinkotu egin dute, noiz eta gobernu berria eraturik kohesio arazoak eduki zezakeelarik. Bidegabekeria latzak gehiengo hori aktibatu egin du. Lehen errepresioaren aurkako mobilizazioetan parte hartzen ez zutenak orain kalera atera dira esatera ez daudela prest gehiegikeria polizial eta judizial gehiago onartzeko. Aro berrian eskubide guztiak guztiontzat nahi dituztela. Aro zaharra (haren ardatz eta amarru guztiekin) behin betiko utzi nahi dutela atzean.

Aldaketa soziologiko baten aitzinean gaude (eta horiek instituzionalak baino garrantzitsuagoak dira), askatasunaren zaleen zorionerako, eta erregimen zaharraren jarraitzaileen zorigaiztorako.

Altsasuko gazte presoak eta haien senideak harro egon daitezke, txarretik onena atera dutelako barka klixea, erran nahi baita prozesu horretan guztian haien inteligentzia politiko eta emozionala, haien planteamendu ireki eta neurtuak erabakigarriak izaten ari direla gertatzen ari dena gerta dadin, jokaldi atzerakoia ustel dakien.

Nafarroaren historiaren manifestaziorik handienetako bat egin zuten apirilaren 14an. Eta irudipena daukat datorren ekainaren 16an berriz diot, baikor nabil Nafarroaren historiako manifestaziorik handiena eginen dutela.]]>
<![CDATA[Hiru urte]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/020/001/2018-05-24/hiru_urte.htm Thu, 24 May 2018 00:00:00 +0200 Juan Kruz Lakasta https://www.berria.eus/paperekoa/1955/020/001/2018-05-24/hiru_urte.htm
Niri neuri kosta egin zitzaidan botilak freskatzen jartzea. Denok genuen aldaketak irabazteko itxaropena (azken hilabeteotako gertakarien analisian ongi oinarritua). Baina ez genion geure buruari aitortu nahi ilusionaturik geundela, xanpaina freskatzen jartzeraino, gure bizitza osoa (baita gurasoena ere) generamalako desilusiorik desilusio: born to lose.

Betiko gogoan gorde behar genuen istant hura ia ahantzirik dugu, ordutik hiru hamarkada... Barka, hiru urte joan zaizkigularik. Baina oraindik ez dugu erabat burutu loser erresiliente izatetik winner kritikoa izatera daraman metamorfosia.

Desesperatu egiten gara ikusita zeinen zuhurki estutzen dituzten korralito foralaren ugazabak, eta zerga erreforma sakonago bat ikusi nahiko genuke, egiazko aldaketa sozial, politiko eta ekonomiko batera ahalik eta lasterren iristeko. Baina bagenekien Risk Foralaren partidan erakundeak bi pieza baino ez zirela. Beste asko zeudela (botere enpresariala, sindikala, unibertsitarioa, erlijiosoa...). Eta partidari buelta ematea ez zela izanen ez erraza, ezta azkarra ere.

Laukoaren desadostasunek aztoratzen gaituzte (eta mintzen, konparaziora, euskarari edo AHTari doazkielarik). Haatik, ezin uka dakieke duinki kudeatu dituztela, Nafarroa Bai-ren garaietako mahai azpiko labankada eta filtrazioekin alderaturik. Ahal Dugu-ren barne krisiak kezkatzen gaitu (eta, hainbatetan, eskandalizatzen). Ordea, ezinen genuke esan iragan gertuan bazterrotan alderdi zatiketa iskanbilatsuagorik ez dugunik ezagutu (to eta no ukazio bikoitza). Oposizioaren argudio identitario apokaliptikoek laukoa nola estutzen duten ikusirik sufritu egiten dugu. Alta, oposizioa horretan eta soilik horretan oinarritzea bada beste gauza asko ongi egin diren seinale.

Gobernu aurrerakoi batek herri mugimenduan eragiten duen desaktibazioak ere buruhausteak eragiten dizkit. Eta desaktibaziorik izan da, doike. Baina ezin atzendu hiru urteotan bi gaztetxe sendo sortu dituztela euskaldunon hiri buruzagian (Alde Zaharrekoa eta Arrotxapekoa), jakina, erakundeekiko harreman gorabeheratsuekin. Edo aurki Alternatiben Hiri bihurtuko dela Metropoli Forala. Edo Iruñea Nola bezalako mugimendu biziak ernatu direla Arga ertzeko hirian. Edo (ezkerraren antolamendu eta militantzia eredu tradizionalak gain behera datozen honetan arrunt garrantzitsua dena) Iruñeko karriketan Nafarroaren historiako manifestaziorik handienetakoak ikusi ditugula Altsasuko auziaren, La Manada-ren epaiaren eta pentsioen kontura.

Hiru urteren buruan, badira argiak. Eta badira itzalak. Hauteskundeetarako urtebete falta delarik, argiak ez atzentzea komeni, desaldaketa ilunean eroriko ez bagara. Xanpaina berriro freskatzen jarriko badugu.]]>
<![CDATA['Carrerica']]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/021/001/2018-05-10/carrerica.htm Thu, 10 May 2018 00:00:00 +0200 Juan Kruz Lakasta https://www.berria.eus/paperekoa/1955/021/001/2018-05-10/carrerica.htm is the new «Lagun homosexualak dauzkat, baina...».

Nafarroako Gobernuaren (hizkuntza politikaren) aurkako manifestaziora deitu dute. Ekainaren 2an izanen da. Deitzaileek gizarte zibileko ordezkari soiltzat aurkeztu dute beren burua. Alta, protestara deitzeko manifestua ez dute prentsaurrekoan aurkeztu. Zuzenean azaldu da Nafarroan eskela gehien saltzen duen egunkariaren webgunean. Eta azaldu eta berehala (bilerarik egiteko tarterik gabe) UPNren eta PPren sostengua jaso du. Kasualitatearen handia.

Deitzaileek berdintasunaren alde daudela esan dute. Ez dutela hizkuntzen araberako diskriminaziorik nahi. Ez luketela nafar euskaldunen aurkako bazterketarik onartuko. Harrigarria: non ote ziren eremu ez-euskaldunean D eredu publikoari ateak ixten zizkiotelarik, euskarazko haur-eskola publikorik zabaltzen ez zutelarik, ETB ikustea eragozten zigutelarik, Euskalerria Irratiari lizentzia ukatzen ziotelarik? Ziztorra jaten, apika (remember Nafarroaren banderaren aldeko manifestazioko Ziztor Woman).

Deitzaileek bazterturik daudela salatu dute, erdaldun elebakarrek ezin dutelako Foru Administrazioan lanposturik lortu. Alta, aitortu ez arren, ederki dakite Euskararen Foru Dekretu berriak aurreikusten duela euskararen ezagutza gehienez puntuazio osoaren %5 izatea. Eta euskaldunok herritarren %24 izanda, foru administrazioan euskarazko profildun lanpostuak %0,98 direla soilik.

Deitzaileek badakite historikoki baztertua izan den euskaldunen kolektiboa pribilegiatutzat aurkeztuz, haiekiko kalte konparatibo faltsuak zabalduz, haien kontra xenofobiatik oso hurbil dauden argudioak zabalduz, bizikidetza kolokan jartzen ari direla.

Ez dago House doktorea izan beharrik diagnostikoa argi edukitzeko: euskarafobia latza, eta sukar elektoral handia.

Azken egunetan, sare sozialetan, nafar euskaltzaleen artean, eztabaida interesgarria piztu da deialdi horren ingurumarian. Hainbatek diote ez ikusiarena egin behar zaiola, bestela ezagutzera ematen delako,

Ez dakit bada. Nafarroan eskela gehien saltzen duen kazetarena ez ezik, deitzaileek Espainiako berripaper nagusien babesa daukate. Azken egunotan hainbat azal oparitu dizkiete Madril aldeko kioskoetan. Hartara, ez dut uste euskaldunen publizitatearen premia handirik dutenik.

Aldiz, irudipena daukat mezuen bolumenarekin daukatela arazorik handiena. Madril aldean haien mezua eros diezaieten (eta manifestaziora handik ekainaren bian zentro muturreko manifestariz beteriko autobusak etor daitezen), distortsioraino igotzen diote bolumena, Nafarroa apokalipsi etnikoaren ertzean irudikatzeraino.

Beltranizazioa atzendu gabe: foru parlamentutik desagertzeko zorian, PPNko buru Ana Beltran desesperatuki saiatzen da haren ahotsa entzunarazten, mezu ezinago karrankariekin. Eta, eskuinetik aurrera ez ditzaten, UPN eta PSN bera eskuin muturreko doinu horretara mugiarazten ditu.

Ene uste harroan, horixe dute ahulgune nagusia; izan ere, Nafarroan elebakar asko egon daitezke kezkaturik, euskara ez jakiteak foru funtzionario plaza eskuratzeko tenorean zama ditzakeelakoan. Haatik, kafezalerik kafezaleenak alde batera utzita, herritar kezkatu horietako gehienei (eta beraz sozialki zein elektoralki eraginkorrenei) atzeraka eragiten die mezu identitario apokaliptikoak.

Ez ikusiarena egitea baino eraginkorragoa ez ote den judoan jardutea. Erran nahi baita haien mezu karrankariak zabaltzea, aurkakotasun neurtua azalduz, ahal dela ironia ukitu batekin.

Eta, daitort, analisiez eta arrazionalizazio saioez harago, zenbait ekimen iruzkintzeko tentazioa handiegia da kazetari koitadu honentzat. Konparaziora, Beltranek atzo aurkezturiko euskararen inposizioaren aurkako karabana: Antikorrika motorizatua; ica, ica, ica, aqui esta la Carrerica; ica, ica, ica, aqui esta la chistorrica…]]>
<![CDATA[Nafarroaren beltranizazioa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/023/001/2018-04-26/nafarroaren_beltranizazioa.htm Thu, 26 Apr 2018 00:00:00 +0200 Juan Kruz Lakasta https://www.berria.eus/paperekoa/1955/023/001/2018-04-26/nafarroaren_beltranizazioa.htm In-inde-independençia!» oihuak. Psycho pelikulako soinu bandarenaren pareko musika aztoragarria. Aurpegia estaliriko bi lagun. Espainiako bandera, sutan. Kataluniakoa, bistan. Kataluniaren eta Nafarroaren egoerak, parekaturik. Emakumezko ahots kezkatuak ikusleari gaztigatuko dio Nafarroan ezker abertzaleak agintzen duela, eta herrialdea batasunizatzeko errepide mapa ezartzen ari dela, Nafarroa desagerrarazteko xedearekin euskara eta ikurrina inposatuz. Nafarroako espainiarrek laguntza behar ei dute. Eta emakumezko ahotsak galdera zuzena eginen dio pantailaren aurrean denari: «Lagunduko diguzu?». Bideoa amaitzeko, sare sozialetarako etiketa: #StopBatasunizacion.

Lasai, ez naiz aurrekoan Faltzes aldean, Foruzaingoaren trafiko kontrol batean, bost droga analisietan (egiten dituzten guztietan!) positibo eman zuen birigarroa. Ez didate kokainarik bota Cola-cao-an, heroinarik tean, pitxuminarik kafesnean, kalamurik kamamilan, MDMArik rooibos-ean. Lehen paragrafoko gidoia ez dut nik sortu. Egiazko bideo batetik hartua da.

Bideoa, joan den ostiralean, Madrilen aurkeztu zuten Nafarroako PPko buru Ana Beltranek eta PPko Politika Sozialetako idazkariorde Javier Marotok. Jarraian, PPk bere Twitterreko kontu ofizialetik zabaldu zuen, #StopBatasunizacion hashtagarekin.

Seguru asko ekimenaren bultzatzaileen harrigarri, bideoaren hasieran azaltzen den bandera espainiarrak ez bezala, sare sozialek ez dute su hartu haien mezuarekin. Lerrook idazteko orduan, PPren kontuak 693.775 jarraitzaile ditu. Eta 109k soilik birtxiokatu dute bideoa. Etiketa sakaturik, orotara 55 txio atera zaizkit, eta horien artean hainbat ironikoak dira, edo sarkastikoak, edo kritikoak.

Amaierako galderak izutzen nau ni gehien... Edo ez, egiaren aitortzeko, gehien izutzen nauena da jakitea Nafarroan badugula bideogile burubero bat halako ikus-entzunezko barroko-bizarre- goreaz erditzeko gauza dena. Baina, edonola ere, amaierako galdera guztiz aztoragarria begitantzen zait: lagunduko diguzu?

Nork? Nori? Zer?

Nori lagundu behar diote? Nafarroan bi parlamentari besterik ez duen alderdiari? Inkesta guztien arabera, hurrengo hauteskundeetan parlamentuan ordezkaritzarik gabe geratuko den indarrari?

Nork lagundu behar dio? Espainiar herritar arruntek? Ala bideoan Nafarroaren parekide aipatzen duten Kataluniako herritarrei bizkarra ederki berotu zieten Piolinen itsasontziko borradunek?

Eta nola lagundu behar diote? Beste behin ere borrak dantzan jarriz? 155.a aplikatuz? Nafarroaren autogobernua eta hartara nafarren erabakimena zeharo bertan behera utziz?

Edonola ere, ene uste harroan, Ana Beltranen bideoarekin gertaturikoak Nafarroan legealdi honetan oposizioaren artean gailendu den politika egiteko moldearen porrota islatzen du.

Aldaketaren indarrak erakundeetako aginteaz jabetu zirenetik, oposizioak bere osoan apokalipsiaren iragarpenean jardun du. Abesbatza apokaliptiko horretan nabarmentze aldera, Beltran anderea apokalipsi iragarpen identitarioan espezializatu da, boto-emaileen zuntz sentibera ukitzera iristeko itxaropenarekin, euskarafobian (akaso xenofobian) orain arte ezezagunak zitzaizkigun mailetara iritsiz (eta orain arte alor horretan gauza asko ikusitakoak ginen bazterrotan).

Nafarroako PPren buruaren jokaerak UPN mugiarazi du, eskuinetik aurreratu ez zitzan erregionalistak hormara (are gehiago) itsatsi baitira.

Alta, hilabeteak joan, hilabeteak etorri, mundu(foral)a ez da amaitu. Eta, errepikaren errepikaz, apokalipsi iragarpen identitario karrankariek denak gogaitu dituzte (edo gehienak, kafezalerik kafezaleenak izan ezik). Gauzak horrela, Mikel Bujanda lankideak Nafarroaren beltranizazioa deitzen duen prozesu horren ondorioz, (berriro ene uste harroan) foru eta udal hauteskundeetarako urtebete eskas falta den honetan, oposizioko buru marrantatuek zailtasun handiak dituzte beren boto-emaileak berriro aztoratuko (irakur bedi mobilizatuko) dituen diskurtsoa helarazteko.]]>
<![CDATA[Zuntz optiko asimetrikoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/022/001/2018-04-12/zuntz_optiko_asimetrikoa.htm Thu, 12 Apr 2018 00:00:00 +0200 Juan Kruz Lakasta https://www.berria.eus/paperekoa/1955/022/001/2018-04-12/zuntz_optiko_asimetrikoa.htm
«'Etorkizuneko faxistek beren buruari antifaxista esanen diote', Winston Churchill», erantzun dio Berendiak.

Sandiak zaplaztekoa eman dio Berendiari: «Winston Churchillek ez zuen halakorik esan. Historia gehiago ikasi beharko zenuke», eta aipuaren okerra azaltzen duen lotura gehitu du.

Berendiak kokotekoa eman dio Sandiari: «Zure poema ez da Bertolt Bretchena baizik eta Martin Niemollerrena. Poesia gehiago irakurri beharko zenuke», eta poemaren egiletzaren berri ematen duen esteka atxiki dio.

Sandiak erasoari berrekin dio: «'Etorkizuneko tontoek beren buruari Berendia esanen diote'. Winston Churchill».

Berendia ez da atzean geratu: «'Gero Sandia eraman zuten, eta nik ez nuen deus esan... Zikin horrek ederki merezita zuelako!'. Bertolt Brecht».

Sandia berotu egin da: «Nazi alaena!».

«Argudiorik gabeko ergelek berehala betetzen duzue Godwinen legea», eman dio arrapostu Berendiak, eta lege horren arabera eztabaida linealak luzatu ahala Hitler edota naziak aipatzeko aukerak gero eta handiagoak direla azaltzen duen web orriaren helbidea jarri du.

Sandiak antzeko formula erabili du: «Argudiorik gabeko faxistak berehala ezkutatzen zarete Goldwinen legearen atzean».

Berendiak, gogor: «Ea azkar batean eramaten zaituzten!».

Sandiak, sutan: «Ea Carrero bezain altu iristen zaren!».

Berendia hurrengo txioan ezin lakonikoagoa izan da. Beste erabiltzaile baten izena aipatu du, besterik ez: @policia.

Sandiaren galdera zuzena: «Jo puntuan jarri nahi nauzu?».

Berendiaren erantzun bihurria: «Zalantza dut, ea zuk argi diezadakezun aipu hau Churchillena den ala ez: 'Deus ez baduzu egin, goizeko seietan atea jotzen badute badakizu esne-saltzailea izanen dela, eta bestela... Izorra hadi!'. Zer diozu?».

Kasualitatearen handia: istant horretan berean atea jo dute, bai Berendiaren etxean, baita Sandiarenean ere.

Berendia azkar batean joan da atea zabaltzera. Goseak amorratzen dago, eta espero zuena topatu du atearen beste aldean: pizza banatzailea, urdaiazpiko, piña eta txanpinoi pizza familiarra, eta garagardo lata bi.

Sandiari, aldiz, urdaila uzkurtu zaio. Etxepeko okindegian zein alboko kaleko supermerkatuan esnea saltzen dute, baina auzoan ez da etxez etxeko esne-saltzailerik. Eta berak ez du pizzarik eskatu. Pasilloan zehar aterantz doala, hastag bat etorri zaio burura: #JoSocSandia.]]>
<![CDATA[Abolizioaren alde eta kontra]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/016/001/2018-03-29/abolizioaren_alde_eta_kontra.htm Thu, 29 Mar 2018 00:00:00 +0200 Juan Kruz Lakasta https://www.berria.eus/paperekoa/1955/016/001/2018-03-29/abolizioaren_alde_eta_kontra.htm
Hedoi Etxartek berripaper honetan berean idatzia du printze baten izena daraman saria abolitu beharko genukeela. Eta txiokatua du hautagaitzaren baten gibelean ezkerrak bere burua (bere sokako artisten bidez) saritzeko nahia dakusala, eta, bidenabar, baita artearen autonomiarekiko errespetu falta eta diskurtsorik eza ere. Dadost.

Haatik, Sagrario Aleman ere Vianako Printzea sarirako proposatu dutenetik (eta horren karietara haren biografia errepasatu dudanetik), sari hori abolitzea bezain urgentziazkoa begitantzen zait Maravillas saria, Nabarreria saria, edo erromeria bat antolatzea haren ekarpena eskertzeko.

Sagrario Arturo Kanpion euskaltegiko zuzendaria izan da 1982. urtetik eta iaz erretiroa hartu zuen arte. Erraz esaten da, nekez egiten. Besteak beste, aintzat hartuz Sagrarioren adinarekin, ikasketaduna izanda (bera Farmazian lizentziatua da), gure bazterrotan aski erraza izan dela hilero bi mila eurotik goiti patrikaratzea (edo garaian garaiko soldata baliokidea pezetatan).

Barkatuko ahal didate Sagrarioren kintoek gauzak hain gordinki adieraztea: Franco hil ondoko urteetan, administrazioko hainbat egitura ezerezetik altxatu zituztelarik, oposizioetan merke banatzen zituzten euskaltegi, ikastetxe, unibertsitate zein hedabide publikoetako funtzionario plazak, garaiotako ikasketadun orain baino askoz urriagoen artean. Unibertsitatean zerbaitegatik deitzen diete adin horietako irakasleei tapoi belaunaldia.

Haatik, diruaren hotsari entzungor, Sagrariok herri ekimeneko euskaltegien sektore guztiz prekarioan lan egitea erabaki zuen, hautu kontziente eta militantea egin zuen, eta, urteak joan urteak etorri Nafarroan sektoreko langileen baldintzak are gehiago okertu arren, eutsi egin zion, tapoirik sortu gabe.

Euskaltegiko haren lankide Nekane Otamendik dio inurri nekaezina izan dela, beti lanean, beti lankide. Duela 30 Sagrarioren ikasle izandako Patxi Larrionek, Sagrariok humus bat sortu duela haren inguruan, euskal kulturarekin loturiko hainbat ekimenentzako mintegia.

Kontua ez da (bakarrik) non izan den, baizik eta nola izan den. Duela 50 urte euskara batua, ikastolak eta euskaltegiak sortu zituen belaunaldi horretako kidea izanda, jakin du atzetik zetozenei bidea zabaltzen, lidergo pertsonala taldearen zerbitzura jartzen, asertiboa izaten abrasiboa izan gabe.

Sagrariok Zaldiko Maldiko elkartearen sorreran esku hartu zuen, Euskalerria Irratiaren hastapenetan, Nafarroako Egunkaria Sortzen taldean, Karrikiri elkartearen abiatzean...

2007an euskaltzain oso izendatu zutelarik, baten batek esan zuen Sagrariorekin herri ekimeneko euskalgintza sartzen zela Euskaltzaindian. Eta hala izan da. Ez nik diodalako baizik eta ordutik hona argiki nabaritu delako Jagon Sailaren jardueran.

Sagrario omentzea (sari baten edo erromeria baten bitartez) euskararen normalizaziorantz alimaleko lana egin duen belaunaldi oso bat omentzea da, edo, zehatzago adierazita, belaunaldi horren ordezkaririk onen(etako)a.]]>
<![CDATA[Berririk onenak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/020/001/2018-03-15/berririk_onenak.htm Thu, 15 Mar 2018 00:00:00 +0100 Juan Kruz Lakasta https://www.berria.eus/paperekoa/1955/020/001/2018-03-15/berririk_onenak.htm
Nire oroitzapenak (eta erreferente zaharrunoak) urtzen ari dira, malkoak euripean nola. Eta (gazte gehienek esamolde hau zergatik darabildan ulertzen ez duzuela jakinagatik ere) esanen dizuet nik zuek sinetsiko ez zenituzketen gauzak ikusi ditudala:

Barrikadak sutan oholtzaz haratago (eta Ertzaintzaren furgonetez honatago), Gernika 37-87 jaialdiko azken kontzertuan, Kortatuk gomazko piloten eta ke poteen artean jotzen zuen bitartean.

Natxo Cicatriz Iruñeko La Granja taberna txikian Lola abesten, gure koadrilako Mikel, garai hartan hamabost urteko nerabe mukizua zela (ginela), lepotik zintzilik.

Manolo Gil laguna, Iruñeko Mañueta karrikako pisuan, Euskal Herrira iritsitako lehen Macintosh-etako batean, Photoshop programaren lehen bertsioarekin, Negu Gorriak taldearen aizkorak diseinatzen, Herrera de la Manchako kontzertu historikoaren bezperetan.

Gari, Ruper eta Laboa elkarrekin kantuan, Anoetako belodromoan, Komite Internazionalistek antolaturiko Hertzainak taldearen berragerraldian.

Marco Antonio Sanz de Acedo Gavilan, Lore Etxean, protohuajoloteen lehen entseguetako batean, lurrean belauniko, Los Tigres del Norte taldearen Carrera contra la muerte kanta itzela abesten.

Haiek eta beste hamaika ikusi ditut. Eta inguruko gazteei hainbatetan esan dizuet kezkagarri neritzola zuek gure garaietako musika hura guztia gogoko edukitzeari, buruz jakiteari.

Jatorki esaten nizuela sinetsita nengoen, baina orain nago, neure buruari aitortu ez arren, gozatzen nuela hori esanez, talaian jartzen ninduelako, nagusitasunean, nagusikerian.

Alta, talaia balantza egiten ari da, erortzear.

Euskal rock erradikalaren oihartzunak gero eta apalagoak dira. Horren osteko doinu tronpeteroak ere itzaltzen ari dira. Globalizazioak mundu osoko gazteen gustu musikalak inoiz baino gehiago homogeneizatu ditu. Musikaren negozioak paradigma aldaketa latza pairatu du. Militantzia gainbehera dator. Garai likidoak dira. Eta ingurumari belaxka horren erdian, datorren larunbatean, euskal rockaren historiako mugarri nagusietako bat ezarriko dute: sold out, 10.000 sarrerak salduta Berri Txarrak-en BECeko kontzerturako.

Bada garaia ozen esatekoa: hirukotearen soinuaren konpaktutasunarengatik, hirukoteko musikari bakoitzaren maisutasun teknikoarengatik, estilo askotarikoak jorratzeko gaitasunarengatik, letren zorroztasunarengatik, letren poetikotasunarengatik, letren dogmatismorik gabeko gaitasun iradokitzailearengatik, kanta puskak sortzeko erraztasunarengatik, Gorkaren lidergo indartsu bezain apalarengatik, jaio-musika-hil filosofiaren aldeko apustu ausart eta kementsuarengatik, hamaika arrazoirengatik, inoizko euskal rock talderik onenaren aitzinean gaude. Eta euskal rock talde batek inoiz erdietsiriko lorpenik handienak erdiesten ari da. Orain. Hemen. Eta atzerrian.

Utikan zaharrunoak, haien garai epikoak, talaiak eta nagusikeriak.

Azken ohar bat: aspaldi honetan, ispiluan dakusadan adineko gizonak behin eta berriz darabil ezpainetan Katedral bat kantatzarraren letra.]]>
<![CDATA[Gabino]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/025/001/2018-03-01/gabino.htm Thu, 01 Mar 2018 00:00:00 +0100 Juan Kruz Lakasta https://www.berria.eus/paperekoa/1955/025/001/2018-03-01/gabino.htm Noveccento pelikularen hasierako koadroa animatu dute, emakumearen historiari buruzko artikuluen lehiaketa iragartzeko.

Margolana Il Quarto Stato deitzen da (Laugarren Estatua). Giussepe Pellizza da Volpedo italiarrak margotu zuen, 1901ean. Italia batu berrian, nekazari mundutik lantegietara iritsi berriak, beharginak greban irudikatzen ditu: proletalgoaren lehen huelgetako bat.

Ezin ikonikoagoa da: lamina karpetan eduki ez duenak posterra logelako paretan itsatsi du, eta denek ikusi dute koadroa tabernako horman eskegita. Alta, orain arte gutxiri egiten zien karranka, haur txikia besoetan, grebalarien buruari zerbaiten eskean ari zaion emakumearen irudiak.

Hain justu emakume hori jarri dute hizketan, zehazkiago rapeatzen, Hiru Damatxokoek: «Hey, Gabino, har ezazu banbino!». Pentsa liteke zaplada lehorra belaunaldi zaharragoetako gizonezko militante testosteronikoei jotakoa dela. Haatik, gizonezko militante gazte maiteok, leloaz haragoko letra txikiak beste masail gazteagoak (ere) kokatzen ditu belarrondokoaren jo puntuan: «Kamisetan Anari duen aliatu xumea, esan eta esan zenbiltzan hauxe zela unea, bizitza zela borroka eta erdigunea, ez al zenuen umea nahi? Har ezazu ba umea!».

Beste behin ere aldarrikatu nuen D ereduko gurasoa koinatu espainiarraren baliokide soziologiko moduan. Ez profil berekoa. Baina bai klixe moduan erabilgarria. Bidenabar esanda, D ereduko gurasoa naizen hau ez ezik D ereduko guraso ez zaren zu ere barnebil zaitzakeena (sorry: ez zara libratu).

Eta, D ereduko aiten artean, ez dira gutxi eskola kontseiluan edozein jarduera antolatzeko beti prest egonda, etxeko jardueren antolakuntzan beti huts egiten dutenak. Edo hamaika kolektibotako hamaika bileratan parte hartzeagatik (helburua da ala aitzakia?), seme-alabekin sekula biltzen ez direnak.

Ariketa gogor bezain argigarria gizonontzat, bereziki aitontzat, Gabinoren ispiluaren aurrean jartzea, martxoaren zortziko greba hurbiltzen ari den honetan.

Bideoklipak, ordea, gehiagorentzako eskaintzen du ispilua, feminismoa, klasea eta hizkuntza gurutzatzen diren puntuan kokatzen baikaitu. Eta irudipena daukat azkenaldian, klasearen eta hizkuntzaren arteko bidegurutzean, guk geuk geure buruari tranpatxoa egiten diogula. Nor garen gu? Derragun azpitalde bat garela: D ereduko guraso euskaldunok, jakin badakidan arren generoak hor ere desberdintasun handiak eragiten dituela.

Sarri hizkuntzagatik eta klaseagatik zapaldutzat aldarrikatzen dugu geure burua, eta bi zapalkuntzak erlazionatutzat aurkezten ditugu. Alta, egun, maiz, Gabinorekin batera bere bikotekide Marietta ere joaten da manifestaziora, azal ilunagoko Fanyk lau sosen truke haurra zaintzen (edo komuna garbitzen, edo aitona paseatzen) duen bitartean.

Bistan da D ereduko guraso euskaldunon artean bada working class ugari. Baina horren agerikoa ez izanagatik, gure gizarteko periferietako sektorerik prekarizatuenetan, zapalduenetan, oso euskara gutxi mintzatzen da.

Aspirazio demoskopikorik gabeko datua: irratirako, askoz errazago lortzen dut euskarazko kortea hezkuntza publikoko irakasleen greba batean, zahar etxe bateko zaindarien batean baino; Volkswageneko langileen protesta batean, Nafarroako Ospitaleko sukaldeetako langile azpikontratatuen batean baino.

Eta euskara periferia horietara ere eramanen badugu, nondik abiatzen garen argi edukitzea komeni.]]>
<![CDATA[Miel Otxin askatu!]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/022/001/2018-02-15/miel_otxin_askatu.htm Thu, 15 Feb 2018 00:00:00 +0100 Juan Kruz Lakasta https://www.berria.eus/paperekoa/1955/022/001/2018-02-15/miel_otxin_askatu.htm Navarra, las cuatro estaciones dokumentalaren kopia. Badakit inauteria epaitzeko, hiltzeko eta erretzeko europar tradizio zaharraren aldaera bat besterik ez dela Lanzko usadioa. Afera da Lantzen folklorearen garapenaren apetek irudi antropomorfikoa hautatu dutela protagonista gisa. Eta, hartara, zortzikoaren euskal doinu maitagarriaren erritmoan, gizakiak lintxatzeko ohitura ez horren maitagarria irudikatzen dutela umeen aitzinean, Lantzen eta haren inauteri frankiziatu guztietan: Barañain, Tafalla, Burlata, Antsoain, Iruñeko zenbait auzo, Nafarroa osoko hainbat ikastetxe...

Bai, badakit: zuzentasun politikoarekin gogaiturik zaudete, eta Lanzkoa ez zaizue horrenbesterako iruditzen. Aitortuko dizuet seguru asko arrazoia duzuela, baina trukean onartu iezadazue antzeko eszena bat Disneyren pelikula batean edo Irakeko ramadanaren amaierako festari buruzko dokumental batean ikusiko bazenute, zuen iritzia bestelakoa litzatekeela. Lankide batek dioen bezala, agian ez legoke gaizki kontuari bueltatxo pare bat ematea.

Nolanahi ere, daitort: arazoa nirea da. Punitibismoak asaldaturik nauka, eta haren arrastoak gero eta leku gehiagotan ikusten ditut. Konparaziora, segur naiz lerrook irakurtzen ari zaretenon artean bati baino gehiagori otuko zitzaiola ez litzaiokeela inportako PPko lapur gominadunak Miel Otxinen moduan zigortzea. Eta, irakurle jatorrok, halako pentsamenduek (konpartitzen badira) punitibismoa elikatzen dute, indartu egiten baitute arazoak zigorrak gogortuz konpontzen diren ideia. Norentzako eta zergatik eskatzen den zigorra (ia) gutxienekoa da.

Aurrekoan, punitibismoak etxeko atean jo zuen: kosk, kosk. Edo, zehazkiago, posta elektronikoan. Del Castillo eta Quer familiek mezua helarazi zidaten espetxealdi iraunkor berrikusgarriaren alde sina nezan, Change plataformaren laguntzaz. Espainiako bi sendiok alaba bana galdu dute, indarkeria matxista ankerrak erailda. Handik gutxira, Rajoy presidente espainiarrarekin ikusi nituen telebistan, xede horren beraren aldeko ekitaldi batean.

Familien jarrera ulergarria izan liteke, samina dela kausa. Baina, Juan Antonio Laskurain Zuzenbide Penal katedradunak dioen bezala, «biktimekin tronpatzen ari gara»; izan ere, «zaindu, ulertu eta erreparatu behar ditugu, baina ezin dute legislatu, baldin eta zigor proportzionalak nahi baditugu». Hau da, begia begi truk justizia barbarora itzuli nahi ez badugu.

Rajoyren jarrera, berriz, barkaezina da, hoztasun osoz saiatzen ari baita gizarteko zenbait sektoreren saminari eta horretatik eratorritako mendeku goseari etekin politikoa ateratzen, eta, bidenabar, jendeari sinetsarazten arazo sozialak zigorrak gogortuz konpontzen direla. Esan gabe doa arazoak konpontzeko politika sozialak askoz garestiagoak direla.

PPk 2015ean sartu zuen espetxealdi iraunkor berrikusgarria kode penalean, atentatu jihadistei eta arestian aipaturiko oihartzun mediatiko handiko indarkeria matxista kasuei buruzko titularrak lagun. Baina Rajoy ez da hori egin duen bakarra izan: Espainian, azken hamarkadotan, hogei aldiz aldatu dute kode penala, beti gogortze aldera, hala birgizarteratzeko aukerak murriztuz.

Adi, hego euskal herritarrok, datuak ikaragarriak dira eta: Espainian, (eta hor gauzkate oraindik) 1975ean, 8.440 preso zeuden; 2009an, 76.079; delitu tasa nabarmen aldatu gabe. Espainian, egun, herritar presoen tasa Europako batez bestekoa baino %32 altuagoa da; delitu tasa, %27 txikiagoa. Delituen %16 besterik ez da pertsonen aurkakoa. Presoen %50ek droga-menpekotasun edo psikiatria arazoak dauzkate.

Ene uste harroan, arrunt garrantzitsua da bidegabekeria horretara garamatzan markoa elikatzeari uztea, baita politikari lapurrez, polizia torturatzaileez zein gizon bortxatzaileez ari garelarik ere. Akaso Miel Otxinez ari garelarik, ez horrenbeste.]]>
<![CDATA[Gehienetan, gauzak diruditena dira]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/016/001/2018-02-01/gehienetan_gauzak_diruditena_dira.htm Thu, 01 Feb 2018 00:00:00 +0100 Juan Kruz Lakasta https://www.berria.eus/paperekoa/1955/016/001/2018-02-01/gehienetan_gauzak_diruditena_dira.htm
Zuzen dabiltza Eduardo Santosen aldekoak alderdiko lemazaina izateko pertsonarik egokiena dela diotelarik. Akordio programatikoa lotzeko bide malkartsu bezain korapilatsuan, Santosek alderdikideen gidaritzan lan neurtu eta arduratsua egin zuen.

Eta zuzen arantzetan:

Zuzen dabiltza Santosen aldekoak diotelarik Perezek sarri bere kasa jokatu duela, eta gorabehera handiko parlamentaria dela. Aldaketaren aldeko foru parlamentariekin gutxieneko harremana duen orok daki.

Zuzen dabiltza Perezen aldekoak diotelarik Santosek Pablo Iglesias txiki baten moduan (nahiago bada irakur bedi Nicolas Makiavelo txiki baten gisara) jokatu duela alderdiaren kontrola lortze aldera. Perezen aurkako txosten(filtratu)a irakurri duen edonork du argi.

Segur aski, denak dabiltza zuzen, eta ez alderdi barruan soilik.

Kanpoko kritikari zorrotzak ere zuzen dabiltza diotelarik Santos eta Perez (eta haien ingurukoak) barregarri geratzen ari direla, begi bistako zaplastako latzen zein filtraturiko ostikada gupidagabeen bitartez.

Eta zuzen dabiltza halaber diotenak kanpoko kritikari zorrotz horietako hainbaten gurasokeria gehiegizkoa suertatzen dela, askok oraindik begi ninietan eta hipokanpoan iltzaturik baitituzte Aralarren zatiketaren garaietako zaplastako figuratu zein literal ozenak, eta Nafarroa Bairen garaietako prentsaurrekoetako ostikada eta filtrazio marxista-kamaroteistak.

Zuzen dabiltza, halaber, Perezen eta Santosen artean desberdintasun ideologikoak daudela diotenak.

Perezek Madrilgo zuzendaritzarekiko independentzia handiagoa aldarrikatzen du. Eta Santos Madrilen esanetarago dago.

Baina zuzen dabiltza, gisa berean, desberdintasunok ez direla horren sakonak diotenak, biok klarki azaldu izan baitira aldaketaren gobernuaren alde eta PSNrekin akordioak lotzearen aurka.

Eta, are erabakigarriagoa dena, PSNren aurrekari urrunekoak (UPNrekin loturiko gobernu akordioak) zein hurbilekoak (UPNrekin lerraturik darama legealdi osoa) aintzat hartuz, nahita ere, ez dirudi ez batak ez besteak aukerarik edukiko luketenik PSNrekin ezein akordio lotzeko.

Zuzen dabiltza nabarmentzen dutenak Perez memoria historikoaren aldeko mugimendutik datorrela, bai. Baina Santos preso sozialen eskubideen eta ingurumenaren aldekoetatik heldu dela azpimarratzen dutenak bezainbat, ez gehiago.

Besteen zuzentasunak gibelean utzirik, jada nire kolkotik: irakurketa manikeistegiak ez ote diren egin. Analisi batzuetan gehiago ez ote diren eduki gogoan Ahal Dugu-k aldaketaren aldeko beste indarrekin jokoan (izan) dituen botoak, aldaketarentzat egiazki erabakigarriak eta ezinbestekoak (izan) direnak (eta aldaketaren aldeko beste indarrentzat eskuraezin direnak) baino: abstentziotik eta PSNtik jasotakoak.

Gehienetan, gauzak diruditena dira. Eta, nire uste harroan, balirudike, nagusiki, alderdiaren kontrola lortzeko borroka baten aitzinean garela. Perezek, idazkaritza nagusiaren galera gaizki digerituta, bere kasa jokatu duela. Eta Santosek, Madrildik gauzaturiko lidergo distirarik gabekoaren ondorioz 2019ko foru hauteskundeetan zerrendaburu izateko primarioak galtzearen beldur, zigor txosten hanpatua bultzatu duela.

Gehienetan gauzak diruditena dira, baina ez beti.

Balirudike atzerabiderik gabeko egoera baten aitzinean garela. Alta, analisi politikoa egiteko tenorean, tresna argigarria izan ohi da protagonisten interes berekoiak erabakigarritzat hartzea. Eta nago alderdia zatiturik biok ala biok dutela gehiago galtzeko irabazteko baino (eta biokin batera, jakina, aldaketaren aldeko guztiek).

Baina akaso denak dabiltza zuzen, eta ni oker.]]>
<![CDATA[Xabierraldi kanadarra]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/024/001/2018-01-18/xabierraldi_kanadarra.htm Thu, 18 Jan 2018 00:00:00 +0100 Juan Kruz Lakasta https://www.berria.eus/paperekoa/1955/024/001/2018-01-18/xabierraldi_kanadarra.htm
Goio Aranaren hatzek jarri ninduten bidaia honen jakinaren gainean, teklatuan nire izena zeraman txio bat sakatuz, eta sekula ez diet aski eskertuko, haiek seinalaturiko bideari jarraiki iritsi bainintzen, erromesaldi digitalean, gurtza merezi duen CBC telebista katearen erreportaje ikusgarri batera.

Zorioneko ikus-entzunezko horretan, kazetariak besoz beso elkarrizketatzen du Xabierko sainduaren erlikia Ipar Amerikan zehar hiririk hiri eramaten ari den unibertsitate ikaslea. Angele Reigner du grazia, eta emakumea pozez zoratzen azaltzen da bideoan, zenbaitetan esamoldearen zentzu literaletik hurbil lirudikeen maneran.

«Badakit hezurrak direla, baina nik Xabierko San Frantziskorekin harreman bizia daukadala sentitzen dut, eta ziur naiz bidaiak iraun bitartean oso elkarrizketa interesgarriak izanen ditugula», esplikatu du Regnierrek.

Jarraian, segur aski erlikia gazte unibertsitarioei gertuagokoa sentiarazte aldera, Frantzisko Jatsu Azpilkueta High School Musical pelikulako protagonista bailitzan deskribatu du, itxura batean The Walking Dead telesailerako aproposagoa zatekeen arren: «1525ean Parisko Unibertsitatean ikasi zuen, eta oso popularra izan zen, oso kirolaria zelako, eta seguru asko denbora gehiago ematen zuelako parrandan etxerako lanak egiten baino». Beldur naiz, ez ote duten beso ustelgabea unibertsitario festa batera eramanen, eta katxiei eusteko baliatuko.

Nolanahi ere, Regnierren lekukotzarik zirraragarriena irakurtzeko duzue oraindik. Bidaia Air Canada konpainiarekin egiten ari dira. Eta, Regnierren hitzetan, «100.000tik gora pertsona bataiatu dituen besoa ezin maleten zintan utzi». Gauzak horrela, erlikiarentzat txartel propioa erostea ebatzi zuten. Alta, «zaila izan zen konpainiari telefonoz azaltzea aulkian joanen zena ez zela pertsona bat izanen, baina bai pertsona baten zati bat». Horrexegatik, Regnierrek nabarmendu zuelarik erlikia «first class»-ekoa zela, duda egin nuen, besoaz beraz ari zen, ala hegazkin txartelen kategoriaz.

Beso ustelgabeak Regnier nola txoratzen naute ni istorio navarrista kitschek. Esan gabe doa bideoa bistaratu bezain fite, Euskalerria Irratian aipatu nuela, pasarte baten audioa eta guzti, eta jarraian irratiko webgunera igo nituela bideoa eta istorioaren laburpena, idatziz, artikulu honek daraman izenburu berarekin: Xabierraldi kanadarra.

Atzo, bilaketa batean, duela egun batzuk izkiriaturiko webguneko pieza horrekin egin nuen topo. Eta jabetu nintzen kronika adeigabea zela, bai, baina baita sinpatikoa ere. Eta, hartara, normalizatzailea, ez bainuen aipatzen xabierraldia noiz, nortzuk eta nola sortu zuten.

Egun, Xabierrerako erromesaldia ekitaldi sozial neutrotzat dute nafar askok eta askok. Hein batean erlijiosoa, baina batez ere tradizioarekin lotua. Haatik, Ricardo Feliuk Navarrismo pop liburu argitaratu berrian ederki azaltzen duenez, Xabierrera lehen erromesaldia 1940ko martxoaren hamarrean egin zuten, 36ko gerran Francoren alde arituriko gerlari ohiek, sainduak eman ei zien babesa eskertzeko. Eta xabierraldia hitza bera (zehazkiago, gaztelerazko ordaina: javierada) orduan sortu zuten.

Aurretik gai bera jorratua zuen Ivan Gimenezek, El corralito foral liburuan. Hark esana da arrainek arrainontzian ura ikusten ez duten bezala, nafarrok korralitoan ez garela jabetu izan neutrotzat aurkezten dizkiguten nafar nortasunaren elementu kohesionatzaile ugari ez direla batere neutroak. Ez ahaztea komeni. Navarrismo kitscharekin txoratzen garenok tentuz ibiltzea ere bai, navarrismo popa indartuko ez badugu.]]>
<![CDATA[Nork idazten duen historia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/018/001/2017-12-21/nork_idazten_duen_historia.htm Thu, 21 Dec 2017 00:00:00 +0100 Juan Kruz Lakasta https://www.berria.eus/paperekoa/1955/018/001/2017-12-21/nork_idazten_duen_historia.htm
Badakit gotorlekua 1934tik 1945era izan zela kartzela. Han milaka lagun eduki zituztela preso: nazionalistak, sozialistak, komunistak, anarkistak, errepublikazaleak. Francoren aurkakoak.

Gogoan dut 1938ko maiatzaren 22an, 795 presok hanka egin zutela Ezkabako espetxe horretatik, espetxe frankistetako inoizko ihesaldirik handienean; frankistek iheslariok animaliak balira bezala ehizatu zituztela; haietako 221 tiroz hil zituztela; hiruk soilik lortu zutela muga gainditzea.

Badut, jakina, botilen hilerriaren berri. Esan gabe doa Ezkaba mendiko (895 metro) espetxe hotzeko baldintza latzen ondorioz, preso asko hiltzen zirela. Kartzelatik ez oso urrun, mendiaren magalean, haietako bat ehorzten zutelarik, kartzelako kaperauak haren datuak paper mutur batean idatzi, botila batean sartu, eta botila hura gorpuarekin batera lurperatzen zuen. Hala, 130etik gora gorpu berreskuratu eta identifikatu dituzte dagoeneko.

Maiz txalotu dut talde memorialistek Iruñearen historiaren zati hori berreskuratzeko eta ezagutarazteko egindako lan eskerga.

Alabaina, haatik, alta, ez neukan Ezkaba mendiko gotorlekuko presoei sostengua emateko dozenaka emakumek sortu zituzten elkartasun eta erresistentzia sareen berri, Amaia Kowasch Belaskok haiei buruzko liburua plazaratu duen arte: Sareak ehotzen.

Emakume horietako batzuk presoen senideak ziren. Beste batzuk, haien burkide ideologikoak. Motibazioa zernahi zela, gerrako eta gerra ondoko urte latz haietan, emakume ausart eta miresgarriok sareak ehundu zituzten presoei janaria, arropa garbia, kartak, finean sostengua helarazteko mendiaren puntako zulo ospeleraino, erregimen frankistaren errepresio, jazarpen eta umiliazio guztien gainetik.

Kowaschek haien izen abizenak, profilak, argazkiak eta istorioak bildu ditu: Carmen Perez Marturet, Elvira Barricarte Resano, Gregoria Esparza Zabalza, Petra Irigoien Bidaurreta... Haien artean bat, gure amona Milagros. Liburuan irakurrita jakin dut hark ere lagundu zuela, nolabait.

«Aipatzen ez dena ez da existitzen, horregatik da hain garrantzitsua emakume hauen izen abizenak biltzea eta haien istorio kontatzea», azaldu du Kowaschek. «Orain arte, hau guztia ikusezin bihurtu dute, ikusezina izan da kolore guztietako historialarien lanetan», gaineratu du. Historia irabazleek idazten dutela esan ohi da. Egia. Eta egia, halaber, historia zakildunek idazten (ohi) dutela.

Ekarpen itzela Kowaschena. Liburua Nafarroako Gobernuak argitaratu dio. Berriki, beste emakumezko historialari gazte batena karrikaratu zuen bezala: Nerea Perezen Langileria berri baten eraketa. Historiaren kontakizun victoriapreguistei kontra eginez, trantsizio deitu zuten hartan dena jauregietan eta alderdien egoitzetan erabaki zela diotenei aurka eginez, 50eko, 60ko eta 70eko hamarkadetako langileen borrokak aztertu ditu Perezek.

Zalantza izpirik gabe, egungo Nafarroako Gobernuak badu zer kritikatua. Baina ezin uka dakioke memoria historikoaren alorrean bikain ari dela, aipaturiko liburuak argitaratuz, errepresaliaturiko irakasleei omenaldiak eginez, elkarte memorialisten omenaldietan parte hartuz... Bere garaian, Nafarroan, memoria historikoa berreskuratzeko herri mugimendua abangoardiakoa izan zen, 1936 De la Esperanza al terror liburu itzelarekin hasita. Orain, Nafarroan, erakundeak ere abangoardia izaten ari dira alor horretaz. Badugu zertaz harrotu.]]>
<![CDATA[Zerrenda zatarra]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/019/001/2017-12-07/zerrenda_zatarra.htm Thu, 07 Dec 2017 00:00:00 +0100 Juan Kruz Lakasta https://www.berria.eus/paperekoa/1955/019/001/2017-12-07/zerrenda_zatarra.htm
Foru Administrazioan 16.000 langile publiko daude, eta plaza horietatik guztietatik 160k soilik dute euskarazko profila. Nafarroan, herritar guztien %12,9 dira euskaldun osoak, eta %10,3 euskaldun hartzaileak. Guztira, euskaldunak %23,2 dira. Eta euskarazko profildun plazak, %0,1.

Datuek argi erakusten dute UPSNren erregimenak sistematikoki baztertu dituela nafar euskaldunak, bai lanpostu publikoak lortzeko aukerari dagokionez, baita zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubideari doakionez ere. Argi uzten dute euskaldunak baztertzea UPSNren erregimenaren ezaugarririk behinenetako bat izan dela.

UPN agintean zela, Hezkuntzan, euskarazko eta gaztelerazko oposizioetako azterketak egun eta ordu berean egiten zituzten, euskaldunek ez zezaten eduki lehiatzerik gaztelerazko plazak lortzeko.

Egungo gobernuak zerrenda bakarra ezarri nahi du. Erran nahi baita, epaimahai bakarra, azterketa bakarra, azterketa hori nahi den hizkuntzan egiteko aukera, eta, hortik eratorritako puntuazioen arabera, zerrenda bakarra.

Alta, gobernua sustengatzen duten indarretako batek, Ezkerrak, erabaki du horren aurka egitea, PSNk aurkeztu duen lege proposamenaren alde bozkatuz; sozialistekin, UPNrekin eta PPrekin gehiengo oso alternatiboaren zerrenda zatarra osatuz; gehiengo sindikalari eta euskararen aldeko talde guztiei bizkarra emanez.

Kontseiluak zerrenda bakarraren aldeko manifestaziora deitu du, Euskarari bide eman, berdintasunaren alde! lelopean. Eta Ezkerrak Twitterren erantzun dio «akatsa» dela «zerrenda bakarra eta euskararen sostengua nahastea»; izan ere, haiek ere badaude «euskararen eta berdintasunaren alde», eta, hartara, planteamendu horrekin Kontseiluak «euskarari sostengu sozialak kentzen dizkio».

Ene uste apalean, aldiz, Kontseilua motz geratu da, nik zerrenda bakarra euskararekin ez ezik aldaketarekin ere lotuko bainuke. Ene uste harroan, Ezkerrak aldaketari sostengu soziala kentzen dio zerrenda bakarraren aurka eginez, aldaketa ez baita posible (sinesgarri, eraginkor, bideragarri) UPSNren erregimenaren ezaugarririk behinenetako bat izan den euskaldunen bazterketa zuzendu gabe.

PSNren lege proposamena aurrera ateratzen bada, euskaldunek (hau da, elebidunek) lan bikoitza egin beharko dute: bi azterketa eta bi programazio. Jakina, hainbatentzat lan gehiegi izanen da, eta hartara euskarazkoak soilik eginen dituzte, edo denak prestatuko dituzte baina behar baino gutxiago. Eta horrek, beste behin ere, abantaila emanen die (gazteleradun) elebakarrei.

Emakumeek politikan (eta kazetaritzan, eta...) tokia eduki dezaten, gizonek lekua galdu behar. Beltzak autobusean esertzen badira, hainbat zurik zutik joan beharko dute. Eta euskaldunen bazterketa amaitzen bada, erdaldunek aukera gutxiago izanen dituzte oposizioetan.

Ulergarria izan liteke hainbat gazteleradun elebakarrentzat abantaila galtzea ez izatea xamurra. Baina ez da onargarria abantaila horri eutsi nahi izatea. Onargarria ez den bezala erabakiak hartzea abantailari eutsi nahi dioten horiengan pentsatuz, eta urtetan baztertuak izan direnak beste behin ere bazterrean utziz.

Ez zait atzentzen Ezkerrak gobernuari euskararen aldeko beste hainbat neurri aurrera ateratzen lagundu diola. Eta zinez eskertzen diot. Baina horrek ez du konpontzen zerrenda bakarraren auzia. Eta zerrenda bakarrarena konpondu beharreko auzia da.]]>
<![CDATA[Kale argazkilaria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/023/001/2017-11-23/kale_argazkilaria.htm Thu, 23 Nov 2017 00:00:00 +0100 Juan Kruz Lakasta https://www.berria.eus/paperekoa/1955/023/001/2017-11-23/kale_argazkilaria.htm Egin-en egoitzan, bere gela ilunean, karretez, erretiluz, errebelatzeko likido potez, hautsontziz eta, batez ere, argazkiz, dozenaka, milaka, mundu bat argazkiz inguraturik.

Beti genbiltzan presaka, Euskaldunon Egunkaria-k beste guztiek baino lehenago ixten baitzuen edizioa haurrentzako telebista saioak amaitu aurretik, hortik atera kontuak: elkarri pare bat ziri azkar sartu, eguneko argazkiak di-da batean aukeratu, kartazalean sartu, eta, ia agurtu gabe, ziztu bizian alde egiten nuen bizikletaz autobus geltokirantz, merkantzi baliotsu hura La Roncalesa-ko gidariari eskura ematera. Andoainen, beste lankide batek jasotzen zuen, eta egunkarira eraman.

Internetik gabeko garaiak. Ez zen sare sozialik, ezta sakelako telefonorik ere. Joxek argazkia egiten ez bazuen, ez zegoen gertatutakoaren lekukotza grafikorik, ez zegoen gertatutakoaren probarik. Eta Joxek argazkia egitea, hainbatetan, ez zen hain erraza, ederki baitzekiten nor zen, eta, horren jakitun, ederki berotzen baitzizkioten bizkarrak. «Ya está aquí el hijo de puta de la coleta», gaztigatzen zioten elkarri, eta aukerarik txikiena baliatzen zuten borra-kolpea emateko berari, edo are mingarriagoa izaten zena bere argazki makinari. Zenbat ubeldura. Zenbat objektibo apurtu.

Joxe, ordea, ez zen sekula kikiltzen, besteak beste, argazkigintzan lanean hasi zenerako ederki zaildua zelako borra-kolpeak estoikoki jasotzeko artean. Jarauta karrikako Lacalle taberna gobernatzen zuelarik eta, bidenabar esanda, garaiotako nerabeei gaseosarekin nahasturiko ardo gorri toxikoa saltzen zigularik: Joxeren istorio pertsonala ez da orbanik gabea, poliziek zein Cristo Rey taldeko gerrillariek noiznahi egurtzen zuten. Bonba ere jarri zioten. Zorionez, ez zuen eztanda egin. Besteak beste, diot, Joxek bazuelako beste arrazoi bat horren irmoki jokatzeko: bere lanaren garrantziaren oso kontziente zen. Kazetaritza fakultatetik pasatu gabe ere, aski ongi zekien kalean egiten zituen argazkiekin botere publikoen gehiegikeriak fiskalizatzen ari zela, bere argazki horien bidez jendea entretenitu ez ezik informatu eta formatu ere egiten zuela.

Bazekien, finean, bere kameraren lekukotzak borroka sozialak babesten eta bultzatzen zituela, 80ko eta 90eko hamarkadetako urte berunezko eta eferbeszente haietan. Arangurengo zabortegiaren zein autobiaren aurkako borrokak. Presoen eta euskararen aldekoak. Intsumisioa. Solidarioak. Okupazioak. Denak ikusi zituen bere kameraren objektibotik.

Denen lekuko eta lagun izan zen, irribarrea ezpainetan beti; izan ere, poliziari hortzak estuturik aurre egiten bezain trebea zen hurbiltzen zitzaion beste edonori irribarre zabala eskaintzen. Denekin moldatzen zen ongi. Hala solidario txima-luzearekin, nola lehendakari gorbatadunarekin. Zur eta lur geratu nintzen lehendabizikoz bertatik bertara ikusi nuelarik zer nolako harreman ona zuen Miguel Sanzekin. Herri lan batzuen inaugurazioa amaiturik, ez nituen bada biok bazter batean ikusi, zigarreta erretzen, iji eta aja.

Egin-en eta Euskaldunon Egunkaria-n lan eskerga egin zuen Joxek. Eta, profesionalki, ez zuen merezi zuen esker ona jaso. Jubilatu arteko azken urte luzeak, ostalaritzan lanean eman behar izan ditu. Orain, jubilatu berritan, argazki liburutzarra plazaratu du Txalaparta argitaletxearen eskutik, Memorias de Lacalle, Nafarroako borroka sozialen azken 30 urteotako kronika ikusgarria.

Bada garaia ozen esateko gizon ausart, engaiatu eta jatorra ez ezik, Joxe Lacalle argazkilari puska dela, liburuaren aurkezpenean Martxelo Diazek ederki aldarrikatu zuen bezala, Nafarroako kazetaritza grafikoaren historiako erreferente ezinbestekoa.]]>
<![CDATA[Nabarreriakoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/022/001/2017-11-09/nabarreriakoak.htm Thu, 09 Nov 2017 00:00:00 +0100 Juan Kruz Lakasta https://www.berria.eus/paperekoa/1955/022/001/2017-11-09/nabarreriakoak.htm Obabakoak kontatuko, edo Tasio, edo Bilbao-New York-Bilbao, edo Amama: urteen poderioz azala aldatu egiten da euskal sorkuntzan, baina mamia, erran nahi baita leitmotiv-a, ez hainbeste.

Zorioneko zabiltzate: kalekumea naiz. Haurtzaroan ez nituen Virgilioren nekazari zoriontsuen azken euskal oinordekoak ezagutu, baizik eta azken euskal jonki koitaduak. Badakit: kontua ez da horren originala, haietaz ere mintzatu dira Armendariz zein Uribe. Egia esan, jonkiei bainoago haurtzaroan —edo, zehazkiago, nerabezaroan eta lehen gaztaroan— jonkiak ikusten nituen lekuari erreparatuko diot. Hainbatek diote norberaren aberria txikitan jolastu zen lekua dela. Ez ote garen lehen parrandak egin genituen lekukoak.

80ko eta 90eko hamarkadak. Jarauta. Nabarreria. Jonkiak. Parrandak. Asanbladak. Mandatuak. Autoak kale guztietan. Zakur kakak nonahi. Poliziaren eta manifestarien arteko liskarrak noiznahi. Eta bizitza borborka.

Dena aldatu da, erabat. Zenbaitetan, onerako. Hainbatetan, txarrerako. Interes ekonomiko pribatuek zizelkatu baitute metropoli foralaren bihotza azken hamarkadan.

Erdigunean, Corte Ingles erraldoia eraiki zuten Nafarroako Liburutegi Nagusiarentzat behar zuen orubean. Hori bai gerra kulturala. Hori bai kulturari gerra.

Horren aurretik, Iruñerriako azalera handiko saltokien eskaintza jada milioi bat lagunentzako modukoa zen, iraultzailea izatearen batere susmorik eragiten ez duen Nafarroako Merkataritza Ganberaren arabera. Eta saltoki erraldoiotara iristeko, lau karrildun errepide dotoreak eraikiak zituzten, eta Versailleskoak ziruditen lorategi dotoreak, erakunde publikoek, guztion diruarekin.

Esan gabe doa horrek —krisi orokorrarekin batera— hondamendia ekarri ziela Alde Zaharreko dendei. Oraindik amaitu ez den odolustea: azken bost urteotan hamarretik batek itxi ditu ateak, udalak eman berri dituen datuen arabera.

Merkatari txiki eta ertainak kutxazain prekario bihurtu dira. Edo tabernari prekario, tabernek hartu baitute denden lekua. Eremu saturatua zela eta, urtetan ez zuten auzoan ostatu berriak zabaltzeko baimenik eman. Baina UPNren azken legealdiaren azken txanpan, txorrota zabaldu, eta jada beteta zegoen basoa gainezka egin arazi zuten, auzokoen desesperaziorako, inbertsiogileen aberasteko.

Zenbait auzokide taldek antolaturik, Iruñeko Alde Zaharrari buruzko jardunaldiak egiten ari dira Katakrak liburu dendan. «Arazoa da hiria garatzen denean inbertsiogile pribatuen interes ekonomikoen arabera, eta ez auzokoen interes sozialei jarraituz», azaldu zuen herenegun Daniel Sorando soziologoak, maisuki. Gentrifikazioaz mintzo dira, turistifikazioaz, ostatu kopuru altuegiaz, auzokoen bizi kalitateaz.

Ene uste apalean, baina, faktore bat bazterrean uzten ari dira: kontua ez da —soilik— agintari erregionalistek inbertsiogileen interesak lehenetsi dituztela, auzokoenen gainetik. Ene uste harroan, horretaz gain, aurkari politikoaren harreman sareak desegin nahi izan dituzte.

Historikoki, UPNk eta PSNk boto gutxi lortu dituzte auzoan. Eta, historikoki, Alde Zaharra Iruñeko borroka sozial askoren eszenarioa izan da.

Alde Zaharra da kiroldegirik gabeko Iruñeko auzo bakarra. Alde Zaharreko San Frantzisko da patio estalpedunik ez duen Iruñeko ikastetxe publiko bakarra. Kasualitatea? Ez dut uste. Guraso gazteak auzotik uxatu nahi izan dituzte. Auzoaren etorkizuna moztu.

Mario Gabiria soziologoak 1979an idatzi zuen Alde Zaharra festarako eta subertsiorako auzoa zela. Azken hamarkadetan, Alde Zaharreko tabernetako festa giroan hainbat laguntasun, elkartasun eta militantzia sare ehundu dira. Irudipena daukat gune horretan bestelako tabernak zabaltzeko baimena emanez, sozializazio eremu berezi hori zapuztu nahi izan dutela.

Beste datu bat: Alde Zaharra oinezkoentzako egokitu zutelarik, auto guztiak zein kaletara bideratuko, eta Jarautara, taberna giro abertzaleena zuen karrikara.

Xedea ez ote den auzo bizigarria ez ezik, auzo bizia.

Ez ote naizen jarri malenkoniatsu —zaharruno, azken mohikano— nire lehen parranden aberria desegiten ikusita. Sortuko dira bestelako aberri hobeak, jakina.]]>
<![CDATA[Badoaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/022/001/2017-10-26/badoaz.htm Thu, 26 Oct 2017 00:00:00 +0200 Juan Kruz Lakasta https://www.berria.eus/paperekoa/1955/022/001/2017-10-26/badoaz.htm Star Trek telesaileko pertsonaien moduan mozorroturik, Juan Jose Spok Ibarretxe lehendakariaren ondoan; Patxi Lopez lehendakaria New Yorkeko tren batean, ETAk behin betiko su-etena iragartzen zuen bitartean; eta abertzaleak versus konstituzionalistak ardatza indarrean, Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hauteskunde edota inkesta aztertzeko tenorean. Antza, oroitzapen horiek guztiak denboraren poderioz galtzen ari dira, malkoak euripean nola.

Berriki, EITBk euskalautonomiaerkidegotarren boto asmoari buruzko inkesta plazaratu du: Sandiak azpimarratu du EAJren eta PSEren artean gehiengo osora iritsiko liratekeela; Berendiak, EAJk eta EH Bilduk erdietsiko luketela igoerarik handiena. Baina inork gutxik nabarmendu du alderdi abertzaleek botoen %63,1 patrikaratuko lituzketela, edota erabakitzeko eskubidearen aldekoak bozen %74,4ra iritsiko liratekeela.

Demoskopikoki zeinen hurbil dagoen Katalunia. Politikoki, zeinen urrun.

Esan gabe doa PPk eta PSEk galduriko boto hainbat EAJren poltsara joan direla, eta egoera hegemonikoan goxo, jelkideek ez dutela abentura sediziosoetarako batere gogorik. Aitzitik, ez dut uste hori faktore bakarra denik.

CUPeko David Fernandezek eta Catalunya en Comu-ko Xabier Domenechek musuak bidali dizkiote elkarri Twitterren, Jordien espetxeratzearen aurkako mobilizazioen karietara. Carlos Puigdemont presidenteak publikoki txalotu zuen Ada Colau alkatea, «erakundea arriskuan jarri gabe» erreferendumaren alde eginen zuela iragarri zuelarik.

Euskal Erdian nekez halako keinurik. Euskal Erdian, bidelagun beharko genukeen aurkari politikoari egurra beti huts egiten duenean, eta, hainbatetan, baita asmatzen duenean ere.

Kataluniarrak gero eta gehiago miresten ditut, baina ez nituzke mitifikatu nahi: epe motzeko hauteskunde interesek itsuturik PPk Estatuta kimatu izan ez balu, ez leudeke dauden lekuan; M15ak, murrizketek eta ustelkeriak osaturiko ekaitz perfektuak CiU botere galeraren amildegiaren ertzera bultzatu izan ez balu, ere ez.

Bi baldintza horiek ezinbestekoak izan dira, baina ez aski. Ezinbesteko beste baldintza batzuk eraiki egin dituzte, behetik gora eraiki ere. Herrietan, auzoetan, talde txikietan, urteak eman dituzte ezberdinen arteko harreman sare konplikatuak ehuntzen, demokrazia zuzenean sakontzen, komunitatea(k) sortzen eta ahalduntzen. Sekulako altxorra printzerriko gizartearentzat, ez Errepublika berria sortzeko soilik.

Gogoan dut ETAk behin betiko su etena iragarri zuelarik, Mikel Aramendi handiak Euskadi Irratian esandakoetako bat: espero zuen, alde guztietako indarkeria desagertzeaz gain, aurrerantzean euskal gizarteak ez zigortzea horren gogor disenso politikoa. Zenbat bide egiteko, oraindik.

Badirudi gaur Katalunian E eguna dutela, eta O ordua. Independentzia aldarrikatuko dute... Ala ez. Lerrook idazten ari naizelarik, albisteak arrapaladan datoz: Puigdemont ez doa Senatura, Omniumek independentziaren aldeko elkarretaratzea ostiralera atzeratu du, PPk dio edonola ere 155a aplikatuko duela...

Halako batean, begirada ordenagailuko pantailatik esku-telefonoarenera pasatu dut, kanpai hotsak erakarrita. Mezua intsumiso preso ohion taldean. Kataluniako lagun batena da. Espetxera sartuko direnentzako dekalogoa prestatzen ari dira, eta hori osatzeko laguntza nahi dute. Lagunak dio ehunka lagun prestatzen ari direla espetxean sartzeko. Ehunka. Badoaz, mundua txunditu duen desobedientzia zibil ez bortitzaren bidetik. Eta gu ez goaz. Oraingoz...]]>
<![CDATA['Victoriapreguismo'-aren aurka]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/021/001/2017-10-12/victoriapreguismo_aren_aurka.htm Thu, 12 Oct 2017 00:00:00 +0200 Juan Kruz Lakasta https://www.berria.eus/paperekoa/1955/021/001/2017-10-12/victoriapreguismo_aren_aurka.htm
Orain badakit Tusk Europar Kontseiluko presidentea dela, eta herenegun eguerdian pertsonalki deitu ziola Puigdemonti balazta zapal zezan. Hala diote, behintzat, Enric Julianak eta Vicent Partalek. Guillem Martinezek ez, oraindik ez duelako zutabea argitaratu. Baina egiten duelarik, aipatuko du, doike.

Hortik abiaturik Julianak eta Partalek, jakina, ondorio kontrajarriak eratorri dituzte: La Vanguardia-ko zuzendariari atxikitakoaren irudikoz, balaztadak arrakalak eragin ditu independentismoan, CUPek aurki Puigdemont sustengatzeari utziko dio, eta hartara hauteskunde autonomikoetara goaz; Vilawebe-ko zuzendariaren aburuz, berriz, Puigdemontek asmatu du Tusken lasaitasun eskaerari men eginez, hala Tuski eska baitiezaioke Rajoy ere lasai dezala, eta Espainiako presidentea ez denez lasaituko eta bortizki erantzunen duenez, Puigdemontek independentzia aldarrikatzeko zilegitasuna irabaziko du Europaren begietara.

Analistak. Gero eta gehiago dira. Goizean dutxan sartu naiz, eta bat aurkitu dut, dutxaren alkatxofa mikrofono moduan zerabilela, bide esloveniarra hamar puntuan laburbiltzen. Ez ote diren gehienak victoriapregoismo-an erortzen ari.

Gazteenentzako azalpena: Victoria Prego Espainiako trantsizioko Fernando Aranburu izan zen. Ez zuen 600 orrialdeko eleberritzarra idatzi, baina bere dokumental ugari eta hanpatuen bitartez, errelato mainstream-aren ahotsa izan zen. Pregoren kontaketaren arabera, dena jauregietan gertatu zen, edo alderdien egoitzetan, edo kasernetan, baina sekula ez karrikan, 70eko hamarkadako langileen grebak, amnistiaren aldeko protestak edo auzo elkarteen mugimendua existitu izan ez balira bezala.

Egun Kataluniarekin ez ote diren gauza bera egiten ari analista asko. Ez bereziki arestian aipaturiko hirurak. Beste asko. Gehienak.

Desobedientzia zibil ez bortitz dinamika batean parte hartzeak aldatu egiten zaitu. Kontzientziatu. Ahaldundu. Barka beste behin bataila antimilitaristak kontatzen hastea, baina Nafarroan intsumisioaren inguruan ibili ginenok ederki dakigu hori. Ez espetxeraturiko intsumisoek soilik, baita senideek, lagunek eta manifestariek ere. Konparaziora, ordura arte politika kontuetan ibili gabeko intsumisoen hainbat guraso solidarioen zein presoen aldeko mugimenduan engaiaturik ikusi genituen gero.

90eko hamarkadakoak berunezko urteak ziren. Sektarismo latza zen nagusi euskal ezkertiarren artean. Halere, Nafarroan, intsumisioaren mugimenduan, korronte politiko askotako jendea elkartu ginen, eta erabakiak adostasunaren bidez hartu genituen. Borroka armatuaz landara, borroka tresna muturreko, eraldatzaile eta eraginkorrak bazirela erakutsi genuen, gizartean gehiengo zabalak sor zitzaketenak. Eta ingurumari horretan, errespetuzko harreman berriak sortu ziren gu guztion artean.

Ene uste harroan, horrek guztiak gerora zerikusi handia eduki zuen bai ETAren gainbeheran, baita Nafarroako aldaketa politikoan ere. Ekarpen periferikoa, joera kostaldezentristatik at ondua.

Nafarroan, dozenaka lagun ibili ginen intsumisioaren lehen lerroan. Katalunian, milaka eta milaka herritar aritu ziren besoz beso hautetsontziak babesten. Desobedientzia zibil ez bortitz masibo eta eredugarri horrek lortu zuen Kataluniaren afera nazioarteko agendan txertatzea. Herritar horien guztien garaipena izan zen hura. Baina hori bezain garrantzitsua begitantzen zait polizien basakeriei aurre egin zieten joera politiko, belaunaldi eta klase sozial ezberdinetako milaka eta milaka herritar horien guztien artean sortu diren komunikazio, konplizitate, elkartasun eta elkarlan zubi indartsuak. Kataluniako gizarteko zati handi baten ahalduntze ariketa masiboa izan zen hura. Eta hori Kataluniarentzat altxor ikaragarria da, ez procès-ari begira soilik.

Ez dakit zer gertatuko den Katalunian. Eta ez diot garrantzi zipitzik kentzen Tusken rolari, Puigdemonten abileziari ezta Rajoyren autoritarismoari ere. Baina ziur naiz gertatzen dena gertatzen dela, herritar ahaldundu sare erraldoi horrek rol erabakigarria jokatuko duela.]]>
<![CDATA[Umiltasun lezioa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/019/001/2017-09-28/umiltasun_lezioa.htm Thu, 28 Sep 2017 00:00:00 +0200 Juan Kruz Lakasta https://www.berria.eus/paperekoa/1955/019/001/2017-09-28/umiltasun_lezioa.htm
Plastikotasun handiko irudia zen. Aita bihurgunea ezkerrerantz hartzen ari zen, eskuin eskuan zeraman txapelaren laguntzaz adarrekiko distantzia zainduz, lege zaharreko korrikalarien moduan. Bazen lekuz kanpo zirudien detailetxo bat: jertse grisa lepoan loturik zeraman, entzierroan korrika egin ordez igandean paseoan ariko balitz bezala. Horrek irudiari dotorezia are handiagoa ematen zion. Bere garaian, argazkia Nafarroan eskela gehien saltzen dituen egunkariak azalera eraman zuen.

Argazki hura gogoan, hamabost urterekin hasi nintzen entzierroan korrika egiten, eta 23 urterekin utzi nuen, betiere halako argazki ederrean agertzea lortu gabe.

Jada etsita nintzelarik, 1995eko otsailaren 24an, Nafarroan horrenbeste eskela saltzen ez dituen kazetak toki berean harturiko beste argazki bat ekarri zuen lehen orrialdera. Ni ageri nintzen hartan, polizia baten aitzinean, porraren puntaren puntan.

Hura ere plastikotasun handiko argazkia zen. Neu lurrean nintzen, fetu jarreran, desobedientzia zibil ez bortitzaren lege zaharrak agindu bezala. Eta polizia nazionalak borra harrigarriki goian zuen, indarkeriaz beteriko keinuan.

Behinola, aitak aitortu zidan ez zela izan horren entzierro korrikalari ona, eta argazki hura ia kasualitatearen ondorioa izan zela. Nik ere aitortu beharko dut geu ere ez ginela horren dotoreak desobedientzia zibil ez bortitza egiteko tenorean.

Otsailaren 23 hartan zortzi lagunek egin genion planto hirugarren graduari, espetxera gintzaten. Zortziok hitzartua genuen polizia kolpeka hasiz gero lurrean geratuko ginela, baina lauk soilik bete genuen hitz emandakoa. Beste laurok hanka egin zuten, ziztu bizian.

Gure desobedientzia zibil ez bortitz ekintzari babesa ematera, berrehun bat lagun hurbildu ziren. Eta polizia porra-kolpeka hasi zelarik, haietako askok modu bortitzean erantzun zuten, harriak botaz poliziei, eta, jakina, polizien ondoan ginenoi.

Lurrean botata nintzela, gogoan dut argi bezain garbi ikusi nuela institutuko lagun min bat harria botatzen, eta harri puska hura neure burutik zentimetro gutxira erortzen. Euskaldunon Egunkariako lankide batek ez zuen halako zorterik izan: harrikada batek buruan zauri handia eragin zion.

Halako batean, poliziek jotzeari utzi zioten, eta Udaletxearen atarian ilara osatu zuten. Gu haien aitzinean eseri ginen, eta gutariko bat txirria biltzen hasi zen, poltsikotik zortzi gramoko beste material bateko harria aterata. Zur eta lur harritzar horrekin nora zihoan galdetu geniolarik, espetxerako probisioak zirela erantzun zigun. Hamar bat minutu behar izan genituen konbentzitzeko harri horrekin San Roke kaleko espetxera joanez gero intsumisioari zegokion bi urte, lau hilabete eta egun bateko espetxealdia ez ezik, beste lau bat urte emanen zituela giltzapean.

Intsumisioaren eta solidarioen garaietako molde horretako hamaika pasadizo datozkit gogora. Horiengatik guztiengatik, miresgarria begitantzen zait erreferendumaren aldeko kataluniarrak egiten ari diren guztia, bereziki eskaintzen ari diren desobedientzia zibil ez bortitz eta masibo maisu lezio latza.

Halaber, horregatik guztiagatik sinesgarria egiten zait egunotan segapotorik-segapoto dabilen mezua. Idazkitxoa ANC-Euskal Herriaren izenean sinaturik dator, eta dei egiten du larunbatean Bilboko manifestaziora joatera; ez, ordea, igandean Kataluniara bidaiatzera, erreferendumaren egunean protagonismoa kataluniarrena eta haien bide baketsu eta demokratikoena delakoan, eta han ez dutela gure laguntzaren beharrik.

Lerrook idazteko tenorean ez dago argi mezua egiazkoa den ala ez. Berdin zait. Hobeki adierazita: ez zait berdin, oso larria bailitzateke inork halako mezu faltsuak idaztea, mobilizatu nahi dutenak nahasteko edo kontrolatzeko. Baina bat nator aipatu dudan gogoeta nagusi horrekin, eta iruditzen zait zer pentsa eman beharko ligukeela. Askori.]]>
<![CDATA[Abiadura Handiko Presioa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/020/001/2017-09-14/abiadura_handiko_presioa.htm Thu, 14 Sep 2017 00:00:00 +0200 Juan Kruz Lakasta https://www.berria.eus/paperekoa/1955/020/001/2017-09-14/abiadura_handiko_presioa.htm
Aski izan da laukoan oinarrituriko exekutiboa Nafarroako Jauregira iristea supituki Espainiako Gobernuak alimaleko presa edukitzeko proiektuarekin aurrera egiteko, Higss bosoiaren abiadan.

Esan gabe doa aurrekontuei sostengua ematearen truke zer eskatu dion UPNk Rajoyren gobernuari: AHPa, Abiadura Handiko Presioa Barkosen exekutiboari, AHTaren kontura. Egur gehiago, hau gerra da eta!

UPNren kudeatzaile onaren mitoa berpizteko ahalegin bistakoa: erregionalisten diskurtso hegemonikoaren zutabe nagusietakoa zen kudeatzaile on bakarrak erregionalistak zirela. Geroa Bairen gobernuaren kudeaketa txukuna mitoa lehertarazten ari da. Eta AHTak laukoan eragiten dituen arrakaletan zirrikitua ikusi du UPNk Barkosen kudeatzaile onaren irudia urratzeko: gu, UPN, garapena gara. Haiek, laukoa,kaosa.

Ingurumari horretan soilik uler daiteke Espainiako Sustapen Ministerioak atzo harturiko erabakia: Nafarroan AHTaren eraikuntza bere bizkar hartzea, foru gobernua alferrikako luzapenetan ari dela argudiatuz; noiz eta Iruñeko exekutiboak iragarri duelarik AHTa Madrilekin negoziatzeko prest dagoela, laukoaren beste hiru hanken sostengua ez izan arren, eta tren sareari buruzko prozesu parte-hartzaile zabaldu berria burutu gabe egonagatik ere bidenabar, biziki deigarria egin zait foru gobernuak prozesua abiarazteko eta proiektua ezagutarazteko plazaraturiko bideoan aurrekontuaren aipamenik ez izatea: Kontuen Ganberaren arabera kilometroko, gutxi gorabehera, 15 milioi; orotara, gutti goiti-behiti, 3.000 milioi; hau da, kasik foru erkidegoaren urte osoko aurrekontua.

Orain arte, Geroa Baik pentsa zezakeen AHTarekin aurrera egiteak kudeatzaile onaren irudia eta zentraltasuna emanen zizkiola, eta horrek inkestek iragartzen dizkioten emaitza kezkagarriak hobetzen lagunduko ziola. Areago, argudia zezakeen polemika EH Bildurentzat eta Ahal Dugu-rentzat eta elektoralki emankorra izan zitekeela, profil ezkertiarra indartzen lagunduko zielako. Eta, halaber, kalkula zezakeen 2018ko aurrekontuak edonola ere aurrera ateratzeko arazorik ez zuela izanen, horietan trenaren aztarnarik ez delako izanen, eta arazorik izatekotan 2019an soilik izanen zituela, eta ez oso larriak, legealdiko azken urtea izanen baita.

Aldaketaren ikuspegitik eta epe ertainera begira, ordea, arrisku handiko kalkuluak ziren, ez baitzuten batere argitzen zer gertatuko zen 2019ko maiatzeko foru eta udal hauteskundeen ondotik: laukoa errepikatzea oso zaila izanen zen, aldaketa sozial eta politikoa nekez uztar baitaiteke diru publikoa erruz xahutzearekin guztiz zalantzazko errentagarritasun sozial eta ekonomikoko herri lan batean. Epe ertainean, aldaketaren trena trenbidetik atera eta amiltzeko arriskua bistakoa zen.

Behar bada, agian, apika, Sustapen Ministerioaren erabakia gerta zitekeen hoberena da, amildegirako bidean zirudien aldaketaren trenaren makinista balazta zapaltzera behartu dezake eta. Norabide aldaketa egiteko aukera ederra izan daiteke.]]>