<![CDATA[Juanjo Olasagarre | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Fri, 03 Feb 2023 10:41:59 +0100 hourly 1 <![CDATA[Juanjo Olasagarre | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Sari Nazionalak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1976/039/001/2019-06-09/sari_nazionalak.htm Sun, 09 Jun 2019 00:00:00 +0200 Juanjo Olasagarre https://www.berria.eus/paperekoa/1976/039/001/2019-06-09/sari_nazionalak.htm
Bestalde, kontatzera noana kontatzeko bi aukera zeuden. Bata, izenekin kontatzea; baina hala kontatzeko izen guztiak beharko nituzke eta ez ditut. Bigarrena, egitateak kontatzea. Artikuluaren helburua ez denez tartean ibili den jendea salatzea, baizik eta gauzak zuzentzea, nahiago izan dut izenik gabeko artikulu bat. Eta, bestalde, tonua dramatikoa bada ere, gertatu dena ez da dramatikoegia, baizik eta euskaldunok batzuetan izaten dugun arlotekeriaren seinale. Aspaldiko arlotekeria, susmoa baitut 98tik, gutxienez, gertatzen dela.

Izenburu moduan aurreratuko dizuet oraintxe bertan izango direla euskarazko lau-hiru idazle haien liburuak nork itzuli eta noizko itzuli ezin bilaturik, urduri.

Eta azkenik, gertatu eta gertatzen ari denaren errudunak edo, hobe esanda, arduradunak denok gara, Espainiako Kultura Ministeriotik hasi, Euskaltzaindiatik pasa, eta horrelako tratua onartu dugun idazleona. Neu barne jakina.

Irakurleok, beharbada, jakingo duzue nola funtzionatzen duen Espainiako Ministerioak ematen duen Sari Nazionalak (narratiba, poesia, saioa eta antzerkia).

Artikulua erraztearren narratibakoaren gainean arituko naiz, baina berdintsu gertatzen da beste generoetan. Sari horretako epaimahaiaren izendapena Espainiako Kultura Ministerioak egiten du baina euskal hizkuntzatik nor joango den Euskaltzaindiak proposatzen du. Hasieran banaka, baina, 2010tik-edo, Paritate Legearen ondorioz, bi ordezkari, andrazkoa eta gizonezkoa, proposatu behar ditu genero bakoitzeko, gero ministeritzak horietako bat aukera dezan. Ordezkari horrek narratiba lan bakarra aurkez dezake epaimahaira, hala nola ordezkari katalan zein gailegoak. Gaztelerazko nahi adina lan aurkez ditzakete gainontzeko epaimahaikideek. Bozkatu eta aurreko urtean argitaraturiko narratiba lanik hoberena aukeratzen da.

Halaxe deitu zidan 2004ko maiatzaren bukaerako egun batean Euskaltzaindiak proposatu eta ministerioak izendaturiko urte hartako euskarazko epaimahaiak. «Zure Ezinezko Maletak aukeratu dut sari nazionalera eramateko». Benetan eskertzea baino ez zaizu gelditzen horrelakoetan, nahiz eta ondotik zera etorri: «Itzultzailea bilatu beharko duzu; itzulpenak Sanjuanetarako egon behar du. Apuntatu telefono eta izen hau: Tarsila Peñarrubia, ministerioko langilea».

Gogoan dut bazkalondoa zela eta gogoan dut hurrengo egunean Tarsila Penarrubiak egin zidan errierta, neu nor nintzen galdetu ondoren, nonbait han ez zen ezer ofizialik, azaldu behar izan nion nor nintzen, eta mesfidantzari gain hartu. «A ustedes los vascos no les entiendo, la traducción (beharbada los libros) del gallego y del catalan estan aquí desde febrero».

Itzultzaileak bilatu behar izan nituen, eta horregatik ditu Las Maletas Imposibles-ek lau itzultzaile, horrek sortzen dituen arazoekin.

Ba jakin ezazue, salbu eta idazleak bere lana aurretik itzulita ez badu —gutxik dute, Etxepare, Atxaga, Uribe, Cano kenduta ez zait beste inor bururatzen—, urteto-urtero gertatzen dela, halaxe konfirmatu dut, 2017an aukeratu zuten nobelagileari hilabete eman zitzaion liburua itzultzeko. Itzulpena pagatzen da, baina gaizki eta berandu, ez baitago, esan didatenez, aurreikusirik partida bat horretarako sariaren deialdian.

Badakit hori gertatzearen ardurak partekatuak direla, esan bezala, horrela sari batera aurkezteagatik idazlearena lehenengoa, baina baita ere epaimahaia aukeratzen duenarena, Euskaltzaindairena; izan ere, bere ordezkariak idazleon gainean uzten baitu halako ahalegin eskerga eta epe laburra; eta baita ere ministerioarena, ez baitu kontuan hartzen, katalanezkoak eta gailegozkoak ez bezala, euskarazko nobela batek denbora behar duela itzultzeko.

Afera ez litzateke larria gertatzen den lehengo aldia balitz, baina susmoa dut, esan bezala, badirela hogei urtetik gora horrela gertatzen dela; urtero ez bada, bai askotan. Ez dit balio arakatu dudan gutxian emandako argudioak, ministerioari errua egozteak, Euskaltzaindia eta haren literatura batzordea haien epeen albiziora ibili behar dela argudiatuta. Iruditzen zait urte asko iragan direla, 2004 eta 2017 arteko tartea ere gehiegi litzateke, idazle bati hilabeteko epean narratiba lan baten itzulpena eskatzeko. Ez dakit nola irabazi duten hiru euskarazko lanek!

Ministeroak izendapenak berandu egiten baditu, batzorde hautatzaileak aurre hartu beharko lioke berandutzeari, aukeratua lehenago erabaki eta idazleari jakinarazi itzultzeko prest leudekeen itzultzaile zerrenda batekin batera, izan ere, urteroko lana baldin bada jada izan beharko lukete horretarako prest izango liratekeen itzultzaile zerrenda.

Eta hogei urtetan arazoa ez bada konpondu, kexa formala aurkeztua beharko zukeen Euskaltzaindiak berak, edo Eusko Jaurlaritzak edo dena delakoak.

Eta, hala ere, ez balitz konpondu sarian parte hartzeari uko egin. Hori dena horrela gertatzen dela kontatzen dudanean literatur giroez kanpo hemen etxean zein kanpoan jendea txunditurik gelditzen da. Lotsemangarria da. Lastima!]]>
<![CDATA[Kanonari argazkia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2076/044/001/2019-05-12/kanonari_argazkia.htm Sun, 12 May 2019 00:00:00 +0200 Juanjo Olasagarre https://www.berria.eus/paperekoa/2076/044/001/2019-05-12/kanonari_argazkia.htm Mi último suspiro) aurkitu nuen harrigarri egin zitzaidan baieztapena, hau da, idazleen handitasuna beren nazioen araberakoa dela. Garai hartan idazle izan nahi zuen euskaldun batendako esaldi bihotz altxagarria zen alde batetik, eta kontsolagarria, bestetik, idazlea ona izatera ailegatzen ez bazen beti egozten ahal baitzitzaion hobena naziotasun ezari. Kanon unibertsala, beraz, ez zen estetikak zioen bezala gauza neutro eta berezko bat, baizik eta nazioaren indarra eta hedapenarekin zerikusi handia zuen zerrenda.

Gerora, Pascale Casanovaren La república mundial de las letras irakurri nuen (erreparatu mundial izenondoari mendebaldez kanpoko idazle bakarra ere aipatzen ez duen saioaren izenburuan; Naipaul kolonizatua da ez-mendebaldeko bakarra, eta asko esatea litzateke Naipaul mendebaldekoa ez dela esatea; kuanto Txina edo Japonia ez daudela!). Casanovak idazle kanoniko bihurtzearen dinamikak azaltzen ditu eta aurkibideari erreparaturik ondoriozta daiteke unibertsala izateko frantsesez, ingelesez, alemanez eta portugesez idatzi beharra dagoela, hizkuntza horietaz aparte ez baita besterik aztertzen. Eta Buñueli jarraitu ulerturik nuen, unibertsal izateko, ez bakarrik nazio bat, inperiorena izandako hizkuntza batean idatzi behar dela ere: britaniarra, austro-hungariarra, espainiarra, portugesa.

Liburu horrek, jakina, gauza interesgarri anitz ditu, baina, esan bezala, kanonaren eite eta erro mendebaldarrei buruzko zalantza bakarra ere ez azaltzeak harritu egin ninduen; areago, Christopher Dominguez Michael bezalako kritikari esegesista batek Letras Libres-eko artikulu batean dioena irakurririk: «Casanovak kanona birpolitizatu zuen(...); familia komunista batekoa zenez, ezin nahi izan zuen aldendu ezkerretik zeinaren baitan hezi baitzen».

Eta egia da Casanovak kanonaren sorrera eta osaketan ideologiak eta, batez ere, politikak, unibertsala eta partikularraren arteko jokoa, alegia, azaleratu zituela; baina «ahaztu» egin zitzaion unibertsalaren eite erabat politikoa azaltzea; oso bekatu frantsesa, bestalde, halaxe baitzen Casanova, non euskara bezalako hizkuntza patoisa baino ez den.

Horrelaxe jarraitzen du Dominguezek: «Bertako hizkuntza gutxituan idazteko errebeldiak harantzago egiten du 'inbertitzen' denean, alegia, frantsesera edo ingelesera itzultzen denean. Irakurlerik gabeko hizkuntza gutxituan idazten tenkortzen dena ez irakurria izatera kondenaturik dago eta antropologo atzerritar batzuen eldarnioak elikatzera».

Garai bertsuan argitaratu zen Harold Bloomen El Canon Occidental. Bloomek mendebaldera mugatzeko kortesia izan zuen, gutxienez. Hala ere, aurkibideari erreparaturik, kanona nagusiki angloa dela ondorioztatuko dugu, ingelesez idatzi zutenetatik aparte, autore hauek baino ez dira aztertzen: Cervantes, Montaigne, Moliere, Goethe, Tolstoi, Ibsen, Proust eta Borges, Neruda eta Pessoa, denen artean Whitman bat osatuko balute bezala. Pentsa, errusieratik Tolstoi! Eta Pessoa, Whitmanen herena!

Bloomek eta Casanovak, gainera, garai hartan martxan jartzen ari ziren cultural studies delakoen kontra egin zuten; Harold Bloomentzat, estetika Platonen Haitzulotik atera berritako edertasuna da, inguru, garai, klase, genero, arrazarik gabekoa; Casanova, bestalde, kanonaren hondo politikoa argitu nahiak mendebaldearen enpresa kulturalaren erro kolonizatzaile eta suntsigarriak ez ikustera eraman zuen.

Adibide bi: Zekale artean harrapaka (Salinger), kultuzko nobela, formazio nobela kaxkarra da, eta ez balitz inperioaren nerabe batzuen gaiztakeria eta transgresio nahiak asetu zituelako, ez luke pase bat ere izango; baina, aldiz, ospe mundialeko, berriz ere, liburua da, gurtu beharreko liburu horietako bat. Badakit datorrenak arazo gehiago eransten dizkiola esatera noanari, baina niretako Ulises lar balioetsitako nobela da; bitan irakurri dut, gazteleraz, eta Casanovak azpimarratzen duen zerarekin, alegia, ingeles berri bat sortuz eta Irlandako itxiturari ihes eginez lortzen duela Joycek unibertsaltasunaren konkista, konforme egotea beste erremediorik ez badut ere, prezioa, asperra, gehiegizkoa iruditzen zait. Eta, berriz ere, diot txineraz edo japonieraz idatzi izan balitz ez zuen ospe nazionaletik harantzago egingo.

Guk ere, gure txikitasunean, badugu gure kanon nazionala. Eta gure kanonaren sorreran asko ikusteko izan du EAE Erkidegoaren sorrerak eta izate politikoak; gatazkak eta gatazkaren (ezin) zilegiztatze etikoak; genero ikuspegiak; hizkuntzaren egoera diglosikoak, horrek dakarren irakurtzeko zailtasun eta hizkuntzaren kutsatzeak, Frankismoaren desertu kulturaletik etortzeak, abertzaletasunak eta abar; eta beste sistema literarioetan ez dagoen ezaugarri batek ere bai, hau da, gure idazleak kanpora, beste hizkuntzetara itzuliak izan eta kanpoan ospe moduko bat izateak. Horrek ere bai.]]>
<![CDATA[Mamulogia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/049/001/2019-04-14/mamulogia.htm Sun, 14 Apr 2019 00:00:00 +0200 Juanjo Olasagarre https://www.berria.eus/paperekoa/1956/049/001/2019-04-14/mamulogia.htm Joan Zaretenean nobelan presoen erretratuak ageri dira, denborarekin erretratu horiek marrazki itzalezko bilakatu ziren nolabait Euskal Gatazkaren izaera gero eta mamutuagoa aditzera emateko. Narratzaileak ideia horretan sakontzen du gainera.

Gerora irakurri ditut euskal literaturan Euskal Gatazkaren, ez bakarrik, izaera fantasmala azaltzen duten nobela eta ipuinak: Twist-eko lehen kapitulua, esaterako, edo Jokin Muñoz beraren Bizia Lo-ko azken ipuina, edo Iban Zalduaren Pareko tabernan ipuina, egunkari honetan agertu zena.

Hauntology deitzen da gauzen izaera fantasmaletik kultura ikerketa egiten duen ildoa. Derridak Mendebaldeko ontologia eraisteko proiektuan garatu zuen azken kontzeptua izan zen Mamulogia. Derridarendako, kontzeptu oro, zeinu oro, beste zeinu eta kontzeptuek sorgindurik dute, eta beraz, ontologiak barik mamulogiak hobe deskriba dezake errealitatea. Mamuak izango dira, hartara, ez han ez hemen, edo han izanik hona izanik, nahi baduzue, ez bizien artean ez hilen artean, funtsezko figura errealitatea adierazteko.

Lekuko hori jasorik Mark Fisherrek argudiatu du bere Ghost of my life: writing on depression, hauntology and lost futures delakoan, denbora bere erroetatik aterea dagoen garaiak bizitzen ari garela, neoliberalismoak historiaren bukaeran paratu gaituenez, aurrean ez dugu ezer eta, ondorioz, iraganean amestu eta izango ez diren etorkizunen nostalgian murgildurik gabiltzala. Teknologiak, mugikorrak aipatzen ditu batez ere, denbora eta espazioaren hautematea aldarazi digunez, denbora loka egotearen sentsazioa areagotu egin da, ez baikaude ez hemen ez han. Espazioak eta denborak errealitatea galdu dute eta oraina da nagusi; ez, ordea, carpe diem denbora, baizik eta orain espektrala, joandako iragan eta ezinezko etorkizunaren arteko ez-denboran.

Ideia hori hobe ulertzeko Burialen Untrue edo Ariel Pinken Oddities and Sodomies entzutea besterik ez dago. Iraganeko soinuek etorkizun ezinezko bat erakusten dute. Espektrala da dena.

Aurreko Jokin Muñozen figura harturik orain gatazka bukatu delako itxurak egiten ditugula, oraindik ere badira presoak errealitate espektral horren adierazgarri: hildako biziak? Eta hildakoak Iban Zalduaren ipuinean bezala, heriotzaz harandi etorri eta nor garen erakutsiko digute? Sorgindurik(mamuturik?) gaude ala Euskal Gatazka zen hura bukaturik dago, zauria itxita eta ez zaigu fantasia traumatiko moduan inoiz itzuliko?

Joseba Gabilondok From Postcolonial Tourism to Postimperial Melodrama: Fernando Aramburu's Patria as Spanish Terrorism-Pornography saioan zera dio: Euskal Gatazkaren ezin adierazia gobernatu ahal izateko bi bide ireki dira euskarazko narratibaren baitan. Bata, gatazka eszenario bihurtu zaigu, mamu ekidinezin. Eta, biga, Mikel Ayerberen intuizio bati jarraiki gatazkaren inguruko nobelak metaliterario bilakatu dira, hori baita gatazkak ez sorgintzeko modua. Nik hirugarren bat proposatuko dut hemen: mamuen literatura egin eta mamulogiatik interpretatu. Gizona bere bakardadean nobelako Carlos pertsonaia espektrala da, ahotsek sorgindua. Abaitua Ortiz de Zarateren fantasma moduan irakur daiteke. Hiruko-ko Yves Kerguel komisarioaren begiradan Iparraldearen espektroa ageri da. Twist nobela osoa Lasa eta Zabalak sorgindurik dago.

Gaur egun preso bat aterako balitz mamuaren ezaugarri guztiak lituzke, hildakoen artetik itzuliko bailitzateke jada berea ez den errealitate batera. Zer esango luke amestu zuen etorkizun ez-konplitu hartaz? Nola salatuko luke gure teknologia inon ez egotera behartzen gaituena? Eta biktima bat hildakoen artetik itzuliko balitz? Zer ikusiko luke bere biktimatasunetik? Mendekua nahi luke? Pozik legoke gizartea egiten ari den doluarekin? Zer kontatuko luke hiltzaileekin beste aldean izandako elkarbizitzaz? Eta fantasma hori hurrengo hauteskundeetako hautagai balitz izango ez den zein etorkizun marraztuko liguke? Vox frankismoaren mamu iratzarritzat joko luke?]]>
<![CDATA[Nondik idatzi]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2195/036/001/2019-03-17/nondik_idatzi.htm Sun, 17 Mar 2019 00:00:00 +0100 Juanjo Olasagarre https://www.berria.eus/paperekoa/2195/036/001/2019-03-17/nondik_idatzi.htm CTXT aldizkarirako sortu zituen bi artikuluetan ongi ageri den bezala. Urteak dira Jokin Muñozek Gatazka gure literaturaren berezitasunik salgarrientzat irudikatu zuela, baina nago ETAren desagertzeak ez duela lanen ugaritze esanguratsua ekarri, euskaraz behintzat. Hori, Zalduak ongi seinalatu bezala, hiru belaunaldi ari direla ekoizten, ETA sortu zutenena, berea eta gazteena, haren usteltzea eta bukaera ikusi dutenena.

David Becerra ikerlari espainiarraren La guerra civil como moda literaria saioko tesi nagusia honetantxe bil daiteke: Espainiako Gerra zibila tratatu duten nobeletan berdindu egiten dira Altxamendua eta Errepublika bi Espainien mitoa indartuz, kontuan hartu gabe Altxamendua gobernu aukeratuaren kontrako estatu kolpea izan zela. Historia irakurtzen da, diosku Becerrak, gatazkarik gabeko orain aldi itxi batetik garai hartako kontradikzio politikoak gaur egungo ideologia nagusiaren baitan urtzen diren antagonismoen bidez, alegia, alde politikoa ezabatu eta afera pertsonaletara errendituz.

ETAk 2017an armak utzi zituenetik badirudi Euskal Gatazka bukaturik dagoela, baina ondorioak ez dira bukatu, hortxe daude biktimak, presoak eta dolua. Hartara egunkari honetan 2018ko Maiatzaren 9-11 bitartean argitaraturikoez gain, Pako Aristiren Rosa Itzuli da eta Haritz Gorrotxategiren Ahazten diren Gauzak liburuko bi ipuinak, Burua leihoan jarrita eta Guztiok anaiak gara, ateratzen zaizkit niri inventariumean. (Ez dut ikerketa xehea egin, eta oker banago barkamena eskatzen dut)

Kezkatzen nauena zera da: zein marko etiko eta politikotik idatziko ditugu hemendik aurrera euskal gatazkari buruzko nobelak? Kant etika unibertsal zedarritzen saiatu bazen ere, etika ere testuinguruaren araberakoa da amerikar pragmatikoek ongi zekiten bezala. Beraz, Rosa Itzuli da nobelako pertsonaia batek azaldutakoa bazterturik dago, oraingoz; ETAren helburuak lorturik Euskal Herria nazio estatuduna balitz, hiltzaileak heroi izango ziren, eta biktimak askatasun bidean gertaturiko albo kalte. Mandelaren etsenplua ekartzea besterik ez dago, edo hainbat herritako independentzia prozesuak.

Hori horrela ez denez, errepara diezaiogun bizi garen marko etiko eta politikoari. Gaur egungo orain lauso gatazka gabeko eajotar honetatik —garai epikoak baino nahiago dut, argi gera dadila—, eta Gatazkaren garaian gizarteak oro har biktimekiko izan duen enpatia berantiarregiak ez ote gaitu behartzen gatazka horretan eragile izan zirenen asmo altruista baztertu eta ETA izan duen gizarte asmo eraldatzailea, ezkerrekoa, ezkutatzera, nahiz eta nire irudiko borroka armatua Frankoren heriotzatik hona oker izan etikoki zein estrategikoki?

Beste modu honetan ere egin daiteke galdera: Hamaika pauso nobela bikaineko Ortiz de Zarate txuloputa bat baino ez da, ala justizia sozialaren alde borrokatu zuen norbait ere bada?

Horregatik interesatu zait Pako Aristiren Rosa Itzuli da nobela; ez dut uste nobela ona denik, (kalitatea zer den eta nork sortua den eztabaidatu beharko genuke noizbait), baina esanen nuke Euskal Gatazka bukatu delarik fundamentuzko galdera bat egiten digula: bale, oker geunden, baina zein da alternatiba, EAEko paradisu hau, non gizartearen antagonismo nagusiak euskal anaia-arreben arteko liskar txikietara mugaturik dauden? Ze Rosa kartzelan egon den bitartean abilki trebatu dira sistemaren armak: manipulazioa, gezurra, prekarietatea, historiaren bukaera eta kapitalismoaz harantzagoko alternatiben ukazioa; esaterako, Denboraren Izerdia nobelako polimiliaren kontra El Mundo-k egindako kanpainak haurkeria ematen du.

Iruditzen zait euskal literaturan ere hasperen egin dugula Gatazka iraganeko kontua bilakatzean, baina gatazka hori kontatzeak ez luke oraingo gizarteko kontradikzioak estaltzeko balio behar. Rosa hemen dago, baita Etorriko haiz nirekin? nobelan ETAk hildako haurra. Literaturak antagonismoen agerrarazteko ere balio behar luke.]]>
<![CDATA[Idazle periferikoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/037/001/2019-02-17/idazle_periferikoak.htm Sun, 17 Feb 2019 00:00:00 +0100 Juanjo Olasagarre https://www.berria.eus/paperekoa/1956/037/001/2019-02-17/idazle_periferikoak.htm Kulturaren inperioak artikuluak zer pentsatua eman zidan, zizkionak behin baino gehiagotan erabili ditudalako gogoan; neronek, eta Euskal Literaturaren ofizioan dabilen edonork, nire ustetan. Aristik ez zuen aitatzen non irakurri zuen gogoeta egitea eragin zion artikulua, Egile periferikoak omen du izenburu; eta bila ibili banaiz ere, Google jainko ahalguztidunak huts egin izanak poztu nau, ez dut aurkitu. Bai aurkitu ditudala gai honen inguruko bi, bata, ezaguna nuena, Literaturas que no circulan (Alvaro Colomer. La Vanguardia. 2019ko urtarrilaren 15a), eta bestea, ezezaguna, De escritores periféricos (Guillem Graells. El periódico. 2008ko ekainaren 12a).

Bi artikulu horiek darabilte gaitzat Pako Aristik egunkari honetara ekarritakoa, alegia, Espainia barneko hizkuntza periferikoetako literaturei egiten zaigun kasua, dugun arreta eta ematen zaigun tratua.

Kexatzen da Pako Aristi kultura hegemonikoak ez duela serio hartzen kultura subalternoa, destainaz begiratzen diola, eta ez duela tokirik berarendako. Ez diot arrazoirik kenduko hegemoniaren kontu horretan; egia da kultura hegemonikoak bazterrera kondenatzen duela kultura subalternoa, kasurik hoberenean; txarrenean, bere buruaren eskuzabaltasun demokratikoaren edergarri izatera. Marius Serra idazle katalanak dioen bezala, «Prisa taldeak aginte makila eramaten zuen garaiko pautak jarauntsi dira, kuota sistemak: alegia, Espainiako literatura gaztelerako literatura zen, eta gero beste idazle batzuk zeuden, bat hizkuntza koofizial bakoitzeko: Quim Monzo, Bernardo Atxaga eta Manuel Rivas». Suso del Toro galiziarraren aipu bat dakar Aristik bere argudio hori indartzeko: «Gure ahuldade politikoa dela eta, munduko beste hizkuntzetara iristeko derrigorrez espainolaren eremutik igaro beharra dago, zeina liburuen zabalkundea murrizten duen aduana bat baino ez den».

Eta esanen nuke Pako Aristiren artikulutik horixe dela niretako argumenturik ahulena: «gure ahuldade politiko» hori. Uste dut Aristik egiten duen argudiatzean honek huts egiten duela; nire ustez, ezin zaio egotzi «derrigorreko espainiartze» horren errua ahuldade politikoari, izatekotan ahuldade kulturalari egotzi behar zaio; izan ere, Generalitateak, Eusko Jaurlaritzak eta Xuntak izan badituzte eskumenak idazleon liburuak espainolez beste, espainolez gain esanen nuke nik, beste hizkuntza askotara itzultzeko, badute liburu horien promozioa egiteko ahalmena; eta egin, egiten dute, nahiz eta nire ustez Jaurlaritzaren kasuan diru gutxi erabili, baldintza zailak paratu (Etxepare Institutuko itzulpen beka bat lortzeko liburua irakurri ezin duen argitaletxe baten argitaratze konpromisoa behar duzu liburua itzultzeko) edo promozio txikia (zergatik ez dago sortua hiru hizkuntzetako literatura mundu osoan promozionatzeko argitaletxea? Zergatik ez euskal literatura promozionatuko lukeen argitaletxe publiko-pribatua?). Eta horrela ailegatuko ginateke Pako Aristiren beste argumentu batera: «Euskal Herriko eliteek egin zuten espainol hizkuntzaren aldeko hautu programatikoa, existentziala eta kulturala, tinko mantentzen dutena gaur egun ere». Eta iruditzen zait, historiaz dakidan apurragatik egia dela. Baina izan gaitezen zintzoak, Aristiren artikuluan salbu gelditzen dena «herria» da, herriak euskararen hautu programatikoa, existentziala eta kulturala egin izan balu bezala. Eta hori ere ez da egia. Euskaraldian izena emandako horietatik guztietatik (ni ilusionatu egin nau, argi gera bedi e!), zeinek irakurtzen du euskaraz, eta zein dago interesaturik euskal literaturan? Pako Aristiren artikulutik ondoriozta baitaiteke beregainak bagina, independienteak demagun, subalternotasuna desagertu egingo litzaigukeela; eta ni, barkaidazue, ez nago horren seguru; benetan uste dut euskarak eta euskaraz egindako kulturak aukera gehiago lituzkeela independentzia lortuta, baina hala ere...

Analogia bat eginez, Pello Monteanoren El iceberg navarro liburu zoragarrian (XVI. mendeko Nafarroako euskararen argazki zoragarria egiten du ia detektibe nobela bateko zeharkako metodoaz) argi frogaturik gelditzen da Nafarroako Erresumako administrazioko funtzionamendua, konkistaz aurrekoa ere bai, gazteleraz egiten zela, eta ez euskaraz. Nafarroako Erresumak aurrera egin balu, argi dugu euskaraz funtzionatuko zuela?

Bestalde, Colomerrek La Vanguardia-koan dioen bezala, badira Espainiatik iragan gabe mundura jauzi egin duten autoreak, Arantza Portabales galiziarra, esaterako. Edo, bestela ekar daitezke artikulu horretako Katixa Agirreren hitzak: periferiako idazleentzat itzulpena gehigarria da, inork ez du idazten itzulpenaren antsiaz.

Bukatzeko, adierazi nahi nuke Pako Aristik dioenean kultura hegemonikotik idazle subalternoen kasuan «ez dela kalitatearen arabera neurtzen haien balioa, indar harremanetan daukaten lekuarekin baizik», azpimarratu arrazoia duela, talde hegemonikoak ezartzen duela zein den kalitatea.

Dena dela, kontsola gaitezen Guillermo Schavelzonen artikulu batean (AEBtan argitaratu. Gaztelerazko idazleen amets betegabe) aipatzen delako munduko liburu merkaturik handienean (Britainia Handia antzeko omen) urteroko 120.000 titulu berrien artetik, 300 baino ez direla itzulpenak. 2012. urtean, esaterako, dio elkarrizketatu batek, AEBtako autoreen 4.000 titulu kontratatu zituzten Alemanian; AEBtan, aldiz, alemanen 150.

Subalternoen subalterno izatea egokitu zaigu, hegoaldekooi behintzat.]]>
<![CDATA[Egia, deskargu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/040/001/2019-01-20/egia_deskargu.htm Sun, 20 Jan 2019 00:00:00 +0100 Juanjo Olasagarre https://www.berria.eus/paperekoa/1950/040/001/2019-01-20/egia_deskargu.htm Totalismoaren Jatorriak liburuan: «Totalismoaren subjektu ideala ez da nazi edo komunista konbentzitua, baizik eta jendea zeinarendako ez baita desberdintasunik gertakari eta fikzioaren artean (h.d., esperientziaren errealitatea) eta gezurrezko eta egiazkoaren artean ( h.d. pentsamenduaren arauak)».

Aipua The Death of Truth liburutik jaso dut. Egilea Michico Kakutani da, New York Times-eko betiko kritikoa. Kakutaniren eskuetatik iragan da azken 30 urtetako literatur anglosaxoi gehiena; gupidagabea izateko omena izan du, eta idazleek beldurra izan diote; eta hala baldintzatu ditu Jonhatan Frazer, Norman Mailer, Ian Mcwean, Martin Amis edo Zadie Smith bezalako idazleen ibilbideak, batzuetan goraka, eta besteetan beheraka. 2017an utzi zion NYTeko kritikari buru izateari, eta 2018an Egiaren Heriotza hori argitaratu du. Trumpen garaian, Trump sintoma hartuta egiari gertatzen ari zaiona aztertzen du, dexentetan, eta hori da interesgarriena nire ustez, filosofiaren makulua erabili beharrean literaturarena erabiliz.

Kakutaniren tesia zera da: postmodernitateak egia zalantzan jarririk eta erlatibizatuz atea ireki dio egiarik ez dagoelako usteari, ez behintzat egia orokor eta onartua. Kakutamik dio Dekonstrukzioaren bidetik testuen esanahia errealitate objektiboan beharrean beste testu batzuetan oinarritzeak zalantzan paratu duela egia badenik, eta izatekotan, orokorra eta denondako denik. Horrek, jarraitzen du, Historiaren kasuan, esaterako, historiaren interpretazioan eragile eta historiagile izan ez diren beste subjektu batzuk (emakumeak, subjektu kolonialak) lekua egiteko balio izan badu ere, egitateen indarra galarazi du. Eta hartara 60ko hamarkadan akademiaren eskutik keinu askatzailea izan zitekeenaz, eta izan zena, diot nik, eskuina jabetu eta egiarik ez dagoela aldarrikatzen hasi da. Hortik Trumpera ez dago jauzi handirik, dio Kakutanik, izan ere, egia norberak dioena baldin bada norberak asma dezake Twitterren bidez, egitateak zein diren batere axola barik.

Niretako egia ez da nonbait gordeta dagoen altxor moduko bat (Platon eta Teologia Kristaua); ez eta, kontrara, ispilu joko batean Derridak milaka aldiz islarazi duen errainua zeina nahasiaren nahasiz antzeman ezina den. Uste dut egia konstrukto sozial bat dela, eta gizartearen oinarrizko adostasuna behar duela egitateekiko, izango bada. Ez da, hortaz, materia bakarrik, ez eta diskurtsoa soilik baizik eta bien arteko elkar eragina.

Kakutamik dio, arrazoiz, egiaren inguruko kontsentsu hori hautsi denez, egia «partisanoa» bilakatu dela, alegia, parte baten egia. Analisian zehar Orwellen 1984 eta Huxleyren Mundu Zoriontsua erabiltzen ditu biak arrazoi dutela argudiatuz.

Totalitarismoaren baitan egiak izan zezakeen Anaia Handiarengandiko kontrolaren beldur zen Orwell, eta horretaz ohartarazten gaitu nobelak; Huxleyren distopian, aldiz, egiarik ez dago, horren dago populazioa txikikeriatan engaiatua, ezen egiarik ez baitu behar. Kakutamik dio gaur egungo mendebaldeko gizarteetan biren arteko nahasketa bat dugula, distopia ez dela gauzatu Anaia Handiaren bortxaz (jakiten uzten digutenaren arabera behintzat) baizik eta hedonismoaren eta gogogabetasunaren ondorioz egia hutsala bilakatu delako.

Hartara, egitateen eta esaten denaren arteko lotura hautsirik, kolpatua suertatzen da fikzioa eta errealitatearen arteko ituna literaturan; fikzioa errealitatea denez eta errealitatea fikzioa, fikzioaren errealitatea irakurri eta interpretatzeko gaitasuna urritu egin da.

Ni, beste idazle lagun batzuekin batera (Volgako Batelariak) postmodernoa izan nintzen 2000 urte inguruan. Ez dut nire burua «esan nizun» aurpegiratuko lidaketenen aurrean desenkusatuko, besteak beste, barrera, kritikara, arinkeriara eta ironiara emandako saio hark egiaren bat kolokan paratzeko balio izan zuelako, baina, aitortu behar dut orain begi kritikoz ageri zaidala nire orduko joera hura, batzuetan zinismo ukitua ere bazuena.

Kazetariak galdetu zionean bere indibidualetik kolektiborako bideari buruz zera zioen Nacho Vegasek aurrekoan egunkari honetan: «Hitz egiten genuenean kolektiboaz, dimentsio soziala zuten kontuez, distantziazko begirada geneukan; baita zinikoa ere», eta gero gehitzen zuen: «Mundua aldatu da, ez ni». Ni ez nago erabat ados, mundua orain bezain deseginik zegoen, baina nerau nintzen egia bakar hura balio ez ziona. Horregatik egiten nion barre, nire lekua egiteko. Postmodernitateak erraztu du Trumpen etorrera? Akaso Marxen hura parafraseatuz esan daiteke postmodernitatea izan dela azpiegiturak jantzi duen gainegituraren parte bat. Postmodernitatea iratzarri zenean, Trump zegoen han.]]>
<![CDATA[Marikek dute errua!]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/037/001/2018-12-09/marikek_dute_errua.htm Sun, 09 Dec 2018 00:00:00 +0100 Juanjo Olasagarre https://www.berria.eus/paperekoa/1956/037/001/2018-12-09/marikek_dute_errua.htm primadonari irakurri nion lehengo aldiz, han 2001. urte inguruan, El Espinoso Sujeto: el centro ausente de la economia politica; horregatik egiten dit grazia gaur egun eztabaida piztu eta bolo-bolo dabilen beste liburu bati egiten zaizkion loriak eta aldarriak. Beste liburu horrek La Trampa de la diversidad (Daniel Bernabè) du titulu, eta, esan bezala, izugarrizko aurkikuntza moduan saldu dute. Ez dut irakurtzeko asmorik, barkaidazue, baina hartaz arituko naiz, irakurri gabeko liburuen kritika ia genero literario dela aitzakiatzat harturik. Elkarrizketak eta kritikak arakatu ondoren ondorioztatu dudanaren arabera, Zizeken tesiak jasotzen ditu, modu kaxkarragoan, Zizek asko delako, hika mintzatzen baita Kant, Hegel, Foucault eta abarrekin.

Karikaturarako joera dudanez, eta marika naizenez, titular honetan laburbilduko dut Zizeken liburua, eta bai, irakurri gabe diot, Bernabérena: Marikitok dugu iraultzaren porrotaren errua! («Emakumeek duzue iraultzaren porrota!» ere izan zitekeen). Egun lau haizetara dabilen argumentua, izan, katalan independentistek baitute Voxen igoeraren errua.

(Barkatu, baina badakizue, titular batek asko saltzen du, eta artikuluan aurrera egiten laguntzen du). Zizekek dio, askatu beharreko subjektua horrenbeste ugaldu, aniztu eta narrastu dela, ezen ez baita subjekturik gelditzen askatzeko; beraz espazio hori hutsik dago, eta gehitzen du Bernabék, neoliberalismoak bete du. Zizekendako kapitalismoak irentsi ez duen kategoria politiko bakarra klasea denez, klase borroka planteatzen du ezkerraren bandera bakartzat. Bernabék, ildo beretik, klase kontzeptua eta klase borroka berreskuratzea proposatzen du.

Nik ez dut nire burua Zizekekin eztabaidatzeko adina ikusten, Bernabéri —ni bezalako malapartako? analista iruditzen zait, besteren ideiak irentsi eta diskurtso narrasa ahoskatzen duen sabeliztuna— zera planteatuko nioke: eta orduan nik uko eginen diet nire beste errebindikazioei, eta askatuko naiz, borroka egin ondoren, langile moduan, eta gero, ja, ongi badator marika gisa eta euskaldun gisa?

Zizekek ez du azaltzen klase borroka hori nola gertatuko den, zein hizkuntzatan, non lurraldeturik izanen den; Bernabék, ordea, iruditzen zait esparru espainola planteatuko duela; eta, beraz, euskalduna baztertu beharreko kategoria izango da, euskalduna izatea identitate bat izatea baita.

Hartara, Laclauk Zizeki egiten zion galdera egin ahal zaio Bernabéri ere: orduan, langile bat ordu orotan da langile gizartean betetzen dituen une eta posizio guztietan zehar? Berak dioen bezala, kapitalismo berantiarrari talka gehien egiten dion kontradikzioa kapitala versus lana dela onarturik, gaur egun bien arteko mugen lausotzeak ezabatu egin du kontradikzioa, ez marika, emakume, immigrante eta abarren politika identitarioek, diot nik Bernabéren tesiaren kontra; alegia, non daude langileak krisian dauden enpresak kenduta, eta horiek ere greban dauden bitartean. Ez daude. Eta daudenean, Trumpi, Bolsonarori eta Santiago Abascali bozkatzen diete askok. Beraz, XX. mendeko klase borroka tradizionala planteatzea, subjektu bakarrean, ezkerraren elkargune eta armatze estrategiatzat, fetitxista iruditzen zait, analisi exkaxa izateaz gain.

Ezkerra galduta dagoenez, talde, identitate politiken kontra jotzen du, argudiatuz bere burua zuritzeko erabiltzen dituela liberalismoak. Baina gizajendearen bizitzan baldintza ekonomikoak, prekaritatea, kapitalarenganako errenta transferentzia, langileen eskubideen desagertzea, langile gizon heterosexual industrialaren baitan haragituz ez goaz inora, emakume langile eta marika langilerik ez balego bezala. Jokaldi hori egina dago, eta horretara itzultzea proposatzea denborak atzera egitea proposatzea da. Baina beno, liburua irakurri ez dudanez... isildu egin behar nuen.

(Artikulua idatzi ondoren erosi dut liburua, eta gauza txukun batzuk badituela onarturik ere — zuzentasun politikoak sortzen dituen dinamiken azterketa esaterako—, uste baino kaskarragoa iruditu zait: Espainiaren arazo nazionala ez du aipatu ere egiten kapitalaren ez-nazionaltasunari nazioetatik erantzungo ez balitzaio bezala; aniztasuna (emakumeak, marikitak, lesbianak, ijitoak...) «gehiegizko agerpen sozialetik» desagerturik, hutsik utzitako espazio hori langileek berez —magiaz ere esan daiteke—, beteko dutela ulertzen da liburuan; langiletasuna identitate moduan ageri da, eta ez plusbaliak posizio horretan jarri duen talde bateko partaide bezala; feminismoaren hainbat helburu gauzatzeak eragingo lukeen inarrosaldi ekonomikoa ez du aipatu ere egiten eta, harrigarriena, liburuan zehar ez dira, inondik ere, Zizek ez haren liburua ageri. Badakizue, zuek askatu lehendabizi langile (espaiñol izango da) moduan, eta gero ja sieskaso askatuko zarete marika moduan, emakume moduan, euskaldun moduan... Ikaragarri saldu omen du.]]>
<![CDATA[Zeinu 'vintage'-ak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2018-11-04/zeinu_vintage_ak.htm Sun, 04 Nov 2018 00:00:00 +0100 Juanjo Olasagarre https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2018-11-04/zeinu_vintage_ak.htm
Baina gure gaurko gizartean, eta etorkizunekoan, izango ote da gizarte bat non zeinuak esanahi bakarrarekin loturik izango diren? Beste modu batez galdetzeko, egiarik ezarri ahal izango da berriro; ala, Trumpek ongi adierazi bezala, egia botereak nahierara ezarritako zeinu eta esanahairen arteko lotura izango da?

Berardiren ustez, digitalizaioak ezinezko egin du hori, eta, paradoxikoki, lengoaia zero eta batetara mugatu denean, hori da egunero erabiltzen dugun lengoaia informatikoaren oinarria, barrokoa agertu da. Alegia, simulakroa, zeinu askeak, demasia, indeterminazioa, eta, estimulu gehiegien aurrean, arreta falta.

Barrokoaren salaketaren baitan sartu beharko lirateke bi adierazpen zuhur: bata, Jon Alonsorena, zeinetan esaten baitzuen euskaldunok berandu ailegatu garela, berriz ere, ordua mundu bizitzera, noiz eta artea eta literatura zeinu huts, esanahirik gabeko zeinu bihurtu direnean, hasi gara gu, euskaldunok, zeinuak ekoizten; bigarrena, Bernardo Atxagarena, zeinak adierazi baitu gaur egun euskal literaturako liburuek ez dutela zeinu izaten irauten egun bakarra ere, hilda daudela argitaratu eta hurrengo egunean.

Interregnoan gaude, interregnoan mendebaldeko kultura eta gizartea, eta guk, euskaldunok, interregno horretan altxatu dugu burua.

Galdera da: zer ekoitzi behar dugu esanahi bat igor dezagun? Eta erantzuna zera da: ez dago argi, zeinuek esanahairik ez dutenean, edo behintzat esanahi nagusirik ez dutenean.

Kultura deitzen den hori ekoiztea erabaki dugu, usadioak dioen bezala: liburuak argitaratu, antzerki lanak ekoitzi, telebista programak, hitzaldiak, filmak... Nola interpretatzen dira, nola irakurtzen dira? Ez dakigu, zeinu hutsak dira, esanahia ezin bilaturik. Ez da euskaldunon arazoa, baizik eta, esan bezala, mendebaldeko kulturalena; alegia, sentsibilitate eta pertzepzioarena. Estimulu birtual gehiegi dugu eta gure zeinuak interpretatzeko ahalmena aldatzen ari da. (Beharbada, bertsolaritza da, zeinu aurremodernoa den neurrian, gelditzen zaigun zeinu interpretagarri bakarra).

Nola konpondu zen aurrekoan barrokotasun hori? Neoklasizismora itzuliz, zeinuak beren esanahiarekin lotuz: zutabe dorikoak perfekzioarekin, esaterako; edo antzerki lanak denbora eta espazio batasunarekin.

Ez dirudi oraingoan hala konpon daitekeenik, ez dagoelako zeinuei esanahai bakarra lotaraziko dien legerik. Tontakeria da, beraz, minimalismoa aldarrikatzea, edo ordena ezarriko duen autoritatea, edo orden estetiko bakarra ezarriko dela sinestea orain arte historia estetikoan erritmoan funtzionatu duen penduluaren legea astinduz. Mundu birtuala dela eta, 20 urtean giza pertzepzioa aurreko mendeetan baino gehiago aldatu dela diote antropologoek, eta baieztapen horren sakontasuna zehazteko neurologo eta biologoen zain bagaude ere, aldatu aldatu da. Errotik. Beraz, ematen du kultura bat sortzeko ahaleginetan gabiltzala, okerreko tresnak erabiltzen ari garela, kultura dagoeneko lurraldegabeturik dagoelako; irudiarekin lotuta dagoelako; hizkuntza irudiaren morroi delako; eta, arreta faltagatik, birtualitatearen berezko ezaugarriak, sentsibilitateak, ezin duelako hainbeste estimulu interpretatu, pentsamenduak, kritikoa dei diezaiogun, behar duen denborarik ez patxadarik ez dugulako hartzen.

Niri, liburuak gustatzen zaizkidan honi, vintage egiten zait etzanda orduak eta orduan Proust irakurtzen eman zituen neure buru hura, orain, arretari luze eusteko abilezia eta, ondorioz, testu luze eta mamitsuen zailtasun nimiñoaren aurrean mugikorra eta internetera joaten zaidalako burua eta eskua. (Dena dela, oraindik ere vintage-ago iruditzen zait biak baztertzeko ideia).Beraz, pentsa euskararen balioaz, kulturaren beharrezkotasunaz, pentsamendu kritikoaz, liburuen argitasunaz konbentzitu nahi dudan Bilboko, demagun, gazte batengan. Konbentzitzeko keinua bera, hori bai dela vintage!]]>
<![CDATA[Euskal Literatura?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/048/001/2018-10-07/euskal_literatura.htm Sun, 07 Oct 2018 00:00:00 +0200 Juanjo Olasagarre https://www.berria.eus/paperekoa/1956/048/001/2018-10-07/euskal_literatura.htm Hirudia sailean. Mediterraneo bazterrean nengoen, bermuta eskuetan konpainia noblean; eta bai, izan zen prediku, izan zen solasa. Nire konpainia nobleak 20 urte inguru ditu eta ikasketa ibilbide osoa gure nazioko lurralde hegemonikoko eskola publiko euskaldunean egina da, ez dut esango zein motatakoan. Nire inozenteenean galdetu nion mutil horri ea Jon Mirande ezagutzen zuen; ezezkoa egin zidan zertaz ari nintzen ezin iragarririk. Iradoki zidan galdetuko ziola ikaskide izandako bertsozale bati, eta, tarte baten ondoren, hantxe ailegatu zen erantzuna watxapez: «Idazle bat?». Jakina da konpainia noblearekin ezin dela bat haserretu, eta nire ozpin guztia ikasketa prozesuari egotzi nion.

Sutu nintzen baina, zer esanen dizuet, ez ninduen harritu. Badira urte batzuk lanean aritu nintzen institutu bateko lehenengo batxilergoko ikasleei galdera bera egin niela, eta haietako ale batek ere, etsigarriki, ez zuen Jon Miranderen berririk, nahiz eta hainbat eskola-ikastoletatik etorri. Besterik ezean, programazioa aldatu eta urte horretan bakarrik literatur testuak landu genituen, 1990eko hamarkadatik hasi eta atzerantza.

Zer egin du euskal eskola sistemak gaizki ikasketa osoak euskaraz egin dituen ikasle batek ez jakiteko nor den Jon Mirande, eta, halaber, bere testu bakarra urrundik ere ez gogoratzeko? Zerbait bai, nire irudiko; izan ere, kontua ez da Jon Mirande nor zen xehe-mehe jakitea, baina bai haren testu batzuk irakurri, ulertu, eta, ai, ahal balitz, gozatzea.

Non sartu dira Euskara eta Literatura ikasgaiaren ordu guzti horiek? Beldurra ematen dit erantzuteak.

Maialen Berasategik bere testuan iradoki duen kanon sendo baten eza litzateke lehenengo arazoa: zer irakatsi behar da, zein dira derrigorrezko autoreak eta zer azaltzen dute, zer islatzen dute? Inork ez du zalantzan jartzen Tiempo de Silencio irakurri behar izatea Gaztelera irakasgaian, eta nobela horren egitura apurtuan barna ikaslea lagundu behar izatea. Aldiz, euskaraz, Berasategik salatu bezala, liburu errazak gomendatzen dira, eta, uste dut testu liburuetan ageri diren lau orokorkeriatara mugatzen dela euskal literaturaren ezagutza, hizkuntzarekiko atxikimendua sustatze aldera, dena erraz bidean emanik.

Susmoa dut filologoak, irakasleak —barkatu, faborez— ez direla seguru sentitzen literaturarekin, eta ondorioz, hizkuntza irakastera jotzen dutela, gramatika, alegia, eta gramatikarekin hizkuntza zuzena. Zertan ematen dira euskarazko orduak? Oraindik ere, beldur naiz, hiztegia buruz ikasten, hoberenera, baldintza taulak irakasten, txarrenera.

Ematen dit euskarazko irakasleak errazago moldatzen direla hizkuntzaren ñabardurekin literaturaren gorabehera konplexuagoekin baino, lehenengoak liburua jarraitu eta gramatikaren segurtasuna bermatzen duelako; bigarrenak, gogoeta pertsonala, ikasketa, sinboloen maneiatze zaila, hizkuntzaren funtzio estetikoaren gaineko gogoeta eskatzen duelako. Errazagoa da ikasleak baldintza taulen mekanika ergelean garraiatzea ezen Haur besoetakoa-ren sinbolo sasitegi eta hizkuntza estetizatu horren zailtasunetan baino.

Norbaitek argudiatuko balit ez dagoela nobela horren eskolarako gida erabilgarririk, arrazoia eman beharko nioke, eskolari oraindik falta baitzaizkio ikasleen mailarako gidak, irakaslearen lana erraztuko dutenak. Zentzu horretan, eskertzekoak dira duela urte batzuetako Manual Literaturazkoa eskuliburu hura eta EIBZa, Nafarroako irakasleen formaziorako ikastetxea, kanon bat osatu eta ikasgeletaraino jaisteko egiten ari den ahalegina.

Nekez lortuko dugu, Rikardo Arregik iaz Hirudia saileko artikulu batean iradoki bezala, hizkuntzarekiko atxikimendua hizkuntzaren funtzio estetiko konpartitua alde batera uzten badugu, mundua beste leku batetik irakasten dizuten liburu eta testuak betiko gelditzen baitira eta taldea osatzen laguntzen baitute. Oraindik ere, eskola Ilustrazioaren baloreak sortu, transmititu eta eraikitzeko tresna dela sinesten badugu, nazioaren ala kulturaren indartzea barne, eskoletan Euskal Literatura irakatsi behar da, ikasleek jakin behar dute nor zen eta zer idatzi zuen Lizardik, Mirandek ala Txillardegik, gezurrik gabe, beste nazio batzuen ibilbidearekin konparatuz.

Orain, batuaren sorrera ospatzen ari garen 50. urteurren honetan, harrigarria da euskaldunok egin dugun bidaia, baina hori bezain harrigarria da hizkuntza eta eskola txirikordatzean egin dugun hutsa, are gehiago hezkuntza makineriaren tamaina kontuan hartzen bada. Aditzaren zorioneko taula horrek eta zuzenkeriak (onar iezadazue neologismoa) hizkuntzarekiko fetitxismoa baino ez du adierazten, eta fetitxeak, badakigu, beste zerbait ordezkatzen duten objektuak dira, hizkuntzaren egoera agonikoa, kasu honetan; Haur besoetakoa-k, aldiz, hizkuntzaren bidez, mundu ikuskera ezezagun bat erakuts diezaioke ikasleari, bizitzaren zati bat, gogoan iltzatuko zaiona. Eta talde bateko partaide egin.]]>
<![CDATA[St Aubyn]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/041/001/2018-07-01/st_aubyn.htm Sun, 01 Jul 2018 00:00:00 +0200 Juanjo Olasagarre https://www.berria.eus/paperekoa/1956/041/001/2018-07-01/st_aubyn.htm Komedia Jainkotiarra, Lorategiko Feta, Jende Ona Nekez Aurkitzen Da edo Gero bezalako literatura lanetan ezkutaturiko mikroipuinak aurkitzeagatik, idazleak beraiek ere ezin sinetsiko moduan. Aurkikuntza horixe da kontua gaur idazle baten aurkikuntzaz mintzatu nahi bainatzaizue.

Zoragarria izaten da idazle bat aurkitzen duzunean, zoragarria. Berdin izaten da idazlea oraingoa den, ala aspaldikoa, ala mundu guztiak irakurria duen zu ohartzerako, edo inork ez duen ezagutzen. Kontua da zuk halako batean, ustekabean beharbada, zurekin bat egiten duen sentsibilitatea aurkitu duzula. Idazle hori gainera trikuaren modukoa baldin bada, alegia, idatzitako liburu guztiak liburu bera baditu, eta, gustagarriagoa, liburu horiek guztiak nobela beraren parte baldin badira. Proustekin topo egin nuenean, lehengo 20 orrialdeen zailtasuna gainditurik ez nintzen atertu Denbora Galduaren Bila irakurri arte. Berdin gertatu zitzaidan Anthony Powellen Musika bat Denboraren Dantzarako nobela sailarekin. Biek ere, liburukiek aurrera egiten duten ahala pertsonaiengan denboraren higadura erakusten dute, eta horretarako orrialde ugari behar dira, eszena franko, gogoeta anitz.

Azkeneko aurkikuntzak, Edward Saint Aubynek, hala ere, ez du bi horien sentsibilitaterik, alegia, ez du denboraren higadura kontatu nahi, baina hala ere ziklo luzekoa du lana. Hiru nobelek osatzen dute gazteleraz El Padre moduan agertu zen liburukia: Berri Txarrak (1992), Ez du inporta (1992), Esperantza apur bat (1994), eta bik La Madre titulu duena: Amaren esnea (2005) eta Azkenean (2011). Patrick Melrose du izena ziklo osoak eta berriki bost kapituluko seriea egin dute telebistarako.

St Aubynek Britainia Handiko aristokrata bat zuen aita eta ama amerikar aberatsa, eta bost nobela horietan bere bizitza izan dena oinarri hartuta esnobismoa, familia hoztasuna, maitasun eza eta beste hainbat gauza latz kontatzen ditu estilo arin, zehatz eta distirantarekin. Ziklo osoa idazlearen bizitzan oinarriturik baldin badago ere, esanen nuke Patrick Melroseren nobelak ez direla autofikzioa, baizik eta fikzio hutsa, autorearen begiratzeko begirada laban lakoari esker.

Edward St Aubyn lau urtetatik zortzi urtetara bortxatu egiten zuen etengabe aitak, amak ez ohartuarena egiten zuen bitartean. Probentzako etxe zoragarri batean bizi ziren. Gerora Edward St Aubyn drogak hartzen hasi zen, eta ondoren psikoterapian aritu zen urte luzez aitarena gainditzeko.

Lehenengo nobela irakurri nuenean, bortxaketa zein elipsi delikatuarekin idatzita zegoen ikusita, ez nintzen atertu sail osoa bukatu arte; eta esan bezala, orain berriki telesaila ikusi dut, baina ez da berdin. St Aubynen gozamenaren zati handi bat hizkuntzan baitatza: «Itxaron gela moduko giroa zeinetan heriotza baitzen atzeraturiko trena»; «zertan ari zara ilargiari uluka ala bizitzaren zentzua aurkitu nahian? Ez bat ez beste —erantzun zuen Patrickek— ulu gehiegi izan da bailara honetan, eta aspaldi aurkitu genuen bizitzaren zentzua: zutik ibili eta txu egin zure etasien hilobietan»; «utzi ume izateari guraso bilakatzearen mozorroa alde batera utzita»; «gamelu bat ematen zuen ortodontzia estali nahian»; «errezelek argia arnasten zuten erietxeko gelan». Etengabe segi nezakeen aforismoa aforismoaren atzetik.

Kontua da, gainera, idazleak idatzi dituela sail horretatik kanpoko beste nobela batzuk, eta kritikariek diote ez duela inondik Patrick Melrose sailaren distiraren erdia ere erdietsi. Eta beharbada hortxe dago gakoa, Edward St Aubynek asmatu egin baitu gauza lazgarriek utzitako lorratz astuna oso modu arin, satiriko, aforistikoan kontatzen, komedia eta tragedia izan zitekeenaren arteko halako oreka neurritsu bat sortuz.

Nobela irakurri ahala etengabe zetorkidan gogora zer eginen lukeen euskal irakurleak, gizajo zein gaixoak, eskertzekoak denak, horren prosa sintetikoa eta hiztegi hautatua euskaraz eman balitzaio? Liburua utzi, segur aski. Eta horretan betikora lerratu nintzen gure literaturaren egoera txarraz eta abarraz. Barkatu lantumari bat naiz, badakit baina...]]>
<![CDATA[Udako irakurketak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2195/040/001/2018-06-03/udako_irakurketak.htm Sun, 03 Jun 2018 00:00:00 +0200 Juanjo Olasagarre https://www.berria.eus/paperekoa/2195/040/001/2018-06-03/udako_irakurketak.htm
Orduan, sofa hartatik bertatik, natura agertzen zitzaidan leihotik harantz. Berdeak horietara jotzen hasiak izaten ziren, Andia eta Beriain ageri ziren urdinkara, kilkerrek kantu egiten zuten, eta sargoria bera zoriontsu izateko manu gehiegizkoa zen. Mundua hondartzetan eta mendian egongo zen, pentsatzen nuen, ni, sofan, ezinean, nengoen bitartean.

Halako ezinegon bat gelditu zait ordutik hona udarekiko. Maite ditut oporrak, baina zoriontsu izan beharreko manu derrigorrezko hori depresioarendako mintegia izan daitekeela uste dut. Gerora, edadearekin, ikasi dudalakoan, udarako planak egiten ditut, baina erraz asko barkatzen diot nire buruari batere ez konplitu izana, nahiz eta oraindik behar ditudan plan horiek ez betetzeko aitzakiak: nobelistika hilda dagoela, esaterako, Euskal Literatura ez dagoela iraultzerik, munduari ez zaiola aspaldi literatura interesatzen, eta garrantzitsua ez dela idaztea baizik eta irakurtzea.

Aurtengo udan, hartara, idazteko plana egin badut ere, irakurtzen emango dut, eta badakit, adinak maitatzen irakasten duen modu berberaz, sofatik naturari begiratzean ez zaizkidala axola izango ez hondartza, ez mendia, ez paradisu facebooktarrak; beste nonbait egoteko batere antsiarik gabe barneratuko naiz tinta eta paperezko munduan.

Gailur Ekaiztsuak berrartuko dut, ikasturtearen katerpilar martxak arreta eragotzita alde batera uztera behartu nauen titulua. Gero El Quijote-ri helduko diot. Uste dut ez dudala osorik irakurri orduko batxilergoan zatika arakatua eta testu komentario pila egina banaiz ere. Joxean Agirreren Goldsmithen semearekin ere saiatuko naiz. Jon Ariza de Miguelen Haizeari begira, Iñaki Irasabalen Politika zikina eta Maixa Zugastiren L.L.A. eta Garazi Arrularen Gu orduko haiek zain dauzkat, eta ekinen diet. Badakit Toni Hill katalanaren nobela beltzak ere irakurriko ditudala, eta poesia liburu baten beharra izango dudala, Paul Eluard dut zain aspaldi, eta Pessoa bisitatu nahi nuke atzera berriz.

Beti harritu nau irakurtzen ez duen jendeak. Belarretan edo itsaso bazterrean etzanda, ondoan izaten ditudanean, galdetzen dut nire artean zer darabilten buruan, eta batez ere, nola jasan dezaketen horrenbeste denbora ezer egin gabean. Batzuetan, zeharka zelatatzen ditut, sudurra ageri izaten zait, kokotsaren kurba, sorbaldaren malda toalla ukitzen, haien buruekin egote luze horrek azalaraz ditzakeen arrastoen bila. Beste batzuetan, inbidia izaten diet, ez irakurtzen ez dutelako, baizik eta irakurri-behar-ez horrek lasaitasuna adieraz dezakeelako, bere garunari meditazioaren dohainak eransten dizkiodalako, alegia, hustasuna eta baretasuna, edozein garunek nahiko lukeen egoera zen-a.

Liburua pixka bat jasota, arreta handiagoz behatzen ditut batere ondoriorik atera gabe. Behin baino gehiagotan galdetu diet: zer darabilzu buruan? Ez zara aspertzen ezer egin gabe zure buruarekin egoteaz? Nola eusten diozu lasaitasunari?

Erantzunak barretik hasi, ironiatik pasatu eta harridurarainokoak izan dira. Eta horrelakoetan galdetzen diot nire buruari nire irakurzaletasuna noraino den nire buruari ihes egiteko modua. Eta gizartean dabilen, zebilen esan beharko genuke beharbada, irakurzaletasunari buruzko diskurtso ilustratu horren kontrara —irakurtzeak hobe egiten gaitu, irakurtzea beste bizitza batzuk bizitzea da eta abar eta abar— erabakitzen dut irakurtzea ere ihes bidea dela askotan, norbere buruarekin ez egoteko beste modu bat.

Norbaitek argudiatuko balit zergatik egon behar dugun etengabe geure buruarekin, onartu eginen nioke argudioa, izan ere, norbere buruarekin ez egotea ezinezkoa bada ere, ez dago zertan harekin etengabe egon beharrik.

Ikusten den bezala horren arrotz egiten zait bizitza libururik gabe, ezen irakurtzen ez duen jendeari buruzko teoria bat behar dudala haien portaera eta buru arkitektura irudikatu ahal izaten. Dena dela, ez daukat nire bizio honi dagokionez amore emateko batere gogorik, eta, esan bezala, aurtengo udan ere irakurri eginen dut idatzi beharrean; goiko liburu horiek edo beste batzuk, horrek ez du inporta, baina badakit sofan etzanda, naturak kanpoan kilkir egiten duela, egon nahi dudan tokian egongo naizela, egon nahi duen tokian egongo dela nire burua.]]>
<![CDATA[Sentimentalkeria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2195/039/001/2018-05-06/sentimentalkeria.htm Sun, 06 May 2018 00:00:00 +0200 Juanjo Olasagarre https://www.berria.eus/paperekoa/2195/039/001/2018-05-06/sentimentalkeria.htm
Desesperatzen naiz/ nire baitan/ nire baitan zigorra/ ez zaitut maite/ diot ez zaitudala maite/ eta gauez/ eta gauez zurekin amets egiten dut[...] Noizbait hilko naizela pentsatzen badut/ desesperatzen naiz/ zu ez ikusteagatik [...] Baneki/baneki ni hilik/ negar eginen zenukeela/ negar eginen zenukeela nigatik/ zure malko/ zure malko batengatik/ pozik/ pozik utziko nintzateke hiltzen».

Zer iruditzen zaizue letra? Niri horrela, lehendabiziko aldiz irakurrita, esageratuegia, sentimentalegia, mengelegia, hiperbole eskas batean oinarritua, eta, badakigu, poema txarra eta herri musikan milaka aldiz kantatua izateagatik, topikoegia.

Kopla espainiar kanta bat dela esango banizue, ados egonen ginateke Rocio Jurado, Juanita Reina edo Miguel Molinarena ematen duela, bereziki lehenengoarena, espantuka kantuz ahotsa altxaturik, imintzio ikaragarriz. Pop kanta ingeles bat dela esango banizue ere konforme zeundekete, bat baino gehiago baitago antzeko hiperboleak erabiltzen dituena maitasunaren sigi-saga malkartsuak deskribatzeko; eta are gehiago, Erroma Klasikoko edo Antologia Palatinoko poemaren bat ere izan zitekeen, Katuloren V. poema haren antzekoa, mila musuen hura, esaterako. Baina nire sentsibilitate modernorako, edo nire garai bateko ni-arendako, hobe esanda, sentikorregia da, sentimentalkeriak joa dago, eta espantu gehiegi dario.

Ildo horretan, literaturan sentimenduekin aritzeari dagokionez, nire buruari galdetu beharra diot ea noraino hezi ote nauen modernotasun muturrekoegiak, «ideia eta sentimendurik ez, gauzak baizik» lelo Carlos Williandarrak, esaterako, eta Espainiako kulturaren eraginpean bizitzeak.

Eta hala ere, eta beharbada sentimentaltasunari begiratzeko ikuspuntu modernoegitik aldendu naizelakoz, eta seguru, letra hori ageri zaidan formatua egokia zaidalako, hunkitu egiten nau kantak.

Letra, Amalia Rodriguesen Lágrima fadoarena da, eta entzuten dudanean ez deritzot batere kitsch-a. Kitsch-arekiko arbuioak, Umberto Eco eta Atxagaren hasierako hitzaldiak bide, izugarrizko garrantzia izan zuen 90eko hamarkadako euskarazko literaturan, kitsch-a horixe baitzen, irakurle-entzulea lepotik heldu eta sentitu behar zuena sentitzera behartu, horretarako elementu batzuk gehiegi azpimarratuz.

Para dezagun hegoaldekoondako adibidea, irudikatu fado hori Rocio Juradoren ahotsean; iparraldekoondako, ez nago aukeraketaz horren seguru, baina tira, Dalilarenean.

Zergatik ez zait iruditzen fado hori okaraino sentimentala? Bat, formagatik, musikak eta ahotsak, hizkuntzak berak, halako urruntasun bat ezartzen dutelako; formak esanen genuke, letraren gehiegikeria apaltzeko mekanismoa erabiltzen duelako, Joxean Agirreren Elgeta nobela zoragarriak erabiltzen duen mekanismo bera, hain zuzen. Biga, nerau aldatu egin naizelako. Oraintsu arte, beharbada Kirmen Uribera arte, sentimendu gehiegizkoa gaizki ikusita zegoen euskal narratiban, modernismo angloaren arautegiari jarraiki; sentimenduz literatura txarra egiten da, eta kitsch-a literatura txarra da predikatuak nahastu ditugula iruditzen zait. Eta, gaur egun, ez nago batere ados ez lehenengo esaldiarekin, ez eta bigarrenarekin ere, nahiz eta azken horrekin ez horren seguru egon. Gaur egun sentimenduei ihes egin dien hainbat literatura kitsch moduan irakur daitezke, ihes horren ahalegin gehiegizkoagatik. Are gehiago, ez du zentzu gehiegirik modernitatearen eraikuntzarako, eta ondorioz kanonerako, hainbeste garrantzi izan duen kontzeptu horrek, zeinak, bestalde, burgesiaren diskrezioaren balioa izan baitezakeen hondoan. Eta, ondorioz, gizonon ikuspuntua izan: sentimenduak emakumezkoen kontuak dira, gauza ez-serioa literaturarako.

Virginia Woolfen nobela gehienak sentimenduez eginak dira, psikologiaraino garraiaturiko sentimenduez, hori bai. Zer da Madame Bovary, Emmaren sentimenduak ez badira, sentimendu hitz bihurtuak.

Nik lehen uste nuen moderno izan beharra zegoela; benetako nobela modernoak, idatzi eta irakurri behar ziren horiek, sentimenduak erbesteraturik zituztenak zirela, baina ohartu naiz, epika zorionez desagerturik duen nobelistika batek sentimenduak dituela lehen gaia, ez badu estilo ariketa huts bihurtu nahi, oraindik modernitatea indarrean dagoela uste duten euskal nobelista batzuei gertatzen zaien moduan. Sentimenduak liburuetatik erbesteratzea keinua da, beldurra erakusten duen keinua, eta zentzu horretan, kitsch-a, formula hutsa, kitsch-aren kontzeptua ez den munduan.]]>
<![CDATA[Lauaxeta vs Lorca]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2195/036/001/2018-04-01/lauaxeta_vs_lorca.htm Sun, 01 Apr 2018 00:00:00 +0200 Juanjo Olasagarre https://www.berria.eus/paperekoa/2195/036/001/2018-04-01/lauaxeta_vs_lorca.htm
Gogoeta Iñigo Astizek etxe honetan Ele! Lorca-Lauaxeta Hezurbeltza taldeak proiektuaren harira egindako artikuluak sorrarazi dit. Jon Maiak, Gorka Hermosak eta Jesus Prietok sorturiko ikuskizunak Estepan Urkiagak Federico Garcia Lorcari bidalitako gutun hori du abiapuntu. Nik ez dut ikuskizunaren kritika egin nahi idazki honetan, ez baitut ikusi; iruditzen zait flamenkoa eta bertsolaritza, dantza eta bailea, akordeoia eta gitarra nahasten dituen ikuskizunak erronkaren eitea izan dezakeela, gutxienez, eta, hartara interesgarria suertatu; ez, nik Lorcak Lauaxetari erantzun ez izana aztertu nahi dut, ze beste aztarnarik ez dugunez, erantzun ez ziola erabaki beharra baitugu.

Lorca beste norabaitera begira zegoen, Lauxeta bezala bestalde, baina Lauaxetaren ikusmiran Lorca sartzen zen, alderantziz, ez, Koldo Izagirreren poeman uler daitekeen bezala: [Nik ere banuke/ -Federico, Miguel-/ Poeta baten izena ahotan hartzeko]. Gutunaren gorabehera horretan unibertsaltasuna-lokaltasuna, Espainiako kultura ofiziala-gainontzeko nazionalitateetako kulturaren arteko jokoa ageri zait niri, bere gaizki ulertu, interes gabezia, morrontza, nagusikeria eta abarrez sasiturik.

Garai hartan Lorca ez zen gaur egun den sinbolo unibertsala, baizik eta, nahi bada, sinbolo lokala bilakatzeko bidean zihoan poeta; horren seinale Poeta en Nueva York idazteko Manhattanen egindako egonaldia litzateke, edozein ikasle zein idazle ezezagunen parekoa, alegia, anonimo. Heriotzak, guda zibilak, homosexualitateak bilakatu dute Lorca sinbolo unibertsal bere poesiak bezainbeste. Lauaxetak, aldiz, lokal segitzen du mundua zein Espainiarekiko, nahiz eta hura bezala frankistek fusilatu.

Aldatu ote da Errepublika garaiko dinamika hori? Egin dezagun galdera modu grafikoagoan: zenbat euskal literatura irakurri du Pedro Almodovarrek film bat egiteko gidoi batendako ideia bila? Eta ez badu egin, zergatik ez du egin, euskal kultura arlotekeria, basakeria eta bitxitasuntzat dituelako?

Lorcaren toki berean zegoen Almodovar Trantsizioa hasi zenean, eta oraindik ere toki berean dagoela iruditzen zait, alegia, Frankok etendako modernitate prozesuan soka hartu nahian, eta ezinean, eta ondorioz, ustez moderno ez den orori ez erreparatua eginez.

Manual de literatura para canibales Rafael Reigen nobelaren tesia horixe da, Alemaniak, Frantziak, Britainia Handiak, gutxiago Italiak, markatu duten modernitatearekiko belaunaldi bat atzetik ibili dela Espainiako Literatura gazteleraduna, epigono hutsa izatera kondenaturik, eta, ondorioz, moderno konplexuak jota dagoela, gehitzen dut nik.

Zentzu horretan pozik egon beharko ginateke modernitatea eraitsi eta apurretara gutxienez ailegatu ahal izan garelakoz, modernitate zurrun batek askotan eredu frantsesa esan nahi duelako, alegia, modernitatera ailegatu ez diren kultura eta hizkuntza guztiak basak eta patois kontsideratzea.

Unibertsaltasuna beterik dago, eta Lorcarena nola Almodovarrena Espainiaren kistchez dago beterik, eta neurri horretan biak bilakatu dute kitsch hori unibertsal. Kontua da zergatik egiten ditugun guk halako legitimitate ahaleginak, ikuskizun horren produkzioa horrela irakur badaiteke. Munduan norbait izateko bururatzen zait erantzun gisa, baina Reigen nobelatik eratorritako tesiari jarraiki etxean inor ez garelako konplexua dugulako ondoriozta daiteke.

Adibide bat: duela urte batzuk ETBk Kirmen Uribe eta Mikel Urdangarinen poema errezitalak Manhantanen konkista moduan saltzen zizkigun erreportajeetan, unibertsaltasunaren desira ageri zen, eta desirarekin, konplexua.

Ez dakigu zein diren zerbait unibertsala izatera iristeko mekanismoak, merkatuaz aparte, noski, eta merkatuaren funtzionamendua arkanoa da, baina argi dago ez dela bakarrik kalitate literarioa. Lorca zein Almodovarren unibertsal bilakatzea egora politiko, bizitza eta aukeren aprobetxatzearekin loturik dago.

Nola ailegatu liteke euskal idazle bat unibertsal izatera? Konplexutik ez, jakina, eta iruditzen zait ezta Lorcari gutunak idaztetik ere, Lorcak ordezkatzen duenak, oraindik ere modernitatearen bila ari denez, ez baitu modernitate horretatik salbatuko duen elementu ez modernorik behar.

Espainiako kultura ofizialeko idazle zein artista gutxik erantzungo zioten, hartara, Lauaxetaren gutunari: «Urkiaga jauna; plazer handiz. Ez nekien euskaraz poemak idazten zenutenik. Gustura entzungo nituzke neure poemak euskaraz. Eta zeuk ere poesia idazten duzu? Zer deritzozu Paul Eluardi? Eta, Apollinaire, irakurri duzu? Hotelean izanen naiz bihar arratsaldean, zatozkit bisitan. FGL».]]>
<![CDATA[Atxaga vs Saizarbitoria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2195/045/001/2018-03-04/atxaga_vs_saizarbitoria.htm Sun, 04 Mar 2018 00:00:00 +0100 Juanjo Olasagarre https://www.berria.eus/paperekoa/2195/045/001/2018-03-04/atxaga_vs_saizarbitoria.htm Mundu-ikuskerak narratiba garaikidean hartu dudanean ohartu naiz badela halako pelea antzeko bat egungo kritikaririk interesgarrienen artean, alegia, munduan zehar bizi eta irakasten duten horien artean. Peleak, horrela dei badiezaiokegu, ez du hartzen Oteiza-Txillidaren artekoaren maila, baina pentsatzeko ematen du.

Alde batetik, Mercero legoke, eta bestetik, Gabilondo eta Atutxa; eta Mercerok berak planteatu bezala postmodernitatea versus modernitatea, antiesentzialistak versus esenzialistak (ez dut uste Gabilondo eta Atutxa esentzialista direnik), hau da, Atxaga versus Saizarbitoria.

Gorka Mercerok Derridaren filosofiaren laburpena egiten digu lehen kapituluan dyferentzia zer den zehazturik; alegia, zeinua eta esanahiaren arteko lotura arbitrarioa izateaz gain, zeinuaren esanahia beste zeinuekiko duen harremanak ezartzen du, beraz, zeinu guztiek dute beste zeinu guztien aztarna. Mercerok ongi laburtu bezala, «adierazle ororen erreferentea ez da adierazia baizik eta beste adierazi bat(zuk)». Nire hitzetara ekarriz, esentziarik ez dagoela eta dena dela diskurtsoa.

Tresneria horrekin Mercerok Atxagaren postmodernotasuna frogatzen du, Obabakoak-en «Mitoa eta Arrazoia-ren arteko mugak lausotzeak erabat deusezten baitu menperatzaile vs subalterno oposizio bitarra», hain zuzen Gabilondo eta Atutxaren akusazioa, onar bedi hitza, Atxagaren literaturarekiko. Gabilondorentzat, Atxagak exotismoa saldu du mundua literarioki konkistatzeko eta exotismo horrek berriz ere subalternotasunera kondenatzen du euskal den oro modernitatearen beste zilegiztatzaile bihurturik; alegia, Atxaga mendebaldeko modernitatea bere buruaren aurrean demokratiko azalaraztea errazten duen indio ona litzateke (azken hori nire uztako laburpena da, eta ez Mercerorena ez Gabilondorena).

Niri Atxagaren literatura ez zait kostunbrista iruditzen. Atxagak, gainera, nonbait idatzita dut, modernitatearen bukaerari —ezin da istorio gehiagorik kontatu (horretaz dihardu Azken Hitzaren Bila ipuin sailak), eta ezin denez, istorioaren istorioari buruzko liburuak idatziko ditu, horixe dira nouveau roman eta Ulises matrakosoa— irtenbide bat aurkitu dio, eta hauxe da: haur eta gazte literaturaren ikuspuntu freskoa eta teknikak egokitzea helduen literaturari, erraza zirudiena baina Atxagari bakarrik bururatu zitzaiona.

Bestelakoa da, ordea, Atxagak Euskal Herritik kanpo izan duen harrera. Merceroren argumentatze bideari jarraituz, ekoizpen kultural bat atzerriratzen denean beste mundu sinboliko batean sartzen da, alegia, inguratzen duen zeinuen sistema aldatu egiten da, eta, ondorioz, esanahia aldatu egiten da.

New Yorken (eta Madrilen) Atxaga beste moduan hartua izanen da, eta horra eztabaidaren beste elementua, Martutene bezalako nobela batek zailtasun handiagoak ditu horrela hartua izateko; izan ere, newyorktarrak pentsatzen du neurosia kontatzeko, Martutene-n neurosia da nagusi, badaudela beraiek, eta nekez egin dezakeela inork Philip Rothek baino hobeki.

Horregatik uste dut Atxaga salgarriagoa dela kanpoan Saizarbitoria baino, ez bata bestea baino hobea delako, edo bata bestea baino literarioago delako, baizik eta Saizarbitoriaren zeinua, Martutene, demagun, ez delako horrenbeste bereizten New Yorken ekoizten den literaturatik. Horixe da globalizazioaren dinamika perbertsoa.

Atzerriratze-aferaz gainera, ordea, badago interesatzen zaidan beste bat: noraino da beste Atxaga euskal kulturarendako, edo bertako erdaldunendako? Eta noraino da bera Saizarbitoria modernitatearen kinka neurotikoak islatzen dituen neurrian?

Eta hor ere, beldur naiz onartu beharra dudala, gure euskal mundu txikiaz kanpo, demagun ETB2, Radio Euskadi, El Correo, El Diario Vasco, auzoko irakurle gazteleradun elebakarrarendako Atxaga beste exotiko hori da, exotiko euskal mundu tradizionala delako haren lehengaia (esan bezala beste zerbait kontatzeko), exotiko mundu hori iragana delako jada.

Saizarbitoria, aldiz, zailagoa da bestetasunera mugatzea; Martutene-n, esaterako, ez dago bestetasunik, lehengaia mundu modernoa, goian aipatu ditugun hedabide eta irakurle horien mundu berbera da. Nola irakurtzen dute, ordea? Atxaga irakurtzen duten moduan? Eta, hala bada, nola ihes egin exotismo horri?]]>
<![CDATA[Independentzia ondoko inbentariuma]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2195/040/002/2018-02-04/independentzia_ondoko_inbentariuma.htm Sun, 04 Feb 2018 00:00:00 +0100 Juanjo Olasagarre https://www.berria.eus/paperekoa/2195/040/002/2018-02-04/independentzia_ondoko_inbentariuma.htm
Irakurri nuen lehenengo autore katalana Joan Brossa izanen zen, Poemas civiles hura. Liluraturik gelditu nintzen etxetik ibiltzeko poesia jostari harekin. Gerora sextinen liburua irakurri nion, sextina bat nola egin azaltzen zuen poema-sextina hura barne. Oraindik maiz bisitatzeko autorea iruditzen zait, denborak ez dio ezer kendu, erantsi baizik.

Gero, uste dut, Gabriel Ferraterren Las mujeres y los días-era(Les dones i els dies) ailegatu nintzen Gil de Biedma gidari. Han bazen asko ikasteko, eta kopiatzeko, maiz bigarrena egin behar baita lehenengora iristeko. Peró non mi destar poema, zeina gerora Susako antologian argitaratu baita: «Ez sartu orain. Gal zaitez/ hartxintxar kurruskatsu/ eta tristeki arrosakaran./ Zoaz gutxika. Geldi zaitez/ begiratzera zeinen iharrak dauden/ ereinotz hostoak./ Ez bilatu kolore/ argiegiko laranjak.(...)/ Utzi pasatzen hiru ordu,/ eta sar zaitezke».

Bizitza, espero ez dugun tokietan, asperretan, luzamendutan, bizitzaren atarietan dagoela erakutsi zidan poemak, eta oraindik gogoan dut.

Garai haietan argitaratu zen Gerardo Markuletak itzulitako Zenbait poeta katalan antologia: Josep Carner, Carles Riba, J.V. Foix, Joan Salbat Papasseit, Pere Quart, Salvador Espriu, Joan Vinyoli, Vicent Andres Estelles.

Hark akuilaturik J.V. Foixen Sol i de dol irakurri nuen; ze sonetoak, zer hizkuntza, hura ulertzen zuen irakurlerik bazen, Literatura Katalana edonora zabaltzekoa zen. Koldo Izagirrek prestaturiko Joan Salbat Papasseiten antologia ere garai hartan argitaratu zuen Pamiela argitaletxeak. Izagirreren itzulpen ederra gorabehera, ez dakit zer eraginen zidan orain, beharbada abangoardistegia iritziko nion, Foixi bezalaxe.

8 poetas raros erosi nuen gero. Sarrionandia, antologatuetako bat, zen nik liburua erostearen arrazoia, euskaratik gaztelerara zein ingelesera itzulitako ia dena erosteko joera alde batera utzita jakina; bertan poemen antologiaz gain, elkarrizketak zeuden (Gaur posible litzateke Sarrionandia daraman antologiarik argitaratzea Espainiako Erresuman?). Hantxe zegoen, poeta eta idazle ezezaguna: Blai Bonet. Nor zen ura baino edaten ez zuen mistiko hura?

Gerora irakurri diot boxeolari kokainomano beltz Al Browni buruz idatzitako poema zoragarri hura: «Què seria de l'home sense les bèsties?/ Si, en un moment, se n'anessin de la terra/ totes les bèsties de la terra,/ l'home cauria en una gran depressió...». Ramon Llul institutuak kultura katalana promozionatzeko egindako jiran Lou Reedek irakurri eta, geroztik, erantzungailuan paraturik zeukana.

Ondoren El coadern gris etorri zen. Zein ederki pasatu nuen, zer prosa, ze sentsualitatea, ze mediterraneoa. Uste dut Plak sortu zidala gerora dietario eta egunerokoak irakurtzeko zaletasuna, zeinari eusten diodan, hainbeste Andres Trapiello nazional katoliko antikatalanistaren Salón de Pasos Perdidos-en zale itsu bihurtu arte.

2000. urte inguruan ailegatuko nintzen Joan Margarit poeta elebidunera. Uste dut Joana zela irakurri nion lehenengoa, alaba down sindromedunari eskainitako poema liburua. Pixka bat beranduago Sol de Sal (La nueva poesía catalana). Artikulu hau idazteko azpimarraturikoak errepasatzeari ekin diot: Sebastia Alzamora, Anna Aguilat-Amat, Carles Torner, Xulio Ricardo Trigo gailego-katalana, Enric Sória, Gabriel Planella, Maria Mercé Marçal...

Ai eta Miquel Marti i Pol, zeinaren L'amor poema zeukan Andolin Eguzkitzak etxeko korridorean laukian paraturik: «Creu en el cos, per tant, i en ell assaja/ de perdurar, i fes que tot perduri/ dignificant-ho sempre amb amorosa/sollicitud: així donaràs vida».

Eta moda-modaz urteak zain neukan nobela bat irakurri dut berriki: Bearn o la sala de las muñecas, Llorenç Villalongarena. Gattopardo italiarraren pareko maisulana, erdiguneko bikote harremanak bodebil modernoaren ukitua duelako freskoa eta arina suertatzen dena. Blai Boneten El Mar-i ekin diot ondoren, eta ez nau zapuztu, hitzaurrean dioten bezala, amerikarra izan balitz deep south-eko nobelatzat joko zuten, hemen, ordea, Espainiako Erresuman, literatura katalana baino ez da, edo gutxiago, literatura mallorcarra, Bonet, Villalonga bezala, Mallorcakoa baitzen. Orain, aspaldi zain neukan Mercè Rodoredaren Diamantearen plaza-rekin ari naiz. Eta gero Vicenç Pagés Jordáren La dicha no es completa-rekin hasiko naiz. Eta gero, beharbada, aspaldian erosi, saiatu eta apalean utzitako Ausias Marchi ekingo diot.

Dena dela, badakit ordekoa eskatzea jende exkaxarena dela, baina nik literatura katalana adina euskal literatura irakurriko zuen Olasagarre katalanak? Ez dut uste. Olasagarre euskaldunarena izanen da errua, segur aski.]]>
<![CDATA[Kinkan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2195/036/001/2017-12-24/kinkan.htm Sun, 24 Dec 2017 00:00:00 +0100 Juanjo Olasagarre https://www.berria.eus/paperekoa/2195/036/001/2017-12-24/kinkan.htm Hipermerkatuan ipuinean bezala, zeinetan protagonista supermerkatuan gelditzen baita bizitzen ohartzeko argiak itzali ondoren bera bezala jende pila bizi dela bertan, hainbeste kanpoko mundua bilakatzen dela fantastiko. Joseba Gabilondok seinalatu zuen hizkuntzaren egoera diglosikoaren metaforarako ipuina, metafora eraiki behar baita askotan, Bilbon, esaterako, bat euskararen lurraldean bizi dela sinesteko.

Zentzu horretan pozez hartu nituen Bingen Zupiriaren adierazpenak kargua hartu zuenean, eta pozik hartu dut aurten Kontseiluak egindako 11 egun euskaraz, eta pozik datorren urteari begira antolatu nahi den Euskaraldia.

Lehen, nire bizitza Arbizu inguruan zenean, friki batzuk —barka, ez dut iraindu nahi, deskribatu baizik— iruditzen zitzaizkidan Euskal Herrian Euskaraz bezalako erakundeetan militatzen zutenak; gero, sinplifikatzen ari naiz, Hernani nire bizitzan sartu zenean, ohartzen hasi nintzen euskara jakitea ez zela nahiko, erabili ere egin behar zela, nire ingurukoek, ikastoletakoetako bigarren belaunaldikoak, han 70eko hamarkadan jaioak, ez zirela euskaraz mintzatzen elkarrekin, eta nahigabeko hizkuntza komisarioa bilakatu nahi nindutela. Nik, jakina, pixka bat tentatu ondoren gaztelera perfektuan erantzuten nien.

Orain, Bilbon nabilela, iruditzen zait euskaldunok elkar ezagutzeko erakusgarri bat eraman beharko genukeela lagun horrekin euskaraz egitea ahalbide dezakeelako. Hizkuntzaren sarritasunaren eremuetatik ateratzen garelarik, euskaldun guztiok gara frikiak, egoera diglosikoak friki egiten gaituelako. Friki izatea da bizitzeko modu bakarra, ongi dakit, gay izan baino lehen marikoia izan bainaiz urte askoan.

Argi dago hizkuntza politikak fruitu ugari eta on eman duela, baina denok daukagu buruan ezagutzaz harantz erabilerara jauzi egin behar dela, zenbat garen eta zer egiteko gai garen frogatzeko besterik ez bada ere.

Hezkuntzak badirudi bete duela hizkuntzaren ezagutzaren helburua —ez horrenbeste mundu sinboliko eta erreferentziala sortzearena, euskara desideologizatuegia irakatsi delako euskara desideologizatzeko?—, baina argi dago ez duela bete erabilerarena; osasunaren arloan dezente falta da ezagutza aldetik, eta are gehiago erabileraren aldetik Bilbo inguruan behintzat; eta administrazioan, berdintsu.

Nik argi ikusten dut osasunaren arloan, esaterako, erabilera bultzatu beharko litzatekeela ezagutzaren gainetik, izan ere, nire gelatik pasatu diren mediku, zeladore eta erizainek titulua lortu eta zerrendetan gora egin eta lan egiteko aukera gehiago izango dutelako datoz euskara ikastera, eta ondorioz, titulua lortzera; eta, behin lortuta, ahanzturaren kutxan sartzen dute, medikutara datozenen 0,3 bat mintzatuko zaielakoz euskaraz, eta, gainera, irakaslea izango da, neu bezala.

Erabilera saritzeko moduren bat aurkitu beharko litzateke, eta horretarako osasun langile euskaldunen—berdin da ze euskaldun, trakets, on, borondatezko, ari naiztar— identifikazio sistema eraginkor bat diseinatu. Txapa bat paparrean, kolore ezberdineko uniformea, lehengo galdera euskaraz edo dena delako sistema, eta hortik aurrerako neurgailu bat euskaraz egiten duen langilea diruz edo oporrez saritzeko.

Baina, guztiaren gainetik, eskolak euskaldundu dituen euskaldun horiek erabiltzera bultzarazi beharko genituzke. Esan bezala, arazoa, ikastolen bigarren belaunalditik dator, Hernani bezalako herri batean haien arteko harreman asko jada ez zirelako euskaraz.

Euskararen egoeraren metafora birpentsatzen hasteak, ordea, badauka arriskua. Eztabaida irekitzen den unetik hortxe agertuko dira segarekin PSE, PP eta Nafarroako Izquierda-Ezkerra bezalakoren bat orain artekoa gehiegizkoa izan dela aldarrika. Zerbait egin behar da eskakizunen kontsentsua apurtu eta harantzago joateko. Neure aldetik inozoa izan naizela aitortuz bukatuko dut artikulu hau, Bilbo Arbizu bezalakoa zela uste bainuen. Eta ez da. Beharrik frikismorako prestaturik nengoen!]]>
<![CDATA[Politika kulturala]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2195/038/002/2017-11-26/politika_kulturala.htm Sun, 26 Nov 2017 00:00:00 +0100 Juanjo Olasagarre https://www.berria.eus/paperekoa/2195/038/002/2017-11-26/politika_kulturala.htm
Proiektu hartatik, hala ere, ez zen interesgarriena eraikina baizik eta eskultore oriotarrak artea suspertu eta euskal artea munduaren mapan paratzeko zuen egitasmoa. Oteizak arte laborategia bilakatu nahi zuen eraikina, arte guztien arteko nahasketa eta kolaborazioa, bertsolariak eta (euskal) literatura barne; eta, horrela, zaharkeria dario datorrenari, artearen bidez gizakia eraldatu.

Proiektua bertan behera utzi zuten, eta, ordeko, Guggenheim eraiki zuten, ekonomiaren suspergarri, munduaren aurrean erakusgarri, eta neoliberalismoaren eredu, TopArte 20. urtea ospatzeko hemengo artista eta entitate kulturalei eman dien tratu, berriz ere, exkaxa adibide.

Guggenheimek erakusgarri egin du Euskal Herria, baina erakusgarri egin ote du Euskal Herriko kultura artistikoa, zehazki, niri gehien interesatzen zaidana, literatura? Ez ote da Guggenheim bilakatu bilakatzeaz beldur ginena?

Bernardo Atxagak Euskadi Irratian egiten dituen zutabe horietako batean proposamen bat egin zuen. Ia txantxetan, esanen nuke, esaten ari zena berak ere sinetsi gabe. Hauxe proposatu zuen: Eusko Jaurlaritzak izan beharko luke zerbitzu bat zeinak eskainiko lizkiekeen herritarrei euskal tradiziotik parada bakoitzeko beharrezko poema, testu, kanta, kondaira zein bertso. Demagun, ezkontza baterako bertso batzuk nahi ditugula, ba zerbitzu horretara deitu eta bertsoak etxera ailegatuko litzaizkiguke. Niri ideia ikaragarri ona iruditu zitzaidan, baina, esan bezala, tonu irriberak Atxagaren ideiarekiko zalantza adierazten zuen. Nire irudiko Atxaga seinalatzen ari zena, tradizioa ezagutzen ez dugulakoaz gain, zera zen: euskal kultura ezin dugula merkatuaren legeen mendera utzi, merkatuak, txikiak irentsi eta akabatu egiten dituelako.

Atxagaren irriak adierazten du gainera, gobernuan egon den partiduak, EAJk alegia, ez dakit euskal kulturan sinesten ez duelakoz, edo duen politika oro merkatuzalea delako, Merkatuaren eskuetan utzi duela urte luzeetan euskal produkzioa, eskolarekin egin ez duena, esaterako.

Zergatik ez dugu Atxagari bururatu zaion zerbitzu hori? Edo zergatik ez daukagu euskal literatura munduan zehar zabalduko duen argitaletxe entzutetsu bat? Eta, dena ez da gobernua, zergatik ez dira euskaraz argitaratzen duten etxe guztiak batu eta argitaletxe hori sortu eta gobernuari subentzioa eskatu? Areago, zergatik ez dute hori egin katalan eta galegoekin batera? Edo EAJko gobernuaren praktikak erakusten duen bezala Espainiako Erresuma baldin bada gure zelaia, nola ez du Kultura Sailburuak urte hauetan guztietan Espainiako Sari Nazionalaren antolaketaren aurrean protestarik txikiena ere adierazi? (Sari horretan nahi adina gaztelerako liburu aurkez daitezke, bakarra, ordea, beste hizkuntzatakoa).

Badu EAJk politika kulturalik euskal produkzioa merkatuen legeen menpe uzteaz gain? Zergatik ez du egin kulturarekin teknologia eta zientzia ikerketarekin, parke teknologikoak sortu eta abar, hain ongi egin duena? Eta Ezker Abertzaleak propagandaz kanpo, badu? PSEk izan du? Ahal Dugu-k badu politika kulturalik? Erantzun batzuk galderaren absurdoak berak seinalatzen ditu. Are gehiago, bertako agenteek, argitaletxe, idazle eta abarrek izan dugu politika kulturalik?

Zentzu horretan, Etxepareren kanporako argitaratze politika berriz ere merkatuaren legeen araberakoa da, itzulpenaz bera arduratu ondoren edo itzulpenik gabe saldu behar baitio idazleak, edo agenteak, liburua kanpoko argitaletxe bati, baina, Atxaga, Cano eta Uribez gain, ezagutzen duzue zuek agentea duen idazlerik? Nik ez. Edo, beste adibide bat jartzeagatik, izan daiteke Gutun ? Zuria literatur jaialdiko zuzendaria, Marisa Blanco, ez-euskaldun bat, bere kazetaritza kultura urteak gorabehera?

Idazle jendea, nik ezagutzen dudanaren arabera, oso jende erresumindua izateaz gain, bakoitza bere koroiarekin ibiltzeko jendea da (zer koroiak batzuenak, aizue!), eta horrela izan behar du, sormenak (ai ze hitza!) askatasuna behar baitu (a zer esaldia!). Baina politika kulturala, planifikatu egin behar da. Are gehiago kultura horretako hainbat ekoizpen hizkuntza gutxitu batean egiten badira. Zentzu horretan uste dut Eusko Jaurlaritzak (Nafarroako Gobernuak eta Akitaniako Eskualde Kontseiluak ere bai) diskriminazio positibo handiagoa egin beharko luketela euskarazko ekoizpenekin, eta nazio ikuspuntua izango lukeen politika kulturala diseinatu, barnerako zein kanporako. Horrela, gainera, Fernando Aranburuk arrazoia izango du behingoan. Baina iruditzen zait gobernuan dagoen partiduak ez duela gehiegi sinesten euskal kulturan. Arlotetzat izan eta bere burua arlote agertu nahi ez duelako?]]>
<![CDATA[Tropelekoak metonimia gisa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2195/046/001/2017-10-29/tropelekoak_metonimia_gisa.htm Sun, 29 Oct 2017 00:00:00 +0200 Juanjo Olasagarre https://www.berria.eus/paperekoa/2195/046/001/2017-10-29/tropelekoak_metonimia_gisa.htm tropelero batek Euskal Sistemaren eremuaren barruan? Hiru aukera ditu, bueno, lau, baina laugarrena...

Lehenengoa, Aingeru Epaltzarenak esan; bigarrena, Jokin Muñozenak isildu; hirugarrena, Gil Berarenak jo. Lehenengoa argitzeko eskatu ditut etxe honetan 2003. urtearen inguruan idazle nafarrak egindako adierazpenak, baina garzonkeriak zio, ez daude; buruz ariko naiz, beraz, interesatuak eta irakurleak barkatuko didalakoan. Epaltza, irakurleak eta, orohar, sistema literarioak eskaintzen zion arreta gutxiaz kexatzen zen adierazpen haietan. Bigarrena, Jokin Muñoz, isildu egin zen, eta pribatuki soilik adierazi du isildu dela. Gil Berak danbatekoa joz alde egin zuen hautsak harrotu ondoren.

54 urteko idazle tropeleroari batetik bestera ibiltzen zaio gogoa, epaltzatik muñozera, muñozetik gilberara eta buelta, ordenadorearen aurrean kateaturik egiten ari denaren hutsaltasun eta absurdoa tartekatzen zaiola, Etxepareren izpiritu Institutuan haragituak salbatuko duelako esperantzatan.

Tropelekoak, gizonak denak, emakumeek ezin baitute definizioz emakume baino ezer gehiago izan, larrutik pagatzen ari dira aita hil ez izana, aitak, Atxaga-Saizarbitoriaren belaunaldiak, ez baitu aita izateari uzteko eta semeekin erreleboa txandakatzeko batere asmorik. Esanen genuke euskal literaturaren Charles printzeak direla; erresuma hortxe dute, baina aitak, Elisabeth erreginak ez du erretiratzeko asmorik. Emanen zuen Edipo konplexu konpondu gabeko hori hemengo sistema literarioaren ezaugarria zela, baina Rafael Rey edo Antonio Orejudok aurreko belaunaldiarekiko duten harremana ikusirik, areago iruditzen zait Estatu Espainiarra Trantsizioan modernitatearekin lehiatzeak eragindako arazoa. Zer-nola kendu aginte makila modernitatea ekarri zuten horiei, tropelekoen asmorik behinena modernoak izatea baitzen?

2000. urtearen inguruan jada ikus zitekeen historiak tropelekoen gainetik jauzi eginen zuela. El relevo ha llegado erreportajeak (Deia, Ana Ramos Bilbao; barkatu hemen ere ez dut datarik) zera erakusten zuen: Kirmen Uribe, Harkaitz Cano, Urtzi Urrutikoetxea, Julen Gabiria eta Unai Elorriagaren argazki dotorea; eta Atxaga, Izagirre, Lertxundiren ondorengoak zirela zehazten zuen. Euskal Literaturaren sisteman, horrela, gizon idazle belaunaldi bat astolana egitera kondenaturik dago, aspirante eternoak izatera, idazten dutena idazten dutela.

Linbo horretan galduta, tropeleko idazleak bere buruari galdetzen dio zergatik jarraitzen duen ordenadoreari kateaturik; gaztetan nartzisismoa eta esperantza zituen akuilu, baina 50 urteen inguruan nartzisismoa ergelkeria da, eta esperantza iragana. Diruagatik, behintzat ez da (badakit euskaldun progreen artean diru kontuak aipatzea ez dela pollita). Izan ere, Euskadi Saria irabazitakoek kenduta —gutxi dira— 6.000 eurora ez da ailegatuko bi poema liburu, nobela bi eta saio bat idatzitako tropelero batek irabazitako kopurua. Horretan ere erreleboek aurrea hartu diete; adibidez, Asier Serranok, Lubaki Bandako batek, 50.000 euro adina erauzi dizkio Euskal Sistema literarioari hiru poema libururekin, tropelari batek amestu ere egingo ez lukeena.

Arazoa areagotzen da munduaren eta euskararen martxa ikusita. Gaur egun Proust argitaratzea ezinezkoa litzateke; zer esanik ez Berlin Alexanderplatz. Literatura, jakina da, arte izateari utzi eta entretenimendu bilakatu da munduan eta hemen; irakurleek gauza errazak nahi dituzte, utikan beraz, abangoardietatik eratorritako teknika literarioak; istorioa zuzena izan behar da, ordena kronologikoan kontaturik; eta hizkuntza erraza, eta sintaxia esaldi laburrekoa. Euskal idazleak bi ezaugarri horiek zaildu nahi baditu, esaterako istorioa aurrera atzera kontatuz eta sintaxian, demagun, pentsamenduaren sigi-sagak imitatuz, hieroglifiko bihurtzeko arrisku handia du. Are gehiago tropelekoa bada, tropeleroak izan ez baitu normaltasunetik at dauden ezaugarri literario horiek ezartzeko autoritaterik.

Charles horiek guztiek galdetzen diete beren buruari aparretan dabiltzanak, Atxagak, Canok, Uribek ez ote dieten galdetzen beren buruari zer egiten duten euskal literaturan. Galdera horiek eurenak bakarrik ote diren. Eta hartara, tropeleroak daukan kokapen subsidiarioa baliatuz erabakitzen du Euskal Literatura osoa dela tropela Munduko Letren Errepublikan, zeina, bestalde, gainbehera etorria dagoen.

Zer egin? Epaltzarenak esan? Muñozenak isildu? Gil Berarenak jo? Laugarren aukera Montoiarena da. Baina Montoia musikoa ere bada, eta agertokiek asko betetzen dute bat.]]>
<![CDATA[Zonbiak, fantasmak eta beste bizidun batzuk]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2195/048/002/2017-10-01/zonbiak_fantasmak_eta_beste_bizidun_batzuk.htm Sun, 01 Oct 2017 00:00:00 +0200 Juanjo Olasagarre https://www.berria.eus/paperekoa/2195/048/002/2017-10-01/zonbiak_fantasmak_eta_beste_bizidun_batzuk.htm beste kasta sortu du, dela mamu, dela extralurtar, dela zonbi, dela animalia; maiz, gainera, beste kasta horrek eragindako kontraesanak, politikoez harantzago, ontologikoak bihurtu ditu, bide batez, ontologiaren izatea arraso politikoa dela azalaraziz.

George Orwellen Abereen Etxaldea-z eta Henry Jamesen Koxka bat estuago-z akordatzen naiz, baina baita ere hainbat filmez: District 9 hegoafrikarra, Train to Busan korearra, I am a hero japoniarra, Cleverman serie australiarra, Contracorriente film perutarra non armairutik ateratzea bezalako ekintza politikoa argi berritan ageri baita pertsonaietako bat fantasma delako; are gehiago, behartzen banauzue Prousten homosexual guzti horiek ere beste kasta bat diren neurrian zonbi moduan uler litezke.

Mamuek, zonbiek, estralurtarrek zalantzan paratzen dute errealitatea, eta gaur egun, egia ondoaren garai hauetan, argitu egiten dute gezurra eta egiaren arteko muga, mundu erreala deitzen dugun hori fantasmal bihurtuz, izenondo atxagiar bat erabiltzearren.

Euskal Herriaren Zera kontatzeko Hamaika Pauso, Gizona bere bakardadean, Bizia Lo, Boga boga, Azken afaria bezalako nobeletan errealismoa erabili da, nagusiki; Zalduak berak ere, beste gai batzuk ukitzerakoan zientzia fikzioa eta beste mundu batzuen sorrerara jo duenak, Euskal Gatazka argitzeko orduan, errealismora jo du. Ez dago, beraz, nik gogoratzen dudala behintzat, denbora honetaz eta heriotzaz harantzagoko mundurik erakusten duen euskal nobelarik gai horri dagokionez (egia da Bizia Lo ipuin liburuko azken ipuina modu fantastikoan uler daitekeela).

Duela urte batzuk argitaraturiko nobela bat berrirakurtzean bururatu zait gogoeta. The Twelve. Stuart Neville. 2009( Los fantasmas de Belfast). Bertan, Gerry Fegan IRAko militante hiltzailea bere biktimen fantasmez inguraturik bizi da Stormonteko negoziazioen garaian; biktimek mendekua eskatzen diote eta nobelak hilketak agindu zituzten politiko, militante eta agente ezkutuak banan bana nola akabatzen dituen kontatzen du. Nobelaren bukaerak sor dezakeen iritzi moralari buruzko eztabaida alde batera utzirik, Nevilleren nobela fantastikoak ohiko nobela errealista batek baino askoz hobe islatzen du Ipar Irlandako gatazkak eragindako min hura guztia.

Biktimen mendeku goseak bultzatzen du nobelaren tempo narratiboa, eta aldi berean haien eite espektralak pixkanaka nobelaren tonua tindatuz doaz harik eta, une batetik aurrera, errealitatea erabat fantasmala bihurturik, errealitatearen eta fantasiaren arteko muga ezabatu arte.

Nobela irakurri dudan bigarren aldi honetan, lehengoan baino argiago agertu zaizkit hemengo egoerarekiko antzekotasunak, lehendabiziko aldi hartan oraindik Euskal Gatazka, ofizialki, bederen bizirik zegoelako, eta egun, Euskal Gatazka Euskal Gatazkaren espektroa baino ez delako. Espektroa diot gehienok ere atzean utzi, ahaztu eta ez gertatuarena egin nahi diogulakoz (Jokin Muñozen Joan Zaretenean (1997) nobelan — ez-fantastikoa hemen erabiltzen ari garen terminologiari dagokionez— badago gerora errealitate materiala, dei diezaiogun horrela, espektro bilakatuko delako iragarkia-edo. Protagonistaren ahotsean laurogei eta hamar hamarkadan leku guztietan ageri ziren presoen argazki erraldoiak erabat mamu bihurturik ageri dira, errealitate materialik gabekoak, gaur egun Euskal Gatazkaren modura).

Iban Zalduak esan duen bezala, hemendik aurrera Euskal Gatazka literatur gai topiko bihurtzeko arriskuan dago, hala nola bolada batean Gerra Zibilari buruzko literatura estatu espainiarrean. Erreparatu, bestela, Fernando Aranbururen Patria-ren arrakastari. Eta topikoak, jakina da, ez du balio errealitatearen ertz eta ilunkerak, une batez bada ere, argitzeko. Topikoak topikoa indartzen du.

Irudika dezagun Nevilleren nobelaren antzera, Lasa eta Zabala berpiztu eta Bidarteko ETAko buruzagien kontra hasi eta banan bana hiltzen dituztela. Eta gero beste biktima batzuekin bat eginik Euskal Gatazka usteltzen utzi duten politikoak akabatzen dituztela; eta gero herritarren kontra egiten dutela, lehengoko eta oraingo isiltasunagatik. Biktimen eta hiltzaileen gorpuak gorputz bihurtzen hasten dira. Gotorleku batean elkartzen dira. Hura setiatzera abiatzen da Euskal Herriko populazio guztia zonbi bihurturik. Nobela bukatzean arazo zonbi bat dugula ohartuko ginateke. Atzean utzi baina konpondu ezean noizbait odola xurgatuko digun arazo bat. Zein dira zonbiak?]]>
<![CDATA[Gutako bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2093/022/002/2015-05-19/gutako_bat.htm Tue, 19 May 2015 00:00:00 +0200 Juanjo Olasagarre https://www.berria.eus/paperekoa/2093/022/002/2015-05-19/gutako_bat.htm
ETB izan zen lehena antzezte kontu horretan, Glencree dokumentala, edo El Perdon edo Reconciliación bezalakoekin. Aurrekoan Salvados programan Iñaki Rekarte ikusi genuen zergatik hil zuen azalduz. Banan-banan joan zen aletzen Rekarte zergatik sartu zen ETAn, zer egin zuen kartzelan, bere bizitza horrelako kausa bati eskaintzearen hutsaltasuna, nola atera zen. Bat egon daiteke ados Rekarterekin, edo ez ados, edo partziala iritzi, edo alderdi batzuk aipatu gabe utzi zituela adierazi, edo etarren asmo altruista aipatu gabe utzi zuela azpimarratu, edo bizitza alferrik galdu duela dionean bat ez etorri —bizitza berea da, eta berak bezala jokoan jarritako norbaitek baino ezin du epaitu— baina inork ezin du ukatu: isiltasunetan, saminean, hitzen atontzean Rekarteren egia ageri zen.

Horregatik egiten zaizkit horren harrigarriak nahiz ados ez egon, testigantza errotik arbuiatzen dutenak, bereziki, Ezker Abertzalekoak. Ez dago Rekarteren testigantzan ezer baliagarririk gertatu zenari buruz? Ez dago zalantza bakarra ere Trantsizio guztian borroka armatuaren bidea bide okerra izan zitekeelakoari buruz? Ez abertzaletasunaren zati horrek beste bide batzuk aukeratu —nazioaren eraikuntza kulturaren bidez, demagun— izan balitu izan zitekeenaz? Ez gure izenean hil izanak noraino egin gaitu gu hiltzaile gogoetaren inguruan erreflexio bakarra ere? Batzuetan irudi-tzen zait Baketzea eta Adiskidetzea berriketak direla, hemen inork ez duela autokritikarik egin nahi, besterik gabe segitu nahi dutela bidearen porrotaz hausnartu gabe. Euskal Gatazka deitu den horren baitan gertaturiko atentatu, tortura, hilketa eta abarren asteroko programa bat irudikatu dut nire inuxentean, eta gero taberna, lan eta inguruko eztabaida, halako dolu kolektibo bat, Rekarterena bezalako egiekin baina entzunak entzuna, gero eta ezinago iruditzen zait. Segi dezagun gurean, gurea izate hutsagatik zuzen eta on baita.]]>