<![CDATA[Julen Etxeberria | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sat, 01 Apr 2023 23:01:50 +0200 hourly 1 <![CDATA[Julen Etxeberria | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[«Oso harro gaude»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1951/025/001/2023-04-02/oso_harro_gaude.htm Sun, 02 Apr 2023 00:00:00 +0200 Julen Etxeberria https://www.berria.eus/paperekoa/1951/025/001/2023-04-02/oso_harro_gaude.htm
Osaba, aitabitxia eta botileroa; lau eta erdian eta buruz burukoan. «Egia esan, ez dakit zergatik esan zidan botilero izateko; Gontzalek [Urionabarrenetxea, Elordiren prestatzaile fisikoa] eta Jokinek [Etxaniz, Aspeko zuzendari teknikoa] nik baino askoz gehiago dakite kirolaz eta pilotaz. Pentsatzen dut lasaitasuna helaraziko zion gertuko norbait nahi zuela. Lagundu ahal badiot, ni pozik».

Kantxako aulkian eserita, ilobaren gorakadaren lekuko pribilegiatua izan da; lau eta erdian onenei irabazten ikusi du: Joseba Ezkurdiari eta Unai Lasori, besteak beste. «Gozatu egin dut, baina baita sufritu ere. Batzuetan, batez ere, une zailetan, ez da erraza asmatzen zer esan. Altunaren aurkako finalerdietan ez zen ondo aritu, baina Altuna Altuna da. Halere, txapela kentzeko txapelketa egin zuen. Lan eder horrek, gainera, saria izan zuen: lehen aldiz binakako nagusia jokatzea; norekin, eta Zabaletarekin. Sekulako poza hartu genuen familian».

Binakakoan ez da izan botilero, baina «asko» hitz egin du ilobarekin, eta behin baino gehiagotan joan da frontoira hura ikustera. «Bikain» aritu dela dio, «onenen pare». «Asko hobetu du defentsan, eta pilotari abiadura handiagoa ematen dio, eskuinez zein ezkerrez. Buruz, berriz, heldu egin da. Harrituta geratu nintzen partida batean ikusi nuenean bera ari zela gomendioak ematen Zabaletari».

Lehen aldia izan arren, «oso erregular» aritu dela azpimarratu du. Hala da: hamazazpi partida jokatu ditu, eta bakarrean aritu da eskas, finalerdietako ligaxkako bigarrengoan, Unai Lasoren eta Ander Imazen aurka, Labriten. Tentsioak jota, ezinean aritu zen hasi eta buka. Txakartegik uste du «normala» dela. «Txapelketa luzea da, eta normala da egunen batean huts egitea. Nik neuk uste nuen lehenago huts egingo zuela. Baina azkeneraino ez du huts egin. Gainera, buelta eman zion, eta oso ondo aritu zen azken partidan, Bilbon. Finalean ere ausart jokatu behar du, eta Zabaletarekin bikotea egin. Orain arte, oso ondo moldatu dira elkarrekin».

Txakartegik ez du huts egingo, eta Iruñean izango da gaur, Nafarroa Arenan (17:00, ETB1). Ilobak aurrenekoz irabaz dezake Lehen Mailako txapel bat, eta familian ez du ezerengatik galdu nahi. «Han izango gara denak; non bestela? Mallabitik ere autobus bat joango da, eta joango ez direnentzat pantaila erraldoi bat jarriko dute herrian. Giro ederra egongo da».

Itxaropentsu dago: «Bikoterik onena izan dira Aitor eta Zabaleta. Lehen ligaxkan bezala jokatzen badute, faborito argiak dira. Txapela irabazten badute, sekulako poza hartuko dugu Aitorrengatik. Hala ere, txapela irabazi edo ez, gu beti egongo gara oso harro».

Ogitartekoa eta pilota

Gozatzen ari da Elordi, eta gozatzen haren inguruko denak. «Ilusio handiz ari gara bizitzen azkenaldian Aitorri gertatzen ari zaion guztia. Txikia zenetik ibili gara harekin aurrera eta atzera; asko sufritu eta gozatu dugu harekin, eta, orain, onenekin zein ondo ari den ikusteak sekulako poza ematen digu». Haren ustez, gertatzen ari zaion guztia «ondo merezia» du. «Badirudi pilotarien lana dela frontoira joatea, ordubete jokatzea, eta kito. Baina horren atzean lan handia dago, ordu pila bat sartu behar dira, eta sakrifizio asko egin. Aitorrek asko egin ditu. Lan handia egin du, eta orain, ereindakoaren fruitua jasotzen ari da».

Atzera begiratu du, eta irribarretsu gogoratu du nola piztu zitzaion pilotazaletasuna Elordiri. «Nire aita, Aitorren aitona, haren bila joaten zen eskolara, eta beti eramaten zuen ogitarteko bat eta pilota bat. Eskolatik zuzenean joaten ziren frontoira, pilotan jokatzera». Herriko pilota eskolan ere aritu zen, eta laster hasi zen nabarmentzen: «Bi eskuekin moldatzen zen ondo. Hala ere, guri gustura aritzeak axola zigun, eta Aitor oso gustura aritzen zen; zaletasun handia izan du beti».

Ondoren etorri ziren gazte mailako txapelketak, afizionatuenak, profesionaletako debuta, iritsi berrien ordainsaria, lehen txapelak eta gora iristea. Txakartegik nabarmendu du hastapenetako ilusioari eusten diola, eta arrakastak ez duela aldatu. «Oso umila da. Txapela irabazita ere betiko lagunei eutsiko die. Ez da aldatuko, ziur. Beti izan da pertsona oso ona: hamarrekoa».]]>
<![CDATA[Nagusia oso pozik daukate]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1944/026/001/2023-04-02/nagusia_oso_pozik_daukate.htm Sun, 02 Apr 2023 00:00:00 +0200 Julen Etxeberria https://www.berria.eus/paperekoa/1944/026/001/2023-04-02/nagusia_oso_pozik_daukate.htm
Baikok apustua egin zuen bigarren urtez jarraian Unai Laso eta Ander Imaz batera jarrita. «Argi» izan zuten. «Iaz, sekulako txapelketa egin zuten; oso bikote indartsua osatzen dute». Halere, onartu du iaz baino «gorabeheratsuago» aritu direla. «Batetik, Unairi kosta egin zitzaion hasieran bete-betean aritzea; eta, bestetik, Ander eskuko minez aritu da [arrazoi horregatik ez zituen jokatu lehen ligaxkako azken hiru partidak]. Txapelketa luzea da, eta gauza asko gertatu ohi dira: lesioak eta sasoi hobeagoa edo okerragoa izatea, besteak beste». Baina «oso pozik» dago txapelketak aurrera egin ahala, «gora» egin dutelako. «Gero eta hobeto aritu dira, bikote hobea egiten, eta une erabakigarrietan oso ondo aritu dira. Finalerdietako ligaxka ederra egin dute; horregatik daude finalean».

«Bikote osoa» egiten dutela azpimarratu du. «Unai buruz buruko txapelduna da; erritmo handiz aritzen da beti, lan asko egiten du, pilota txar asko kentzen dizkio Anderri, eta tantoa azkar bukatzen du. Txinpartarekin dago; azkeneko partida da txapelketan jokatu duen onena. Ander, berriz, berme handiko atzelaria da: oso segurua da, aurrean oso ondo ukitzen du pilota, eta orain, eskuak ondo dituenez, sendoago ari da».

Azken bi binakakoak kontuan hartuta, zortzi hilabete egin dituzte elkarrekin Lasok eta Imazek; ordu asko dira, eta hori «igarri» egiten dela azaldu du Olaizolak. «Halako txapelketa luze batean oso garrantzitsua da harreman ona izatea; biek batu behar dute; bat oso ondo ari bada, eta bestea, aldiz, gaizki, nabarmen geratzen da. Unai eta Ander oso ondo ari dira kantxan eta kantxatik kanpo. Bikotea egiten ari dira».

Haiengandik gehien baloratzen duena da «oso langileak» direla. «Kirol zuzendari moduan, asko baloratzen dut lan egiteko eta entrenatzeko gogoa eta grina bizia, eta Unai eta Ander hamarrekoak dira horretan; berdin dio noiz eta non, beti daude prest entrenatzeko, eta hori oso garrantzitsua da».

Imazek ia zortzi urte daramatza profesionaletan, eta Lasok, ia zazpi. Biekin aritutakoa da Olaizola, hura pilotari zenean. Lasori «hasieratik» atzeman zion «pilotari oso ona» izango zela. «Oso oldarkorra zen, eta gauzak azkar egin nahi zituen», gogoratu du. Geroztik, «jauzi handia» egin duela nabarmendu du. «Asko hobetu du arlo fisikoa, eta hori oso garrantzitsua da. Kolpe indartsuagoa du ere bai; min egiten du. Buruz ere indartsuagoa da, eta esperientzia hartu du, batez ere, partida garrantzitsuak jokatzen. Oso ondo aritu da norgehiagoka horietan, eta horrek konfiantza handia eman dio bere buruan».

«Asko» du berezkotik. «Sotamanoa, gantxoa... baina nik bi kolpe nabarmenduko nituzke: bata, eskuinez, botera egiten dituen zuloak; eta, bestea, defentsan, nola atzeratzen duten pilota eskuinez tauletatik. Dohain oso onak ditu, baina langile petoa da ere bai; beti dago prest entrenatzeko. Horri esker iritsi da gora».

Harreman estuagoa du Imazekin. «Aspaldi ezagutzen dugu elkar, eta beti ondo moldatu gara; ohikoa da goizuetarron eta oiartzuarren artean». Binakakoa elkarrekin jokatutakoak ere badira, 2018an: finalerdietako ligaxkara iritsi ziren, lehen bi partidak irabazi zituzten, baina hirugarrena galdu, eta tanto bakar batengatik ez ziren sailkatu finalerako. «Pena handia izan zen, baina oso gustura aritu ginen. Hori dela eta, asko pozten naiz Anderrengatik, bai iazkoarengatik, baita aurtengoarengatik ere. Merezi du».

Haren «erregulartasuna» azpimarratu du. «Ondo jokatzen du urte osoan». Hiru eta erdi eta lau eta erdi koadroen artean daukan kolpea ere nabarmendu du.

«Ez dute abantailarik»

Lasok eta Imazek ez zuten jokatu finalerdietako ligaxkako azken partida, eskuetan mina zutela argudiatuta. Halere, Olaizolaren iritziz, horrek ez die mesederik egin. «Ez du balio. Eskuetan mina zutenez, ez zituzten erabili astebetez. Nahiago nuen ligaxkako bigarren partida ondo bukatu eta hirugarrena jokatu izan balute. Pilotariak hobeto jokatzen du kantxan eta bolada onean dagoenean. Espero dut finalera ondo iristea». Ez daukate arantzarik ateratzeko. «Inoiz ez da aipatu iazko finala».

Olaizolak behin eta berriro esan die Lasori eta Imazi euren lanari erreparatzeko. «Lehia zaila izango da: Zabaleta da alderik handienak egin dituen pilotaria, eta Elordik ondo jokatzen badu, oso zaila izango da haiei irabaztea». Baina «itxaropentsu» dago. «Finalak egun horretan ondoen dagoenak irabazten ditu. Edozer gerta daiteke. Garrantzitsuena da oso ondo iristea. Nire ustez, Unaik eta Anderrek euren lana egiten badute, guretzat izango da txapela». ]]>
<![CDATA[Osasunak berdindu egin du Espainiako Kopari heldu aurretik]]> https://www.berria.eus/albisteak/226305/osasunak_berdindu_egin_du_espainiako_kopari_heldu_aurretik.htm Sat, 01 Apr 2023 16:10:24 +0200 Julen Etxeberria https://www.berria.eus/albisteak/226305/osasunak_berdindu_egin_du_espainiako_kopari_heldu_aurretik.htm <![CDATA[«Txapela irabazten badugu, Xabirentzat izango da zati bat»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1857/020/001/2023-03-30/txapela_irabazten_badugu_xabirentzat_izango_da_zati_bat.htm Thu, 30 Mar 2023 00:00:00 +0200 Julen Etxeberria https://www.berria.eus/paperekoa/1857/020/001/2023-03-30/txapela_irabazten_badugu_xabirentzat_izango_da_zati_bat.htm
Pasatu zaizue pena?

Pixkanaka ari da pasatzen. Inoiz ez duzu nahi halako zerbait gertatzea. Gainera, Xabi enpresakidea da, eta ordu asko egin ditut harekin. Ez da batere polita lagun bat horrenbeste sufritzen ikustea.

Nola zegoen?

Gaizki, eta oso-oso triste; edonor egongo litzateke horrelakoa antzeko zerbait gertatuz gero: aukera ederra zuten finalerako sailkatzeko, eta Xabik lehen aldia izango zuen. Oso-oso gogorra da lesio bategatik horrek guztiak ihes egitea.

Nekez kontsola daiteke halako zerbait pasatu zaion norbait.

Ezinezkoa da; hitzak sobran daude. Besarkada handi bat ematea da egin dezakezun bakarra. Eta horixe egin genuen.

Zerbait agindu zenioten?

Berak badaki Aitorrek eta biok barruan daukagun guztia emango dugula txapela irabazteko, eta, irabazten badugu, zati bat berarentzat izango dela.

Lau final jokatu dituzu zuk. Badakizu zenbat kostatzen den finalera iristea, eta zenbat gozatzen den hara iritsita.

Bai, eta sekulako mina eman behar du lesio batengatik gabe geratzeak. Gainera, Xabi oso ondo ari da aspaldian; izugarri saiatu da, eta oso kolpe handia izan behar du halako zerbait gertatzeak lehen aldiz final batera iristeko horrenbeste lan egin ondoren.

Sentsazioa duzue haiek jokatu behar zuten finala jokatuko duzuela?

Ez. Pena handia da gertatu zena, baina Aitorrek eta biok sekulako txapelketa egin dugu. Hau kirola da, eta aurrera egin behar da.

Partida amaieran esan zenuen ez zinela batere gustura aritu; horrenbeste, zalantzan jarri zenuen finala jokatu ahal izango zenuenik. Zer moduz zaude?

Askoz hobeto nago. Partidan, ez nintzen batere gustura aritu; tripako mina izan nuen. Asko sufritu nuen, asko nekatu nintzen, eta kolpe txar batzuk hartu nituen. Baina astelehenean masajistan egon nintzen, eta sekulako lana egin zuen. Pentsatzen dut gero eta hobeto egongo naizela.

Elordi eta zu ikusgarri aritu zineten finalerdietako ligaxkako bigarren partida jokatu arte: hamabost partidetatik hamahiru irabazi zenituzten. Baina Elordi eskas aritu zen Unai Lasoren eta Ander Imazen aurka, eta zu, Altunaren eta Tolosaren kontra. Zergatik bat-bateko txakalaldi hau? Luze egin zaizue txapelketa?

Kasualitatea da. Txapelketa oso luzea da, eta bikote guztiek izaten dituzte gorabeherak. Ezinezkoa da oso ondo jokatzea partida guztiak. Espero dut finalean biak gustura aritzea, eta gozatzea.

Zer esan zenioten elkarri igandeko partida bukatzean?

Pena zela gertatu zena, baina aurrera begira jarri behar genuela, finalari begira, eta, hura ondoen prestatzeko, lasai egon behar genuela, eta lana ondo egin. Eta finalean, beste horrenbeste: lasai atera behar dugu, eta barruan dugun guztia eman. Guk ezin dugu kontrolatu inguruan dagoen beste guztia. Beste bikoteak asko jokatzen du, eta haiek ere irabazi egin nahiko dute.

Azkeneko bi partidek zalantza eragin dizuete?

Ez. Berriro diot: gauzak lasai hartu behar dira, eta zalantzarik ez izan; ez ditugu. Elordik sekulako partida egin zuen igandean. Nik, ordea, egun txarra izan zuen, baina espero dut gorputzari buelta ematea eta ondo aritzea.

Erakutsi duzue biak ondo zaudetenean oso bikote indartsua zaretela.

Hala da, eta horri heldu behar diogu. Bikotea osatu behar dugu berriro; hori da garrantzitsuena binakakoan. Ez dugu ahaztu behar aurretik egindako guztia. Azken bi partidetan okerrago aritu arren, oso gustura ari gara elkarrekin.

Nola ikusi duzu bikotekidea? Bikain ari da lehen aldian.

Aitor oso ondo aritu da; hamazazpi partida jokatu ditu, eta, bat edo bi kenduta, onenen pare aritu da beti. Oso alai eta gogotsu dabil.

Nola ikusi duzu zeure burua?

Egin izan ditut txapelketa hobeagoak, baina ez naiz gaizki aritu; denetarik egin dut: batzuetan oso gustura aritu naiz, eta beste batzuetan, sufritu egin dut. Gustura nago egin dudan txapelketarekin.

Lasoren eta Imazen aurka jokatuko duzue finala. Zer itxura hartzen diozue lehiari?

Oso partida gogorra da; haiek beti heltzen diote partidari, eta barruan duten guztia ematen dute.

Zuek baino astebete gehiago izan dute atseden hartzeko. Abantaila da hori?

Ez dakit zehazki nola bukatuko zuten gure aurkakoa, baina abantaila da astebete gehiago izatea atseden hartzeko. Halere, ez diogu horri erreparatu behar. Ahalik eta ondoen iristeak axola behar digu guri.

Nola aritu dira Laso eta Imaz?

Imazek ez ditu jokatu zenbait partida, baina jokatu dituen ia guztietan aritu da oso sendo. Lasok, berriz, erakutsi du egun ona baldin badu lehia hauts dezakeela.

Hori eragoztea izango da lehentasuna?

Guk gure jokoa egin behar dugu, eta saiatu behar dugu bai Lasori, bai Imazi min egiten.

Aurreko lau finalak Bilbon jokatu dituzu. Hau, berriz, Iruñean jokatuko duzu, etxean. Pozik?

Oso. Etxetik gertu da, eta etxekoek aukera gehiago dute frontoira joateko. Etxean bezala ariko naiz.

Bizkaia frontoiaren aldean, beste berezitasun batzuk ditu?

Uste dut pixka bat biziagoa dela, eta lurra, gogorragoa. Laurontzat da frontoi ona pilotan aritzeko.]]>
<![CDATA[«Ez dut ikusi iazko finala, eta ez dut ikusteko asmorik»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1857/019/001/2023-03-29/ez_dut_ikusi_iazko_finala_eta_ez_dut_ikusteko_asmorik.htm Wed, 29 Mar 2023 00:00:00 +0200 Julen Etxeberria https://www.berria.eus/paperekoa/1857/019/001/2023-03-29/ez_dut_ikusi_iazko_finala_eta_ez_dut_ikusteko_asmorik.htm
«Gozatu egin behar dut. Agian, ez dut berriz biziko halako zerbait», esan zenuen iaz, lehen aldiz finala jokatu bezperan. Urtebeteren ostean, berriz bizituko duzu halako zerbait.

Bai, eta izugarri pozik nago. Oso zaila da finalera iristea, eta bigarrenez jarraian lortu dugu. Iaz, esperientzia itzela izan zen, eta sekulakoa da berriz hori bizitzea.

Non zinen finala jokatuko zenutela jakin zenuenean?

Etxean nengoen, bakar-bakarrik; halaxe zegoen Unai ere. Guk ondo egin genuen gure lana, lehen bi partidak irabazita, baina Jokin nagusitzea behar genuen.

Urduri zinen?

Bai, noski. Gainera, etengabe mezuak jasotzen nituen sakelakora; horrenbeste, azkenean alde batean utzi nuen.

Arraroa da enpresakideek galtzea nahi izatea?

Bai. Haiekin daukagu harreman handien, eta beti nahi izaten dugu haiek irabaztea. Baina, oraingoan, Jokinek irabaztea komeni zitzaigun; haren alde ginen.

Nori deitu zenion partida amaitu bezain laster?

Unairi. Sekulako poza hartu genuen biok: handia da bigarren urtez jarraian finala jokatzea. Bagenekien oso zaila izango zela; horregatik poztu ginen horrenbeste.

Bigarren aldia izanda ere, berezia da?

Beti da oso berezia final bat jokatzea. Iaz, txapelketa oso ona egin genuen, eta sekulakoa izan zen finalera iristea. Aurten, berriro iritsi gara, eta horrek esan nahi du iazkoa ez zela kasualitatea izan.

Gaizki ohitzen ari zarete.

Kirolean, une onak eta txarrak daude, eta azkenaldian, Unai eta biok oso une onak bizitzen ari gara, final asko jokatzen ari baikara. Sekulakoa da; izugarri ari gara gozatzen.

Iazkoaren aldean, gorabeheratsuago aritu zarete. Ados?

Bai. Oso txapelketa gogorra izan da, eta une onak eta txarrak izan ditugu. Kosta egin zaigu batzuetan gure onena ematea, baina, azkenean, lortu dugu berriz finalera iristea. Horrek esan nahi du momentu txarrak eta onak pasatu arren, lehiakorrak izan garela.

Presioa sumatu duzue?

Iaz, lehen aldiz aritu ginen elkarrekin, eta jendeak ez zuen espero horrenbeste gugandik. Hala ere, finala jokatu genuen. Aurten, ordea, jendeak espero zuen gu oso ondo aritzea, eta presio handixeagoa izan dugu. Baina lortu dugu gure onena ematea.

Mesede egin dizue elkar ondo ezagutzeak?

Bai. Txapelketa oso luzea da binakakoa, eta iaz denbora asko pasatu nuen Unairekin. Baita aurten ere. Elkar ezagutzen dugu, eta, horri esker, bikotea egin dugu berriz.

Unerik erabakigarrienean suspertu zarete?

Presio handiko partidak jokatu ditugu azkenaldian, eta batzuk larri-larri irabazi ditugu. Baina garrantzitsuena da horietan gure onena emateko gai izan garela.

Arriskuan ikusi duzue zuen burua?

Bai. Askotan egon gara estu eta larri: adibidez, 22-21 irabazi genuen kanporaketa; oin eta erdi izan genuen finalerdietatik kanpo. Bigarren ligaxkan ere kosta egin zaigu irabaztea, baina erakutsi dugu ondo aritu gaitezkeela presio handiko partidetan.

Gustura zaude egin duzun lanarekin?

Bai. Oso zaila da final batera iristea, eta hara iristeko derrigor egin behar da lan ona. Partida txarrak jokatu ditugu, baina finalean bagaude, zerbaitegatik izango da.

Iaz, sendotu egin zinen Lehen Mailan. Aurten, beste aurrerapauso bat eman duzu?

Gustura nabil. Iaz finala jokatzeak konfiantza handia eman zidan. Eta beste final bat jokatzeak esan nahi du ondo ari naizela lanean, eta neure buruan sinesten dudala.

Argi dago: zure ibilbideko garairik onenean zaude.

Hala da; inoizko garairik onenean nago: egonkortuta nago Lehen Mailan, eta bigarren finala jokatuko dut. Balio handia eman behar zaio horri. Niri sekulako konfiantza ematen dit.

Garai eder honetan, zeinekin gogoratzen zara?

Txikitatik nirekin egon den jendearekin: familiarekin eta betiko lagunekin. Debutatu nuenetik ari naiz jende berarekin, eta jende horrek beti sinetsi du niregan. Eta orain, une gozoa bizitzen ari naizela, haiekin gogoratzen naiz; oso eskertuta nago.

Ez zenituen jokatu ligaxkako azken hiru partidak, eskuko minez. Larri ikusi zenuen zeure burua?

Askotan pentsatu nuen txapelketa uztea; hilabete egin nuen etxean, geldirik. Kanporaketa jokatu aurretik proba egin nuen, eta, zorionez, balekoa izan zen; bestela, txapelketa utzi beharrean izango nintzen.

Nola ikusi duzu bikotekidea?

Unai oso ondo aritu da; pilotari handia da, eta erraza da harekin jokatzea: oso ondo aritzen da beti, eta asko laguntzen dit. Frontoitik kanpo ere harreman handia dugu, eta horrek mesede handia egiten digu bikotea egiteko.

Hura ere suspertu egin da; sekulako partida egin zuen Aitor Elordiren eta Jose Javier Zabaletaren aurka.

Egun ona edo txarra izan, Unaik beti ematen du dena. Txapelketako partida berdindu guztietan egin du aurrera; sekulako izaera du: irabazle hutsa da.

Iaz galdutako finalaren arantza ateratzeko gogoa duzue?

Oso zaila izango da irabaztea, baina gurea ematen badugu, aukera izango dugu.

Ikusi duzu iazko finala?

Ez dut ikusi, eta ez dut ikusteko asmorik; agian, erretiroa hartzen dudanean ikusiko dut.

Nafarroa Arenan jokatuko duzue, Lasoren etxean. Pozik?

Bai, oso. Oso frontoi polita da, eta jende asko etorriko da ingurutik. Unai gertukoa da, eta badakigu ez dugula animorik faltako.

Asko aldatzen da finalean aurkari bat edo bestea izan?

Bai. Jose jotzailea da, eta partida apur dezake. Baina gure lana ondo egiteak axola digu: gurea egiten badugu, aukera izango dugu.]]>
<![CDATA[«Pizgarri ederra da aspaldiko lagun batekin txapeldun izaten saiatzea»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/026/001/2023-03-24/pizgarri_ederra_da_aspaldiko_lagun_batekin_txapeldun_izaten_saiatzea.htm Fri, 24 Mar 2023 00:00:00 +0100 Julen Etxeberria https://www.berria.eus/paperekoa/1918/026/001/2023-03-24/pizgarri_ederra_da_aspaldiko_lagun_batekin_txapeldun_izaten_saiatzea.htm
Finala jokatuko duzue igandean Bilbon Aitor Elordiri eta Jose Javier Zabaletari irabazten badiezue. Sinatuko zenuen halakorik txapelketa hasi zenean?

Dudarik gabe. Niretzat benetako finalerdia da finalerako sailkatzeko aukera duzun partida, eta horrelakoa da igandekoa: irabazten badugu, finalean gaude.

Beraz, pozik zaudete egiten ari zareten txapelketarekin?

Oso pozik. Gu ez ginen faboritoen artean. Gu buru-belarri aritu gara gure lana ondo egiten, bikote moduan ere ondo aritzeko. Txapelketa oso biribila egin dugu; bestela, ez ginen hona iritsiko. Baina hona iritsita, beti gehiago nahi duzu. Gure esku dago, eta gure esku dagoen guztia ematen badugu, aukera izango dugu.

Hasieratik azpimarratu duzu ez zinetela faboritoen artean. Presioa kentzeko modua izan da?

Ez, baina lasaiago jokatzen duzu zeure burua horren faborito ikusten ez duzunean. Xabik eta biok oso lasai jokatu dugu hasieratik, eta galdu dugunean ere lasai egon gara. Ez ditugu bi partida jarraian galdu, eta txapelketa luze batean garrantzitsua da hori. Galdu ondoren, segituan eman diogu buelta; horrek mesede egin digu. Xabi sekulako lana egiten ari da, eta ni oso gustura ari naiz harekin; ilusio itzelarekin ari da, eta horrek indar pila bat ematen dit.

Inoiz ez duzue aipatu txapela?

Bai, aipatu dugu. Lehen sei jardunaldiak jokatuta, puntu dezente genituen, eta bigarren izateko aukera ikusi genuen; baita lortu ere. Eta finalerdietan, lau bikotetik bi ariko dira finalean. Zergatik ez gara gu izango bi horietako bat? Zaila izango da, baina orain arte lan zaila izan dugu, eta aurrera atera dugu. Ea lortzen dugun.

Kolpea litzateke finala ez jokatzea?

Ez dut horretan pentsatu; ilusio handia dugu, eta erabat kontzentratuta gaude. Galtzen badugu, pena handia hartuko dugu, baina prestatuta gaude galtzeko. Kanpoan geratuta ere aurrera jarraituko dugu, hurrengo txapelketak prestatzen. Inola ere ez litzateke porrota izango finala ez jokatzea.

Pauso batera duzue finala, baina, horretarako, bikoterik indartsuenari irabazi behar diozue. Bikain aritu da aurreko astera arte.

Oso partida zaila da. Nire ustez, haiek izan dira bikoterik onena. Baina azken partidetan, erabakigarrienetan, 22ra iristeak ematen dizu konfiantza, ez sentipenek. Horregatik, kezka pixka bat izango dute azken partida galdu ondoren. Hala ere, adina eta esperientzia dute, eta oso erregularrak dira. Dena eman beharko dugu aukeraren bat izateko.

Nola ikusi dituzu?

Asko gozatu dut haiek ikusten; biek eman dute ikuskizuna euren egitekoan: Josek egindakoak ez du inor harritu, baina, hala ere, harrigarria da; ikusgarri aritu da. Aitorrek sekulako lau eta erdikoa egin zuen: partida on asko jokatu zituen, eta onenei irabazi zien. Eta binakakoan erakutsi du ez zela izan kasualitatea. Luzarorako etorri da. Bikote latza osatu dute.

Ligaxkan jokatu zenuten, Bilbon ere, eta 22-21 irabazi zenieten. Balio du horrek ikusteko irabaz diezaiokezuela?

Ez dago irabazi ezin zaion pilotaririk edo bikoterik, ezta erraz irabaz daitekeen partidarik ere. Sekulako maila dago, eta edozeinek edozeini irabaz diezaioke. Hala ere, argi dugu haiek euren maila ematen badute lan zaila izango dugula: asko defenditu beharko dugu, lan asko egin eta gutxi oparitu. Zaila da hori egitea halako bikote baten kontra. Baina partida bakarra da, eta jende asko joango da Amezketatik eta Anoetatik [Tolosaren jaioterria]. Xabiren zaleek ilusio handia dute, eta horrek indar handia eman digu. Ilusioz gainezka joango gara frontoira. Galdu behar badugu, izan dadila kantxan dena utzita.

Nola jokatu behar duzue?

Sakea dugunean saiatu behar dugu haiek behartzen eta mugiarazten. Jose mugitu behar dugu; bosgarren koadroan geldi badago, ez dugu irabaziko. Aurrena, ahalegindu behar dugu Aitor nahasten. Txapelketa osoan egin duguna egin behar dugu: lan asko egin, pilota asko baztertu, eta asko defenditu. Aukerak aprobetxatu behar ditugu: Xabik laugarren edo bosgarren koadrotik pilota gozatu behar du; eta nik, aukera dudanean, tantoa amaitu behar dut.

Tentsioak goia joko du.

Bai; sekulako saria dago jokoan. Bi bikoteek uste dugu irabazten badugu finala ere irabaz dezakegula. Baina dena behar da: ondo iritsi, ondo jokatu eta burua ondo izan. Azken horrek garrantzi handia du tentsio askoko partidetan.

Finalerdietako ligaxka hasi, eta tentsioak goia jo du. Lehenbizi, Tolosa izan zen; herrenka bukatu zuen Unai Lasoren eta Ander Imazen aurkako partida.

Ez dakigu zergatik gertatu zen hori. Ligaxka amaitzeko bi jardunaldiren faltan sailkatu ginen, eta, nahi gabe, tentsioa jaisten duzu. Eta kolpetik hutsetik hasi behar duzu, eta bete-betean aritu. Tentsio handiagoa sumatzen da orain, baina gustatzen zait tentsioa. Final bat galtzeak pena ematen dizu, baina pena latza ematen dizu ere finalerdietara iritsi eta finaletik kanpo geratzeak; oso politak dira finalaren aurreko egunak. Ea berriz horietaz goza dezakegun.

Bigarren jardunaldian, Elordiri, Jon Ander Peñari eta Jon Mariezkurrenari erasan zien presioak. Eta zuri? Libre zaude?

Libre ez, baina oraingoz ez dit eragin. Lehen partidan, deseroso aritu nintzen zenbait unetan; bigarrengoan, ordea, oso gustura aritu nintzen. Baina kolpea izan zen lehen neurketa galtzea: 12-4 joan ginen aurretik. Askotan ez da erraza halakoei buelta ematea, eta egin genuen; oso ondo aritu ginen, eta horri esker dugu aukera hau. Aitorrek pixka bat sumatu zuen tentsioa azken partidan, baina normala da, ia beti jokatu baitu ondo, eta normala da egun batean okerrago aritzea. Ziur naiz igandean aurreko astean baino hobeto jokatuko duela.

Eskarmentuak laguntzen du?

Bai, bezperakoak lasaiago bizitzeko. Baina tanto bat galtzen duzunean saihetsezina da pentsamendu ezkorra etortzea burura, duda edo beldurra sartu nahian. Argi izan behar duzu etorriko dela baina bete-betean jarraitu behar duzula. Zure esku dagoen guztian izan behar duzu arreta osoa.

Iaz binakakoa irabazi izanak mesede egin dizu? Zama kendu zenuen aurrenekoz nagusituta?

Dudarik gabe. Iaz, horretan gehiegi ez pentsatzen saiatu nintzen, baina zaila zen, nik ere banuelako gogoa lehen aldiz binakako txapela irabazteko. Gainera, oso gustura aritzen naiz binaka jokatzen; ez bakarrik txapelketan, baita urte osoan ere. Baina inoiz ez nuen jokatu finala. Txapela irabazita, lasaitua hartu nuen. Agian, irabazi ez banu, aurten pentsatuko nuen ez nuela irabaziko.

Gustura zaude egin duzun txapelketarekin?

Lehen bi partidak ez nituen jokatu, mina bainuen eskuan. Baina oso gustura aritu naiz, eta ez dut minik hartu.

Nola ikusi duzu bikotekidea?

Oso ondo. Xabik jauzia egin du, eta asko ari da gozatzen. Berak dio haren ibilbideko sasoirik onenean dagoela, eta ados nago. Oso lasaia da, eta oso adi dago beti. Errespetu handia die aurkari guztiei, baina, aldi berean, niri transmititzen dit guztiei irabaz diezaiekegula. Haren animoak eta goseak sekulako indarra ematen didate.

Aurrenekoz ari zarete elkarrekin txapelketa batean, baina askotan jokatu zenuten gaztetan.

Xabi oso handia izan da beti, eta, hori dela eta, gaztetan helduagoekin jokatzen zuen. Benjaminetan eta kimuetan aritu ginen gehien elkarren aurka. Aspalditik ezagutzen dugu elkar. Biak gara pilotariak; ez gara jotzaileak. Ondo uztartzen gara. Bikote oso ona egiten ari gara. Agian gehiagotan jarriko gaituzke elkarrekin.

Ilusioa egiten dizu harekin jokatzeak?

Bai. Eskertu egiten da noizean behin bikotekidea aldatzea. Ez nuen inoiz jokatu Xabirekin, eta harekin ariko nintzela esan zidatenean, ilusio handia egin zidan. Pizgarri ederra da aspaldiko lagun batekin txapeldun izaten saiatzea. Txikitatik ikusi izan dut zenbat lan egin duen, eta profesionaletan, dena eman du beti, izan lehen partidan, hirugarrenean edo estelarrean. Zortzi urte pasatxo daramatza profesionaletan, eta azken bietan izan du aukera goian jokatzeko; lan handia egin izanaren saria da. Zeure burua baloratzeko mesede egiten du ingurukoek egiten dutena baloratzea.

Finala jokatu nahi duzue. Laso eta Imaz sailkatuta daude jada.

Oso bikote erregularra da; beti ematen dute den-dena. Nire ustez, iaz txapelketa hobea egin zuten, osoagoa, baina begira zer egin duten: ez ziren nahi bezain ondo iritsi kanporaketara, eta, horretan, Unaik ez zuen batere partida ona jokatu. Baina justu-justu irabazi zuten, 22-21, eta finalerdietarako sailkatu ziren. Eta lehen partidan, justu-justu ere bai, irabazi egin ziguten: 22-21. Finala jokatzeko aukera ederra zuten bigarren neurketa irabazita, eta ez zuten alferrik galdu; partida latza egin zuten. Bikote oso-oso gogorra da.

Atseden hartuta iritsiko dira finalera. Ez dute bihar jokatuko, eskuko mina dutela argudiatuta.

Ezin da jakin eten horrek mesede edo kalte egingo dien, baina gauza ederra da bi aste izatea finala prestatzeko. Abantaila izango dute finala jokatuko duen beste bikotearen aldean. Merezita daude finalean. Guri gure lanak bakarrik axola behar digu.

Azken txanpan dago txapelketa. Zer iruditu zaizu?

Jende pila joan da frontoietara; oso gutxitan egon da ikusle gutxi, eta askotan jendez lepo egon dira. Txapelketak jendea harrapatu du. Jokoari dagokionez, lehen itzulian, huts dezenteko partida batzuk egon ziren. Baina oso onak egon dira ere bai. Normala da denetarik egotea: txapelketa bat da hau, tentsioa handia dago, eta ez da erraza izaten neurketa guztiak onak izatea. Txapelketa ona izan da. Gainera, bi pilotarik lehen aldiz jokatu dute: Peiok [Etxeberria] eta Aitorrek. Horrek agerian uzten du jendea ondo ari dela lanean, eta enpresak saritu egiten duela ondo ari den jendea. Ea hurrengo urteetan zer norabide hartzen duen binakakoak.

Zaleak aipatu dituzu. Ohikoa bilakatzen ari da pilotariei txistu egitea. Zuri egin dizute gehien. Zer iritzi duzu?

Iruditzen zait ohitura hartzen ari dela, baina Iruñean bakarrik, Labriten. Eibarren [Gipuzkoa] ez da gertatzen horrelakorik, ez Donostian, ezta Tolosan ere. Frontoi pila batetan jokatu dugu txapelketan, eta sekulako giroa egon da askotan. Baina Iruñean bai gertatu da, eta ez behin bakarrik; niri bizpahiru aldiz gertatu zait. Aurrekoan, pilotari batek esan zidan haien partidan ez zela ia entzuten pilotaren soinua. Festarako eta parrandarako tokia bihurtzen ari da Labrit. Iruditzen zait askok erosten dutela sarrera jakin gabe zein partida dagoen; bazkaldu, frontoia eta parranda. Kirolaren balio batzuk errespetatu behar dira; niri ez zait gustatzen txistuak entzutea, ezta partida telebistaz ikusten ari naizenean ere. Oso itsusia da txistu egitea. Nire inguruko zaleren batek txistu egingo balu, ni izango nintzateke lehena esaten ez joateko frontoira edo ondo portatzeko. Baina hor dago negozioaren eta errespetuaren arteko koska. Nola moztu dezake hori enpresak? Ez da erraza.

Nola daramazu?

Ondo. Lehen aldian, harritu egin ninduen; inoiz ez zitzaidan gertatu, eta ez nintzen ondo sentitu. Baina, gero, klik egin nuen, eta neure buruari esan nion nik oso lasai dudala kontzientzia; beti saiatu naiz ikusleekin eta lankideekin gauzak ondo egiten. Txistu egiten duenak eskubidea du hori egiteko, baina nik ez diot garrantzirik emango.]]>
<![CDATA[Etenaldiak suspertu du]]> https://www.berria.eus/paperekoa/7821/020/002/2023-03-22/etenaldiak_suspertu_du.htm Wed, 22 Mar 2023 00:00:00 +0100 Julen Etxeberria https://www.berria.eus/paperekoa/7821/020/002/2023-03-22/etenaldiak_suspertu_du.htm
Bidasoak gaizki ekin zion lehiari. Erasoan, kostata sartzen zituen golak. Sportingek, ordea, aise topatzen zituen zuloak etxekoen 5-1eko defentsan. Nagusi ziren bisitariak: 4-6. Ordurako jokalari bat baino gehiago joana zen lurrera, irrist eginda. Hezetasunak kalte egin zion zoruari, eta hori ikusita, epaileek partida eten zuten. Ia 25 minutuz egon zen etenda, hezetasunak behera egin arte.

Etenak mesede egin zien etxekoei. Gora egin zuten, batez ere, defentsan, 6-0aren alde eginda. Sportingek jada ez zituen horren aise sartzen golak. Defentsan hobetuta, erasoan hobetu zuten ere irundarrek. Horri esker, berdindu egin zen lehia, baita emaitza ere. Atsedenaldian, gol bakar baten aldea zuten bisitariek: 11-12.

Bigarren etenak,ordea, ez zuen ezer eten, eta Bidasoak oso serio jarraitu zuen. Lehen aldiz, aurretik jarri zen (12-11). Lan bikain horrek Artaleku hauspotu zuen, eta jokalarien eta zaleen arteko batasunak sekulako bultzada eman zion taldeari. Hala, pixkanaka, aldea handituz joan zen (19-14).

Baina jokalari oso onak ditu Sportingek, eta gutxi behar dute min egiteko. Hala, gol bakarrera jarri ziren. Baina etxekoek ondo eutsi zioten aldeari, garaipenari eta itxaropenari.

Bera Bera, Guardesen pistan

Bera Berak, berriz, gaur jokatuko du Espainiako Ligako lehia, Guardesen pistan (20:45). Donostiako taldeak irabazi egin nahi du, urte erdiren ostean galdu izanak utzitako aho zapore gazia gozatzeko.

Imanol Alvarezen taldeak adi ibili beharko du, Guardes behetik gora baitator: irabazi egin ditu azkeneko bost partidak. Gainera, beste inon baino arriskutsuagoa da etxean. Bera Berak nahikoa du berdintzea ligako lehen postua ziurtatzeko; gero, txapeldun izateko kanporaketak jokatuko ditu.]]>
<![CDATA[«Denboraldian izan ez dugun konfiantza daukagu orain»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1855/024/001/2023-03-21/denboraldian_izan_ez_dugun_konfiantza_daukagu_orain.htm Tue, 21 Mar 2023 00:00:00 +0100 Julen Etxeberria https://www.berria.eus/paperekoa/1855/024/001/2023-03-21/denboraldian_izan_ez_dugun_konfiantza_daukagu_orain.htm
Non zinen Bidasoak Sportingen aurka jokatu zuen azken aldian?

Hilabete zen aurrenekoz jokatu nuela Bidasoaren lehen taldearekin, baina egun horretan bigarren taldearekin jokatu behar izan nuen. Sekulako pena eman zidan Artalekun ez egoteak.

Lisboan bai egon zinen, hilabete lehenago, baina ez zenuen jokatu. Nola gogoratzen duzu?

Aulkian egon nintzen partida osoan. Hala ere, oso oroitzapen polita dut: oso gaztea nintzen [17 urte], ez nengoen ohituta halako partida garrantzitsuetara, eta denak harritu ninduen. Ez nuen jokatu, eta urduri egon nintzen; beraz, pentsa jokatu izan banu. 30na berdindu genuen.

Orduko Sportingetik bi jokalarik soilik jarraitzen dute: Carlos Ruesgak eta Edmilson Araujok. Oso bestelako taldea da orain?

Bai, baina, orduan bezala, oso jokalari onak ditu banakako jokaldiak egiteko. Talde gazteagoa du orain, esperientzia gutxiagokoa, baina oso ona ere bai.

Bi jokalari nabarmentzen dira: Costa anaiak; Martim, ezker albokoa, eta Francisco, eskuin albokoa. Hamabost gol sartu dituzte partidako bien artean Europako Ligan. Haiek dira jokalaririk arriskutsuenak?

Bai. Gazte mailako Espainiako selekzioarekin jokatu izan dut haien aurka, eta sufrimendua da haien kontra aritzea; gai dira isil-isilik partida guztietan zortzina edo bederatzina gol sartzeko. Sportingek asko jokatzen du haientzat [entrenatzailea haien aita da: Ricardo Costa].

Haiek zaindu beharko dituzue bereziki?

Bai, baina Sportingek baditu beste jokalari oso onak: Salvador Salvador ezker albokoa [ia sei gol sartu ditu partidako] eta Natan Suarez erdikoa, Asobal ligan lana eman diguna, besteak beste. Jacobok [Cuetara] Costa anaiak, Salvador eta Suarez nabarmendu ditu. Xehetasun guztiak ondo zaintzeko esan digu ere bai; erabakigarriak izaten dira.

Zein izango da kanporaketako gakoa?

Gure jokoa ondo egitea.

Zer egin behar duzue ondo?

Oso adi eta sendo aritu behar dugu defentsan, haiek oso arriskutsuak baitira erasoan, kanpotik jaurtitzen eta bat-bateko jokaldiak egiten. Ondo defenditzen badugu, asko kostatuko zaie nagusitzea. Erasoan, berriz, lasai jokatu behar dugu; ondo aukeratu behar dugu, eta baloi gutxi galdu.

Sporting erasoan nabarmentzen da. Nola moldatzen da defentsan?

Ondo aritzen dira. Bi hegalekoak jartzen dituzte defentsan; beraz, mugikortasun handiz aritzen dira. Baina ez diote beldurrik aurkariekin tupust egiteari. Agian, taktikoki min egin diezaiekegu.

Gaur Artalekun jokatuko duzue, eta astebete barru, Lisboan. Aukeran, nahiagoko zenukete bigarren partida etxean jokatzea?

Ezin da jakin. Guk ahalik eta partida onena egin behar dugu Artalekun; gauzak ondo edo gaizki joan, 60 minutuz aritu behar gara bete-betean.

Lepo beteko da Artaleku. Hori pizgarri da?

Handia. Ziur nago ederra izango dela; Bidasoaren zaleek inoiz ez dute huts egiten, eta are eta gutxiago etxean jokatuta. Izugarri eskertzen dugu haien babesa.

Faboritorik badago? Ausartuko zinateke esatera ehunekoetan talde bakoitzak zenbat aukera duen sailkatzeko?

Ez. Jokatzen hasi aurretik %50eko aukera dago beti.

Sasoiko zaudete?

Bai. Bi aste daramatzagu jokatu gabe. Halako etenaldiak mesede egin diezaguke, atseden hartzeko eta partida ondo prestatzeko. Baina kalte egin diezaguke ere bai, apur bat galtzen baita lehiaketaren erritmoa. Baina itxaropentsu nago: oso ondo ari gara.

Bartzelona ahaltsuaren aurka jokatu zenuten azken partida, eta itxura ona emanda galdu zenuten. Aurrekoa, berriz, nagusitasunez irabazi zenuten Valladoliden (Espainia). Garai onean datorkizue kanporaketa?

Bai. Oso ondo ari gara; denboraldian izan ez dugun konfiantza daukagu orain. Nire ustez, bikain ariko gara sasoiaren azken txanpan.

Garairik onenean zaudete?

Denboraldian zehar sentipenak ez dira txarrak izan. Ondo entrenatu gara beti, baina partida batzuetan, bereziki etxetik kanpokoetan, kosta egin zaigu aurrera egitea. Baina, orain, konfiantza handiz gaude, eta oso gogotsu.

Aurreko sasoietan baino askoz gorabeheratsuago ari zarete.

Agerikoa da. Batez ere, etxetik kanpoko partidetan kosta egin zaigu bete-betean aritzea hasieran, eta ordaindu egin dugu; galdu behar ez genituen partida asko galdu ditugu. Baina espero dugu azken txanpan hobeto aritzea.

Zeintzuk dira denboraldia amaitu arteko helburuak?

Europan ari gara, eta erronka oso polita da hori. Baina garrantzitsuena liga da; denok oso argi dugu hori. Lehia handia dago Europarako sailkatzeko, are gehiago Granollers eta Cuenca Kopatik kanpo geratu eta gero. Baina barruan dugun guztia emango dugu berriro sailkatzeko.

Ia hiru urte eta erdi pasatu dira lehen taldean aurrenekoz jokatu zenuenetik. Gustura zaude orain arte daramazun garapenarekin?

Bai; nabari dut gero eta hobeto ari naizela. Batez ere, oso eskertuta nago Jacoborekin, aukera emateagatik eta lehen momentutik nigan konfiantza izateagatik.

Zertan hobetu duzu gehien?

Ia guztian [barrez]. Herriko taldean ari zarenean uste duzu asko dakizula, baina Bidasoa bezalako talde handi batera iristean konturatzen zara dena duzula ikasteko eta hobetzeko: erasoan, defentsan, taktikan, fisikoan... Horretan ari naiz, eta uste dut hobetzen ari naizela.

Zertan duzu gehien hobetzeko?

Gauza askotan, baina, batez ere, defentsan. Gogor saiatzen naiz, baina ez naiz oso handia eta indartsua [1,83 metro da luze eta 80 kilo pisatzen ditu], eta kosta egiten zait defentsan gogor aritzea. Ez naiz ere oso iaioa kanpotik jaurtitzen. Asko dut hobetzeko, baina horretan ari naiz.

Bai oso eraginkorra zara: jokatu dituzun partiden erdietan ez duzu jaurtiketarik huts egin.

Ez nekien hori, baina azalpena izan daiteke kanpotik gutxi jaurtitzen dudala, eta jaurtitzen dudanean beti egiten dudala aurkari bat gainean izanda. Ez badut gola sartzen, falta adierazten du epaileak, eta ez du balio estatistiketarako [barrez].

Gustura zaude Bidasoan?

Oso gustura. Plazera da halako taldekide ederrekin aritzea. Gainera, zaleek asko maite gaituzte.

Hori gutxi ez, eta anaia ekarri dizute taldera: Asier.

Errematea da. Bidasoarekin tratua egin aurretik esan nion hemen oso ondo egiten dela lan. Handia da anaiarekin Bidasoa bezalako talde batean jokatzea.

Etxean pozik egongo dira semeak elkarrekin ikusita, ezta?

Bai. Lehen, ni bakarrik nengoenean, ia ez ziren etortzen Artalekura, baina, orain, biak gaudela, gehiago etortzen dira.]]>
<![CDATA[Labritetik joaten da Nafarroa Arenara]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1946/027/001/2023-03-19/labritetik_joaten_da_nafarroa_arenara.htm Sun, 19 Mar 2023 00:00:00 +0100 Julen Etxeberria https://www.berria.eus/paperekoa/1946/027/001/2023-03-19/labritetik_joaten_da_nafarroa_arenara.htm Pilotakadak. 509.
Sakez. Lasok bat; Elordik bat.
Egindako tantoak. Lasok hamahiru, Imazek batere ez, Elordik hiru eta Zabaletak sei.
Huts egindakoak. Lasok bost, Imazek bost, Elordik zazpi eta Zabaletak bi.
Markagailua. 3-0, 3-1, 5-1, 5-5, 7-5, 7-7, 10-7, 10-8, 11-8, 11-9, 12-9, 12-10, 15-10, 15-14, 17-14, 17-15, 19-15, 19-19 eta 22-19.
Bestelakoak. Lepo bete zen Labrit: 1.200 ikusle inguru. Apustuak Elordiren eta Zabaletaren alde atera ziren nabarmen: 100-40ri.

Hiru kilometro daude Iruñeko Labrit pilotalekutik Nafarroa Arena pabiloira. Hango frontoian jokatuko dute apirilaren 2an Eskuzko Pilota Enpresen Ligako (EPEL) Binakako Txapelketako finala; lehen aldiz jokatuko da han binakakoaren finala. Hara iristeko bidearen zati handi bat egina dute Unai Lasok eta Ander Imazek. Bi partida jokatu dituzte finalerdietako ligaxkan, eta biak irabazi dituzte: duela astebete, 22-21 hartu zituzten mendean Jokin Altuna eta Xabi Tolosa; atzo, berriz, 22-19 nagusitu zitzaizkien Aitor Elordiri eta Jose Javier Zabaletari Labriten.

Horri esker, oso bideratua dute finala jokatzea. Gaur bertan ziurta dezakete bigarren urtez jarraian txapela irabazteko lehian aritzea. Nahikoa dute gaur Jokin Altunak eta Xabi Tolosak Jon Ander Peñari eta Jon Mariezkurrenari irabaztea. Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan jokatuko da bigarren jardunaldiko azkeneko norgehiagoka. Hau da, Lasori eta Imazi enpresakideek galtzea komeni zaie. Bestela, astebete itxaron beharko dute azken urratsa egiten saiatzeko. Hala ere, esku-eskura lukete. Handia gertatu beharko litzateke finala ez jokatzeko. Historiak ere halaxe dio: behin bakarrik ez da bikote bat sailkatu finalerako, ligaxkako aurreneko bi neurketak irabazi eta gero. Aimar Olaizolari eta Imazi gertatu zitzaien, 2018an.

Gainera, Laso eta Imaz konfiantzaz gainezka iritsiko dira azken partida horretara: unerik aproposenean suspertu dira. Lehen jardunaldian, ligaxkan eta kanporaketan baino askoz hobeto aritu ziren. Atzo, berriz, beste koska bat egin zuten gora: bikain aritu ziren. Laso nabarmendu zen: aspaldiko partidarik onena jokatu zuen, eta zutik jarri zuen hainbat tantotan Labrit: hamahiru egin zituen, eta bost huts egin. Hark egin zuen distira handien, baina Imazek oso ondo lagundu zion. Meritu handia du horrek, parean Zabaleta zegoela kontuan hartuta.

Elordi, nerbioak jota

Batzuen gozamena, besteen ezina. Atzo galduta, Elordi eta Zabaleta azkeneraino borrokatu beharko dira finalerako sailkatzeko. Ikusgarri ibili ziren atzo arte, aurkari guztiak hankapean ibilita: batez beste, hamalau tanto besterik ez zieten egin partidako. Baina, atzo, aurreneko aldiz, ezinean aritu ziren. Elordirena izan zen ezinik handiena. Aurrelaria ametsetako estreinakoa egiten ari zen binakako nagusian, baina atzo ametsa amesgaizto bilakatu zitzaion. Urduritasunak jota aritu zen hasi eta buka, eta ez zen inoiz haren maila emateko gai izan. Argigarriak dira haren datuak: hiru tanto bakarrik egin zituen, eta zazpi huts egin.

Apur bat hobeto aritu izan balitz, ziurrenik irabazi egingo zuten hark eta Zabaletak, atzelaria berriro ikusgarri aritu baitzen. Sei tanto egin zituen, eta bi huts egin. Zenbaki bikainak dira atzelari batentzat, baina alferrikakoak atzo; laguntza falta izan zitzaion.

Hari esker eutsi zioten Aspekoek lehiari, hasiera-hasieratik izan baitzuen Baikokoen aldeko joera: 5-1. Lasok bi tanto egin zituen, eta Elordik hiru pilota galdu. Baina Zabaleta egurrean hasi, eta partida berdindu egin zen.

Laso berehala ohartu zen tantoa luzatzeak kalte egiten ziela: Zabaletaren joa nagusitzen zen. Erritmoa bizitu behar zuen, eta jokoa nahastu. Pentsatu eta egin; ondo egin. Gainera, Elordik suspertu ezinik jarraitzen zuen. Horrela, alderik handiena lortu zuten: 15-10.

Baina Elordiren susperraldi txiki batek eta Zabaletaren pilotakadek aldea murriztu zuten: 15-14. Lasok beste astindu bat eman zion partidari (19-15), baina ez zen erabakigarria izan, gorriak hutsak egiten hasi baitziren. Lasok kanpora bidalitako bi paretakoari esker lortu zuten urdinek 19. tantoa. Baina berehala atera zuen arantza buruz buruko txapeldunak: lehenbizi, tanto ikusgarria lortu zuen ezker gantxoz; eta, ondoren, sakez, biparetaz. Elordiren huts batekin amaitu zen lehia. Azken bi tantoek ezin hobeto islatzen dute Labriten gertatutakoa: batzuen konfiantza, eta besteen ezina.

Laso eta eta Imaz, eta Elordi eta Zabaleta gaur gertatzen denari begira egongo dira. Asko dute jokoan Altuna III.a eta Tolosak eta Peña II.a eta Mariezkurrena II.ak, bi bikoteek galdu baitzuten lehen jardunaldian. Baikokoak aukerarik gabe geratuko dira galtzen badute, eta Aspekoak, ia kanpoan.]]>
<![CDATA[Lasok eta Imazek oso gertu dute finala]]> https://www.berria.eus/albisteak/225730/lasok_eta_imazek_oso_gertu_dute_finala.htm Sat, 18 Mar 2023 21:52:56 +0100 Julen Etxeberria https://www.berria.eus/albisteak/225730/lasok_eta_imazek_oso_gertu_dute_finala.htm <![CDATA[«Apurka egin naiz pilotari; beti saiatu naiz pauso guztiak aurreraka egiten»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/017/001/2023-03-17/apurka_egin_naiz_pilotari_beti_saiatu_naiz_pauso_guztiak_aurreraka_egiten.htm Fri, 17 Mar 2023 00:00:00 +0100 Julen Etxeberria https://www.berria.eus/paperekoa/1918/017/001/2023-03-17/apurka_egin_naiz_pilotari_beti_saiatu_naiz_pauso_guztiak_aurreraka_egiten.htm
Lehen ligaxkan, aurrenak izan zineten nagusitasunez, eta, finalerdietakoan, jada lehenak zarete aurreneko partida argi eta garbi irabazita. Espero zenuen horren ondo ariko zinetela?

Ez. Baikor izanda ere, ez nuen pentsatuko dena horren ondo joango zenik. Banekien atzelari onenetako batekin jokatuko nuela, baina baita goian egon nahi bagenuen nik gauzak ondo egin beharko nituela ere. Zorionez, hasieratik oso ondo moldatu gara, eta dena oso ondo atera da.

Lehen aldia duzu binakako nagusian, eta bikain ari zara. Ezustean hartu zaitu?

Bai. Binakakoa txapelketa oso luzea da, eta kontua ez da partida batean edo bitan ondo aritzea; ez da erraza goian eustea, astero jokatu behar baitira lehia gogorrak, eta ondo aritu beharra dago irabazteko. Hori dela eta, oso pozik nago egiten ari naizen lanagatik.

Gustura ari zara?

Oso. Aukera handia da niretzat; pilotari denok nahi dugu txapelketa hau jokatu. Nik aukera izan dut, eta asko ari naiz gozatzen.

Zein da gakoa?

Niri mesede egin dit neure buruari epe luzerako helbururik ez jartzeak, eta asteroko lanean buru-belarri aritzeak.

Lehen esan duzu atzelaririk onenetako batekin ari zarela. Errazagoa da dena Zabaleta bezalako atzelari indartsu bat izanda?

Norberaren izaeraren araberakoa da: batzuk presiopean aritzen dira Zabaletarekin jokatuta; beste batzuk, ordea, ez. Ni nahiko ondo ari naiz; hasieratik oso ondo moldatu ginen elkarrekin, eta berdin-berdin jarraitzen dugu. Ea horrela segi dezakegun.

Nola da Zabaletarekin jokatzea?

Plazera da. Kolpe izugarria du, eta, horri esker, aukera asko sorrarazten ditu. Beraz, hark behar duena da haren jokoa biribilduko duen aurrelari bat, aukerak aprobetxatu eta tantoa bukatuko duena. Horixe da nire lana, eta orain arte, ondo eta konfiantzaz ari naiz.

Eta frontoitik kanpo nola ari zarete moldatzen?

Oso ondo ere bai. Harreman handia egin dugu. Halako txapelketa luzean mesede egiten du horrek, kanpokoa kantxan islatzen baita. Hori da horren ondo aritu izanaren beste gakoetako bat.

Gehienbat zer esaten dizu?

Une oro gozatzeko, eta aukerako pilotak beldurrik gabe errematatzeko. Konfiantza handia transmititzen dit, eta hori oso garrantzitsua da edozein pilotarirentzat.

Lehen aldiz binakako nagusia jokatzen dutenek esan ohi dute presiorik gabe aritzen direla. Iritzi bera duzu?

Ez dakit. Lehen aldiz ari naiz jokatzen binakako nagusia, baina azken bi urteetan lau eta erdikoa jokatu dut, eta onenen aurka aritu ahal izan naiz. Nire ustez, horrek mesede egin dit txapelketa honetan presio gutxiagorekin aritzeko.

Zer moduz daramazu presioa?

Oraingoz, nahiko ondo daramat. Presiorik handiena aurreko asteko partidan sumatu dut: denok hasi ginen hutsetik, eta oso garrantzitsua zen irabaztea. Aurkari gogorrak genituen: Peña eta Mariezkurrena. Baina ondo moldatu nintzen presioarekin, eta ondo jokatuta irabazi genuen.

Bada denbora Lehen Mailan ari zarela. Alde handia dago Bigarren Mailarekin konparatuta?

Bai, dezenteko aldea dago. Hasteko, materiala exijenteagoa da, eta horrekin aritzeko hobeto prestatuta egon beharra dago. Eta, gero, aurkariak hobeak dira, osoagoak, eta huts gutxiago egiten dituzte; horregatik daude Lehen Mailan.

Duela ez asko esan zenuen ez zenekiela zer den «Lehen Mailako pilotari bat gehiago» izatea. Orain, badakizu?

Ez dakit. Gauzak asko aldatzen dira oso denbora gutxian. Orain, Lehen Mailako txapelketa bat ari naiz jokatzen, baina ezin da jakin aurrerago non ariko naizen. Oso argi daukat maila honetan jokatzen jarraitu nahi dudala, eta gogor segituko dudala lanean hori hala izateko.

Onenekin jokatu nahi zenuen, eta lortu duzu. Zer sentitzen da?

Poz handia. Ahalik eta urrunena iristeko egiten dugu lan egunero. Nik urte batzuk egin ditut Bigarren Mailan, eta txukun aritu naiz. Baina gora jauzi egiteko, enpresak aukera eman behar dizu, eta ez da erraza, lehia handia baitago. Baina, orain, aukera izan eta gero, gogor eutsi nahi diot. Uste dut aprobetxatzen ari naizela, eta erakusten ari naizela maila honetan jokatzeko gai naizela. Lanean segituko dut hemen geratzeko.

Aukera eman dizute jauzia eman duzulako. Zuk ere sumatu duzu gora egin duzula?

Bai. Jauzi handia eman nuen azken lau eta erdikoan: izar handiei irabazi nien. Horri esker eman zidaten aukera binakakoa jokatzeko, eta orain arte, ondo ari naiz.

Zertan hobetu duzu gehien?

Garbi nuen defentsako lana zela nire ahulgune nagusia, eta hori hobetzeko egin dut lan handiena. Halakoetan arriskua egon daiteke ahulguneak hobetzen buru-belarri aritzeagatik indarguneak bazter uzteko; nire kasuan, tantoak amaitzeko erraztasuna. Baina indarguneak ere sendotu ditugu.

Askotan diozu buruz «indartsuagoa» zarela. Zergatik diozu hori?

Guztia kate berean doalako: kantxan gozatu egin duzu, eta, gozatu egiten duzunez, emaitza onak lortzen dituzu; eta emaitza onak lortzen dituzunez, konfiantzaz aritzen zara, eta sinetsi egiten duzu onenekin jokatzeko gai zarela.

Ezagutzen zaituzten guztiek diote «oso langilea» zarela.

Betidanik izan naiz oso langilea; asko entrenatu naiz beti. Baina profesionaletan aritzeko aukera eman zidatenetik argi izan nuen bete-betean aprobetxatu nahi nuela, eta nire esku zegoen guztia egingo nuela. Horretan aritu naiz: gogor entrenatu naiz fisiko aldetik, eta lan handia egin dut frontoian Jokinekin [Etxaniz, Aspeko zuzendari teknikoa]. Lan handia egin dut, eta horri esker eman dut jauzia.

Besteak beste, Jokin Altunaren eta Iker Irribarriaren urte berekoa zara zu: 1996koa. Haien aldean, su txikian egindako pilotaria izan zara zu?

Hala da. Fisikoki, nire adinakoak baino pixka bat geroago garatu naiz. Irribarria eta Altuna goi-goian aritu izan dira hasieratik, izar handiak baitira. Niri, ordea, gehiago kostatu zait gauzak lortzea, eta pausoz pauso joan behar izan dut. Ez naiz damutzen, garrantzitsuena baita beti aurrerapausoak ematea. Hala aritu naiz orain arte, eta hala segitu nahi dut.

Altunak eredutzat jo zintuen: «Egun, presa handia dago pilotariekin. Baina Aitor eredu da erakusteko pilotariei denbora emanez gero eta haiek lana eginez gero gora egin dezaketela», esan zuen.

Batzuetan, pilotari batek debuta egin, eta enpresak berehala jartzen dizkio partida onak, onenen aurka, eta, ikusten badu ez dela ondo aritzen, ez du hura gero kontuan hartzen. Ez litzateke hala jokatu behar. Nire kasuan, ordea, alderantziz izan da: apurka-apurka egin naiz pilotari; beti saiatu naiz ematen nituen pauso guztiak aurreraka egiten. Pilotari batzuk arinago garatzen dira, eta beste batzuk, astiroago. Baina denak hartu behar dira kontuan.

Lehen Mailara iristen gehiago kostatu zaizulako ematen diozu balio handiagoa orain maila horretan aritzeari?

Duda barik. Gauza bat lortzea asko kostatzen zaizunean, balio handiagoa eman diozu lortzen duzunean. Eta niri asko kostatu zait hona iristea, urtetako lana dago honen atzean.

Zaila da iristea, eta eustea?

Are eta zailagoa. Oso argi dut: hemen jarraitu nahi badut, oso gogor lan egiten jarraitu behar dut.

Norekin gogoratzen zara orain?

Garai onenetan eta txarrenetan nire ondoan egon direnekin. Erraza da onean egotea, baina pilotari batek bere ibilbidean garai oso txarrak pasatzen ditu, eta horietan izugarri eskertzen da jendearen babesa eta animoa.

Bihar jokatuko duzue bigarren partida, Unai Lasoren eta Ander Imazen aurka. Berriz irabaziz gero, esku-eskura zenukete finala. Zer itxura hartzen diozu lehiari?

Partida zaila da. Guk bezala, haiek ere irabazi egin zuten lehen partida; beraz, konfiantzaz ariko dira. Gainera, bigarren partida izan ohi da garrantzitsuena. Ligaxkan, bitan irabazi genien, baina horrek ez du axola; pilotari guztiok ez gaude sasoi berean, eta presioa handiagoa da; ikusteko dago nola kudeatzen duen bakoitzak hori.

Finala nola ikusten duzue: gertuago ala hasieran bezala?

Hasieran bezala. Orain, gertu ikusten duzu, baina bigarren partida pasatuta oso urrun ikus dezakezu. Esperientziak zerbait erakutsi baldin badit, erakutsi dit halakoetan ez pentsatzen; hurrengo partidan dut arreta osoa. Bete-betean nago, eta oso gogotsu.]]>
<![CDATA[Luzarorako etorri dira]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1986/020/001/2023-03-15/luzarorako_etorri_dira.htm Wed, 15 Mar 2023 00:00:00 +0100 Julen Etxeberria https://www.berria.eus/paperekoa/1986/020/001/2023-03-15/luzarorako_etorri_dira.htm
Txapelketa biribila egin dute: bi partida jokatu dituzte, biak irabazi dituzte, eta ez dute set bakar bat ere galdu. Hori guztia, bikoterik gazteena izanda. «Oso pozik gaude. Lehen partida nagusitasunez irabazi genuen [15-8 eta 15-4, Helena Barrenetxearen eta Eneritz Lizardiren aurka]; finala, ordea, askoz gogorragoa izan zen: bi setetan irabazi genien Maiteri [Ortiz de Mendibil] eta Maialeni [Aldazabal], baina lasai-lasai gal genezakeen bigarrena, eta, agian hirugarrena ere bai. Zorionez, emaitzari buelta emanda irabazi genuen bigarrena», esan du Mugartegik.

Zerbait izatekotan, bikote oso sendoa izan dira, arrakalarik gabekoa. «Aurrean ez ditugu tanto asko egin, baina atzean bai», zehaztu du Lejardik. Biek argi dute «mesede handia» egin diela elkar horren ondo ezagutzeak. «Herri berekoak gara, antzeko adina dugu [urtebete gehiago du Lejardik], eta elkarrekin hasi ginen zesta-puntako eskolan. Urte pila bat daramagu elkarrekin jokatzen, eta oso ondo moldatzen gara; hori abantaila da», azpimarratu du Mugartegik. Ez da elkarrekin irabazi duten lehen txapelketa garrantzitsua. Iaz, 22 urtez azpiko Europako txapeldun izan ziren Tolosan (Okzitania).

Bikotekidearen dohainak nabarmentzeko eskatuta, Lejardik aipatu du Mugartegik ez duela pilotarik galtzen, eta errebesez asko atzeratzen duela pilota. Bikotekideak, berriz, harengatik esan du oso sendoa dela atzean, eta eskuinarekin min handia egiten duela.

Atzetik datozenen akuilu

Haiek txapela irabazteaz harago, «oso pozik» daude txapelketa «arrakastatsua» izan delako. «Espero genuen jendea etorriko zela partidak ikustera, baina ez horrenbeste; frontoia bete egin da. Pozgarria da, guretzat eta atzetik datozenentzat. Oso garrantzitsua da etorkizunari begira. Orain arte, mutilen partidak bakarrik ikus zitezkeen telebistan, baina txapelketa honi esker, gu ere irten gara, eta jendeak ikusi ahal izan du guk ere ondo joka dezakegula», esan du Mugartegik. Luzarorako etorri dira, eta, Lejardiren ustez, txapelketak balioko du neska gehiago animatzeko. «Gero eta gehiago gara. Markinan, lehen lau ginen, eta orain, hamar».

Goranzko joerari eusteko, biek eskatu dute aurtengoak segida izan dezala. Baita hau ere: «Gustatuko litzaiguke txapelketa luzeagoa izatea: bikote gehiagok jokatzea edo bikote kopuru berak jokatuz gero, denak denen aurka aritzea, ligaxka batean. Lasaiago jokatuko genuke; aurtengo sistemarekin, egun txarra baduzu, kalean geratzen zara berehala. Mailak gora egiteko balioko luke: zenbat eta gehiago jokatu, orduan eta hobeto ariko ginateke», azaldu du Lejardik. Eskaera bera egin diete beste txapelketen antolatzaileei: «Kontuan har gaitzatela; gu prest gaude jokatzeko, desiratzen gaude; horretarako entseatzen dugu», esan du Mugartegik.

Ondo antolatua dute astea: bitan entrenatzen dira, ordu erdiz, eta asteburuetan partidak jokatzen dituzte. Biak hasi ziren oso gazte, familiaren aurreko belaunaldiei jarraituz: Erikaren aita Josu Mugartegi Atain da, 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan txapeldun izandakoa; Arairen aita, osaba eta aitona, berriz, AEBetan aritu ziren. Batek puntista du anaia ere, eta besteak, ahizpa: Gorka Mugartegi eta Lur Lejardi. Oso ohikoa da hori zesta-puntan, eta areago Markinan, tradizio handiko kirola baita han. Zestak harrapatuak ditu biak. «Oso polita da, jokatzeko entretenigarria, eta ikusgarria; dena dauka».]]>
<![CDATA[«Ander konfiantzaz aritzen bada, ni ondo ariko naiz berriro»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1864/020/001/2023-03-11/ander_konfiantzaz_aritzen_bada_ni_ondo_ariko_naiz_berriro.htm Sat, 11 Mar 2023 00:00:00 +0100 Julen Etxeberria https://www.berria.eus/paperekoa/1864/020/001/2023-03-11/ander_konfiantzaz_aritzen_bada_ni_ondo_ariko_naiz_berriro.htm
Gaur hasiko da binakakoaren finalerdietako ligaxka. Hutsetik hasiko zarete denak?

Bai. Atzean utzi dugu lehen ligaxkan gertatutakoa, eta, orain, aurrera begira gaude, lehen partidari begira. Gogotsu gaude.

Eta sasoiko?

Ondo gaude. Azken neurketan ez nuen ondo jokatu, baina Ander oso ondo aritu zen. Hura konfiantzaz aritzen bada, ni ondo ariko naiz berriro. Finalerdietako partidak tentsio handikoak dira, eta burua ondo izan behar da. Konfiantzaz aritzen bagara, gure lana ondo egin dezakegu.

Kanporaketa irabazi izanak eta moduak indartu egin zaituzte? Atzetik aurrera egin zenuten.

Batetik, mesede egin diezaguke jokatu izanak, lehiaren erritmoari eusteko; baina, bestetik, aurkariei mesede egin diezaieke atseden eduki izanak; ezin da jakin. Guri indarra eman digu kanporaketa irabazi izanak.

Zer pentsatu zenuen garaipenaren tantoa egin zenuenean?

Azkenean, gantxo bat sartu nuela! Asko arriskatu nuen, eta, huts asko egin; askotan jo nuen txapa, eta hori zorte txarra da. Baina irabazi egin genuen. 21-19 joan ginen galtzen, eta gai izan ginen emaitza iraultzeko. Lasaitua hartu genuen; asko zegoen jokoan.

Finalerdietako ligaxkarako sailkatzea zen lehen helburua?

Bai. Iaz bezala, finalerdietako ligaxka jokatu nahi genuen. Lortu dugu, eta, orain, gozatu egin nahi dugu; erronka oso zaila da, aurkari izugarriak baitaude. Partidaz partida joan nahi dugu. Tentsio ikaragarria egongo da. Ea nola kudeatzen dugun.

Iazkoaren aldean, gorabeheratsuago aritu zarete. Ados?

Bai, baina toki berean amaitu dugu. Partida oso onak eta ez hain onak egin ditugu. Gaizki edo ondo jokatu, finalerdietan gaude, eta txapelketa berria hasiko da. Sentipen onekin ekin behar diogu.

Bigarren urtez jarraian ari zarete elkarrekin Imaz eta zu. Horrek abantaila izan behar luke?

Mesede egiten du: elkar ezagutzen dugu. Baina ez daude bi txapelketa berdin, eta gauza asko gerta daitezke; adibidez, Anderrek mina izan du eskuetan, eta ni ez naiz aritu askotan nahi bezain ondo. Baina kito. Aurrera begira gaude. Ea orain gure jokoa ateratzen dugun.

Zergatik ez zara aritu nahi bezain ondo?

Ez dakit, bolada kontua izan daiteke; iaz, hobeto nengoen jokoz. Baina uste dut finalerdietan nire jokoa egin dezakedala.

Animatuagoa zaude? Txinpartarekin?

Animatua beti, baina ea zer gertatzen den lehian. Baina ondo nago.

Bihar jokatuko duzue lehen partida, Jokin Altunaren eta Xabi Tolosaren aurka, Gasteizen. Zer itxura hartzen diozu lehiari?

Oso gogorra. Bitan jokatu genuen ligaxkan: bat, irabazi egin genien [22-19, Atanon]; bestea, ordea, erraz galdu genuen [22-8, Astelenan]. Partida guztiak ezberdinak dira, baina Altuna tartean egonda, oso gogorra izango da, ziur. Tolosa ere oso ondo ari da, oso sendo, pilotari emanez eta ezkerrarekin oso seguru eta pilota asko kenduz. Baina beti diot gauza bera: gure jokoa egiten badugu, edonori irabaz diezaiokegu. Ea hala den.

Altunaren aurkako partida guztiak dira bereziak?

Bai, pilotaririk erregularrena baita; ia beti ematen du berea. Beraz, hari irabazteko bete-betean aritu behar da. Oso zaila da hari irabaztea, baina lortu izan dugu. Badakigu irabaz diezaiokegula.

Pilota aukeraketan, bata besteari faborito rola emanez aritu zineten. Nor da faboritoa?

Txapelketaren hasieran, agian gu, txapeldunordeak ginelako. Baina, orain, haiek: bigarren sailkatu dira ligaxkan. Baina edozer gerta daiteke.

Bi bikoteek oso argi duzue egitekoa: aurkariaren aurrelaria saihestu eta atzelaria kargatu.

Hala da; ez dago misteriorik. Altuna aurrean dago, eta nik min egin dezaket atzean eskuinarekin. Gero, arriskatu egin beharko dut, eta aurrean asmatu.

Iaz, galdu egin zenuten ligaxkako lehen partida, eta, halere, finala jokatu zenuten. Garrantzitsua da, baina ez erabakigarria?

Garrantzitsua da irabaziz hastea, baina, gero, edozer gerta daiteke. Orain, aurreneko partida irabaztea besterik ez dugu buruan.

Zer iritzi duzu beste bi bikoteen inguruan: Elordiren eta Zabaletaren, eta Peña II.aren eta Mariezkurrena II.aren inguruan?

Mariezkurrena oso ondo dago; garaiz jarri da sasoi betean. Oso sendo ari da, eta asko ematen ari zaio pilotari. Zaila izango da hari aurre egitea. Elordi eta Zabaleta, berriz, bikoterik onena izan dira orain arte; oso erraz aritu dira. Ea finalerdietan nola aritzen diren.

Argi duzu nor nahi duzun egotea finalean, ezta?

Gu eta Jon; laguna dut, eta ilusio handia egingo zidan finala haren aurka jokatzeak. Baina, lehenbizi, gu, eta gero, besteak.

Aurki urtebete egingo duzu buruz buruko txapeldun gisa. Nola ari zara bizitzen?

Hasieran, arraro ikusten nuen neure burua, baina, orain, ohitu egin naiz. Ez diot horri buelta askorik ematen.

Zer da txapelduna izateak duen gauzarik politena?

Jendearen babesa. Pribilegiatutzat dut neure burua; txikitako ametsa bete dut. Orain, egunez egun gozatu nahi dut.

Badu zerbait txarrik?

Onekin bakarrik geratu nahi dut.

Txapeldun izan diren gehienek diote horren akituta bukatu zutela ezen pilota gosea galdu zuten. Zuri gertatu zaizu hori?

Ez. Baina gora egiten duen denak behera egiten du gero. Baina aspaldi irabazi nuen txapela; ez dut horretan burua orain. Etorriko da gero buruz burukoa, eta bete-betean ariko naiz berriro.

Osasuntsu egotea da lehentasuna?

Dudarik gabe; udan, nahi baino gehiagotan hartu nuen min.

Eskuin belauneko minak behartuta, Iker Irribarriak pilota utzi berri du, 26 urte eskasekin. Zer pentsatua ematen du horrek?

Bai, noski. Halakoek balio digute pribilegiatuak garela konturatzeko, eta egunerokoa gehiago baloratzeko eta gozatzeko. ]]>
<![CDATA[Azkeneko muga gainditu dute]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1986/019/001/2023-03-09/azkeneko_muga_gainditu_dute.htm Thu, 09 Mar 2023 00:00:00 +0100 Julen Etxeberria https://www.berria.eus/paperekoa/1986/019/001/2023-03-09/azkeneko_muga_gainditu_dute.htm
Sanchezena ez da harritzekoa; mugarriz mugarri dabil duela hiru urte eskas profesionala egin zenetik. Hura da bi txapelketa nagusiak jokatu dituen Hego Euskal Herriko lehen pilotaria: banakakoa eta binakakoa. Hark du ere bai palmaresik onena; Superprestigea —torneorik garrantzitsuena da— eta buruz burukoa irabazi ditu; biak aurten, bi hilabetean.

«Oso gogor egin dut lan, eta, horrela, aukera gehiago dago emaitza onak lortzeko. Gainera, pilota bizi jotzeko gaitasuna dut. Halere, ez nuen espero dena horren ondo aterako zenik. Urte berean hiru txapelketa nagusiak irabaz ditzaket; sekulakoa da».

Irabazi duen azkeneko txapelari erreparatu dio bereziki. «Ez dago ezer handiagorik. Niretzat harro egotekoa da Waltaryrekin batera bertakoa izan gabe buruz buruko txapeldun izatea».

Nagusitasunez irabazi zion finalean Battitta Ducassouri: 40-29. Itsasuarrak zazpigarren txapela nahi zuen, Manu Martiarenari eta Waltaryri aurrea hartzeko. Baina Sanchezek zapuztu zion ametsa. «Ducassouri irabazi izanak balio handiagoa ematen dio txapelari; inoizko onena da».

Hark jantzi du txapela, baina «askorena» da: «Familiarena, lagunena, nire prestatzaile fisiko Iñaki Barbajerorena eta gure lantaldearena, nire prestatzaile tekniko Xalarena, eta nire botilero Aritz Zabalzarena».

Hego Euskal Herriko beste pilotarien aldean, «zortekotzat» dauka bere burua. «Nik zortea izan dut, 23 urterekin eman baitzidaten profesionaletan aritzeko aukera. Baina uste dut hangoek baino gehiago egin behar dugula aukera bat izateko. Nire iritziz, Inharrek eta Ekhik [Ziarrusta ] lehenago merezi zuten aukera. Lehenago eman izan baliete, agian Inharrek irabazia zuen txapel nagusia. Halere, egun, gure lana aitortzen digute».

Bi ezkero, hiru seguru, dio atsotitzak, eta horixe egin nahi du: binakakoa irabazi. Igandean ekingo dio, Eneko Maiz billabonatarrarekin. Hura da maila nagusiko binakakoa jokatuko duen Hego Euskal Herriko beste pilotaria. «Oso pozik nago; oso ondo moldatzen gara. Ea txapela irabaz dezakegun. Gogor borrokatuko gara».

Poza eta pena aldi berean

Ugartek, berriz, profesionala bilakatu eta 11 hilabetera irabazi du lehen txapel handia. Hari, ordea, ez dio ezustean hartu. «Ondo moldatzen naiz buruz buru, eta banekien nire lana ondo egiten banuen eskura izango nuela txapela. Zazpi partida jokatu ditut, eta bakarra galdu dut: lehena, Jon Saint-Paulen aurka. Ondorioz, ezin izan nuen Lehen Mailakoekin aritu. Baina, gero, arantza atera nuen finalean, Saint-Pauli irabazita».

«Oso pozik» dago, baina ezin du ezkutatu «pena» ere baduela. «Nirea ez da ohiko debuta; 33 urte ditut, urte pila bat daramatzat txapelketa onenak jokatzen; eta askotan aritu naiz berezkoen aurka. 2009an jokatu nuen lehen aldiz berezkoen aurka; beraz, hamalau urte pasatu behar izan dira aukera izan arte. Eta pilota jarraitzen duen edonork badaki nik aspaldi nuela behar besteko maila. Pena da, baina orain iritsi zait aukera, eta aprobetxatu egin behar dut».

«Jende askorekin» gogoratzen da txapelari begiratzean: «Nire ibilbidean lagundu didaten guztiei eskaini nahi diet: bikotekideari, familiari, Abadiñon [Bizkaia] urte askoan nirekin aritu diren pilotariei, Kepa Arroitajauregi zenari, Sopelako [Bizkaia] klubeko jendeari... Oso eskertuta nago».

Sanchezen iritzi berekoa da hura ere: «Oso albiste ona» da Hegoaldeko bi pilotarik irabazi izana. «Aukera eta garaia aprobetxatu» behar direla azpimarratu du, eta Hegoaldeko pilotariei dei egin die trinketara gerturatzeko. «Ezkerparetan debutatu ezin dutenak; debuta egin, eta itzalean ari direnak; eta etsita, pilota uztear direnak; guztiak animatuko nituzke trinketan jokatzera; aukera oso ona da». Haren ustez, Hegoaldekoak «hobeak» dira gauza askotan: «Osoagoak gara: teknika hobea dugu, eta erraz jotzen diogu pilotari ezkerrarekin. Oso ondo molda gaitezke trinketan. Horren erakusle da gero eta gehiago ari garela berezkoekin: Luis, Ekhi, Eneko eta ni neu. Kopuruak gora egiten jarraitzen badu, agian antola zitekeen Iparraldean eta Hegoaldean zirkuitu bateratu bat».

Hark ere asteburuan ekingo dio binakakoari. Bigarren Mailakoan ariko da. Iaz, Ziarrusta laguna izan zuen bikotekide. Aurten, berriz, Alexis Hegi jatsuarra. Argi du helburua: «Bigarren Mailako ligaxkako lehen sailkatuak kanporaketa jokatuko du Lehen Mailako laugarrenaren aurka, eta irabazleak maila nagusiko finalerdiak jokatuko ditu. Hor egon nahi dut nik, onenekin borrokan». ]]>
<![CDATA[Harririk gogorrena ere puska daiteke]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2111/030/001/2023-03-07/harririk_gogorrena_ere_puska_daiteke.htm Tue, 07 Mar 2023 00:00:00 +0100 Julen Etxeberria https://www.berria.eus/paperekoa/2111/030/001/2023-03-07/harririk_gogorrena_ere_puska_daiteke.htm
Inor gutxik espero zuen. Hansenek Munduko Txapelketa jokatu berri zuen, bikain jokatu ere: haren lana erabakigarria izan zen hura eta Danimarka hirugarren aldiz txapeldun izan zitezen. Beste lorpen bat gehiago zen haren palmares ikusgarrian: Europako txapeldun izan da, eta Jokoetan ere bai; gainera, hirutan aukeratu dute munduko jokalaririk onena.

Taldeko buruak azaldu zituen arrazoiak. «Mikkelek oso urte bizia izan du: lehenbizi, lesio larria izan zuen belaunean, eta, min hartuta zegoela, enbolia bat izan zuen biriketan; gero, Parisen hamar urtez jokatu, eta klubak izandako makina bat aldaketa bizi ondoren, etxera itzuli zen familiarekin; eta, azkenik, Munduko Txapelketa irabazi berri du». Hau da: ez zen arrazoi bakarraren ondorioa, bat baino gehiagorena baizik.

«Ohikoa da hori», azaldu du Unai Arrieta eskubaloi jokalari ohi eta kirol psikologoak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1981). «Ez du zertan arrazoi jakin bat egon; askotan, tantaz tanta betetzen da edalontzia, eta, azkenean, gainezka egiten du, eta kirolariak zerbait egiteko beharra nabaritzen du: adibidez, gelditu, atseden hartu, eta profesional baten laguntza eskatzekoa; askotan gertatzen da hori, eta, ziurrenik, Hanseni ere hori gertatu zaio».

Arrietaren iritziz, zerikusi handia du horrek alor psikologikoa «subjektiboa» izatearekin. «Bi pertsonak oso desberdin bizi dezakete egoera bera: bati izugarrizko sufrimendua eragin diezaioke; eta, beste bati, aldiz, ez. Egoerari nola aurre egiten zaion; hortxe dago koska; batzuetan, ez zaio behar bezala aurre egiten. Beharbada, Hansenek ez dio modurik aproposean heldu orain goi mailako kirolak barruan duen presio eta estres handiari».

Ez da gorenean egonda buruari atseden ematea erabaki duen lehen kirolaria. Simone Biles gimnasta estatubatuarra, Naomi Osaka tenislari japoniarra, Tom Dumoulin txirrindulari herbeheretarra... Luzea da zerrenda. Duela bizpahiru urte eskaseko joera da kirolarien osasun mentalaren garrantzia ikusaraztea. Arrietak argi du: aurretik, «ezkutatu» egiten ziren halako egoerak. «Kirolean, beti egon dira presioak eta tentsioak eragindako egoerak, baina, lehen, kirol psikologia ez zegoen zabaldua, eta psikologoarengana joatea ez zen ontzat hartzen. Horren ondorioz, kirolari askok, nahiz eta benetan osasun mentalaren inguruko arrazoiengatik jokatzeari utzi, beste motibo batzuk aipatzen zituzten; lesio bat zutela, adibidez. Baina, azken urteetatik hona, aldaketa handia izan da, eta askok azaldu egiten dituzte euren ondoezak; sare sozialek lagundu dute horretan. Horri esker, gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio osasun mentalari».

Gaia normaltzeko beharra

Arrietak berriro nabarmendu du goi mailako kirola «oso estresagarria» dela, eta horretan ari direnak «fisikoki ez ezik, psikologikoki ere indartsuak» izan ohi direla. «Baina horrek ez du esan nahi bolada jakin batean, lesio fisiko bat duten bezala, ezin dutenik ondoez psikologiko bat izan. Zorionez, egun, askok ausardiaz kontatzen dituzte halakoak, eta ona da, kirolari horiek eredu izaten baitira. Oso ona da goi mailako kirolariek nabarmentzea denok garela gizakiak, hezur-haragizkoak, eta ahuleziak ditugula, sufritu egiten dugula. Urte askoan, superheroien itxura eman nahi izan zaie kirolariei: esaten zen ez zirela zaurgarriak, hauskorrak. Eta badira, noski!».

Baita Hansen bezalako harritzarra ere: 1,96 metro da luze, ehun kilo pisatzen ditu, eta urteak daramatza ateak dardararazten. «Baina hau gertatu zaiolako ezin da haren gaitasun psikologikoa dudan jarri. Sekulakoa du; bestela, ezinezkoa litzateke horrenbeste urtean talderik onenetan aritzea. Hain ona izateko, une erabakigarrienetan horren maisuki aritzeko, nahitaez izan behar dituzu sekulako dohain psikologikoak. Eta Hansenek baditu. Baina berriro diot: hezur-haragizkoa da, sufritzen du, eta haren edalontziak gainezka egin dezake».

Eta nola jokatu gertatzen denean? Bakoitza desberdina da, baina badaude egin beharreko zenbait pauso. «Lehenbizi, gelditu, eta estresa eragiten duten egoerak kendu; eta, gero, pixkanaka, horiek txertatu, haiei aurre egiten hasteko. Helburua da egoera horiei beste era batean aurre egitea, ez hain era estresagarrian. Ikaskuntza prozesu bat da, hainbat estrategia eta teknika ikasten baitira: emozioen eta arretaren kontrola. Egoerak nola interpretatzen dituzun da garrantzitsuena».

Eta aurrera egin daiteke? «Bai, dudarik gabe, eta are gehiago goi mailako kirolaria izanda. Horrenbeste urtean punta-puntan aritu badira, sekulako gaitasunak dituztelako da; beraz, ziurrenik, aurrera egiteko gaitasuna izango dute. Hasieran, duda izan dezakete bere buruarekin, eta onartu beharko dute ez direla superheroiak. Baina behin hori onartuta, azkar osatzen dira. Are, askotan, hobeto aritzen dira, eta hobeto kudea ditzakete lehen traba zitzaizkien egoerak».]]>
<![CDATA[Olatu baten gainean iritsi dira]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/021/001/2023-03-04/olatu_baten_gainean_iritsi_dira.htm Sat, 04 Mar 2023 00:00:00 +0100 Julen Etxeberria https://www.berria.eus/paperekoa/1879/021/001/2023-03-04/olatu_baten_gainean_iritsi_dira.htm
Kolpe gogorra izan zen, baina ez nahikoa Ados klubeko ordezkarien asmoa zapuzteko. Babes handia zuten: 24 pilotariren eta hogei udalen konpromisoa. Baita BERRIArena ere; egunkariak eutsi egin zion iaz egindako apustuari: luze eta zabal emango zuen txapelketaren berri, eta haren marka presente egongo zen frontoietan, iragarkietan eta pilotarien elastikoetan. Hamaika telebista ere batu zen: final-laurdenak, finalerdiak eta finala eskainiko zituen. Horiek guztiek, eta makina bat enpresek eta norbanakoek emandako babesari esker sortu zen Adosen aldeko olatu berdea.

Ia hiru hilabete pasatu dira, eta. horiei guztiei esker, berriro arrakastatsua izan da txapelketa. Iera Agirre pilotariak eta Ados klubeko ordezkariak nabarmendu duenez, pilotariei «asteburuero» bermatu zaie jokatzea, eta pilotariek «izugarri» eskertu dutela. 33 partida jokatu dituzte guztira.

Lehia estua ere egon da, eta lau bikote iritsi dira finalera. Bihar jokatuko dituzte Promozio eta Lehen Mailako finalak, Zumarragako (Gipuzkoa) Beloki frontoian, 11:30ean. Hamaika-k zuzenean eskainiko ditu. Promozio Mailan, Aiala Uriarte Gordon eta Leire Oskoz Natale Aranbururen eta Olatz Insaustiren aurka ariko dira. Lehen Mailan, berriz, Maddi Barrocalek eta Olatz Ruiz de Larramendik jokatuko dute Goiuri Zabaletaren eta Naroa Agirreren kontra.

Onenak, hasi eta buka

Ez da ezustea finalean egotea Barrocal eta Ruiz de Larramendi, eta Zabaleta eta Agirre. Bi bikote horiek izan dira onenak hasi eta buka. Barrocal eta Ruiz de Larramendi lehenak izan ziren ligaxkan, zazpi partidak irabazita. Zabaleta eta Agirre, berriz, bigarren izan ziren, bost garaipen lortuta. Finalerdietan ere nagusitasunez irabazi zuten: Barrocalek eta Ruiz de Larramendik 22-11 hartu zituzten mendean Naroa Elizalde Etxekolonea eta Maite Ruiz de Larramendi Mujika, eta Zabaletak eta Agirrek 22-12 Ainhoa Ruiz de Infante eta Oihana Orbegozo.

«Ez nuen uste horren txapelketa ona egingo genuenik, baina Olatz eta biok oso ondo moldatu gara elkarrekin; plazera da hura bezalako atzelari indartsu batekin aritzea. Bikote sendoa osatu dugu, eta bizi eman diogu pilotari. Horri esker irabazi ditugu partida guztiak», azaldu du Barrocalek. Promozio Mailan txapeldunorde izan zen iaz. Txapela nahi du aurten. «Oso txapelketa polita izan da berriz. Ea errematea eman diogun, txapela jantzita. Bikote sendoa dira Goiuri eta Naroa, baina gurea egiten badugu, irabaz dezakegu»

Agirrek ere txapela irabazi nahi du. Hura ere «oso gustura» aritu da bikotekidearekin. «Lehen aldiz aritu gara elkarrekin, baina banekien nolakoa den Goiuri: oso-oso pilotaria da, sekulako kalitatea du, eta gozamena da harekin jokatzea. Horregatik, izugarri poztu nintzen harekin jokatuko nuela esan zidatenean».

Bikote «segurua» osatu dutela dio, eta horri eutsi nahi diote finalean. «Oso partida zaila izango da; frontoia bizia eta garaia da, eta baldintza horietan sekulako pilotakadak ematen ditu Olatzek. Baina ondo ari gara; hamazazpi tanto egin genizkien ligaxkan; zergatik ez dizkiegu 22 egingo?».]]>
<![CDATA[Realak suspertu ezinik jarraitzen du]]> https://www.berria.eus/albisteak/225072/realak_suspertu_ezinik_jarraitzen_du.htm Fri, 03 Mar 2023 23:12:29 +0100 Julen Etxeberria https://www.berria.eus/albisteak/225072/realak_suspertu_ezinik_jarraitzen_du.htm <![CDATA[«Uztea ez da kapritxoa; gaztea naiz oraindik, eta osasuntsu bizi nahi dut»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/018/001/2023-03-02/uztea_ez_da_kapritxoa_gaztea_naiz_oraindik_eta_osasuntsu_bizi_nahi_dut.htm Thu, 02 Mar 2023 00:00:00 +0100 Julen Etxeberria https://www.berria.eus/paperekoa/1918/018/001/2023-03-02/uztea_ez_da_kapritxoa_gaztea_naiz_oraindik_eta_osasuntsu_bizi_nahi_dut.htm




Zer moduz zaude?

Ondo; albiste garrantzitsua eman dut, eta azkeneko partidetan ondo aritu naiz. Baina, larunbatekoan pentsatzen hasi, eta urduritu egiten naiz; emozio askoko partida izango da, eta ez dakit zehazki nola egongo naizen. Baina gorputza jada horra bideratua dut.

Agurreko prentsaurrekoan nola edo hala eutsi zenion emozioari. Etzi gehiago kostatuko zaizu?

Seguru. Prentsaurrekoa prestatua nuen; mila aldiz irakurri nuen esan beharrekoa etxean; etxean pasatu nituen komeria guztiak. Baina larunbatekoa beste gauza bat da; ez dakit zer datorren.

Nolako agurra nahiko zenuke?

Ederra litzateke frontoia betetzea, partida ona jokatzea, inork min ez hartzea, eta jendeak txalo zaparrada batekin agurtzea. Aho zapore onarekin geratu nahi dut.

Barneratua duzu datorrena?

Ez da erraza barneratzea bertatik pasatu gabe. Baina, lehenbizi, lasaitasun pixka bat eman nahi diot gorputzari; dezenteko egurra eman diot zortzi urtean, eta, batez ere, azkeneko bietan. Indarberritu egin nahi dut, gauzak lasai hartu, eta familiaz gozatu. Gero hasiko naiz pentsatzen zer egingo dudan.




Beldur ematen dizu erretiroaren ondorengo lehen egunak?

Bai. Igandeak ez, seguruenik aje ederra izango baitut. Baina astelehenak beldur ematen dit. Zaparrada pasatuta egongo da, eta hurrengo asteburuan ez dut ezer ez izango. Lehen asteburua gustura hartuko dut, baina seigarrena iritsitakoan agian zerbaiten falta sumatuko dut.

Baduzu zerbait egiteko gogoa?

Bai. Aurrena, lasai egoteko eta familiaz gozatzeko gogoa dut. Sekulako gogoa dut eguraldia hobea denean alabarekin gozatzeko. Kirol pixka bat egiten jarraituko dut, gorputza ahalik eta ondoen izateko; badut gogoa ez emateko horrenbesteko egurrik. Kirol profesionalak asko higatzen du.

Eskuin belauneko minak behartu zaitu erretiroa hartzera. Zer moduz duzu? Partida asko jokatu dituzu azken egunetan.

Partiden amaierak eta ondorengoa dira txarrena, baina, egunak pasatuta, eta bizikletan ibilita eta atseden pixka bat hartuta, sendatu egiten dira minak. Baina ez dut uste konponbiderik duenik; izango balu, borrokan segituko nuke.

Azken partidetan oso ondo aritu zara. Zalantza eragin dizu?

Batetik, pena pixka bat ematen du zeure burua lehiakor ikusita utzi behar izateak. Baina, bestetik, ederra da kirola aho zapore onarekin uztea. Gainera, kontratua bukatzen zitzaidan, eta espezialista guztiek esan didate uzteko. Ez dut uste erabakia nik bakarrik hartu dudanik; behartua izan da, eta hori gogorra da.

Azken partidetan zein ondo aritu zaren kontuan hartuta, ulertzen duzu jendea harrituta egotea hartu duzun erabakiarekin?

Bai, noski, ulertzen dut. Niri ere pena pixka bat ematen dit. Baina nahi dut jendeak ulertzea ni ez naizela bakarrik egun eta ordu horretan pilotari; partida osteko egunean ere badago bizia, eta, askotan, horiek dira unerik okerrenak. Uztea ez da kapritxo bat. Arriskua dago okerrera egiteko; zenbat eta gehiago luzatu, orduan eta okerrago. Pilotatik kanpo ere, nire bizimodua egin nahi dut. Oraindik gaztea naiz, eta osasuntsu eta bizi kalitate onean bizi nahi dut. Aktiboa naiz, kirola egitea gustatzen zait, eta, espezialistak esaten dizunean beste urtebetez edo bi urtez jarraituz gero etorkizun txarra izango duzula, argi geratzen zaizu amaiera iristear dela.

Hainbat espezialistarengana joan zara. Ez duzu saiatu ez izanaren damurik.

Ez. Ez naiz geldirik egon. Norberaren osasuna eta lanbidea jokoan daudenean, edozeri heltzen diozu; esperantza dagoen bitartean, toki guztietara joaten zara. Baina, guztietan gauza bera esaten dizutenean, barneratzen hasi beste aukerarik ez duzu.

Halakoak etxekoei esaten zaizkie lehenbizi. Nola hartu zuten?

Lehenbizi, animatu egin ninduten. Haiek ere asko sufritu dute gertatu zaidanarekin, urte askoan izugarri gozatu baitugu etxean. Haientzat ere gogorra da, eta ni haietan oinarritzen naiz, eta ez du grazirik egiten haiek triste ikusteak. Oso-oso eskertuta nago haiekin. Une ederrak bizi izan ditugu, eta, orain, garai gogor hauetan ere haiek dira nire sostengu.

Ia zortzi egin dituzu. Erdizka geratu izanaren sentipena duzu?

Aukeran, gustatuko litzaidake urte gehiagotan jokatu izana, baina oso gazte hasi nintzen ni [18 urterekin], eta badakit askok ez dutela egin zortzi urte goi mailan; zaila da hor egotea, eta nik lortu dut. Batetik, aho zapore gazia uzten dit 26 urterekin utzi behar izateak, baina, bestetik, harro egon behar dut egin dudanaz. Oso intentsoa izan da nire kirolari bizitza.

Zertaz zaude harroen?

Diziplina asko behar da txapel bat irabazteko, eta zer esanik ez bi irabazteko. Bost final jokatu ditut, eta hiru txapel irabazi. Niretzat, ederra da hori, baina gehiago asebetetzen naute egin ditudan harremanek. Niretzat, garrantzitsuagoa da hori. Hau bukatu da, eta jada ez dut txapel gehiago lortuko, baina harreman horiek tinko jarraituko dute. Handia da hori.

Herriko frontoiaren errebotean daude jarrita irabazi dituzun hiru txapelak. Zer pentsatuko duzu orain haiek ikusten dituzunean?

Denetarik: batzuetan, pena eta tristura sentituko dut, eta beste batzuetan, horiek irabazi izanaren harrotasuna. Zaila da esatea zer sentituko dudan. Une jakin horretan nola nagoen islatuko da.

Hogei egun barru beteko dira zortzi urte debuta egin zenuenetik, Eibarko Astelenan (Gipuzkoa). Nola gogoratzen duzu?

Polita izan zen. Lehenbizi, harrituta geratu nintzen pilotaren abiadurarekin. Merinorekin jokatu nuen, Miguelekin, Jaunarenaren eta Urruzolaren aurka. Gogoan dut Jaunarenak ezkerrez pilota jotzen zuen bakoitzean atzeraka ateratzen ninduela. Oroitzapen ederra dut; ez dut ahaztuko. Orain, garrantzi handiagoa emango diet halakoei.

Hiru hilabete eskas behar izan zenituen lehen finala jokatzeko: Promozio Mailako buruz burukoa, Victor Estebanen aurka.

Ez nintzen nahi bezain ondo aritu [22-17 galdu zuen], baina egun polita izan zen; jende asko joan zen Beotibarrera. Gero etorriko ziren bizipen intentsoagoak.

2016ko Lehen Mailako buruz burukoaz ari zara: lehen aldiz jokatu, eta txapela irabazi zenuen, aurkari guztiak hankapean ibilita. 19 urte baino ez zenituen; inork ez du horren gazte irabazi buruz buruko txapela.

Erokeria baten moduan gogoratzen dut buruz buruko hura. Ikaragarria izan zen; ez nuen espero halakorik: hasiberria izaten hasi, eta txapeldun bilakatu nintzen. Bigarrenez txapela irabazi nuenean eman nion merezitako balioa. Orduan ohartu nintzen zenbat kostatzen den txapel bat irabaztea.

Esan izan duzu «gainezka» egin zizula lehen txapelaren ondorenak.

Bizitza erabat aldatu zitzaidan oso denbora gutxian. Baina halaxe da kirolarion bizitza: ondo zaudenean, onerako, eta gaizki zaudenean, txarrerako. Orduan lortu nuenak izan zuen oihartzunak eta sortu zituen aurreikuspenek ez zidaten mesederik egin. Baina lorpena hor dago, eta uste dut ondo ikasita irten garela.

Azkar eskatu zenuen laguntza?

Bai. 19 urterekin ez dut uste inork dituenik horretarako tresnak, eta nik, are gutxiago; horregatik eskatu nuen laguntza, oihartzuna barneratzeko. Baina kosta egiten da. Niri mesede egin zidan: burua ordenatzen duzu, eta, pixkanaka, gauzak barneratuz joaten zara. Egin beharreko lanketa da.

Halere, 2017a ere urte polita izan zen: binaka, txapeldun izan zinen, eta banaka, txapeldunorde.

Oroitzapen polita dut Beñatekin [Rezusta] txapeldun izateaz; baita, nahiz eta galdu, Oinatzen [Bengoetxea] aurkako finalaz ere. Gauza onak izan nahi ditut gogoan.

2018a, berriz, ez zen ona izan. Orduan hasi zinen sentitzen aipatu duzun «aurreikuspenak ez betetzearen garratza»?

Bai, baina beste gauza batzuk egiteko aprobetxatu nuen. Ezkurdiaren aurka galdu nuen, eta enpresak aukera eman zigun Ameriketara joateko. Baina, bai, ez nituen aurreikuspenak bete, eta, halakoetan, burua martxan hasten da. Eta, tresnarik ez baduzu...

Indartsu itzuli zinen 2019an: buruz buru, txapeldun izan zinen, eta binaka, txapeldunorde.

Lanaren fruitua izan zen. Kosta egiten da txapel bat irabaztea; gero, egurra jasotzen duzu. Hala gertatu ohi zaio txapela lortu eta hurrengo urtean irabazten ez duenari. Ez dut inoiz era pertsonalean hartu egurra jasotzearena; gizartean dagoen zerbait da, eta onartu beharra dago. Zorionez, 2019an, lanaren poderioz, bigarren txapela irabazi nuen buruz buru. Izugarri poztu nintzen. Lehenengoa ezustean irabazi nuen; bigarrenari balio handiagoa ematen diot.

Azken urteak, ordea, oso gorabeheratsuak izan dira.

Iaz, Beñatek eta biok gutxigatik ez genuen jokatu binakakoaren finala; lan ona egin genuen. Baina gogorrak izan dira azken bi urteak; ezin izan naiz nahi bezainbeste entrenatu. Batzuetan, goian egon naiz, baina beste askotan, ez. Entrenamendu faltaren ondorioa zen. Gero eta argiago nuen pixkana beste bide batzuk hartuz joan behar nuela; saiatu naiz, baina honaino iritsi naiz.

Nola nahiko zenuke jendea zurekin gogoratzea?

Pilotari eta profesional gisa. Ordu asko pasatu ditut lanean frontoian eta frontoitik kanpo, eta nahiko nuke jendeak hori baloratzea; ez niri bakarrik, kirolari guztiei baizik. Lorpenak lorpenak dira, baina horien atzean lan asko dago, ordu pila. Gauzak ez dira kasualitatez lortzen: langilea izan naiz zortzi urte hauetan. Oso maitatua sentitu naiz beti, eta maitasun hori sentituz esan nahiko nuke agur. Asko eskertzen diet zaleei: nire ustez, konturatu dira hor barruan min asko egoten direla, batez ere fisikoak, eta beti saiatzen garela ahalik eta lanik onena egiten.]]>
<![CDATA[Bostekoa eman diote elkarri]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/020/001/2023-03-01/bostekoa_eman_diote_elkarri.htm Wed, 01 Mar 2023 00:00:00 +0100 Julen Etxeberria https://www.berria.eus/paperekoa/1879/020/001/2023-03-01/bostekoa_eman_diote_elkarri.htm
Larunbatean hasiko da lehia, Hernaniko Galarreta frontoian (Gipuzkoa), eta toki berean amaituko da, apirilaren 8an. Egun horretan jokatuko dute finala.

Sei bikote ariko dira, bi multzotan banatuta: A multzoan, Ander Goikoetxea eta Aitor Aiestaran, Oscar Urrutia eta Apezetxea, eta Urtzi Gurrutxaga eta Ibon Zaldua egongo dira; B multzoan, berriz, Julen Loitegi eta Aritz Eskudero, Aitor Zaldua eta Odei Arregi, eta Jon Irazu eta Aritz Zubiri. Multzo bakoitzeko hiru bikoteek elkarren aurka jokatuko dute hurrengo lau larunbatetan: martxoaren 4an, 11n, 18an eta 25ean. Lehen egunean hauek izango dira partidak: Goikoetxea V.a eta Aiestaran Gurrutxagaren eta Zaldua I.aren aurka; eta Loitegi eta Eskudero Irazuren eta Zubiriren kontra. 16:30ean hasiko da jaialdia.

Egindako tantoen arabera lortuko dituzte puntuak, sailkapenerako: irabaziz gero (35 tanto), lau; 32tik eta 34ra tanto lortuz gero, bi; 29tik 31ra lortuz gero, bat; 23tik 28ra lortuz gero, batere ez; eta 22 edo gutxiago lortuz gero, puntu bat kenduko zaie. Multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuak ariko dira finalerdietan, apirilaren 1ean: A multzoko lehena B multzoko bigarrenaren aurka, eta B multzoko lehena A multzoko bigarrenaren kontra. Irabazleek finala jokatuko dute.

Erremonteak erakarri egiten du oraindik. Hala, lau erremontistek debuta egingo dute: Gurrutxagak, Irazuk, Aiestaranek eta Eskuderok. Lehen biak aurrelariak dira: Gurrutxaga Aizarnazabalgoa da (Gipuzkoa), eta 22 urte ditu; Irazu, berriz, Adunakoa da (Gipuzkoa), eta 23 urte ditu. Aiestaran eta Eskudero, ordea, atzelariak dira: Hernanikoa (Gipuzkoa) da lehena, eta 25 urte ditu; eta Andoaingoa da bigarrena (Gipuzkoa), eta 28 urte ditu. Berri oso ona da.]]>
<![CDATA[Realak itxura eskasa emanda galdu du Mestallan]]> https://www.berria.eus/albisteak/224823/realak_itxura_eskasa_emanda_galdu_du_mestallan.htm Sun, 26 Feb 2023 09:30:33 +0100 Julen Etxeberria https://www.berria.eus/albisteak/224823/realak_itxura_eskasa_emanda_galdu_du_mestallan.htm