<![CDATA[June Romatet | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Wed, 23 Oct 2019 04:37:44 +0200 hourly 1 <![CDATA[June Romatet | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Sakabanatuak elkartuz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1926/030/001/2019-09-07/sakabanatuak_elkartuz.htm Sat, 07 Sep 2019 00:00:00 +0200 June Romatet https://www.berria.eus/paperekoa/1926/030/001/2019-09-07/sakabanatuak_elkartuz.htm
Mundu osoan euskal kulturaren zabalpena ospatzeko, irailaren 8a Euskal Diasporaren Eguna izendatu zuten, eta iaz ospatu zuten lehen aldiz. Iazko ospakizunen arrakasta kontuan hartuta, joan den urtean hainbat herrialdetan egin zuten bezala, euskal kulturaren bidez euskaldun izatea ospatuko dute bihar, denek egun berean. Horien adibide dira Montrealeko (Quebec), Tokioko (Japonia), Valparaisoko (Txile), Necocheako (Argentina) eta Londreseko (Erresuma Batua) euskal etxeek antolatutako egitasmoak eta ospakizunak.

Egitasmo asko, gai bakarra

Japonian euskal etxe bakarra dago, Tokion, baina badituzte beste bi elkarte euskal kultura bultzatzen dutenak: Euskal-Japoniar Elkartea eta Peña Athletic tokiotarra. Bertako euskal etxeari Txokoa deitzen diotela azaldu du Masami Murakamik, Tokioko Euskal Etxeko kideak. Joan den urtean, Txokoan, bazkari bat egin zuten, marmitakoa, patata tortilla eta beste hainbat jakirekin. Aurten ere antzeko zerbait egingo dute, hamar euskaldun eta hamar japoniar inguru bilduko dira, eta euskal jakiekin egindako bazkari bat egingo dute. Bazkaldu ostean, berriz, egitasmo berezi bat dute: «Berri Txarrak musika taldeak kontzertua du bihar Tokion; beraz, denak batera joango gara», esan du Murakamik. Euskal talde hori entzuteko gogoz dago Murakami: «Gogotsu nago kontzertura joateko; gainera, taldeari idatzi diot Euskal Etxera etortzeko gonbidapena egiteko».

Munduaren beste aldean, Valparaisoko Euskal Etxeak 76 urte bete ditu aurten, eta han hamahiru pertsona aritzen dira lanean. Hainbat klase ematen dituzte, baina bereziki pilota klaseak eta txalaparta klaseak dira ospetsuak han; horiez gain, abesbatza bat ere osatu dute. Hainbat festa ospatzen dituzte: «Bihar Euskal Diasporaren Eguna ospatuko dugu, gure jatorria gogoratzeko asmoz eta kultura guztion artean zabaltzen saiatzeko», azaldu du Lore Espinosak, euskal etxeko idazkariak. Ospatzeko, herri bazkaria antolatu dute euskal etxekoek.

Gainera, besteak beste, ikastaroak aurkeztuko dituzte, dantza egingo dute, eta abesbatza ere han izango da. Espinosak azaldu du klaseetan hamabost pertsona inguruk parte hartzen dutela, baina halako festetan 50 parte hartzaile inguru izaten dituztela, eta antzeko kopurua espero dutela aurten. Joan den urtean ere hilaren 8an elkartu zirela azaldu du Espinosak: «esperientzia benetan ederra izan zen; familia batzuk elkartu ziren, eta, gainera, Erasmuseko ikasle euskaldunak ere izan genituen. Horrez gain, musika, euskal karaokea, dantza ikuskizuna, txalaparta eta pintxo-potea eduki genituen».

Argentinan, festa ugari

Necocheako euskal etxea Valparaisokoa baino bi urte geroago sortu zen, baina haiek adina egitasmo, ikastaro edota festa egiten dituzte. Horien artean, euskara eta gastronomia klaseak, hainbat kirol, danborrada eta San Joan gaua. Sagardotegia ere badute Argentinan: «Sagardotegia aprobetxatuko dugu, eta, 8a igandea denez, han ospatuko dugu Diasporaren Eguna», azaldu du Juanchi Yacominik, parte hartzaileetako batek.

Jende kopurua festaren arabera aldatuz joaten dela ere azaldu du: «Gure festa nagusietako bat San Inazio da, eta aurten 220 pertsona etorri ziren afarira; asko poztu gintuen jendetza hori ikusteak». Joan den urtean ere 100 pertsona inguru bildu ziren sagardotegian, «guretzat oso polita izan zen denok batera euskal kultura Argentinatik bultzatzea eta hemen indartzea», esan du Yacominik. Necocheako Euskal Etxean euskaldun jatorrikoak direnek eta ez direnek parte hartzen dutela azaldu du, eta atean zera jartzen duela: Hemen sartzen dena, bere etxean dago.

Montrealen ere hala dela azaldu du Beñat Urrutia Quebeceko Euskal Etxeko aholkulariak: «Euskal etxe honetan bertakoak eta Euskal Herrikoak izaten ditugu; batzuk bazkideak dira, eta beste batzuk egitasmoetan parte hartzera etortzen dira».

Aniztasunetik sortutakoa

Etxe horrek 23 urte ditu, eta bertan antolatutako ekitaldietan ehun parte hartzaile inguru biltzen dira, nahiz eta erregularki han lanean ari direnak hamar inguru izan. Quebeceko euskal etxe horretan ere euskara, dantza, musika eta txalaparta klaseak ematen dituzte, eta hainbat festatan jaiak antolatzen dituzte. Baina Montrealekoaren berezitasuna trainerua da. Euskal Etxeak traineru bat dauka, eta harekin ateratzen dira batzuetan arraun egitera. Hori kontuan hartuta, «Diasporaren Egunean ere trainerua aterako dugu, baina lehenago piknik bat egingo dugu etxeetan prestatutako euskal platerekin», azaldu du Urrutiak. Quebectarrek, egun bakarrean ospatu beharrean, bi egunetan egin nahi izan dute; beraz, 10erako kontzertu bat antolatu dute Euskal Herriko musikariekin: «Denak elkartuko gara, eta, horrela, euskal abestiak kantatuko ditugu», azaldu du aholkulariak, gogotsu daudela adieraziz.

Jai giroan kultura zabalduz

Londresko Euskal Etxekoek atzo ospatu zuten Diasporaren Eguna, 8a igandea delako. Eusko Jaurlaritzak egindako eskaeragatik hasi ziren jaia antolatzen, «munduko beste euskal etxeekin bat egiteko eskatu ziguten iaz, eta denok zerbait egingo genuela pentsatzeak asko poztu gintuen. Beraz, iazkoa ondo joan zenez, aurten ere antolatu dugu», esan du Londresko Euskal Etxeko kide batek. «Ospatzeko, bazkari bat antolatu dugu, eta jendea bultzatu dugu euskal platerak egitera, gero denek batera jateko», azaldu du. Horrez gain, euskal dantzen ikuskizuna ere egingo dute, zuzeneko musikarekin.

London Basque Society 1999an izendatu zuten ofizialki euskal etxe, nahiz eta 1990etik hainbat egitasmo egin zituzten. Parte hartzaile kopurua desberdina da egiten dituzten ospakizunetan. Gainera, azaldu du iraila bukaeran Londresen ohitura dutela oporretara joateko. Beraz, jende kopurua handiagoa izan bazitekeen ere, Diaspora Egunean 40 pertsona inguru izan dituzte. Gaur egun, festak antolatzen jarraitzen dute Londresen, besteak beste Korrika, bertso afariak eta Diaspora Eguna, eta euskara eta euskal dantzak ere irakasten dituzte.

Beste euskal etxeek ere antzeko jaialdiak ospatzen dituzte: Aberri Eguna, Euskararen Eguna, Gabonak Olentzerorekin eta abar. Gainera, ohikoa da astean zehar euskara klaseak jasotzeko aukera izatea. Euskal dantzen ikastaroak ere izaten dira batzuetan, baina, parte hartzaileek azaldu dutenez, ikastaro horiek ematen dituztenak normalean Euskal Herritik joandakoak izaten dira, eta epe batez bakarrik egoten dira han.

Urteetan euskal familiak zabaldu egin dira munduan, eta herrialde bakoitzean euskal kultura zabaldu eta indartu dute. Gaur egun, 193 euskal etxe daude munduan, baita beste euskal elkarte asko ere, eta bakoitzak bere antolatzeko modua du. Murakamik azaldu du urtean zehar ez dutela harreman handirik izaten haien artean, baina bihar, irailaren 8an, horietako askok bat egingo dute euskal kulturaren iraupena eta hedadura ospatzeko.]]>
<![CDATA[Euskal kultura festa-giroan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1889/029/002/2019-08-28/euskal_kultura_festa_giroan.htm Wed, 28 Aug 2019 00:00:00 +0200 June Romatet https://www.berria.eus/paperekoa/1889/029/002/2019-08-28/euskal_kultura_festa_giroan.htm Poesia orduak jardueraren bigarren egunarekin batera.

Tarte horretan, 72 ekitaldi egingo dituzte. Hainbat berrikuntza egongo dira. Lehen aldaketa hasiera egunean egin dute: «Beti larunbatean hasten zen, baina, aurten larunbata abuztuaren 31 denez, ostiralera aurreratu dugu», azaldu du Miren Nekane Arzallus Donostiako alkateordeak. Izan ere, egun horretan herriaren sutea gogoratzen dute. Beraz, bihar hasiko dira euskal jaiak, 19:00etan, Konstituzio plazan.

Konstituzio plazan ospatzen den urteroko Sagardo Egunak ere aldaketa bat izan du: jaietako lehen asteburuan izan ordez, bigarrenean izango da, 7an.

Sagardo Eguneko ordutegia 11:00etatik 13:45era izango da. Dastatzeko aukera emango dute hainbat postuk; 35 sagardotegi inguruk hartuko dute parte, eta, gutxi gorabehera, 7.000-8.000 sagardo botila inguru kontsumitzen dira. Olatz Mitxelena Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzaileak honela esan du: «Guretzat garrantzitsuena ez da botilak kontsumitzea, baizik etortzen den bakoitzak postuetan dastatuko duenaren informazioa jasotzea».

Aurtengo Sagardo Egunean hiru omendu izango dira, sagardogintzari emanak bizitzeagatik: Lizeaga sagardotegiko anaia bikiak, Joxe Mari eta Gabriel Lizeaga, eta Otegi sagardotegiko Joxe Mari Otegi. Azkenik, sagardogileek egiten duten prozesua ikusteko aukera izango da sagardogintza txokoan.

Bestalde, egun berean, 22:00etan, kaian, Untzi Museoaren aurrean, Habanerak ikuskizuna egingo dute. Ainara Ortega abeslaria, Iñaki Salvador konpositore eta piano jolea eta Joxean Larrañaga Urko abeslaria arituko dira. Garai bateko arrantzale giroa birsortzeko asmoa dutela azaldu du Arzallusek.

Urko izango da bertan parte hartuko duten artistetako bat: «Aspaldi gogoa nuen habanerak abesteko, alde batera utzita daudela iruditzen baitzait», aitortu du abeslariak. Artistak azaldu duenez, nahiko konplikatua da lekua ikuskizuna egiteko, eta antolatzaileek lan handia egin behar izan dutela erantsi du.

Habanera ugari jo eta abestuko dituzte kontzertuan. Horietako asko ezagunak, jendeak abestu ahal izateko. «Gainera, ezusteko bat ere izango da: nire habanera berri bat abestuko dut», aurreratu du Urkok.

Horrez gain, beste hainbat ekitaldi izango dira euskal kulturarekin lotuta. Besteak beste, Donostia Bertsotan, irailaren 7an Konstituzio plazan 22:30ean egingo duten bertso saioa; eta kaleko zinema: Trinitate plazan, irailaren 4an, 21:30ean, Errementari filma proiektatuko dute.

Bestalde, irailaren 6an Aikoren erromeria gidatua egingo da, eta, euskal jaietan lehen aldiz, bakarrizketa bat ere egingo du Iñaki Perurenak harri-jasotzearen inguruan, Konstituzio plazan.

Kirolarekin lotutako txapelketak ere egingo dituzte, waterpolo eta toka txapelketak adibidez, baita Kontxako igerialdia ere.

Donostiako Euskal Jaiak





Bihartik irailaren 8ra, Donostian.]]>
<![CDATA[Festa, kale gorrietan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/033/003/2019-08-24/festa_kale_gorrietan.htm Sat, 24 Aug 2019 00:00:00 +0200 June Romatet https://www.berria.eus/paperekoa/1890/033/003/2019-08-24/festa_kale_gorrietan.htm
Jai horren berezitasuna Pesotomate edo tomate jaurtiketako lehiaketa. 13:00etan egingo dute, kale batean, borobil baten barruan jarrita: tomate bat bota beharko dute parte hartzaileek, eta urrutien iristen denak irabaziko du.

Horrez gain, lehenago hasiko da festa, 10:30ean San Anton parkean beste lehiaketak hasiko dira. Tomaterik itsusienak, tomaterik pisutsuenak eta haurren marrazkirik onenak saria izango dute, eta tomatea dianara jaurtitzeko lehiaketa ere egingo dute parkean. Adin guztietako jendeak har dezake parte.

Lehiaketak bukatu ondoren, 11:00etan, pregoia irakurriko dute Jesus Nievak eta Abel Azkonak. Herriari eman dioten laguntzagatik izango dira bi herritar horiek pregoilariak. Jarraian, irekiko dira azokako postuak, tomatearekin lotura duten produktuak saltzeko, eta herriko musika bandak azokan joko du.

Pesotomate lehiaketaren ondoren, 14:30ean herri bazkaria egingo dute herriko plazan. Jarraian, kafearekin batera, 16:00etatik 17:30era, La Orquesta Jamaica Show taldearen kontzertua egongo da plazan.

Arratsaldean, 18:30ean, behi lasterketa egingo dute kaleetan. Horrez gain, haurrentzat puzgarriak egongo dira egun osoan, eta, tabernetan, tomatea osagarri nagusitzat izango duten pintxoak jateko aukera egongo da.

Kanpokoentzat ere bada jaia, pasa den urtean ia 2.000 pertsona joan ziren beste herri batzuetatik.

Tomatearen Eguna



Bihar, 10:30ean hasita, Cadreitan (Nafarroa).]]>
<![CDATA[Ibilbide dramatizatua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/034/003/2019-08-22/ibilbide_dramatizatua.htm Thu, 22 Aug 2019 00:00:00 +0200 June Romatet https://www.berria.eus/paperekoa/1890/034/003/2019-08-22/ibilbide_dramatizatua.htm
Bisitak irailean izango diren arren, jadanik ireki da izena emateko epea, horretarako webgune honetan sartu behar da: www.komazk.com/erreserbak. Doakoak diren arren, 25 pertsonak har dezakete parte antzezpen bakoitzean. Bi hizkuntzatan egingo dituzte bisitak: irailaren 7an eta 21ean gaztelaniaz, eta 14an eta 28an euskaraz.

Antzerkiak Easo plazan hasiko dira, San Jose ikastetxetik Askatasunaren hiribidera joango dira, ondoren, Maria Cristina hotelaren kanpoaldera eta Kursaalaren zubitik jarraituko dute.

Duñike Arrizabalaga Berdintasuneko, Elkartasuneko eta Eskubide Zibiletako zinegotziaren hitzetan: «36ko gerraren hondamendiak zuzenean edo zeharka pairatu zituzten pertsona guztiei eginiko omenaldiak dira bisita antzeztu horiek». Bisita gidatuek historian kapitulu triste bat izan zuten leku eta pertsonaiak gogoratzeko eta oroimenean gordetzeko ere balio dutela adierazi du Arrizabalagak.

Antzezleak bi izango dira: Alvaro Garaialde eta Maria Alonso del Val; gidoilaria, berriz, Xabier Lopez Askasibar izango da. Aktoreek garai hartan bizi izandakoa kontatuko dute; 1936ko uztailaren 18an hasitako Errepublikaren aurkako matxinadatik, Donostia frankisten esku erori zen arte.

Bisiten informazio gehiago: (0034) 943-45 60 00 telefonoan.

Oroimenaren bidea



Iraileko larunbatetan, Donostiako Easo plazatik.]]>
<![CDATA[Eneko Goia alkateak esan du udalak erantzun egokia eman diela erasoei]]> https://www.berria.eus/albisteak/170133/eneko_goia_alkateak_esan_du_udalak_erantzun_egokia_eman_diela_erasoei.htm Mon, 19 Aug 2019 16:53:48 +0200 June Romatet https://www.berria.eus/albisteak/170133/eneko_goia_alkateak_esan_du_udalak_erantzun_egokia_eman_diela_erasoei.htm <![CDATA[Hamaika giro eta hizkuntza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1930/038/001/2019-08-17/hamaika_giro_eta_hizkuntza.htm Sat, 17 Aug 2019 00:00:00 +0200 June Romatet https://www.berria.eus/paperekoa/1930/038/001/2019-08-17/hamaika_giro_eta_hizkuntza.htm
Kaleetan barrena, suak ikusten diren izkinetan jendea dago bilduta. Parte Zaharreko kaleak ia hutsik daude, gehiengoa Kontxa inguruan edota portuan dago zerura begira, ilargi betearen aurrean lehertzen diren suziriei begira. Burrunba ere ozena da, eta neska txiki bat gurasoen besoetan dago, belarriak tapatuta eta negarrez: «Suzirien soinua ez zait gustatzen! Goazen hemendik!», oihu egin du etengabe.

Flamenkan ere jendea gora begira dago, azken bost minutuak falta dira. Traka bukatu denean, portutik jende asko hasi da ateratzen, eta, bitartean, piraten guneko oholtza kontzerturako prestatzen ari dira. Izaki Gardenak taldeak hasi behar du Flamenkako kontzertuen egitaraua. Su festa bukatu eta bost minutura prest dago agertokia, jende asko ari da gerturatzen, eta jarraitzailerik sutsuenak lehen ilaran jarri dira. Kontzertua baino lehen, eraso sexisten aurkako audioa jarri dute, piratek eta ingurukoek astearte gauekoa ez baitute ahaztu: «Benetan tristea da horrela ibili beharra», esan du neska gazte batek. Esaldia bukatu orduko lehen notak entzun dira, buruak gora eta behera mugitzen dira, eta Izaki gardenak Amaieratik hasi da.

Gune bakoitzak bere giroa

Oholtza aurrean geroz eta jende gehiago dago, batzuk korrika sartzen dira edozein zirrikitutatik lekua topatu nahian, beste batzuk paseatzen ari direla geratzen dira entzutera. Adin guztietako jendea dago, baina 20-30 urte inguruko gazteak dira nabarmen gunean. Sakelako gutxi daude gazteen eskuetan, noizean behin baten batek gustuko duen abesti bat grabatzen du, edo Whatsapp bidez audio bat bidaltzen du: «Abesti hau nire lehengusuari bidali behar diot», esan du mutil batek telefonoa ateratzen ari dela. Askoren eskuetan edalontziak daude, piraten logoa dutenak, eta garagardoa edo kalimotxoa dago gehienetan. Giroa euskalduna da Flamenkan, eta, hala ere, badira gaztelaniaz hitz egiten dutenak, baita beste hizkuntzetan ari diren turistak ere.

Flamenkako gunetik Parte Zaharreko kaleetara sartzeko bidean piraten DJ gunea dago. Bi neska daude mahaiaren aurrean, eta gaztez beteta dago aurreko plaza. Kaleetan, gaztelania, ingelesa, frantsesa eta beste hizkuntza batzuk entzuten dira.

Bulebarren jendea ilarak egiten ari da izozkiak erosteko, eta batzuk kioskora gerturatu dira zerbait prestatzen ari direla ikustean. Teknikoak dabiltza musikariekin batera trasteak mugitzen eta azken probak egiten, eta horrek inguruko jendea gerturatzea eragin du: «Hara! Kontzertu bat dagoela dirudi, goazen pixka bat entzutera», esan du mutil batek. Egitarauan jartzen duena baino bost minutu geroago hasi da kontzertua, eta lehen abestiarekin, Suaia eta Ama Rebel taldeak reggae musikaren erritmora dantzan jarri ditu lehen ilaretan daudenak. Bulebarreko jendea Flamenkakoa baino zaharragoa da;hala ere, badira reggaea gustukoa duten gazteak ere, eta lehen ilaretan ari dira dantzan. Abestiak euskaraz diren arren, turista asko geratu dira abestiak entzutera: «Ez dut letra ulertzen, baina estiloa gustatzen zait», esan du ingelesez mutil batek. Kioskoaren aurrean daudenen eskuetan nagusi dira garagardo basoak edo izozkiak.

Bulebarrean aurrera, kaleko dantzariak daude. Musika jarrita haien ikuskizuna egiten ari dira, eta inguruan jende mordoa dago bilduta. Aurrerago joanez, baxuago, baina, musika entzuten da. Heldu kuadrilla bat, denak txapel berdinekin eta musika jarraituz, dantzan dabiltza kalean, haien festa antolatu dute, eta paseoan doazen batzuk dantzara gerturatu dira.

Kursaaleko zubian terrazetara doa jende asko, eta horien ahoetan gaztelania da nagusi. Terrazetara sartu baino lehen, hesiak daude, eta horiek zaintzen segurtasunekoak. «Kopak edota botilak ezin dira sartu, eta poltsa handiak eta motxilak begiratu behar ditugu», azaldu du segurtasunean dabilen Mikel Ezkerrak. DJa oraindik ez da hasi, eta gazteak jadanik oholtzaren aurrean daude zain. Terraza inguratzen era askotako janari furgonetak daude, janari gutxirekin gehienetan; ia dena saldu dutela azaldu du langileetako batek. Zurriolako hondartza ikusten da Kursaaletik, argiztatuta dago sexu erasoak saihesten saiatzeko, horrela segurtasunekoek hondartza ikusten dute eta. Ordu-orduan igo da DJ Markelin agertokira, eta 15 16 urteko gazteek oihu artean hartu dute. Abesti gehienak reggaeton estilokoak dira, eta ikusleek guztiak dantzatzen dituzte. Gazteen eskuetan ez da ia alkoholik, segurtasunekoek ez dutelako baimentzen, baina badaude batzuk botilaren bat ezkutuan pasatzea lortu dutenak. Ikusleek eta DJak dena edo ia dena gaztelaniaz esan dute, abestiak ere gaztelaniaz edo ingelesez dira, eta 45 minutuan abesti bakarra izan da euskaraz: Ikusi mendizaleak.

Erdialdetik urrunago, Antigua auzoan ere bada egitarau nagusiko gune bat, eta giro euskalduna dago. Beste kontzertuak ari diren bitartean, Ondarretako hondartzan Agur, Etxebeste filma jarri dute, eta adin guztietako jendea ari da ikusten, familian edo lagunartean. Gainera, hondartzatik gertu dagoen Gaskonia plazan ere jende asko elkartu da Ezten Giro taldearen erromerian. Donostia bakarrean hamaika Donostia daude aukeran.]]>
<![CDATA[Plaza bete ikusle dantzei so]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2032/030/001/2019-08-15/plaza_bete_ikusle_dantzei_so.htm Thu, 15 Aug 2019 00:00:00 +0200 June Romatet https://www.berria.eus/paperekoa/2032/030/001/2019-08-15/plaza_bete_ikusle_dantzei_so.htm
Eserita dauden gehienak zaharrak dira; baina badira gazte gutxi batzuk, baita haurrak ere. Neska eta mutil bikote bat lehenengo ilaran esertzera joan da, baina libre dauden bi aulkietan kartela dago: elbarrientzako lekua da.

Lehen ilararen eta oholtzaren artean, hesia dago; bertan daude bi emakume, oholtzaren alboan dagoen egitarau erraldoiari begira. Ia egunero dago euskal folklorearekin zerikusia duen ikuskizunen bat. «Ze pena: asteazkenean ez dago ikuskizun folklorikorik», esan du, penatuta, emakumeetako batek. Bosgarren ilaran, berriz, Ramon Aznar dago eserita, beste bi lagunekin: «Orain esan digute ia ordubete falta dela hasteko, eta dena beteta dago? Hala ere, gu geroago etorriko gara», Aznarrek, harrituta. Aurrera doa denbora, eta, handik ordu laurdenera, emakume bat jarri da teknikarien mahaiaren ondoan, aulkietara begira eta marmarka: «Nola mugitzen den jendea! Orain batzuek lekua topatzeko arazoak izango ditugu!».

Dantzekin historiara

Bitartean, oholtzaren atzean, arkupeetan, iskanbila entzuten da. Alboak errezel erraldoi beltzekin tapatuta daude, eta han dabiltza, alde batetik bestera, Gero Axular dantza taldeko dantzariak. Batzuk mototsak egiten ari dira; beste batzuk pololotan daude txikienei laguntzen; eta beste talde bat oholtzan, azken entseguak egiten. Dantzarietako bat da Aitana Agirre: 21 urte ditu, eta 5 urtetatik da dantzaria. Haren esanetan, Aste Nagusiko ikuskizuna oso garrantzitsua da taldearentzat: «Urteko ikuskizuna da guretzat: doan denez eta Aste Nagusian, jende gehiagok ikusten gaitu, eta ate gehiago irekitzen dizkigu».

Agorrila ikuskizuna egingo dute. Donostian bizitako gudarostean girotuta dago, 1810. eta 1813. urteen artean, eta amodio istorio bat kontatzen du. Horrelako ikuskizun bat antolatzeko bi urte behar dituztela azaldu du dantzariak: «Guk sei hilabete behar ditugu dantzak ikasteko, baina, ideia lantzen hasten direnetik arropak prestatu eta guk ikasi arte, bi urte pasatzen dira».

Dantzari txikienek zaharrenen laguntza jasotzen dute, arropa kapa bakoitza ondo jartzeko, edota ilea ondo lotzeko. «Niri dantzak gehien eman didana laguntasuna izan da: batzuk lehenago ezagutzen nituen, baina asko taldean ezagutu ditut», esan du Agirrek. Gainera, Gero Axular taldeak bidaia asko egiten ditu beste herrialdeetan euskal kultura zabaltzeko. «Egiten ditugun bidaiak aberasgarriak dira, eta oso gustuko ditut. Haurrei hezteko balio die, asko ikasten baitute», azaldu du. Dantza taldeak duen eskolan 5 urterekin hasten badira ere, horrelako ikuskizunetan parte hartzen Lehen Hezkuntzako bosgarren mailan hasten dira, 10-11 urterekin. «Nahiz eta batzuk gazteak izan, serio egiten dugu lan, eta jendea animatu nahi dut etortzera, euskal dantzak egiteko oraingo abestiak erabiltzen ditugu eta», azaldu du dantzariak.

Ez dago lekurik eserlekuetan 19:30erako; iristen den jendea inguruan jartzen ari da, eta beste batzuk tabernetako terrazetan daude. Garagardoa aurrean dutela daude Zelda Pueyo gaztea eta haren laguna: frantsesez ari dira, eta bigarren aldiz daude Donostian. «Ez dugu inoiz euskal dantzarik ikusi, baina ikuskizuna laster hasiko dela esan digute, eta hemen geratzea erabaki dugu, zati bat ikusteko», esan du Pueyok.

Leire Muñoz, berriz, amonarekin eta ahizparekin joan da. «Txikia nintzela, amonak ia urtero ekartzen ninduen; beraz, gaur ere etorri gara, ohiturak ez galtzeko», esan du Muñozek. Harengandik gertu dago Maialen Arrillaga, Donostiako neska bat: esan du ez duela ia loturarik euskal dantzekin, eta lagun bat ikustera etorri dela. Muñozek, berriz, azaldu du: «Nik dantzatu izan dut; asko gustatzen zait dantza, eta gomendatuko nizkioke horrelako ikuskizunak jendeari».

Azken minutuetan soinu eta argi probak egin dituzte teknikariek, eta prest daudela dirudi. Ordu-orduan hasi da musika, eta jaitsi da plazan dagoen iskanbilaren bolumena. Oholtzan, bi neska daude eserita, eta Argitxo iratxoa bezala jantzitako mutil bat iturri ondoan. Benito Lertxundiren Itsasoari begira abestiarekin batera, beste bi neska agertu dira. Emakumeak ur bila nola joaten ziren azaltzen duen dantzarekin hasi dute ikuskizuna.

Istorioak aurrera jarraitu du, bikote baten maitasuna eta herriaren alaitasuna adierazi dute dantzaren eta zuzeneko musikaren bidez. Geroago, gizonezkoek gerrara joatean gertatzen zena azaldu dute: gerratik itzultzean, bikote maiteminduaren ezkontza ospatu dute. 1813ko abuztuaren 31n Donostian gertatutako sutea antzeztuz amaitu dute. Argi zuri txikiz bete dute oholtza, eta fandangoarekin eta arin-arinarekin bukatu dute. Txalo zaparrada baten erdian agurtu dituzte ikusleak, eta pare batek negarrez utzi dute oholtza, emozioz beterik.]]>
<![CDATA[Natura eta historia bat eginik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1942/034/003/2019-08-11/natura_eta_historia_bat_eginik.htm Sun, 11 Aug 2019 00:00:00 +0200 June Romatet https://www.berria.eus/paperekoa/1942/034/003/2019-08-11/natura_eta_historia_bat_eginik.htm
Parkeak lantzen dituen alor guztien inguruan daude bisitak udan. Gaur, esaerako, haietako hiru egin daitezke. Horietako bat da Iturraran parketxea: bisitarien harrera gunea eta Pagoetako informazio gunea da. XVIII. mendeko egurrezko egitura mantentzen du etxeak, eta bertan dago Pagoetako ingurune fisiko eta etnografiko guztia biltzen duen erakusketa. Tailer didaktikoak eta euskarri interaktiboak izaten dira, baita 45 minutuko bisita gidatua egiteko aukera ere. Gaur, 10:00etatik 14:00etara izango da irekita.

Bestetik, parketxetik gertu dauden Agorregiko burdinola eta errotak bisita daitezke. Erdi Arokoa da Agorregiko burdinola: burdin harritik burdina lortu ondoren, beste burdinola txikietan lantzen zen. Errotetan, berriz, garia eta artoa xehetuz irina lortzen zuten.

Horrez gain, helburu didaktikoekin eraikitako erlauntza bat ere bisitatzeko aukera izango da gaur. Euskal Herriko erle beltzaren bizimodua, antolaketa eta erlauntzen egitura ezagutzeko prestatuta dago.

'Uda aukeraz gainezka' Pagoetan

Gaur, Pagoetako parke naturalean (Aia, Gipuzkoa).]]>
<![CDATA[Gaztetxeak kortsarioen aurrean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1997/039/001/2019-08-11/gaztetxeak_kortsarioen_aurrean.htm Sun, 11 Aug 2019 00:00:00 +0200 June Romatet https://www.berria.eus/paperekoa/1997/039/001/2019-08-11/gaztetxeak_kortsarioen_aurrean.htm
Portura heldu zirenean, ongietorria egin zieten txalupan iritsi berri ziren Mattiri eta Ezkilari. «Gora Donostiako Piratak!» oihukatuz eta txarangak jotako Karibeko Piratak filmeko abestiaz inguratu zituzten.

Kaia atzean utziz, Flamenkako txosnagunera gerturatu ziren, saltoka eta dantzan. Han zegoen jendeak utzitako pasabidea erabilita iritsi ziren kofradia guztiak oholtza aurrera.

Txalo artean jaso zituzten oholtzara igo ahala: kofradia bakoitzeko pirata bat, Ezkila eta Matti eta aurtengo txupinazoa bota behar zutenak, Donostiako lau gaztetxeetako bozeramaileak.

Kortsarioen Donostia

Lehenengo, Kantauri kofradiakoek egindako bertsoa bota zuen pirata batek, jai autogestionatuen aldeko aldarrikapena egiteko: «Jaiei traba jarri nahiean/ dabiltz betiko tentelak/ ez dakite gure indarra/ herritikan sortzen dela».

Oihu eta txaloen ondoren, gaztetxeetako kideek hartu zuten hitza. Lehenago egondako gaztetxeengatik eta orain daudenengatik hitz egiten zutela esan ostean, Arrotxapeko gaztetxei elkartasuna adierazi zieten: «Egun hauetan arriskuan dagoen Arrotxapeko gaztetxea ere bagara!».

Gipuzkoako hiriburuan hainbat aldaketari erreparatu zieten, aldarrikapenez beteta: «Noria bezala, etengabe biraka dabilen zapalkuntzaren Donostian bizi gara: hiri honetan pirata gara».

Pirata asko zeuden oholtzara begira, suziria noiz botako zuten zai. Horien artean zegoen Eneritz Genua, Ubarroiak kofradiako kidea. «Urtebete daramat taldean: jai herrikoiak aurrera eramateko laguntza beharra zegoela nabaritu nuelako sartu nintzen», azaldu zuen. Genuak Flamenkako giroa euskalduna izaten dela esan zuen: «Horrelako giroa gustuko izanez gero, animatu eta gerturatu Flamenkara».

Hitz horien ostean, gaztetxeko kide batek suziriaren metxari su eman zion: zuzen abiatu zen zerura, eta txosnen gainean lehertu. Berehala hasi zen txaranga piraten abestia jotzen, eta oholtzako eta beheko piratek dantzatu bitartean bigarren suziria lehertu zen.

Flamenkan behin eta berriz entzun eta irakur zitekeen jaiak antolatzen ari ziren piratak kortsarioen aurka zeudela, hori hartu baitute aurtengo lelotzat, eta bertsoa ere aldarrikapen horrekin amaitu zuten: «Bukatzeko altxatu kopak eta entzun dezatela, kortsarioen Donostian, pirata asko garela!».]]>
<![CDATA[«Ekarpenik handiena barruak hustea da»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/040/001/2019-08-11/ekarpenik_handiena_barruak_hustea_da.htm Sun, 11 Aug 2019 00:00:00 +0200 June Romatet https://www.berria.eus/paperekoa/1957/040/001/2019-08-11/ekarpenik_handiena_barruak_hustea_da.htm Ereñotzu.

Lehenago jo izan duzue Donostiako Aste Nagusian? Nola jaso zenuten aurtengorako deia?

Gipuzkoarrak izanda, Donostiako Aste Nagusian jotzeak poza ematen du. Bere garaian Fermin Muguruzarekin ere jo izan nuen, baina, Esne Beltzarekin Donostian jo behar izan dugunean, zorte txarra izan dugu: beti bertan behera uztea tokatu zaigu. Eguraldi txarragatik, hiru aldiz gertatu zaigu, eta espero dut aurten ez gertatzea.

Ilusioa sortzen dizu Donostiako jaietan jotzeak?

Egia da urte askotan jo izan dudala, baina berezitasunik handiena da nire gurasoek kontzertua ikusteko aukera izaten dutela. Bestalde, Sagueseko kontzertua oso ondo prestatuta dago jende ezinduak ikusteko eta horrek ere pozten nau.

Desberdina da Flamenkan edo Saguesen jotzea?

Oso desberdina da. Ez dakit hau esan beharko nukeen, baina, Flamenkan jotzean etxean, bezala sentitzen naiz. Saguesen denean, beste modu batera hartzen dut. Azkenean, udalak antolaturiko kontzertuak dira, eta, gainera, gogoan dut lehen ere zein garrantzitsuak ziren Sagueseko kontzertuak.

Donostiako Aste Nagusiak ateak ireki dizkizue?

Ni 15 urterekin hasi nintzen Etzakit taldearekin, eta, orain, 40 ditut, urte asko daramatzat mundu honetan. Gogoan dut lehen kontzertua Sarriegi plazan nola eman genuen. Ordutik hona, ate asko ireki dizkigu Donostian jotzeak, eta hiriburuetan jotzeak, orokorrean.

Eta musikak, egin dizu ekarpenik? Zer?

Noski, musikak gauza asko eman dizkit. Ekarpenik handiena nire barruak hustea da, eta musika gauzak esateko eta arma moduan erabiltzea. Injustizia guztiei ezetz esateko aukera ematen digu musikak. Abesti bat egiten dugunean, zerbait esateko egitea gustatzen zait, eta, kontzertu bakoitzean abesti horiek jotzean, hustuta bukatzen dugu.

Kontzertuen prestaketa nola daramazue?

Nik prestatzen ditut, normalean. Zerrenda bat egiten dut joko ditugun abestiekin, herriaren eta ekimenaren arabera. Hala ere, urteroko biretan kantuen zerrenda ez da ia aldatzen. Batzuetan, kontzertua prest dugun arren, sorpresa batzuk ere ematen dizkiet taldekideei, kontzertuaren erdian kantuak aldatuz.

Hainbeste taldekide izanda, nola biltzen zarete entseguetarako?

Lokala Ereñotzun dugu, ostiral goizero hara joaten gara, eta entseguak egiten ditugu. Udan kontzertuak bata bestearen atzetik direnez, ez dugu entseatzen. Gainera, taldeaz gain denok beste lan bat dugunez, uztailean eta abuztuan, bakoitzean hamar egun hartzen ditugu oporretarako, deskantsatzeko beharra izaten dugu eta.

Zergatik hainbeste kolaborazio?

Lehen diskoa atera genuenean, kolaborazioak sartu nahi nituen musika nahasteaz gain hizkuntzak ere nahastu nahi nituelako, eta ez nuelako neure burua ingelesez edo gaztelaniaz abesten ikusten.

Gaur Huntzarekin jotzeko ilusioa duzue?

Kolaborazioa ez den arren eta bakoitzak bere kontzertua emango duen arren, pozik gaude. Duela hilabete batzuk, Galizian izan ginen elkarrekin, eta, orain, berriro Donostian elkartuko gara. Huntzakoak oso lagunak ditugu; gainera, bat lehengusua dut, eta ziur nago oso ondo pasatuko dugula bi taldeok.

Gertu sentitzen duzu Huntzaren musika estiloa?

Huntzaren estiloa Etzakit taldearekin lotzen dut, eta oroitzapenak ekartzen dizkit. Trikitia ardatz genuela festa giroko abestiak egiten genituen. Esne Beltzan, berriz, trikitia beste instrumentu bat da.]]>
<![CDATA[Gurdia bete burdina]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/028/003/2019-08-09/gurdia_bete_burdina.htm Fri, 09 Aug 2019 00:00:00 +0200 June Romatet https://www.berria.eus/paperekoa/1890/028/003/2019-08-09/gurdia_bete_burdina.htm
Biharko egitaraua 10:00etan hasiko da, artisau azoka batekin. Herriko plazan egongo dira azokako postuak. Ordu horretan irekiko dira haurrentzako jokoak, puzgarriak, itsasontziak eta beste joko ugari. Azoka eta haur jokoak 14:00ak arte izango dira. Horrez gain, bihar goizean Brun anaiek erakustaldi bat egingo dute burdinolan.

11:30ean hasiko da burdinaren bidea gogoratuko duen antzerkia, lehen idiek egiten zuten bide bera eginez. Hasteko, olagizonek burdina minerala eramango dute Axular baserritik herriko plazaraino, Salbatore monasteriora, idiek tiratako gurdi batean. 12:00ak inguruan, olagizonek burdinaren kalitatea aztertuko dute. Gero, kalitatearen arabera, abadeak erabakiko du zenbat urrezko txapon ordainduko dituen mineralaren truke, eta ordainketaren ostean amaituko da burdinaren bidearen antzerkia.

Goizeko ekitaldiak amaitu ondoren, 14:30ean, herri bazkaria egingo dute: zikiro jatea.

Arratsaldean, kontzertu bat egingo dute: 16:00etan hasiko da, eta Bankako Menditarrak eta Mariatxiak izango dira oholtza gainean. Kontzertua amaitu ondoren, frontoian jarraituko dute festa giroan. Erromeria batekin eta musika eta dantzekin amaituko dute eguna.

Egitarauaz gain, animazioak, musika eta erakustaldiak egongo dira egunean zehar. Bisitariek, gainera, monasterioa, kobazuloak eta errota bisitatzeko aukera izango dute, besteak beste.

Burdinaren eguna



Bihar, egun osoan, Urdazubin (Nafarroa).]]>
<![CDATA[Atmosferara eta buelta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/028/003/2019-08-07/atmosferara_eta_buelta.htm Wed, 07 Aug 2019 00:00:00 +0200 June Romatet https://www.berria.eus/paperekoa/1890/028/003/2019-08-07/atmosferara_eta_buelta.htm
Mundu osoko zientzialariek erabiltzen dituzte altitude handiko globoak edo globo estratosferikoak: atmosfera ikertzeko, klima aztertzeko edo estratosferatik lurraren argazkiak ateratzeko balio dute, besteak beste.

Hirikilabsek talde irekien proiektu bat du herritarrekin batera zientziarekin lotutako proiektuak garatzeko. Talde batek atmosferaren egoera aztertzeko globoa bidali nahi zuen, eta, beraz, tailerrean egingo dute.

Tailerraren lehenengo egunean, bihar, horrelako misio bat martxan jartzeko beharrezkoak diren ezagutza eta materialak errepasatuko dituztela adierazi dute antolatzaileek. «Besteak beste, irrati bidezko jarraipen eta lokalizazio sistemak, jaurtiketaren inguruko legedia eta ezaugarri fisikoak, edo hegaldiaren ibilbideari dagozkion kalkulu eta parametroak aztertuko ditugu», azaldu du David Pello Hirikilabseko kideak.

Bigarren egunean globoa guztiz osatuko dute, falta diren azken ukituak emanez. Azkeneko egunean, globoa jaurtiko dute, 35.000 metrotara: erortzean, bildutako datuak aztertu eta publikatu egingo dituzte. «Esperientzia ederra da globoa sortzea, atmosfera aztertzeko aukera ederra da. Gainera, lurraren kurbatura ikusiko denez, lurra laua dela diotenentzat egokia izango da», azaldu du Pellok.

Globo estratosferikoa



Bihartik 10era, Donostiako Tabakaleran (Gipuzkoa).]]>
<![CDATA[Musika parkearen jabe]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1942/034/003/2019-08-04/musika_parkearen_jabe.htm Sun, 04 Aug 2019 00:00:00 +0200 June Romatet https://www.berria.eus/paperekoa/1942/034/003/2019-08-04/musika_parkearen_jabe.htm
Doan da jaialdia, eta musika da protagonista. Hamasei talde eta artista baino gehiago egongo dira agertokietan kontzertuak egiten edo DJ saioak egiten. Horretarako, bi agertoki izango dituzte musikariek: nagusia eta Ruina Sonica deiturikoa.

Oholtza nagusian bederatzi taldek joko dute egun guztian. 12:00etan, Sumara taldea hasiko da; jarraian, Bloody Magic Nails, The Loockers, Potato, Mice, Grande Days eta Los Estanques taldeek joko dute. Bukatzeko, 21:00etan, The Limboos taldeak itxiko du jaialdia, parkeko agertoki nagusitik.

Bigarren oholtzan, DJak arituko dira. 12:00etan Bellaca B2B Joven Mata izango dira, eta, gero, Le Parody Live, Brava, La Dani Live, Skyhxxk, Chico Blanco Live eta Alvva. Gune horretako azkeneko emanaldia Merca Bae DJak egingo du, 19:30ean. Gauean, Le Bukowskin eta Dabadaban jarraituko dute jaian, DJ gehiagorekin.

Parkean, postu txikiz osatutako azoka egingo dute 12:00etatik 21:00etara. Baita haurrentzat prestatutako joko eta jarduerak ere. Azokako postuez gain, edari eta janari txosnak ere jarriko dituzte.

Glad is the Day



Gaur, 12:00etan hasita, Donostiako Kristinaenea parkean.]]>
<![CDATA[Talde asko, estilo bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/028/003/2019-07-31/talde_asko_estilo_bat.htm Wed, 31 Jul 2019 00:00:00 +0200 June Romatet https://www.berria.eus/paperekoa/1890/028/003/2019-07-31/talde_asko_estilo_bat.htm
Pasa diren edizioen aldean, aurten ez dute aldaketa handirik egingo. «Aldaketa handiena soinu eta argi ekipo berria dira, asko hobetu baititugu», esan du Miguel Rubio jaialdiaren zuzendariak.

Kontzertuak, filmak eta beste hainbat ekitaldi egingo dituzte hamar egunetan. Lehen egunean, Life in 12 Bar filma jarriko dute, eta bigarrenean hasiko dira kontzertuak, The Cheap & Nasty Boys eta Los Deltons taldeekin.

Hurrengo egunean, 3an, Mississippi Queen & The Wet Dogs taldea eta Peache Staten & Bluz Explosion izango dira oholtza gainean. Igandean, kontzertua eta bermuta batera izango dira. 8an, ostegunean, AMY filma jarriko dute, Amy Winehousen bizitzari buruzkoa.

Ostiralean, Priscilla Band taldea egingo da agertokiaren jabe, eta, hurrengo egunean, 10ean, Los Gumbo taldearen eta BigBlack Rhino taldearen kontzertuak egingo dituzte.

Jaialdiari amaiera emateko, BigBlack Rhino taldeak bermutean joko du. Gero, Carril Blues ekitaldia egingo dute; herriko hainbat leku publikotan jotzen arituko dira.

Rubioren hitzetan: «Jaialdi hau berezia dela uste dugu, Blues estiloa beti ingelesez baita, eta, guk, inguruko taldeak ekarriz, beste hizkuntza batzuetan ere entzungo baitugu».

Azken urteetan arrakasta izan dutela esan du zuzendariak, eta aurten ere hori espero dutela.

Burlata Blues Festival



Bihartik 11ra, Burlatako parkean (Nafarroa).]]>
<![CDATA[Bandera beltzak festan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1889/031/001/2019-07-30/bandera_beltzak_festan.htm Tue, 30 Jul 2019 00:00:00 +0200 June Romatet https://www.berria.eus/paperekoa/1889/031/001/2019-07-30/bandera_beltzak_festan.htm
Aurten berrikuntza batzuk izango dira piraten egitarauan: nagusia Karramarro Uhartea izeneko irratsaioa izango da, festetako gertaerak kontatzeko baliatuko dutena. Bestetik, hilaren 12an egiten duten abordatzean baltsa politenaren saria emango dute. Kofradien Eguna ere prestatu dute, Eider Beobide piraten bigarren bozeramaileak aurreratu duenez: «Abuztuaren 14a Kofradien Eguna izendatu dugu, eta, egun osoan, kofradietako piratek ekintzak egingo dituzte».

Kortsario eta pirata

Egitarauari dagokionez,bazkariak, txarangak, ekintzak eta jolasak egingo dituzte. Gauetan, berriz, musika eskaintza zabala izango dute. Ohiko moduan, hiru musika proposamen edukiko dituzte: kontzertuak , DJak eta Trinitate plazako afari musikatuak. «Aurten, punta-puntako hiru emakume DJ izango ditugu Pal Piso hirukotea osatuz: Flaca, Alvva eta Brava DJak», esan du Beobidek. Gainera, kontzertu gune nagusian estilo asko izango dira entzungai.

Kortsarioen Donostian, izan pirata! lelopean ari dira aurtengo jaiak antolatzen. Zergatia Orejak azaldu du: «Kortsarioak diru truke saldu ziren pirata edo itsaslapurrak izan ziren; egoera horrek oraindik indarrean jarraitzen duelako hautatu dugu leloa».

Aste Nagusia antolatzen aritu diren bakoitzean piratek oztopoak izan dituztela salatu dute: «Edonola ere, Eusko Jaurlaritzak beti izaten du arrazoiren bat piraton lana oztopatzeko», esan du Beobidek. Aurten, berriz, Eusko Jaurlaritzak aditzera eman du Flamenka gunean ez dela kontzerturik egingo. «Baina ez digute horren arrazoirik eman», esan du Orejak.

Horren ondorioz planak aldatu behar izan dituztela salatu du Beobidek:«Egitaraua eta jaigunea guztiz berrantolatu behar izan dugu, dena oso epe laburrean». Aurten, agertoki nagusia ez da Flamenkan izango, baina jaiak portuan ospatzen jarraituko dute.

Oztopoez gaindi, piratek argi adierazi dute: «Donostiako Piratak kaitik kanpo nahi gaituzte; hala ere, beste behin, piratok gai izan gara zailtasun horiei aurre egin eta beti bezain egitarau zabala antolatzeko».

Aste Nagusi Pirata





Abuztuaren 10etik 18ra, Aste Nagusian, Donostiako portuan.]]>
<![CDATA[Baleontzia sabaia jotzeko prest]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1971/032/001/2019-07-30/baleontzia_sabaia_jotzeko_prest.htm Tue, 30 Jul 2019 00:00:00 +0200 June Romatet https://www.berria.eus/paperekoa/1971/032/001/2019-07-30/baleontzia_sabaia_jotzeko_prest.htm San Juan itsasontzia sabaia jotzear da Pasai San Pedroko Albaolan (Gipuzkoa).

Albaola itsas kultur faktorian, ozeanoak zeharkatzeko garraio itsasontzi bat egiten ari dira 2014. urtetik. Bost urte daramatzate baleontzi horrekin lanean, eta urte eta erdi inguru falta zaie faktoriatik ateratzeko. Ondoren, uretan dagoenean, mastak, belak, poleak, sokak eta falta zaizkion beste hainbat pieza jarriko dizkiote. Baina Xabier Agote Albaolako zuzendariak ez du presarik uretaratzeko: «Garrantzi handiagoa ematen diet itsasontzia eraikitzeari eta bide hori eginez ikasteari, bukaerari baino». Orain, ia egitura guztia eginda dago, eta hiru pisuak banaturik ditu. Itsasontziak saihetsak bistan dituen arren, «lanaren zatirik handiena egina dago», esan du. Faktoriaren zati batek ez du sabairik; bestela, orain osatzen ari diren branka ez litzateke sartuko.

San Juan baleontziak garrantzi handia du historikoki, Euskal Herriarentzat batez ere. «Gure helburuetako bat da euskaldunok dugun itsas ondarea argitaratzea».

Albaolako zuzendariak azaldu du Euskal Herriko arrantzaleen ondarearen garrantzia: « Garai hartako teknikak kontuan izanik, Euskal Herrian oso aurreratuak zeuden, eta itsasoan euskal herritar askok nabigatzen zuten. Gainera, bakarrak ziren baleak modu industrialean arrantzatzen. Ez dugu ulertzen zergatik ezabatu ziguten historia zati hori; tristea da, gure ondarearentzat oso garrantzitsua baita».
Albaolarentzat lanean ari diren boluntarioak. Andoni Canellada / Foku

Garai hartan, baleontziak Euskal Herritik Ternuara joaten ziren baleak arrantzatzera, haien koipea olioa egiteko erabiltzen zutelako, eta 1.000 eta 2.000 upel inguru ekartzen zituzten. Orain Pasaian egiten ari diren baleontzia 1565ean Kanadan hondoratutako San Juan baleontzian oinarriturik dago. «Hondoratu zen lekuan ura hotza denez, ondo mantendu zen, zorionez; horregatik aztertu ahal izan zuten. Neurriak edukita, berriz egin dezakegu guk».

Hondoratu eta 400 urte geroago, 1978. urtean, Kanadako itsas arkeologo batzuek urte askotako ikerketa bat hasi zuten. Urtez urte, piezak atera zituzten, poliki, eta, orain, hobekien ezagutzen den XVI. mendeko itsasontzia da.

Horren ostean, Unescoren ur azpiko ondare kultural bihurtu da. «Unescoren babesa jaso duen munduko ontzi historiko bakarra da, eta guretzat oso garrantzitsua da, lagundu egiten baitigu lana gauzatzen».

Baleontzi historikoa berriz eraikitzeko, orduko material, teknika eta tresnak erabiltzen ari dira. Gehien erabilitako materiala egurra da: dena egurrez egin dute, baita baleontzia egiten ari diren eraikina, aldamio eta eskailerak ere. Bestetik, erabiltzen dituzten tresna batzuk modernoak dira, baina asko erabiltzen dituzte garai hartakoak ere. «Horrela, ikasleek bi motatakoak erabiltzen ikasten dute».

Albaolako aroztegian jende asko ari da lanean. Profesionalak, ikasleak eta boluntarioak. Faktoria nazioartekoa denez, hizkuntza asko entzun daitezke: euskaraz gain, gaztelania, ingelesa, frantsesa, greziera eta beste hainbeste.
Zurezko baleontzian lanean, egurrezko aldamio eta eskaileretan. A.C. / Foku

«Aroztegian gutxi dira emakumeak, eta daudenak kanpotarrak dira, gehienbat frantsesak eta alemanak», adierazi du Agotek. «Haien herrialdeetan aspaldian gizonezkoenak kontsideratzen ziren lanak orain emakumeek egitea ez dago gaizki ikusirik». Horren inguruan ere lan egiten dutela esan du, eta espero dutela beste batzuek batzea, emakumeak han lanean ikusirik.

Txikitasunaren edertasuna

Berdintasunarekin batera, aniztasuna, ingurumena eta giza eskubideak ere lantzen dituzte. Adibidez, Irlandan bakearen alde nabigatzen aritu ziren. «Itsas ondareak zaintzeaz eta zabaltzeaz gain, balioak ere garatu nahi ditugu gure lanaren bidez».

Albaolako proiektu nagusia San Juan baleontzia da, baina beste proiektu batzuk ere badoaz aurrera. «Baleontzia oso garrantzitsua da, baina ez dugu nahi horrek beste proiektuak ezkutuan uzterik», esan du zuzendariak. «Txikitasunak ere badu-eta bere edertasuna», gaineratu du.

Aroztegian ere denak aritzen dira lanean: profesionalak, ikasleak eta boluntarioak. Badira bi urte Aprendiztegi faktoriako eskola ireki zutela, eta irailean hirugarren taldeak hasiko du ikasturtea. Hiru urtez egongo dira eskolan nazio askotako ikasleak. Zura lantzeko hainbat metodo, nabigazioa eta itsasontzigintza ikasiko dituzte, baita euskal kultura ere. «Hemen denbora asko pasatzen dutenez, euskal kultura eta euskarazko hitz batzuk ikasten dituzte; horrez gain, batzuek erabaki dute euskaltegian izena ematea, eta hori ere pozgarria da guretzat».

Ikasleak, profesionalak eta boluntarioak aroztegian elkarrekin. A.C. / Foku Irailean hasiko direnak barne, datorren ikasturtean hemeretzi ikasle izango dira, eta horietatik lau dira emakumeak. Zuzendariak azaldu du haientzat aurrerapena dela hemeretzitik lau emakume izatea, normalean ez baitira ia arotz lanetan aritzen.

«Boluntariotza garrantzi handikoa da hemen». Ahoz ahokoari esker edo nonbait irakurrita joaten dira boluntarioak Pasaiako ontziolara. Horiek ere hainbat nazionalitatetakoak izaten dira, eta bakoitzak erabakitzen du zenbat denbora emango duen faktorian lanean. «Hori, adibidez, AEBetakoa da, eta bi hilabeterako izango da arotz lanetan», esan du Agotek, boluntarioetako bat seinalatuz.

Hainbat proiektu ari dira egiten orain aroztegian. Aurreratuen dagoena Irlandako txalupa bat da. Hezurdura guztia egina du, baina oraindik kanpoko egitura osatzea falta zaio. Txalupa hori enkarguz egiten ari dira; iaz horrelako beste bat egitea eskatu zieten, eta, emaitzarekin oso gustura zeudenez, aurten beste bat egiteko eskatu diete.

Bestea hasi berri duten itsasontzi bat da; nahiz eta ez den baleontzia bezain handia, saihetsak neurtzeko bi pertsona aritu behar izan dira elkarlanean. Orain, saihetsak neurtzen, mozten eta dagozkien tokietan jartzen ari dira, hezurdura osatzeko eta gero guztiz egituratzeko.

Aroztegiko sabaian ikusgarri daude hainbat taldetako traineruak. Horrez gain, han eraikitako batel gorri txiki bat ere badago. Duela 80 urteko Getariako batel baten erreplika da, eta, neurriak hartu ondoren, jatorrizko ezaugarri guztiekin berreraiki zuten. «Guk hemen garai bateko ontziak eraikitzen ditugu, teknologia oinarri hartuta», adierazi du Agotek. «Gainera, museoaren bidez, herritarrei aditzera ematen diegu gure herriak duen ondarea eta historia. Harro egotekoa baita».

]]>
<![CDATA[«Material dena berrerabilia da»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1887/036/001/2019-07-30/material_dena_berrerabilia_da.htm Tue, 30 Jul 2019 00:00:00 +0200 June Romatet https://www.berria.eus/paperekoa/1887/036/001/2019-07-30/material_dena_berrerabilia_da.htm Blami (Donostia, Gipuzkoa, 1970). Euskal Herrian jaio arren, denbora asko pasatu zuen Bartzelonan, estudio batekin kolaboratzen. Gainera, moda egileekin ere lanean aritu da. Orain Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa) erakusketa bat antolatzen ari da.

Polifazetikoa zarela diozu. Zer aurpegi duzu nahiago?

Hau [argazkian daraman maskara seinalatuz]. Aurpegi guztiak oro har. Bakoitzak alde onak eta txarrak dauzka, eta, gizarte honetan artista baten bizitza zaila denez, guztiak izan behar dira eskura.

Nola sortu zen Martin Ugalde kultur parkeko proiektua ?

Proiektu hau modu naturalean sortu zen, niri gustatzen zaidan bezala. Bada urtebete Martin Ugalden jarri genuela tailerra, eta urte honetan jende asko ezagutu dugu. Baimena eman ziguten erakusketa parkean egiteko. Hasiera batean, parke guztia zuri zegoenez, pareta guztiak zuriak baitira, kolorea jarri nahi genion, eta, esan bezala, natural hasi zen dena.

Zer sentiarazten dizu parkea libre erabiltzeko aukera izateak?

Luxu bat da, leku hau sinestezina baita. Gure asmoa parkea koloreztatzea da, baita jendearentzat ezagunagoa egitea ere.

Kultur parkean dauden lan guztiak zureak dira?

Lan batzuk neureak dira; beste batzuk nire lankide Arantxa San Romanek egin ditu, eta beste batzuk bionak dira.

Nola aurkeztuko duzue Martin Ugaldeko erakusketa?

Uda osoan obra ikusteko aukera izango da, asteburuetan. Hemen egongo naiz gauzak azaltzeko. Erosteko aukera ere egongo da, batez ere Hitzjasotzailea [argazkiko obra]. Letra bakoitza erosteko aukera izango da, koadro batean eramatekoa.

Zer material erabiltzen duzue?

Edozein material erabiltzen dugu gure lanetarako. Hala ere, material dena berrerabilia da. Noizean behin buelta batzuk ematen ditugu materiala topatzeko. Adibidez, maskarak marko denda batek botatako laginekin eginikoak dira.

Zer tresna duzu ezinbestekoa?

Landu nahi denaren arabera aldatzen dira tresnak, baina niretzat ezinbestekoa da kuterra. Egurra, beira eta beste material asko lantzeko erabiltzen dut.

Musika erabiltzen duzu lanerako?

Ahal izanez gero, beti erabiltzen dut musika: lagundu egiten dit lanerako, eta asko gustatzen zait. Lanbide honen alde ona hori da: lanerako baldintzak hauta ditzaket, eta, horregatik, musikarekin egiten dut lan gehienetan.

Nola duzu nahiago zure lan mahaia, ordenatuta ala ez?

Artista bakoitzak bere modus operandi-a du. Ni beti ordenatuta hasten naiz, baina gero denak desordenaturik bukatzen du. Une batzuetan berriz ere ordenatzeko beharra sentitzen dut. Artista bera eroso egotea da garrantzitsua.

Gustatzen zaizu beste artista batzuekin lan egitea?

Bai eta ez. Normalean ez ditut kolaborazioak egiten. Baina egin izan ditudanean lagunekin naturalki sortutakoak izan dira, ez dut interesagatik egiten. Nire ustez, ondo datorkit, egingo ez nituzkeen gauzak egiten ditudalako beste artista batzuen alboan lan eginez.

Nola dakizu obra bat amaitu duzula? Eta bukatzean, zer?

Badakit amaitu dudala ikuslea iristen denean eta obra begiratzen duenean, obra kontsumitzen denean, alegia. Hori sentitzen badut, zuzenean beste lan bat hasten dut.

Kamisetekin lanean aritu zinen? Horren falta sumatzen duzu?

Azkenekoz kamisetekin lanean aritu nintzen lagun batzuek Donostian kamiseta denda bat ireki nahi izan zutelako. Nahiz eta gustura aritu nintzen Loreak Mendian eta beste hainbat etxerekin, ez dut horren falta sumatzen. Hemen ere berrerabilitako arropekin lan egiten dugu, jendeak behar ez dituenak landuz eta margotuz.]]>
<![CDATA[Sagardoa jai giroan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/036/003/2019-07-26/sagardoa_jai_giroan.htm Fri, 26 Jul 2019 00:00:00 +0200 June Romatet https://www.berria.eus/paperekoa/1890/036/003/2019-07-26/sagardoa_jai_giroan.htm
Festan, Astigarraga eta inguruko hemezortzi sagardogilek parte hartuko dute, eta bi mila sagardo botila baino gehiago izango dira bertan. «Joan den urtean 2.500 pertsona bildu ziren festara, eta aurten gehiago espero ditugu, zubia tokatzen delako», esan du Leire Alkorta Sagardoaren Lurraldeko komunikazio eta prentsa arduradunak. Sagardo dastatzea11:30ean hasiko da Foru Plazan, eta 14:00etan amaituko da.

Dastaketa baino lehen hasiko dira, hala ere, ospakizunak. Egunari hasiera Iturengo joaldunek emango diote, 09:30ean aterako dira kalera. 10:00etan, berriz, musika eskolako Aire-Aire trikitilariak arituko dira.

Idi demak ere izango dira: Foru Plazan egingo dira, 11:30ean hasita. 12:00etan, plaza berean, bertso saioa egingo dute Agin Laburuk eta Aitor Mendiluzek.

14:00etan hasiko da herri bazkaria, Rezola sagardotegian, Goldea Herri Kirol Batzordeak antolatua da. Arratsaldean, bestalde, herri kirolen jaialdia ospatuko da, aizkolari eta harri-jasotzaileekin, Foru Plazan baita ere.

Arratsaldean, hainbat ekitaldi izango dira: pilota txapelketaren finala, soka mutur txikia eta txaranga, besteak beste.

Gauean, musikak beteko ditu kaleak, hainbat kontzertu izango dira :No Rights, Zulo eta Larriangozoren kontzertuak, txosnetan; ABBA The New Experience, Joseba Barandiaran plazan; eta Rockalean taldea, kalez kale.

Astigarragako Sagardo Eguna



Gaur, 09:30ean hasita, Astigarragan (Gipuzkoa).]]>
<![CDATA[Enborretik adarretara]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/037/003/2019-07-19/enborretik_adarretara.htm Fri, 19 Jul 2019 00:00:00 +0200 June Romatet https://www.berria.eus/paperekoa/1890/037/003/2019-07-19/enborretik_adarretara.htm
Gaur, Brasilgo Sociedade Recreativak herrialdeko musika eta hip-hop estilokoa nahastuko ditu malekoian egingo duten kontzertuan. No-Land Trio, Ruper Ordorika eta DJ Maga Bo ere izango dira gaurko kontzertuak emango dituztenak.

Bihar, berriz, Kumbia Boruka talde mexikarra izango da malekoian, cumbiaren erritmoan jendea dantzan jartzeko. Joseba Irazoki eta Lagunak eta Señor Lobezno ere izango dira bihar.

Jaialdia amaitzeko, igandean, Antonio Lizana Triok joko du. «Urrezko paparreko orratza jarriko dio jaialdiari malekoian izango den jazz kontzertuak», aitortu du Mikel Unzurrunzaga Makala antolatzaileetako batek.

Iazkoarekin alderatuta, aldaketa txiki batzuk izango dira ospakizunean. Joan den urtean, eguerdian kontzertuak izan ziren, baina aurten denak arratsaldean eta gauean izango dira. «Leku aldaketa bat ere egin dugu: Musika plazan eta malekoian egin beharrean, Frontoi Txikin eta malekoian izango dira kontzertuak», esan du Makalak.

Jaialdia Enbor Akzio Kulturala elkarteak eta udaleko Kultura Sailak antolatua da: «Hitz jokoarekin jarraitzeko jarri genion Adarretatik izena jaialdiari», azaldu du Makalak.

Beharrezkoa iruditu zitzaien Zarautzen horrelako musika zabaltzeko jaialdi bat sortzea, eta Makalak esan bezala: «Udan leku askotan daude musika jaialdiak; Zarautzen zergatik ez?».

Adarretatik musika jaialdia



Gaurtik Igandera, Zarautzen (Gipuzkoa)]]>
<![CDATA[Zazpi su etxek argituko dute Donostiako zerua]]> https://www.berria.eus/albisteak/168953/zazpi_su_etxek_argituko_dute_donostiako_zerua.htm Tue, 16 Jul 2019 20:58:34 +0200 June Romatet https://www.berria.eus/albisteak/168953/zazpi_su_etxek_argituko_dute_donostiako_zerua.htm