<![CDATA[June Romatet Ibarguren | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sat, 21 Sep 2019 21:58:21 +0200 hourly 1 <![CDATA[June Romatet Ibarguren | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Abordatzeko, material berrerabilgarriak baliatu dituzte piratek]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/031/001/2019-08-13/abordatzeko_material_berrerabilgarriak_baliatu_dituzte_piratek.htm Tue, 13 Aug 2019 00:00:00 +0200 June Romatet Ibarguren https://www.berria.eus/paperekoa/1957/031/001/2019-08-13/abordatzeko_material_berrerabilgarriak_baliatu_dituzte_piratek.htm
Antolatzaile eta boluntarioak txaleko horiekin dabiltza laguntzen. Koordinatzailea da Elena Del Puerto, eta txandak antolatu dituztela azaldu du: «09:30ean da lehen txanda, eta izena eman ondoren hasi daitezke ontzia portuan osatzen; ordu eta erdi dute, eta gero beste txanda bat sartuko da». Izena ematearen garrantzia nabarmendu du, horrela segurua egin baitezakete, eta, gainera, jarrera ona izateko konpromisoa hartzen baitute. Kaira joan baino lehen, materiala errepasatzen dute: «Material berrerabilgarria eskatzen dugu; gainera, iltzeak debekatuta daude segurtasun kontuengatik, baita itsasoa kutsa dezaketen materialak ere», argitu du Del Puertok.

Materiala bakoitzak ahal bezala garraiatzen du Flamenkatik portura: besoen gainean, orgekin edota skateak erabilita. Portuan, talde bakoitzak, bere lekua hartu, eta lanari ekin dio. «Behe lainozko egun batez atera ginen portutik, mastan mila koloredun bandera jarrita zutik», hasi da musika bozgorailuetatik. Arrazoi du abestiak: lainotuta dago zerua, baina ontziak egiten ari diren piratek ez diote zeruari begiratzen.

Lanean dabiltza denak: batzuk ondokoei laguntza eskatzen ari dira, guraizeak faltan edota zelo zati batzuen beharra dutelako; beste batzuek ontziaren zati bat eginik ekarri dute etxetik. Horietako bat Nora Garmendiaren kuadrilla da. Neska gazte horren kuadrillak lehen urtea du: «Urtero ikusten genuen, eta gogoa genuenez, aurten etorri egin gara», esan du Garmendiak. «Esan beharra dago gure lehen urtea bada ere ondo antolatu garela; zati handi bat eginda ekarri dugu, eta aire poltsak erosi eta jartzea falta zaigu», azaldu du. Bozgorailuetako musikarekin batera eta giroan sartuta dabiltza talde guztiak lanean; «nire ustez, jendeak probatu egin behar du hau. Giro ona egoten da, eta, gu animatu gaituzten bezala, jendea animatu nahi dugu», esan du gazteak.

Gertu, heldu batzuk ari dira beren ontzia egiten. Bost urte daramatzate abordatzen eta, esperientziak lagunduta, ontzia azkar osatu dute. Bukatzean, globoak, zintak eta abar jarri dizkiote, aurten ontzi politenaren saria jokoan baitago. Horrez gain, taldekide batek zauriak sahiesteko gomendioa eman du: «Bridak erabiliz gero, ez moztu sobran geratzen dena. Mozten baldin bada, zorrotz gelditzen da, eta mozteko errazagoa da».

Zauriez eta beste osasun arazoez arduratzeko, DYAko langileak ere portuan daude. «Urtero egon naiz abordatzean, eta ez dugu arazo larririk izan; normalean, zauriak izaten dira», azaldu du Patxi Lersundik. Ontziak prestatuta eta gomendioak gogoan, abordatzerako prest dira piratak.]]>
<![CDATA[Ekainaren amaierako marea urdina]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/032/001/2019-06-28/ekainaren_amaierako_marea_urdina.htm Fri, 28 Jun 2019 00:00:00 +0200 June Romatet Ibarguren https://www.berria.eus/paperekoa/1950/032/001/2019-06-28/ekainaren_amaierako_marea_urdina.htm
Urtez urteko egitarauan berrikuntzak izango dira aurten. Larrain dantza berreskuratuko dute. Badira urte batzuk dantza hori egiteari utzi ziotela; izan ere, jende asko biltzen zen plazan dantzak ikusi nahian, eta ez zen ezertarako lekurik egoten. Aurten, berriz, larrain dantza eta euskal dantzak berreskuratuko dituzte. 19:00etan dantzatuko dute herritarrek, Kafeko Atzean.

Bestetik, urtero egiten den Dinamartxan ere izango dute aldaketa. Tolosatik Ondarroara egiten duten bizikleta martxa Gernikatik hasiko da, kalbarioa eta kostako bidea itxita daudelako.

Egun osoko jaia izaten da; azokak, txosnak, dantza, kontzertuak eta abar izango dira. Egunean zehar Dinamartxak ere egingo dira, eta, Txomin L. Aramaio jaiaren koordinatzaileak esan duenez, hiru izango dira: mendiko martxa, igeriketa martxa eta bizikleta martxa. Mendiko martxan izena emateko zerrendak ireki baino bi ordu lehenago, jendea zain egon zen. Beraz, Mendikorako autobusa beteta joango da. Bestetik, igeriketa martxan 30 inguru izango dira, eta, bizikleta martxan, lehen egunean 75 inguruk izena eman eta gero, Aramaiok espero du kopurua bikoiztu egingo dela.

Bestalde, herri aldizkariak hasitako ohiturarekin jarraitzen dute Radixu irratikoek, eta aurten ere kamiseta azoka izango da. Zapato Azule festarekin batera hasi ziren azoka hori antolatzen, eta lehiaketa bat ere bada, Euskal Herriko eta Ondarroako kamisetarik onenak hautatzen baitituzte han.

Ohiturak oinarri

Aitor Alegria kamiseta azokako koordinatzaileak esan duenez, aurten 22 taldek hartuko dute parte azokan, eta lau talde berri izango dira. 22 horietatik hamalau Euskal Herrikoak dira, eta zortzi, Ondarroakoak. Aurtengo parte hartzaile berriak hauek dira: Maitia, AGTZ inprimaketak, Qestion eta Hamabi estudioa.

Azokan parte hartzeko taldeek ez dute inolako baldintzarik bete behar; edonor lehiatu daiteke. Gainera, parte hartzen duten taldeek osatuko dute lehiaketako epaimahaia. «Talde bakoitzari bozkatzeko aukera ematen diogu, eta haiek erabakitzen dituzte irabazleak», esan du Alegriak.

Bestalde, Aramaiok esan duenez, «feminista, ekologista eta parte hartzailea izango da jaia». Radixu irratikoak arduratuko dira erasoei erantzun egokia emateaz, eta telefono zenbaki bat jarriko dute, erasoren bat gertatzekotan deitzeko.

Antolatzaileak kontatu du, halaber, herriko talde ekologista batekin elkarlanean ari direla kontzientziazioaren alde; izan ere, kanpotik iluntzean iristen direnek kalean edaten dutenez, dena zikin geratzen da. Horrez gain, badira urte batzuk txosnetan edalontzi berrerabilgarriak erabiltzen dituztela. Azkenik, lortutakoa irrati librearen urteko gastuentzat izaten da, eta parte hartzen duten taldeek, ikastolak, presoen lagunek eta barnetegiak ere lortzen dute beren jardunerako behar dutena.

Badira hamalau urte herri aldizkariak Radixuri pasatu ziola jaia antolatzeko ardura, eta hiru hilabetez aritzen dira antolatzen. Hala ere, herriari laguntza eskatzen diote; adibidez, kamiseta azokarako mahaiak eta haimak jartzeko, eta txosnetan egin beharreko lanak egiteko. Baina antolatzaileak aitortu du gero eta zailagoa dela laguntza topatzea.

«Niretzat urteko garairik onena da», azaldu du Aramaiok, nahiz eta jaiak badituen gustuko ez dituen gauza batzuk ere. «Kuriosoa da ahoz ahokoaren indarra», esan du. Haiek ez baitute kartelik jarri Ondarroatik kanpo, eta iluntzetik aurrera jende asko joaten baita. Zapato Azule festa herriko jai moduan hasi zen, baina, jende kantitatea handitzen doanez, herriko batzuek asteburua kanpoan pasatzen dute. Aramaioren hitzetan, «denborarekin eta masifikazioarekin, inbasio egoera batean gaude, eta hori kontrolatu nahian gabiltza».]]>