<![CDATA[Karmele Jaio | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Thu, 09 Jul 2020 23:30:36 +0200 hourly 1 <![CDATA[Karmele Jaio | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Ezin dut, ama]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1970/006/002/2020-06-19/ezin_dut_ama.htm Fri, 19 Jun 2020 00:00:00 +0200 Karmele Jaio https://www.berria.eus/paperekoa/1970/006/002/2020-06-19/ezin_dut_ama.htm
Argi daukat zeintzuk diren arauak eta ulertzen dut egoitzako zaintzailearen zorroztasuna. Birusa egoitzan sartuz gero, arrisku larrian jarriko lirateke han bizi diren emakume eta gizonen bizitzak, hilabetetako isolamendu gogorraren emaitzak bertan behera geratuko lirateke. Begi-zuloak ditu zaintzaileak. Tentsio handiko uneak eta egoera oso gogorrak bizi izan dituzte eurek ere hilabete hauetan.

Amak tente-tente dauka lepoa, egoitzako ateari begira dago, zain, badaki laster agertuko naizela. Ez du ezer ikusten handik, itzal batzuk besterik ez, baina kapaz da urrunetik ezagutzeko bere alabaren gorputzaren mugimendua. Nik uste gaztetan gauez irteten hasi nintzenean leihotik begira nire zain pasatu zituen orduetan garatu zuela gaitasun hori, ni urrunetik ezagutzekoa. Gerturatu eta berehala luzatu du besoa niregana, eskua eskainiz.

-Ez, ama. Ezin dut. Ezin dugu elkar ukitu.

Hiru hilabeteren ondoren amari esaten diodan lehen hitza «ez» dela konturatuta, gaizki sentitu naiz. Berriz eraman du eskua altzora.

Zelan dagoen galdetu diot eta ondo dagoela erantzun dit. Inertzia bat da. Ez dit sekula esango gaizki dagoela, oso gaizki pasatu duela dakidan arren. Begietan antzematen zaio. Txikiagoak ditu. Gelatik ia irten gabe egin ditu egunak. Minutuak ordu bihurtuta, telebistari begira, paretari begira.

Hilabete hauetan telefonoz egin dugu berba eta bideokonferentzia batzuk ere egin ditugu. Baina ez zaio gehiegi gustatzen bideoarena. Ileapaindegi zerbitzua ere eten egin da, egoitzan antolatzen ziren ekintza guztiak bezala, eta ez zaio gustatzen «halako piurarekin» agertzea. Konexio horietako batean, ilearen erdiko marran hazi zaion ile zurizko bideari seinalatu zion eta esan zidan:

-Hamen daukadaz nik Santa Katalinako bideko barandau zurixak.

Barre algara atera zitzaidan, Lekitxoko farorako bidean garai batean zeuden barandak gogoratzean. Gaur ere barre egin dugu erresidentziako «panoramiaz» hitz egin didanean. Amaren umore beltza egundokoa da, gaindiezina. Ni bera alaitzera etorri eta bera ari da ni animatzen. Hau da marka.

Baina agur esateko unea helduta aulkitik altxatu naizenean, traizioz egin dit tiro:

-Besarkadatxu bat be ezin dogu emon?

-Ez, ama -erantzun diot eta berriz sentitu naiz errudun.

Muxu bat bota diot airera eta ezintasun guztien zamarekin irten naiz kalera, etxerantz, hainbeste ordu etxean egiten ari diren nire seme-alabak kalera ateratzen saiatzera. Ohitu egin dira barruan eta orain ez dute irten nahi.

Bidean, jendea terrazetan.]]>
<![CDATA[Performance]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2245/017/004/2018-02-24/performance.htm Sat, 24 Feb 2018 00:00:00 +0100 Karmele Jaio https://www.berria.eus/paperekoa/2245/017/004/2018-02-24/performance.htm
Santiago Sierraren 24 argazkietan, besteak beste, Egineko zuzendaritzako kideak, Itoizko solidarioak, Altsasuko gazteak, Oriol Junqueras, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart agertzen ziren, Presos Politicos de la España Contemporanea izenburupean, eta aurretiaz antolatutako eta pentsatutako performance baten antza hartu du denak azkenean, bere artelanaren debekuaren bitartez adierazpen askatasunaren falta oraindik ageriago geratu delako.

Aste berean, eta hau ere performance bereko elementu balitz bezala, Auzitegi Nazionalak hiru urte baino gehiagoko kartzela zigorra ezarri dio Valtonyc izeneko rap abeslari Espainiako koroaren eta erregearen kontrako irainengatik eta terrorismoa goratzeagatik (deigarria da, bide batez esanda, ETAk borroka armatua eten zuenetik gora egin dutela terrorismoa goratzeagatik jarritako salaketak). Eta honekin batera, Galiziako narkotrafikoari buruzko Fariña izeneko liburua ere bahitu du epaile batek Pontevedrako O Grove herriko alkate ohiak eskatuta, bere izena aipatzen omen delako bertan. Hau guztia Egunkariaren itxieraren hamabosgarren urteurrenean gertatu da, eta Katalunian gauzak dauden bezala egonda. Botere harremanak hor daude. Botereak nahi duena zapaltzeko duen ahalmena. Horren guztiaren adierazpen ia artistikoa osatu dute gertakari guzti hauek. Izan ere, askatasuna murriztea helburu duten ekimen guzti hauekin osatutako performanc-a benetan geratu da indartsu, benetan esanguratsu. Gauza bakarra falta zuen, borobiltzeko: himnoa. Baina aste honek hori ere ekarri digu. Performance berezi honek izan du bere soinu banda, Marta Sanchezekin hitz, ahots, pasio eta bihotzak jarri diona.]]>
<![CDATA[Erabakiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2522/018/003/2017-05-13/erabakiak.htm Sat, 13 May 2017 00:00:00 +0200 Karmele Jaio https://www.berria.eus/paperekoa/2522/018/003/2017-05-13/erabakiak.htm HOW we spend our days is, of course, how we spend our lives». Annie Dillard idazleak elkarrizketa batean esaten duen esaldia da: Nola igarotzen dugun eguna, hala igarotzen dugu bizitza. Eta hala eta guztiz ere, egun bakoi-zean hartzen ditugun erabaki txiki horiek ez zaizkigu hain garrantzitsuak irudi-tzen: lanera kotxez ala bizikletaz joan, tabernan zuritoa euskaraz ala gazteleraz eskatu, liburua irakurri ala telebista piztu… Txikikeriatzat jotzen ditugun horiek geure bizitzaren koadroa margotzen dute, geure egunerokoarena. Eta azkenean, bizitza gaur gertatzen da, ez buruan dugun gure bizitzaren irudi irreal horretan.

Badaude garrantzitsutzat jotzen ditugun beste erabaki batzuk: zein ikasketa aukeratu, bikotea izan ala ez, etxe bat erosi ala ez, umeak eduki ala ez, atzerrian edo herrian bizi… Horien aurrean bai, sakon hartzen dugu arnasa, gure bizitza baldintzatuko duten erabakiak direla kontuan izanik. Eta batzuetan erabakia hartzea kostatu egiten bazaigu ere, zerbait garrantzitsua erabakitzen ari garela sentitzen dugu. Baina gero, pentsatu gabe erabakitzen dugu alaba dantzara apunta-tzea eta semea futbolera, adibidez, txikikeria dirudien horren bitartez mezu oso garrantzitsuak bidaltzen dizkiegula kontuan izan gabe; edo bost euroko kamisetak erosten ditugu, kamiseta horiek hain merke erosteko, bidean noren burua zapaldu behar izan duten pentsatu gabe... Kattalin Minerreren Nola heldu naiz ni honaino nobelaren gai nagusietako bat erabakiak hartzearen ingurukoa da eta honela azaldu du idazleak berak: «Nire hipotesia da ez direla erabaki handiak bizitza aldatzen dutenak, baizik eta egunero hartzen ditugun erabaki txiki horiek: zer jan, nola jantzi, nola joan lekuetara, eta horiei igual ez diegula garrantzirik ematen eta hor trabatu gaitezkeela».

Pertsona baten eguneroko ekintza txikiak haren bizitzaren taupadak dira. Egunero egiten duguna geure bizitzarekin egiten duguna da. Nola igarotzen dugun eguna, hala igarotzen dugu bizitza. Egunero hartzen ditugu erabakiak. Eta erabaki txikiek ere markatzen dute gure bidea, arnasa sakon hartuz hartzen ditugun beste erabaki handi horiek bezala.]]>
<![CDATA[Lurruna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2093/024/003/2015-10-17/lurruna.htm Sat, 17 Oct 2015 00:00:00 +0200 Karmele Jaio https://www.berria.eus/paperekoa/2093/024/003/2015-10-17/lurruna.htm Iazko hezurrak irakurri berritan, inoiz baino argiago geratu zait idazleak berak liburuari buruzko elkarrizketetan hainbat alditan aipatutakoa, hau da, gure bizitzan, gure munduan, indarkeria ez dela salbuespena, indarkeria gure bizitzetan egunero dagoen zerbait dela. Eta indarkeriak gure munduko normaltasuna ordenatzen duela berretsi nuen astelehenean, Hispanitatearen Egunaren desfilearen irudi batzuk ikusi ondoren. Indarkeriak, eta bide batez, gaizki ulertutako gizontasunak.

Mapamundia indarkeriak ordenatu du Historian zehar. Botere guneak indarkeriak agindu ditu. Gure munduko andozentrismoa indarkeriak markatuta dator. [...] Guk uste baino errotuago dago gure gizartean. Indarkeriaren eskuek moldatu dute, buztina moldatzen den modura, gure mundua mendetan zehar.[...]

Indarkeriaren erroetan beldurra dago. Eta beldurra eragiten duten gero eta mezu gehiago jasotzen ditugu egunero. Indarkeriaren erroetan bestea baino gehiago garenaren sinesmena dago, edo besteak baino arrazoi edo eskubide gehiago ditugula pentsatzea. Eta tamalez, arraza, sexua edo sinesmenetan oinarritutako berezikeria mezuak jasotzen ditugu egunero.

Biolentzia edonon dago. Ruandan eta Euskal Herrian. Elorriagak esaten duen moduan, ezin da indarkeria bat bestearekin gehiegi konparatu, ez, beti baita desberdina. Baina beti da gauza bera. Eta etengabe errepikatzen da, etengabe sentitzen dugu haren lurruna. Esaera zaharrak dioen moduan: «Iazko asto hilak, aurten lurruna».]]>
<![CDATA[Lixiba]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2093/022/002/2015-09-26/lixiba.htm Sat, 26 Sep 2015 00:00:00 +0200 Karmele Jaio https://www.berria.eus/paperekoa/2093/022/002/2015-09-26/lixiba.htm
Mundua ñabarduraz beterik dago, eta ñabardurak dira egoera ezberdinen benetako dimentsiora hurbiltzen gaituztenak. Mezuak sinplifikatzeko joerak ñabardurak ezabatu ditu gure diskurtsoetatik lixibak zikindutako trapuak zuritzen dituen eraginkortasunaz. [...] Bizitza test batean sartu daitekeela sinestarazi nahi digute. [...]

Eta ñabardurarik gabeko munduan errazagoa zabaltzen da jendartean gezurra, eta gezurrarekin batera, beldurra. Zein eraginkorra den beldurra jendea geldiarazteko, paralizatzeko, baliogabetzeko. Argi ikusten ari gara Kataluniako hauteskunde kanpainan. Beldurraren botoaren bila dabiltza beste behin ere. Eta horretarako zein eraginkorra den lixiba botatzea gauzen konplexutasuna azaltzen duten hitzen gainera. Zein azkar desagertzen diren, zein zuri geratzen den orria. Dena gaur eta zerotik hasiko balitz bezala.]]>
<![CDATA[Bezeroak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2093/021/002/2015-06-06/bezeroak.htm Sat, 06 Jun 2015 00:00:00 +0200 Karmele Jaio https://www.berria.eus/paperekoa/2093/021/002/2015-06-06/bezeroak.htm
Bezeroak garen heinean, indarra dugula pentsatu dut. Hiritar bezala egoera askotan galdu dugun indarra bezero bezala berreskuratu dezakegu [...]

Produktu askorekin ikusi dugu. Lehen zaila zen supermerkatu batean glutenik gabeko produktuak edota ekologikoak aurkitzea, adibidez. Jendea halako produktuak supermerkatuetatik kanpo erosten hasi zela ikustean, orduan hasi ziren handiak ere atal bereziak sortzen [...]

Sistema honetan jarraitzen dugun bitartean hor dago gure indarra. Iragarki sexista bat egiteagatik, ingurugiroaren kontra egiteagatik, langileen eskubideak zapaltzeagatik edo beste edozein arrazoiengatik enpresa baten aurka egonez gero, gure armetako bat bertan edo bere produktuak ez erostea da. Eta argi adieraztea zergatik ez dugun erosten. Tristea da onartzea, baina mundu honetan bezeroa hiritarraren gainetik dago.]]>
<![CDATA[Arma, tiro, pum]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/030/001/2014-08-23/arma_tiro_pum.htm Sat, 23 Aug 2014 00:00:00 +0200 Karmele Jaio https://www.berria.eus/paperekoa/1918/030/001/2014-08-23/arma_tiro_pum.htm Hamabost zauri (2004), Zu bezain ahul (2007) eta Ez naiz ni (2012) dira. Nobelak, Amaren eskuak (2006) eta Musika airean (2009). Amaren eskuak nobelan oinarrituta, Mireia Gabilondok izenburu bereko film luzea zuzendu zuen iaz, aktore nagusien artean Ainara Gurrutxaga, Vicky Peña eta Loli Astoreka zirela.]]>
Bakarrik geratzen garenean, hitz guztiak gordetzen ditu beretzat, han barnean. Kalean hitz egiten du lagunekin, baita telefonoz deitzen diotenean ere, baina etxean elkarrekin gaudenean, akabo, hitzak preso geratzen dira haren barnean. Eta bera bakarrik geratzen den une horietan, inork entzuten ez diola iruditzen zaionean, orduan han barruan esan gabe pilatu zaizkion hitz guztiak botatzen ditu airera; niri dagozkidan hitzak, niretzat izan beharko liratekeenak, deskargatzen ditu bere bakardadean, kamioiak orubean obra hondakinak deskargatzen dituen moduan.

Ez da beti horrela izan. Inoiz niri zuzentzen zizkidan hitzak, begietara begira, eta barre egiten genuen lagun batek kontatutako pasadizoa edo elkarrekin ikusitako pelikula gogoratzean, eta eguneko kontuak kontatzen genizkion elkarri afaldu bitartean. Orduan ez zen isiltasun beldurgarri hau gure etxean goizetik gauera arte.

Gosaldu bitartean, eztulka egiten du; edo aharrausi; edo begiak igurzten ditu. Ezpainak mugitu arren, ez da kobazulo ilun hartatik hitzik irteten. Eta nik zeharka begiratzen diot, edo ahopean irakurtzen ditut margarinaren osagaiak edo ogi xigortuarenak edo madalenen zorroan inprimatutakoak, mezetan errezatzen dagoen alargunaren marmarra sortuz. Bazkaldu bitartean ere, sardexkak plateraren kontra jotzean, haren oihartzuna zabaltzen da sukaldetik, eliza baten harrizko lurrean metalezko errosario bat jausi balitz bezala.

Seme-alabak dituzten bikote lagunek askotan esaten digute nahiko luketela isiltasun santu pixka bat euren etxeetan, umeekin bizitzea une oro txaranga batek lagunduta bizitzea dela, eta askotan pentsatu dut seme-alabak izan bagenitu, etxe honetako isiltasuna jasangarriagoa litzatekeela: zaratak, negarrek, agirakek gure isiltasuna estaliko lukete. Umeez hitz egingo genuke gosarian: baten notak, beste batek parkean egindako zauria. Eta umeak direla eta haserretuko ginateke; eta umeak direla eta, adiskidetuko ginen berriz.

Baina duela hiru urte jakinarazi zidaten ezin nuela umerik eduki, eta hain justu, hori jakin eta berehala hasi zen nire senarra bere oskolean sartzen eta bere hitzak merezi ez nituela ulertarazten. Asko saiatu ondoren, umerik ez zela egongo jakitean, orduan hasi zen nigandik urruntzen, eta etxea irla isil bat bihurtzen. Eta ordutik hitzak niri zuzendu beharrean, komuneko lau pareten artean edo telebistaren aurrean bakarrik dagoenean airera botaz alferrik galtzen ditu.

Zerbait galdetzen diodanean, erantzuten dit.

Kalean hotz egiten duen galdetzen diot.

—Bai —erantzuten dit.

Arratsaldean beranduxeago helduko naizela esaten diot, errekadu batzuk egin behar ditudalako.

—Bale —esaten dit.

Gauean zinera joan gaitezkeela esaten diot.

—Nahi baduzu... —erantzuten dit.

Haren hitz bakoitzak zulo bat eragiten dit, zilborretik gora hamar zentimetrotara.

Hasieran jasangaitza zen mina, ezin nuen onartu nire obarioek umeak egiteko balio ez izanagatik halako zigorrik merezi nuenik, ezin nuen ulertu haren jarrera. Baina hitzak libretan jasotzen hasi nintzenetik mina arinduz doa eta, are gehiago, hitzek barrua berotzen didatela sentitzen dut. Hitz bat bestearen atzetik jasotzen ditut, nire libretan, eta adurretan jartzen naiz, urtu egiten zait ahoa. Behin lehenengo hitza entzunda, bigarrena entzuteko eta jasotzeko desiratzen egoten naiz.

Libreta hitzez betez, pistola bat kargatzen nagoela sentitzen dut.

Badakit berak nahiago lukeela ni haserretzea, negarrez hastea, edo txilioka, edo gehiago ezin dudala aitortzea. Baina ez, gerra luzea da, eta libreta hitzez ondo kargatzen dudan arte zain egongo naiz. Badakit egunen batean eman ez dizkiodan umeen aitzakia erabiliko duela geure porrotaren errua neuri aurpegiratzeko, eta egun horretan nik libreta aterako dut eta zor dizkidan hitz guztiekin egingo diot tiro, pum-pum-pum, egoista halakoari.]]>
<![CDATA[Min luze bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1693/031/002/2013-10-11/min_luze_bat.htm Fri, 11 Oct 2013 00:00:00 +0200 Karmele Jaio https://www.berria.eus/paperekoa/1693/031/002/2013-10-11/min_luze_bat.htm
Bizitzaz idazten du Munrok, bizitzaren konplexutasunaz; esaten digu bizitzan ez dagoela ezer erraza denik, sinplea denik; gauzak uste baino konplikatuagoak direla. Pertsonaien ahulezia eta atsekabea agerian uzten ditu, baina garrasirik egin gabe, tiraldi zakarrik gabe, aldiz, azaletik tirita bat geldika kentzen digula sentituko dugu. Min luze bat.

Nobel saria jasotzen duen hamahirugarren emakumea, bere seme-alaben siestan idazten zuena. Oraindik gela propioa behar dugula gogorarazten diguna.]]>