<![CDATA[Katixa Agirre | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 08 Aug 2022 18:31:07 +0200 hourly 1 <![CDATA[Katixa Agirre | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Maitasuna egiten ikasi]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/036/001/2022-06-19/maitasuna_egiten_ikasi.htm Sun, 19 Jun 2022 00:00:00 +0200 Katixa Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/1956/036/001/2022-06-19/maitasuna_egiten_ikasi.htm
Lotsa apur batekin kontatu zidan, apur batekin baino ez, gaztaroko beste edozein pasarte parrandero eta zoro samarra kontatuko zukeen moduan: behin konortea galdu nuen zortzi tekilaren ostean eta beste behin hamabost euro eman nizkion migrante afrikar bati zakila jan ziezadan.

Eszena detailerik aurreztu gabe deskribatu zidan, oso modu sordidoan, eta seguru nago hala izan zela. Baina damu handirik ez, lagunak. «Gauza hauek gertatu egiten dira» esanez bezala harrotzen zituen sorbaldak, «batez ere hemezortzi urte dituzunean eta mundua zure esku dagoela sentitzen hasten zarenean». Eta bai, gertatu egiten dira, gertatu egiten direnez.

Zergatik gertatzen dira, baina? Zergatik nahi ditu gizon batek sexu harremanak eduki berarekin egon nahi ez duen emakume batekin? Are jakinda emakume horrek nazka, beldurra eta mespretxua (denak batera akaso) sentitu ditzakeela? Hortxe dago niretzat koska, misterioa. Emakume gisa sozializatu nautenez, asko kostatzen zait egoera horrekin enpatizatzea. Desiragarriak izateko heziak, orokorrean emakumeok desiratuak sentitu beharra daukagu geure aldetik desira sentitzeko. Horregatik emakumeok, orokorrean, ez dugu insistituko norbaitek ez erakargarri sentiarazi bagaitu, ez gara trikimailuekin hasiko argi eta garbi gustuko ez gaituen hori gure ohearen tranpan eror dadin, eta ez gara billete batzuekin bestearen prestasuna pizten saiatuko. Oro har, ez dugu bortxatuko.

Gizonentzat, berriz, ohiko portaerak dira horiek. Zergatik?

Egitura kontua da, noski. Patriarkatua deitzen dugun botere antolaketa honetan gizonezkoari eman zaio konkistatzailearen rola, eta emakumeari konkistatu beharreko lurraldearena. Aktiboa bata, pasiboa bestea. Are gehiago, gizona subjektu sentitzeko, objektu bihurtu behar du emakumea. Body count, diote gaurko gazteek, gorputzen (edo gorpuen?) kontaketa, zenbat emakumerekin oheratu diren zerrendari buruz aritzeko.

Netflixek berriki estreinatu duen Intimidad telesailean, perfume desberdinak probatzen dabil Itziar Ituñok haragiztatzen duen fantasiazko Bilboko alkategaia. Gizonezkoen kolonia erabili behar ez ote lukeen dio halako batean emakumeak. Asesoreak ezetz dio, horrek aditzera emango lukeelako larrutan egitetik datorrela. «Eta ez al da hori arrakasta proiektatzea?», dio alkategaiak, erdi-irribarre batekin. «Emakumea bazara, ez». Erantzun definitibo horrekin ixten da eztabaida. Emakumeak ez du ahaztu behar objektua dela, ispiluan bere gorputzari begira eta aukeratua izatera zain egon behar duena. Gizonak azkar ikasten du ez duela zain egon behar, asko lortu dezakeela iniziatibarekin, trikimailuekin, edo hamabost eurorekin patrikan. Horrela bihurtuko dela gizon.

Prostituzioaren abolizioa gerta dadin erabateko iraultza sexuala behar dugu. Sexualitatea parametro kolonialista, kapitalista eta arrazistetatik aterako duen iraultza. Ez konkistarik, ez body count-ik, ez kuantitatiboki neurtzen den arrakastarik, ez arrandiaz aurkezten den natiboei lapurtutako altxorrik. Iraultza osteko gizarte horretan elkar erakartzen duten bi pertsonaren (edo hiru, edo lauren...) arteko magia momentu horiek ospatuko dira, eta magia momentu horiek erraztuko dira. Utopia horretan, sexua botere harremanak zokoratuta garatuko da, edo Alexandre Lacroix filosofoak proposatzen duen bezala, pasa den hilean argitaratutako Apprendre à faire l'amour saiakeran, «boterearen zirkulazioan» oinarritutako sexualitate bat asmatuko dugu, beti kreatiboa eta kuriositateak gidatuta.

Maitasuna egiten (ber)ikasten dugun bitartean, baina, badaude gauza bi gobernuek egin ditzaketenak prostituzioaren abolizioa benetan bultzatu nahi badute: errenta unibertsalaren ezarpena batetik, eta atzerritar legearen deuseztatzea bestetik. Bi horiek gabe, emakume askok jarraitu beharko dute, beren borondatearen kontra, subjektuarentzako objektuarena egiten, gizon konkistatzailearen fantasia elikatzen.

Egun horretatik aurrera, gertuago egongo da iraultza sexuala.

Nota bene: Europar Batasun osoan baldintzarik gabeko oinarrizko errenta ezar dadin hiritarren ekimen bat dago martxan. Sinatu nahi duenak hona jo dezake: https://eci.ec.europa.eu/014/public/#/screen/home]]>
<![CDATA[Euskal Literaturaren lehenengo 'blurb'-a]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/038/001/2022-05-22/euskal_literaturaren_lehenengo_blurb_a.htm Sun, 22 May 2022 00:00:00 +0200 Katixa Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/1950/038/001/2022-05-22/euskal_literaturaren_lehenengo_blurb_a.htm
Blurb. Liburu baten inguruko laudoriozko esaldi bat da, normalean liburua inguratzen duen faja antzeko horretan inprimatzen dena, liburu erosleen arreta deituko duen esperantzarekin. «Inoiz irakurri dudan libururik onena», dio, adibidez, Bill Gatesek. Eta liburua erosten duzu. «Kateatu egiten zaitu, ezin utzi amaitu arte», dio Ingalaterrako Erreginak. Eta jakina, liburua erosten duzu.

Blurb. Ingelesez korroskadari esateko erabiltzen den onomatopeia gogorarazten du, burp, baina kontrakoa dirudien arren, blurb-a berezko genero literarioa da eta blurb-gintza, benetako artea. Eskuzabala izatea eskatzen duen artea, baina zintzoa eta naturala suertatu behar dena. Ezin duzu gehiegi esajeratu eta ezin duzu spoilerrik egin. Ez dute balio ohiko formula topikoek (nahiz eta Bill Gatesi eta Ingalaterrako Erreginari permititu egin dizkiogun, baina tira, salbuespenak dira), baina entusiasmoa eta irakurtzeko gogoa kutsatu behar dute.

Badira nahi gabeko blurb-ak ere, noski. Isabel Diaz Ayusok nire liburu bati buruz PLAZAN ERRE BEHARKO GENUKE LIBURU NAZKAGARRI HORI esango balu, dudarik gabe editoreari eskatuko nioke esaldia blurb moduan argitaratu zezan, nire liburu nazkagarri hori besarkatuz.

Baina jaramonik egingo lidake editoreak? Izan ere, non daude blurb-ak euskal literaturan? Askok adierazi badute ere euskal literaturak inguruko literaturekiko homologazioa eskuratu duela azken urte hauetan, hemen hutsune bat ikusten dut nik.

Horretaz konturatu nintzen euskarazkoak ez ziren liburuetarako blurb-ak eskatzen hasi zitzaizkidanean. Orduan ohartu nintzen ze ohikoa zen espainiar literatur sisteman horrelako mesedeak eskatzea, eta egitea. Egia esanda, publikatutako nire lehenengo esaldi lausengaria euskal idazle bati dedikatu nion, pozik: Jenisjoplin gogoangarrirako eskatu zidaten Consonni argitaletxetik, Uxue Alberdiren eleberriaren gaztelerazko bertsioa plazaratu zutenean. Eta gauza bera gertatu zaio nori eta Aita Santuari, berriki, eta abioi batetik, sekulako blurb-a bota duenean Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen Miñan txalotzeko (Youtuben duzue eskuragarri bideoa, ez baduzue sinesten euskal literaturak lortu dituen garaierak). Baina Bergogliok eta biok gaztelerazko bertsioen gaineko laudoriozko esaldiak bota ditugu. Euskaraz egiteko, antza denez, aukerarik ez dagoelako momentuz.

Zergatik izango da? Literatura promozionatzeko gure artean sentitzen den pudoreagatik? Liburuak eta literatura kontsumo ondasuna ez diren ilusioa mantentzeko? Merkatuaren zirku hori mespretxatzen dugulako? Hainbat idazleren sare sozialei begira (eta nire burua aurkeztu dezaket adibide gisa hemen), esango nuke pudore hori galtzen ari garela poliki-poliki.

Zer dago blurb-en absentzia honen atzean, beraz? Hotzaren hipotesiari heldu beharra daukat galdera horri erantzuteko. Hipotesia ez dut nik formulatu, baizik eta Irati Jimenezek Begiak zabalduko zaizkizue (Elkar, 2021) saiakeran. Funtsean zera dio hipotesiak: hotz egiten duela euskal literaturan, toki ospela dela, ez dela ekosistemarik amableena sormena lora dadin. Eta okerrera goaz, dio Iratik, hainbat arrazoirengatik, baina badago bat mingarria egin zaidana oso: dio Iratik kooperazio falta izugarria bizi dugula gure plaza honetan. Hori dela gure sistema herrenaren arrazoi nagusietako bat. Idazleak idazleen kontra, eta are idazleak literaturaren kontra ere. Luze eta zabal argudiatzen du berak, eta modu bikainean. Irakur ezazue, mesedez. Hona ekartzen dut hotzaren hipotesia blurb bat idaztea, lehen esan dudanez, kooperazio ekintza bat delako. Eta literatura lehiakor batek, dio Iratik, kooperatibismoa eskatzen du. Blurb-gintza kooperatibismo horren sintoma da (zeren sintoma da, beraz, blurb-en falta?). Zuk idatzi ez duzun liburu baten esaldi promozionala idaztea ekintza altruista da, ez duzu ezergatik egiten ez bada benetan uste duzulako liburu horrek irakurle asko merezi dituela, eta irakurle askok merezi dutela liburu hori.

Horixe bera pentsatzen dut nik, hain zuzen ere, Begiak zabalduko zaizkizue saiakeraren inguruan, literaturari buruzko entsegua dena, baina baita edertasunaren, maitasunaren eta laguntasunaren inguruko saiakera bat ere. Ez da beti erosoa esaten dizkigunak irakurtzea, baina freskagarria da lehenengo orrialdetik azkenera, eta esperantza badagoela gogorarazten digu.

Fantasia zoro bat ari zait barnean hazten, lerrok idazten ari naizela. Aprobetxatuko ote dituzte Elkarrekoek hemen esan ditudanak Iratiren saiakeraren hurrengo berrargitalpenerako? Euskal blurb-gintza inauguratu ahalko dut BERRIAko zutabe xume honetatik? Niretzat benetako ohorea litzateke.]]>
<![CDATA[Produktu platonikoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/032/001/2022-04-24/produktu_platonikoak.htm Sun, 24 Apr 2022 00:00:00 +0200 Katixa Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/1956/032/001/2022-04-24/produktu_platonikoak.htm teaser-a plazaratzen dugunean beranduenez.

Beste lagun batekin ikuskizun bat prestatzen nabil. Musika, literatura eta testigantza batuko duen taula gaineko saioa. Izena argi dugu (izango duzue haren berri, teaser-a... badakizue) eta, kasu honetan, baita gaia ere. 1990eko hamarkadako bisio anti-nostalgiko bat prestatzen gabiltza, institutuko gure urteen errebisio kritikoa, molotov koktelak eta sexu hastapenak nahastuko duena. Gauza batean ez gara ados jartzen baina: lagunak hitzaldi performatiboa deitu nahi dio gure ikuskizunari, nik, aldiz, antzezlan dokumentala. Debateak darraio.

Tarteka, bi lagunekin balizko podcast horren inguruan eztabaidatzeko lotzen naiz. Sagardotegi batean, portuko terraza batean edo alde zaharreko taberna zulo batean, gai posibleei bueltak ematen dizkiegu, eta azkenean edozer gauzari buruz hizketan amaitzen dugu, brainstorming bat burutzen ari garela konbentzituta. Barre galantak egiten ditugu.

Beste lagunarekin, ikuskizuneko lagunarekin, karaoke batean bildu ohi naiz. Badu zentzua, gure balizko ikuskizun horrek musika izango baitu ardatz, musikaren bitartez hezurmamituko dugu garai adoleszente hura. Abestiak entseiatzen ditugu, orain Su ta gar, gero Rihannaren hit guztiak. Rihanna, institutuko gure garaian, haur txiki bat zela ahaztuta eta beraz, ez duela bat egiten gure hitzaldi performatibo edo antzezlan dokumentalaren espirituarekin.

Norbaitek pentsa lezake podcasta zein ikuskizuna aitzakia direla lagunartean elkartzeko eta, beharbada, mozkortzeko. Norbait horrek asmatu egiten du, bai. Badu hortik pixka bat, noski. Baina ez bakarrik.

Plazer berezi bat dago proiekzio hauetan, aurreikuspen hauetan. Geure buruetan, geure elkarrizketa euforikoetan eta kantutegiari ematen diogun errepasoan, proiektu horiek zoragarriak dira, inoiz egin diren gauzarik original eta ausartenak.

Inoiz gauzatzen ez diren proiektuak dira beti onenak. Espektatibek ez dute inoiz lurra jo behar eta beraz, inoiz baino libreago egiten dute hegan, betiko.

Pantaila aurrean planeatu bai baina inoiz egiten ez dugun bidaia horretan gertatzen dira gauzarik interesgarrienak eta ezagutzen dugu jende jatorrena. Mugikorreko aplikazioan profil bat ordubetez arakatu ostean inoiz gauzatzen ez den Tinderreko hitzordu horretan piztuko da benetako maitasuna. Inoiz izango ez ditugun seme-alabak dira ederrenak eta inteligenteenak.

Badut beste proiektu bat eskuartean, hau neuk bakarrik gauzatzekoa, eta neure insomnio orduetan elikatzen dudana: inoiz burutu ez diren pelikulei buruzko kronika antzeko bat izango da. Zinemagile guztiek dute beren tiraderetan burutu nahi izan zuten proiektu bat, eta hamaikatxo arrazoi tarteko, inoiz gauzatu ez zutena.

Stanley Kubrickek adibidez kalitatezko pelikula porno bat egin nahi izan zuen, Hollywoodeko izarrekin eta studio system-aren errekurtso guztiak erabilita. Madonnak Agnes Vardaren Cléo de 5 à 7 pelikula mitikoaren remake bat egin nahi izan zuen, Cleoren papera bere gain hartuta, eta zuzendari belgikarrarekin hainbatetan bildu zen, elkarrizketak ematera iritsi zen proiektuaren inguruan. Robert Bressonek La Gènes proiektatu zuen bere bizitzako hainbat momentutan, Bibliako lehenengo liburuaren adaptazioa, genesi osoa, unibertsoaren sorkuntzatik hasi eta Babelgo dorrearen eraikuntzaraino kontatuko zuena. Orson Wellesek hogeita gutxi urte zituen, eta zinemagintzan inongo esperientziarik ez, Joseph Conraden Ilunpeen bihotzean eleberria Hollywooden adaptatu nahi izan zuenean. Gidoia idaztera heldu zen baina, proiektu arriskutsuegia zelakoan, ez zuen estudioen onarpena jaso. Citizen Kane egitearekin konformatu behar izan zuen azkenean.

Nire liburuan pelikula horiek guztiak (eta gehiago) imajinatuko nituzke, hartu zuten forma, jaso zituzten sariak eta kritikak. Inoiz gertatu ez ziren errodajeko anekdotez josita egongo litzateke liburua, eta sekuentzia nagusien analisi sakonekin ere liluratuko nuke irakurlea. Honek inpresioa hartu beharko luke inoiz egin ez ziren pelikula horiek direla egiaz zinemaren historiako pelikularik anbiziotsuenak eta onenak.

Imajinatuko zenutenez, ez dut sekula idatziko liburu hori. Baina nire libururik original eta ausartena izango da, horretaz ez dut zalantzarik.]]>
<![CDATA[Itxita gaude]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2022-03-27/itxita_gaude.htm Sun, 27 Mar 2022 00:00:00 +0100 Katixa Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2022-03-27/itxita_gaude.htm
Eta nire gorputza? Hor nonbaiten, seguru, baina laster ahaztuta. Hala da, liburuan barneratua, ahaztu dut eguzki izpien epela azalaren kontra, kafe arrastoen garratza ahoan. Ez dut gorputzik. Zentzu bakar batek inporta du, ikusmenak, zeinuak ikusi eta interpretatzeko gauza egiten nauena. Hortik kanpo, ezer ez. Barruan gertatzen da gertatu beharrekoa: imajinazioa, abentura, bidaia.

Bruno Snell helenistak frogatu zuenez, greziar arkaikoek ez zeukaten hitz bat gorputzari, bere osotasunean, deitzeko. Soma, orduko hartan, orain dela hogeitazortzi mende arte, gutxi gorabehera, gorpua baino ez zen, bizitzarik gabe geratzen zen oskola. Bestelako hitzak zerabiltzaten gorputz bizia aipatzeko: melos (gorputz atalak) edo chrós (azala), baina ez zegoen hitz bat gorputzaren osotasuna eta autokontzientzia izendatzeko.

Snellen teoria faszinantea da benetan eta historiako inflexio puntu horietako batera garamatza. Garai arkaikoan asmatzen da alfabeto greziarra, eta historiako lehenengo alfabetizazio prozesu orokorra ematen da Grezia osoan. Goitik behera eraldatzen da gizartea eta kultura. Literaturaren historiaren momentu klabeetako bat ematen da orduan: tradizio orala eta idatziaren arteko trantsizioa. Trantsizio horrek utzi dizkigun testuak aztertuz, Snellek uste du erraz identifikatu daitekeela greziar arkaikoek gorputz bat —organikoa, beste errealitate fisikoetatik banatua, osoa— zutela deskubritu zuten momentua. Garaiko poeta lirikoen lanetan somá ez da gorpua, gorputza izaten hasten da. Eta zer dago gorputzaren barnean, norbait hiltzen denean ihes egiten duena atzean oskola baino ez utziz? Horrek izan behar du izpiritua, arima, zer bestela! Mendebaldeko pentsamenduaren sortze-momentua da hau, giza autokontzientziaren iraultza, subjektibitatearen hasiera, Snellek izpirituaren deskubrimendua deitzen duena. Somá bat dugu, beraz, eta txanponaren beste aldea, psyche bat. Gorputza-arima dualismoaren aurreneko pausoak dira.

Buelta gaitezen orain neure fantasiara. Ohean nago, gogoan hartu, liburu liluratzailea esku artean. Nire gorputza ohean dago, bai, baina nire arima? Anne Carsonek kontatzen digunez, zerbait oso sakona eta definitiboa gertatzen da alfabetizatzen garenean. Ahozko gizarte batean bizi den gizakiak inguruan gertatzen denarekiko erabat zabalik egon behar du. Zentzu guztiak atezuan. Izan ere, edozein momentutan irits daiteke estimulua. Hitzak airean harrapatu behar dira, edo haizeak eramango ditu. Norberak ezin du erabaki noiz entzun, liburu bat irakurtzea erabakitzen dugun bezala, beraz etengabe adi egotera kondenatua dago, begiak, sudurrak, belarriak puntan. Mundua eta norbera bat dira, korrontea ez da eteten.

Aldiz, irakurtzera jartzen garenean oso bestelakoa da jarrera. Zentzu bakarra behar dugu, ikusmena, eta ez hori bakarrik, beste zentzumenek traba egingo digutelakoan, horiek blokeatzen saiatu behar gara (aurikularrak ipintzen ditut nik autobusean irakurri nahi dudanean, inguruko elkarrizketak ez entzuteko). Gure arreta eta energia kontrolatzen ikasten dugu irakurtzen ikasten dugunean. Pertzepzioaren berrantolaketa honetan ikusten du Carsonek subjektibitatearen benetako sorburua. Irakurlea itxi egiten da, bere baitara bildu, mundutik erabat apartatu. Indibiduo bat dela konturatzen da horrela, jardun mentala kontrolatuz, mundutik bereizi daitekeena.

Ordutik, hogeitazortzi mende joan dira, gutxi gorabehera, mundutik geroz eta gehiago bereizten joan gara. Inguruari begiratu beharrean esku ahurrean daramagun pantailari begiratzen diogu etengabe. Eta geure izpiritua hainbeste hazi da, ezen askotan egia bakarra dirudien. Ez gaude zabalik, aitzitik, geroz eta itxiago gaude, geure subjektibitatearen kobazuloan berritzen ez den oihartzunari adi. Lurra laua izatea edo elurra, berez, estratosferatik bidaltzen diguten plastikoa, iritzi kontua bihurtu da. «Bueno, hori zure iritzia da» euskal txiosferaren memea dugu, eta ez alferrik.

Hain ziur gaude gure nartzisismo patologiko horretan, ezen Telegramera iristen bazaigu ausazko bideo bat, kaotikoa eta ulertezina, Ukrainako gerrakoa izan daitekeena edo ez, atzo grabatua izan daitekeena edo orain dela hamar urte, berehala sentitzen garen kapaz gure bisio geopolitikoaren xake-taulan kokatzeko. Gure subjektibitatea indartzera baino ez da etorri bideo hori, gure posizio morala txalotzera.

Ba al du irtenbiderik honek guztiak? Nola itzularaziko dugu munstro nartzisista bere kaiolara? Ideiarik ere ez dut. Nahiago dut ohera itzuli, nire liburuan sartu, munduaz bereiztu... igande goizeko fantasia goxo hau amaitzen den arte. ]]>
<![CDATA['Hikikomori' edo idazle]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/032/001/2022-02-27/hikikomori_edo_idazle.htm Sun, 27 Feb 2022 00:00:00 +0100 Katixa Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/1956/032/001/2022-02-27/hikikomori_edo_idazle.htm con pocos, pero doctos libros juntos»), bere burua eta bere idazkera hobetzen.

Quevedok berak gutxitan disfrutatu ahal izan zuen bizimodu hura, Madrileko gorteko ika-mika guztietan sartuta egon baitzen, XVII. mende mugitu hartan. Politikaren pendulua kontra zihoakionean erbesteratu egiten zuten, eta soilik orduan, bere borondatearen kontra, topatzen zuen basamortuetako bake delakoa, gogoratu nahi ez dudan Mantxako herritxo batean. Soilik orduan bakardadea eta tenorea soneto zirraragarriak idazteko.

Hala ere, indartsua da irudia, eta gaur egungo idazleei ere atxikitzen zaie. Erretiroa, dorrea, isolamendua eta burbuila. Gela bat norberarena. Ezinbestekoak omen idazlea bihurtzeko. Eta hein handi batean hala da. Nahiz eta azken boladan geroz eta gehiago sinesten dudan sorkuntza kolektiboan, zineman eta bestelako arloetan egiten den bezala (honetaz beste batean jardungo dut), badago erabat kontzentratzeko eta erabat isolatuta egoteko momentu bat, idazketak aurrera egingo badu. Dudarik gabe. Aurretik dator behar hori, gainera, bat irakurzaletzen hasten den momentutik bertatik —idazle bihurtzen hasten garen momentu horretatik, alegia—, nor bere baitara biltzea eskatzen baitu irakurketak ere, erretiroa, dorrea, isolamendua eta burbuila. Idazle askok diote haurtzaro bakarti baten ondorioz hasi zirela konpultsiboki irakurtzen, eta inadaptazio maila horretatik, festetan arraro sentitze horretatik, ekin ziotela gero idazteari.

Badago egia horretan guztian, bai. Baina inoiz idazle gazte batek aholkua eskatuko balit —badaukat adinik horrelakorik gerta dakidan, ezta?— zera esango nioke. Isolamendu momentuak izango dituzu, bai, baina horrek ez zaitu gehiegi agobiatuko (egin kasu, idazle bat inoiz kexatzen bazaizu bere lanbidea «oso bakartia» delako, gezurra esaten ari zaizu), ziurrenik lanbide hau aukeratu duzu baduzulako horretarako joera naturala. Agian hobe duzu beste guztirako prestatzen hasiko bazina, dorreko figura isolatuaren irudiaren antipodetan dagoena.

Liburu bat amaitzerakoan ez baita prozesua amaitu, ez. Hor hasiko da liburuaren sozializazioaren garaia, idazlearen beraren (hiper)sozializazio garaia izango dena berez. Sare sozialetan presente egon beharko duzu, iruzkinak erantzuten eta like-ak eskertzen. Liburua aurkeztu egin beharko duzu, argazki sesio desatseginen erdian, diskurtsoa berrituz aldi oro, umorez zipriztinduz, baina sofistikazio maila minimo bati eusten. Gero, elkarrizketak. Telefonoz, aurrez aurre, skypez. Berriz ere umorea, sofistikazioa eta irribarrea. Irakurle taldeak ondoren, ordura arte entzun gabeko herrietan akaso. Hitzaldiak, mintegiak, jaialdiak eta kongresuak. Egunkarietan adierazpenak, famaturen bat hil denean. Kausa justu baten aldeko manifestuaren irakurraldia, prentsaurreko batean, manifestazio baten amaieran. Handituz doan harremanen sare bat. Zure aurretik pasatzen diren pertsonak, pertsonak, pertsonak. Irakurleak, kazetariak, beste idazleak, instituzioetako ordezkariak, aurkezleak, kultur teknikariak, editoreak, liburuzainak, itzultzaileak, mota guztietako ekimenen antolatzaileak, dokumental baterako grabatu nahi zaituzten zinegileak, Instagrameko jarraitzaileak, aireportuetara bila etortzen zaizkizun gidariak. Gehienetan harreman laburrak baina oso intentsoak.

Prest daude idazle guztiak horrelako zurrunbilo batean murgiltzeko? Instagrameko izarrak izateko jaioak al dira? Seguru asko ez, baina, zoritxarrez, ez dira gutxi beren karreraren erdibidean trabatzen direnak, hain zuzen jardun sozial horri ezin eutsirik. Ez bazara agertzen, ez badituzu esku asko estutzen, irratian adierazpen asko egiten, deitzen dizuten herri bakoitzera joaten hitzaldia ematera, ahaztu egingo zaituzte. Zure lanaren kalitateak ez du gehiegi axola bizimodua aurrera ateratzerako orduan. Hori da egia krudela. Idazleak ez direlako bizi egun beren liburuetatik. Gogorarazi dezagun: gehienez liburuaren BEZik gabeko prezioaren %10a eramaten du idazleak, eta horri deskontatu behar zaizkio zergak, kotizazioa, agentearen komisioa eta abar. Zure esku uzten dut kalkulua. Liburu bat idazten bi urte eman baditu egile batek, zenbat liburu saldu beharko lituzke salmenta horiekin bi urteko soldata minimo bat kubritze aldera? Pista: asko, gehiegi, apenas inork saltzen ez duena.

Nola egiten dute aurrera idazle profesionalek orduan? Berezkoa duten hikikomori izaera horren aurka borrokan, argazkilarien aurrean posatzen, jaialdietan hitzaldiak ematen, telebistako tertulietan parte hartzen, beren liburuen aipamenak bertxiotzen eta Olivares konde-dukearekiko hurrengo gatazkari itxaroten, erbestera bidaliko dituena boladatxo batez, behingoz sonetoak edo nobelak idazteko bakea eta isiltasuna ekarriko dien aukera.]]>
<![CDATA[Bi marratxo gorri]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/033/001/2022-01-30/bi_marratxo_gorri.htm Sun, 30 Jan 2022 00:00:00 +0100 Katixa Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/1956/033/001/2022-01-30/bi_marratxo_gorri.htm
Gabonen ostea, espero bezala, lehenengo eragozpenak heldu dira. Gobernuak konfinamendu neurri zorrotzak lau hilabetez hedatzea erabaki du. Itxita egongo da ostalaritza, kultur ekitaldi oro bertan behera geratu da. Utrechteko ekitaldia erori da, eta Amsterdamekoa publikorik gabe baino ezingo da egin. Duda egiten dut. Hotzean pentsatuta neure bidaiak ez du zentzu handirik. Baina antolatzaileak eta editoreak animatuta daude, eta animatu egiten naute. Ekitaldia horrela burututa ere oihartzuna lortu daiteke prentsan, sare sozialetan.

Neu ere animatzen naiz azkenean. Egia esanda, badakit kalkulu zorrotz bat eginez gero, edozein emaitzak bidaia ez egiteko gomendatuko lidakeela. Bidaiatzeko sei egun geratzen direnean tendinitis bat sufritzen hasten naiz eskuineko oinean, herren ibiltzera behartzen nauena. Baina sei egunetan sendatuko zait, ezta? Hamar egun, esan du medikuak. Ez diot jaramonik egin. Badago seinaleak entzuteko garaia eta seinaleei ez entzunarena egiteko garaia.

Asko izan dira azken bi urte hauetako dezepzioak, bertan behera geratutako bidaiak, azken momentuan anulatu diren hitzordu gustagarriak, toki exotikoetan eman ditudan online hitzaldiak. Zer kontatuko dizuet ba. Nork ez du izan, azken urteetan, errealitateari tu egiteko gogoa? Erresistentzia ekintza bat izan daiteke abentura holandar hau. Badago erresignaziorako momentu bat, eta borroka egiteko momentu bat. Nire liburuaren promozioari baino emango didan onura psikologikoari begiratu behar diot. Normaltasunaren ilusioa. Zirkunstantzien gainetik altxatzeko adorea eta indarra. Gainera, ausartek zorte ona erakartzen dute! Eta hoteleko buffetean ezezagun interesgarri bat ezagutzen badut? Maleta egin eta banoa!

Triste eta lainotuta dago hiria. Hotza ez, zorionez. Baina ez dago non afaldu. Fruta eta jogurta supermerkatuan erosi eta hoteleko logelan jan dut. Gosaria ere hala egin beharko dudala esaten didate harrerako neska-mutilek. Erretilu bat hartu eta logelan gosaldu beharra dago. Gosari tristearen argazki bat egin dut Instagramera igotzeko. Akabo ezezagun interesgarria ezagutzeko ametsa. Hiritik paseatzera atera naiz gero, oraindik herrenka. Neure patua bizikleta batek harrapatuta hiltzea dela bururatzen zait, seinaleei kasu ez egiteagatik ordaindu beharreko prezioa.

Baina ez! Bizirik atera naiz paseo horretatik eta saiatzen naiz berriz ere adoretzen. Bada, publikorik gabeko liburu aurkezpenaren ordua heltzen da eta suelto eta lasai hitz egiten dut, eta jende jator askoa ezagutzen dut eta gero afari begano ederra prestatzen digu aspaldi amsterdamtutako bilbotar ederrago batek. Pandemiaz ahaztea ere lortu dugu momentu batez, irrien artean. Ondo egin dut, esaten diot neure buruari. Kontrakoa ematen bazuen ere, merezi izan du zirkunstantzien aurka borrokatzea, liburua honaino laguntzea.

Biharamunean jota nago. Ez dut ondo lo egin. Eztarrian azkura bitxi bat sentitzen dut. Erretiluko laranja-zuku tristea edan —argazkirik ez oraingoan— eta aireportura noa. Herrenka bilatzen dut hegazkineratzeko atea. Autobus batean sartu gaituzte baina autobusa ez da mugitzen. Hamar minutu. Hogei. Azkenean anorak fosforitoa daraman gizon batek esaten digu hegazkinaren gurpil bat zulatu dela, eta horregatik gaudela hor, zain ezleku horretan. Hara, pentsatu dut, ez nau bizikleta batek hil neure patua hegazkin honetan hiltzea zelako. Pentsamendu ilunak berriro ere. Baina ez. Konpondu edo aldatu dute gurpila halako batean eta sartzen utzi gaituzte. Garagardo bat eskatu dut hegazkinean, Amsterdamen hartu ezin izan ditudanengatik, eta Bilbora heldu gara istant batean. Baina ordurako benetan txarto sentitzen naiz, sukarra dudala esango nuke, eta etxera eraman nauen taxilariari farmazia batean geratzeko eskatu behar izan diot, antigenoen test bat erosteko.

Positibo atera da. Nire duda guztien erantzuna. Bi marratxo gorri, esaten dutenak: badago seinaleak entzuteko garaia eta seinaleei ez entzunarena egiteko garaia, badago erresignaziorako momentu bat, eta borroka egiteko momentu bat. Zailena, akaso, bi garai horien artean bereiztea da.

(Tendinitisa behintzat sendatuko ahal zait sofatik ezin altxatuta nagoen honetan!)]]>
<![CDATA[Letra xehez baina letra guztiekin]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2005/039/001/2021-12-19/letra_xehez_baina_letra_guztiekin.htm Sun, 19 Dec 2021 00:00:00 +0100 Katixa Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/2005/039/001/2021-12-19/letra_xehez_baina_letra_guztiekin.htm
Ataka honetatik ateratzeko Eskerrak Emateko Orriarengan pentsatzen dut. Tesia idazten nengoela hartu nuen ohitura: animoa faltan sentitzen nuenean mentalki idazten nuen esker ona adierazteko tesiaren hasieran joan ohi den testutxo hori, neure burua motibatzeko. Eskerrak ematen dizkiot nire tesi-zuzendariari, amari, aitari, lehengusina Mari Piliri eta abar. Ariketa gustagarria da, beti delako ederra eskerrak ematea eta, batez ere, bide luze eta nekagarri bat amaitu duzun seinale delako.

Baina nik ez dut eleberria amaitu eta, beraz, oraingoan ere mentalki baino ez zait zilegi balizko orri hori idaztea. Nori emango dizkiot eskerrak? Kontsultatu ditudan adituei, noski. Nire beta irakurleei, lehenengo zirriborroa irakurri eta, beren iruzkinekin, testua hobetu dutenak (hauxe da daukadan esperantza). Familiakoei, idazterako orduan laguntza logistikoa eta emozionala eman didatenak. Idazteko toki lasaiak eskaini dizkidatenei. Zelan nobela berria? Noizko amaituko duzu? galdetu eta akuilu izan direnei. Eskerrik asko lagun, ezagun eta autobuseko ezezagun horiei: esaldiak eta anekdotak lapurtu dizkizuedalako zuek jakin ez arren, eta dagoeneko ahaztu dudan arren. Irakurri ditudan eta nire liburua aberastu duten liburu eta egileei: hamaikatxo zarete, eskerrik asko guztioi.

Zerrenda luzatzen doa, mentalki bigarren orrialdean nago jada. Mila esker etxe azpian etxera eramateko plater onak prestatzen dituen negozioari: denbora mordoa aurreztu didazue. Zer esanik ez euskal eskola publikoari, eta jantokiko begiraleei, beren laguntza gabe ezinezkoa bailitzateke ezertarako denborarik izatea. Eta ezin aipatu gabe utzi nire idazketari erritmoa jarri dion musika. Mila esker Spotify eta Youtube. Mila esker, Johann Sebastian Bach, eta mila esker zuri, Glenn Gould, Bachen Goldberg bariazioak hain maisuki jotzeagatik. Goldberg hori nor izan ote zen ikertu beharko nuke eta berari ere eskerrak eman?

Ziurrenik bai. Baina hirugarren orrialdean nago dagoeneko. Eta ez diot ariketari amaierarik ikusten gainera.

Dio Mari Mur editoreak —Aurora Fernandez Polanco arte kritikaria aipatzen— aipamenik ez egitea patriarkala dela. Ezin adosago egon. Aipatzea da nondik zatozen esatea, zenbat jaso duzun aitortzea. Aipatzea da eskerrak ematea. Hemen eta orain bizi naizelako, handik eta hemendik edateko aukera izan dudalako, behar nuen hori —ideia bat, hitz bat— momentu justuan iritsi zitzaidalako.

Jeinu indibidualaren ideia aro modernoaren asmakuntza da. Antzinako Grezian, adibidez, inspirazioa jainkoen esku zegoen, eta musak ziren nor lagunduko zuten erabakitzen zutenak. Indibiduoak ez zuen hortaz prozesuan parte hartzen, eskaintza horren hartzaile pasiboa baino ez zen. Zu izan zintezke gaur, eta zure auzokoa bihar. Baina azken mendeetan, indibiduoaren ideiaren indartzearekin bat, jeinu, maisu edo aitzindariaren figura nagusituz joan da. Gizon handia. Historiak aurrerapauso bat eman zezan etorri zena. Barruan daukan oparia beste guztioi egiten diguna. Ze axola du non jaio den, ze heziketa jaso duen, familian bere talentua lagundu zuten edo ez, seme-alabak nork zaindu zizkion, ze elkarrizketak, ze irakurketak aldatu zuten bere pentsamendua, ze baldintza materialekin lan egin ahal izan zuen. Jeinua da eta ez ditu eskerrak eman behar.

Bai, dudarik gabe aipamenik ez egitea patriarkala da.

Honetaz guztiaz ari naiz hausnartzen, honekin guztiarekin ari naiz fantaseatzen, Bilboko udaletxeko Areto Arabiarrean eserita nagoela. Gaur Bilboko Ospetsua titulua emango diote lagun maite bati: Miren Agur Meaberi. Bilbori eman dizkio eskerrak berak bere txanda iritsi denean, hamabi sekuentziatan, hamabi aitortzatan. Baina hiria eszenatokia baino ez da, sekuentzia bakoitzean pertsonak daude, ikasketak, toki eta garai batek posible egin dituen bizipenak, azkenean Miren Agurren lan handi eta zoragarrian eragina izan dutenak. Guztiez gogoratu nahi izan du, guztiak aitortu, eta gainera nirea baino sintesi gaitasun handiagoarekin egin du. Bejondeizula, Miren Agur. Eta mila esker ematen didazun guztiagatik, lagun eta idazle gisa (ez al dira gauza bera azken finean?). Eskerrak emateko nire testu infinituaren lehenengo orrietako batean aipatuko zaitut dudarik gabe.

[Udaletxetik barre artean atera garenean berria jaso dut: bell hooks idazle, poeta eta akademiko feminista hil berri da. Legatu handia uzten digu. bell hooksek beti azpimarratu zuen bere ezizen hori letra xehez idazteko beharra. Inportanteena ideiak dira, ez ni, esaten zuen. Rest in power].]]>
<![CDATA[Ez bada orain]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2021-11-21/ez_bada_orain.htm Sun, 21 Nov 2021 00:00:00 +0100 Katixa Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2021-11-21/ez_bada_orain.htm Ez banaiz ni niretzako, orduan nor? Baina niretzako bakarrik banaiz, orduan zer naiz? Eta ez bada orain, orduan noiz? Esaera talmudiko hau, tinta beltzean inprimatuta, Madrileko nire logelan zintzilikatuta neukan, idazmahai gainean, begien aurrean etengabe. 22 urte nituen eta hiri handira ailegatua nintzen doktorego bat hasteko asmoarekin edo gidoilaritza ikasteko ideiarekin. Azkenean, bata eta bestearen artean ezin erabakita, biak egiten nituen: goizez zine-eskolara nindoan gidoilaritza ikastaroa egitera eta arratsaldez Konplutentsera, doktorego ikastaroak jarraitzera. Ordu libreetan, logela horren alokairua (228 euro, gogoan dut) ordaintzeko adina emango zidan edozer gauza egiten saiatzen nintzen, normalean ingeles klase partikularrak metro lineen azken geltokietan zeuden etxeetan. Inoiz erabilgarria suertatuko zitzaidalakoan, bigarren hezkuntzako irakasle izateko ziurtagiria ateratzeko ikasten nuen tarteka (CAP deitzen zen orduan, eta ez, ez dut inoiz ezertarako erabili izan). Gauez, denbora eta energia topatzen nuen oraindik ordenagailua piztu (nire lehenengo portatila, gurasoen karrera amaierako oparia) eta idazteko: film laburretako gidoitxoak, desamodio poemak eta lehiaketetara bidaltzeko moduko ipuinak (nire bigarren diru-iturria garai hartan). Gainera, bizitza soziala deitzen den hori zegoen, jakina: kontzertuak, antzerkia, afariak (normalean kañak eta hauekin musu-truk zetozen tapak) eta festak. Hirian berria izanda, ez nuen ezer galdu nahi.

Ez dakit nondik ateratzen nuen energia. Gaurko talaiatik begiratuta, ezinezkoa iruditzen zait. Baina hala izan zen. Paretan itsatsita nuen esaera horretatik, uste dut azken parteari erreparatzen niola bakarrik: eta ez bada orain, orduan noiz? Dena nahi nuen egin, eta denak izan behar zuen orain. Orainaldia erre. Pastel osoa jan mahaitik altxatu baino lehen.

Gaztaroak gordetzen duen paradoxa horietako bat: berez aurretik denbora gehiago daukazun momentuan denbora ondo xahutzeko premia hori inoiz baino itogarriagoa da. Zer esanik ez nerabezaroan: larunbat gau batean ezin ateratzea -gaixorik egoteagatik, edo senide astun baten ezkontzagatik- katastrofe bat zen, zure bizitzako esperientzia, gertakizun funtsezko hura, lapurtuko zizun desgrazia.

Askotan ekarri izan dut gogora garai hartako grina eta urgentzia pandemia hasi zenetik. Ez naiz nostalgikoa, baina nire gaztaroko frenesi hura gogoan, izurri garaiko gazteengan pentsatzen nuen. Zer nolako frustrazio eta angustia ez ote zuten sentituko etxean itxita, lagunak ezin ikusita, edo poliziaren mehatxupean ateratzen hasi zirenean. Ez zen zaila imajinatzea, ikusi ere egiten nuen: unibertsitatean online klaseak hasi zirenean, eserita eta jantzita zeuden ikasleak, kamera piztuta, egoera berriarekin urduri baina emozionatuta. Asteek aurrera egin ahala, kamera pizteari utzi zioten, eta txat bidez komunikatzen ziren mamu batzuei ematen nizkien eskolak. «Piztu kamera behintzat agurtu gaitezen», esaten nien, pantaila beltz bati hitz egiteaz nekatuta: hondoratutako gazteak ikusten nituen orduan, sofan etzanda, pijamak, mantak, dorito poltsak.

Ordutik, aurrez aurreko eskolak itzuli diren arren, desgaitasunak dituzten pertsonentzako EHUko zerbitzutik iristen zaizkigun ohar gehienek depresioarekin eta antsietatearekin dute harremana. «Bere egoera dela eta ikasleak hutsegiteak egingo ditu. Eskola orduetan krisialdia sufrituz gero, atera egin beharko du, medikazioa hartu, lasaitu arte atsedena hartu eta abar. Izan zaitez malgua eta adaptatu ikaslearen egoerara».

Osasun mentalaren hondorapena ez zen pandemiarekin hasi, eta ez da harekin amaituko, noski. Gaur egun hain orokortua ematen badu, ikusgaitasunagatik ere bada, horretaz hitz egiten delako, desgaitasunak dituzten pertsonentzako zerbitzuak aintzat hartzen duelako, orain dela hogei urte baino askoz gehiago.

Hala ere bihotza apurtzen didate gazte apurtu hauek. Hein handi batean gazte izate hutsa da pisu zaiena. Sekulako ardura kokatu dugu bizitzaren etapa horretan. Gaztaroa glorifikatuz eta mutur barregarrietaraino eramanez zera interpretatu daiteke: gaztaroa dela merezi duen aro bakarra. Gero, ezer ez: dekadentzia, gaixotasuna eta heriotza. Ez hori bakarrik, gaurko gazteek beste pisu bat daukate gainean. Gero, ezer ez: hondamendi klimatikoa, planetaren itomena. Ahaztu egin dugu adin ertaina dela berez garairik luzeena (eta agian plenoena ere bai, estableena akaso), adin ertaina ia desagerrarazi dugulako, errelatorik gabe utzi.

Orain da zure garaia, esaten diegu gazteei, baina oraina kaka zaharra da. Eta oraina kaka zaharra iruditzen bazaizu, ez espero ezer etorkizunaz, hori are okerragoa izango da. Ez baitzara ordurako gaztea izango.

Agian gaztaroari presioa kentzen hasi beharko ginateke. Oso ondo egon daiteke gaztaroa, baina ez du zertan izan behar gure arorik onena: gerokoa askoz hobeagoa izan daiteke, zinez.

Ez bada orain, orduan noiz? Ba orduan bihar. Edo etzi. Edo etzidamu. Horixe idatziko nuke orain, berrogei urte bete berriak ditudala, Madrileko nire gelatxo hartan etengabe eraso egiten zidan leloaren gainean.]]>
<![CDATA[Amorru maskulinoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/038/001/2021-10-24/amorru_maskulinoa.htm Sun, 24 Oct 2021 00:00:00 +0200 Katixa Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/1956/038/001/2021-10-24/amorru_maskulinoa.htm aski da! egin dute aldarri. Lehenengo arrapostua Planeta saria eman zenean etorri zen. Izan ere, saria Carmen Mola izeneko batek jaso zuen: baina ez zen Carmen Molarik, ezizen horrekin idazten zuten hiru gizon baizik. Handik astebetera, prentsak beste Carmen Mola-ren istorioa ekarri digu. Gizon bat, Sergi Puertas izenekoa, zeinak, argitaletxeek bere eskuizkribuei muzin egiteaz nekatuta, neska izen batekin sinatzea erabakia zuen. Eta hara, berehalako erantzuna jaso omen zuen prestigiozko argitaletxe baten eskutik.

Literaturaren esparrua emakumeekin konpartitu behar izateaz nazkatuta, badirudi gizon batzuek bide makur samar bat aukeratu dutela: emakume itxura hartu, emakumeei espazioa kenduz eta espazioaren okupazio maskulinoa mantenduz. Emakumeek literaturan gaur okupatzen duten espazioa sufrimendu, arbuio eta isilarazpen mendeen ostean etorri dela ahaztuta, edo diskriminazio historia horren gainean kaka eginez.

Esparru literarioaren okupazioaz gain, zer nolako mezua ari dira bidaltzen emakume izenaren atzean ezkutatzen diren gizontxo hauek? Sistema hackeatzen ari direla diote batzuek, harrotasunez bezala: kontra daukaten sistema bat beren alde jarriz. Izan ere, istorio honen hondoan irakurri daitekeen ideia hauxe da: gaur egungo merkatu editorialak emakumeak pribilegiatzen ditu, gizonen kaltetan. Argitaletxeek emakumeak baino ez dituzte argitaratu nahi, arrazoi komertzial eta oportunistak tarteko. Irakurle gehienak emakumeak izaki, egile andrazkoak bilatzen dituzte. Feminismoaren modak gizonen literatura baztertu egin du.

Eta abar.

Gauza hauek ez dira modu irekian esaten, inork ez du politikoki ez-zuzena izan nahi. Baina Carmen Molaren eta Sergi Puertasen kasuak ematen direnean, zabaldu egiten dira uhateak, eta biktimismo maskulinoaren uholdea gainera erortzen zaigu. Hortxe dagoela gogorarazten digu.

Espainia aldean esan dut lehenengo lerroan. Zer gertatzen da gurean? Gauzak ez dira horrela egongo, ezta? Bada, bai. Jakina. Gurean ere existitzen da lurrazpiko korronte hura, susmo konpartituta, vox populi mesfidatia. Emakumeek errazago daukate euskal literaturaren esparruan. Argitaratzen hasi nintzenetik, hamabost urte badira, entzun ditut iruzkin maltzur edo inozo samarrak. Nire lehenengo liburuarekin irakurle talde batera gerturatu nintzenean, partaideetako batek horixe bera galdetu zidan, ea emakumea eta gaztea izateagatik publikatu ote zidaten, eta ni, ahozabalik, zer erantzun jakin gabe geratu nintzenez, zera bota zidan, hitzez hitz: «Mundu guztiari gustatzen zaio emakume gazte baten argazkia ikustea liburuaren solapan!». Mundu guztiari? Zeinen erraz bihurtzen duten beren zilborra unibertsoaren erdigunea gizon batzuek, amatxo maitea!

Ordutik, horrelakoak sarri. Halako batek esaten du emakume idazle gazte guztiek berehala zutabe bat lortzen dutela, egia unibertsala botatzen ari denaren ziurtasunez. Beste bat «emakumeen literaturaren modari» buruz aritzen da zure liburuaren kritika izan behar zuen espazio horretan. Orain dela urte gutxi, nire belaunaldiko gizon baten liburuaren aurkezpenean parte hartu nuen, eta zera esan zidan idazle berriak mingostasun puntu batez: zalantza askorekin ari zela sartzen mundu honetan, esanda baitzioten (beste gizon batzuek, pentsatzen dut) oso zail izango zuela arrakasta lortzea gizona izanda.

Kritika desartikulatu gisa azaleratzen dira iruzkinak. Fundamenturik gabekoak eta datuekin erraz gezurtatu daitezkeenak. Ez ditut hemen denak emango, egon da lan hori hartu duenik, bi zertzeladarekin nahikoa da orain. Esate baterako: Espainian argitaratzen den liburu kopuru osoaren herena baino ez du emakume batek idatzi. Ez da egia, beraz, emakumeak espazio gehiegi ari direla lortzen. Eta gertuagoko beste datu bat: Euskadi sarietan, gustatu edo ez kanon bat ezartzetik gertuen dagoen gure dispositibo bakar horretan, gizonak dira beti nagusi.

Ez naiz inozoa. Jakin badakit literatura (ere) merkatuaren legeen menpe dagoela hein handi batean, eta, azken urteetan, hainbat aldaketa sozialen karietara, emakumeen literaturak interes berezi bat piztu duela. Eskari horrek ekarri du eskaintzaren igoera apal bat. Baina datuek kontatzen dutenaren arabera -eta eremu kualitatiboan sartzen bagara, are gehiago- berdintasuna urrun dugu oraindik.

Hala ere, errealitate paralelo batean, badaude gizonak (ez guztiak, badakit, not all men, of course, baina ezin jakin seguru zenbat diren ere) zurrumurru maltzurretara gehitzen direnak, amorru maskulinoaren korronte hori gehiago pozoitzen, gauzak pixka bat aldatzen ari direla ezin hartuta. Gizon horiek enperadorea biluzik da! egiten dute oihu tarteka, heroikoki, konturatu barik ezetz, enperadoreak eusten diola bere kapari, bere zentroari, are koroari ere. Batzuek behingoz biluztu nahiko genukeen arren.]]>
<![CDATA[Igeri]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/035/001/2019-07-14/igeri.htm Sun, 14 Jul 2019 00:00:00 +0200 Katixa Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/1918/035/001/2019-07-14/igeri.htm Sua falta zaigu ipuin bilduma. Ordutik, beste hainbat lan argitaratu ditu: besteak beste, Habitat (2009) narrazio bilduma eta Atertu arte itxaron eleberria (2015). Habitat-en proiektuak Igartza saria lortu zuen; Atertu arte itxaron-ek, berriz, 111 Akademiarena. Amek ez dute nobela du azkeneko lana (2018). Lau liburuok Elkarren argitaratu ditu. EHUn irakasle dihardu gaur egun.]]>
Orain haur txiki bat zuten.

Hamabost hilabete, bere bigarren uda, oraindik ez zebilen oinez.

Alokatutako duplexera heldu eta gizonak zerrenda bat egin zuen -entxufeetarako tapak, eltxoentzako tranpak, ur minerala, barazkiak, fruta-, eta supermerkatu baten bila abiatu zen. Emakumea etxetik zekarten purea berotu eta umeari ematen saiatu zen. Gero, umea bainatu zuten -hegazkinean botaka egin zuen-, pijama jantzi eta amaren titiari lotuta lokartu arte itxaron zuten.

Orduan afaldu zuten, hamarrak pasatxo, pizza lehorra, eta oporraldia zabaldutzat eman zuten.

-Igeri egitera joango naiz esan zion emakumeak.

-Jakina, zoaz.

Harean zulo bat egiten ari ziren. Umeak eguzkitik babesteko kamiseta zeraman, atzaparkadaz kentzen zuen txanoa, aurpegia kremaz estalirik.

-Segi ba! -esan zion gizonak berriz, emakumea, eskuak gerrian, animatzen ez zela ikusita.

Azkenean, atzera begiratu gabe, itsasoan sartu zen, astiro. Gizona emaztearen ipurmasail gogorrei so geratu zen. Erditu eta gero ariketa fisiko oro debekatu zioten. Umetokiaren prolapsoa ez zen broma. Ebakuntza-gela. Errehabilitazioa. Urtebete baino gehiago igarota, ariketa suabera bueltatzen ari zen pixkanaka. Pilates. Hipopresiboak. Orain, igeriketa ere bai.

Ez zirudien elitezko kirola faltan hartzen zuenik. Umea zuen orain ardura bakarra. Atzean geratuak ziren sufrimendua, lesioak, dieta. Atzean, joko olinpikoen ametsa.

Orain haur txiki bat zuten.

Eta haur txiki hori harea jaten ari zen.

-Ep! Utzi hori!

Hamaiketakoa ahotik kentzen ziola ikusita, negarrez hasi zen haurra.

-Tira, goazen buelta bat ematera.

Umea besoetan hartuta itsasorantz abiatu zen. Olatuen marmarrak beldurra eragin zion eta berriz hasi zen negarrez.

-Jexux, petral samar gaude gaur. Ea, abisatu ama ikusten baduzu, uretan dago, hor.

Baina ez zuten ikusi. Ez zegoen lasai poltsa zaindu gabe zegoela jakinda eta toallara itzuli ziren. Ordu erdi-edo zeraman emakumeak uretan. Ez al zen gehiegitxo? Bere txano gorria antzematen saiatu zen beste behin. Bazekien denboraren nozioa galtzen zuela uretan, baina nekadurak jota egon behar zuen ordurako. Zutik jarri zen, eskua bisera gisa erabiliz. Txano gorriaren arrastorik ez. Umea negarrez.

-Gose zara, ezta? Tira, bazkaria emango dizut.

Adurzapia jarri eta termoa zabaldu zuen. Umeak ahoa itxita mantendu zuen: ez zuen purea nahi, gaileta nahi zuen.

Geroz eta urduriago zegoen gizona. Berriz altxatu zen, umea hareaz bete zuen gaileta batekin utzita, emakumea hautematen saiatzeko. Berriz eseri zenean, purea toallan barreiatuta zegoen.

Emakumea triatloi proba batengatik zegoen gizonaren hirian elkar ezagutu zutenean. Joku olinpikoen aukera bizirik zegoen artean eta emakumeak ez zuen maitasunerako astirik. Baina gizonak ez zuen etsi.

Bigarren jokoetatik kanpo geratu zenean, gizonak proposatu zion berarekin bizitzera etortzea. Berak ezin zuen hiria utzi, justu orduan hartua zuen aitaren enpresaren ardura. Orduan, haurdunaldia. Ez zen dudarik egon. Emakumea gizonaren etxera mugitu zen. Irlara etorri ziren aurreneko aldiz, ezkonbidaia. Orduan ere, uretan igaro zuen emakumeak oporraldiaren zatirik handiena. Haurdunaldian suabe entrenatzen jarraitu zuen, goragaleekin. Gizonak geroz eta ordu gehiago ematen zituen enpresan. Bitartean, sabel puztuarekin, korrika egitera ateratzen zen emakumea, bizikleta, igerilekua.

31. astean uzkurdurak hasi eta kirola amaitu zen. Atseden absolutua.

38. astean, 48 orduko erditze-lanaren ostean, heldu zen umea. Forzepsak. 3. mailako urraketa. 16 puntu hankartean. 4 kiloko mutikoa.

Umea aulkitxoan, dena batu eta harean barrena aurrera egiten saiatu zen, eguzkitakoa besapean. Apenas entzuten zituen umearen negarrak, burrunba zuen belarrietan. Hiru ordu laurden ziren emakumea igeri egitera atera zenetik, ordubete akaso, azaldu zion ile horiko sorosleari. Emakumearen itxura deskribatu zion. Walkie-arekin hitz egin zuen ilehoriak, eta gizonari lehen sorospenetarako erabiltzen zuten etxetxoan itxoiteko eskatu zion. Kanpoan, sorosleen arteko elkarrizketa urduria, mugimendua. Txalupa laranja bat ikusi zuen, emakumearen bila zihoazen.

Beste gaileta bat eman zion umeari, ez zeukan besterik. Ezin titia eskaini. Pozik hala ere mutikoa, buila mordo batekin jolasean.

Beste sorosle bat sartu zen, hondartzako gainbegiralea, eta serio esan zion hobe zutela etxean itxarotea.

Zirt edo zarteko pertsonatzat zeukan bere burua, presiopean lan egitera ohituta. Baina arratsalde hartan, duplexera ailegatu eta umeak, gosetuta, negarrari ekin zionean enegarrenez, geldirik geratu zen sukaldearen erdian, hurrengo pausoa zein izango. Semeak sandaliatik egiten zion tira, baina gizonak ezin zion begiratu.

Ez. Martxan jarri beharra zegoen. Umea besoetan hartu eta, ohituragatik, iturriko ura eman zion, irlan botilakoa bakarrik emango ziotela adostuta bazuten ere.

Ez zen adosmena, emakumearen erabakia baizik. Dieta orekatua, ohitura higienikoak, autoestimurako jokaera onak, psikomozitritate fina lantzeko jokoak. Dena emakumearen esku. Asteburuetan, amateur hutsa sentitzen zen, emakumeari egiten uzten zion, hari begira noizbait ikasiko zuen.

Umeak trago luze bat hartu zuen. Ondo. Adoretuta, madari zatitu bat utzi zion aulki altuaren erretiluan. Umeak bi zati murtxikatu zituen gogo handiz eta segituan dena bota zuen: hartutako ura zein madaria.

Gonbitoa garbitu, umeari ura eman (botilakoa), pardela eta arropa aldatu, termometroaren bila joan eta besapean jarri, termometroa lurretik jaso eta berriz besapean jarri, telebistan marrazkiak bilatu, 7 minutu itxaron umearen besoari helduta eta azkenean ikusi zuen: 37,6º. Ez zen asko. Ez?

Orduan, atondoko altzarian utzitako telefonoak gauzarik ikaragarriena egin zuen: jo egin zuen. Bazetorren, beraz, albistea. Ume beroa besoetan, hara abiatu zen korrika.

Erantzutera ausartuko zen? Bai. Ez. Esku dardaratia telefonotik oso gertu zuenean ikusi zuen: post-it horia, emaztearen idazkera karratua, bihotza.

Askotan egiten zuen emakumeak hori, maitasun oharrak han eta hemen. Baina haurra jaio orduko, egiteari utzi zion. Eta gaur, noiz eta gaur, berriz egitea bururatu zitzaion, ohar hori, plurala, maite zaituztet.

Kasualitatea zen. Ez. Bai.

Premonizioa. Bai. Ez.

Premeditazioa. Ez. Bai.

Denbora geldi. Telefonoa jo eta jo. Premiarik ez gizonak ordea. Zertarako. Esango ziotena ondo zekien: emakumearen arrastorik ez, bila jarraitu behar, polizia laster etxean.

Umeari begiratu zion: goibel, begiak gorri, deshidratatuta egongo zen, gosetuta eta gaixorik.

Lan handia zuen aurretik.]]>
<![CDATA[Coriolis efektua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/034/001/2017-09-10/coriolis_efektua.htm Sun, 10 Sep 2017 00:00:00 +0200 Katixa Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/1918/034/001/2017-09-10/coriolis_efektua.htm Sua falta zaigu ipuin bilduma. Ordutik, beste hainbat lan argitaratu ditu: besteak beste, Habitat (2009) narrazioz osatutako liburua eta Atertu arte itxaron eleberria (2015). Habitat-en proiektuak Igartza saria lortu zuen; Atertu arte itxaron-ek, berriz, 111 Akademiarena. Hiru liburuak Elkarren argitaratu ditu.]]> interregno deitzen zuen aro horren ostean, mendi-puntan bizitzen hastea otu zitzaigun. Eremiten gisara, isolatu eta pekatuak garbitzeko tenorea genuen. Etxea erortzeko zorian zegoen baina burutu beharreko lanak geure eskuekin burutuko genituela deliberatu genuen. Hori ere bazen gure sakrifizioaren parte.

Sakrifizioa handiegia zela konprobatu genuenean, sarea zabaltzea erabaki nuen eta borondate oneko lagunak engainatzen hasi nintzen, hona etor zitezen, asteburuetan-eta, laguntzera-edo.

Laguntzera-edo diot, larregi lagundu ez zuen lagun bat buruan baitaukat.

Jon Ander. Hamaiketakoa egitera etortzen zela ematen zuen, lanaldiaren bukaeran Ainhoak eta biok prestatzen genuen patata tortilla dastatzera. Jateaz aparte, ezer gutxi egiten zuen gure Jon Anderrek.

Musikaz beterik zuen bere telefonoa musika-aparatura konektatu eta besteok teilatua konpontzen, leihoak isolatzen edo hormak margotzen genituen bitartean berak DJ lanetan jarduten zuen. «Orain entzun hau» esaten zuen, beti bere telefonora itsatsita, eta ez zen handik mugitzen gure jardunak irauten zuen denbora guztian.

Hasieran lagunaren kopeta handia trufa bihurtu genuen. Baina hirugarren edo laugarren astebururako guztiz gogaituta nengoen ni eta ez nuen disimulatzen. Bere aurretik alde egiten nuen bere aldarrikapen musikal horietako bat botatzen zuenean: «eta orain, adi Astrud Gilbertok bere bizitza osoan egindako maisulanik handienera!».

Dentistaren afera guztiz sekretupean mantentzen saiatu baginen ere —barkatzeko erabakian pisu berezia izan zuen zirkunstantzia— paranoia berri bat ari zitzaidan barruan ernaltzen: Jon Anderrek dena zekien, eta nitaz barre egiteko erabiltzen zuen modua huraxe zen, neure lepotik jatea, potro-joka ibiltzea denok izerdi-patsetan geunden bitartean, letra kriptikoen bitartez neure adarrez barre egiten zuten abestiak jotzea.

Garai hartan musika brasildarra deskubritu berri omen zuen Jon Anderrek, eta matraka ederra ematen zigun bossa-novaren harribitxi guztiak ezagutarazi nahian.

Abesti batekin bereziki tematu zen. Aguas de Março delako bossa nova bat. Tom Jobimena.

Ederra bossa hau, ezta? Aguas de Março…Adituen ustez, guztien artean bikainena. Eta zer esaten didazue bertsio honen inguruan? Ez al da harrigarria Elisen fraseoa? Entzun, entzun…

Nik, mailua eskuan, benetako ahaleginak egin behar nituen nire instintu homizidak baretzeko.

Jobimek bere etxean eraberritze lan bat egiten ari zenean konposatu zuen. Ba al zenekiten?

Inork ez zion ezer esan.

Ba bai, Rio de Janeiro inguruko bere lursailean horma bat ari zen zutitzen gure gizona, eta halako batean zaparrada ikaragarri bat hasi omen zen, Martxoko Urak, hortik dator izenburua, lagunok, dena arrastaka daraman martxoko ura!

Susmoa nuen Wikipediatik ateratzen zuela bere jakinduria guztia. Eta imajinatzen nuen bezperan, iTunesa eguneratzen eta ordenagailu aurrean informazio itxurosoa bilatzen.

Susmoa nuen, halaber, etxeko abentura bukatutakoan, ezer ez zela berdin izango Jon Ander eta bion artean, eta bossa novarekiko garatzen ari nintzen gorrotoa nekez apalduko zitzaidala.

Egia esanda, eraberritze lanak amaitutakoan ezer ez zela berdina izango uste nuen. Dena okerragoa izango zela. Eta hala ere ezin nion lixatzeari, zerratzeari, mailukatzeari, iltzatzeari, mozteari, pintatzeari utzi. Ainhoa ere berdin zebilen. Frenesi berak hartuta.

Halako batean, izerdi eta ezuste mordoaren ostean, lanak bukatutzat eman genituen, prest genuen etxea, prest geure bizimodu berria eta prest gure etorkizun guztia. Bertan bakarrik eta esku-hutsik geratu nahi ez genuenez, askari eder batekin ospatu genuen balentria, lagun boluntario guztiak gonbidatuta. Otordua laguntzeko berriro jarri zuen Jon Anderrek Jobimen diskoa. Topa egin genuen. Etxe berriagatik. Eta baita bossa nova eta martxoko urengatik ere, Jon Anderrek gure brindisak zuen ironia harrapatu ez bazuen ere.

Bapo gelditu ginen. Lagunak, banan-banan, agurtu eta alde egiten hasi ziren, etxe berrian zoriontasuna opatuz-edo. Jon Ander alde egiten azkenetakoa izan zen. Aitzur ederra zeramala iruditu zitzaidan baina ez nuen bera atxikitzeko inongo asmorik. Bere kotxea errepidearen albo batean buruz behera imajinatzeak ez zidan gupidarik pizten.

Hau bukaera duk! esan zidan autora lagundu nuenean, eta bostekoa luzatu zidan.

Tira, Jon Ander, eskerrik asko guztiagatik esan nion nik, nire hitzei sinesgarritasuna eman nahi gabe.

Joan egin zen. Bera eta bere playlist zoragarria.

Bakarrik geratu ginen Ainhoa eta biok. Portxe berrian zerbeza bat edateko aprobetxatu genuen, berokia sorbalden gainean, gaua gure inguruan zabaltzen zen bitartean. Bat-batean, haize zirimola baten ostean, euria hasi zuen, nahiko bortizki. Martxoaren bukaera genuela konturatu nintzen.

Begira esan nion Ainhoari, euria seinalatuz, martxoko ur ospetsuak hemen ditugu.

Hala da esan zidan berak, harritu ninduen ziurtasunez, baina hauek ez dute Jobimen martxoko urekin zerikusirik.

Nola?

Brasil hegoaldeko hemisferioan dago, eta bertan martxoko urek udaren bukaera markatzen dute. Horregatik kantaren melankonia hori.

Ni baino bidaiatuagoa izaki, zinez disfrutatzen zuen horrelako detaileak neure aurrean aletzen. Trago luze bat eman zion Ainhoak garagardoari jarraitu aurretik:

Guretzako udaberria hasi berria da. Kontuz zabaldu behar dugun oparia.

Berokiaren kremailera goraino igo nuen, dardarka bainengoen bat-batean. Hegoaldeko hemisferioa etorri zitzaidan burura. Han, antipodetan, bazegoelako ni bezalako morroi bat, ni bezain mozoloa eta ni bezain krudela, baina Lurraren errotazio eta translazio-higiduraren eraginez, neska-lagunak dentistarekin larrua jo zuenean ez barkatzea erabaki zuena. Urak ere ez du ibilbide bera egiten hustubidean behera doanean hemisferio batean edo bestean. Coriolis efektua deitzen zaio horri.

Garagardoa bukatu orduko, azken pentsamendu bat dedikatu nion Hegoaldeko neure dobleari. Lastima eragiten zidan. Gizajo harentzat udazkena hastera zihoan.

Barrura noa esan nion Ainhoari.

Bera atzetik etorri zitzaidan, ezer esan gabe.]]>