<![CDATA[Kepa Matxain | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sat, 18 Aug 2018 22:25:04 +0200 hourly 1 <![CDATA[Kepa Matxain | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Belle and Sebastian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2069/045/003/2015-02-01/belle_and_sebastian.htm Sun, 01 Feb 2015 00:00:00 +0100 Kepa Matxain https://www.berria.eus/paperekoa/2069/045/003/2015-02-01/belle_and_sebastian.htm
Bada denboraldi bat neke kronikoaren sindromeak jo zuela Stuart Murdoch, Belle and Sebastianen ahots nagusia. Gaixotasunak bizitza goitik behera baldintzatu dionez, gai hori izan du mintzagai azken laneko une askotan. Inork pentsa lezake, hitz goibelei lagunduz ostera pop distiratsua egin dutela, alaitasun printzaz jositako melodia xaloak aurkituko dituela oraingoan ere. Ez da horrela erabat. Aldatu egin dute norabidea, eta, sintetizadorez apainduta, geruza askoren gainean eraikitako kantuak osatu dituzte. Emaitza ez da oso asegarria, ordea. Gisa horretako piezen aldean, aski goragokoak dira ohiko erregistroan osatutako apurrak -Nobody´s Empire, The Cat With The Creameta Ever Had A Little Faith?-, aurreko diskoko ale onenen parekoak direnak.]]>
<![CDATA[Arriskuan garaile]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1936/039/001/2015-01-25/arriskuan_garaile.htm Sun, 25 Jan 2015 00:00:00 +0100 Kepa Matxain https://www.berria.eus/paperekoa/1936/039/001/2015-01-25/arriskuan_garaile.htm
Berri Txarrak taldearen zale sutsu izan ez arren, deus berririk argitaratu dutenero hartu izan dut entzuteko tarte bat, eta baita gustuko zer edo zer topatu ere beren kantuek biltzen dituzten oihartzun askotarikoetan. Nabarmentzekoa iruditzen zait, izan ere, oso jite markatuari eutsiz halako soinu gama zabala ukitzeko gaitasuna edukitzea, eta, bertan goxo aritu beharrean, zapaldu gabeko lurrak arakatzeko grinari eustea. Oraingoan zer berri ekarriko ote zuten, aipatu dudan jakin-min horretatik gerturatu nintzen Denbora da poligrafo bakarra lanera.

Kantuen oihartzun-sorta zabala are bilatuagoa da lan berrian, ildo eta sonoritate oso desberdinetako hiru EP grabatu dituztelako, produktore banarekin. Guztira, hogei pieza berri. Elkarrengandik argi urtetara egon litezkeen kantuak —metal kutsuko Alegia eta Lemak, Aingurak dantzagarria, esaterako— talde berberak garai bertsuan egin dituela sinestea kosta egiten bada ere —edo hain justu horregatik—, bildumak badu osotasun bat bere baitan, hari fin batek lotuko balitu bezala Berri Txarrak taldearen hiru ertz nagusiak.

Sutxakurrak izeneko lehen diskoan —Haria aurreko lanaren jarraipen logikoa, ziur asko— erraietatiko stoner doinuak bildu dituzte. Etsia eta Armak bezalako kantuak aski aipagarriak badira ere, iruditu zait aurrez egina daukatela antzeko erregistroan maila hobeko diskorik, eta, aldi honetan, lana erabat borobiltzea falta izan zaiela.

Helduleku guztiak bigarrenean, aldiz, orain arte ezezagun zitzaigun alderdi bat erakutsi digute. Estreinakoz, modu agerikoan, popera gerturatu dira. Gitarra garbiz, teklatuz eta koruz lagundurik, Berri Txarrak-en eskutik inoiz entzuterik espero ez zuen atmosfera argietan barneratzen da entzulea, eta, bata bestearen atzetik, diskoa osatzen duten zazpi kantuek murgilduko dute zoramen atsegin batean. Plazera areagotu egiten da, ordea, konturatzean hasierako sorpresa efektua igaro ondoren kantuek hor jarraitzen dutela, sendo asko jarraitu ere.

Azkenik, Xake-mate kultural bat hirugarrenean, punk rock bizkorrari helduz, berriz itzultzen dira formula ezagunetara —Sutxakurrak-en baino emaitza lortuagoarekin, nire irudiko—. Bi minutura apenas hurreratzen diren kantuak dira, soberakinik gabeak, zuzenean mamira doazenak. Bertan daude Orain norbait zara edota Hitzen oinarri ahula perlak, nahiz eta, egiaz, abesti guztiek kolpekatzen duten entzulea bete-betean. Luzeagoa, pausatuagoa, melodiari emanagoa da Bigarren eskuko amets, diskoa amaitzeko ezin aproposagoa; bigarren EPan tokia eduki zezakeen, askorik behartu gabe. Goia jotzen duen amaiera horrek bide ematen du pentsatzeko, hogei pieza hauetan orotariko kantu ederrak aurki badaitezke ere, beraiez espero zitekeena ahaztu eta gehien arriskatu duten esparruan atera direla garaile.]]>
<![CDATA[Medicine]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2069/037/003/2015-01-11/medicine.htm Sun, 11 Jan 2015 00:00:00 +0100 Kepa Matxain https://www.berria.eus/paperekoa/2069/037/003/2015-01-11/medicine.htm
Rock alternatiboaren eszenan 90eko hamarkadan ibilbide koskorra eginagatik, askok ez genuen Medicine taldearen berririk izan harik eta hainbat musikariren ahotan agertzen hasi zen arte. 2013an estudiora itzuli ziren ostera, emankor itzuli ere, urte hartan ez ezik orain hilabete gutxi ere argitaratu dutelako disko bat. Home Everywhere-k oihartzun orotarikoak biltzen ditu, My Bloody Valentine-n shoegazingatmosferak, Ellioth Smithen tankerako ahoskerak eta beste, baina, hortik harago, sonoritate berriak esploratzeko gogoa sumatzen da haien lan berrian: orain hamarkada pare bateko eskemetan eroso jarraitu beharrean, esperimentazioari bide eman eta sintetizadorezko noise pop paisaietara egin dute jauzi. Ausardia aitortu behar zaien gisa berean azpimarratu behar da, ordea, askotan kantuak max mixpobre samar batzuetan gelditu zaizkiela, soinu berrien bilaketa gaindosiak itota.]]>
<![CDATA[Mark Kozelek]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2186/035/005/2014-12-21/mark_kozelek.htm Sun, 21 Dec 2014 00:00:00 +0100 Kepa Matxain https://www.berria.eus/paperekoa/2186/035/005/2014-12-21/mark_kozelek.htm
Mark Kozelek geldiezinak badu nonbait aski denbora urte bakarrean Sun Kil Moon taldearekin disko bikain bat -Benji- argitaratzeko, The War On Drugs-ekoei epelak esateko -dela elkarrizketetan, dela haien kontrako kantuak eginez, dela kamisetetan inprimatutako irainen bidez-, eta bakarkako lan bat osatzeko, zerekin eta Gabonetako kantuekin. Oraingoan entzuleak ez du Kozeleken uztako deus topatuko, ezpada garai hauetan abestu ohi diren kantu tradizionalak beren galbahetik xeheki pasatuta. Ahots eta gitarra soilez aritu arren, kantatzen duen edozeri bere kantuen traza emateko aparteko gaitasuna du, edo horretan laguntzen diote ohiko ahots depresiboak eta hain bere duen arpegiatzeko era horrek. Baditu une apartak -Christmas Time Is Here-en bere burua bilakatu duen pertsonaiaz barre egiten duenean, kasurako-, baina, oro har, saihetsezin gertatzen da jolasetik harago deus gutxi duen diskoa dela pentsatzea.]]>
<![CDATA[Su txikian egosiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1936/045/001/2014-12-14/su_txikian_egosiak.htm Sun, 14 Dec 2014 00:00:00 +0100 Kepa Matxain https://www.berria.eus/paperekoa/1936/045/001/2014-12-14/su_txikian_egosiak.htm
Mimoz ondua, erritmo pausatukoa, gustu finekoa. Hartu Getxoko Manett laukoteak argitaratu berri duen Caravan disko berria eskuetan, erreparatu paisaia idor mendebaldetar horri, muino magaleko lautadan hazi den flora bakanari, ortzitik sendo jotzen duen eguzkiari, ukitu tentuz eskulanean egindako azala. Begiratu atzealdeari ondoren. Ez zara harrituko, noski, Moonpalace Records irakurtzen duzunean. Erabat kontrara, pentsatuko duzu: non bestela? Begi bistako kontua iruditu zait niri behintzat, diskoa osatzen duten hamabi kantuak entzunda, esatea taldea eta diskoetxea pasta berarekin eginak daudela, pentsatzea erabat zentzuzkoa dela orain hiru urte Suburbia lanarekin egindako hautu bera errepikatzea. Nekez imajina nezake bateratze aproposagorik.

Artisau lan zaindua da Caravan, ez soilik diskoa biltzen duen kartoizko zorro delicatessen-agatik, baita kantuak banan-banan patxadaz entzun ondoren uzten duen gorputzaldiagatik ere. Aurreko lanean bezala, orain ere antzematen zaizkie 60ko hamarkadako Neil Youngen oihartzunak, baita Will Oldhamenak ere —Bonnie Billy Prince—; baina edozein unetan gai dira folk kutsua edo americana estilokoa utzi eta erregistro berriagoetara jauzi egiteko, Teenage Fanclubekoen pop doinuetara batzuetan, Neil Halstead buru duen Mojave 3 bezalako talde baten doinu azukretuetara besteetan. Ongi neurtutako kantuak dira, ez alferrikako zatirik, ez soberakin bestelakorik. Ahots nagusia are limurtzaileago bilakatzen duten koroek eta oinarrizko instrumentazioaren gainean tartean behin agertzen diren gitarrazko, teklatuzko eta tronpetazko konponketek kalitate printzak gehitzen dizkiote seguru asko biluzik ere ongi funtzionatuko luketen kantuei. Izan ere, entzuleak sentitzen du denboraren iragazkia igarotako abesti sorta baten aurrean dagoela, presarik gabe baina dedikazio handiz landutako piezak direla, eta, su txikian egositakoari zor zaionez, mantso dastatu behar dituela, arreta handiz, behin eta berriro, ezerk ihes egin ez diezaion.

Izan zezaketen arriskua, ingelesez deus gutxi hitz egiten den herrialdean bizi arren hizkuntza horretan kantatzeko hautua egiten duten talde gehienen antzera, beren erreferenteen ahalik eta soinurik antzekoena bilatu nahi hutsean gelditzekoa, estetikatik landa ekarpen gutxi egitekoa, sinesgarritasun falta nabaria transmititzekoa. Ez zait iruditzen Manett hor erortzen denik, ordea; ezta gutxiago ere. Hitzetatik harago, beren zuzenekoei darien benetakotasuna diskoan harrapatzea lortu dutelakoan nago, eta, arrakasta handiz, entzule honi behintzat irribarreren bat aterarazi diote alaitasun barezko doinu atsegin horiek; esan nahiko baliote bezala: tira, batzuetan gauzak ez direla errazak, baina nola edo hala egingo dugula aurrera.]]>
<![CDATA[Baxter Dury]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2069/043/003/2014-11-23/baxter_dury.htm Sun, 23 Nov 2014 00:00:00 +0100 Kepa Matxain https://www.berria.eus/paperekoa/2069/043/003/2014-11-23/baxter_dury.htm
Ian aitaren itzaletik ihes egin ezinik ibili da sarritan Baxter Dury. Eragin nagusia etxean bertan eduki duela uste du askok -aktore ez ezik, musikari entzutetsua ere izan zen Ian Dury-. Semeak ez du sekula aitarengandik bereizteko ahaleginik egin, eta It's a Pleasure-n ohiko bidetik jarraitu du, aditzera emanez bezala aitaren antza eduki edo ez berak bere bidea egiten jarraitu nahi duela. Ahotsaz gain, diskoa osatzen duten hamar kantuetan erabili dituen errekurtso bakarrak soinu kaxak, sintetizadoreak eta noizbehinkako gitarra edo baxu kanalak izan dira. Baliabide gutxirekin osatutako kantu minimalak, horra Duryren apustu garbia. Depeche Mode edo Metronomy oroitarazten dituzten giro elektronikoak osatu ditu, eta, amaiera aldera gorabeheratsu samarra izan arren, pieza gogoangarri batzuk sortu izana behintzat aitortu behar zaio; Pleasureeta Whispered,kasu.]]>
<![CDATA[Allo Darlin']]> https://www.berria.eus/paperekoa/2186/043/005/2014-10-26/allo_darlin.htm Sun, 26 Oct 2014 00:00:00 +0200 Kepa Matxain https://www.berria.eus/paperekoa/2186/043/005/2014-10-26/allo_darlin.htm
Aurrekoekin alderatuta, lan berrian ez dakar berrikuntza handirik Allo Darlin' laukoteak. Pop gozo nerabea egiten du -twee popetiketapean ezaguna-, bere xalotasunean alai eta kasik melenga. Agian falta zaio abesti gogoangarriren bat, baina, gainontzean, ukaezina da kalitatezko une ugari topa daitezkeela londrestarren pieza berrietan -Paul Rains gitarra jotzailearekin batera Bright Eyeskantuan egiten duten duoan, kasurako-. Luzamendurik gabeko kantuak dira, azal eta hezur aprobetxatzekoak, hiru minututik nekez igarotzen direnak. Nabarmentzekoa da Kings and Queens, eta baita RomanceandAdventureere, gitarra konponketa sinpleekin atondua. Haien lanik esanguratsuena ez bada ere, Belle and Sebastian zaleek gozatuko dute.]]>
<![CDATA[Aldamioen ederra]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1936/035/001/2014-10-19/aldamioen_ederra.htm Sun, 19 Oct 2014 00:00:00 +0200 Kepa Matxain https://www.berria.eus/paperekoa/1936/035/001/2014-10-19/aldamioen_ederra.htm
Kantautore gisara bost disko argitaratu ondotik, ezohiko esperimentu bati ekin zion Andoni Tolosa Morau-k orain bi urte pasatxo Arrainentzako himnoak bloga ireki zuenean. Ordura arteko lan egiteko modua errotik aldatuz, erabaki zuen aurrerantzean, entzuleei kantuen bertsio behin betikoa soilik eskaini beharrean, nahiago zuela sortze prozesuaren berri ematea, musikariaren lan moldeari fidelago izateko era delakoan. Izan ere, Moraurentzat abestiak ez dira ukiezin bihurtzen behin sortu ondoren, erabat kontrara baizik: etengabe ari dira eraikitzen. Eta nahiago izan du aldamioak bistan jartzea, horrek dakartzan arrisku guztiekin —musikagintzan, eta gainontzeko arteetan oro har, ez baita samurra aldamioak kentzeko tenorea noiz den jakitea; are, sarri, amaitutako obratzat saltzen direnak ez baitira kostata etsi duen artistaren aldamio abandonatuak besterik—. Iruzur txiki horretaz jakitun, Morauk disko batean bildu ditu blogean jarritakoen azken bertsioak, hasieratik aitortuta kantu horien ibilbidea ez dela diskoan amaitzen, oraindik ere —zuzenekoetan, entseguetan eta abarretan— eboluzionatzen jarraituko dutela. Egindako ibilbidearen argazki eguneratua da, beraz, lerrootan hizpide dena.

Gisa horretako prozesu gardenaren ondoren abestiak barneratzeko sobera denbora izan ohi denez, diskoaren mailak ez du entzule hau sorpresaz hartu. Haren aurreko lanen ezaugarri asko errepikatzen dira oraingoan ere: ahots eta gitarra hutsean grabatutako kantu folkieak, soinu akustikodunak, soberakinik gabeak, umore fineko hitzez osatuak, beste behin ere Billy Bragg edota Woody Guthrieren oihartzunak dakartzatenak. Guztira hamasei pieza dira, Beñardo Goietxerekin batera landuak, uzta propioko hamalau eta bi cover —Enarak taldearen Ama eta The Smithsen There Is a Light That Never Goes Out ezagunaren euskarazko bertsioa—. Bereak zein besteek eginak izan, borobil askoak dira guztiak ere.

«Kantu txikiak egingo ditut patrikan gordetzekoak» esanda bere asmo xumeen berri emanez hasten bada ere, uste baino handixeagoa atera zaio emaitza azkenerako. Nabarmentzekoak dira, seguru asko Gipuzkoan azkenaldian bizi izan diren bi aferarik gordinei buruzko abestiak. Bata, Zabortegi intergalaktikoa, ez soilik zaborren gaiaz ironiaz aritzeko moduagatik —zabor poltsan dagoen El Diario Vasco aleaz hitz egiten du, unibertsoaren infinitutik begiratuta-, baita melodien joskera ederragatik ere. Eta berdin da ederra Hondarribia 2012 ere, errepikan goia jotzen duelarik —«Ez atera plastiko beltzetik, bihotza hautsiko dizute, ez atera plastiko atzetik, mundua zaunkari da hemen»—. Deigarri gertatzen dira, orobat, Xabier Leteren Gizon arruntaren kopla eguneratuak, edozein bertsolarirentzat plagiatzeko aski tentagarria izan daitekeen ariketa, inondik ere.

Luzaz ari da Morau ertzetik kantu apartak sortzen, eta disko hau izan daiteke merezi duen aitortza egiteko aitzakia ezin hobea.]]>
<![CDATA['Ihesaldi handia']]> https://www.berria.eus/paperekoa/2186/045/005/2014-10-05/ihesaldi_handia.htm Sun, 05 Oct 2014 00:00:00 +0200 Kepa Matxain https://www.berria.eus/paperekoa/2186/045/005/2014-10-05/ihesaldi_handia.htm
Urteetan hainbat musika talderi -Neubat, Sorkun, Ekon, Brontze, Izaki Gardenak- teklatuan laguntzen aritu ostean, bakarkako aurreneko diskoa argitaratu berri du Libe Garcia de Kortazar gasteiztarrak. Estreinakoz uzta propioa plazaratuz jauzi esanguratsua eman du bere musika ibilbidean, eta, aldi berean, paradoxikoki, izenpetu dituen kantuek gogora ekartzen dituzte aurrez kolaboratu duen talde batzuen oihartzunak -Sorkunena, seguru asko, nabarmenena-. Izan ere, entzuleak belarriratuko dituen hamaika kantuak inguruotan ongi errotutako musika ildoan kokatzen dira: emakume ahots indartsu batek markatutako norabideari segika doazen rock pieza gogorrak, atmosfera ilun eta malenkoniatsuetara jotzen dutenak. Eta giro horretan txertatzen dira bete-betean diskoak aurrera egin ahala pisu berezia hartzen duten teklatuzko pasarteak ere. Ihesaldi handia eta taxuzkoa, lurralde ezagunetan barrena.]]>
<![CDATA[Aita, traumak eta heriotza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1936/041/001/2014-09-07/aita_traumak_eta_heriotza.htm Sun, 07 Sep 2014 00:00:00 +0200 Kepa Matxain https://www.berria.eus/paperekoa/1936/041/001/2014-09-07/aita_traumak_eta_heriotza.htm
Hil zitzaidan aita —ezustean Gabon gauez hil ere—, baina nire baitan bizirik dirau. Hark behinola eragindako zauriek baldintzatzen naute oraindik»—aitortu zuen Sune Rose Wagner The Raveonettes taldeko abeslari eta konpositore nagusiak ekainean, sorpresaz Pe´ahi lan berria aurkeztu zutenean. Alegia, aitaren supituko heriotzak bereziki kolpatu zuela, eta diskoa osatzen duten hamar kantuetan ideia bat nabarmentzen dela oroz gain: aitaren jokabideak umetan sortutako mina gainditzeko desira, norbera egituratzen duen trauma baino hobea izateko nahia. Beraz, betidanik aski ilun izandako gaitegia —hilketez, suizidioez, traizioez eta abarrez kantatu izan dute— eremu pertsonalean sartu dute oraingoan, inondik ere, asmo handikoa den lan batean.

Aldaketarik esanguratsuenak instrumentuzko alorrean egin dituzte. Hamar urteko ibilbidearen ostean, eta, batez ere, aurreko hiru diskoei erreparatuz gero, irudi zukeen Danimarkako bikoteak aurkitua zuela bere formula: pop kantu gozoak, egituraz 60ko hamarkadako rocka bezain arruntak, gitarra distortsionatuen ganduz estaliak eta karga elektrikoz ongi hornituak. Disko berrian, aldiz, melodien ardura esklusiboki gitarrei utzi beharrean, elementu gehiago tartekatu dituzte: xilofonoak, harpak, koruak, dunbalaren oinarrizko kolpeen simulazio elektronikoak... Ohi moduan, hor dirau The Velvet Undergrounden edo The Jesus and Mary Chainen gisako taldeen eraginak, baina, ezbairik gabe, norabidea dezente aldatu dute orain artean bide seguru antzekotik ibili ostean.

Endless Sleeper izeneko lehen kantuko lehen esaldian bertan ageri da heriotza —(I have) Sand in my shoes/ and death on my mind—. Ez da aitaz ari Wagner, bere buruaz baino. Orain hamar bat urte Hawaii irletan surfean ari zela ia hiltzear izan zela kontatzen du —diskoaren izenburua, Pe´ahi, da irla horietako bat—, eztarriko oihuz eta breakbeat erritmoz lagundurik. Aldiz, Kill! izeneko kantua izango da, seguru asko, diskoko gordinena: hamar urte zituela aita ezezagun batekin larrutan harrapatu zuenekoaz ari da Wagner, eta esperientzia hark gerora berak fideltasuna ulertzeko moduan izan duen eraginaz. Denetan kantu borobilena den A Hell Below-n, ostera, aitari galdetzen dio ea zer gertatuko litzatekeen infernura eroriko balitz. «Nire minaren adinako zerbait sentituko ote zenuke?». Soinu gozoko kantu bizia izaki, diskoko gainontzekoengandik aldentzen da eta, testuingurutik ateraz gero, taldearen aurreko edozein lanetan tokia izango luke arazo handirik gabe.

Nahigabetik abiatutako diskoa da Pe´ahi, baina kosta egiten da sentsazio hori entzulearengana ailegatzea. Gitarren zarataren eta harmonia jostarien artean, gogoak beste paisaia batzuetara alde egiten du, eta minaren dimentsioa, berriz, hitzetan konprimituta gelditzen da. Pop kantuez ari bagara, ordea, musikak eragin behar luke hitzek bainoago.]]>
<![CDATA[El_Txef_A]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2186/045/005/2014-06-29/eltxefa.htm Sun, 29 Jun 2014 00:00:00 +0200 Kepa Matxain https://www.berria.eus/paperekoa/2186/045/005/2014-06-29/eltxefa.htm
Ekaina ailegatzearekin bat kaleratu du El_Txef_A-k -Aitor Etxebarria izenez- We Walked Home Togetherdisko berria, Slow Dancing In A Burning Roomaurreko lanaren ondorengo arrakastari jarraipena era duin askoan emanez. Izan ere, elektronikaren lengoaiaz erditutako kantuek erregistro paleta zabalera jauzi egiten dute lan berri honetan, folkaren eta poparen lur ezegonkorretan sartu-irtenak eginda, nahiz eta beti abiapuntuko ambient soinu paisaiara itzuli. Tempo lasaia edukiagatik, intentsitate hazkorrekoak dira kantu gehienak, konpasek aurrera egin ahala sendotzeko joera dutenak, oinarri erritmiko konstanteen gainean ahots geruzak agertzearekin batera. Aipagarriak dira, besteren artean, diskoari izena ematen dion kantua, shoegazegiroko 0730, eta Napoka Iriaren laguntzaz osaturiko Mugarrirantz, oharkabean igaro behar ez lukeen disko aski interesgarria ixten duena.]]>
<![CDATA[Belako]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2186/045/005/2014-06-22/belako.htm Sun, 22 Jun 2014 00:00:00 +0200 Kepa Matxain https://www.berria.eus/paperekoa/2186/045/005/2014-06-22/belako.htm
Harrigarri gertatzen da talde batek bi disko aldi berean argitaratzea, baina Belakok egin berri duenak badu azalpena: bi ildo desberdinetako kantuekin bi EP sortu dituzte. Aaaa!!!!deitu dioten binilo formatuko lanean bildu dituzte beren kantu gordin eta ilunenak, 80ko hamarkadako oihartzunak gogorarazten dituztenak -Sonic Youth, Pixies...-. Kantuen berezko soinuari leial izateko, etxean bertan grabatu dituzte, ordenagailu hutsez. Bele beltzak baino ezizeneko EPan, ostera, soinu garaikideagoetara jo dute, moldaketa elektronikoek gorpuztutako geruza ugariko piezak osatuz -zehazki, hiru kantu eta interludio instrumental bat-. Mumeta Crimeederrak badira, ez da makalagoa diskoa ixten duen Bele beltzak, zurrunbilo sintetiko gozo bezain hipnotikoa.]]>
<![CDATA[Lur arriskutsuak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1936/045/001/2014-06-15/lur_arriskutsuak.htm Sun, 15 Jun 2014 00:00:00 +0200 Kepa Matxain https://www.berria.eus/paperekoa/1936/045/001/2014-06-15/lur_arriskutsuak.htm
Inoiz edo behin gertatu zaizu: sukaldeko leihora gerturatu eta elur malutak bare-bare asfalto gainean nola pausatzen diren arretatsu erreparatzean, konturatzen zara isolatuta zaudela, ezingo zarela goizero moduan autoz lanera joan, eta, orobat, aspaldiko partez parez pare duzula toki okerrean bilatu izan duzun betetasun sentsazioa. Horratx bizitza, kamera geldoan igarotzen den hori, egunero alboko bidetik oharkabean aurreratzen duzun bitartean.

Goiko paragrafoan ikus daitekeenez, lur arriskutsuetara alde egin zidan eskuak Old Amicaren Fabula-ri buruzko iruzkin honen lehen zirriborroan. Barkatuko didazue, kurtsikeriaren iragazkia aski toleranteago bilakatzen da bikote suediarraren lan berriak barrua epeldu ondorengo aldarte gozoan. Eta horixe izan zen gogora etorri zitzaidan lehen paisaia: elurrak paralizatutako hiri bat, egunsentia, eskandaluzko hotza kanpoan, zoriontsu babesean. Denbora geldirik.

Beasaingo (Gipuzkoa) Moonpalace Records zigilua orain hamarkada bat hasi zen musikagintzako lehen lerroetan topa ezin daitezkeen altxor txikien peskizan, izan bertakoak izan nazioartekoak. Tarte horretan 29 disko ekoitzi ditu, folk doinu triste-antzekoetara jotzen dutenak gehientsuenak. Bilduma osoaren gisara, objektu preziatua da Fabula —eskuz eginiko 100 ale besterik ez dute merkaturatu, pentsa—. Kontu handiz hautatuta dago diskoa osatu bitarteko xehetasun oro: karatularen diseinu minimalista, kaxaren kartoi leuna, berdin kantuetako nota bakoitza.

Izan ere, grabitazio-indarrik gabeko atmosfera batean barneratzen da diskoa aurreneko kantutik. Sintetizadore ilunez osatutako zurrunbilo elektronikoen gainetik lebitatzen dute ahots-armonia delikatuek, eta melodia ederrez bustitako giroak sotilki zeharkatzen du entzulearen gogoa, oroimenaren zoko ezkutuenak arakatzeraino. Umezaroko irudiek kolpekatuko zaituzte orduan, zorioneko bezainbat ahul zinenekoek, geroztik eraiki duzun guztiaren fundamentuak indarge ageriko zaizkizu bat-batean. Edota, agian, aspaldi topatu ez duzun old amica hartaz oroituko zara nostalgiaz, saudade-z edo hortik gertu behar duen hitz batez.

Inork zalantza egin lezake Old Amicakoak ere lur arriskutsuetan sartu ote diren Fabula-rekin, funtsean ez dutelako kasik aldatu Burning Dot aurreko diskoaren formula, eta, normala denez, ezpal bereko bi lan egiten direnean bietan berrienak izaten duelako kale egiteko aukera gehien. Egia da, aurreko lanean bezala, diskoaren generikotasunean difuminatzen direla kantuak neurri batean.

Ez du, ordea, beren apustuak horregatik balioa galtzen —Showers of Light eta Falling Asleep entzun besterik ez dago, diskoko bi abesti borobilenak—, ezpada areago irabazi. Kontu jakina baita lur arriskutsuetatik itzuli ohi dena bizirik ez ezik indarturik itzuli ohi dela.]]>
<![CDATA[Perlak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2069/049/003/2014-06-01/perlak.htm Sun, 01 Jun 2014 00:00:00 +0200 Kepa Matxain https://www.berria.eus/paperekoa/2069/049/003/2014-06-01/perlak.htm
Badira hamar bat urte AEBetan eta Britainia Handian post punk revival&nbsp;mugimendua indartzen hasi zenetik, baina ez da oraino Euskal Herrian ildo horretako musika talde askorik izan. Perlak -lau kideetatik hiru emakume dituena- hor kokatzen da bete-betean, berriki argitaratu duten diskoko zazpi kantuetan erakusten dutenez. Entzulea atmosfera ilunetan barneratzen duten kantuak dira ia denak -Alai&nbsp;salbu-, erritmo geldoz eta konstantez osatuak. Soberakin guztiak alboratuz, funtsezkora jotzen dute zuzenean, eta gisa horretan tartekatzen dira ordu erdian isiltasunarekin jolasten duten une intimoak eta sintetizadorez gorpuztutako beste jantziago batzuk. Ahaztu hasteko&nbsp;singlea izango da, seguru asko, aipatu ezaugarriak dotoreen biltzen dituena, inondik ere, urratu duten bide berrian kantu borobil gehiago utziko dituztela itxaroteko arrazoiak ematen dituena.]]>
<![CDATA[Jauzi handiaren zain]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1638/034/002/2014-05-29/jauzi_handiaren_zain.htm Thu, 29 May 2014 00:00:00 +0200 Kepa Matxain https://www.berria.eus/paperekoa/1638/034/002/2014-05-29/jauzi_handiaren_zain.htm
Lekua: Dabadaba aretoa, Donostia. Eguna: maiatzaren 29a.

Ordukoa errepikatzen bada sublimea izango da», zioten iazko urrian Zarauzko Modelon ikusi zutenek, astelehenean, Donostiako Dabadaban. Inor izatekotan hemen eta orain harrapatu beharreko artista, hura dela Kanadako Arbustus Records zigilu aipagarriko musikarietako bat, pribilegiatu gutxi batzuen ezkutuko altxor izateari aspaldi utziagatik, epe motzera aurreikusten zaion jauzi handiaren zain dagoena. Hura dela Sean Nicholas Savage.

Frontman bete-betea da Savage. Agertokian etxeko egongelan balego moduan aritu zen: galtzerdi hutsetan, Mr. Beanen dantzatzeko eratik urrun ez zeuden mugimendu aski paranormalak eginez. Publikoko kamerei begira posatzen zuen kantu erdian, begirada lizunkoiez, eta segidan biraketa ezin trebeagoak egiten zituen ahotsarekin, nota altuetara doi-doi bezain sotilki ailegatuz. Falsettoaren mugetan zebilen ahots nagusiak eta teklistaren koru trebeek leunki lebitatzen zuten 80ko hamarkadako kutsu nabarmeneko moldaketa instrumentalen gainetik. David Bowie edo Roxy Music-en moduko oihartzun urrunak oroitarazten ditu taldeak, eta badu Dan Bejar kanadarra buru duen Destroyerren jite bat ere, saxofoi jotzailea txertatuta areagotzen dena.

Bermuda Waterfall disko berria aletu zuten batez ere, Other Life aurreko laneko kantu esanguratsuenak tartekatuta. Aukeran bolumena baxu samar bazegoen ere, harrigarri gertatzen da nola laugarren ilaratik atzera jendea etengabe aritu zen hizketan. Taula gaineko emanaldia, dena dela, une gorenez josia egon zen —She Looks Like You ederra jo zutenekoa, esaterako—.

Kitsch-a urratzen duen Savageren jardunari erreparatzean, saihetsezina da pentsatzea ez ote zaigun ziria sartzen ari, ez ote den musika melenga entzunarazi nahi digun probokatzaile bat, erromantizismo naif horren atzean ez ote dagoen zinismo dosi txiki bat, postmodernoaren ironia. Anbiguotasun horrek ematen dio indarra, hain justu. Eta batek daki, akaso zintzotasun erabatekoz ari da, eta agian ez da XXI. mendean maitasunaz eta desengainuaz kantu xaloak egitera dedikatzen den anakroniko bat besterik. Kantu xalo puskak, esan gabe doa.]]>
<![CDATA[Lehertu zen presio-eltzea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1548/034/002/2014-05-24/lehertu_zen_presio_eltzea.htm Sat, 24 May 2014 00:00:00 +0200 Kepa Matxain https://www.berria.eus/paperekoa/1548/034/002/2014-05-24/lehertu_zen_presio_eltzea.htm
Tokia. Hernaniko (Gipuzkoa) Goiz-argi taberna

Eguna. Maiatzaren 21a.

Poza ematen du. Asteazken buruzuria eta taberna mukuru, jendea barrura sartu ezinda, alerta gorria giroan, ukuilu usaina airean, camacho-ak besapean eta gorputz jario salda aurrealdean —non, bidez batez, nagusiki emakumeak aritu ziren pogoak dantzatzen tradizioz gizonezkook okupatu izan dugun espazioan—. Eta hori guztia kontzertu bat zela kausa. Bada oraindik esperantzarik.

Willis Drummonden berri ez duen bati taldea ezagutarazteko toki idealak dira Hernaniko Goiz-argi tabernaren tankerakoak, irudi luke Fugaziren eskolako beren rock doinu zikinek beste inon baino hobeto funtzionatzen dutela jendea elkar igurztera behartzen duten espazio txikietan, agertokiko anabasa ordenatua publikoan erreproduzitzen denean. Une batez, otu zitzaidan gustura gonbidatuko nukeela hara orain urte batzuk gure auzoko horma zaztar hartatik Willis da bide makarra pintaketa disolbatzailez ezabatu zuen udal langilea, eta, esan gabe doa, hori egin zezan agindu ziona, aurrez aurre bizi zezaten Baionako boskotearen zuzeneko indar basatia.

Laukote zenari Joseba B. Lenoir gitarrista birtuosoa gehitu zaio berriki, eta fitxatu berria aurkezteko hamar eguneko bira egiten ari dira Euskal Herrian zehar. Taldekideen lurrerainoko begi-zuloei erreparatzea besterik ez zegoen ohartzeko errepideko ibilerak zein diren neketsu, nahiz eta birako zazpigarren eguna zela pentsatzeko arrazoi bakar bat ere eman ez agertokian.

Bi disko berrienetako kantuekin gogor hasi zuten emanaldia, Araua, Begi Erreak, Ilegala, Menperatzen dut eta Ez da dudarik hurrenkeran jota. Geldialdi labur baten ondoren, erritmo pausatuko doinu pisutsuagoetara jo zuten, maketako pare bat abesti berreskuratuz. Hirugarren zatian lehertu zen, ordea, lehendik txistuka zebilen presio-eltzea: Ez da izango bortitza izan zen detonatzailea. Ohartzerako harrapatu gintuen akaberak Neil Youngen Rockin' in the Free World kantatzen. Eta, bozkariozko aparretan, hor gelditu zen galdera, akaso kantu berriak sortu bitartean osoki erantzuten zail izango dena, ea zenbat irabazten duen Willis Drummonden jardun artistikoak Joseba B. Lenoir partaide berriarekin, zuzeneko indarretik harago.

Anartean, sobera ditugu arrazoiak hormak zikintzen jarraitzeko.]]>
<![CDATA[Han ziren denak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1881/031/001/2014-05-18/han_ziren_denak.htm Sun, 18 May 2014 00:00:00 +0200 Kepa Matxain https://www.berria.eus/paperekoa/1881/031/001/2014-05-18/han_ziren_denak.htm
Lekua: Intxaurrondo kultur etxea.

Eguna: maiatzak 17.

Ez zen jende askorik aretoan, tamalez, Charles Atkeyk gitarra akustiko hutsean kantatzeari ekin zionean: dozena inguru, zutik banaka batzuk, patxadaz eserita gehienak. Giro intimo hartarako apropos eginak ziruditen folk kantu lasaiekin hasi zuen emanaldia Stringedwood musika elkarteko kideak, baina taldekideak apurka eszenaratu ahala abestiak gorpuztu ziren, eta, lehen ilaran belarriekin txaloka ari zen futbolari ohi batek aipatu bezala, gaueko une gogoangarrienetako batzuk eskaini zituzten.

Uxanka eta alkandora gorria soinean, sekula baino sobietarrago taularatu zen ondoren Giorgio Bassmatti. Bakarkako kontzertuetako errepertorio inprobisatuen ordez, Melodias concertantes disko berria aletu zuen batez ere, Yon Bidaur eta aurrez programatutako karaokea lagun. Ohi moduan, kantuan bezain fin aritu zen kantu arteko komentarioetan, eta aretoko errusiazaleek gogotik egin zuten barre haren zirtoekin. Sitcom baten traza hartu zuen agertokiak tarteka.

Sei bizkartzainek zaindu zuten Eneko Moby Dick; haiek jarri zioten soinu elektrikoa bere kantuei. Emanaldi aparta eskaini zuten, entzulea indar bereziz jotzen duten unez jositakoa —Martxa baten lehen notak (Mikel Laboa) bertsio apartaren amaiera, esate baterako—. Dena dela, futbolari ohiari sinadura eskatu ala ez zalantzan egon zen saiakera-egile batek nabarmendu bezala, pentsa liteke bakarka kantuak biluzian jota sorrarazten duen zirrararen aldean ez dela hainbestekoa taldeak ematen dion balio erantsia.

The Autumn Defensekoak, azkenik, suit case man eta guzti taularatu ziren: dunbalaren tokian maleta bat zeukan bateriak. Wilcon denbora luzez aritutako John Stirratten and Patrick Sansonen proiektua da, 70eko hamarkadako soft rock doinuak gogorarazten dituena. Kalitate handiko musikariak direla argi utzi arren, ez zuten emanaldia erabat biribiltzerik lortu. Hala iruditu zitzaion kontzertu osoa maleta jotzaileari begira jardun zuen bosgarren ilarako bartleby-ari behinik behin, eta ados ziren harekin futbol jokalari ohia, errusiazaleak, saiakera-egilea eta, finean, bertaratutako gainontzekoak.

Ez zen jende askorik aretoan, baina han ziren denak.]]>