<![CDATA[Kristina Berasain Tristan | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sun, 23 Jan 2022 16:40:30 +0100 hourly 1 <![CDATA[Kristina Berasain Tristan | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Lehen intifada, lehen desagertua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1913/016/001/2020-06-17/lehen_intifada_lehen_desagertua.htm Wed, 17 Jun 2020 00:00:00 +0200 Kristina Berasain Tristan https://www.berria.eus/paperekoa/1913/016/001/2020-06-17/lehen_intifada_lehen_desagertua.htm
Inork ez daki zehazki zenbat izan ziren hildakoak, zaurituak eta kartzelatuak, baina legioaren jazarpena itzela izan zen. Mendebaldeko Sahara Espainiaren kolonia bat zen artean, 53. probintzia, eta sahararrek okupazioaren kontra egiten zuten lehen ekitaldia zen.

Bassiri ordurako sinbolo bat zen sahararren artean. Mohamed Sidi Brahim Basir askapen mugimenduko sortzailea eta buruzagia zen; saharar nazionalismo modernoaren sorrera agiritzat jotzen den memoranduma idatzi zuen, 1969ko abenduaren 11n. Espainiako gobernadoreari idatzitako 32 orrialdeko gutun hartan, Saharako Estatua sortzeko urratsak egiteko eskatzen zion indar kolonialari, «gure kabuz gobernatzeko alde biko akordioa».

Bassiri klandestinitatean ari zen, harakat tahrir edo munad dama esaten zaion mugimendua egituratuz. Sei hilabeteko epean, erruz zabalduta zegoen mugimendua, iparraldetik La Gueraraino. Sahararrek errezeloak zituzten metropoliarekin: Espainiak Cabo Judy (1958) eta Sidi Ifni (1969) entregatuta zizkion jada Marokori. Mendebaldeko Sahararekin gauza bera gertatuko ote zen, horixe zen kezka.

Nazioarteko presioa

Franco diktadoreak ordurako nazioarteko presio handiak zituen lurraldea deskolonizatzeko. Afrikan independentzia aldarrikapenak bata bestearen atzetik zetozen, baina sahararrak okupatuta eta baztertuta zeuden oraindik ere jaioterrian. NBE Nazio Batuen Erakundeak 1966an eskatu zion erregimenari autodeterminazio erreferenduma antolatzeko, baina metropoliak ez zituen natur baliabideak galdu nahi, fosfatoak eta arrantza, eta estrategia maltzur bat jarri zuen abian.

1934an tribu nomadetako buruzagiekin, hots, chiuj-ekin egindako akordioaren ildotik, 1967an batzar tradizional bat eratu zuen. Yemaa esaten zioten erakunde horren bidez sahararren babesa zuela erakutsi nahi zuen erregimenak; azken batean, egitura hori kolonialismoari eusteko tresna sinbolikoa zen, kolonizazioa zilegi egiteko tresna

Frankismoaren hurrengo urratsa elkarretaratze bat antolatzea izan zen. Ekintza propagandistiko bat. Luis Carrero Blanco Espainiako Gobernuko presidenteorde zenak nazioarteari mezu irmo bat bidali nahi izan zion: sahararrak erregimenaren asmoekin bat zetozela; kolonialismoa babesten zutela, alegia. Aaiungo Afrika plazan zen ekitaldia; Espainiari lotutako Sahara bat nahi dugu leloa.

Ordurako, baina, milaka ziren askapen mugimenduarekin bat egin zuten sahararrak, eta protesta alternatiboa egitea pentsatu zuten, Zemlan.

MLS ezagutarazteko ekitaldia zen, aurreneko aldiz herri gisa aldarrikapen zehatzak publiko egiteko unea. Independentzia eskuratzea zen asmoa, Saharako estatu propio bat eratzea, politika koloniala amaitzea, eta, sahararren eskubide sozialak eta politikoak aldarrikatzea. Horretarako, negoziazio prozesu bat abiatzea proposatzen zuten, trantsizioa abian jartzea. MLS izango zen solaskidea.

'Sahara, sahararrentzat'

Bezperan, auto karabana batek hiriburuko kaleak zeharkatu zituen, kolonialismoaren kontrako leloak zabalduz. Polizia askapen mugimenduaren zelatan zebilen. Erakundearen egoitza klandestinoan sartu eta hainbat material atxiki zuen. Zemla auzoan jada lurralde osotik joandako milaka lagun zeuden, festa giroan, haimak zutik. Sahara sahararrentzat zen haien leloa.

Biharamuna egun beltza izan zen. Espainiako agintarien deialdiak apenas izan zuen oihartzunik. Lekukoen arabera, 800 eta 1.000 lagun artean elkartu ziren, chiuj-en babesean. Zemlan, aldiz, milaka ziren. Nomada zen herri bat lehen aldiz leku eta egun berean elkartuta. Jose Maria Perez de Lerma gobernadoreak, hogei minutuko hitzaldiaren ostean, eta ikusita protestariek ez zutela amore emango, erabaki bat hartu zuen.

Legioa bidali zuen Zemlara. Hainbat sahararrek harriak bota zizkieten. Eta Carlos Diaz Arcocha kapitainak zuzendutako konpainia tiroka hasi zen iluntze hartan. Nazioarteko prentsaren arabera, hamar lagun hil zituzten, baina beste iturri batzuek 30 hildako aipatzen dituzte. Brahim Mahayub Mohamed Ali Biljerrenak eta Mohamed Salem Brahim Lehbid Dil-larenak dira dokumentatuta dauden bi heriotzak. Atxilotutako sahararrak 600 inguru izan ziren, tartean askapen mugimenduko 285 kide. Horietako asko torturatuak izan ziren.

Bassiri gau hartan eraman zuten. Goizaldeko hirurak ziren. Jadiyetu Abdelkimen etxean zegoela atzeman zuen Poliziak. Habs Shargui kartzelan galdekatu egin zuten, etengabe, jotzen eta torturatzen zuten bitartean. Salem Lebser kartzela berean zegoen, eta adierazi zuen buruzagia ikusi zuela eta saihetsaldea erabat belztua zuela. Sidameh Embarek Rahal ere horren lekuko izan zen: «Bassiriren egoera tamalgarria zen: aurpegia ubelduraz betea zuen, eta oinak, haragi bizitan». Beste batzuek konortea galduta ikusi zuten.

Basamortuan fusilatuta

Ander Landaburu kazetaria izan zen buruzagia bizirik ikusten azkenetakoa. Espainiako agintarien esku hilabete inguru eman zuen. Orduz geroztik, inork ez daki zer gertatu zen harekin. Espainiako agintariek kanporatua izan zela esan izan dute; Marokora kanporatu zutela urte hartako uztailaren 27an. Auzia ikertu duten adituek, baina, exekutatu egin zutela baieztatzen dute. Askok uste dute basamortuan fusilatu zutela.

Espainiako historian beltzez idatzitako pasarte bat da buruzagi historiko haren desagerpena. Erantzukizuna, baina, haratago doa. Sahararren kezka egia bilakatu zen. Espainiak Marokoren esku utzi zuen lurraldea, deskolonizazio prozesua amaitu gabe. Hamaikagarren traizioa izan zen. Marokok 1975ean okupatu zuen lurraldea, Martxa Berdearen bidez, eta ordutik 550 saharar desagerrarazi dituzte. Horietako batzuk hobi komunetan agertu dira.

Bassiri lehen desagertua da zerrenda luze batean. Lehen intifadako lehen desagertuta. Gerora, intifada gehiago eta desagertu gehiago egon dira, baina hark landatutako haziak kontzientzia nazionala piztu zuen. Mustafa Saled El Ualik hartu zuen haren lekukoa. Fronte Polisarioa handik hiru urtera sortu zen.]]>
<![CDATA[«Abd el-Krimen seme-alabak gara»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1909/016/001/2020-04-18/abd_el_krimen_seme_alabak_gara.htm Sat, 18 Apr 2020 00:00:00 +0200 Kristina Berasain Tristan https://www.berria.eus/paperekoa/1909/016/001/2020-04-18/abd_el_krimen_seme_alabak_gara.htm
Asouik Riduanek hitz bakar batekin esan du: «Abd el-Krimen seme-alabak gara: gure borrokaren ikurra da, eta gure baitan bizirik da. Abd el-Krimek bere bizitza eman zuen gure herriarengatik, eta haren lekukoa hartu dugu guk, haren legatua jaso dugu, belaunaldiz belaunaldi transmititu baita gure etxeetan; geure egin dugu haren borroka, haren filosofia, haren ametsa».

Mohammed Abd el-Krim el-Khattabik Rif aske batekin amesten zuen, eta ametsa egia bihurtu zuen: Yemauria Rifia errepublika sortu zuen. Amazigek kolonizatzaileak garaitu zituzten 1921eko uztailaren 15ean, eta sei urtez iraun zuen errepublika aldarrikatu zuten urte hartako irailaren 18an. Annualkoa izan zen borroka latzena, amazigen imajinarioan epopeia bihurtu dena. Espainiaren erantzuna, baina, ankerra izan zen: hegazkinek arma kimikoak bota zizkieten zibilei, tartean ziape gasa, baita erruz bota ere. 1921etik 1927ra iraun zuen genozidioak, errepublikak iraun zuen denbora bera.

«Egoera oso kritikoa da»

Riduanen hitzetan, orain kolonialismoaren garaian baino okerrago daude Rifen: «Egoera oso kritikoa da, traumatikoa, errepresioa etengabea baita. Al-Hoceima hiriburua setio iraunkor batean dago, eta hutsik geratzen ari da. Rif, berez, eremu militar gisa dago izendatuta dekretu baten bidez, eta kontrol militarra izugarria da».

Mouxine Fikri gaztearen heriotzak ezarri zuen mugarria. Fikri 2016ko urriaren 28an hil zuten. Al-Hoceimako kaian arraina saltzen ari zen, merkatu beltzean, portuko zaindariek haren merkantzia kendu eta zabor kamioi batera bota zutenean. Saltzailea kamioi barrura sartu zen, baina une horretan zaborra txikitzeko mekanismoa aktibatu zuten portuko zaindariek, eta gaztea hantxe bertan zapalduta hil zen.

Riduan ederki asko akordatzen da nola amazigak kalera atera ziren egun hartan bertan: «Herria ez da inoiz hil, lotan zegoen, eta egun horretan berriz esnatu egin zen». Orduz geroztik, gauero-gauero, etengabeak izan ziren protestak.

Riduan 1982an babestu zen Espainian. Erbestera jo behar izan zuen lehen belaunaldiaren semea da, haren gurasoak eta aitona-amonak aurretik erbesteratu behar izan zutelako: «Hassan II.ak egindako masakrearen eta errepresioaren biktima izan ziren».Milaka herritar Al-Hoceiman, duela hiru urte, buruzagi sozial eta politikoen askapena eskatzen. M. Siali / EFE

Marokok 1956an lortu zuen independentzia Frantziatik. Rifa, Espainiako protektoratua, haren eskura pasatu zen, eta, harrezkeroztik ere, bazterketa bizi izan zuten amazigek. Hassan II.a 1961ean izendatu zuten errege, baina, aurretik ere, 1958-1959-an, printzea zenean, napalm eta fosforo zuriarekin bonbardatu zuen Rifa.

Amazigek genozidio asko jasan izan dituztela dio ekintzaileak. 1984. urtea iltzatuta dago amazigen memorian: «Herritarren altxamendua izan zen urte hartan, bazterketa salatzeko, baina tiranoak gerra makineriarekin zapaldu zuen protesta: Tetuandik Nadorrera, hiri guztietan sartu ziren tankeekin».

Amazig ugari exilioan bizi dira ordutik, exodoa etengabea izan baita, baina, ekintzaileak dioenez, herria beti aritu da erresistentzian, baita diasporatik ere: «Erresistentzia da gure arma, eta diaspora ere aktiboa da. Jazarpena sistematikoa da, baina ez gara belauniko jarriko». Riduan tarteka joan izan da jaioterrira, bertan ezkondu baitzen azken protestak bizi-bizi zeudenean, baina kartzelan amaitzeko beldurrez itzuli zen penintsulara.

Saloua el-Yamani emazteak han geratu behar izan zuen, paperik ez baitzuen alde egiteko: «Bananduta bizi behar izan duen beste bikote bat gara, baina bi urte igaro eta gero ihes egin nuen». El-Yamanik Melillara egin zuen ihes iazko apirilean. Nadorko pasaportea eskuratu zuen hirian sartu ahal izateko, eta abenduan asilo politikoa eskatu zuen: «Errepresioaren frogak aurkeztu nituen, senarra zerrenda beltzean dagoelako. Nik ere zerbitzu sekretuak atzetik nituen».

Emakumeen ahotsa

Bikotea Ermuan (Bizkaia) bizi da egun, lagun baten etxean aterpetuta. Bizitzari berriz ekitea gogorra dela diote: «Asiloa emateko zain gaude, eta ez da erraza egoera honetan egotea, ekonomikoki eta psikologikoki zaila da».

Norraddin Chakoti eta Siham Douragh senar-emazteak egoera okerragoan daude: «Herbehereetara egin genuen ihes, baina ez ziguten asilo politikoa eman, azken protestak hasi gabe zeudelako, eta, orain hemen gaude, paperik gabe, lanik gabe, etxerik gabe, eskubiderik gabe, Yousef 5 urteko semearekin, eta Miriam 10 urteko alabarekin». Bilboko ostatu bateko gela batean bizi dira laurak.

Saloua el-Yamani eta Siham Douragh elkarri ematen diote babesa, emakumeek euren artean hitz egiten duten hizkuntza bakan horretan. Hirak mugimenduak amazig emakumeei ahotsa eman diela nabarmendu dute: «Rifen denak atera gara kalera, gizon eta emakumeak, gazteak eta edadetuak, herri bat garela aldarrikatzera». El-Yamanik protesta batean parte hartu zuela aurreneko aldia zen: «Une berezia izan zen, zoriontsu sentitu nintzen herri honen parte sentitzen nintzelako, gure ikurra eskuetan, oihukatzen, gure eskubideak aldarrikatzen».

Urteetako bazterketak eskubiderik eta azpiegiturarik gabe utzi ditu amazigak, unibertsitate eta ospitalerik gabe, lantegirik gabe, zinemarik gabe, errepide eskasekin... Horregatik ekin zieten oinarrizko erreforma sozial, ekonomiko eta politikoak aldarrikatzeari, protesta baketsuen bidez.

Amazigek kalera eraman zuten oihua, baina jazarpenarekin isilarazi zuen gobernuak. Ehunka militar bidali zituen eremura, eta gazteak atxilotzeari ekin zieten. «Oraintxe bertan 50 ekintzaile baino gehiago daude preso kartzeletan, oso baldintza gogorretan, torturatu egin baitituzte, eta bakartuta daude», dio Chakotik.

Hirak mugimenduko buruzagiei kartzela zigor itzelak ezarri zizkieten 2018ko ekainaren 27an: urtebete eta hogei urte arteko kartzela zigorrak. Nasser Zafzafi herri mugimenduaren buruzagia urtebete lehenago atxilotu zuten, 2017ko maiatzaren 29an. Bera bihurtu zen protesten ikur, baztertuen ahotsa, belaunaldi berri baten liderra, eta hari eta beste hiru kideri ezarri zizkieten zigor gogorrenak: Mustafa Ahamyik, Wasin al-Bustati eta Samir Ighirri. Zigor Kodearen 201. artikulua haustea egotzi zieten, estatuaren barne segurtasunaren kontra atentatua egitea, hala nola matxinada egitea eta legez kanpoko protestak sustatzea, non eta protesta egitea legez kanpokoa den herrialde batean.Hirak mugimenduko kideen askatzearen aldeko protestari bat, Marokoko Casablanca hirian, 2018an. EPA / EFE

«Rif osoari ezarritako zigorra izan zen, amazig herriari ezarritakoa, eta ordutik 200 lagun baino gehiago atxilotu izan dituzte, baina herri oso bat ez da kartzelan kabitzen». Fikri Teskrin ari da hizketan. Berak ere aspaldian jo zuen exiliora. Herbehereetan eman ditu urte ugari, asilo politikoa eskuratzeko herrialde horretara jotzen baitute amazig askok, baina, duela hiru urte, aurretik ezagutu eta maitemindu zuen herrialdera etorri zen: «Mikel Laboaren kantak ezagutu nituen. Guk ere badugu gure herriaren ereserkia dena, Txoria txori bezalakoa».

Teskrin poeta eta abeslaria da, eta bere herriaren borroka islatzen du bere olerkien eta kanten bidez: «Nire ahotsa isilarazi nahi dute, amazigen hizkuntzan idazten eta kantatzen dudalako. Protesta egiteko nire modua da: 330 olerki eta 48 abesti baino gehiago egin ditut, beti bakea aldarrikatzeko. Balaz betetako mundu batean bizi gara, baina nik ez dut gerra maite».

Herriminez bizi da Tekrin. Eta familia minez. Baina bihotzean daramatza biak: herria eta sendia. Espainiak eta Marokok urteetan botatako arma kimikoek lurra eta ura pozoitu zuten, eta horrek gaur egun oraindik ere eragina du amazigengan; izan ere, minbizi tasa oso handiak dauzkate.Tekrinek ama eta aita galdu zituen minbiziak jota: «Ama 2003an hil zen, bularreko minbiziarekin, eta aita bi urte geroago hil zen. Ezin izan nintzen euren hiletara joan. Bihotzak zausk egin zidan».

Jazarpenetik ihesi alde egin zuen berak ere, baina egunero-egunero bizi du jazarpena, beste amazigen kontrako erasoak berari egindakoak bezala sentitzen baititu. Tekrin 13 urteko ilobarekin akordatu da: «Imad el-Attabi gaztearen hilketaren lekukoa izan zen iloba, eta haren hiletan negarrez ari zenean, atxilotu egin zuten. Gero torturatu egin zuten. 13 urte baino ez zituen orduan».

El-Attabi 2017ko uztailaren 20ko protestan hil zuten. Bederatzi hilabeteren ostean, manifestazio handienetakoa izan zen iluntze hartakoa, udan jaioterrira itzultzen diren amazigek ere bat egin zutelako deialdiarekin. Marokoko Poliziak negar gasarekin sakabanatu zituen protestariak, eta tartean balak ere bota zituen. El-Attabiri buruan egin zioten tiro, eta, koman egon ondoren, hil egin zen. Egun hartan 83 lagun zauritu zituzten.

Azken exodoa

Orduz geroztik, protestak apalduz joan ziren, herri mugimenduak klandestinitatean elkartzeari ekin zion, eta amazigek nazioartean izan zuten oihartzuna ere isilduz joan zen.

Teskrinek erbestetik egiten du borroka, erresistentzia isilarazi ez dadin, herria ahanzturan eror ez dadin. Al-Hoceima hutsik geratzen ari dela dio: «Gora Rif esateagatik bost urteko kartzela zigorra ezartzen ahal dizute. Errepublikako ikurra astintzeagatik, beste horrenbeste». Abd el-Krimen irudiak ere debekatuta daudela dio. Harentzat ere, amazig guztientzat bezala, idolo bat da: «Marokoko ikurra jarri nahi izan zuten haren zerraldoan, baina alabek kendu, eta gure errepublikarena jarri zioten».

Abd el-Krimek bezala, askatasuna, justizia eta berdintasuna aldarrikatzen ditu, baina ezeren gainetik giza eskubideak errespetatzea: «Rifen ez dago bizitzerik. Amazigak itsasora bultza egiten gaituzte, ihes egitera». Ekintzaileak dioenez, familia guztietan dago itsasoratu den gazteren bat. 2017an hasi zen azken exodoa, belaunaldi berri batena, 20 eta 25 urte dituztenena, hamaikagarren jazarpenetik ihesi doana. Azken hiru urteetan ehunka gazte amazig pateretan eta zodiac ontzietan itsasoratu dira. Al-Hoceima inguruko hondartzetan elkartzen dira itsasoratzeko aukera baten bila. Espainia 111 itsas miliara daukate. Inork ez daki zenbat hil diren zeharkaldian. Bizirik iristen direnek hiru behatzen ikurra egitea da egiten duten aurreneko gauza.]]>
<![CDATA[Ni haiman geratuko naiz ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/010/001/2020-04-15/ni_haiman_geratuko_naiz.htm Wed, 15 Apr 2020 00:00:00 +0200 Kristina Berasain Tristan https://www.berria.eus/paperekoa/1950/010/001/2020-04-15/ni_haiman_geratuko_naiz.htm Ni haiman geratuko naiz da abian jarritako kanpainaren izena. Fronte Polisarioak iragan martxoaren 19an ezarri zituen koronabirusa errefuxiatuen kanpalekuetan ez hedatzeko neurriak. Kanpalekuetarako sarbideak itxi egin zituen, eta wilayen arteko desplazamentuak mugatu. Jira Bulahi SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Osasun ministroak jakinarazi du baliabideak eskasak izan arren ahalegin berezia egiten ari direla; izan ere, koronabirusa kanpalekuetan sartzen baldin bada, ondorioak itzelak izan daitezke. «Neurri zorrotzak hartu ditugu; prebentziorako batzorde bat eratu dugu, eta azpiegiturak desinfektatzen aritu gara. Egunean 40 eta 50 analisi artean egiten ditugu kanpaleku bakoitzean, eta, zorionez, ez dugu birusarekin kutsatutako inor». Aurreko astean bi kutsatu egon zitezkeela zabaldu zen, baina emaitzak negatiboak izan zirela zehaztu du Bulahik. Kezka, dena den, handia da, osasun baliabideak mugatuak baitira. Moilminin Mohamed Embarek medikua da. Osasun Ministerioan bilera luzea izan zuen bart, iluntzero bezala, eta ohartarazi du botika gutxi dituztela: «Prebentzioan jartzen ari gara arreta; izan ere, orain 600 eskularru eta 2.000 maskara baino ez ditugu. Emakumeok ari gara maskarak egiten, eskuz, gure amak eta amonek kanpalekuetako lehen haimak melfekin [soineko tradizionalak] egin zituzten bezala». Erbestean Tindufeko (Aljeria) kanpalekuetan 175.000 eta 200.000 saharar artean bizi dira 1976tik. Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu ostean, erbestera jo behar izan zuten, fosforo zuritik eta napalm bonbetatik ihesi. Ondoren gerra etorri zen, eta, gerora, antzua izan den su-etena; izan ere, menia sinatzeko ezarritako baldintza, erreferenduma egitearena, ez da gauzatu. Basamortuen basamortuan latza da eguneroko bizimodua. Sidi Brahim Ahmed tea egiten ari da galderak erantzuten dituen bitartean: «Badakizu, lehenengoak zapore mingotsa du, bizitzaren beraren modukoa; bigarrena gozoa da, maitasuna bezalakoa, eta hirugarrenak zapore leuna dauka, heriotzaren antzera». Sahararren erritualak zentzu berezia hartu du egunotan. Ahmedek dioenez, orain maizago garbitzen dituzte eskuak, ura baliabide eskasa bada ere: «Errefuxiatuak gara, eta nazioarteko giza laguntzari esker bizi gara; gure kezka da orain, pandemiarekin, ez ote den gehiago murriztuko, lehen ere dezente murriztu da eta». Ahmed Suadu amarekin, izebekin eta lau anaia-arrebekin iritsi zen kanpalekuetara, artean ume koskorra zela basamortua oinez zeharkatu ostean: «Dakhla inguruan bizi ginen, eta egun batetik bestera alde egin behar izan genuen. Nik 3 urte besterik ez nituen; txikiena nintzen, eta, ni neu akordatzen ez banaiz ere, etxekoek maiz kontatzen didate nolakoa izan zen zeharkaldia, izebaren besoetan etorri nintzela. Ama haurdun zegoen, baina umea galdu zuen. Aita, berriz, gerran zegoen. Malkoak ateratzen zaizkit gogoratzean. Noraezean abiatu ziren, jakin gabe zer aurkituko zuten bidean». Espainiak, egunetik gauera, traizionatu egin zituela dio: «Ez dakigu noiz arte luzatuko den tragedia hau». Polisarioak, leku publiko guztiak itxi, eta bertan behera utzi ditu ekitaldi guztiak. Fisahara zinema jaialdia, errefuxiatu kanpaleku batean egiten den zinema jaialdi bakarra, apirilaren 14an zen hastekoa, baina urrira atzeratu dute. 2003tik egiten da ekitaldia; hortaz, urrian egitekoa dena XVI. aldia izango da. Oporrak Bakean programa, berriz, bertan behera geratu da. Espainiara 4.000 eta 5.000 haur artean joaten dira udan programa horri esker, eta modua ematen du umeak kanpalekuetako tenperatura altuetatik babesteko eta, bide batez, beharrezkoak dituzten mediku azterketak egin ahal izateko, baita elikadura osasuntsuagoa izateko ere. Euskal Herrira 10 eta 12 urte bitarteko 350 haur saharar inguru etortzen dira uda guztietan elkartasun programa horri esker, eta, aurtengo bidaia bertan behera geratu bada ere, hemengo elkarteak aztertzen ari dira zer egin dezaketen nolabaiteko laguntza bideratzeko. Programa 1979an abiatu zen, eta urteotan behin bakarrik geratu da bertan behera, 1998an, erreferenduma egitekoa zen urtean, hain zuzen ere. Okupazioaren pandemia Khalida Gaoudi ere tea hartzen ari da, baina ez errefuxiatuen kanpalekuan, handik ehunka kilometrora baizik: «Aaiunen bizi naiz, eta hemen benetako pandemia okupazioa da; errepresioa, torturak, atxiloketak, bazterketa…». Mendebaldeko Saharan ere egoera ez da samurra. Marokok martxoaren 20an ezarri zuen larrialdi egoera, eta, orduz geroztik, sei lagun antzeman dituzte koronabirusarekin kutsatuta: lau Aaiunen, eta bi Dakhlan. Marokon, berriz, mila kutsatutik gora daude, eta hildakoak ehun inguru dira. Ekintzaile gazteak dioenez, pertsonen mugimendua debekatuta egon arren, kolono ugari euren jatorrizko herrietara itzuli ziren. «Sahararrok neurriak errespetatzen ari gara, gure etxeetan gaude; izan ere, birusa lurralde okupatuetan zabaltzen bada, katastrofea litzateke guretzat. Osasun zerbitzuak eskasak dira, eta gu, sistema horretan ere, baztertuta gaude». Aaiunen baino ez dago ospitalea, eta beste hirietatik hara jo behar izaten dute sahararrek. Gaoudi enpresaritza ikasten ari da Dakhlan. Klaseak, baina, bertan behera geratu dira, eta jaioterrira itzuli da, sendiarekin. Kezkatuta dago pandemian ezarritako neurriek sahararrengan izan ditzaketen ondorioekin: «Aaiunen %19,4koa da langabezia tasa; 10.000 gazte diplomatu daude langabezian, eta saharar asko eta asko egun bakarrez aritzen dira lanean, behin-behineko lanetan. Egunotan lanik gabe daude, eta ez dute beste diru iturririk». Gaoudiren kezka handiena, baina, okupazioa da: «Pandemia behin-behinekoa da, baina okupazioa betikotzen ari da». Ahmed Ettanji Equipe Mediako kazetari eta ekintzailea ere okupazioak kezkatzen du pandemiak baino gehiago, eta bereziki preso politikoen egoerak: «Orain 50 preso saharar inguru daude kartzeletan, oso baldintza ankerretan, pilatuta, eta kanpaina bat abiatu dugu, aske utzi ditzaten eskatzeko. Marokok 5.654 preso askatu ditu azken asteetan, baina bat bera ere ez sahararra». Sare sozialen bidez, hainbat politikariren eta aktoreren babesa jaso dute. Ettanjik dio ez dela ahaztu behar presoak torturatuak izaten direla, eta oso egoera zaurgarrian daudela: «Abdallahi Lekhfaouni presoak gose greba bat abiatu du presoen bizitza arriskuan dagoela ohartarazteko». NBE Nazio Batuen Erakundeari ere zuzendu zaizkio. Nazioarteko 750 gobernuz kanpoko erakunde, elkarte, eragile eta pertsonak sinatu dute presoak askatzea aldarrikatzen duen eskutitza. Michelle Bachelet NBEko Giza Eskubideen Goi Mandatariak pandemia izendatu zenean zabaldu zuen mezua ekarri dute gogora. Bacheletek munduko gobernuei eskatu zien ahots kritikoak eta disidenteak izateagatik kartzeletan dauden preso politikoak askatzeko. Amnesty International dago egitasmoarekin bat egin duten erakundeen artean. 'Statu quo'-a Ettanjiren hitzetan, egoera politikoa erabat izoztuta dago: «Marokok etengabe boikotatu ditu bakerako ahalegin guztiak. Erreferenduma boikotatu zuen, eta orain elkarrizketarako ahalegin guztiak boikotatzen ditu, egungo statu quo-ak mesede egiten diolako. Trabak jarri besterik ez du egiten». Maiatzean urtebete izango da Horst Kohler NBEko Mendebaldeko Sahararako azken mandatariak dimisioa eman zuela, eta momentuz ez dauka ordezkorik. Polisarioak, aurreko astean zabaldutako komunikatuan, beste behin salatu du nazioarteko erakundearen pasibotasuna. Minurso Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioa beste sei hilabetez luzatera mugatuko da giza eskubideen urraketak behatzen ez dituen nazioarteko misio bakarra. Gaoudi, mendafina jarri eta tea ontzitik ontzira botatzen duen bitartean, irmo mintzo da: «Okupazioak lurrak kendu dizkigu, etxeak kendu dizkigu, bizitzak kendu dizkigu, baina ez digu itxaropena kendu. Sahararrok borrokan jarraituko dugu. Ekintzaileak miresten ditut, duintasuna erakutsi dutelako; niretzat, erreferente bat dira, baita saharar guztientzat ere. Denok saiatzen gara gure alea jartzen; basamortua hondar alez osatuta dago». Ahmedek, banaketa hesiaren beste aldetik, ehunka kilometrora, mezu bera zabaldu du, azken tea edaten ari dela: «Erresistentzian jarraituko dugu; antigorputzak garatu ditugu basamortuko baldintza ankerretan, eta aurrera egin dugu. Printzipioak baldin badituzu, iparrorratzak azkar zehazten dizu norabidea, eta, basamortuan izarren bidez norabidea aurkitzen dakigun bezala, egoera honetan ere norabidea aurkituko dugu». ]]> <![CDATA[Netanyahuren aurkariarena izango da Israelen koalizio gobernua eratzeko erronka]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/020/001/2020-03-17/netanyahuren_aurkariarena_izango_da_israelen_koalizio_gobernua_eratzeko_erronka.htm Tue, 17 Mar 2020 00:00:00 +0100 Kristina Berasain Tristan https://www.berria.eus/paperekoa/1877/020/001/2020-03-17/netanyahuren_aurkariarena_izango_da_israelen_koalizio_gobernua_eratzeko_erronka.htm
Parlamentuko 120 diputatuetatik 61ek babestu zuten armadaburu ohiaren hautagaitza, tartean Zerrenda Batuak. Alderdi arabiarrez osatutako koalizioa hirugarren indarra da parlamentuan, martxoaren 2ko bozetan inoizko emaitza onenak lortuta, baina jeneral ohiari gobernua eratzeko mandatua babestu izanak ez du zertan esan nahi lehen ministro izateko ere babestuko duenik.

28 eguneko epea

Reuven Rivlin Israelgo presidenteak atzo goizean eman zion gobernua eratzeko eginkizuna Gantzi. Zentroko buruzagiak 28 eguneko epea izango du gobernu berria osatzeko, eta, epe horretan lortu ezean, beste hamalau egunekoa. Estatuburuaren hitzetan, «onartezina» litzateke bozak laugarrenez egin behar izatea.

Rivlinen asmoa, dena den, beste bat zen. Igande gauean boto gehien lortu zuten bi zerrenden ordezkariak elkartu zituen «diferentziak alboratu» eta «lehenbailehen» batasun nazionaleko gobernua eratu zezaten eskatzeko. Netanyahu eta Gantz aurrez aurre mintzatu ziren, baina beste behin agerian geratu ziren bien arteko desadostasunak. Jarduneko lehen ministroak «larrialdi nazionalerako gobernua» eratzeko proposamena egin zion bere aurkariari, agintean artekatuta, eta, koronabirusak eragindako egoera aintzat hartuta, «behin-behineko izaera» izango lukeena. Alderdi arabiarrak, baina, formula horretatik kanpo geratuko lirateke, eta hori ez dator bat oposizioan egon den alderdiaren aritmetikarekin. Gantzek, gainera, uko egin dio jarduneko lehen ministroarekin koalizioa eratzeari hura inputatuta dagoen bitartean.

Alderdi arabiarren koalizioa giltzarri izan daiteke gobernua osatzeko garaian. Gantzek, badaezpada, ez ditu bazterrean utzi nahi hamabost diputatu arabiarrak. Avigdor Liebermanen Ysrael Beiteinu eskuin muturreko alderdiaren zazpi diputatuen konplizitatea izango luke, baita ezkerreko alderdi laboristek osatu duten aliantzako seirena ere: Labor-Guesher-Meretz aliantzarena. Bi alderdi horien babesarekin gutxiengoan gobernatzeko aukera izango luke, baina, auzi askotan jarrera kontrajarriak dituzte batzuek eta besteek, eta ez luke agintaldi samur bat bermatuko. Netanyahurengana gerturatzea izango litzateke beste aukera; izan ere, paralisi politikoari aurre egingo badiote, ezinbestekoa izango da alderdi oso hetereogeneoen arteko elkar ulertzea.

Urtebeteko krisia

Iazko martxoaren 2ko bozek utzitako emaitzek ez dute duela urtebete zabaldutako zauria itxi. Netanyahuren Likud alderdiak irabazi zituen hauteskundeak, eta aurreko bi bozetako emaitzak hobetu bazituen ere eskuineko blokearen diputatuekin, 59 orotara, gehiengo osotik bi eserlekura geratu zen. Urdina eta Zuria koalizioak Likudek baino lau diputatu gutxiago eskuratu zituen: 32. Zentroko koalizio horrek, baina, askotariko koloretako ideologiak biltzen ditu, eskuinetik ezkerrera; tartean, izan ere, arabiarrekin elkartzea marra gorritzat duten militarrak baitaude. Gantz bera armadako burua izan zen —Gazako 2014ko gerra zuzendu zuen—.

Urtebetean hirugarren hauteskundeak izan ziren iragan martxoaren 2koak. Iazko apirileko bozetan eskuineko blokea gehiengo osoa lortzeko zorian egon zen. Gobernua ziurtatzeko boto bakar baten faltan, parlamentua desegin eta beste hauteskundeetara deitu zuten irailerako. Orduan ere ez zuten blokeo politikoa gainditzea lortu. Gantzek gobernua osatuko balu, tokia kenduko lioke herrialdeko historian agintean denbora gehien egon den agintariari: Netanyahu 2009tik da lehen ministro eta aurretik beste lau urtez izan zen.]]>
<![CDATA[«Europak ez ikusiarena egiten du Turkiaren krimenen aurrean»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1937/012/001/2020-03-15/europak_ez_ikusiarena_egiten_du_turkiaren_krimenen_aurrean.htm Sun, 15 Mar 2020 00:00:00 +0100 Kristina Berasain Tristan https://www.berria.eus/paperekoa/1937/012/001/2020-03-15/europak_ez_ikusiarena_egiten_du_turkiaren_krimenen_aurrean.htm Respirando fuego: en las entrañas de la lucha kurda por la supervivencia (Sua arnasten: kurduen iraupenerako borrokaren erraietan). Karlos Zurutuza kazetariarekin batera idatzitako liburua lau estatutan zatituta dauden herritarren kronika da, kurduek azken urteotan bizi izan dituzten promesen eta traizioen kontakizuna: «Nahi genuen liburua idatzi dugu. Urteak daramatzagu kurduez idazten, eta baztertutako herriari ahotsa eman nahi genion». Meseguerrek errefuxiatuen auzia ere hartu du hizpide.

Turkiak ateak ireki dizkie errefuxiatuei. Europako Batasunarekin ituna sinatu zuela lau urte beteko dira orain. Zer iritzi diozu itun horri?

Europari xantaia egiteko akordioa da. Dirutza baten truke errefuxiatuen exodoa geraraztea lortu du Europak. 2015eko irudiak oso gogoan ditut. Siriako gerratik ihesean ari ziren milaka errefuxiatuei mugak itxi zizkieten, hesiak eraiki zituzten bideak oztopatzeko, eta hurrengo urtean etorri zen akordioa, 2016an. Itunak B alde bat dauka: Turkiak egiten dituen giza eskubideen urraketak direla-eta isilik egotea.

Europaren isiltasuna erosi du Turkiak. Recep Tayyip Erdoganen errepresio politikak etengabeak dira, ez soilik herri kurduaren kontrakoak, baizik eta oposizio guztiaren kontrakoak. Ez dugu ahaztu behar estatu-kolpe saialdi bat egon zela. Oraindik ez dakigu oso ondo zer gertatu zen, baina aitzakia ederra izan zen errepresio politikak justifikatzeko. Orduz geroztik, ehunka lagun atxilotu dituzte, akademikoak, epaileak, kazetariak, militarrak... Europa isilik egon da errepresio hau dela eta. Bere arima saldu dio deabruari.

Idlibeko gatazkaren harira, auzitan egon da akordioa.

Xantaiak funtzionatzen duela ikusi dugu, beste behin. Bruselak alfonbra gorria jarri dio Erdogani. Turkiaren eskaera guztiak onartu dituzte akordioa bertan behera gera ez zedin, nahiz eta hemen beste kontu bat ere badagoen. Errusiak Turkiako hainbat soldadu hil ditu Idliben. Errusia Baxar al-Assaden aliatua da. Eta Erdogan estatu kideak estutzen saiatu da; NATOko kideak diren heinean, ea presioa egiten dioten Errusiari. Turkiak Al-Assaden kontrako aliatuak nahi ditu.

Siriako gerraren etorkizuna dago jokoan...

Siriako gerrak bederatzi urte bete ditu, milaka pertsona hil ditu, baina, orain, hildakoak ez dira soilik siriarrak edo kurduak. Turkiako soldaduak hil dira azken borroketan. Eta Errusiaren jarrera ere aldatu da. Turkiak 2018an egin zion eraso Afrini. Eta iazko urrian, Serekaniye eta Tel Abiad arteko eremuari. Turkiak Rojava inbaditu izanak ez du eragin Errusiaren erreakzioa, baina Idliben gauzak bestelakoak dira. Damaskok eta Ankarak talka egin dute Idliben. Turkia ez dago prest amore emateko, interesak dituelako eremu horretan. Eta Al-Assadek bere garaian esan zuen lurralde osoa berreskuratu arte borrokatuko zela, eta horretan ari da, Errusiaren eta Iranen laguntzarekin.

Turkiak Rojava inbaditu duenetik, milaka kurdu errefuxiatuta eta desplazatuta daude euren jaioterrian. Zein da egoera?

Ehunka mila kurdu daude desplazatuta euren lurraldean, baina ez soilik kurduak, arabiarrak, siriakoak eta asirioak ere badaude. Rojavan babestutakoak dira asko. Afringo 150.000 lagun ondoko eskualdean daude. Alepo hirian ere babestu dira asko eta asko, edo Kandri edo Al-Hassakan. Ipar Kurdistanen nintzen, 2011n, Diyarbarriren. Orduan, aurreneko exodoa iritsi zen. Inork ez zuen pentsatzen bederatzi urtez egongo zirenik errefuxiatuta. Siriara itzuli ziren batzuk, eta horietatik asko hilda daude, beste asko han geratu ziren, eta beste asko Europara etortzen saiatu ziren. Irakeko Kurdistanen Rojavatik ihes egindako 200.000 kurdu zeuden errefuxiatuta, 2017an. Estatu Islamikotik ihes egindako errefuxiatuak ziren.

Europara etorri nahi zuten familia horietako askok, baina ez zuten dirurik. Turkia eta Grezia arteko itsas zeharkaldiak dirutza balio zuenez, sendiko pertsona bakarra bidaltzen zuten, normalean gizona. Emaztea, seme-abalak eta gurasoak errefuxiatu guneetan geratzen ziren. Zatitutako familiak ziren, lau-bost urtez egon direnak errefuxiatu estatusa aitortzeko eta elkartzeko zain. Familia horietako batekin akordatzen naiz. Alemanian zegoen aitak esaten zidan semearen ahotsa telefonoz baino ez zuela ezagutzen, emaztea haurdun zegoela ihes egin baitzuen.

Negu gorrian hotzez hil diren errefuxiatuak daude...

Bai. Oso baldintza gogorretan daude. Ekialde Hurbilean, kontrakoa pentsatzen badugu ere, hotz handia egiten du neguan, gauean bereziki, eta errefuxiatuak oso egoera latzetan daude. Eta ez ditugu ahaztu behar zeharkaldietan daudenak ere. Irango Kurdistandik Turkiako Kurdistanera bidean hainbat lagun hil dira negu honetan. Errepresiotik ihes egin, eta heriotza aurkitu dute bidean.

Turkiak Rojavan elkartu nahi ditu errefuxiatu siriarrak, aldaketa demografikoa egiteko.

Afrin izan zen politika horren abiapuntua. Bi urte dira Turkiak okupatu zuela, eta milaka familia arabiar bizi dira han, baita talde islamistetako familiak ere. Eredu hori zabaltzen ari dira. Turkiak murru batzuk ere eraiki ditu, eta badirudi anexionatu egin nahi dituela. Eremu batzuk de facto bere egin ditu: Turkiako bandera ezarri dute udaletan, eta eskoletan turkieraz ari dira... Agenda islamista ezarri, eta neskatoak jihad-a eramatera behartzen dituzte. Rojava bereganatu, eta kurduak hegoalderago desplazatu nahi ditu. Eta Turkiak Siria iparralde osoa bereganatuko balu, eremu koltxoi bat sortuko luke erdian arabiarrak ezarriz, eta iparraldeko eta hegoaldeko kurduak banatuz. Kurduek mendeetan izan duten harremana hautsiko litzateke.

Erdogan prest dago mugak zeharkatzeko, kurduen kontra egiteko bada.

Bai. Turkiak Siriako gerran egin zuen lehen ekintza militarra, 2016an izan zen, kurduek iparralde osoa bereganatzea saihesteko, eta helburua lortu zuen. Gerora ikusten ari gara zertan ari den. Eta bereganatu dituen eremu horietan giza eskubideen urraketak etengabeak dira, milizien eskuetan uzten baititu, mota guztietako krimenak egiten dituzten miliziak baitira.

Zer motatako krimenak?

Lapurretak, bahiketak, hilketak, exekuzioak, bortxaketak, behartutako ezkontzak... Zerrenda oso luzea eta oso larria da. Dokumentatuta daude urraketak. Eta Europak ez ikusiarena egiten du Turkiaren krimenen aurrean.

Erdoganen aurkari nagusiak dira kurduak. Rojavako iraultza, konfederalismo demokratikoa akabatzea al da helburua?

Ez nuke esango kurduak bere aurkariak direnik. Kurdua ez da herri homogeneoa eta bateratua, fakzio ezberdinak daude, tribuek ere pisu handia daukate, eta badaude izaera kontserbadoreagoa duten alderdiak. Barzanitarren PDK Kurdistango Alderdi Demokratikoak historikoki oso harreman ona izan du Turkiarekin, eta, tarteka, harekin egin du bat PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren kontrako borrokan. Erdoganen aurkaria ideologikoa da, izan kurdua, kristaua edo arabiarra, ez etnikoa. Abdulah Ocalanen bide orriarekin bat egiten dutenak dira haren aurkariak. Erdogan konfederalismo demokratikoaren bide orriaren kontra dago beste ezeren gainetik; proiektu hori deuseztatzeko zer egiteko prest dagoen ikusten ari gara gaur egun.

Turkiako Kurdistanen gogor ari da kurduen kontra.

2015ean eta 2016an armadak hainbat hiri kurdu suntsitu zituen, milaka desplazatu eraginez. Txikitutako eremu horietan etxebizitzak eraikitzen ari dira errefuxiatuentzat, siriarrentzat, baina baita uigurrentzat ere, musulmanak direlako. Aldaketa demografikoa gauzatzen ari da horrela, eta honek hauteskunde helburuak ditu: egunen batean nazionalitate turkiarra aitortzen badiete Erdoganek AKP Justizia eta Garapenerako Alderdiaren garaipena bermatuko du. HDP Herriaren Alderdi Demokratiakoak bere gotorlekuak galduko lituzke.

Iranen erabatekoa da hermetismoa.

Irango Kurdistanen kurduak erabat baztertuta daude, historikoki zokoratuta egon dira menperatuta egoteko. AEBen blokeoak herrialde osoan du eragina, baina horri gehitzen badiozu bazterketa historikoa, izugarria da nahasketaren emaitza. Egoera zailean daude. Langabezia tasa oso handia da kurduen artean, eta lanik zailenak egitera behartuta daude. Errealitate hori jasotzeko, alkohola zamaketariek eta kontrabandistek eramaten dutela idatzi nuen liburuan.

Liburuan, beste behin agerian geratzen da kurduak traizionatuak izan direla.

Siriako kurduek bazekiten AEBen babesa koiunturala zela, eta ikusi dugu Estatu Islamikoaren kontra borrokatu ostean bakarrik geratu direla. Munduko potentziek ezartzen dute agenda eta kurduak bakarrik geratzen dira, baina jada ez dira inorez fidatzen, beraien buruaz ez bada. Hortik dator liburuaren izenburua, historiak erakutsi die aldian aldiko bizitzera, erresistentzian bizitzen, eta erresistentzia bizitzen dela, sua arnasten ikasi dute.]]>
<![CDATA[«Artzek esaten zidan bezala, osotuz osatu eta osatuz osotu; hori da gure bidea»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1909/030/001/2020-03-15/artzek_esaten_zidan_bezala_osotuz_osatu_eta_osatuz_osotu_hori_da_gure_bidea.htm Sun, 15 Mar 2020 00:00:00 +0100 Kristina Berasain Tristan https://www.berria.eus/paperekoa/1909/030/001/2020-03-15/artzek_esaten_zidan_bezala_osotuz_osatu_eta_osatuz_osotu_hori_da_gure_bidea.htm
Berdetzen eta loratzen ari da natura. Zuhaizpe ere itxita izaten duzue neguan.

Bizitzan zikloak daude. Neguan, barrura sartu behar dugu, egin dugunaz hausnartzeko eta egin nahi dugunaz pentsatzeko, eta udaberria berriz ekiteko garaia da. Neguan hiltzen dena indar gehiagorekin jaiotzen da udaberrian. Natura bezala, gu ere berpiztu egiten gara.

1988an zabaldu zituen ateak Zuhaizpek. Apirilaren 5ean ekingo diozue denboraldi berriari.

Bai. Urte berezia da. Jaiotzen garen uneak eta lekuak markatzen gaitu; eguzkiak eta unibertsoak prozesu zehatz batean daude une horretan, gure izaeran eta nortasunean islatzen dena, eta 33 urte geroago eguzkia berriz ere prozesu berean dago, jaio gineneko une berean. Momentu hori oso egokia da gauza batzuk atzean uzteko, zaharra dena atzean uzteko, eta bide berriak zabaltzeko. Bulkada berri bat da. Zuhaizpen une horretan gaude.

Buñuelen ekin zenion ibilbideari. Eneko Landaburu medikuarekin batera osasun etxe bat zabaldu zenuen 1983an. Euskal Herriko lehen osasun etxea izan zen. Nola gogoratzen duzu?

Esperientzia izugarria izan zen. Beste ikuspegi bat zabaldu zitzaidan. Nafarroaren hegoaldean asko erabiltzen den esamoldea ikasi nuen han, gerora behin eta berriz erabili dudana: «caldico y quietud» [saldatxoa eta lasaitasuna].

Ondoren etorri zen Zuhaizpe.

Bai. Iruñean nintzen, eta etxea ikustera etorri ginen. Kanpotik ikusi genituen etxea eta lorategia, eta, handik egun batzuetara, jabeekin geratu nintzen etxea barrutik ikusteko. Egun horretan, sekulako ekaitza zegoen; trumoiak, tximista, euria... Abiatu aurretik, pentsatu nuen: «Zer demontre noa ni gaur etxe hura ikustera», baina konpromisoa hartuta nuen, eta, ibarrera ailegatzean, atertu egin zuen. Eguzkia atera zen, eta ondoren ortzadarra. Etxetik kilometro batera nengoela ikusi nuen ortzadarra etxeko zuhaitzetik beretik ateratzen zela. Niretzat, seinale handi bat izan zen. Bizitzan eduki ditut horrelako seinaleak, eta onartzen ditut.

Zuretzat, zer da Zuhaizpe?

Eskola handia, izan dudan osasun eskolarik handiena. Asko ikasi dut, eta ikasten jarraitzen dut, ikasteko zabalik nagoelako. Berehala ohartu nintzen nire lanean egiten dudanak emaitza onak dituela, eta pazientea, zain geratu beharrean, eragile bihurtzen denean, aktiboa denean, aldaketa datorrela. Gorputzak bere kabuz sendatzeko ahalmena dauka. Egunero ikusten dugun gauza da. Esker oneko mezu asko jaso ditugu urteotan; izan ere, pertsona askok hemen ikasi dute norberak bere barruan dituela osatzeko tresnak. Askotan esaten dut osasuna ez dela oparitzen, osasuna ez dela erosten, osasuna konkista bat da.

Milaka lagun pasatu dira...

Iaz, mila eta piko pertsona pasatu ziren, eta, urte hauetan guztietan, milaka. Denentzat izan da osasun eskola Zuhaizpe; niretzat eta etxera etorri direnentzat. Jende askok esaten du mugarri bat izan dela euren bizitzan. Etxea bidegurutze baten erdian dago, eta sinbolo hori ez da kasualitatea. Jende batek beste bide bati ekin dio hemen. Gurutzeak, aitzinean, sinbolizatzen zuen zeruaren eta lurraren energiak bat egiten zuela lerro horizontalarekin. Zuhaizpe gurutze handi bat izan da pertsona askorentzat.

Nolakoa da etortzen den jendea?

Askotariko jendea dator, oso ezberdina: 16-18 urtetik aurrera... 82 eta 88 urteko ahizpa birekin akordatzen naiz, gazte batek nola esaten zien bera baino gazteago zirela. Oso larri dagoen jendea dator, minbiziarekin batez ere, baina baita bere bizitzan eten bat egin nahi duena ere. Frantziatik, Argentinatik, Mexikotik, Portugaldik dator jendea. Borondate asko behar da hain urrunetik etortzeko, eta nik uste dut bidean jada sendatzen hasten direla. Intentzioa oso inportantea da. Xamanek esaten dute intentzioa jarri behar dela, eta, hala da, gauzak intentzioarekin egin behar dira. Intentzioak norabide bat markatzen du.

Urteotan aldatu al dira artatu dituzun gaixotasun motak?

Gaur egun, antsietatea, depresioa eta insomnioa dira gaixotasunen txota, zaldia eta erregea. Gero eta gehiago ikusten dugu hori, eta gero eta argiago daukat gaixotasunen jatorria emozionala dela; gaixotasunen %80 erreprimitzen, saihesten edo isiltzen ditugun emozioetatik datoz. Euskalduna sentimendu handiko herri bat da, baina zailtasun asko ditugu emozioak adierazteko, batez ere gorputzarekin, eta aintzat hartu behar dugu azkenean beti azaleratzen dugula sentitzen duguna, era batean edo bestean, batzuetan hitzez, eta, kasurik txarrenean, gaixotasun baten sintomen bidez. Emozioak ezin dira estali, ezta ahaztu ere, eta, blokeatzen direnean, gorputzari itsatsita geratzen dira, ainguratuta, gaixotasun fisiko bihurtu arte. Emozioak kudeatzen ikasi behar dugu, neurri handi batean analfabeto emozionalak garelako.

Egungo bizimodu azkarrak eta indibidualistak eragina al du?

Bai. Gure gizartea zainketa intentsiboetako unitatean sartzeko zorian dago. Ez gara ondo bizitzen ari, birusei edo bakterioei botatzen ahal diegu errua, baina nola bizi garen galdetu behar diogu geure buruari, daramagun bizimodua egokia ote den, kanpokoa gure barrukoaren ispilua baita. Galdera hori egiten diogu hona datorrenari, proposamen hori egiten diogu: zer egin dezakeen norberak osasuntsu egoteko.

Koronabirusa zabaldu da egun hauetan. Pandemia izendatu dute. Nola ikusten duzu gertatzen ari dena zure begietatik?

Kausa-efektu asko daude gaixotasun bat azaleratzeko, eta, niretzat, birus bat ez da lehenengo kausa. Daramagun bizimodua da gakoa. Korrika eta presaka bizi gara, bizipozik gabe, gaizki elikatuz, ur kutsatuta edanez, haize zikina arnastuz... Pentsatzen dugunak, sentitzen dugunak eta egiten dugunak bat etorri behar dute, baina ez da horrela izaten, eta, horren ondorioz, ez gaude gurekin ondo... Gero birusak eta bakterioak datoz, baina ez dira lehenengo kausa: hirugarrena, laugarrena, bosgarrena dira. Lehenengoa bizimodua da. Erdi Aroan, gaixotasun batzuk zeuden, eta, orain, beste batzuk agertzen ari dira, baina gaur-gaurkoz pandemia gehiago dauzkagu minbiziarekin edo bihotzeko gaixotasunekin, koronabirusarekin baino. Bizimoduaren ondorio diren gaixotasunak dira. Orain, beldurra ari dira inokulatzen. Honi aurre egiteko ere norberak asko egin dezake. Zaindu egin behar gara. Gure emozioak eta pentsamenduak ere bai.

Gaixotasuna zerbait esatera datorrela esaten duzu. Zure ondorio nagusienetako bat da hori.

Bai. Batzuetan, senda gaitezen dator gaixotasuna. Katarro batek, adibidez, zerbait kanporatu behar dugula esaten digu. Katarrein latinezko hitzak isuri, joan esan nahi du, eta hori da; kanporatu beharrekoa kanporatzen dugunean sendatzen gara. Gaixotasun txikien bidez, gorputza bere lekuan kokatzen da berriz, barruko desorekak orekatzen dira.

Baraua aldarrikatzen duzu aspalditik. Gaur egun modan jarri da aldizkako baraualdia egitearena. Zergatik baraua?

Baraua da terapia magna, terapiarik handiena. 40 urtez ikusi dut barauak nola laguntzen duen osatzen, baita gaixotasunik larrienak ere. Gero eta ikerketa gehiagok baieztatzen dute behinolatik datorren metodo hori zein eraginkorra den, eta ezin dugu ahaztu edo bazterrean utzi. Ameriketako Estatu Batuetako ospitale onkologikoetan ere baraua gomendatzen dute. Aldi bat dago gauza bakoitzarentzat, jateko eta ez jateko, lan egiteko eta deskantsatzeko, esna egoteko eta lo egoteko, eguzkia eta ilargia dauden bezala, eguna eta gaua dauden bezala... Asko jaten dugu, eta ez da gose garelako. Emozioak tapatzeko jaten dugu, izan antsietatea, amorrua, kezka, beldurra... Haurrek eta animaliek berez egiten dute baraua gaixorik daudenean. Nire amamak ere egiten zuen, amama Sebastiana, gaixorik zegoenean, ohean sartzen zen, eta salda beroa hartzen zuen, eta hurrengo goizean ondo esnatzen zen. Gure gorputzak badu mediku bat, barne mediku bat, badakiena une bakoitzean zer egin behar duen. Guk ez dakigu gure gibelak nola egiten duen digestioa, edo gure bihotzak nola egiten duen taupaka, baina egin egiten dute. Zelula bakoitzak bere lana egiten du, osotasunarentzat. Zelulak ez dira indibidualistak.

Kolorea eta forma ere jan behar direla diozu.

Bizitzako gauza guztiak energiaren irudikapena dira; energiak substantziaren forma hartzen du. Eta jaten dugunean ez dugu bakarrik substantzia jaten, esentzia ere jaten dugu, energia ere jaten dugu. Horregatik gomendatzen dugu frutak eta barazkiak jatea, energia eta bitamina hartzeko.

Aitzindari izatea ez da erraza izaten. Nolakoa izan da bidea?

Semerik zaharrena naiz, baita lehen biloba aitaren eta amaren partez, eta bideak urratzea tokatu zait, bizitzan eta lanean. Bidea ez da erraza izan. Duela bi edo hiru urte, beste herrialde batera joatekotan izan nintzen; Brasilera edo Portugalera. Une zailak bizi izan ditugu, kontrakarrean ari garelako nolabait, eta jende batek ezagutu gabe kritikatzen duelako. Askotan galdetu izan didate ea medikua naizen, eta nik esaten diet: «Bai». Jarraian galdetzen didate: «Mediku-medikua?». Eta nik: «Bai, bai». Hemen nago. Ez dakit zergatik, baina hemen nago. Martin Luther Kingek esaten zuen bezala, «bihar mundua akabatzen bada ere, nik gaur zuhaitz bat landatuko nuke». Zuhaitz piloa landatu ditugu azken urteotan gure lorategian.

Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Legebiltzarrean izan berri zarete medikuntza integratzailea osasun sistema publikoan txertatu dadin aldarrikatzen.

Pirinioek ezin dute barrera bat izan. Alemanian, Suitzan, Austrian txertatuta dago medikuntza integratzailea osasun sistema publikoan, eta gu ezin gara atzetik joan. Portugalen ere aurretik doaz; datorren astean hitzaldi bat ematera goaz hara. Zergatik hemen ez? Galdera hori luzatu genuen bi parlamentuetan. Uste dugu urrats hori egiteko unea dela. Ez dugu asko eskatzen. Medikuntza bakarra dago, eta da sendatzen duena. Mediku batek ezin ditu ortzadarraren kolore guztiak menderatu, bakoitzak bi edo hiru menderatu ditzake, eta horietan sakondu behar du, baina kolore guztiak behar ditugu. Nire ustez, medikuntza ez da zientzia bakarrik, arte bat da, eta helburua da arte hori zabaltzea, eta bakoitzak ikustea zer kolore nahi dituen. Osakidetza eta Osasunbidea deitzen dira gure osasun sistemak, beraz, osasunaren alde egin behar dute, ez bakarrik gaixotasunaren kontra. Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan oso aurretik doaz. Brasilen, Txilen, Perun, Nikaraguan ere... Osasunaren Mundu Erakundeko 2014-2023ko plan estrategikoak ere bide orri hori jasotzen du. Eta ikerketak badaude esaten dutenak medikuntza integratzaileak aurrezpen bat dakarrela sistema publikoan, %30eko aurrezpena. Asko da! Zergatik hemen ez dugu egiten beste herrialdeetan egiten dutena?

Medikuak botikak ematera mugatzen dira askotan...

Bai, baina gero eta jende gehiago ohartzen da botikak ez direla konponbidea. Botikekin sintomak tapatu bai, baina gaixotasuna ez da sendatzen. Gu ez gaude botiken kontra, batzuetan beharrezkoak direlako, baina osasuna da bidea. Inor ez da etorriko kanpotik barrukoa sendatzera, norberak egin behar du bide hori; zauria ere barrutik kanpora sendatzen da.

«Osotuz osatu eta osatuz osotu».

Joxan Artzek esaten zidan hori. Ez zait ahaztuko. Joxanek bihotza gorputza baino handiagoa zuen, poeta handia zen, eta seigarren zentzumen bat zuen. Egun batean esan zidan: «Karmelo, orain ulertu dut esaten duzuna; osotuz osatu eta osatuz osotu». Hori da gure bidea. Euskaraz, osatzea hori da: osotzea. Eta medikua osagilea da, osotasunaren bidez osatzen laguntzen duena. Artzek modu ederrean laburbildu zuen hori. Maitasun handiz gordetzen ditut dedikatu zizkidan liburuak. Pertsona berezia zen niretzat.

Zuhaizpe zure lehen ametsa izan zen. Gaur egun zein da zure ametsa?

Unibertsitatean medikuntzako klaseak ematea, ikasleei nire bizipenak eta esperientzia transmititzeko. UNED-Bergaran badugu leiho bat zabalik gaur egun, medikuntza integratzaileari buruzko bi urteko ikastaroa profesionalentzat. Aitorpen txiki bat da, baina nire ametsa hori da: Euskal Herriko Medikuntza fakultatean katedra bat izatea. Kanpoko herrialderen batetik badator eskaintza, onartuko dut, baina nahiko nuke hemen izatea. Ametsa Euskal Herrian izatea da.]]>
<![CDATA[Hazara herriak Afganistango atentatua ikertzeko eskatu du: «Ahots zapaldu bat gara»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1942/023/001/2020-03-08/hazara_herriak_afganistango_atentatua_ikertzeko_eskatu_du_ahots_zapaldu_bat_gara.htm Sun, 08 Mar 2020 00:00:00 +0100 Kristina Berasain Tristan https://www.berria.eus/paperekoa/1942/023/001/2020-03-08/hazara_herriak_afganistango_atentatua_ikertzeko_eskatu_du_ahots_zapaldu_bat_gara.htm
Ez da aurreneko aldia jihadistek hazaren kontrako eraso bat egiten dutela, ezen iazko abuztuan, ezkontza batean, laurogei hazara hil zituzten. Baina etnia horrek talibanen jazarpena ere pairatu izan du aurretik; Ali Mazari buruzagi hazara, etniaren buruzagi politikoa, talibanek beraiek bahitu eta hil zuten. 1995eko martxoaren 12a zen, eta, egun horrek hazaren kontrako zapalkuntzaren abiapuntu berri bat ezarri zuen. Sobietarren inbasioan erresistentzian aritua zen politikaria, eta ondorengo urteetan federalismoa aldarrikatzen zuten ahots sendoenetako bat bilakatu zen. Hezbe Wahdat alderdia sortu zuen, hazaren arteko batasuna lortze aldera, baina haren hilketak sakabanaketa eragin zuen, eta horrek hazaren kontrako jazarpen sistematikoa ekarri zuen.

Heretikoak

Hazarek Hazarajat haranean dute jatorria. Afganistango hirugarren etnia dira, populazioaren %15 inguru, paxtunen eta tajiken ondoren; persieraz mintzatzen dira, eta islamaren adar xiitaren jarraitzaileak dira. Talibanentzat eta jihadistentzat heretikoak dira, munafiqin, eta horregatik jazarri izan zaizkie mendeetan, zapalkuntza itzelena talibanen garaian ezagutu badute ere.

Sobietar Batasunak 1989an alde egin zuen Afganistandik. Talibanek 1997an okupatu zuten Hazarajat, boterea eskuratuta xaria legea ezarri eta hurrengo urtean, eta, erresistentzia irmoa aurkitu bazuten ere, herria masakratu zuten. Giza Eskubideen Nazioarteko Erakundeak eta Amnesty Internationalek jakinarazi zutenez, ehunka hazara hil zituzten. Garbiketa etnikoa izan zen.

Orduz geroztik, zapalkuntzak ez zuen etenik izan, baina 2001. urtearen hasieran egoerak okerrera egin zuen. Talibanek Jakaulang barrutian sartu eta ehunka gazte hazara atxilotu zituzten. Najak barrutian elkartu zituzten, urtarrilaren 8an, eta goizeko zortzietan hil zituzten denak, ilara batean jarrita, bata bestearen atzetik fusilatuta. Edadetuak gerturatu zirenean, horiek ere hil egin zituzten.

Hurrengo asteetan eskualde osoan egin zituzten horrelako ekintza ankerrak, laztura zabaldu arte. Human Rights Watch erakundearen arabera, lau mila etxe, denda eta eraikin erre zituzten, eta mendebaldeko herrixka ugari suntsitu zituzten. Exodoa izan zen.

Hazarak Balutxistanen (Pakistan) eta Mashaden (Iran)ere bizi dira, gehienak aterpetuta. Hazarak inbaditzailetzat dituzte, mongoliarren aurpegiera baitute; sudur zapala, begi luzaranak eta masail zabalak. Gengis Khanen ondorengotzat dituzte, hain zuzen, nahiz eta euren jatorria ez dagoen erabat argi: aristokrata mongoliarrek XIII. mendearen hasieran inbaditu zuen eskualdea, tribu nomadak elkartuko zituen inperio bat eratzeko konkistan.

Hazarajat independente izan zen XIX. mendean. Kabul hiriburuan, baina, baztertuta zeuden harazak, eta 1970. urtera arte, adibidez, ezin zuten administrazio publikoan lan egin, ezta unibertsitatean ikasi ere.

Su-etena

Kabulgo atentatua oso garai berezian dator, talibanek eta okupazio indarrek aurreko asteburuan sinatu baitzuten bake akordioa, su-etena aldarrikatuz eta okupazio indarrek herrialdea uzteko bide orria zehaztuz. Itun historiko horrek talibanen eta gobernuaren arteko negoziazioak ere aurreikusten ditu. Ashraf Ghani Afganistango presidenteak, hain zuen, bihar ekingo dio bigarren agintaldiari, eta atzo, parlamentuan egindako agerraldian, adierazi zuen martxoaren 10ean talibanekin hitz egiteko prest dagoela.

Bake itunak, baina, interpretazio antagonikoak sortu ditu, presoen harira. Talibanek diote gobernuak 5.000 ekintzaile askatu behar dituela elkarrizketak abiatu aurretik, horrela hitzartu zutelako AEBekin. Ashraf Ghani presidenteak, baina, oso bestelako iritzia dauka, esan baitu «oso goiz» dela ekintzaile talibanak libre uzteko: «Lehentasuna su-etena da; beraz, bermatu behar dugu preso dauden talibanak ez direla borroka zelaira itzuliko».

Artean, indarkeria ekintzak ugaritu egin dira, eta oraindik ez dago zehaztuta negoziazio horiek non egingo diren.]]>
<![CDATA[«Marokoren nahierara ari da Espainia»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/024/001/2020-03-08/marokoren_nahierara_ari_da_espainia.htm Sun, 08 Mar 2020 00:00:00 +0100 Kristina Berasain Tristan https://www.berria.eus/paperekoa/1950/024/001/2020-03-08/marokoren_nahierara_ari_da_espainia.htm
Arancha Gonzalez Espainiako Atzerri ministroak idatzitako txio batek zeresan handia eman du. Koalizio gobernuko ordezkari bat Fronte Polisarioko ordezkari batekin elkartu izana justifikatzen zuen txioan. Nola hartu duzue mezu hori?

Atentzioa eman digu, bereziki formengatik, ez baita ohikoa diplomazian estatu bateko ministroak azalpenak eman behar izatea publikoan horrelako kontu batengatik. Espainiako agintariak maiz bildu dira gurekin azken 44 urteetan; hortaz, ez dugu ulertzen zergatik desenkusatu behar izan duen ministroak oraingoan, ez bada xantaia huts batengatik. Marokoko Gobernuko Atzerri ministroak egin zion deiarengatik idatzi zuen txioa. Badakigu presioa eta manipulazioa etengabeak direla.

Podemos koalizio gobernuan egotearen beldur al da Maroko?

Urduri dagoela esango nuke. Maroko lehenengo minututik saiatu da koalizio gobernu berriaren jarrera neurtzen eta baldintzatzen. Podemosek oso mezu sendoa izan du Saharako herriaren eskubideen alde, autodeterminazioaren eta independentziaren alde, eta, ageriko konpromiso horren aurrean, presioa are itzelagoa da, noski. Espainiak Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa ez duela aitortzen esatera atera behar izan du ministroak. Espainiako Gobernua, hala ere, azken urteotan saihesten ari da Saharako herriaren autodeterminazio eskubideari erreferentzia egitea. Marokoren diskurtsoa bere egiten ari da, eta dinamika horretan kokatzen dugu azken asteotako zalaparta.

Podemosekin Saharako auziak beste norabide bat hartuko duen itxaropena al duzue?

Sahararrok berez baikorrak gara, eta bai, badugu itxaropena. Espainiaren akats historikoa zuzentzeko unea dela uste dugu, baina, zuhurrak ere bagara, eta jakin badakigu estatu politika egitea ez dela erraza, hortaz, arretaz zelatatuko dugu. Espainiak erantzukizun historikoa eta politikoa dauka sahararrekin, eta, hortaz, horri erantzun behar dio. Hori da exijitzen dioguna, nazioarteko zuzenbidea errespetatzea, eta ebazpenetan jasota dagoena gauzatzea.

Podemosek ez du ministroaren jarrera salatu, publikoki behintzat...

Podemosek ez du bere jarrera aldatu, eta guk koherentzia eskatuko diogu, hitzekin eta ekintzekin. Sahararrok ekintzak nahi ditugu. Urteetan hitz asko entzun ditugu, promesa asko, alderdi guztien aldetik, eta, gero, agintera iristean, hutsean geratu dira promesa horiek. Espero dezakegun bakarra da kontraesan gehiagorik ez egotea. Goiz da ondorio sakonak ateratzeko, baina espero dugu alderdiak orain arteko koherentziari eustea, eta, horrela ez bada, jarreraz aldatzen badu, gu izango gara aurrenekoak hori salatzen.

Traiziorik handiena PSOErena izan da. Fronte Polisarioaren Espainiako ordezkari zaren heinean, hitzartua al daukazu bilera Pedro Sanchezekin?

Atzerri Ministerioaren bidez bideratzen ditugu elkarrizketak, eta bilera bat eskatu dugu, besteak beste, azken gertaerez hitz egiteko. Oraingoz, erantzunaren zain gaude.

Zer eskaera egingo diozue?

Espainiak Mendebaldeko Saharako potentzia administratzailea izaten jarraitzen du deskolonizazio prozesua bururaino eraman arte. Espainiak ez du beldurrik izan behar sahararren autodeterminazio eskubidea aipatzeko. Nazioarteko legedia errespetatzea eta giza eskubideak errespetatzea baino ez diogu eskatzen. Marokok Mendebaldeko Saharan sartu nahi zuen delegazio katalan bat kanporatu berri du. Lurralde okupatuetan ekintzaile sahararrek bizi duten egoera bertatik bertara ikusi nahi zuten, baina kanporatu egin dituzte, eta gobernuak oraindik ez du ezer esan. Marokoren eta Espainiaren aldebiko harremanen adierazle da isiltasun hori. Epaiketa batera zihoan abokatu bat ere kanporatu dute, estatuaren abokatuaren izenean zihoana. Eta ez da erreakzio bakar bat ere izan. Espainiak men egiten die Marokoren nahi espantsionistei.

Espainiak itxi berri du sahararrek tramiteak egiteko Aaiunen zuten egoitza ere.

Bai. Tramiteak egiten zituzten han, eta orain ehunka kilometro egin behar dituzte tramite horiek egiteko. Maroko presioa egiten ari zaio Espainiari Mendebaldeko Saharan kontsulatu bat zabaldu dezan, lurraldearekiko subiranotasuna aitortzeko modua bailitzateke. Marokok Espainiarekin egiten duen etengabeko xantaia politikoaren beste adibide bat da.

Estrategia berri bat ere jarri du abian. Hainbat herrialdek kontsulatuak zabaldu dituzte Mendebaldeko Saharan.

Herrialde horiek ez dute inolako interesik Mendebaldeko Saharan. Afrikako estatu txikiekin egin dute, trukean dirutza ordainduta, horrela okupazioaren statu quo-ari eutsi ahal izateko. Mekanismo berri bat da, baina herrialde ñimiñoak dira, gutxi batzuk, beste batzuk uko egin baitiote horri. Orain, Europako estatuekin saiatzen ari dira.

Mendebaldeko Saharako urak ere bereganatu nahi ditu. Marokoko Parlamentuak lege bat onartu du itsas eremua bereganatzeko.

Horrek politikoki ez dauka ibilbiderik, juridikoki oso argi zehaztuta dagoelako norenak diren ur horiek. Marokok ez du ez gure lurraren eta ez gure uraren gaineko subiranotasunik. Auzi horrekin beste interpretazio bat egiten dugu: Kanaria uharteetako urak ere bereganatu ditu lege horren bidez. Horrela, Espainia behartu nahi du hitz egitera, eta, dinamika horretan, akaso, Espainia behartuko du aitortzera Marokok Mendebaldeko Saharako itsas eremuaren subiranotasuna daukala. Azpijoko bat da.

Espainiak ez du ezer esan...

Marokoren nahierara ari delako. Espainiak ez dio irmo erantzuten, atzean immigrazioaren gaia dagoelako, drogen trafikoarena, arrantza interesena, Ceuta eta Melilla... Espainiak irmotasunez erantzun beharko lieke xantaia etengabeei.

Marokok duela 44 urte okupatu zuen Mendebaldeko Sahara. Paperean idatzita dago irtenbidea. Zergatik ez da gauzatzen?

Interes ekonomikoak nazioarteko legediaren eta giza eskubideen mendean jartzen diren bitartean, sahararrok realpolitik-aren biktima izaten jarraituko dugu, nazioarteko politikaren inkoherentziaren eta hipokrisiaren biktima. Bake plana garatu behar da. Irtenbidea oso erraza da, baina betikotzen ari da, eta sahararron pazientzia bukatzen ari da. 29 urte dira su-etena sinatu genuela, eta ordutik ez bakean eta ez gerran bizi gara. Su-etenari eusteak asko esaten du herri honen izaeraz.

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak esan berri du kolonialismoa amaitu behar dela.

Afrikako azken kolonia da Mendebaldeko Sahara. Eta Afrikan bertan egin zituen adierazpen horiek, pikoa zauriaren gainean jarriz, alegia. Diskurtsoa praktikara eraman behar du; lotsagarria da. Abenduan esan genuen bake plana berraztertu egingo genuela ez bada neurri zehatzik hartzen. Autodeterminazio erreferendumaren zain gaude, eta hori eskatzen dugu, ordezkari bat izenda dezatela, berandu baino lehen, eta negoziazioak martxan jar ditzatela. Ez dugu beste dinamika bat onartuko. Hori da gure jarrera. Borroka eta erresistentzia bere horretan daude.

Umea zinela gertatu zen okupazioa. Zer gogoratzen duzu?

Okupazioaren unean 9 urte baino ez nituen. Aaiunen sartu ziren batailoiak ditut gogoan, etxez etxe nola ibili ziren, guk futbolean jokatzen genuen bitartean. Anaia gerran hil zuten. Nik, gerora, beste hogei sahararrekin, Tangertik Ceutara egin nuen ihes, modu klandestinoan. Tindufera bidali gintuzten. Handik Kubara joan nintzen ikastera.

BENETAKO EPOPEIA BAT]]>
<![CDATA[Azpimundu batean bakartuta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/012/001/2020-03-07/azpimundu_batean_bakartuta.htm Sat, 07 Mar 2020 00:00:00 +0100 Kristina Berasain Tristan https://www.berria.eus/paperekoa/1872/012/001/2020-03-07/azpimundu_batean_bakartuta.htm
Emakunderen azken txostenaren arabera, 2.000 emakumetik gora jarduten dira prostituzioan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. %10 salerosketa sareen biktimak dira. Migratzaileekin lan egiten duen Migratzaile Eskubidedunak sareak ikusgarri egin nahi izan du errealitate ikusezin hori, migrazioarekin zuzenean lotuta dagoen arazoa baita. Salerosketaren biktima diren emakumeak: errealitate bat babes eske hitzaldiak hiru aditu elkartu zituen mahaia baten inguruan herenegun, Donostian: Maria Luisa del Pozo, Bilboko Oblatetako kidea eta gizarte langilea, Teresa Giron Odos proiektuko kidea eta abokatua, eta Teresa Compte Grau, Politika Zientzietako doktorea.

Hiru hizlariak bat etorri ziren emakumeen salerosketa sistema kapitalistaren eta patriarkalaren ondorio dela. Del Pozok argi dauka «sistema zital bat» dela: «Emakumeen salerosketak sistema horri erantzuten dio, gizarte matxistari eta patriarkalari, non gizonek baitaukate boterea, emakumeen kalterako, eta badakigu sistema kapitalistak hil egiten duela, bazterketa eragiten duela, hazkunde ekonomikoa giza eskubideen gainetik ezartzen duelako».

Maria Luisa del Pozo, Teresa Giron eta Teresa Compte Grau, Donostiako mahai inguruan. Juan Carlos Ruiz / Foku

«Negozio itzela»

Compte Grauren hitzetan, emakumeak «finantza aktiboak» dira «zapalkuntza, ekoizpena eta errentagarritasuna» ardatz dituen sistema kapitalistan. Politika Zientzietako doktoreak «gorputzen eskarian» jarri zuen arreta: «Salerosketa negozio bat da, negozio itzel bat, eta emakumeen gorputza oso errentagarria da, aldi berean sexurako, lanerako eta ugalketarako esplota daitekeelako». Gaur egungo esklabotza da. Huelvan (Espainia) marrubia biltzeko zelaietan ari diren emakumeen egoera jarri zuen adibide gisa: «Goizean lanerako esplotatzen dituzte, eta gauean sexurako». Azpimundu horretan dauden errealitate paraleloak ankerrak dira: «Batzuetan, goizetan lanerako esplotatzen dituzten gizonak dira gero, gauean, sexualki emakumeak esplotatzen dituztenak. Delituak delitura darama, eta miseriak miseriara».

Eredu hori aldatu ezean, nekez amaituko da emakumeen salerosketa. Gironen arabera, emakumeen salerosketa immigrazioari lotutako arazoa da: «Biktima guztiek hiru ezaugarri dituzte: pobrezian bizi dira, paperik gabe, eta bakartuta». Zeharkaldietan emakumeen eskubideak etengabe urratzen direla ere salatu zuen: «Ez da berdin zeharkaldia gizonek edo emakumeek egitea. Jatorrian eta helmugan ez ezik, bidean zehar ere urratzen dira euren eskubideak. Marokoko basoetan, patera hartzeko zain ezkutatuta egoten diren hilabeteak dira okerrenak». Europara iristeko bidean indarkeria mota askoren biktima direla aipatu zuen, «oso egoera zaurgarrian» daudelako: «Emozionalki eta fisikoki akituta, dokumentaziorik gabe, eta ez dugu ahaztu behar bizimodu latzetatik ihesi doazela, behartutako ezkontzetatik edo mutilazio genitaletik ihesi. Batzuetan, hemen aurkitzen dutena jaioterrian zutena baino makurragoa da».

Gironek Odos proiektuan egiten du lan. Montillan (Cordoba, Espainia) etxe bat daukate hegoaldeko mugara iristen diren emakumeak eta haurrak artatzeko. Jada 174 pertsona jaso dituzte etxean, 86 emakume, 56 neskato eta 35 mutiko. «Neskatoak gehiago dira, amek ablaziotik babestu nahi dituztelako alabak. Guk asiloa eskatzeko aukera helarazten diegu, nazioarteko babesa jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztelako».

Biktimen soslaia

Bilboko Oblaten Leiho Zabalik programan parte hartzen duten emakumeen soslaia ere antzekoa da. «Hogei herrialdetako emakumeak jaso ditugu, 18 eta 35 urte bitartekoak, kultura, etnia eta erlijio ezberdinetakoak». Del Pozok zehaztu du, dena den, ezin dela argazki bakar bat egin, askotariko errealitateak bizi izan dituztelako eta tartean badirelako unibertsitate ikasketak dituztenak ere: «Iaz, 216 emakume artatu genituen; horietatik, 98 lehenbiziz artatu genituenak dira, eta horietatik 29k euren egoera salatzeko ausardia izan zuten».

Salerosketaren biktimek proxenetak salatzeko zer zailtasun dituzten, horretaz mintzatu ziren adituak. «Bakoitzak istorio bat dauka, eta horren arabera kokatzen da bizi duenaren aurrean. Badira emakume batzuk bizi duten egoera izugarria izanda ere ez dutenak egoera hori delitu gisa identifikatzen». Giron bat dator Del Pozorekin: «Aintzat hartu behar da batzuetan salerosketaren erantzuleek mehatxatuta daudela, edo euren senideak daudela mehatxatuta».

Legediak alde horretatik dituen hutsuneak salatu zituzten. Hiru hizlariek iritzi diote legea zaharkituta dagoela eta ez dituela emakumeak babesten. Gironen esanetan, ezin da izan biktimak salaketa jarri behar izatea biktimatzat aintzat hartua izateko: «Euren eskubideak urratzen diren momentutik babestu behar dira; erantzukizuna ezin dugu jarri emakumeengan». Compte Grauk ere uste du estatuak emakume horien eskubideak bermatu behar dituela, salaketa jarri edo ez: «Lehentasuna da sare horiek bilatzea eta desegitea, eta erantzuleak zigortzea».

Del Pozok adierazi zuen lege integral bat egiteko abagunea dela: «Palermoko Protokoloak salerosketaz egiten duen definizioa oso hertsia da, eta berraztertu egin beharko litzateke, emakume batzuk jakinda sartzen direlako sareetan, baina baimen hori ez da hutsala».

Azpimundu ilun horretatik atera diren emakumeen kemena ere aipatu zuten. Del Pozok salaketa jarri zuen emakume batekin akordatu zen: «Une horretan esan zuen bera ez zela inoren esklaboa, beti izan zuela barruan inork kendu ezin zion indarra».]]>
<![CDATA[«Bortxatzen duenak ez du plazer sexualagatik egiten»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1864/022/001/2020-03-06/bortxatzen_duenak_ez_du_plazer_sexualagatik_egiten.htm Fri, 06 Mar 2020 00:00:00 +0100 Kristina Berasain Tristan https://www.berria.eus/paperekoa/1864/022/001/2020-03-06/bortxatzen_duenak_ez_du_plazer_sexualagatik_egiten.htm
Alboan gobernuz kanpoko erakundeari esker etorri da Euskal Herrira. BERRIA-rekin hizketan ari dela, telefonoan jaso berri duen argazki bat erakutsi nahi izan du. Emakume bat agertzen da irudian, hila, lurrean etzanda, sastraka artean, baginan punta zorrotzeko makila bat sartuta duela. «Beni eskualdean agertu da».

2007ko irailaren 18an, soldaduak zure etxean sartu ziren. Zer gertatu zen?

Nire bizitzako egunik gogorrena izan zen. Nazioarteko Zigor Auzitegia Kivu iparraldeko krimenak ikertzen ari zen, eta nik sexu indarkeriaren biktimen lekukotasunak biltzen nituen, inkestak egiten nizkien biktimei. Egun hartan soldaduak fitxak bilatzera etorri ziren etxera, baina fitxak ez zeuden etxean, bulegoan baizik. Nire sei seme-alabak lotu zituzten, pistola ateraz, eta, mendeku gisa, nire bi alabak 40 minutuz torturatu zituzten. Soldadu bat 21 urteko alaba bortxatzen saiatu zen, baina, ez zuenez lortu, labanaz eraso zion. Oso latza izan zen. Une hartan nire lana uztea pentsatu nuen; ezin nuen besteak laguntzeko nire alaben bizitza arriskuan jarri, baina laguntzen nituen emakumeak etorri ziren etxera, eta esan zidaten nik abandonatzen banituen gauzek okerrera egingo zutela. Erabaki zaila izan zen, baina zorionez aurrera egitea erabaki nuen, ekintzaile izaten jarraitzeko indarra eta itxaropena eman zizkidan horrek.

Zure aktibismoa zigortzeko ekintza bat izan al zen?

Hala da. Soldaduek ez zuten nahi egiten zituzten sarraskiak salatzea eta dokumentatzea. Paramilitarrak ziren.

Salaketa jarri zenuen. Justizia egin al da?

Ez dute inor zigortu. Nazioarteko Zigor Auzitegian zigortu dituzte, baina beste krimen batzuengatik, ez nire etxean gertatutakoagatik. Nik neuk deklaratu dut Nazioarteko Zigor Auzitegian. Kivu iparraldean krimen latzak gertatu dira: hilketak, sarraskiak, bortxaketak...

Urtean 100.000 emakume bortxatzen dituzte Kongon.

Hori esaten dute, baina kopuru hori ez da zehatza, emakume askok ez dutelako salaketarik jartzen. Emakume batek lotsa sentitzen du bortxatua izan bada; ezkutatu egiten du, komunitateak eta familiak estigmatizatu eta zokoratu egiten duelako. Bigarren krimen bat da.

Emakume izate hutsaren ondorioa....

Bai. Gure herrialdeko tradizio eta ohituren arabera, emakumea gizonen azpitik dago, objektu baino ez da, eta gizonek, ezkontzean, dotearekin batera jasotzen duten zerbait dela uste dute, hiru ahuntz edo etxe bat dituzten bezala.

Herbehereetako gizon batek behin esan zidan gizon izateak lotsa ematen ziola gure herrialdean gizonek egiten dutena ikusita. Emakume bat bortxatzen duenak ez du plazer sexualagatik egiten, emakumeari min egiteagatik egiten du, hura suntsitzeko. Denetarik sartzen diete, baita punta zorrotzeko objektuak ere, genitalak erabat hondatuz. 35 urteko gizon batek 8 hilabeteko haur bat bortxatzen duenean, suntsitzeko bortxatzen du. Suntsitu egin nahi gaituzte. Botere kontu bat da ere. Hiesaz kutsatutako paramilitarrek uste dute emakume birjina bat edo haurtxo bat bortxatuta sendatu egingo direla.

2002an sortu zenuten SFVS. Zertan aldatu dira gauzak?

18.000 emakume artatu ditugu eratutako sarearen bidez. Guregana etortzen diren emakumeak etsita datoz, bizitzeko gogorik gabe, baina, gure laguntzari esker aurrera egiteko kemena aurkitzen dute. Hori da gure lorpenik handiena, emakume horiei zutitzen laguntzea. Ondorio fisikoak eta psikologikoak dituzte, traumatizatuta datoz, eta guk artatu egiten ditugu, gizarteratzen laguntzen diegu eta aholkularitza juridikoa ematen diegu.

Gizarteak kontzientzia hartzea da beste lorpen bat, gero eta ezagutza handiagoa baitago komunitateetan. Sentsibilizazio lan handia egiten dugu, baita tribuetako buruzagiekin ere. Gobernuak sexu indarkeriaren kontra onartutako legeak ere aipatu behar dira, berdintasun legea ere bai. Aurrerapauso handiak eman ditugu, eta paperean behintzat onartzen dituzte gure eskubideak; beste kontu bat da praktikara eramatea. Legeak hor daude. Orain gure erronka da horiek betearaztea.

Testigantza latzak jaso dituzu, tartean masan egindako bortxaketenak. Zein da iluntasun horren irakaspena?

Oso zaila da egunero bortxatuak izan diren emakumeak entzutea, baina beharrezkoa da. Suntsituta dagoen pertsona bat beste pertsona baten laguntzarekin berrosatu daitekeela ikustea da irakaspena. Gizakiek pertsonak suntsitu ditzakete edo pertsonak berrosatu. Norberaren hautu bat da. Alde batean edo bestean egon zaitezke. Gizateriak hori dauka ikasteko.

Zaila da emakume izatea, are gehiago gerra testuinguru batean, baina egun batean pozez biziko gara emakume jaio izanagatik. Fededuna naiz. Besteak gu bezainbat maite behar ditugula pentsatzen dut, eta emakumeengan sinesten dut, dugun indarrean sinesten dut, egunero ikusten baitut dugun indarra. Egunetik egunera are handiagoa da gure indarra .

Zu zeu jazarrita zaude emakumeen eskubideak defendatzeagatik, ezta?

Bai. Nire konpromisoaren ondorio bat da. Jendeak ez du onartzen nire bizitzaren parte bat besteak laguntzeko izatea; gertukoek ere ez dute onartzen hori, ezta nire senarra zenak ere. Etxean egotea eta familia zaintzea nahi zuen, ez komunitateko emakumeak laguntzea. Ez zuen ulertzen emakume ekintzailea izan nahi nuela. Gizonek ez gaituzte laguntzen eta ez gaituzte ulertzen, baina emakume guztien artean familia bat osatu dugu, eta oso polita da hori, elkar babesten dugulako. 2012tik 2014ra Belgikara erbesteratu behar izan nuen, mehatxatuta nengoelako, eta emakume horien falta sumatu nuen gehien.

Kongo gerra etengabean bizi da aspalditik. Han daude munduko koltan erreserben %80. Koltana al dago gerra horien jatorrian?

Hala da. Kongo oso herrialde aberatsa da mineraletan, eta natur baliabideen ustiaketak etengabeko indarkeria eragiten du. Koltanaz gain, bestelako lehengaiak ere badaude: urrea, diamanteak, wolframa, petrolioa, egurra... Kongok baliabideetan aberatsa izateko zorigaitza izan du. Herrialdea aberatsa da, baina herritarrak pobreak dira, oso baldintza gogorretan bizi dira, egunean dolar bat baino gutxiagorekin. Drama hutsa da. Ustelkeria da beste arazo bat.

Felix Tshisekedik irabazi zituen 2018ko abenduko hauteskundeak. Zerbaitetan aldatu da egoera gobernu berriarekin?

Ez da ezertan aldatu. Gobernua ustela da. Huts egin duen estatu batean bizi gara. Joseph Kabilak bere lekukoa pasa zion Tshisekediri. Oposizioak irabazi zituen hauteskundeak, eta itxaropena piztu zen, baina iruzurra egin zuten, et,a protestak egon arren, aginteari eutsi zioten.

Kivun bereziki da larria egoera?

Hogei urtez luzatzen ari da gatazka. Kivun bakarrik 30 talde armatu baino gehiago daude, eta talde horien liskarretan emakumea da lehen biktima. Bortxaketa gerra arma gisa erabiltzen dute. Mineralak kontrolatu nahi dituzte, gero saldu eta trukean armak erosteko. Indarkeria ziklo etengabea da. Gerra ekonomiko bat da, mineralak kontrolatzeko gerra. Kongok bederatzi herrialderekin egiten du muga; handik ateratzen dituzte mineralak. Kivuk Uganda, Ruanda eta Burundirekin egiten du muga, eta hortik esportatzen dute koltana. Asiara eramaten dute, eta, han prozesatu ostean, mundu osoan banatzen dute.

Denok erabiltzen ditugu sakelakoak, baina jakin behar dugu koltanaren atzean zer dagoen; ez ditugu ahaztu behar meategietan lan egiten duten haurrak, egun osoz, mineralak eskuekin ateratzen, eta meategien inguruetan prostituzioan aritzen diren neskatoak, sexualki esplotatzen dituztenak.

Koltanak ez dauka arazorik herrialdetik atera eta mugak zeharkatzeko. Pobreziatik eta gerratik ihes egiten duten herritarrek, aldiz, mugak itxita dauzkate.

Hala da. Tragedia hutsa da. Gosetik eta segurtasun faltatik egiten dute ihes, eta bidean arrisku asko dituzte, bereziki emakumeek eta haurrek. Ugandara, Ruandara eta Kenyara joaten dira asko, errefuxiatu guneetara, eta, aukera badute, iparraldera jotzen dute gero, Libiara. Basamortua zeharkatu behar dute, eta mafiei ordaintzeko dirua behar duzu.

Non dago irtenbidea?

Justizia egin behar da, ustelkeriaren kontra borrokatu behar da, eta zigorgabetasuna amaitu. Gobernu zintzoak behar ditugu, eta, bestetik, mineralen trazabilitate sistemak ezarri behar dira, mineral horien jatorria, ibilbidea eta helmuga zehazteko. Arauak ezarri behar dira legez kanpo ustiatutako mineralekin egindako produkturik ez ekoizteko. Gatazkarik gabeko teknologia bat aldarrikatu behar dugu.

Afrikaren etorkizuna emakumeena dela esaten da. Emakumeak boterean egongo balira, gauzak bestelakoak izango al ziren?

Baietz uste dut. Emakumeok gertukoak zaintzeko joera dugu. Gizonak, aldiz, euren buruarengan baino ez dute pentsatzen. Emakumeok eskuzabalagoak gara. Kontua da gizonek ez dutela boterea galdu nahi, ez dute boterea emakumeengan utzi nahi. Gure erronka da pixkanaka-pixkanaka tokian tokiko boterea bereganatzea, gure komunitateetan, eta behetik gora egitea, gure printzipioak galdu gabe.]]>
<![CDATA[«Kongon sistematikoak dira bortxaketak, gerra arma gisa erabiltzen baita emakumea»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1898/023/001/2020-03-06/kongon_sistematikoak_dira_bortxaketak_gerra_arma_gisa_erabiltzen_baita_emakumea.htm Fri, 06 Mar 2020 00:00:00 +0100 Kristina Berasain Tristan https://www.berria.eus/paperekoa/1898/023/001/2020-03-06/kongon_sistematikoak_dira_bortxaketak_gerra_arma_gisa_erabiltzen_baita_emakumea.htm
Angola, Etiopia, Hegoafrika, Hego Sudan, Kamerun, Kenya, Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Marokon indarkeria matxistatik bizirik ateratako emakumeen argazkia atera dute, eta, bertatik bertara askotariko errealitateak bizi badituzte ere, ondorio bakarra helarazi dute: Afrikan etengabea da emakumeen kontrako indarkeria, bereziki sexuala, eta bereziki ihesean daudenen edo errefuxiatuta edo desplazatuta bizi direnen aurkakoa.

Maria del Mar Magallon Alboaneko zuzendariak azaldu du zein den egitasmoaren helburua: «Txostenean sufrimendua, injustizia eta zigorgabetasuna daude, baina emakume hauek ondratu eta lagundu nahi baditugu, ezin gara hor geratu. Bizitza seguru bat nahi dute, aurrera egin, eta esperientzia beretik pasatu diren emakumeei lagundu nahi diete. Laguntzea da gure erronka».

Opari baten erantzukizuna

Emakumeok Martxan egitasmoa nola sortu zen ere azaldu du Magallonek: «Opari batekin hasi zen hau. Rafael Miezak gure esku utzi zuen bere ondasunen parte bat, testamentuan hala idatzita, eginkizun zehatz batekin: Afrikan genero indarkeriaren biktima izan ziren emakumeei laguntzea. Opari bat izan zen, baina erronka bat ere bada, erantzukizun handikoa». Mieza «gizon xumea eta solidarioa» zela dio Magallonek: «Gure gertukoa zen. 2015eko irailaren 27an hil zen, eta, ondo hausnartu ostean, diagnostikoari ekin genion. Orain, ekintza plana jarriko dugu abian».

Berez soilik ihesean, errefuxiatuta edo desplazatuta bizi diren emakumeengan jarri behar zuten arreta, baina salbuespen bat egin dute: «Kongoko Errepubika Demokratikoan emakume guztiekin lan egitea erabaki dugu, herrialde horrek bizi duen indarkeria maila ezin delako beste ezein herrialdetakoarekin alderatu. Kongon sistematikoak dira bortxaketak, gerra arma gisa erabiltzen baita emakumea, bereziki Kivu iparraldean».

Txostenak jasotzen dituen testigantzak dira horren lekuko; seme-alaben aurrean bortxatutako emakumearena, ondoren haren aurrean alaba bortxatu dutenarena, sei egun eta gauez basoan bortxatutako emakumearena, taldean bortxatu dutenarena, klitoria moztu diotenarena, mafiek salerosi dutenarena, bortxaketa batean haurdun geratutako gaztearena, bortxatutakoan ahotsik gabe geratu denarena, senarrak zokoratuta duenarena...]]>
<![CDATA[«El Salvador inoizko ataka zailenean jarri du Bukelek bake ituna sinatu zenetik»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1978/018/001/2020-02-21/el_salvador_inoizko_ataka_zailenean_jarri_du_bukelek_bake_ituna_sinatu_zenetik.htm Fri, 21 Feb 2020 00:00:00 +0100 Kristina Berasain Tristan https://www.berria.eus/paperekoa/1978/018/001/2020-02-21/el_salvador_inoizko_ataka_zailenean_jarri_du_bukelek_bake_ituna_sinatu_zenetik.htm Che eta Agustin Farabundo Martiren irudiak ditu bulegoko apaletan. Francisco Valenciak (Santa Tecla, El Salvador, 1960), Co Latino egunkariko zuzendariak, «arrazoi iraultzaileengatik» ikasi zuen kazetaritza: «Ezin diot iraultzailea izateari utzi. Sozialismoa gizateriarentzako irtenbidea dela pentsatzen dut. Horregatik naiz gerrillari. Hamabi urteko gerran armekin aldarrikatu genuen hori, eta orain, hitzekin aldarrikatzen dut».

PRTC Erdialdeko Amerikako Langileen Alderdi Iraultzailean aritu zen, batez ere propaganda lanetan -FMLN Nazio Askapenerako Farabundo Marti Fronteko adar bat zen PRTC-, eta garai hartatik, ideologiaz haratago, bizarra eta txapela mantentzen ditu, gaur egun «mahuka luzeko alkandorak» janzten baditu ere.

Co Latino Erdialdeko Amerikako egunkaririk zaharrena da, El Salvadorko dekanoa, 130 urteko historia duena, ia erabat modu artisauan egiten dena eta kooperatiba moduan funtzionatzen duena: «1989an, langileek hartu genuen egunkariaren zuzendaritza, gerrako urterik zailenetan». Egun, prentsa askatasuna mehatxatuta dagoela dio: «Gobernuak publizitatea kendu digu». BERRIA-rekin «pozarren» mintzatu da telefonoz: «Euskal Herrian izan nintzen 2014an, egunkariaren erredakzioan ere izan nintzen».

Nayib Armando Bukelek duela urtebete irabazi zituen bozak, eta ekainean hartu zuen presidente kargua. Hilaren 9an, militarrak sartu zituen parlamentuan. Zer deritzozu horri?

Oso larria izan zen. El Salvador berez oso egoera nekezean dago, eta presidenteak ondorio latzak eragin zitzakeen krisi baten atarian jarri du herrialdea, egiten ari zenaz erabat ohartu gabe. Katastrofe itzela eragin zezakeen. Gerra zibiletik ez genuen horrelakorik bizitzen, oso ekintza biolentoa izan baitzen. Bake akordioa sinatu zenetik inoizko ataka zailenean jarri du El Salvador. Gerra ezagutzen dugunoi erregimen militarren ekintza autoritarioak etorri zitzaizkigun gogora, eta oso kezkatuta gaude. Bukelek ez zuen soilik errepublikaren konstituzioa urratu; bake akordiotik eratorritako erakundeen oinarriak ere urratu zituen, zuzenbide estatua bera urratu zuen.

Auzitegi Gorenak botere banaketa bermatzeko eskatu zion Bukeleri; horrek agindu zuen errespetatu egin zuela. Damutu al da?

Ez nuke esango damutu denik, bere diskurtsoetan behintzat oso hitz probokatzaileak erabiltzen ari baita. Mezu peioratiboak egin ditu beste organoen kontra, sistemak bere burua babesten duela salatuz eta Gorenaren erantzuna kritikatuz. Konstituzionalak bertan behera utzi du ministroen kontseiluak deitutako parlamentuko saio hura, eta debekatu egin du militarrak baliatzea itunak jasotzen ez dituen ekintzetarako. Hori oso inportantea da. Bukelek, izan ere, matxinadarako deia egin zuen, eta nazioartetik kritika zorrotzak jaso zituelako bakarrik ez du aurrera egin.

Talde kriminalei aurre egiteko, Bukelek 109 milioi dolarreko mailegua eskatu nahi zuen. El Salvadorko arazorik handienetako bat da mara taldeena, handiena ez bada. Zergatik sortu du polemika mailegu horrek?

Bukelek herritarrak limurtu ditu diskurtso horrekin. Egia da indarkeriari aurre egiteko baliabideak behar direla, baina ez dugu ahaztu behar agintean daramatzan zortzi hilabeteetan parlamentuak jada hainbat partida onartu dituela horretarako. Aurreko gobernuak lege bat onartu zuen urtean ehun milioi dolar segurtasunera bideratzeko, eta aurtengo aurrekontuetan milioi gehiago bideratzea ere onartu da; hortaz, horretarako dirua egon, badago.

Oposizioak salatu du militarizazioa sustatu nahi duela.

Hala da. Parlamentuak onartu ez duena zera da, gerraontzi bat eta helikoptero bat erosteko partida, eta bideozaintzarako partida. Segurtasun Publikorako ministrordea hegazkin pribatu batean joan zen Mexikora, eta presidenteak uko egin zion azaltzeari nork finantzatu zuen bidaia hori. El Faro egunkari digitalak egindako ikerketaren arabera, enpresa batek ordaindu zuen bidaia; hain zuzen, bideozaintza lanak egiten dituenak. Bukelek ez du horretaz informatu nahi izan, eta diputatuek horregatik eten dute maileguarena, susmoak daudelako segurtasunetik harago estatuak negozioak egiteko ere baliatu nahi duela diru hori. Etika Legeak ez du horrelakorik baimentzen.

Francisco Valencia El Salvadorko 'Co Latino' egunkariko zuzendaria gerrillari zeneko argazki batean -ezkerretik hasita bigarrena-.

Bukelek Arenaren eta FMLNren bipartidismo historikoarekin amaitu zuen, eta sostengu handia dauka herritarren artean, %80koa, besteak beste indarkeria murriztu duelako. Aurreko agintariei marekin lotura izatea egotzi die ere.

Bai, babes handia dauka. Ez dakit azken ekintza horren ostean babes horri eutsiko dion edo ez. Nik ezetz espero dut. Maren gaia oso konplexua da; El Salvadorko eremu ugari pandilleroen eskuetan daude, eta alderdi politikoak maiz egon dira behartuta haiekin hitz egitera eta negoziatzera, tartean kanpainan ekitaldi politikoak egin ahal izateko. Bukele esaten ari da berak lurraldearen erabateko kontrola daukala, baina hori ez da egia: hainbat eremutatik pasatu ahal izateko edo hainbat eremutan sartu ahal izateko, pandilleroei baimena eskatu eta ordaindu egin behar zaie. Bukelek ere negoziatu du haiekin, adibidez hiriburuaren berrordenamendua egiteko alkate zenean. Hemen, alderdi politiko guztiek negoziatu behar izan dute marekin ezinbestean.

Baina egia al da giza hilketak murriztu direla?

Bukelek egin duena txalogarria da, baina aurreko gobernutik datorren joera bat da. Salvador Sanchez Ceren [FMLN] presidenteak abian jarritako planari esker, eguneko batez besteko hilketak hogeitik zortzira murriztu ziren. Bukelek hiru hilketara murriztu du batezbestekoa, nahiz eta ikerketa batzuen arabera jaitsiera ez den horrenbestekoa. Kontaketa sistema bera aldatu duela ere esaten da; esaterako, gazte taldeen arteko borroken ondorioz hiltzen direnak ez ditu aintzat hartzen, edo desagertuak, baina egia da, hala ere, giza hilketak murriztu egin direla.

Maren fenomenoa munstro bat da. El Salvadorrek duen arazo handiena al da?

Arazo itzela da, baina indarkeria errotik landu beharreko fenomenoa da, ez azaletik, eta arazo estruktural batez ari gara, jatorrian pobrezia duena. AEBetan sortu ziren marak ,eta auzorik txiroenetan eta familia desegituratuetan errotu dira. El Salvadorren, izugarria da aberatsen eta pobreen arteko aldea: 160 familiaren esku dago barne produktu gordinaren %80. Urtean 26.000 milioi dolarrekoa da barne produktu gordina. Ekonomia ere geldotuta dago: azken hamar urtetan, urteko hazkundea bi puntukoa izan da batez beste, tarteka laukoa, baina aurten bi puntu jaitsiko dela iragarri dute.

Bukele FMLNko kide izan zen. Bozetan GANA Batasun Nazionalerako Aliantza Handiarekin lehiatu zen. Maitatua bezainbat da gorrotatua. Nola definituko zenuke?

Oso bitxia da. Nik uste dut herrialdearen arazoak konpontzeko aukera izan duela, eta herritarrek hori ikusi diotela, baina aukera hori pikutara bota du bere izaeragatik: oso egozentrikoa da, nabarmenkeria atsegin duena, oso populista. Berak bere burua izendatu zuen munduko presidenterik cool-ena. Esango nuke orain ezagutzen ari garela zein den, eta miresten zutenek ere desengainua hartu dutela. Bere buruari selfie-ak egitea da bere kezkarik handiena, eta sare sozialetan gau eta egun jolasten egoteak zer pentsatua ematen du. Bere kapritxoei begira ari da. Eskutik joan zaio dena.

Parlamentuko saioan jainkoa aipatu zuen: «Jainkoari galdetu diot, pazientzia izateko esan dit».

Hori oso kezkagarria da. Parlamentuak ezin du inoiz izan erlijio ekintzetarako lekua. Erlijioa eta politika nahastea oso arriskutsua da; oso kezkatuta gaude. Badirudi XVI. mendean gaudela.

Zergatik kanporatu zuten Bukele FMLNtik?

Kritika itzelak egiten hasi zelako alderdiaren zuzendaritzaren kontra, eta estatutuak urratu zituelako.

FMLN 2009tik 2019ra egon da agintean. Zer egin du gaizki boterea galtzeko?

Nik uste dut gauza on asko egin zituela. Herritarrak, akaso, orain ohartuko dira hamar urte horiek ez zirela hutsalak izan, gauza askotan atzera egiten ari garelako orain. Bi adibide jarriko ditut. Osasun programa bat zegoen bazter urrunenetan bizi direnak ere artatu ahal izateko. Programa hori murrizten ari dira orain. Denge gaixotasunagatik hildakoak zerora murriztu ziren aurreko agintaldian, baina azken zazpi hilabeteetan hamalau lagun hil dira. Urarekin ere krisi handi bat dago hiriburuan. Kutsatuta dago, baina ez dute azalpenik eman. Atzeraka goaz, bai osasunean, baita hezkuntzan ere. Aurreko gobernuak analfabetismoari aurre egiteko abian jarritako programa arrakastatsua bertan behera geratu da Bukelerekin. Emakumeak ahalduntzeko programa ere desagertu da. Programa sozial asko desagertu dira.

Zertan egin zuen huts FMLNk?

Nik uste dut politikari batzuek ahaztu egin zutela nondik zetozen, herritarren ordezkari zirela, ez zirela eskuineko klase burgeseko politikariak. Ez ziren zintzoak izan. Akatsak egon ziren, baina horrek ez du esan nahi gobernu hutsala izan zenik. FMLNren gobernuekin inoiz ez zen egin konstituzioaren kontrako ekintzarik, orain ez bezala. Bukelerena delitu goria izan da. Mauricio Funesek huts barkaezina egin zuen jeneral bat jarri zuenean segurtasun ministro gisa. Denek baztertu genuen izendapen hori, baita egunkari honek ere, editorialean. Segurtasun publikoa inoiz ezin da egon militarren esku. Funesek berehala kendu zuen kargutik.

Akaso aberastasunaren banaketa bermatzeko saiorik ez zen behar bezala egin; hori izan zen akats handiena. Jendeak gehiago espero zuen, eta ez zuen asmatu zer egiten ari zen azaltzen.

El Salvadorko gerra zibilean, 1980tik 1992ra, 75.000 lagun hil ziren. Zauriak zabalik daudela esan daiteke?

Bai. Eta polarizazioa are handiagoa da. Gerra garaian ulertzekoa zen polarizazioa, baina gaur egun elkarren arteko ezinikusia izugarria da; presidentea babesten dutenen eta ez dutenen arteko talka itzela da. Bukelek gorrotoa sustatzen du une oro, etengabe, eta odola isurtzera ere irits gaitezke. Herritarren babesa polarizazioa murrizteko erabili beharrean, elkarrizketa eta elkar ulertzea sustatzeko erabili beharrean, gorrotoa sustatzeko erabiltzen ari da. Herrialdeari ez zaio komeni; oso arriskutsua da.

Legebiltzarrerako hauteskundeak dira datorren urtean. Bukeleren alderdiak egun ez duen gehiengoa eskuratu al dezake?

Nik uste dut jendea gogoeta egiten ari dela eta ohartzen ari dela zein den Bukele. Parlamentuan izugarrikeriak egiten baditu, jazarroien moduan, zer espero daiteke? Sultanerri bat bihur dezake El Salvador. FMLNko zuzendaritzak gai izan behar du herritarren artean sortu zuen etsipen hori konfiantzan iraultzeko. Hori da erronka.]]>
<![CDATA[«Estatu Islamikoa berriz ere suspertzeko estrategia bat garatzen ari da Turkia»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1946/020/001/2020-02-16/estatu_islamikoa_berriz_ere_suspertzeko_estrategia_bat_garatzen_ari_da_turkia.htm Sun, 16 Feb 2020 00:00:00 +0100 Kristina Berasain Tristan https://www.berria.eus/paperekoa/1946/020/001/2020-02-16/estatu_islamikoa_berriz_ere_suspertzeko_estrategia_bat_garatzen_ari_da_turkia.htm
Failiak oso aktiboak izan dira erresistentzian, eta horregatik bizi izan dute genozidioa: «Bagdaden 300.000 kurdu faili bizi dira egun, ehunka urtez han bizi izan direnen ondorengoak. Husseinen erregimenak dokumentuak kendu zizkigun, eta 12.000 gazte faili atxilotu zituen, oraindik ere desagertuta daudenak. Nire sendian bederatzi kide espetxeratu zituzten».

Murad Suedian bizi da egun, erbesteratuta; izan ere, kazetaria da lanbidez, eta askotan egin behar izan du lan klandestinitatetik, harik eta duela lau hilabete, iazko urrian, alderdi kurduen batasuna bermatzeko erronka duen erakundeko kopresidente izendatu zuten arte. Eusko Legebiltzarreko herri kurduarekin adiskidetasuna eta lankidetza bultzatzeko taldearteko ordezkariekin elkartu eta biharamunean egin dio tartea BERRIAri.

KNK Abdullah Ocalanen ekimenez sortu zen. Hura atxilotu zutela 21 urte pasatu dira, eta bakartuta egon arren, kurduen erreferente politikoa da oraindik ere.

Bai. KNK 1999n sortu zen, atxilotu zuten urte berean. Berak aldarrikatu zuen batasuna. Kurdistan zatituta dagoen lau nazioetako 44 alderdi politikok eta elkartek osatzen dugu egun KNK. Ocalan ez da lider politiko bat, filosofo bat da, ideologo bat... Ekialde Hurbilaz eta Kurdistanez duela hamar urte idatzi zituen tesietan iragarri zuen egungo egoera. Konfederalismo demokratikoaren aita da, eta proiektu politiko hori giltzarri da: Ekialde Hurbileko ezegonkortasuna bukatzeko tresna da.

Zertan da konfederalismo demokratikoaren proiektua? Nola eragin dio inbasioak?

Proiektu honen garaipenik handiena da herriak sistema honengan sinesten duela eta, hortaz, babestu egiten duela, eta ez naiz kurduez bakarrik ari; arabiarrek, turkmenek, siriakoek eta armeniarrek ere bat egin dute proiektu honekin; izan ere, praktikan ikusi dute bideragarria dela eta irtenbide bat dakarrela, eta hau gerra egoera batean. Behetik gora funtzionatzen duen sistema bat da, herriarena herriarentzat; hortaz, ez da estatu baten porrotarekin amaituko, herriak bizirik jarraituko duelako. Horregatik ez dago arriskuan.

Berdintasunaren paradigma da konfederalismo demokratikoa.

Bai. Sistema honen oinarria emakumeak dira, eta esan beharra daukat sistema honek bizirik jarraitzen badu emakumeengatik dela. Proiektu honen abangoardian emakumeak daude, bai gerran, autodefentsa unitateetan, maila militarrean, eta bai maila politikoan eta sozialean ere. Uste dugu emakume aske batek gizarte aske bat sor dezakeela. Eredu honek talka egiten du estatuen sistema patriarkalekin, baita sistema kapitalistarekin ere, eta horregatik akabatu nahi dute, emakumearen askapenaz ere ari garelako, eta ahal duten guztia egingo dute proiektu honek porrot egin dezan. [Recep Tayyip] Erdoganen erasoen helburuetako bat emakumeen erresistentzia amaitzea da. Gerran ikusi dugu zenbateraino diren emakumeen beldur, ez soilik bizirik dauden emakume gerrillarien beldur, baita euren hilotzez ere. Turkiako milizianoek, soldaduek eta jihadistek emakumeen gorpuak mutilatu dituzte, eta argazkiak atera dituzte hanka euren gorpuen gainean ipinita. Hevrin Khalafen gorpuarekin berdin egin zuten, eta bera ez zen gerrillaria, politikaria zen, Siriako Etorkizuna Alderdikoa. Horrek erakusten du zer-nolako mentalitatea duten, eta guri zer egitera datozen. Baina emakume kurdu bat hiltzen duten bakoitzeko, pila bat dira borrokarekin bat egiten dutenak. Ehunka mila emakume kurduk egin dute bat gerrarekin.

Turkiako inbasioarekin arriskuan al dago proiektua?

Sistema ideologikoki errotuta dago, baina egia da errealitatea latza dela. Gerra krimenak egiten ari dira, egunero hiltzen dituzte zibilak. Inbasio militarraz gain, inbasio psikologikoa eta ideologikoa dago. Afrinen Turkiako ikurrak jarri dituzte udaletan eta eskoletan, eta turkieraz ari dira eskolak ematen. Kurduek bi aukera dauzkate, edo ihes egin, edo asimilazioarekin bat egin; bestela, torturatu egiten dituzte. Siriako gerran errefuxiatuentzat babesleku izan zen eremu hori, baina orain bertako herritarrak dira bertatik ihes egin behar dutenak. Krisi humanitario larri bat dago.

Nazio Batuen Erakundeak Idlibeko milaka desplazatuen egoeraz ere ohartarazi du. Siriak Alepo eta Damasko lotzen dituen errepide estrategikoaren kontrola bereganatu du. Zer gertatzen ari da han?

Siriako gerraren azken gatazka gunetzat daukate Idlib. Nazioarteko tropak, lehen aldiz gerra eremuan bertan sartu dira borrokan, tartean AEBak eta Errusia. Turkiak Siria iparraldeko kontrola hartuko duen edo ez dago jokoan. Rojavako tartea okupatzen ari da; Afrinetik Serekaniyerainoko eta Gire Sipiko tartea inbaditu du. Errusiak eta AEBek ez dute ezer egin inbasio horren aurka: Turkiak bi potentzia horien konplizitatea izan baitu orain arte. Rojava inbaditzeko oniritzia izan du, eta horrek indarra eman dio beste eremu batzuk ere inbaditzeko. Idliben, baina, ez diote babesa eman.

Turkiaren eta Siriaren arteko liskarra eragin du Idlibek.

Turkiaren eta Errusiaren arteko talka eragin du. Errusiak bere esku dagoen guztia egiten du Baxar al-Assaden erregimena babesteko, eta Idlib Siriako Estatuaren esku geratzea nahi du. Turkia, berriz, saiatzen ari da bere konplize diren jihadisten esku geratzea. Errusiaren eta Turkiaren arteko su-eten akordioek porrot egin dute. Turkiak ez du menia errespetatu, eta horrek Errusia haserrearazi du. Oraintxe, krisia Errusiaren eta Turkiaren artean dago.

Al-Assadi ez dio axola Turkiak Rojava inbaditzea, baina ez du nahi Idlib inbaditzea.

Hain zuzen ere. Hala da.

Turkiak 2018an inbaditu zuen Afrin, eta iragan urriaren 9an ekin zion Rojava okupatzeko operazioari. Zein da egoera?

Turkia plan zikin bat eramaten ari da praktikara. Erdoganek NBEan bertan esan zuen, mapa bat eskuan zuela, segurtasun eremu bat ezarri nahi zuela, muga babesteko aitzakiarekin, baina okupazio bat da, bete-betean, eta nazioartearen isiltasunaren aurrean gertatzen ari da. Errefuxiatuak eraman nahi ditu hara aldaketa demografikoa gauzatzeko. Bertako kurduak desplazatu egiten dituzte, etxeak eta lurrak kentzen dizkiete, jihadistak eramateko.

Asko hitz egin da Turkiaren eta Estatu Islamikoaren arteko konplizitateaz. Orain, agerian geratu al da hori?

Erabat. Eta ez hori bakarrik. SDFak [Siriako Indar Demokratikoak] akabatu zuten EI [Estatu Islamikoa]. Raqqa izan zen jihadisten azken gotorlekua, eta han garaitu zuten. SDFetan YPG [Herriaren Babes Unitateak] eta YPJ [Emakumeen Babes Unitateak] miliziak dira nagusi, kurduak, alegia. Turkiari min eman zion horrek. Eta EI berriz ere suspertzeko estrategia bat garatzen ari da. Dokumentuak ditugu frogatzen dutenak EIko kide izandakoak direla orain Rojava inbaditzen ari diren talde jihadistetako kideak.

Erdoganek ez du aski Ipar Kurdistanen kurduen kontra daraman borrokarekin.

Erdoganek dio plan ezberdinak dituela kurduak deuseztatzeko: A, B, C, D... Kurduek Rojavan garatu duten proiektu politikoaren beldur da, konfederalismo demokratikoaren beldur, eta sistema hori da suntsitu nahi duena. Turkiaren inbasioa horrela ulertzen da. Bakurrentzat ere mehatxu bat da eredu politiko hori. Horregatik ari da bonbardaketak egiten eremu guztietan, baita Sinjarren ere. Bakurko errefuxiatuak dauden Makhmurko kanpalekua ere bonbardatu du. Egunero ari da bonbardaketak egiten mendietan dauden iraultzaile kurduen kontra ere. Hori da bere hizkuntza. Erdoganen eraso hau ez da soilik militarra, eraso politikoa eta soziala ere bada, asimilazioa garatzeko eraso bat. Erdoganek berak esan du munduko edozein lekura joateko prest dagoela han kurdu bat badago. Europan bertan ikusi dugu hori.

Baxar al-Assad ere ez da kurduen laguna?

Ez. Siriako Estatuaren izenak berak erakusten du: Siriako Errepublika Arabiarra. Herri eta nazio ezberdinak kanpoan uzten ditu, baina ez da ohartzen kurduen borrokak mesede egin diola estatuari, bestela iparraldea jihadisten esku egongo litzateke. Al-Assadek badaki hori, baina, hala ere, ez du inoiz onartuko kurduen autonomia iparraldean.

Beste behin agerian geratu da kurduen lagun bakarrak mendiak direla...

Kurdistango historia adibidez beteta dago. Nazioarteko potentziek beren interesetarako behar gaituztenean guregana jotzen dute, eta gero abandonatu egiten gaituzte. AEBek zuzentzen zuten nazioarteko koalizioarekin ikusi dugu. EIren kontrako borroka amaitzean abandonatu gaituzte, baina guk gure herriaren erresistentzian sinesten dugu, gure iraultzan sinesten dugu. ]]>
<![CDATA[Kurdistanentzat estatus politikoa aldarrikatu dute kurduek Estrasburgon]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2003/021/001/2020-02-16/kurdistanentzat_estatus_politikoa_aldarrikatu_dute_kurduek_estrasburgon.htm Sun, 16 Feb 2020 00:00:00 +0100 Kristina Berasain Tristan https://www.berria.eus/paperekoa/2003/021/001/2020-02-16/kurdistanentzat_estatus_politikoa_aldarrikatu_dute_kurduek_estrasburgon.htm
Ocalan, PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren sortzailea, 1999tik dago preso. Kenyan atxilotu zuten, baina berehala deportatu zuten Turkiara. Imrali uharteko kartzelan abuztuan elkartu zen bere abokatuekin, bakartzea salatzeko egindako kanpainari esker. Aurretik, 2016tik, erabat bakartuta eduki zuten. 2011ko uztailaren 27an elkartu zen azkenekoz abokatuekin, eta 2016ko irailaren 11n senideekin.

Kurduek, bada, bakartzea amaitzeko eskatu zuten atzo ere; izan ere, haren atxiloketaren urtemuga protesta eguna da kurduentzat. Giza Eskubideen Europako Auzitegia, Europako Parlamentua eta Europar Kontseilua biltzen dituen hiria aukeratzen dute horretarako, eta, diasporan bizi diren kurduez gain, nazioarteko hamar bat estatutako ekintzaileek ere egiten dute bat protesta ekintzarekin; besteak beste, Euskal Herrikoek.

KNK Kurdistango Kongresu Nazionalak antolatzen du martxa, eta, nazioarteko elkartasuna eskertu zuten erakundeko ordezkariek. Kurdistan zatituta dagoen lau nazioetan kurduak jazarriak direla ere salatu zuten: Bakur (Turkia), Basur (Irak), Rojava (Siria) eta Rojhilaten (Iran).

Zainab Murad KNK-ko kopresidenteak egunkari honi azaldu bezala «kurdu izate hutsa delitua da»: «Bakurren milaka kurdu atxilotu dituzte, udalak eta egoitzak itxi, herriak suntsitu, eraso etengabea da, baita eraso kulturala ere. Basurren independentzia erreferenduma egiteko baldintzarik ez zegoen, eta horren erakusgarri da orduz geroztik gobernu autonomoak lurralde historikoaren ia erdia galdu duela, eta kurduek erretiratu behar izan dutela, errepresioa handitu dela, eta jihadistak eskuratzen ari direla eremu hori. Rojhilaten, berriz, jazarpena itzela da, baita hermetismoa ere. Irango erregimenak torturarekin agintzen du».

HDPren kongresua

Eragile kurduek salatu dute Turkiak azken hiru egunetan ehun kurdu baino gehiago atxilotu dituela, politikariak ez ezik baita kazetariak eta ikasleak ere. HDP Herriaren Alderdi Demokratikoaren 4. Kongresuaren atarian egin dituzte atxiloketak, alderdiak datorren igandean egitekoa baitu urteko batzarra. Ayse Acar Basaran HDPko diputatuaren hitzetan «genozidio politikoa» da: «Gure alderdia kriminalizatzeko ahalegina egiten ari dira akusazio faltsuekin, baina ez gaituzte beldurtuko».]]>
<![CDATA[EZ DA IZANGO BESTE GOIZERIK]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1976/002/001/2020-01-19/ez_da_izango_beste_goizerik.htm Sun, 19 Jan 2020 00:00:00 +0100 Kristina Berasain Tristan https://www.berria.eus/paperekoa/1976/002/001/2020-01-19/ez_da_izango_beste_goizerik.htm Gegen Verführung (Lilurarik ez) poeman bezala, eguna atean zegoen, haize hotza zekarren... Mikel Laboak musikatutako letra eder bezain latz horretan irudika daiteke ikusi nahi ez den errealitate bat, lilurarik ez duen mundu batena, iheslariena, etxea eta jaioterria atzean utzi, eta bide bati ekiten diotenena, jakin bai baitakite bizitza dela handiena, akaso duten bakarra, eta galtzea litzatekeela galtzea dena.

IOM Nazioarteko Migrazio Erakundea zenbaketa egiten hasi zenetik, 33.686 iheslari hil dira munduan, beti hegoaldetik iparralderako zeharkaldietan, gero eta arriskutsuagoak diren horietan, mugak igarotzen, basamortuak eta basoak, hesiak eta harresiak, negu gorriko hotzean zein udako sargorian, beti gerratik edo gosetik ihesean, beti bizitzaren bila, heriotzatik ihesean, nahiz eta ihesaldi horretan heriotza aurki dezaketen. 2014tik pilatutako datu ofizialak dira, baina askoz gehiago dira inongo zerrendetan agertzen ez direnak. Erakunde horren kalkuluen arabera, azken 25 urteetan 75.000 lagun hil dira zeharkaldietan, horietatik 40.000 Mediterraneoan.

MEDITERRANEOKO HOBIA

Itsasoan galtzen da milaka eta milaka iheslariren arrastoa. Hamid S.-rena tartean. Bubakar (Senegal, 1995) anaiarekin zihoan karelean ontzia hondoratu zenean: «Zuaratik [Libia] abiatu ginen. Zortzi egun egon ginen zain, harik eta gau batez hondartzara eraman gintuzten arte. Hiru orduz egon ginen itxaroten. Orduan, ontzi pneumatiko txikietan sartu gintuzten, eta behin itsasoan ginela, kolore urdineko itsasontzi batean, baina ontzia zaharra zen, eskasa». Bubakarren kontakizuna latza da. «Hamahiru ordu generamatzan itsasoan, eta ura sartzen hasi zen. Pilatuta geunden, 500 lagun baikinen, eta ura ateratzeari ekin genion, baina, halako batean, erreskateontzi bat ikusi genuen, eta bat-batean balantzaka hasi zen itsasontzia, irauli zen arte». Bubakarrek orduan galdu zuen 18 urteko anaiaren arrastoa: «Ura izoztuta zegoen, eta igeri egiten ez zekitenak ito egin ziren. Besoak mugitzen zituztenak ikusi nituen, oihuka ari zirenak, negarrez ari zirenak... Ez dut ahaztuko. Anaia ez nuen berriz ere ikusi. Ezin izan nuen salbatu».

Hamidek ez zuen eguna argitzen ikusi. Azken sei urteetan itsasoan desagertu diren 19.000 iheslarien zerrendan dago. Iaz, 1.283 lagun hondoratu ziren Mediterraneoan. 2018an, 2.275 izan ziren; 2017an, 3.139; 2016an, 5.096. Zenbakiek agerian uzten dute tragedia ikusezina eta isila. IOMk aitortu du ehunka lagun hiltzen direla «ontzi mamuetan», arrastorik utzi gabe. Lekukorik gabe hiltzen dira, ezen gobernuek erreskate ontzien lana oztopatu baitute, itsasoratzeko baimenak ukatuz eta portuak itxiz.

Matteo Salvini Italiako Barne ministro zena izan zen aurrenekoa, baina ez bakarra. Europako agintariek ez zuten heriotzen lekukorik nahi, eta erreskate ontzien lana kriminalizatzeari ekin zioten, iheslariak erakartzen dituztela argudiatuta, erakartze efektuaren aitzakian.

BASAMORTUKO HILOTZAK

Bubakar Italiako Pordenone hirian esnatzen da gaur egun, herritarrek sortutako harreragune batean. Mediterraneotik Europara iaz sartu ziren 110.000 iheslarietako bat da -guztira, beste zeharkaldiak aintzat hartuta, 139.000 iritsi ziren-. Afrika eta Italia arteko itsas zeharkaldia gehien erabilia izan da azken hilabeteetan, eta, hortaz, baita heriotza gehien izan dituena ere. IOMk zehaztu du zeharkaldi hori egiten saiatu diren 33 lagunetik bat hil dela itsasoan. Mediterraneoa, bada, hilotzez betetako itsasoa da. Urezko hobi komun bat. Inork ez daki zenbat diren hondoratu direnak, asko eta asko; gehienak, izenik gabeak, zenbaki izatera ere iritsi ez direnak, inor ez balira bezala.

Senegal-Niger-Libia zeharkaldia egin zuen Bubakarrek. Tripoliraino iristeko bidea ankerra izan zela dio. Haben H. ere (Eritrea, 1992) Pordenonen dago. Sudanera jo zuen aurrenekoz. «Khartumen hamabi urtez izan nintzen neskame gisa lanean, baina maiatzean alde egitea erabaki nuen: Londresera iristea zen nire ametsa». Habenek 1.600 dolar ordaindu zituen basamortua zeharkatzeko. «Kamioi batean egin genuen zeharkaldia, 95 lagun ginen, eta zazpi egun behar izan genituen kostalderaino iristeko».

Saharako basamortua ere hobi komun bat da, urezkoa izan beharrean hondarrezkoa. Nigerko Agadez hirian abiatzen dute ibilaldia, eta, urtero-urtero, 40.000 eta 80.000 lagun artean pasatzen dira handik. Migratzaileek dirutza ordaintzen dute mafiek desertuan abandonatuko ote dituzten jakin gabe.

Haben bizirik iritsi zen Ajdabiyara. Libian bizi izandakoa, baina, gizagabea izan zela dio, «ankerra»: «Etxe batean sartu gintuzten preso, eta gauez eta egunez zelatatzen gintuzten. Hilabete bat izan ginen han. Ondoren, Tripolira eraman gintuzten, eta, han, beste etxe batean egon ginen giltzapetuta». Haben ez zuten bortxatu, baina ugariak dira huts egin duen herrialde horretan, milizien esku dagoena, gerra zibilean, esklabo merkatuen eta zentro klandestinoen berri ematen duten lekukotasunak. Habebek dioenez, «beltzez jantzita eta burua estalita zuten gizonek erlijioa eta sexuaren arabera» sailkatzen zituzten: «Begira zeuden une oro, eta musulmanei baino ez zieten uzten aurrera egiten. Kristauak hil egin zituzten».



LIBIAKO ZULO BELTZA

Libia amesgaizto bihurtu da iheslarientzat. Askok salatu izan dute hara iristean ohartu direla zer den beltza izatea, eta, jada, lurra ez ezik, trafikatzaileek itsasoa ere kontrolatzen dute. Europako Batasunak 200 milioi euro ordaindu die miliziei kostazain lanak egin ditzaten. 2017ko abenduan sinatutako itun horrek, baina, ondorio latzak eragin ditu. Erreskateontziak ezin dira ur horietan sartu, eta ustezko kostazainek erreskatatzen dituzten migratzaileak berriz ere lehorreratu egiten dituzte. Urtea hasi zenetik, bi astean, jada itsasoan erreskatatutako mila lagun itzuli dituzte Libiara. Zulo beltzera.

Europarentzat, migrazioa eteteko modua da. Mugak hegoalderago ezartzeko estrategia eta, bide batez, erantzukizuna beste estatuen esku uztekoa. Libian, Marokon eta Turkian dago orain kontinente zaharraren muga. EBk Frontex Muga eta Kostaldeetako Guardiaren Europako Agentzia indartzeko eta kontrolak zorrozteko asmoa ere iragarri du, hartara, kontinente zaharra militarki gotortuta izateko. Europako Parlamentuak apirilean onartutako planaren arabera, zazpi urteko epean beste 10.000 guardia arituko dira mugak zaintzen. Gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute «talde paramilitar» bat osatuko dutela, deportazioak egitera mugatuko dena.

Siriako gerran dago azken urtetako errefuxiatu krisirik handienaren abiapuntua. 2015ean, Italiara eta Greziara 1,4 milioi iheslari iritsi ziren, inoizko kopururi handiena. Estatu kideek horietatik 160.000 guztien artean banatzea erabaki zuten, kuotak ezarrita. Europak, baina, huts egin du, estatu bakar batek ez baitu hitza bete; oro har, hartu beharreko bost lagunetik bakarra hartu dute. CEI atzerritarrentzako zentro itxietan eta CETI etorkinak behin-behinean hartzeko zentroetan, bien bitartean, 211.000 lagun daude gaur-gaurkoz.

Harresiak eta hesiak zutitu, eta mugak itxi zituzten. Horrek drama bat eragin du Grezian.

MORIAKO INFERNUA

Gure ametsak hil zenituzten. Morian margotutako grafiti batean irakur daiteke amesgaizto bat den kanpalekuaren egoera deskribatzen duen esaldia. Europako errefuxiatuen gunerik handiena infernu bat da. Lesbos uhartean zerua urdin dagoen egunetan ere grisa da egunerokoa. Gunea burdin hesiz itxita dago, zaborrez beteta, eta apenas dagoen lekurik: 3.000 lagunentzako behar zuen eremuan 18.000 pilatzen dira.

Safi iristen azkenetakoa izan da. Somaliako gaztea oraindik ez da ohartu zer den egun batean bai eta bestean ere bai infernu horretan esnatzea, azken batean beste infernu batetik egin baitu ihes: «Zin dagizut hobe dela hemen egotea. Hamar urte eman behar baditut ere, pozik egongo naiz, ez ditut bonben eta balen soinuak berriro entzun nahi. Bizi egin nahi dut».

Esparruaren inguruko mazeletan ere pilatzen dira errefuxiatuak, olibondoen artean, lokatzez beteta, gutxi batzuk kanpadendetan, gehienak manta batekin tapatuta. Iheslariek oihana deitzen diote, eta okerrena da ez dakitela noiz arte egon behar duten linbo horretan.

Duela hainbat egun labankada bat eman zioten gazte somaliarra herenegun hil zen. Beren buruaz beste egiten duten iheslarien kopurua gero eta handiagoa da. Haurrek harriekin, egur puskekin eta sokekin jolasten dute, baina badira 7 edo 8 urterekin hil egin nahi dutenak ere, edo 10 urterekin artatu dituztenak besoetako zainetatik odoletan ari direla. Emakumeen kontrako sexu erasoak ere maiz gertatzen dira.

Farzhane (Kabul, Afganistan, 2003) 2018 urriko egun batez iritsi zen Moriara. Iranen egon zen errefuxiatuta lau anai-arreba eta gurasoekin, baina pasaporterik eta etorkizunik ez zutenez, aurrera egitea erabaki zuten. «Irandik Turkiara menditik sartu ginen, oinez, eta gero gomazko ontzi batean Lesbosen. Sei orduko itsasbidea izan zen; izan ere, motorra hautsi egin zen. Anaia Alemanian dago, gu asiloaren zain gaude».

Lesbosko Udalak kudeatzen duen kontainerren kanpalekuan dago egun familia, Kara Tepen: «Moriako baldintzak itzelak dira; hotzez, gosez, argirik gabe, lokatzez inguratuta. Borrokak etengabeak dira. Europak ez daki zer gertatzen den hemen. Errefuxiatuez ahaztu dira».

Aurten, jada, mila lagun iritsi dira Lesbosera. 2015etik milioi bat errefuxiatu sartu dira Turkiatik Greziara -iaz 74.348 izan ziren ziren, aurreko urteko kopuruaren ia bikoitza-. Greziako Gobernuak CIE bat egin nahi du orain uhartean, baina, azkenean beste kartzela bat litzateke, beste infernu bat. Demokrazia Berriaren eskuineko gobernuak asilo legea zorroztu berri du, eta 10.000 lagun deportatu nahi ditu aurten.



SIRIAKO HAURRAK

Morian ehunka siriar dago, baina askoz gehiago dira Turkian. Munduan errefuxiatu gehien dituen herrialdea da: 3,7 milioi errefuxiatu siriar daude han. Gerrak 6,7 milioi errefuxiatu eragin ditu, baina desplazatuak ere asko dira, tartean 2,6 milioi adingabe.

Europako Batasunak 2016ko martxoan sinatu zuen akordioa Turkiarekin, errefuxiatuak har zitzan. Recep Tayyip Erdogan presidenteak 6.000 milioi euro jaso zituen, tapoi lanak egitearen truke, baina etengabe egiten du mehatxu «ateak zabaltzearekin»; azkenekoz, urrian, Siriako Kurdistanen, Rojavan, abiarazitako operazioagatik jasotako kritika leunen ostean.

Aziza Tafiq (Serekaniye, Rojava, 1993) operazio horrek eragindako desplazatu kurduetako bat da. Al-Hasakako eskola izandako eraikinean dago babestuta: «Nire desio bakarra da etxera itzultzea». Serekaniye mertzenarioen esku dagoela dio, kurduen etxeetan sartu direla, eta arpilatu edota erre egin dituztela: «Bizirik egoteko, alde egin genuen; bost gara, ez dut seme-alabei arropa erosteko dirurik, hotzez gaude». Bonbardaketetatik ihesi, zeharkaldia oinez egin behar izan zutela azaldu du: «Serekaniyetik gauez abiatu ginen, eta herrixka batetik bestera joan ginen, oinez. Haurrak akituta zeuden, baina ez genuen beste aukerarik».

Sirian belaunaldi oso bat galtzear da. Milioi bat haur errefuxiatuta bizi dira, eta hiru milioi desplazatuta. NBE Nazio Batuen Erakundeak salatu du gerra krimenak egin direla haurren kontra, gizateriaren kontrako krimenak. Kanpalekuetan lehen elur malutak erori dira, eta azken asteetan hamabost haur hil dira. Zeru zabala besterik ez dute aterpe.

Washukaniko errefuxiatu gunean ere hotz dago. 6.600 lagun daude han, hala moduz. Mizgin alabarekin dago: «Jihadistak sartu ziren etxean, eta liburuak erre zituzten». Orain, Baxar Al-Assaden SNA Siriako Armada Nazionaleko soldaduak ere iritsi dira gerran kurduek bereganatutako eremura. Orain arte, 370.000 lagunek utzi behar izan dituzte euren herriak. Idliben egoera ere makurra da. Muturreko talde sunitak sartu dira ipar-mendebaldeko eremuan, eta azken asteetan 350.000 lagunek egin dute ihes.

ETENGABEKO EXODOA

Bi segundoan behin, pertsona ba-tek bere etxea uzten du. Egunero, 44.400k. Urtean, 16,2 milioik. Niksonek (Tegucigalpa, 1991) azaroaren 21ko goizaldearekin ekin zion bideari: «Hondurasen ez dago lanik. Juan Orlando Hernandezen gobernuaren ustelkeriarekin eta talde kriminalen indarkeriarekin ez dago han bizitzerik». Mexikoko El Saltillo aterpetik ari da hizketan: «AEBetara iritsi nahi dut, baina bidea nekeza da. Poliziek mugan atzeman ninduten, eta 2.000 peso eman behar izan nien deporta ez nintzaten. La Bestian egin behar izan dut bidea».

Niksonen aurretik eta ondoren, milaka lagunek egin dute bide bera, eta milaka dira bideak utzi dituen hilotzak ere. 2019an, 3.368 iheslari hil ziren munduan; Ameriketako zeharkaldian 787, Mexikoren eta AEBen arteko mugan 479.

Muga horretara bidean beste milaka lagun dira orain ere. Astearte gauean zen abioa. Hondurasko San Pedro Sula hiritik hamaikagarren karabana atera zen, goizaldean. 2018ko urrian abiatu zen lehena, eta, orduz geroztik, dozena batek baino gehiagok ekin diote bideari, exodo etengabean. Guatemalara jada 3.500 lagun iritsi dira azken egunotan, baina ez dute erraza izango hurrengo muga zeharkatzea. Mexikoko hegoaldeko 956 kilometroko mugan 6.500 guardia ezarri dituzte, eta iparraldeko 3.170 kilometrokoan, 14.000. Mugaz bestaldean amets amerikarra daukate zain, edo amesgaizto amerikarra. Donald Trumpek iragarri du «atxilotu eta deportatu» egingo dituztela. Harresia gero eta militarizatuago dago, eta egunero ikusten dira han deportazioak.

Munduan 70,8 milioi lagunek utzi behar izan dute jaioterria: 25,9 milioi beraiena ez den herrialdean bizi dira, beste 41,3 desplazatuta, eta 3,5 asiloa eskatu dute. Ertzetako seme-alabak dira. Ezer ez dutenak. Bizitza baino ez.]]>
<![CDATA[Alemanian bizi diren 400 ekintzaile kurduren aurkako ikerketa zabaldu du Turkiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1942/016/001/2020-01-19/alemanian_bizi_diren_400_ekintzaile_kurduren_aurkako_ikerketa_zabaldu_du_turkiak.htm Sun, 19 Jan 2020 00:00:00 +0100 Kristina Berasain Tristan https://www.berria.eus/paperekoa/1942/016/001/2020-01-19/alemanian_bizi_diren_400_ekintzaile_kurduren_aurkako_ikerketa_zabaldu_du_turkiak.htm
Alemanian bizi diren kurduen kontrako jazarpena ez da berria. 2019ko abuztuan zabaldutako txosten baten arabera, iaz, sei hilabetetan, 62 lagun atxilotu zituzten, tartean alemaniarrak eta alemaniar herritartasuna zuten kurduak.

Auzipetuei «erakunde terroristako» kide izatea leporatzen diete, soilik elkarteek antolatutako hitzaldietan edo ekitaldietan parte hartzeagatik. Abokatuek salatu dute, baina, ezin dutela auzien inguruko informazioa eskuratu, artxiboak «sekretuak» direlako. Alisan Sahin OHP Abokatu Libertarioen Plataformako kideak jakinarazi du konfidentzialtasun klausula legez kanpokoa dela: «Argi eta garbi eskubideak urratzen ari dira, ez baita legearen baitan egiten den ikerketa bat, baizik eta presio politikoen ondorioz egiten dena». Akusazioek oinarririk ez dutela ere salatu du abokatuak: «Familiak hautsita daude».

Sinboloak debekatuta

Alemanian milioi bat kurdu inguru bizi dira, asko eta asko jazarpenetik ihes egindakoak. Diasporan bizi diren kurduen artean komunitate sendoena da: ekintza kultural eta politiko ugari antolatzen dituzte, eta baita makina bat protesta ere. Turkiak iragan urriaren 9an Rojavan abiatutako operazioa salatzeko, esaterako, 20.000 lagun elkartu ziren hainbat hiritan egindako manifestazioetan eta elkarretaratzeetan.

Protesta horietan, baina, hainbat lagun atxilotu zituzten, izan ere, kurduen ikurrak debekatuta daude herrialdean. Barne Ministerioak 2017an debekatu zituen PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren sinboloak, tartean PYD, YPG, YPJ ikurrak, hala nola Abdullah Ocalan PKKren sortzailearen irudia. Kontua da kurduentzat erresistentziaren ikur dela buruzagia, konfederalismo demokratikoaren aita, eta erruz erabiltzen dutela haren irudia.

Helmut Kohlen garaian debekatu zuten PKK. Manfred Kanther Barne ministroak 1993ko azaroaren 26an sinatu zuen dekretua, eta, orduz geroztik, ehun laguni baino gehiagori kartzela zigorrak ezarri dizkiete erakundeko kide izatea egotzita. Kurduek «genozidio politikoa» salatu izan dute, elkarteen egoitzetan sarekadak ere egin dituztelako. Iragan martxoaren 8an Mesopotamia argitaletxean hiru eguneko miaketa egin zuten eta milaka liburu konfiskatu zituzten.]]>
<![CDATA[Rojavan iheslari arabiarrentzako kokaguneak eraikitzen hasi da Erdogan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1976/016/002/2020-01-19/rojavan_iheslari_arabiarrentzako_kokaguneak_eraikitzen_hasi_da_erdogan.htm Sun, 19 Jan 2020 00:00:00 +0100 Kristina Berasain Tristan https://www.berria.eus/paperekoa/1976/016/002/2020-01-19/rojavan_iheslari_arabiarrentzako_kokaguneak_eraikitzen_hasi_da_erdogan.htm
Ankara Siriako Kurdistanen egiten ari den gerra estrategiaren barruan kokatzen den ekintza da. Turkiak urriaren 9an inbaditu zuen Rojava, eta, honezkero luzeran 130 kilometro eta zabaleran 25 kilometro dituen eremua bereganatu du, Raqqa iparraldetik Al-Hasaka iparraldera. Bonbardaketek 350.000 desplazatu eta errefuxiatu kurdu eragin dituzte, eta orain haiek atzean utzitako herrietan errefuxiatu arabiarrak ezarri nahi dituzte, demografia aldatze aldera. Kurduek «garbiketa etnikoa» salatu dute.

Gerra krimenak

Turkiak Siriako gerrak eragindako 3,7 milioi errefuxiatu jasotzen ditu, gehienak arabiarrak. Erdoganek abenduan jakinarazi zuen horietatik milioi bat «luze gabe» eramango zituela Rojavara. Urriaz geroztik jada 370.000 joan direla jakinarazi zuen agintariak.

Turkiako soldaduak eta mertzenarioak, bien bitartean, kurduen etxeetan sartu dira, sarraskiak egiten. Siria Iparraldeko eta Ekialdeko Administrazio Autonomoak zehaztu du bonbardaketen eta erasoen ondorioz 478 zibil hil eta beste 1.070 zauritu direla. HRW eta Amnesty International erakundeek gerra krimenak salatu dituzte. Turkiako bandera ere jarri dute udal batzuetan.

Ameriketako Estatu Batuak Siriatik erretiratu ostean hartu zuen Turkiak Rojavan sartzeko erabakia. Estatu Islamikoaren aurkako nazioarteko koalizioa zuzentzen zuen Washingtonek, eta SDF Siriako Indar Demokratikoekin batera aritu ziren borrokan. YPG Herriaren Babes Unitateak horren indar nagusia izan da, baina Erdoganentzat «terroristak» dira kurduez osatutako miliziak.]]>
<![CDATA[Soleimaniren hilketak ataka eta etapa berri baten atarian ezarri du Ekialde Hurbila]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/010/001/2020-01-07/soleimaniren_hilketak_ataka_eta_etapa_berri_baten_atarian_ezarri_du_ekialde_hurbila.htm Tue, 07 Jan 2020 00:00:00 +0100 Kristina Berasain Tristan https://www.berria.eus/paperekoa/1877/010/001/2020-01-07/soleimaniren_hilketak_ataka_eta_etapa_berri_baten_atarian_ezarri_du_ekialde_hurbila.htm
Qassem Soleimaniri ekitaldi xume batean emango diote lur, jaioterrian, Kermanen. Teherangoa, baina, estatu hileta izan zen. Ali Khamenei aiatola nagusiak malko artean zuzendu zuen errezoa, eta, beste behin ere, «mendekua» iragarri zuen: «Erresistentziaren bideari tinko eutsiko diogu». Hassan Rohani presidentea zuen alboan.

Irango Guardia Iraultzaileko Al Quds Indarren komandantea zenaren hilketak erreakzio ugari eragin ditu, zein baino zein kezkagarriagoa. Ali Akbar Velayatirenak dira, akaso, orain arteko adierazpen irmoenak. Khameneiren aholkulariak mezu zuzena bidali die Ameriketako Estatu Batuei: «Vietnam berri baten aurrean egongo zarete, baldin eta eskualdetik tropak erretiratzen ez badituzue». Mohamed Yavad Zarif Irango diplomazia burua ere zehatza izan da: «AEBek Asia Mendebaldean duten presentzia zitalaren amaiera hasi da».

Ekialde Hurbila ataka eta etapa berri baten atarian dago. Donald Trump AEBetako presidenteak agindutako hilketak tenkatu egin ditu errepublika islamikoaren sorreratik zailak izan diren harremanak; Washingtonen eta Teheranen arteko talka, baina, une latzenean dago.

Trumpen mehatxua

Iranek igandean iragarri zuen ez duela akordio nuklearra beteko, eta, egun berean, propio duen estiloan, balizko eraso baten aurrean zer-nolako erantzuna emango lukeen iragarri zuen Trumpek: «Irango 52 helburu izango ditugu jomugan, horietako batzuk kulturarentzat oso inportanteak». Kopuru hori ez da kasualitatea: 1979ko iraultzan 52 estatubatuar bahitu zituen Iranek, 400 egunez. Trump, bada, ez dirudi egoera leuntzeko prest dagoenik, erantzuna «azkarra» eta «gogorra» izango dela ohartarazi baitzuen.

Antoni Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, mezu zurrunbilo honen erdian, tentsioa apaltzeko deia egin zuen atzo: «Aurreikusi ezin daitezkeen ondorioak saiheste aldera, indarkeria giroa bertan behera uzteko eta neurritasunez jokatzeko eskatzen dut; elkarrizketa eta lankidetza sustatzea da bidea».

Teheranek nola erreakzionatuko duen ez dago argi; eraso militar azkar bat egingo duen, edo epe luzerako estrategia bat zuzenduko duen, aliatu dituen estatuetan okupazio indarren kontra egiteko, milizia xiiten laguntzarekin. Hassan Nasral Libanoko Hezbollah miliziaren buruzagiak dagoeneko aurreratu du aliatu guztiek «mendeku ekintzak» egingo dituztela: «Zigor justua litzateke AEBen tropak Ekialde Hurbiletik botatzea». Hamas ere hilketa «mendekatzeko» prest agertu da.

Itun nuklearra

Iranek gaur-gaurkoz eman duen pauso bakarra izan da jakinaraztea ez duela akordio nuklearra beteko. Trumpek 2018an hartu zuen AEBak itunetik kanpo uzteko alde bakarreko erabakia, eta, neurri batean, hor kokatzen da oraingo egoeraren abiapuntua. Washingtonek zigor ekonomikoak ezartzeari ekin zion eta, Teheranek, trukean,konpromiso batzuk betetzeari uko egin zion iaz, nahiz eta ukatu egin duen uranioa arma atomikoak egiteko beharrezkoa den mailan aberasten ari dela. 2015ean sinatu zuen ituna, eta orduan %20an aberasten zuen uranioa —bonba atomikoa egiteko %90ean aberastu behar da—. Erabakiak, hala ere, kezka handia eragin du nazioartean. Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak, itun horretako sinatzaileek, akordioa bermatzeko ahalegina egin dute orain arte, eta orain ere ildo horri eutsi eta konpromisoetara itzultzeko eskatu diote Irani. Komunikatu bateratu batean, «alde guztiei» arduraz jokatzeko eskatu diete: «Irakeko indarkeria zikloak amaitu egin behar du. Ekintza biolentoak saihestu beharra dago». Europako Batasunak ere ohartarazi du «ituna errespetatzea inoiz baino beharrezkoagoa» dela.

Irakek ere jada hartu ditu norabidea aldatzea ekar dezaketen erabakiak. Parlamentuak, diputatu xiiten babesarekin —sunitek eta kurduek kontra bozkatu zuten—, herenegun eskatu zion gobernuari tropa estatubatuarrak erretiratzeko. AEBek atzo iluntzean jakinarazi zuten soldaduak erretiratuko zituela «datozen egun eta asteetan». Iraken «subiranotasunarekiko errespetua» aipatu zuten. Irakek eta Washingtonek Estatu Islamikoari aurre egiteko akordioa sinatua zuten —AEBek zuzentzen du nazioarteko koalizioa—.

Nancy Pelosi AEBetako Ordezkarien Ganberako presidenteak, berriz, iragarri du Trumpen ekintza militarrak «mugatzea» helburu duen ebazpen bat bozkatuko dutela «datozen egunetan». Agintari demokrataren arabera, Soleimani hiltzea «neurriz kanpoko» erabakia izan zen.]]>
<![CDATA[Rohani: «Soleimaniren hilketak eskualde osoan izango ditu ondorioak»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1959/020/001/2020-01-05/rohani_soleimaniren_hilketak_eskualde_osoan_izango_ditu_ondorioak.htm Sun, 05 Jan 2020 00:00:00 +0100 Kristina Berasain Tristan https://www.berria.eus/paperekoa/1959/020/001/2020-01-05/rohani_soleimaniren_hilketak_eskualde_osoan_izango_ditu_ondorioak.htm
Hassan Rohani presidentea atzo joan zen jeneralarena zen etxera, eta, aiatolak bezala, mendekuaz mintzatu zen. Irango «nazioaren kontrako krimena» ez dutela inoiz ahaztuko ohartarazi zuen: «Ameriketako Estatu Batuak ez dira ohartu egin duten akatsaz: hutsegite honen ondorioak eskualde osoan ikusiko dituzte, eta ez soilik orain, datozen urteetan ere ikusiko dituzte».

Galdera orain da zer-nolako erantzuna emango duen errepublika islamikoak: azkar batean gerra ireki bat abiatuko ote duen, edo, analista gehienek aurreratzen duten bezala, epe luzerako estrategia bat zuzenduko duen, aliatu dituen estatuetan okupazio indarren kontra egiteko. Soleimanik berak errepublika islamikoa babesteko sare politiko eta militarra eratu zuen, milizia xiitak tarteko, eta erresistentzia hari luze horren hedadura ikusi baino ez da egin behar jeneralaren itzala neurtzeko. Kabuletik Beirutera; Iranek Libano, Siria, Yemen, Pakistan, Afganistanen zabaldu du ardatz xiita, eta milizia horietako batzuk jada mendekua iragarri dute. Washingtonek eta Teheranek Ekialde Hurbileko hegemonia izateko borrokan ari dira, deklaratu gabeko gerra batean, eta talka behinolatik badator ere, iraultza islamikotik, azken hilabeteotan zabaldu egin da bi potentzien arteko arrakala.

«Kalkulu okerra»

Mohamad Yavad Zarif Irango Atzerri ministroaren adierazpenak profeziazko hitzak bilakatu daitezke. Donald Trumpek «kalkulu okerra» egin duela uste du diplomaziaren buruak, haren hitzetan jeneralaren hilketak okupazio indarrak eskualdetik erretiratzea ekarriko duelako: «Trumpek hauteskundeetan pentsatzen egin zuen krimena, baina engainatu egin zuten ekintza arriskutsu hau aurrera eramatera aholkatu zutenek». Nazio Batuen Erakundean «gerra ekintzatzat» jo zuen hilketa.

Zarifen iritzia ez da hutsala. Irakeko Parlamentua gaur da AEBetako tropak erretiratzearen aldeko eztabaida egitekoa, eta, aurreikusi daitekeenez, gehiengo diren 188 diputatu xiitek babestuko dute neurria. Teheranek Bagdaden duen eragina sendotu egingo litzateke horrela.

AEBek 2003an okupatu zuten Irak, eta xiiten eta suniten arteko zatiketa eragin zuen gerraren ostean, 2011n erretiratu zituen soldaduak. Estatu Islamikoaren sorrerarekin, muturreko islamistek herrialdearen heren bat bereganatua zutenean, berriz eraman zituen soldaduak, 2014an. Bagdadek borroka horretan babesa izateko akordioa sinatu zuen Washingtonekin. Ordutik AEBetako 5.200 militar zeuden herrialdean, harik eta aurreko asteetan beste 750 eraman zituzten arte. Pentagonoak iragarri berri du Ekialde Hurbilean beste 3.500 soldadu zabaldu nahi dituela. Israel eta Saudi Arabia dira haren aliatu nagusiak.

Agurra Bagdaden

Iraken, berriz, haserre handia eragin du herenegun goizaldeko eraso selektiboak. Washingtonek Bagdadeko aireportuaren kanpoaldean zegoela bonbardatu zuen Soleimani. Harekin batera beste zortzi lagun hil zituzten, goi militar irandar eta irakiarrak, eta haietako batzuen aldeko hiletak egin zituzten atzo Bagdaden. Soleimaniri azken agurra emateko ere milaka lagun elkartu ziren hiriburuan: AEBen kontrako oihuak eta hilketa mendekatzeko aldarriak egin zituzten. Irakeko agintariek herrialdearen subiranotasuna urratu izana egotzi diote Washingtoni. Umiliagarritzat jo dute ekintza, baina badira errepublika islamikoak herrialdean duen presentziaren aurrean kezka agertu dutenak ere —Tahrir plazan protesta etengabeak egin dituzte horregatik azkenaldian—.

Iluntzean, giroa tenkatu egin zen. Bagdadeko eremu berdera misilak jaurti zituzten milizia xiitek, nazioarteko tropak babestuta dauden auzora, hala nola hiriburuaren iparraldean dagoen base militarrera, Al-Baladera.

Donald Trumpek, berriz, nazioarteko hainbat agintarik gerra pizteko kezka azaldu ostean, prentsaurrekoa eman zuen herenegun gauean zehazteko bere asmoa «gerra geldiaraztea» zela, «ez gerra abiaraztea»: «Ez dugu erregimen aldaketa bat nahi, baina amaitu egin behar dira erregimenak eskualdean egin dituen erasoak». Hala ere, esan zuen Soleimani «duela urte asko» hil behar zutela, «milioika pertsonaren heriotzaren erantzule zuzena nahiz zeharkakoa» izan zelako. Mike Pompeo Estatu idazkaria saiatu zen presidentearen mezua leuntzen, eta tentsioa baretzeko asmoa agertu zien nazioarteko hainbat agintariri.]]>
<![CDATA[Talka historiko baten azken kinka]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1871/014/001/2020-01-02/talka_historiko_baten_azken_kinka.htm Thu, 02 Jan 2020 00:00:00 +0100 Kristina Berasain Tristan https://www.berria.eus/paperekoa/1871/014/001/2020-01-02/talka_historiko_baten_azken_kinka.htm
Ekialde Hurbileko geopolitika etengabe baldintzatu du bi herrialdeen arteko harremanak, eta oraingoan ere mugak zeharkatu ditu: Iraken izan du epizentroa. AEBek erasoak egin zituzten igandean herrialde hartan; Kataib Hezbola talde xiitareen bost biltegi bonbardatu zituzten, ustez miliziak armak gordetzeko baliatzen zituenak —Sirian ere egin zituen bonbardaketak—. Erasoan gutxienez 25 miliziano hil eta 55 zauritu zituzten, eta horrek protestak eragin ditu.

Washingtonek erakunde terroristen zerrendan sartu zuen Kataib Hezbola 2009an. AEBentzat, talde armatu horrek Iranen babesa du, baina kontua da babes zabala duela herrialdean, eta haren kideek eta jarraitzaileek erantzun irmoa eman dutela. Washingtonek Bagdaden duen enbaxadaren perimetroa inguratu, eta protestak egin dituzte han bi egunez, tartean eraikineko eremu batzuk errez, ateak eta leihoak hautsiz eta segurtasuneko kideen kontra eginez. Pentagonoak 120 militar eraman zituen enbaxadara, eta protestariei negar gasa, gomazko pilotak eta soinu bonbak bota zizkieten, sakabana zitezen. Apache helikopteroak ere baliatu zituzten horretarako.

Protestariak, aurretik kanpaldi mugagabea egingo zutela iragarri bazuten ere, atzo eguerdian erretiratu ziren enbaxadatik. Miliziak protesta bertan behera uzteko eskatu zien goizean bere jarraitzaileei. Irakeko Gobernuak bezperan egindako eskaerarekiko «errespetuz» egin zuen lasaitzeko deia; izan ere, errepublikako presidenteak, komunikatu baten bidez, gogor kritikatu zituen miliziaren kontrako erasoak. Barham Saleh Irakeko presidenteak subiranotasun nazionala urratu izana leporatu zion Washingtoni: «Irakek nazioartean duen ospe onarentzat kolpe gogorra izan zirela bonbardaketak».

Talka dialektikoa

Kataib Hezbolaren kontrako erasoak, bada, talka dialektikoa ere eragin du. Donald Trumpek Teheran egin zuen gertatutakoaren erantzule: «Iranek garesti ordainduko du, hark antolatu baitu hau guztia». Ali Khamenei Irango buruzagi gorenaren erantzuna berehalakoa eta irmoa izan zen: «AEBen maltzurkeria gogor salatzen dugu. Errepublika Islamikoak erronka jo eta borroka egitea erabakitzen badu, zalantzarik gabe egin egingo du». Teheranek ukatu egin du enbaxadaren kontrako protestak sustatu izana.

Irakek, talka horren erdian, bere jarrera finkatu du.Washington buru duen nazioarteko koalizioarekin duen harremana «berraztertu» egingo zuela ohartarazi zuen, baina kontua da batak besteari leporatzen diotela gertatutakoaren erantzukizuna, eta ez dagoela erabat argi noiz eta non dagoen krisi diplomatikoa eragin duen gatazkaren hasiera.

Washingtonek esan zuen talde xiitak bere base militar bati eraso ziola ostiralean, eta kontratista bat hiltzea eta bi militar zauritzea leporatu zion. AEBek gaur-gaurkoz 5.000 soldadu ditu herrialdean, eta milizia xiitak urritik bere baseen kontra misilak maiz botatzen dituela salatu izan du.

Okupazioaren zauriak

Kataib Hezbola, baina, gogor borrokatu da muturreko islamisten kontra, eta horregatik begi onez ikusten dituzte herritar askok —Herri Mobilizaziorako Indarren parte da taldea—. Okupazio indarren kontrako iritzia, berriz, oso zabaldua dago. AEBek 2003an abiatutako inbasioak zauri sakonak utzi ditu, eta xiiten eta suniten arteko arrakala zabaldu du.

Tahrir plazako protestak, bien bitartean, isilarazita geratu dira. Iranek herrialdean duen eragin politikoa salatzea dute helburu protesta horiek, gizartean dagoen zatiketa agerian utziz. Iranek, Siriako Baath alderdiarekin eta Libanoko Hezbollah miliziarekin aliatuta, monarkia suniten eta mendebaldearen kontrako ardatz xiita osatzen du.]]>