<![CDATA[Lander Muñagorri Garmendia | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Fri, 03 Apr 2020 07:05:35 +0200 hourly 1 <![CDATA[Lander Muñagorri Garmendia | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[«Emakumeen futbola dagoen bezala egoteko, gure garaikoek egon behar zuten»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1909/038/001/2020-03-29/emakumeen_futbola_dagoen_bezala_egoteko_gure_garaikoek_egon_behar_zuten.htm Sun, 29 Mar 2020 00:00:00 +0100 Lander Muñagorri Garmendia https://www.berria.eus/paperekoa/1909/038/001/2020-03-29/emakumeen_futbola_dagoen_bezala_egoteko_gure_garaikoek_egon_behar_zuten.htm
Zein da zure lehen oroitzapena baloi batekin?

Zaila da esatea, baina lagunekin izango zen. Gogoan dut hondartzan jokatzen genueneko Errege egun bat: goizeko zortzietan, sekulako hotza, eta oinetako lokarriak lotzeko gai ere ez ginela partidak jokatzen.

Nola hasi zinen futbolean?

Futbola betidanik gustatu zait; tira, kirolak oro har. Ez zitzaidan gustatzen panpinekin aritzea, eta klasetik ateratzen ginenean zegoenean jokatzen genuen: pilotan, saskibaloian edo futbolean. Gerora jakin nuen Añorgak futbol talde bat izan behar zuela, eta apuntatu egin nintzen. 1980. urtean hasi nintzen, 9 urterekin.

Neskak futbolean apenas aritzen ziren garaian hasi zineten jokatzen...

Hala da, baina emakumezkoen futbola apurka joan da garatzen. Hondartzako txapelketetan parte hartzen hasi ginenean, lau talde besterik ez geunden, eta gerora talde gehiago sortuz joan ziren. Horrela joan ziren sortzen Gipuzkoako liga, euskal federazioa, euskal liga, euskal kopa... Ondoren Espainiako liga sortu zen. Taldeetan, gainera, tarte handia egoten zen jokalarien artean. Esaterako, nagusien taldean jokatzeko, 15 urtekoak 30 urtekoekin aritzen ziren, ez zegoelako jokalaririk, eta hori gorpuzkeran sumatu egiten zen. Egia da ez zegoela egiteko beste modurik, neska gutxi aritzen baikinen futbolean. Lizentzia gehiago izan ahala, orduan hasi zaitezke jende gehiagorekin jokatzen. Urteak itxaron behar izan dira horretarako.

Gaur egun ohikoagoa da neskatilak futbolean ikustea, ala?

Onartuago dagoelako. Gu jokatzen hasi ginenean, lekuz kanpo zeuden aipamen asko entzun behar izan genituen. Gustatzen zitzaigun zerbait egiten genuenez, hitz horiei ez genien jaramonik egiten. Inork ez zituen behartzen futbol partidak ikustera joatea, eta horregatik ez genuen ulertzen zergatik esaten zizkiguten halakoak; bazirudien emakumeak sukaldean egon behar zuela. Orain badirudi gizarteak onartua daukala emakumeek futbolean joka dezaketela; ez dakit zer beldur zegoen futbolean egin genezan.

Espainiako ligan ere jokatu zenuten. Ez da marka makala auzo bateko talde batentzat, ala?

Talde gutxi zeuden, ordea. Hondartzako txapelketen ondoren, Gipuzkoakoa sortu zen, eta hortik joan ziren sortzen Espainiako ohorezko maila. Baina hor ere hamar talde geunden; ez zen erraza emakumezko taldeak topatzea. Espainian jokatzeak, gainera, gastu ekonomiko handia zekarren berekin. Jokatzera joan behar zenez, autobusean ordu asko ematen genituen. Asteburu osoa ematen genuen kanpoan. Klubak une oro lagundu zigun; ez genuen ezer ordaindu beharrik izan. Eta hori diot bazeudelako taldeak non jokalariek zerbait ordaindu behar zuten.

1990eko hamarkada urrezko garaia izan zen Añorgarentzat. Sei urtean jarraian tituluren bat irabazi zenuten.

Belaunaldi on bat izan zen, bai. Guretzat, lehenengo gauza taldea zen, eta gainerakoa ez zen hain garrantzitsua. Askok lan egiten genuen, eta asteburuetan partidak genituen, eta horrek lehentasuna zeukan beti. Etxean aritzen ginenean, esaterako, bagenekien zer geneukan: igandeetan partida. Beraz, larunbatetan goiz erretiratzen zinen. Zaintzen saiatzen zinen ahal zenuen beste, eta, denboraldia amaitutakoan, udan ateratzea tokatzen zen. Horrez gainera, Espainiako selekzioarekin aritu nintzen urte luzez, eta oporrak kontzentrazioetarako eta partidetarako erabiltzen nituen. Uda iristen zenean, ez nuen oporrik izaten. Futbola utzi dudanean izan ditut oporrak lehenengo aldiz. Sakrifizio asko egin ditut, baina gustatzen zitzaidalako egin ditut; badakizu, gustuko lekuan aldaparik ez.

Titulu horiek garrantzitsuak izango ziren auzorako.

Añorga ezaguna egin bazen Espainian, hori nesken taldeagatik izan zen. Ohore bat izan da.

Espainiako selekzioarekin gehien jokatu duten jokalarietako bat ere bazara: 80 partida denera.

Guk gutxi jokatzen genuen, asko jota urtean hiru edo lau partida. Orain gehiago jokatzen dituzte, eta selekzioa ere hazi egin da gure garaitik hona. Futbolak aukera eman dit bidaiatzeko eta jende asko ezagutzeko. Oroitzapen bereziki onak ditut 1997an Suediako munduko txapelketan hirugarren geratu ginenekoak.

26 denboraldi egin dituzu talde berean. Denbora tarte horretan asko aldatu da egoera?

Ibilbide guztia klub berean egin dut, gainera; hori ez da oso ohikoa orain. Baina bai, denbora tarte horretan asko aldatu da dena. Emakumeen futbola hazten ari da, eta horretarako beharrezkoa da [gizonezkoen] lehen mailako taldeek emakumezko taldeak ere izatea. Asko laguntzen du ikusgarritasuna lortzen. Orain, partidak telebistaz ematen dituzte; jokalariei elkarrizketak egiten zaizkie... Gu ezezagunak ginen, eta gure inguruak bakarrik ezagutzen gintuen. Tira, egia da Oiartzunen aurkako derbietan zelaia bete egiten zela; partida berezia izaten zen...

Partida horiek jendea mugitzen zuten?

Bai. Kopako partidetan, eta Oiartzunen aurkakoetan, jendea inguratzen zen, eta zelaia bete egiten zen. Ohituta ikuslerik gabeko partidak jokatzera...

Orain ikusgarritasun handiagoa lortu du emakumezkoen futbolak. Zergatik dela uste duzu?

Prentsak emakumezkoen futbolaz hitz egiten duelako. Gure partidez ez zen ezer ateratzen, asko jota herrietako kroniketan aipamenen bat, baina, bestela, ligako emaitzak ez ziren inon agertzen.

Ligak eta kopak irabazi zenituztenean ere ez?

Ezta ere. Akaso, irratitik deituko gintuzten, baina gauza puntuala zen hori. Urtean zehar, existituko ez bagina bezala zen.

Kontrastea dago horren eta iaz Realeko emakumeek irabazitako koparekin lortu zuten oihartzunaren artean...

Ez dauka zerikusirik, garai ezberdinak baitira.

Pena ematen dizu zuei jaramonik egin ez, eta orain alde hori ikusteak?

Nik ez nuke aldatuko bizi izan dudana. Emakumeen futbola dagoen bezala egoteko, gure garaikoek egon behar zuten. Oraingo futbolariak baloratuago daudela? Akaso, baina nik ez nuke aldatuko bizitakoa. Gure garaia gogorra izan zen, baina familia moduko bat ginen.

Kirol ibilbidea amaitu ondoren, entrenatzaile titulua atera zenuen, eta ardura horretan zabiltza orain. Naturalena izan da entrenatzaile gisa hastea?

Niretzako bazen beste modu bat futbolarekin lotuta egoteko, eta niri futbolean erakutsi zidatena transmititzeko balio izan dit. Futbolarekin lotuta egoten jarraitu nahi nuen, eta horregatik atera nuen titulua. Añorgan hasi nintzen entrenatzen, Zumaiara eta Real Unionera joan nintzen gero, eta orain Martuteneko taldean dihardut. Haurren mailan hasi nintzen, eta orain kadeteekin nabil.

Ibilbide horren guztiaren aitorpena jaso berri duzu: emakume kirolarien jarduna nabarmentzen duen Carmen Adarraga saria eman dizute martxo hasieran. Nola hartu zenuen saria?

Hunkituta, ez bainuen espero. Beste kirolari bati ematen diotenean saria, esaten duzu: «Oso ondo, merezi zuen». Baina sekula ez duzu espero zu izatea omenduko dutena. Jokatu izan dut hainbat urtez futbolean, eta orain jarraitzen dut entrenatzaile moduan... Deitu nindutenean, lehen erantzuna izan zen: «Nik ez nuen ezer egin eta!». Jabetu naiz, ordea, egin nuela gustatzen zitzaidana, eta zerbaitetarako balio izan duela.

Jakitun zeunden egiten ari zinenaz?

Ez nintzen jabetzen. Batez ere ibilbidearen hasieran, ez baikinen existitzen. Gustuko genuena egin genuen, baina gero ikusten duzu atzetik datorrenari bidea erraztu diozula. Saria jasotzean izugarri urduri nengoen; hil ala biziko penalti bat botatzerakoan ere ez nintzen sekula urduri jartzen, baina orduan bai. Ez zait sekula gustatu arreta neureganatzea, eta horregatik nengoen urduri. Baina eskertuta eta hunkituta nago.]]>
<![CDATA[«Indonesian errazagoa da bizitza»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/040/001/2020-03-21/indonesian_errazagoa_da_bizitza.htm Sat, 21 Mar 2020 00:00:00 +0100 Lander Muñagorri Garmendia https://www.berria.eus/paperekoa/1891/040/001/2020-03-21/indonesian_errazagoa_da_bizitza.htm Blue Manta itsasontzian. Afizioa zena ofizio bihurtu du orain, eta gustura dago horregatik.

Nolatan joan zinen Indonesiara?

Txikitatik beti izan dut lotura handia itsasoarekin, aita Tarifakoa [Espainia] baita, eta oporraldi guztiak han igarotzen genituen. Urpean asko ibili izan gara, eta lotura hori geroz eta handiagoa bihurtu zen denborarekin. Baina bizitzak beste bide batetik eraman ninduen, Itsasondon [Gipuzkoa] enpresa batean lan egitera. Urte batzuk igarota, ez nengoen pozik egiten ari nintzenarekin. 2014an Indonesiara etorri nintzen oporretara, eta ikusi nuen urpekaritza munduan lan egiteko aukera sortu ahal zela. Etxera itzuli nintzen pentsatuz bulegoko lan hori ez zela niretzat. 2015eko apirilean etorri nintzen hona.

Urpekari gida izateko ikasketarik ez zenuen, ordea...

Ez, ikasketak egin nituen, eta Komodoko uhartean [Indonesia] lortu nuen lana, urpekaritza egiteko munduko lekurik onenean. Sei hilabete egin nituen kontraturik gabe, Indonesian kanpotar izanda lan baimena lortzeko irakasle ikastaroa eduki behar baita. Sei hilabete horien ondoren etxera itzuli nintzen ikastaroa egitera, eta berriz etorri nintzen. Orain, luxuzko ontzi batean nago.

Hara joan zinenean, zerk harritu zintuen gehien?

Bizimodua zein erraza den ikusteak, eta jendearen irribarreak. Bizitza errazagoa dela esango nuke.

Etxetik urrun zaude. Nola egiten diozu aurre egoera horri?

Hori da alderik txarrena, familiatik eta lagunengandik urrun egotea. Herrimina beti hor dago. Gaur egun, Internetekin eta Whatsappekin nahiko erraza da konektatuta egotea, baina, hala ere, zaila da. Ahal dudanean joaten naiz Euskal Herrira bisitan, baina, orain nagoen ontzian, lehenengo urtean zortzi hilabete jarraian egin nituen lanean, bidaia bat bukatu eta bestea hasi.

Esan duzu lagunen eta familiaren falta sumatzen duzula. Horiez gain, zeren falta nabari duzu?

Herri giroarena, pintxo-potearena eta lagunak ateratzen garenean dauzkagun elkarrizketena. Hemen ez daukagu hori. Lagunak badauzkat hemen, baina ez da berdin. Itsasontzian familia bat sortzen da tripulazioaren artean, baina portura iristean bakoitza berera joaten da.

Zein da Indonesiako egoera?

Turista asko etortzen da hona urpekaritza egitera, baina hegazkinetik txalupara doaz zuzenean. Hirian ez dira geratu ere egiten. Tartea dudanean eta hirietara noanean, bertako herritarrentzat deigarria da Mendebaldeko jendea ikustea.

Ekonomia turismoan oinarritzen da?

Bai, industria handirik ez dago. Munduko arrezife aberatsenak hemen daude. Herrialdea turismoan oinarritzen da.

Koronabirusaren eragina sumatzen al da?

Duela astebete arte, gauza ondo ikusten zen, baina egoera aldatzen ari da. Erreserba asko bertan behera geratu dira, eta aste honetako bidaia bost pertsonarekin ari gara egiten; normalean, hogei inguru izaten dira. Hurrengo astean, ontzia gelditu egingo da; beraz, eragina sumatzen ari da, bai. Jendea bidaiatzeko beldurrez dago, mundu osora iritsiko baita.]]>
<![CDATA[Koronabirusaren aurka, garbitasuna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1906/030/001/2020-03-14/koronabirusaren_aurka_garbitasuna.htm Sat, 14 Mar 2020 00:00:00 +0100 Lander Muñagorri Garmendia https://www.berria.eus/paperekoa/1906/030/001/2020-03-14/koronabirusaren_aurka_garbitasuna.htm
ESKUEN GARBITASUNA

1. Aholku guztietan oinarrizkoena eskuak garbi edukitzea da: «Kutsatzeko modu nagusietako bat delako. Gaixo baten ondoan egonez gero, partikulak arnastuta kutsatu daiteke norbanakoa, baina, bestela, gaitza eskuetatik iristea da normalena». Hau da, gaixotasuna duen edonork erabilitako edo ukitutako edozein elementu eskuekin ukituz gero, gaitza hartzeko arrisku handia dago. «Birusa ahotik, sudurretik eta begietatik sartzen da; eskuekin aurpegia askotan ukitzen dugu, eta horregatik da garrantzitsua eskuak garbi edukitzea». Aurpegia ukitzeko ohitura handia izaten dute norbanakoek, eta, horregatik, ahal den heinean joera hori gutxitzea ere garrantzitsua dela dio. «Baina hori zaila dela ere badakit».

Mikrobiologoak ez du zehaztu zenbatean behin komeni den eskuak garbitzea, baina beste pertsonaren batek ukitu ahal izan duen objekturen bat ukitzen den aldiro eskuak garbitzea komeni dela dio. Gutxi gorabehera ordubetean behin eskuak garbitzeko ohitura hartzea gomendatu du. «Eskuak ohiko moduan garbitzea komeni da, urarekin eta xaboiarekin. Eskuaren atal guztiak ondo garbitu behar dira, gainera: hatz puntak, azkazalak...». Denetara minutu erdi inguru igarotzeko gomendioa egin du. «Prozesua ondo amaitzeko, eskuak ondo lehortu».

Enpresa askotan ere eskuak garbitzeko gelak eskatzen ari dira, eta horien erabilera egokikoak diren arren ez du ezinbestekotzat jo Quindosek. Claudio Cordero Limpiezas Txindoki garbiketa enpresako arduraduna da, eta, dioenez, une honetan lantokietan gel horiek dira gehien eskatzen dituztenak. «Gero eta zailagoa egiten ari zaigu eskuratzea, denek nahi baitituzte eskuak garbitzeko gel horiek».

ETXEKO GARBITASUNA

2. Eskuak garbi edukitzeaz gain, etxea ere hala egotea garrantzitsua izan daitekeela azaldu du Quindosek, batez ere gaixotutako norbait berrogeialdia egiten ari baldin bada. «Gaixo dagoenak ukitu ahal izan dituen euskarri denak garbitzea komeni da: ateetako eskutokia, kisketa, atea bera, mahaiak...». Horretarako onena edozein detergente edo lixiba urarekin nahastuta erabiltzea litzateke, mikrobiologoaren hitzetan «horiek edozein bakteria hil dezaketelako».

Horrez gain, gaixoak darabiltzan arropa, maindire eta toallak ahal bestetan garbitzeko esan du. «Toallak, esaterako, ezin ditu gaixoa ez den beste inork erabili», eta ahal izanez gero egunean behin aldatzeko aholkua egin du. Izan ere, bakterioek gehiago irauten dute eremu hezeetan, eta, horregatik, ahal bestetan aldatzea egokiagoa dela dio, gaixorik ez dagoenarekin kontakturik ez izateko. Berdin gaixoak lo egiten duen oheko maindireekin, edo erabiltzen dituen arropekin. «Garbitu behar duen pertsona kutsatu gabe baldin badago, komenigarriena litzateke garbigailua jartzerakoan eskularruak erabiltzea», horrela ez baitu eskuetan inongo bakteriorik izango.

Garbigailua jartzerakoan, 60 gradutik gorako programak jarri behar direla azaldu du, tenperatura horietatik gora hiltzen baitira bakterioak. Ondoren, arropa ahalik eta hoberen lehortu beharko da. «Birusa erabat hiltzen duena lehortasuna da: hezetasuna galtzen duenean, bere egitura guztia galtzen du». Horregatik, arropa tenperatura altuan garbitzeaz gain ondo lehortzea ere garrantzitsua dela dio. Baldintza horiek etxeko baxerari ere ezarri behar zaizkiola dio, plater edo edalontzietan bakterioak hiltzeko modu egokiena baita.

Etxean gaixorik egon ezean neurri horiek guztiak hartzea gehiegizkoa dela uste du Quindosek, baina oinarrizko garbitasuna ezinbestekoa dela dio.

ENPRESAKO GARBITASUNA

3. Lantokietako garbitasunari dagokionez, Corderok azaldu du protokolo bereziak jarri dituztela martxan Limpiezas Txindokin: «Garbitzaileek ezin dituzte lantokietako mahaiak ukitu, eta behargin bakoitzari dagokio bere mahaia garbitzea, alkohol apur batekin». Garbitzaileek, beraz, langile denek ukitzen dituzten euskarriak garbitu behar dituzte: ateak, eskutokiak... Eskularruekin lan egin behar dute, gainera. Quinosek ere gomendio bera eman du, behargin bakoitzak, besteak beste, bere ordenagailuko teklatua eta sagua garbitu ditzala. Gainerakoan, aholku orokorrari jarraituz, lantokian ere eskuak maiz garbitzeko eskatu du.

GARRAIO PUBLIKOKO GARBITASUNA

4. Azken egunetan asko hedatu diren irudiak dira: garbitzaile brigadak garraio publikoa garbitzeko lanean ageri direnak. Koronabirusarekin kutsatua izateko beste eremu bat izan baitaiteke hori. Horregatik, garbitasunerako hartzen diren ahaleginak handiak eta egokiak direla azaldu du Quinosek. Dena den, autobus, tren, tranbia eta metroko barrak ahal den gutxienetan ukitzeko aholkua eman du, jende askok ukitzen baititu. Kutsatua izatea saihestu nahi izanez gero, barra horiei paperezko mukizapiekin eutsi ahal zaiola esan du. «Baina neurri hori gehiegizkoa iruditzen zait; zentzuzkoagoa litzateke garraio publikoa erabili ondoren eskuak garbitzea».

BAKARTZEA ETXEAN

5. Aipatutako garbitasun neurri horiek guztiak kutsatuak ez izateko eraginkorrak direla azaldu du mikrobiologoak. Etxe barruan koronabirusak gaixotutako norbait izanez gero, ordea, garbitasunaz haragoko neurriak hartu daitezkeela azaldu du Quindosek. Gaixotua nola bakartu, hain zuzen. Horretarako etxe ideal bat dagoela dio: gaixoa egon ahal izateko gela bakartu bat egotea, eta berak bakarrik erabili ahal izango duen komun bat. Berrogeialdia egiten duen denboran, gela horretatik atera gabe egon beharko du gaixoak, eta ahal duenean leihoa irekita eduki dezala, bertako giroa egurasteko. «Gela horretan gaixoarentzako behar adina paperezko mukizapi eduki beharko lirateke, eta baita ondo itxi daitekeen zakar poltsa bat ere, mukizapi horiek erabili ondoren zakarretara ondo itxita bota ahal izateko». Komunean badaezpada norberarentzako xaboi propio bat edukitzea ere komenigarria izango litzatekeela azaldu du.

Dena den, etxe ideal hori ez da denek edukitzeko modukoa. Hau da, etxe guztietan ez dago gaixoarentzako gela bereizi bat edo komun bat baino gehiago. Halakoetan, kutsatuarekiko bi metroko distantzia edukitzea aholkatu du, eta gaixoak maskara eraman beharko luke. Komunean, bestalde, koronabirusa duenaren toalla, xaboi eta garbiketarako euskarri oro bananduta izatea gomendatu du. «Neurri hauek guztiak hartuta ere kutsatzeko arriskua izan dezakegu, oso zaila baita dena behar den bezala egitea». Horregatik, tentuz ibiltzeko esan du Quindosek.]]>
<![CDATA[Kafe etena: lana edo atsedena?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/046/001/2020-03-03/kafe_etena_lana_edo_atsedena.htm Tue, 03 Mar 2020 00:00:00 +0100 Lander Muñagorri Garmendia https://www.berria.eus/paperekoa/1957/046/001/2020-03-03/kafe_etena_lana_edo_atsedena.htm
Gaiaren inguruko ikerketa asko dagoela dio Andrea de Vicente EHUko enpresa zuzenbideko irakasle eta ikerlariak: «Askotan esan da atseden hauek beharrezkoak direla, eta ikuspegi fisiko zein psikologikotik nekeari aurre egiteko ezinbestekoak direla». Lanean ari denean, beharginaren jarduna hobetzeko baliagarriak dira atseden tarte horiek, eta ezinbestekoak «indarra eta sormenerako gaitasuna berpizteko». Beste modu batera esanda, egunero atsedenerako denbora hartzea beharrezkoa dela beharginak lanean egoki jarraituko badu. Ez hori bakarrik, arnas tarte horiek lankideen arteko harremanak sustatzeko garrantzitsuak direla ere badio ikerlariak: «Lankideekin tratu ona izateko beharrezkoak dira era horretako atsedenak, lan giroan zuzeneko eragina baitauka». Ikuspegi sozial batetik begiratuta ere, lan jardunaren erdian egiten diren atseden tarte horiek garrantzitsuak dira: «Askotan kontziliaziorako baliatzen da, deiak egiteko, medikuaren zitak hartzeko edo bestelakoetarako; norberaren kontuak egiteko baliagarriak ere badira». De Vicentek dio horregatik guztiagatik ezinbestekoa dela lan jardunean atseden hartzea.

Beharrezkoa da atseden hori, eta Auzitegi Nazionalaren epaiak ez du zalantzan jarri langileena den eskubide hori. Espainiako Langileen Estatutuaren arabera, sei ordutik gorako lanaldi trinkoetan beharginek hamabost minutuko atsedena hartzeko eskubidea daukate. Frantziako legediaren arabera, berriz, sei orduko lanaldiaren truke hogei minutuko atsedena dagokio langileari. «Baina [Espainiako Langileen Estatutuan] ez du zehazten atseden hori lan jardunaren barruan dagoen ala ez, eta ondoren berreskuratu behar ote den ala ez». Alegia, RASL abokatu bulegoko kide den Pablo de los Rios abokatu laboralistaren arabera, legeak ez du zehazten atseden horrek nola eragiten dion beharginaren lan baldintzei. Otsaileko epaiak, hala ere, enpresarien alde jarri du balantza, eta ez du balorazio positiborik egin: «Nik uste eskuratutako eskubideak badaudela, eta esango nuke hau dela horietako kasu bat; orain arte lanorduen barruko atsedenak ziren». Eta uste du epaiak orain arteko joera hori aldatu dezakeela. Nolanahi ere, CCOO sindikatuak helegitea jarri dio ebazpenari, eta gaia Espainiako Auzitegi Gorenera iritsiko da. Bertako erabakiaren arabera, jurisprudentzia ezarriko da lan itunetan gaia argi azaltzen ez den kasuetan.

Ordutegien erregistroa

Epaiak, dena dela, oraingoz kafe eta zigarretarako denbora lanalditik kentzearen alde egin du. Xabier Ugartemendia LAB sindikatuko negoziazio kolektiboko arduradunak esan du enpresetan borrokatu beharko dela horri aurre egiteko, eta aurreikusi horrek gatazkak eragin ditzakeela. «Enpresetan atsedenaldi horiek oso normalizatuta daude, eta itun askotan arautua dago kafea hartzeko edo erretzeko etenaldiak lanaldiaren parte direla». Baina beste kasu askotan, hitzarmenetan zehaztu gabe dago atseden horiek berreskuratu behar diren ala ez. Horregatik dio behin betiko epaiaren ondoren lantegi askotan borrokatu behar izango den zerbait izango dela. Atsedenak orain arte egin diren bezala mantentzeko lan egin beharko dela, azken batean. «Patronalak orain arte ez du ezer esan, beraz, normalizatuta zegoen zerbait zen. Horregatik, ez dakigu zertara datorren bat-batean onartuta zegoen zerbait aldatzen saiatzea».

Hego Euskal Herriko langileei eragin diezaiekeen egoera hau ulertzeko iazko maiatzera egin behar da atzera. Ipar Euskal Herrian egiten den gisan, Espainiako Gobernuak langileen ordutegiak erregistratzeko derrigortasuna ezarri zien enpresei, gehiegizko ordutegiak eta kontratu partzialen iruzurrak kontrolatzeko asmoz. «Baina legea idazteko garaian ez dute behar bezalako arretarekin egin, langileek aurretik zituzten eskubideak ez baitituzte erregulatu», De los Riosek azaldu duenez. Hau da, besteak beste, ez dela kontuan hartu atsedenerako tarte hori nola hartu behar den kontuan, eta abokatuak azaldu du enpresarien gehiegikerien aurka egiteko legea enpresariak euren onurarako baliatzen hasi direla. «Lege guztiek dauzkate beren zirrikituak, eta enpresariek euren alde egiteko bideak topatu dituzte». Hainbeste, ezen epaitegietan bermea lortu baitute.

Ugartemendiak ere lanorduen erregistroaren legean ikusten du epaiaren abiapuntua: «Langileen aldeko lege bat izan behar zena beharginak kontrolatzeko tresna bihurtzen ari da pixkanaka, eta horrekin harrituta gaude sindikatuan; patronala lehen momentuan atera baitzen esanez atsedenerako tarteak erregulatzen hasteko asmoa zeukala». Eta azaldu duenez, patronalak bide hori epaitegietan topatu du.

Langileen ongizatearen bila

Era horretan, orain arte enpresa eta langileen arteko konfiantzazko tratu bat zena urratu egin dela dio De Vicentek. Askotan idatzi gabe zegoen tratua, gainera. «Horren atzean oinarri ideologiko bat dago, hau da, langileek atseden tarte horien abusu bat egin duten ustea; baina egoerak dio justu kontrakoa dela, alegia, lan baldintzak kaskartzen ari direla eta behar baino ordu gehiago egiten dituztela beharginek». Baldintza horietan, eta behar bezalako atsedenik gabe lan eginez gero, lantegietako giroa txartu egiten delako, ikerlariaren hitzetan. «Nekatuta edo estresatuta zaudenean, zure lankideekiko harremana ez da berdina, txarrera egin ohi dute. Langilearen umorea eta egoera psikologikoa ez baitira behar bezalakoak». Horregatik dio, gizarte osasunari begira, langileen atsedenaldiak areagotu beharko liratekeela.

Hain zuzen, hori da Oiartzunen (Gipuzkoa) dagoen Salto System enpresan daukaten ikuspegia. Ateentzako sarrailak egiten dituzte lantegian, eta, beharginen ongizatea lortzeko asmoz, hainbat neurri hartu dituzte. Esaterako, kafea hartzeko eremu zabal eta handi bat egokituta daukate, egongela eta guzti. Hala azaldu du Borja Gantzarain marketin saileko kideak: «Pertsonen harremanak bultzatu nahi ditugu, ez baikara makinak, eta ikusten baitugu beharrezkoa dela enpresako lankideen artean harremanak izatea». Sail ezberdinen arteko harremanak sustatzeko asmoz, langile denak batera jaisten dira goizetan kafea hartzera, baina ez daukate kafea hartzeko mugarik. «Denok daukagu konfiantza bakoitzak bere lana bere erara egingo duela; enpresak ezarritako lanak egingo dituela. Beraz, kafea hartzeko ordubetez egonez gero, norberak ikusiko du ondoren lana nola egingo duen; gainera, askotan langileak kafea hartzen ari direnean beharrean ari dira batzuetan, bilera informal bat izan liteke elkargune horretan izaten duten elkarrizketa».

Gantzarainek esan du «langile bakoitzaren garapen pertsonala» lantzea bilatzen dutela enpresan. «Lan egiteko arnasa hartu beharra dago; bestela, arazo berari bueltaka ibili baitzaitezke». Ez hori bakarrik, jendeak enpresan jarraituko badu, eta bere karrera profesionala bertan egingo badu, «jendeak gustura egon beharra dauka». Eta jakitun da horretarako atsedenak garrantzi handia daukala. Horregatik, aurreikus daiteke epaitegietan hartuko diren neurriek euren lantegian ez dutela eragingo, atsedenerako tarte horiei garrantzia ematen baitiete. De Vicentek esan du ikuspegi hori gainerako enpresetan txertatu behar dela, horretarako lan egin behar dela. «Atseden hartzea ez baita lanerako denbora galtzea, alderantziz baizik».]]>
<![CDATA[Bortxaketa osteko bortxaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1909/040/001/2020-02-22/bortxaketa_osteko_bortxaz.htm Sat, 22 Feb 2020 00:00:00 +0100 Lander Muñagorri Garmendia https://www.berria.eus/paperekoa/1909/040/001/2020-02-22/bortxaketa_osteko_bortxaz.htm Birritan bortxatua, Donostiako Gazteszenan, ikusleei antzeko sentsazio bat eragiteko asmoz —sarrera guztiak amaituta daude—. Hala dio behintzat Aldatzen Laguntzen antzerki taldeko kide eta aktore Martinezek: «Jendea zaplazteko bat jasota ateratzen bada, asko da; antzezlanaren proba ikusi duen kanpoko lagun batek negarrez amaitu zuen, eta horrek esan nahi du bide onetik goazela, zerbait mugiaraztea lortu dugula».

Royok bortxatua izan den Nagoreren rola jokatuko du, eta haren kasua epaitegira iritsiko da. Bertan, defentsako abokatuaren eta fiskalaren galdetegia erantzun beharko du, eta bortxaketaren unea berriz gogoratu beharko du. Hortik antzezlanaren gogortasuna, eta baita izenburua ere. Galdera horiek, gainera, ez dira fikziozkoak izango, benetako bortxaketa epaiketetan abokatu eta fiskalek egindako galderak bildu eta baliatu baitituzte antzezlana osatzeko. Martinezek idatzi du gidoia, eta lehen probetan Royok askotan galdetu zion ea galderaren bat berak asmatua ote zen, «hain ziren sinesgaitzak». Ez da horrela izan, ordea. Horregatik, antzezlana fikzio dokumental bat dela azaldu du Martinezek: «Ez ditugu epaiketa bakar bateko galderak hartu, zoritxarrez halako galderak egiten dituzten epaiketen kasu asko baitaude, eta horregatik nahiago izan dugu fikzio dokumentala sortu». Errealitatetik asko duen fikzio bat osatu dute horrela.

Errealitate hori galderetan dago islatuta. Antzezlanaren momentu batean, Nagore epaiketako aulkian eserita dago, eta goitik behera begira duen fiskalak honela galdetu dio: «Barkatu galderarengatik, baina ez zen lehen aldia izango, ala? Ez zen lehen aldia izango gizon bati ahoarekin zakila miazkatzen zeniola». Ezezkoa erantzun dio Nagorek, baina lehen aldia zela horren gaizki sentitzen zela halako egoera batean: «Gaizki sentitzen nintzen haren semena nuelako, ez ninduelako errespetatu, eta ez nintzelako batere eroso sentitu». Berriz ere galdera: «Barkatu berriro galdetzea, baina 44 urte dituzu, ezta?». Baiezko erantzuna. «Noiztik daramazu sexu harremanak edukitzen?» 18 urte zituenetik, Nagoreren esanetan. «Hortaz, esan nahi diguzu hau izan zela nazka sentitu zenuen lehen aldia?».

Gisa horretan jarraituko du fiskalaren eta defentsaren abokatuaren galdetegiak antzezlanean. Horien bidez bortxaketaren unea gogorarazi beharraz aparte, Nagorek epaiketan bere jokabidea justifikatu beharko du. «Agerian geratuko da, gainera, gure gizarteak zer eragin duen biktimarengan; konturatzen denerako, bere ingurukoek badakite zer gertatu zaion», azaldu du Royok. Galdetegiak agerian utziko du, gainera, gaur egun oraindik botere judizialak nola funtzionatzen duen: «Ikusleak bere gogoeta egin dezala eragin nahi dugu, eta pentsa dezala bakoitzak non kokatzen duen bere burua».

Kontakizuna helarazi

Gogoeta ez ezik, ikusleek euren bizipenak konta ditzaten ere sustatuko dute Aldatzen Laguntzen antzerki taldeko kideek. Horretarako, @kontazan Twitter kontua sortu dute, jendeak bertan idatz ditzan gertatu zaizkion antzeko «sustoak» edo kasuak. «Antzezlanarekin lanean ari ginela, inguruko jendea hasi zitzaigun kontatzen gertatu zitzaizkion pasadizo ezatseginak, gehienak susto bat besterik izan ez zirenak; antzezlanarekin nahi dugu ikusleek ere eurenak konta ditzaten», azaldu du Martinezek. Sare sozialean horiek biltzeko ahalegina egingo dute.

Antzerki konpainiak orain arte umorezko lanak egin izan ditu, eta orain estiloa aldatu dute. «Indarkeria matxistaren arazoa egunerokoan dago, eta guk gure ekarpena egin nahi izan dugu lan honekin», Martinezen hitzetan. Hausnarketa eragiteko nahiaz sortu dute antzezlana, eta ondoren eztabaida eragiteko. Izan ere, ikusi dute Nagore Laffageren kasuak eta Iruñeko talde bortxaketarenak gizartean mugarriak ezarri zituztela, eta horien eraginez gizarteak ahotsa goratu zuela.

Orain, arazoaren inguruko hausnarketa ahalik eta txoko gehienetara eraman nahi dute, eta, horregatik, baliabide gutxirekin antzezteko moduko lan bat osatu dute. Argi eta soinu ekipamendua eurek eramaten dute, eta eurek kudeatzen dituzte baliabideak, hori ez dadin oztopo izan antzezlana kontratatzeko garaian. Martinezek eta Royok lehen proba saioetan sentitu zutena transmititzen saiatuko dira ahalik eta leku gehienetan.]]>
<![CDATA[Sorginen aldarrikapena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/048/001/2020-02-22/sorginen_aldarrikapena.htm Sat, 22 Feb 2020 00:00:00 +0100 Lander Muñagorri Garmendia https://www.berria.eus/paperekoa/1890/048/001/2020-02-22/sorginen_aldarrikapena.htm In memoriam mulieris». XV. eta XVIII. mendeen artean munduan sutan erre zituzten 250.000 emakumeren omenezko lana da Marta Lage de la Rosa artistarena, eta Donostiako Okendo kultur etxean atzo zabaldu zuten Sorginak! erakusketan egongo da ikusgai apirilaren 17ra arte. Sorginkeria egotzita hil zituzten emakumeak ditu gogoan EmPoderArte taldeak sustatutako egitasmoak, eta 44 artistaren lanak biltzen ditu.

Emakumeen aurkako zapalketa bat du gogoan, baina Miren Atxaga artista eta erakusketaren komisarioetako batek argi azaldu zuen atzoko aurkezpen ekitaldian jazarpen hori oraindik ez dela amaitu: «Gaur egun ez gaituzte erretzen, baina oraindik hiltzen gaituzte; burua ateratzen duen oro oraindik zapaltzen dute».

EmPoderArte artisten taldeak duela bi urte erabaki zuen sorginen inguruko erakusketa bat egitea, eta, horretarako, elkarren artean asko eztabaidatu dute. Pepa Santamaria beste komisarioetako batek azaldu zuenez, denek irakurri zuten Silvia Federici ikerlariaren Caliban eta sorgina lana, eta ondoren hasi ziren gaiaren inguruko hausnarketak egiten. «Prozesua oso aberasgarria izan da». Elkarren artean izandako gogoetak gizarteratu dituzte erakusketarekin, baina horrekin batera beste helburu bat ere izan dute: «Asmoa ez da izan erakusketa polit bat egitea, ikusleengan hausnarketa sorrarazi nahi duen erakusketa egitea baizik».

Horretarako aukera ematen dute ikusgai dauden artelanetako askok. Gurutzean iltzatutako emakume bat ageri da oihal batean, Kristo iltzatua imitatuz. Gurutzearen gainean Mulier idatzia dago, eta oihalaren albo bat erreta ageri da. Sabaitik zintzilik dagoen beste oihal batean sukaldeko amantalaren forma hartzen duen irudi bat dago, eta barruan hitz ugari daude idatzita: «Jakintsuak, sorginak, emakumeak, ausartak, askeak, intsumisoak, garaiezinak». Erakusgelaren beste puntan, maniki batzuen bi buru daude, eta probeta itxurako kristalezko ontzitxo batzuetan erakusketan parte hartu duten emakume denen ile xerlo bana dago. Sorginen esentzia izena darama artelanak, gaur egun sorgin izateak esan nahi duena irudikatzeko asmoz. «Sorginak emakume izateagatik, ahaldunduta egoteagatik, borrokatzeagatik...», dio artelanaren ondoan dagoen azalpenak.

Gutxiespena amaitu

Sorgin hitza erabili dute erakusketaren izenburuan, eta baita bertan ikus daitezkeen artelan askotan ere. Erabilera hori ez da ausazkoa, Sara Beiztegi erakusketako beste komisarioaren hitzetan: «Hitzaren erabilerarekin emakumeak deabru bihurtu nahi izan zituzten». Medikuntzako jakintza izateak botere handia ematen baitzien, eta hori amaitzeko saiakera bat izan zen sorginkeria salaketak, Beiztegik dioenez. «Emakume izateagatik hil zituzten, gizon horien mandatuen arabera bizi nahi ez zutelako».

Horregatik, gaur egun oraindik oso erabilia den sorgin hitzaren erabilera negatiboari buelta eman beharra nabarmendu zuen Beiztegik atzoko ekitaldian. «Emakume ahaldundua eta nahi duena izatea esan nahi badu sorgin izateak, izaera hori aldarrika dezagun».]]>
<![CDATA[Aizan, egingo al dinagu hiketan?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1952/038/001/2020-02-15/aizan_egingo_al_dinagu_hiketan.htm Sat, 15 Feb 2020 00:00:00 +0100 Lander Muñagorri Garmendia https://www.berria.eus/paperekoa/1952/038/001/2020-02-15/aizan_egingo_al_dinagu_hiketan.htm www.hitanoaz.eus webgunearen sustatzaileak eta Ritxi Lizartza Hitanoa mintza hadi, lagun! gidaren egileak. Nahi horrek, ordea, orain arte gutxitua izan den doinua izan du: noka.

Lizartzak dio hitanoaren gaiak boladak izaten dituela, eta orain halako bolada bat badagoela sumatu du: «Normalean, hitanoa denen ahotan jartzen denean, hainbat konturengatik jartzen da; oraingo honetan, badirudi generoaren aldarrikapen batekin lotuta etorri dela, ikusi baita desoreka dagoela hitanoaren barruan toka eta noka egitearen artean». Ezberdintasunak handiak baitira. Bereziartua ikerketa bat egiten ari da Azpeitiko (Gipuzkoa) hitanoaren egoeraren inguruan, eta, datu kuantitatiboak eskuan, tokaren eta nokaren artean dagoen aldea agerian geratzen da: gizonezko gazteek gizonekin hitz egiten dutenean, elkarrizketen %87 toka egiten dute, eta emakumezkoekin, %16 noka; kontrara, andrazko gazteek beste emakumeekin hitz egiten dutenaren %2 besterik ez dira noka aritzen, eta gizonekin %13 egiten dute toka. «Arrakala izugarria da», dio ikerlariak. Adinean gora egin ahala, andrazkoek gehiago egiten dute noka, eta horregatik dio nokak transmisio etena duela. Egoera hori errepikatu egiten da hitanoa erabiltzen den gainerako herrietan ere.

Horregatik, hainbat herritan noka berreskuratzeko egitasmoak jarri dira martxan. Joan den abenduan, esaterako, Ingo xonau! proiektua abiatu zuten Oñatin (Gipuzkoa): noka aritzen diren 54 pertsonaren testigantzak grabatu dituzte, erabilera zenbatekoa den neurtu eta galerari aurre egiteko, hika aritzeko gune bat sortzeko lehen bilera egin zuten atzo bertan. Azpeitian bertan ere Hitanoa, emakumeak ahalduntzeko tresna jardunaldiak egin zituzten iazko martxoan, eta nokodromo bat ere antolatu zuten; hau da, noka aritzeko gune bat. Gabirian (Gipuzkoa), Nokaldia egin zuten iazko azaro amaieratik abenduaren 3ra arte, eta paparrean txapa zeramaten 45 pertsona inguruk elkarrekin noka egiteko konpromisoa hartu zuten. Errenterian (Gipuzkoa) ere antzeko egitasmo bat antolatu zuten duela hiru urte, eta Zestoan eta Orion (Gipuzkoa) ere egin dituzte ikastaroak. Baztanen (Nafarroa) duela lau urtetik hitanoa ikasteko klaseak ematen dituzte, eta mintzapraktika egiteko taldea ere antolatzen ari dira,; Arratiako bailaran (Bizkaia), hitanoa —bereziki noka— ikasten hasi da herritar talde bat bere kabuz. Mugitzen ari den zerbaiten adibide batzuk besterik ez dira horiek.

«Hitanoaren eta bereziki nokaren galeraren aurrean kontzientzia hartzea garrantzitsua da, eta horrek ekarri du arazoa ikusaraztea eta irtenbide batzuk martxan jartzea», Lizartzaren esanetan. Horregatik uste du Bereziartuak hitano ikastaroak eta praktika sustatzeko taldeak sortzeak erregistroa hedatzen laguntzeko balio dezakeela: «Benetan zer pasatuko den ikusi beharko da, baina, halako proiektuak antolatu badira, jendeak interesa duelako da». Ongi irizten dio mugimendu horri guztiari: «Iruditzen zait euskararen baliabide bat hilzorian ikusi dela, eta hori berreskuratzeko nahia piztu dela».

Apur bat gehiago erabiltzen

Ahozko erregistroan gabezia hori sumatu zuen Oianko Gardek duela hamar urte inguru. Baztango AEK-ko kidea da, eta ikusi zuen bailarako herri txikietan hitanoa gizonezkoen artean bakarrik egiten zela. «Ikusi nuen Ataunen [Gipuzkoa] hitano ikastaro bat antolatu zutela, eta lagun batekin joan nintzen bertara, ondoren Baztanen hiketan solastatzeko». Baina ikastaro trinko haren ondoren herrira itzuli zenean, ez zuen norekin noka aritu. «Orduan sortu nuen hitanoa lantzeko talde bat, elkarrekin aritzeko».

Apurka saretuz joan zen talde hori, baina jakintzan gabezia bat zegoela ikusi zuten, eta Gardek ikastaro pilotu bat antolatu zuen 2016an. 24 pertsonak eman zuten izena, gaiaren inguruko gosea bazegoen lekuko. Ostera, bi urtetik behin egiten dituzte ikastaroak, eta azkena hasi berria da. Hamabi pertsonak eman dute izena, eta sumatzen du kalean badagoela gaiarekiko interesa. Orain, hitanoko lagun taldeak bultzatu nahi dituzte, ikasitakoa erabiltzera bultzatzeko. Egitasmo horiek eragina izan dutela dio, gainera. «Adibidez, joan den urtean kartel batzuk hasi ziren hitanoz idazten, eta elkarrizketak ere entzuten dira; nik nire sarea osatu dut, eta, beraz, gehiago erabiltzen dela sumatzen dut».

Eresti Oiarbide Muruak ere antzera dio. Gabirian Nokaldia antolatzen aritu zen, Agirin talde feministan, eta egitasmo horren eraginak inguruan ikusten dituela dio: «Nokaldia egin zen egunetan, gure kuadrillan noka egin genuen, eta oraindik irauten du; beste batzuekin zailagoa izan da ohiturari eustea, noka gertuagokoekin egitea errazagoa dela iruditzen baitzait». Dena dela, ohitura batzuk aldatu direla azaldu du, eta hori aurrerapauso bat dela. «Aipatu dugu tarteka beste bultzada bat eman beharko diogula gaiari, Nokaldia egin zen egunetan gaia presente egon zelako». Lehen urratsetan daude, baina hobetzeko tartea badagoela ere ikusten du talde feministako kideak.

Arratian, ordea, pauso txikiagoak ematen hasi dira, baina horiek herritarrek eskatutakoak. Hala ere, apurka bada ere, hitanoa sustatzeko lanean ari dira. Karlos Aretxabaleta irakaslea da, eta 2012an bailarako nokaren galerari buruzko ikerketa bat egin zuen. «Baserriz baserri ibili nintzen elkarrizketak egiten, baina andre gehienek ez zuten noka egiten; jakin badakite, baina sozialki baztertuta egon da, eta ez dute hitz egiten». Gaia landu zuenez, Arratiako gazte talde baten eskaria jaso zuen Aretxabaletak, ea hitano ikastaro bat antolatuko ote zuen. Eskaera onartu zuen, eta hamabost pertsona inguratu ziren iazko azaroan egindako ikastarora. Gehienak emakumeak. Whatsappeko talde bat ere badaukate, eta bertan hiketan aritzen dira. «Egunero saiatzen gara elkarrizketak bultzatzen». Talde horretan hasieran bost kide besterik ez zeuden, eta denbora gutxian 25etik gora batu dira. Orain, tabernetan mintzatzeko talde bat osatu nahi dute, eta ikastaroa eskoletara eraman: «Gure asmoa da Arratiako herri bakoitzean hikaz aritzeko talde txikiak egotea».

Herriz herriko egitasmoetan oraingoz pauso txikiak eman badituzte ere, bultzatzaileek esan dute horien eraginez hitanoa zerbait gehiago erabiltzea lortu dutela. Gaur-gaurkoz, hitanoa eta noka berreskuratzeko saiakerak erabat desagertu ez den eremuetan hasi dira.

Zer funtzio betetzen du?

Hitanoaren erabilera bultzatzeko saiakera horiek, baina, zertarako balio dezakete? Oiarbide Muruak argi azaldu du: «Hitanoa kontu ez-femeninoekin lotu izan da maiz: zakarra izatea, baserrikoa, tabernan erabiltzekoa, umorea egitekoa... Iritsi da momentua emakumeok ere eremu horretan parte hartu nahi dugula erakusteko. Umorea egiteko gai garela erakutsi behar dugu, eta horretarako tresna baliagarria da hitanoa». Haren ustez, hitanoa emakumeen ahalduntzerako baliagarria izan daiteke, eta galdutako eremuak berreskuratzeko tresna.

Bereziartuak ere aitortu dio hitanoari emakumeak ahalduntzeko izan dezakeen ahalmen hori, baina horretarako oraindik lan egin beharra dagoela uste du: «Hitanoak ahalduntzeko balio dezake, baina horrek eskatzen du emakumeek hala sentitzea; interesa badago, eta berreskuratzeko ahaleginak ere badaude, baina feminismoa eta hitanoa lotzeko diskurtsoa behar da, eta horrek denbora eskatuko du». Oraindik diskurtsoa garatzeko prozesuan egon daitekeela dio, eta horrek lan handia eskatuko duela.

Ahalduntzeko tresna izateaz gain, euskarak erregistro informalean dituen gabeziak betetzeko balio dezakeela dio Lizartzak: «Erabiltzen den eremuetan funtzio hori dauka, eta ezagutza zabaltzea ondo legoke». Bereziartuak ere uste du ahalmen hori eduki dezakeela hitanoak, «baina hori horrela izango bada jendeak erabaki behar du tresna hori nahi duen ala ez». Alegia, erabaki beharko du hizkuntzaren erregistro horrek norberaren behar komunikatiboak asetzen dituen ala ez. «Jendeak sentitu behar du hitanoa bere beharretarako balekoa dela eta orduan izango da baliagarria erregistro informalerako». Oraingoz hainbat herritan jendeak behar hori sentitu du, eta hitanoa sustatzeko saiakerak egin dituzte. «Etorkizunean ikusi beharko da saiakera horiek zer fruitu eman duten».]]>
<![CDATA[Historia zineman dago]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1888/048/001/2020-02-08/historia_zineman_dago.htm Sat, 08 Feb 2020 00:00:00 +0100 Lander Muñagorri Garmendia https://www.berria.eus/paperekoa/1888/048/001/2020-02-08/historia_zineman_dago.htm Lur eta Amets animaziozko filma ikustera joatea. Atzo estreinatu zen bikien abentura berria zinema areto komertzialetan, berak 7 urte bete zituen egunean. Oparia hain argi edukita, Donostiako Antiguo Berri zinemara joan zen Karolina Sainz de Bikuña amarekin, Nahie Arana eta Paola Barberan lagunekin batera. Saltoka iritsi ziren zinema atarian, sarreran zegoen zaintzaileari ohartaraziz kalean ez zegoela Lur eta Amets. Hau bai abentura! iragartzen zuen inongo kartelik. «Ez dugu astirik izan, orain bertan izango delako lehen emanaldia». Zaintzaileak zin egin zien filma amaitzerako kalean jarrita egongo zela.

Hartu zituzten besaulkietan jartzeko kuxinak, eta sartu ziren aretora. Eseri zen bakoitza bere jarlekuan, eta hasi zen pelikula. Lurren eta Ametsen gurasoek ezkontza batera joan beharra daukate, eta Andere amonaren etxean geratuko dira bi bikiak. Etxera iritsi eta berehala hasiko dira ordenagailuan jolasten, eta elkarren artean borrokan, nork lortuko gailuaren kontrola. Lehia hori ikusita, Anderek etxe guztiko argindarra itzaliko du, eta haurrak sutondoan eseriko ditu. Bertan afaria prestatuko dute, eta, giro horretan, Euskal Herriko historiaren zenbait pasarte ezagutzen lagunduko die amonak. «Baina filmean gertatzen diren istorioak amonak kontatzen dituen kontuak dira; ametsak dira, ez benetan gertatutakoak», zioen Barberanek. Segidan, Aranak zuzendu egin zuen, ezetz esanez, horiek benetan gertatuak zirela, nahiz eta bertan ikusiak ez zituen ezagutzen.

Historia zati ugari

Filmak aurrera egin ahala, Lur eta Amets historiako hainbat pasartetan murgilduko dira: antzinaroan hasita, erromatarren garaira egingo dute salto, Nafarroako erresumaren sorrerara eta Orreagako gudara; Zugarramurdiko (Nafarroa) sorginen bizipenak bertatik bertara ezagutuko dituzte, karlistaldiak, Bilboko industrializazioa eta langileen borrokak, eta baita Donostiako lehen ikastolen sorrera ere. Amaitzeko, 1980ko hamarkadako gizartearen argazkia ere egingo dute, Hertzainak musika taldearen kontzertu eta guzti. «Nik ez nituen ezagutzen bertan pasatu diren gauzak», zioen Barberanek, eta, ondotik, Sainz de Bikuñak erantzun: «Nik banekien Donostia erre egin zela!».

Horretarako balio duela zioen Karolina Sainz de Bikuñak: «Beharrezkoa da haurrei gure historia ezagutaraztea, eta film hau aukera polita dela ikusi dut; oinarrizko zertzelada batzuk ematen dituzte, eta hori garrantzitsua da». Filmaren ondoren hasten da guraso askorentzat lana: historian gehiago sakontzekoa. Horretarako ere lehen hazia jartzeko baliagarria zela zioen, eta ekarpen «ona» egiten duela. «Milioika euroko aurrekontuekin egindako filmekin batera zinema komertzialetan haurrentzako euskarazko eskaintza egotea garrantzitsua dela iruditzen zait, eta arlo horretan dabilen jendea animatuko nuke halako apustu gehiago egin ditzaten». Gustura eta pozik atera ziren hiru lagunak zinematik, historiaren pasarte berri batzuk ezagututa, eta, kalera atera zirenean, lehen gauza karteldegira begiratzea izan zen. Han zegoen kartela, lagun kuadrillaren pozerako.]]>
<![CDATA[Onddo berria euskal basoetan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1980/038/001/2020-02-07/onddo_berria_euskal_basoetan.htm Fri, 07 Feb 2020 00:00:00 +0100 Lander Muñagorri Garmendia https://www.berria.eus/paperekoa/1980/038/001/2020-02-07/onddo_berria_euskal_basoetan.htm Pseudosclerococcum Golindoi. Aurkikuntzak badu bere garrantzia, topatu dutena ez delako espezie berri bat, genero bat baizik. «Lehenengo, familia dago; horren barruan, genero ezberdinak, eta, genero baten barruan, espezie asko egon daitezke; aurrez ere espezie berriak topatu izan ditugu, baina hau berezia izan da, genero berri bat baita». Joxepo Teres Aranzadi zientzia elkarteko mikologia saileko kidea da, eta onddo genero berria aurkitu duen taldean aritu da Ibai Olariaga mikologia saileko zuzendariaren gidaritzapean. Onddo genero berria topatzeak sekulako poza sortu diela azaldu du, eta gustura daudela aurkikuntzarekin.

Azken urteetako aurrerapen teknologikoekin laborategietan espezie berriak sortzen ari dira, baina mendian onddo genero berri bat topatzeak «poz handiagoa» ematen duela dio. 2006. urte amaieran topatu zuten, lehenbiziko aldiz, onddo txiki eta beltza: Aizarnazabalen (Gipuzkoa) dagoen Altzolaras erreka bazterrean, usteltzen hasia zegoen egur zati baten azpialdean. Onddoa ikusi, eta ez zuten jakin zehazten zein perretxiko mota zen. «Bagenekien zein taldetakoa zen, baina ez generoa eta espeziea; jaso genuen, zehaztu gabe zer zen, eta mikologian aditua den espezialista batekin kontrastatu genuen». Hark ere ez zuen jakin zein espezie eta generotakoa zen topatutako onddoa.

Teresek dioenez, batzuetan onddoak behin bakarrik azaltzen dira, eta, horregatik, Aranzadiko mikologoek landa lanak egiten eta bilatzen jarraitu zuten. Bi urtez ez zuten onddo hori berriz ere topatu, baina Pagoetako parke naturalean ikusi zuten berriz ere bueltan, Aiako (Gipuzkoa) Agorregi burdinolaren inguruko baso mistoko mendi erreka baten ertzean. Berriz ere usteltzen ari zen egur zati batean. Hiru milimetro inguruko diametroa duen onddo beltz txikia jaso zuten, eta berriz ere aztertu. Berriz ere ez zuten sailkatzerik izan inongo generotan, «eta deskribatu gabe» egon zitekeela ondorioztatu zuten. Hau da, onddo horren bereizgarriak zein ziren idatzi eta aztertu gabe egongo zirela. Hori izan zen Aranzadiko mikologia saileko kideen hurrengo lana, ikerketarekin jarraitzea.

2015. urte inguruan laborategian landatu zuten onddoa, eta urtebete inguru ondoren jaso zuten. DNA azterketak egin zituzten, eta baieztatu ahal izan zuten genero berri bat zela zientziarentzako. Deskribapena egin, eta txostena komunitate zientifikoari bidali ondoren onartu zuten mikologiako genero berri gisa. Sclerococcum generoko generoaren antza zuen, eta horregatik da izenaren lehen zatia Pseudosclerococcum. Bigarren zatia golindoi da, eta Aranzadi zientzia elkarteko Jose Luis Albizu mikologo beteranoari omenaldi egiteko jarri diote, Zarauzko (Gipuzkoa) Golindo baserrikoa baita bera. Izen zientifikoa badu onddoak, baina orain arrunta falta zaio.

Nongoa den zehaztu

Deskribatu dute generoa, izendatu, eta onddoa zein eremutan topatu ohi den zehaztu ondoren, bere hedapena zenbatekoa den aztertuko dute Aranzadiko mikologoek. Oraingoz badakite zein testuingurutan agertu ohi den, baina non gehiago topatu daitekeen aztertzen ari dira. «Badakigu hemengo erreka inguru eta baso mistoetan espezie tropikalak egon badaudela; duela milaka urte beste klima aldaketa bat egon zen, eta egoera berrira egokitu ziren espezie batzuk. Ez dakigu, baina, onddo hau eremu tropikaletan aurkitu daitekeen».

Onddoa non gehiago egon daitekeen jakiteko, landa lanak egiten jarraituko dute mikologoek. «Gehiago begiratuko dugu, ziurrenik». Hala ere, irteera horietan perretxiko espezie gehiago topatuko dituztela uste du Teresek. Azken batean, txikiak diren onddo asko oraindik topatu gabe baitaude, eta apurka agertuz joango direla pentsatzen du.]]>
<![CDATA[Emakumeek zientzian zer garrantzi duten erakusteko jardunaldiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2123/039/002/2020-02-07/emakumeek_zientzian_zer_garrantzi_duten_erakusteko_jardunaldiak.htm Fri, 07 Feb 2020 00:00:00 +0100 Lander Muñagorri Garmendia https://www.berria.eus/paperekoa/2123/039/002/2020-02-07/emakumeek_zientzian_zer_garrantzi_duten_erakusteko_jardunaldiak.htm Emakumeak zientzian 2020 jardunaldiek. Izan ere, emakumeek ere zientzia egiten dutela erakutsita, ondorengo emakumeen belaunaldietan zientziako ikasketak egitea sustatuko dutela uste dute antolatzaileek. Gaur hasiko dira jardunaldiak, eta hurrengo ostiralean amaituko dira.

Emakumeek zientzian zer garrantzi duten erakutsiko duten jardunaldia honako erakunde hauek antolatu dute, elkarlanean: CIC Nanogune, Materialen Fisika Zentroa, CIC Biomagune, Donostia International Physics Center, Biodonostia, Tecnun, Ceit, POLYMAT eta Elhuyar. 2015az geroztik otsailaren 11n emakume eta neska zientzialarien nazioarteko eguna egiten da, eta emakumeak zientziara erakartzen saiatzeko asmoa du NBEk izendatutako egunak. Horren harira antolatu dute Emakumeak zientzian 2020 jardunaldiak erakunde horiek guztiek.

Tailer batekin hasiko dituzte jardunaldiak, gaur. 16:00etan CIC Nanogunen Zientzia bada nesken kontua izeneko tailerra egingo dute. POLYMAT eta Nanoguneko ikerlariek gidatuta, 14 eta 18 urteko nerabeek zientzialari izateko aukera izango dute egun batez, baita ikerketa talde bateko kide izateko aukera ere. 19:00etan, bestalde, Viktoria Eugenia antzokian Zientzialariak, atzo eta gaur saioa egingo da. Euskal Herriko sei emakume ikertzaile igoko dira taulara, eta, zer lan egiten duten aurkezteaz gain, iraganean aitzindari izan ziren emakume zientzialariak omenduko dituzte. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, «iraganean aitzindariak izan baziren ere, askotan, ez zitzaien garaiz aitortu zientziari egindako ekarpena, eta ahaztuta geratu dira denboraren poderioz».

Lehen egunaren ondoren, bihar goizean ginkana bat egingo da Donostiako Ibaetako unibertsitate campusean. Familientzako ekitaldian, proba ugari egin beharko dituzte, eta campusaren inguruan dauden ikerketa zentroetara ere joango dira.

Astelehenean, bestalde, Tecnun eta Ceit-en egingo duten hezkuntza jardueran, 12 eta 16 urte arteko gaztetxoek automobilgintza tailerra egingo dute, «benetako ingeniari izango dira, lan arlo guztiak simulatuz». Ildo beretik, asteartean, Lehen Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleek bisita gidatuak egingo dituzte, emakumeek historian zehar zientzian zer presentzia izan duten ezagutzeko.

Otsailaren 13an, 55 urtetik gorako zientzialari emakumeen jarduera bat egingo dute, «kultura zientifikoaren transmititzaile gisa duten irudia goratzeko». Azkenik, hilaren 14an, gaur egun ikerketa arloan diharduten emakume zientzialariek euren esperientzia kontatuko dute mahai inguru batean. Ekitaldia Carlos Santamaria zentroan egingo dute, eta zientzia komunitatearentzat izango da.]]>
<![CDATA[Eguneroko partida, berriz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1898/034/001/2020-02-01/eguneroko_partida_berriz.htm Sat, 01 Feb 2020 00:00:00 +0100 Lander Muñagorri Garmendia https://www.berria.eus/paperekoa/1898/034/001/2020-02-01/eguneroko_partida_berriz.htm
Jokoa funtsean ez da aldatuko, baina aldaketak izango ditu. Hau da, oinarri bera izaten jarraituko du: egunean hamar galderari erantzun beharko zaie ahalik eta denbora tarte txikienean —minutu bat inguru—. Puntuazioak batzean hasiko da lehia sailkapen orokorrean, eta lagunen arteko taldeetan, eta aste amaieran ikusiko da nor moldatu den hobekien. Horraino orain arteko moldean egingo da Egunean Behin. Baina horrez gain, denboraldi osoko sailkapen bat ere egingo dutela azaldu du Azpillagak: «Zortzi asteko denboraldia izango da, aurrekoekin alderatuta laburragoa, eta horietatik erabiltzaile bakoitzak jokatu dituen lau aste onenak hartuko dira kontuan». Hau da, sailkapen orokorrean egoteko ez direla zertan zortzi asteetako partida denak jokatu.

Sailkapen horretan lehen 100 onenen artean geratzen direnak zuzeneko final batera sailkatuko dira. «Oraindik zehaztu gabe daukagu non eta noiz egingo dugun, baina lotzen ari gara». Joan den abenduaren 14an egin zuten lehen finala Azpeitian (Gipuzkoa), eta Azpillagak esan du lehen esperientzia horrekin oso gustura geratu zirela. Zuzeneko emanaldi horretarako ere teknologia garatu zuten, eta saio hura proba bat izan zen. «Ongi atera zen, eta orain esperientzia hori errepikatuko dugu».

Onarpen handiagoa

Egunean Behin aplikazioak orain arte astez asteko iragarle bat eduki du, eta hark eman ditu aste bakoitzeko irabazlearentzako eta beste erabiltzaile batentzako sariak. Hirugarrenean ere ildo horri eutsiko diote, baina, horrez gain, babesle orokor bat izango du jokoak: Laboral Kutxa. Hau da, denboraldi osoaren babeslea izango da finantza erakundea, astez asteko babesleekin batera. «Aste guztietako iragarleak lotuta dauzkagu dagoeneko». Hori ere izan liteke jokoak lortu duen arrakastaren beste neurgailu bat: iragarle gehiago izango baitituzte. Onarpena erabiltzaile kopuruaren hazkundetik bakarrik ez, iragarleen aldetik ere iritsi zaiela esan daiteke, beraz.

Horrez gain, atzo bertan Argia aldizkariak urtero banatzen dituen sarietan Internetekoa eman zion Egunean Behin jokoari. Iazko udaberrian sortu eta hain denbora tarte txikian erabiltzaile kopurua ugaritu izana, eta horiek jokora lotzeko izan duten gaitasuna nabarmendu zuten sari banaketan. Azpillaga pozik azaldu zen aitortza horrekin ere.

Galdera eta modu berriak

Jokoaren oinarria galderetan dago, eta Codesyntaxeko ingeniariaren arabera, hor dago arrakastaren gakoetako bat. Eurek, ordea, apenas idazten duten galderarik, gehienak ordenagailuen bidez sortzen dituzte, jabetza publikoko webguneetatik informazioa jasoz. Denboraldi berrian galderen atal hori ere indartuko dute, bide ezberdinetatik. Batetik, eurek sortutako galdera motak zabaldu egin dituzte, «eta sorta berriak sortu ere bai». Baina, horrez gain, erabiltzaileek ere euren galderak bidaltzeko aukera ere izango dute. «Orain arte, eta guk hala eskatu gabe, erabiltzaile batzuek jokorako galderak bidali izan dizkigute, eta batzuetan sartu izan ditugu; izan ere, guk ez ditugu gustu eta ikuspegi guztiak betetzen, eta pentsatu dugu aukera hori zabaltzea polita izan litekeela». Horretarako, atari bat egokitu dute —labur.eus/galdebehin— eta bertatik hala nahi duenak bere galderak idatzi ahalko ditu. Hori bai, horretarako baldintza batzuk bete beharko direla ere azaldu du: ahal dela argazkia norberak ateratakoa izan behar du, eta, erantzunetarako, hiru aukera eman beharko dira.

Galdera horiek automatikoki ez: eskuz sartuko lituzkete jokoan Codesyntaxeko kideek: «Orain arte ere, historiako edo gisa horietako galdera batzuk sartzen genituenean, guk idatzi eta igotzen genituen jokora; era horretako galderak ordenagailuarekin automatikoki sortzea oso zaila izaten baita».

Galderak sortzeko prozesu horretan, beste pauso bat emango dute, azkenik: EHUko Informatika fakultatearekin eta Gipuzkoako Campuseko errektoreordetzarekin elkarlanean galderak sortzeko sistema automatikoen lehiaketa bat antolatuko dute ikasleen artean. «Guk orain arte galderak sortzeko zein bide erabili ditugun erakutsiko diegu, eta ondoren euren artean lehia apur bat sortuko dugu; ikusi nahi dugu gazteek ere zein bide erabiltzen duten galderak automatikoki sortzeko prozesu horretan». Jokoa berriz hasiko da etzi, eta oinarrian berdina izango den arren, handiagoa izango da.]]>
<![CDATA[Hurrengo belaunaldientzako greba]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1901/007/001/2020-01-31/hurrengo_belaunaldientzako_greba.htm Fri, 31 Jan 2020 00:00:00 +0100 Lander Muñagorri Garmendia https://www.berria.eus/paperekoa/1901/007/001/2020-01-31/hurrengo_belaunaldientzako_greba.htm
Ideia hori argi azaldu zuen Rodriguez Arroyok, eta antzera hitz egin zuten Donostian pentsiodunen mobilizazioarekin bat egin zuten gehienek ere. «Mila arrazoi daude gaur kalera ateratzeko: pentsioen atala guri tokatzen zaigu, baina, gugatik baino gehiago, gure seme-alabengatik egiten dugu borroka hau», azaldu zuen Javier Oiartzabal pentsiodunak. Metro batzuk urrunago zeuden Pilar Velasco, Juliana Rubio eta Eusebio Dominguez, eta hiruren arteko elkarrizketan ere hala zioten: «Urte askorako egongo garela espero dut, baina tokatzen zaigun adinagatik, borroka honek ondorengo belaunaldiari eragiten dio gehiago; eta horregatik ari gara kalera ateratzen». Bizitza duinaren aldeko grebaren deialdiarekin bat egin zuten pentsiodun askok, beraz, euren seme-alabak izan zituzten gogoan.

Bi urte dira Hego Euskal Herriko pentsiodunek pentsio duinen aldeko mobilizazioak hasi zituztela, eta denbora hori igaro ondoren bultzada berri baten beharra zutela zioen Maixa Nazabal pentsiodunak San Martin kalera iritsi berritan. Han egin zuten bat hiriburuko beste zenbait lekutatik sindikatuek, mugimendu feministak eta pentsiodunek antolatutako zutabeek, eta topagune horren garrantzia azpimarratu zuen: «Gaurko grebaren borroka orokorra da, ez da pentsiodunena bakarrik; sumatzen nuen borroka asko sakabanatuta zeudela: pentsiodunena, zahar etxeetako emakumeena, beste lan gatazkak... Momentua zen pausoak elkarrekin emateko, eta gaur [atzo] lortu dela esango nuke».

Areago, beharrezkoa zela zioen Nazabalek. Pentsiodunen mugimenduak bi urteko mobilizazioen ondoren bultzada baten beharra zuela zioen, eta atzo hori lortu zela. «Pentsiodunak dei hori egiten ari ziren, eta errepikatzen pentsioen arazoa langileena ere badela; prekarizazioak zuzenean eragiten du pentsioetan, eta zer esanik ez gizon eta emakumeen arteko pentsio arrakalan». Eguerdiko manifestazio nagusiaren amaieran manifestua irakurtzera igo ziren Gipuzkoako Pentsiodunen mugimenduko ordezkariak, eta taula gainetik aldarrikapen horiek berretsi zituzten: pentsioen sistema publikoaren finantzaketa bermatzea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea, azken lan eta pentsio erreformak bertan behera uztea, eta soldata eta pentsio arrakalari aurre egiteko neurriak hartzea. «Lan baldintza duinik gabe ez baita pentsio duinik egongo», Velasco, Rubio eta Dominguezek ziotenez.

Pentsiodunek eskatzen dituzten neurri guztiak «politikoak» direla esan zuen Rodriguez Arroyok, eta, horregatik, grebaren izaera hori aldarrikatu zuen: «Ezagutu ditudan greba guztiak izan dira politikoak. 14 urte ditudanetik egin ditut grebak; beraz, ez diezadatela esan zer den greba bat egitea eta zer izaera daukaten». Aterkia bildu, eta pentsiodunen zutabera abiatu zen, argi utziz gaur ere Kontxan izango dela hondarrean pentsio duinen aldeko mezuak idazten.]]>
<![CDATA[«Produktu ona dela transmititu ezean, ez da salduko»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1888/040/001/2020-01-28/produktu_ona_dela_transmititu_ezean_ez_da_salduko.htm Tue, 28 Jan 2020 00:00:00 +0100 Lander Muñagorri Garmendia https://www.berria.eus/paperekoa/1888/040/001/2020-01-28/produktu_ona_dela_transmititu_ezean_ez_da_salduko.htm Adi testuari. Nola bete kutxa hutsa sareetan? Erantzuna ematen arituko da, besteak beste, Noelia Jimenez (Pasaia, Gipuzkoa, 1983) copywriter eta www.redactora.net atariko arduraduna. «Iragarkien erredaktorea esan nahi du copywriter-ek; baina, finean, ni kazetaria naiz». Enpresen webguneetako testuak idazten ditu, eta horiek nola erredaktatu behar diren azalduko du, bihar, Donostiako Koldo Mitxelenan. BERRIAk ere parte hartuko du jardunaldian.

Iragarkiak idazten dituena da copywriterra. Beste anglizismo bat?

Betitik existitu da, baina orain eremu digitalera pasatu da. Gu aldatu gara, mundua aldatzen ari da, eta erredakzio modua ere bai.

Mezua berdin eman behar da? Motz eta zuzen?

Hori da, betidanik egin den bezala.

Zure webgunean diozu hamar segundo behar direla testua irakurri eta irakurlearen arreta lortzeko.

Sare sozialetan askoz azkarrago doa; beraz, egia da hamar segundo geldi egotea asko dela. Argazki polit bat ikusten badugu, geratu ohi gara, eta horregatik uste dut argazkia garrantzitsua dela. Baina argazkia ulertzeko, testua behar da, argazkiari zentzua emateko. Denok gauza bera ulertzeko garrantzitsua da.

Zer esango zenuke irakurlea hamar segundoz geratu dadin elkarrizketa hau irakurtzen?

Testurik gabe, paradisurik ez.

Biharko jardunaldiaren izenburuak galdera bat dakar: nola bete kutxa hutsa sareetan? Zer erantzungo zenuke?

Hasteko eta behin, zure publikoa zein den pentsatu behar dela, zein diren haren kezka eta beharrak. Hortik aurrera, mezu bat sortu behar da, berari zuzendutako erantzuna.

Testuak zer funtzio bete behar du sarean?

Bidali nahi den mezua ondo ulertzea, eta Googlen kokatzea.

Sareko testu batean garrantzia du Googlen bilatua izateak?

Alderantziz dela iruditzen zait. Sare sozialetan garrantzitsua da zure mezua ulertzea, sentimenduren bat eragitea. Zure webgunean, ere antzera, baina Googlek aurkitu behar zaitu. Munduan milioika webgune daude, eta orduan hori behar da. Baina oreka bat egon behar da.

Iragarkietako testuek saltzeko balio behar dutela diozu. Oraindik kosta egiten al da saltzea?

Bai, baina normalean pentsatzen dugu bezero edo publikoa gu garela. Baina gu ez gara gure publikoa, eta beregan pentsatu behar dugu. Eta hori da gehien kostatzen dena.

Gaur egun testuari behar bezalako garrantzia ematen al zaio?

Nik uste dut buelta ematen ari zaiola. 2010eko hamarkada hasierako urteetan, bilatzaileetan kokaleku ona izatea zen helburua, eta zentzurik gabeko testuak egiten ziren. Orain, joera horri buelta eman zaio, eta enpresetan erredaktoreak kontratatzen ari dira.

Bilatzaileetako kokagunea lortzeko, blog asko egin izan dira. Zenbateraino da behar informatibo bat ala kokagunerako tresna?

Ez dut uste bata ala beste denik. Weba, bloga, sare sozialak... Dena da bat, eta estrategia orokor batean joan beharra du. Dena hartu behar da kontuan; bestela, ez dauka zentzurik.

Beraz, irudi korporatiboaren parte da testua?

Ez nuke hala esango, enpresaren sentimendu bat dela baizik.

Testuek irudian transmititzen diren balioekin bat egin behar dutela, alegia. Zure bezeroek badakite oro har zer transmititu nahi duten?

Normalean, ez dakite. Lehen pausoa da komunikazio estrategikoa eta marka propioa sortzea. Hori da nik lehenbizi aztertzen dudana, eta gero hasten gara testuarekin. Oro har, normalean ez dute estrategiarik izaten, eta komunikazioan nahiko gaizki aritzen dira. Normala ere bada, enpresa txikiak baitira, eta euren lana egiten dute. Askorentzat, produktua da garrantzitsua, baina konturatu behar dute garrantzitsua enpresa dela. Produktu ona dela transmititu ezean, produktu hori ez da salduko.]]>
<![CDATA[Ikuskizun errealeko ondarea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1943/032/001/2020-01-25/ikuskizun_errealeko_ondarea.htm Sat, 25 Jan 2020 00:00:00 +0100 Lander Muñagorri Garmendia https://www.berria.eus/paperekoa/1943/032/001/2020-01-25/ikuskizun_errealeko_ondarea.htm
ASMren onarpena jasotzen dute metalaren eta metalgintzaren hazkunde, garapen eta aurkikuntzarentzat esanguratsuak diren eremuek. Munduan 148 gunek dute izendapen hori, tartean Parisko Eiffel dorreak eta New Yorkeko (AEB) Askatasunaren estatuak. «Horien pare egoteak harrotasuna ematen digu; guk badakigu burdinola hau garrantzitsua dela, baina kanpotik hori esateak indartu egiten zaitu». Euskal Herrian zerrendara batu den gune bakarra da Mirandaolakoa, eta ASMk emandako arrazoien arabera, «Burdinaren Haranari 500 urtez baino gehiagoz lana eta sostengu ekonomikoa emateagatik» eman diote izendapen hori.

Condek onartu du ez zutela ASMren zerrenda hori ezagutzen. Rafael Colas Mexikoko Unibertsitateko doktorea burdinolan bisitan izan zenean «sekulakoa iruditu zitzaion». Hark esan zien burdinoleko kideei izendapen horietara aurkeztu beharra zeukatela, inguruak zeukan balio historikoagatik. Txostena prestatu zuten, eta lehen saiakeran ez zuten onarpena lortu, baina bigarrenean bai. Abendu amaieran jakinarazi zien zerrendako 148. gunea izango zirela, eta duela bi aste egin zuten ekitaldia burdinolan bertan. Han izan ziren ASMko ordezkariez gain, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia. Denek nabarmendu zuten zerrenda horretan egotearen garrantzia.

XX. mendean zaharberritua

Erdi Aroan burdinola ugari zeuden Urola ibaiaren ertzean. XV. mendean, esaterako, Legazpin zazpi ola zeuden, baina horietatik Mirandaolak bakarrik eutsi dio zutik. Euskal Herrian ola ugarik lantzen zuten burdina, eta Legazpikoek Europa eta Ameriketara ere esportatzen zuten. Baina XIX. mendean industria iraultza iritsi zen, eta «urte osoan ekoizten zuten burdina bi egunean egin zezaketen ingelesen lantegiek», azaldu du Condek. Horrek burdinolen gainbehera ekarri zuen. «Askok ekoizpen forma aldatu zuten; esaterako, batzuk zurgindegi bihurtu ziren, eta papera egiten hasi ziren beste batzuk». Mirandaolakoa erre egin zen XIX. mende hasieran; burdinolentzat garai zaila izan zen. Ez zuten berritu, eta itxi egin zen.

XX. mendean, ordea, altzairua ekoizten hasi ziren bueltan Legazpin. Patricio Etxeberria lantegian berriz ere iraganeko ofizioa itzuli zen, eta enpresariak burdinola zaharra berreraikitzea erabaki zuen 1953. urtean. «Garai hartan ez zen oso ohikoa halakoak egitea; dirua gastatu zuen iraganean burdina nola lantzen zen erakusteko», Conderen arabera. Horrela jakin zuten legazpiarrek euren aurreko belaunaldiek burdina nola lantzen zuten. 500 urtetik gora iraun zuen ofizioak burdinola horretan, eta itxita mende bat egon ondoren berriz jarri zuten martxan. 70 urte beteko dira laster berreraiki zenetik, eta urteurrena izendapen berri batekin ospatuko dute. «Ez dakit kanpotik bisitari gehiago jasoko ditugun, baina guretzat oso garrantzitsua izan da izendapen hori jasotzea».]]>
<![CDATA[«Emakume batzuek pentsatzen dute hilekoa zikina dela»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1886/040/001/2020-01-25/emakume_batzuek_pentsatzen_dute_hilekoa_zikina_dela.htm Sat, 25 Jan 2020 00:00:00 +0100 Lander Muñagorri Garmendia https://www.berria.eus/paperekoa/1886/040/001/2020-01-25/emakume_batzuek_pentsatzen_dute_hilekoa_zikina_dela.htm Red Fanzine aurkeztu zuten ostegunean Gasteizen. Goiuri Barrigak (Gasteiz, 1984) bere hilekoa ezagutzeko prozesua egin zuen, eta hura amaitutakoan erabaki zuen gaiaren inguruko fanzine bat egitea. Horretarako 11 egile gehiagorekin harremanetan jarri, eta horien lanak bildu dituzte fanzinean. Besteak beste, argazkilariek, ilustratzaileek, diseinatzaileak, ikerlariek edo hilekoaren hezitzaileek hartu dute parte, helburu jakin batekin: hilekoaren inguruko estigmak apurtzea. «Jendeak harrera oso positiboa egin digu, eta askok idatzi digute esanez parte hartzeko prest daudela». Sarean ikusgai jarriko dute www.redfanzine.es atarian.

Nola elkartu zarete hamabi emakume hilekoari buruz idazteko?

Gasteizko gazteria sailekoek Haziak saria eman ziguten, eta horrek mugatu du hamabi parte hartzaile izatea. Hilekoari buruzko fanzine bat egin nahian nenbilen, eta Hezkuntzarekin zein kulturarekin lotutako jendea batu dugu, soslai anitzekoa. Hilekoa prisma ezberdinetatik ikusi nahi genuen, emakume bakoitza mundu bat baita, eta ez baitago arau komun bat. Emakumeak beste hileko mota daude, eta hori irudikatu nahi genuen.

Ez da hilero argitaratuko, ala?

[Barreak]. Ez nuke hala nahiko. Gutako bakoitzak gure lan eta proiektuak dauzkagu, eta fanzineek ez dute jaten ematen. Urtean bi zenbaki egin nahiko genituzke, baina hori ikusiko dugu.

Zer lortu nahi duzue honekin?

Hilekoa normalizatu, eta bakoitzak bere ikuspegia daukala erakutsi. Batzuentzat, hilekoa tortura bat da, eta, ni bezala, beste batzuk hilekoarekin baketu gara. Hori egitean neure buruarekin adiskidetzea bezala izan da, eta aurkikuntza bat izan da. Biziaren erdia neraman hilekoa izaten, eta ez neukan ideiarik ere nire barnean gertatzen ari zenaz, eta nola eragiten zion horrek nire egunerokotasunean.

Zer ikasi duzu?

Lau zikloak kontrolatu ditut. Ikusi dut horietako bakoitzean hormonek bere dantza daukatela, eta aldi bakoitzean era ezberdinean gaudela. Hori egutegi batekin kontrolatu dezakezu: egun bakoitzean nola zauden apuntatzen duzu, eta konturatzen zara denak patroi bat jarraitzen duela. Horren arabera jakin dezakezu hurrengo egunetan nola egongo zaren.

Esan daiteke, beraz, fanzine hau zeure burua ezagutzearen ondorioa izan dela?

Bai, hau prozesu pertsonal batetik abiatu da, eta proiektu kolektibora pasatu da. Denok nozitzen dugun zerbait kolektibizatu dugu, eta ideia da gehiagora joatea.

Gaur egun, oraindik, hilekoaren tabuak apurtzeko beharra ikusten al duzu?

Emakume batzuek pentsatzen dute hilekoa zerbait zikina dela. Herrialde batzuetan, emakumeak hilekoa dutenean euren tribuetatik kanporatzen dituzte. Hemen bertan ere, duela ez denbora asko esaten zen hilekoarekin maionesa moztu egiten zela, loreak ureztatuz gero hilko zirela... Jabetzen al gara zer esaten ari ziren? Duela gutxi, Burgosko unibertsitatean nengoela, lagun batek esan zidan nola irakasle ikasketak egiten ari ziren neska ikasle batzuentzat nazkagarria zen sare sozialetan hilekoa erakusten duten mugimenduak. Nola liteke 20 urteko neska batzuek euren prozesu biologiko bat nazkagarritzat hartzea?

Fanzineak badu, beraz, funtzio didaktikoa?

Bai, didaktikoa, dibulgatzailea, artistikoa... Ikuspegi ezberdin asko daude, eta bakoitzak bere zergatia dauka.

Minaren gaia landu duzue?

Bai. Jendeak oro har uste du hilekoak min ematen duela, eta min eman beharra daukala. Ez badizu minik ematen, zorionekoa zu! Baina eman dezagun txiza egiterakoan mina ematen dizula, medikuarenera joanez gero, arazoa nondik datorren begiratuko lizuke, ala? Guri, hilekoak min ematen badigu eta medikuarenera joaten bagara, gauza normala dela esaten digute. Baina hilero igaro behar dugun prozesu biologiko bat da; beraz, ez dauka zentzurik horrela erantzuteak.

Eta horrek hilekoa ikusezin bihurtzen du...

Bai. Azken batean, sistema kapitalista batean gaude, eta gehien egiten duenak gehiago balio du. Ezin gara gelditu. Erritmo horiek egiten dute hilekoak min ematea. Zortea daukat, autonomoa bainaiz eta etxetik egiten baitut lan. Obarioek min ematen badidate, sofan jar naiteke lasai, eta bi orduz gelditu. Baina emakume askok ezin dute hori egin, eta ez dute esaten hilekoa dutenik ere. Betiko aipamen ergel hori egiten ahal dizute, gainera: «Esaten nuen ba hilekoa ote zenuen, ozpinduta zaude-eta».]]>
<![CDATA[«Legamia bereizita, sagardo garbiagoa lortu dugu, freskoagoa»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1887/032/001/2020-01-24/legamia_bereizita_sagardo_garbiagoa_lortu_dugu_freskoagoa.htm Fri, 24 Jan 2020 00:00:00 +0100 Lander Muñagorri Garmendia https://www.berria.eus/paperekoa/1887/032/001/2020-01-24/legamia_bereizita_sagardo_garbiagoa_lortu_dugu_freskoagoa.htm
Legamia entzun ondoren sagardoa entzutea arraroa egingo zaio askori...

Sagarrak azalean legamia dauka, eta sagardoa egiteko prozesu normalean bere funtzioa betetzen du. Gure kasuan, hartzidura hobetzeko joan gara legamia hori bereiztera, eta ikusteko ea zer ezaugarri ematen dion sagardoari. Urtebi handi sagar motarekin egin dugu.

Zein da aldea?

Hartzidura oso ondo joan da; sagardoa garbiagoa da, eta nabarmen hobetu da usaimenean. Freskoagoa da, gainera.

Nolaz hasi zineten sagardoa egiteko legamia bereizten?

2015etik 2018ra, mota bakarreko 11 sagardo egin genituen, eta analisiak egin genituen horiekin. Analisi mikrobiologikoan hiru legamia bereiztea lortu genuen, baina aurten urtebi handi sagarraren legamia erabili dugu sagardoa egiteko. Legamia hori muztioari nahasten zaio hartzitze prozesuan. Hor hasten da hiru asteko hartzitze prozesua.

Legamiak azkartu egiten du?

Azkartu eta hobetu. Hartzitzea ondo joatea oso garrantzitsua da sagardoan.

Urtebi handi sagarraren legamia erabili duzue, baina beste bi ere topatu zenituztela diozu. Erabiliko al dituzue sagardoa egiteko?

Hurrengo urtean, beste legamia bat hartu, eta beste upel batean egingo dugu froga. Hori da asmoa. Ikusi nahi dugu ea zer prozesu egiten duten, ea beste ezaugarriren bat ematen dion sagardoari.

Legamia bereizi eta muztioari botata, lagunduko du sagardo gehiago egiten, eta azkarrago?

Bai. Asmoa ere bada sagar mota bateko sagardoa egitea. Orain arte ez zen posible, garratza denak mikatza behar baitu. Hortik bi edo hiru motatako sagardoa aterako dugu, eta horiekin egin nahi dugu. Orain 25 sagar mota ditugu, eta gazia nahasten dugu gezarekin eta mikatzarekin. Hiru sagar mota ekoiztu nahi ditugu sagardo mota berezi bat egiteko. Orekatua izango dena.

Sagardozaleek zer nahiago izaten dute?

Kontsumitzaileak gauza bereziak kontsumitu nahi ditu.

Joan den astean abiatu zen sagardo garaia. Zer moduz hasi da zuenean?

Urtarrila lasaiagoa izaten da, baina inauterien ondoren hasten da sagardotegia gehiago betetzen. Eguerdietan etortzen da jendea orain, eta larunbat gauetan betetzea gehiago kostatzen zaigu.

Txotx irekieran emandako datuen arabera, aurten hamabi milioi litro sagardo ekoiztu dira Gipuzkoan. Horietatik hiru milioi litro bertako sagarrekin egindakoak dira. Indarra hartzen ari den joera bat da hori sagardogileen artean?

Bai, joera goranzkoa da.

Ekoizpenaren erdia bertako sagarekin egindakoa izatea litzateke asmoa?

Horretara goaz, eta hala espero dut. Guk ia dena bertako sagarra erabili dugu, %95 inguru. Ekartzen dugu Galiziatik edo Frantziatik, baina oso gutxi. Gure ekoizpena daukagu gure lursail propioetan, baina baita inguruko baserritarrenetan ere.

Esan daiteke sagarra apurka gailentzen ari dela Gipuzkoako mendietan?

Egia da ez dela erraza lursail handiak topatzea Gipuzkoan, lursail gehienak aldapan egon ohi baitira. Hala ere, apurka gero eta gehiago ikusten da, nahiz eta bide bazterretatik ez diren ikusten.]]>
<![CDATA[«Eskoletan adizkiak irakatsi beharrean, hobe genuke jolas modura irakastea»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1947/042/001/2020-01-19/eskoletan_adizkiak_irakatsi_beharrean_hobe_genuke_jolas_modura_irakastea.htm Sun, 19 Jan 2020 00:00:00 +0100 Lander Muñagorri Garmendia https://www.berria.eus/paperekoa/1947/042/001/2020-01-19/eskoletan_adizkiak_irakatsi_beharrean_hobe_genuke_jolas_modura_irakastea.htm Hitzetik Hortzera telebista saioaren sortzaile eta lehen aurkezlea, eta baita bertsolaritzaren inguruko ikerlaria ere. EHUko irakasle izan da Komunikazio fakultatean, eta pertsuasioaren gaia landu izan du hogei urtez. Dio euskararen erabileran urratsak egingo badira euskara hiztunen beharretara egokitu behar dela, eta horretan hedabideek eta hezkuntza sistemak oraindik lan egin behar dutela.

Noiz zaletu zinen bertsoetara?

Gure belaunaldiko askok euskara berreskuratzeko ahalegin handia egin behar izan dugu. Ni horretan hasi nintzenean, bertsoarekin sekulako lilura sentitzen nuen, eta nire kuadrillakoei sekulako matraka ematen nien inguruko bertso saioetara joateko.

Zerk erakartzen zintuen?

Ez dakit. Ez nituen erabat ulertzen bertsoak, baina lilura erabatekoa zen. Euskalduntze berreskuratze prozesua amaitu nuen, eta Bartzelonara joan nintzen ikastera, eta han bertso askorik ez zen egon. Bartzelonan filosofia ikastera joan nintzen, eta kazetaritza amaitzeko urtebete falta zitzaidanean Arrasateko ikastolan hasi nintzen irakasle lanetan. Inguruan zeuden bertso saio guztietara joaten ginen. Han denbora bat eman nuen, eta Alemaniara joan nintzen bi urtez. Handik etorrita, Tolosako ikastolan filosofia irakasle aritu nintzen, Euskadi Irratirako deialdia ikusi nuen arte.

Esan daiteke irratian lotu zenuela afizioa kazetaritzarekin?

Bai. Dena den, erretiroa hartu eta gero lortu dut bertsoa lehen bezala gozatzen hastea. Lanean zaudenean ere gozatzen da; afizioa ofizio bihurtzeak gauza on asko dauzka, besteak beste, gozagarriago egiten duela. Baina afizioari koska bat kentzen dio ofizio bihurtzen denean.

Euskadi Irratian hasi zinen bertsoa lantzen. Ordura arte, ordea, Herri Irratiak zeukan bertsolaritzaren erreferentzia. Horri aurre egin nahi zenioten?

Ez nintzen horretarako sartu. Sorgin afaria kultur programa egiten hasi nintzen, eta Jose Mari Oterminek esan zidan bertsoarekin zerbait egin beharra zegoela Euskadi Irratian, erreferentzia lortu beharra geneukala. Bi urtez lehiaketa bana egin genuen. Lehen urtean entzuleen artekoa izan zen: bertsolaritzari buruzko galderak egiten genituen, puntu baten erantzuna, bertso paperak eskatu... Bertso afari bat egiten genuen hilero puntu gehien lortu zuenak aukeratzen zituen bi bertsolariekin. Bere sona izan zuen, baina ez hainbeste. Hurrengo urtean pentsatu nuen herrien arteko bertso lehiaketa egitea. Herri pila batek eman zuten izena, eta zazpi hilabetez 31 saio egin genituen. Eguneroko kultura programaz gain, asteburuetan saioak prestatu behar izaten genituen, aurkezpenak egin eta emititu. Lan asko egin genuen, baina horrek bai eman zion Euskadi Irratiari zentralitatea.

Bertsolaritzaren inguruko gosea topatu zenuten?

Hori bagenekien bazegoela. [Bertsozale] Elkartean hasi ginen ikusten, gainera, ez zela posible euskarazko telebista bat eduki eta bertsolaritzari buruzko programarik ez izatea. Esaten ziguten bertsolaritza ez zela telebistarako egokia, baina halako batean, eta isil gintezen, esan ziguten programa egiteko.

Hainbesteko matraka eman zenuten?

Sekulakoa. Adostu zen nik egingo nuela saioa hilean behin. Garai hartan ez nekien bideo bat zer zen ere.

Bertsolariek nola hartu zuten?

Irratian mikro bat jartzen duzu, eta ahaztu egiten zara, baina hemen 2.000 watt jarri behar dituzu, eta Johnnie Walker botilak kendu. Jendea ere modu jakin batean jarri behar duzu... Asko egiten zuen elkartearen izenean genbiltzala, eta ni ibilia nintzen bertso munduan.

Baliabide gutxirekin hasi zineten programa egiten.

Lehen urtea kafkiarra izan zen: lokalik ez neukan, ez platorik, ezta errealizadorerik ere. Hori bai zela mutilmedia. Aurkezpenak egiteko joaten ginen liburutegi batera, edo Miramar jauregira, eta hala egiten genuen. Gaupasak egiten genituen programa editatzen. Ondo funtzionatu zuen, baina gaur egungo telebistako irizpideen aldetik ez zen emititzeko moduko zerbait.

Jendeak bertsoak ikusi nahi zituen telebistan?

Hizkuntza komunitate baten hedabideek komunitate horren ispilu izan behar dute. Bigarren urtean, programak ondo funtzionatzen zuela ikusita, talde bat jarri zidaten. Prekaritatea bazegoen, baina behintzat baneukan nori galdetu, eta nork editatu. Momentu batetik aurrera eta hasieran ez bezala, bertsoa ia toki guztietan sartzen hasi ziren ETBn. Ikusi zuten funtzionatu zuela, eta bertsolariak leku denetan sartu zituzten. Esaten genien erabilera jasangarria egin behar zela, ezin zela zukutu antzutu arte.

Apustua orduan hasi zen egiten?

Bai, baina apustua ez da zerbaitek funtzionatzen duelako erabat zukutzea. Funtzionatzen badu, mima dezagun produktua. Guk ez genuen nahi arrakastaren arrakastaz hustea. Baina ni ordurako unibertsitatean nengoen.

ETBrekin izandako tirabiren eraginez bi urtez ez zen Hitzetik Hortzera saioa egin. EHUra joana zinen ordurako. Zergatik atera zinen telebistatik?

1993an krisi handia zegoen, eta Hitzetik Hortzera-z aparte magazin bat egingo ote nuen esan zidaten, hilean behin publikoarekin. Lau egin nituen. Eramaten nituen bertsolari batzuk, musika apur bat... Laugarren saioan pentsatu nuen bertsolari gazteekin egitea. Aukeratu nituen Maialen [Lujanbio], [Jexux Mari] Irazu, Igor [Elortza] eta Unai [Iturriaga]. Esan zidaten kritika egin nahi zutela, baina esan nien pertsonekin ez sartzeko. Egin zuten informatibo baten parodia, eta bertso amaiera batean Unaik esan zuen: «Desinformazio gehiago / orduro Euskadi Irratian». Sekulako tentsioa sortu zen, eta errealizaziotik pertsona bat etorri zen mozteko aginduz. Kontua Eusko Legebiltzarrera iritsi zen, eta Iñaki Zarraoak esan zuen ez zela zentsura izan, bertsolariek gidoiari ez zietela jaramonik egin baizik.

Bertsolariek noiz izan dute gidoirik?

Hori da, eta horren ondoren El Correo-n elkarrizketa arin bat egin zidaten, eta galdetu ea ikusi ote nuen Zarraoak esan zuena. Nik esan nion bertsolariek ez daukatela gidoirik, eta hurrengo egunean azalean atera zen albistea ETBko zuzendaritza gezurtatzen nuela esanez. Pentsa dezakezu zein giro ona sortu zen.

EHUra joan zinen, eta tesia egin zenuen bertsolaritzaren molde berrien inguruan. Hor heldu zenion komunikazioaren ildoari?

Unibertsitatean hasi nintzenean hedabideetako kudeaketa ematen hasi nintzen, eta beranduago pertsuasioaren ikasgaia sortu zen. Hori nahi izan nuen kasik jakin gabe zer zen. Pertsuasioak psikologia sozialetik komunikazioari begiratzeko beste modu bat ematen dizu. Nik ikasgai hori aukeratu izan ez banu, eta egin nituen irakurketak egin izan ez banitu, ziurrenik ez nuen tesi hori egingo. 1967ko, 1980ko eta 1993ko txapelketak hartu nituen, eta bakoitzean zein baliabide erretoriko-poetiko dauden aztertu. Uztapide, [Xabier] Amuriza eta [Andoni] Egaña. 1967an ez zegoen baliabide hori, eta beraz, teoriak zioen emozioa ezinezkoa zela. Baina nik ezin dut ukatu bertso horiek emozioak sortzen ez zituenik, aitona ikusten bainuen Uztapideren amaren bertsoekin negarrez. Tesi protokolarioa izatetik, bertsolaritza, komunikazioa eta erretorika ikusteko modu ezberdina garatu nuen.

Euskararen erabileran ere izan duzu kezka, eta komunikaziotik egin diozu tira kezka horri. Ikastaroak ere eman dituzu egoki komunikatzeko eta hizkuntzarekin jolasteko. Badago aurreratu beharra?

Negatibotik hasi aurretik, onartu behar dugu sekulako lana egin dela, egoera objektiboki hobea dela. Baina erabilgarritasuna galdu dugu, eta horregatik dago desertzioa. Problema dago euskararen kalitatean, ados. Baina arazoa dago gazteek ez dutela erabiltzen. Bi arazo ezberdin direla ematen du, baina ez da hala. Hiztuna ez da tentela: bi hizkuntza badauzka, eta batek denetarako balio badio eta besteak ez, bat alboratuko du. Niri oso nabarmena egiten zait: hiztun masa handia daukagu, baina dauzkagun tresnak behar bezala erabili behar dira. Hau da, hedabideak eta hezkuntza sistema. Eskoletan adizkiak ikasten egon behar baino hobe genuke hitanoa jolas moduan erakutsi, edo hitz elkarketekin loreak nola sortu daitezkeen erakutsi. Nik egiten dudan ikastaroetan hitz batzuk sortzen ditugu, eta oso ondo pasatzen dugu. Eta horiek nola hedatzen dira ondoren? Zer egiten du Gazteak horretaz arduratu gabe?

Kike Amonarriz eta zuk egin zenuten gida bat Euskadi Gazteak hizkuntzan izan beharko lukeen erabilera aztertzeko, eta proposamenak egin zenituzten...

Lerde kontainer oso ondo dago, baina Gazteak testuinguru egokian sei aldiz erabiliko balu, hori hedatuko litzateke. Erabiltzen ez denak ez du indarrik, eta indarrik ez duenak ez du inork erabili nahi. Sorgin gurpil hori apurtzeko ardura ez dugu norbanakoek izan behar. Baten batek eskatu beharko du, orduan. Gazteara bidaltzen diren mezuetan gazteleraz idazten dute askok: «Jarri abesti hau. Igandean al Ibilaldi a ver si pillamos cacho». Mezu horiek bidaltzen dituzte, eta esatariak enfasia jartzen du gaztelerazko zatian. Hor esaten ari da inportantzia gaztelerak duela. Esan genien zati horiek itzuli beharko liratekeela, eta artifiziala zela zioten. Gida hori egin genuen, eta tiraderan gorde zuten.

Erabilera sustatzeko baliabideak behar direla, alegia.

Hori da. Euskaraldia zoragarria izanda ere, euskaraz aritzeko baliabiderik gabe jai daukagu. Denak behar ditugu, eskola eta hedabideak. Esaten dugu euskara normaldu gabe dagoela, baina euskal idazleek sortzen dituzte euren munduak euskaraz, eta hori ez doa hiztunengana. Non dago transmisio hori? Euskararen profesionalak hori asumitu behar du, eta hori egiten ez den bitartean, jai daukagu. Bolada batez [Joxean] Artzeren esaldi ezagun baten kartelak jarri zituzten tabernetan: «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik». Bada, nik beste bat jarriko nuke horren azpian: «Hizkuntzak ez badio hobeto bizitzeko balio, hiztunak era berean esango dio kaixo eta adio».]]>
<![CDATA[Kondaira baten omenez]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1909/035/001/2020-01-18/kondaira_baten_omenez.htm Sat, 18 Jan 2020 00:00:00 +0100 Lander Muñagorri Garmendia https://www.berria.eus/paperekoa/1909/035/001/2020-01-18/kondaira_baten_omenez.htm
Kondaira hori gogoratzeko eta Itzaltzuko bardoa omentzeko, Gartxot eguna egiten dute haren jaioterrian 2009az geroztik. Gaur eta bihar ere hala egingo dute. «Aurten, lehen aldiz ekitaldi guztiak Itzaltzun bertan egingo dira», azaldu du Maite Aranburu Gartxot Ekimena elkarteko kideak. Aurreko urteetan Ezkarotzen (Nafarroa) ere egin izan dute ekitaldiren bat, baina asteburu honetan dena Itzaltzun egingo da. Eguerdian egingo zaie ongietorria Gartxoten zaleei, Oreka Tx eta Amaren Alabak abeslariek girotuta. Aurten, gainera, bi kiliki egin dituztela ere iragarri du Aranburuk: Gartxot eta Frai Marti Orreagako abadearenak. «Elkarrekin borrokan arituko dira, eta giroa alaitzeko balioko du honek guztiak; beti izan da gure asmoa kondaira zabaltzea, eta kiliki horiek lagunduko dute haurren artean kondaira ezagun egiten».

Hala ere, Gartxot Egunaren helburua ez da kondaira hedatzea bakarrik: auzolana bultzatu eta euskarazko sorkuntza hedatzea ere lortu nahi baitute. Alde horretatik, gaurko harreraren ondoren, Ainize Madariaga BERRIAko kazetariak Komunitatea hats-baiturik liburua aurkeztuko du, eta Asisko Urmenetak 1620, Nafarroa beheragaina komikia. Horren ostean, bazkari herrikoia egingo dute plazan jarri duten karpan. Berrehun pertsonarentzako lekua izango dute, eta Aranburuk azaldu du txartel denak salduta daudela dagoeneko. Arratsaldean bertso saio dinamiko bat izango da, eta gero Beñat Axiari eta Joseba Irazokiren kontzertua. Iluntzean, Gathubi erromeria taldea arituko da. Karpa goizaldeko 02:00etan itxiko dute.

Ordutegi hori nahita jarria dago, igande goizean mendi ibilaldia egingo baitute Gartxot gatibu egon omen zen Elkorretako kobara. «Bere kondaira hedatzeko modu berezia da», elkarteko kidearen hitzetan. Bertara iristeko bidea garbitu zuten duela hamar urte, eta ordutik urtero igotzen dira kobara. «Oso berezia izaten da mendi ibilaldiaren ondoren kobara iristen garen unea». Horregatik ixten dute karpa festa egiten ari direnek nahiko luketen baino lehenago, Gartxot Eguneko ekitaldi nagusia igande goizeko mendi ibilaldia delako.

Gartxot Eguna



Gaur eta bihar, Itzaltzun (Nafarroa).]]>
<![CDATA[Emozioak, oinarrizko ikasgaia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2053/038/001/2020-01-11/emozioak_oinarrizko_ikasgaia.htm Sat, 11 Jan 2020 00:00:00 +0100 Lander Muñagorri Garmendia https://www.berria.eus/paperekoa/2053/038/001/2020-01-11/emozioak_oinarrizko_ikasgaia.htm
Psikopedagogiaren eremuan egin diren ikerketetako bat da, esaterako, Aitor Aritzetarena. Psikologiako doktorea da, eta EHUko irakaslea; errendimendu akademikoan faktore askok eragiten dutela dio, baina tradizioz gaitasun kognitiboak lehenetsi direla: «Historikoki onartu da gaitasun mentalak edo kognitiboak eragina duela ikaslearen errendimenduan, baina bereziki errendimendu akademikoa gaitasun horiekin lotutako faktoreekin neurtu izan delako». Alegia, orain arte pentsatu izan da memoria zuenak, sintesirako gaitasuna zuenak edo abstrakziorako ahalmena zuenak izango zuela arrakasta akademikoa, baina azken urteetako ikerketek erakutsi dute ahalmen horiek ez direla nahikoak, nahiz eta garrantzia eduki dezaketen. «Haur batek emozioak erregulatzeko garaian daukan ahalmena ere garrantzitsua da; esaterako, argi erakutsi da azterketa batean haur batek estresa maneiatzeko duen gaitasunak eragina duela errendimendu akademikoan». Azken batean, emozioak orekatzeko gaitasuna duen ikasle batek kontzentratzeko gaitasun hobea izango du, eta horrek errendimenduari eragingo dio.

Familiaren testuingurua

Baina, ikasle bakoitzaren gaitasun kognitibo eta emozionalak ez ezik, testuinguruak ere eragina daukala azaldu du Aritzetak. Besteak beste, ikasgelako giro emozionalak. Duela lau urte argitaratu zuen ikerketa baten arabera, adimen emozional handiko ikasgela bateko errendimendu akademikoa hobea izan ohi da. «Ikasle baten errendimendua hobea izango da bere taldean modu egokian komunikatzen bada, gatazka gutxi badago, ikasleak elkarren artean errespetuz aritzen badira eta jazarpenik ez badago; gaitasun kognitibo berak dituen ikasle bat kontrako egoeran dagoen ikasgela batean balego, errendimendua txikitu egingo litzateke».

Ikerketa horretan ondorioztatu zuenez, ikasgelako testuinguru emozionala egokia bada, horrek ikasleari laguntzen dio ulertu behar duen materian hobeki kontzentratzen, eta informazioa hobeki prozesatzen. Era berean, irakaslearentzako ere onuragarriagoa da giro hori, azken batean irakatsi beharrekoa egokiago azaltzen baitu. «Gaitasun emozionala ez da funtsezkoa, baina oreka emozional egoki batek laguntzen du errendimendu akademiko hobea izaten».

Sandra Cid hezkuntzaren psikologiako doktorea da, eta, argitaratu berri duen doktore tesiaren arabera, ikasketa motak ere eragina dauka errendimendu akademikoan. DBHko eta Oinarrizko Lanbide Heziketako (OLH) ikasleen arteko alderaketa egin du, eta Aritzetarekin bat egin: arlo kognitiboak garrantzia du, baina emozionala funtsezkoa da. Tesian azaldu duenez, arlo kognitiboan DBHko ikasleek plangintzarako gaitasun handiagoa daukate OLHkoek baino, baita memoriarako eta arretarako gaitasun handiagoa ere. Arlo emozionalari erreparatuz gero ere, berdin: DBHkoek autoestimu pertsonal eta familiar handiagoa daukate, eta adimen emozional handiagoa. Hau da, ikasketa bat egin ala bestea egin, errendimenduan eragina izango du, eta hor «aldagai kognitibo eta emozionalak ikasteko joeraren oinarrian egon daitezke». Baina, Ciden ustez, «autoestimua funtsezkoa da». Dioenez, errendimendu akademikoaren muinean dago ikasleak bere buruarekiko daukan autoestimua, «norberak bere buruan sinesten duen ala ez». Horrek ikasteko motibazioa sortuko baitu.

Ikasgelatik aterata, ikasleari zuzenean eragiten dio etxean daukan giroak. Ikasgelakoak beste. Izan ere, haurren oreka emozionala etxeko giroak ere baldintzatu dezakeela dio Eider Goñi EHUko hezkuntzaren psikologiako irakasle eta Psikor ikerketa taldeko kideak. «Testuinguruko egoeran familiak zeresan handia dauka; zenbat eta maila ekonomiko eta kultural hobea izan, ikasle horiek orduan eta errendimendu hobea lortzen dute». Hau da, ikaslearen etxeko ekonomia ona bada, eta kultura baliabide ugari baldin badauzkate eskura, horrek guztiak eragina izan dezake haurraren hezkuntzan.

Sare publiko eta itunpekoen arteko aldeari ere begiratu dio tesi horri eusteko. Izan ere, sare publikoan aniztasun handiagoa dago, egoera umilagoan dauden ikasle gehiago, eta horrek errendimenduari eragiten dio. PISA txosteneko datuei tiraka, hala esan du: «Itunpeko eskolek eta eskola publikoek lortutako emaitzen artean aldeak daude, baina, maila sozialaren eragina kenduz gero, txostenak erakusten du ikastetxe sareak ez duela errendimenduan eragiten». Alegia, ikasleen etxeko baliabide ekonomikoek eragina daukate haien errendimenduan. Testuinguru baldintzatzaile horren eragina txikitzea zaila dela uste du Goñik. Izan ere, «horretarako lehenengo gizartea aldatu beharko litzateke, eta familia batzuek dituzten diru sarrerak hobetu».

Baina etxeko giroa ez dagokio alde sozioekonomikoari bakarrik; izan ere, ikerlariak dio familiaren heziketa estiloak ere eragina daukala. «Seme-alabekiko afektuak eta diziplina norainokoa den, horrek ere zeresana dauka; diziplina ezartzea baino eraginkorragoa da seme-alabekin komunikazio irekia edukitzea, afektua erakustea eta entzuten jakitea».

Ikaslea, subjektu aktibo

Testuinguruak ikaslearen gaitasun emozionalean eragin dezakeenez, ikasketa prozesuetan gero eta presenteago dago emozioen kudeaketa. Zigor Ibarzabal Ikastolen Elkarteko Hezkuntza arduraduna da, eta hala dio: «Egoera emozional afektibo ezegonkor batean dagoen pertsona bat ez dago prest ikasketa prozesu arrakastatsu baterako, eta horiek bideratzea litzateke lehentasuna». Alde horretatik, hezkuntza sisteman aldaketak egin direla dio: «Duela urte asko, hezitzaileen eta ikasleen arteko harremana errespetuan, diziplinan eta, kasu batzuetan, beldurrean oinarritzen zen; urteen poderioz, harreman hori aldatuz joan da, eta ezinbestekoa bihurtu da gertutasuna, ikasleen bizitzarekiko interesa erakustea, haren errealitatea ezagutzea». Ikaslea ezagutzeko eta haren zailtasunak identifikatzeko tresna bihurtu dira baliabide horiek, eta horrek «haren garapen pertsonal eta akademikoan laguntza egokiagoa emateko» aukera ematen duela dio.

Irakaskuntzaren erdian

Era berean, Nagore Iñurrategi Mondragon Unibertsitateko Huheziko hezkuntza graduetako irakasleak dio konpetentzia berriak garatu behar direla ikasketa prozesu arrakastatsu bat edukitzeko. «Maila altuko prozesu batzuk ulertzeko, prozesu kognitiboak beharrezkoak dira, eta hori beharrezkoa da; baina, ezinbestean, alderdi emozionalek asko eragiten dute ikaskuntza kalitatezkoa izateko». Hau da, «gaitasun kognitibo altua egonda, ez bada alderdi emozionala kontuan hartzen, irakaskuntza azalekoa izango da». Ildo horretan, motibazioa bilatuko duen ikasketa prozesua defendatu du, ikasten ikasteko konpetentzia garatzea. Testuinguru erreal edo simulatu batean ikasleak erantzunak bere gisara bilatzea litzateke, horrek «autokontzientzia eta autoerregulazio gaitasuna garatzen dituelako». Iñurrategiren ustez, ikasketa mota sakonagoa sortzen da modu horretan, eta horri esker pertsona autonomoagoak lortzen dira, konfiantza gehiago dutenak.

Adituek garbi azaldu dute emozioek gero eta garrantzi handiagoa hartuko dutela ikasketa prozesuan. Hori indarrean jartzea, beraz, ikasgelaren ardura duten ikastetxeei dagokiela dio Goñik. Eusko Jaurlaritzaren Heziberri hezkuntza proiektuak dio ikasleen arlo emozionala landu behar dela, eta, horregatik, konpetentzia horiek garatu behar direla gogorarazi du ikerlariak. «Baina irakasle eta eskolek kontuan hartu beharko dute ikasleen arlo emozionala lantzeko ez dela nahikoa material batzuk erabiltzea bakarrik; egunerokotasunean zeharka lantzen den zerbait da, ez soilik modu esplizituan eta modu planifikatuan. Gelan zerbait gertatzen bada, horri probetxua atera ahal zaio». Hau da, irakaskuntzaren erdigunean kokatu beharreko zerbait bihurtu behar dela arlo emozionala. Eta horrek, luzera begira, errendimendu akademiko hobea ekar dezake.]]>
<![CDATA[Herritarrak, ohorezko atetik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/032/001/2019-12-28/herritarrak_ohorezko_atetik.htm Sat, 28 Dec 2019 00:00:00 +0100 Lander Muñagorri Garmendia https://www.berria.eus/paperekoa/1890/032/001/2019-12-28/herritarrak_ohorezko_atetik.htm horezko atea esaten diote Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikineko sarrera nagusiari. Burdinazko atea dauka, handia, eta, sartu bezain pronto, eskailera inperialak egiten du ongietorria. Kaletik ate barrura begiratuz gero, hori besterik ez da ikusten, eta hori da herritar askok foru jauregiaren barrenetik ezagutzen dutena. «Lanerako bidean egunero pasatzen naiz foru jauregiaren paretik, eta beti pentsatu izan dut ea barrutik nolakoa izango ote zen». Carolina Escribanorenak dira hitz horiek, atzo eguerdian ohorezko atearen parean eginak. Barruan izan berria zen, aldundiak bere egoitza nagusia ezagutzeko antolatutako bisita gidatutik atera berria zela. «Asko gustatu zait barnealdea: oso elegantea iruditu zait».

Berak bezala, beste 110 pertsonak ezagutu zuten Gipuzkoako erakunde nagusiaren egoitza. Hilabete bakoitzeko azken larunbatetan, erakundearen ateak zabaltzen zaizkie herritarrei, baina eguneroko jarduerarik ez da izaten halakoetan. Atzoko bisita gidatuak, ordea, bereziak izan ziren, astegun normal bateko jarduna baitzegoen: atezaina bulegoz bulego ari zen 2020ko agenda banatzen, segurtasun langileak ataria zaintzen ari ziren, eta aldundiko lehen solairuan diputatuak zebiltzan aurrera eta atzera. Goizeko lehen bisitarekin topo egin zuten, esaterako, Denis Itxaso eta Rafaela Moreno batzarkideek. Jauregiaren kanpoaldean, kontrara, zahar etxeetako langileak eserialdia egiten ari ziren euren aldarrikapenak jauregi barrura helarazteko. Oihu, musika eta sirena hotsekin lortu zuten zarata barnealdera iristea. Horrek guztiak egin zuen berezi atzoko bisita.

Hilabetero jauregiko ateak zabaltzen dituztenean ez bezala, gainera, Markel Olano ahaldun nagusiak bere bulegoko ateak ere zabaldu zizkien herritarrei. «Hemen nagoenean erakusten dut, eta gaur hemen nagoenez...». Eguerdiko bisitan izan zen hori, gazteleraz egin zenean, aurreko bisitetan bilduta baitzegoen. Bulegora sartuta, buru egiten du Batzar Nagusien sorrera oroitarazten duen tapizak: 1397an izan zen batzar hori, Getariako (Gipuzkoa) San Salvador elizan. Bulegoaren albo batera, Arantzazuko Ama Birjinaren irudi bat dago, eta parez Rafael Balerdi margolari donostiarraren koadro bat. Horiek ahaldun nagusiak aukeratu ohi ditu.

Historia duen eraikina

Baina foru jauregiak historia luzea dauka atzean, eta hori azaldu zuen Jon Alberdi gidak. Gipuzkoaren lehen erreferentzia historikoa 1025. urtekoa dela, 1200. urtean «Gaztelako erreinuaren parte bihurtu zela», Gipuzkoako armarriko kanoiak Nafarroako erresumari irabazi zizkiotela Belateko gudan, eta foru jauregia XIX. mendearen amaieran eraikitzen hasi bezain pronto erre zela. Historia luzea baitauka bai eraikinak eta baita erakundeak ere. Gustura entzun zituen jarraibide horiek guztiak Mikel Enparantzak, baina gabeziak ere ikusi zituen kontakizunean: «Kontatu dutenarekin, badirudi Gipuzkoa Gaztelarekin sortu zela, eta ez da horrela. Nafarroarekin hasi zen, eta hemen ez da Nafarroa agertzen».

Historiaren kontakizunaz gain, beste gabezia bat ere ikusi zuen Enparantzak. Izan ere, 2006an Miramonen Batzar Nagusiak eraiki ziren arte, bertan egiten ziren aldundiaren osoko bilkurak. «Pena ematen dit; ulertzen dut erosotasunagatik joan zirela hara, baina Erresuma Batuko parlamentua ez da horren erosoa izango». Argi geratu zen, ordea, jarduera instituzionalak han jarraitzen duela gaur egun oraindik.]]>