<![CDATA[Lara Villalon | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Tue, 07 Feb 2023 13:41:25 +0100 hourly 1 <![CDATA[Lara Villalon | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[«Ehunka familia daude hondakinen azpian harrapatuta»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/004/001/2023-02-07/ehunka_familia_daude_hondakinen_azpian_harrapatuta.htm Tue, 07 Feb 2023 00:00:00 +0100 Lara Villalon https://www.berria.eus/paperekoa/1918/004/001/2023-02-07/ehunka_familia_daude_hondakinen_azpian_harrapatuta.htm
Lurrikarak eragina izan duen leku askotan, larrialdiko telefonoak kolapsatu egin dira, eta hondakinen azpian harrapatuta geratu diren dozenaka lagun sare sozialen bitartez saiatu dira laguntza eskatzen, beren helbideak argitaratuz edo hurkoen galdea eginez. Agintariek herritarrei eskatu diete Internet ahalik eta gutxien erabiltzeko, larrialdi guneetan lineak kolapsatu ez daitezen. Halaber, galdegin dute ez erabiltzea ibilgailurik guztiz beharrezkoa ez bada; izan ere, familia ugari saiatu dira kaltetutako eremuetatik ihes egiten, eta errepideak ez ezik larrialdi zerbitzuetarako irispidea ere blokeatu dute. Herrialdeko probintzia guztietatik joan dira erreskate taldeak, suhiltzaileak eta osasun langileak. «Herritarrei eskatzen diegu eman ditzatela odola, oinarrizko jakiak eta estalkiak. Batez ere horrexen beharra dago oraintxe. Momentuz, herritarrak oso azkar eta ondo erantzuten ari dira», adierazi du Turkiako Ilargi Gorriko boluntarioetako batek, Zumruk. «Turkian behin eta berriz izaten dira lurrikarak. Dispositiboak oso azkar mobilizatzen dira, baina, egia esan, gaurkoa oso larria izan da. Nik gogoan dudala, herrialdean ez da hain lurrikara handirik gertatu orain arte», erantsi du.

Salbamendu lan zailari, lurrikararen erreplika atergabeak gehitu behar zaizkio —sei gradutik gorako 70 erreplika baino gehiago izan dira—, eta eguraldia ere bai: elur ekaitzak izan dira ia eskualde osoan. Siriako mugan, Hatayko eta Gaziantepeko bi aireportuetako pista apurtu egin da lurrikararen eraginez. Larrialdi talde asko, bestalde, lanean ari dira hiri askotarako sarbideak garbitzeko eta konpontzeko, lurrikaren eta elur ekaitzen ondorioz kolapsatuta geratu baitira. Gobernuak estatu larrialdi gorena ezarri du, eta nazioarteko laguntza eskatu.

Turkia hego-ekialdeko Gaziantep hiriko kaltetuetako batek, Ali Ziraatçik, bere eraikineko fatxada erori baino lehen lortu zuen handik irtetea. «Lurrikarak esnatu egin gintuen, eta kostatu zitzaigun erreakzionatzea, baina, hala ere, etxetik irtetea lortu genuen. Bigarren solairuan bizi gara. Ez zigun astirik eman gure gauzak hartzeko. Gure eraikinaren parte bat erori egin da, eta han dauzkagu gauza guztiak», azaldu du, telefonoz. «Ahaleginean gabiltza izeba bat aurkitzeko; beste hiri batean bizi da, eta, oraingoz, ez daukagu haren berririk», esan du, nahigabeturik. Lehen seismoaren epizentroa Gaziantepen izan zen, eta probintzia hartan izan du lurrikarak eraginik handienetakoa. Bi milioi biztanle baino gehiago ditu, eta 1,5 milioi iheslari siriar baino gehiago ere bizi dira han.

Gaziantepen mendebaldean, Antakyan, bi ospitale amildu dira lurrikaren ondorioz. «Antakyako eraikin asko erori dira; hango bi erietxe guztiz suntsituta geratu dira, eta polizia etxe bat ere bai», jakinarazi du probintzia hartako gobernadoreak, Rahmi Doganek. «Eraikin askotatik, hondakinak besterik ez da geratu. Kanpadenda inprobisatuak jarri behar izan ditugu patioetan, eta erreskate unitateak han bildu. Aireportuarekin ere arazoak ditugu: oraingoz, ezin da hegazkinik lurreratu», gehitu du.

«Gobernuaren eraikinak ere hustu behar izan dituzte. Ez dago non salbu egon; jendea, oraingoz, kalean dago zain, lagundu diezaioten», esan du CNN Turk irrati kateak Malatyan, lurrikararen eraginpean izan diren beste hirietako batean.

Laguntza

Greziak, Ameriketako Estatu Batuek, Europako Batasunak eta Azerbaijanek berehala erantzun diote Ankarak nazioarteari egindako laguntza eskeari, babes zibileko taldeak bidaliz. Siria auzo herrira, berriz, laguntza gutxiago iritsi da, nahiz eta han gutxienez 430 lagun hil diren eta mila baino gehiago zauritu lurrikaretan, SANA Siriako Estatuko agentziak emandako datuen arabera. Bestalde, herrialde hartan oposizioaren kontrolpean diren eremuetan, kasko zurien erreskate zerbitzuek diotenez, beste 120 pertsona hil dira. Talde horrek «hondamenditzat» jo du lurrikararen eragina, eta jakinarazi du oso litekeena dela are jende gehiago hiltzea, «ehunka familia baitaude oraindik hondakinen azpian harrapatuta».

Herrialdearen iparraldeko azpiegiturak oso hondatuta daude, eta eraikin asko eraitsita geratu dira, lehendik ere hamar urtez gerrak eta nazioarteko bakartzeak eraginda.

Turkia munduko eremu sismikorik aktiboenetako batean dago: etengabe izaten dira lurrikarak hango zenbait eskualdetan. Gertatu berri dena azken urteetako handiena izan da, 1999an herrialdearen ipar-mendebaldean lurrikara batek 17.000 lagun hil ondoren. 2020an, berriz, koronabirusaren pandemia betean, 6,8 graduko beste bat izan zen ekialdean, eta 40 pertsona hil ziren; urte hartan bertan, Esmirna probintzian, 7 graduko seismo bat izan zen, eta 114 lagun hil ziren.]]>
<![CDATA[Errefuxiatuek gero eta tratu txar gehiago pairatzen dituzte Turkiaren eta Greziaren arteko mugan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1942/018/001/2023-01-08/errefuxiatuek_gero_eta_tratu_txar_gehiago_pairatzen_dituzte_turkiaren_eta_greziaren_arteko_mugan.htm Sun, 08 Jan 2023 00:00:00 +0100 Lara Villalon https://www.berria.eus/paperekoa/1942/018/001/2023-01-08/errefuxiatuek_gero_eta_tratu_txar_gehiago_pairatzen_dituzte_turkiaren_eta_greziaren_arteko_mugan.htm
Erakunde humanitarioek urteak daramatzate salatzen giza eskubideak urratzen zaizkiela Turkiaren eta Greziaren arteko mugatik EB Europako Batasunera iristen saiatzen diren migratzaileei eta errefuxiatuei. Migratzaileak mugan bertan kanporatzea leporatzen diete bai Greziari eta bai Turkiari, errefuxiatuak legez kanpo atxilotzea, eta ez laguntzea Egeo itsasoan eta Evros ibaian —bi herrialdeen arteko muga naturala— harrapatuta geratzen diren migratzaileei. Atenas eta Ankara elkarren aurka ari dira zenbait krisi diplomatikotan, eta ukatu egin dituzte akusazioak. Are, batak besteari leporatzen dio tratu txar horiek egin izana.

«Europako Batasunak erabaki du migratzaile gehiago ez hartzea, migratzeko arrazoia edozein dela ere», adierazi du Migreurop sareko koordinatzaile Brigitte Espuchek. Azaldu duenez, Bruselak memorandumak sinatu ditu Europako Batasunetik kanpo dauden herrialde batzuekin, haiek har ditzaten migratzaileak, eta ez du kontuan hartu herrialde horietan giza eskubideak errespetatzen diren ala ez. «Turkian, esaterako, giza eskubideak ez dira errespetatzen, baina Greziak herrialde segurutzat jotzen du, eta EBk migrazio akordio bat sinatu zuen Turkiarekin 2016an. Libian ere gauza bera gertatzen da, eta akordio bat sinatu du Italiarekin, baita Ziprek eta Libanok ere», gehitu du.

Hala ere, Ankarak gero eta gehiago jartzen du auzitan Bruselaren eta Turkiaren arteko akordioa, hitzarmen horren alderdi batzuk ez baitira betetzen, hala nola Greziatik Turkiara kanporatutako siriar guztiak EBn geratzea. Greziako agintariek ere gogor kritikatu dute ituna, Grezia Europaren «ezkutu» gisa delako —hala esan zuen gobernuak—, eta milaka errefuxiatu hartzeko egiturarik ez dagoelako. Bestalde, Turkiarekin dituzten tirabirak larritu egin dira, eta beldur dira ez ote dieten mugak irekiko errefuxiatuei; hori dela eta, Greziak hesi bat eraiki du Turkiako lurreko mugak dituen 27 kilometroetan.

Azken hilabeteotan, nazioarteko zenbait hedabidek argitara eman dituzte muga horretan tratu txarrak pairatu dituzten errefuxiatu batzuen kasuak, izen-abizenak eta jatorria ere emanda. Urrian, 92 errefuxiatu biluzik agertu ziren ibaiaren Greziako aldean: jipoia hartuta zeuden, eta ezertxo ere gabe, lapurtu ere egin baitzieten. Greziak Turkiari egotzi zion gertatutakoa, eta «zibilizazioarentzat lotsagarria» izatea leporatu.

Ankarak, berriz, Atenasi eskatu zion «errefuxiatuen aurkako jarrera ankerrak amaitzeko». Bi hilabete lehenago, 5 urteko neskato bat hil zen, ontzi batean ez atzera ez aurrera egonarazi baitzuten egun batzuetan, bi herrialdeen arteko mugako eremu militar batean.

Frontexen lana

Joan den udan, Frontex Europako mugako kontrolerako agentziako zuzendari Fabrice Leggerik dimisioa eman zuen, jakin zenean Mediterraneoan etengabe urratzen direla giza eskubideak, mugan bertan kanporatzen baitituzte migratzaileak. Ikerketa batzuen arabera, mila errefuxiatu inguru itzularazi dituzte legez kanpo 2020ko martxotik 2021eko irailera bitarte. Eva Cosse HRW Human Rights Watcheko ikertzaileak salatu duenez, nahiz eta Frontexek baieztatu duen «iraganeko jardunbideak» direla halakoak, gaur egun ere egiten dituzte halako kanporatzeak, erakundearen azken txostenean erakutsi dutenez.

Lesbosko AMKE Lege Bulegoaren esku dago Lesbosen errefuxiatuen eskubideen urraketa monitorizatzea. Lesbosera joaten dira Turkiatik iritsitako errefuxiatuetako batzuk, eta, AMKEk txosten batean salatu duenez, «indarkeria fisikoa eta beste ekintza anker batzuk» gertatzen dira han oraindik ere; besteak beste, salatu du ondasun pertsonalak lapurtzen dizkietela errefuxiatuei, eta nahieran atxilotu eta kanporatu; batzuetan, itsasoan abandonatuta utzi ere bai.

HRWek eta Turkiako tokiko erakunde batzuek salatu dute ehunka errefuxiatu siriar atxilotu eta deportatu dituztela aurten, batez ere gizonak eta haurrak. Errefuxiatu horiek modu arbitrarioan atxilotu zituzten, eta gutun bat sinatzera behartu, adieraz zezaten beren borondatez itzuliko zirela sorlekura.

Uda amaieran, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak iragarri zuen plan bat egingo zutela, milioi bat errefuxiatu siriar beren borondatez itzul zitezen Turkiako militarren kontrolpean dauden eremuetara. HRWek ehunka siriar elkarrizketatu ditu: etxean atxilotu zituzten, haietako batzuk jipoitu, eta Siriako mugara eraman. Ankarak ukatu egin du gertatutakoa, eta gehitu iheslariak beren borondatez itzuli direla.]]>
<![CDATA[Erdogani pilatu egin zaizkio krisiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/012/001/2022-11-05/erdogani_pilatu_egin_zaizkio_krisiak.htm Sat, 05 Nov 2022 00:00:00 +0100 Lara Villalon https://www.berria.eus/paperekoa/1918/012/001/2022-11-05/erdogani_pilatu_egin_zaizkio_krisiak.htm
Gaur egungo gobernuan, zaila da antzematen orain dela hogei urte lehen aldiz hauteskundeak irabazi zituen alderdi haren zantzurik. AKP etengabe aldatuz joan da, atzerri politikan egindako aldaketa handiak barne, eta kapaz izan da krisi guztietatik abantaila ateratzeko. Gobernuan izan zen lehen urteetan, sekulako arrakasta izan zuen, krisi ekonomiko larri batetik atera baitzuen Turkia, eta hango azpiegiturak nabarmen hobetu. Lana sortu zuen, eta kale eta auzo jakin batzuk biziberritu ere bai, beste gobernu batzuk ukitzen ere ausartu ez ziren kale eta auzoak, hain zuzen.

Erdogan, garai hartan lehen ministro zena, karismaz betetako buruzagi bat zen, herri xeheari mintzatzen zitzaiona eta Istanbulgo alkate izan ondoren ospe ona lortua zuena. AKPk, gainera, zenbait arau sozial laxatu zituen, eta, horren ondorioz, handitu egin ziren hala sekularismoa nola herritarren arteko berdintasuna. Eskua luzatu zien turkiar-armeniarrei, eta bakea lortzeko hitz egiten hasi zen kurduekin. Nazioartean, islamismo moderatuaren eredu zen alderdia garai hartan; Europako Batasunera sartzeko bidean jarri zuen Turkia, eta Zibilizazioen Aliantzaren proiektu gerora zapuztua babestu ere egin zuen.

Azken urteetan, ordea, desagertu egin da AKP hura. Alderdi autoritario bat da orain, eta presidentearengan pilatu du botere exekutibo guztia. Orain, bereizgarri du oposizioko alderdi eta taldeak etengabe estutzea. Segurtasun indarrek apenas onartzen duten kaleko protestarik: ez sindikatuenak, ez nazioarteko zenbait egunetan egiten direnak —hala nola emakumeen egunean—, ezta atentatuen biktimak gogoratzekoak ere. «Uste dut AKP alderdi eskuindar populista bat dela orain, joera autoritario gogorrekoa», azaldu du Istanbulgo Sabanci Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakasle batek, Berk Esenek. «Kulturaren arloan, diskurtso islamista bat daukate orain, tarteka Turkiako ideia nazionalista batzuekin nahasten dutena. Esparru ekonomikoan, berriz, nahiko alderdi liberala da», erantsi du.

Hazkunde geldiezina

Lehen legealdian, AKPk krisi bete-betean aurkitu zuen Turkia, baina, Nazioarteko Diru Funtsaren erreskate bat zela medio, berrabiarazi egin zuen ekonomia, pribatizazioen bidez, eta esportazioak sustatu zituen, Txinaren hazkunde datuen parekoak lortzeraino.

Hain zuzen ere, AKP gobernuan denetik, hazkundeak gora eta gora baino ez du egin: aurtengo bigarren hiruhilekoan, BPG barne produktu gordina %7,6 handitu da, nahiz eta inflazio krisi larri batean dagoen herrialdea. Hobekuntza ekonomikoak egitearekin batera, instituzioak malgutu zituzten, eta, lehen aldiz, unibertsitateetan eztabaidak antolatu ziren armeniarren genozidioaz, LGTB komunitateaz eta kurduen auziaz, besteak beste. AKPk, halaber, armadako kide batzuk aldatu zituen, ezkutuko boteretzat jotzen ziren horiek hain justu: errepublikaren fundatzaile Ataturkek ezarritako estatu laikotasunaren zaindariak, estatu kolpeak emateko joera zutenak.

2007an, berriz ere lortu zuten gehiengo absolutua, eta huraxe izan zen haien ospe onaren gailurra. Turkia NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko presidentea zen, eta bilera guztiz ezohiko bat antolatzea lortu zuen, Simon Peres Israelgo presidentearen eta Mahmud Abbas Palestinakoaren artean, bake prozesuaz hitz egiteko.

Erdoganek kurduengana hurbiltzeko plan bat iragarri zuen, eta Greziarekin zeukan harremana normalizatu, Zipreren inguruan zeukan jarrera aldatuta. AKPk erreferendum konstituzional bat egin zuen, bere legeak Europakoetara moldatzeko. Handik lau urtera, berriz ere alde izugarriz irabazi zituen hauteskundeak, eta orduantxe piztu ziren udaberri arabiarrak. Erdoganek babestu egin zituen aldaketa haiek, eta bira bat egin zuen Libian, Tunisian eta Egipton barrena, bere eredu politikoa erakusteko. «Ordu hartan, AKPk atzerri politika oso errebisionista zeukan. Nire ustez, ahalegina egin zuen Ekialde Hurbileko botere oreka aldatzeko, baina ez zuen lortu», esplikatu du Esen politologoak. Arabiar matxinadak itzali egin ziren azkenean, leku bakoitzean ezberdin itzali ere: auzoko herrialdean adibidez, Sirian, gerra piztu zen, eta Egipton, berriz, estatu kolpe militar batek eraitsi egin zuen Anaia Musulmanen gobernu ahula, hain justu Erdoganek babesten zuena.

Bira bat autoritarismorantz

Istanbulen, non Turkiako biztanleen %20 bizi baitira, 2013an protesta bat piztu zen hiriaren erdialdeko azken berdeguneetako bat kentzearen kontra: Geziko parkea kentzearen kontra. Manifestazio ekologista hura mugimendu jendetsu handi bat bihurtu zen, AKP hartzen ari zen errepresioranzko joeraren kontra egin zuena. Polizia gogor oldartu zitzaien protestariei, eta halaxe ito zuen mugimendua: ehunka lagun atxilotu zituzten, eta hogei bat hil, negar gasa arnastu izanak ekarritako arazoen ondorioz gehienak. Protesta haiek izan ziren garaian, gainera, gobernuko zenbait kideren audioak filtratu ziren, agerian utzi zituztenak AKP barruko ustezko ustelkeria kasu batzuk. Gobernuak Fethullah Gulen erlijiosoaren kofradiari egotzi zion errua: erakunde islamista bat da, epaileen artean eta Polizian kideak dauzkana, ordura arte AKPren aliatua zena.

2015ean, AKPk gehiengo absolutua galdu zuen lehen aldiz, HDP Herrien Alderdi Demokratikoa parlamentuan sartzeaz batera; kurduen aldeko indar ezkertiar bat da HDP, Geziko proposamenen legatua bildu eta politika feminista eta ekologista baten alde egin duena, baita turkiarren eta kurduen arteko berdintasunaren alde ere. Erdoganek, presidente karguan egonagatik, ezin izan zuen gobernua osatu; hortaz, hauteskundeak berriro antolatu, eta bozetako oztopo hura gainditzea lortu zuen orduan.

Hala, bertan behera geratu zen kurduen gerrillarekin bakea lortzeko prozesua; Erdoganek agindua eman zuen matxinada armatua zapaltzeko eta HDP erreprimitzeko, alderdi huraxe jo baitzuen erreboltaren adar politikotzat. 2016ko uztailean, Erdoganen kontrako estatu kolpe bat jotzen saiatu ziren, baina hutsean geratu zen, milaka herritarrek kalea hartu baitzuten, eta armadak eta segurtasun indarrek ez baitzuten bat egin altxamendu militar harekin. Kolpea jotzeko saialdi haren ondoren, Turkiak bi urte eta erdi eman zituen larrialdi egoeran; garai hartan, 300.000 lagun baino gehiago atxilotu zituzten, eta laurehun bat mila beren lanpostutik kendu, Fethullah Gulenen kofradiarekin zerikusia izatea egotzita. Izan ere, Ankarak Guleni leporatzen dio matxinada militarra antolatu izana.

Larrialdi egoera hartan, erreferendum bat egin zuen gobernuak, sistema parlamentario presidentzialista ezartzeko eta, hartara, presidentearen esku uzteko botere exekutibo osoa. AKP garaile atera zen, eta, harrezkeroztik, Erdoganek txitean-pitean hartzen ditu erabakiak dekretu presidentzialen bidez, goizetik gauera argitara emanik estatuaren aldizkari ofizialean: besteak beste, Istanbulgo Hitzarmenetik atera du Turkia —indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko itun bat da—, Banku Zentraleko presidentea aldatu du, eta Santa Sofia basilikako museoa meskita bihurtu du. Bestalde, AKPk kontrol handia dauka epaileen gain. Hilero, bostehun pertsona inguru atxilotzen dituzte sare sozialetan presidentea ustez iraintzeagatik, eta erakunde humanitario batzuetako buruzagiak kartzelan sartu dituzte «terrorismoarekin» zerikusia dutelakoan edo ustez estatua eraisten saiatu direlakoan.

Erdoganek «terrorismoa» leporatu ohi die usu oposiziokoei, eta bere alderdiaren kontra dauden atzerriko indarrez baliatzen da. Seren Selvin Korkmaz politologoaren iritziz, presidenteak maiz esan ohi du atzerritik erasoka ari zaizkiola, boto emaileen arreta piztuta edukitzeko. «Erdoganek dio gauza bera dela gure ekonomiari eraso egitea eta gure errezoari eta banderari eraso egitea; esaten du Turkiako nazioa esklabo bihurtu nahi dutela. Horren helburua da irudipena ematea ezen gobernua borroka eternal batean dabilela, gaur egungo kezketatik harago; lotura estua dagoela gobernuaren eta herritarren kezken artean», kontatu du Korkmazek Turkiako oposizioari buruzko argitalpen akademiko batean.

Ekonomiaren egoera

Hilabeteotan, alderdiari pilatu eta pilatu ari zaizkio arazoak. Presidenteak Banku Zentralean esku sartu izanaren ondorioz, lira turkiarra amildu egin da, eta inflazioa, berriz, handitu: datu ofizialen arabera, %83 inguru da inflazioa oraintxe; ikerlan independenteen arabera, %170. Ekonomia da herritarren kezka nagusia, eta badu isla boto asmoari buruzko inkestetan. AKPk inoizko daturik txarrenak ditu oraintxe. Duela bost urte pasatxo, botoen %50 zituen aldeko; orain, berriz, %33 baino gutxiago, inkesten arabera.

Presidentetzarako eta parlamenturako bozetarako zortzi hilabete falta diren honetan, gobernua ahaleginean ari da ekonomia hondoratu ez dadin, eta bi aldiz ere handitu du gutxieneko soldata. Hainbat ekonomialarik diotenez, gobernuak hilabeteak daramatza Banku Zentraleko erreserben parte handi bat dolarretan saltzen, lira are gehiago eror ez dadin. Parlamentuan gehiengoa segurtatzeko, berriz, indarrean eutsi nahi dio ultranazionalisten MHP Mugimendu Nazionalistaren Alderdiarekin osatzen duen koalizioari, eta hauteskunde legea aldatu du, alderdiek nahikoa izan dezaten botoen %7 lortzea parlamentuan sartzeko. AKPk, ordea, zailagoa izango du presidentetzarako hauteskundeetan.

Lehen aldiz, oposizioko alderdi nagusiak, CHP Herriaren Alderdi Errepublikano sozialdemokratak, gaina hartuko dio Erdogani, inkesta batzuen arabera. «AKPk bere lehen legealdietan lortu zuen egonkortasun ekonomikoa dela-eta ematen diote askok botoa oraindik», azaldu du Esenek. «Boto emaile askok ez dakite zer gertatzen ari den oposiziokoekin, hedabide gehienak gobernuaren kontrolpean baitaude. Horregatik ere badu AKPk halako arrakasta: aukera berdintasunik ez dago».]]>
<![CDATA[Turkia, gerrako bitartekari interesatua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1924/002/001/2022-09-17/turkia_gerrako_bitartekari_interesatua.htm Sat, 17 Sep 2022 00:00:00 +0200 Lara Villalon https://www.berria.eus/paperekoa/1924/002/001/2022-09-17/turkia_gerrako_bitartekari_interesatua.htm
Ikusi gehiago: Yevgeniya Gaber, Ukrainako Parlamentuko aholkulari ohia: «Oraingoa da Errusiak Ukrainan izan dezakeen presentziarik handiena»

Harreman diplomatikoen oreka joko horretan, Turkiak pauso bat egin du aurrera, eta gatazkako bitartekari nagusietako bat bilakatu da. Martxoan, Ankarak diplomazia lanak egin ondotik, Errusiako eta Ukrainako ordezkari zenbait bildu ziren Turkian, bi aldiz, su etenaren inguruan hitz egiteko, nahiz eta bilkura horietako batek ere ez zuen fruiturik eman. Berriki, baina, Ankarak, NBE Nazio Batuen Erakundearekin batera, funtsezko rola jokatu du Ukrainako zerealak garraiatu ahal izateko korridore humanitario seguru bat ezartzeko negoziazioetan, Istanbulen egoitza bat sortu baitu Ukrainarekin eta Errusiarekin batera zerealen garraioa monitorizatzeko.

Irabazteko asko

Baina zer lortu nahi du Turkiak hain modu aktiboan bitartekari arituta? Hakan Gunes akademikoa aditua da Turkiako eta Errusiako kanpo politikan, eta, haren arabera, eskualdean duen posizio paregabeaz eta Ukrainarekin eta Errusiarekin dituen harremanez baliatu nahi du Ankarak, kezkagarri zaizkion auzien inguruan negoziatzeko Mendebaldearekin. «Turkiak espero du Mendebaldeak pauso positiboak emango dituela, nahiz eta oraindik ez den izan halakorik. Besteak beste, espero du AEBek Turkiaren aurkako politikak leuntzea, Ankarak onartu egin baitu Finlandia eta Suedia NATOn sartzea», adierazi du Gunesek. «Adibidez, Washingtonek ez zion F-35 gerra hegazkinik saldu nahi Ankarari; orain, ordea, hizketan ari dira, ea tratua egiten duten F-16 ehiza hegazkin batzuen inguruan, zeinak ezinbestekoak baitira Turkiako armadarentzat», gehitu du Gunesek. Akademikoaren ustez, Mendebaldeak men egiten badie Turkiaren eskaeretako batzuei, Ankarak gehixeago egingo du Errusiaren kontra, eta gehiago sostengatuko du AEBen eta Europaren jarrera.

Bestalde, Turkiak harreman ona zuen bai Moskurekin eta bai Kievekin gerra hasi baino lehen ere, eta komeni zaio bi lotura horiei eustea. Are, gatazka piztu baino lehen, misil antiaereoen sistema bat erosi zion Errusiari, zeina arriskutsutzat jotzen baita NATOren aireontzientzat. Gainera, Ankararentzat beharrezkoa da aurrerantzean ere harreman egonkorrak izatea Moskurekin beste zenbait eremutan, hala nola Libian, Sirian eta Kaukason, bi herrialdeek direnak eta ez direnak egin baitituzte lurralde horietan daukaten eraginari eusteko elkarren arteko harremanei kalte handirik egin gabe. Halaber, Turkiak Ukrainatik inportatzen du herrialdean kontsumitzen den gariaren eta ekilore olioaren %50, eta urtero hango kostaldera jotzen duten turista errusiar eta ukrainarrek biziarazten dute Turkiako ekonomia. «Nahiz eta Errusia tarteka haserretu egiten den Turkiak Kievi asko laguntzen diolako ekipamendu militarrari dagokionez, Moskuk ere etekina ateratzen dio Ankararekin duen harremanari, Mendebaldeak ezarritako zigorren eragina arintzeko tresna bat baita lotura hori, baina baita Kievekin komunikatzeko bide bat ere», xehatu du Ogul Tunak Turkiaren eta eremu postsobietarraren kanpo politikan aditua da Tuna. Ukrainaren eta Errusiaren arteko oreka joko horri eutsiz, zera ere lortu nahi du Ankarako gobernuak, Turkiako ekonomiak zigorren eta akordioak etetearen ondoriorik jasan behar ez izatea. Duela urte bat baino gehiagotik, Turkia krisi ekonomiko larri batean sartua da: datu ofizialen arabera, inflazioa ia %80 da, eta, ekonomialari batzuen arabera, %170. «Beranduenez hamar hilabeteren buruan, hauteskunde orokorrak egingo dira Turkian. Recep Tayyip Erdogan presidenteak nolabaiteko egonkortasun ekonomikoari eutsi behar dio ezinbestean. Baldintza horietan, diru sarrerak eskuratu nahi ditu Turkiak, edonondik datozela ere. Elkarlanean aritzeko prest dagoen edozeinen laguntza onartzen du», zehaztu du Gunesek.

Reutersen arabera, Turkiak lehen baino bi aldiz petrolio gehiago inportatu du Errusiatik azken hilabeteotan, eta sistema bat ezartzea adostu du Errusiako gasaren parte bat errublotan pagatzeko. Gainera, Turkiako bankuak lanean ari dira Errusiako txartelekin ordaintzeko modua emango duen sistema bat abiarazteko, Visa eta Mastercarden alternatiba gisa, errusiarrek ezin baitituzte erabili azken horiek, zigorrak direla eta. Neurri horrek larritasuna eragin du Mendebaldeko hiriburuetan, eta hizpidera ekarri dute Ankarari zigorrak ezartzea, baldin eta ikusten badute zigorrak saihesten laguntzen ari zaiola Errusiari. TUSIAD Turkiako enpresarien elkarte nagusiak adierazi duenez, Wally Adeyemo AEBetako Altxorraren idazkariordeak gutun bat bidali die, eta, hartan, esan die balitekeela Turkiako enpresei ere zigorrak ezartzea harremana izanez gero zigorren bat duten Errusiako entitate edo norbanakoekin. «Hori gertatzen bada, litekeena da kalte handia eragitea Turkiako ekonomiari. Politikan, Turkiak berriz pentsatu beharko du nola bideratu Ukrainaren eta Errusiaren arteko oreka jokoa, nahi eta nahi ez, eta baliteke horrek Ankararen eta Moskuren arteko harremanak zailtzea», nabarmendu du.]]>
<![CDATA[«Oraingoa da Errusiak Ukrainan izan dezakeen presentziarik handiena»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1968/003/002/2022-09-17/oraingoa_da_errusiak_ukrainan_izan_dezakeen_presentziarik_handiena.htm Sat, 17 Sep 2022 00:00:00 +0200 Lara Villalon https://www.berria.eus/paperekoa/1968/003/002/2022-09-17/oraingoa_da_errusiak_ukrainan_izan_dezakeen_presentziarik_handiena.htm
Zer iritzi duzu zerealen korridorearen inguruan akordioa lortu eta hilabetera?

Funtzionatzen ari da. Gai izan gara, hein batean, Ukrainako zereala lehengo moduan garraiatzeko nazioarteko merkatuetara. Horrek tentsioak arindu ditu, baita herrialde askotako inflazioa jaitsi ere. Dena den, dena ez da positiboa. Aldi baterako neurri bat da, eta hori arazo bat da. Errusiaren konpromisoak baldintzatzen du akordioa, eta badakigu litekeena dela edozein momentutan hura urratzea.?

Akordioa arindua izan al da Ukrainako ekonomiarentzat?

Bai, baina ez du modurik eman gerraren aurretik adina esportatzeko. Hauxe besterik ez dago: esportaziorako korridore bat irekita, eta handik garraiatzea segurua izan dadin ziurtatzen duen itun bat. Gainera, korridorea martxan dagoen bitartean, beste arazo bat dago: Errusiak zereala lapurtu du Ukrainako lurretatik, eta hori garraiatzen ari da. Lapurtutako zereal hori Bosforo itsasartean barrena garraiatzen ari dira; horren ebidentzia asko daude. Ukrainak Turkiari eskatu dio ikertu dezala, baina Ankarak argudiatu du ez dagoela frogarik zereal hori Ukrainakoa dela ziurtatzeko. Nire ustez, hori ikertzeko borondatea falta da.

Zer iritzi duzu Turkiak gatazka horretan duen jarreraz?

Turkiak bi herrialdeekin duen lankidetza ekonomikoari eutsi nahi dio, funtsezkoa baita herrialde barruko egoerarako eta herrialdearen finantza merkaturako. Errusiarekin lankidetzan arituta, espero du etekin ekonomiko bat lortzea turismoan eta gas hornikuntzan, baita Errusiarentzat lan egiten duten Turkiako konpainientzat ere. Horrek kezkatu egiten du Turkia, Errusia bazkide komertzial garrantzitsua baita alor askotan. Errusiarekin eta Ukrainarekin elkarlanean jarraituko du gerrak iraun bitartean.

Zergatik uste duzu egin zuela bat Errusiak zerealen korridorearen hitzarmenarekin?

Ez dut uste Moskuri axola zaionik munduak zer pentsatzen duen Errusiaz. Uste dut inozoa eta hipokrita dela pentsatzea bere konpromisoak beteko dituela. Su eten bat da Errusiak nahi duena. Ukrainako gudu zelaian, dinamikak aldatzen ari dira; errusiarrek ezin dute aurrera egin. Oraingoa da Ukrainan izan dezaketen presentziarik handiena, eta, horregatik, bereganatutako lurraldeari buruz negoziatu nahi dute, baita bere garaipen politikoak hitzartu ere. Negoziatzeko moduko bazkidea izan nahi dute. Dituzten bide guztiak erabiltzen dituzte horretarako, baita Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea ere.

Zerealen garraioak zergatik ez ditu arindu oraindik garatzeko bidean diren herrialdeetako elikadura krisiak?

Portutik irten ziren lehen itsasontziak ez ziren joan garatzeko bidean diren herrialdeetara, aurretik beste herrialde batzuekin egindako merkataritza kontratuetan oinarritzen delako garraioa. Hasieran, ez zen espero itsasontziak Afrikako iparraldeko herrialdeetara iristea, merkatu librean oinarrituta baitago zerealaren merkataritza. Hala ere, zeharka ikusi dugu merkatu globaletako tentsioak arindu egin direla; prezioak pixka bat jaisten hasi dira, eta horrek gobernu askori lagun diezaioke elikagaien sektoreko inflazioari aurre egiten.

Turkiako Nekazaritza ministroak adierazi zuen Turkiak zerealean deskontuak lortuko zituela korridorearen akordioarekin. Zer iritzi duzu?

NBEk ukatu egin zituen adierazpen horiek, eta esan zuten ez dela behintzat Istanbulen sinatutako akordioaren parte. Bestalde, Turkiak atzera egin zuen gero, eta esan zuen ez dela hala gertatzen ari. Esan dezagun negoziazio honetan parte hartu duten aldeek ukatu egin dutela. Ezin dut frogatu hori gertatzen ari denik, baina ezta gertatzen ari ez denik ere.]]>
<![CDATA[Erdoganek berriz egin dio mehatxu Siriari]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1915/015/001/2022-07-14/erdoganek_berriz_egin_dio_mehatxu_siriari.htm Thu, 14 Jul 2022 00:00:00 +0200 Lara Villalon https://www.berria.eus/paperekoa/1915/015/001/2022-07-14/erdoganek_berriz_egin_dio_mehatxu_siriari.htm
Iragarritako operazio militar hori egiten bada, laugarren aldia izango da Turkia bost urtean auzoko herrialdean sartzen dena. Lehenbizikoz, 2016an sartu zen, bere mugaren hurbileko eskualdeetatik bidaltzearren Estatu Islamikoa. 2018az geroztik, hiru operazio militar egin ditu, Baxar al-Assaden erregimenaren kontrako milizia siriarren laguntzarekin.

Ankararen jomuga milizia kurdu-siriarrak ziren, YPG Herriaren Babes Unitateak; horiek AEBen babesa jasotzen dute, baina Turkiak bere segurtasun nazionalaren kontrako mehatxutzat dauzka, uste baitu harremanak dituztela Turkian dagoen gerrilla kurduarekin, PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin. Haiek Turkiako mugako eskualdeetatik erretiratzera behartu eta gero, Ankarak kontrolpean du herrialdearen %10 inguru, eta berak kudeatzen ditu iparraldeko eta ipar-mendebaldeko lurraldeetako segurtasuna eta azpiegiturak.

Orain, Turkiaren asmoa da Eufrates ibaiaren mendebaldeko bi eskualdetatik kanporatzea gerrilla kurdua. «Ankarak aukera gisa ikusten du Ukrainako gerra. Batetik, Turkiaren garrantzia gogorarazten die AEBei, eta, bestetik, Errusia dago. Nazioarteak Moskuri jarritako zigorrek eta Errusiak Ukrainan izandako galerek abantaila ematen diote Turkiari Sirian», Omer Ozkizilcik segurtasuneko eta kanpo politikako analistak azaldu duenez. «Horrez gainera, Ankarak Bosforo itsasarteko iraganbidea itxi die Errusiako itsasontziei, bai eta bere aire espazioa ere Siriarantz doazen Errusiako hegazkinei. Orain, Errusiak Siriarako hornidura lerro bat bakarrik dauka», erantsi du.

AEBak eta Errusia

Erdoganek argi utzi du zein dituen jomuga: Tell Rifaat, Alepotik iparralderantz jo eta 40 kilometrora; eta Manbij, Eufrates ibaitik mendebaldera jo eta 30 kilometrora.

Eskualde bakoitzak bere berezitasunak eta aliantzak ditu. Tell Rifaaten, YPGk ofizialki ez du presentzia militarrik; Errusiak tropak dauzka eskualde hartan, eta tapoi moduan mantendu nahi du Alepo hiria babesteko, Al-Asaden erregimenaren kontrolpean. Manbijen, ordea, edozein sarraldi militar eginez gero, AEBek zigorrak ezarriko lizkiokete Turkiari. Lehen ere egin zen halakorik, 2019an, Donald Trumpen garaian, eta Etxe Zurian hura ordezkatu duenak, Joe Bidenek, luzatu egin du dekretu hori. AEBen zigorrek kalte handia egingo liokete Turkiako ekonomiari, han larria baita inflazioa (%78), eta diruak nabarmen galdu baitu balioa urte honetan (%40 baino gehiago).

«AEBek beren interesak zaindu nahi baditu, prest egon beharko lukete Turkiarekin hitzarmen bat egiteko. Ukrainako gerrak batasun handiagoa eskatzen du NATOren barruan, eta, Turkiak Sirian operazio hori egingo balu, txikitu egingo litzateke Errusiak eskualde horretan duen eragin eremua», zehaztu du Ozkizilcik.

Turkia prestatzen ari den operazio horrek AEBen aliatu bati eragingo balio ere —YPG milizia—, Ozkizilciken ustez Ankarak ez du NATOn duen tokia baliatuko Washingtoni xantaia egin eta bere operazioa onar diezaioten, Suedia eta Finlandia Aliantza Atlantikoan sartzea onartzearen truke. «Turkiaren operazioak ez du zerikusirik NATOrekin, baizik eta Turkiaren eta Errusiaren arteko negoziazioekin. Horrez gainera, nire ustez, Ankara traturen bat edo xantaiaren bat egin nahian balebil, ahuldu egingo litzaioke Aliantza Atlantikoan duen posizioa», erantsi du.

Siriaren aldean, Ankarak babestutako miliziek iragarri dute prest daudela operaziorako. Indar kurduek, berriz, larrialdia deklaratu dute eskualdean, Turkiaren inbasio posiblea dela medio, eta zenbait aliantza eratu dituzte beste fakzio batzuekin, auzoko herrialdeari aurre egiteko asmoz. Iparraldeko Tximista deitu diote aliantza sortu berriari, eta bai Al-Assaden erregimenak eta bai Iranek babesturiko taldeak daude tartean; horrek espekulazioak piztu ditu, Turkiako eta Irango indarren arteko konfrontazio zuzeneko bat izango ote den Sirian.

Bozetarako operazioa

Hauteskunde aurreko giroan sartuta daude Turkian, 2023ko presidentetza bozetara begira, eta krisi ekonomikoa eta herrialdeak hartuak dituen ia lau milioi errefuxiatuen kudeaketa dira gehien aipatzen diren gaiak. Errefuxiatuak sorterrira itzul daitezela eskatzen dute oposizioko alderdi gehienek, baina Erdoganek zera proposatu berri du: milioi bat errefuxiatu siriar beren borondatez itzul daitezela Turkiak Siria iparraldean kontrolatzen dituen eremuetara.

Turkiak bere operazio militar hori eginez gero, Ankarak kontrolpean edukiko luke Siriak Turkiako mugan duen ia eremu osoa, eta hantxe ezarri ahalko lituzke milaka errefuxiatu etorkizunean. Plan hori kritikatu egin dute zenbait erakunde humanitariok, siriarrak berriz ere sorterritik kanpo kokatuko lituzketelako. Nolanahi ere, Turkiaren barruan, Erdoganen ospe onaren aldeko jokaldi bat litzateke, eta oraintxe inkesta batzuek diote litekeena dela hauteskundeak galtzea haren alderdiak, AKP islamistak.]]>
<![CDATA[Haurrentzako telebista kate batek bizirik eusten dio kurduerari]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1933/015/001/2022-07-03/haurrentzako_telebista_kate_batek_bizirik_eusten_dio_kurduerari.htm Sun, 03 Jul 2022 00:00:00 +0200 Lara Villalon https://www.berria.eus/paperekoa/1933/015/001/2022-07-03/haurrentzako_telebista_kate_batek_bizirik_eusten_dio_kurduerari.htm «Sibe hev bibinin [Bihar egongo gara!]», dio kurdueraz Pottokiak marrazki bizidunetako pertsonaietako batek Zarok TV telebista katean; haurrentzako kate bat da, Diyarbakir hirian dagoena, eta kurdueraren dialekto guztietan ematen ditu saioak. Eylok 28 urte ditu, eta batzuetan ikusten du saioa, satelite bidezko telebistan. «Nire kurduerari herdoila kentzeko ikusten dut, kalean ia ez baitugu hitz egiten. Batzuetan, familiako guztiok ikusten dugu, denok ikasteko», azaldu du. «Gustura ikusiko nuen horrelako kate bat txikia nintzenean, 17 urterekin ikasi bainuen kurdueraz hitz egiten», gehitu du.

Turkiak 80 milioi biztanle ditu, eta horietatik 15 milioi inguru kurduak dira. Kurduen %44k bakarrik dakite kurdueraren dialektoren batean hitz egiten, eta kurdueraz irakurtzen eta idazten dakitenak, berriz, %18 baino ez dira, Rawest ikerketa zentroaren arabera. Ez daukate kurdueraz ikasteko eta kultura kurdua lantzeko aukerarik, eta kalean kurdueraz hitz egitea estigmatizatuta dago, turkiar nazionalisten erasoen beldur baitira; horren ondorioz, kurduaren erabilera jaitsi egin da azken urteetan.

Eylo Diyarbakirren hazi zen, eta haren belaunaldikoek ezin izan zuten ikasi beren ama hizkuntzan. Gurasoek eta aitona-amonek ere ezin izan zuten. Txikienek bakarrik izan zuten horretarako aukera, baina bi urtez baino ez. 2015ean, HDP Herrien Alderdi Demokratikoak gobernatutako udalek egitasmo bat abiatu zuten, lehen mailako eskola elebidunak sustatzeko, eta haietan kurmanji zen hizkuntza nagusia, Turkiako hego-ekialdean gehien hitz egiten den kurdueraren dialektoa. «Mila eskaera baino gehiago jaso genituen kurduerazko haur eskoletarako eskaera aldia ireki genuen lehen egunean. Oraindik ere idazten digute jakiteko antzeko zerbait sortuko den», azaldu du eskola horietako batean lan egin zuen irakasle batek.

2016ko estatu kolpea jotzeko saioa izan ondoren, Turkiako Gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen: kultura kurduarekin zerikusia zuten dozenaka elkarte itxi zituzten, dekretu bidez, argudiatuta lotura zutela PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin -Ankarak «erakunde terroristatzat» jotzen du alderdi hori-. Gobernuak esku hartu zuen HDP alderdiak gobernatutako 65 alkatetzetatik 59tan, eta alkateak kendu zituen; haien ordez, aginteko alderdi islamistako kide fideikomisodunak jarri zituen, AKPkoak.

Alkateen karguak hartuta, beste kolpe bat eman zioten kultura kurduari: haur eskola elebidunak itxi zituzten, kurduerazko liburutegiak eraitsi, eta kaleko kurduerazko seinaleak kendu. Zarok TV haurrentzako telebista katea izan zen ustezko lotura terroristengatik itxi zituzten erakundeetako bat.

«Hilabete pare batez itxi ziguten katea, baina ez zuten gehiago ikertu; azken finean, haurrentzako kate bat gara», azaldu du Zarok TVko ekoizle Emin Timurrek. «Oposizioko kate askori eta kurduerazko kate askori jazarri diete, baina guk haurrentzako programak egiten ditugu. Oso zaila da gure aurka presioa egiten jarraitzea», gehitu du.

Orain dela gutxi, AKP alderdiak kurduerazko hautazko irakasgaiak txertatu ditu institutuetan, baina ikastaroak ez dira hasi, ikasleak falta dituztelako. Hala ere, kurduen hainbat erakundek salatu dute agintariek ez dituztela jendaurrean jakinarazi kurduerazko hautazkoetan parte hartzeko eskaerak, eta kontu politiko batengatik ez direla hasi ikastaroak.

Belaunaldi guztientzat

2015ean sortu zen katea, eta argi zuen helburua: haurrentzako eduki hezigarriak kurdueraz eskaintzea, eta eskualdeko abesti eta ipuin tradizionalak berreskuratzea.

«Lehen, beste elkarte batean ematen genituen kurduerazko musika eskolak, eta geure buruari galdetzen genion: zergatik ez dugu jartzen kamera bat gure aurrean, musika hau munduko edozein tokitan erakusteko?», azaldu du Serko Kaniwar musikari eta kateko programa bateko aurkezleak. «Ez da ezer ekoizten kurdueraz telebistarako, eta Zarok TVk bizirik eusten dio hizkuntzari belaunaldi guztientzat», zehaztu du.

Berrogei langileko talde bat aritzen da marrazki bizidunak diseinatzen, atzerriko programak bikoizten eta haurrentzako musika programak ekoizten. Satelite bidez edo Internet bidez ikus daiteke katea, eta kurdueraren hiru dialektotan dago: kurmanji, sorani eta zazaki dialektoetan. «Entzule asko ditugu beste eskualde batzuetan, Iraken mendeko Kurdistanen eta Europan batez ere, eremu horietan ez baitaude hainbeste hizkuntza murrizketa», azaldu du Timurrek. Entretenitzeko kate bat izan arren, langileek uste dute hizkuntza indartzeko lan egin behar dutela. «Kurduera ez denez irakasten eskoletan, gure saioetan hitz berriak sartzen saiatzen gara, baina ez gara eskola bat».

«Ez dugu baliabide nahikorik, eta ahal duguna egiten dugu», deitoratu du Timurrek. Kultur etxe baten laguntzarekin, kateak egitasmo batzuk sustatu ditu platotik kanpo, eta kontzertu solidarioak antolatu ditu, haur gehiagorengana iristeko. «Gobernuak alkatetzetan esku hartu ondoren, oso zaila da plaza publikoan edozein jarduera antolatzea, traba asko jartzen baitituzte», azaldu du Kaniwarrek.

«Azkenean, alternatiben bila ibiltzen gara; esaterako, ezkontza aretoetan egiten ditugu kontzertuak, agintariek ezin baitute esku hartu halakoetan», zehaztu du. «Baina borroka etengabea da; hizkuntza bat bizirik mantentzea eguneroko lana da».]]>
<![CDATA[Inflazioaren goraldi geldiezinak greba olde bat eragin du Turkian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1942/012/001/2022-05-08/inflazioaren_goraldi_geldiezinak_greba_olde_bat_eragin_du_turkian.htm Sun, 08 May 2022 00:00:00 +0200 Lara Villalon https://www.berria.eus/paperekoa/1942/012/001/2022-05-08/inflazioaren_goraldi_geldiezinak_greba_olde_bat_eragin_du_turkian.htm
Nolanahi ere, agudo samar ikusi zen neurria ez zela aski. Inflazioa %69raino igo da azkeneko lau hilabeteetan, nahiz eta ekonomialari independentez osatutako talde batek dioen inflazio erreala hori halako bi baino gehiago dela. Horren erakusgarri, gasolina %180 garestitu da hilabeteotan, elektrizitatea %127, eta elikagaiak, berriz, %50 eta %100 bitartean, bertzeak bertze.

Bizitzaren kostua garestitu izanak greba olde bat eragin du: milaka langile karrikara atera dira soldata igoerak eskatzeko, prezioen goraldiari aurre egiteko modua izate aldera. 2022an, 110 greba inguru antolatu dira orain arte; batez bertze urte oso batean antolatzen direnak baino gehiago dira, Lan Arloko Ikerketen Komunitatearen datuen arabera. «Gure soldatak baino gehiago igo dira alokairuak. Baita gasolina eta garraio publikoa ere. Anitzek haurrak ditugu, eta ez dugu modurik hilabeteko gastu guziak ordaintzeko», azaldu du Turkiako Migros kate handiko supermerkatu batean aritzen den apal betetzaile batek, Mevlutek.

Migros enpresak 257 langile kaleratu zituen otsailean, tartean Mevlut, langile talde osoari soldata igo ziezaiotela eskatzeagatik. Kanporatutakoak eta haiekin bat egin zuten lankideak egunero protesta egiten hasi ziren, supermerkatuen jabearen etxe parean. Turkiako Polizia jazarri egin zitzaien manifestariei, eta 150 langile atxilotu zituen; horietako gehienek ez zuten sekula greba batean edo lan arloko protestetan parte hartu lehenago. «Liskar horren ondotik, enpresak onartu zuen kaleratu gintuela, eta soldatak %8 igo zituen. Nire lanpostura itzuli ahal izan nintzen. Egoera pixka bat hobetu da, baina prezioak garestitzen ari dira oraindik», erran du. Grebak sektore guzietara zabaldu dira: metalgintzako langileek grebara jo dute, baita ehungintza lantegietakoek eta bizikletako banatzaile autonomoek ere.

Sektore pribatuan

«Greba ia guziak sektore pribatuan izan dira, eta bai enpresek eta bai gobernuak debekatu egin dituzte», azaldu du Alpkan Birelmak, irakasle laguntzaile eta lan eskubideetan adituak. «Hala ere, greba arrakastatsu ugari izan dira sektore anitzetan, baldintza hobeak lortu dituzte, eta horrek bertze langile ugari bultzatu ditu beren eskubideak aldarrikatzera». Hauxe ere gehitu du Birelmak: «Ez dute ikaragarrizko arrakasta lortu; ez dut esajeratu nahi, baina lan arloko protestek normalean ez dute izaten hainbertzeko arrakastarik Turkian».

Trendyol merkataritza elektronikoko enpresako banatzaileek, adibidez, lortu zuten beren helburua: milaka motor gidari autonomo arduratzen dira etxe horren logistikaz, eta haiek ordaintzen dituzte motorraren mantentze gastuak eta gasolina. Bada, urtarrilean oihartzun handiko greba bat egin ondotik, denei soldata igotzea erdietsi zuten. Automobilgintzan, ordea, ez zuten zorterik izan, dozenaka lagun kaleratu baitzituzten, baldintza hobeak eskatzeko asmoz sindikatu batean sartzeagatik.

Inflazioa, kontrolik gabe

Lira turkiarraren jaitsierak ere eragin die prezioei. Izan ere, azken urtean, lira turkiarrak balioaren %40 galdu du euroarekin alderatuta. Turkiako Banku Zentralak neurri sorta bat hartu du Recep Tayyip Erdogan presidentearen presiopean, agintaria bere ikuspegi ekonomiko propioa ezarri nahian ari baita, eta, hain zuzen, neurri horien ondorioz galdu du lirak balioa hain agudo. Erakundea interes tasak jaitsiz joan da, %14raino, nahiz eta inflazioa hori halako lau den.

Banku Zentrala ekonomialari gehienen aholkuen kontra doazen erabakiak hartzen ari da: haien arabera, interes tasek inflazioa adinakoak edo handiagoak izan behar dute, bertzela interesak negatiboak izanen baitira. Neurri horiek liraren balioa etengabe goiti eta beheiti ibiltzea eragin dute, eta, hortaz, inflazioak goiti egin du, Turkiak ekoizpenerako materiala inportatu egiten baitu hainbat sektoretan.

Zenbait ekonomialariren ustez, gobernuak nahi du lirak balio apala izan dezan atzerriko dibisekin alderatuta, esportazioak eta turismoa sustatze aldera. Nolanahi ere, Ukrainako gerrak kalte egin die bai esportazioei eta bai turismoari, Turkiak zenbait merkataritza hitzarmen baititu Kievekin eta Moskurekin, eta bi herrialde horietako 10 milioi turista hartzen baititu urtero.

Horiek horrela, zenbait herriko etxek ekinaldi solidarioak abiatu dituzte, herritarrek familiarik behartsuenen fakturen parte bat ordaindu ahal izan dezaten. Bertze batzuek diru laguntzak eman dizkiete okindegiei, ogiaren prezioa merkatzeko. «Bezero gutxiago ditugu, eta ahaleginak egiten ditugu prezioak ahalik eta gutxien garestitzeko, baina galerak izan ditugu azken hiru hilabeteetan», azaldu du Erdal Korkmazek, janari denda baten jabeak. Kezkaturik mintzatu da: «Krisiak gogor jo ditu saltoki txikiak. Horrela jarraituz gero, beharbada itxi eginen dut denda urte bukaeran».]]>
<![CDATA[Errusiarrak ihesi Putinen gerraren ondorioetatik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1914/015/001/2022-03-09/errusiarrak_ihesi_putinen_gerraren_ondorioetatik.htm Wed, 09 Mar 2022 00:00:00 +0100 Lara Villalon https://www.berria.eus/paperekoa/1914/015/001/2022-03-09/errusiarrak_ihesi_putinen_gerraren_ondorioetatik.htm
«Gezurra esan zuen inbasioaren gainean, eta beste batzuetan ere aritu izan da gezurretan. Ez dakigu zer pasatuko den bihar. Oraingoz, ez dut Errusian geratu nahi», azaldu du Leonid dela esan duen gazte batek, Istanbulgo aireportura iritsi denean. Leonid ingeniaritza energetikoa ikasten ari da Obninsken, Moskuren hegoaldean, eta, familiaren laguntzaz, 1.200 euro biltzea lortu zuen Moskutik Istanbulera joateko txartela ordaintzeko. Gerra hasi aurretik, txartel hori 100 euro baino gehixeago kostatuko zen, baina, eskaria dela eta, asko garestitu da. 39 herrialdek itxia diete jada aire eremua Errusiako hegaldiei, eta Aeroflotek, Errusiako aire konpainia nagusiak, bertan behera utzi ditu behin-behinean nazioarteko hegaldiak, besterik esan arte.

Horrek aukera gutxi utzi dizkie errusiarrei: gertuko herrialdeetara ihes egitea erabaki dute askok, besteak beste Turkiara, Armeniara, Azerbaijanera eta are Arabiar Emirerri Batuetara. Azken egunetan izugarri ugaritu dira Errusiako zenbait hiriren eta herrialde horien arteko hegaldiak. Errusiatik Istanbulera egunean hamar hegaldi iristen ziren lehen, eta 30 baino gehiago orain; gehienak Turkiako aire konpainienak dira, Moskutik, San Petersburgotik, Sotxitik (Errusia) eta Groznytik (Txetxenia) ateratakoak. Armeniako hiriburuan, egunean lau hegaldi iristen ziren Errusiatik gerra hasi baino lehen; orain, 38.

«Lehenengo, bisa bat eskatu nuen Italian, hara lehorretik joateko, baina, azkenean, ikusita zein azkar ari den okertzen egoera, hegaldi txartel bat erosi nuen egun batetik bestera. Ezin dugu kutxa automatikotik dirua atera, eta txartelak ez dabiltza», azaldu du. «Oso zaila da, sentitzen baitut etxekoak abandonatzen ari naizela. Gerraren aurka nago, eta kalean egon behar nuke, protestan, baina itota gaude. Oso erraza da espetxeratuta bukatzea», esan du, atsekabetuta.

Ezin da jakin zenbat errusiarrek alde egin duten herrialdetik, baina tokiko zenbait komunikabidek diote gero eta gehiago direla. The Moscow Times egunkari independenteak ohartarazi zuen gazte batzuei hainbat orduz galdeketak egin zizkietela Errusiako pasaporte kontrolean, herrialdetik alde egitera zihoazela. Galdeketan, Ukrainako gatazkaz zer iritzi zuten galdetu zieten, eta ea Errusiatik ihes egin nahi zuten. Leonidek kontatu duenez, berak ez zuen arazorik izan pasaporte kontrolean, eta ez du halako beste inongo kasuren berri, baina esan du aireportuko Poliziak sakelako telefonoa miatu ziola. «Begiratu zuten zer aplikazio nituen, eta argazki batzuk. Galdetu zidaten zertara nindoan Turkiara. Itzultzeko txartel bat erosia nuen apirilerako, ez zezaten ezer susmatu», azaldu du.

Turkiara iritsita, Leoniden egoera kolokan dago oraindik ere. Oraingoz, lan bila hasiko da Istanbulen, eta ahaleginak egingo ditu urrunetik ikasten segitzeko. «Itzuli nahi dut, baina dena berriz normal dagoenean. Orain beste arazo batzuk konpondu behar ditut: nola bidaliko diot dirua familiari? Zer aplikazioren bitartez hitz egingo dugu? Ezer ez dabil».

Otsailaren 27an, Errusiako Fiskaltzak komunikatu bat atera zuen zera gogorarazteko: Errusiaren segurtasunaren kontrako «atzerriko estatu edo nazioarteko erakunde» bat diruz laguntzen dutenak edo halakoei edonolako babesa ematen diotenak kondenatuak izango direla traizioa leporatuta, eta 20 urteko kartzela zigorrak izango dituztela. Egoera horretan egon litezke 10.000 manifestari baino gehiago, atxilo hartu baitituzte Vladimir Putinen erasoaldi militarraren aurkako protestetan, Errusiako 50 bat hiritan. «Oso zaila da Putin kritikatzea jendaurrean. Ez bakarrik Poliziaren presioagatik, baita komunikabideetako zentsurarengatik ere. Nire familiako batzuek ez dakite zer ari den gertatzen Ukrainan, eta, azaltzen saiatzen bazara, haserretu egiten dira. Beste errealitate bat ikusten dute», azaldu du gazte moskutar batek, Dinak. Urte bukaeran iritsi zen Istanbulera, Ankaran migrazioari buruzko master bat egiteko, eta ez daki bueltatuko den.

«Egoera okertu» egingo da

«Putinek irabazi edo galdu egingo du, baina gure egoera okertu baino ez da egingo. Arraroa da; izan ere, ukrainarrentzat ikaragarria da, baina guk ere sufritzen dugu», esplikatu du, atsekabez. Ankaran, Dinak parte hartu zuen Putinek Ukrainari egindako erasoaren aurkako protestetan, dozenaka turkiar eta ukrainarrekin batera. «Toki guztietan gero eta gorroto handiagoa diete errusiarrei, Putinek egin duenagatik. Turkian ez dut nabaritu, baina sumatu dut nire ingurukoek espero dutela nik jendaurrean adieraztea gerraren aurka nagoela».

Errusiari zigor gutxien ezarri dioten NATOko estatuetako bat da Turkia, eta, oraingoz, atzerriko gerraontzientzat bakarrik itxi ditu Bosforo itsasartea eta Dardaneloak —Mediterraneoa eta Itsaso Beltza lotzen dituzten bi pasabideak—. Ankarak harreman diplomatiko eta batez ere komertzial onak ditu Kiev eta Moskurekin. Turkiako presidente Recep Tayyip Erdogan izan da, Israelgoarekin, Frantziakoarekin eta AEBetakoarekin batera, Errusiaren inbasioa gerarazteko asmoz Putinekin bildu direnetako bat.

Ankarak menia bat egiteko eskatu dio Moskuri, eta zibilak lehenbailehen ateratzeko. Horrez gain, Erdoganek bere burua eskaini du bake prozesu bat abiatzeko.]]>
<![CDATA[Turkiak artatu gabe dauzka larri gaixo dauden ehunka preso]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1912/014/001/2022-02-05/turkiak_artatu_gabe_dauzka_larri_gaixo_dauden_ehunka_preso.htm Sat, 05 Feb 2022 00:00:00 +0100 Lara Villalon https://www.berria.eus/paperekoa/1912/014/001/2022-02-05/turkiak_artatu_gabe_dauzka_larri_gaixo_dauden_ehunka_preso.htm Askatu preso eriak leloa plazaratzen hasi dira eztabaida publikoan. Datua larritzekoa da oso: 2021ean 65 preso hil ziren, eta agerian geratu da zer-nolako arazoa dagoen osasun artaren aldetik espetxeetan. Turkiako agintariek urteak daramatzate arazo hori arrastaka. Askatasunaren Aldeko Abokatuen Elkarteak (OHD) batzorde bat dauka kartzeletako egoera behatzeko, eta batzorde horrek ohartarazia du egunetik egunera gero eta preso gehiago daudela gaixo handi. «Detektatu dugu 1.605 preso daudela eri; horietatik 604 larri daude, eta kartzelatik kanpo arta ditzaten behar dute. Datu horrek ezin hobeto laburbiltzen du nola dauden gauzak», azaldu du OHDko abokatu batek, Gurkan Isteklik. «Preso eri horietako gehienak arrazoi politikoengatik daude zigortuta. Preso bati arta ematen ez bazaio, argi eta garbi urratzen dira haren eskubideak», erantsi du.

Abendu erdialdean, Halil Gunes minbiziz hil zen Diyarbakirko espetxean, herrialdearen hego-ekialdean, bost egun bakartuta igaro ondoren. 2014tik, haren abokatuek zenbait txosten aurkeztuak zituzten haren osasunaren berri emateko, baina fiskaltzak, agiri batean, adierazi zuen Gunesek espetxean segi zezakeela gaixo egonda ere. Eta Abdulrezzak Suyurri ere beste hainbeste gertatu zitzaion: egun berean hil zen, Izmirko kartzelan. Asma larria zuen, eta biriketako minbizia diagnostikatu zioten duela hiru hilabete. Abokatuek tratamendua emateko eskatu zuten, baina ez zioten eman.

Zenbait abokatu bat datoz jokabidea beti bera dela autoritateek kondena atzeratzea eta libre geratzea ukatzen dieten preso eri larrien kasu guztietan. Gaixoaren abokatuek auzitegi medikuen txosten batzuk aurkezten dituzte beren bezeroak osasun arrazoiengatik kartzelan segitu ezin duela egiaztatzeko; batzuetan, Turkiako Giza Eskubideen Elkartearen eta Medikuen Elkargoaren txosten independenteak ere aurkezten dituzte, osagarri. Justizia Ministerioak, berriz, auzitegi medikuen beste txosten bat aurkezten du, adierazten duena presoa osasun onean dagoela eta ez dagoela motiborik haren sententzia atzeratzeko. «Ez du zentzurik halako txostenak etengabe kontrajarriak izateak, giza eskubideen elkarteen agiri independenteak aurkezten baitira. Aspalditik gertatzen ari da hori, eta ikusten ari gara nola preso ugari hilkutxa barruan ateratzen diren azkenean espetxetik», kontatu du Reyhan Yalçindag abokatuak. Aysel Tugluken kasua darama Yalçindagek, HDP kurduen aldeko ezkerreko alderdiko diputatu izandako batena. 2016tik dago kartzelan, eta Turkian alderdi kurdu bateko lehen buruzagi emakumezkoa izateagatik ezaguna da. Dementzia larri batek hartu du, eta txosten ugaritan ziurtatua dute premia duela kartzelatik kanpo tratatua izateko. «Gaixotasun kroniko bat dauka; ezin da sendatu, eta okerrera doa. Ez da bere kabuz moldatzen. Kartzelako administrazioak berak ikusia du hori», azaldu du haren abokatuak.

Tugluk askatzeko kanpaina

Tugluki ama hil zitzaion 2017an, eta haren hiletan gertaturiko gauza traumatiko baten ondotik hasi zen sintomak izaten. Diputatu ohiak egun bateko baimena lortu zuen Kocaeliko kartzelatik —Turkiaren ipar-ekialdean— Ankara hiriburura joateko. Ehorzketan, baina, talde ultranazionalistako ehun bat kideko aldra bat azaldu zen kanposantura, makilak eta traktore bat hartuta, Tugluken ama lurperatu ez zezaten. «Ez dugu nahi hemen terroristarik lurperatzea!» eta halakoak oihukatuz, eraso ere egin zioten ehorzketara joana zen zenbait jenderi, tartean hildakoaren zenbait senide eta HDPko diputatu batzuk. Jazarpena ikusita, eta Tugluken amaren hilobiari eraso egingo zioten beldurrez, azkenean gorpua hobitik ateratzea erabaki zuen familiak, eta beste hiri batean egitea hileta. Horretara, ordea, ezin izan zen joan diputatu ohia. Erasoaren egileetatik, berriz, zazpi baino ez zituzten atxilotu.

«Eraso hark inpresio handia eragin zion oroimenean. Orain, gaixotasunaren ondorioz, ez da kapaz bere kabuz bizitzeko. Zenbait auzitegi medikuk hilabeteak daramatzate haren kasua aztertzen, eta esaten dute ezin duela espetxean jarraitu. Hiltzeraino abandonatu balute bezala da», azaldu du Tugluken adiskide batek, Çigdem Aksoyk. Hain justu, hura askatzeko kanpaina bat abiatu du Aksoyk sare sozialetan, beste batzuekin batera. BERRIAk elkarrizketa bat eskatu dio Justizia Ministerioari, diputatu ohi kurdua askatzeko eskarien inguruan zer ikuspegi duen jakiteko, baina hark ez dio erantzun.

2016an atxilotu zuten Tugluk, haren alderdiko beste hamaika diputaturekin batera, eta hamar urteko kartzela zigorra ezarri zioten zenbait diskurtsotan eta ekitalditan terrorismoaren apologia egitea leporatuta. Agintariek uste dute PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren propaganda egiten zuela, Turkian «antolakunde terroristatzat» jota dagoen gerrilla kurduarena. Harrezkeroztik, F motako kartzela batean daukate: bakarkako zeldak dauzkate halako espetxeek, eta erakunde humanitarioek sarri kritikatu izan dituzte, presoak bakartuta edukitzen dituztelako.

Diputatu ohi horren abokatuek, duela bi hilabete, Kocaeliko Medikuntza Institutuko auzitegi medikuen txosten bat bidali zuten Justizia Ministeriora, adierazten zuena Tuglukek ezin duela giltzapetuta segitu, baina fiskaltzak Istanbulgo Auzitegi Medikuntza Institutuaren txosten bat aurkeztu du, esaten duena Tugluk ondo dagoela osasunez. «Ez gara eskatzen ari Tugluki lehentasunezko tratua emateko, baizik eta, besterik gabe, legea aplikatzeko. Argi dago espetxean hiltzeko arriskuan dagoela», azaldu du HDPko diputatu Hisyar Ozsoyk. «Gure alderdiko buruzagiak bisita egin zion duela gutxi, eta ikusi zuen ez dela gai ezta paper puska bati eusteko ere. Begi bistakoa da agintariek nahita ezarritako politika bat dela», gehitu du.

Alderdi horretako beste diputatu batek, Omer Faruk Gergerliogluk, Kocaeliko espetxean grabatutako bideo bat argitaratu du Twitterren, Tugluk libre utz dezatela eskatzeko, eta zera zioen txioan: «Aysel Tugluki lehenbailehen justizia egiteko exijitzen dugu. Buka dadila haren aurkako jazarpena, egin dadila justizia». Bada, txio hori argitaratu eta biharamunean, Gergerlioglu ikertzen hasi zen fiskaltza, egotzita estatua eta haren organoak laidoztatu dituela, autoritateen erabakietan eragiten saiatu dela, eta legez kanpoko ekintzak goratu dituela. Fiskaltzaren iragarpena ikusita, emakumezko ekintzaile batzuek nazioarteko kanpaina bat hasi dute mila sinadura biltzeko Tugluk askatzearen alde. «Ez dugu berandu ibili nahi hura salbatzeko orduan». Urtarrilaren 11n abiatu zuten ekinaldia, eta mundu guztiko 6.000 emakumek baino gehiagok sinatu dute. «Espero dugu presio sozialak eragina izatea. Alde horretatik, uste dut lan sozial orok balio duela», esplikatu du kanpaina horretako ekintzaile Çigdem Aksoyk.

Pandemiarekin, okerrago

Giza Eskubideen Turkiako Elkarteak, txosten batean, salatu du koronabirusaren pandemia hasi zenetik «lehen halako sei» preso daudela gaixo, espetxeetan ez delako neurririk hartu, ezta tratamendurik eskaini ere. Autoritateen ezkutukeriaren erakusgarri, dena den, datu publikorik ez da argitaratu: ez zenbat preso kutsatu diren, ez zenbat hil diren, ez zenbat txertatu dituzten berriki.

«Turkian errepresio politiko izugarria dago, eta agintariek presoak tratatzen dituzten moduan islatzen da hori. Pandemia hasi zenetik, gauzek okerrera egin dute. Oso zaila da presoen inguruko informazioa lortzea, eta, askotan, diziplina zigorrak ezartzen dizkiete, eta ez diete uzten telefonoz deitzen ere», azaldu du Ozsoyk. Pandemiak beste arrazoi batengatik ere jarri ditu espetxeak agerian: kartzelatuta dagoen jendetzagatik. Hain zuzen, Turkiak du biztanle espetxeratuen per capita tasarik handiena, Europako Kontseiluko kide diren herrialdeen artean: 357 bat preso 100.000 biztanleko. Eta ez dago behar adina kartzela guztiak giltzapetzeko. Duela gutxi, gobernuak iragarri zuen hamar bat kartzela eraikitzekoa dela, gaur egungoak gainezka daudela eta. Duela bi urte, 300.000 lagun zeuden preso, hots, kabitzen ziren baino askoz gehiago; izan ere, Justizia Ministerioaren datuen arabera, 233.000 presorentzako lekua dago berez.

Amnistia

2020ko apirilean, AKP alderdi islamistaren gobernuak, MHP alderdi ultranazionalistaren botoen laguntzaz, amnistia lege bat onartu zuen 90.000 preso askatzeko, kartzeletan lekua egiteko, eta koronabirusa ez kutsatzeko prebentzio neurriak hobetzeko.

Lege horretatik kanpo utzi zituzten terrorismoarekin zerikusia izateagatik zigortutakoak, hots, arrazoi politikoengatik preso sartutakoak. Epaiketa egiteko zain dauden presoak ere kanpoan utzi zituzten, hala nola Selahattin Demirtas HDPko buruzagi izandakoa eta Osman Kavala ekintzaile eta filantropoa, zeina sententziaren zain kartzelatuta baitago 2017tik. Beste zenbait, aldiz, tartean lapurretagatik, droga trafikoagatik edo indarkeria matxistagatik kartzelatutako batzuk, libre geratu ziren: besteak beste, Alaattin Çakici, mafia ultranazionalista bateko buruzagia, 70eko hamarkadan ezkerreko dozenaka ekintzaile erailtzeagatik kondenatua, baita emazte ohia hiltzeko sikario bat kontratatzeagatik ere.

Oposizioko alderdi batzuek eta giza eskubideen aldeko zenbait erakundek kritikatu egin zuten neurria, eta salatu amnistia lege horretatik bazter geratu zirela ekitaldi politikoetan parte hartzeagatik, artikuluren bat idazteagatik edo sare sozialetan esandakoengatik kartzelatutako milaka preso. Askatasunaren Aldeko Abokatuen Elkarteko kide horren ustez, 2020ko amnistia legeak eta halakoek berriz ere agerian utzi dute nola tratatzen dituzten ezberdin arrazoi politikoengatik preso sartutakoak. «Gobernuak, beti, gertatutakoak ukatzen ditu auzi honetaz jarduten duenean, zeren arazoa kudeatzen hasteak ezinbestean ekarriko bailuke onartzea arazo bat dagoela. Estatuarentzat, legearen etsaiak dira preso politikoak», amaitu du.]]>
<![CDATA[Eskuetatik ihes egiten duen dirua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1932/002/001/2021-12-08/eskuetatik_ihes_egiten_duen_dirua.htm Wed, 08 Dec 2021 00:00:00 +0100 Lara Villalon https://www.berria.eus/paperekoa/1932/002/001/2021-12-08/eskuetatik_ihes_egiten_duen_dirua.htm
Liraren amiltzea hasi zenetik, truke tasa elkarrizketarako gai arrunta da Turkiako kafeetan, azoketan eta etxeetan. Urtea hasi denetik, bere balioaren %45 galdu du euroarekiko eta dolarrarekiko, eta galera %30ekoa izan da azaroan soilik. Ondorioa latza da langileen soldatetan. «Duela hilabete, nire soldata 340 euroren adinakoa zen; orain, 250 euro eskas dira», kexu da Ceylan.

Turkiako Banku Zentralaren hainbat erabakik, Recep Tayyip Erdogan presidentearen presiopean hartutakoak, eragin dituzte Liraren etengabeko gorabehera hauek. Presidentea makroekonomiari buruzko bere ikuspegi heterodoxoa inposatu nahian dabil, eta, horren eraginez, banku zentralak azken hiru hilabeteetan portzentajean lau puntu txikitu ditu interes tasak, %19tik %15era. Inflazioa nabarmen handiagoa da %21,3 azaroan, jakin berri denez, eta ekonomista gehienek uste dute interes tasek inflazioaren mailan edo gorago egon behar dutela, bestela interes erreala negatiboa delako, eta horrek maileguak neurri gabe haztea eta inflazioa bera puztea ekarri ohi duelako.

Bere erabakiak justifikatzeko, banku zentralak argudiatu du diru politika zorrotzak «uste baino gehiago» jaitsi dituela mailegu komertzialak —hori da berez interesak igotzearen arrazoietako bat—, eta kontuan hartu behar zuela ekonomia errealaren «sufrimendua».Neurri horiek, baina, liraren balio galera bizkor bat eragin dute, merkatuak ez baitira fio inflazioari diru merkearekin erantzuten dion politika batez. Eta lira ahuldu ahala indartzen ari da inflazioa.

Korrontearen aurka

Kontrako eragina espero zuen Erdoganek. Interes tasei «gaiztoa den guztiaren sorburu» deitu die, eta behin eta berriro aldarrikatu du interes tasak jaisteak prezioen igoera etengo duela. Halaber, ziurtatu du lira merkeagoari esker gehiago esportatu ahal izango dutela Turkiako enpresek, nahiz eta ez duen kontuan hartu haietako askok kanpotik ekarritako —eta debaluazioaren ondorioz garestiago ordaindutako— lehengaiak eta osagaiak behar dituztela beren ekoizpenerako.

Argi antzematen da presidenteak zer presio egin duen banku zentralaren buruzagitzan, azken urte eta erdian hiru gobernadore izan baititu. Erdoganek dekretu bidez aldatzen ditu gobernadoreak, baita zuzendaritzako beste kide batzuk ere; horietako azkena, aurreko astean, merkatuen arduradun.

Erdoganen esku hartzeak merkatuen mesfidantza ekarri du, eta, ekonomiaz hitz egiten duen bakoitzean, lira gehiago ahultzen da. Azken jaitsiera handia azaroaren amaieran iritsi zen: Erdoganek adierazi zuen ez zuela utziko interes tasa handiek« geure jendea zapaltzen», eta, saio bakar batean, lirak bere balioaren %11 galdu zuen ziztu bizian.

Turkiako ekonomistek uste dute oraingo krisia Turkiak 2018an jasandakoa baino okerragoa dela. Gatazka diplomatikoa izan zuen orduan Ankarak AEBekin; Washingtonek zigor komertzialak jarri zizkion, eta lirak balioaren %34 galdu zuen aste gutxiren buruan. «Oraingo arazoa ez da soilik debaluazio larria dagoela, baizik eta gorabeheratsua dela. Enpresek ez dute erantzuteko denborarik, ezta beren prezioak egokitzeko tarterik ere. Gainera, ekoizpenari ere eragiten dio», azaldu du Emre Deliveli ekonomistak. «Azken egunotan ikusi dugu zer gertatu den Applerekin. Liraren gorabeherak direla eta, bi egunez dendak itxi behar izan zituzten, ez baitzuten astirik izan beren produktuen prezioak egokitzeko».

Gainera, egunotan, gasolindegietan eta supermerkatuetan ilara luzeak izan dira, herritarrak erosketa orgak eta autoetako erregai deposituak bete nahian dabiltzalako prezioak igo aurretik.

Ekonomista gehienek uste dute Turkiako Gobernuaren asmoa dela lirak balio galtzea esportazioei eta turismoari bultzada emateko. «Eredu ekonomiko berriak ez du zentzurik. Uste dute esportazioak lehiakorragoak izango direla eta, ondorioz, kanpo merkataritzaren defizita eta inflazioa txikituko direla», azaldu du Delivelik, «Paperean, teoria horrek funtziona dezake, baina errealitatean, ez. Turkian, asko inportatu behar dugu zerbait ekoitzi ahal izateko, eta, lira erortzen bada, orduan ekoiztea ere garestiagoa da. Gainera, enpresa askok atzerriko dibisetan dituzte zorrak, eta gero eta garestiago eta zailago zaie zor horiek kitatzea».

Egia da Turkiaren esportazioak %34 handitu direla iaztik, baina Delivelik adierazi du haiekin lortutako irabazia oso eskasa dela, ekoizpen kostuak ere handitu direlako, eta atzerriko dibisetan dagoen zorra BPGaren %40 delako.

Pobrezia hedatzen ari da

Enpresentzat egoera latza bada, zer esanik ez herritar arruntentzat. Aurrezkiak zituztenek ikusi dute inflazioak gordetako diruaren balioa gutxitzen ari dela, eta herritar guztiak ohartzen ari dira gero eta diru gehiago behar dela erosketa saskia betetzeko. Estatistika ofizialak aintzat hartuta, azaroan inflazioa %21,3ra iritsi zen, baina azterketa independente batzuek ohartarazi dute benetakoa inflazio hori halako bi izan daitekeela.

Sevval Senerrek, Pobrezia Sakona gobernuz kanpoko erakundeko kideak, salatu du azken urtean prezioak bikoiztu egin direla, eta gero eta nekezagoa dela pobreziaren mugan dauden familiei laguntza ematea. «Familia baten hilabete bateko beharrak asetzeko, barazkiak, garbiketarako produktuak eta pixoihalak dituzten saskiak egiten ditugu: 2020ko martxoan, 250 lira behar genituen saski bakoitzerako; orain, 500 lira dira».

Senerrek ohartarazi du gero eta ohikoagoa dela familiek auzoko dendan zorrak izatea, eta gero eta gutxiago erostea. «Batzuetan, edalontzi bat olio erosten dute, botila bat erosi beharrean. Edo hiruzpalau pixoihal erosten dituzte, supermerkatuan pakete osoa erosi beharrean».

Istanbulgo denda txiki baten jabe da Umit Azcan, eta Senerrek dioena baieztatu du. «Lehen, auzotarrei uzten nien zorretan egotea, baina, orain, dozena bat familiari bakarrik uzten diegu, larrien dabiltzanei. Jabetu gara derrigorrezkoak ez diren gero eta produktu gutxiago erosten dituztela. Saiatzen gara prezioak askorik ez igotzen, baina oso zaila da; guk ere sufritzen dugu inflazioa».]]>
<![CDATA[Nazioarteko krisia eragin du Erdoganen botere erakustaldiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1937/002/001/2021-10-29/nazioarteko_krisia_eragin_du_erdoganen_botere_erakustaldiak.htm Fri, 29 Oct 2021 00:00:00 +0200 Lara Villalon https://www.berria.eus/paperekoa/1937/002/001/2021-10-29/nazioarteko_krisia_eragin_du_erdoganen_botere_erakustaldiak.htm
Krisia duela astebete piztu zen, hamar enbaxadorek manifestu bat sinatu zutenean Osman Kavala ekintzailea aske uzteko eskatuz; enpresaria eta filantropoa da Kavala, eta lau urte daramatza behin-behineko atxiloaldian, protestak finantzatzeaz eta estatu-kolpe saio batean parte hartzeaz akusatuta. Gutunean, diplomazialariek eskatu zioten Turkiari Europako Giza Eskubideen Auzitegiak emandako epaiari kasu egiteko, zeinak Kavala berehala aske uzteko eskatzen duen, ez dagoelako «arrazoizko susmorik» delitua egin duela esateko, eta ondorioztatzen du haren atxiloketa hura «isilarazteko» saio bat dela. «Epaiketa behin eta berriro atzeratzeak, auzi bat baino gehiago elkartzeak eta horietaz absolbitu ondoren beste batzuk sortzeak ilundu egiten dute demokraziari, zuzenbide estatuari eta Turkiako justizia sistemaren gardentasunari zor zaion errespetua», zioen komunikatuak.

Recep Tayyip Erdogan presidenteak atzerriko esku hartzetzat jo zuen komunikatua, eta hamar enbaxadoreak persona non grata izendatzeko agindu zuen; ez da inoiz egin halakorik, eta enbaxadoreak herrialdetik kanporatzea eragingo luke. «Haiek ohartuko dira zer den Turkia; jakingo dute. Turkia ezagutzen eta ulertzen ez duena joan egingo da», adierazi zuen agintariak. Handik egun batzuetara, atzera egin zuen Erdoganek, ziurtatuz herrialde horiek atzera egin dutela «Turkiaren aurkako irainetan», enbaxada horiek argitaratutako komunikatu bati erreferentzia eginez, non ziurtatzen den ez dutela esku hartu Ankararen «barne auzietan».

Ankarako Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetarako irakasle Ilhan Uzgelek uste du «diplomazia gatazka larria» Erdoganen azpijoko bat izan dela herrialdeko barne arazoak estaltzeko, eta gobernuak ez dituela neurtu etorkizun hurbilean nazioartean eragin ditzakeen arazoak. «Herrialdeko arazo ekonomikoak estaltzeko egin zuen, inkesta guztiek adierazten dutelako nazio mailan babesa galtzen ari dela. Buruzagi turkiar handiaren irudia ahulduz doa», azaldu du. Uzgelek ohartarazi du lehen aldia dela hainbat herrialdek bat egin dutela Turkiako agintarien ekintza bat kritikatzeko, eta etorkizunean antzeko gatazka gehiago ere izango direla. «Erdoganek erakutsi nahi izan zuen gai zela Mendebaldeko potentziei desafio egiteko, baina ez du eraginik izan herrialdean. Arazo ekonomiko eta politikoek berdin diraute», amaitu du.

1.400 egun preso

«Argi dago auzi politiko bat dela. Kavala ikur garrantzitsua da Turkiako gizarte zibilean. Goi klasekoa da, baina beti babestu izan du oposizioa. Erdoganek terrorista deitu zuenean auzi politiko bilakatu zuen», esan du haren kasua defendatzen duten abokatuetako batek. Kavala ez ezik, beste 30 akusatu ere defendatzen ditu abokatu honek; guztiei egozten diete «gobernua erorarazteko ahalegina», 2013an orduan lehen ministro zen Erdoganen gobernuaren aurka eginiko Geziko protestekin lotuta.

Kavalaren aurkako kasuak labirintu kafkar baten antzekoak dira. 2017an behin-behineko espetxealdia ezarri zioten, lehen aipatutako protestak finantzatzeaz akusatuta, eta, bien bitartean, haren aurkako beste auzi bat zabaldu zuten, 2016ko estatu kolpean parte hartu zuelakoan. 2020ko otsailean, auzitegi batek absolbitu egin zuen kargu horietatik, baina ez zen inoiz espetxetik irten, fiskaltzak haren aurkako beste auzi bat zabaldu zuelako, «espioitzagatik», estatu kolpea helburu zuen matxinadarekin lotuta egotea leporatuta. Epaiketa horri beste akusazio bat gehitu zioten, Geziko protestak baliatuta: haren eta beste 30 lagun ingururen aurkakoa zen, eta gobernua erorarazten saiatzeaz akusatu zituzten.

Erdoganek «terrorista» deitu izan dio behin baino gehiagotan, eta behin eta berriz esan izan du George Soros milioidunaren eta Kavalaren artean harremana dagoela —2018ra arte Turkiako Open Societyko kidea zen Kavala, Sorosek finantzatutako erakundekoa—.

Kavalaren emazteak, Ayse Bugrak, duela gutxi Turkiako T24 telebistari adierazi zion Kavala gobernuarekiko kritikoa izan dela, «instituzioak demokratizatzea helburu duten beste intelektual asko bezala», baina hura ez dela inoiz alderdi politiko bati lotuta egon.

«Egoera hau ezin da azaldu logikarekin edo legeetan oinarrituta», nabarmendu du Bugrak. Gezi kasuko abokatua bat dator Bugrarekin, eta oraindik esan eta esan ari da fiskaltzak ez duela inongo probarik aurkeztu Kavalaren aurkako akusazioak baieztatzeko. «Hala ere, zaila iruditzen zait auzitegiek Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaiari kasu egitea, orain haren kasua Geziko protestekin lotutako beste akusatuenarekin batera sartu dutelako. Hurrengo auzi saioan —azaroaren amaierarako aurreikusita dago— ikusiko dugu egungo eztabaidak eraginik duen», nabarmendu du.]]>
<![CDATA[«Erdogan kritikatzen duten guztiak atxilotzen dituzte»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1864/017/001/2021-10-23/erdogan_kritikatzen_duten_guztiak_atxilotzen_dituzte.htm Sat, 23 Oct 2021 00:00:00 +0200 Lara Villalon https://www.berria.eus/paperekoa/1864/017/001/2021-10-23/erdogan_kritikatzen_duten_guztiak_atxilotzen_dituzte.htm
ÇHD Abokatu Progresisten Elkarteko kidea da Ozgur Urfa abokatua. Erakunde horrek oinarrizko eskubideen aldeko kanpaina egiten du, eta delitu horretaz akusatutako dozenaka lagun defendatu ditu. Urfa bera hamar hilabeteko kartzelaldira zigortu zuten «presidentea iraintzeagatik», delitu beragatik epaitutako bezero bat defendatzen ari zela.

Zer jotzen da delitutzat presidentearen aurkako irainez ari garenean?

Zigor kodean «irainekin» lotutako delitu bat dago, euren artean errespetuz aritzen ez diren herritarrentzat. Bada beste bat soilik presidenteari dagokiona. Kartzelan sar zaitezke presidentearen aurkako adierazpenik egiten baduzu. Hori legez kanpokoa da, herritarren arteko berdintasun printzipioa urratzen duelako. Politikari batek kargu hori hartzen badu, kritikak onartu behar ditu.

Nola erabakitzen da zer den presidentearen aurkako iraina?

Presidentea kritikatzen baduzu Twitterren, Facebooken edo protesta batean, atxilotua izan zaitezke; batzuetan, baita torturatua ere. Epaitu egin zaitzakete, isuna jarri, edo espetxera bidali.

Nola eragiten die delitu honek kazetari eta abokatuei?

Edonor zigor dezakete kartzelara. Kazetariek gauza bera sufri dezakete haiek idatzitakoa Erdoganen gustukoa ez bada. Guk horretaz akusatuak izan direnak defendatzen ditugu, eta batzuetan gure aurkako ikerketak ere zabaltzen dituzte, uste dutelako presidentea iraintzen dugula haiek defendatzerakoan. Alfer-gurpil bat da. Epaiketa bat hasten bada, zaindu egin behar duzu nola idazten duzun horri buruzko albistea, nola defendatzen duzun akusatua. Mezu bat bidaltzen diote gizarteari, beldurra nagusi den testuinguru bat sortuz.

Zure ustez, zergatik ugaritu dira horrenbeste kasuak Erdoganek presidentetza hartu duenetik?

Agintean gizon bakar bat izatearen emaitza da. Ez dago bidezko lege prozedurarik. Inork ezin du hura kritikatu. Hori egitera ausartzen dena atxilotua da. Modu horretan eraiki dute justizia sistema.

Uste duzu presioa Erdoganek berak egiten duela edo justizia sistemak?

Ez dago justiziarik; justizia sistema osoa gobernuaren menpe dago, baita karguak ere. Nahierara aukeratutako fiskal eta epaile horiek guztiek ez dute euren arduradunen aurka egingo. Haiek dira erantzuleak, baina are gehiago dira haiek aukeratu dituzten politikariak.

Nola eragiten dio honek guztiak adierazpen askatasunari?

Turkian gertatzen denari buruzko edozein kritika atxilotze batekin amaitzen da. Inork ezin du modu askean hitz egin. Beldurra dago adierazpen oso sinpleak egiteko ere. Jendeak ezin du txio bat bera ere argitaratu. Bi ordu geroago, Poliziak atea jotzen du. Ekintza horien atzean jendeari irakaspen bat emateko asmoa dago. Hala ere, jendeak presidentea kritikatzen jarraitzen du, adierazten jarraitzen du. Horrek itxaropena ematen digu.

Zu Erdogan iraintzeagatik salatu zintuzten, hura oraindik presidente ez zenean.

2014an lehen ministro zen Erdogan. Orduan emakume baten aurkako salaketa jarri zuten «funtzionario publiko bat iraintzeagatik», Erdoganen aurkako protesta bat egiteagatik. Guk haren kasua defendatu genuen. Bera zigortu egin zuten, eta helegitea aurkeztu genuen. Haren helegitea prestatzen ari nintzen, eta prozesu horretan bi urte igaro ziren; hauteskundeak egin ziren, eta Erdogan presidente bilakatu zen. Fiskaltzak nire aurkako auzi bat zabaldu zuen, ulertu zuelako nire txostenean presidentea iraindu nuela. Hamar hilabeteko kartzelara zigortu ninduten. Kasuaren aurkako helegiteak aurkezten jarraitzen dugu.

Uste duzu zure lana isilarazi nahi zutela?

Uste dut haien indarra erakutsi nahi zutela nire aurka eta abokatu guztien aurka eginez. Une hartan presidentearen aurka irainengatik zabaldutako hainbat kasu eramaten ari ginen. Auzitegi Konstituzionalean salatu genuen lege honek herritarren berdintasun printzipioa urratzen duela. Artikulu hori indargabetzen saiatu ginen. 2016an, auzitegi batek onartu egin zuen gure salaketa, eta aitortu zuen lege hori berdintasun printzipioaren aurkakoa zela eta bertan behera utzi beharko lukeela Konstituzionalak. Erdoganen abokatuek kexu bat aurkeztu zuten abokatuen elkartean. Esan zuten ikerketa diziplinario bat zabaldu behar zela nire kontra, baina elkartea aurka agertu zen.

Nola eragiten dio egoera honek zuen egunerokoari?

Epaiketetan eztabaidatu genuen adierazpen askatasunari buruz, eta oso deserosoa izan zen gobernuarentzat. Mezu bat zabaldu nahi du: hau egiten badugu abokatu batekin, pentsa zer egingo dugun zurekin. Ez dute nahi haien aurka egiterik, borroka egiterik eta jendea babesterik. Epaile baten aurrera eraman gaitzakete, espetxera eraman edo isunak jarri, baina zuzena dena egiten jarraituko dugu. ]]>
<![CDATA[Errefuxiatuak, herrialde baten arazoen pagaburu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1932/002/001/2021-09-02/errefuxiatuak_herrialde_baten_arazoen_pagaburu.htm Thu, 02 Sep 2021 00:00:00 +0200 Lara Villalon https://www.berria.eus/paperekoa/1932/002/001/2021-09-02/errefuxiatuak_herrialde_baten_arazoen_pagaburu.htm
Tentsioak eztanda egin zuen abuztu erdialdean, ehunka lagunek Altindag auzoko kaleetan patruilatu zutenean; Ankarako auzo bat da, eta han bizi dira hiriko errefuxiatu gehienak. Siriarren eta turkiarren arteko borroka batean, gazte turkiar bat hil zen, eta, horren harira, errefuxiatu siriarren hamarnaka denda eta etxeri erasotzeari ekin zion jendetzak. Sare sozialetan zabaldutako zenbait bideok erakutsi zuten nola erasotzaileek erakusleihoak puskatu zituzten, ordenagailuak jaurti, eta kale erdian erre. Errefuxiatuen aurkako mezuak oihukatu zituzten, haien autoak irauli eta haien etxeetako ateak haustearekin batera.

Poliziak berandu iritsi ziren, eta sakabanatu egin zuten jendetza. Bitartean, beste talde batek zenbait familia siriar ebakuatu zituen, eraso egingo zieten beldur. Ateak pintatuta eta dendetako erakusleihoetan Turkiako banderak zintzilik ekin zion egunari auzoak. Oposizioko alderdien eta milaka lagunen kritiken eraginez, 146 pertsona atxilotu zituzten pogromarekin lotuta. Haur siriar bat zauritu egin zuten, baina, dena den, askoz okerragoa izan zitekeen.

«Tentsio hauek ez dira berriak», azaldu du Sabanci Unibertsitateko soziologo Karolina Augustovak; migrazioan espezializatua da. Herrialdeko beste probintzia batzuetan egindako landa lanean ere ikusi izan ditu siriarren eta tokikoen arteko tentsioak eta haiek eragindako antzeko erasoak. Augustovaren ustez, «gonbidatu» izaera dutelako baztertzen dituzte hein batean errefuxiatuak. Aldi baterako babes estatusa dutelako, zeina Europako Batasunak eta Turkiako autoritateek lagundua baitago. «Siriarrak gonbidatu gisa hartu zituzten, baina asko jada ez dira gonbidatuak, geratu egin baitira. Seme-alabak eduki dituzte… Turkian jaiotako belaunaldi bat dago orain. Turkiarrak kexu dira siriarrei dirua ematen zaielako, bertakoei lana kentzen dietelako, baina, berez, kontraturik gabe lan egiten dute, nolabaiteko esklabotasun moderno batean. Baina inork ez du sartu nahi eztabaida horretan».

Duela hiru urte, gobernuak modua eman zien lan baimena lortzeko, baina, enpresek aseguruaren parte bat ordaindu beharra dutenez hori tramitatzeko, 200.000 siriarrek baino ez dute lortu beren lan egoera erregularizatzea. Horien %93 gizonak dira, eta emakumeak are prekarioago bizi dira, gehienak ehungintza fabriketan eta tailer txikietan lanean.

Adingabeen egoera erregularizatuago dago. Gehienak eskolatuta daude, eta Turkiako lurretan jaiotako milioi erdi siriarren belaunaldi berria ere hasia da eskolara joaten. Haietako bat da Wafaa, Baxarren alaba txikia. Arabieraz bezain ondo egiten du turkieraz, eta gogotsu dago eskolara presentzialki joaten hasteko pandemiaren ondoriozko neurriak arintzen direnean. Haren ahizpa Aya, berriz, bigarren hezkuntzan dago, eta deseroso sentitzen da gelan, ikaskideen iruzkin arrazistak direla eta. «Modu zintzoan lan egiten dugu, eta Turkian geratu nahi dugu, oso ondo hartu baikaitu. Beldur naiz baztertu egingo ote gaituzten edo orain errefuxiatu afganiarrak etorri eta herrialdea gutaz nazkatuko den», dio Baxarrek, beldurrez.]]>