<![CDATA[Lide Arana | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 05 Dec 2022 11:30:30 +0100 hourly 1 <![CDATA[Lide Arana | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Terapia aurreratuak: zer da CAR-T?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2141/039/002/2022-11-18/terapia_aurreratuak_zer_da_car_t.htm Fri, 18 Nov 2022 00:00:00 +0100 Lide Arana https://www.berria.eus/paperekoa/2141/039/002/2022-11-18/terapia_aurreratuak_zer_da_car_t.htm
CAR-T (chimeric antigen receptor-T edo T-antigeno hartzaile kimerikoa) terapia garatzeko hainbat pauso eman behar izan dira: sistema immuneko zelulen eta minbizi zelulen arteko ezagutza mekanismo molekularren ulermena; pertsona baten odola gorputzetik atera eta bertan dauden zelula motak elkarrengandik bereizteko teknologia; hautaturiko zelula immuneen (T zelulak) geneak laborategian manipulatzeko behar diren prozeduren eta tresna molekularren optimizazioa; eta genetikoki eraldaturiko zelula horien hazkuntza atzera gorputzean sartu eta terapia moduan erabiliak izateko tratamenduaren garapena, besteak beste.

Gaur-gaurkoz, oso egoera berezietan aplikatzen dira: minbizi mota zehatzak tratatzeko (oraingoz leuzemia linfoblastiko akuturako eta B zelula handien linfoma difusorako) eta ohiko tratamenduek huts egin dutenean. Izan ere, CAR-T zelulak ekoizteko prozesuak denbora eta baliabide ekonomiko asko behar ditu eta, beste muga batzuen artean, ez dute tumore solidoak osatzen dituzten minbizien aurka balio.

Dena den, azken aurkikuntzen arabera, gero eta gaixotasun gehiagotan aplika daitezkeela uste da. Azaroaren 10ean Nature aldizkarian argitaratu dutenez, saio kliniko batean CAR-T terapia bidez minbizi tumore solidoak tratatu dituzte. Horretarako, paziente bakoitzaren tumoreen mutazioak aztertu dituzte eta, CRISP/Cas teknologiari esker, pazientearen odoleko T zelulen genoma editatu dute, tumore horiek detektatzeko gai izan daitezen. Ondoren, diseinaturiko zelula hauek berriro pertsona bakoitzaren odolean txertatu dituzte, minbizi zelulak espezifikoki topatu eta, T zelulen funtzio immuneaz baliatuz, tumore zelulak suntsitzeko. Emaitzek erakutsi dutenez, terapiaren efizientzia ez da oso altua izan, baina zelula diseinatu horiek tumore solidoak ezagutzeko eta bertan infiltratzeko T zelula normalek baino gaitasun handiagoa dute, prozeduraren balioa frogatuz.

Irailean aldizkari berean argitaraturiko beste ikerketa batetan frogatu zuten CAR-T terapia eraginkorra izan daitekeela lupus eritematoso sistemiko errefraktarioaren aurkako tratamendu gisa, minbiziaz gain gaixotasun autoimmuneentzat ere erabilgarria dela erakutsiz.

Lehen aipatu moduan, CAR-T terapiek erabilera oso mugatua dute eta, garestiak direnez, ez daude edonoren esku. Zorionez, espainiar estatuko medikamentuen agentziak (AEMPS) 2021ean jatorri ez industrialeko Europa mailako lehenengo CAR-T terapia onartu zuen helduen leuzemia linfoblastiko akutua tratatzeko. Terapia hau Bartzelonako Hospital Clinic-IDIBAPS zentro publikoan osorik garatu eta frogatu zen, eta horri esker, terapiaren prezioa industria farmazeutikoak ekoiztutakoaren prezioaren %30 ingurukoa da. Orain, espainiar estatuko beste ospitale publiko batzuekin batera, mieloma anizkoitzaren aurkako CAR-T terapia probatzen ari dira, bigarren terapiaren onarpena lortzeko asmoz.

CAR-T terapiak etorkizun handiko tratamenduak dira bestelako tratamenduen aurrean erantzuten ez duten gaixotasunen kontra, baina erabilera mugatua dute oraindik. Ikusteko dago hurrengo pausoek zer dakarten eta bidea pribatua edo publikoa izango den.]]>
<![CDATA[Adimen artifiziala diseinuzko proteinak sortzeko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2020/039/002/2022-09-23/adimen_artifiziala_diseinuzko_proteinak_sortzeko.htm Fri, 23 Sep 2022 00:00:00 +0200 Lide Arana https://www.berria.eus/paperekoa/2020/039/002/2022-09-23/adimen_artifiziala_diseinuzko_proteinak_sortzeko.htm
Edozein tresnaren erabilgarritasuna bere egituran edo diseinuan oinarritzen da. Horrela, material berdinez sortuak izanagatik, sardexkak funtzio bat du, eta labanak, beste bat. Modu berean, proteinek antzeko konposizio kimikoa duten arren, egitura eta funtzio aldetik oso desberdinak izan daitezke. Proteinak aminoazido deituriko molekulen kateak dira, eta aminoazido horiek sekuentzia jakin baten arabera elkarri lotuz sortzen dira proteinak. Ondoren, kate hori bere buruaren baitan tolesten da egitura egokia lortu ahal izateko, eta egitura egokia bada soilik beteko du bere funtzioa. Proteinen funtzionamendua ulertzeko ezinbestekoa izan da haien egitura tolestua ezagutzea, eta horri esker gara gai tresna moduan erabiltzeko. Proteinak alor askotan erabiltzen ditugu, hala nola gaixotasunen tratamenduan, farmakoen diseinuan, ekoizpen industrialean, biopolimeroen sintesi eta degradazioan, elikagaien ekoizpenean, garbikarien garapenean, test diagnostikoetan... Egunerokotasunean kontsumitzen ditugun produktu askotan proteinen erabileraren adibideak topa ditzakegu.

Erabilera horiek guztiek urte luzez buruturiko ikerketen emaitza dira; izan ere, orain dela oso gutxira arte proteina batek zein egitura zuen jakiteko bide bakarra esperimentalki ezagutzea baitzen. Informatikaren garapenarekin, aminoazido sekuentzia batek zein egitura izan dezakeen aurresateko saiakerak egin izan dira, baina zehaztasun gutxiko emaitzak lortzen ziren. 2020ko udan DeepMind enpresak adimen artifizialean oinarritutako AlphaFold deituriko programa bat garatu zuen: gai zen orain arte ezagutzen diren 180.000 proteinen egiturak eta beren sekuentziak alderatuz, ezezagunak diren proteinen egiturak zehaztasun handiz aurresateko.

Ondoren, Europako Bioinformatika Institutuarekin (Europako Biologia Molekularreko Laborategia, EMBL) elkarlanean, programa honetan oinarrituriko doako datu base bat plazaratu zuten, eta uda honetan datu base hau izugarri aberastu da, gaur egun ezagutzen ditugu ia proteina guztien egiturak aurki baitaitezke bertan.

Bestetik, duela hilabete eskas Meta enpresak funtzio bera azkarrago egiteko gai den beste programa bat aurkeztu du, hori ere adimen artifizialean oinarritua. Hori gutxi ez eta duela egun batzuk Science aldizkarian argitaraturiko artikulu batean diotenez, adimen artifizialean oinarrituriko beste algoritmo bat garatu da intereseko proteina egitura diseinatu eta bere aminoazido sekuentzia zein den aurresateko gai dena. Beste modu batera esanda, azken aurrerapenei esker, egitura bat diseinatu eta proteina hori lortzeko zein sekuentzia sortu behar den ondorioztatu daiteke, diseinuzko proteinen ekoizpena errealitate bihurtuz.

Aurrez aipaturiko proteinen aplikazio guztiak orain arte ezagutzen diren proteinen egituran oinarrituak izan direla kontuan izanda, adituek diote diseinuzko proteinek medikuntzan, industrian, kutsaduraren murrizketan, energiaren sektorean, elikaduran eta beste hainbat alorretan eragin handia izango dutela.]]>
<![CDATA[Urteko egunik luzeenak, alaienak?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2020/039/002/2022-06-03/urteko_egunik_luzeenak_alaienak.htm Fri, 03 Jun 2022 00:00:00 +0200 Lide Arana https://www.berria.eus/paperekoa/2020/039/002/2022-06-03/urteko_egunik_luzeenak_alaienak.htm
Gure planetaren zikloetara egokitzeko, bizidunok ere zikloak osatzen ditugu gure baitan, ziklo zirkadianoak deituak. Gorputzean ordulari molekular konplexuak ditugu, gure zikloen maiztasuna eta anplitudea planetaren zikloekin sinkronizatzen dituztenak. Horren helburua inguruko elikagaien kalitatearen, tenperaturaren, hezetasunaren eta urte sasoiaren aldaketen aurrean baliabideak hobekien kudeatzea izaten da, biziraupena bermatzeko. Jakina denez, loa eta elikatzeko momentua erritmo zirkadianoak zehazten dizkigu, baina baita gorputzeko tenperatura, garunaren aktibitatea, hormonen ekoizpena, zelulen birsorkuntza, zaurien sendatzea, eta beste hainbat funtzio biologiko ere.

Ordulari gehienen antzera, barne ordulari horiek ere etengabe doitu behar dira. Hainbat ikerketak diotenez, eguzkiaren argiaren intentsitatea, uhin-luzera eta iraupena dira ordulari molekular horien funtzionamendua gehien moldatzen duten faktoreak. Gure erretinan argiarekiko sentikorrak diren zelula desberdinak ditugu: batzuek jasotzen duten informazioa ikusmenerako erabiltzen dugu, baina badira beste batzuk pigmentu bereziei esker eguzki argiaren bestelako informazioa jasotzen dutenak. Horrela, gure begietara iristen den argiaren araberako informazioa garunean (hipotalamoan) integratzen da, eta bertatik jariatzen den melatonina hormonaren bidez, gure zikloak eguzkiaren ordulari eta egutegiarekin sinkronizatzen dira.

Odoleko melatoninaren presentzia eta kontzentrazioa erritmo zirkadianoaren jarraipena egiteko erabili izan da hainbat ikerketatan: Suedia iparraldeko hainbat pertsonaren melatonina hormonaren zikloak, adibidez, urtaro aldaketak -eta bereziki eguzki orduek- sinkronizazio prozesuan duen eragina aztertzeko egindako ikerketa batean. Lortutako emaitzen arabera, pertsona horiek melatonina ordu eta kantitate desberdinetan jariatzen zuten urtaroaren arabera. Gainera, Siberian egindako beste ikerketa batean ikusi zutenez, melatoninaren zikloak hobeto doitzen dira udan neguan baino, eta argitaratutako artikuluak dioenez, Siberiako neguak ziklo zirkadianoaren sinkronizazioa zailtzen du.

Sinkronizazio prozesuak huts egiten duenean ondorio kaltegarri nabarmenak pairatzen ditugu, hala nola, depresioa, lo ezina, arazo gastrointestinalak, sistema-immunearen desorekak edo obesitatea. Hori gutxi balitz, Frontiers in Neuroendocrinology aldizkarian argitaratu berri den artikulu baten arabera, baita ugalketa-aparatuan ere. Artikulu honetan, gainera, argiztapen artifizialak eta argi kutsadurak gure osasunean izan ditzaketen kalteen inguruko gogoeta egin dute. Izan ere, argi artifizialak egun eta gau zikloak asaldatzen ditu eta berarekin erritmo zirkadianoaren sinkronizazioa eragozten du.

Laburbilduz, argiak -artifiziala zein naturala- eragin nabarmenak ditu gure gorputzean. Egunak luzatuz doazen honetan, gure barneko ordularia errazago sinkronizatzen da inguruarekin eta horrek hainbat funtzio orekatzen eta osasuntsu mantentzen laguntzen digu. Pentsatzekoa da ongizate honek positiboki eragiten duela gure umorean eta gure bizimoduak udan ematen dizkigun pozak alde batera utzita (oporrak, hondartza denboraldia, herriko festak...), gure arbasoek ere bazituztela urteko egunik luzeenak alaitasunez ospatzeko arrazoiak.]]>
<![CDATA[Gorputzeko gantza: energia gordailua baino askoz gehiago]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1908/031/002/2022-04-08/gorputzeko_gantza_energia_gordailua_baino_askoz_gehiago.htm Fri, 08 Apr 2022 00:00:00 +0200 Lide Arana https://www.berria.eus/paperekoa/1908/031/002/2022-04-08/gorputzeko_gantza_energia_gordailua_baino_askoz_gehiago.htm
Urte askoan pentsatu izan da ehun adiposoaren funtzio bakarra gorputzeko energia kudeatzea dela: energia beharra dagoenean gantza erregai moduan erabiltzea, eta soberako energia dagoenean gantza metatzea. Gaur egun badakigu hori eta askoz gehiago dela; izan ere, ehun adiposoak beste organoen funtzioak erregulatzeko gai diren hainbat molekula garrantzitsu jariatzen baititu (leptina hormona, adibidez).

Gauzak horrela, batzuek ehun adiposoa organo endokrino moduan definitzen dute gosearen erregulazioan, lipido eta karbohidratoen metabolismoan, ugalketan, sistema immunearen erregulazioan, odol-kapilar berrien sorreran, odolaren koagulazioan eta gorputzaren pisuaren erregulazioan parte hartzen duelako. Horrela, ehun honetan desorekak gertatzen direnean, obesitatea kasu, funtzio biologikoak galdu eta gaixotasunak garatzen dira (diabetesa, hipertentsioa, aterosklerosia edo gaixotasun immuneak, esaterako). Hori nahikoa ez, eta obesitatea beste gaixotasunen tratamenduan oztopo ere izan daitekeela ikusi da. Martxoan argitaratutako ikerketa batean frogatu dutenez, dermatitis atopikoaren aurka erabiltzen den tratamenduak, obesitatea duten saguengan gaixotasuna sendatu beharrean, areagotu egiten du.

Ehun adiposoari buruz oraindik erantzun gabeko galdera ugari daude, zailtasun teknikoak eta osatzen duten zelulen aldakortasuna direla medio. Dena den, azken urteetan garatu diren zelula bakarreko azterketa teknikei esker, gero eta informazio gehiago dugu eskura. Adibidez, teknika hauek erabiliz martxoan gizakien eta saguen gorputzeko ehun adiposoaren atlas bat argitaratu da Nature aldizkarian, aurrez ezagutzen ez ziren zelula adiposo motak ere barne hartzen dituena.

Gaur-gaurkoz dakiguna da ehun adiposoaren kokalekuak eta osatzen duten zelulen konposizioak eragin nabarmena dutela bere funtzionamenduan. Ez litzateke zuzena izango gorputzean ditugun gantz-pilaketa guztiak zaku berean sartzea eta, ondorioz, gorputzeko masaren ehuneko batek ez liguke adieraziko gantz-metaketa horiek osasuntsuak diren edo ez. Gainera, gizentzea ez da beti obesitatearekin loturiko prozesu bat izaten; izan ere, metaketa horretan ehun adiposoak hartzen duen egiturak ere berebiziko garrantzia du. Obesitatearen kasuan, ehun adiposoaren egituraketa okerra gertatzen da (kapilar gutxi, oxigeno falta eta hantura prozesuak), eta hau egoera patologikoarekin erlazionatzen da.

Urte hasieran argitaraturiko errebisio lan batean eztabaidatzen denez, kirola egiteak eta bizimodu aktiboak ehun adiposoaren egituraketa zuzena izaten laguntzen dute, eta gizentze prozesu horrek osasuntsua den ehuna sortzen du. Beraz, osasunaren ikuspuntutik, gorputzeko gantz-metaketa gutxitu nahi bada, interesgarriagoa litzateke argaltze prozesuan kaloria gutxiko dieta bat jarraitu beharrean bizimodu aktiboago bat izatea eta ariketa fisikoa egitea.

Ondorioz, pentsa daiteke, azken egunetan (eta hau irakurtzen ari zaren bitartean) Euskal Herrian zehar Korrikan parte hartu duten horiek, euskararen alde aritzeaz gain, beren ehun adiposoaren funtzioa ere hobetu dutela, gantz metaketa osasuntsuago bat lortuz.]]>
<![CDATA[Garaiko elikagaiak, garaira egokitzeko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1963/031/001/2022-02-11/garaiko_elikagaiak_garaira_egokitzeko.htm Fri, 11 Feb 2022 00:00:00 +0100 Lide Arana https://www.berria.eus/paperekoa/1963/031/001/2022-02-11/garaiko_elikagaiak_garaira_egokitzeko.htm
Munduaren beste puntatik ekarritako elikagai exotikoen kontsumoaren onurak anitzak eta aberatsak izan daitezkeen arren, ezin dugu ahaztu ez dela ekoizpen eta kontsumo sistema jasangarriena. Hori dela eta, lokalki ekoitziriko eta urte sasoi bakoitzari dagozkion elikagaien kontsumoari garrantzia ematen zaio, beste gauzen artean, elikagaien ekoizpen eta kontsumo lokala klima aldaketari eta ekonomia ez-zirkularrari alternatibak eraikitzeko aukera izan daitekeelako.

Aipaturiko argudioak gutxi iruditzen bazaizkizu, jakin badagoela ere arrazoi fisiologiko bat garaiko elikagaiak kontsumitzeko. Izan ere, azken ikerketek diotenez, garaiko elikagaien kontsumoa animalien gorputza urte sasoi horretako baldintzetara egokitzeko ezinbestekoa da.

Argitaratu berri den ikerketa lan batean panda basatien urtaroaren araberako elikadura aldaketak haien metabolismoaren erregulazioan duen eragina aztertu dute. Europan lehen aldiz Ezpeletako apaiz batek dokumentatu zuen hartz espezie hau bi dieta ezberdinen bidez elikatzen dela urtean zehar. Apiriletik abuztura xurgapen errazeko karbohidratoetan eta proteinetan aberatsak diren kimuak jaten ditu, eta kimurik ez dagoenean, banbu hostoen bidez elikatzen da, xurgapen mantsoagoa duten karbohidratoz osaturik daudenak. Ugaztun handi honen metabolismoaren egokitzapena aztertu ondoren, frogatutzat eman dute urtaroaren araberako elikadura aldaketak animalia horren hesteetako mikrobiotan eraldaketa ziklikoak eragiten dituela. Honela, elikagai bakoitzak mikrobiota konposizio desberdin bat faboratzen du, eta kimu-sasoia denean gailentzen diren mikroorganismoek hartzaren gibelean gantzen sorrera bultzatzen duten konposatuak ekoizten dituzte. Beraz, kimuak jateak hartzaren mikrobiota modu jakin batean eraldatzen du, eta horrek gibelaren metabolismoa doitzen du, gantza sortu eta metatzeko. Era horretan, kimuak jaten dituzten garaian panden gorputzen pisuak nabarmen egiten du gora, eta hosto sasoia itzultzen denean gantz erreserba honetaz baliatzen dira.

Gizakietan mota honetako azterketak egitea konplexuagoa da, dieta bezalako faktoreak zehazteko zailak diren aldagaiak baitira. Dena den, ikerketa bakan batzuk topa daitezke baldintza berezietan bizi diren pertsona taldeetan oinarrituak. Adibidez, Ameriketako Estatu Batuetan kokaturiko Huterita komuna batean burutu zuten ikerketa baten bidez frogatu zen garaiko elikagaiak kontsumitzen dituzten pertsonen mikrobiota urtaroaren arabera aldatu egiten dela. Horren ondorioak oraindik ondo ezagutzen ez ditugun arren, mikrobiotaren funtzio eta garrantzia kontuan izanda, pentsatzekoa da aldaketa zikliko horiek metabolismoan ondorioak izango dituztela.

Kontsumo talde batean sarturik bazaude, agian urte sasoi honetan asteroko otarrak hartua duen negu gorriko itxurak antipodetako uda zaporedun barazki edo fruituren bat erosteko bulkada sortu dizu. Bada, baduzu arrazoi berri bat honezkero nola prestatu ez dakizun aza horri beste begi batzuekin begiratzeko.]]>
<![CDATA[Koloneraino eta haratago!]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/039/001/2021-12-17/koloneraino_eta_haratago.htm Fri, 17 Dec 2021 00:00:00 +0100 Lide Arana https://www.berria.eus/paperekoa/1879/039/001/2021-12-17/koloneraino_eta_haratago.htm
Almidoia glukosaz osaturiko kate bat da. Katebegi bakoitza glukosa molekula bat litzateke eta, elkar kateatuz doazen heinean, egitura desberdinetako kateak sor ditzakete. Landare jatorriko elikagaiak irensten ditugunean, gure digestio-aparatuak almidoi molekulak apurtzen ditu, glukosa molekula askeak lortzeko eta xurgatu ahal izateko. Glukosa odolera pasatzen da eta handik gorputzeko edozein zeluletara, energia lortzeko erabil dezaketen erregaia baita.

Alabaina, almidoiak egitura desberdinak osa ditzake eta landare zelulen barnean modu desberdinetan pilatua izan. Ondorioz, irensten dugun almidoiaren jatorriaren arabera (edota elikagaia prestatzeko erabilitako prozesuaren arabera), almidoi mota desberdinak topa ditzakegu. Batzuk degradatu gabe iristen dira kolonera: almidoi erresistenteak.

1980ko hamarkadan almidoi erresistentea aztertzen hasi zirenetik, nutrizionalki onura ugari dituela frogatu da hainbat ikerketatan. Izan ere, glukosa molekulak zailtasunez askatzean, odolera iristen den glukosa kopurua baxuagoa da, eta ez dira bestelako almidoia jan ostean azaldu ohi diren glukosa kontzentrazio igoera azkarrak ikusten. Ondorioz, almidoi erresistentearen kontsumoa interesgarria litzateke diabetesa edo obesitatea duten pertsonentzat. Bestalde, kolonean ditugun bakterioak gai dira almidoi erresistentea desegiteko. Bertako mikrobiota almidoi erresistentez elikatuz gero, guretzat oso interesgarriak diren beste molekulak lortzen ditugu (katea laburreko gantz-azidoak, adibidez). 2019an Nature-n argitaraturiko entsegu kliniko batean frogatutzat eman zuten almidoi erresistente kontsumoak (40 gramo egunean, 4 astean zehar) organoen inguruan metaturiko gantza murriztu, hesteetako mikrobiotaren konposizioa aldatu eta kate motzeko gantz-azidoen kontzentrazioa handitzen zituela. Ezaugarri horiek medio, almidoi erresistentearen kontsumoak beste patologia batzuengan izan ditzakeen onurak ere aztertzen ari dira.

Hori gutxi balitz, almidoi erresistentea erabilgarria da farmakoen administrazioa hobetzeko. Batzuetan farmakoak babestu egin behar dira digestio-hodiko aktibitate entzimatiko, pH aldaketa eta antzeko prozesu kaltegarrietatik. Honela, farmakoak almidoi erresistentez eginiko nanoegituretan txertatzen badira, horien barnean babesturik egongo dira, kolonera iritsi arte. Bertan, bakterioek almidoia digerituz farmakoak askatuko dituzte eta, horrela, kolonerako garraio bideratua lortzen da. Garraio bideratuak, gainera, farmakoak digestio-hodian eragin ditzakeen albo-kalteak saihestea ahalbidetzen du. Mota honetako nanogarraiatzaileak dira urrian Frontiers in Bioengineering and Biotechnology aldizkariko artikulu batean deskribatzen dituzten almidoi erresistentez osaturiko hidrogel-bihiak. Nanoegitura horiek bromelaina izeneko entzima babesteko eta modu kontrolatuan askatzeko gai dira, entzimaren aho-bidezko administrazioa posible egiten dutelarik.

Beraz, almidoi egitura batzuek iraganean goseteetatik babestu gaituzten bezala, beste almidoi egitura batzuek etorkizunean kolonerako garraio selektiboa burutzeko balio dezakete.]]>
<![CDATA[Amen mikrobiota, haurren osasun]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2019/031/001/2021-10-22/amen_mikrobiota_haurren_osasun.htm Fri, 22 Oct 2021 00:00:00 +0200 Lide Arana https://www.berria.eus/paperekoa/2019/031/001/2021-10-22/amen_mikrobiota_haurren_osasun.htm
Onura horiek aspalditik ezagunak diren arren, oraindik orain ez ditugu xehetasun osoz ezagutzen esnearen konposizioaren erregulazioa eta immunitate-sistemaren kontrola burutzen duten mekanismoak. Zorionez, gaiaren garrantzia ikusita, gero eta ikerketa gehiago egiten dira giza esnearen inguruan.

Irailean Cell aldizkarian argitaratu berri den artikulu bati esker jakin dugunez, amaren hesteetako mikrobiotak garrantzi handia du haurrak esne bidez jasotzen duen antigorputz nahastean. Ikerlarien arabera, amaren hesteetan kokaturik dauden Peyer-en plakak deituriko egitura batzuk hesteetako mikroorganismoekin elkarlanean aritzen dira. Plaka horietan M zelulek patogenoak ezagutzeko behar diren antigeno laginketa egiten dute. Zelula horiek, ondoren, odolaren bidez ugatzetara bidaiatzen dute eta han antigorputz egokiak sintetizatzen laguntzen dute. Antigorputz horiek esnearen bidez haurrarengana iristen dira eta infekzio kaltegarrien aurka babesten dute. Gainera, frogatutzat eman dute amaren hesteetan kokaturiko hainbat mikroorganismoren parte hartzea ezinbestekoa dela Peyer-plakak egoki aktibatzeko. Beste modu batera esanda, amaren hesteetan dagoen mikroorganismo nahasteak eragin zuzena du bularra hartzen duen haurraren osasunean.

Amaren mikrobiotaren garrantziarekin jarraituz, duela egun gutxi Acta Paediatrica aldizkarian argitaratutako berrikuspen batek erlazionatu egin ditu zenbait mikrobiorekiko kontakturik eza eta azken urteetan izan den alergien gorakada. Diotenez, etxaldeetan bizi diren pertsonek hiri-inguruneetan bizi garenok baino mikrobiota aberatsagoa dute; eta horrek ematen dien immunitate-sistemaren garapen egokiagoak alergien aurka babesten ditu.

Hori horrela, azken hamarkadetan baserri girotik hirietara gertatu den pertsonen mugimenduak gure mikrobiotaren aniztasuna gutxitu du eta gure immunitatearen gehiegizko erreakzioak bultzatu ditu. Aipatu artikuluan diotenez, ez da gauza bera baserri-giroko ama baten esnearen mikroorganismoen aberastasuna eta hiritarrok eskaini dezakeguna. Edoskitzeari esker amaren mikrobiotak jaioberriaren hesteak kolonizatzeko aukera duenez, amaren esnez elikatzen diren etxaldeetako haurrek alergiak garatzeko joera txikiagoa omen dute.

Gaur-gaurkoz, aditu guztiak ez datoz bat edoskitzeak haurrak alergien aurrean babesten dituela dioen baieztapenarekin. Mikrobiotan dugun desberdintasuna izan daiteke orain arteko ikerketetan dagoen adostasun ezaren arrazoietako bat. Izan ere, ez da erraza jaioberrien elikadurari buruzko ikerketak aurrera eramatea, eta, gainera, bizimoduaren moduko faktore konplexuek emaitza alboratuak sor ditzakete.

Edonola ere, amaren mikrobiotak haurraren osasunean rol garrantzitsua jokatzen duela dirudi, eta edoskitzeak zubi-lan garrantzitsua betetzen duela ukaezina da. Beraz, zaindu mikrobiota, berak zu eta ingurukoak zainduko ditu eta!]]>