<![CDATA[Lur Gil | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sun, 05 Feb 2023 05:35:49 +0100 hourly 1 <![CDATA[Lur Gil | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Sokari tinko heldu behar]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/020/001/2022-09-15/sokari_tinko_heldu_behar.htm Thu, 15 Sep 2022 00:00:00 +0200 Lur Gil https://www.berria.eus/paperekoa/1876/020/001/2022-09-15/sokari_tinko_heldu_behar.htm
Holtenek (Herbehereak) hartu dio lekukoa Getxori. Bertan jokatuko da Munduko Txapelketa, gaurtik igandera. Herbehereetakoa da Maaike Hornstra Nazioarteko Sokatira Federazioko (TWIF) idazkari nagusia. Txapelketa antolatzen eman du azken urte luzea. Getxon baino maila hobea espero du: «Pandemiaren eraginez, ez ziren talde guztiak aritu Euskal Herrian. Herbehereetara, ordea, talde gehiago etorri dira [91], tartean Hegoafrikako eta AEBetako selekzioak».

23 urtez azpiko eta junior mailako lehia ere jokatuko da; Getxon ez zen egon. Hala ere, ezinegona du Hornstrak. TWIFek «erronka zaila» duela azaldu du: «Etorkizuna krisi ekonomikoak baldintzatuko badu, zailtasun ugari espero ditugu munduko txapelketetan parte hartzea bermatzeko».

Getxon baino bi selekzio gehiago ariko dira Holtenen: hamaseitik hemezortzira. Hala ere, azken orduan Indiaren eta Galesen hutsak izan dira. Betikoak dira indartsuenak: Suitza, Ingalaterra, Eskozia, Taiwan, Alemania, Herbehereak eta euskal selekzioa.

Munduko Jokoek eta Belgikan zein Ingalaterran jokatutako nazioarteko txapelketak kirol mailaren erakusle izan dira. Birminghamen (Alabama, AEB), Munduko Jokoetan, Suitza nagusitu zen gizonezkoetan, eta Taiwan emakumezkoetan. Olinpiar txapelketa denez, euskal selekzioa ezin izan zen lehiatu, ez baitu ofizialtasunik Nazioarteko Sokatira Federazioaz gaindi.

Laguntza eskatu dute

Jose Mari Markaida nazioarteko epailearen ustez, «zaila» izango da Getxoko arrakastari segida ematea: «Nire iritziz, ez da maila ona egon Euskal Herriko Txapelketan. Gure tiratzaileen mailatik koska bat gorago ikusten ditut nazioarteko beste talde batzuk».

Getxoko Munduko Txapelketa mugarri izatekoa zen euskal sokatiran, baina, oihartzun handia izan zuen arren, espero zen bultzadarik ez du izan kirolak. Adibidez, talde bat gutxiago ariko da Herbehereetan: Getxo. Kritiko da Markaida: «Taldeek beren lana egiten dute, baina gehiago behar da: lur gaineko sokatira bultzatu behar dute federazioek eta goragoko erakundeek. Bestela, ezinezkoa da talde gehiago aritzea eta kirol maila hobetzea».

Azken urteotan, Laukizko (Bizkaia) Gaztedi izan da euskal talderik indartsuena. 2020an irabazitako urrezko bi dominei aurtengo Euskal Herriko txapel guztiak gehitu dizkio. Hori dela eta, Jon Iñaki Mardaras prestatzaileak «esperantza handia» dauka: «Bi aldaketa egin ditugu talde nagusian, eta talde indartsua dugula esango nuke; iaz baino entrenamendu gehiago egin ditugu sokan». Gizonezkoen 560 kiloko maila dute begiz joa, eta beste urteetan baino pisu handiagoko zortzikoa sartu dute maila berean, dieta eta entrenamendu gogorragoak behar izan arren.

Emakumezkoen mailan ez da erraza jakitea euskal tiratzaileen maila. Izan ere, Euskal Herrian ez dago haientzako txapelketa berezirik. Arrazoia da talde bakarra dagoela: Gaztedi. Dena den, entrenamenduetan sokari presio handia sartzen diotela dio Mardarasek; emakumezkoen zortzikoaren «indar handiaren seinale» dela azpimarratu du.

Kirol maila ez ezik, lehia baldintza dezaketen beste faktore batzuk ere badaude: eguraldia, lur mota, eta taldeen zozketa, besteak beste. Euskal Herrikoa baino lur bigunagoa da Herbehereetakoa: hareatsuagoa. Bizkaitarrak lur mota guztietan entrenatu dira, eta prest dira baldintza guztietarako. Beldur handiagoa dio Mardarasek zozketari: «Talderik indartsuenak tokatzen bazaizkigu, lan zailak izanen ditugu; lur hareatsuan tiraldi luzeak izaten dira, eta hustuta irits gaitezke finalerdietara».

2020ko txapelketako urrea lortuta erretiroa hartzekoa zen Jose Antonio Goirigolzarri Litri Gatikako (Bizkaia) semea ere arituko da Holtenen, 62 urte beteta.

Beste muturrean, gazte ugari ariko dira Goiherrin (Erandio, Bizkaia) eta Mutrikun (Gipuzkoa). Goiherrik lur zein goma gainean harrobi ederra duela erakutsi du azken urteetan; ondo aritu dira, gainera. Munduko bigarren txapelketa izango dute askok, eta, Getxon eskarmentua hartuta, ez dute hasiberriaren lotsa izanen.

Mutrikuk ere aldaketak izan ditu zortzikoan, lan kontuengatik. Javier Urresti (Ondarroa, Bizkaia) prestatzaileak argi du «zaila» izanen dela aurrean aritzea, baina, dioenez, «gustura» aritu dira Euskal Herriko Txapelketan.]]>
<![CDATA[Pauso erraldoia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1961/022/001/2021-09-21/pauso_erraldoia.htm Tue, 21 Sep 2021 00:00:00 +0200 Lur Gil https://www.berria.eus/paperekoa/1961/022/001/2021-09-21/pauso_erraldoia.htm
Nazioarteko Sokatira Federazioa (TWIF) jakitun da Euskal Herria gabe kirol honek ez duela distira bera, eta Munduko Txapelketa antolatuta errespetua irabazi du nazioartean. Galder Gobantes (Zeberio, Bizkaia, 1987) da Euskal Herriko ordezkaria TWIFen, eta Getxon (Bizkaia) jokatutako txapelketak aurreikuspenak bete dituela dio: «Antolakuntza ona izan da; puntako azpiegitura izan dugu Getxon, eta pandemia garaian egon arren, beste urteetako txapelketak gogora ekarri dizkigu».

Hala ere, eragina izan du pandemiak: hainbat herrialde ez dira lehiatu, Britainiar uharteetakoak, esaterako; ezta zenbait talde ere, eta parte hartu duten taldeen sokatiralari guztiak ez dira etorri.

Maila onena erakutsi duten bi herrialdeak Suitza eta Euskal Herria izan dira. Hiru txapela lortu ditu Suitzak nazioen artekoan, eta podium guztietara igo da: zortzi domina lortu ditu guztira. Euskal Herriko selekzioak bi urre eta brontze bat poltsikoratu ditu, eta Suediak beste bi urre, baina ez da igo gehiagotan podiumera. Jokoan zegoen azken txapela Alemaniak eskuratu du: orotara lau domina irabazi ditu. Azkenik, Herbehereek bost domina irabazi dituzte, baina urrezkorik ez.

Etxeko taldeak lortutakoa handia izan da. Hala azpimarratu du Gobantesek: «Ez naute harritu Euskal Herriak lortutako urreek. Jaurlaritza inplikatu egin da, eta entrenatzeko eta lehiatzeko laguntza izan dugu azken urtean, eta hori emaitzetan nabaritu da».

Lau euskal talde aritu dira kluben artekoan, eta haien sokatiralariek selekzioen arteko zenbait mailatan ere parte hartu dute. Etxea ongi defenditu dute, eta Euskal Herriko Txapelketan gertatu bezala, Gaztedi koska bat gorago izan da, baita munduko beste taldeen gainetik ere.

Emakumezkoen 500 kiloko taldeak lortu zuen lehendabiziko txapela Gaztedirentzat (Laukiz, Bizkaia). Odei Fernandez (Berango, Bizkaia, 1999) da urrezko talde horretako kiderik gazteena. 23 urtez azpiko selekzioan aritu behar zuen Goiherriko harrobi emankorrarekin batera, baina maila horretako txapelketarik ez da jokatu, eta Gaztediko beteranoen artean leku nabarmena egin du gazteak: «Ez nuen pentsatzen aurten horrelakorik biziko nuenik. Taldearentzat bultzada handia izan da, eta aurten sokatira uzteko zorian zeuden zenbait kide segitzera animatuko dituela pentsatzen dut», azaldu du Fernandezek. Ia 40 sokatiralari ditu Gaztedik lur gainean eta goma gainean, eta urtetik urtera maila hobea erakusten ari da.

Fernandezen iritziz, arrakastaren giltza taldekideen arteko «harreman bikaina» da: «Gaztedi familia bat da. Maila hau emateko asko entrenatu behar da, baina entrenatzeko motibazioa kideek ematen dute. Denbora eta pazientzia behar badira ere, ametsak egia bihurtzen dira, baina sokatiran sakrifizio handiak egin behar dira horretarako». Eta Laukizko herriak badaki ahalegin hori eskertzen; igandean, emozioz beteriko harrera egin zioten herrikideek hango taldeari.

Beste prisma batetik bizi izan du aurtengo Munduko Txapelketa Jose Mari Markaidak (Gatika, Bizkaia, 1958). TWIFeko epailea da duela hamar bat urtetik, eta makina bat nazioarteko txapelketatan aritu da. Azaldu duenez, «maila apalagoa» ikusi du aurten, baina gaineratu du «kalitate handiko tiraldiak» egon direla: «Euskal Herriko selekzioak gizonezkoen 560 kiloan jokatutako finalean, aspaldian ikusitako tiraldirik gogorrenetakoak izan dira. Herrialde batzuk oso maila onean aritu dira txapelketan, baina beste batzuk espero baino koska bat beherago aritu dira».

Getxoko Munduko Txapelketak aukera ematen zuen 2022ko uztailean AEBetan jokatuko dituzten Munduko Jokoetarako sailkatzeko. Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) antolatzen ditu Munduko Jokoak. Baina Euskal Herriko selekzioak ez du izango aukerarik parte hartzeko. Izan ere, TWIFen ofizialtasuna lortu zuen 2014an, baina Munduko Jokoetan lehiatzeko, Espainiaren banderapean egin beharko luke.]]>
<![CDATA[Beste brontze batekin amaitu da Munduko Sokatira Txapelketa]]> https://www.berria.eus/albisteak/203393/beste_brontze_batekin_amaitu_da_munduko_sokatira_txapelketa.htm Sun, 19 Sep 2021 09:57:22 +0200 Lur Gil https://www.berria.eus/albisteak/203393/beste_brontze_batekin_amaitu_da_munduko_sokatira_txapelketa.htm Gertuen 720 kiloko gizonek izan dute. Multzoan laugarren sailkatu dira, eta Suitzaren aurka izan dute finalaurrekoa, indarrik handiena erakutsi duen taldearen aurka. Ezin izan dute ezer egin, eta podiumera igotzeko lehiarekin konformatu behar izan dira. Baina ez dute lortu, Herbehereak gehiago izan dira.
Arratsaldeko saioetan, berriz, finalaurrekoetara ere ez dira iritsi euskal herritarrak. 540 kiloko emakumeek eskura izan dute sailkapena, Taiwanen aurka, sailkapen multzoko azken tiraldian. Bale edo kale. Eta kale izan da, luze eutsi diete, baina beren aldera eramaten amaitu dute asiarrek. Baina gaur ez dira garaiezinak izan taiwandarrak. Finalerdietan Suitzaren aurka galdu dute, eta hirugarren posturako Herbehereak gailendu zaizkie. Txapeldun Suedia izan da, eta Suitza bigarren.
Azkenik, gizonezkoen 640 kilokoan, Suitza izan da garaile Herbehereen aurkako finalean. Hirugarren Ingalaterra izan da, eta Alemania laugarren. Suitza izan da eguneko protagonista nagusia, jokoan zeuden lau txapeletatik hiru eskuratuta. Osotara urrezko domina gehien irabazi duen herrialdea izan da –hiru-, eta bere atzetik Euskal Herria eta Suedia izan dira, birekin, eta Alemaniak bat irabazi du. Kluben artean, bakarra izan da bi txapela irabazi dituena, Gaztedi (Laukiz). Alemaniako bi taldek urre bana irabazi dute, Allgaeu Power Zell eta Dietenbach taldeek. Gainerako lauen irabazleak Ebersecken (Suitza), Fam. Janssens (Belgika), Heure (Herbehereak) eta Shi Da (Taiwan) izan dira.]]>
<![CDATA[Pareak bai, urrezko dominak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1998/031/001/2021-09-19/pareak_bai_urrezko_dominak.htm Sun, 19 Sep 2021 00:00:00 +0200 Lur Gil https://www.berria.eus/paperekoa/1998/031/001/2021-09-19/pareak_bai_urrezko_dominak.htm
Tiratzailerik beteranoenetariko bat da Jose Antonio Goirigolzarri Litri (Gatika, Bizkaia, 1960). Bizitza osoa darama sokari lotuta, eta atzokoa modu ezin hobea izan daiteke kirol ibilbideari amaiera emateko, 61 urte dituela: «Seguruenik, nire azkeneko Munduko Txapelketa izango da. Atzetik jende ona dator, gazteak, eta haiek dira etorkizuna».

Inoizko Munduko Txapelketarik onena da Gaztediko tiratzailearentzat. Bi urre irabaziak ditu jada: ostegunean, bere taldearekin, eta atzo Euskal Herriko selekzioarekin. Emozioari eta malkoei eutsita zegoen atzo, urrea jaso berritan: «Nire kirol ibilbideko momenturik politena da gaur [atzo] bizi izan dudana; gehiegi izan da. Ametsetan ere ez nuen imajinatuko ostegunean taldeka hiru domina lortzea, eta nazioen arteko lehiako lehen egunean beste bi urre lortzea».

Tiraldi latzak egin behar izan zituzten txapelaren bidea urratzeko. Finalerdia gerora hirugarren izan zen Alemaniaren aurka izan zuten, eta finala, Suitzaren aurka. Tiraldi gehienetan bi falta pilatuak zituztela, tiraldia luzatu eta hirugarrena ez egiteko emozio handia sortu zen, baita finalean ere: «Sufrimenduak ekarri digu garaipena. Ia galduta izan dugu lehen tiraldia, baina burugogor eutsi diogu, haiek baino gehiago sufritzen jakin dugu, eta azkenean gure aldera etorri da soka».

Gaztediren izaera nabarmendu zuen: «Talde batean denek landu eta irabazten dute; giltza, Gaztedi da, osotasuna, elkarrekin egiten den lana». Izan ere, urte borobila suertatzen ari zaio Laukizko (Bizkaia) taldeari: Euskal Herriko txapel guztiak irabazi ditu, Getxon hiru domina, eta, nazioen artekoan, Euskal Herriko selekzioa ordezkatu, eta bi urre lortu ditu.

Eguneko bigarren urrea emakumezkoen 500 kilotan lortu zuten euskal tiratzaileek. Osteguneko talde bera osatu zuen Gaztedik selekzioan aritzeko, eta ongi atera zitzaion. Tiraldi bat bera ere galdu gabe lortu zuen txapela. Bigarren Suitza izan zen, eta hirugarren Herbehereak.

Gehien sufritu zutenetako bat Batirtze Ispizua (Bermeo, Bizkaia, 1983) izan zen. Suitzarren aurkako finala oso gogorra izan zen, lehen tiraldian ia etsitzeraino: «Nahiko tiraldi nahasia izan da, eta asko gogortu da. Uste nuen galdua genuela, aurrera joaten hasi garelako, baina azken indarrak agortu ditut, eta gure aldera etorri da».

Bigarren tiraldia azkarragoa izan zen, hobeki tiratu, eta errazago ekarri zuen atzera Euskal Herriko selekzioak. Hori lortu zuenean, zalez beteta zeuden Fadurako harmailetan garrasi latza entzun zen: «Falta zitzaidan domina zen urrea, eta etxean lortzea gauzarik handiena da niretzat. Ederra izan da ereserkia podium gainean entzutea».]]>
<![CDATA[Beste domina bat kolkoan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/022/001/2021-09-18/beste_domina_bat_kolkoan.htm Sat, 18 Sep 2021 00:00:00 +0200 Lur Gil https://www.berria.eus/paperekoa/1872/022/001/2021-09-18/beste_domina_bat_kolkoan.htm
Goiherrik (Erandio, Bizkaia) lortu zuen podiumaren hirugarren kutxara igotzea. Lau talde aritu ziren gazteenen lehian, eta multzoko lehian hirugarren sailkatu ziren bizkaitarrak. Powerrangers Flandriako taldeak zapuztu zien finalera pasatzeko ametsa.

Martxel Azkorbebeitia Goiherriko atzelariak (Abadiño, Bizkaia, 2003) adierazi zuenez, flandriarrei irabazteko esperantza zuten: «Sailkapen fasean gertu izan dugu haien aurkako garaipena, eta ,ondo tiratuz gero, irabazteko aukera genuen».

Ezin izan zuten, eta hirugarren postua errusiarren aurka irabazi zuten, nagusitasunez. Gehienentzat lehenengo domina izan da Munduko Txapelketa batean. Izan ere, oso talde gaztea da, 20 urteren bueltakoa. Hurrengo MundukoTxapelketan ere zortziko bera ateratzeko aukera izanen dute, eta eskarmentu gehiagorekin.

Azkorbebeitiaren esanetan, entrenamendu gogorrak egin dituzte: «Atzelaria behar zuten, eta ni Abadiñotik joan naiz. Entrenamendu asko eta gogorrak egin ditugu elkarrekin, baina merezi zuen taldea ateratzea Getxoko Munduko Txapelketan».

Arratsaldean, berriz, ez zen uztarik izan. Gertuen emakumezkoen 540 kilokoan izan zuen Gaztedik, baina finalaurrekoak Shi Da Taiwango taldearen aurka galdu eta gero, hirugarren postuari ere ezin izan zioten eutsi: Herbehereetako Gelderswoude ren aurka amore eman behar izan zuten. Taiwandarrek, berriz, ez zuten ahuldaderik erakutsi, eta txapeldun izan ziren beste behin ere.

Gizonezkoen 640 kilokoan bost euskal talde aritu ziren: Gaztedi, Getxo, Goiherri A eta B eta Mutriku. Finalaurrekoetara sailkatzeko gertuen Goiherri egon zen, baina sailkatze multzoan lehiakide gogorrak izan zituen, eta ostegunean bezala, dominetarako lehiatik kanpo geratu zen azkenean.

Gaurtik, selekzioen artekoa

Taldekako lehia amaituta, gaur eta bihar selekzioen txanda izango da. Gaur goizean gizonezkoen 680 kilokoa eta 580 kiloko mistoa jokatuko dira: aurrenekoan, zazpi selekzio ariko dira, tartean Euskal Herrikoa; bigarrengoan ere euskal tiratzaileak ariko dira, beste 11 herrialdeetakoekin batera. Arratsaldean, berriz, sei selekzio ariko dira gizonezkoen 560 kilokoan, eta bost emakumezkoen 500 kilokoan. Guztietan ariko dira euskal tiratzaileak, eta guztietan daukate aukera dominaren bat irabazteko.]]>
<![CDATA[«Sekretua entrenatzea da»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1972/022/002/2021-09-18/sekretua_entrenatzea_da.htm Sat, 18 Sep 2021 00:00:00 +0200 Lur Gil https://www.berria.eus/paperekoa/1972/022/002/2021-09-18/sekretua_entrenatzea_da.htm
Ia garaiezinak dira taiwandarrak, baina sekreturik ez dago sokatiran: «Giltza entrenamenduak eta konstantzia dira. Urte osoan entrenatzen gara, eta azken hiru hilabeteetan ia atsedenik gabe. Urte berriko jaietan baino ez dugu hartzen atseden», azaldu zuen Jungek, urrezko domina irabazi berritan.

COVID-19aren pandemiak sokatiraren jarduna zaildu du Taiwanen ere. Bospasei talde aritzen dira han, baina nazioarteko txapelketarik ez dute lehiatzerik izan, atzo arte.

Urteroko maila ikusgarriari eutsi diote taiwandarrek. Teknika ia perfektua daukate, baina ez dira garaiezinak. 2018an Letterkennyn (Irlanda) jokatutako Goma Gaineko Munduko Txapelketan Badaiotzek (Araba) kendu zien urrea. Gogoan du Tien Chia tiratzaileak: «Bi tiraldi latz izan ziren, Badaiotzek merezita irabazi zuen urrea. Pena hartu genuen, baina guk gauzak ongi egin genituen, eta haiek gehiago izan ziren».

Nazioen arteko munduko txapelketan, aldiz, urrea garesti saltzen dute. Hainbat tiratzaile erreserbatu egiten dituzte astebururako, eta hala egin dute Getxon ere: «Atseden hartutako hiruzpalau tiratzaile berri sartuko ditugu, ahalik eta baldintzarik onenetan lehiatu ahal izateko», esan du Chiak.

Sokatiraren erreferente bilakatu da Taiwan, eta zaila da imajinatzen hura gabeko nazioarteko txapelketarik. Are gehiago, azkenik, Munduko Txapelketa bat jokatuko da han, 2026ko goma gainekoa, hain zuzen ere.

Teknika da taiwandarren ezaugarririk adierazgarriena. Eta goma gainean erakusten dute modu ezin hobean. Ondo azaldu du Chiak: «Entrenamendu gogor asko egiten ditugu, baina teknikari garrantzi handiagoa ematen diogu. Lehendabizi ongi tiratzen ikasi behar da, eta gero hasten gara gogor entrenatzen».]]>
<![CDATA[Arratsalde gogoangarria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/017/001/2021-09-17/arratsalde_gogoangarria.htm Fri, 17 Sep 2021 00:00:00 +0200 Lur Gil https://www.berria.eus/paperekoa/1877/017/001/2021-09-17/arratsalde_gogoangarria.htm
Emakumezkoen 500 kiloko mailan iritsi da lehen txapela. Finalerdietarako sailkatu, eta Alemaniako Kaiserbergi irabazita sailkatu ziren Laukizkoak finalerako. Finala Ingalaterrako Bedford Ladies taldearen aurka jokatu zuten. Neurria hartua zieten ingelesei. Izan ere, saioko lehenengo tiraldia haien artekoa izan zen, eta Gaztedi nagusitu zen. Beraz, urduri, baina konfiantzaz beteta iritsi ziren bizkaitarrak finalera.

«Euskal Herrian nesken txapelketa ez daukagunez, ez dakigu zein den aurkarien maila, eta urduri hasi gara. Gero ikusi dugu irabazteko aukerak genituela, lasaitu egin gara, eta hobeto tiratu dugu», aitortu zuen Nerea Egurrola (Getxo, 1976) Gaztediko tiratzaileak, urrea irabazi berritan.

Hala ere, gizonezkoen aurka egindako entrenamenduak balekoak izan direla erakutsi zuten. «Bagenekien urrea lortzeko aukera genuela, eta helburu horrekin atera gara lehiara, baina ez geunden ziur gure mailaz».

Gizonezkoen 560 kiloko txapelketa gehiago luzatu da. Hamabi talde ziren lehian, tartean bost Euskal Herrikoak; Gaztedi A eta B, Goiherri A eta B eta Mutriku (Gipuzkoa). Estreinako tiraldia bi faboritoen artean izan zen: Gaztediko eta Goiherriko A taldeen artekoa. Euskal Herriko txapelketan, lehertu arteko tiraldiak izan ziren bi talde horien artekoak, eta hala izan zen oraingoan ere. Nekerik handiena Goiherrik sufritu zuen, eta ezin izan zuen sailkatu finalerdietarako.

Gaztedik, berriz, bi taldeak sartu zituen finalerdietan. Gaztediren bi taldeak Suitzako Sins eta Mosnangen aurka aritu ziren, eta Gaztedi A eta Sins sailkatu ziren finalerako. Gaztedi B-k Mosnangi nagusituta lortu zuen brontzea.

Arratsaldea borobila izan zitekeen Gaztedi A taldeak urrea lortuz gero. Eta hala izan zen. Finaleko bi tiraldietan hirugarren falta egitear zuela, lurrera erori gabe eutsi, eta suitzarrak lehertu zituen Gaztedik. Bi tiraldi luze jokatu ondoren iritsi zen urre preziatua, eta negarrek hartu zuten Fadura, pozaren pozez.

Tiratzaileen itzalean aritzen den Jon Iñaki Mardaras entrenatzaileak (Gatika, Bizkaia, 1961) zerikusi handia dauka lorpen handi horretan. Estrategian arriskua hartu, eta goizeko 580 kiloko mistoan indarrak gorde zituen. Apustua emakumezkoen 500 kiloko eta gizonezkoen 560ko bi taldeen alde egin zuen, eta ezin hobeki atera zitzaion: «Promesa bat egin nien mutilei: 560 kiloko A eta B taldeak lehiakorrak izango zirela. Urte guztian bikain aritu dira biak, ia-ia maila berean, eta biek zuten aukera podiumera igotzeko. Gainera, ez da txapelketa honetarako bakarrik egindako apustua. Bi talde hauek horrela segitu behar dute».

Arratsalde gogoangarria izan zen Gaztedirentzat. Mardarasek argi zuen: «Ikaragarria da bi talde podiumean sartzea. Ni neu ez naiz akordatzen horrelako lorpenaz».

Goizeko jardunaldia ez zen izan horren emankorra. Gizonezkoen 680 kilokoan, Getxo ez zen sailkatu finalerdietarako. Eberseckenek (Suitza) irabazi zuen urrea, Heurek zilarra (Herbehereak) eta Allgau Power Zellek brontzea (Alemania). 580 kiloko mistoan ere, ez Gaztedi ez Mutriku (Gipuzkoa) ez ziren sailkatu dominen lehiarako. Allgau Power Zell nagusitu zen, Perugia (Italia) izan zen bigarren, eta Valleitrekkers hirugarren (Herbehereak).

Gaur, taldekako azken jardunaldia jokatu da. Gizonezkoen 720 kilokoa jokatuko da lehenbizi, baina ez da arituko euskal ordezkaririk. Bai, ordea, bigarrengoan, 23 urtez azpiko gizonezkoen 600 kilokoan. Hiru talde ariko dira: Powerrangers (Flandria), Dietenbach (Alemania) eta Goiherri (Erandio, Bizkaia). Arratsaldean, gizonezkoak 640 kilokoan ariko dira. Bost euskal talde lehiatuko dira: Gaztedi , Getxo, Goiherri A eta B, eta Mutriku. Jarraian, emakumezkoak arituko dira, 540 kilokoan. Gaztedik parte hartuko du.]]>
<![CDATA[Munduko sokatiraren erdigune]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1901/020/001/2021-09-15/munduko_sokatiraren_erdigune.htm Wed, 15 Sep 2021 00:00:00 +0200 Lur Gil https://www.berria.eus/paperekoa/1901/020/001/2021-09-15/munduko_sokatiraren_erdigune.htm
GARAZI ARRUTI
Getxoko lehendakaria


«Gauza handia da guretzat Munduko Txapelketan aritzea»

Hilaren 25eko euskal pentatloia prestatzen ari dela, tartean tokatu zaio Munduko Txapelketa Garazi Arruti (Bilbo, 1985) Getxo klubeko lehendakariari. Taldeko gizonezkoak ariko dira 640 eta 680 kiloko mailetan. Etxean lehiatuta, herrikideen animoak espero ditu: «Txapelketa etxean izanda, disfrutatzera gatoz. Gauza handia da guretzat Munduko Txapelketan aritzea».

Izan ere, talde txikia da Getxokoa. Beste herri kiroletan ere aritzen dira, baina sokatiran lanak dituzte taldeari eusteko: «Ez dugu beste taldeek duten zortea. Talde txikia gara, betikoak gaude, eta taldea osatzea erronka handia izaten da». Hala ere, beste herri kiroletatik sokatirarako zubia ere egin dute taldera hurbildu diren zenbait gaztek; nahiz eta Arrutik kontrako bidea egin duen: sokatiran atseden hartu du, pentatloiko kiroletan hobetzeko.

Gogor entrenatzeaz gain, antolakuntzan murgiltzea ere tokatu zaio taldeari, baina egitura zabala sortu da Munduko Txapelketaren inguruan, eta lan horrek ez du taldea ito: «Lana, batez ere, azken hilabeteetan izan da batzorde teknikoan. Bilera ugari izan ditugu». Dena prest dute herriaren aurrean egindako lana, zelaikoa eta bulegoetakoa erakusteko.

ITZIAR ANSOLEAGA
Gaztediko sokatiralaria

«Gure mailan, tiratzen duzun bakoitzean urrea lortzeko aukera duzu»

Uztailaren 23an amaitutako Euskal Herriko Sokatira Txapelketan Gaztedi izan da nagusi maila guztietan. Sasoiko dago taldea, nahiz eta azken urteetako lur gaineko zein goma gaineko jardunak atsedenik ez dien eman: «Neguan eta udan aritzeak nekea eragiten du, fisikoki zein mentalki, baina urte osoan sasoia mantentzen laguntzen digu. Laster hasiko gara goma gainekoa prestatzen», dio Itziar Ansoleaga sokatiralariak (Getxo, 1978).

COVID-19ak urtebete luzatu du esfortzua, baina ederki eskertu du Ansoleagak. Min hartuta egon zen iaz, eta Munduko Txapelketa atzeratzeak parte hartzeko aukera eman dio. Gizonezkoak maila ezin hobean ari dira; emakumezkoak, ordea, ezin jakin, Gaztedi izan baita Euskal Herriko Txapelketako talde bakarra, eta gizonezkoen aurka lehiatu behar izan du: «Udan nesken txapelketarik ez edukitzea ez da ona guretzat; ezin diogu neurria hartu. Baina zaila da Euskal Herrian talde gehiago sortzea. Goma gainean hobeto gabiltzala uste dut, nesken talde gehiago baitaude», azaldu du Ansoleagak.

Aitortu duenez, pandemiarengatik ezarritako osasun neurriek ere ez diete utzi behar bezala entrenatzen, eta zaila da jakitea atzerriko taldeak nola ariko diren Munduko Txapelketaren moduko lehia handi batean: «Gure mailan, tiratzen duzun bakoitzean urrezko domina lortzeko aukera dago. Hala ere, oinarri oso ona duzula uste duzunean, beste talde batek hobeto tiratzen du. Eta horren ondo ez zaudela uste duzunean, eta gutxien espero duzunean, urrea etortzen da. Ez dago asmatzerik».

Sei mailatan arituko da Gaztedi, eta horretarako hiru talde eratu dituzte Laukizen: emakumezkoen 500 eta 540 kilotan; gizonezkoen 560 eta 640 kilotan; eta 580 kiloko mistoan. Txapela janzteko aukera, bereziki, gizonezkoen 560 kilokoan eta mistoan izanen dute ziurrenik.

JAVIER URRESTI
Mutrikuko atzelaria


«Lesio asko izan ditugu, baina gozatzen saiatuko gara»

Urte gogorra izan da Mutrikuko taldearentzat. Bi kide galdu dituzte denbora gutxian: Pedro Alkorta Doistu entrenatzaile ohia eta Ekaitz Salcedo sokatiralaria. Kolpe latza izan da taldearentzat, eta, kirol arloari dagokionez, lesioek ere gogor jo dute, denboraldi osoko bi lesio luze eta azken orduko batekin: «Urte gogorra izan da, lesio asko izan baitugu. Baina gozatzen saiatuko gara», esan du Javier Urresti sokatiralariak (Ondarroa, Bizkaia, 1967).

Berri onak, hala ere, badaude. Talde mistoa aterako dute lehen aldiz: «Burugogortu egin nintzen. Goiherrirekin hitz egin, eta tiralariak utzita talde mistoa aterako dugu. Itxura ona du».

Gizonezkoen 560 eta 640 kilotan ariko dira. Goiherrik eta Getxok tiralari bana utziko die horretarako: «640 kilokoan oso azpitik goaz pisuan. Bi txapelketetan gozatzera aterako gara. Ea ahalik eta hoberen aritu eta sailkatzeko aukerarik dugun».

31 urte daramatza taldean, eta une onak zein txarrak ezagutu ditu. Egungoa ez da urrezko garaia: «Baina gustura ari gara, gustuko jendeagaz eta gustuko tokian», dio, baikor. Munduko Txapelketak ere ez dio bultzadarik eman: «Ez dugu taldea handitu. Munduko Txapelketa hemen izanda telebistan eta egunkarietan sokatiraz hitz egiten bada, agian, eragina izan dezake taldeetan, eta hazkunde bat izan. Baina ez dakit, hurrengo urteetan ikusi beharko dugu hori».

JUANJO BILLALABEITIA
Goiherriko tiratzailea


«Helburuak argi ditugu: urrea nahi dugu 560 kiloko mailan»

Helburuak argi ditu Juanjo Billalabeitiak (Erandio, 1976): podiumeko maila gorenera igo nahi du: «Egia da Euskal Herriko Txapelketako emaitzak ikusita zaila dugula, baina uste dugu ondo entrenatu garela, eta emaitzak etorriko direla».

Izan ere, Gaztedi gehiago izan da udako txapelketetan. Lehia estua izan da zenbait pisutan, baina Laukizera joan dira txapela guztiak: «Gaztedi koska bat gorago egon da, baina Munduko Txapelketa beste gauza bat da, eta edozer gerta daiteke».

Gogoan du duela hiru urte Hegoafrikan, Lurmutur Hirian, jokatu zen Munduko txapelketan gertatutakoa: Gaztedi gehiago izan zen Euskal Herriko lehian, baina nazioartekoan Goiherri hazi egin zen, eta podiumeko bigarren lekua zapaldu zuen gizonezkoen 560 kilokoan, Gaztediren aurretik, eta brontzea lortu zuen 640 kilokoan: «Helburuak argi ditugu taldean: urrezko domina lortzera aterako gara 560 kiloko txapelketan».

Emakumezkoen 500 kilotan ere arituko dira bizkaitarrak, Gaztedirekin batera. Hala ere, jakitun daude nazioartean dagoen maila ikusita oso zaila izanen dela podiumera igotzea.

Hala ere, beste taldeek ez duten zerbait dauka Goiherrik: sokatiralari gazteak. Hala, 23 urtez azpiko mailan taldea aterako duen euskal talde bakarra izango da: «Gazteek urte batzuk daramatzate gurekin entrenatzen, eta uste dut zerbait polita egin dezaketela», adierazi du taldeko beteranoak. Dietenbach Alemaniako taldea eta Powerrangers Flandriakoa izanen dira aurkari gogorrenak urrea lortzeko lehian.]]>
<![CDATA[«Dominak espero ditut»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/021/001/2021-09-15/dominak_espero_ditut.htm Wed, 15 Sep 2021 00:00:00 +0200 Lur Gil https://www.berria.eus/paperekoa/1957/021/001/2021-09-15/dominak_espero_ditut.htm
Aizkora ere gertutik ezagutzen du, sei urtez aritu baitzen Euskal Herriko Hirugarren Mailan; duela bi urte arte. Utzi zuenean hasi ziren haren etxeko atea jotzen Euskadiko Herri Kirol Federazioko lema hartzeko: «Bihotzak baietz esaten zidan, baina buruak ezetz. Lan asko zegoen egiteko, eta gatazka handiak», aitortu du.

Munduko Txapelketak ere buruhausteak ekarri dizkio: «Gauza asko geratzen ziren egiteko, eta denbora gutxi zegoen. Sokatira horren kirol txikia izanda ere, erronka handia da mundu mailako txapelketa bat antolatzea».

Pandemiak erabat baldintzatu du txapelketa, eta ez bakarrik urtebeteko atzerapenagatik: «Osasun Sailetik neurri zorrotzak eskatu dizkigute, eta azpiegitura handia behar dugu bete ahal izateko». PCR analisiak, kluben burbuila taldeak, talde bakoitzeko autobus bana, kirolari bakoitzeko janari tuper bana... Horrelakoa izango da pandemia garaiko txapelketaren eredua.

Ofizialtasunaren garrantzia

Beste erronka bat konfinamendu garaian taldeek entrenamenduekin jarraitzea izan da. Duñabeitiak lana izan du arlo horretan ere: «Agiri pila bat sinatu ditut kirolariak mugitu ahal izateko, eta lur gaineko Euskal Herriko Txapelketa antolatzeko ere lanak izan ditugu. Helburua taldeei hobeto prestatzen laguntzea zen, eta lortu dugula uste dut».

Kirol arloari dagokionez, baikor da: «Dominak espero ditut bai kluben arteko txapelketan, baita nazioen artekoan ere, pisu txikietan. Euskal Herriko txapelketa ikustera joan naiz, eta maila handia ikusi dut; oso ondo prestatuak daude taldeak. Gaztedi nagusi izan da, baina Goiherrik tiraldi batzuk irabazi ditu, eta aukera handiak dauzka».

2014az geroztik da ofiziala euskal selekzioa, eta hori nabarmendu nahi izan du: «TWIFek nazio gisa onartu eta gero datoz lorpenak: Munduko Txapelketa hau antolatzea, adibidez».

Euskal selekzioa osatzeko moduak zeresana eman du azken urteetan. Euskal Herriko Txapelketako irabazleak eskubidea dauka irabazitako pisuan aritzeko selekzioaren ordezkari gisa, baina, nahi izatekotan, beste taldeetako kirolariekin batera osa dezake oinarria. Duñabeitiak aurtengo jarrera txalotu du: «Federazioan batzarra egin genuen lau taldeetako lehendakari eta entrenatzaileekin, eta ezusteko ona hartu nuen. Lehia handia dago euskal taldeen artean, baina nazio gisa pentsatu dute selekzioa eratzeko orduan».

Euskal selekzioak ofizialtasuna lortu zuenetik, lur gaineko hiru Munduko Txapelketa jokatu dira: 2014an, AEBetan; 2016an, Suedian, eta 2018an, Hegoafrikan. 2016an, urrea lortu zuen gizonezkoen 580 kiloko selekzioak. Kluben artekoan, berriz, azken urrea 2014an izan zen: Gaztediko talde mistoak lortu zuen, Herbehereetako talde indartsuak gaindituta.]]>
<![CDATA[Dominak eta lanak, Getxora bidean ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1969/028/001/2020-02-25/dominak_eta_lanak_getxora_bidean.htm Tue, 25 Feb 2020 00:00:00 +0100 Lur Gil https://www.berria.eus/paperekoa/1969/028/001/2020-02-25/dominak_eta_lanak_getxora_bidean.htm <![CDATA[Kirol zaharraren kimu berriak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1996/028/001/2020-02-22/kirol_zaharraren_kimu_berriak.htm Sat, 22 Feb 2020 00:00:00 +0100 Lur Gil https://www.berria.eus/paperekoa/1996/028/001/2020-02-22/kirol_zaharraren_kimu_berriak.htm
Atzo eta herenegun lehia betean aritu ziren euskal taldeak, eta talde horiek berak ariko dira gaur eta bihar ere, elastikoa aldatuta lehiatu arren. Beti Gazte ariko da selekzioa ordezkatzen gizonezkoen 640 eta 600 kiloko txapelketan; baita emakumezkoen 540 kilokoan eta mistoan ere. Badaiotz lehiatuko emakumezkoen 500 kilokoan, eta Ibarra gizonezkoen 560 kilokoan. Baina 23 urtez beherakoan hautaketa bidez osatu dute selekzioa. Hau da, talde bakoitzeko onenekin.

Euskal Herriko Txapelketak joan zen asteburuan amaitu ziren, eta selekzioak ez du tarte nahikorik izan behar bezala entrenatzeko. Baina egindako apurra Oier Aizkorbe Arlegi hautatzailearen esanetara egin zuten, Irlandara joan aurretik.

Europan ez da ohikoa gazteak sokatiran aritzea, oso gutxi dira haien zortzikoetan gazteak dituzten taldeak. Egungo sokatiralari askok denbora asko daramate sokatiran, beste garai bateko kirolariak dira. Baina kimu berriak ere heldu dira sokatirara, Europatik urrun izan arren. 2018ko Txinako Munduko Txapelketan Asiako gazte ugari aritu ziren sokatiran, eta urte bereko Hegoafrikako lur gainekoan ere bai, herrialde horietako eskoletan eta unibertsitateetan egiten den lanaren ondorio.

Euskal Herrian ez da eraberritze horretatik kanpo geratu. Neska-mutil ugari aritzen dira talde guztietan, eta transmisio lan ona egitearen ondorioz, maila gorenean ari dira gazteak. Munduko azken bi txapelketetan hiru urre lortu ditu euskal selekzioak 23 urtez beherakoan, eta gai izan ziren gazteen prestakuntzan espezialistak diren taiwandarrei aurre egiteko

Xuzhoun (Txina) zilarra lortutakoa da Odei Fernandez Nogales (Berango, Bizkaia, 1999), eta aurten brontzea lortu du Gaztedirekin emakumezkoen 540 kilokoan. 23 urtez beherakoen emakumezko txapelketan zein mistoan ariko da gaur eta bihar, eta gaurko dauka esperantza gehien: «Aurten mistoan ariko diren taldeei aurre egin ahal diegula uste dut, horretarako taldea dugu».

Lasaiago joan da Irlandako Munduko Txapelketara, «Txinakoa esperientzia oso polita izan zen, eta oso ondo pasatu nuen 23 urtez beherakoetan. Aurten gehiago ikasita nator, eta gogo handia dut maila honetan lehiatzeko, Baina Herbehereak eta Taiwan garaitzea oso zaila izango da» , onartu du.

Euskal selekzioa podiumaren goiko aldean behingoz ikustea dute helburu askok, baina momentuz, ez du selekzio erako prestaketa egin, eta horrek dena zailtzen du. Baina herri oso bat izanen dute soka atzetik bultzatzen. Izan ere, beste kategorietakoan ez bezala, talde desberdineko kideek osatzen dute selekzioa, eta beste kasuetan, Euskal Herriko txapelduna aritzen da lehian.]]>
<![CDATA[«Aurten talde lehiakorragoa daukagula uste dugu»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1919/024/001/2020-02-20/aurten_talde_lehiakorragoa_daukagula_uste_dugu.htm Thu, 20 Feb 2020 00:00:00 +0100 Lur Gil https://www.berria.eus/paperekoa/1919/024/001/2020-02-20/aurten_talde_lehiakorragoa_daukagula_uste_dugu.htm
Nazioartean maila gorenean izan, eta taldea desegin egin zen 2007an. Baina, 2014an, birsortu egin zenuten, eta garai hartako maila lortu duzue orain. Nolakoa izan da hori?

KARMELO MITXELENA: Gazte batzuek sokatiran hasi nahi zuten, eta laguntza eskatu ziguten lehenago aritzen ginenoi. Laguntzen hasi, eta talde berri horretan amaitu genuen guk ere. Lehenbiziko urteak zailak izan ziren, baina maila hartuz joan gara.

Aurten ia dena irabazi duzue Euskal Herrian. Hori kontuan hartuta, zer helbururekin zatozte munduko txapelketara?

K.M.: Munduko txapelketa guztiak ezberdinak izaten dira, eta lehenbiziko gauza izanen da ikustea zer maila dagoen. Nik uste dut aurten duela bi urte baino maila anitz hobea izanen dela, Europako talde gehiago daudelako.

Eta horien artean non ikusten duzue zuen burua?

K.M.: Nik uste dut badugula taldea borrokan egon ahal izateko. Borroka hori lehenbiziko postutik laugarren-bosgarrenera izan daiteke, beste taldeen mailaren arabera.

Bereziki, pisu txikietan lehiatzera etorri zarete; Euskal Herriko 560 kilokoa galtzeaz penatuta zaudete, Mitxelena?

K.M.: Bai, pena da. Guk ez genuen egunik hoberena izan, eta beste taldeak, bereziki Ibarra, oso ongi aritu ziren. Pena izan zen, bai. Baina bost txapelketatik lau irabaztea ere ez dago gaizki. Hori izango dugu gogoan.

Goienetxe, Beti Gazteko emakumezkoen taldea 2016an hasi zen entrenatzen, eta aurten lehenbiziko aldiz irabazi duzue Euskal Herriko txapelketa; handia izan zen lorpena zuentzat, ezta?

IRANTZU GOIENETXE: Nafarroan lan ona eginda gindoazen Euskal Herriko Txapelketara, baina ez genuen espero irabaztea. Azkenean, ikusi genuen aukera genuela, eta, saiatzearen saiatzeaz, lortu genuen.

Munduko txapelketara zoazte lehen aldiz, eta euskal selekzioaren ordezkari ere izanen zarete 540 kiloko txapelketan. Zer helburu duzue?

I.G.: Ez goaz irabaztera; batez ere, beste herrialdeetako taldeek nola tiratzen duten ikustera eta esperientzia bizitzera goaz. Ohore handia da guretzat euskal selekzioaren parte izatea, eta hagitz kontent gaude.

Lehenbiziko nazioartekoa duzu zuk, baina ahizpa (Aitziber Goienetxe) Txinako munduko txapelketan izan zen. Zer kontatu dizu hark?

I.G.: Aipatu dit tiratzeko modu hagitz desberdinak dituztela beste herrialdeek, eta esperientzia polita dela mundu osoko jendea sokatiran ikustea.

Beti Gaztek egin duen berritze lan horretan, Goienetxe ahizpena ez da kasu bakarra izan. Mitxelena, zuk ere 15 urteko semea (Ander Mitxelena) duzu sokatiraren hastapenetan.

K.M.: Bai, Ander askotan etorri izan da ikustera, baina nik behin ere ez diot erran sokatiran hasteko. Berak eman zuen pauso hori. Duela hilabete batzuk, probatu, eta gustatu zitzaion. Hortaz, aurrera.

Nola gogoratzen duzu 1999an Irlandan irabazi zenuten urrea?

K.M.: Oroitzapena sekulakoa da. Gainera, Euskal Herrian urte gogorra izan zen, eta Beti Gaztek Munduko Txapelketa irabaztea ikaragarria izan zen.

Garai harekin konparatuz, gizonezkoena bakarrik ez, orain emakumezkoen taldea ere gorenean duzue; zer anbizio sortzen zaizue?

K.M.: Niretzat anbizioa lehiatzea da, hor aurrean egotea. Orain lau urte, Volendamen [Herbehereak] izan ginen, baina ikusi genuen taldea oraindik ez zegoela prest munduko txapelketetarako. Aurten lehiatzeko moduan gaudela uste dugu, nahiz eta gero erabaki batek edo bertze batek lehenbiziko lekutik hirugarren edo bosgarrenera eramaten ahal zaituen.

I.G.: Gure anbizioa hobetzea da, eta horretarako balio izango digu munduko txapelketa honek. Oraindik ere gehiago ikasi nahi dugu, gero lorpen handiagoak izateko.

Herriak nola bizi izaten du munduko txapelketaren erronka?

K.M.: Aste honetan bertan, herriko batzuek esan digute urrea irabaziko dugula. Baina zaila da hori lortzea. Jendea ez da konturatzen kanpoan zer maila dagoen sokatiran.

I.G.: Babes handia dugu herrian, eta jende askok eman dizkigu animoak.]]>
<![CDATA[Urrearen bidea urratzera]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1939/024/002/2020-02-20/urrearen_bidea_urratzera.htm Thu, 20 Feb 2020 00:00:00 +0100 Lur Gil https://www.berria.eus/paperekoa/1939/024/002/2020-02-20/urrearen_bidea_urratzera.htm
Urrea garesti dago, baita sokatiran ere. Urte askotako lanaren fruitua izaten da. Baina baikor izateko arrazoiak badaude. Aurten, Euskal Herriko txapelketan talde asko lehiatu dira, eta maila txukunean denak. Horietatik gehien-gehienak izango dira Letterkennyn. Euskal Herriak inoizko ordezkaritzarik handiena izango du, hamahiru talde izango baititu: beste herrialdeek baino gehiago.

Lesakako (Nafarroa) Beti Gaztek egin du lanik onena Euskal Herriko txapelketan, jokoan ziren zazpi txapeletatik bost poltsikoratu baititu. Talde horretako gizonezkoak dira nazioartean eskarmentu gehien dutenak eta itxuraz podiumera igotzeko aukera gehien izan ditzaketenak. Baina emakumezkoek Euskal Herriko txapelketa irabazi dute aurten lehen aldiz, eta mistorako talde indartsua osatu dute nafarrek.

Lesakarrek aurreko asteburuan baino ez zuten huts egin, Berriozarren (Nafarroa). Emakumezkoen 500 kilokoan, Badaiotzek irabazi zuen, eta pisu horretan zilarra lortu dute arabarrek munduko azken bi txapelketetan. Gainera, munduko lau txapelketa irabaziak dituzte: 2004an, bi aldiz; 2008an; eta 2012an. Beraz, adi egon beharko da haiekin ere.

Gizonezkoen 560 kilokoan, Ibarrak erakustaldi ikaragarria eman zuen, eta txapela kendu zion garaiezina zirudien Beti Gazteri. Gipuzkoarrek lan handia egin dute azkenera arte, munduko txapelketara zortzikorik hoberena eramateko; okerrik ezean, podiumerako lehian izango dira.

Txina ez da ariko

Taldeen arteko txapelketa gaur hasiko da, eta herrialdekakoa, etzi. Soilik euskal selekzioa ariko da txapelketako hamar pisuetan. Selekzioa ordezkatuz, Euskal Herriko txapeldun izandako taldeak ariko dira, baina, 680 kilokoan eta 23 urtez azpikoetan, talde guztietako sokatiralaririk hoberenekin osatu dira taldeak.

Gazteek dituzte, itxuraz, podiumerako aukera gehien. Azken bi ekitaldietan atera dira lehiara; 2016an zilarra lortu zuten gizonezkoetan, eta 2018an, gizonezkoetan eta emakumezkoetan. Aurten, berriz, mistoan ere sortu dute taldea, eta elite mailan aritzen diren eskarmentuzko sokatiralariak dira denak.

Txina gabeko txapelketa izango da, koronabirusa dela-eta ezin baitira Irlandan izan. Gainontzean, parte hartzea duela bi urtekoaren antzekoa da, Asiako talde gutxiago daude, eta Europako gehiago; osotara, 39. Irlandako errepublika, Ipar Irlanda, Herbehereak, Alemania, Italia, Japonia, Taiwan, Letonia, Ukraina, Errusia, Ingalaterra eta Eskoziako taldeak eta selekzioak izanen dituzte aurkari euskaldunek.]]>
<![CDATA[Pauso irmoarekin]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1994/028/001/2020-01-17/pauso_irmoarekin.htm Fri, 17 Jan 2020 00:00:00 +0100 Lur Gil https://www.berria.eus/paperekoa/1994/028/001/2020-01-17/pauso_irmoarekin.htm
Euskal Herriko txapela janzteaz gain, sari handiagoa izanen dute jokoan, beraz, datozen asteetan: nazioarteko txapelketan euskal selekzioa ordezkatzea. 2014an ofizialtasuna lortu ondoren, domina franko lortu dituzte tiralariek; goma gaineko nazioartekoan, ordea, urrezkorik ez oraindik.

Iragan asteburuan jokatu zen, Azkoitian, Euskal Herriko txapelketako lehenbiziko jardunaldia, eta tiraldi luzez eta gogorrez beteta egon zen. Berretsi zen koska bat gorago dagoela Lesakako (Nafarroa) Beti Gazte. Denboraldiko txapelketa ia guztiak irabazi ditu. Euskal Herriko lau tiralariren modalitateko nesken zein mutilen txapelak lortu zituzten azaroan, eta Nafarroako Txapelketako guztiak ere bai, bat izan ezik. Aurreko asteburuan, zortzikoan, gizonezkoetan 680 kilokoan txapela irabazi zuten, eta 640 kilokoan lehen jardunaldia; neskek ere 540 kilokoan lortu zuten garaipena estreinakoan.

Lesakarrak kilo gutxikoetan dira espezialista, eta kategoria horietarako ere faborito dira goma gainekoan, baita Euskal Herriko Txapelketa itxiko duen kategoria mistorako. Hala ere, deskuidatuz gero, nesketan gertu dira gainerako talde guztiak, berdintasun handia baitago. Mutiletan, halaber, Zuraide eta Ibarra ondo ari dira kilo askokoetan; gutxikoetan, berriz, Ibarrak, Berriozarrek eta Gaztedik ezustekoa eman dezakete.

Asteburuan segituko du txapelketak. Bihar, Burgun (Araba), emakumezkoen 540 kilokoa eta gizonezkoen 600 kilokoa jokatuko dira. 17:30ean hasiko da lehia. Igandean, 13:30ean, gizonezkoen 640koa jokatuko dute, Bilboko Altamiran.

Parte hartzea ohi baino handiagoa da aurten, Munduko Txapelketan egoteko aukerak erakarrita: Lapurdiko Zuraide; Arabako Badaiotz; Nafarroako Antsoain, Berriozar, Beti Gazte eta Txantrea; Gipuzkoako Ibarra; eta Bizkaiko Gaztedi, Goiherri, Abadiño eta Murueta ari dira nor baino nor gehiago. Horiei beste talde bat gehitu behar zaie: Seis Conceyos. Asturiasko (Espainia) taldea da, baina lehiatzen ari da.

Bi urtetik behin sasoi gorenera iristen dira taldeak, Munduko Txapelketaren atarian. Galder Gobantes (Zeberio, Bizkaia, 1987) baikor dago Irlandan izan ditzaketen aukerez galdetuta: «Neskak oso ondo aritu ziren duela bi urte, Txinan jokatutako Munduko Txapelketan. Soilik euskal taldeez osatutako podiuma errepikatu behar dugu aurten. Gaztedi, Badaiotz eta Ibarra izan ziren podium berean. Mutiletan, aukerak ditugu pisu handietan zein txikietan».

TWIFen (Nazioarteko Sokatira Federazioa) Euskal Herriko ordezkari da Gobantes, eta ongi ezagutzen ditu munduko talderik indartsuenak: «Kluben arteko txapelketan irlandarrak dira faborito gizonezkoetan, eta taiwandarrak eta herbeheretarrak nesketan. Nazioen artekoan, berriz, eskoziarrak eta taiwandarrak izanen dira indartsuenak gizonetan, eta txinatarrak eta taiwandarrak emakumezkoetan».

Kluben arteko txapelketan lehiakorrago aritzen dira euskal taldeak, baina nazioen artekoa hobeki prestatzen dute beste herrialde batzuek. «Kluben arteko lehiaketara daukagun guztiarekin joateak eta Munduko Txapelketa baino lehen nazio moduan ezin entrenatu izateak gure selekzioaren maila jaisten du», nabarmendu du Gobantesek.

Nazioarteko Sokatira Federazioari erronka berriak sortu zaizkio. Tiratzaileak goi mailako kirolarien antzera entrenatzen eta elikatzen dira, baina baliabideak eta aitortza urriak dira.

Asia aldetik datoz berrikuntza tekniko nabarmenenak: besteak beste, sokatiran aritzeko oinetako bereziak. Euskal Herrira iristen hasiak dira jada. Entrenamenduen prestaketan eta kontrolean ere aditu dira txinatarrak eta taiwandarrak.

Lau ildoko ikerketa

Euska Herrian ere izan dira berritasunak. Arkaitz Castañeda (Bilbo, 1982) Deustuko Unibertsitateko Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzietako irakasle eta ikertzailea da, eta sokatiraren garapenerako hainbat alor ikertzen ari da. «Txapelketetan nabarmen egiten zitzaidan kirolari bakoitzak bere modura berotzen eta tiratzen zuela. Hobekien dakiten moduan aritzen dira, baina zientzia aplikatu gabe», dio Castañedak. Horregatik, lau ildoko ikerketa bati ekin zion. Biomekanika, kirolarien deshidratazioa, lesioak eta intentsitatearen neurketa aztertu zituen.

Nazioarteko federazioa bereziki kezkatuta dago kirolarien osasunarekin, eta deshidratazioaren ikerketarako hitzarmena sinatu du bera buru den taldearekin. Europako lur gaineko sokatira txapelketan izan zen Castañedaren taldea, eta otsailean Irlandan izanen dira deshidratazioaren balioak neurtzen. Xedea lau ildoak garatzea da, sokatirak ere goi mailako kirolen trataera izan dezan.]]>
<![CDATA[Soka ez da eten]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1961/029/001/2018-09-25/soka_ez_da_eten.htm Tue, 25 Sep 2018 00:00:00 +0200 Lur Gil https://www.berria.eus/paperekoa/1961/029/001/2018-09-25/soka_ez_da_eten.htm
Oso balorazio positiboa egin dute Hegoafrikan izandako hiru euskal taldeek: Mutriku, Goiherri (Erandio) eta Gaztedi (Laukiz). Zeinek bere helburua zuen, eta, horiek beteta, pozik itzuli dira munduko sokatiralari onenen aurrean aritu ostean. Basque Country selekzioak hiru domina lortu ditu nazioen arteko txapelketan, bi zilarrezko (gizonezko 720 eta 560 kilotan) eta brontzezko bat (emakumezko 500 kilotan).

Jone Zarraga (Erandio 1969), Nazioarteko Federazioko euskal ordezkari ohia, Lurmutur Hirian izan da, eta selekzioaren maila bikaina azpimarratu du: «Basque Countryk bere maila eman du; herri txikia gara, baina sokatiran, handienen pareko. Aurreneko postuen lehian aritzen gara beti, eta aurten maila hori eman dugu». Gizonezkoen 720 kiloko zilarrari balio berezia ematen dio, Mutriku, Goiherri eta Gaztediko tiralarien artean sortutako selekzioa izan baita: «Pisu astunetan ez gara ongi ibiltzen, eta, gainera, taldea egin den moduan eginda, oso polita izan da lortutako zilarra». Dena, baina, ez da argia Zarragarentzat: «Gazteak falta izan zaizkigula da aurtengo alde negatiboa: hori da gure akatsa. Etorkizuna nahi badugu, gazteak behar ditugu. Maila bikaina dugu orain, baina hori amaitu egingo da atzetik indarra ez badator. Getxoko 2020ko txapelketara begira, hori izango da gure erronka».

Taldeen arteko munduko txapelketan lau izan dira euskal dominak. Zilarrezko eta brontzezko domina bana lortu dituzte Gaztedik eta Goiherrik. Mutriku ere helburuak beteta itzuli da. Oso urte zaila izan dute: entrenatzeko oso aukera urriak izan dituzte, eta, kirolari gutxi direnez, polearen aurka baino ez dira entrenatzen, ez dute talderik izaten aurrean. Beraz, Hegoafrikara joateak meritu handia izan du haientzat, eta tiraldi onak izan dituzte.

Gaztedikoek zilarra lortu dute emakumezkoetan (540 kilo), eta brontzea gizonezkoetan (560 kilo); beraz, pozik dago Juan Mardaras (Gatika 1961) entrenatzailea: «Hirugarren aldia da gizonezkoen 560 kilokoan podiuma lortzen dugula, eta emakumezkoetan ere gorantz egin dugu: aurten bi domina ekarri dituzte etxera —selekzio mailakoarekin—».

Txapelketa hasi baino lehen zalantza zuen zer maila izango zuten beste herrialdeek, baina badaki zein zen Alemaniak eginiko lan txukunaren arrazoia: «Txapelketa ezberdina izan da aurtengoa; alemaniarrek bereziki gora egin dute. Hilean bitan joan dira Suitzara teknika hobetzera, TWIFen (Nazioarteko Sokatira Federazioan) ari den prestatzaile tekniko baten gomendioak jasotzera, eta nabarmen hobetu dira».

Goiherrik, berriz, Euskal Herrian izan ez duen maila lortu du Hegoafrikan. Bizkaiko eta Euskal Herriko txapelketetan Gaztedi izan da nagusi argi eta garbi, txapelketa guztiak irabazi baititu. Baina Lurmutur Hirian maila aparta erakutsi dute Erandiokoek. Horren erakusgarri, gizonezkoen 560 kiloko txapelketan bi taldeek finalaurrekoetan izandako lehia estua. Tiraldi luze eta gogor baten ostean, Goiherrik lortu zuen finalerako sailkatzea. Alemaniarren aurka galdu zuen gero, baina, hala ere, bi domina lortu dituzte Goiherriko gizonek, zilarrezko bat eta brontzezko bat.

Emakumezkoek ez dute dominarik lortu, baina pozik egoteko arrazoiak bestelakoak izan dira. «20 urteren ostean, emakumezko talde bat munduko txapelketan aritzea lortu dugu. Asko gozatu eta ikasi dugu, eta etorkizunerako esperientzia eta motibazio handia eman digu txapelketa honek», dio Garazi Arrutik, (Bilbo 1985), nazioartekoan lehenengoz aritutako sokatiralariak.

Euskal Herriko txapelketetan ere, denbora luzez emakumezko talderik gabe izan da Goiherri, eta lorpen handia izan da eratzea. Munduko txapelketara joateko zailtasunak handiak izan dira, baina; horietako bat, pisua. «Zaila izan da hain pisu txikiarekin lehiatzea. Nazioartean ezartzen dituzten pisuek kalte egiten digute, eta 500 kiloko txapelketara behetik joan gara. Dena den, uste dut ondo aritu garela».

Antolakuntza mailan ere aberasgarria izan da, 2020ra begira jarria baita euskal sokatira. Hegoafrikako federazioko lehendakari Anton Rabe ziur dago arrakastatsua izango dela. «Euskal Herriaren ibilbidea eta txapelketak antolatzeko gaitasuna ikusita, gure lekukoak hartzaile bikaina du».]]>
<![CDATA[Getxora, Lurmutur Hiritik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1901/020/001/2018-09-19/getxora_lurmutur_hiritik.htm Wed, 19 Sep 2018 00:00:00 +0200 Lur Gil https://www.berria.eus/paperekoa/1901/020/001/2018-09-19/getxora_lurmutur_hiritik.htm
2014an Basque Country izenarekin ofizialtasuna lortu zutenetik, hirugarrenez ariko dira euskal sokatiralariak lur gaineko txapelketa nagusian. 2014an egin zuten estreinakoa, Wisconsinen (AEB), eta sei domina irabazi zituzten: taldeka, urrezko bat, zilarrezko bat eta brontzezko bi; eta herrialdeka, brontzezko bi. Uzta bera bildu zuten bi urte geroago, Malmon (Suedia): sei domina; taldeka, brontzezko bi; eta herrialdeka, urrezko bat eta zilarrezko hiru. Hau da, dozena bat domina ditu euskal sokatirak lur gaineko garaipenen zerrendan. Uzta eder hori handitu egin nahi dute gaurtik Lurmutur Hirian.

Eta, horretarako, Euskal Herriaren ordezkaritza zabala joan da: 89 lagun, sokatiralariak, teknikariak eta epaileak kontuan hartuta. Hiru talde ariko dira: Gaztedi (Laukiz, Bizkaia), Goiherri (Erandio, Bizkaia) eta Mutriku (Gipuzkoa). Gaur eta bihar lehiatuko dira taldekakoan. Etzi eta larunbatean, berriz, talde horietako kideak Basque Country izenarekin ariko dira, selekzioen artekoan.

Aurkari indartsuak izango dituzte. Taldekakoan, hemeretzi herrialdetako klubekin neurtuko dituzte indarrak: Australia, Belgika, Kamerun, Txina, Frantzia, Alemania, Italia, Kenya, Letonia, Lituania, Malaysia, Ingalaterra, Herbehereak, Nigeria, Hegoafrika, Suedia, Suitza, Taiwan eta Zimbabwekoekin. Selekzioen artekoan, berriz, horiek guztiak eta AEBak eta Eskozia izango dituzte aurkari.

Itxuraz, Irlanda, Ingalaterra, Suitza, Herbehereak eta Taiwan izanen dira herrialderik indartsuenak, baina ezin da baztertu orain arte hain emaitza onak lortu ez dituzten taldeak ere dominen borroka horretan sartzea; adibidez, Hegoafrika. Txapelketa etxean izanda, prestaketa berezia egin dute bertako sokatiralariek, eta 23 urtez azpikoekin egindako lanak fruituak eman ditzake.

Euskal ordezkariak, hala ere, itxaropentsu dira. Kluben artekoan, Gaztedi nagusi izan da Euskal Herriko txapelketetan. Dena irabazi du: gizonezkoen eta emakumezkoen Bizkaiko txapelketak, eta Euskal Herriko Txapelketan jokatutako zazpi pisuetakoak. Bigarren eta hirugarren taldeak ere bikain aritu dira, eta haiek ere podiumean sartu dira.

Hain zuzen, pisu guztietan txapela eskuratzeak nazioen arteko txapelketan Basque Country ordezkatzeko eskubidea ematen dio Gaztediri. Hala ere, Euskal Herriko beste taldeetako sokatiralariak ere arituko dira pisu handietan, laukiztarrek hala erabakita. Beraz, gizonezkoen 680 eta 720 kiloko txapelketetan, Mutrikuk, Goiherrik eta Gaztedik osatutako selekzioa arituko da.

Beste behin, lur motak eta haren egoerak asko baldintzatu dezake txapelketa. Hegoafrika hegoaldean eta bereziki Lurmutur Hirian 2016tik izan duten ur gabeziak lehortu egin du lurra, eta txapelketaren jokalekua aldatu egin behar izan dute antolatzaileek. Itsasertzean egin nahi zuten hasiera batean, baina Camps Bay eskolara aldatu dute, ureztatze sistema ezinbestekoa izanen baita.]]>
<![CDATA[«Indartsu iritsi gara txapelketara»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1919/021/001/2018-09-19/indartsu_iritsi_gara_txapelketara.htm Wed, 19 Sep 2018 00:00:00 +0200 Lur Gil https://www.berria.eus/paperekoa/1919/021/001/2018-09-19/indartsu_iritsi_gara_txapelketara.htm
Duela urtebete, oraingo egoera berean, azken entrenamenduan min hartu zenuen, eta Europako txapelketa galdu zenuen. Nola gogoratzen duzu?

Oso momentu gogorra izan zen. Lurra bustia zegoen, tenka gogor bat egin genuen, eta min handia hartu nuen. Hala ere, ez nekien zein lesio neukan, eta txapelketara joatea erabaki nuen. Bertan, berotzen hasi, eta ezin izan nuen jarraitu. Orduan jakin nuen zerbait larria izanen zela; hautsia nuen lotailua. Urte osoa entrenatzen eman ondoren azken entrenamenduan hori gertatzea... Oso gogorra izan zen. Gainera, taldeak sokatiralari bat galdu zuen, eta planak aldatu zitzaizkigun. Oso gaizki pasatu nuen txapelketa horretan, inpotentzia handia, kanpotik ikusten. Baina horrelakoak gertatzen dira, eta buelta ematen jakin behar da.

Emaitza onak lortuta doa Gaztedi Hegoafrikara. Aurten Txinan jokatutako Goma Gaineko Munduko Txapelketan urrea irabazi zenuten. Urrea irabazteko aukera duzue?

Goma gainean ongi aritu ginen, eta lur gainean denboraldi ona egin dugu Euskal Herrian. Txinatik bueltan, goma alde batera utzi, eta atseden hartu gabe hasi ginen lur gainean entrenatzen, eta denboraldia luze doa, neketsu, baina uste dut indartsu iritsi garela. Dena den, emakumeoi txapelketako erritmoa hartzea kostatu egiten zaigu beti. Euskal Herrian ez da beste talderik izaten, eta zaila da gure maila zein den jakitea. Aurten, behintzat, Goiherrik ere atera du emakumezkoen talde bat.

Entrenatzeko garaian, denak elkartzeko zailtasunak izan arren, elkarrekin entrenatzea lortzen duzue?

Gaueko bederatzietan entrenatzen gara, ez dugu beste aukerarik. Txapelketa prestatzeko, astean bost egunez aritu gara, baita asteburuetan ere; ordu asko izan dira. Lanarekin eta familiarekin uztartzea ez da erraza; gainera, Hegoafrikara joateko oporrak hartu behar izan ditugu lanean.

Elikadura zaindu eta pisua galdu behar izaten duzue. Nola daramazu hori hori?

Lesioa dela eta, nituenak baino kilo gehiago hartu nituen, eta kilo asko jaitsi behar izan ditut. Hamar kilo pasatxo izan dira. Entrenatzen hasi nintzenetik, zaindu egin dut elikadura, baina, ekainetik aurrera, gutxiago jaten hasi nintzen, egungo pisura iritsi arte.

Euskal Herrian jokatuko da lur gaineko hurrengo munduko txapelketa, Getxon. Berezia izanen da?

Bai, oso. 1995ean izan zenean ni ikustera joan nintzen, eta espero dut oraingoan txapelketan aritzea. Oso berezia izango da familiaren, lagunen eta gure zaleen aurrean munduko txapelketa batean aritzea. Txapelketa horretara ahalik eta hobekien iristea da asmoa. Garrantzitsua da bitartean jende gehiago sokatirara lotzea; emakumeak eta gazteak, bereziki. Anima daitezela. Merezi du.]]>
<![CDATA[Apartheidaren arrastoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1940/021/002/2018-09-19/apartheidaren_arrastoak.htm Wed, 19 Sep 2018 00:00:00 +0200 Lur Gil https://www.berria.eus/paperekoa/1940/021/002/2018-09-19/apartheidaren_arrastoak.htm
Anton Rabe Lurmutur Hiritik gertuko landa eremu batean sortu zen, 1961ean. Bere aita nekazaria zen, inguru hartan sokatiran hasi zenetako bat. Anton, berriz, 8 urterekin hasi zen sokatiran, eta bizitza osoa eman du kirol horri lotuta: sokatiralari, entrenatzaile, epaile eta federazioko kide izan da, eta Hegoafrikako Federazioko presidente da 2016tik. Ongi ezagutzen du herrialdeko sokatiraren historia.

Rabek dioenez, «herri oinarria» dauka sokatirak Hegoafrikan; gurean bezala «festa, feria eta bestelako ekitaldi publikoetan praktikatzen zen, eta beltzek zein zuriek egiten zuten». Hala ere, zehaztu du ekitaldiak «oso ezberdinak» zirela beltzenak izan ala zurienak izan. «Zuriek zuten baliabide gehien. Kirola denek praktikatzen zuten arren, zurien artean izan du transmisiorik handiena».

Egun, badira beltzez osaturiko zenbait talde Hegoafrikan, baina gutxiengo dira. Are eta zailagoa da zuriez eta beltzez osaturiko taldeak aurkitzea. Herrialdeko eskola guztietan, ordea, ez dago sokatira bultzatzeko baliabiderik, eta eskolarik aberatsenek sortzen dituzte sokatira taldeak. Apartheid politikak 1990eko hamarkadan amaitu ziren arren, zuriak joaten dira eskola horietara. Hala ere, Antonek dioenez, bertako federazioa «diskriminazio hori» amaitzeko ahalegina egiten ari da.

Selekzioaren elastikoaren auziak ere zeresana eman zuen Nelson Mandelaren lehenengo agintaldian. Errugbian eta beste kirol askotan bezala, sokatiran ere urre eta berde koloreko elastikoa erabiltzen zuten, springbokaren irudiaz lagunduta, apartheidaren ikur bihurtu zena. Ikur hori Protearen irudiak ordezkatu zuen, baina koloreak eta izena mantendu zituzten. Horren ondorioz, gaur egun ere, Springboks deitzen zaie Hegoafrikako sokatirako selekzioei.

Eskoletan sustatzen dute

Oso ezberdina da, halaber, Hegoafrikan eta Euskal Herrian sokatirak daukan sinbologia. Gurean, kulturari eta herri izaerari lotuta egon da; beste toki batzuetan, ordea, eliteari eta armadaren entrenamenduei lotuta egon da. Hegoafrikan, bederen, arraza diskriminazioaren arrastoei lotua jarraitzen du. Ikusteko dago Rabe buru duen federazioa hori amaitzeko gai izango ote den.

Asian bezala Hegoafrikan ere eskoletan bultzatzen da sokatira, eta gazte mailan zein 23 urtez azpiko lehiaketetan oso kirolari onak dituzte. Anton ziur dago txapelketa honetan «urrezko domina batzuk» irabaziko dituztela, eta gazteengan jarri du esperantza hori: «Gure talde gazteak oso lehiakorrak izan dira azkeneko hamar urteotan; lehia gogorra izanen dugu, baina atsekabe handia litzateke gazte eta 23 urtez azpiko mailetan dominarik gabe geratuko bagina. Itxaropentsu naiz, hala ere».]]>
<![CDATA[Indarra geroari begira]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1818/027/001/2018-03-13/indarra_geroari_begira.htm Tue, 13 Mar 2018 00:00:00 +0100 Lur Gil https://www.berria.eus/paperekoa/1818/027/001/2018-03-13/indarra_geroari_begira.htm
Aurreikuspenak bete dira, eta Txina eta Taiwan izan dira berriro talderik indartsuenak. Hala ere, maila bikaina eman du Euskal Herriak, Basque Country izenarekin. Izan ere, zazpi domina lortu ditu nazioen arteko txapelketan, hiru zilarrezkoak eta lau brontzezkoak. Taldeetan, berriz, etxeko taldeez gain, Irlandakoak, Herbehereetakoak eta Euskal Herrikoak nabarmendu dira. Euskal ordezkariei dagokienez, bederatzi domina eskuratu dituzte euskal taldeek: urrezko bi, zilarrezko lau eta brontzezko hiru.

Galder Gobantesek, Euskal Herriko Sokatira Federazioak Nazioartekoan daukan ordezkariak euskal taldeak ia maila guztietan podiumean egon izana nabarmendu du. «Dominak banatzeko ia ekitaldi guztietan egon da presente ikurrina. Bikaina da hori».

Gobantesek azpimarratu du Europako talde asko ezin izan direla lehiatu, «ahalegin handia» eskatzen baitu Txinara joateak. Horregatik, nabarmendu egin du Euskal Herritik joandako tiralarien konpromisoa. «Txinara joan dira, eta hori jada asko da. Baina eman duten maila ere oso ona izan da».

Gaztediren bi urreak

Gaztediren lana aipatu beharra dago. Laukizko (Bizkaia) taldeak irabazi ditu euskal ordezkariek eskuratutako urrezko bi domina bakarrak, emakumezkoen 500 eta 540 kilokoen mailan. Gaztedikoen urrearekin hasi zen lehiaketa, eta berri onak bata bestearen atzetik etorri ziren gero. Gaztediko kirolariek espero gabeko saria izan zen, eta ospakizuna lorpenaren tamainakoa izan zen. Ikusi mendizaleak abestiaren doinuekin lagunduta egon ziren podiumean.

Handia izan da Gaztedik eginikoa, baina, etorkizunari begira, garrantzitsuagoak dira 23 urtez azpikoan euskal tiralariek irabaziriko zilarrezko lau dominak, Berriozarrek eta Euskal Herriak lortuak. Zaila da talde gaztea izan eta hain ondo aritzea, jakinda, gainera, Asian unibertsitateetan sokatira bultzatzen dutela eta horregatik dutela maila handia gazteetan.

«Euskal Herriak altxor handia du», nabarmendu du Oier Aizkorbek (Berriozar, Nafarroa, 1985). «23 urtez azpiko bi talderekin etorri eta biekin finala jokatu izana handia da. Bagenekien Txina-Taiwan zela faborito argia. Horregatik, oso pozik gaude bigarren izateaz». Aizkorbe Berriozarko entrenatzaile eta tiralaria da. Bi domina lortu ditu txapelketa honetan, Ibarrarekin eta Euskal Herriarekin. Entrenatzaile lanetan, berriz, lau lortu ditu: Berriozarrekin 23 urtez azpikoan, eta Euskal Herriarekin maila berean.

Berriozarko taldeak osatu du selekzioaren bizkarrezurra, baina Gaztedi, Badaiotz eta Beti Gazteko tiralariak ere aritu dira. Guztiak entrenatu dira haren aginduetara, Berriozarren. «Lan handia egin dugu aurretik, eta hori goma gainean islatzen da gero. Gainera, zilarrezko lau domina hauek lortuta, erakutsi dugu Euskal Herrian badagoela etorkizuna».

Irati Agirre (Berriozar, 2001) da Aizkorberen aginduetara aritu diren tiralarietako bat. Taldea «ilusio ikaragarriarekin» lehiatu dela azaldu du. «Handia da horren gazte izanda aukera izatea Txinan, Munduko Txapelketa batean lehiatzeko». Bi zilar irabazi ditu Agirrek, baina oraindik ez du barneratu lortutakoa: «Espero genuen baino askoz handiagoa izan da lorpena; ilusio ikaragarria egin digu, eta jende askok ez du sinetsi ere egiten. Bagenekien taldeen arteko maila nahiko parekatua zegoela, eta Txina-Taipei aurretik egonen zela. Baina finala jokatzea oso handia izan da».

Bi urte barru jokatuko da hurrengo txapelketa, eta, ondo bidean, 23 urtez azpikoetan aritutako tiralari askok lehian jarraituko dute. Beraz, etorkizuna ziurtatuta dago. Txinako Munduko Txapelketa amaituta, lur gaineko denboraldia hasiko da. Gaztedik, adibidez, indarrez eta konfiantzaz helduko dio, sekulako bultzada jaso baitu Xuzhoun bi urre irabazita. Irailean aukera izanen du Lurmutur Hirian (Hego Afrika) jokatuko den lur gaineko Munduko Txapelketan parte hartzeko. Ez da izanen euskal ordezkari bakarra. Ea goma gainekoan erakutsitako mailari eusten dioten; albiste bikaina litzateke.]]>
<![CDATA[Koska gorenera igo nahi dute]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1774/024/001/2018-03-08/koska_gorenera_igo_nahi_dute.htm Thu, 08 Mar 2018 00:00:00 +0100 Lur Gil https://www.berria.eus/paperekoa/1774/024/001/2018-03-08/koska_gorenera_igo_nahi_dute.htm
Euskal Herriko sokatiralariek badute haien mailaren berri. Haiekin lehiatutakoak dira. Horretan ariko dira berriz ere gaurtik aurrera. 2014an Basque Country izenarekin ofizialtasuna lortu zuenetik, selekzioak ez du urrezko dominarik irabazi goma gainean —lur gainean bai—. Hala ere, itxaropentsu dira euskal tiralariak. Dominen lehian egoteko esperantza dute. Are gehiago, sinetsita daude emakumezkoen mailan podiumeko koska gorenera igo daitezkeela.

Txapelketako sistema ez da aldatu: taldeen arteko lehia izango da gaur eta bihar, eta selekzioen artekoa larunbatean eta igandean. Euskal Herriko sei talde ariko dira aurrenekoan: Badaiotz (Gasteiz), Sokarri (Arrigorriaga, Bizkaia), Gaztedi (Laukiz, Bizkaia), Ibarra (Gipuzkoa), Zuraide (Lapurdi) eta Berriozar (Nafarroa). Emakumezkoetan, gizonezkoetan eta mistoan parte hartuko dute euskal taldeek. Emakumezkoetan, Badaiotz nagusitu da Euskal Herriko Txapelketetan, irabazi egin baititu 500 eta 540 kilokoak. Gizonezkoetan, Beti Gaztek ez du aurkaririk izan, Nafarroako zein Euskal Herriko txapelketa guztiak irabazi baititu. Lesakako taldea (Nafarroa), ordea, ez da Txinan lehiatuko, bertako tiralariek arazoak zituztelako Txinara joateko.

Nazioen artekoari dagokionez, Euskal Herriko selekzioa, Basque Country gisa, bederatzi pisutan lehiatuko da, Europako eta Asiako beste hamalau herrialderekin. Txina, Taiwan, Japonia, Hego Korea, Macao, Malaysia, Mongolia eta Singapur izango dira Asiako ordezkariak; eta Euskal Herria, Alemania, Irlanda, Italia, Letonia, Herbehereak eta Eskozia Europakoak. Ikusteko dago Afrikako selekzioak ariko diren. Hala balitz, Kongoko Errepublika Demokratikoak eta Hegoafrikak ordezkatuko lukete kontinente hori.

Itxaropen handiak

Volendamen (Herbehereak) jokatu zen aurreko Goma Gaineko Munduko Txapelketa, duela bi urte. Uzta ederra lortu zuten euskal tiralariek orduko hartan, hamahiru domina irabazi baitzituzten: taldeka, zilarrezko hiru eta brontzezko bost; eta selekzioka, zilarrezko bat eta brontzezko lau.

Urrezko dominarik ez zuten lortu euskal sokatiralariek. Hala ere, Euskal Herriak gizonezkoen 23 urtez azpikoan lortutako zilarra «miresmen bereziarekin» gogoratu du Jone Zarragak (Erandio, Bizkaia, 1969), Euskal Herriko Sokatira Federazioak duela gutxi arte Nazioarteko Federazioan (TWIF) izandako ordezkariak. «Oso polita izan zen Euskal Herriak zilarra lortu izana, Berriozarko taldeak lortu zuena. Etorkizunerako altxor bat daukagula erakusten digu horrek; tamalez, herrialde askok eta euskal talde askok ez dutena».

Zarragaren lana erabakigarria izan zen 2014an Euskal Herriko selekzioak ofizialtasuna lor zezan. Mugarri horri beste bat gehitzear izan da Zarraga. Izan ere, Euskal Herriko Federazioak azken unera arte izan zuen aukera aurtengo Munduko Txapelketa antolatzeko, baina boto bakar batengatik nagusitu zitzaion bozketan Txina. Zarragak berak aurkeztu zuen hautagaitza, baina Asian txapelketarik jokatu gabe zegoenez, Xuzhouren alde egin zuen Nazioarteko Federazioak. «Asian, goma gaineko sokatiran aritzeko ohitura handia dago, eta Europan, lur gainekoan. Maila handia dute txinatarrek, eta zaila izanen da urrezko dominaren bat lortzea. Baina maila bikaina erakutsi dute aurten euskal taldeek».

Galder Gobantesek (Zeberio, Bizkaia, 1987) hartu berri dio lekukoa Zarragari TWIFen. Xuzhoun dago Gobantes ere, Sokarrirekin ariko baita. Atsekabea sortzen dio hainbat taldek txapelketara joan ahal ez izateak, bereziki aurten gizonezkoetan onenak izan diren Beti Gazteko sokatiralariak: «Esfortzu handia eskatzen du kirolarientzat, zailtasun asko izan dituzte Txinara joateko aukera izateko. Meritu handia dute txapelketan egongo diren sei euskal taldeetako tiralariek, hori garaipen bat da jada. Telebistan agertzen diren kirolak kenduta, gainontzekoetan borrokan ari gara beti, eta are gehiago emakumezkoen kasuan», adierazi du.

Zailtasun ugari izan dituzte, besteak beste, 23 urtez azpiko sokatiralariek, gehienak ikasleak baitira, eta daukaten maila onaren jakitun esfortzu handia egin dute Munduko Txapelketan parte hartzeko.

Ongi dakite Badaiotzeko taldeko emakumezkoek zein den egin beharreko sakrifizioa, urteak daramatzatelako Munduko Txapelketetan parte hartzen. Haiek dira, hain zuzen, urrea lortzeko aukera gehien dutenak. Azken ekitaldietan ez dira inoiz esku hutsik itzuli. «Ondo prestatuta goaz. Ahal izan dugun guztia eman dugu, eta ahalegin handia eskatu digu. Urrea irabaztea oso pozgarria litzateke, baina Euskal Herrian erakutsitako maila eta entrenamenduetan egindako lanaren fruituak jasotzera goaz. Lan ona egin dugun sentsazioarekin etorri nahi dugu etxera», azaldu du Eva Gonzalezek (Gasteiz, 1974), Badaiotz taldeko tiralariak.

Gonzalezentzat ekitaldi berezia izanen da, gainera. Izan ere, lehiara itzuli da, 2009an hiru haur izan ondoren. «Irrikan nago berriro lehiatzeko». Etxeko taldeak nabarmendu ditu aurkari indartsuen artean. «Txinak eta Taiwanek maila handia dute, eta txapelketa han izanda, prestaketa oso ona egin izanen dute. Dena den, Euskal Herria herrialde indartsua da emakumezkoen sokatiran, eta munduko txapelketa guztietan erakutsi dugu. Dominen lehian ibiliko garela pentsatzen dut».]]>