<![CDATA[Maider Alustiza Lasa | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sat, 21 May 2022 21:15:58 +0200 hourly 1 <![CDATA[Maider Alustiza Lasa | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Lurrari lotuz, euripean dantzan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/016/001/2021-11-30/lurrari_lotuz_euripean_dantzan.htm Tue, 30 Nov 2021 00:00:00 +0100 Maider Alustiza Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1876/016/001/2021-11-30/lurrari_lotuz_euripean_dantzan.htm
Oraingoan, ezker abertzaleko pertsona gisa, azken bost urteetan lokartuta izan dudan etorkizunerako itxaropena piztu zaidan honetan, Sorturen orainaz kezkaturik idazten dut.

Beste askok bezala, aktiboki parte hartu dut ezker abertzalean azken hogeita bost urteotan, herrian, kargu instituzionalak, bozeramailetzak... Baita zintzoki bozkatu ere, legalak eta ilegalak ginenean, batzuetan kritiko, askotan irribarretsu. Ez dut ordea botorik eman azken bost urteotan. Batzuek bere egin duten euskal ezker abertzale hori ezin nuen sustengatu, nahiz eta euskal abertzaletzat dudan neure bihotz, buru zein esku ezkertiarra.

Baina Lurrari lotuz ponentzia etorri da. Ahots kritikoa altxa da, ñabardurak ñabardura, eztabaida eta kritika eraikitzailearen bidez ildo ofiziala hobetzeko aukera iritsi da.

Balantzean gehiegi zentratu omen dira batzuk. Balantzearen irakurketa ezinbestekoa da aurrera begirakoa marrazteko. Eta harriduraz entzun dut hamar urteko balantzea, Disney jaunak idatzia bailitzan. Zorionez, irakurketa positibo asko dago egiteko, urte luzeetan zehar euskal herritar askok egindako lana eta emandako bizitzei esker iritsi baikara gauden eszenatokira, baina baita zuzendu eta borrokatzeko asko ere.

Gure herriko etxe askotako egoera ez da erraza izan, gurean azken hamar urteotan jasandako lau espetxealdiren ostean bosgarrenaren zain gaude, semeak futbol partida bezperan cara al sol eta Franco goratzen duten irudiak jaso ditu aurkariengandik, alabak euskaraz matrikulatua egonik gazteleraz ikasi behar du, amonak 30 urteren ostean jarraitzen du espetxera joaten, aurrez aurreko bisitarik gabe oraingoan, biolentzia matxistak eragindako 30 emakumetik gora hilda, Baionako elizan janari eske doazen euskal preso ohiak, puskatutako hamaika familia artatu gabeko espetxe politikaren ondorioen eraginez, euskal militanteen aurkako prozedura judizial berriak, euskal kulturaz bizitzeak arrisku handiko kirola dirudi, zenbat hildako lanean ari zirelarik, duela ehun urteko hezkuntza sistemarekin jarraitzen dugu... azken hamarkadan, bai.

Alde pertsonalak alde batera utzi behar direla aurpegiratu zidan batzarrean gaztetxo batek. Zer da ezker abertzalea ba, pertsonez osatutako mugimendua ez bada? Lau pareta zuri eta hotzeko ordenagailuan idatzitako hitz soiletako estrategia bainoago, hobe litzaiguke pertsonetan oinarrituta margotu, zuzendu, aberastu eta koloreztatutako marrazki, kantu ala dantza plazaratuko bagenu.

Edo emakume gehiago baleude erabakiguneetan, historikoa den adierazpena egin behar denean bi gizonezko azaltzen baitira (ulergaitza zaidan testuaren balorazioa alde batera utziko dut oraingoan). Erabakiak nork hartzen dituen bai, baina nork komunikatzen dituen, horrek ere badu garrantzia; eta herria emakumez josia dago, zorionez. Hori bai, emakume batek iritzia ematen duenean prota hutsa da, eta gizonezkoak hitz egiten duenean putoamoa oraindik ere. Zinegotzi ginenean, espainiar estatu mailako sasi kazetari batek gure udal taldeari buruzko artikulua idatzi zuen: «las concejalas de herri batasuna huelen a cianuro vaginal» idatzi zuen. Bi ginen emakumezkoak orduan, bien izen-abizenekin idatzi zuen iraina estatu mailako egunkari batean. Hura salatzea ez omen zen lehentasuna, ilegalizatu behar gintuzten, udal taldeko hiru kide espetxeratu egin zituzten, hildakoak astero... lehentasunak baziren bai, baina feminismoak ere hor beharko luke. Ezin uka gauza on asko egin baziren ere gure etxeko jarduna batzuetan matxista izan zela eta dela.

Lau pareta artean nola idatzi daitezke baserritarrez, arrantzalez, musikariz, irakaslez, ikaslez, ingeniariz, kirolariz eta abarrez osatutako ezker abertzalearen oraina eta etorkizuna?

Zuatzuko egoitza berria inauguratu zenean koadro bat oparitu nion Sortuko arduradunari; Haizearen Orrazia ikus daiteke, eta zera dio: Bizitza ez da noiz atertuko itxarotea, euripean dantzan ikastea baizik. Sentitu, pentsatu, ekin!. Duela gutxi koadroak pareta berean jarraitzen duela ikusi nuen, baina orain, bulegoa EH Bilduko lehendakariarena zela esan zidaten.

Behaketa ezinbestekoa da, entzutea are gehiago. Parte hartzea ez da erraza izan kongresu honetan, parte hartzaileen erdiak ez du botoa eman... Larria benetan egoera. Indartuta atera omen gara... Indar handirik ez du 3.164 pertsonak gidatutako mugimendu batek... LABek 45.000 afiliatu, Gazte Topagune Sozialistak 1.500 parte hartzaile elkartu, Ernaik 200 azken topaketan, Bilboko manifestazioan milaka pertsona, Ikama, Bilgune Feminista, Ikasle Abertzaleak, Itaia... eta abar. Garaian Amnistiaren Aldeko Mugimendua sartuko nukeen, baina esan dut politika utzia dudala eta ez dakit gaur egun zertan den arlo hori...

3.000 lagunek ezker abertzalearen ildoa eta zuzendaritza marraztuko badute, jai dugu. Atera gaitezen kalera, zabal dezagun parte hartzea, etxe, baserri, bide, fabrika, kultur areto, frontoi eta zelai guztietara.

Orainaz kezkaturik, etorkizuneko itxaropenaz begiak zabalik, dantzatu gaitezen lurrari lotuz euripean, ala suaren gainean, ala edozein herriko jaietan. Guztiok.

Gora ezker abertzalea.]]>
<![CDATA[13/13, zer moduz?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1896/021/001/2021-07-20/1313_zer_moduz.htm Tue, 20 Jul 2021 00:00:00 +0200 Maider Alustiza Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1896/021/001/2021-07-20/1313_zer_moduz.htm
Hamaika urte ondoren, biziraupena eta defentsa mekanismo orori heldutako tsunamian surfean aritu ostean, gezurretan arituko nintzaizuke ondo soil bat jaurtita. Kontakizun judiziala zein kokapen politikoak edan ditut hedabide ezberdinetatik. Oilo ipurdia larru azalean torturak entzundakoan, amorrua, inpotentzia... zinez gogorra.

Urte berean bigarren atxiloketa zein espetxeratzea izan genuen 2010eko apirileko hura. Bosgarrenaren atarian oraingoan. Espetxeratu zutenean partekatu zidan etengabeko galdeketez gain, bost egunez jan, edan eta lorik egin gabe egon zelarik laugarren egunean ospitalera eraman zutela. Hamaika urte ondoren, bere burmuinak oztopatutako pasartea berreskuratuz, komisariako ziegan umeen eta nire argazkiak erakutsi eta mehatxuak egin zizkiotenekoekin egin zuen oka. Entzundakoan ohartu nintzen nire garunak ere blokeatu zuela ezaguna bezain mingarri nuen eta bere deklarazio judizialean jasoa dagoen pasarte hura.

Beste hainbat bezala hilotz aterako ote zuten jakin gabe, zer kontatu seme-alabei? Umeen galderei erantzunik ez zuen ama nintzen. Noiz? Non? Zergatik? Ez dakit, maite. Anaiaren etxean egin behar izan genuen lo, Guardia Zibilak etxea hankaz gora utzi, guztia txikitu eta lapurtu ostean. Hori da epaiketa honek dakarkiguna egunotan. Baina bizitzak jarraitzen zuen, pureak, fardelak, lana... Nekea, tristura, kezka aste honetan birbizitako oroitzapenak.

Etxeko postontzian Guardia Zibilaren txosten mardula topatu nuen. Abokatuen datuak, jarraipenak, komisarian eman beharreko tratua... Zer da hau? Zer egin? Bidea atzera begira eginaz, abokatuei eraman eta audientzia espainiarrean aurkeztu genuen. Hurrengo egunean prentsa oharra argitaratu zuten: «La Guardia Civil acusa a la esposa de uno de los acusados de hurto de documento». Poliziaz jositako etxe hartan, hiru orduz bi guardia zibilek armaz apuntatzen ari zitzaizkidala... Oraingoan bai superwoman! Irailaren 7an joan behar dut epaiketan deklaratzera; senarra han egongo denez, seme-alabak hemen utzi eta antolatu beharko ditugu eskolako beraien lehen egunean.

Bi hilabetera eman ziguten lehenengo aldiz telefonoz hitz egiteko aukera. Hiru hilabetera lehenengo bisa umeekin. Lau urtekoak ez zuen sinisten aita bizirik zegoela ere. Nire gogoaren kontra, kristalaren atzetik bisita egitera eraman nuen bizirik zegoela ikus zezan. Aita ikusi eta lokutoriotik atera zen korrika. «Nondik joaten da berarengana?». Bere onetik ateratako animalia gisa atzera eta aurrera irteera bila korrika ibili ostean onartu zuen ez zegoela aita besarkatzeko biderik. Oraindik ere gogoratzen dudan bakoitzean, barrena hausten ari zaidan oihartzuna datorkit.

Aste honetan hitz egin du horri buruz lehenengoz, «guztia beltza, argirik gabe zegoela gogoratzen dut», esanaz. Hilabetera, gure semearen gorputzak gaixotasun arraro bat garatu zuen. Besoa atrofiatu eta paralizatu egin zitzaion. Gerta zekiokeen gauzarik onena besorik gabe geratzea omen zen. Medikuz mediku, tratamendu gogorra, eskolarik gabe,... telefonoz kontatu behar izan nion guztia senarrari; nola kontsola nezake telefonoz bestaldeko negar hura... Mina, nirea, berea, haurrarena,... Injustizia honekiko lau urteko haurraren erreakzio bortitza.

Politikan lanean luze aritu eta bost seme-alaba erditu ostean, behingoz urte luzetako ikasketen emaitza martxan jartzeko hautua egin, eta 2009 osoan zehar nire ametsa zen enpresa eraikitzen aritu nintzela ere kontatuko dizut. Proiektu profesionala garatu eta autosufizientzia ekonomikoa. Emakume bezala hobe ulertuko nauzu, irakurle. Hasi eta hilabetera eraman zuten. Bakarrik, espetxe politika den munstroaren aurrean: familiaren zaintzan, senarraren zaintzan, 1.800 km hamabost egunean behin, motxilak, paketea... eta bizitzak jarraitzen zuen, erosketak, pureak, fardelak, biberoiak... Akabo proiektua. Abenduaren 3an atera zuten espetxetik, 24an hil zen bere aita bihotzeko gaitzak jota. Hilabete gutxira diagnostikatu zidaten bizitza baldintzatu didan artritis erreumatoidea.

2016an, hirugarren espetxealdian, hilabetez ospitalean, hiru ebakuntza, hil ala bizikoa bat, ZIUan hilzorian larri, zainetatik sartutako morfinak lausotu ezin zuen heriotza deseatzerainoko mina ezagutu nuen. Bat-batean, seme-alabak utzi behar izan nituen, dispertsatuta. Aita, espetxean gaizki. Ama, ospitalean hilzorian. Ez genuen elkar ikusi hilabetez.

Bizitza motza geratuko zait garai hartan lagundu gintuzten guztiak eskertzeko. Nire egoeraren larritasunean oinarrituta eta «familiaz okupatu zedin» askatu egin zuten, hala zioen epailearen idatziak bederen. Etxean elkartu ginen berriz ere zazpiok. Hitzekin ezin konta nezake elkartze hori zer izan zen. 13/13 epaiketaz ari naizenez, hurrengorako utziko dut, ez baita ipuinetako istorio polita muturreko isolamenduak hautsitako pertsona zein familia elkartu zenekoa eta urteetan sufritutako ondorioak.

Egun, seme-alaba eredugarri zein zoragarriekin naturan libre bizi gara zazpiok. Gaixotasuna gainditu, eta hamabost urteko musikari aparta dugu garai hartan lau urterekin gorputzak gelditu zuen semea. EHko txistulari txapelduna; gaitasun handien ondorioz, ikasturte bat salto egin duen etorkizuneko orkestra zuzendari maitagarria, eta horrela jarrai nezake bostekin.

Epaiketa honetan, hamabi urteko espetxeratzearen mehatxupean, bizirautetik bizitzera pasatutako biktima familia honi berriz ere bizirautera pasatuko ote garen mamua berpiztu zaio. Aita Madrilen dagoen bitartean beldur guztiak itzuli eta Damoklesen ezpatak bere horretan jarraitzen duela erakutsi digu. Espetxera ez baitoa pertsona bakarra, familia osoa espetxeratzen baita. Hala egin beharko nuke, baina ez dizut oraingoan hitz egin senideok pairatzen ditugun etengabeko giza eskubide urraketa sistematikoei buruz. Oraindik ehunka senidek horrela jarraitzen duela jakiteak bihotza uzkurtzen baitit. Lerro hauen bidez, nire besarkada beroena eta maitasun guztia espetxea pairatzen duen senide orori. Baita injustizia politiko eta humano berri honen aurrean epaiketa honetan dauden hamabost haur eta familiei ere.

Milaka senide dago gure herrian «zer moduz?» gehiagotan galdetu beharko litzaiokeena.]]>