<![CDATA[Maitane Nerekan Umaran | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sat, 20 Aug 2022 01:13:47 +0200 hourly 1 <![CDATA[Maitane Nerekan Umaran | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Opor gutxiegi ditugu i(ra)kasleok]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1961/004/002/2022-06-22/opor_gutxiegi_ditugu_irakasleok.htm Wed, 22 Jun 2022 00:00:00 +0200 Maitane Nerekan Umaran https://www.berria.eus/paperekoa/1961/004/002/2022-06-22/opor_gutxiegi_ditugu_irakasleok.htm
Irakasleok opor gutxiegi ditugu, ikasleek opor gutxiegi dituzten bezala eta langileria gehienak bezala. Kasurik eta onenean, urtearen laurdena emango dugu oporretan eta gainontzekoa patronalak ezartzen dizkigun ordutegien arabera. Zelan erori gaitezke kapitalismoaren tranpan hain erraz edozein langilek opor gehiegi dituela esanez? Soldatapeko lana, gutxi batzuen eskuetan pilatuta geldituko den «aberastasuna» sortzera bideratutako lana, ama lurrak sostengatu ezin duen produkzio basatian oinarritutako lana, hori da gure bizitzaren erdigunea. Ez zaintza, ez gure erritmo biologikoak, ez ama lurraren zikloak, ezta beste ezer ere; are gutxiago ume eta gazteen behar biologiko eta emozionalak. Lanaren arabera antolatu behar dugu dena. Noiz prestatu bazkaria, lanak uzten digunean. Noiz egon seme-alabekin, lanak uzten digunean. Noiz zaindu lagunak, lanak uzten digunean. Noiz eman gozamena gorputzari, lanak uzten digunean.

Hori horrela, noiz ditugu opor asko? Noiz gehiegi? Noiz gutxiegi? Zein izan behar du hezkuntzako egutegi eta ordutegiak zehazteko irizpidea? Zein garrantzi dute oporrek hezkuntza prozesuetan? Zenbat hezten gara oporraldietan eta zenbat eskolan? Zenbat atseden behar du ikasleak? Eta irakasleak?

Susmoa dut, hezkuntza egutegia eta hezkuntzako langileon egutegia kritikatu egiten dituzten gehienek beren frustrazioetatik eta kontziliazio arazoetatik abiatuta egiten dutela eta ez kalitatezko hezkuntza edo ikasleriaren ongizatea irizpide hartuta. Badakit oso zaila dela gehiengoarentzat seme-alaben zaintza duina eta soldatapeko lana uztartzea; hortik desazkunderako beharra: astean lau laneguneko egutegiak, jardunaldi laburragoak, planetaren ongizatean oinarritutako lan-sistema... Hezkuntza egutegia egituratzeko, kultura judu-kristaua eta sistema ekonomiko kapitalistak dituen beharrak kontuan hartzen dira batez ere, kolonoen zenbait jairekin batera. Hau da, ikasleek jai daukate santu kristauek uzten dietenean edo haien gurasoek etxean egoteko aukera gehien dutenean (hala ere, askok ez dute aukerarik). Hasteko, zalantzan jarri dezagun hori. Pentsa dezagun erlijioaren eta logika kapitalistaren pean egindako denboraren antolaketa zelan atera dezakegun gure hezkuntza antolakuntzatik. Amestu dezagun honetan ere, ametsak bizirik izateak horienganako bidea egitera eramaten gaituelako. Pentsa dezagun zein den XXI. mendeko Euskal Herrian egutegiak zehazteko lehentasunezkoa izan behar duen irizpidea: zaintza lanak, solstizioak, hilerokoaren zikloak, aurrezpen energetikoa, euskal herri-kulturaren zita garrantzitsuak, ume, gazte zein langileriaren atseden beharrak... aukerak asko.

San Juan bagileko, denbora ederreko, artok eta garik kaxan gordeteko, apok eta sugek zurtan erreteko. Gora san juan bagileko! Uda ona pasa, polit horiek!]]>
<![CDATA[Sex-sua ikastetxe barruan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1909/008/001/2022-05-25/sex_sua_ikastetxe_barruan.htm Wed, 25 May 2022 00:00:00 +0200 Maitane Nerekan Umaran https://www.berria.eus/paperekoa/1909/008/001/2022-05-25/sex_sua_ikastetxe_barruan.htm
Hala ere, sexualitateak ez du leku duinik merezi gurean. Batzuen ustez, ez delako tokia; beste batzuentzat, tokia badela pentsatuta ere, urtean behin egindako bi orduko tailerrarekin nahikoa delako (oraindik ere, maiz, gaixotasun eta arriskuetatik abiatzen dena). Zein espazio izan behar du sexualitateak hezkuntza formalean? Nork hartu behar du horren ardura? Nondik begiratu behar diogu sexualitateari haur eta nerabeekin lan egiten dugunok?

Lehenengo galdera horri erantzutea ere absurdoa gerta daiteke; sexualitateak ez du behar espaziorik, baduelako espazio guztia. Pasabideetan, geletan, jolastokietan... Badago sexualitatea nonahi, gorputz sexuatuek espazio horiek habitatzen ditugun heinean. Hori ikusi nahi ez izatea koldarra bezain arriskutsua da. Larruazalak, garunak eta genitalak dauden bitartean, sexualitatea badago ikastetxeetan (Maite Higuero euskal sexologoaren hausnarketa sentikorretik tiraka). Ez gara txortan egiteaz ari (edo bai); komunikazioaz, zaintzaz, plazerez, hizkuntzez, desioez, samurtasunaz, autoezagutzaz, kulturaz, jolasez, mugez eta elkarbizitzaz ari gara, besteak beste. Hitz horietako asko gure dokumentu ofizialetan daude, curriculumetan, ikasleen irteera-profiletan, ikastetxe proiektuetan eta hezkuntza sailburuen diskurtso arranditsuetan; nahiz eta ez dugun ikusten (edo ez duten ikusi nahi) zein harreman duten sexualitatearekin.

Sexualitate kontzeptu oso pobre eta usteldua darabilgu ahotan gehienetan. Horrek gure bizitzak eta harremanak pobretzen ditu; baita gure hezkuntza proiektuak ere. Ikasle eta beraz, herritar, autonomo, osasuntsu eta konpetenteak nahi baditugu, gizakion (ume, gazte, heldu zein zahar) dimentsio sexualari dagokion tokia aitortu behar diogu hezkuntza proiektuetan, eta horri arduraz begiratu. Hori egin ezean, itsu-mutu-gorrarena egiten jarraitzen badugu, sexualitate ustel, patriarkal, falozentrista, biolento eta kaskarra erreproduzitzen jarraituko dugu, ikasleen maila konpetentziala eta humanoa kaltetuz. Horra hor eskola porrota.

Euskal Herrian baditugu aholkatu ahal gaituzten sexologo, hezitzaile eta pedagogo espezialista bikainak. Baina ardura denona da, beraiek tailer edo formakuntza ederrak eman baina denok kontrako norabidean arraun egiten badugu, ez duelako fruiturik emango.

Platon! Kopiatu ezazu mila aldiz: gorputza ez da arimaren kartzela, gorputza ez da arimaren kartzela, gorputza ez da arimaren kartzela…]]>
<![CDATA[Gaztetxea, gure ikastetxea?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1909/005/001/2022-04-27/gaztetxea_gure_ikastetxea.htm Wed, 27 Apr 2022 00:00:00 +0200 Maitane Nerekan Umaran https://www.berria.eus/paperekoa/1909/005/001/2022-04-27/gaztetxea_gure_ikastetxea.htm
Ikaskuntza konpetentzialaren ideia nonbait bere osotasun eta handitasunean zer den ulertu badut, herri-mugimenduko eragileetan izan da; izan, auzo elkarte, gazte asanblada, jai batzorde, dantza talde, kirol klub, rol-joko elkarte, kolektibo ekologista edo asanblea trans-maribi-bolloa. Aktibismoak, militantziak, boluntariotzak edo deitu dezagun nahi dugun bezala, gure jakintza, inguratzen gaituen errealitatearen zerbitzura jartzera behartzen gaitu, ezagutza berriak elikatzearekin batera. Elkarteko estatutuak erredaktatzen, txosnako aurreko kontuak egiten, dantzaldirako baimena udaletxean erregistratzen zein asanbleako gatazkei konponbidea bilatzen, konpetentzia matematikoak, zibikoak, ikasten ikastekoak, linguistikoak eta gainontzeko guztiak aktibatzen ditugu, matematikako azterketan deribatu partzialak egiten edo filosofiakoan San Agustinentzat libre albedrío zer den azaltzen baino askoz gehiago. Horrez gain, bertan ematen den hezkuntza emozionala, belaunaldi arteko kultur transmisioa, gaixotasun mentalen prebentzioa zein inklusio lana, ez dugu eraginkortasun berarekin egiten ikastetxeko lau horma zurrunen artean. Ez, behintzat, aldaketa kualitatibo sakonak egiten ez baditugu gure hezkuntza sistemetan. «Ni Gaztetxeak salbatu ninduen», esan zuen batxilergoan 9 suspentso atera eta «ikasle txarren» estigma poltsa horretan sailkatutako lagun batek. Ez zen arlo akademikoaz ari soilik; droga menpekotasunaz, esklusio sozialaz, apatiaz eta beste arrisku anizkoitzez ere ari zen.

Zergatik ez ditugu espazio fisiko zein sinboliko horiek guztiak ikastetxe gisa legitimatzen? Nola eraiki dezakegu eskolen eta herri eragileen arteko harreman atzeraelikatzailea? Zein arrisku eta zein abantaila izan dezake saretze horrek? Batzuk eskola politizatzeko mehatxuaz ariko dira arriskuak zerrendatzean. Ez zaie arrazoia faltako. Heziketa prozesuak lau hormen arteko espaziotik eta norabide bakarreko edukien transmisiotik baino askoz haratago doala pentsatzeak, hezkuntza ulertzeko posizio politiko-pedagogikoa da. Gainera, kolektiboak indartzen gaituela aldarrikatzen duen ideia, izan gure aisialdia antolatzeko, desobedientzia zibilerako, elkarbizitzarako zein gure ekonomia sostengarriagoa egiteko, indibidualismoaren ideologiari aurre egiten dion posizio politikoa da baita ere. Curriculumetatik eta gure praktika hezitzaileetatik ume eta gazte kritikoki autonomoak hezituko bagenitu eta gure herrietan dagoen errealitate anitzaren argazkia emango bagenie, hori ez litzateke mehatxu izango. Ez genioke beldurrik izan beharko politika ikasgelan sartzeari ikasle kritikoki osasuntsuak bagenitu aurrean eta dogmatismotik eta partidismotik at egingo bagenu. Polisaren kontuak kudeatzea, ume eta gazteen ardura eta eskubidea ere bada.]]>
<![CDATA[Ahalegin txikienaren legea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1909/007/002/2022-03-30/ahalegin_txikienaren_legea.htm Wed, 30 Mar 2022 00:00:00 +0200 Maitane Nerekan Umaran https://www.berria.eus/paperekoa/1909/007/002/2022-03-30/ahalegin_txikienaren_legea.htm enko batekin titulua lortzea. Edo birekin. Bosta bihurtzen den laua. Hamarra bihurtzen den zortzia. Paper zikin batean euskara traketsean azken unean aurkeztutako eta gainditutzat emandako lana. Lana aurreztearren, ebaluazio saioan denak gainditu dituen irakaslea. Edo, gehienak suspenditu eta arazoa soilik ikasleengan ikusi duena. Emaitzak puztu dituen selektibitateko zuzentzailea. Lau suspenso izanda ere, semeak DBHko titulua lor dezan, inspektorearengana jo duen gurasoa. Ikasleari gainditu behar zaiola iradokitzen duen inspektorea. «COVID neurrien» aitzakiapean aldatu diren ebaluazio irizpideak. «Emaitza onengatik» etxean saria jaso duen umea. Etxerako lan «gehiegi» bidali ohi dituen irakaslea. Emaitzak puztu dituen ikastetxe pribatua. Denei 10 jarri dien erlijio irakaslea.

Ezaguna al zaizue horietakoren bat? Entzun al duzue horrelakorik irakasle, ikasle edo gurasoen arteko elkarrizketaren batean? «Exijentzia maila ikaragarri jaitsi da» eta «gaur egungo ume eta gazteek ez dute diziplinarik» baieztapenak gizarte sentipen hedatua direla esango nuke. Baina, egia al da hori? Eta, izatekotan, nor da exijentzia maila jaitsi duena, ikasleak, irakasleak ala hezkuntza sistemak? Zein irizpidek zehazten du exijentzia maila? Zer diziplinaren ideia dago baieztapen horien atzean? Exijentzia altua positiboa al da berez? Diziplinak bide onetik al garamatza beti?

Hezkuntzari dagokionez, zein gure bizi esperientzietako beste esparru askotan, diziplina eta exijentzia txirikordatuta daude. Exijentzia maila altuak gaixotu gaitzake, autoexijentziaz ari garenean batez ere. Exijentzia ezak, aldiz, gure potentzialaren zuku guztia ez ateratzera garamatza. Diziplinak errutina auto-exijenteegietan erortzera bultza gaitzake. Edo ez. Badago diziplina «nik esaten dizudan hori» egitearekin konfunditzen duenik ere. Bitxikeri esanguratsua, gaztelerazko adieran, diziplina, kañamo landarearekin egindako jipoi-makila izendatzeko erabiltzen da. Horra hor kañamo diziplinatzailea.

Askatu edo moztu Euskal Hezkuntzagintzaren erronka zahar eta berriak liburuan, Nora Salbotxek hezkuntzaz eta diziplinaz aberats dihardu: «Diziplinatzea litzateke gaurko hezkuntzaren muinean oraindik ere legokeen bertze ezaugarrietako bat. Ikasle geldo eta isila, gutxi eskatzen duen hori litzateke eredugarritzat ematen dena oraindik ere. Ez dezagun ahantzi zein testuingurutan sortu zen gaurko hezkuntza sistema, eta nolatan gaur den egunera arte hezitzaile-ikasle ratio onartezinen baitan antolatutako gela zurrun eta itxietan jorratzen den irakaskuntza». Ideia horretatik tiraka, Gramsciren askatasunetik abiatutako diziplinaren ideia edo Lenin eta Makarenkoren «diziplina kontzientea» kontzeptuak ekartzen ditu hausnarketarako pizgarri bezala.

Exijentziaren eta diziplinaren zein adierarekin jokatuko dugun adostu behar dugu euskal hezkuntza komunitatekook. Adostu ezean, bakoitzak bere irizpidea erabiliko du, kalitateko hezkuntzaren kaltetan; edo, txarragoa dena, gizakiak zein ekosistemak suntsitzen dituen kapitalismo basatiaren irizpide alienatzaile, ez kontziente eta interesatuaren adiera erreproduzitzen jarraituko dugu. «Denak balio du» ideian erori gabe, askatasunetik abiatutako diziplina kontzienteetan sakondu dezakegu.

Amaitu aurretik, ohar garrantzitsua: adi, Korrika badator!]]>
<![CDATA[I(ra)kasle puta horiei]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1907/008/002/2022-03-02/irakasle_puta_horiei.htm Wed, 02 Mar 2022 00:00:00 +0100 Maitane Nerekan Umaran https://www.berria.eus/paperekoa/1907/008/002/2022-03-02/irakasle_puta_horiei.htm
Hona hemen lehen gezurra, indarkeria salaketa faltsu horien estilokoa noski. Nik ez baitut zutabe hau idatzi. Zutabe hau sarean idatzi dugu Olatzek, Ainarak, Irantzuk, Araitzek, Itsaslorek, Irenek, Naiarak, Amaiak... eta une honetan galdera zeuen buruari egiten ari zareten horiek ere bai, nolabait. Ikasle zein maistra paperean ikastetxe bat zapaldu duzuen horiek. Nik galdera besterik ez dut formulatu: zer izango litzateke ezberdin zure lantokian hezkuntza sistema feminista izango balitz? Hona hemen gure uzta; behar duenak har ditzala apunteak, bihar azterketa baitago.

Natura institutuaren parte izango litzateke, eta ez hesietatik kanpo dagoen errealitate paraleloa. Gorputza entzuteko eta harekin konektatzeko tailerrak leudeke (sukaldaritza, sendabelarrak, dantza, arnasketa saioak...). Hilekoa bezalako zikloen arabera malgutuko lirateke eginkizunak. Sujetadore gutxiago eramango lirateke. Inauterietan akabo spiderman eta printzesak; ez lirateke egongo super heroi mazau-rik eta brilli-brilli soinekorik. Giroa askoz zoriontsuagoa eta libreagoa izango litzateke, eta elkarbizitzarako beste arazo batzuetan zentratzeko aukera emango luke. Ez nuke neure burua behartuko «fotopollaren» zentzu antropologikoa aztertzera. Gizonezko irakasle bat Haur Hezkuntzan egotean ez litzateke goraipatuko. Ikasle nesken parte hartzea handiagoa izango litzateke gela barruan. Korridoreetan zarata gutxiago («hooligan kultura» gutxiago) egongo litzateke. Aniztasuna aberastasunez biziko genuke. Ikasleek haien ikasketen ardura izango lukete, eta autonomoagoak lirateke. Patioa ez litzateke kartzelaren antzekoa. Eraso eta borroka gutxiago egongo lirateke. Bakoitza gustuko eta gustura dagoenarekin jantzita joango litzateke. Malfollada iraina erabiltzen duenak ulertuko luke, hori horrela bada, batzuk gaizki egiten dutelako dela... eta pilak jarriko lituzke. Ikasturte hasierako bileretara aitak eta amak proportzio berean joango lirateke. Gizonak egongo lirateke garbitzaileen eta jantokiko langileen artean. Neskek ez liokete elkarri konpresarik eta tanpoirik eskatuko ezkutuan. Ez nuke irakasgai ezberdinen programetan emakumezkoen erreferenterik gehitu beharko. Ez nieke ikasleei emakumeak beti hor egon garela gogoratu beharko. Ez nuke ikusiko unibertsitatean ikasle gehienak emakumezkoak izanda (eta nota onenak dituztenak, gainera) ikasketak bukatu ostean garrantzi gutxiagoko lanpostuetan bukatzen dutela. Ez nituzke feministak ez diren (edo zuzenean feminismoa bera zer den ulertzen ez duten) pertsonen (gizonezkoen, horiek ere pertsonak baitira) nazka aurpegia jasan beharko egiten ditugun bileretan gai hau mahai gainera ateratzerakoan. Eta kitto!]]>
<![CDATA[Irakasle txerriak?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1907/007/002/2022-02-02/irakasle_txerriak.htm Wed, 02 Feb 2022 00:00:00 +0100 Maitane Nerekan Umaran https://www.berria.eus/paperekoa/1907/007/002/2022-02-02/irakasle_txerriak.htm
Txistea lerrootara ekarri baldin badut, ikastetxeetan, unibertsitateetan zein hezkuntzarako gune formal diren beste espazioetan, hezitzaileok (maistrak, bidelagunak, irakasleak...) izan behar garenaz hausnartzeko da. Zelakoa da Euskal Herriak behar duen irakaslea? Zer exijitu behar zaio? Nork eta zelan ikuskatu behar du bere lana? Non gelditzen da bera (emozioak, identitatea...) ikasgelako atea zeharkatzen duenean? Norena da irakasleak motibatzeko ardura? Zelan izan daiteke «opor asko» duen txerria baino zerbait gehiago? Hausnarketa horiek beharrezkoak dira irakasle eskoletan, ikastetxeetan zein hezkuntza legeen eztabaidan.

Hezitzaileok dugun boterea ikaragarria da, boterea bestearengan eragiteko gaitasuna bezala ulertuz gero. Aldi berean, ez dago irakasle bat gela barruan baino ezer zaurgarriagorik. Boterearen eta zaurgarritasunaren arteko oreka bilatzean badago erronketako bat. Agurtu berri gaituen bell hooks idazle, irakasle eta ekintzaile feministak horrela dio Teaching to transgress. Education as the Practic of Freedoom liburuan: «Ikaskuntza-eredu holisitikoa erabiltzen duen edozein ikasgelatan, irakasleak hazi egingo dira eta boterea irabaziko dute. Botere hori ezin da landu, baldin eta ahulak izateari uko egiten badiogu, eta aldi berean gure ikaslea arriskatzera bultzatzen badugu. (...) Irakasleok ikasgelako eztabaidetan geure esperientziei buruzko kontakizunak egiten ditugunean, ez dugu aukerarik ematen inkisidore isil eta orojakile gisa jarduteko. (...) Baina irakasleen gehiengoak praktikatu egin behar du ikasgelan beren ahultasuna erakusteko, buruan, gorputzean eta espirituan presentzia osoa izateko». hooksek elegante deskribatzen du erronkari aurre egiteko bidea. Horretarako, alde batetik, sostengua (formakuntza, babesa, baldintza egokiak...) behar dugu, baita ikuskaritza ez-burokratiko, eraikitzaile eta ausarta ere. Beste alde batetik, ahalduntze lana egin behar dugu, irakasle izateak dakarren ardura hartuz eta gure bizibidearen ezaugarria etengabeko ikaskuntza dela barneratuz.

Hausnarketa eremu sakonagoetan sar daiteke oraindik. Zerk egiten gaitu irakasle? Unibertsitate ikasketek? Ikaslearen begiradak? Esperientziak? Azken hori bada, nork irakasten du gehiago, ikasleak ala irakasleak? Eztabaida hori gure artean badago Euskal Herrian; hezkuntza komunitateetan leku aske baina antolatua eman behar diogu, gure lanaren zentzua eta praktikak errebisio etengabean egoteko. Bokazioa aipatzen dute batzuek, ikasketa exigenteagoak besteek; burutik eta bihotzetik zein proportziotan jarri behar den eztabaidatu daiteke baita ere. Badago hausnarketari lekurik eman nahi ez dionik, hezkuntza sistema kritiko eta sendoa armarik eta arriskutsuena dela badakielako; kontuz ibili behar horiekin. Hemendik omenaldia buru zein bihotz jarri zuten, jartzen ari diren eta jarriko dutenei, Zipitria, Beitia eta ikastetxeetan ditugun beste askori.]]>
<![CDATA[Osasuna al da gaitza?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1999/006/001/2022-01-05/osasuna_al_da_gaitza.htm Wed, 05 Jan 2022 00:00:00 +0100 Maitane Nerekan Umaran https://www.berria.eus/paperekoa/1999/006/001/2022-01-05/osasuna_al_da_gaitza.htm
Laster izango dira bi urte osasunaren izenean, protokolo kolpez, hamarnaka neurri ezarri zituztela Euskal Herriko ikastetxeetan. Musukoak, distantziak, espazioak erabiltzeko araudi berriak, ordutegi aldaketak, gelak ixtea, on-line ikaskuntza, bakartzeak... tamainako elementuak ikastetxeetan lan egiten dugunon praktikan sartu dira, hausnarketa tarterik izan gabe. Horiek zalantzan jartzea mespretxuz edo «negazionista» irainez epaitua izan da, hezkuntza eremuan gizartean bezala. Osasunaren izenean bada dena onartu behar dugula azaldu zaigu langile, familia zein ikasleei. Baina zalantzan jarri ezin daitekeen ezer osasuntsua izan al daiteke? Zientziaren arrazoiaz hitz egiten dugunean zertaz ari gara? Denise Najmanovich zientzialari eta epistemologo argentinarrak hau dio: «Objektibotasunaz hitz egiten duena obedientzia eskatzen ari da». Zer pentsatua ematen du esaldiak.

Esango nuke, hezkuntza legeak eta bestelako neurri estrukturalak diseinatzean, ez zaiola ume zein gazteen osasunari arduraz begiratu orain arte. Ikustea besterik ez dago buru zein gorputz oreka lortze bidean oztopo diren zenbat elementu normalduta ditugun hezkuntza espazioetan: ordu piloa ezeroso diren aulkietan eserita egotera behartzen ditugu, institutuetan 15:00etatik aurrera luzatzen diren ordutegiak daude otordu osasuntsua egiteko tarterik gabe, transgenikoz eta aurrefabrikatuz gainezka daude jantokietako menuak, osasun emozionala kudeatzeko espaziorik ez diegu ematen ikastetxeetan, sexu eta plazer hezkuntza programa sendorik ez dago, norberaren gorputzaren ezagutzaz eta osasunaren autogestioaz ezer gutxi irakasten diegu... Zer esanik ez aniztasun funtzionala duten ikasleen edo gorputz disidenteen kasuan; horientzako hezkuntza espazio formalak gudu-zelai dira gehiegitan. Salbuespenak salbuespen betiere, praktika desobedienteki sanoak ere badirelako profesionalen aldetik han-hemenka.

Ez gaude 2020ko martxoan, egutegiak 2022ko urtarrilaren 5a seinalatzen du gaurkoan. Hezkuntza komunitatea osatzen dugunok ez gaude orain urte bi bezala; neurriak jasateko ez gaude orduan bezain sendo. Bi urte hauetan bizi izandakoaren lagin txiki bat: ikasleen buru-osasun arazoak jakinarazten dizkiguten hamarnaka e-posta, ikasle «kutsatzaileen» beldur diren irakasleak, «on-line ikaskuntza» jarraitzeko baliabiderik ez duten familiak, krisi etengabean eta lan karga ikaragarriaz dauden zuzendaritza taldeak... Ez dezagun osasunaren izenean kalitatezko hezkuntza akatu. Inork ez du esan erronka erraza denik, are gutxiago orain. Hel diezaiogun. Sano bizi, sano hezi.]]>
<![CDATA[Hi(e)zkuntza emozionala]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1982/006/001/2021-12-08/hiezkuntza_emozionala.htm Wed, 08 Dec 2021 00:00:00 +0100 Maitane Nerekan Umaran https://www.berria.eus/paperekoa/1982/006/001/2021-12-08/hiezkuntza_emozionala.htm Nora ez dakizun hori eleberriaz negar egin, trenean, jende aurrean. Azokara sartu eta etxean sentitu, eroso. Zuberoako Maskaradan ikasteko zenbat duzun deskubritu. Mikel Laboaren Haize hegoa ahapetik kantatu etxea atondu bitartean. Alaba beso artean duzun lehen aldian, Baratze bat abestu, zoriontasun malko artean. Ulertzea nahi ez duzun horren aurrean lagunarekin euskaraz eginez babestu. Berri Txarrak-en azken kontzertua dardara batean amaitu. Basatiki maite duzun horri euskaraz adierazi. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen azken ikuskizunean emozioz aulkitik altxatu 36 urterekin. Ander Lipusen antzezlana ikustean hori gozatu ahal izatearen pribilegioaren kontzientzia hartu. Amama Xalbadorren heriotzarekin agurtu. Espainiako lagunari hizkuntzak sentitzea posible dela azaltzen gaua eman, eta berak, inbidiaz, zu ulertu. Gure Herrira babes bila etorri behar izan zuen horri euskarak babestuago sentiarazi ziola entzun. Joxe Ripiaurekin herriko jaietan aske dantzatu. Bilboko denda horretan sartu, euskaraz eskatu eta dendariak euskaraz erantzutean asebete. Kutxidazu bidea Ixabel filmaren atxiloketaren eszenan, negar egiteko gogoa ezkutatu. Erlauntza lagunartean ikusi eta, identifikaturik, barrez lehertu. Solasaldi filosofiko oso bat euskaraz hasi eta amaitu. Euskaraz ez dakiten gurasoei zu euskaradun heztearen eskertza sentitu. Euskal Herriko bertso finaleko azken isiluneekin, biloak tente izan. Gaur hemen idazteko ardura hartu.

Ikasle euskaldun eleaniztunak hezten ez baditugu, belaunaldi berriei sentitzeko gaitasuna lapurtuko diegu. Goiko paragrafoan adierazitako guztiak emozioetatik bizitakoak dira. Batzuk horiekin identifikatu egingo zarete; besteek, agian, beste istant batzuetan sentitu duzue euskara, sentitu duzue euskaraz. Hizkuntz eta kultur transmisio duin bat ez badago, aukera hori ukatuko diegu datozen belaunaldiei. Euskaratik sentitzeko aukera, hain zuzen ere.

Ezin dugu inor sentitzera behartu, absurdoa litzateke, aukera besterik ezin dugu mahai gainean jarri. Baina aukera izan dezagun, hizkuntza konpetentziak sendo izan behar ditugu eta kultur transmisioa egon behar du. Euskaraz eroso sentiarazi behar ditugu gure ikastetxeetako protagonistak; euskal musika, zinea, literatura eta folklorea eskura jarri behar diegu. Bakoitzak askatasunetik identifika dezan zer eta nondik sentitzen duen. Hori egin ezean, nekez izango dira aukeratzeko aske.

Aspaldi agortu ziren euskal hizkuntza sistemetan darabilzkigun transmisio ereduak. Frankismoaren osteko hogei urteetan balio izan zuen agian, jada ez. Faktore berri asko (globalizazioa, migrazio fluxu berriak, hirigune handiak...) eta errealitate sozial eta politiko ezberdina dugu aurrez aurre. Euskal erakundeak, Mauletik Muskizera, Tuteratik pasatuta, ez dira ari politika eraginkorrak egiten. Batzuk euskarafobia publikoki adieraziz; beste batzuk, gauza bat esanez eta bestea eginez. Horregatik, hezkuntza komunitatea osatzen dugun guztion ardura da, ez dutelako beste batzuek egingo. Ausardiaz eta konplexu barik lan egin behar dugu. Euskaragatik egingo dugulako, baina baita askatasunagatik ere. Ez diezaiogun inori gehiago gure gurasoei ukatutako aukera lapurtu. Gora euskara eta gora bihotzak!]]>
<![CDATA[Filosofatu ala hil]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1906/009/001/2021-11-10/filosofatu_ala_hil.htm Wed, 10 Nov 2021 00:00:00 +0100 Maitane Nerekan Umaran https://www.berria.eus/paperekoa/1906/009/001/2021-11-10/filosofatu_ala_hil.htm
Espainiako Hezkuntza Ministerioak mahai gainean jarri du bere hurrengo dekretu proposamena, eta buala! Umeen eta gazteen hausnarketa kritikorako gaitasuna garatzea suposatzen duen guztia murriztu nahi dute. Herri subiranoa ez izateak borrokatu beharrean jartzen gaitu beste behin ere. Hona hemen proposatzen ari direna:

Lehen Hezkuntzako azken zikloan (11-12 urte) eta kurtso bakar batean soilik planteatzen dute Balio etikoen lanketa. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza osoan, Balio etikoak lau ordu izatetik ordu bakar bat izatera pasatzen da (DBHko orduen %0,83). Erlijioa, aldiz, lau ordurekin mantentzen dute —derrigorrez eskaini beharrekoa da—; erlijio irakasleek ez dute gainontzekoen prozesu bera jarraitu behar lan egiteko, ezta curriculuma errespetatu behar ere.

4. DBHko Filosofia hautazko ikasgaia desagerrarazi nahi dute. Batxilergoko lehen mailan Filosofia ikasgaia hiru ordukoa izatetik bi ordukoa izatera pasatuko dute. Erlijioa, aldiz, gutxienez bi orduz astean —gehiago izan daiteke— mantentzen dute, hori irakasten duten irakasleen baldintza bereziekin eta curriculumetik at.

Batxilergoko 2. mailan, Filosofiaren Historia ikasgaia derrigorrezkoa bihurtuko bada ere, lau ordu izatetik bi ordu izatera pasatuko litzateke. Psikologia hautazko ikasgaia desagerraraziko dute.

Laburbilduz, derrigorrezko hezkuntza osoan ikasleek hausnarketa kritiko autonomoa beren-beregi lantzera bideratutako espazioak galduko lituzkete eta Batxilergoan espazioa (eta beraz, duintasuna) kendu nahi diote Filosofiari eta Psikologiari (ume eta gazteen osasun mentala zaurgarrien dagoenean).

Filosofia egitea (hausnartzea, zalantzari balioa ematea, ondokoarekin ideiak konfrontatzea, historian zehar egin diren galdera handiak ezagutzea...) ezinbestekoa da Hezkuntza ekosistema sendo eta sanoa izan dezagun. Haratago joanda, euskal gizarteak aurrean dituen erronka ekologiko, politiko, sozial eta emozionalei aurre egin nahi badie, herritargo autonomo, kritiko eta elkarbizitza sendo bat eraikitzeko prest dagoena nahi badugu, Filosofiaren eta horren konpetentzien defentsa hil ala biziko kontua da.

Hegoaldeko hezkuntza administrazioek eskumena dute erkidegoetan hori blindatzeko. Aurrekari txarrak ditugu. EAEko curriculuma den Heziberrin, LOMCE legeak aurkezten zuen eszenatoki okerrena aukeratu zuen EAJk, Espainiar Estatuko erkidego askok baino mespretxu handiagoa eginez Filosofiari. Hala ere, «esperantza barik ezin leike bizi!», dio euskal jakintza zaharrak. Baina, borrokatu barik, ez dago esperantzarik.

Bizirik gaudela erakusten digu hausnarketak; herri bezala zein banako bezala, hausnarketa kolektibo eta indibidualek erakusten dute izaki baino zerbait gehiago bagarela. Beraz, filosofatu ala hil! Sentitu, pentsatu eta ekin! Adi mugimenduetara!]]>
<![CDATA[Zer da ikastea?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1910/008/001/2021-10-13/zer_da_ikastea.htm Wed, 13 Oct 2021 00:00:00 +0200 Maitane Nerekan Umaran https://www.berria.eus/paperekoa/1910/008/001/2021-10-13/zer_da_ikastea.htm Mandamentu Hipermodernoak liburuan, erantzun posible bat aurkeztu du: ikastea ez da zerbaiten errepikapena, ezta teknika edo metodo bat ere. Ikasteko, jakintzarekiko maitasuna ezinbestekoa da, eta ezin da aldez aurretik kalkulatu zerk harrapatuko gaituen: irakaslearen ahotsa izan daiteke?, haren testigantza?, esandako edo irakurritako zerbaitek gugan eragindako oihartzuna? Gaiarekiko harremanak erotikoa izan behar du, bestela hilda dago. Beraz, batzuetan, ikasi ikasten da, baina ez dakigu oso ondo zelan.

Hezkuntza pentsaldian omen dabil Euskal Herrian, eta ez dira falta hurbilpen erotiko batetik heldu beharreko gaiak: haur eta gazte kultura hezkuntzan txertatzea, segregazioak, kultur transmisioa, zaintzaren pedagogia, erronka ekologikoen aurreko hezkuntza, publikotasun ereduak... Porno gogorra! Ertz asko ditu eztabaidak, are gehiago, hezkuntza bizi osorako prozesua dela uste dugunontzat. Hausnarketa kolektiboa erotikaz jantzi behar dugu, gizartearentzat (denok baikara hezkuntza-komunitate) erronka erakargarria izan dadin, maitemindu gaitezen ikasgaiarekin.

Gai honetan ere lubakiak baditugu; dikotomia absurdoak batzuk, sakoneko desadostasunen ondorio besteak. Zer desikasi behar dugu euskal hezkuntzaren gaineko eztabaida esanguratsua eta emankorra izan dadin? Hasteko, eztabaidak gehiegi sinplifikatzeko eta, ondorioz, dena dikotomizatzeko tendentzia ekidin behar dugu. Zurien eta beltzen arteko gama kromatikoa sartu behar da gure paletan, pausoak eman nahi baditugu behintzat. Bestalde, eztabaida, ideien konfrontazioa denez gero, beti aberasgarria dela barneratu behar dugu (eztabaidaren plazera bilatu, gozamenean betiko galdu gabe); baina, benetako elkarrizketa egon dadin, norberaren posizioa zalantzan jartzea ezinbestekoa da. Hezkuntzaren inguruko eztabaidaren ardura denok dugu, herriko okinetik hasita, guraso izan ala ez, azken artistara arte. Ardura politikoetan daudenak prozesuaren erraztaileak besterik ez dira izan behar; sakoneko aldaketak nahi baditugu Herri-hausnarketa erraldoia izan behar du. Bestela, inork irakurtzen ez dituen Curriculum dekretuak, legeak eta bestelako testu ulertezinak sortuko dituzte, baina betiko gabeziek gure ikastetxe eta kaleen paradisu izaten jarraituko dute eta kritika suntsitzaile sistematikoek irakasle geletan, okindegian eta gurasoen whatsapp taldeetan jarraituko dute.

Txoko honetatik, hausnarketa kolektibo horretarako pizgarriak, kitzikagarriak jaurtikitzea da asmoa. Horretarako gonbidatu omen naute jai honetara eta, dantzatzeko aukera zegoela jakinda, gustura onartu dut gonbidapena. Beldurrez ere, distantzia sozialak hainbeste urrundu ostean, jende artean dantzatzeak morbo bezainbeste beldur ematen didalako. Ea lortzen dugun. Amaitu aurretik, ez ahaztu gaurko azterketa galdera: zuretzat, zer da ikastea?]]>
<![CDATA[Musukodun irakasle lotsabakoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/022/001/2020-09-18/musukodun_irakasle_lotsabakoak.htm Fri, 18 Sep 2020 00:00:00 +0200 Maitane Nerekan Umaran https://www.berria.eus/paperekoa/1879/022/001/2020-09-18/musukodun_irakasle_lotsabakoak.htm
Aspaldikoa da Hezkuntza Sistemako langileak deslegitimatzeko estrategia. Guri buruz entzuten dena ondokoa da: opor pila dugula, ez dugula ezer egiten… Inongo sare sozialetan ez da planteatu hezkuntzako langileengatik txaloka hastea egunero 20:00etan. Desprestigiorako estrategia hori gidatua eta ondo antolatua da; zenbait herritarrek elikatzen baduzue, sistema zuzentzen dutenek diseinatu dutelako da.

Ziur naiz badela irakaslerik oporrengatik aukeratu duena ogibidea. Edo behar baino indar gutxiago jartzen duena bere lanean. «Eskakeatzen» dena. Eskakeatzen diren ingeniari, kale-garbitzaile, okin edo medikuak dauden bezalaxe. Uste dut ikuskaritza lana beste modu batean egin beharko litzatekeela nire sektorean, batez ere gizartearen etorkizunaren arduraren parte handi bat maneiatzen dugulako; baita diru publiko pila ere. Hala ere, argi daukat nire lankideen gehiengoa bere lana ahalik eta hoberen egiten saiatzen dela.

Baina Urkullu jaunak, ustez guztion lehendakari den horrek, publikoki deslegitimatu nahi izan du hezkuntzako langileria (ez bakarrik irakasleak, garbitzaileak, jantokiko langileak, hezitzaileak… guztiok egin baitugu bat greba deialdi honetarako). Kargudun publiko batek (are gehiago «euskaldun guztion» lehendakaria izanda) greba deialdi bat deslegitimatzeko ardura al du? Greba egitea ez al da norberaren hautua? Ez litzateke hobea grebalariek egindako kritikaren aurrean hezkuntza komunitateari eman dizkion baliabide guztiak zehatz-mehatz zerrendatuko balitu? Non daude 1.000 irakasle estra horiek? Non daude euskara indartzeko programak? Non daude baliabide teknologiko biderkatuak? Are garrantzitsuagoa dena, non dago hezkuntza komunitatearen hitza?

Grebaren leloa Itzulera seguru eta adostua izan da. Nire aldetik, leloaren lehen partean sartzea arriskutsu ikusten dut. Segurtasunaren eta askatasunaren arteko gatazka oso presente ikusten dut hezkuntzan, eta sumatzen dut askatasuna erabat alboratu egin dela. Baita segurtasun eta osasunaren ideia oso pobrearekin lan egiten ari garela ere. Leloaren bigarren parteagatik joan naiz grebara. Adostua! Noizko hezkuntza komunitatea osatzen dugun sektore ezberdinek (guraso, garbitzaile, irakasle, jantokiko langile, Hezkuntza Saila…) osaturiko Pandemia-Hezkuntza mahaia? Noizko zentroetako zuzendaritzei galdetzea beraien ikuspegi eta beharrengatik? Noizko benetako komunikazioa?

Ez jarri krisia eta pandemiaren zailtasunak aitzakia. Denok onartzen dugu egoeraren zaila; horregatik, hain zuzen ere, ezinbestekoa da sarean lan egitea, ardurak elkarbanatzea, boterea modu horizontalean antolatzea. Argi dago gauzatzen ari diren desinformazio eta kaos estrategiarekin hezkuntza zentroetako langileak eta familiak muturrera eramaten ari direla. Horrek krispazioa sortu eta komunitatearen banaketa besterik ez du ekarriko.]]>