<![CDATA[Mari Luz Esteban | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sun, 25 Aug 2019 05:04:12 +0200 hourly 1 <![CDATA[Mari Luz Esteban | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Desira]]> https://www.berria.eus/albisteak/151765/desira.htm Tue, 08 May 2018 12:44:39 +0200 Mari Luz Esteban https://www.berria.eus/albisteak/151765/desira.htm euskaldun medeatu
zaharberritu
erreformatu bat
irudikatzea
komeni zaigula gorputza mailaturik du
begiak gorriturik
aldartea nekaturik
gogoa nahasturik
grinak lo
ebakiak zabalik baina abesti bat
hasi da kantatzen
ahapetik
dutxatu berri
jaietako arropa jantzirik
iraganari so
etorkizun egarriz
desira noiz bizkortu zain]]>
<![CDATA[Euskal disfonia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/023/001/2016-11-12/euskal_disfonia.htm Sat, 12 Nov 2016 00:00:00 +0100 Mari Luz Esteban https://www.berria.eus/paperekoa/1832/023/001/2016-11-12/euskal_disfonia.htm
Polifonía Vasca. El periodismo de Antoni Batista izeneko dokumentala ikusi ahal izan genuen EITBn joan den urriaren 16an. Antoni Batistaren kazetaritzan, Paco de Luciaren karreran bezalaxe, emakumezkoak anekdota hutsa omen. Baina artista baten kasuan arreta deitu zidana, haserre bihurtu zen euskal gizartearen gaurko egoera aztertu nahi duen dokumental horren harira. Batez ere, guztion telebista publikoak saio hori saldu digun moduari erreparatuta. Egileetako batek bi galderatan laburbildu zuen komunikabideen aurrean dokumentalaren edukia: «Nola dago Euskal Herria ETAk erabakia hartu eta bost urtera? Euskal gizarteak nola hartu du ziklo amaiera hori?». Hamalau elkarrizketatu. Emakumezko bakarra. Leire Palaciosek egunkari honetan idatzi bezala, «kostata sinetsi [daiteke] gaiaren inguruan ekarpen oparoa egin dezakeen emakumerik ez dagoenik».

Las ideologías de la voz (Ahotsaren ideologiak) izeneko artikulu bikaina argitaratu zen uztailaren 27an Pikara Magazine aldizkarian. Teresa Villaverdek ahotsaren, generoaren eta boterearen arteko harremanez jardun duten autore askoren erreferentziak bildu ditu bertan.

Gizonezkoen ahotsa autoritatearena eta arrazoiarena ohi da. Emakumezkoena, aldiz, kontrolarena: goxoa eta amatiarra izatera derrigortua, edo gaitzekin erlazionatua, edo parodiatua, edo zuzenean isilarazia. Neuri ere behin baino gehiagotan gertatu zait. Eztabaida sutsu batean, boteprontoan, taldeko gizon batek nire argudioren bati zer erantzun jakin ez eta nire ahotsa parodiatzen du. Margaret Thatcher-ek bere tinbrea landu omen zuen ahots baxuagoa lortze aldera.

Uztailaren 14an, UEUk antolaturiko Kartzela eta Euskal Gatazka birpentsatzen. Subjektu feminista baten norabidean izeneko ikastaroan, Oihana Etxebarrietak eta Arantza Santestebanek euskal gatazkaren inguruko dokumentaletako batzuk aztertu zituzten. Horien artean, Itsasoaren alaba (Josu Martinez, 2008), Barrura begiratzeko leihoak (zenbait egile, 2012) eta The Segovia Big Band: conversaciones con sus protagonistas (Gemma Serrahima, 2013). Arreta emakumeetan jartzen denean, azpimarratu zuen Santestebanek, bestelako gaiei egiten zaie tokia. Emakumeak errazago mintzo omen dira aspektu intimoez, bizi izandako gertaeren eta erabakien emozioez, zalantzez, akatsez... Eta, hala, iraganeko kontakizuna osatu, aberastu egiten da. Soinuen mapa zabaldu. Ez da justizia kontua bakarrik.

Ahotsa, soinu-zentzuan (eta bestelakoan ere), egin egiten da, modulatu, landu. Eta harekin boterea. Areago, ahotsak ez du soilik esaten, errealitatea sortzen du. Horregatik da ezinbestekoa ahots guztiak kabitzen direneko kontakizunei bidea ematea.

UEUko ikastaroan erakutsitako irudiei adi, ez zen soilik deigarria, nire ustez, zertaz hitz egiten zen, nola baizik. Zenbait emakumek beraien esperientzia partekatzen dute entzuleekin tinbre, tonu eta kadentzia zehatzak eta isilune luzeak tartekatuz. Txaber Larreategik Barrura begiratzeko leihoak dokumentalean zuzenduriko atalean, Maika Larrarte, Jon Ugarte Zinkunegi preso izandakoaren emazteak haien arteko harremanari heltzen dio erromantizismoaren kontrako lezioa emanez; Haize Goikoetxea, Txapela ETAko ekintzailearen alaba, aitaren jardun militarraren alderdi gazi-gozoetan sartzen da kementsu; eta Miren Amilibiak Segoviako ihesaldian egindako akatsak aipatzen ditu modu argi batean. Besteak beste. Eta ez da ziurtasuna erakusteko inolako ahaleginik antzematen haien diskurtsoetan, ezta haien autoritatea indartzeko ezelango gogorik ere. Kontrakoa esango nuke. Zalantzetan jartzen dute enfasia, egonezinak, sentipen kontrajarriak, ahoz esan ezin dena, bestela adierazten saiatuz. Hasi besterik ez dugun prozesu politikoan, duda eta zaurgarritasuna lagunik onenak direla jakitun bailiran.

Isiltasunaren oihartzunez idatzi zuen Anjel Lertxundik egunkari honetan apirilaren 4an, Jordi Évolek Arnaldo Otegiri egindako elkarrizketari lotuaz. Miguel Angel Blanco hil zuten egunean Zarauzko hondartzan sentituriko isiltasuna aipatu zuen Otegik, eta Espainiako prentsa gainera jausi zitzaion. «Indarkeriaren aurrean isildu izana leporatu digute, leporatu diegu geure buruei, baina isiltasun hura ez zen koldarkeriazkoa, indiferentziazkoa, konplizea. Isiltasunak eztanda egiten zuen, itsasoak ere nahiago zuen isilik orro», zioen Lertxundik ezin ederrago.

Euskal Herrian (izan) diren isiltasun askotarikoez badugu zer hausnartu. Baina emakumeei (eta beste askori) inposatu ohi zaizkien disfoniak eta isiltasunak eztanda noiz egingo zain ezin gara gelditu.]]>
<![CDATA['Ahalduntze' terminoaren elastikotasun kezkagarria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/021/003/2016-05-13/ahalduntze_terminoaren_elastikotasun_kezkagarria.htm Fri, 13 May 2016 00:00:00 +0200 Mari Luz Esteban https://www.berria.eus/paperekoa/1832/021/003/2016-05-13/ahalduntze_terminoaren_elastikotasun_kezkagarria.htm makumeen Ahalduntzerako Eskolak Euskal Autonomia Erkidegoko Udalerrietan izeneko sarrera daukagu 2015eko azarotik Wikipedian, non eskola horien historia, ezaugarriak eta webguneak biltzen diren. Lehen eskola Basaurin (Bizkaia) sortu zen, 2003. urtean, emakumeen formakuntza eta parte-hartze soziopolitikoa sustatzeko helburuarekin. Horrela inauguratu zen urtero zientoka parte-hartzaile erakartzen dituen, eta udaletatik harago ere hedatu den, formula berri zein arrakastatsu hori.

Ahalduntze kontzeptua Latinoamerikako emakumeei mailegatu genien XXI. mende hasieran, feminismoa zabaltzeko jarduteen eraberritze beharraz kezka zabalduta zegoen garaian, non (bakoitzari berea) begirik ezin zorrotzagoa ohi duten Bizkaiko zenbait berdintasun-teknikari feministak proposamena egin eta bete-betean asmatu zuten.

Urteen poderioz hitz izarra bihurtu da feminismoan eta feminismotik kanpo ere bai. Guztiok izango dugu gogoan, esate baterako, iazko Korrikaren leloa, euskahalduntzeko gonbita eginez. Baina herri mugimenduetatik at ere (osasuna, hezkuntza, enpresa... ) topa daitezke emakumeak, langileak, gazteak… ahalduntzeko deiak/asmoak, nazioarte mailan diren bankuek, korporazioek eta erakundeek ere bere egiteraino. Andrea Cornwall garapenean eta generoan adituak zabalpen horren inguruko kezka agertu du esanez hitz hori dela modan daudenen artean elastikoenetarikoa. Egia esan, zer pentsatua eman beharko liguke ez feminismoarekin ezta eraldaketa sozialarekin ere bat ez datozen erakunde edo sektoreek horren samur erabiltzeak.

Feminista latinoamerikarrak eta afrikarrak munduan diren botere ezberdintasunen gaineko jabetzetik abiatu ziren termino hori berregokitu zutenean, eta gogoeta eta kontzientzia, antolatzeko beharra, eta nork bere boterea handitzea bateratu nahi izan zituzten, dimentsio kolektibo eta politikoaren nahitaezkotasuna azpimarratuz.

Zeintzuk lirateke termino horren gaurko erabilerak planteatzen dizkigun arazoetako batzuk?

Larriena, nire ustez, emprendimiento hitzarekin berdintzen/parekatzen ari dela. Egunotan aspertzeraino errepikatzen zaigun hitz horren bitartez, ohartu gabe, sistema neoliberalaren ideologiarik makillatuena eta ezkorrena barneratzen ari gara, norbera edozein proiektu erdiesteko gai dela edo izan beharko lukeela konbentzitu nahi baikaituzte, edozein direla gure baldintza sozialak edo ekonomikoak.

Baina ahalduntze hitzak badu beste arrisku bat: anbiguoegia/lausoegia dela. «Abortatzeko eskubidea», «lan berdina, soldata berdina» edo «zaintza-zerbitzu publikoak» aldarrikatu eta argi gelditzen zaio entzuleari zertaz ari garen, ados egon ala ez. Baina «emakumeon ahalduntzea» esan eta zer ulertzen du gutariko bakoitzak? Elhuyar hiztegiak hitz horri dagokion sarreran dakarren adibidea aproposa da muga eta anbiguotasun/polisemiatasun horiez hausnartzeko: «Zenbait enpresatako buruzagiek emakumeen ahalduntzearen aldeko hitza eman dute». Ez dakit enpresetako buruzagiek eta nik irakurketa bera egingo dugun emakumeen ahalduntzeaz... esango nuke ezetz. Ahal dela, aldarri argiak eta zehatzak erabiltzea lehenetsiko nuke, horiek baitira adostasunak edo desadostasunak adierazten, gogoeta sakontzen eta irtenbideak topatzen, benetan, ahalbidetzen gaituztenak.

Horrez gain, ahalduntze prozesuak berez dinamikoak eta konplexuak direla ulertu beharko genuke. Esaterako, une batean ahalduntzen zaituen jarrera edo erabaki berak desahaldundu zaitzake hurrengoan. Maitasun erromantikoaren gaia aproposa da hori azaltzeko. Munduko zenbait testuingurutan maitasuna baliatzen ari dira emakume (eta mutil) gazteak gurasoen gehiegizko boterearen aurka, norekin ezkondu erabaki ahal izateko, adibidez. Baina soberan ezagutzen ditugu erromantizismoaren arriskuak.

Beste aldetik, ahalduntzea hitzetik hortzera darabilgun bitartean, ahaztu ohi gara ahalduntzea eta desahalduntzea batera doazela, txanpon beraren aurkia eta ifrentzua direla; hau da, norbait ahalduntzeko beste norbait desahaldundu behar dela, emakumeen ahalduntzea aldarrikatzen duten pertsona/erakunde horietako askotxo ere bai.

Laburrera ekarrita, ahalduntze terminoaren erabileraren murrizketaren alde egingo nuke nik, edota garbi uztea zertaz ari garen erabiltzen dugun orotan.

Azken iruzkina ere egin nahi nuke botere hitzaren balizko adierez. Behin eta berriro errepikatu ohi da ahalduntzeari dagokion boterea ez dela besteen gainean obratzen dena, besteak zure mende jartzen dituen hori, baizik eta elkarrekiko boterea, besteekin partekatzen/ekiten dena. Zuzentasun politikoa praktikatu nahi badugu, konforme, baina nago besteen gaineko boterea ikastea eta gauzatzea ezinbestekoa dugula emakumeok, oraingoz behintzat.]]>
<![CDATA[Ahalduntze terminoaren elastikotasun kezkagarria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832///2016-05-11/ahalduntze_terminoaren_elastikotasun_kezkagarria.htm Wed, 11 May 2016 00:00:00 +0200 Mari Luz Esteban https://www.berria.eus/paperekoa/1832///2016-05-11/ahalduntze_terminoaren_elastikotasun_kezkagarria.htm
Ahalduntze kontzeptua Latinoamerikako emakumeei mailegatu genien XXI. mende hasieran, feminismoa zabaltzeko jarduteen eraberritze beharraz kezka zabalduta zegoen garaian, non (bakoitzari berea) begirik ezin zorrotzagoa ohi duten Bizkaiko zenbait berdintasun-teknikari feministak proposamena luzatu eta bete-betean asmatu zuten.

Urteen poderioz hitz izarra bihurtu da feminismoan eta feminismotik kanpo ere bai. Guztiok izango dugu gogoan, esate baterako, iazko Korrikaren leloa, euskarahalduntzeko gonbitea luzatuz. Baina herri mugimenduetatik at ere (osasungintza, hezkuntza, enpresa... ) topatu daitezke emakumeak, langileak, gazteak… ahalduntzeko deiak/asmoak, nazioarte mailan diren bankuek, korporazioek eta erakundeek ere bere egiteraino. Andrea Cornwall garapena eta generoan adituak zabalpen horren inguruko kezka agertu du esanez hitz hau dela modan daudenen artean elastikoenetarikoa. Egia esan, zer pentsatua eman beharko liguke ez feminismoarekin ezta eraldaketa sozialarekin ere bat ez datozen erakunde edo sektoreek horren samur erabiltzeak.

Feminista latinoamerikarrak eta afrikarrak munduan diren botere ezberdintasunen gaineko jabetzetik abiatu ziren termino hau berregokitu zutenean, eta gogoeta eta kontzientzia, antolatzeko beharra, eta nork bere boterea handitzea bateratu nahi izan zituzten, dimentsio kolektibo eta politikoaren nahitaezkotasuna azpimarratuz.

Zeintzuk lirateke termino honen gaurko erabilerak planteatzen dizkigun arazoetako batzuk?

Larriena, nire ustez, emprendimiento hitzarekin berdintzen/parekatzen ari dela. Egunotan aspertzeraino errepikatzen zaigun hitz horren bitartez, ohartu gabe, sistema neoliberalaren ideologiarik makilatuena eta ezkorrena barneratzen ari gara, norberak edozein proiektu erdiesteko gai den edo izan beharko lukeela konbentzitu nahi baikaituzte, edozein direla gure baldintza sozialak edo ekonomikoak.

Baina ahalduntze hitzak badu beste arrisku bat: anbiguoegia/lausoegia dela. «Abortatzeko eskubidea», «lan berdina, soldata berdina», edo «zaintza-zerbitzu publikoak» aldarrikatu eta argi gelditzen zaio entzuleari zertaz ari garen, ados egon ala ez. Baina «emakumeon ahalduntzea» esan eta zer ulertzen du gutariko bakoitzak? Elhuyar hiztegiak hitz horri dagokion sarreran dakarren adibidea aproposa da muga eta anbiguotasun/polisemiatasun horiez hausnartzeko: «Zenbait enpresatako buruzagiek emakumeen ahalduntzearen aldeko hitza eman dute». Ez dakit enpresatako buruzagiek eta nik irakurketa bera egingo dugun emakumeen ahalduntzeaz... esango nuke ezetz. Ahal dela, aldarri argiak eta zehatzak erabiltzea lehenetsiko nuke, horiek baitira adostasunak edo desadostasunak adierazten, gogoeta sakontzen eta irtenbideak topatzen, benetan, ahalbidetzen gaituztenak.

Horrez gain, ahalduntze prozesuak berez dinamikoak eta konplexuak direla ulertu beharko genuke. Esaterako, une batean ahalduntzen zaituen jarrera edo erabaki berak desahaldundu zaitzake hurrengoan. Maitasun erromantikoaren gaia aproposa da hau azaltzeko. Munduko zenbait testuingurutan maitasuna baliatzen ari dira emakume (eta mutil) gazteak gurasoen gehiegizko boterearen aurka, norekin ezkondu erabaki ahal izateko, adibidez. Baina soberan ezagutzen ditugu erromantizismoaren arriskuak.

Beste aldetik, ahalduntzea hitzetik hortzera darabilgun bitartean, ahaztu ohi gara ahalduntzea eta deshalduntzea batera doazela, txanpon beraren aurkia eta ifrentzua direla; hau da, norbait ahalduntzeko beste norbait desahaldundu behar dela, emakumeen ahalduntzea aldarrikatzen duten pertsona/erakunde horietako askotxo ere bai.

Laburrera ekarrita, ahalduntze terminoaren erabileraren murrizketaren alde egingo nuke nik, edota garbi uztea zertaz ari garen erabiltzen dugun orotan.

Azken iruzkin bat ere egin nahi nuke botere hitzaren balizko adierez. Behin eta berriro errepikatu ohi da ahalduntzeari dagokion boterea ez dela besteen gainean obratzen dena, besteak zure mende jartzen dituen hori, baizik eta elkarrekiko boterea, besteekin partekatzen/ekiten dena. Zuzentasun politikoa praktikatu nahi badugu, konforme, baina nago besteen gaineko boterea ikastea eta gauzatzea ezinbestekoa dugula emakumeok, oraingoz behintzat.]]>
<![CDATA[Indarkeria matxista: zenbait galdera]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/022/003/2016-03-05/indarkeria_matxista_zenbait_galdera.htm Sat, 05 Mar 2016 00:00:00 +0100 Mari Luz Esteban https://www.berria.eus/paperekoa/1832/022/003/2016-03-05/indarkeria_matxista_zenbait_galdera.htm
Gero eta argiago dago espetxealdiak ez dituela erasotzaileak eraldatzen (Angela Davisek Euskal Herriari egindako bisitan ezin hobeto adierazi duen moduan), nahiz eta kasu larrienetarako behintzat beste alternatibarik ez eduki oraingoz. Era berean, salaketa poliziala ez da beti ez ezinbestekoa, ezta irteerarik onena ere, egoerak txarrera egin baitezake eta irtenbide bat topatzea zaildu (emakume batek haren bikotekidearengandik jasotzen dituen tratu txarren zenbait kasutan, esate baterako). Bestetik, erasoa eta egindakoaren aitortza/erreparazioaren artean orekarik doiena bilatzea litzateke helburu behinena. Neska bat bortxatu duen mutil gazte batek, adibidez, auzitegian/kartzelan bukatu behar du nahitaez? Eremu horretan, dena den, badugu zailtasun bat: feministok legeari eta legearen aplikazioari eman ohi diogun garrantzi sinboliko ikaragarria.

Aldiz, erasoen inguruko notizien mediatizazioari dagokionez, ez (omen) dugu batere zalantzarik: oro har, badago joera pentsatzeko zenbat eta informazio gehiago azaldu komunikabideetan, hobe. Eraso sexisten gaia izar mediatiko bilakatu da Euskal Herrian eta Estatu espainiarrean, nahiz eta medio batzuen eta besteen tratamenduan alde handia egon, jakina.

Hala ere, azken hilabeteetan eraso anizkoitzen gainean hedatu diren erreportaje eta iritzi-artikulu andana ikusita, indarkeria matxistaren jorraketa mediatikoaren inguruan patxadaz hausnartzeko garaia heldu dela iruditzen zait. Indarkeriaren kontrako atxikimenduen metaketa publikoak eragin handia du kontzientziazioaren areagotzean. Baina «saturazio mediatikoak» ez al du inongo ondorio ezkorrik edo albo-kalterik sortzen? Ez al dago beharrik, adibidez, ekintza horiek eta ekintza horien inguruko berriak taxuz dimentsionatzeko eta helduleku berriak asmatzeko? Era berean, genero arloan gertatzen diren ezberdintasun eta azpiratze guztiak indarkeriaren logikara eramateak ez nau asebetetzen. «Dena da biolentzia» da nagusituz doan begirada feminista. Nago horrek menpekotasunaren analisiak konplexuago eta zabalago egiteko eta soluzioak bilatzeko aukerak pobretzen dituela.

Horrez gain, beste bi zalantza ditut gaur egungo gerturatze mediatikoaren inguruan: bata, ea ez ote gauden eraikitzen, nahi gabe, iruditeria bat non (gizon eta emakumeen arteko) intimitatea, sexualitatea, bi gorputzen arteko enkontru eta jolas gozagarria, besteen gorputzekiko jakinmina/hurbilketa, gorputza bera... negatibizatzen ari garen, balizko erasoa izanik behin eta berriro nabarmentzen dugun alderdi bakarra. Hemen gerta daiteke osasun arloan gertatzen den gauza bera: medikuntzak osasunaz sorrarazten duen ideia gaixotasunarekin eta patologiarekin lotua gelditzen dela, eta kito. Bigarren duda, kezkagarriagoa oraindik, notizia horien uholdetik azaleratzen den ideia ez ote den emakumeak, finean, ez garela gai eguneroko egoera horiei aurre egiteko gu geurez, eta estatuaren, komunikabideen edota mugimendu feministaren babesa bilatzera derrigortuta gaudela. Hau da, emakumeen kustodializazioa elikatzea, ahalduntzearen kontura orriak eta orriak bete arren.

Protesten arloan eztabaida interesgarriak sortu dira feminismoan azken urtean zenbait ekintzaren inguruan, nahiz eta noiz edo noiz lintxamendu doinua gehiegizkoa izan, nire gusturako. Bilgune Feministak uda aldean antolaturiko gaueko protesten harira gertatu dena, esate baterako. Begi bistakoa da emakumeen ekintza publikoak ez daudela normalizatuta. Gazteei zuzenduriko fikziozko serieak ikustea besterik ez dago egiaztatzeko emakumeoi hobesten zaigun ekintza publiko bakarra maitasunaren arlora mugatzen dela, Ruth Iturbide ikertzaile nafarrak amaitu berri duen doktore-tesian aztertu moduan. Emakume batek biktima posizioari uko egiten dion unean biktimario bihurtzen da, nabarmendu du Norma Vazquezek. Horrekin loturik, badugu beste oztopo larri bat: Euskal Herrian bizi (izan) dugun egoera politikoaren metabolizatze gaitzaren ondorioz, indarra erabiltzea tabu bihurtu da, eta hori emakumeen ekintzak mugatzeko ere baliatzen ari da. Zenbait feministak defendatu dute autodefentsaren filosofia eta jarrerara mugatu behar garela. Baina autodefentsa ez al da, azken batean, indarra erabiltzeko modu bat? Edo soilik emakume kurduek balia dezakete indarra eta guk ez? Zer mezu jasotzen ari dira neskatila txikiek horrenbeste traba jartzen badizkiegu emakumeen ekintzei? Panorama ikusita, froga/akats asko egin beharko ditugu, haserretik eta baita ludikotik ere, eta horretarako sormena piztu.

11 eraso/12 erantzun da apirilaren 9an Gasteizen feminista guztiak batuko gaituen manifestazioaren leloa. Hirugarren hanka bat gehituko nioke nik horri: 11 eraso/12 erantzun/13 galdera eta gogoeta berri.]]>
<![CDATA[Nire eta nire adiskideen bularrak defendituko ditut]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/031/003/2015-11-01/nire_eta_nire_adiskideen_bularrak_defendituko_ditut.htm Sun, 01 Nov 2015 00:00:00 +0100 Mari Luz Esteban https://www.berria.eus/paperekoa/1832/031/003/2015-11-01/nire_eta_nire_adiskideen_bularrak_defendituko_ditut.htm
Mamografiak erdigunean dituzten programekin hasteko, Naia Pereda Basurtuko Ospitaleko fisikari medikuak hautsak harrotu zituen irailaren 11n, Naukas Bilbao zientziaren dibulgaziorako on-line plataforman aurkezturiko hamar minutu eskaseko bideo batekin. Bertan azken urteetan mamografien inguruan sortu diren hainbat zalantza laburtzen ditu (ikus: http://desayunoconfotones.org/2015/09/21/to-screen-or-not-to-screen-en-naukas-bilbao-2015/). Mamografia bidezko behaketaren arazo nagusiak bi lirateke: emaitzak ez direla uste bezain onak eta gaindiagnostiko gehiegi sortzen dituela, hau da, proba horren ondorioz, berez ezabatuko liratekeen edo garapen motel-motela izango luketen minbizi-zelulak aurkitzen direla, horrek dakarren hipermedikalizazio larriarekin: kimioterapia, ebakuntzak, tratamendu hormonalak… gehi kezka, izua, urduritasuna... Orain arte erabilia izan den «zenbat eta lehenago hobe» logikak galdua izango luke bere zentzua tratamenduen hobekuntza nabaria denean; gaur egun, minbiziaren motan jarri beharko litzateke arreta, eta ez tamainan. Mamografien inguruan dagoen eztabaida dela-eta, zenbait herrialdetan, informazio sakonagoa ematen hasi zaie programetan dauden emakumeei beraiek erabaki dezaten zer egin nahi duten; bestalde, berariazko batzordeak sortu dira programaren moldaketaz edota geroaz hausnartzeko eta erabakitzeko. Eta Euskal Herrian? Zerbait egiten hasi dira honen inguruan?

Baina hau egoeraren alderdi bat besterik ez da. Bigarren gai potolo bat arrosa koloreak margoturiko kontzientziazio kanpainena da. Bularreko minbiziaren inguruan dena da arrosa. Ez zen nahikoa egunotan neskatilak printzesa bihurtzeko jasaten dugun bultzadarekin, emakume nagusioi ere inposatu nahi zaigu gure arrosa dosia. Imajinatzen duzue prostatako minbizi baten kanpaina, lazo, panpina, apaingarri, osagarri arrosaz beterik? Onartuko lukete gizonezkoek halakorik? Eta guk, zergatik onartzen dugu guk? Kolore horrek, esaten dute, gordintasuna kentzen dio minbiziari, jasangarriago egiten du. Baina gutariko askorentzat kolore hori iraingarria da, infantilizatuta eta modu zehatz batez feminizatuta sentitzen baikara, xamurrak, maitekorrak, besteei emanak izatera kondenatuak, artalde arrosa baten partaide.

Nork esango zigun duela hogeita hamar urte gaur egun egin zitekeen jarduerarik feministenetarikoa, ekologistenetarikoa, iraultzaileenetarikoa, gure bularrak babestea izango zenik? Bada, tamalez, halaxe da, bularreko minbizia etekin ekonomikoen menpe bizi diren zientzia/medikuntzaren testuinguruan eta krisi ekologikoaren erdigunean kokatu behar baitugu. Soilik minbizien % 20-30 dago lotuta faktore familiar, genetiko edo arriskukoekin; beste guztien sorreran, airean, uretan, elikaduran, kosmetikoetan… zabalduta dauden substantzia toxikoek izango lukete zeresana, zeintzuek gure gorputzetan estrogenoen lekua hartuko luketen. Baina hori guztia erabat ezkutatuta gelditzen da diskurtso mediko eta mediatikoetan.

Doala nire errespetu osoa modan jarri diren minbiziaren kontrako maratoietan parte hartzen ari diren emakumeekiko, zerbait egiteko indarra erakusten baitute; baina ez dirudi beste barik korrika egiteko unean gaudenik, baizik eta gelditzeko, programen ebaluazio zorrotza eta informazio zabala exijitzeko eta gogoeta sosegatua egiteko. Hainbat ikerketak erakutsi dute ekintza horietan eskuraturiko dirutza, edo gaizki kudeatzen ari dela, edota tratamenduen ikerkuntzan inbertitzen ari dela, farmazia-enpresen onurak helmuga betiere. Aldiz, ingurumenarekin zerikusia duten faktoreak, garrantzitsuenak izanik, ez dira apenas ikertzen ari.

Ausardia behar da gure agintarien aldetik minbiziaren sorreran eragin zuzena duten elikagaien, kosmetikoen, uraren, airearen kutsaduraren kontrol irmoa egiteko. Ausardia, mamografiekin berdin jarraitu, ez jarraitu edo zer egin pentsatzen hasteko eta prozesu horretan emakumeekin kontatzeko. Ausardia, emakumeak, behingoz, izaki heldu gisara tratatzeko… Baina ez, ez du ematen ausardia denik gure ordezkari eta adituen jarrera, oro har behintzat. Beraiek ere, jabetuta edo ez, ideologia baten menpe baitaude. Gure presioa eta exijentzia da egoera honen norabidea aldatzera eraman dezakeen jarrera bakarra. Eta honetan optimismo edo konfiantza inozoak ez dira bidaide onak.

Urte askotako eskarmentuak irakatsi digu emakumeoi ezin dugula gure osasuna eta gure bizitza besteen (osasun profesionalen, adituen, senideen…) eskuetan utzi, nahiz eta beraiek borondate onena eduki edo profesionalik taxuzkoenak izan. Ez baita nahikoa borondatea edo profesional ona izatea sistema oso bati buruz ari garenean. Emakumeon unea heldu da, beraz.

Zeren zain zeuden galdetu zioten beren buruari Kataluniako Oncogrrrls-eko taldekideek. Eta zerbait egiten hasi ziren: mintegiak, tailerrak, performanceak, ekintzak… Eta gu? Zeren zain gaude gu? Zenbat bular gehiago ebaki, erauzi, medikatu edota irradiatu behar dituzte gu zerbait egiten hasteko?]]>
<![CDATA[(Banandu ondoko) guraso-zaintza partekatuaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/016/001/2014-08-31/banandu_ondoko_guraso_zaintza_partekatuaz.htm Sun, 31 Aug 2014 00:00:00 +0200 Mari Luz Esteban https://www.berria.eus/paperekoa/1832/016/001/2014-08-31/banandu_ondoko_guraso_zaintza_partekatuaz.htm Por fin, viernes saioan, kustodia partekatuaren legearen gaia izan zuten hizpide. Nik ikusi nuen zatian, behintzat, aurkezleak argi utzi zuen ez zela oso kapaz horren mintzagai korapilatsua ganoraz gidatzeko. Hain krispatuta dauden gaien inguruko eztabaida mediatikoak bereziki zailak dira eta ideien nahasketa elikatzeko arriskua dute edo, hori baino txarragoa oraindik, estereotipo sozial ezkorrak indartzekoa. Banantze eta dibortzio ondorengo guraso-zaintzaren kasuan, esperientzia hori derrigor gatazkatsua eta traumatikoa izatearen ideia erreproduzitzen da gehienetan. Bigarren maila batean gelditu ohi da, gainera, daturik garrantzitsuena: gatazka larririk gabeko egoerak gehiengo absolutua direla. Beste kontu bat da zaintza hori noraino den partekatua.

Dena den, banandu ondoren zaintza partekatzen dutenak egon badaude, gutxiengoa badira ere eta hedabideetan apenas agertu arren. Esperientzia horiek ikusgarri egitea nahitaezkotzat jotzen dut dibortzioaren gerraren irudi sozialari aurre egiteko eta ideologia horren aurkako irakurketak eta praktika alternatibo ezberdinak zabaldu ahal izateko. Azken batean, dibortzioaren gerraren uste hori sexuen gerraren narrazio sexistaren aldaera bat baino ez da: sexuen artean leudekeen ezberdintasun bateraezin eta aldaezinek etengabeko borrokara kondenatuko lituzkete emakumeak eta gizonak. Maitemintzea izango litzateke menia bakarra, behin-behinekoa betiere.

Nire adiskide bat, unibertsitate-ikasketak bukatu bezain pronto, mutil-lagunarekin bizitzera joan zen, seme bat eduki eta denbora gutxira banandu egin zen. Banantzeaz bat oso era parekidean antolatu zuten umearen zaintza: semea denbora erdia egoten zen guraso bakoitzaren etxean eta berari zegozkion erabakiak bien artean jarraitu zituzten hartzen. Haiei esker, gazte-gaztetatik ikasi genuen lagunok hori posible dela. Eskerrik asko, Kontxa.

Zeintzuek lortzen dute zaintza partekatua? Erantzuna, orokorrean bederen, sinplea da, ez dago misterio gehiegirik: banandu baino lehen umeen arreta partekatzen dutenek, banandu ostean ere, umeen arreta partekatuko dute, edozein dela familia mota (heteroparentala edo homoparentala). Zenbait eragile badaude tartean, dena den, bai gizonei baita emakumeei dagokionez ere.

Orokorrean, haien umeez arduratzen diren gizonek argi dute parekidetasuna hurbileko emakumeekiko gauzatu behar dela eta ez bakarrik sozialki. Horrek esan nahi du bikotekidearen denbora eta proiektuak norberarenak bezain garrantzitsuak direla sinesten dutela. Honekin loturik, zenbat eta genero aldetik apalago izan, hobe; hau da, gure gizarteak gizonei esleitzen dizkien genero-abantailei uko egiteko prest egotea berme bat da.

Emakumeen kasuan ere badago faktore bat partekatzea samurtzen duena: umeen jabetzaren ideologia malgututa edukitzea. Umeak ez dira gurasoenak, amenak ere ez, gurasook maileguz edukitzen ditugu, besterik ez. Baieztapen honek begi-bistakoa izan beharko luke baina ez da onartzeko erraza. Banaketa prozesu bat bizitzen ari zarenean, kezka ezberdin asko sortzen dira, nola ez, baina alaba-semeekin zer gertatuko den pentsatzea nagusietako bat izaten da. Emakumeek umeekin geratzearen tentazioa izan ohi dute, pentsatzen baitute galduko dituztela edo umeak beraiekin hobeto egongo direla edota ezin dutelako irudikatu euren burua seme-alabarik gabe. Ama den edozein emakumek, tarteka, bere umea beti aldamenean ez edukitzearen ariketa egin beharko luke: jarduera osasuntsua, zalantzarik gabe.

Zein ariketa egin beharko lukete gizonek? Beraien zaintza-denbora zenbatekoa den neurtzea. Zure denbora, modu iraunkor batean, bestearena/besteena baino nabarmen txikiagoa bada, zerbait ez dago ondo. Izan zaitezke munduko pentsalaririk, artistarik, kirolaririk, sindikalistarik, profesionalik edo dena delakorik onena, baina zure umeei eskaintzen diezun denbora, urteetan, proportzionala ez bada, merezi al duzu gizartearen begirunea? Badakit lan-baldintzak ez direla beti aproposenak gizon askorentzat, baina uste dut ulertzen zaidala. Nik, esate baterako, gero eta gutxiago jasaten ditut haien seme-alabak zaindu ez, edo gutxi, baina, hori bai, mundua aldatzearen enpresan buru-belarri aritzen direnak. Zergatik ez zaie itsusten gizonei jokaera hori?

Nire inguruan badaude, bananduta egon zein ez, euren umeen kargu egiten diren gizonezkoak, etxafuegorik eta exhibizionismorik gabe, modu xaloan, naturalean, baina irmo: Adolfo, Alfredo, Edorta, Igor, Iñaki, Iñigo, Jesus Mari, Josemari, Josu, Txemi... Esan daiteke dagokiena ari direla egiten, baina noiz edo noiz publikoki gure aitortza adieraztea beharrezkoa dela uste dut, parekidetasuna eta zaintza konpartitzea bidezkoa, egingarria eta aberasgarria dela egunero baieztatzeagatik.]]>
<![CDATA[Euskaldunok ez omen dugu ligatzen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1989/020/001/2014-05-31/euskaldunok_ez_omen_dugu_ligatzen.htm Sat, 31 May 2014 00:00:00 +0200 Mari Luz Esteban https://www.berria.eus/paperekoa/1989/020/001/2014-05-31/euskaldunok_ez_omen_dugu_ligatzen.htm 8AV pelikula arrakastatsuaren inguruko solasaldi batean. Euskal Herrian gutxi ligatzen delako kontrafroga moduan, adiskide gazte bat haren kuadrillako neskek sagardotegietan izandako abentura sexualak kontatzen hasi zen, eta barrez lehertu beharrean ibili ginen.

Maggie Bullen, Karmen Diez, Jone M. Hernandez eta Elixabete Imaz-ekin batera gazteekin egindako ikerketa kualitatibo batean, zenbait elkarrizketatuk ideia hori aipatu zuten, baina beste askok ez. Gainera, gure emaitzetatik ezin da ondorioztatu ez elkarrizketatuek eta ez haien lagunek gutxi ligatzen dutenik edo horretaz kezkatuta daudenik.

Jarduera sexualen inguruko informazio bila aritu ginen. Euskal Herria eta beste lekuekiko alderaketa egiten duen inkesta bakar bat topatu genuen: Encuesta de Salud y Habitos Sexuales izenburukoa (Osasun eta Sexu Ohituren Inkesta), INE-Instituto Nacional de Estadistica delakoak 2003. urtean eginikoa, eta Estatu espainiarreko erkidegoetako datuak ematen dituena. Item gutxikoa da inkesta, eta sexualitatea sarketara mugatzen du, baina baditu emaitza interesgarriak. Ondorio nagusia: apenas zegoen alderik Hego Euskal Herriaren eta gainerako erkidegoen artean. Bizitzan zehar harreman sexualen bat -betiere sarketari dagokionez- mantendu duten edo harreman horiek pertsona bakarrarekin izan dituztenenen ehunekoak parekoak ziren. Alde txiki bat zegoen koitoaren hasiera-urtean, bai emakumeentzat, bai gizonentzat: 16 urte baino gutxiagorekin hasitakoen kopurua pixka bat baxuagoa zen gurean. Era berean, pittin bat baxuagoa aurreko 12 hilabeteetan bikote batekin baino gehiagorekin sexua izana zuten gizonen kopurua ere; ez, ordea, emakumeena.

Ezberdintasun guztiak ez dira zertan txarrak izan, dena den. Gure gazteen ikerketan parte harturiko zenbait neska kirolarik ñabardura interesgarria egin zioten gai honi. Estatu osoan jokatzen ohituta daude, eta, haien ustez, Euskal Herriko neskak gogorragoak izan ohi dira; dibertitzera edo ligatzera doazenean, hegaka dabiltzan mutil karganteak uxatzen dituzte inolako konplexurik gabe. Horrekin loturik, gogora datorkit emakumeentzako informazio zentro batean lan egiten duen lagun batek behin kontaturikoa. Zaintza-lanak egiten dituen emakume etorkin batek esan zion Euskal Herrian harritu zuen lehen gauza zela hemen ezetz zein erraz esaten dugun. Gaizki, zakarregi irizten ziola, eta diola. Baina ohartua dela etxeetan lanean topatzen dituen gizon esku-luzeen kontra askozaz eraginkorragoa dela.

Ez dakit nondik datorren Vaya semanita moldeko saioek hedatzen lagundu duten ditxosozko topiko hori, baina, ezaguna bada ere, gidoilariak gizonezkoak direla gogoratu nahi nuke, euren genero-pribilegioez harro dauden horietakoak, gehituko nuke. Lurrin androzentrikoa, bertatik bertara. Itxaro Bordak aipaturiko gizon festaren beste aldaera bat baino ez.

Egon badaude ideia horiekiko iritzi kritikoa idatzi dutenak. Jose Mari Pastor kazetariak behin baino gehiagotan hausnartu du horretaz egunkari honetan bertan. Oskar Aranda sexu hezitzaileak ere badu argitaratua artikuluren bat Gara-n. Haiek adierazi moduan, balizko grazia horren helburua, espainolak eta euskaldunak bereizteko baliagarri egiteaz gain, ez da Euskal Herrian bizi garen guztion buruaz sano barre egitea, baizik eta euskaldun izaera mota bat gutxiestea. Kontrakotasun bat baitago atzean: plazer sexuala versus konpromiso politikoa eta euskaltzaletasuna; (euskal) politikan buru belarri dabiltzanek ez omen dute bizitzaz (edo sexuaz) disfrutatzen, landugabeak baitira oso.

Ez da nire asmoa irrigarri gelditzea euskaldunen edo euskal ekintzaileen sexualitatea goraipatzen. Gure ohitura, praktika eta asebetetze edo frustrazio sexualez oso gutxi badakigu ere, susmo irmoa dut egon badagoela zer hausnartu eta zer hobetu. Baina aurreiritziak eta irudipen azalekoak bidaide txarra dira. Nire lankide bat liluratuta itzuli zen Brasilen egindako oporraldi batetik: hango erotismoa eta gorputzen irekitasuna, hango askatasun sexuala, hango... Bertan ikerketa bat egiteraino heldu zen. Laster konturatu zen baietz, bazeudela aspektu interesgarriak gorpuzkeretan, praktika sexualetan… eta modu bikainean aztertu zituen; baina han, hemen bezala eta aldeak alde, kontrol soziala, klase, genero, adina eta sexualitatearen kudeaketa jakin baten bidez gauzatzen zela.

Gure sexualitateen inguruko gogoeta zabal eta umoretsuen alde baina klixe baztertzaileak albora utzita. Sexualitate on!]]>
<![CDATA[Bortxaketa al da gerta dakigukeen gauzarik txarrena?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1513/004/001/2014-03-29/bortxaketa_al_da_gerta_dakigukeen_gauzarik_txarrena.htm Sat, 29 Mar 2014 00:00:00 +0100 Mari Luz Esteban https://www.berria.eus/paperekoa/1513/004/001/2014-03-29/bortxaketa_al_da_gerta_dakigukeen_gauzarik_txarrena.htm
Orokorrean, ezaguna da gerra testuinguruetan emakumeek jasan ohi dituzten jazarpen sexualen neurrigabetasuna (Txile, Argentina, Guatemala, Kongo, Hegoafrika…). Kongoko gerra eta gerraondoan, adibidez, militarrak eta paramilitarrak emakumeen kontra egiten ari diren izugarrikeriak zenbatuta daude: 48 emakume bortxatu, orduro. Jakina denez, herrialde horretako meatze-ustiaketa dago tartean, gu guztion nahigabeko konplizitatearekin, proportzio berean ematen baitira erabiltzen ditugun sakelakoen sofistikazioa eta bortxaketa kopurua. Teknologia horrek behar duen koltana ekoizteko industria berean biak. «Bortxatzea balak baino merkeagoa da», esan du Amnesty Internationalek. Bigarren adibide bat ere ekar daiteke: Guatemalan, 1960-1996 denbora-tarte luzean, Estatuko agenteek etengabeko bortizkeria sexual(izatu)a erabili zuten emakume indigenen kontra. Emakumeei egindako basakeriek, munduko beste zonalde gehienetan bezalaxe, gizonen umiliazioa eta emakumeekiko gorrotoa ereitea zuten helburu eta, horren ondorioz, komunitate horien erresistentzia-maila ezerezean utzi nahia.

Baina emakumeak ez dira besoak uztarturik gelditzen, eta egoera horien aurkako ekintzak jarri ohi dituzte martxan, biktima papera uxatuz eta ekintzaile rola haragiztatuz. Miresgarria da, esate baterako, Kongoko emakumeek asmatu dituzten ekimenen originaltasuna. «Kazetari txikien» mugimendukoak, kasurako, irrati bidez, urrun zein hurbil bizi diren herrixketako emakumeekin ari dira informazioa eta babesa elkar trukatzen. Guatemalan, berriz, 2010. urtean antolatu zen ekintzarik garrantzitsuena: Kontzientzia Auzitegia, non emakumeek elkarteek gertatutakoaren inguruko isiltasuna leherrarazi zuten, urte luzez lanean egon ondoren.

Abusuak, bortxaketak edo torturak jasan dituzten emakumeek (edo gizonek), sarritan, urteak behar izaten dituzte beraien esperientziak kontatu ahal izateko. Hitz egitea funtsezkoa da, baina, horretarako, espazio, denbora eta metodologia egokiak erabili behar dira, ezbaian baitago zer, non, nola eta zertarako kontatu.

Gurean ere ugariak izan dira azken hamarraldietan egin diren kanpainak eta jarduerak: kontzientziazio ekintzak, manifestazioak, autodefentsa ikastaroak, Beldur Barik kanpainak... Eta, iaz, Bilbon, Emakumeen Eskubideen Viena+20, Euskalherria 2013, Nazioarteko Auzitegia antolatu zen, indarkeria ardatzetako bat izanik. Auzitegi horren txosten osoa hil honetan argitaratu da.

Indarkeria sexuala salatu, baina, aldi berean, isiltasuna, beldurra eta lotsaren aurka jardun. Hortxe gakoa. Estrategia bateratu horren barruan, eta, idatzitakoa idatzi ondoren, kontraesankorra lirudikeen arren, bortxaketaren zama sinbolikoa indargabetu behar da, Virginie Despentes-ek dioen bezala.

«Gerta dakizukeen gauzarik txarrena ez da bortxatua izatea». Mezu honen konpasean hezi zituzten haien lau alabak gaztetan ezagutu nuen bikote batek. Eta niri, kontzientzia feministaren lehen urratsak ematen ari nintzela, eskandalagarria iruditu zitzaidan. Baina, laster, jokaera hori lezio bihurtu zitzaidan.

Ildo beretik, duela ez horrenbeste urte nire adiskide ginekologo batek kontatu zidan, guardia egiten zegoela, bortxaketa bereziki krudela jasan zuen neska gazte bat heldu zela ospitalera haren aitak lagunduta, biak ala biak shocketik irten ezinik. Berehala, inoiz irakurritakoa etorri zitzaion gogora: halako egoera batean, gertaera bera baino garrantzitsuagoa dela gertaeraren inguruan eraikitzen den kontakizuna. Pentsatu eta egin: aita kontsultatik kanpo atera zuen eta esan zion jasotakoa larria zela, baina alaba bai fisikoki baita psikologikoki ere suspertuko zela, eta, horretarako, ezinbestekoa zela senide eta adiskideek jarrera egokia izatea; beraz, lasaitu eta jarrera doitu behar zuela. Eta neskaren zauriak erreparatzeari ekin zion gero, bere hitzak arreta handiz kalkulatuz.

Biolentzia sexualaren gaia erabat presente dago emakumeen arteko elkarrizketetan. Noiz edo noiz hizketaldi hori berbontzikeria huts bihurtzen da edota arriskuaren mamuaren elikagai, baina, askotan, arriskuei eta erasoei, askatasuna kamustu barik, aurre egiten ikasteko balio du.

Eta zuek, gizonak, elkarrekin zaudetenean, hitz egiten al duzue kontu hauetaz? ]]>
<![CDATA[Zorionaren promesari mokoka]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1513/004/001/2014-01-19/zorionaren_promesari_mokoka.htm Sun, 19 Jan 2014 00:00:00 +0100 Mari Luz Esteban https://www.berria.eus/paperekoa/1513/004/001/2014-01-19/zorionaren_promesari_mokoka.htm
Pentsatu nahi dut, gehienen aldetik bederen, ez dela izango Jesus izeneko bat Betleemen jaio zelako, eta urte berriarekin batera bizitza aireberritzearen aukera desiratu nahi didatela. Baina orduan zergatik ez baliatu gero eta jende gehiagok erabili ohi duen «urte berri on» soil, doi eta borobila, eta kito?

Eva Illouz soziologoak eta Sara Ahmed ikasketa kulturaletan adituak, nork bere arloan, argudiatu dute indarrean dugun sistema politiko eta ekonomiko honek zorionaren bilaketa itsua lehenesten duen identitate eta jarrera emozional zehatza eragiten duela; eta, alderantziz, emozioen eta esperantzaren administrazio konkretu horrek bultzatzen duen bizimoduak sistema bera sustatzeko balio duela. Zoriona, helmuga bezain kabestru, utopia bezain uhal.

Kontsumismoa eta bere ezkutari nagusiak diren hedabide, publizitate eta kultur industrien bidez, «zorionaren utopiak» gure egiten ditugula, idatzi du Illouzek, maitasunaren eta osasun fisiko eta psikologikoaren bilaketaren forma hartu ohi dutenak nagusiki. Dugun egiteko naturalena, premiazkoena bailitzan. Maitasuna behar den bezala eskuratu eta sendotu ahal izateko, opariak, abenturak, irteerak, bidaiak… kontsumitu behar ditugu. Eta amodioak (bikoteak) elikagaiak, kotxeak, kosmetikoak, lurrinak, etxetresna elektrikoak… edozer saltzeko balio du. Osasunari dagokionez ere antzera, osasuna mantentzea ez baita hautua, betebeharra baizik; eta horretarako mota guztietako profesionalak eta sasiprofesionalak sortu dira, erabat idealizaturik dugun ni arduratsu eta osasuntsu hori gauzatzen lagunduko gaituztenak. Horrela bakarrik lortuko dugu bizitzan garrantzitsuena omen dena: zoriona. Sarri askotan apurtzaileak iruditzen zaizkigun alternatibak (yoga, meditazioa, new age terapiak…) ikuspegi beretik abiatzen dira.

Ahmedek ere hizpide hartu ditu gure artean nahitaezko bihurtu diren auto-laguntza kultura eta diskurtso terapeutikoak, askoren poltsikoak betetzeko ezin egokiagoa den zorionaren industria, krisi garaietan, zorionaren hizkuntza inoiz baino boteretsuagoa dela azpimarratuz. Eta ideologia eta ikuskera hori «zorionaren promesa» deitu du, zeinaren arabera zenbait bizi-aukera (ezkontza / bikotetzea ezeren gainetik, baina baita diruaren gurtza edo ohitura «sanoak» ere) lehenesten ditugu beste batzuen aurrean, zoriona, bizitza bide zuzenetik eramaten dutenentzat soilik erreserbatua dago-eta. Hortaz, gure hedabideek bikote, familia, langile edo herritar zoriontsuen (edo zorionaren bila dabiltzanen) kontakizunak hedatzen dituzte behin eta berriro. Baina bizimolde horietan, gehitzen du, ez dira kabitzen ez feminista izorratzaileak, ez queer zorigaiztokoak ezta etorkin malenkoniatsuak ere.

Ahmeden ustez, feminismoa eta zorion eza parekide egitea da kultura hori zilegitzeko eta barneratzeko modu bat. Zergatik bukatu —galdetzen du— lanaren banaketa sexualarekin, amatasuna eta zaintza badira emakumeentzako zorionaren iturri? Feminismoa heredatzea tristezia heredatzea baino ez litzateke; genero ezberdintasunek inposatzen dizkiguten mugez jabetzearen baitan dagoen tristezia heredatzea, muga horiek beharrezkoak ez direla jabetzeak sorrarazten diguna. Bestalde, maitasun heterosexuala (edo bere senidea den maitasun homosexual heterosexualizatua) amaiera zoriontsuaren aukera nagusi bihurtu zaigu, biderik behinena. Era berean, gure artean bizitzea erabaki duten etorkinak ere kultura horren biktima eta xede lirateke, zorionaren zorraren subjektu, misio kolonialaren zorionaren zorraren oinordeko. Hartara, bertakotzeko (hau da, gu bezala zoriontsuak izan ahal izateko) bitarte nagusia erakutsiko zaie: gure kultura ikastea, gure kulturari leial izatea.

Ez du idatzi egile honek azken denboran soseguaren bidea aukeratu (omen) dugun independentista haserrekorrei buruz. Baina nago antzerako galdera ere egin litekeela: kabitzen al gara zorionaren utopia horien barruan jendarte euskaldun, burujabe eta eraldatua nahi dugun herritarrok? Edo horren suminberak izateagatik, kartzelaz gain, biziarteko gosete afektibo-sexuala da merezi dugun kondena, guri buruzko diskurtso eta autodiskurtso mediatiko topikoenek aspertu arte errepikatzen duten eran?

Itxuraz inozo eta bihozbera baina barrutik pozoitsua den zorionaren kultura horren inguruan hausnartzea eta kritika egitea —erantsi du Ahmedek— ez da bizipoza, itxaropena edo optimismoa hiltzea, bizitza zabaltzea baino, toki egitea. Tokia erabakimenari, tokia eraldaketari, tokia guztiontzako etorkizunari.

Urteberri on! Behar dugu-eta.]]>
<![CDATA[Gorputz-politikak eta larrugorritze ekintzak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1513/004/001/2013-11-30/gorputz_politikak_eta_larrugorritze_ekintzak.htm Sat, 30 Nov 2013 00:00:00 +0100 Mari Luz Esteban https://www.berria.eus/paperekoa/1513/004/001/2013-11-30/gorputz_politikak_eta_larrugorritze_ekintzak.htm aborto es sagrado) idatzita zeramatela. Azaroaren 17an berriz agertu ziren Madrilen, abortuaren kontrako manifa baten hasieran, hainbat lelorekin. Manifa beraren amaieran, Guerrilla Abortista izeneko talde koordinatu eta jendetsu batek ere egin zuen protesta, pankarta baten atzean. Batak eta besteak atxilotuak izan ziren.

Feminismoaren sektore zabal batek ez ditu begi onez ikusten Femenekoak. Leporatu zaie inoiz ez koordinatzea besteekin. Leporatu zaie gorputz irudiaren tiraniari amen egitea, ekintzaile guztiak baitira gazteak, ilehoriak eta argalak (azken ekintzan neska potolo bat agertu zen). Leporatu zaie nagusitasun zuria praktikatzea eta arrazistak izatea, emakume musulmanen eskubideen (omen) defentsan eginiko hainbat jarduerarengatik… Jakina da gizarte mugimenduen espiritu kritikoa. Bejondeigula! Baina ez al da erasokorregia haien aurka erabiltzen ari den doinua?

Talde horrekiko azterketarik interesgarriena eta neurritsuena, nire ustez, Beatriz Gimenok idatzi zuen apirilean Pikara Magazine-n. Haien balentria eta ausardia goraipatu zituen, ez baitira hutsalak jasan dituzten zigorrak zenbait lurraldetan. Eta, beste gauza askoren artean, esan zuen mugimendu horrek erakutsi ohi duen ideologia inozoa eta gutxi garatua ulertu ahal izateko sortzaileen testuinguru soziokulturalaz ohartu behar dugula, sozialistak izandako Ekialdeko Europako gizarteetako alabak baitira, neoliberalismo eta ortodoxia basatienean erori eta berdintasun politikak zer diren ere ez dakiten herrialdeak. Eta hori litzateke, nire ustez, haien politikaren ifrentzua, nazioartekotze ahalegin horrek baitaramatza berekin ahuldadea eta arriskua, leku batean egokiak izan daitezkeen mezuak edo irudiak ez baitira derrigorrean esportagarriak.

Egia esan, zaila da neurtzen haien ekintzen eragin politikoa. Ukaezina da, bestalde, inpaktu mediatikoa. Zergatik? Titiak erakusten dituzten gazte argal ilehoriak direlako? Beharbada bai, horren sentsazionalista eta kamutsa baita gure kultura publikoa. Edozein kasutan, esango nuke lore-koroen eta adats luzeen aingeru-aire horrek bular larrugorrian idatzitako lelo feministekin batera osatzen duten estanpa, neurri batean behintzat, originala eta haustailea badela. «Neska onak zerura doaz; gaiztoak, leku guztietara», oihukatzen genuen duela zenbait urte. Neskatilarik otzanenak ere gaizto bihur daitezkeela gogorarazten digute Femenekoek.

Gorputzaren erabilera politikoa ez da feministen monopolioa, jakina. Zezenketen kontrako ekintzaileak gorriz margotu ohi dira; eta militarizazioaren eta oinarrizko errentaren murriztapenaren aurkakoek ere behin baino gehiagotan erakutsi dizkigute ipurmasailak, esate baterako. Baina emakumeen ekintzek, sarri askotan, bularrak eta genitalak dituzte lehengai.

Françoise Héritier antropologoak idatzi du emakumeen probokazio sexual bakezalea gizonen gehiegikerien aurreko ohiko protesta-tresna dela kultura artean. Eta gogorarazi du Afrikako zenbait gizartetan emakume zaharrak biluzi egiten direla gatazka larriak gertatzen direnean, madarikazio gisa bizi baitute gizonek keinu hori, gorputz horretatik jaioak baitira, bular horiek elikatuak.

Shirley Ardener antropologoak, berriz, aluaren eta baginaren ikonografia eta erabilera kulturala izan zituen hizpide duela urte asko, hainbat adibide etnografikotatik abiatuz (Afrika, Antzinako Grezia eta AEBetakoak). Zuetariko askok gogoan izango duzue Eve Enslerren The Vagina Monologues antzezlan arrakastatsua, euskaraz ere antzeztua izan dena.

Beste maila batean, sexu-greba (sexu-harremanik ez edukitzea) baliatu dute behin baino gehiagotan emakumeek. Liberian, adibidez, halaxe bukatu zuten gerra, gobernuan emakume bat jarriz.

Ardenerren ustez, genitalen aldarrikapena diskurtso nagusiaren esanguren berrinterpretazioa litzateke: emakume izatearen harrotasuna azpimarratu, gorputza berreskuratu eta gizonezkoak lotsarazten saiatu. Baina ez nuen lotsarik sumatu Espainiako ministroen aurpegietan, agian nahasmen txiki bat, besterik ez. Denetarik esan zuten gero, hain dira neurrigabeak haien zinismoa eta harrokeria.

Femeneko gorputz-politika gizonentzako madarikazio horren eguneratze gisa interpretatu du Héritierrek. Baina, zer esango dizuet, niri gustatuko litzaidake emakume titi-erori-sabel-eman batzuen gorputz biluzia ikustea jende inportante horren aurrean (badugu zer ikasi primitibotzat hartzen ditugun kultura horietatik). Gorputz zaharra baita gure artean benetako tabua, feministak izan edo ez. Eta zenbat eta tabutik hurbilago, orduan eta eraginkorragoa keinua. Horregatik ere blogetan zabaldu diren emakume adinekoen bular-ekintzen adibide guztiak mendebaldetik kanpokoak dira.

Edozein kasutan, argi dago Euskal Herrian feminista gazteak direla sortzaileenak eta ausartenak gorputz-ekintzei dagokienez: hortxe dugu Bilgune-koek behin baino gehiagotan erabili duten Kuleroak buruan eta ibili munduan leloa; hortxe Nomantxakolorea kolektiboak eta Deustuko Pare talde feministak hilekoaren inguruan egindako jarduerak; edo Medeak taldearen drag-performanceak; hiru adibide aipatzearren.

Gure esku dago gazte horiek egiten eta esaten ari direnari entzutea edo nesken kontu hutsak direla pentsatzea.]]>
<![CDATA[Abortatzea bizipen arrunta denean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1513/004/001/2013-10-10/abortatzea_bizipen_arrunta_denean.htm Thu, 10 Oct 2013 00:00:00 +0200 Mari Luz Esteban https://www.berria.eus/paperekoa/1513/004/001/2013-10-10/abortatzea_bizipen_arrunta_denean.htm
Izan badira, jakina, kontakizun horren hainbat aldaera: protagonista bikotekiderik gabeko emakumea izan daiteke, gazteagoa edo zaharragoa; ume baten edo gehiagoren ama; Euskal Herrian jaioa edo duela zenbait urte heldutakoa; enpleguduna ala langabea; lehenago aborturik egindakoa… Aldaerak anitz, ibilbideak adina: nafarrek orain gutxi arte zailago izan dute, eta emakume guztiek ez dute informazioa horren eskura; edo gurago izaten dute kliniketara zuzenean jotzea, eta ordaindu; edo haien herrialdean erabili ohi diren pastillak eskuratzen saiatuko dira; edo, azkenean, haurdunaldiarekin aurrera egitea erabaki... Eta prozesuan eman daitezke, nola ez, bizipen eta emozio sorta guztiak. Eskarmentuak dio, adibidez, krisi-iturria izan daitekeela abortua, zentzu baikor eta ezkorrean: ugaltze ahalmenaren kontrola birplanteatzeko aukera edota bikotearen kalitate maila neurtzekoa, besteak beste.

Baina, esan behar da balizko esperientzia, oztopo eta hunkipen guztien gainetik, gaur egun eta hemen, Euskal Herrian, abortatzea bizipen arrunta bihurtu dela, bi arrazoirengatik: batetik, emakumeek, feminismoak azken lau hamarraldietan hedatu duen funtsezko aldarria (gorputz burujabetzarako eskubidea) bere egin dutelako; eta bestetik, haurdunaldi bat etetea erabakitzen duten gehien-gehienek oso modu naturalean bizi ohi dutelako, hau da, izaera antzeko edozein osasun tratamendu moduan, haren balizko zalantza eta gorabehera berekin.

Zergatik? Emakumeak jakitun direlako, modu kontziente edo inkontzientean, ditugun osasun sistema eta eredu sexualean ia ezinezkoa dela ugaltze-plangintza perfekturik. Jakitun, etikaz eta moralaz ezer gutxi dakitenek ere, ez gaudela (ez, behintzat, egunkari honen irakurleok) joan den mendeko hirurogeita hamarreko urteetan edo laurogeikoetan, non enbrioia giza bizitza zen ala ez eta sexualitatea eta ugaltzea gauza bera ez diren eztabaidatu behar genuen. Jakitun ez dagoela egitate moralik testuinguru historiko, sozial edo kulturaletik aparte.

Atzean gelditu (behar) dira, beraz, abortatzen zutenak biziarteko trauma edukitzera kondenatzen zituzten ideiak (egongo da beti, nola ez, damutuko den emakumerik). Atzean, «ezein emakumek ez du aborturik egin nahi, baina…» aditzera eman beharra (feministok ere baditugu gure tranpak). Atzean, pentsatzea emakumeoi haurdunaldia noiz etetea berdin digula (estatu espainiarreko abortuen %97,7 14. astea baino lehenago gauzatzen direnean, eta erdia baino gehiago lehen 7 asteetan). Atzean, lotsa edo erru sentimenduak... Nahigabeko haurdunaldia estrategia antikontzeptiboaren akats bat da, soluzioa duen akatsa, eta kito.

Hori dena aipatzen dudanean ez nago defendatzen, jakina, Espainiako justizia ministroak aurrera atera nahi duen lege erreformaren kontra biltzeko kapaz garen indar guztiez borrokatu behar ez dugunik. Ezta abortuaren despenalizazio osoa lortu arte etxean gelditu behar garenik. Baina bai azpimarratu bizi dugun normalizazioa.

Normalizazio honetan faktore franko izan dira, baina garrantzitsuenak bi izan direla esango nuke: batetik, feminismoak Basauriko 11 Emakumeen kontrako epaiketen kanpainetan hasi eta gaur arte abiatu dituen ekimen zehatzak (manifestazioak, autoinkulpazioak, informazio eta osasun zentroak…); eta bestetik, feminismoaren presioaren ondorioz atera diren abortuaren legeak (1985eko baldintzen araberakoa eta 2010eko epeena); dena den, gabeziak gabezia, lehenak izan zuen eragin sinboliko eta praktiko gehien pentsamoldeen eraldaketan.

Hala ere, azken urteetan abortuak egiteko gurean erabiltzen hasiak diren bi medikamentuek ere (Mifepristona eta Misoprostol) bere egitekoa izan dute, ez baita berdina, ez sinbolikoki ezta fisikoki ere, abortu farmakologikoa edo kirurgikoa (nahiz eta teknikoki oso sinplea izan). Progesteronaren aurkako konposatua da mifepristona (RU-486), eta Frantziako laborategi batean izan zen sintetizatua, eta asko zabaldu da antzeko substantzien ikerketa. Baina jatorriz urdaileko ultzerak prebenitzeko eta osatzeko pentsatua zegoen Misoprostolen erabileraren historia, aldiz, interesgarria da oso: Latinoamerikako emakumeak berak izan ziren botika horren funtzioaz ohartu ziren lehenak, eta milioika izan dira azken 30 urteetan mundu osoan aurkikuntza horri onura atera diotenak. OMEk berak aitortu du Misoprostolak bizitza asko salbatu dituela abortua segurua edo legezkoa ez den herrialdeetan. Baina, noski, ez dago Nobel saririk zientzialari pobre eta anonimoentzat, horrelako gertaerek Ipar/Hego hierarkien inguruan ditugun estereotipoak hankaz gora jarri arren.]]>