<![CDATA[Marta Garcia | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Wed, 07 Dec 2022 14:53:51 +0100 hourly 1 <![CDATA[Marta Garcia | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Lehorrean ere jarraitu esploratzen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1878/033/001/2022-12-03/lehorrean_ere_jarraitu_esploratzen.htm Sat, 03 Dec 2022 00:00:00 +0100 Marta Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1878/033/001/2022-12-03/lehorrean_ere_jarraitu_esploratzen.htm Euskadiko OrkestraZuzendaria: Robert Treviño. Egitaraua: Zuriñe. F. Gerenabarrenaren Lorratz eta Anton Brucknerren 8. sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Abenduak 1.

Juan Sebastian Elkanok hiru urte eman zituen Victoria ontziko maisu gisa: 1519ko abuztuaren 10ean abiatu zen Sevillatik, eta 1522ko irailaren 6an itzuli zen Sanlucar de Barramedako portura. Elkano fundazioak Euskadiko Orkestrarekin batera egindako Mundubira: musika bidelagun proiektuak ere hiru urteko ibilbidea egin du, eta, Elkanorekin batera zetozen beste hamazazpi marinelak bezala, lehorrera iritsi da azkenik.

Zuriñe F. Gerenabarrena arabarrak munduaren lehen zirkumnabigazioa egin zutenen itzulera irudikatu du Lorratz izeneko obran. Bere hitzetan, «arraro sentitzea, itsasoratu zen pertsona bera ez izatea» ekartzen ditu gogora, bolada batez etxetik kanpo bizi izan diren guztiek sumatzen duten sentipena, hain zuzen. Itzulera guztietan bezala, continuum baten gisan atzematen da pieza; tentsio jarraitua mantentzen du, baina badira une argitsuak perkusioaren eta metalen jolasean. Zirkulua osatu bada ere, abiapuntua eta helmuga ez datoz bat, zerbait aldatu da.

Kursaaleko publikoak hoztasunez erantzun zion Lorratz-en estreinaldiari eta programa ardazten zuen Anton Brucknerren 8. sinfoniari. Duela 130 urte, ostera, obrak Vienako publikoaren txaloaldia eskuratu zuen, Brucknerrek hainbat aldaketa egin ondoren. Robert Treviñok eskarmentu handia dauka austriarraren sinfoniekin: azken bi urteotan bere hiru sinfonia eman ditu abonu-denboraldian.

Denera, bere keinuak gogo bizia eta seriotasuna batu zituen taula gainean, organoaren metalen kutsua dakarren partituran. Luzimendurako aukera ez zen galdu, hala nola adagioaren bukaeran tuba wagnertarrek eskainitako kolore ederrean, baita Scherzoak dakartzan bost noten mailukadan. Hariek ere gau aparta biziarazi zuten, esaldien basoan norabiderik galdu gabe, eta azken mugimenduan energia senez bideratuz.

Orkestraren lurra egonkorra bezain aberatsa da eta, hala ere, tarteka badirudi bi sekzioen artean ñabardurak xurgatzen dituen horma handi bat dagoela. Zuritik beltzera aise igaro dira; espektro guztia esploratzeko grina besterik ez da falta.]]>
<![CDATA[Halabeharrezko arrakasta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2048/025/001/2022-11-26/halabeharrezko_arrakasta.htm Sat, 26 Nov 2022 00:00:00 +0100 Marta Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/2048/025/001/2022-11-26/halabeharrezko_arrakasta.htm Euskadiko OrkestraZuzendaria: Pablo Gonzalez. Abesbatza: Donostiako Orfeoia. Bakarlariak: Jone Martinez (sopranoa), Carlos Mena (tenorra), Javier Franco (baritonoa). Egitaraua: R. Straussen Don Juan, TrV 156, op. 20 eta C. Orffen Carmina Burana. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Azaroak 24.

Donostiako Orfeoiak 1960ko hamarkadan sartu zuen Carmina Burana obra bere errepertorioan; geroztik, ezin konta ahal aldiz interpretatu du erreferentziazkoak diren orkestra eta zuzendariekin, bertan eta nazioartean, baita grabaketa bikainak egin ere. Orfeoiari berezkoak zaizkion tasunak zabaltzeko eskaintzen dion aukeragatik ere, obra paregabea da 125 urteko ibilbidea ospatzeko.

Kontzertuak, hortaz, musika hasi baino lehen arrakasta lortzeko osagarri guztiak biltzen zituen, obra konplexua izan arren, tarteka bitxia bezain primitiboa. Hitzak ere arrotzak egin dakizkioke testuingurua ezagutzen ez duen edozeini: natura, haragizko maitasuna, lurreko plazerak, satira... Gai ugari biltzen dira XII.-XIII. mendeko olerki goliardo hauetan, Erdi Aroaz dugun irudi iluna argituz. Carl Orffek goliardoen aberastasuna bere egin zuen, garaiko musika-abangoardietatik aldenduz, berak musika elementala izendatu zuena bilatzeko asmoz, arte guztiak bateratuko zituena. Orfeoia bere saltsan, dinamikak, ahoskera eta arnasa xehetasun handiz menperatuz, entzulea kontrasteetan barrena maisutasunez gidatuz.

Jone Martinez sopranoaren ibilbideari jarraitzen dionak ongi ezagutuko ditu bere ahotsaren malgutasuna eta distira. Lehenengoz entzuten zuen batek sen ona eta zehaztasun goxoa deskubrituko zituen, hala nola Amor volat undique arinean eta Dulcissima zorrotzean. Carlos Menak ere bikain ebatzi zuen Cignus ustut cantat zatiak eskatzen dion bi erregistroen nahasketa. Javier Francori, aldiz, presentzia eta emisio zuzenagoa falta izan zitzaizkion.

Pablo Gonzalezen batuta kartsuak izan zuen eraginik interpretazioa hain bizia izan zedin. Hasiera entzun ahal izan genuen Don Juan poema sinfonikoan ere zuzendaritza finaren zantzuak atzeman ziren. Berak gonbita zabaldu zuen, eta orkestrak fin erantzun, oboearen aparteko parte hartzea barne.

Gau biribila, Tempus es iocundum erdian mugikor baten hotsak dena geldiarazi izan ez balu. Zein izango da hurrengoa? O Fortuna!]]>
<![CDATA[Biguna, baina dotorea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2157/031/002/2022-11-23/biguna_baina_dotorea.htm Wed, 23 Nov 2022 00:00:00 +0100 Marta Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/2157/031/002/2022-11-23/biguna_baina_dotorea.htm Enigma TaldeaMusikariak: Aitor Iturriagagoitia eta Victor Parra ( biolinak), Carlos Seco (biola), Zsolt Tottzer (biolontxeloa), Emilio Ferrando (klarinetea). Egitaraua: W. A. Mozarten Boskotea klarinetearekin, KV 581 eta J. Brahmsen Klarinetearentzako eta harientzako boskotea, op. 115. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Azaroak 20.

Donostia Musika elkarteak antolatutako musika zikloaren hamaikagarren kontzertu honetan, Zaragoza Auditoriumeko Ganbera Orkestra izan zen protagonista, Enigma Taldea ezizenaz ere ezaguna. Boskote gisa, ganbera-errepertorioan ezohikoak bezain esanguratsuak diren piezak eskaini zituzten.

1789. urtea zorigaiztokoa izan zen Mozart familiarentzat: Wolfgangen eta Constanzeren osasun egoera latzak, bosgarren alaba jaioberriaren heriotza, diru-eskasia... Beste konpositoreentzat idazten zuen Salzburgoko jenio bihurriak, txanponak nondik etorriko. Garai hartan idatzi zuen KV 581 boskotea, bere lagun eta masoi-anai zen Anton Stadler klarinete jotzailearentzat. H. C. Robbins Landon musikologoak dio bertan «musikak malkoen atzean irribarre» egiten duela. Mozarten idazkeran bada beti halako sen jostalari bat, noizbehinka ezkutuan geratzen dena. Enigma Taldearen interpretazioan, jolas horrek behar-beharrezkoa duen doitasuna bigun samar agertu zen, lauso. Hala ere, klarineteak aura ederraz bildu zituen larghetto-aren eskalak, eta azken bi mugimenduetan distiraz aritu ziren hariak ere, bereziki gorteko dantza gogora dakarren menuetan.

Mozart hil eta ehun urte geroago, 1891n, J. Brahmsek Klarinetearentzako eta harientzako boskotea idatzi zuen, haize instrumentu horri eskainitako beste obrekin batera. Boskote honek, baina, bereziki hunkitu zuen Clara Schumann: «Instrumentuen uztarketak arima harrapatu egiten du». Egiaz, mugimenduen arteko elkarrizketak zintzilik hartzen zaituela dirudi. Andantino-an Ferrandok erakutsitako fraseatze sotiletik hasi eta adagioan hariek marrazten dituzten kontrasteetara, bertsio dotorea entzun ahal izan zen igandean.

Anekdota bat. Mozarten lehen mugimendua amaitu orduko, kexu zen nire atzetik zetorren ahots bat: «Zeinen errepikakorra den musika hau». Bada, musikariak badaki, Soren Kierkegaard filosofo daniarrak gai honen inguruan egindako ekarpenak irakurri gabe, errepikatzen diren bi pasarte sekula ez direla berdinak. Hor erronkarik zailena musikarientzat zein entzuleentzat.]]>
<![CDATA[Beczalak arin daraman zama]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1908/030/002/2022-11-18/beczalak_arin_daraman_zama.htm Fri, 18 Nov 2022 00:00:00 +0100 Marta Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1908/030/002/2022-11-18/beczalak_arin_daraman_zama.htm Piotr BeczalaPianoa: Camillo Radicke. Egitaraua: P. I. Txaikovski, S. Moniuszko, Ch. Gounod, J. Massenet, G. Verdi eta abarren obrak. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Azaroak 15.

Azken hamarkadetan erreferentzia izan diren tenorretan pentsatzen jartzen denari aise etorriko zaio burura Piotr Beczalaren izena. Mundu osoko eszenatoki ezagunenetan aritu izan da, opera ekoizpenetan parte hartuz zein errezitalak emanez. Azken urteotan, ahots zama handiagoa eskatzen duten rolak interpretatu ditu, verismoaren bideetan maisutasunez murgilduz. Kursaaleko programa intentsitate horren adierazgarri izan zen.

Kontzertua P. I. Txaikovskiren hainbat abesti eta erromantzerkin hasi zen. Errezitaletan oso ohikoak ez badira ere, ehun baino gehiago idatzi zituen, eta hain ziren arrakastatsuak garaiko saloietan, ezen entzule askok buruz ikasten zituzten. Egiaz, Txaikovskik melodia eder eta malenkoniatsuak osatzeko erraztasun handia zuen; Beczalak, berriz, esaldi luzeak sostengatzeko eta dinamikak zein ñabardurak imintzio handirik gabe zabaltzeko tasunak ditu sobera. Hala antzeman zen, esaterako, Dantzaldi zalapartasua (op. 38, 3. zb) edo Eguzkia sartu da (op. 73, 4. zb) obretan. Eugeni Onegin operako Kuda, kuda aria bere tasun guztien erakustaldia izan zen, urte askoz gogoratzeko interpretazioa egin baitzuen, hain zuzen.

Ondoren, S. Moniuszko konpositore poloniarraren abestiak etorri ziren, eta Beczalaren ahoskera bikaina bere ama hizkuntzan gozatzeko aukera izan genuen. Bereziki ezezagun bezain gozagarriak suertatu ziren Krakoviarra abestia eta Etxe sorgindua operako Stefanen aria. Beczalak edonon eta edonora hedatzen duen tinbre gardena modu arin zein sakonean hauteman zen.

Kontzertuaren bigarren zatian opera ezagunen ariak entzun ahal izan ziren, tenor poloniarrak azkenaldian maiz eta sen onaz interpretatu dituenak. J. Masseneten O souverain, ô juge, ô père presentzia handikoa izan zen; G. Verdiren Celeste Aida, dotorea. Lerro garbia eta malgua erakutsi zuen Beczalak denetan, goiko zein beheko erregistroan, oso modu organikoan, Camillo Radicker bikaina lagun zuela. Bis gisa, G. Pucciniren E lucevan le stelle fin eta lazgarria, oparia. Txalo zaparradaz koroatu zen.]]>
<![CDATA[Mamuei izena jartzeaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1944/034/002/2022-11-06/mamuei_izena_jartzeaz.htm Sun, 06 Nov 2022 00:00:00 +0100 Marta Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1944/034/002/2022-11-06/mamuei_izena_jartzeaz.htm Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Roberto Fores Veses. Abesbatzak: Easo Eskolania eta Easo Gazte. Egitaraua: M. Musorgskiren Gaua mendi gorrian, G. Carpenterren Mamu kantak eta P. I. Txaikovskiren 4. sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Azaroak 4

Euskadiko Orkestraren bigarren abonu programak nork bere barnean zein kanpoan aurkitu ditzakeen mamuak ekarri nahi izan ditu taula gainera, hain zuzen ere, Gau Beltzaren eta Arimen Egunaren inguruan egin diren kontzertuetan. Programaren lehen zatiak lanbroz eta kondairaz betetako giroan murgildu gintuen, eta bigarrenak, aldiz, gatazka pertsonalek zeharkatutako patuaren aurreko etsipen eta ahaleginetan.

Gazterik idatzi zuen Musorgskik Gaua mendi gorrian poema sinfonikoa, berariazko errusiar musika sinfonikoa bilatu nahian zebilen mugimendu nazionalistaren barruan kokatzen dena. Nikolai Gogolen kontakizuneko sorginen antzera, espiritu beltzei heldu egin zien orkestrak akelarrean, Foresen keinu kementsuak lagunduta, lehenengoz entzun ziren Gary Carpenterren fantasmagoriei bidea irekiz.

Euskadiko Orkestrak beste hiru orkestra britainiarrekin batera egindako enkargua dira Mamu kantak, Marion Angusen zein Robert Louis Stevensonen hainbat olerki oinarri hartuz ahots zurientzako idatzitakoa. Ez da ohikoa haur eta gazte abesbatzak erdigunean jartzen dituzten obra sinfoniko-koralak topatzea eta, hortaz, eskertzekoa da sorkuntza. Orkestraren presentzia zuhurraren gainean, Easo Eskolaniak eta Easo Gaztek lan aparta egin zuten jitoan ibili gabe erritmo sinkopatuetan barrena nabigatzen eta tranpa harmonikoak opari bihurtzen, beheko erregistroan berebiziko kolorea erakutsiz.

Orkestrak ez zuen galdu Txaikovskiren 4. sinfoniak eskaintzen duen luzimendurako aukera. Foresen batutak markatzen zituen tenpo azkarrei segika, metalak distiratsu agertu ziren lehen gaiaren aurkezpenean zein bukaerako allegro con fuoco-aren euforia dramatikoan. Hariek gau paregabea eskaini zuten, bigarren mugimenduaren melankoliatik scherzo-aren pizzicatoak pizten duen irudimenera, non haizeek ere azken urteotan erakutsi duten bikaintasuna modu sotilean zabaldu zuten.

Norberak sortutako edota tradizioz jasotako mamuak uxatzeko erremedio eraginkorra: haien parean jarri eta, aurpegira begiratuz, izen-abizenez deitzea. Ospa!]]>
<![CDATA[Opera gau bat zer den]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1901/031/002/2022-10-25/opera_gau_bat_zer_den.htm Tue, 25 Oct 2022 00:00:00 +0200 Marta Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1901/031/002/2022-10-25/opera_gau_bat_zer_den.htm 'I Puritani'Zuzendariak: Giacomo Sagripanti (musika), Emilio Sagi (eszena). Abeslariak: Jessica Pratt (Elvira), Xavier Anduaga (Arturo), Andrzej Filonczuk (Riccardo), Manuel Fuentes (Giorgio), Alejandro Lopez (Gualtiero), Josu Cabrero (Bruno), Laura Vila (Enrichetta). Egitaraua: V. Belliniren I Puritani. Lekua: Bilboko Euskalduna jauregia. Eguna: Urriak 21.

Giuseppe Verdiri eskainitako kontzertuaren ondoren, OLBE Bilbao Opera elkarteak bere denboraldiko lehen opera taularatu du, beti legez, Bilboko Euskalduna jauregian: Vicenzo Belliniren I Puritani melodrama. Egiaz, Carlo Pepoliren libretoak opera esparruan ohikoa den egoera aurkezten du, estuardoen eta puritanoen arteko gatazka historikoak ez baitigu egia transzendenteak edota sentimendu konplexuak atzitzeko biderik irekitzen. Ekoizpen honetan, zorionez, beste lurretan loratzen dira edertasuna eta zirrara, hala nola bakarlari zerrenda paregabean, Emilio Sagiren eszenaratze dotore eta burutsuan, Giacomo Sagripantiren musika gidaritza zuhurrean.

Guztiz justifikatuta daude egunotan hirukote protagonistari zuzendu izan zaizkien loriak, hitzez, txaloz zein bravo! ozenez. Jessica Pratt sopranoak, une gutxi batzuetan desorekaren zorian zegoela bazirudien ere, bere erregistro zabal eta garbiaren erakustaldia eman zuen, bereziki berealdiko koloratura paleta den Ah sì, son vergin vezzosa aria finean. Xabier Anduagak, berriz, emanaldi ikusgarria oparitu zuen, bere ahotsaren malgutasun distiratsua beti presente, pianissimo goxo sinestezinetatik pasarte sendoenetara, luzimendu zalantzagabea lortuz Credeasi, misera! arian. Andrzej Filonczyk ere kantu-lerro ederra marraztu zuen bere parte hartze guztietan, haragia eta arintasuna batzen dituen tinbre argiaz. Gainontzeko bakarlariak ere zuzen, Sagripantiren batuta zabal eta doiak ezartzen zituen ñabardurei sostengua eta zentzua eman zioten. Azken honek erakutsi zuen bel canto-a gidatzea zer den ongi dakiela.

Musika borobiltzeko, Sagik asmatutako eszenografia eta mugimenduak libretoak faltan duen sakontasuna espaziora darama. Sabai amaigabetik zintzilik, 28 argi-armiarmek pertsonaien aldarteak zein narrazioaren joan-etorriak modu eraginkorrean indartzen dituzte.

Atzo ere izan zen beste aukera bat opera gau bikain bat nolakoa izan daitekeen bizitzeko, edertasunaren soiltasunaz ohartu eta gozatzeko.]]>
<![CDATA[Peluxezko laukoteak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1873/025/002/2022-10-19/peluxezko_laukoteak.htm Wed, 19 Oct 2022 00:00:00 +0200 Marta Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1873/025/002/2022-10-19/peluxezko_laukoteak.htm Ensemble SicilianoMusikariak: Julia Siciliano (pianoa), Liana Gourdjia (biolina), Rumen Cvetkov (biola), Adolfo Gutierrez Arenas (biolontxeloa). Egitaraua: Wolfgang Amadeus Mozarten 2. laukotea pianoarekin K. 493 eta Johannes Brahmsen 2. pianorako laukotea op. 26. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Urriak 16.

Beste eragileekin gertatzen ez den bezala, Donostia Musikak antolatzen dituen denboraldiak urtarrilean hasten dira eta, hortaz, Mozart-Brahms zikloaren barruko hamargarren kontzertua izan zen igandean Viktoria Eugenia antzokian, Julia Siciliano piano joleak gidatzen duen taldearen eskutik.

Wolfgang Amadeus Mozarten 2. laukotea pianoarekin K. 493 eskaini zuten lehenik. Salzburgokoak eskarmentu handia zuen enkargu bidezko obrak konposatzeko; horietako bat da laukote hau, 1786an osatua, Mozarten musikaren adierazgarri den espiritu jostalari bezain birtuosoa agerian uzten duena. Allegro-aren lehen konpasetatik hauteman daiteke: pianoa hasieratik luzituz eta bere gaiak pixkanaka harienetatik bereiziz. Melodiak ugariak dira, jira-bira dabiltza hiru mugimenduetan barrena. Lau musikariak fin aritu ziren arren, definizio falta sumatu zen oro har, gaietan galtzeko arriskuan jartzen zituen biguntasuna. Larghetto-an, esaterako, biolaren presentzia irmoagoa eskertzekoa zatekeen.

Mozart jauzilariaren ostean, Johannes Brahmsen oparotasunaz gozatzeko aukera izan genuen. 1861ean konposatutako laukotearekin, Brahmsen pianorako abilezia eta harienganako errespetuaren zantzua nabaritu genituen. Lirismo handiko pasarteak eskaintzen ditu pieza honek, hala nola Allegro non troppo-aren hasieran, hariek garatzen dituzten pasarte homofonikoetan, estatikoagoak izan arren, zein Poco adagio-aren esaldi luzeetan. Haatik, Mozarten laukotean nagusitu zen biguntasunak giro erromantikoa ere kutsatu zuen, baita eite hungariarra nagusitu behar zenean ere. Erosoa eta lasaigarria, baina formarik gabea.

Klasizismoaren eta erromantizismoaren arteko elkarrizketa aitzakia, ad hoc justifikatu daitekeen denboraldiari forma eman diote horrela, eta, hala ere, besaulki gehienak hutsik geratzen dira kontzertuotan. Badugu egitekoa; ezagutza, komunikazioa eta pedagogia behar-beharrezkoak dira ganbera-musika zikloek bizitza luzea izan dezaten nahi bada. Nahi izate hutsa, baina, gehienetan ez da nahikoa sugarri. Boletorik erosi gabe loteria tokatzea espero izatea bezala da.]]>
<![CDATA[Jalkinetatik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2182/025/002/2022-09-28/jalkinetatik.htm Wed, 28 Sep 2022 00:00:00 +0200 Marta Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/2182/025/002/2022-09-28/jalkinetatik.htm Euskadiko OrkestraPianoa: Alexei Volodin. Zuzendaria: Robert Treviño. Egitaraua: M. de Fallaren Noches en los jardines de España eta D. Xostakovitxen 8. sinfonia op. 65. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Irailak 26.

Alemanez bada hitz bat, Aufhebung, bere baitan kontraesana biltzen duena, aldi berean esan nahi baitu zerbaiten gordetzea eta ezabatzea, latinezko tollere aditzaren antzera. Euskaraz, normalean, gainditze gisa itzuli ohi da. Dialektika hegeldarrak zuku filosofikoa atera zion XIX. mendean; gerora, noski, marxismoak zein psikoanalisiak bere egin zuten. Eta Euskadiko Orkestrak, hain zuzen, Tragedia gainditzea izendatu du aurtengo denboraldia. Ez dut uste filosofia espekulatiboa jorratzeko nahiaren emaitza denik, baina hitzek badute zama.

Lehen programa honetan, Manuel de Fallaren Noches en los jardines de España interpretatu zen lehenengo, gero etorriko zenaren kontrapuntu adierazkorra. Euskadiko Orkestrak trazu finez eraman gintuen lorategietan barrena, arabeskoak gogora ekartzen dituzten formak argituz, nahiz eta tarteka Treviñoren batutak ez zuen jakin Alexei Volodinen samurtasunarekin oreka topatzen. Lehen mugimenduan, esaterako, tutti-ak pianoa estali zuen maiz. Izan ziren, hala ere, une ederrak: Volodinen hegaldia Danza lejana mugimenduan zein biolontxeloaren parte hartze bikaina.

Kontzertuaren lehen atala, hala, eten inpresionista izan zen Dmitri Xostakovitxen 8. sinfoniak zabaltzen duen intentsitatearen aurretik. Gerra garaian idatzia eta, zentzu askotan, gerraren isla. Oinazearen erdian, haizeek gau bikaina oparitu zuten. Metalak distiratsu agertu ziren bost mugimenduetan, Allegro non troppo-aren deiadarretan zein azken Allegretto-aren gai dramatikoan. Oboeak fraseatze pentsakorra eta barnekoia eraiki zuen harien mantu sotilaren gainean, biolen kolore ederraz apainduta. Largo-an, ziztada biziak izan ziren piccoloaren eta klarinetearen hartu-emanak.

Gertakari zital eta traumatikoak besterik gabe atzean uzteak ezinegona sortzen du gehienetan. Gainditu egin behar dira. Iragazi, jalkinak hartu eta, ahal bada, ongarri bihurtu. Musika sublimaziorako bidea izan daitekeela uste dute askok. Baina ez dezagun norabidea galdu: musika gerta dadin, pertsonak behar dira.]]>
<![CDATA[Isildu, mesedez, eta ausartu entzuten]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2011/026/001/2022-09-01/isildu_mesedez_eta_ausartu_entzuten.htm Thu, 01 Sep 2022 00:00:00 +0200 Marta Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/2011/026/001/2022-09-01/isildu_mesedez_eta_ausartu_entzuten.htm
Inork eskatu ez didan arren, aurtengo edizioa hitz batez laburtu beharko banu, ausardia erabiliko nuke. Funtsean, musika klasikoaren zirkuituan maiz entzuten ez diren obrak eta izenak taularatu direlako eta berritasunari espazio handia eman zaiolako. Horrek urduritasuna sor dezake jaialdiaren hirukoan: antolatzaileengan, produktu ezezagunek ezagunek bezainbeste sarrera salduko ote dituzten zalantza sortuko zaielako; interpreteengan, akaso partitura berrietan debuta egitearen bertigo sentsazioa izan dezaketelako; entzuleengan, zer espero dezaketen eta merezi ote duten galderak pitz diezazkiekeelako. Baina ezagutzaren putzuan aporia ederra sortzen da: zenbat eta gehiago edan, orduan eta larriagoa da egarria.

Hamabostaldian, besteak beste, G. Carissimiren Jefteren historia, F. Manciniren obrak, A. Solerren klabe sonatak akordeoian, G. Gershwin freskoa, M. Weinbergen Orkestrarako suite-a, XIII. mendeko kodex siziliarra, J. D. Zelenkaren Missa omnium sanctorum zein L. Janaceken Meza glagolitikoa deskubritu ahal izan ditugu. Horiekin batera, estreinaldi ugari eta enkarguak, baita bi itzulera ere: zarzuelarena, kontzertu bertsio bikainean; eta operarena, guztiz eraginkorra izan zen ekoizpen propio ez hain mugatuan, abeslari-zerrenda paregabearekin, jaialdiaren historia liburuetan idatziko den bis ederrak oparituz. Oraindik egarri izatea hasierako ausardia horren garaipenaren erakusgarritzat hartzen dut, hurrengo edizioetan inizialen artean emakumezkoen izen gehiago topatuko ditudalakoan.

Argi daukat gauza bat. Segurutzat jo ezin daitekeen luxua da Europa mailan erreferentzia den musika klasikoko jaialdi batek exijentzia maila handiko ahots-musika eta programa sinfoniko-koralak, Kursaalean zein bestelako eszenatokietan, ehun kilometroko itzulinguruan topatu daitezkeen abesbatzekin eskaini ahal izatea. Bi urteko ziurgabetasunak kontuan hartzen baditugu, hori burutzeko aukera soila ospatzeko eta arrakastaz hitz egiteko arrazoi nahikoa da. Abesbatzek, izan ere, ongi zaindu beharreko musika-flora osatzen dute. Zaintza hori, noski, ez datza soilik kontzertu egunetan hostotza miretsi eta argazki ugari egitean: haziak erein behar dira, ontzi egokian ipini, garaztatu, behar denean ongarria aplikatu, argia jasotzen dutela baieztatu, lorezainak trebatu. Hamabostaldiaren apustua prozesu amaigabe horren parte garrantzitsua eta beharrezkoa da. Abeslaria, ezer baino lehen, eta eszenatokia edozein dela, entzulea delako.

Azken batez, Donostiako Musika Hamabostaldiak urte askoz estatu mailako jaialdirik zaharrena izaten jarrai dezan nahi badugu, uste dut gauza bat dela premiazkoena: entzutearen pedagogia egitea, isiltasunaren pedagogia. Ez da hain zaila. Ausartu.]]>
<![CDATA[Azala]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2152/023/001/2022-08-25/azala.htm Thu, 25 Aug 2022 00:00:00 +0200 Marta Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/2152/023/001/2022-08-25/azala.htm Collegium 1704Zuzendaria: Vaclav Luks. Bakarlariak: Helena Hozova, Pavla Radostova (sopranoak); Aneta Petrasova, Jonathan Mayenschein (kontraltoak); Tobias Hunger (tenorra); Tomas Selc (baxua). Egitaraua: G. F. Haendelen Dixit Dominus HWV 232 eta J. D. Zelenkaren Missa omnium sanctorum ZWV 21. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Abuztuak 23.

Lehen aldia da Collegium 1704 orkestra barrokoa eta Collegium Vocale abesbatza Musika Hamabostaldira etorri direla. Duela egun batzuk, jaialdiko zuzendariak adierazi zuen aurtengo edizioaren aurkikuntza handia izango zirela, akaso. Asteartean bizitakoaren ondoren, susmo hori baieztatu beharra dago. Erreferentziazko taldeak dira Txekiar Errepublikan, eta entseina hori Europan zabaltzeko nahikoa arrazoi badaude. Vaclav Luksen zuzendaritzapean, barroko fina bereizten duten garbitasuna, arnasa eta norabidearen estalkia dute sekzio instrumentalak zein abesbatzak.

Luteranoa izanik, Haendelek berehala lortu zituen hainbat kardinalen enkarguak. Dixit Dominus salmoa Carlo Colonnak eskatuta idatzi zuen, soilik 22 urte zituela, 1707an. Obra goiztiarra bada ere, ezin ukatu maisulana eta kontrapuntuaren lanketa bikaina. Nabaria da hori, esaterako, Tu es sacerdos in aeternum zatiaren fuga bikoitzean, Collegium 1704 taldeak arintasuna eta sendotasuna batzen zituen izaeraz jantzi zuena. Salmoaren hitzetan promesek dakarten arduraren zama antzematen da, musikan argiz haragiztatzen dena. Bereziki zirraragarria izan zen Judicabit in nationibus zatia («Nazioen aurka epaia eman du: gorpuak pilatu ditu eta lur zabalean burezurrak hautsi»), non ahotsen gaiek ekintzaren bortizkeria azpimarratu zuten, gero De torrente in via bibet sotilari bidea utziz, bakarlarien ahotsetan oso fin.

Bigarren zatia Jan Dismas Zelenka txekiarraren Missa omnium sanctorum obrak osatu zuen, idatzi zuen azken meza osoa eta Donostian lehen aldiz entzun ahal izan dena. Barrokoaren konpositore ez hain ezaguna, J. S. Bachek estimutan zeukana (Zelenkaren Magnificat bat kopiatu ziezaiotela eskatu zuen). Kontrapuntuaren erabilera zurruna, gai originalez hornituta, Kyrie eleison bigarren zati fugatuan agertzen dena bezalakoa, bukaerako Dona nobis pacem atzera hartuz. Ahotsak beti orekan, abesbatzan zein bakarlari lanetan, Agnus Dei-n baxua distiratsu tesitura guztian. Estalki bainoago, azal organiko bihurtu zuten barrokoa. Ezin kendu. Eta nahi ere ez.]]>
<![CDATA[Xehetasunen argiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1898/024/002/2022-08-23/xehetasunen_argiak.htm Tue, 23 Aug 2022 00:00:00 +0200 Marta Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1898/024/002/2022-08-23/xehetasunen_argiak.htm Frankfurt Irratiko Orkestra Sinfonikoa eta Vocalia taldeaZuzendaria: Alain Altinoglu. Biolina: Bomsori Kim. Egitaraua: Giusseppe. Verdiren 'La forza del destino'-ren obertura, Jean Sibeliusen 'Biolin kontzertua', Claude Debussyren 'Nokturnoak' eta Mieczys?aw Weinbergen 'Suite orkestrarako'. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Abuztuak 21.

Gure inguruan ez da aukera ugari igandean Kursaalean entzun ziren dinamika aldaketa arinez, bizitasunaz eta kolore argiez gozatzeko. Frankfurt Irratiko Orkestra Sinfonikoak horiek guztiak gorenera zabaltzeko programa zekarren, eta hain heterogeneoa izateagatik, arian-arian zama astunegia hartu zuen. Eta, hala ere, Alain Altinogluren batutak une distiratsuak oparitu zituen. Handitasuna zirrikitu ñimiñoetatik iragazten da maiz.

Atal desberdinez osatutako kontzertu bat obertura batek irekitzea izenez erredundantea izan daiteke. Baina Verdiren La forza del destino operaren hasierak saihestu ezin daitekeen patuaren asaldura gordetzen du, eta bada orkestraren baliabideak erakusteko aurkezpen sendoa. Jean Sibeliusen Biolin kontzertua-ren estreinaldiaren nondik norakoak inguratzen dituen iluntasun giroan murgiltzeko atea ere bada, isolamenduak eta alkoholak baldintzatutako bizitza baten bidean jartzen gaituena. Bomsori Kim biolinista hegokorearraren eskuetan egon zen espiritu bakarti horri forma ematea. Allegro moderato-an garatzen den kadentziaren energia itzaltsuan agertu zen, baita Adagio di molto-aren gai ederrean ere. Orkestra beti neurritsu, bere tokian eta tokia utziz.

Programak ebokazio inpresionistatik ezusteko sobietar alaitasunera eraman gintuen gero. Lehena Claude Debussyren Nokturnoak izeneko obran haragiztatzen da, inspirazio piktoriko esplizitua duena. Metalek Debussyk berak deskribatutako koloreak ekarri zituzten Kursaalera: zeinen ederra tronpetek Fêtes mugimenduan egindako sarrera, sordina eta guzti. Sirènes zatian, aldiz, olatuen dirdira opakua izan zen, eta luzimendurako aukera gutxi izan zuten Vocaliako taldekideek.

Bukatzeko, nahiz eta aldaketek zamatuta, Mieczyslaw Weinbergen Suite orkestrarako jostalaria eskaini zuten, berriro ere, harien joko garbia eta haizeen argitasuna zabalduz. Hala izan zen Humoresque-an, klarinetea dotore, zein Polka eta Galop bizietan. Alaitasun ezustekoa, 1950eko hamarkadako konpositore sobietarrek jasaten zituzten presioak kontuan hartuz.]]>
<![CDATA[Ez daukat nahikoa Gershwin]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1886/024/001/2022-08-23/ez_daukat_nahikoa_gershwin.htm Tue, 23 Aug 2022 00:00:00 +0200 Marta Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1886/024/001/2022-08-23/ez_daukat_nahikoa_gershwin.htm Euskadiko Orkestra eta Andra Mari abesbatzaZuzendaria: Wayne Marshall. Sopranoa: Indira Mahajan. Baritonoa: Eric Greene. Egitaraua: George Gershwinen 'Rhapsody in Blue' eta 'Porgy and Bess' operaren zatiak. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Abuztuak 20.

George Gershwinen obra funtsezkoa da XX. mende hasieran Ameriketako Estatu Batuetan izandako musika aldaketak ulertu eta ezagutzeko, gerora Europara ere iritsi zirenak eta, gaur egun, gure soinu-paisaiak inguratzen dituztenak. Eta, hala ere, haren izena nekez irakur daiteke inguruko esku-programetan. Musika Hamabostaldiak hutsune hori betetzeko aukera paregabea eskaini zuen larunbatean; gainera, Wayne Marshall espezialista pianoan eta batutan zela.

1923ko abenduaren eta 1924ko urtarrilaren artean konposatutako Rhapsody in Blue obra ezagunak ireki zuen kontzertua. 1924ko otsailean estreinatu zenetik — Paul Whitemanen orkestrarekin eta Gershwin bera pianoan zela—, bertsio ugari izan dira. 1942an, Ferde Gofrek orkestra sinfonikorako moldatu zuen, jazzaren eta tradizio klasikoaren arteko lotura estutuz. Rhapsody in Blue estatubatuarra da guztiz, Gershwinek adierazi zuen bezala, «arrunkeriaz betetako» obra: «Horretan datza bere handitasuna». Klarinetearen irekieratik pianoaren sarrera sutsuetara, Marshallek gidaritza lan bikaina egin zuen, nahiz eta jazz kutsua tarteka orkestraren atzean ezkutatu zen.

Atsedenaldiaren ostean, Porgy and Bess operaren zatien aukeraketak Gershwinek landutako kolore eta ehunduretan barneratzeko bidea ireki zuen. Tamalez, aria ezagunena, Clara pertsonaiak hasieran abesten duen Summertime lo-kanta, gehiegi puztu zuen Indira Mahajan sopranoak, distira eta goxotasuna erauziz. Baina izan ziren une gogoangarriak, esaterako, Eric Greenek I Got Plenty o' Nuttin' aria ironikoan egindako ekarpen freskoa. Andra Mari abesbatzak ere lan fina egin zuen, hala nola lehen aktoa ixten duen Oh, The Train is at The Station zatian erritmo eta dinamikak menderatuz, baita Where is Brudder Robbins? dramatikoan ere, zeinetan Ana Sagastizabal eta Jesus Garcia Arejularen parte-hartze garbiak nabarmendu baitziren. Opera amaieran Porgyk eta komunitateak abesten duten Oh Lawd, I'm On My Way zatiak zirraraz itxi zuen emanaldia.

Mandatu bat, besterik ez: Gershwin gehiago behar dugu Gershwin hobea entzuteko.]]>
<![CDATA[Non Egeria, han zioa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2152/031/001/2022-08-21/non_egeria_han_zioa.htm Sun, 21 Aug 2022 00:00:00 +0200 Marta Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/2152/031/001/2022-08-21/non_egeria_han_zioa.htm 'Egeria'

Musikariak: Lucia Martin-Maestro (zuzendaritza eta ahotsa), Fabiana Sans (zuzendarikidea eta ahotsa), Laia Blasco (ahotsa), Maria de Mingo (zitola eta ahotsa). Egitaraua: Imperatrix Agata: Cataniako Troparioa. Lekua: Donostiako San Telmo museoa. Eguna: Abuztuak 19.

Ostiralean, Egeria taldeak Cataniako Troparioan oinarritutako programa aurkeztu zuen Antzinako Musika zikloan, denboran ia hamar mende atzera eginez. Gaur egun Espainiako Liburutegi Nazionalean gordetzen den arren (bertsio digitalean ere eskuragarri dago), XII. eta XIII. mendeen arteko kodex bat da, Siziliako Santa Ageda katedraletik datorrena. Oinarria kantu monodikoa bada ere, Lucia Martin-Maestro zuzendariak azaldu zuenez, garai hartan melodiaren gainetik polifoniak inprobisatu egiten zirelako ebidentzia dago; hala egin zuten, eta tropario hau lehen aldiz entzuteko aukera izan genuen, zentzu historiko osoz.

Kontzertuaren hasiera, Kyrie kantuak ireki zuena, pixka bat deserosoa izan zen: publikoaren presentziak akustika aldatu zuen ziur, eta pare bat minutu behar izan zituzten afinazioa egonkortzeko. Ez da jarduera erraza Erdi Aroko sekuentziak ezaugarritzen dituzten zortzidunak, bostunak eta laudunak ahotsetan bat egitea. Lan bikaina eta sen handikoa egin zuten alderdi horretan. Gainera, afinazioaren eta kontrapuntu arauen zaintzarekin batera, prosodiaren lanketa arretatsua nabari zen abeslari guztietan, bai bakarlari gisa aritzen zirenean, bai baterako kantu monodiko eta polifonikoari ekiten ziotenean ere. Latina gure urrutiko oinordetza linguistikoa bada ere, ahoskera egokia funtsezkoa suertatzen da, tropo hauek liturgiako kantu lauari gehitzen zitzaizkiolako, hain zuzen ere, Bibliaren hitzak eliztarrentzat ulergarriagoak egiteko asmoz.

Ahots bakoitzaren kolore eta tinbre berezitasunak modu ederrean elkartu eta bereizi ziren kontzertuan, hala nola a cappella eskaini zuten Meliflua dans organa zatian edo Laurenti laureata bizian, zitolak eta panderoak lagunduta. Hala ere, musikariek zein publikoak errepertorio hau askoz gehiago gozatuko lukete akustika hezeagoa duen espazio batean: San Telmoko eliza aproposagoa zatekeen horretarako, melisma luzeetan murgildu, eta soinubakarretan eroso etzateko. Bilaketa hori bada Egeriaren bidaia hurbiletik jarraitzeko nahikoa zio.]]>
<![CDATA[Keinuaren marruskadura]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1973/025/001/2022-08-19/keinuaren_marruskadura.htm Fri, 19 Aug 2022 00:00:00 +0200 Marta Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1973/025/001/2022-08-19/keinuaren_marruskadura.htm Quartetto MauriceMusikariak: G. Pivitera eta L. Bertolino (biolinak), F. Vernero (biola), A. Pivitera (biolontxeloa). Egitaraua: H. Lachenmann, E. Kurt eta F. Verunelliren obrak. Lekua: Donostiako Kursaala. Eguna: Abuztuak 17.

Maurice laukoteak asteazkenean eskaini zuen kontzertuaren programak azken hamarkadetako abangoardiak ekarri ditu gurera: musika garaikidearen zirkuluan arras ezagunak diren bi izen eta bidean dagoen beste bat.

Lehena, Helmut Lachenmann, XX. mendearen erdialdean Luigi Nonoren ikasle izandakoa, eta musika instrumental konkretuaren sortzailea. Soinuaren emaitza bainoago, unean-unean sortzen den entzute testuingurua zein soinuak berak ekoizteko behar dena jartzen ditu bere obraren erdigunean; bere zehaztasuna, hortaz, ez da zein soinu ekoizten den, baizik eta nola. Keinuak garrantzia du horretan, baita entzulearen jarrerak ere. Eta, noski, azken hori testuinguru sozialak baldintzatzen du. Musika sorkuntza errotzen duten lokailu sozialak azaltzen dira bat-batean. Grido bere azken hari laukotea da, 2001ekoa; oraindik topatu daiteke bertan konkretutasun horren arrastorik, harien igurtzien hartu-emanean zein erdiko sekzioaren asalduran.

Bigarrena, Francesca Verunelli, azken urteotan sari ugari jaso dituen konpositore italiarra. 2017-2018 artean idatzi zuen Flowers3# (Dripping), modu tragikoan hildako lagun batentzat. Esekiduran dagoen obra bat dela dirudi. Lachenmannen laukotearen antzera, keinuaren indarraz baliatzen da, baina denboran etenaldia egiteko.

Bi obren artean, estreinaldi absolutu bat, garaikidearen marka gorena: Egemen Kurt turkiarraren Loquela Codex. Konpositore gaztea izanik —20 urte—, Pablo Sorozabal Nazioarteko Hari Laukoterako Konposizio Lehiaketaren azken deialdia irabazi du. Obra bizia da, kolore eta ehunduren kontrastean arnasa hartzen duena. Lau mugimenduak, soinuen bat-batekotasuna azpimarratzeaz gain, arkuaren jolasean luzatzen dira, Kurtek berak adierazi duen moduan, esperientzia «desorekatua eta asimetrikoa» sortuz.

Dena oso garaikidea. Kide dugun garai hau ulertzea baino ez zait geratzen.]]>
<![CDATA[Organoa oskarbi dago]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1912/027/002/2022-08-17/organoa_oskarbi_dago.htm Wed, 17 Aug 2022 00:00:00 +0200 Marta Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1912/027/002/2022-08-17/organoa_oskarbi_dago.htm Wayne Marshall

Egitaraua: A. Ager, Ch. M. Widor eta G. Boveten obrak. Lekua: Donostiako Artzain Onaren katedrala. Eguna: Abuztuak 15.

Astelehenean aurtengo Organo Zikloaren itxiera kontzertua eman zuen Wayne Marshall britainiarrak, barrakek inguratutako Artzain Onaren katedralean. Emanaldi paregabeak izan dira bi astean zehar, azken urteotan ikusi ez direnak, nazioarteko eskuetan gure organo ondareaz gozatzeko hitzordu bereziak. Ana Belen Garcia ziklo honen zuzendaritzan jartzeak izan du zerikusirik, zalantzarik gabe. Musika Hamabostaldiaren beste arrakasta bat.

Ezaguna da Donostiako katedralean kokatuta dagoen organo neoklasikoaren monumentaltasuna; izan ere, handiena da Iberiar penintsula osoan: pedal-teklatuaz gain, bost esku-teklatu ditu, guztira 125 sorta. Asteleheneko programa ikusita, agerikoa zen Marshallek ez zuela galdu nahi baliabide horiek guztiak arakatzeko eta hedatzeko aukera bikaina. Indarra eta sen ona zabaldu zituen kontzertu osoan, lehen inprobisaziotik hautemangarriak. Andrew Ager kanadarraren Tocata eta fuga (2009) instrumentuaren zein interpretearen ahalmenen aurkezpen inspiratua suertatu zen, bai bi eskuen arteko koordinazio sotilean, bai eta erritmo konposatuen zein desplazamenduen kontrolean ere.

Parisko Saint Sulpice katedralean 64 urtez organista izandako Charles-Marie Widor maisua izan zen Aristide Cavaille-Coll organogileak sortutako instrumentuei etekina ateratzen. Bere 6. sinfonia 1878ko Parisko Erakusketa Unibertsalean eman zen lehen aldiz, Trocadero jauregiko Cavaille-Coll organoan, hain zuzen ere. Artzain Onaren katedralekoa modernoa izanik, Marshallek erregistrazio eta lotura lan bikainak egin zituen. Ikusgarria izan zen allegroan pedalierraren jolasa, baita adagioaren kontrastea espresio-teklatuan. Guy Boveten Hanburgoko hiru preludio gozagarria izan zen benetan, bat-batekotasunaren eta dibertsioaren bideetan aske. Salamanca preludioaren jota kutsutik Hamburg zatian agertzen diren Beethovenen Für Elise eta Offenbachen Barkarola jostalarietara borobila izan zen Marshall. Bukatzeko, inprobisazio lezio magistrala euskal melodien gainean, besteak beste, Itsasoa laino dago deseraikiz.]]>
<![CDATA[Samurretik hasi eta ozenegi]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1951/027/002/2022-08-16/samurretik_hasi_eta_ozenegi.htm Tue, 16 Aug 2022 00:00:00 +0200 Marta Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1951/027/002/2022-08-16/samurretik_hasi_eta_ozenegi.htm Jagoba Astiazaran, Iñar Sastre eta Eñaut Elorrieta

Musikariak: Jagoba Astiazaran (txistua), Iñar Sastre (organoa) eta Eñaut Elorrieta (ahotsa). Egitaraua: Leire: Bide Gurutze; X. Munibe, J. Olaizola, P. Sorozabal, A. Valverde eta besteren obrak. Lekua: Leireko monasterioa (Nafarroa). Eguna: abuztuak 13.

Urteak dira Jagoba Astiazaran eta Iñar Sastre musikariak elkarrekin lanean dabiltzala, besteak beste, euskal musika tradizionalaren doinuen berrirakurketak proposatuz. Horren emaitzetako bat da 2020an kaleratu zuten Arineketan diskoa, fandango, arin-arin eta zortzikoak jolasean dabiltzan proiektua, eta hainbat herritan aurkeztu zutena. Leire: Bide Gurutze izendatu duten honetan, Leireko monasteriotik hasi, eta Gernikara doan bidaia historiko eta musikala zabaldu dute, txistua, organoa eta ahotsa biltzen dituen programa erakargarrian. Eñaut Elorrieta izan dute lagun.

Xabier de Muniberen Irten ezazu kantak ireki zuen kontzertua, itzaletatik sortuz. Mikrofoniarik gabe, ahotsa biluzik, hasieratik antzeman zen Elorrietaren tinbre berezia, Ken Zazpi taldearekin ezagun egin zena, oso ongi egokitzen zaiola programa mota honi. Hala izan zen baita ere Estibalitz Robles Estitxu-ren Agur maria barnekoian: bertsio sendo eta eztia entzun ahal izan genuen. Beste Agur maria batek, Jose Olaizolarenak, goxo bete zituen Leireko zirrikituak, txistuaren fraseatze finari esker.

Bigarren zatia Nafarroan barrena abiatu zen, Aita Donostiaren Mutilen karika eresiak eta Aita Hilario Olazaranen Txoriak piezekin, Lorenzo Ondarrak moldatuta. Sastre eta Astiazaranen arteko elkar ezagutza agerikoa izan zen zati honetan, biak baitira sen oneko gidari. Haatik, emanaldia behar bezala gozatzea eragotzi zuen alderdi bat gurutzatu zen, ondorengo piezak ere baldintzatu zituena: balantzea. Egiaz, Leireko organoa ez dago bertako espazioaren neurrira egina, izugarrizko instrumentua baita barnera biltzea eskatzen duen tokian.

Hala, azken zatian, Amaiurko gazteluaren setioa eta Gernikako bonbardaketa gogoan hartzen zituenean, historiaren pasadizo beltzenen burrunba izan zen nagusi. Ondorioz, Elorrietaren ahotsaren anplifikazioak ahoskera kaltetzea eragin zuen, Antton Valverderen Amaiur gaztelu baltza eta Elorrietaren beraren Gernikan lausotuz. Zelai emankorra erein zuten, eta hazi gehiegi bota.]]>
<![CDATA[Berria berriro]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2165/031/002/2022-08-14/berria_berriro.htm Sun, 14 Aug 2022 00:00:00 +0200 Marta Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/2165/031/002/2022-08-14/berria_berriro.htm Ensemble Sonido ExtremoZuzendaria: Jordi Frances. Kantaora: Celia Romero. Narratzailea: Patricia Cercas. Egitaraua: J. Torres, G. Erkoreka, M. Urquiza eta C. Rojoren obrak. Lekua: Donostiako Kursaaleko erabilera anitzeko aretoa. Eguna: abuztuak 11.

Ostegunean, Musika Garaikideko Zikloaren bigarren hitzordua izan zen Ensemble Sonido Extremoren eskutik. Kursaaleko erabilera anitzeko aretoan libre zeuden eserlekuak azkar hartu zituen beroak, eta esku-programak abaniko bihurtu ziren interpreteek programari ekiten zioten bitartean, Jordi Francesen gidaritza sendoari jarraituz.

Kutsu flamenkoa hartu zuten kontzertuaren irekierak eta itxierak. Lehenik, Jesus Torresen Pentesilea (2017) obrarekin, pianoa nagusitu zen erritmoetan zein hasierako klusterretan, arabeskoak ere dantzan. Bukaeran, bestetik, Carlos Rojok Federico Garcia Lorcaren Canciones españolas obraren gainean egindako moldaketa interpretatu zuten. 1931ko jatorrizko bertsioan Lorcak berak jo zuen pianoa, eta Encarnacion Lopez La Argentinita abeslariak jarri zuen ahotsa. Rojoren moldaketak harmonia flamenkoaren sinpletasun eta biluztasuna puztu egiten ditu, hitzei garrantzia kenduz. Zorongo-an, batez ere, beharrezko bizitasuna galdu zen. Patricia Cercasek, bestetik, gehiegizko itxurakeriaz jantzi zituen Lorcaren olerkien deklamazioak.

Hala, esango nuke emanaldiak Gaussen funtzio baten antza hartu zuela, erdigunean kokatutako bi obra izan baitziren nabarmenenak zentzu guztietan. Gabriel Erkorekaren Ametsak 3 piezak, astelehenean lehen aldiz eman zenak, inkontzientearen eta gogamenaren zirrikituak jartzen ditu taula gainean, instrumentuen mugak zabalduz.

Sorpresa atsegina izan zen Mikel Urkizaren Ars memoriae, Sonido Extremo taldearentzat espresuki idatzitako obra. Sei mugimendutan, domus erromatar baten hainbat gela eta elementutan inspirazioa hartzen du, korridore eta banaleku lanak egiten zituen Fauces-ean mosaikoz estalitako zoruaren soinuetatik hasita. Impluvium, euri-ura jasotzeko prestatuta zeuden putzuak gogora ekartzen dituena, bereziki erakargarria izan zen, tanta eta ur-lasterren jolas gustagarrian. Aise igarotzen da batetik bestera, geletan barrena musikaren konplexutasuna ahaztu egiten da, bereziki Cuculus zatian. Emaitza: berria berriro entzuteko gogoa.]]>
<![CDATA[Utzi haurrei haurrena egiten]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1959/024/001/2022-08-10/utzi_haurrei_haurrena_egiten.htm Wed, 10 Aug 2022 00:00:00 +0200 Marta Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1959/024/001/2022-08-10/utzi_haurrei_haurrena_egiten.htm 'Itsasotik'Parte hartzaileak: Easo Eskolania eta Easo Gazte (Enola Arruebarrena zuzendari), Laredoko Aila Eskolania (Samara Oruña zuzendari). Proiektuaren zuzendaria: Gorka Miranda. Zuzendaritza artistikoa eta eszenikoa: Mafalda Saloio. Musika-zuzendaritza eta pianoa: David de Oliveira. Bakarlariak: Lorea Lopez (itsas neska), Urko Irigoien (izar konpontzailea), Ines Legarda eta Iraide Urbistondo (txoriak), Enara Lardizabal, Alain Sanchez eta Ainhoa Tabuyo (narratzaileak). Egitaraua: R. Calmelen Les chants de la mer obraren egokitzapena. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Abuztuak 8.

Ez da lehen aldia Easo abesbatzak haurren opera bat garatzen duena Musika Hamabostaldian: 2020an, pandemia hasi berritan, Árbolaré estreinatu zuten Tabakaleran; eta iaz, Hirira proiektua aurkeztu zuten Viktoria Eugenian, parte hartze prozesu luze baten ondoren. Aurten, Itsasotik ikuskizuna taularatu dute, kostaldea eta lurra lotzen dituen soka. Opera hitza da egokiena hura definitzeko: antzerkia, dantza, musika eta ahotsa batzen dituen artelana da, errezitatuak, ariak, duoak eta abesbatza zatiak barne hartuz. Badakit zertaz ari naizen, nik neuk moldatu baititut istorio horren hitzak. Ez naiz, bada, objektiboa izango. Are hobeto.

Viktoria Eugenia antzokiak sare zaharrez jantzita hartu zituen bisitariak, etorriko zenaren aurrerapen gisa; agertokian, ur kolorez argiztatua, paper birrinduz osatutako mendi bat eta haurrak igerian. Obra osoan gertatzen da: plastiko zahar bat protagonista irensten duen arraina bihur daiteke, orriak hegaka dabiltza txorien modura, eta sareak dira esekiduran dauden algak. Mafalda Saloiok ongi daki amets irudiekin jolasten, baita errealitatea eta alegiazko munduak nahasten ere. Gaiak ahalbidetzen du, metaforaz jositako kondaira bat baita. Itsasoa dago erdigunean, sinbologiaz betetako masa amaigabe hori: lurra banatu egiten du, eta bizitza bildu.

Tartean, taula bere egin zuten haur eta gazteak: Lorea Lopez sopranoak ñabarduraz eta emozioz bete zuen itsas neskaren rola; Urko Irigoienek berebiziko xarma erantsi zion izar konpontzaileari; eta narratzaileek txundituta eraman zuten publikoa eszena batetik bestera. Arrakasta David de Oliveirak pianotik egin zuen gidaritza adeitsuari ere zor zaio.

Inork eskatu ez didan aholku bat, nahi duenak hartu dezan. Haurrei gauza ugari kontatu eta eskatu dakizkieke, eta, halaber, asko eskaini eta sortu dezakete horretarako aukera ematen baldin bazaie. Ez da askorik behar: entzun, hitz egin, askatu, gidatu. Hitz ezezagunak erabili, ulertezina dena mahai gainean jarri. Harridurarik gabe ez baitago galderarik, eta galderarik ez dagoen tokian oso ilun dago.]]>
<![CDATA[Tangoak eta apaizaren teklak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2069/023/001/2022-08-09/tangoak_eta_apaizaren_teklak.htm Tue, 09 Aug 2022 00:00:00 +0200 Marta Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/2069/023/001/2022-08-09/tangoak_eta_apaizaren_teklak.htm Iñaki Alberdi Egitaraua: Suite diakronikoa: A. Piazzolla eta A. Solerren obrak. Lekua: Donostiako San Telmo museoa. Eguna: Abuztuak 6.

Baten bati akaso arrotza irudituko zaio musika klasikoari eskainitako jaialdi batek soilik akordeoiak hartutako agertokia proposatzea. Izan ere, folkloreari estuki lotuta egon den instrumentu bat izan da, bai Euskal Herrian, baita Europan zehar eta Latinoamerikan ere. Azken hamarkadetan, aldiz, instrumentuak eskaintzen dituen aukera guztiak zabaltzeko lan ugari garatu dira, sorkuntza berriak zein obra klasikoen transkripzioak. Iñaki Alberdik urteak daramatza bide horiek miatzen, eta badaki ibilbideak marratzen.

Suite diakronikoa oso izen aproposa da larunbatean San Telmo museoan aurkeztu zuen programarako: Antonio Solerren bost klabe sonata eta Astor Piazzollaren hainbat tango elkarri lotu zitzaizkion bi mendeko txirikordan, Alberdik berak egindako transkripzioetan. Soler konpositorea, organista eta apaiza zen, XVIII. mendekoa, Jose de Nebra eta Domenico Scarlattiren ikaslea, baita Gabriel Borboikoa infantearen irakaslea ere. Piazzolla, XX. mendeko bandoneon jotzaile eta konpositorea, Nadia Boulangerren ikaslea. Denboran hain bereizita egon arren, nolabaiteko naturaltasunez hartzen zen dantzen segida.

Solerren sonatetan taconeoaren eta fandangoaren aztarnak entzun daitezke maiz, eta ongi tartekatzen ziren Piazzollaren erritmo sinkopatuekin. Esaterako, 25. sonata-ren dantza motiboak osagarri oso aproposa izan ziren Contrabajísimo tangoak sortzen duen astindurarentzat. 45. sonata-n, bestetik, akordeoiaren soinuak aise mantendu zuen klabearen jatorrizko bultzada eta taupada, eta argentinarraren Ave Maria ederrean fraseatze eta zentzu musikalaren eredua eraiki zuen Alberdik.

J. S. Bachen 2. Partita-ren txakona ezagunak giltzarri lanak egin zituen. Teknika finduaren eta zorroztasunaren erakustaldia da obra hau, akordeoiarentzat egindako transkripzioan batzuetan sakontasuna irabazten duena, besteetan gehiegizko zama. Azken bisak, Rolling River abestiaren moldaketak, programaren eitea aldatu, eta itxiera lasaia eman zion. Historiarekin dantza egin ahal izateko pausoak ikastea baino ez dago.]]>
<![CDATA[Marratik atera gabe]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2009/025/002/2022-08-06/marratik_atera_gabe.htm Sat, 06 Aug 2022 00:00:00 +0200 Marta Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/2009/025/002/2022-08-06/marratik_atera_gabe.htm La Ritirata Musikariak: Tamar Lalo (flauta), Vadym Makarenko eta Miriam Hontana (biolinak), Lola Fernandez (biola), Daniel Oiarzabal (klabea), Josetxu Obregon (biolontxeloa eta zuzendari artistikoa). Egitaraua: Festeggiando Mancini: F. Manciniren obrak. Lekua: Donostiako San Telmo museoa. Eguna: Abuztuak 4.

Bere hamabost urteko ibilbidean, La Ritirata taldeak zenbait programa osatu ditu musika barrokoaren konpositore ez hain ezagunen lanak gurera ekartzeko, zentzu historiko zein estilo finarekin. 2020an, Antonio Caldararen biolontxelo obrak izan ziren; aurten, bere jaiotzaren 350. urteurrenean, Francesco Manciniren musika instrumentala dakarte. Hala, FestClasica elkarteak emandako zigiluari esker, hurrengo hilabeteetan Festeggiando Mancini programa musika klasikoari eskainitako jaialdietan aurkeztu ahal izango dute.

Opera eskola napolitarrean trebatua, Mancinik ahots-musika ugari idatzi zuen: dozenaka opera, kantata eta oratorio topatu daitezke bere ekoizpenean. Aldiz, bere musika instrumentala flautarentzat idatzitako kontzertu eta sonatengatik da ezaguna, batez ere. La Ritiratako kideek Tamar Lalo flautista israeldarraren sen ona izan dute lagun hiru kontzertuen grina San Telmoko klaustroaren markoan zabaltzeko. Beti norabide onean, Lalo sotil eta bikain igaro zen tempo aldaketa eta marrazki guztietatik. Klabeak apaintzen dituzten landare-irudien antzera, zurtoinak sendo eta hostoak fin, koloratura azkarrek ez zioten osotasunari bidea itxi. Hala izan zen 10. kontzertuaren largoan zein 8. kontzertuaren allegro bortitzean ageri den bat-bateko enbatan.

Harietan eta klabean, bestetik, barrokoaren motorra gelditu gabe zehatz eta dotore, elkarrekiko ulermen handia nabarmendu zen. Josetxu Obregonek badaki lurra soiltzen eta denbora ereiten, gidari garbia eta zuhurra. Trajano operaren oberturan, Manciniren opera ezagunenetarikoa, harien kolore askotarikoak antzeman ahal izan ziren; 14. kontzertuaren fugan gaien berebiziko jolasa margotu zuten doitasun osoz, distira uneak neurtuz eta euren tokian kokatuz, behar zenean tonua motelduz.

Amaitzeko, eta abizen jolasa profitatuz, taldeak enkargua egin dio Jorge Magaz konpositoreari, napolitarraren estiloan Henry Manciniren Pantera arrosa gaiaren gaineko fuga bat idatzi dezan. Bis jostalaria, publikoaren artean irribarreak piztu zituena. Ben trovato.]]>