<![CDATA[Martin Aranburu Carrera | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Thu, 23 Nov 2017 01:00:35 +0100 hourly 1 <![CDATA[Martin Aranburu Carrera | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Espainia beldur da]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/018/003/2017-10-18/espainia_beldur_da.htm Wed, 18 Oct 2017 00:00:00 +0200 Martin Aranburu Carrera https://www.berria.eus/paperekoa/1832/018/003/2017-10-18/espainia_beldur_da.htm
Gure ingurura, mugikorrera, tabletera, telebistara edo egunkarira begiratuz gero tensioak gora jotzen baitu. Tensioa, urduritasuna, ezinegona, haserrea, ilusioa... dena nahasten da. Baten bat egongo da agian egoera honengatik modu batean edo bestean afektatua ez dagoenik, baina nik oraindik ez dut topatu. Independentziaren aldekoa edo kontrakoa izan, berdin dio. Denok gaude tentsionamendu kolektibo honetan barneratuak. Eta ekaitzaren lehenengo haize boladetan gabiltzan susmoa dut. Atera kontuak.

Gaur, urriak 17 dituen egun honetan, Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez espetxean dira. Traperok, aldiz, mossoen buruak, espetxea ekidin ahal izan zuen atzo. Puigdemont eta Rajoy elkarri eskutitzak bidaltzen dabiltza, gauero hamarretan lapikokadak egiten dira; egoitza soziala aldatzen ari diren enpresen berri ematen digute egunero Espainiako hedabideek, 112 laguntza telefono publikoak Reusen duen egoitzan Guardia Zibila sartu berri da, eguerdian kontzentrazioak egin dira lantoki bakoitzaren atean... Eta horrela ia-ia minutuero. Eta giro hau luzerako dela esaten dit sudurrak. Ez baitut epe motzeko konponbiderik ikusten.

Espainiak ez du bere jarrera epe motzera aldatuko. Harroegiak dira erroreak onartu eta jarrerak aldatzeko. Espainiaren batasuna arriskuan dakusate, eta horrek ez du diskusio biderik. Espainia handia izan zen lehenaldian, izugarria, eta handitasun hartatik gaur egun ezagutzen dugun erdi-behe mailako estatu bat bilakatu arteko prozesu dekadente eta konstante hori gainditutzat jotzen zuten. Independentistak zeudela onartu bai: Euskal Herrian asko, eta Katalunian ere bai, Galizian baten bat, baina tira, egoera kudeagarria zen, eta ez zen Espainia arriskuan ikusten. Kataluniak, ordea, arrisku eta beldur horiek esnatu egin ditu. Arrisku erreala baita. Eta aspaldiko partez, dekadentzia garaiak berpiztuz, bere lurraldearen parte bat berriz ere gal dezakeela ikusten du Espainiak.

Hori dela eta, gobernuak hartuko dituen neurri guztiekin bat etorriko dira alderdi era eragile gehienak Espainian. Haratago —sinistea zaila gerta bazaiguke ere, irakurle hori—, Rajoyk berak maiz jarri dio galga Katalunian zer egin behar duen aholkatzen dioten askori. Konstituzioko 155. artikuluaren aplikazioaren berri datorren astean emango du Rajoyk Senatuan. Goi ganbara horren onarpenarekin, eta aditu batzorde batek prestatu dion txostena mahai gainen daukala, banan-banan aplikatuko dituzte Kataluniako Gobernuaren aurkako neurriak. Pausoka eta tentuz. Emandako urrats bakoitzak nazioartean izango duen erantzuna aztertuz.

Puigdemont eta Generalitateko gainontzeko sailburuei aforamendua kendu eta barne segurantzako eskuduntzak birzentralizatzea izan daitezke lehenengo neurriak. Haien aburuz, Kataluniaren arazoa desagertuko da independentisten indar soziala eta politikoa gutxiengora eramatea lortzen dutenean. Nola? ANCren eta Omniumen antolaketa ahalmena oztopatuta edo legez kanpo utzita, beldur ekonomikoa areagotuta, alderdi independentisten batasuna hautsita eta, behar izanez gero, alderdi independentistak erakundeetatik aterata. Espainia ez dago eroso erakunde demokratikoen arteko lehia politikoan, eta, aukeran, munduko agendan dagoen gatazka politiko hau Kataluniako erakunde propioen eta kalearen arteko konfrontazio bilakatu nahi luke. PP, PSOE eta C's alderdiek agertoki edo amets hori daukate buruan.

Kataluniak, ordea, badu zer esana estrategia horretan. Izatez, Espainiaren estrategia horrek badu oinarrian hipotesi bat. Kataluniarrak nekatu/beldurtu egingo dira azkenean, eta prozesua hoztu egingo da kafean dagoen azukrea balitz bezala disolbatuz. Eta hipotesia faltsua bada? Eta nekatzen ez badira?

Prozesuak zazpi urte bete ditu. Eta nik ez dut ikusten herri honen bultzada behera egiten ari denik. Izatez, PP, PSOE eta C's alderdien estrategia horrek porrot egingo du, nazioarteko iritzi publikoaren parte bat kataluniarrek alde badaukate. Herri honen mobilizazio baketsuek munduko hainbat begirada hemen kokatu ditu, eta, hain zuzen, atzerritik Espainiari egin zaizkion eta egingo zaizkion presio zuzenek edo zeharkakoek agertokia alda dezakete erabat, aurrez planifikatutako 155. artikuluaren aplikazioari galga zorrotza ipiniz. Rajoyk hori badaki, eta horregatik egingo du pausokako aplikazioa. Ez du Katalunia nazioartearen aurrean biktima bihurtu nahi, agertoki horretan Espainiak baitu galtzeko gehien.

Erresistentzia zibila baino ez du Kataluniak. Baina, ondo erabilita, izugarrizko tresna da. Geraezina. Gainera, klima ezin hobe honekin, gauak kalean igarotzea ez da hainbesteko lana. Ukrainan egin bazuten, ez gara gu gutxiago izango.]]>
<![CDATA[Gerra aurreko isilaldia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/014/001/2017-08-29/gerra_aurreko_isilaldia.htm Tue, 29 Aug 2017 00:00:00 +0200 Martin Aranburu Carrera https://www.berria.eus/paperekoa/1832/014/001/2017-08-29/gerra_aurreko_isilaldia.htm Passeig de Gracian gora eta behera. Baina benetako Bartzelona, betikoa, hemen urtero bizi dena, jota geratu da. Bartzelonarrek batasuna eta elkartasuna behar dituzte monentu hauetan. Erasoak izateko arriskuak gizataldeak biltzen eta trinkotzen dituen bezalaxe, bizilaguna sentitzeko irrika dute bartzelonarrek. No tinc por manifestazioaren helburua horixe izan da, hain zuzen: jendea biltzea, elkar ikustea, elkar indartzea eta elkar sostengatzea. Bartzelonak normaltasuna berreskuratuko du halabeharrez, baina oso zauri sakona utziko du atentatu honek hiriaren ariman.

Ezertan eragingo ote dio atentatuak Kataluniak martxan duen prozesu politikoari? Alde biek komeni zaien irakurketa egiten dute. Baiezkoaren aldekoek Kataluniak estatu mailako erantzuna eman omen duela argudiatzen dute, eta, beraz, estatu izateko duen ahalmenaren beste adibide bat ikusi dugula diote. Aurkakoek, aldiz, kanpotik datozen arrisku eta mehatxuei aurre egiteko batasunaren kontzeptua azpimarratzen dute. Egia da, Espainiako zein Kataluniako gobernuek atentatuaren hurrengo ordu eta egunetan erronka zaila zeukatela. Denok gogoratuko dugu Aznarren eta Acebesen Madrilgo atentatuen kudeaketa komunikatiboak zein eragin politikoak izan zituen, eta zentzu horretan, Kataluniako zein Espainiako gobernuek ez dituzte gauzak gaizki egin oraingoan. Kataluniako gobernuak ezin hobeki kudeatu ditu hedabideak eta ezin hobeki konpondu zuen atxiloketaren arazo poliziala. Rajoyk eta Felipe VI.a erregeak, behar zenean agertu ziren Bartzelonan eta behar zena esan zuten. Besterik ez. Beraz, irabazlerik ez da egon, baina ezta kaltetu nabarmenik ere.

Elkarlana eta batasuna bukatu dira ordea. Gerra demokratikoa manifestaldia bukatu eta ordu gutxitara hasiko da. Espainiak bere estatu ahalmen politiko eta legal guztiak aktibatuko ditu erreferenduma ekiditeko edo erreferendumaren deitzaile zein prestatzaile zein antolatzaileak giltzapean jartzeko. Autonomiaren suspentsioa salbu, legediak ematen dion ahalmen guztiak erabiliko ditu Rajoyk. Eskumenen berreskuratzea barne. Bere helburua garbia da: erreferendumaren ilegalitateaz baliatuz, parte hartzea gutxitzea eta nazioartean balizko zilegitasuna ukatzea. Bi aldeek ondo dakite %50 baino parte hartze altuagoak erreferendumari zilegitasuna ematen diola nazioartean. Ondorioz, urriaren 1ean ahalik eta boto emaile gutxien bozkatzera joatea da Rajoyren estrategiaren ardatza: ilegalitatea azpimarratuz, desobedientzia instituzionala probokatuz eta erreferendumaren arrakastan zerikusia izan dezaketen pertsonen (funtzionarioak, eskola zuzendariak eta segurtasun erakundeak, besteak beste) inplikazioa ekidinez. Logika horretan interpretatu beharko ditugu irailean ikusiko ditugun inhabilitazioak, lege suspentsioak, eskumen berreskuratzeak, deklarazio politikoak, mehatxuak, eta abar.

Baiezkoaren aldekoek, bestalde, bi erronka nagusi dituzte epe motzean. Lehendabizikoa, erreferendum arrakastatsua lortzea. Aitatua izan den bezala, parte hartzea da gakoa, eta baiezkoaren aldekoek jakin badakite azaroak 9ko kontsulta egunean edo azken hauteskunde autonomikoetan JxSi-k eta CUPek lortutako emaitzak kontuan hartuta, ez direla nahikoa gizartearen erdira heltzeko. Beraz, Podem eta Comun mugimendu politikoen erabakiaren baitan dago neurri handi batean prozesuaren etorkizuna. Eta bigarren erronka handia emaitzaren kudeaketa izango da. Baiezkoak irabaziz gero, eta Espainiaren ukazioa irmoa izango dela jakinik, erronka da nazioartean aktore esanguratsuren baten inplikazioa ahalbidetuko duen protesta dinamika zibila artikulatzea. Ukrainak Maidanen egin zuen bezalaxe, adibidez. Bozkatzearekin, eta erreferenduma irabaztearekin ez da nahikoa izango. Nazioarteko onarpena edo, agian, Espainiako Gobernuari presio egingo dion aktore baten laguntza lortuko duen jende andana jarri beharko du Kataluniak kalean egunez egun, aldarrikapen demokratiko bat eginez eta egindako erreferendum demokratikoaren emaitza erabiliz.

Zelai jokoa garbia da, baita Espainiak egingo duena ere. Kataluniak prozesu guzti honetan etxeko lanak ongi egin ote dituen dago jakiteke; nazioartean zelan mugitu den eta desobedientzia dinamika bati eusteko indarra eta kontzientziazioa lortu ote dituen, besteak beste. Dena dago ikustek, baina gauza bat dut garbi: Bukaera edozein dela ere, herri honek adibide izan behar luke egin duena egiteagatik. Eta Artur Masek maiz dioen bezalaxe, «plater bat hautsi gabe».]]>
<![CDATA[Indar sozialaren aldea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1513/004/001/2014-03-22/indar_sozialaren_aldea.htm Sat, 22 Mar 2014 00:00:00 +0100 Martin Aranburu Carrera https://www.berria.eus/paperekoa/1513/004/001/2014-03-22/indar_sozialaren_aldea.htm l Punt Avui egunkaria irakurtzen ari naiz, artikulu hau idazten hasi naizenean. Egunkariko laugarren orrialdean «Primer pas cap al refèrendum» titularpean dio martxoaren 26an Kataluniako legebiltzarrak Jordi Turull konbergentea, Marta Rovira errepublikazalea eta Joan Herrera ekosozialista izendatu dituela Madrilgo Kongresuan, apirilaren 8an egin beharreko osoko bilkuran, Katalunian erreferendum legala egin ahal izateko beharrezkoa den eskuduntzaren traspasoa defenda dezaten. Mas presidenteak uko egin dio ordezkaritza horri, batetik, botereen arteko banaketa errespetatuz, legebiltzarraren eskari baten defentsa legebiltzarkideei utzi nahi dielako, eta, bestetik, hiru ordezkari horien bidez, prozesuak alderdi politikoen partetik duen sostengua ikusarazten duelako. Berria irakurtzen ari naizela Ibarretxe lehendakaria datorkit burura, eta ezin dut nire burutik honako galdera hau atera: Ibarretxeren antzera bukatuko al da hau?

Egia esan, eta barkatu jarraian egingo dudan politika-fikzio dosiagatik, ez dut uste berdin bukatuko denik hemengo prozesua, hemen, han egon ez zen bezala, gizartea mobilizatuta baitago.

Artikulu bat baino liburu bat beharko litzateke Euskal Autonomia Erkidegoak eta Kataluniak egin dituzten bi prozesuen arteko desberdintasunak azaldu ahal izateko, baina erroan bi prozesuek bazuten antzekotasun handi bat: helburu politikoa lortzeko, sostengu soziala lortzeko estrategia bat zen. Euskal Herrian, Ibarretxek EAJ, EA eta EB hirukoaren sostengua zuen, eta ustez EAEko gizartearena. Hemen, Masek, CDC, ERC, ICV eta CUPen eta gizartearen ustezko sostengua du. Hain zuzen, gizartearen sostenguan kokatzen dut nik bi prozesuen arteko alde nabarmenena. Edo zehazkiago esatearren, gizarteak prozesuaren alde egiten duen presioa.

Biltzar Nazional Katalana (ANC) da presio sozial horren erakusgarri argiena. ANCk kuota bat ordaintzen duten hogeita zazpi mila bazkide dituen erakunde pribatu bat da. Kataluniaren independentzia du helburu, eta 2006az geroztik prozesu guztian zehar independentzia nahi duen gizarte zatiaren aktibatzaile garbia izan da. Erreferente apartidista bilakatu da, eta bere deialdiak onarpen itzela lortzen dute. 2012an, «Catalunya nou estat d'Europa» manifestazio erraldoia antolatu zuen, eta iaz helburu guztiak gainditu zituen Via Catalana antolatuz. Batzar ireki baten bidez hartzen ditu erabaki nagusiak ANCk, eta prozesu guztian zehar oso funtzio garbia eman dio bere buruari: gizartearen aldarrikapena presio politikoan bihurtu. Ez du bere burua alderdi politikotzat jotzen, are eta gehiago, alderdiek prozesu honetan duten funtzioa onartu eta osatu egin nahi du, presio soziala ahal duen neurrian areagotuz. Izan ere, aste honetan dinamika horren adibide garbia ikusi dugu, alde batetik alderdiek Espainiako kongresuan egingo duten agerraldiaren ordezkariak adostuz eta, bestalde, ANCk presio sozialari bizirik eusteko egingo dituen ekimenak aurkeztuz. Zehazki, publiko egin duen azken proposamenean 2015eko apirilaren 23a (Sant Jordi eguna) jotzen du independentzia deklaratzeko data egoki gisa, tartean prozesu konstituziogilearen ardura izango duen hautetsien batzar baten eraketa aldarrikatuz. Planteamendu horrek ez du, Madrilgo hainbat hedabidek esan duten bezala, Masen gobernuaren estrategiaren egutegia markatzen, baina presio soziala oso bizirik eusten dio, eta neurri handi batean ere, ziur naiz, politikaren erritmoa markatu.

ANCk egiten duen lana dinamika zabalago baten adibide baino ez da. Arlo ekonomikoan, esaterako, duela bi urtetik hona, Pimec, patronalik handiena, gero eta jarrera argiagoak ditu kontsultaren inguruan, bai eta Cecot patronal txiki baina garrantzitsu batek ere. Mugimendu oso transbersala izaki, guztiz normala da autonomoak eta enpresari txiki eta ertainak kontsultaren alde egotea. Pacte Nacional pel Dret a Decidir delakoan, Pimec, Fepime, Cecot, Merkatal Ganbarak, sindikatuak (CCOO, UGT, Unió de Pagesos, USO, Intersindical), era guztietako elkarteak —Irakaskuntzako Gurasoen Elkarteak, Hirugarren Sektoreko Mahaia, Omnium eta abar— biltzen dira.

Bultzada eta sostengu sozial hori da prozesuaren bermerik handiena. Alderdien estrategiak aldatzea asko, izugarri esango nuke, zailtzen da gizartea erne eta bizi badago. Esaterako, nahiko zaila da gaur egun CDCren antzeko alderdi batek independentziaren diskurtsoa baztertzea, izan ere, bere merkatu politiko propioan izango zukeen galera oso handia izango litzateke. Beraz, prozesuen sintesi bat egiteko aukera izango bagenu, alderdiak bizkarrean sumatzen duten gizartearen presioa da alde handiena Euskadi eta Kataluniaren artean. Euskal Herrian loak edo gogo faltak harrapatu gintuen. Hemen, aldiz, kontrakoak.]]>
<![CDATA[2014]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1513/009/001/2014-01-12/2014.htm Sun, 12 Jan 2014 00:00:00 +0100 Martin Aranburu Carrera https://www.berria.eus/paperekoa/1513/009/001/2014-01-12/2014.htm
Orduko gudaren zergatia gaur egungoaren berdin-berdina zen: Borboitarrak Gaztelaren menpeko uniformizazioa ziren, Austrazistak, aldiz, izate desberdinen arteko batasuna. Homogeneizazioan galdu edo homogeneotasunean bizi. Hura zen eta hura da aldea. Historia errepikatu egiten da, eta azaroaren 9an Kataluniak bere borondatea azalduko du. Zuzenean galdera zehatz bati erantzuna emanez edo zeharka hauteskundeetan aldebateko independentziaren aldarrikapena programan eramango duen zerrenda bat aukeratuz.

Bitartean, batzuen eta besteen urrats politikoak: erreferenduma egiteko baimena eskatu hemen, ezezkoa han; kontsulta legearen onarpena hemen, Auzitegi Konstituzionalera helegitea han; kontsultaren aldeko nazioarteko aliatuak lortu hemen, kontsultaren aurkako nazioarteko aliatuak lortu han. Eta maiatzean, Europar Legebiltzarrerako hauteskundeek independentismoaren aldeko gizartearen taupada zenbaiterainokoa den erakutsiko du oso posiblea den alderdi kutsurik gabeko zerrenda «zibil» batek.

Elkar-ulertze ezintasun honek bi protagonista ditu: Espainia eta Katalunia. Beraz, topaketa ekidin eta adostasuna topatzeko biek mugitu beharko dute. Zein dira, ordea, adostasunaren zailtasunak? Bi nire ustez. Espainiaren partetik, marko juridiko-politikoa negoziatzeko ukazioa: negoziazioa Konstituzioaren erreforma eta «subiranotasun nazionalaren» galera izan daiteke. Kataluniaren partetik traba berdina da: subiranotasun berdina izan nahi dute. Beraz, negoziatzen hasita ere, bi subiranotasun horien arteko topaketa konstantea izango da. Erdibideko aukera bakarra Espainiak Kataluniari subiranotasun nazionalari uko egiten dion marko juridiko berri baten eskaintza da.

Espainiar politikagintzak Kataluniako prozesua nola aztertzen duen da kontuan hartu beharrekoa. Madrilen ustez, Generalitatearen hordagoa ez da egiazkoa, eta egiazkoa bada, aurrera jarraitzen badute alderdi abertzaleek, gizarteak azkenean bizkarra emango die. Hustu egingo den puxika balitz bezala. Gainera ziur dira, behin eta berriz hori esan baitu eta nazioarte mailan darabilen diskurtsoak hala ematen baitu aditzera, Mas-ek ez duela legez kanpoko galdeketarik egingo. Beraz, kontsulta baimendu gabe Mas presidenteari hauteskundeen errekurtsoa baino ez diotela uzten pentsatzen dute Madrilen. Analisi horretan, Mas amildegi politikora doa, eta ez du lortuko gizartearen sostengurik hauteskundeetan. Ibarretxerekin gertatutako berdin-berdina errepikatuko dela uste dute, beraz.

Zuzena al da, ordea, analisi hori? Ibarretxeren Euskadi eta Masen Katalunia alderatzea akats estrategiko itzela da nire ustez. Masek bere alderdiaren sostengu garbi-garbia du, hiru bai hiru ez dioen bazkidea baino aliatu sendo eta fidagarria du, gizarte zibilaren parte bat zeharo aktibo dago independentzia bultzatuz eta independentziaren aldeko diskurtso politikoa egitea errazten dizkioten aldagai politikoak konstanteak dira, Wert legea kasu.

Egoera horretan, Euskadin ez bezala, indar independentisten sostengua gora egitea posible da, eta espainiar estrategia politikoek aurreikusitako agertokia zeharo aldatzen da: hauteskundeetan indar independentistek gehiengo nabarmenarekin irabazten dute. Eta horrela gertatuz gero zer, zein izango da Espainiaren erantzuna? Hauteskundeetatik aterako den legebiltzarraren erabaki guztiak eraman ditzake noski Auzitegi Konstituzinalera, eta zer? Hauteskunde horiek kutsu konstitutientea izango dute, eta bertatik aterako den gobernua independentista bada, alde bateko independentziaren deklarazioaren prozesua hasita egongo da. Hortik aurrera, nazioarteak baino ezin dezake soluzioa topatu.]]>