<![CDATA[Miel A. Elustondo | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sat, 15 Aug 2020 15:19:42 +0200 hourly 1 <![CDATA[Miel A. Elustondo | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[«Harrigarriki, artzain izateari ez nion erdeinu txarrik erakutsi»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1930/032/001/2020-08-09/harrigarriki_artzain_izateari_ez_nion_erdeinu_txarrik_erakutsi.htm Sun, 09 Aug 2020 00:00:00 +0200 Miel A. Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1930/032/001/2020-08-09/harrigarriki_artzain_izateari_ez_nion_erdeinu_txarrik_erakutsi.htm Harri zuri finezko
tonba handi ederrean
zizelatua gotorki
hau zuen utzi

Oroitzen naiz noizbait kontatu zenigula zure lehen oroitzapen hura...

Ene lehen oroitzapena da amaren belaunetan nagoela, bainugelan hetsia. «Komuna» esaten zen orduan. Ama arrosarioa erraten, zeruari erreguka, eta guri, bere sei haurroi, fitsik ez errateko erraka, prohi-ak gisa horretan izendatuak baitziren polizia berezi haiek, inguruan zirela. Prohibition deitu debeku aroa indarrean zen, eta gurasoek laurden bat whisky zuten gordea ostatuaren komuneko ur-biltegi ttipian. Gogoan ditut prohi-en urrats dorpeak hara eta hona dzanba-dzanba jangelako egurrezko zoruaren kontra. Ez zen fitsik agitu, eta prohi-ak airatu zirelarik, ama sukaldera itzuli zen eta gu, berriz, atzeko patiora irten ginen jolasera. Horrek botilari egin gintuen hanitxen aburuz, erran nahi baita, gizarte maila apaleneko kide. Haatik, ez nuen konprenitzen ahal diferentzia: guk whiskya zerbitzatzen genuen gure French Hotelean; haiek, estatuko gobernadorearen etxe dotorean bizi zirenek eta auzitegi goreneko eraikin handietan lan egiten zutenek, erosi.

«Botilari» zineten, whisky saltzaile...

Baina gu ez baikintuzun alkohol saltzaile! Ostatuan whiskya zerbitzatzen genuen, ez besterik. Haatik, eskolan, gelakideek «botilari» deitzen gintuzten, eta akusazio azkarra zenuen hori, ahalkegarri zen. Batetik, beren sosa whiskytan galtzen zuten gizonen seme-alabak zenituen. «Botilari» nintzela egozten zidatelarik, nire masail gorrituek betiko kolore ederra galdu eta esnearen zuria hartzen zuten. Kriminalik gaiztoenaren gisara makurtzen nizun burua. Bestetik, apaizaren semeak ere halako behakoa egiten zidan, erranez bezala: «Baina hik nolatan saltzen ahal duk whiskya?». Ni gurasoei zor nintzaien, baina hatsarre hartan ez nuen konprenitzen gurasoek ni ahalkearazteko zuten grina gaizto hura, zeren eta, egiaz eta begiaz, gaina hartzen baitzidan ahalkeak.

Konprenitzera heldu zinen noizbait.

Gure aitak bere burua bortxatua ikusi zuen whiskya saltzera. Zuberoatik Nevadara 16 urtetan jinik, aitak azkarki lan egin zuen, eta ardi, behi eta arrantxo ukan zituen. Aberastu zen. Orduan, krisia heldu zen, Depresio Handiaren aitzineko azienda krisia. Aitak zioen onik zatekeela, ez balitz orduan nehoizko negurik hotzena gertatu, aro dorpeak heriotzara eraman baitzituen bi mila ardi eta arkume Nevadako iparreko desertuetan. Oro galdu zuen aitak, Nash autotzar handi bat baizik. AEBetako gainerateko laborari eta arrantxo-nagusien gisara, dena galdu zuen.

Eta hori zela kausa jaio zinen zu Alturasen (Kalifornia), gurasoak batetik bestera zebiltzala lanean...

Lana harrapakatzea ez baitzen aise Depresio Handiaren garaian! Gure aitak arrantxorik arrantxo ibili behar ukan zuen lanean, Nevadan eta Kalifornia iparraldean. Bodie [Nevada] izeneko herri fantasman bizi gintuzun. Haatik, egun batez, amak «aski da!» erran zuen. Ehun dolar zituen gordeak, aitarekin arrantxorik arrantxo zebilelarik sukaldeko lanean irabaziak. Haizeak erranik, jakin zizun ostatu ttipi bat saltzeko zegoela Carson Cityn. Bazizkizun lau ganbara, jangela eta aretoa. Huraxe amaren ametsetako lukainka! Berantetsi gabe, hantxe ezarri zituen bere ehun dolarrak, eta halaxe higitu gintuzun Nevadako hiriburura.

Eta nola izan zen zuen bizia Carson Cityn?

Ama sukaldari abila zen. Pariseko Cordon Bleu sukaldaritza eskolan ikasia zen, eta jende andana etorri ohi zen amaren jana dastatzera. Haatik, haboro behar genuen. Apairuarekin edari pindartsua ez eskainiz geroztik, jendeak beste norabait zihoazen. Egun batez, aitak karrikan harrapakatu zuen sheriffa, eta galdegin zion zertaz ari zen Carson Cityra heltzen ziren jendeak gurera ez beste ostatu batera igortzen. Sheriffak arrapostu eman zion bisitariek tragoa nahi izaten zutela afaldu aitzinetik, eta arnoa, berriz, afaldu bitartean, eta guk ez genuela gisako edaririk ematen. Erraten ahal dut aitak tenoreko erabaki zuela bere burua botilari ezartzea.

Nondik heltzen ahal zen alkohola, izan zedin whiskya, izan zedin arnoa?

Gauez egiten ziren operazioak. Jakile izan ninduzun, zeren eta gau batez operazio haietarik batera joan bainintzen aitarekin tratuaren egitera. Carson City eta Reno arteko errepidean zen puntua. Gaua iluna zen, beltza, Washoe Valleyko arrantxoetako argi urrunak besterik ez ziren ikusten. Gizonak Nikolas zuen izena, bi kutxa whisky eta zenbait arno upel hartu bere kamioitik eta aitaren Nash autotzarrera sartu zituen. Eskudirutan pagatu zion aitak. Eta Carson Cityra itzuli gintuzun.

Noiz arte ibili zineten horrela? Ageriak dira zuen aita Dominiqueren potretak, zahartuxe, artzain Nevadako mendietan...

Alkohola saltzea libro izan zelarik akitu zen hura. Orduan, amak etxea erosi zuen Carson Cityko alderik nobleenean, eta aitak ardi saldoa eta kamioia, eta bizia zuen hartara itzuli zen, betikoz. Handik goitik, «botilari» gabe, «artzain» deitu gintuzten, eta titulu hura ere ez zen gauza gaitza orduko gizartean. Berriz, eskolako kideen txantxa eta burlak pairatu behar ukan nituen. Artzaingoari esker bizi ginen familian, ardiak ematen zigun jaten. Haatik, ez nintzen loriatan. Iduri zitzaidan gurasoek umiliazioa besterik ez zidatela gainean ezartzen.

Aita mendian zen, artzain, eta ama, aldiz, karrikan, ostatuko lanean?

Amak ez zuen aitaren ardi saldoekin ikustekorik. French Hotel hura beste euskaldun batzuei eman zien alogeran. Orduan higitu ginen hiriko alde nobleenera. Baina han ere ez gintuzten besoak eta bihotzak zabalik hartu. Botilariak izanak gintuzun, eta jendeek ez zuten ahantzia. Denbora afera izan zen, eta jende onak ginela egun oroz erakustea, ikasle onak eskolan, bereter elizan, atletak ere onak...

Azkenaz beste, onartuak izan zineten…

Hatsarrean, gure auzoek ez zekiten zer egin gutaz. Carson Cityko bihotzean ginen, eta han bizi ziren familiek denbora handia zuten han. Bestalde, batean anglosaxoiak zenituen; bestean, gure gurasoak, euskaldun immigranteak. Haiek, gorbata jantzirik joaten ziren lanera. Gure aita, Levi's-ak sarturik. Elizan ere, amak frantsesez esaten zituen errezoak. Ni izu nintzen aitagurearen bururatzeko. Orok «Amen» erraten zutelarik, gure amak, «Ainsi soit-il» erraten zuen!

Ez zenuen aita hanitxetan ikusten ahal…

Ezin gutiagotan! Ardietan arrasartu zelarik, okupatua zen gutiz gehienetan. Batean, udako pentze eta alorrak erosi behar Nevadako mendilerroan, ardiendako; bestean, lizentziak erdietsi behar ardiak lur publikoetan bazka zitezen, aitak berak erosiak zituen soro pribatuen artean. Egiaz eta begiaz, Sweet Promised Land (Dominique, artzan xiberotar bat Nevadan) izkiribatu nuelarik, ez nuen gezurrik ezarri paperean. Pentsamendu hanitx ibili nituen, eta urtea baino haboro entseatu nintzen narrazioari behar zen ertzetik heltzen, alferretan. Hartzen nizun papera, ezartzen nizun idazmakinan, hasten nintzen izkiribatzen... eta sarri zen zaramaontzian. Behin eta berriz eta hanitxetan egin nizun. Ez nuen ikusten, ene baitarik landara ari bainintzen behaka izkiribatzen, eta, aldiz, nihauren baitan zen nobela!

Zer erran nahi duzu? Zuhauren baitan zenuen nobela?

Gure aita artzaina zen, mendia maite zuen ororen gainetik, han zuen egin bere bizia... Eta, egun batez, horixe izkiribatu nuen nobelaren hasteko: «Aita artzaina zen eta mendia zuen bere etxea». Eta, mementuko, ohartu nintzen egina nuela nobela. Aski ontsa ezagutzen nuen aitaren mundua, haren parte izana bainintzen, parte ttipi izanagatik ere... Institutura artean ez genion aitari ardietan lagundu ahal. Hazi ginelarik, han gintuzun, aitaren ondoan, ardiak markatzen-eta, sasoiko lanik tzarrenak egiten.

Laguntza galdegin zizuen?

Prefosta! Guk ez genuen nahi lagunek artzain ikus gintzaten, ezta aita artzain genuela jakitea ere. Bazekiten, baina ez zegoen guri egun oroz oroitarazten ibili beharrik. Egun batez, besterik gabe, aitak erran zigun ene anaia gehien Pauli eta bioi gure laguntasuna behar zuela. Sarrarazi gintuen kamioitzarrean eta eraman gintuen ardiak manatzen zituen arrantxorat. Carson Cityko etxetik ilki ginelarik, arroparik dorpeenak genituen jantziak, zer zetorkeen doi-doi ez genekizun, baina asmatzen ahal genuen. Aitaren kamioiaren kabinan sartzean, geure buruak ontsa gorde genituen, adiskideek ez gintzaten ikusi. Bizi nintzeno munduan ez nuen egun hura ahantzi.

Hilik zarelarik ere atxikia duzu oroitzapena.

Ardien markatzeko eguna baitzen, eskualdunak biltzeko tenorea, elgar laguntzeko sasoia. Han ziren haboroxenak, beren istorioak bata besteari erraten. Odol-besta alimalekoa zen hura. Ardien markatzea zen bata, haiei buztanen moztea eta koskabiloen erauztea, bestea. Anaia eta biok ere buztanen mozten ibili gintuzun, eta moztean, odol xirripa ateratzen zen, norat nahi. Entseatu nintzen ene burua alde batera edo bestera ezartzen, baina debaldetan: purki odolez busti nintzen egun hartan burutik oin zoletaraino. Hiltzailearen aizkora nuen iduri. Ordea, bazen besterik: ardien zikiratzea ere egin behar zen. Baldinba, hura ez zen gure egitekoa.

Idazle aipu eta sona handikoaren gazte ibiliak.

Artzainaren bizitzeko manera zen hura, egun hartan ene begiez ikusi nuen, eta etxera itzulian, aitaren bizia konprenitzen hasi nintzen, eta pentsatzen nik ere bide hura hartu behar ote nuen. Agian, gazte nintzelakoz ari nintzen horrela pentsatzen, gazteak aisa onartzen baititu biziaren itzuliak, baina, harrigarriki, artzain izateari ez nion erdeinu txarrik erakutsi. Haatik, idazle bilakatu nintzen…]]>
<![CDATA[«Makiaren kide izan ninduzun Ospitalepean, presoner Ravensbrücken»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1930/036/001/2020-08-02/makiaren_kide_izan_ninduzun_ospitalepean_presoner_ravensbruumlcken.htm Sun, 02 Aug 2020 00:00:00 +0200 Miel A. Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1930/036/001/2020-08-02/makiaren_kide_izan_ninduzun_ospitalepean_presoner_ravensbruumlcken.htm Harri zuri finezko
tonba handi ederrean
zizelatua gotorki
hau zuen utzi

Alemanen kontrako gerla hasi zen denboran, Parisen ari nintzaizun zerbitzari, familia diharü handiko batean. Ene anaia gehiena, Pierre, gerlako presonera zen. Bestea, François, Vichyko gazteria talde batean lan egiterat deitua zuten. Aita-amak ez ziren aberatsak, eta beren buruak bortxatuak ikusi zituzten ostatuaz arduratzerat. Ordea, bazuten adinik, ez zuten lana berek bakarrik egiten ahal, eta etxerat itzultzea galdatu zidaten. Eta hala itzuli ninduzun 1939an Parisetik Ospitaleperat. Etxeko ostatuan nintzen lanean 1944ko ekainaren 27an presoner altxatu nindutelarik.

1940an, nonbait hor, gure ostatua ontsa ari zen. Bagenituen gisa guzietako bezeroak, Ospitalepekoak, bistan dena, baina baita arrotz jendeak ere. Haietarik batzuk Alemaniarat lanerat igorriak izan nahi ez zuten gazteak ziren. Beste batzuk, Gurseko zerrategiko presonerak. Gurs ez duzu Ospitalepetik lau kilometrotarat baizik, eta ehunka espainiar errepublikano eta judu zenituen han zerraturik.

Hatsarrean, zerrategitik ilkitzeko baimena behar zizuten. Oroit naiz zenbait aldiz hamabost pertsona ere heldu zirela gure ostaturat, Gurseko zerrategiko internoak denak. Aise zen juduei atsegin ematea, gure zopa min eta bizia maite ukan baitzuten. Zerrategiko zaintzaileak ere izaten ziren gure ostatuan. Orotarik bagenuen eta ontsa zen.

Nire neba François makiekilan bat egiten Ospitalepean lehenetarik izan zen. Pasta hori ukan zuen Françoisek. Nik, haatik, nezakeen guzia egin nuen berari laguntze alderat, maitasunez bezainbat, ororen gainetik munduaren gure parte ttipia libratzen lagundu nahi nuelako. Esku hartu nahi nizun, eta, egun oroz, gerlaren gaineko berriei jarraikitzen nintzaien irratiz. Radio Londres zen. Banekien liberazio eguna huilan zela, eta arriskuak hartzeko prestik ninduzun, baina, egia erran, ez nuen jinen zitzaizkigun ondorioez hanitx pentsatu.

Eta, orduan, egun hura jin zen.

1944, ekainak 27

Ekainaren 27an, goizeko lau orenetan, jendeak oro lotan goxo zirenean, gure atea kolpatzen zutela entzun nuen, baten bat tarrapataka eta heiagoraka. Bat-batean jakin nizun nor zen, eta ene neba atzartzerat joan nintzaizun korrika. Doi zen eskapatu etxearen gibeletik! Gainerateko kideak oharrarazterat joan zen.

Atea ideki nuelarik, bi gizon ikusi nituen ene aitzinean: bata aleman soldadua zen; bestea, zibila. Haien ondotik, soldadu haboro azaldu ziren, sartu ziren eta barnerat bultzatu ninduten. Etxeko lau oheak ikusi zituzten, baina, tenore hartako, gu han ez ginen hiru baizik, anaia eskapi zenez. «Non da ments den pertsona?», galdatu zuten orduan. Bistan zena, anaiaren xerka heldu ziren. Ez genekiela, arrapostu eman genien. Eta arragaldatu zuten, eta aldikal borraz krudelki jotzen gintuzten. Handik, eliza ondorat eraman gintuzten bortxaz. Etxeak oro miatu zituzten herrian, eta etxeetako gauzak oro deboilatu. Ehunka ziren aleman soldaduak. Eta haserre eta espantuka ziren, ez baitzuten makietarik batto ediren, guk gordeak genituen haietarik. Ez ziren kontent, baina errabiatuak, eta etxe nahiz altzari, dena arpilatu eta harrapakatu zuten. Haatik, nahi zuten oro berentzat hartu ondotik! Gure arnotik ere gogo onez edan zuten, ez guti, eta nahi ukan ez zutena bazterrerat aurtiki zuten.

Eguerdiko biak arte Ospitalepean eduki gintuzten. Ondotik, kamioietan sarrarazi gintuzten. Batean, hiru emazte ginen: ama eta biak, eta gure auzo Aimee Larlus. Gizonak beste beribil batean eraman zituzten, baina ez dakizut norat. Gu hirurak Miarritzerat eraman gintuzten, galdatuak izaterat. Makiak non ziren jakin nahi zuten, eta gure herrian nor zen makietarik. Guk ez baikenuen deus erraten, bortizki kolpatzen gintuzten. Ororen gainetik, bazen aleman bat besteak baino gaiztoagoa, hark erran baitzigun behin baino haborotan ene anaia François exekutatu zutela.

Hemezortzi egunen buruan, Bordelerat eraman eta tren batean sarrarazi gintuzten, norat gindoazen ez genekielarik. Zazpi ehun preso ginen, omen, behiarendako bagoietan, eta haietarik 62 emazte gintuzun. Trena ez zen han eta hemen gelditzen baizik. Beroa zen sufriezina. Ez zen ur ez hazkurririk. Egarria zen alimalekoa.

Ravensbrückeko zerrategia

24 egunen buruan, Dachaurat (Alemania) heldu gintuzun. Fite, Ravensbrückerat (Berlin, Alemania) igorri gintuzten, lanealat. Egunean goilarekada zopa eta ogi beltz eta idor zati bat baizik ez genuen hazkurri. Hotzak hilak ginen gauez, eranzterat bortxatuak baikinen. Egun batez, gure ama arrajanzten entseatu zelarik, SS-etako emazte batek ikusi eta bortizki jo zuen, eta, ni, alaba ninduela jakinez, so egiterat bortxatu ninduen. Fisikoki nahiz psikikoki nehoiz bizi ukan dudan minik azkarrenetarik izan zen.

Goizean goizeko deia zen gaiztoena. Goizeko hiru orenetan, ilun eta hotza oin-zoletarainokoa, bortxatuak ginen barrakatik ilki eta horma baten kontra lerroz lerro ezartzerat. Han egon behar genuen, higitu gabe, deus esan gabe, orenak eta orenak, oinutsik, izan zedin euri, izan zedin elur, SS-etako gizon eta emazteek armaturik gu beha.

Gau batez, barrakatik landa lerroz lerro ezarriak ginelarik, zorurat heldu zen Aimee Larlus. Ene gibelean zegoen xutik, eta, bat-batean, plaust! Epilepsia zuen, eta pilulak behar ukan zituen. Baina zerrategirat sartu gintuztelarik, pilulak oro kendu zizkioten gure auzoari. SS-etako emazte batek Aimeeren identifikazio nonbrea hartu zizun. Ondoko egunean, lerrokatzeko deia egin zutelarik, Aimee lerrotik bazterrarazi zuten, eraman, eta ez genuen nehoiz arraikusi. Erraustegien ondoan ginen, eta egun oroz aditzen genuen haragi errearen usaina.

Biga hilabete, edo hiru, igaran ziren, eta bi multzotan banatu gintuzten orduan: lanerako aski osasuna zutenak ziren batean; bestean, hiltzerat joatekoak. Lerroan biluzirik, mediku azterketa igaran behar genizun. Medikua, mahai baten gibelean. Guk, esku ahurrak erakatsi behar genizkion. Gisa horretarat erabakitzen zuen laneko ginen, edo erraustegiko. Nik ene eskuak medikuari erakutsi ondotik, amaren aldi zen. Hark amaren eskuei behatu eta keinu egin zuen aitzina joan zedin. Fite bazterrarazi nuen ama. Jinkoari esker, medikuak ez zuen burua jaso. Bestela, ilezuridun emazte ahul sobera adintsua ikusiko zukeen.

Amaren arrangura

Ororen gainetik, amaren arrangura nuen, ene buruarena baino haboro. Airekoen fabrikan lan egiten genuen, zenbait aleman zaharrekilan. Atseginak ziren gurekilan, nahiz debekua zuten guri janik ematea. Eta, bestalde, han ziren beti gu begira SS-ak. Fabrikan ama zaharrenetarik zen, eta behin baino haborotan, jendeek erran zidaten ez zuela luzaz iraunen. Mirakulua izan zen alemanek ama tenore hartan ez hiltzea.

Puru infernua zen zerrategia eta, gainerat, alituek bonbardatuak ginen. Bonbak aditzen genituen, nonbait han, urrun, lehertzen zirela. Sirenaren hotsa izugarria zenuen. Ene ama arrabots hark traumatizaturik izan zen bere bizi guziko.

Egun batez, barrakan gu, bonbardatzeak atzarri gintuen. Gauerdi iria zen. Hamabi oren jarraikian lan egin genuen eta argitasunak atzarri gintuen. Gure barrakan jauzi zen bonba bat. Berrogeietan hamar emazte hil zituen. Zoriz, barrakaren beste aldean gintuzun, baina hura izua! Orduan, beste bonba bat zartatu zen, eta zuloa ideki zuen horman. Pentsatu genuen eskapi joatea, baina barrakatik landa infernua zen! Ez zen sua baizik ikusten. Zuhaitzak sutan, eta ibaiko txalupak ere! Ke beltza zen alde guziez, ez zen arnasa hartzen ahal ere. Kanpoan nintzelarik, ama ments nuela ohartu nintzen, eta barnerat arrajin nintzen, su artean, xerka. Miarritzeko beste presoner batek kanporat ilki nadin bortxatu ninduen. Suak harturik nituen janzkiak. Kanpoan, ama kausitu nuen. Hura bakea! Bera ere nire xerka ibilia zen, izuturik.

Libro, azkenean

Zerrategiko azken hilabetea lubakiak egiten igaran genuen Berlin irietan. Alemanek errusiarren inbasioa gibelarazi nahi zuten. Egunean hamabost kilometro baino haboro egiten genituen, lubakia baizik ez genuen egiten. Oinak, odolduak. Aliatuen bonbaketariak gure buruen gainean zebiltzan, baina alemanek debekua ezarria ziguten batto ere pausa gintezen. Behar zenuen higitu. Zaintzaileek gure aitzinean jaten zuten, guk haboro sufriarazteko. Guk, goilare zopa baizik ez genuen jateko. Engoitik, ez zen ogirik. Ondoko aldi batean, Oranienburgorat (Alemania) eraman gintuzten gutiz haboroenak, eta, handik, oinez, 350 kilometrotarat. Oinez ibiltzen ahal ez zirenak zitalkeriaz jotzen zituzten.

Bidea gorpuz betea zen; gizonak ziren haboroenak. Amari sokorri ematea baizik ez nuen buruan, oinak odoletan baitzituen, eta erreumatzarra. Puru, presoner zenbaitek ama eramaten lagundu ninduten. Gauez, oihanean lo egin genuen. Goizean atzarri ginelarik, zoruan inguruan ikusi genituen burukoak, armak eta gas maskak. Zaintzaileak partituak ziren. Fite, errusiar tankeak ikusi genituen. Guziz atsegin ziren gurekilan. Beren barraketan ezarri gintuzten. Baziren han jangela eta logelak! Janaria goxo zen, gure sabel delikatuek aisa jatekoa. Ama eta biok purki ahul baikinen, etxerat igorri gintuzten, mementoko. Holandarat eraman gintuzten kamioian, Lillerat (Frantzia) gero. Han, bainatu ginen eta janzki garbiak eman zizkiguten. Ordu arte, buhameen gisarat gintuzun, mihise handiak itsuski jantziak bezala.

Lillen trena harrarazi ziguten, Bordelerat (Akitania). Handik, Maulerat. Eta hango geltokian, ezustean, jendeak gure haiduru. Jende paketa bazen han! Eta han zen ene anaia François ere, negarretan gaizoa. Medikuak autoan sartu eta Ospitaleperat eraman gintuen. Ostatuan, aita! Alemanek presoner altxatu zutelarik, Bordelerat eramana izan zen, baina herria liberatu zutelarik, etxerat itzuli ahal izan zen. Beti bezala ari zen aita, suaren aitzinean ezarririk jaten. Hunkituak ginen denok, bizirik, oro elkarrekilan. Alemanen zerrategitik ilki eta ostaturat heldu ginelarik, 28 kilo pisatzen zuen amak, 27 nik. Ororen gainetik, oinak genituen zauri minetan.

Egunen buruan, anaia Pierre ere itzuli zen; Alemaniatik, erran nahi baita.

Gerlaren deskalabrukeriak oro gainditu genituen.

Andredena Mariari esker onaren emateko, Pierre eta biok Lourdeserat joan gintuzun pelegrin.]]>
<![CDATA[Gonzalez de Alaizaren itzala: 'Txistu', lehen komikia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1933/030/001/2020-06-10/gonzalez_de_alaizaren_itzala_txistu_lehen_komikia.htm Wed, 10 Jun 2020 00:00:00 +0200 Miel A. Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1933/030/001/2020-06-10/gonzalez_de_alaizaren_itzala_txistu_lehen_komikia.htm Heraldo Alaves egunkariaren azalak handi egin du kongresua. Bost zutabeetatik hiru eskaini dizkio albisteari. Barneko orrialdeetan, biltzarraren kronika eginez ari da bosgarrenean ere, eguneko hitzaldien eta egitarauaren berri emanez. Alabaina, deigarri, erran delako bosgarren orrialde honen barnenean, tarteki bat: Una nota triste. Abdon de Alaiza. O. de A., Odon Apraiz Buesa dugu sinatzaile. Dio Apraizek kongresura bildutakoen poz jarioa samin bihurtu duela «arabar eredugarri baten» heriotzak. Abdon Gonzalez de Alaiza da zendua.

Eta, lehenbizi, haren merezimenduen gaineko hitzak Apraizek: «Abdon de Alaiza ez zen jakintsua, ez zen aberatsa; baina ongi merezia zuen biltzarkideek hartaz oroitzea. Arabako Mendialdea izeneko eskualde latzean jaioa (...) artean gazterik Madrilera eraman zuen bizi beharrak, eta, han, zintzo eta lanean beti, bere etorkizuna lantzen zuen aldi berean, euzko tertulietako gizonik ezagunena izatera heldu zen. Hainbat gazte belaunaldik -ikasle, artista, pilotari...-, gizon adoretsutzat genuen Abdon, gure herrialde urruna oroitarazten zizkiguten ekitaldi eta erakundeen faktotuma baitzen».

Faktotuma, dena egiten duena.

Abdon Gonzalez de Alaiza Azazetak dena, eta denetarik, egin baitzuen Madrilen, XX. mendeko lehen laurdenean espainiar hiriburuan gertatu ziren euskal gauza, kausa, guztien alde.

MUSITU

1876ko uztailaren 30ean jaio zen Musitun (Araba). Elortzatik gora Musitu Atabarrin ageri dela ere, nabarmena da Gonzalez de Alaiza Azazeta familiaren etxetzar handi bikaina. Bertara orduko, berriz, aldarri eginez ari zaigu idazkuna: «Etxe ontan jaio ta ill zan Alaiza'tar Aton euzko abertzale gurena. Madrid'eko Euzko Ikasbatza'k, MCMXXXIII VI XVI'n», omenaldi egunarekin jarritako plaka, alegia, nahiz balitekeen oraingo etxean gabe, ondoko eskortan jaioa izatea Abdon...

Gregorio Gonzalez de Alaiza, Musitukoa, eta Toribia Azazeta, Maeztukoa, izan zituen guraso. Zazpi seme-alaba ekarri zituzten mundura: Akilino Domingo, Juana Paula, Elvira, Justo, Probo, Abdon eta Domiciano.

Seigarren haur hura uztailaren 30ean jaioa izaki, egunari zegokion santuaren izena hautatu beste nekerik ez zuten Gregoriok eta Toribiak: edo zen Abdon, edo zen Senen. Biak ere Pertsiako martiri, 250. urtean, Dezio enperadorearen garaian, zintzurra egin zieten biei.

Abdon hautatu zuten, «Jahveh-ren mirabe edo morroi», alegia.

Ez noiz, ez nola dakigula, Madrilera egin zuen Abdon gazteak, migrazioaren historia beti-betikoan, Juana eta Elvira bi arreben babes eta urratsetan. Ageri denez, arrebek hartu zuten Madrilen eta lagundu zioten bidea egiten espainiar hiriburuan. Garai hartako dugun jakingarri dokumentatu zehatz bakarra da 1903an Athletic futbol taldea sortzen parte hartu zuela, Bilboko klubaren sukurtsala sasoi hartan, oraingo eguneko Madrileko Atleticoaren abiapuntua.

MADRIL

Abdon Gonzalez de Alaiza Azazetak saltzaile lan egin zuen Madrileko Eguzki Ateko moda denda batean. Bizialdiko azkeneko urteetan Bilboko enpresa bateko ordezkaritzako zuzendari jardun zuen, Alcala kalean. Oroz gain, ordea, euskal kausa guztien alde eginahalak eta bi egin zituen. Ramon de Vicuña Epalza enpresaburu eta politikariarena da lekukotasun idatzia: «Madrilen egiten zen zernahi euskal gauzaren ardatz, giltza, sustatzaile eta animatzaile zen. Berak zuzentzen gintuen Madrilera heltzen ginenean, berak jartzen gintuen batzuekin eta besteekin harremanetan, lanik ez zutenei lana bilatzen zien, migratu euskaldunen errolda egin zuen, kortean bizi ziren neskameen eta dendetako saltzaileen arteko loturak eta ezkontzak sustatu zituen». Ezkontzagin ere bai, nahiz Gonzalez de Alaiza Azazeta bera ez zen inoiz ezkondu.

Vicuñaren esanek bezainbat balio dute Manuel Irujorenak. Gonzalez de Alaizaren faktotumtasunaren berri ematera datoz: «Alaiza ikasle-fitxategia zen, euskaldunen estatistika, Euzkadiko kontsula... Elkarteak, euskarazko eskolak, egunkariak, aldizkariak eta suerte guztietako organizazioak sortzeko kezka zuen. Gizonik indibidualistena zen, baina urrezko bihotza zuen. Umore txarrekoa zen, baina mugarik gabeko ontasuna zuen. Izaera gozakaitzekoa eta zaputza zen, umorea eta sermoia aldizkatzen zituena… Zenbat ikasle-belaunaldik ezagutu ote genuen Abdon Alaiza hura! Lehenik, babesle; gero, adiskide. Errieta ematen, askotan. Euskalduna, beti! (...) Organizazio fundatzaile beti, ikasleen artean! Eta antzerkiak, emaztegaiak, gabeziak edota jarraikortasun ezak kideak bere ondotik urrunarazten zizkietenean, a zer gogoeta, epiteto eta tximistak ateratzen ziren Abdonen ezpain, ukondo eta ileetatik! Abdon gizagaixoa! Madriletik ikasle igaro garen guztiok behar den bezala ordaintzen asmatuko ez dugun maitasun lekukotza zor diogu Alaizari. Berak fundatu zituen Vasco-Navarro elkartea, Jardines eta Arenal kaleetako Euzko-Etxea eta Txistu, euskarazko astekari dibertigarria...». Txistu, hain zuzen, euskarazko lehenengo komiki-aldizkaria, Madrilen sortua.

'TXISTU'

1919an euskarazko aldizkari sorta handia argitaratzen hasi ziren. Gerla Handiak ekarritako krisiaren ondoko ekoizpen eta finantza oparoaldiak on handia egin zien Euskal Herriko ontzi-enpresei eta, hortik, gainerako industriari. Onaldi horrek kulturan eta politikan ere izan zuen eraginik. 1917an, adibidez, proposatua zuten Eusko Ikaskuntza eratzea. Soka berean etorri zen Euskaltzaindia. Eta euskarazko aldizkariak. Argia, besteak beste, Iruñeko kaputxinoek 1921ean sortu zutena.

Garai bertsuan, Bartzelonan (Herrialde Katalanak) lau komiki-aldizkari ere sortu ziren: Dominguin (1915), TBO (1917), Charlot (1919) eta Pulgarcito (1921). Sua bezala zabaldu ziren han eta hemen, eta Euskal Herrian. Gregorio Muxikak 1923ko maiatzaren 13ko Argia-n idatzia dugu froga: «Zenbat eta zenbat neska-mutiko ez ditugu beren eskuetan TBO ta Pepito [Pulgarcito, ageri denez] ta beste onelako ingitxoekin ikusten? (...) Ba oraindaño erdal-ingitxoak ibilli dituzten bezela, aurrera umeentzako euskal ingitxo polit bat izango dutela jakiteak nor poztuko ez du? Euskerarentzat aurrerapen aundi-aundia ez ote da umeak, beren zaletasun bizienetako baten bitartez euskaltzaletzea? Auxe da, ba, Aita Kaputxinoak darabilkiten asmoa ta poz-pozik zorionduaz, erbesteko ingirik politena baño politagoa izatea opa diogu «Umeentzako euskal ingitxoa-ri». Delako ingitxoa ez zen, haatik, nahi bezain azkar heldu, nahiz aldizkariak behin eta berriz eta askotan ibiliko zuen hitzean eta hortzean, eta balizko aldizkariaren izena ozen agindu ere bai: Txistu.

'ARGIA'

Hiru urte geroago gatzatu zen aldizkaria. 1926ko apirilaren 18ko Argia-n egin zuen aldarri Muxikak: «Umientzako aldizkari errez, polit, alai onezaz, zenbat aldiz aritu ote gera berriketan!... Bear-bearrezkoa dala uste izan degu beti. Nolakoa izan bearko lukean ere argi ikusten genuen. Ainbeste orrialde... emen xantuak, emen ipuiak, emen izkirimiriak, txokuen asmaketak. Ala ere ez genuen egiten. ¿Zer zala-ta? Argia'k berak ere lana pranko ematen zigulako. Buru lana ta txanpon-lana». Estutasunean, espainiar hiriburutik etorri zen erreskatea. «Madrid'tik dei bat etorri zaigu, ordea. An bizi diran arkitekto euskaldun gazte batzuek eta an bertan arkitekto-ikaskizunetan dabiltzan euskaldun iaio batzuek irrintzi zorrotza bota digute. 'Argia egiten dezutenak -esan digute-, gauzak ondo egiten badakizute. Euskalerriko nexka eta mutiltxoentzat aldizkingi atsegin bat (...) ¿Zer dala-ta lan oni ez diozute ekiten? ¡Guk lagunduko dizutegu!'». Horrela, Madrilen ekarri zuten mundura Txistu, euskarazko lehen komiki-aldizkaria. Ondikotz, ez dugu egileen berririk. Damurik, ez dakigu arkitektu zirela, edo arkitektura ikasle, besterik. Eta, Manuel Irujok adierazi jarraikiz, tartean zela Gonzalez de Alaiza, nahiz ikasleetakoa ez izan, baina faktotum beti, eta Txistu-ren «eragile sutsuenetakoa», Madrilen zituen adiskideek Argia-n bertan jakinarazi zutenez, hura hil zenean.

Heriok 1926ko uztailaren 15ean eraman zuen Gonzalez de Alaiza.

Madril isil-isilik utzi, adiskideei ezer esateke, eta etxeko Musitura egin zuen, eri handi.Hilik zen bi hilabete ere gabe. Euskarazko lehenengo komiki-aldizkariaren eragile kar handikoena, euskal gauza, kausa, galdu guztien faktotuma Madrilen, bere azken faktuma, Txistu, gatzatua ikusi gabe joan zen itzalaz bestaldera.

Gonzalez de Alaiza 1926an hil eta ondoko urtean hasi zen Argia astekaria Txistu argitaratzen, musituarraren Madrilgo adiskideek eraginik. 16 zenbaki argitaratu ziren. Gero, Txistu betiko itzali zen, eta, Espainiako Gerra Zibila tarteko, galdu ziren komikiaren ale guztiak. Orain dela urte batzuk berreskuratu zituen ale guztiak Koldo Mitxelena Kulturuneak, Antonio Zabalaren funtsen artean ageri.]]>
<![CDATA[Ilusio urteak: EGIren komando bereziak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/038/001/2020-04-14/ilusio_urteak_egiren_komando_bereziak.htm Tue, 14 Apr 2020 00:00:00 +0200 Miel A. Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1918/038/001/2020-04-14/ilusio_urteak_egiren_komando_bereziak.htm Nik ere badut nire egia /eta bankero jaunarenak bezainbat /edo baino gehiago /balio du. Nork bere egia du, baina hamaikarenak baino gehiago balio du Jokin Artajo eta Alberto Asurmendi ezagutu zituenarenak, EAJren EGIren baitako komando berezietako kide izan zenarenak. Ez du egiazko izenik eman nahi, itzal gordea da, eta anonimo iraun nahi du, kide izan zituenekiko errespetua argudio. Hala ere, egiaz eta begiaz ari da: «1966tik 1969ra jardun genuen borrokan EGIren komando berezietan. Gauza korala izan zen, ez inoren borroka pertsonala. Gutxi ginen, baina kolektibo bat osatzen genuen. Prest ginen, ezertarako ere. Han ez zen protagonistarik, ez protagonismorik. Nire izena garai hartan, edo, zuzen, goitizena, Txato, Txiki, Txispas edo Felipe izan, horrek ez du nire errelatoa bihirik aldatuko». Ez dugu haren egiazko izenik idazteko baimenik, ez argazkirik.

Beharrik, 1969 hartan aktibo ziren EGIren komando berezien organigramari fotoa egiten utzi digu. Ez da fantasiarik. Erreala da abiapuntua.

Aberri Eguna, 1969

1969ko Aberri Egunean hil ziren Jokin Artajo eta Alberto Asurmendi, Nafarroako EGIko kideak. Alabaina, boikota zen kontsigna. Francoren erregimen diktatorialari boikot, berpizkunde igandea etxe barruan sartuta egoteko deia egin zuten EAJk eta haren gazte mugimendu EGIk. Aldi berean, altxapeka ibili ziren gazte batzuk han eta hemen. EGIren komando berezietakoak genituen. «Ekintza bana burutzeko agindua jaso genuen, eta guk ez genuen buruzagien erabakirik zalantzan jartzen, obeditu egiten genuen, besterik gabe. Horrelaxe erakutsi ziguten». Partez, EAJren EBBren egoitzan, Baionako Beyris auzoko Villa Izarran, prestatu zituzten EGIko gazteak kaleko borrokarako. Ohi zenez, handixek jaso zuten EGIkoek Aberri Eguneko erasoak gauzatzeko agindua. «Baita lehergaiak ere! Han nonbait egiten zituzten, edo hantxe jasotzen genituen guk, bederen, eta banatzen genituen barruan», esan nahi baita, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan.

1969a baino lehen, urte bat lehenago, EGIk Espainiako Itzuliaren etapa geldiarazi zuen Nafarroan, Urbasan beherako errepidean lehergailua zartaraziz eta itzuliaren antolatzaileak hamabosgarren etapa hura bertan behera uztera behartuz. EGIren ekintza armatu horrek berebiziko oihartzuna izan zuen lau ertzetan, hala Euskal Herrian nola espainiar estatuan eta atzerrian. Atentatu haren egile izan ziren Artajo eta Asurmendi, eta bazuten komandokiderik: «Artajo eta Asurmendi hil zirenerako, ordea, jokotik kanpo zeuden haien zenbait kide. Bata, soldadutzan; bestea, kartzelan... Baten batzuk, ikurrin bat jarri ondoren harrapatu zituzten». Elias Anton, Fausto Ruiz eta Jose Maria Idoate ziren atxilotuen artean, Jose Luis Diaz Monrealen La historia olvidada. EGI en Nafarroa durante la década de los sesenta (Historia ahantzia, EGI Nafarroan hirurogeiko hamarkadan) liburuak dakarrenez.

Atxilotu haietan inork ere ez zuen komando berezirik aitatu. Batzuek, ezer ere ez zekitelako. Zekikeenak, berriz, hartaz tautik ez esaten asmatu zuelako, poliziaren galderak ahal bezainbat bideratuz. Eta komando berezien buruzkorik ez haizatu izanak arnasa eman zien haiei, Artajori eta Asurmendiri, besteak beste, egokiera hura baliatu eta Nafarroako EGIren komandoa, edo komandoak, berregin baitzituzten. Ahotsa ari zaigu, itzalean: «Ez batak ez besteak egiten zuen artefakturik. Ipar Euskal Herrian egiten zituen baten batek. Logistika arduradunek Bizkaiko zentralera eramaten zituzten, eta Hegoko lau herrialdeetan barna banatzen genituen». Bizkaiko zentrala, kasu honetan, Bilboko Eguren kaleko gordegia zen, non EGIkoek ikurrinak aireratzeko morteroak, propaganda eta beste, ezkutatzen baitzituzten. «Bilboko gordelekuan landu, eta kide bat eta biok joan eta zuzenean eman genion lehergaia Albertori [Asurmendi]». Valladolideko (Espainia) Libertad egunkarian jartzekotan ziren gailua. Sasoi hartako EGIkide zenbaiten artean uste zabaldua denez, oso litekeena da Artajok, edota Asurmendik, lehergaiaren mekanismoan aldaketaren bat egin nahi izatea, horrexek eragitea eztanda.

Erresistentziaz

Joseba Emaldi Erauzkin (Getxo, 1925 Gorliz, 2009) baitezpadakoa da EGIren komando berezien ibilian. Gazterik, oso modu aktiboan parte hartu zuen gerra ondoko erresistentzian. Sorterriko Andra Maria elizako ataria margotzea izan zuen lehen ekintza. Ekintzaile fierra, laster kaptatu zuten erresistentziaren gidariek. 1946an, dena den, erbestera bidea hartzera bultzatu zuten, edo behartu, hala Emaldi bera nola inguruko mugimendu osoa arriskuan ikusirik. Ipar Euskal Herrira egin zuen lehenengo, eta Venezuelara gero. Caracaseko Eusko-etxeko bazkide eta eragile izan zen, Venezuelako oihanetik emititzen zuen Euzkadi Irratiaren edo Txalupa-ren bultzatzaile, Gudari aldizkariaren banatzaile...

1960an, Agirre lehendakaria hiltzean, are eta kar handiagoa hartu zuen Ajuriagerrak hamarraldi bat lehenago, lehendakariaren beraren aurrean, egindako oharrak: «Franco barrutik botako dugu. (...) Ez pentsatu Franco atzerriak eraitsiko duenik, ezta eraisteko ekimenik gauzatuko duenik ere. Pentsamodu hori baztertzen ez badugu, ez dugu ezer aurreratuko». Horrekin batera, biolentziaren erabilerari buruzko Ajuriagerraren orduko esan ezaguna: «Ez dugu pentsatu behar Francori barrutik bortxaz eraso diezaiokegunik, baina baztertu ere ez dugu behar bortxa, premiazkoa bada». Esan eta egin zuten, gerra ondoan gudariak kartzelatik ateratzen hasi zirenetik egin zutenez.

Giroa are gehiago bihurritu zuen ETAk bortxaren bideari hasteak. Agirre hil baino urte bat lehenago, 1959ko urria joan baino lehen, hiru artefaktu eztandarazi zituen ETAk. Bata, Gasteizko gobernu zibilean; bestea, Santanderko (Espainia) Alerta egunkarian; hurrena, Bilboko polizia etxeetako batean. 1839ko legearen urteurrenaren kontra ari ziren, foruak «monarkiaren batasun konstituzionalaren kaltetan gabe» berretsi baitzituen lege hark. Atentatu bakoitzaren ostean beti, erregimenaren poliziaren eta guardia zibilaren errepresioa zabaldu zen Hego Euskal Herrian: atxilotzeak, torturak, kartzela. Eta, ohargarri, 1960ko maiatzaren 30ekoa dugu 339 abadek Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko gotzainei eta Vatikanoari idatzitako eskutitza, eta EAJren EBBko Xabier Landaburuk eta Jesus Maria Leizaolak geroan Aita Saindu izango zen Joanes XXIII.ari eskura eman ziotena.

1961eko uztailaren 18an, etorri zen Añorgako (Donostia) atentatua, trena errailetik ateratzeko saioa. Francoren matxinadaren, Altxamendu nazionalaren, 25. urtemuga zuten...

Joseba Emaldi

Handik urtebetera, 1962an, Donibane Lohizunen izan zen Joseba Emaldi, nahiz aldi bateko izan. Erresistentziaren buru Joseba Rezola ezagutu zuen, eta hezur eta mami egin ziren. Venezuelara itzulirik, Emaldi Ameriketako Eskolan zaildu zen, besteak beste. Ariketa militarretan espezializatu zen, atzera Euskal Herrira itzultzea buruan josirik, Rezolaren esan eta agindu zuzenetara ekiteko. Erresistentzia mugimendua errotzea izango zuen helburu.

1964ko Gernikako Aberri Egunaren harrera beroak, bestalde, gerra ondoko lehena barruan, lotan zetzan erresistentziaren makineria klandestinoa piztarazi zuen. ETAko gazteak ere egurrean zebiltzan, EAJk kontrolatzen ez zuen erresistentzia borroka zen.

1965ean, Juan Ajuriagerrak eta Luis Maria Retolazak Bilbora itzultzeko deia egin zioten Joseba Emaldiri. Urte hartan bertan, eta ondoko bietan, zenbait ikastaro zuzendu zituen Baionako Villa Izarran.

Politikaz eta gerrilaz ziren ikastaroak. Haietan parte hartu ohi zuten militanteak, berriz, aski bakanak, ongi hautatuak ziren. Mendigoizaleetan zaildutako gazterik gaituenak, erromerietan ikurrinak jartzen ibilitakoak, estrata ilunetan nahiz mendian gorako harri gorrietan breaz margotzeak egindakoak. Oroz gain, poliziaren eskuetara ordu arte erori gabeak, erretako militanterik ez. Zumitz haiek uretan busti eta egin zituzten saskiak: EGIren komando bereziak.

Komando haietako kide ziren, Iruñean, Alberto Asurmendi eta Jokin Artajo. Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban ere osatu zen komandorik aski.

Artajo eta Asurmendi EGIko komandoetako kideak hilik, «hilak hobira» egin zuten egituraren ardura zutenek.

Bizirik iraun zutenek, militante prestu eta ongi prestatuek, ETAren bidea hartu zuten.

Ez denek, haatik.

Nekez eta pekez mintzatu izan da inor EGIren komando haietaz.

Haietan parte hartu zutenak.

Haien egitura barrutik bizi izan zutenak.

Haiek eratu zituztenak.]]>
<![CDATA[1964ko otsailak 24, Gasteizko ikastolaren lehen argazkia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1909/030/001/2020-03-25/1964ko_otsailak_24_gasteizko_ikastolaren_lehen_argazkia.htm Wed, 25 Mar 2020 00:00:00 +0100 Miel A. Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1909/030/001/2020-03-25/1964ko_otsailak_24_gasteizko_ikastolaren_lehen_argazkia.htm
1963ko abenduaren 4an hasi eta, lehen ikasturte hartan, hamalauren bat ikasle izan ziren Zerkabarren kaleko 9. zenbakian, Pikatoste-Arrue senar-emazteen etxean. Hala ere, neketan biltzen omen ziren ikasle guztiak egunero Izaskun Arrueren ikastolara.

Lehenbiziko argazkia

Elosegik dioenez, Zerkabarren kaleko ikastolako lehen argazkia behar du izan: «Urtebetetzea duzu, tartak salatzen duenez: Rafaelena [Pikatoste], Izaskun Arrue andereñoaren lehenengo semearena. Hiru kandela, hiru urte Rafaelek: 1964ko otsailak 24 da. Ikastola hasi eta bi hilabetera egina da argazkia. Hala ere, han ez gara ikastolako ume guztiok ageri, Rafaelen 3 urteko «kuadrilla» besterik. Argazkia arratsaldean egina da, eskola eta gero, gainerako umeak etxera joan zirenean». Argazkia eskuan, banan-banan identifikatu ditu neska-mutikoak. Atzean, ezkerretik eskuinera, Joseba Grajales, Arantza Martinez de Marigorta, Pedro Elosegi, Jabi Ugarte eta Alvaro Lopez Goikoetxea, nahiz Alvaro hura ikastolakoa ez izan; aurrean, jarrita, Idoia Ioldi, Itziar Lopez de Lacalle, Iñaki Arriola, Arantza Aranzabal, Aitor edo Asier, beharbada, Anakabe eta Rafael Pikatoste.

Haietan zaharrena zen Lopez de Lacalle. 5 urte zituen. Argazkiari begira, esan digu. «Horiexek ginen hasierakoak, gutxi-asko. Gero, ume berriak ere etorri ziren, eta beste batzuk, berriz, joan». Etorritakoetan, lehenengo ume haien senide txikiak: Itziar Lope de Lacalleren ahizpa Izaskun, Arantza Aranzabalen ahizpa Aintzane, Pedro Ignazio Elosegiren eta Iñaki Arriolaren anaia txikiak... Haurren kopurua hazi zenean, Izaskun Arrueren etxebizitza txiki, eta bestelako eraikina hartu zuen ikastolako gurasoek Gasteizen, Estibaliz Hiribidean.

Zerkabarren kalean

Itziar Lopez de Lacallek gogoan du nola heldu zen ikastolara, aita-amen eskutik lekua ikustera joana. Ordurako, dena den, eskolara hasita zegoen, etxe ondoko Florida eskolan eman baitzituen ikastolara hasi aurreko bizpahiru hilabeteak. «Izaskun ezagutzera eta tokia ikustera joan ginen, eta pertsona atsegina iruditu zitzaidan. Hasieran haur gutxi ginen han. Gero, gehiago». Hamalauren bat izateraino.

Arantza Aranzabali dagokionez, amak zuzendu zuen eskola hartara: «Bebarrura iritsi ginen, amak txirrina jo eta gogoratzen naiz esan zuela, eskaileretan behetik gora: «Izaskun, hor doa gure Arantza!». Lau solairuak oinez igo eta harrera egin zidan Izaskunek, eta gelara!».

Pedro Ignazio Elosegiren historiak badu istoriotik. Bihurri zetorren: «Gure amamak jatetxea zuen Mateo Moraza kalean. Casa Paco zuen izena. Oso kale bizia zen. 3 urte nituen, 4 urte betetzeko zorian. Trizikloa nuen, eta nire zaletasuna zen kale hartan dendaz denda joatea. Kaleko haurra nintzen, eta kale hura nirea zen. Arratsalde batean, bi ama eta umeren bat ikusi nituen, kanpotarrak nire buruaren arabera, kale hartakoak ez baitziren! Nire lurraldea inbaditzera zetozela iruditu zitzaidan! Ni, neure trizikloan guztiz ero, guztiz ume, bi emakume haien artean sartu eta erditik igaro nintzen. Carmen Jimenez zen haietako bat, gure amaren laguna, eta, askotan bezala, tabernara sartu zitzaion berriketan. Nire maliobra hura ere kontatu zion: «Ume zahar hauek! Beti endredoan! Hire horrek ere ia-ia harrapatu gintinan trastetzar horrekin!». Horretan, Carmen hark euskaraz ikasteko akademiaren berri eman zion gure amari. Akademia hartan ari zen bere semea, Joseba Grajales. Abendua zen, artean. Biharamunean, han non ginen ama-semeok, agindutako helbidean. Buruan sartuta daukat amarekin eskailerak igo nituela, txirrina jo genuela, Izaskun atera zitzaigula. Ez dago fantasiarik, horrelaxe gertatu zen bene-benetan».

Iñaki Arriolak ere gogoan du Zerkabarren kaleko ikastola, Izaskun Arrueren etxe hura. «Laugarren solairuan zen, ezkerreko atean: etxera sartu eta logela bana ezker-eskuin... Gogoratzen naiz ikasle berriak etorri ohi zirela, eta, beste batzuek, aldiz, ez zutela bertan segitzen. Jon eta Andoni Mendizabal, edo Garbiñe Aginako, adibidez, gurekin batera izan ziren, baina ez dakit noiz arte».

Alberto Otsoak Izaskun ez baina haren etxe-laguntzailea du gogoan, nola eskuan zerabiltzaten maletak ipurdi azpian ipinarazten zizkien… «Nik Zerkabarren kaleko akademia hura besterik ez nuen ezagutu, Estibaliz Hiribidekora ez nintzen joan. Gure etxetik aparte leku hura, eta gurasoek ondoko ikastetxera eraman ninduten». Eta hortxe bukatu zen harreman hura, bizpahiru urte iraun zuena.

Rafael Pikatoste Arruek egin zuen biderik laburrena, nahiz eta ez duen akorduan: «2 urte nituen! Zer dakit, bada, nik! Ez dut uste etxea eta eskola bereizten nituenik ere». Izaskun Arrueren seme zaharrenak, orduko ikasle ttikienak, ditu oroitzapen lausoenak.

'Martin txilibitu', 'Xabiertxo'

Hasierako ikasle haietan inork ere ez du ahantzia. Irakurtzen eta idazten ikasteko, Martin Txilibitu izan zuten gida. Lopez de Lacalle da kontari. «Lehenengo, letrak irakurtzen ikasi genuen. Gero, hitzak. Ondoren hasi ginen Martin Txilibitu hura irakurtzen. Koloretako txotxak erabiltzen genituen, eta haiek erabiliz letrak egiten genituen lurrean». Matematikako zenbakiak, berriz, barbantzuak, babarrunak eta botoiak manipulatuz osatzen zituzten, Izaskun Arruek Elbira Zipitriari ikasitako moduan.

Lopez de Lacalleren hitzak bere eginez, Arriolak dio Xabiertxo ere erabili zutela, «baina liburu hartatik, irakurtzen ondo ikasi eta gero hasten ginen». Elosegi ere oroitzen da: «Egipto eta Israelen arteko gerra izan zen garaian, egunkaria hartu eta gerrako berriak irakurtzen nizkion egunero Izaskuni!». 1967an izan zen delako gerra hori...

Itziar Lopez de Lacalle oroitzen da Enciclopedia erosi zuela, orduko ikasle guztiek erabili ohi zuten liburua: «»Biharko, halako eta halako ikasi behar dituzu buruz», agintzen zigun Izaskunek. Etxera joan, gaztelaniaz ikasi, eta biharamunean, gaztelaniaz ikasitakoa euskaraz azaldu behar genion!».

Gaztelania kezka

Institutura baino lehen ere, besterik ikasi zuten gaztelaniaz: kristau doktrina. Izaskunen etxean euskaraz errezatzen ikasi zuten. Katekesian, berriz, gaztelaniaz zen dena. Lopez de Lacallek gogoan du lehenengo jaunartzea prestatzen ari zen garaiko estutasuna: «Apaizak doktrinako galdera bat egin zidan. «Badakit erantzuten, baina beste hizkuntza batean». «A, bai?», apaizak, «eta zein hizkuntzatan?». «Euskaraz», nik, xalo eta inozo. «Bada, esan». Eta hasi eta buka esan nuen, euskaraz, osorik. Eta ume guztiak niri begira! Eta ni lotsatan! «Baina zu nongoa zara?». «Gasteizkoa, zu bezalaxe».

Itziar Lopez de Lacallek ditu oroitzapen zehatz gehienak. «Gogoratzen naiz, 9ren bat urte nik ordurako, udalekuak antolatu zituztela eta Lekarozera joan ginela, talde txiki batean. Gure lehenengo udalekua!». Gisa berean gogoan du Eibarren ere izan zirela. «Arraten, lehiaketa batean, betiko bostok. Komiki bat eman ziguten, mutu, eta guk hitzak jarri behar genizkion». Lopez de Lacalleren gogoa ez dabil oker. Handik urteetara, Peli Martinek Arrateko bilkura hartaz idatziko zuen bere oharretan, esanez haurron gurasoak pozik itzuli zirela handik, Gasteiztik joandako umeok sariren baten jabe ere egin zirelako.

1967-68 ikasturtean Izaskun Arrueren etxea utzi eta Estibaliz hiribideko ikastolara joan ziren ikasleak, Araban orain diren ikastolei bidea irekita.

Bitartean, memoria historikoaren lekuko zuzen eta zaindari ditugu lehen argazki hartan ageri zaizkigun lehen ikasle haiek.]]>
<![CDATA[«Inoiz ez dut esango zerk bultzatu ninduen euskaraz ikastera»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1920/014/001/2020-03-21/inoiz_ez_dut_esango_zerk_bultzatu_ninduen_euskaraz_ikastera.htm Sat, 21 Mar 2020 00:00:00 +0100 Miel A. Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1920/014/001/2020-03-21/inoiz_ez_dut_esango_zerk_bultzatu_ninduen_euskaraz_ikastera.htm
60ko hamarkadaren amaieran Gasteizko euskararen mugimenduaren barruan ageri da zure izena, Juan Bautista Gamiz irakasle taldeko kide.

Sabandoko idazlearen omenetan eman genion izen hori taldeari. Hamabosten bat lagun izango ginen. Koroatzeko parrokiaren etxean biltzen ginen, sotoan. Taldearen sustatzaile agertzen nintzen! Polizia zelatan zegoen beti, eta neuk ematen nuen aurpegia udalaren eta gotzaindegiaren aurrean. Gizon zaildua nintzen ordurako, eta sotanaz jantzia nenbilen. Eta sustatzaile! Uste dut udako ikastaro batean hasi ginela taldea osatzen. Nik ez nuen euskara ikastaro askorik egin, gutxi estudiatu nuen. Segituan hasi nintzen eskolak ematen. Ikastaroaren aurkezpena egin zen Jesus Obrero ikastetxean. Gogoan dut Gontzal Fontanedak eta biok egin genituela sarrerako hitzak. Orduantxe sortu zen Juan Bautista Gamiz irakasle taldea.

Euskarazko eskolak eman zenituen…

Bai, baina lehen mailakoak besterik ez. Mezak ere esan nituen euskaraz, San Antonio kaleko komentuko beheko kaperan. Ez dakit nor arduratzen zen gazteen meza haietaz. Meza esateko eskatu zidaten, eta esan nituen meza batzuk, cum amore et tremore! [Maitasunez eta begirunez].

Batzuetan Angel irakurri dut zure izena. Beste batzuetan, Aingeru…

Juan Bautista Gamiz irakasle taldearen bileretan-eta, Aingeru nintzen. Eta ez pentsatu ez zitzaidala gustatzen. Baina Angel dut grazia, ponteko izena. Parte Zaharrean jaio nintzen, kasik Hedegile kaleko gorenean, Vegako amabirjinaren auzoan. Apaizgaitegira joan nintzenean, oraingo apaiztegi berrira, goizean egunero leihora atera eta xukaderarekin agurtzen nuen ama. Orduan ez zegoen hainbeste etxe eta hainbeste traba!

Gerraondoa ezagutu zenuen…

Askorik ez ondorioak. Aita ez zegoen saltsan sartuta. Lana besterik ez zuen egiten. Lan eta lan. Babes-etxean lan egiten zuen, zoroetxeko zaindari zen. Bestalde, kapela zale makurra zen. San Antonio kalean Etxaniz kapela denda zegoen. Kapelak egiteko makinak ere bazituen! Aita zoroetxeko zaindari zen, baina kapela zuen ametsa. Etxanizek denda itxi zuenean, aita etxeko ganbaran kapelak egiten hasi zen.

Nola zuen izena aitak?

Alejandro.

Alejandro Ibisate. Bigarren deitura?

Lehen deitura besterik ez zeukan. Inklusakoa zen-eta; haur abandonatua. Herrien izenak jartzen zizkieten deitura. Hainbat jende ezagutzen dut deitura bakarra duena. Ama, berriz, Victoria Lozares zen, burgostarra, Burebakoa. Langile amorratua hura ere. Etxean, gauez, soldaduentzako alkandorak egiten jarduten zuen. Azken aldera, josteko makinarekin egiten zuen lan, eta nik pedalari eragiten nion. Armadaren ofizialordeen egoitzan garbiketa lanak ere egiten zituen.

Apaizgaitegira joan zinen.

Bai, behar baino urte bat lehenago. Aurreratuta nenbilen. Samaniego eskolan ikasi nuen, eta, han, bigarren mailatik seigarrenera aurreratu ninduten. Fernandez de Medrano arkeologoa nuen irakasle. Ikaragarri gustatzen zitzaidan irakurtzea. Nire adinekoek kalean jolas egiten zuten. Nik, aldiz, irakurri. Batxilergoko bi ikasturte, marianistek emandako beka batekin egin nituen.

1956an apaiztu zinen…

Erroman egin nituen ikasketak, eta apaiztu ere bertan, baina bi urte itxaron behar izan nuen, gazteegi nintzelako. Apaiz izateko adinik ez! Halako batean apaiztu nintzen, horratik!, Laboa monsinorearen esku hartzeari esker, adin dispentsaren bitartez, baina gotzainaren gogoaren kontra. Peralta zen gotzaina denbora hartan. «Frantzisko Peralta Ballabriga, ¡a quien Dios confunda!» [Jainkoak nahas dezala!], esan ohi nuen nik. Kar, kar... Orain txantxetan esaten dut, baina garai hartan benetan esaten genuen. Aragoiarra zen. Ez nintzen harekin oso ondo konpontzen. Edo bera ez zen nirekin oso ondo konpontzen. Niri buruzko informe txarrak jaso zituen Erromako espainiar ikastetxetik, han bizi bainintzen, eta apaiztu eta hona etorrarazi ninduen, doktore tesia gabe. Peraltak Uribarri Jauregi eta Gereñu eman zizkidan destino.

Eta zer moduz moldatu zinen zure lehen apaiz destinoetan?

Bi urte eman nituen bi herri horietan, baina, nonbait, han ere ez nuen gotzainaren gustua egin, eta Sabandora [Arabako Mendialdea] bidali ninduten, zigorturik. Arrazoi politiko edo sasi-politikoak izan ziren tarteko. Arabako diputatu bat Gereñuko eliztarra zen eta, inondik ere, nik esandakoek, Francoren totalitarismoaren kontra eta, ez zituzten haren belarriak goxatzen. Gotzainaren aurrean salatu, eta Sabandora bidali ninduen! Arabako herririk ederrenetakoa. Zoriontsu izan nintzen han, nire biziko urterik onena izan zen.

Gero, berriz, Mataukura destinatu ninduten. Orduan ere, Peralta! Gasteiz inguruko herri bat eskatu nuen, amarenean bizi ahal izateko. Libre zeuden herrien zerrenda gotzaindegikoei eman eta, haiek, zerrendatik kanpo utzia nuen herrira bidali ninduten! Kar, kar...

Peralta gotzaina ibili duzu hitzean eta hortzean. Artean 1976an, Martxoaren 3ko hilketen ondoko hileta meza berak esan zuen, eta kontra ere egin zioten eliza barruan bertan…

Hor bada historia bat oraindik idatzi ez dena... Hileta horrena. Homiliari dagokionez, neuk idatzi nuen. Egun hartan [1976, martxoak 5] apaiz batzar bat egin zen, arratsaldeko meza prestatzeko; homilia, batez ere. Gotzainak, batzarrak prestatutako homilia irakurriko zuela hitz eman zuen. Nik, bezperan, hainbat ordu kendu nizkion loari, neure buruarentzat idazten jardun nuen, nik egoera hartan zer esango nukeen paperean jartzen. Bilkuran, homiliaz ari ginela, bezperan idatzitakoa irakurri nuen denen aurrean. Eta batzarrak erabaki zuen gotzainak huraxe irakurri behar zuela. Eta irakurri zuen, baina aldaketa batzuk eginda.

Zer zioen homiliak?

Hildakoen defentsa egiten nuen, eta poliziaren kontrako akusazioa, jakina. Gogoan dut idatzitako orri batzuen atzealdea aprobetxatuz idatzi nuela homilia hura, begietatik malkoak zerizkidala. Azkenean, nekez bada nekez, eta geuk behartuta, Peraltak uko egin zion karguari. Ez, uko egin ez, bota genuen! 1979ra arte izan genuen hemen.

1976ko Martxoak 3, Gasteiz. Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan gertatu zena ikusi zenuen?

Ez nengoen bertan, baina gertatua jakin eta gero, notario bat hartu eta elizara joan nintzen, barruko tiroen, balen eta txikizioaren akta jasotzera. Abokatu batekin lan egiten nuen, Ramon Bajorekin, eta harremana nuen zenbait notariorekin.

Apaiz zinena, lanean abokatu bulegoan?

Bai, bada! Ez nuen estatuaren soldatatik bizi nahi. Uste dut apaiz guztiok egin beharko geniokeela uko estatuaren diruari! Nik uko eginagatik ere, gotzaindegiko arrain arraioek niri soldata emateari eutsi zioten. 5.000 pezeta ziren, «adskripzio sari» omen, konstata zedin ni oraindik gotzaindegiaren mendeko nintzela.

Zamorako apaizak ekarri dizkidazu gogora, gotzainarekin ez ezik estatuarekin ere izan zuten borroka. Periko Berrioategortua-eta.

Periko? Ikaskide izan nuen apaizgaitegian. Lehenengoetakoa izan zen abade langileen artean. Freskagarri banaketan jardun zuen, besteak beste. Zamorako kartzelakoak eta. Gogor izeneko taldea! Banaketa baino lehen elizbarruti berekoak ginen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako apaizak, baina «arrazoi pastoralak» medio, ez, hala ere, arrazoi politikoak medio [ironiaz], banatu zuten elizbarrutia, gu guztiok izorratzeko, ez zedin ezer egin, ez zedin Euskal Herria herri batua izan.

Hainbat artikulu dituzu idatziak, Arabari eta euskarari lotuak haietarik asko.

Gasteizko apaizgaitegiko bibliotekan jardun nuen sasoikoak dituzu horiek. Han ibili nintzen, eta, bereziki, liburu zaharren atala zuzendu nuen: inkunableak eta XVI. mendeko eta XVII. mende hasierako liburuak. Bibliotekako atalik garrantzizkoena duzu. Handik, hau eta hura idazten hasi nintzen. Esate baterako, gauza txiki bat, euskarazko zin-egite formula bati buruzkoa, XVI. mendean Araban ibili izan zutena: «Bai, ziertu». Artikulua argitaratu zidaten, eta gustura ni! Gero, beste hainbat artikulu ondu nituen. Ahal izan dudan ekarria egin diet euskarari eta euskal historiari. Ez da gauza handia izan, baina saiatu naiz zer edo zertan.

Aizu, eta zu, zerk jarri zintuen euskararen aldeko lanera?

Euskararen aldeko lanera, ez: euskaraz ikastera. Inoiz ez diot inori esan, eta ez diot esango. Eta idatzita ere ez dut utziko, ez dezan inork testamentutzat hartu. Ez dut esango. Nire sekretua izango da, betiko.

Bai, ziertu!

Horixe! Kar, kar...]]>
<![CDATA[Che Guevararen kapilauaren egunik zailenak ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1933/046/001/2020-03-10/che_guevararen_kapilauaren_egunik_zailenak.htm Tue, 10 Mar 2020 00:00:00 +0100 Miel A. Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1933/046/001/2020-03-10/che_guevararen_kapilauaren_egunik_zailenak.htm Che-k, meza galarazi zuen La Cabañan. Hala ere, gauez nahiz egunez, kartzelara joateko eta bertako presoak zaintzeko baimena eman zidan. La Cabañako kartzelako kapilau izan nintzen bost hilabetez, urtarriletik ekaineko lehenengo astera arte. Egunero joaten nintzen kartzelara bisitan. Urtarrilaren 29ko ilunabarraz gero, orduantxe estreinatu baitzen «heriotza gela» izenekoa, gauero joan izan nintzen delako gelara, kondenatuekin lasai hitz egitera eta tarte batean haiekin batera errezatzera. Bost hilabete horietan, heriotzara kondenatutako berrogeita hamabost kondenaturi lagundu nien fusilamendu hormara. Esan izan dute hilabete horietan askoz gehiago ere fusilatu zituztela La Cabañan. Uharteko beste zenbait lekutan bai, seguruena. Baina 59ko urtarriletik ekainera bitartean La Cabañan ez zen berrogeita hamabost fusilamendu besterik egon. Ez bat gehiago, ez bat gutxiago. Nire barruan burdina gorituaz grabatuta daramadan zenbakia da, behiak markatzeko burdinaz, esateko moduan». Horixe Arzuagaren infernu gorria sutan. «Nire biziko egunik zailenak izan ziren, dudarik gabe». Javier Arzuaga oñatiarra Arantzazuko fraide izan zen. Zaldi Ero Bateko eta besteko, liburua idazten asmatu zuen Arzuagak 2006an: Cuba, 1959. La galera de la muerte (Kuba, 1959. Heriotza gela). Lehenengo argitalpenaren eragile estatubatuarrekin haserre, liburuari izenburua aldatu eta osorik bertsionatu zuen Arzuagak -jatorrizko testua ez ezagutzeraino aldatuz-, Anjel Katarainek digitalean argitaratzean (A la medianoche, Semillas en el Tiempo, 2002) lege eta eskubide eragozpenik gabe zabal zezan. Eta, hain zuzen, bigarren testua hartu dute ingelesezko itzulpen argitaraberrian ere: At Midnight, Reno-Nevadako Unibertsitatea, 2019). Oraindik orain, berriz, euskarara ekarri du Jon Mikel Arano idazleak Arzuagaren bigarren idatzia, Gau minean izenez. Argitaratu zain dago. Urtarrilak 28 Urtarriletik ekainera, jai eta aste, egunero egunsentiarekin, Arzuaga Casa Blancako parroko lanak betetzera zuzentzen zen, La Cabaña kartzelako lan gaitzak ere eginkizun zituela. Lehenengo, kartzelako nagusi Che Guevararekin hitz egitera joan zen, komandantearen izenaren aipu eta sona handiak erakarririk, hein batean. Iraultza aurreko aldian bezala, La Cabañako Santa Barbara kaperatxoan iganderoko meza esaten utzi ziezaiola eskatu zion Arzuagak Cheri. Baita honek zorrotz ukatu ere. Aldiz, kartzelako presoak ikustera joateko baimena eman zion, «zenbatnahi, noiznahi, nahi beste denboran». Lehenengo elkarrizketan bertan agindu zion Chek justizia iraultzailea laster hasiko zela lanean La Cabañan, «epaitegiak egongo dira hemengo murruen artean, exekuzioak, eta, horretarako, hormatzar bat». Lana lepo izango zuela esan zion Chek frantziskotar gazteari: «Zuk nahi baino lan gehiago ere izango duzu. Hobeko duzu indarrak bildu, zer edo zer beharko duzu-eta, aita». Justizia iraultzailearen bulegoa, eta auzitegia, ireki zituzten kartzelan bertan, eta urtarrilaren 28an epaiketak egiten hasi ziren. Lehenengo epaiketa, hala ere, Kirol Jauregi eginberrian burutu zen, arratsaldean. Eta hantxe izan zen Arzuaga frantziskotar gaztea. «Begiak erdi-itxi eta Santa Catalinako eta Boyerosera errepideko kirol jauregia ikusten dudala iruditzen zait, erdizka betea, baina lehertzeko zorian, oihuengatik. Jende gehiago espero zen, askoz gehiago. Baita ikuskizun handiagoa ere. (...) Ikuskizuna astuna, mantsoa eta aspergarria da. Iluntzean, antzerkia ez gatz ez piper luzatzen zela iritzita, etxera egin zuten begiluzeek». Gauzak ez ziren erregimenak nahi zuen modura atera. Defentsa abokatuak pekoz gain jarri zuen epaiketa. «Telebista-kamerekin eta ikusleak murriztu gabe egindako lehen eta azken epaiketa izan zen». Kirol jauregiko epaiketak bertan behera utzi eta La Cabañan bertan egin ziren harrezkerokoak. Epaiketen ondotik, iraultzak preso hartuak hormatzarrera eramateko garaia heldu zen. Fusilatzeak. Haien lekuko zuzena izan genuen Arzuaga, 31 urteko frantziskotar gaztea. Beltzak eta gorriak ikusi zituen, latzak, ez irudikatzekoak, zapart egin zuten haren barruak, haren fedeak, haren ordu arteko sinesteak. 55 fusilatze bizi izan zituen, bata bestearen ondotik, banan-banan, hiltzera lagundu zien. «Ez zen, edo bazen, jakina zela, edo ez, ez dakit nola esan, haien heriotza. Heriotza zen. Nirea eta haiena, denona... Heriotza». Urte asko geroago, berrogeiko urtealdia eta gero, jarri zituen zurian beltz ordukoak. Idatzi zituenak idatzi eta ulertu genuen zergatik ez zuen lehenago idatzi 1959ko infernu hura, iraultzaren lehen hilabeteek eragin zioten trauma. ]]> <![CDATA[Euskararen batasunaren sesioa Urolaldean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1901/042/001/2019-11-26/euskararen_batasunaren_sesioa_urolaldean.htm Tue, 26 Nov 2019 00:00:00 +0100 Miel A. Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1901/042/001/2019-11-26/euskararen_batasunaren_sesioa_urolaldean.htm aditua, eta, bestetik, berriz, apaiza izaki, bera ibili zelako zenbait baimen lortzen ikastolarentzat. Eta aitortzen dizkiot merezimenduok Gaztañagari!». Euskara batuaz denaz bezainbatean, aldiz, Etxeberria ez zetorren bat Gaztañagarekin. Arrieta Egigurenen ikusmoldearen arabera, berriz, bazen, estandarra ez ezik, bestelako auzirik, nola baita haurrei irakasteko modua: «Gainerako ikastolak aurrerakoiak zirela iruditzen zitzaigun, irekiak, gurea baino askoz irekiagoak, behintzat. Batzuek, guk ez, euskara batuan publikatutako ikas-materialak ibiltzen zituzten... Zenbait irakasleren ustez, gure ikastolan pedagogia arazo ikaragarria genuen, aldaketa komeni zen. 1974-75 hartan ikastolaren batzordeko kide nintzen, irakasleen partetik, eta hezkuntza gairen bat auzitan jarri, eta batzordeko gurasoen lehen erantzuna izaten zen: «Hori Jesusen [Gaztañaga] eskuetan dago». Berak egiten zituen zuzendari lanak! Loiolako irakasleen artean ezinegona sortu zela esango nuke, eta Gaztañaga botatzea ere aipatu zen, modu diplomatikoan bota behar bazen ere». Ez zuten helburua lortu. Otsailaren 6ko bilera harrezkero batzordea bildu zen guzti-guztietan ageri da euskara batua aztergaien artean. Batean esango da Azpeitiko eta Azkoitiko batzordeetan aztertua zutela gaia, baina Zestoan ez. Hurrengoan, Zestoan ere jardun zutela hartaz, eta auzia erabakitzea herrietako batzordeei gabe, bailarako ikastolen batzar nagusiari zegokiola. Eta delako batzar nagusia ere zehaztu zuten: eguna, lekua, ordua... Maiatzaren 24an izango zen erreferenduma, larunbatarekin, 16:30etik 18:30era Loiolako gogartetxean, eta guraso eta irakasleek izango zuten boto emateko eskubidea. Lorailaren 24ko eguna baino lehen, hala ere, makina mugimendu izan zen bazterretan. Etxeberriaren irudiko, odisea hutsa izan zen. «Zenbat bilera! Eta ordu txikiak arte! Egunez, irakasle ikastolan. Iluntzean, irakasle Azpeitiko gau-eskolan. Eta, gero, ezorduetan, ziento bat bilera, euskara batua zela eta ez zela, Laxaro [Azkune] eta Manuelekin [Arregi] txostenak idazten eta gurasoak kontzientziarazten, euskara batuaren alde egin zezaten». Hortixe jo du Arrieta Egigurenek: «Guraso askoren kezka zen euskara batuaren aitzakian ez ote zen ikastolara besterik sartuko!». Azkunerena da oharra: «Erlijioa zen guraso askoren eta zenbait irakasleren kezka. Batuaren atzean ez ote zen kristautasunaren kontrako jarrera, alegia». Hatxea komunismoa zelako hotsa zabalduta baitzegoen bazterretan, lelo hura: «Hatxea da erreboluzioaren sinbolo plastikoa»... Kontzientziaraztea Maiatzaren 24an eman zitzaien hitza Urolaldeko ikastoletako gurasoei baina, lehenago, eta ikastolaren batzordean erabakitakoa betez, mahai-inguru bana antolatu zuten batzuek eta besteek. Batean, euskara batuaren alde, Xalbador Garmendia, Patxi Altuna eta Imanol Laspiur mintzatu ziren. Bestean, kontra, Martin Olazar, Joxe Agustin Orbegozo eta Santi Onaindia. Laxaro Azkunek, esaterako, gogoan josita dauka batuaren aldeko mahai-inguruan Patxi Altuna euskaltzain azpeitiarrak ibilitako argudioetako bat. «Hark batuaren alde jardun zuen, argi eta garbi, eta, besteak beste, hatxea defenditu zuen. «Azkoitiko euskaran bertan daukazue hatxea!», esan zuen. Eta jendea harrituta, Altunak zer esan nahi ote zuen. «Zergatik esaten dute, bada, Azkoitian biher, eta ez bidxer? Zergatik esaten dute bihotza, eta ez bidxotza? Hatxea dutelako tartean! Hatxea ez da, bakarrik, Iparraldeko euskararena, Hegoaldeko euskaran ere hortxe dabil!». Nik uste jendea ideia horrexekin irten zela bileratik, alegia, 'Hatxea geurea dugu!', esanez». Etxeberria baikor zen mahai-inguru hura eta gero. «300 lagun bildu zitzaizkigun batuaren aldeko saio hartara, eta orduantxe esan nuen: 'Hau irabazita zeukaagu!'». Haatik, dena ez zen gozo eta atsegina izan egun hartan ez ondokoetan, Etxeberriak bizi izan zuenez. «Gaztañaga euskara batuaren aldeko mahai-ingurura etorri zen, eta kargu hartu nion. Saioa eta gero, berriz, adeitsu agurtu zuen Imanol Laspiur, baina, hurrena, sekulakoak idatzi zituen haren kontra Goiz-Argi-n. Eta Laspiurrek gogor erantzun, baina Zeruko Argia-n!». Arakaitza, Azpeitian Erreferenduma egin zen, jakinik Azkoitian ikastolako guraso eta irakasleek ez zutela dudarik, batuaren alde emango zutela bozka. Halaber, Zestoan. Azpeitian zegoen arakaitza, Arregiren arabera, eta, bestalde, herri hartakoak ziren guraso gehienak: «Azpeitian arazoa ez zen izan jende asko kontra egotea, horrelakorik ez zegoen-eta, baizik eta batuaren kontrako talde gogor batek ez zuela prozesu hartan parte hartu nahi izan: Azpeitian, %40 ez zen boto ematera joan». Bestalde, Arrieta Egigurenek galdera formulatzen asmatu zutela dio. «Soziologoek diotenez, inori 'bai ala ez?' galdetzean, baietz erantzun ohi dute gehienek. Galdera egiteko modua giltza izan zen». Eta Etxeberriak: «Baina galdera formulatzeko ere eztabaida franko izan zen. Batzuek, halako galdetu behar zela. Besteek, beste halako. Azkenean, neuk esan behar izan nuen: «Hemen galdera bat besterik ez dago: 'Euskara batua bai ala euskara batua ez?'. Kitto!'». Hortxe galdera, boto-emaileek baiezkoa eman zezaten, eta horra akta, erreferendum haren emaitzak jasotzen dituena: 291 boto aurka, 32,8%; 596 boto alde, %67,2. Oraingo egunean, egin behar zutena egin zutelakoan daude lau lagunak. Azkune sinetsirik dago, «momentu hartan ez zegoen beste irtenbiderik. Problema bat konpondu genuen. Harrezkero ikastolara irakasle sartu ginenok ez genuen gorabehera gehiago ibili euskara batua zela eta ez zela». Eta erreferendumaren ondoko astelehenean, ikasle eta irakasleak ikastolara. Arrieta Egiguren: «Erreferenduma eta gero, normal egin genuen lan. Ez enfrentamendurik, ez haserrerik, ez arazorik izan zen. Gaztañaga bera ere ez zen inori aurre egiten ziona. Idatziz ekiten zionean, aldiz, sekulakoak esaten zituen». Etxeberria: «Gauza batek egin zigun mesede: ez genuen ezer politizatu, ez batua erlijioarekin ere nahastu». Arrieta Egiguren: «Deskuiduan, politika tartean sartu izan balute, eta erlijioa ere saltsan sartu, ikaragarria izango zatekeen batua ez onartzeko arriskua». Horrela, maiatza joan zen, ekaina etorri... Eta, ekainean, hilaren 5ean, bailarako ikastolak josten zituen batzordearen bilera... Erreferendumari buruz ezer ez. Hitzik ez. Ez aipurik, baloraziorik, esamesarik... Isiltasuna, euskara batuari buruzko galdera-emaitzei dagokienez. Ikasturte amaierako ikasleek egindako zenbait lanen erakusketa, ikastolaren urte akaberako jaialdia, ondoko ikasturteari buruzko jakingarri zenbait... Joandako ura da erreferenduma... Berehala, udako sasoia. Etenaldia. Irailean, ikasturte berriari ekin ziotenean, Gaztañaga'tar Jesus'ik ez zen Urolaldeko ikastoletan. Bere bidea egin zuten hiru herrietako ikastolek euskara batuarekin batera. Oztopo hura gainditurik, bestelakoak etorriko ziren gero, ohi denez. ]]> <![CDATA[«Hogeita hamasei urte egon nintzen takoa egiten, obedientziaz»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1923/038/001/2019-09-01/hogeita_hamasei_urte_egon_nintzen_takoa_egiten_obedientziaz.htm Sun, 01 Sep 2019 00:00:00 +0200 Miel A. Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1923/038/001/2019-09-01/hogeita_hamasei_urte_egon_nintzen_takoa_egiten_obedientziaz.htm
egoten ohi dira zozoen elean

Jean Martin Hiribarren

Izen ponposoa du: «Arantzazuko Andre Mariaren Egutegia». Haatik, «takoa» esaten diote, eta ez da bart arratseko asmakaria...

Aita Garate azkoitiarra egiten hasi zen egutegi hori, 1947an! Bateko eta besteko fraide ikasleei zerbait idazteko eskatzen zien. Erriberriko gure eskolan ari zirenei, esate baterako. Haiei testuak eskatu, eta bere moduko testuak bidaltzen zizkioten; ahal zutena. Arantzazun bertan, berriz, baziren Teologia ikasten ari zirenak, fundamentu handiagoa zutenak, eta haiekin hasi zen. Nik aita Garateren bidea eta haren ondorengoena segitu nuen.

Arantzazuko organista zinen garaian hasi zinen egutegia ere egiten.

1977an sartu nintzen takoa egiten. Ordurako, Arantzazuko organista nintzen, eskolak ere ematen nituen, eta, gainera, takoa egiten hasi nintzen. 2017koa izan zen nire azken tako ofiziala, baina esan zenezake 2018koa ere gehiena neuk egin nuela. Aita Garate hark bezala egiten nuen nik, batzuei eta besteei testuak eskatu. Kolaborazioak ziren, alegia. Bat bazegoen oso ona testuak bidaltzen. Ezeiza, Beizamakoa. Orri mordoa idazten zizkidan, 70 orri ere bai!, baina taxu onez beteak! Bai gaiak eta bai hizkuntza, bikain lantzen zituen. Gustu ematen zuen haren lanak jasotzea. Gizajoa, gazterik hil zen! Baziren beste batzuk Ezeiza hura bezain finak ez zirenak. Batzuek zazpi orri bidaltzen zituzten, edo bederatzi, gauza handia balitz bezala, eta ez zen gutxi, baina asko falta izaten zen 365 egun osatzeko, eta falta zen gainerakoa neuk bete behar izaten nuen, orritxoaren atzeko aldea, eta aurrekoa! Eta ematen du aurreko aldea dela errazena, baina huraxe da konplikatuena! Hilabeteak ematen nituen egun bakoitzari zegokion orritxoaren aurreko aldea egiten: eguzkia ateratzea eta ezkutatzea, ilargiaren zikloak... Horixe kostatzen zitzaidan dena... Esaerak ere jarri behar izaten ziren, eta handik eta hemendik biltzen nituen, ahal zirenak eta ez zirenak, eta asmatutakoak ere ez nituen gutxi jarri! Kar, kar... Esaera zaharrak-eta! Orritxoak egin, ordenatu... Ordenatzea ordenagailuari aginduta egiten nuen. Hainbestean asmatzen zuen bakoitza bere lekuan jartzen!

Nondik ateratzen zenuen eguzkia ateratzeko eta ezkutatzeko informazioa?

Espainiako Sustapen Ministeriora jotzen nuen informazio bila. Haraxe idazten nuen, ondoko urteko eguzkiaren sarrera-irteerak noiz izango ziren jakiteko. Informazio hori jaso eta hasten nintzen lanean, banaka-banaka, egutegi zaharra alde batean, berria beste batean nuela. Hilabetez hilabete, egunez egun. Huraxe izaten zen lanik handienetakoa: batean, hautatu; ondoren, kopiatu; bestean, itsatsi... Banaka-banaka! Hura lana! 365 egun! Eskatu nuen laguntza hemen bertako fraideen komunitatean, baina nork bere eginkizunak zituela esaten zidaten. Gero, makaltzen hasi nintzen, eta ezin nuen eginkizun hartan segi, eta guardiana-ri [zaindaria] esan nion, eta hark bikarioari, baina ezer ez.

Arantzazun bertan, komentuan esan nahi dut, ez al zenuen laguntzailerik?

Esate baterako, [Luis] Villasante ez zen inoiz izan egutegiaren maitale. Eta Euskal Telebista ikusteko ere ez! Hark Bizkaiko egunkari nagusia behar izaten zuen. Hori ibiltzen zuen, eta, han, gehiena, Don Celes! Eta, esaterako, bazen anaia bat, tira komiko hura erakutsi eta Villasanteri galdetzen ziona: «Nola interpretatzen duzu hau?», eta Villasantek interpretazioa adierazten zion, eta orduan besteak: «Ez, ez, ez!». Eta batak baietz eta besteak ezetz, biak gogor, eta gu gainerako guztiok barrez! Villasantek hainbeste idatzi zuenez, pentsatu nuen hari egutegirako zerbait eskatzea, eta behin edo behin eskatu ere egin nion, baina inoiz ez zidan baiezkorik esan. Behin, telefonoz deitu nion bere gelara: «Zera bat proposatu behar dizut». «Zer proposatu behar didazu, bada?», berak. «Egutegirako testuren bat edo beste idaztea...». Eta tak!, eskegi zuen telefonoa! Hortxe moztu zen gure konbertsazio hura! Gure artean baziren beste batzuk ere idazten zutenak. Dionisio Arrutik, esate baterako, zerbait idatzi zuen egutegirako... Bitoriano Gandiagak, diozu? Hark bere poemak ibiltzen zituen, goiko gauzak... Aita Lasak, berriz, egutegiari laguntzeko borondatea izan zuen beti. Hala ere, gehiena, lan handiena, niretzat uzten zuten denek, eta niretzat gelditzen zen.

1996an Gipuzkoako diputazioaren saria jaso zuen egutegiak.

Saria ere jaso genuen, bai. Abadia saria, milioi batekoa! Iñaki Beristain gidari nuela joan ginen Gipuzkoako diputaziora. Ez dakit inoiz joan zinen autoan Iñaki Beristainekin. Karrerista ematen zuen! Diii eta diiii... abantadan. Donostiara dena zorabiatuta ailegatu nintzen, ondoezak. Hala ere, hainbestean jarri nintzen eta joan nintzen, besteekin batera, diputaziora. Sartu eta argazki handi-handi bat jarrita zeukaten han, Facebook-en ageri dena. Ez dakit zuk Facebook ibiltzen duzun, baina huraxe. Saria eman ziguten, behintzat. Zaindaria genuen garai hartan Telesforo Zuriarrain, eta besteak beste, esan zuen: «...baina hemen dugu Zurutuza, takoaren arduraduna, lan asko egin duena, eta espero dugu hemendik atzera ere gogor segituko duela egutegia egiten». Eta nik baietz, jakina, segituko nuela beste urte askoan. Zer esan behar nuen, bada? Gero, hantxe etorri zitzaidan jendea zorionak ematera. Akordatzen naiz besteak beste [Jose Luis] Korta etorri zitzaidala, Orioko arraunlaria. «Eskerrik asko zure lanagatik, ez ezazu behin ere utzi, ez utzi!», esan zidan Kortak. Ondoren, mokadua eman zuten baina ni ez nintzen gelditu, ze artean erdizorabiatuta nengoen, Iñaki Beristainekin autoan Arantzazutik Donostiara joan eta gero.

Zer dela-eta ekin zion Aita Garate hark, eta Arantzazuko frantziskotar komunitateak, Ama Birjinaren egutegia ateratzeari?

Gerrakoan, Arantzazu bakearen argia bezala izan zen. Asko sufritu zuen hemen jendeak. Gure aita bera, hiru urte egon zen kartzelan. Epaitu zuten, eta 30 urteko kartzela zigorra agindu zioten, «gerran modu aktiboan parte hartzeagatik eta ezkerreko ideiak izateagatik». Gerrak gogor makilatu zuen jendea, kartzela, atxilotzeak. Bake giroa sortzeko, berriz, Arantzazuko Ama Birjinaren Egutegia egitea pentsatu zuten hemengo fraideek. Sufritzen ari zen jendea laguntzea zen asmoa, bakea ematea. Izan ere, gerra ez zen bakarrik gerrako garaia izan, gerra garaia eta ondokoa baizik! Bakea zabaldu nahi zuen egutegiak, eta, horrekin batera, euskara bultzatu. Badakigu Francok euskarari zenbat «lagundu» zion! Francostain zen hura...]]>
<![CDATA[«'Nire liburu beltz iluna' erraten diot Bereterretxeren komikiari»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1923/034/001/2019-08-25/nire_liburu_beltz_iluna_erraten_diot_bereterretxeren_komikiari.htm Sun, 25 Aug 2019 00:00:00 +0200 Miel A. Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1923/034/001/2019-08-25/nire_liburu_beltz_iluna_erraten_diot_bereterretxeren_komikiari.htm
egoten ohi dira zozoen elean

Jean Martin Hiribarren

Haltzak ez dü bihotzik

Ez gaztanberak hezürrik.

Ez nian uste erraiten ziela

aitunen semen gezürrik.

Mikel Laboa Katedrak enkargua egin zidan orain dela urte batzuk. Erakusketa baten asmoa zuten eta bideoak nahi zituzten zenbait kanta zaharren inguruan: Bereterretxe, Urtsua eta beste batzuk. Nire enkarguaren kasuan, animazioa egin behar nuen Mikel Laboak egina zuen Bereterretxeren bertsioa oinarri harturik. Arras kantu berezia da Bereterretxe, politta, aspaldikoa. XV. mendekoa, Erdi Aroko afera bat kontatzen du. Hartu nuelarik enkargua, ez nuen ezetz erraten ahal, halako lan ederra! Bertzalde, pentsatzen dut nahiko inuxenteki hartu nuela lana! Jakiterat zer saltsatan sartzen nintzen, igual ez nuen hartuko! Kar, kar... Baina eskerrak hartu nuen, arras kanta politta baita Bereterretxe!

Andozeko ibarra,

Ala zer ibar lüzia!

Hiruretan ebaki zaitan

armarik gabe bihotza.

Ezagutzen nituen betiko bizpahiru bertsoak eta melodia. Haltzak ez dü bihotzik / ez gaztanberak hezürrik / Ez nian uste erraiten ziela / aitunen semek gezürrik... Andozeko ibarra... Mikel Laboaren bertsioa betiere. Ez nekien, hala ere, zer istorio kontatzen zuen kantak. Orduan, lehenbiziko lana horixe izan nuen, bertsoek erraten zutenaz jabetzea. Dokumentatu nintzen, beraz, eta erabaki nuen bertsoek erraten zutena literalki marraztea, zeren eta interpretazio aunitz egiten ahal dira, eta eginak dituzte ikertzaileek! Eta horretan hasi nintzelarik, maitemindu nintzen istorioarekin! Erotu! Bertso bakoitza aizkorakada bat da!

Bereterretxek oheti

Neskatuari eztiki:

«Abil, eta so egin ezan

gizonik denentz ageri».

Lehenbiziko lana bertsoak biltzea izan zen. Mikel Laboaren kantak dakartzanak, batetik, baina baita han ez daudenak ere. Txomin Peillenek idatzi du Bereterretxe-z, Piarres Larzabalek antzerki-lana egin zuen, Etxahun Irurik pastorala, Pier Paul Berzaitzek ere pastorala... Aunitzek idatzi du kanta horren gainean. Osaba nuen [Piarres] Xarriton, eta harekin solasean ere hobekiago entenditu nuen kantore hau. Kontatzen dena drama bat da, drama unibertsala. Istorioa motxa da, narrazio laburra, bi lerrotan erraten ahal da: etxerat etortzen dira, semea bortxaz eramaten dute, eta ama Marisantzek pasatzen du gau osoa semearen bila basoan barrena.

Neskatuak ber'hala

Ikhusi zian bezala

Hirur dozena bazabiltzala

bortha batetik bestila.

Eta harrigarria da, zeren eta bertsoetan agertzen diren lekuak oraino existitzen dira: Maule, Ezpeldoi, Lakarri-Buztanobi... Leku horiek denak hor dira. Ni, erratekoz, Ezpeldoira joan nintzen, eta hantxe dago hilarria. Eta kantuak kontatzen duena harriak kontatzen du! Erran nahi dut, hilarrian ageri direla arkua eta geziak, eta nik hortik interpretatzen dut Bereterretxe bera arkularia zela, edo, bertzenaz, geziz akabatu zutela.

Marisantzen lasterra

Jaun Kuntiaren bortala!

«Ai, ei, eta, jauna, nun düzie

ene seme galanta?»

Kanta irakurri eta guztiz enpatizatu nuen Marisantzekin, amarekin. Ni Marisantz nintzen! Joaten nintzen zakurrekin mendira —Baztanen bizi naiz—, eta hantxe pasatzen dituzu zuhaitzak, eta errekatxoa, eta... Ez duzu Internet kontsultatu beharrik Marisantzek bizi duena ikusteko. Barneraino sartu zitzaidan, barne-barneraino. Halakoetan, nire senarrak erraten du gogoa bertze nonbait dudala... Tartean, bertze gauza bat gertatu zitzaidan, markatu ninduena aunitz. Eta oraino tematuago geratu nintzen kantuarekin. Komikia egiten ari nintzela, Altsasuko gazteen afera gertatu zen. Istorioa errepikatzen da: etxera etortzen dira, preso hartzen dituzte, ama —denok ezagutzen dugun ama hori, telebistan agertzen den hori—, hasten da semearen bila... Eta nik, hor, Marisantz ikusten nuen. Eta gaua. Eta Altsasuko gazteen afera. Hiru urte egin behar ditu... Gai unibertsala da Bereterretxe, eta Altsasu, eta kunetak...

«Hik bahiena semerik

Bereterretxez besterik?

Ezpeldoi altian dün hilik;

habil, eraikan bizirik…»

Erakusketarako animazioa nuen, eta Youtuben dago ikusgai [https://www.youtube.com/watch?v=o5z46vng_YQ] Ikusten duena konturatuko da paper moztuak direla hor, pixka bat mugitzen direnak. Lehen-lehen paperezko antzerkia eta animazioa egiten zen modura, gauzak mugiarazi ditut modu dorpe-dorpe-dorpean. Kartoi-harria hautatu nuen irudien egiteko, falletako kartoia, dagoenik merkeena, erreziklatua, inoren lanari testura ematen diona. Ordenagailua baliatuz, kartoi horren testurak neguko giro hori, tristura hori, herstura hori sortzen laguntzen du aunitz, paper xinpleetan egindako lanari bolumena jarri dio ordenagailuak.

Ezpeldoiko jentiak,

Ala sendimentü gabiak!

Hila hain hüllan üken eta

deüsere ez zakienak!

Ordenagailuaz ari, ibiltzen dut, gustatzen zait, baina ordenagailua ibili aitzinetik marrazkiak eskuz eginak ditut. Sekulako erreminta da ordenagailua, gaitzeko lanak egiten ahal dira. Papera ukitzearekin sentitzen dena niri oraino ez dit ordenagailuak ematen. Bi sentipen aski diferenteak dira paperean ikusten ahal dena eta ordenagailuan ibilki sortzen den atmosfera. Bertze erreminta bat gehiago da ordenagailua. Hotza dela erraten dute batzuek, baina maneiatzen jakin behar da. Bada jendea aski gauza... ez hotzak eginak dituena. «Hau eskuz egina!» diozu, baina ez, ez dago eskuz egina! Horrela badira pilaka liburu. Ematen du umeak egin dituela argizariarekin, baina ez, ordenagailuz egina du norbaitek.

Ezpeldoiko alaba

Margarita deitzen da:

Bereterretxen odoletik

ahürka biltzen ari da.

Bereterretxe animazioa egin nuen, baina ordu arte sekula ez nuen animaziorik egina! Kar, kar... Ondotik ohartu nintzen kanta luzea dela, zortzi minutu, eta animazioa, berriz, kasik laburpen bat da. Kristoren lana! Animazioa egin ondoan, komikia egitera animatu nintzen, Bereterretxeren kanthoria, eta, beranduxeago, Denon artean argitaletxeak argitaratu zuen. «Nire liburu beltz iluna» erraten diot komiki horri. Beltza, xuria eta gorria, istorio honek ez zidan bertze kolorerik eskatzen. Horrelaxe atera zitzaidan barnetik, erraietatik... Komikiari sarrera egin zion Juan Kruz Igerabidek, eta haren azalpenen bidez hobekiago entenditzen da istorioa.

Ezpeldoiko bukata,

Ala bukata ederra!

Bereterretxen atorretarik

hirur dozena ümen da.

Eta, horrela, lanak bata bertzearen ondotik eginez, neure bidea egiten ari naiz mantso-mantso, ito gabe. Ilustratzaileon lana prekarioa da, nik ez dut lan hauetatik dirurik ateratzea helburu. Gauza bat da sorkuntza, bestea da merkatua. Proiektuak hartzekotan, izanen dira nire gustuko lanak, aberasgarri izanen zaizkidanak. Gozatu, bederen. Bost axola gero! Azken proiektua, erakusketa hauxe dut, Alkizako Ur mara museoan egin dudana. Deia jaso nuen nire lanak erakusteko, eta nik: «Eta zer erakusten ahal dut?», eta Ur marakoek: «Ekartzen ahal duzu Bereterretxeren animazioa?». Eta ni ados, baina animazioarekin batera ekarriko nuela harako egindako marrazki eta ebakinak. Gordeak nituen karpeta batean. Nire asmoa zen lauzpabost koadro osatzea, baina, azkenean, animaziorako egindako narrazioa egin dut berriz erakusketan, hau da, istorioa kontatu, tira grafiko baten moduan, paper berberak erabiliz. Honenbestez, uste dut fini dudala nik Bereterretxe. Larrazkenean EHUren Donostiako liburutegian erakutsiko dut, eta, Gonzalo Etxebarriak lagundurik, Ezpeldoin ere erakutsi nahiko nuke...]]>
<![CDATA[«Laurogeita zortzi urte, aitaita, baina gerrako umea naiz!»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1923/034/001/2019-08-18/laurogeita_zortzi_urte_aitaita_baina_gerrako_umea_naiz.htm Sun, 18 Aug 2019 00:00:00 +0200 Miel A. Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1923/034/001/2019-08-18/laurogeita_zortzi_urte_aitaita_baina_gerrako_umea_naiz.htm
egoten ohi dira zozoen elean

Jean Martin Hiribarren

Gerrako haurrak, laurogeita zortzi urte gainean...

1930eko abuztuaren 28an jaio nintzen, Durangon. Bonbardaketatik aurrera akordatzen naiz apur bat. Arinago zer izan zen, gutxi. Intxaurrondo kalean bizi ginen, Zubi-punta kale-baserrian. Hamar ginen etxean. Behi bi-edo bageneuzkan, eta astoa ere bai. Ama goizean goiz jaiki eta jezten zituen behiak. Amak behar asko egin zuen. Bederatzi ume eduki zituen. Bat hil egin zen baina. Zazpi anaia izan ginen segiduan eta, azkena, neska. Seigarrena izan nintzen ni.

Bonbardaketa aipatu diguzu, Durangokoa...

1937an izan zen hemen bonbardaketa, eta zarataz akordatzen naiz. Ikusi, ezer ere ez genuen ikusi. Rom-rom-rom... «Oraintxe dator aitaita!», esaten zuten erdaraz. Abioia datorrela gura zuen esan. Entzuten genuen zelan etortzen ziren abioiak, zelan apurtzen zuten dena. Baina ez ginen herrira jaisten. Gure baserrian ez zen bonbarik izan. Gero, nik ez dakit zelan, Bilbora joan ginen, Erribera kalera. Gurasoen ezagunak-edo bizi ziren han. Hilabete bat-edo egon ginen han, ezer egin barik. Bost anaia egon ginen han, nagusia aitarekin zegoen-eta, aitari laguntzen. Santander [Espainia] aldera-edo ez dakit nora joan ziren. Ama, berriz, Bartzelonara, eta handik Frantziara joan zela badakit. Hortxe ibili zen bueltaka! Ahal zen lekura joan ziren. Ez zen kapritxoa izan. Gerra! Bonbak-eta!

Habana itsasontziko haurretako bat izan zinen.

Bai. Maiatza zen. Euskal gobernuak agindu zuen, eta gurasoek umeon izenak eman zituzten, gu gerratik eskapatzeko. Santurtzin sartu ginen Habana-n. Akordatzen naiz. Ez dakit zenbat ume ginen, hiru mila edo. Nik han dena umea ikusi nuen, ez abaderik, ez andrerik, dena zen umea! Horraino akordatzen naiz. Santurtzitik Capbretonera [Landak, Okzitania] joan ginen. Hondartzan lehorreratu ginen. Harea zen hura, eta pinu asko zegoen. Gero, trenean sartu, eta Belgikara! Bost anaiok beti batera gu. Ez ginen apartatu momentu bat ere. Anaia bigarrena genuen buru: Jose. Kasua izan zen Jose... Belgikan, lehenengo Bruselara iritsi ginen, eta hantxe egin zuten partizioa: honenbeste, hona; horrenbeste hara...

Zuek bost anaiok batera segitu zenuten, ala banatu egin zintuzteten?

Banatu? Ez, pentsatu ere ez! Gu bost anaiok beti batera! Duffelera [Flandria] eraman gintuzten. Badauzkat erretratu bi ere hangoak. Batean, dantzari jantzian gaude. Ikurrina daukana naiz ni, eta inguruan dauzkat anaiak; bestean, Duffeleko kalean gaude, paseoan, eta bertoko jendea guri begira. Nobedadea ginen! Duffelen, komentu batean batu gintuzten. Umezurztegia zen. Hogeita bost, hogeita hamar ume egon ginen han. Halakoren bat. Mañariko Amantegi familiakoak ere han egon ziren: Kepa, Adrian, Gabriel eta neska, Garbiñe. Amantegi eta Urien ginen nagusi. Lagunak egin genituen hango umeen artean, baina haiekin batu barik.

Zuk 6 urte zenituela eraman zintuzten Duffelera. Laurogei urte baino gehiago joan dira...

Ondo pasatu nuela badakit. Gurasoen falta handia geneukan, baina hantxe egon behar! Urte bi eta erdi egon ginen Duffelen. Eta hango andre batek semetzat hartu gura izan ninduen, adopzioan hartu. 6 urte neuzkan, eta Jose anaiak ezetz esan zuen. Detaile gogorrak dira... Seguru nago Josek ezer esan izan ez balu, andre harekin joango nintzela. Jatorra zen nirekin. Etortzen zen, eta berarekin eramaten ninduen paseoan. Seme txiki moduan! Ez dakit zelan, baina ume asko han geratu ziren. Gure kuadrillakoak ez, hogeita bost haiek batuta egon ginen beti. Batera eta bestera joaten ginen dantzan. Gustatzen zitzaidan. Gainera, neuk eroaten nuen ikurrina, harro! Eta ezpata-dantza egiten zenean, neu altxatzen ninduten! Zer edo zer akordatzen naiz bai. Kantatu ere egiten genuen, Gernikako arbola-eta! Meza ere, egunero izaten zen. Buruz ikasi nuen meza! Ondoan egon zen eliza. Horrela bizi ginen. Orain dela laurogeita bi urte! Eta akordatzen naiz zelan etortzen zen esnezalea, txakurrak tiratutako karrotxoan!… Eta urte bi eta erdi eta gero, bueltan etorri ginen, han ere gerra egon zen eta! Frantzia eta Alemania gerran lotu ziren, eta honaxe gu.

Itzuleraz oroitzen zara?

Askorik ez. Ez dakit zelan izan zen, baina pentsatzen dut hemengo gerra amaituta, lehenengo nire anaia nagusi biak etorri zirela. Gero, han gerra sartu zenean, besteok etorri ginen. Gerra batetik bestera ibili ginen. Hemengo gerra amaitu zenean, bestea hasi zen han! Alemanak! Eta etorri ginen, eta Zubi-puntan batu ginen denok berriz. Bizi egin behar, eta bizi ginen. Artean asko apurtuta egon zen Durango... 1939an amaitu zen hemengo gerra, eta 1941ean-edo hasi ginen eskolara. «La uni» esaten zioten... «la única que había» (Zegoen eskola bakarra). Cara al Sol eta horiek denak etorri ziren gero. Derrigorra zen. Bandera espainola ez zen altxatzen. Hori bekatua da! Kar, kar...

Bandera espainola altxatzea bekatu... Abertzalea behar horretarako!

Bai! Akordatzen naiz gure anaia Josek egun batean kolore txuri-gorri-berdeak atera zituela jertsean. Ia-ia fusilatu zuten! Gaitza izan zen hemengoa. Eta gosea! Jatekorik ere ez zen egon! Algarroboa-eta jaten genuen, zaldiak eta astoak jaten zutena. Eta titoak, garbantzu modukoak. Edozer jaten genuen. Bizimodu eskasa egon zen hemen. Aita igeltsero hasi zen beharrean, eta seme nagusia ere aitarekin hasi zen behargin. Eta etxean, zortzi jateko! Eskerrak lurrari! Patatak eduki genituen, eta babak, eta garia, eta artoa, eta morokila! Bestela, jatekorik ez! Hilko ginen! Mahai biribil bat geneukan, ontzi handi bat jarri erdian, eta bertotik jaten genuen denok. Eta esnea ere egon zen etxean, behi bi eduki genituen-eta. Ahal zen moduan bizi ginen, beti babak eta morokila jaten! Gerra ostea izan zen. Belgikatik etorri eta hemengo gosea! Gure osabak zaldia eduki zuen, eta hark jateko algarroboak guk hartu eta gorde ere egin genuen, geuk jateko. Jatekorik ez zen egon! Gogorra izan zen.

Zer bizimodu egin zenuen harrezkero?

Behar egin behar! 1943an peoi hasi nintzen aitarekin, igeltsero. 13 urte neuzkan. Harria eta hormigoia eta masa-eta... huraxe nire beharra! Bizikleta konpontzen ere laguntzen jardun nuen domeketan-eta, Zipriano eta Julian Agirrezabalen alkilerrean. Iurretako ziklistak izan ziren biak. Gero, soldadu joan nintzen. Hantxe atera nuen gida-baimena. Bueltan, kamioi bat hartu eta Madrilera bueltaka hasi nintzen, Werman tutu enpresan. Hamabi ordu egiten nituen kaminoan. Gero, taxilari behar egin nuen hamabi urtean, eta horren ostean mekanika tailerra hartu nuen, San Miguel autoen garajea, Iurretan. Eta hortxe egin nituen 35 urte. Beharrean beti!

2013an, atzera Duffelen izan zinen.

Askotan izan naiz ni Belgikan, anaia han bizi izan zen-eta, Duffelen ondoan, Malinasen [Mechelen, Flandria], La Motte garagardo fabrikan egin zuen behar.

Esan gura dut, duela sei urte ere han izan zinela, 82 urte zenituela joanda...

Alabaren kapritxoa izan zen... Baina nirea ere bai. Nire ilusioa! 80 urte atzera egin eta zein lekutan egon ginen ikusi gura nuen. Ikusi, eta sentitu. Segituan etorri zitzaizkidan errekuerdoak. Ikusi nuen komentu hura, umezurztegia… Museo batera eroan gintuzten, nire historia kontatu, eta begiratzen ibili ziren. Erretratu zahar bi atera zituzten denbora hartakoak, eta haietan bietan egon nintzen ni! Kopiak eskatu eta bidali zizkiguten... Emozio itzela sentitu nuen Duffelera berriz joan nintzenean. Denbora hartan gure ondoan gehien egon zen mojak Stanislas eduki zuen izena, baina hilda egon zen gu orain hurrena joan ginenean. Eta beste moja bat ere, Stanislasen lagun handia, Norberta, hilda egon zen hura ere! Stanislas eta Norberta hilda… eta gure etxean ere, neu naiz azkena. Hamarretik, ni bakarrik geratzen naiz. Joan dira denak…

Gerrako umea, Agustin Urien Arano...

88 urte dauzkat, aitaita, baina gerrako umea naiz! Akordatzen naiz bazirela ume gehiago Bilbo, Sestao edo Portugaletekoak [Bizkaia]. Bermeoko Eusebio Bereziartua, Mañariko Amantegi anaiak, Zarauzko [Gipuzkoa] Elizondo anaiak… Lehen, inoiz batzar bat egiten genuen. Gasteizen ere egin zen bat. Gobernuak deitu zigun eta Ajuria Enean batu ginen orduko denborako gerrako ume asko. Guardasola erregalatu zidaten. Etxean daukat gordeta! Elorriokoa [Bizkaia] izan zen presidentea orduan...

Labur esateko, hamar izan ginen etxean. Munduan bueltaka ibili ginen, eta, gero, berriz Durangon batu ginen familia dena, Zubi-puntan. Meritua da hori! Gutxi gorabehera, horixe da nire historia.]]>
<![CDATA[«Sari askok baino gehiago balio du besarkada bero batek!»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1923/032/001/2019-08-11/sari_askok_baino_gehiago_balio_du_besarkada_bero_batek.htm Sun, 11 Aug 2019 00:00:00 +0200 Miel A. Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1923/032/001/2019-08-11/sari_askok_baino_gehiago_balio_du_besarkada_bero_batek.htm egoten ohi dira zozoen elean

Jean Martin Hiribarren

2015eko abenduan Rene Cassin saria jasotzen izan zinen Gasteizen, Lehendakaritzan. Bi urte ez zenituen aita fusilatu zizuetenean...

Hogeita bat hilabete nituen. Zortzi urterekin egin nuen komunioa, eta, ordurako, galdetua nuen aitaz, baina gogoratzen naiz komunio egunean ume guztiak «Aita!, Aita! Aita!», han ari zirela, eta galdetu egin nuen nik: «Hemen zein da nire aita?», eta amak: «Zure aita hilda dago». Anaia etorri zen, Felipe, haserre gorrian, eta esan zuen: «Gure aita ez dago hilda, gure aita guardia zibilek hil zuten, Francok aginduta!». Gogoratzen naiz horixe esan zuela anaiak. Berak bost zituen aita hil zutenean. Orain dela bi urte hil zen Felipe...

Antiguan jaio zinen, bertan bizi zineten...

Benta-berrin, baina aita kendu zigutenean, amonarenera joan ginen, Andrestegira, Antiguatik aparte xamar. Ezkutatuta dago lekua. Benta-berritik hara, lehenengo Cervezas El Leon fabrika zegoen. Aurrerago, Konporta baserria. Handik alde bateko bidea hartu eta Julianategi zegoen. Beste aldera, Andrestegi, gure etxea. Baserri asko zeuden han: Murutegi, Txapaldegi, Borda, Beiazpi, Artola, Artola-txiki, Beriogain, Azkenportu, Tolare... Orain ez dakit Tolare besterik ba ote dagoen...

Jaunartze eguna baino lehen ere galdezka hasita zeunden...

Esate baterako, eskolan ezin zen ezer hitz egin. «Aita non da?», «Zure aita hilda dago». Manolori [Sesma, Antiguako bizilaguna] etxean, aita pulmoniak jota hil zela esaten zioten. Ez zen horrela! Garrotez hil zuten! Baina horrela hitz egiten zen orduan! Gogoratzen naiz Felipe nire anaiari esaten ziotela eskolan: «Zer nahi duzue gorriok? Sorginek jango zaituztete zuek!». Horrelakoak! Maisua ere tartean zen, eta, egun batean, amak eskolara joan behar izan zuen maisuari esatera: «Nire semea ez da hona etortzen aitaren kontuak esatera. Etortzen da estudiatzera. Beraz, kontu horiek moztu!». Eta orduantxe! Anaiak, berriz, ez zuen Falangekorik kantatzen, eta zigortu egiten zuten: «Berdin da, hementxe egongo naiz zigortuta, baina ez dut kantatuko!», esaten zuen Felipek.

Zortzi urte bete baino lehen ere galdezka hasita zeunden zu...

Txikia zarenean ez zara jabetzen, baina gogoratzen naiz lagunekin joan hona edo hara, eta atea ixten zigutela guri, anaiari eta bioi. Lagunak sartzen ziren, baina gu ez. Etxera joan, zer egiten ziguten esan, eta: «Hola eta hola egin digute». Eta: «Ez duzue besteren etxera joan beharrik!».

Hori amak esaten zizuen.

Ez, ama ez genuen ikusi ere egiten. Amonak eta izebak esaten ziguten hori. Amaren partekoak... Historia hasten da aita harrapatu zutela urriaren 29an. Zen osteguna, eta anaia eskolan zebilen, baina jai zuen arratsalde hartan. Felipe eta biok hartu eta amona bisitatzera joan zen ama, Andrestegira. Etorri ginenean Benta-berrira, Matia kalea zen orduan, amak aldameneko Isabel topatu zuen... Amak beti esaten zuen: «Ez ahaztu Isabelena!». Hark esan zion: «Joxepa! Joxepa! Disgustu handia eman behar dizut, disgustu handia! Poli [Hipolito, Pepiren aita] kartzelara eraman dute, Ondarretara! Umeak utzi hemen nirekin, eta joan zaitez zu hara!». Dagoen tokian dagoela zeruan, eskerrak ematen dizkiot Isabeli hemendik. Andre hori egin zen gure kargu! Ama Ondarretako kartzelara joan zen, etorri zen, eta baietz, hantxe zeukatela. Afaria eta manta eskatu zizkiola. Berriz joan behar zen, eta Isabelek orduan: «Ekar itzazu umeak hona eta afaria eman eta dena egingo diet nik». Ama Ondarretako kartzelatik bueltan etorri zenerako, gu afalduta eta garbituta geunden, oherako. Horrelaxe kontatuta dakit nik.

Ama egunero Ondarretako kartzelara joan-etorrian ibili zen harrezkero...

Bai... Amak esaten zuen kartzelakoek garrasi handiak egiten zituztela: «Emakumeok! Hazi itzazue gure umeak! Norberarenak eta besterenak! Hazi!»... Azaroaren 7an bazkaria eramatera joan zenean, amari eta beste andre batzuei esan zieten beren gizonak etxera bidali zituztela. Ezetz, bada, ez zela egia. «Ez baduzue hemendik alde egiten ostikoka bidaliko zaituztegu!», esan zieten guardiek. Alde egin behar! Eta nora joan? Etxera! Baina gizonik ez... Ez zen gehiago azaldu... Aita hil zutenean, amaginarrebaren etxera joan zen gure ama, baina hark ez zion esan gu miserikordiara sartzeko besterik. Gure amaren erantzuna: «Esku hauek lanerako ditudan artean nire seme-alabak ez dira hara joango!». «Hara!, ez zaizu gustatu esandakoa». Eta gure amak: «Estimatzen dizut detailea»... Amak kontatzen zuen.

«Ez ahaztu Isabelena!». Hori ere kontatzen zuen amak.

Bai, hori ere bai. Ez dakit Isabelen deiturarik. Amaren aldamenekoa zen. Mesede handia egin zion. Ama kartzelara joaten zenean gure aitari jatekoa ematera, esaten zion: «Joxepa, presaka al zoaz? Utzi umeak hemen, nik emango diet jaten». Eta aita fusilatu eta gero ere, ama beti korrika eta presaka ibiltzen zen alde batera eta bestera... Egun batean, tranbian zihoala, topo egin zuen Maria Luisa Lizarriturrirekin. Eta hitz egin omen zuten, eta esan omen zion andre hark: «Alargun baten atzetik nabil. Bi umerekin utzi dute. Ez dakit den Konportakoa, edo Andrestegikoa». Eta gure amak: «Ni neu alargun utzi naute. Andrestegikoa naiz». «Nahi al zenuke gure etxera etorri lanera?», emakume hark... Gure amari zeruko ateak ireki zitzaizkion! «Bai, ez dut lanik, eta ondo etorriko zait». Eta Maria Luisa hark bere etxera eraman zuen gure ama, Julianategira, nondik sartu eta irten ikusteko. Etxe zaharra zen Julianategi, baina oso etxe ona lanerako. Hurrengo egunean bertan joan zen lanera gure ama. Eta, orduan, Andrestegira joan ginen denok, amona Luisaren etxera. Esan omen zion amonak: «Etorri honaxe bizitzera. Zuk lanera joan behar duzu. Zure umeak hemen haziko dira».

Bertatik bertara Andrestegi eta Julianategi...

Bai, baina ez genuen hala ere amarik ikusten. Goizean goiz irteten zen, eta gauean berandu arte ez zen etortzen hura. Eta eguerdian ez zen bazkaltzera etxera etortzen. Gainera, astean behin beste etxe batera ere joaten zen, Altunaren etxera, Matia kalean. Eta besteren batera joaten ote zen ez dakit... Azkeneko orduan, etxera etortzen zenean, bere ahizpa -gure izeba Jexuxa-, gabardinak josten aritzen zen, eta berarekin egoten zen josten.

Latza...

Eta fraide hark zer egin zuen?!

Karmeldar oinutsaren historia...

Aitaren anaia zen hura. Hark gure amari esan zion: «Inoiz ez duzue jakingo non dagoen lurperatuta nire anaia!». Purrustaka, aitaren anaia fraide hura. Hori aditu eta orduantxe egin zituen gure amak aitaren aldeko familiarekikoak.

Hernanin fusilatu zutela jakin zenuten.

Bai. Bazen pareta handi bat, izenekin. Eta odol orbanak ere bazeuden. Baina pareta hura ezkutatu egin dute. Ondarretan ere oker handiak egin zituzten, baina aita Hernanin fusilatu zuten. Ondarretako kartzelatik atera zutenez gero, ez genuen ezer jakin.

Aita betiko falta.

Eta tristura ere, betiko. Lehengusuak ikusten nituen beren gurasoekin, eta nik aitarik ez. Lagunak banituen, baina ez zuten entenditzen aita falta zitzaidala. Gero, besterik ere gertatu zen. Gerra denboran osaba Asturiasen geneukan. Eritu, eta etxera ekarri zuten. Lau urte nituen, eta lau urterekin, osaba zaintzen egondu nintzen. Amaren anaia zen, Eulojio Etxeberria. Ezindua zegoen gerritik behera, baina egundoko indarra zeukan besoetan. Guardia zibilak etxera etortzen zitzaizkion. Binaka etortzen ziren, ea hantxe irauten zuen. «Zuk ez ihes egitea espero dugu», esaten zioten, eta osabak: «Nahiago nuke ihes egiteko moduan izango banintz!». Aurre egiten zien guardia haiei. Hantxe nengoen ni, neure begiez ikusi nuen. Behin edo behin, osaba eta biok euskaraz, eta guardia zibilek: «Hemen kristianoz hitz egin!». Betiko geratu zitzaizkidan hitz horiek. Eta osabak, haserre: «Kristianoz? Arraiook! Aita hil diozue, eta, gainera, kristianoz! Alde hortik!». Horixe esan zien osabak... Ezindua zegoen, baina besoak mugitzeko gauza zen, eta esaten zidan: «Pepi, ekarri nauzu eskopeta. Bertatik egingo dut ehizean». Amorratua zen.

Zu, artean umea, osaba zaintzen. Ama, batean eta bestean lanean...

Ikusi ere ez genuen egiten. Behin, anaiari esan nion: «Ama ikusten al duzu batere?», eta Felipe anaiak: «Ama ikusi? Ez. Zuk hainbestexe!». Ama beti lanean, kanpoan. Gero, amona ere gaixotu egin zen, eta ni, eskola bukatu nuenean, etxeko lanetan hasi nintzen. Eta amona ere zeinek zaindu zuen?

Zuk zeuk.

Bai, bada! Etxean laguntzen hasi nintzen, izebarekin batera. Eta Felipe ere hantxe, lanean, Andrestegin, baratzan eta ahal zen bezala. Gero, lanbidea ikasten hasi zen, argiketari, eta halaxe atera zuen bizimodua... Oso gogorra izandu da dena, oso tristea da aita gabe bizitzea, oso gogorra, eta tristura hori ez da joaten. Eta ez dakigu non dagoen, horixe jakin nahiko genuke, baina inork ez digu esaten. Fusilatu egin zuten, baina «desagertua» zela esaten ziguten. Lizarriturrin lan egiten zuen aitak, langile komitekoa zen edo zerbait ere, eta bertako baten batek denuntzia jarri eta eraman zuten gure aita... Baina gauza asko ez dakizkit. Amak ez zuen kontatzen! Ez zuen ezer kontatzen. Eta ez da nire kasua bakarrik. Egoera berean gauden denok berdin esaten dugu. Galarazita zegoen dena, ezin ezer esan! Etxean zerbait esan eta: «Ixxxx!». Eta nik: «Baina, amona, zer da?». «Ezin da hitz egin», erantzuna. Kalean lagunen artean eta, berdin: isiltasuna. Oso gogorra. Non ezagutu da hori, ordea? Ondo gogoratzen naiz. Tira, anaia Felipe ez zen isiltzen! Kar, kar...

Inoiz esan izan duzunez, inork ez dizue barkaziorik eskatu.

Egia da eta. Inork ez. Eta, gainera, barkazioa eskatuta ere, ezin da barkatu. Nirea joango da, baina gure ama gaixoa? Ezin da barkatu! Gasteizen Rene Cassin saria eman zidaten, eta Gipuzkoako diputazioak domina eman zigun guztioi, errekonozimendua, ez du asko laguntzen, baina, behintzat, gogoratzen direla esan nahi du, zer edo zer da, arnasa hartzen laguntzen du. Niri, behintzat, laguntzen dit.

Nik neurea esango dut... Baina, esate baterako, Gasteizkoa bukatu zenean, han egon ginen gero, jendearekin hizketan, eta halako batean Tasio Erkizia etorri zitzaidan besarkada ematera. Eta hura besarkada! Ez zait behin ere ahaztuko. Eta, beste batean, Donostian, beste ekitaldi bat izan zen, eta, orduan, Txan Magoa etorri zitzaidan. Eta haren besarkada! Sari askok baino gehiago balio du besarkada batek...]]>
<![CDATA[«Estraperloko gauzak eramanez entrenatzen nintzen ni bizikletan!»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1923/038/001/2019-08-04/estraperloko_gauzak_eramanez_entrenatzen_nintzen_ni_bizikletan.htm Sun, 04 Aug 2019 00:00:00 +0200 Miel A. Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1923/038/001/2019-08-04/estraperloko_gauzak_eramanez_entrenatzen_nintzen_ni_bizikletan.htm egoten ohi dira zozoen elean
Jean Martin Hiribarren

Adiskide onek eman didate zure berri. Eta Interneten ere ageri da zure izena...

Internet? Ez dut horretaz ezer jakin nahi. Etxean ibiltzen dute, baina nik ez. Ez zait teknologia hori batere gustatzen. Ezta batere. Traktorea eta motozerra ibiltzen ditut, baina, hala ere, niri, gehiena, behorrarekin lan egitea gustatuko litzaidake, garai batean bezala... Ni, lehenengo, artzain ibili nintzen, etxean. Iragorri du izena baserriak, Artikutza aldera... Komunio handia egin eta hurrengo urtean hasi nintzen artzain. Etxera etortzen zitzaigun Zaldibiko bat, Rufino, artzain, eta ni harekin, Oiartzundik Aralarrera, ardiak hartuta! Nire lehenengo artzain-urtean, Tolosan lurrean etzanda pasatu nuen gau bat, negu gorrian.

Gerra eta berehala zen hori.

Bai, ze nik lau urte nituen gerra hasi zenean, eta Zaldibiko hura, berriz, gerra bukatu eta segituan etorri zen gure etxera morroi. 1942 edo izango zen hori. Gerra garaian, hamahiru lagun sartu zituzten gure baserriko lurretan. Zuloa egin eta bertan hil zituzten. Atereak dituzte haien gorpuak. Lehenengo, zortzi atera zituzten. Baina laster esan zien gure anaiak: «Hi, gehiago ere badituk beste zoko horretan!». Eta joan eta aurkitu zituzten. Esaten zuten harrapatu zutenetako batek ihes egin zuela, eta Errenteriko baserri batean gorde zela. Baina bertako emakumeak denuntziatu, besteak joan, eta bertan hil zuten ihes egindakoa. Zuloak eginak neure begiez ikusi nituen, bi zulo eginak. Lehengusua neukan ondoan, gure baserria bi bizitzatakoa zen-eta: batean, aitaren arreba bizi zen familiarekin, eta bestean gu... Eta denak isilik. Horrela zen gauza denbora batean. Eta gogoratzen naiz Mateo Muxika gotzaina urtero joaten zela hara. Autoz eramaten zuen txoferrak, jaisten zen Muxika, eta oinez, hildakoak bisitatzera. Orduko kontuak! Baina denak kontatzea ez da komeni! Hamaika mila pistolaren historia ere badakit nik!

Kontatzea ez da komeni, esaten duzu.

Ez, bada! Bateko apaiza eta besteko jendea... dena esatea ez da komeni. Gerra nola izan zen esatea, bai, baina han denek egin zuten gerra! Han onik ez zegoen! Beste batek ere esan zidan niri, armak zituela etxean, gordeak zituela. Eta nik hari: «Eta hi zer haiz?», «Ni, anarkista!», esan zidan. «Eta zer duk anarkista izatea?», eta berak: «Apaizak-eta zera horiek guztiak hiltzen dituena!». Gerran ari zirenak denak ziren gaiztoak, han ez zegoen batere onik. Betidanik jakin dut nik hori.

Iragorri baserria, Oiartzungo mendietan. Kontrabandoaren berririk baduzu...

Kontrabandoa, beti! Bi anaia banituen, ateratzen ziren ilunabarrean gure baserritik eta, mendiz, gauez, Urruñara joaten ziren. Paketearekin joaten ziren! Denbora hartan, eskopeta kartutxoak eramaten zituzten. Handik hona, zirak etortzen ziren, lehenbiziko zirak. Aurreneko, behiak ekartzen ezagutu nituen. Gure baserrira sartu, behiak hil, eta baita partitu ere! Ikusita nago! Gerra bukatu eta segituan hasi ziren kontu horiek. Gero, gurpiletako azalak ezagutu nituen, kontrabandoan ekarriak. Etxeko gela dena gurpiletako azalez betea ikusten ari naiz oraindik! Kar, kar... Baina gure baserritik gorago, [Joxe Joakin] Mitxelena bertsolariarenean ere, gurpiletako azalak gordetzen zituzten, pilo bat! Denak ezagunak ginen orduan Oiartzunen, denak jatorrak!

Angula kontrabandoan ere ibili zinen...

Nire anaia, koinatua eta beste batzuk-eta Nantesen [Bretainia] ibiltzen ziren, angulak erosten, gero hona ekartzeko. Nantesen zeuden haztegiak. Haiek anguletan, eta ni haiei jatekoa jartzen egon nintzen. Zortzi lagun baziren han. Egun batzuk egiten nituen han, anaiak esanda... Ordurako hogeita hemezortzi urte banituen.

Hogeita hemezortzi urte? Ziklista izana ziren ordurako!

Paseak ziren ziklista kontu horiek! Etxean artzain ibili eta gero, mekanika ikasten hasi nintzen, anaiarekin, Errenterian. Nire bizitzako urterik txarrenak izan ziren: lanik egin ez, eta ikasi ere ez! Mekanikari ikastea xamurra da, ikusi orduko ikasten da. Autoa konpontzea ere xamurra da... Tornulari ikastea besterik da, tornua diferentea da... Handik aurrera hasi nintzen bizikletan.

Besterik gabe?

Nire anaia ziklista ibilia zen, eta ni ere hasi egin nintzen! Denbora baten ziklista asko zen Oiartzunen; asko. Batzuek karrera irabazteko aukera zuten, beste batzuek ez. Nik, irabazi egiten nituen karrerak! Kar, kar... Indarra behar du horretarako, indarra hanketan eta buruan. Eta ez joan inori gehiegi laguntzera. Bizikletan nork bere alde egin behar du beti. Orain ez, orain diferentea da, orain nork bere taldean joan behar izaten du, nagusiak zer esaten duen egin: «Hi! Orain hola eta hola egin behar diagu, eta gero hala eta hala!». Denbora batean ez, denbora batean ahal zuenak ahal zuena egiten zuen. Guk ere bagenituen taldeak, lagunak, baina karrera irabazi eta dirua partitzeko!

Dozena erdi urte egin zenituen ziklista...

Bai. Hiru aldiz irabazi nuen Espainiako txapelketa ziklo-krossean; bi aldiz bigarren egin nuen.

Geuk esan beharko dugu, zuk esaten ez duzuna: 1954an Espainiako ziklo-kross txapelketa irabazi zenuen. 1956an, Ordiziako Klasikoa eta Espainiako ziklo-krossa. 1957an, Arrateko Igoera, Ordiziako klasikoa eta Espainiako ziklo-krosa. 1958an berriz irabazi zenuen delako ziklo-kros txapelketa. Tartean, zortzigarren egin zenuen Munduko Txapelketan Alemanian. Oiartzuarrak hiru izan zineten han: Fakundo Zabaleta, Pontziano Arbelaitz eta zu zeu...

Badakizu, hortaz!

Internetek dio.

Kar, kar... Munduko txapelketak egitera kanpora joan nintzen, bai, baina ziklo-krossean. Denbora haietan jendea ez zen Frantziako Tourrera-eta joaten. [Dalmazio] Langarika joan zela aurrena uste dut, zuzendari. Ez dakit urte hartan bertan ez ote zuen Bahamontesek irabazi karrera. Bernardo Ruiz ere ordukoa zen, eta urte batean Tourrean hirugarren-edo egin, eta Ordiziara ekarri zuten, pagatuta. Baina nik irabazi nuen. Hirugarren egin zuen berak! Sos batzuk eman zizkioten, bestela ez zen etorriko! Bahamontes ere ekarri zuten Ordiziara, baina guk aise irabazi genion. Bahamontesek-eta ez zuten bakarrik ibiltzeko balio. Ordiziako karreran, urte batean, [Fakundo] Zabaleta, Bahamontes eta hirurok ginen, Mandubin gora. Guk Bahamontesi alde egin nahi genion, eta aurrena gutako batek jo zuen. Eta Bahamontes atzetik, harrapatzera. Eta Zabaleta edo ni, haren atzetik. Gero, berriz jo zuen gutako besteak. Eta Bahamontes atzetik. Horrelaxe, alde egin genion arte. Bahamontes-eta taldeko ziklistak ziren. Talderik gabe ez zuten balio.

Gogoan duzu zure lehenengo karrera?

Hamazazpi urte izango nituen. Legazpin izan zen, festetan. Anaiarekin ibiltzen nintzen, eta haraxe neu ere. Asko joaten ginen karreretara. Balio ez zuena, segituan fuera! Uzten zuen bizikileta. Sariaren dirua ateratzen ez bazen, segituan uzten zion jendeak bizikletari. Ibiltzen ez zenak, ez zuen ezertarako balio... Neu ere gaizki ibili nintzen lehenengo karrera hartan. Hogei aldiz eroriko nintzen, gutxienez! Eta ez zen ziklo-krosa!... Hurrengoa, Legorretan zela uste dut. Karrera batetik bestera hamabost egun edo izango ziren, eta ondo prestatu nintzen. Eta irabazi egin nuen! Han zen Luziano Montero, gaztea, famatua. Eta ni joan, eta irabazi! Anaiari ere aise irabazten nion nik! Vasco-navarro txapelketa egin nuen behin Azpeitian. Irabazi egin nuen, eta badakizu zenbat denbora kendu nion bigarrenari?... Hamabi minutu! Onenak emanda gindoazen denok! Baina ez niri galdetu nola kendu nizkion hamabi minutu bigarrenari! Hori hari galdetu!

Zer eramaten zenuten bidoian?

Ziklo-krosean ezer ez! Karrera motzean ez du ezertarako denborarik ematen. Arrateko Igoeran ere, ezer ez. Ordiziakoa luzea da, eta han bai, jan beharra dago. Orduan, bidoian kafea eta hiru kopa koñak, azukrea eta arrautza gorringoak sartzen genituen. Indar pixka bat emateko behar zena. Horixe eramaten genuen denok denbora haietan. Azukrea izugarri jaten genuen. Egunean, igual berrehun gramo, edo gehiago. Txarra dela esaten dute orain, baina guk, orduan, ardoarekin ere, azukrea! Gero, glukosa azaldu zen, eta azukrea baino fuerteagoa zela, eta handik! Bi koilarakada botatzen genizkion ardoari.

Orain ziklistak ez du alkoholik ibiltzen.

Ez da komeni dena esatea, eta izenik ez dut esango, baina gure denborako ziklista batek, ezagunak, karrera bukatzean, botila ardoa hustuko zuen berak bakarrik!

Jesus Loroño, Dalmazio Langarika, Jose Luis Talamillo... zeure denborakoak dituzu.

Gure ezkontzara etorri zen Langarika! Eta Loroño ere oso laguna nuen. Askotan etortzen zen gure etxera, Loiolan (Donostia) soldadu zegoela. Hantxe Loroño, eta baserrira etortzen zitzaigun bizikletarako pieza bila; tubularrak-eta. Hemengoak txarrak ziren, eta kontrabandoan ekarritakoak ematen genizkion.

Esan duzunez, zu bizikletan hasterako, anaia zaharragoa ziklista ibilia zenuen.

Bai. Anaia gazteagoa ere ibili zen, baina segituan utzi zuen. Eroriko bat izan zuen Eskoriatzan, burua jo zuen lurraren kontra, eta hantxe egon zen bi egunean, bere onera etorri gabe. Egun hartan, Oiartzundik Eskoriatzaraino joan ginen anaia zaharra eta biok haren bila! Orduko kontuak! Han ez zen oraingo autorik eta horrelakorik! Bizikleta hartuta ibiltzen ginen beti. Hartu bizikletako piezak eta Gasteizera, Maltzagatik barrena. Bueltan, bizikletan etxera. Askotan egin genuen hori. Egun osoa behar genuen horretarako.

Dozena erdi urte ibili zinen ziklista. Urte gutxi ematen du.

Bizikletak ez zuen dirurik ematen, eta horregatik ibili nintzen urte gutxi ziklista. Jendeak egin behar zuen, lana, eta gainetik bizikletan ibili. Eta nik egiten nuen bizikletan korritu eta, gainera, estraperloan ibili. Dirua irabazteko, beste norabait ibili behar nuen. Estraperloko gauzak eramanez entrenatzen nintzen ni, ondo, bizikletan. Atera etxetik goizeko bostetan, eta martxa Andoaina, Beasaina, Ordiziara, Tolosa aldera, Azpeitira... leku horiek denak ibiltzen nituen, estraperloko gauzak eramanez pakete txikiak eginda. Gurpil-azalak, bizikleta-dinamoak... Guardiak zaintzen egoten ziren Oiartzunen Ugaldetxon, Bentetan, Astigarragan, Mirakruz gainean Donostian, Arragoan... eta, orduan... egin behar zen arratsean pasatu! Neguko hotzean, barruan gordeta egoten ziren haiek!]]>
<![CDATA[Sasiolako orena, Rikardo Arregirena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1909/028/001/2019-07-10/sasiolako_orena_rikardo_arregirena.htm Wed, 10 Jul 2019 00:00:00 +0200 Miel A. Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1909/028/001/2019-07-10/sasiolako_orena_rikardo_arregirena.htm Eta Sasiolako bide-ertzean
nire anaiaren zapata odoleztatuak
ikusi nituenean,
zapata haiek nireak izan zitezela
eta odol hura
nirea izan zedila
guratzearen indarrez
kezko bola batek itotzen zizkidan
biriak.

Filmek soinu-banda ohi dute, eta berdin izan lezake soinu-banda testu honek. Kasu honetan, Gabriel Arestiren ahotsa dugu, 1969ko uztailean, Andoainen, Tourseko San Martin elizan poetak berak irakurritako poema, Rikardo Arregiren heriotzagatik negarrez. Audioa: Naiz.eus-etik ekarria (entzuteko egin klik leihotxoan).



Aurtengo uztaren hamarrean / Bilbaoko zerua mitxeletaz estaldurik / agertu zen du hasiera, arrazoi eta zio, Rikardo Arregik eta Ramon Saizarbitoriak 1969ko uztailaren 10ean Mendaron, Sasiolako bide bihurrian izan zuten trafiko-istripua.

Lur taldeko kide ziren biak, apaizen esku esklusiboetatik kendu nahi zutenak kultura, taldeko kide Enrike Villarrek Anjel Zelaietari adierazi zionez. Urnietako ostatu batean, sagardoa edanez, bildu ziren 1969ko egun batean Rikardo Arregi, Ibon Sarasola, Ramon Saizarbitoria, Gabriel Aresti, Victor Suinaga eta Enrike Villar bera. «Eta lehen urrats zehatza egitea erabaki genuen, eta Jose Luis Alvarez Enparantzaren Elsa Scheelen-en edizio osoa erosi genion Gabriel Arestiri, bigarren eskuko Seat 850 baten truke, Victor Suinagarena. Eta, hain zuzen, autoa Gabrieli eramatera zihoazela izan zuten Ramonek eta Rikardok istripua, eta hil zen Rikardo». Eguerdia baino lehen behar zuen, Bilbon ekitaldia baitzuen arratsaldean Euskaltzaindiak, Julio de Urkixoren omenez.

Suzko bala batek lehertu zizkidan begiak

Rikardo Arregi hila, bizirik Ramon Saizarbitoria. Kontatua digu inoiz istripua: «Gure aurrean, [Citroën] bi zaldiko bat zihoan, furgoneta bat, oso kargatuta. Gizonezkoa zen txofer eta neskaz beteta zeraman autoa, oso mantso. Aurreratzen hasi nintzenean, gure atzetik, beste auto bat ere furgoneta aurreratzen hasi zen». Atzekoak Ramon Saizarbitoriak gidatzen zuen autoa jo eta bazterrera bota zuen. «Konbentzituta nago atzetik jo gintuztela. Rikardoren aldeko atea ireki zen, erori eta hil zen Rikardo. Ni, bolantearen gainetik irten nintzen hegan, aurreko leihoa hautsita». Ospitalera Ramon Saizarbitoria, Mutrikura Rikardo Arregi, hila ordurako. Sasiolako orena / Rikardo Arregirena / Milaka geunden hartzeko baina / hartu duzu hoberena. / Eta Mutrikuko hilerrian / nire anaiaren katabutaren gainean / nire esku zikinak / jarri nituenean, / ni barrenean / eta hura kanpoan / egon gintezen / guratzearen indarrez, / suzko bala batek lehertu zizkidan / begiak. Gabriel Arestiren auhenaren sentimendua beti, Andoaingo elizan irakurri zuen poema lazgarria.

Rikardo Arregik eta Ramon Saizarbitoriak Euzko Gaztedi tarteko ezagutu zuten elkar, klandestinitate garaian Donostian EAJren erresistentziaren gidarietako Gerardo Bujandaren eskutik. Batak bestea ezagutu zutenerako, Zeruko Argia-n ari zen Rikardo Arregi.

1963an hasi zen Rikardo Arregi Zeruko Argia-n idazten, eta han ez ezik, baita Anaitasuna eta Jakin aldizkarietan ere. Eta hantxe ezagutu zuen Joan Mari Torrealdaik, Arregi hil ondoko Rikardo Arregi liburuan idatzi zuenez: «Rikardo hurbildik ezagutzeko zoria izan dut. Bere bizitzako hiru urte aberatsenetan elkarren ondoan izan gara, Jakin taldean batik bat. (...) Aldizkari batek beti du ezkutuan egiten den lan isila, askotan inportanteena. Horretan, Rikardoren lanaren lekuko izan naiz. Aitortzen dut, eta pozik!, lan handia egin zuela». Hori esatearekin batera, pentsalari izaera ere aitortu zion Torrealdaik. Berpentsatzaile hitza baliatu zuen orduko hartan Torrealdaik. «Berpentsatzaile zen bai politikan, bai euskal arazoan, bai erlijioan. Errotik euskalduna zen, eta errotik gaurkoa (...) Asmo honi heldu zion, alegia, euskaltzaletasuna eta gaurkotasuna ezkontzeari» dio Torrealdaik aipatu lanean.

Hil da Rikardo gurea, euskararen errube'a

Saizarbitoriak esana du orain baino lehen ere: «Rikardok [Arregi] lider sena zuen. Behin, iluntze batean Andoainen, esan zidan: 'Ni diputatu izango naiz, Gipuzkoatik, Madrileko Gorteetan'. Nik, berriz, diputatu izatea zer zen ere ez nekien! Garai hartan nik balioesten ez nituen bertuteak zeuzkan Rikardok. Tolerantea zen, adibidez, eta, guretzat, denbora hartan, tolerantzia ez zen balio bat. Tolerante izateak biguna izatea esan nahi zuen gure artean. Gure ustez, erradikala izan behar zen!». Intolerantzia garai beti-betikoan, ireki jokatu ohi zuen Rikardo Arregik, batzuekin eta besteekin jardunez. Saizarbitoriaren hitzak ditugu: «Ez zuen inorekin hitz egiteko eragozpenik. Hainbat jenderekin zituen loturak, Gaur taldeko kideekin, esaterako [Espainiako Alderdi Komunistaren hurrekoak, inondik ere], baina, nik orduan ulertzen ez banuen ere, oso modu diskretuan. Rikardok neurriak hartzen zituen, ez zezaten ikusi». 1964an Martuteneko kartzelan lau hilabetean preso egona zen Rikardo Arregi, EGIko kide zela akusaturik.

Politika ez ezik, euskaldunon alfabetatze eta euskalduntzea begiz joak zituen Rikardo Arregik. Eragile handia izan zen. 1966ko urtarrilean ekin zion bideari, mugimenduaren hasierari buruz Torrealdairi erantzunez adierazi zuenez: «Jarrai-koek presentatu zuten proiektua. Euskaltzaindian nik presentatu nuen, bostek izenpetua. Aurreneko komisio horretan asko ziren. Baina inork ez zuen kolperik jotzen. Eta ni, handik gutxira, soldadutzara joan nintzen». Urte berean joan baitzen soldadu, 1966an, eta hogeita hiru hilabete egin zituen espainiar armadan.

Handik itzuli eta alfabetatze kanpainari ekin zion berriro. Ramon Saizarbitoria da lekuko: «Kontzientzia txarra neukan, Rikardo alfabetatze kanpainako lan hartan abandonatuta neukalako. Bestalde, Gabriel Aresti Kriseilun argitaratzen hasita zegoen, baina liburuak ezin salduta zebilela uste dut. Tratu moduko bat egin genuen, esanez Lur-ek liburu haiek hartuko zizkiola, eta, trukean, Victor Suinagaren autoa, Seat 850 bat, emango geniola. Eta halaxe gindoazen, Euskaltzaindiaren bilera batera, Bilbora. Niri ez zitzaidan bilera hura interesatzen, baina Rikardo joatekoa zenez, eta Arestiri autoa eman behar genionez, bada, joan nintzen. Rikardo Andoainen hartu, atzera Donostiara etorri eta abiatu ginen...» Eta, orduan, eta, orain, 50 urte eta gero, «eragina eta etena», Jon Unanuek behin halako idatzi zuenez. «Gaur egungo belaunaldi gazteak ez dira jabetzen duela hogei-hogeita hamar urteko belaunaldien bizi-asekizun eta gorabeherez, eta ez dirudi iraganeko erreferentzien behar handirik dutenik ere bere egungo mota orotariko kezken hausnarbidean...».

Sasiolako orena
Rikardo Arregirena
Milaka geunden hartzeko baina
hartu duzu hoberena. (…)

Hil da Rikardo gurea
Euskeraren errube'a:
Gure anaia hil zaigu baina
bizirik nago sugea. ]]>
<![CDATA[Bertikala izatetik horizontala izatera kanbiatu zen abadea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1923/038/001/2018-09-02/bertikala_izatetik_horizontala_izatera_kanbiatu_zen_abadea.htm Sun, 02 Sep 2018 00:00:00 +0200 Miel A. Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1923/038/001/2018-09-02/bertikala_izatetik_horizontala_izatera_kanbiatu_zen_abadea.htm
egoten ohi dira zozoen elean

Jean Martin Hiribarren

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 339 abadek Francoren Erregimenaren gehiegikeriak salatzeko gutuna idatzi zuten, 1960an. Espainiako gotzainei, Nuntzioari eta Vatikanoko Estatu Idazkaritzari bidali zioten. gutun haren historiaren jakitun zen Pedro Berrioategortua. «Herri mailan bat eginda egon ginen abadeok. Bizkaian [Emilio] Iturraran ibili zen gauza zuzentzen. Gipuzkoan, [Serafin] Esnaola. Nik hor badaukat meritu bat... Zornotzara etorri berria nengoen, eta galdetu zidaten: 'Sinatu gura duk?'. Nik, baietz. Eta gero, motor txikitxo bat neukanez: 'Joan eta batu sinadurak herrietako abadeen artean. Hasi Zornotzatik eta Ermuraino'. Eta Zornotzatik Ermura Mallabia, Abadiño, Zaldibar..., hamazazpi sinadura batu nituen. Sinadura gehien batu zituena izan nintzen! Inork ez zuen batu hainbeste». Francoren diktadura garaia zen, garai gogorra. Baina gutuna idaztea, eta sinatzea, ez zen, bakarrik, balore kontua. «Bai eta ez, ze herri mailan giroa itzela egon zen. Abadeok dena ginen. Denbora hartan ez zegoen sindikaturik ez bestelako organizaziorik! Hargatik diote ETA ere seminarioan sortu zela, parrokia inguruko gerizpean, denbora hartan eliza baino ez zen egon eta».

339 abadeen gutuna

339 abadeen gutunak aipu eta sona handiak izan zituen. Bazterrak harrotu zituela esan ohi da. «Inportantzia handia eduki zuen gutunak, bai. Gainera, isil-isilik egin genuen. Norberak sinatu zuen, beste inori ezer esan barik. Berba emanda geneukan ez genuela esango nork sinatu zuen, edo nori eskatu genion sinatzeko. Ezer ez! Isilik egin zen dena!». Isilik egina, Espainiako Ordena Publikoko Auzitegiak jakin egin nahi izan zuen, eta auzitegira deitu zituen 339 sinatzaileak. «Eta uste dut denok pasatu ginela. Akordatzen naiz itaun bat egin zigula epaileak. «Se reafirma usted...», edo halako berba jasoren bat ibili zuen, ez dakit zuzen. Guk, erdara gutxi genekienok, epailearen erdarari segitzeko lanak!». Eta 339 sinatzaileak auzitegira deiturik, zer edo zer jakin zuen. «Zoritxarrez, Ermuan abade zegoenak, gutuna nork eman zion galdetu ziotenean, nire izena eman zuen. Bera Ermuan zegoen abade, baina Larrabetzukoa izan zen legez, Galdakaora gura zuen. Eta auzitegitik pasatu zenean, eta galdetu ziotenean, Galdakaora joateko aprobetxatu zuen. Nire izena eman zuen, eta kapila eman zioten, Galdakaoko dinamita fabrikan». Zigorra jaso zuen Pedro Berrioategortuak. Isuna. Gehiago ere etorriko ziren gero. Esaterako, Derioko itxialdiak ekarri zuen sokaren korapiloan lotu zuten. 1968ko azaroa zen, orain berrogeita hamar urte. Derioko seminarioan sartu ziren 60 apaiz. Hilabete eman zuten bertan. Batetik, frankismoaren errepresioa salatu zuten; bestetik, herriarekin bat egingo zuen Eliza aldarrikatu. Klero gaztea zen Bizkaikoa, eta ordu artekoa ez bezalakoa nahi zuen Eliza...

Derioko itxialdia

Derioko itxialdia baitezpadakoa izan zen Pedro Berrioategortuaren bizian. Itxialdian, nahi beste hitz egin zuten abadeek. Eta hantxe hasi ziren lan egitearen gainean hitz egiten ere, nahiz eta ordurako, abade batzuk lanean ari ziren. «Meatzerrian, esate baterako. Tartean zen Periko [Solabarria], aparteko kasua. Hark sotana belaunetaraino gastatuta zeukan! Kar, kar, kar... Hura inor baino lehenago hasi zen beharrean. Hura Abanto-Zierbena mea-herritik baino gorago zegoen, Triano auzoan. Akordatzen naiz behin motorraz joan nintzela, eta bera bizi zen tokiraino joateko biderik ez zegoela! Ailegatu, eta denak txabolak ikusi nituen, adreiluz egindako bi etxetxo izan ezik: bata zen eskola txikitxo bat; bestea, ermita. Miseria hutsean bizi zen Periko. Sakristia txikitxo bat zeukan, eta, hantxe, sua egiteko lekutxo bat, eta lapiko bat patataz betea, orduantxe egosten egon zena. Periko patatak janez bizi zen. Eskolan ume txikiak ikusi nituen, eta galdetu egin nion, eta berak: 'Euren aitak zauritu egin dira mean, beharrean, eta ospitalean dauzkate. Amak ere hara joan dira, eta ni umezain'. Azkenean, gaixotu egin zen Periko, eta atera egin zuten handik. Akordatzen naiz esan zutela: 'Atera behar izan dugu, bestela, beste San Pedro bat edukiko genuen, herriaren botoen indarrez». Abanto-Zierbenako beste auzoetako bat baita San Pedro.

Abade zen, baina lanean hasi zen. Apaiz langileetakoa izan zen. Zamorako apaiz-kartzela (Txalaparta, 2011) liburuan, Pedro Berrioategortuaren lekukotasunari laguntzen, argazki bat da, Berrioategortua freskagarri kamioi bat zamatzen nahiz husten. «Beharrean hasi nintzen, eta akordatzen naiz zelan jendeak ez zuen ulertzen gu abadeok behar egitea. Baina beste abade batzuen laguntasuna bageneukan, eta aurrera. Beharrean hasi nintzen, eta hargatik ezin izan nintzen Derioko itxialdiaren ondoko urtean Zamorako taldean sartu, behar egiteko konpromisoa hartuta neukalako orduantxe. Hartu arinago, ugazabak galdetu zidan: 'Abade zarela, bateko entierroa eta besteko meza… zurekin badaukat beharginik?', eta nik baietz agindu nion. [1969ko] Maiatzaren hogeita hamarrean izan zen, abadeak Bilboko gotzaindegian sartu zirena, eta ni beharrean egon nintzen, konpromisoari lotuta».

Hidalgo kapitainarenak

Apaiz-langilea ez zen, nonbait, oso ugaria. Gernikako guardia zibiletako kapitain Manuel Hidalgo Salasek atxilotu bati Berrioategortuaren argazkia erakutsi, identifika zezan, hark ezagutzen zuela ukatu, eta Hidalgoren hitzak: «Bizkaian ez da Berrio abadea ezagutzen ez duenik». Berrioategortuak berak ezagutu zuen Hidalgo. «Fanfarroi hutsa zen. Detenitzen zintuen, itaunketa gogorra egiten zizun, eta, gero, kalean ikusi eta lagun moduan tratatzen zintuen. 'Mi amigo'-ka (Adiskidea) Plan horretan! Nirekin nahi zuena egin zuen, neurri baten. Azkeneko egunean adarra jo nion neuk ere. Franco hil zen, eta esan nion: 'Ése ya se ha ido'. Kapitaina zen Hidalgo, baina kapitainetik goragoko kargu bila zebilen. Ondo zuztartuta zegoen. TOP Ordena Publikoko Auzitegitik nahi zuena egiten zuen». 1976an alde egin zuen Gernikatik, Leonera (Espainia) joanda, goragoko bidean. Hidalgoren itzala nahi baino ilunagoa da. 1972an, ETAko kide Mikel Martinez de Murgia eta Benito Mujika Zumeta hil zituen guardia zibilak Lekeition, herriko jaietako bezperan. Udazken hartan Bermeoko kuartelera eraman zuten batek kontatua du Hidalgok esan ziola berak hil zituela bi gazteak. Berrioategortuak ez daki Hidalgo fanfarroi hutsa zela besterik. «Gernikan egoten zen, bere ekipoarekin. Guardia zibil lotsabakoenak hartu eta berak nahi zuen lekura eramaten zituen. Haien artean bazen bat, Lekeition sarjentu, kirten handi bat zena, gorputzez ere handia. Beste bat, txikia, gose handia pasatutakoa. Gizajoa zen, baina bizkorra. Behin inor ikusiz gero, betiko grabatuta geratzen zitzaion haren aurpegia. Honekin lagun egin ginen, kuarteleko egonaldian atseden hartzera etortzen zitzaigulako, eta guk gure paketetik jaten ematen geniolako. Azkenean, bere berri kontatu zigun, gose handia pasatutakoa zela, amarekin kanpin-dendan bizi izandakoa zela». Kuarteletako ziegetan ez ezik, kartzelak ere ibili zituen Pedro Berrioategortuak. Zamoran (Espainia) eduki zuten bi aldiz, hiru aldiz izan zen Basauriko kaiolan.

Kartzela

Lehenengoan, Zornotzan Txabi Etxebarrietaren arimaren alde meza esateagatik eraman zuten. «Egun itzela izan zen, itzela eguna! Ama birjinaren koroatzea ospatu nahi zuten, Karmen egunean [uztailak 16]. Herriko parrokian egin behar zen koroatzeko meza, eta akordatzen naiz alkatea, frankista hutsa, tartean zela, esanez, «porque Amorebieta siempre ha sido carmelicano», (Zornotza beti izan delako karmeldarra). Santa Teresaren beso usteldu gabea ekarri zuten, eta urrezko eta zilarrezko zirtzilkeriak batu zituzten herrian, ama birjinaren koroatzea egiteko. Apur bat kontra egin nien nik, eta Zeruko Argia-ko zuzendari egiten zuenak ere zer edo zer idatzi zuen, Nazareteko arotzaren andrea dotoretu egin gura zutela, etxeko andre modura ipini urrezko koroaz. Herri guztia aireratu zuten egun haietan. Vatikanotik ere baten bat etortzea gura zuten, baina ez zen etorri. Francoren ministroren bat, gotzaina eta alkatea izan ziren egun hartan. Jaiaren bezperan, Ama birjina parrokiara ekarri zuten, hango kanpai, argi, eta zarata artean, eta parrokian egin zuen gaua. Nik, berriz, aurretik iragarrita neukan Txabi Etxebarrietaren meza esango nuela, domeka hartan bertan, 08:30ean, nik orduan esaten nuen-eta meza. Egun hartan, jaiki eta, goizeko zortzietan, herria guardia zibilez josita zegoen, geltokian, kale nagusian eta leku guztietan. Nik, elizako ate guztiak zabal-zabalik, bozgorailuak topean, eta meza hasi nuen. Akordatzen naiz zelan hemen bazen emakume bat, ahots ederrekoa, eta halako batean Ogi zerutik kantatzen hasi zen... Hurrengoa akordatzen naizena, guardia zibilek tronpeta jo zutela eta hasi zirela elizara batu ziren gazteen atzetik, kolpeka. Eguerdian, koroatzeko mezara bidean, alkatea-eta, kale nagusitik pasatu behar ziren autoan. Kalea tabernaz josita zegoen, eta jendez beteta, denak txikiteoan… eta autoa joz eta hau eta beste jendea! Azkenean, heldu ziren «autoritateak» parrokiara eta suertez, hain suertez, bitxigilea bertan egon zen: 'Hori ez da nik egin dudan koroa', esan zuen. Ostu egin zuten koroa! Kulpa niri bota zidaten. Baina Etxebarrietaren mezagatik eraman ninduten kartzelara. Bizkaian bostek edo seik esan genuen Etxebarrietaren aldeko meza». Eta isuna. Eta isuna pagatu ezik, kartzelara. Pedro Berrioategortuaren kasua izan zen.

Kristau Gazteria Langilea

Lehenengoaren atzetik, isun gehiago ere etorri ziren. Bigarren isuna ere pagatu nahi ez gure abadeak, eta ondasunak bahitu zizkioten. «Motortxoa kendu zidaten, nik beste ondasunik ez neukan eta. Eta enkantea ere egin zuten, baina lehenengoan ez zen inor aurkeztu. Bigarren aldiz egin behar izan zuten. Kar, kar, kar... Taldea ginen, eta taldearen laguntasunaz egiten genuen borroka». Elkartasun horixe azpimarratu izan zuen Berrioategortua behin eta berriz eta askotan.

Abade gazteen arteko elkartasuna, eta JOC, Kristau Gazteria Langilea. Asko zor ziola zioen. «Niri JOC-ek erakutsi zidan bizitza eta abadetza ulertzen. Ordu arte, langile munduarekin batere hartu-emanik ez neukan, eta ilusiorik ere ez, eze ni baserriko semea nintzen, eta baserriko ilusioaz bizi izan nintzen beti... Egun batean, Zornotzan bizi nintzela, Gernikako Abaunza abadea etorri zitzaidan JOC-eko kanpaina bat zela eta ez zela. Esan nion: 'Barkatu. Nire kurtsoko jendearen ilusio handia zen langile mundua, baina ez nirea'. Eta, berak: 'Zelan bagoaz kontziliarioen formazio ikastaro batera Bilbora?'. Horri baietz esan nion. Eta joan, eta hura beste gauza bat zela ikusi nuen: eskubideak, sindikatuak... Ulertu nuen apur bat. Handik konpromisotxo batekin irten genuen abadeok. Eta horri esker, apurka-apurka, abade bertikala izatetik horizontala izatera kanbiatu nintzen», zioen Pedro Berrioategortuak.

«Abade bertikala izatetik, horizontala izatera kanbiatu nintzen».

Hortzetan irribarrea loratuz esana gure abadeak.]]>
<![CDATA[«Mutil dantzen aferan bertzek disfrutatuko du guk sufritu duguna»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1923/032/001/2018-08-26/mutil_dantzen_aferan_bertzek_disfrutatuko_du_guk_sufritu_duguna.htm Sun, 26 Aug 2018 00:00:00 +0200 Miel A. Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1923/032/001/2018-08-26/mutil_dantzen_aferan_bertzek_disfrutatuko_du_guk_sufritu_duguna.htm
egoten ohi dira zozoen elean

Jean Martin Hiribarren

Anizen sortua da zuen familia, ez bart arratsean, seguru.

Aspaldiko mendetik hona han sortuak gaituzu, belaunaldiz belaunaldi. Hamaika etxe ziren lehen Anizen, gaur egun hogeita bortz dira, eta baserri bakarra. Etxe guziek badute bere izena, eta gu etxeko izenak gara, Petrinekoak. Amaren aldetik, aitatxi Jauregikoa zen eta amatxi Etxenikekoa. Pena, orai galtzen ari da hori. nahiz eta iduritzen zaidan buelta emanen duela. Guk «bagoaz Indara... bagoaz Jauregira» erraten dugu. Gaurko haurrek, banoa halakoren etxera... Anizek badu, bertzalde, erranairu bat Baztango bertze herriek ez dutena: «Hamaika etxe, hamaika labe, hogeita bi zetabe, bat bertzearen behartu gabe». Eta erranairuak badu erranahia ere, hamaika etxe horiek heldu baitira XVI. mendeko artxiboetan. Etxe bakoitzak bazuen bere labea gaur egun hiruk mantentzen dute, bere zetabea, eta bazuen bere jana, bertze inortaz behartu gabe.

Auzolana bizi-bizirik da Anizen.

Bai. Herria auzolan bidez ateratzen dugu aitzinerat. Bide bazterrak, sasiak... auzolanka garbitzen ditugu, ur kontuak ere bai. Bestak denon artean antolatzen ditugu, auzolanak egiten ditugu, batzarretara etxe bakoitzetik beti bat joaten da... badugu komunitate espiritua. Lehen, gauza guzietarako etxea zen Anizen, etxekalka zen dena: eliza garbitzeko, auzolanetako... Orai jendeka da. Gure herrian beti ezagutu dut auzolana. Goizean egiten da lana, eta pinta erdia gero. Lehen, pinta erdia arno eta xardinak. Gaur egun, auzolana egin eta, iluntzean, herriak jendeari afaltzerat ematen dio. Anizen badugu, naski, barridearen berri!

Emigrazioa du garai bateko ezaugarri Baztanek.

Gure etxean, aitaren aldeko aitatxiren lau haurride baziren emigratuak: bi Argentinara joanak, eta bertze bi Kaliforniarat; tartean, gure aitatxi. Argentinarat joandakoak han gelditu ziren eta Kaliforniarat joandakoak itzuli. Amaren aldetik aitatxiren haurrideak ere harat joanak ziren, Rosariora, eta itzuliak. Guretako hurbilena, berriz, etxean izan duguna da osaba, Juan Jose Azkarate, amaren anaia. Artzain joan zen AEBetara. Hiruretan eta hogeita lauan joan zen, hemen soldaduzka ez egiteagatik. Zortzi urtetarik behin-edo etortzen zen Petrinekora, amak etxea maiorazkoz hartua baitzuen. Sortetxera etortzen ziren haurride guziak. Osaba jubilazione esperoan ari zen honat etortzeko alde bat, betiko bizitzera, baina 2010ean hil zen, Renon [Nevada, AEB]. Hegaldia erosia zuen uztailaren 8an etortzeko, baina lehenago hil zen eta egun horretan ailegatu ginen gu honat bere errautsekin.

Etxekoa duzue abertzaletasun historikoaren aitzindarietakoa Nafarroan.

Gure birraitatxi Jose Azkarate, Napar Buru Batzarrekoa, eta hemengo PNVko buru. Bilbon izan zen 1932an Aberri Eguneko ekitaldietan, nafar ordezkari. Eskuaraz eman zuen solasaldia, nahiz espainolez aritzen omen zen. Ez dakit xuxen. Predikatu egiten zuen! Arras euskaltzalea, segur, gure aitatxi zen, Pello Mari, gurekin bizi zen. Euskaltzalea arras-arras.

Herri ttikitik hirira, Euskal filologia ikasketak egin zenituen Gasteizen.

Oroitzen naiz hantxe ibili nuela «kuadrila» hitza lehenbiziko aldiz. Denek bazuten kuadrilla, eta nik ere, doike, ez nuen gutiago izan behar. Guk ez dugu kuadrillarik Anizen, denak bat gara. Ttar-ttar-ttarretik euskarazko maistra izan nahi nuen. Oroitzen naiz, Batxilergo hondar kurtsoan erdiek baino aise gehiagok ez zekiten zer estudiatu nahi zuten. Nik bai. Eta beharrik argi nuen! Bertze gisa Gasteizera joan eta bigarren eguneko etxean nintzen! Utziko nuen karrera. Unibertsitatean ikasten, sufritu nuen gogotik hiriko bizimodu hori, eta espainolez! Igogailuan parekoarekin zer solas eman ez dakizula. Arras gogorra egin zitzaidan. Baina orai berriz estudiatu beharko banu, berriz eginen nuke Euskal filologia. Ez naiz urrikitzen!

Lekarozko institutuan irakasle zaitugula, jomugan izan da aurten institutua, Ernesto Prat Urzainkiren Telleria eta gero zer? liburua dela eta ez dela.

Ebaluazio bakoitzean ikasleek leitu behar dute irakurgai bat, eta irailean berean ematen diegu ikasleei programazioa, gurasoek sinatzen dute, itzultzen digute eta ez da ja pasatzen. Joan den kurtsoan, handik bertzeko, abenduan edo ilbeltzean publikatu zuen karta ama batek Nafarroan gehien saltzen den periodikoan, erranez, espainol garbi-garbian, ikasleak adoktrinatzen ditugula. Hasten zuen karta erranez ez zuela ja institutuaren kontra, baina departamendu jakin batek aholkatu zuela liburua, eta liburua zuzenean lotuta zegoela Aroztegiarekin, eta Aroztegiak polemika gogorra sortu duela Baztanen eta iduritzen zitzaiola ikasleak adoktrinatzen edo politizatzen ari ginela. Kanpoan nengoen —soldatarik gabeko baimen batekin Argentinarat joana—, baina segitu dut kasua hurretik. Eta beharrik ez nengoen hemen, bertze gisa ez dakit nola jokatuko nukeen, zeren, gainera, zuzenean aipatzen ninduen.

Ez zen zure izenik ageri...

Baina denok bagenekien ni nintzela ama horrek seinalatzen zuen irakaslea, han paratzen zituen ezaugarriengatik. Ama hori eta biok, bertzalde, legegintzaldi berean zinegotzi izanak ginen; bera UPNtik, eta ni Bildutik... Orduan, euskara departamenduak karta egin zuen zertaz hartu zen liburu hori, zein irizpide pedagogikorekin —nobela beltza, bertako idazlea, gure hezkuntza komunitateak leitzeko ezaugarri guziak betetzen zituela—, eta institutuan klaustroa egin zen, gutuna publiko egin ala ez erabakitzeko. Eta hiruretan hogei lagunetik gehiengoak bat egin zuen gutunarekin, baina hamahiruk erran zuten ez zutela euskara departamenduaren gutunarekin bat egiten.

Telleria eta gero, zer? dio delako liburuaren izenburuak, Aroztegia eta gero, zer? plataformaren izenarekin bat eginik.

Aspaldixkoko afera da. Lekarozen egin nahi dituzte 228 bizitza, lau izarreko hotela, golf zelaia... 340 biztanle ditu Lekarozek, eta 228 etxebizitza herri berri bat erran nahiko luke horrek. 700 pertsona, hiru pertsonako familia nukleoaren arabera! Hamaseigarren herria izanen zen Baztanen! Bertzalde, 800 etxe huts ere badira Baztanen! Etxe beharretan ez dira. Argumentua da, berriz ere, turismoa. Baina hori gabe ere ikaragarrizko turismo pila ere bada. Ez dakit zer turismo mota nahi duten. Turismoa baldin bada argudioa, hotelarekin bakarrik askiko litzateke.

Nafarroako gobernuko lehendakariorde Manu Aierdi ere Lekarozen izan zenuten 2016ko udaberrian, proiektuaren alde mintzo.

Aroztegiaren defendatzaile sutsu da nafar gobernua. 2015ean, hauteskunde atarian, proiektua Udalaz Gaindiko Eragina duen Plan gisa tramitatzea onartu zuen UPNren gobernuak, eta urte berean, gobernu berriak UGEPari segitzea erabaki zuen. Nafarroako gobernuko akordio programatikoan desadostasunen atalean sartu dute Aroztegiako afera, aldaketaren gobernua deitzen duten lau alderdietarik bakarra da horren alde dagoena, Geroa Bai, eta hala ere, aitzinerat segitzen dute. Dolores Redondo idazleak ere Aroztegia gibeleko aldean duela egin du bere liburuen promozioa. Hor bada azpiko estrategia mekanismo bat, ikusten ez dena, soka luzea duena, doike.

Aroztegia, batetik, mutil dantzak, bertzetik. Irun-Hondarribietan alardea, mutil dantzak Baztanen.

Ez da konparatzen ahal alardearekin. Batak eta bertzeak duten dimentsioa diferentea delakoz, baina oinarri-oinarrian gatazka berbera da, eta emakumeen bazterketa normalizatzeko erabiltzen diren ustezko argudioak ere bai. Han urtean behin egiten da, ehunka lagunek parte hartzen dute eta alimaleko dimentsioa du. Hemen baditugu hamabortz herri, dantza herrikoiak dira, afera diferentea dute herri bakoitzean... Elizondoko kasua aparte da, herri koxkorrena baita: haur mutikoek, gazteek eta gizonek dantza egiten zuten, eta neskak sartu zirelarik, gizonezko batzuek dantzatzeari utzi zioten. Gaur egun, herriko plazan dantzatzen da, bazterketarik gabe, eta mutil dantzari baztertzaileak joaten dira Elizondoko elizara, eta han dantzatzen dute herriko plazan mutil dantzak dantzatzen diren tenore berean! Pribatizatu egin dute beren mutil dantza. 2013an sortu zuten Baztango mutildantzari taldea. Helburu bakarra zen emakumerik dantzatzen ahal ez duten talde bat sortzea. Taldea sortu zutelarik izena emateko aukera eman zuten, izena ematera joan ginen, baina ez ziguten taldean sartzen utzi. Mutil dantzen aferan eta Irun eta Hondarribiko alardeetan erabiltzen diren argumentuak ber-ber-berberak dira! «Tradizioa ez da aldatzen ahal! Sentimendu hau ez da hitzez esplikatzen ahal! Ez zarete hemengoak eta ez duzue entenditzen!».

Argumentuak berak, diozu.

Kasu! Mutil dantzari baztertzaile batzuk Iruñean arras aurrerakoiak dira! Zeren mutil dantzen afera ez da berdintasun afera, beren argumentuetan. Ez du ja ikustekorik. Omen. Mutil dantzari baztertzaileak Baztanen, alarde mistoaren aldekoak dira Irunen eta Hondarribian! Ez dute loturarik egiten, ez horren gibelean dagoena ikusten. «Doike, ez ezazu konparatu, faborez!», diote. Tradizioaren izenean mintzatzen dira, tradizioa aldaezina balitz bezala, nahiz aldaketa onartu duten beztimentan, dantzatzeko tenorean, mutiko-mutil-gizonek dantzatzean... Onartzen ez duten aldaketa bakarra emakumeen parte hartzea izan da.

Noizdanik sortua da afera?

Badira fotografiak, 70eko hamarkadakoak, Erratzun, andre bat dantzan erakusten dutenak. Ez zen aferarik izan. Geroztik ere sartu izan dira emaztekiak, nor bere herrian. Nik gogoan dudan lehenbiziko kalapita 2008an-edo izan zen. Gure amari ikaragarri gustatzen zaio mutil dantzak ikustea eta eraman nuen Elizondora. Hurbildu zen neskatiko bat eta: «Maitane, sartuko gara mutil dantzetan?». Nik ezetz, beldurrez. «Ez naiz atrebitzen!», erran nion. Bi neskatiko dantzara sartu ziren eta isildu zen plaza! Zernahi erranka jendea, xistuka. Herri bakoitzak badu bere istorio. Argiteria publikoa itzali izan dute, txistularia ixildu emaztekiak dantzara sartu direlarik, oihuak, bulkaldiak, irainak...

Beldurrez, zu.

Bai. Nik ez dut Anizen hori bizi izan, baina Anizen dantzak erakutsi zizkidanak kondizione batekin erakutsi zizkidan: plazetan ez dantzatzeko! Ez dut baldintza bete, baina hori erran zidan. Gero, 2011n, udaleko ordezkari izan nintzelarik, bestetako egun printzipalean herrietako bestetarat gonbidatzen gintuzten udal ordezkari gisa. Elizondon gu sartu ginelarik, Garbiñe [Elizegi] alkatea mutil dantzaria zen, eta ni ere bai. Elizondoko mutil dantzaren eguna heldu zen, eta Garbiñe eta biok aise jende gehiagorekin dantzan hasi ginelarik, herriko bortz edo sei mutil dantzari baztertzaile korrotik atera ziren, eta biharamunean periodikoko azala horixe izan zen, mutil dantzariek utzi dutela dantza erraten zuen, andreak sartu zirelakoz. 2011tik goiti arras gogorra izan da: herriz herri joan behar, mutil dantza egin, eta aditu behar! Afera ez da, bakarrik, zu dantzan sartzen zarela, zer aditu behar duzun, agurra ukatzen dizu jendeak. Jende anitzek utzi du plaza, zu ez ikusteagatik. Boikota egitea da hori. Ez da goxo! Hala ere, bertzek disfrutatuko du, gure ondorengoek, guk sufritu duguna! Kur, kur...

2011tik 2015era Baztango Udaleko Euskara eta kultura zinegotzi izan zinen. Zertan da euskararen egoera Baztanen?

Euskal Herriko egoera berbera dugu Baztanen. Ezagutza %75etik goitikoa dugu, UEMAn gaude, baina ezagutza eta erabilera ez dira bat heldu. Hor ere berriz ikusten da diferentzia Elizondo eta gainerako herrien artean. Zortzi mila biztanle gara bailaran, eta hiru mila dira Elizondon. Eta Elizondoko karrikan barna buelta bat ematea aski da, errateko: «UEMAn dago herri hau?». Lotsa ematen du aunitzetan. Gazte artean, mutikoetan gehienbat, ikaragarria da zenbat espainol aditzen den. Eta Lekarozko institutuan ere bai. Egia da! Eta futbola ere hor da, ikaragarriko eragina du Baztanen, eta arras-arras txarra hizkuntzari dagokionean. Futbolak espainolizatu ditu mutiko gazte anitz. Entrenatzaile anitz erdaldunak dira, eta haien erreferentzia guztiak espainolez dira. Bertze kiroletan —errugbia, herri-kirolak, pilota—, euskaraz funtzionatzen dute. Hizkuntza alde batetik, lehia giroa bertzetik, gizonkeria... dena txarra du futbolak Baztanen. Hemengo minbizia horixe da, niretako.]]>
<![CDATA[«Nire bizia arrunta, xumea eta hutsa izan da, baina zerbait idatzi dut etxekoentzat»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1923/032/001/2018-08-19/nire_bizia_arrunta_xumea_eta_hutsa_izan_da_baina_zerbait_idatzi_dut_etxekoentzat.htm Sun, 19 Aug 2018 00:00:00 +0200 Miel A. Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1923/032/001/2018-08-19/nire_bizia_arrunta_xumea_eta_hutsa_izan_da_baina_zerbait_idatzi_dut_etxekoentzat.htm Etxerat ezin joan ilundu artean,
egoten ohi dira zozoen elean

Jean Martin Hiribarren

Tolosan jaio, hazi eta bizi zarena zaitugu... 1932ko azaroaren 20an hiru izan omen zineten herrian jaioak.

Gutxienez hiru! Migel Casteres, Muñoa sendiko bat eta hirurok. Etxean jaio ginen denok, ez emaginik ez pediatrarik ondoan genuela. Halaxe zen orduan. Geroago, gure ama ibili zen, emakumeak erditzen laguntzen. Deitu omen zioten behin, joan zen, eta harrezkero behin baino gehiagotan jardun omen zuen horretan. Ezagutzen ditut gure amaren laguntzaz jaioak Tolosan.

Zirtolaria zenuten aita Antonio. Hil zen egunean zer edo zer idatzi zuen Antonio Maria Labaienek.

Bai. Umore handikoa zen, alaia, bertsozalea, euskaltzalea... Harakina zen lanbidez. Elurretan ezkondu zen gure amarekin, ilbeltzak 25 zituen batean. Sei anai-arreba izan ginen etxean, lau mutil lehenengo, eta gerra ondotik, aita Frantziako desterrutik etorri zenean, arreba eta anaia txikia jaio ziren. Aita erbestean, ama Tolosan lau mutiko bihurrirekin -ni, lauretan hirugarrena-, jostun lanean etxean, bere koinata Danielaren dendarako, gehienbat. Lanerako buzoak, mahoizko bonbatxoak, alkandorak, gonak, soinekoak, maindire eta burkoak, kortseak eta gainerakoak... Denetatik josten zuen gure ama Mariak, eta neska gazteak etxean hartu ere bai, josten ikasteko. Gogoan daukat tartean Santa Marinako [Albiztur, Gipuzkoa] bi neska zirela, gaztelaniaz tutik ez zekitenak, eta behin galdetu niola bati: «¿Has sabido la leccion , Joxepa?» [Ikasgaia jakin duzu?]. Eta berak: «¡Medio culo!». Erdipurdi, alegia.

Euskaltzale giroa bizi zenuten gerraurre hartan.

Gurasoek euskara eta abertzaletasuna gauza askoren aurretik jartzen zituzten. Oso haurra nintzen, baina gogoan daukat bi edo hiru bider Tolosako batzokian izan ginela, gurasoekin. Aitak batzokiko antzezlanetan parte hartzen zuen; barregarrizkoak ziren, gehienak. Hango izenak entzun genituen gero: Ramon Larrañaga, Doroteo Ziaurriz, Pepe Izagirre, Jesus Elosegi, Antonio Maria Labaien, Aitzol, Lizardi... Askotan entzun nion gure aitari esaten Lizardiri Tolosan egindako hileta bezalakorik ez zuela bizian ezagutu. Milaka lagun bildu omen ziren. Tolosako batzokiko zuzendari izan zen, eta Perot lantegiko gerente. Jakina da lanetik irten eta Lizardi askotan joaten zela Urkizu aldera. Hil ondoren, oroitarria egin zioten han, baina gerra garaian han inguruko baserritar frankista batek txikitu egin zuen, eta harriak bertan utzi. Mutitegi baserrikoak, orduan, harriak gurdian hartu eta etxean gorde zituen. Handik hogeiren bat urtera, gure anaia Mikelek -Mutitegiko alaba batekin ezkondua baitzen-, Antonio Maria Labaienek eta koinatuak atzera lehengo tokira igo zituzten harriak, gurdian. Gero, Larrarte aita-semeek berritu zuten oroitarria. Inguruko lizarrak, berriz, gure senideek zaindu izan dituzte, eta orain ere gure ilobak txukuntzen du tokia urtero.

Arestian esan duzunez, gerra ondoan erbestean izan zenuten aita.

Franco nagusitu zen! «Patxi gaizto», esaten zion gure aitak. Etsaiak Tolosara inguratu zirenean, errekete eta faxistek errepublikarrak eta abertzaleak atxilotzeari ekin zioten. Baita bide bazter eta hilerrietan tiroz hiltzeari ere, batere motiborik gabe. Gure aitari ere iritsi behar zitzaion txanda, nonbait, baina erreketeen buru egiten zuena laguna zuen, eta ihesi joateko esan zion gure aitari, hilko zutela bestela. Eta alde egin behar, etxean emaztea eta lau seme utzita; 2 urte zituen txikienak, 7, berriz, zaharrenak. Eta eskerrak alde egin zuen! Hiru bider etorri ziren gurera aitaren bila! Gauaren erdian beti. Aita berriz, inguruan, Aiako herrian ezkutatuta egon zen lehenengo, baina, azkenean, Baztanera joan, eta Luis Iribarren lehengusu txikiak -erreketea zen- lagundu omen zion mugaraino. Handik, Sarara bidean, Anduitzeko bordan egon zen. Agure bat topatu omen zuen, haur ttiki bati kantatzen: Iruten ari nuzu... Beste iheslari asko ere baziren han, jakina. Joxemiel Barandiaran, Mentxaka -Gasteizko katedraleko kanonigoa-, On Pello Zubeldia lizartzarra, Bonifazio Etxegarai -Karmelo idazlearen anaia-, Langarika -Dalmazio ziklista famatuaren aita-, eta haurrak, haur asko, bizkaitarrak, aitak esaten zuenez.

Zuen aitak erbestetik idazten zizkizuen eskutitzen berri eman zenuen Erlea aldizkarian.

Aitak maiz idazten baitzigun! Ni oso ume nintzen, eta zer eta nola idazten zuen ez nuen ulertzen, baina pozgarriak zitzaizkigun aitak bidaltzen zizkigun postalak. Hemengoetan, Franco, Jose Antonio [Primo de Rivera], erreketeak, pelaioak... agertzen ziren. Hangoetan, animaliak, dantzariak, txistulariak, musikariak, zezenketak... Aitak bi postal bidaltzen zituen, bata bi anaia zaharrentzat, bestea bi txikiontzat. Baina haietan aldatuta ageri ziren gure izenak: Miguelito, Javiercho, Antonito eta Inacito ginen; «ilobak», ez semeak. Eta berak ere ezizen bat erabiltzen zuen: Magdalena Arraiet. Esan dut aita oso antzerkizalea zela, eta, beharbada horregatik, erraza egin zitzaion delako Magdalena horren paperean sartzea. Batean, etxekoandreak soineko berria egin ziola esanez idatziko zigun. Bestean, senargaia zuela eta ezkontzekotan zela... Horrelakoak. Gure amari idazten zion, baina «adiskide estimatua» esanez zuzentzen zitzaion, gaztelaniaz, postalak zentsuratuko ote zituzten beldurrez. Zioen familia baten haurrak zaintzen ari zela, neskame, baina, benetan, joan berritan harakin aritu zen Donibane Garazin, eta ondoren, berriz, egur-zerran Akizen. 1936ko azaroaren lehenean alde egin zuen, eta 1941eko apirilaren 21ean itzuli. Lehenago, alemanak Frantziara sartu ziren, eta hemendik hara ihesi joandako gazteak gerrara eramaten zituzten. Gure aitari ere deitu zioten, baina 45 urte beteak zituen eta, gainera, lau seme ere bai! Gure amak gu lauron argazkia bidali zion, guraso zela erakusteko, eta halaxe libratu zen Bigarren Mundu Gerrara joatetik.

Eta bitartean zuek Tolosan, amarekin. Ez zen erraza izango.

Oso garai zaila izan zen. Arrazionamendua indarrean jarri zuten: kartilla bat genuen, kupoiak mozten genituen handik erosketak egiteko. Behin, kartilla hartu eta Ibarrara bidali ninduten, Zelaiaren dendara. Azukrea, pezeta batena bakarrik saltzen zuten. Adibidez. Berdin tabakoa. Ahal zen moduan bizi zen jendea. Gure etxeko patioan hegazti asko izaten zen balkoietan. Nire anaia Xabierrek kukurruku egiteko zaletasuna zuen -orain ere badu-, eta kukurruku jotzen zuen edozein garaitan; berdin gauerdian! Xabierrek kukurruku jo, eta kukurruku eta kakaraka jartzen zituen patio hartako oilar-oilasko guztiak! Baina urte gogorrak izan ziren. Gure etxe ondoan bazen familia bat, euskaldunen eta euskararen etsaia. Aita erbestean genuela, leihoa zabaltzen zuten eta kantari hasten ziren, guk entzuteagatik: Laster etorriko da don Karlos gurea, karlistaz betea, eta tiro eta tiro eta tiro etsaiari, eta tiro eta tiro nazionalistari!!! Azken hitzak, eztarria behartuz. Haiek isiltzen zirenean, berriz, ama-semeok euskarazkoak kantatzen genituen, Uso zuria, Hara nun diran, Gernikako Arbola, Gora ta gora Euskadi... baina hau, Gora ta gora, isil-isilik, bestela bertan genuen salaketa! Gerratik edo kartzelan egonda etortzen zirenek kantatzen zutena ere kantatzen genuen: Kristorenak, Kristorenak gera, Kristorenak hartuta etorri gera...

Erbestean bost urte igaro eta itzuli zitzaizuen aita. Orduan zer?

Eta etorrita ere, kontuak. Erbestera joan aurretik bere osabarekin aritu zen lanean, harakin, baina erbestealditik etorri zenerako, osaba hark semea lanean hasia zuen, eta gure aitarentzako lanik ez! Eta, bestalde, isuna, ihesi joan zelako. 50.000 pezeta! Dirutza handia zen garai hartan. Gero, barkatu zioten, eta eskerrak: ez zuen pagatu beharrik izan. Maria Pilar Sansineneari 500.000 pezetako isuna jarri zioten, eta haren senar Jesus Elosegiri hogei mila durokoa. Luis Azkueri, 50.000koa. Pedro Arraizi, 45.000koa. On Migel Apeztegia Tolosako parrokiako apaizari, bi milakoa. Esaten da apaiz euskaldunek Francori lagundu ziotela, baina asko izan ziren aurpegia eman ziotenak, bateko Mateo Mujika, besteko Jose Ariztimuño Aitzol eta beste asko. Hil ere egin zituzten apaizak... Aita Iparraldetik etorri berritan, euskal festa egin zen Tolosan, falangisten ikur eta bandera artean. Zerkausian, herriko musika banda Gernikako arbola jotzen hasi zen, eta gure aita kantari! Laster etorri zitzaion bat, isiltzeko esanez: «Bestela, kartzelara sartuko haute!». Euskal kutsua zuen guztiaren aurka zeuden agintariak, eta herria ere bai. Francoren inguruko zerbait zenean, ardiak bezala, artaldean joaten ziren denak atzetik.

Horixe Tolosako giroa gerraondoan...

Gerra aurreko lana galduta ere, urte batzuetara beste harategi batean hasi zen, harakin. Behin, guardia zibilak etorri zitzaizkion: «Zer ari zara esaten txerri kontuak Francori buruz?». Eta aitak: «Egia da. Txerria hil eta atarian jarrita zeukala lapurtu egin diote Leaburuko Franco Iturriotzi!». Garai hartan beldurgarriak ziren guardia zibilak. Eskolara hasi ginenean, berriz, dena gaztelania zen. Are gehiago, «¡¡¡Habla en cristiano!!!», esaten ziguten. Kalean ere maiz entzuten zen hori... Eskolapioetan fraide gehienak nafarrak ziren. Ramon Labaien zenari entzun nion behin bilera batean esaten eskolapioek kalte handia egin ziotela euskarari Tolosan. Egia izango da. Gure aitak kontatu zigunez, Emeterio Arresek ere -tolosarra- gorroto zien eskolapioei. Arrazoia? Zigortzen zutenean lurrari muin ematera behartzen zutela. Arresek berak gure aitari esana da hori.

Zuek ere eskolapioetan ikasiko zenuten gero...

Bai, gure aitak bezalaxe. Apaiz edo irakasle gutxi ziren han euskaldunak. Baina, hala ere, euskaraz etxean behar du lehenengo. Eskolan gaztelaniaz zen dena, eta elizan, kantu asko, latinez. Baina gure etxean beti-beti euskaraz egiten zen dena. Hitz bat gaztelaniaz egin eta laster entzungo zen: «Euskaraz!». Eguberritan, Gabon egunean, haurrak ateratzen ziren, etxez etxe kantari, jaiotza hartuta. Haietako asko, buruan txapel gorria jantzita ateratzen ziren, Dale a la zambomba eta horrelakoak kantari. Gu artzain jantzita irteten ginen, buruan txapela, baina beltza edo urdina -ez gorria!-, euskarazko kantak kantatuz. Txapel gorria jantzita ibilitakoak Tolosan badira oraindik!

Idatziak dituzu zure oroitzapenak...

2010ean hasi nintzen idazten. Urteetan zehar izandako gorabeherak nolabait idazteko esan zidaten etxekoek, eta horixe egin nuen zenbait urtez. Nire bizia arrunta, xumea eta hutsa izan da. Nire trebezia idazten, berriz, hutsaren hurrengoa. Hala eta guztiz ere, zerbait idatzi dut, bai, baina etxekoentzat. Besterik ez bada ere, XXI. gizaldian bizi diren gazteei urteetan izan diren aldaketa era guztietakoak adierazteko.

Era guztietako aldaketak, diozu.

Nire ustez, aldaketarik handiena garbitasuna izan da. Duela 70 urte oso etxe gutxitan zeukaten dutxa. Asteburuetan, herriko bainuetxera joaten ginen, etxetik toaila eta xaboia hartuta; xaboia etxean egiten zen orduan! Jende asko joaten zen hara garbitzera. Inguruan garbitoki handi bat zuen, harraska askorekin, eta hantxe garbitzen zuten arropa emakumeek. Orduko garbitasun ezak bistakoak zituen ondorioak... Hango zorri eta arkakuso eta hango tximutxak! Ilunean etxeko sukaldera sartu, eta labezomorroak. Kalean, zenbait tokitan, arratoiak! Garbitasuna dela-eta, gogoan daukat nola etorri ziren arropa garbitzeko lehenengo garbigailuak ere. Geroago, irrati-telebistak...

Tolosako apustu kontuak ere kontatuak dituzu.

Bai. Bi gauza, behintzat, badira Tolosari berezitasuna eman diotenak: apustuak eta feriak. Esate baterako, garai batean astelehenero jendetza biltzen zen Justizia plazan. Baserritarrak menditik jaisten ziren beren abereak ekarriz, eta plaza guztia betetzen zuten. Esne-behiak, adibidez, errapeak esnez beteak ekartzen zituzten, dariola, jetzi gabe, esne iturri oparo zirela erakusteagatik. Hankabiko piztiaren jokaera ere aztertzekoa zen... Apustuak direla-eta, igandero zen zerbait: pilota, sega, aizkora, korrika... Tongoak ere izaten ziren, noski. Kontatzen zuten, behin, pilota partida jokatzen ari zirela, eta hogeitabana! Inork irabazi nahi ez. Egin du azken sakea batek, eta motz, arrastora iristen ez zela. Ekarri behar zuenak, berriz, botea egin aurretik jo airez, eta txapapera bota zuela. Partida galdu zuen -nahita-, baina galdu zuenak irabazi zuen dirua!

Zeure lanekoak ere kontatu dituzu, batera eta bestera egindako lan-bidaia eta ibilerak...

Alemaniako Winkler Dünnebier fabrikarentzat egin nuen lan, mekanikari, urte askoan, Anoetan. Hartan ari nintzela, behin Neuwied hirira joan ginen lanera; han zegoen enpresaren etxe nagusia. Hotelera heldu eta hiruzpalau gizonezko, garagardoz ondo aseak. Nongoak ginen galdetu ziguten. Guk ez genekien alemanez, baina itzultzailea genuen ondoan. Hark, euskaldunak ginela erantzun zien. Haietako batek, orduan: «Yo legion Condor. Bum!!! Gernika!». 1967ko martxoaren hasieran izan zen, gure hirugarren umea jaio aurreko hilabetean. «Yo legion Condor. Bum!!! Gernika!». Artean, frankistek Gernika abertzaleek erre zutela esaten zuten garaia zen.]]>
<![CDATA[«Askotan egon naiz galtzaileen aldean, baina ez ditut kausa guztiak galdu»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1923/034/001/2018-08-12/askotan_egon_naiz_galtzaileen_aldean_baina_ez_ditut_kausa_guztiak_galdu.htm Sun, 12 Aug 2018 00:00:00 +0200 Miel A. Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1923/034/001/2018-08-12/askotan_egon_naiz_galtzaileen_aldean_baina_ez_ditut_kausa_guztiak_galdu.htm Etxerat ezin joan ilundu artean,
egoten ohi dira zozoen elean
Jean Martin Hiribarren

1950eko hamarkada hartan, euskara baztertua zen hemen...

Ni Zornotzan jaio nintzen -Aldekoena baserrian maizter ginela-, herri eskolara joan nintzen -orduko eskola nazionalak, espainolak-, eta akordatzen naiz esaten zutela: «¡Ya vienen las aldeanas!» [Badatoz baserritarrak!]. Hori esaten zuten batzuek gaur egun zelanbaiteko errespetua diote euskarari, batzuek ikasi ere egin dute. Batxiler ikasten ari ginela, mojek esaten ziguten: «Señoritas, no hablen en vasco porque no van a tener facilidad de palabra en castellano» [Andereñoak, ez euskaraz berba egin, gaztelaniaz berba egiteko erraztasunik ez duzue-eta izango]. Euskara gutxiesten zuten, batetik, eta, bestetik, beldurra sartzen ziguten. Eskerrak, etxean bestelakoa genuen giroa. Amak beti esaten zigun: «Atetik barrura euskaraz». Ez zuen sermoirik egiten, baina horixe esan bai.

«Atetik barrura, euskaraz».

Bai. Bestalde, fraiderik ere bazen gure familian, eta eragina izan zuten etxean, gurera sartu ziren lehen aldizkariak Arantzazu eta Karmel izan ziren eta. Amak Enbeitaren bertsoak-eta irakurtzen zizkigun handik, eta kantatu ere egin izan genituen. Aita, berriz, beti ari zen lanean, fabrikan eta soroan -izugarri maite zuen lurra-, eta ez zuen gurekin denbora handirik ematen.

Zuenean bada gerra istorioa...

Aitaren familian hiru anaia ziren -gazteena zen aita-, eta gudari ibili ziren hirurak. Aita zauritu egin zuten Turtziozen... Ez zuen askorik kontatzen, beldurragatik, baina fabrikatik erretiratu zenean, gurekin denbora gehiago ematen hasi zenean, hasi zen gauzak kontatzen. Behin, egun pasa nora joan nahi ote zuen galdetu, eta: «Turtziozera joango nintzateke, ze han zauritu ninduten. Laredora eroan ninduten preso, eta handik Madrilera, trabajadoreetara». Horixe kontatzen zuen, askorik gabe, nahiz eta azken urteetan gehiago kontatzen hasi zen. Hil zen aurreko egunetara arte Eusko gudariak kantatzen zuen, kantatzen diren betiko estrofak eta gehiago... Amaren aldean, berriz, osaba hil zioten gerran, Mendatan. Otxandio batailoikoa zen, eta ia 80 urtean egon da hil zuten tokian lurperatuta. Noizbehinka, urteurrenarekin-eta, hil zuten tokira joaten ginen, eta Eusko gudariak kantatzen genuen; gurean, ia erlijioa zen hori kantatzea. Gauza da orain dela urte bi Aranzadirekin harremanetan jarri, eta amaren osabaren gorpuzkiak atera zituztela.

Nola zuen izena zuen amaren osaba horrek?

Pedro Uriguen Perea. Elgetan egon zen, Intxortan. Handik Markinara egin zuten, eta Mendatan harrapatu eta hil zituzten. Hainbat. Tartean, gure osaba, Marmiz auzoan. Biharamunean, inguruko baserrikoek hartu eta lurperatu egin zuten. Osabaren agiriak, berriz, gordeta eduki zituzten luzaro, beldurrez. Denborara, Zornotzako fraideetan entregatu zituzten agiri haiek. Eta, fraide haien artean, osabaren anaia bat! Deitura bera, Uriguen, eta laster ohartu ziren. Amamari esan zioten, joan ziren Mendatako baserrira, jarri zuten gurutzea, eta hantxe eduki dugu osaba Pedro, urteetan. Eta oraindik, nahiz eta gorpuzkiak handik atera dituzten, hantxe dago gurutzea! Baserrikoek ez dute kendu.

Noiz hasi zinen mundu honetara akordatzen?

Eubako pasiotarren eskutik bilerak egiten hasi ginen, dantzan, antzerkian... Aita Martzel Andrinua, Aita Eleuterio Larruskain... oso euskaltzaleak ziren, eta euskaltasuna erakutsi ziguten. Geroago etorri ziren Ez Dok Amairu, Rikardo Arregi, alfabetatzea... 68ko Parisaren hotsak ere heldu zitzaizkigun, feminismoa... Nahasita heldu zen dena. Esate baterako, euskararen kezka bizi genuen, eta, behin, alfabetatze ikastaroan eman nuen izena. Juan Antonio Aroma eta Kristina Mardaras izan nituen lehen irakasleak. Ikastaroa egin, eta irakasle nintzen hurrengo urtean! Premia zegoen! Orain pentsatzen jarri, eta jakin nahiko nuke zer erakutsi ote nuen, hain gutxi jakinda.

Batzuek ikasi zuten, horratik.

Akordatzen naiz Jose Anjel izena zuen mutiko bat -mutiko bat zen-eta orduan-, etorri zela alfabetatzera, beste batzuekin batera. Nik koaderno txiki batean idatzita eramaten nuen irakatsi beharrekoa -nominatiboa, ergatiboa, datiboa...-, baina laster konturatu nintzen Jose Anjel hark nik baino arinago ikasten zituela gauzak, eta idatzi ere nik baino hobeto idazten zuela. Giro hartan, Juan Antoniok [Aroma] idaztera animatu gintuen, Zeruko Argia-n, Anaitasuna-n... Horrela, 1974an, Zeruko Argia-k gehigarri berezi bat atera zuen, eta bertan argitaratu genituen lanok Juan Antoniok, Joserra Azkorbebeitiak, Jose Anjel hark -idazle handi, gerora-, eta laurok.

1975ean hil zen diktadorea, ateak irekitzen hasi ziren, alderdi politikoak eratzen...

Horretan ere ibili ginen, formazio eta informazio larregi barik, baina ibili ginen hor ere. Mugimendua zen. Antolatu bai, antolatzen ginen, baina gauzak egiteko. Oraingo egunetik begiratu eta zenbat ordu eman ote genituen mezuak idazten, kartelak egiten, kartelak ipintzen! Ez naiz egindakoaz damutzen, baina zenbat gauza egin genituen, eta zein formazio gutxi jaso genuen. Hobe genuen ordu horietako batzuk geure buruak formatzen eman izan bagenitu. Baina klandestinitatea zen, ezkutuan genbiltzan, gauza asko egin behar ziren. Eta, benetan, egin behar ziren!

ETAren borroka armatuaren garaia zen.

Bai, eta askok bezala, «Gora ETA» esan nuen, askotan. Egiten ari zirena ondo zegoela pentsatzen nuen. HASIko militante nintzen, eta kongresua egin zenean -40 urte bete dira joan den maiatzean-, eztabaida handia izan zen borroka armatuaren inguruan. Gu kontra ginen, eztabaida galdu genuen, eta han lekurik ez genuela gelditu ginen. Ez dakit bota gintuzten, edo geure kabuz joan ginen. Sektarismo itzela zegoen denbora hartan. Harrezkero, beste modu batera ikusi nituen gauzak eta ETA. Beste bide bat hartu behar zela pentsatzen hasi nintzen; bat egin nuen bakearen aldeko mugimenduekin.

Euskadiko Ezkerran izan zinen gero.

Bai. Ni beti galtzaileekin. Lagun batek esaten dit: «Ez naiz inoiz zu zauden alderdikoa izango, ze behin ere ez duzu irabazten». Irabazi ez, nik beti galdu! Euskadiko Ezkerran ere galtzaile izan ginen, eta ez dakit orduan ere bota gintuzten, edo joan ginen.

Euskadiko Ezkerrako kide zineten, baina ETAko kidea gorde zenuten etxean. Zure ikasle Jose Anjel hura.

Udal hauteskundeak ziren, eta papertxoak gutunetan sartzen laguntzen zigun! Gau batean esan zidan: «Zerrenda ona daukazue!». Bai, gu Euskadiko Ezkerrakoak, ETAko militantea etxean ezkutatuta, hauteskundeetako propaganda prestatzen... Ideologikoki bat ez etorri arren, Jose Anjel hura laguna zen, laguna izan da beti. Hala ere, zelako beldurra pasatzen nuen gauetan! Aurretik, 1975eko salbuespen egoeran atxilotuta egon nintzen, eta torturatua, eta Jose Anjel hark galdetzen zidan: «Horrenbestekoa da tortura?». Eta nik: «Tortura jaso arte ezin asma dezakezu». Esate baterako, orduko militanteok bagenuen liburuxka bat: «Atxilotze kasuetarako segurtasun arauak», zioen. Eta, hain zuzen, liburuxka huraxe harrapatu zidaten guardia zibilek atxilotu nindutenean, eta esan zidan Hidalgo kapitainak [Manuel Hidalgo Salas]: «Oraintxe ikusiko duzu zertan diren zure segurtasun arauak!». Eta tortura!

«Hainbestekoa da tortura?», gazte haren galdera, nirea.

«Izarrak ikusi», esamolde bat zelakoan nengoen, baina Hidalgoren lehen kolpea jaso orduko hasi nintzen izarrak ikusten. Belarritakoekin batera jausi nintzen lurrera. Torturatzen zaituztenean benetan ikusten dira izarrak. Handik urte gutxira, Jose Anjel etxean gordeta geneukala, gauean igogailuaren zarata entzuten nuenean, «Badatoz!», pentsatzen nuen. Beldur ikaragarria neukan, mutil harengatik, eta neuregatik. Ile luzea erabili ohi nuen garai hartan, eta guardia zibilen kuartelera joateko deitu zidatenean, ilea moztu nuen lehenengo gauza. Uztaritzen ginen, Udako Euskal Unibertsitatean, eta ile-apaindegira joan eta ilea moztu nuen, motz! Kuartelera sartu eta: «Hara, halako ilaje ederra zenuena, eta moztu egin duzu!». Soilguneak ditut oraindik! Kirofanoa egin zidaten. «Oraintxe ikusiko duzu zer den kirofanoa, zuzen-zuzenean!». Propaganda aurkitu zidaten, hiru ale ezberdin, eta propagandok niregana nondik heldu ziren jakin arte, ez zuten onik izan. Zornotzako kuartelean nindukaten, eta guardia zibilak artatzera etortzen zen praktikantea etorri zitzaidanean, esan nion: «Anjel, esan mundu guztiari hemen nagoela!». «Bai, bai, festetan gaude eta herri guztiak daki». Nire kontaktuak jakin zezan nahi nuen, eroriko gehiago izan ez zedin. Azkenean, gehiago ezin jasanda, haren izena esan nuen, eta kuartelera ekarri zutenean, haren orroak...! Kontua da Jose Anjel ere harrapatu egin zutela 1980an, eta artikulu bat idatzi zuen egunkarian, berari egin zizkiotenak kontatuz. Izugarria...

Enpresa bateko langile, euskara irakaslea, militantea, ama... Hainbat buru estali ditu zure txapelak!

Gure belaunaldiak batera egin ditu lan guztiak. Eta ez diot neure buruari dominarik jarri nahi. Ni fabrikan hasi nintzen lanean. Gero egin nituen irakasle ikasketak, eta, geroago, psikopedagogiakoak. Fabrikan ari nintzen garaian, umea izan eta etxekoandre egiten ziren emakumeak. Fabrikak, gainera, dotea eman zuen, dirua, lan egindako urteen arabera. Nik ez nuen dote hura hartu nahi izan. Ordurako irakurrita neukan Simone de Beauvoir; independentzia ekonomikoaz zioena. Gogoan neukan. Nik, umea izan, doteari uko egin eta lanean segitu nuen, eta ama txarra izateari buruz ziotena entzun!

Hori ere bai?

Bai, bai, zaila izan zen. Orain pozik nago, baina orduan zaila izan zen. Mugimendu feminista abortuaren alde ari zen, antisorgailuak Iparraldetik ekartzen genituen garaia zen... Gure garaiko kontuak dira, nahiz eta gazteei istorioak iruditu. Behin irakurri nion bati zorte horixe izan dugula, hainbeste aldaketa ikusiko dituen belaunaldi askorik ez dela izango. Egongo da gero ere, baina egia da aldaketa handiak ikusi ditugula. Elizaren itzala eta! Diktadura politikoa, eta elizarena! Bateko bekatua eta besteko herstura!

Dantza munduan ere ibili zinen, dantzak berreskuratzen, nonbait.

Momentu hartan, Euskadiko Ezkerran nintzen, biltzar ttipikoa. Hauteskunde kanpaina egina genuen, lan handia, borondatetsu, zeharo konbentzituta, eta, ondoren, bota egin gintuzten biltzar ttipiko guztiak, banan-banan! Orduan bai, txarto gelditu nintzen, guztiz jota, eta neure buruari agindu nion ez nintzela sekula alderdi politiko batean berriz sartuko. Garai berean, herriko Kriskitin dantza taldea ahul xamar zegoen, eta Jose Antoniok [Aroma] laguntzeko eskatu zidan. «Baina nik ez dakit ezer dantzen gainean!» esan nion, eta hark: «Sustapenean lagundu ahal diguzu». Horixe izan da dantzari egin diodan ekarpentxoa! Behin, Jose Julian Bakedanok kalean esan zidana: «Marisa, azken erromantikoak gara!». «Zer esan gura duzu?». «Zer edo zer behar dugula beti. Zuk, oraintxe, dantza taldea topatu duzu», Bakedanok.

Kausa galdu guztien aldekoa omen zaitugu.

Edo kausa guztiak galtzen ditut! Kar, kar... Baina ez! Joan den irailean Wallmapun [Txile] izan nintzen, maputxeen artean, Garabidek gonbidaturik, euskara irakasteko erabiltzen diren metodologiez hizketan. Gure ibilbidea azaldu nien, gabezia handiak izan arren, zelan ikasi zuen jendeak euskaraz, ikasi egin zuten eta! Orduan, pentsatu nuen ez ditudala kausa guztiak galdu, jendeak euskaraz ikasi zuen-eta, baliabide gutxirekin ere! Maputxeei esan nien eskolaz kanpo ere hainbat gauza egiten genituela, aldizkarietan parte hartu eta bultzatzen genituela. Eta gure eskualdeko Anboto aldizkaria erakutsi nien, eta BERRIA. Horixe esan nien, Anboto txiki bat egin zezaketela. Eta, irailetik hona, egin dute! Maiatzaren 15ean, txio bat jaso nuen Wallmapun ikasle izandako batek idatzita: «Marisa, lortu dugu. Kazeta bat dugu maputxeen hizkuntzan bakarrik. Eskerrik asko bihotz ematearren. Besarkada bat, distantziatik». Askotan egon naiz galtzaileen aldean, baina ez ditut kausa guztiak galdu. Dena ez dugu galdu, eta esan dizut, gu hasi ginenean baino euskaldunagoa da Durango. Eta gu hasi ginenean baino gehiago gara orain feministak.

Bistan da.

Zoroak ginela esaten ziguten, zoroak eta itsusiak. Entzun beharra izaten genuen. Aurten, Martxoaren 8an, ikustekoa izan da: zenbat gazte, neska politak, indarrez beteak. Bestalde, garai batean oso sektarioak ginen. Orain, hiru talde feminista gara herrian, bakoitzak bere egitekoak ditu, eta batu behar denean, hortxe gara hirurok plataforman, arazo barik. Ahizpatasun zoragarria dugu. Beraz, zerbait lortu dugu!]]>
<![CDATA[«Ahozkoa zaleen esku eta belarrietara irispidean jarri nahiko nuke»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1923/034/001/2018-08-05/ahozkoa_zaleen_esku_eta_belarrietara_irispidean_jarri_nahiko_nuke.htm Sun, 05 Aug 2018 00:00:00 +0200 Miel A. Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1923/034/001/2018-08-05/ahozkoa_zaleen_esku_eta_belarrietara_irispidean_jarri_nahiko_nuke.htm Etxerat ezin joan ilundu artean,
egoten ohi dira zozoen elean
Jean Martin Hiribarren

Doktore tesia ez duzu argitaratu zaharra: Euskal baladak: azterketa eta edizio kritikoa (Labayru eta BBK fundazioak). Zortziehuna orrialdeko bi liburuki trinko. Harako hark bere liburuari izena eman zion moduan, lan hauxe ote duzu zuk ere «ondasun guztia»?

Ez, ez, nire ondasun guztia ez. Bai, hala ere, garai jakin bateko ondasuna. Balada da, berez, ahozko literaturaren generorik aberatsena. Nik genero hori oinarri hartu eta euskal baladategia finkatu nahi izan dut; balada den-denak ez badira ere, asko, behintzat, finkatu. Horretan ibili naiz, ez horretan bakarrik, baina horretan batez ere, hainbat eta hainbat urtetan...

Oraingo egunean, unibertsitate ikasketak burutu orduko ari da ikasle asko tesia egiten, aski gazterik.

Jendea, praktikoa denez gero, tesia egiten hasiz gero, tesia besterik ez du egiten. Ni, berriz, tesia egin beharra izan arren, tesia ez beste gainerako gauza guztiak egiten ibili naiz. Eta hori nork bere teilatura harrika egitea da. Kontua da, nire tesi hau egitekotan, ikerketa lanaz gainera, ikergaiak berak ere topatu behar izan ditudala, eta horixe izan dut lanik zailena. Izan ere, ikergaiak aurkitzea kantutegiak aurkitzea da, argitaratu gabeko kantu kaierak argitara ekartzea, argitaratu gabeko oinarria, bilketako lehen dokumentu hori, aurkitzea. Sukaldera sartu eta entsalada prestatu ez ezik, ortura joan eta urazak hartu behar izan ditut, eta tomateak, eta tipula... Argitaragabeko hainbat testu aurkitu ditut Euskal Herrian han eta hemen ibili eta gero, eta asko kostatu zait hori!

Non eta non ibili zara bila?

Liburutegietan. Baina haietan ere ez da erraz ezer aurkitzea. Esate baterako, [Resurreccion Maria] Azkuek bildutako balada gehienak Euskaltzaindiaren egoitzan daude. Kasu horretan, bertara joan eta banan-banan aztertu dut haren materiala. Erraza da hori. Aita Donostiarenak biltzea, berriz, nekeago izan zitzaidan, Iruñera joan beharra izan nuelako, kaputxinoen bibliotekara, eta, bestalde, haren lanak inbentariatu gabe zeudelako. Beraz, material guzti-guztia ikusi behar izan nuen, Aita Donostiak osatutako bildumatxo guztiak! Hala ere, hori egitea oso inportantea izan zen, Urtsuako balada aurkitu nuelako han, adibidez. Iparraldeko zenbait balada, berriz, Baionako liburutegian aurkitu nituen. Horretarako, baina, [Louis] Dassanceren fondoa ikusi behar izan nuen -bederatzi karpeta-, eta haietan, Dassanceren lanak ez ezik, besterik zer zegoen ere ikusi behar izan nuen.

Bateko eta besteko bibliotekan, bila, zer aurkituko zu.

Eta han-hemengo biblioteketara ez ezik, bilduma partikularretara ere jo behar izan dut, eta horixe kostatu zait gehien: kontaktuak egin, truke modukoak eskaini... eta ni tratante ona ez naiz inoiz izan! Nire kasuan kontua ez da izan bibliografia jakin bat bildu, hura aztertu, eta ikerketa egitea. Ez. Ni ez naiz horretara mugatu. Testu argitaragabeak argitara ekartzera jo dut. Argitaratuak, berriz, aberastu nahi izan ditut, argitaragabeen bidez. Eta hori ere asko kostatu zait. Azkenik, argitaratutakoaren jatorrizko dokumentua ere ikusi nahi izan nuen. Esate baterako, Azkuek Euskalerriaren Yakintza-n edo bere kantutegian ematen dituen dozenatik gorako baladen eskuizkribuak ere bildu nahi izan nituen. Hasiera-hasieratik denak eskueran eta helmenean izan banitu, askoz lehenago egingo nuen tesia. Eperra kozinatu nahi izan dut, baina, lehenago, eperra bera ere ehizatu!

Argitaratzen hasi zinen garaian berean lotu zintzaizkion zu tesi honen harroina jartzeari.

1998an edo argitaratu nuen nire lehen lana. Antonio Zavalak Euskal erromantzeak bere lana argitaratu eta handik urte bira edo. Ahozkotasunari zegokion edozein genero edo edozein pieza argitaratzen hasi nintzen. Hiru-lau gauzaren gainean egin nezakeen tesia, ahozko generoari lotutakoak denak ere, baina bata bestetik ezberdinak. Gehien idatzia nuen generoa balada zen. Zailena ere bazen, ordea -horixe ez zuen bere alde-, eta horixe egitea erabaki nuen. Gaur egun, tesia egiteko epeak daude, eta hori da gauza bat txarra, baina ona ere bai, aldi berean, ze horrek esan nahi du amesgaiztoak izango dituzula, baina egun jakin bat arte. Egun jakin hartatik kanpora amesgaizto hori ez duzu izango. Beharbada, txarragorik izango duzu -ez da erraza izaten txarragorik aurkitzen-, baina tesiari lotutakorik, behintzat, ez. Nik ere epe baten arabera jokatu nuen, eta, azkenean, atera zena atera zen! Horixe nire istorioa.

Zergatik jo zenuen hasieratik ahozkotasuna ikertzera?

Hurbilekoa nuelako. Gramatikalari teorikoentzat, hizkuntza kontuak lege hotz eta zurrunetara makurtzen dira. Beste batzuek, hizkuntza barru-barrutik bizi dugunok, gu geu ere hizkuntza garela sinesten dugun neurrian, oso barruan daramagu ahozkotasuna. Eta, ahozkotasun horren barruan, are barrurago daramatzagu zenbait genero jakin. Bide horretatik hasita, gauza izango ote nintzen kezka izan nuen, baina zenbait gauza aurkitu nituen, eta aurkikundeak berak amets egitera eraman ninduen; esan nahi dut, bideak urrunago joateko aukerarik emango ote zidan ikustera. Horretan ibili naiz, apurka-apurka. Konturatu naiz gauza onak ere izan direla bidean: azken hogei urte honetan ia inork ez du gai honen gainean ezer idatzi. Madrildik, esate baterako, oso gauza onak idazten zituen Jesus Antonio Cidek, baina, gainerakoan, ahozko hainbat genero umezurtz zeuden. Hemen argitaratu ohi ziren lanak ezagutzen nituen, baina aurkikunde handirik ez zegoen haietan. Ez dakit, bada...! Aurkikundeak halako lilura sortzen du norberarengan, batzuetan pentsatzen dut norberarengan beste inorengan ez duela sortzen lilurarik, ez ote naizen friki xamarra, alegia, arrasto arruntetik urrun bizi den izaki estralurtarra.

Gaiaren lilurak berak liluratuta egin dut bidea.

Ahozko literaturaren gordailu biziak ezagutu dituzu. Zenbait, bederen. Hilak dira, lekukorik ez da bizirik gaur egun.

1980ko hamarkadan era bateko eta besteko grabaketak egiten ibili nintzen: kontakizunak, sehaska kantak, kopla zaharrak... bildu nituen. Baina balada zen generorik aberatsena. Baladaren mundua, kantu narratiboarena, konta-poesiarena, eten egin da, hautsi. Azkeneko baladak 1980ko hamarkadan bildu ziren; Bizkaian, batez ere, nahiz eta ez Bizkaian bakarrik. Boni Urkizu apaizak bi balada pusketa, bi zati eder, bildu zituen Oiartzunen. Antonio Zavala 1955-56an hasi zen Auspoako materiala biltzen, eta dio 1967an bildu zuela berak balada eredu bakarra, Urtsuakoa, eta nahiko txarra; esan nahi dut, osatu gabea, laburra, istorio osoa kontatzen ez zuena. Eta baladan oso inportantea da istorioa osorik kontatzea, edo gehiena, behintzat, istorioari itxura edo gorputza ematen dion osotasuna. Nik, ahozko eredu berrietan saiatzea baino, argitaratutakoa finkatu behar nuela jabetu nintzen, finkatu eta, ahal bazen, osatu, gehitu eta ugaritu. Balada berriak aurkitu ahal banitu, hobeto, jakina. Horretan ibili naiz, beraz: ezagunak zaizkigun balada ereduak finkatzen, eskuizkribua -baldin badago-, zehazten, eta, eskuizkribu berriak aurkitzen. Kasu batzuetan lortu dut; askotan. Askotan, balada beraren eredu guztien eskuidatziak lortu ditut. Are gehiago, eskuidatzi zahar gehiago ere lortu ditut.

Brodatzen ari nintzen.

Esate baterako, Azkuek ahapaldi bakarra bildu zuen, eta, nik, eskuidatzi bidez, ahapaldi bakar hori ez, eredu osoa ekarri dut! Eta Zavalak argitaratu zituen baladen eredu primigenio guztiak ere, jatorrizkoak, bildu ditut. Kasu batzuetan, beraz, asko osatu dut bestek egindako lana. Nire helburua izan da dagoena, edo ezagutzen duguna, zehaztea lehen bilketako eskuidatziaren bidez, eta, ahal bada, aberastea, ugaritzea edo eredu berriak ematea. Izan ere, eredu berriak emanez hobeto ulertzen da ezagutzen dugun hori. Horixe du ahozkotasunak: gai beraren gainean aldaerak daudela, eta aldaera batzuk osoagoak direla beste batzuk baino! Esate baterako, Brodatzen ari nintzen dela-eta, hamabost eta hamasei ahapaldiko aldaerak ezagutzen genituen. Nik, hogeita bateko bat aurkitu nuen! Hogeita bateko bat aurkiturik, hiru-lau ahapalditan beste zerbait kontatzen dela jakina da, gainerakoetan kontatzen ez dena, eta horrek asko aberasten du ordura artekoa. Horretan ahalegindu naiz, daukaguna finkatzen eta, ahal bada, aberasten, baina ez oraingo ahozko tradizioaren bidez, ezpada kaier zaharretako dokumentuen bidez.

Maitemin baten istorioa dirudi.

Zerbait berri aurkitzen duzunean, poza izaten duzu. Kaliforniara joan ziren urre bilatzailearen istorioa da, ezta? Etxera joateko garaian zeudela urre pipita bat aurkitu, eta kanpamenduan denbora gehiago geratuko zirela pentsatzen dut. Halako zerbait gertatu zait niri. Ezer aurkitzen ez duzula eta «Ene! Lana bertan behera utzi beharko dut» pentsatzen duzu. Aldiz, aurkikunde bat egiten duzunean, bultzagarria duzu, poza, edo lanean jarraitzeko arrazoia.

Zer dakarkio baladak euskarari?

Balada bat istorio bat da, bertsoz kontatua. Hizkuntzak bere indarrik handiena baladetan erakusten duela uste dut. Esaldirik ederrenak, urragarrienak, indartsuenak, onenak, baladetan daude, edo zenbait kantu zaharretan. Horregatik, esate baterako, Orixe batek bere Euskaldunak egiten duenean, Bereterretxe sartzen du bere lanean, edo beste baladaren bat. Baladek indar aparteko bat dute. Zaila da hori hitzez adierazten, balada bera entzun ezik. Balada bera da horren erakuslerik behinena. Luis Villasantek, adibidez, nahiz eta Axularren prosa aztertzetik ezagutzen dugun gehienbat, baladei ere begiratu zien, eta esaten du, ahozko generoen artean, balada dela izarra, generorik inportanteena. Eta hori, autore euskaldunen artean, Aita Villasanteri beste inori ez diot irakurri. Esanguratsua da, ezta?

Antonio Zavala aipatu diguzu lehenago, haren balada bilduma.

1998an publikatu zuen, baina hamar, hamabost urte lehenago egina zeukan. Ordurako, hiltzat zeukan generoa. Zioen balada bakarra aurkitu zuela, eta oso txarra. 1980ko hamarkadan, harrigarriro, hainbat eredu aurkitu ziren Bizkaian, batez ere, eta Idatz & Mintz-en argitaratu ziren. Brodatzen ari nintzen-en bi bertsio, Testamentuarena-ren beste bi edo hiru, Neska ontziratuarena-ren besteren bat... Hamar bat eredu berri aurkitu ziren. Ez dakit hura ez ote zen izan zisnearen edo beltxargaren azken kantu bezalako zerbait. Oso gauza arraroa. Lekukoak 80 urtetik gorako atso-agureak ziren, baladak mendearen hasieran, umetan, ikasitakoak. XX. mende hasierako gomuta zuten, burua freskatu zuten nolabait, eta kantatu zituzten baladak. Bizkaian, batez ere. Iparraldean bada bat, Etxera itzuli soldadua, 1980ko hamarkadan Bidarraiko bati baten batek bildu ziona. Gehienbat, ordea, ahozko bilketarik ez dago. Nik ezagutzen dudanik!

Hizkuntza garela esan diguzu arestian.

Neurri batean, oroitzapenak, bizipenak... hizkuntza jakin bati lotuak ditugu, gehienbat. Umetan kontatzen eta kantatzen zizkigutenak, adibidez, hizkuntza jakin batean jaso genituen. Hizkuntza bat bestea baino hurrago izaten dugu, ama hizkuntza pertsonalagoa, intimoagoa delako. Horregatik diot hizkuntza ere bagarela. Hizkuntza ez da, bakarrik, hiztegietan dagoen zerbait. Hizkuntza da mundu oso bat bakoitzarengan modu jakin batean islatzen duen entitatea.

Zer jaso zenuen zuk zeure etxean, Markinako Maria Ugartekoaren edo Antxia dorrean...

Esaera zaharrak, asko. Bai aitak eta bai amak esaten zituzten. Hogeita hamarren bat esaera zahar normal-normal esaten zituzten gure guraso biek. Esapideen mundua, berriz, itsaso zabalagoa da. Esate baterako, inoiz entzun gabeko hauxe entzun nion amari duela hamar urte ere ez direla: «Gatza loratuko da ni hara berriro joan orduko!». Alegia, «Ni ez naiz hara inoiz joango» esan nahi du horrek. Esapide horixe inork inon esaten ote zuen begira ibili nintzen, eta Garibairen errefrauetan ikusi nuen! Beste inon ez! Gatza loratzea inposible bat da, gertatu ezin dena da. «Lehenago loratuko da gatza ni hara joan baino». Eta gatza sekula ez da loratzen. Horrelakoak, asko gure etxean!

Ahozko literaturaren ederra!

Baten-batentzat ahozko literatura da ezertarako balio ez duen gauza guztien suma edo konpendioa: esaera zaharrak, kopla zaharragoak, lo kanta txatxuak, balada zentzugabe edo odoltsuak... Beste batentzat, berriz, ahozko literatura mundu oso bat izan liteke, edozein generotan ere. Esate baterako, amodiozko kantuek, berek bakarrik, mundu oso bat osatzen dute. Amodiozko kantuen mundua edozein hizkuntzatan ematen da, amodioa edozein hizkuntzan den moduan. Poesiarik autentikoena da ahozko literatura, benetakoena. Poeta batzuk badira beren buruarekin beste inorekin ibiltzen ez direnak, gauza hermetikoak idazten dituztenak, idazten ari diren momentuan, bakarrik, beren poesia ulertzen dutenak, hurrengo egunean eurak ere ez baitira gauza idatzi dutena ulertzeko! Ahozko poesia, berriz, da poesiarik inteligibleena, ulergarriena. Mundu guztiak ulertzen du, mundu guztiak kantatzen du, eta, horrexegatik, mundu guztiak du bere. Horixe da, gain-gainetik esanda, ahozko poesia.

Ahozko literaturaren ikerlari izan ez bazina, zer ote zintezkeen?

Ez dakit. Eta ez dakit ahozko literaturaren ikerlari ote naizen ere. Badakit ahozko literatura asko gustatzen zaidala, eta badakit, era berean, ahozkoaren ikerlari ez ezik, ezagutarazle eta argitaratzaile ere izan nahiko nukeela, ahozko literaturari halako zabalkunde bat eman nahi diona izan: paper zaharretatik aparte, neurri bateko irakurle, entzule eta zaleen esku eta belarrietara ahozko literatura irispidean jartzen duena. Irispidean. Eta ikerlari izan ez banintz... Denbora apur bat daukagunean gustuko dugun zerbait irakurtzea gustatzen zaigu. Askotan, ikerketa gogortxoak egiten ibili gara, irakurketari orduak kenduta, baina ni irakurle profesionala izango nintzateke. Kur, kur... «Hilean hogei liburu irakurtzen badituzu, soldata osoa jasoko duzu!». Kasu horretan, irakurle izango nintzateke, eta besterik ez. Kur, kur...]]>
<![CDATA[«Argi izan behar dugu zer den boterea, eta zer inpunitate daukan!»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1923/034/001/2018-07-29/argi_izan_behar_dugu_zer_den_boterea_eta_zer_inpunitate_daukan.htm Sun, 29 Jul 2018 00:00:00 +0200 Miel A. Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1923/034/001/2018-07-29/argi_izan_behar_dugu_zer_den_boterea_eta_zer_inpunitate_daukan.htm
egoten ohi dira zozoen elean

Jean Martin Hiribarren

Kezka ematen dizu jendaurrean agertzeak…

Hedabideetan agertzeak, bai. Ni pertsona arrunta naiz... Pudorea izango da.

Eman dezagun militantea pertsona arrunta dela. Politikaria ez da pertsona arrunta?

Politikariak «behi sakratuak» dira!

Zein izan zenuen lehenengo militantzia?

Lehenengoa, hogeiren bat urte nituela, Durangon, orduko gazte mugimenduan. Gazteria Independente Katolikoa zela uste dut. Ekintza Katolikoko adarra. Emakume bat etorri zitzaidan, hara biltzeko. Gurutze Arregi zen, pertsona berezia Durangon, oso zen aurrerakoia. Behin, Bilbora joan ginen, Maiatzaren Leheneko manifara. Ordu arte, behin ere ez nuen manifestazio bat ikusi. Bilbora joan, eta gris bat [polizia armatua] emakume bat jotzen! Eta berarengana joan nintzen: «Zergatik ari zara emakume hori jotzen? Ez dizu ezer egin eta!». Kar, kar... Hartu ninduen, eta furgonetara. Indautxuko polizia etxean pasatu nuen gaua. Huraxe lehenengo esperientzia.

Indautxuko polizia etxea beti. Jende asko torturatu dute han.

Ez da nire kasua. Ni hurrengo egunean irten nintzen. Polizia famatuak ziren tartean. Criado eta Escobar. Galdezka hasi zitzaizkidan, ezagutzen nuen jendeari buruz. Apaizak, batez ere. Apaiz euskaldunak eta borrokalariak Iurretan eta inguruan: Julen Kaltzada, Alberto Gabika [Gabikagojeaskoa], Periko Berrio [Berrioategortua]... «Bego, hau ez da txantxetakoa!», pentsatu nuen. «Ez dut apaizik ezagutzen, utzi nion mezatara joateari!», esan nien. Libre irten nintzen.

Zer egiten zuen orduko gazte mugimendu hark?

Adibidez, ebanjelioa aztertu, baina ordu arte ez bezala. Nik mojen ikastetxean ikasi nuen. Haiek modu batera sartu ziguten erlijioa, eta gazte mugimenduan, berriz, beste era batera. Dena dela, ordurako utzia nion sinesteari. Itzarriz joan nintzen eran galdu nuen fedea. Aldi berean, klandestinitatean zebilen jendea ezagutu nuen, benetakoak, mundua aldatu nahi zutenak, baina ez errezoen bidez, edo Jainkoaren bidetik. Jende konprometitua zen, ez zen gauza arrunta, eta haien giroaz maitemindu nintzen.

Nor eta nor ziren klandestinitatean garai hartan?

Ez dizut esango... Ez dut demokrazia honetan sinesten.

1960ko hamarkada amaierako kontuak kontatzen ari gara.

Burgosko prozesua baino lehenagokoak. Ordurako etxetik alde egina nintzen. Hala ere, primeran nengoen etxean. Pribilegioa zen guraso haiek izatea. Oso aurrerakoia nuen ama. Etxetik joan nahi nuela esan nuen, bizimodua aldatu, taldean bizi, tribuan, eta amak baietz esan zuen. Eta aitak —Ignazio zuen izena—, onartu, jakina. Txarto pasatu zuten, ez zutelako ulertzen zelan nahi nuen etxetik joan. Eta egia da, askatasun giroan bizi nintzen etxean, emakumeak ohi zituen mugarik ez nuen inoiz izan, ez nintzen neba baino gutxiago... Askatasun osoa nuen, amak berak ere gorriak ikusiak zituelako. Gaztetan, erbestera joan behar izan zuen gurasoekin. Kontatzen zuen: «Bego, gure garaian, etorri zen apaiz ehun kiloko bat Harriaundira, Iurretara, eta han hasi zen garrasika pulpitutik: 'Infernua!'. Dena zegoen galarazita, dena zen txarto egina... Nik ez dut horrelakorik nahi zuentzat. Askatasuna da handiena, baina zeuk jakingo duzu zer egiten duzun askatasun horrekin».

Nola zuen izena amak?

Miren Erdoiza, Iurretako Matxinena baserrikoa. Familia handia bizi izan zen han. Gerran erbestera joan zirela baino ez dakit, ez zuen-eta ezer kontatzen. Durangoko batzokia, adibidez, gure amama Monika Uribarrenak zuzentzen zuen... Erbestera joan, eta hiru urte egon zen han aitaita. Amama Durangora etorri zen, seme-alabak hartuta. Esan dizut, hala ere, ez zuten ezer kontatzen, nagusitan jakin ditut kontuok.

Dakidanez, Bilbo aldean ibili zinen garai batean.

Klandestinitatean... Bitartean, jatetxe batean egiten nuen lan, ontziak garbitzen, goiz partean, bizi ahal izateko dirua irabaziz. Gainerakoan, klandestinitateko lana. Esate baterako, oso aktibo egin genuen lan Burgosko prozesuaren garaian. «Kalea gurea da!», esaten zidan lagun batek, eta egia zen. Gazte erromantikoak ginen, mundua aldatu behar genuen, errotik gora! Horretan sinesten genuen.

Klandestinitatean zertzuk egiten zenituzten ez duzu esaten.

Ez dudalako demokrazia honetan sinesten. «Adierazpen askatasuna», gezurra! Klandestinitatea oso garai aberasgarria izan zen, ezagutu nuen jendeagatik, jaso nuen errespetuagatik, denagatik. Orduko militanteak lagun minak ginen, eta gaur egun ere bateko edo besteko manifan elkar ikusi eta bere horretan irauten dute sentimenduek. Batak bestea maite dugu... Garai gogorra zen, beldurra... Hantxe jantzi eta moldatu zen nire burua. «Mundua aldatuko dugu!», esaten genuen lehenago, baina ez zela gauza erraza konturatu ginen. Boterea zer zen ikusi genuen, zein bortitza den, noraino heltzeko gauza den, senide eta lagunen torturak... Marlaskak esaten duen zera hori eta! «Egia judiziala». Herri honetan inork ez du horretan sinesten... Orduantxe konturatu nintzen hura ez zela jolasa. Maiteminduta nengoen Pantera Beltzez, Angela Davisez eta bestez. Orain Pantera txuria naiz! Kur, kur... eta harro nago! Kur, kur... Kartzelen kontrako feminismoan segitzen dut orain. Horretaz idatzia da Angela Davis. Nire ustetan, kartzela da instituziorik bortitzena, espetxea, eta horrixe ematen diot nire denboraren zati bat oraintxe ere.

Burgosko prozesu garaian oso aktibo jardun zenutela esan duzu.

Bai. Bilbo poliziaz josita zegoen garai hartan. Haien irrati frekuentzia aditzen genuen, eta guztiz galduta zebiltzan. Kaleak mozten genituen. Talde bat ginen, ez genuen elkar ezagutzen, baina halako toki batean batzen ginen eta ibili bat zehazten genuen. Semaforo batean gorri zegoela autoen aurrean ipini, Burgosko heriotza zigor haien kontra oihu egin, eta semaforoa berdetzen zenean, beste toki batera. Polizia zoratu beharrean, eta gu pozak txoratzen! Gozatzen!... Klandestinitatean ibili eta gero, Herri Gaztedin egin nuen lan, Bizkaiko herrietan. Herri kontzientzia, euskara, euskal kultura... lantzen genituen. Primeran etorri zitzaidan euskarari dagokionez, ze nahiz eta nire ama hizkuntza euskara izan, mojetan atzeratu egin zitzaidan. Hilak dira gure gurasoak, baina orain gustura galdetuko nien zertan bidali ninduten mojetara, eurak ez ziren-eta erlijiozaleak. Izango zen zer edo zer. Akordatzen naiz mojek esaten zigutela: «Ez hitz egin 'la villa'-ko neskekin, zuek andereñoak zarete eta!». «La villa», berriz, eskola nazionalaren izena zen.

Bilbon zinen Txabi Etxebarrieta hil zuten garaian, 1968ko udan?

Ez, baina akordatzen naiz gero Meliton Manzanas hil zutela, eta Durangon nengoela, eta jendeak ospatu egin zuela Manzanas hiltzea... Gure aitak bizikleta eta motor garaje txiki bat zuen bere anaiarekin batera. Bizikletak eta motorrak saldu eta konpondu egiten zituzten. Eta kontatu zuen: «Saltzaile bat egon da garajean; negozioen gainean hitz egiten dugu beti, baina gaur zera esan du: 'Horrek [Meliton Manzanas], behintzat, ez du berriz gure alaba torturatuko!'». Horixe!

Noiz arte izan zinen Bilbon?

Neuk ere ez dakit, handik hona eta hemendik hara ibili naiz eta!

Handik hona eta hemendik hara, 1976ko martxoan Gasteizen zaitugu.

Gipuzkoatik hona etorri nintzen. Hernanin ari nintzen, klandestinitatean, plastikozko poteak egiten zituzten fabrika batean. Garai hartan, ordea, polizia jendearen mugimenduak estu kontrolatzen hasi zen. Inor herri batetik bestera lanean joaten bazen, eta poliziak jakiten bazuen, itaunketa egiten zion. Hernanin nengoela, abokatu batek deitu zidan esanez handik alde egin behar nuela, polizia niri deitzekotan zegoelako. Bilbotik Hernanira fabrikara lanera joanda, galdezka zetozkidala. Horrela etorri nintzen.

Klandestinitatean ari zinen orduan ere!

Bai, bada! Kur, kur... Baina gauzak ez dira zeharo aldatu. Orain ere, zenbait bilera egiten direnean, Mozal legea eta beste, sakelakorik ez du eramaten jendeak. Azalean bai, egoera aldatu da, baina mamian, sakon-sakonean, ez. Kontuz ibili beharra dago, hau ez da mundu zoriontsua. Hitz egin, gauza askoren inguruan hitz egin daiteke. Beste gauza askoren inguruan, berriz, ezin da hitz egin ere. Begira raperoak. Edo txiolariak! Eta, hitzetatik harago, errealitatea eraldatzeko aukerak zabaltzen badituzu, akabo! Orduan zureak egin du!

Gasteiz, 1975-76ko negua. Zer diozu emakumeak greba haietan izan zuen egitekoaren gainean?

Esate baterako, San Frantzisko elizako batzarrak irekiak ziren, eta hantxe biltzen ziren, langileekin batera, euren andreak, amak, umeak... Tartean baziren bulego lanean ari ziren emakumeak ere, kontzientzia feminista zutenak, eta haiek proposatu zuten emakumeen batzarrak egitea, aparte. Hor Antonia Amat bat izan zen, PCEkoa, gizona eta bi seme greban zituena. Kristoren indarra zeukan, nortasuna, eta klandestinitateko esperientzia. Bistan zegoen. Batzarretara joaten nintzen, baina ez nuen txintik esaten, hura niretzat gauza berria zen eta. Hasten zen emakume bat eta: «Borroka hau irabazi egin behar dugu! Gure senarrak etxera haserre datozenean, nork ordaintzen du larrutik? Guk! Zalantzan zaudetenok, adi! Greba hau irabazi egin behar dugu!». Bizitza jartzen zuten gauza guztien erdian: ekonomia eskolak ematen zituzten, garbikaririk erosi gabe ere etxea nola garbitu esaten zuten... Harritzekoa zen! Irudimen hutsa zen!

Zenbait momentutan, emakumeek hartu zenuten ekimena…

Emakume haiek! Lehenengo, grebalarien sostengu izan ziren. Gero, autonomia edukitzen hasi ziren, fabriketako batzorde ordezkariekin adostasunez... Batarekin eta bestearekin hitz egin zuten, eskolako ordu berezien ordainketa, edo argiaren faktura, negoziatzeko. Erresistentzia kutxa abiarazi zuten, instituzioekin negoziatu zuten... Izugarria izan zen. Fabrika atarira joan eta eskirolen zain ere egoten ginen, eta irainka hartzen genituen... Oso inportantea izan zen emakume haien lana!

San Frantzisko elizan zeuden poliziak eraso zionean. Inork ez zuen pentsatuko horrelakorik gerta zitekeenik…

Nik ez, behintzat. Elizatik atera nintzen, sinetsi ezinik. Manuel izeneko batekin egin nuen topo, andaluziarra, Gabilondoko batzordekoa, anarkista, errepresaliatua, batzarretan asko hitz egiten zuena, duintasun handiko gizona... Elizatik atera ginenean, ni boz gora berba egiten: «Zer da hau, ordea! Zer da hau!», eta Manuelek: «Ai, txikita, gaztea zara oraindik! Eta zer zela uste zenuen, bada, kapitalismoa?». Harentzat ez zen ezusterik izan! Inoiz ez dut ahaztuko San Frantziskoko hura. Betiko daukat gordeta... Boterea zer den hantxe ikasi nuen.

Boterea.

Betiko markatu ninduen. Boterea bere helburuak lortzeko zer egiteko gai den ikusi nuen Martxoaren 3ko hartan... urteak igaro dira, eta izan berri dira Europan Martxoak 3 elkartekoak! Eta hor dago oraindik frankismoa! Argi izan behar dugu zer den boterea, eta zer inpunitate daukan! Horra Manadakoak, horra Altsasu! Lehengo batean lagun bati esan niona: «Gazterik, manifetan hasi nintzen, gure arazoak konpontzeko soluzio bila. Orain, berriz, konturatzen naiz orduko sakoneko arazoak ez direla konpondu eta, gainera, berriak sortu direla! Faborez, arazo gehiago ez!».]]>