<![CDATA[Mikel Arrizabalaga | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sun, 24 Sep 2023 16:40:16 +0200 hourly 1 <![CDATA[Mikel Arrizabalaga | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Arantzetako hilarriak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1865/019/001/2023-06-20/arantzetako_hilarriak.htm Tue, 20 Jun 2023 00:00:00 +0200 Mikel Arrizabalaga https://www.berria.eus/paperekoa/1865/019/001/2023-06-20/arantzetako_hilarriak.htm
Herriko elizaren aurrean ekialderantz ateratzen den bidea hartuko dugu, eta, bidegurutzean, GR-10aren bide seinaleei jarraituko diegu segidan. Hasieran asfaltatuta dagoen eta ondoren pista bihurtzen den bidetik joan, bigarren bihurgunera heldu, eta eskuinetik joko dugu, bidezidorra bilatuta. Aldapa pikoari aurre egin, eta berehala helduko gara Arantzetako Ama Birjinaren kaperara. Ikusiko dugunez, zuhaizti batean babesturik dago. Handik gertu, hiru gurutze erraldoi daude, hilarriz inguraturik.

Arantzetako Ama Birjinaren kaperaren istorioa irakurri ahal izango dugu han dagoen testu batean: «Iturri miragarri baten ondoan artzain bati agertu zitzaion Ama Birjinari eskainia zaio kapera hau. Ez dakigu noiz gertatu zen agertze hori, baina erraten ahal dugu Oñatiko (Gipuzkoa) Arantzazuko Ama Birjinaren agertzearekin berdintasun aunitz badituela. Aspalditik, ainhoarrak eta inguruko herrietako biztanleak kaperarat igaten dira prozesioan, Mendekosteko astelehenean, meza nagusia entzuteko. Mendian den kapera ttipitik Arantzeko kaperaraino, 1886an egin 14 gurutzeko bide bat bada. Bide honen ondoan, harpetxo batean, Ama Birjinaren itxurarekin batean, iturriño bat agertzen da. 1898an San Mattin Etxartek eraikiarazi zuen kalbario bat kaperaren aurreko ordoki ttipian; geroxeago, 1900ean, Ama Birjinaren itxura bat emana izan zen, kaperaren aurreko kaperatxoan, eta berrikitan (2001) hilarriak (gizonarriak) ezarriak izan dira kalbarioaren inguruan».

Errebi eta Soporro

Kapera atzean utzi, eta Errebi mendiaren magalean hedatzen den GR-10aren bide seinale zuri-gorriek erakusten diguten norabidean abiatuko gara. Mendia inguratuko dugu, Artzaingo lepora iristeko. Aurrera segi, eta, Hirugurutzetako lepora ailegatzean, aurrez aurre dugun tontorrera, Soporrora, doan bidea hartuko dugu, garo artean aurrera eginez. Belarrezko gandorretik segi eta berehala, malda motz baina gogor bati ekin beharko diogu tontorrera heltzeko. Ez dugu aurkituko gailurrean gaudela adierazten duen seinalerik, eta hori, neurri batean, ez dago batere gaizki. Hobe da hori, Euskal Herriko zenbait mendi gailur desitxuratzen dituzten oroigarrien feria ikustea baino (estelak, gurutzeak, plakak, monumentuak...). Nahikoa eta sobran genuke mendiaren izena eta altuera jartzen duen gutunontzi txiki batekin (edo batez). Parez pare, gotorleku garaiezin baten itxura duen Mondarrain mendia, ederra, erakargarria. Beste ordu pare bat edukiz gero, merezi du hara igotzea, baina guk beste baterako utziko dugu.

Inguruaz gozatu ondoren, abiapuntura itzultzea falta izango zaigu. Horretarako, Hirugurutzetako lepora itzuliko gara. Ezkerretik jo, eta gandor belartsuari jarraitu besterik ez dugu izango, Errebiko tontorrean gaudela adierazten duen harri baten ondora heltzeko. Lapurdiko ikuspegi zabal eta ederra eskaintzen du mendi horrek. Aldapa pikoan zehar jaitsiz joango gara, kaperaren ondora heldu arte. Haren ondotik marrazten den pistan barrena, abiapuntura jaitsiko gara.]]>
<![CDATA[Itxinako erraietan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1865/028/002/2023-06-06/itxinako_erraietan.htm Tue, 06 Jun 2023 00:00:00 +0200 Mikel Arrizabalaga https://www.berria.eus/paperekoa/1865/028/002/2023-06-06/itxinako_erraietan.htm
Itxinako sarbide naturala den pasabide hori izen desberdinez ezagutu ohi da: Atxulo, Atxulaur begia edo atea, Atxular... Guk Atxulo erabiliko dugu, bide seinale zaharretan adierazita dagoen lez. Itxina da euskal mitologiaren jeinu askoren bizileku: laminak, zezen gorri, Mari eta beste. Joxemiel Barandiaranek jasotakoaren arabera, leku horretan garai batean hildako lapur batek gordea zuen urrearen bila joaten zirenei euskal mitologiako Zezengorri izenez ezaguna den jeinua ahotik sua zeriola agertzen omen zitzaien. Lapurraren hezurrak ekarri zituztenean, zezenak berriro agertu ez, eta urrea aurkitu omen zuten.

Ate naturala zeharkatu ostean, Atxuloko trokea izeneko bidegurutzera helduko gara. Ezkerraldetik jarraituz gero, Kargaleku aldera zuzentzen den bidea hartuko dugu. Itxinako labirintoa zeharkatzeko biderik erabiliena da. Baina bide hori gerorako utzi, eta eskuinekoa jarraituko dugu, gertu dauden haitzuloen aldera zuzenduz. Mendigunea karstikoa da, irregularra, zulo sakon eta leizez beterikoa, eta zaila izaten da ondo orientatzea. Beraz, arreta handiz ibili behar da. Batzuetan, harri piloek erakutsiko digute jarraitu beharreko bidea; besteetan, marra gorri zaharrak ikusiko ditugu, edo mendizaleen joan-etorriekin eragindako higadurak. Baina, oro har, erraz gal daitekeen lekua da. Beraz, komeni da ingurua ezagutzen duen norbaitekin joatea, GPSa erabiltzea edo mendian eskarmentu handia izatea. Laino edo elur egunetan hobe ez bertaratzea.

Bidegurutzetik hego-mendebaldera joko dugu, eta zazpiehun bat metro egin ostean, Itxulegor haitzuloaren ondotik igaro, eta berehala iritsiko gara Supelegorreko haitzulo erraldoira. Hogei bat metro zabal eta beste horrenbeste metro altu den haitzulo hau oso ezaguna da, Mariren bizilekua delako: Anbotoko Dama, euskal mitologiako pertsonaiarik ezagunena. Kondairaren arabera, Mari bidaiaria da. Euria egiten duenean Anboton bizi omen da; lehortea denean, berriz, Aloñan, eta uztak onak direnean, Supelegorren.

Elezaharrak haitzuloaren magalean utzita, etorritako bidetik atzera egin, eta Atxuloko bidegurutzera itzuliko gara hego-ekialderantz, Kargaleku aldera zuzentzen denari jarraitzeko. Harri piloek erakusten diguten norabidean Lexardiko borda edo arditegira ailegatuko gara. Labirintoa zeharkatzen jarraituko dugu, tarteka belardiak, gehienetan baso eta haitzarteak lagun izango ditugularik. Hego-ekialderantz zuzentzen den xendatik Kargalekura iritsiko gara, Itxinatik ateratzeko -edo sartzeko- lepo txikira. Arrabako zelaiguneak gure mende, maldan behera abiatuko gara belardian marrazten den xenda nabarmenean zehar. Gertu dagoen Ganguren mendi taldearen aterpera jaitsiko gara berehala, Itxinako labirinto hautsiak sortu dizkigun nekeak arintzeko leku aproposa.

Atsedenaren ostean, aterpearen ondotik ateratzen den bide zabala hartuko dugu, gure eskuinera Aldamin eta Gorbeiako tontorretarantz zuzentzen diren bideak utzita. Arrabako zelaiguneei eta Lekandako tontorrari azken begirada eman, eta Pagomakurrerantz jaisten den pista zabalean zehar jaisten hasiko gara. Ia hiru kilometro egin beharko ditugu ibilaldiaren abiapuntura heltzeko.]]>
<![CDATA[Larraungo lurretan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1865/024/001/2023-05-23/larraungo_lurretan.htm Tue, 23 May 2023 00:00:00 +0200 Mikel Arrizabalaga https://www.berria.eus/paperekoa/1865/024/001/2023-05-23/larraungo_lurretan.htm
Arruitzetik, Aldazko bidea hartuko dugu, Gesalako Bidea izeneko ibilaldiaren seinale laranjen laguntzaz. Gainerako ondareari dagokionez, antzinako gatzagen aztarnak toponimian aurkitzen ditugu, Gesalazarra, Gesalalde edo Gesalaldeko Bidea izenekin. Halaber, Galtzinlabe izeneko leku batean, lehen kare labea zegoen ingurunean.

Basoan behera egin, ataka pare bat gainditu, eta Aldazko lehen etxeen ondora iritsiko gara. Eraikin gehienak mendiko ohiko etxeak dira, baina badira herrian izaera handia duten etxe nobleak ere. Bi dira nabarmentzen diren jauregi etxeak: Loperena eta Goldarazena, XVIII. eta XIX. mendeetan eraikitakoak eta herriko plaza zabalenari begira, garai berekoa den iturria kokatuta dagoen plazan, hain zuzen ere.

Etxe ederrez gain, herriak baditu beste eraikin aipagarri batzuk: agustindar moja komentu neorromanikoa, Done Martin parrokia berria, herriaren erdian kokatuta dagoen eliza neoklasikoa eta, herriaren goiko aldean, kanposantuaren ondoan dagoen Santa Luzia baseliza. XIII. mendeko antzinako parrokia kubiko gotiko honetatik ibarraren ikuspegi zabala izango dugu.

Herrira jaitsi, eta porlanezko bidetik Etxarrirantz joko dugu. Herriaren goiko aldean San Migel eliza eta pilotalekua ikus ditzakegu. Etxeak ibarreko beste herrikoen estilo berekoak dira. Horiez gain, aipagarria da elizaren ondoan dagoen harrizko lau zutabe dituen konjurotoki izeneko egitura. Antzina, ibarreko biztanleek fede handia zuten konjuru eta sorginkerietan, ekaitzaren eta txingorraren aurka borrokatzeko. Beren zerbitzuen truke, apaizek, sakristauek edo exorzistek saria eskatzen zuten espezie hauetan: oiloak, gaztak, arbiak. Historikoki, biztanleek irtenbide esoterikoak erabili dituzte naturako indarren mehatxuaren aurrean, pertsonek menderatu ezin dituztenak.

Etxarriko etxetzar dotore eta ederren artean igaro eta gero, Lekunberrirantz abiatuko gara, GR-12aren seinale zuri-gorriek erakusten diguten norabidean. A15 autobidearen azpiko aldetik pasatu eta berehala, ezkerraldera joko dugu, Plazaolako trenaren geltoki aldera zuzentzen den bide berdean barna. Lekunberriko goiko aldetik marrazten den bide honek abiapuntura eramango gaitu, geltoki zaharraren ondora, hain zuzen ere. Lau hamarkadatan, Nafarroako eta Gipuzkoako hiriburuak lotzen zituen trenbidea ez zen nabarmendu bere garrantzi ekonomikoagatik, baina oso ezaguna egin zen egiten zuen ibilbide osoan zehar. Izen desberdinez izendatzen zuten: Plazaola, Plazaolako trena, Plazaolako trenbidea edo Tren Txikia. Gaur egun, trenbide zaharraren trazatua aprobetxatuz, Leitzarango haranean barrena doa. Bide berdearen lehen zatia Leitzan amaitzen da, baina beste 35 kilometroetan aurrera egiten du Larraun ibarrean barrena, Uitzi, Lekunberri eta Latasa herri nafarrak zeharkatuz.]]>
<![CDATA[Zermatteko lakuak | Menditxiki]]> https://www.berria.eus/albisteak/227779/zermatteko_lakuak_menditxiki.htm Tue, 09 May 2023 10:48:42 +0200 Mikel Arrizabalaga https://www.berria.eus/albisteak/227779/zermatteko_lakuak_menditxiki.htm <![CDATA[Jaizkibelgo errotarriak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1865/025/002/2023-05-09/jaizkibelgo_errotarriak.htm Tue, 09 May 2023 00:00:00 +0200 Mikel Arrizabalaga https://www.berria.eus/paperekoa/1865/025/002/2023-05-09/jaizkibelgo_errotarriak.htm
Ibilaldi labur eta zirkular hau egiteko, Jaizkibelgo Paradorea izan zenaren hondarren ondoan utziko dugu ibilgailua, Santa Barbara dorretik oso gertu. Langa igaro, eta mendebalderantz marrazten den bidetik berehala helduko gara Santa Barbara tumuluaren ondora. Xendan zehar gertu ikusiko dugun ur biltegi zaharraren ondora igoko gara, eta aurrerago dagoen Iskulingo trikuharrira. Metro batzuk aurrerago, tontor aldera zuzentzen den bidezidorra utziko dugu, eta eskuinetik errepide aldera jaisten hasiko gara. Berehala, monolito txiki bat ikusiko dugu, eta metro batzuk aurrerago, berriz, hareharrian taillatutako aska bat.

Metro batzuk atzera egin, eta goraxeago dagoen xenda txiki batetik, Jaizkibelgo antenetara igotzen den errepide aldera gerturatuko gara. Hortik aurrera, hamaika xenda edo zidorrekin egingo dugu topo; beraz, errotarriak non dauden kokatuta jakiteko, komenigarria litzateke lekua ezagutzen duen norbaitekin joatea edota GPSa erabiltzea; bestela, zaila izango zaigu horien guztien kokapen zehatza aurkitzea. Jaizkibelgo gandor eta antenetara doan errepidearen artean zabaltzen den magalean kokatzen dira errota harrobi horiek. Batzuk, oso-osorik ikusiko ditugu; beste batzuk, erditik zatikatuak; eta beste batzuk, goroldioak eta belarrek erdi estaliak. Eta errotarri horien guztien artean, bai eta ateburu eder bat ere.

Zorroztarriak Ameriketara

Ikertzaileek aztertu dituzten dokumentuei esker, jakin izan da Jaizkibelgo harginek XVI. mendean zorroztarriak bidaltzen zituztela Ameriketara eta, beraz, Hondarribitik Ameriketara hainbat produktu esportatu eta inportatzeko merkataritza handia zegoela. Mende horretan aurkitutako dokumentu bat izan zen abiapuntua, testamentu bat, hain zuzen ere. Joanes de Aldasorok idatzitako dokumentu horretan jakin da Hondarribiko (Gipuzkoa) Santa Engrazia ermitan ehun errotarri zeudela, eta beste horrenbeste Jaizkibelen. Haritik tiraka, eta dokumentu gehiago aztertuz, XVI, eta XVII. mendeetan zehar Galiziara, Portugalera, Sevillara (Espainia), Madeirara eta Kanaria uharteetara (Espainia) errotarriak garraiatzen zituztela ondorioztatu da. Zorroztarriak Ameriketara garraiatzen zituzten, baina errotarriak? Ikertzaileek errotarri horiek Ameriketara eramaten zituzten hipotesiarekin aurrera jarraitzen dute lanean, Sevillan dagoen Indiako Artxibo Nagusiko dokumentuak aztertzeko asmoz. Ikerketa lan horien guztien ondorioz, argi geratu da XVI.ean Hondarribian arrantzaz eta baserrietako lanaz gain errotarriak ekoizteko eta esportatzeko industria indartsua zegoela: harginak, idi gidariak, merkatariak eta marinela, besteak beste.

Errotarriak atzean utzi, eta tontor aldera joko dugu segidan. Paradoretik igotzen den bidezidorrarekin bat egingo dugu, eta handik erraz helduko gara tontorrera, San Enrike gotorlekuaren aurrien artera. Hori atzean utzi, eta hesiaren paraleloan jaisten den xendatik Jaizkibelgo begiratokira iritsiko gara; atseden txiki bat hartzeko eta ikuspegi ederraz gozatzeko lekua da. Gandorra zeharkatzen duen bidea utzita, berriro hesiaren ondotik errepide txikira aterako gara, eta aurrerago ikusiko dugun langaraino joango.

Bide jakinik gabe, errepide nagusiraino hedatzen den magal horretan beste errotarri batzuk ikusiko ditugu, Hondarribiko eta Pasaiako lurrak elkartzen diren mugarritik gertu. Errepide txikira itzuli, eta Jaizkibelgo mendateraino jaitsiko gara bertatik, eta, hura gurutzatu ostean, parean ikusiko dugun langaraino joango gara. Beste aldera pasatu, eta pinudian murgilduko gara, eta erorita dagoen txabola baten hormen ondoraino heldu. Alanbrezko hesiaren ondotik pista zabaleraino jaitsiko gara, eta abiapuntura itzuliko.]]>
<![CDATA[Eltxumendi]]> https://www.berria.eus/albisteak/227503/eltxumendi.htm Thu, 04 May 2023 10:14:25 +0200 Mikel Arrizabalaga https://www.berria.eus/albisteak/227503/eltxumendi.htm Menditxiki blogean.]]> <![CDATA[Argiñetako nekropolia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1865/019/001/2023-04-11/argietako_nekropolia.htm Tue, 11 Apr 2023 00:00:00 +0200 Mikel Arrizabalaga https://www.berria.eus/paperekoa/1865/019/001/2023-04-11/argietako_nekropolia.htm
Elorrion gaur egun XVI. mendeko bederatzi gurutze daude, eta horietako bat abiapuntutzat hartuko dugu ibilaldi honi hasiera emateko, San Joango gurutzea, hain zuzen ere. Honen aurrean, XVII. mendekoa den Urkizu-Tola jauregia ikusiko dugu, urkizutarrenak ziren lurretan zeuden etxeak eraitsi eta gero eraiki zena, 1677. urtean. Tola de Gaytan familiak 1918an jauregia erosi, eta izena eman zion. Herriko kirolgunera zuzentzen den bidetik, San Bizentekoa baserri bikaina atzean utzi, eta errepidera aterako gara. Aurrez aurre dugun zelaitxoa zeharkatzen duen xenda batetik etxalde batera helduko gara. Gallastegi zerrategiaren ondora iristean, Iguriako gurutzea ikusiko dugu gertu, Kanpazarko gainera eramaten duen saihesbidearekin bat egiten duen lotunetik hurbil.

Zerrategiaren ondotik Gazeta auzora zuzentzen den errepidetik joko dugu, eta, bidegurutzera heldu aurretik, Gazetako zubitxoa eta Bekoerrota izandakoaren aurriak ikusi ahal izango ditugu. Orain arteko bide laua utzi, eta ezkerretik Gazeta auzoraino zuzentzen den bidetik gorantz egingo dugu. Durangaldeko gailurren panoramika osoa ageriko zaigu lehen aldiz, eta bidelagun izango dugu ia ibilbide osoan zehar. Auzoa atzean utzi, Elorrioko baserririk zaharrenetarikoa den Gerbillao baserriaren ondotik pasatu, eta pinudi batean murgilduko gara maldan behera; Aldape auzora jaisteko. Bertara iristean, errota, estilo herrikoiko San Jurgi baseliza, ikuztegia eta iturria ikusiko ditugu. Aldapebeitia baserri dotorearen ondotik igaro, eta maldan gora jarriko gara.

Egurrezko maila batzuek, aldapa motz baina piko bat gainditzen lagunduko digute San Joan baselizaren ondora iristeko. Gertu dagoen errepidea gurutzatu eta gero, basoan sartzen den xenda eroso batek Casto de Zavala arkitektoak 1889an eraiki zuen Uratsara eramango gaitu, 1826. urtekoa den Elorrioko Bainuetxe Zaharra elikatzen zuen ur sufretsuen iturrira, hain zuzen ere. Elorrioko harana ur sufretsuaren iturburu gehien dituztenetakoa da, eta arrazoi hori dela eta, inguru honetan osasun-establezimendu ugari eraiki ziren. Gertu dugun Zenita auzorantz joko dugu segidan. Zubi lana betetzen duen lauza batek erreka zeharkatzen lagunduko digu. Etxe eta baserri ederrak zeharkatzen dituen bidetik Elgetarantz zuzentzen den errepidera aterako gara, eta, bertatik, metro batzuk bete ostean, Argiñetako nekropolira doan bidea hartuko dugu.

21 hilobi

San Adrian baselizaren ondoan kokatuta dagoen nekropolia sarkofago bikoitza daukaten 21 hilobiz eta bost hilarriz osatuta dago. Hilobiak bi zatiz osaturik daude: pieza bakarreko kutxa antropomorfoa eta itxura triangeluarra duen estalkia. Latinezko inskripzioak ere badira bi hilobietan. Sarkofago hauek inguruko auzoetako (Mendraka, Miota eta Berrio) nekropolietan erabiltzeko egin ziren Goi Erdi Aroan, baina XIX. mendean gaur egun dauden tokian bildu zituzten. VII.-IX. mendetik Goi Erdi Arora arte eraikitako sarkofagoen kopurua aintzat hartuz gero, esan daiteke Euskadin dagoen hileta monumenturik handiena dela. Hilarriak baselizaren barruko aldean dauden hamahiru piezaz osaturik daude. Kanpoaldean, interesgarrien diren bost hilarrien kopiak daude ikusgai. Hauetako lau diskoideak dira, eta bat, triangeluarra. Hilobiak baino zaharragoak dira, Kristo aurreko garaikoak, hain zuzen ere.

Baseliza eta nekropolia atzean utzi, eta Mendraka auzorantz joko dugu. Erraz igoko gara auzoaren goiko aldean dagoen San Tomas baselizaren eta nekropoliaren ondora. Bide laua hasieran, eta gero maldan behera, Lekeriketa auzora jaitsiko gara. Errepideak Kurutzondoko gurutzearen ondoraino eramango gaitu, eta bertatik, Elorrioko herrigunean murgilduko gara, eta abiapuntura itzuli aurretik, bere kasko historikoa zeharkatzean eraikin ugari ikusteko parada izango dugu: Kanpoaldeko atea, Urkizu dorretxea, Sortzez Garbiaren basilika, Otsa Goikoa errota, Kurutziaga eta San Joango gurutzeak, Santa Ana komentua eta herriko ondarea aberasten duten jauregi eta etxe ederrak.]]>
<![CDATA[Manttobaitatik Ainhoara]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1865/025/002/2023-03-28/manttobaitatik_ainhoara.htm Tue, 28 Mar 2023 00:00:00 +0200 Mikel Arrizabalaga https://www.berria.eus/paperekoa/1865/025/002/2023-03-28/manttobaitatik_ainhoara.htm
Trenbidea zeharkatu, eta sakanetik jaisten den bidea hartuko dugu hego-ekialderantz. Otadien arteko tarte baten ondoren, pista zabal batetik jarraituko dugu, amildegiaren ezkerreko hegaletik maldan behera. Larhun mendiaren ezproi harritsua azpiko aldetik inguratu ondoren, asfaltozko errepide batera iritsiko gara, eta bertatik jarraituko dugu pista; hartxintxarrezko bidezidor batzuk hartuta. Asfaltatutako bidetik jarraitu, eta berehala iritsiko gara baserri baten ondora. Eta handik gertu, metro batzuk gorago, otoizleku zaharrena den San Anton ikusiko dugu basoan txertaturik. Berriro baserrira jaitsiko gara, eta honen ondotik ateratzen den lurrezko pistatik (GR-10aren bide seinale zuri-gorriak) iturrira jaitsiko gara. Bertakoek diotenez, ur honek begietako gaitzak eta ekzemak sendatzeko balio du. Lurrezko pista amaitu, eta, berriro, etxe ederren artean zabaltzen den errepidera aterako gara. Gertu ikusiko ditugu Sara (Lapurdi) eta bere elizako dorrea. Errepide nagusia zeharkatu, eta azken maldari ekingo diogu abiapuntura itzultzeko. Ibilaldiari amaiera gozoa emateko, bertako gozo-dendetan aurkituko dugun euskal pastela dastatzeko aukera profitatuko dugu.

Herrian hamalau otoizleku daude, eta horietatik zazpi, Erdi Aroko galtzada zaharrean aurkituko ditugu herrigunetik oso gertu. Tradizioaren arabera, otoizleku hauek XVII. mendean altxatu ziren, Sarako itsasgizonen eskariei men eginez. Otoizleku bat monumentu erlijioso txiki bat da, eta santu bat gurtzeko eraikita dago. Eraikin erlijioso gehien duen euskal herria da Sara.

Turismo bulegoaren aurrean, pixka bat gora doan kalea hartuko dugu, eta, amaieran, oinezkoentzako bidetik jarraituko dugu. Harriztatuko galtzadatik San Petri otoizlekuraino joango gara. Eskailerak igo, eta zolatutako bide horretatik jarraituko dugu D306 errepidera iritsi arte. Errepidean 400 bat metro egin, eta ezkerrera egingo dugu. Kanpina eskuinera utzi, eta zubia zeharkatuko dugu. Bide honek lehenengo bentetara eramango gaitu. Bi kilometro jarraitu, eta ezkerretik ateratzen den pista hartuko dugu, 64. mugarriaren albotik pasatuz. Errobi ibaia inguratzen duen pista ongi seinaleztatu honek Deabruaren Zubira eramango gaitu. D4 errepidea zeharkatu, eta oihanpearen artean jarraituko dugu ibaiaren ertzetik. 600 metrora, ibaia hormigoizko zubi batetik zeharkatuko dugu, arrain haztegia inguratu, eta goranzko bidezidor batetik jarraituko dugu errepide txiki batera iristeko. Ainhoa herriaren sarreraraino jarraituko dugu.]]>
<![CDATA[Azkua, talaia paregabea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1865/025/001/2023-03-14/azkua_talaia_paregabea.htm Tue, 14 Mar 2023 00:00:00 +0100 Mikel Arrizabalaga https://www.berria.eus/paperekoa/1865/025/001/2023-03-14/azkua_talaia_paregabea.htm
Tximista erreka zubitik igaro eta berehala, eskuinaldean dagoen aparkalekuan utziko dugu ibilgailua. Aparkalekutik abiatu eta herrian sartu bezain laster, eskuineko karrikatik hilerri aldera joango gara. Hori atzean utzita, lehen bidegurutzera helduko gara, eta, bertan, Azkuako seinalea ikusiko dugu. PR-NA12aren bide seinale zuri eta horiek ere lagunduko digute ia ibilbide osoan. Asfaltozko bidean zehar Larrapil-Sarriku auzoa zeharkatu eta Iturraldeko bordara iristean, iturri ederraren ondotik pasa, eta aurrerago karobi bat ikusiko dugu. Lurrezko pista zabaletik igotzen hasiko gara, eta harizti zahar batean kokatuta dagoen Marimigeleneko bizkarrera igoko gara. Izen bereko borda ezkerrean utzi, eta aurrera jarraituko dugu bidegurutze batekin topo egin arte. Etxalarrera doan bide zabala utzi, eta eskuinetik marrazten den xendan barrena abiatuko gara. Puntu honetan, bi norabideak ikusiko ditugu egurrezko hesola batean idatzita.

Bidezidorretik segi, eta Mendixorrotx muinoa edo tontor txikia inguratuko dugu, altuera erraz irabaziz. Mendiaren bizkarretik igotzen jarraituko dugu, bide seinale zuri eta horiek erakusten diguten norabidea gure ezkerrera utziz. Malda biziari aurre egin, eta berehala iritsiko gara Kokori mendiaren tontorrera, eta aurrez aurre ikusiko dugu Azkuako tontorra. Punturik gorenera heldu baino lehen, Soralarreko lepora jaitsiko gara, eta bat egingo dugu PR-NA12aren bide balizatuarekin. Segidan, azken malda pikoari aurre egin, eta ekialdeko magaletik Azkuako tontorrera igoko gara. Aurrez adierazi bezala, behatoki aparta da, eta merezi du bertan dagoen erpin geodesikoaren ondotik 360 graduko panoramikaz gozatzeko denbora apur bat hartzea.

Abiapuntura itzultzeko tenorean, mendiaren iparraldeko bizkarretik egingo dugu, amildegia gure eskuinera utzita. Bidearen zati honetan, PR-NA 12aren markekin batera, GR-11 eta GR-12aren bide seinale zuri-gorriak izango ditugu bidelagun. Mendi larreetan marrazten den xendan barrena, azkar jaitsiko gara pista zabal batekin topo egin arte, eta, bertatik, Artzameneko bizkarrera helduko gara. Puntu honetan, bi aukera izango ditugu: lehena, mendiaren bizkarretik malda bizian jaisten jarraitu (GR-11 eta 12), eta bigarrena, eskuinetik pistan barrena jarraitu (PR-NA 12); bigarrena luzeagoa da.

Herrira heldu aurretik, bi bideak berriro elkartuko dira. Asfaltozko bideak herrigunera eramango gaitu, eta etxe ederren artean aurrera egingo dugu elizaren ondora iristeko. Mendi eta belazeen artean dagoen Bortzirietako herri honek oso arkitektura interesgarri eta zaindua du. Ondare aberatsa du, eta horren adibide dira herrigunean bertan altxatzen den Jasokundeko eliza eta disko formako hilarrien multzoa.]]>
<![CDATA[Xoxolurra-Alarguntza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1865/025/002/2023-02-14/xoxolurra_alarguntza.htm Tue, 14 Feb 2023 00:00:00 +0100 Mikel Arrizabalaga https://www.berria.eus/paperekoa/1865/025/002/2023-02-14/xoxolurra_alarguntza.htm Lezoko ibilbideak izeneko proiektuan, hiru ibilbide proposatzen ditu, eta guk horietako luzeena eta ederrena aukeratu dugu, Xoxolurra parketik atera eta Alarguntza baserriraino iristen dena, hain zuzen ere.

Lezoko Auñamendi kalean abiatzen da ibilaldia, eta, bertan, egurrezko panel batzuk erakutsiko dizkigute ibilbideen nondik norakoak. Bide seinale bertikal urdinek lagunduko digute bide zuzena aukeratzen, puntu estrategikoetan ondo jarrita baitaude. Lehen metroak Bekoerrekaren paraleloan beteko ditugu; baratze batzuen ondotik pasatu, eta berehala helduko gara Xoxolurra parkera. Xendan barrena igotzen hasi, eta azkar iritsiko gara Iparragirre ur biltegi zaharraren harresien ondora. Ondoan dagoen iturrian zera jartzen du: 1915. urtea, eta noiz eraikia izan zen erakusten du. Izen bereko baserria izan zenaren hon dakinen ondotik igaro, eta Lezotik Jaizkibelera igotzeko erabili ohi den bide tradizionalarekin bat egingo dugu. Binara bertara heldu aurretik, ezkerrerantz ateratzen den bigarren bidezidorretik metro batzuk igoko gara. Berehala ikusiko ditugu 36ko gerraren osteko frankismoaren errepresioaren agertoki historiko baten arrastoak. Duela gutxi arte, landaretzak estaltzen zituen eraikin horiek Jaizkibelgo errepidea eraikitzeko diktadurak erabili zituen langileek, barrakoien aurriak ikusiko ditugu, esklaboen baldintzetan lan egiten zutenen gertaleku krudela bezain mingarria.

Barrakoiak atzean utzi ,eta ibilbide balizatura itzuliko gara. Bidezidorra bizitu egiten da aldapan gora, Donejakue bidearekin bat egin arte. Pista zabalera iristean, Torreazpiko putzuaren ondora aterako gara. 2011n, Lezoko Unibertsitateko Udalak beste zenbait erakunde ofizialen laguntzarekin, hezegune hau sortu zuen padura gutxiko eremu batean, urlehortarrak, hegaztiak eta uretako intsektuak hartzeko helburuz. Putzuari bizkarra eman, eta Guadaluperaino marrazten den pista zabalean zehar aurrera egingo dugu. Laster, Zaskuneko iturria utziko dugu ezkerraldean, eta aurrerago, bidetik at, beste iturri batera jaisten den xenda. Hori baztertu, eta, aurrerago, pista zabala uztera gonbidatuko gaituen baliza bertikal urdinak erakutsiko digu gure bidearen noranzkoa. Ibilbidearen zati luze honetan, Oarsoaldeko korridorearen eta kostaldeko sistemaren erliebe osoaren paisaiaz gozatu ahal izango dugu.

Xenda txiki batek Alarguntza baserriaren ondoraino eramango gaitu, eta bertatik ateratzen den harrizko bide batek Elortegi Berri jatetxeraino doan porlanezko beste batera bideratuko gaitu. Bide balizatuak, Bonatxo baserriaren ondotik igaro eta gero, Amezti baserriaren ondoraino eramango gaitu. XIX. mendean eraikitako baserri txiki bat da Amezti.

Artzaintza, nagusi

Artzaintza izan da beti jarduera nagusia, historiaurreko garaietatik Jaizkibel mendian ondo errotutako jarduera. Bidean aurrera egin, eta Sarastizabal harrobi abandonatuaren ondora ailegatuko gara. Horren ondotik jarraitzen duen bidexkak mendiak egiten dituen tolesturak zeharkatzen ditu. Bidea oso polita da, Olazar baserritik harrobira doan galtzada zaharra ikusiko dugu, eta, zati batzuetan, harlauza handiak ikus daitezke oraindik. Bide horretatik, ontzigintzarako haritz enborrak garraiatzen ziren.

Ibilbideak Lezora jaisten den Donejakue bidearen saihesbidea zeharkatzen du, eta, gezi urdinak erakusten duen noranzkoan, berriro Iparragirrera helduko gara, eta itzulia Xoxolurratik egingo dugu.]]>
<![CDATA[Atxarreko talaia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1865/019/001/2023-01-31/atxarreko_talaia.htm Tue, 31 Jan 2023 00:00:00 +0100 Mikel Arrizabalaga https://www.berria.eus/paperekoa/1865/019/001/2023-01-31/atxarreko_talaia.htm
Kanala auzotik abiatuko gara, eta bertatik San Martin baseliza ondora iritsiko gara. Baseliza xume hori, 315ean jaiotako erromatar ofizial baten semea izendatzeko eraiki zuten. Gazterik soldadu joan zen, eta laster kristautasunera aldatu. Baselizaren barruan gurtzen den irudiak San Martin irudikatzen du bere kapa eta apezpiku zetro eta guzti. Artadi kantauriar artean marrazten den bide zabaletik igotzen jarraituko dugu. Bideak Dantzaleku izeneko bidegurutze batera eramango gaitu, eta Atxarrera igotzeko bidearekin bat egingo dugu. Antzina, leku horretan akelarreak izaten omen ziren, eta, horrela, sorginak uxatu nahi izaten zituzten. Bestalde, ur bedeinkatuan urtutako gatz bedeinkatua herriko baratzeetan ere barreiatzen omen zuten, uzta onak eta oparoak eskatzeko.

Toki horretan, bide balizatua utzi, eta ezkerretik ateratzen den bide nabarmenetik egingo dugu aurrera. Hasieran aldapa txikia baina azken metroetan biziagoa den aldapatik ateratzean, Atxarreko San Pedro ermita agertuko zaigu aurrez aurre, eta, horren aurrean, bi buzoi, egoera kaxkarrean daudenak. Horien aurreko aldean, berriz, hilarri bat —hura ere txarto dagoena—, Bizkaiko armarri eta testu grabatu bat eta guzti. Ermita dagoen plataforma nagusia petril batek babesten du bere inguru osoan. Eraikin xumeaz gain, iparraldean porlanezko gurutze bat dago, harlangaitzezko matxoi baten gainean. Gurutzearen gainean burdinazko haize orratz zahar bat dago.

Atxarre mendia ez da Bizkaiko gailurrik enblematikoenetako bat, baina bai ikuspegirik ederrenetakoak eskaintzen dituzten mendietako bat da. Behatoki edo talaia eder horretatik, Urdaibaiko biosfera erreserbaren postalik bikainenetako bat ikusteko parada izango dugu, Urdaibai txori begiz ikusita. Oka ibaiaren estuarioa. Herriak, hondartzak, artadi kantauriarra eta beste hainbat elementu paisaia liluragarrian oreka perfektuan txertatuta.

Gure begiak ase ondoren, igotako bidetik maldan behera eginez, Dantzalekuko bidegurutzera itzuliko gara. Ibilbide balizatuak erakutsiko digu zer bidetatik jo behar dugun. Gaztainondo zahar batzuen ondotik igaro eta gero, altuera galtzen jarraitu, eta basotik ateratzean gertu ikusiko dugu Akorda auzoa. Herria zeharkatu, hilerriaren ondotik igaro, eta, maldan behera asfaltozko bidetik, Gametxo auzora jaitsiko gara. Auzoan dagoen begiratokitik Izaro uhartea, Mundaka herria eta Bizkaiko kostaren ikuspegi polita izango dugu.

Errepidean zehar eta seinale zuri eta horiek erakusten diguten bidean barna, Laidatxu hondartzaren ondora jaitsiko gara. Ibilbideak Arketako kanpinaren ondora eramango gaitu, eta, kanpina atzean utzi bezain laster, ezkerretik, basoan barneratzen den pista zabalean zehar Kanala auzora itzuliko gara; ibilbidearen abiapuntura, hain zuzen ere.]]>
<![CDATA[Rincón dero Berde]]> https://www.berria.eus/albisteak/219782/rincon_dero_berde.htm Thu, 26 Jan 2023 17:07:21 +0100 Mikel Arrizabalaga https://www.berria.eus/albisteak/219782/rincon_dero_berde.htm <![CDATA[Xareta, oinez]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1865/025/002/2023-01-17/xareta_oinez.htm Tue, 17 Jan 2023 00:00:00 +0100 Mikel Arrizabalaga https://www.berria.eus/paperekoa/1865/025/002/2023-01-17/xareta_oinez.htm
Larhun mendiaren magalak gure eskuinera ikusiko ditugu, eta berehala iritsiko gara San Isidroren otoizlekuaren ondora. Galtzadaren aldapa igo, eta parez pare ikusiko dugu bide seinale bat: Kaikuenea baserrirantz zuzenduko gaitu maldan behera. Asfaltoa utzi, eta egurrezko zubitxoa igaroko dugu basoan murgilduz. Bidean ez galtzeko, eta norabide zuzena aukeratzeko, pottoka edota triangelu urdinen irudiak, harri, harlauza, zuhaitz-enbor edota zutoinetan margoturik ikusiko ditugu ibilbide osoan.

Errekatik altuera hartu, basotik atera, eta lurrezko pistak soro zabalak zeharkatuz borda batzuen ondora eramango gaitu. Olhaineko muinoa ezkerraldean eta Ibanteliko tontorra aurrean, erraz egingo dugu aurrera. Etxola animalien parkera heltzean, aldapa gogortu egiten da, eta Arxuriko mikazko plakek eguzkitan daudenean sortzen duten distirari begira, magalera gerturatuko gara xenda batekin bat eginez. Bidea estutu egiten da tarte horretan, eta maldan behera egingo dugu aparkaleku batera iristeko. Azken aldapa txikiak Sarako leizeetako sarreran utziko gaitu.

Arxuria mendiaren magalean kokatzen diren leizeak ezohiko formazio geologikoak dira, gela zabal eta oso handiak dituena. Leizearen zaintzailea zen Castillo jaunak, XX. mendearen hasieran aurkitutako arrastoak gordetzeko ohitura hartu zuen, eta, 1941ean, Jose Migel Barandiaran etnografo eta arkeologo ezagunak egin zituen ikerketen ondorioz, eta, geroago, Aranzadi zientzia elkarteak eta Normand jaunaren taldeak egindakoei esker hainbat aurkikuntza egin ziren.

Leizeak atzean utzi, eta harrobiaren gain aldetik hedatzen den galtzada polit eta eroso batetik aurrera egingo dugu. Bide seinaleek baso txiki batera eramango gaituzte, eta handik ateratzean Zejozilloko leizera gerturatuko gara. Ingurune karstiko horretan leize txikiak eta artegi zahar bat ikusteko aukera izango dugu. Errepidean zehar metro batzuk bete, berriro hori utzi, eta ezkerraldera jaitsiko gara basoan murgilduz. Gaztainondo eta ehunka urte dituzten haritzen artean, aldapan behera abiatuko gara Axkoko leizea dagoen lekua adierazten duen seinaleraino. Zugarramurdiko leizea zeharkatzen duen Infernuko errekara iritsiko gara segidan, eta hori gainditzeko zubia gurutzatu ondoren, azken aldapari eutsiko diogu Zugarramurdiko leizeen sarreraraino. Akelarre famatuak ospatzen ziren leizeak bisitatu eta gero, herriraino igoko gara.

Euskal Herrian beti izan dira sorginak. Jakina da herritar askok haiengana jotzen zutela sendagaien bila, sendabelar, ukendu eta aholku eske. Baina Eliza katolikoak ez zuen mundu magiko hori onartzen, eta emakumeek zuten ahalmen hori ezabatu nahian, deabruarekin harremanak izaten zituztela sinetsarazi nahi izan zioten herriari. Inkisizioak errepresio gogorrari ekin zion, eta herri guztietan haien atzaparretan erori ziren asko. Euskal Herria ez zen salbuespena izan, eta Zugarramurdi (Nafarroa) izan zen jazarpen hori jasan zuen herririk ezagunena. Gaur egun, Zugarramurdi iraganean sorginak biltzen ziren lekutzat hartzen dugu, eta esaten da Euskal Herriko sorginek beren akelarreak antolatzen zituztela han. Zugarramurdin, akelarrearen agertokia geratu da soilik, Deabruaren Katedrala izenez ezaguna.

Graxiana jatetxearen ondotik aldapan behera egingo dugu porlanezko pista zabaletik. Baso txiki bat zeharkatu ondoren, San Esteban ermitara iritsiko gara. Urdazubiko mugen barruan dagoen ermita, Alkerdi auzoan dago, Zugarramurdiko sarrera baino lehentxeago. XV. mendean du jatorria eta barruan San Estebanen tailua duen erretaula moderno bat dago.

Errepidea gurutzatu, Etxelekua baserriaren ondotik pasatu, Berroberria baserria gure ezkerrera utzi, eta Akerdi, Zelaieta eta Berroberriako leizeak gordetzen dituen muinora igoko gara. Berriro errepide aldera jaitsiko gara, Urdazubirako sarrera bilatuz. Bide seinaleek eskuinera jaisten den errepidera bideratuko gaituzte, baina hori berehala utzi, eta eskuinetik ateratzen den lurrezko pista zabaletik jaisten jarraituko dugu. Laster, Urdazubiko leizeak, Ikaburuko leizeak ere deituak, gure arreta erakarriko dute. Leorlaz auzoan dauden leize hauek Urtxuma errekak sortutako higaduraren ondorioz sortu ziren orain dela 14.000 bat urte. Inguru oso ezaguna da, garai batean handik pasatzen zuten kontrabandoagatik.

Ondoren, Urdazubi herrira (Nafarroa) iritsiko gara, baina aurrez, errepidetik gertu, Axular idazlearen jaiotetxea bisitatzeko aukera izango dugu. Herrian, errota eta San Salbatore monasterioa ikusiko ditugu.]]>
<![CDATA[Orgiko basoa]]> https://www.berria.eus/albisteak/222376/orgiko_basoa.htm Fri, 23 Dec 2022 09:59:34 +0100 Mikel Arrizabalaga https://www.berria.eus/albisteak/222376/orgiko_basoa.htm 1.- Arigartzetako harrera-gunea da lehena eta bertan, sarrera, aparkaleku, informazioa emateko etxola, askaldegiak, zaborrontziak eta komunak.
2.- Tomaszelaieta paseatzeko gunea dugu bigarrena eta basoan dagoen eremurik handiena. Ingurune honetan hiru eratako ibilbideak aurkituko ditugu, denak erraz egiteko modukoak:
Labirintoa: 300 metroko bidaia laburraren bidez, bertze oihan bat aurkituko dugu oihan handiaren itzalean (oihanpekoa). Bide hau itsuentzat egokiturik dago.
Bidea: 1.400 metroko ibilbide honen bidez hariztiaren aurpegi anitzak ikusiko ditugu, eta ehun urtetik gorako haritzekin gozatu.
Senda: 700 metroko bide hau, bestea baino estuagoa da eta bertan ibiliz, hariztiaren alderdirik hezeena, itxiena eta basatiena ikusi ahal izango dugu. 3.- Muñagorriko kontserbazio-gunea dugu azken zona, baina eremu hau debekatuta dago bisitarientzat, basa-abereentzako babesleku lasaia baita.
Ordubete beharko dugu hariztian murgildu eta bere xendetatik ibiliz naturak eman digun opari honetaz gozatzeko. Ume txikiekin ibiltzeko oso aproposa.]]>
<![CDATA[Urdazubitik Sarara oinez]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1865/026/001/2022-12-20/urdazubitik_sarara_oinez.htm Tue, 20 Dec 2022 00:00:00 +0100 Mikel Arrizabalaga https://www.berria.eus/paperekoa/1865/026/001/2022-12-20/urdazubitik_sarara_oinez.htm
Ibilaldi zirkularra da, eta nahieran egin daiteke, bai norabideari dagokionez eta baita egun kopuruari dagokionez ere. Hala ere, herri bakoitza lasai ezagutzeko, bizpahiru egunetan osatzea komeni da. Ibilbide honetan, Xaretako biztanleek mendez mende izan dituzten harreman estu horien bideetan barna ibiliko gara bi egunez.

Lehen etapari hasiera emateko, San Salbatore monasterioaren ondotik abiatuko gara. Jatorriaren data zehatzik jakin ezin bada ere, uste da agustindarren kongregazio txiki batek erromesentzako ospitale bat ezarri zuela IX. mendean. XII. eta XIII. mendeen artean, ospitalea premontretarren ordenak osatzen zuen. Ez da Erdi Aroko ezer kontserbatzen, eta XVI. eta XVIII. mendeen artean izan zuen garairik bikainena, egungo eraikuntzak ordukoak baitira.

Ugarana ibaia zeharkatu, eta Iribere auzora zuzentzen den bidea hartuko dugu; baserri batzuk, landetxe pare bat, hiru iturri eta ikuztegi bat ikusiko ditugu. Dantxarirenarekin lotzen duen errepidean egingo ditugu hurrengo urratsak, baina berehala utziko dugu ezker aldetik ateratzen den lurrezko pista hartzeko. Ugarana errekaren paraleloan hedatzen den bideak Baztango Done Jakueren bidearekin bat egiten du.

Dantxarineara heldu baino lehen, bidea utzi eta Landibar auzora bideratuko gaituzte bide seinaleek. Beherago ikusiko dugun bentetara jaitsiko gara lurrezko pistatik. Patxo Bentatik gertu dagoen zubitxo batek lagunduko digu Lapitxuloko erreka gainditzen, Urdazubi eta Ainhoako lurrek muga egiten duten toki berean.

Hemendik Ainhoaraino, bidea gorabeheratsua gertatuko zaigu. Lehendabizi, baso landatu berri bat zeharkatzen duen lurrezko bide pikotik igoko gara harrobira iritsi arte, eta, gero, asfaltatuko errepide zabaletik jaisten hasiko gara gure eskuinera hedatzen den pista zabalarekin topo egin arte. Landibarzubi izena du bide horrek, eta Ainhoara doan errepide nagusira gerturatuko gaitu. Baina eskuinera dagoen porlanezko bide batek maldan gora jarriko gaitu berriro. Beste harrobi txiki baten ondotik pasatu, eta Arrantzeko Ama Birddinaren (Arantzako Ama Birjina) kaperatik jaisten den bidearekin bat egingo dugu. Aldapan behera segitu, eta Ainhoara iritsiko gara.

Ainhoaren edertasuna

Ainhoa Ipar Euskal Herriko herri tipikoa dela esan daiteke, baina politenetakoa ere bada. Leku txikia da, funtsean kale bakar batez osatua. Baina etxeak bertako arkitekturaren adibide ezin hobea dira, izkinetan dagoen harria eta tonu gorri edo berde biziko egurrezko leihatilak ezaugarri dituztela. Donejakue bideak Ainhoa ere zeharkatzen du, eta, gainera, inguruetako mendi ibilaldi ugarietarako oinarrizko leku ona da. Euskal estilo etxe ederrez betetako kale nagusiko etxe gehienak Hogeita Hamar Urteko Gerran suntsituak izan ziren, eta, gaur egun ikusten ditugunak XVI. eta XVII. mendeetan berreraiki ziren.

Kale berean dago XVIII. mendean eraiki zen Jasokundeko Andre Mariaren eliza eta hura inguratzen duen hilerria. Hilerri hori XVI. eta XVII. mendeetako hilarri tradizionalez beteta dago. Elizaren eta hilerriaren atzeko aldean, 1849an eraiki zen herriko frontoia dago. Kale nagusiaren bukaeran, Napoleon III.ak eta haren emazte Eugenia de Montijo enperatrizak 1858an bisitatu zuten Alaxurrutako garbitegia dago, garai batean herriko emakumeak arropa garbitzera biltzen ziren lekua.

Ibilbidearen azken zatia burutzeko, kale nagusia igaroko dugu, eta, herritik atera gabe, errepide asfaltatu bat hartuko dugu (Dantxarineako bide zaharra). Pare bat kilometro bertatik bete eta gero, hori utzi, eta GR-10aren trazadurarekin bat egiten duen bide balizatutik Urdazubi ibaiaren ondoraino jaitsiko gara. Horren paraleloan marrazten den bidetik aurrera egin, eta hori zeharkatzen duen zubia igaroko dugu. D4 errepidea gurutzatu, eta beste kilometro pare batez ibaiaren ondotik marrazten den pista zelaitik segituko dugu.

Erreka baten paraleloan doan lurrezko xendan barrena jarraitu, hura gainditzen duen zubia igaro, eta pista zabalean zehar altuera irabazten hasiko gara. Berriro muga egiten duten lurretara igoko gara, eta, bertatik, etxe, baserri eta bordaz zipriztindutako paraje berde eta argietara helduko gara. Borda Aldeak auzoa atzean utzi, eta altueran jaisten hasiko gara. Asfaltozko zatiak, lurrezko pista eta xendekin tartekatzen diren lur hauetan emango ditugu hurrengo minutuak, D306 errepide nagusiarekin bat egin arte.

Errepidea gurutzatu eta berehala, Sarako galtzadatik gorantz egingo dugu San Miguel otoizlekura iritsi arte. Puntu horretatik, aldapan behera egingo dugu San Isidro otoizlekuarekin bat egin arte. Handik herriraino geratzen zaigun tartea galtzada zaharrean barna beteko dugu.]]>
<![CDATA[Uliako itzuli txikia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1865/028/001/2022-11-29/uliako_itzuli_txikia.htm Tue, 29 Nov 2022 00:00:00 +0100 Mikel Arrizabalaga https://www.berria.eus/paperekoa/1865/028/001/2022-11-29/uliako_itzuli_txikia.htm belle époque-ko gizarte dotorearen garaian hain zuzen ere, eraikitako trenaren eta beste zenbait eraikinen arrastoetan irakurriko ditugu garai horretako historiaren pasarte batzuk. Hamaika bide aurkituko ditugu Uliako magaletan, eta guk horietako bat osatuko dugu ibilbide eder eta interesgarri honetan. Ibilbide osoa SL-Gi 33aren bide seinale zuri-berdeez balizaturik dago.

Groseko Mariaren Bihotza parrokiaren ondotik abiatu, eskuinean Okendo etxea utzi, eta Zemoria kale maldatsutik aurrera egingo dugu. Tranbia zaharraren ibilbidera ateratzean, Arbola baserriaren azpiko aldetik pasatuko gara. Belle époque-ko gizarte dotorearen garaian jarri zen martxan tranbia hura. 1902ko ekainaren 8an inauguratu zuten, Elosegi ingeniariak egindako proiektuaren arabera. Plaza Zaharretik abiatu —gaur egungo Bulebarretik—, eta ordu erdian hiru kilometroko ibilbidea betetzen zuen, Biribilgunera iristeko. Bost urte beranduago, turistak Kasinotik —Biribilgunetik gertu— Ulia tontorreraino igotzeko funikular bat eraiki zuten. Torres Quevedo ingeniari ezagunak asmatutako teleferiko hark Biribilgunetik gailurrera zeuden 280 metroen desnibela gainditzen zuen. Batik bat, funtzio turistikoa zuen, baina bertako baserritarrentzat komunikabide bikaina izan zen, harik eta 1918. urtean erregulartasunez funtzionatzeari utzi zion arte.

Tranbia zaharraren bidetik jarraituko dugu, baina, berehala, hura utzi, eta, bide seinaleek erakusten diguten bidetik, basoan murgilduko gara. Xendari jarraituz, altuera hartuko dugu, eta, azken zuhaitzak atzean utzi ondoren, Monpas gaineko ikuspegi zoragarria zabalduko zaigu begien aurrean. Itsasertzetik gertu, berriz, hegaka dabiltzan ehunka antxetaren karrakek inguruko isiltasuna apurtzen dute. Bideak Kutralla iturrira eramango gaitu. Hareharrizko harlanduz egina dagoen iturri horretako urek ospe handia izan zuten. Ikuztegi gisa erabilia izan zen, eta sendagarri ezaugarriak omen zituen. Atzean utzi, eta, bidegurutzean ezkerrera, itsasaldera doan bidea aukeratuko dugu. Harlanduz eginiko bide horretatik labarretara gerturatu, eta Arimetako muturraren gainetik doan xendan barrena abiatuko gara. Haren ondoan dagoen egurrezko behatokitik ikuspegi ederraz gozatzeko aukera izango dugu. Josetxo Mayorrek urte askoan berreskuratu, landu eta zaindu zuen xenda horrek bidegurutze batera eramango gaitu, eta, han, marka zuri eta berdeek erakutsiko digute zer bideri jarraitu. Platako itsasargira zuzentzen dena utzi, eta, eskuinetik, basoan murgiltzen dena hartuko dugu.

Altuera hartuz

Xenda erosoak altuera irabazten lagunduko digu, eta erraz igoko gara Uliako atsedengunera. Joan den mendearen hasieran, Donostian uda pasatzen zuten aristokratak maiz etortzen ziren inguru honetara tranbia elektrikoan. Tranbia iristen zen lekuraino jaitsiko gara segidan, gero bide beretik itzultzeko. Errepidearen paraleloan doan bidezidorrean zehar lehen metroak bete, eta Baleazalearen Talaiarekin egingo dugu topo. Erdi Aroan, Donostiako arrantzaleek baleak eta bakailaoak arrantzatzen zituzten, eta zetazeoen gantza eta bizarrak erabiltzen zituzten tresnak egiteko. XVII. mende arte iraun zuen jarduera hark, eta, 1625ean, Isasti idazleak honela zioen: «Lehorretik ikus zitezkeen baleak harrapatzeko, soldatapeko gizon bat daukate Ulia izeneko mendian, talaia batean kokaturik». Talaiari hark, balea ikustean, baleazaleen artean ezaguna zen esaldia oihukatzen zuen: «Por ahí resopla». Gure ibilbidearekin jarraituz, metro batzuk aurrerago, errota formako teleferiko txiki baten geltokiaren aztarnak ikusiko ditugu. Bide balizatuak Monpas gaineko bidera eramango gaitu, eta, handik abiapuntura itzultzeko, bide beretik jaitsiko gara.]]>
<![CDATA[Irulegiko herrixka eta gaztelua | Menditxiki]]> https://www.berria.eus/albisteak/222736/irulegiko_herrixka_eta_gaztelua_menditxiki.htm Sat, 26 Nov 2022 15:23:25 +0100 Mikel Arrizabalaga https://www.berria.eus/albisteak/222736/irulegiko_herrixka_eta_gaztelua_menditxiki.htm
Langa gainditu eta berriro pista zabala hartuko dugu leporaino igotzeko. Puntu honetan, bide zabala utzi eta GR-220aren seinale zurigorriek (Iruñerriako arroaren itzulia) erakusten diguten norabidean, pinudian murgildu eta bertatik zabaltzen den xendan barrena abiatuko gara. Lehen malda igo orduko, malda handia eta pikoa gainditzeko 150 maila dituen eskailera batekin egingo dugu topo. Goiko aldera iristean, ikuspegia zabaldu egingo zaigu, ezpel eta pinu txiki batzuk izan ezik, ez dugu trabarik izango. Gure mendean, Itzagaondoako ibarreko zereal lurrek osatzen duten puzzle koloretsua, sasoi bakoitzaren arabera kolore desberdinez jantziz.

Bidezidorrak pinudi txiki bateraino eramango gaitu eta hau zeharkatzean, aurrez aurre ikusiko dugun ordoki berdearen goiko aldean Irulegiko gazteluaren aurriak agertuko zaizkigu. Tontorrerantz abiatu aurretik, magalean kokatuta dagoen Burdin Aroko herrixkaren aztarnategira gerturatuko gara. Aranzadi Zientzia Elkarteak, 2007 eta 2017 artean gaztelua ikertu eta gero, 2018an honen magalean dagoen herrixka aztertzen hasi zen. Indusketa horien ondorioz, Kristo aurreko I. mendekoa den esku itxura duen brontzezko xafla bat aurkitu zuten. “Irulegiko eskua" izenez ezagutzen den pieza berezi honetan lau lerroko idatziak agertzen dira, eta horietako lehenengoa, “sorioneku" modura transkribatu dute, karaktere paleohispaniarretan eta hizkuntza baskoian idatzia. Adituen arabera, ohiz kanpoko aurkikuntza honek antzinako baskoiek alfabetaturik zeudela erakusten du, eta ez zirela idazten hasi alfabeto latinoan. Baskoieraz idatzitako lekukotasun zaharrena dugu hau. Zinez, antzinako euskarari buruzko aurkikuntza garrantzitsua.

Herrixka atzean utzi eta gaztelu aldera igotzeko azken maldari aurre egingo diogu. Iruñerrian ondoen mantentzen den Nafarroako Erresumako Erdi Aroko gaztelua da. Eta hori, Aranguren ibarreko herritar, Larrazkoa elkartea, Nafarroako gobernua eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, egindako ikerketa arkeologiko eta berreraikitze lanetan parte hartu izanari zor zaio. Iruñeko erresumaren hastapenetan eraiki zela uste da, garai hartako baskoien defentsa-sistema gotorlekuetan oinarritzen baitzen. Agaramontarren eta beaumontarren arteko gerra zibilean, Leringo kondea izan zen gazteluaren jabea, eta XIV. mendearen bukaeran, Juan Mearin beaumontarra zen hango alkaidea. 1494an, Joanes III.a eta Katalina I.a Nafarroako errege-erreginek gaztelua berreskuratu zuten, baina urte berean gaztelua eraistea erabaki zuten. Gaur egun ikusten diren egiturak XIII eta XV. mendeetako eraikuntza faseei dagozkienak dira. Gazteluan dago tontorra adierazten duen buzoi edo gutunontzia eta harresietara igotze besterik ez dugu panoramika zabal eta ederraz gozatzeko.
Datozen urteetan egingo diren balizko aurkikuntzek berriro Irulegi bisitatzera ekarriko gaituela desiratuz, etorritako bidetik atzera egingo dugu pistaraino. Bertara heldu baino metro batzuk lehenago, eskuinetik ateratzen den xenda hartuko dugu ibilaldi honen hasieran ezagutu dugun baso bizidunaren bigarren zatia ezagutzeko. Basoa zeharkatzen duen bide honek beste makina bat irudi erakutsiko dizkigu, egurrean edota enborretan tailatutako txakurra, behia, zaldia, kokodriloa, eskua, liburua, hontza, onddoak eta abar. Bide magiko honen azken partean, maitagarrien haritz-enborraren ondora iritsiko gara eta metro batzuk aurrerago eginez, maldan behera zuzentzen den bidezidorretik abiapuntura itzuliko gara.]]>
<![CDATA[Ziortza-Bolibarko lurretan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1897/026/002/2022-11-22/ziortza_bolibarko_lurretan.htm Tue, 22 Nov 2022 00:00:00 +0100 Mikel Arrizabalaga https://www.berria.eus/paperekoa/1897/026/002/2022-11-22/ziortza_bolibarko_lurretan.htm
Ziortza-Bolibarko plazatik abiatu, eta berehala ikusiko dugu erromesentzat lagungarria gertatzen den gezi horia margotuta. Errepidea gurutzatu eta berehala, Erdi Arotik erabili ohi den galtzada (bidarria) zaharrak maldan gora eramango gaitu, Ziortzako monasterioaren sarreraraino. Mendebaldeko atetik sartuko gara, Ziortzako armarria (arranoa eta burezurra) daukan atetik, hain zuzen ere. Ingurune paregabe eta eder batean dago monasterioa, eta Euskadiko Monumentu Nazional izendatua dute; garai batean, kolegiata izan zen. Monumentu multzoa hainbat eraikinez osaturik dago: XV. mendeko eliza gotiko-errenazentista, XVI. mendeko klaustroa, klausurako eta komunitateko kideen bizitokiak (abade eta kolonoen etxeak, jangela…), eta denda. Garai batean, erromesentzako ospitale bat ere izan zen han, baina erre egin zen, sute baten ondorioz, eta, gaur egun, eraikin berri bat dago haren ordez.

Puntu erdiko arkua duen ekialdeko atea (Mujika-Butroi familiaren armarria) zeharkatu, eta monasteriori bizkarra emanda, bidegurutze batera helduko gara. PRaren marra zuri eta horiek erakusten diguten norabidean, pinudian murgilduko gara. Gontzugarai baserriaren ondora igo aurretik, zubitxo batek errekastoa gurutzatzen lagunduko digu. Metro batzuk aurrerago, beste bidegurutze bat topatuko dugu. Donejakue bideari dagokion xenda ezkerrera utzita, eskuinetik ateratzen den asfaltozko bide zabala hartuko dugu. Aurrera goazen heinean, Bedartzandi eta Urregaraiko Santa Eufemia baselizaren ikuspegi ederra izango dugu.

Paisaia bukolikoen artean, Santa Luzia baselizaren ondora iritsiko gara. Eskualdeko baselizarik zaharrenetakoa da. Kondairak dio 968an hilobiz betetako tenplu bat zegoela baseliza dagoen lekuan. Haren hormetako batean, mozarabiar tradizioko hiru argiko leiho bat du. Barruan, Santa Luzia, San Antonio eta Ama Birjina Sortzez Garbiaren irudiak ikus daitezke. Abenduaren 13ko hurrengo igandean, erromeria egin ohi zen, eta gaur egun, berriz, meza abestua.

Baseliza atzean laga eta berehala, Gerrika auzora helduko gara. Bide balizatutik segituz, eta baserriz zipriztindutako paisaiaz gozatuz, eskola zaharra (Escuela de barriada de Vizcaya - Bizkaya'ren auzo-ikastola) izandakoaren ondotik pasatu, eta Zearregi auzora iritsiko gara. Bide zabal eta eroso horrek Andra Maria Madalenaren baselizara eramango gaitu, bide nagusitik metro batzuk gorago. Ermita gotiko horrek hegoalde eta mendebaldeko fatxadetan bi arku zorrotz ditu, eta Maria Madalenari eskainitako aldare nagusia.

Bide nagusira jaitsi, eta Zeinka auzora iritsiko gara. Bide seinaleei kasu eginez, Ziortza-Bolibar aldera jaisten hasiko gara, hasieran eukalipto baso batean zehar eta, gero, tarte batzuetan nahikoa zikin dagoen bide batetik. Baserri zahar baten aurretik pasatu, eta, metro batzuk beherago, eskuinera hartuko dugu bidegurutzean; xenda estu batek herriko Simon Bolibar plazaraino eramango gaitu. San Tomas eliza izango dugu aurrez aurre. Jatorria X-XI. mendeetan izan arren, XVII-XVIII. mendeetan berreraiki zuten. 1959an, elizaren arkupean aurretik zegoen beste bat —Santa Ana deiturikoa— ordezkatu zuen Venezuelako Coromotoko ama birjinari eskainitako kapera horrek; Simon Bolibar askatzaileari eskainia dago. Nahiz eta hura ez zen herrikoa, haren familia hangoa zen jatorriz.

1927an, Venezuelako Gobernuak arbasoen jaioterrian monolito bat eraiki zuen haren omenez, eta testu hau irakur daiteke hartan: «Antziñako sendi euzkota? onek Bolibar'tar Simon argiratuaz bere bizimen inda?a erakutsi eban». Ibilaldia osatzeko, 1983ko uztailaren 24an —Simon Bolibarren jaiotzaren bigarren mendeurrenean— inauguratu zen museoa bisitatu dezakegu.]]>
<![CDATA[Leitzako muinoak | Menditxiki]]> https://www.berria.eus/albisteak/222735/leitzako_muinoak_menditxiki.htm Sun, 13 Nov 2022 15:18:38 +0100 Mikel Arrizabalaga https://www.berria.eus/albisteak/222735/leitzako_muinoak_menditxiki.htm Talaia bikaina atzean utzi eta lepora itzuli gara gertu dagoen Petriketako tontorrean dagoen buzoiaren ondora iristeko. Aurrekoan bezala, panoramika zoragarria. Lurrezko pistak pagadian murgildu gaitu eta bertatik ateratzean gertu dagoen Baztarlako gainean dagoen buzoia ezagutu dugu. Leitza aldera ikuspegi ederra. Itzulera, antenara igotzeko erabiltzen den pista zabaletik egin dugu.]]> <![CDATA[Adarra | Menditxiki]]> https://www.berria.eus/albisteak/222734/adarra_menditxiki.htm Sun, 06 Nov 2022 14:43:22 +0100 Mikel Arrizabalaga https://www.berria.eus/albisteak/222734/adarra_menditxiki.htm