<![CDATA[Mikel Asurmendi | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 26 Sep 2022 11:25:24 +0200 hourly 1 <![CDATA[Mikel Asurmendi | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Trantsizioaren alegoriaren isla]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1936/033/001/2014-07-06/trantsizioaren_alegoriaren_isla.htm Sun, 06 Jul 2014 00:00:00 +0200 Mikel Asurmendi https://www.berria.eus/paperekoa/1936/033/001/2014-07-06/trantsizioaren_alegoriaren_isla.htm
Nobela beltza duzu, thriller petoa. Irun hirian kokatua eta inguruan garatua —Donostia—Baiona bitarte—. Iragan berriko Euskal Herriaren idiosinkrasiaren isla, argi-seinaleak ilunean. Trama 1975-1981eko aldian gertatzen da, garai hagitz esanguratsuan: Franco diktadorea hiltzen denetik Tejeroren estatu kolpera bitarte. Alegia, deus ez.

Ordurako, zorionez edo zoritxarrez, Meliton Manzanas torturatzailea hila zegoen, baina ondorengo garaiko giroa antzemanen duzu nobelan. Zangotraba-k giro politiko sozialaren jitea dauka, garai hartako brigada politiko-sozialaren usaina dario.

Joxe (Aduanetako agentzia langilea) eta Edurne (euskara irakaslea eta feminista). Dionisio (sindikalista porrokatua) eta Ixabel (ama zintzoa), eta Miren eta Tximinoa (drogaren menpekoak) bikoteak dira pertsonaietako batzuk. Euren inguruan Kintanilla inspektorea eta honen ondorengoa dabiltza. Dama Beltza izeneko bat ere badabil, nobelotan agertu ohi den pertsonaia siniestroa, baita ETAkidea ere, Azeria goitizenekoa. Trama hainbat harik bilbatua da. Hariek orduko jendartearen erretratua josten dute, ederki eta krudelki lotu ere.

Garaia nolako, pertsonaiak halako. Gaurdanik ikusita, haietako batzuen soslaiak surrealistak irudi dakizkigu, Juan Fernandez detektibearena, kasurako. Juan, Joxeren nortasunean abarora eraikitako pertsonaia duzu. Pertsona iluna eta gonazalea, besteak beste.

Muga inguruko negozio ilunek zeharo kamusten dituzte pertsonon duintasuna eta koherentzia. Ordea, Joxe eta Juan pertsonaien kasuetan ez dago esaterik —Jekyll eta Hyde pertsonaiaren nortasun kasuetan legez— zein den gaiztoa zein ona. Pertsonok zirkunstantziaren araberako menpekoak baikara, itxurazko nortasunaren morroiak eta mozorrodunak. Lagun hoberena zangotrabatu dezakegu, baita halabeharrez traizionatu ere.

Juan Kruz Igerabide idazle iaioa eta zaildua da. Eskarmentuaren idatz leun neurritsu goxoaren jitea eta eitea dauzka Zangotraba-k. Erudiziotik ere badu, egileak mito eta klasikoetara jo du nobela janzteko. Atalez atal, hasierako hiru antzerki atal tarteko, bizitza misterioa dela auguratzen digu. Egoera eskizofrenikoak jasan ezinean, bizitza tragikomedia moduan herrestan eraman ohi dugula. «Ohi» esan dut, biziko bagara, une tragikoak egoera komikoak bihurtzen baititugu ezinbestean.

Gertakariak eta pertsonaiak zekenak izan arren, maitekorrak ere badira. Egilearen beraren bizipenetatik eratorriak, antza. Izan ere, zer da bizitza, errealitatean eraikitako fikziorik ez bada? Dyane 6 autoa garai hartako paisaian irudi edo Edith Piaf-en Non, je ne regrette rien kantaren hitzak gogoan, orduko pertsonen izaerak xarmanki erretratatu ditu nobelagileak.

Zangotraba fruitu anitz eskaintzen dituen arbolak antzo kimatu, inausi edota irakurri dut. Abar askotariko arbola begitandu zait. Emankorra. Egileak, baina, egungo garaiek —kanonek?— agintzen duten neurrira ekarri behar izan ote duen nago. Hau da, narratutako garaia iragan berria da, garaia baina beti aldabera.

Dena dela ere, nobelagilearen aforismoei kasu egiteak, literaturak bizitza ulertzen laguntzen digu: dena esana dago, baina okerrera egiten du, eta berriro esan behar. Ez gaitezen lerro artean idatzita dagoenari begira irakurri, itsutuko baikara. Joxe eta Juan gogoan, idazlea doble bat dela diot nik ere, baina idazleak berak ez daki norena. Trantsizioaren alegoriaren isla zinez egokia. ]]>
<![CDATA[Amets galduen zirimolan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1936/049/001/2014-06-22/amets_galduen_zirimolan.htm Sun, 22 Jun 2014 00:00:00 +0200 Mikel Asurmendi https://www.berria.eus/paperekoa/1936/049/001/2014-06-22/amets_galduen_zirimolan.htm
Oreretako Pontika auzoan girotu zuen Lander Garrok Kontrarioa nobela, Raul Oliveira protagonista alter ego-a zuela. Bere nerabe-gaztaroa narratu zuen hartan, garaiko eskola porrota izan zuen leitmotiva. Denboran atzera egin du idazleak. Oreretako errenteriarrak bere haur-nerabezaroa birsortu du, eta Orereta eta Hendaia artean gauzatu bigarren nobela.

Gerra txikia Ugarte familiaren istorioa da funtsean. Xabi haurra da protagonista —Lander haurraren alter ego-a, naski—, eta berarekin Gotzon anaia, Nagore arreba eta Mari Karmen ama. Aita ere bai, baina hau bestalde dabil, noraezean, txori errarien ariora.

Saldoko burua nora, haren hegalpekoak hara: Bestaldera. Horra familiaren patua!

Ugartetarrak herrian nagusi izateko borrokan ari dira, alabaina, halabeharrak maizter errariak bihurrarazi ditu gauetik biharamunera. Estatu bateko errentariak zirenak beste estatu bateko alogerekoak bilakatu dira. Ugartetarrak uharteak bihurtu dira Bidasoaz bestaldeko itsas zirimolan. Oreretako zurrunbilo borrokatsu eta alaitsutik Hendaiako «lasaitasun tristean» bizitzera iragan dira, Pontikatik Orio auzora.

Haurrek Bestaldera joanik, étranger eta extraño hitzak kidekoak direla ikasi beharko dute. Arraroa, arrotzak eta erbesteratuak dira euren —haurren— aberrian. Klandestinoa sasitarra dela jakiteko solitudea ezagutu beharko dute. Andoni anaia miresten du Xabik, eta horren «frantsesek maitasun kontuetan asko dakite, baina gerra kontuetan batere ez» izan du estreinako ikaspena. Ikasle eskasa da Xabi. Amarengan bilatzen du eskas ere duen maitasuna. Halaber, inoiz inor izanen bada Xabik aita «hil beharra dauka».

Haur-nerabeon abenturak —eta malurak— GAL fenomenoaren garaian girotuta daude. Txomin iheslariaren hilketak bizitza osorako markatuko du Xabi. Gerra txikia haurren gerren isla da oroz gainetik. Haurren gerrak baina, helduen gerrak bilakatzen dira etorkizun sumaezinean. Ugarte familiako txikienak perurenatarrak daramatza gomutan bizitza osorako. Perurenatarrak, baina, ez dira fikziozkoak garrotarren irudimenean.

Fikziozko Maider benetakoa Argi izan daiteke. Fikziozko Oihana izan liteke Garazi edo Ilazki. Blanki, ordea, Maite da ezinbestez. Zoritxarrez, baina, iragana etorkizun garratzari begira eraikitako orain hitsa ez beste da. Landerren maitea parafraseatuz —Maite irudimenean—, neronek hala esango nioke Blankiri: «Tristea dun gerra, maitea, eta ez gudarientzat soilik».

Gerra txikia Xabiren haurtasun galdu-tik kontatua dago. Lengoaiari dagokionez, nerabe batek uler dezakeen heinean gauzatua. Horren ostean, Kontrarioa nobelaren ildoan, biziro desio dut nobelagileak Landerren helduaroaren Helduen gerra narratzea etorkizunean. Fikziozko trilogia ederra litzateke herri honetako memoria zertzen laguntzeko.

Agian, errealitatea hain krudela ez balitz, fikzioak ez luke horren itzal gaiztorik hedatuko. Agian, Garroren nobelako haur-nerabeek «Gu gara pailazo hiltzaileak Euskadin sortuak jarraitzeko borrokan» ahapaldia bestera abestuko dute etorkizunean. Agian, Gerra txikia liburuko azalaren haur horiexek dira oraina —zeru urdinpean, jostetan alai—, iragana hausnartutako etorkizunaren oraina. Agian, Urruñako Pausu auzoan hasiak dira zertzen iraganeko amets gaizto galduen ordezko amets bete gabeak. Araiz eta oxala! Ene irakaspena: «Euskaldunok gerra asko bizi izan dugu, baina maitasunean eskas gabiltza».]]>
<![CDATA[Poetak (argia) merezi du]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1978/045/002/2014-06-08/poetak_argia_merezi_du.htm Sun, 08 Jun 2014 00:00:00 +0200 Mikel Asurmendi https://www.berria.eus/paperekoa/1978/045/002/2014-06-08/poetak_argia_merezi_du.htm
Poeta abian da beti. Hitza du lanabes; lanabesa, baina, zama ere bada. Juan Ramon Makuso bizitza zama zuela abiatu zen Itakara. Bizitzeak hil egiten duela gaztigatu zigun, eta pertsonok hirian frakasatu dugula esan ere bai. Hiriari gorazarre egiten segitzen du, haatik. Hiria du kezka, agora galdua. Denborak ardura dio. Oraina galduan dabil. Poeta da, baina, batez ere, poeta metafisikoa —izan— da. Errealitatearen eta izatearen funtsa behatu ohi du oroz gain, zama filosofikoa darama. Alta, poesiaren bidean segitzen du.

Bost etapatan gauzatu du azken bidaia. Beha dezagun ibilbidea.

I. Plazara jaitsi da —portura bidean—, agora ments du, ments eta amets. Poetak eta filosofoak deman dihardute: «Eleak nahastu zaizkit. Urtu da errealitatea», diosku. Alta, hitza «usatu» baino gehiago «gozatu» egiten du poetak. Errealitate gordinari aitzi egiten dio, haurtzaroa gomutan. Itsasoan —edota basamortuan— bilatu ditu hitz lagunak, zeruertzek zedarritzen dute bere jarduna: «Bizi poza nire haurtzaroko jolas gunea zen zelaiaren itsasoan». Oroi-mina dario; alabaina, hitz argiek haur hura salbatzen dute, poeta filosofoari gailentzen zaio. Poeta soziala ageri da, lagunaren lagun.

II. «Egia biluzik ibiltzen da eta hitzek ez dute aurkitzen soineko egokia berau janzteko». Hitza denboran ezarri nahi du poetak. Hitza gailen ote den, sentitu dut etapa honetan ere. «Arrazoiak eta bihotzak ez didate argia ematen, nahiz eta hitzen itzala handia izan». Demarik dema, emoziorik emozio, poetak egoki «darabil» hitza. Poetak —poetak dioenez— iraganeko oinazeak eta (ETA hizpide) juntagailu gabe ondu beharko ditu geroan.

III. «Hitzek, berez, hor ez dauden gauzak errepresentatzen dituzte», berretsi du poetak. Haurtzaroko denbora galduaren xerka segitzen du, izuen gordelekuetan barrena. Pozarren ari da, arraunak ditu lanabes. Haurra aldarrikatzen duen poetak gazteak bidaide nahi ditu: «Esadazu zure isiltasunarekin», diotso horietako bati. Azken poeman bihotzak arrazoiari bide eman ote dion hauteman dut.

IV. «Apart: the very word is like a bell. Hitzak berak kanpaiak irudi». Infinituaren kantua eskaini digu: «Burmuinean zait eraiki hitza […]. Hitzan zait ahitu nia», dio. Lemari oratuta segitzen du, baina lema lanabesa bihurturik hitzak ihes egin ote dio? Galdu al du nora? Nork daki! «Ozeanoaren sinfonia fugan agortzen da», diosku eta. Poetaren gordelekuak infinituak dira. Denbora galdua, baina, ez dago inguratzerik.

V. Azken etapan «Abiatu naiz elurrez estalitako uhartera», dio Makusok, Tomas Tranströmer gogaide duela. Denbora ari da agortzen poetaren ibilbidean. Poetak bidaldian bidaide lartxo inguratu ote duen nago: Gotzon, Victor, Izar edota Joan Mari. «Memoriak ahanztura du bere oinarrian eta poetak ez du dena lortzen, dena ikustea zaila baita», aitor du Makusok. Poetaren kontzientzia zapaldu gabeko elurra da, eta bertan ez dago ezer idatzirik, grafitilariak jada ez daude hirian. Poetak —bere hitzak lanabes ditut— arnasa harriduraren filosofian hartzen du.

Poetarekin nago eta ez nago. Ez beti, alegia. Hitzak argiagoak dira abiaburuan amaieran baino. Hizkuntzak hitzak lausotu —menstu— ditu itsas barrenean. Lehen etapetan, bere hitzak nire(ago)ak dira. Azken bietan Makuso filosofoagoa da poeta baino. Ene ustez, bidaide gutxiagorekin aiseago egin lezake arraun. Makusok ez dio inori hitzik zor, ene gardiz. Guziarekin ere, poetak (argia) merezi du.]]>
<![CDATA[Gurutzearen zama uzteko saioa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/6264/036/005/2014-05-25/gurutzearen_zama_uzteko_saioa.htm Sun, 25 May 2014 00:00:00 +0200 Mikel Asurmendi https://www.berria.eus/paperekoa/6264/036/005/2014-05-25/gurutzearen_zama_uzteko_saioa.htm
Argitaletxea: Hiria.

Saio landua eta irakurtzeko erraza duzu Jainkoaz beste, Aberriaren idolatria, baita egokia ere. Euskaldunon historia eta ideologiak jorratzen ditu, abertzaleena oroz gainetik eta ezker abertzale/ETAren binomioarena bereziki. Erlijioak eta jainkoak abertzaleengan duten munta azaltzen du, hots, euskaldun fededun izanaren ondorioa. Errelatoen beharra dugun garaion, gure pentsamenduaren errelatoa berritzen laguntzeko saioa.

Liburuaren funtsean sakondu aitzin, ohar pare bat:

1) Saioa landua da, baina merezi luke «orrazketatxo»-ren bat gehiago idazketa —akats ortografikoez ari naiz— txukunagoa izateko. Ez da liburu eta argitaletxe honen gabezia soilik, besteen liburuetan ere lanketa eskas hori agerikoa da usu.

2) Luis Haranburu Altuna da egilea (Alegia, Gipuzkoa, 1947), eta komenigarria da bera ez estigmatizatzea. Hots, Haranburu Altuna erlijioan, abertzaletasunean edota marxismoan hezi izan arren —Mikel Azurmendi, Jon Juaristi, Jon Sudupe… eta beste zenbaiten artean, bat-bedera eta inor inorekin nahastu barik—, saiogilea jeltzaletasunarekin eta ETAren tasunekin biziki kritikoa —bilakatu— da. Hain kritiko ere, ezen eta abertzaletasunaren «etsaia» izatearekin estigmatizatuta dago —eta daude—. Horiek horrela, bere pentsamendua edota liburuak «errefusatuak» izaten dira hainbat abertzaleren aldetik. Hartaz, horrek liburuaren irakurketa eta balioa baldintzatzen dituelakoan nago.

Segi nadin liburuaren azaletik beretik: Felix Likiniano anarkistak asmatu anagrama (ETAren anagrama: sugea eta aizkora) eraldatua ageri da: gurutzeak hartu du aizkoraren tokia. ETAren anagrama Higiaren koparen plagioa iruditzen zait. Berau farmazeutiko lanbidearen ikur ezagunenetako bat da. Kopan edo kalizan kiribildutako sugea ageri da. Sugeak boterea irudikatzen ei du, kaliza erremedioen ikurra delarik.

ETAren anagrama «aizkora beste sendo eta sugea zuhur antzo» definitu zuen norbaitek. Saiogileak gurutzearen (boterearen) zantzuak antzeman ditu aizkorarenean. Alabaina, saioa ongi ulertzera, euskaldunon erremedioa ez dira ez aizkora ez gurutzea.

Edonola den ere, saioak kontrobertsiarako ematen du, askorako eman ere. Eta horretarako Doctor Ecclesiae, hots, Elizak ditu doktoreak. «Gure» eliz eta kapera barrutietako pentsalariengan pentsu dut. Komeniko litzaiguke arrazoiz adina zentzu izatea, eta, ideietan bat egin beharrik gabe, euren arteko eztabaida emankorrak gauzatzea errespetuz.

Jainkoaz beste. Aberriaren idolatria saio kritikoa da abertzaletasunaren ondorioekin. Ezkerreko abertzaletasunaren jardueraren (ETAren indarkeriaren) okerrari egiten dio arbuiorik handiena, baina saioa hori baino askoz gehiago da. Euskaldunon erlijioaz gain, geure —pertsonon— askazia, emozioa, kontzientzia eta memoria lantzen ditu, ondo landu ere. Euskaldunon jainkoa du jomuga bereberki. Eliza katolikoaren izaera ederto agertu eta bere amaiera iragartzen du. Haatik, galdera hauxe pausatzen du amaieran: «Erlijiotik aterakoan zer?».

Hona nire aburua: «Gure» kaperetako doktoreek auguratu dezaketenaz beste, zer egin dezakegu hiritartasuna aitortu gabeko herritarrok? Hasteko, on egingo liguke aberriaren idolatriari uko egiteak. Jainkoaz beste egitea zailagoa daukagu, naski. Kristautasunaren aurretiko jainkoengana atzera itzultzea ezinezkoa zaigu. Anartean, Zesar berriei aitzi egiten edota haien aurkako borrokan errenditzen konformatu beharko dugu.

Kontrobertsiarik kontrobertsia, osasungarria deritzot saio honi ekitea.]]>
<![CDATA[Errelatoak, fikzioak kara]]> https://www.berria.eus/paperekoa/6264/036/005/2014-05-11/errelatoak_fikzioak_kara.htm Sun, 11 May 2014 00:00:00 +0200 Mikel Asurmendi https://www.berria.eus/paperekoa/6264/036/005/2014-05-11/errelatoak_fikzioak_kara.htm
Argitaletxea: Erein.

Errateko zituen, baita gogotik erran ere (Pello Salaburu, Arizkun, 1951). Jainkoa Arizkungo ala Cuscokoa izan, alajainkoa edota hala jainkoa! Erratzuriz etxaldean sortu ttalla ezagutu dugu, hala Baztan nola Cuzco poxi bat gehiago ezagutu ere. Areago, ttalla edo mutiko hura ez ezik, gizakia bilakatu gaztea ere bai.

Nafarroa Garaia baino goitiago dagoen Peruko Cusco hiriraino eraman gaitu Salaburuk, hegaz eraman ere. Hagitz goitik egin du hegan: Paris, Amsterdam, Arizona edota Txilen gaindi ibilki da, lur arrasean ibili ere. Mundualdiko kronika izan ezik, Euskal Herrikoa kronika taxutu du.

Autobiografia bada ere, liburua ez da arras biografikoa. Ez da nobela, ez poesia, ez ipuina, ezta historia erreala ere. Alta, dena erreala bailitzan irentsi daiteke. Irentsi! Bai horixe. Mikel Laboaren Baztan kantuak gaztetan irentsi —Joxan Artzeren eleetan— gintuen antzera.

Pello Salaburu ez dut ezagutzen, ez dut behin ere kara kara izan, alabaina, Errateko nituenak irakurri ondotik, berarekin topo eginez gero, bertzela behatuko diot. Kontakizunok errealitatean eraikitako fikzioak kara dira —fikzioak antzo, baztandarren moldean erranik—. Idazleak ironia darabil, eta zenbaitetan irakurleoi adarra jo ote digun inpresioa daukat. Ironia goxo-goxo dario bere eleoi alta, Sylvia Kristelen behako eztiak kara.

Cuzcoko kronika istorioen bidez kontatutako —gure eta bere— historia da. 2012ko urriaren 1etik urriaren 6ra bitarte narratua, astelehenetik larunbatera. Igandea, Arizkungo erratzuriztarrek egin legez, atseden eguna harturik. Kristau jaioak gara euskaldunok, bai horixe! Gizaldi honetara bitartekook bederen. Gerokoak nolako izanen diren, jakizu! Anartean, gure historiaren errelatoa egin beharra dugun garaion, ongi jinak Pello Salaburuk errateko zituenak.

Liburuaren azaleko armarria abiaburu harturik, kontakizunak antzinatik etorkizunera ibilarazten gaitu, presenteaz ere mintzo delarik: goitik ibilita, xumeen ingurumaria narratuz. Cuscotarrek greba egunak egiten duteinoko egunak kontatuz, konparazione. Idazlea cuscotarrez ari denean gure buruaz ari ote? Ironikoa dirudi, hori horrela galdetzea ere. Edonola dela ere, Euskal Herria tipia eta xumea da eta Cuzco hiria habitatzen duten indigenak bezala, euskaldunok historia ere xumea dugu. Alabaina, Inka inperioaren indigenen antzera, gu ere konkistatuak eta konkistatzaileen arrimuan aritutakoak gara.

Errateko nituenak izenburuak berak ohartarazten gaitu liburuaren asmoaz eta jakitez. Seminarioan lehenik, ttalla zelarik. Gaztea zelarik gero, unibertsitatean zaildua. Unibertsitatean eta Euskaltzaindian —Bazkaltzaindia-ko bilkura surrealistetan— azkartua gero, ekinez eta jarraituz jalgi zen mundura Salaburu! Konparazionera hau ere: ez du ahoan bilorik, ez sexualitateaz ari denean —Sylvia Kristel behin eta berriz oroit— ez Juan Jose Ibarretxe —lehendakariaz, alegia deus ez!— nahiz Miren Azkarate bidaide eta lagunen pasadizoez ari denean. Atseginez mintzo zaigu Elisa eta Carmina lagun berriez; artean Janire Marling lokamuts duelarik.

Pizarro, Anquetil edo Koldo Etxandi ere aurkituko dituzu kontakizunean, bertzeak bertze. Lehen bien izenak ezagunak zaizkizu, bigarrena ez. Fikziozko izena duzu, hagitz erreala haatik. Koldo Etxandi inguratzen gaituzten estatuetako espetxe batean aurki dezakezu preso. Bertatik irteteko eskubidea dauka, «nola» atera baina! Hori errealitate gordina. Errateko nituenak errelato gisakoa da, benetakoa, fikzioak kara ederki narratua.]]>
<![CDATA[Libertateari esker eta zor]]> https://www.berria.eus/paperekoa/6264/032/005/2014-04-27/libertateari_esker_eta_zor.htm Sun, 27 Apr 2014 00:00:00 +0200 Mikel Asurmendi https://www.berria.eus/paperekoa/6264/032/005/2014-04-27/libertateari_esker_eta_zor.htm
Argitaletxea: Pamiela.

Euskal kultura auzitan jarri zuen Euskal kultura? saio laburrean (Juan Zelaia Saria, 2008) eta Libertitzeaz saio mardularekin heldu zaigu orain. Antton Luku baxenabartarrak (Kalifornia, 1959) ez du astia alferrik xahutu. Errana diot: «Hau idatzi ondoren, hil zaitezke lasai!».

Euskal dantzariei eskainia da liburua. Ezinbertzean hala izatea. Baiki, saioa endelegatzeko hobe dantzari izatea edo dantzaren mundua ezagutzea. Halakoxea duzu saiogilea, dantzaria. Dantzaria ez ezik, antzerkigilea. Alabaina, Lukuk ez du antzerkia bere egiten, berau dantzaren baitan eman gabe. Zer ote antzerkia, ordea? Zer ulertzen dugu antzerkiaz?

Galdera franko, eiki. Idazleak arrapostu anitz eman dizkigu haatik. Antzerkia zer ote? Bada, Libertimendua. Tobera. Karrusa. Maskarada… Baxenabarren bereziki —Lapurdiko mugatik Zuberora bitarte— eta Baigorri, Garazi eta Amikuzen partikularki. Antton Luku inongoa bada, horkoa baita.

Ez horkoa bakarrik. Izan, Luku basokoa da, bortuetako basajauna. Bortuetatik jausten den bolanta, herensugearen antzerakoa. Zer ote bolanta? Zoaz Luzaidera! Eta, bidenabar, Okabeko harrespila bisitatu. Libertitzeaz eraman ezazu galtzarbean: Jorge Oteiza, Juan Antonio Urbeltz, Piarres Larzabal, Daniel Landart, Eñaut Etxamendi edota Gillom Irigoien izanen dituzu bidaide. Ez horiek bakarrik, xumeagoak ere badituzu: Anttoni Etxako, Aintziburu, Xeaxtian Ihidoi edota Galtxet. Ezin denak aipatu. Eta den-denak ere ez dira halakoak. Nicole Lougarot edota Mixel Etxekopar (honekiko gogaidetasun franko ukatu gabe), konparazionera, ez ditu arras gogaide (ez dira bakarrak ere). Luku bere «egia» ekartzen entseatzen da, katzakan, baina errespetuz. Politiquement correct espresioa heldu zait pentsamendura: Antton Luku nehor bada, juxtu izate horren ifrentzua da.

Saiogileak euskal kultura auzitan eman du berriz ere, horren transmisioa arranguraz bizi du. Euskal kultura euskaraz baino ez du endelegatzen. Agian, hegoaldean aburua aski barneratua da, Iparraldean ez horrenbeste. Euskara kinkan dago. Ofizialtasunaz honat eta haratago, euskararen arima hilzorian baitago. Hain zuzen ere Libertitzeaz kultura saioa izanagatik, berau ezin da politikari behatu gabe ulertu. Iparraldeko politika ez ezik, jendartea eta historia endelegatzeko berebiziko saioa da.

Berebizikoa eta berealdikoa. Barka itzazue adjektiboak, baina euskal kultura gure aldian jokatzen da. Gurea, politika nahiz kultura, edota biak batean, Commedia dell'Arte daude, eta bere baitan ulertu behar dira. Alta, saiogile eruditu bezain xume honi ontsa konprenitu badiot, bolantak eta santibatek zer diren barneratu gabe, euskal kulturarik izanen ote? Bertsolari zirtzilik gabe, inauteri ba ote? Inauteri zinez bizi gabe, ba ote folklorekeriaz beste?

Ez da dantza edo antzezkia egiten, dantzan ar(i)tzen da eta kultura bizitzan jokatzen. Kultur abangoardistatik nahiz eliteko kulturetatik edanik ere, Anttonen emana Behorlegi menditik jausten den ura bezalakoa da. Naturatik heldu eta herri iturrian isuria.

Ez da kultua akats ortografikorik gabe idazten duena, egungo politika eta kultura hastialaz ohartzen ez dena baizik. Lasai egon dadila egilea, saioa ez da luzea. Luzea, euskaldun biziko bagara, egiteko dugun bidea da.

Ba ote txapelik gabeko bertsolaritza izaterik? Ba ote kulturarik, goiti beheiti ezarritako sistemaren doinuz edo hitzez honagorik? Libertaterik barik ba ote libertimendurik?

Libertimenduari zor Libertitzeaz, saio aparta.]]>
<![CDATA[Alde irrealaren isla erreala]]> https://www.berria.eus/paperekoa/6264/036/005/2014-04-13/alde_irrealaren_isla_erreala.htm Sun, 13 Apr 2014 00:00:00 +0200 Mikel Asurmendi https://www.berria.eus/paperekoa/6264/036/005/2014-04-13/alde_irrealaren_isla_erreala.htm
Argitaletxea: Elkar.

Iñaki Irasizabal (Durango, 1969) genero beltzaren eleberrigile zaildua dugu, thriller hagitz interesgarriak egindakoa. Mendaroko txokolatea nobela kari ezagutu nuen nik, pertsona nahiz idazle legez. Horrela idatzi nuen orduan: «Ezohikoa da idazle hau. 'Ohiko ikasketak' burutu ostean, hala kazetaritza nola soziologia, industriagintzan ari delako, 'lan arruntean' dihardu alegia. Horrek ematen ei dio sosegua eta behar duen oreka idatzi ahal izateko. Lanaren ukitu beltza antzeman zaio Iñakiri eskuetan, fisikoan zein fikzioan». Irasizabal langabezian dago egun.

Mendarako txokolatea gustatu zitzaidan, baita Odolaren deia ere. Nobela xumeak direlako apika, eta neroni genero horren ezagule mugatua naizelako. Irasizabalek bi ezaugarri biltzen ditu eleberrigile gisa: bere pertsonaiak Bilbon bizi dira, eta Bizkai aldeko —Gamiz eta Fikako kasuon— ezaugarriez osatuta eta deskribatuta daude. Euskaldun petoak dira, hots.

Nobelari ekin aurretik, euskal nobelagile biren esanekin akordatu nintzen. Bi anai nobelaren egilearena, bat: «Honezkero ez zait pertsonaiaren deskribapen fisikoa narratzea interesatzen...» —buruz ari naiz, beraz baliteke idatzia hitzez hitz zuzena ez izatea—. Martutene-ren egilearena bestea: «Bilbon salbatuko gara edo ez gara salbatuko».

Odolaren deia-ren trama Bilbon gertatzen da. Pertsonaia nagusiak —bi anaiak— Bizkaian barna dabiltza joan-etorrian. Protagonista, Gorka, Zazpikaleetako soto batean bizi da, zulo-zuloan. Hala ere, liburuaren azalean ageri lez, teilatura igo ohi da. Hiri beltzean egunez bizitako nahigabeak alde zaharreko teilatuei —eta hiriko gauari— begira itotzen ditu.

Anaiaren ustekabeko deia jaso du Gorkak: «Zer nahi duk?» itaun lehorraren ostean, «aita hil duk» berria jaso du. Gorkak ez du deia «gustukoa» izan, noski. Deiak baina odolaren deia dakar! Azken hamar urteetan bizkar emanda bizitako bi anaiaren arteko berbak izan dira.

Odolaren deia thrillerra da, nobela beltza. Hainbatetan genero gutxietsia. Haatik, bere xumean eta laburrean, eleberrigileak hiriaz nahiz pertsonaiez egiten dituen deskribapenak gustuko dauzkat oso, euskaldun peto-petoenak nahiz kanpotik etorrita euskaldun bihurtutakoenak. Trama bilbatzen duten pertsonaiek ongi islatzen dute gure mundua. Kontakizunaren intriga bizirik mantentzen duen leitmotiv-az gainera, nobelak genero beltzaren alde humanoa nahiz soziala ederto islatzen dizkigu: familia bat jendartean, anaia arrakastatsua eta anaia frakasatua.

Kontrastasun gutxiko mundua da gurea, erreala sarritan irreala da. Odolaren deia-k irrealaren alde erreala eskaintzen digu. Mundu errealaren zuria nabari da beltzean, edo mundu beltza zurian. Gustatu zait, berbarako, pertsonaiek Unamuno Plazan hitzordua izatea. Miguel Unamunokoak burua altxatuko balu, irreala hein batean erreala ere badela ikusiko bailuke.

Ez naiz generoaren bereziki maitalea, baina tarteka-marteka laketgarri zait berarekin oheratzea. Ez ohi naiz sarri jardun, eta onartu behar dut tramaren edo pertsonaien aldaeraren batzuek coitus interruptus-en bat eragin didatela. Berbarako, akabukoak (116. o): «Telefonoa. Mugikorra —nirea da hitzaren etzana— igotzen nuen teilatura aspalditik. Zenbakia begiratu nuen: Nadia», dio Gorkak.

Edonola den ere, Iñaki Irasizabal eleberrigileak genero beltzaren titulua merezi duelakoan nago. Gorkari bezala, onena desio diot. Hau da, langabeziatik irtetea nobelak idazten jarraitzeko.]]>
<![CDATA[XXI. mendeko hiri unibertsala]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1598/036/001/2014-03-30/xxi_mendeko_hiri_unibertsala.htm Sun, 30 Mar 2014 00:00:00 +0100 Mikel Asurmendi https://www.berria.eus/paperekoa/1598/036/001/2014-03-30/xxi_mendeko_hiri_unibertsala.htm
Argitaletxea: Txalaparta.

Asteasu, Pasaia edo Urola aldeak nola, halatsu Obaba, Basques' Harbour edo Otzeta. Euskal eremu errealen alegiazko munduak dituzu horiek. Idazle norberaren beren-berekiak.

Asier Serrano Lubaki bandakoa izan zen. Abisalia du bere azken ipuin liburua. Abisalia uharte ote? Horrela izendatua kausitu dut Interneten, anabasa unibertsalaren indargunean. Euskal literaturaren eremuan aurkitutako artxipelagoa dukezu Abisalia, uhartea edota ipuin-multzoa. Liburuak nola, irudimenak libre!

Abisalia lubaki batean antzeman dut, arrakala erraldoian: Eibarren. Asier Serrano (Eibar, 1975) Lubakikoa zen eta da. Franco hil zen urtean jaio, eta hogei urte geroago joan zen Eibarretik. Abisaliara itzuli da. Hala ere, artean hiria sarri bisitatu du.

Eibar nolakoa Abisalia halakoa, hiri gorria alegia. Kram hiriko auzoa duzu eta Lubram, kale bat. Bisitariak arrakala handi horren bestaldetik heldu ohi dira. Batzuk 36ko fronteko lubakietatik, bestetzuk irudizko unibertso mugagabeetatik. Abisalia-ko pertsonaiak Serranoren imajinazio mugagabearen baitatik heldu dira: Emilard doktorea, Rialdo Koddel maisua, Lilith, Enola, Luzio Dalio Tango… baita Lorelei ere. Eta erlojugilea.

Alexandro Handia, Napoleon Bonaparte edota Stalin ere aurki ditzakezu berton. Aurkituko duzu Gobernadorea ere, kristalezko jauregiko urmaeleko arrain abisalei begira. Zirkua eta zoologikoa plaza nagusian dituzu; antzokia Kram kalean. Parkeko zuhaitzetan Verne, Salgari eta Dumasen liburuak zintzilik aurkituko dituzu, euren liburuak erreak diren arren. Izan ere, Salvador Daliren erlojuak antzo, Abisalian denbora urtu da; denborak galdu du nora. Abisaliako demokrazia sistema iluna da, lubakia eta arrakala. Behinola, Asier haurra bizi izan zen lubaki hartan hiriko bonbilla guztiak batera funditu ziren...

Abisalia ez da ikusezina, haatik. Zirkuko funtzioaren magia bere egina dute herritarrek. Kristalezko begi lausotuek neurona itxura hartu dute. Berbarako, Emilard oftalmologoaren jakintzari eta erlojugilearen trebetasunari esker, horren emazteak ikusmena berreskuratu du.

Nik kontatutako «hori dena egia da, eta ezin duzu sinetsi, edo hori dena gezurra da, eta sinets dezakezu». Bestela esanda: «Zoria edo halabeharra legez, bilatu barik gertatu zait, horrela suertatu da».

Asier Serrano Rialdo Koddel maisuaz galdezka ari denean, bere buruari galdezka ari zaio. Nerabe hura Ahab kapitainaren biloba da. Amonaren etxea abandonatu zuen gaztaroan, eta aldian-aldian Abisalia bisitatzen duen arrotza bera duzu. Irakasle eta musikari bilakatutako hark luma zorrozten ikasi du, eta hiri gorrira gonbidatu gaitu.

Berbarako, hau ere bai: Luzio Dalio Tango lurperatzailearen urretxindorrak ez du berriz kantatuko. Abisalia-ri nostalgia dario tarteka, tantaka… Larregi ote? Edonola den ere, idazleak ikasi du kontatzen eta narratzen. Asier Serranok hiri gorriaren mugak non hasten eta non amaitzen diren deskubritu duela uste dut. Ene ustea ustela ez den ustetan diot.

Dena dela ere, Abisalia hiri gorri unibertsala bilakatzen joanen da XXI. mendean. Euskara unibertsoko esperantoa bihurtuko da, esperantoa arrotzen hizkuntza izanen da, gure esperantza.

Desio izeneko tranbia hartzera gonbidatzen zaitut irakurle. Eibarretik pasatu ohi den bera dukezu. Bidenabar, idazleari ene gomendioa: tranbia har ezazu zuk ere, hiri gorria abandonatu eta zoaz hiri berrien menturan ostera.

Eta, hara, ene desioa ez dadin ustela izan.]]>
<![CDATA[Gure izanaren soinekoa(k)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1598/036/001/2014-03-16/gure_izanaren_soinekoak.htm Sun, 16 Mar 2014 00:00:00 +0100 Mikel Asurmendi https://www.berria.eus/paperekoa/1598/036/001/2014-03-16/gure_izanaren_soinekoak.htm
Argitaletxea: Elkar.

Lasai, ez da ezer gertatzen», diosku izenburutik beretik Ana Malagonek. Alta, liburuaren izena ez dagokio izanari. Edo bai? Hori —edo errealitatea— nola interpretatzen den, ezta? Azaletik beretik irakurtzen hasi naiz liburua. Azalaren eta egilearen ipuinen artean, baina, Iban Zalduaren Bakardadearen koordenadak aitzinsolasa dago, eta hori irakurri ostean, beste galdera bat: «Zer iruzkin mota egin dezaket nik liburu hau deskribatzeko?». Alegia, hark egin duenaren alboan irrigarri ez azaltzeko.

«Liburu hau lau zatitan tolestutako mapa bat da: zabaldu, eta bakardadearen koordenadak …», hasten da Zaldua. Ederra metafora! Nik, baina, beste metafora bat behar dut. Azalera itzuli naiz. Hona haren irakurketa. Argazkiak etxe xume bateko fatxada erakusten digu: zortzi leiho, lau esekileku. Horietako batean arropak, eskegiak. Xumea bezain ederra da azala. Azalak mamia biltzen du: izana eta funtsa. Etxean bizi diren pertsonak irudikatu ditut, eta mundu bat asmatu. Mundu bat edo bi, edo hiru, edo…

Alabaina, nik tranpa egin dut. Idazlearen testu bizien eta iradokigarrien ildoan, bidezidor engainagarri bat hartu dut. Hau da, azalak hasieratik gatibatu nauen arren, etxe barruan irudikatu ditudan pertsonen munduak baino gehiago, liburuko pertsonaien munduak gatibatu nau. Bistan da, etxeko fatxadak bakardadea irradiatu dit, baita idazlearen testuek ere orobat. Neronek baina, metaforak metafora, Malagonen liburua ez dut bakardadearen koordenatutan soilik irudikatu.

Ana Malagonek gure soinaren araberako soineko bat —edo bi edo hiru…— josteko aukera eskaintzen digu. Pentsa, ipuinak —oihalak— txikiak dira, baina beren izana ez da euren txikitasunean kabitzen. Ipuin labur intentsoak dira. Zenbaitetan, behin, bitan edo hiru alditan irakurri beharrekoak. Ipuinok ifrentzua baitute, arropek bezala. Pentsa, pentsa dezakezu arropa aurkiz jantzi duzula, baina ez, binperrez jantzi duzu. Bueno, egileak hori iradoki diezazuke.

Soinekoak soineko, metaforak metafora, Ana Malagonen pertsonaiak belaunaldi batekoak dira nagusiki. Bestela esanda, liburuko mundua idazle honen belaunaldiko pertson(ai)en begietatik erretratatuta dago. Adibiderako, errealitatearen eta fikzioaren arteko muga lausoa da oso. Herio oso presente dago, biziki presente. Munduon obsesioak gaina hartu dio bizitzaren beraren zentzuari, soinekoak izanari. «Belaunaldi galduaren» isla ote?

Liburu (h)onen bertutetako bat, besteak beste, ipuinek —testuok— mundu ezberdinak imajinatzeko eta tolesteko duten dohaina da. Asma ipuinarekin (11. o.) hasten da eta Publizitatea (172 o.) delakoarekin amaitu. Niretzat, 161 mikro-ipuin ez ezik, 161 oihal dira. Pentsa, ipuinez osatutako nobela jos dezakezu. Hots, irakurle norberak oihalak hartu eta bere gustuko soinekoa jos dezake. Fatxadan zintzilikatutako antzerako soinekoak egin, edota galtzak, alkandorak, jertseak eta galtzerdiak ehundu ditzakezu.

«Lasai, ez da ezer gertatzen». Testua nirea da oraingoan, Malagoni maileguz hartua. Malagonek ez du inpresionatzeko idazten, ordea, nik iruzkin honetan bezala. Idazle (h)onen bertutea ongi adieraztea da. Ez pentsa, ezta ere, bere soinekoek —ipuinek— estaltzen duen guztia tristea eta beltza denik. Liburuarekiko enpatia idazlearen ironia antzematean datza. Hots, iruzkin honen izenburua Bizi garen bezala izan liteke, 130. orriko ipuinarena. Zure izanaren soinekoa josten has zaitezke beretik, ipuin hori bera irakurtzen.]]>
<![CDATA[Munduon, zertarako?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1598/036/001/2014-03-02/munduon_zertarako.htm Sun, 02 Mar 2014 00:00:00 +0100 Mikel Asurmendi https://www.berria.eus/paperekoa/1598/036/001/2014-03-02/munduon_zertarako.htm
Itzultzailea: Aritz Gorrotxategi.

Argitaletxea: Meettok.

John Maxwell Coetzee hegoafrikarra dut hizpide. Idazlea hasteko, Jesusen haurtzaroa nobela ondoren. Lotsaizuna (Disgrace) izan dugu Coetzeeren liburu bakarra euskaraz orain gutxi arte. Oskar Aranak itzulia. J. M. Coetzee Literaturako Nobel Saria izan zen 2003n. Sariak nobela euskarara bideratzen lagundu ote zuen, pentsu dut.

David Lurie da protagonista Lotsaizuna-n. Irakaslea. Patxi Ezkiagak Lotsaizuna-ren aurkezpenean Coetzeeren hitz lagungarriok aipatu zituen: «Iraganak geroak baino gehiago interesatzen nau. Iraganak orainean proiektatzen duen itzalak harrapaturik nauka». Ezkiagak hauxe gehitu zuen: «Davidek duintasun izpi bat bereganatu badu, den-dena abandonatu duelako da: alaba, baita justiziari eta hizkuntzari buruz pentsatzen duena ere». Bego. Jesusen haurtzaroa nobelara etorrita, horrela esan digu Aritz Gorrotxategi itzultzaileak: «Eleberri honek ezohiko bideak jorratzen ditu. Apustu bat da, prosaz nahiz edukiz, liburu ezberdin bat egiteko. Ezberdina eta arrisku handikoa».

Betor irakurketak iradoki didana, eta izan bedi liburura hurbiltzeko lagungarria ere.

Narrazioa hasi berritan Novilla herrian gaudela dakigu. Itzultzailearen oharrak hauxe dio: «Letra etzanean agertzen diren gaztelaniazko hitzak, gaztelaniaz daude jatorrian». Nire lehen itauna: «Zein lurraldean ote dabiltza protagonistak?». Heldu berriak dira eta gaztelaniaz egiten dute. Lurralde ezezagunean «egokitu dira».

David haurra eta Simon heldua Belstar-etik arribatu dira, itsasoz bestaldetik nonbait. David ez da Simonen semea. Bidean aurkitu duen haurra da. Simon, adinean aurreratua, El viejo, portuan hasiko da lanean. Ines ezagutuko du. Simonen jaidura ulergarria izan daiteke, David haurrarena, aldiz, artean sei urte bete gabea, ezohikoa da. Biek ala biek premia bera dute: iragana garbitzearen beharra. Simonek aitaren rola hartu du, David bere semea balitz bezala hezi beharrean. Simonek Ines ezagutzen du, bertakoa, antza. Ametsek elikatutako pertsonak dira. Une batez «ongi daude». Galdera: onginahiak ase ote dezake euren beharra?

Pertsonaien aldarteak kontrastagarriak dira oso: Ines eta bere anaiak. Portuko enkargatu Alvaro. Lankideak, Eugenio bereziki. Daviden lagun berria Fidel. Honen ama Elena. Lagunartekoa arrotza da zenbaitetan, «mundu erreala» da, haatik. Mundu berri berezia. Zer gara? Zertarako gaude munduon? Coetzeek etengabe itauntzen gaitu. Amatasuna. Aitatasuna. Lana. Lagunartekoa. Desioa. Maitasuna. Simon Davidez ezin arduratuz, Inesek semetzat hartuko du. Ines Daviden ama bilakaraziko du Simonek. Hasieran gogoz kontra. Amaieran? Zuk bilatu erantzuna irakurle hori: Bitxia. Enigmatikoa. Intrigagarria.

Nobelako mundua «gurea» da, mundu arautua. David eskolan hasiko da. Fabulaz jositako istorioak frenesira eramango zaitu. Oinarrian fabula nagusi bat dago: On Kixote Mantxakoa. Itxuraz, Coetzeeren kuttuna, eta nobela honen zioa. Ez dizut David protagonistaren izaeraren berri eman. Zeuk kausitu behar duzu. Nobela irekia da. Alta, Jesusen haurtzaroa izenburua izanda, Jesus nazarenoa agertu ote den eginen duzu aurrera. Literatura fabula den neurrian, David Jesus izan daiteke. Irudimena libre. On Kixote haize-erroten kontra nola, hala dabiltza pertsonaiak. Filosofiaz ehundutako nobela izan arren, egileak kontakizunari ganoraz eusten dio. Galdera: jatorrizko hizkuntzan nolakoa ote nobela? Itzultzailearekiko estimuan esana betiere. Beste bat: «Existentzia eta burokrazia hitz kidekoak bilakaraziko ote ditugu XXI. mendean?».]]>
<![CDATA['Totum revolutum']]> https://www.berria.eus/paperekoa/1598/036/001/2014-02-16/totum_revolutum.htm Sun, 16 Feb 2014 00:00:00 +0100 Mikel Asurmendi https://www.berria.eus/paperekoa/1598/036/001/2014-02-16/totum_revolutum.htm
Argitaletxea: Lanku.

Irakurle lagun hori, bardoak kantatu legez «urrundik heldu naiz, luze ibili», hizpide dudan idazlearen Oromenderrieta liburua (Elkar, 1984) galtzarbean heldu ere. Oromenderrieta-ren oroimen lausoa gorde dut. Haren aurretiko Hil ala bizi eta osteko Emea eleberriak, berriz, ez ditut ezagutu. Euskaraz ikasi eta bizi guraz literaturara hurbildu nintzen horietakoa nauzu, literaturara berandu bihurtutako neofitoa.

Natorren harira eta garaira. Xabier Amurizak «zazpi liburuko bilduma» iragarri zuen 2007an, Dinosauroak horizontean plazaratzean, sortako lehena, Marcel Prousten A la recherche du temps perdu (Denbora galduaren bila) bilduma aipatu zuen. Ondoren heldu ziren Orain ezin naiz hil eta Olatu bat kuartelen gainetik. Iazko hondarrean, berriz, 4x4 operazioa. Denak Joan ziren leloaren ezaugarripean. Joanak joan, eleberrigilearen saga horren barneko 4x4 operazioa hartu dut iruzkintzeko. Eman dezadan, hasteko, saga edo ziklo honen baitako liburu zikloi hauen ufaden arrasto zenbait.

Denbora galduaren bila abiatu zen Xabier Amuriza. Euskal Herria du subjektu idazleak. Bera dugu narratzailea. Kondentsa ezina den denbora berbako botiletan konprimitu nahian jardun du idazleak, hainbesteraino, non berak iragarri bezala, bizitzak eskainitako pasadizoak, fenomeno esplika ezinak diren narrazioak bihurtu dituen.

Amurizaren historiaren istorioen lurraldea ezagutzeko bere biografia ezagutu besterik ez duzu, aise dituzu antzematea: Torreburu, Etxano, Gizaburuaga, Amoroto, Derio, Bilbo, Zamora… baita Madril ere. Hots frankismoa.

Frankismoa eta 60ko hamarraldia. Hortxe 4x4 operazioa-ren garaia. Handi-handika esanda, Gogor apaiz mugimenduaren errebolta eta itxialdia ditu kontagai eleberriak. Kontraesanik badirudi ere, garai hark eta gaurkoak badute zerbait komuna. Ordukoan jendartea «irauli egin» zen eta gaur egun —orduan lako «iraultza» gertatzeko ahalmenik barik— zibilizazio baten atarian gaudelakoan nago.

Mintza nadin literaturaz, mentura nadin bederen: liburuan kontatu errebolta hura Totum revolutum begitandu zait, eta, orobat, operazioaren kontakizuna, itogarria. Literaturak esplizitutik behar adina behar baitu inplizitutik, eta Amurizaren buruan hain da dena esplizitua, irakurle naizen hau, bederen, ito du.

ETA eta Txabi Etxebarrieta zer ziren ulertuko badugu, hobe Bilboko gobernadore zibilaren gutuna ez ezagutzea. Berbarako diot, eta benaz. Historia horren esplizituki kontatzea balizko erromantizismo apurrarekin akabatzea da. Barka ene gordina. Liburuak eragindako bertigoaz idazten ditut berbok. Literaturak estetika behar du, edo enboltorio engainagarria sikiera. Narratzaileak ondutako elkarrizketak amaigabeak dira, izen errealen eta irrealen arteko jokoa zaila batzeko. Frankismoa, Vatikanoa, JELtzismoa, Etismoa, karlismoa edo Arthur erregearen pasadizoen nahasketa koktel molotov literarioa da. Jorge Oteiza tarteko, Proust eta Santo Tomas, Sarri eta San Agustin, Biblia eta Mila eta bat gauak, Kant eta Aresti, Kafka eta Ratzinger…

Errespetuz diot, «arbola larregi akaso, basoa behar bezala ikusteko».

Gure historiaren kontakizuna bogan dago. Gure etorkizuneko «zerumugan dinosauroak berriz agertuko badira, literatur basoak arbolak eta narrastiak bereiz ikusten laga beharko ditu» kontakizunak. Munduko nazio guztiak Josafateko zelaian bilduko garen «sinesmena» gorde nahi dut. Iragan arbasoen nolakoa —gure imajinarioan— halako geroko basoak. Hartara bidean, baina, basoa sarriegia egin zait: «Urrundik heldu naiz, eta zilegi bekit adiskide, esatea, pentsatzea, baso horrek ez duela goroldio baizik sortuko harrizko buruetan…».]]>
<![CDATA[Obaba Obamaren ametsetan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/6264/036/002/2014-02-02/obaba_obamaren_ametsetan.htm Sun, 02 Feb 2014 00:00:00 +0100 Mikel Asurmendi https://www.berria.eus/paperekoa/6264/036/002/2014-02-02/obaba_obamaren_ametsetan.htm
Argitaldaria: Pamiela.

Nevadako bizipenak kontatu ditu Nevadako egunak-en Atxagak. Ez da egunerokoa, ordea. 150 piezaz osaturiko lana da, genero gisa sailkatzen zaila. «Kronika bilakatutako nobela» legez sailkatuko nuke neronek. Iruzkingile originala izan gabe, ausart izan nadin: liburuak Jose Irazu izenez behar ote lukeen nago.

Kronika-nobelaren pertsonaia nagusien izenak irrealak izan arren, Angela emaztea (Asun Garikano), Izaskun eta Sara alabez beste (Elisabet eta Jone Irazu), badira izen errealak: Irazuren aita Jazinto eta Izaskun ama. Badira ere benetako izenak eta izanak: Mary Lore, Bob Earle edo Mannix lagunak, lagunen lagunak Dennis Horace Wilson eta Brianna Denison funtsezko pertson(ai)ak. Pertsona(ia)k anitz dira. Iraganeko Paulino Uzkudun edo Nabokov, bi aipatu aldera, hala nola Barack Obama. Egungo bakarra aipatzearren.

Orainean gauzatua izanda ere, obra honek egilearen oroimenean —oroi eta minean— hartzen du funtsa. Egileak «iraganeko Obaba egungo Obaman txertatu du». «Amets atxagiarra egungo amets amerikarrean txertatu du Irazuk». Tira, bi esaldiz ebatzi dut «zioa». Kontua konplexuagoa da baina.

Atxaga Gaztelako Villamediana herrira joan zen gaztetan eta orain pertsona nagusia Nevadako Renora. Villamedianan, nerabezaroko Asteasu Obaba bihurtu zuen. Ameriketara joanik, berriz, Obabako ametsak amets iparramerikarrekin uztartu ditu. Amerikar ametsaren eraginez pertsonok gero eta pertsonaiagoak bihurtuz goazen honetan, Obabako pertsonaiekin uztartu ez ezik, Irazuk Obabako mundu magikoaren funtsezko protagonistak oroi-minean dituela eraiki du kronika-nobela hau. Berbarako, Jose Francisco autistaren istorioa Nevadako bizialdian ageri da. Bi anai gogoratu zait, Irazuren bi anaien arteko gorabeherak irakurtzean.

Atxagak —artean zertu gabeko iragana dugula— nerabezaroko ametsak zertu ahala gauzatu zuen Obabakoak. Areago, Obabakoak-en genesia Etiopia-n dago: «Obabatxue obabatxue obabatxue / doian orduen / zaldi urdinen gainean / Beste mile gehiago joango dire atzean» (Bizkaiko lo-kanta). Nevada Etiopia-ko basamortuan dago: zaldiak, urmaelak, zisneak edota mapatxeak… Etiopia-n Bonny eta Clyde, King Kong edota Francis Picabia daude, baita Nevadako egunak-en ere. Obaba dago Nevadan, eta bereziki —sailkatzen ere zaila den— Obabakoak idatzi zuen egile(h)aren oroi-minaren oihartzunak.

Renora iritsi da Atxaga. Obamaren hirietako bat. Alabaina —tamalez edo zorionez—, Obaba laga ostean idazleak desiratzen zuen —eta guk berarekin, mundu magiko hark liluraturik desiratzen genuen— hirira ez da / gara arribatu. Utopikoak ez ezik, utopiko ausart fantastiko lotsabakoak bilakatu gara. New York Gasteizen dugu: «Zorionak guri, yougurt fantastikoekin aurreratzen dugun diruarengatik». Martetarrak ez dira gure mundura etorriko, gu goaz Martera. Marterako ametsezko bidaia erreala eta gauzagarria da honezkero.

Bidaiak bidaia, Etiopia. Obabakoak. Gizona bere bakardadean. Behi euskaldun baten memoriak. Zazpi etxe Frantzian… Zein baino zein hobeak dira, baina denak ez dira maila berekoak. Literaturak —sailka gaitza barne——poesia dakar edo ez.

Tamala edo zoriona nola, halaxe bizi dut neronek literatura. Nire gustuko, ideiekin baino gehiago hitzez idazten da. Gakoa emozioa da, ez arrazoia. Ez nau Marteko argiak —edo Iparramerikakoak—— liluratzen, Marteko balizko argi-liluraren distira-k baizik. Liburu bakoitzaren barruan liburu argal bat dago, kanpora atera nahian. Hara, horiek esanda, ez naiz originala. Ausart beste baikor izan nahi dut, alta. Liburu honen baitatik beste bat ernatuko den esperantza atxikitzen dut.]]>
<![CDATA[Txepetxen etorkizuna oraina da]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1598/036/001/2014-01-19/txepetxen_etorkizuna_oraina_da.htm Sun, 19 Jan 2014 00:00:00 +0100 Mikel Asurmendi https://www.berria.eus/paperekoa/1598/036/001/2014-01-19/txepetxen_etorkizuna_oraina_da.htm
Argitaletxea: Pamiela.

Euskararen hiztunok polisean paratu gaitu Jon Sarasuak. Euskaraz biziko bagara landu behar ditugun alorrak aztertu ditu. Gaian aditua izateaz gain aritua da saiogilea, burua izan ezik hankak gaian (lur lokaztuan) sartuta bizi baita. Hizkuntz alorra sakonetik jorratu ohi du. Ezagunak zaizkigu haren berbak. «Golde aroa» ezaguna «erein aroa» bilakatu dela, diosku orain.

Bi ataletan apailatu ditu gaiak: inorganikoak eta organikoak bereiziz. Hiztunpolisa eraikitzeko Euskaltasunaren norabideaz apunteak eskaini dizkigu. «Euskararen hirira» iristeko zantzu batzuk markatu ditut neronek:

Txepetxen (Jose Maria Sanchez Carrion) Un futuro para nuestro pasado saioa hartu du gogoan egileak. Txepetxek duela 25 urte utzi zigun uzta ezinbestekoa da euskararen soziolinguistika ulertu ahal izateko. Sarasuak iragana eta geroa baterarazi ditu eta ondorio hau ekarri: etorkizun hura oraina da.

50 urteetan euskararen alde eraikitako etxea arakatu du. Lehenengo hogei urteetan —diktadurapean— egon zen euskara: hil bidean kondenaturik. Hil zorian egoteak salbatu zuen, naski. Ondorengo 30 urteetan berriz —demokrazian, euskara salbatu beharko lukeen sisteman—, alderdi politikoen arteko harreman heldugabeek euskarak behar dituen urrats estrategikoak mugatu dituzte.

Dioenez, modernitateak —ezker eta eskuin joko politikoaren markoa— ez du hizkuntzaren gaiari heltzeko ekarpen berezirik egin. Modernitatearen iritzi-emaileak ez dira gauza hizkuntzaren eta identitateen arazoa kudeatzeko. Hizkuntzen ekologia moduko bat sortu da haatik. «Ez da gutxi», dio, baina «ez aski ere». Tesitura horretan kulunkatzen da euskara. Halaber, Sarasuak «modako itxura» hartzen dio hizkuntzen ekologiari, «ekologia» atzizkiari. Kontzeptua ez du errefusatzen ordea, horrela hobesten du: «Etxeari buruzko jakintza» da ekologia. Etxeak berezko gaiak ditu, etxea eraikigarria da, baina etxearen funtzioa determinatzeko jakintza eskas dugu.

Datozen bost hamarkadetan etxea finkatzeko ikuspegia ere eman digu, gai inorganikoak organikoak bezala tratatzeko garaia heldu da: «Euskal hiztun komunitatearen izate inorganikoekin zer egin?», itaundu du Sarasuak. Etxeko sukalde tresnak organikoak bihurtzea proposatzen du, inorganikoak ziren gaiak organikoak bihurtzeko hiru mailako politika artikulatuz: 1) Etorkizunari begira, pentsamendu zoru bat landuz, «bisioa» behar da. 2) Estrategia behar da. Baina, adi, estrategia izatea ez da «onaren sinonimoa». Estrategia epe ezberdinetako helburuak kateatzen dituen artea da. 3) Aurreko biek ekintza eta jardun zehatzen planoa behar dute, eta planoak ulertzeko «oharkabeko sena» funtsezkoa da, planoak idatzi gabeko izaten baitira zenbaitetan.

Etxea edo organoa Euskararen Gizarte Erakundea (EGE) da, Kontseilua buru izaki. Ebazteko auzia hauxe: gizarteen erakundeen eta erakunde publikoen arteko betebehar banaketa.

Etxearen —organoaren— gakoa(k) aurkitzeko kontzeptu gakoak eskaini dizkigu: Euskararen gizarte-erakunde sareak diskurtso autonomoa behar du. Euskararen tribua eta euskararen herria bi gauza dira, kasu! Geure etxea finkatu ez ezik, polis-eko etxeak saretu behar ditugu: euskararen jendarte-erakunde sareak. Sare berbak adierazi bikoitza daukala: euskara saretuz —higatuz— joan da eta saretu —uztartu— beharra dauka. Polis-eko hizkuntza politikari Polistika deritzo. Euskarak polistikan sartu beharra dauka, polis-eko beste hizkuntzekin batera biziko bada. Hots, euskarak behar duena ez da despolitizazioa, aitzitik, birpolitizazioa behar du.

Euskarak behar duen etxea nola, saioa hala: gotorra.]]>
<![CDATA[Iragan galduaren menturan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1598/036/001/2014-01-05/iragan_galduaren_menturan.htm Sun, 05 Jan 2014 00:00:00 +0100 Mikel Asurmendi https://www.berria.eus/paperekoa/1598/036/001/2014-01-05/iragan_galduaren_menturan.htm
Argitaletxea: Elkar.

Trilogiaren hondar emaitza duzu Gure Jerusalem galdua. Hiru nobelen lema berriz: Erresuma eta fedea. Aurreko biak (Mailuaren odola eta Izan bainintzen Nafarroako errege) irakurri badituzu, hainbat hobe. Damurik, nik ez nuen aurrekoen zoria bizi. Ez nuen federik aski trilogiak prometatzen zuen obran murgiltzeko. Tamainako obran abiatzeko «fededun» izan behar baita, politikan nola literaturan.

Historia kontatzea lantegi neketsua da. Gertakariak ilun antza heldu izaten dira guregana. Nafarroako Erresuma galdu ondorengo XVI. eta XVII. mende dekadenteei itsasargi bat ipini die Aingeru Epaltza idazleak. Istorio kitzikagarriak ehunduz, printzaz printza argitu digu aro ilun eta malapartatu hura. Haren lumak zabaldutako lerroak sakon eta luzeak dira. Erregeen dinastiak eta hirien planoak arakatzen lan gaitza taxutu du, antigoaleko Iruña nola Paris girotu ditu, baita pertsonaiak herri, dukerri nahiz konderrietan kurri jarri ere. Historia arakatu bizkitartean irakurlea abenturan garraiatu du pertsonaien ibilbideetan. Euskaldunek galdu zuten erregea berreskuratzeko mentura piztu digu Joanes Mailu protagonista zoro eta nagusiaren bidez. Fikziozko pertsonaia. Garrüzeko zalduna. Noblea. Sasikoa. Gerrarako hezia. Nafarroako Erresuma galbidean jainkoarekiko fedea zalantzan jarri duen baxenafarra. Pedro Agerre Axular da beste protagonista. Zaildua letretan, elizan nola gorteko politikan. Pertsona erreala, Mailuaren kontrakarrean.

Gure Jerusalem galdua izan gintezkeenaren miraila da. Osatzera iritsi ez ginen historia istorio bihurtua. Euskal nobleziaren —beaumondarrak eta agaramontarrak…— gainbehera erretratatu ahala, herri xehearen iragan galduaren malura deskribatu digu eleberrigileak. Ausart erranik, duela bost mende girotua izanagatik egungo munduaren isla ere badena.

Politika boterean datza. Berau eskuratzeko, mintzoa —gezurra, jukutriak eta gibel asmoak tarteko— berebiziko arma da herria doktrinatzeko. Nobelako pertsonaia nobleen aiurriek eta haien arteko hartu-emanek ederki islatzen dute politikaren taxua, haiekiko enpatia eta hastioa nahasten zaizkigularik.

Eleberrigileak darabilen euskara gure mintzairak izan zezakeen ahalmenaren lagina da. Agian, historiak beste bidetatik aitzina egin izan balu, egungo politikariak ez lirateke noble duke edo konde haien isla izango. Politika ez litzateke jokatuko nobela honetako klase politiko zikoitzak jokatzen duen gisan. Gurean, erresuma galdua osatu zuten lurralde sakabanatuak batuak izan ez arren, hizkuntza lurralde kolektiboa osatzeko mentura genuke. Politika ez litzateke soilik kontseiluetan —edota burdeletan— jokatuko, herriko plazan ere lekua luke. Orduko elite politikoek —nobleek— ez zuten erresuman federik izan, egungo politikoek politikarako «berezko klase» ez duten legez. Herriaren etorkizuna lau «zororen» eskuetan ez uzteko gomendio gisa ere hartu daiteke obra gotor hau. Istorio bidezko historia ikastaldia eman digu egileak.

Mentura gaitezen politika eta literatura jardueren ekarketa eginez. Bi jarduerak kolektiboak dira eta horren araberakoa haien onarpena. Idazleak obra abiatzen du, eta irakurleak osatzen du hark abiatutako proiektua. Idazle eta irakurlea istorioaren bi osagileak dira; bi subjektu nagusi horiek erdiesten dute obraren arrakasta. Politikan ere hala agitu behar duelakoan nago. Behialako nobleen nola egungo politikarien proiektuek kolektiboak izan behar dute, «on(h)artuak» izanen badira. Horretarako, baina, idazleak nola politikoak irakurtzen jakin behar du. Epaltzak historiaren irakurketa egokia egin duelakoan nago, edo horretan sinetsia bederen.]]>
<![CDATA[Hobe, ez hilen izenean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/6264/036/005/2013-12-22/hobe_ez_hilen_izenean.htm Sun, 22 Dec 2013 00:00:00 +0100 Mikel Asurmendi https://www.berria.eus/paperekoa/6264/036/005/2013-12-22/hobe_ez_hilen_izenean.htm
Argitaletxea: Elkar.

Hobe isilik. Bai horixe!», barrundatu dut nobela labur hau irakurrita. Kasik hurrupa bakarrean irentsi dut. Aise. Gustura, baina artega. Izerdia azalarazi didan istorioa duzu: motz, zehatz eta trinkoa. Narratzaileak atezuan atxiki nau hastetik finitu arte. Ba al dago idazleari gehiago eskatzerik? Idazlearen potentzialtasuna —fikziozko lehenbiziko lana du— eskerga iruditu zait.

«Egia ezagutzea» duzu nobelaren leitmotiva. 75 urte ezkutuan daraman gertakariak inarrosten du narratzailea. Espainiako Gerra aspaldikoa izan arren, aitonari gertatutakoa ezagutu ez izanak gogogabetzen du iloba. Jose Bermejo Zabaletaren desagertzeak gauero iratzartzen du Bakartxo. Gogoz eta soseguz biziko bada, gertatu zena argitu beharra dauka. Aitona non, nola eta zergatik desagertu zen ezagutu ezean, ez da bakerik izango haren ondorengoentzat.

Lehen pertsonan narratua da. Iloba zuzen eta artez mintzo zaio aitonari. Bakartxoren bakarrizketek maitasuna eta samina isurtzen dituzte. Aitona miliziano anarkistaren nortasuna biziro helarazten digu narratzaileak: «Egiak ez dira besterik gabe loratzen». Egiaren bilaketa jardun latza baita, «baita egiaren peskizan ongi idaztea ere», pentsarazi dit irakurketak.

Memoria historikoaren gaineko saioak, onak —eta beharrezkoak— izanagatik, ez dira aski ezkutuko egiak argitzeko. Historiako gertaera lazgarriak, arruntenak ere, imajinagaitzak dira. Fikzioak are gehiago hurbilarazi gaitzake iraganeko gertakarietara, baldin eta intrigaz eta suspensez narratuak badira. Horixe du dohain Hobe isilik nobelak. Narrazioaren tentsio neurritsuak (h)istori(o)arekin lotzen zaitu, ilobak aitona bizirik mantentzen dizu irudimenean. Narrazioa —film baterako gidoi iradokigarria— irudiz eta aburuz ehunduta dago, inplizitu eta esplizitu adieraziak, doituak eta orekatuak. Pertsonaiak labur baina taxuz dira deskribatuak, filigranarik gabe gorpuztuak. Thriller xume ongi burutua kausitu dut.

Bakartxok dokumentazio lana egiten du Joseren arrastoan. Iragan errealaren zantzuak sumatuko dituzu, alabaina, berauek istorioaren kontaketan bikain txertatu ditu narratzaileak. Egiazko gertaera baten peskizan fikziora ekarri du familiaren historia. Beren larruetan pairatutako gertaera izanik, fikziozko istorio sinesgarria kontatu digu.

Hobe isilik nobelak lasto zama gutxi dakar, adjektiboak neurrian, hitz hanpatuak albora utzita. Betelanik ez daukan istorioak lana erruz eskatzen du horregatik. Ezaugarri horiek ez dira idazlan (h)onen berme bakarra, noski. Irakurlea istorioari lotuko bazaio, idazleak kontatu nahi digunarekiko enpatia sorrarazteaz gain, narratzailearen berariazko senak gidatu behar du istorioa. Bakartxo protagonistak sena badauka, halakoxea du ere Bakartxoren baitan dagoen Ubeda idazleak.

Baina bakarra: nobela errealitatean —neurri batean— funtsatua den aldetik, idazlea hurbilekoa ez dutenentzat hobeto. Nik amiñi bat ezagutzen dudalako diot. Hala ere, erruz eta minez «gozatu» dut.

Nobelak gogoeta ahalbidetzen du. Hona nirea: misterioen —ezkutuko gertaerak— mamuak uxatzeak aldaraz ditzake gure usteak. Literatura onak itauntzen gaitu: «Ba ote egia, benetan agertzerik?». «Gure izenean?». «Hildakoen edo desagertuen izenean?». Sekretuak ezagutarazi ezinak dira usu, gorde beharrekoak ezinbestean. Egia osoa aurkitzea mingarria da, eta sekretuak zabaltzea ere zenbaitetan. Sekretuak ezkutuan gorde ohi ditugu egia zabaltzearen beldur. Sekretuak ezkutatzea mingarria da, baina egia ezagutarazteak ez digu erabateko sosegurik ematen. Dilema horrekin bizi gara.]]>
<![CDATA[Inplizitu eta esplizitu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/6264/037/005/2013-12-08/inplizitu_eta_esplizitu.htm Sun, 08 Dec 2013 00:00:00 +0100 Mikel Asurmendi https://www.berria.eus/paperekoa/6264/037/005/2013-12-08/inplizitu_eta_esplizitu.htm
Argitaletxea: Txalaparta.

Letrak irudiaren sormen euskarriak dira; idazleak, berriz, letrak elkarren segidan paratuz, poemak, ipuinak edota nobelak osatzen dituztenak. Irati Jimenez idazleak idaztearen gaineko —idazle andanaren— aholkuak bildu ditu, eta idazteko auto-laguntza gida hau osatu. Aiztoa eta arkatza liburu bitxia opatu digu literaturaren menturazaleoi, eta bereziki idazlearen bidea urratu gura duenari.

Literaturaren ezaugarrietako bat irudia da, irudien sormena da letren dohainetako bat. Helduentzako literatura liburuak ilustraziorik gabekoak izaten dira, azalaren irudia izaten da bakarra, eskuarki. Honako honek, aldiz, zenbait ilustrazio dakar, Antton Olariaga trebatuak marraztuak. Norberaren irudimenak berezko irudiak sortzen ditu. Aizkora marraztu du irudigileak; aiztoa eta arkatza aizkora dira bere irudimenean. Harkaitz Canok, idazle trebatua hura ere, Laprast edo Proust sar-hitza ipini die literatura unibertsaleko idazle kontsakratuen aholkuei. Hark ere aholkuak ekarri dizkigu: 1) Hitzaurreak ez irakurri, diosku. Ordea, aholkuak —arauak eta aginduak legez— desobeditzeko daude, eta hala egitea haizu jo ere. 2) Gorka Bereziartuari idazkurle neologismoa hartu dio maileguz, idazleak ez baitu izaterik irakurle izan gabe. 3) Liburuak ez dakar Marcel Prousten aholkurik, baina laprast egitea saihesteko Proust aintzat hartzea aholkatzen dio idazle bilakatu nahi duenari. Le mot juste edo ele doia erabiliz, alegia. 4) Hitzaurreak estiloari, tonuari eta erritmoari aipu egiten die inplizituki eta esplizituki: laprast edo Proust.

Inplizitu edo esplizitu idaztearen arteko teman aritzen da idazlea. Lantegi latza da harena. Idazleak berezia behar du, bereizi bizi eta lan egin behar du, baina, halaber, idaztearen lantegian parte hartzen duten beste egileak aintzat hartu behar ditu: editorea, zuzentzailea, diseinatzailea, baita kritikaria ere. Idazleak arkatza zorroztu behar du, eta aldi berean, eskuak ez mozteko, arkatza zorrozteko behar duen aiztoari adi so egin behar dio.

Aholkuok aintzat hartuta ere, idazle izan nahi duenak alferrik baliatuko ditu guztiak, horietako asko berez baitira kontraesankorrak. Aholkuak aintzagarriak dira, eta arauak, urragarriak. Idaztea kontraesanen bidean abiatzea da. Idaztea iradokitzea da, bizitzeko era eta jarrera.

Beste sortzaile andana baten aipuak ere badakartza liburuak. Sormen prozesuan inspirazioaz, blokeoaz, estiloaz eta kritikaz artegileek dituzten aburuak dira. Idazle-gaiak ezagutzen du Picassok inspirazioaz zioena. Stephen King-ek honela dio: «Idazle hasiberriak eseri eta inspirazioaren zain geratzen dira. Besteok altxatu eta lanera joaten gara». Blokeoa hizpide, «lehen paragrafoa da zailena». Ez etsi. Frank Yerbyk hauxe dio estiloaz: «Eleberri on bat aiztoarekin egiten da, ez arkatzarekin».

Kritika da, baina, idazle arraskatsua bilakatu nahi duenaren kalbarioa. Lasai, idazle berri hori, aholkuen artean honako hauek aintzat hartzea gomendatzen dizut: «Kritikari batek irakurri duen liburua soilik kritika dezake, ez idazleak idatzi duena». (Mignon Mclaughlin). «Kritikariak haren bateko eunukoak dira: badakite nola egiten den, ikusten dute nola egiten den baina ezin dute egin». (Brendan Behan).

Idazle izan gura duzun horrek, idazten hastearen emozioa, bilatzearen dardara eta amaitzearen gorakada esperimentatzeko nahikaria baduzu —Jimenez parafraseatuz—, liburu honek argitu diezazuke bidea. Kritika honek Durangoko Azokaren azken egunean ikusiko du argia, bertan eskura dezakezu. Osteratzean, lasai, biharamunean ere eguna urratuko du.]]>
<![CDATA[Arestin bizi da poeta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1598/036/001/2013-11-24/arestin_bizi_da_poeta.htm Sun, 24 Nov 2013 00:00:00 +0100 Mikel Asurmendi https://www.berria.eus/paperekoa/1598/036/001/2013-11-24/arestin_bizi_da_poeta.htm
Argitaletxea: Susa.

Parisen bizi naiz, diosku poetak. Gehiago ere badio, ordea: besterik ezean. Lerro-buru bakar batek ezin baitu mundua azaldu, lerro nagusien azpikoek ere mundua adierazten baitute, irakurle.

Parisen bizi da poeta, Parisko Marrutxipi auzoan. Alta, Berlingo Marrutxipin ere bizi da, baita Bilboko Marrutxipin ere. Izagirrek auzoetan ikasi baitzuen berbetan —urdaiazpiko frijitua jaten zuenean—. Auzo-euskaraz mintzo da, Izagirre munduko haize guztien agirrean bizi baita, orain agerian bizi ere, ene pozerako. Euskal Herria mundu izagirre da.

Metaforak dituzu horiek, aixkide.

Koldo Izagirre bizi, benaz, «Donostiako Marrutxipi deritzan auzoko hogeita hamabostean, hirugarrena ezker» bizi da. Bihotza ezkerrean dauka. Auzotar arrunta da alde horretatik. Donostian bizi ei da, euria sortzen, Donostia sortzeko.

Eta horiek ez dira metaforak.

Euskara klaruan erranen dizut: hiriaz mintzo zaigu poeta. Bere hiriaz, mundu-hiriaz, euskalegileok artean eraiki ez dugun hiriaz, eta herriaz. Lasai, hiria ez da soilik euskaldunon auzi galdua, gizabanakook hirian —edozein dela hiria— frakasatu dugula diosku poetak

Izagirre baikor heldu zaigu alabaina, bere berbek egundainoko haize baikorrena helarazten digute. Bere poemek ederto inarrosten dute hiriaren bisaia, haize fresko batek deskribatzen du hiria, baita bere bisaia ere —bizardun ageri zaigu—. Bilboko poetak antzo heldu zaigu —Astepeko sekretarioa lez—, agintariei eta arkitektoei kontu eske, baita horien sekretario eta komisarioei ere. Beti erraten du egia. Edo auzo-egia dakar bederen. Bere ahotik ez da hitzik aterako, egia ez dena. Auzo-basoko errealitatea baita bere egia.

Eta berba horiek ere, ez dira metafora.

Hiri bat ederraren ertzean ei da Donostia. Perla polit distiratsua. Argitsua. Izagirrek ez du hirian argia ikusten haatik. Arestik «argi ez da ikusten» zioen, Bilbon alegia. Halarik ere, Altzako pasaiatar donostiartuak Bilbo hobesten du, Arestik Bilboko portuan nola, Izagirrek Pasaiako portuan ikasi baitzuen berbetan.

Eta hori ere ez da metafora, ez horixe!

Aresti ez da hil, Izagirre bizi baita. Hura legez, lagunez inguraturik heldu da: Ramon, Ibon, Txillardegi, Laboa, Apollinaire edo Artola. Zazpi kaleak bilatzen ditu, eta kalerik ezean, besterik ezean, Jose Manuel Enea oroian du promenan doala.

Golgotara igan da poeta Aresti nola (Golgota irakurri, otoi-tz!). Izagirrek bere Gorbeiatik —Marrutxipitik— ikusten du hiria. Laminaciones de Lesaca dakusa. Irakurri poema, arren! Irakurri Izagirre bertso errimatuan nola librean. Ez gaitezen engaina baina, Izagirrek goratik egiten du hegan, Axularren begietatik behatzen du mundua. Bere poesiak kontzesiorik gabe agertzen du hiria. Literatura elitista da berea, euskaldun bizitzeko elite baten behako beharra daukan herri baten aldeko emaria.

Prosazko karga ere badakar. Hiriko kaleak nahiz probintziako plazak kurritu ditu idazleak, Salbatoreko apeaderoa nola Chillida-Leku. Zabalaga baserria galtzear dugu, baina poesiaren baliabideak Esperantzaz jarri dizkio hiriari. Poetak gaina hartu dio arkitektoari, etsian baina baikor.

Gizaldi erdia joan da Harri eta Herrik argia ikusi zuenetik. Goroldioa harriari lez lotzen zaio herria karrikari. Euskal Herria ez dago hilda, Aresti(n) bizi da: «Itsas aldean izarra / hari begira lizarra / Euskera salbo ikusi arte/ eztut kenduko bizarra —irakurri Maitazoro, berbarako!—».

Arestirengandik —haize agirre— Izagirre hau: «Errekaldean lizarra / hari begira izarra / bere burua eskuratzea / euskaldunen liskarra».]]>
<![CDATA[Jainkoaganako bideko istorioak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/6264/036/005/2013-11-10/jainkoaganako_bideko_istorioak.htm Sun, 10 Nov 2013 00:00:00 +0100 Mikel Asurmendi https://www.berria.eus/paperekoa/6264/036/005/2013-11-10/jainkoaganako_bideko_istorioak.htm
Itzultzailea: Itziar Otegi.

Argitaletxea: Pasazaite.

Ipuin labur sorta eta nobelatxo bat biltzen ditu izenburu luzeko liburu honek: Jainkoa izan nahi zuen autobus-gidariaren istorioa eta beste batzuk. Alegia deus ez! Jainkoarenganako bideak nola, halaxe titulua. Lehen ipuinak eman dio izena liburuari, liburu harrigarria, barnebiltzen dituen istorioak legez. Istorioak ordea —lau ipuin— laburrak dira, eta halaxe ere nobela. Etgar Keret israeldar idazlea da Jainkoarengana eramaten gaituzten istorioen bidegilea. Alabaina, lehenago aintzat har ditzadan bide horiek euskaraz urratzea posible egin dutenak.

Liburua hizkuntzen arteko barrerak gainditu izanaren meritua Pasazaite argitaletxeak (Inportazioko liburuak) dauka. Laugarrena du honako hau. Argitaletxearen arduradun Xabi Queirugak —galiziar-euskalduna, dakidanez— munduko tokian tokiko checkpoint-ak gainditzeko asmoa serio hartu du, aldian-aldian tokiko mugazain baten —itzultzailea— ezinbesteko laguntzarekin. Itzultzailearen lana ezinbestekoa ez ezik berealdikoa baita, baldin eta liburuaren jatorrizko kulturaren humus-a bilduko badu. Oraingo emaitza Itziar Otegi itzultzailearen —trebetasunaren— esku izan da.

Etgar Keret israeldarraren humus-ak hebrearren hummus jakiaren —plateraren— usaina zabaldu du mundura. Istorioek Tel Aviv aldean bizi direnen —edota bizi izan direnen— mundua jasotzen dute, Etgar Kereten jatorrizko hizkuntzan idatziak, hebreeraz. Tokiko eta egungo israeldarren bizigaiak dakartza liburuak. Hala berean, munduan barrena ibilitako herri horren semeak idatzia izanda, hainbat kulturaren eta hizkuntzaren arrastoa ere badakar. Jainkoa dute subjektu nagusia istoriook, Jainkoa agertu ez arren. Etgarren istoriook postmodernitatearen islak dira, aro postmodernoaren ondarea. Pertsonaiak jendarte desegituratu baten ondorio dira. Jainkoaren bidean —Jainkoaren eskuak ukitutako lurraldean bizitzera kondenatuak— nahiz infernuaren atarian bizi dira. Gizarte tradizionalista batetik jendarte super guay eta hiper cool batera iragan diren seme-alabak, aldaketa bizpahiru belaunaldi soiletan eman delarik.

Berbarako: Kneller-en kanpamentu alaia nobelatxoaren Haim protagonista Kamikaze izeneko pizzeria-kate batean enplegatu da, enplegatua da bizitzaren bestaldeko hilen bizi munduan. Hil bizien jendartean mundua biltzen da bertan, aurreko munduan Jainkoaren bila sekula abiatu ez ziren horiek Jainkoa bilatzen dute orain. Jainkoarenganako bidea bizitzaren eta heriotzaren arteko iraganbidea da, protagonistak suizidak izaki. Suizida horiek bizidunen mundura itzultzeko ahaleginetan bizi dira. Haatik, bere buruaz beste eginaren mina ezagutu duenak ez bide du berriz errepikatu nahi. Are okerragoa, ausartzen dena, bakana izaki, are bakarrago edo ia bakarrik biziko da hurrengo munduan.

Ondarea idatzi dut arestian. Zer ondare mota da kultura postmodernoaren ondorioa? Istorio hauetako protagonistak aro materialistaren osteko umeak dira, jainkoarenganako bidea galduta, jainkoarenganako bidea dute bizigai. Jainkoa ukatzeak jainkoa baieztatzea dakarren dileman bizitzera kondenatuak. Horiek horrela, ondare horren balioa irakurlearen bizi balioen araberakoa izango da. Halaber, horien araberako literatura baloratuko du irakurleak. Niri ondare hori baloratzea nekeza zait, fikziozko jendarte baten isla denez gero. Literatur ondarea den aldetik, erran dezadan ez dela nire guztizko literatura. Eta pentsa dezadan, halaber, neroni ez naizela istorioen berezko humus-a harrapatzeko gai. Eta hori ez da itzultzaileari eginiko kritika. Aitzitik, ziur aski itzultzaileak egindako lana ez da samurra izan, ezta aski baloratua ere.]]>
<![CDATA[Bide batez esanda]]> https://www.berria.eus/paperekoa/6264/036/005/2013-10-27/bide_batez_esanda.htm Sun, 27 Oct 2013 00:00:00 +0200 Mikel Asurmendi https://www.berria.eus/paperekoa/6264/036/005/2013-10-27/bide_batez_esanda.htm
Argitaletxea: Utriusque Vasconiae.

Espetxean abiatu zuen bidaia poetikoa. Hemen gauak lau ertz ditu, adierazi zigun handik. Hitzak zorrozten jardun zuen gauen esturan. Deserriko karrikak ibili zituen gero eta bidezkoa poesia bihurtu. Artean, ez zen bete-beteko poeta. Ahapeka mintzatu zen Ahapetik-en, bestelako ahots-gailu baten xerka. Bere mintzoa ez zen karriketako oihartzun ozena bilakatu haatik. Joan da negua-rekin kalera irten zen berriz ere. Bere emozioak helarazi zizkigun, batzuetan bero bestetan hotz.

Iraganeko bide galduetatik heldu zaigu orain, Bide batez esanda dakar — eta dator—. Mundua poesiaren bidez aldatu nahian segitzen du, bera eta bere burua kontra ditu ordea. Zu bati mintzo zaio: zu hori maitea, bere burua eta bere herria izaki. Bizi duen jendarteari mintzo zaio.

Bidean galduak garela dio, ez da bakarrik heldu beraz. Lasterbideak arriskutsuak direla ikasi du. Bidezkoa ez dena baztertu nahi du, bidegabekeriak salatu. Bide berrietan bidelagun berriak xerkatzen ditu, gure bidean bidegabea ez dela inora iristen jakitun.

Bere bidea maitasunezko eskaintza politikoa da. Historiaren bidegurutzean dakusa bere burua, jendartea ikusi ere. Eta bide galduetan dabilela ohartu arren, nahiago du bidean galdua ibili, bidetik kanpo baino. «Zuk ez dakit baina nik nire bidea aurkitu dudala uste dut» diotso poetak bere buruari. Mikel Ibarguren «kaleetan zehar neguko eguzkitan lanera dijoan gizon bakartia» izateaz gain «ezerezaren aitzinean eztitzen den izaki hauskorra da».

Bidea aurkitu duelakoan nago, bete-betean aurkitu ere. Ondo-ondoan ditu bere ni-a, maitea eta herria. Argia aurkitu du. Ihes betean doa, baina inora heltzeko asmorik gabe. Behiala, zorroztearen zorrozteaz, kamusten zitzaizkion hitzak, hitz sotilak bihurtu ditu poetak egun: «Maite zaitut» dioenean «maite zaitut» erran nahi du.

Behinola, Sarrionandiaren Kartzelako poemak liburuaren karietara idatzi nituenak balio zaizkit Ibarguren poeta definitzeko: «Sarrionandiaren poesiaren ezaugarri behinena, autoreak eguneroko hizkuntzaz izkiriatzeko daukan talentua da. Poemok eguneroko berba arruntez irundako oihalak dira. Ez dira ezeren bandera, bizitzarena baizen. Humanoak dira oso, ziegako zoldaz —eta kaleko lohiaz— izkiriatuak. Bere poesia ez da xedea, mundua eraldatzeko modua baizik».

Bide batez esanda gure meteorologia politikoari (Meteorologia politikoa poema lekuko) eite hartzeko metafora bikaina da. Metaforaz betetako bidea, botila legez: odolaren mintzoa kario ordaintzen da gure bideetan, baina orain gerran ez gaudela ziurtatzeko bakeak egin behar ei ditugu.

Hori guztia badakigu, baina —poetak gaztigatu digunez— mundua ez dago gure zain, gu ei gara letra txikiz mundua idazten duguna. Poetak ulertu du zer den bidez kanpo ibiltzea. Ikasi du saihetsezina dela gureak ez diren beste bideetatik ibiltzea, gure egitekoak saihestezinak diren legez. Alta, aurreratzeko lagungarria litzaiguke arrazoia ere irabaztea.

Poetak xaloki erranak neure egin ditut: inork ez zigun esan erraza izango zenik, baina idazten jarraitzeko arrazoi poetikoak daude oraindik ere. Literatura ez dela literatura ikasi dugu, nola dena denona den eta ezer ez inorena. Ez gara guk uste duguna, besteek gutaz diotena baizik. Balizko porrotak galtzaile egin gaitu, baina ez dugu garaipena iritsi arteko bakerik izango. Gure gogoak ez du itsasorik besteen esperantzentzat, baina badago beste planeta bat, non izarren hautsez egina den. Egunero hasten delako bukatzen da egunero eguna.

Bide batez esanda, zer gehiago eska daiteke?]]>
<![CDATA[Alegia, deus ez!]]> https://www.berria.eus/paperekoa/6264/036/005/2013-10-13/alegia_deus_ez.htm Sun, 13 Oct 2013 00:00:00 +0200 Mikel Asurmendi https://www.berria.eus/paperekoa/6264/036/005/2013-10-13/alegia_deus_ez.htm
Argitaletxea: Pamiela.

Politikaria, abokatua, filosofoa eta literatur egilea da, euskaltzaina halaber. Euskomunia ala Zoroastroren artalde idatzi zuen behiala eta Absurduko kontuak edo zoroen herriko kronikak idatzi du orain. 40 urte daramatza plazan, politikoan nahiz literarioan. Zoro landa da berea, «zoro» samar bere bizimodua. Nobela, antzerkia eta poesia idatzi ditu: zoriaren zainak haztatu ditu eta ezten gorriak jaurtiki. Bizi! da haatik. Ukoreka, Badena dena da eta Arian ari trilogiak lagundu zion orekari eusten, dena izaten; (h)ariaren (h)arian betiere.

Liburu honetan —bere barne borrokez jakitun— hitzaurre filosofiko batez ilustratu digu bere kontuen izaera: materia estetikari zaio indarra etikari zaiona, diosku. Materia badenaren senari dagokio: irudiari, kontzeptuari edo estetikari. Indarra, berriz, badenaren ariari dagokio: bilakaerari, askatasunari edo etikari.

Kontuok —ipuinok— nor-banakoaren estetikatik nor-anizkoaren etikan hartzen dutela funtsa, absurdoaren (des)teoria kaotikoan oinarrituta, dio filosofoak. Estetikaren eta etikaren bidegurutzean deskribatu ditu pertsonaiak. Etika nor-banakoaren bakartasun tragikoa gainditzeko eta bestetasunera iristeko aukera bakarra dela gaztigatu ere.

Alegia, deus ez!

Zabaletaren aburuz, gizarteak lehenesten dio gizakiari. Oldoztez oldozte, kaosa da idazlearen arrazoia, kaosak leku hartzen du haren eta irakurlearen artean, alegia, gizartean. Ukoreka ari eta bizi gara, Zabaletaren termino filosofikoetan. Fisikako arauez ari da filosofoa, gizakiak bere buruari jarri dizkion arauez. Ordea, fisikako legeekin kaosa ezagutzea ezinezkoa da, absurdua logikako arauekin ulertzea den bezala, askatasunaren izaria metroetan neurtzea absurdua den legez.

Patxi Zabaletak toki bat egin du literaturan absurduko kontuendako. Ez pentsa horregatik, bereak kontu absurduak direnik. Pertsonaiak zentzudunak dira, herria da zoroa dena. Kokoherri asmatu du. Kokoherriko pertsonaiak nola, Euskal Herriko pertsonak hala. Kokoherri gure izaeraren alde arrotza da egilearen gardiz.

Liburuaren funtsa azalean ageri da. XVI. mendeko alemaniar grabatu herrikoi batek herriko eta goi-mailako pertsonen sinbiosia ilustratzen du. Sinbiosia diot, ipuin mota hau ipuin espezietzat jo baitaiteke. Filosofoak munta handia du idazle honengan, munta handia ere du kontalariak. Herri filosofia darama bere baitan, eta izate horretan herriaren hizkera: istorioak hala atsotitzak nola txisteak.

Patxi Zabaletaren landa zabala da oso. Ez alferrik, Zabaleta baitu ere bigarren abizena. Izena d(u)enak izana du. Leitzan sortutako Zabaleta Zabaleta dugu Patxi. Hartaz, «estu» edota «zoro» samar izaki bere bizimodua. Amets egiten du horregatik: Elezahar urdineko (des)egunean ez da isiltasuna eginen, baizik (des)hotsa, diosku.

Liburua samurra bezain sendoa da, bere emana oparoa. Menditik burrustan jaisten den ur emaria legez heldu dira bere ipuinak, filosofoa eta kontalaria elkarren ondoan heldu ere: elkar behar dute, elkar elikatzen dute. Alabaina, literatura egileak biak ala biak bezatu beharra dauzka, elkar itoko ez badute.

Horra hor Zabaletak literatura egile gisa daraman dema. Agian, egungo munduaren martxan kontalariaren ahotsa, ahozko tradizioan kontalari errepikatzailea —izan— dena, paperean emana urtsu bilakatzen da, urtsuegia bere konta moldea, hots, ele sobera urtzen dira kontakizunean. Agian bai, agian ez. Hamaika espresio biltzen baititu literat(ura)k, hamaika irakurle mota inguratu ere!]]>