<![CDATA[Mikel P. Ansa - Ander Perez Zala | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sun, 20 Oct 2019 21:51:46 +0200 hourly 1 <![CDATA[Mikel P. Ansa - Ander Perez Zala | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Turkiak lurreko erasoa hasi du Rojavan, bonbardaketa sutsuen ostean]]> https://www.berria.eus/albisteak/172219/turkiak_lurreko_erasoa_hasi_du_rojavan_bonbardaketa_sutsuen_ostean.htm Wed, 09 Oct 2019 00:27:46 +0200 Mikel P. Ansa - Ander Perez Zala https://www.berria.eus/albisteak/172219/turkiak_lurreko_erasoa_hasi_du_rojavan_bonbardaketa_sutsuen_ostean.htm

SDF retaliated attacks by Turkey in Ain Diwar, Dêrik. Heavy clashes are going on in the area. pic.twitter.com/H3ukI43qDB - Rojava Defense Units (@DefenseUnits) October 9, 2019 Duela urtebete Afrin okupatzeko erasoari ekin zionean bezalatsu jokatu du Turkiak orain ere: aireko erasoak, muga inguruan kontzentratu militarrak, jihadisten eraso ustez autonomoak, eta ondoren Turkiako armada lurretik sartu. Sekuentzia ia berberari jarraitu dio Rojavaren kontrako operazioan. Erdoganek 15:15 aldera jakinarazi du erasoari ekin diotela:

SDFk erantzun egin dio Turkiako armadaren eta hark babestutako jihadisten oldarrari. Bi jaurtigai bota dituzte Ceylanpinar hirira, Turkia eta Siriako Kurdistanen arteko mugan, eta beste sei, Nusaybinera, Qamixli ondoan. Lurrez ere aurrez aurreko borrokak izan dituzte. Qamixli hirian eta Al-Darbasiyah aldean ari dira enfrentamentu gogorrak izaten. Afrinen, berriz, Rojavatik mendebaldera, Afrin Askatzeko Indarrek erasoari ekin diote, turkiarrek duela urtebete okupatutako eremuak berreskuratzeko. Jarabulus aldean ere bonbardaketak egin ditu SDFk, turkiarrek duela urtebete kurduei kendutako eremuan. Bonbardaketen ondorioz, Rojavako zibil askok ihes egin dute hegoaldeko herrietara eta mendebaldean dagoen Kobanera -baina hura ere bonbardatzen hasi da Turkiako Armada, Euskal Herrian 20:00ak zirenean-. SDFren arabera, Turkiaren 25 hegazkinek parte hartu dute bonbardaketetan, eta mugatik 50 kilometro ingurura dagoen Ain Issa hiriraino iritsi dira. Ekialdean, Kurdistango eskualde autonomoa du Rojavak, Irakeko muga; harantz ere ihes egin dute herritar askok. Inguru horretan ere egin ditu bonbardaketak Ankarak. Iheslariak milaka Operazioari Bakearen Iturria izena eman dio Turkiak. «PKK/YPGko eta Daexeko terroristen kontra» ekin diote, Erdoganen hitzetan: «Gure misioa da hegoaldeko mugan terrorearen korridore bat saihestea, eta bakea eramatea eremu horretara». Turkiak talde «terroristatzat» hartzen ditu YPG miliziak. Kurduak dira batez ere, eta PKKrekin harremanetan izatea egozten die. Siriako Indar Demokratikoak (SDF) koalizio militarreko sekziorik handiena dira YPGak, eta azkeneko urteetan EIren aurkako borrokan nabarmendu dira. AEBen laguntza izan dute borroka horretan. Rojavako eremu hori SDFren kontrolpean dago azkeneko urteetan, eta gobernu eredu konfederal eta autonomoa eratu dute han. Etnia ugaritako jendeak bizi dira bertan. Nora joan seguru ez dakitela, ihesi hasi dira milaka. Mugimenduak mugan Mugimendu handiak izan dira erasoa hasi aurreko orduetan Rojavaren eta Turkiaren arteko mugan. Astearte gauerdian, Raqqan, jihadista talde batek eraso egin zion kurduek babestutako puntu bati. Erasotzaile suizida batzuk hil dituztela jakinarazi du SDF koalizio militarrak -kurduak dira gehiengo horretan-. Jakina zen Rojavatik ere kurduak kanporatu nahi zituela Erdoganek, eta, azkeneko egunetako iragarpenen ondoren, asteazken arratsalde honetan hasi da erasoa. Igandean, Erdoganek Trumpekin hitz egin zuen telefonoz, eta estatubatuarrek mugako kontrol postuak utziko zituztela iragarri zuen AEBetako presidenteak. Bi agintariak datorren hilaren 13an batzartuko dira, Washingtonen. Trumpek herenegun jarrera leunagoa agertu zuen, eta, Twitter sare sozialaren bidez, teorian kurduen aldekoa den mezu bat zabaldu zuen, baina horrek praktikan zer esan nahi duen zehaztu gabe: «Siriatik ateratzeko prozesuan gaude, baina inolaz ere ez ditugu kurduak abandonatu. Pertsona bereziak dira, eta borrokalari ikaragarriak». Gogorarazi zuen kurduei finantzaketa eta armak ematen dizkietela, iradokiz hori izango dela hemendik aurrera jasoko duten babes bakarra. Turkiari, aldiz, ohartarazi zion zigor ekonomikoak ezarriko dizkiola erasoa gauzatzean «mugarik gainditzen» badu. Ankararen erantzuna berehalakoa izan zen: «Ez dugu mehatxuen arabera jarduten». Turkiaren erasoaldiarentzako irtenbide bat adosteko, SDFk atzo jakinarazi zuen Siriako eta Errusiako gobernuekin batzartuko dela. Baina ikusteko dago kurduak Siriako armadarekin elkartuko diren, Baxar al-Assad Siriako presidenteak hainbatetan esan baitu ez duela autonomiarik nahi Siriako Kurdistanen. Horregatik, koalizio militarrak gaur nazioarteko potentziei dei egin die Turkiaren bonbardaketak gelditu ditzaten, «hegaldirik gabeko eremu bat» sortzeko. Erasoarekin, Turkiako presidentearen helburua da Rojavan 20 bat kilometroko «eremu seguru» bat sortzea, «terroristak» kanporatuta. Ondoren, orain Turkian dauden errefuxiatu siriarrak -hiru milioi inguru– eremu horretara igorriko dituela ere esan du. AEBen erabakiaren kritikak eta kontraesanak Trumpek kritikak jaso ditu alde guztietatik, ustez Erdoganekin egin duen tratuarengatik eta kurduak turkiarren aurrean bakarrik uzteagatik. AEBetako Defentsa Ministerioak eta Pentagonoak adierazi dute haiek ere begi onez ikusten dutela Turkiaren eta Siriaren artean «segurtasun eremu bat» sortzea, baina biak ala biak kritiko agertu dira Turkiarekin, Erdoganek «alde bakarrez» erabaki duelako erasoari ekitea. Pentagonoaren arabera, AEBetako tropak mugatik aldentzea beste erremediorik ez dute izan, erasoa hastekoa zela jakinik, baina ez dela Turkiarekin adostutako neurria izan ere adierazi dute. Senatuko eta Kongresuko hainbat kidek ere kritikatu dute Trumpen jokabidea, eta presidenteak adierazi du ez dietela kendu kurduei babesa; praktikan, ordea, inolako eraginik gabeko hitzak izan dira. SDFren mendean daude EIri preso hartutako jihadistak Rojavako eremu horretan, eta kezka handia da haiekin zer gertatuko den. Hori aurpegiratzen ari zaizkio, besteak beste, Trumpi. Militar batzuek ere kritikatu dute, AEBen aliantza politika eta konfiantza kolokan jarri dituelako mugatik erretiratzeko erabakiarekin. Ankarak, gainera, harreman estuak ditu jihadistekin. Afrinen bezala, Rojavan ere SNArekin elkarlanean ari da Turkiako armada. Jihadistak dira SNAko kideak, eta Al-Nusra frontearekin lotzen dute -Al-Qaedaren adar bat da Al-Nusra-; hain justu, Al-Nusrako buru Abu Mohammad al Jolanik, asteazken goiz honetan eman duen elkarrizketa batean, babesa agertu dio Turkiaren erasoari. Errusiaren eta Iranen mugimenduak Bestalde, Errusia-Iran-Siria ardatzak ere egin ditu mugimendu batzuk azkeneko orduetan, baina, itxuraz, ez dute eraginik eduki. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak gaur bertan Siriako Gobernuari eta kurduei eskatu die elkarrizketak hasteko. SDFk ez du harreman onik izan Baxar Al-Assaden gobernuarekin, baina azkeneko egun hauetan harekin elkarrizketa bideak irekitzen saiatu da, ikusita AEBek bakarrik utzi dituztela. Irango Gobernuak ere eskatu dio Erdogani «pazientzia» izateko, eta eraso egiteko asmoa berrikusteko. Siriak kurduei adierazi die haien mendean jartzeko prest baldin badaude babesteko prest egon daitekeela. Baina, oraingoz, adierazpen horiek ez dute eraginik izan, eta ez da elkarrizketak hasi direnen berririk zabaldu. Hurrengo orduetan eta egunetan ikusiko da fronte horrek zer bide izan dezakeen. Izan ere, Siriak aukera bat du Rojavako eremu hori bere kontrolpean hartzeko. AEBek eskualdean beren mende zuten lur zati bakanetakoa hustu eta gero, Errusiak eta Iranek eremu horretan haien eragina handitzeko aukera bat ere ikusi dute. Europan, Frantzia eta Alemania erasoaren aurka agertu dira, eta kritikatu egin dute Turkiaren jokabidea. Europako Batasunak ere eskatu dio Erdogani alde bakarreko operazioa uzteko. Saudi Arabiak ere kritikatu du Turkiaren erasoa eta Egiptok, berriz, Arabiar Liga presaz biltzeko eskatu du; larunbat honetan, urriaren 12an, egingo du ligak ezohiko bilera. NATOk ere segurtasun kontseilua biltzeko asmoa du datozen egunetan.]]>