<![CDATA[Mikel Reina | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sun, 05 Feb 2023 05:02:00 +0100 hourly 1 <![CDATA[Mikel Reina | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Hautaketak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2164/022/001/2023-02-01/hautaketak.htm Wed, 01 Feb 2023 00:00:00 +0100 Mikel Reina https://www.berria.eus/paperekoa/2164/022/001/2023-02-01/hautaketak.htm
Primitiboak. Azkenean, Baskoniak berak ere indartu egin behar izan du. Euroligako talde gutxienetako bat izan da orain arte fitxaketak egin ez dituena. Bestelako egoera batean izan da, baina gasteiztarrek ere merkatura joan behar izan dute. Txapelketak denboraldiko une erabakigarri batean murgiltzen ari dira kirol guztietan. Denek indartu nahi dituzte taldeak, horrek taldea bai edo bai indartuko balu bezala. Ez da horrela, ezta gutxiagorako ere. Kontrako emaitza ere izan dezake. Ez da erraza sasoi erdian talde baten sartzea, rolak banatuta daudenean, baita minutuak ere. Bakoitzak, azken batean, bere interesak defendatzen ditu. Gizakion sentipen primitibo bat da.

Azken batean, denok nahi dugu onena, baina gutxi batzuek lortzen dute. Denek egon nahi dute, esate baterako, sailkapeneko lehen postuetan, baina gutxi batzuentzako bakarrik dago lekua. Emakumezkoen Euroligan hiru jardunaldi bakarrik falta dira ligaxkako lehendabiziko fasea amaitzeko, eta gizonezkoetan bezala, hemen ere berdintasuna da nagusi. Batez ere B multzoan, Girona eta Avenida dauden horretan. Bi garaipeneko tartea dago bakarrik lehen sailkatuaren eta seigarrenaren artean. Espainiako ligan, bi taldeak berdinduta daude, laugarren eta bosgarren, hurrenez hurren, kataluniarrak final laurdenetarako sailkatuta daude gaur egun, Salamancakoak kaleratuta. Hain zuzen ere, lehen lau sailkatuek bakarrik egiten baitute aurrera final-laurdenetara. Aurten, gainera, gainontzeko taldeek ez dute beste sasoi batzuetan bezala Eurokopan jokatuko.

Klin-Klin

Horregatik, hor ere, mugimenduak etengabeak dira. Roberto Iñiguez entrenatzaile gasteiztarrak eragin ditu horietako asko. Iñiguez Europako entrenatzailerik famatuenetako bat da, prestigio handikoa, merezita irabazitakoa. Iaz 2025era arte luzatu zuen kontratua Perfumerias Avenidarekin. Baina denboraldi bete-betean taldea utzi du, Cukurova taldera joateko. Turkiako taldea Lointek Gernika Bizkaiaren amesgaizto izan zen duela urtebete pasatxo. Entrenatzaile aldaketak bestelako mugimenduak ere eragin ditu, dominoko piezak bezala jausi dira. Iñiguezek Aleksandra Crevendakic eraman du, baita Gernikan eta IDK-n jokatu zuen Laura Cornelius ere.

Errusiako taldeen hutsunea asko nabaritzen ari da Euroligan, Ekaterinburgena batik bat. Izan ere, urtero-urtero munduko jokalaririk onenak elkartzen zituen. Norbaitek hartu behar zuen haren tokia, ezin daiteke leku hori hutsik geratu, eta Fenerbahcek hartu du. Bi porrotekin hasi zuten denboraldia, baina fitxaketak heldu ahala gora egin dute turkiarrek. Kasu honetan, ia ezinezkoa da txarrera joatea: hurrengo bederatzi partidak irabazi dituzte. Urtarrilean Breanna Stewart eta Satou Sabally heldu ziren, eta otsailaren 15etik aurrera helduko da Courtney Vandersloot. Hungariako pasaportea duen estatubatuarrak, Sopron talde hungariarrerako zuen hitzartua kontratua, baina azken unean erabakia aldatu du. Diruaren hotsa akaso. Valencia Basketek ere merkatura jo beharko du Rebecca Allenen lesioaren ondoren.

Pertsonalki, horrelako izar metaketak ez ditut gustuko. Sentsazio hori are gehiago areagotzen da NBAko izarren gauarekin. Ez da loa kentzeko arrazoi bat. Aurten, berritasun moduan, ez dituzte taldeak jakinaraziko partida hasi baino aurrera arte. Hurrengokoak dira hasierako boskoteak, Ekialdean Giannis Antetokounmpo kapitaina, Kevin Durant, Kyrie Irving, Donovan Mitchell eta Jayson Tatum eta Mendebaldean LeBron James kapitaina, Stephen Curry, Luka Doncic, Nikola Jokic eta Zion Williamson. Kapitainek egingo dute jokalarien hautaketa. Otsailaren 18ko asteburuan izango da. Baina nik nahiago dut Espainiako Kopa ikusi asteburu horretan. Baskonia bertan izango da.]]>
<![CDATA[Lurraldetasuna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2164/018/001/2023-01-24/lurraldetasuna.htm Tue, 24 Jan 2023 00:00:00 +0100 Mikel Reina https://www.berria.eus/paperekoa/2164/018/001/2023-01-24/lurraldetasuna.htm
Dinamikak. Emakumezkoen ligan, esate baterako, hurrengo bi jardunaldiak erabakigarriak izan daitezke sailkapenari begira. Asko falta da, bai, baina garai garrantzitsuak datoz laster. Hurrengo bi asteburuetan jardunaldiak daude, eta gero FIBA leihoen geldialdia etorriko da. Ia bi aste ligako partidarik jokatu gabe, eta azken urteetan ondo baino hobeto ikusi den bezala, horrelako geldialdiak onerako edo txarrerako izaten dira. Argi dago dinamikak aldatzeko egunak direla. Horregatik, komenigarria da ahalik eta hobekien heltzea.

Adibidez, euskal taldeetako bat porrotarekin helduko da ustezko atseden egun horietara. Lointek Gernikak eta IDK Euskotrenek euskal derbia jokatuko dute azken jardunaldian. Biek ala biek lesioak izan dituzte hizpide denboraldi osoan. Azu Muruguzak zein Anna Montañanak sentsazio bera izango dute, ezin izan dutela orain arte taldearen benetako maila ikusi. Min hartutako jokalariek ez diete utzi. Gainera, udan ere ez zuten guztiz asmatu, eta joan-etorri ugari izan dituzte. Donostiarrek, esate baterako, Kaela Davis fitxatu zuten, eta elastiko berriarekin bi partida bakarrik jokatu ditu; orpazurda hautsi zuen entrenamendu batean. Bizkaitarren bi jokalaririk onenek, Sandra Ygueravidek eta Julie Wojtak, ligako lehendabiziko bost partidetan soilik jokatu dute elkarrekin. Antolatzaileak atzamarra apurtu zuen azaroan, eta hegalekoak abenduaz geroztik darama jokatu gabe.

Kutxabank Araskik lesio gutxiago izan ditu, baina, beste bi euskal taldeek bezala, ez du jarraitutasunik izan. Onenen aurka lehiatzeko gaitasuna erakutsi dute gasteiztarrek Valentzia Basketi eta Gironari etxetik kanpo irabazita, baina, gero, Mendizorrotzan garaipen garrantzitsuek alde egin diete. Horiek dira azken batean lehen aipatutako sailkapenaren postuak ezartzen dutenak. Talde handien aurkako horiek ez dituzte denboraldi hasierako zenbakietan kontuan hartzen, eta beste batzuk, etxekoak batez ere, bai. Hori bai, hiru euskal taldeak gaur egun borroka berean daude buru-belarri sartuta: hirurak kanporaketako azken hiru postuetan daude.

Errepikaezina. Bilbo Basketek agian faltan sumatu du Miribillan Obradoiroren aurka ihes egin zien partida hori koparako bidean. Bilbotarrek ezin izan dute 2020an lortutakoa errepikatu, eta Palau Blaugranan Bartzelonaren aurka galdu ostean ez dira Espainiako Kopan izango. Gironaren aurka denboraldiko partidarik eskasenetako bat jokatuta oso zail jarri zitzaien Badalonan jokatu ahal izateko eskubidea. Hala ere, bihar Europako abenturari ekingo diote berriro ere. Txapeldunen Ligan Darussafakaren aurka neurtuko dituzte indarrak bigarren faseko lehen jardunaldian. Txapelketak ez du aztoratu behar bilbotarren helburu nagusia, ia bakarra, hain ondo bideratua duten hori. Alde horretatik, zortea alde izan dute aurkariekin, Turkiara arteko bidaia luzea den arren, Murtziara eta Tenerifera artekoak eramangarriagoak izango baitira. Asko eskertzen da kilometroak kendu ahal izatea hainbeste partidaren artean. Hori bai, Sito Alonso, Bilbo Basketeko entrenatzaile ohia, Bilbo Arenara itzuli beharko da azken lehiako iskanbilaren ostean. Denborak ere horrelakoak egiten ditu.

Denbora kontua ere izan beharko da Baskoniaren azken partidetako norabidea, luze egiten ari zaio urtarrileko aldatsa. Obradoiroren aurka ACB ligan jarraian lortutako zortzi garaipenen etena etorri zen, eta horri Euroligakan jarraian galdutako lau partidak gehitu behar zaizkio. Garrantzitsua litzateke sentsazio onak berreskuratzea Badalonako Kopara begira. Denbora nahikoa dago konfiantza eta jokoa berreskuratzeko.]]>
<![CDATA[Denbora da poligrafo bakarra]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2164/024/001/2023-01-17/denbora_da_poligrafo_bakarra.htm Tue, 17 Jan 2023 00:00:00 +0100 Mikel Reina https://www.berria.eus/paperekoa/2164/024/001/2023-01-17/denbora_da_poligrafo_bakarra.htm
Hankak lurrean. Bilbo Basketek, adibidez, argi izan behar du zein zen bere helburua denboraldi hasieran: beste urtebetez ACB ligan lehiatzea. Gaur egun, Koparako sailkapena aldi berean hain hurbil eta hain urrun izateak zalantzak sor diezazkioke. Aukera duela? Bai, baina oso zaila du. Alde horretatik, momenturik txarrenean galdu du Gironan; ez bakarrik galdu egin zuelako, baita abantailagatik ere; 25 puntugatik galdu zuen: 84-59. Oso estu dago Kopa jokatzeko lehia: bi toki bakarrik daude sei talderentzat, gainontzekoek dagoeneko jabea baitute: Bartzelona, Real Madril, Baskonia, Tenerife, Unicaja eta Joventut, etxeko taldea. Jardunaldi bakarra falta da lehen itzulia amaitzeko, eta bilbotarrek Bartzelonaren aurka jokatu behar dute; non, eta Palau Blaugranan. Jaume Ponsarnauren taldea eraldatu egiten da Bilbo Arenan jokatzen duenean; aldiz, beste talde bat dirudi etxetik kanpo. Ez du bakarrik irabazi behar, Valentziaren menpe dago: hark galtzea behar du, eta bilbotarrek gutxienez 33 punturen aldea berreskuratu behar dute. Hori, ordea, ez da garrantzitsuena. Gora begira egotea ona da, baina behera ere begiratu beharra dago. Oztopoak egon daitezke, eta pausoak non ematen diren ikusi behar da. Bilbo Basketek bost garaipeneko aldea du jaitsiera postuekiko.

Azkenaldian galdu dituen partidek Baskonia lurrera ekarri dute. Normala zen, hegan zihoalako orain arte, abendu osoan galdu gabe, eta hamabi garaipen jarraian lortuta. Joan Peñarroyaren taldeak Euroligan jokatu dituen azken hiru partidak galdu ditu; hirurak etxetik kanpo. Ez da kezkatzekoa, oso zaila baita Euroligan Buesa Arenatik kanpo irabaztea, are gehiago bigarren itzulian. Hain berdinduta dago lehia, galera horrek ez du gehiegirik eragin sailkapenean: seigarren dira gasteiztarrak, Real Madril liderrarengandik bi garaipenera soilik. Bada, ordea, kezkatzekoa nola ekin dien taldeak partidei, defentsan, batik bat. Puntu asko jasotzen ditu, eta, batzuetan, gai da markagailua iraultzeko. Baina ez beti. Buelta emateko gai direnean, Markus Howarden eskutik izan ohi da, haren une beroak aprobetxatuta. Peñarroyak bostekoak orekatu beharko ditu; ezin da hainbesteko aldea egon partida batean. Horrez gain, Steven Enoch berreskuratu behar da. Osteguneko Bartzelonaren aurkako partidak, adibidez, zehaztu dezake taldearen etorkizuna epe laburrera. Dagoen berdintasuna eta oreka ikusita, edozeinek irabazi diezaioke edozeini, eta hobe da zortzi talde onenen artean sartzeko borrokan sartzea.

Garaikurra eta titulua. Euskal talde guztiek, gizonezkoenek zein emakumezkoenek, urtarrileko igoera famatuari egin behar diote aurre. Ez dute ia atsedenik izan Gabonetan, eta denboraldiko garai erabakigarri batean sartu dira. Emakumezkoetan, hiru taldeak dabiltza buru-belarri ligan. IDK eta Gernika Eurokopatik kanpo daude jada. Eta Gernikarentzat eta Araskirentzat urruti dago Espainiako Kopa. Bizkaitarrek Gironaren aurka jokatuko dute, eta arabarrek, etxeko taldearen kontra: Zaragoza. Kopan ariko diren bi euskal taldeak berdinduta daude sailkapenean, kanporaketetako postuetan. Hori da haien helburu berria, sasoia borobiltzeko. IDK-k ere zortzi talde onenen artean sartu nahi du, sasoia salbatzeko. Horretarako egin dituzte azken bi fitxaketak: Kaela Davis eta Klaudia Cuic. Baina berri oso txarra jaso berri dute: Yurena Diazek hautsi egin du eskuin belauneko atzeko lotailu gurutzatua, eta ez du gehiago jokatuko sasoi honetan.

Emakumezkoen liga ere inoiz baino berdinduago dago; oro har, maila jaitsi da. Zalantza gutxi daude, berriz, denboraldi amaieran betiko hiru taldeak lehiatuko direla garaikurrengatik, eta finalerdietan sartzen den laugarren taldeak irabaziko duela lurtarren arteko titulua. Azkenean, denborak bakoitza bere lekuan jartzen du. Poligrafo bakarra da.]]>
<![CDATA[Ez dago lagunik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2164/018/001/2023-01-10/ez_dago_lagunik.htm Tue, 10 Jan 2023 00:00:00 +0100 Mikel Reina https://www.berria.eus/paperekoa/2164/018/001/2023-01-10/ez_dago_lagunik.htm
Borobila. Nork esango lioke Cazoo Baskoniari, esate baterako, Euroligako hamazazpi jardunaldi jokatu eta gero lider egongo zela. Inor gutxik espero zuen halakorik; ausartenak eta fededunenak ere ez. Beste lau talderekin berdinduta dago sailkapenaren buruan: Olympiakos, Real Madril, Bartzelona eta Monakorekin. Bost axola horrek. Liderra da. Joan Peñarroyak bere aurkezpenean agindutakoa bete du: zaleak Buesa Arenara erakartzea. Euroligako Real Madrilen aurkako partida izan zen adibiderik onena: lepo bete zen pabiloia. Bigarren aldiz gertatuta da hori denboraldi honetan; Unicajaren aurkako estreinako partida izan zen lehena. Real Madrilen aurkako partidak egutegian gorriz borobilduta dauden horietakoak dira. Horren erakusgarri, Buesa Arenan sarrerarik gabe geratu diren sei aldietatik bost Espainiako taldearen aurkako lehiak izan dira.

Abendu borobila osatu zuten arabarrek; ez zuten partida bakar bat ere galdu. Baina, askotan gertatzen den bezala, gutxien espero den aurkariaren kontra galdu zuen: Alba Berlinen aurka, Euroligako azken sailkatuaren aurka, hain zuzen. arabarrek 40 egun egin dituzte galdu gabe, eta hamabi partida irabazi dituzte jarraian, Euroligakoak eta ACB ligakoak kontuan hartuta; taldearen inoizko markarik onenetan seigarrena. 2012-2013ko denboraldian hamazazpi lortu zituzten gasteiztarrek. Orduan, azaroaren 15etik urtarrilaren 20ra arte egon ziren galdu barik Zan Tabakek entrenatutakoak. Hala ere, Euroligan denek denen aurka jokatzen dutenetik lehen itzulirik onena egin du; inoiz ez zen lehen itzuliaren amaierara hamar garaipen baino gehiagorekin heldu. Are, 2016-2017ko sasoi horretatik ez zituen partida gehiago irabazi galdu baino lanerdietan.

Kaltetuak. Denboraldi honetako Euroligaren ezaugarri nagusia berdintasuna da. Ez bakarrik lidergoa partekatzen duten bost talderen artean, baita kanporaketetan sartzeko ere. Beste lau talde daude berdinduta bederatzi garaipenekin. Gorabehera handiko lehen itzulia izan da, bolada asko izan dituzte taldeek, onak zein txarrak. Hortik dator oreka: edozeinek irabazi diezaioke edozeini. Baskoniak, adibidez, gotorleku bilakatu du Buesa Arena: partida bakarra galdu du bertan, Olympiakosen aurka. Baina goialdean jarraitzeko, kanpoan ere irabazi beharra dago, gaurko Bayernen aurka partidatik hasita —20:30ean ariko da, Munichen (Alemania)—. Maccabi da etxean partida bakarra galdu duen beste taldea. Hiruko marran aurkitu dute gasteiztarrek haien lagunik onena: hiruko gehien jaurtitzen duen taldea da, baita gehien sartzen dituena ere.

Oso estu egongo da zortzi talde onenen artean sartzeko lehia; denek egon nahi dute Kaunasko Lauko Finalean (Lituania). Ez dago denbora galtzerik, eta taldeak indartzen hasiak dira dagoeneko. Lituaniarrak izan dira merkatura jo duten talde nagusietako bat: Achille Polonara eta Isaiah Taylor fitxatu dituzte maiatzaren 19tik 21era Zalgiris Arenan jokatzeko esperantzarekin. Izar Gorriak, berriz, Facundo Campazzo fitxatu berri du, baina, printzipioz, argentinarrak ezingo du jokatu martxora arte. Belgradeko taldeak ezin izango ditu jokalari berriak fitxatu otsailaren 28ra arte, zorrak baititu. Serbiako klubak helegitea jarriko du, eta kanpotik ere presio kanpaina bat jarri du martxan. Beraz, ikusteko dago isuna beteko duen ala ez. Euroligako Jokalarien Elkartearen arabera, «kaltetu nagusia» Campazzo da; azken bederatzi jardunaldiak bakarrik jokatuko lituzke. Hori gutxi ez, eta Luca Vildozak min hartu du, eta ez du jokatuko hurrengo asteetan. Izar Gorriak oraindik Baskoniarekin hitz egin beharra du Vildozaren egoeraz. Ostera ere, ez dago lagunik Euroligan.]]>
<![CDATA[Argentina hizpide]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2164/023/001/2022-12-20/argentina_hizpide.htm Tue, 20 Dec 2022 00:00:00 +0100 Mikel Reina https://www.berria.eus/paperekoa/2164/023/001/2022-12-20/argentina_hizpide.htm
2020an, NBAra sasoia hasita joan zen, eta berdin itzuliko da Europara. Noiz edo noiz nabarmendu arren, ez du ligarik onenean tokia aurkitu. Ez da erraza inorentzat, are gutxiago haren garaiera duen antolatzaile batentzat [1,78 metro]. Hori ikusita, itzultzea erabaki du; ez, ordea, etxera, Real Madrilera. Mugimendu erabakigarria izan zitekeen Espainiako taldearentzat, Chus Mateoren lehen urratsak arintze aldera; hauek izan ohi direlako zailenak.

Mateok arindu nahi duena arindu du jada Dusko Ivanovicek Izar Gorrian. Montenegrokoak ezin izan du ordezko entrenatzaile batek egindako lan onena berdindu. Garaipen bakarrera geratu da; zazpi lortu ditu jarraian. Boladarik txarrena zuen taldearen aurka galdu zuen Euroligako azken jardunaldian: Milanen kontra. Italiarrek, berriz, ez zuten boladarik txarrena berdindu; porrot bakarrera geratu ziren.

Ikusteko dago Campazzok Izar Gorriarekin Euroligan jokatu ahal izango duen ala ez. Abenduaren 1ean, Euroligak jokalari berriak izen ematea debekatu zion Serbiako taldeari, diru zorrengatik eta horiek ez azaltzeagatik. Berez, otsailaren 9an amaituko da Euroligan fitxaketak egiteko epea. Jokatu badezake, Gabonak ACB ligako taldeen aurka jokatzen igaroko ditu argentinarrak: Bartzelonaren aurka jokatuko du Izar Gorriak abenduaren 30ean, Belgraden; Valentzian (Herrialde Katalanak) urtarrilaren 6an; Real Madrilen kontra 10ean, etxean. Campazzo bera ere zorretan dago Real Madrilekin, ez emozionalki, diruz baizik: ia hiru milioi zor dizkio. 1,8 milioi jasoko ditu denboraldi honen truke, eta 2,5 milioi hurrengoaren truke. Baina, udan, bakarrik 50.000 euroko etete klausula du; aurreko alditik ikasi omen zuen.

Autobusa. Argentinarrek Scaloneta badute, bizkaitarrek Jaumeneta dute. Zaragozari irabazi ostean jarri zioten ezizena Bilbo Basketen autobusari. Denak daude barruan. Gidaria Jaume Ponsarnau bada ere, Ludde Hakansonek mugiarazten du Jaumeneta; hura da motorra. Hakansonek beste inon aurkitu ez duen konfiantza aurkitu du. Haren jokoa ulertu dute. Izan ere, antolatzaile postura mugatuta egon da askotan. Baina, egun, joko sortzaileak ez du zertan postu horretan jokatu behar. Gidaritza lanak alde batera utzita erosoago dabil; baloiari eusten dio, baina beste modu batean.

FIBA leihoak mugarri izan ziren Bilbo Basketentzat. Gainera, aurkari zuzenen aurka aritu da geldialdiaren ostean. Lau partida galdu zituen jarraian, eta, orain, azken bostak irabazi ditu. Obradoiroren aurkakoak bakarrik egin zion ihes, etxean. Hori gutxi ez, eta Txapeldunen Ligan lehen postua lortu du, eta ez du lehen kanporaketa jokatuko. Tenerife izango du aurkari. Egutegiaren eperik samurrena pasatuta, urtarrileko igoerari egin beharko dio aurre: Real Madrilen, Bartzelonaren eta Unicajaren aurka ariko da, besteak beste.]]>
<![CDATA[Faseak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2127/023/002/2022-12-13/faseak.htm Tue, 13 Dec 2022 00:00:00 +0100 Mikel Reina https://www.berria.eus/paperekoa/2127/023/002/2022-12-13/faseak.htm
Orain arteko bidea ona izan da gasteiztarrentzat. Gauza garrantzitsu bat, etxeko lanak egin dituzte. Euroligako azken jardunaldietako partidak atera beharrekoak ziren, funtsezkoak hain txapelketa lehiakorrean. Alde batetik, etxeko partidak irabazteak asko ematen dizulako sailkapenari dagokionez, urte hasieran, buruko matematika kontuetan, garaipenekin zenbatzen dituzun lehiak dira. Orain arte, arabarrek galdu dituzten bost partidetatik bakarrik bi izan dira gaur egun sailkapenean atzetik dauden taldeen aurka, Panathinaikos eta Asvel, biak ala biak etxetik kanpo. Zalgirisen, Milanen edota Bayernen aurkako partidak irabazi izanak asko balio du. Garaipen soil bat baino gehiago da, garaipen eta erdi. Errenta handikoak izan dira denak, 20 puntutik gorakoak, eta horrek fase erregularreko azken jardunaldiei begira, urrea balio dezake elkarren aurkako puntu aldeari begira.

Dena eduki behar da kontuan Euroliga honetan. Alemaniarren aurka, esate baterako, Joan Peñarroyaren taldeak bestelako aurpegi bat erakutsi zuen. Garrantzitsua da bestelako planak izatea, gutxi dira jokamolde bakar batekin jokatu dezaketenak. Hainbeste puntu sartu gabe, baina, era berean, gutxi jasota. Denetariko egunak daude. Kanaria irletan Markus Howard agertu zen. Aspaldiko partez bere momentu bero horietako bat izan zuen, eta horrelakoak dituenean geldiezina da. Estatubatuarrak bederatzi hiruko sartu zituen, eta Baskoniaren ACB ligako inoizko markarik onena hobetu zuen hala: Velimir Perasovicek zortzirekin zuen errekorra. Estatistikarik argigarriena, aldiz, ezkutuena da. Baskoniak oso ondo zaintzen du baloia azkenaldian, eta ez da batere erraza jokatu nahi duen jokamolde arinarekin. Euroligako azken lau partidetan zazpi baloi galdu ditu bakarrik batez beste. Zenbaki esanguratsuak dira, eta antolatzaileez ondo baino hobeto hitz egiten duena.

Mota askotakoak Alde horretatik, etxeko lanak ondo baino hobeto egin ditu Baskoniak. Orain, aldiz, azterketa garaia da. Hurrengo lau norgehiagoketatik hiru izango dira sailkapenean aurretik dauden aurkarien kontra. Turkiarren aurkako bi lehien ostean, urteko azken jardunaldian Real Madrilek bisitatuko du Buesa Arena. Denboraldiko partidarik handienetako bat, Gabonetan gainera. Sekulako jendetza espero da harmailetan madrildarrei aurre egin ahal izateko.

Orain arte Peñarroyaren emaitzek edo jokamoldeak baino gehiago, taldea eramateko moduak erakarri ditu zaleak. Neven Spahijarekin zazpi edo zortzi txandakatze erabiltzetik, talde osoa erabiltzera. Ez da erraza, are gutxiago denak pozik izatea, baina alde positibo asko ditu. Jokalari denak ditu prest, eta aldi berean minutuak banatu ditzake denboraldiko azken fasera, benetan txapelketak jokatzen direnean, freskoago heldu ahal izateko. ACB ligan, esate baterako, jokalari batek hartzen du atseden jardunaldi bakoitzean. Beharrezkoa aste honetako moduko Euroligako bi partiden aurrean.

Denboraldi baten, fase mota desberdinak daude, garaipen edo porrotekoak, esate baterako. Aurtengo Euroliga horren adibide da, gorabehera askokoa. Milanek lehen lau partidetatik hiru irabazi zituen, eta orain zortzi porrot daramatza jarraian. 2016-2017ko sasoian hamar izan zituzten. Alba Berlinek lehen hirurak eskuratu zituen, eta hor geratu zen. Beste aldean dago Dusko Ivanovicen Izar Gorria, bost garaipenekin jarraian Montenegroko entrenatzailea heldu zenetik. Azkena ez da edozelakoa izan, serbiarren arteko Euroligako lehen derbian. Beste bi partidetan gailenduta entrenatzaile aldaketarik onena izango da. Zalgiris eta Milan hartuko ditu etxean aste honetan, aukera ezin hobea du esku artean.]]>
<![CDATA[Estralurtarrak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2164/023/001/2022-12-06/estralurtarrak.htm Tue, 06 Dec 2022 00:00:00 +0100 Mikel Reina https://www.berria.eus/paperekoa/2164/023/001/2022-12-06/estralurtarrak.htm
Pausoak. Asko hitz egin da ligak izan duen garapenaz; maila asko igo da azken urteetan. ACB ligako taldeak sartu direnetik, bestelako taldeek tokia aurkitu dute maila gorenean, eta, bide batez, albo batera utzi herri txikiagoetako talde klasikoak. Orain, adibidez, Zaragoza sartu da. Aragoiko taldea da gaur egun liderra. XXI. mendean, bakarrik sei talde egon dira sailkapenaren lehen postuan 9. jardunaldiaren ostean: Avenida, Girona, Rivas, Ros Casares eta Barça UB. Lehengo eta egungo super taldeak.

Aurten, esate baterako, berdintasun handiagoa dago, talde denek dituzte porrot bat eta garaipen bat gutxienez. Hiru garaipenen aldea dago bakarrik azken aurreko sailkatuaren eta seigarrenaren artean, gaur egun Kutxabank Araski. Horrek pentsarazi dezake batez besteko mailak gora egin duela beste behin, baina ez dut uste hori denik kasua. Argi dagoena da hiru talde gainontzekoen gainetik daudela aurrekontu aldetik, lehen aipatutako hirurak: Avenida, Girona eta Valentzia. Hiru horien eta besteen arteko tartea laburtu da? Bai. Gainontzeko taldeek aurrerapausoa eman dutelako? Nire ustez, ez. Esango nuke hiru talde handiek jaitsi dutela beren maila.

Aurten lehen aldiz, WNBAn jokatzen duten jokalariak derrigortuta daude beren taldeak deitzen dituztenean entrenatzailearen esanetara jartzera. Orain arte Europako txapelketak amaitzen zituztenean bidaiatzen zuten Estatu Batuetara. Talde handiek jokatzen duten txapelketa denetan dute helburu azken fasea jokatzea, baina orain ezingo zuten beren izarrekin jokatu. Horrek bestelako merkatu bat zabaldu du, eta maila, nola ez, jaitsi egin da. Hori da aurtengo desberdintasuna. Gainera, ez dute asmatu amerikarren fitxaketekin. Aldaketak egin behar izan dituzte. Hori da oraindik mantentzen den aldagaia, gaitasuna dute merkatura joateko. Salamancako taldeak azken Munduko Txapelketako boskote onenean sartu zen Bridget Carleton fitxatu du. Katalanek, berriz, Britney Sykes, Sopronekoa. Euroligako txapeldunorde izan da, eta denboraldi hasierako izarretako bat. Biek ala biek ez zuten euskal taldeen aurka jokatu. Valentzia da orain arte mugimendu handirik egin ez duen talde bakarra, Elleana Christinaki Lointek Gernikako eta Kutxabank Araskiko jokalari ohia fitxatu zuten.

Gabonak? Orain denboraldiko garairik gogorrenetariko eta garrantzitsuenetariko batean daude. Geldialdiaren ostean, partidak bata bestearen atzetik pilatuko dituzte: IDK Euskotrenek eta Lointek Gernika Bizkaiak bederatzi jokatuko dituzte, eta Kutxabank Araskik, berriz, zazpi. Hirurek dute Zaragozan jokatuko den Kopan sartzeko helburua, baina zazpi talde bakarrik arituko dira bertan. Hain zuzen ere, abenduaren 27an erabakiko da, eta bati baino gehiagori berandu helduko zaio Olentzeroren oparia. Garrantzitsuena, ordea, heltzea da. Bost partida geratzen dira bakarrik lehen itzulia amaitzeko, eta Lugoren bost garaipenek zehazten dute muga. Gabonak ospatzeko bestelako modu bat izango da.

Gipuzkoarrek eta bizkaitarrek, gainera, Eurokopako azken bi jardunaldietan jakingo dute hurrengo fasera aurrera egingo duten edo ez. Bi taldeek etzi jokatuko dute. Azu Muguruzaren taldea derrigortuta dago Zabiny Brnori irabaztera, aurrera egiteko aukera izaten jarraitu nahi badute. Hirugarren postuan sailkatzea ez dute erraza izango, 12 punturen aldea baitaukate kontra. Anna Montañanarenek, berriz, Estudiantesen aurkako azken partidan jarri dute begia. Malosten lortutako 12 punturen aldea defendatu beharko dute espainiarrek aurrea ez hartzeko. ]]>
<![CDATA[Metodologiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2164/025/001/2022-11-29/metodologiak.htm Tue, 29 Nov 2022 00:00:00 +0100 Mikel Reina https://www.berria.eus/paperekoa/2164/025/001/2022-11-29/metodologiak.htm
Ordutegi aldaketa. Emaitza horiek, eta bere ibilbide luzean zehar lorturiko denak eskuratzeko bidea izan da zeresana eman duena, hain zuzen ere. Lanpostu berria hasi eta hurrengo egunean jakitera eman zen Ivanovicek bost orduko entrenamendua prestatu zuela. Sare sozialetan piztu zen sua. Lehenbizi, Wade Baldwin Baskoniako jokalari ohiak bota zion erregaia. Hain zuzen, Baldwinek eta Ivanovicek tirabirak izan zituzten aurreko denboraldian, Gasteizko taldean. Baldwinek bost ordu horietako nondik norakoak azaldu zituen: korrika saioekin, gimnasioko lanarekin edota kantxako berezko entrenamenduarekin. Simone Fontecchiok, berriz, 40-50 minutuko bideo lana gehitu zuen. Baina eztabaida leherrarazi zuena Nik Stauskas izan zen; hura ere Baskoniako jokalari ohia. «Kanpamentu militartzat» definitu zituen Ivanovicen entrenamenduak. Are gehiago, esan zuen hori dela Europan berriro ez jokatzearen arrazoia.

Entrenatzaileak ez zion eztabaidari inolako garrantzirik eman; aitzitik, umorez hartu zuen: «Entrenamendua ez zen bost ordukoa izan, sei eta erdikoa baizik», esan zuen. Azkenean, frogatutzat du bide hori jarraituz lortzen dituela emaitzak; zertarako aldatuko du orain hainbeste urteren eta lorpenen ostean? Epe luzera metodologia hori bideragarria den edo ez beste eztabaida bat da. Seguru nago metodologia asko aldatu duela, derrigorrez, Hasteko, gaur egun, ia ez dago entrenatzeko denborarik. Atzean geratu dira egun berean goizean eta arratsaldean egiten ziren entrenamenduak; ez dago astirik. Gainera, jokalarien ongizatea begiratzen da gehiago; gehiago hartzen zaie kontuan. Azken finean, entrenamendu bakarra egiteko orduan dena batu behar da: gimnasioko lan fisikoa, kantxako lan taktiko eta teknikoa edota aurkaria aztertzeko bideoak. Ezinezkoa da entrenamendua ez luzatzea; zenbat? Hori entrenatzailearen esku dago, eta egunak eta egunak daude, baita denboraldiko sasoi ezberdinak ere.

Desberdintasunak. Baskoniak eta Bilbo Basketek ondo dakite hori. Sasoia luzea da, eta ia ezinezkoa da erregulartasunari eustea; gorabeherak izatea erabat normala da. Lesioek ere asko baldintzatzen dute. Bilbotarrek ACB ligako lehen hiru partidak irabazi zituzten, baina gero lau jarraian galdu; orain, beste bi irabazi dituzte. Tartean, jokalarik asko hartu zuten min, eta galdutako lau partidetatik hiru etxetik kanpo izan ziren. Gainera, irabazitako azken bi partidak aurkari zuzenen aurka izan dira: Fuenlabrada eta Zaragozaren kontra. Irabazi egin behar zaie, eta zenbat eta alde handiagogatik egin, orduan eta hobeto. Fuenlabradari 109 puntu sartu zizkion Jaume Ponsarnauren taldeak; taldearen hirugarren markarik onena da ACB ligan. Entrenatzailea bestelako lidergo baten aldekoa da, prentsaurrekoan azaldu zuen bezala: «Izaera ez da oihuen bidez neurtzen. Entrenatzaile isil eta lasaiak normaltzat hartzen hasi behar ditugu».

Gasteiztarrek ere izan dute beherakadaren bat denboraldi honetan; ez zen normala lehen norgehiagoketako erritmoa eta bizitasuna. Horri eustea zinez zaila zen. Joan Peñarroyak bilatzen duen joko estilo dinamiko eta arinak sasoiko egotea eskatzen du; hirukoak sartzeko, hankak funtsezkoak dira. Igandean, hemeretzi hiruko sartu zizkion Baskoniak Gironari. Horrelakoa da Arabako taldea egun: muturrekoa emoziozkoa. Argi dute, behintzat, defentsako lanetik hasten dela kontraerasoan korrika egiteko gaitasuna; bestela, gaitz erdi. ]]>
<![CDATA[Kontraesanak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2164/024/001/2022-11-15/kontraesanak.htm Tue, 15 Nov 2022 00:00:00 +0100 Mikel Reina https://www.berria.eus/paperekoa/2164/024/001/2022-11-15/kontraesanak.htm
Bakoitzak bere interesak. Italiako eta Espainiako selekzioek joan den ostiralean neurtu zituzten indarrak, Pesaron (Italia); luzapenean nagusitu zen Espainia. Italiarren jokalaririk onena Nico Mannion izan zen. Baina zelan da posible Bolognako Virtuseko jokalaria aritzea bere selekzioarekin Euroligako jokalaria izanik? Italiarren arteko derbia asteazkenera aurreratu zutelako. Euroligako azken jardunaldia berezia izan da oso, ez bakarrik aurrerapenarengatik; horrez gain, ostiralean bi partida bakarrik jokatu zituzten; ohikoa da laupzabost jokatzea. Ez da ahaztu behar Virtuseko entrenatzaile Sergio Scariolo Espainiako selekzioko hautatzailea ere dela. Gainera, ez zen bakarrik Mannion aritu Espainiaren aurka, baita haren taldekide Alesandro Pajola eta Milaneko Tomasso Baldasso, Stefano Tonut, Pippo Ricci eta Pablo Biligha ere. Azkenean, bakoitzak bere kartak jokatzen ditu, eta nahi eta ahal dituen bezala mugitzen ditu.

Antzeko zerbait egin du Ergin Atamanek ere. Anadolu Efeseko eta Turkiako selekzioko entrenatzailea da Ataman. Beti eztabaidaren erdigunean dagoen pertsonaia da, eta FIBA leihoekin are gehiago. Hark ere dituen baliabide denak erabili ditu. Datorren urtean Filipinetan, Indonesian eta Japonian jokatuko den Munduko Txapelketarako sailkapena dago jokoan. I multzoa da denen artean gogorrena: Turkia, Serbia eta Grezia ari dira lehian Belgika, Letonia eta Britainia Handiarekin. Letonia dagoeneko matematikoki sailkatuta dago, zazpi partidetatik bakarra galdu baitu. Haren atzetik, Serbia eta Grezia berdinduta daude, lau partida irabazi eta hiru galduta; eta laugarren dago Turkia hiru partida irabazi eta lau galduta; emaitza berak lortu ditu Belgikak. Atzo bi norgehiagoka jokatu zituzten multzo horretan: Serbia-Turkia eta Belgika-Grezia. Serbiarrek eta greziarrek irabazten bazuten, bigarrenak Munduko Txapelketarako sailkatuko ziren.

Trikimailuak. Euroligako taldeen kasuan, bakoitzak erabakitzen du jokalari bati bere selekzioarekin jokatzen uztea edo ez. Azken batean, haiek ordaintzen diote hilabetero soldata. Hori da FIBA leihoen eztabaida gai nagusia, hain zuzen ere: lesioekin batez ere, zer egin eta zelan jokatu jokalariren batek min hartzen badu. Batez ere, partidak egun batetik bestera izaten direlako, bidaia luzeak tarteko, eta horrek azkenean lesioak izateko arriskua handitu besterik ez du egiten. Euroligako egutegi gogorra ez da nahikoa, dirudienez. Gero, emakumezkoetan, esate baterako, apirilean amaitzen dute denboraldia, eta Gabonetan ez dute inolako etenik.

Anadolu Efesek eta Atamanek ez zioten Vasilije Miciceri Serbiarekin jokatzeko baimenik eman. Svetislav Pesic Serbiako hautatzaileak hautatuen zerrendan jarri arren, ezin izan zuen bere jokalaririk onenarekin jokatu. Era berean, Ataman kexu agertu zen Bartzelonak ez ziolako Sertac Sanliri baimenik eman. Gainera, Belgikak Virtuseko Ismael Bako eta Asveleko Retin Obasohan izango zituelako ere kexatu zen entrenatzaile turkiarra. «Kontraesan hauek amaitu beharra dago», esan zuen.

Antzeko trikimailuak erabili ditu Belgradeko Partizanek: batzuei baimena eman die; beste batzuei, ordea, ez. Danilo Andjusicek eta Uros Trifunovicek Serbiarekin joka dezakete, baina Yam Madar israeldarrak eta Ioanis Papapetruk greziarrak ez. Serbiarren aurkari zuzena da Grezia, eta hegalekoa jokalari oso garrantzitsua da selekzioan. Greziako Saskibaloi Federazioak kexa ofiziala aurkeztu du FIBAn. Txapelketa «manipulatzen» ari direla salatu dute. Interes asko daude, gehiegi, eta bakoitzak bereak defendatzen ditu; horregatik, azkenean ia ezinezkoa da FIBA leihoek polemikarik ez sortzea. Beste horrenbeste gertatuko da, ezusterik ezean, hurrengoan ere.]]>
<![CDATA[Barne kodeak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2164/022/001/2022-11-08/barne_kodeak.htm Tue, 08 Nov 2022 00:00:00 +0100 Mikel Reina https://www.berria.eus/paperekoa/2164/022/001/2022-11-08/barne_kodeak.htm
Eskubideak dituzte. Euskal entrenatzaile bat denen ahotan egon zen joan den astean: Roberto Iñiguez de Heredia Perfumerias Avenida taldeko teknikari gasteiztarra. Iskanbila handia sortu du, baina, agian, emakumezkoen saskibaloia izateak eragin du oharkabean pasatzea. Horretan ere, onerako eta txarrerako, bide luzea dago egiteko oraindik.

Ospe handiko entrenatzailea da Iñiguez de Heredia; Europako onenetakoa. Lortutako tituluek ospe hori berretsi besterik ez dute egiten: Euroligako azken hamar Lauko Finaletatik zortzitan egon da, eta Espainiako, Hungariako eta Turkiako ligak irabazi ditu.

Baina jenioek eromen puntua izaten dutela diote. Eta hura oso lehiakorra da, mugaraino. Maiatzean, 2025era arte luzatu zuen kontratua Perfumerias Avenidarekin: proiektu handia sortu nahi zuen Salamancako taldean (Espainia). Denak egin du eztanda egun batetik bestera. Zelan, gainera. Denak Euroligako lehen jardunaldiko Cukurovaren aurkako partidan egin zuen eztanda, era publikoan betiere. Bide batez, aipu txiki bat: bai, Turkiako taldea da, aurreko sasoian Lointek Gernika Bizkaiari gorriak eta bi pasarazi zizkiona. Eta bai, Salamancan (Espainia) ere iskanbila sortu zuen: intoxikazioa salatu zuten, eta, gero, ezerezean geratu zen. Baina berriro ohar ofizialak tarteko. Beti berdin. Erraz nagusitu zen Perfumerias Avenida, baina, hala ere, epaileekin haserre amaitu zuten taldeko kideek, eta azken minutuan Iñiguez de Herediak klubeko presidentea eta jabea zeuden palkora begiratu, eta zerbait esan zuen.

Zergatik? Bertsio ofizialaren arabera, taldeko fisioterapeuta zen arazo nagusia. Sasoi honetan aldatu dute, eta jokalariak, antza, ez daude gustura. Baina askoz haratago joan zen dena. Presidenteak eta jabeak entrenatzaile gasteiztarrarekin bildu nahi zuten, baina erantzuna ezezkoa izan zen. Prentsaurreko bat antolatu behar izan zuten haiekin «hitz egitera ateratzeko». Adierazpen entzutetsuak atera ziren mikrofonoetatik: «Entrenatzaileak entrenatu egin behar du, besterik ez»; eta «ilusioa galtzen hasi gara, kostatzen zaigu partidak ikustera etortzea. Lehen, pentsaezina zen».

ACBko kluben sarrerak emakumezkoen saskibaloian berregituraketa handiak ekarri ditu. Betidanik hiri edo herri txikietako taldeek parte hartu izan dute. Orain, Valentzia, Zaragoza edota Estudiantes sartu dira. Egoera erabat aldatu da; ez bakarrik diru kontuengatik, instalazioengatik batez ere. Horrekin kexu dago Iñiguez de Heredia. Kontratu berrian baldintza batzuk zehaztuko zituen, eta ikusten ari da ez direla betetzen ari. Bere eskubidea da, entrenatzaileek ere bai baitituzte, kontrakoa dirudien arren.

%5. Aldagela barruko gaiak bertan geratzen dira, gutxitan irteten dira. Iñiguez de Herediak berak aitortu zuen aldagelan gertatzen direnen «%5 bakarrik» ateratzen direla, eta «%95» barruan geratzen direla. Ime Udokaren kasua dago NBAn. Lankide batekin izandako harremanengatik 2022-2023ko sasoirako kargugabetu zuen Boston Celticsek. Aldagelako barne arauak apurtu zituela izan zen bertsio ofiziala. Horrelako lehen kasua da munduko ligarik onenean. Auskalo zer pasatu ote zen. Entrenatzaile zen lehen aukeran Udokak NBAko finaletarako sailkatu zuen Boston Celtics. 2012tik ez zegoen azken kanporaketan.

Beste aukera bat emango diotela dirudi. Azkenean, aldagela bakoitzak bere arauak ditu, eta Brooklyn Netsekoek onartu egiten dute. Steve Nash kaleratu eta gero, hautagai nagusia da. Kyrie Irving dagoen aldagela batean arauek ikustekoak izan behar dute. Behintzat mezu antisemitak ez dituzte onartzen. Antolatzaileak ez ditu zuzendu iragan asteko adierazpenak. Bost partidako zigorra ezarri dio taldeak jokatu gabe eta soldata barik. Horrez gain, Adam Silverrek Irvingekin hitz egin duela esan du. Zuzendarien bulegora jotzen duen umea bezala. Hori baita azken batean Irving: heldu baten gorputzean bizi den haurra.]]>
<![CDATA[Lerroak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2164/024/001/2022-11-01/lerroak.htm Tue, 01 Nov 2022 00:00:00 +0100 Mikel Reina https://www.berria.eus/paperekoa/2164/024/001/2022-11-01/lerroak.htm
Bidaiak. Brooklyn Nets eta Los Angeles Lakers dira azken sailkatuak. 2021eko udan abian jarritako bi proiekturik handienek ez dituzte inondik inora aurreikuspenak bete. Aurreko denboraldia hondamena izan zen bientzat, eta oraingoa ere ez da bide onetik hasi: New Yorkeko taldeak sei partida jokatu ditu, eta bakarra irabazi du. Los Angeleskoak, berriz, herenegun irabazi zuen aurreneko aldiz. Hain zuzen, hura izan da lehen bost partidak galdu dituen bakarra. Seigarrena galdu izan balu, lehen taldea izango litzateke 2018tik: Cleveland Cavaliersetik ligako lehen sei partidak galdu zituen. Lebron Jamesek Los Angelesera alde egin zuen urtea izan zen.

Badirudi ez zaiola bidaia guztiz ondo atera Jamesi. Ez du gidaririk onena. Russell Westbrook denen ahotan dago; begiz joa dute denek; inoiz baino gehiago. Joan den ostiralean ez zen hasieratik aritu Minnesota Timberwolvesen aurka. 2008an, NBAn lehen aldiz jokatu zuten sasoitik ez zen egon haren taldearen hasierako bostekoan. Darvin Ham Lakerseko entrenatzaileak haren lana goraipatu bazuen ere, segurua da antolatzailea ez zela pozik egongo. Jamesek ere mezu positiboak bakarrik helarazi nahi izan zizkion. Ez omen da erraza Patrick Beverleyk hasierako bostekoan lekua kentzea. Jamesekin eta Anthony Davisekin jokatzearen inguruko galdera batean hurrengokoa erantzun zuen Beverleyk: «Haiek jokatuko dute nirekin. Nik kanporaketak jokatu nituen aurreko sasoian, haiek ez. Hori da desberdintasuna». Hori gutxi ez, eta ezaguna da Beverleyk eta Westbrookek ez dutela harreman ona: lagunak, behintzat, ez dira.

Gero eta lagun gutxiago dituen beste bat Kyrie Irving da. Ahoa zabaltzen duen bakoitzean eztabaidetan sartzen da. Xelebrea da. Hebrews to Negroes film antisemitaren inguruko informazioa zabaldu zuen bere sare sozialetan. Israelgo «benetako semeak» identifikatzen dituela dio liburuak. NBA osoa jarri zitzaion aurka: jokalariak, frankizietako arduradunak, entrenatzaileak.... Baita haren taldea ere. Joe Tsai taldearen jabea «etsita» agertu zen antolatzailearen mezuarekin, eta azpimarratu zuen horrelako mezuak ez direla onargarriak. Ez da giro Brooklynen. Indiana Pacersen aurkako partida «hondamen» gisa definitu zuen Steve Nash entrenatzaileak. Haratago joan zen Kevin Durant: «Kaka bat izan da».

Inposizioak. Igandean Miribillan jokatutako derbiak argi utzi zuen Bilbo Basketek eta Baskoniak bi jokamolde oso ezberdin dituztela. Bere jokoa minutu gehiagotan inposatu zuenak irabazi zuen; ez dago besterik, analisi sinplea bezain erreala da. Puntu kopuruari besterik ez da erreparatu behar. Bizkaitarrek arabarren puntu jarioa kontrolatu zuten ordu laurden batez, baina gero, hirukoen festa hasi zen. Ez da Baskoniak lehen laurden kaskarra egiten duen lehen aldia; aztertu beharrekoa da; baita saskitik 6,75 metrora duen marrarekiko menpekotasuna ere; jokoak gorabeherak ditu jaurtiketak sartzen badira edo ez. Ezingo ditu beti puntu askoko partiden bila aritu.

Lyongo kokoteko handiaren ostean, gasteiztarrek hortzak estutu zituzten. Denboraldi hasierak oso goian jarri ditu aurreikuspenak; emaitzetatik baino gehiago, jokoarengatik. Joan Peñarroyak lehen helburua lortu du, garrantzitsuena akaso: zaleak Buesa Arenara erakartzea. Jaume Ponsarnauk, ordea, emaitzak lortzeko premia handiagoa dauka.

Derbiak ere izan zuen orban beltzik. Itxura txarra hartzen ari da, kantxan eta kantxatik kanpo. Duela urte batzuk Toko Xengeliaren eta Dejan Todorovicen arteko liskarra izan zen, eta igandean Michael Kyserren eta Markus Howarden artean. Bi taldeetako zale batzuen jarrera ere ikustekoa izan zen. Hausnartu beharra dago: euskal saskibaloiaren jaia izan behar zuena liskar bilakatu da.]]>
<![CDATA[Euskal taldeak Europan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2164/024/001/2022-10-25/euskal_taldeak_europan.htm Tue, 25 Oct 2022 00:00:00 +0200 Mikel Reina https://www.berria.eus/paperekoa/2164/024/001/2022-10-25/euskal_taldeak_europan.htm
Urriaren 22a. Bolada desberdinetan helduko dira. Azu Muguruzarenek balentria egin berri dute Perfumerias Avenida garaituta. Bost taldek bakarrik irabazi diote Espainiako lehiaketetan Perfumerias Avenidari azken bost urteetan. Gironak eta Valentziak ere hartu dute mendean, baina bi talde horiek haien ligakoak dira. Lurtarren artean, bi izan dira irabazi dioten euskal taldeak: Gernikak, 2016-2017ko denboraldian, Malosten; eta IDK-k joan den larunbatean, Gaskan. Egun berean egin dute biek: urriaren 22an. Roberto Iñiguez de Heredia entrenatzaile gasteiztarrak entrenatzen duen taldeak jada bi partida galdu ditu ligan denboraldi honetan; Lugoren aurka ere galdu zuen, bigarren jardunaldian. Horrez gain, 2019an ere Galiziako taldearen aurka galdu zuen, eta 2017an, herrialde horretako beste talde baten kontra: Ferrol. Perfumerias Avenidak Mersin Cukurovaren aurka jokatuko du Euroligako lehen jardunaldian; bai, Lointek Gernika Bizkaia hala nola kanporatu zuen Turkiako taldearen kontra.

Historia egitetik historia idaztera pasatuko da IDK Euskotren. Lehen aldiz ariko da Eurokopan, etzi. Aukera izan du beste urte batzuetan, baina klubaren ongizate ekonomikoa lehenetsi du bigarren lehiaketa jokatzera jauzi egiteko orduan. Aurten da urtea; baldintza denak bete dira Gaskan munduko jokalaririk onenetako batzuk ikusi ahal izateko. Debuta, ordea, etxetik kanpo izango da, Frantzian, eta garaikurra eskuratzeko hautagai nagusietako baten aurka: Asvel Lyon.

Tony Parker NBAko jokalari ohia da klubaren jabea, eta apustu handia egin du emakumezkoen saskibaloian; batez ere, gazteen artean egin du. Europako izar nagusietako bi daude Lyonen: Juste Jocite lituaniarra eta Dominique Malonga frantziarra. Biak 2005ean jaiotakoak dira. Malonga 1,98 metro luze da, eta azken astean haren bideo bat birala egin da sare sozialetan. Zergatik? Erraz txikitzen baitu saskia. Ikusgarria da, 16 urte bakarrik baititu. Jocite eta Malonga bikain daude inguratuta, izarrez beteriko taldea baita. Gazteak eta beteranoak daude: Sandrine Gruda, Helena Ciak, Julie Allemand, Gabby Wiliams, Marine Johannes... Blake Dietrick eta Laura Quevedo daude ere bai: lehena, Gernikako jokalari ohia, eta, bigarrena, Araskiko jokalari izandakoa.

Izenez izen. Lointek Gernika Bizkaiak ligaxkarako sailkatuta lortu zuen denboraldiko lehen helburua. Oso erraz egin zuen: bi partidak kontuan hartuta, 81 punturen aldea atera zion Phantomsi. Ligan ere ederto ekin zioten, etxeko lehen bi partidak irabazita. Etxetik kanpo, ordea, gehiago ari dira sufritzen Anna Montañanarenak. Kutxabank Araskiren aurkako derbian ezin izan zuten haien jokoa gailendu, ezta Bembibreren kantxan ere. Malosten astebetean hiru garaipen jarraian erdietsi ostean, lau dituzte Gernikatik kanpo; orain arteko biak galdu dituzte. Gernikarren multzoan ere badaude etorkizunerako izarrak, Venezian. Matilde Villa italiarrak, esate baterako, 36 puntu saskiratu zituen ligako partida batean. Awak Kuier finlandiarrak ere jokatzen du Venezian: iaz, bigarren izan zen WNBAren draft-ean. Buesa Arenan eta Miribillan ez ezik, Europako saskibaloi asko eta ona dago Euskal Herrian.

Badaude joan arren, betirako geratzen diren izenak: Pierria Henryrena, esate baterako. Joan Peñarroyak Real Madril mendean hartu osteko prentsaurrekoan jakinarazi zuen haren fitxaketa, inork galderarik egin gabe. Galduta ere, zaleak pozik egongo ziren Henryren itzulerarekin. Gainera, estatubatuarraren estiloa ezin hobeto datorkio egungo Baskonia alai eta lotsabakoari. Orain, entrenatzailearen lana da Henry, Darius Thompson eta Markus Howard kudeatzea. Gauza bat argi dago: zaleek ondo pasatuko dute.]]>
<![CDATA[Tokiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1971/023/002/2022-10-18/tokiak.htm Tue, 18 Oct 2022 00:00:00 +0200 Mikel Reina https://www.berria.eus/paperekoa/1971/023/002/2022-10-18/tokiak.htm
Inor ez dago salbu. Etorrerak edo fitxaketak izan dira Baskonian aldatu direnak. Merkatua ere asko aldatu da, gazteen artean batez ere. Gaur egun, askoz errazagoa edo merkeagoa da NBAra jauzi egitea. Gazteek ondo baino hobeto dakite hori, eta horren inguruan antolatzen dute haien etorkizuna. Estatu Batuetako unibertsitateetako ateak ere inoiz baino irekiagoak daude, horrek dakarren guztiarekin gazteentzat. Joan den astean aipatutako Victor Wembamyamaren adibidea oso argigarria da, baina badaude beste asko. Talde handiek, Euroligakoek batez ere, zailtasun asko dituzte harribitxiak erakartzeko. Harrobiak ere gero eta globalizatuagoak daude, baina onenen artean onenek bakarrik egiten dute jauzi lehen taldera. Aldagai asko sartzen dira jokoan, gehiegi batzuetan.

Real Madrilek, esaterako, arazoak ditu harribitxiei eusteko. Hau da, talde handienetan ere gertatzen ari da; inor ez da salbu. Azken urteetan, Ziga Zamar, Urban Klavzar, Tristan Vucetic, eta Juan Nuñezen kasuak dira argigarrienak; azkenarena, batez ere. Nuñezek ere Wembamyamaren bidea hartzeko hautua hartu zuen. Alemaniako Ulm taldean ari da, Anton Gavelen esanetara; bai, Municheko Bayernen eskolta ohia entrenatzailea da orain. Minutu bila doaz gaur egun gazteak, baina ez elitean, bigarren maila batean; ez dute onenen aurka lehiatu nahi, haien estatistikak puztu baizik. Ulm Eurokopan ari da; Wenbamyamaren Levalloise ez da Europan jokatzen ari; Eurokopan ez da jokatzen astean bitan, Euroligan bezala, eta Alemaniako Liga ere ez da oso gogorra; beraz, itxuraz, min hartzeko arrisku gutxiago dute jokalariek.

Merkatua. Merkatu horretan lekua galdu du Baskoniak. Ez dabil beti bezain fin bulegoetan. Luca Vildozarena inor gutxik espero zezakeen: Baskoniak Europako bere eskubideak izanda argentinarra Izar Gorrira joatea, eta ezer ordaindu gabe. Arraroa oso. Egutegiak, gainera, Izar Gorria ekarriko du bihar Buesa Arenara. Udan ere Roland Smits eta Ignas Brazdeikis izan ziren. Ikusteko dago Baskonian min hartutako Steven Enoch ordezkatzeko merkatura joaten diren. Talentu gaztea erakartzerakoan ere zailtasunak daude. Sidy Cissoko NBAren azpiko mailara joan zen, Europako eskubideak mantenduz, baina argentinarrarekin gertatu denaren ondoren, auskalo.

Fitxaketak txikitako opariak bezalakoak dira: ez dakizu zer dagoen barruan. Lehen, ideia bat izan zenezakeen, baina orain, zailagoa da jakitea zein izango den oparia. Orain arte, Darius Thompsonena seguruena zen. Markus Howardena, egunaren araberakoa: egun batzuetan gustuko duzu, eta hurrengoan pixka bat gutxiago. Daulton Hommes da oraindik guztiz konbentzitzen ez zaituen jostailu hori.

Baskoniak bikain ekin dio Euroligari: jokatu dituen bi partidak irabazi ditu. Hain zuzen ere, txapelketako sailkapenean ere euren tokiaren bila dabiltza Joan Peñarroyarenak. Gutxik sartzen dituzte zortzi talde onenen artean, eta hein handi batean, normala ere bada, taldearen gaztetasuna kontuan hartuta; garrantzi handia du horrek horren liga luze batean. Alba Berlinek hartu du gasteiztarren talentu garatzaile proiektuaren testigua. Alemaniako hiriburuko taldeak oso argi du bere filosofia. Bost taldek irabazi dituzte lehen bi partidak, eta Alba Berlin eta Baskonia dira horietako bi. Hasiera on batek lan asko aurreratzen du; iaz, adibidez, arabarrek galdu egin zituzten lehen bi partidak, eta final-laurdenetatik bi garaipenera geratu ziren.]]>
<![CDATA[Foku mediatikoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2164/022/001/2022-10-11/foku_mediatikoa.htm Tue, 11 Oct 2022 00:00:00 +0200 Mikel Reina https://www.berria.eus/paperekoa/2164/022/001/2022-10-11/foku_mediatikoa.htm
Merkatua. Adibidez, Anadolu Efes. Txapelduna da, ez du pieza garrantzitsurik galdu, eta izarrak erakarri ditu. Azken batean, Errusiako taldeek ez jokatzeak bestelako jokalarientzako ateak zabaltzen ditu. Asko ordaindu behar zaio jokalari bati bakarrik VTB ligan aritzeko, Europako lehiaketetan parte hartu gabe. Horrela indartu da Turkiako taldea Will Clyburnekin; Europako hegalekorik onenetakoa da estatubatuarra. Kontuan izan behar diren aldagaiak dira.

Beste horrenbeste esan daiteke Real Madrilez eta Mario Hezonjaz. NBAn minutuak nahi baina gutxi jokatzen dutenek arreta bereganatzeaz gain, haien buruari erakutsi nahi diote onenen artean tokia dutela. Eta hori ez da lortzen Errusiako Ligan jokatzen. Gainera, jokalari horiek ez dute diru arazorik.

Baskoniaren eta Valentziaren arteko partidan agerian geratu zen jokalari askorentzako, eta entrenatzaileentzako ere, lehen partida zela Euroligan. Handia da jauzia, zentzu denetan, ez bakarrik joko mailagatik, baita fisikoki edo mediatikoki ere. Ezin daiteke esan partida ona izan zenik: akats asko egon ziren, urduritasunagatik batzuk, eta lanketa faltagatik beste batzuk. Bi taldeek huts asko egin zituzten 4,60 metroko marratik: jaurtiketa libreen erdiak sartu zituzten, eta beste erdiak huts egin.

Bi egitasmo berri dira Gasteizkoa eta Valentziakoa, eta ziur nago aste batzuk geroago jokatuko balute askoz neurketa hobea izango litzatekeela. Azkenean, ikusgarritasuna ziurtatuta egongo litzateke, bi taldeek erasorako joera nabarmena baitute. Hain zuzen, gaur-gaurkoz, hori da arazoetako bat Baskonian: jabetzaren lehen segundoetan abantaila baliatu ezean, gehiago kostatzen da sistemen bidez jaurtiketa onak egiteko aukera topatzea. Elkarrekin entrenatu eta jokatu behar dute hobera egiteko.

Normala da hori, denboraldia hasi besterik ez baita egin. Arabarrentzat pozgarria izan zen Darius Thompsonen eta Maik Kotsarren estreinakoa. Estatubatuarrak gora egin du urtetik urtera, eta argi utzi du prest dagoela maila gorenean aritzeko. Pase bikainak eman zizkion estoniarrari. Horri esker, lehen jardunaldiko jokalari onena izan zen Kotsar. Hala ere, Valentziak ez du barneko jokorik indartsuena, eta ikusteko dago parean kilo eta zentimetro gehiago dituenean halako zenbakiak lortuko dituen.

Bestelakoan, Partizanen eta Virtusen proiektu handiek lehen muturrekoa jaso zuten. Horiek ere bide luzea dute aurretik, baina helduko dira. Galdera da noiz egingo duten, eta beranduegi egingo duten edo ez. Partizan izango da gasteiztarren hurrengo aurkaria, ostiralean, Buesa Arenan. Azterketa ona izango da.

Estrategia aldaketa. Hala ere, badaude fokutik kanpo distira egin nahi dutenak; interesengatik betiere. Victor Wembanyama saskibaloi munduko izenik sonatuena izan da aurreko astean. Frantziarra 2023ko draft-ean lehen postuan aukeratua izateko hautagai nagusia da. Udan, Asvel utzi zuen, Levalloiseko Metropolitans 92 taldera joateko. Mugimendu arraroa da Euroligan estreinakoa egin ostean, are gehiago kontuan hartuta haren taldeak ez duela Europan jokatzen. Lan kargak kontrolatu nahi zituen frantziarrak, eta aldi berean taldeko izar bakarra izan. Euroligako egutegia gogorra da oso, eta zalantzarik badago Wembanyamarekin, haren fisikoagatik daude. Ez erratu, dohain denak ditu, baina hain gorputz bereziak, 2,20 metro da luze, lesionatu gabe zenbat iraungo duen ez da erraza jakiten.

Gainera, haren merkatua AEBetan dago: bertan jokatu ditu bi partida, eta ESPN kanalak eskaini ditu; gainera, erakustaldiak eman ditu. Bere All Star-a ere antolatu du; aste barruan ez jokatzearen beste abantaila bat da. LeBron Jamesek ere hartaz hitz egin du. Zeresan handia eman du Scoot Henderson aurkariarekin izan duen lehiak. Beste estrategia bat da Wembanyamarena, ezohikoa. Luka Doncic Euroligako jokalaririk onena izanda aurkeztu zen draft-era, eta bosgarren izan zen.]]>
<![CDATA[Europako egutegia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2164/024/001/2022-10-04/europako_egutegia.htm Tue, 04 Oct 2022 00:00:00 +0200 Mikel Reina https://www.berria.eus/paperekoa/2164/024/001/2022-10-04/europako_egutegia.htm
Azkenean kanporantza helarazi nahi duguna garrantzitsua da oso. Asteburuan amaitu zen Australiako emakumezkoen Munduko Txapelketa. Oso ikusgarritasun gutxi izan du. Partida gutxi batzuk emititu dira, jarraipena txikia izan da. Gero, emakumezkoen saskibaloiaren babesleak direla diote. Nesken denboraldi ofizialeko egutegia ez sinestekoa da. Hiru euskal taldeen lehen partida ofiziala hiru txapelketa ezberdinetan izango da.

Hiru hasiera ezberdin. Lointek Gernika Bizkaia denboraldiaurretik kale edo baleko norgehiagoka bat jokatzera pasako da. Eurokopako atariko kanporaketako joaneko partida du bihar Phantoms Basket Boom Belgikako taldearen aurka. Partida oso garrantzitsua da, seigarren denboraldiz jarraian jokatu nahi baitute gernikarrek Eurokopa. Aldaketen sasoia da aurtengoa Busturialdean. Nagusia: 11 urteren ostean ez dugu Mario Lopez Malosteko aulkian jesarrita ikusiko, osasun arrazoiengatik. Anna Montañanak erronka handia du aurretik. Horretarako asko eta ondo inguratuta egongo da. Ohi baino berrikuntza gutxiago izango ditu taldeak, baina jokalari garrantzitsu batzuk itzuliko dira: Julie Wojta eta Nogaye Lo.

Ligako lehen jardunaldia Kutxabank Araski eta bizkaitarren artekoa izan beharko litzateke. Baina gasteiztarrek Superkoparekin emango diote hasiera ofiziala denboraldiari. Duela bi urte Miribillan jokatu zen, eta aurten Mendizorrotzak hartuko du. Talde antolatzaile moduan jokatuko dute arabarrek. Denboraldi hasiera ezberdin bat. Gironaren aurka jokatuko dute larunbatean, Baskoniak egin bezala, ilusiorako pizgarri ezin hobe bat izan daiteke. Bigarren txapelketarik ez jokatzeak talde laburrago bat eratzera eraman ditu, gutxiago bai, baina kalitate handikoak. Made Urietak Maria Asurmendi eta Tanaya Atkinson bakarrik mantentzen ditu iaztik, eta Campus Prometetik hiru jokalari ekarri ditu: Burani, Alarcon eta Diarra, hain zuzen ere. Logroñoko taldea desagertu egin zen.

Denboraldiaurrean IDK Euskotren izan da hiru euskal taldeen artean onena. Euskal Kopa eskuratu zuten lehen aldiz gipuzkoarrek. Lehen aldiz ere ariko dira Europan, atariko kanporaketarik jokatu gabe. Urriaren 27an izango dute estreinaldia Asvelen pabiloian. Frantziako taldea indartsua da. Azu Muguruzarenak izango dira denboraldia normaltasunez hasiko duten bakarrak: bihar Bembibren jokatuko dute. Ikusi beharko da ordurako Ivana Raca jokatzeko dagoen edo ez. Serbiarra izan da euskal taldeetako ordezkari bakarra Australiako munduko txapelketan. Beste jaurtitzaile bat talderako. Muguruzaren plana argia da: Coulibaly jaurtitzailez inguratu.]]>
<![CDATA[<i>Ondo(rioak)</i>]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1973/021/003/2022-09-27/iondorioaki.htm Tue, 27 Sep 2022 00:00:00 +0200 Mikel Reina https://www.berria.eus/paperekoa/1973/021/003/2022-09-27/iondorioaki.htm
Esperantzara kondenatua. Alde horretatik, Euskal Kopa lehen aukera ona izan zen Baskoniaren eta Bilbo Basketen ideiak azaleratzeko. Txapeldunetik hasi beharko. Gasteiztarren enegarren proiektu saiakera da, aurpegi berri bat eta esperantza asko. Joan Peñayorrak hasieratik argi utzi nahi izan zuen Buesa Arena betetzea duela bere helburua. Unicajaren aurka hasiko dute, eta jaia dute prest. Uda ez da erraza izan. Kirol zuzendariek taldearen beharrizanak aztertzen dituzte lehendabizi. eta gero jokalariak aukeratu. Postu edo hutsune bakoitzerako, ordea, ez dago izen bakarra, ezta gutxiago ere. Asko izan behar dituzu, ez bat edo bi, gutxienez hiru edo lau. Gainera, lehenengo talde handiek egin behar dituzte erosketak. Baskoniari azpimarratuak zituen bi izenek ihes egin diote: Roland Smits eta Ignas Brazdeikis. Biek ala biek Zalgiris Kaunas aukeratu dute, Baskoniaren aurretik. Zer pentsatua eman behar die horrek. Akaso etxetik hurbil jokatzea. Izarrak ez diren horien artean, proiektu erakargarri bat izatera itzuli behar da Baskonia. Bitartean apustuak egin beharko ditu, arriskatu. Horietako bat Markus Howard da. Begiz joa nuen jokalarietako bat da NCAAtik irten zenetik. Bestea Carsen Edwards zen. Lehen aipatutakoa, Fenerbahcek fitxatu du. Joko sortzaile bikaina da estatubatuarra. Shane Larkinekin alderatu zuten askok. Howard jaurtitzaileagoa da, ez du hainbesteko erraztasunik botean. Defentsako lana Darius Thompsonen ardura izango da. Jendea harritu egingo da jokalari honekin, hori bai, ez da estatubatuar ohikoa. Taldeak behar duen profila da, eta, aldi berean, beste beharrizan bat sortzen duena. Horren bila daude gasteiztarrak. Beste joko sortzaile bat, hain zuzen ere. Mateusz Ponitka batu beharko dugu ezezkoa eman dutenen zerrendari. Giedraitis jaurtitzen duen jokalari batean geratu da, ez du aurrerapauso hori eman, eta ezin zaie hori eskatu Raieste, Sedekerskisi Marinkovici edo Kurucseri. Zerbait aurkitu beharko dute. Uztaipeko jokoan ere hankamotz geratu dira, zentimetroak eta kiloak falta zaizkio Gasteizko taldeari goi mailan lehiatu ahal izateko.

Aldaketak hasieratik. Bilbo Basketek bestelako ezusteak izan ditu: lesioak. Beste behin Rafa Pueyok bizkor mugitu behar izan da bulegoetan. Adam Smithek Andrew Goudelockek baino gehiago eman dezakeela uste dut. Puntuak sartzeaz gain Smithek, hobeto aurkitzen ditu taldekideak. Antolatzaile postuan jokatu dezake, eta aurreko sasoian hain emaitza onak eman zituen aldaketa errepikatu: Hakanson eskolta lanetan jarri. Talentua behar dute bilbotarrek, batzuetan lana egitearekin ez baitu nahikoa izango Francis Alonsok, adibidez, erregulartasuna erakutsi beharko du urrutiko jaurtiketan. Rabaseda defentsako lanetarako dago, eta Reyesek moduan, baloi barik jokatzen aurkitu beharko ditu puntuak. Gainera, denboraldi honetan ere bi txapelketa jokatuko dituzte: ACB liga eta Txapeldunen Ligan. Jaume Ponsarnauk oreka aurkitu beharko du, eta txapelketa bakoitzeko helburuak zehaztu. Ez da erraza izango. Jokalarien jarduna, garrantzia eta egoera fisikoa kontrolatu beharko ditu. Bilboko taldeak, agian, talentu txikiagoa du. Baina indar handiagoa dauka. Kyserrek eta Witheyk ondo babestuko dituzte Miribillako uztaiak, eta beste aldean gainetik jokatu beharko dute. Blokeo zuzenetik elikatu beharrekoak dira. Sulejmanovici esker taldea gehiago mugituko da, eta Andersonek taldea zabalduko du.]]>
<![CDATA[Nor baino nor gehiago]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2164/027/001/2022-09-20/nor_baino_nor_gehiago.htm Tue, 20 Sep 2022 00:00:00 +0200 Mikel Reina https://www.berria.eus/paperekoa/2164/027/001/2022-09-20/nor_baino_nor_gehiago.htm
Norbanakoa. Eztabaida honen harira, entrenatzaile bati behin entzun niona etorri zait burura. Hark taldeko kirola eta taldean egiten den kirola bereizten zituen. Saskibaloia lehen multzokoa izango litzateke. Taldearen barruan jokalari bakoitzak lan bat du, eta bost jokalarirentzako baloi bakarra dago. Hau da, norbanakoak bere dohainak jartzen ditu taldearen mesedetan, eskatutako bere lana osatuz. Bigarrenaren adibiderik onena, eta guretzat azken asteetan inoiz baino hobea, arrauna da. Arraunlariek gutxi gorabehera lan bera egiten dute traineruan; denek dute material bera. Taldearen indarrean oinarritutako lana da, inoiz baino gehiago. Bi aldagai dira, eta ez dira inoiz aldatzen; kirolariek dena ematen dute beti, eta, maila profesionalean betiere, irabaztea da beti helburua. Batetik, lehiakortasunak eraman du Espainiako selekzioa urrezko domina lortzera. Baita Sergio Scariolo eta haren lantaldearen maisutasunak ere partiden lanketa taktikoa egiteko orduan.

Europako Txapelketako adibide argigarri bat. Poloniak zailago izango luke Esloveniari irabaztea Mateusz Ponitkaren hiruko bikoitzik gabe. Beste gauza batzuei esker ere lortu zuen garaipena Poloniak, baina hegalekoaren erakustaldia erabakigarria izan zen. Europako Federazioa (FIBA) 1995ean hasi zen estatistikak gehiago lantzen, eta, geroztik, bakarrik bi jokalarik lortu zituzten bi zenbakiko datuak jokoaren hiru alorretan: Toni Kukoc kroaziarrak 1995ean, eta Andrei Mandache errumaniarrak 2017an. 26 puntu, hamasei errebote eta hamar asistentzia lortu zituen Ponitkak final-laurdenetan. Baskoniarekin lotu zen bere izena uda hasieran, baina Italiako Reggio Emilia taldeak fitxatu zuen. Hala ere, Euroligako talde batekin sinatzeko aukera du kontratuan. Hala, berriro atera da poloniarraren zurrumurrua Gasteizen. Kontu bakarra dago argi: diru gehiago eskatuko du soldatan.

Hasi eta buka. Horrelako txapelketek azken batean horretarako balio dute: jokalarien balioa igo edo jaisteko. Gutxi falta dira 2022-2023 denboraldirako kontratua sinatzeko, are gutxiago denak haien taldeetara itzultzeko. Entrenatzaileek pentsatuko dute badela garaia. Denboraldiaurreko zati handi bat egin behar izan dute selekzioekin jokatzen duten jokalariak gabe. Txapelketatik kanpo geratu bezain laster bildu dira haien taldeekin. Sasoiko helduko dira, baina arau taktikoak desikasi beharko dituzte, berriak ikasi ahal izateko.

Bilbo Basketek eta Baskoniak Euskal Kopa jokatuko dute bihar Galdakaon (19:30). ACB ligako bi euskal taldeak aurrez aurre ikusteko lehen aukera izango da. Bi egitasmo berri, bi entrenatzaile berri eta biak ala biak ikusteko gogo handia. Urreta kiroldegia txiki geratuko da. Oraindik oso goiz da ondorioak atera ahal izateko; entrenamenduak eta lagunartekoak behar dituzte denak batera. Hilaren 30ean ekingo diote ACB ligari: gasteiztarrek Unicajaren aurka jokatuko dute Buesa Arenan, eta bilbotarrek Joventuten kontra, Badalonan.

Emakumezkoen kasua justu kontrakoa da. Bihar hasiko da Munduko Txapelketa, Australian. Espainiako Liga urriaren 5ean hasiko da. WNBA herenegun amaitu zen. Espainiak sailkatzea lortu ez zuenez, behintzat, ez du hainbeste igarriko jokalarien falta. Alde horretatik, euskal taldeek ez dute inor faltako ostiraletik igandera jokatuko den Euskal Kopari aurre egiteko. Durangoko Landako kiroldegiaren ordez, Tolosan neurtuko dituzte indarrak IDK-k, Gernikak eta Araskik.]]>
<![CDATA[Denak normal jarraitzen du]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2164/024/001/2022-09-13/denak_normal_jarraitzen_du.htm Tue, 13 Sep 2022 00:00:00 +0200 Mikel Reina https://www.berria.eus/paperekoa/2164/024/001/2022-09-13/denak_normal_jarraitzen_du.htm
Nahieran. Hori arazoetako bat izan da jokalari batzuentzat: atseden falta, eta lesioak. Askok, nik neuk barne, eskuak burura eraman genituen txapelketa hasi aurretik jakinarazi zen hutsuneen zerrenda luzearekin. Zorte txarra baino gehiago zegoen horren atzean. Sona handiko jokalariek eman zuten izena txapelketan parte hartzeko, eta, nahiz eta batzuek ezin izan duten selekzioen elastikoa defendatu, izarrak ziren asko; gehiegi: Danilo Gallinarik, Nemanja Bjelicak, Sergio Llullek eta Tornike Xengeliak azken hilabetean hartu zuten min. Ricky Rubiok, Bogdan Bogdanovicek, Nicolas Batumek, Moritz Wagnerrek eta Omer Yurtsevenek, berriz, lehenago hartu zuten ez jokatzeko erabakia.

Bereziki interesgarriak dira horrelako azterketak NBAren indarraz jabetzeko. Argi dago munduko ligarik onenean nagusitzen diren jokalariek are gehiago ezarria dutela beren legea Europan. NBAko azken lau denboraldietako jokalari onenak europarrak izan dira: bitan izan da Giannis Antetokounmpo greziarra, eta beste bitan Nikola Jokic serbiarra. Luka Doncic esloveniarra izan beharko litzateke hurrengoa. Besteen gainetik daude. Dimitris Itoudisek bere tokia aurkitzen lagundu dio Antetokounmpori; ez zuen beste askorik behar. Jokicek, berriz, estatistika onak lortu ditu, baina ezin izan du Serbia onenen artera eraman, nahiz eta ligaxka samurra izan. Doncicek, ordea, lan gehiago egin behar izan du, haren multzoa baitzen gogorrena.

Txapelketaren historian, laburra nire kasuan, iltzatuta geratu zitzaidan Pau Gasolek 2015ean Frantziaren aurkako finalerdian eman zuen erakustaldia: 40 puntu sartu zituen. Beste mundu bateko partida izan zen, estralurtarra. Andres Montes esatariak jarritako ezizena egun horretan ulertu nuen. Ekitaldi honetan, Antetokounmpok 41 sartu zituen Ukrainaren aurka, eta Gasolen marka hobetu. Baina Doncicek jostailu denak nahi dituen umea bezala, hurrengo partidan 47 puntu sartu zizkion Frantziari.

Saskiratzaile onenen zerrendako lehen hamazazpi jokalarietatik hiruk bakarrik ez dute jokatzen NBAn: Dzanan Musak, Aleksandar Vezenkovek eta Worthy de Jongek. Estatu Batuetan gehiago edo gutxiago jokatuko dute, baina Europan ia denak dira erabakigarriak. Sviatoslav Mikhailiuken eta Willy Hernangomezen kasuak bereziki argigarriak: ia ez dute jokatzen NBAn, eta liderrak dira selekzioan. Zer egingo ote zuten jokalari horiek Euroligan? Hori da niri eta ziur nago beste askori burura etortzen zaigun galdera. Uste dut borroka hori oraindik luzerako doala.

Normaltasuna. Hainbeste izar arituta, normala da errekorrak haustea. Haren herrialdeko puntuen marka hautsi duen azkena Lauri Markkanen izan da: 43 puntu sartu zituen Kroaziari irabazteko. Hala ere, beti esan bezala, jokalari onek ez dute beti talde ona osatzen. Bi adibide argi daude egoera horri indarra emateko: Kroazia eta Serbia dira; biek egin dute porrot txapelketan. Espainiak, berriz, 21 txapelketa daramatza jarraian zortzi talde onenen artean sartuta; Sobietar Batasunaren marka gainditu du. Izaera kontua da talentua bainoago.

Txapelketak ere beste interes bat piztu du nigan. Ea zein atzerritarrek jokatzen duen selekzio bakoitzarekin Europako pasaportea eskuratzeko. Hainbeste paper artean edozein gal daiteke; hori da nire arazoa. Beraz, telebistaren aurrean jartzean, kuriositatea izaten dut fitxaketa berriak ikusteko. Azkenean, uda da, eta fitxaketak egiteko epea ez da amaitu. Badira klasikoak direnak: AJ Slaughter Poloniarekin eta Mike Tobey Esloveniarekin, adibidez. Berriagoak dira Lorenzo Brown Espainiarekin, Kendrick Perry Montenegrorekin eta Jaylen Adams Kroaziarekin. Shane Larkin eta Scott Wilbekin ere badaude, Turkiarekin. 11 dira.]]>
<![CDATA[Era]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2164/024/001/2022-06-21/era.htm Tue, 21 Jun 2022 00:00:00 +0200 Mikel Reina https://www.berria.eus/paperekoa/2164/024/001/2022-06-21/era.htm
Dinastia. WNBA da, hain zuzen ere, jokatzen ari den txapelketa bakarra. Sue Birden azkena izango da. NBA ere amaitu da, eta Golden State Warriors dira txapeldun berriak Boston Celtics finalean 4-2 mendean hartu ostean. Dinastia bezala izendatu daiteke, dagoeneko, San Frantziskoko taldearen jarduna. San Antonio Spursekin gero eta antzekotasun gehiago hartzen dizkiot. Steve Kerr Greg Popovichen eskutik sartu zen aulkietan, eta bera du eredu Phil Jacksonekin batera. Kerrek bere bederatzigarren eraztuna irabazi du: bost jokalari moduan, eta lau entrenatzaile gisa. Golden State Warriors azken zortzi txapelketatik seitan sartu da finalean, eta lau irabazi ditu. Emaitzetatik harago —bikainak dira—, irabazteko era bat lortu dute, hain zaila den hori, estilo propio eta bakar bat. Filosofia bat eraiki azken batean, dinastia bat sortu. Jokamolde zehatz bat daukate, lehen begi bistan identifikatzen dena. Oso zaila da, talde denen desioa da, baina gutxi batzuek lortzen dute, aldagai askok eragiten dutelako horretan.

Stephen Curryri lehen aldiz eman diote finaletako jokalaririk onenaren saria. Nork esango luke. Bitxia da. Saskibaloira jokatzeko era aldatu duen jokalari nagusietako batek bere lehen garaikurra eskuratzea. Aldi berean, ez da albistea. Albisterik onena Klay Thompsonen itzulera dela esango nuke, bi lesio larri pasa ostean. Beste alde batetik, badirudi Andrew Wigginsek bere tokia aurkitu duela Oaklanden, finaletako X faktore hori izan baita. Gutxik espero zuten, kontuan izanda 2014ko Drafteko lehena zela.

Hain zuzen, Drafteko aukeraketetatik hazi eta eraiki nahi du Boston Celticsek, eta pixkanaka inbertsio hori emaitzak ematen ari da. Marcus Smart, Jayson Tatum eta Jaylon Brownen inguruan edozer eraiki daiteke, zutabe garrantzitsuak direlako. Horrez gain, Robert Williamsek, Grant Williamsek edo Payton Pritchardek asko eman dezakete. Ime Udoka finaletara heldu da bere estreinako denboraldian aulkietan. Hori lortu zuen lehen entrenatzailea Kerr izan zen.

Aroak. NBAn aldaketak daude, oso zaila delako urte askoan gorengo mailan mantentzea. Europan aro banaketa zailagoa da, Euroligako taldeen eta gainontzekoen arteko arrakala zabala baita. Aspergarria da, adibidez, Real Madrilen eta Bartzelonaren artekoa. Gainera, futbolaren antz gero eta handiagoa dauka. Ez dio onik egiten.

Europan bi ezuste nagusi egon dira. Maccabik ez du garaikurrik irabazi azken hamalau urteetan lehen aldiz. Finalerdietan kanporatu dute kopan eta ligan. Zalgiris ere ez da Lituaniako txapeldun izan; 2010-2011ko denboralditik liga guztiak irabaziak zituen. Kontrakoa badirudi ere, ez da ezustea Alba Berlinen garaipena. Izan ere, hirugarren denboraldiz jarraian irabazi dute liga Alemanian. Lehendabizi, 2016an Himar Ojeda heldu zen, kirol zuzendaria, gero Aito Garcia Reneses entrenatzailea, eta horrek atseden hartzeko erabakia hartu zuenean, Israel Gonzalezek hartu zuen bere lekua. Jarraipen kontua da, lan egiteko era hori.

Berriro indarra hartzen ari dena, diruaren poderioz, Italiako txapelketa da. Bikainak izan dira Milanen eta Boloniaren arteko partidak, Messinarenek irabazi dute. Olympiacos Grezian nagusitu da, Giorgos Printezisen azken partidan. Beste era eta aro bateko jokalaria.]]>
<![CDATA[Beste bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2164/024/001/2022-06-14/beste_bat.htm Tue, 14 Jun 2022 00:00:00 +0200 Mikel Reina https://www.berria.eus/paperekoa/2164/024/001/2022-06-14/beste_bat.htm
Denborak, ordea, urrea balio du Buesa Arenan. Udan aspaldiko talderik erakargarriena eratu zuen Baskoniak. Geratu eta etorri zirenengatik. Aulkian Dusko Ivanovicek hasi bazuen ere, Neven Spahijak amaitu du. Biak ala biak ez dira momentu honetan Gasteizko taldeak behar duen entrenatzaile mota. Errotazio laburren maitale dira; gaur egun, are gehiago, Euroligako formatuarekin, jasanezina denean molde horretan banatzea minutuak. Spahijari emaitzak eskatu omen zizkioten, eta horregatik ia zazpi jokalarira mugatu zuen taldea. Tadas Sedekerskisena da, akaso, kasurik esanguratsuena. Emaitzak, berriz, ez dira heldu. ACBko kanporaketetan sartzearekin ezin daiteke esan denboraldia txukundu dutenik. Egiari zor, ez sailkatzea bai hartuko litzateke porrot handi moduan. Bestelakoan, Euroligako zortzi talde onenetatik kanpo geratzea ezin da ontzat jo, eta, batez ere, mingarriena izan dena: kopara ez sailkatzea. Beraz, balantzea ezin daiteke ona izan. Inoiz.

Fitxaketarik garrantzitsuena Rokas Giedraitisek kontratua luzatzea izan zen. Baina, era berean, porrotik handiena izan da. Gehiago espero zen. Aurrerapausoa, erabatekoa, ez da heldu. Jaurtitzaile bikaina da lituaniarra, hor ez dago zalantzarik, baina baloia eskuetan duenean joko gehiago sortzeko gaitasuna garatu behar du.

Sormen hori badauka Wade Baldwinek. Jokalari berezia da, ulertu beharrekoa, tentuz eraman beharrekoa. Bere mailaren inguruan ez dago inolako zalantzarik, bere gainean egon da taldearen jokoa,eta onena izan da. Kanpoko lerroa Simone Fontecchiorekin osatzea zen ametsa, eta talde gutxik berdindu dezaketen lerroa izan da. Aurreikuspenak handiak ziren udan, eta horrek ere ez dio mesederik egin Baskoniari. Emaitzak eskatu behar zitzaizkion, eta ez dira heldu, ezta gutxiago ere. Urrun geratu dira.

Izenik garrantzitsuena. Beste iraultza bat etorriko da udan. Enegarrena. Oraingoa, Joan Peñarroyaren gidaritzapean. Ea entrenatzaile berriari eman behar zaion konfiantza eta denbora ematen zaion. Bi denboraldirako sinatu du. Ezin gara urtero denboraldi amaieran berdina eskatzen ari. Oreka gehiago aurkitu beharko dute taldean, miseriak berriro agerian ez geratzeko. Aurten, esate baterako, nabariak ziren joko-antolatzaile eta pibot postuetako hutsuneak. Jayson Granger bere maila onenetik urrun aritu da, eta Baldwin, joko sortzaile bada ere, ez da taldea gidatzen dutenetarikoa; ez da ordenaren maitalea. Entrenatzaile berriak eskua sartu beharko du taldearen eraketan. Benetako proiektu bat sortzeko, eta urteetan luzapena izango duena, komunikazioa da beharrezko osagaia, azken batean. Peñarroya izaera handiko entrenatzailea da, eta horrek bat egiten du Baskoniaren nortasunarekin.

Aurrera eta behera begira ere jarri beharko dira. Bigarren taldeak zilarrezko LEB ligara igoera eskuratu ostean, egoera berri bat zabaldu zaio klubari. Beste ate bat itxi baitute alde berean, Iraurgirekin jokalari gazteak lagata uzteko akordioa apurtu ostean. Jokalari interesgarriak ditu harrobian Baskoniak, zaindu beharrekoak. Izen bat nabarmentzen da: Sidy Cissokorena. NBA atzetik du dagoeneko. Espainiako bigarren txapelketan maila eman dute, eta jauzia emateko unea dirudi. Pavel Savkov, Andrej Hanzlik eta Cissoko lehen taldean egon beharko lirateke, eta taldea luzatzeko aukera ezin hobea da. Hain denboraldi luzean, hainbeste partidarekin, jokatzeko unea izango dute, aukera ematen bazaie, betiere.

Alde horretatik, Peñarroyak aurten minutu asko banatu ditu Valentziako harrobiko jokalarien artean. Hainbeste lesiorekin eta ordezkatzeko fitxaketa gutxirekin ez du beste irtenbiderik izan. Gazteak garatzeko trebezia erakutsi du, eta ez du beldurrik minutuak emateko. Valentziatik alde egiteko argudio nagusietako bat hangoa bezalako proiektu baten babes falta izan da, fitxaketa aldetik batez ere. Gasteizen gauza bera ez gertatzea espero.]]>