<![CDATA[Miren Azkarate | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Thu, 09 Jul 2020 23:18:25 +0200 hourly 1 <![CDATA[Miren Azkarate | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Euskara batua komunikazio tresna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2038/022/002/2018-09-29/euskara_batua_komunikazio_tresna.htm Sat, 29 Sep 2018 00:00:00 +0200 Miren Azkarate https://www.berria.eus/paperekoa/2038/022/002/2018-09-29/euskara_batua_komunikazio_tresna.htm
Eskaria nondik datorren ikusita, «komunikazio tresna» esatean hedabideetako komunikazioa hartzen zela gogoan pentsatu dut. Baina askoz adiera zabalagoa ere badu komunikazio izenak. Komeni da oroitaraztea zer zioen Mitxelenak Arantzazuko Kongresuan aurkeztu zuen txostenean. Sutsuki defendatu zuen orduan Mitxelenak batasunaren beharra; baina, batasun horren oinarriak ezartzean, Ze batasunen bila gabiltzan izenburuaren azpian hauxe idatzi zuen: «Irakaste-lanean dugu beharrenik batasun hori, irakurlearen atseginerako egiten den literatura 'ederrean' baino areago». Nahitaezko ikusten zuen Mitxelenak euskaraz irakastea, hizkuntza salbatuko bazen; eta horretarako ezinbestekoa zen batasuna. Baina idazleek ere argi ikusten zuten batasunaren beharra. Euskaltzaindiak markatutako bidetik inolako zalantzarik gabe egin zuten aurrera. Baita irakasleek ere, eta 1970eko hamarkadaren amaierarako argi zegoen Euskaltzaindiaren batasunerako arauek bazutela euskalgintzako gizon-emakumeen atxikimendua eta jarraipena.

Ondoren etorri ziren hedabideak, bai idatziak eta bai ahozkoak. Ez da zalantzarik Mitxelenak Arantzazun «irakaste-lanetarako» erabilitako argudioek berdin-berdin balio dutela hedabideen alorrerako ere. Hizkuntza baten bizi-indarra neurtzeko irizpideetan beti agertuko da hedabiderik ba ote dagoen hizkuntza horretan. Eta hedabide nazionalek eredu bakarra eskatzen dute, guk euskara batu deitu dioguna. Ez da nahikoa, ordea, mendeetan zeharreko literatura-euskalkien arteko batasun soila. Hori lehenik —ortografia bateratua, aditz laguntzaile bateratua, erakusle bateratuak, eta abar—; baina, horrekin batera, hizkuntza «eguneratzeko» ahalegin erraldoia ere bai. Besteak beste, terminologia landu, Onomastika eta Exonomastika (izen propioak, alegia; nahiz pertsona nahiz leku-izenak; bertakoak eta kanpokoak) alorreko arau-proposamenak egin... Horren guztiaren beharra dute hedabideek, eta horretan jardun du eta dihardu gaur ere Euskaltzaindiak.

Baina nahikoa al da euskara batua edo, nahiago bada, estandarra? Batasunaren aldeko mezua aldarrikatzeko garaia izan zen 1970eko hamarkada eta baita 1980ko hamarkadaren zati on bat ere. Baina «borroka» hori irabazi ondoren, argi dago badugula beste joko-zelai bat ere: euskara batuaren eta euskalkien (agian zehatzagoa litzateke «tokiko hizkeren» esatea) arteko partida jokatzen den joko-zelai hori. Eta hor kontuak ez daude hain argi. Hobeto esan, argi dagoena da hedabideetako komunikaziorako ere motz geratzen dela euskara batuaren eredua. Ez dut uste inork zalantzan jartzen duenik gaur egun estandar zainduena erabili behar dela, esaterako, egunkarietako artikuluetan; unibertsitateko aldizkarietan, jakintzaren dibulgazioko aldizkarietan, eta abarretan. Tokiko aldizkari batek baino gehiagok, ordea, bestelako bideak urratzeko ahalegina egin du herri horretako euskaldunei gertuagoko izango zaien eredu baten bila. Baina, idatziz ari garenez, nekez onar daitezke kontrakzioak, hitz egiten dugun bezala idazteko ahaleginak. Bi kode dira ahozkoa eta idatzia eta bakoitzak bere arauak ditu. Besterik da Euskaltzaindiaren Hiztegian euskalki-marka jakin bat duten hitzak erabiltzea, are «lagunarteko» marka daramatenak ere; erabilera-eremu mugatua duten sintaxi-egiturez baliatzea... Hori guztia da zilegi, baina hitzak osorik eta ortografia-arauak errespetatuz idazten badira.

Eta ahozko hedabideetan? Berriak emateko, dokumentaletarako... eredu estandarra behar dugu. Baina bestelako programa-motetan? Gonbidatuek beren euskara eramango dute, eta aurkezleek nola egin behar dute? Zein euskara-eredu behar dugu film eta serieak bikoiztean euskaldunen belarriei zurrun gerta ez dakien? Zenbat bider entzun dugu Goenkaleren arrakastaren zati (on) bat euskara-ereduari zor zaiola? Haren naturaltasunari? Hor ere nahitaezko baldintza da, nire iritziz, hitzak osorik ahoskatzea. Dena dela, badugu guztiok, bai euskaltzainok eta bai euskalgintzako gizon-emakumeek ere, eztabaidarako eta lanerako arlo joria.]]>
<![CDATA[Erraztasuna da gakoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1961/008/001/2018-04-01/erraztasuna_da_gakoa.htm Sun, 01 Apr 2018 00:00:00 +0200 Miren Azkarate https://www.berria.eus/paperekoa/1961/008/001/2018-04-01/erraztasuna_da_gakoa.htm Kultura-ohiturei buruzko panela izango ditut begien aurrean. Egia da EAEko herritarrek bakarrik osatzen dutela Euskal Kultura Behatokiaren lagina, eta, adinari dagokionez ere, 18-37 adin tarteko jendearen kontsumo-ohiturak ikertu dituztela. Hala ere, uste dut interesgarria dela datu horiek ere mahai gainean jartzea.

Lehenik eta behin gogoan izan behar dugu euskaldunak aukeran duela euskaraz ekoitzitako kultura -liburuak, musika, antzerkia...-, zein beste edozein hizkuntzatan ekoitzitakoa kontsumitzeko. Eta datu orokorrak, hizkuntza kontuan hartu gabekoak, hala-moduzkoak badira, euskal kulturari dagozkionak ere ezin askoz hobeak izan. Bestalde, eta hau ere orokorra da, berdin balio du euskarazko zein gaztelaniazko kontsumorako, errazagoa da hartzaile soil izatea -kontzertuetan, emankizunetan, telebistaren aurrean...- irakurtzea baino.

Baina nik Inkesta Soziolinguistikoek, Siadecoren inkestak eta Euskal Kulturaren Behatokikoak aipatzen duten faktore bat azpimarratu nahi dut. Gogoan izan, %28,4 dela euskalduna Euskal Herrian (Siadecoren inkestatuen %26,6 zen euskalduna). Adin-tarteari erreparatuaz, %55,4 da euskalduna 16-24koen adin-taldean; eta ia %40, 25-34koan. Baina, zorioneko baina!, elebidun horien erdiak baino gehiagok ez dute erraztasunik euskaraz jarduteko: gazteenen artean (%56,7k) eta ia erdiak hurrengo adin-taldean (%48,8k). Eta horixe da, hain zuzen ere, Euskal Kulturaren Behatokiak sartu zuen aldagaietako bat: elebidunen euskaraz hitz egiteko erraztasuna. Argi eta garbi dio Kultura-ohiturei buruzko panelak: «Euskarazko kontsumoari buruzko emaitzak oso argiak dira: hizkuntza jakintza da funtsezko faktorea; zehazkiago, erabilera erraztasuna. Faktore garrantzitsu bakarra horixe dela esan dezakegu». Datu bera ageri da Siadecoren inkestan ere: «Euskaraz ez irakurtzeko arrazoi nagusia, euskaraz irakurtzeko erraztasunik ez izatea». Gazteenen artean erraztasunik eza. Helduagoen artean, berriz, gutxiago dira elebidunak; batzuk alfabetatu gabeak izango dira eta horiei ere oso nekeza egingo zaie euskaraz irakurtzea.

Beraz, datuak hobetu nahi baditugu motibazioa, euskal kulturari buruzko atxikimendua landu beharko dugu. Baina, batez ere, euskararen erabilera areagotu beharko dugu, horixe baita modu bakarra erraztasuna lortzeko. Dagoeneko lantzen hasiak garen Euskaraldia abagune paregabea da horretarako.]]>
<![CDATA[Gazteak nola ekarri erabilerara]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/016/001/2016-09-17/gazteak_nola_ekarri_erabilerara.htm Sat, 17 Sep 2016 00:00:00 +0200 Miren Azkarate https://www.berria.eus/paperekoa/1955/016/001/2016-09-17/gazteak_nola_ekarri_erabilerara.htm Eta hemendik aurrera zer? dokumentuan. Horko hainbat gogoeta eta esaldi hartuko ditut lerro hauek harilkatzeko. Eta baita Gazteriaren Batzorde-atal bereziak landuriko Gu gazteok dokumentukoak ere. Aipatu ditudan bi dokumentu horietatik lehenak badu azpititulu bat ere, Euskararen garapenaren iraunkortasuna edo «Dabillan harriari etzaika goroldiorik lotzen», zuzen-zuzen erabileran auzira garamatzana. Izan ere, urteak daramatzagu esanez erabilera dela lehentasuna, gakoa. Horixe da, nire iritziz, bidegurutzean lehenetsiko beharrekoa. Kontua da transmisiorik gabe ez dagoela erabilerarik, solaskiderik gabe ez dagoela erabilerarik. Beraz, beharrezkoa izango zaigu euskal hiztunak ugaltzen jarraitzea, euren gaitasuna sendotzea. Hizkuntza behar bezala elikatzea ere bai.

Baina itzul nadin erabileraren auzira. Eta hemendik aurrera zer? gogoeta neure eginez, gazteen erabilera lehenetsiko dut nik ere. Mende honetako inkesta eta mapa soziolinguistikoek erakutsi digute gaurko haur eta gazte elebidunen erdiak baino gehiagok eskolan ikasi duela euskara, ez duela etxean jaso. Eta horietako asko eta asko erdal elebidunak direla; alegia, errazago moldatzen direla gaztelaniaz. Areago, bigarren gune soziolinguistikoko hiri eta herrietan bizi dira gazteok; gazte elebidunak dira, nagusiki, gaztelaniaz bizi den gizarte batean. Nola lortu orduan haur eta gazte horiek eskolan ikasi duten hori eskolatik kanpo ere erabiltzea? (hori baita modu bakarra gizartea etorkizunean euskaraz ere bizi dadin). Nola lortu gazteek ez lotzea euskara soilik hezkuntzarekin eta derrigortasunarekin? «Zerbait desberdina eskaini behar die euskarak gazteei —dio Eta hemendik aurrera zer? Gogoetak— beste hizkuntzek ez duten xarma, komunikazio-tresna huts izatetik harago, erabilgarritasunetik harantzago». Beste modu batera esanda, motibazioa landu behar da. Nekez lortuko dugu, ordea, haur eta gazteak motibatzea diskurtso zaharkitu deituko nituzkeenekin (euskara gurea da, euskara salbatu behar da, hitz egin euskaraz! eta abar). Askoz zuhurragoa da Gu gazteok dokumentuaren gomendioa: «Galdera aldatu behar da: Zergatik ez dute gazteek euskaraz hitz egiten? galdera utzi eta zer eskaintzen die euskarak gure gazteei? galdetu behar dugu. Zer eskaintzen die gazteak eta euskaldunak (edo gazte euskaldunak) izateko (edo sentitu ahal izateko)?».

Zer eskaintzen die euskarak? galdetzean, ordea, ezinbestean hartu behar ditugu kontuan gazteek gogoko dituzten jarduerak, aisialdia, kirola, baita IKTak ere (guztiz gomendagarria da IKT Batzorde-atalak landuriko dokumentua ere, Euskarazko IKTak. Gomendioak herri-aginteentzat). Horietan euskara txertatzeak ekarriko du inguru horiek (hizkuntzarentzat) praktika-komunitate eraginkor bihurtzea: «Bistakoa da gazteen mundua, giroa, ohiturak, aisialdia euskaratzeak duen garrantzia, euskara erakargarri eta erabilgarri sentitzeak duena: azken batean, euskarak euren egunerokoan lekua baduela ikusteak». Horregatik ageri da, gomendioen artean, kirol, kultura eta aisialdirako hizkuntza-plangintza sendoak ezartzekoa.

Nola gauzatu lerro horietan esaten dena? Guztien lankidetzarekin. Bi adibide emango ditut, biak ere azken urtean, urte eta erdian, Donostian ezagutu ditugunak. Batetik, kirol elkarteen eta Euskara Zerbitzuaren artekoa, monitore euskaldunak dituen elkarte bateko esperientzia pilotuan oinarritzen dena. Monitore hauei prestakuntza eman eta entrenamenduak eta ikastaroak euskaraz emateko konpromisoa hartu dute. Gazteen erabilera aztertzen jardun duen Batzorde-ataleko kideek dioten bezala kirola garrantzi handiko esparrua da, eskolaz kanpoko jardueretan nabarmenena: «Hizkuntzari dagokionez, nerabe hauen kirol praktiketan euskararen presentzia ez dela oso handia esan behar da [...]. Nabarmenena futbolaren kasua da: ia mutil guztientzat oso garrantzitsua den praktika da eta ikerketa honetan futbolarekin lotuta jaso diren hizketaldi, esamolde, antzezpen eta bestelako erreferentzia guztiak gaztelaniaz izan dira». Esperientzia pilotu horretatik abiatuta, hogei kirol elkarteren diagnostikoa egin eta metodologia bera zenbatetan aplika dezakegun aztertzen ari gara. Berriro diot, kirol elkartearen konplizitatea behar da, monitoreena, administrazioarena... Elkarlana.

Gizartearen beraren ahalmena azpimarratzeko ekarriko dut hona bigarren adibidea. Donostiako auzo batean hasi, Egian, eta beste batzuetara hedatzen ari den egitasmoa. Egian euskaraz bizi nahi dugulako, ulertu bai, baina hitz egiten ez dutenekin gaztelaniaz jarduteko inertzia apurtzeko ahalegina izan da. Zazpi astez, txandaka, auzo talde eta elkarteak euskaraz jarduteko konpromisoa. Eta, bide batez, haur eta gazteek helduengan aurkituko duten eredua.

Badugu diagnostiko partekatua eta baditugu adibideak ere. Orain arte bezala, gaur ere bide egokia aukera dezakegu bidegurutze horretan, elkarlanean.]]>
<![CDATA[Nola lortu euskara frikia ez izatea?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1544/014/002/2012-12-05/nola_lortu_euskara_frikia_ez_izatea.htm Wed, 05 Dec 2012 00:00:00 +0100 Miren Azkarate https://www.berria.eus/paperekoa/1544/014/002/2012-12-05/nola_lortu_euskara_frikia_ez_izatea.htm
Erabileraren esparruan ere komeni da, ordea, erabilera formala eta informala bereiztea; azken horretan sartzen zaizkigu etxekoa, lagunartekoa, kalekoa… Izan ere, batez ere eremu formaletako erabilerak egin du gora; lagunartekoa, etxekoa dabil herrenka. Zergatik? Gaur euskara bigarren hizkuntza dutelako 25 urtetik beherako gazte elebidunen erdiek baino gehiagok; eskolan ikasia, eta ez etxean. Gainera, haur eta gazte elebidun gehienak lehen edo bigarren gune soziolinguistikoan bizi dira; hau da, elebidunen ehunekoa, onenean ere, %50era heltzen ez den guneetan. Beraz, ez dute euskaraz hitz egiteko erraztasunik izango ez etxean eta ez kalean.

Zer egin? Nola lortu haur horiek umetatik hartzea euskaraz (ere) hitz egiteko ohitura? Argi dago ezingo ditugula euskaldundu gune soziolinguistiko horietako helduen %30 edo %40; ez dute askoz euskaldun gehiago izango inguruan helduen artean. Eta argi dago motz geratzen zaiela, oso, eskolan, ikasgelan hartzen duten eredu formala. Erregistro informala behar dute, freskoa, arauak hautsiko dituena, balioko diena… Eta, horrekin batera, aisialdian, eskola-girotik kanpo, euskaraz natural jarduteko «akuiluak» behar dituzte; oharkabean euskaraz jolas egiten, kirola egiten lagunduko dieten gazte eta/edo helduak, etengabe, egun batean eta hurrengoan, elkarri euskaraz hitz egiten ohitu daitezen. Agian, hartara, lortuko dugu denborarekin euskara baliabide natural eta erabilgarria izatea haur eta gazte hauentzat, eta ez eskolan ikasi duten hizkuntza akademiko, «frikia». Hortxe dugu, nire ustez, etorkizunerako erronka handietako bat; ez bakarra, jakina.]]>
<![CDATA[Agur, andereño]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1513/004/001/2012-06-02/agur_andereo.htm Sat, 02 Jun 2012 00:00:00 +0200 Miren Azkarate https://www.berria.eus/paperekoa/1513/004/001/2012-06-02/agur_andereo.htm
Gaur harro sentitzen gara gurasoek D ereduaren aldeko aukera egiten dutelako eta haur gehienak euskarazko ereduan eskolaratzen direlako. Autogobernua berreskuratu ostean ezarri ziren hizkuntza-ereduak eskolan. Baina orduan ere, orain dela 30 urte, beste batzuen lanaren zordun izan ginen. Ordurako ikastolek bazuten fama «ondo merezia», bazuten izen ona, bazuten gurasoen babesa. Ez, ordea, euskaraz irakasten zutelako bakarrik. Hizkuntzak adinako garrantzia zuen, gutxienez, irakaskuntzaren kalitateak. Guraso askok ikusten zuten ongi prestatuak ateratzen zirela ikastoletatik neska-mutilak. Ez zutela arazorik izaten unibertsitatera joatean, bazutelako behar zuten maila. Aurrerakoia zen irakaskuntza-metodoa. Kalitatezko irakaskuntza euskaraz emana. Horixe zen ikastola-ereduaren ikurra.

Badakigu, hala ere, 70eko hamarkadan hedatu eta indartu ziren ikastolek hasiera xumea izan zutela; xumea, baina sendoa. Geroko ikastolen mugimenduaren ezaugarriak bere baitan zituena: euskara eta kalitatea. Eta hor hasi zen Karmele Esnal lanean. Irakasle ikasketak egin eta titulua eskuratu ondoren, Elbira Zipitriaren ondoan urtebetean jardun eta 1955ean ireki zuen bere ikastola zazpi haurrekin. Pedro Egaña kalean lehenik eta Artzain Oneko ikastolan ondoren, garai hartako Donostiako familia euskaldunetako hamaika haur pasatu ginen bere eskuetatik. Nik hemen egin dezakedana baino askoz egokiago azaldu zuen Nekane Auzmendik nolakoa izan zen Karmele Esnalen lana, Gipuzkoako Foru Diputazioak 1999an Abbadia saria eman zionean egin zuen hitzaldian. Ez genuen ia libururik, baina irakurtzen ikasi genuen, idazten ikasi genuen, matematikak ikasi genituen, geografia ikasi genuen (gure inguruko mendiak, ibaiak, Euskal Herrikoak), Itun Zaharra eta Itun Berria ikasi genituen, abesti mordoa ikasi genituen, asko kantatzen genuen, astero egiten genuen irteeraren bat oinez askotan Kristina Eneara. Lau urte ematen genituen andereño Karmelekin, garai hartako Ingreso egin artekoak. Eta elkarrekin egoten ginen maila guztietakoak. Ez dakit nola, baina bakoitzak bere mailari zegokiona ikasten zuen. Urteak joan arren, ikastolan ibilitako askok badugu oraindik harremana; abentura hartan partaide izanak nolabaiteko konplizitatea sentiarazten digu oraindik ere.

Egun hauetan egunkariek oroitarazi diguten moduan, Karmele Esnalen euskararen aldeko lana ez zen ikastolara mugatu. Jarrai antzerki-taldeko kide izan zen; Zeruko Argian idazten zuen, Arrate Irratian kolaboratzen zuen… Gaur kazetari batek esan dit deigarria dela ikustea badela euskaltzain urgazleen artean multzo bat euskararen ikertzaile ez dena. Karmele Esnal zen horietako bat, 1998an euskaltzain ohorezko izendatu genuena. Kazetariari oroitarazi diot Euskaltzaindiak sortzetik beretik izan dituela Iker Saila eta Jagon Saila. Ikertzearekin batera, zaindu ere egin behar da euskararen erabilera, arlo guztietara hedatu. Gaur euskarak eremu asko ditu bereak, orain dela 50 urte baino askoz gehiago; eta horretan hezkuntzak berebiziko garrantzia izan du. Ukaezina da hori.

Kontxita Beitia, Nekane Auzmendi, Mari Karmen Oiarbide, Arantza Allur, Arantza Idiazabal, Jone Etxabe, Itziar Ajuria, Eulali Aranburu eta beste hainbat izan zituen ondoan Karmele Esnalek. Guztientzat izan zen erreferentzia. Bat baino gehiago joan zitzaion ikastolara, bere ondoan ikastera. Guztien lana aitortu du gizarteak. Karmele Esnalen lana nabarmendu zuten Gipuzkoako Foru Diputazioak Abbadia Saria emanaz, eta Euskal Idazleen Elkarteak ohorezko bazkide eginaz. Oraingoan, behintzat, ez gara berandu ibili, bizirik zegoela jaso du egindako lanaren aitortza.

Gaur, agur andereño eta eskerrik asko esatean, Karmele Esnalek izan zituen lankiderik leialenak izan nahi ditut gogoan: gurasoak. Behin baino gehiagotan entzun genion gurasoak zirela benetako omenaldia merezi zutenak. Bere eta bera bezalako andereñoen esku seme-alabak uzteko kemena eta erabakimena izan zuten gurasoak. Andereño eta gurasoei zor dizuegu neurri handi batean honaino iritsi izana. Lan bikaina egin duzue. Orain gure esku dago, andereño, bigarren partea: garelako izango dira.]]>