<![CDATA[Nagore Odriozola Juaristi | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Thu, 08 Dec 2022 01:21:31 +0100 hourly 1 <![CDATA[Nagore Odriozola Juaristi | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA['Arigato']]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/017/001/2021-08-10/arigato.htm Tue, 10 Aug 2021 00:00:00 +0200 Nagore Odriozola Juaristi https://www.berria.eus/paperekoa/1905/017/001/2021-08-10/arigato.htm
Pandemiaren Jokoak badoaz, bai, eta hau gogoratu beharra dugun zerbait dela uste dut, testuingurua beti baita garrantzitsua lorpenen merituei dagokien balioa emateko. Baina, hain zuzen, horregatik ez ditzagun gatazka hutsera laburbil horrenbeste itxaron eta dagoeneko joan zaizkigun joko hauek: igaro dugun urtea igarota, hor izan ditugulako kirolariak, prest, gu guztiok entretenitu, txunditu eta sarritan aho bete hortz uzteko. Askok entrenatzera joate hutsa denbora luzez debekatua izan duten arren, bai. Ez dakit nahikoa kontziente garen: ziklo olinpiko hau benetan gogorra izan da, eta, hala eta guztiz ere, normaltasun osoz gozatu ahal izan dugu haien talentuaz eta balentriez.

Eskerrik asko, beraz, haiei. Guztiei. Denen artean Olinpiar Joko gogoangarriak utzi dizkigutelako. Kirol bikaintasunaz gain, inklusibotasunaz, elkartasunaz eta taldekidetasunaz ere gozatu eta ikasi ahal izan dugulako. Osasun mentalaz hitz egin dugulako, ozen eta garbi, eta baita ere pertsona transgeneroek gizartean duten lekuaz. Estereotipoak hausten ere ikusi ditugu eta matxismorik zentzugabeenak sortzen digun lotsa ere sentitu dugu. Bidegabekeria batzuk barruak nahasteraino heldu zaizkigu, eta emozionatu ere, asko emozionatu gara. Bihotzean atximur egin digute beste behin ere, eta garunak astintzera behartu gaituzte, nahi baino gehiago, akaso. Ederrak izan dira 17 egun hauek, bai jauna. Orain, ordea, errealitatera itzultzea tokatzen zaigu. Beraz, arigato, Tokio, eta à bientôt, Paris.]]>
<![CDATA[Zer da bidezkoa?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2326/015/001/2021-08-08/zer_da_bidezkoa.htm Sun, 08 Aug 2021 00:00:00 +0200 Nagore Odriozola Juaristi https://www.berria.eus/paperekoa/2326/015/001/2021-08-08/zer_da_bidezkoa.htm
Eskubaloiaren zaletua izanda, ezinezkoa da Nora Morken izena ez ezagutzea. Izar norvegiarraren istorioa sekulako erresilientzia erakustaldia da eta beharbada horregatik gehiengo handi batek gaurkoan ez luke brontzezko dominagatik borrokatzen ikusi nahiko. Izan ere, Rion gertatu zenaren dejà vu bat balitz bezala, Norvegiak errusiarren aurka finalerdiak galdu zituen pasa den ostiralean, baina Mork taldearen zama bizkar gainean hartzen ikusi genuen eta horrek harrapatu egiten gaitu.

Zergatik? Bada, badakigulako nondik datorren: 2017an sekulako depresioa gainditu zuen eta abenduko munduko txapelketan golegile nagusia izan zen, All-Star-ean aukeratua izateaz gain. Bi hilabete beranduago, ordea, belauna hautsi zuen (ez lehenengo aldiz) eta bere onera itzuli zela zirudienean, urte berean berriz ere arazo bera sufritu zuen. Guztira ia urte oso bat jokatu gabe pasatu ondoren, beste klub batera mugitu eta denboraldia hastear zela berriz ere hautsi egin zen. Morken behin betiko itzulera 2020an izan zen beraz, eta mundu osoaren aitortza irabazi zuen Europako txapelketa irabazteaz gain, berriz ere golegile nagusia eta eskuin alboko onena izendatu zutenean.

Ostiralean hamar gol sartu zituen eta taldekideei ere lana hamaika aldiz errazten ikusi genuen, arduratsu, Jokoetako urrezko domina besterik ez zaiolako falta. Nola ez ote dugu nahiko, bada, irabaztea? Baina kirolak baditu bere planak zorionez edota tamalez, eta ez du justizia kontzeptuaz ezertxo ere ulertzen.]]>
<![CDATA[Barkamenak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2326/017/001/2021-08-07/barkamenak.htm Sat, 07 Aug 2021 00:00:00 +0200 Nagore Odriozola Juaristi https://www.berria.eus/paperekoa/2326/017/001/2021-08-07/barkamenak.htm
Azken egunotan, txapelketak gutxinaka amaierara heltzen doazen heinean, deigarria egin zait zenbat diren barkamena eskatu nahia edo beharra sentitu duten kirolariak. Nori, eta guri, zaletuoi. Afizioaren exijentzia bete ez izanagatik, edota euren burua espero baina maila baxuagoan ikusi dutelako, eta neure buruari galdetzen diot ea zer ari ote garen gaizki egiten. Zein nartzisismo klase gailentzen ote den jendartean euren bizia horretara eskaintzen duten pertsona batzuek guri inolako barkamenik eskatu beharra ontzat emateko.

Lotsa eta amorrua ematen dit kirolari askok bi aste hauetan jaso dituzten kritika suntsitzaileak irakurtzeak; esaterako, Simone Bilesek jaso dituenak bezala. Dopatu izana leporatzeaz gain, berekoia eta alferra ere deitu dute, «atentzioa eman» beharra zuelako nonbait. Gerora jakin dugu Bilesi izeba zendu zitzaiola joan den astean, eta erretiratu zen egunetik oreka barrako finalerako itzuli zen bitarte horretan, Tokioko unibertsitate bateko gimnasioan entrenatzen aritu dela bere kabuz, konfiantza berreskuratu nahian. Hitz egitea, gaizki esaka batez ere, doakoa da, ordea, eta norberaren frustrazioek edonoren gainean botaka egiteko eskubidea ematen digutela sinesten jarraitzen dugu. Eta horrelakoetan bereziki galdetzen diot neure buruari ea noiz hasiko ote garen, alderantziz izan beharrean, barkamena gu haiei eskatzen.]]>
<![CDATA[Eta orain, zer?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/015/001/2021-08-06/eta_orain_zer.htm Fri, 06 Aug 2021 00:00:00 +0200 Nagore Odriozola Juaristi https://www.berria.eus/paperekoa/1905/015/001/2021-08-06/eta_orain_zer.htm
Deigarria, azken hori, eta zein garrantzitsua. Zenbat ote dira gauza bera esateko aukerarik gabe agurtzen direnak? Zenbat ote dira obsesionatzen zituen helbururen bat lortu ez izanagatik arantzatxoa betirako gainean daramatenak? Joko hauetan ikusi ditugu mordoa, esaterako. Zenbatek ikusi behar izan dute bost urteko prestakuntza lana segundo gutxian pikutara joaten? Eta horrekin bizi beharra.

Eliteko kirolari baten erretiroak eskatzen duen psikologia lanari eta esfortzu mentalari bueltaka ari naizela, eskubaloiko mundu mailako izar baten hitzak datozkit burura, behin fokuetatik kanpo esanak: «Beldurra ematen dit amaieran pentsatzeak, ez dakidalako beste ezer egiteko balio ote dudan». Horregatik, askotan ez dakit kirolariek euren ibilbideak luzatu eta luzatu egiten dituztenean pozteko arrazoiak ditugun. Gehiegikeriara eramanda, noski, gehienek gozatzen dutelako eta gai izaten jarraitzen dutelako egiten baitute. Baina izango da, eskubaloiko hura bezala, amaierari beldurra dionik ere. Izan zaitezke Pau Gasol eta zure ibilbide historikoari esker NOBeko kide izaten amaitu, baina horrek ere ez zaitu hutsuneari begietara begiratzeaz libratuko. Nork bere burua berrasmatzea ez baita inolaz ere lan samurra, ezta?]]>
<![CDATA[Argazkiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/017/001/2021-08-05/argazkiak.htm Thu, 05 Aug 2021 00:00:00 +0200 Nagore Odriozola Juaristi https://www.berria.eus/paperekoa/1905/017/001/2021-08-05/argazkiak.htm
Denok ditugu argazki bilduma mentalak, bizitzan zehar osatzen goazen horietakoak. Izan daitezke Olinpiar Jokoetakoak kasu honetan, edota inspirazio iturri gisa balio diguten pertsona horienak. Pasa den uztailaren 21etik hona, nik nabaritu dut nire erretinek irudi asko gorde dituztela bidean, eta oraindik ere nire garuna prozesatzen ari da horiek guztiak. Aurkariak elkar besarkatzen, dominak elkarbanatzen, ondokoarengatik malkotan, txalotzen, irribarreak agerian uzten. Raismanek arrazoi du, bai, zenbat jokabide eredugarri ikusten ari ote gara «non-stop» azken egunotan? Horrek ere badu bere balioa. Kirol legeak berak badu sekulako bizi balioa. Hobeak egiten gaitu, ziur nago.

Baina badira Olinpiar Joko hauetako albuma betetzean ahaztuko ez ditudan beste batzuk ere. Askotan errepikatzen diren irudiak, antzekoak, baina, hala eta guztiz ere, emozionatzen nautenak: Tokion lehiatzen ari diren kirolarien senitartekoen irudiak dira. Urruti dauden horien erreakzioek benetan ukitzen nautela onartu beharra daukat, bai. Ikusi ditut gimnastikakoak eta igerilariak bideo dei ofizialak egiten dominak jaso ostean, eta eman ditzaket orduak sare sozialetan etxean izan dituzten erreakzioen bideoak ikusten. Eta, formula matematikoa balitz bezala, malkotan amaitzen dut beti. Txorotzat har dezaket neure burua, baina pentsatu nahi dut zoriona edo mina partekatzeak eta ezezagunekiko enpatia hori lantzeak ere badutela garrantzia eta balioa. Orduan, nolakoa izango da zuen Tokioko argazki albuma?]]>
<![CDATA[Olatua dator]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/017/001/2021-08-04/olatua_dator.htm Wed, 04 Aug 2021 00:00:00 +0200 Nagore Odriozola Juaristi https://www.berria.eus/paperekoa/1905/017/001/2021-08-04/olatua_dator.htm
Benetan ari al gara? Egia da kasu horrek absurdoa ukitzen duela, bai, baina atzealdean duenak absurdoaz ezer gutxi du, zoritxarrez. Izan ere, kirolariaren erakargarritasunaz ari baikara hitz egiten, eta horixe da, esaterako, Alemaniako gimnastikako emakume taldeak salatu duena Olinpiar Joko hauetan: erakargarritasunak, kirolean, ez lukeela sexualizazioarekin zerikusirik izan beharko. Baina izan, oraindik ere badu, eta kokoteraino daude. Gaude.

Alemaniarrak Tokion arropa luzeekin lehiatu dira, eta sexualizazioaren gainetik kirolarien erosotasunak lehentasuna izan behar duela aldarrikatu dute. Egia esan, horrek izugarri pozten nau, duela gutxi hondartza eskubaloiko Norvegiako selekzioak ere antzeko zerbait egin zuelako (isuna jasoko zuela jakinda ere, legearen aurka doazen galtzamotzak erabili zituzten bikiniaren ordez Europako Txapelketan), eta horrek esan nahi du badatorrela, behingoz, olatu berri bat. Kokoteraino dauden emakume kirolariena, 2021ean oraindik ere emakumezkoen kirola saltzeko haien gorputzak saltzen jarraitu behar izateaz nazkatuta daudenena eta lege arkaiko eta sexisten aurrean planto egiten dutenena. Olatua dator, bai, ziur nago, eta hobe lukete prestatzen joan kirol merituak saldu beharrean gorputzen instrumentalizazioa ahalbidetu eta legitimatzen aritu direnek.]]>
<![CDATA[Amesgaiztoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/017/001/2021-08-03/amesgaiztoa.htm Tue, 03 Aug 2021 00:00:00 +0200 Nagore Odriozola Juaristi https://www.berria.eus/paperekoa/1905/017/001/2021-08-03/amesgaiztoa.htm
Bada, imajinatu orain zure entrenatzaileekiko amorrua sare sozialen bitartez partekatzea otutzen zaizula eta horrek dakarrena amesgaizto bat dela: zure gelan sartzen zaizkizu bat-batean, eta maletak egiteko ordu bat duzula esaten dizute, Tokioko Haneda aireportuan hegazkin bat duzulako zain, etxera itzultzeko. Bada, Bielorrusiako Kristina Timanovskaiari gertatu zaio hau.

Japoniatik gogoz kontra atera nahi izan zuten korrikalaria duela egun batzuk, Aleksandr Lukaxenko presidentearen edota herrialdeko Olinpiar Batzordeko burua den Lukaxenko semearen esanetara. Itxuraz, komunikabideek «patriotismo falta» egotzi diote. Timanovskaia, ordea, egoeraren larritasunaz jakitun, bizkor aritu zen, eta laguntza eskatu zuen: NOBi, bere segurtasuna bermatzea, eta Poloniako Estatuari, asiloa. Beldurrez, bazekielako etxera itzultzeak kartzela zigorra ekarriko liokeela (ez litzateke Bielorrusian kartzelara eraman duten lehenengo kirolaria izango Lukaxenkoren gobernuaren aurka hitz egiteagatik), Japoniako Poliziak hotel batera lagundu du, eta berau eskoltatu dute egoera argitu bitartean.

Beraz, hartu izan beharko lukeen hegaldia joaten utzi zuela dirudi, eta Poloniak (honi bai, antza) asiloa eta bere kirolari bizitza ziurtatu dizkio. Senarra du orain, ordea, Ukrainara ihes eginda, lehenago edo beranduago elkartuko ote diren. Baina Timanovskaiaren amesgaiztoa ez da inola ere amaitu, bere familiaren segurtasuna ezin baitu inolaz ere bermatu. Zergatik ez ote nau honek, ordea, inolaz ere harritzen?]]>
<![CDATA[Tranpak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2367/021/001/2021-08-01/tranpak.htm Sun, 01 Aug 2021 00:00:00 +0200 Nagore Odriozola Juaristi https://www.berria.eus/paperekoa/2367/021/001/2021-08-01/tranpak.htm
Horregatik zigortu zuten Errusia (tira, zigortu edo), dopin-sistema baten protagonista izan delako urteetan zehar, eta Tokioko Olinpiar Jokoetan, behingoz, horri amaiera emango zitzaiola zirudien arren, errealitatea bestelakoa izan da azkenean. Errurik ez duten errusiarrek ez lukete ordaindu beharko, ados, baina nola amaitu halako errespetu faltak isunak ez badira nahikoa eredugarri? Azken finean, egunotan Errusiako bandera ikusten ari ez garen arren, euren kirolariak Errusiako Olinpiar Batzordearen izenean lehiatzen ari dira, eta hori, ikusleriarentzat, gauza berbera da.

Honi guztiari bueltak ematen hainbat izen datozkit burura, baina batez ere Lydia Valentinen irudia ikusten dut, argi eta garbi. Izan ere, halterofiliako izar espainiarrak duela bi urte tarimatik kanpo jaso zuen 2012an garbitasunez irabazi izan zukeen urrezko domina. Londresen Svetlana Podobedova kazajak eraman zuen txapeldunaren saria, baina dopatu izana leporatu zioten gerora, eta zazpi urte geroago, dominak bere benetako jabea ezagutu zuen. Zoritxarrez, Valentini 2008ko Pekingo zilarrezko dominarekin ere berdina gertatu zitzaion. Horrelakoak ikustean eta kirolari garbien etsipena sentitzean, benetan lotsa eta amorrua ematen dit, kirolak defendatzen dituen baloreen aurka doazen kirolari horiez benetan inoiz inor arduratuko ote den zalantzan ipintzen baitut.]]>
<![CDATA[Ezin ahaztu Bikilaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/019/001/2021-07-31/ezin_ahaztu_bikilaz.htm Sat, 31 Jul 2021 00:00:00 +0200 Nagore Odriozola Juaristi https://www.berria.eus/paperekoa/1905/019/001/2021-07-31/ezin_ahaztu_bikilaz.htm
Abiatu da atletismoa Tokion, diziplina izarra, eta onartu beharra daukat txundituta jarraitu ohi ditudala beti froga gehienak. Usain Boltek pasa den hamarkadan egindakoak oraindik gogoan izanik, pantailaren beste aldetik aho bete hortz begiratzen niola oroitzen dut. «Benetan ari al da?», pentsatzen nuen helmugara irribarretsu eta atzera begiratuz iristen ikusten nuen bakoitzean. Nekatu zenik ere ez zirudien, eta frogak hasi aurretik eta ondoren egiten zuen show horrek ere grazia egiten zidan, ezin ukatu. Ahaztezina, Bolt.

Izugarrikeriek naramate, bada, gaurkoan nire amonak aipatzen zuen Bikilaz oroitzera: Etiopiako maratoilari historikoa izan zen bera, hain zuzen ere, Olinpiar Jokoetan urrezko domina bat irabazi zuen lehenengo afrikarra. Erroman egin zuen, 1960an, eta lau urte beranduago, Tokion bertan, bigarren urrea eskuratu zuen. Artzaina izateko asmoa zuen alfabetatu gabeko gazte bat izatetik korrikan bere pasioa aurkitzera igaro zen eta sekulako lanaren ostean, selekzioan onartu zuten. Bitxiena da, ordea, hasiera batean Erromara joateko taldetik kanpo geratu zela, eta azkeneko unean deitu zutela, taldekide baten lesioagatik.

Bikilak maratoia irabazi zuen han, errekorra ezarri eta ez hori bakarrik, Afrikarren eredu ere bilakatu zen. Eta hori guztia, adi, oinutsik egin baitzuen. Bai, dirudienez, froga hasi baino minutu batzuk lehenago kirol oinetakoak kendu zituen deseroso sentitzen zelako eta, noski, mundu guztia harri eta zur geratu zen. Zer esanik ez urrezko domina zintzilikatu zuenean. Beraz, orain bai, orain ulertzen dut: dirudienez, nire amonak Bikila nik Bolt oroituko dudan bezala oroitzen zuen.]]>
<![CDATA[Agintea eta erantzukizunak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/015/001/2021-07-30/agintea_eta_erantzukizunak.htm Fri, 30 Jul 2021 00:00:00 +0200 Nagore Odriozola Juaristi https://www.berria.eus/paperekoa/1905/015/001/2021-07-30/agintea_eta_erantzukizunak.htm
Egun batzuk lehenago arku tiroan Svetlana Gomboeva errusiarra zorabiatu egin zen bere azken marka berrikusten ari zen bitartean, eta onera itzultzea lortu zuen arren, ohatilan atera behar izan zuten. «Hezetasuna handiegia da», zioen.

Tenisean ere gertatu da, ordea. Paula Badosa katalanak final-laurdenetan erretiratu egin behar izan du egoera jasanezinagatik. Nola lehiatu ba ordu bietan, eguzkipean, 30 gradutik gora dauden bitartean eta %80ko hezetasunarekin? Diziplina berean Daniil Medvedev errusiarrari epailearengana zuzenduz entzun genion bezala: «Jarrai dezaket jokatzen, bai, baina hemen hilko banintz, nor izango litzateke arduraduna?».

Triatloiaren ordutegia aurreratzearen arrazoia izan zen klima. Baita orain teniseko partidak atzeratzearena ere. Tamalez, aire librean lehiatzen ari diren kirolariak sekulako zailtasunak ari dira izaten euren maila onenean aritzeko eta, batez ere, egiten ari direnaz gozatzeko. Eta okerrena da japoniarrek bazekitela hau gertatuko zitzaiela Olinpiar Jokoak uztail eta abuztu bitartean antolatuz gero. Zerbaitengatik jokatu ziren Tokioko 1964ko Jokoak urrian, ez? Tokio leku zoragarria delako, urteko sasoi honetan izan ezik. Baina hautagaitzan saldu ziguten «kirolariek euren onena ematea ahalbidetuko duen giroa» izango genuela eta Nazioarteko Olinpiar Batzordeak erosi egin zuen hori. Audientziek agintzen dutelako, eta kirolariek, aldiz, ordaindu.]]>
<![CDATA[Olinpiar epaiketak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/015/001/2021-07-29/olinpiar_epaiketak.htm Thu, 29 Jul 2021 00:00:00 +0200 Nagore Odriozola Juaristi https://www.berria.eus/paperekoa/1905/015/001/2021-07-29/olinpiar_epaiketak.htm
«Etxera bidali beharko lukete», «atentzioa eman nahi du jarraitzaileak irabazteko», «Doncicekin dagoela ikusarazi besterik ez du nahi», «a zer errespetu falta». Horrelakoak dira Ouviñari buruzko iruzkinak eta azkenean mezu bat argitaratu behar izan du: asko sentitzen duela dio, esloveniarrei behar adina barkamen eskatu nahi diela, eta gaizki egin duela bere olinpiar esperientziaren zati hori publiko egiten. Olinpiar Hirian dauden kirolari guztiek protokolo zorrotzak betetzen dituztela ere argi utzi nahi izan du bide batez, eta bere selekzioarekin duen konpromisoa guztizkoa dela.

Aurretik joan dadila egoerak orokorrean lotsa handia sentiarazi didala. Hasteko Olinpiar Joko batzuetan ikusi nahi dudan azkena delako hau (jakin badakigun arren halakoak sarri gertatzen direla), baina batez ere gaiari eman zaion tratuagatik. Arauak hausten ari zirenak, akaso, gela horretan zeuden guztiak dira, baita itxura penagarria eman dutenak ere. Baina Ouviñari gizonezko izarraren ohorea zikintzea ere leporatu zaio bere baldarkeriagatik eta horrek ere uste dut baduela izen bat.]]>
<![CDATA[Osasun mentalaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1817/023/001/2021-07-28/osasun_mentalaz.htm Wed, 28 Jul 2021 00:00:00 +0200 Nagore Odriozola Juaristi https://www.berria.eus/paperekoa/1817/023/001/2021-07-28/osasun_mentalaz.htm
Biak ala biak mundu osoaren begirada zorrotzaren pean daude, eta euren herrialdeetako itxaropen handiena ziren Joko hauetan. Osakaren kasuan, porrotaren ostean, bere lehenengo Olinpiar Jokoak direla eta presioa «handiegia» izan dela onartu du. Ez duela jakin herrialde oso baten itxaropena «hobeto kudeatzen». Biles-enean, ustezko arazo mediko batengatik erretiratu den arren, momentuko presioagatik edota antsietateagatik izan litekeela uste da, eta, hala balitz, horren larritasunaz jabetu beharko genuke.

Izan ere, duela ia bi hilabete Osakak osasun mentalaren tabuak mahai gainean ipini zituen, Roland Garrosetik erretiratu zenean. Komunikabideen aurrean ez zuela hitz egingo erabaki ostean, bere buruaz zaindu behar zuela adieraziz txapelketa utzi zuen. Japoniarrak 2018an lehen Grand Slama irabazi zuenetik depresio luzeei aurre egin behar izan diela ere kontatu izan du, eta hala eta guztiz ere, atzoko porrotaren ostean kritika ugari jaso eta jasoko ditu. Pertsonaiak kirolaria jan duelako, jakitun batzuen ustez. Agian, kirolariaren aurrean dagoen pertsonaiari baino gehiago, atzean daukan pertsonari egin beharko genioke so sarriago.]]>
<![CDATA[Aurrerapena eta hori guztia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/015/001/2021-07-27/aurrerapena_eta_hori_guztia.htm Tue, 27 Jul 2021 00:00:00 +0200 Nagore Odriozola Juaristi https://www.berria.eus/paperekoa/1905/015/001/2021-07-27/aurrerapena_eta_hori_guztia.htm
Olinpismoak hori beharko luke, iruditzen zait. Aurrerapena, aldaketa inklusiboa, normalizazioa, ezberdinarekiko errespetua. Baina izaten da ba atentzioa deitu behar hori? Bada, Tatiana Navkak listoia altu ipini nahi izan du. Olinpiar txapelduna izandako patinatzaile errusiarrak 2016ko Neguko Jokoetan urrezko domina irabazi zuen, baina azken urteetan nahiko polemikatan sartuta ibili da. Oraingo honetan zera esan du: «Gimnastika erritmikoa kirol femeninoa da eta gizonezkoek maskulinoak izan behar dute». Zergatik? Cristofer Benitez gimnasta espainiarraren bideo bat ikusi duelako, bertan gimnastika erritmikoko errutina zoragarri bat osatzen ari zela.

Antza denez, Navkak ulertzen omen ditu «aurrerapena eta horiek guztiak», baina pozik dagoela dio Errusian ez omen delako halakorik existitzen ezta onartzen ere. «Nire seme-alabek ez dute sekula inoiz ikusiko hau, ez dezaten pentsatu normala dela», gaineratu zuen. Tira, nik esango nuke ez duela ezertxo ere ulertu.

Benitezek hamabost urte baino gehiago daramatza gimnastika erritmikoa praktikatzen, eta argi erantzun du errusiarraren irainak bere ibilbide osoan zehar jasan behar izan duenaren isla besterik ez direla. Garrantzitsuena, ordea, bere alde atera den jendetza hori guztia omen da.]]>
<![CDATA[Zentzugabeko enpatia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1817/019/001/2021-07-25/zentzugabeko_enpatia.htm Sun, 25 Jul 2021 00:00:00 +0200 Nagore Odriozola Juaristi https://www.berria.eus/paperekoa/1817/019/001/2021-07-25/zentzugabeko_enpatia.htm
Mundu osoaren epizentro den ekitaldi batekiko gertutasuna sentitzeak emozionatu egiten nau. Zarautzen Ainhoa Muruari ongietorria egin genionean bezala Londrestik itzuli zenean. Momentuko oilo ipurdiaz oroitzen naiz, eta oraindik ere, pentsatze hutsarekin, zerbaitek eragiten dit barrenean. Udaletxeko plazan sartu zeneko istanta. Izugarria.

Urte horretan, ziurrenik, inoiz emozio handienaz bizi izan dudan olinpiar unea gertatu zen (eskubaloitik datorren neska batentzat Espainiako emakumezkoen selekzioak bizi zuen une historikoa oso garrantzitsua zela onartu behar da). Herrian Azken Portuak ospatzen ari ginen, eta gu pare bat orduz desagertu ginen. Elkartera joan, telebista piztu, eta Londresko eskubaloiko brontzearen partida ipini genuen. Ezinegona eta zoriontasuna oroitzen ditut, baita ondoren bota genuen parranda ere.

Emozioa, ordea, ez dator beti aipatutako pertenentzia zentzugabeko horrengatik, enpatiagatik ere badator. Atzo, eskubaloian Portugalgo gizonezkoak estreinatzen ikusten emozionatu egin nintzen. Duela bost hilabete taldeko atezaina zen Alfredo Quintana zendu zitzaielako entrenamendu batean bihotzekoak emanda, eta handik gutxira bere taldekideek lehen aldiz Olinpiar Joko batzuetara sailkatuz omendu zutelako. Ez ote da bizitza egun hauetan pixka bat ederragoa?]]>
<![CDATA[Justizia poetikoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1817/021/001/2021-07-24/justizia_poetikoa.htm Sat, 24 Jul 2021 00:00:00 +0200 Nagore Odriozola Juaristi https://www.berria.eus/paperekoa/1817/021/001/2021-07-24/justizia_poetikoa.htm
Munduko sailkapenean seigarren postuan izatera heldu zen Suarez Navarro, baina duela bi urte bere kirol ibilbideari amaiera emateko ordua zela erabaki zuen. Pandemiaren ondorioz, ordea, Olinpiar Jokoak atzeratu egin behar izan zituzten eta, beraz, bere planek ere hala egin zuten. Gaixotasunaren berri eman ziotenean Tokiora iristea ipini zuen helburu, eta, gerora, horrek tristura eta amorruari aurre egiten lagundu ziola kontatu izan du.

Duela hiru hilabete besterik ez genuen jakin, azkenean, bere bizitzako partidarik garrantzitsuena irabazi zuela.

Ordutik Paris eta Londres zapaldu ditu, eta bietan izan du aukera azken uneak borrokatu, dastatu eta garunean betiko giltzapetzeko. Gaur, Tokion, beste azken amets bati ekin dio Garbiñe Muguruzaren alboan, binakako lehiaren estreinaldian, eta bihar, bakarkako ibilbidea hasiko du. Justizia poetikoa litzateke emakume honek domina bat eskuratzea. Diot.]]>
<![CDATA[Kirolaz haratago]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1817/019/001/2021-07-23/kirolaz_haratago.htm Fri, 23 Jul 2021 00:00:00 +0200 Nagore Odriozola Juaristi https://www.berria.eus/paperekoa/1817/019/001/2021-07-23/kirolaz_haratago.htm
Nazioarteko Olinpiar Batzordeak aktibismoa ahalbidetzen du kirol proben aurretik eta ostean. Joan den asteazkenean, ordea, emakume futbolariek euren belaunak lurrean ipini zituzten arrazakeriaren aurkako keinu gisa, eta une horien ez argazki, ez bideo ezta aipamenik ere ez zuten argitaratu. Bi egun geroago, horrek sortu duen eztabaidagatik agian, Olinpiar Jokoen arduradun nagusiak argitu nahi izan du datozen egunetan halako aktibismo keinuak errepikatuko balira beharrezko oihartzuna izango dutela.

Orain, inaugurazio ekitaldirako orduak besterik geratzen ez direnean, ekitaldiaren zuzendaria zena kaleratu dute, baita musikagileetako bat ere. Bata, iraganean holokaustoaren inguruan egin zuen txiste batengatik, eta bestea, eskolan bullying egiten zuela kontatu duelako. Modus operandi hau ez da harrigarria, ordea, testuinguruan ipintzen badugu. Alegia, Tokiok kirolaz haratago doazen balioak defendatu behar ditu, eta munduari mezu positibo bat bidali beharra dio, kosta ahala kosta. Enperadorea berari hitzaldia aldatzeraino heldu dira, gaurkoan ospakizun eta halako hitzak saihets ditzan. Izan ere, Japoniako Olinpiar Batzordeko presidenteak ulertzera eman duen gisan (hitz egokiago batzuekin bada ere), badute jada nahikoa kaka-nahaste, eta ez dute gehiago behar.]]>
<![CDATA[Joko madarikatuak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1817/021/001/2021-07-22/joko_madarikatuak.htm Thu, 22 Jul 2021 00:00:00 +0200 Nagore Odriozola Juaristi https://www.berria.eus/paperekoa/1817/021/001/2021-07-22/joko_madarikatuak.htm
Ia 8 urte joan zaizkigu Tokiori hasiera batean saria zirudiena tokatu zitzaionetik. Eta zirudien diot, sinesgaitza delako honaino egin behar izan duen bidea. Logoaren plagio salaketak, olinpiar estadioaren diseinu ez eraginkorra, botoak erosi izanaren susmoa, dimisioak eta, noski, fikziozko gidoi txukun bat izango balitz bezala, mundu mailako pandemia bat.

Tokioko Jokoak inoizko garestienak bilakatu ziren iaz, urtebetez atzeratuko zituztela iragarri zutenean (egoerak hobera egin zezan, eta, behintzat, ikusleen ekarpen ekonomiko-emozionala izateko). Gaur, ordea, ezin errealitatetik urrunago ibili, eta, izatez, une batetik bestera bertan behera gera daitezkeela dirudi oraindik ere.

Baina Olinpiar Jokoek badute beti zera irrazional bat euren baitan, eta ziur aurtengoak askorentzat maitatuenak ere izango direla. Esperoenak akaso. Gorrotatuenak ere bai ziur aski, madarikatuak. Baina, hala eta guztiz ere, ahaztezinak. Negarra eragiten dutelako, eta irribarreak, haserreak, ezinegonak. Pasioak azaleratzen dizkigutelako, tentsioak areagotzen, emozioak pizten, zaletasun eta idolo berriak sorrarazten, eta zaharrak irmotzen. Zorigabeko Jokoak datozenak, bai, kondenatuak, baina azkenik eta behingoz, behintzat, benetakoak.]]>