<![CDATA[Naia Begiristain Etxezarreta | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Fri, 19 Apr 2019 00:36:10 +0200 hourly 1 <![CDATA[Naia Begiristain Etxezarreta | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Denboraren igarobidea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2267/030/001/2018-09-01/denboraren_igarobidea.htm Sat, 01 Sep 2018 00:00:00 +0200 Naia Begiristain Etxezarreta https://www.berria.eus/paperekoa/2267/030/001/2018-09-01/denboraren_igarobidea.htm
San Adrian, Lizarrate, Sandrati... igarobidearen inguruak ez du izen bakarra, eta ez dakite zehazki zein den jatorrizkoa. Izan ere, basoaren antzera, San Adrian aspalditik izan da paisaiaren parte. Igarobideari loturiko hainbat kondaira dauden arren, hark barnean duen historia, orain gutxi arte, ezezaguna izan da herritarrentzat. Tunelak, ordea, inoiz ez du ezer ezkutatu: duela 14.000 urtetik daude aztarnak bertan. Gizakiak izan dira, beharbada, ondo begiratzen jakin ez dutenak. Ikerlariek orain hamar urte inguru aurkitu zuten denboran atzera eramango zituen atea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Aranzadi zientzia elkarteari eman zion San Adrian inguruneko ondarea leheneratzeko proiektuaren ardura, 2008an. Antzinako idatzi batzuk zirela eta, ikerlariek bazekiten Erdi Aroan gaztelu bat eraiki zutela han. Beste aztarna batzuek historiaurreko zibilizazioekin ere lotzen zuten igarobidea. Hala ere, «froga sendorik» ez zuten. «San Adriango gaztelua irudikatu eta lana amaituko zutela uste zuten Aranzadikoek. Indusketekin hasi zirenean, ordea, espero baino aztarna gehiago aurkitu zituzten», adierazi du Leire Aiartzaguenak, Anduetza parketxeko gidak. Hamabost eguneko indusketa lana izan behar zuenak hamarkada bat iraun du. Izan ere, San Adrianek ikerlariei historiaurrera itzultzeko bidaia txartela eman die. Aranzadi zientzia elkarteko Alfredo Moraza ikerlariaren arabera, «Euskal Herriko azken 14.000 urteetako historia dago kondentsatuta San Adrianen». Igarobidearen balioa, gainera, «ikaragarria» da Morazaren iritziz: «Hemen daukagun aztarnategirik osoena da San Adriangoa».

Gaur egungo zelai berdeekin alderatuta, zuriz jantzita zegoen duela 14.000 urteko Aizkorri-Aratz parke naturaleko paisaia: azken glaziazioa amaitzear zegoen. Klima gutxinaka epeltzen ari zen, eta aldaketa prozesuan murgildu zen lurra. Hala ere, hotza, oraindik, mehatxu zen garai hartako gizakien iraupenerako. Horrez gain, ingurune naturala hainbat animaliaren bizilekua ere bazen: sable horzdunena, esaterako. Klima gogorra, animalia basatiak... Mendi ingurunean egon arren, kanpoko arriskuei erreparatuz, San Adriango koba babesgunea zen historiaurreko biztanleentzat. Aranzadi elkarteko ikerketen arabera, hainbat talderen bizilekua izan zen igarobidea.

Europara igarotzeko atea

Indusketetan jasotako informazioak islatzen du historiaurrean koban bizi ziren gizakiak ehiztari-biltzaileak zirela: suharrizko tresnak eta ehizarako armak aurkitu dituzte, besteak beste. Lanabes horiek haragia, landareak eta larrua mozteko erabiltzen zituzten, esaterako. Bestalde, San Adriango kobako biztanleek «bizimodu nomada» zuten. Aiartzaguenak adierazi duenez, «indusketetan bilatutako suharria Urbasakoa [Nafarroa] da jatorriz, eta horrek erakusten du San Adrian ez zela izan gizaki horien bizileku bakarra». Glaziazio garaiko klima zela eta, «une oro lekualdatzen» ziren gizakiak. Aiartzaguenaren hitzetan, «mendian, denboraldi batzuetan, izugarrizko hotza egiten zuen, eta, babes bila, kokalekua aldatzen zuten».

Urteen joan-etorriarekin batera, lurreko klima pixkanaka epeldu zen. Glaziazioa atzean utzi ondoren, gaur egungo klimaren antzekoa zuten Brontze Aroan. Eguraldi aldaketa eta beste hainbat faktore zirela medio, gizakiek hain nomada izateari utzi zioten, eta jada «animaliak eta landareak etxekotu zituzten», Morazak esan duenez. «Bizimodu sedentariora egokitzearekin batera, gizakiak egonkortu egin ziren», adierazi du Morazak, eta gaineratu du «naturarekiko menpekotasuna galdu» zuela giza espezieak: «Euren jakiak ekoizteko gai ziren. Indusketetan, esaterako, garia ekoizten zutela jakin dugu». San Adrian inguruan, abereak zaintzen eta landa eremua ustiatzen jardun zuten Brontze Aroan. Morazaren hitzetan, «nekazariak eta abeltzainak ziren garai hartan».

Indusketetan aurkitutako lanabesetan eta tresnerian, historiaurrekoekin alderatuta, hobekuntzak eta aldaketak ikus daitezke: horrek frogatzen du teknologian ere hainbat aurrerapen egin zituztela. 1.500 zeramika zati aurkitu dituzte San Adrianen, hainbat ontziren parte zirenak. Bestalde, suharrizko lanabesen 250 zati eskuratu dituzte: horien artean, igitai hortz bat. Hezurrez eginiko tresnen zatiak ere aurkitu dituzte. Ikerlarien arabera, tresneria horrek hainbat erabilera zituen: lanabesak egiteko erabiltzeaz gain, apaingarriak ere egiten zituzten hezurrekin. Horren adibide dira igarobidean aurkituriko berberetxo oskolen zatiak. Horretaz gain, Brontze Aroan gizakiak San Adriango igarobidea behin eta berriz okupatu zuela frogatzen duten aztarnak aurkitu dituzte: eraikinen arrastoak eta giza hondakinak, adibidez. Horri esker, kobak bi erabilera zituela jakin dute Aranzadikoek: bizilekua izateaz gain, hilobia ere bazen.

Giza espezieak idazkera garatu, egutegiak sortu eta ipar orratza asmatu zuen Erdi Aroan sartu aurretik. Medikuntzan eta matematikan ere, aurrerapen handiak egin zituzten. Egoera geopolitikoari begiratuz, bestalde, hainbat aldaketa izan ziren, eta Euskal Herria ez zen aldaketa horietatik kanpo gelditu. Gaztelako eta Iruñeko erresumen artean egonik, San Adriango igarobideak garrantzi handia hartu zuen: Europara igarotzeko atea ireki zion Gaztelako Erreinuari. «Iruñeko Erresumatik igaro gabe Frantziara eta Europara irteteko bide alternatibo bat behar zuen Gaztelako Erresumak. Leintz-Gatzagatik [Gipuzkoa] pasatzen zen bideak hori egiteko aukera ematen zien arren, urrutiegi zegoen haientzat. San Adrianen kokapena hobea zenez, errege bidea bertan ezarri zuten», nabarmendu du Morazak, eta zera gaineratu du: «Erdi Aroko N-1a bilakatu zen igarobidea». Bideko zirkulazioa kontrolatzeko eta ingurunea babesteko, gotorleku bat eraiki zuten kobaren barruan.

Indusketa lanetan, ikerlariek gazteluaren hainbat arrasto aurkitu dituzte: esaterako, eraikinen zimenduak. Beste hainbat aztarna, ordea, lehenengo begiratuan ikus daitezke: kobako hormetan, adibidez, gazteluari eusten zioten habeen zuloak daude, eta sarreran, gotorlekuko atea oraindik zutik dago: berreraiki egin zuten. Erdi Aroan, igarobideko bi ateak itxi zituzten, eta, horretaz gain, hainbat eraikin altxatu zituzten barruan: Zegamara begira dagoen sarbidearen eskuinaldean dorre bat eraiki zuten; ezkerretara, berriz, alkaidearen egonlekua ezarri zuten. «Dorrea zegoen lekutik, zuzeneko kontaktua zuten Ausa gazteluko gotorlekuarekin», adierazi du Aiartzaguenak. Arabako atearen ezkerraldean, bestalde, biltegi bat zegoen. Gazteluak iturri bat eta ermita txiki bat ere bazituen.

Historiaren gordailua

Erdi Aroaren amaierarekin batera, gotorlekuaren etorkizuna ere ahultzen hasi zen. Gaztelako Erresumak Nafarroa bereganatu ostean, San Adriango igarobideak hasieran zuen funtzioa galdu zuen. Kobazuloaren kokalekua ere ez zen egokiena: mendian zegoen, eta basoz inguratua. Horrek «bide berriak bilatzera» bultzatu zituen agintariak. Morazak dioenez, «bide alternatibo bat bilatu, eta hura bultzatzen hasi ziren: San Adrian bigarren planoan geratu zen». Aiartzaguenak adierazi duenez, «pixkanaka garrantzia galdu zuen gazteluak, eta haren lekua ostatu batek hartu zuen».

«1855. urtean jarri ziren mikeleteak -Gipuzkoako Diputazioko polizia erakundea- San Adrianen, harik eta 1914. urtean kuartelak su hartu zuen arte», esan du Morazak, eta nabarmendu du «igarobideko azken biztanleak» haiek izan zirela. Egun, San Adrian «hutsik» dagoen arren, milaka urteko historiaren gordailu da. Atzerrira joan gabe, hainbat altxor daude Euskal Herrian.]]>
<![CDATA[Hitzekin festa girotuz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/027/001/2018-08-28/hitzekin_festa_girotuz.htm Tue, 28 Aug 2018 00:00:00 +0200 Naia Begiristain Etxezarreta https://www.berria.eus/paperekoa/1872/027/001/2018-08-28/hitzekin_festa_girotuz.htm
Igandera arte, hainbat ekintza antolatu dituzte Bakion. Izan ere, jai giroak etenik ez izateko moduko egitaraua prestatu dute. Ekitaldirik pisutsuenak kirolarekin eta gastronomiarekin lotuta egongo dira oro har: esaterako, Bakioko Tomate lehiaketak eta 10. herri miliak bilduko dute jende gehien.

Bakea eta harmonia jaietan

Haurrak, gazteak, helduak... 2015 baino lehenago jaiotako edonork egin dezake korrika biharko antolatu duten herri milian: guztira, 500 pertsona inguru bilduko dira. Olazarren hitzetan, «herritar guztiek» hartzen dute parte lasterketan: «90 urteko jendea ere ibili izan da!». Haurren probak 11:30ean hasiko dira, eta helduena, aldiz, 12:30ean izango da.

Tomate lehiaketa, ordea, etzi egingo dute: Bakioko tomaterik onenen bila ariko dira herriko frontoian, 13:00etatik aurrera. Parte hartzaile bakoitzak gehienez hiru tomate aurkeztu ahalko ditu. Kolorea, tamaina, azal fina edo lodia duen... Tomateen artean «desberdintasun itzelak» egoten dira, Olazarren iritziz. Pregoilariak nabarmendu du, ordea, itxura «gutxienekoa» dela tomaterik onena aukeratzeko: «Garrantzitsuena zaporea da».

Kirol eta gastronomia arloetako lehiaketez gain, hainbat ekitaldi antolatu dituzte jaien egitarauan. Olazarrentzat, esaterako, Eneperi eguna —aurten ostirala— izaten da festetako ederrena: «Urizarretako zelaietan biltzen gara, eta paella lehiaketa egiten dugu. Iluntzean, Bakiora itzuli eta zezensuzkoaren emanaldia ikusten dugu». Gastronomia alde batera utzi, eta musikak hartuko du nagusitasuna iraileko lehenengo egunean; izan ere, musika emanaldiak izango dira Zubiaurrealdean 22:00etatik aurrera: kontzertuak emango dituzte Basherri Soun Systemek, Titaniansek, Lovatok eta Kenna 1-ek.

Olazar «gogotsu» dago San Joan Doloz jaiei hasiera emateko; hala ere, «motibazioaren gainetik», festetan garrantzitsuena «lasaitasuna» mantentzea dela adierazi du: «Egon daitezela jaietan bakea, osasuna eta armonia».]]>
<![CDATA[Basoa eta jaia uztartuz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/029/003/2018-08-28/basoa_eta_jaia_uztartuz.htm Tue, 28 Aug 2018 00:00:00 +0200 Naia Begiristain Etxezarreta https://www.berria.eus/paperekoa/1890/029/003/2018-08-28/basoa_eta_jaia_uztartuz.htm
Egun osoko egitaraua prestatu dute gaurko; goizeko mezaren ostean hasiko dira. Hasteko, pilota partidak jokatuko dituzte frontoian. Bazkalostean, trikiti doinuek girotuko dute Artikutza. Ondoren, 17:00etatik 19:00etara, herri kirolen erakustaldia egingo dute, eta hainbat kirolari gonbidatu dituzte. Aimar Irigoien harria jasotzen ariko da, batetik, eta Xanta Sousa, txinga proban, bestetik. Horrez gain, aizkoran arituko dira Aitzol Atutxa, Ugaitz Mugerza, Donato Larretxea eta Iker Vicente.

Euskal Herriko birika

Dantzaldia ere egingo dute, 19:30etik aurrera, festa eguna amaitzeko. Sagardoa, gazta, taloak... jan-edana han erosteko aukera izango da: bi taberna irekiko dituzte. Gainera, azoka ere antolatu dute: bisitariek tokiko produktuak eskuratzeko aukera izango dute.

Jende dezente hartzen du Artikutzak San Agustin egunean, eta inguruaren edertasuna da bisitariak erakartzen dituen arrazoietako bat. Nafarroako eta Gipuzkoako mendiek inguratuta, baso berdeen artean dago Artikutza. Ez da kasualitatea, adituen arabera Euskal Herriko eremurik euritsuena baita. Urtegi bat ere badu, nahiz eta husten ari diren. Artikutza bisitatzen dutenek natura arnastuko dute.

San Agustin eguna Artikutzan

Gaur, 11:00etatik aurrera, Artikutzan (Nafarroa).]]>
<![CDATA[«Gizartea aldatzeko tresna da festa»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1886/040/001/2018-08-18/gizartea_aldatzeko_tresna_da_festa.htm Sat, 18 Aug 2018 00:00:00 +0200 Naia Begiristain Etxezarreta https://www.berria.eus/paperekoa/1886/040/001/2018-08-18/gizartea_aldatzeko_tresna_da_festa.htm
Zer deritzozu Aste Nagusiko egitarauari buruz?

Egitarauari loturik, mila gauza aldatuko nituzke. Herritarrek, adibidez, euren jaiak antolatzeko bitartekoak izan beharko lituzkete. Egia da egitarau ofizialaren barruan zenbait elkartek parte hartzeko eta eragiteko lekua dutela: hala ere, bide estua dela iruditzen zait. Horretarako, aukera berdintasuna funtsezkoa da: egitarau ofizialetik kanpoko egitasmoak antolatzeko baliabide gehiago behar dira.

Eta Piraten egitarauari buruz?

Piraten Aste Nagusiko egitarauan ere hobekuntza asko egin daitezke. Kultura dinamikoa denez, urtetik urtera jaiak aldatu egin behar dira. Ez bada saiakerarik egiten berrikuntzarako, nortasuna galtzeko arriskua dago.

Abordatzea, adibidez, egitarau ofizialaren parte da. Hori ez al da kontraesana?

Egitarau ofizialaren parte bada ere, guztiz autonomoa da. Kontua da, abordatzearen arrakastak erakusten zuela bazegoela jai alternatibo batzuk sortzeko indarra. Horregatik, udalarekin negoziatzen hasi ginen. Abordatzea egitarau ofizialean sartzearen truke, gure festak aurrera eramateko baliabide batzuk eskatu genizkien.

Zergatik?

Egia da gure jarduna autogestionatua izatea nahi dugula, lotura ekonomikoek menpekotasunak sor ditzaketelako. Hala ere, mugimenduak zer-nolako gorputza duen ikusita, gure beharrei erantzuteko bitartekoak ere behar ditugu.

Nolako jai eredua bultzatu nahi duzue piratek?

Etengabe eztabaidan dagoen gaia da hori. Piratontzat jaia eraldaketarako tresna da. Mugimendua hasi zenean, 2003an, iruditzen zitzaigun Aste Nagusiak Donostiako hiri eredua finkatzen zuela. Jaiak ez dira astebeteko kontua, eta, horregatik, jaietatik kanpo erreproduzitzen ditugu jaietan ditugun jarrera berak. Horri loturik, gure Aste Nagusiaren bitartez, beste balio batzuk jarri nahi ditugu martxan: gizartea aldatzeko tresna da festa.

Irrikitaldiak jai eredu hori bultzatzen du?

Gure jai ereduaren aurkakoa irudikatzen du Irrikitaldiak: hor dago txantxa. Ekitaldia sortzeko, Donostiari atxikitzen zaion belle époque-ko «Ã±oñostiarrismoa» Salbearen prozesioarekin nahasten dugu: apaizak meza ematen du, eta garai bateko janzkerak izaten ditugu soinean. Agintariei iseka egiteaz gain, geure buruari ere barre egiten diogu.

Zein da Irrikitaldiaren jatorria?

2006an antolatu genuen lehenengo aldiz. Orduko alkate Odon Elorzak askotan nabarmentzen zuen Aste Nagusiak hasiera ekitaldi bat bazuen ere amaierarik ez zuela. Bilbon Marijaia erretzen dute, Iruñean Gaixoa ni abesten dute... Donostian, aldiz, ez genuen ezer berezirik egiten. Horregatik, piratoi otu zitzaigun Irrikitaldia antolatzea, iseka moduan.

Bihar izango da aurtengo Irrikitaldia. Zer espero duzu?

Urterokoa espero dut. Urterokoa diodanean, ez diot betikoa. Esan nahi dudana da ekitaldia oso autonomoa denez hainbat sorpresa izango ditugula: eguna iritsi arte ez dugu jakingo zer gertatuko den.

Nolakoa da Irrikitaldia antolatzeko prozesua?

Hasierako urteetan saiatu ginen ekitaldi egituratu bat antolatzen. Hala ere, kuadrillek zuzenean parte hartzeko aukera dutenez, gure plangintzak hankaz gora amaitzen zuen. Horregatik, eskema txiki bat besterik ez dugu ezartzen. Figura batzuk finkatzen ditugu: alkatearena eta apaizarena, esaterako. Eta horretaz gainera, ekitaldian landuko ditugun hiru gaiak aukeratzen ditugu. Aurten, errefuxiatuen, turismoaren eta metroaren gaiak izango ditugu ardatz. Hala ere, Irrikitaldiari nortasuna jendearen zuzeneko parte hartzeak ematen dio.

Nolakoa izango da Donostiako Piraten etorkizuna?

Kofradien antolaketa eredua indarra hartzen ari da, eta interesgarria iruditzen zait hori: bide luzea dugu aurrerapausoak emateko. Hala ere, zailtasun asko izango ditugu. Kaiari oso lotuta gaudenez, horko eraldaketa urbanistikoek eragin zuzena dute gugan.

Zer esango zenioke Aste Nagusira parranda egitera doan pertsona bati?

Donostiako Piraten kofradietako egitarauei begiratu bat botatzeko: aniztasun handia izaten dute programek, eta, seguruenik, gustuko zerbait bilatuko luke. Jaiaren oinarria hor dago; ez, ordea, su artifizialetan edo Flamenkako eta Saguesko kontzertuetan.]]>
<![CDATA[Donostiako kaia abordatu dute piratarik gazteenek ere]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1967/031/001/2018-08-17/donostiako_kaia_abordatu_dute_piratarik_gazteenek_ere.htm Fri, 17 Aug 2018 00:00:00 +0200 Naia Begiristain Etxezarreta https://www.berria.eus/paperekoa/1967/031/001/2018-08-17/donostiako_kaia_abordatu_dute_piratarik_gazteenek_ere.htm
«Kalejiran joango gara portuko aldapara», azaldu du Irune Canok, eta, besoetan duen alabari begira, zera gaineratu du: «Gogo handia dugu kalejira hasteko, trikitilariak eta pandero jotzaileak gure lagunak direlako». Canoren alaba, Eli Iriondo, Bihurrien kofradiako kidea da: atorra berdeaz gain, piraten orbana du masailean. Canok esan du «primeran» pasatu duela alabak festa egunean. «Makarroi goxoak jan ditut, eta, gero, helatua», baieztatu du Iriondok, amaren hitzak berretsiz.

Euria ez da oztopoa

Bihurrien kofradiak portuko aldapara lehenengo pausoak eman bezain laster petraldu da eguraldia. Euri tantek, ordea, ez dituzte kikildu piratarik gazteenak. «Eguraldia txarra da, baina, itsasoan berdin-berdin bustiko garenez, ez zaigu axola», esan dute Izaro Egaña, Maren Guerra, Maddi Iriondo eta Irati Gareta piratek. Goizean eta bazkalondoan jolasean aritu diren arren, orain trikitia eta panderoa jo behar dituzte.

Portuko aldapara iristean, laukoteak abordatze txikian hartuko du parte. Proban «hainbat oztopo» gainditu beharko dituzte: «Bi itsasontziren artean zintzilik dauden zapiak hartu behar ditugu, baina uretan, bidea zailtzen diguten Pirata Bihurri zaharrago batzuk egoten dira: zirikatu, eta, batzuetan, itsasora ere botatzen gaituzte». Pixkanaka, trikiti eta pandero musika urruntzen ari da Flamenkatik. Portuko aldapan, ordea, geroz eta pirata gehiago biltzen ari dira. Abordatze txikia hasteko minutu gutxi falta direla, antolatzaileak azken orduko prestakuntza lanetan murgilduta daude.

Abordatzerik bihurriena

Horietako hiru dira Malen Merino, Fermin Mendazona eta Madalen Irizar piratak. Haurtzaroa atzean utzi bazuten ere, antolakuntza lanetan aritzea «aukera ederra» dela nabarmendu dute: «Guk, haurrak ginenean, ez genuen lekurik jaietan, eta datozen belaunaldiei aukera hau ematea altxor bat da».

Abordatze txikia 17:00etan hastekoa zen arren, eguraldi kaxkarrak atzeratu egin du; 17:20an, Ezkila kapitaina portuko aldapan zeuden haurrei mintzatu zaie: «Izan piratak, gora bizipoza, eta joan abordatzera!». Ezinegona nagusitu da umeen artean, eta tensioa areagotu egin da txupinazoa jaurti dutenean. Gurasoen laguntzarekin sartu dira haurrak txalupetan: zapiak hartu eta lehorrera itzultzea ez da zeregin makala izango. Dudarik gabe, adina ez da Donostia abordatzeko oztopoa.]]>
<![CDATA[«Publikoarekin konektatzean, magia sortzen da»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/032/001/2018-08-17/publikoarekin_konektatzean_magia_sortzen_da.htm Fri, 17 Aug 2018 00:00:00 +0200 Naia Begiristain Etxezarreta https://www.berria.eus/paperekoa/1891/032/001/2018-08-17/publikoarekin_konektatzean_magia_sortzen_da.htm Zintzilik. Donostiako Aste Nagusian kontzertu bat emango du gaur, bakarlari moduan, Anje Duhalderekin, piraten Flamenka gunean, 23:30ean.

Zer lotura dute Donostiako Aste Nagusiak eta musikak?

Aste Nagusia hertsiki lotuta dago musikarekin. Festetan une oro entzun daiteke musika, eta, egitarauari begira, askotan musika emanaldiek izaten dute pisu handiena. Jende gehien biltzen duten ekitaldiak ere musikarekin lotuta egoten dira.

Zer ekarpen egin dizkizu musikak, eta zer ekarpen Aste Nagusiak?

Musikak hainbat ekarpen egin dizkit bizitzako fase ezberdinetan. Gehienetan, nire sentimenduak arintzeko tresna izan da. Orain, ordea, lanbide bat ezagutzeko aukera ematen ari zait. Oro har, musikak une eta esperientzia zoriontsu asko oparitu dizkit. Aste Nagusiaren fokutik begiratuta, piratetako Musikalan taldean aritu nintzen urte askoan, eta asko ikasi nuen.

Zein da zuretzat Aste Nagusiaren soinu banda?

Skakeitanen Mundu berri baten mapa abestia izan da nire Aste Nagusiaren soinu banda urte askoan.

Nola bizi duzu Aste Nagusia?

Aste Nagusiak hiru fase izan ditu niretzat: piraten aurrekoa, piratetan nengoenekoa, eta oraingoa. Gazteagoa nintzenean, Aste Nagusiko egun guztiak larunbatak ziren: gauaren, parrandaren eta alkoholaren dinamikan oinarritzen zen festa. Ondo pasatzen nuen arren, jaiak beste modu batean bizitzeko beharra sortu zitzaidan. Garai haietan hasi nintzen piratetako Musikalan taldean, eta parrandak beste zentzu bat hartu zuen. Aurten, lehenengo aldiz, ez dut konpromiso handiegirik Aste Nagusian; horregatik, festaz gozatuko dut.

Nolako musika eskaintza nahi duzu Aste Nagusirako?

Atzerriko talde gehiagok kontzertuak ematea gustatuko litzaidake. Agian piratek ezin dituzte horrelako taldeak sartu egitarauan. Donostiako Udalak, aldiz, baditu hori betetzeko adina baliabide. Atzerriko taldeen kontzertuek musika eskaintza eta festa giro pluralagoak sortzen dituzte.

Donostiako alkatea bazina, zer aldaketa egingo zenizkioke Aste Nagusiari?

Eraso sexistarik gabeko Aste Nagusia lortzea izango litzateke nire helburu nagusia. Iruditzen zait erakundeetatik ez dela nahikoa lan egiten. Jai eremu seguruagoak sortzean dago gakoa, eta kontuan izan behar dugu musikak ere eragin handia duela erasoetan: abestiek gure dinamikak baldintzatzen dituzte.

Astelehenean Skakeitanekin jo zenuen. Bakarka ari zarenean, publikoak ematen dizu babesa?

Hori sentitzen dut. Niretzat oso garrantzitsua da publikoarekin dudan harremana. Publikoarekin konektatzean, magia sortzen da.]]>
<![CDATA[Txano hori eta arrosak nagusi]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1933/030/001/2018-08-16/txano_hori_eta_arrosak_nagusi.htm Thu, 16 Aug 2018 00:00:00 +0200 Naia Begiristain Etxezarreta https://www.berria.eus/paperekoa/1933/030/001/2018-08-16/txano_hori_eta_arrosak_nagusi.htm influencer-en modari jarraitzen dioten gaztetxoak... Hamaika janzkera ikus daitezke Gipuzkoako hiriburuan. Atzo goizean, ordea, bakar bat nagusitu zen Zurriolako hondartzan: igerilekuko txano arrosak eta horiak gailendu ziren modako bainujantzien gainetik. Arrosez, gizonezkoak; horiz, emakumeak.

Eguzkiak zeruan gora egiten duen heinean ari da epeltzen Donostiako itsasertza, eta, goiza aurrera doan moduan, igerilekuko txanoak dituzten geroz eta pertsona gehiago ari dira gerturatzen Kursaal ingurura. Prest daude lehiakideak Pasealeku Berriko 50. igerialdirako. Zurriolako hondartzatik Kontxako hondartzaraino, borroka egingo dute itsas zabaleko olatuen aurka, ia 3.000 metroko distantzian.

Lehia hasi aurreko minutuetan, Zurriola inguruak gimnasio bat dirudi: beso eta hanketako giharrak luzatzen dabiltza igerilariak. Badira, ordea, zeharkaldia baino lehenago lasai egon nahi dutenak ere. Hondartza ondoko pasealekuko zuhaitzen gerizpean daude horietako hainbat: haien artean daude Josu Iurramendi donostiarra, eta Xabi eta Jon Luzuriaga ikaztegietarrak (Gipuzkoa). Lasaitasuna, beharbada, esperientziak eman die: Luzuriaga anaiek hirugarrenez hartuko dute parte igerialdian; Iurramendik, berriz, bosgarren aldia du. Hirurek nabarmendu dute zeharkaldia ez dela «lehia» eurentzat: «Igerian gozatu ostean, bazkaria egiten dugu. Horrela, egun guztirako plana egiteko aitzakia dugu».

Urduritasuna gorputzean

Hondartzan ez dago hirukoteak erakutsi duen baretasunaren zantzurik: brisak tentsioa dakar. «Itsasoak arriskuak baditu, eta horrek are gehiago urduritzen nau», adierazi du Xanti Gonzalez donostiarrak. Hala ere, nabarmendu du ur gaziak «xarma berezia» duela: «Ura garbi dago gaur, eta beharbada itsas hondoak ezkutatzen duena ikusteko aukera izango dugu. Polita izango da». Itsasertzera gerturatuz, ugaritu egiten da txano arrosen eta horien kopurua. Uretatik 50 bat metrora jarri dute irteera, eta, parte hartzaileak animatzeko, inguruan ehunka pertsona bildu dira. Lagunekin egindako apustuak, lehiarako gogoa, kirolzaletasuna... Guztira, 600 bat lehiakide izango ditu zeharkaldiak, eta igerilari bakoitzak bere arrazoia du parte hartzeko. Iñigo Contreras «itsasoaren bizitasunak» erakartzen du: «Olatuen mugimendua, nolabait, lasaigarria da niretzat». Hala ere, «helmuga zeharkatu ondorengo zoriontasuna» da gehien gustatzen zaion sentipena: «Iristean lagunekin marianito bat hartzea bezalakorik ez dago».

12:00ak jo orduko, ziztuan atera dira emakumeak. Bost minuturen buruan abiatu dira gizonezkoak Kontxako hondartzara. Txano horidunak, jada, itsasoak eta zeruak bat egiten duten lekuan daude. Hustu egin da hondartza: igerilariak ez ezik, ikusleak ere Kontxa ingurura abiatu dira. Izan ere, lehiakide azkarrenak helmuga zeharkatzear daude.

40 minutu ere ez

«Badator!», oihu egin du itsasertzean dagoen haur batek irabazlea ikustean. Olatuak erditik zatituz irten da uretatik Amaia Iriarte burlatarra (Nafarroa): proba hasi eta 37 minutura iritsi da Kontxako hondartzara. Bigarren postua Amaia Zendoia donostiarrak lortu du, 58 segundo geroago. Helmuga zeharkatzen hirugarrena ere donostiarra izan da: Ana Vegak 38 minutu eta 47 segundoan amaitu du zeharkaldia.

Itsasoan sarritan ibiltzen ez direnez, «igerilekua nahiago» dute Zendoiak eta Iriartek. Hala ere, adierazi dute «uda garaian erritmoa ez galtzeko» aproposak direla horrelako zeharkaldiak. Gizonezkoak emakumeen atzetik iritsi dira helmugara. Haien podiumean, ordea, ez da horrelako denbora alderik egon. 35 minutu eta 32 segundoan amaitu du proba Jon Mujikak. Bigarrenari, Nikolas Illarramendiri, alegia, soilik bost segundoren tartea atera dio. Hirugarrena, Gonzalo Vazquez, 36 minutu eta zazpi segundoren buruan iritsi da helmugara. «Gustura» aritu dira igerian Mujika eta Illarramendi: «Olatuek ipurditik bultza egiten ziguten, eta horrek proba erraztu du». Uretatik abiadura bizian atera diren igerilariek bete dute hondartza. Ikusleek eguzkiak baino berotasun handiagoa ematen diete.]]>
<![CDATA[Munduaren beste muturreko imana]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1922/032/001/2018-08-12/munduaren_beste_muturreko_imana.htm Sun, 12 Aug 2018 00:00:00 +0200 Naia Begiristain Etxezarreta https://www.berria.eus/paperekoa/1922/032/001/2018-08-12/munduaren_beste_muturreko_imana.htm «Australiako bizimodua ez da jendeak pentsatzen duen bezain erraza»Aitziber Leatxe Iruñea

Euskal Herritik 15.000 kilometro baino gehiago daude Australiara. Hegazkinez, hogei ordukoa baino luzeagoa da bidaia; barkuz joan nahi duenak, hilabete baino gehiago egin beharko du itsasoan; eta norbaiti bururatzen bazaio bidaia oinez egitea, urteak beharko lituzke Australiara iristeko. Hala ere, distantzia ez da arazoa: geroz eta gazte gehiago ausartzen dira Australiara joaten. Horietako bat da Aitziber Leatxe (Iruñea, 1994). Ia bi urte igaro dira maletak egin eta Gold Coast lehenengoz bisitatu zuenetik. Hango giroak liluratuta, orain hirugarrenez joango da Australiara. Dirudienez, grabitatea Euskal Herrian baino indartsuagoa da munduaren beste muturrean.

Irakasle ikasketak amaitu ostean hartu zuen Leatxek Australiara joateko erabakia. Ingelesa ikasteko beharra, lan egiteko aukerak... hamaika arrazoi zituen iruindarrak Australiarako bidea hartzeko, eta beste hainbeste izan ditu denboraldi batean han gelditzeko. Lehenengo sei hilabeteak ikasle bisarekin egin zituen. Ondoren, urtebetez turista bisa izan zuen. Itzultzean, lanerako eta oporretarako bisa izango du.

Kebab batean aritu zen lanean Leatxe, eta, baldintza onenak izan ez bazituen ere, gustura zegoen hango giroarekin. Iruindarrak esan duenez, Australian herrialde askotan gertatzen den fenomeno berbera gertatzen da: «Australiarrek egin nahi ez dituzten lanak egiten dituzte atzerritarrek. Nire lanpostuan ez zen arituko australiarrik». Gold Coastera itzultzean, lanerako eta oporretarako bisarekin lanpostu hobea lortzea espero du Leatxek.

Paisaia zoragarriak ikusteko, ingelesa ikasteko, inoiz ikusi ez dituen animaliak ezagutzeko eta hainbat herrialdetako pertsonekin topo egiteko aukera eman dio Australiak Leatxeri. Hala ere, etxetik milaka kilometrora egonda, ustekabean euskaldun askorekin topo egin du: «Kebabean lan egiten nenbilela, behin, lauburu bat zuen mutil bat etorri zen. Ingelesez hasi zitzaidan hizketan, eta nik euskaraz erantzun nion. Harrituta gelditu zen». Esperientzia horietaz gain, Australiak bizitzarako beharrezkoak diren hainbat tresna eman dizkio iruindarrari: «Errealitate berri bat ezagutzeak eta beste kulturetako jendearekin egoteak nire ikuspegia aldatu du: pertsona gisa berreraiki egin naiz, eta orain askeago sentitzen naiz». Gold Coasten, beraz, hainbat une gogoangarri izan ditu Leatxek. Hala ere, adierazi du dena ez dela parranda Australiako eguneroko bizimoduan. Iruindarraren ustez, «Australiako bizimodua ez da jendeak pentsatzen duen bezain erraza: gehienek, oro har, uste dute Australian Erasmus moduko batean biziko direla».

«Nire ikuspegia zabaltzeko aukera eman dit Australiako esperientziak»

Eider Murua Zarautz

Itsaso urdina, munduko hainbat txokotako turistak eta surferako zaletasuna dira Coolangattaren (Australia) bereizgarri nagusiak. Deskribapen horren arabera, badirudi Zarautz (Gipuzkoa) bezalako herri bat dela. Orain dela hamar hilabete Eider Murua (Zarautz, Gipuzkoa, 1995) hara abiatu zen, bizirik irauteko objektu gutxi batzuk maletan hartuta. Txikitatik sentitzen zuen Australiarekiko erakarpena Muruak, eta, Fisioterapia gradua amaitu baino lehenago, Erasmus programan parte hartu zuen. Erasmusen bizi izandako esperientziari esker ulertu zuen atzerrira joatea onuragarria dela; izan ere, «milaka leku eta pertsona ezagutzeko aukera ematen du». Horregatik, gradua amaitu ostean, Australiara joatea erabaki zuen. Lanerako eta oporretarako bisa eskuratu zuen urtebeterako, eta urrian itzuliko da Euskal Herrira. Beharbada, Zarautzen eta Coolangattaren arteko antzekotasunek etxean bezala sentiarazi dute Murua.

Gold Coast, Sydney, Canberra, Perth... Australiako hainbat toki bisitatu ditu zarauztarrak. Bidaiatzeko aukera, hein handi batean, bere lanak eman dio. Izan ere, lanpostu ezberdinetan aritu da Murua; gehienetan, zerbitzari modura. Aire zabaleko zinema batean hasi zen, hango tabernan, eta Commonwealth Gamesetan lanean aritzeko aukera ere izan du, [Olinpiar Joko moduko batzuk]. Orain, fisioterapeuta modura egin nahi du lan, baina traba asko ditu hori lortzeko. Handiena, dudarik gabe, graduko titulua baliozkotzea: milaka euro balio du. Ikasketak, janaria... Australia, oro har, «herrialde garestia» da, Muruak adierazi duenez: «Fruituek eta barazkiek, adibidez, Euskal Herrian baino bi aldiz gehiago balio dute».

Diru kontuak atzean utzita, Australian ez dago aspertzeko betarik. Izan ere, bertatik bertara daude itsasoa, desertua eta mendia. Eta agentziek antolatzen dituzten ekintzez gainera, Facebookeko eta Whatsappeko taldeen bitartez, hainbat jardueratan parte hartzeko aukera izaten dute bidaiari gazteek. Animaliak ere «harrigarriak» dira munduaren beste muturrean, Muruak esan duenez: «Etxera iritsi, komunean sartu, eta armiarma erraldoi bat ikus dezakezu».

Oroimenean iltzatuta ditu zarauztarrak Australian bizi izandako uneak. Hala ere, haren ustez, lortu duen onurarik handiena pertsona moduan izandako bilakaera da. «Hango jendearen eta ni bezalako bidaiarien esperientziak ezagutu ostean, barrutik aldatu naiz», adierazi du zarauztarrak, eta gaineratu: «Nire ikuspegia zabaltzeko aukera eman dit Australiako esperientziak».

«Nahiz eta euskaldunak asko ez izan, oro har, Australian asko bildu gara»

Mikel Maiz Azpeitia

Australiako lan merkatuak eta bidaiatzeko aukerek erakarri zuten Mikel Maiz (Azpeitia, Gipuzkoa, 1993). Ingelesa zertxobait hobetzeko asmoa ere bazuen Euskal Herritik alde egitea otu zitzaionean. Gerora, ordea, hango klimak harrapatu du Maiz: behin eta berriz atzeratu du etxera bueltatzeko bidaia. Avalonen bizi da orain, Sydneytik 37 kilometrora dagoen herri batean, eta azarora arte gelditzeko asmoa du. Maizek adierazi duenez, «bihotzean» sortu zitzaion bulkada baten ondorioz hartu zuen Australiara joateko erabakia: «Bi lanetan ari nintzen Azpeitian; nazkatu, eta egun batetik bestera erabaki nuen Australiara etortzea». Duela urtebete, ingelesa justu-justu ulertzen zuen Maizek, hitz egiten, ordea, ia ez zekien. Ia urtebete igaro da azpeitiarrak lehenengoz Australiako lurrak zapaldu zituenetik, eta ez da erabakiaz damutzen.

Ostatu batera joan zen Maiz Australiara iritsi bezain laster. Han lan aukerak eskaini zizkioten kontaktuak ezagutu zituen. Orduz geroztik, lanean ibili da: eraikuntza lanetan hasieran, eta lorezaintzan orain. Etxe aldaketetan laguntzen ere noizbehinka aritu da. Dena, ordea, ez da positiboa. Maizek adierazi duenez, Australiako egoera «ezegonkorra» da bera bezalako langileentzat: «Lan finkoa lortu ezean, egunez egun egin behar da lan. Horregatik, askotan zaila da bost egunez jarraian lan egitea: batzuetan, astean hiru egunetan aritzeko lana besterik ez dut lortu».

Turista bisak eman zion azpeitiarrari Australian denboraldi bat igarotzeko aukera; ez, ordea, han lan egitekoa: horregatik, Maizen lan baldintzak ez dira onenak izan. Urtebeterako eman zioten turista bisa azpeitiarrari. Hala ere, hiru hilabete Australian egin ondoren, herrialdetik irten behar izan zuen. Orain, berriz itzuli da Australiara, eta, jada, lau hilabete eta erdi eginak ditu han. Bisa luzatzeko eskatu du, eta denbora gehiago egongo da Australian.

Maizen Australiako egonaldia ezegonkortasunak markatu badu ere, hainbat bizipen eder izan ditu. Munduaren beste muturrean, adibidez, etxean bezala egotea lortu du: «Nahiz eta euskaldunak asko ez izan, oro har, Australian asko bildu gara». Sydneyn euskal etxea dago, eta, horretaz gainera, hainbat euskaldun ezagutzeko aukera izan du: «Zenbaitetan, 25 euskaldun batera bildu gara». Etorkizunari begira, bihotzean gordeko ditu azpeitiarrak Australian bizi izandakoak. Orain, ordea, motxila bizkarrean hartu, eta munduan barrena bidaiatzeko asmoa du. Diru pixka bat lortzean, Australia gehiago ezagutu eta Asian barrena ibiliko da, eta gero gerokoak: «Ikusiko da etxera noiz itzuliko naizen».]]>
<![CDATA[Kanoikadarik flamenkoena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1967/038/001/2018-08-12/kanoikadarik_flamenkoena.htm Sun, 12 Aug 2018 00:00:00 +0200 Naia Begiristain Etxezarreta https://www.berria.eus/paperekoa/1967/038/001/2018-08-12/kanoikadarik_flamenkoena.htm
Bat-batean, jende oldeak sortzen duen zalaparta sosegatzen hasi da. Erne daude udaletxearen inguruan bildu diren ehunka pertsonak, eta ezinezkoa bazirudien ere, isiltasunak hartu dio lekukoa zaratari. Artillero dale fuego / ezkontzen zaigula pastelero. Barealdia ez da luzerako izan, Sonakay taldeko kideak dira Alderdi Ederra girotzen ari direnak: une batez aukera izan dute bertan bildu direnek Andaluziara bidaia egiteko. Izan ere, taldeak zambomba jerezana doinuetara moldatu du abestia.

«Sonakayk flamenkora moldatzen ditu abesti euskaldunak», adierazi du Naiara Egimendia taldearen managerrak. Sonakayk ospea telebistako Got Talent saioan lortu du, eta orduz geroztik, gelditu gabe jardun dute lanean. Labetik ateratzeko prest dago Sonakay denontzat, taldearen lehenengo diskoa: irailean argitaratuko dute. Sonakayren moldaketen artean daude, esaterako, Benito Lertxundiren Loretxoa eta Mikel Laboaren Txoriak Txori. Horretaz gain, euren abesti propioak ere sortzen dituzte.

«Artillerok gure esentzia dauka orain: letra berdina den arren, flamenko ukitua eman diogu», esan du Sonakayko baxu jotzaileak. Jose Luis Jimenez Beltza hernaniarra da izatez, hala ere, haurra zenetik ikusi izan du Aste Nagusiko kanoikada eta «ohorea» da beretzat zuzenean parte hartzea: «Sonakayri orain arte pasa zaion gauzarik ederrena da».

Eta zeinekin? / Eta norekin? / Orpo mozkorraren alabakin. Abestiaren azken notak jo dituzte musikariek, eta txalo zaparrada erraldoiak berotu du Alderdi Ederreko giroa. Bat batean, «Danba!» entzun dute bertan bildu direnek. Haurren negar hotsak eta helduen harridura keinuak nagusitu dira jendartean kanoiaren eztandarekin batera.

Alabak hartuko du lekukoa

Ohikoa den moduan, Luis Mokoroa artillari nagusiak jaurti du kanoia. Datorren urtetik aurrera, aldiz, haren alaba Onintza Mokoroak izango du ardura. Kanoikadaren ostean, soldaduek tiroak bota dituzte eskopetekin, eta berriz ere, haurren negar hotsak nagusitu dira Alderdi Ederren.

«Duela urte batzuk Parte Zaharrean egongo ginateke, orain ordea, beste modu batera ospatzen dugu festa», adierazi dute Xabier Arbelaitz eta Itziar Alvarez donostiarrek. Udaletxearen inguruan dabilen jendetzaren artean daude, eta euren bi haurrak ere izutu dira kanoikadaren eztandarekin. Erraldoiak eta buruhandiak ikusi ostean, barraken eremura joango dira, haurrekin. Gauean, su artifizialak ikusiko dituzte izozki zaporetsu bat jaten duten bitartean: «Parranda gutxi egingo dugu».

Kanoikadarekin batera, hamaika sentimenduk egin dute eztanda donostiar askorengan. Pixkanaka apaldu da Alderdi Ederreko giroa, eta bertako jendetza ere sakabanatzen ari da. Orain, Parte Zaharrak hartuko ditu festa zaleak.]]>
<![CDATA[Oholetatik oholtzetara]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/029/003/2018-08-10/oholetatik_oholtzetara.htm Fri, 10 Aug 2018 00:00:00 +0200 Naia Begiristain Etxezarreta https://www.berria.eus/paperekoa/1890/029/003/2018-08-10/oholetatik_oholtzetara.htm
Argazki lehiaketa egingo dute goizean. Eguraldi ona eginez gero, Yako Surf Eskolan izango da; eguraldi txarrarekin, berriz, Alamedako karpan. Ordu berean, 11:00etan, Gure Kai taldekoek dantza emanaldi bat egingo dute, eta Amaia Amasek zumba saio bat zuzenduko du. Eguraldi ona eginez gero, azoka egingo dute Kardenas pasealekuan; txarrarekin, berriz, paseo estalian izango da. Surf inklusiboko saioa ere egingo dute, Axi Muniain eta Gaituzen eskutik, 12:30ean. Eguerdian, herri bazkaria egingo dute Ondargain tabernan.

Surfa euskal kulturan

Bazkalostean, Debako talde feministak eta Emakumea Surflari egitasmoak emakumeen surfa indartzeko saio bat antolatu dute. 17:00etan, arraun-surfeko herri lehiaketa egingo dute, eta horren ostean izango da argazki lehiaketaren sari banaketa. Debarockek kontzertuak antolatu ditu iluntzerako: Jokin eta Mikel bakarlarien kontzertuak zumardian izango dira, 20:30ean. Brigade Loco, Strinkers eta Con Control taldeak, berriz, 23:00etatik aurrera arituko dira.

Federarte programan antolatu dute jaialdia. Egitasmoaren helburua surf lehiaketei bestelako izaera bat ematea da. Horretarako, surfa kulturarekin uztartzeko ekitaldiak antolatzen dituzte: modu horretan, surfa euskal herritarren izaeraren parte dela erakutsi nahi dute.

Federarte Debarock Festibala

Bihar, 11:00etatik aurrera, Deban (Gipuzkoa).]]>
<![CDATA[Memoria «berpiztuz»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/028/003/2018-08-08/memoria_berpiztuz.htm Wed, 08 Aug 2018 00:00:00 +0200 Naia Begiristain Etxezarreta https://www.berria.eus/paperekoa/1890/028/003/2018-08-08/memoria_berpiztuz.htm Amerikanoen jaraunspena eta Mugi hitzen musikan erakusketak jarriko dituzte Hendaian (Lapurdi). Iraganeko euskaldunen istorioak etorkizuneko euskal kulturgintzarekin lortuko dituzte. Mendi Zolan kulturgunean izango dira erakusketak, gaurtik irailaren 1era arte.

Kepa Etxandik «Ameriketatik itzuli ziren euskaldunen memoria berpizteko» sortu zuen Amerikanoen jaraunspena argazki erakusketa, 2010ean. Argazkiak eta testuak dituzten hamar panelek osatzen dute haren lana. 1999an, argazkilari baionarrak arbaso baten aztarnak bilatu zituen Argentinan. Lau urteren buruan, lehenengo bidaia egin zuen Argentinara. Orduz geroztik, Ameriketatik itzuli ziren euskaldunen inguruko ikerketan aritu da lanean.

Euskal kantak digitalizatuta

Mugi hitzen musikan lanak euskal kantugintza du oinarrian: 120 euskal kanta entzuteko aukera ematen duen aplikazio bat erakutsiko dute. Bi ukipen pantaila jarriko dituzte, lau hizkuntzatan, 2008an sortutako aplikazioa erabiltzeko. Abestiak entzuteko, aldiz, entzungailuak egongo dira. Erakusketa osatzeko, euskal kantugile eta bertsolarien 11 argazki jarriko dituzte. Irudietan Maite Idirin eta Benito Lertxundi kantariak eta Mattin Treku eta Xalbador bertsolariak agertuko dira, besteak beste.

Erakusgela asteazkenetik larunbatera bitartean egongo da irekita, 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara. Euskal Kultur Erakundeak antolatu du erakusketa; doakoa izango da.

'Amerikanoen jaraunspena' eta 'Mugi hitzen musikan'

Gaurtik irailaren 1era arte, Hendaiako Mendi Zolan kulturgunean (Lapurdi).]]>
<![CDATA[Pauso bat berdinzaleago]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/028/003/2018-08-07/pauso_bat_berdinzaleago.htm Tue, 07 Aug 2018 00:00:00 +0200 Naia Begiristain Etxezarreta https://www.berria.eus/paperekoa/1890/028/003/2018-08-07/pauso_bat_berdinzaleago.htm
Lau urtez behin antolatzen duten antzezpenaren helburua da herriko pertsonaiarik ospetsuena omentzea. Nao Victoria itsasontziarekin munduari bira eman osteko Elkanoren lehorreratzea irudikatzen du antzezlanak. Elkano eta haren eskifaiako kideak elizara joango dira, herrira itzultzen laguntzeagatik eskerrak ematera. Ondoren, Karlos I.a enperadoreari bisita egingo diote. Enperadoreak, balentria goraipatzeko, armarri bat emango dio, eta Elkanori egindako ereserkia abestuko dute herritarrek.

Festa eguna izango da Getarian. Antzerkiaz gain, beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte gaurko: 12:00etan Kaiña-Biren trikifestak girotuko ditu Getariako kaleak. Lehorreratzearen ostean, 20:00etan, Kolpez Blaik perkusio ikuskizuna emango du, herriko kaleetan barrena. Txosnetan, afari berezia antolatu dute: bakarrizketa afaria, 21:00etan. 23:00etatik aurrera, berriz, Anita Parkerrek eta Skakeitanek kontzertua emango dute. Emanaldien ostean, txosnen iraultza ekitaldia egingo dute.

Elkanoren lehorreratzea

Gaur, 17:00etan,

Getarian (Gipuzkoa).]]>
<![CDATA[Euskal kulturan sartuz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/029/003/2018-08-04/euskal_kulturan_sartuz.htm Sat, 04 Aug 2018 00:00:00 +0200 Naia Begiristain Etxezarreta https://www.berria.eus/paperekoa/1890/029/003/2018-08-04/euskal_kulturan_sartuz.htm
Haurrak ere, festan

Eguerdirako bazkaria antolatu dute desfilean parte hartuko duten musika eta dantza taldeentzat, Irungo Atsegina elkartean. Desfilea, bestalde, 18:00etan abiatuko da Mendelu kaletik, eta Irungo kale eta plazetatik barrena ibili ostean, Urdanibia plazan amaituko dute ibilbidea.

Bazkalostean, berriz irekiko dute taberna, gauerdira arte. Musika emanaldia egingo dute 20:00etan Irungo eta Hondarribiko txistulariek, Irun Hiria musika bandarekin batera. Kontzertuaren ostean, Kemen dantza taldeak giroturiko erromeria egingo dute. Azkenik, 22:00etan, Bide Batez taldeak kontzertua emango du.

Adin guztietako jendeak parte hartuko du festan: haurrentzako gaztelu puzgarriak jarriko dituzte 10:00etatik 14:00etara, Urdanibia plazan. Atzo arratsaldean hasi eta gaur gauean amaituko da berrogeigarren Euskal Jira.

Irungo Euskal Jira

Gaur, 09:00etan hasita,

Irunen (Gipuzkoa).]]>
<![CDATA[Artearen oreka umeen eskuetan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1887/032/001/2018-08-04/artearen_oreka_umeen_eskuetan.htm Sat, 04 Aug 2018 00:00:00 +0200 Naia Begiristain Etxezarreta https://www.berria.eus/paperekoa/1887/032/001/2018-08-04/artearen_oreka_umeen_eskuetan.htm Materia tailerra zuzentzeaz.

11:00etarako minutu gutxi falta direla ireki dute gelako atea. 5 eta 11 urte bitarteko haurrak hasi dira sartzen, Oxford aretoko monotonia pixkanaka hautsiz. Irribarretsu daude batzuk; negarrez beste batzuk, gurasoen babesetik alde egin nahi ez dutenak.

Donostiako Musika Hamabostaldia haurrengana gerturatzea da lantegiaren jomuga. Musikagintza eta margolaritza uztartzen ditu aurten Hamabostaldiko kartelak. Juan Luis Goenaga margolariaren lana da, eta, horregatik, tailerrean bera omenduko dute.

Haurrak borobil bat osatuz eseri dira atearen ondoko paretari begira: askok ez dakite zer egingo duten hurrengo 80 minutuetan. Proiektorea piztu, eta argazkiak erakusten hasi zaie Carlos Arruti. Halako batean, Goenagak Hamabostaldirako prestatu duen margolana erakutsi die. Haur batek harriturik oihukatu du artelanak «mendia» ematen duela. Beste batzuen iritziz, ordea, «basoan sartzeko bidea» dirudi. Haurren eta margolariaren artean sei hamarkadako arrakala dagoen arren, haurrek lanaren muina ulertu dute: naturaren esentzia orri zurietan irudikatzea.

Irudiak ikusi ostean, Arrutik adierazi die haurrei denen artean hormairudi bat egingo dutela. Eta gaineratu du margolana egiteko arau bakarra dagoela: itxura konkretuak ez marraztea. Izan ere, Arrutik adierazi duenez, «emaitza baino, prozesua da garrantzitsuagoa: amaitutakoan hartuko du margolanak zentzua». Artelana egiteko azalpenak entzun ostean, ziztu bizian abiatu dira umeak aretoaren erdigunera.

Musikarekin margotzen

Musika klasikoko doinuen laguntzaz, ikatzezko margoekin egin dituzte muraleko lehenengo zirriborroak. Margo gorri, berde eta horiekin jolasean hasi dira ondoren. Horma irudiaren inguruan mugitzen ari dira batzuk, perspektiba berriak bilatzeko. Beste batzuk, berriz, hutsune zuriak estaltzean jarri dute arreta. Artelanari azken ukituak emateko, makilak, hostoak eta belarrak erabili dituzte. Goenagak egin ohi duen moduan, naturaren esentzia irudikatu nahi dute haurrek. Murala amaitutakoan, Varonak haurrei eskuetara begiratzeko esan die: «Eskuetan ere artelanak dituzue». Harridura keinuak nagusitu dira taldeko ume gehienen aurpegietan. Gurasoak Oxford gelara sartzen hasi bezain laster ohartu dira haurrak Materia tailerraren amaiera iritsi dela. Hala ere, 80 minutuan bizitako magia betiko gordetzeko, horma irudia zatitu, eta bakoitzak puska bat eraman du etxera.

Zuria eta beltza bezala, badirudi musika eta margolaritza ere kontrajarriak direla. Materia lantegian, ordea, haurrek ikusi dute kontrasteetatik abiatuta lortzen dela oreka.]]>
<![CDATA[Lurrean sustraitutako artea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1907/029/003/2018-08-01/lurrean_sustraitutako_artea.htm Wed, 01 Aug 2018 00:00:00 +0200 Naia Begiristain Etxezarreta https://www.berria.eus/paperekoa/1907/029/003/2018-08-01/lurrean_sustraitutako_artea.htm Gure argi-'hitz'-kiak erakusketa hasiko dute gaur Senpereko Amotz-Larraldean (Lapurdi). Hatsa elkarteak urtero egiten duen olerki bildumako artisten lanak ahalko dira ikusi. Erakusketa egunero izango da 16:00etatik 20:00etara, eta sarrera, berriz, doakoa.

Artelanak lurraren gainean jarri dituzte, olerki bildumaren egileek adierazi dutenez, «idatzi eta argazkiak lurraren gainean ezarrita, beren sustraiekin bat» egingo dutelako. Euskal kulturgintzan ezagunak dira olerki liburuaren hainbat egile: haien artean daude Jose Luis Otamendi, Itxaro Borda eta Lucien Etxezaharreta idazleak.

Artelanak ikusteaz gain, hainbat ekitaldi egingo dituzte bisitariek erakusketaren inguruan. Esaterako, abuztuaren 10eko eta 17ko txangoak. Lehenengoan, Sarako (Lapurdi) Sualmendira joango dira; bigarrenean, Senpereko Santa Barbara bisitatuko dute. Larraldetik abiatuko dira ibilaldiak, 09:15ean.

'Gure argi-'hitz'-kiak'

Gaurtik hilaren 17ra arte,

Senperen (Lapurdi).]]>
<![CDATA[Zeledon berdinzalea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/033/003/2018-07-29/zeledon_berdinzalea.htm Sun, 29 Jul 2018 00:00:00 +0200 Naia Begiristain Etxezarreta https://www.berria.eus/paperekoa/1890/033/003/2018-07-29/zeledon_berdinzalea.htm
Leire Garai eta Patri Espinar, Miren Larrarte eta Olatz Ruiz de Larramendiren aurka arituko dira. Garatek Arabako lau eta erdiko txapela du. Espinarrek, berriz, munduko txapela irabazi zuen Euskal Herriko selekzioarekin One Wall-en. Beste bikotea ere maila handikoa da: Larrartek bigarren postua lortu zuen lau eta erdiko San Fermin torneoan. Ruiz de Larramendi, bestalde, San Miguel pilota elkarteko kidea da.

Pilota ikuskizunaz gain, indarkeria matxistaren aurkako photocall bat jarriko dute Zalduondon.

Zalduondokoa, jatorriz

Zalduondoko Udalaren, Vital Fundazioaren eta Arabako Euskal Pilota Elkartearen artean antolatu dute egitasmoa. Euren helburuak dira emakumeen kirolari ikusgarritasuna ematea, eta emakumeak kirola egitera bultzatzea.

Suziria bota ostean, 20:00etan, Zeledonen omenez eginiko iturriak Arabar Errioxako ardoa botako du. Urtero bezala, bisitari asko bilduko da iturriko ardoa edatera.

Zalduondon jaio zen Zeledon, orain dela 200 urte baino gehiago, 1796ko irailaren 25ean. Igeltseroa zen lanbidez, eta, langile ospea bazuen ere, parrandazale amorratua omen zen. Zalduondon hazi zen, baina 21 urterekin Gasteizera joan zen bizitzera, Zapateria kalera. Gaur, estimu handian dute zalduondoarrek.

Zeledon Eguna

Gaur, Zalduondon (Araba).]]>
<![CDATA[Ofizialtasuna martxan jarriz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/033/001/2018-07-28/ofizialtasuna_martxan_jarriz.htm Sat, 28 Jul 2018 00:00:00 +0200 Naia Begiristain Etxezarreta https://www.berria.eus/paperekoa/1872/033/001/2018-07-28/ofizialtasuna_martxan_jarriz.htm
Iturriak esan du mendi martxa oinarrizkoa dela selekzioen ofizialtasunaren gaiari oihartzuna emateko: «Bisitatzen ditugun herrietan kontzientzia pizten saiatzen gara». Mendi martxa, bestalde, aukera paregabea da jende eta ikuspuntu berriak ezagutzeko. Iturriak dioenez, parte hartzaileen artean «giro ederra» sortzen da: «Bisitatzen ditugun herrietako jendearekin ere harreman estuak egiten ditugu: hori da benetako aberastasuna».

Bere bidean aurrera

Hemezortzi urte pasatu dira lehenengo mendi martxa antolatu zutenetik, eta, Iturriaren ustez, egitasmoaren oinarriak ez dira aldatu: «Euskal herritarrok eskubidea dugu gure selekzio propioak izateko, eta horiek ofizialtasunean lehian ikusteko». Urte horien guztien ondoren, helburu nagusiak hor dirau, eta hainbat ekintza burutu dituzte euren helmugara iristeko. Orain lau urte, esaterako, mendi martxa Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarren aurretik igaro zen, klase politikoari erakusteko ofizialtasunaren gaiari heltzeko ordua zela. Izan ere, Iturriaren iritziz, «selekzioen ofizialtasuna lortzea, lege kontua baino gehiago, borondate kontua da».

ESAIT ere duela hogei urte inguru sortu zuten, selekzioen aldeko mendi martxa baino urte batzuk lehenago. ESAITek sustraitu zuen mendi martxaren ekimena, eta, nolabait, norabidea ere eman zion. Iturriaren iritziz, mendi martxak ESAITen hutsunea sumatzen du: «Lehen, ESAITen barruan, mendi martxak babes handia zuen: orain ekimena isolatuagoa da». ESAIT desagertu arren, mendi martxak bere bidean aurrera egin du, eta Iturriak adierazi duenez, etorkizunerako ere lana izango dute: «Norabide egokian goazela iruditzen zaigu: gure ekimena xumea bada ere, bere ekarpena egiten du».

Gertatutakoak ezagutzeko

Mendi martxako ibilbideak ere bere garrantzia du, nahiz eta gai zentrala selekzioen ofizialtasuna izan. Ekinbidearen koordinatzaileek, hori kontuan izanik, hainbat ekintza antolatzen dituzte urtero. Horregatik, parte hartzaileek aukera izango dute bisitatzen dituzten herrietan jazotako gertakariak ezagutzeko eta bestelako gaiez jarduteko: Montejurran, esaterako, Karlismoaren inguruko hitzaldi bat jasoko dute. Larragan, bestalde, memoriaren parkea bisitatuko dute. Artaxoan, historialari batek hango gotorlekuaren inguruan hitz egingo die. San Martin Unxetik Kasedara, hizkuntzalari bat euskararen inguruan arituko zaie. Irunberriko arroilan, azkenik, ETAren eta Guardia Zibilaren arteko tiroketa baten berri izango dute.

Euskal selekzioa martxan lelopean kilometro asko egingo dituzte datozen zortzi egunetan. Izan ere, Iturriak argi dauka helburuak ez direla geldirik lortzen, eta hemezortzi mendi martxetan emandako pausoak baliagarriak izan direla: «Urte guztietan egindako lanak hor dirau, eta noizbait erantzuna jasoko dugu».]]>
<![CDATA[Kostaldearen esentzia barnealdean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1900/034/001/2018-07-06/kostaldearen_esentzia_barnealdean.htm Fri, 06 Jul 2018 00:00:00 +0200 Naia Begiristain Etxezarreta https://www.berria.eus/paperekoa/1900/034/001/2018-07-06/kostaldearen_esentzia_barnealdean.htm
Arabako lautadaren bihotza

Zuhaitzek eta landareek inguratzen dute Arabako lautadako altxorra: Uribarri Ganboa urtegia. Gasteiz eta Arrasate artean dago, eta landare eta animalia espezie askoren bizilekua da, klimagatik. Gizakientzat ere oso erakargarria da. Eguraldi ona egiten duenean, bete egiten dira urtegiko hondartzak, Landa eta Garaiokoak. Bainurako eremu prestatuak daude: sorospen zerbitzua dago 12:00etatik 20:00 arte. Bisitariek denetarik aurki dezakete: komunak, aparkalekuak, tabernak... Kirola gustuko dutenek ere hamaika aukera dituzte: uretako ekintzak antolatzen dituen enpresa bat dago, baita lakuari bira egiten dion bide berdea ere: oinez edo bizikletaz egin daiteke.

Urtegiak uharte nagusi bat du, Zuhatza. Euskal Herriko hainbat txokotako haurrak biltzen dira bertan udalekuetan. Beste hainbat uharte ere baditu Uribarri Ganboak; landare eta animalia espezie ugari bizi dira horietan. Lakua ezaguna da hegazti aniztasunagatik: murgil handia (itsas belea) da Uribarri Ganboako irudia. Hegaztiak ikusteko begiralekua urtegian bertan dago, Mendixurrako parke ornitologikoan.

Gasteiztarrak, bizkaitarrak eta gipuzkoarrak joaten dira gehien lakura. Hala ere, Uribarri Ganboak izaten ditu beste hainbat tokitako bisitariak ere. Uda garaian bete egiten dira laku ondoko hondartzak: 2.000 pertsonatik gora bildu daitezke egun sargori batean.

LEURTZAKO URTEGIAK

Ostartea Nafarroako basoan

Mendi artean dagoen baso batek ezkutatzen ditu Leurtzako urtegiak. Nafarroa iparraldeko bi herriren lurretan daude lakuak: Urrotz eta Beintza-Labaien.

Leurtza baso inguruak biltzen du; bisitatzen dutenek lakuen ondoko berdeguneetan etzateko aukera izango dute. Egun-pasa egiteko leku aparta da: uretan bainatzeaz gain, aukera dago hamaika ekintza egiteko. Kirolzaleek txangoak egin ditzakete urtegien inguruko ibilbideetan. Otorduak prestatzeko, bestalde, parrilak, mahaiak eta eserlekuak daude. Uda garaian, bisitari asko biltzen dira urtegien inguruan: Leurtzak xarma berezia du.

Urtegietara autoz irits daiteke, eta bertan aparkatu. Ordaindu egin behar da aparkalekua erabiltzeko, 10:00etatik 19:00etara. Neguan pista itxi egiten dute. Oinez ere irits daiteke bertara: Urrotz eta Leurtza elkartzen dituen bide bat dago.

ESPEJOKO IBAI IGERILEKUAK

Omecillo ibaiko paradisua

Bero handia egiten duenean, ohikoa da itsasora joatea. Arabako lurretan kostarik ez dagoen arren, hainbat barnealdeko hondartza daude. Espejon, ibaia igerileku bihurtzen dute urtero. Bertan biltzen direnek ibaian presa bat jarri eta uda garaian freskatzeko aukera izaten dute.

Berdeguneak daude Espejoko ibai igerilekuen inguruan. Bazkaldu nahi dutenek mahaiak eta aulkiak dituzte. Taberna bat ere badago ibaitik gertu: han biltzen dira Espejoko bizilagunak. Herritarrak ez ezik, kanpokoak diren bisitari asko joaten dira Omecillo ibaiko uretan freskatzera; batez ere, Miranda Ebrokoak.

Ibai igerilekua txikia da: ez ditu 30 metro baino gehiago. Ingurua, bestalde, oso ederra da. Ezaugarri horrek erakartzen ditu kanpoko bisitariak. Autoz irits daiteke Espejotik ibai igerilekuetara. Aparkalekua ere badago, ibaitik gertu dagoen aterpetxearen ondoan.

BETELUKO IBAI IGERILEKUAK

Mendiko ura beroaren aurka

Aralarko malloen babesean dago Beteluko (Nafarroa) ibai igerilekua. Menditik zuzenean dator Araxes ibaiko ur hotza.

Zuhaitz eta landareek inguratzen dute putzua. Bi berdegune nagusi ditu, bat ibaiaren alde bakoitzean. Bertan biltzen dira herritarrak eta bisitariak bainua hartu ostean. Berdeguneak lotzeko, udalak egurrezko igarobidea jartzen du udan; baita haurrek jolasteko bi txirrista eta komun mugikor bat ere.

Beroa egiten duenean, berdeguneak jendez betetzen dira. Bertan biltzen diren gehienak Betelukoak eta inguruko herrietakoak dira, baina kanpoko bisitariek ere gustuko dituzte Beteluko ibai igerilekuak; gehienbat Gipuzkoa aldekoek.

Azpiegitura sinplea du Beteluko ibai igerilekuak: udalak presa bat eraikitzen du urtero San Joan inguruan. Udazkena iritsi eta eguraldia goibeltzen denean, presa kentzen dute.

Putzua txikia da: 50-60 metro inguru ditu, eta gunerik sakonenetan ez du neurtzen 1,60 metro baino gehiago. Tamainaz handia ez den arren, ingurune eder batek biltzen du ibai igerilekua.

Ibaiko putzua gertu dago Betelutik: 200 metro besterik ez dira egin behar oinez bertara iristeko. Herrian autoa aparkatzeko guneak daude.

SENPEREKO LAKUA

Itsasorik ez duen hondartza

Lapurdin, bertatik bertara dituzte itsasoa eta lakuak. Senperen dago Euskal Herriko lakurik ospetsuenetako bat: urtero izaten da bertan Herri Urrats.

Senpereko lakua, hondartza batek inguratzen du ia osorik. Bertan igarotzen dute eguna familiek. Uretan hainbat ekintza egin daitezke: piraguismoa, arraun surfa eta pedalontzian ibili, besteak beste. Koltxonetak jartzen dituzte haurrentzat.

Uretatik kanpo ere hamaika aukera dituzte bertan biltzen direnek, tirolina eta paint ball-a esaterako. Gainera, pottoka batzuk daude, haurrak gainean ibiltzeko. Lakuari oinez, korrika edo bizikletan bira emateko aukera ere badago. Hiru sorosle izaten dira Senperen ekainaren 30etik irailaren 2 arte. Uretako ekintzak 11:00etan hasi eta 19:00etan amaitzen dira. Sorosleek ere tarte horretan ematen dute zerbitzua.

Bestalde, piknika egiteko eremu bat dago, mahai eta aulkiekin. Horrez gain, hiruzpalau jatetxe daude Senpereko lakuaren inguruan. Eremua uda garairako prestatzen dute gehienbat. Eguzkiak indar handiena duen egunetan familia asko biltzen dira Senpereko lakuaren inguruan.

Lakua herrigunetik bi kilometrora besterik ez dago. Autoz irits daiteke bertara, eta urtegiko aparkalekua erabili. Orduko euro bat ordaindu behar da.]]>
<![CDATA[Historiaurrerako bidaia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1941/041/001/2018-06-23/historiaurrerako_bidaia.htm Sat, 23 Jun 2018 00:00:00 +0200 Naia Begiristain Etxezarreta https://www.berria.eus/paperekoa/1941/041/001/2018-06-23/historiaurrerako_bidaia.htm Bizi Historiaurrearen xarma lelopean. Bederatzigarren urtez ospatuko dute herrian Ekainfest eguna. Jaialdiari esker, Ekain kobazuloa eta historiaurreko bizimoduaren berri jakiteko aukera izango dute hara biltzen direnek: ekintza ugari antolatu dituzte sustatzaileek. Ekainfesten helburuak herritarren parte hartzea sustatzea eta Zestoako ondare kulturala ezagutzera ematea dira. Urtez urte arrakasta handia lortu du jaiak.

Egun guztian hainbat ekintza antolatu dituzte Zestoan: denek dute historiaurrearekin lotura. 11:00etan hasiko da festa.

Gaztetxoentzat ekintza ugari daude: txikienek aukera izango dute historiaurrearen inguruko hamaika abentura bizitzeko. Ekainberriko historiaurreko kanpamentuan parte hartu dezakete. Sua egiteko, jakiak prestatzeko eta haitzuloetako artea sortzen ikasteko aukera izango dute, besteak beste. Sastarrain Baserri Eskolako zalditegiko pottokekin antolatu dituzten tailerretan ere parte har dezakete. Horrez gain, arratsaldeko 16:00etan hasiko dira Ekainberriko V. Historiaurreko Olinpiadak. Aurten birgaitze historikoan oinarrituko dira. Gainera, goizetik gauera, txu-txu tren turistiko bat ibiliko da herrian. Zestoako plazatik irten eta Ekain kobazulorainoko bidaiak egingo ditu: dohainik izango da.

Kobazuloa festaren ardatza

Doan sar daiteke 11:00etatik 19:00etara Ekainberri erreplikara eta Lili Jauregira. XV. mendeko eraikina da, eta barruan hartzen ditu bi burdinola, bi errota, urtegi bat eta Lilibea etxea bera.

Txapela buruan eta dantza munduan ikuskizuna eskainiko du Eidabe kultur taldeak 18:30ean. Ordubete geroago, 19:30ean, Zestoako trikitilariak arduratuko dira herria girotzeaz. Eguna amaitzeko, San Joan sua piztuko dute, 22:15ean.

Gastronomiazaleek Ekainfest Pintxo Tourra egiteko aukera izango dute herriko tabernetan. Iluntzeko 20:30ean izango da herri afaria.

Debako Ekain leizea da Euskal Herriko labar-artearen errepresentatzailea. Goi Paleolitoko marrazkiak daude han: duela 13.000-14.000 urte ingurukoak. Zaldien, ahuntzen eta hartzen irudiak ikus daitezke, besteak beste. Ekain kobazuloa Europako labar artearen irudietako bat da: Gizateriaren Ondare izendatu zuen Unescok 2008an.

Marrazkiak ez hondatzeko itxita dago jatorrizko koba bisitarientzat. Ondare artistikoa gizarte guztiaren eskura jartzeko duela hamar urte ireki zuten Zestoan Ekainen erreplika: Ekainberri. Marrazkiak ikusteaz gain, Goi Paleolito garaiko bizimodua nolakoa zen ere ezagut daiteke. Ekainfest Ekain kobazuloa ezagutarazteko egitasmoa da.

Ekainfest: historiaurreko jaia

Gaur, 11:00etan hasita, Zestoan (Gipuzkoa).]]>