<![CDATA[Nerea Ibarzabal Salegi | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sat, 07 Dec 2019 20:02:34 +0100 hourly 1 <![CDATA[Nerea Ibarzabal Salegi | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Museoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1960/016/001/2018-08-31/museoa.htm Fri, 31 Aug 2018 00:00:00 +0200 Nerea Ibarzabal Salegi https://www.berria.eus/paperekoa/1960/016/001/2018-08-31/museoa.htm kit-a; gerriko bat; Londresen geratzeko arrazoien zerrenda bat; gutunak. Egunerokotasun baten parte izandako keinu txikiak, pieza artistiko bilakatuak bitrinetan.

Eta museoa den heinean, objektu bakoitzak bere balioaren azalpena dauka albo batean idatzita. Londresen geratzeko arrazoien zerrenda, esaterako, neska australiar bati zuzendua da —bai, museo honi buruzko informazio guztia arakatu dut egun bakarrean—. Hamar arrazoi ematen dizkio bere maitale londrestarrak berarekin gera dadin, ez dadin Australiara itzuli abenduan. Barkatuko didazu debaldeko azukre dosi hau, baina... jo, ze jatorra: 1. arrazoia: Alton Dorreak. Nahiko ondo daude; 4. arrazoia: dena den, entzun dut Australia haizeak suntsituko duela bi hilabete barru; 6. arrazoia: azkenaldian ohi baino txanpon gehiago aurkitzen nabil Londreseko kaleetan. 7. arrazoia: biluzik kozinatuko dut zuretzat. 8. arrazoia: nahiago baduzu, beti arropak jantzita ere egon naiteke. 10. arrazoia: badakit ez naizela zuretzat aski ona, baina seguru ezagutzen dudala norbait badena.

Eta esango duzu, nora iritsi nahi duzu honekin? Ba ez nago ziur, agian amaierei buruz berba egin dezakegu, amaierei gorazarre egiteko dugun beharraz. Epika, betierekotasuna, soinu banda tremendista bilatzen dugu, baita ahaztuta utzitako hortzetako zepiloentzat ere. Oharkabean pasatzen den bizitzari mototsetik heldu eta ile batzuk behintzat gure atzamarren artean gera daitezela, «hemendik pasatu da, eta garrantzitsua izan da, begira zenbat ile». Horregatik izango da hain gustagarria museo honen ideia, berez armairu gaineko kutxa batean amaitzera kondenatuta zeuden gure kakatxoak elkarri erakutsi eta poetiko bilakatzeko modua delako.

Ez naiz kritikatzen ari, e. Ni museo hori naiz, gizaki forman. Beharbada zu ere bai, eta agian gure herria ere bai apur bat. Nostalgiaren botere literarioaz jabetutakoak, hautsitako zatien kolekzionistak, ereserki epikoen datu-base ibiltariak, logela Braveheart-en aurpegiko urdin tonuz pintatzen dutenak, asko gara. Lehen Googlen sartu behar izan naiz egiaztatzeko Imanol Agirretxe ez dela hil, ze Twitterren batzuek «egin hegan libre» idatzi dute bere jardun profesionala agurtzeko. Amaiera epikoak nahi ditugu, edo amaiera epikoen gabezia ordezkatuko duten detaile txikien sakralizazioa bestela.

Ba horixe, datorren udan Kroaziara joan gaitezkeela nahi baduzu museo hori ikustera. Edo zure bikotekidearekin joan zaitezke bestela, baina agian arraroa izango da, biok egongo zaretelako barrutik aukeratzen zuen harremana amaitutakoan erakutsiko zenuketen objektua, eta agian gehiago erakarriko zaituzte amaiera poetikoaren amildegi ertzak egunerokotasun barearen sokak baino. Baina hori datorren udan, aurtengoa amaitu da.]]>
<![CDATA[Dezente]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1960/014/001/2018-08-29/dezente.htm Wed, 29 Aug 2018 00:00:00 +0200 Nerea Ibarzabal Salegi https://www.berria.eus/paperekoa/1960/014/001/2018-08-29/dezente.htm decente berbak beste esanahi bat hartzen du, euskaraz irakurrita familia handi bat dela uler zitekeen arren.

Ikaragarrizko jakin-mina piztu dit kontzeptuak, ni ez nintzatekeelako ausartuko nire familia horrela aurkeztera, badaezpada ere. Zer da dezentea izatea? Familia «jatorra», «alaia», «garbia», «langilea» edo «kaudimenduna» garela jartzea ez da hain arriskatua, gauza jakin batean onak garela adierazten dute eta hori da aurpegiratu diezaguketen bakarra txarto eginez gero —«ba ez zarete hain garbiak!» edo «ez duzue inor agurtzen portalean!»—. Baina noraino hedatzen da dezentziaren espektroa? Zer esperoko litzateke gugandik, zenbat gauza? Zenbateraino zorpetzen gara dezenteak garela esanda?

Ezin izan dut saihestu iragarki hori jarri zezaketen familia eredu posibleak irudikatzea, eta bide batez ohartu naiz zenbat uda pasatu ditudan zazpi herrialdeetako familien kartekin jolasean, eta pentsatzen dut horrek ere izango zuela eraginen bat aita-ama-semea-alaba estruktura mentalaren eraketan.

Demagun Madrildik Euskal Herrira iritsi berri den familia bat dela, kontserbadorea. Hiru seme-alaba dituzte, ez dutenak ohe gainean saltorik egin beraien bizitza osoan. Emazteak takoiak eranzten ditu etxera sartu orduko, senarrak «Buenas» esanez agurtzen ditu bizilagun guztiak. Ez daukate maskotarik eta 22:30erako denak lo egoten dira. Dezentziarena aipatu dute iragarkian, beraiek ere horixe eskatuko luketelako pisu-jabeak balira.

Edo agian errumaniar jatorriko sendi bat da, orain arte Valentzian bizi izan dena. Hona etortzea erabaki dute lan kontuak hobeto daudelako. Bikote gazte bat da seme jaioberri batekin eta bigarrenaren esperoan. Beste esperientzia batzuetatik ikasi dute pisu-jabeek jende dezentea baino ez dutela alokatu nahi, eta badakite izendapen hori lortzea ez dela hain erraza kanpokoak izanda. Horregatik idatzi dute hasieratik iragarkian, inork ez dezan zalantzan jarri.

Edo izan daiteke kartetatik kanpo geratu den familia eredu bat ere: bi ama eta bi ume, alargun bat eta bere alaba, aitona-amonak eta biloba bat, bost umedun familia handi bat, dibortziatu berri den ama bat eta bere seme nerabea, bi aita eta ume txiki bat. Autobusa etorri da eta hortxe eten behar izan dut gogoeta; eserlekuan eseri naiz telefono zenbakia gorde ez izanaren penaz. Urte batzuk barru deituko nieke bestela, ea zorterik izan duten galdetzen, ea pozik bizi diren herri horretan, ea «dezentzia» esanda gauza bera ulertu zuten beraiek eta pisu-jabeak.]]>
<![CDATA[Zenbat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2048/016/002/2018-08-26/zenbat.htm Sun, 26 Aug 2018 00:00:00 +0200 Nerea Ibarzabal Salegi https://www.berria.eus/paperekoa/2048/016/002/2018-08-26/zenbat.htm zenbat aldiz jo duzu larrua gogorik izan barik? Plast, ederra galdera, ezta? «Zenbat aldiz» galdetzen zuen, dagoeneko argi zeukalako aldi bat baino gehiago izango zirela, eta beharbada horrek utzi ninduen shock-ean, ez ezkutatu nahiko nukeen sekretu bat deskubritu zuelako, baizik eta une hartantxe ohartu nintzelako neu ere ez nintzela gai aldi denak zenbatzeko.

Inoiz jo al duzu larrua gogorik izan barik? galdetu izan balit, edo balizu, seguru itzulinguruka galderari ihes egiten saiatuko zinatekeela, hasiera batean ezetz pentsatu nahi izango duzulako, zuk beti egin izan duzula larrutan konbikzio osoz, baina gero tantaka oroituko zara egun hartaz, gau hartaz, festa haietaz, tipo hartaz. Eta ez zenuke jakingo kontatzeak merezi duen ala ez. Beraz, beharbada hobe zuzenean galdetzea «zenbat aldiz», eta horrela problematika orokor bat dagoela aitortuz hasten gara berbetan —eta zenbaki batekin erantzun dezakezu—.

Ari zara erantzun bila? Batzuen zerrendak besteenak baino luzeagoak izan daitezke. Oroitzen harekin zeneukan tonteo hura? Mezu eta begirada trukaketak bi hilabetez, eta parrandan egin zenuten topo. Zuk egun hartan beste bat zenuen begiz jota, edo ez zinen sexu gogoz atera, besterik barik, baina bera etorri zen eta... tokatu egiten zen. Bestela zelan hasi azaltzen gaur ez duzula nahi, baina etorkizunean agian baietz, gustuko duzula berez... ba, egin eta kito. Edo beste harekin, sofa hartan, zure lehen aldia. Zuk nahiago zenuen beste baterako utzi, gurasoak edozein momentutan sartuko zirelako etxera, baina zelan esan hori dagoeneko larrutan egitea zer den badakien bati, zurrun bat zarela pentsatuko luke. Min handia ematen zizun, baina lasai egoteko zioen berak, normala dela.

Dagoeneko kotxean sartu zinelako, dagoeneko portalean zeundetelako, dagoeneko lagunak etxera joanda zeudelako, dagoeneko muxuak eta zirriak egon zirelako, dagoeneko esan zeniolako logura handia zenuela, baina berak aurrera egin zuelako, dagoeneko biluzik zeundelako ohean, larrutan. Eta zelan esango diozu ba orain ezetz, orain ezin diozu esan ezetz, gutxiago herrikoa bada, gutxiago laguna bada, are gutxiago bikotekidea bada. «Amaitu dezala berak bizkor, eta bakea». Tesi bat egin daiteke esaldi honek esaten duen guztiarekin.

Galdera konprometitua egin zidan emakumea Malena Pichot izan zen, argentinar umoregilea. «20 urte inguruko emakume heteroa bazara galdetzen dizut batez ere», esan zidan —berak 30ak beteta arazo gutxiago omen dauzka kontu honekin, poztuko naiz hala bada—. Bere bakarrizketa bat ikusten ari nintzela bota zuen galdera, berez Argentinako txokoren bateko aretoko ikusleei zuzendua, baina nik neuretzat hartu nuen, niri berbetan ari zen. Publikoko jendeak barre egiten zuen, eta nik ere bai sofatik pantailara begira, baina jakin nahi nuke bakoitzak zer bizipeni kendu zion hautsa gau hartan. Umoregile feminista hauek! Suntsitu egingo dute etxera inongo hausnarketarik egin beharrik gabe itzultzen uzten zizun umore oinarrizkoa!]]>
<![CDATA[Ordainlekua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1960/014/001/2018-08-24/ordainlekua.htm Fri, 24 Aug 2018 00:00:00 +0200 Nerea Ibarzabal Salegi https://www.berria.eus/paperekoa/1960/014/001/2018-08-24/ordainlekua.htm
Autopistako ordainlekuetako langileak miresten nituen nik. «Oso bereziak izan behar dute», pentsatzen nuen, «errepidearen erdian jarritako kabina futuristetan lanpostu bat lortzeko, eta beraien eskutan egoteko nork segi dezakeen bidaia eta nork ez». Beraien eragiketetarako bizkortasunak ere harritzen ninduen, bi segundoan kalkulatzen zuten itzuli beharreko txanpon kopurua. «Euskal Herri osoko jendea ikusiko dute, gainera; Goenkaleko aktoreak ere bai! Eta zelan iristen ote dira egunero beraien postura, oinez errepide ertzetik? Hor ez daukate aparkatzeko lekurik!».

Hainbeste sinpatia transmititzen zidaten, amari erregutzen niola uzteko niri txartela eta dirua ematen atzeko eserlekutik. Denboraldi batean nire Sugusak oparitzen nizkien txanponekin batera, agian ez zituzten jan ere egingo, ziur aski dudatan, umeek ez dutelako ezezagunen gozokirik onartu behar, baina ezezagunek umeenik? Ez dago arau sozialetan jasota. Behin, Zarautzera bidean, txartel zuriarekin jolasean ari nintzela, ihes egin zidan leihotik. Eternoa egin zitzaidan ordainlekura arteko ibilbidea, zelan azaldu orain langileari txartela galdu dudala? Orain ibilbide luzeena egitera behartuko gaitu eta Bilbotik hasi beharko dugu, eta agur gure egun-pasa Getarian! Gerora ulertu nuen ibilbide luzeena ordaintzea dela zigorra, ez egitea. Langilea oso jatorra izan zen eta barre egin zuen, ez zigun errietarik egin.

Gau batean, hau ere gogoan dut, Itziarko ordainlekuko emakumeari izugarrizko sustoa eman nion, bera gidariaren leihatila noiz zabalduko zain zegoen bitartean, nik txartela atzeko leihatilatik atera niolako kolpera. Labana bat edo pistola bat zela pentsatuko zuen agian, eta oihu egin zuen. Gero denok hasi ginen barrezka, baina hor konturatu nintzen langile hark beldurra sentitzen zuela gauetan, eta zalantza geratu zitzaidan, ea noizbait benetako susto bat eman ziotelako egin zuen oihu gurekin ere.

Jada ez dut Sugusik autoan, eta gidabaimena dut mediku tituluaren faltan. Berezia —eta garestia— da oraindik ordainlekuko langileen hesipetik pasatzea. Pertsona bati zure kotxeko mikromundura sartzen uztea zazpi segundoz, musikaren bolumena jaistea —zure intimitate osoa ere deskubritu ez dezan—, eta neurriz kanpoko poza sentitzea euskalduna eta jatorra izan bada.

Langileentzako omenaldi txiki bat da hau, hemendik aurrera gure arteko anekdotak nabarmen gutxituko baitira. Ezin dut hain prezio altuko joan-etorriak ordaintzen segi, eta bidesariak merkatzeko beste inolako saiakerarik iristen ez denez, ViaT-a eskatu dut —piii—, ahal den neurrian nire gastua txikitzeko. Txarto sentitzen naiz. Geroz eta mundu hotzago bat osatzera behartzen gaituzte.]]>
<![CDATA[Banderak eta lantzak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1960/015/001/2018-08-22/banderak_eta_lantzak.htm Wed, 22 Aug 2018 00:00:00 +0200 Nerea Ibarzabal Salegi https://www.berria.eus/paperekoa/1960/015/001/2018-08-22/banderak_eta_lantzak.htm
Agian espezie berekoak izango gara zu eta ni, agian ez. Baina lagundu behar didazu ulertzen pertsona klase jakin bat, azkenaldian zeresana ematen dabilena, bereziki Katalunian. Jakin nahi nuke zer gertatu zaion bizitzan toallatzat Espainiako bandera daraman bati. Benetan, eta nahi baduzu ez zentratu Espainiakoan, hartu onarpen internazionala duten estatuen banderak orokorrean, baina kasualitatez beti dira berdinak horrelako nabarmenkeria merkeak egiten dituztenak. Zein momentutan otu zaio? Irudikatzen dut etxetik irten aurretik hondartzarako kit-a prestatzen, Cid Kanpeatzailea Espainiako lurren konkistara zihoanean bezala ia-ia: eguzkitako krema, ogitartekoak, ohorea, Gaztelako hizkuntza bakarraren defentsa, «toalla-bandera» eta «sonbrilla-lantza», hau ere hori-gorria.

Hondartzara iritsi eta zast, lur zati hori automatikoki markatuta uzten dute sonbrilla sartzearekin eta bandera airatzearekin bat. Beraien lubaki segurua. Nire kamuflatzeko beharrak ezin du konprenitu zelan etzan daitekeen bat lasai bandera erraldoi baten gainean —hasteko, bandera bat ez delako inoiz egongo zuk nahi bezain garbi, zuk ez dakizun kaka asko pilatu daitekeelako urteetan zehar—. Zelan bota dezake siesta, zelan deskantsatu, berez zerbait oihukatzen ari denean inguruko guztientzat? Zenbat beldur estaltzen ditu pertsona horrek banderapean, bere estatua egunero eusten badute ejertzito batek, monarkia batek, gobernu zentralista batek eta gaztelania ez diren gainerako hizkuntzekiko gutxiespen sistematiko batek, eta hala ere berak indibidualki kolore horiek erakusteko beharra sentitu badu?

Ba auskalo, baina beldurra beraiek ematen dute orain. Ez direlako hondartzako lubaki hori-gorriekin konformatzen, besteen aldarrikapen eta salaketa kolektiboak kentzen dituztelako era antolatuan. GDR siglekin izenda ditzaten nahi dute, Defentsa eta Erresistentziarako Taldea litzatekeena. «Garbitu» bezalako terminoak darabiltzate. Txiringito batetik atera berri direnen traza dute batzuek, aurpegiak estalita gauetan beste batzuek, eta zelan ez, prentsa beraien alde.

Begiratu zeharka komunikabideei, eta aztertu ze era ponpoxotan deskribatzen duten egoera, txoke justu bat balitz bezala, espero beharreko zerbait independentziazaleen gehiegikerien ondotik. Erorien Haranekoei nostalgiko deitu zieten, hauei garbitzaile edo auskalo ze eufemismo. Faxistarik ez baitago Espainian, toallak, sonbrillak eta eguzkiari begira aurpegia erreta daukan jendea bakarrik.]]>
<![CDATA[Ura eta azukrea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2048/016/002/2018-08-19/ura_eta_azukrea.htm Sun, 19 Aug 2018 00:00:00 +0200 Nerea Ibarzabal Salegi https://www.berria.eus/paperekoa/2048/016/002/2018-08-19/ura_eta_azukrea.htm
Niri zoragarria bezain sinestezina iruditu izan zait urte luzetan zehar. Zelan da posible likidoak kontzientzia hori izatea, hain argi jakitea noiz den nahikoa? Seguru al gaude amaieran ez lukeela dena xurgatuko, koilararekin asko eta fuerte eraginez gero? Kolakauarekin behintzat lortzen nuen nik.

Eta burugogorkeria horretan, uste dut hamar urte inguru daramatzadala dagoeneko frogatuta dagoen baldintza natural bat irauli nahian. Dena bizi dut masiboki, zuk ez? Ez al zaizu iruditzen urez betetako edalontzi bat bazina, zure bizitzaren metafora trailer bat litzatekeela zugana gerturatzen atzeranzko martxan, pi pi pi pi, eta tona bat azukre zure gainean husten? Eta zu bitartean hor koilararekin bueltak ematen, ase ote zaren pentsatu barik, dena disolbatzea lortuko duzula sinetsita.

Gerta dakizuke pertsonekin, zaletasunekin, lanarekin, lekuekin. Dena aldi batean nahi duzulako, dena orain, munduko onena da gertatu zaidan hau, bua. Pentsa, ni heldu izan naiz kantu berri bat deskubritu eta 30 aldiz jarraian entzutera, letrak buruz ikasi ahala berben esanahia erretzeraino, lehenengo aldiaren emozio oro kimatzeraino errepikapen bakoitzarekin. Anestesiatu egiten zara azkenerako, eta ia ez duzu ezer sentituko kantu hori- pertsona hori, zaletasun hori...- entzuten duzun hurrengo aldian -bost urte pasata irratian kasualitatez jartzen ez badute behintzat; hor bai, irratian desberdina da-.

Baina gauza bat da azukre kopurua norberak kontrolatzea eta kontsumoa autogestionatzea, bere ondorio guztiekin, eta beste bat kanpoko eragileek ere zure asetasun maila proban jartzea. Ez datoz trailerretan, eraginkorragoak direlako aldian aldiko azukre-koxkorrak, horrela ez diruditelako hainbeste bortxaketa -jai bakoitzeko hiru besterik ez- edo hainbeste gaztetxe desalojatu, hainbeste karga polizial, hainbeste eskandalu, falazia. Koilararekin fuerte eragin, nahastu, arreta desbideratu eta dena disolbatuko dela sinesten dute, lortu izan dutelako.

Auskalo zenbat azukre-koxkor, auskalo zenbat urtetan zehar. Ziur gaude aspaldi gainditu genuela asetasun maila, baina erantzuten hasten garenean biolento ez jartzeko esaten digute, ez esajeratzeko, hor ez dagoela hainbeste azukre eta ez dutela sinesten hainbeste disolbatu dugunik benetan. Ez egin zalantzarik, zuk ondo dakizu zein zapore nazkagarri daukan. Beti da azukre berdina.]]>
<![CDATA[Gurutzegrama]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1960/014/001/2018-08-17/gurutzegrama.htm Fri, 17 Aug 2018 00:00:00 +0200 Nerea Ibarzabal Salegi https://www.berria.eus/paperekoa/1960/014/001/2018-08-17/gurutzegrama.htm
Agian kaosa defendatuko duzu poetikoagoa delako, baina zure egunerokotasuna kaosetik gertuen dagoen unean, oporretan, larrialditarako ordena-dosia eskura izaten duzu erruduntasun sentsazio arraro hori baretu diezazun. Ulertezinki gozagarria baita argazkian ageri diren txorien izenak asmatu behar izatea eta zuk jakitea zozoak direla, eta laukitxoetan idaztea, Z O Z O A K, eta kabitzea.

Gero ilara horrek 3. zutabearekin bat egiten du, «Zaila ez dena»: E R R A Z A —nahiz eta ez zaizun erantzun guztiz zuzena iruditzen—, eta zozoen «Z» horrek bi berbentzako balio du bat-batean. Ez al dirudi unibertsoa ordenatu dela segundo batez, zentzua duela zure bizitzak eta patuak hona deitu zaituela abuztuaren 17 eguerdian gurutzegrama hau osatzera, Arturo printzea Excalibur ezpata harritik ateratzera nola?

Beharbada honek azaltzen du zure goizetako amorrutxoa tabernara joan eta egunkariko gurutzegrama eginda aurkitu duzulako. Nork ordenatu du unibertsoa hain goiz!? Tentazioa izaten duzu ondo egin ote duen egiaztatzeko, eta akatsik baleuka, noren letra den aztertu edo DNA probak egin, eta emaitzak jasotakoan, non bizi den deskubritu eta bere egunerokotasuna jarraitu, agian bere lagun egin, edo maitale bilakatu, nork daki. Eta gutxien espero duen egunean, zuen seme-alabak lotan daudela, gau batez, belarrira esatea: «6. ilaran, ezkerretik eskumara, 'iskin egin': S A I H E S T U zen erantzuna, ez S A H I E T S I. Txarto egin zenuen». Zer esan duzu, laztana? Entzun duzuna. Eta trankil lo egin lehen aldiz zazpi urtean.

Horrelakoxeak garelako ez dira saltzen paper-dendetan «udarako koaderno zuriak». Zer egingo zenuke? Idatzi? Marraztu? Moztu? Eta batez ere, garrantzitsuena, zelan jakin ondo dagoen edo ez, dagoeneko ez badaukazu irakasleari eta gurasoei «ondo dago?» galdetzen ibiltzeko adinik? Enkajatzea plazera da, erantzun zuzen bakar bat egotea plazera da, mandalak margotzea lerrotik irten barik ere bai.

Baina kontuz ibili behar zenuke plazer erraz honekin. Askori eskuetatik joaten zaie eta bizitza osoa ikusten dute laukitxotan. Pentsa, aste honetan ikusi dut tipo bat ahotik bilisa botatzen mutilen komunera sartzen ikusi ninduelako. Benetan, garuna lehertu egin zitzaion hantxe bertan, ilaran zain geunden denok entzun genuen burbuilatxo bat apurtzen, plop. Irten nintzenean, «ez al dakizu irakurtzen?», esan zidan, ateko pertsonaren marrazkiaren gainean behatza jarrita. «Nik ez dut hor letrarik ikusten irakurtzeko», bota nion. Baina berak bai, berak antza ikusten zuen han M U T I L A jartzen zuela argi eta garbi, lehenengo ilaran, sei letra, «zakildun ugaztun orojakilea»-ri erantzuten diona, eta ez beste ezeri. Indefinizio asko opa dizkiot bizitzan.]]>
<![CDATA[Konexioak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1960/012/001/2018-08-15/konexioak.htm Wed, 15 Aug 2018 00:00:00 +0200 Nerea Ibarzabal Salegi https://www.berria.eus/paperekoa/1960/012/001/2018-08-15/konexioak.htm
Kantatu behar ez duzun tarteetako abstrakzio egoera horretan kideen bertsoaldi batzuk sitsa bezala itsasten zaizkizu arropan, eta etxera eramaten dituzu kotxean, eta ohera gero, eta goizean hor jarraitzen dute burkoan, zuri begira. Ez galdetu zergatik; gaiak zer pentsatua eman dizulako izan daiteke, edo doinua burutik atera ezin duzulako, besterik barik. Kasu honetan, niri itsatsitako sitsa kaki kolorekoa izan da.

Ez pentsa soldaduskaren inguruan sakonegi teorizatzera bultzatu nauenik e, ez da hori. Baina hortxe egon da egunean zehar, batzuetan gertatzen da. Irudi solteak zetozkidan: aitaren eta osaben argazkiak militarrez jantzita, bakoitzak Espainiako probintziaren batekiko duen lotura arraro hori, zelan kontatzen duten oso gogorra izan zela baina aldi berean sumatzen zaien halako harrotasun edo izendatzen ez dakidan emozio bat paparrean —maskulinitatearekin lotura duen zerbait oso iluna-... Familiako emakumeen bertsioa gertuago dago Azken Portuko ofiziotik, zain geratzen zirenen bizipenak: gutunak, geltokiak, leialtasuna —edo lasaitasuna, denbora baterako bakean utziko zituztelako inguruko zenbait mandeulik—.

Intsumisioaren kolore horia, Frantziako derrigorrezko soldaduskaren berrezartzea eta honek Ipar Euskal Herriko gazteengan izango duen eragina, baina era berean gure inguruan sumatu dudan aztoramen urria, eta beste pare bat pentsamenduren ostean eman dut bukatutzat hausnarketa eta arratsaldean leihotik irteten ikusi dut kaki koloreko sitsa.

Afalorduan, albistegiek Turkiako liraren debaluazioaren kontua aipatu dute. Sukaldeko argiak erakarrita, sits mordoa itsatsi dira leihora. Kax, kax egiten dute gorputzek kristalaren kontra. Bat-batean, mezu bat mugikorrera: «Euro bat, zortzi lira turkiar. Orain bazentoz, aberatsa zinateke». Istanbulen ezagutu nuen lagun armeniarra da —egun Erasmus eta Seneca bezalako programak dira munduko probintzietara lotzen gaituztenak—.

Kezkatuta dago, Portugalera datorrelako tesia amaitzera, eta izugarri galduko duelako txanponaren aldaketan. «A, eta badakizu zer? Bihar esango didate ea soldaduska egin beharko dudan edo libra naitekeen lodiegi egoteagatik».

Bat-batean sorbaldan zerbait sumatu dut. Kaki koloreko sitsa da, berriro. «Orain arte soldaduska atzeratzea lortu dut ikasketengatik, baina betirako libratzeko modu bakarra osasun arazoren bat izatea da». Beraz, nahita loditu da azken hilabeteetan, gehiegizko pisua diagnostikatu diezaioten.

Jota utzi nau, eta harriduraz begiratu diot sitsari. Bera ere zer esan ez dakiela geratu da, ohituago dago XX. mendeko tren geltokietako despedidetara eta pintura horira. Zorte ona desiratu diot lagunari, eta ezer biolentorik egin ezin ahal izateko bezain lodi egotea, egun batez behintzat.

Lotara joan gara sitsa eta biok, eguneko konexio astral guztiei bueltarik eman ezinda.

-Urrian zu ere Portugalera zindoazen oporretan, ezta? - galdetu dit.

-Bai…

-Aizu, ba agian Turkiara joan beharko zenuke, orain lira merke dagoela.]]>
<![CDATA[Domeka]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1994/017/002/2018-08-12/domeka.htm Sun, 12 Aug 2018 00:00:00 +0200 Nerea Ibarzabal Salegi https://www.berria.eus/paperekoa/1994/017/002/2018-08-12/domeka.htm
Gauzak bukatzen dakitenentzat eta hasierei beldurrik ez dietenentzat dira egokiak domekak, eta agian zu ez zaude multzo horretan. Baina bada zerbait hasten eta amaitzen dakizuna, eta horixe bera gomendatu behar nizun egun honen erritual bilaka dezazun: lasagna begetal bat jatea izan zitekeen, baina ez, masturbatzea da. Bai. Esango duzu, «jode, plazeraren ikusgarritasuna banderatzat hartu duten emakume hauek zelan dauden, lotsatzea ez da ona izango baina hainbeste aldarrikatzea ere». Beno, ba berdin zait, baina masturbatzeko modu berezi bat proposatu nahi nizun, hala ere.

Zeure burua ukitzea konpondu ezin dituzun, amorrarazi zaituzten, edo, zergatik ez, baita poza eman dizuten kontu guztien izenean ere -beharbada lehen ere horrela egingo zenuen, baina oraingoan saia zaitez kontzienteki egiten, mendeku gisara-. Mundua ezer gutxi aldatuko da, baina domeka batez egin dezakezun aukerarik onena dela ziurta diezazuket. Begira, gaur probatu nahiko bazenu, adibide batzuk emango dizkizut.

Has zaitez astiro, itxi begiak, eta nabaritu zelan estutzen zaizun arnasa, zelan entzuten duzun biriketatik ateratzen zaizun airea txistuka... Gasteizen Pablo Casadori egin zioten bezala, txistu ozen. Zure hasierako kilimak haren omenez, izorratu dadila, bere printzipio guztiak hausten dituen euskaldun bat gozatzen ari delako eta ezin duelako ezer egin hori saihesteko.

Segi pixkanaka, zure gorputzeko atal periferikoak ukitzen, sistemari ihes egiten dioten okela zatiak eta ileak, zure ezkutaleku alternatiboak. Eta pentsatu Iruñeko Maravillas gaztetxea defendatzeko zein pintada egingo zenukeen zuk, eta non. Zeren alde zauden zu irekita eta bizirik momentu honetan, eta zeintzuen aurrean egingo zenukeen larrutan.

Odola are gehiago berotu dadin, eta futbolzalea baldin bazara, badakizu zein den Kepa joateak eragin dizun minaren lasaigarririk onena: zeu ere joatea. Baina tira, ni arrazoi horrek ez nau gehiegi kitzikatzen. Askoz intentsuagoa zait pentsatzea senatuetako gizon gorbatadunei ez litzaiekeela gustatuko domeketako gomendio hau. Horregatik, arnasestu artean, irudikatuko ditut emakumeak kaleetan berdez jantzita, izan ez ditugun ume ingeniari, mediku, astronauta, bortxatzaile, mesias guztien aurretik gu gaudela aldarrikatuz. Eta leherketa batean bukatu, libre baino, hilda nahiago gaituztenei begietara isurtzeko inongo asmo erreproduktiborik gabeko plazer autogestionatua. Oso korrosiboa omen da.]]>
<![CDATA[Bihotzak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1881/015/001/2018-08-10/bihotzak.htm Fri, 10 Aug 2018 00:00:00 +0200 Nerea Ibarzabal Salegi https://www.berria.eus/paperekoa/1881/015/001/2018-08-10/bihotzak.htm Instagram kontua? Amabirjinie Karmengue! Izugarria da. Erreparatu al diozu argazkietan jasotzen dituzten bihotz edo «atsegin dut» kopuruari? Eta zenbat iruzkin laudatzaile jartzen dizkieten? Holakoik horraitxio!

Saltseatzeko astirik izan ez baduzu, nik botako dizkizut estatistika batzuk, maitxie. Demagun, ispilu aurreko selfie bat: 790 bihotz eta 165 «guapoo». Oporretan hondartzan —gurasoek— ateratako kutsu kasualdun argazkia: 1.102 bihotz eta 101 «zelako inbidia!» edo «guapaaa»-ren deribatu. Ortzi mugan begirada galduta eta aurpegi transzendental batekin agertzen badira, kanturen baten letra are transzendentalago bat jarrita, akabo: 2.010 bihotz eta iruzkin zaparrada bat «edozertarako hemen nago» edo, besterik ezean, «guapa/o» diotenak berriro.

Tira, eta orain amona mozorroa erantzita. Ez da ezer berria, badakigu zer den nerabezaroa, zer behar daukagun sozialki onartuak izateko eta sare sozialek zein rol jokatzen duten horretan; inork baino hobeto dakigu guk, 90eko hamarkadakook, nolabaiteko laborategiko akuriak izan baikinen Fotolog, Messenger eta Tuentiren atzaparretan; gauza berberak igotzen genituen eta amonak berdintsu harritzen ziren.

Agian horregatik litzateke interesgarria gure belaunaldiaren momentuko egoera psikologikoa aztertzea, balizko albo-kalterik egon ote den ikusteko edo gainerako belaunaldien antzerako traumak ditugun, «natural-naturalak». Norbaitek tesia egin nahiko balu, nik detektatu ditut zenbait joera arraro azken urteotan.

1. Norbere irizpideenganako mesfidantza: gustuko duzun hori zalantzan jartzea besteek hain gustuko ez dutelako. Argazki honetan ondo nago, erreportaje hau oso ona da, begira ze bikaina Kau Kori Kuraren bideo hau. Eta bat-batean atsegin dut pare bat besterik ez eta zu hor, zalantzan ea Internet sarea erori den eta inork ezin izan duen ikusi, edo benetan kakatxo bat elkarbanatu duzun.

1.1. Besteen irizpideekiko mesfidantza: zure jarraitzaileen maila intelektuala zalantzan jartzea zuri hainbeste gustatu zaizun horri kasurik ez egitearren. Ez dituzu merezi horrelako ziberlagunak.

1.2. Bestea nor den: elkarbanatu duzun hori autoritate batek atsegin badu, ofizialki onartua eta defendagarria da edozeinen aurrean. Ordea, arrarotzat duzun jendeak atsegin badu... beno, zuk ere ezabatu izan dituzu igotakoak.

2. Kontrako iritziak kudeatzeko ezintasuna: iruzkin batean norbaitek zurekin desadostasuna agertzea eta ia bihotzekoak ematea. Guapa zaudela irakurri eta «zuuu» erantzuten pasatako urteen ordaina da; orain ez dakizu beste ezer erantzuten.

2.1 Kontrako iritzien pisua: 4.000 «atsegin dut» ditu nire bideoak, baina 56»ez dut atsegin». Nortzuk dira, zergatik. zer egin diet nik.

3. Gorrotoa eta dependentzia: gaur sare sozial guztiak ixtearekin amets egitea, diskretuki eskapatzea parrandetan sirokoak ematen dizunean bezala, abisatu gabe, eta bihar Instagrama deskargatu nahi izatea.

Oraindik ez da larria, baina guretzat 50 «atsegin dut» lortzea arrakasta zen. Garbitu gabeko ispiluetako selfie desenfokatuekin mila bihotz lortzera ohitu direnak nagusitzerakoan... jendarte interesgarria geratuko zaigu.]]>
<![CDATA[Jan platerekoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1881/015/001/2018-08-08/jan_platerekoa.htm Wed, 08 Aug 2018 00:00:00 +0200 Nerea Ibarzabal Salegi https://www.berria.eus/paperekoa/1881/015/001/2018-08-08/jan_platerekoa.htm
Nire aitaren balio pedagogikoez berba egin nezakeen, baina albistegien gaia aukeratuko dut, azken egunotan zeresana eman baitute EITB-koek —berriro—, euskarazko katearen eta gaztelaniazkoaren arteko iraupena lotsagarriki ezberdina izateagatik, edo Maduroren aurkako erasoaren albisteari tarte txikiagoa eskaintzeagatik ume youtuber aberats bati baino, edo Caceres Maule baino gertuago sentiarazteagatik etengabe... Tira, zaharrak berri —albistegi bati jar dakiokeen etiketarik krudelena ez al da?—.

Heldu bilakatzeko prozesu horretan, pixkanaka platerekoa jaten hasi nintzen moduan hasi nintzen albistegia kontsumitzen; onartu ninduten berriro nagusiek mahaian eta txakurrarekin nuen harremana hoztu zen. Brokolia jaten den bezala irensten nituen albisteak: sudurra itxita eta osasunarentzat —edo zerbaitentzat— ona dela sinetsita, hausnartu barik nondik eta zenbat buelta eman eta gero iritsi den hori nire sukalderaino.

Eta benetako helduei azkenean brokolia gustatu egiten zaie, eta bizitzako momenturen batean albistegiak ere bai, oso sentsazio erosoa baita pentsatzea jakin beharreko guztia bazkaldu bitartean kontatzen dizula gizon ile-urdindun karismatiko eta fidagarri batek, edo emakume gazte, eder eta jantzi koloretsudun batek. «Zuk jan lasai».

Orain, udan, déjà vu batek hartzen nau otorduro edozein albistegiren sarrerako sintonia entzutearekin bat. Tomate eta atun entsalada, euliak, azalean neoprenoa bezala senti daitekeen hezetasun beroa, haizagailuaren soinua eta inguruko sukaldeetako leiho irekietatik albistegi gehiago, prompterren arteko norgehiagoka dialektikoa patioetan zehar. «TVE zihoan irabazten eskuinetik baina uuuuiiiii, azken momentuan aurkezleari 'ETAko preso politiko' esaldiak ihes egin dio eta aurreratu egin zaio Telecinco! Zerbait kopiatu nahian dator ETB2 beste aldetik, ze estrategia ote dakar gaurk... a, EAJ gauzak egiten berriro... ea ETB1en zer dag... ui, ba bukatu da». Agenda politikoa geldirik dagoen hilabeteetan ere nabaritzen da bakoitzaren interesen usaina, hondartzara eramateko eskalope usainarekin nahasten dena eguerdiko aire beroan.

Okerrena da gure etxeko pedagogiari esker ezin dudala albistegirik ikusi barik egon, beraz, modu entretenigarri bat behar dut hau guztia jasangarri izan dadin. Saiatzen nabil albistegi bakoitza «Basques of Late Capitalism» Twitter kontuko kanal berezi balitz bezala ikusten —ezagutzen ez baduzue, jarraitu—. Edo modako telesail bat dela irudika dezaket bestela, non, hamar minututik behin, ile laburdun emakume baten abenturak kontatzen diren, azpiegitura handietan eta industria modernoetan barrena. Edo besterik barik, bazkaltzera mugatu naiteke telebista itzalita eta Eguraldia hasten denean piztu, Urbiako ardien argazkiak ikusteko behe-lainotan.]]>
<![CDATA[Bizitza leihotik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1994/017/002/2018-08-05/bizitza_leihotik.htm Sun, 05 Aug 2018 00:00:00 +0200 Nerea Ibarzabal Salegi https://www.berria.eus/paperekoa/1994/017/002/2018-08-05/bizitza_leihotik.htm
Ohetik salto egin, eta egongelako leiho parera iritsi naiz. Gure katua, Klara, goitik zabalduta zegoen leihotik etxe barrura sartzen saiatu da —baserrian bizi gara— eta trabatuta geratu da, gorputz erdia barruan eta beste erdia kanpoan. Zenbat eta beherago erori, orduan eta estuagoa da zirrikitua eta tripatik harrapatuta dago. Irudia esperpentikoa da.

Ez dakit inoiz estres momenturik kudeatzea tokatu izan zaizun, edo zure bizitza arriskuan egon ote den noizbait. Zure onerako, espero dut nire eskuetan inoiz ez erortzea. Katuarekin batera garrasi eta negar egiteaz gain, eta «deitu suhiltzaileei edo albaitariari!» oihukatzeaz aparte, ezer gutxirako gai naiz.

Baina are okerragoa dena, katuarekiko inork baino enpatia handiagoa sentitu arren, goizaldeko laurak direnez, ezin dut burutik kendu bihar goizean dentistarenean txanda daukadala Donostian, eta arratsaldean artikulua idatzi beharko dudala, beraz, siestarik ez, eta gauean bertso afari bat daukadala berandu amaituko dena, eta orain lorik hartu ezean biharko nire tetrisa guztiz irauliko dela, eta hortaz, etzikoa ere bai, eta abuztu osoa logurez pasatu beharko dudala Klararen erruz. Gaixoa harramazkaka eta leiho ertzei hozkaka hortzak galdu beharrean, eta ni pentsatzen ea dentistak noiz hartuko ote dituen oporrak, beste txanda bat eskatzeko.

Erratzarekin altxatzen saiatu gara, sukaldeko espatulekin, toallekin helduta... ez dago modurik. Larrialdietara deitu dugu erdi lotsatuta; ez genekien barre egingo ziguten, edo 24 orduko albaitaritza zerbitzua eskaini. Kasualitatea, erantzun digun emakumearen katuari gauza bera gertatu omen zitzaion, eta bere aholkuei esker eta leihoaren alde bietatik pixkanaka altxatuta, askatu dugu katua.

Mantso-mantso jaitsi da lurrera, eta hain berea duen patxadaz eta larderiaz aldendu da, bere kabuz atera izan balitz bezala, duinki. Guk ez dugu lo gehiagorik egin, eta horregatik ez naiz dentistarenera joan. Egun osoa daramat ingurukoei gertatutakoa kontatzen, aztoratuta —orain zuri ere bai, pentsa—, Klara eguzkitan etzanda dagoen bitartean lasai asko, lo.

Egia esan, barrezka ari naiz hau idatzi bitartean, paperean jarrita sekulako txorakeria dirudielako, baina uste dut menperatzen ez dugun bizi-filosofia oso bat erakutsi digula katuak metafora gautar honekin. Momentuak behar gaituenean biharamunkeriatan galtzen gara gu, bizitzaren beharrei kasurik ez eta betebeharrei gurtza. Arazoa konpondutakoan, aldiz, gerta zitezkeen gauza beldurgarriak imajinatzen eta sufrimendua berbizitzen tematzen gara, errudun bila, bagenu eta balitz-en zulodun zakua betetzen. Biharamunak eta bezperak maite ditugu gaurraren gainetik, eta agian ez dugu besterik merezi.

Horregatik gustatzen zaigu leihoak goitik irekita uztea: sar dadila haize apur bat artxibategi formako gure etxeetan, baina bizitza gehiegi ez; ea kortinaren bat edo... okerragoa dena, errutinaren bat hautsi behar digun!]]>
<![CDATA[Letra txikia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1881/015/001/2018-08-03/letra_txikia.htm Fri, 03 Aug 2018 00:00:00 +0200 Nerea Ibarzabal Salegi https://www.berria.eus/paperekoa/1881/015/001/2018-08-03/letra_txikia.htm
Abuztuaren 1etik aurrera, hortaz, poliziak eta auzitegiek erabakiko dute arropa batek legea hausten duen edo ez —jantzi debekatuen multzotik kanpo geratzen dira mozorroak eta neguko arropa luzea—. Legea errespetatzen ez dutenek 134 eta 1.343 euro bitarteko isunak ordaindu beharko dituzte, eta momentuan jantzi hori kendu dezaten eskatuko die poliziak, edo etxera joan daitezen bestela, arropaz aldatzera.

Albistegi tonuz idatzi dut sarrera, ez dudalako nahi zure iritzia baldintzatu hasieratik, eta beharbada zuri ere kontraesanak bistaratzen dizkizulako gai honek, niri bezala. Horrelako une deserosoetarako metodo bat dago norbere iritzia definitzen laguntzen duena: ekintza jakin baten inguruan zer pentsatu ez baldin badakizu, aztertu ekintza hori justifikatzeko erabili diren argudioen letra txikia.

Lehenengoa: «Jantzi hauek bereziki zapaltzaileak dira emakumearentzat», Marcus Knuth, agintean dagoen alderdi liberaleko politikaria —badakit hori irakurrita agian aski dela—. Baliteke jantzi bat zapaltzaile izatea, batez ere norbere borondatearen aurka jantzitakoa bada —gero norbere borondatea zerk zizelkatzen duen eztabaidatu beharko litzateke eta geure buruei begira jarri—. Baina «bereziki»? Iztarteak depilatzea baino gehiago? Takoi altuak baino gehiago? Makillajearekiko dependentzia baino gehiago? Gogoan dut behin emakume musulman bati elkarrizketa batean irakurritakoa, nikaba erabiltzeari utzi eta zelan harritu zen kaletik gizon guztiak begiratzen eta lizunkeriak esaten hasi zitzaizkionean. Hori oraindik ez dute debekatu, gure askatasunak prezio bat baitauka.

Danimarkan burka edo nikaba daramaten emakumeen kopurua hain omen da txikia populazio osoarekin alderatuta, legea komunitate baten aurkako keinu sinboliko bezala interpretatu daitekeela —bestela ere bai—. Ulertzen ez dugunari edo deserosotasuna eragiten digunari «arrazakeria» edo «bestearekiko gutxiespen intelektual» izena jartzea baino erosoagoa baita «emakumeak askatzeko gogo» deitzea, eta gainera oso ponpoxo geratzen zaigu, gero emakumea sistematikoki zapaltzen duten politikak onartzen jarraitu arren. Genero xenofobia deitzen zaio horri, purplewashing edo garbiketa morea.

Bigarrena, eta debekua onartu duten gainerako estatu guztien gustukoena ere bai, bide batez: «Gure baloreen eta bizikidetzaren izenean onartu dugu». Eta horrekin aurreko argudioa erortzen da, nolabait eztabaidagarria izan zitekeen bakarra. Bizikidetza ulertzeko modu horrek beldurtzen nau, negoziazio parekide bat izan ordez, batzuen ezaugarriak ezabatzean oinarritzen dena gehiengo zuria eroso senti dadin. Emakumeak eta Elkarrizketa izeneko elkarte bat osatu dute Danimarkako emakume musulmanek lege hau salatzeko, beraiez berba egiteari utzi eta beraiekin eztabaidatzera gonbidatuz.

Ez dut sinbolo erlijiosoen gorazarrerik egingo inoiz, baina Europak beti azal ilunenetan ikusten ditu gauzak argien.]]>
<![CDATA[Aireportua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1881/017/001/2018-08-01/aireportua.htm Wed, 01 Aug 2018 00:00:00 +0200 Nerea Ibarzabal Salegi https://www.berria.eus/paperekoa/1881/017/001/2018-08-01/aireportua.htm
Kontzeptu aldakor eta mugikor gisara deskribatzen du Sarrik beste askok eraikin batera mugatzen duten hori. Tira, ba berba horiek iltzatuta geratu zitzaizkidalako edo, TOK moduko bat garatu dut denborarekin: berak eskolak lez, nik aireportuak ikusten ditut leku guztietan. Eta ez soilik abuztua delako eta oraindik ez naizelako oporretara joan edo bai-.

Ez-leku bitxiak dira aireportuak, deserosoak diseinuz, ordubetetik gora inork zapaldu nahi ez dituenak, garestiak. Are bitxiagoa da bertan antzezten duguna eta bilakatzen garena edo bistaratzen zaiguna. Baina aireportua edozein leku izan daiteke.

Agur esaten duzun edozein leku, bideak banatzen diren edozein puntu, kafetegi hura edo zure etxeko sofa. Ospitale bat. Zure seme-alaba zure ohe ondoko sehaskan egotetik aldameneko logelara igarotzen den unea. Aireportuak dira, halaber, berrelkartzen garen toki guztiak: kasualitateak eragindako ordu txikitako enkontruak, bigarren aukerak edo kintoen bazkariak bezain fenomeno soziologikoki aztergarriak. Bidaiaren ostean bakoitza zenbat aldatu den neurtzen dugu, tentuz, ia beldurrez, -maleten barrualdea ikusteko erabiltzen diren X izpiekin- aldatu denak aldatu ez dena aspergarritzat jotzeko, eta aldatu ez denak aldatu dena traidoretzat.

Zerbait galtzeak panikoa ematen dizun edozein egoera ere aireportu bat da niretzat. Kuriosoa da, hegazkinik ez duzu pasatzen uzten trenekin edo autobusekin egiten duzun bezain erraz. Trastorno honen erruz, ingurura begiratu eta aireportu-jendea baino ez dut ikusten: arazo guztiak terminalak iruditzen zaizkiona, atzerapenak tragediatzat dituena, eta langileen grebak defendatzen dituena, bere plazerean eta erosotasunean eragiten duten unera arte. Matxuratutako hegazkin -proiektu, harreman, proposamen- batera igotzeko prest leudekeenak, apur bat gehiago ez itxarotearren. Edonon daude, arrandegian, eskolan, tabernan, eta beharbada, aireportuan.

Okerrera doa TOK hau, eta psikoanalistari ez zaizkio iristen nire whatsappak. Baina zebrabideko udaltzaina azafaten keinuak egiten hasi zait goizero eta ez dut jakiten noiz gurutzatu, eta supermerkatuan megafoniatik nire izena esaten dutela iruditzen zait, nire zain daudela eta aukera honek ezin didala ihes egin. Bizitza osoa 100 mililitroko potetxotan sailkatzen hasi naiz, eta egia da eramangarriago dela horrela, baina gero gauetan maleten gurpil-hotsak entzuten ditut leihotik, milaka maleta nire etxepeko espaloian aurrera eta atzera, eta beti falta zait paperen bat, edonon, ogia erosterakoan ere bai, noan lekura noala paper bat falta zait, nire mesanotxean ahaztuta utzi dudana, mugikorraren kargagailuaren ondoan.

Oporrak behar ditut.]]>
<![CDATA[Harri orri ar]]> https://www.berria.eus/albisteak/151777/harri_orri_ar.htm Thu, 10 May 2018 07:21:30 +0200 Nerea Ibarzabal Salegi https://www.berria.eus/albisteak/151777/harri_orri_ar.htm Harri-orri-ar: Esku irekia. Ukabila.
Harri-orri-ar: Orratzak azazkal azpian. Eskuak buru atzean.
Harri-orri-ar: Esku zikin bat. Zikindu nahi ez duen eskua, ez garbia derrigorrez.
Harri-orri-ar: Bigarren harria bota duen eskua. Errepidean geratu zaituena.
Harri-orri-ar: Pankartari eusten dion eskua. Izarak plantxatzen ari dena alabari eramateko.
Harri-orri-ar: Giltzapetu zaitzakeen eskua. Egunkariko orriak beldurrez pasatzen dituena.
Harri-orri-ar: Aurpegira eramandako eskuak. Esku bat agur esaten urrutitik.
Harri-orri-ar: Behatz akusatzaile bat. Esku bat autoko leihotik olatuak egiten haizearekin.
Harri-orri-ar: Esku bat egun hartatik pasatako urteak zenbatzen. Oraindik gutunak idazten dituen esku bat.
Harri-orri-ar: Galdutako eskua. Erdiko behatz bat, altxatuta.
Harri-orri-ar: Esku bi txaloka diskurtso baten amaieran. Esku bi belarriak estaltzen.
Harri-orri-ar: Esku bat lurpean. Eskua horman argazki bat jartzen.
Harri-orri-ar: Galderak egiten dituzten ikasleen eskuak. Boterearen atzaparrak.
Harri-orri-ar: Esku bat hormatik argazkia kentzen. Loreak dakartzan eskua.
Harri-orri-ar: Luzatutako eskua. Luzatu gabeko eskua.
Harri-orri-ar: Eskuak. Artaziak.
Hari hori har.]]>
<![CDATA[Ispiluak apurtu ostean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1820/002/001/2014-08-13/ispiluak_apurtu_ostean.htm Wed, 13 Aug 2014 00:00:00 +0200 Nerea Ibarzabal Salegi https://www.berria.eus/paperekoa/1820/002/001/2014-08-13/ispiluak_apurtu_ostean.htm
«Gero eta kasu gehiago gertatzen dira». Hori da Idoia Martinez psikologoaren balantzea; baina datuen konfidentzialtasuna dela eta, elikadura desoreka horien inguruko estatistika zehatzik ez dago. ACABE Elikadura Jokaera Nahasteak (Anorexia-Bulimia) pairatzen dituzten pertsonentzat eta haien familiartekoentzat lanean diharduen elkartean lan egiten du; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan anorexia eta bulimia duten pertsonei eta haien familiei laguntzen diete. Gipuzkoan, urtean, 70 anorexia eta bulimia kasu berri erregistratzen ditu Osakidetzak, eta gaixorik egon arren ezer esaten ez duten pertsonen kopurua ere handia dela dio Martinezek. Bakoitzaren izaerak du gaixotasunean eraginik handiena, haren ustez, baina onartu du zerikusi handia dutela gizarteak inposatutako edertasun ereduek ere: «Egia da: gaixotasun hau leku eta garai honetakoa da».

Pasatutakoa kontatzeak lasaitu egiten duela uste du Amaia Lekunberrik, eta lasaitasun horrekin deskribatu du 13 urterekin jateari nola utzi zion. Heltzen ari zen gorputza findu nahia laster bilakatu zen obsesio, eta ospitalean sartu behar izan zuten azkenean, bolada baterako. 18 urterekin eman zioten behin betiko senda-agiria: «Banekien han ez zidatela ezer sendatuko. Pisu egonkor bat lortzean, alde egin nuen». Orain, 25 urte ditu, eta, anorexia gaindituta izateaz gain, argi dauka gizarteak andrazkoen gorputzei ezarritako baldintzak direla gaixotasun horren oinarria.

Galbidearen hasiera

Maitek zulora bultza egin zion beste norbait ere izan zuen alboan: «Nire mutil-lagunak hankak loditzen ari zitzaizkidala esaten zidan, eta haren ametsetako neska bihurtu nahi izan nuen». Gutxiago jaten hasi zen, egunean entsalada batekin bakarrik irauteraino; kirola egiten zuen ahal zuen guztietan —goizaldean abdominalak egitera altxatzen zen maiz— eta jan eta jarraian oka egiteko ohitura hartu zuen. «Bulimiarekin arazo handiagoa izan dut anorexiarekin baino», oroitu du. Azkenean, mutilaren iritzia bigarren mailan geratu zen: «Argaltzearena neure buruarekin nuen erronka bihurtu zen».

Anorexiaren lehen abisuak gorputzak ematen ditu: ilea galtzen da, lo egiteko zailtasunak egoten dira, eta hilekoa ez da etortzen, besteak beste. «Hilekoa joateko arrazoia ez jatea zela ulertzean, ez nuen nahi berriro etor zedin, loditu egin nintzela adieraziko zuelako», aitortu du Maitek.

Martinez psikologoak 20-30 urte bitarteko neskak tratatzen ditu batik bat, baina 14 urteko gero eta neska gehiagok jotzen du ACABEra. Gaixoen soslai orokorra marrazten saiatu da Martinez: «Autoestimu txikia duten emakumeak dira, beren buruari asko eskatzen diotenak. Izaera oso zorrotza badute, handiagoa da anorexia izateko aukera; oldarkorrak badira, bulimian erortzea errazagoa da. Biak txandaka ere ager daitezke». Mutilei dagokienez, erien kopurua «askoz txikiagoa» da: «Hogei gaixotik bakar bat izan ohi da mutila, gutxi gorabehera».

«Antisistema» eta «feminista» gisa definitzen du bere burua Lekunberrik, eta uste du ikuspuntu hori anorexiaren eta bulimiaren erako gaixotasunak sendatzeko giltza izan daitekeela: «Gaitz horiek dituzten mutil baten eta neska baten tratamenduek ez lukete berdinak izan behar, azken finean genero arazo bat ere badelako». Eriei buruzko topikoekin ere ez dator guztiz bat: «Beti esaten da ikasle onak izaten direla, apur bat argaltzen hasten direnak egoerak eskuetatik ihes egiten dien arte. Baina ez da hori bakarrik». Andreen aurkako «indarkeria estrukturala»ikusten du Lekunberrik nahasmenduen erroan, neskek txikitatik marrazki bizidunak ikustearekin batera jasaten dutena.

Horregatik, ez du medikuen eta psikologoen «oroitzapen bikainik». «Funtzio garrantzitsu bat betetzen dute, baina buruko arazoa nola tratatzen duten ez zait gustatzen. ACABE eta antzeko elkarteak biktimismoan oinarritzen dira». Gaur egun beste medikuntza mota batzuetara joko lukeela uste du Lekunberrik, homeopatiara esaterako, gaixotasunak pertsonalki eta genero ikuspuntu batetik tratatuko dituzten lekuren batera.

Tentazioak hor dirau

Gaixotasunen sendatze prozesua luzea izaten da gehienetan, eta berriro erortzeko arriskua handia da. Anorexia eta bulimia gainditzeko bi faktore ezinbesteko daude, Martinezen ustez: «Batetik, gaixotasunaren eboluzioa; ez baita gauza bera sintomekin bi urte daramatzan baten osatzea edo zortzi urte daramatzan batena. Bestetik, sendatzeko bakoitzak daukan gogoa dago».

Berriz tentazioan erortzea erraza dela argi du Maitek; «Osatu eta gero ere, janariarena nire ahulezia dela sentitu dut hainbat garai zailetan». Lekunberrik ere hor ikusten du arazo handiena: anorexia gainditu duen hori «gaixorik» dagoen gizartera itzultzen baita berriro. «Ezin gaitu harritu pertsona horiek lehengo testuingurura itzuli eta berriz gaixotzeak, alkoholez inguratuta bizi den alkoholikoa erortzeak harritzen ez gaituen bezala». Argi eta garbi du: «Sistema begi kritikoz aztertzen ikasi ezean, zaila da nahasmenduak guztiz gainditzea».

Maiteri «lotsa» ematen dio gaixorik zegoen garaiko argazkiak ikusteak, baina harro dago eritasuna gainditzea lortu duelako: «Edozer ordainduko nuke berriro mundu horretan ez erortzearren». Gaixotasunak izaera goitik behera hausten duela dio Lekunberrik, baina horrek hutsetik berreraikitzeko aukera eman ziola aitortu du: «Agian, gaur ez nintzateke feminista izango anorexia izan ez banu».]]>