<![CDATA[Nerea Loiola Pikaza | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Tue, 21 Sep 2021 03:54:48 +0200 hourly 1 <![CDATA[Nerea Loiola Pikaza | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Ardi galduak (eta IV)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2040/035/003/2021-07-21/ardi_galduak_eta_iv.htm Wed, 21 Jul 2021 00:00:00 +0200 Nerea Loiola Pikaza https://www.berria.eus/paperekoa/2040/035/003/2021-07-21/ardi_galduak_eta_iv.htm
Birao batek eten dio gogoeta, Josetxo azaldu da lasterka. «Liztor putasemeak». Besoko hiru ziztadak erakutsi dizkio, «Gorroto diten sega-hotsa». Ardiak atrapaderoaren gainaldeko zelaian dituela esan dio, eta goizean bereak bakarrik zeudela. «Txoro galantak ditun eta, auskalo; Xebek hala esan badin, han ibiliko ditun». Lagunduko diola nahi badu. Leirek ezetz, bakarrik egoteko gogoz dago; eta ez du inorekin konpartitu nahi aurkitzen ditueneko garaipena.

Autobiapeko langa handia ireki ezin eta gainetik pasatu du. Belardian ez da animaliarik; eguzkia goraka datorrenean, azkar bilatzen dute abaroa. Josetxoren argibideei jarraikiz, gora egin eta berehala aurkitu ditu haren ardiak, zuhaitz hostotsu baten gerizpean. Margo urdina dute hauek, eurenek arrosa. Dena urdin.

Inguruan beste pare bat itzalgune daudela eta, eskuak patrikan, lanari paseo zaporea ematen saiatu da: mendia arnastu, ikuspegia mamitu; betidanik nahi izan du eta naturan bizi! Eguzkia bere gorenean. Halako batean, ahotsak; ezohikoa. Berriketan datoz; horiek ez dira lanean ari, pentsatu du, bizitzen dabiltza. Zuhaitz artetik zelatatu ditu eta taldean emakumeak ere badirela ikustean atera da bidera. Urmuga egiten ari direla azaldu dio gizon burusoil berritsu batek Leirek ardiengatik galdetu dienean; eta baietz, ikusi dituztela duela gutxi, baina ikaratu eta aienatu egin direla; eta ez, ez dakiela norantz.]]>
<![CDATA[Ardi galduak (III)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2040/036/003/2021-07-20/ardi_galduak_iii.htm Tue, 20 Jul 2021 00:00:00 +0200 Nerea Loiola Pikaza https://www.berria.eus/paperekoa/2040/036/003/2021-07-20/ardi_galduak_iii.htm
Gaizki bukatu zuten Elostan atzo: Bat: Falta diren ardien arrastorik ez. Bi: Sastraka artera gogoz kontra barneratu eta hankak urratu zituen Leirek (eta praka motzengatik sekulakoak aditu gainera). Hiru: Ezin zuen Aner lurrean utzi. Hiru-puntu-bat: Kasketa harrapatu zuen Anerrek. Hiru-puntu-bi: Gerria txikituta itzuli zen Leire etxera, Aingeru sasitzan utzita. Lau: Aingeruk bereak eta bi esan zizkion bakarrik uzten zuelako. Bost: Ez dute hitzik egin atzotik.

Anerrekin Asubera joatea erabaki du, ea Trinik bazkaltzera gonbidatzen duen eta Aingeru ikusi gabe igaro dezakeen eguna. Lan zaila hogeita hamar biztanleko herrian, baina ez dio atzokoa berehalakoan barkatuko. Ez zuen alferrik gaizki tratatzen zuen gizon bat utzi, halako beste baten ondoan amaitzeko. Pentsatu berri duen esaldia memorizatu nahian abiatu da, horixe esango dio Aingeruri hitza itzultzen dionean.

«Aurkitu al ditun ardiak?». Hormigoizko askaren ertz batean eserita dago Xebe, zakurrak ura edan bitartean. Ezustean harrapatu du berriro. Aldamenean esertzeko keinua egin dio. Aner zakurrarekin jolasean utzi eta gizonaren ondoan eseri da. «Aingeruren oihuak entzun nitinan atzo, dena ongi?». Atzamar batez askako ura irabiatzen hasi da Leire eta baiezkoa erantzun dio.

«Nik askoz hobeto zainduko hinduket».

Barreak alde egin dio neskari eta semea besoetan hartuta Asuberantz jarraitu du.]]>
<![CDATA[Ardi galduak (II)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2040/036/003/2021-07-18/ardi_galduak_ii.htm Sun, 18 Jul 2021 00:00:00 +0200 Nerea Loiola Pikaza https://www.berria.eus/paperekoa/2040/036/003/2021-07-18/ardi_galduak_ii.htm Aralarri begira gosaltzen... igandea hasteko plan hoberik?, irakurri daiteke irudiaren azpialdean.

Argazkian atera ez duen plastikozko mahai higatuan utzi mugikorra, eta koilaratxoarekin kafeari eragin dio. Gehiegi berotu du. Katilua mugikorraren ondoan utzi eta barandara gerturatu da, besoak bermatu eta lepoa luzatu du burua doi bat atzera eramanez. Sakon hartu du arnasa. Bi urte Azpirotzen bizitzen eta pareko mendien izenetatik bakarra ikasi du: Ttutturre. Aralarrera begira harrapatzen dutenetan errepikatzen dizkiote bertakoek tontorren izenak. Ordea, horixe bakarrik gordetzen du gogoan; ez daki tontorra hitzarekin duen antzekotasunarengatik den edo tuntuna-rekin duenagatik.

«Bizitzeko da polita Azpirotz, ez lanerako», esan zion Asubeko Josetxok iritsi berritan, belar-meta bat egin osteko afari-pasan akitua zegoela ikustean. Ia erantzun zion ezkutatzeko leku polita ere bazela; gurasoak, lagunak, bikotekide ohia eta haren kideak bistatik galtzeko aproposa. Gazteena eta arinena, eta kanpotarrena izanik, metaren gaineko lanetan jarri zuten. Ez zen ausartu polenari eta hautsari alergia ziela esaten eta, denen usteen kontra, fin bete zuen kalekumeak bere eginkizuna. Antihistaminiko baten bila joan behar izan zuen biharamunean, arnasa estu eta begi bat zabaldu ezinik.

Sustoa hartu du Aingeru gerturatu zaionean Aner besoetan duela. «Negarrez ari zunan, neska; ez al dun entzun?». Besotan hartu du semea. «Falta diren ardien bila joango gaitun Elostara».

«Xebek esan zidan Mergelun begiratzeko, Asubeko ardietan».

«Nik baino hobeto jakingo din hark! Elostara joango gaitun».]]>
<![CDATA[Ardi galduak (I)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2040/036/003/2021-07-17/ardi_galduak_i.htm Sat, 17 Jul 2021 00:00:00 +0200 Nerea Loiola Pikaza https://www.berria.eus/paperekoa/2040/036/003/2021-07-17/ardi_galduak_i.htm
Azpirotzerako bidea hartu du maldan gora, hogeita lau ardiak pago amerikanoaren itzaletan lasai. Besteak Araxeseko iturrira hurbilduko ziren agian. Errepideaz oroitu da. Beheko langa zabalik badago eta galtzadara atera badira berriz? Orduari begiratu dio eta mendian behera abiatu da amorruz.

Sasiak hankan eragin dion minak gelditu du. Negargura jarri zaio, ez zauriarengatik. Iratze hostoekin odoljarioa eteten ari dela entzun du Etxaluzeko Xebe. Hemen kostako artzaina... Zutitu egin da Leire. Irribarretsu begiratzen dio Xebek, hamar bat pausotara, makila batean bermatuta. Leirek beti ikusten du lizunkeria haren begiratzeko maneran. Errudun sentitzen da maiz, harroputz; polita izateagatik gizonezkoek desiratuko dutela pentsatzeagatik. Goitik behera begiratu dio Xebek. Gora eta behera begiratu du Leirek. Behera doan bidezidorrean dago gizona, Leirek pentsatu du sasien gainetik egin beharko lukeela larrituz gero.

«Zazpi ardi falta ditugu».

«Begiratu dun goian, Mergelun? Asubekoekin elkartuta akaso txoro horiek».

Akaso. Xeberekin berriketan egin du herrirako bidea. Anerrek lotan segitzen du ailegatu direnean.]]>