<![CDATA[Nerea Menor | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Fri, 15 Nov 2019 11:01:15 +0100 hourly 1 <![CDATA[Nerea Menor | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Rosa Parksen etxearen bidaia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1841/020/001/2017-11-14/rosa_parksen_etxearen_bidaia.htm Tue, 14 Nov 2017 00:00:00 +0100 Nerea Menor https://www.berria.eus/paperekoa/1841/020/001/2017-11-14/rosa_parksen_etxearen_bidaia.htm
1955eko abenduaren lehen egunean, Rosa Parks Montgomeryko (Alabama) autobus publiko baten atzealdean eseri zen, arraza beltzekoei zegokien tokian. Zurien eserlekuen ostean, zehazki hurrengo lerroan.

Arraza zurikoei zegokien aldea beteta zegoen antza, eta beltzen aulkiak behar zituztela argudiatu ostean, gidariak lekutik altxatzeko esan zien Parks eta beste hainbat bidaiariri. Emakumearen erantzuna ezezkoa izan zen, eta, ezezko horren ondorioz, handik gutxira atxilotu egin zuen Poliziak.

Jokabide horren harira, beltzen komunitateko hainbat buruzagik autobus konpainia boikotatzera deitu zuten. Tartean, Robert Graetz artzaina eta Edgar Daniel Nixon zeuden. Nixon Montgomeryko afro-amerikarren komunitatearen buruetako bat zen, eta Rosa Parks atxilotu zutenean berak ordaindu zuen bermea.

Egun bateko boikota egitea zen hasierako asmoa, baina gero eta lagun gehiagok egin zuten bat protestarekin; boikotari eutsi, eta 40.000 pertsonak 381 egunez egin zuten protesta. Egun horietan guztietan oinez joan ziren lanera, eskolara, elizara... Batzuetan, antolatu, eta autoak partekatu zituzten.

1956ko azaroaren 13an, AEBetako Auzitegi Gorenak autobusetako segregazioa amaitzeko erabakia hartu zuen. Hilabete baten ostean, boikota bertan behera utzi zuten parte hartzaileek.

Montgomeryko autobusen boikotean eskubide zibilen aldeko pertsona ospetsu askok hartu zuten parte: Ralph Abernathy eta Martin Luther King Jr. artzainak, besteak beste. Ryan Mendoza (New York, 1971) artista estatubatuarra ekintza txiki haren garrantziaz mintzatu da BERRIArekin: «Ezezko bakar batekin aldaketa izugarria egiteko kapaza izan zen Parks anderea. Guztiok gauza bera egingo bagenu, pentsa».

Rosa Parksen bizitzaren ingurukoak ongi dakizki Mendozak; duela urtebete baino gehiago emakumearen inguruko proiektu handi batekin dago-eta lanpetuta: Rosa Parksena izan zenaren etxea osorik mugitu du Detroitetik Berlinera.

Parksen iloba

Autobuseko gertakariaren ostean, heriotza mehatxuak ia egunero izan zituen Parksek. Horregatik, eta lan arazoengatik, Alabamatik Detroitera joan zen bizitzera ekintzailea. Detroiteko beste hainbat eraikinen modura, 2008ko finantza krisiaren ondorioz, Parksen eta haren familiaren etxea hutsik zegoen, eta hiriko administrazioaren eraispenen zerrendan agertu zen. Rhea McCauleyk, aktibistaren ilobak, horren berri izan zuenean, 500 dolarrengatik erosi zion eraikina gobernuari. McCauleyk izebaren etxea «artelan» bihurtzeko asmoa zuen, baina ez zuen aski dirurik horretarako. Bide horretan agertu zen Ryan Mendoza: «Proiektu honetan parte hartzeko kontaktatutakoen artean azkena izan nintzen. Nire aurretik beste 25 erakunde zeuden, baina, antza, etxearen etorkizunak ez zituen kezkatu».

McCauleyk artistari eman zion etxea. Estatu Batuetan eraikina balioztatzeko gai ez zirenez, artistak bere etxeko patiora eramatea erabaki zuen, Berlinera. Hormen artean aurkitutako lizunak eta oro har egituraren egoera eskasak benetan hunkitu zuen, eta hemezortzi egunean eraitsi zuen etxea, hainbat artistaren laguntzarekin. Handik sei hilabetera, Berlineko Wedding auzoan zegoen: paretak, leihoak, tximinia... Orain, urtebete baino gehiago pasatu dela, hainbat erakundek eraikinaren inguruko interesa azaldu dute.

Etxeak piztu duen jakin-mina AEBetako joera garrantzitsu baten isla dela deritzo artista estatubatuarrak. Orain arte, erakundeek gutxiespena besterik ez dute erakutsi, baina orain eraikinaren garrantzia igarri dute. «Oroimen kolektiboaren zati bat da etxea», dio Mendozak. «Rosa Parks bezala beste lagun asko ere, hegoaldea utzi, eta iparralderantz joan ziren baldintza hobeagoen bila».

Iparraldeko bizitza hobeagoaren ilusioa irudipen hutsa zela frogatzen du eraikinaren egoera kaskarrak. Parekoa liteke esklabotza deuseztatu ostean dena argi eta ongi zegoelako ustea. Lege hori indargabetu arren, egoera ez zen kolore arrosakoa.

«Oraindik ere, momentu deseroso asko daude. Duela ez horrenbeste, lagun batekin nindoan autoan. Arraza beltzekoa bera. Bere zuhaitz genealogikoaren inguruan zer zekien galdetu nionean, bortxaketaren eta torturaren inguruan berba egiteko gogorik ote nuen galdetu zidan».

Oroitarri konfederatuak

SPLC Hegoaldeko Pobretasunaren Lege Zentroaren arabera, buruzagi konfederatuen aldeko 1.500 oroitarri baino gehiago daude Ameriketako Estatu Batuetan. Eskubide zibilen aldekoen oroitarriak, ostera, 76 besterik ez dira, baina herritarrak egoera aldatzeko prest daudela dirudi.

Joan zen abuztuan Charlottesvillen (Virginia) izandako liskarrek oihartzun handia izan zuten. Udalak Robert E. Lee jeneral konfederatuaren estatua kentzeko asmoa zuela jakin ostean, eskuin muturreko hainbat talde elkartu, eta indar erakustaldi bat egin zuten. Elkarretaratze horren aurka protesta egiteko, kontramanifestazioak ere antolatu ziren. Eskuina bat eginda leloaren jarraitzaileetako batek autoarekin harrapatu zuen Heather Heyersen aktibista, eta hil egin zuen.

Robert Edward Lee Armada Konfederatuaren burua izan zen Ameriketako Estatu Batuetako gerra zibilean ikur garrantzitsuenetako bat. Hegoaldeko 11 estatu esklabistek independentzia aldarrikatu zuten 1861ean, eta lau urteko gerra amaitutzat eman eta gero, 1865ean, berriz ere Batasunera batu ziren. Batasuna baita bandoak iparraldeko estatuak bildu zituen Abraham Lincolnen buruzagitzapean. Horiek izan ziren estatu abolizionistak.

Egoera ekonomikoa eta kulturala edota iparraldearen eta hegoaldearen arteko ezberdintasuna lehergarritzat hartu izan diren arren, gerraren eragile ezagunena esklabotzaren faktorea izan zen.

Hegoaldeko hainbat eskola eta eraikinek jeneralaren izena dute, eta haren irudiak erakusten dituzte. BBCren arabera, Leeren figura zaharberritu egin dute AEBetan: bando okerrean egondakoa, garaitua bai baina doilor hutsa ez. Gerra zibila amaitu eta gero, AEBak berreraikitzeko proiektuak babestu zituen Leek, hegoaldearen eta iparraldearen adiskidetze pausoen ordezkari bihurtuz. Komunitate afro-amerikarrarentzako hezkuntza sistema publiko baten alde zegoen, baina arraza beltzekoen bozkatzeko eskubidearen kontra azaldu zen.

1865ean, estatu konfederatuetako herritarren parte handi batek ez zuen onartu gerrako porrota, eta, handik urte gutxira, heroi konfederatu modura ikusitakoen oroigarriak eraikitzen hasi ziren Hegoaldea berriz altxatuko da lelopean.

Sendatu gabeko zauriak

Duela 150 urte baino gehiago amaitu zen gerra zibila, eta afro-amerikarrak gizarteratzen hasi ziren. Hala ere, zauriak ez dira oraindik sendatu, oraindik arrazaren inguruko arazoak herritarrak banatzen baititu AEBetan.

«Estatubatuar askoren buruan dago oroigarri konfederatuen gaia», dio Mendozak. 1.500 oroitarri horietatik oso gutxi dira benetan zaharrak. Oro har, Ku Klux Klan eta halako taldeak sortutakoak dira. «Monumentu hauek erreakzio bat dira. Arraza beltzekoen eskubideen inguruko aurrerapausoak ematerakoan, horrelako oroigarriak egitea izan zen erantzuna».

Ordainsari baten falta sumatzen du artistak; abolizioaren ostean esklabo izandakoek ez zuten ezer jaso pairatutakoak jasan ostean. Errebisionismoari dagokionez, arazoak testuinguruan kokatu, iraganera salto egin, eta sustrai osoa ateratzeko beharra dago, Mendozaren ustez. Hori litzake irtenbide bakarra.

Batek baino gehiagok pentsatu izan du Rosa Parksen etxearen proiektua aurrera eramateko ez dela aproposena arraza zuriko artista bat. «Ulertu beharra dago ez zegoela beste irtenbiderik. Gauzak horrela, proiektu hau baztertuz gero, lanari ekiten ez dion gizon zuriaren estereotipoa izango nintzateke».

Bada, laster eramango dute etxea berriz ere Estatu Batuetara, eta badirudi aurreneko geralekua Rhode Island estatua izango dela. Estatu horretako hiriburua da Providence, eta han dago Brown Unibertsitatea. Mendoza eta erakunde hori elkarrekin dabiltza lanean.

Momentuan, solasaldi eta berriketa askok hartu dute mintzagai justizia eta arrazaren gaia. Horregatik, orain inoiz baino gehiago, Ryan Mendozak eta Rhea McCauleyk ondo dakite etxeak AEBetan egon behar duela. Parksen ilobaren ustez, eraikinaren itzulera urrats egokia da. «Izeba Rosa heroi amerikarra da. Gure aurretik beste herrialdeek gure heroiak balioztatzea ez da egoera aproposena», uste du McCauleyk.

2003. urtean, Brown Unibertsitateak batzorde bat osatu zuen erakundearen, esklabotzaren eta esklaboen salerosketaren artean izandako lotura aztertzeko. Ebidentziak aztertzeaz gainera, egitarau publikoak antolatzen dituzte. Horien helburua da garai historiko eta injustizia horren inguruan gogoeta egin eta esanahia ulertzen saiatzea. Proiektu horren barruan kokatuko da, ziur asko, Rosa Parksen etxea.]]>
<![CDATA[Garai berriak errege zaharraren itzalpean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1842/014/001/2016-12-17/garai_berriak_errege_zaharraren_itzalpean.htm Sat, 17 Dec 2016 00:00:00 +0100 Nerea Menor https://www.berria.eus/paperekoa/1842/014/001/2016-12-17/garai_berriak_errege_zaharraren_itzalpean.htm
Adulyadej 70 urtez izan da monarka, eta urte horietan guztiotan zeharo aldatu da Thailandia. Aimek dio erregeak herrialdea eraldatu duela: «Badakit hainbat tokitan monarkiak ez duela fama onik; hala ere, ulertu desberdintasunak. Erregeak, erreginak, printzeak eta printzesak ekintza zintzo eta onuragarri asko egin dituzte. Gizon-emakumeak dira, eta inor ez da perfektua, baina arrazoi nahikoak ditugu erakundea maitatzeko eta estimatzeko».

Adulyadejen heriotzaren ondoren, junta militarrak hilabeteko dolua ezarri zuen herritar soilentzat eta urtebetekoa funtzionarioentzat. Thailandia zuri-beltzez jantzi da: bandera nazionala masta erdira jaitsi dira, eta dolu xingola beltzak edonon zintzilikatu.

Kalean ere negarrez ikus daitezke herritarrak, eta geltokietan ereserki nazionala jotzen dutenean bidaiariak altxatu egiten dira. Isiltasuna da nagusi. Telebistak, berriz, zuri-beltzean, dolua adieraziz, behin eta berriz erregearen bizitza eta trebetasunak goraipatzen ditu.

Rose iparraldean bizi da, eta han ere hainbat herritar beltzez janzten direla dio: «Dolu ofiziala hilabetekoa izan da herritarrentzat. Hala ere, erregea maite dugu, eta uste dut urtebeteko dolua egingo dugula gehienok».

Izendapen polemikoa

Maha Vajiralongkorn da orain herrialdeko errege berria, Bhumibol Adulyadejen semea, baina polemikaz inguraturik estreinatu du koroa. Koroatze ofiziala errege ohiaren errausketaren ostean izango den arren, urtebete barru, abenduaren 1ean hartu zuen kargua errege berriak, Rama X.a.

Haren bizimodua kezka iturri da. Vajiralongkornek Erresuma Batuan eta Australian ikasi zuen, eta prestakuntza militarra jaso zuen bi herrialde horietan, baita jaioterrian ere. Zazpi seme-alaba ditu, eta hiru aldiz ezkondu da. Srirasmi Suwadee izan zen haren azken emaztea, baina 2014. urtean hautsi zuten ezkontza.

1972an izendatu zuen aitak bere ondorengo, eta orduan erabakiarekin ados azaldu ziren militarrak. Hala ere, monarkaren heriotzaren ostean, Prayut Chan-o-cha jenerala eta lehen ministroak aditzera eman du printzeak ez duela berehala koroa hartuko. Vajiralongkornek berak dolua bete nahi izan du, herritarrekin batera, eta zazpi astez errege gabe utzi du Thailandia. Hura, baina, ez da makurrena izan.

Gobernuak BBC Thai ikertuko duela adierazi zuen hil hasieran, komunikabideak thailandiarrez argitaratutako errege berriaren profilak lese-majeste legea hautsi izanaren akusaziopean. Horren harira, Jarupat Boonpattararaks Pai aktibista atxilotu zuen Poliziak Facebook bitartez profil hori partekatzeagatik. 400.000 bahteko (10.656 euro) zigorra eta egun bateko presoaldiaren ostean epaitegiak libre utzi zuen gaztea. Pai bezala, beste 3.000 erabiltzaileek partekatu zuten albistea.

Parlamentuak atzo onartutako lege aldaketak, baina, zigorrak areagotuko ditu. Interneteko edukiak kontrolatzeko batzorde bat eratuko dute monarkia difamatzea saihesteko. Herritarrek, adierazpen askatasunaren kontra dagoela argudiatuta, neurri horren kontrako 300.000 sinadura aurkeztu zituzten bezperan.

Thailandiako Zigor Kodearen 112. artikuluak gogor zigortzen ditu monarkiaren kontrako edozein difamazio, irain eta mehatxu. Herritarrek Rama X.aren xelebrekeriak, baina, ondo ezagutzen zituen BBCren albistearen aurretik ere. Aireko armadako mariskal izendatu zuen bere txakurra, eta amodio afera ugari izan ditu. Hainbat komunikabidek diotenez amak, Sirikit erreginak, prentsaurreko batean esan zuen bere semea limurtzaile bat zela.

Herritarren gehiengoak aita miresten zuten; errege berriak, alta, ez du gizarte osoaren babesa. Askok uste dute Srindhon printzesa kargua betetzeko pertsona egokiagoa litzatekeela anaia baino. Srindhonen bizitzaren gaineko liburu asko argitaratu dira, eta bere erretratuak herrialde osoan daude ikusgai, Bangkokeko tren geltoki nagusian adibidez. Bhumibol Adulyadejek berak eta monarkiaren inguruko botereek ere printzesa nahiago omen zuten, baina Thailandiako Konstituzioak ez du emakumezkorik onartzen horrelako karguetan.

Aitaren ospea

Errege aldaketarekin, garai berri baten atarian da Thailandia. Bhumibol Adulyadej 1927an jaio zen, Massachusettsen, Ameriketako Estatu Batuetan, eta Suitzan bizi izan zen urte askotan. Autoak, jazz musika eta argazkilaritza ziren haren zaletasunak. Hainbat intelektual eta komunikabidek bon vivant bezala deskribatu izan duten arren, herritar askok haren trebetasuna miresten dute.

Aim da horietako bat: «Gizon handien adibide ezin hobea da erregea. 70 urteetan egunero lan egin du guregatik, baita beharrezkoa ez zenean ere. Esparru askotan jenioa da: hizkuntzan, zientzian, artean...» Aimeren iritziz, thailandiarrek ez dute orain arteko erregea bere karguarengatik bakarrik maite: «Lan asko egin du, eta arduraz jokatu du, baina erregea izango ez balitz ere, gure bihotzak irabaziko zituela badakit».

Prajadhipok erregeak, Bhumibolen osabak, 1935. urtean abdikatu eta Ingalaterrara atzerriratu ostean, erregearen anaia nagusia, Ananda Mahidol, bihurtu zen Thailandiako errege 1946.urtea arte. Urte horretako uztailaren 9an tiroz hilik aurkitu zuten logelan. Garai horretan, Rama IX.a izango zenak 19 urte zituen, eta, tronura berehala igo beharrean, ikasketak amaitzeko asmoarekin bueltatu zen Suitzara. 1950.urteko maiatzaren 5ean izendatu zuten ofizialki Thailandiako errege.

Aurreneko urteetan bere ospea eta izen ona hobetzeko lan egin zuen errege berriak: irratian jazza joaz, komunikabideen aurrean familiarekin agertuaz, hainbat proiektu babestuz, eta 1956an, budismoaren 2.500. urteurrenean, monasterio budista batean monje sartuaz.

Gainera, militarren erabateko fideltasuna izan omen du; zenbaiten ustez, buruzagiei ezarritako kontrol zorrotzaren ondorioz. Urte hauetan estatu kolpe ugari izan dira herrialdean, eta demokratikoki hautatutako agintariak aldarazi dituzten arren, monarkiarekiko morrontza adierazi izan dute beti militarrek.

Bi puntu hauengatik eta lese-majeste legearen ondorioz, hainbat komunikabideren arabera, biztanleriaren zati handi batek politikaren gainetik dagoen izaki zerutartzat hartu omen du Adulyadej. Hala ere, gazte thailandiar asko kexu dira mendebaldean inozotzat jo dituztelako, eta errespetua galdu omen dietelako behin baino gehiagotan, Ipar Korearekin parekatuz adibidez.

Historia korapilatsua

Rama IX.a erregea hil zenetik bi hilabete pasatu ostean, Bangkok Post egunkariko webguneak koloreak berreskuratu ditu, eta thailandiarrak aurrera begira daude jadanik. Aimek uste du datozen urteak ez direla samurrak izango: «Ez da erraza izango, ez. Iritzi ezberdin asko dago Thailandian, eta gatazkak alde batean zein bestean. Gaur egun, gobernu militarra daukagu, eta horrek estatu barruan bakea mantentzen laguntzen du, baina demokrazia bueltatuko digute etorkizunean, eta, egoeraren arabera, demokraziak alde positiboak eta negatiboak ditu. Agian ez da gure herrialdeak behar duen irtenbide bakarra; ikusiko dugu zer gertatzen den».

1932. urtean absolutismoa desagertu zenetik, armadak hemeretzi estatu kolpe saio egin ditu, horietatik hamabi arrakastatsuak. Urte horietan guztietan, hogei konstituzio idatzi dira, eta 29 lehen ministro izendatu, horien artean baita militarrak ere, adibidez egun boterean dagoen Prayut Chan-o-cha jenerala.

Egoera nahasi honen barruan, Bhumibol Adulyadej zen askorentzat batasun ikur bakarra, eta monarkaren hitzek legeek baino pisu handiagoa zuten. 1992. urteko manifestazio odoltsuen ostean, erregeak lehen ministroa eta oposizioko burua adiskidetzera behartu zituen, baita belaunikarazi ere telebista publikoan emandako bilera batean.

1991n estatu kolpe baten bitartez demokratikoki hautatutako Chatchai Choonhavanen gobernua kendu zuten militarrek. Hurrengo urteko maiatzean Suchinda Kraprayoon jeneralak boterea hartu zuenean, kalera atera ziren manifestariak buruzagiaren izendapena gaitzesteko. Partaideen kontra tiro egin, eta segurtasun indarrek 52 manifestari hil zituzten. Irailean, Chuan Leekpai aukeratu zuten lehen ministro, 2001. urtera arte. Orduan hartuko zuen Thaksin Shinawatra telekomunikazio handikiak lekukoa. Haren populartasuna azkar hedatu zen klase baxuaren eta demokrazia aldarrikatzen zuten herritar askoren artean. Bost urte geroago, Shinawatra ustelkeriagatik akusatu, eta, estatu kolpe baten bitartez, boteretik atera zuten militarrek. Lehen ministroa erbesteratu egin zen. Thailandian tentsioak eztanda egin zuen.

Alkandora gorri eta horiak

Herritarrak bi bandotan banatu ziren: batetik, alkandora gorriak, Shinawatraren edota demokraziaren defendatzaileak; eta, bestetik, alkandora horiak. Erregezaleek eta erdi mailako klaseak monarkiaren kolorea aukeratu, eta Thaksinen atxiloketa eskatu zuten. Desadostasunak laster heldu ziren kalera, gorriak eta horiak, armadak eta poliziak bata bestearen kontra indarkeria erabili zuten larrialdi egoera ezarri arren. 90 pertsona baino gehiago hil ziren liskarretan.

2011ko hauteskundeen ostean, Yingluck Shinawatra, Thaksinen arreba gaztea, lehen ministro bihurtu zen. Hainbat kritikok esan zuten bere nebaren txotxongiloa zela eta jauntxokeriaz gobernatu zuela. Beste behin ere istiluak kalera salto egin zuten armadarekin batera. Militarrak Bhumibol erregearekin elkartu ostean Prayut Chan-o-cha jenerala izendatu zuten lehen ministro.

Aurtengo abuztuan, %55eko partaidetza eta %61,4ko baiezko botoekin, konstituzio berria onartu zuten thailandiarrek. Lege nagusiaren proposamena junta militarrak hautatutako 21 partaideek idatzi zuten, eta 1997 eta 2007an idatzitako konstituzioa baino kontserbadoreagoa dela uste dute nazioarteko erakundeek eta herrialdeko alderdi garrantzitsuenek. Militarren boterea sendotzen duela ere badiote.

Orain erronkaz beteta dago Thailandia. Errege berriak konstituzioa onartu beharra dauka, eta agintariek adierazi dute hauteskunde orokorrak egingo dituztela 2017an. Hala ere, ez dute baztertzen 2018ra arte atzeratzea.]]>
<![CDATA[Patriarkatuaren zirrikituetatik, bide berrien bila]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1837/016/001/2016-10-19/patriarkatuaren_zirrikituetatik_bide_berrien_bila.htm Wed, 19 Oct 2016 00:00:00 +0200 Nerea Menor https://www.berria.eus/paperekoa/1837/016/001/2016-10-19/patriarkatuaren_zirrikituetatik_bide_berrien_bila.htm
Hala ere, polemika itzela piztu zuen. «Zer? Berriz ez, mesedez». Horixe izan zen Ankita Saikiaren aurreneko erreakzioa ministroaren adierazpenak entzun zituenean. Saikia Assamen jaioa da, baina aspaldi bizi da Bangaloren. Indiako hiri teknologikoan start-up enpresa talde bateko arduraduna da. «India lurralde seguruago bat bihurtu beharrean, guraso aholkuak ematen dituen ministroa, nire ustez, oso zalantzagarria da».

Indian emakumeen kontrako indarkeria oso ohikoa da. Azken aldian, gainera, talde bortxaketak azaleratu dira. Erasoren bat gertatzen denean, nazioarteak kritika zorrotzak egiten dizkio administrazioari, eta, horren aurrean, gomendioak ematea izan da agintarien erantzuna. Horien bitartez, erasoen kopurua gutxitu nahi du gobernuak. Eta, bide batez, kritikak arindu. Saikiak uste du ez dela oso bidezkoa atzerritarrez soilik hitz egitea, arriskuez soilik hitz egitea eta emakumeak bakarrik aipatzea.

Emakumezkoen jantziak epaitzea oso jarrera hedatua da oraindik Indian. Baita Millennials delako belaunaldia janzkera tradizioa errotik aldatzen ari den garai honetan ere. Gizarte patriarkalak sustrai sakonak ditu herrialdean, eta, egoera pixkanaka-pixkanaka aldatzen ari den arren, askotan ez dago emakumeenganako errespeturik, bigarren klaseko herritartzat hartzen baitira, eta, ondorioz, objektu moduan tratatzen dituzte maiz. «Gizon askok uste dute emakumeak baino gehiago direla, eta emakumeen egitekoa haiek zerbitzatzea dela; objektutzat jotzen dituzte, eta, hortaz, eskubiderik ez dutela pentsatzen dute», dio Sayfty erakundeko Shruti Kapoorrek.

Erakunde honek sarritan salatu du sexu jazarpenen kontrako lege egokien gabezia eta horien ezartze maila eskasa. Ondorioz, erasotzaileek ez dute beldurrik, delitua egin arren zigorgabetasuna zabalduta dagoelako. Horiek horrela, ez da harritzekoa emakumeek sentitzen duten segurtasun falta, bakarrik daudenean, kalean edo garraio publikoan, mozkor talde bat ikusten dutenean, edota autoan bakarrik daudenean. Duela ez asko, mendeku kontuak tartean, emakume bat tiroz hil zuten Delhin, gauean bulegotik etxera gidatzen zihoanean. «Emakumearen errua izan zela entzun behar izan genuen», dio Saikiak. «Haren errua gauerdian Delhin bakarrik gidatzen zihoalako... Horrelako hitzak oso arruntak dira». Unibertsitatean ere oso ohikoak dira emakumeen kontrako irainak, baina, familiaren edota erakundearen izen ona eta ospea babeste aldera, askok ez dute ezer esaten.

Alarma bortxaketekin

Azkenaldian asko entzun dugu Indian gertatzen diren bortxaketen inguruan, eta alarma handia piztu da; atzerritar asko beldur dira, eta mesfidantzaz begiratzen dute. 1.200 milioi biztanle ditu herrialdeak, eta estatistika ofizialek diote hogei minututik behin emakume bat bortxatzen dutela. Europako beste edozein herrialderekin alderatuta, aldea nabarmena da, nahiz eta han ere kezkagarriak diren datuak. Espainian zortzi ordutik behin bortxatzen dute emakume bat. Mexikon hemezortzi segundotik behin. Kolonbian bi emakume orduko.

Nolanahi ere, zenbaki ikaragarria da, eta erakunde zein eragile ugari ari dira lanean arazo horri irtenbidea topatu nahian. Lehen baino kontzientzia handiagoa dago orain emakume eta nesken artean. «Salaketa kopurua igo egin dela igarri dugu Sayftyn, emakumeek hobeto ezagutzen dituzte beren eskubideak, eta berba egiten dute indarkeriari buruz», azaldu du Kapoorrek.

Gizartean duela bi edo hiru urte baino kontzientzia handiagoa egon arren, oraindik lan handia dago egiteko. Polizia eta administrazioaren erantzuna oso eskasa da, eta sistema judiziala oso motela; urteak behar izaten dira justizia egiteko. Kapoorrek uste du errua bota beharrean agintariek eta poliziek biktimek diotena sinesten hasi behar dutela.

Sumana Setty, C2C Commit 2 Change (Aldaketarako Konpromisoa) erakundeko arduraduna, bat dator Kapoorrekin: «Ustelkeria asko dago eta enpatia gutxi emakumeen inguruko gaiei dagokienez».

Horren harira, Guria erakundeak jokabide desegokia edukitzeagatik hainbat polizia salatu ditu Uttar Pradeshen. Guriak frogatu du polizia horiek sexu trafikoa, bortxaketa eta umeen prostituzioari lotutako aferetan parte hartu dutela.

Prostituzioa

Emakume eta Umeen Garapenerako Ministerioaren arabera, hiru milioi prostituta daude Indian, %40 adingabeak. Horietatik %70-75 artean giza trafikoaren bitartez sartu dira sexu merkatuan.

Guria erakundea duela 24 urte hasi zen lanean, eta urte hauetan frogatu du ume desagertuen arazoa giza trafikoarekin zuzenki lotua dagoela. «Poliziak 881 neska adingabe erreskatatu zituen 2010. 2011. eta 2012. urteetan. 1.200.000tik %0,07 besterik ez», zehaztu du erakundeko ordezkari Ajeet Singhek. «Egoera horren berri emateko, bi urtetik behin txostenak prestatzen ditugu, eta ministroari polizien jarrera salatu».

Proxeneta, polizia, burdel arduradun, politikari eta trafikatzailez osatutako taldeak daude giza trafikoaren atzean. Lehenengo, biktimak liluratzen dituzte opari eta hainbat promesen bitartez. Gero, psikologikoki eta fisikoki txikitzen dituzte. Azkenik, helmugaraino eramaten dituzte: burdelak, dantzalekuak, atzerrira, mirabe sexual moduan lan egitera, edo ezkondu egiten dituzte.

Martxoan, Indiako Gobernuak giza trafikoaren aurkako lege berriaren zirriborroa aurkeztu zuen, eta Guria zirriborroa osatu zuen batzordeko partaide izan zen. Erakundeak uste du aurrerapauso bat dela, baina baita erronka handia gobernuarentzako ere: «Ustelkeria izugarria da, eta gizartean genero aurreiritziak oso errotuta daude; gainera, polizia eta bestelako arduradunak jarrera tentela eta arduragabea erakusten ari dira legeak gauzatu behar dituztenean». Shingheren ustez, benetako aldaketa gizartetik hasi behar da. «Giza trafikoaren kontrako borrokan parte hartu behar dute herritarrek: haren jatorrian, ibilbidean eta helmugan».

Guriaren helburu garrantzitsuena da talde kriminalekiko dependentzia haustea eta prostituzioaren bigarren belaunaldia galaraztea. Horretarako, hezkuntza, sostengu emozionala eta babesa ematen dizkiete emakumeei.

Dotearen ohitura

Indiako eskualde askotan, etxe berean bizi da familia guztia. Semeak gurasoen etxean gelditu ohi dira, eta emazteak arduratzen dira gurasoez haiek zahartzen direnean. Alabak banantzen dira, beraz, familiarengandik, senarraren etxean bizitzeko. Horregatik ematen dio aitak dotea alabari ezkontzean, hori da-eta hari dagokion oinordetza. Egun, tradizio hori alde batera uzten ari dira, eta bestelakoa da egoera: «Joko ikaragarri bihurtu da ohitura hori: alabarentzat senar egokia aurkitu ahal izateko, diru kopuru handia ematera behartuta dago aita», jakinarazi du Sumana Settyk.

Familia askok baliabide mugatuak dituzte, eta neskatoen hezkuntza ez da balio handiko inbertsioa gurasoentzat. Semeak eskolara bidaltzen dituzte, baina alabak ez, diru hori aurreztu eta ezkontza ordaintzeko erabiltzeko. Horiek horrela, alabak zamatzat hartzen dira, eta familia askok, oso gazte ezkontzera behartzeaz gainera, saldu egiten dituzte burdeletan, edota neskametza lanetan sartu.

Emakumearen bazterketa areagotzen duen beste faktoreetako bat emakumezko fetuen hilketa da. Indiako Auzitegi Gorenak 43 hitz blokeatzeko agindua eman die Interneteko hainbat bilatzaileri. Horrela, zaildu egin nahi du fetuaren sexua zehazten duten zerbitzuak aurkitzea.

Sexua zehazten duten analisiak legez kontrakoak dira Indian, neska izanez gero senideak edo senarrak abortatzera behartzen baitituzte emakume asko. Muga jakin batzuk dituen arazoa dela dio Saikiak; hala ere, jokabide oso zabaldua da hainbat eskualdetan. 2011ko datuek diote 918 emakumeko mila gizon daudela, baina Keralatik Haryanara kopurua guztiz aldatzen da.

Zerbait egin ezean, gobernuaren kalkuluen arabera, 2021. urterako mila gizoneko 900 emakume baino gutxiago egongo dira. Egoera hori aldatu nahian Narendra Modiren Gobernuak Beti Bachao Beti Padhao (Neskak babestu, neskak hezi) izeneko kanpaina jarri zuen abian 2014an. Programa horri esker, hainbat egitasmo jarri dira martxan. Horien artean daude hainbat herritan ratioaren arazoari buruz informatzea, nesken eguna ospatzea, sinadura kanpainak antolatzea... Egindako lanaren emaitzak biltzen hasi da dagoeneko Emakume eta Umeen Garapenerako Ministerioa. Haryana estatuan, adibidez, mila mutileko 900 neska baino gehiago daude dagoeneko. Urte askotan, emakumeen kopurua 850 azpitik egon izan da.

Kalean utzitako neskak

Commit 2 Change erakundeak neska umezurtzekin egiten du lan: «Batzuetan, emakume jaiotzeagatik abandonatu egiten dituzte, edo hil, eta, senideen eskuetan uzten badituzte, haiek kalean uzten dituzte. Besteetan, neskametzatik eta burdeletatik alde egin duten umeak dira».

Gizarteak umezurtzak erdeinatzen ditu, eta C2Cren moduko erakundeak pobreziaren sorgin gurpila hausten ahalegintzen dira haien oinarrizko beharrak betez: eskola tasak ordainduz, liburuak erosiz... Eta tutoreak kontratatzeaz gainera, biziki saiatzen dira nesken autoestimua sendotzen, traumen gainean berba eginez eta arreta berezia jarriz duintasunean.

Sumana Settyk adierazi du aldaketa nabaria dela: «Bilakaera oso motela da, baina heldu da. Neska bakar batek eragin handia du beste hainbatetan, eta hezitako emakumeek haurrak, senideak, komunitatea eta gizartea heziko dute».

Badakite emakumezko eta gizonezkoen arteko parekotasunaren diskurtsoa aldatu beharra dagoela Indian. Ezer baino lehen, emakumeen aurkako bortizkeriaren inguruko kontzientzia sortu beharra dago eskoletan. Haurrek amaitu behar dute generoak mendeetan zehar eragindako bazterkeria, baina gurasoek gidari izan behar dute, neskatoak aintzat hartuz eta eredu izanez: «Alabaren hitzak sinestea da aurrenekoa, bortxatua izan dela dioenean, eta, kalean sexu jazarpen ekintzak edo erasoak ikusiz gero, erasotzaileen aurka eginda», dio Kapoorrek.

Horren lurralde zabala izanik, bereziki konplexua da adierazpen orokorrak egitea Indian. Alde batetik, potentzia ekonomikoa da, eta, ekonomiarekin batera, bizkor haziz doa erdiko klasea. Haien artean ez dira horren ohikoak ezkontza behartuak, ezta dotearen ordainketa ere. Landa eremuan, baina, egoera oso bestelakoa da, hala nola hirietako bazterretan, edo klase apaletan, non desnutrizioa, analfabetismoa eta pobrezia maila oso handiak diren.

2011ko datuen arabera, biztanleen %70 landa eremuetan bizi dira Indian. Modiren gobernuak, hain zuzen, gazte eta emakumeetan zentratuz, hainbat estrategia abiatu ditu eskualde horiek garatzeko. Ezkontza behartuen kontra legezko ekintzak hartu ditu adibidez. Gauzak onerako aldatzen ari omen dira arlo horretan ere, baina denbora gehiago behar da, baita baliabide gehiago ere.

Emakumeendako diru sarrera jasangarriak sortzea da orain erakunde askoren helburua. Horien artean dago Women on Wings (Emakumeak Hego Gainean). Jada 199.900 lanpostu sortu dituzte, eta, haiekin batera, komunitate askoren bizi baldintzak hobetu. Diru sarrerez gain, lanak autonomia ekonomikoa dakar eta pobrezia murriztea. «Emakumeen soldatek eragin zuzena dute haien inguruan; izan ere, senitartekoekin partekatzen dute dirua, eta, ondorioz, ume askok eskolara joateko aukera dute», zehaztu du erakundeko arduradun Ineke Bezembinderrek.]]>
<![CDATA[Garrasi mutu eta isilak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1837/002/001/2016-08-31/garrasi_mutu_eta_isilak.htm Wed, 31 Aug 2016 00:00:00 +0200 Nerea Menor https://www.berria.eus/paperekoa/1837/002/001/2016-08-31/garrasi_mutu_eta_isilak.htm
Eraisketak hasi aurretik hasi ziren protestak. Rinzin Dolma mojak lehen eraisketaren bezperan urkatu zuen bere burua, uztailaren 20an. Azken asteetan, beste bi ikaslek egin dute beren buruaz beste: Rinzin Dolma eta Tsering Dolma. Azkeneko horrek mezu bat utzi du idatzita: «Larung Gar suntsitzen ikusteak eragiten didan samina ezin dut jasan. Txinak ez gaitu bakean bizitzen uzten».

Free Tibet erakundeak salatu du iragarritakoa baina lehenago hasi direla eraispenarekin, etxeak husteko emandako epea errespetatu gabe. Monasterioa tibetar kulturaren ondarea dela ere salatu du erakundeak. Matteo Mecaccikek Tibeten Aldeko Nazioarteko Kanpaina buruak bat dator iritzi horrekin: «Leku preziatua eta babestua izan beharko luke; tibetar hizkuntza, kultura eta erlijioari dagokionez, neurtezina da akademiaren garrantzia».

Tibeteko Eskualde Autonomoan dago Larung Gar; Txinako Sichuan eskualdean. Khenpo Jigme Phuntsok lamak 1980an sortu zuen han Serthar Institutu Budista. Bakartu samar dago, eta hamar eta hamabost ordu arteko zeharkaldia egin behar da oinez iristeko, itzal handiko eskola da eta ikasleen erdia emakumeak dira; Tibeteko historian aurrenekoz emakumeek khenpo titulu erlijiosoa lortzeko aukera izan zuten han.

Txinako goi agintariek, baina, protesten aurrean entzungor egin dute, eta hurbiletik kasu egiten ari zaie eraispenari. Xi Jinping presidenteak berak interes handia du gai horren inguruan, eta eraispena puntuz puntu azaltzen duen agiria zabaldu du gobernuak. Urri amaiera baino lehen, 1.500 egoitza botako dituztela zehazten da agirian. Era berean, kontrol neurriak jasotzen dira; gaurko lehen segurtasun kamerak jartzea, edota ikasle xeheak gobernuaren kontrolpean ezartzea harresi baten bitartez moja eta fraideetatik bananduz. Azken horiek hainbat dokumentu sinatu beharko dituzte, eta hitzeman legea betez praktikatuko dutela erlijioa.

Jazarpen politikoa

Txinako Konstituzioaren 36. artikuluak errepublikako biztanle guztien erlijio askatasuna bermatzen du, eta dio estatuak ezin duela inor behartu erlijio jakin bat praktikatzera edota ez praktikatzera. Idatzitakoa, baina, ez da betetzen. Human Rights Watchen esanetan, zapalkuntza politikoa pairatzen dute tibetarrek, indarkeriaz gainera; baita errepresio erlijioso gogorra ere.

Larung Garren bizi diren tibetarrek badakite hori, oraingoa ez baita monasterioak pairatu duen eraso bakarra. 2001ean milaka egoitza suntsitu zituzten, eta tibetar batzuk, egoera jasan ezinik, hil egin ziren. 2009az geroztik, 140 pertsonak beren burua erre dute protesta gisa. Dalai-lamak txinatarren aurkako bortizkeria erabiltzea debekatu zuen, eta, agintari espiritualaren desira errespetatze aldera, askok beren gorputzarekiko indarkeria erabiltzen dute.

Protestek, gainera, mugak gainditu dituzte. Dorjee Tsering 16 urteko gazteak otsail amaieran eman zion su bere buruari Indian, Dehradun herrian. Amari behin baino gehiagotan esana omen zion bere herriarengatik zerbait egin nahi zuela. Lehenengo aldiz, autoimmolazioa erabili zuen protesta gisa Tibeten inoiz izan ez den nerabe batek.

Dharamsalaraino iritsi da, bada, samina. Tibeteko Museoan immolatu aurretik idatzita utzitako mezuak irakur daitezke: «Aita, hain zaila da tibetarra izatea, ezin baitugu ezta dalai-lamaren erretratua eduki; ez dugu inolako askatasunik».

Dalai-lamaren tenplu ondoan daude esaldiak. Indian erbesteratutako tibetarrak biltzen dira hiri horretan. Txinako Askapenerako Herri Armadak 1949an inbaditu zituen Tibeteko Kham eta Ambo probintziak. 1954an, dalai-lama Txinara joan zen bake elkarrizketak hasteko asmoarekin, baina, Beijingeko eraso krudelen ondorioz, ahaleginek huts egin zuten. Erresistentzia Tibet osoan zehar hedatu zen, eta 1959ko martxoaren 10ean Lhasara heldu zen. Tibetarrek ezin izan zuten askorik egin armadaren aurka. Astebete eskas geroago, bere bizitza arriskuan zegoela ikusirik, dalai-lamak Indiarako bidea hartu zuen.

Buruzagi espiritualaren ostean, tibetar askok hartuko zuten erbesterako bidea Himalaia zeharkatuz. Egun, 150.000 tibetar inguru daude munduan zehar, baita erbesteko gobernua ere, India iparraldeko Dharamsala herrian.

Erbesteko borroka

Norbu Tenzin, Lhasan jaioa da, eta 11 urte zituela erbesteratu zen. 17 urte hauetan ez da inoiz jarri senideekin harremanetan, poliziak, erbestean dagoela jakinez gero, bere familia zigortuko duen beldur delako. Dharamsalako Ume Iheslarien Herrian hazi zen, eta han ikasi zuen: «Ume asko bakar-bakarrik geunden han, eta hezitzaileak familia giroa sortzeko gai izan ziren». Erbesteko gobernuaren beka bat lortu, eta ekonomia ikasketak amaitzear dago hegoaldeko unibertsitate batean. «Ikasketak bukatzen ditudanean Dharamsalan lan egin nahiko nuke, ahal izanez gero erbesteko gobernuan. Dharamsalan, tibetarren artean, babestuago sentitzen naiz, eta dalai-lama ere han dago».

2011n, tibetarren buruzagitza politikoa utzi zuen dalai-lamak. Lobsang Sangay lehen ministroa da ordutik tibetarren ordezkari politikoa. Dharamsalan askok dute begiko baina ahots kritiko ugari ditu erbesteratuen artean. Dalai-lamak independentzia berreskuratzen saiatu zen aurreneko urteetan, baina urteekin «irtenbide errealistago» baten alde egin zuen: Erdibideko Politika. Tibeteko Gobernuaren arabera autonomia bat dator txinatar konstituzioarekin, eta tibetarren oinarrizko eskubideak defendatzen ditu.

Lhasang Tseringen esanetan, baina, onartezina eta irrealista da bide hori. Poeta, idazle eta ekintzaile horrek erresistentzian parte hartu zuen. «Hasieran, Ameriketako Estatu Batuen laguntza izan genuen, baina, Nixonen aginduz —nire ustez—, laguntza eten zuten». Dalai-lamak, egoeraren berri jakin zuenean, errenditzeko eskatu zien. «Dalai-lamari ez diogu errespetua bakarrik, fede kontua da. Baina, ezin genuen ulertu zergatik zen errenditzea bide egokiena». Erresistentzia etetea erabaki okerra izan zela uste du aktibistak, eta, gaur egun, askatasun borrokak jomuga galdu duela. «Argia galdu dugula da Tibeteko borrokaren tragedia. Erdibideko politikarekin helburua ez da helburu argi eta garbi bat. Eta, helburu garbirik gabe, ezinezkoa da estrategia zehatz bat izatea».]]>
<![CDATA[ALEMANIA, GUDU EREMU GISA]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2314/002/002/2014-11-02/alemania_gudu_eremu_gisa.htm Sun, 02 Nov 2014 00:00:00 +0100 Nerea Menor https://www.berria.eus/paperekoa/2314/002/002/2014-11-02/alemania_gudu_eremu_gisa.htm
«Baltikoko Stettindik Adriatikoko Triesteraino, altzairuzko oihal bat erori da kontinente osoaren gainean. Lerro horren beste aldean, Europako antzinako estatuen hiriburuak daude». 1946ko martxoaren 5ean, Fultungo hitzaldian, Winston Churchillek lehen aldiz erabili zuen Iron courtain esapidea. «Behar-beharrezkoa da ingelesa hizkuntzatzat duten herrialde guztiak berehala bat egitea».

II. Mundu Gerraren amaieratik urtebete igaro ez zela, bazterrak astindu zituen diskurtso horrek. «Churchillek eta bere lagunek Hitlerren eta haren lagunen antz izugarria dute», esan zuen Stalinek.

Gudan garaile, AEBak eta Sobietar Batasuna munduko potentzia ekonomiko eta militar nagusi bihurtu ziren. Ardatzeko potentziak garaitu ostean, bloke bakoitza bere sistema ezartzen saiatu zen herrialde askatu berrietan.

Okupazio indarrak Berlinen

Azkar asko azaleratu zen Alemanian Gerra Hotza, eta bi potentzien arteko norgehiagokaren lekuko bihurtu zen lurraldea. «Mendebaldeko Alemanian, aliatuak okupazio indar moduan hartu genituen», dio Stephan Mullerrek, AEF Alemaniako Errepublika Federalean bizi izandakoa oroituz. Kerstin Schick, ostera, AED Alemaniako Errepublika Demokratikoan bizi zen. «Ekialdeko Berlinen, soldadu sobietarrak askatzaile eta lagun moduan hartu genituen. Senidetzat geneuzkan, ez okupazio indartzat».

Alemania eta Berlin, lau sektoretan banatu zuten Amerikako Estatu Batuek, Erresuma Batuak, Frantziak eta Sobietar Batasunak. 1947. urtean, lehen hirurek beren kontrol eremuak ekonomikoki batu, eta, 1948an, AEF sortu zen, zeinak demokrazia parlamentarioa eta liberalismo ekonomikoa zuen. Alde bakarreko dibisa erreforma ere gauzatu zuten: balio handiagoko markoa jaulki zuten, sobietar eremukoaren aldean.

«Ekialdeko markoak mendebaldekoak baino askoz gutxiago balio zuen. Gogoratzen dut aitak, ekialdean lan eginda bueltatzen zenean, hango markoak ekartzen zizkidala. Gure txanponen berdinak ziren itxuran, baina umeok jolasteko erabiltzen genituen; plastikoz eginak zeuden, eta gezurretako dirua zirudien». Kai Thiemann, Bonnen jaioa, gobernuarekin batera mugitu zen Berlinera, 1999-2000 urte bitartean.

1948an, Sobietar Batasunaren eta aliatuen artean erabateko haustura izan zen. Presio neurri modura, sobietarrak, ur eta lur sarbideak itxi, eta Berlin bakartzen saiatu ziren. Horri aurka egiteko, Luftbrucke delakoa (aire-zubia) sortu zuten mendebaldeko indarrek. Urtebeteko blokeo saioan, 300.000 hegaldik erregai eta elikagaiz hornitu zuten Berlin.

Eraginkortasunik eza ikusirik, sobietarrek urtebete geroago blokeoa kendu eta mugak zehaztu zituzten. Handik gutxira sortu zen AED.

Alemaniako muga ekialde eta mendebaldearen arteko banaketa lerroa zen. Sektoreen arteko mugak zabalik, beste aldera igarotzeko bide bakarra zen Berlin. Ehunka pertsona, estatu komunista utzi, eta mendebaldera igarotzen ziren egunero.

1952ko udaberritik aurrera, txarrantxarekin sendotu zuten muga. 1953an, etxegintza arloko langileek deitutako greba AEDko Gobernuaren aurkako matxinada bilakatu zen, eta, 500 hiri baino gehiagotan, manifestariak gogor erreprimitu zituzten.

1961eko udan, harresi bat eraikitzeko asmoei buruzko zurrumurruak entzuten hasi ziren, eta Walter Ulbricht AEDko Estatu Kontseiluko buruak prentsaurreko bat eman zuen: «Inork ez du harresirik eraikitzeko asmorik». Bi hilabetera, lanak hasiak ziren eta kamioien zarata etengabea zen Berlin ekialdean.

Sektoreen arteko muga itxi eta iheslarien fluxua geldiarazi zuten. Aliatuen erantzunaren zain egon ziren biztanle asko, baina ez zen ezer gertatu. «Aliatuek ez zuten gerra atomikorik nahi. Statu quo-a nahiago izan zuten», dio Hallen (AED) bizi den Michael Klarichek.

1961etik 1989ra, 165 kilometroko harresiak Berlin bakartu zuen, Sobietar Batasunaren barruan kapitalismoaren uharte bilakatuz. Mundu bananduaren ikur bihurtu zen harresia.

Muga itxi osteko hilabeteetan, jende asko saiatu zen beste aldera pasatzen. Bernauer Straben eraikinak mugaren erdian zeuden. Mendebaldera igarotzeko asmoz, leihoetatik salto egin zuen jende askok. Ihesaldien ondorioz, eraikinak hustu eta mendebaldeko leihoak hormatu zituzten.

Checkpoint Charlie kontrol pasabidean, giroa gori-gori izan zen 1961ean, tanke sobietarrak eta estatubatuarrak aurrez aurre. Funtzionario eta militarrek Berlin osoan libre mugitzeko eskubidearen gaineko akordioa urratu zuten sobietar soldaduek AEBetako militar bati muga gurutzatzea debekatu ziotenean, emaztearekin ekialdeko antzoki batera zihoala. 16 orduko tentsioaren ostean, tankeak erretiratu egin zituzten.

'Ostpolitik'

1963an, J.F. Kennedyk Berlin bisitatu eta gutxira, AED eta AEF arteko lehen igarotze baimena sinatu zuten. Lehenengo egunean, milaka pertsonak zeharkatu zuten muga, eta behin betiko erregulazio bat eskatzen hasi ziren alde bateko zein besteko alemaniarrak. 1963tik 1966ra lehenengo baimen horretaz gain beste lau akordio egin ziren arren, mugako postuak bere horretan mantendu zituzten.

1970ean, Mendebaldeko eta Ekialdeko Alemaniaren hurbilketa bat gertatu zen. Willy Brandt kantzilerrak Alemaniako Errepublika Demokratikoa bisitatu zuen, eta urteetako isiltasunak bide eman zion elkarrizketari: bi aldeek merkataritza harreman konplexu bat eratu zuten. Kantzilerrak Ostpolitik (Ekialdeko politika) bultzatu zuen, AED, Polonia eta Sobietar Batasunarekin harremanak hobetzeko.

1987an, Mikhail Gorbatxoven gobernuak Perestroika-ko erreforma ekonomikoak ezarri zituen. Sistema komunista berrantolatzea zuten helburu, komunismoa mantendu ahal izateko. Urte berean, agintari sobietarra gogoan, Ronald Reaganek hau esan zuen: «Gorbatxov jauna, bota ezazu harresi hau».

Harresiaren atzera egitea

1989ko maiatzean, Hungaria eta Austria arteko mugan txarrantxa kentzen hasi ziren. 13.000 pertsona baino gehiago mugitu ziren mugaldera irailean. Michael Klarichek Hungariara joateko bisa bati esker lortu zuen ihes egitea, emaztearekin, bi semeekin, lagun batekin eta haren semearekin. «Mugako soldadua zen senarra, eta mendebaldean zegoen jada. Tiro egin nahi izan ez zion iheslari batekin egin zuen alde».

Erregimen komunistaren kontrako protestak areagotu egin ziren Harresiaren azken hilabeteetan. Leipzigen, harresia jausi baino hilabete lehenago, 70.000 pertsonak segurtasun indarrei desafio egin zieten. Wir sind das Volk (Gu gara herria) lelopean diktadurari beldurra galdu ziotela erakutsi zuten. Joachim Gauck Alemaniako presidenteak hala gogorazi zuen: «Urriaren 9a gabe ez zen posible izango azaroaren 9rik». Elkarretaratzearen 25. urteurrenean, Leipzigeko iraultza baketsua goraipatu zuen Gauckek.

Herriaren barne presioari aurre egin ezinik, aste batzuk geroago, muga zabaldu beste aukerarik ez zuen izan Alemaniako Errepublika Demokratikoak. «Harresia bota zutenean, Berlinen nengoen», dio Angela Wischnatek. «Lanera joatean, kaleak gainezka zeuden. Harrituta nengoen, ez genuen espero. Asteetan ospatu zuen jendeak eraistea, kalean, gau eta egun. Hilabeteak behar izan genituen egunerokotasunera itzultzeko».

Harresia jausi eta 11 hilabete itxaron behar izan zuten alemaniarrek estatua bateratu arte, 1990eko udan. Irailean 2+4 agiriak sinatu zituzten Amerikako Estatu Batuek, Frantziak, Erresuma Batuak eta Sobietar Batasunak, bi Alemaniekin batera, eta estatu berriko mugak finkatu. Urriaren 3an, indarrean sartu zen Bateratze Ituna. Politika arloan arrakastatsua izan arren, alemaniar asko ez daude konforme bateratzearekin.

«Mendebaldeko merkatuak ekialdekoa hartu zuen», dio Klarichek. «Ekialdeko marka oso gutxi geratzen direla da horren erakusle», gaineratu du Stepahn Mullerrek. «Mendebaldeko merkatua oso pozik jarri zen harresia jausi zenean; 16 milioi kontsumitzaile berri zituen».

Ekialdeko eta mendebaldeko eremu izandakoen artean alde handia dago oraindik.

«Soldata baxuagoak jasotzen dituzte ekialdean», dio Angela Wischnatek. «Ekialdeko gazte asko mendebaldera etortzen da lanera, baina seme-alabak eduki nahi dituztenean ekialdera bueltatu diren asko ezagutu ditut. Herriminagatik edo... ekialdekoetatik gertuago sentitzen dira, balio eta pentsaerari dagokienez».]]>
<![CDATA[Berlin berriaren «harrokeria»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2525/004/001/2014-11-02/berlin_berriaren_harrokeria.htm Sun, 02 Nov 2014 00:00:00 +0100 Nerea Menor https://www.berria.eus/paperekoa/2525/004/001/2014-11-02/berlin_berriaren_harrokeria.htm
Harresia eraitsi zuteneko euforia eta itxaropen sentimenduak gogorarazteko, mundu osoko 100 artistak baino gehiagok 1,3 kilometroko horma zatia apaindu zuten 1990ean.

Ibai bazterra guztiontzat

Azkeneko urteetan asko aldatu da Berlin, eta Spree ibaiaren inguruko lur eremua hiriko leku preziatuenetako bat bilakatu da. Media Spree eraikitze planak etxe orratz, hotel, loft eta bulegoz bete nahi du ibaiertza.

2008. urtean, Spree Ufer für alle (Spreeko bazterrak guztiontzat) plataformak antolatu zuen galdeketan, Friedrischain-Kreuzberg auzoko bizilagunek ezezkoa eman zioten proiektuari, ibai bazterrak eraikinez libre laga nahi zituztela aditzera emanez. Hala ere, eraikitze prozesua ez da gelditu, eta, azkeneko urteotan, hondeamakinak East Side Galleryraino heldu dira.

Harresiaren eta Spree ibaiaren arteko eremuan (Heriotza Zerrenda izan zenean) eraikitzeko baimena lortu zuen Living Bauhaus enpresak eta, egun, luxuzko apartamentuak eraikitzen dihardu. Herritarren presioaren ondorioz eraispen lanak egun batzuetan gelditu zituzten arren, galeriaren bi zati kendu ziren 2013ko otsailean, kamioi eta langileei sarrera ahalbidetzeko.

«Ez dut ulertzen hiriak daraman joera berri hau; azkarregi aldatzen ari da. Leku historiko bat hartu eta auzoarekin zerikusirik ez duen jende aberatsa erakarri nahi dute. Zertarako? Hiri txiroa eta sexya zena aberats eta harroputz bihurtuko da horrela», dio Natasa Kramberger idazleak.

Living Bauhaus enpresak, salmenten igoeragatik, kanpaina mediatikoari eskerrak ematen dizkio, eta galeria babestu nahi duen taldeak, aldiz, informazio kanpaina berri bat jarri du martxan.

Legez kanpoko eraikuntza

«East Side Gallery, garai bateko muga izanik, alemaniarren kultur ondarea da. Gainera, muga izandako eremuak inguru babestuak dira Berlingo legeen arabera», dio Jordi Perez ezizenarekin ezaguna den ekintzaileak, Bündnis East Side Gallery retten (Elkarrekin East Side Gallery babestu) taldeko kideak.

Living Bauhausen proiektuaren alboan, Alon Mekel inbertitzaile israeldarrak 120 metroko altuera izango duen hotela eraikiko du. «Apartamentuetara eta hotelera sartu ahal izateko, bi edo hiru pasabide eraiki beharko dituzte. Living Bauhausek dio sarrera batekin nahikoa izango dutela, baina informatu egin gara, eta, legez, 13 metroko bat eta 26 metroko bi beharko dituzte», dio Perezek. Beren eskakizunak berriro gogora ekarri nahi izan dituzte, «berandu izan baino lehen» zerbait egin ahal izateko: «Heriotza zerrendan eraikuntza lan gehiagorik ez; harresiaren zulatzea gelditu; hotelaren inbertitzaileari kalte-ordaina eman, eremu horretan eraikitzea legez kanpo dagoelako».

Zutik dagoen harresi zatirik handiena izanik, datorren igandean, eraistearen urteurrenean, asko egongo dira East Side Galleryra begira. Momentu hori erabiliko du taldeak herritarren arreta bereganatzeko eta enpresa eraikitzaileari haien eraikinaren gainean pentsatzen dutena adierazteko. «Living Bauhausek eraikitzen ari den etxebizitzetako bat txukundu, eta, harresiaren urteurrena ospatzeko, festa bat antolatu nahi du han. Haien eraikinetik Heute feiern morgen abreiben (Gaur ospatu, bihar eraitsi) leloa duen pankarta erraldoia zintzilikatuko dugu, gure mezua argi ikus dezaten», dio Sascha Disselkamp taldeko bozeramaileak.]]>
<![CDATA[Euskal Herria mintzagai Alemanian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1515/036/001/2011-02-16/euskal_herria_mintzagai_alemanian.htm Wed, 16 Feb 2011 00:00:00 +0100 Nerea Menor https://www.berria.eus/paperekoa/1515/036/001/2011-02-16/euskal_herria_mintzagai_alemanian.htm
Euskal Herriarenganako elkartasun egunak egiten ari dira alemaniarrak. Internationale Aktionstage solidäritet mit dem Baskenland (Nazioarteko ekintza egunak, elkartasuna Euskal Herriarekin) lelopean, Euskal Herriko giro politikoa eta bereizgarri kulturalen berri ematen ari da estatu osoan Euskal Herriaren Lagunak elkartea, Askapenarekin batera.

Iaz ere antolatu zituzten elkartasun jardunaldiak. Balantze positiboa egin zuen iaz elkarteak, eta aurten oihartzun handiagoa izatea espero dute. «Egon diren ekintzetan jende asko bildu da, eta parte hartzen duten herritarrak gero eta gehiago dira», azaldu dute Berlingo ordezkariek.

Euskal Herriarekiko elkartasun taldeak 2008. urtean elkartu ziren, eta Lagunak elkartea sortu zuten. «Gure helburua euskal gatazkaren inguruko informazioa helaraztea da. Alemaniako hedabide askok ikuspuntu bakarra ematen dute, eta guk beste bat erakutsi nahi dugu. Gero eta ezagunagoak gara, eta estatuko kazetari eta hedabide askok gure webgunea —http://info-baskenland.de— erabiltzen dute iturri gisa».

Berlinen izango dira ekintza gehien. Itsasoaren alaba filmaren proiekzioa; herri afaria, Kasik musika taldearekin; eta hitzaldiak. «Aurtengo gai garrantzitsuena kartzeletan izaten den tortura eta bertako errepresioa izango da», diote ordezkariek.

Domekan, Garzon epailea Berlinen izango da, eta elkarretaratzea antolatu dute haren jardunean gertatutakoarengatik: «Tortura masiboak, euskal herritarren hainbat elkarteren debekua edota kazetarien atzetik ibili izana». Duela bi urte Darmstadt hirian izan zen Garzon epailea, eta bertan egin zuten protesta. «Aurtengoa aurrekoaren jarraipena da», azaldu dute elkarteko kideek.

Oro har alor politikoko jarduerak antolatu arren, euskal kultura ere bultzatzen du Lagunak elkarteak. «Herri askotan, Potsdamen adibidez, filmak emango dira, baita gastronomiaren inguruko azalpenak eman ere».

Euskal etxea Berlinen

Euskal kultura Alemanian zabaltzen dihardu Berlingo Euskal Etxeak ere. Alemanian dagoen euskal etxe bakarra da, eta orain egin behar garrantzitsuak dituzte esku artean: batetik, euskara ikastaroak; eta, bestetik, euskal dantza eskolak.

Duela gutxi hasi ziren euskara eskolak ematen, «pauso oso garrantzitsua izan da guretzat», esan du Ainhoa Añorgak, euskal etxeko lehendakariak.

Baskische Volktanz Unterricht (Euskal Herriko dantza herrikoien eskolak) izenburupean, guztiz arrakastatsuak izan diren eskolak antolatu ditu elkarteak. 35 lagun inguru bildu dira dantza ikastaroetan. «Berlinen bizi diren euskaldunak zein alemaniarrak», azaldu Unai Lauzirikak, antolatzaileetako batek. Ikasitakoa erakuste aldera, Karneval der Kulturen (aratuste kulturala) jaialdian arin-arina dantzatuz parte hartuko du taldeak.

Mikel Aristegi donostiarra da dantza ikastaroko koreografoa, eta oraingoz, eskolak bi astean behin ematea da asmoa. «Astero egitea pentsatu genuen, baina, dirua dela-eta, ezin dugu egun gehiagotan lokala alokatu», dio Añorgak.

Izan ere, Berlingo Euskal Etxeak ez du egoitza propiorik. 28 bazkide dira guztira, eta ordaintzen duten urteroko kuotarekin ezin dute gauza askorik finantzatu. Gainera, ia ez dute diru laguntzarik jasotzen, eta babesleen bila dabiltza.

Gernika Euskal-Aleman Kultur Elkartea gaur egungo euskal etxearen oinarritzat jo daiteke. 1998. urtean sortu zuten, Gernikako bonbardaketaren 60. urteurreneko ekimen baten ondorioz. Geroztik helburua bera da: «Euskal kultura eta hizkuntza Alemaniako jendeari ezagutaraztea».

Euskararen aldeko ekitaldiak hurrengo hilabeteetarako ere antolatu dituzte. Korrikarekin bat eginez, apirilaren 9an euskararen aldeko kilometro pare bat korrituko dituzte Alemaniako hiriburuan. Unter den Linden hiriko etorbiderik ezagunena da, eta ia osorik gurutzatuko dute lasterkariek.

Aurretik, Korrikaren jaia antolatu dute. Anari bakarlaria eta Maialen Lujanbio egongo dira bertan.]]>