<![CDATA[Nerea Osinalde | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Thu, 09 Jul 2020 10:28:10 +0200 hourly 1 <![CDATA[Nerea Osinalde | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Gorotzetan dago gakoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1908/031/001/2020-06-05/gorotzetan_dago_gakoa.htm Fri, 05 Jun 2020 00:00:00 +0200 Nerea Osinalde https://www.berria.eus/paperekoa/1908/031/001/2020-06-05/gorotzetan_dago_gakoa.htm gauza nazkagarria. Baina zer esango zenukete esango banizue gaitz batzuen sendabidea gorotzetan bertan topatuko dugula?

Zutabe honetan argitaratutako hainbat artikuluk agerian utzi dute hesteetan bizi diren mikroorganismoek izugarrizko inpaktua daukatela gure osasunean. Gero eta datu gehiagok erakusten dute gure hesteetako mikrobiotak eragin handia duela Chron, kolitisa, diabetesa edota obesitatea bezalako gaixotasunetan. Hori dela eta, heste-flora osasuntsua izatea oso garrantzitsua da. Alabaina, maiz errazegi hartzen ditugun antibiotikoek negatiboki eragiten dute heste-floran; bakterio osasuntsuak hiltzeaz gain, kalteberago bilakatzen dituzte. Hortaz, nola konpon liteke arazoa? Oso erraz: pertsona osasuntsuen mikrobiota hartu, hots, mikrobioz josita dauden gorotzak hartu, eta gaixoetan txertatu.

Lehen gorotz transplantearen berri 1958an izan genuen. Antza, XX. mendeko lehen erdian nahiko ohiko prozedura zen. Baina infekzioak kontrolatzeko farmako berriak agertu zirenean, transplante mota horiek behera egin zuten. Hala ere, azken urteotan, antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioak gero eta ugariagoak dira, eta, ondorioz, infekzio larriak tratatzeko metodorik eraginkorrena omen da gorotzen transplantea.

Aspalditik frogatu da eraginkorra dela Clostridium difficile bakterioak eragindako kolitis pseudomenbranosoa tratatzeko. Horrez gain, atzean utzi berri dugun 2019an, ultzeradun kolitisa pairatzen zuten pazienteak tratatu dituzte gorotz transplante bidez, eta oso emaitza positiboak lortu dituzte. Ikertzaileen arabera, azken arrakasta horren gakoa izan da emaileen gorotzak anaerobikoki, hau da, oxigenorik gabe prozesatu izana. Izan ere, hesteetako mikroorganismo asko oxigenoarekin kontaktuan jarriz gero hil egiten dira. Beraz, baldintza anaerobikoetan egindako prozesamenduari esker, hartzaileak emailearen gorotz «biluziak» jaso beharrean, bertan bizi diren mikroorganismo osasuntsuak jasotzen ditu. Eta mikroorganismo horiek dira benetan gaitza sendatzen laguntzen dutenak.

Bai, nik ere zuen antzera pentsatzen dut: transplante mota hori mesedegarria izango da, baina apur bat nazkagarria ere bai. Gainera, albo kalteak ere izan ditzake. Adibidez, 2010ean, 32 urteko emakume bati gorotz transplantea egin zioten, eta emailea bere alaba zen, obesitatea pairatzen zuena. Handik urtebetera, emakumea, aurrez inoiz pisu arazorik izan ez zuena, obesitate arazoak izaten hasi zen. Adituen arabera, ezin da ziurtatu kausa-efektu kasu bat denik, baina, zenbait saialditan antzeko joera azaleratu denez, oso garrantzitsua da gorotz transplanteak egin aurretik parametro guztiak kontrolpean izatea.

Ikertzaileak horretaz guztiaz jabetu dira, eta, horregatik, kaka sintetikoa erabiltzea omen da etorkizuneko erronka. Bai, ongi irakurri duzue: kaka sintetikoa. Ideia hau da: gorotz lagin txiki batetik abiatuta, hor dauden mikroorganismoak haztea laborategian, hesteetako baldintzak simulatuz, eta, ondoren, pazienteen kolonean txertatzea.

Gaixoek jasoko duten gorotzen jatorria bat dela edo bestea dela, Oskorriren kanta batek dioen bezala, «kaka zuretzako ta kaka niretzako, hauxe da gauza ederra mundu guztientzako!».]]>
<![CDATA[Txertoen garrantzia agerian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1923/039/001/2020-05-08/txertoen_garrantzia_agerian.htm Fri, 08 May 2020 00:00:00 +0200 Nerea Osinalde https://www.berria.eus/paperekoa/1923/039/001/2020-05-08/txertoen_garrantzia_agerian.htm
XX. mendean, txerto ugari garatu ziren hainbat gaixotasuni aurre egiteko. Horietako asko era sistemikoan eman izan zaizkie haurrei, eta egun ere ematen zaizkie. Horri esker, lehen oso ohikoak ziren gaitz batzuk ia desagertu dira: baztanga, errubeola eta poliomielitisa, kasurako. Baina kontuz, eritasun bat guztiz desagertu arte arriskuak hor dirau eta! Izan ere, arrazoiak arrazoi inmunizazio-tasek behera egin izan dutenean, desagertutzat jotako gaitzetako asko berragertu egin dira. Elgorriaren kasua izan da guztien artean mediatikoena.

Gehienontzat ezaguna den txerto hirukoitz birikoak hiru gaixotasun biriko prebenitzen ditu: elgorria, errubeola eta hazizurria edo paperak. 1998an, Andrew Wakefield izeneko medikuak txerto hirukoitz birikoa eta autismoa erlazionatzen zituen artikulu bat argitaratu zuen The Lancet aldizkari entzutetsuan. Urte batzuk geroago, lan hura baztertu egin zuten, besteak beste datuak faltsuak zirela egiaztatu zutelako.

Baina, tamalez, lan haren mezu faltsua jendartean hedatu zen. Adibide bat ematearren, Erresuma Batuan txertaketek erruz egin zuten behera. 1997an populazioaren %92 txertatuta egotetik, 2002an %83 egotera pasatu zen. Ondorioz, elgorri kasuek gora egin zuten, eta hainbat haur hil ziren elgorriak jota. Izan ere, elgorri-agerraldiak saihesteko, immunitate kolektiboak %92tik gorakoa izan behar du.

Munduko Osasun Erakundearen arabera, elgorriaren aurkako txertoari esker, 2000. eta 2017 urteen artean 21,1 milioi heriotza saihestu ziren mundu osoan. Txertoa hain da eraginkorra, ezen elgorria desagertzeko zorian egon baitzen. Baina, berriki, elgorri kasuek gora egin dute. Europan, esaterako, 2016an 3.700 kasu eta 34 heriotza zenbatu ziren. Bi urte geroago, 82.596 kasu eta 72 heriotza. Datuen joera negatibo horri nagusiki bi arrazoi egotzi zaizkio: batetik, txertatze sistemen erlaxamendua; eta, bestetik, txertoen aurkako mugimenduko jarraitzaileen jokabidea.

Elgorria ez ezik, beste gaixotasun asko ere txertoei esker ia desagertuta zeuden. Baina txertoak alde batera utzi bezain laster, berragertu egin dira gurean.

Osasun publikoan txertoek duten funtzio garrantzitsuaz ohartzeko, historian gertatutakoari erreparatu behar diogu. Eta, nola ez, gaur egun bizitzen ari garen osasun krisiari.

COVID-19aren aurkako txertoa izango bagenu, eta guztiok edo behintzat populazioaren gehiengoa immunizatuta balego, bestelakoa izango litzateke gaur egungo egoera. Oso bestelakoa. Baina, oraingoz, zain egon beharko dugu. Eta orain imajina ezazue zelakoa izango litzatekeen txertorik gabeko mundua.]]>
<![CDATA[Ilea urdintzerik nahi ez baduzu, ez zaitez estresatu!]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1926/031/001/2020-04-10/ilea_urdintzerik_nahi_ez_baduzu_ez_zaitez_estresatu.htm Fri, 10 Apr 2020 00:00:00 +0200 Nerea Osinalde https://www.berria.eus/paperekoa/1926/031/001/2020-04-10/ilea_urdintzerik_nahi_ez_baduzu_ez_zaitez_estresatu.htm
Zahartu ahala ilea urdintzea bizitzaren legea da. Baina, horrez gain, badaude ilea urdintzea eragiten duten beste faktore batzuk: hala nola, bitiligo gisako gaitzak pairatzea, dietan gabeziak izatea eta estresa. Hain zuzen ere, urte hasieran Nature aldizkarian argitaratutako lan batean deskribatu dute lehenengoz estresak nola eragiten duen ilearen urdintzea.

Batez beste, gizakiok 100.000 ile folikulu ditugu buruan, eta ilearen koloreari dagokionez, heterogeneotasuna izugarri handia da. Ilearen kolorea melanozito deitzen zaien zelulen menpekoa da. Izan ere, zelula espezializatu horiek argia xurgatzen duten hainbat melanina pigmentu ekoizten dituzte. Melanozitoak ile folikuluan dauden melanozito ama zeluletatik eratortzen dira. Zahartzen goazen heinean, zelula ama horiek gradualki desagertzen dira. Ondorioz, melanozito populazioek eta ekoizten dituzten pigmentuek behera egiten dute, ilea urdin bilakatu arte.

Oro har, melanozito zelula amak lo egoeran egoten dira ilea berriz hazi behar den arte. Baina estrespean dauden animalietan, ama zelula horien proliferazio- eta desberdintzapen-mailak erruz emendatzen dira. Ondorioz, ama zelulak melanozito bilakatzen dira, eta beren gotorlekutik ateratzen dira. Horrela, ama zelulen populazioa desagerrarazten dute. Gure gorputza ez da gai ama zelulak ordezkatzeko; hortaz, ama zelulak agortzen direnean, euren funtzioa ere galtzen da: kasu honetan, ilea koloreztatzea.

Ikerketa burutu duten zientzialariek ere frogatu dute estresak eragindako ama zelulen desagerpena noradrenalinaren menpekoa dela. Estres egoeran, bereziki nerbio sistema sinpatikoak askatzen du noradrenalina, Ā«borroka edo ihesĀ» erantzunetan parte hartzen duen hormona. Melanozito ama zelulek noradrenalina hartzaileak dituzte. Horregatik, estresaren eraginez gorputzak noradrenalina askatzen duenean, estres hormonak ama zelulak kitzikatzen ditu, eta zelulen zatiketa eta desberdintzapena bultzatzen du. Hori dela eta, ama zeluletan noradrenalina hartzaileak desagerraraziz edo blokeatuz, estresak eragindako ilearen urdintzea saihestea lortu dute zientzialariek.

Momentuz, ez dago modurik zahardadea eta horrekin erlazionatutako ilearen urdintzea saihesteko, ez bada ilea tindatzea. Baina gure esku dago bizitza lasaiago hartzea. Ileak ez ezik, gure gorputz guztiak ere eskertuko digu eta!]]>
<![CDATA[Abereak mozorrotuta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1908/039/001/2020-03-13/abereak_mozorrotuta.htm Fri, 13 Mar 2020 00:00:00 +0100 Nerea Osinalde https://www.berria.eus/paperekoa/1908/039/001/2020-03-13/abereak_mozorrotuta.htm
Horietako lan batean, tabanidoen familiako intsektuen, hots, ezparen portaera aztertu zuten zebren eta kolore bakarreko zaldien presentzian. Behaketen arabera, nahiz eta ezparek denbora bera pasatu bi ekidoen inguruan hegaka, zebren gainean zaldien gainean baino gutxiago jartzen ziren. Efektu hori zebren marrei zor zekiokeen frogatzeko, zaldiak kolore eta patroi askotariko jantziekin atondu zituzten, eta behaketekin jarraitu zuten.

Kasu horretan, ezparek batez ere soinean jaka zuria edo beltza zeramaten zaldiengana jotzen zuten, eta ez horrenbeste marradun jakadunengana. Ikerketa horretan grabatutako bideoetan ikus daiteke ezparak zaldien larruazalera baino azkarrago gerturatzen direla zebren larruazalera. Baina zebrak ukitu baino lehen abiadura ez dute behar bezala moteltzen, eta kontrol gabezia horrek saihestu egiten du zebren gainean tinko jartzea eta, ondorioz, zebrak ziztatzea.

Arestian aipatutako ikerketaren harira, hilabete batzuk geroago, Japoniako talde batek esperimentu praktiko bat gauzatu zuen hango behi beltzekin. Batzuk marra beltzez margotu zituzten, beste batzuk marra zuri-beltzez eta gainerakoak margotu gabe utzi zituzten. Behi talde bakoitzak gorputz osoan zein hanketan jasotako ziztadak zenbatu zituzten, eta ateratako ondorioa honako hau izan zen: marra zuri-beltzdun behiek eltxoen ziztada gutxiago jasotzen dituzte. Gainera, behiek eltxoak uxatzeko dituzten mekanismoen (buztana eta burua astintzea, hankak eragitea eta abar) maiztasuna ere behatu zuten. Lortutako emaitzek aurrez erreparatutakoa berretsi zuten: hau da, eltxoek enbarazu gutxiago eragiten dietela marra zuri-beltzdun behiei. Hori horrela izanik, ikerketa egin duen talde japoniarrak proposatu du, pestizidak erabili beharrean, baserrietako abereak marra zuri-beltzez margotzea, eltxoen erasoak saihesteko.

Eta, bide batez, metodo alternatibo horri esker, pestizidekiko erresistentziak ingurumenean sortzen duen arazoa arintzea lortuko litzateke.

Imajinatzen duzue hurrengoan mendi buelta bat egitera irten eta zebraz mozorrotutako behi edo zaldi talde batekin topo egitea? Hori gertatuz gero, orain badakizue apaindura horiek ez direla duela hilabete eskas ospatutako inauterien arrastoak.]]>
<![CDATA[Amodioaren kimika]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1997/039/001/2020-02-14/amodioaren_kimika.htm Fri, 14 Feb 2020 00:00:00 +0100 Nerea Osinalde https://www.berria.eus/paperekoa/1997/039/001/2020-02-14/amodioaren_kimika.htm
Ez da erraza maitasuna azaltzea. Maiteminduta gaudenean, gure kontroletik at geratzen diren sentimendu atsegin bezain mingarriak bizitzen ditugu. Zer dela eta emozioen gorabehera bizi hori? Maitemintzean askatzen diren neurotransmisoreek eta hormonek zerikusi handia dute zurrunbilo emozional horretan. Maitasun erromantikoan hiru fase bereiz daitezke: desira, erakarpen erromantikoa eta atxikimendua.

Hasierako desira fasean, helburu nagusia sexua izatea da, ez horrenbeste konexio emozionalak sortzea. Lehen fase hori batez ere sexu hormonek, hots, estrogenoak eta testosteronak gidatzen dute. Tradizionalki, estrogenoa eta testosterona emakumezkoen eta gizonezkoen sexu hormonatzat jo ditugu, hurrenez hurren. Hala ere, gizabanako guztiok ekoizten ditugu sexu hormona horiek.

Adibidez, estradiolak, hau da, estrogenorik ugarienak, emakumezkoen sexu ezaugarriak finkatzeaz gain, ezinbesteko funtzioa du gizonezkoen libidoaren erregulazioan eta zakilaren zutitzean. Bestalde, gizonezko zein emakumezkoengan, testosterona maila altuek sexu desioa pizten dute. Baina desira fasean, emakumezkoen testosterona mailek gora egiten dutenean, gizonezkoenak behera egiten du, beren oinarrizko hormona maila oso altua baita.

Desira fasean, feniletilamina (PEA) neurotransmisoreak ere parte hartze handia du. Amodioaren fase goiztiarrean bestearenganako desira sentiarazten digun molekula da. PEA garunak ekoizten duen anfetamina natural bat da, maitasunaren molekula izenez ezaguna. Jai giroan batzuek kontsumitzen duten MDMA anfetamina sintetikoak PEAren antz handia du. Baina MDMA debekatutako droga bat da, kontsumitzaileen gizartekoitasuna eta besteenganako gertutasun sentimendua sustatzen duena.

Amodioaren bigarren fasean, hots, erakarpen erromantikoaren garaian, euforia sentimenduak gailentzen dira; antza, garunean gertatzen den dopamina eta noradrenalina neurotransmisoreen askapenari esker. Dopamina plazerarekin erlazionatutako neurotransmisorea da. Garuneko gune bereziak kitzikatzen ditu maiteminduta daudenengan, eta, horri esker, amodioa esperientzia atsegina dela sentitzen dute.

Noradrenalina ekoizten denean, berriz, garunak adrenokortikotropina hormona askatzen du odolean, eta, ondorioz, giltzurrunek adrenalina askatzen dute gorputz osoan. Noizbait sumatuko zenituzten tximeletak sabelean. Adrenalina askatzeak eragiten du. Baina adrenalina estres hormona denez, batzuek estresarekin lotutako sintomak ere pairatzen dituzte amodioaren fase horretan: lo egin ezina, goserik eza eta bihotz taupaden zein arnasketaren gehiegizko abiadura.

Erakarpen faseak badu lotura serotonina neurotransmisorearen jaitsierarekin ere. Oro har, nahaste obsesibo-konpultsiboa dutenek serotonina maila oso baxuak dituzte. Horrek azal dezake fase honetan dauden askok izaten duten jarrera obsesiboa.

Azkenik, atxikimendu fasea dator, egonkortutako bikotekidearen ondoan sentitzen den barealdi eta batasun emozionalaren garaia. Garuneko oxitozina eta basopresina neurotransmisoreen mailek gora egiten dute. Oxitozinak egonkortasun, segurtasun eta poztasun sentimenduak pizten ditu. Basopresinak pertsona jakin batekin egoteko desira sortzen du, eta epe luzeko harreman monogamoak izatea laguntzen.

Maitasun sentimenduen atzean makina bat konposatu kimikoren arteko elkarrekintza dago. Hala ere, ezin da ukatu sentimenduak kimikatik harago doazela, eta magiatik ere badutela zerbait.]]>
<![CDATA[Pipitarik gabeko fruta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1908/039/001/2020-01-17/pipitarik_gabeko_fruta.htm Fri, 17 Jan 2020 00:00:00 +0100 Nerea Osinalde https://www.berria.eus/paperekoa/1908/039/001/2020-01-17/pipitarik_gabeko_fruta.htm
Hazirik gabeko landareak ez dira ohikoak, baina naturan existitzen dira. Eboluzioan bizirik irauteko, espezieen artean gurutzatze asko gertatu izan dira, eta horietako batzuek ondorengo antzuak sortzen dituzte. Animalien erreinuan, adibidez, behor bat asto batekin gurutzatzean, mandoa jaiotzen da, hots, «fruitu antzua». Landareen erreinuan ere antzeko zerbait gertatzen da; partenokarpia deritzon prozesu baten bitartez, ernaldu gabeko obuluetatik fruituak gara daitezke, eta ondorioz, fruitu horiek ez daukate hazirik eta antzuak dira.

Gizakiak ere sor ditzake pipitarik gabeko landareak, ingeniaritza genetikoko teknikak erabili gabe. Gaur-gaurkoz ez dago genetikoki eraldatutakoa den hazirik gabeko landarerik. Hortaz, noizbait entzuten badiozue norbaiti esaten pipitarik gabeko mahatsa transgenikoa dela, hori ez dela egia esan diezaiokezue.

Hazirik gabeko fruituak sortzeko, gizakiak XIX. mendean Gregor Mendel fraideak ilarrekin aplikatu zuen logika bera aplikatu du. Hau da, espezie eta barietate ezberdinen arteko gurutzatze selektiboak egin izan ditu, ezaugarri jakin bateko barietate berriak lortu arte. Horrela, hazirik gabeko mahatsa sortu du, baita berriki marrubi zaporeko mahatsa ere.

Mahatsa ez ezik, beste hainbat fruitu eta barazki ere eraldatu ditu gizakiak historian zehar. Banana, esaterako, etxekotu aurretik haziz josita zegoen; gaur egun jaten duguna, berriz, pipita gabea da. Beraz, gaurko bananak beste batzuetatik eratorritakoak dira, hots, elkarren artean klonak dira. 1950. hamarkadara arte, Gros Michel banana barietatea zen nagusi, baina Fusarium oxysporum onddoak eragindako izurritearen ondorioz, barietate hori desagertu egin zen, eta gaitzarekiko erresistentea den Musa cavendishii barietatea gailendu zen. 1960. urteaz geroztik, mendebaldeko herrialdeetan kontsumitzen diren bananen %99 Cavendish barietatekoak dira. Hain zuzen ere, banana guztiak genetikoki berdinak direlako, zientzialariak beldur dira epe laburrean izurrite berri batek Cavendish banana barietatea kolpatuko ote duen.

Gurutzatze selektiboaren bidez, gizakia gai izan da fruituen pipitak desagerrarazteko, baita beste hainbat ezaugarri eraldatzeko ere. Esaterako, angurri primitiboak zulo mordoa zituen barrualdean, baina gaur egun ezagutzen dugunak ez. Azenarioa, berriz, zuri edo more kolorekoa zen, eta sustrai itxura zuen. Are ikusgarriagoa da gaur egun kontsumitzen dugun artoaren eta jatorrizko teocintle-aren arteko aldea. Kuriositatea baldin baduzue, Youtubeko bideo hau ikustea gomendatzen dizuet: These images of fruits before we domesticated them will blow your mind.

Espezieen eta barietateen arteko gurutzatze selektiboa eta hautespen artifiziala nekazaritza eta abeltzaintza bezain zaharrak dira. Charles Darwinek praktika hori ezagutu zuen, eta berak proposatutako hautespen naturalaren teoria azaltzerakoan, horrela esan zuen: «Gizakiak eraldatu nahi dituen landareak eta animaliak hautatzen ditu, eta ugalketa kontrolatuaren bidez, interesatzen zaizkion ezaugarriak garatu arazten ditu. Naturak ere antzera egiten du. Baina desberdintasun nagusi bat dago: ingurugiroak baldintzatzen du hautespen naturala, ez gizakiak».]]>
<![CDATA[Bizitzaren jatorria: estralurtarra ote?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1908/039/001/2019-12-13/bizitzaren_jatorria_estralurtarra_ote.htm Fri, 13 Dec 2019 00:00:00 +0100 Nerea Osinalde https://www.berria.eus/paperekoa/1908/039/001/2019-12-13/bizitzaren_jatorria_estralurtarra_ote.htm
Bi meteorito horiek 4,5 mila milioi urte inguru dituztela uste dute ikerlariek; hau da, Lur planeta baino zaharragoak direla uste dute. Eta, berriki, Lur planetako bizitzarentzat ezinbestekoa den konposatu bat aurkitu dute meteorito horietan, erribosa azukrea, hain zuzen.

Erribosa RNA molekulako osagai bat da. Egun, organismo gehienetan RNAk mezulari funtzioa betetzen du. Izan ere, DNAn dagoen informazio genetikoa RNA bilakatzen da, eta erribosomek RNA itzultzen dute proteinak ekoizteko. Halere, zenbait birusek, adibidez hiesak edo minbizia mota batzuek, eragiten dituzten erretrobirusek soilik RNA daukate.

Ikertzaile askoren aburuz, organismo primitiboetan RNA zen oinarrizko azido nukleikoa, DNAk ez dituen ezaugarri bereziak baititu. Adibidez, RNA molekulak gai dira beren burua bikoizteko, eta erreakzio kimikoak azkartzeko, hots, katalizatzaile gisa jarduteko. Baina, eboluzioaren poderioz, DNAk RNA ordezkatu du, eta, gaur egun, organismo garatuenetan DNA molekulan gordetzen da informazio genetikoa.

DNAk duen azukrea ez da erribosa, 2-desoxierribosa baizik. Eta Murchison eta NWA 801 meteoritoetan ez da 2-desoxierribosarik atzeman, nahiz eta azterketarako erabili diren detekzio teknikak punta-puntakoak izan diren. Hortaz, meteoritoetan soilik erribosa aurkitu izana bat dator RNAk lehendabizi eboluzionatu zuela dioen hipotesiarekin.

Baina erribosa ez da meteoritotan aurkitu den lehen konposatu organikoa, ezta gutxiago ere! Proteinen eta azido nukleikoen osagai diren aminoazidoak eta base nitrogenatuak atzeman izan dituzte lehenago. Hala ere, bizitzarako oinarrizko konposatuen artean, azukreak atzematea falta zen.

Horregatik, berriki bi meteoritotan erribosa topatu izanak izugarrizko harrabotsa piztu du bizitzaren jatorria ikertzen dutenen artean; eta Panspermiaren teoriari eman dio hauspoa. Teoria horren arabera, Lur planetako bizitzak jatorri estralurtarra du; eta Lurra gaztea zela izandako bonbardaketa kosmikoaren ondorioz heldu ziren bizitzaren garapenerako molekula gakoak Lurrera.

Eszeptikoenek pentsa lezakete meteoritoetan atzemandako molekula horiek lurtarrak direla; besterik gabe, meteoritoek Lurra jotzearekin batera bereganatutakoak. Baina aukera hori frogatzeko egindako analisiek, isotopoen analisiek besteak beste, erakutsi dute meteoritoetan aurkitutako molekulen jatorria estralurtarra dela.

Antza, momentuz bildutako datuetan oinarrituz, ikerlariek azaldu dezakete nola heldu ziren Lur planetara bizitza sortzeko molekula gakoak. Ezin dituzte azaldu, ordea, bizitzaren jatorriaren enigma nagusiak: molekula haiek nola sortu ziren, sortu ziren lekuan sortu zirela; eta haien artean nola uztartu ziren, organismoak osatzeraino. Baina, tira, ziur kontu horien inguruko xehetasunak, poliki-poliki bada ere, ailegatuko zaizkigula hurrengo ataletan!]]>
<![CDATA[Odol unibertsalaren errezeta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2383/039/001/2019-11-15/odol_unibertsalaren_errezeta.htm Fri, 15 Nov 2019 00:00:00 +0100 Nerea Osinalde https://www.berria.eus/paperekoa/2383/039/001/2019-11-15/odol_unibertsalaren_errezeta.htm
Lau odol mota nagusi daude: A, B, AB eta O. Mota bakoitzean dauden globulu gorriak ezberdinak dira; zehazki, zelula horien gainazalean dauden azukreak dira ezberdinak. Azukre horiei antigeno deitzen zaie, eta, odol bateraezintasuna gertatuz gero, sistema immunea aktibatzen dute. Adibidez, A odola duen pertsona bati B odola sartzen badiote, edo alderantziz, bat-bateko erreakzio immunea pizten da; tratatu ezean, pazientearen heriotza eragin dezake. Baina O motako odoleko globulu gorriek ez daukate antigenorik. Hortaz, O odolak ez du inolako errefus arazorik eragiten, eta edozein hartzailek jaso dezake. Horregatik esaten diogu «odol unibertsala».

Odol unibertsalak berebiziko garrantzia du larrialdietan. Izan ere, hil ala biziko egoeretan, mediku eta erizainek ez dute denborarik pazientearen odol mota zehazteko. Hori dela eta, ikertzaileek urteak daramatzate odol unibertsalaren horniketa bermatzeko alternatiba berrien bila, odol emaileen bidezko horniketa ez baita nahikoa.

A edo B odola O mota bihurtzeko lehen saiakera 80ko hamarkadan gauzatu zen. Kasu hartan, kafe-ale berdetik erauzitako ? -galaktosidasa entzima erabiliz, B odola O bilakatu zuten; eta eraldatutako odol unibertsalarekin erabat arrakastatsua izan zen transfusioa egin zuten. Baina, hori lortzeko, entzima kantitate handia erabili behar izan zuten, eta, ondorioz, prozedura ez zen bideragarria klinikan aplikatzeko. Harrezkero, A eta B antigenoak ezabatzeko entzima hobe baten bila dabiltza ikertzaileak, eta berriki, aurrerapauso garrantzitsua eman dute.

Hau irakur daiteke 2019ko udaberrian Nature Microbiology aldizkari entzutetsuak argitaratutako lan batean: A odola O bilakatzea ahalbidetzen duen entzima gizakiok dugun bakterio batean aurkitu dute. Gure hesteetako paretetan, A eta B antigenoen antz handia duten azukre batzuk daude. Azukre horiek, babes funtzioa betetzeaz gain, hesteetako bakterioentzat elikagaiak dira. Horregatik, hesteetako bakterio guztietatik azukre horiek eskuratzeko ahalmena dutenak arakatu dituzte.

Milaka bakterio espezieren DNAk aztertu ostean, A antigenoa ezabatuta A odola O bilakatzeko ahalmena duen entzima bikote bat atzeman dute, Flavonifractor plautti bakterioak ekoitzia. Bi entzima horiek modu koordinatuan jarduten dute, eta gainera, oso kontzentrazio txikian. Hori dela eta, ikertzaileen esanetan, etorkizunean entzima horiek gaur egun automatizatuta dagoen odolaren bilketan, prozesaketan eta metaketan erabil litezke. Eta horrela, O motakoa ez den edozein odol guztiontzat baliagarria den unibertsal bihurtu. Baina errealitate hori klinikan ezarri arte, azkenik lortzen bada, odol emaileen esku dago milioika pertsonen bizia.]]>
<![CDATA[Edan barik mozkor?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2202/039/001/2019-10-18/edan_barik_mozkor.htm Fri, 18 Oct 2019 00:00:00 +0200 Nerea Osinalde https://www.berria.eus/paperekoa/2202/039/001/2019-10-18/edan_barik_mozkor.htm
Gure digestio aparatuan milioika mikroorganismo ditugu, bakterioak, onddoak eta legamiak, besteak beste. Batez ere legamiak dira hartzidura egiteko, hots, azukreak alkohol bilakatzeko ahalmena dutenak. Guztion hesteetan daude legamiak, baina sortzen duten alkohol kantitatea oso txikia denez, gibelak deuseztatzen du gugan inolako ondoriorik eragin gabe. Arazoa sortzen da legamia gehiegi izateagatik, organismoak jakietako azukreak eraldatu, eta alkohol gehiegi ekoizten duenean. Izan ere, intoxikazio etiliko horren ondorioz, edozein mozkorralditan ohikoak diren sintomak agertzen dira.

Alkohol tantarik dastatu ez dutenen mozkorra saihesteko, bi aukera nagusi daude. Batetik, azukre urriko dieta jarraitzea, azukrerik gabe legamiek ezin baitute alkoholik ekoitzi. Eta bestetik, legamiak erasotzen dituzten farmako antifungikoak hartzea. Baina betiko legez, salbuespenak daude.

2014an autodestilazio sindromea diagnostikatua zuen 27 urteko gizon txinatar bat Pekingo ospitalean artatu zuten. Farmako antifungikoek ez zioten inolako hobekuntzarik eragiten, beraz, legamiak ez ziren bere gaitzaren eragileak. Haren odoleko alkohol-maila altua zen, alkoholik edan gabe ere, eta kola freskagarriak edaten zituenean, are altuagoa. Azukretan aberatsa zen dieta janez gero ere, haren odoleko alkohol-mailak erruz egiten zuen gora, odol dezilitroko 400 miligramoraino. Hau da, 40 gradu dituen whiski baten hamabost tragoxka edan ostean neurtu daitekeen alkohol-mailaren pareko balioetaraino.

Intoxikazio etilikoaren jatorria aurkitzeko asmoz, gizonezko txinatarraren gorotzak aztertu zituzten, eta han Klebsiella pneumoniae bakterioaren andui berri bat antzeman zuten, alkohol-maila altuak ekoizteko gai dena. Ez hori bakarrik. Intoxikazio maila goreneko egoeran, bakterio berezi horren maila, egoera normalean baino 900 aldiz ugariagoa zen.

Hortaz, noizbait alkoholemia-kontrol bat egiten badizute, eta positibo ematen baduzu, baduzu pisuzko aitzakia. Esan agenteari zure hesteetako bakterio eta legamiak jo eta ke dabiltzala jandako azukreak alkohol bihurtzen! Ez dakit agenteak sinetsiko dizun ala ez. Izan ere, estimatzen da munduan ehunka gutxi direla autodestilazioaren sindrome arraroa pairatzen dutenak.]]>
<![CDATA[Bazenekien inurriak…]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1958/031/001/2019-09-20/bazenekien_inurriakhellip.htm Fri, 20 Sep 2019 00:00:00 +0200 Nerea Osinalde https://www.berria.eus/paperekoa/1958/031/001/2019-09-20/bazenekien_inurriakhellip.htm
Gaur-gaurkoz, 12.000 inguru inurri-espezie deskribatu dituzte, baina uste da 20.000tik gora espezie egon daitezkeela. Ez dago jakiterik zenbat inurri dauden Lur planetan. Hala ere, 1994an bi biologo ospetsuk argitaratutako liburu batean egindako estimazioaren arabera, munduko txindurri guztiek munduko giza populazioak beste pisatu lezake. Eskerrak bakoitzak soilik 3 mg inguru pisatzen duen!

Gizakien kasuan ez bezala, inurrien sexua ez da X eta Y kromosomen mendekoa, baizik eta genomaren kopia kopuruaren araberakoa. Gizaki guztiok genomaren bina kopia ditugu zelula bakoitzean; bata amarengandik jasotakoa, eta bestea, aitarengandik. Berdin gertatzen zaie inurri emeei, baina ez arrei. Oro har, inurri arrak ernaldu gabeko arrautzetatik eratorritakoak dira. Ondorioz, ez daukate «aitarik»; genomaren kopia bakarra daukate, eta soilik ondorengo emeak izan ditzakete. Esan liteke inurri arren patu bakarra inurri erreginarekin ugaltzea dela. Baina ugaldu bezain laster, zendu egiten dira. Ziurrenik horregatik irauten dute soilik astebete inguru inurri arrek. Inurri emeak, aldiz, edo langileak, 1 -3 urtez bizi dira, eta erregina izaten da adintsuena, 30 urte arte bizi daiteke eta.

Oro har, inurriak gutxienez erregina batek, ar gutxi batzuek eta inurri eme langile mordoxkak osatutako kolonietan bizi dira. Baina, duela hamarkada bat, Amazonian bizi den Mycocepurus smithii inurri-espeziea aurkitu zuten, soilik emez osatuta dagoena. Txindurri hauek sexurik gabe ugaltzen dira, eta koloniako kide guztiak erreginaren klonak dira, hau da, genetikoki erreginaren berdin-berdinak dira.

2000. urtera arte ezagutzen zen inurri kolonia handiena Japoniako Hokkaido uhartean aurkitutakoa zen. Egindako estimazioen arabera, 2,7 kilometro koadroko azaleran, 306 milioi inurri langile eta milioi bat erregina bizi ziren elkarri konektatutako 45.000 inurritegitan. Baina 2002an aurkitu zuten geroztik, eta oraingoz, ezagutzen den inurri koloniarik handiena. Milioika inurritegiz eta bilioika inurriz osatutako super kolonia Europa hegoaldean dago. Italia iparraldetik Espainiako eta Portugalgo Atlantikoko kostaraino hedatzen da, eta 6.000 km inguruko eremua hartzen du.

Horren antolamendu-maila altuko elkarteen iraupena bermatzeko, ezinbestekoa da banakoen artean komunikazioa egotea. Gizakion arteko komunikazioa entzumenean, ikusmenean eta ukipenean oinarritzen da, baina inurriena feromona deitzen diren konposatu kimikoetan. Txindurriek hainbat feromona jariatzen dituzte hedatu nahi duten mezuaren arabera (arriskua, janaria…), eta gainontzeko kolonia-kideek antenetan dituzten sentsore bereziei esker feromonak antzematen dituzte; horrela izaten dute mezuaren berri. Horregatik, nahikoa da inurri batek lurrera eroritako azukre-koxkor bat antzematea, bat-batean hondar guztiak batzeari ekingo dion inurri-ilara luze bat agertzeko. Bai eraginkorra inurriek darabilten GPS sistema, ez eta gure autoan maiz darabilguna!]]>
<![CDATA[Janari ultraprozesatua: plazer hilgarria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2375/039/001/2019-06-07/janari_ultraprozesatua_plazer_hilgarria.htm Fri, 07 Jun 2019 00:00:00 +0200 Nerea Osinalde https://www.berria.eus/paperekoa/2375/039/001/2019-06-07/janari_ultraprozesatua_plazer_hilgarria.htm EHUko Biokimika Saileko irakaslea

Supermerkatuan erositako pizza labean sartu, eta bitartean, zizka-mizka gisa, poltsako patatak, freskagarri koladun hotz-hotzarekin. Nork ez du antzekorik egin? Presaka bizi garen garai honetan, janari ultraprozesatuen kontsumoa erruz emendatu da. Horrekin batera, gaiari buruzko ikerketa lanak ere ugaritu dira, jaki mota horrek gure osasunean eragiten dituen kalteak azaleratzen dituztenak.

Gehiegi prozesatutako jakien lehengaia osasungarria izan liteke, baina prozesamenduaren ondorioz, horien balio nutrizionala hutsala da. Oro har, zuntz, bitamina eta mineral gutxi izaten ditu; aitzitik, gatz, azukre eta trans gantz gehiegi. Elikagaiak sailkatzeko NOVA sistemaren arabera, talde horretakoak dira arestian aipatutakoak, zopa deshidratatuak, surimi makilatxoak, hestekiak, edari energetikoak, gosaritako zerealak, margarina eta marmelada, besteak beste.

Cell Metabolism aldizkariak berriki argitaratutako lan batek erakusten du ultraprozesatutako janaria jaten dutenek, oro har, gehiago jaten dutela. Batez beste, eguneko 500 kcal gehiago. Hori dela eta, gehiegi prozesatutako jakien kontsumitzaileek gehiegizko pisuarekin erlazionatutako arazo gehiago pairatzen dituzte. Antza, jaki mota horien gehiegizko gatz, azukre eta koipeek zoriontasunaren hormonak, hots, dopamina eta oxitozina askatzen dituzte gure garunean. Zenbat eta jaki ultraprozesatu gehiago kontsumitu, orduan eta hormona gehiago askatzen ditugu; eta, ondorioz, efektu bera lortzeko, gure gorputzak gehiago eskatzen digu. Droga mendekotasunaren pareko jokaera gara dezakegu, kalitaterik gabeko janaria neurririk gabe kontsumitzera bultzatzen gaituena.

Gurera etorrita, duela hilabete eskas, Nafarroako Unibertsitateko ikerlari talde batek 14.907 boluntariorekin hamar urteko behaketa lana egin ostean, hau ondorioztatu du: jaki ultraprozesatuen kontsumitzaileek depresioa pairatzeko arrisku handiagoa daukate; zehazki %33 handiagoa. Eta arrisku hori are larriagoa da jarduera fisiko gutxi egiten dutenen artean.

Orain arte esandakoak ez badira nahikoa izan janari ultraprozesatuen arriskuaz jabetzeko, Otsailean argitaratutako lan baten berri emango dizuet. Paris-Sorbona unibertsitateko ikerlariek 45 urtez gorako 44.551 frantsesen jateko ohiturak behatu dituzte zazpi urtez, eta lortutako datuetan oinarrituz atera duten ondorioa ikaragarria da: jaki ultraprozesatuen kontsumoak heriotza-arriskua nabarmen handitzen du.

Jaki horiek gure osasunean eragiten duten kalteen zergatia ez da guztiz ulertzen. Horregatik, egungo ikerketa askoren helburua hori argitzea da, arazoa konpontzeko datu lagungarriak izan baitaitezke. Halere, gehiago jakin arte, badugu zer eginik. Adibidez, jaki ultraprozesatuak dietatik baztertu, eta horien ordez, kalitatezko lehengaiak erabili; eta jatekoa prestatzeko denbora apur bat hartu, noski. Gutariko bakoitzaren osasunak hori guztia eta gehiago merezi du; ez duzue uste?]]>
<![CDATA[Mehatxupean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1942/039/001/2019-05-10/mehatxupean.htm Fri, 10 May 2019 00:00:00 +0200 Nerea Osinalde https://www.berria.eus/paperekoa/1942/039/001/2019-05-10/mehatxupean.htm EHUko Biokimika Saileko irakaslea

Nazio Batuen Erakundeak gure planetako bioaniztasunaren inguruan aste honetan bertan argitaratutako txostenak argi dio: egoera errotik aldatu ezean, existitzen diren zortzi milioi espezieetatik milioi bat desagertuko da hamarkada gutxiren buruan. Gehiegizko ustiapena, kutsadura, klima aldaketa... asko dira hondamendira garamatzaten zergatiak. Baina, antza, badago esperantzarako zirrikiturik. Txosten berean irakurri daitekeenez, adituen arabera, tartea txikia bada ere, oraindik garaiz gabiltza egoera aldatu eta suntsipena saihesteko. Baina nola? Nondik has gaitezke? Lehenik eta behin, mehatxu nagusiak identifikatu behar dira; eta ondoren, horietako bakoitzak bereziki zein espezie kaltetzen duen ezagutu. Horrela, mehatxu bakoitzari aurre egiteko eta gehien mehatxaturiko espezieak babesteko neurri zehatzak har daitezke.

Batzuen aburuz klima aldaketa engainu hutsa bada ere, ebidentzia zientifikoak ukaezinak dira. Lur Planetako tenperaturak erruz egin du gora azken mendean. NASAk argitaratutako datuen arabera, 1880az geroztik gure planetako gainazala batez beste 0,8 ºC berotu da. Itsaso eta ozeanoetako ura ere berotu da, baina, inertzia termikoa deitzen den fenomenoa dela eta, beroketa askoz txikiagoa izan da. Neurri zorrotzak hartu ezean, hurrengo urteetan berotzea are larriagoa izango da, eta adituek aurreikusten dute atzera-bueltarik gabeko egoera baten aurrean egongo garela. Zer gertatuko da? Zer gertatuko zaigu bertan bizi garenoi?

Arestian esan bezala, Lurreko gainazala ur-masa baino askoz azkarrago ari da berotzen. Hori dela eta, pentsa zitekeen klima aldaketak batez ere lurrean bizi diren espezieak zigortuko dituela. Baina Nature aldizkari ospetsuak argitaratu berri duen lan batek kontrakoa erakusten du.

400 espezierekin baino gehiagorekin egindako ikerketa baten arabera, egoera errotik aldatu ezean espezie urtarrak izango dira lehenak desagertzen, bereziki tropikoetan bizi direnak. Izan ere, lurrean bizi diren animaliek ez bezala, uretako espezieek ezin dute beroa saihestu. Ezin dira gerizpean jarri, edo ezin dira gotorleku baten ezkutatu berotik babesteko. Ikerketa bideratu duen ikertzaile nagusia Malin Pinsky ekologoa da, eta, haren hitzetan, «historikoki, itsasoko animalien ekosistema apenas aldatu den tenperaturari dagokionez. Horregatik, imajinatu behar dugu animalia horiek oso errepide estuan dabiltzala, eta bi aldeetara tenperatura labar izugarriak dituztela».

Datu horiek aintzat hartuta, klima aldaketaren ondorio lazgarriak saihesteko erronkan itsasoko bizidunak babestea da lehentasuna. Horretarako, negutegi efektua eragiten duten gasen igorpena murrizteaz gain, gehiegizko arrantza gelditzea ezinbestekoa da. Baita itsas habitaten suntsipena saihestea ere.

Baina ezin ditugu espezie lurtarrak ahaztu. Klima aldaketaren aurrean urtarrak baino erresistenteagoak dira, berotik babesteko ahalmena dutelako. Beraz, ahalmen hori ez galtzea bermatu behar dugu. Nola? Besteak beste, oihanen ustiapena geldituz. Zuhaitzik gabe ez baitago itzalik. Bestela gogoratu udako egun beroenetan zeinen gustura egoten zareten gerizpetan...]]>
<![CDATA[Bai, ezberdinak gara]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1875/045/001/2019-04-12/bai_ezberdinak_gara.htm Fri, 12 Apr 2019 00:00:00 +0200 Nerea Osinalde https://www.berria.eus/paperekoa/1875/045/001/2019-04-12/bai_ezberdinak_gara.htm EHUko Biokimika Saileko irakaslea

Osasunarekin erlazionatutako kontu batzuetan, sexuak garrantzi handia du. Oro har, gizonezkoek eta emakumezkoek pairatzen ditugun gaixotasunak berdinak dira. Hala ere, migrainak, 2 motako diabetesa eta artritisa, besteak beste, ohikoagoak dira emakumezkoengan. Gainera, gaitz bera pairatzen duten sexu ezberdinekoek bestelako sintomak izan ditzakete. Adibidez, infartu bat jasan aurretik, gizonezkoek bularraldean sentitzen dute mina; emakumezkoek, berriz, ez. Era berean, farmako batzuen eraginkortasuna sexuarekiko espezifikoa da. Eta hori guztia, zergatik?

Azken hamarkadan eginiko ikerketen arabera, sexu ezberdineko gizabanakoek ezberdin prozesatzen dute mina. Labur esateko, mina sentitzen dugunean hau gertatzen da: gorputzean barreiatuta ditugun sentsoreek potentzialki kaltegarriak diren sentipenak jasotzen dituzte. Seinale horiek nerbio periferikoen bitartez bizkarrezur muinera garraiatzen dira, eta handik, bizkarrezur-erraboilera eta garuneko kortexera. Azken horiek jasotako seinalea interpretatzen dute, eta, ondorioz, mina sentitzen dugu.

Seinalearen transmisio horretan, errelebo-lasterketa baten baleude bezala, zelula askok hartzen dute parte; horien artean, immunitate sistemako zelulek, ar eta emeengan ezberdinak direnek. Arren kasuan, mikroglia izeneko zelulek hartzen dute parte minaren transmisioan; emeen kasuan, berriz, T zelulek.

Hormonek ere badute zerikusia sexuen arteko minaren prozesamendu diferentzialarekin. Testosterona batez ere arrek ekoizten duten sexu hormona da, sexu guruinen garapen eta funtzionamenduan berebiziko garrantzia duena. Horrez gain, testosteronak mina apaltzen du, eta, horregatik, min kronikoa duten paziente batzuek testosterona tratamendua jasotzen dute. Hormonak minaren bidezidorretan duen eragina ezagutzeko, Montrealgo McGill unibertsitateko ikertzaileek irenduta egoteagatik testosterona maila apala zuten sagu arrak aztertu zituzten. Sagu horiek mina emeek bezala prozesatzen zutela behatu zuten, hots, T zelulen bidez. Baina sagu ar horiek testosteronarekin tratatzean, emeen kasuan bezala, mekanismoan aldaketa gertatzen zen, eta ar zein emeek mina mikroglien bitartez bideratzen zuten.

Alde horiek tarteko, badira ar eta emeengan ezberdin eragiten duten farmakoak. Esaterako, metforminak bizkar muina inguratzen duten neuronen arteko mikroglia zelulak urritzen ditu, eta, ondorioz, mina arintzen du. Baina efektu hori soilik sagu arrengan gertatzen da, emeek ez baitute mina zelula horien bitartez bideratzen. Morfinak ere mina leuntzen du, baina, kasu honetan, garuneko PAG eremuko neuronak blokeatuz. Horrez gain, morfinak mikroglia zelulak aktiba ditzake, eta horrek drogaren efektu analgesikoa txikiagotzen du. Kontua da emeek arrek baino askoz mikroglia gehiago dituztela PAG eremuan. Hori dela eta, arrek adinako efektu analgesikoa lortzeko, emeek morfina dosi handiagoa jaso behar dute.

Oro har, arlo honetan oso azterketa gutxi egin dira pertsonekin, baina, lehen emaitzen arabera, gure kasuan ere gizonezkoen eta emakumezkoen artean desberdintasunak daude. Tradizionalki, animaliekin egindako esperimentu gehienak arrekin egin dira. Izan ere, luzaroan uste izan da emeen hormona zikloek ikerkuntzen emaitzak distortsiona zitzaketela. Baina azken urteotako aurkikuntzek agerian utzi dute ezinbestekoa dela emeekin ere esperimentuak egitea.]]>
<![CDATA[DNA: etorkizuneko disko gogorra?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1919/039/001/2019-03-15/dna_etorkizuneko_disko_gogorra.htm Fri, 15 Mar 2019 00:00:00 +0100 Nerea Osinalde https://www.berria.eus/paperekoa/1919/039/001/2019-03-15/dna_etorkizuneko_disko_gogorra.htm EHUko Biokimika Saileko irakaslea Informazioaren mendea deitzen diote askok bizi dugun garaiari. Egunero, orduro, segundoro ekoizten dugun informazio kopurua ikaragarria da, eta hori guztia gordetzeko alternatiba bila dabiltza zientzialariak. 2000. urtearen bueltan, DNA molekula etorkizuneko disko gogorra izan zitekeela proposatu zuten lehenengo aldiz. Baina 2013. urtera arte itxaron behar izan genuen DNAn informazioa gorde zitekeela frogatzen zuen lehenengo lan potoloa irakurtzeko. Besteak beste, Shakespeareren sonetoak eta Martin Luther Kingen Amets bat dut diskurtsoa gorde zituzten DNAn. Orotara, 760 kilobyte informazio hauts izpi baten tamaina baino txikiagoa duen DNA molekulan. Lau urte geroago argitaratutako beste lan batean, 215 petabyte informazio gorde zituzten DNA gramo batean. Azken datuen arabera, DNA milimetro kubiko batean 1 TB gorde daiteke. Espazio gutxi okupatzeaz gain, DNAk baditu abantaila gehiago. Alde batetik, DNAn informazioa gordetzeko ez da elektrizitaterik behar. Bestalde, leku fresko, lehor eta ilun batean gordez gero, DNA luzaroan kontserba daiteke. Kontuan izan duela milioika urte desagertutako animalia eta landareen DNA molekulak aurkitzen eta aztertzen ditugula gaur ere. Hala ere, bestelako disko gogorrekin alderatuz, DNAn gordetako informazioa irakurtzea oso motela da. Adibidez, DNA prozesagailu batek orduak behar ditu lau digitudun zenbaki baten erro karratua kalkulatzeko. Aldiz, gutako edozeinek erabiltzen duen ordenagailu arrunt batek, segundo-ehunen bat. Horregatik, bat-batean kontsultatu nahi diren datuak gordetzeko baino, DNA luzaroan gorde nahi diren datuak pilatzeko sistema egokia izan daitekeela aurreikusten da. 2009an, unibertso digitalak zettabyte (ZB) erdi bateko neurria zuen, hots, 500 milioi terabyte (TB). Eta 2018an, 2,8 ZB. Informatika munduko konpainien arabera, 2020an unibertso digitalak 40 ZB izango ditu, hau da, 4,72236648 x 1022 byte. Ideia bat izan dezazuen, Word-en idatzitako testu batek, batez beste, 100 kilobyte (103.400 byte) ditu; beraz, atera kontuak. Datu olde horren aurrean, Microsoft informatika konpainiak jada iragarri du 2020tik aurrera datu digital bereziak DNAn gordetzen hasiko dela. Gainera, duela hilabete eskas, beste aurrerapauso garrantzitsu bat izan dugu. AEBetako ikerketa talde batek DNA molekula sintetiko berri bat aurkeztu du, Hachimoji izenez bataiatu dutena. Ohiko A, G, C eta T molekulez gain, lau hizki artifizial (Z, P, S, eta B) ditu DNA molekula berriak. Zortzi hizkiz osatutako DNA horrek lau hizkiz osatutakoak baino askoz informazio gehiago gorde dezakeela esaten dute sortzaileek. Orain, ikusteko dago zenbateraino erabiliko den teknologia berri hori guztia informazioaren mendean ditugun erronkei aurre egiteko. ]]> <![CDATA[Gin-tonic bat, mesedez; malariak jota nago]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1919/039/001/2019-02-15/gin_tonic_bat_mesedez_malariak_jota_nago.htm Fri, 15 Feb 2019 00:00:00 +0100 Nerea Osinalde https://www.berria.eus/paperekoa/1919/039/001/2019-02-15/gin_tonic_bat_mesedez_malariak_jota_nago.htm EHUko Biokimika Saileko irakaslea

Modan dagoen edaria da gin-tonica. Taberna batzuek ginebra eta tonic karta luzeak eskaintzen dituzte. Hori gutxi balitz bezala, gero eta ohikoagoa da gin-tonica osatzen duten bi osagai nagusiez gain, bestelako osagai bitxiak aurkitzea kopa freskagarrian, hala nola kiwi zatiak, marrubiak eta gozokiak. Hala ere, azken urteotan eraberritu den gin-tonicaren jatorria aspaldikoa da, XVII. mendekoa, hain zuzen. Baina badakizu zein den gin-tonicaren jatorria? Lehen, gaur egun ez bezala, disfrutatzeko baino gehiago malariari aurreko egiteko edaten zen gin-tonica.

Izan ere, tonikak daukan kinina alkaloideak malaria eragiten duen parasitoa hiltzen du. Kininak efektu hori nola eragiten duen zehatz-mehatz ez da ezagutzen. Hala ere, hipotesi onartuenaren arabera, kinina parasitoan pilatzen da, eta, ondorioz, parasitoak ezin du bere bizi zikloa gauzatu eta hil egiten da.

Kinina kina zuhaitzaren azaletik erauzten den konposatua da. Berez, Andeetan hazten den zuhaitza da kina, eta Erdialdeko Amerikako indioek aspalditik ezagutzen zuten kininaren ahalmen sendagarria. Europarrek malaria Ameriketan sartu zuten arte, ordea, ez zen jakin kinina oso eraginkorra zela malariari aurre egiteko. Historiak kontatzen duenaren arabera, Espainiako jesuita batek kininaren berri izan zuen, eta malaria zeukan Chinchongo kondesa sendatzea lortu zuen. Ondorioz, zuhaitzaren gaitasun sendatzaileaz jabetuta, kina Europara esportatu zuten, eta Jesuitaren azala izenarekin egin zen ezagun.

Egia esateko, lehen gin-tonica armada ingelesari zor diogu. XIX. mendean, Pierre Joseph Pelletier eta Joseph Bienaime Caventou zientzialari frantsesek kinina isolatzea lortu zuten. Horri esker, kinina pilulak egin zituzten, eta malariak heriotza gehien eragiten zuen europar kolonietara bidaltzen hasi ziren. Pilulak uretan disolbatuta hartu behar ziren, baina kinina oso mikatza denez, soilik uretan disolbatuta hartzea sufrikarioa bilakatu zen askorentzat. Hori konpontze aldera, 1825. urtearen inguruan, Britainia Handiaren mende zeuden Indiako ofizialek burutapen bat izan zuten: kinina pilulak uretan disolbatu eta gero, lima-zukua, azukrea eta ginebra gehitzea. Horra hor, gaur egun hain ezaguna den gin-tonicaren lehen bertsioa.

Baina zenbat gin-tonic behar dira malaria sendatzeko? Kalkulatzen da eguneko 67 litro gin-tonic behar direla malaria eragiten duen parasitoa hiltzeko adina kinina izateko. Hortaz, imajinatzen dut nirekin bat etorriko zaretela honetan: sendabide tentagarria bada ere, ez dirudi oso bideragarria, ala?]]>
<![CDATA[Jaio, sexua, hil]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2044/031/001/2019-01-25/jaio_sexua_hil.htm Fri, 25 Jan 2019 00:00:00 +0100 Nerea Osinalde https://www.berria.eus/paperekoa/2044/031/001/2019-01-25/jaio_sexua_hil.htm EHUko Biokimika Saileko irakaslea

Jaio, bizi eta hil. Hori da bizidun guztion saihestu ezinezko ibilbidea. Halere, bizidunon bizi-itxaropenak ezberdinak dira oso. Adibidez, bizitza laburrena duen animalia intsektu bat da, efemeroptero edo efimera deiturikoa. Gaztea denean, kapuluan urtebetez egon daiteke. Helduarora iristen denean, aldiz, asko jota egun bat irauten du bizirik. Gastrotriko zizare mikroskopiko urtarren bizi-zikloa ere soilik 3-4 egunekoa da. Maiz hain gorrotagarriak iruditzen zaizkigun eulien bizi-itxaropena, berriz, 15-30 egunekoa. Erle langileak ere jaio eta hilabete eskasera hiltzen dira, baina erle erreginaren bizitza lau urtez luza daiteke. Antzekoa gertatzen da inurriekin. Erreginak 30 urte edo gehiago bizi daitezke; langileak, ordea, hilabete eskas bizi dira.

Aitzitik, badaude ehunka urteko bizi-itxaropena daukaten hainbat animalia espezie, hala nola txirla, karpa, balea, dortoka eta sugandila espezie batzuk. Hala ere, gaur egun bizirik dirauen bizidunik urtetsuena ez da animalia bat, zuhaitz bat baizik: Norvegian dagoen 9.500 urteko izeia.

Hainbat faktorek baldintzatzen dute bizidunon bizi-itxaropena, eta, oro har, esan dezakegu ez dakigula noiz bukatuko den gure bizitza. Bizidun semelparoek, ordea, ondo asko ezagutzen dute euren patua: ugaldu eta gero hilko dira.

Ugalketa suizida nahiko ohikoa da naturan. Izan ere, landare erreinuko espezie asko, hala nola barazki batzuk, eta urteroko zein bi urtez behingo landare gehienak semelparoak dira. Animalien erreinuan ere hainbat adibide topa ditzakegu. Esaterako, erlamandoaren eta erle erreginaren arteko estalketak gehienez bost segundo irauten du. Baina, arrendako hain intentsua denez, amaitu bezain pronto hil egiten dira. Ozeano Bareko izokinak ere arrautzak jarri eta ernaldu ostean hiltzen dira. Mikroorganismo urtarrek izokinen gorpuak deskonposatzen dituzte; eta ondoren, udaberrian, izokin-kumeak arrautzetatik ateratzen direnean, mikroorganismo horietaz elikatzen dira.

Ugaztunen artean, lau marsupial espezie ezagutzen dira beren baliabide eta energia guztia ugaltzera bideratzen dutenak. Besteak beste, Antechinus buztan beltz espezieko ar asko, Australian bizi direnak eta sagu itxura daukatenak, 12-14 orduko parekatze bizi eta nekagarriaren ondorioz hiltzen dira. Izan ere, bizitako tentsioaren eraginez, barneko odol-jarioak izaten dituzte eta gorputzeko ehunak desegiten zaizkie. Armiarma ar batzuei ere antzekoa gertatzen zaie: espermatozoideak emeari isuri ostean, gure odolaren parekoa den hemolinfa galtzen dute, eta ondorioz, hil egiten dira.

Badaude animalien erreinuan ugalketan zehar edo ostean bikotekidea erailtzen dutenak ere. Adibiderik ezagunena Mantis religiosa edo marisorgin intsektuarena da. Koitoan bertan, emeak burua mozten dio bera estaltzen ari den arrari, eta jan egiten du. Olagarro espezie askok ere, estalketaren ostean, borroka sutsua izaten dute garroak korapilatuz. Batzuetan, arrak ihes egitea lortzen du, baina gehienetan, emeak itota hiltzen da.

Eskerrak gure patua ez dela azken horiena! Bestela, zer aukeratuko zenuke? Bizi, ala sexua eta hil?]]>
<![CDATA[Ekuazioak minbiziari aurre egiteko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1904/031/001/2018-12-14/ekuazioak_minbiziari_aurre_egiteko.htm Fri, 14 Dec 2018 00:00:00 +0100 Nerea Osinalde https://www.berria.eus/paperekoa/1904/031/001/2018-12-14/ekuazioak_minbiziari_aurre_egiteko.htm EHUko Biokimika Saileko irakaslea

Apustu egingo nuke zuetako askorentzat matematika eskolako ikasgairik gorrotatuenetakoa izan zela. «Zertarako ikasi aplikaziorik ez daukaten formula, ekuazio eta bestelakoak?» galdetuko zenioten maiz zeuen buruari. Ba, jakin, oharkabean bada ere, matematika gure eguneroko bizitzako esparru guztietan dagoela presente: erosketak egiten ditugunean, erlojuari edo sakelakoari begiratzen diogunean, ordenagailua erabiltzen dugunean... Ez hori bakarrik, matematika zientzia alor askoren oinarria da.

Medikuntzan, adibidez, gero eta gehiago erabiltzen dira eredu matematikoak gaixotasunen garapena aurreikusteko; baita terapia pertsonalizatuak diseinatzeko ere.

Glioblastoma multiformea (GBM) garuneko minbizi mota bat da, oso azkar hazi eta hedatzen dena. Hain da gaiztoa minbizia, ezen gaixoen biziraupena hilabete gutxikoa izaten den. Gehienetan, GBM tratatzeko, kirurgiaz kentzen da tumorea. Baina, tamalez, gaixo batzuei ebakuntzak ez die inolako onurarik eragiten. Nola aurreikus dezakegu GBM gaixo bati ebakuntzak lagunduko dion ala ez? Galdera horri erantzuteko, AEBetako ikerketa talde batek ekuazio matematikoak garatu berri ditu.

GBM gaixoen erresonantzia magnetikoko irudiak (MRI) behatuz konturatu dira tumore mota horretako minbizi-zelulak, oro har, migratzen edo zatitzen ari direla. Ondorioz, bi parametro horiek konbinatzen dituen ekuazio bat erabiliz, tumorearen hazkuntza-tasa kalkulatzen dute, eta, horrela, tumoreak bi taldetan sailkatzen dituzte. Alde batetik, poliki hazi baina oso inbaditzaileak diren tumore difusoak; bestetik, azkar zatitu baina nekez hedatzen diren nodulu tumoreak.

Bi tumore moten MRI analisiek oso antzekoak dirudite, baina errealitatea oso bestelakoa da. Nodulu tumoreak dituzten gaixoei tumorea kirurgiaz kentzen zaienean, minbizi-zelulak guztiz desagertzen dira garunetik, eta, batez beste, zortzi hilabetez luzatzen zaie bizitza. Aldiz, tumore difusoak dituzten gaixoei, tumorea ebakuntzaz ezabatu arren, minbizi-zelulak oso hedatuta egoten direnez, ez dira guztiz desagertzen. Bestela esanda, ebakuntzak ez dio onura handirik eragiten tumore difusoak dituen gaixoari.

Horregatik, ebakuntzak dituen arriskuak eta eragin ditzakeen kalte neurologiko larriak kontuan izanda, soilik nolabaiteko onura izango duten gaixoei egitea komeni da, hots, nodulu tumoreak dituztenei.

Agerikoa da matematikak GBA minbiziaren esparruan egindako ekarpenaren garrantzia. Aurrerantzean, matematikari esker, GBA gaixoak tumore moten arabera sailkatu ahal izango dituzte. Eta, gainera, biziraupena eta bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten tratamendu pertsonalizatuagoak diseinatuko dizkigute. Izan ere, ikerketa garatu duten adituen esanetan, printzipio bera aplika daiteke beste gaixotasun askoren kasuan ere. Batek daki! Agian, etorkizunean pairatuko ditugun gaixotasunak sendatzeko giltza ekuazio matematikoek emango digute.]]>
<![CDATA[Egunerokoa baina ezezaguna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2167/039/001/2018-11-16/egunerokoa_baina_ezezaguna.htm Fri, 16 Nov 2018 00:00:00 +0100 Nerea Osinalde https://www.berria.eus/paperekoa/2167/039/001/2018-11-16/egunerokoa_baina_ezezaguna.htm EHUko Biokimika Saileko irakaslea

Batzuen ustez, denbora galtzea; beste batzuen iritziz, ordea, gozamena. Loa eguneroko bizitzaren parte garrantzitsua da, ezinbestekoa. Gogoratu, bestela, nola sentitu zinen, arrazoiak arrazoi, ezin loak hartu ibili zinen egun hartan: guztiz lehertuta. Tortura metodo zaharra ere bada loa galaraztea. Izan ere, pertsona batek denbora luzez esna badirau, bere gaitasun kognitiboak galtzen ditu, eta haluzinazioak izan ditzake. Baina zergatik? Zertarako egiten dugu lo?

Aspalditik dakigu animalia ornodunek bizirik irauteko lo egin behar dutela, nahiz eta lo egiteko premiak oso ezberdinak diren espezieen artean. Esaterako, saguzar arre txikiek batez beste 20 ordu egiten dute lo egunero; aldiz, jirafek eta elefanteek 2 ordu baino gutxiago.

Horrez gain, hegaztiak gai dira, mehatxuren bat sentituz gero, burmuinaren erdia esna dutela lo egiteko. Alemaniako Ornitologiako Max Planck Institutuan gauzatutako ikerketa batek hau erakutsi zuen: ilaran jarritako ahateen artean, barrualdekoek bi begiak itxita egiten zutela lo; muturrekoek, berriz, begi bana irekia zutela. Ez hori bakarrik. Muturreko ahateek, noizean behin, irekitako begia itxi eta bestea zabaltzen zutela ere ikusi zuten, esna zegoen garuneko hemisferioak atseden har zezan, eta alderantziz.

Berriki behatu da animalia ornogabeek ere, hala nola erleek, otiek eta zizareek lo egiten dutela. Gainera, zizareengan eta gizakiongan melatoninak, hots, loaren zikloa erregulatzen duen hormonak, oso antzera funtzionatzen duela frogatu dute. Horren ondorioz, loaren eboluzio-historiak gutxienez 600 milioi urte dituela kalkulatzen da.

Loaren helburu biologikoa zein den zehazteko, ez dago adostasunik adituen artean. Batzuen arabera, garuneko neuronen arteko konexioak (sinapsiak) sendotzeko egiten dugu lo. Aldiz, homeostasi sinaptiko deritzon hipotesia babesten dutenen arabera, kontrakoa gertatzen da: egunean zehar etengabeko ikasketa-prozesuan murgilduta egoteagatik sendotu diren sinapsiak ahuldu egiten dira lotan gaudela. Batetik, energia eta espazioa aurrezteko; eta, bestetik, memoria eta ikaskuntza bermatzeko.

Ez badakigu ere loaldian zer gertatzen zaien neuronen sinapsiei, badirudi proteina sorta batek pairatzen duen fosforilazio-defosforilazio mekanismo baten bidez erregulatzen dela. Aurtengo ekainean Nature aldizkarian argitaratutako lan baten arabera, lo-esna oreka baldintzatzen duten 80 proteina daude. Horietako 69 sinapsietakoak. Gainera, frogatu dute proteinen fosforilazio-maila bat datorrela lo beharrarekin.

Proteinek ez ezik, geneek ere eragin zuzena daukate loaren premian eta kalitatean. Esaterako, gautxoriak diren pertsonek erritmo zirkadianoa erregulatzen duen CLOCK genearen aldaera berezi bat daukate; Narkolepsia eta familia-insomnio hilgarria pairatzen duten gaixoek, berriz, HCRT eta PRPN geneak dituzte mutatuta, hurrenez hurren.

Eta zuk? loarekin erlazionatutako mutaziorik ba al daukazu? Erantzuna ezezkoa bada ere, hona hemen, beste behin, behar ez den lekuan loak harrapatzen zaituenean erabiltzeko aitzakia bikaina: errua geneena da.]]>
<![CDATA[Erdi bakterio, erdi gizatiar]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1924/039/001/2018-10-19/erdi_bakterio_erdi_gizatiar.htm Fri, 19 Oct 2018 00:00:00 +0200 Nerea Osinalde https://www.berria.eus/paperekoa/1924/039/001/2018-10-19/erdi_bakterio_erdi_gizatiar.htm EHUko Biokimika Saileko irakaslea

Gure gorputzean, berrehundik gora zelula mota ditugu, hainbat itxura eta funtzio dituztenak. Eta bakoitzeko milioika banako ditugu. Azken kalkuluen arabera, 1,70 metro eta 70 kilogramo dituen pertsona batek 30 bilioi inguru zelula ditu. Baina horiek guztiak ez dira nahikoa gure biziraupena bermatzeko, eta zelulez gain, guretzako kaltegarriak ez diren mikroorganismoz gaude josita. Horien artean bakterioak, birusak, ondo espezie batzuk, eta gutxienez arkea espezie bat daude. Guztietatik arruntenak bakterioak dira. 1972an, Thomas Luckey mikrobiologoak esan zuen giza gorputzean zelula bakoitzeko hamar bakterio zeudela. Baina 2016ko lan batean frogatu zuten proportzio hori ez dela zuzena, eta zelula beste bakterio ditugula. Beraz, erdi gizaki, erdi bakterio gara.

Mikrobiota osatzen duten mikroorganismoak asko eta askotarikoak dira. Larruazalean ez ezik, digestio, gernu, arnas eta ugal-aparatuetako ehun eta barrunbeetan ere aurkitzen ditugu. Guztiek zer egiten duten ez dakigun arren, badakigu ezinbestekoak direla gure osasuna bermatzeko. Besteak beste, elikagai batzuk xurgatzen laguntzen digute; guk nekez sintetiza ditzakegun osagaiak ekoizten dituzte; eta immunitate sistema suspertzen dute. Horregatik, gure baitan bizi den mikroorganismo komunitatean aldaketak gertatzen direnean, hots, disbiosia gertatzen denean, arruntak diren gaitzak garatzen ditugu maiz; hala nola chron sindromea, obesitatea, azaleko hanturak eta asma. Horrez gain, mikrobiota urdail, kolon, gibel, biriki, larruazal, eta, berriki, bularreko minbiziaren garapenarekin ere erlazionatu da.

2014an, lehengoz aurkitu zuten bularretako ugatz guruinetan mikroorganismo komunitate espezifiko bat bizi dela. Kanadako eta Irlandako 81 emakumeren bularreko laginak sekuentziazioz aztertu zituzten, eta guztietan bakterioak antzeman zituzten, emakumeen jatorria, adina, osasun egoera, eta haurduntza historia edozein zela ere. Bi urte geroago, bularreko tumore onberak eta gaiztoak zituzten emakumeen laginak konparatu zituzten, eta haien mikrobiota ezberdina zela frogatu zuten. Bularreko minbizia kasuetan, besteak beste, Lactobacillus bakterio mailak behar baino txikiagoak zirela behatu zuten. Bi hipotesi plantetu zituen: (1.) mikroorganismo komunitatean antzemandako aldaketak minbiziaren iturri izan daitezke, eta (2.) mikrobiota aldatuz minbizia saihestu edo trata daiteke. Hain justu, duela hilabete eskas argitaratutako ikerketa batean erakutsi dute dietaren bitartez bularretako ugatz guruinetako mikrobiota alda daitekeela. Makina bat lanek baieztatu dute dieta dela digestio aparatuko mikrobiota moldatzen duen faktore nagusienetako bat. Hala ere, arestian aipatutako lan berria da lehena frogatzen dietak ere baduela eragina digestio aparatutik kanpoko mikrobioengan.

Tximinoekin egindako esperimentuek erakutsi dute Mediterraneoko edo Mendebaldeko dieta kontsumitzeak eragin zuzena duela bularrean bizi diren bakterioengan. Zehazki, Mediterraneoko dieta jaso zuten tximuen ugatz guruinetan besteetan baino hamar aldiz lactobacillus maila altuagoak neurtu zituzten. Mediterraneoko dieta jaso zuten tximuetan ere, Lactobacillus bakterioak prozesatutako konposatu bioaktiboak, minbiziaren aurkako ezaugarriak dituztenak, gehiago direla behatu zuten. Ikerketzaileen arabera, posible litzateke, neurri batean behintzat, dieta zainduz edo gehigarri gisa prebiotiko jakin batzuk hartuz, bularreko minbizia prebenitzea. Baina oraindik goizegi da garaipena ospatzeko. Bularreko mikrobiotaren inguruko kontuak oso berriak dira, eta denbora gutxian lortutako emaitzak itxaropena ematen duten arren, emaitza horiek sendotzen eta osatzen lagunduko diguten ikerketak ezinbestekoak dira.]]>
<![CDATA[Plazentofagia: onuragarria ala moda?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1875/039/001/2018-09-21/plazentofagia_onuragarria_ala_moda.htm Fri, 21 Sep 2018 00:00:00 +0200 Nerea Osinalde https://www.berria.eus/paperekoa/1875/039/001/2018-09-21/plazentofagia_onuragarria_ala_moda.htm EHUko Biokimika Saileko irakaslea

Kim Kardashian, Jennifer Lopez, The Big Bang Theory telesail ospetsuko Mayik Bialik aktorea… asko dira erditu ostean beraien plazenta jan dutela aitortu duten famatuak. Eta zergatik ez? Ugaztun plazentadun asko, belarjaleak barne, plazentofagoak dira. Animalien jokaera hori aintzakotzat hartuta, askok uste dute norberak bere plazenta jatea onuragarria izan behar dela. Baina hori horrela dela babesten duen emaitza zientifikorik, oraingoz, ez dago. Aitzitik, lehen ikerketen arabera, plazenta jateak ez du inolako osasun onurarik eragiten.

Eta orduan, zergatik dago plazentofagia hain hedatuta animalien erreinuan? Erditzearen frogak desagerrarazteko modu bat izan liteke, eta horrekin batera, harrapakaririk ez erakartzekoa. Arratoien kasuan, ordea, plazenta jateak kumearen zaintza hastea sustatzen du, eta erditzearekin erlazionatutako mina ere arintzen du; izan ere, likido amniotikoan eta plazentan morfinaren antzeko eragin analgesikoa duen faktore bat dago.

Plazenta haurdunaldiko organorik espezializatuena da, fetuaren hazkuntza eta garapena bermatzen duena. Hori dela eta, oso organo aberatsa da elikagaietan, hormonetan, bitaminetan, mineraletan eta abar. Baina horrek ez du esan nahi plazenta jateagatik onura horiek guztiak eskuratuko ditugunik. Duela gutxi argitaratutako bi ikerkuntza-lanetan plazenta eta plazeboa hartu zuten emakumeak alderatu zituzten. Emaitzen arabera, bi emakume taldeen umorea, energia-maila, hormona-maila eta beraien umearenganako lotura afektiboa oso parekoak ziren. Behatu ziren korrelazio erreal bakarrek ez zeukaten zerikusirik plazentofagiarekin. Izan ere, bi taldeetako partaideengan antzemandako depresioa, antsietatea eta estresa beste faktore batzuekin zegoen erlazionatuta, hala nola nekearekin, lo faltarekin edota familiaren eta lagunen partetik jasotako sostengu eskasarekin.

Arestian aipatutako ikerkuntza-lanek aditzera ematen dute plazentaren inguruan gero eta gehiago hedatzen ari diren ideiak mitoak direla, eta plazenta jate hutsak ez duela eragiten ez onurarik, ez eta kalterik ere. Hortaz, pertsona bakoitzaren esku dago zer egin. Halere, azpimarratzen dute, plazenta jatekotan, betiere segurtasun neurri zorrotzak bermatu behar direla, ondorio toxikorik egon ez dadin.]]>