<![CDATA[Nora Arbelbide Lete | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Tue, 25 Jan 2022 08:18:42 +0100 hourly 1 <![CDATA[Nora Arbelbide Lete | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Gautxoa izan nahi dut]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/023/002/2020-12-18/gautxoa_izan_nahi_dut.htm Fri, 18 Dec 2020 00:00:00 +0100 Nora Arbelbide Lete https://www.berria.eus/paperekoa/1892/023/002/2020-12-18/gautxoa_izan_nahi_dut.htm Gatazkari gorazarre mintzaldian: «Zapalduek intuizioz sentitzen zuten alfabetatzeak beren zapaltzaileengandik zuten menpekotasuna handituko ziela. Maisuaren jakintza jasoz, boterearen estruktura irensten duzu ohartu gabean». Gogoeta honen oihartzuna burmuinetik ezin kenduz nabil. Noiz eta konkurtso bat prestatzen ari naizela funtzionario bihurtzeko edo. Preseski, lerro hauek nire azkenak izanen dira bulta batez. Hemendik aitzina Samara Velte berriz irakurtzeaz pozten ahalko gara!

Ni linboetan galduko naiz bitartean. Konkurtsoaren izenburua bera... Ondarearen eta liburutegien lurraldeko kontserbadore laguntzailea, bigarren mailako arduraduna (frantses hutsean, bistan dena). Poema bat.

Interesgarria da ikasgaia, baina helburua argi utzi digu formatzaileak: koadroan sartzea. Koadroan sartu. Koadroan sartu. Behin eta berriz errepikatzen digu.

Ez da irabazia. Intuizioak gautxoen mundura eraman nahi nau... Baina aldi berean, burmuinaren beste txokoak Martintxo entzutea gomendatzen dit. Martintxok desafioa bota zien Basajaunei. Hauek beren eremuan ogi zuri ederraren gariak zituzten. Martintxoren herrian, berriz, arto zaharra baizik ez zuten.

Desafioa gari meta gainetik jauzi egitea zen. Nork urrunago. Basaujaunek salto egin zuten eta lortu. Martintxo txikia zen, ordea. Saiatu zen, bere bota handiekin, baina gari metaren erdi-erdira erori. Erditik jautsi eta joan zen, lotsati baina korrika bizian. Basaujaunak jukutriaz ohartu orduko urrun zen Martintxo. Ezin izan zuten harrapatu. Martintxok, herrira iristean, botak kendu eta barnean sartu gariak isuri zituen. Bazuten ogi zuria ereitekoa, orain.]]>
<![CDATA[«Germinal!»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1989/022/003/2020-12-11/germinal.htm Fri, 11 Dec 2020 00:00:00 +0100 Nora Arbelbide Lete https://www.berria.eus/paperekoa/1989/022/003/2020-12-11/germinal.htm
Atzera begiratzeak hamaika hari tiratzen lagun dezake. Katakrakek Louise Michelen idatziak argitaratu ditu: Erbesteko gutunak Victor Hugori (1850-1879), Amaia Lasa poeta idazleak euskaratuak. Louise Michel Komunako iraultzaile esanguratsuetako bat izan zen. Gutunez gain, bertan aurkituko dira Michelen zenbait poema baita aldarriak. Xantza izugarria ukan dut proiektuan parte hartzeko, hitzatzea idatzirik, baina Larrepetit hau ez dadila izan autopromoa. Kontua da, oroz gainetik, Amaia Lasaren eta Katakraketik Hedoi Etxarteren lana ezinbestekoa dela, orain Louise Michelek euskara baitaki.

Karrika bat baino gehiago Thiers karrika deitzen dira. Milaka hil eta erbesteratu eragin zituen Komunaren kontrako errepresioa antolatu zuen gobernu buruaren izena da Thiers. Louise Michelek ez dauka karrikarik Euskal Herrian —nik dakidala.

Baina orain badu euskara.

Poema batean, gainera, Bergara du oihartzun. Garrantzitsua zait hemen aipatzea: Germinal da, eta Michele Angiolillori du eskainia. Angiolillo italiarrak 1897an tiroz hil zuen Antonio Cánovas del Castillo Espainiako presidentea Arrasateko bainuetxean. Heriotz zigorrera kondenatu zuten. Bergarako presondegiko patioan hil zuten. Hemen poemaren pasarte bat:

«Germinal Lau horma beltzotan torturatzen dute/ Harkaitz bat bezain altu altxatzen dira/ Ez da ufadarik, ez murmuriorik/ Usaintzen dugu pasa den heriotza/ Oholtzan tronu bat dago/Eta koroa dagoela dirudi,/ Urkatzeko lepokoa da./ Michele Angiolillo igo da/ Kopeta altu eta pauso gisakoarekin/ Bere epaileak lotsaz zurbil/ Beldur dira epaimahaiaren itzalean/ Zigortua bere kabuz eseri da/ Sentitzen ereiten den hazia bezala/ Ahots goran esan du 'Germinal!'».]]>
<![CDATA[«Iparraldekoa?»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/023/002/2020-12-04/iparraldekoa.htm Fri, 04 Dec 2020 00:00:00 +0100 Nora Arbelbide Lete https://www.berria.eus/paperekoa/1892/023/002/2020-12-04/iparraldekoa.htm
Bizkitartean ni saiatzen naiz irudikatzen delako txoko horretara datorren pertsona hori. Zergatik garrantzitsua zaio jakitea Iparraldean ekoitzia dela? Zer eskaintzen dio lokalizazio horrek? Esentzialismoan erortzeko arriskua sentitzen dut hor, pertsonalki. Eta baita euskararen zatikatzearen joera batean. Ipar Euskal Herritik ere, behin baino gehiagotan entzun izan dut iparraldeko euskaran idatzi liburuen irakurtzeko nahi hori, eta azkenaldi honetan baita zuberotarrezko egokitzapenak ere biderkatzen doaz —Nola Erran hiztegian barne—.

Batzuetan gertatu zaizu galdetzea: «Euskalduna?». Bada, niri «Iparraldekoa?» da egiten zaidan oharra. Erranen didazu aitzinamendu bat dela, lehen agian «Frantsesa?» ziotela —gertatzen da oraindik—, nahiz eta euskaraz aritu.

Euskalduna izatea ongi zait niri, zinez. Sinpleki. Ipar hori kentzea ahal den bakoitzean. Komunitate berean parte hartzea. Bakar batean. Hizkuntzak permititzen duen mugarik gabeko eremu horretan. Badakizu, Joseba Sarrionandia idazleak aste honetan aipatu duenaren hari beretik. Euskaraz idatziz «komunitate» baten parte ikusten duela bere burua esplikatu du. «Pribilegiatua sentitzen naiz komunitate baten parte izateagatik». Edertasuna bilatzeko modu bat baino gehiago, literatura «bizitza komunitarioan» parte hartzeko formatzat dauka Sarrionandiak.]]>
<![CDATA[Zoin gaitzikorra zaren]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/022/002/2020-11-27/zoin_gaitzikorra_zaren.htm Fri, 27 Nov 2020 00:00:00 +0100 Nora Arbelbide Lete https://www.berria.eus/paperekoa/1892/022/002/2020-11-27/zoin_gaitzikorra_zaren.htm
Arigune batean ari da lanean delako hurbileko hori. Arigunea izatea nahi duen gune batean. Behin hori erabaki eta, txapen hautatzeko ordua iritsi zelarik —Belarriprest ala Ahobizi?— orduan arduradunak dudak agertu zituen. Arigune izateko arazorik ez. Euskaraz hitz egin nahi duenak, hitz egin dezake. Langile euskaldunak ukanen ditu parean erantzuteko prest. Zerbitzua optimizatua. Zein ongi. Aldiz… aho bizi izateko aukeraz dudak. Galdezka.

Zer da Ahobizia?

Ba, Ahobizik «Egun on!» erranen duela automatikoki. Belarriprestak agian «Bonjour!», baina gero, parekoa euskalduna bada, ulertarazten ahalko dio pareko horri euskaraz segitzen ahalko duela.

«Egun on!» automatikoki? Jakin gabe parekoak euskaraz badakien ala ez?

Bai, hori da ideia.

Baina parekoak ez badaki?

Egun on bat da, lasai...

Baina parekoak ez badaki euskaraz? Gaizki har dezake. Nik uste, ez da egokia.

Beraz, ezin Ahobizi izan?

Ez, hobe ez.

Gaizki har dezake. GAIZKI HAR DEZAKE.

Ez da ohartu ere erran horrek bere baitan daraman guztiaz, delako arduraduna. Txarrena da ez duela esplikatu beharrik izan ere. Lagunak aspaldi ez du «Egun on»-ik erraten, horren beldur preseski. Gaizki hartze horien enpatiaz. Ongi ikasia. Amildegia sakonegia. Indibiduoa bere bakardadean. Zilegitasun guztiak erantziak izanak direnean, biluziegi. Hori da boterea. Batzuek beste batzuek baino eskubide gehiago dute gauzak GAIZKI HARTZEKO.]]>
<![CDATA[«Gaixtoa banintz»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/022/002/2020-11-20/gaixtoa_banintz.htm Fri, 20 Nov 2020 00:00:00 +0100 Nora Arbelbide Lete https://www.berria.eus/paperekoa/1892/022/002/2020-11-20/gaixtoa_banintz.htm
Oihartzun berezia sor dezake 1977ko gogoeta foucaultar honek, noiz eta Frantziako Asanblea Segurtasun Orokorrerako legea aztertzen ari dela. 24. artikuluak debekatu nahi die kazetariei lanean ari diren poliziak filmatzea. Eta jakinez gainera, iduriz, legerik ere ez dutela behar. Guillaume Fauveau kazetari argazkilaria mehatxatu berri dute poliziek Baionan, poliziaren kontrol operazio batean argazkiak hartzen zituela. Ez zuela horren egiteko eskubiderik leporatu diote.]]>
<![CDATA[Theresa bizi balitz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/022/002/2020-11-13/theresa_bizi_balitz.htm Fri, 13 Nov 2020 00:00:00 +0100 Nora Arbelbide Lete https://www.berria.eus/paperekoa/1892/022/002/2020-11-13/theresa_bizi_balitz.htm Haur besoetakoa liburuko Theresa bizi balitz nola erantzunen zukeen liburuan agertzen denari, erantzuteko gogoa izan balu? Liburuko 11 urteko Theresak orain 77 urte lituzke. Zein litzateke bere irakurketa?

Anakronismo bat dirudi, baina galderak leku txiki bat har dezake, Vanessa Springoraren Le consentement (Onespena, Grasset, 2020) liburua irakurririk.

Gabriel Matzneffek, garaian 50 urte zituen idazle famatua zenak, «seduzitu» zuen Vanessa Springora, honek 14 urte zituela. Hiru hamarkada berantago, Springorak liburuan kontatzen du gizon horren eraginpean jasan sufrimendua. «Ehiztaria bere zepo propioan harrapatu» nahi izan duela esplikatzen du Springorak, «liburu batean giltzapetuz».

Springorak ez du gordetzen nola «maitatu» zuen hasiera batean. 14 urteko neska hark sentitzen zuena hor kontatua. Maitasuna ote zenez? Zergatik ez luke maitatzen ahal 14 urteko neskak 36 urte gehiago dituen gizona? Ehunka aldiz galdera bere buruan itzulikatu duela idazten du Springorak. Baina finean, hau dela gakoa: «Ez zen nire erakarpena galdekatu behar, baizik eta berea».

Orain arte liburuetan agertzen zen Springora, baina Matzneffek idatzietan. Matzneffen lumapean, Matzneffek bere burua laudatzen zuela, Springora bera «la petite V» (V txikia) bihurrarazia, neska txiki ezegonkorra, jelosiak jana. Springorak honela azaltzen du idatzi hauen bortizkeria: «Irakurleentzat hitzak baizik ez dira, literatura. Niretzat, lehertzearen hasiera». Liburuen bidez, neska eta mutil gazteen «deposezioaren» indarraz ohartzekoa ematen du Springoraren liburuak.

Theresa fikziozko pertsonaia da Haur besoetakoa-n. Hori bai, beti protagonistaren filtrotik baizik ez da agertzen. Nor ote da zinez Theresa? Non dago bere libertatea? Nago Theresa pixka bat badagoela Springoraren liburuan. Baina ez dugu jakinen. Haur besoetakoa-n hiltzen baita Theresa, bere 11 urterekin.]]>
<![CDATA[Liburuak baino gehiago]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/020/002/2020-11-06/liburuak_baino_gehiago.htm Fri, 06 Nov 2020 00:00:00 +0100 Nora Arbelbide Lete https://www.berria.eus/paperekoa/1892/020/002/2020-11-06/liburuak_baino_gehiago.htm Larrepetit hau ostatuak itxiak dituen eta mendira joateko debekatua duen eremu batetik idatzia da. Konfinamendua dela-eta baita liburu saltzailearekin ateak hetsirik dituzten eremu batetik ere. Aitzinetik liburua Internet bidez edo telefonoz erreserbatu eta, liburu saltzailearekin edo mailegatzailearekin hitzordua hartuz, liburua eskuratzeko aukera ematen dutela, halere, batek baino gehiagok.

Baina eztabaida partitua zen jadanik aukera hori zabaldu aitzin. Eta nago eztabaida horretan ere ez dugula asmatu. Liburuaren premia aldarrikatzen hasi ziren Frantziako presidentearen diskurtsoa bururatu bezain laster. Egia da ez zuela hitz bat bera ukan kulturaren alde konfinamendua iragarri zuen egunean Emmanuel Macronek. Liburutegiak ireki behar direla. Liburuak, «ezjakintasunaren eta intolerantziaren harresi» horiek (azaroaren 1eko Le Monde-ko gutun publikoan irakurria). Postura.

Eta hasi da berriz ere kontrakoen eta aldekoen eztabaida. Adibidez, nolatan tabako saltzaileak irekiak eta ez liburutegiak. Edo hobeki errateko, hiri barneetako liburutegiak. Eta hor ere postura. Hiri barneetako liburutegi txikien defendatzaileak burgesak direla. Kontua da liburutegi txikien itxierak sortu haserrea baretzeko saltegi handi eta supermerkatuei liburuen salmenta debekatzea erabaki dutela agintariek. Jakinez eremu anitzetako herritarrentzat saltegi handi horiek direla leku bakarrak non liburuak eros ditzaketen. Hots, eztabaida laster bilakatu da: supermerkatuetako proletarioak versus hiri barneetako burgesak. Bizkitartean, hori bai, Internet bidezko saltzaile erraldoiek liburuak saltzen segi dezaketela.

Eta gu, bien bitartean, hementxe, mediatekan. Konfinamendu bezperan ehunka liburu mailegatzaileri harrera egiten. Eta konfinamenduaz geroztik, telefonoz eta emailez eskatu dokumentuak erreserbatzen, dokumentu metak prestatzen. Eta, aldiz, mediatekara ordenagailua eta Internet erabiltzera etorri nahi dutenei -etxean ez baitute horrelakorik- aldi honetan, ezin dutela ihardukitzen.]]>
<![CDATA[Coca-cola bat?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/017/002/2020-10-30/coca_cola_bat.htm Fri, 30 Oct 2020 00:00:00 +0100 Nora Arbelbide Lete https://www.berria.eus/paperekoa/1892/017/002/2020-10-30/coca_cola_bat.htm
—Makinek ongi funtzionatzen duten bitartean, eta sokorriak deitzen ahal ditugun bitartean. Baina kendu hori, jendeak beltzera bota, beldurra sortu, arauak desegin eta ikusiko dugu.

—Jendeen baitan aski ikara sartuz gero, zernahi eginarazten ahal diezu.

Stephen King. The Mist narrazioa, Frank Saramontek zinemara egokitua 2007an. Lanbro ikaragarri batek inbaditu du hiria, eta herritar andana bat supermerkatuan harrapatu ditu. Supermerkatu kanpoa munstroek inguratu dutela, barnean, humanitatearen digak saltatu dira.

Antsietatea puntu gorenera iritsi dela, suspensearen maisua den Stephen Kingen munduan sartzea erremedio egokia izan daiteke, ez? Zer egin bestela?

Lankide bat heldu zaizularik negarretan kulpabilitateak jana. Bere lagun batek koronabirusa duela jakin duelako. Eta ondorioz hurbileko kontaktua bihurtu delako. Eta ondorioz, potentzialki, hark ere koronabirusa daukala, eta ondorioz, nahi gabe ere, jende anitz kontaminatu dituela behar bada, eta ondorioz, potentzialki, arriskupean jarri dituela osasun ahuleko hurbileko zenbait, eta ondorioz: «Iduritzen zait kalaxnikov bat hartu dudala eta inguruan nuen guztiari tiro egin diodala». Negar malkoak ezin atxikirik. Eta aldi berean lanera etortzera behartzen dutela, berez, ez delako oraindik kontaminatua. Jakiteko koronabirusa duen, azterketa egin behar. Baina azterketa egiteko aukerarik ez. Laborategi guztiak lepo.

«Barkatu, ez zen nire intentzioa negarrez hastea, hor, orain, zuen aitzinean». Duela bi egun gertatu eszena bat da, egiazkoa. Konfinamendua berretsi aitzin gertatua. Baina konfinamenduarekin ere ez da segur antsietatea zein kulpabilitate sentsazioa apalduko denik.

Hots... berriz ere, Stephen King apur bat hartuko duzu agian? «Bizitzaren funtsezko egietako bat hauxe: 300 kilogramoko pisua duen coca-cola banatzaile bat orduko 60 km aitzinatzen ari dela eta gu haren azpian harrapatuak izateko arriskuan garela, ez dugu beste ezertan arranguratzerik».]]>
<![CDATA['Z' idazteko hamabi modu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/017/002/2020-10-23/z_idazteko_hamabi_modu.htm Fri, 23 Oct 2020 00:00:00 +0200 Nora Arbelbide Lete https://www.berria.eus/paperekoa/1892/017/002/2020-10-23/z_idazteko_hamabi_modu.htm z' soinua idazteko hamabi modu daude: s, ss, c, cc, sç, ç, sc, t, th, sth, x, z. Adibide hau Arnaud Hoedt eta Jérôme Piron irakasleena da, «À qui la faute?» (Norena da hutsa?), Parler comme jamais (Sekula ez bezala hitz egin) emankizunetik hartua.

Batzuentzat horrek egiten du eder frantsesa. Konplikatua dena, ederra da. Konplikazioak sotiltzat dituzte. Ortografiarekin arazoak dituztenek gehiago ikastearekin aski luketelakoan. Ez dutelakoan aski indar egiten. Ezaxolakeria balitz bezala. Hori leporatzen zitzaien anitzetan jaka horiei. Sare sozialetan idazten zituzten aldarrikapenetan huts ortografikoak zenbatzen jostatzen ziren aurkariak. Haien sinesgarritasun guztia porrotera eramaten zuten kritika sinple horrekin. Huts ortografikoak biziki eraginkorrak dira. Diskriminaziorako.

Indar txiki bat.

Hitzak eta ortografiak memorizatzeko modua ez dugu denek bera. Batzuei hitz bat behin begiratzea aski zaie ortografia barneratzeko. Instintuz ari direnean ere, funtzionatzen zaie. Beste batzuentzat memoria kontuak ez dira hain errazak eta ortografia ez da begi bistako. Dislexikoei, adibidez, zailtasunak ugaritzen zaizkie.

Banaz beste 80 oren iragaten dituzte kolegioko ikasleek 6.etik 3.enera lehenaldiko partizipioa ikasten. Pentsa, Frantziako Hezkuntza ministroa den Jean-Michel Blanquer ere harrapatu dute ortografia kontuetan.

Erreformak, izan, izan dira. Baina XIX. mende erditsuan gelditu da dena, ortografia kontuak Frantziako Estatuak bere gain hartzean. Ofiziala, nazionalizatua, baitezpadakoa egin da ortografia, lehen maila bezala. Poliziaren lanetako bat saltegietako izenburuetan hutsak begiratzea izan da. Eta geroztik, aldaketak ezinezkoa dirudi.

Lehenagotik heldu baita, gainera, konplikazioa. Izan ere, ortografia hautatzeko unean, forma aldaera konplikatuenaren hautua egin izan dute. Nahitara. Hautu politikoa. Horrela justifikatu duena 1673an Mezerayk Frantziako akademian: «Ortografia zaharra segitu nahi duela iragartzen du Konpainiak [akademiak], jende letradunak ezberdintzeko ezjakinengandik eta emazte soilengandik».]]>
<![CDATA[Hanka sartuz aitzinatzen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/023/002/2020-10-16/hanka_sartuz_aitzinatzen.htm Fri, 16 Oct 2020 00:00:00 +0200 Nora Arbelbide Lete https://www.berria.eus/paperekoa/1892/023/002/2020-10-16/hanka_sartuz_aitzinatzen.htm
Gose pixka bat kendu zuen janariak. Baina nik ezin burutik kendu nire esku zuri hori janaria ematen esku beltz horiei. Ttipitatik telebistan ikusi Ama Teresa serora horrelakoak egiten, edo Bernard Kouchner politikaria bere irris zakuarekin espaldan.

Salbatzailearen sindrome horretan ez erortzeko aspalditik ari ginen gure artean gogoetan, preseski. Paternalismotik urruntzeko. Biziki erraza baita menpekotasun harremanera lerratzea, nahi gabe ere, inkontzienteki ere. Botere izugarria lortzea. Historia luze baten oinordeko.

Nola egin? Galdera hori buruan entzun nuen Amets Arzallus Miñan (Susa) liburua aurkezten Biarritzeko mediatekan joan den egunean. Ibrahima Balde iheslari ginearrarekin idatzia du Miñan. Eta Arzalluzek esplikatu zuen nola Balderi eskatu zion behin baino gehiagotan liburuan sartzeko marrazki zenbait egitea ideia ona izan zitekeela. Kaiera eta guzti emana zion. Baldek baietz, eginen zuela. Baina ez zuen egiten sekula. Eta memento batez ohartu zen Arzallus, erdi kasualitatez edo: «Ari nintzen marraz zezan galdegiten sekulan marraztu ez zuen pertsona bati. Azkenean, bere burua analfabetotzat baldin bazuen, oraino analfabetoago. Ez eta marraztu ere. Nik sekulan pentsatu ez nuen gauza». Gero hasi zen marrazten Balde. Baita bere baitarik ere. Liburuari indar bat gehiago emanez. Baina Arzallusek ez du ahantzi anekdota hori. Eta argi: «Hanka sartuz aitzinatzen zara». Bere burua galdekatu zuen orduan Arzallusek, eta funtsean, beti hala egiten ari dela ere aitortu zuen. Ezin, bestela. Dominante-dominatu harreman horren itzala hor baita beti, nahi ala ez.]]>
<![CDATA[Euskara hibridoa ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/024/002/2020-10-09/euskara_hibridoa.htm Fri, 09 Oct 2020 00:00:00 +0200 Nora Arbelbide Lete https://www.berria.eus/paperekoa/1892/024/002/2020-10-09/euskara_hibridoa.htm goRRRRia hitza atera zitzaidan. R frantsesarekin. Eta hor lehengusuak trufan: «Esan berriz! Esan berriz!». Sentitu nuen bazela problema bat baina ezin hitzak jarri. Urteak aitzinatu arau, R frantses hori aldarrikapen egin nuen. Edozein gisaz ezin nuen egin bestela. Gure R-a frantsesa bada, zuena espainola eta zuenak bezainbat balio du, eta horrelakoak. Baina beste sentimendu bat zegoen ere hor barnean. Sustrai nahasiak zituen euskara horrek, ez nintzela nehon zilegi. Zeren, aldi berean, nire joskera ez zen ere hain euskara ederra duten iparraldeko horiena. Baina bizkitartean, ezin aipatu gabe utzi, eskuzabaltasun anitz ere aurkitu ahal izan dut bidean. Orain saiatzen naizena partekatzen. Batua uste baino zabalagoa delako. Euskalkien auzi horretan, nire euskara hibridoa aldarrikapen bihurtu dut. ]]> <![CDATA[Habeas corpus]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/021/002/2020-10-02/habeas_corpus.htm Fri, 02 Oct 2020 00:00:00 +0200 Nora Arbelbide Lete https://www.berria.eus/paperekoa/1892/021/002/2020-10-02/habeas_corpus.htm
Zenbait egun lehenago, berriz, Errepublika Martxan (LREM) alderdiko Anne-Christine Langek Les Republicains taldeko beste diputatu batzuekin diputatuen lan bilkuratik lekuak hustu zituen. Lan bilkurak COVIDak sortu krisiak gazteengan dituen ondorioak ikertzea zuen helburu. Gertatu dena da hitza hartu duten gazteen artean Unef ikasle sindikatuko Maryam Pougetoux bozeramailea hijaba soinean mintzatu dela.

Pieza bereko bi aldeak. Batean sexismoari arrazakeria gehitzen zaiola. Gogora ekar daiteke, agian, 1958ko maiatzeko Aljerren, Aljeria frantsesaren aldeko manifestaldi batean hartu argazki hura. Ageri da aljeriar bat begiak beheititurik, irri eihartuarekin, txaloka, bi emazte europar ari zaizkiola bere haika kentzen.

Baina bietan mezua hauxe: neskak ez zarete zuen gorputzaren jabe.]]>
<![CDATA[Zurikeriak ez ditu zuriketak maite]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/019/002/2020-09-25/zurikeriak_ez_ditu_zuriketak_maite.htm Fri, 25 Sep 2020 00:00:00 +0200 Nora Arbelbide Lete https://www.berria.eus/paperekoa/1892/019/002/2020-09-25/zurikeriak_ez_ditu_zuriketak_maite.htm
Etxegabe bat hil zen joan den igandean Baionan. Nelly zuen izena, 51 urte zituen. Turismo bulegoaren ondoan bizi zen. Bi egun lehenago, karriken edo beste eremu publikoen «gehiegizko okupazioa», «jarririk edo etzanik», «ordena publiko egokia eta sosegua trabatzea» debekatu zuen, dekretu bidez, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak. Luzea da dekretua, detailez betea eta dikotomikoa. Alde batean «agresibitatea», «alkohol gehiegikeria», «orrokoak», «zakur anitz dituztenak», eta parean, «terrazen erabiltzaileak», «oinezkoak» eta «biztanleak». Hauek ez dira, hortaz, ez oinezko, ez biztanle. Debekatua ere musika hedatzea, janaria berotzea, eta zuriketak hedatzea. Aspaldian ari dira hiri barnak gentrifikatu nahian. Espazio publikoa pribatizatzen, ostatuen terrazak hedatzen, plaza publikoak husten, banku publikoak txikitzen, eta polizien presentzia handitzen.

Euskaraz erraten da etxeko sua etxeko hautsez estali behar dela. Frantsesez ideia bera horrela adierazten da: zuriketa zikinak familian behar direla garbitu. Aspaldian bada zuriketak leihoetatik hedatzeko debekua hiri barneetan. Aurreiritzia hauxe: herrialde pobreetan baizik ez direla zuriketak ikusten dilindan leihoetatik. Eta jakina da Lapurdiko hiriak ez direla hiri pobreak. Hemen zuriketarik ez, hemen zurikeria nahiago.]]>
<![CDATA[Hitzek badakite]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/020/002/2020-09-18/hitzek_badakite.htm Fri, 18 Sep 2020 00:00:00 +0200 Nora Arbelbide Lete https://www.berria.eus/paperekoa/1892/020/002/2020-09-18/hitzek_badakite.htm
Zenbait aste lehenago, izenpetze kanpaina baten aldeko mezu elektroniko bat. Legeak indartzen balira ez litezkeela horrelakoak gertatuko. Emoziotik. «Zer egin bestela horrelakoen aurrean?». Mezuan, bi lege izenbururen artean: jendailak hiltzen du traola.

Laster zabaldu zen zurrumurrua. Gidariaren hiltzaileak arabiar jatorrikoak zirela. Autobus gidariaren hilketaz luze eta zabal baliatu da eskuin muturra, «jendailarena» zabaltzeko. Herritar batzuei jazarpenak jasanaraziz sare sozialetatik, faltsuki akusatuz, polizien esku baizik ez diren txostenetatik atera argazkiak oinarri. Aspaldiko hitza du «jendailarena» eskuin muturrak. Eta aspalditik arrakastatsu. 2005ean Nicolas Sarkozyk, Frantziako Barne ministro zela, bere egin zuen.

Gaur egungo Barne ministro den Gerald Darmaninen ahoan modan jarri dena: «gizartea salbaitzen» ari dela. Eta horren harira delinkuentziaren zenbakiak hilabetero argitaratuko dituela.

Jendaila. Salbaitze. Bi hitz, baina jatorri eta jomuga bera.

«Jalgitzen diren hitzek gauza gehiago dakite gutaz guk haietaz baino», Rene Char poetaren hitz hauek gogoratu zituen Christine Taubira Frantziako Justizia ministro ohiak, Darmaninen «salbaitzea» kolonialismoaren irudimenetik zetorrela gaineratuz.

Kate luzea. Jim Harrison idazleak bere oroitzapenetan ere gogoratu zuena: «Pentsatzen hasiz geroz, gure ustezko indioen aurkako gerrak, konkistak eta etxebizitza operazioak izan dira, hitzaren erran-nahi zuzenean. Ontasun horiek guztiak berehalako desjabetze gai izan dira. Anitzez berantago, Bertolt Brecht-ek du errana, suntsitu nahi ditugunak, hasteko, salbai deitzen ditugu».

Baionako meskitaren aurkako atake islamofoboak urtea beteko du laster. 2019ko urriaren 28an izan zen. Meskita erre eta bi kide balaz zauritu zituen Claude Sinkek.]]>
<![CDATA[Napoleonekin betirako]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/018/002/2020-09-11/napoleonekin_betirako.htm Fri, 11 Sep 2020 00:00:00 +0200 Nora Arbelbide Lete https://www.berria.eus/paperekoa/1892/018/002/2020-09-11/napoleonekin_betirako.htm
Segi aitzina? Marengotik zuzen segituz, karrika puntan horra Paul Bert lizeoa. Paul Bert, Frantziako instrukzio publikoaren ministro izana, ikastetxeetako liburuetan hauxe idatzarazi zuen, 1887an: «Beltzak ez dira txinatarrak bezain argiak, eta batez ere, zuriak bezain bat. Besteak baino argiagoak, langileagoak, eta kementsuagoak direlako dute zuriek mundu osoa inbaditu, eta horregatik dira azpiko arrazak liluratzekotan edo suntsitzekotan».

Bestaldera joan nahi agian? Zubia zeharkatu eta, Jauregiberri kairantz? Ontzidia eta kolonien ministro izendatu zuten, 1879an, Jean Bernard Jauregiberri, Baionan sortua. Senegalgo gobernadore ohia, Frantziako kolonien zabaltzearen aldekoa. Eta azken adibide bat ematearren? Thiers karrika. Frantziako presidente izan zen Adolphe Thiers, 1871n, Parisko Komuna lehertzeko plantan jarri errepresioaren arduraduna.

Han-hemenka espazio publikoko estatuak lurrera botatzen ari direla, edo tintatzen, hemen ere, behin burua altxatzen hasi eta, eremu publikoko sinboloez bada zer galdezka. Biarritzera hats pixka bat hartzera joan nahi agian? Han, hiriko erakusketa nagusiko afixak daude denetan: «Eta Eugeniak Biarritz sortu zuen, hiri inperiala». Afixaren lehen planoan Eugenia de Montijo, Napoleon III.a enperadorearen emaztea, itsasoaren aitzinean. «Biarritzen sekulako Historia» kontatzen duela dio erakusketaren sustapenak, «balea arrantzatzen zuen portu txiki bat zena nazioartean ezagutu hiri balnearioa» bihurrarazi duela hiria inperioak. Zer den Historia? Zer den memoria? Batzuek ongi ulertua dute zer den jokoan.]]>
<![CDATA[Zenbakien itzalean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1920/002/001/2019-04-03/zenbakien_itzalean.htm Wed, 03 Apr 2019 00:00:00 +0200 Nora Arbelbide Lete https://www.berria.eus/paperekoa/1920/002/001/2019-04-03/zenbakien_itzalean.htm
Veronique de la Deveze Zutik elkarte feministako kideak berresten duena. Eta antzera mintzo da Andree Diarte ere. Atherbeako langilea eta sexu erasoen aurka lan egiten duten egituren sarearen koordinatzailea da Diarte: «Kontzientzia politikoaren kulturak, militanteak egiten du, adibidez, Iruñean, sexu eraso bat salatu eta, ostalariek oren batez edariak zerbitzatzea ez onartzea. Hori Baionan ez du ostatu bakar batek ere eginen. Mentalitate aldaketa bat behar da hemen. Baionako bestetan ikusten dugu hori. Jendeengana goazelarik [prebentzioa egiteko], ezin sinetsia da bizi duguna. Jarrerak, komentarioak... Hor ohartzen zara gizarte mailako kontzientzia hartze horren beharraz. Gizarte mailako arazoa da».

Feminizidioak gertatu eta antolatu elkarretaratzeetan jende gutxi biltzen da, nahiz eta gero eta gehiago hurbildu. Martxoaren 8ak ere gero eta oihartzun handiagoa du, txikia izanik ere. Gaiaz ezin da lehen bezain errazki paso egin, oro har.

Baliabideak, eskas

Militanteak badira. «Ideiak baditugu baina besoak eta dirua eskas dugu», beti Diartek. Prebentzioan, argi. Frantziako Estatuak aurrekontu bat dauka horretarako, baina beti apaltzen ari da. 6.500 euro urteko. Koordinazio lana, biktimak hobeki lagundu eta prebentzioa segurtatu, hori dena 6.500 eurorekin egin behar du sareak. Orotako medikuentzako sentsibilizazio kanpaina bat eraman dute diru horrekin, besteak beste. Indarkeriak jasaten dituzten emazteak errezibitzen dituztenak baitira medikuak.

Elkarteetako militanteak joan dira atez ate. Baina erasoa jasan duen pertsonari medikuak erasoei buruz galderarik ez badio egiten, «edo galdera pausatzen badio ere, baina ez baldin badaki zer existitzen den egitura gisa, hor huts egiten da». Beste gabezia nagusietako bat polizia etxeetakoa ere bada. Salaketen inguruan izan daitekeen jarrera.

Salaketek jarraipen gutxi

Gutxiengo batek du salaketa polizia etxeraino eramaten. Usu hori izaten da leporatzen zaiona biktimari, funtsean. Salaketa ezartzeak arazoa konponduko lukeelakoan. Bada, salaketa ekartzeak ez dio segurtatzen salaketaren jarraipena. Eta gehiago dena: salaketa hartzeko unean poliziarengandik jaso harrera txarrek areagotu traumen lekukoak hor daude.

Bi lekukotasun horren adibide. Biak anonimoak. Lehena bere senarrak eraso izana salatzera joan zen Miarritzeko polizia etxera, duela hilabete inguru. Emazteak ezin izan du salaketarik jarri, Poliziaren irudiko salatu gertakariak ez zirelako aski larriak. Gertakari liburuan idatzi zuen, besterik gabe.

Bigarren lekukoa duela bi urte eta erdi joan zen Baionako polizia etxera salatzera gizon batek behin baino gehiagotan bortxatu zuela. Berriki berriz deitu du Poliziak, inkesta abiatu duela erranez. Bi urte eta erdiren ondoren. Garai hartan zortzi orenez galdezkatu zuten. Bere «praktika sexualak» zein ziren galdetu zioten, besteak beste. «Soa aski gaiztoa ez» zukeela ere leporatu zioten. Poliziak, berriz, berak so gaiztoa zuela esan zion, eta ondorioz ez ziotela nehoiz erasotzen.

Bukaeran gomendatu zion ganibeta bat atxikitzea beti bere zakuan. Polizia joan zitzaion etxera argazkiak egitera. Mihiseak eta kulota atxikiak zituela abisatu zuen biktimak. Odola bazeukana. Poliziak erantzun zion ez zituztela behar. Ez zuela ezertarako balio. Odola hilekoaren odola izan zitekeela. Bota zituen.

Orain, inkesta berriz abiatu dutela, frogarik ez duela dio Poliziak. Geroztik jakin du jantziak eta mihiseak paperezko poltsa batean atxiki behar direla, DNA kontserbatzeko. Plastikoak ez duela balio.

Baionako ospitaleko ginekologoak azterketa egin zion ere garai hartan, baina hor ere gaizki tratatu zuten. Gainera, hartu zuen medikuak, min egin zion. «Traumari trauma gehitu dit medikuak. Ez da hain zaila bost minutu gehiago hartzea esplikatzeko zer egiten duen. Erakutsi, esplikatu, denbora hartu, bihotz onekoa izan». Kexatu zitzaion ere pixa ez zuelako egin ontzian: «Baina ezin nuen». Presio gehiegi, ingurumen arranguragarriegia.

Ospelak bazituen gorputzean, baina ginekologoak ez zien kasu egin. Tematu behar izan zuen bizkarrekoei begiratzeko. Begiratu zuen doi-doietarik. Baina zangoan zituenei ez. Froga horiek ere, orain, eskas. Lekukoak galdezkatu dituzte ere orain, baina horien oroitzapenak ere lauso.

Salaketak, argi izpi

Trauma horren guztiaren erdian, argi izpi bat. Ginekologoak jasanarazi tratu txarrak ospitaleko erabiltzaileen batzordean salatu zituen, eta entzun zuten. Kalte-ordainak jasotzeaz gain, ospitalean salaketak «electroshock»bat sortu zuela erran izan diote. Baionako ospitaleak protokolo bat plantan jarria du azkenaldi honetan, eta erreferente bat badu erasoetan berezitua. Biktimen harrera ona egiteko formatua eta formatzen duena.

Horrez gain, larrialdietako medikuntza zerbitzura deitzen delarik, normalki, bortizkeria zantzu bat hauteman bezain laster, deiari kasu berezia ere egiten diote. Nork hartzen duen deia, horren arabera, halere. Baina, normalki, horren aldeko lan bat egina da. Behin baieztatu dela ez dagoela indarkeria matxista baten aztarnarik, horretan bego. Baina hala bada, begirune berezia hor dago. Horrez gain, telefono bat Baionako ministerio publikoak uzten diena lanjerrean diren emazteei. Poliziari segituan deitu ahal izateko eta deia berehala tratatua izateko gisan. Mementoko bi dituzte banatuak.

Hainbat asmo gogoan

Bada nahikeria bat urrunago joateko ere: ospitale barnean zinezko biktimologia sail bat. Biktima guztientzat, baina kasu berezi bat eginez indarkerien biktimei. Ideia bada ere gaia menperatzen eta harrera egokia duen polizia erreserbista bat egotea ospitalean, lotura egiteko gisan polizia etxearekin, eta salaketa egiteko erraztasunak jartzeko. Psikologo bat nahiko lukete ere integratu zerbitzuan, baita idazkari bat ere egun osoan, eta ez ordu gutxi batzuk orain bezala. Biktimei laguntza juridikoa eskaintzen duen ACJPBren iraunkortasuna ere indartzea da xedea. Izan ere, gaur egun hori da arazoa. Laguntza, izan, badago, baina hobe bulego ordutegietan eskatzea. Astirietan, gauaz edo asteburuetan, eskaintza berezituak eskas dira indarkeriaren biktimei erantzuteko. Eta hutsegiteak izan daitezke.

Baina hor ere, baliabideak eskas dira. Diru laguntzen eskaera egin dute ospitalean zerbitzu berezi hori abian jartzeko, baina mementoko errefusa ukana dute. Bada ere beste gertakari hau: lanjerrean diren emazteentzako etxebizitza bat eskuratzeko Frantziako Estatuaren partetik 11.000 euro eskas zituen Baionako ministerio publikoak. Bada estatuak 3.800 euro zituen eman. Eta azkenean Euskal Elkargoak du ordaintzen alokairua. Joan den otsailetik alokatzen hasi dira egoitza, eta segituan agertu da haren beharra. Familia bat bizi da orain. Egoera egonkortu arte.

Beste hainbat egoitza

Etxebizitza horri gehitu behar zaizkio beste hiru egoitza, Atherbea elkarteak kudeatzen dituenak. Epe luzeagorako bati begira, zortzi leku, hiru emazte eta haurrentzat. Baina oraino eskas dira. Adibide bat ematearren: emazte batek 3919 telefono zenbakira deituz bere larrialdi egoera ezagutarazten badu, gizarte laguntzaile batekin harremanetan jarriko dute. Baina hor ere, bulegoko ordutegietan.

Hortik kanpo 115 zenbakira deitu beharra du, ordea. Etxerik gabeko guztientzat zenbaki bera. Jakinez, halere, diru kopuru bat indarkeria jasaten duten emazteentzat atxikia dutela. Diartek segurtatu du ez dagoela eskaerarik erantzun gabe gelditzen denik. Miarritzeko Gillesen etxea dago. Hor bada lan talde bat. Leku seguru bat ere da, nahiz eta mistoa izan eta ez berezitua. Hau da, egoera guztietako jendea da elkartzen han. Eta emazte batzuentzat ez da beti egokiena.

Hotela izan daiteke beste aukera bat. Baina hotel gutxirekin lan egiten dute egiturek eta hotelaren harrera ez da «gogobetegarria», Diarteren ustez. Baina arazoa da bakar batzuk direla onartzen dituenak. «Hain turistikoa da eremu hau». Gertatzen dena da hotelean ez dagoela profesionalik berehalako laguntza ekartzen ahal dionik. Emazteak eta batzuetan haurrak bakarrik dira hotelean, laguntza izpirik gabe. «Non jan dezakeen jakiteko ere. Hiru lau egun iraun dezake hotelean, justu orduan duelarik laguntza behar».

Eta gertatzen da bikotekidearengana berriz joatea. «Bortitza den bikotekide bat uzteko prozesuak denbora eskatzen du. Hasteko, bada arazo bat berehalakotasun horretan. Lehen memento horretatik beharko luke ukan psikologo bat, profesional batzuen laguntza. Eta ez da hala gertatzen». Iaz, 407 pertsona sartu ziren harremanetan indarkeria sexisten aurkako sareko elkarte batekin.]]>
<![CDATA[«Nahiko nuke urte bat iragan hilik gabe»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1922/004/001/2019-04-03/nahiko_nuke_urte_bat_iragan_hilik_gabe.htm Wed, 03 Apr 2019 00:00:00 +0200 Nora Arbelbide Lete https://www.berria.eus/paperekoa/1922/004/001/2019-04-03/nahiko_nuke_urte_bat_iragan_hilik_gabe.htm feminizidioa, indarkeria matxista, nagusitasun maskulino edo patriarkatu kontzeptuak. Halere, gaiak kezkatzen du, eta azken urteetan egiten ari den ahalegina agertu du adibide: dela larrialdi egoeran dauden emazteentzako telefonoak banatzea -bikotekidea kondenatua bada-, dela partaidetza bereziak egitea ospitalearekin, dela lanjerean diren emazteentzako bizitokiak aurkitzearen aldeko lana.

Istanbulgo Itunak estatuei eskatzen die emazteen aurkako indarkeria arau-hauste penala izatea.

Frantzian ezinezkoa da: gure zuzenbidean, ezin da larriago izan emaztea bada biktima. Eskerrak. Kodean sartzen baduzu arau-hausteak larriagoak direla emaztea bada biktima, ez da gehiago izanen berdintasunik. Zigor kodeak gauza batzuk erraten ditu, halere: hilketak, tratu txarrak, jazarpena, sexu erasoak, bortxaketak, larriago direla biktima bikotekidea edo bikotekide ohia bada.

Eta haurdun baldin bada ere bai.

Bai. Bikotekideen arteko harremana da kontua. Familia barneko biziak nagusitasun erraz bat sor dezake; adibidez, gizonak lan egiten badu eta emazteak ez. Familia barnean, emazte bat edo gizon bat egoera ahul batean gerta daiteke; orduan da biktima berezia.

Frantziako Estatuak berretsia du Istanbulgo hitzarmena.

50 bat herri dira Europako Kontseiluaren parte; ez dute denek gizarte aitzinamendu bera, Frantziari konparatuz gero. Turkia, adibidez, Europako Kontseiluaren barne da. Arau-hauste berezitze horrek agian ukan dezake zentzua Turkian; gurean, ez.

Bada zer begiratu hemen ere. Hemeretzi hilketa Lapurdin 2003tik: Euskal Herriko hilketen %20, biztanleen %8 direlarik bizi. «Familia drama» aipatzen duzu agerraldietan. Horrela aurkezteak ez du arazoa ahultzen?

Nola deituko zenuke Angeluko hilketa? [2016an gizon batek bikotekide emaztea eta bi alabak hil zituen, eta bere buruaz beste egin] Familia guzia hila da.

Gizonak ditu hil hirurak. Inportantea izan liteke hori erakustea.

Ez dut uste hil dituenik emazteak zirelako. Alabak semeak izan balira, berdin hilen zituen. Homosexuala izan balitz, bikotekidea berdin hilen zuen. Ororen buru, bere bizia ezabatu du; bere bizia, eta besteena. Baina ongi ulertu dut zurea. Zuk nahi duzu politikaz mintzatu. Oso ongi. Emazte bat den puntutik auzigai berezi bat dela nabarmendu nahi duzu.

Zergatik ez du soilik bere buruaz beste egin? Zergatik hil ditu emaztea eta bi alabak?

Horrelako gertakari andana bat bada Frantzian, eta aspalditik. Pertsona batzuek soluzio dramatiko horren hautua egiten dute bizitza doble bat dutelarik, errealitatetik kanpo dagoen bizitza bat dutelarik, edo erakustera ematen dutenetik kanpo hertsatuak direlarik, diru mailan, sozialki. Hautatzen dute joatea beren ingurukoekin batera. Ardura, hurbilen dituzten pertsonekin.

Ardura gizonak du hiltzen, eta emaztea da hila.

Bai.

Irakurketa politikoagoa egin daiteke, beraz?

Ez, nik ez dut eginen.

Zergatik ukatu analisi globala?

Ez dut ukatzen; nik zuzenbidea aplikatzen dut. 2016ko afera horri dagokionez, aitzinekorik gabekoa zen; bikotekidearen partetik ez zegoen tratu txarren zantzurik.

Emazteak bikotekidearengandik bereizi nahi zuen.

Bereiz gaitezke bortizkeria gabe.

Ez zuen salaketa jarri. Ez du erran nahi tratu txarrik ez zegoenik.

Ez dakit; horiek zure dedukzioak dira. Nik diot ez zegoela familia barneko tratu txarrik. Hiru hilketa gertatu dira, eta suizidio bat. Hortik atera beharreko ondorio politikoak egitea zuei dagokizue. Ez ditut nik eginen.

Familia drama aipatuz ez ote duzu arazoa gutxiesten? Hego Euskal Herrian hilketak proportzioz apalagoak dira, eta badirudi kontzientzia handiagoa dela.

Espainian erran nahi duzu?

Nik Euskal Herria deitzen dut.

Frantzia ez den herri bat?

Galdera da ea ez ote dagoen han kontzientzia hartze hobea.

Ez dut uste. Alderantziz pentsatzen dut. Ez zait iruditzen kontzientzia hartze handiagoa denik Espainian Frantzian baino. Kontzientzia hartze bat bada gure herrian; aurreikuste ekintza andana bat bada. Tratu txarren kasuak ditut gogoan. Espainiak jurisdikzio berezi bat sortu du genero indarkerientzat, aspaldi, baina horrek ez ditu batere apalarazi zenbakiak: ez auzigaiak, ez hilketak.

Ez du deus aldatu, beraz?

Ez du arazoa mugatu. Frantses aldean ere elkarteen sektorea mobilizatzen da, bereziki Euskal Herri frantsesean. Zerbitzu publikoak ere mobilizatzen dira. Duela zenbait urte baino ikuspegi argiagoa lortzen dugu delinkuentzia horri begira. Gero eta gehiago dira salaketak jartzera etortzen direnak, eta gehiago dira kontuan hartuak. Ez da tratatu gabe uzten laguntza eskatzen duen emazte jo baten deia. Oneski, ez zait iruditzen kontzientzia hartze hobea denik Espainiako aldean. Baditugu urtero familia barneko indarkeriari lotu 200 bat auzigai.

Zenbaki hori ezin da apaldu?

Egiten dugunaren ideia hori da. Espero dut berrehundik 150era pasatzea. Eta ez gehiago horrelakorik gertatzea [prokuradorea denetik bikotekideek edo bikotekide ohiek hil emazteen zerrenda erakutsi du]. Izugarria da. Guk biktimak ikusten ditugu. Dramatikoa da. Nahi nuke urte bat iragan hilik gabe, inolako hilik gabe: ez bideetan, ez gosez, eta batez ere hauek. Jasangaitzenak dira. Biktima guztiak errugabeak dira, baina batzuk besteak baino errudunago. Hauek, aldiz, bereziki jasangaitzak dira. Berrehun auzigaietatik kentzen ahal balira zenbaki hauek, uros nintzateke. Baina ez ditut giltzak.

Fatalitate gisara ikusten duzu?

Errealitate bat da, bide istripuak bezala. Botere publikoek eragin dezakete. Bide istripuen adibidearekin segituz: mugatu, zigortu, bideetako hilen kopurua apaltzeko. Apaltzen da istripu kopurua, baina nukleo batera iristen da, eta hori baino apalago jaustea zaila da. Gizakia den bezalakoa delako, bere pultsio, eskas eta bere bizitzeko maneragatik. Eta berdin familia barnean, bortizkeria giro horretan. Ez da fatalitate bat, baina errealitate bat da.

Ez du laguntzen mekanismo sozialetik begiratzeak, nagusitasun maskulinoa kontuan izateak?

Uste dut hori huts bat dela.

Zergatik?

Militante jarrera duzulako, biktima emaztea delako eta ez gizona. Badira arrazoi historikoak, soziologikoak, jarrera kontuak... Orenak mintza gaitezke. Gizona da leku hoberenean arma bat hartu eta familia hiltzeko. Zergatik?

Ez da eredu patriarkalari lotua?

Ez dakit. Zergatik uste duzu pistolak dituena gizona dela? Renaudek biziki ongi aipatzen zuen Miss Maggie kantuan. Emazteak gizonei konparatzen ditu: gizonak gerlariak direla, hiltzaileak; emazteak, ez, Thatcher salbu... Kriminologia ikerketak hartzen badituzu, gizonek jarrera bortitzak dituzte: hilketak, arma bidezko ebasketak... Emazteek delitu intelektualagoak egiten dituzte: iruzurra, konfiantza abusuak... Hori da errealitatea. Gizonak eskopeta du erabiliko; emazteak, pozoia.

Eraikuntza sozial baten ondorio?

Nik ez dakit. Familia batean, jarrera bortitza ukan dezakeena gizona da, eta ez hainbeste emaztea. Angeluko kasuari dagokionez, familia drama bat da. Guztiek ezagutzen zituzten gizona, alabak, andrea. Juridikoki, hilketa bat da, aitzinetik pentsatua baitzuen.

Familia drama bat aipatzeak irudi du kasik fatalitate bat dela.

Ez da fatalitate bat drama esatea.

Hiltzaileen ardura gutxiesten du.

Hori zuk soilik duzu pentsatzen.

Ez, ez.

Bai, bai. BERRIAk, Mediabask-ek... Bakarrik tokiko komunikabideek.

Sud Ouest ere hasi da feminizidio hitza erabiltzen.

Irakurleak gogobete behar dituzte.

Erran nahi baita?

Sud Ouest irakurtzen dutenak hemengoak dira. Eta hemen ideia batzuk badituzue, zuenak direnak. Nik ez dut arazorik horrekin.

Feminizidio hitza egunkarietan erabiltzearen aurka zara, beraz?

Ni ez naiz deusen aurka.

Baionako bestaren amaierako agerraldian usu balorazio ona egiten duzue, bortxaketak doi-doi aipatuz. Jean Grenetek 2005ean hau erran zuen: «04:00etan neska batek bere gaina kendu eta tangetan jartzen delarik, arrisku gehiago dago gertatzeko».

Jean Grenet? 2005ean?... Ez dakit nor den ere.

Baionako auzapez ohia.

Galdegin hari zuzenki.

Kontzientzia hartzearekin nahi nuen lotu.

Grenet duela 14 urte...

Bortxaketaren kultura oraino existitzen da.

Non?

[Valerie Rey-Roberten La culture du viol à la française (Bortxaketa kultura frantses erara) liburua zakutik atera, eta prokuradoreari erakutsi dio kazetariak].

Liburu hau atera berri da.

[Laburpena irakurtzen hasi da. Ez du iruzkinik egin. Liburua pausatu du; interesatua dirudi].

Baionako bestetara itzultzeko, egia da badirela bortxaketak eta sexu erasoak. Salaketak badira. Sistema bat antolatu dut: auzi poliziak ditu gai horiek bereganatzen. Besta bakoitzeko, bospasei salaketa edo seinalatze ditugu; gehiegi. Bestak aitzin eta bestetan mobilizatzen diren elkarteen lanak fruituak ekartzen ditu. Aipatu duzu bortxaketaren kultura... Ez. Hemen bestek ez dute hala funtzionatzen. Bestak eginak dira jostatzeko. Inkestak oren batzuez lantzen dira; lehen, hilabeteak behar ziren. 24-48 orenen buruan, badakigu zer gertatu den. Bestak bukatzean, badakigu bospasei horietan bat ala bi zirela justifikatuak; besteak, faltsuak. Hori gertatu da azken bestetan.

Salaketa faltsuak diozu. Zifrek diote bortxaketa salaketen %96 egiazkoak direla. Maiz aipatzen dira salaketa faltsuak, dudan ezarriz emakumeen hitza.

Ez hemen, hasteko. Baionako bestetakoa biziki berezia da.

Sanferminetan sexu eraso bat delarik, oren erdiz musika kentzen da ostatuetan; leku batzuetan ez dute zerbitzatzen oren erdiz. Baionan ezinezkoa dirudi...

Sanferminetan nehork ez du pixa egiten karrikan. Baiona zaharrean bizi naiz, eta astapito andana bat heldu da nire atean pixa egitera. Jasanezina. Zendako Iruñean posible dena hemen ez da posible?

Kontzientzia hartzea ez ote da?

Beste faktore batzuk ere badira. Iruñean polizia batek ikusten bazaitu pixa egiten, biziki memento txarra pasatuko duzu; hemen polizia batek ohar egiten badizu, iraindua izanen da, matxinada sortuko da. Espainia aldeko segurtasun indarrak errespetatuak dira, ala beldurra sortzen dute. Haien presentzia aski da horrelako jarrerak saihesteko. Ostalariek egiten dutena biziki ona iruditzen zait. Gero, salaketa faltsuak baldin badira, hori trabagarri da.

Ikusiz zein zaila den bortxaketa salatzea, salaketa faltsuak nabarmentzeak ez du indartzen emazteak gezurtariak diren ustea?

Nork dio gezurtariak direla?

Gizartearen usteek.

Gizartea gaizki hezia dela? Bai.

Guztiek eragin dezakete horren aurka, ezta? Zuk ere bai.

Duela 30 urte kanonerik ez zuen senar bat kondenatzeak emaztea bortxatu izanagatik. Ezkondua zenez, emazteaz sexualki baliatzeko eskubidea zuen. Gaur egun, zenbait senar kondenatuak dira emaztea bortxatzeagatik. Urte hauetako bilakaera harrigarria izan da. Zentzu onera goaz. Ez dakit kontzientzia hartzea den... Hezkuntza kontua da, agian.

Polizien prestaketa behartuak ez dira eskas? Salaketa egitera datorrenaren harrera ahal bezain egokia izateko gisan?

Konpondu ezina dugun arazo bat dugularik, erraten dugu: «Prestaketak antola ditzagun». Ez da hain erraza. Formakuntzak badira denentzat. Kopurua emendatzen ahal dugu, baina horrek ez du arazoa konponduko. Gutxieneko antolaketa behar da. Gehiago sinesten dut biktimaren ibilbideari jarraitzean: salaketatik hasiz hurbiletik segitzen badugu, funtzionatuko du. Ospitalea bereizia da alde juridikotik; bien arteko bidea biktimak ez du egiten usu, eta, polizia etxera iristen delarik, batzuetan gaizki pasatzen da. Baditut adibideak non biziki ongi pasatu den. Baina egia da batzuetan baldintzak ez direla onenak.]]>
<![CDATA[Ebidentzia bat delarik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1958/023/001/2019-03-06/ebidentzia_bat_delarik.htm Wed, 06 Mar 2019 00:00:00 +0100 Nora Arbelbide Lete https://www.berria.eus/paperekoa/1958/023/001/2019-03-06/ebidentzia_bat_delarik.htm Gazte naiz gazte izenburua duen diskoa, nonbaitik ere (autoekoitzia). Bizkitartean, kantuaz, diskoaz, musikaz mintzatzen delarik, heldutasun handi bat hauteman daiteke Mattin Lerissa (Behorlegi, Baxenabarre, 1999) kantari eta musikariak erakusten duen segurtamenean. Emeki baita segurki bere bidea egiten ari da. Eta horra nola bihar Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean ariko den, 19:00etan, Iparraldea Bertan zikloaren barruan. Bere lagun, sei musikari izanen ditu, Mixel Ducau tarteko.

Txikitatik heldu zaio kantatzearen gustua, musikarena oro har, baita soinuarena; ahotsaren, trikitiaren eta gelan soinuak manipulatzeko egokitua duen tresnaren bidez. 11 urtetan Donibane Garaziko Zitadela kolegioko koralean sartzeak indartu zion kantuarentzat zuen gutizia. Nerabe garaiak ez direlarik beti errazak, hari kantuak leku bat izateko aukera eman zion. Kolegioko kantaria zen Lerissa. Eta bada zerbait. Gehiago dena, oholtzara igotzeko aukera eman zion Denise Olagarai musika irakasleak daraman koruak. Noren ondoan ,eta Benito Lertxundiren ondoan. Lertxundi kantatuz egitasmoan parte hartu izana halako mugarri bat izan zen. 200 ikasleen artean, 12 urte zituela. Kantu batzuetan bakarlari gisa aritu zen Lerissa, bere zilarrezko ahotsarekin.

Proiektuaren motorretako bat izan zen Olagarai, eta oraino gogoan du nola garaian jada Lerissa zinez motibatua zela: «Beti hor zen koralean, biziki motibatua». Olagarai oroitzen da Lerissak nola bazuen beti holako grabagailu txiki bat. Jean-Mixel Bedaxagarrengana joan zirelarik klasearekin, adibidez. Lerissa, Bedaxagar grabatzen aritu zen, bereziki bere kantatzeko era, ondotik etxean osaba zaharrarekin entzun ahal izateko.

Grabatu izan ditu bere zuzenekoak ere, etxera sartu eta berriz entzuteko gisan. Nola hobetu entzuteko. Bista ahula badu Lerissak, baina, haatik, belarri ezin finagoa. «Betidanik belarria ukan dudala erran didate. Ene bistarengatik eta, ez ditut partizioak irakurtzen. Beti belarriz xerkatu ditut».

Adrenalina maite

Lertxundiren zuzenekotik landa, Et Incarnatus Orkestrarekin ere aritu zen zuzenekoetan. Baita Kantu Txapelketan parte hartu ere. Eta azken finean, kantuaren gustutik oholtzaren gainera igaiteko gustua ukaitera pasa da artista: «Jendeen aitzineko adrenalina hori maite dut. Lehen sentsazio hori». Lertxundirekin kantatuz, adibidez, mila jende izan zituen aitzinean, eta hark 12 urte. Baina beldurrik ez zuela sentitu dio, alderantziz. Segurtamen hori, jadanik, hor.

Arrunt beste giro batean, Baionako besten irekitze alternatiboetara gonbidatu zuten gaztetxekoek iaz. Iruñea aise ederrago jota kantatuz abiatzeko bestak. Kantua buruz ikasi, eta hor zen, a cappella, prest, Baiona Ttipiko Pyrenees ostatuko gaineko leihotik kantatzeko. Hasi bezain laster isiltasuna sorrarazi zuen behereko plazatxoan. Ahots hori nondik heldu zen ikusteko goitik begira jarri ziren bestazaleak. Gustura kantatu zuen Lerissak, nahiz eta jotak ez diren bere ohiko kantuen artean. Baina eskaerei egokitzeko gogoz ere badago artista. Ñabardura batekin, halere: «Nola gerta, gauza batzuk ez ditut onartzen. Batzuetan folklore hutsak baitira. Ez dut klixeetan erori nahi». Xalbadorren heriotzean, Txoriak txori kantatzeko galdegiten diotelarik haren kantuen ordez, adibidez, ez du onartzen. «Mikel Laboak emanik ez da klixe bat, baina otxote batzuk edo beste batzuk entzuten direlarik... Zentzua arrunt galtzen dute. Batzuetan, ez dakite zer kantatzen duten ere». Gainera, bere kasuan, kontziente da Behorlegin biziz, mendien artean, aurreiritzi errazentzat autobide bat ireki dezakeela. Mendietako txoria bezalako metaforak erabili izan dituzte haren definitzeko. Horrelakoak irakurtzean irria sortzen zaiola aitortzen du, «klixe aire» horri begira.

Nahiago ditu bere kantu propioak kantatu. Hortik dator bere bigarren diskoa. Musika guztia hark idatzi du, Mixel Ducauk moldatu dio. Hitzak, hark galdegin dizkie Daniel Landart, Pantzo Hirigoien eta Manex Pagola zenari. Gai aldetik, transmisioa eta gaztetasuna ditu nagusiak. «Gehiago landa bigarren hau». Lehena zaleek eskaturik egin zuen, besteen kantuak hartuz, bereziki ohizko kantuak dituenak. «Baina ez nintzen baitezpada prest disko baten grabatzeko, nahiz eta kontent naizen emaitzarekin. Hemen, aldiz, sorkuntza gehiago bada». Eta musikari gehiago ere. Formula hori sakondu nahian dabil orain.]]>
<![CDATA[Sei hilabetera kondena, Baionako polizia etxea andeatu izanaz akusaturik]]> https://www.berria.eus/albisteak/163280/sei_hilabetera_kondena_baionako_polizia_etxea_andeatu_izanaz_akusaturik.htm Mon, 25 Feb 2019 20:06:47 +0100 Nora Arbelbide Lete https://www.berria.eus/albisteak/163280/sei_hilabetera_kondena_baionako_polizia_etxea_andeatu_izanaz_akusaturik.htm haria Oihu eta negar artean bururatu zen auzia. Lagun eta familiarrak harrituak kondenaren disproportzioagatik. T.T.ren kontra ez zutela elementurik berretsi zuen bere aldetik ere Alice Becker-ek, T.T.renabokatuak: "Epaia ez dut ulertzen. Harrigarria da. Dosierra izugarri hutsa da. Zuzenbide ikuspegitik, forma aldetik akatsak daude, eta funtsean ere, ez dute frogarik erakusten duenik nire bezeroa andeatze horietan inplikatua izan denik. Horregatik epaileei eskatu diet zuzenbide ikuspegitik begiratzea dosierra. Irakurketa juridikoa egitea. Baina ez dute hala egin". Dei egitea erabaki zuten.

Adibidez, ez zegoen lekukorik ezagutu zuenik T.T. , ez irudirik non ikusten zenik, ez aztarnarik, ez aitortzarik. Bere aurka zuten elementu bakarra, bi arkatz markatzaile bere sakelan aurkituak. Bereziki Acab (All cops are bastards (polizia guztiak kabroiak dira)) idatzi izana leporatu zioten. Ezinezkoa zitekeela esplikatu nahi izan zien akusatuak. Saiakera bat egitea ere eskatu zien. Acab hori esprai berde batekin zela idatzia izan, bere markatzailea anitzez finagoa dela. Poliziei ere gauza bera propopsatu ziela atxiloaldian, markatzailea hartzea eta murru bat margotzea. Baina markatzaileen azterketarik ez zuten egin. Eta dena den beste tindaketa eta kaltetzeak ere leporatu zizkieten. Dela horiz idatzi zirenak edo arrosez. Dela kamarak andeatu izana, agertu tintaketa guztiak egin izana, berinak hautsi izana. Kaltetze kolektiboak izan zirenak. Eta arau-hausteak, indibidualak izan behar direla azpimarratu zien abokatuak. Funtsean, tintaketa eta kamera baten kasuan jadanik beste batzuk kondenatu zituen Baionako epaitegiak. Baina kontra esan hori ez zuten zehaztu epaileek. Izan ere, auzi hau otsailaren 5ko auziaren jarraipen bat da. Egun horretan zuten epaitzekoa T.T. beste hiru akusatuekin, berehalako auzi batean. T.T.ren abokatuak denbora eskatu zuen auziaren prestatzeko. Onartu zioten denbora. Baina bitartean T.T. preso sartzea erabaki zuten, beren irudiko ez baitzuten garantiarik berriz agertzea auzitegira, italiarra baita. Beste hiruen kasuan, jadanik abisu arranguragarriak izan zirela azpimarratu zuten abokatuek. Tarbeseko gizonari zortzi hilabete presondegi jarri zizkioten, lau gibelapenarekin. Gersekoari sei hilabete, lau gibelapenarekin; eta baionarrari sei hilabete gibelapenarekin. 5.000 euroko kalte-ordainak pagatu beharko dizkiote salaketa jarri zuen poliziari. Hiru hauek zenbait ekintza aitortu zituzten. Dela tindaketa bat, harri bat jaurti izana, ala kamara bat bota izana. Egun berean zuten bozkatu Frantziako diputatuek bazter-nahasleen aurkako legea, eta zentzu beretik doazela azpimarratu zuten, funtsean, orduan ere, abokatuek.


Prokuradoreak leporatu zion jantzi ilunez jantzia izatea, gau hartako kaltetzaileak bezala. T.T.k ezetz, gain zuri bat zuela. Prokuradoreak erantzun zion argazkitan hartua izatea ez zuenetz onartu, hori frogatu ezina dela. Orduan, abokatuak ihardetsi zion prokuradoreari atxiloaldiko argazkia aurpegiarena dela, eta ez zukeela balioko, ondorioz jantziak zein diren ikusteko. Orohar auzia horrela iragan zen. Frogarik ez zutela eta, testuingurua hauspotzen, bereziki prokuradorea. Leporatu zion sostengu komite bat izatea, bai interneten agiri bat argiratu zuena eta baita aitzineko auzian kantatu izana ukabila altsatuz. Funtsean akusatuari ere leporatu zion kantatu izana, baita ukabila altsatu izana. Akusatuak, erantzun zion ezinezkoa zitekeela esku burdinekin lotua baitzen. Ideia politikoak leporatzen zizkion ororen buru prokuradoreak. Argi agertu zen, baita epaileentzat ere, beste zerbait zegoela hor jokoan. Funtsean, prokuradoreak gogoratu zuen G7a hurbiltzen ari dela, aitzineko auzian bezala.

Akusatuari dagokionez, manifestaldira joan eta gero, polizia etxean gelditu zela esplikatu zuen, begira bakarrik zela gelditu, ez zuela deus egin. Gertatu izan zaiola Poloniara ere joatea, manifestaldiak segitzera. "Manifestaldi guztiak interesgarriak dira ulertzeko zer gertatzen ari den gizarte batean". Soziologian doktore da emaztea. Euskal Herria ezagutzera etorria zela esplikatu zuen. Beren hizkuntza dela eta, Euskal Herriko berezitasunak hobeki ezagutzeko. Bere erru bakarra izan zela ez lekuak hustu izana, baina besterik ez. "Nahi nuen begiratu. Arrisku hori hartu dut eta orain hemen nago" adierazi zuen auzi denboran, bere lekukotasuna ematea eskatu ziolarik epaileak, epaia aitzin.]]>
<![CDATA[«Soinu bat egiten dudalarik, errabia dago nire baitan»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1928/032/001/2019-02-17/soinu_bat_egiten_dudalarik_errabia_dago_nire_baitan.htm Sun, 17 Feb 2019 00:00:00 +0100 Nora Arbelbide Lete https://www.berria.eus/paperekoa/1928/032/001/2019-02-17/soinu_bat_egiten_dudalarik_errabia_dago_nire_baitan.htm Ke arteko egunak filmaren musika idatzi zuen. Berrikiago, Errobiko festibaleko gonbidatu berezia izan zen. Iaz, berriz, Donostiako Jazzaldia saria eman zioten. Asteburuan, hiru kontzertu berezi eman ditu Baionan, hiriak antolatu omenaldian.

Aipatu izan duzu ez duzula gustuko tapiz gorriaren gainean ibiltzea; sarien bila ere ez zinen joaten garai batez. Eta horra nola asteburu honetan zer eta zure sorterriko antzokiari zure izena eman dioten. Nola bizi duzu hori?

Bi gauza daude hor. Nola erran... Usu iruditzen zaigu ohiz kanpoak garela. Inportanteak bagina bezala. Baina lan honetan, beste lan guztietan bezala, beti aurkitzen duzu zu baino hobea den maisu bat. Eta nik beti ikasi dut egoten ni baino anitzez hobeak direnekin. Hori garrantzitsua zait. Itxura kontu hori, irabazi nahi izate hori, lehena izateko gogo hori, hori dena ez naiz ni. Sari bat ukan, eta beti pentsatu izan dut sari bat besterik ez dela. Horregatik ez naiz joan sarien bila. 15 urte nituela, jadanik banituen sariak. Baina nik nirea egina dut. Nire lana egin behar dut, besterik gabe.

Antzoki bat izatea berezia da halere, ez? Sorterrikoa, gainera.

Baionan biziki gutxi egon naiz ororen buru. Beste gauza batzuek nindutelako interesatzen garai hartan. Beste zerbait nahi nuen. Hamar urte nituelarik, musikaren pasioa zuten jende gutxi aurkitzen nituen nire inguruan. Kanpora joan nahi nuen. Mozart eta Beethovenen musika jotzeko gaitasuna zutenak nahi nituen ondoan. Eta ez betiko fandangoak. Ez dut musiken arteko gerrarik egin nahi. Baina sentitzen nuen kanpora joan behar nuela bestelakotzeko... Orduan, Baionako antzokiaren kontu hori... Baionan eman zidaten aitzineko saria makila izan zen. Sari banaketan euskal abesbatza entzun nuenean kantatzen, negarrez hasi nintzen. Luzaz egin nuen negar. Nire gaztaroak harrapatu ninduen. Musikan dudan sentsibilitate bat da. Orduan ohartu naiz sustraien garrantziaz. Aita euskaraz mintzo zen; amatxi, gazteleraz.

Erronkarikoa zenuen amatxi.

Bai, hala da. Segitu duena nihaurren baitan. Sustraiak hor gelditu dira. Eta abesbatza hura entzun nuenean, hori dena zartatu zitzaidan. Baina ez dut behin ere nahi izan alde hori den baino handiago egin. Beti saiatu naiz kasu egiten ez izateko «Yo soy!» [Ni naiz!] dioen norbait. Hori bost axola. Errebelde bat naiz. Gustukoa dut gauzak garbi uztea, gehiegi trafikatua. Aratza izatea nahi dut. Ona. Sinplea izatea. Mozart bat jotzen dugularik bezain sinple. Ederra den musika bat jotzen dugularik bezain sinple. Traditu gabe. Lasai. Horra. Ongi gaude. Bestelako musika jotzen dudalarik ere, saiatzen naiz ez gehiegi traditzen. Eta gainerako guztiak ez nau interesatzen. Itxuraren gizarte batean gaude. Eta horrek ni ez nau interesatzen.

Aitatxi Baionako harmonia baten burua izan zenuen, eta, hamar urtetan, aitak Kanbora eraman zintuen, han baitzegoen eri argentinar bandoneon jotzaile bat, eta harekin ikas zenezan bandoneona. Ez da familia guztietan horrelako harremana musikarekin, ez?

Aitak anitz bultzatu ninduen, bai. Bazen, bai, halako pasio bitxi bat. Musika hor zen, bai. Aita musika munduan murgildua zen, Baionako harmoniarekin eta. Beharbada, batzuk ohartu ziren banuela zerbait errateko. Baina horrek bereziki erran nahi duena da behar nuela landu. Etenik gabe lan egin. Besterik ez. Ez nuen hautu handirik. San Izpiritu auzoa... Baiona... neguan hain da... buuuu... tristea... Musikatik zerbait atera nahi nuen. Bidaiatu nahi nuen nire buruan. Musikari esker Amerikara joan nahi nuen. Chicagora joatea aurreikusten nuen. Argentinara ere joan nahi nuen. Fantasmen bidez bidaiatzen nuen.

Ondotik egiazki duzu bidaiatu.

Bai, bai, gero bidaiatu dut, bai.

Mutxikoak jotzen zenituen garaia aipatu zenuen antzokian eman zenuen kontzertuan. Kantatu zenituen pixka bat, jo gabe.

Nirekin nuen Bojan Z lagun pianistak ez dituelako ezagutzen. Baina ez nizkion irakatsi, ez nuelako nahi. Beste esfera batzuetan gaudelako. Bizkitartean, mutxikoak beste musikari batzuekin behar dira jo. Beti bada akordeoi bat edo. Harmonia bat. Nik, aldiz, aldian nota bera jotzen ahal dut bakarrik. Ondorioz, ezinezkoa da. Horregatik nuen soilik begi keinu bat egin, pixka bat aipatuz eta kantatuz. Banuen beste kantu bat ere jo nahi nuena baina azkenean ez duguna jo, hori ere pianistak ez duelako ezagutzen, hau da, Balderrama. Che Guevarak etengabe bere buruan zuen kantua zen. Niretzat izugarria da kantua. Herria ordezkatzen du. Euskal Herria eta horrelakoak. Jatorria. Aspalditik gogoan iltzatua dut kantua. Aspaldi Boliviara joan nintzen. Mintzo zait kantu hori.

Zer adierazten dizu?

Borroka bat irudikatzen du. Zerbaiten alde borrokatzen ari diren jendeez mintzo da. Polita izatea, txintxoa izatea ongi da, baina eguneroko bizian murgildua izan behar da. Zer leku hartzen dut musika munduan? Musika nota kontu soil bat da? Ala ez?

Zer erran nahi duzu horrekin?

Niretzat zer den engaiamendua. Musikan inportantea izan daiteke. Jotzen dudan soinuak zuretzat zerbait islatzea, hori da kontua. Berdin dio zer musika den. Baina instrumentuaren espresioak zerbait adierazten badizu, orduan, zeure buruari galdera hau pausatu behar diozu: «Zertan ari da musikari hori? Zeren bila dabil?». Galdera horiek pausarazteak nau interesatzen. Nik soinu bat egiten dudalarik, errabia dago nire baitan [bere jokatzeko manera deskribatzen hasi da, inarrosiz, erritmo ozen bat markatuz bere eskuekin]. Nik hau egiten dudalarik... aski bortitza da, nonbait, musika jotzeko nire era. Ez naiz lila zuhaitz batzuen gainean lokartzen ari. Ez naiz horrelakoa.

Bigarren Mundu Gerrak zeharkatu du zure haurtzaroa. Horrek eragina izan du?

Gerla denboran ez zen gauza handirik gertatzen. Hamar urte nituen. Gorde behar zen. Ez zen fitsik. Ez genuen musika anitz jotzen ahal. Debekatua zen. Aldiz, askatasuna iritsi zelarik, horrek eragina izan zuen... Guztiak berriz hasi ziren musika orotarik jotzen. Libre izatearen zoriona sentitzen. Horrek eragina izan du nire baitan, bai.

Laster, haatik, Aljeriako gerlara bidali zintuzten. 19 urte zenituen gerla hasi zelarik; 30 hilabetez atxiki zintuzten han. Horrek ere markatu zintuen segur aski, ez?

Aljeriako gerla... da... Irudika dezazun... Armadan engaiatu nintzen armada ez egiteko... Parisko kontserbatorioan nintzen, eta ez nuen jakin nahi zer zen eskopeta bat, ez metrailadore bat, ez tanke bat. Ondorioz, musikari gisa enplega nintzatela eskatu nuen. Horrela ez nuen frontera joaterik, ez eta arma bat hunkitzerik. Horren ordaina izan zen bi urterako kontratua izenpetu behar izatea. Baina halako batean, lan goxoa zutenak ere deitu zituzten frontera, djebele-ra [mendira]. Hara joatera behartu ninduten. 30 hilabete pasatu nituen afruskeriak ikusten. Baina, aldi berean, ez nuen etsi nahi. Klarinetea, flauta, bandoneona eta saxofoia nirekin eraman nituen. Gogoan dut oraino nola hurbiltzen zitzaizkidan besteak nire bandoneona hartzen nuelarik: «Michel, jo zerbait. Ezin dugu gehiago». Eta gauerdian, goizeko oren batean... gelditu gabe, segitzen nuen jotzen haientzat. Gutxienez hori egin nezakeela bizi honetan, hori pentsatzen nuen. Nik hori deitzen dut lorea eskopetan izatea. Gehienek bezala, ez nuen gerla egin nahi, baina behartu gintuzten. Arras galduak ginen han. Egunero beldur genuen. Bitxia zen. Pianista baten adibidea emanen dizut. Kontserbatorioan ezagutu nuen. 24 urte zituen. Djebele-ra joatea eskatu zigutela ere, bere beldurra azaldu zidan: «Ez ditzatela nire behatzak andea...». Halako batean, eraso bat. Tiroak alde guztietatik. Lagun pianista lurrera erori zen, baina egoera nahasia zen, eta ez nintzen segidan jabetu zehazki non zen eta zer gertatu zitzaion. Erasoa lasaitu zenean, zutitu eta niregana etorri zen. Begiratu zidan, bere eskua erakutsiz: «Pianoa bukatua da niretzat». Eskuko behatz txikiena dilindan zuen.

Bigarren Mundu Gerran bizitakoak eta Aljeriakoan jasandakoek eragina ukan dute inprobisaziorako ukan duzun zaletasunean? Askatasun gose horretan?

Aljeriaz zerbait erranen dizut. Aljeriatik sartzerakoan, Parisko geltokira iristerakoan, hauxe adostu genuen adiskideen artean: «Lagunak: Aljeria, fini. Ez dezagun gehiago aipa kaka hau. Ez gaitezen auhenka ari: 'Aljeriako gerla egin dut' eta horrelakoak erranez». Horregatik ez dut nahi luzaz mintzatu horretaz. Badakit zertaratu daitekeen gizona. Urde zikin bat. Salbai. Zuhaitz batean zintzilikaturik ikusten duzularik soldadu bat bere barrabilak ahoan sarturik... Ez genuen horrelakorik aipatu nahi. Hain okaztatuak ginen.

Musikan eraginik ez?

Ez. Zero.

Nondik, beraz, inprobisaziorako gustu hori? Irakurri dut erran izan duzula jazza egiten zenuela klasikotik sendatzeko?

[Irriak] Horrelako gauzak erran ditzaket, bai... Posible da. Baina ez da hori. Free jazzaren garaiak lotuago dira 1968ko maiatzari. Ekintzan nintzen garai haietan. Afroamerikarrekin, arrazakeriaren aurka. Betidanik izan naiz istorio horretatik biziki hurbil. Dozena bat urte nituelarik, Miarritzeko Kasinora joan nintzen. Han, musikari zuriz osatu orkestra bat ari zen. Eta erdian beltz bat. Hori zoragarria iruditu zitzaidan. Erdian beltz bat! Jende batzuei jasanezina zaie beltz bat ikustea hor erdian. Nik, aldiz, betidanik nahi izan dut guztiok guztiekin musika jotzea. Horregatik naiz beti nahasi jatorri ezberdinetako musikariekin. Horregatik ditut jotzen munduko musikak. Argentina, Brasil, Ipar Afrika eta beste. Beti horretan naiz. Eta, gero, Mozart, Debussy.

Eta free jazza?

Engaiamendu bat. Ez beti usaiakoa jotzeko. Beste bide batzuk aurkitzeko. Iraultza txiki bat egiteko. Ez egiteko hoteletan pasatzen den musika bezalakoa... Joan den egunean, hoteleko harreran zegoen neskari begira gelditu nintzaion. Horrelako lekuetan jartzen diren musika apaingarriak entzuten ditudalarik... orduak dira, gainera... Ez trabatzeko egina den musika... baina neuronentzat akigarriak dira... egun osoan... supermerkatuetan bezala. Eritzen gaituzte. Azukrea bezala. Zergatik egoera horietara behartu? Hori gabe ezin biziko balitz bezala.

Antxon Ezeizaren Ke arteko egunak filmeko musika zurea da. Nola ezagutu zenuen Ezeiza?

Pentsatzen dut jakin zuela euskal jatorrikoa nintzela. Kasualitaterik ez da. Beti norbaitek gomendaturik gertatzen dira horrelakoak. Norbaitek gomendatuko zion ni deitzeko.

Nola gogoratzen duzu filma?

Nire lehen euskal filma izan zela. Antxon Ezeiza euskal herritarra zela, eta nahi nuela musika hori egin. Ahantzia dut filmaren trama, baina gogoan atxiki dudana da biziki film berezia zela, arranguragarria. Aski zaila izan zitzaidala musika asmatzea. Pixka bat beltza zen filma. Gogoratzen dut Pasaiara joan izana. Euria ari zuen. Hiri hartan itzalak ikusi nituen. Horietan barna bilatu nuen musika. Argiaren eta itzalaren artean, erraten den bezala. Ke arte horietan. Senarekin ari naiz ni beti. Pasaian nintzela, ur bazterrean, ilunpean... musika hori bururatu zitzaidan. Senak gidaturik.

Leo Ferre, Jacques Brel, Barbara... horiek dira beste artistetako batzuk zeintzuekin lan egin duzun.

Garai hartan ez zegoen sakelako telefonorik eta. Ahotik belarrira ari ginen. Ez zegoen nehon idatzirik Michel Portalek sariak irabazi zituela. Nola egiten genuen? Adibidez, Barbararekin. Phillips diskoetxeko zuzendari artistikoak zion erran ezagutzen zuela norbait laguntzen ahal zuena. Kantu jakin batean parte hartzeko. Ezagun hura Michel Portal zela. Barbarak ez ninduen ezagutzen. Normala. Besterik gabe, grabazio gunera iritsi nintzen. Tipoak erraten zidan: «Begira, kantu honetan saxofoi altua joko duzu». Barbarak, berriz: «Michel, urte askotarako. Begira, badakit inprobisatzen duzula. Jar zaitez hemen, eta entzuten duzunaren arabera jo zurea». Nik, lehenengo aldian, deus jo gabe bere musika entzun nuen. Eta bigarrenean hasi nintzen jotzen. Grabaketa bat edo bi, eta bukatua zen. Inprobisatzailea bainintzen. Betidanik izan naiz inprobisatzailea. Txikitatik. Horrela da.

83 urte dituzu orain, eta oraindik indarrez beterik agertzen zara. Ageri da bizi duzula afera. Musika barnetik biziz, beti.

Musikarekiko dudan maitasuna dut motor. Instrumentua hartu, eta hasi. Hasieran, emeki. 10 urte banitu bezala. Eta musika jo. Eta neure buruari mintzatu: «Emeki, Michel. Behatza gaizki emana duzu hor». Eginen dut nerabe bat banintz bezala. 10 urte banitu bezala segitzen dut.]]>