<![CDATA[Oier Iruretagoiena | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sat, 20 Aug 2022 01:54:29 +0200 hourly 1 <![CDATA[Oier Iruretagoiena | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Sentipentsatzen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/038/001/2022-06-05/sentipentsatzen.htm Sun, 05 Jun 2022 00:00:00 +0200 Oier Iruretagoiena https://www.berria.eus/paperekoa/1956/038/001/2022-06-05/sentipentsatzen.htm Sed quia sua saiakerarekin, «hizkuntza honek zer dioen antzemateko» ahaleginean. Keinu egin zien Oteizaren Quousque tandem...! ezagunari, eta haren hizkuntzalaritza ikerketei. Segurolak, ordea, ez zuen euskara aspaldiko ezer miragarriren gordailutzat aurkezten, eta zioen erabiltzen dugun aldiro ari garela hizkuntza sortzen eta gertatzen; «Creation is here and now». Hain zuzen, gaitasuna zuen berak oso bizi gerta dadin. Esan liteke gauza bera egin zuela Oteizarekin ere. Jainkotu ordez, biziarazi egin zuen, haren jolasei jarraipena emanez. Liburuaren azaleko estetika ere kopiatu zion nolabait, baina ez da parodia. Keinu jolastia da, begirunezkoa baina gurtzarik gabekoa. Xalbador jarri zuen Oteizak bere liburuaren azalean, eta Segurolak, Lazkao Txiki. Irudi hori parean edukita, eta Segurola esanahia eta esan nahia ezberdinduz jolasten zela ikusita, Irriz eta malkoz-en irakurritako pasadizo bat oroitu nuen. Hala izan omen zen: zaldibiar batek bertsoa bota zuen, «ez hanka eta ez buru» ez zuena, eta hala erantsi gero: «Bertso hori esan nahi handikoa zuan, e?». Lazkao Txikik, orduan: «Hala beharko dik, esan ez dek ezer egin eta!». Ez omen zuen ez hanka eta ez buru, eta Sed quia sua-ri buruz ere antzekoak entzun ditut. «Ez du nondik heldu», diote batzuek. Esan liteke ez heltzeko saiakera dela preseski. Ez zuen eginegi, gauzatuegi, gauzagarriegi jardun nahi, hutsalegi jardutea litzatekeelako. Ez dut esango esanahirik ez dagoenik, baina nahita egiten dio iskin «errazegi ulertzeko zorian (zori txarrean)» egoteari. Olgetan-benetan ari da, eta zer esaten duen baino gehiago zaintzen du nola esaten duen. Zurtz egotearen irudipenarekin utz ditzake irakurle batzuk. Baina, artetik begiratuta, ez da planteamendu bitxia edo batere eskasa. Adibidea jar liteke Oteizarekin berarekin. Zilindroaren irekiera edo desokupazioa lana aurrean edukita, esaterako, besterik gabe zilindroari egindako mozketak eta aldaerak identifikatzearekin -izenburuan deskribatzen denarekiko parekotasuna antzemate soilarekin- objektu hori ulertu duela uste duena oker dabil. Oteizak harrespilen eta hutsunearen inguruan esan zituenekiko loturaren bat igartze hutsarekin ere, berdin. Harrika botako bagenitu izenburu eta Quousque tandem...! guztiak, halere objektu horiek oso bizirik gertatuko lirateke. Erdiesteko erraza ez den bizitasun horregatik hartzen ditugu aintzat, eta, neure esperientzian, askotan ikusi dut neure burua bere eskulturei katigatuta. Hamaika bider ikusitakoak izanagatik ere, badute erakarpen indar berezi bat. Artelanez ari garela, hala dio Segurolak: «Arte esperimental sublimehe goitar/goizale izantsua (...) motza eta gabea baita bere egitez eta iristen ez dena, esplikazio izanarazlerik ezean». Motza izan ohi da azalpen beharra duen artelana, baina, esan bezala, ez dira halakoak Oteizarenak, eta haiekin batera beste askorenak, lehenagokoak eta oraingoak. Kritikatzen zuenaren praktikatzailerik eta biziarazlerik onena izan zitekeen Segurola, gutxienez bi kasutan. Batetik, euskara batuarekiko kritikoa izan zen, baina batuak izan duen jostalaririk onenetarikoa ere bazen -berari buruz sarri esan izan dena-. Eta bestetik, lan esperimentalekin ere halatsu izan zela esango genuke, Sed quia sua testigu dela. Bere liburuak ez badu «nondik heldu», badu gurutzatzen duen emari jori bat, eta jario horretan sartzea besterik ez da egin behar. Erakarpen indar berezia dario bere idazketari, eta hizkuntza bera nahiz irakurketaren ekintza inarrosten eta gozarazten ditu, oso berea zuen eta bakana zen sentipentsaera-rekin. Zaldibiako hark auskalo zer bertso bota zuen. Hori jakin gaberik, ez dakigu zer norabidetan hartu behar den «ez hanka eta ez buru», eta baliteke bertso gatzgabe eta motela izatea. Adarra jo zion Lazkao Txikik, baina artikulu honetan orain arte esandakoak esanda, zaldibiar bertsolari anonimoaren alde egiteko moduan gara, gutxien-gutxienik oinarri honetan: esanahirik gabeko zerbait egiteak, edo esanahi ez-itxi eta esan-nahi, esan-ahal edo esan-behar askoko zerbait egiteak, ez du zertan meritu makala izan, eta are, meritu galanta ere izan dezake. Artikulu hau hasi dut esanez haserretu egiten nautela gehiegizko lausenguek, eta ez nuke horretan erori nahi. Baina gutxi ezagutzen genuenok ere kolpea jaso genuen duela hilabete eta erdi pasa, eta ez nintzen lasai geratzekoa begirune erakusketa hau egin gabe. ]]> <![CDATA[Boterea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/028/001/2022-05-08/boterea.htm Sun, 08 May 2022 00:00:00 +0200 Oier Iruretagoiena https://www.berria.eus/paperekoa/1956/028/001/2022-05-08/boterea.htm
Garapen tekniko itzela lortu dugun honetan ere, nabaria da presio edo baldintzapen hori. Taula periodikoko elementu piloa behar dugu bizi garen bezala bizitzeko, eta, naturatik eskuratu behar ditugunez, amaiezinak ez diren baliabide horien mendeko gara. Egunen batean metabertsoa —unibertsoaz haratagoko unibertsoa— egiten bada ere, haratagokoa ez den unibertso bertako honek sostengatu beharko du. Sarean eskuragarri dagoena eta pantaila bidez immateriala dirudiena bolumena eta pisua duten zerbitzarietan gordetzen da benetan, eta hazi eta hazi ari dira datu-zentroak. Ehundik gora futbol zelairen azalera hartzen omen du haien artean handienak. Eta honekin lotuta, hona informazio esanguratsu bat: euskarazko blogariak.net webgunea erre zuen iaz Estrasburgon piztutako sute batek.

Aitatutako honek erraz eraman gaitzake Kenneth Goldsmith idazlearen Printing Out the Internet ekimenean pentsatzera. Mexikoko Labor arte galerian aurkeztu zuen 2013an, eta izenburuak dioen bezala, Internet inprimatzeko asmoa azaldu zuen; eduki digitalak paperean jartzekoa. Ironikoki, bistan denez; ezinezkoa baita sarean dagoen guztia inprimatzea. Honako deialdia egin zuen: «Inprimatu Interneteko edukiak nahi beste —orri bat edo kamioikada bat, berdin da—, bidal ezazu Mexiko Hirira, eta galerian erakutsiko dugu». Ez zegoen beste baldintzarik, «online existitzen bada eta inprimatuta badago, onartua izango da». Hogei mila ekarpenetik gora jaso zuen, eta kartoizko kutxen eta paperen nahaspilaketa izan zen emaitza. Batzuk kontra izan zituen hala ere, eta sinadura bilketa egin zen change.org gunean: Please don't print the Internet. Zuhaitzak sarraskitzeaz ez ezik, ospearen atzetik zebilen pertsona ziniko izateaz akusatu zuten batzuek. Hori leporatu ziotenek urrun sentituko dute seguruenik bere lana, eta zer pentsatua ematen du erreakzio horrek. Ekimen hau bezalakoei susmo txarren bat hartu ondotik, askotan izan daiteke sinesgarria —egia izan beharrik gabe— oroz gain nabarmenkeriaz eginak direla esatea; botere-nahiz azken finean. Bai baitirudi denok nahi omen dugula boterea, edo behintzat denok eror gaitezkeela joko horretan. Eta horregatik, akusazio arrazoizkoa eta justifikatua ere izan daiteke segun eta zein kasutan.

Esanguratsua da, baita ere, gizarte primitiboetako labar arteaz zer interpretazio egin izan diren. Espekulatu baizik ezin dugu egin gai honetan, baina beste hipotesi batzuen artean —eta hemen modu guztiz sinpletuan jarrita—, esan izan da ehizatu nahi zituzten harrapakinak pintatzen zituztela beharbada, edo balitekeela gurtzen zituzten animaliak izatea ere. Botere-harremanak adierazten dituzte bi irakurketek: natura kontrolatu nahi izatea lehenak, eta naturarekiko mendekotasuna bigarrenak. Esan izan da, baita ere, ez dela baztertzekoa halako helbururik batere ez izatea, eta «artea bera helburu duen artea» izan daitekeela. Historiaurrekoaz ez dut espekulaziorik egingo, baina Goldsmithen paper pilaketaz esan nezake artea dela, eta ezertarako ez dela —hau ere, sinpletuta—. Nahiko du agian boterea, baina nik ikusle bezala sumatzen dudanetik, ez zait lehenengo motibazioa iruditzen.

Ikusi bezala, oso erraza da botere-harremanen inguruko aferak proiektatzea, guztiz deszifratu ezin den zerbaiten aurrean. Pentsatzen dut seguruenik hola sortuko direla konspirazio-teoria pila ere, eta sinesgaitzak deritzet asko eta askori. Katixa Agirrek Lauhazka orrialde honetan bertan martxoan aipatu zituenak gogoratzearren, lur planeta laua izatea edo plastikozko elurra, adibidez. Baina horrek ez du justifikatzen honakoa: inkoherentzia edo gardentasun falta baten aurrean erakutsitako susmorik txikiena eta arrazoizkoena ere fantasiarik handienarekin parekatzea berehala. Azkenaldian banalizazio horretarako joera ikusi dut batzuetan nire inguruan; susmo batzuk errazegi etiketatu eta erridikulizatzekoa. Baina ondo planteatutako zalantzei erantzuteko argudioak amaitzen direnean, fede kontua da zalantzarik ez egitea.

Gizakiaren menpeko gizakiak gara, eta boteretsuak botere gehiago nahi izaten du. Hori gertatzen da suntsikorrak diren edo beste norbaitek har edo gaindi ditzakeen gauzetan sostengatzen delako boterea: ondasunak, prestigioa, sekretuak, klientelismo sareak, armak, eta abar. Beraz, horiek eduki orduko agertzen da galtzeko aukera, eta horregatik —Simone Weilen hitzak orain—, «ez dago inoiz botererik, botereranzko lasterketa baizik, eta amaierarik, mugarik eta neurririk gabeko lasterketa da». Modu orokorrean ari naiz, zehatzago ibiltzeko leku faltan, baina esan nahi dudana da lasterketan ari den boteretsuarekiko errezeloak ez duela zertan zuzen-zuzenean ameskeria izan.]]>
<![CDATA[Makina]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2022-04-10/makina.htm Sun, 10 Apr 2022 00:00:00 +0200 Oier Iruretagoiena https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2022-04-10/makina.htm Atlas Mnemosyne deritzona. Egurrezko panel multzo bat prestatu, eta artelanen argazkiak —besteak beste— ipintzen zituen bertan, bata bestearen ondoan. Irudiak euren arteko analogien arabera antolatu, eta lotura mota ezberdinen gurutzaketez osatutako sistemak osatzen zituen. Ikerketarako lagungarri zitzaion denak batera ikustea, elkarren ondoan jarritakoan modu ezberdinean ikus baitezakegu elementu bakoitza, eta banaka aztertuta erreparatuko ez geniekeen xehetasunak edo ikuskerak azalera daitezke. Antolaketa espaziala ere garrantzitsua da hor, ez baitira gauza bera bat-bi-hiru, hiru-bat-bi edo bi-hiru-bat. Warburg hil zenean zeuden moduan geratu dira panel horiek izoztuta, eta hala daude jasota, baina bera bizi zenean, bizia zen atlasa ere. Aldaketak egiten zituen, eta «pentsatzeko makina» bezala definitu zuen. Lan neketsuen erraztea dakar makinak, eta, zentzu horretan, atlas hau bazen lanerako laguntza bat, beste makina batzuen efikaziatik urrun egonda ere —automata batenetik edo kopuru masiboetan ekoizteko prest dagoen mekanismo batenetik, esaterako—.

Giorgio Agamben filosofoak «makina artistikoa» aipatzen du Archeologia dell'opera d'arte testuan, eta hiru aldek osatuko lukete makina hori, borromear korapilo batean bezala elkarri lotuta: obra, artista eta operazioa. Agambenek zehazki zer dioen sakondu gabe, nire eremura eraman nahi nuke hemen bere proposamena, artistaren lan-prozesua azaltzeko eskema egokia baita. Eta hala, nire eremura eramanda, bueltaka irudika dezaket hirutasun hori, perpetuum mobile bat bezala. Goialdeko pisuak gorantz bultzako lituzke behealdeko biak, korapiloa beti biraka mantenduz. Prozesuan zehar, artistak ez du dena kontrolpean, obrak eta egitearen ekintzak —operazioak— ere badituztelako beren kontrapisuak, eta aurrez susmatu gabeko aukerak sor daitezke eginean, esperotako batzuk falta daitezkeen bezalaxe. Hori da hain zuzen jardunbide honen alderdirik politenetakoa; artistak dena bere esku eta kontrolpean ez izatea. Eta ez da bere horretan agortzen den mugimendu antzua, operazioa amaitutakoan eraldatuta baitaude bai obra eta bai artista, beharbada neurri oso txikian izanagatik ere.

Emaitzak ere lortzen dira batzuetan, jakina, jendaurrean aurkezteko moduko emaitzarik ematen ez duten saiakera askoren artean. Baina hurrena etorriko denaren aurrekaria da emaitza bakoitza, mugimendua martxan mantenduz, eta ez da sekula azken ondorio definitiborik lortzen, beti dagoelako muturrerago joatea, edo lan batek solte utzi dituen harietatik tiratzen jarraitzea. Zehazki artista ez bazen ere, langintza amaiezinaren adibide ona da Warburg bera, bere obra guztia baita zatikatua eta itxi gabea, beti interes eta arazo iraunkor batzuen inguruan ibili ondoren. Bere idazteko moduari buruz, «aingira zopa» bat bezalakoa zela esan zuen —Aalsuppenstil, alemanez—. Nahasia, alegia; salda berotan nahastekatutako osagai multzo bat. Esanguratsua da Ernst H. Gombrichek hari buruz esandakoa ere: «Lau hamarkadatan bere [Warburgen] pentsamenduaren eboluzioa jarraitzeko pazientzia izan duenari, argazki eta testu zatien kontrajartze hauek ez zaizkio Warburg berari edo bere inguru hurbilari baino enigmatikoagoak suertatuko».

Erakusketa edo artelan baten aurrean, nahiago izaten dut interes eta arazo batzuen inguruko behin-behinekotasuna eta irekitasuna nabaritu, emaitza efikaz bat topatzea baino. Nahiago bidean esperimentatzea, ikastea eta haztea ahalbidetzen duen makina, beste honen aldean: mugimendu mekaniko eta antzuak egiten dituena, efikaziaren mesedetan. Emankorragoa da lehena, hartzailearentzat alde batetik, baina batez ere eta lehen-lehenik, artistarentzat. Lehen aipatutako Agambenen testuko hitz batzuetara joz, artistak, «praktika batekin etengabeko harremana izanda, bizimodu bihurtu nahi du bere bizitza». Praktika-bizimodu hori izan dadila ahal den heinean pizgarri, eta ez automata baten antzeko zerbait izateko bidean jartzen gaituen praktika zimelgarri-aspergarri. Adibide modura, hona Nerea Loiola Pikaza idazlearen hitzak, kazeta honetan otsailaren lehenean irakurriak: «Sentsazioa dut aldatu egin naizela liburua egin ondotik; beharbada ez dut ezer konpondu, eta kontraesanak hor daude oraindik, baina behintzat lortu dut haztea. Gauzak erdian jarri eta inguratzen dituzu, zure eta besteen begiradetatik so eginez. Beste leku batetik ikusten ditut gauzak orain. Idazteak, beste ezerk ez dit hori ematen».

Esandako honengatik guztiagatik gustatzen zait Donostiako Tabakalerak 2020tik martxan duen arte-bitartekaritza programaren izena: Arte-makina.]]>
<![CDATA[Egoismoaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2022-03-13/egoismoaz.htm Sun, 13 Mar 2022 00:00:00 +0100 Oier Iruretagoiena https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2022-03-13/egoismoaz.htm
Ideia horrekin lotu daitezke hemen aurrez idatzi ditudan artikulu batzuk ere. 2020ko urrian nioen —beste hitz batzuekin esanda—, antzua dela artista publikoaren gustua egiten saiatzea; antzua bai artistarentzat eta bai publikoarentzat. Hala egindako lan bat gustagarri gerta liteke azaleko geruza batean, baina ez dio inori ekarpen aberasgarririk egingo. Gero, lagunen garrantziaz ere jardun nuen iazko azaroan, baina ez norbera komunitatean disolbatzearen zentzuan; hain justu ere kontrara: norbera garatzeko laguntza da komunitatea, eta aldi berean, norbanakook osatzen dugu komunitatea. Uste dut, artearen praktikaz esandako hauek aplika daitezkeela bizitzaren praktikara ere.

Azkenaldian asko erabili dira gizartean egoismo eta elkartasun hitzak. Izan ere, batzuek egoistatzat jo izan dituzte COVID-19aren aurkako txertorik hartu ez dutenak. Hala islatu zuen Amets Arzallusek abenduaren 26an Asteasun botatako bertsoan: «Ni adibidez batere [txertorik] gabe etorri naiz gaur suabe/ Eta ez esan neri egoismo eta insolidaridade». Ez nator ni txertoaren alde edo kontra egitera, eta ezta biologo edo mediku batentzakoak izan daitezkeenez hitz egitera ere, baina bai egoismoa eta elkartasuna zer izan daitezkeen aztertzera.

Esan izan da, txertoa hartu dutenen txertoak, babestu egiten dituela batere hartu ez duten pertsonak ere, eta horregatik, elkartasun ekintza bat burutu dutela txertatuek. Baina pentsa liteke ez txertatuetako askok behintzat bestelako ikuskera dutela, eta ez dutela opari bat jaso dutenik uste. Pentsatuko balute, adibidez, txertoa jartzearen arriskuak —albo-kalteak— saihestuz, besteen txertoetatik onura jaso dutela, zilegi litzateke egoista deitzea, baina ez dirudi gertatzen dena halakoa denik. Ez bederen nik ezagutzen ditudanen kasuan. Beraz, ez da egoismoa, soilik ikuskera ezberdina baizik, eta uste dut badirela egoistatzat har daitezkeen beste jokabide batzuk. Adibidez, xantaia, bestea norbere interesen arabera manipulatu nahi duenez gero. Eta xantaia da jarrera hau: «Nik zugatik hau —eskatu ez didazun hau— egin dudanez, egizu zuk ere». Xantaia da txertorik hartu ezik leku edo ekintza batzuetarako sarrera galaraztea ere. Eta ez dakit egoista, baina behintzat nartzisista deritzot ezberdin pentsatze hutsagatik beste bati egoista deitzeari, norbere ikuskera proiektatzen duelako bestearengan, harenari entzungor eginez —eta berdin gertatzen da azkenaldian erabili diren beste adjektibo gutxiesle eta homogeneizatzaileekin ere, datozen ikuspuntutik datozela—. Laburbilduz, txertoa jarri ez duenari egoista deitzeko oinarririk ez dago, txertorik hartu ez duen horrek inori xantaiarik edo antzekorik egiten ez badio, eta besteen txertoak onura egiten dionik edo bere erabakiak ondokoari kalte egiten dionik uste ez badu. Maitasunezko keinua litzateke iritzi ezberdinekoen artean errespetuz hitz egitea, mundu hau ez delako egia bakarrarekin esplikatzen.

Beste zerbait ere esan nahiko nuke. Askatasuna vs elkartasuna izeneko iritzi artikulua argitaratu zuen Juan Luis Zabalak egunkari honetako Ekografiak atalean, iazko urtarrilaren 28an —txertaketa kanpaina hasi eta gutxira beraz, baina ez zehazki horri buruz—. Ia hedabide guztietan zentsura egon dela zioen, beraiek hala nahi gabe negazionista deitzen dietenen ahotsak isilaraziz. Askatasun murrizketa hori argudio sendoz defendatu behar dela zioen, zalantzak ere erakusten zituen arren. Kontrajarrita aurkezten zituen elkartasuna eta askatasuna, eta bere ustez, zilegi litzateke askatasuna murriztea, kalteberenekiko elkartasunez. Baina nik, honetan ere, biak banaezinak direla esango dut. Erantzukizunez burutzen da elkartasun ekintza bat, erabakitzeko libre izanda, eta horretarako baldintzetan sartzen dut dagoen informazio guztia eskura izatea. Zabalak defendatu duenak umetu egiten ditu komunikabideen ikus-entzule eta irakurleak, eta euren kabuz, bata eta bestea entzunda, iritzi egoki batera iristeko gaitasuna ukatzen die.

Beharbada ez da bidezkoa duela urtebete baino gehiagoko iritzi bat kritikatzea, testuinguru hain aldakorrean gabiltzanean. Baina ez da erraza zentsura egon dela garbi onartzen eta hura defendatzen duten ahotsak topatzea, eta halako bat nahi nuen, pisu gehiago ematen diolako baieztapenari. Berarekin ados ez egonda ere, eskertzekoa iruditzen zait argitasuna, gertaerak mahai gainean modu gardenagoan jartzen laguntzen duelako.]]>
<![CDATA[Errudunak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/032/001/2022-02-13/errudunak.htm Sun, 13 Feb 2022 00:00:00 +0100 Oier Iruretagoiena https://www.berria.eus/paperekoa/1956/032/001/2022-02-13/errudunak.htm The Crying Indian izenez ezagutzen da, eta gaur egun ere erraz aurki daiteke Interneteko bideo plataformetan. Hona zer ikusten den bertan: Amerikako jatorrizko herriekin lotu dezakegun gizon bat, kanoa batean arraunean. Basoz inguratutako ibai batean dabil hasieran, baina berehala agertzen dira industriak, errepideak eta zaborra. Abiadan doan gidari batek axolagabeki botatzen du zakarra autoaren leihotik, eta, panorama horren aurrean, malko bat isurtzen du kanoako gizonak. Hala dio ahots batek: «Herri hau lehen zen edertasun naturalarekiko errespetu sakon eta iraunkorra dute batzuek. Eta beste batzuek ez. Jendeak hasi du kutsadura. Jendeak geldi dezake». Asmo onekoa dirudi, jendartearen kontzientzia piztu nahi duena, baina, aztarrika hasitakoan, dena ez da hain eder. Kanpaina egin zuen erakunde horrek ontziratutako produktuak merkaturatzen zituzten enpresak zituen atzean, eta, tartean, freskagarri konpainia ezagun bat. Euren produktuek sortzen zuten zaborra, eurak ziren katearen hasiera, baina kontsumitzaileengan jarri nahi izan zuten erantzukizuna.

Iazko irailean, Bihar: geroa aukeratu egitasmoa aurkeztu zuen BBK fundazioak. Ruben Orozco artista mexikarrak eginiko buru baten errepresentazio hiperrealista agertu zen Bilboko itsasadarrean, Zubizuri ondoan —El Correo kazetaren arabera, euriteak zirela eta kendu zuten gero, aurrerago berriz jartzekotan, baina jarri gabe dago artikulu hau bidaltzeko unean behintzat—. Lanak irudikatu nahi omen zuen «erabaki bakoitzarekin hondoratzea edo ur gainean mantentzea aukeratzen» dugula, etorkizunari kezkaz begiratuz. Itsasaldien arabera, ezkutatuta edo bistan egon zitekeen, eta klima aldaketaz ari zela eman dezake, jakina baita itsas mailaren igoera dela haren ondorioetako bat, baina perspektiba orokorragoa eman nahi izan zioten. «Lehiakortasun jasangarria» bultzatu asmo zuen, eta hala zioten BBK fundaziotik: «Kontzeptu hori ulertzen dugu eredu sozioekonomiko baten moduan, zeinak lehenesten baituen ongizate estatua ekonomia hutsaren aurretik, bizitzako eremu eta rol guztietan». Eskulturarekin batera, kartelak agertu ziren Bilbon, besteak beste mezu hauekin: «2033an azken ospitale publikoa itxiko da», «2033an klima-errefuxiatu bat izango zara», «2033an auzoko azken denda itxiko da», «2035ean zure arropa baino garestiagoa izango da ura», «2035ean, gazteak baino gehiago izango dira agure langileak», eta abar. Fikziozko film labur bat ere aurkeztu zuten gero, afera beren inguruan.

Hasieran, egitasmo honi buruz oraindik ezer jakin gabe, eta BBKren logotipoa zuten kartel horiek ikusita, bankuaren kontrako protestak zirela iruditu zitzaidan lehen begiratuan. Pentsatu nuen modu ironikoan salatzen zutela honako hau: bankuak direla desastre horien guztien erantzuleetako batzuk, euro batetik bi, hiru edo ahal bezainbeste ateratzeko ahaleginagatik. Alegia, brandalism kasu bat izan zitekeela pentsatu nuen, duela bi aste Donostian agertutako «Zatoz euskal poliziara» kartelen erara. Gerora konturatu nintzen oker nengoela, eta benetan zirela BBK fundazioarenak. Zinez, aurreikuspen horietako batzuk betetzeko bidean goazela dirudi, neurri batean dagoeneko nabari ditugulako: klima aldaketaren zantzuak, osasun publikoaren gainbehera, lan baldintzen prekarizazioa... Baina posible al da benetan desastre horiek ekiditea, euro bakarretik ahal bezainbeste euro zukutzeari muzin egin gabe? Banku bati loturiko fundazioa esaten ari zaigu —hala interpretatzen dut nik— herritarron esku dagoela desastrea ekiditea.

Eskulturari dagokionez, artearen eredu oso sinpletua zerabilen: mezuak helarazteko gauza epatantea. Baina arteak ez du epatante izateko batere beharrik, eta gehienetan ez du interpretaziorik inposatzen; marketinak bai. Kasu hau marketinetik gertuago dagoela iruditzen zait, gainera eskulturaren aurrean bertan jarri baitzuten zer traola erabili behar zen argazkiak eta selfie-ak sareetan zabaltzeko. Publizitatez inguratuta bizi garen honetan, arreta kolpatu eta mezu sinple ulerterraz bat eman nahi diguten edukiak ditugu edonon, eta batzuk galduta geratzen dira arteak gauza bera egiten ez badu.

Honek guztiak Jabier Muguruzaren kantu bat dakarkit gogora. Geure aukeren gainetik bizi izan ginela esan zitzaigun 2008ko krisiaren ondoren, eta, hori zela eta, letra hau prestatu zion Jose Luis Padronek, Errua nirea da: «Bai, badakit, eta damu naiz, nire aukeren gainetik jan ditut egunak. Egutegian sartzen diren orduak baino gehiago erre ditut. (...) Ilunean sartzen den argia baino gehiago agortu dut. (...) Infinituan sartzen den gogoa baino gehiago jarri dut. (...) Onartzen dut: damu naiz hainbeste bizi izanaz». Ironikoa da, jakina, eta kritika egiten dio erantzukizuna herritarren bizkar jarri nahi izateari. Baina kasu: aurrerantzean ere The Crying Indian-ek zerabilen estrategiak jarraitzen badu —herritarrak errudun egin nahi izan dira birusaren inguruko afera honetan ere, adibidez—, agian kantua guztiz barneratuta-sinetsita eta ironia ahaztuta abesteko poz zimela geratuko zaigu.]]>
<![CDATA[Aizpitarte IV]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/033/001/2022-01-16/aizpitarte_iv.htm Sun, 16 Jan 2022 00:00:00 +0100 Oier Iruretagoiena https://www.berria.eus/paperekoa/1956/033/001/2022-01-16/aizpitarte_iv.htm
1785ekoa omen da leize hauen inguruko lehen erregistro idatzia. Madrilgo Historiaren Errege Akademiaren enkargu bati erantzunez, herriaren deskribapen-txosten bat bidali zuen hara Errenteriako Udalak, Aizpitarteren inguruko zati bat barne. Zati horri protagonismo berezia eman zitzaion gero, 1892an, Euskal-Erria aldizkarian argitaratu zutenean. Argitalpen horretakoa da nik esku artean dudan dokumentua: hiru orrialdeko lagina, Juan Ignacio eta Miguel Manuel Gamonek sinatua. Jatorrizko txosten osoa irakurri gabe nabilela, alegia; zehaztapen hori egin nahi nuen.

Gamondarren deskribapen hori hartuz gero, hasten dira esanez zenbat leize dauden, haien ahoek zer neurri dituzten, hormak zer koloretakoak diren, inguruan zer zuhaitz hazten diren, eta halakoak. Laugarren koba handi horri buruz ari zirela, bat-batean, honako datu berezi hauek eman zituzten: kabitzen omen direla barruan hamar mila lagun, eroso. Eta jarriko balira haietariko hogei, hiru kanoirekin -kanoien kokalekua ere zehaztu zuten-, ehun mila soldaduko ejerzito bati aurre egiteko moduan izango liratekeela. Horren ondoren, deskribapen arruntarekin jarraitu zuten: hemengo bobeda, horko lohia, arku hau eta harkaitz hura...

Arrisku egoera baterako gordeleku ona iruditu zitzaien, eta horren berri eman nahi izan zuten, baina funtzionaltasun hutsetik harago ere joan zirela antzeman daiteke. Jendeteria galanta, hamar mila! Datu okerra ala zuzena izan, barrunbearen zenbaterainokoaren inguruko kalkulua da gutxienez. Guztiz debaldekoa dirudiena kanpoaldean legokeen ejerzito etsaiaren soldadu kopurua da. Errekasto batek gurutzatzen duen pendiz biren arteko parajean dago leizea, ez da eremu oso zabala, eta leizearen ahoak ez du batere urrun beste aldeko hegia. Nire inpresioak dio testuaren egileak liluratuta zeudela gerrarekin, eta gozatu egiten zutela balizko batailaren zifrak eta harrabotsa irudikatuz.

Benetako gerretan ere, helburu militarrekin justifikatzen ez diren gauzak gerta daitezke. Bigarren Mundu Gerran adibidez, hura irabazteko beharrezkoak ez ziren hondamendiak sortu zituzten, bertan Aliatuekin parte hartu zuen Howard Zinn historialariak gerora idatzi zuenez. Bere The Bomb-en topatuko duzue testigantza hori -Hiru argitaletxeak gazteleraz emana, La bomba-. Haren esanetan, gerratearen amaiera aldera, Ardatzekoak laster amore ematera zihoazela jakinda ere, sarraskitzen jarraitu zuten. Ezin omen zituzten batailarako grinak hoztu; harrotasunak, loriak eta anbizio militarrak itsututa. Zenbat eta garaitza gehiago, hobe, suntsipenak egin beharko baziren ere. Moderazioa deitoratzen zen, eta koldarkeriatzat hartzen zen zuhurtzia. Izutzekoa da gure, gizakion, joera hori. Gainera, goitik agintzen ziren erasoak, eta esandakoa egiten zuten soldaduek.

Ameskeria belikoak egotzi dizkiet Gamondarrei, lekuz kanpokoa zen zehaztasunez aurkeztu zutelako bataila posible hori, nire ustez. Eta orain komunikabide edo gobernu ezberdinek batzuetan darabilten hizkera belikoa ere lekuz kanpokoa iruditzen zait. Adibidez: «birusaren oldarraldia», «txertaturik ez daudenak, inguratuta Alemanian», «COVID-19aren aurkako gerran, Txinak dei egiten die «inokulatutako gerlari txikiei» [umeez ari ziren]», eta abar. Ana Malagonek egunkari honetan argitaraturiko Borrokaren kontra zutabean esandakoa errepikatuko dut. Bizitza orokorrean borroka bezala hartzearen kontra ari zen bera, eta jatorrizko esanahitik aterako dizkiot hitzak, baina hau beraxe esango nuke egoera zehatz honetan ere: «Agian beste aditz eta kontzeptu batzuk daude. Agian zaintzea da. Eman eta hartzea. Entzun eta esatea». Eta gehituko nuke, batzuk besteen aurka ez jartzea.

Eman dezadan orain testu honen amaiera, anekdota batekin: juxtu Aizpitarte IV itxi baino hilabete batzuk lehenago, bertan izan baitzen Ibon RG musikaria, Hil zara diskorako grabaketak egiten. Oso biluzik utzi zuen Estura kantua, bere ahotsa eta leizearen erresonantzia baizik entzuten ez ditugula, eta kointzidentzia hutsa bada ere, behinola bertan imajinatutako jendetzari buruz ari dela dirudi. Letra onek testuinguru askotara moldatzeko gaitasuna dute, eta erraz irudika ditzakegu hamar mila lagun, estu, kanoikada artean: «Estua arnasa, estuagoa argia. Are estuagoa loa, eta gureen murmurioa. Estua atea, estuagoa hegia. Are estuagoak hortzak, eta gureen heriotzak. Estua ukabila, estuagoak zioak. Are estuagoa ahotsa, eta gureen harrabotsa».]]>
<![CDATA[Agentzia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/041/001/2021-12-05/agentzia.htm Sun, 05 Dec 2021 00:00:00 +0100 Oier Iruretagoiena https://www.berria.eus/paperekoa/1956/041/001/2021-12-05/agentzia.htm f izenburuduna. Izen berbera du bertako protagonistak, f, eta pintorea da, Koether bezalaxe. Ez dakigu zenbateraino izango diren antzekoak protagonista eta autorea. Eta nobelako pasarte batean kontatzen da f-k gogoko duela jendeari begira egotea, haien janzkera edo begirada aztertuz, eta aurpegiaren bidez pentsamenduan darabiltena asmatzen saiatuz. Baina bere eragozpenak ditu horrek: jendea mugitu egiten da, eta ezin da luzaz beha egon besterik gabe; haiekin hitz egin beharra dauka, arrarotzat hartua izan ez dadin. Pinturekin, ordea, berak nahi bezala eta nahi beste denboraz egon daiteke begira jarrita. Aurrean zutik batzuetan, etzanda bestetan, edo eserita. Eta hala dio gero f-k: «Pintura ona bada, pinturak berak hautatzen ditu bere koloreak, eskala eta formak».

Berak bezalaxe, beste artista askok hitz egiten du hala, artelanek erabakimena balute bezala. Edo esan dezakegu, agentzia, kontzientzia... Ez du zerikusirik obra hori pertsona baten irudikapena izatearekin; posiblea da brotxa arrasto soil batek bere begirada propioa duela sentitzea, adibidez. Gertuko eta belaunaldi ezberdinetako hiru artistaren hitzak dira hauek: «[pintura hau] ez da oraindik hizketan hasi» (J.L. Zumeta), «piezei [eskulturei] galdetzen diet ea zein den haien lekua» (Sahatsa Jauregi), «obra bat bukatuta dago, begiratzen zaituenean» (J.M. Euba). Obrek ez dute benetan begiratzen edo erabakitzen, noski. Proiekzio bat da, obrekiko harreman sentikorraren berezitasun eta aberastasun osoa azaldu ezinak dakarren esplikazio baldar bat. Gauza batek, pertsona baten presentziak —begiradak, hizkerak, gorpuzkerak, keinuek— bezainbesteko eragina izan dezakeelako.

Eta gauza begira eduki ordez, gerta daiteke kontrara ere: zu zeu gauza hori zarela sentitzea. Paul Cezanneren (Aix-en-Provence, 1839-1906) kasuan bezala. Pintatzen zituen paisaiei begira-begira egoten omen zen. Egitura geologikoak ulertzen saiatzen zen lehenbizi, eta begira jarraitzen zuen gero, harik eta «begiak burutik ateratzen» zitzaizkion arte, eta hala omen zioen orduan: «paisaiak nigan pentsatzen du», «ni naiz haren kontzientzia». Beste adibide bat ematearren, Henrik Olesenek ere (Esbjerg, 1967) inguruko gauzak izatea zer den sentitzeko gonbita egin zuen, 2017an Londresen egindako erakusketa batean. Hala irakur zitekeen bertan: «Gajoak, euren bizitzako momenturen batean sikiera, euren inguruko edozein objektu arrunt bilakatu nahi izan ez duten horiek». Mahaia, aulkia, zuhaitz baten enborra, paperezko orria...

Artearekin eta artistekin zerikusirik ez duen kasu bat kontatuko dut orain, nire inguru oso hurbiletik datorrena. Bertan baititut bi pertsona, perretxikoak biltzen oso zaleak, eta bakoitza bere aldetik ondorio berera heldu direnak. Hauxe da auzia: basoan perretxiko bat oraindik guztiz hazi gabe topatuz gero, eta hurrengo egunean handiago jasotzekotan bertan utziz gero, biharamunean egoten zen —euren arabera— tamaina berean, eta gainera zimelduta. Hainbestetan gertatu zitzaien hutsik gabe, ezen, ondorio bat atera baitzuten: ikusia izan den perretxikoak bere burua galtzen du. Eta ikusitako edozein perretxiko hartzen hasi ziren, handi ala txiki. Elkarrekin partekatu zutenerako, ondorio horretara iritsita zegoen bakoitza. Euren esperientziatik eratorritako ezagutza arrunt modura kontatu izan dute, kontuari garrantzi gehiegi eman nahi izan gabe, eta baserrian hazitako adin bateko jendeak —hori da euren kasua— askotan egiten duen bezala, kasik gehiegizko umiltasunez. Informazio berezia iruditu izan zait beti, bai baitirudi badakiela perretxikoak zain duela harrapakari bat. Gertatu zen guztietan kasualitatea izan zela pentsatu beharko dugu, edo ez dakigun zerbait gertatzen dela hor, bestela.

Kasu honek erraz oroitarazten du landareei hitz eginez egin izan den esperimentua. Egia den ala ez, ziurtasunik ez dut, baina uste dut gehienok izan dugula noizbait horren berri. Ondo hazten omen da «maite zaitut» edo «eskerrik asko» esaten zaiona, eta ez hain ondo, «gorroto zaitut» edo «ziztrinkeria zikina» entzun behar izan duena. Geure hitzek eragin hori izan badezakete, bai ote du eraginik begiradak? Nire fantasiari bidea libre utziz, pentsatu nahiko nuke —berdin zait benetan hala den ala ez—, f-k edo Cezannek arreta osoz eta luzaz begiratuak izan eta gero, gauzak ez direla berdin-berdinak, amiñiren batean behintzat.]]>
<![CDATA[Komunitatea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/047/001/2021-11-07/komunitatea.htm Sun, 07 Nov 2021 00:00:00 +0100 Oier Iruretagoiena https://www.berria.eus/paperekoa/1956/047/001/2021-11-07/komunitatea.htm Zeruko Argia aldizkarian: «Bertsolari gutxi dagoen lekuan eta denboran, bertso kaskarrak, eskasak (...) egiten dira». Haren esanetan, horren adibide ziren hastapenetako Mattin eta Xalbador, adibidez, hasieran nahiko bakartuta omen zeudelako. Ez zuketen bertsolagun askorik haien inguru hurbilean, eta geroago, gehiagorekin elkartzen hasi zirenean, gora egin omen zuen haien mailak. Arestiren hitzak berriro: «Etxahun zaharra [Barkoxeko Pierre Topet] ere oso aldrebesa zen bertsoak egiten. Zergatik? Bere mendean [XVIII-XIX] hura zelako Zuberoako bertsolari bakarra, edo ia bakarra». Aldrebesa zela esatea ez dakit bidezkoa den ala ez, baina nik askotan pentsatutakoa konfirmatzen duen adibidea lekarke haren usteak: nahiko bakarrik dagoen bertsolariak ez du bertsolari bezala guztiz garatzeko aukerarik izango. Bertsolari bezalaxe esan dezaket artista, eta hala egingo dut hemendik aurrera.

Artista bezala ahalik eta gehien garatzeko, behar adinako bizitasunez bizi beharko dugu egiten ari garen hori. Beharrezkoa izango da lana, baina hori baino lehenago, ezinbestekoa da gozatzea, eta horren ondorioa litzateke lan asko egitea. Gozamenik gabe erraz agertzen baitira nekea edo gogorik eza. Eta uste dut gozatzeak baduela zerikusirik, beste inoren espektatibak betetzen ibili ordez, norberak emateko daukana emateari beldurra galtzearekin. Ez dira lan errazak: gozamenari eustea eta beldurra galtzea. Horiek baino errazagoa litzateke adibidez lan errutina bat jarraitzea eta ekoizle efikaza izatea. Baina litekeena da horrela ezer benetan interesgarririk ez lortzea, atzetik irrikarik ez badago. Horretarako dira beharrezkoak artearen eremuko lagunak —artistak batzuetan, edo haren inguruko ikerlariak, oso zaletuak edo oso barrutik bizi dutenak—, irrika hori elkar kutsatzeko. Bestela, gerta daiteke asko axola zaizkigun gauzak huskeriak direla pentsatzea, eta, hala, horiek ahal bezainbeste garatzen ez saiatzea.

Dena ez da elkarrekiko sostengua, hala ere. Hamaika arrazoigatik sor daitezkeen arazo, desadostasun eta desoreka arruntez gain, bizi garen gizarteak bata bestearen kontrako lehian jartzen gaitu. Eta gehien lagun gaitzakeena geure eremu bereko norbait izan daitekeen bezala, geu izan gaitezke geure eremuko horiek gehien larrutuko ditugunak ere. Testuinguruaren arabera, erraz ager daitezke hierarkiak, bakoitzaren markaren balio sinbolikoaren jokoa, eta abar. Sakoneko geruza batean, partida bat jokatzen dela dirudi batzuetan, eta deserosotasuna dakar askotan.

Marina Garcesek bere filosofia ikasle gazteei gutun bat idatzi zien 2012an, eta arau edo aholku zerrenda bat sartu zuen bertan, Corita Kent artistak bere ikasleei emandakoen eredua jarraituz. Hona Garcesen aholku horien artean lehena: «Bila ezazu axola zaizuna, eta har ezazu axola zaizun hori helburu modura, bere horretan. Instrumentalizatzen duzun guztiak zeu instrumentalizatuko zaitu azkenean». Lehen aipatu dut nolakoak izan daitezkeen bere jardunean artistak landu beharrekoak: gozamenari eutsi, beldurra galdu... Badira horiek bere horretan nahikoa helburu. Gero, egindako lanari ikusgarritasunen bat ematea pauso garrantzitsua da; lana benetan amaitutzat emateko eta asko ikasteko modua. Eta beste gauza askorekin bezala negoziatu beharko da ikusgarritasun horren baldintzekin. Baina azken helburua baldin bada, norbera garatu ordez, norbere marka elikatzea, ala kosta ahala kosta ondokoa baino gehiago garela erakutsi beharra, helburu horrek instrumentalizatuko gaitu. Litekeena da gozamena galtzea, eta beldurretik hierarkiak gizentzen hastea.

Garrantzitsua da denbora eta lasaitasuna izatea, bai lanerako eta baita elkarrekin denbora emateko ere. Ikasi egiten dugulako besteekin eta besteengandik, eta, horregatik, hala beharko luke ikasketa urteetan gutxienez. Hortik aurrera ere bai, baina zail dago kontua, prekarizazioa dela eta. Garcesen beste aholku bat: «Pentsa ezazu nola irabaziko duzun dirua». Horra errealismoa: krisi sistemikoaren garaiotan, ia gauza jakina da axola zaizun hori ez dela diru iturri handia izango. Filosofia ikasleei zuzentzen zaie Garces, baina berdin izan zitezkeen arte ikasleak ere. Testuinguru ezegonkor horretan, nola lortu beharrezko egitura eta sosegua? Norberak emateko daukana emateari beldurra galtzeko, eta huskeriak ez direla pentsatzeko? Egiten duguna ez instrumentalizatzen saiatzeko? Gauzak horrela, axola zaigun horretan indarra jartzen jarraitzeko beharrezkoak dira geure eremuko lagunen arteko babesa eta zaintza.]]>
<![CDATA[Parasitoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/038/001/2021-10-10/parasitoa.htm Sun, 10 Oct 2021 00:00:00 +0200 Oier Iruretagoiena https://www.berria.eus/paperekoa/1956/038/001/2021-10-10/parasitoa.htm parasito esaten zaio, hori da hitz horren adieretako bat, eta hor sartzen dira besteak beste arkakusoak bezalako intsektuak edo akainak bezalako araknidoak. Hala ere, parasitismoaz hitz egin daiteke biologiaz haratago, eta zentzu oso zabalean aztertu nahi bada, erreferentzia da Michel Serres (1930-2019) filosofoa zenaren Le parasite (1980) liburu sailkaezina. Adiera guztietatik heldu zion parasito hitzari, eta gizakion harremanak aztertu zituen: bai geure artekoak eta baita geuk geure ingurunearekin ditugunak ere, ezaugarritzen dituena izaera parasitikoa dela oinarritzat hartuta. Horrela esanda, oso ezkorra eman dezake, baina ezkortasuna baino, ironia da atzean duena. Edo ezkortasuna leuntzeko darabil ironia. Eta ironia horren erakusgarri da, esaterako, ipuinez edo alegiez baliatu izana adibideak emateko. Hala, alegietako animalia asko topatuko ditugu bertan, arratoiak batez ere. Horregatik hemen ondoko marrazki hau, horiek saguak izango badira ere.

Eta Serresek dio geure munduak funtzionatzen duela nolabait, hain zuzen, funtzionatzen ez duelako. Ez baikara paradisuan bizi, eta ez baita denentzat etengabe erabat orekatua eta onuragarria den harremanik. Ugariak eta era askotakoak izan daitezke elkar-parasitatzeak: menpekotasunak, lapurretak, nagusi-maizter harremanak edo beste edozein botere-harreman... Mundua bera den bezalaxe da bere liburua ere «zorrozki lanbrotsua», eta esan daiteke ez dagoela erabat ulertzeko modurik. Ez baita galerarik edo gaizki-ulerturik gabeko komunikazio erabat gardenik ere. Igorleak helarazten duena ez da hartzaileak jasotzen duen berbera zehazki inoiz izango, eta zarata handiko gizartean bizitzea ez da ezertan lagungarri —parasito hitzaren beste adiera batez baliatzen da hemen: telekomunikazioetan agertzen diren istripuzko interferentziak, komunikazio garbi bat oztopatzen dutenak—. Desorekekin ahalik eta ondoen moldatu beharra da bizilegea. Horrek ez du esan nahi —hau nik diot, ez Serresek— etsi egin behar denik, ahalegina behar dela baizik, saihetsezinak diren arazoak eta elkar guztiz ondo ez ulertzeak gaiztotu ez daitezen. Berezkoak ditugun okerrak bere onetik atera eta gehiegi okertu ez daitezen. Errazkeriak eta utzikeriak bidea libre uzten diote txarkeriari, eta jokabide hau oso zabalduta ikusten dut nik geure artean: ondokoa iritzi berekoa ez bada, zer dioen ondo entzun gabe edo dioena zergatik dioen ulertzeko behar bezalako lanik hartu gabe, adjektibo edo ezaugarri orokortzailez sailkatzea.

Beraz, konplexua da mundua oso, eta ezin konta ahala norabide eta modutan gerta daiteke parasitismoa. Ideia hori gaur-gaurko egoerara ekarrita, parasito klase bat omen da azken urte eta erdian geure artean dabilen birusa bera —nahitaezko parasito, geure zelulen beharra duenez gero—, baina haren inguruan sortu den guztia ere arretaz aztertzekoa da. Erne egon beharko dugu, ea non ez ote den bizkarroikeriarik ezkutatzen. Adibidez, Juan Hernandez zuzenbidean doktoreak BERRIAri aurtengo ekainean emandako elkarrizketan esan bezala, immunitate ziurtagiriek kontrol soziala areagotuko dutela dirudi. Hala zioen: «Hasieran osasun publikoko irizpideen arabera justifikatuta egon den arren, seguruenera ziurtagiri horrek kontrol soziala areagotuko duten ezaugarri gehiago jasoko ditu etorkizunean. (...) Eta horrek txarrerako eragingo die bereziki sistemaren ertzetan dauden sektoreei, txiroenei, eta baita arrakala digital handiena dutenei ere. Gizakien mugimendua kontrolatzeko mekanismo gisa geratuko da, autoritarismo handiko neoliberalismo eredu baten barruan. Ardura berezia dut migratzaileekiko». Neurri hauek behin-behinekoak izango ez ote ziren galdegin zion kazetariak, eta hona erantzuna: «Ez dut uste. Irailaren 11n, dorre bikien aurkako erasoa gertatu zenean, terrorismoaren aitzakiaren pean, larrialdi garai baterako ezartzen hasi ziren kontrolak aireportuetan; eta jende askok hori normaltzat hartu du dagoeneko, menderatzearen pedagogia baten emaitza baten modura».

Edozein gertaeraren aurrean, haren konplexutasuna ahalik eta hobekien eta alderdi askotatik aztertzen saiatu behar genuke. Ahaleginak eta arretak etengabekoa izan behar du, elkarrekiko errespetutik eta hitz egiteari beldurrik izan gabe; gauzak gaiztotu ez daitezen.]]>
<![CDATA[Klixeak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2021-06-20/klixeak.htm Sun, 20 Jun 2021 00:00:00 +0200 Oier Iruretagoiena https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2021-06-20/klixeak.htm
Enrique Vila-Matas idazleari entzun izan diot, ikaragarri aspertzen dela bi klixe segidan dituen edozein berriketaldirekin, eta hori apurtzen saiatzen dela; bai bere eguneroko bizitzan, bai liburuetan ere. Orokorrean normaltzat hartutakoen kontra ibili zen Kassel no invita a la lógica idatzi zuenean ere. Egungo artean dagoen ekitaldirik garrantzitsuenetarikoa egiten da Alemaniako Kasselen bost urtean behin, Documenta deritzona, eta han egonaldi bat egitera gonbidatu zuten bera 2012an. Esperientzia hori kontatzen du eleberri horretan, eta modu oso baikorrean aztertzen ditu bertan ikusi zituenak. Gehiegizkoa ere izan daiteke zeinen pizgarria eta iradokitzailea iruditzen zaion dena, euforia betean eta txoratuta bezala erakusten baitigu bere burua hango artelanen artean. Elkarrizketa batean aditu nion, ikuspegi oso baikor hori eman zuela, bere inguruan ikusten duen joera nagusia bestelakoa delako: arte garaikidea trabatuta eta galduta dabilela pentsatzea, hain zuzen. Horren kontra jo nahi zuen. Eta iritzi orokor oso positiboa nabaritu izan balu, agian ikuspegi ezkorra emango zukeela esan zuen. Beste ikuspuntu horretarako ere topatuko zuen arrazoirik franko, badirelako gauza kritikagarriak, eta saihesteko errazak ez diren klixe mordoa ere bai artisten artean. Gustura irakurriko genuen bertsio ezkor hori ere, ideia errepikatuenetan eroriko ez zelako.

Umorerako joera handia duen idazlea da, eta uste dut horretarako komenigarriagoa zitzaiola norabide bakar bat aukeratzea eta hor bere jarrera muturrera eramatea, gustuko eta ez gustuko gauzak alderatzen eta aztertzen hastea baino —pentsa ezazue zenbat barre egin dugun Iñaki Segurolarekin adibidez, zerbaiten kontra dituenak hain modu ederrean esan izan dituenean; ez litzateke gauza bera alde on bakarren bat ere aitatu izan balu—. Alde edo kontra, jarrera bat aukeratu behar, eta artearen alde eta klixearen kontra egitea hautatu zuen Vila-Matasek. Ez dut halere behartua izan zenaren edo berak benetan sinesten ez zuen ezer esaten ari zenaren irudipenik. Eta bertsio ezkorra idatzita ere, ez zen gezurretan ibiliko. Esan zitzakeen bere egia guztien artean, batzuk esan zituen, eta aukeraketa horretarako kontuan izan zuen testuingurua. Inguruko iritzi nagusienaren aurka joateko, kasu honetan.

Hori, Vila-Matasen eleberri honen kasu zehatzari dagokionez. Modu orokorragoan hitz eginez orain: artistak, egin ditzakeen gauza guztien artean, batzuk aukeratuko ditu, eta horretan zerikusia izango du testuinguruak. Haren joeren alde eta kontra joan ahal izateko, bietarako. Alde, garaiko korronte orokorretan gabiltzalako guztiok ezinbestean. Eta kontra ere bai, onartua eta normaldua dagoenaren biderkatzearen erosokerian geratzea zimelgarriegia delako. Aurka egiteak ez du esan nahi jarrera hori hotz-hotzean behartzen denik, eta horregatik azpimarratu nahi izan dut idazle hau gezurretan ez dabileneko irudipena. Klixea apurtu nahi bada, kontua ez da eskandaluzko aldrebeskeria bitxiak hutsetik eta hotzean asmatzen ibiltzea, norberari datorkionari kasu egin eta modu sentituan ematen saiatzea baizik.

Vila-Matasek bezala nabaritzen dut nik ere arte garaikidearekiko mesfidantza nire inguruan. Proportzio bertsuetan nahastu ohi dira ia erreberentziazkoa den begirunea eta trufa-haizea. Ideiak adierazteko burutazioak dituenarena izaten da oraingo artistaz dagoen klixe nagusienetako bat, eta oso ikuspegi murriztailea eta sinpletua da hori. Probokatzaile papera ere ezartzen zaio batzuetan. Artistaren adierazi edo probokatu nahiak baino, komunikabideen edo publikoaren zati baten ulertu eta azkar sailkatu beharraren temak ekarri du klixe hori, eta azkenaldi honetan ere hedabideetan ibili da hala-holako berria: artista italiar baten lanaren ingurukoa, salneurria obraren izenburuaren edo beste nolakotasun batzuen aurretik jarrita.

Artistaren eta hartzailearen arteko harremanari buruz, Kassel no invita a la lógica-n behin eta berriz errepikatzen den esaldia da honakoa: «el arte hace, y ahí te las compongas (arteak egin egiten du, eta konpon zaitezela)». Hartzaileari esaten zaio konpon dadila. Nik ere esango nuke hori, nahiz eta jakin, harrokeriatik edo probokatzeko gogotik esana dela interpreta daitekeela, edo edozer eta edozein modutara egiten dela pentsatzeko bide eman dezakeela. Kanpotik burutazio hotz bezala uler daitekeen horren atzean, zerbait sentitua egiteko saiakera egon ohi da.]]>
<![CDATA[Fantasma]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2021-05-23/fantasma.htm Sun, 23 May 2021 00:00:00 +0200 Oier Iruretagoiena https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2021-05-23/fantasma.htm
Hain aspaldi-urruneko kontuak ez badira ere, ziztuan gertatzen dira aldaketak, eta hala, tresna arrunt normala da gaur egun irratia. Egunerokotasunean urtu dira gorputzik gabeko ahotsak, eta ohikoa da geurekin berta-bertan ez daudenak entzutea. Goizean goizetik, askotan. Otsailaren 13an, irratiaren nazioarteko egunean, hala idatzi zuen Onintza Enbeitak egunkari honetako bere eguneroko zutabean: «Gure aitonak ohetik jaiki eta egiten zuen lehen gauza irratia piztea izaten zen. Amak ere izan du ohitura hori. Umeak ginenetik entzun ditugu albistegiak eskolara joan baino lehen». Mirari Martiarena Iraolak ere hala zioen Frekuentziaren gerizpean zutaberako idatziriko lehen alean, bere ohiturei buruz: «Esnatu, komuneko buelta egin, sukaldera joan eta irratia piztu». Informazio iturri handia izan daiteke batetik, eta beste funtzio bat ere izan dezake bestetik: hutsunea betetzea. Askotan, bigarren maila batean utzi eta kasurik egingo ez zaion marmarra izango bada ere, ohikoa izaten da soinu jarioren bat inguruan piztuta edukitzea. Konpainia pixka bat egin dezake, efektu lasaigarria izan dezake, edo bestelako pentsamendu batzuk estal ditzake. Lehen kolpean izua eta harridura sortu zuenak, sosegua dakar orain, baina alde ilun bat ere erakuts dezake: Etengabe saihestu nahi badugu isiltasuna, ez da seinale guztiz ona.

Esan beharrik ez, gainera, irratia txiki geratuta dagoela aspalditik, antzeko funtzioa bete dezaketen asmakizun guztien aldean. Internetaren zabalkuntzak, batez ere, izugarri zabaldu zituen aukerak: munduko milaka soinu edo irudi emisioetariko bat jarrai dezakegu zuzenean, edo eduki bat deskargatu eta ikus-entzun-irakurri, eta abar. Bar-bar-bar esango dizkigute kontuak lagun gorpuzgabeek, kasik edonoiz eta edonon. Ia denok daramagu horretarako gai den gailua soinean, eta etengabe egon gaitezke lagunduta.

Eta horrelaxe genbiltzan, iazko martxoko etxeratze agindua iritsi zenean halako batean. Ander Berrojalbiz eta Javier Rodriguez Hidalgok argitaratu berri duten Los penúltimos días de la humanidad (Pepitas ed, 2021) liburuan esaten den moduan, ez dakit bideragarria izango ote zen hainbeste denboraz etxean sartuta egotea, Interneterako sarbiderik izan ez bagenu. Asko igo zen haren kontsumoa. Gauza asko aldatu dira konfinamenduaren hasieratik, eta etorkizun batean birusaz ahaztuta ere, ez gara besterik gabe 2020 aurretiko egoerara itzuliko. Gertatu diren aldaketa horietako bat, ez-presentzialtasunak bultzada handia jaso izana da, eta aurrerantzean ere neurri handi batean hala izaten jarraituko duela susma daiteke. Bestela ere norabide horretan gindoazen, eta prozesua azkartu du honek. Eta Berrojalbiz eta Rodriguez Hidalgok dioten bezala, inor ez-presentziaren desabantailak esaten hasten bada, oraindik teknologia behar beste garatu ez dela erantzuten zaio kasu askotan.

Bozgorailu adimendunak ere geurekin ditugu orain, duela urte gutxi batzuetatik. Adimen artifizialak darabilzki Amazon, Google eta beste konpainia batzuen tresna horiek. Haien ahotsek ez dute atzean egiazko pertsonarik. Ez dago hezur-haragizko gorputzik ezta leku urrun batean ere, baina hala ere gai dira hitz egiteko eta elkarreraginean aritzeko. Zer eguraldi egingo duen galde diezaiekegu, egun zehatz baterako agendan zer daukagun, zein ordutan eta zein musikarekin esnatu behar gaituzten agindu... Irratiak hasieran sortzen zuen izua gogoratzen didate bozgorailu horiek merkaturatu eta gutxira sortu ziren honen moduko albisteek: «Barre egiten dute bat-batean, arrazoi jakinik gabe, erabiltzaileak ikaratuz. Konponbide bila ari dela esan du konpainiak».]]>
<![CDATA[Gorputzak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/036/001/2021-04-25/gorputzak.htm Sun, 25 Apr 2021 00:00:00 +0200 Oier Iruretagoiena https://www.berria.eus/paperekoa/1956/036/001/2021-04-25/gorputzak.htm bera dela konturatuz.

Richard Hughesen A High Wind in Jamaica eleberrian, Emily umea da protagonistetako bat. Istorioko pasarte batean, jolasean dabil bera, ume-jolas axolagabeetan, eta bat-batean, ideia bat datorkio burura, tximista bat bezala: bera, bera dela. Alegia, Emily dela bera, horretaz konturatzen da. Begien bidez ikus dezakeen bere gorputz zatia aztertzen hasten da orduan: bere besoak, eskuak, hankak, oinak aztertzen. Besoak eta hankak mugitzen ditu, eta poztu egiten da zeinen ondo obeditzen dioten ikusterakoan. Zeinen ondo funtzionatzen duen gorputzak! Arretaz aztertzen du eskuetako azala, bere aurpegia ukitzen du eskuaz, eta soinekoaren barrualdean begiratzen du, bera gauza bakar bat dela egiaztatzeko. Badaki ordura artean ere hala izan dela, baina ez zuen orain arte horren halako ezaupide argirik izan. Kolpetik jabetzen da horren guztiaren ondorioez ere: sortu denez gero, bizitza hau bizitzen jarraitu beharko duela, ezagutu berri duen arrarokeria harrigarri horrek —gorputzak— menia eman arte. Erich Frommek Askatasunetik iheska liburuan jasotzen du pasarte hau, eta horrek famatu du gehixeago.

Ez dut uste ume batek benetan norbere ezaguera hain bat-batekorik izango duenik, eta lizentzia literario bezala hartu beharko dugu. Pixkanaka gertatzen dela esan dut hasieran, eta pixkanaka konturatzen gara gorputzarekin egin dezakegunaz eta egin ezin dezakegunaz ere. Gerta daiteke, halere, ohituraz normaltzat jotzen duguna ohituratik ateratzea, bestelakotzea, eta norbera izateaz eta mundu honetan egoteaz harritzea, Emilyri gertatu bezala. Eta ez da alferrikako datua izango Hughesek gertaera hori kokatu duen momentuan kokatu izana: pertsonaia jolas axolagabeetan dabilenean, ezer zehatzetarako ez zen denbora batean.

Gorputzetik bizi dugu bizitza hau, hark eramaten gaitu leku batetik bestera, eta hala gogoratu ziguten iaz euskaraz argitaratutako bi liburuk. Juan Kruz Igerabidek eta Ainara Azpiazuk umeentzat argitaratutakoak, adibidez, izenburutik bertatik: Nire gorputzean bizi naiz. Eurena deskubritzera gonbidatzen ditu umeak, eta lehengo pasarte horren antza dauka bertan datorren lehen testutxoak: «Nire gorputzari galdetuz nago, ea nirekin zegoen lehentxeago». Hori batetik, eta bestetik, Ainhoa Urienek Xabier Leteri buruz idatziriko saiakera dugu. Urienek dio, bizitza gorputzean sostengatu arren, hari iheska ibili ohi garela, geure bizimoduaren abiadurara behartuz —hala egiten dugu: min edo molestiaren bat badugu, pilula hartu eta segi—, eta gaixoaldiak izan daitezkeela geratzeko eta hari entzuteko aukeretariko bat —Letek urte luzez izan zuen hesteetako gaitzaren karietara—. Gaixoaldiak lirateke bestela geure buruari egiten ez dizkiogun galdera batzuk egiteko aukeretako bat ere. Lehengo adibidearekin lotura eginez, bestelakotze-modu bat izan daitezke gaixoaldiak, automatismoa apurtu eta beste ikuspegiren bat behartzen dutelako. Lete artatu zuten medikuetariko bat izan zen Felix Zubia, eta haren hitzak jasotzen dira liburuan: «Gaixotasunak biluztu egiten gaitu, gauza artifizialak kendu egiten dizkigu, eta ispilu baten aurrean jartzen gaitu. Bizitza zertarako da? Zertarako nago hemen?». Ezertarako ez diren denborek eta gaixoaldiek, besteak beste, batzuek bestela agian erreparatzen ez diegun gauza zenbaiti erreparatzeko aukera eman dezakete.

Gorputzaz ari garela, gorputzez inguratuta ere bagaude, eta geureak ematen digun kokapen eta erlazio mota zehatz batetik bizi ditugu beste horiek: objektuak, paisaiak, eta abar. Geure auzokideetako batzuk dira artelanak ere, geure espazio bera partekatzen dutenez gero, eta geuk hezur, haragi eta bestelakozko egiturak ditugun bezalaxe, haiek ere badituzte beste material eta barne osaketa batzuk. Euren izaeran, izan beharra dute bestelakotzeren bat, ohiturazko arrunkeria apurtzeko. Ingurura begiratuz gero, egokiak izateko pentsatuta baitaude gizakiak eginiko gauza gehienak: gorputzaren neurrirako egokiak, bete behar duten funtziorako egokiak, salerosketarako egokiak. Desegokia izateko aukera dauka arteak, edo bere baitarako egokia. Desegoki edo bere baitarako egoki izateko moduen barruan aukera izugarri zabala dago, bestelakotze-modu asko, ikasteko eta esperimentatzeko eremu zabala dakartenak, eta horregatik dira artelanak hain erakargarri batzuontzat, egile eta hartzaile bezala.]]>
<![CDATA[Igandea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/035/001/2021-03-21/igandea.htm Sun, 21 Mar 2021 00:00:00 +0100 Oier Iruretagoiena https://www.berria.eus/paperekoa/1956/035/001/2021-03-21/igandea.htm
Horiek horrela izanik ere, igandeak egun motela izaten jarraitzen du oraingoz, edo asteko egunik motelena bederen. Gainontzean, mugimendu askoko egunak izan ohi dira astelehenetik larunbaterakoak, eta ostiralera bitartekoak batez ere. Denbora aprobetxatu beharra izaten da nagusi. Ez lanari dagokionez bakarrik, aisirako tartea heltzen denean ere egon baitaiteke denbora hori ahalik eta gehien zukutu beharrarekiko tema. Igande arratsaldeetan arintzen da etekina atera beharraren mandatu hori, eta nabaria izaten da kalean egoten den baretasuna. Ezer ez egiteko baimena ematen diogu orduan elkarri, eta aukeraz jositako orri zuri bat da ezer ez. Orduantxe egiten dut nik ondoen lan.

Artista-lanaz ari naiz. Modu oso nahasian eta motelean aritzen naiz horretan, hori delako niretzat lan-modurik emankorrena, eta ez lan-denbora kontsideratutako horretan arreta osoz buru-belarri aritzea. Batzuetan paseo bat ematea izaten da lanerako onena, eta, hala behar izanez gero, ezer ez egiteko tarteak hartzen ditut, jakinik ezer ez sekula ez dela egiaz ezer ez. Horretan saiatzen naiz behintzat, bestelako lan eta eginbeharrek uzten didaten neurrian.

Produktibo izan beharraren ikuspuntutik begiratuta, energia eta denbora xahutze handia gertatzen da artisten artean. Lanean emandako denborak ez du zertan lortutako emaitzekiko proportzionala izan. Zaila da asebeteko gaituen zerbait lortzea, eta, halakorik agertzen denean, baliteke kasualitateagatik edo akats batengatik gertatu izana. Eta kasualitate eta akatsei entzuteko beharrezkoa da sosegua. Aurrez markatutako estrategiak jarraituz eta emaitzen bila estu ibilita, dagoeneko ezagun dugunaren errepikatze eta azkartze hutsala besterik ez dugu lortuko. Pello Lizarralderi behin entzun nion bezala, egin dezakegun zerbait egingo dugu, eta ez egin nahi-behar duguna, baretasuna behar baita nahi-behar dugun hori zer den jakiteko.

Produktibotzat hartzen den denboran hain produktibo ez izatea ez da beti gauza erraza, ondokoena ez bezalako norabidea hartzea ez delako samurra. Elkar kutsatzen dugu denok derrigor, eta inoiz artista-jardunera emanda lasai ibili ahal izateko aukera izan dudanean ere, ez zait erraza izan neure buruari langile efikaz ez izateko baimena guztiz aitortzea, ondoko arotza estu eta larri ikusi badut. Horregatik gustatzen zaizkit igande arratsaldeak. Lasaitasun horretan sentitzen naizelako behar dudan sosegua hartzeko eta egin behar dudana egiteko libre. Gizartearen martxa orokorra baretzen denean. Bereziki kuttuna dut abuztuan nire hiriko kaleak husten diren denboraldi hori ere, eta ez oporretan joateagatik.

Amazoneko banatzaile bat imajina dezaket testu hau irakurtzen, eta ez dakit berak, baina ziur norbaitek pentsa dezakeela friboloa dela nahi-behar duguna zer den konturatzeko lasaitasunaren beharraz aritzea, lan-baldintza asko hain prekarioak direnean. Ulertzen dut erreakzio hori. Denok erasaten gaitu egoerak, eta artistentzat dituen ondorio zehatzak aitatu nahi izan ditut hemen. Hortik esan dezaket artistak ez duela pulamentuzkorik ezer egingo presiopean badabil. Beste inork ere ez, baina jardunbide zehatz honetan bereziki zentzugabea suertatzen da estrategiei, helburuei eta denbora-mugei jarraituz ibiltzea, egiten ari garen horren hasieratiko izate-arrazoia galdu daitekeelako.

Ezertarako ez da artea, eta hori da duen gauzarik politena. Baina ezertarako ez izate horretan, indarren bat izan beharko du; norbaiten nahi edo beharren bati erantzun beharko dio. Ezertarako ez izanda, izan lezakeen indarra ematen asmatzen ez badugu, inertziaz eta presaka gabiltzalako, eta egin dezakegun zerbait baino ez eginez... orduan, zergatik, zertarako eta zer dela-eta egingo dugu artea? Galdera horren aurrean, erantzuna ez da besterik gabe amore ematea, noski, eta egiten duguna da, ba, egoerarekin negoziatuz, ahal duguna, ahal dugun hobekien. Horretan ahaleginduko naiz orain; gaur igandea da.]]>
<![CDATA[Ardo botila]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/038/001/2021-02-21/ardo_botila.htm Sun, 21 Feb 2021 00:00:00 +0100 Oier Iruretagoiena https://www.berria.eus/paperekoa/1956/038/001/2021-02-21/ardo_botila.htm
Entzun izan dudanez, ardo batzuk minduta egoten dira hilabete gutxiren buruan, baina ba omen dira mende oso bat irauten dutenak ere. Sei hamarkadatan, Berasategiren horrek ez dio hartzitzeari utzi, eta seguruenik ez da zehatz jakingo oraindik ere zenbateraino den edangarri, baldin eta zabaltzen ez bada. Mundu honetan norberak adina urte daraman botila bat ireki eta edatea gaur arte bizitakoaren ospakizuna izan daiteke, eta testigu izaten jarrai dezan gordetzea ere bai, orobat. Ireki ondoren edangarri ez izatea, horixe litzateke desengainua eta dena zapuztu izana.

Enologo bati egindako elkarrizketa batean irakurri nuen XIX. mendeko ardo botila bat ireki zuela behin XXI. mendean. Negar egin zuen zabaltzerakoan, eta halakorik zehazten ez zuela uste dudan arren, edango zuela pentsatzen dut —probatu behintzat—. Eztarrian behera ehun eta beste zenbait urte. Denbora tarte horretan laukoiztu egin zen munduko biztanleria, XX. mendean gertatutako aldaketa sakonetariko bat aipatzearren. Ekintza hunkigarria iruditu zitzaidan niri ere.

Bazitekeen erabat ahaztea, egunero irakurtzen ditudan beste hainbat gauza ahazten ditudan bezala. Baina sortu zidan liluragatik, gogoan izan dut urteetan. Enologo hori ez dakit nor zen, ez nuelako elkarrizketa gorde. Ez dakit, beraz, hark esandakoak zehatz gogoratzen ditudan, edo neure erara moldatuta. Sarritan gertatzen zait halako edo besteko lekutan irakurritakoa berreskuratzera joan —behinola arreta eman zidan eta azpimarratu nuen esaldi edo paragrafo bat kasurako—, eta desengainatzea. Jatorrizkoaren aldean hobea iruditzen zitzaidan nire memoriak aldatutakoa. Nahi gabe batzuetan, eta nahita besteetan, neure eremura eraman ditut hasierako materialak, eta hasierako estimulu horiek gabe, baliteke eremu propio horiek deskubritu ez izana.

Adibide erraza zelako aitatu ditut irakurketak, baina bizitzako eremu guztietan gertatzen da. Segun eta nondik begiratzen zaion, negatibotzat jo daiteke manipulaziorako joera hori: giza akatsa, dorpekeria. Kazetari batek saihestu egin beharko du, bistan denez. Baina preseski berezkoa du artistak horretarako lizentzia. Antonio Lobo Antunesek dio hartzitutako memoria dela imajinazioa, eta Ramon Saizarbitoriari entzun nion nik lehenengo aldiz ideia hori.

Iazko irailean, #Cápsula2050 ekimena egin zuen Madrilgo Reina Sofia Arte Museoak nerabe eta gazteekin. Euren egungo bizimodua islatzea eta etorkizunerako mezuren bat ematea proposatu zitzaien 15-19 urte bitartekoei. Formatu digitalean gorde zuten jasotako dena, eta 30 urte barru zabaltzeko asmoa duten denbora-kapsula batean lurperatu zuten museoko lorategian. Beraz, etorkizunean oraindik USB irakurgailurik existitzen bada behintzat, iraganean esandakoen aurrean jartzea da intentzioa.

Hermetikoki itxita gaur egungo gauzak etorkizunera iritsarazteko izaten dira denbora-kapsulak. Baina Madrilgo hori ariketa didaktikoa izan da, eta atzean darabilen zergatia ez da geure egungo existentziaren zantzu inportanteak ondoregoentzat gordetzea, parte-hartzaileengan ikasketaren bat sortzea baizik. Euren bizimoduaren berri eman behar izateak, berri emate horretan zer eta nola esango duten pentsatzeak eta antolatzeak, eta gero hori dena lurperatzearen esperientzian parte hartzeak; horrek guztiak zer sentipen eta pentsamendu utziko dizkien eta denboraren joanarekin nola eraldatuko diren; hori da ariketa horretan garrantzia duena. Izan dadila euren eremu propioa topatzeko laguntza. Ahazten badute —bai gazte eta nerabeek, eta baita ekintza antolatu duten museoko hezitzaile eta langileek ere—, garrantzi handirik izan ez duen seinale izango da, indar edo maitasun handirik jarri ez dioten seinale edo hori elkarri kutsatzen jakin ez duten seinale.

Ospatu beharreko gauza asko alkoholez ospatzeko joera dugu, eta 30 urtez bizi izana bada ospatzeko lain. Ezin jakin zer ekarriko diguten urte horiek, baina izango da ziur bai onetik eta bai txarretik. Denbora-kapsulaz batera ireki dezatela ardo botila bat —botila bera bada berez beste denbora-kapsula klase bat—, eta edan dezatela, geure —geure eta euren— alde.]]>
<![CDATA[Bonba]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/030/001/2021-01-24/bonba.htm Sun, 24 Jan 2021 00:00:00 +0100 Oier Iruretagoiena https://www.berria.eus/paperekoa/1956/030/001/2021-01-24/bonba.htm Die Antiquiertheit des Menschen liburuan. Funtsean, ideia honek laburbiltzen du bertan dioena: gizakia txiki geratu da bere gaitasunen aurrean, garapen tekniko oso handia erdietsi duelako, baina lortutakoaren eskalaz konturatzeko aukerarik gabe. Beste ezeren gainetik, bonba atomikoa zen Andersen kezka nagusia, eta Hiroshima eta Nagasakiko erasoen ondoren etorri zen hain zuzen ere lan hori.

Esan zuen heriotza bat «uler» dezakegula, harekiko atsekabea senti dezakegula, eta beharbada hamarrena ere bai. Baina hortik gora ez, «arimak greba egiten» duelako eskalaz kanpo geratzen zaizkion gertaeren aurrean. Eta, hala ere, gaitasun teknikoa dugu bonbaz kolpean milaka hiltzeko. Horregatik esan daiteke gizakia bera baino txikiagoa dela orain gizakia, ezin duelako egin dezakeenaren tamaina sentitu. Eta inoiz zeru-lur-itsasoekiko txiki sentitu izan bada, ezingo dugu oraindik ere munduarekiko txiki ez denik esan, baina giza-jardueraren beraren neurria ere handi geratu zaio.

Konta dezakegu bat, bi, hiru, lau... Erraz irudika dezakegu zer diren hamar gauza, eta hogei, ehun, berrehun... Zenbakiak hazi ahala, gero eta zailago egingo zaigu kopuruaren neurria imajinatzea, eta puntu batetik aurrera dena izango da berdin geure sentimendu gaitasunerako. Zailtasunak izango ditugu mila milioi eta ehun mila milioiren arteko aldea sentitzeko, zifra kopuru ezberdina dutela eta euren artean alde oso handia duten zenbakiak direla arrazionalki jakiteaz beste.

Hondamendirako bidetzat zuen egiteko gaitasunaren eta sentitzeko ezintasunaren konbinazio hori. Tonu ezkorrez idatzi zuen, eta etsipena nabari zaio «apokalipsiarekiko itsutasunaren» aurrean, baina amaiera aldera, norabide hori aldatzeko aukera bat proposatu zuen, Sentimenduen moldagarritasunari buruz eranskinean: musika. Sentitzeko gaitasuna handitu edo moldatzean legoke gakoa, eta beste ezerk ez bezalako indarra dauka soinuak hor eragiteko. Bonba atomiko bat zer den sentitzera gerturatzeko bide posible bat ikusi zuen hor, kontzientzia hori izan zedin halakorik egin behar ez dela konturatzeko bidea.

Artelanak sentimenduen espresiotzat hartzea lekuz kanpo ikusten zuen Andersek, hori hala balitz —edo hori baino ez— azalpenik gabe geratuko litzatekeelako zergatik hunkitzen gaituzten hainbeste. Sentimendu berriak esnatzeko baliabidetzat hartzen zuen artea, eta ez aurrez baditugunak adierazteko edo baieztatzeko. Ezaguna dugun horretan itzulika ibiltzea baino ez balitz kontua, eta bizitzako beste esperientzien aldean ezer berezkorik edo berezirik proposatuko ez balu, zertarako orduan artea?

Adibide erabat gehiegizkoa eta neurrigabea da, jakina. Andersek bere buruari emandako lana bezain neurrigabea, hala ere. Bere txikitasunetik, eta ahal zuen neurrian, bere ustez norabide txarrean zegoena aldarazten saiatu zen, alarma sortu nahi zuten liburuak idatziz. Ahal zuen apurrari heltzen zion.

Mende erdi pasa geroago, giza-jarduerak gizakiarentzako mehatxu izaten jarraitzen du, orduan oraindik susmatzen ez ziren albo-kalte batzuk ere agerian ditugula. Denbora tarte horretan, baliabide asko ekarri dizkio musika sorkuntzari hain justu bonba sortu zuen garapen tekniko berak. Pentsa zer aukera zabaldu zituzten musika elektronikoak eta sintetizadoreek, edo zeinen erraz irits gaitezkeen orain geure tripako hesteak dardararaziko dizkiguten bolumenetara, lortzen hain zailak ere ez diren soinu ekipoekin. Garapen handiak egin dira hor azken hamarkadetan. Eta esan daiteke gertatu dela demokratizazio bat ere, lehen estudio profesional batek zituen baliabideetako asko eduki ditzakegulako orain ordenagailu batean. Baina bitarteko horiekin guztiekin ere, gehiegi da bonba atomikoa. Gainezka egingo dio parean jarri nahi diogun ia edozein gauza edo gertaerari. Desastrea bakarrik iristen da tamaina horretako desastrearen neurrira.

Adibide neurrigabeak eta gehiegizkoak lagungarri izan daitezke gauza batzuk azaltzen saiatzeko, eta arteak egin dezakeen ekarpenaren bueltan ekarri dut hau. Gaitasun eraldatzaile bat ikusi zion Andersek, eta izan, badu geure munduaren eraikuntzan eraginik, nahitaez berak nahi izan zuena baino eskala askoz txikiago batean izan beharko badu ere.]]>
<![CDATA[Autobidea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/036/001/2020-12-13/autobidea.htm Sun, 13 Dec 2020 00:00:00 +0100 Oier Iruretagoiena https://www.berria.eus/paperekoa/1956/036/001/2020-12-13/autobidea.htm
Laster amaitzera doan 2020 honetatik gogoan geratuko zaizkigu gutxienez bi gertaera. Batetik, Zaldibarko zabortegiaren amiltzea, eta bestetik, birusaren hedapena eta hori dela eta ezarritako neurriak. Biek eragin diote autobideari.

Otsailaren 6an, luizi batek AP-8 autobidea bi noranzkoetan itxi izana izan zen komunikabideetatik gertaera horren inguruan jaso nuen lehen-lehen berria. Eta geroago iritsi zitzaidan informazio gehiago: zabortegia zela amildu zena eta bi langile harrapatuta egon zitezkeela. Hamabost orduz itxita egon ondoren, hurrengo goizean ireki ahal izan zuten autobidea, Bilborako noranzkoko erraiak garbitu eta bypass bat eginda. Orduan geratu zituzten tarte batez Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran zabortegiko langileen bilaketa lanak, hondakinen artean amiantoa agertu zela-eta. Handik bi astera, autobide azpiko Olaetxea baserriko Lourdes Olaetxearen hitzak zekartzan egunkari honek. «Galarazita dugu [etxean] egotea, baina hor gainean jende asko dago lanean, eta autobidea irekita dago. Gu arriskuan bagaude, haiek ere bai. Badirudi garrantzitsuena autobidea irekitzea dela».

Apirilean gero, oinarrizkoak ez ziren lanbideek Hegoaldean geratu beharra izan zutenean, asko nabaritu zen autobideko trafikoaren beheraldia. Kaleko isiltasuna ez zitzaidan hain deigarria egiten, bestela ere gertatzen baita batzuetan kalean ia inor ez ibiltzea, eta autobidea isiltzea zen benetan ohiko errealitatearekin haustura bat sortzen zuena. Horrek ematen zidan ezohikotasunaren neurria. Leihotik autobideko autoen maiztasuna kontatzea izan nuen itxialdiko nire jardueretako bat, eta gutxi gorabehera minuturo ibilgailu bat edo bi pasako ziren.

Ohiko trafikoa berreskuratuta dabil orain, eta haretxen burrundara entzuten ari naiz orain bertan ere, hau idatzi bitartean.

Zarata ezberdinak dira ibilgailuen motorrarena, pneumatikoek errepidearen kontra egiten dutena eta autoen ziztuak sortzen duen haize mugimenduarena, baina autobidetik zenbat eta urrunago egon entzulea, orduan eta elkar-nahastuago eta lausoago iristen zaizkio, murmurio bakar bat sortu arte. Alderatuko bagenu murmurio hori kostan itsasoak sortzen duenarekin, oso ezberdinak ez direla konturatuko ginateke. Soinu frekuentzia antzekoetan dabiltza biak. Gertutik ez, olatuek kostaren kontra lehertzean egiten duten zarata ezberdina delako abiadan pasatzen diren autoenetik, baina urrundu ahala, gero eta antzekoago bilakatzen dira biak.

Ez dut testu honen irakurlegoaren iritzien aurrejuzgurik egin nahi, baina uste dut orokorrean zarata desatsegintzat hartuko genukeela autobidearena, eta atsegintzat edo lasaigarritzat joko genukeela itsasoarena. Baina hori hala dela pentsatzen badugu, ez da soinuen izaeragatik beragatik edo tinbreagatik izango, eta soinuen jatorriei egozten dizkiegun konnotazioak izango dira arrazoia.

Haurtzaroko eguneroko paisaiaren zati da niretzat autobidea, eta lotura afektibo sendoa uzten du horrek. Badakit zer eraso egiten dion inguruneari, eta zer sistema eta bizimoduren erakusgarri den. Nekea eta frustrazioa sentitzen ditut errepide berri bat egin behar dutela entzuten dudan bakoitzean, eta pentsatzen dut noiz utziko ote diogun bazter guztiak txikitzeari, eta etengabeko ustiaketaren eta ondasun pilaketaren atzetik ibiltzeari. Baina aldi berean, garai eta leku honetan jaiotakoa naiz, eta nire mundu afektiboaren zati da halako gauza bortitz bat ere. Amodio-gorroto harremana daukat autobidearekin, eta etxean sentiarazten nauen soinua da harena.]]>
<![CDATA[Arreta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/039/001/2020-11-15/arreta.htm Sun, 15 Nov 2020 00:00:00 +0100 Oier Iruretagoiena https://www.berria.eus/paperekoa/1956/039/001/2020-11-15/arreta.htm Deep Listening jarri zion izena egoteko eta egiteko modu horri, eta, momentu batetik aurrera, nahi zuenari transmititzen hasi zen.

Eta ikastekotan, aritu beharra dago, praktika bat delako Deep Listening. Ez dago ulertzerik jardutearen bidez barneratuta ez bada. Horregatik, idatzita utzi zuen nahi zuenak praktikan jarri ahal izateko ariketa sorta bat. Ariketa horiek begiratzen ari nintzela topatu nuen 1980ko hau, Open Field izenburuduna. Halaxe dio: «Eguneroko bizitzan; irudi batek, soinu batek, mugimendu batek edo leku batek arreta ematen dizunean, har ezazu momentu hori esperientzia artistiko modura. Bila ezazu haren testigantza uzteko moduren bat, horretarako egoki deritzozun edozein tresna edo baliabide erabiliz. Parteka itzazu esperientzia horiek gainontzeko pertsonekin, eta segurta ezazu edozeinentzat eskuragarri daudela». Hau da nik interpretatzen dudana: zerbaitek arreta eman badigu, geuretzat baliotsua den zeozer dagoela hor, eta kasu egin behar diogula. Arretari arreta jarri behar diogula, eta gainontzekoekin partekatuz elkarrengandik ikas dezakegula.

Neurri batean, egun sare sozialetan egiten duguna gogoratzen du. Soinuekin ez hainbeste, baina irudiekin barra-barra egiten dugu, batez ere irudietan oinarrituta dagoen eta orain oso boladan dabilen sare horretan. Bertan argitaratzen direnak halakoak izan ohi dira gehienbat: paisaia eta egunsenti ikusgarriak, lagunarteko topaketa zoriontsuak, urrutirako bidaien testigantzak edota tatuaje berri-berriak... Alegia, intentsitate handiko momentuak edo ohiko monotonia apurtzen dutenak. Baina beste batzuetan, egunerokotasunak bere baitan dituen xehetasun txikiak ere argitaratzen ditugu: ohe ondoan botatako galtzerdiek ausaz hartu duten forma, beira zati baten eta ur tanta baten distira, harkaitz baten kolore gorrizta eta inguruko goroldioa, eta abar. Ohiko bilakatu da sare sozialak halako esperientzia artistiko edo estetiko txikien bildumak ere izatea. Huskeriak direla pentsatu ordez, seinalatu egiten dizkiegu geure kontaktu eta jarraitzaileei. Argazki-kamera dakarten sakelako telefonoak existitzen ez zirenean, edo fotografia digitalik oraindik ez zenean, argazkiak atera eta gordetzea gauza handia zen, eta ez genien halakoei hain sarri tiratzen. Ohitura berriak etorri dira orain, eta Oliverosek proposatzen zuenaren antzeko zerbait gertatzen da eskala handian. Sekula baino gehiago jakin dezakegu beste askori zerk ematen dion arreta. Elkarrengandik ikasteko funtzio hori betetzen da, besteen begirada nolakoa den ezagutzen eta ulertzen laguntzen duelako.

Ifrentzua zein den oso argi dago, ordea. Tarte huts bat izan orduko, erraz heltzen diogu eskuko telefonoari, eta horren kontrako norabidea seinalatzen zuen Oliverosek: hutsuneak betetzen ibili ordez, hutsune horiek entzuten ikastea. Hainbeste fotografiatzeko eta zabaltzeko ohitura horrek arreta galarazten digu, zatikatu egiten duelako, eta ezer berezirik espero ez duen lasaitasun batean egon ordez, esperientzien ehizan eta erakusketan ibiltzeko jarrera bultza dezakeelako.

Esan ohi den bezala, baditu denak alde onak eta txarrak, eta orain eskura ditugun tresna eta baliabideek ere bai. Esan ohi den beste zerbait da erabilera arduratsuan dagoela gakoa, baina kontziente izan behar dugu tresnen euren ezaugarriak ere badirela zer, eta eraldatu egiten gaituztela. Lehentxeago esan bezala, praktika da Deep Listening, eta ez dago ulertzerik jardutearen bidez barneratuta ez bada. Praktikan jartzen duguna eraldatzailea da guretzat, eta, argazkiak ateratzen eta zabaltzen ari bagara, moldatzen gaituzten ekintzak dira horiek ere. Eragina izango du inguruari begiratzeko dugun moduan eta geure arreta motan.]]>
<![CDATA[Norentzat?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/038/001/2020-10-18/norentzat.htm Sun, 18 Oct 2020 00:00:00 +0200 Oier Iruretagoiena https://www.berria.eus/paperekoa/1957/038/001/2020-10-18/norentzat.htm
Hemen idazteko aukera eman didaten honetan, orduko lerroburu hori garatu nahi izan dut. Argitzeko, alde batetik, duela hamaika urte zer esan nahi izan nuen, eta, bestetik, argitzeko baita ere zergatik animatu naizen orrialde hauek idaztera. Desberdinak dira soinu-lan bat edo egunkarirako testu bat, baina oinarrizko motibazio berak ikusten dizkiet.

Artikulu hauetarako motibazioetako bat neurekikoa da, bidean ikas dezakedala uste dudalako, landu eta pentsatu nahi ditudan gai batzuei heltzeko aitzakia emango didalako, eta sufrikarioren batzuk pasatuta ere, gozamena emango didatelakoan nagoelako. Idaztea ez da niretzat erraza, ohikoa ez zaidan leku batean jartzen nauelako, baina ez da erabat zaila ere. Momentu honetan neurrikoa zaidan zailtasuna duela uste dut. Erronka bat da, baina erronka hitza epikaz janzteko joera dugu, eta nik ez dut norbere burua esplotatzera eta sufrikariora bultzatzen duen joerarik jarraitu nahi. Erronka da, zailtasuna eta plazera parean izan ditzakeen langintza delako niretzat. Hortik behera, jardun ezaguna eta aspergarria litzateke. Hortik gora, sufrikarioa besterik ez. Oreka horretan egon nahi dut, asperduratik ihes egin eta sufrikario hutsean erori gabe, zerbaitetan jardutearen esperientziari gozamena eta ikasketa zukutuko dizkiodan puntuan. Idazketa prozesu honek hor jarriko nauela uste dut, nahiz eta nik ere ez dudan oraindik kalkulu zuzena egin izanaren segurantziarik.

Aldi berean, ez nuke ezer egingo publikorik ez balego, eta niretzat bezainbat ari naiz besterentzat ere. Baina sinestuta nago lehen-lehenik nik gozatzea dela gainontzekoek nik egindako zerbaitekin goza dezaten lehen baldintza, edo probetxugarria izan dakien lehen baldintza. Zailtasun neurtu horretatik dator gozamena, eta hortik egin gabe, publikoak usainduko du ni ere aspertu naizela. Elkarri kutsatzen dizkiogu sentimenduak eta jarrerak, dela asperdura, dela grina, baikortasuna, ezkortasuna, eta abar. Hartzailearen lekuan nagoenean ere, zerbait ematen ari zaidan egile hori zailtasun horretatik ari dela sumatzea gustatzen zait. Eta duela hamaika urte emandako erantzunera itzulita; jendea asper liteke, bai, baldin eta artistak ustez behintzat bere lana ondo egin eta gero, jendea aspertzea suertatzen bada. Baina egilea aspertu bada, ziur aspertuko ditu denak. Garai hartako nire zailtasun neurtua zen soinuen iraupen luzeekin aritzea, eta huraxe azken bururaino eramaten saiatzen nintzen.

Publikoa izan daiteke zabala, edo gertuko konplize gutxi batzuez osatua. Bizi dugun garaiaren ezaugarrietako bat da sortzaileak asko garela, eta askotan hartzaileak falta izaten direla. Inoiz baino artista gehiago gara, idazleak pila bat eta musikariak zientoka, eta hala segida luzean. Zerbait egin, nonbait aurkeztu, eta gehienetan erantzun eza izaten da erantzuna. Edo erantzun gutxi batzuk jaso, eta gero korronteak darama berehala aurkeztutako lan hori, atzetik datorren berriari lekua uzteko, eta hura ere eramango du berehala. Izugarri zaila izaten da komunikabideren batean kritika bat agertzea, adibidez. Gehienetan, inguruko zirkulu txikietan partekatzen dugu egindakoa, gertuko konplizeekin, eta oso garrantzitsuak dira konplize horiek. Ikasketa handia ateratzen da hurbileko hartu-eman horietan partekatzen denetik, eta ez diot nik beharbada horrekin nahikoa ez denik. Baina publiko zabalagoetara iristeko anbizioa ere badugu batzuok, eta, korronteen jakitun, haiekin ahal dugun hobekien konpontzen saiatzen gara. Hau da parean duguna, eta geure egiteko moduak baldintzatzen ditu. Erantzun desberdina emango dio bakoitzak. Niretzat darabildan ustea da, hartzaileak falta badira, behintzat egiletzak izan beharko duela ahalik eta zentzu gehien. Norbere interes eta intuizioak muturrera eraman beharko dira horretarako, ahalik eta gehien, eta hortik abiatu besteen bila.]]>