<![CDATA[Oihana Arana | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Fri, 02 Jun 2023 06:34:19 +0200 hourly 1 <![CDATA[Oihana Arana | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Lagunduko didazu?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2342/013/002/2022-08-27/lagunduko_didazu.htm Sat, 27 Aug 2022 00:00:00 +0200 Oihana Arana https://www.berria.eus/paperekoa/2342/013/002/2022-08-27/lagunduko_didazu.htm
Bihar irakurriko dut bidali didazuna. Oso ederra da. Norena da erreferentzia hori? Bua, ze ona, benetan. Hor, akaso, puntu eta koma jarriko nuke koma jarri duzun lekuan. Paragrafo hau laburtu beharko zenuke, ona da, baina astunegia... Beste honek, ordea, merezi du luzeagoa izatea. Berba hau ez nuen ezagutzen, lapurtu egingo dizut. Irakurri liburu hau, lagunduko dizula uste dut. Bihar berriz irakurri eta esango dizut, bale? Gaur beste kontu batzuk egin behar ditut eta.

Hau ere bada sorkuntza kolektiboa.]]>
<![CDATA[Loredun alkandora]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2058/013/002/2022-08-20/loredun_alkandora.htm Sat, 20 Aug 2022 00:00:00 +0200 Oihana Arana https://www.berria.eus/paperekoa/2058/013/002/2022-08-20/loredun_alkandora.htm
Ezer baino lehen, aipatu behar da iritzi mota guztiek ez daukatela balio bera, gauza batzuei buruz iritzi ematen aritzea ez dela guztiz zilegi. Baina kasu batzuetan iritzi azalekoak aski zaizkigula gertakari batzuk deskribatzeko. Nik koadrodun alkandorak baino alkandora loredunak nahiago izatea, adibidez, iritzi bat da. Argudiorik behar ez duena, eta, eskatuz gero, esan ahalko nuke geure amonak janzten zituelako gustatzen zaizkidala eta listo. Gustuen gaineko iritziei buruz ezin daiteke, beraz, ezer esan.

Azkarregi ari naiz pentsatzen. Esan dudana ez da egia. Hitz egin daiteke gustuen gaineko iritziei buruz ere. Gustuak eraikiak dira. Geure amonak loredun alkandorak janzten zituelako gustatzen zaizkit, baina gustatzen zaizkit ondo ematen didatela esan izan didatelako, alkandorak eta loreak zer diren badakidalako, loreak ederrak direla esan didatelako eta, gainera, andre egin nindutelako eta loreak feminitatearen ikurtzat hartu izan direlako. Besteak beste.

Inguruko batek esan izan dit gustu guztien gainean ezin daitekeela analisi hau egin. Eta akaso ados egongo zarete. Zentzumenez fidatu behar garela dio, eta, gorputzari desatsegin bazaio, horrek objektiboki txar bihurtzen ei du edozein estimulu. Usainak, esaterako. Ez nago oso ados dioenarekin, baina akaso apur bat gehiago pentsatu beharko dut aho handi-handiarekin berbetan jarraitu baino lehen.]]>
<![CDATA[Frikikeria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2058/014/002/2022-08-13/frikikeria.htm Sat, 13 Aug 2022 00:00:00 +0200 Oihana Arana https://www.berria.eus/paperekoa/2058/014/002/2022-08-13/frikikeria.htm
Ines Osinagari aditu nion behin gauzak egiteko bi manera daudela: gauzak egin daitezke ondo, ala egin daitezke benetan. Eta, akaso, benetan egiten direnean bakarrik egiten dira ondo.

Norbera asebetetzea beste helbururik ez dutela diruditen gauzen apologia egitera nator gaur; norbera asebetetzeaz gaindiko funtzioak betetzen dituztelako sarri.

Horren adibidetzat dakart Lokatz Loreak taldea: bertsozalegoa Navarra Arenako sarrerak konbultsiboki erosten zegoen bitartean sortu duten ekimenak zeharo nauka liluratuta. Haiei interesgarri zaizkien gaien inguruan kantari jarriko dituzte haiek erabakitako hainbat bertsolari. Gaur aurreneko laurak, Zornotzan. Ikusi nahi ala ez, hedonismo hutsa baino gehiago dago honen guztiaren atzean: diskurtso eta gorputz batzuei autoritatea aitortzea eta, beraz, beste batzuei ez; plazara jauzi egitear dagoen belaunaldi baten akuilu izatea; sorkuntza kolektiboaren aldeko aldarria; diziplinartekotasunaren aldekoa... Zaintza, zaintza eta zaintza. Ez da bertso sistema irauliko duen ekintza izango, baina ai, zeinen ederra den arrakala zaharrei kimu berriak jaiotzen ari zaizkiela ikustea.

Badut, ordea, kezka bat. Friki saio deitu diete saioei, eta haiek «friki» lez izendatzen ere aditu izan dut nor edo nor. Ohiko, «berezko» denetik at nahi dugunari buruz nahi dugunekin aritzeko tartea hartzeari frikikeria deitu behar izatea ez ote den sistema egonkortuegi dagoen seinale...]]>
<![CDATA[Bizitza kudeatzeko denbora]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2058/016/002/2022-08-06/bizitza_kudeatzeko_denbora.htm Sat, 06 Aug 2022 00:00:00 +0200 Oihana Arana https://www.berria.eus/paperekoa/2058/016/002/2022-08-06/bizitza_kudeatzeko_denbora.htm
Autobusean irakurri ditut aurten irakurritako liburuak, egin ditut unibertsitateko lanak, idatzi ditut poemak, ibilgailutik jaitsi orduko berriz irakurtzeko eskasegiak begitantzen zitzaizkidanak. Autobusean ez zorabiatzen eta burua leihoaren kontra ezarrita lo egiten ikasi dut, behintzat.

Kanpoan zereginik izan ez dudan egunetan, bazkaldu eta ohean egon naiz, lanean, portatila altzoan bermatuta poema zantarrak duintzen, guztiz konbentzitzen ez ninduten bertsoak berridazten... Horretarako gogorik ezean, bazkaldu eta aste osorako tuperrak prestatzen eman dut arratsaldea. Lo gutxi egin dut, gutxiegi. Eta apenas hartu dudan tarterik lagunekin elkartzeko.

Horrela esanda etsigarriegia dirudi. Baina oro har pozik egon naiz, gustura. Neure buruak aski ondo entenditzen du lanean ibili naizela, lanean nabilela, eta, akaso, ingurukoen bizitzei begiratuz gero, zoritxarrez, bizitza kudeatzeko denborarik ez izate hori dela heldu izatea. Eta sarritan hala pentsatu badut ere, ez dut uste denbora ondo antolatzeko dudan ezintasuna izan denik zurrunbilo honen eragilea.

Hau guztia jakin arren, izugarri kostatzen zait eguna tabernako barran pasatzen duen lagunari eztarrian trabatuta ditudan hitzekin idatzi dudan narrazio hori behin eta berriz irakurtzen ari naizelako, hondartzara joango ez naizela esaten diodanean, lanean nagoela esatea.]]>
<![CDATA[Abuztuaren 31]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2003/016/001/2021-08-31/abuztuaren_31.htm Tue, 31 Aug 2021 00:00:00 +0200 Oihana Arana https://www.berria.eus/paperekoa/2003/016/001/2021-08-31/abuztuaren_31.htm
Horratx ikasturte honetan egin gura ditudan, eta, hortaz, egin beharko nituzkeen gauzen zerrenda. Beste era batera esanda, egingo ez ditudanena.

Jende gehientsuenak abenduan egiten duen zerrenda txatxua abuztu amaieran egitea erabaki dut nik. Inongo zalantzarik gabe, urtarrilak baino pisu sinboliko handiagoa duelako irailak nire bizitzan. Aldaketak sakonagoak dira, nabarmenagoa da hasiera sentsazioa eta zaurgarriago egoten naiz, ahulago ere bai, esango nuke. Eta idatzitakoetatik laurdenak ere beteko ez ditudala jakin badakidan arren, irailari irri txiki batekin ekiteko balioko dit egitekoen zerrenda honek; egin nahi ez ditudanen zerrendaren aurka talka egitera noan aldi guztietarako galga egokia izango delakoan nago.

Eta egiari zor, ez betetzea ere ez da drama handia izango. Liburu bat hasi eta gustuko ez badut ez amaitzeko adinako adorea biltzen baldin badut, konforme.]]>
<![CDATA[Ahoarentzako poesia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2003/015/001/2021-08-24/ahoarentzako_poesia.htm Tue, 24 Aug 2021 00:00:00 +0200 Oihana Arana https://www.berria.eus/paperekoa/2003/015/001/2021-08-24/ahoarentzako_poesia.htm Nola gorde errautsa kolkoan dut gaueroko ohaide fidel, eta harearen gainean etzanda egoteko autodefinituak maiteago ditudan arren, lantzean hondartzakide ere bai. Pamela jantzita Miren Agurren poemak irakurtzeak xarma berezia duelako (inork zalantzarik izango balu: bai, hobeki entenditzen dira horrela).

Bero sapa izugarriak eta soineko udatiarrek behin eta berriz oroitarazten didate gorputz baten jabe izatea zenbateraino izan daitekeen buruhauste: izerdi likatsua, izterren arteko urratuak, astun eta nazkagarri sentitzea... Urte osoan almazenean edukitako traumatxoen kabalgata, badakizue.

Hori guztia ahazten (edo behelainotan ezkutatzen) ahalegindu eta oporrei opor zaporea emate aldera, banoa, bada, gazpatxoa hartzera terraza batera, eta ez dut ba topatu kartel bat «Ahoarentzako poesia da ardoa» oihukatzen. Ahoarentzako poesia. Poesiak zein gorputz ataletan eragiten duen aukeratzerik balego moduan. Haserretu egin naiz; ez nago ados, eta, beste egoera batean barre egingo nukeen arren, hausnartzeko beta hartu dut.

Oro har, alkoholdun edarien kontra nago, eta ez dut sekula alkoholik edan; hargatik, pentsatu dut alkoholaren gehiegizko apologia egiten duen jendarteari kritika zorrotz bat egin beharko niokeela noizbait publikoki, eta akaso horri buruz egin beharko nukeela berba gaurko artikuluan. Baina tira, oporretan nago eta ez dut ur sakonegietan murgildu gura.

Gazpatxoa amaitu, pamela jantzi eta banoa hondartzara.]]>
<![CDATA[Totem abstraktua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2003/017/001/2021-08-17/totem_abstraktua.htm Tue, 17 Aug 2021 00:00:00 +0200 Oihana Arana https://www.berria.eus/paperekoa/2003/017/001/2021-08-17/totem_abstraktua.htm
Eta horregatik erantzuten diot beti normal nagoela zer moduz nagoen galdetzen didan ahots bakoitzari, normal berbak eskaintzen didan aseptikotasuna oso delako nire perfumearen usainekoa. Horregatik joaten naiz gutxienez hamar minutu lehenago autobus geltokira; ez dut egunean kafe bat eta te bat baino gehiago hartzen (bestelakoak, zero); ez dut jendaurrean —eta ispiluaren aurrean ere aski gutxitan— dantzarik, kirolik, zalantzati erakusten nauen galderarik... egiten.

Akaso hori dela-eta bizi izan naiz orain arte erdi-gustura fikzioaren mantapean ezkutatuta, eta horregatik izan dut gurago basamortuan hareazko gazteluak egitera jolastea kobazuloen giro umelean harrizko eskulturei begira egotea baino. Harriaren gainera erortzea harearen gainera erortzea baino mingarriagoa da: ez baita robot perfektu azaltzea bezain erraza gizatiar azaltzea.

Afera honetaz jabetzen ari nintzela eskaini zidaten nire lekutxoa orri honetan, eta, bizkarra galdera ikurrez bete bazitzaidan ere, pentsatu nuen baimendu behar niola neure buruari minei berbak jarri eta irakurgai uztea; robotak aurkakoa gurako lukeen arren, erabaki nuen zutabeak ez, estalagmita jaioberriak idatziko nituela nik, nire anpuluen gaziarekin jaio eta zuenekin haziko ziren harrizko totem abstraktuak.]]>
<![CDATA[Alergiaren profezia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2003/016/001/2021-08-10/alergiaren_profezia.htm Tue, 10 Aug 2021 00:00:00 +0200 Oihana Arana https://www.berria.eus/paperekoa/2003/016/001/2021-08-10/alergiaren_profezia.htm
Saiatzen naiz ez egiten. Berba ahoskatzear nagoela igartzen dudanean indarrez ixten dut ahoa. Irteerarik topatzen ez dutenez, hestegorrian behera irristatzen dira hizkiak; isil batzuetan, normalean garrasika. Hala doazenean, alergiaren aurkako pilulek sortzen didaten narritadura berbera eragiten didate, ahots korden parean. Etor daitekeenaren abisua, alerta, argi gorria.

Behazunean igeri aritzen dira hitz zatiak; urradura hazkatzen ahaleginduz gero, botatzeko errazegia litzatekeen letra-zopa hoztuari berezkoa duen bakea lapurtzeko intentzio osoz. Egun txarretan, gorputz osoa nahasten du plisti-plastak. Egonezinak eraginda, ahoa erruz ireki eta nahi gabe ateratzen dira letrak bata bestearten segidan: b-a-r-k-a-t-u.

Ohiko ekintza bilakatu dugu barkamena eskatzea, horren ohiko ezen gehiegi erabiltzearen kariaz esanahiz hustu baita. Baina nago, aldamenekoak kaltetu ondoko damuarena bainoago, existitzeko baimena eskatu beharra dagoela guztiaren atzean; izan ere, ez da kasualitatea ertzetan kokatzen diren gorputzek arrazoi absurdoenengatik ere barkamena eskatzeko beharra sentitzea.

Egitate bat da normak gure egunerokotasuna zeharkatzen duela eta, hortaz, gizonak bainoago emakumeak garela, edo helduak bainoago gazteak garela barkamena konpultsiboki eskatzen dugunak. Eta ez, ez da kasualitatea. Eztarriko narritadura hori aitortu ez zaigun leku bat hartzeagatik dagokigun zigorra ez ote den...]]>
<![CDATA[Kontatu nituen plazan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2003/016/001/2021-08-03/kontatu_nituen_plazan.htm Tue, 03 Aug 2021 00:00:00 +0200 Oihana Arana https://www.berria.eus/paperekoa/2003/016/001/2021-08-03/kontatu_nituen_plazan.htm unduan beste asko lez hanka-puntetan bizi naizelako sentsazioa dut: nago handi sentitzeko baino lurrazalaren ahalik eta zati txikiena hartzeko egiten ez ote dudan. Bizkarreko min kronikoen eta behatz puntetako zaurien eragile izanagatik, baditu alde onak ere: apenas sartzen den komeni ez den sastarrik zapata barruetara. Ez dakit zenbateraino den trikimailu aproposa, ordea. Izan ere, hartxintxarrak saihesten ahalegindu arren, zerutik dator harria.

Bihar arte egongo nintzateke plazak eragindako traumak Laboaren ahotsari ematen, hark kanta ditzan nik burua mantapean gordeta ez existitzera jolasten dudan bitartean. Eta gura duzuena pentsatuko duzue nitaz, baina bai, egoera desatseginak kudeatzeko aurreneko pausoa burua mantapean ezkutatzea da; dramatismoak eskaintzen duen talaiatik aiseago konpontzen dut buruhauste oro. Azal iezadazue bestela nola egiten zaion aurre jendaurrean, mikro eta guzti, kantuan hasi eta ikusezin sentitzeari; zernahi lan egiten duzula ere, adinez gaztea zarela entzun behar izateari; gura ez zaituen lur bat zapaltzen ari zarelako sentsazioari...

Nire minak ez bazaizkizue aski axolazkoak iruditzen, ez dizuet iritziz alda dezazuen eskatuko, baina utz nazazue trankil. Nik ere badakit min baino poz gehiago ekartzen dizkidatela plazak eta kideek, baita maiz ogi-apurrak arroka bilakatzen ditudala ere; baina zuek ere bilakatzen dituzue arrokak ogi-apur, eta ez dizuet ezer esaten.

Poeta naizenez gero, ez dut zerurik espero. Baina galdegiten dut lur zingiratsu bat behintzat; eta etxerako bidea hartu aurretik hanketako ileetatik lokatza kentzen dudan bitartean horrenbesteko lokatzik ez dagoela esango didan inor ez egotea, inoiz.]]>