<![CDATA[Oihana Etxebarrieta Legrand, Ainhoa Beola, Patricia Perales, Monika Plazaola | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 01 Jun 2020 00:33:36 +0200 hourly 1 <![CDATA[Oihana Etxebarrieta Legrand, Ainhoa Beola, Patricia Perales, Monika Plazaola | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Aurten, emakume guztiok planto!]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/020/003/2018-03-06/aurten_emakume_guztiok_planto.htm Tue, 06 Mar 2018 00:00:00 +0100 Oihana Etxebarrieta Legrand, Ainhoa Beola, Patricia Perales, Monika Plazaola https://www.berria.eus/paperekoa/1832/020/003/2018-03-06/aurten_emakume_guztiok_planto.htm
Batzuk eroso bizi diren bitartean, Euskal Herriko mugimendu feministak eta hamaika emakumek oso argi izan dute, estreinako aldiz, greba feminista egiteko deia egin beharra zegoela Euskal Herriko emakume guztiei, bat eginez nazioarteko deiarekin. Ez da greba arrunta izango, agerian utzi nahi baita aldarrikapena ez dela mugatzen soldatapeko enplegura; emakumeek egindako eta aitortzarik gabeko zaintza eta etxeko lanak ezinbestekoak direla munduak funtzionatzeko. Horrez gain, azpimarra jarri nahi dituzte lau eremu nagusitan dauden zeharkako desberdintasunak eta diskriminazioak: hezkuntzan, enpleguan, zaintzan eta kontsumoan.

EH Bilduk bat egiten du mugimendu feministaren planteamenduarekin, eta EH Bilduko emakumeok PLANTO egingo dugu, argi dugulako gaur egun ez garela eskubide guztien jabe eta eremu eta arlo guztiak feminismoz busti behar direla.

PLANTO egingo dugu geure bizitzaren eta buruaren jabe garelako; erasotzen digun sistemari planto egiten diogulako (2017an, zazpi euskal herritar eta ume bat hil dituzte); emakume bat erasotua denean berak epaiketa judiziala eta soziala pasa behar izan ez dezan planto egingo dugu; urtero igotzen den eraso sexualen indizea geratzeko planto egingo dugu (iaz, aurrekoa baino %26 handiagoa izan zen EAEn); lanaz gainera enplegu duina nahi dugulako, egiten dugun lan produktibo zein erreproduktiboa modu duinean ordaindua izan behar delako planto egingo dugu. Eta emakumeak zapalduta mantentzeko patriarkatuak erabiltzen duen tresna nagusia den indarkeria orori aurre egiteko asmo eta borondate osoa dugulako egingo dugu planto.

Horregatik, eta modu eraginkorrean aurrera egiteko, akordio sozial integrala ezinbestekoa da, jendartearen engaiamendua eta benetako konpromiso politikoa behar dira: lehen mailako politika feministak, integralak eta zeharkakoak, eremu guztietan, lotesleak arlo publikoan nahiz pribatuan eta ahalduntzaileak emakumeentzat. Kokagune honetan, hezkuntzak berebiziko garrantzia hartzen du, hezkuntza sistema publiko propio bat behar baitugu, hezkidetzan pertsona libre burujabeak heziko dituena.

PLANTO egingo dugu nahikoa delako, etxeko eta zaintza lan guztiak ez ditugulako guk egin nahi, doanik eta aitortzarik gabe: gizonek eta estatuek dagokien ardura soziala hartu behar dute. Politika publikoek egoki erantzun behar diote errealitate honi: haatik, inposatutako murrizketak, ezkutuan egindako pribatizazioak, eskubideen deslegitimazioa... besterik ez dugu. Zaintzarako beharrezkoak diren zerbitzu sozial guztiak publikoak eta kalitatezkoak izan behar dira, mendekotasunari nahiko baliabide bideratu behar zaio, hezkuntza publikoa, doakoa eta unibertsala egon behar da 0-3 urte bitarteko haurrentzat...

PLANTO egingo dugu, emakume asko pobreziara kondenatzen dituzten lan baldintza eta lanbide prekarioei aurre egiteko garaia delako. Sistema produktiborako eta zaintzarako eskulan berria izateko ume gehiago izan behar ditugula diotenei. Emakumeen prekaritatea eta rolak areagotzen dituzten kontziliazio neurriak besterik proposatzen ez dituzten bitartean, izatekotan, lanaldi partzialekin, aldi baterako lanekin, soldata arrakalarekin, zaintzarako eszedentziekin, sexuen araberako lan banaketarekin, indarkeriekin, amaitzen dutenean, izatekotan orduan, hitz egin beharko dugula nork, zer eta noiz egin behar duen esaten diegu.

Merkatua eta bizi baldintzak eta eskubideak deslotu behar dira eta bestelako politika publikoak bultzatu: diru sarrerak bermatzeko errenta eta pentsio duinak ezarri emakume guztientzat, zaintza arloko langileen lan baldintzak hobetu (bereziki etxeko langileena), azpikontratazioei utzi, klausula sozialak ezarri, lan hitzarmenak duindu...

Aipaturiko politikak, zerrenda itxi bat izan gabe, lehen mailakoak izan behar dira, pertsona guztien ongizatea eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lehentasuna izan behar delako. Eta hori horrela izateko, burujabeak izan behar dugu, berdintasunaren, justiziaren eta egiazko demokraziaren bidea guk bakarrik egin dezakegulako, Euskal Herrian erabakiz.

Hortaz, Martxoaren 8 honetan, elkar gaitezen emakume guztiok eta egin dezagun PLANTO!; indartsuagoak izango gara eta pauso handi bat emango dugu nahi dugun Euskal Herri burujabe eta feminista lortzeko.]]>