<![CDATA[Olaia L. Garaialde | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Tue, 07 Feb 2023 22:19:01 +0100 hourly 1 <![CDATA[Olaia L. Garaialde | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Haurrak bestaren erdigunean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1973/002/001/2022-10-16/haurrak_bestaren_erdigunean.htm Sun, 16 Oct 2022 00:00:00 +0200 Olaia L. Garaialde https://www.berria.eus/paperekoa/1973/002/001/2022-10-16/haurrak_bestaren_erdigunean.htm
Asteburu osorako egitarau oparoa antolatu dute. «Ilusio handiz egindako programa bat da», azaldu du Xabier Salvok, Nafarroa Oinez-eko jardueren batzordeko buruak. «Oso eskertua» sentitzen da jendeak parte hartzeko erakutsi duen prestutasunagatik: «Oso erraza izan da, jende asko gerturatu zaigulako, baina ez dugu denentzako lekurik aurkitu». Beste urteetan jendea aurreko egunetik hurbiltzen zela ikusita, larunbaterako eta iganderako antolatu dituzte gauzak: adibidez, dianak, artisauak, ipuin kontaketak, erraldoiak eta euskal dantzak izan ziren atzo. Joan den urtean ere bi egunekoa izan zen, baina helburua zen jende pilaketarik ez egotea.

Lau gune daude ia bi kilometrotan banatuta: Sustrai, Hazi, Zuhaitz eta Kimu. Guneak antolatzeko orduan adin guztiak hartu dituzte kontuan, baina Salvok azpimarratu du bereziki haurrengan jarri nahi izan dutela arreta: «Ikusi genuen txikitatik parte hartzen dugula Nafarroa Oinez-en: lehenengo txikiak izan ginen, gero gazteak, eta orain guraso gara, eta seme-alabekin joaten gara». Horregatik, «txikientzat» sortu dute: «Mila modu daude Nafarroa Oinez ospatzeko, eta guztiei lekua jarri behar genien». Horretarako, puzgarriak, eskalatzeko txokoa, konfeti besta eta material birziklatuekin jolasteko txokoak sortu dituzte, besteak beste. «Txikiek bakarrik dakiten mundu fantastikoan murgiltzeko eta libre jolasteko lekuak dira». Hazi eta Sustrai guneak dira bereziki haurrei zuzenduta daudenak. Beste urte batzuetan haurrentzako eskumuturrak banatzen zituzten bertan telefonoa idazteko, eta galdu ezkero haur horrekin zegoen helduari deitzeko, baina aurten ez dute egingo, ez zirelako eraginkorrak. Horren ordez, boligrafoak eskura daude, eta gomendatu dute besoan telefonoa idazteko.

Gazteei dagokienez, Kimu gunea haientzat sortu dute bereziki; hala nola Skakeitan, Rotten XIII eta Trikidantz musika taldeek joko dute. Salvok uste du «asko gozatuko» dutela eta Trikidantzek dantzan jarriko dituela. Kontzertuez gain, beste zerbait eskaini nahi izan diete gazteei; horregatik, grafiti eta abarka-jaurtiketa lehiaketak antolatu dituzte. Sokasaltoan ibiltzeko soka bat ere egongo da: «Arrakasta handia izaten du, eta oso kooperatiboa da». Salvok azpimarratu du eguneko momenturik «deigarriena» Erronka izanen dela, 11:00 aldera: «Jendea txundituta geratuko da; mundiala izango da». DBHko ikasleek, 140 ikasle inguruk, herrian barna zenbait froga gainditu beharko dituzte: esate baterako, lastozko labirintotik ateratzea.

Ingurumena errespetatuz

Euskararekiko konpromisoaz gain, ingurumenarekiko eta iraunkortasunarekiko konpromisoa islatu nahi dute antolatzaileek, eta, horregatik, duela 11 urte Oinez basoa sortu zuten. «Ezerezetik sortu genuen, eta egun, herrian erabat integratuta dago», esan du ikastolako zuzendariak. Aurten ez dute zuhaitzik landatuko; horren ordez, Cascarruejos aintziran hegaztien behatokia sortu nahi dute: «Proiektuarekin oso pozik gaude, eta aurrerago hitz egingo dugu horren inguruan». Helburua da jaiak uzten duen aztarna ekologikoa «konpentsatzea».

Horrez gain, ia bi kilometro dituen ibilbidean zenbait iturri daude plastikoaren erabilera murrizteko. Dei egin dute jendeak bere edalontziak ekar ditzan; hala ere, edalontzi birziklagarriak daude, eta hortik ateratako dirua Oinez basoa eta behatokia hornitzeko erabiliko dituzte.

«Inongo erasorik gabeko euskararen festa nahi dugu; denok errespetatuak sentitzeko eta gozatzeko festa», azpimarratu du Arregik. Horrez gain, txoko guztietan puntu moreak daude.

Oraina aipatzeaz gain, etorkizunari aipamen txiki bat egin dio Arregik, eta hemendik 50 urtera ikastola nola irudikatzen duen azaldu du: «Irribarrez eta gogoz jositako argazki bat irudikatzen dut; jende askoren ilusioa islatzen duena». Horrekin batera, euskara Tafallan, Erdialdean eta Euskal Herri osoan zabaltzen jarraitzea gustatuko litzaioke.]]>
<![CDATA[Aguilar Kodesek badu 'euskararen autobusa']]> https://www.berria.eus/paperekoa/2003/006/001/2022-10-15/aguilar_kodesek_badu_euskararen_autobusa.htm Sat, 15 Oct 2022 00:00:00 +0200 Olaia L. Garaialde https://www.berria.eus/paperekoa/2003/006/001/2022-10-15/aguilar_kodesek_badu_euskararen_autobusa.htm
Herrian D eredurik ez izatea, baina, ez da familia horiek bidean topatu duten traba bakarra: Kanpezurainoko joan-etorria egin ahal izateko garraio zerbitzua eskatu zutenean, itxita topatu zituzten Aguilar Kodesko Udalaren ateak. Azkenerako, baina, lortu dute laguntza, beste bide batetik bada ere. «Hori da inportanteena, jakinarazi nahi duguna: hiru amaren, hiru familiaren ahaleginari esker, lortu dugula autobus bat gure haurrek euskaraz ikas dezaten». Guadalupe Sillero da seme-alabak Kanpezuko ikastolara daramatzaten gurasoetako bat. Orain arte autobus zerbitzurik ez zutenez, egunero-egunero egiten zuen bi herrien arteko joan-etorria.

Duela bi urte, haurrak Mendialdea ikastolara eramaten hasi zirenean, garraio gastuei aurre egiteko diru laguntza eskatu zioten herriko udalari. Ezezkoa jaso zuten: «Aguilar Kodesko Udalak esan zigun ez zela haien ardura; alkatearen jarrera euskararen kontrakoa izan da beti», azaldu du Sillerok. Hortaz, ikastola Araban dagoenez, Eusko Jaurlaritzari egin zioten eskaera. Eta horrek, onartu: autobusa jarri diete. «Esan digute Nafarroako Gobernuari ere jakinarazi diotela».

Sei bidaia egunean

Hasieran, Meye Etaioren semeek soilik ikasten zuten Mendialdea ikastolan, baina, duela bi urte, han hasi zen Silleroren alaba ere. Joan den urtean, beste hiru haur iritsi ziren herrira, eta, familiek euskarazko murgiltze eredua lehenetsi zutenez, Mendialdean izena eman zuten. «Hasieran Meyek egiten zituen joan-etorriak; nire alaba jaio zenean, txandak egiten hasi ginen Kanpezura joateko», azaldu du Sillerok. Hiru haur berriak batu zirenean, hiru amen artean egiten zuten bidea. «Gehienetan, nik egiten nituen joan-etorriak, lanean lanaldi erdiz nengoelako eta nire ordutegia malguagoa zelako», gehitu du.

Haur guztiek, baina, ez dute maila berean ikasten, eta horrek esan nahi du egunean sei bidaia egin behar zituztela amek, ikasle bakoitzaren ordutegietara egokitzeko: «Oso gogorra zen guretzat, denon artean koordinatu behar genuelako; denok ditugu ardurak, eta aitona-amonei eta izeba-osabei laguntza eskatu behar izan diegu». Horrez gain, gehitu du «urduritasun handia» eragiten ziela: «Beti egon behar genuen adi, eta, arazorik bazen, azkar erantzun».

Autobusa dutenetik, ordea, «lasaiago» bizi direla azpimarratu du: «Ez dut beti adi egon behar, eta gainera, diru asko aurreztu dugu gasolinan». Gainera, autobus gidari bat behar zutenez ibilbidea egiteko, Sillerori eskaini diote lanpostua. «Orain ere ibilbidea egin behar dut, baina lanorduetan sartzen da». Autobus txiki bat da, eta Sillerok etxe ondoan dauka aparkatuta.

Aguilar Kodesko bizilagunaren ustez, herri txiki batean bizitzeak eragin «handia» dauka, eta horregatik uste du orain arte ez dutela autobus zerbitzurik izan. «Herria tokitan dago. Nork egingo digu kasu? Biztanle gutxi garenez, ez digute jaramonik egiten, baztertuta gaude». Horrez gain, euskaraz ikasi nahi izateak ere eragiten duela dio: «Orain arte, hemen baztertu egin dute euskara, baina, orain sei haur joaten direnez ikastolara, badirudi politikarien arreta erakarri dutela».

Kontziliazioa helburu

Nafarroako Gobernuak eskaintzen dituen D ereduko ikastetxeen artean, Antzingoa da Aguilar Kodestik hurbilen dagoena: Lokiz eskola publikoa, 27 kilometrora. Aukera hori, ordea, «kontziliazioaren aurkakoa» dela uste dute Aguilar Kodesko gurasoek. «Imajinatu nire alaba gaixotzen dela; ezin diot nire aitari eskatu 30 minutuko bidaia egin dezala», azaldu du.

«Arduradun politikoek aho betean hitz egiten dute kontziliazioaz, baina ez digute uzten haurrak eramaten guretzat kontziliazioa lortzeko erosoena den eskolara», salatu du Sillerok. Gaineratu du, modu batean edo bestean, elkar lagunduz moldatzen direla oraindik orain: «Laguntzarik ez badugu, nola biziberrituko ditugu herriak?». Haurrek euskaraz eta etxetik gertu ikastea. Hori da, funtsean, eskatzen dutena: «Inork ezin gaitu behartu beste hizkuntza batean eta beste leku batean ikastera».]]>
<![CDATA[Mikroak piztu, ezagutarazteko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1921/030/001/2022-10-06/mikroak_piztu_ezagutarazteko.htm Thu, 06 Oct 2022 00:00:00 +0200 Olaia L. Garaialde https://www.berria.eus/paperekoa/1921/030/001/2022-10-06/mikroak_piztu_ezagutarazteko.htm
Nahi duenak jotzeko aukera eskaintzen dute mikro irekiek: gehienetan zerrenda bat egoten da, eta bakoitzak pare bat kanta jotzen ditu. Batez ere, hasi berrientzat lehenengo aukera izaten da askotan; hala ere, ibilbide luzeko musikariek ere parte hartzen dute mikro irekietan.

Halako guneen garrantzia azpimarratu du: «Toki [Leza] mugarri bat izan da; duela hamar urte ez nuke imajinatuko publikoaren aurrean joko nuenik; Tokiri esker izan da». Harentzat «oso leku berezia» da, eta azpimarratu du ordutik lotsa galduz doala: «Han dagoen jendearengatik da: oso jatorrak eta atseginak dira, eta pila bat zaintzen naute». Horrek konposatzen laguntzen diola esan du: «Energiari esker gai berriak okurritzen zaizkit».

Txikitatik izan du harremana musikarekin, neba nagusiek gitarra jotzen zutelako. Pablo Erreak zenbait akorde erakutsi zizkion, baina neba guztiak etxetik joan zirenean, etxean gitarrarik ez zegoenez, jotzeari utzi zion. 25 urte zituenean, senideek gitarra bat oparitu zioten, eta berriz hasi zen jotzen: «Gitarra ikastaro batean izena eman nuen, eta txikitan ikasitakoa errepasatzen hasi nintzen». 30 urte pasatu ziren oholtzara lehenbiziko aldiz igo zen arte: «Hasieran Edurekin [Errea] igo nintzen oholtzara, eta ahotsak egiten nituen. Hasieratik eroso sentitu nintzenez, oholtzara bakarrik igotzea erabaki nuen».

Elkartzeko txoko bat

Life Chences EPa kaleratu zuen joan den urtean, eta uste du Toki Lezan ikasitakoak «eragin handia» izan duela horretan: «Lehenengo aldian sentitu nuen ez nuela ondo egin, baina jendearengandik jaso nituen mezuak oso onak izan ziren: esaten zidaten bide onetik nindoala, eta jotzen eta parte hartzen segitzeko».

Gogoz hartzen ditu igandeak Erreak, Toki Lezan «pilak kargatzen» dituelako. Gaineratu du gune horretan beste kuadrilla bat sortu duela: «Ez da beharrezkoa inorekin geratzea, beti norbait dagoelako. Gainera, aste osorako energia ematen dizu». Euskal Herritik kanpo bizitzen egon denez, ez da nahi beste joan.

«Asko» lagundu dio bertan jotzeak, eta uste du horrelako lekuak «oso lagungarriak» izan daitezkeela hasi berrientzat: «Oraindik ez dut erakusteko daukadan guztia atera, baina pila bat hobetu dut». Bat egiten du horrekin Antonio Armendarizek. Toki Leza tabernako jabea eta mikro irekien antolatzailea da: «Aukerak sortzeko leku bat da, eta jendeari bere estiloa fintzeko aukera ematen dio».

Armendarizek ez du argi noiz hasi ziren Toki Lezan mikro irekiak egiten: 2005ean edo 2006an izan zela esan du. Lehenengo hazia nork jarri zuen ere kontatu du: «Augusto El Espazial izeneko lagun eta bezero bat izan zen». Domotikan lan egiten zuelako deitzen zioten horrela: «Aitzindaria izan zen horretan». Zendu zenean marihuana poltsa bat utzi zien horrekin besta bat egiteko. «Talde askok jo zuten, eta betiko jendea etorri zen. Augustok egin zigun oparia presente dago oraindik». Ordutik, igandero egiten dituzte mikro irekiak, 19:30etik 22:30era: «Mikro ireki bat baino gehiago, klub akustiko bat da».

Armendariz musikaria da, eta 1980ko hamarkadan hasi zen jotzen. Azken urteetan zenbait musika talde izan ditu; lehenengoak Los Refugiados izena zuen. Gaur egun, Los Parrocko's musika taldean dago. «Talde batekin edo besterekin, beti egon naiz musikaren munduan, baina lanarengatik ezin izan ditut beste gune batzuk ezagutu». Kontzertuak antolatzeaz gain, Toki Lezako tabernaria da.

Berak jartzen du mikro irekietarako materiala; hortaz, berak jotzen eta kantatzen ditu lehengo kantuak. Hala ere, parte hartzeko ez dago zerrendarik; hara joatearekin aski da: «Txandakatzen dira; bakoitzak normalean bere tartea dauka, eta norbait berria etortzen denean lekua egiten diote». Batzuk bakarrik igotzen dira, eta beste batzuk, binaka edota taldeka. «Asko hemengo bezeroak dira, beti musikaren inguruan ibilitakoak»

Musika ardatz

Mikro irekietara igandero joaten den jendea dago, baina berriak ere animatzen direla esan du Armendarizek: «Edonor etor daiteke jotzera; askorentzat lehenengo aldia da, eta oso polita da pare bat kanta jotzeko aukera izatea». Batez ere, folk-rock estiloko kantak jotzen dituzte, gehienak ingelesez. Hala ere, euskarazko kantak ere jotzen dituzte. Adin guztietako jendea joaten da, baina gehienak 40 urtetik gorakoak dira. «Musikarako taberna bat da hau, beti egon da irekia, eta ez da sarrerarik ordaindu behar», azaldu du Armendarizek.

Toki Leza ez da mikro irekiak antolatzen dituen Euskal Herriko taberna bakarra. Badira beste gune batzuk artea, kultura eta sorkuntza sustatu nahi dutenak. Zorrotzaurre inguruan (Bizkaia) horrelako asko antolatzen dituzte. ZAWP Zorrotzaurre Art Work In Progress gunean hilabeteko lehenengo igandean antolatzen dituzte mikro irekiak. Horrekin batera, ZAWPek berritu zuen La Terminalen igande goizetan merkatu bat egiten dute, eta edonor igo daiteke oholtzara.

Horrez gain, Angeluko (Lapurdi) Aperock Cafe tabernan, asteazkenetan, 20:00etatik 23:30era mikro irekiak egiten dituzte. Helburua da kultura eta artea uztartzea eta sustatzea.

Badira beste taberna batzuk artean eta kulturan jarduten ez dutenak baina mikro irekiak antolatzen dituztenak. Adibidez, Iruñeko El Molino de Caparroso tabernan, ostiralero mikro irekiak egiten dituzte, 20:00etan. Duela urte bat jabez aldatu zuten, eta ordutik antolatzen dituzte. Jabe berriak piano bat erosi zuen jangelan jartzeko eta kontzertu akustikoak egiteko.

Donostian ere musikaz gozatzeko zenbait toki daude: adibidez, The Loaf tabernan, Open Mikros izeneko egitasmoan. Berez, okindegi eta gozotegi bat da, baina tarteka mikro irekiak egiten dituzte. Bi ostegunean behin elkartzen dira musikaz gozatzeko.

«Donostian horrelako egitasmo kulturalak antolatzeko beharra zegoela ikusi nuen», azaldu du Joan Gomila Open Mikros egitasmoaren sortzaile eta sustatzaileak. Bi urte daramatza Donostian mikro irekiak antolatzen, baina kontatu du hazia duela bost urte erein zutela: «Jam session-ak antolatzen hasi ginen». Ostean, musika eta poesia uztartzen hasi ziren: «Poeten eta musikarien arteko kolaborazioak eta inprobisazioak egiteko saioak ziren». Azkenik, musika ardatz zeukan gune bat «behar» zela ikusi zuen, eta hortik sortu zen mikro irekien ideia.

Artistentzako txoko bat

Gomilaren ustez, «zaila» da definitzea zertan desberdintzen diren

jam session-ak eta mikro irekiak. «Askotan biak nahasten dira». Jam session-a zertan datzan azaldu du: «Batzuetan musikariek base baten gainean inprobisatzen dute, eta beste batzuetan denek ezagutzen duten kanta bat moldatzen dute». Adierazi du «magikoa» eta «sortzailea» dela.

Mikro irekiak musikariek jotzen hasteko lekuak direla esan du, eta «beharrezkoak» direla publiko baten aurrean lehenengo aldiz jotzeko: «Artistentzako gune bat nahi genuen: lagun artekoa eta erosoa». Hala ere, berria den jendea ez ezik, esperientzia luzea daukan jendea ere joaten dela esan du. «Zerbait berezia sortzen da».

Zenbait artistarekin harremanetan jarri zen, eta parte hartzera gonbidatu zituen; poliki-poliki jendea batuz joan zen. Horrez gain, hasieran QR kode bat sortu zuten jendeak aldez aurretik izena emateko, eta denboraz zerrenda antolatzeko, baina ikusi zuten horrek ez zuela funtzionatzen: «Jendea espontaneoagoa denez, nahiago dute azken momentuan izena eman». Hortaz, jendeak lehenagotik idazten die edo egunean bertan zerrendan izena ematen dute. «Normalean, hasieran kontzertu bat egiten dugu, eta gero mikro irekia».

Bi ostegunean behin elkartzen dira Donostiako The Loaf tabernan, eta gaur berriz elkartuko dira. Gomilak nabarmendu du kultur ekitaldi «handietan» jartzen dela arreta, eta ekitaldi «xumeagoak» bazterrean geratzen direla: «Herriak sortzen ditu mikro irekiak: gaztetxeek, herriko tabernek eta horrelako guneek».]]>
<![CDATA[«Errepidetik goaz lekua aldarrikatzeko»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1887/032/001/2022-10-06/errepidetik_goaz_lekua_aldarrikatzeko.htm Thu, 06 Oct 2022 00:00:00 +0200 Olaia L. Garaialde https://www.berria.eus/paperekoa/1887/032/001/2022-10-06/errepidetik_goaz_lekua_aldarrikatzeko.htm
Gauza asko egiten dituzu bizikletaz; nondik datorkizu zaletasuna?

Txikitatik. Bi neba ditut, eta gurasoek denontzako bizikleta bat erosi ziguten. Gaztaroan beldurra ematen zidan Iruñetik zehar bizikletan ibiltzeak, baina orain hirian ibiltzeko bizikleta xume bat daukat.

Nola piztu zitzaizun gogoa?

Duela bost urte Bizikume elkartea ezagutu nuen, eta gogoa piztu zitzaidan Erkudenek [Almangro] lasaitasuna transmititu zidalako. Gauza asko antolatzen ditugu, eta sarea sortzen dugu.

Egunero hartzen duzu bizikleta?

Astean bost egunetan, gutxienez.

Zer-nolako bideak daude Iruñerrian barrena joateko?

Bidegorritik noa, baina errepidetik ere bai. Legearen arabera, lehen espaloitik joan beharko ginateke, baina orain debekatuta dago. Hortaz, ahal denean, errepidetik goaz gure lekua aldarrikatzeko. Bidegorria dagoenean, hortik noa, baina leku gehienetan ez dago. Media Luna parkekoa zaharrena da; jendez lepo dagoenez, kontu handiz ibili behar zara, istripu asko daudelako.

Sendabelarrak ere gustuko dituzu; nondik datorkizu zaletasuna?

Txikia nintzenean ziza bila joaten nintzen aitona-amonekin; ordutik, beti ibili naiz landareekin. Hasieran, entziklopedian edo hiztegian begiratzen nituen; gero, Laura Gurbindo emakume oso jakintsuak gauza asko irakatsi zizkidan.

Sendabelarrak identifikatzeko paseoak egiten dituzu bizikletan. Nola egiten duzue?

Bizikletak hartzen ditugu, eta, egunaren arabera, toki batean edo bestean geldialdi bat egiten dugu. Bertan azalpen txiki bat ematen dut, eta landare bila goaz. Aurrekoan, Ziudadelara joan ginen, baina ez genuen sendabelarrik ikusi. Ostean, Taconerara joan ginen eguzki bila, aurreko egunean ikusitakoa azaldu nien, eta zuhaitzei buruzko sekretuak kontatu nizkien.

Zeintzuk dira aurkitzeko gakoak?

Gehienetan, landatuta daude; hortaz, txokoak ezagutu behar dituzu. Zaldi Zurian batzuk ikus daitezke; beste batzuetan, bide ertzean daude. Hala ere, hirian topatzen ditugunak normalean ezin dira erabili, nahiz eta hiri txikia izan, kutsadura handia delako.

Burunda erreka garbitzen ari zara; nola egiten duzu bizikletan garbitzeko?

Martxoan hasi ginen, eta, ordutik, larunbatero joaten gara. Ezin badugu larunbatean, astelehenean joaten gara. Herriko plazan [Olatzagutia] geratzen gara bizikletarekin. Hiru lagun izaten gara; horietako batek hobeto ezagutzen dituenez bidezidorrak, berak eramaten gaitu. Neoprenoa janzten dugu, eta uretan sartzen gara.

Nola mugitzen duzue jasotzen duzuen zaborra?

Batzuetan, piraguan joaten gara, eta, zaborrak asko pisatzen duenez, gainean jartzen dugu, eta, beste batzuetan, arrastaka eramaten dugu.

Zabor asko jasotzen duzue?

Pila bat; azken aldian hiru zaku handi jaso genituen. Askotan, egun bakarrean sei zabor zaku handi jasotzen ditugu errekatik.

Zer-nolako gauzak dira?

Batez ere, antzinako gauzak; hala nola abeltzaintzarako erabiltzen zituzten plastiko lodiak eta burdinazkoak. Gaur egungoak gutxiago, agian kontzientzia handiagoa dagoelako.

Zer egiten duzue jasotakoarekin?

Mankomunitatera eramaten ditugu, baina esaten digute ez dela haien ardura. Hala ere, azkenean beti hartzen dute.]]>
<![CDATA[Paris 365: «Dohaintzak eta kolaborazioak gutxitu egin dira, baina gastuak eta arreta, handitu»]]> https://www.berria.eus/albisteak/218740/paris_365_dohaintzak_eta_kolaborazioak_gutxitu_egin_dira_baina_gastuak_eta_arreta_handitu.htm Tue, 27 Sep 2022 13:51:17 +0200 Olaia L. Garaialde https://www.berria.eus/albisteak/218740/paris_365_dohaintzak_eta_kolaborazioak_gutxitu_egin_dira_baina_gastuak_eta_arreta_handitu.htm <![CDATA[Sagarrak dantzan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1909/033/001/2022-09-24/sagarrak_dantzan.htm Sat, 24 Sep 2022 00:00:00 +0200 Olaia L. Garaialde https://www.berria.eus/paperekoa/1909/033/001/2022-09-24/sagarrak_dantzan.htm Udazken zaporez egitasmoaren barruan. Hala nola sagar muztioa egiteko tailerrak izango dira familientzat Sagardoetxean, uztarketa afariak eta musika, eta kultur eta kirol emanaldiak. Horren barruan, Sagar Uztaren 22. Jaia eginen da bihar, Astigarragako Foruen plazan.

Goizetik hasita, egitarau zabala izanen da egun osoan. Txirriskla txistulari taldeak gidatuta, diana batekin hasiko da festa, 09:30ean. Ondoren, 10:00etan, sagar bilketa eginen dute familiekin; Sagardoetxeko sagastitik abiatuko da bilketa. Gero, musikaren bidez girotuko dute jaia. Horrez gain, trikitilariak ibiliko dira kalez kale, festa musikaz alaitzen.

Sagarraren azokaz gozatzeko aukera ere egonen da: sagarren erakusketa eta dastaketa, sagardo eta muztio dastaketa, eta txertaketen erakustaldiak eginen dituzte. Bestalde, herriko baserritarren produktuak ere salduko dituzte. 11:30etik 14:00etara egonen da zabalik.

Helburua da aurtengo sagarraren uztaz eta kulturaz gozatzea eta ikastea. Hortaz, 11:30etik aurrera, sagardogintzako lanak ikasteko eta egiteko aukera egonen da. Bertako familiek irakatsiko dute nola bildu sagarrak, nola jo eta nola zanpatu.

Uztako lehen muztioa

Ostegunean hasi zen jaia, baina biharkoa da egun nagusia. Lehen egunean, esaterako, pintxo-potea egin zuten Astigarragako kaleetan. Matraka elektrotxarangak alaitu zituen kaleak, eta sagarretatik eratorritako produktuekin egindako pintxoak jan zituzten.

Gaur, ordea, 2022ko uztako lehen muztioa dastatzeko aukera egonen da. Txalapartaren erritmora, topa herrikoia eginen dute aurtengo uztako lehen muztioarekin, 13:00etan, Foruen plazan. Amaitzeko, herri bazkaria izanen da 14:00etan, eta, arratsaldean, afizionatuen pilota partida jokatuko dute.

Astiko merkatarien elkarteak, Astigarragako Udalak, tabernariek eta kultur taldeek antolatu dute Udazken zaporez ekitaldia. Herritarrek ere parte hartzen dute antolakuntzan.

Jaia antolatzeaz gain, Gipuzkoako sagasti batzuen kontrola egin dute sagarren egoeraren berri izateko. Horretako, sagardo sagarraren heldutasunaren egoera aztertu dute, eta bi alderdi nabarmendu dituzte. Batetik, sagar asko erortzen ari direla azpimarratu dute; batez ere, barnealdeko sagastietan. Egin duten analisiaren arabera, baliteke beroaren eta lehorteen ondorio izatea. Bestetik, nabarmendu dute klima baldintzak aldatzen ez badira litekeena dela heldutasunak ohi baino azkarrago aurrera egitea aurrerantzean ere.

Sagar Uztaren Jaia



Bihar, Astigarragan (Gipuzkoa), 09:00etatik 17:00etara.]]>
<![CDATA[Gazteen arteko euskarazko ahozkoa aztertuko dute Nafarroan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1857/009/001/2022-09-22/gazteen_arteko_euskarazko_ahozkoa_aztertuko_dute_nafarroan.htm Thu, 22 Sep 2022 00:00:00 +0200 Olaia L. Garaialde https://www.berria.eus/paperekoa/1857/009/001/2022-09-22/gazteen_arteko_euskarazko_ahozkoa_aztertuko_dute_nafarroan.htm Euskarazko ahozko jarduna Nafarroako gaztetxoen artean: egoera eta aukera berriak jardunaldiak zenbait helburu ditu: «Iritziak jasotzeko bilgune bat sortzea, hausnartzea, esperientziak trukatzea eta 8-12 urteko gaztetxoen euskarazko ahozko jarduna hobetzea». Izena emateko epea zabalik dago irailaren 26ra arte.

Euskaltzaindiaren arabera, erdararen erabilera igotzen ari da, eta horren zergatiaren inguruan eta beste zalantzen inguruan hausnartu nahi dute: «Nolakoa da gaztetxo horien euskarazko ahozko jarduna? Zer hutsune daude arlo horretan? Zer baliabide ditugu euskarazko ahozko jarduna hobetzeko ikasgeletan? Eta ikasgelatik kanpo, aisialdi antolatuan, kirol jardueretan...?».

Sagrario Aleman Euskaltzaindiko Jagon saileko Sustapen batzordeko buruak eta Enrike Diez de Ulzurrun Iruñeko Komunikabideak fundazioko lehendakariak aurkeztu zuten egitasmoa, ostiralean, Iruñean. «Eskolak bakarrik euskal hiztunak sortzen ote dituen kezka dago», esan zuen Alemanek. Horri beste hausnarketa bat gehitu zion: «Oinez, ibiliz ikasten da, eta euskal hiztunak eremu guztietan euskaraz arituz lortzen dira». Diez de Ulzurrunek azpimarratu zuen gazteek euskararekin zer-nolako harremana izan duten jaso nahi dutela: «Gaztetxoak entzuteko asmoa dugu».

Mintegian parte hartuko dute hala nola Dindaia fundazioko Esther Lakastak, Nafarroako Ikastolen Elkarteko Helena Baraibarrek, Euskaltzaleen Topaguneko Ander Barandiaranek eta Iturrama institutuko ikasleek. Mintegiaren hasieran curriculumen mugak eta aukerak izango dituzte hizpide; amaitzeko, ahozko jarduna lantzeko baliabideen inguruan mintzatuko dira.]]>
<![CDATA[Gazteen arteko euskarazko ahozko jarduna, aztergai Nafarroan]]> https://www.berria.eus/albisteak/218478/gazteen_arteko_euskarazko_ahozko_jarduna_aztergai_nafarroan.htm Wed, 21 Sep 2022 14:17:25 +0200 Olaia L. Garaialde https://www.berria.eus/albisteak/218478/gazteen_arteko_euskarazko_ahozko_jarduna_aztergai_nafarroan.htm <![CDATA[«Armairutik atera behar gara etengabe»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1886/048/001/2022-09-20/armairutik_atera_behar_gara_etengabe.htm Tue, 20 Sep 2022 00:00:00 +0200 Olaia L. Garaialde https://www.berria.eus/paperekoa/1886/048/001/2022-09-20/armairutik_atera_behar_gara_etengabe.htm Resistencia bisexual: Mapas para una disidencia habitable (Erresistentzia bisexuala: disidentzia bizigarri baterako mapak) liburuan jaso ditu hausnarketak. Joan den astean, liburua aurkeztu zuen Iruñeko Harrotu LGTBI udal zerbitzuan, eta arrakasta handia izan zuen. Bifobia salatu, eta kolektibo bisexualak sortzearen beharra azpimarratzen du.

Zergatik erabaki duzu zure bizipenetatik abiatzea liburua idazteko?

Batetik, zerbait oso teorikoa idazten dugunean irrazionalki eta linguistikoki irisgarritasuna galtzen duelako. Bestetik, garrantzitsua da zintzoa izatea, eta aztertzea zein izan den nire abiapuntua, zergatik idatzi dudan liburu hau, zein indarkeriek zeharkatzen nauten, eta horien atzean estruktura bat dagoela. Horrek erakutsi zidalako ez dela soilik niri gertatzen zaidan zerbait; zerbait kolektiboa baizik.

Zertan datza desiraren mapa?

Mapak identitate disidenteak islatzen ditu: bakoitzak bere etxea dauka, eta desira likidoa denez, batzuetan gurea etxea ez den lekuetatik pasatzen gara. Gerta daiteke garai batean ez sentitzea besteekiko desirarik, ezta erakarpenik ere, baina, gaua iristen denean, nire etxera noa, eta horrek ez nau asexuala egiten.

Bisexualitatea orientazio sexual bat baino gehiago da?

Ez da soilik nork erakartzen zaituen; baizik eta nola bizi izan duzun prozesu hori, zein komunitateetan zauden eroso eta zeinetan sentitzen zaren baztertuta. Bifobiak eragindako egiturazko faktore asko daude erakundeetan, medikuan, kontsulta psikosozialetan eta legedian. Bisexualitatea ukatzen eta ezabatzen dute.

Bisexualitatea ikusarazteko bifobian jartzen duzu arreta.

Geroz eta gehiago ikusarazten da bisexualitatea, baina ez dugu arretarik jartzen bifobian, eta oso arriskutsua da. Ikusgaitasunik ezak, bisexualitateari eragiteaz gain, bifobiari ere eragiten dio. Hori da aktibismo bisexuala egitearen arrazoia. Espazio bisexualak eta auzokideak edo aliatuak behar ditugu.

Horren adibidea da fase bat dela esatea: zer dago horren atzean?

Binarismoa apurtzearen izua dago. Zenbait espaziotan ikusi dugu binarismoa apurtzea beharrezkoa dela, baina uste dut harreman sexu-afektiboekin oraindik ez dugula ulertu. Heterosexuala edo homosexuala dinamiketatik kanpo geratzen dena fasetzat hartzen du gizarteak, eta oinarrian espero dugu bata edo bestea aukeratzea.

Nola eragiten du horrek?

Iruzurgile sentiarazten zaitu, ez diozu hitzik jartzen gertatzen ari zaizunari eta sentitzen duzunari, uste duzu bakarra zarela eta ez duzula eskubiderik bisexual gisa izendatzeko. Horrek bakartzea eragiten du, eta, kolektiboko gainerako orientazio sexu-afektiboekin alderatuta, osasun mental tasa askoz altuagoak.

Zer esan nahi du bisexual gisa armairutik ateratzeak?

Etengabe armairutik atera behar izatea. Segun eta norekin zauden edo zenbat denbora daramazun bikote batekin, ematen du birgogorarazi behar duzula. Askotan gertatu izan zait denbora luzez bikotekide batekin egotea, eta, neska bezala irakurri dutenez, ondorioztatu dute erabaki bat hartu dudala, eta lesbiana naizela. Horri gehitu behar dizkiogu indarkeria, bazterkeria... badakigu.

Zein da bifobiaren eta genero indarkeriaren arteko harremana?

Genero indarkeriaz mintzo garenean, uste dugu soilik eragiten diela emakume zisheteroei, eta ez dugu bisexualitatea kontuan hartzen. Kezkatzekoa da ez dagoela horren inguruko ikerketarik Espainiako Estatuan. AEBetan eta Erresuma Batuan dauden ikerketen arabera, arriskua handitu daiteke erasotzaileak hipersexualizatzen zaituelako, eta horrek indarkeria sexuala handitzen duelako; zure orientazioa zure kontra erabili dezakeelako, biziotsuak eta desleialak garela uste dutelako; eta, hortaz, kontrola handitzen delako.

Bisexual gisa identifikatzen zarenetik zure generoa aldatu dela diozu; zertan?

Ez nago neska zisheteroen hirigunetik gertu, kanpoaldean bizi naiz orain. Generoaren autopertzepzioa eta zure generoa aldatu egiten dira dituzun harreman sexu-afektiboen eta habitatzen dituzun espazioen arabera. Binarismo sexu-afektiboa dinamitatzean atea zabaltzen da, muturra sartzeko. Lagun asko bisexual izendatu ostean ez-binario bezala armairutik atera dira.

Zer-nolako zubiak eraiki daitezke ez-binarismoarekin?

Generoarekin eta sexualitatearekin harremana daukan binarismoa dinamitatzen dute biek. Oso ironikoa da oraindik ere bisexualitateari binarista izatea leporatzea; uste dut kolektiboan izan dezakeen aliaturik hurbilena dela.]]>
<![CDATA[EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk kirolaren legea aurrera ateratzeko akordioa egin dute]]> https://www.berria.eus/albisteak/217949/eajk_pse_eek_eta_eh_bilduk_kirolaren_legea_aurrera_ateratzeko_akordioa_egin_dute.htm Thu, 08 Sep 2022 17:22:41 +0200 Olaia L. Garaialde https://www.berria.eus/albisteak/217949/eajk_pse_eek_eta_eh_bilduk_kirolaren_legea_aurrera_ateratzeko_akordioa_egin_dute.htm Horrez gain, desgaitasunen bat duten kirolariak ohiko kirol federazioetan sartzea nahi dute. «Inklusioa sustatzeko bide askotarikoak zehaztuko dira; hala nola lehiaketa mistoak egitea», gehitu du Uberak. Euskal Herriko lehiaketak sustatzeko, Euskal Herri osoko federazioek txapelketak antolatu ahalko dituzte, Uberak azaldu duenez: «Euskal selekzioen parte hartzea sustatuko dugu lehiaketa ofizialetan».]]> <![CDATA[«Osasuna negozio handi bat da: hor dago arriskua, eta erronka»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1857/005/001/2022-09-08/osasuna_negozio_handi_bat_da_hor_dago_arriskua_eta_erronka.htm Thu, 08 Sep 2022 00:00:00 +0200 Olaia L. Garaialde https://www.berria.eus/paperekoa/1857/005/001/2022-09-08/osasuna_negozio_handi_bat_da_hor_dago_arriskua_eta_erronka.htm
Zer da gaixotasun arruntengatiko aldi baterako ezintasunaren ondoriozko absentismoa?

Gaixo baimen arruntei egiten die erreferentzia; hau da, lan istripuei eta lan gaixotasunei lotuta ez daudenei. 1990era arte, lan istripuek eta lan gaixotasunek eragindako gaixoaldiez arduratzen ziren mutualitateak. Gaur egun, eskumen gehiago eman zaizkie: tartean, gaixotasun arruntek eragindako gaixoaldiak kudeatzea; adibidez, hotzeria. Gehienetan, zentro pribatuek kontratatzen dituzte mutualitateak, Gizarte Segurantzaren ikuskapenik gabe.

Nork kudeatzen ditu gaixo agiriak?

Gizarte Segurantzak, ikuskapen medikuak -osasun zerbitzu publikoak-, mutualitateak eta gaixo agiria preskribatzen duen medikuak. Hortaz, langile bakoitzak lau profesional ditu ikusteko bajan egon behar duen. Batzuetan enpresek mediku pribatu bat kontratatzen dutenez, bost pertsonak kontrolatzen dute langilea. Xahubide bat da, eta ez du justifikaziorik. Enpresarien interesengatik da; uste dute gaixoaldian dauden langileak ustezko iruzurgileak direla; ez du zentzurik.

Nondik dator dirua?

Mutualitateek kudeatzen duten dirua Gizarte Segurantzarena da. Gaixoaldian gaudenean, laguntza ekonomikoa Gizarte Segurantzatik ordaintzen da, eta osasun asistentzia, berriz, zergen bidez. Hortaz, kotizazio publikoa osasun pribatua finantzatzeko erabiltzen dute. Espainiako Estatua da hori egiten duen bakarra. Bost axola die prebentzioak; norbaitek gaixo baimena hartzean, ahalik eta azkarren lanera itzultzea nahi dute. Probarik gabe akusatzen dituzte, eta esan langileek arrazoirik gabe luzatzen dituztela bajak. Langile gutxi direla diote, ezin baitute esan denak iruzurgileak direla.

Nola eragiten diete mutualitateek osasun sistema publikoari?

Mutualitateek zalantzan jartzen dute osasun sistema publikoak nola kudeatzen dituen gaixoaldiak. Mutualiateek probak proposatu, diagnostikoak aurreratu eta tratamenduak proposatzen dituzte altak lehenago emateko.

Eta Gizarte Segurantzari?

Langileek Gizarte Segurantzarako kotizatzen duten dirua osasun sistema pribaturako erabiltzen dute. Biztanleria aktiboa hartu, eta sistema pribatua sortzen dute haientzat. Produzitzen dutenentzako sistema berezi bat sortu nahi dute, baliabide gehiago dituen sistema bat. Agintari politikoek esaten dute eredu publiko-pribatuaren alde egiten dutela, baina diru publikoarekin osasun pribatua ordaintzen dute. Gizartearen osasuna negozio handi bat da: hor dago arriskua, eta horren kontra egitea da gure erronka.

Horrek osasun sistema bikoitza egotea eragiten du?

Dudarik gabe. Osasun sistema publikoak pertsona guztiak artatu behar ditu, baina mutuek hautatu egiten dituzte pertsonak. Ikusten dutenean tratamendua zaildu daitekeela, ez dute onartzen lan istripua edo lan gaixotasuna dela, eta osasun sistema publikora bideratzen dute. Osasun sistema pribatuak lehia bidegabea egiten dio osasun sistema publikoari. Helburua da langileak azkar osatzea, ahalik eta azkarren lanera itzultzeko. Horrek bi sistema eragiten ditu: bata baliabide pila bat dituena, pribatua, eta bestea itxaron zerrenda luzekoa, baliabiderik gabea, publikoa.

Horrek osasun sistema pribatua indartzen du?

Bai, pribatizaziorako tresna bat da. Gainera, pandemiaren ondorioz, nabaria da osasun sistema publikoaren baliabideen gainbehera. Europako beste tokietan alderantziz egiten dute: dena osasun publikoan kudeatzen dute.

Zer dago horren atzean?

Bi helburu nagusi daude: batetik, langileak gehiago kontrolatzeko tresnak garatzea eta izua sortzea. Lan munduan oso orokortua dago beldurra, eta horrek areagotu egingo luke, gaixo baimen bat ukatu diezadaketelako, edo lanera lehenago joatera behartu. Bestetik, funts publikoen bidez osasun pribatua indartu nahi dute.

Zer dakar pribatizazioa gero eta gehiago zabaltzeak?

Bada txiste bat zera esaten duena: «Ikusiko duzu zer galdu duzun osasun txartelaren ordez kreditu txartela eskatzen dizutenean». Gero eta aseguru pribatu gehiago kontratatzen dira, lehen mailako arreta oso ahul baitago. OME Osasunaren Mundu Erakundeak dio gutxienez aurrekontuaren %25 erabili behar dela lehen mailako arretarako, baina %17n gaude. Urteak daramatzagu igotzeko eskatzen, baina ez dago modurik.

Desinformazioa al dago gaiari buruz?

Mutualitateek, poliki-poliki, gero eta gehiago kontrolatzen dute osasun publikoa. Ez da bat-bateko kontu bat izan: eskumen gehiago lortuz joan dira. [Espainiako] Estatuko aurrekontu orokorretako lege osagarrietan zehazten da hori. Abenduaren 28an bozkatuko dute, beste 500 artikulurekin batera. Oporretan daudenean egiten dute; hortaz, ez dago eztabaida sozialik, opakua da, eta ez dira erakunde handi hauen botereaz jabetzen. Sindikatuek ez dakigu zergatik ez duten deus esaten.

Diozuenez, badago alternatiba.

Legearen arabera, mutualitateen baliabideak osasun sistema publikorako erabil daitezke. Guk hori eskatzen dugu, baina gobernuek ez dute egiten. Esaten dugu osasun sistema publikoak baliabide gehiago behar dituela: mutualitateen baliabideak aprobetxatu beharko genituzke osasun publikoa indartzeko.]]>
<![CDATA[Lodiak, ikusezinak pantailan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1923/030/001/2022-09-06/lodiak_ikusezinak_pantailan.htm Tue, 06 Sep 2022 00:00:00 +0200 Olaia L. Garaialde https://www.berria.eus/paperekoa/1923/030/001/2022-09-06/lodiak_ikusezinak_pantailan.htm Ezin Kabitu! Euskal Herriko I. Jatunaldi Lodiak jardunaldietan. Irailaren 9tik 11ra izanen dira, Gernikan (Bizkaia). Gorputz lodien errepresentazioaren inguruko hitzaldi bat emango du Muñozek: zineman eta telesailetan jarriko du arreta, eta 11n izanen da, 09:45ean. Gehienbat teorikoa izan arren, gauza praktikoak ere landuko ditu. Scripta da lanbidez; hau da, filmen jarraipenaz arduratzen da. BERRIAk proposatuta gaiaren inguruan hausnartu dute Muñozek eta Karmele Larrinaga eta Maria Cruickshank aktoreek.

Gogoz aztertu dute gaia, eta aldatzen ari den arren, gorputz lodien errepresentaziorik eza azpimarratu dute hirurek. Muñozek nabarmendu du orokorrean ez dagoela protagonista lodirik: «Badaudenean, sekundarioak izaten dira; askotan, ezaugarri bakarra izaten da lodia izatea, eta horrek zer dakarren. Gainera, apenas duten eraginik». Gaineratu du ez-binario lodirik ez dagoela: «Normalean, gutxi agertzen dira, eta agertzen diren gutxi horiek argalak eta edertasun kanonen araberakoak dira».

Bat dator horrekin Cruickshank. Horrez gain, esan du lehen «zorrotzagoa» zela, eta «poliki-poliki» gauzak aldatzen ari direla: «Pitinka-pitinka, denetarik sartzen ari da; hala ere, urrun gaude kalean ikusten ditugun emakumeengandik». Gaineratu du protagonista lodia izateko kontsumitzaileari justifikatu egin behar zaiola zergatik aukeratu duten pertsonaia lodi bat: «Ematen du polita eta argala izateko ez dela justifikaziorik behar, baina lodia edota beltzarana izateko bai. Haiek ezarritako kanonetatik ateratzen bazara, justifikatu egin behar da».

Cruickshankek salatu du pertsona arrazializatuen errepresentazioa urria dela, eta «are gehiago» lodiak badira: «Emakumea, beltza eta lodia izatea oso zaila da; ez dut inon ikusi, eta oso urrun ikusten dut, Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo». Lan egiteko aukerarik ezaz mintzatu da: «Beltzarana naiz, eta lan egin dut, baina ez ditut taldekide askoz gehiago ikusi». Urteetan pisuz «asko» aldatu dela azaldu du: «Egon izan naiz askoz lodiago edota argalago: orain, erdibidean nago». Hala ere, argalago edo lodiago egon, ez du lan aldetik aldaketarik sumatu: «Zaila da neurtzea zenbateraino eragiten duen, eta zergatik aukeratzen zaituzten edo zergatik ez zaituzten aukeratzen». Norbere esperientziaren araberakoa dela esan du: «Euskal Herrian, zaila da 17 urteetatik lanean jarraitzea, baina horrek ez du esan nahi beltzaran guztiek aukera berdina daukatenik».

Cruickshankek eta Larrinagak ETBko Go!azen telesailean parte hartzen dute. Cruickshank dagoeneko ez dago telesailean, baina Larrinaga Basakabiko garbitzailea da oraindik. Haren pertsonaia Begoña da: «Alaia da, eskuzabala. Beti laguntzeko prest dago, eta gustuko du saltsa guztietan egotea; pixka bat kontakatilua da, baina pertsona ona». Larrinagaren ustez, beste telesail askotan bezala, pertsonaia lodi gutxi daude: «Orokorrean, neska eta mutil guapoak eta argalak aukeratzen dituzte; egia da, baita ere, lagun taldeetan gehienetan jendea argala dela».

Estereotipoak ardatz

Pertsona lodiak ikusezinak izateaz gain, ageri diren gorputz lodiak orokorrean «estereotipatuak» eta «lodifobiak sortutakoak» izaten direla azpimarratu du Muñozek: «Askotan, laguntasuna irudikatzen duten pelikuletan pertsona lodi bat agertzen denean, lagunak jazarri egiten zaizkio oso era naturalean». Horrek jazarpenaren «normalizazioa» eta «nolabaiteko hutsaltzea» dakarrela salatu du. Hala nola Verano azul telesaia (Antonio Mercero, 1982) eta Los Goonies filma (Richard Donner, 1985). «Horrelako pelikulak berrikusten direnean, zenbait egoeraren erromantizazioa egiten da».

Ilustrazioan agertzen den irudiak Cerdita filmari (Carlota Pereda, 2022) egiten dio erreferentzia. Film labur batean oinarrituta dago, eta Donostiako Zinemaldian ikusteko aukera egonen da. Herri batean girotuta dago filma. Protagonista Sara izeneko gazte lodi bat da, eta herrikoak lodia izateagatik jazartzen zaizkio; horien artean, haren lagun mina. Animalien izenak oihukatuz iraintzen dute gaztea. Gizon ezezagun bat agertuko da herrian, eta gazteari jazartzen zaizkionak bahituko ditu. Protagonistak bahiketa ikusiko du. Filmak aurrera egin ahala, ikusiko da zer egiten duen.

Jazarpenaz gain, pertsonaia lodiei beste estereotipo batzuk ere atxikitzen zaizkiola azaldu du Muñozek: «Pertsonaiak larri inozenteak izaten dira, oso traketsak, ez daukate trebetasun sozialik, oso infantilizatuta daude, eta, sexualitateaz hitz egiten badugu, normalean ez daukate inolako erakargarritasunik, edo ez daukate bikotekiderik edo harreman sexualik, eta ez dute inoren nahia pizten». Gaineratu du emakumeei feminitate falta egokitzen zaiela, eta gizonei maskulinitaterik eza. «Asko lotzen da lesbiana butch iruditeriarekin».

Horri lotuta, Larrinagak azpimarratu du pertsonaiak asko lotzen direla alaitasunarekin: «Beti ikusi dugu lodikote jatorra». Gaineratu du pertsonaia horiek zaharragoak ere izan ohi direla: «Pertsonaiak lodiak ageri direnean, normalean zaharragoak izaten dira; nik, adibidez, amarena edo andre klasikoarena egiten dut batez ere».

Espezismoaren eta lodifobiaren arteko lotura egiten du Muñozek, eta gizakien gorputzez gain, gizakiz besteko animalien gorputzak ere hartzen ditu kontuan: «Lodifobiak beste animaliengan ere eragiten du». Garfield marrazki biziduna jarri du adibidetzat: «Haren eginbehar bakarra pizza jatea da, eta ez mugitzea». Pertsona lodiei atxikitzen zaizkien estereotipoei lotuta dagoela dio; hala nola alferrak izatea, etengabe jatea eta ariketa fisikorik ez egitea.

Chihiroren bidaia filmeko (Hayao Miyazaki, 2001) eszena bat ere aipatu du: hartan, Chihiroren gurasoek gero eta gehiago jaten dute, loditu egiten dira, eta txerri bihurtu. «Espezismoari lotuta dago, gainera, askotan pertsona lodiei egiten zaizkien irainak, emakumeei bederen, animaliekin lotuta baitaude». Gaztelerazko irainei erreferentzia egiten die; besteak beste, «ballena» (balea) eta «cerda» (txerria).

Barrura begiratzeko beharra

Esteriotipoetara jotzeak zer ondorio dituen aztertu du Muñozek, eta horrek zer eragin duen kontsumitzaileentzat: «Zinemak zenbait gauzaren normalizatzen ditu, eta esaten digu zer garen, eta zer izan nahi dugun». Horrez gain, helburuak mugatzen dituela esan du: «Esaten digu zein helburu ditugun, eta zer izatera heldu ahal garen». Horrek mugatzen dituela esan du. «Gorputz perfektuaren kontzeptua saldu digute, baina bizitzan denetarik existitzen da», gehitu du Larrinagak.

Horrek erreferenterik eza eragin dezakeela esan du Muñozek, baina identifikatuta sentitzeko aukera ere egon daitekeela uste du; horrek kezkatzen du gehienbat. Horrek dakartzan arriskuez mintzo da: «Norbait identifikatuta sentitzen bada; adibidez, jazarpenarekin, pentsatuko du filmean horri lotzen zaizkion irtenbideak izango direla dituen bakarrak, eta txarrerako izango da».

Hortaz, bestelako iruditeriak eta errepresentazioak behar direla azpimarratu du Larrinagak, baina «zaila» dela uste du: «Gizartea dela eta, lan handia egin behar dugu. Iruzkinek pisu handia daukate, eta jasotako heziketa eraldatu behar dugu». Hortaz, zenbait gauza aldatzeko ahalegina egin behar dela uste du. Errespetua eskatu, eta barrura begiratzeko beharra azpimarratu du: «Desberdintasuna aberastasuna da munduan. Ez dugu kanpoko itxurarekin geratu behar: pertsonak ezagutu behar ditugu».

Bestelako iruditerien eskasia

Ikus-entzunezko produkzioetan lan egin arren, filmen inguruan hausnartzen duenean ez zaizkio gogora etortzen bestelako iruditeriak sortzen dituzten ikus-entzunezkoak; «oso adierazgarria» dela uste du: «Iruditeria nahiko zaharkitua dago; ez dakit oso egunean gauden». Zerbait sortzeko orduan, gidoilariaren eta zuzendariaren begiradak nabarmen eragiten dutela esan du, batez ere zineman, batzuetan bien artean egiten dutelako: «Zuzendaria lodia bada, baina gidoia pertsona argal batek idatzi badu, nork egiten du irudikapena?». Horrek pertsonaiari atxikitzen zaizkion estereotipoetan eta aktoreen aukeraketan eragina duela esan du: «Film batzuetan, argalek lodien rola egiten dute, edo loditzen dira lodien rolak egiteko». Gordos filma (Daniel Sanchez, 2009) aipatu du: «Normalean, komediak izaten dira».

Errepresentaziorik eza egon arren, zinema independentean edo «beste kutsu bat» daukaten filmetan hori aldatzen dela uste du Cruickshankek. Black is Beltza II: Ainhoa filma ( Fermin Muguruza, 2022) nabarmendu du. Irailaren 22an estreinatuko dute, Donostiako Zinemaldian. Kanon asko apurtzen dituela azpimarratu du Cruickshankek: «Fisiko mota asko ageri dira, oso erreala da, oso gertukoa, gordina, eta, jarrera aldetik ere, berezia da; harremanak ez daude estandarizatuak». Filmean parte hartu du, eta Ainhoari ahotsa jarri dio: «Beltzarana da, emakume indartsua, beti aurrera egiten duena, beldurrik ez daukana eta egia bilatzen duena; eredu bat da».]]>
<![CDATA[Atea ireki sexualitaterantz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/035/001/2022-09-03/atea_ireki_sexualitaterantz.htm Sat, 03 Sep 2022 00:00:00 +0200 Olaia L. Garaialde https://www.berria.eus/paperekoa/1876/035/001/2022-09-03/atea_ireki_sexualitaterantz.htm ». Jostailu denda bat da? Litxarreria denda bat? Zer da? Horiek izan ohi dira erakusleihotik pasatzen diren askoren zalantzak. Sartzeko atea bultzatu behar da, baina askok tira egiten dute. Bikote batek tira egin, eta atearen kontra talka egin du. Dendariak agurtu, eta urduri Flamingo denda erotikora sartu dira.

Sexualitatearen inguruan dauden tabuen eta estigmen ondorioz, oraindik ere, denda erotiko askok atzeko atea daukate; Flamingok bakarra dauka. Odei Alkazarrek eta Selene Abetek sortu dute denda, eta ohiko estetikatik urrundu nahi izan dute. «Ikusi genuen Iruñean arauetatik ateratzen zen sex shop bat behar genuela, hau da, ez genuen nahi urrun egotea, iluna izatea, kabinekin, ezkutatuta. Koloretsua, arrosa, estetikoa eta atsegina izatea nahi genuen», nabarmendu du Alkazarrek.

Kanpotik pasatzean, askok ez dakite denda erotiko bat dela, eta begira geratzen dira. Beste batzuek aurrera jarraitzen dute. Kanpotik ez da ikusten nor eta zer dagoen barruan, baina jendea dagoela ikus daiteke. «Bezeroen intimitatearengatik egin dugu; oraindik tabu asko daude», azaldu du Abetek. Batzuek, barruan zer dagoen ikusteko, atera hurbildu, eta eskua kopetan jarrita begiratzen dutela kontatu du: «70 urteko emakumeak izaten dira batez ere, baina gero ez dira sartzen». Hala ere, 18 urtetik 80 urte bitarteko bezeroak dituzte.

Dendaren atzealdean bikote bat dago, eskuburdina gorri batzuk begiratzen ari dira. Denda kuxkuxeatu, eta aterantz joan dira. Ateratzeko tira egin behar da, baina bultzatu dutenez estropezu egin dute. «Lasai, denei gertatzen zaie», esan dute dendariek. Kontatu dute ohikoa dela jendea urduri ateratzea, eta horregatik estropezu egitea. «Ezin dugu ahaztu nondik gatozen, eta sexualitatearen kontra egon den errepresioa. Nahiz eta proposamen berri bat izan, sex shop-ak estigmaz josita daude», gehitu du Alkazarrek.

Denda hutsik dago, eta musika lasaia entzuten da, ohiko bezero bat sartu den arte: «Ate hau aldatu behar duzue, gaizki dago». Dendariak lehenagotik ezagutzen zituen, eta ireki dutenetik askotan joaten da: «Gustuko dut jende berriarekin etortzea lekua ezagutzeko. Zailena atea zeharkatzea da; behin zeharkatuta, gauza interesgarri asko daude ezagutzeko».

Hezitzaile sexuala da, eta ikasleei liburu asko eramaten dizkie. Dendaren erdialdean liburu asko daude, eta ohiko bezeroak uste du batzuk erakusleihoan egon beharko liratekeela: «Jendeak jostailu sexualekin lotzen du sex-shop-a. Gizartearen parte batek hori baztertzen du, eta liburuek sartzera gonbidatzen dute». Ez du izena eman nahi Iruñea «txikia» delako, eta lanean izan ditzakeen arazoengatik: «Lanean ez dute ongi ulertuko. Lankideek ez dakite nondik ateratzen ditudan liburuak; oraindik tabu handia dago». Lagunak agurtu, eta joan egin da.

Ibilbideko beste denda bat

Dendaren helburuetako bat da gune komertzialetan egotea, jendea dendaz denda joaten denean sex shop-a ere ibilbidearen parte izatea. «Sex shop-era sartzea normalizatu nahi dugu, hau da, beste denda batera joaten garenean bezala izatea», esan du Abetek. Horrez gain, gazteentzat irisgarria izatea nahi dute: «Batzuek ez daukate kreditu txartelik Internetetik erosteko, edo ez dute deus etxera iristea nahi». Gaineratu du gazte batzuei lotsa ematen diela kondoiak erosteak, eta bertan erosten dituztela: «Askok ezin dute kutxa bat erosi, eta solte erosten dituzte».

«Kaixo, ikustera etorri naiz», esan du ondoko negoziotik atera den gazte batek. Barruraino sartu, eta kuxkuxeatzen ibili da. Dendariek esan dute ohikoa dela hori, baina beste asko zuzenean zalantzekin joaten direla. «Jendea urduri sartzen da, oinarrizko zalantza askorekin, baina kontent eta lasai ateratzen dira. Lorpen bat da», esan du Abetek. Galderaz josi ditu dendariak; atea ireki, eta kalera atera da.]]>
<![CDATA[«Binarismora mugatzea konplikatzea da»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1855/004/001/2022-08-30/binarismora_mugatzea_konplikatzea_da.htm Tue, 30 Aug 2022 00:00:00 +0200 Olaia L. Garaialde https://www.berria.eus/paperekoa/1855/004/001/2022-08-30/binarismora_mugatzea_konplikatzea_da.htm misgendering [pertsona bat berea ez den generoarekin identifikatzea] ez pairatzeko, jende askok kentzen du bularra. Ematen du trans izatearen helburua dela zis bat ematea. Ez-binarioa izatea itxura androginoa izatearekin lotzeko joera dago? Bai, argi eta garbi. Pertsona trans ez-binarioa izatea lotuta dago zuria, argala, androginoa eta jaiotzean gizona izendatua izatearekin. Batez ere hori ikusten da sare sozialetan, eta gazteek gehienbat hortik jasotzen dute informazioa. Jende askok uste du lekuz kanpo dagoela, bere gorputzak ez duelako bat egiten estandar horiekin. Androginiara hurbiltzeak laguntzen du? Azkenean, jendea nahasaraztea erakargarria da. Ez-binariook etengabe deseraikitzen ari gara, esateko ez diogula androginia inori zor, baina, halere, oinarrian horretara iristea da askoren xedea. Zer gerta daiteke helburua hori bada?< Horrek ezabatzen ditu ez-binarismoan dauden gainerako aukerak. Ez-binarismoa abaniko zabal bat da; profil bakar batera mugatzeak beste pertsonen existentzia ukatzen du eta pertsona horien kontrako indarkeria sustatzen du. Uste dut bide horretatik joatea ez dela ideia ona. Genero estereotipoak apurtzen laguntzen du? Pertsona ez-binario bat izateak berez eragiten du estereotipoak apurtzea, esan dizutelako beltza edo zuria aukeratu behar duzula, eta ezetz esatea ideia hori haustea delako. Hala ere, egia da, nahiz eta ez-binarioa izan, izan ditzakezula ikaragarrizko jarrera matxistak edo bestelako oso jarrera txarrak egunerokoan. Etiketa genero disidente bat izateak ez ditu jarrera batzuk desagerrarazten. Azkenean, norberaren deseraikitze prozesuari lotuta dago. Zeintzuk dira ez-binarioen kontrako fobiaren ezaugarriak? Lotura handia du bifobiarekin; azkenean, antzeko kirtenkeriak entzuten ditugu, etengabe esaten digutelako alde bat aukeratzeko. Jendeak espero du alde bat aukeratzea, baina mundu guztiak ezin du bat aukeratu, dena ez delako beltza edo zuria, gris pila bat daude. Jendeak esaten du dena konplikatzen ari garela, baina binarismora mugatzea existentzia konplikatzea da. Horrez gain, transfobiari lotuta dago: ez-binarismoa gorrotatzen duen jendeak transen eta disidente sexualen kontrako gorrotoa dauka. Ez-binarioa izatea berria dela esateko joera dago? Bai, hala esaten dute, baina pertsona ez-binarioak betidanik existitu dira. Ezin da errealitatea ukatu. Ez dugu inoren existentzia ezabatu nahi. Gu ezabatzen saiatu dira, baina hemen jarraitzen dugu, eta hemen jarraituko dugu. Libre eta lasai bizi nahi dugu. Nola ikusarazi hori? Ezagutzera emanez; adibidez, jendeak gazteleraz izenordainak nahasten dituenean, askok ez dugu jendea zuzentzen, azalpenik eman behar ez izateko. Edo familian armairutik mutil trans gisa ateratzen gara, ez dutelako ulertuko. Ez gara armairutik ateratzen etxerik gabe, familiarik gabe edo lanik gabe geratzeko beldur garelako. Beldur hori galtzen dugunean errazagoa da. Horretarako oinarrizko eskubideak behar ditugu. Etxetik hasita, denok kontuan hartzen gaituen trans legea lortzen badugu, aurrerapauso bat izanen da. Nortzuk geratzen ari dira Espainiako Gobernua lantzen ari den trans legetik kanpo? Lege horretatik guztiz kanpo gaude pertsona ez-binarioak, eta, beti bezala, pertsona trans migranteak. Adibidez, nortasun agirian sexua aldatzeko hilabete pila bat egon behar da hormonatzen, edo izena aldatzeko milaka prozesu burokratiko egin behar dira. Zergatik? Oinarrizko eskubideak izatea nahitaezkoa da. ]]> <![CDATA[Ziurgabetasunaren bidaia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/027/001/2022-08-19/ziurgabetasunaren_bidaia.htm Fri, 19 Aug 2022 00:00:00 +0200 Olaia L. Garaialde https://www.berria.eus/paperekoa/1876/027/001/2022-08-19/ziurgabetasunaren_bidaia.htm
Museo bat izateaz gain, hilerri eta labirinto bat da. Nayara Tanit Ibañez museoko arduradunak bertan murgiltzeko bisita gidatuak egiten ditu. Arduradunaren arabera, hiru ezaugarri horiek dituen museo «bakarra» da. Hogeita sei hilarrik osatzen dute museoa. Labirintoko zirrikituak esploratzera animatzen du jendea Ibañezek: «Labirintoa leku ilun bat da, ziurgabetasunez jositako lekua, ez dakigulako nora eramango gaituen; gizakiak jaio aurretiko iluntasuna islatzen du».

Museoa elizaren ondoan dago; XV. mendean eliza sortu zutenean hasi ziren ondoan hilerria eraikitzen. Hortaz, garai horretakoak dira lehenengo hilarriak. Gaur egun, legeak hala araututa, herritik kanpo dago hilerria.

Labirintoan galdu baino lehen zenbait zalantza argitzen ditu Ibañezek. Nolakoak dira hilarriak? Goiko aldean disko forma daukate, eta oinarria obalo formakoa da. Soilik burua ikusten da, gainerakoa lurpean baitago. Zergatik daukate forma hori? Bi teoria daude: «Aukeratu dezakezu gehien gustuko duzuna». Alde batetik, esaten dute zirkuluak babesa irudikatzen duela, amuleto moduko bat dela. Bestetik, giza itxurari erreferentzia egiten diotela esaten dute; hau da, burua eta gorputza irudikatzen dituela. «Bigarren teoria da zabalduena, baina horrek ez du esan nahi egia denik», esan du Ibañezek.

Hasierara berriz

Hilarri gehienek zenbaki bat daukate jakiteko zein den, baina desordenatuta daude labirintoan galtzeko. Lau zenbakia daukan hilarrian hasten da bidea; bi aukera daude: ezkerretik edo eskuinetik joatea. Eskuinera joan, eta hiru hilarri daude parez pare. Dantzari bat, gurutze bat, lore bat... Ez dago argi zer daukaten zizelkaturik. Urteen joanaz, horietako batzuk ezabatuz joan dira.

Kiribilez josita dago museoa. Horietako batean sartu eta irtenbiderik ez dagoenez, atzera egitea tokatzen da. Kiribil bakoitzaren erdian hilarri bat dago. Zenbait kiribil pasatu, eta konturatu gabe labirintoaren hasiera da berriz. Hortik gertu zerbait idatzirik daukan hilarri bat dago. 1900. urtekoa da, eta esaldi bat daukan bakarra da. Hizki larriz idatzirik esaldiak zera esaten du: Remondegi etxeko hilobia.

Herriko etxe bakoitzak izen bat dauka, eta horren arabera bereizten dituzte familiak. «Abaurregainean ez dugu galdetzen nor zaren; galdetzen dugu zein etxetakoa zaren», azaldu du. Hilarriek etxe bakoitzak hilerrian zeukan lekua adierazten dute. «Etxea familiako beste kide bat da; kiderik garrantzitsuena, belaunaldi guztiak batzen dituelako», azpimarratu du gidariak.

Aurrera jarraituz gero, kiribil eta hilarri gehiago daude, horien artean hiruk etxearen ogibideari erreferentzia egiten diote. Etxe bakoitzeko lan tresnak dituzte zizelkaturik. «Ibilbidean hiru daude; ea topatzen dituzun, eta notarako, ea asmatzen dituzun lanbideak».

Bi edo hiru kiribil pasatu ostean, eta irtenbiderik gabeko bi hilarri topatu ostean, forma karratua daukan hilarri bat dago; osotara bi daude labirintoan. Prezio apaleko hilarriak dira: «Familiek hilarri ona erosteko aurrezten zuten bitartean, horiek erabiltzen zituzten lekua markatzeko».

Horrez gain, aberatsek ere beste bide batzuk topatzen zituzten gainerakoengandik desberdintzeko. Nolakoak ziren aberatsen hilarriak? Zergatik zeukaten forma hori? Borobil formako koskak zituzten ertzetan. Harginentzat zailena zirkulu forma ematea zenez, ertzetan koskak egiteak lana zailtzen zuen. «Horrek prezioa bikoiztu edo hirukoizten zuen», kontatu du Ibañezek. Horietako bat ikusi, eta, konturatu orduko, sarrera da berriz. Ateratzeko, labirintoa zeharkatu behar da.

Zahartzarora bidean

Izar pentagonala daukan hilarritik pasatu, eta segituan sei puntako izarra daukan hilarria dago, amaieran, makilak eta ilargiak dituena. Atzera itzuli, eta konturatu gabe leku berean amaitzeko arriskua dago. Behin eta berriz bueltaka ibili ostean, gerizperik ez dagoen lekuan haurtzaroaren lorategia dago. «Zabalagoa da, eta egindako bidea ikusten dugu. Aukera bakarra dago: aurrera jarraitzea», esan du Ibañezek.

Aurrera eginez gero, pasabide bat dago: gaztaroa irudikatzen du. Nerabezaroa irudikatzen duten karakola formako eskailera malkartsu batzuetatik igo, eta pasabide batera iristen da bidea. Bertatik labirintoko zirrikitu bakoitza ikusten da. «Heldutasunari erreferentzia egiten dio, eta bidaiaren ikuspegi orokorra ematen digu», esan du Ibañezek. Poliki-poliki malda jaistean amaitzen da bidaia: «Zahartzarotik beste modu batean ikusten dira gauzak».]]>
<![CDATA[Perfekzio plastifikatua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1917/030/001/2022-08-12/perfekzio_plastifikatua.htm Fri, 12 Aug 2022 00:00:00 +0200 Olaia L. Garaialde https://www.berria.eus/paperekoa/1917/030/001/2022-08-12/perfekzio_plastifikatua.htm
«Adi seinaleetara, ez ukitu makinarik baimenik gabe, debekatuta dago jatea edo edatea, kendu bitxiak...», debeku eta agindu zerrenda luze bati kasu egin behar zaio Floretteren lursailetan sartzeko. Horren zergatia azaldu du Maria Oños enpresako lehengaien kalitatearen arduradunak: «Elikagaien kalitatea ziurtatzeko bete beharreko neurriak dira».

Neurriak azaltzeaz gain, produzitzeko planez mintzatu da. Ereiten hasi baino lehen, lurraren kudeaketaren inguruko plana egiten dute; bertan aztertzen dituzte lurraren mantenugaiak, ongarritzeko plana, eta lekuaren beharren arabera modu batean edo bestean lantzen dute lurra. «Oso garrantzitsua da lurraren kudeaketa ondo egitea erabilera ona egiteko; hau da, egin beharrekoa ahalik eta energia gutxien kontsumituz egitea», azaldu du.

Horrez gain, garrantzitsua da lurraren beharrak «ongi» aztertzea ongarritze «justua» izateko: «Modu horretan, laboreak bere sortze erritmo naturalari jarraitzen dio, presarik gabe; azkarregi hazten bada, ahultzen eta zimeltzen dira». Azaldu duenez, horrek energia gutxiago kontsumitzen du: «Labore jasangarria egitea da xedea».

Lurrak daukan hezetasuna ere aztertzen dute, beharren arabera kudeatzen baitute ura. Babesturiko laboreetan, mikroihintzatze teknika erabiltzen dute, «eraginkorrena» delako. Aire zabalean, tantakako ureztatze teknika erabiltzen dute. «Euritik jasotako ur birziklatua daukaten iturriak ditugu», azpimarratu du.

Ahalik eta ur gutxien kontsumitzen saiatzen dira; horretarako, berotegi batzuetan manta termiko bat erabiltzen dute lurra homogeneizatzeko eta hezetasuna mantentzeko: «Askoz hobe hozitzen da, eta hazteko garaian ez da hainbeste ureztatu behar».

Lurra zaintzeko beste modu bat lurra solaritzatzea da; horretako, materia organikoa botatzen da, eta plastiko batekin estaltzen da dena. Udan egiten da, produktu kimikorik ez erabiltzeko. «Tenperatura igotzen denez, belar txarren haziak eta onddoak hiltzen ditu», azaldu du Oñosek.

Goizean goiz

Garaiaren arabera, leku batean edo bestean ereiten dute. «Xedea da produkzio zentroetatik ahalik eta gertuen egotea, energia gutxiago kontsumitzeko». Euskal Herrian produkzio zentro bakarra dute; Milagron (Nafarroa). Laborea lantzeko hiru lursail dituzte, aire zabalean zein berotegietan daukate laborea, baina udan ez dute aire zabalean ekoizten. Aire zabalean sortutako laborea udaberrian ereiten dute.

Iceberg letxuga, Batavia, erromatarra, eskarola eta espinaka helduak landatzen dituzte, besteak beste, aire zabalean. Eskuz ereiten eta jasotzen dira. Berotegietan, ordea, errukula, berroak, kanonigoak eta letxuga ernamuin gorriak ereiten dituzte makina batzuen bidez. Uzta biltzeko makinarekin jasotzen dituzte: «Lurrak homogeneoa egon behar du marraza batekin mozteko, eta ez izateko ez handiegia, ez txikiegia».

Uzta jasotzeko ordurik «onena» aukeratu behar dela esan du Oñosek; horregatik, udan gauean biltzen dute uzta: «Gerta daiteke ordurik onena goizeko hiruretan izatea, fresko dagoelako; beroa egiten badu, produktua zimeltzen da, eta poltsetan ikusten da». Neguan, ordea, hezetasuna dagoenez, geroago biltzen da. Behin jasota, hozteko makina batzuetan sartzen dituzte; hortik, kamioi batean, produkzio zentrora eramateko. «Mozten denetik platerera iritsi arte hotz egon behar du; bestela, eboluzionatu egiten da», nabarmendu du Julen Sarasolak, Milagroko ekoizpen zentroko poltsen kontroleko arduradunak.

Hortaz, produkzio zentroan lan egiteko arropa berezia behar da, hotzik ez pasatzeko; horrez gain, higiene neurri batzuk hartu behar dira: eskuak eta zapatak behin eta berriz garbitu behar dira, eta txano bat eraman. Horrez gain, ezin dira bitxiak eraman, ezin da janaririk ez edaririk sartu, eta debekatuta dago erretzea eta jatea. Gainera, zenbait gaixotasunen sintomak izan dituztenak ez dira sartu. Horren zergatia azaldu du Sarasolak: «Produktua gordinik jaten denez, ahalik eta neurri gehien hartu behar dira».

Uzta fabrikara iristen denean, lehenengo urratsa aukeraketa da. Uzta lantzeko zenbait ekoizpen lerro dituzte, eta horiek moduluetan banatzen dute uzta. «Nahi ez duguna kentzean datza; modu horretan, onena aukeratzen dugu». Aukeratutakoa txikitzen da, eta garbigailu batean sartzen dute, bi gradutan. Hortik, gela zurira doa aukeratutakoa. Bertan, zentrifugagailu handi batean sartzen dituzte letxuga helduak.

Ekoizpen lerroari jarraituz, makina batek «akatsak» dituen zatiak kentzen ditu: «Kamera baten bidez detektatzen du marroiagoa den, urratuta dagoen edo letxuga ez den zerbait dagoen, eta hori baztertzen». Gero, zenbait letxuga nahasten dituzte. Denek pisu iguala izan behar dute, «homogeneoak» izateko. Hortik, poltsetara doaz entsaladak, eta kartoizko kutxetan sartzen dituzte kamioietan sartzeko.

Uzta jasotzen dutenetik saltokietara iritsi arte, hogeita lau ordu baino gutxiago igaro behar dira. «Aurreikuspenen arabera egiten dugu lan. Produktua 06:00 aldera iristen denez, ez dakigu zer eskari izanen dugun». Hortaz, espero duten eskaria baino pixka bat gehiago produzitzen dute, eta aurreko eguneko stockarekin jolasten dute: «Hamar egun irauten dute, gutxi gorabehera; hortaz, 12:00etarako saltokietara bidean egon behar dute». Lan erritmoa eta funtzionamendua «tentsio handikoa» dela azpimarratu du: «Ez gara inoiz aspertzen».

Sarasolak esan du fabrikatik saltokirako bidean ere hotz mantendu behar direla entsaladak: «Berotzen badira, zimeldu egiten dira». Hotz mantentzearen garrantziaz ere mintzatu da Garikoitz Plazaola Eguzki talde ekologistako kidea: «Hotz katea apurtzeak osasun arazoak eragin ditzake; plastikozko bildukietan doazen jakietan arriskua handitzen da; adibidez, salmonella eta Escherichia coli kasuak atera dira». Gordinik jaten denez, arriskua «handiagoa» dela esan du.

Ingurumenaren kalterako

Plastikoaren erabilerak ingurumenean duen eraginaz ohartarazi du Plazaolak:«Nahiz eta eduki birziklagarriak izan, bildukirik ez erabiltzearen eta bildukiak erabiltzearen artean alde handia dago». Gaineratu duenez, plastikoak, orokorrean, petrolioa du jatorrian: «Erregai fosilen kalteen antzekoak dira; gainera, plastikoa sortzeko egiten diren eraldaketek gai kutsagarri berriak sor ditzakete». Hondakin horietatik «ehuneko handi bat» erraustegietara doala salatu du: «Gai kimikoen sorburu nagusia plastikoa da».

Hortaz, zenbait gomendio eman ditu: «Poltsetan sartutako produktuak erabiltzea askoz errazagoa da denbora gutxiago eskatzen dutelako, baina komeni da, ahal den neurrian, ahalik eta produktu fresko gehien kontsumitzea, gai kutsagarri gutxiago eragiten dituztelako, eta, ondorioz, kalte txikiagoa egin ingurumenari. Gainera, freskoak direnez, zero kilometrokoak edo gertukoagokoak izateko aukera gehiago dago».

Bihar: Entsaladak (eta V). Entsaladetako osagai 'bereziak'.]]>
<![CDATA[Historiaren puzzlea fintzen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/028/001/2022-08-04/historiaren_puzzlea_fintzen.htm Thu, 04 Aug 2022 00:00:00 +0200 Olaia L. Garaialde https://www.berria.eus/paperekoa/1876/028/001/2022-08-04/historiaren_puzzlea_fintzen.htm Aurkituko gaituzuenoi ikuskizunaren testuaren zati bat da. Jon Maiak zuzendutako ikuskizuna larunbatean taularatuko dute Amaiurren (Nafarroan), 21:30ean. Amaiurko gazteluaren suntsipenaren bosgarren mendeurrenaren harira eginen dute obra.

Lehenengo aldiz elkarrekin entseatzeko bildu ziren asteartean, Villabonan (Gipuzkoa), Anabel Arraiza, Et Incarnatus orkestra, Oinkari dantza taldea eta Jon Maia, besteak beste. Orain arte, beren kabuz entseatu du talde bakoitzak. Bihar lehenengo entsegu orokorra eginen dute, denen artean ikuskizuna bateratzeko. Etzi goizean beste bat eginen dute. «Nahiko puzzle konplexua da; urduritasun handia eragiten du. Paperean eta buruan gauza bat da, baina gero hori exekutatzean, erritmoa ematean eta baldintza teknikoetan kale ez egitean dago misterioa», esan du Maiak.

Dantzariak zoruan eserita daude; oinutsik, luzatzen. Orkestraren melodia fondoan, biolinak nabarmentzen dira. «Adi! laster aterako zarete». Orkestratik gertu sakelako telefono asko daude dena grabatzen. Denak ez daudenez, hitz egindakoa besteek entzuteko grabatzen dute. «Grabatu duzu?». «Ez da grabatu, jarriko dut berriz». Dantzarien txanda da. «Tira, prest?». Azkenean berriz jo du orkestrak: «Berriz joko dugu Amaiur».

Piezak ahokatzen

Dantzarien unea iritsi da. Saltoka berotzen hasi dira. «Dantza modernoa edo garaikidea gure indargunearekin —euskal dantzak— nahasi dugu, aniztasuna eskaintzeko publikoari», azaldu du Amaia Aizpurua Oinkari dantza taldeko kideak. Dantzarien jauziengatik zorua dardarka dago. «Astiroago jo dezakezue parte hori?». Etengabe frogatuz musika eta dantza koadratzen ari dira. «Isilune hori oso luzea da». Berriz saiatu dira. «Egingo dugu trantsizio hori laburragoa? Saiatuko gara?», eta berriz dantzan.

«Mantsoago joaten direnean zuek bizkorrago zoazte, eta alderantziz». Berriz hasi dira dantzan. Burua eta begirada tente dituzte dantzariek, irribarreek ihes egiten diete nahasten direnean. «Bi ilara egiteko!». «Egia». Barreak eta urduritasuna sumatzen dira Villabonako eskolan. Dantzari bat falta denez, hutsune bat dago haien artean. «Ba, deskantsua».

Et Incarnatus orkestrako musikariak haizea hartzera atera dira, bero handia egiten duelako eskolan. Dantzariek lanean jarraitzen dute, behin eta berriz urratsak errepikatzen. Pertsona bakarra geratzen da dantzan, etengabe atzeraka birak ematen ari da: «Azkenean». Ateratzen ez zitzaion urratsa lortu du. Errepikatu du. «Orain bai», esan du irribarretsu.

Historiari erreferentzia egiten diote kantuek, xedea zein den azaldu du Maiak: «Iragana erabiliz etorkizunari begira jarri nahi dugu. Orain ere zer garen hausnartzeko aukera eman. Kontzientzia izatea, orain egiten dugunaren arabera izango gara gero». Horretarako, zenbait galdera egin ditu: «Zer hausnarketa egingo dituzte guri buruz 500 urteko arkeologoek? Harro egongo dira orduko euskaldunak gutaz? Nola gogoratuko gaituzte? Zein mundu eta zein Euskal Herri izanen da?».

Auzolanean eginda

Ikuskizuneko narratzailea da Arraiza; bere txanda da. «Oso gustura» hartu du lana: «Dena kontatu zidatenean erronka handi bat iruditu zitzaidan, eta argi ikusi nuen hemen egon nahi nuela». Zenbait zailtasun aipatu ditu: «Testu asko dago eta ez da ohiko aurkezpen bat, antzeztua delako». Publikoari begira egon beharko luke, baina orkestrari begira entseatzen ari da, orkestrak testua entzuteko. «Zein kanta doa testu honekin?», entzuten da. Oraindik ikuskizunaren pieza guztiak lotu gabe dituzte. «Ondo aukeratu behar da musika hau non sartu nortasun handia duelako», esan du Maiak.

Auzolanean egindako lana dela nabarmendu du: «Gehienak artistak dira, baina antolatzaileetan ez dago produktorerik; Amaiurko Udala dago; 260 biztanle dituen herri bat». Auzolanean oholtzako lurra prestatu zuten astelehenean.]]>
<![CDATA[Herri txiki, eragin handi]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1921/030/001/2022-08-03/herri_txiki_eragin_handi.htm Wed, 03 Aug 2022 00:00:00 +0200 Olaia L. Garaialde https://www.berria.eus/paperekoa/1921/030/001/2022-08-03/herri_txiki_eragin_handi.htm
Parte hartu ahal izateko, bi bide daude: NUPeko edozein gradu, master edo postgradutako ikaslea izatea eta kredituen %50 gainditua izatea edo edozein unibertsitatetako titulua izatea. Lau hilabeteko praktikak dira. Erakundeek 250 langile baino gutxiago izan behar dituzte, publikoak zein pribatuak izan daitezke, eta despopulazioa pairatzen duten herrietan egon behar dute. Batzuetan, bertan lanean geratzeko aukera dago. Programa 30 urtetik beherako gazteentzat da.

Hiru helburu nagusi ditu egitasmoak: tokian tokiko garapena sustatzea, gazteak landa eremuan errotzea eta landa eremuaren inguruko kontzientzia piztea. Bertan, gazteek despopulazioari aurre egiteko proiektu bat garatu behar dute; horrez gain, praktiketako lekua eta inguruko herriak ezagutzeko aukera izaten dute.

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren datuen arabera, lau udalerritik bat despopulazio arrisku larrian dago; hau da, Nafarroako 272 udalerrietatik 76. Batez ere eragiten die Pirinioei, Zangozari, Nafarroako erdialdeari eta Larrauni. Despopulazio maila guztiak kontuan hartuta, 272 udalerrietatik 174 despopulazio egoeran daude. Horren adibide dira Nafarroako Mendaza, Gesalatz eta Oskotz herriak. Bertan praktiketan daude, hurrenez hurren, Ane Escala Iparragirre, Maider Rezusta Ruiz eta Asier Nuñez Lezea. Hiru hilabete daramatzate praktiketan.

Birsortzen

Nafarroako Gobernuak finantzatzen ditu praktikak; 120.000 euro jarri ditu horretarako. Erakundeak eta proiektuak aukeratzeaz eta jarraipenaz arduratzen da NUP Fundazioa. Ikasle bakoitzak 3.636,70 euro jasotzen ditu praktikak egiteagatik.

Gazteek nabarmendu dute herri horietan baliabide gutxi daudela, eta, horri esker, baliabide gutxi izan arren zenbait proiektu aurrera eraman daitezkeela. «Oso baliabide gutxi dituzte, eta Nafarroako Gobernuaren laguntzak proiektua aurrera eramaten laguntzen du. Alkatea [Javier Senosiain] adibidez, egun bakarra kontratatuta dago; asko borrokatu behar dute gauzak lortzeko», nabarmendu du Escalak. Ideia horrekin bat egin du Rezustak; Gesalatzeko Udalean praktikak egiten ditu:«Udalean daudenek gauza asko egin nahi dituzte, baina hemendik kanpo beste bizitza bat daukate. Euren lana eta bizitza ez denez udalera mugatzen, oso zaila da; egitasmoari esker, proiektu gehiago garatu ditzakete».

Ane Escala
«Ematen du kanpotik zatozela hiru hilabete eta bazoazela»

Soziologia aplikatuko azken urtean dago Ane Escala Iparragirre (Iruñea, 1995), eta Mendazako Udalean (Nafarroa) praktikak egiten ari da: «Hirikoa izanda, landa eremua gehiago ezagutzeko aukera bat zela pentsatu nuen; gainera, praktikak egitea oso gomendagarria da». Mendazako turismoaren dinamizaziorako proiektu bat egiten ari da: «Arantxa Urtadok, beste ikasle batek, ezarri zituen oinarriak, eta ni horren jarraipena egiten ari naiz». Bi helburu nagusi ditu proiektuak: herriko ondareari garrantzia ematea eta ekonomia dibertsifikatzea. «Bertako bizilagunen inplikazioa sustatu nahi dugu, ondarea zaintzeko eta kontzientzia kolektiboa sortzeko. Horrez gain, inguruan egiten den lana ezagutarazi nahi dugu». Horretarako, herriko ondarea txosten batzuetan jaso eta ezagutarazteko jarduerak egiten ari dira.

Kontent dago praktikekin, baina ez dator bat praktiken izenarekin: «Ez dut izenburua aproposa ikusten». Gaztearen ustez, Erasmus hitza erabiltzeak ez du ondo islatzen proiektuaren muina: «Ematen du kanpotik zatozela hiru hilabete eta bazoazela; ez zait ondo iruditzen gauzak horrela planteatzea». Zer islatu beharko lukeen azaldu du: «Azpimarratu beharko lukete polita dela, lotura sortu behar duzula lekuarekin, eta jendea ezagutu; dena modu horizontalean». Xedea da modu jasangarrian jendea erakartzea, despopulazioa pairatzen duten herrietan eragina izatea eta mugimendua eta saretzea sortzea.

Gazteleraz ikasten du, ez dagoelako euskarazko aukerarik; praktikak ere gazteleraz dira: «Esaten zuten gomendagarria zela euskaraz jakitea, baina, ez dakitenez, nik ez dut erabili; pena da».

Maider Rezusta
«Denon artean joanen gara ideiak proposatzen eta gauzak sortzen»

Zurezko txabola bateko pareten artean egoten da Maider Rezusta Ruiz (Arraiza, Nafarroa, 2000); beti bezeroak artatzeko prest. Nekazaritza eta Landa Inguruneko Ingeniaritzako Gradua ikasten ari da, eta Allotzeko urtegian (Nafarroa) egiten ari da praktikak: «Etorkizunean irakaslea izan nahi dudanez, oso aukera ona d,a haurrekin ekintzak antolatzen ditudalako eta ingurumena zaintzen dudalako». Informazio turistikoa banatzen du txabolan; horrez gain, informazio bila doazenekin ingurumenaz hitz egiteko aukera du: «Jende asko dagoenean, paseo bat ematen dut, jendearekin hitz egiteko; zakar poltsak ematen dizkiet zaborra ez botatzeko». Horrez gain, haurrekin birziklatzeko ekintzak antolatzen ditu.

Helburua da Allotzeko urtegia bere kabuz garbi mantentzea: «Jende askok zaborra botata uzten du. Guk nahiko genuke jendeak mendia bezala zaintzea; alegia, sortzen duten zaborra etxera eramatea». Horregatik, behar dutenei zabor poltsak eta hautsontziak ematen dizkiete.

Jende askok utzikeriaz jokatzen duela nabarmendu du: «Azaltzen diet, baina ez dute kasurik egiten; hala ere, gutxi batzuengan eragina badut, kontent egonen naiz». Egindako lanarekin «oso pozik» dago. Azpimarratu du «oso garrantzitsua» dela proiektuari jarraipena ematea: «Ez dakit nor izanen den hurrengoa, baina denon artean joanen gara ideia proposatzen eta gauzak sortzen».

Egiten ari den praktikak herriarentzat «onuragarriak» direla iruditzen zaio; udalak baliabide «gutxi» dituelako: «Jendea egun-pasa etortzen da, baina hau herri bat da, eta hemengoentzat herria mantentzeko eta proiektuak garatzeko aukera bat da».

Asier Nuñez
«Praktikak amaitzean lan egiteko aukera eskaini didate»

Ekonomiako laugarren maila amaitu du Asier Nuñez Lezeak (Iruñea, 2000), eta Gradu Amaierako Lana geratzen zaio ikasketak amaitzeko. Praktikak egiten ari da Planet Energy enpresan, Oskotzen (Nafarroa). «Despopulazioaren inguruan egiten ari ginen lanari esker ezagutu nituen praktikak». Gertutasunagatik aukeratu zuen Planet Energy; Nuñezen ustez, «oso zaila» da azaltzea zer egiten duten: «Ideia oso erraza da: buelta eman nahi diogu klima aldaketaren arazoari, baina hori nola egin nahi dugun azaltzea ez da batere erraza». Horrek motibatzen du, bereziki. Funtzio asko ditu enpresan: webgunearen testuak idatzi, ikastaroetako atalak diseinatu, enpresaren kostuak begiratu eta ikertu. Gainera, Savory Institute enpresa sortzen laguntzen ari da: «Funtzioetako bat da nekazariei baliabideak ematea kostuak gutxitzeko eta lana errazteko».

Lana «oso gustuko» du, eta hasieran zituen espektatibak gainditu dituela dio: «Oso berria izan da dena: denek bide bera hartu nahi dute lurra lehengoratzeko eta desertifikazioari aurre egiteko; oso erraza da beraiekin lan egitea». Lantaldean gustura dago, baina Altsasutik (Nafarroa) telelana egiten duenez, Zoom bidez eta ikastaro batzuetan ezagutu du jendea: «Bi astean behin, bilera telematiko bat egiten dugu, eta, bi edo hiru hilean behin, harreman estrategikorako bileran elkartzen gara; lehena Bartzelonan, hurrengoa Huescan [Espainia]».

Praktiken kontratuak lan merkatuan sartzeko hauspoa dira gazte batzuentzat; batzuei ziurgabetasuna eragiten die enpresan geratzeko aukerarik ote duten ez jakiteak. Nuñezi hilabete geratzen zaio praktikak amaitzeko: «Praktikak amaitzean lan egiteko aukera eskaini didate».]]>
<![CDATA[Maia, positibo: «Sanfermin alaiak, giro onekoak eta ikaragarriak izan dira»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1990/013/001/2022-07-16/maia_positibo_sanfermin_alaiak_giro_onekoak_eta_ikaragarriak_izan_dira.htm Sat, 16 Jul 2022 00:00:00 +0200 Olaia L. Garaialde https://www.berria.eus/paperekoa/1990/013/001/2022-07-16/maia_positibo_sanfermin_alaiak_giro_onekoak_eta_ikaragarriak_izan_dira.htm
Gazteluko plazari eman dioten forma berriarekin asmatu dutela uste du: «Berritzailea izan da; gazteek oso ondo erantzun diote». Gazteluko plazak 30.000 lagun bildu ditu. «Oztopo bakarra» bertan pilatu den zikinkeria izan dela azaldu zuen.

Curia kaleko istiluez ere mintzatu zen: «Eraso faxista bat izan zen; nabari zen giroan». Gainera, galdera bat egin zuen: «Nork sortu du giro hau, eta zertarako? Kausa-efektu eragin garbia dago». Ahotsa.info-k gertakariaren inguruko bideo bat zabaldu zuen; bertan, ikusten da polizia izan zela lehena kolpea ematen. «Komunikabide hori giroa berotzen ibili diren horietako bat izan da», esan zuen Maiak. Horrez gain, ezker abertzaleari leporatu dio gertatutakoa.

Udalaren datuen arabera, 2019an baino eraso sexista gehiago salatu dituzte sanferminetan: hain zuzen ere, hamazazpi; horietatik hamasei, ukituengatik, eta bat, bortxaketagatik. Atzoko agerraldiaren amaieran, minutu gutxi batzuk hartu zituen eraso sexistei buruz mintzatzeko. Poliziaren funtzionamendu «ona» eta «efikazia» txalotu zituen: «Erasoek nahigabetu egiten gaituzte, baina aipatu nahi dut horietatik hamahiru identifikatu eta atxilotu zituztela». Guztira, 2.600 poliziatik gora izan dira hirian.

Maiaren «inposizioa»

Joseba Asiron EH Bilduko bozeramaileak gizartearen eta eragile sozialen jarrera txalotu du: «Maiaren inposizioen gainetik, sanferminen espiritua berreskuratu du gizarteak. Eragile sozialek aurre egin diete alkatearen mugei eta bazterkeriari. Horrez gain, gizarteak eraso sexistei emandako erantzuna eredugarria izan da». Gaineratu du Maiak ez duela kontsentsurako eta eztabaidarako gaitasunik: «Horren adibidea da Gazteluko plazan sortu duten simaurtegia».

Azkenik, Curia kaleko istiluen harira, aipatu du «eraso oro baztertu» behar dela eta «justifikaziorik gabekoak» direla. Horrez gain, salatu du gertatutakoa politizatzen saiatu dela Maia.

Geroa Bai-k ere sanferminen balorazio «positiboa» egin du; hala ere, Navarra Sumaren jarrera salatu du: «Espazioak antolatzeko ez dira saiatu adostasun bat lortzen eragileekin». Gaineratu du Navarra Sumak pluraltasuna baztertu duela: «Herri Sanferminak eta peñak bezalako eragile sozialak zentsuratu dituzte».

2019ko sanferminetan baino zabor gehiago jaso dute aurten. Geroa Bai-k salatu du Maiak horretan eragin duela, «bere kabuz» erabaki baitu Gazteluko plazan hamar barra jartzea: «Erabaki txarra izan da, eta zabortegi bilakatu du hiriko egongela».

PSNk ere Curian gertatutakoa salatu du:«Faxista batzuek egin dituzte erasook; ezin dute jaia distortsionatu eta politizatu». Indarkeria sexuala desagerrarazi beharra azpimarratu dute. Azkenik, Gazteluko plazako barrak kritikatu dituzte: «Navarra Sumak jarri dituen barrek ez dute konpondu kale zurrutaren arazoa: areagotu egin du». Garbiketa lanetan aritu direnen lana txalotu dute alderdi guztiek.

'Allegro ma non troppo'

Iruñeko Peñen Federazioak, oro har, balorazio «positiboa» egin du, baina aldatu beharreko zenbait gauza aipatu ditu: «Udalak antolatutako programak ez du irudikatzen hirian dagoen aniztasun kulturala. Uste dugu datorren urteari begira denontzako programa lor dezakegula elkarlanean». Gaineratu du Maiaren traben gainetik programa «oparoa» atera dutela aurrera.

Horrez gain, Gazteluko plazako barrak kritikatu ditu: «Kaleko zurruterako leku eta zabortegi bihurtu dute». Sanferminetako mahaiaren garrantzia azpimarratu du: «Parte hartzaileak izatea nahi dugu, ez orain arte bezala».]]>
<![CDATA[Enrique Maia, positibo]]> https://www.berria.eus/albisteak/216017/enrique_maia_positibo.htm Fri, 15 Jul 2022 16:46:29 +0200 Olaia L. Garaialde https://www.berria.eus/albisteak/216017/enrique_maia_positibo.htm