<![CDATA[Olatz Esteban Ezkati | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 27 Mar 2023 06:26:12 +0200 hourly 1 <![CDATA[Olatz Esteban Ezkati | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Bonden itzulera berantiarra]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/042/001/2021-09-25/bonden_itzulera_berantiarra.htm Sat, 25 Sep 2021 00:00:00 +0200 Olatz Esteban Ezkati https://www.berria.eus/paperekoa/1890/042/001/2021-09-25/bonden_itzulera_berantiarra.htm No Time to Die filmean. Uste baino beranduago, baina heldu da ziurrenik urteko estreinaldirik esperotakoena izango dena: 25. misioa, eta orain arteko luzeena.

Zerbitzua utzi zuenetik, bizimodu lasai eta atseginaz gozatzen ari da Bond, Jamaikan. Atsedena labur geratuko zaio, ordea, Felix Leiter CIAko kide eta lagunaren bisita jasotzen duenean. Bahituta daukaten zientzialari bat erreskatatu beharko du oraingoan, baina plana uste baino konplexuagoa izango da. Izan ere, gaizkile misteriotsu bat izango du aurrez aurre; Safin, zeina teknologia berri eta arriskutsuen jabea den.

Alabaina, espioi ospetsua ez da bakarrik arituko. Alboan izango ditu aspaldiko bidelagunak: M, Moneypenny eta Q. Baita kide berriak ere: Nomi agentea eta Paloma CIAko kidea. Madeleine Swan doktorea ere bueltan izango da, eta aurreko misioan lagun izandakoak buruhausteak ekarriko dizkio Bondi: gordetzen dituen sekretu ilunek arriskuan jarriko dute.

Sei urteren ondotik heldu da sagaren atal berria. Behar zuena baino beranduago, baina ohiko osagaiekin: akzioa, tentsioa, ezkutuko misioak, tiro hotsak, auto ikusgarriak eta glamourra. Pandemia aurreko udaberrirako iragarrita zegoen filma, baina zinema aretoak itxi zirenez eta estreinaldi handirik ezin zenez egin, atzeratu egin zuten itzulera; hilabete batzuk hasieran, urte eta erdi azkenerako.

Estreinaldia bezain gorabeheratsua izan du prozesua ere. Danny Boyle zuzendariaren ezusteko ezezkoaren ostean, Cary Joji Fukunagak hartu zuen zuzendaritza. Neal Purvis eta Robert Wade izan dira gidoilariak, azken sei filmetako berberak. Filmeko abesti nagusia Billie Eillish abeslari ospetsuaren lana izan da.

Azken misioa Craigentzat

Zinemako pertsonaiarik ezagunenetakoa eta identifikagarrienetakoa da James Bond; eta oraindik ikusmina sortzen du agentearen rola nork jokatuko duen jakiteak. Daniel Craigek antzeztu du azken lanean, aurreko lau filmetan egin zuen moduan. Azkeneko aldia du, ordea. Azken hamabost urteetako espioiak erantzi du traje beltza.

1962an lehen filma estreinatu zutenetik (Dr.No), agentearena egin duen seigarren aktorea izan da Craig. Sean Conneryk antzeztu zuen aurrenekoz, eta bost aldiz jokatu zuen haren rola 60ko hamarkadan. 1971n, espioi lanetara itzuli zen, azkenekoz, tartean izandako George Lazenbyren ondotik. Hurrengo hamarkadan, Roger Moorek hartu zion lekukoa, eta hura izan da orain arte pantaila aurrean gehien ikusi dena: zazpi film egin zituen.

Timothy Dalton aritu zen gero, bi filmetan, eta 90eko hamarkada Pierce Brosnanek itxi zuen. Lau aldiz Bond izandakoa Craigek ordeztu zuen, 2006an, gaur arte. Sagak zilarrezko ezteiak bete dituen honetan itxi du zikloa, eta atea ireki dio zazpigarren agente sekretuari.

'NO TIME TO DIE'
Zuzendaria. Cary Joji Fukunaga.
Aktoreak. Daniel Craig, Rami Malek, Ralph Fiennes, Naomie Harris, Ana de Armas, Ben Whishaw.
Herrialdea. Erresuma Batua.
Urtea. 2021.
Iraupena. 163 minutu.
Generoa. Akzioa.
Ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herriko zinemetan.]]>
<![CDATA[Emandakoa jasotzeko garaia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1928/046/001/2021-09-25/emandakoa_jasotzeko_garaia.htm Sat, 25 Sep 2021 00:00:00 +0200 Olatz Esteban Ezkati https://www.berria.eus/paperekoa/1928/046/001/2021-09-25/emandakoa_jasotzeko_garaia.htm
Sagar bakoitzak badu bere denbora, heltze puntura iristeko nork bere garaia. Goiztiarrenak hasiak dira hazlekutik askatzen eta zorua goxo hartzen. Temati batzuek oraindik ere eusten diote hostoen babesari. Berantiarragoek punturik onenera heltzeko azken egunak dituzte aurretik. Azkarrenek, berriz, hartua dute prentsarako bidea; zukutu, eta harik eta mami gehiena eman dute lehenengoek dagoeneko.

Txalaka da goiztiarrenetariko bat. Mota horretako sagarrak heldu dira dagoeneko beren puntura, eta hasiak dira biltzen Hernaniko Iparragirre sagardotegian. Aste honetan ekin diote bilketari. Sagar horrek badu berezitasun bat: biltzen hasi orduko astintzen dituzte sagarrondoak, fruitua askatu, eta ahalik eta azkarren jasotzeko, pasatu ez dadin. Gainerako motekin bestelakoa da prozesua: lehenik, lurrekoak bildu, zuhaitzekoek heltzen jarraitzen duten bitartean; eta, amaieran, zuhaitza jo, azken aleak biltzeko.

Udazkena lan sasoia da sagardotegietan: makinak berriro ere martxan jarri, eta lehengaiari zukua ateratzeko garaia. Dolarea eta txikitzeko makina hasiak dira haien lana egiten Iparragirren; gailuen hotsa eta sagar usaina nahasten dira lantegian. Sagar asko dago biltzeko, eta lanik ez zaie faltako datozen asteetan, urriaren erdialdera arte irauten baitu bilketak. Kopurua, baina, ez da denborarekiko proportzionala, sagarrak ez baitu itxaroten. «Asko dagoen urtean, epe berean bildu behar dugu. Ezin da bost astetan bildu, agian dagoeneko sagarra pasatuta dagoelako», azaldu du Arantza Eguzkiza Iparragirreko arduradunak.

Esku gehiago behar izan dituzte horretarako Hernaniko sagardotegian: etxeko ohiko langileez gain, lagun gehiago hartu behar izan dituzte. Izan ere, bilketa kizkiaz egiten dute, banan-banan. Kolpe bat bestearen atzetik, ia automatizaturik izango balute bezala, saskia bete arte. Batzuetan, makinaren laguntza ere baliatzen dute, baina bi baldintza behar dira horretarako: lurra oso bustia ez egotea eta berdinduta egotea. Eta gutxi dira halako lurretan hazten diren zuhaitzak.

Zaindu beharreko prozesua

Bete eta bete egin dira adarrak aurten, amore eman arte. Hautsi egin dira horietako asko, pisuaren eraginez. Beren kabuz apurtu ez direnak moztu ere egin behar izan dituzte, Eguzkizaren esanetan: «Ona da alea botatzen joatea edo erortzea, gainean geratzen direnak gehiago haz daitezen». Sagarrondoak badu-eta bere muga: «Zuhaitz batek kopuru mugatua dauka. Sagar urtea bada, ez du gehiago emango, gertatzen dena da alea askoz ere txikiagoa izango dela».

Aurten, badirudi kantitatea eta kalitatea bat datozela, fruitua osasuntsu baitator. Uda amaierako beroaldiek ere ez dute kolokan jarri. «Bero zakarra arriskutsua izaten da. Gure azalari eguzkiak kalte egiten dion moduan, sagarrari ere bai. Hostoak ez badu babesten, orbainak ateratzen zaizkio, eta hortik usteldu egiten da. Baina aurreko asteetako beroaldiek ez diote eragin», azaldu du Eguzkizak.

Alabaina, sagarra biltzea prozesuaren lehen urratsa baino ez da. Lehengaia onduta dagoenetik sagardoa botilan erosi ahal izan arte, hainbat fase igarotzen ditu. Bildu eta berehala garbitu egiten dute sagarra. Urarekin garbitu, eta ustelak baztertu behar dira. Garbitzaile ez ezik, garraiatzaile ere bada ura Iparragirren. Igerian mugitzen dira sagar garbiak txikitzeko makinara igoko dituen arrapalaraino. Sagarrak zatitu, eta dolarera igarotzen dira ondotik. Han, lau edo bost ordu ematen dituzte, eta hurrengo geltokia dekantazio upela izaten dute, 24 orduz. «Kondarrak behean gera daitezen», argitu du Eguzkizak. Horretan dabiltza egunotan sagardogileak.

Behin sagarra bilduta, ezinbestekoa da lehenbailehen garbitu eta dolarean sartzea. Denbora luzez uzten bada sagarra pilatuta, kaltetu egin daiteke, eta ondorioak izan sagardoan. «Ondo antolatu behar da biltzen dena dolaretik pasatzeko gaitasuna izateko», dio Eguzkizak.

Prozesuaren lehen zati horretatik ateratzen den zukua edo muztioa sagardo bilakatu beharra dago hurrena. Horretarako, irakin upeletan egon behar du: azukrea alkohol bihurtuko da hor. Aurtengo sagarrek iazkoek baino azukre kopuru txikiagoa dakarte, eta, beraz, graduazio baxuagoa izatea aurreikusten dute sagardogileek. Sagardo berria izateko bidean dagoen zuku hori upeletan mantentzen da, botiletan sartu arte. Tentu handiz zaindu beharreko prozesua da upelarena ere: «Asko zaindu behar dira tenperaturak, upela sagardoz beteta egotea, ez oxidatzea eta haizerik ez hartzea. Sagardoak zaintza handia behar du prozesu guztian».

Landaketatik hasten da

Sagarrak bildu, etortzen diren moduan zukua atera, eta likidoa upeletan sartzen da. Mota guztiak batera, bereizketarik egin gabe. Ausazkoa dirudi prozesuak; aurretik, ordea, badago kontzienteki eginiko aukeraketa bat, sagardoaren lehen urratsa hazia ereitea baita: «Sagardoa landaketatik hasten da, dudarik gabe», Eguzkizaren ustetan. «Egin nahi duzun sagardoaren arabera, sagar mota batzuekin egin beharko duzu lan. Sagarrarena aukeraketa bat da, landatzen duzun momentutik modu kontzientean egina». Halaber, naturaren faktoreak beti du eragina, eta urtetik urtera aldaketak izaten dira.

Aldaeren artean badago zer hautatua. Euskal Sagardoa jatorri izenak tokiko sagarren DNA atera zuen duela urte batzuk, eta 115 mota bildu zituzten. Guztiak, Errezil sagarra izan ezik, sagardoa egiteko bakarrik erabiltzen dira. Praktikan, baina, sagardogileek mota gutxiago erabiltzen dituzte beren produktuak egiteko. Iparragirren 25 bat sagar mota nahasten dituzte, bertakoak guztiak. Urteak daramate soilik bertako lehengaiak erabiltzen, eta laborantza ekologikoaren aldeko apustua egiten. Aste mugituak dira sagardogileentzat. Ereindako haziak fruitu oparoa eman du, eta emandakoari mamia ateratzen hasiak dira. Sagardo uzta berria bidean da.]]>
<![CDATA['The Crown'-ek lortu du garaikur gehien Emmy sarietan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1861/036/001/2021-09-21/the_crown_ek_lortu_du_garaikur_gehien_emmy_sarietan.htm Tue, 21 Sep 2021 00:00:00 +0200 Olatz Esteban Ezkati https://www.berria.eus/paperekoa/1861/036/001/2021-09-21/the_crown_ek_lortu_du_garaikur_gehien_emmy_sarietan.htm The Crown telesaila gailendu da Emmy sarietan, zazpi garaikur lortuta. Netflixen beste produkzio bat ere izan da onenen artean: The Queen's Gambit telesail laburra. Komedian, futbol arloko lan bat gailendu da: Ted Lasso. Ezusteko handirik ez da izan pandemia garaira egokitutako lehen alfonbra gorrian.

Igande gauean izan ziren Emmy sariak, eta aurten, iaz ez bezala, alfonbra gorria eta pantaila txikiko izarrak itzuli ziren Los Angelesko kaleetara (AEB). Betiere, edukiera murriztuta eta pandemiaren neurrietara egokituta: seiehun gonbidatu baino ez zituen izan ekitaldiak, eta sarituetako batzuek distantziatik jaso behar izan zituzten garaikurrak.

Telebistako saririk entzutetsuenak ikus-entzunezkoen bilakaeraren isla dira, eta horietan ere streaming plataformek aurrea hartu diote telebista tradizionalari. Aurtengo sariek protagonista argia izan dute: Netflix. Gehien erabiltzen den plataforma gailendu da, bi ekoizpen arrakastatsuri esker, eta, lehen aldiz, sari esanguratsuenetariko bi jaso ditu: drama lanik onenarena eta telesail laburrik onenarena. Orotara, hamar sari handi lortu ditu.

Dramazko lanen artean ez du lehiakiderik izan The Crown-ek. Buckingham Palaceko gorabeheren laugarren denboraldiak gorenean jarri du telesaila, Diana Galeskoaren iritsierarekin. Telesail onena izateaz gain, zuzendari (Jessica Hobs) eta gidoilari (Peter Morgan) onenaren garaikurrak ere jaso zituen. Aktoreen lana ere aski goraipatua izan zen. Emakumezko eta gizonezko aktore protagonista onenaren sariak jaso zituzten Josh O'Connor eta Olivia Colmanek. Baita bigarren mailako Tobias Menzis eta Gillian Andersonek ere.

Ezustekorik ez komedian

Komediak bazuen faboritoa, eta sari banaketan ez zen ezustekorik izan. Ted Lasso telesailak irabazi zuen lanik onenaren garaikurra. Futbolaz ideiarik ez duen entrenatzailearen baikortasunak eta goxotasunak ikusleak eta kritikak erakarri ditu lehen denboraldiarekin. Are, Lassorena egiten duen Jason Sudeikis aktorearen lana goraipatu zuten aktore onenaren sariarekin, baita bigarren mailako aktoreena ere (Brett Goldstein eta Hannah Waddingham). Emakumezko aktore protagonista onenaren saria, berriz, Hacks laneko protagonistarentzat izan zen, Jean Smartentzat. HBO Max-en telesail horrek eraman zituen gidoi (Lucia Aniello, Paul W. Downs, Jen Statsky) eta zuzendari (Lucia Aniello) onenaren sariak ere.

Ted Lasso-ren arrakastak gorenean jarri du Apple Tv+ plataforma: ez ditu bi urte bete, eta telebista arloko saririk esanguratsuenetarikoak eskuratu ditu. Txanponaren beste aldea Disney+ plataformarentzat izan zen. The Mandalorian telesaila faboritoen artean zegoen, 24 izendapenekin, baina ez zuen sari nabarmenik eskuratu. Ez eta WandaVision lanak ere.

Beth Harmon xake jokalari bikainaren jokaldiek eta bizitzako gorabeherek ikusleak liluratu zituzten, eta baita epaimahaikideak ere. Izan ere, telesail laburrik onenaren saria jaso zuen The Queen's Gambit-ek. Ez zen izan, baina, jaso zuen garaikur bakarra, Scott Frank zuzendariaren lana ere saritua izan baitzen.

Askorentzat esperotako aktore onenaren saria, berriz, ez zen Anya Taylor Joyrentzat izan. Kate Winsletek jaso zuen, Mare of Easttown telesailean eginiko lanagatik. Mare Seehan detektibearen azalean sartu da Winselt. Pennsylvaniako hiri txiki batean gertaturiko hilketa bat ikertzen hasiko da Seehan, bere bizitza gain behera doan bitartean.

Drama eta misterioa uztartzen dituen HBOren lan laburrak beste bi garaikur jaso zituen: bigarren mailako aktorerik onenen sariak, Evan Peters eta Julianne Nicholsonentzat. Sari handienen zerrendan sartzea lortu zuen Halston Netflixen telesail laburrak ere.

Roy Halston Frowick 70eko hamarkadako moda diseinatzailearen bizitzan oinarrituriko lana da, eta Ewan MacGregorrek antzezten du Halstonen rola. Hain zuzen ere, berak lortu zuen aktorerik onenaren saria igandeko ekitaldian, eta, hala, gaua borobildu zitzaion garaipen zerrendan buru izan zen plataformari, Netflixi.]]>
<![CDATA['The Crown' telesaila izan da garaile Emmy sarietan]]> https://www.berria.eus/albisteak/203406/039the_crown039_telesaila_izan_da_garaile_emmy_sarietan.htm Mon, 20 Sep 2021 16:15:22 +0200 Olatz Esteban Ezkati https://www.berria.eus/albisteak/203406/039the_crown039_telesaila_izan_da_garaile_emmy_sarietan.htm <![CDATA[Bi bide paraleloren elkargunea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/042/001/2021-09-18/bi_bide_paraleloren_elkargunea.htm Sat, 18 Sep 2021 00:00:00 +0200 Olatz Esteban Ezkati https://www.berria.eus/paperekoa/1890/042/001/2021-09-18/bi_bide_paraleloren_elkargunea.htm
Errealitateak eta fikzioak bat egiten duten puntua da Maixabel. Lasak bere azalean bizitakoak, beste hezur-haragizko batean gorpuztuak. Bollainek eta Isa Campo gidoilariak Lasaren eta ingurukoen kontakizunetatik abiatuta ondu dute istorioa. Protagonisten ahotik entzundakoarekin jositako filma da; errealismoa du helburu, baina imitazioetan erori gabe.

Maixabelen bizitza hankaz gora jarriko da 2000ko uztailaren 29an, ETAko talde batek haren senarra tiroz hiltzen duenean. Urte batzuen ostean, telefono dei bat jasoko du espetxetik: senarra hil zuen taldeko kide batek elkartzeko proposamena egingo dio. Zalantzen eta minaren erdian, proposamena onartuko du, eta, senarraren heriotzatik hamalau urtera, etakide ohiarekin bilduko da Langraiz Okako (Araba) espetxean. Elkar ulertzeko bide baten lehen urratsa izango da topaketa hori. Minaz, galerez eta beldurraz mintzatzen da filma, baina baita zauriak leuntzeaz eta bigarren aukerez ere. Elkar ulertzeko ahaleginaz.

Pertsonaren azalean

Blanca Portillok jokatu du Maixabelen rola filmean, eta, fikziozko pertsonaia interpretatzeko, pertsona bera izan du lagun. Bollain, Campo eta Portillo Lasarekin batera aritu dira lanean filmaren hastapen prozesutik. Hurbiletik ezagutu dituzte haren historia, bizipenak eta sentipenak. Hots, pertsona ulertzen saiatu dira, pertsonaia ulergarri egiteko.

Luis Tosarrek eman dio forma beste aldeari: Ibon Etxezarreta etakide ohiarena egin du; Tosarrek ere izan zuen aukera antzeztuko zuen pertsonari aurpegia eta ahotsa jartzeko. Urko Olazabal, Maria Cerezuela eta Bruno Sevilla aktoreak izan dituzte alboan.

Filma datorren ostiralean helduko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara, baina, aurretik, beste geldialdi bat izango du: Donostiako Zinemaldia. Urrezko Maskorra lortzeko Sail Ofizialean lehiatuko da, eta gaur izango du aurrestreinaldia. Era berean, Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko aukera izango du, beste zortzi filmekin batera.

Zinemaldia ez da plaza berria Bollainentzat. Aktore gisa lehenik, eta zuzendari moduan hurrena, aski ezagun du Kursaaleko alfonbra gorria. Urte luzez kamera aurrean egon ostean, fokuaren bestaldera jauzi egin zuen 1995ean, lehen film luzearekin. Zortzi urte geroago ondu zuen lanak ekarri zion sona: Te doy mis ojos (2003). Zazpi Goya sari irabazi zituen, tartean zuzendari onenarena, eta bi aktore protagonistek Zilarrezko Maskor bana lortu zuten. Lanen eta sarien zerrenda luzatuz joan da ordutik; besteak beste, Tambien la lluvia, El olivo eta Yuli filmak egin ditu. Maixabel da zuzendu duen 11. film luzea.

'MAIXABEL'
Zuzendaria. Iciar Bollain.
Aktoreak. Blanca Portillo, Luis Tosar, Urko Olazabal, Maria Cerezuela, Bruno Sevilla.
Herrialdea. Euskal Herria-Espainia.
Urtea. 2021. Generoa. Drama.
Iraupena. 115 minutu.
Ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herriko zinemetan.]]>
<![CDATA[Alfonbra gorria bueltan da Kursaalean ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1859/028/001/2021-09-17/alfonbra_gorria_bueltan_da_kursaalean.htm Fri, 17 Sep 2021 00:00:00 +0200 Olatz Esteban Ezkati https://www.berria.eus/paperekoa/1859/028/001/2021-09-17/alfonbra_gorria_bueltan_da_kursaalean.htm inaugurazio gala, Kursaalean. Ekitaldiak izango du bere protagonista: Marion Cotillard. Aktoreak Donostia saria jasoko du, bere ibilbide artistikoaren aitortza gisa. Gaur hasi eta bederatzi egunez iraungo du zinemaren jaia. Pandemiaren eraginez, edukiera mugatua izango da oraingoan ere, baina hasiera ekitaldiaz eta gainontzeko egunetan egingo diren hainbat galez etxetik gozatzeko aukera izango da, zuzenean. Zinemaldiak berak webgunean eskainiko du inaugurazio gala, eta baita EITBk ere, bi euskarritan: ETB1en eta eitb.eus webgunean. RTVEko La 2 katean ere egongo da ikusteko aukera. Iaz, distantzia izan zen inaugurazio galaren ardatza. Aurten, berriz, kutsu baikorrago bat izango du ekitaldiak: besarkadarik ezean, txaloak izango dira berotasuna transmititzeko tresna. Jon Maia dantzariak zuzenduko du gala, eta alboan izango du Luis Mari Moreno Pirata musika zuzendaria. Gidoilari lanetan, Harkaitz Cano eta Ane Garcia aritu dira. Kukai dantza taldeak jarriko dio mugimendua gauari, eta doinua, berriz, Zea Mays taldeak, Rozalen musikariaren laguntzaz. Zinemaldiak iraun bitartean, hainbat hedabidek saio bereziak egingo dituzte. BERRIAk ere jorratuko ditu jaialdiaren edukiak. Zinemaldia hastearekin batera jarriko da abian 25. fotograma podcasta. Lehen atala entzungai egongo da 19:00etatik aurrera, BERRIAren webgunean eta sare sozialetan. Lehen aldiz, podcast formatua izango du Zinemaldiari eskainitako edukiak, eta bederatzi atal izango dira, Ane Eslaba kazetariak aurkeztuta. Alabaina, ez da bakarrik arituko: Mikel Zumetak Sail Ofizialeko kritikak egingo ditu, Uxue Arzelusek beste sailetatik hautatutako edukienak, eta Urtzi Urkizu kazetariak Kursaaleko zubitik zutabea egingo du, protagonista esanguratsuenekin. Gaurkoan, Iciar Bollainen Maixabel filma izango dute hizpide: Koldo Zuazua ekoizlea elkarrizketatuko du Eslabak. Sail Ofizialean egongo da filma, eta Urrezko Maskorra lortzeko lehian ariko den euskal produkzio bakarra izango da. Egunak utzi duenaren errepasoa ere egingo dute, Kursaaletik. EITB komunikazio taldeak egunero emango du jaialdiaren berri, eta, tartean, beste hiru gala eskainiko ditu, zuzen-zuzenean. Asteartean, euskal zinemaren gaua izango da: 22:30ean hasita ikusi ahal izango da ekitaldia, ETB4n eta webgunean. Donostia saria jasoko du Johnny Depp aktoreak egun bat geroago, 22:00etan, eta hura ere eskainiko dute, euskarri berberetan. Hilaren 25ean bukatuko da zinemaldia, sari banaketarekin, eta Kursaaletik zuzenean eskainiko dute emanaldia, 20:30ean, ETB1en eta eitb.eus atarian. Bestalde, albistegietan tarte berezia eskainiko diote zinemaldiari, eta webguneak sail berezi bat izango du. Hainbat telebista saiok ere erreparatuko diote jaialdiari; besteak beste, Biba zuek! ETB1eko programak. Izango da zer ikusi, beraz, baina baita zer entzun ere. Euskadi Irratiko albistegi eta saio nagusietan jorratuko baitute gaia. Era berean, datorren ostiralean, kalera aterako da Faktoria magazina: Tabakaleratik saio berezi bat egingo dute. Zinemira atalean egongo da Belako musika taldearen Pandemic Tour 2020 dokumentala, eta, horren harira, zuzeneko kontzertu bat emango dute egun horretan. EITBren eta RTVEren galek ere ez dute hutsik egingo aurten. Irailaren 22an, asteazkenean, izango da EITBren gala, eta Irabazi arte telesail berria aurkeztuko dute bertan. Ikasturte honetan estreinatuko da Javier Garcia de Vicuñak zuzendu eta Pausokak ekoizturiko lana, baina lehen atala ikusteko aukera izango da asteazkenean. Gaztetxoentzako euskarazko fikzioa da, eta futbolari gazte bat du protagonista. Ama galdu ondoren, Bartzelonatik Euskal Herrira, jaioterrira, etorriko da bizitzera, futbolari izateko nahiarekin. Nesken futbol talde bateko bizipenak izango ditu ardatz lanak. RTVEk bi gala egingo ditu, irailaren 22an eta 23an, eta bi lan aurkeztuko ditu: Erase una vez en Euskadi, Manu Gomez zuzendariaren opera prima; eta Mediterraneo, Marcel Barrenaren filma. ]]> <![CDATA[«Euskara nondik datorren ikertu nahi dut» ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/11888/032/001/2021-09-16/euskara_nondik_datorren_ikertu_nahi_dut.htm Thu, 16 Sep 2021 00:00:00 +0200 Olatz Esteban Ezkati https://www.berria.eus/paperekoa/11888/032/001/2021-09-16/euskara_nondik_datorren_ikertu_nahi_dut.htm


>Nolatan hasi zinen euskara ikasten?

>Nire gurasoak bi aldiz egon dira Euskal Herrian, bi lagun dituztelako han. Euskaldunak asko maite ditut, eta euskararekin maiteminduta nago.

>Horrela izan zenuen euskararen eta Euskal Herriaren berri?

>Bai, baina nire gurasoek ez dute euskaraz hitz egiten. Nik bakarrik.

>Zergatik maitemindu zinen euskararekin?

>Hizkuntza bakarra eta oso berezia delako beste hizkuntzen aldean. Eta Euskal Herriko jende guztiarekin maiteminduta nago. Oso ezberdinak zarete. Hizkuntzaren identitatea mantentzen duzue.

>Nola ikasten duzu hizkuntza?

>Discord-en Euskal Herriko bi lagun ditut. Iker lagun ederra da, eta harekin hitz egiten dut Discord bitartez, bideo jokoetara jokatzen. Donostiakoa da. Eta bestea Isabela. Ikusi nuen euskaraz hitz egiten zutela, eta haiekin hitz egin nahi nuen, hobeto ikasteko.

>Haiekin hitz egiten ikasi duzu, beraz?

>Bai, eta webgune batetik: The Language Gulper. Gramatikako bi liburu ere baditut, hasteko. Internetetik erosi nituen.

>Eta nolakoa izaten ari da ikasketa prozesua?

>Euskara erronka gisa ikusi nuen. Jendeak esaten du oso zaila dela, baina arabiarraren antza pixka bat du, morfologian.

>Euskara ez da ikasi duzun hizkuntza bakarra...

>Sei hizkuntza hitz egiten ditut: italiera, gaztelania, portugesa, frantsesa, ingelesa eta, noski, arabiera, nire ama hizkuntza. Etxean arabiera bakarrik hitz egiten dugu. Eta euskara ikasten ari naiz oraindik, kar-kar.

>Eta nola ikasi dituzu hizkuntzok?

>Internetetik. Nire pasioa dira hizkuntzak, eta hizkuntza asko hitz egin nahi ditut. Handitzen naizenean, hizkuntzalaria izatea gustatuko litzaidake: hizkuntzen eboluzioa ikertu nahi dut. Unibertsitatera joan nahi dut, kanpora, Italiara edo Espainiara.

>Tartean, euskararen eboluzioa?

>Bai. Euskara nondik datorren ikertu nahi dut. Ez dakigu euskararen jatorria zein den, ez dakigu nondik iritsi den. Hori ezagutu nahi dut, misterio bat delako.

>Euskararen eta, oro har, hizkuntzen gaineko jakintza hori nola garatu duzu?

>Internet bidez. Nire denbora librea horretan ematen dut. Hizkuntzalari amateur bat naiz.

>Hizkuntzalaritzaren ikuspuntutik, zerk eman dizu atentzioa euskararekiko?

>Hizkuntzaren soinuak gustatzen zaizkit, z hori. Oso bereziak dira. Ez dut beste hizkuntzetan horrelako soinurik entzun.

>Euskarazko edukirik kontsumitzen al duzu?

>Bai, BERRIA. Facebooken irakurri nuen egunkari bat zegoela euskarazko albisteak bakarrik zituena. Izugarria da. Irakurtzen dut, baina zaila da niretzat. Bi hilabete bakarrik daramatzat hizkuntza ikasten...

>Eta musikarik?

>Kanta bat entzun dut, Euskal Herriko musika tradizionalarena; oso polita: Joseba Tapiaren Eusko gudariak.

>Ikasten jarraitzeko gogoz zaude?

>Bai. Pixka bat zaila da, baina jarraitu nahi dut lanean eta hizkuntza ikasten, oso polita delako.

>Euskal Herria ezagutzea ba al duzu buruan?

>Bai, noski. Bilbo ezagutu nahi dut. Ni athleticzalea naiz, duela bi edo hiru urtetik. Euskal Herriko bi talderik onenak Reala eta Athletic zirela jakin nuen, eta bi taldeak ikusi nituen jokatzen. Nahiago izan nuen Athletic. Hobea iruditzen zait, kar-kar. ]]>
<![CDATA[Jokoaren muga non jarri]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1971/038/001/2021-09-11/jokoaren_muga_non_jarri.htm Sat, 11 Sep 2021 00:00:00 +0200 Olatz Esteban Ezkati https://www.berria.eus/paperekoa/1971/038/001/2021-09-11/jokoaren_muga_non_jarri.htm
Maialen Garmendia EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria da, eta urteak daramatza adingabeak eta teknologien erabilera aztertzen, EU Kids Online Europako ikerketa sarean. Ikusi du debeku zorrotzak ez direla egokiak: «Debekuaren ostean, debeku hori saihesteko ahalegina etortzen da, eta, seguruenik, bideo jokoetarako grina hauspotuko du». Izan ere, neurria ez da guztiz berria Txinan. Aurretik ere mugatuak zituzten jolaserako orduak 18 urtetik beherakoek: jaiegunetan, hiru ordu, eta gainerakoetan, ordu eta erdi. «Aurretik zegoen debekua %63 inguruk saihesten zuen», azaldu du Garmendiak.

Debekaturik dagoenak «zirrara areagotu» dezakeela uste du Jone Zalduegik ere. Emoki elkarteko kidea da. Espazio fisikoan zein digitalean harreman osasuntsuak sustatzea du helburu elkarteak, sexualitatean, teknologian eta adimen emozionalean arreta jarriz. «Debekua eta hezigarria dena ez datoz bat. Garrantzitsua da haurrei gehiegizko debekurik ez ezartzea, esperimentazioa ukatzen baitu, eta ez baitu bermatzen gaitasunak esploratzea. Horiek garapena sustatzen dute», dio Zalduegik.

Neurriak ez ezik, hura betetzen den bermatzeko moduak ere sortu ditu zalantzak. Internet bidezko jolasak eskaintzen dituzten enpresek ziurtatu beharko dute adingabeek ez dituztela onarturikoa baino ordu gehiago ematen sarean. Horretarako, nortasuna egiaztatzeko sistemak erabili ahal izango dituzte. Sistema horiek adingabeen pribatutasuna eta, hortaz, eskubideak kolokan jartzen dituztelakoan dago Garmendia. Uste berekoa da Garikoitz Larrañaga Game Erauntsia taldeko kidea ere: «Gobernuak kontrol hori ezartzen duen momentuan, kamerak eta bestelako identifikazio sistemak erabiliz, eskubideak urratzen dira». Hots, enpresa batzuek aurpegia antzemateko sistema bat ezarri dute.

Neurriari eta, oro har, bideo jokoen gainean hartzen diren erabakiei ere ikusten diete bestelako akats bat: zaku berean sartu ohi dira joko guztiak. «Bideo jokoak askotan ikuspuntu negatibotik hartzen dira, toxikotzat edo lehiakortzat jotzen dira, baina bideo jokoena mundu bat da», Larrañagaren esanetan. Bide beretik jo du Garmendiak: «Errazena da erantzukizuna teknologiaren gain uztea. Baina, azken batean, guk erabiltzen dugu nahi dugunerako». Teknologiek irudi txar hori gainetik kendu ezin duten arren, aldatuz doa ikuspuntua. «Teknologiaz ari garenean, gehienetan, gauza txarretan jartzen da arreta. Pandemiak behintzat heldu askori ikusarazi die teknologia baliagarria dela ekintza positiboetarako, emankorrak eta onuragarriak direnetarako», esan du Garmendiak.

Komunikazioa, ezinbesteko

Teknologia berriak egunerokoaren parte dira herritar gehienentzat, eta haur eta gaztetxoak ez dira salbuespena. Mundura sortzen direnetik pantailekin bizi dira asko, eta, urte gutxi dituztenerako, ohiko tresna dituzte hainbatek. Unai Arrugaetak Lehen Hezkuntzako gradua amaitu berri du EHUn, eta lehen hezkuntzako ikasleen online jokoen erabilera izan du aztergai gradu amaierako lanean. Larrabetzuko (Bizkaia) eskolako 5. eta 6. mailako haurrekin egin du ikerketa. Ondorioztatu duenez, 5. mailako haur gehienak bideo jokoen munduan sartuta daude: %3 soilik ez dira aritzen bideo jokoetan. Izan ere, esku-eskura dituzte horretarako tresnak: «Haurren ia %40k smartphone bat dute. Besteak etxeko tabletarekin edo ordenagailuarekin ibiltzen dira».

Teknologiak eta bideo jokoak erabiliko dituztela eta erabili behar dituztela argi dute lau adituek. Gakoa da noiz eta nola erabiltzen diren. Horretarako, ezinbestekoa da gurasoen laguntza. «Kontrolik egokiena gurasoen eta haurren arteko komunikazioa da. Eta oso garrantzitsua da komunikazio hori lehenbailehen sustatzea, erabiltzen hasten direnetik. 15 urte dauzkatenean beranduegi da», azaldu du Garmendiak. Komunikazioari ez ezik, testuinguruari ere eman dio garrantzia Larrañagak: «Haurrari jolasten uzten zaionean, kontuan izan behar da zer testuingururekin. Utziko zenioke 10 urteko haur bati Saw filma ikusten? Ba, bideo jokoekin, berdin».

Gurasoen laguntza da tresnarik garrantzitsuena Zalduegirentzat: bidelagun izan behar dituzte haur eta gazteek bideo jokoekin aritzeko orduan. «Bideo jokoak aukeratzeko orduan, helduen laguntza behar dute, haiek jakin arte zer den egokia». Baina erabakiek alde bikoak izan behar dutelakoan dago. Zenbat denboraz jolastu, zer jokotara edo noiz, ahal den neurrian, haurrekin batera adostea garrantzitsua dela nabarmendu du Garmendiak ere; haurrekin hitzarmen bat egitea.

Irizpideak ezartzea, baina, ez da erraza izaten guraso askorentzat, eta inguruan sor daitekeen presioa faktore erabakigarria izan daiteke, Zalduegiren hitzetan: «Talde presioa dago lagunek bideo joko bat izaten dutelako. Askotan gertatzen dena da, online jolasten direnez, jokoa bera erabiltzen dutela lagunekin hitz egiteko edo geratzeko. Ez badaude espazio horretan, kanpoan geratzen dira, eta gurasoen kezka handienetako bat hori izaten da».

Era berean, adituek igarri dute gurasoek teknologia ez ezagutzea eta haietan trebatu gabe egotea traba bat izan daitekeela egoeraren kontrola hartzeko. «Askok ez dituzte medioak ezagutzen, eta ez dituzte ezagutu behar seme-alabek ezagutzen dituzten moduan, baina bai nolabaiteko ideia bat izan», dio Zalduegik. Konponbidea haurrengandik ikastea dela uste du Emokiko kideak: « Jolasten daudenean, haien ondoan eseri ahal gara, eta ikusi. Eta jolastera animatzen bagara, hobe». Hala uste du Garmendiak ere: «Alderantzizko bitartekaritza horrek, haurrak gurasoei laguntzeak, oso emaitza onak ematen ditu».

Hain zuzen ere, hainbat gurasok izan zitzaketen zailtasunak ikusita, webgune bat sortu du Arrugaetak ikerlanaren barruan: www.bidejokoak.info. Haurrek gehien erabiltzen dituzten sei bideo jokoak bildu ditu, eta bakoitza xehe-xehe azaldu: zein den jokoaren helburua, jokoa nolakoa den, eta zer eduki dituen. Europan, bada bideo jokoak adinaren eta edukien arabera sailkatzen dituen sistema bat, PEGI, eta sailkapen horren inguruko argibideak ere badaude. Bestalde, segurtasun aholkuak eta bideo jokoak mugatzeko azalpenak ere jaso ditu. Euskaraz, gurasoentzat erabilgarria izango den baliabide bat sortzea izan du helburu.

Indarkeriaren itzala

Fortnite, Minecraft edo Among us dira txikienen artean arrakasta handiena duten jokoetako batzuk. Eta badute ezaugarri komun bat: indarkeriazko edukiak dituzte. Bideo jokoen munduak askotariko aukerak eskaintzen dituen arren, halako jokoek erakartzen dute jokalari gehien. Larrañagarentzat, «gizartearen isla» dira halako jokoak. Indarkeriazko jokoek jarrera biolentoak areagotzen dituztela uste ez izan arren, indarkeria normalizatu dezaketela uste du Garmendiak.

Zalduegik, formakuntzetan, ikusi du Lehen Hezkuntzako haurrek ikusitako eszenak erreproduzitzen dituztela kalean jolasterakoan, imitaziora jotzen dutela zuzenean. Askok joko horiekin sentimendu ezkorrak dituztela azaldu du: «Nola sentitzen diren kontatzen dutenean, gehienetan ateratzen dira beldurra, haserre handia eta amorrua». Haurrek egunerokoan halakoak bizitzeak gerora eraginak izan ditzakeela azaldu du Zalduegik, eta horregatik, bideo jokoek sortzen dituzten emozioetan arreta jartzeko beharra nabarmendu du. Hor jarri du fokua Larrañagak ere: «Zer bideo jokotara jolasten den garrantzitsua da, baina horiek sortzen dituzten emozioak nola kudeatu ere bai. Emozio horiek azaltzen erakutsi behar zaie haurrei».]]>
<![CDATA[Gaztarik onena, Segurakoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/028/001/2021-09-09/gaztarik_onena_segurakoa.htm Thu, 09 Sep 2021 00:00:00 +0200 Olatz Esteban Ezkati https://www.berria.eus/paperekoa/1872/028/001/2021-09-09/gaztarik_onena_segurakoa.htm
Ateak itxita hartu zuen Ordiziako Beti Alai pilotalekuak gazta lehiaketa, atzo goizean. Protokolo zorrotz bati jarraituz, epaimahaikideak, ekoizleak, erakundeetako ordezkariak eta prentsako kideak izan ziren ikusle bakarrak, bigarren urtez. «Iazko protokoloa bete dugu, baina, aurten, antolakuntza lasaiagoa izan da», Adur Ezenarro alkatearen arabera. Hala, lehiaketa ohiko egunean izan zen berriro ere; hau da, asteazkenarekin egin zuten, azoka egunean.

Lehiaketara aurkeztutako 45 gaztek lanean jarri zituzten hamasei epaimahaikideen zentzumen guztiak. Naturalak ala ketuak izan, hamalau onenek lortu zuten finalerako txartela. Haien artean, Hegoaldeko lau herrialdeetako gaztagileak izan ziren. Maila onekoa izateko fama du Ordiziako plazak, eta halaxe izan zen atzo ere. «Hona ekartzen dituzten gazta guztiak zoragarriak dira. Xehetasun txikien arabera ematen dugu puntuazioa», Elena Arzaken esanetan. Hura izan zen hamasei epaimahaikideetako bat.

Familia tradizioaren segida

Ñabarduretan omen dago aldea, eta alde txiki horiek izan ziren erabakigarri. Etxean gelditu zen bigarren saria: Joseba Insausti Mujika ordiziarrak lortu zuen. Hirugarren saria Mutrikura (Gipuzkoa) joan zen, Beñat Egaña Albisuren Goienetxe gaztandegira. Hurrena, Loperenako (Egozkue, Nafarroa) Marta Perez Loperena izan zen. Lekuona gaztandegiko (Araia, Araba) Unai Lekuona Ruiz de Luzuriagak irabazi zuen bosgarren saria.

Atzokoa ez zen izan lehen txapela Ondarre gaztandegikoentzat. Aitonak 1970ean eta gurasoek 1995ean eta 2014an irabazi ostean, laugarren garaipena eraman zuen baserrira Eneko Goiburuk. Hunkituta jaso zuen saria: «Nire aurreko guztiak honetaz bizi izan dira. Hirugarren belaunaldiz hemen irabaztea izugarria da». Pizgarri ere bada saria gaztagilearentzat: «Egunero aritzen gara lanean, lan gogorra da, eta poz handia ematen du honek. Urte amaieran, gazta egiten hasten garenean, ilusioarekin ekiteko».

Otsailean egindako gazta ketu bat izan zen epaimahaikideen gustukoena. Gazta mota horren alde egiten dute Ondarrekoek lehiaketetan, hori baitute «etxeko marka». «Ondutako gazta da. Otsailetik denbora igaro da, eta badu bere bizigarria eta zaporea. Gazta nahiko sendoa da».

Girorik ez zen falta izan

Euskal jairik ez dute ospatu Ordizian aurten ere. Gazta txapelketa izan zen udalak antolaturiko ekitaldi bakarra, eta ikusmina sortu zuen herritarren artean. Ikuslerik ez zegoen arren, izan ziren barruan gertatzen zenak erakarrita pilotalekura hurbildu zirenak. Sarreratik ikus zitekeenarekin konformatu behar izan zuten, baina.

Asteazkenak egun bereziak dira Ordizian, azoka egunak herriko eta inguruko jende andana erakartzen baitu; atzo ere, beterik zegoen plaza ingurua. Eguraldia lagun, jende mordoa zebilen joan-etorrian, erosketak egiten edo terraza baten itzalpean. Jaien nostalgiak hartuta, bazen baserritar jantzia soinean zeramanik ere. Izan ere, tradizioz, hilaren 8tik hurbilen dagoen asteazkenean ospatu izan da euskal jaia. Beste herri askoren aldean, Ordiziako kaleek berezitasun bat zuten: haur eta gaztetxoak zebiltzan nonahi, udako oporren azken egunari zukua atera nahian. Ikasturte hasierari egun bat hartuta, eskolek gaur ekingo diote ikasturteari.]]>
<![CDATA[Eneko Goiburuk irabazi du Ordiziako gazta txapelketa]]> https://www.berria.eus/albisteak/202895/eneko_goiburuk_irabazi_du_ordiziako_gazta_txapelketa.htm Wed, 08 Sep 2021 16:15:27 +0200 Olatz Esteban Ezkati https://www.berria.eus/albisteak/202895/eneko_goiburuk_irabazi_du_ordiziako_gazta_txapelketa.htm <![CDATA[Sagar asko eta kalitatezkoa espero du sagardogileen sektoreak aurten]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1873/036/001/2021-09-08/sagar_asko_eta_kalitatezkoa_espero_du_sagardogileen_sektoreak_aurten.htm Wed, 08 Sep 2021 00:00:00 +0200 Olatz Esteban Ezkati https://www.berria.eus/paperekoa/1873/036/001/2021-09-08/sagar_asko_eta_kalitatezkoa_espero_du_sagardogileen_sektoreak_aurten.htm
Harizko instrumentuen melodia doinuek girotu zuten Donostiako Trinitate plaza atzo goizean. Sagardo egunik ez da izan aurten, baina sagardoaren sektorearen topaleku bilakatu zen Parte Zaharra. Irailarekin, lehen sagarrak heltzen hasi dira, baita lehen aurreikuspenak ere. «Uzta oso ugaria eta oso osasuntsua dator», azaldu zuen Felix San Sebastian Fruitel Gipuzkoako frutagileen elkarteko lehendakariak.

Eguraldiak baldintzatu du aurtengo uztaren oparotasuna. Udaberritik igartzen hasi ziren loraldia indartsu zetorrela, eta halaxe izan da, San Sebastianen esanetan: «Izugarrizko loraldia izan da sagarrondoetan, luzea gainera. Horrek eragin du aletzea oso ona izatea. Orain, gure sagarrondo mota guztiak frutarekin kargatuta daude». Udako giro kaskarra ere alde izan dute, fruitua modu progresiboan heldu baita.

Iazko uztaren aldean, graduazio txikiagoko sagarrak dira aurtengoak; hots, gradu erdi gutxiago dute. Sagar «oso osasuntsuak» direla ikusten du Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri deiturako koordinatzaileak, eta baikor dago sagardo garaiari begira: «Oso uzta interesgarria da, sagar asko eta ona datorrenean sagardotegietan ere lan ona egin daitekeelako».

Udazkena, lanerako sasoia

Gutxi batzuk aurreratu diren arren, bi edo hiru aste barru hasiko dira sagar gehienak heltzen, eta orduan ekingo diote bilketari. Horregatik, goizegi da sektorearentzat datu zehatzak emateko, baina estimazio bat egin dute: Euskal Sagardora bideratutako sagastietan, bost milioi kilo biltzea aurreikusten dute.

Atzoko ekitaldira joandakoek izan zuten sasoiko lehen produktuak dastatzeko parada. Bi sagar mota izan zituzten gozagarri: Haritza eta Gezamina; garratza lehena eta mingotsagoa bigarrena. Sagarra zanpatu eta muztioa ateratzeko prozesua ere bertatik bertara ikusi ahal izan zuten plazan jarritako dolare batean, zukua edatearekin batera.

Hain zuzen ere, dolareak martxan jartzeko garaia helduko da aurki sagardotegietara, eta batzuk hasiak dira dagoeneko lan sasoirako prestatzen. «Makinak koipeztatzen hasi gara, sagarrekin lanera itzultzeko eta sagardoa egiten hasteko», azaldu zuen Asier Lizeaga Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko ordezkariak. Eskaintza gastronomikoaz gain, udazkena sasoi egokia da Lizeagarentzat, sagardotegietara joan eta bertan egiten duten lana hurbiletik ezagutzeko.

Egoerara egokituz

Sagardoaren sektorea ez da salbuespena izan, eta gogotik nabaritu ditu pandemiaren ondorioak. Txotx garaia etenda egon da bi urtez, eta sektoreak bide berriak asmatu behar izan ditu produktuei irteera bat emateko. Ostalaritzan ezarritako neurriek ere kalte handiak eragin dizkiete. Hala ere, aurrera begirakoa ez du hain gordin ikusten Agirrek: «Urte gogorrak izan dira, baina poliki-poliki sektorea suspertzen ari da. Ostalaritza berriro ere martxan jarri da, eta uste dugu garai ona etorriko dela».

Elikagaien merkatuan eta Internet bidez «asko» saldu dute pandemia garaian, eta, orain, ostalaritzan jarri nahi dute indarra. Datorren urtea «estrategikoa» izango delakoan eta guztia aktibatuz joango delakoan dago Agirre. Urtarrilean helduko da lehen sagardo berria, baina uztak, oraingoz, sasoi oparoa iragartzen du.]]>
<![CDATA[Abandonuen zenbaki ilunak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1913/038/001/2021-09-07/abandonuen_zenbaki_ilunak.htm Tue, 07 Sep 2021 00:00:00 +0200 Olatz Esteban Ezkati https://www.berria.eus/paperekoa/1913/038/001/2021-09-07/abandonuen_zenbaki_ilunak.htm
Gipuzkoa osoan galdu edo abandonatzen diren animaliak jaso eta zaintzeko ardura dute bertako langileek: animalietako batzuek etxe berri bat dute helburu, eta beste batzuk bertan geratzen dira, finko. Izan ere, gehienak adopzioetara bideratzen dituzten arren, badira zaharrak direlako edota gabezia fisikoren bat dutelako babeslekuak berak adoptatzen dituen txakurrak, eta erdi basatiak diren katu mordoa, etxe bateko bizimodura egokitzerik ez dutenak.

Uda sasoia, eta abuztua bereziki, garai gogorra izan ohi zen animalien babeslekuentzat: oporren aitzakian animalia asko abandonatu ohi baitziren. Badira urteak, ordea, joera aldaketa bat igarri dutela Usurbilgo zentroan. Marisol Zubiaurre zuzendaritza batzordeko kideak hamabi urte daramatza estatistikak lantzen, eta argi ikusten du egoerak hobera egin duela: «Urteak dira uztailean eta abuztuan ez dagoela halako abandonu uholderik. Izatez, abuztuan gehiago dira adopzioak abandonuak baino. Joera ona da». Usurbilgo babeslekuak 150 txakur hartzeko tokia du, eta, orain, %55 dute betea.

Joera aldaketa horren atzean kontzientziazio lan handia dagoela uste du Zubiaurrek. Gaia esparru gehiagotara zabaldu da, eta ikusgaitasuna eman zaio, besteak beste, komunikabideetan eta hezkuntzan. Horrek jarrera aldaketa bat ekarri du, batzordekidearen esanetan: «Jendea ohartu da oporretan joan nahi badu ez duela txakurra abandonatu beharrik, aukera asko daudela gaur egun».

Susana Garmendia Las Txikas de Etxauri elkarteko kideak bestelako errealitate bat ikusten du. Elkarteak Nafarroako animalien babeslekuarekin egiten du lan, batetik, eta hainbat animalia artatzen ditu Nafarroako eta Gipuzkoako hainbat zentrotan, bestetik. Udan ohikoa izaten zen adopzioak gutxitzea, baina aurten, oro har, abandonu gehiago daude. «Hasieran uste nuen pandemiak ez zuela eraginik izan, baina nabaritzen da txakur dezente heltzen ari direla», dio Garmendiak. Nafarroako babeslekuak ehun txakur inguru hartzeko lekua du, eta beteta dago. Are, itxaron zerrenda luzea dute.

COVID-19aren gaitzaren ondorioek izan dute eraginik horretan ere. Konfinamendu betean, kalera irteteko modua izan zen herritar askorentzat txakurrak paseatzea, eta horrek ekar zezakeen arriskua ikusirik, adopzioak eten zituzten babesleku gehienetan. Joan-etorriak eta gauzak egiteko askatasuna mugatua izan den garaian, errazagoa izan da hainbatentzat animaliak zaintzea, baina neurriok malgutu diren heinean kontrako efektua etorri dela uste du Garmendiak: «Jendea ohartu da ez duela denborarik horretarako edo ez diola eskaini nahi».

Antzerako egoera izan dute Puppy elkarteko kideek ere. Anduriñas Palomares kideak Bilboko txakurtegiarekin egiten du lan. Data jakinetan ez dute desberdintasunik ikusi beste urte batzuekin alderatuta, baina, urtea kontuan hartuz gero, joera txarra da: «Txakur asko sartzen dira, eta gutxi adoptatu». Animaliak zaintzen jarraitu ezin duten edo nahi ez duten pertsona askoren eskaerak jaso dituztela azaldu du Palomaresek.

Pandemiak kalte egindako beste arlo bat izan liteke arrazoia: ekonomikoa. Animaliak mantentzeko zailtasun ekonomikoak izateak bultzatu ditu herritar asko horiek txakurtegian uztera, elkartekideek ikusi dutenez. Halere, pertsona batzuen sentsibilitate faltaz kexu da Palomares: «Errazena da txakurra gainetik kentzea, gastuak murriztu ordez. Lehentasuna beste gauza batzuei ematen zaie».

Ezinbesteko zerbitzua

Jendearentzat ateak itxita zeuzkaten arren, babeslekuetako lana ez zen eten konfinamendu betean. Ezinbesteko zerbitzu izendatu zituzten, eta etengabeko jarduera mantendu dute beti. «Jaiegunetan eta gauez ere lan egiten dugu. Ospitale baten modukoa da: ez da sekula gelditzen» azaldu du Zubiaurrek. Alabaina, Garmendia eta Palomares beren elkarteetako boluntarioak dira, eta haiek ez zuten lan egiteko baimenik izan.

Garmendiarentzat, gehiago luzatu da ezintasun hori. Gipuzkoan bizi da, eta joan-etorrien mugen ondorioz, ezin izan da denbora luze batean Nafarroako babeslekura joan. Era berean, txakurrak adopzioan emateko trabak izan dituzte: «Sekulakoak egin behar genituen txakurrak Nafarroatik Gipuzkoara pasatzeko. Gaizkileak ematen genuen».

Ondorio ekonomikoak ere ekarri dizkie azken hilabeteetako egoerak. Gipuzkoako babeslekuak aldundiaren diru laguntza jasotzen du urtero, baina laguntzak murriztu dizkietela salatu du Zubiaurrek: «Oinarrizko zerbitzu izendatu gaituzte, eta, gero, laguntzak murriztu. Aurretik ere gutxi ziren... Oso gogorra da hori».

Erakundeek animalien babeslekuekin duten jarreran jarri du arreta Zubiaurrek. Haren ustetan, haien lana ez da behar beste kontuan hartzen eta babesten: «Ez badute animaliengatik egiten, gutxienez egin dezatela osasun publikoarengatik. Gaixotasun asko saihesten ari gara. Gizakien gaixotasunen %40-60 animaliengandik eratorriak dira». Pandemia bat zer den ikusi den garaiotan, inoiz baino ezinbestekoagoa da haien lana Zubiaurreren esanetan, «animalien kudeaketa txar batek» pandemia bat sor dezake eta.

Arriskutsuen kondena

Arraza, mota eta izaera askotako txakurrak heltzen dira babesleku eta txakurtegietara, eta haiek abandonatzeko arrazoiak ere ugariak izaten dira. Halaber, hiru elkarteetako kideak bat datoz ondorio batean: arriskutsuak izan daitezkeenen multzoan sartzen direnak heltzen zaizkie gehien. Horien artean daude pitbull, rottweiler eta staffordshire arrazakoak, besteak beste. Azken urteetan igartzen ari diren fenomeno bat da. Modan jarri dira txakurrok, «politak» direlako, baina eskakizun bereziak dituzte, eta horrek atzera bota ohi du jendea epe luzera.

Halako txakur bat izateko, ezinbestekoa da lizentzia bat eta aseguru bat izatea, eta txakurra loturik eta muturrekoarekin eramatea. Horrek arazoak sortu ohi ditu, txakur asko heltzen baitzaizkie jabeek lizentziarik ez dutelako. Adopzioan emateko orduan ere, traba bera dute. Tramite kontuengatik, gehiago kostatzen da halako txakurrentzat etxe bat bilatzea. Hots, tentu handiz aztertzen dituzte halako adopzioak. «Ez dugu nahi txakurra asmo okerretarako erabiliko duen norbaiten eskuetan utzi. Oso maitekorrak eta onak dira, baina ondo hezi dituzten pertsonekin», azaldu du Zubiaurrek. Gizartean duten estigmak eta aurrejuzguek ere kondenatzen dituzte babesleku edo txakurtegietan ohi baino luzeago bizitzera.

Animaliak adopzioan hartzea gero eta barneratuago badago ere, abandonuen datuak altuak dira oraindik. Horregatik, animalia bat izateak dakarren konpromisoaz hausnartzeko beharra nabarmendu dute hirurek. Garmendiak zentzuz jokatzeko deia egin die herritarrei: «Adoptatzen duenak arduraz adopta dezala, eta adopzioa epe luzerako zerbait bezala har dezala. Txakur hori familiako parte izango da, eta kontuan izan behar da, baldintzak aldatzen badira ere, txakurra zurekin etorriko dela. Jende askok hori ez du planteatu ere egiten». Uste berekoa da Palomares ere: «Bihotzetik egin dezatela, ez eguneko ekintza ona egiteagatik. Animalia asko daude etxe bat behar dutenak».]]>
<![CDATA[Jairik gabeko euskal astea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/028/001/2021-09-03/jairik_gabeko_euskal_astea.htm Fri, 03 Sep 2021 00:00:00 +0200 Olatz Esteban Ezkati https://www.berria.eus/paperekoa/1872/028/001/2021-09-03/jairik_gabeko_euskal_astea.htm
Euskal jaiak ezinbesteko ospakizuna dira zarauztar askorentzat, baita inguruko herrietako bisitarientzat ere. Aurten, formatua aldatuta ere, hainbat ekitaldiri eutsi nahi izan die udalak, eta Euskal Astea izango da herrian. Hilaren 11ra arte iraungo du kultur egitarauak. Halaber, irailaren 9an egitekoa zen euskal jaia ez dute ospatuko: «Aurten ez dugu euskal jairik ospatuko. Aurten ere, zaindu maite duzuna» mezua helarazi du Xabier Txurruka alkateak.

Hain zuzen ere, Alproja antzerki taldeak emanaldia egin izan du urtero euskal jaian, baina udalak ezarritako debekuaren ondorioz, 11n egitekoak dira. Iaz, ikus-entzunezko moduan aurkeztu zuten antzezlana, baina, oraingoan, taula gainera itzuliko dira. «Aurten, beti bezala, aurrez aurre izango da antzezlana», azaldu du Beñat Intxauspe taldekideak. Haatik, aldaketa batekin helduko da: kaletik antzokira jauzi egingo du. «Leku ireki batean eginez gero, inguruan ere zutik jartzen da jendea, eta hori ez dugu nahi. Hori dela eta, erabaki genuen leku itxi batean egitea».

Leku itxi batean antzezteak jende gutxiago biltzea dakar, eta, horregatik, Alproja taldekoek jarraian bi emanaldi egiteko erronkari eutsi diote: 10:30ean izango da lehen saioa, eta 12:15ean bigarrena. Sarrerak bihar jarriko dituzte salgai, 19:00etan, Musika plazan.

Urteko gertakariak biltzea eta umorez eraikitako kritika plazaratzea du helburu urteroko antzezlanak. Aurtengo obrak, Etxegabetuak lanak, etxebizitzaren arazoa taularatuko du. Hots, «Zarautzen gazteek ordaindu dezaketen etxebizitza bat aurkitzeko duten zailtasuna» islatu nahi izan dute, askotariko arrazoietan sakonduz. Betiere, umorez, Intxausperen hitzetan: «Kritika umorez egiten saiatzen gara. Badaude esajeraziora eramandako eszenak, baina errealitate gordin bat daukate oinarrian».

Jakien erakuslehio

Bertsoak, dantza, eta musika izango dira, besteak beste, datozen egunetan dasta daitezkeen platerak. Gaur, 22:00etan, bertsolari gazteen XLV. Lizardi sariaren finalean ariko dira Txaber Altube, Aitor Servier, Sarai Robles, Andoni Mujika, Aitor Zubikarai eta Ekhiñe Zapiain. Zarauzko Modelo aretoan izango da saioa.

Donostian eta Ordizian (Gipuzkoa), bertako produktuak izango dira nagusi. Larunbat goizean, produktu ekologikoek eta tomateek hartuko dute Bulebarreko hiribidea, nekazaritza ekologikoaren azokan eta Gipuzkoako tomateen erakusketan. Produktuok ikusi, usaindu, dastatu eta erosteko aukera izango da. Asteartean, berriz, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak sagar uztaren aurkezpena egingo du Trinitate plazan.

Ordizian, ez da izango jai egitaraurik aurten, baina, urtero legez, gazta txapelketari eutsiko diote. Iraileko bigarren asteazkenean egin izan da tradizioz, eta halaxe izango da oraingoan ere. Ordiziako Udalak eta Idiazabalgo gaztaren kofradiak antolaturiko txapelketan, ardi latxen esnez eginiko gazta ekoizleak txapela janzteko lehian arituko dira.

Donostian, irailak badu bestelako zapore bat: itsasoaren kontra apurtzen diren arraunkadek ekarritako kresalarena. Aurten ere ez du huts egingo arraunzaleen urteko topalekurik berezienak. Kontxako estropadak hilaren 5ean eta 12an izango dira, eta Donostiako txistulari bandaren doinuek kaleak girotuko dituzte goiz-goizetik.

Literaturazaleentzat ere izango da zer entzun eta zer ikusi hirian. Astelehen eta asteartean, 19:30ean, Poesia ordua goxatuko dute Leire Bilbaoren eta Nahia Zubeldiaren hitzek, Maite Larbururen eta Manu Matthysen doinuek lagunduta, Viktoria Eugenia antzokian.]]>
<![CDATA[Argitalpen zaharren agertokia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/028/001/2021-08-31/argitalpen_zaharren_agertokia.htm Tue, 31 Aug 2021 00:00:00 +0200 Olatz Esteban Ezkati https://www.berria.eus/paperekoa/1876/028/001/2021-08-31/argitalpen_zaharren_agertokia.htm
Liburu zaharrek duten usaina eta urteen joanak ematen dien kolore horixka igartzen dira erakusmahaietara hurbildu orduko. Eskaintza askotarikoa da: bilduma handietako aleak, tapaki berbera duten argitalpenak, literaturako klasikoak eta merkatuan eskuratzeko zailak diren obra bereziak. Halako eta besteko jasotzen dituzte Iñaki Muniategi eta Edurne Allunzen mahaiek. Arteagatik (Bizkaia) datoz, eta azokaz azoka aritzen dira liburuak erakutsi eta saltzen. Badira 30 urte Donostiara etortzen direla: nobedadeen eta liburu zaharren azokara.

Ale jakin baten bila edo bestelako liburu dendetan topatu ezin daitezkeen liburuen bila joaten diren erosleak badiren arren, nobelak eta liburu klasikoak erosten dituztenak dira gehien mugitzen direnak, Muniategiren esanetan. Asko prezio merkeek erakarrita. Ikasturte hasiera ate joka dagoen honetan ere, eskolarako irakurgaiak dira eskari handienetakoa dutenak: «Asko etortzen dira horien bila. Klasiko asko ditugu, eta oso merke», dio Muniategik.

Joan-etorriko bezeroak

Lehen egunetan, mugimendua igarri dute Muniategik eta Allunzek, eguraldia ere aldeko izan baitute. Bada eragiten duen beste faktore bat ere: tokia. Erdigunea eta Parte Zaharra lotzen dituen kalea herritar askoren eguneroko igarobidea da, eta joan-etorri horietan gelditzen dira erosle gehien. Hori da gakoa Muniategirentzat: «Pasoko toki batean jarri behar dugu; bestela, jendea ez da etortzen». Hain zuzen ere, Noa Zafra gazteak azokarekin topo egin du beste norabait zihoala. Jada ezagunak zaizkion misteriozko nobela batzuei begira ari da, ea baten batek arreta ematen dion: «Prezioak begiratzen ari nintzen».

Azokan aurki daitezkeen liburu gehientsuenak eskuragarriak dira gehienentzat; hala ere, badaude ale bakan eta oso berezi batzuk. Halako bat gordetzen du Hector Torresen erakusleihoak. Valentzian (Herrialde Katalanak) du liburu denda, eta azokaz azoka ibiltzen da bera ere. Duela gutxi lortu duen Rafael Alberti idazle espainiarraren liburu bat du esku artean: La amante poema liburuaren lehen edizio bat da, 1926koa. «Gaur-gaurkoz, merkatuan ez dago halakorik». Halako pieza bakanak saltzea, baina, ez da erraza: «Liburua irakurri nahi duenak hamar euroan du edizio berri bat; hau 400 euroan jarri dut».

Euskaraz, aukera urriagoa

Usoa Arbelaitz eta Jorge Soto egin berri dituzten erosketak ordaintzen ari dira beste erakusleiho batean. Ez dira kasualitatez heldu azokara; aurreko egunean ere izana zen Soto: «Nekatu egiten naiz hainbeste libururekin. Atzo etorri nintzen gainetik begiratzera, eta, gaur, berriz». Aukera zabala patxadaz aztertu eta gozatzeko hautua egin dute. Arbelaitzek hiru liburu ditu eskuan: espainiar literaturako hiru klasiko. «Hori da dagoen aukera gehiena; euskal literatura askorik ez dago», azaldu du Arbelaitzek. Izan ere, azoka osatzen duten 30 mahaietatik hiruzpalauk baino ez dituzte euskarazko liburuak.

Muniategi eta Allunz dira ale gehien dituztenetakoak. Liburu zaharrak ez ezik, euskarazko nobedadeak ere aurki daitezke haien mahaietan. «Beti bi mahai oso izaten ditugu euskarazko liburuekin. Kultura sustatzeko gaude gu hemen, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu», azaldu du Muniategik. Alabaina, euskarazko literaturaren salmenta nahiko apala dela uste dute: «Ez da asko saltzen». Horrexegatik, saltzaile askok ez dute euskal literaturaren aldeko apusturik egiten, Arteagakoen esanetan. Haien postuan, ordea, ez da euskal hitzik falta.]]>
<![CDATA[«Ni naiz pertsonaiak lotzen dituen haria»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1886/032/001/2021-08-24/ni_naiz_pertsonaiak_lotzen_dituen_haria.htm Tue, 24 Aug 2021 00:00:00 +0200 Olatz Esteban Ezkati https://www.berria.eus/paperekoa/1886/032/001/2021-08-24/ni_naiz_pertsonaiak_lotzen_dituen_haria.htm 35 Huts bakarrizketarekin ari da egun: orain arteko lanik pertsonalena du antzezlana, bera izan baita sortzailea. Ez du, ordea, bakarrik egin bidea: Miren Gojenola eta Aitziber Garmendia izan ditu lagun, zuzendari eta gidoilari lanetan.

35 urte betetzear, bidegurutze handi baten aurrean dago Asun, protagonista. Huts egiteko beldur da?

Konturatu nintzen 35 urterekin bidegurutze bat agertzen dela, erabaki bat hartu beharra. Asunen familian madarikazio bat dago, eta 35 urterekin hil egiten dira emakumeak. Horrenbesteko beldurra du hilko ote den, ez baititu beste erabaki batzuk hartzen. Hortik dator 35 Huts, partida bat izango balitz bezala: zeinek irabaziko du, 35ek ala hutsak? Hil egingo da ala bizitzeko indarra emango dio bidegurutze horrek?

Adin horretara helduta, nabaritu duzu zuk ere bidegurutze hori?

Bai, sentitzen dut bidegurutze hori. Badira gizarteak ezartzen dizkigun pautak, ez amatasuna bakarrik, badira beste arau batzuk ere: lan finko bat, etxe bat... Nik ez daukat lan finkorik, eta alokairuan bizi naiz. Beraz, hor nabil bidea bilatzen, noizbehinka lasaiago, eta beste batzuetan gehiago kostatzen zait.

Amatasunaz, heriotzaz eta familiaz hitz egiten duzu obran. Gogoetara eramaten zaituzten gaiak dira?

Bai, nire buruan eta inguruan zeudelako hartu nituen. Aldi berean, oinordetzaren gaiak interes handia sortzen zidan: zein oinordetza jasotzen ditugun familian, bai jarduteko moduetan, baita emozionalak ere. Aurrekoek bizi izan dutena jasotzen dugu, eta gure bizitzari aurre egiteko erabiltzen dugu, gu kontziente ez izan arren.

Hor sartzen da amonaren rola. Amona eta biloba, biak antzezten dituzu. Nola bizi duzu bakoitza?

Jendeak galdetu egiten dit: ez zara nahasten? Ez, oso argi ditut pertsonaia bakoitzaren gorputza eta ahotsa. Polita egiten zait oinordetzaren alde horretatik. Pertsona berak gorpuztean bi pertsonaiak, hor jasotzen da haien arima; ni naiz pertsonaia horiek lotzen dituen haria. Uste dut biek dutela Estiren zerbait. Oso obra pertsonala da.

Eta zer dute Estirengandik?

Nik uste dut nahi gabe lotzen diren gauzak direla, baina antzezlanak nigandik asko du. Asunek bizitzeko falta duen ausardia badu Estik, baina beldur hori beti hor dago: gai izango ote naiz hau edo bestea egiteko. Hor nabaritzen dut lotura. Obra ondo bukatzen denean, sentitzen dut Asunek indarra ematen diola Estiri. Asunek ondo bukatzen badu, Estik ere bai.

Mexikoko erreferentzia ugari ere ageri dira. Zergatik?

Ez dakit nondik datorren Mexikorekin lotura hori, kar-kar. Rantxerak asko gustatzen zaizkit, txikitatik. Gainera, amama harrapatuta dago irratinobelekin, eta nik, txikitan, telenobelak irensten nituen. Ematen duen arren horrek deskonektatu egiten duela amama, barrutik konektatu egiten du. Ihes egiteko bidea aurkitzen du.

Nola ikusten duzu zeure burua oholtzan bakarrik aritzean?

Bi aldeak ditu. Alde batetik, izugarrizko indarra ematen dit. Ondo doanean eta publikoa zurekin doanean, botere puntu bat da. Baina, bestetik, oso zaurgarria naiz. Oso esperientzia polita izaten ari da. Nire erronka zen bakarrizketa bat egitea, eta, orain, jendearekin lan egin nahi dut.

Taula gainean bakarrik ari zara, baina proiektua hiru eskutara landu duzue. Nolakoa izan da?

Oso polita. Bi emakume izugarri dira, indartsuak eta talentu handikoak. Proiektua nik hasi nuen, eta pentsatzen hasi nintzen norekin lan egin nahi nuen. Aitziberri idazte prozesuan laguntzeko eskatu nion, eta hasieratik baiezkoa eman zidan. Hasieran, pare bat astez, Miren eta ni elkartu ginen hainbat inprobisazio egiteko. Gero, Aitziberrekin egin genuen saio bat, idazten hasteko. Aitziberrek idatzi zuen hasierako testua, eta gero guri eman, nahi bezala moldatzeko. Horregatik esaten dugu hiruron artean idatzi dugula.

Gai sakonak jorratzen dituzue, baina umorez. Errazagoa zaizue hortik jotzea?

Niri bai, eta uste dut haiei ere baietz. Publikoari ere ezberdin sartzen zaio. Jendeak momentu on bat pasatzea zen asmoa, baina, aldi berean, zerbait geratzea. Eta bakoitzari zerbaitek joko dio. Ez zaio jende guztiari mezu bera iritsiko.

Argi izan zenuen emakumez osaturiko proiektua izango zela?

Kasu honetan, bai. Pentsatu nituen beste aukera batzuk ere, baina gaia emakumeena zen, eta guk hitz egin behar genuen horretaz. Garrantzitsua zen, lan ona egin dezakegula plazaratzeko ere bai. Horrela sentitzen nuen, edo horrela behar nuen.]]>
<![CDATA[Kanpinak beteta egun askotan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1913/030/001/2021-08-19/kanpinak_beteta_egun_askotan.htm Thu, 19 Aug 2021 00:00:00 +0200 Olatz Esteban Ezkati https://www.berria.eus/paperekoa/1913/030/001/2021-08-19/kanpinak_beteta_egun_askotan.htm
Han da Maite Acosta, otorduaren arrastoak oraindik mahai gainean. Madriletik etorri da familiarekin, autokarabanarekin Euskal Herriko kostaldea ezagutzera. Kanpinak bilatzea, baina, ez da lan erraza izan. Hainbat herritan, ez dute aurkitu lotarako tokirik: «Herri batzuetan, ahal izan dugun tokian pasatu dugu gaua. Kanpin gehienak beterik zeuden». Igeldokoan ere, ozta-ozta lortu dute lekua. Telefonoz ezinezkoa izan zuten, eta, badaezpada ere, bertara etorri dira. Turista asko dabiltzala igarri du Acostak; haien inguruan dauden autokarabana gehienak atzerritik etorriak dira.

Matrikula hori dezente ikusten dira kanpineko bideetan: Herbehereetatik etorriak dira gehienak. Baina bada Danimarkatik, Frantziatik edota Erresuma Batutik heldu denik ere. Hala ere, abuztu betean, hutsuneak daude lurzati batzuetan, kanpin denden inguruan batez ere.

Dutxara edota ontziak garbitzera doazen erabiltzaileen joan-etorriak ugariak dira, baita azken gauzak bildu eta martxa egitekotan dauden beste batzuenak ere. Autokarabana eta bungalowen eremuan, familiak dira gehienak. Kanpin denden gunean, berriz, gazte taldeak. Ohikoenak geldialdi laburrak egiten dituzten bezeroak diren arren, badira kanpinean luzaz geratzen direnak ere. Ordizia eta Ataungo (Gipuzkoa) bi bikotek urteak daramatzate oporraldiak Igeldon igarotzen. Han dute beren bigarren etxea, karabana. Aurten, iaz baino jende gehiago dabilela nabarmendu dute, baina pandemiarik gabeko udekin alderatuz beherakada antzeman dute.

Horixe bera berretsi du Oskar Arana kanpineko kudeatzaileak: «Iazkoarekin alderatuz, uda hobea izaten ari da hau». Hala ere, ez dira heltzen pandemia aurretik izan ohi zituzten zifretara. Izan ere, atzerriko turistekiko menpekotasun handia dute, eta hainbat herrialdetan egon diren murrizketa eta gomendioek atzera bota dituzte bisitari asko. Bezeroen %50 inguru beste herrialdeetatik etorritakoak izan ohi dira: Frantziatik, Alemaniatik eta Herbehereetatik, gehienbat.

Iwona Szulkowska Poloniatik etorri da, familiarekin eta adiskide batzuekin batera, karabanan. Jaioterrian alokatu zuten, eta, Alemania eta Frantziatik igaro ostean, Euskal Herrian egin dute geldialdia. Lehen aldia du hemen, eta «oso toki ederra» iruditu zaio. Kanpin dendarekin bidaiatzen ohituta dago familia, baina aurten karabana hartzea erabaki dute.

Inguruko bisitariak nagusi

Hain zuzen ere, autokarabanen lursailetan eta bungalowetan izan dute eskaririk handiena Igeldon, eta betetzea ere lortu dute egun askotan. Kanpin denden lurzatietan, aldiz, apalagoa izan da mugimendua. Azken urteetako joera dela azaldu du Aranak: «Motxiladunak asko etortzen ziren lehen, baina, urtez urte, gutxiago ikusten dira. Jendeak erosotasuna nahi izaten du geroz eta gehiagotan». Iragan urte zailaren ostean, negua ere gogorra izan da kanpinarentzat; agintariek ezarritako neurriak zirela eta, ezinezkoa izan baitzaie irekita eustea. Halere, baikor daude udako hobekuntzarekin.

Pandemiak ez du lortu uda zapuzterik Iratxe kanpinean (Aiegi, Nafarroa), abuztu ona izaten ari baitira. «Uda hau besteak bezalakoa izaten ari da. Iaz bete zen, eta aurten ere bai», azaldu du Iñigo Vicente kanpineko arduradunak. Alabaina, urtea ez da izan hain gozoa. Lehen hilabeteetako murrizketek eragin handia izan dute, eta uda dute urtea ondo ixteko aukera. Etxeko bezeroekin lan egiten dute bereziki, eta horrek lagundu die bisitari kopuruari eusten. Gipuzkoarrak dira gehienak, %70 eta %80 artean. Euskal Herritik kanpoko jendea tantaka baino ez zaie heltzen. Kanpinak pandemia garaiko lehen aukera bilakatu dira herritar askorentzat, eskaintzen duten lasaitasunagatik, eta antzeman dute: «Seguruago sentitzen dira, aire zabalean daudelako».

Uda hau hobeto doakie Ibarron kanpinekoei ere (Senpere, Lapurdi): beteta dute kanpalekua abuztuan, eta iaz baino bezero gehiago izan dituzte, pandemia aurreko zenbakietatik urrun dauden arren. «Urte normal batekin alderatuta, %25 gutxiago lan egin dugu» azaldu du François Makirriain arduradunak.

Era berean, Frantziako Gobernuak ezarritako COVID-19aren ziurtagiriak izan du eraginik. Uztail amaieratik, Ipar Euskal Herrian derrigorrezkoa da txertoa hartu izana, PCR test negatibo bat edo gaitza pasatu izana berresten duen ziurtagiria erakustea ekitaldi jendetsuetarako, eta, egun, baita jatetxe eta ostatuetan sartzeko ere. Ibarron kanpinera sartu aurretik ere, bezeroek ziurtagiria erakutsi behar dute. Hala eta guztiz ere, beldurra igartzen dute: «Bi txertoak izanik ere, badira gibelatu eta etorri ez direnak».

Iazko kolpe latzaren ostean, berrekiten ari dira Endaiko kanpinean (Mendexa, Bizkaia). Ziurtasun ezak eraginda, ateak ez zabaltzea erabaki zuten joan den udan, eta uztailean hasi zuten aurtengo sasoia. Lehen hilabetea, ordea, hala-nolakoa izan dela azaldu du Maritxu Gabiola arduradunak: kasuen gehitzeak eta eguraldiak baldintzatu dute. Abuztuko aurreikuspenak baikorragoak dira: «Jende asko etortzen ari da, eta ia egunero betetzen dugu». Haatik, lurzati kopurua mugatu egin dute aurten: «Kanpin denden lurzati batzuk libre uzten ditugu, distantziak hobeto mantendu ahal izateko».

Atzerriko bisitariekin lan egitera ohituta zeuden Endain, baina uda honetan hurbilagotik datozen bisitariak gailendu dira; bereziki, Euskal Herritik bertatik, Kataluniatik eta Madrildik datozenak. Oporrak antolatzeko moduak aldatu direla ere antzeman dute: egun batetik bestera egiten dituzte erreserba gehienak, baita egunean bertan ere.

Egokitzen, aurten ere

Murrizketekin eta segurtasun neurriekin bizitzera ohitu dira azken urte eta erdian kanpineko arduradun eta bezeroak. Iaz, zailtasun handiagoak izan zituzten egoerara egokitzeko, baina aurten ondo moldatzen ari direla dio Aranak: «Jendeak barneraturik dauka dagoeneko». Komunetan eta garbitokietan edukiera mugak ezartzeaz gain, igerilekura sartzeko erreserba sistema bat ere ezarri dute, jende pilaketarik gerta ez dadin.

Jende asko elkartzen den tokiak diren arren, kanpinak gune seguru bilakatzen jardun dute arduradunek. Iratxe kanpinean, ordua hartu behar da kirol pistak erabiltzeko, gune publikoetan garbiketa indartu dute, eta, igerilekuan, guneak banatu dituzte: eremu bakoitzean elkarrekin etorritako lagunak soilik elkartu daitezke.

Neurri horiek ezartzeak, baina, gastu handiagoak ekarri dizkie, eta ohi baino inbertsio handiagoa egin behar izan dute materialean eta langileetan. Horregatik, udako martxa onak lasaitasun ekonomikoa eman die, baina baita emozionala ere: «Poza ematen du irekita eta lanean gaudela ikusteak».

Iaz itxita izan zirenez, hutsetik hasi behar izan dute Endain, eta zeharka ere eragin die gaitzak. Lekeitioko (Bizkaia) festarik ez izateak udako sasoia laburtzera behartu ditu, eta irailean ez dute zabalduko: «Duela bi urtetik hona, asko nabarituko da eragin ekonomikoa». Ibarronen, COVID-19aren ziurtagiria eskatzeaz gain, maskararen nahitaezko erabilera ezarri dute, baina espazio komunetan soilik. Gaitzak mugaturik jarraitzen duten arren, iazko zauria sendatzen hasi zaie apurka.]]>
<![CDATA[«Jendea konturatu da zer den Urmuga»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1886/032/001/2021-08-18/jendea_konturatu_da_zer_den_urmuga.htm Wed, 18 Aug 2021 00:00:00 +0200 Olatz Esteban Ezkati https://www.berria.eus/paperekoa/1886/032/001/2021-08-18/jendea_konturatu_da_zer_den_urmuga.htm
Bigarrenez egin duzue aurten Urmuga. Nolakoa izan da?

FELIPE URIARTE: Iaz borobila atera zen, eta aurten biribila atera da.

MIGEL ZEBERIO: Bai, beste modu batera.

URIARTE: Jendea konturatu da zer den Urmuga, eta horretara etorri da: Urmugan parte hartzera, bere sakoneko esanahian. Alde horretatik, aurrerapauso bat egon da.

Eta zein du sakoneko esanahia?

ZEBERIO: Lehentasuna ematen diogu ikuspuntu intimo edo espiritualago bati. Planteamendua izan da esperientzia artistiko bat egitea naturan, ezberdina dena. Lortu dugu gizarte globalizatu honetan galtzen ari den espiritua mantentzea: herrietan dagoen jendearekin lotura izatea, gurekin auzolanean ari dena.

URIARTE: Urmuga hausnartzeko gune baten gisa ikusten genuen. Eta aurten hori gertatu da: literatura gehitu dugu. Lau idazle egon dira idazten BERRIAn, Urmugaz edo horrek esan nahiko lukeenaz.

Beste eremu batzuetara zabaldu da, beraz?

URIARTE: Iaz, beti esaten nuen Urmuga ekintza armatua dela, herria askatzeko ekintza armatua: musikarekin, poesiarekin, literaturarekin eta galtzerdien izerdiarekin. Horiek dira gaur egun erabil ditzakegun armak. Literaturan eta musikan izugarrizko batailoia dugu.

Musika eta mendia uztartuz herria egitea da funtsa?

URIARTE: Horretarako da, herria josteko. Eta herria jostea esaten dugunean, hitzari balioa eman behar zaio. Jostea badakigu zer den: puskatuta duzun praka bati balioa ematea, zaharra izanik eta izorratuta egonik ere. Horretan gaude, josten, bere zentzu guztian.

ZEBERIO: Baina horrek talka egiten du jende eta erakunde askorekin.

Musika eskaintza zabala eta askotarikoa izan da aurten; talde gazte asko ere bai tartean. Nolakoa izan da?

ZEBERIO: Oso polita izan da Chill Mafia, Dupla eta Idoia Asurmendi ikustea. Oso harreman polita izan da, eta funtzionatu du. Iazko kantari askorekin aldez aurretik bagenuen harremana. Orain, jende horrekin sakontzea eskatzen digu. Badago jende oso-oso interesgarria. Batzuk espainolez kantatzen ere ari dira, eta errespetatzen da.

Horrek ez du talkarik sortzen?

URIARTE: Bai, baina onartu egiten da.

ZEBERIO: Orain dela gutxi arte guretzat ia-ia pentsaezina zen, baina errealitatea hori da. Guk esplikatuko genieke bidesari hori ordaintzea zilegi dela, baina, herri gisa, lagundu behar dugu jende horrek hori egin behar ez dezan.

URIARTE: Baliabideak jarri behar dira mundu horretan sar daitezen.

Publiko zabalago bat erakarri duzue korronte berri horiekin?

ZEBERIO: Kantari guztiek eraman dute haien ohiko publikoa, eta lortu dugu erakustea badaudela beste plater batzuk gustagarriak izan daitezkeenak. Jende gehiago erakartzea ez dakit lortu dugun, baina helburua zer da, masa bat mugitzea?

Pandemia betean egitasmo bat sortzera animatu diren bakarrenetakoak izango zarete...

URIARTE: Iaz, maiatzaren hasieran egin genuen bilera bat, online, eta kikilduta geunden. Gehienek, ezetz, ezkortasun batean. Nik esan nien: ni banoa, zuek egin nahi duzuena. Oraindik itxialdian geunden. Hurrengo bost-sei asteetan, liskarrak izan genituen bien artean. Haserre amaitu genuen.

ZEBERIO: Bai, haserre inportanteak izan genituen, baina sekulako errespetuarekin eta aurrera egiteko helburu garbi eta jakinarekin. Haserretuta gindoazen eskutik: jo eta su soka berean lanean, elkarri hitz egin gabe. Oso polita da, eta ez dugu behin ere hitz egin horretaz.

URIARTE: Jakina. Garbi izan behar da zertan zabiltzan eta zergatik. Eta gauza pertsonalak albo batera utzi. Lubakian ez sartu.

Aurten argi izan duzue aurrera egingo zenutela?

ZEBERIO: Iaz erabaki zen bi urtez behin egitea, baina aurreneko bi urteak jarraian egin dira. Orain ikusiko dugu zer egiten dugun, nola eta nondik. Baditugu partekatzeko ideia batzuk, partikular samarrak, agian ez direnak oso samurrak.

Nola hasi zenuten guztia?

URIARTE:: Nepalera joan nintzen, eta, han, Dingboche herrian, esan nuen: «Kontxo, mendia eta musika: Urmuga». Tibet eta Nepalen artean, zortzi mila metroko mendiak daude, baina sekula ez dira muga izan. Orain ikusten dut gure adiskidetasunaren eremuan sortu zela Urmuga. Besteak anekdotak dira.

ZEBERIO: Bai, besterik gabe. Iktus bat izan zenuen, eta, lehendabiziko aldiz, hilkorren mundura jaitsi zinen. Nire solstizioko kontzertura etorri zinen, eta hor hasi zen.]]>
<![CDATA[Suziriek ez dute piztu festa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1924/038/001/2021-08-15/suziriek_ez_dute_piztu_festa.htm Sun, 15 Aug 2021 00:00:00 +0200 Olatz Esteban Ezkati https://www.berria.eus/paperekoa/1924/038/001/2021-08-15/suziriek_ez_dute_piztu_festa.htm
Hainbat piraten begiradapean, Ezkila kapitainak eta Mattik hartu zuten hitza: «Oztopo ugariren gainetik, lortu dugu aurten ere Donostia abordatzea», nabarmendu zuen kapitainak. Izan ere, Kabotajea antolatu dute Piratek datorren asterako, ostegunetik igandera egingo den egitaraua.

Pandemiak mugatu bai, baina ez ditu geldiarazi jai herrikoiak. Festa eredua berriro pentsatu eta birmoldatzea egokitu zaie Piratei, baina gogotsu daudela dio Ezkilak. Pandemian «gazteek pairatu duten kriminalizazioaren aurrean», elkar babesteko deia ere egin dute: «Badakigu gauzak ondo egiten eta elkar zaintzen. Geure buruak zaintzeko gai gara».

Urtero legez, Donostiako aste handiak bere Matti izango du. Pertsona edo kolektibo berezi batek gorpuzten du, eta aurten, Naizen adingabe transexualen familien elkartea izan da. «LGTBI+ kolektiboaren aurkako erasoak bata bestearen atzetik datozen garai hauetan» elkartea omendu nahi izan dute Piratek.

«Izan gaitezen denok piratak. Gora piratak!». aldarriaren ostean, suziriek eta musika doinuek girotu zuten kai ingurua. Metxak, ordea, ez du piztu festarik aurten.

Giroa Parte Zaharrean

Kaiko lasaitasuna zarata bihurtzen da Parte Zaharrerako pasabidea igarota. Beteta daude kale estuak, eta beteta terraza eta taberna gehienak. Aste Nagusiko usainik ez da igartzen, baina. Frantsesa eta ingelesa barra-barra entzuten dira: kalean dabiltzan gehienak turistak diren seinale. Pintxoz beteriko barrek erakarrita, ilaran zain daude asko. Pandemiaren aurkako neurriek itxaroteko tokiak bilakatu dituzte kaleok.

Gida turistikoei jarraika dabiltzan talde handien artean, bada donostiarrik ere. Uxue Ortegak eta familiak ozta-ozta lortu dute tokia terraza batean. Ez du penarik jaiak bertan behera gelditu direlako; are, eskertu ere egin du: «Parte Zaharrean bizi gara, eta nahiko jende dabil dagoeneko. Masifikazio handiegia litzateke bizi dugun osasun egoerarekin». Piraten kofradietako kideak dira, eta egitasmoetara joateko asmoa dute. Bestelako aldarte batekin dago Naiara Vañolos gaztea, penaz bizi baititu egunok. Ulertzen du festak ez egitearen arrazoia, baina jendeak ospatu egingo dituela uste du: «Afariak ditugu, eta berdin aterako gara».

Artilleroen doinuak giroturik piztu ohi zen festa Alderdi Ederren. Alabaina, aurten, artisau azoka da udaletxeari begira dagoen lekuko bakarra, paseoan dabiltzan herritarrekin batera. Animalia formako puxikekin daude zenbait haur, baina bestelako jai zantzurik ez da. Parte Zaharrean terrazak beteta dauden arren, abuztuko larunbat arrunt baten itxura du hiriak. Surik ez da gauean Kontxako badian: burrunba hotsik gabe jan beharko dute herritarrek izozkia.]]>
<![CDATA[«Orain arte ezagutu dugun jai eredua aldatu egingo da»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1953/039/001/2021-08-15/orain_arte_ezagutu_dugun_jai_eredua_aldatu_egingo_da.htm Sun, 15 Aug 2021 00:00:00 +0200 Olatz Esteban Ezkati https://www.berria.eus/paperekoa/1953/039/001/2021-08-15/orain_arte_ezagutu_dugun_jai_eredua_aldatu_egingo_da.htm
Bigarren urtez jarraian, ez da kanoi hotsik izan Donostian. Zer moduz zaude?

Arraroa da. Iaz oso barneraturik geneukan zer gertatuko zen, baina aurten galduago nago, eta gogoeta egiten ari naiz. COVID-19ak bizitza aldatu digu, eta jaiak ere aldatuko ditu. Ez dakit zer modutara, baina orain arte ezagutu dugun jai eredua aldatu egingo da.

Jai ereduen inguruko hausnarketa bat etorriko da, beraz?

Niri geneuzkan jaiak asko gustatzen zitzaizkidan, baina uste dut goia jo dugula, eta orain, beste garai bat datorrela. Penatuta nago, zalantza askorekin eta ezkortasun puntu batekin, era berean. Aldaketa bat datorrela ikusten dut. COVID-19ak elkartzea eta gizartean lan egitea kendu digu. Eta hori da jaien funtsa. Beraz, beste modu batzuk asmatu behar ditugu.

Jaiak bertan behera uztea beharrezkoa ikusten duzu, ala egin zitezkeen beste modu batera?

Ulertzen dut erabakia hein batean, baina beste modu batera egitea ere posible da. Ezjakintasunetik oso erraza da gure iritzia ematea, hala ere. Esaten da zerbait egiten bada jendea kalera ateratzera animatzen dela. Tira, ez dakit.

Aitaren lekukoa hartu zenuenetik behin bakarrik egokitu zaizu metxa piztea. Gogotsu egongo zara, ezta?

Bi aldiz bota dut. Lehen aldia ezustekoa izan zen, txilibiteroei omenaldi bat egin nahi izan zigutelako. Gero, aitaren ondorengotza hartu nuen. Modu oso ez berdin batean bizi izan nuen hori; prestatuta nengoen. Lekuko hori ganoraz eramateko gogo handiz nago, baina, oraingoz, hortxe geratu da.

Zer esanahi du Aste Nagusiak zuen etxean?

Egokitu zaidan egitekoarekin, oso esanahi berezia hartu du kanoikadak: aitak botatzen zuelako hasieran, eta niri tokatu zaidalako ondoren. Horregatik, oso bereziak dira jaiak, baina San Sebastian eguna askoz ere garrantzitsuagoa da guretzat.

Zein izaten da jaietako unerik bereziena?

Kanoikadaren momentua. Ekainean hasten gara entseguekin eta trajea prestatzen. Eta gure lana bukatu arte, urduritasunarekin eta arduraz bizi dugu. Plazer bat da halako ekitaldi batean parte hartzea. Gustatzen zait ardura hori edukitzea, eta ondo eramaten dut.

Ardura horrek mugatu egiten zaitu festak bizitzeko unean?

Hamar mila saltsatan sartuta ibili naiz bizitza osoan, eta jende asko ezagutzen dut. Baina sekula ez naiz mugatu ezer egitekorakoan aurpegi ezaguna izateagatik. Ez dut uste ezer txarra egiten dudanik, eta egiten dudana naturaltasunez egiten dut. Nik nahi dudana egiteko ez dit batere mugatzen.

Kanoikadako jantzia hautsa hartzen izango duzu dagoeneko...

Armairuan dago, eta noizbehinka aireztatu egiten dut. Orain zalantza dut gerria ondo lotuko nukeen [kar-kar].

Etxean janzteko tentaziorik izan duzu?

Neguan egingo dut. Orain ez, oso lodia delako. Iaz, kanoikadaren egunean jantzi nuen, eta lagun batzuekin antzeko zerbait egin nuen, faltan sumatzen genuelako. Aurten ez, beste aldarte batean nago. Bigarren urtea da, etsituago gaude, eta ez dut ezer berezirik egingo.

Ez da ospakizun berezirik izango, beraz?

Egia esan, egunez egun noa gauzak disfrutatzen, eta ez dut gehiegi pentsatzen zer data izango den. Agian afari edo bazkariren bat egingo dugu.

Zer mezu helaraziko zenieke Donostiarrei?

Disfrutatzeko bizitzaz eta egunerokoaz. Kolpe handia hartu dugu urte eta erdi honetan; hori onartu egin behar dugu, eta indarrarekin hortik atera. Festa egin nahi duenak edo jantzi nahi duenak festetako jantziekin egin dezala, baina dauzkagun mugekin. Disfrutatzeko beste era asko daude, eta anima daitezela haien gertukoekin gauzak ospatzera.

Datorren urtean entzungo da Artillero?

Espero dut baietz, baina auskalo nola. Ni hortxe egongo naiz, esaten didatenerako beti prest.]]>
<![CDATA[«Artea politika da; mundua aldatzea»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1887/040/001/2021-08-10/artea_politika_da_mundua_aldatzea.htm Tue, 10 Aug 2021 00:00:00 +0200 Olatz Esteban Ezkati https://www.berria.eus/paperekoa/1887/040/001/2021-08-10/artea_politika_da_mundua_aldatzea.htm
Nire etxea, nire gorputza du izena erakusketa berriak. Zure bizitza markatu duten bi elementu, hain zuzen ere.

Izen hori jarri diot, ondorio honetara heldu naizelako: nire etxea erre egin da; ez banu nire gorputza izango, ez nukeen ezer. Gorputza da toki guztietara daramadana, ni beti nago hor. Eta hori ia ere galdu nuen: esan zidaten ez nintzela berriro ibiliko, ez zuten nigatik ezer ematen. Baina gorputzaren indarra askoz ere handiagoa da, eta azkenean, ibiltzen ari naiz.

Zer biltzen dute lanok?

Irudi guztiek nitaz hitz egiten dute, bizi izan ditudan uneez. Oroimena dira, baina ez dira autobiografikoak. Grabatuak zerikusi handiago du edertasunaren bilaketarekin, baina beti mezu batekin. Artea astintzailea da, eta ikusleak ere bere partetik jarri behar du.

Proiektu baten abiapuntua da erakusketa. Donostiako kaleak irudiz betetzea izango da hurrengo asmoa.

Bolboakoa aurrerapen bat da, eta espero dut beranduenez irailerako irudiak jarrita egotea. Erakusketa horretan, erakutsi nahi dudana da maitasuna, geure burua maitatu behar dugula. Agertzen naiz ni musuak ematen neure buruari edo jendeari: gaixo nengoela, eta gaitza gainditu ondoren. Aitona-amonen argazkiak ere erabili nahi ditut, garrantzitsua baita haien ahotsak eta jakinduria berreskuratzea.

Kalean, zergatik?

Kalea gure espazioa da, eta aldarrikatu egin behar dugu. Geroz eta gutxiago uzten digute hemen egoten, eta, are gutxiago, egoera honekin guztiarekin. Baina kaleak gureak dira.

Azken gertakariok aldarazi dute zure obra?

Nire obra beti saiatu da gauzak erakusten. Behin ,Donostiako autobus turistikoa alokatu genuen, Martxoaren 8an, eta ibilbide bat egin, toki horietako energiak aldatzeko. Hau, agian, beste maila batera pasatu da: ez da soilik tokiak aldatzea, baizik eta nire gorputzarekin gauza bera egitea. Sendatzeko. Minbizia eta gero, etxea erre zen, baina eskualde guztiak izugarrizko laguntza eman digu. Oso eskerturik nago bailarari eta auzolanean lagundu diguten guztiei. Gertakariek motibatu egin naute: neure buruaren jabe izatera itzuli naiz berriro.

Artea terapia izan da, beraz?

Artea transformazioa izan da niretzat beti, eta pentsatu neure buruarentzat ere erabili beharko nukeela. Ospitalean hasi nintzen argazkiak egiten. Oso argazki gogorrak dira batzuk, baina musuenek maitasuna adierazten dute. Eta garai hauetan asko behar da hori.

Zaila egiten zaizu mundu intimo hori jendeari zabaltzea?

Espazio intimoa publikoa izan behar da; bestela, ez dugu lortuko bat egitea. Gaixotasuna publikoa da.

Teknika askotan mugitzen zara. Zer ematen dizu bakoitzak?

Fakultatean pintura eta grabatuak egin nituen, baina gehiago deitu izan didate grabatuek. Orain, kostatzen zaidanez grabatuak egitea, margotzeko gogo handiz nago. Argazkia oso zuzena iruditzen zait jendearengana heltzeko, eta autogestiorako. Koadroak galeria batean saltzea, gogaikarria da.

Ez zara eredu konbentzionaletan mugitzen den artista.

Inoiz ez naiz izan politikoki zuzena den artista, baina ez zait axola. Jendeari zerbaitetarako balio behar dio arteak. Artea politika da; mundua aldatzea. Badaude artista batzuk edertasuna bilatzen dutenak. Baina ni naizen bezalakoa izanda, eta borroka egitea tokatu zaidanarekin, ezin dut ikusi artea beste modu batera. Ezer ez da aldatzen ezer aldatzen ez bada, eta guztiok gara horretarako gai.]]>