<![CDATA[Olatz Urkia | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sun, 05 Feb 2023 05:10:24 +0100 hourly 1 <![CDATA[Olatz Urkia | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Filipinak, erdian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1941/015/001/2023-02-05/filipinak_erdian.htm Sun, 05 Feb 2023 00:00:00 +0100 Olatz Urkia https://www.berria.eus/paperekoa/1941/015/001/2023-02-05/filipinak_erdian.htm
Pekinen erantzuna

Manilako agintariek ziurtatu dute Ameriketako estatubatuarrek ez dutela inolako base militarrik izango; aldi baterako egonaldiak egingo dituzten talde txikiak bidaliko dituzte, besterik ez.

Baina horrek ez du Pekin konbentzitzen, eta ostegunean bertan Atzerri Ministerioko bozeramaile Mao Ningek salatu zuen akordioaren atzean, behin gehiago ere, Ameriketako Estatu Batuen pentsaera inperialista dagoela. Maoren hitzetan, akordio honek arriskuan jarriko du eskualdeko bakea. Bide batez, Asiako herrialdeei deialdi bat egin zien: ez dezatela manipulatu ditzaten onartu, ez dezatela onartu Washingtonek bere helburu propioak lortzeko panpina bezala erabil ditzala.

Ez du onera egiten Txina eta Ameriketako Estatu Batuen arteko harremanak: merkataritza gerra dago alde batetik, eta aste honetan ere Joe Bidenek iragarri du, besteak beste, Huawei bezalako enpresa txinatarrentzat esportazioak debekatzeko proiektua aurrera bultzatuko duela, gogor eraso eginez Txinako puntako teknologien sektoreari. Kasu horretan, hori egiteko argudio bezala espioitza erabili dute estatubatuarrek: Huaweik Alderdi Komunistarentzat espioitza egiten duela salatzen dute; aspaldiko akusazioa da, eta bai enpresak bai alderdiak erabat ukatu dutena.

Eta ostiralean bertan ere izan da bi potentzien artean beste talka bat: Ameriketako Estatu Batuen gainetik pasa den globo aerostato bat dela eta, Washingtonek Pekini berriz espioitza leporatu dio, eta Pekinek, aldiz, ziurtatu du globoa zibila dela, eta helburu zientifikoekin lanean ari zela kondizio meteorologikoen ondorioz desbideratu zen arte. Aldiz, bat nahikoa ez, eta bigarren bat detektatu dute Latinoamerikako aire eremuan. Emaitza izan da Antony Blinken Estatu idazkariak Pekinera gaur aurreikusten zuen bidaia bertan behera utzi duela.

Taiwan

Merkataritza gerra alde batetik, eta, batez ere, Taiwan bestetik. Ameriketako Estatu Batuek Taiwanen independentzia bultzatzeko ezer ez dutela egingo behin eta berriz ziurtatu duten arren, azken urtean eman diren pausoek ez dute berdina erakusten: 2022ko udan Nancy Pelosik Taipeira egindako bidaia ofizialarekin hasi, eta irla autonomoari armak saltzeko akordioak etorri dira atzetik. Erantzun bezala, Txinako armadak Taiwanetik oso gertu ariketa militarrak sarriago eta era oldarkorrago batean egiten ditu.

Orain, Austinek Manilan itxi duen akordioarekin, soldadu estatubatuarrak Taiwandik 300 kilometro ingurura egongo dira. Ez dirudi tentsioa baretzeko bidean doanik.

Iraganeko kapitulu hori

Soldadu estatubatuarrentzat sinatu den sarbide horrek haserrea sortu du ez Pekinen bakarrik, baita Filipinetan ere. Ostegunean Manilan hainbat protestatan talde ezkertiarrek kanpora atera dituzte «USA go home!» dioten pankartak.

Herritarrek salatu dute horrelako akordioekin tentsioak okerrera egitea besterik ez dela lortzen, eta Filipinetako agintariek estatubatuarrei ateak irekiz lortuko dutena herria bi potentzia handien arteko gatazkaren erdian harrapatuta uztea dela.

Washingtonek ziurtatzen du beraien presentzia militarra beharrezkoa dela Hego Asiako herrialdeak Txinaren inperialismotik babesteko, baina Filipinetan badute iraganean estatubatuarren presentzia militar handiak markatutako kapitulu bat, eta askok ez dute iragan horretara itzuli nahi. Bongbong Marcos diktadorearen garaian soldadu estatubatuarren presentzia handia izan zen, herritarrek, protesten artean, 1992an militarrak Filipinetatik kanporatu zituzten arte.

Ba orain, justu azken hauteskundeetan Marcos diktadorearen semea bera presidente hautatu dutenean, berriz ireki zaie atea, eta herrialdeko talde ezkertiarrek iraganeko kapitulu hori gertuago ikusten dute orain. Iragan horretatik gertuago, eta batez ere, bi potentzia handiren gatazkaren erdian daude orain Filipinetako herritarrak.]]>
<![CDATA[Txinatarrei mesfidantzaz, berriz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1884/019/001/2023-01-08/txinatarrei_mesfidantzaz_berriz.htm Sun, 08 Jan 2023 00:00:00 +0100 Olatz Urkia https://www.berria.eus/paperekoa/1884/019/001/2023-01-08/txinatarrei_mesfidantzaz_berriz.htm
Komunikabide sentsazionalistek egiten dutenak, noski, ez du lasaitasuna bermatzen laguntzen. Hasi dira Madrilgo aireportura iristen diren txinatarren irudiak biltzen: bidaia luzearen ostean kazetariekin hitz egiteko gogorik ez duenak «egia esateko beldurra duela»-edo esango dute; «egoera nolakoa den orain Txinan? Ona, azkenean amaitu da zero COVID estrategia» dioenaren ahots tartearen ondoren, Txinako ospitale kolapsatuen irudi dramatikoak jarriko dituzte. Behin eta berriz sumatzen den sentsazioa da: Txinan kaosa eta drama dela guztia, txinatarrak ihesi datozela, eta, Alderdi Komunistaren soldadu modukoak besterik ez direnez, esaten duten guztia gezurra dela.

Milioi bat hildako?

Ospitaleetako irudiak ez ditu inork asmatu: hor daude pasilloetan eserita dauden adinekoak, arnasgailuarekin, arreta jasotzeko zain. Baina ez al dira kaotikoak edozein ospitaletako irudiak? Adituek hiru olde espero dituzte: lehen biak hirietan izan dira, eta hurrengoa, hirugarrena, hilaren 20an izango den Urteberriko ospakizunekin iritsiko da.

Hor ikusi beharko da egoerak zenbateraino egiten duen okerrera: 80 urtetik gorakoen %40 inguru ez daude txertaturik, eta landa eremuetako ospitaleak ez daude ondo prestatuta. Adituek iragartzen dute milioi bat lagun inguru hilko direla. Hori bai, Txinaren 1.400 milioiko biztanleria kontuan hartuta, zenbatekoa da proportzioa, %0,07? Ez da asko, beste herriekin alderatuta; hala ere, ezin zaio kopuru horri garrantzia kendu; milioi bat pertsona hiltzea tragedia da.

Gobernuaren sekretuak

Ez da sorpresa izango Txinako gobernuak kopuruak ezkutatzea; ez da sekretua Pekinek ez duela bere kontra erabiliko den ezer onartu nahi. Eta gurpil zoroan sartzen da behin eta berriz: Mendebaldeak bere kontra erabiliko dituen datuak ezkutatu, eta Mendebaldeak bere kontra erabiltzen du sekretu hori bera. Nor aterako da egoera horretan galtzaile? Txinatarrak.

Hiru urteotako gehiegikeriak jasan dituzte: pandemiaren aitzakiarekin areagotu den erabateko kontrola, amaiezinak ziruditen konfinamenduak, langabezia... Abendu hasieran azkenean arrisku handi bat hartuz protestetan haserrea erakutsi — ilegala da protestan ateratzea, eta ausardia bikoitza behar dute hori egiteko— eta lortu dute zero COVID estrategia amaitzea. Baina PCRak egunero egiteko errutina hori behingoz amaitutzat dutenean, besteak beste, Europako Batasuneko hainbat herrialdek iragarri dute Txinatik iristen direnei PCR negatiboa eta hegazkinean maskararen erabilera exijituko dietela.

Badirudi txinatarrentzat kontrol hori ez dela amaituko mugaren alde batean edo bestean. Birologoek adierazi dute aldaera berriak sortu ez daitezen adi jarraitu behar dugula, baina ez bereziki Txinarekin, mundu osoarekin baizik. Txinatik Europara bidaiatzen duten txinatarrek onartuko dute, noski, eskatzen dieten prebentzioa, baina, hori bai, ez dute egoeraren erantzukizuna beraiek, eta ez lukete berriz pandemiaren hasierako sinofobia hori hemen jasan beharko.

Aspaldiko sinofobia hori

Beti ari naiz sinofobia salatzen. Batzuek esango dute gobernuaren propaganda egiten dudala, edo Txinan urte gehiegi egin ditudala. Txinaz hitz egitean guztia negatiboa izatera ohituta gaude, eta norbait joera horri ekilibrio egiten saiatzen denean ateratzen den ondorio errazena hori da.

Sinofobia handia denean, oraindik batzuek diote ez dela egia, esajeratu egiten dugula. Baina, orduan, aurten TVEko kanpaikadetan zergatik egin zuten betiko txantxa hori, pipi hautsa darion hori? Aurkezleek Txinari gerra geldiaraz dezala gazteleraz eskatu, eta, ondoren, aurkezleetako batek, mandarin txinera imitatuz, gorputzarekin postura irrigarria hartu eta hainbat silaba zentzugabe ahoskatuz «txineraz» eskatu zuen. Umorea ikusiko dute batzuek; ba, beste askok xenofobia ikusten dugu, aspaldiko sinofobia zaharra.

Adibideak, zoritxarrez, sobera dauzkat. Gabon hauetan Euskal Herrira egin dudan bidaian entzun ditut, besteak beste: hona bizitzera etortzen diren txinatarrak Alderdi Komunistak beren mentalitatea hedatzeko bidaltzen dituen pertsonak direla. Txinatarrek zero COVID estrategiari «esaneko» zaizkiolako, eta «alderdiak esaten dien guztia egiten dutelako» onartu dutela, eta abar, eta abar.

Txinari buruzko hitzaldi bat eman, eta ez zen sorpresa izan jarrera sinofoboa ezkutatzen ere saiatu ez zen entzulearen ekarpena. Galderen ordua iristean, eskua segituan altxatu zuen:

—Nik txinatarrekin lan egiten dut zientziaren arloan, eta iruditzen zait gezurra esaten dutela. Uste duzu kulturalki gezurra esateko joera barneratua dutela?

Ba ez, noski; ez horixe.

—Ez da izango iritzi alderdikoia duzula? Niri iruditzen zait baietz, gezurra esateko joera dutela.

Nik ezetz, eta nire lana jarraitu badu ikusiko zuela gauza negatibo eta positiboak helarazten saiatzen naizela. Eta berak beste galdera bat:

—Niri urpekaritza egitea gustatzen zait, eta joaten naizen zentroan turista txinatarrak egoten dira. Ez dut ulertzen zergatik egin nahi duten disfrutatzen ez duten zerbait: askok ez dakite igeri egiten ere, eta hala ere urpekaritza egin nahi dute, badirudi titulua ateratzeko bakarrik egiten dutela.

Orduan, bai, aretoan zurrumurrua handitu egin zen, eta amaieran pertsona asko gerturatu zitzaizkidan entzule honen jarrera tamalgarritzat zutela esateko. Izugarri poztu ninduen komentario horien atzean sinofobia hainbestek argi eta garbi ikusi zutela jakiteak.

Oraindik xenofobia hori zeharkakoa denean ez dugu ikusten. Eta argi dago hor dagoela; hona egiten dudan bisita bakoitzean entzun behar izaten ditut txinatar guztiak zaku berean sartu eta gizagabetzen dituzten komentario horietako bat. Kutsapen oldea dela eta, Txina berriz protagonista da, eta, segur aski, azaleratu egingo da jarrera hori. Baina agian, oso poliki bada ere, bide onetik goaz Euskal Herrian? Agian, hemendik urte batzuetara jaioterrira bisita egitean zeharkako sinofobia hori ez dut gehiago aurkituko.]]>
<![CDATA[Txina, konfinamenduen amaierarako bidean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1929/002/001/2022-12-02/txina_konfinamenduen_amaierarako_bidean.htm Fri, 02 Dec 2022 00:00:00 +0100 Olatz Urkia https://www.berria.eus/paperekoa/1929/002/001/2022-12-02/txina_konfinamenduen_amaierarako_bidean.htm
Shanghai, Pekin, Guanzhou, Lanzhou... Asteburuan Txina osoan hedatu ziren protestak. Urumqiko biktimen omenez bijiliak antolatu eta, aldi berean, pandemiaren hasieratik sentitzen duten askatasun falta salatu zuten elkarrekin milaka pertsonak.

Pekinen, adibidez, igande gauean protestak 03:00ak arte luzatu ziren; kaleak poliziaz beteta zeuden arren, orduak behar izan zituzten manifestariak sakabanatu eta egoera lasaitzeko. Hiriburuko Liangmahe auzoan, gehienbat gazteek baina adineko hainbatek ere, kutsaturik gabeko estrategiaren amaiera eskatu zuten garrasika, orri zuri hutsak eskuetan zituztela: «Ez dugu PCR gehiagorik nahi, askatasuna behar dugu! Txinatarrok giza eskubideak nahi ditugu, amaitu konfinamenduak!».

Ezizenez Paco esaten dioten 22 urteko gaztea ere bertan izan zen. Elkarrizketa onartu duen arren, ez du kameren aurrean aurpegia erakutsi nahi. Elkarrizketa etxean egina da, kafetegia guztiak itxita daudelako eta kalean polizia gehiegi daudelako. Aurpegia ez zaio ondo ikusten, maskara, txano eta betaurrekoen artean: «Pekinen protestetan egon nintzen amaiera arte. Ulertzen dut jendearen nekea. Nik, adibidez, sufritu dut kutsaturik gabeko estrategia: psikologikoki, ezjakintasuna, hau inoiz amaituko ez den sentsazio horrengatik, eta ekonomikoki, zertxobait ere. Adibidez, urte honen hasieran, denda batean izan nintzen behin, eta gero leku berean izan zen bezero batek positibo eman zuelako, hotel batean konfinatuarazi ninduten aste batez. Nik neuk ordaindu behar izan nituen 4000 yuan [500 euro inguru]; ikaslea izanik, hori niretzat ez da txantxa bat. Hala ere, nire kasua, beste batzuenarekin alderatuta, ez da ezer; jendeak oso gaizki pasatu du. Adibidez, Xinjiangen milioika lagunek hiru hilabete egin dute etxetik irten ezinik; horrek esan nahi du hiru hilabete soldata jaso gabe egin dituztela, eta zer gertatzen da hipotekarekin edo ordaindu beharreko zorrekin? Horiek ez dira paralizatzen. Presioa dela-eta bere buruaz beste egin duen jendearen kasuak ere izan dira».

Horrelako kasuen salaketa ez da berria, pandemia hasi zenetik sare sozialetan izan baitira horrelako egoerak salatu dituztenak; konfinamendu neurriak indarrean sartzen lan egiten dutenek kexa deiak egin dituzte, baina jendeak kexa horiei entzungor egiten zaien sentsazioa dauka. Noski, sare sozialetako mezu kritikoak segituan ezabatzen dituzte. Eta zentsura horrek egoera okertu eta haserrea areagotu egiten du. Hain zuzen ere, zentsura izan da protesta olde honetan konfinamenduez gain salatu den gauza nagusia.

«Protestetan ikusi duzue manifestari askok Din—A4 tamainako orri zuriak erakutsi dituztela, afixa moduan, baina hitzik idatzi gabe. Orri huts horiek zentsura salatzeko erabiltzen dira. Orri hori erakutsiz, esan dituzten baina ezabatu diren hitz guztiak gogorarazi nahi dituzte. Haserrea erakutsi dugu, baina barnean niri beldurra ere geratzen zait, kontrola izugarria baita. Hainbat manifestarik protesten hurrengo egunetan Poliziaren deia edo bisita jaso dute etxean, presio egiteko; bijilantzia oso handia da».

Egunerokotasun arraroa

Gehienek txundituta ikusi dute protesten olde hori. Bat—batekoa iruditu zaie txinatarren haserrearen erakustaldi hori. Baina aspalditik handituz joan den zerbait da: munduan koronabirusarekin elkarbizitzen ikastea derrigorrezkoa da, baina Txinan ez da hala; orain arte, birusa kontrolatu nahi izan du. COVID—19aren kontra neurri zorrotzenak hartu dituen herrialdea da, eta are gehiago: gaur egun mantentzen dituzten neurriak pandemiaren hasierakoak baino zorrotzagoak dira.

Hirietan, milioika biztanlek gutxienez 48 orduero egin behar dute PCRa. Pekinen, adibidez, edonon daude testa egiteko etxetxoak eta buzo zuridun langileak. Orain, zero azpitik hamar graduko tenperatura dagoela, ilara luzea egin behar da testa egiteko. Hurrengo egunean, emaitza negatiboa sakelako osasun aplikazioan eguneratu, eta emaitza hori erakutsita posible da erosketak egitea edo bulegora sartzea, esaterako.

Denek daramate musukoa hirian, baita kalean ere. Ez dago inoiz konfinatua izan ez den inor. Eta konfinamendua aste batekoa bada, ez du axola; jendea ohitu da normaltasun horretara: barneratuta dago noizean behin etxetik irten gabe egun batzuk pasatzea saihestu ezin den zerbait dela. Baina, batzuetan, konfinamendu horiek zenbait aste edo hilabetetan luzatzen dira. Shanghaiko bi hilabeteko itxialdiaz asko hitz egin zen atzerrian, baina gutxiago ezagutzen diren beste eskualdeak ahaztu dira: Xinjiangen, Barne Mongolian eta beste askotan, Shanghaikoa baino okerragoak izan diren konfinamenduak pasatu dituzte.

Konfinatuta egoteak esan nahi du kalera behin ere irteteko baimenik ez izatea: ez erosketak egiteko, ez txakurra paseatzeko. Lanera joatea ez da posible, eta asko eta asko dira horren ondorioz lanpostua galdu dutenak. Konfinamendu bat dagoen bakoitzean jatetxe eta dendak ere itxi egiten direnez, milaka eta milaka dira negozioa itxi behar izan dutenak. Ondorioz, Txinako ekonomia oso garai zaila ari da pasatzen.

Tentsioa eta itxaropena

Protesta handienak amaitu, eta oraindik geratzen da haserre hori; sakabanatuta, hori bai, borroka bakanetan, herrialde osotik. Sare sozialetan ikusten dira hiri askotan protesta edo borroka txikiak, buzo zuridunen aurka bat—batean errebelatzen diren aiton—amonak ere, ez bakarrik gauean orri zuriekin ateratzeko prest dauden gazteak. Baina badirudi joan den asteburuko protesta jendetsu horiek amaitu egin direla.

Hori bai, ondorio nagusi bezala, hirietan polizia talde amaigabeak geratu dira; edonon daude, eta, adibidez, Pekinen jendeak salatu du kalean pasatzen direnei sakelakoa eskatu, eta Twitter eta Telegram bezalako sare sozialak begiratzeaz gain —horiek erabiltzen dira protestak antolatzeko—, manifestazioen irudiak izanez gero ezabatuarazten dituztela. Txinako komunikabideei dagokienez, entzungor egin diete protestei, erabat: ez da aipamenik izan, existitu izan ez balira bezala.

Hala ere, protestari askok uste dute garaipena lortu dutela: badirudi protestek eragina izan dutela. Asteon, Txina osoan hainbat urbanizazio konfinamendutik atera dituzte, pandemia hasi zenetik lehen aldiz, eta positibo eman eta konfinamendua ospitale berezietan egin ordez etxean egiteko aukera izan dutenen lehen kasuak ere izan dira. Erabat normala Euskal Herrian, baina oso arraroa Txinan. Denek dakite positibo eman bezain laster oso oinarrizkoak diren konfinamendu zentro edo ospitaleetan sartzen dituztela; kontaktua izatea ere nahikoa da anbulantzia etxean agertu, maletatxoa egiteko tarte bat eman eta konfinamendu zentroetara eramateko. Hori, aldiz, aldatzen ari dela dirudi. Eta, ondorioz, gero eta gehiago itxaropentsu daude, bai bertakoak eta Txina ondo ezagutzen duten atzerritarrak ere.

Beñat Arrasatekoa (Gipuzkoa) da, hegoaldeko Hangzhou hirian hezkuntza fisikoa irakasten du eskola pribatu batean, eta Txinan sei urte egin ditu dagoeneko: «Polita izan da jendea elkarrekin kalera atera eta haserrea atera dutela ikustea. Asko gustatu zait ere sortu den elkartasun moduko hori: ikustea, adibidez, Shanghain edo Pekinen jendea Urumqiko biztanleei babesa erakusteko kalera atera izana. Txinan hori ez da ohikoa; protesta olde honek asko harritu eta poztu nau. Hemen jendea benetan nazkatuta dago. Atzerritarrontzat zaila da, eta txinatarrentzat, gehiago: nire lankide txinatarrek, adibidez, ezin dute familia bisitatzera joan. Pandemiaren hasieran, mugak itxita zeudenez, atzerrira joatea zen zailena, baina orain zailagoa da Txinaren barnean bidaiatzea, atzerrira joatea baino. Hiri batetik bestera mugitu eta konfinatuta edo ondoren berriz irten ezin amaitzea oso ohiko egoera bihurtu da. Nik azken hilabeteotan jendearengan aldaketa handi bat ikusi dut. Hasieran, kutsaturik gabeko estrategiak gizartearen babesa bazuen, baina, orain, ez. Adibidez, lehengoan bizilagun bat etorri zitzaidan etxera, adineko bat, eta zera galdetu zidan: 'Eta nola daukazue zuek COVID egoera atzerrian?'; eta erantzun nion: 'Normal-normal. Norbaitek COVIDa harrapatzen badu, etxean konfinatu, eta listo'. Eta hark: 'Horrela izan beharko luke hemen ere bai'. Ni itxaropentsu nago, eta guztia laster amaituko dela espero dut».

Gobernuaren ahultasun hori

Polizien presentzia eta presio hori, baina aldi berean manifestariek eskatu dituzten keinuak: badirudi gobernuak gizartea lasaitu nahi duela, baina hori egiten ari dela onartu gabe; ez du nahi pentsatzea posible eta erabilgarria dela ahultasuna erakutsi eta protestan ateratzea. Baina jendeak keinu argiak ikusten ditu: protesta gogorrenak amaitu eta hurrengo egunean bertan agintariek agindu dute adinekoak txertatzeko kanpaina indartuko dutela.

Hori oso esanguratsua da; orain arte, kutsaturik gabeko estrategiaren beharra azaltzeko argudio nagusia hori izan da: 80 urtetik gorakoen %40 baino gehiagok ez dutela txertorik, eta, ondorioz, irekiera dagoen momentuan hildako asko izango direla.

Argi dago kutsaturik gabeko estrategiari esker Txinan jende gutxiago hil dela: 1.400 mila milioi biztanleko herrialdean, 5.233 izan dira hildakoak. Hala ere, hori posible egiteko ekonomiarentzat eta gizartearentzat, luzaroan jasateko ezinezkoa den normaltasun berria sortu da. Gero eta gehiago dira uste dutenak koronabirusarekin elkarbizitza hemen ere hasteko garaia dela. Eta azkenean bai, baliteke Txinak ere bide hori hartu izana.]]>
<![CDATA[XI JINPINGEN AZKEN KOLPEA]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1981/002/001/2022-10-16/xi_jinpingen_azken_kolpea.htm Sun, 16 Oct 2022 00:00:00 +0200 Olatz Urkia https://www.berria.eus/paperekoa/1981/002/001/2022-10-16/xi_jinpingen_azken_kolpea.htm
Egunotako bilkura, bost urtean behin egiten den ohiko bilera izateaz harago, Xiren koroatze moduan ikusten dute adituek. Izan ere, azken urteotan emandako pausoak ikusita, argi dago Xik iragarriko duela bere agintaldia beste bost urtez luzatuko dela. Dagoeneko hamar urte egin ditu boterean, eta Mao Zedongen garaitik ez da lider bakar bat ere hain luzaroan egon agintean. Deng Xiaopingek Mao berri bat sortzeko arriskuari oztopoak jartzeko ezarri zuen konstituzioan bi agintaldiko muga, baina 2018an Xik oztopo hori bertan behera utzi zuen.

Orain, hiru kargu ditu: Alderdi Komunistaren idazkari nagusia —Politburoa kontrolatzen du—, Komisio Militarraren presidentea —armada kontrolatzen du—, eta Txinako presidentea —nazioartean Txina ordezkatuz—. Egunotako bilkuran lehen bi karguak mantenduko dituela iragarriko dute seguruenik, eta martxoan izaten den bilkura parlamentarioan iragarriko du estatuburutza ere mantendu egingo duela.

Autoritarismorako bidean?

Yao 45 urteko ingeniaria da, eta aspalditik da alderdiaren afiliatua:«Argi dago geratu egingo dela, bestela zertarako kendu zuen [aginte] muga? Ez nau asko kezkatzen Xi boterean geratzeak, azken hamar urteotan erakutsi baitu lider ona dela, baina kezkatzen nau Xi hiltzean gertatuko denak: lehenik eta behin, Xirekiko menpekotasuna sortu delako, eta batez ere hain botere handia edonoren eskuetan jartzea arriskutsua delako oso. Ez dut uste Xi beste Mao bat denik, baina zer gertatuko da Xi hiltzean hurrengo liderra beste Mao bat bada? Orain botereari muga hori kenduta aurrekari bat sortu da, eta ez dakit hau nola amaituko den».

Xi gazteak berak sufritu zituen Maoren gehiegikeriak. Aita iraultzaile komunista izan zen, eta gaztetan bizitza pribilegiatua izan zuen, elitea ziren eta. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, paranoikoago eta mendekuzaleago bihurtu zen; Maok elite komunista ere etsaitzat hartu zuen, eta Xiren aita Iraultza Kulturalaren biktima bilakatu zen

Xi gazteak, txikitako bizitza erosoa batbatean galdu, eta etapa berria hasi behar izan zuen landa eremuan, familiatik bananduta. Nerabezaroa kobazulo batean bizitzen pasatu zuen. Urte gogor horietan komunismoa eta autoritarismoarekiko beldurra garatu ordez, Xi komunistarik sutsuena bihurtu zen. Ondorengo urteetan zarata handirik egin gabe pixkanaka bizitza politikoaren barneraino sartu, eta lortu zuen nahi zuen boterea.

Txinako propagandak behin eta berriz errepikatzen du Xiren helburu nagusia Txina boteretsu eta gazte berri bat sortzea dela. Helburu horren parean, ordea, herritar askok txikiago ikusten dute beren askatasuna. Eta sumatzen da Xirekin hazi direnen eta lehenago jaio zirenen belaunaldikoen arteko desberdintasuna. Batzuetan badirudi autozentsura gazteenek egiten dutela helduagoek baino gehiago; belaunaldi arteko eztabaidetan, sarritan 20 urtekoak dira gobernuaren defendatzaileak, eta 3040 artekoak kritikoak.

Xiaozhenek 20 urte ditu, eta ez ditu unibertsitatean ikasketak egin ahalik eta azkarrena lanean hasi nahi zuelako; orain, Pekingo haurtzaindegi batean egiten du lan. Xi boterean geratzea ondo deritzon galdetuta, beldurrez erreakzionatu du, begiak hainbeste irekiz badirudiela txantxetan ari dela, esajeratzen, baina ez, benetakoa da haren beldurra. Haren belaunaldikoak Xi boterean zegoela hazi dira, eta haien autozentsura askotan beren aitonaamonenen parekoa da.

Xiaozhenek ez du hitz egin nahi, baina urduri dago, eta hitzak kontrolik gabe ateratzen zaizkio: «Nola galdetzen didazu hori? Ezin dut liderraz ezer esan. 20 urte ditut, kartzelara bidali nahi nauzu, ala? Badakizu herrialde honetan ez dagoela giza eskubiderik...? Ezin dugu beraz ezer txarrik esan. Atzerrian banengo bai, esango nizuke zerbait, baina hemen ez! Bueno, hitz egin dut, entzun duzunarekin badakizu zein den nire iritzia».

Pekingo bizitzaren ardatz

Eta, beldurraz gain, eta agian beldurra baino gehiago, asko sumatzen da nolabaiteko nekea, neke pandemikoarekin hasi eta orain bilkuraren asteetan areagotzen ari dena. Sentsazio orokorra da Pekingo bizitzaren ardatza herritarrak ez eta agintari eta haien bilkurak direla.

Pekinen nabaritzen da bilkura hastear dagoela. Hirian polizia asko ikusten dira, ez bakarrik Tiananmen inguruan, edo kale nagusietan, erdialdetik urrun dauden auzoetan ere uniformedun asko daude. Poliziek batzuetan bisitak egiten dituzte bulego edo jatetxeetara, eta pare bat galdera sinple egin; kutsaturik gabeko estrategiak oraindik mantentzen dituen neurri zorrotzak errespetatzen dituztela ziurtatzen dute. Eta hori ez da alderdiaren kideren bat jatetxe horietako batean izango den arriskuarengatik; besterik gabe, gogorarazi nahi dute Pekin ez dagoela lasai, zerbait garrantzitsua prestatzen ari direla, eta alderdiaren bilkura horrek erabat baldintzatzen duela eguneroko bizitza. Xiren pertsonalitatearen kultuaren hamaika estrategia horietako beste bat izango da.

Txinan, Alderdi Komunistaren bilkurak egitear daudenean, Interneten zentsura areagotu egiten dute, poliziaz betetzen dute hiria, eta Tiananmen eta halako lekuetako sarrera are gehiago mugatzen dute.

Jason eta Uma 3035 urte arteko gazteak dira. Aspalditik ezagutzen dute elkar eskola berean egin zituzten-eta ikasketak. Jasonek enpresa txiki bat du, eta motorrean ibiltzea gustuko du; Uma unibertsitateko irakaslea da. Beren ezizen ingelesa erabili nahi izan dute:

—Nabaritu duzu egunotan bilkura datorrela?

—Kalea poliziaz beteta dago; ezin dut motorrean kilometro bakar bat ere egin poliziak ikusi gabe. Gaur goizean hirugarren eta laugarren eraztunaren arteko kurba horretan pasatzen ziren guztiei multa jartzen ibili dira: Pekingo A matrikula ez dugunoi, erdialdean ibiltzeagatik, edo atzean kutxa handiegia eramateagatik, kaskoa ez eramateagatik... Normalean ez zaie hori guztia axola. Zuk nabaritu duzu?

—Begira unibertsitateko irakasleei bidali diguten mezua.

Irakurtzen hasi, eta J-k barre egin du. «Har dezagun denok gure erantzukizunaren zatia! Lurra gogor zanpatu eta eraiki dezagun elkarrekin COVIDa geldiarazteko harresia! Helburu honekin, errektoretzak erabaki du bihar hasi eta urriaren 22ra arte irakasle guztiek gaua ere unibertsitateko erresidentzian pasatu eta campusean segurtasuna eta ordena bermatzeko txandak egingo dituztela. Egin dezagun denok lan elkarrekin! Herria aurrera!».

Biek egin dute barre, baina nazkatuta daude, noski.

—Eta irakasle lan egiteaz gain, segurtasun zaindari moduan egingo dituzun gaueko ordu estra horiek ordainduko dizkizuten galdetzea gehiegikeria da, ezta?

—Zentimorik ez, noski.

—Uste duzu gure Xi geratuko dela agintean?

—%90 baietz. Zuk uste duzu azken urteotan gure herrialdea hobera doala?

—Hobera? Azken urteotan nahasmena besterik ez dut ikusten. Aldapa behera goaz.

—Aurreko gurpileko galgak errebisatzea garrantzitsua da hortaz, ez ahaztu.

Oso herdoilduak daude, ez dago erremediorik.

Horrelako elkarrizketak dira gazteen artean ohikoak, baina kameren aurrean ez dute horrelakorik esaten.

Xiren Txina berria

Lanera joan behar direnek nabaritzen dute gehiegizko kontrola, baina eguna plazan majongen jolasten edo berriketan pasatzen duten aitonaamonek ez.

Haiek, gainera, irekieraren aurreko Txina ezagutu zuten, eta bizitza zailagoa izan zuten gaztetan; beste ikuspegi bat dute erabat. Kalean bizilagunei galdetuta ez dute kexarik: «Ikusi gaur egungo Txina. Politikarien artean ustelkeria ez dago ia; lehen benetako arazo bat zen. Herrialde indartsua gara. Landa eremuetan milioika pertsona pobreziatik atera dituzte. Ikusi ere pandemiako datuak: Estatu Batuetan denak kutsatu dira, eta hemen 5.000 baino gehiago ez dira hil; seguru sentitzen gara adinekoak, babestuak gaude. Liderrari esker, orain hobeto bizi gara».

2010etik hamabi urtean segidan Txina munduko bigarren potentzia ekonomikorik handiena izan da. Orain, Txina munduko lehen esportatzaile eta bigarren inportatzailea da, eta dagoeneko munduko fabrika merkea izatetik askoz urrunago iritsi da: aurrea hartu die Mendebaldeko herrialde nagusiei hainbat sektoretako teknologia berrienetan.

Duela bi hamarkada pentsaezina zen hau: Txina nazioarteko politikan lehen lerroan egotea, eta AEBen betiko lidergoaren alternatiba errealista bihurtzea. Hori guztia biztanleek ikusten dute beren bizi kalitatean. Aldiz, azken hiru urteotan goranzko joerak itzulia eman du, eta pandemia dela-eta Txinako ekonomiak ere jaso du kolpe gogorra. Halere, biztanleen osasuna ekonomiaren aurretik jarri izanaren ideia horrek konbentzitzen ditu oraindik gizartearen zati handi bat. Beste zati handi bat ez, gero eta nekatuago dago ekonomia okerrera egiten ari delako, askatasuna falta zaielako.

Baina Xik gizartea gehiegi nekatu baino lehen emango du aspaldi prestatu duen estrategiaren azken pausoa; garaiz egingo du, eta, gero, beranduegi izango da seguruenik.]]>
<![CDATA[Xi Jinpingen bide luzea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1937/017/001/2022-10-02/xi_jinpingen_bide_luzea.htm Sun, 02 Oct 2022 00:00:00 +0200 Olatz Urkia https://www.berria.eus/paperekoa/1937/017/001/2022-10-02/xi_jinpingen_bide_luzea.htm
Gainera, 20. Kongresu hau berezia izango da. Bost urtean behin izaten den kongresu nazional honetan hurrengo urteetako plangintza ekonomiko, politiko, sozial, kultural eta ekologikoa definitzeaz gain, lider nagusiak hautatzen dira: Politburoa, Komite Egonkorra eta Alderdiaren ordezkari nagusia. Xik dagoeneko bi agintaldi egin ditu, hamar urte; eta hori zen muga duela gutxi arte. Hala ere, argi dago Xi ez dela orain erretiratuko, eta 20. Kongresu honetan ziurrenik iragarriko dute bere agintaldia beste bost urtez luzatuko dela.

Pixkanaka prestatu duen bidea

Urrian mundu osoak izango du ahoan Xi boterean geratuko dela. Komunikabideetan bere profilak idatziko dira, eta batzuek sorpresaz hartuko dute berria, baina Xik hau aspaldi-aspalditik prestatu du.

Hasteko, azken urteotan pixkanaka Alderdiaren barnean zituen etsaiez libratu da, batez ere ustelkeriaren aurkako borroka arma nagusi bezala erabiliz. Eta duela lau urte izan zen bilkura parlamentario nagusian konstituzioa aldatu eta presidentearentzat bi agintaldiko muga indargabetu zuten. Ondoren beste pauso sinboliko asko eman dira: duela urtebete, alderdi komunistaren 400 kide nagusiak bildu zirenean, Xi Alderdiaren oinarri nagusitzat definitzen zuen erresoluzioa onartu zuten: Xiri esker Txinak azken urteotan erabateko eraldaketa egin duela eta sozialismo modernoa eraiki duela azpimarratuz. Horrela, Txinaren bi helburu nagusien —Txina 2035. urterako herrialde «moderno eta sozialista» izatea, eta 2049. urterako «potentzia indartsu eta arrakastatsua»— ardatza Xi dela argi utziz, hurrengo urteetan helburu horiek lortzeko lasterketa bera gabe egitearen ideia zentzugabe bihurtu zuten.

Txinako Alderdi Komunista hitz berriak sortzen hasten denean zerbait handia prestatzen ari den seinale izaten da. Azken urteotan gero eta gehiago entzun dugun terminoa da: «ezaugarri txinatarrak dituen sozialismoa» edo «sozialismo modernoa». Mendebaldeko demokraziek beren paternalismo horrekin Txinari kritikak egitean erantzuna beti izaten da antzekoa: «Txinan ez luke demokraziak emaitza onik izango, hemen gure sistema propioa dugu, gure sozialismo propioa». Eta termino hori gero eta gehiago errepikatuz, nolabait, guztia azaltzeko gaitasuna lortu du.

Hurrengo pauso batean «Xi Jinping» eta «ezaugarri txinatarrak dituen sozialismoa» gero eta gehiago elkarren ondoan agertzen hasi dira, pixkanaka gizarteak bi terminoak elkarrekin pentsatzeraino iritsi arte. Eta, guztia borobiltzeko, azken pauso batean alderdiak sozialismo berezi hori Xik sortu duela iragarri du ebazpenarekin. Horrek itxura sinbolikoa duen arren, Alderdiaren istorioan beste bitan bakarrik aurkeztu dute horrelako erresoluzio bat: lehenik Mao Zedongekin, eta bigarrenik Deng Xiaoping, Txinaren irekieraren liderrarekin. Orain, hirugarrena Xi izanik, Txinak izan dituen lider nagusien parean jarri dute.

Dengek beste Mao bat sortzearen arriskua eragozteko ezarri zuen agintaldien muga, ba orain muga hori kendu eta atzerapausoa emango da agintzeko estiloan, Maorengana zertxobait gehiago gerturatuz.

Diktadura jasan zuena, diktadorearen antza hartzen?

Duela 50 urte Xik sufritu zuen Maoren Iraultza Kulturala. Haren aita iraultza komunistaren liderretako bat izan zenez, haurtzaro pribilegiatua izan zuen Xik, baina 60ko hamarkadan Mao paranoikoago batek alderdiaren liderren aurka jo zuenean haren aita kartzelatu eta Xi gaztea landa eremuan kobazulo batean bizitzen hasi zen, bost urte baino gehiagoz luzatu zen etapan. Boterearekiko gorrotoa areagotu ez, eta kontrakoa, urte horietan Xik Txinan sozialismo berri bat eraikitzeko ametsa bereganatu zuen.

Orain, kongresuaren inguruan idatzitakoa bilatzen hasi eta segituan agertzen da Maoren izena, oso konparazio errepikatua bihurtu da: kongresuan boterean geratuko dela iragarriz, Xi Mao bezain boteretsu izatera iritsiko dela esaten dute.

Konparazio hau sinplea da, agian Xik ere ez du gustuko, baina ez zaio axola, berak seguruenik oso argi izango du lortu nahi duena, eta gainerakoek ulertu ez arren berak bilatu du nahi duena inposatzeko modua. Gaztetan kobazulo batean nekazari bezala lan egiten bizitzetik, Alderdiaren barnera oso isilik sartu eta urte asko atentziorik eman gabe pasatu ondoren azken hamarkadetan eman du kolperik handiena. Bost hamarkadotan prestatu duen estrategia da, eta orain munduko bigarren potentziarik indartsuenaren lider ukiezina da.

Urriaren 16rako prest dagoela. Segur aski oso argi izango du lortu nahi duena: boterearekiko adikzioa izango ote da atzean dagoena, besterik gabe? Edo benetan Txinako 1.400 milioi biztanleen bizi kalitatea hobetzeko nahia? Txinatarren istorio gogorra gertutik bizi duenez, orain munduan ondo bizitzeko txanda behingoz beraiena egiteko beharra?

Txinan 1.400 milioi pertsona bizi dira, asko, eta 40 milioi inguru atera dituzte azken hamarkadetan pobreziatik. Oraindik landa eremuetan askok ez dute ikasketarik, ohituta daude zer egin behar duten entzutera; horregatik, alderdi komunistaren arabera, Txinak behar du lider bakar eta boteretsu bat.

Bai Errusiak baita Txinak ere erabiltzen duten ohiko argudioa da: hain handiak diren herrietan, hain historia gogorra dutenetan, demokraziak ez luke funtzionatuko; ez oraindik, iraganak utzitako aztarnak sakonegiak dira eta, denbora behar da eta.

Baina behar al du benetan Txinak aurrera egiteko beste Mao bat? Behar al du munduko lehen potentzia izateko mugarik gabeko Xi bat?]]>
<![CDATA[Xinjiangen geratuko diren istorioak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2017/013/001/2022-09-04/xinjiangen_geratuko_diren_istorioak.htm Sun, 04 Sep 2022 00:00:00 +0200 Olatz Urkia https://www.berria.eus/paperekoa/2017/013/001/2022-09-04/xinjiangen_geratuko_diren_istorioak.htm
Ezkutatu diren istorioak edonon

Denok ezagutzen dugu norbait: poesia errezital batean ezagutu nuen bere ama urte batez desagertuta izan zuen alaba uigurra. Gerora jakin nuen azkenean askatu zutela; zentro berezi horietako batean izan zuten, ez senideekin ez abokatuekin harremanik izan gabe, urte luze batez, besterik gabe musulmana izateagatik. Etxetik gertu dagoen betiko tabernan ezagutu genuen Xinjiangeko beste gazte bat ere, han etniakoa: bere osabak zentro berezi horietako batean lan egiten zuelako familiarekin gatazka handia zuela azaldu zigun, eta, elkarrizketa batean kontatzea onartuko lukeen galdetu bezain laster, kezkatuta alde egin zuen, eta ez genuen gehiago ikusi.

Pekin autoz bost bat ordura dagoen estepan zaldiz ibiltzera joaten garenetik, gertuko dugu Xinjiangeko kazakhstandar bat ere: Dala esaten diote. Duela lau bat urte Xinjiangetik ihes egin, eta orain zaldi gida gisa egiten du lan. Bere hanken forman ikusten da txiki-txikitatik zaldian ibilia dela, belaunak normalean baino kurbatuagoak ditu, kanporantz, zaldien sabel borobilaren forman. Txikia da, ez da 1,60 metrora iritsiko; azal iluna du, eta beti presaka ibiltzen da alde batetik bestera bisitarientzat zaldiak prestatzen.

Animaliek errespetu handia diote, eta baten bat gaizki portatzen denean haserretu egiten da: garrasi egin, eta eskumuturra erakusten die, mehatxu eginez. Lau-zortzi ordu arteko ibilaldiak egiten ditu bezeroekin, galopean ibiltzen da alde batetik bestera, eta, norbait zalditik erori ezkero, hasieran kezkatu egiten da, baina ondo dagoela ikusi bezain laster, barre egin eta gero burla egiten dio erori denari, gauean denak afaltzera ostatura itzultzen diren arte.

Iritsi eta zaldiak deskantsuan utzi bezain laster, kanpoaldean barbakoa prestatzen du gehienetan: beti dago ardi errea nahi duen bisitari talderen bat. Eta su-garrek erdi itsutua eta izerditan dutenean, zerbeza bat ireki eta trago luze-luze bat hartuz hasten du gaua. Gehiegi edaten du Dalak, ia egunero. Batzuetan, mozkortu, eta neska guztiei bikotea duten galdetzen hasten da, baina ez du inork gaizki hartzen, ezagutzen dute. «Dala beti berdin...». Batzuetan, triste jartzen da, eta momentu horietan galdetu ezkero, hitz egiten du:

-Zu Xinjiangekoa zara, ezta?

-Bai, kazakha harro.

-Eta familia han duzu?

Baietz egiten du buruarekin, serio.

-Nola daude? Eta Xinjiang? Ez al duzu itzuli nahi?

-Oso gaizki dago Xinjiang.

Eta orduan hain iluna du begirada, duda sortzen zaio galdetzen ari denari, eta, enpatia badu behintzat, gaia aldatzeko ordua dela erabaki, eta zerbeza botila altxatuta, gidari topa egiteko keinua egiten dio, irribarrez. Estepako ostatuan inork ez du gai ilunik nahi; ez atzerritarrek, ez han etniako txinatarrek, ez kazakhoek ere. Inork ez du nahi Dalak alkohola dela-eta gehiegi hitz egiterik ere, hurrengo egunean damutuko baita. Jakina da gutxiengo etnikoentzat eraiki dituzten hezkuntza zentro horietako batean izana dela. Kazakha izanik musulmana da, baina ez du erlijioa praktikatzen; hala ere, izango ditu familian sarritan meskitara joaten zirenak, eta baditu inguruan zentro berezi horietatik pasatu diren ezagun eta gertuko asko ere.

Aurrerantzean ez dute meskitara astero bisita egingo, gobernuak Xinjiangen azken urteotan meskita gehienak suntsitu baititu; gainera, epaiketarik gabe kartzelatu dituzten guztiei sartu diete barne-barnean beldurra eta autozentsura. Etxean Korana izatea, edo bizar luzea edukitzea kartzela berezi horietara eramateko aitzakia nahikotzat ditu gobernuak, erradikalismoaren zeinutzat hartzen baitu islama edonola praktikatzea. Gobernuak dio zentro berezi horiek terrorismoa errotik mozteko hezkuntza zentro boluntarioak besterik ez direla. Baina Dalak ez du erlijioa praktikatzen, eta izan da zentro horietan, eta ez, inola ere, boluntario.

Urteak daramatza Xinjiangetik urrun, Pekinen iparraldera dagoen estepa horretan lan egiten, eta jendeak ez dio bere jaioterriaren inguruan galdera askorik egiten. Zaldien artean erdi ezkutatuta bizi da haren iragana, eta, horrela behintzat, badu bizitza erdi normal bat izateko aukera.

Autozentsura luzarorako barneratuta

Txinan bizi diren guztiek ezagutzen dute Xinjiangeko norbait: hamabi milioi dira, eta mendebaldeko eskualde handian jaioak; asko etortzen dira Beijingera ikasi edo lan egitera, eta hiriburuan erraza da uigur edo kazakh bat aurkitzea: hiriaren kanpoaldean zaldiz estepan, baina baita ostiral gauean tabernan, edo poesia errezitatzeko ekitaldi batean ere.

Asko dira Xinjiangeko iheslariek atzerritik salatzen dutena erreala dela erakusten duten istorioak, baina ezkutatuta daude, eta kameraren aurrean ez du inork kontatzen, noski. Gobernuak lortu du beldurra eta autozentsura den-denek barneratua izatea; tragedia hori urrunago bizi dutenek ere, galdera deserosoak geure buruan isilarazi egiten baititugu. Ez dugu inor arriskuan jarri nahi, ez errezitaleko neska, ez zaldi gida, ez bere osabaren lanaz lotsatzen den tabernako gaztea.

Orain, Michelle Bacheletek bere ikerketa argitaratzean esan du guztia argitaratu edo ez erabakitzeko orduan presio izugarria duela. Berak presio handia du, ba imajinatu Xinjiangetik alde egin dutenen baina oraindik bertan gehien maite dituztenak utzi dituztenen beldurra.

Txostena argitaratu, eta, orain behintzat, Pekinek ere presio handiagoa sentitzen du. Amaituko al da laster Xinjiangeko gutxiengo etnikoen jazarpena? Sei urte pasatu dira gutxienez. Egia da orain Xinjiangen ez dagoela atentatu terroristarik, eta 2016 baino lehen, bai, gero eta sarriago izaten ziren. Baina ez al zegoen hori lortzeko beste moduren bat? Terrorismoa errotik moztearen aitzakiarekin meskita gehienak bota dituzte, kameraz eta zaintzaz bete dituzte Urumqi eta Kashgarren kaleak, eta batez ere, gertatu dena ikusi dutenak erabat isilarazi dituzte.]]>
<![CDATA[Bero saparen pean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1926/011/002/2022-08-30/bero_saparen_pean.htm Tue, 30 Aug 2022 00:00:00 +0200 Olatz Urkia https://www.berria.eus/paperekoa/1926/011/002/2022-08-30/bero_saparen_pean.htm
Bero boladak eta prezipitazio baxuek erabat aldatu dute Txinako hainbat eskualdetako paisaia. Yangzi Txinako ibai luzeenaren ertzek, adibidez, bestelako itxura dute: Hubei eskualdean, Poyang lakua lehortu, eta 600 urtez erdi urperatuta egon den monasterio budista bat bistaratu da; eraikinaren azpiko harri eta arroketan oinez dabiltza orain bisitariak. Laku eta ibaien ur maila bat-batean jaitsi da, eta herrialdeko arroz ekoizle nagusiak diren inguruko eskualdeak urik gabe geratu dira. Txinako Nekazaritza Ministerioak berak aitortu du arriskuan dagoela udazken honetako uzta. Hainbat sute ere izan dira, batez ere Chonqingen eta Sichuanen.

Horiek hala, hegoaldean pozik hartu dute azkenean joan den astean iritsi zen Ma tifoia. Bi hilabeteko lehortearen ondoren hark ekarritako euriak egoera zertxobait hobetu du, eta tenperatura jaitsi ditu. Hala ere, garai honetan tifoiak sarritan izaten direla kontuan hartuta, lehen hau ez da nahikoa izan.

Ma Jun izan zen klima larrialdiarekin lotuta lehen alerta deia egin zuen ekintzailea; orain, Txinako Ekologia Departamentuaren zuzendaria da: «Egoera hau ez dugu inoiz ezagutu. Orain arte, mendebaldeko eskualde gutxi batzuetan bakarrik izaten genuen horrelako beroa, Xinjiangen adibidez, baina ez hegoalderago. Gainera, beroa alde batera utzita, ohiko eurite garaia laburtu egin da, eta hezetasuna izugarri jaitsi: Sichuanen, batez besteko prezipitazioen %45 egin du aurten; Chongqingen, %80. Eguraldi patroi arraro hauek frogatzen dute klima larrialdia dela-eta muturreko meteorologia ohiko bilakatuko dela».

Ioduro hodeiak

Egoera honi aurre egiteko hainbat neurri hartu dira; besteak beste, eguraldia aldatzeko programak jarri dituzte martxan. Hubei eskualdean, hodeietara ioduro barratxoak jaurti dituzte, euria sortzeko prozesua azkartzeko. Lainoak ereitea esaten dioten prozesu hori 1940ko hamarkadatik erabiltzen dute; Txina da, hain zuzen, eguraldia aldatzeko teknikak garatuen dituen herrialdea. Hala ere, hori ez dela nahikoa dio Ma Junek: «Horrelako teknikak lagungarriak izan daitezke luze gabe, baina mugatuak dira. Ez badago hezetasunik, ez lainorik, teknika horrek ez du bere kabuz euria sortzeko balio».

Prezipitazioak gutxitu direnez, energia hidraulikoa ere murriztu egin da, eta elektrizitate mozketak izan dituzte harekiko menpekotasun handia duten eskualdeetan. Sichuanen sortzen duten elektrizitatearen %80 energia hidraulikotik dator. Hortaz, etxebizitzei lehentasuna eman, eta industrian elektrizitate mozketak egitea erabaki dute.

Energia berdea

Adituen arabera, bero boladak agerian utzi ditu Txina energia berriztagarrietara ematen ari den jauziaren hutsuneak. Txina da munduan trantsizio ekologikoa azkarren egiten ari den herrialdea —orain gehien kutsatzen duena den arren, Mendebaldea baino askoz geroago hasi da kutsatzen—. Aldiz, azken hamarkadetako hazkunde azkarraren ardatzetako bat izan da ikatzaren kontsumoa, eta orain bat-batean hazkunde eredu hori erabat eraldatu nahi du. Zail da, ordea, jauzia horren azkar egitea.

Energia berriztagarrien garapena bizkorra izan da Txinan: orain, adibidez, eguzki eta haize energian lehen ekoizlea da munduan. Baina beste menpekotasun batzuk agertu dira: Sichuanen, adibidez, energia hidraulikoak kale egin, eta elektrizitaterik gabe geratu dira azken asteotan.

Ma Junek azaldu duenez, bero bolada honek erakutsi du arriskutsua dela energia berriztagarrien artean bakar baten menpeko izatea: «Energia berriztagarrietara egiten ari garen saltoa ikusgarria den arren, oraindik asko dago egiteko, batez ere energia berde moten arteko elkarlanaren arloan. Europan hori garatuago dago: haize energiaren eta eguzki energiaren ekoizpena, adibidez, bi modelo horiek koordinatuz sortzen da. Txinak oraindik europarrengandik ikasi behar du energia berriztagarrien arteko koordinazioaren eta elkarlanaren inguruan. Bestalde, energiaren biltegiratzearen esparruan ere asko dago egiteko: adibidez, energia hidraulikoa sortzeko guneak energia gordailu gisa ere erabili daitezke; erabilpen hori emateko teknologia garatu behar dugu, bero sapa bat badago elektrizitatea moztu behar ez izateko».

Adituak bat datoz denbora behar dela ikatzarekiko menpekotasuna gainditzeko. «Muturreko eguraldi hau isurien ondorio da, eta, modu batera edo bestera, denok egin behar dugu trantsizioa. Txina hori lortzeko bidean dago, oraindik lan asko dago egiteko, hori bai».]]>
<![CDATA[Shinzo Aberen hilketa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1935/020/001/2022-07-10/shinzo_aberen_hilketa.htm Sun, 10 Jul 2022 00:00:00 +0200 Olatz Urkia https://www.berria.eus/paperekoa/1935/020/001/2022-07-10/shinzo_aberen_hilketa.htm
2012tik 2020ra lehen ministro izandako Abek, ofizialki kargua utzita zuen arren, eragin handia zuen politikan, eta, ostiralean, gaurko hauteskunde parlamentarioei begira bere alderdiko hautagai bati babesa emateko mitina ematen ari zen bizkarrean tiroa jaso zuenean.

41 urteko erasotzailea berehala atxilotu zuten. Etxean egindako arma bat erabili zuen 67 urteko politikaria hiltzeko. Hilketaren arrazoia azaldu du: dirudienez, bere ama zorpetu zuen talde erlijioso baten liderra hiltzea zuen helburu, Shinzo Abek talde horrekin harremana zuelako. Bere mitinean liderra izango zen itxaropenarekin gerturatu zenean, liderra ez zegoela ikusi eta azkenean lehen ministro ohiari tiro egiten amaitu zuen.

Lehen ministro ohiarekin kritikoak asko dira Asian, batez ere Txinan eta Hego Korean, bere aitonaren inperialismoaren jarraitzaile gisa ikusten dutelako. Karguan egon den urteetan, defentsan inbertsioa areagotu eta Estatu Batuekiko gertutasuna ere bultzatu du. Hala ere, bai Seulek eta bai Pekinek atentatua erabat gaitzetsi dute.

Etxean fabrikatutako eskopeta bat

Erasotzailea, Yamagami Tetsuya, argazkietan ikusi dugu, ohiko itxura duen gizon argal bat, betaurrekoekin. Bere arma ere lurrean ikusi dugu komunikabideetan, segurtasun arduradunek 41 urteko gizona lurrean immobilizatu zuteneko irudietan: etxean egindakoa; eskopeten moduan bi hodi metaliko ditu, zati desberdinak elkartzeko zinta itsaskor beltza, eta kea eta zarata handia tiroa egitean.

Etxean sortu zuen militar ohiak arma. Japonian suzko armak debekatuta daude, eta haien salerosketa erabat kontrolatua dago. Horregatik, Asiako herrialdean ekitaldi politikoak kalean bertan eta segurtasun neurri handirik gabe antolatzea ohikoena da. Orain arte behintzat; aurrerantzean segur aski hori aldatu egingo da.

Egunotan kazetarien galderei erantzun dieten gehienek diotena da horrelako zerbait Japonian gertatu izana sinestezina dela. Txinan ere sorpresa da nagusi. Japonia bizilagun dute, eta oso gertu sentitzen dute gertatutakoa.

Betiko teoriak eta gorrotoa

Harritzekoa ez dena: hilketa baieztatu eta segituan hasi dira komunikabide batzuetan eta sare sozialetan nahasmena areagotzen: konspirazioak, interes ezkutuak, gertatutakoarekin zerikusi handirik ez duten hausnarketak.

Estatu Batuetako aktibista eskuindar batek Twitterren:

«Orain denok galdetu beharreko galdera garrantzitsuena: ba al zegoen Txinako Alderdi Komunista atentatuaren antolakuntzaren jakinaren gainean. Edo konspiratzaile ultraeskuindar estatubatuar batek: «Txina Japonia asertibo eta indartsu baten aurka egon da beti. Honen atzean egon liteke».

Asiako zenbait herrialdetan, Txinan ere, atentatuak sortu duen sentimendu nagusia shocka izan den arren, lerroburu batzuetan beste sentimendu batean jarri dute arreta: gorrotoan. Agian atentzioa sentimendu horretan jarri nahi dutenak dira azken finean gorrotoa ezkutatu ezin dutenak?

Hainbat lekutan agertu dira horrelako lerroburuak: Txinatarrek Aberen hilketa ospatzen dute. Hasteko, txinatarrak asko dira, eta ezin dira zaku berean denak sartu. Gobernuari dagokionez, Pekinek atentatua erabat gaitzetsi du, baita Seulek ere, Shinzo Aberekin harremanak onak izan ez diren arren. Noski, argi dute, tentsio politikoez haratago, horrelako hilketa bat onartezina dela.

Egia da txinatar batzuek sarean hilketaren ostean hoztasunez erreakzionatu dutela; zauri historikoak hor daude:

Weibon Txinako Twitterren, gazte batek: «Loretxoak Yasukunira bidaliko ditugu, eta bere aitona gerra kriminalarekin ehortziko dute?».

Edo beste batek: «Nanjingeko 300.000 hildakoen arimek beren ametsa bete dute azkenean».

Europak sarritan ahazten duen zerbait du Txinak oso gogoan: Bigarren Mundu Gerran Japoniako armada inperialak egin zuen sarraskia; Nanjingen torturatu, bortxatu eta hil zituzten guztiak. Yasukuni Japoniako memorial gatazkatsu bat da, gerra krimen horiek egin zituztenak heroi bihurtzen dituen lekua hain zuzen ere. Eta Shinzo Abek bertara bisita egin izanak Txinan eta Hego Korean sortu zuen haserrea ez da oraindik erabat itzali. Japoniak ez du oraindik barkamenik eskatu.

Orain, Abe bizkarretik egindako tiro batez hil ondoren, horrelako kritikak kanpora ateratzea ulertezina egiten zaigu: hotza, zinikoa, gizatasunik gabekoa iruditzen zaigu, agian. Eta horri ere ironiaz erantzuten diote sareetan: «Barkatu diezaiola Abek bere hiltzaileari, gorrotoa ahaztu beharreko sentimendua dugu eta».

Hala ere, shocka nagusi

Beste askok ere sareetan japoniarrentzat mezu enpatikoak idatzi dituzte edo ministro ohi japoniarraren alde positiboak gogorarazi nahi izan dituzte. Batek, adibidez, Hangzhouko G20an 2016an Abek hotel bateko garbitzaileari eskerrak emateko txineraz eskuz idatzi zion mezua partekatu du sareetan.

Eta Pekinen, behintzat, kalean, bizilagunekin, merkatuan eta lagunartean galdetuta gehien entzundakoa tristura eta harridura dira: «Baina nola da posible?»; «baina nola sortu du arma hori?»; «horrela bizkarretik hiltzea ere... Gizon gaixoa».

Zauri historikoak ez ditu inork ahaztuko hemen, baina, Japoniak barkamenik eskatu ez duen arren, gehienak gai dira guztia alde batera utzi eta hilketa gaitzesteko.]]>
<![CDATA[OMIKRONAREN KOLPEA]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/014/001/2022-06-26/omikronaren_kolpea.htm Sun, 26 Jun 2022 00:00:00 +0200 Olatz Urkia https://www.berria.eus/paperekoa/1950/014/001/2022-06-26/omikronaren_kolpea.htm
Orain arte, kutsaturik gabeko estrategia beti garaile atera da. Agerraldi bat iritsi den bakoitzean, prozesua antzekoa izan da: hiri osoak masiboki testak egiten jarri, kutsatuak eta haien kontaktuak berrogeialdi zentralizatura eraman, eskolak itxi, bulegoetan etxetik lan egiten hasi, eta maskara kalean derrigorrezko egin.

Eta hori guztia martxan jartzeko, nahikoa da kutsatuak dozena gutxi batzuk izatea. Neurri zorrotz horiek hartu eta bi-hiru aste geroago, agerraldien kontrola berreskuratu eta berriz normaltasun berrira itzuli dira hiriak, hurrengo agerraldia atzeman arte. Sarritan izan dira, bat edo hilabetean behin, baina ez dira luzaroan geratu, eta, horrela, pixkanaka, jendeak bizitza normala egiten jarraitu du.

Omikrona iritsi zenetik

Omikron aldaerarekin, aldiz, orain arte ikusi ez diren datuak iritsi dira: Shanghain egunean 20.000 kutsatu atzeman izan dituzte, adibidez. Aldaera hain kutsakorra izanik, itxialdi partzialak ez dira nahikoa izan, eta 25 milioi biztanleko hiri osoak itxiarazi ditu bi hilabete baino gehiagoz.

Wuhanekoa baino zorrotzagoa eta luzeago izan den itxialdi hau ez zen espero, Shanghai ukiezina zela uste zutelako, Txinako finantza zentroa eta barne produktu gordinaren %5 sortzen duen hiria izanik. Bada, argi geratu da kutsaturik gabeko estrategiak ez duela inor salbuesten, eta, ekonomiari kolpe izugarria emango badio ere, ez dirudi gobernua prest dagoenik estrategia aldatzeko.

Martxoan, herrialde osoan, 37 milioi pertsona egon dira konfinatuta. Pekinen hiri osoa konfinatu ez den arren, partzialki bai, eta kutsatuak izan diren urbanizazioetan milaka pertsonak berrogeialdia egin dute.

Orain ekainean datu hobeak espero diren arren, apiril eta maiatzeko kolpeak beldurra sortu du, egoera berbera behin eta berriz etortzen bada ekonomia oso kaltetua aterako baita. Apirileko kopuruak adituek espero zuten baino okerragoak izan dira: urtetik urterako txikizkako salmentak %11,1 erori dira; ekoizpen industrialari dagokionez ere, %2,9ko galera izan da apirilean, hazkunde txiki bat espero zen arren, eta jarduera ekonomikoaren erorialdi orokorrak langabezia areagotu du —18-26 urte bitarteko gazteen artean %18,2koa ere izan da—.

Pekin: itxialdi partziala inoiz amaituko ez den sentsazioa

Pekinera apirilaren 22an iritsi zen omikron aldaera —Shanghai konfinatuta zegoela—. Lehen egunetan, jendeak, ikara betean, supermerkatuak hustu zituen, baina aste bat geroago, datuak ikusita, lasaitu egin ziren: Pekinen kutsatuak ez dira egunean 50 inguru baino gehiago izan.

Ekainaren 6ra arte, indarrean izan dira neurriak: garraiobide publikoa oso mugatuta egon da; PCRa bi egunean behin egitea derrigorrezkoa izan da; bulegoetan etxetik lan egin dute; eskola, gimnasio, taberna, zinema eta abarrak itxita egon dira; eta, jatetxeetan, janaria etxera bidaltzea izan da aukera bakarra.

Orain neurriak zertxobait leunagoak diren arren, PCRa hiru egunean behin egitea derrigorrezko da, eta jatetxeak ireki dituzte, baina ez dute bezero askorik. Egunero entzuten dira istorioak, kasuren bat denda edo jatetxe batean atzeman eta bertan egon diren guztiak konfinatu behar izan dituztela. Konfinamendu partziala inoiz amaituko ez den sentsazioa da nagusi.

Agerraldi bat iristen den bakoitzean, lanpostu gutxiago

Huixin Zhou da langabeziaren datuen atzean dauden milioika pertsonetako bat. Iparraldeko Hebei eskualdean jaio zen, eta, duela bost bat urte, Pekinera emigratu zuen. Orain arte, 30 urteko gazteak ez du inoiz hilabete baino gehiago egin lanik gabe, baina pandemiarekin, eta batez ere omikron aldaeraren iritsierarekin, egoera erabat aldatu zaio.

«Zazpi hilabete neraman lanik gabe. Hainbat elkarrizketa izan ditut, baina, adibidez, enpresa batean lana lortu, eta segituan itxi behar izan zuten; beste batean, elkarrizketa egin, eta, hurrengo egunean agerraldi baten ondorioz etxetik lan egiten hasi zirenez, langile gehiago bilatzeari utzi zioten. Azkenean, apirilean lan bat lortu nuen, baina, hasi eta bost egunera, izan nintzen jatetxe batean kutsatu bat atzeman zutenez, hamalau egunez etxean konfinatu ninduten. Ondoren, agerraldiak okerrera egin eta denek etxetik lan egin behar genuela erabaki zuenez gobernuak, egoera hilabete baino gehiago luzatu da. Ez dut oraindik soldata oso bat ere jaso lan berri honetan. Diru sarreren apalaldiari aurre egiteko, enpresek gutxienekora jaisten dute telelana egin behar dugun langileen soldata: nik neuk, itxialdian egon naizen hilabetean, 330 euro inguru kobratu dut».

Langileentzat eta negozioa dutenentzat ere ez da batere erraza izaten ari Pekinen apirilaren 22an hasi zen agerraldia. Jatetxe asko itxi behar izan dituzte, hilabete eta erdi egin baitute zerbitzua lokalean eskaini ezinik: gobernuak irekita jarraitzea onartu dien arren, janaria etxera bidaltzeko aukera bakarrik onartu du, eta horrela, noski, irabaziak asko jaitsi dira.

Duela bost urte, Mexikon bi urte egin ondoren, Gao Yuanek Moji jatetxea ireki zuen jaioterrira itzulita: Pekinen errezeta mexikarrik tradizionalenak eskaintzen dituen jatetxe bat. Arrakasta handia izan, eta urte hauetan hiriburuan bost lokal irekitzea lortu du. Orain, ordea, omikron agerraldia iritsi, eta hiriburuaren erdigunean zeukan bat itxi behar izan du: «Orain, pandemiaren hasieran baino zailagoa da egoera, kutsatu bakar batzuk atzeman bezain laster guztia ixten dute eta. Hala ere, neurriak beharrezkoak direla uste dut: ez dut beste aukerarik ikusten. Prebentzio neurriak hartu ezean, egoera erabat deskontrolatu eta Shanghain izan duten konfinamendu hori izan genezake azkenean. Azken hilabeteak zailak izan dira, omikrona izan dugun lehen aldia delako, baina, agerraldi hau pasatuta, ikasiko dugu aldaera honi nola aurre egin. Berriz iristen denean, kutsatzeak azkarrago geldiarazteko gai izango gara».

Barne turismoari ere kolpea

Kutsaturik gabeko estrategiaren neurri nagusietako bat biztanleen mugimenduak eta bidaiak ahalik eta gehien murriztea da. Pandemiaren hasieratik, itxita daude Txinako mugak; ez da atzerritik turistarik onartzen, eta bizileku baimena duten atzerritar eta txinatarrentzat ere muga gurutzatzea ez da batere erraza: pandemia hasi zenetik, txinatarrei ez diete pasaportea berritzen, eta atzerritik iristen den edonork hoteletan konfinamendua egin behar du iristean —baina hori arazo txikia da hegaldi faltarekin alderatuta—.

Egoera horretan, normalean atzerrira bidaiatu eta atzerrian kontsumitzen duten txinatarrek Txinaren barnean gastatu dute dirua. Horri esker, barne kontsumoaren eta barne turismoaren bultzada jaso, eta pandemiaren lehen urtean sektore horietan kolpea ez da oso handia izan. Orain, berriz, omikronaren ondorioz luzatzen ari diren itxialdiek erabat mugatu dute barne turismoa ere: Shanghai eta Pekin hiri nagusiak izanik, apiril hasieratik izan dituzten konfinamendu partzial eta ez-partzialen ondorioz, beste eskualdeek milioika turista galdu dituzte, adibidez, maiatzeko zubian; antzera gertatuko da udako hilabeteetan eta, egoera luzatuz gero, segur aski urriaren hasierako jaiegun nazionaletan ere. Pekingo hotelak hutsik daude, eta badaude Txinatik alde egitea erabaki duten turismoaren sektoreko erraldoiak ere: Airbnb-k maiatzean jakinarazi du uztailetik aurrera ez dela Txinan izango.

Alde egingo duten txinatarrak eta higiezinen sektorea

Pandemiaren lehen bi urteetan munduan hildakoen datuek gora egiten zuten bitartean Txinan kutsatzeak oso apal mantentzen zirela ikusita, gehienak seguru sentitu dira hemen, eta kutsaturik gabeko estrategiak biztanleen babesa izan du. Orain, aldiz, bi urte baino gehiago pasatuta, mundua koronabirusarekin bizitzen ari dela ikusi eta pixkanaka gaixotasunari beldurra galdu zaionez, neke pandemikoa handitzen hasi da. Eta konfinamenduak inoiz amaituko ez diren sentsazio horrek herrialdetik kanpo emigratzeko aukera azterrarazi dio biztanleriaren parte bati.

Henley & Partners kontsulta etxearen arabera, urte honetan goi klaseko 10.000 pertsonak atzerrira emigratuko dute Txina kontinentaletik, eta 3.000 inguruk Hong Kongetik. Denen artean 65.000 milioi dolar aterako dituzte —61.500 milioi euro inguru—.

Alberto Lebron ikerlaria da Pekingo Unibertsitateko Politika Ekonomikoen Institutuan: «Egoera honetan, arazo nagusia higiezinen sektorearekin lotuta dago. Txinan, goi klaseko familia asko beren ondasunak saltzen ari dira. Izan ere, kutsaturik gabeko estrategia mantentzen dela, horrek Shanghain bizi behar izan duten egoera ekar dezakeela ikusita, ez dute gehiago Txinan bizi nahi. Aurretik ere, higiezinen sektorea ez zegoen garairik onenean hemen. 2021aren amaieran, Evergranderen krisia izan genuen, eta denbora daramagu higiezinen burbuilaren eztanda iragartzen. Aurten transakzioak %10 erori litezke. Higiezinen prezioa ez da gehiago igoko, blokeatuta dago, altuegia da, eta, alokairuen errentagarritasuna handitzeko, beharrezkoa izango litzateke prezioak jaistea. Ondorioz, gero eta gutxiagok erosiko dituzte etxeak Txinan. Egoera horri gehituz gero orain omikron aldaerarekin etorri den egoera, oso garai zaila da hau.

Bestalde, administrazio publikoen defizita oso goian dago. Pandemia garaian enpresei laguntzak emateko planetan diru asko gastatu dute, eta sarrera fiskalak txikiagoak izan dira, batez ere higiezinen sektorean salerosketa gutxiago izan direlako. Dagoeneko badaude finantzatzeko arazoak dituzten tokiko gobernuak».

Atzerrian ere beldurra sortu da, baina, Txinako krisia mugetatik harago hedatuko ez ote den galdetuta, Lebronek dio esajerazioa direla beldur horiek: «Txina munduarekiko herrialde hartzekoduna da, eta ez da posible herrialde hartzekodun batek zor krisia sortzea, adibidez Argentinarekin gertatu zen moduan. Kasu batzuetan, higiezinen sektorearekin lotura duten atzerriko enpresek ondorioak nozituko dituzte, noski; hainbat sektoretan ere, hornikuntza kateen blokeoaren ondorioz, normal ekoizten jarraitu ahal izateko materialen gabezia izango dute. Baina ez du krisi orokor bat sortuko. Hori bai, Txinari dagokionez, egoera ezin da luzaroan mantendu. Lehen ministro Li Keqiang-ek berak aurten esan du beharrezkoa dela osasunaren eta ekonomiaren artean nolabaiteko oreka bilatzea: biztanleak COVIDetik babestu behar direla, baina ekonomia hondoratu gabe».]]>
<![CDATA[Mezu koloretsuak, errealitatetik pauso bat urrunago]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2000/018/001/2022-06-12/mezu_koloretsuak_errealitatetik_pauso_bat_urrunago.htm Sun, 12 Jun 2022 00:00:00 +0200 Olatz Urkia https://www.berria.eus/paperekoa/2000/018/001/2022-06-12/mezu_koloretsuak_errealitatetik_pauso_bat_urrunago.htm
Zortzi misil erantzun gisa

Aste honetan albiste batek muga hartan egon gineneko oroitzapenak ekarri dizkit gogora: asteburuan Piongiangek zortzi misil Japoniako itsasora jaurti eta astelehenean armada estatubatuarrak eta hego korearrak koordinatuta beste zortzi misil jaurti dituzte; zortzi, argi gera dadin mehatxuari erantzun egin nahi izan diotela. Maiatzean Yoon Suk-yeol presidente kontserbadorea boterera iritsi eta hauteskunde kanpainan agindu zuena egiten ari da: Ipar Korearekin gogorragoa izaten hasi da; ez da azken lau urteotan Seulek egin duen bezala misil jaurtiketen aurrean geldi geratu.

Niretzat Hego Korea Estatu Batuekin batera modu oldarkor honetan erantzuten ikustea sorpresa izan bada, ez dut imajinatu nahi zer pentsatzen duten bi Koreen arteko mugan bizi diren aitona-amonek.

Jong-jeul

Ez dakit Jong-jeul bizirik ote dagoen. Ezin dut kontaktatu, berak ez du emailik ez telefonorik, orain 90 urte baino gehiago izango ditu. 2018an ezagutu nuen Hego Korean egin genuen kobertura hartan. Neguan izan zen, Olinpiar Jokoetan: bi Koreetako atletek sortu zuten hockey talde mistoa izan zen komunikabide guztietan titularretako bat. Goi bileran Kim Jong-un eta Moon Jae-in elkarri eskua ematen ikusi eta hego korearrak emozionatuta txalo egiten ikusi genituen.

Jong-jeul bi Koreen arteko mugan dagoen herrixka batean aurkitu genuen: jubilatuen elkartean eserita, beste hogei bat aitona-amonaren artean. Giro ona zuten, lasaia, baina Jong-jeul-ek berak esan zigun hainbeste urte pasatuta gerrak utzi zion zauria barnean zeramala: «Ez daukat hitzik sentitzen dudana azaltzeko, bi Koreen arteko gerrak nire bizitza erabat suntsitu du».

Den baino gazteagoa dirudi Jong-jeulek: motor zahar txiki batean joaten da egunero jubilatuen elkartera, ikusi dudan bi aldietan (2017 eta 2018an) jertse bera zeraman, kirola egiteko estilokoa, berde argia; bisera urdin iluna, zapatillak... Ipar Korean jaioa da bera. 18 urte zituela gerra hasi zenean iparraldetik ihes egin zuen: «Banekien armadan sartuko nindutela eta ez nituen hegoaldeko nire anaiak hil nahi». Baina hegoaldean harrapatu eta Hego Korearen alde borrokatzera behartu zuten. Hiru urtetako borroketan soldadua izan zen, bere jaioterriaren aurka. Gerra amaitu eta Ipar Korea mundutik isolatu zenez, ezin izan du inoiz berriz iparraldera itzuli, bertan galdu ditu haurtzaroko lagunak eta senideak.

2018an bi Koreak gerturatzen ari zirela kontatzeko bidaia egin genuenean berriz aurkitu genuen Jong-jeul: jubilatuen elkartera gerturatu eta etxean zegoela esan ziguten, herrixka txikia izanik bertatik gertu. Bere lagun batek Jong-jeulen atera eraman gintuen eta hantxe aurkitu genuen baratzean, bere jertse berde eta biserarekin. Irribarre egin zuen ikusi gintuenean, eta, ondoren, hil baino lehen bere ametsa bi Koreek bat egitea zela gogorarazi nahi izan zigun.

THAADaren kontra beren makilekin: Soseongri

Bidaia hartan ezagutu genuen beste herritxo bat ere ekarri dit gogora aste honetako albisteak: Soseongri, Seuletik 150 bat kilometrora mendien artean ezkutatuta dagoen herrixka. 70 etxek osatzen duten Soseongrin biztanle gehienek 80 urtetik gora dute eta lasai bizi nahi dute, ez dute inolaz ere Ipar Koreako misilei aurre egiteko base militarrik gertu nahi. Horregatik, Soseongriko aitona-amonak protestan atera ziren, 2017an, misilen aurkako THAAD sistema bertan instalatu zutenean estatubatuarrek. 2018an hara bidaiatu genuenean ikusi genituen 1,50 metrora ere iristen ez diren amonak beren kartelekin errepidean eserita. Abesti bakezaleak kantatu, eta mendiaren beste alderantz THAAD sistemarentzat baliabideak eramateko behin eta berriz pasatzen ziren helikoptero militarrei garrasi egin eta makilak zerura begira astintzen zituzten.

Soseongri dokumental hego korearraren azalean agertzen den amona ondo dut gogoan: txiki-txikia, arropa koloretsuekin, haserre. Elkarrizketa laburra egin genion; behin eta berriz bere makila astindu eta salto egiten zuen oinekin lurra haserre kolpatuz: «Ez ditugu soldadu estatubatuarrak gure herrian nahi, joan daitezela beren herrira, jan dezatela beren herriko janaria, joan daitezela komunera beren herrian, egin ditzatela beren txerrikeriak beren herri horretan, ez hemen!». Ingurukoek barre egiten zuten amonak zioena entzunda, lasaitzeko esaten zioten. Baina ezin zuen inork lasaitu, eta gaur ere, segur aski, Soseongrin egongo da helikopteroak pasatzen ikusita haserre. THAAD sistemak bertan jarraitzen du eta baita soldadu estatubatuarrek ere.

Ez dut ulertzen ondo nola, baina beste behin hor dago armada estatubatuarra bere mugetatik oso urrun, beste gatazka baten erdi-erdian sartuta. Eta orain Hego Koreako gobernu berriak errazago onartuko ditu entsegu militarrak, armada estatubatuarraren esku hartzea... Piongiangek bere jarrera mehatxagarria behingoz alde batera utzi dezala lortzeko bidea oraingoz ez du inork aurkitu, baina isun eta presio handiagoen bidetik ikusi da ez direla bi Koreak elkartuko. Eta orain Seulen Alderdi Kontserbadorea egonda, mugako mezu koloretsuen ametsak zertxobait urrunago geratu dira.]]>
<![CDATA[Filipinak: iraganerako itzulera]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1964/021/001/2022-05-15/filipinak_iraganerako_itzulera.htm Sun, 15 May 2022 00:00:00 +0200 Olatz Urkia https://www.berria.eus/paperekoa/1964/021/001/2022-05-15/filipinak_iraganerako_itzulera.htm
Duterteren agintaldi gogorrak ekarri dituen urteak ikusi eta hala ere gehiengoak egin duen aukerarekin argi geratu da bide horretatik jarraitu nahi dutela. Duterteren alabak eta Marcos diktadorearen semeak sortutako aliantza da garaile handia.

Oraindik ofizialki irabazlea baieztatu ez duten arren, botoen kontaketak ez du dudarako lekurik uzten: astelehenean 76 milioi pertsona inguruk bozkatu zuten, eta botoen %60 baino gehiago lortu du hogei urtez herria kontrolatu zuen diktadorearen semeak. Erreleboa ekainaren 30ean hartuko du.

Bi ziren hauteskundeetan faboritoak: Bongbong Marcos, izen bereko diktadorearen semea; eta Leni Robredo, azken urteotan presidenteorde eta Duterteren etsai nagusi izan den abokatu progresista. Zuria edo beltza; Duterteren jarraipena edo erabateko bira: adituek diote hauteskunde hauek Filipinak izan dituen polarizatuenak izan direla.

Belaunaldi gazteek ahaztu duten kapitulua

Hauteskunde egunean eta lehenago kanpainan ere, protesta ugari izan dira Asiaren hego-ekialdeko herrialdean. Batez ere belaunaldi helduetakoen artean egonezin handia sortu du diktadura Filipinetara iristearen arriskuak. Marcos diktadoreak ekarri zuena oroitarazten saiatu diren arren, ezin izan dute autokraziarako joera hori geldiarazi.

1986. urtean diktadurarekin nekatuta zeuden herritarrek iraultza hasi eta Marcos diktadorea boteretik kanporatu zuten; 35.000 bat tortura kasu eta ustelkeria leporatuta, herrialdetik alde egin behar izan zuten hark eta haren senideek. Bada, orain, 36 urte geroago, Filipinen lidergoa hartzeko gertu dago Bongbong ezizenez ezaguna den 64 urteko semea.

Imajinatu estatuan Francoren biloba bat presidente hautatua izan eta herritarrek sentituko luketena. Bada, ñabarduretatik haratago, agian horrelako zerbait da orain Leni Robredori botoa eman dietenek sentitzen dutena.

Batzuetan beti aurrera goazela pentsatu, eta alerta maila jaitsi ondoren, bat-batean iraganera egiten dugu jauzi. Manilak erakutsi du hori gertatzen dela. Adituen arabera, pentsaezina zena nola gertatu den azaltzeko Filipinetako hezkuntzari begiratu behar zaio: batez ere, azken urteetan historiaren bertsioa aldatu eta autokraziaren nostalgia eta idealizazioa bultzatu direla salatzen dute. Ondorioz, belaunaldi gazteek ahaztu dituzte Marcosekin izan ziren tortura eta epaiketarik gabeko hilketa guztiak. Orain, Filipinetan, sare sozialetan asko dira Marcos diktadorearen 20 urte horiek urrezko garai bezala deskribatzen dituzten testu eta bideoak.

Segurtasuna, agintzeko estilo autoritarioaren aitzakia onena

Duterteren azken sei urteek ez dute herria gehiegi beldurtu, indarraren abusu guzti horrek ez du balio izan autokraziaren ideia erromantikoa ahultzeko.

2018an, Manilan, galdetu nien taxi gidariei, hoteletako langileei, irla desberdinetako biztanleei... Duterteren inguruan pentsatzen zutena. Eta gehiagok esan zidaten gustuko zutela kontrakoa baino.

Gau batean taxian gindoazela gidariak esan zigunaz oroitzen naiz: «Duterte iritsi baino lehen ez nuen inoiz gauez lan egiten, arriskutsuegia zen-eta; kalea drogazale eta kriminalez beteta zegoen. Orain, aldiz, taxian alde batetik bestera gaueko ordu txikietan ere ibiltzen naiz beldurrik gabe; erabat aldatu dira kaleak, Manilak beste hiri bat dirudi». Hiriburuan ez, baina irla txikiagoetan, Koron-en adibidez, pare bat gaztek bai, esan zidaten ez zitzaiela Polizia inoiz gustatu, baina azken urteetan beldur handiagoa zietela.

Baina askok, taxi gidariak bezala, nahiago du abusua eta indarkeria Poliziaren eskuetan egotea; indarkeria horren biktimak drogazale edo kriminalak direla pentsatu eta beren burua leku horretatik urrun ikusten dutelako.

Pentsatzen dute askatasun gehiegi izanda kriminalitatea, eta, aldiz, agintari zorrotz baten eskutan jarrita herrialdeak diziplina, garapena eta oparotasuna izango dituela.

Robredoren aurkako kanpaina

Autokraziarantz bidea hasita, ez da erraza izango bira egitea. Duterterekin urratsak hasi eta zaila egin zaio bere etsai Leni Robredori joera hori geldiaraztea. Abokatu eta ekintzaileak ustelkeria amaitu eta giza eskubideak errespetatzea agindu duen arren, ez du lortu botoen %30 ere.

Hauteskunde hauetan tranpa asko egin dela ere salatzen dute. Auzo txiroenetan botoak erosi omen dira (200 euro ere eman dituzte boto baten truke), eta, batez ere, Robredoren aurkako desakreditazio kanpainan dirua ere jarri da: erakunde terroristekin harremana izatea leporatzeaz gain, pertsonalki erasotu diote, besteak beste esanez maitaleak dituela edo ez dela presidente izateko behar adina adimentsu. Ukitu misoginoa izan dute, hortaz, bere aurkako erasoek, eta ez da sorpresa Duterterekin landu den modelo atzerakoi, matxista, zakar hori ikusita.

Orain, Filipinek drogazaleak bere eskuekin hil dituela esatera iritsi den presidentearen alaba eta 20 urtez herrialdea hustu zituen diktadorearen semea izango dituzte agintari gutxienez beste sei urtez.]]>
<![CDATA[Txinak ez du bizi nahi koronabirusarekin]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1895/015/001/2022-05-04/txinak_ez_du_bizi_nahi_koronabirusarekin.htm Wed, 04 May 2022 00:00:00 +0200 Olatz Urkia https://www.berria.eus/paperekoa/1895/015/001/2022-05-04/txinak_ez_du_bizi_nahi_koronabirusarekin.htm
Shanghaiko Yiqianekin hitz egin du BERRIAk. 33 egun daramatza etxetik irten gabe: «Egoera ondo daramat, baina azken hilabetean aita eta katua babesteko asko borrokatu behar izan dut. Ez naute sintomek kezkatzen, positiboak tratatzeko moduek eta kutsatu direnen maskotekin egiten dutenak baizik. Aita kutsatu zenean, telefonoz deitu, eta ordu bat geroago anbulantzia haren bila zetorrela esan ziguten. Ezin zidaten agindu adineko batentzat baldintzak onak zirenik berrogeialdia egiteko zentroan, eta, horregatik, etxean utz zezatela onartzeko konbentzitu nituen. Ondoren, egunero ibili zaizkigu deika. Neurriak erabat leuntzeko azkarregi dela deritzot, Txinan oraindik adineko asko txertatu gabe daudelako, baina argi dago ez duela zentzurik asintomatikoak eta sintoma leunak dituztenak berrogeialdi zentroetara eramateak. Egoera nahiko gaizki kudeatzen ari dira hemen».

Pekinen, aste bateko sustoa

Pekinek ez du Shanghaiko egoera nahi, eta, horregatik, beranduegi izan baino lehen neurri zorrotzenak hartu dira. Apirilaren 23ko eta 24ko asteburuan 26 kasu atzeman zituztela jakinarazi, eta agintariek alarma piztu zuten, herritarrei esanez hiriak oldea gelditzeko esfortzu guztiak egin beharko zituela. Mezu hori ikaraz hartu zuen hiriak: Shanghaiko konfinamendu bera zetorrela pentsatu zuten askok, eta astelehenean supermerkatuak hustu zituzten.

Baina orain, aste bat geroago, pasatu da beldurra; izan ere, PCR probak masiboki egin, eta datuek ez dute gora egiten, egonkor mantendu dira: egunean 50 kasu atzematen jarraitzen dute, batez beste. Guztira 391 pertsona kutsatu ditu omikron aldaeraren olde horrek Pekinen; oso datu txikia da, Shanghaikoarekin alderatuta.

Sonky Pekinen erdigunean bizi da, eta hark ere ikara sortu zenean egin zituen erosketak: «Janari izoztua, ur botilak, eta kontserbak erosi nituen batez ere, Shanghain bezala hilabetez etxetik irten gabe egotea tokatuko balitz prest egoteko. Baina, orain, pasatu zait beldurra. Shanghain beranduegi erreakzionatu zuten kutsatzeak agertzen hasi zirenean, eta horregatik dute egoera okerragoa. Pekinen neurri zorrotzagoak hartzen dira. Adibidez, etxean aste bateko konfinamendua egin behar izan nuen nire bulegotik gertu kutsatze bat atzeman zutelako. Ez naiz ez gertuko kontaktua ez ezer, PCRan negatibo eman nuen, baina, hala ere, konfinatu ninduten».

Buzo zuriak, nonahi

Egunotan, Pekinen erdigunean kilometro bat oinez egin, eta testa egiteko lau gune ikusten dira erraz. Kalean daude, plazetan, parkeetan, edozein izkinatan, metro geltokien eta kaleen sarreretan. Urrunetik ikusten dira betiko karpa urdinak eta buzo zuridun langileak.

Ilara azkar mugitzen da. Pasaporte zenbakia utzi, lagina har dezaten ahoa ireki, eta kito; emaitza automatikoki sakelakoaren osasun aplikazioan agertzen da sei-hamabi ordu geroago.

Testa saihestu nahi dutenek hala egin dezakete, baina etxean ezkutatu beharko dute, herritarrak ezin baitira inon sartu 48 orduko emaitza negatiboa erakutsi gabe. Larunbatean iragarri zuten Pekinen parke, denda, bulego, urbanizazio eta edozein lekutara sartzeko PCR negatiboa derrigorrezkoa izango zela. Orain denek egiten dute, gutxienez bi egunean behin. Test gune batetik irten berri den neska gazte batek hau esan du: «Dagoeneko 50 PCR baino gehiago egin ditut pandemia hasi zenetik. Txina barnealdean bidaiatzeko derrigorrezkoa da. Olde bat izan den bakoitzean masiboki egin ditugu. Orain, Pekinen, bi egunean behin. Ohitu naiz eta ondo deritzot, oldeak gelditzeko modu onena baita».

Oldeak utzitako arrastoa

Pekinen sustoa pasatuta eta Shanghain datuak behera doazela, badirudi okerrena pasatu dela. Halere, omikronaren oldeak zerbait gehiago utzi du Txinan: zero COVID estrategiak zalantzak eragiten ditu. Kasu gehienak asintomatikoak izanik, batez ere Shanghain herritarrak adierazten hasi dira neurri zorrotz horiek ez direla beharrezkoak: ez diote zentzurik ikusten, adibidez, asintomatikoek ere berrogeialdi zentralizatua ospitaleetan egin behar izateari. Shanghain izan diren 500.000tik gora kutsatuak berrogeialdian jartzeko baliabide asko behar direnez, negatibo eman arte egin duten konfinamenduaren baldintzak ez dira onak izan, eta, esaterako, beste gaixotasun batzuk dituzten adinekoek gaizki pasatu dute. Kezka handia sortu dute haurrak gurasoengandik banantzeko eta kutsatuen maskotak erretiratzeko erabakiek ere.

Azken hilabeteko kaosa pasatuta, Txinan gaixotasunari eta sintomei beldurra galdu zaie, eta, aldiz, kutsatzeak dakarren askatasun faltak ikara sortu du. Test masiboak bai, onartzen dituzte, eta eraginkorrak direla uste dute gehienek, baina konfinamendu zentralizatua ez; eta gero eta gehiagok esaten dute agian badela koronabirusarekin bizitzen hasteko garaia. Gobernuak, aldiz, ez du halakorik nahi.]]>
<![CDATA[Txinatarrak aspalditik daude esna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1989/017/001/2022-04-17/txinatarrak_aspalditik_daude_esna.htm Sun, 17 Apr 2022 00:00:00 +0200 Olatz Urkia https://www.berria.eus/paperekoa/1989/017/001/2022-04-17/txinatarrak_aspalditik_daude_esna.htm
Urbanizazioak hesiz inguratu dituzte, eta buzo zuridun langileek ez dute inor kalean onartuko: ez lanera joateko, kirola egiteko, txakurra paseatzeko... Erosketak egiteko ere ez. Etxean janaririk gabe geratzea ere ez da salbuespena egiteko arrazoi pisuzkoa.

Eta horrela daramate, dagoeneko, gutxienez bi aste. Beste biztanleak gertuagotik ikusteko aukera bakarra dute 3-4 egunean behin: PCR proba. Baina noski, horretarako erizainak urbanizazioen sarreretara joaten dira, eta markatuta dago etxeko atetik testaren mahairako bidea; noski, ez zaio inori bururatu ere egiten aukera hori supermerkatura ihesaldi azkarra egiteko erabiltzen saiatzea, neurriak ez errespetatzeak ondorio gogorrak baititu hemen.

Gurutzatu ezin den muga bat: gosea

Gosea pasatzearen ideiak edonor beldurtzen du. Baina Txinan gehiago: 1958 eta 1961 artean izan zen goseteak 50 milioi hildako inguru utzi zituen eta ondo daukate gogoan. Belaunaldi gazteen artean ere nabaritzen da, kulturalki janaria bereziki errespetatzeko modu horretan ikusten da, guraso eta aitona-amonek ezagutu zuten gosete hori kulturalki erabat barneratua geratu den zerbait da.

Gaur egungo Txina modernoan ez zuten pentsatuko gosea noizbait pasatu beharko zutenik, eta gobernuaren neurri zorrotzak eta kontrol hori onartzen badute, bizitza kalitatea asko hobetu delako da. Baina egunotan sareetan aitona batek idatzi du orain Shanghain iraultza kulturalean baino okerragoa dela bere bizitza. Bere kexa, beste asko bezala, birala egin da.

Kexak segituan hasi ziren berrogeialdia luzatzean; hasieran modu leunago batean; sareak txantxaz bete ziren: Shanghaiko irudiren bat editatu eta Hunger Games izenburua emanez; edo neska laguna bilatzeko mezu tradizional horietako batean plus nagusi bezala hozkailua beteta dutela idatziz. Gero balkoietara hozkailuak ateratzen hasi ziren, hutsik zeudela erakutsiz protesta egiteko. Eta azkenean bromarako gogorik ez eta protestan kalera atera dira ehunka pertsona. Zenbait supermerkatutan ere arpilatzeak izan dira.

Gaixotzeko beldurraz haratago

Omikron aldaerarekin eta Shanghaiko egoerarekin gertatu dena da gaixotasunari berari beldurra galtzen hasi direla. Txinan kutsatze gutxi izan direnez, oraindik badago COVIDarekiko beldur hori, baina Shanghain beldur handiago batek hartu du lehen planoa: gaixotzearen beste ondorioen beldur dira; sintomek ez dituzte hainbeste kezkatzen. Izan ere, hegoaldeko finantza zentroan oldea urtarrilean hasi zenetik atzeman dituzten 300.000 positibo inguruetatik bederatzi bakarrik izan dira egoera larrian ospitaleratuak. Gehienek sintoma oso leunak dituzte edo asintomatikoak dira.

Kutsatzeak dakarren erabateko askatasun falta horrek bai, beldurra ematen du. Positibo emanez gero, maletatxo bat prestatzeko minutu gutxi batzuk eman, eta segituan eramaten dituzte ospitale edo berrogeialdi zentroetara. Senideengandik banantzen dituzte, baita haurrak ere. Izan dira, gainera, kutsatu direnak isolamenduan sartu ondoren buzo zuridun langileek beren maskotak hil dituzten kasuak.

Gertukoak babestu ezin izateak eta erabateko ezgaitasun sentsazio horrek gainditu du askorentzat muga. Sare sozialetan ikusi ditugu, adibidez, semeengandik banandu nahi izan dituztenean buzo zuridun langileei eraso egin dieten guraso haserretuak.

Aspalditik esna

Orain Shanghain asko kalera iritsi direla ikusi eta atzerrian batzuek sorpresa erakutsi dute, txinatarrak agintariei aurre egiten ikustea berria iruditzen zaielako. Baina orain Shanghain ikusten ari garen berrogeialdi zorrotza beste hiri txikiagoetan izan dugu aurreko oldeetan, eta kexak ere bai; hori bai, beste eskualde horiek ez dira atzerrian denek ezagutzen dituzten nazioarteko finantza zentroak, eta horregatik ez zaie albistegietan hainbesteko lekurik egiten.

Hala ere, orain arte izan diren protesta isolatuez haratago, gehiengoak babesten du zero kutsatzeen estrategia, edo orain arte gutxienez babesten zuen, eta ez burua alderdiaren propagandaz beteta dutelako edo horrelako zerbaitengatik, ez, estrategia honek benetan emaitza onak eman dituelako baizik: Txina 1.400 milioiko biztanleria duen herrialdea izanik, hildakoak 4.700 inguru izan dira, guztira; Ameriketako Estatu Batuetan, aldiz, 987.000. Eta hemen atzerrira begiratzean ulertzen ez dutena da hildako horien guztien normalizazioa. Ameriketako Estatu Batuen kasuarekin alderatuta, argi dute nahiago dutela hemengo estrategia.

Orain, aldiz, egoera aldatu da, omikron aldaerarekin gehienak asintomatikoak direlako, eta ondorioz gizartearen ikuspuntua ere hasi da aldatzen, txinatarrek, mundu osoan bezalaxe, egoeraren arabera iritzia aldatzen dutelako noski; ez dira, Mendebaldean oraindik askok irudikatzen dituzten bezala, masa uniformea, eta aspalditik esna daude. ]]>
<![CDATA[Kanpoko fobiaren eta barneko zentsuraren erdian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1986/021/001/2022-03-20/kanpoko_fobiaren_eta_barneko_zentsuraren_erdian.htm Sun, 20 Mar 2022 00:00:00 +0100 Olatz Urkia https://www.berria.eus/paperekoa/1986/021/001/2022-03-20/kanpoko_fobiaren_eta_barneko_zentsuraren_erdian.htm
Ukrainaren inbasioak errusiarrei ere aldatu die bizitza, beldurra sortu du alde batean eta bestean, ezpataren eta paretaren artean jarri ditu asko. Moskun gerraren kontrako manifestazioetan hamarnaka mila errusiar atxilotu ditu Poliziak, eta Desinformazioaren Aurkako Legea indarrean sartu bezain laster itxi dituzte komunikabideak, Exo Moskvi aspaldiko irrati katea besteak beste.

Beldur dira, segur aski, Putinen erabakia salatzen badute jasoko duten errepresioarengatik, eta atzerrian dauden errusiarrak ere beldurtzen hasi dira, inbasioaren haritik areagotu den errusofobiarengatik. Bat-batean ikusi dute atzerrian askok zaku berean sartu dituztela, Putinekin batera. Europako hainbat herrialdetan hasi dira jatetxe eta dendak beren ateetan errusiarrak ez direla ongietorriak idazten. Italian Milaneko unibertsitate bat Dostoievski idazlearen testuak debekatzen saiatu da. Kasu horretan erabakiaren kontra altxatu dira ahotsak, eta unibertsitateak atzerapausoa eman du, baina beste batzuen kasuan errusofobia horrek eragindakoak ez du atzerapausorik.

Valery Gergiev

Gergiev da nire orkestra zuzendari gustukoena. Askotan ikusi dut bere kontzertu baten bideoa: Prokofiev konpositore sobietarraren Romeo eta Julieta sinfonia gidatzen ari da Londreseko orkestra sinfonikoan; bere begi eroak ondo irekita, ile grisa nahastuz egiten dituen bat-bateko mugimendu horiekin. Sentitzen da musika barne-barnean daramala.

Ez dakit zer egongo den orain pentsatzen Gergiev. Municheko orkestraren zuzendari finko bezala 2015etik lan egin ondoren, kanporatu egin dute Ukrainaren inbasioa gertatu eta egun gutxira. Rotterdamek ere pauso bera eman eta harremana moztu du musikariarekin. Atzetik etorri dira beste asko ere: Gergieven izena daraman festibala bertan behera utzi, kontzertuak aldatu edo bere kontratuak puskatu... Milan, Edinburgo, Viena... Ez du argi eta garbi Putinen inbasioa kondenatu eta ez du inork berarekin harremanik mantendu nahi; bat-batean gutxi axola du munduko orkestra zuzendari onenetakotzat dutela musika klasikoaren munduan.

Ukrainaren inbasioa ez da bidezkoa, zaila da ulertzea zergatik ezin dituen hitz horiek esan, baina seguruenik hori esan dezala eskatuta ezpataren eta paretaren artean jarri dute musikaria. Presidente errusiarraren laguna dela diote, ez dakit benetako laguna den, baina argi dagoena da Putinen presioa handia izango dela, beldurgarriagoa. Publikoki inbasioaren aurka aurkeztuz gero euli traidore bezala sailkatuko dute segituan, eta berak San Petersburgoko Mariinski Antzokian du postu nagusia; sustraiak ere Errusian ditu, familia.

Kanpoko errusofobia, gobernu autoritarioarentzako tresna

Joan den astean Pekinen Siberiako lagun batekin bi orduko eztabaida izan nuen. Gaiz aldatzeko eskatu nion, baina berak ez zuen onartu. Urduri zegoen normalean oso lasaia den siberiarra, Yulia. Putinek egindakoaren alde dagoela dio, presidente errusiarrak herria Estatu Batuengandik babesteko beharrezkoa dena egin duela eta urteak zeramatzala NATOk bere hedatzea jarraituz gero gogor erantzungo zuela abisatzen.

Putinek benetan errusiarrek pentsatzen dutena garrantzitsua dela uste duen galdetu nion. Isilarazi egin dituela komunikabideak eta manifestazioetan ukrainarrei babesa erakutsi nahi dietenak. Errusian propaganda herritarrak Mendebaldeko propagandarengandik babesteko beharra bilakatu dela esan zidan.

Behin eta berriz gogorarazi zidan egunotan mendebaldean izan diren keinu errusofobo guztien zerrenda ere. Eta nahastuta amaitu nuen berarekin elkarrizketa, gauza batzuetan bai, arrazoia duelako, baina beste askotan zentzurik ez, eta arraroa egiten zaidalako normalean arrazionala den laguna horrela, urduri eta haserre ikustea, bat-batean beste norbait balitz bezala. Kanpoko errusofobiak Moskura gerturatu du Yulia, inoiz baino gehiago. Bat-batean propaganda errusiarraren hitz horiek ahotan ditu: desnazifikazioa, kanpoko mehatxua. Eta zati batzuk errealak dira, besteak ez, baina beldurrak zuri-beltzera eraman du Yulia, eta patriotikoagoa da orain; Putin maite du, bat-batean.

Bi ordu horiek pasa eta alde egin zuen. Ez du inor ikusi nahi, eta batez ere ez du egon nahi Mendebaldeko atzerritarrak dauden tabernetan. Etxerako bidean pentsatu nuen agian errusofobia dela Putinentzat erreminta onena. Txinan berdina gertatzen da: kanpoko sinofobia hori da askotan gobernuaren autoritarismoa justifikatzen duena. Eta horrela errusiarrak orain, txinatarrak sarritan bezalaxe, ezpataren eta paretaren artean daude, ulertzen ez dituen atzerriaren eta errespetatzen ez dituen gobernuaren artean.]]>
<![CDATA[Ukraina Txinarentzat: Mendebaldea proban jartzeko aukera]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1983/007/001/2022-02-27/ukraina_txinarentzat_mendebaldea_proban_jartzeko_aukera.htm Sun, 27 Feb 2022 00:00:00 +0100 Olatz Urkia https://www.berria.eus/paperekoa/1983/007/001/2022-02-27/ukraina_txinarentzat_mendebaldea_proban_jartzeko_aukera.htm
Putin lasai, Txina alboan duela jakinda

Inork espero ez zuen pausoa eman eta oraindik Putin munduaren aurrean lasai eta oldarkor ageri denean, naturalki burura datorkigun ideia da erabat erotu dela. Mendebaldeak zigorrak jarri eta Moskuk bere horretan jarraitzen duenean ere, ez dugu ulertzen, eta beldur falta horren atzean eromena ikusten dugu. Baina agian Txinaren babesak azaltzen du era batean presidente errusiarraren jarrera.

Egunotan Putinen inbasioa kondenatu ez, eta, aldiz, Errusiaren kontrako santzioak kritikatu ditu Pekinek, ezer onik ekarriko ez dutela esanez. Horren guztiaren atzean Gerra Hotzaren mentalitate zaharkitua dagoela salatu, eta horrela erantzukizuna Estatu Batuei pasatu die.

Argi eta garbi esan ez duen arren, seguruenik santzioek sortutako galerak orekatzeko emango dio laguntza Errusiari: bankuek laguntza finantzarioa eman eta energiaren sektoreak akordioak izango dira.

Eta orain Txina munduko lehen potentzia izateko gertu dagoenean, agian Mendebaldearen zigor eta santzioek ez dute lehen zuten botere berbera.

Deseroso edo erosoegi?

Txinan gizartea ere Ukrainan gertatzen ari dena ikusita sinetsi ezin dago. Baina gobernua eta Xi opakoak dira oso. Nork daki buruan zer duen.

Batzuetan esnatu eta pentsatzen dut Pekin oso egoera deserosoan jarri duela Moskuk: imajinatu klasean dagoela lider harroputz bat, eta beste gehienek amen egiten dietela esaten duen guztiari. Bere gurasoak eta aitona-amonak ere izan dira lider aberats eta ahotsa izatera ohituta dago (Estatu Batuak); beste aldean bestelako ikuspegi bat duen klase kide indartsu bat dago. Bere aitona-amonak txiroak ziren, baina asko borrokatu ondoren belaunaldiz belaunaldi lortu dute sendotu eta betiko liderraren parera egotea (Txina); ez du onartzen harroputzaren lidergoa eta honek beldur dionez eraso egiten dio beti.

Badago beste bat harroputzaren etsaia ere dena, eta munduaren ikuspegi antzekoagoa partekatzen duena (Errusia). Aukera askorik ez eta, azkenean, batak besteari babesteko elkartu egin dira azken biak, arerio komunaren kontra. Baina bat-batean hirugarrena erotu eta harroputzari amen egiten dioten horien aurka egin du eztanda. Orduan bigarrenak ikusi du, bere aliatua erotuegi dagoela, baina etsai komunaren aurrean zor dio nolabaiteko fideltasuna.

Beste batzuetan, aldiz, kontrakoa pentsatzen dut, Pekin ez dela batere inuzentea, eta oso ondo neurtu duela guztia. Izan ere Errusiak ez luke egingo Txina benetan haserretuko lukeen zerbait, behar du eta. Esanguratsua da oso, neguko joko olinpikoak amaitu arte itxaron duela Putinek armada Ukrainara bidaltzeko, bere aliatuari momentu okerrean protagonismoa lapurtzeko beldur izango balitz bezala.

Bien artean ere badago oraindik mesfidantza, aspalditik izan dute lehiakortasuna, baina azkenean Moskuk onartu du Txinarekin duen desoreka hori eta bigarren planoan jarri da. Txinak iraganean begiratu dio Errusiari kezkarekin, baina orain beste momentu bat bizi du: ez ditu urteetan kezkatu dituen barne arazo horiek (Tibet, Xinjiang eta Hong Kong), pandemia kontrolpean mantendu izana ere arrakasta handia da beretzat, eta oraintxe bai Joko Olinpikoak eta baita Neguko Jokoak ere antolatu dituen lehen herrialde bihurtu da. Indartsu sentitzen da Txina, ez dio beldurrik Errusiari; alderantziz, Mosku da Pekin gertu mantentzeko kontuz ibili nahi duena.

Nazioarteko hierarkiak aldatzen?

Inork espero ez zuena gertatzen ari da. Europa eta Mendebaldea ukiezinak zirela uste genuen.

Agian Mendebaldeak Errusiari eta batez ere Txinari entzungor egin die luzeegi. Izan ere, abisatu dute, Pekinek eta Moskuk denbora daramate munduan aldatu behar diren mekanismoak ikusten dituztela esaten. Xi eta Putin neguko jokoen hasieran Pekinen bildu zirenean iragarri zuten Mendebaldearen betiko lidergoari oreka egingo zion bloke alternatiboa zirela; Txinak eta Errusiak munduko hierarkia zaharrak aldatu nahi dituzte.

Eta Ukraina, tamalez, laborategia da denentzat, segur aski baita Txinarentzat ere: Mendebaldea urrunetik neurtu ahal izateko aukera paregabea da, horrelakoak gertatzean Estatu Batuak noraino iristeko gai diren ikusteko momentua.]]>
<![CDATA[Zeharkako kontrola]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1925/022/001/2021-11-28/zeharkako_kontrola.htm Sun, 28 Nov 2021 00:00:00 +0100 Olatz Urkia https://www.berria.eus/paperekoa/1925/022/001/2021-11-28/zeharkako_kontrola.htm
Beijingek salatu du istorioa politizatzen ari direla. Txinaren aurkako gerra informatiboa dagoela salatzen dutenek esaten dute mendebaldean Peng Shuarinengatik kezka erakutsi duten horiei bost axola zaiela azken finean tenislariaren ongizatea. Argazki irribarretsua ikusi dutenean poztu ordez haserretu egin baitira.

Baina Munduko Tenisaren Erakundeak salatu du argazki irribarretsu hori ez dela nahikoa tenislaria ondo dagoela sinesteko. Bizirik dago bai, baina ez dirudi benetan libre dagoenik.

Ez dakigu benetan zer gertatu den. Ez dute hil, desagerrarazi edo torturatu, baina bada segur aski zeharkako kontrola eta biolentzia honen guztiaren atzean. Berak salatu zuen istoriotik hasita, aspaldi, duela 10 urte.

Peng Shuaik idatzitako salaketa luzea ez dago Weibon, argitaratu eta bi minutura ezabatu zuten zentsoreek. Baina baten bat sarean azkarra izan zen eta, testua kopiatu zuenez, gordeta geratu da. 1.600 hitz dira, kontakizun luzea.

Komunikabideetan 1.600 hitz horiek gehiegi laburtu dira: politikari boteretsu batek bortxatu egin duela diote. Ziurrenik Peng Shuairi ez zitzaion gustatuko bere istorioaren bertsioa. Beretzat hau ez da bortxaketa puntual bat bakarrik izan, psikologikoki hondoratuta utzi duen harreman toxiko luze bat baizik. Bera baino 40 urte zaharragoa eta askoz ere boteretsuagoa den gizonarekin bizitako manipulazioa.

«Asko erakutsi zenidan, historiaz, politikaz. Inoiz ez zitzaizkigun falta hitz egiteko gaiak. Xakean jolasten genuen, ping pongean, billarrean…Tenisean ere bai. Izugarri ondo pasatzen genuen, gure pertsonalitateek erabat egiten zuten bat. Gaztetan utzi nuen etxea eta beti falta izan zait maitasuna. Zuk maite ninduzula esan zenidan, hurrengo bizitzan biok 18 edo 20 urte izatean elkar ezagutzearekin amets egiten zenuen. Zu ere bakarrik zeundela esaten zenuen. Zure posizioan dibortziatzea ezinezkoa zela. Eta nik zure alboan jarraitzea erabaki nuen, isilik, zaratarik egin gabe».

Baina harremanean mespretxua pixkanaka areagotzen hasi eta Peng Shuai gazteak duintasuna galtzen ari zela sentitu zuen: «Zure etxera joateko esaten zenidan bakoitzean zure emazteak nitaz barre egiten zuen. Adibidez, nik ahate mingaina gustuko nuela esan eta berak: 'ze nazka' esaten zuen, edo nik kutsadura zegoela esan eta hori ni landa eremuan bizi nintzelako iruditzen zitzaidala erantzungo zuen. Horrelakoak behin eta berriz. Zu aurrean zinenean ez zuen egiten. Zuk ere era bateko tratua ematen zenidan bakarrik ginenean, eta guztiz bestelakoa besteen aurrean. Pixkanaka nire burua gorrotatzen hasi nintzen».

Harremana Zhang Gaolik puskatu zuen alderdiko lehen lerrora igo zutenean. Baina zazpi urte geroago jubilatu eta berriz itzuli zen: «Tianjingeko tenis zentroko Liu jaunari nirekin harremanetan jartzeko eskatu zenion. Tenisera jolastu nahi zenuen Beijingeko Kang Ming hotelean. Jolastu ondoren, zuk eta zure emazte Kang Jiek zuen etxera eraman ninduzuen. Ondoren zure gelara eraman ninduzun. Duela 10 urte Tianjinen bezalaxe, sexua nahi zenuen. Arratsalde hartan nik ez nuen nahi izan, negar egin nuen. Zurekin eta zure emaztearekin afaltzen nengoela unibertsoaz hitz egin zenuen, esanez haren ondoan ez garela ezer, txiki-txikiak garela esan, area baino txikiagoak. Baina horrek ez ninduen konbentzitu. Afaldu ondoren gorroto ninduzula esan zenuen, urte hauetan guztietan nigan pentsatzen egon zinela, ondo tratatuko ninduzula agindu zenuen baita ere. Ikaratuta negoen. Azkenean, urtetan zuganako sentitu nuen maitasuna kontuan hartuta, onartu nuen».

Horrek erabat ireki zituen berriz zauriak, eta orain, abusu hartatik hiru urte igaro ostean, Peng Shuaik bere istorioa kontatzea erabaki du.

Eskutitzean dio Zhang Gaoli beti zegoela soinean grabagailu bat zeramanaren beldur. Horrelako zerbait gertatuko zen ikara zuen politikariak, eta gertatu da. Orain haserre egongo da, ez du publikoki ezer esan. Gaia isilarazi dute, eta poliki ahaztu egingo dugu. Txinan isilarazi duten MeToo mugimenduaren beste adibide bat gehiago izango da Peng Shuairen istorioa.]]>
<![CDATA[Aro berri baten hasiera iragarri du Txinak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2093/004/001/2021-11-16/aro_berri_baten_hasiera_iragarri_du_txinak.htm Tue, 16 Nov 2021 00:00:00 +0100 Olatz Urkia https://www.berria.eus/paperekoa/2093/004/001/2021-11-16/aro_berri_baten_hasiera_iragarri_du_txinak.htm
Ezusteko handia karbono neutraltasuna lortzeko datak zehaztean iritsi zen. Glasgown bildutako ordezkari gehienek 2050erako jarri nahi zuten epemuga, baina Txinak 2060rako iragarri zuen neutraltasuna; Indiak are urrunago ezarri zuen helmuga: 2070. Baina zientzialari hainbatek lasaitasunerako deia egin dute; izan ere, Txinaren epemuga, agian, ez da hain txarra, batez ere, helmuga nagusi horrekin batera egin dituzten beste iragarpenak ikusita.

COP26 goi bileran Pekinek iragarri zuen 2030erako 1.200 gigawatt ekoitziko dituela energia berriztagarriekin, zehazki eguzki plaken eta haize erroten bitartez. Helburu hori beteko balu, Txinak ekoitziko lituzke munduko energia eolikoaren bi heren. Azken urteetan energia berriztagarriek Txinan izan duten hazkundea ikusita, iragarpenak badu oinarririk: 2020an, AEBek eta EB Europako Batasunak batera baino bi aldiz energia berriztagarri gehiago ekoitzi zuen Asiako potentziak, eguzkiaren beroa eta haizearen indarra baliatuta.

Eguzki energiari dagokionez ere Txina da lehen ekoizlea. Nazioarteko Energia Agentziaren (IEA) arabera, iazko urte amaierarako herrialde hark 253 gigawatteko eguzki energia ekoizteko gaitasuna zuen; EBk, berriz, 151 gigawatt, eta AEBek 102,8 soilik ekoitzi zitzaketen.

Beraz, ekoitzitako energia berriztagarriaren kopuruak hain baikorrak izanda, zergatik ez onartu 2050a karbono neutraltasuna lortzeko epemuga? Pekinen iritziz, Mendebaldeak jarritako data ez da errealista bere kasuan. Izan ere, Txinaren azken hamarkadetako hazkunde izugarriak bere aztarna utzi du: ikatzarekiko menpekotasun handia duen industria, adibidez.

Gaur egun, Txinan kontsumitzen den energiaren %56 ikatzaren ustiaketatik dator. Duela hamar urte %69 zen; ari da, hortaz, menpekotasun hori murrizten, baina ez da erraza izango. Aurten, ikatzaren ustiaketa azkarregi murriztu ostean, irailean Txinak energia-gabezia arazoak izan zituen, hainbat enpresa ixteraino, eta atzerapauso txiki bat eman behar izan zuen berriz ikatzaren produkzioa areagotuz meategien tradizio luzea duten eskualdeetan. Iparraldeko Datong hiriak, adibidez, 283 meategi ditu. Berriztagarrietarako jauzia, hortaz, erabateko eraldaketa da hiri askorentzat, eta denbora behar dute.

Testuinguruaren garrantzia

Asiako potentzia da, gaur egun, gehien kutsatzen duen herrialdea: klima larrialdia eragiten duten isurien %26,83ren erantzulea da. Hala ere, herrialdean 1.400 milioi pertsona bizi direla kontuan hartuta, AEBek baino askoz gutxiago kutsatzen du pertsonako —iaz 7,38 tona isuri zituen Asiako herrialdeak per capita, eta 15,52 tona AEBek—, eta, historikoki ere, herrialde garatuagoak baino beranduago hasi zenez karbono dioxidoa isurtzen, OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko kide diren herrialdeek baino isuri gutxiago pilatu ditu Txinak: 1750etik orain arte OCDEko herrialdeek Txinak halako lau isuri dute.

Pekinek Glasgowko goi bilera baliatu nahi izan du herrialde kutsatzaileen arteko arrakala nabarmentzeko, eta gogorarazteko herrialde garatuek erantzukizun handia dutela karbono neutraltasuna lortzeko zailtasun gehiago dituzten herrialdeei laguntzeko.

Txinako Alderdi Komunistaren kongresuan ere klima larrialdia izan dute gai nagusi. Pekinen aste honetan egindako batzarrean hizpide nagusietako izan da karbono neutraltasuna, eta amaieran onartu duten ebazpenean kutsatzen ez duen herrialde bat jarri dute xede.

Sinbolikoa dirudi, baina alderdiaren historian hirutan bakarrik onartu da halako ebazpen bat, eta herrialde horretan narratiba ofizialen definizioak ezinbesteko pausoa dira hurrengo urteetan indarrean sartuko diren neurri guztiak prestatzen hasteko.

Pekinen narratiba ofizialak dio orain arte hiru mugarri izan direla duela ehun urte Txinako Alderdi Komunista sortu zenetik: lehen atalean, Mao Zedongekin, «atzerriko zapalkuntza» amaitu zen; ondoren, Deng Xiaopingen irekiera ekonomikoak hazkunde azkarra eta Txinaren erabateko eraldaketa ekarri zituen. Horrela, azken 40 urteetan 800 milioi pertsona atera dira pobreziatik, eta krisi ekonomikoa amaitutzat eman dute nekazaritza eremuetan. Baina mugarik gabeko hazkunde azkar horrek desberdintasun sozial handiak ere sortu ditu, eta kutsadura handitu du. Orain, alderdiak ofizialki hasiera eman dio desoreka horiek amaituko dituen atal berriari. Hirugarren atal horretan, Xi Jinpingen lidergopean, Txinak herrialde sozialista modernoa izan nahi du, bizi kalitatea eta hazkunde egonkorra aurretik jartzen dituen herrialdea.

Promesak eta presioak

Borroka hau ez da batere erraza izaten ari industriarentzat, eta, horregatik, kritikak piztu ez daitezen, beharrezkoa da narratiba ofiziala eraikitzeko sinbologia guztia. Azken urteotan, sektore desberdinetan presio handia izan dute politika berdeetarako eraldaketa azkar egiteko. Hebei eskualdean, adibidez, ekoizteko modu tradizionala erabiltzen duten ehunka fabrika itxi behar izan dituzte azken hamar urteetan. Jauzia egiteko gai izan direnek urratsak egiten jarraitu beharko dute aurrerantzean ere, gobernuak iragarri baitu ez dela haien zain geratuko.

Automozioaren sektorea da eraldaketa azkarra emateko presioaren adibideetako bat. Yancheng eskualdean, adibidez, KIAren fabrikako ingeniari nagusi Wu Yangek BERRIAri azaldu dio iraileko elektrizitate mozketek kezka handia eragin dutela, baina, haiek egoera hori aurreikusia zutenez, prest zeudela produkzio eredu guztia egokitzeko. Gainera, eraldaketa prestatuz joan dira azken urteetan, eta, orain, adibidez, fabrikaren teilatua eguzki panelez bete dute, eta inguruan dauden haize-errota turbinen energia ere gero eta gehiago erabiltzen dute.

Ekoizpen prozesuan estu hartzen dituzte kutsadurarik isuri ez dezaten, baita kutsatzen ez duten produktuak sor ditzaten ere. Wu Yangek azaldu duenez, KIAren kasuan, orain ekoizten dituzten autoen %60 elektrikoak dira, eta gobernuak eskatzen die 2025. urterako ibilgailu guztiak izan daitezela elektrikoak. Hori dute helmuga.

Presio egiteko beste modu bat da diru laguntzak ematea, eta salto ekologikoa egiten duten enpresek edo energia berriztagarriak sortzen dituztenek gobernuaren babes handia izaten dute. Iaz, trantsizio ekologikoa egin ahal izateko, gobernuak 1.850 milioi dolar eman zizkien enpresei mailegu berdeak esaten dieten laguntza berezietan.

Haize errotak ekoizten dituen SHFRP Dongtai New Energy enpresaren Jiangsuko fabrikan, arduradun nagusiak azaldu du fabrika iazko martxoan ireki zutela. Orain, urte eta erdi geroago, 89 metroko turbinak Europara ere esportatzen dituzte. Arduradunaren arabera, hiru hilabetean eraiki zuten fabrika, eta hori ez litzateke posible izango gobernuaren diru laguntza eta prozesu burokratikoen errazterik gabe.

Eta ikatzarekiko adikzioa zuen herrialdetik herrialde ekologikora eman nahi den saltoak fronte asko ditu; ez da egiten bakarrik turbina eolikoak edo eguzki panelak instalatuz. Aipatzekoa da ere aforestazioaren kasua: Txina da orain munduan zuhaitz gehien landatzen dituen herrialdea, eta, 2021etik 2025era bitarte, urtero 36.000 kilometro karratu baso landatzen jarraitzea agindu du.

COP26n agerian geratutakoa ez da borroka berria, aspaldikoa baizik. Pekindik 600 kilometrora, iparraldean dago munduko baso artifizialik handiena. Saihanba parke naturalean 1950. urtean hasi ziren urkiak eta pinuak landatzen, eremua basamortu bihurtzeko puntuan zegoelako, Gobitik zetorren harearen ondorioz. Mongolia barnealdea eta Hebei eskualdeen arteko mugan bizi diren herritarren hiru belaunaldik landatu dituzte zuhaitzak, eta orain egurrezko harresi ikusgarriak desertua geldiarazten du. Urte askotako saiakeren ondoren, Txinak landatzen ditu munduan urtero landatzen diren zuhaitzen %25.]]>
<![CDATA[Ipar Korearen testak, errutina berriz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1935/022/001/2021-10-24/ipar_korearen_testak_errutina_berriz.htm Sun, 24 Oct 2021 00:00:00 +0200 Olatz Urkia https://www.berria.eus/paperekoa/1935/022/001/2021-10-24/ipar_korearen_testak_errutina_berriz.htm
2018ko bira eta ondorengo porrota

Urte askoan asteburuero Kim Jong-unen proba nuklearren albisteak normaltasuna izan ziren, 2018ko otsailean egoerak bira izugarria eman zuen arte: Seulgo Neguko Olinpiar Jokoen irekieran Hego Korea eta Ipar Koreako atletek elkarrekin egin zuten desfilea; izotz hockeyko talde bat ere sortu zuten bi Koreako atletak nahastuta, herrialde bakarra balitz bezala.

Geroago Seulgo jokoen prentsa aretoan pantailan zuzenean ikusi genuen nola Kim Jong-un eta Moon Jae-inek eskutik helduta bi Koreen arteko muga gurutzatzen zuten. Hego Koreatik, Ipar Koreara, lerroa gurutzatu eta buelta. Eskutik helduta 65 urtez ofizialki gerran jarraitzen zuten bi herrialdeen liderrak. Prentsa aretoa kazetari hego korearrez beteta zegoen, eta txaloak eta barreak benetakoak izan ziren. Ezin zuten sinetsi beren aitona-amonen garaian hasi zen gerraren amaiera inoiz baino gertuago ikusten ari zirela. Oraindik ofizialki bi herrialdeek gerran jarraitzen dute, erabateko bakea ez da sinatu. Otsail hartan bi Koreak izan ziren protagonista munduan, eta bakea lortuko zen itxaropena piztu zen penintsulan.

Trump eta Kimentzat publizitate pixka bat, besterik ez

Sartu zen Washington ere erdian, eta orduan AEBetako presidente zen Donald Trumpek aldatu zuen Ipar Korearekiko jarrera, bere agintaldiaren hasieran Kim Jong-un liderrarentzat batez ere kritikak eta irainak izan zituen arren. 2018ko ekainaren 12an bi etsaiak Singapurren aurrez aurre bildu ziren, Washington eta Piongiangen arteko tentsioaren amaiera negoziatzeko. Ipar Koreak santzioen amaiera eskatzen zuen, AEBek Ipar Koreako programa nuklearra desegitea. Gehiegi.

Izan zen tirabira: Ipar Koreak denboraldi batez bertan behera utzi zituen misilen testak, Trumpek Kim Jong-un bere laguna zela eta elkarri idatzitako «amodio eskutitzek»(horrelaxe deskribatu zituen), egoerari buelta emango ziotela ziurtatu zuen.

Eta 2019ko ekainean Trumpek lortu zuen nahi zuen titularra: «Donald Trump Ipar Koreako muga zapaldu duen lehen presidente estatubatuarra bihurtu da». Bi Koreen arteko mugan elkartu eta berak ere Kim Jong-unekin gurutzatu nahi izan zuen marra, iparraldera.

Baina jarraitzaile gehiago lortzeko titularrak, argazkiak eta egozentrismoa ere ez ziren benetako pausoak emateko arrazoi nahikoa izan. Hurrengo goi bilera Hanoin, Vietnamen izan zen, 2019ko otsailean bi Koreak lehen pausoak ematen hasi eta urtebete geroago. Bilera garrantzitsuaren aurreko egunean ikusmin handia genuen bertan ginen kazetariok: baina azkenean etsigarria izan zen goi bileraren itxieran eman behar izan genuen albistea: ez zegoen akordiorik. Argazkiak eta hitz politak ez ziren noski aspaldiko etsaien artean konfiantza sortzeko nahikoa.

Piongiangen probak, berriz ere errutina, eta aldaketa bat: gosetea

Orain, ia hiru urte geroago, asteburuetako misil probak berriz dira ohikoak. Eta AEBetako estatuburu Joe Bidenekin ez du Kim Jong-unek kontaktua berriz hasi nahi izan. Badago egoeran aldaketa handi bat: aurten Kim Jong-unek berak onartu duela herrialdea momentu zaila ari dela bizitzen; Mendebaldeak inposatu dizkion zigorrek gosetea ere eragin dezaketela. Izan ere, orain Txina da Ipar Korearekin merkataritza harremanak dituen bakarra, eta gutxitu dira ere. Albisteak propaganda diren herrialde isolatuarentzat ez da batere normala liderrak horrelako tamainako zerbait onartzea.

Ahul sentitzeak ez dio, alabaina, atzera pausoa ematera eraman. Kontrakoa, azken hilabeteotan berriz egin du indar erakustaldia eta duela hiru urte ere esaten zuena azpimarratu du Piongiangek: armamentu nuklearra dela AEBen inbasiotik babesten duen gauza bakarra. Tirabira honetan ez dirudi konponbide bat azkar aurkituko dutenik, eta hori bai, gaizki pasako dutenak Ipar Koreako herritarrak dira.]]>
<![CDATA[«Espero dut AUKUS itunak gogoeta bat piztea munduan» ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1893/017/001/2021-10-19/espero_dut_aukus_itunak_gogoeta_bat_piztea_munduan.htm Tue, 19 Oct 2021 00:00:00 +0200 Olatz Urkia https://www.berria.eus/paperekoa/1893/017/001/2021-10-19/espero_dut_aukus_itunak_gogoeta_bat_piztea_munduan.htm Otso diplomazia esatea ez da zuzena, Txinako mitologian otsoa ez baitugu ondo ikusten. Zerbait esatekotan, dragoi diplomazia esan beharko genuke. Izan ere, nik argi daukat Txinako diplomazialariak oso lan ona egiten ari direla. Txinak ez du eraso egin nahi, baina oso tinko eusteko beharra sentitu du kanpotik datorren presio izugarria ikusita. Txinako diplomazialariak leunak ez badira, galdetu beharra dago zergatik gertatu den hori, zerk bultzatu dituen arreta handitzera. [AEBetako presidente Joe] Bidenek behin eta berriz dio ez duela nahi gerra hotzik, baina zer esaten den baino adierazgarriagoa da zer egiten den. Eta ematen ari diren pausoek esaten duenaren kontrakoa erakusten dute. AUKUS ituna Mendebaldearen Gerra Hotzeko pentsaera zaharkitu horren adibidea da. Babestu beharra ez da arrazoia; hori argi dago. Begira: Txina benetan mehatxu bat balitz, akordio honek ere ez luke izango zentzurik; izan ere, denek dakite Txina ez dela Australiaren beldur. Benetako mehatxu bat balego, AUKUS itunak arriskua areagotu besterik ez luke egingo Australiarentzat, norbaiti mehatxu eginda posible baita besteak ere erantzutea, eta, akordio honekin, AEBek, Erresuma Batuak eta Australiak mehatxu egin diote Pekini. Eta Txinaren aurka babesteko Pazifikoaren behar hori ez bada erreala, zergatik bultzatu dute AEBek horrelako akordio bat? Betikoa: Washington beldur delako Pekinek munduan aurre hartuko ote dion. Horregatik, Txinaren aurka egin nahi du ahal den modu guztietan. Baina Txinak ez du hartu nahi AEBen lekua; ez dugu besteen gainetik egoteko behar hori, ez baitator gurekin bat filosofikoki. Hori bai, ekonomikoki, noski aurrea hartuko diogula Washingtoni, eta hori onartu egin beharko luke. Ezin du ezer egin prozesu hori geldiarazteko. Gainera, Txinaren garapenari mugak jarri nahi izatea giza eskubideen urraketa larria da; txinatarrak munduko biztanleen %20 dira, eta garapen ekonomikorako eskubidea dute, beste guztiek bezalaxe. Hortaz, AEBen botere nahia dago atzean, eta Australia AEBen panpina da? Autonomia eta segurtasuna galtzeaz gain, ekonomikoki ere zerbait galduko du? Bai, benetan akordio txarra da Australiarentzat, eta lehen ministro izandakoak ere kritikatu du. Kontuan hartu behar da Australiak menpekotasun handia duela Txinarekin, batez ere merkataritza arloan. Azken hamarkadetako hazkunde egonkor hori ez litzateke posible izango Txina gabe; Pekinekin 2015ean adostutako merkataritza libreko akordioak ere izugarri lagundu dio. Gaur egun, Txina da Australiaren lehen merkatua sektore askotan, eta ez dago ordezkatu dezakeen beste merkaturik: AEBak urrunegi daude; India Txina baino askoz txikiagoa da ekonomikoki. Australiak arriskuan jarri du hori guztia itun gatazkatsu honekin. Zer gertatuko da etorkizunean? Ikusi beharko da. Australiak denbora beharko du, eta 25 bat urte itxaron beharko du itsaspeko horiek eduki arte. Gauza asko gerta litezke ordura arte. Espero dut australiarrek ondo pentsatuko dutela guztia. Bestalde, espero dut AUKUS akordioak hausnarketa bat piztea munduan; akordio hau larrialdi dei bat da, erakusten baitu munduan arma nuklearrak debekatzeko ituna arriskuan jartzen ari dela. Pentsatu behar dugu nola babestu arma nuklearrak mugatzeko ituna. Eta bestalde, etorkizunean bakea eta egonkortasuna ziurtatzeko ere, nola ahaztu behingoz Gerra Hotzeko pentsaera? Ikusi gehiago: Interes batzuen xake taulan. ]]> <![CDATA[Dorre handi, etekin txiki]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1967/012/001/2021-10-03/dorre_handi_etekin_txiki.htm Sun, 03 Oct 2021 00:00:00 +0200 Olatz Urkia https://www.berria.eus/paperekoa/1967/012/001/2021-10-03/dorre_handi_etekin_txiki.htm
Zaila da oraindik galdera horiei erantzutea, baina bi gauza nahiko argi daude. Bata da Evergranderen zorra erosi zuten inbertitzaile handi gehienek dirutza galduko dutela, baina izango direla irabazle gutxi batzuk, azken asteetan funts marrazoak zor hori merke-merke erosten aritu baitira, erreskate baten esperantzarekin.

Garbi dagoen beste kontu bat da Evergranderi etxebizitza bat erosi zioten askok aurrezkiak galduko dituztela, edo, zortea baldin badute, urteak beharko dituztela pisu berriaren giltzak eskuetan izan arte. Eta ez dira gutxi: Txina osoan 1,4 milioi etxebizitza dauzka salduta baina eraiki gabe.

Weihai, mamu hiria

Higiezin konpainia handiek saldu ezin dituzten bizitegi mordo bat Weihai hirian daude. Shandong probintziako kostaldean dago Weihai, Pekindik 800 kilometrora, eta 2,8 milioi biztanle ditu. Tren geltokira iritsi eta segituan, hiriak sentsazio arraro bat ematen du; auzo batzuek mamu hiri baten itxura dute; edonon, etxe altu asko daude, baina argirik gabe; dendarik ez, etxeak eta etxeak edonon, eta kaleak ia hutsik.

Itsasertzean. Txinaren iparraldeko karta jokoetan ari diren adineko hiru gizonek esplikatu dute saldu ezin diren eta guztiz amaitu ere ez dituzten eraikinez bete dela hiria. Gazteago ziren garaian gauzak ez omen ziren horrela egiten: «Ez da inoiz erosi behar eraiki gabe dagoen etxe bat».

Weihai higiezinen sektorearen krisiaren beste adibide bat da. Ez bakarrik Evergrande, beste enpresa asko ere antzeko egoeran daude. Horietako batean ari da orain lanean Yang Yu ingeniaria, Yurun izeneko batean. Argi eta garbi esan du haiek ere etxebizitzak saldu ezin dabiltzala.

Enpresak bezeroekin barbakoa festak egiteko erabiltzen duen terrazatik erakutsi ditu saldu gabe dauzkaten txaletak. 100 metro koadro inguru dituzte, eta itsasoa ikusten da leihotik. Etxea ez dago batere gaizki, baina 800.000 euroko prezioak gehiegizkoa dirudi hain ospetsua ez den hiri baterako. Bezerogaiak ere uste berekoak dira, ez baitute ia bakar bat ere erosi. Alboan, itxura barrokoa duen eraikin bat dago, amaitu gabe; hotela izan behar zuen, baina beste enpresa bati saldu behar izan diote azkenean.

Yurunen hasi aurretik, duela urtebete, Yang Evergranderen bi proiekturen zuzendaria izan zen Weihain bertan. Haren gidaritzapean eraiki ziren urbanizazioetara eraman du kazetaria. 30 solairu baino gehiagoko eraikin multzoa da. Ia hutsik daude. Batzuk amaituta daude, baina ez dirudi kristalen atzean jende asko bizi denik, eta amaitu gabe dauden zementu dorreak dauzkate alboan.

Eredu arriskutsua

Obrako materialak abandonatuta, langile gutxi batzuk inguruan daude eserita, egonean. Batek azaldu du ez dutela lan gehiago egingo Evergrandek ez dielako ordaintzen. Eta ez die ordainduko, enpresak argi eta garbi esan baitu ez dela gai hornitzaileei eta langileei pagatzeko. Likideziarik gabe dago konpainia, bere negozio eredua arrisku handikoa zelako, eta ez delako gai izan diru fluxuaren murrizketa bati aurre egiteko. Pekingo gobernuak sektorearen gehiegizko zorpetzea eten nahian maileguak emateko baldintzak gogortu zituenean, iturri hori lehortu zitzaion Evergranderi, eta sorgin gurpila abian jarri: ezin etxebizitzak bukatu, eta horien dirurik gabe, ezin berriak egin.

Yang garaiz atera zen enpresatik, krisia gertu zegoela susmatzen hasi baitzen. «Joan den urtean, bat-batean enpresa presio egiten hasi zitzaien langileei, akzioak eros zitzaten. Orduan argi ikusi genuen ezen, bizirik ateratzeko, bere eskuak ere mozten ari zela».

Enpresa porrotaren atarira iritsi izanak ez du harritu Yang: «Evergranderen garapen eredua ez da garapen eredu tradizionala; arriskutsuegia izan da. Hasieran, haren helburua izan zen azkar garatzea eta izen ona lortzea, eta ez errentagarri izatea. Horretarako, behin eta berriz bankuari dirua eskatu dio, interes oso handiekin gainera, etengabe eraikitzen jarraitzeko, etorkizunean prezioek gora egiten jarraituko zutelakoan eta aberastuko zen konfiantzarekin. Baina gehiegi atzeratu du errentagarri izaten hasteko momentua».

Txinan aspalditik ari dira iragartzen higiezinen sektorean burbuilak eztanda egingo duela, eta Yang-ek uste du gobernuak eztanda kontrolatu bat sortu nahi izan duela, kolpe saihetsezina nolabait leundu nahian. Horregatik, aurten hasi da neurriak hartzen espekulazioa eta prezioen gorakada geldiarazteko. Besteak beste, maileguak emateko mugak jarri dizkie bankuei. Eta, noski, horrek kolpe gogorra eman dio Evergranderi, zeinak maileguen etengabeko fluxuan oinarrituta eman duen bere negozioa.

Hala ere, Yang Yu lasai dago. Burbuilaren eztanda lehenago edo geroago gertatu beharrezko zerbait zela esan du: «Krisi honek kolpea emango du hasieran, baina, gero, higiezinen prezioak egonkortuko ditu, eta pasatuko da momentu zaila».

Alarmismoa baztertzeko deialdia egin du: «Evergrandek irailean porrot egingo zuela uste genuen, eta oraingoz ez da hala gertatu; agian aterako da zulotik. Eta erraldoia suntsitzen bada ere, nahiz eta higiezinen sektoreak kolpe gogorra hartuko duen, Txinako ekonomia gai izango da egoerari aurre egiteko».]]>