<![CDATA[Orsola Casagrande | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sat, 22 Jan 2022 02:38:20 +0100 hourly 1 <![CDATA[Orsola Casagrande | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[«Garapen kulturala askatasunaren eremuaren araberakoa da» ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1951/002/001/2021-12-02/laquogarapen_kulturala_askatasunaren_eremuaren_araberakoa_daraquo.htm Thu, 02 Dec 2021 00:00:00 +0100 Orsola Casagrande https://www.berria.eus/paperekoa/1951/002/001/2021-12-02/laquogarapen_kulturala_askatasunaren_eremuaren_araberakoa_daraquo.htm Hasanekin batera, Durangoko Suargi gobernuz kanpoko erakundeak gonbidatuta daude Nariman Evdike idazlea, Rojavako Idazle eta Intelektualen Batasuneko eta Literatur Kontseiluko presidenteordea, eta Manal Mohammad, Kongreya Star Rojavako emakumeen mugimenduko diplomazia batzordeko kidea. Herenegun Durangoko Udalak harrera ekitaldi hunkigarria egin zion ordezkaritzari. Ima Garrastatxu alkateak esan zuen Durangoko Udalak aitortza egin nahi ziela azken urteetan sortutako instituzio kurduei, batez ere gobernu autonomoari, eta orain arte bezala laguntza eskaintzen jarraituko dutela. Udalaren aitortza, Kataluniako Parlamentuarenaren ostean heldu da; oso garrantzitsua hura ere, Rawda Hasan Kultura ministroaren esanetan: «Administrazio Autonomoak hartutako ereduak beldurra eta ezinegona eragiten du herrialde zapaltzaileengan; horiek ahaleginak egiten dituzte modu anitzetan eredu hori zapuztu eta borrokatzeko, soilik militarra ez den gerra batekin, eta gure kontrolpean dauden eremu seguruak okupatuz, ez direnean gure hizkuntza eta kultura suntsitzen ahalegintzen». Kultura eta hizkuntza Kolektiboaren memoria historikoa eta kulturala bertan behera uzteko ahalegin horri aurre egiteko, Administrazio Autonomoak sorreratik bultzatzen duen ereduaren zutabe gisa aldarrikatu ditu kultura eta hezkuntza, nahiz eta gerran eta EI Estatu Islamikoaren eta Turkiaren mehatxupean egon 2014tik. «Kudeaketa arrakastatsu baten oinarrizko zutabetzat dugu kultura. Nazio demokratikoaren oinarrian daude administrazioak kudeatzen dituen kide guztien parte hartzea, haien kulturak onartzea eta kide bakoitzarentzako rol berezia garatzea. Hurrenez hurren agintean egon diren gobernuek ukatutako kulturak berpiztea da helburua, eskualde honetako kultur eta hizkuntza ondasuna ordezkatuko duen batasun batean. Mesopotamiako eskualdea ezaguna izan zen bertako herrien aniztasunagatik eta milaka urtez elkarrekin modu baketsuan bizitzen jakin zutelako. Elkarbizitza hori elkarrenganako eraginean ere oinarritzen da. Kultura Ministerioak urtero egiten ditu ekitaldi eta jaialdiak nazio horientzat guztientzat, eta Hezkuntza Ministerioak ikasketa egitarauak antolatzen ditu hiru hizkuntza nagusietan: arabieraz, kurdueraz eta asirieraz»,dio Hasanek. Eredu hori sustatzeko, Administrazio Autonomoa bultzatzen ari den alorretako bat da literatura. Nariman (Evdike) Mohammad idazleak azalduko du Durangoko Azokan hilaren 6an, nola artikulatzen eta garatzen den berak ordezkatzen duen Literatura Kontseiluaren lana eta Idazle eta Intelektualen Batasunarena, baita urteotan egindako lana deskribatzen duen euskarazko liburu baten bitartez ere. «Kulturaren garapena orokorrean, eta literaturarena bereziki, oso gertuki lotuta dago askatasunerako ematen den tartearekin. Eta hori bereziki horrela da herri kurduarentzat, kontuan izaten badugu hizkuntza kurdua, eta beraz, literatura kurdua, debekatuta egon zela urte askoan. Rojavan mugimendu iraultzailearekin hasi zen literatura kurduaren garapenerako jauzi kualitatiboa, 2012a eta gero. Garapen hori ikus daiteke literatur ekitaldietan, jaialdietan eta parte hartzen duten instituzio anitzek urtero antolatzen dituzten lehiaketetan. Baita argitaletxe berrien sorreran eta urtero argitaratzen diren liburu kopuruaren handitzean ere, eta bulego publiko eta pribatuen zabaltzean». Galderari erantzundakoan Evdikek gogora ekarri du, 2018an, bere familiaren etxean, Serekaniyen, gertatutakoa. «[Siriako presidente Baxar] Al-Assaden erregimenaren Polizia etortzen zenean, nire aitak liburuz betetako maleta bat ematen zidan, eta etxeko putzuaren barruan ezkutatuarazten ninduen. Ni haur bat nintzen, eta putzuan geratzen nintzen hainbat orduz; beldur handia nuen, baina banekien nire aitarentzat sozialismoaren historia jasotzen zuten liburu haiek, Cheren liburuak, eleberriak... zirela ziurrenik bere ondasun maiteena»,kontatu du. Idazlearen etxea erre egin zuten Turkiaren soldatapeko mertzenarioek, Serekaniyeren inbasioan, 2019ko urrian. Artistez beteriko etxe bat zen. Iraultzarekin ezarritako kultur instituzioekin lotuta dago Evdike familia osoa, modu batera edo bestera: bere bi anaiak zinema zuzendariak dira; ahizpa gaztea ere zine zuzendaria da, eta, gainera, Rojavako Zine Komunaren sortzaile eta zuzendaria; eta bere koinata abeslari liriko ezagun bat da. «Beti maite izan ditut asko liburuak, baina gure gizartean, Ekialde Hurbilean, idazkuntza gizonen menpeko alorra zen erabat, eta gutxi ziren idazten zuten emakumeak. Idazten zuen emakumea kritika eta irain askoren biktima zen, eta kasu askotan haren luma isilaraztea lortu zuten. Ni ere baldintza horietan bizi izan nintzen, baina Iraultzak lortu zuen Rojavak ausartago jokatzea emakumeen liburuak argitaratzeko garaian, barruan zuten beldurra gainditzen laguntzeko, eta haien eta irakurleen arteko hesiak apurtzeko»,azaldu du. Evdikerentzat garrantzitsua da ez soilik emakumeen parte hartzea sustatzea, baita gazteena ere. «Kultur erakunde eta instituzioen ahalegin bateratua behar duen gai bat da gazteen artean bereziki literatura kurdua eta hezkuntza sustatzea. Rojavan, gaur egun, badaude urtero gazteentzako ekitaldi eta jaialdiak, eta horien egitarauetan literatur ekitaldiak eta lehiaketak egon ohi dira. Instituzio bakoitzak bere aldetik antolatzen ditu gazteentzako literatur ekitaldiak. Instituzio kultural independente batzuk ere hasi dira motibaziorako ekintzak antolatzen, besteak beste, poesia eta ipuin lehiaketak, gazteak bultzatu eta haien artean literatura kurdua zabaltzeko helburuarekin». Emakumeen parte hartzeaz galdetuta, Manal Mohammadek gogora ekarri du Kongreya Starrek egindako lan izugarria. «Iraultzarekin lortu dugu emakumeek arlo guztietan parte hartzea, militarrean, administratiboan, eta politikoan. Orain beste fase batean gaude, eta da gizonen pentsatzeko modua aldatu eta gizarte berri bat eraikitzeko fasean, gizarte demokratikoago bat lortzeko helburuarekin. Hori egiteko sustatzen ari gara emakumeei bereziki zuzendutako sistema bat instituzio eta departamentu guztietan, eta emakumeak dira erabakiak beren kabuz hartzen dituztenak». Sistema hori oso artikulatua dago, eta, Mohammadek laburbiltzen duen moduan, «emakumeen sentsibilizazioaren, formazioaren eta ahalduntzearen bitartez»garatzen da, emakumeen eskubideak babesteko. Kongreya Starrek bilatzen du gizartearen pentsatzeko modu estereotipatua aldatzea, baita gizonak heztea ere, gizartean oraindik nagusi den mentalitate autoritarioa alde batera utz dezaten. «Emakumeentzako justizia sistema bat lortu nahi dugu, adiskidetze batzordeen bitartez, emakumeek izan duten rola aitortuz, eta emakumez osatutako justizia kontseiluen bitartez. Bermatu nahi ditugu emakumeen eskubideak eta haien aurkako bazterketa eta indarkeria mota guztiak amaitu. Eta, noski, emakumeek alor guztietan parte hartzea nahi dugu, batez ere politikagintzan eta erabakiak hartzen diren guneetan. Hori guztia emakumeentzako lan aukerak eta haien independentzia ekonomikoa bermatuko dituen gizarte kooperatibo bat eraikitzeko konpromisoarekin batera». Harremanak sendotuz Emakumeak hainbat ordezkarirekin bilduko dira Euskal Herrian igaroko dituzten bi asteotan. «Harremanak sendotu nahi ditugu, baina baita Turkiako Estatuaren bortxaketak salatu ere, eta horiei aurre egiteko laguntza aukerak aztertu. Aldi berean, Administrazio Autonomoa garatzen ari den proiektuentzako babesa bilatzen dugu»,azaldu du Mohammedek. Asko dira emakumeen parte hartzea bilatzen duten proiektu kulturalak. Hasan ministroak nabarmendu du oso garrantzitsua dela Euskal Herriarekiko elkarlana: «Adibidez, duela lau urte hasi ginen Durangoko Udalaren laguntza jasotzen, eta badira garatu ahal ditugun proiektu berriak». Kultura ministroak balizko elkarlan batzuk ere aipatu ditu: «Laugarren unibertsitatea zabaldu berri dugu Raqqan, Estatu Islamikoaren kalifa herriko hiriburu izan zen hirian, eta guretzat oso garrantzitsua da beste unibertsitate batzuekin komunikazio bideak zabaltzea. Aldi berean, Administrazio Autonomoa ondasuna eta kultura berpizten aritu da, historia eta arkeologiaren eremua sentsibilizatzen». Abenduaren 6an ordezkaritzak Hala ere dokumentala aurkeztuko du Durangoko Azokan -Kobaneko liburutegiaren berreraikitze lanei buruzkoa-, eta izen bereko liburua, biak ala biak BERRIArekin elkarlanean eginak. ]]> <![CDATA[«Munduari gure borroka kontatzeko betebeharra sentitzen dut»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1913/014/001/2021-10-26/munduari_gure_borroka_kontatzeko_betebeharra_sentitzen_dut.htm Tue, 26 Oct 2021 00:00:00 +0200 Orsola Casagrande https://www.berria.eus/paperekoa/1913/014/001/2021-10-26/munduari_gure_borroka_kontatzeko_betebeharra_sentitzen_dut.htm
Atentatuen ondorioz, bi lagun hil ziren, eta ehunka zauritu. EIrekin lotutako susmagarri bat atxilotu zuten. Çalan larri zauritu zen, eta bi hankak moztu behar izan zizkioten. Borroka luze bat hasi zuen, pertsona behartsu gisa: hitz hori erabiltzea erabaki du ezindu-ren ordez.

Bermeon (Bizkaia) elkartu da BERRIA zinemagilearekin, egun batzuk pasatu baititu bertan, Veneziako zinema jaialdian bere film laburra aurkeztu ondoren: Zimane çiye (Mendietako hizkuntza). Proiektua jendaurrean ezagutarazteko jardueren barruan aurkeztu du. Eurimagesek eta The Purple Meridiansek finantzatu dute proiektua, eta Streeen.org-k (Italia), Ovnik (Bartzelona) eta Diyarbakirko Arrosa Emakumeen Elkarteak bultzatu. Pelikula hori zuzendu aurretik, beste hainbat filmetan parte hartu du, hala aktore gisa nola zuzendari artistiko lanak eginez.

Ekainaren 5 hark lazgarriki markatu zuen zure bizitza. Nolakoa zinen egun hura baino lehen?

Diyarbakirren jaio nintzen, familia ugari batean: 11 anai-arreba gara. Nire familia oso politikoa izan da beti; gustatuko zitzaien ni unibertsitatera joatea, baina nik ez joatea erabaki nuen, protesta gisa, nire ama hizkuntzan, kurdueraz, ezin zelako ikasi. 2011n Aram Tigram akademia ireki zuten, garai hartan BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdia izena zuen alderdiari esker, eta zinema ikasi nuen bi urtez. DTPren [Gizarte Demokratikoaren Alderdia] ondorengoa zen BDP, eta DTPk Diyarbakirreko hauteskundeak irabazi zituen 2009an, botoen %65,5 eskuratuta.

Gero aktiboki parte hartu nuen zenbait proiektutan, eta nire film laburra egin nuen, Zimanê çiyê, kurdueraren aurkako asimilazio politiken inguruan. 2015ean, akademia itxi egin zuten; halaxe gertatu zen udalak irekitako instituzio guztiekin, AKPren gobernuak komisarioa izendatu eta gero. Gobernu horrek kargutik kendu zituen legitimoki hautatutako alkateak.

2015ean zineman nenbilen lanean, baina nire konpromiso kultural eta politikoak ere betetzen nituen, eta denok lanean aritu ginen 2015eko ekaineko hauteskundeetarako.

Hauteskunde garrantzitsuak ziren, Abdullah Ocalanen eskutitzaren ondoren egin zirelako. 2015eko martxoaren 21ean irakurri zen eskutitz hori, Newrozeko festan, Diyarbakirren, eta esperantza handia sortu zuen, elkarrizketarako bidea ematen zuelako. Baina ekainaren 5ean, atentatuaren ondorioz, bizitza zeharo aldatu zitzaizun. Egun hartaz hitz egin nahi duzu?

Egun hartan esperantzaz gainezka geunden. Ekaineko haiek hauteskunde garrantzitsuak izango ziren herri kurduarentzat eta Turkia osoarentzat. Egun horretan hauteskundeetara joateko prestatu ginen. Ni eta nire lagunak pozik geunden. Hain justu egun horretan bertan, 22 urte preso zeramatzan lehengusu baten alaba ezkontzekoa zen, eta, horregatik, lehenago alde egin behar nuen hauteskundeetako mitinetik. Dantza pixka bat egin genuen, eta gero lagunei esan nien joan beharra neukala.

Egun hartan pentsatzen dudanean, pentsatzen dut azkenean dena politikoa dela gure bizitzan. Lehengusua kartzelan egon ez balitz, bere alabaren ezkontzan egoteko aukera izango zukeen, eta ez nukeen joan beharrik izango, lehengusuaren ordez joan nintzen eta. Dena oso lotuta dago.

Ahizparekin egin nuen topo, eta esan zidan: «Itxaron, elkarrekin joango gara». Baina nik aldatu egin nahi nuen, ze nire lehengusuaren ordez joan behar bainuen, eta ezkontzarako jantzi egokiagoren bat nahi nuen. Ia ezin zen ibili; jende pila bat zegoen. Bi minutu inguru egongo nintzen jendetza haren artean, eta, bat-batean, burrunba bat... Hurrengo gogoratzen dudana zera da, ni begiak zabaltzen eta nire gainean zegoen jendeari begira... Ez nuen ulertu zer gertatu zen; jendea oihuka entzuten nuen, negarrez; ingurura begiratu nuen, eta gorpuak ikusi nituen, odola bazter guztietan... Segundo gutxi izan ziren, baina orduak eman nitzake inguruan ikusi nuenari buruz hizketan... Gorputza bero neukan, dena erreta; eskuei begiratzen nien: beltzak zeuden, baina oraindik ez nuen ulertzen zer gertatu zen.

Zer pentsatu zenuen?

Neure buruari esaten nion amets bat zela, berehala esnatuko nintzela... Gerra zela pentsatu nuen, baina ezetz esaten nuen, ez zela posible... Ziur amets bat zela. Gero, hanketan min pixka bat sentitzen hasi nintzen, eta pentsatu nuen agian hankak hautsita edukiko nituela. Inola ere ez nuen pentsatu ez neukala hankarik. Baina gero konturatu nintzen jendea joan-etorrian zebilela, fantasmen moduan noraezean; arraro begiratzen zidaten. Orduan begiratu nuen hanketara lehen aldiz, baina burmuinak ez zuen sinetsi begiek ikusten zutena. Nire hankak ez zeuden hor, baina nire gorputzetik hurbil ere ez zeuden. Odol asko galdu nuen, eta goragale moduko bat sentitzen hasi nintzen. Ahotsak entzuten nituen, baina ez nuen ulertzen zer esaten zuten. Dena ilun ikusten hasi nintzen; gauza pila bat pentsatzen duzu momentu horietan... Pentsatu nuen handik minutu gutxira hil egingo nintzela, eta bakarrik hilko nintzela. Nire ahizparengan pentsatu nuen: minutu gutxi batzuk lehenago ikusi nuen, eta pentsatu nuen bakarrik nengoela.

Sherko kantuan ari zen, eta jendea zer esaten ari zen deszifratzen hasi nintzen, soinu haiek: bonba bat lehertu da... Eta Sherkoren ahotsa ezaguna zitzaidan, ezagutzen nuen ahots bakarra zen, eta pentsatu nuen ez nintzela bakarrik hilko... Momentu horretan pentsatu nuen erabaki bat hartu behar nuela: hiltzen utzi ala bizitzea erabaki. Bizitzea erabaki nuen. Ikusmena berreskuratu nuen, eta etorriak ziren niri laguntzera. Tapatu egin ninduten, eta ospitalera neramaten, baina nik esaten nuen ez nuela joan nahi hankarik gabe. Azkenean konbentzitu ninduten onartu egin behar nuela nire hankak ez zeudela, eta ospitalera eraman ninduten.

Eta orduan beste bizitza bat hasi zen zuretzat. Sei urte hainbat frontetan borrokan.

Bai, sei urte pasatu dira, eta azkenean onartu nuen horrela biziko nintzela. Eta pentsatu nuen edonola ere badagoela ni baino gehiago sufritzen duen jendea. Eta horrek, nolabait, erreakzionatzeko indarra eman zidan. Neure buruari esaten nion gu ezin garela gure sufrimenduaren gainean eseri negar egitera, ez daukagula luxu hori. Izan ere, beti dago gehiago sufritzen duenik, eta orduan gure sufrimendua borroka eta salaketa bihurtu behar da nolabait.

Zauri batzuk irekita dauzkat oraindik, eta etengabe estudiatzen dut nola sendatu eta nola itxi ikasteko. Beti zerbait berria ikasten dut. Mediku bakoitzak gauza bat esaten dizu. Eta gero, bat-batean, bakarrik ikusten dut neure burua. Turkian, inplanteen teknika ez da ia existitu ere egiten: paziente bakarra naiz. Medikuek ez dakite zer irtenbide proposatu, eta baliabide gutxi dago. Horregatik ez ninduten Turkian operatu.

Nahiz eta egunerokoan beste bizitza bat bizi behar izan duzun nahi eta nahi ez, aldi berean, egin nahi zenuena egiten jarraitzea erabaki duzu: zinema.

Oraindik ez dakit zauriak noiz itxiko zaizkidan, noiz amaituko diren ebakuntzak... Arazoak sortzen dira, eta hanka infektatu egiten zait. Infekzioak ez dira inoiz bukatzen, zauri irekiak direlako. Tarte batzuetan bakarrik lasaitzen dira, eta gero berriz hasten dira, eta berriz hasierara. Minarekin ere gauza bera gertatzen da. Bat-batean hasten da. Gero joan egiten da. Baina nik erabaki nuen zinemarekin jarraituko nuela; nire pasioa da, nire bizitza. Uste dut artistek, intelektualek eta, bereziki, zinemagileek mundua alda dezaketela, eta gizarteari hitz egin diezaioketela are gehiago, horretarako betebeharra daukate. Ez daukat hankarik, baina burua bai, burmuina. Eta inoiz baino irmoago uste dut zinemak bide ematen didala nire konpromiso politiko eta iraultzaileekin aurrera jarraitzeko. Agian ezingo naiz manifestazioetara joan, baina pentsatzen dudana esan dezaket nire lanaren bitartez.

Gainera, pertsona behartsu gisa arduradun sentitzen naiz. Gizartean ez gaituzte ikusten. Orain zinemak beste esanahi bat hartu du niretzat: agian bide emango dit errazago eta argiago adierazteko neure burua, zailtasun hauek, nire oztopoak azaleratzeko. Gauza batzuk aldatu nahi ditut, eraldatu... Zinema ez dut ikusten propagandarako tresna gisa. Arte oro garrantzitsua da mundua aldatzeko. Irakurri ditugun liburuek, entzun dugun musikak eraldatu egin gaituzte. Baina XXI. mendean, zinemak, hain justu, eraldaketa handi bat izan du. Zure ideiak, zure begirada, zure gustu musikalak islatzen uzten dizu zinemak. Arte guztien bilkura balitz bezala; niretzat behintzat hala da. Eta zure aurrean ez dago soilik laukizuzen bat barruan irudi bat duena: sentipen bat dago, ideia bat... Horregatik da zinema hain garrantzitsua. Eta are gehiago guretzat, kurduontzat.

Hurrengo proiektuak?

Baditut ideia batzuk filmetarako, baina ez dakit noiz gauzatu ahalko ditudan. Istorio ezezagunak kontatu nahi ditut, inoiz entzun ez diegun horien lekukotzak entzunarazi zinemaren bidez. Feminizidioei buruzko proiektu bat daukat: 360ºVR [errealitate birtuala] teknika erabiltzea eskatzen du, eta nire azken proiektuan erabili nuen teknika hori. Pertsona behartsuei buruzkoa da azken proiektu hori, eta orain postprodukzioan dago. Dokumental bat egitea ere gustatuko litzaidake, ekainaren 5eko leherketei buruz, eta Suruçeko eta Ankarakoei buruz.

Zergatik egin nahi duzu film hori?

Guk bizi izan duguna ez da ondo ulertu. Uste dut egokiena naizela atentatu horien biktimek bizi izandakoa ulertzeko: oinaze bera sufritu dut. Min bera sentitu dugu, sufrimendu bera. Munduari gure sufrimendua, gure borroka kontatzeko betebeharra sentitzen dut. Ze ez baitugu sufritu bakarrik egiten: borroka ere egiten dugu. Geure buruari buruz hitz egitean, hutsuneei buruz aritu izan gara beti; bizia galdu duten horiek aipatu izan ditugu. Baina gero bizirik irautea zaila da. Hain justu horri buruz hitz egin nahi nuke dokumentalean: bizirik iraun dugunok nola egiten dugun aurrera errealitate horrekin.

Borroka juridikoa ere bada. Bi prozesu dituzu zabalik: biktima gisa kalte ordaina jasotzearena eta Barne Ministerioak izendatutako udaleko ikuskatzaile baten aurkakoa; izan ere, lanetik bota zintuzten, gainera.

Oraingoz, ekainaren 5eko atentatuen biktimentzako kalte ordainari buruzko prozesua kale itsu batean dago. Pentsa, estatuak eskatzen du bi familiei emandako kalte ordainak bueltatzeko!

Horrez gain, ni kaleratu izana salatu nuen, baina karguak atzera bota zituzten, arazo tekniko batengatik, itxuraz. Beraz, berriz hasierara itzuli gara, eta berriz hasi behar. Orain beste epaiketa bat daukagu. Lankide batzuk berriz hartu dituzte udalean, baina uste dut nire kasuarekin beste modu batera jokatzen ari direla. Batzuek, lanetik botatzen dituztenean, pazientziaz itxaroten dute izkina batean prozesu judiziala bukatu arte: ni ez naiz horietako bat. Bidegabekeria baten biktima izan banaiz, ahotsa altxatzen dut, horrek arazoak ekarriko badizkit ere; horregatik uste dut udalarekin daukadan konfrontazio hori luzea izango dela. Agian, isilik geratuko banintz, errazagoa izango litzateke; baina ez da horrela izango. Beti egin izan dut borroka: lehen, bi hankak nituenean, emakume kurdu gisa egiten nuen borroka; orain, pertsona behartsu gisa ere bai. Oraindik ez nago nekatuta; ez dakit egunen batean nekatuko naizen, edo emakume eta kurdu jaio naizelako daukadan indar hau. Indar horri esker, etengabe borrokan egiteko gaitasuna daukat. Beti aurkitzen dut beharrezko energia nire ahotsa entzun dadin, baita milaka pertsonaren ahotsa entzun dadin ere.]]>
<![CDATA[Hamabost hilabeteko zigorra ezarri diote Meral Simsek idazle kurduari]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1893/021/001/2021-10-14/hamabost_hilabeteko_zigorra_ezarri_diote_meral_simsek_idazle_kurduari.htm Thu, 14 Oct 2021 00:00:00 +0200 Orsola Casagrande https://www.berria.eus/paperekoa/1893/021/001/2021-10-14/hamabost_hilabeteko_zigorra_ezarri_diote_meral_simsek_idazle_kurduari.htm
Akusazioak idazlearen aurkako frogatzat baliatu ditu hark idatzitako liburuak, eta PEN elkarteak saritu eta datozen asteetan Erresuma Batuko Comma Press argitaletxeak liburu batean argitaratuko duen ipuin bat. Simsekek jasotako hainbat sari ere haren aurkako froga gisara baliatu dituzte.

Akusazioak epaiketa luzatzeko argudio bilakatu du hizkuntza ere. Fiskaltzak eskatu zuen auzi saioetako bat atzeratzeko argudiatuta sarietako bat emateko arrazoiak biltzen zituen dokumentua itzuli behar zutela, «ofizialki onartua ez dagoen hizkuntza batean idatzita» zegoelako. Kurdueraz idatzita zeuden dokumentuok. Kurduen hizkuntza, formalki ez bada ere, legez kanpoko hizkuntzatzat dute de facto, eta kurduera hitz egiten duen edonor zigortua izan daiteke. Joan den abuztuan, esaterako, Leyla Guven diputatu kurduari —legez kanpoko erakunde baten propaganda egitea egotzita immunitatea kendu zioten eta preso sartu zuten— eta harekin batera espetxeratuta dauden beste zortzi emakumeri txosten diziplinario bat zabaldu zieten kurduerazko abestiak abesteagatik. Zigor auzitegiak argudiatu zuen kurdueraz abesteak «arriskuan» jarri zuela espetxeko segurtasuna.

Dena den, Simsekek ez zuen izan denborarik absoluzioa ospatzeko, atzo bertan Diyarbakirgo erietxean ospitaleratu behar izan baitzuten, Kurdistanen. Idazle kurduari ebakuntza egin behar diote bederatzigarrenez. «13 urte nituenean, torturatu eta makila batekin bortxatu ninduten, Mazidagiko polizia etxean atxilo nengoela. 2020an umetokia kendu behar izan zidaten, eta heste zati bat ere galdu nuen. Azken auzi saioaren ondoren, estresaren ondorioz agian, hesteetako arazoak hasi zitzaizkidan berriz, eta beste ebakuntza bat egin behar dut».

Ihesaldi saioa

Joan den ekainean, Meral Simsekek erabaki zuen Greziara igarotzen saiatzea. Bidaiatzea debekatua zuenez, bera bezala aurrez beste milaka errepresaliatu politikok, kazetarik, demokratikoki aukeratutako politikarik, sindikalistak, eta ikaslek egindako bidea hartu zuen. Bidaia, zeina berez ere nahikoa zaila den, amesgaizto bilakatu zen Greziako Poliziak atxilotu, jo eta sexu abusuak egin zizkionean, Turkiako agintarien esku utzi aurretik.

Hala ere, Meral Simsekek ez du galdu jarrera baikorra. «Nire idazteko abentura hasi zen nire hitzak baliatzen hasi nintzenean mina kudeatzeko tresna gisara. Beranduago, mina itxaropen eta edertasun bilakatzeko modua bilatu nuen. Berdelari buruz idatzi dut, familiek adostutako bikotekide trukeari buruz, baita pobreziari eta Turkiako Hezbollahren ankerkeriari buruz ere, estatuaren indarkeriari, matxismoari, eta, batez ere, emakumeek eta haurrek jasaten duten sufrimenduari buruz. Baina ez dute nahi hori zabaltzea, eta, hortaz, hitz egiten duten guztiak isilarazi nahi dituzte. Isilik geratzen bagara, gizarteak ere berdin egingo du. Halere, ni ez naiz isilduko. Auzitegietako epai bakar batek ere ez du geldituko itxaropenerako nire bidea».]]>
<![CDATA[Hamabost hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote Meral Simsek idazle kurduari]]> https://www.berria.eus/albisteak/204451/hamabost_hilabeteko_kartzela_zigorra_ezarri_diote_meral_simsek_idazle_kurduari.htm Wed, 13 Oct 2021 10:24:38 +0200 Orsola Casagrande https://www.berria.eus/albisteak/204451/hamabost_hilabeteko_kartzela_zigorra_ezarri_diote_meral_simsek_idazle_kurduari.htm <![CDATA[«Turkiako Estatuak bultzatzen duen proiektuak suntsipena du helburu»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1917/016/001/2021-10-03/turkiako_estatuak_bultzatzen_duen_proiektuak_suntsipena_du_helburu.htm Sun, 03 Oct 2021 00:00:00 +0200 Orsola Casagrande https://www.berria.eus/paperekoa/1917/016/001/2021-10-03/turkiako_estatuak_bultzatzen_duen_proiektuak_suntsipena_du_helburu.htm de facto osatzen dute Afrinek, Jazirak, Eufratesek, Raqqak, Tabqak, Manbijek eta Deir ez-Zorrek, eta han bizi dira kurduak, arabiarrak, asiriarrak, turkomanoak, armeniarrak, zirkasiarrak eta yazidiak.

Gerran egon arren, eredua indarrean dago: Konfederalismo Demokratikoa da, PKK Kurdistango Langileen Alderdiko buru Abdullah Ocalanek pentsatu eta sustatutakoa. Ocalan preso dago 1999tik Imrali uharteko segurtasun handiko espetxean (Turkia).

Bedran Çiya Kurdek, Administrazio Autonomoko presidenteordeak, BERRIArekin hitz egin du Siriako gatazkaren egungo egoeraz, elkarrizketek hura konpontzeko duten aukerez eta nazioartean aitortza ofiziala lortzeko administrazioaren ahaleginez.

Siriako gatazkari buruzko zure txostenean, gerrak hamar urte bete zituenean argitaratutakoan, Europako Parlamentuak aitortzen du Turkiak Sirian duen presentzia okupazio bat dela, eta dei egiten du Turkiak bere tropak erretiratzera. Uste duzu neurri zehatzak hartzen ari direla hori gerta dadin?

Turkia Siriako lurrak okupatzen ari da, eta nazioarteko edozein lege urratzen. Terrorismoa babesten du, eta oztopatu egiten du Siriako gatazkari irtenbidea aurkitzeko ahalegin oro. Hori guztia egunero egiten ari denez, inolako oztoporik aurkitu gabe, egin genezakeen irakurketa bakarra da Turkiak ez diola horri uko egin nahi, baina argi esan behar dugu Europako Batasuna ez dela bere zatia betetzen ari.

Europako Batasunari eskatzen diogu jar dadila bere tokian, eta joka dezala argi, Turkiak xantaia egin arren terrorismoaren mamuarekin edo migratzaileak kartak balira bezala baliatuz Europa isilik gera dadin. Edo agian, hain zuzen ere, xantaia hori amaitzeko.

Lanean ari zarete nazioarteak Administrazio Autonomoa aitor dezan, baita hemen Europan ere. Azken hilabeteetan Frantziako presidente Emmanuel Macronekin bildu zarete, baita Genevan bulego bat zabaldu ere, Suediako eta Danimarkako gobernuekin bilerak egiteaz gain. Zer garrantzi du aitortza horrek, eta bideko zein puntutan zaudete?

Herrialdeak bizi duen nahasmena handitu dezakete Siriako gatazkari irtenbidea aurkitzeko hainbat agentek orain arte proposatutako eta garatutako proiektu eta alternatibek. Horregatik uste dugu Administrazio Autonomo gisara garatu dugun proposamena garrantzitsua dela.

Horren oinarria da Siriako lurraldeen eta nazioaren batasunari eutsi behar zaiola. Lurraldea zatitzearen aurka gaude, eta, aldi berean, uste dugu gerra hau konpontzeko egitasmoak inklusiboa izan behar duela, eta lur hauetan bizi diren herri guztiek hartu behar dutela parte eta guztiak babestu behar dituela.

Guk tematuta jarraitzen dugu eredu hori defendatzen. Baina mehatxu handiak daude Turkiaren eta talde mertzenarioen aldetik, eta horietatik asko —ez dugu ahaztu behar— Turkiako Estatuak finantzatzen ditu. Talde horiek eta Turkiak ez diote irtenbide inklusibo bat eman nahi gatazkari. Nahi dutena da, hain zuzen ere, mertzenario talde horien boterea handituko duen irtenbide bat. Hala ere, oztopo horiek guztiak gorabehera, guk gure proposamena lantzen eta azaltzen jarraitzen dugu, baita Europan ere.

Zer-nola joan da Frantziako presidentearekin egindako bilera?

[Siriako Indar Demokratikoen adar politikoa den eta alderdi politiko eta mugimendu kurdu, armeniar, asiriar eta arabiarrak biltzen dituen] Siriako Kontseilu Demokratikoaren ordezkaritza bat Macron presidentearekin bildu zen uztailaren 21ean. Eliseora joan zen ordezkaritza Administrazio Autonomoko kideek eta Siriako Batzar Demokratikokoek osatzen zuten.

Bilera oso baikorra izan da, gure iritziz. Siriako gatazka konpontzeko prozesuan eman beharko liratekeen urratsez hitz egin genuen, batez ere. Aldi berean gure proposamena aurkeztu dugu, zeinak elkarrizketa eta nazioen arteko akordio bat aurreikusten dituen. Estatu Islamikoaren [EI] aurkako nazioarteko koalizioarekiko elkarlanaz ere hitz egin dugu.

EIren mertzenarioen eta haien senideen auzia zabalik dago oraindik, eta inoiz baino kezkagarriagoa da. Zuek proposatu duzue nazioarteko auzitegi bat eratzea. Eman da pausorik horretan?

Tamalez, ez, ez da ezer mugitzen. Munduari esan nahi dioguna hau da: arazo orokor bat dela, ez guri bakarrik eragiten digun zerbait. Gai honen inguruko elkarlana ez da inolaz ere nahikoa eta egokia. Siria iparraldeko eta ekialdeko eremuetan dauden EIko mertzenarioek eta haien senideek nazioarteko laguntzaren beharra dute. EIko presoak pisu handia dira guretzat; ez daukagulako azpiegiturarik eta pertsonal egokirik haiei eusteko. Ez dugu logistikarik eta baliabiderik horretarako.

Baina agian are garrantzitsuagoa da mertzenario horiek ekinean jarraitzen dutela, baita espetxeetan eta esparruetan ere, non ideologian oso sartuta dauden emakumeak dauden beste senide eta errefuxiatuak arriskuan jartzen dituztenak. Turkiak harremanak ditu oraindik ere, eta mertzenarioei laguntzen die. Haietako batzuei ihes egiten laguntzea ere lortu du.

Egoera horrek guztiak helburu bakarra du: EIri berrantolatzen laguntzea. Badakigu eta salatu dugu Turkiak arma kopuru handiak mugitu dituela Siriako gerraren hasieraren urteurrenean, joan den martxoan. Eta horrek zer esan nahi du? Turkia tematuta dagoela oraindik ere Siriako lurrak inbaditu eta okupatzeko asmoetan, Otomandar Inperioaren antzinako mugak berrezartzeko.

Ez dago zalantzarik Turkiak Siria ekialdeko eta iparraldeko lurralde batzuk okupatu nahi dituela, baina lurralde horietako baliabideak ere ustiatu nahi ditu. Bere helburuak lortzeko eskualdeok bonbardatzen ari da, baina ez hori bakarrik: ura ere baliatzen ari da zibilen aurkako arma gisara; ingurumena suntsitzen ari da, petrolioa eta Afringo oliba olioa lapurtzen eta berriz ere saltzen... Eta inork ez du ezer esaten.

Bost milioi pertsona baino gehiago bizi dira Turkiak egindako erasoen gerrak suntsitutako eskualde autonomoetan, bahimenduen eta zibilen aurkako izu politiken menpe. Herritarren laurden bat baino gehiago [1,3 milioi] barne desplazatuek osatzen dute, eta giza laguntzaren menpe daude.

Hau esatea gustuko ez dudan arren, nazioarteko komunitatea ez da ezer egiten ari armen bitartez egindako eta ingurumena hondatuz eta eskualdeko baliabideak lapurtuz bultzatutako masakre bikoitza eragozteko. Turkiak oso modu neurtuan jokatu zuen gatazkaren hasieratik. Siriako barne politikan esku hartu zuen talde islamistak erabiliz, finantzatuz. Okupatutako eremuetan lapurreta eta arpilatze sistema bat ezarri du Turkiak. Ez dezagun ahaztu gerran Turkiak Aleporen aurka jo zuela bereziki.

Gure datuen arabera, Alepoko mila fabrika arpilatu eta Turkiara lekualdatu zituzten. Ankarari lotutako mertzenario taldeek 86.000 milioi euroren kaltea eragin zuten eskualdean 2012. eta 2016. urteen artean. Gainera, Turkiak suntsitu egin zituen iritsi ezin izan zen lekuen %80. 2018tik, Afrin okupatu zuenetik, Turkiak eta haren mertzenarioek lapurretak eta arpilatzeak egiten dituzte, guztia suntsitzen dute, genozidio kulturala egiten dute, eta aldaketa demografiko selektiboak bultzatzen. Ehunka mila olibondo moztu zituzten. Turkiako Estatuak Afringo olibak eta olioa bahitu zituen, eta handik saldu zizkien Europako herrialdeei. Lapurreta horiekin bakarrik, urtean 69.000 euroren irabaziak dituzte.

Ura gerrako arma gisa erabiltzea da Turkiaren praktiketako beste bat, eta kolpetik murriztu du Eufrates ibaiaren ur emaria, nazioarteko akordio guztiak urratuz. Koronabirusaren pandemiari ur eskasia gehitu behar zaio, baina nazioarteko komunitateak ezer esan gabe eta ezer egin gabe jarraitzen du.

Gainera, Rojavako inguru zenbaitetan, eta zehazki Xehbanen Turkiak okupatu zituen eta Afringo errefuxiatuak bizi diren inguruan, Damaskoko erregimenak ezarritako bahimendu oso gogor baten pean bizi dira.

Kasu horretan ere, harrigarriena da nazioarteko komunitatearen isiltasuna. Negua badator. Kanpalekuetan eta hondakin artean dauden Afringo errefuxiatuei erregairik ematen ez bazaie, giza hondamendi bat izango da.

Uda honetan, Siria Iparraldeko eta Ekialdeko Administrazio Autonomotik dei bat egin diegu nazioarteko komunitateari eta [NBE] Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari, Yarubiyahko mugako pasabidea berriz irekitzeko, giza laguntza sar dadin. Janarien, botiken eta giza laguntzarako bestelako baliabideen garraioa ezin da erabaki politikoen menpe egon, ez eta arma gisa erabilia izan ere.

Azken asteetan, Turkiaren erasoak ere ugaritu dira. 2015ean sortutako SDF Siriako Indar Demokratikoek —YPG eta YPJ milizia kurduen aliantza militarrak eta arabiarrek, asiriarrek, armeniarrek, turkomanoek eta zirkasiarrek osatutakoak— eraso horiek eragoztea lortu dute, baina egoera tentsio handikoa da oraindik, eta, batez ere, biktima zibil asko daude.

SDF zibilak defendatzen ari da, autodefentsarako eskubidea aldarrikatuz. Turkiak nahita erasotzen die hiri barruko eremuei, bai Sirian, bai Irak iparraldean. Nabarmendu nahi dut Turkiako estatuak bultzatzen duen proiektuak suntsitzea duela helburu.

Egitasmo hori arriskutsua da, eta ez du bakarrik gure eskualdea mehatxatzen. Lege printzipioak eta printzipio etikoak urratzen ditu Sirian, eta politika berberei jarraitzen die Iraken. Mediterraneoarentzat, Europarentzat eta Asiarentzat, eta bereziki Libia eta Greziarentzat, politika hori arriskutsua da oso. Afrikako kontinentean, Turkiako estatuak Anaia Musulmanak babesten ditu. Sirian rol ezkorra eta ankerra jokatu du, eta krisiaren hasieratik okupazioa, zatiketa eta gizartearen polarizazioa izan dira haren konpromiso bakarrak.

Gainera, Azerbaijanen eta Armeniaren arteko gerran, Turkiak Azerbaijani eman zion babesa, eta bere okupazio nahia eta zabaltzeko gosea erakutsi zituen mertzenario jihadistak lekualdatuz. Bi estatu, nazio bakarra lelopean, [Recep Tayyip] Erdoganek gerrako parte hartzaile zuzen bilakatu zuen Turkia.

Zein puntutan daude, baldin eta jarraitzen badute, Damaskorekiko kontaktuak?

Tamalez, kontaktuak besterik ez dira izan. Ezin dugu esan elkarrizketa bat hasi dugunik, eta are gutxiago negoziazio bat. Gure jarrerari eusten diogu, eta Damaskorekiko elkarrizketaren bitartez lortutako irtenbide bat sostengatzen eta bultzatzen dugu. Gure jokabidea bat dator jarrera horrekin.

Beste aldea ez da horren kontsekuentea, baina, batez ere, ez du Siriako gatazkaren errealitatea ikusi nahi. Elkarrizketen alde gaude, eta nazioaren batasuna eta interesak babesten dituzten irtenbideen alde.

Eta zer-nolakoa da AEBekiko harremana, batez ere orain, Joe Biden presidentearekin?

AEBetako Estatu Departamenduko funtzionarioak eskualdean izan dira Biden aukeratua izan ondoren, eta dagoeneko izan dugu bilera bat baino gehiago. Hitz egin dugu EIren aurkako borrokarekin jarraitzeko moduaz eta Siriaren etorkizunaz. Siriako Kontseilu Demokratikoko ordezkaritza bat Etxe Zurian izan zen irailaren 25ean.

Errusiarekin ere izan dituzue kontaktuak azken asteetan. ?

Hala da, bai. Siriako Kontseilu Demokratikoko eta Siria Iparraldeko ordezkaritza bat eta Ekialdeko Administrazio Autonomoko beste bat bildu ziren Errusiako Atzerri Ministerioko kideekin. Bilera baikorra izan zen, eta hitz egin genuen Siriako krisi politikoa konpontzeko bideez, NBEren 2254. ebazpenean jasotakoez hain zuzen, eta baita instituzio autonomoek prozesu politikoan parte hartu beharraz ere. Ankarak Siriaren subiranotasuna nola etengabe urratzen duen ere hizpide izan zuten ordezkaritzek.]]>
<![CDATA[Simsek idazle kurduak jasotako sariak ikertzeko eskatu du Turkiak ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/015/001/2021-09-22/simsek_idazle_kurduak_jasotako_sariak_ikertzeko_eskatu_du_turkiak.htm Wed, 22 Sep 2021 00:00:00 +0200 Orsola Casagrande https://www.berria.eus/paperekoa/1872/015/001/2021-09-22/simsek_idazle_kurduak_jasotako_sariak_ikertzeko_eskatu_du_turkiak.htm propaganda terrorista deritzoten hori aurkitzeko. Pentsa, idazleak jaso dituen literatur sariak ere ikertzen ari dira». Irakurri gehiago. Meral Simsek Dogan, idazle kurdua: «Hil eta itsasora botako gintuztela pentsatu nuen» Simseken aurkako prozedura 2021eko urtarrilean hasi zuten. Malatyako Bigarren Auzitegi Nagusiak «erakunde terrorista bateko kide» izateaz akusatu zuen formalki Simsek, Turkiako Zigor Kodearen 314/2 artikuluan oinarrituta, baita «propaganda terrorista» egiteaz ere 7/2 artikuluko 3713 Terrorismoaren Aurkako Legearen arabera. Ipuin liburua Sumarioari gehitu zaio idazleak duela gutxi idatzitako ipuin bat, Kurdistan +100 izeneko antologian jasotzen dena eta Erresuma Batuko Comma Press argitaletxeak laster argitaratuko duena. Ipuinak Arzela du izena, eta fikzio distopiko bat da. Liburuak gaur egungo hainbat idazleren dozena bat ipuin biltzen ditu, eta horietan irudikatzen dute zer-nolakoa izango den 2046ko Kurdistan, hau da, 1946ko urtarrilaren 22an Irango Kurdistanen aldarrikatu zen Kurdistango Errepublika edo Mahabadeko Errepublikatik mende batera. Errepublikak gutxi iraun zuen, urte bereko abenduan Irango aginteak desegin egin baitzuen. Antologian jasotzen den beste ipuinetako bat da HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko presidente izandako Selahattin Demirtasek idatzitako bat. Demirtas espetxean dago 2016tik, nahiz eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak bi alditan ebatzi hura berehala aske uzteko. «Idazle batek ez luke kezkatu behar bere idazteko eraz. Argi dago adierazpen askatasuna amets bat besterik ez dela, idazle baten kezka nagusia idazten duenagatik espetxean ez amaitzea baldin bada», dio Hamamci abokatuak. Turkiako Giza Eskubideetarako Fundazioak (TIHV), herenegun, argitara eman zuen martxoaren 1etik abuztuaren 31ra salatutako giza eskubideen urraketei buruzko txosten bat. Sei hilabete haietan, debekatu egin zituzten manifestazioak hemeretzi probintziatan. Poliziak indarkeriaz esku hartu zuen 124 manifestaziotan, tartean LGTBIQ kolektiboaren eskubideen aldeko 23tan, sindikatuek deitutako 21etan eta ekologistek antolatutako 11tan. Epealdi berean, giza eskubideen aldeko 1.098 ekintzaile atxilotu zituzten, tartean LGTBIQ eskubideen aldeko 119 aktibista eta hamalau ekologista. 388 pertsona joan dira auzitegietara deklaratzera aztertutako sei hilabeteetan, horien artean hogei abokatu. Meral Simsek ez da oraintxe epaitzen ari diren idazle bakarra. Irailaren 14an, Roza Metina idazle eta kazetariak epailearen aurrean deklaratu behar izan zuen, «erakunde terrorista bateko kide» izateaz akusatuta. Simseken aurka aurkeztutako akusazio bera. Yavuz Ekinci idazlearen aurka zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen dute, sare sozialetan argitaratutako mezuengatik. Irailaren 9an egin zuten epaiketako lehen auzi saioa. Ekinciri «propaganda terrorista egitea» leporatzen diote bere Twitterreko kontuan 2013 eta 2014 artean idatzitako zortzi txiorengatik. Txioetako bakar batek ere ez du indarkeria sustatzen; gehienak Diyarbakirko Newroz edo Urteberri kurduaren ospakizunekin lotutako mezuak eta Kobaneko borrokekin (Siriako Kurdistan) zerikusia duten idatziak dira. Sare sozialetan bultzatutako errepresio etengabe baten ondoren heldu da akusazioa. Ekinci ez da izan sare horretan eroritako bakarra: beste hainbat lagun ere auzipetu dituzte azken urteetan idatzitako txioengatik. ]]> <![CDATA[«Hil eta itsasora botako gintuztela pentsatu nuen»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1864/010/001/2021-09-21/hil_eta_itsasora_botako_gintuztela_pentsatu_nuen.htm Tue, 21 Sep 2021 00:00:00 +0200 Orsola Casagrande https://www.berria.eus/paperekoa/1864/010/001/2021-09-21/hil_eta_itsasora_botako_gintuztela_pentsatu_nuen.htm frogak hauek dira: hark idatzitako liburuak eta PEN klubak saritu eta laster Comma Press etxeak argitaratuko duen ipuin bat.

Joan den ekainean, Meral Simsekek Greziara igarotzen saiatzea erabaki zuen. Bidaiatzea debekatua zuenez, aurrez jazarpen politikoaren biktima izandako milaka kazetarik, demokratikoki aukeratutako politikarik, sindikalistak... egindako bidea hartu zuen. Bestela ere zaila den bidaia amesgaizto bilakatu zen Greziako Poliziak idazlea atxilotu, jipoitu, eta sexu gehiegikeriak egin zizkionean, gero Turkiako agintarien esku uzteko.

Gaurko epaiketa baino lehen, BERRIAk Meral Simsekekin hitz egin du. «Diyarbakirren jaio nintzen, 1981ean. Bi seme-alaba ditut. Ahizpa zaharrena eta anaia galdu nituen Turkian, 1990eko urte nahasietan: [Kurdistanen] askatasunaren aldeko borrokan hil zituzten. Nire anaiak ez du oraindik hilobirik», dio idazleak.

Kurduen kausarekin oso konprometitutako familia batetik zatoz, eta oso gaztetatik ezagutu duzu tortura.

13 urte nituela atxilotu ninduten lehen aldiz. Deskarga elektrikoekin torturatu ninduten, eta makila batekin bortxatu. Nire anai-arrebak hitz egitera behartu nahi zituzten. Arazo asko jasan behar izan nituen torturatua izan eta gero. Idazteak lagundu zidan salatzen, ez bakarrik niri gertatutakoa, baita nire herriak, herri kurduak, egunero sufritzen duena ere. Eta, orduan, agintariak nire literatura lana PKK-ko kide nintzen frogatzat hartzen hasi ziren, eta erakunde terrorista baten aldeko propagandatzat jo zuten.

2020ko abenduaren 9an, polizia agenteak nire apartamentura sartu ziren gauaren erdian, eta atxilotu egin ninduten. Nire sariak eta ordenagailua bahitu zituzten, Malatyako Poliziaren terrorismoaren aurkako departamentura eraman ninduten, eta biluzarazi egin ninduten, arakatzeko. Ebakuntza bat egin berri zidaten. 1990eko hamarkadako torturen ondorioz, umetokia kendu behar izan zidaten, eta heste zati bat ere galdu nuen. Miatu behar ninduen poliziari esan nion ebakuntza bat egin berri zidatela, baina bagina arakatu zidan, berdin-berdin.

Urte horretako ekainaren amaieran, herrialdetik irtetea erabaki zenuen. Greziara joateko asmoa zenuen, baina gauzak ez ziren irten espero zenuen moduan.

Ekainaren 29an, Evros ibaia zeharkatu nuen Rojavako emakume batekin, Dicle Mohamedekin; ihesean zihoala topo egin nuen harekin. Orain badakit Dicle errefuxiatuentzako kanpaleku batean itxita dagoela, hemen, Turkian. Hamabi orduz goseak eta egarriak ibili ondoren, Greziako bi poliziak geldiarazi gintuzten. Amesgaizto baten amaiera zela iruditu zitzaidan, baina oso oker nengoen. PEN klubeko nire gutuna erakutsi nien poliziei, eta esan nien Turkiako jazarpenetik ihesi nindoala. Poliziek ez zuten begiratu ere egin papera, gu jotzen hasi ziren, eta furgoneta batera igotzera behartu gintuzten. Han biluzarazi eta miatu egin gintuzten, baita gure sexu organoak ere. Handik atera, eta beste ibilgailu batean sartu gintuzten. Autoaren barruan odol usain izugarria zegoen, eta odol arrastoak zeuden nonahi. Giza gernua eta gorotza zeuden alde guztietan. Uste nuen atxilotze gunera eramango gintuztela eta han abokatuek jasoko gintuztela. Pare bat alditan gelditu ginen, eta ohartu nintzen norbait turkieraz ari zela han. Jaitsi gintuzten, eta ikusi nuen uraren ertzean geundela. Aurpegia estalita zuten zaindariak zeuden gure inguruan. Hil eta itsasora botako gintuztela pentsatu nuen. Nire egoera azaltzen hasi nintzen turkieraz. Erregutzen hasi nintzen. Izugarrizko jipoia eman zidaten. Eta, gero, txalupa batera bota ninduten, Diclerekin batera. Han, aurre egin nien, eta uretara bota ninduten. Turkiako soldaduak ikusi nituen aurkako aldean. Dicle ere uretara jaurti zuten. Igeri egiten saiatu ginen. Diclek lurrera iristen lagundu zidan. Amore eman genuen militarren aurrean. Diclek ez zuen hitz egiten turkieraz. Haren egoera azaldu nien militarrei. Ipsalako mugako kontrolera eraman gintuzten. Han jakinarazi zidaten atxilotuta nengoela atzerrira bidaiatzeko debekua urratzeagatik, eta Edirneko espetxean sartu ninduten.

Astebeteren buruan, aske utzi zintuzten, baina astean hiru alditan sinatzera joateko baldintzarekin. Orain, epaiketa, eta zure lanak dira zure aurkako frogak...

Ez da harritzekoa nire aurka egitea. Legeak benetan ezertarako balio ez duen herrialde batean egia oihukatzen duzunean, jopuntu bilakatzen zara, halabeharrez.

Tamalez, nire literatura lan ia osoa erabiltzen ari dira nire aurka jotzeko. Jaso nituen sariak, sinadura saioak eta mintegiak... denak hartu dituzte elementu kriminaltzat. Ez dut ukatuko nire eta nire seme-alaben segurtasunak kezkatzen nauela. Nire seme-alabak seguru bizitzea nahi dut. Bi anai-arreba galdu nituen gerran. Idazle bat naiz, besterik ez. Nire artea egin nahi dut berriz, eta seme-alabak inguru seguru batean hazi. Hori da guztia.]]>
<![CDATA[Aurrera doa Turkiaren okupazioa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1924/002/001/2021-08-24/aurrera_doa_turkiaren_okupazioa.htm Tue, 24 Aug 2021 00:00:00 +0200 Orsola Casagrande https://www.berria.eus/paperekoa/1924/002/001/2021-08-24/aurrera_doa_turkiaren_okupazioa.htm
Turkiak ura baliatzen du bertako herritarren aurkako arma gisa. Uda bero honetan —42 gradu ere izan dituzte—, iturria ixtea krimen bat da bere horretan, baina oraindik gehiago ere bada kontuan izanik Siria iparraldea eta ekialdea, gainontzeko lurralde guztiak bezala, koronabirusaren beste olatu bat jasaten ari direla. Ia bi milioi eta erdi pertsonari eragiten die ur eskasiak Raqqa, Heseke, Deir ez-Zor eta Kobane eskualdeetan. Edateko ura lortzeko zailtasunek osasun arazoak eragiten dituzte eta gaitzak zabaltzen. «Baina Turkiak ez du bakarrik ura mozten. Egunero bonbardaketak ditugu hemen, Ayn Isan, Til Temirren, Zirganen eta Manbijen», azaldu dio BERRIAri Sherrek, zeina Berxwedango kanpalekuko kanpadenda batean bizi den senarrarekin eta hiru alabarekin, urtebete, 2 urte eta 6 urtekoak.

Turkiak 2018ko martxoan okupatu zuen Afrin, eta Shehban bizi dira hango desplazatuak. «Uste dut 2018tik ahaztu egin dugula zer den lo egitea. Gauero, gehienez ere, bi orduko atsedena lortu ohi dugu. Baina dagoeneko ez naiz gogoratzen zer den 5-6 ordu jarraian lo egitea. Eta arraroena da ez dudala ametsik egin Turkia Afrin bonbardatzen hasi zenetik», dio Sherrek.

Zirganen bonbardaketak gogortu egin dira azken bi hilabeteotan. SDF Siriako Indar Demokratikoetako Komando Nagusiak esan zuen atzo komunikatu batean AEBek eta Errusiak, potentzia bermatzaile gisa, esku hartu beharko luketela tripulaziorik gabeko Turkiako hegazkinek egindako erasoen aurka. «Turkiako Estatuak Serekaniyen eta Gire Spinen egindako erasoen ondoren, su-eten bat adostu zen, eta AEBek eta Errusiak hartu zuten hura bermatzeko ardura. Baina Turkiako Estatuak inoiz ez du bete, eta zibilei erasotzen jarraitu du. Nazioarteak esku hartu behar du ahalik eta azkarrena. Eraso horiek gelditzea oso garrantzitsua da eskualdeko bakerako eta segurtasunerako», azaldu zuen SDFko eledun Aram Henak.

Abuztuaren 17an, emakume bat eta haur bat hil ziren eta dozenaka zibil zauritu Turkiaren erasoaldietan. Uztailetik Turkiarekin lotutako mertzenarioak Zirgan inguruko herrixkei erasotzen ari dira; inguru hartan dauden 60 herrietatik 28 okupatu dituzte dagoeneko. Gutxienez 150.000 pertsonak utzi behar izan dute bere etxea. Atzo, berriz, Qamixli eta Al-Jat bonbardatu zituzten, bigarren hori Manbijetik gertu.

Mertzenarioek egunero bonbardatzen dute Zirgan, arma astunekin eta suziriekin. Telefonoz honela dio Azab B. irakasleak: «Eskola bat ere bonbardatu dute. Turkiako Estatuaren helburua da bertako herritarrak kanporatzea. Okupatzaileek aldatu egin nahi dute Zirgango egoera demografikoa, aurrez Afrinekin, Serekaniyerekin eta Gire Spinekin egin zuten moduan». Hiru eskualde horietara lekualdatu zituen Turkiak milaka mertzenario eta haien familiak, eta ihes egitera behartutako herritarren etxeetan egin zien tokia.

Azadek gogoratu du nola Siriako gerraren hasieran, 2012an, Al-Nusra fronteak hartu zuela Zirgan, Herriaren Babes Unitateek (YPG) 2013an askatu zuten arte. 2019ko urrian, Turkiak eta haren mertzenarioek Serekaniye eta Tel Abyad hiriak hartu zituztenean, saiatu ziren ere Zirganen sartzen, baina ez zuten lortu. Orduz geroztik, hiriari erasotzen jarraitzen dute, eta Turkiaren aldeko taldeen eta kurduek kudeatutako SDFren arteko borroken gune bilakatu da.

Azadek nabarmendu du azken egunetan kilometro eskas batek bakarrik banatzen dituela SDFren indarrak eta Turkiaren aldeko mertzenarioenak. «Herritarrek ez dituzte beren etxeak utzi nahi. Aurrekoan [abuztuaren 17an] Turkiak eta haren mertzenarioek egindako beste krimen baten lekuko izan ginen. Zibilen etxeak bonbardatu, eta ama bat eta haren haurra hil zituzten. Turkiak zibilei erasotzen die Administrazio Autonomoa menderatzeko asmoz, baina herritarrak ez daude prest hainbeste urteko sufrimendua eta errepresioaren ondoren lortutako garaipenei eta askatasunari uko egiteko. Administrazio Autonomoak jendearen sostengua du, eta hori da Turkiak jasan ezin duena».

Zozanek deitu du Zirgandik, eta abuztuaren 17an bizitakoaz hasi da hitz egiten. «Familia guztia etxean zegoen: ni, senarra eta haurrak. Bat-batean suziri bat erori zen etxe ondoan. Haurrak negarrez hasi ziren. Senarrak eta biok jateko zerbait hartu genuen eta sotora jaitsi ginen haurrekin. Baina sotoan jaten ari ginen bitartean, beste suziri bat erori zen bizilagunaren etxean. Odola ikusi nuen, eta ohartu nintzen semea zaurituta zegoela. Bizilagunen oihuak entzun, eta etxetik lasterka irteten ikusi nituen. Haurrak negarrez zeuden. Erabaki genuen senarra saiatuko zela bizilaguna eta gure semea erietxera eramaten, eta ni, beste bizilagunak eta sei haurrak sotora joango ginela».

Zozanek eta bere familiak Zirgango beren etxeko sotoan jarraitzen dute. «Eta nora joan ahalko ginateke? Gure etxea bakarrik dugu. Nire bizilagunak erietxean jarraitzen du, eta gu hemen gaude».]]>
<![CDATA[Yazidiak berriz ere jopuntuan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/003/001/2021-08-24/yazidiak_berriz_ere_jopuntuan.htm Tue, 24 Aug 2021 00:00:00 +0200 Orsola Casagrande https://www.berria.eus/paperekoa/1956/003/001/2021-08-24/yazidiak_berriz_ere_jopuntuan.htm
Turkiak abuztuaren 17a bonbardatutako ospitalea Shengalgo Sikeniye herrixkakoa da. Zortzi pertsona hil ziren bonbardaketa hartan, erietxeko lau langile, eta YBS Shengalgo Erresistentzia Unitateetako lau kide, erietxea defendatzen ari zirenak EI Estatu Islamikoaren mehatxuetatik.

Muhlise Sidar medikua 2014an heldu zen Shegalera Ipar Kurdistandik (Turkiaren menpeko Kurdistan), boluntario gisara. «Erietxea 2014ko abuztuan EIk suntsitutako eskola bat zen egiaz, eta, geroztik, herritarren eta Shengalgo Kontseilu Autonomo Demokratikoaren [MXDS] funtsei eta ahaleginei esker aritu da lanean», azaldu du Necla Newafek, MXDSko osasun batzordeko kideak. Haren esanetan, erietxean milaka lagun sendatzen aritu dira, zailtasunak zailtasun. «Shengal EIren erasoetatik defendatzen aritu diren YBS eta YJSko -emakumeen defentsa unitateak- gerrillarietatik asko ospitale honetan artatu dituzte. Baina milizianoak ez ezik, COVID-19aren proban positibo emandako asko zeuden ospitaleratuta, eta ez bakarrik Shengalgoak, gure erietxeak eskualdetik datorren edozein jaso baitezake». Newafek eskatu dio NBE Nazio Batuen Erakundeari eta nazioarteko komunitateari utz diezaiotela Turkiaren krimenei entzungor egiteari.

Erietxearen aurkako erasoaren bezperan, abuztuaren 16an, Turkiako hegazkinek Shengal hiriaren erdigunea bonbardatu zuten, merkatu zaharraren ingurua. YBS miliziako buru Seid Hesen zen erasoaren helburua, zeina, erbestean den Shengalgo Kontseiluko presidente Fikret Igrekek BERRIAri berretsi dioenez, Irakeko lehen ministro Mustafa Kadimirekin biltzekoa zen.

«Erasoaren zehaztasuna kontuan hartuta, argi dago turkiarrek informazio xehea zutela Hasen komandantearen kokapenari buruz, eta bazekitela non eta zer ordutan igaro behar zuen hirigunetik. Haren zain zeuden, eta ez zuten hutsik egin», esan du Igrekek. Haren arabera, ez dago zalantzarik informazioa Mesud Barzaniren PDK Kurdistango Alderdi Demokratikokoek eman zietela turkiarrei: «Tamalez, PDK lan zikina egiten ari da Turkiarentzat. 2020ko urriaren 9an Kurdistango Eskualde Autonomoak eta Irakeko Gobernu zentralak Shengalen etorkizunari buruzko akordioa sinatu zutenetik, PDKk Turkia babestu du yazidien aurkako erasoetan».

Besteak beste, akordioak politika administratiboko auziak, segurtasunekoak eta estatuko azpiegiturei lotutakoak jasotzen ditu. Itunaren arabera, Hewler (Arbil) da orain eskualdea kudeatzeaz arduratzen dena, eta Irakeko Gobernua da segurtasuna kudeatzen duena.

2014an egin zen ezagun Seid Hesen komandante beteranoa, EIren aurkako borrokan, Estatu Islamikoak erabaki zuenean Shengalgo yazidiak desagerraraztea. Hesen hil zuten eraso berean, YBSko beste komandante bat ere hil zuten, Isa Xwededa.

Turkia Irak iparraldea bonbardatzen aritu da sistematikoki apirilaren 23az geroztik, PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aurka borrokatzen ari den aitzakiarekin. Errealitatea bestelakoa da, ordea, eta bonbardaketa horiekin herritar zibilek eta Avashin, Metina eta Zapeko herrixkek sufritzen dute. Bonbardaketei lurreko erasoaldia gehitu zaie, eta askok Turkiako armadak arma kimikoak erabili dituela salatu dute, horren frogak aurkeztuz.

2015etik, EIren sarraskiaren ostean, yazidiak Shengalera itzultzen hasiak dira, eta Shengalgo Kontseilu Autonomo Demokratikoa osatu dute. Gaur egun 200.000 inguru dira eskualdera itzuli direnak, 2014ko sarraskiaren aurretik 400.000 pertsona bizi ziren eskualdean. Uste dute 2014ko abuztuaren 3an hilketak hasi zituztenetik Estatu Islamikoaren mertzenarioek 12.000 inguru hil edo bahitu zituztela. Dozenaka mila pertsonak jarraitzen dute Irakeko Kurdistango kanpalekuetan, Shengalgo kontseiluak dioen moduan, «aire zabaleko presondegietan».]]>
<![CDATA[«Espero dugu hitz egiteko eskubidea izango dugula»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/017/001/2021-05-18/espero_dugu_hitz_egiteko_eskubidea_izango_dugula.htm Tue, 18 May 2021 00:00:00 +0200 Orsola Casagrande https://www.berria.eus/paperekoa/1876/017/001/2021-05-18/espero_dugu_hitz_egiteko_eskubidea_izango_dugula.htm Kobane auziaren bigarren saioa egingo dute gaur, Ankaran. Epaiketan, HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko 108 politikari eta ekintzaileri «terrorismoa» leporatu diete. 2014an, HDPk protestara deitu zuen Kobane hiriari (Kurdistan Mendebaldea) babesa helarazteko, garai hartan EI Estatu Islamikoaren erasoa jasaten ari baitzen. Turkiako Estatuko segurtasun indarrak eta EIren zaleak horren kontra agertu ziren: 43 lagun hil ziren, ia denak HDPren jarraitzaileak. Jendea protestara deitzeagatik egotzi diete «terrorismoa», baita «hilketa» ere. Bigarren saioaren aurretik, BERRIA inputaturiko politikarien abokatu batzuekin mintzatu da.

Figen Yuksedag HDPren presidentekide ohia da, eta espetxean dago 2016ko azaroaz geroztik; Veysi Eski da haren abokatuetako bat: «Apirilaren 26an, Turkiako Gobernuaren sistema presidentzialistak sorturiko sistema judizialari egin genion aurre. Erabaki genuen auzitegian ez agertzea, abokatu guztiei ez zietelako sartzen utzi. Auzitegiko presidenteak tonua aldatu zuen gure bezeroek esan ziotenean abokatu guztiak egon gabe ezingo zutela jarraitu. Presio egiten saiatu zen gure bezeroen abokatu asko kanpoan utzita, baina plana ez zitzaion ongi atera, inputatuak protestan hasi baitziren, txaloka eta txistu eginda. Orduan esan zuen abokatu guztiak ongi etorriak ginela, eta denok erabaki genuen aretoan sartzea».

Cihan Aydin Diyarbakirko Abokatuen Eskolako (Ipar Kurdistan) presidentea da: «Hau ez da ohiko epaiketa kriminal bat. Estatuaren bulego batean eraiki da, ad hoc akusazio batetik tiraka, gertakarietatik sei urtera. Gertakari askoren interpretazio faltsuak egin dira, eta horretan oinarritu da kasua. Prozesu honi izaera historikoa zentzu negatiboan ematen dion beste elementu bat estatuaren parte hartzea da, bere erakunde guztiekin».

Aydin kritiko agertu da orain arteko prozedurarekin: «Hiru lagunez osaturiko batzorde judizial bati egin behar diogu aurre, bere horretan estatuko mekanismo bat dena. Defentsarako eskubidea ezabatu dute; isildua izan da; ez da kontuan hartu. Inkisizioko auzitegi bat bezalakoa da: erabakitzeko agintea pertsona bakarrean dago, kasu honetan auzitegiko tribunalean. Duela 500 urteko praktika baten aurrean gaude. Hala eta guztiz ere, ez diogu uko egingo bezeroak defendatzeari».

Gaurko saioaz, Diyarbakirko Abokatuen Eskolako presidentea zalantzati da, galdera asko dituztelako: «Lehen saioan ikusi genuen zuzenbidea nahi zuten modura distortsionatu zutela. Gaurkoan espero dugu hitz egiteko eskubidea izango dugula. Gure argudioak partekatzeko eta defendatzeko eskubidea izan nahi dugu, bai auzitegian eta baita iritzi publikoarekin ere. Hori da legeak dioena».

Izaera matxista

Sebahat Tuncel Istanbulgo diputatu ohia (Turkia) 2016tik dago kartzelan. Cemile Turhalli Balsak da haren abokatua, eta estatuko egituren izaera matxistan jarri du arreta.

«Egiturak mentalitate maskulino batekin eraiki dira. Kasu judizial eta politikoez gain, ikusi dugu nola trebatzen duten genero desberdintasuna. Botere judizialaren ikuspuntua da emakumeak direla helburu».

Balsaken ustetan, epaiketa ez da soilik HDPren eta kurduen kontrakoa; emakumeen eta aurkari politikoen aurkakoa ere bada: «Kasu honekin, mugimendu kurduaren politika eta horrekin harremana duten ezkerreko beste mugimendu batzuk epaitu nahi dira. Epaiketaren edukia aztertzen dugunean, agerikoa da irregulartasun asko daudela: froga faltsuak, iruzurrak... Ikuspuntu horretatik begiratuta, argi dago konspirazio bat dela, HDP ez delako soil-soilik mugimendu kurdu bat».

Horretaz, Tuncelek oroitarazi du 2015eko ekainaren 7ko hauteskundeetatik aurrera HDP Turkiako ezkerreko eta beste nazionalitate batzuetako taldeen botoak jasotzen hasi zela, gradualki: «Denak, eta batez ere [Turkiako] gobernua, ohartu ziren HDP Turkia osoa barne hartzen zuen alderdia bilakatzen ari zela. HDP faxismoaren kontrako unitate zabal bat osatzeko dinamika bat sortzen hasi zen. Hori da gobernuak HDP kriminalizatzeko arrazoi nagusia: zatitu egin nahi du, eta horregatik egiten die eraso HDPri eta bere aliatuei, sektorea edozein dela ere».

Mugimendu politiko kurdua, HDP, ezker iraultzaileko beste taldeak, langileria eta emakumeak: horiek dira, Balsaken ustetan, Turkiako Gobernuak garatu nahi duen zentralizazio prozesuaren trabak: «Horregatik dago horren errepresio handia bere elkarte legal guztien aurka. Diktadura faxistaren forma bat da. Beste modu batera esanda, 2023ra hurbildu ahala, faxismo turkiarrak orain arte egin duena egiten segituko du: ahalik eta gehiena zentralizatu, eta diktaduraren oposizio oro deuseztatzen saiatu. Kobane auzia politika horren parte da, helburua lortzeko beste pauso bat».]]>
<![CDATA[«AKPk bultzatutako konspirazio bat da 'Kobane auzia'»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1857/014/001/2021-04-27/akpk_bultzatutako_konspirazio_bat_da_kobane_auzia.htm Tue, 27 Apr 2021 00:00:00 +0200 Orsola Casagrande https://www.berria.eus/paperekoa/1857/014/001/2021-04-27/akpk_bultzatutako_konspirazio_bat_da_kobane_auzia.htm
Hasi berri dute HDPko zuzendaritzako 108 kideren aurkako epaiketa. Zergatik alderdi kurduaren aurkako kanpaina horiek?

Kapitalismo basatiak badu lege bat: norbaitekin lan egin ahal izateko, lehenik haren antzekoa izan beharra dago politikoki, baina batez ere moralki. Norbaitek bere lerro politikoaren eta balio moralen arabera jokatu nahi badu, etsai bilakatzen da. AKPk, eta zehazki Erdogan presidenteak, kurduak kontrolpean hartu nahi izan dituzte beti. 2015eko ekainaren 7ko hauteskundeak inflexio puntu bat izan ziren. Kurduak faktore izateari utzita aktore bihurtu izana ez da inoiz AKPren gustukoa izan.

Horregatik jasan duzue azken sei urteotan halako jazarpena?

Bai, gure presidente ohiak Figen Yuksekdag eta Selahattin Demirtas, ehunka diputatu eta HDPko milaka kide atxilo hartu dituzte, edo debekatu egin diete lan egitea. AKPren helburua HDP geldiaraztea zen. Baina, hala ere, HDPk Turkiako herri guztien babesa lortu du. Alderdi kurduari inoiz botorik ez diotela emango diotenak ez dira %30 ere.

Presioek eta erasoek emaitzarik izan ez zutenean, AKPk beste bide batzuk bilatu behar izan zituen. Orduan zabaldu zuen Kobane auzia, baina horrek ere ez dio ezertarako balioko.

Kobane auzia ez da giza eskubideen aurkako epaiketa bat bakarrik: AKPk bultzatutako konspirazio bat da. Eta gu prest gaude aurre egiteko. Ehunka abokatu, giza eskubideen aldeko erakunde eta ordezkarik erne erreparatuko diote epaiketari. Gure asmoa zera da, epaiketa baliatzea HDPren aurkako errepresio politikak salatzeko.

Uste duzu nazioarteko erakundeak euren esku dagoen guztia egiten ari direla HDPren alde?

EB Europako Batasuna bere balioetatik urrunduz joan da denbora luzez. Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren erabakiak bete beharrekoak diren arren, entzungor egiten die. Giza eskubideak baztertu egin dituzte herrialdeen interesen mesedetan. EBren balioak higatzen diren heinean, batasuna ahulduz doa. EBk amore eman dio errefuxiatuen xantaiari.

Hitz egin dezagun Vanen duzuen egoeraz. Nolakoa da, Turkiak ikuskatzaile bat izendatu ondotik?

AKPk zuzendutako gobernua, hain zuzen, bere irudimenean zuen erregimena eraikitzeko lanetan aritu da, eta, aldi berean, erregimen hori betikotzeko irtenbideen bila. Vanen ezarri diren neurriak ez ditugu beste inon ikusi. Eskualde zabal bateko hiriburua da Van, Serhatekoa, eta herri kurduaren erresistentzia eta askatasun gosea islatzen ditu. Hiri bizia da Van, biztanleria gaztea duena. Horregatik, duela sei urtetik hona, larrialdi egoeran dago.

2016ko azaroaren 17an ezarri zuten lehen aldiz larrialdi egoera, alkatea atxilotu ostean, lehen ikuskatzailea izendatu zutenean. Udal gobernuak desegin zituzten, eta modu aske eta legezkoan aukeratutako hautetsiak atxilotu; labur esanda, udalen baliabide ekonomikoak arpilatu zituzten. Lau egun geroago, manifestazio, martxa eta ekintza demokratiko eta baketsu oro debekatu zuten.

1.600 egun baino gehiago egin ditugu debeku horien menpe. Noski, debeku horiek oposizio demokratikoa dute jopunt;, zehazki, kurduen oposizioa. Askatasunari eta herriaren borondateari ezarritako hipoteka da ikuskatzailea, kolpe politiko bat.

Vanen badaude sei espetxe, baina AKP beste bat eraikitzen ari da Ercisen.

Munduko txoko askotan, espetxeetan hasi dira aldaketak: Hegoafrikan gertatu da, Ipar Irlandan eta Latinoamerikan. Presoek 1980ko hamarkadan hasitako erresistentzia kanpainak gaur egun arte iraun du. Egun oraindik bakartzearen, torturaren eta giza eskubideen aurkako erresistentzia gune nagusia dira espetxeak. Baina AKPren gobernua ez da ohartzen horretaz: ez du memoria historikorik, eta horregatik uste du askatasunaren aldeko borroka eten ahal izango duela gu espetxeratuta.

Beti diozu Vanen tortura guztiz eta erabat onartzen dela. Zer esan nahi duzu horrekin?

Tamalez, maiz salatzen ditugu tortura eta giza eskubideen urraketa kasuak gure espetxeetan eta haietatik kanpo. Zigorgabetasuna nagusitu egiten da, eta urraketa horien goi erantzuleek babestuta jarraitzen dute. Gertakari horietatik azkena zera izan da, bi nekazari kurdu torturatu eta helikoptero batetik bota dituztela Çataken. Haietatik batek, Osman Sibanek, oroimena galdu du gertatutakoaren ondorioz; eta bestea, Servet Turgut, hil egin da. Gertatutakoa salatu zuten kazetariei sei hilabeteko espetxealdia ezarri diete.

Azken sei urteotan 20.000 lagun inguru atxilotu dituzte; horietatik 6.000 bat HDPko kideak dira. COVID-19a espetxeetan mehatxu bilakatu den arren, preso politikoak ez zituzten sartu zigorra etxean bete zezaketenen artean. Egun gaixo dauden 1.400 preso daude; horietatik 400 inguru larri daude. Eta 0 eta 6 urte arteko 800 bat haur daude espetxeetan.

Milaka daude gose greban.

Bai, espetxeetako egoeraren eta Abdullah Ocalanen bakartzearen aurka egiten dute protestak. Gizarte oso bat bakartu dute zentsuraren eta zapalkuntzaren bidez. Hori salatzeko, milaka preso politikok 150 egun daramatzate gose greban.]]>
<![CDATA[«Imraliko kartzela zulo beltz bat bihurtu da»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/013/001/2021-03-19/imraliko_kartzela_zulo_beltz_bat_bihurtu_da.htm Fri, 19 Mar 2021 00:00:00 +0100 Orsola Casagrande https://www.berria.eus/paperekoa/1876/013/001/2021-03-19/imraliko_kartzela_zulo_beltz_bat_bihurtu_da.htm .

Noiztik ez duzue harremanik Ocalanekin?

Iazko apirilaren 27tik ez dugu jaso gure bezeroaren, Ocalan jaunaren, berririk. Bere senideekin eta abokatuekin elkartzea galarazita dauka, eta bestelako komunikazio bideetarako aukerarik ere ez dauka: eskutitzak, faxak eta telefono deiak. Beste modu batera esanda, kanpoko munduarekiko konexio oro moztuta dauka.

Haren heriotzaren inguruko zurrumurruak hedatu dira. Zer dakizu horren inguruan?

Martxoaren 14an, haren osasun egoerari buruzko zurrumurruak zabaltzen hasi ziren, eta hil egin zela ere zabaldu zuten. Martxoaren 15ean hura bisitatzeko eskaria egin genuen, eta egunero ari gara horretan saiatzen, baina ez dugu jaso erantzunik. Fiskaltzak ohar bat atera zuen martxoaren 16an, esanez Ocalan jauna osasun egoera onean dagoela, baina ez daukagu hori baieztatzeko modurik.

Zer iritzi duzu fiskaltzaren ohar horren inguruan?

Guk ulertu dugunaren arabera, fiskaltzak adierazpen hori egiteko beharra sentitu zuen, zurrumurruen aurrean izandako berehalako erantzun demokratikoagatik, zeina ez baitzen Turkiara soilik mugatu, eta gaiarekiko dagoen sentsibilitateagatik. Hala ere, zeharkako adierazpen horrek ez gaitu asebete, eta Ocalan jaunarekin elkartzeko dugun eskubidea errespetatzea eskatzen dugu, hark zuzenean informatu gaitzan bere osasun egoeraren inguruan. Koronabirusarekiko zaurgarriena den adin tartekoa da gure bezeroa. Zuzenean harekin hitz egin beharra daukagu, haren baldintzei eta osasun egoerari buruzko informazioa haren eskutik jasotzeko.

Nondik dator halako gorrotoa Ocalanekiko?

XX. mendean heriotza aurreikusi zen herri kurduarentzat, eta genozidioaren mehatxupean zegoen berau zatitzen duten lau estatu nazioetan. Esan daiteke hilobiko isiltasunera kondenatuta zeudela kurduak. Alabaina, Ocalan jaunaren iritsierarekin zentzua hartu zuen errautsetatik berpiztu esamoldeak. Kurduena oinarrizko auzia da Ekialde Hurbilean; odol eta malko itsaso bat izateari utzi, eta Ekialde Hurbileko gatazka konpontzeko gakoa bihurtu da, modernitate demokratikoari eta nazio demokratikoaren irtenbiderako Ocalan jaunak garatutako kontzeptuei esker. Nazioarteko potentziak gogaitzen ditu horrek; batez ere, Ekialde Hurbilean interesak dituzten nazio estatuak.

Arrazoi horrengatik, Ocalan jauna nazioarteko konspirazio baten jopuntuan egon da, eta bakartzea eta torturak jasaten ditu, 1999an Imrali uhartean espetxeratu zutenetik. Alabaina, egoera horrek berak kontrako efektua ere izan du, eta porrotera eraman ditu nazioarteko konspirazioa sortu zutenak. Kurduen erabakimen askea bakartuta eta torturen menpe izan nahi dutela irudikatzen du Ocalanek, eta baita hark planteatzen duen nazio demokratikorako irtenbidea ere.

Zurrumurrua Newroz eguneko [kurduek urte berria ospatzen duten eguna] ospakizunak baino egun gutxi lehenago zabaldu zen. Kasualitatea al da?

Erasoak areagotu egiten dira urteurren garrantzitsuak diren egunetan; Ocalan atzeman zuten egunaren urteurrenean, otsailaren 15ean, eta Newroz egunean, martxoaren 21ean, kasurako. Newroz egunean, kurduek euren berpizkundea ospatzen dute, eta berpizkunde horren arkitektoa Ocalan jauna da. Horregatik, informazio hori Newroz egunaren aurretik zabaltzea askatasun eskariaren aurkako mezu moduan har daiteke.

Zer espero duzu nazioarteko komunitatearengandik eta atzerriko instituzioengandik?

Nazioarteko instituzioen parte da Turkia, konpromisozko hitzarmenak baititu haiekin. Imraliko kartzela ere nazioarteko kontrolaren menpe dago, baina, zoritxarrez, hango egoerari ez ikusiarena egiten zaio, eta zulo beltz bat bihurtu da. Hori garbi ikusten dugu, eta etengabe salatzen dugu. Ez da legezkoa Turkia Imralin egiten ari dena, eta nazioarteko erakundeek ezin dute jarraitu hori onartzen. Guk nazioarteko instituzioei eskatzen dieguna da Turkiari modu irmoan eta argian exijitzeko aplika dezala giza eskubideen hitzarmenetan jasotakoa.]]>
<![CDATA[Herritarren eguneroko gerra]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1943/014/001/2021-03-13/herritarren_eguneroko_gerra.htm Sat, 13 Mar 2021 00:00:00 +0100 Orsola Casagrande https://www.berria.eus/paperekoa/1943/014/001/2021-03-13/herritarren_eguneroko_gerra.htm
Libera siriarra ikaragarri debaluatu da hamar gerra urteotan, eta are gehiago azken bi urteetan. Gerrak denei eragiten die, baina, hala ere, egoera oso desberdina da Baxar al-Assaden gobernuak kontrolatu eta gobernatzen dituen eremuetan, Administrazio Autonomoaren esku daudenetan eta Turkiak okupatutakoetan.

Beritan Kobanen bizi da. Haren hiria, Afrin, Turkiak okupatu zuen 2018ko martxoan, eta horregatik joan zen Kobanera. Haren familiaren parte bat Afrinen bizi da oraindik, eta -teknologiari esker betiere- arrebarekin konektatuko dira laster.

Siriaren Iparraldeko eta Ekialdeko Administrazio Autonomoak edo Rojavak gobernatutako eremuetan bizitza hobexeagoa da beste bi guneetan baino; hori dio Beritanek, fruta eta barazkien denda koloretsu batean sartzen ari dela. Tomateek, esaterako, kiloko 1.000 libera siriar balio dute han (gutxi gorabehera, 0,23 euro). Patatek, 600 libera siriar (0,12 euro inguru). Kilo bat irinek 1.700 libera siriar balio du (0,35 euro). Oinarrizko saski horri kilo bat haragi gehituko dio (13.000 libera siriar, 2,70 euro), eta, noski, kilo bat ogi (poltsa bakoitzak zortzi ogi dakartza, eta 125 libera siriar balio du: ia 0,03 euro). Erosketa hori lau euro baino gutxixeago kostatu zaio Beritani. Hilean 200.000 libera siriar irabazten ditu (42 euro). Beritanek honela dio: «Gu hemen, Administrazio Autonomoak kontrolatutako eremuetan, askoz hobeto gaude beste toki batzuetan baino. Egia da Turkiaren erasoen eta bonbardaketen mehatxupean gaudela beti, baina, hala ere, hiria berreraikitzea lortu dugu». Herri miliziek askatu zuten Kobane, 2015eko urtarrilean, Estatu Islamikoak lau hilabetez hiria setiatua izan eta gero.

Beritanen arreba, Amina, elkarrizketan sartu da, Afringo herrixka txiki batetik. Harentzat arriskutsua da anaiari deitzea, baina harekin komunikatu beharra dauka hamabostean behin: gurasoak Afringo beste herrixka batean dituzte, baita familiako hainbat kide ere, eta Beritanek arrebaren bitartez bakarrik izaten du haien berri.

Beritanen familiak olibadi handiak zituen. Oliba olioagatik zen ezaguna Afrin. Orain, eskualdea okupatzeko Ankararen laguntza izandako mertzenarioek Turkiara esportatzen dute ekoizten den ia olio guztia. Aminak kontatu duenez, Sumar Qandeko mertzenarioek zera inposatu diete Haj Hasna herrikoei (Jinderes iparraldean): haiek esandako olio fabrika batera eramatea oliba guztiak. Herritarrek ez badituzte okupatzaileen «arauak» betetzen, mehatxatu egiten dituzte, eta, batzuetan, bahitu. Honela dio Aminak: «Gure lehengusu bati 12 olio ontzi bakarrik bueltatu dizkiote, eta hark gutxienez 45 espero zituen. Kexatzera joan zenean, mertzenarioek mehatxu egin zioten olibadi guztiak kenduko zizkiotela».

Mertzenarioek kontrolatzen dituzten herrietako «arauaren» arabera, olioaren %15 herria okupatua duten mertzenarioen esku utzi behar da, eta %10, fabrikaren esku. Gainerako %75, teorian, olibadien jabeari bueltatu behar zaio, baina hori ez ia inoiz hala izaten, mertzenarioek lapurtu egiten baitute olio horren parte handi bat ere. Batzuetan, herritarrak bahitzen dituzte, eta beste batzuetan, besterik gabe olioa lapurtzen diete, eta Turkiari saldu.

Aminak bizkor esan digu Afrinen zenbat balio duten Muradek erosi berri dituen produktuek. Kilo bat haragik, 26.000 libera siriar (5,46 euro); kilo bat patatak, 600 libera siriar (0,12 euro); kilo bat tomatek, 1.500 libera siriar (0,31 euro); eta kilo bat irinek, 1.700 libera siriar (0,35 euro). Ogia solte saltzen da; 100 libera siriar (0,02 euro) balio du ogi bakoitzak: «Egiaz, opiltxo bat da, esku ahurra baino handiagoa ez». Erosketa hori bera Afrinen egiteko 6,46 euro behar dira. Eta, noski, Turkiaren okupazioa onartzen dutenek soilik egiten dute lan Afrinen. Gainerakoentzat, mehatxuak eta indarkeria besterik ez dago. Emakumeen inguruan, Aminak hau dio: «Afrinen, infernu batean bizi gara. Bahitu, bortxatu edo Turkiaren soldatapeko mertzenarioek hilko gaituzten beldur beti». Missing Afrin Women Projecten azken datuen arabera, 2018ko martxoan herria inbaditu zutenetik 200 emakume baino gehiago bahitu dituzte.

Aztertuz gero hamar gerra urteek zer ondorio ekonomiko utzi dituzten Siria banatuta dagoen eremuetan, begi bistakoa da Administrazio Autonomoa Konfederalismo Demokratikoaren eta demokrazia erradikalaren eredua ezartzen ari dela, Abdullah Ocalanek teorizatutakoa. Horrez gain, hainbat egitasmo ekonomiko sustatzen ari da biztanleak tartean sartuta eta haiek protagonistatzat hartuta, haien oinarrizko beharrei erantzuteko asmoz. Hain zuzen, hilabete honetan soldatak handitzea eztabaidatzen ari dira. Nolanahi ere, soldatak handiagoak dira han, Al-Assaden gobernuak kontrolatutako eskualdeetan baino. Alepoko Fatmak dioenez, han biztanleak «gorriak ikusten ari dira».

Oinarrizko produktuak garestiagoak dira Administrazio Autonomoaren menpeko guneetan baino, eta soldatak, txikiagoak. Estatuaren menpeko goi mailako langile batek 45.000 libera siriar irabazten ditu (9,5 euro): hori halako lau da ia eskualde autonomoetako oinarrizko soldata. Kilo bat haragik 19.000 libera siriar balio du (3,90 euro), eta 650 gramo ogik, 1.000 libera siriar (0,21 euro).]]>
<![CDATA[«Elkarrizketei esker, konponbide politiko bat adostu ahalko dugu»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1935/015/001/2021-03-13/elkarrizketei_esker_konponbide_politiko_bat_adostu_ahalko_dugu.htm Sat, 13 Mar 2021 00:00:00 +0100 Orsola Casagrande https://www.berria.eus/paperekoa/1935/015/001/2021-03-13/elkarrizketei_esker_konponbide_politiko_bat_adostu_ahalko_dugu.htm
Zer espero duzue 2021 honetarako?

Administrazio Autonomoaren lana mugatuta egon da 2020an, Turkiako Estatuak Siriaren iparraldeko eta ekialdeko zenbait eremu okupatuak dituelako, su-etena urratu delako, eta Errusia eta AEBak isilik egon direlako. Administrazio Autonomoa proiektu demokratiko bat ezartzen ari da. Egitasmo horrek modua ematen dio gizarteari bere burua gobernatzeko, nahiz eta guztiz egoera ezohikoan bizi, eta Siria osorako lehen esperientzia bat da. Turkiak Administrazio Autonomoari eraso zionean, mundu guztiak esan zuen egitasmoak ez zuela bi egun ere iraungo. Aitzitik, argi geratu zenean aurrera segitzen zuela, herria hura defendatzen ari zela, jende asko ohartu zen ez zela ideia huts bat: ikusi zuten gizartea bera ari zela proiektua babesten, eta zenbaitek haren alde egitea erabaki zuten, nazioartean. Zenbait ordezkaritza eskualde hartara joaten ari dira, eta bisita horiek esanahi politiko diplomatikoa dute. Ez dugu esan nahi Administrazio Autonomoari aitortza politikoa egin diotenik: oraindik ez. Baina uste dugu Siriako krisiari konponbide demokratiko bat aurkitzeko ahaleginen bidez azkenean baietz, aitortuko dutela.

Turkia da oraindik ere oztoporik handiena Siriako gatazkari edozein konponbide emateko orduan.

Zalantzarik gabe. Turkiako Estatuak eta haren mertzenarioek krimen asko egiten dituzte oraindik ere Siriaren iparraldeko eta ekialdeko herrien kontra. Aldi berean, Turkiak turkiartzeko jarduerak sustatzen dihardu gaur egun ere, bere dibisa ezarriz eta eremu okupatuetako demografia egitura aldatuz. Afrinen bakarrik [zeina 2018ko martxoan okupatu baitzuten Turkiak eta haren mertzenarioek], 400.000 mertzenario eta haien familiak jarri dira bizitzen; haietako gehienak Idlib eskualdetik, Alepo hego-mendebaldetik eta Ghuta eskualdetik lekualdatu zituzten.

EI Estatu Islamikoaren kontrako borroka ez da amaitu. Eta EIko presoen eta haien familien auzia ere ez da konpondu oraindik.

SDFk [Siriako Indar Demokratikoak, kurduen autodefentsa miliziek gidatuak] operazioak egiten segitu du EIren zelula lokartuen kontra jotzeko, bai 2020. urte osoan eta bai 2021eko lehenbiziko hilabeteotan. Ezinago argi dago Turkiak Sirian darabilen politikak baduela beste helburu bat ere: berriro sendotzea Estatu Islamikoa. EIko dozenaka mila kide eta haien familiak atxilotu zituzten Siria iparraldean eta ekialdean, eta, oraindik ere, arazo bat dira eskualde horrentzat. Nazioarteko komunitateak ez du neurririk hartu EIko kideak epaitzeko. 2014az geroztik, Herriaren Defentsarako Auzitegiek 7.000 siriar epaitu dituzte Estatu Islamikoko kide direlako susmopean. 2020an, 200 haur atzerritar eta 29 emakume entregatu zizkieten sorterriko ordezkariei. Hala ere, 49.000 haur daude oraindik Siriaren ipar-ekialdeko kanpamentuetan.

Hala eta guztiz, elkarrizketa sustatzen ari zarete oraindik ere, baita Siriako oposizio nazionalarekin ere.

Gure ustez, hitz eginez bakarrik lor ditzakegu konponbide bat eta bake egonkor eta iraunkor bat. Elkarrizketari esker, 2021ean konponbide politiko bat adostu ahalko dugu, Turkiako armada inbaditzailea Siriako lurraldetik atera ahal izango dugu, errefuxiatuak eta lekualdatuak euren herrialdera itzuli ahal izango dira, eta kurduen arteko elkarrizketaren segida bermatu ahal izango da.

Konstituzio berriaren inguruko negoziazioei dagokienez, Errusiak, Iranek eta Turkiak Astanako negoziazioetan sortu zuten Batzorde Konstituzionala, eta batzorde horretatik kanpo geratu ziren kurduak eta Siriaren Iparraldeko eta Ekialdeko Administrazioa -bost milioi pertsona ordezkatzen dituzte-. Nazio Batuen Erakundea saiatu arren, argi dago negoziazioek porrot egin dutela. Mandatari bereziak berak aitortu behar izan du, azken bilera sortaren ostean, urtarrilean. Azkenik, askotan esan bezala, argi dago Siriako konstituzio berria siriarren arteko elkarrizketatik sortu behar dela; denek hartu behar dute parte.

Zer espero duzue AEBetako administrazio berriaren aldetik?

AEBen politiken ondorioz luzatu zen krisia, izan zuzeneko esku hartzeen ondorioz edo ezer ez egiteagatik. Gogoan izan behar dugu demokratak boterean zeudela Sirian gerra hasi zenean. [Barack] Obamaren garaian, elkarlanean EIren aurka aritzea adostu zen, eta arlo militarrean gauza asko lortu ziren. Zoritxarrez, arlo politikoan ez zen halako arrakastarik lortu. Itxaropen nagusia zera da, administrazio berriak jarrera sendoa agertzea Siria osoarentzako irtenbide politiko baten alde.

Garbi dago AEBen estrategiak bere interesak lehenesten dituela. Eskualdea egonkor egotea ere estrategia horren parte da. Horregatik, uste dugu litekeena dela Bidenen gidaritzapean AEBek aktiboki parte hartzea Siriako politikan.

Eta Errusiak?

Errusiak indarra dauka Sirian, eta eragin handia. Erakutsi du gauza asko egiteko ahalmena daukala. Errusiak jarrera eraikitzailea erakutsi beharko luke gatazka kurduari irtenbide bat bilatzeko. Orain arte ez du hala jokatu, eta ez ezin zuelako: ez du hala jokatu, hain zuzen, bere interesak hobekiago ordezkatzen zituelako Turkiak. Espero dugu Errusiak jarrera eraikitzailea hartzea irtenbide politiko bat bilatzeko.]]>
<![CDATA[Turkiako Gobernuak unibertsitateetan bere gertuko ikuskatzaile eta errektoreak jarri izanak protestak lehertu ditu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/017/001/2021-02-19/turkiako_gobernuak_unibertsitateetan_bere_gertuko_ikuskatzaile_eta_errektoreak_jarri_izanak_protestak_lehertu_ditu.htm Fri, 19 Feb 2021 00:00:00 +0100 Orsola Casagrande https://www.berria.eus/paperekoa/1877/017/001/2021-02-19/turkiako_gobernuak_unibertsitateetan_bere_gertuko_ikuskatzaile_eta_errektoreak_jarri_izanak_protestak_lehertu_ditu.htm Ez dugu burua makurtuko lelopean, hainbat astez luzatu diren protesten ostean, 560 ikasle atxilotu dituzte. Horietatik 25 etxeko atxiloaldian daude, eta bederatzi espetxeratu egin dituzte, «gorrotoa bultzatzea, Poliziari aurre egitea eta manifestazio legea urratzea» leporatuta.

Nazioartean, berriz, HRW Human Rights Watch erakundea izan da egoera gaitzesten azkena. Mugimenduak Ankarari eskatu zion atzo atxilotutakoak askatzeko eta biltzeko eskubidea errespetatzeko. «Atxiloketa eta Poliziaren indarkeria ez da bakarrik ikasleen aurkakoa. Turkiako Gobernuak mugatu egin du manifestazio eskubidea, harekiko kritiko diren mugimenduak isilarazteko», salatu zuen HRWek.

Agintean dagoen AKP Justizia eta Garapena Alderdiko kide den Buluren izendatzeak eragin dituen manifestazioak ez dira Bogaziciko Unibertsitatera mugatu. Herrialde osoko unibertsitateetako ikasleak protestak egiten ari dira Istanbulgo kideei babesa adierazteko. Bulu errektorearen aukeraketa ez da Erdoganek zuzenean egin duen bakarra: Kurdistango Van eta Mersin unibertsitateetan ere gobernuan dagoen alderdiaren gertuko errektoreak aukeratu dituzte. Praktikan, Erdoganek presidentetza dekretuen bidez zuzentzen du herrialdea: HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko eta modu askean aukeratutako 42 udalerritako alkate eta zinegotziak kargugabetu egin dituzte, eta haien ordez gobernuak izendatutako agintariak jarri. Gainera, udalerri hauetako alkate eta hautetsi kurduetako asko, espetxean daude egun, akusazio faltsuen ondorioz.

Errepresioa

Udaletxeetan esku hartu ondoren, eta erabateko kontrola eskuratzeko, Erdoganen gobernuaren logikari jarraituz, unibertsitateei egokitu zaie orain haren aginduak betetzea. Hautetsiekin gertatu bezala, ikasle eta irakasleen aurkako errepresioa izugarrizkoa izan da: Poliziak gazte eta irakasleei eraso die, ibilgailu blindatuekin eta ur kanoiekin. Atxilotuek salatu dute torturatu egin dituztela, biluzik zeudela miatu, eta indarkeria fiskoa eta psikologikoa erabili dituztela haien aurka.

Poliziak manifestarien aurka indarra erabiltzen dute, eta gobernuko goi kargudunek adierazpen homofobo eta arrazistak egiten dituzte, LGTBI ikasleen aurka, batez ere; ikasle horiei Bogazici Unibertsitatean zuten aretoa itxi zieten.

Fahrettin Altun presidentearen komunikazio arduradunak jakinarazi zuen Twitter kontuaren bitartez LGTBI kolektiboaren aretoa itxi zutela. Barne ministro Suleyman Soyluren esanetan, berriz, «erlijioa iraindu zuten lau galdu» atxilotu zituzten Bogazici Unibertsitatean. Erdoganek ukatu egin zuen LGTBI kolektiboa egon bazenik ere: «Herrialde honek moral bat du, eta bere etorkizuna balio horien defentsan dago».

Adierazpen horietan islatzen den gorrotoa kontuan harturik, Europako Batasuneko Atzerri Politika eta Segurtasunerako eledun nagusi den Peter Stanok esan du «onartezina» dela Turkiako Gobernuko goi karguak LGTBI ikasleen aurka «bultzatzen ari diren gorrotoa», Bogaziciko protestekin lotuta.

Sare sozialetan argazki ugari zabaldu dituzte, baina agian AKPko gobernuaren etengabeko indarkeria eta gehiegikeriak hobekien islatzen dituztenak ez dira kolpeen irudiak, baizik eta unibertsitateko ateak eskuburdinekin itxita edo irakasleak errektorearen bulegoei bizkarra ematen erakusten dituztenak.

Azze Deniz Aksar eta Hivda Selen dira etxeko atxiloaldian dauden ikasleetako bi. Aksarrek BERRIAri azaldu dionez, unibertsitateko hegoaldeko campusera joan ziren protestak babesteko asmoz, baina Poliziak ez zien sartzen utzi. «Poliziak eskuburdinak erabili zituen sarrera-irteerak ixteko. Zauritu egin ninduten, eta urtarrilaren 5ean atxilotu ninduten beste ikaskide batzuekin batera. Protestetan parte hartzea leporatzen ziguten. Gure aurka egiteko baliatzen dituzte sare sozialak eta telebista, eta terroristak garela esaten dute».

Aksarrek nabarmendu du erresistentzia dagoeneko ez dela soilik Bogazicikoa, unibertsitate guztiena baizik. «Estatuak eta Poliziak indarkeria erabiltzen dute. HDPk kudeatutako udalerriekin egin duten gauza bera egin nahi dute unibertsitateekin ere. Gobernuak izendatutako ikuskatzailek aurki daitezke edonon». Azaldu du gobernuak «terroristatzat» jotzen dituela ez bakarrik ikuskatzaileei aurre egiten dietenak, baita dekretuz kaleratutako langileak eta sindikatuetan izen eman dutenak ere: «Langileek, emakumeek, herri kurduak eta haien eskari nazionalek ere indarkeriari egin behar diote aurre. Zapaldu guztiek jasan behar dute gobernuaren ankerkeria».

Selenek kontatzen duenez, atxilotua egon zen bitartean lagun bat «modu krudelean» jipoitu egin zuten bere sexu organoetan. «Zauriak eragin zizkioten. Jendea torturatu egin zuten polizia etxeetan. Ezarri dizkiguten etxeko atxiloaldiekin, manifestazioen bultzatzaile nagusiak protestetatik urrun mantendu nahi dituzte. Geldiarazi egin nahi gaituzte, baina ez dute lortuko».]]>
<![CDATA[Sarraski baten biharamuna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1924/002/001/2021-02-12/sarraski_baten_biharamuna.htm Fri, 12 Feb 2021 00:00:00 +0100 Orsola Casagrande https://www.berria.eus/paperekoa/1924/002/001/2021-02-12/sarraski_baten_biharamuna.htm
Kurdistango Alderdi Demokratikoko buru Masud Barzaniren tropa pexmergak erretiratu zirenean, 250.000 yazidik baino gehiagok —emakumeak, umeak eta zaharrak gehienak— ihes egin zuten Xengal inguratzen duten mendietara. Azkenean, Siriako gizon-emakume kurduen herri milizia (YPG) eta PKK (Kurdistango Langileen Alderdia) joan ziren hara, ihesean zihoazen yazidientzako pasabide humanitario bat zabaldu eta milaka pertsona salbatzeko.

Ia hutsik geratu zen Xengal: nazioarteko erakunde humanitarioen eta yazidien beren iturrien arabera, gutxienez 5.000 gizon sarraskitu zituen EIk abuztuaren 3ko erasoan. Kotxo herriko biztanle guzti-guztiak, 1.170 pertsona, hil edo bahitu egin zituzten 2014ko abuztuaren 14an eta 15ean. Haietatik 310ek 10 urte baino gutxiago zituzten, eta 558k, 20 baino gutxiago. Bizirik irten ziren emakumeak eta neskatilak saldu egin zituzten sexu esklabo gisa; oso emakume eta neska gutxik lortu dute askatuak izan edo ihes egitea.

Kalkulu batzuen arabera, 12.000 lagun bahitu zituzten, eta haietatik 6.800 baino gehiago, emakumeak eta umeak batez ere, sexu esklabo bihurtu zituzten; jo, eta tratu txar fisiko eta psikologikoak eman zizkieten.

Askok Rojavan aurkitu zuten babeslekua (Siria iparraldea eta ekialdea); gehienek, ordea, Irakeko Kurdistango Gobernuaren iheslari esparruetara joan behar izan zuten, Duhokera batez ere.

Gutxienez 3.200 emakume eta haur oraindik ere jihadisten esku daude, Sirian gehienak, Siriako Indar Demokratikoen ahaleginak eta lorpenak gorabehera. Kurduak dira indar horien buru, eta ehunka emakume eta haur libre uztea lortu dute, Siriako iparraldean eta ekialdean 2020ko martxoan artean ere EIk okupatuta zeuden zenbait eremu askatuta.

Sei urte igaro dira, eta oraindik hobi komunak aurkitzen dituzte tartean behin, EIk hildako yazidi ugari lurperatuta dauden hobiak; 35 aurkitu dituzte dagoeneko, baina kalkulatua dute 80 baino gehiago izango direla segur aski.

Xengalera, orain arte, 26.000 pertsona inguru itzuli ahal izan dira, 966 familia inguru, Xengalgo Administrazio Autonomo Demokratikoko Kontseilu Betearazleko kopresidente Riham Hiçok BERRIAri jakinarazi dionez. 200.000 pertsona, berriz, desplazatuta daude oraindik, Iraken mendeko Kurdistango esparruetan gehienak.

Berreraikitze lanak

Zailtasunak zailtasun, itzuliak diren yazidiak bizimodua berregiten hasi dira, autogobernu egitura batzuk sortuz, eskualdeko azpiegitura publikoak berreraikiz %80 suntsituta geratu ziren, baita etxe batzuk berreraikiz ere %70 geratu ziren suntsituta. EIren mertzenarioek izugarrizko kalteak egin dizkiete, halaber, eskualdeko leku historikoei eta kultuguneei.

«Pexmergek gu abandonatu eta YPGk eta PKK-k erreskatatu ondoren, ikasi eta erabaki dugu nork bere burua defendatu behar duela, eta, ondorioz, ezinbestekoa dela guk geuk gobernatzea geure burua. Beraz, batetik, Sinjarko Administrazio Autonomo Demokratikoaren Kontseilua (MXDS) sortu dugu, eta, bestetik, autodefentsako herri unitateak osatu eta entrenatu ditugu: YBS (Xengalgo defentsa unitateak), YJS (Xengalgo emakumeen unitateak) eta Ezidxan Asayis barne segurtasun indarrak», esan du Hiçok, egunean elektrizitatea eta Internet duten tarte bakanetako batean egindako elkarrizketa batean.

Hala ere, orain egitura horiek mehatxatuta daude, Bagdadeko gobernu zentralaren eta Kurdistango eskualdekoaren artean 2020ko urriaren 9an sinatutako akordio baten ondorioz; akordio horren arabera, Polizia federala, segurtasun nazionaleko agentziak eta agentzia sekretuak bakarrik arduratu ahal izango dira eskualdeko segurtasunaz. «Beste erakunde armatu guztiek Xengaldik irten behar dute», dio akordioak.

Riham Hiçoren arabera, hitzarmen hori «2014ko abuztuaren 3ko sarraskiaren» segida da, eta hauxe gogorarazi du: «PDK eta Irakeko armada Xengalen egon ziren abuztuaren 3a baino bi egun lehenago. Baina Estatu Islamikoa iritsi zenean, biek ihes egin zuten, eta yazidiak babesik gabe utzi zituzten, genozidioaren mende. Irakeko Gobernuak krimen bat egin zuen Xengaldik erretiratzean. PDK-k ez zuen krimen bat egin bakarrik: traizio bat ere egin zuen. Horregatik ez dugu onartzen haiek erabakitzea Xengalen etorkizuna».

Hiçok nazioarteko potentziek akordio horretan egindakoa kritikatu du, eta nabarmendu du «akordio hau AEBek eta NBEk gainbegiratuta» egin zela: «Gure ustez, indar horiek konspirazio horren konplize dira, eta baztertu egin nahi dituzte Xengalgo biztanleak eta gure eskualdearen etorkizunari buruzko erabakiak hartzen dituzten egiturak, libreki aukeratuak. Gainera, hitzarmen hori ez da eztabaidatu herritarrekin, eta, beraz, ez da onartua izan». Presidentekideak gogora ekarri ditu PDKren 2017ko martxoko erasoak, hiriaren kontrola hartzeko PDKren ahalegina, eta 2020an turkiarrek eskualdean egindako aireko erasoak. «PKK kanporatzeko aitzakian, Turkia Xengali erasotzen ari zaio oraindik ere, eta PDK-k eta gobernu zentralak isilik jarraitzen dute», esan du Hiçok.]]>
<![CDATA[«Turkiak erakutsi du beretzat bizitza hutsala dela»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/015/001/2021-01-07/turkiak_erakutsi_du_beretzat_bizitza_hutsala_dela.htm Thu, 07 Jan 2021 00:00:00 +0100 Orsola Casagrande https://www.berria.eus/paperekoa/1872/015/001/2021-01-07/turkiak_erakutsi_du_beretzat_bizitza_hutsala_dela.htm
Diputatu kargua utzi zenuen Amedeko alkatetzara aurkezteko. Zerk bultzatu zintuen konpromiso hori hartzera?

Nola-halako babesa zuen parlamentari kargua utzi nuen, alkate ardurak hartzeko, eta horrek ekarri nau hona. Nire hautua pertsonengandik gertuago egotea izan da, urteetan zehar beste modu batera zerbitzatu ditudan horiengandik gertuago, udal demokraziaren giltzarria zer den gertutik ezagutu ahal izateko. Bestalde, ekarpena egin nahi nion, bere lanarekin, balioekin eta baliabideekin komunitate gisa geroa eraikitzeko parte hartzea bultzatzen eta mekanismo demokratikoak sortzen jakin duen herri baten etorkizun komunari. Amedeko Hiri Barrutian diputatu eta alkate gisa aritu naiz, hori zelako herriaren borondatea.

Badirudi hiriak esanahi berezia duela zuretzat.

Urteetan nire balioak izan direnen giltzarri gisa amestu izan dut beti Amed: demokrazia, askatasuna eta eskubideak baliatzea, justizia, desberdintasunak orekatzea, gizartearen ongizatea, itxaropena eta konfiantza sendotzea; hau da, bakea nagusi den testuinguru bat. Amets hori, beste askotan bezala, herri lanarekin aberasten den errealitate eta egia baten lagunik gertukoena da.

Diyarbakir hiriak duintasun eta borrokaz beteriko historia bat du. Historia hiri honetan hasten da, eta haren borrokak eta erresistentziak ematen diote jarraipena. Pazientzia zaintzen jakin duten pertsonek osatzen dute hiri hau; hiri horretako ikaslea naiz, jende horrekiko zorretan nago, eta uste dut haiekiko erantzukizun bat dudala. Norbanakook bizi itxaropen mugatua dugu, baina balioak eta pertsonek defendatzen dutena betirako da; horregatik, Amed ez da hiltzen.

Zure konpromisoak eta hauteskundeetako garaipen zabalak espetxera ekarri zaituzte. Zer ondorio ateratzen duzu egoera honetatik?

Espetxeak beti izan dira iraultzaile demokratikoen bigarren etxebizitza jazarpen garaietan. Euren ordezkaritza demokratikoagatik borrokatzen diren kurduez eta bizitzaz zuzenbide ikuspuntutik hitz egiten denean, mehatxurako, beldurtzeko eta xantaiarako tresna dira espetxeak, baina baita bigarren aukera bat ere. Turkiako kartzelak, munduko txoko guztietakoak bezala, bertuteak eta hutsuneak azaleratzen dituzten tokiak dira.

Nola egiten diozu aurre zure espetxealdiari?

Espetxea ezeztatzen saiatzen ari naiz, zeina nire bizi eremutik 700 kilometrora dagoen bakartze eta zigor gune bat bihurtu nahi duten. Askatasunari diodan maitasuna eta egoera honen azterketa dira nire indarra. Sozialisten historia politikoan asko dira espetxeak sormen gune bihurtu dituzten matxinoak, fisikoki itxita mantentzen gaituzten hormak gaindituz, eta [Nelson] Mandela edo [Antonio] Gramscirengan pentsatzen ari naiz.

Espetxean zarela piztu dira pandemia eta presoen gose grebak.

Koronabirusaren prozesuan zehar botere politikoaren jarreraren lekuko izaten ari gara. Beste kasu askotan bezala, hark mendekua jarri du bizitzaren babesaren eta giza osasunaren aurretik. Tarte honetan oso presente egon dira gose greben bitartez epaiketa bidezko bat eskatzen zutenen aldarrikapenak, baita atxilotze baldintzak bizitzarako desegokiak zirela zioten txostenak ere.

Heriotzak jasan ditugu; esaterako, Ebru Timtik abokatuarena, 238 egun gose greban egin baitzituen bidezko epaiketa bat eskatuz. Bere justizia eskaerarekin hilezkor bihurtu da Ebru, eta Turkiak erakutsi du bizitza hutsala dela berarentzat.

Zer iritzi duzu Turkiaren giza eskubideen urraketen eta Ekialde Hurbilean duen rol ilunaren aurrean EB Europako Batasunak agertu duen jarreraren inguruan?

EBn erabakiak hartzen dituztenek beti lehenetsi dituzte beren interesak eta estrategiak. Hori iradokitzen dute Parlamentuak hartzen dituen erabakien eta batzordeek hartzen dituztenen arteko aldeak. Erdoganen politikek ez dituzte kontuan hartzen orekak eta sentsibilitateak, eta, beharrezkoa bada, bahitu egiten du barne oposizio demokratikoa, EBri etengabe erronka botatzeko bere apustuan.

Joko honetan, Turkiaren geopolitika eta geoestrategia material sukoiarekin daude eginak; bakearen ardatza izatetik gerraren ardatz izatera igaro da eta gatazkak pizteko gaitasuna sustatzen dute. EB ez da gai izan jarrera eraginkorrak adosteko migrazioei eta muturreko jihadistei aurre egiteko, eta bere burua balio unibertsalen defendatzailetzat duen arren, bere interesen eta antsietateen arabera jokatzen du. Beti bezala herri zapalduek ordaintzen dituzte borroka eta gatazkak.]]>
<![CDATA[SETIOA APURTZEN DUEN FIKZIOA]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1945/034/001/2020-11-01/setioa_apurtzen_duen_fikzioa.htm Sun, 01 Nov 2020 00:00:00 +0100 Orsola Casagrande https://www.berria.eus/paperekoa/1945/034/001/2020-11-01/setioa_apurtzen_duen_fikzioa.htm Ji Bo Azadiye (Askatasunaren alde). Harekin aurrez aurre hitz egin du BERRIAk, eta, telefonoz aritu da Ersin Çelik zuzendariarekin, hala komunari buruz nola Euskal Herrian —igandean Bilbon eta astelehenean Donostian— aurkeztuko duten filmaz.

2015ean Diyarbakir hiriko —Amed kurdueraz— Sur izeneko auzo historikoari egindako setioa eta gazte talde baten erresistentzia kontatzen ditu filmak. «2015-2016ko negua zaila izan zen kurduentzat», azaldu du zuzendariak. «2015eko ekainaren 7ko hauteskundeetan HDP alderdiak arrakasta handia izan zuen, hain justu, kurduen aferaren irtenbidea bide demokratikoetatik hel ote zitekeen eztabaidagai zenean. Baina goitik behera aldatu zen dena. Uztailaren 20an, Suruç sarraskitu zuten; 22an, armak salerosteko hitzarmena sinatu zuten AEBek eta Turkiak, HDPko kideak masiboki atxilotu zituzten, eta operazio militar gogorrak izan ziren Kurdistanen».

Çelikek gogoratzen duenez, Turkiako inteligentzia zerbitzuen (MIT) dokumentu batzuk ere filtratu ziren sasoi hartan, eta 2014an prestatutako Suntsipen plana izeneko asmoaren berri ematen zuen haietako batek, une berean, Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdiko buruarekin negoziazioak martxan ziren bitartean. «Negu hartan, [Turkiako] gobernuak hainbat hiri setiatu zituen, baina jendea altxatu egin zen, eta argi utzi zuten eutsi egingo zutela».

Kazetari lanetan zebilen orduan Çelik, eta oso gogoan ditu setiatutako hiri haietan bildutako lekukotzak, hala Cizren nola Sur-en. Eta erresistentziako kideen egunerokoen irakurketatik jaio da filma. «Çiyager izeneko Sur-eko komandanteak erresistentzia kontatzeko esan zien irtetea lortzen zuten guztiei. YPS herri defentsarako unitate zibiletako kide batzuek setioari izkin egitea lortu zuten, eta luze hitz egin ahal izan genuen haiekin. Estatuak Sur suntsitu nahi zuen, milaka urteko iragana duen auzo hori ezabatu nahi zuen, eta ia lortu zuten».

Zinemagileak dioenez, funtsean, bi galdera izan zituzten buruan filmaren gidoia idazteko. «Zer indarrek bultzatu zituen 50-60 gazte haiek, gehienak eskutan sekula arma bat hartu gabeak, indar militar entrenatu hari aurre egitera? Hori da lehena, eta bigarren galdera hau izan zen: zer gertatu zen kanpoan? Zergatik hainbesteko gorrotoa? Noski, oso zaila da galdera horien erantzuna ulertzea Surren gertatutakoari soilik erreparatuta, eta kurduen azken mende osoko historia aztertu beharko litzateke».

Gidoia idaztea ez zela erraza izan esan du zuzendariak, eta kolektiboki lantzeak lagundu egin ziela. Diyar Hesso Rojavako Zinema Komunako kideak gehitu dio azalpena: «Sur setiatua zuten bitartean, mundua isilik gelditu zen begira. Eta, beraz, gure filma isiltasun horren aurkako kritika bat ere bada».

Harribitxi tekniko bat da pelikula. Kobanen filmatu zuten: munduak beldur egoera amaigabe batean bizitzeari amore emana ziola zirudien sasoian Estatu Islamikoa garaitzen jakin zuen hirian. Kobaneko herritarrek autodefentsa miliziatan antolatuta egin zuten borroka, Ocalanek aldarrikatutako elkarbizitza ereduak bultzatuta, eta, bizitzaren antolaketari buruz erabaki ahal izateko eskubideak dakarren askatasunaren alde. «Kobanen filmatzeak esanahi eta arrazoi asko zituen», azaldu du Çelikek. «Kobaneren eta Surren historiak antzekoak dira. Kobanen garaitutako indarrek eraso nahi zioten Surri. Helburu bera zuten, bizitza eredu bat suntsitu nahi zuten. Eta jende berak eutsi zuen bietan: kontzientzia, borondate eta asmo sendo bera zuten».

Gogoeta intimoago bat ere egin du zuzendariak. «Espazioak eragina du norbanakoen formakuntzan, hala bizitza errealean nola zineman, eta jendeak ere antzeko eragina du espazioetan. Surren borrokatu zirenek esanahi berri bat eta bestelako espiritu bat eman zieten harriei. Kobaneko hiriak, haren kaleek, hango etxe suntsituek eta hango erresistentziaren arrastoek espiritu bera dute. Giro eta nortasun hori presente izan zen filmaketan. Asko lagundu zituen horrek aktoreak beren rolean sartzen».

Gerlariak aktore

Beren buruarena egiten dute aktore horietako batzuek. Haietako askok Surreko erresistentzian parte hartu zuten, eta bizirik atera ziren. Eta «antzezpen» hori da pelikularen lorpen nagusietako bat. Çelik: «Beti da zaila aktore ez-profesionalekin lan egitea, baina askoz ere zailagoa izango zen aktore profesionalekin lan egitea. Surreko erresistentzian parte hartu zuten bi milizianok beren burua interpretatzen dute pelikulan, eta gainontzeko aktoreetako gehienak ere gazteak dira, eta Estatu Islamikoaren aurkako gerran parte hartutakoak edo gerran hazitakoak».

Bada Askatasunaren alde-ren arrakasta ikusi ezingo duen aktore bat. Van-ekoa zen Rubar Servan (Cihan Sever). Kurdistango lekurik hotzenetako bat da Van, eta helburu eta sentimendu batek eraman zuten bere herrialdeko gunerik hotz eta menditsuenetik eskualderik bero eta erdi desertikora. 2014ko eta 2015eko Estatu Islamikoaren erasoen aurkako erresistentziarekin bat egiteko heldu zen Kobanera, eta han hartu zuen parte EIren aurkako gerran. Zuzendariak gogoratu du noiz ezagutu zuten elkar. «Jadanik EIren kontra borrokatutakoa zen Rojavan eta Siria iparraldeko beste hainbat lekutan, eta maiz zauritu zuten. 2017an elkartu ginen Kobanen, filmatzeko prestaketa lanak martxan zirela».

Zuzendariak hasieratik jakin zuen berak jokatuko zuela filmeko Çiyager komandantearen rola, antzezpenik sekula egin gabea izan arren. Lanak bukatu, eta 2018an agurtu zuen, azkenekoz. «Abuztuan ikusi genuen elkar azkenekoz. Pelikularen lehen bertsioetako bat jarri nion. Gero ez nuen haren berririk izan, harik eta 2019ko urriaren 25ean martiri erori zela jakin genuen arte. Kurdistan hegoaldean, Heftaningo borrokaldietan galdu zuen bizitza». Oraindik ere bizirik diraute borrokaldi horiek.]]>
<![CDATA[«Azerbaijanek irabazten ez badu, Alievek joan egin beharko du»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1960/003/001/2020-10-06/azerbaijanek_irabazten_ez_badu_alievek_joan_egin_beharko_du.htm Tue, 06 Oct 2020 00:00:00 +0200 Orsola Casagrande https://www.berria.eus/paperekoa/1960/003/001/2020-10-06/azerbaijanek_irabazten_ez_badu_alievek_joan_egin_beharko_du.htm
«Liskar handiak» aipatzen dituzte komunikabideetan, baina ez dute gerraz hitz egiten. Nola deskribatuko zenuke zuk egoera?

Benetako gerra bat da hura, ez dira liskarrak. Artilleria astuna erabiltzen dute, dozenaka gerra ibilgailu, droneak, eta hildako asko daude. Taktikoki, armeniarrak kontu handiz ibiltzen dira, eta ez dituzte soldaduak arriskuan jartzen; hitz egiten ari garen unean, dagoeneko 85 soldadu hil direla jakinarazia dute. Asko dira. Nire informazioaren arabera, Azerbaijango gazteak ez dira boluntario aurkezten, eta [Azerbaijango presidente Ilham] Aliev herrialdeko gutxiengoetako kideak errekrutatzen ari da, batez ere talyshiak, jatorriz Irangoa den komunitate bateko kideak.

Zer arrazoi ditu Azerbaijango Gobernuak Armeniaren aurkako gerra bat hasteko?

Badira hilabete batzuk Azerbaijan operazio militar bat hasten ahalegindu zela, emaitza ez oso onekin; orduan ez zuen Karabakh Garaiaren aurka jo, zuzenean Armeniaren mugen aurka baizik. Azerbaijanek bat egiten du [Turkiako presidente Recep Tayyip] Erdoganekin. Azerbaijango presidente Ilham Aliev 2003tik dago agintean, eta, beraz, gerra hau garrantzitsua da, bere helburua delako agintaldiaren amaieran dauden bi diktadoreri boterean eustea; horretarako, herrialde txiki bati erasotzen diote, eskualde hartan benetako askatasunaren eta herri demokraziaren bidea aukeratu duena, eta Errusiarekiko adiskidantza sendotu duena, baina bere independentzian oinarritutako hitzarmen argiekin.

Zergatik esku hartu du Turkiak gatazka honetan horren modu argian?

Erdogan hobeto ulertzeko, zer zailtasun dituen aztertu behar dugu, atzerri politikan izan ditzakeen interesez gain. Uste dut bere erabakiaren arrazoi nagusia dela agintean jarraitzeko zailtasunak dituela; esaterako MHP eskuin muturreko alderdiko presidente Devlet Bahceliren osasun egoera, hiltzen ari baita eta ez baitu ordezkorik. Hura hiltzea kolpe gogorra izango da Erdoganentzat. Inkesta guztien arabera, bihar bozak egingo balira, Erdoganek ez luke agintzeko behar duen gehiengoa lortuko, eta, beraz, harentzat oinarrizkoa zen izaera nazionalistako operazio bat abian jartzea, eta hortik dator haren hitzaldia, «nazio bat, bi gobernu», Azerbaijani erreferentzia eginez, armeniarren esku galdutako lurrak berreskuratzen laguntza behar duen anaia gaztea balitz bezala. Diskurtso horrek indarra du oraindik Turkian.

Horretarako, parlamentuaren gehiengoaren babesa duela dirudi.

Hala da; horri dagokionez, joan den astean parlamentuko ia talde guztiek onartu zuten mozioa; soilik HDP [Kurdistango Herriaren Alderdi Demokratikoa] geratu zen kanpoan. Interesgarria da CHP [Herriaren Alderdi Errepublikanoa] oposizio kemalistak ere gerra bultzatzea. Sintomatikoa da Erdoganek nazionalismorik zakarrenaren irudi nagusiaren diskurtsoa aukeratu izana, Kemal Ataturkena, zeina Batasuna eta Aurrerabidea alderdiaren oinordeko den, eta erantzukizuna izan zuen Armeniako genozidioan. Erdoganek beti gorroto izan du Ataturk, baina oraintxe bertan nazionalismo horren beharra du.

Erdoganen jarrerak arrazoi geoestrategikoak ere baditu.

Bai. Erdogan ohartzen da laster esku hartze gehiago izango direla Kaukasoko eskualde osoan; buruan dauzkadanetako bat da Txinak zetaren bide berria egiteko ezarri duen 120.000 milioi dolarreko funtsa. Iranen ere inbertsio handiak egitea dakar horrek, azpiegituretan eta ipar-ekialderako errepide eta trenbideetan. Armenia eta Kaukasoko adituentzat, Iran eta Kaukasotik igaro eta Itsaso Beltza zeharkatuz zuzenean Europara heltzen den merkataritza bide berri bat zabaltzea da hori. Aukera horrekin, Txinak Turkiaren eta Errusiaren eragina murriztuko luke. Erdoganek pentsatzen du testuinguru horretan bere eragina bermatu behar duela, irabaziak banatzeko negoziazio mahai bat osatuko balitz han egon ahal izateko.

Errusia ere hor dago. Zer aukera eta interes ditu?

Errusiak irabazteko aukera guztiak ditu egoera honetan. Armeniaren ahalmen militarraren berri badu, eta Alieven eta Erdoganen aukerak murrizteko ahaleginetan ari da. Azerbaijanek lortzen ez badu Karabakh Garaiko zati txiki bat ere bereganatzea, argi dago Alievek joan egin beharko duela, eta Erdoganentzat, zeinak nazionalismo panturkiarra piztu duen, hondamena izango da. Errusia zain dago, eta uste dut marra gorri bat jarriko duela egoerak okerrera egiten badu, su-eten baten edo bake prozesu baten aitzakian. Baina, edozein kasutan, Errusia buru-belarri sar daiteke gatazkan, hori komeni bazaio.

Zer iritzi duzu EBren jarreraz?

Europako Batasuna, beti bezala, urrun dago. Zerbait esan duen herrialde bakarra izan da Frantzia, [presidente Emmanuel] Macronekin. Egoera hauetan ez dago Europarik; ez dute jarrera bateraturik gatazka hauetan.

Nola uste duzu amaituko dela gatazka armatu hau?

Uste dut Armeniak gerra hau galtzen badu aurreko etapa politikora itzuliko dela, Errusiarekiko menpekotasuna handia izatera. Zaila da jakitea nola amaituko den egungo egoera, baina argi dago armeniarrek ez dutela euren lurraldearen metro bakar bat ere utziko.]]>
<![CDATA[Birusak azaleratu dituen zuloak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1931/014/001/2020-05-26/birusak_azaleratu_dituen_zuloak.htm Tue, 26 May 2020 00:00:00 +0200 Orsola Casagrande https://www.berria.eus/paperekoa/1931/014/001/2020-05-26/birusak_azaleratu_dituen_zuloak.htm
Asteburuak arriskutsutzat hartzen dira, badirudielako jendeak ez diela uko egin nahi «betiko ohiturei», batez ere aperitiboarena iparraldeko hiri askotan. Horregatik, Bergamoko alkatea -ziurrenik, Milanekin batera, hildako gehien izan dituen hiria- sare sozial eta telebista kate guztietan azaldu da etsita, larunbatean zabaldutako irudien ostean, non milaka pertsona agertzen ziren lasai ederrean, segurtasun tarteak ahaztuta.

Giuseppe Conteren gobernu ahula kolokan dago, eskuineko alderdien eta Cofindustriaren, Enpresarien Batasunaren, erasopean. Horiek leporatzen diote fabrika eta enpresa asko zabaldu ez izana. INAIL Lan Istripuen Aseguruen Institutu Nazionalaren datuek badiote ere maiatzaren 15era arte 43.000 kutsatze egon direla lantokietan. 171 izan dira hildakoak; erdiak, osasun arloan.

Luciak (gezurrezko izena da) Lombardian egiten du lan, zehazki, Brescia hiriko erietxe batean. «Otsailaren amaieratik gaur arte, dena aldatu da lanean. Garapena azkarra izan da, ez delako benetako egitasmorik egon pandemiari aurre egiteko. Ez da inoiz eremu gorririk ezarri infekzioari eutsi eta hura orekatzeko, alkate batzuek egin duten moduan. Egoeraren larria gero eta argiago ikusi da, eta, beraz, larrialdiek eta zaintza bereziek berehala egin dute gainezka, baita ohiko alorrek ere, ospitaleratze edo bakartzearen zain zeuden gaixo sintomadunen ondorioz».

Luciak nabarmendu du zaintza berezietan operadoreak eta arnasa hartzeko makinak lehendik ere gutxi zirela: «Larrialdi berriaren aurretik osasun publikoan egindako murrizketen ondorioz».

Zer aldatu da bi hilabete eta erdian? «Batez ere, bi alorretan aldatu da egoera: lanaren antolaketa eta larrialdiari lotutako ezjakintasuna. Baina nire tokitik ikusten ditut orobat egunerokoan izan diren aldaketak; Izan ere, bihotzeko arazoak, minbizia, gaitz kronikoak, traumak edo ebakuntza beharra duten gaixoek oraindik laguntza behar dute. Dialisia, errehabilitazioa edo bizitzak albatzen dituzten tratamenduak ezin dira eten».

Kritikarik gogorrena gobernuarentzat da, zeina enpresarien xantaiaren biktima bilakatu den. «Produkzioa -oinarrizkoak ez diren salgaietan ere- ez da inoiz eten Brescia eta Bergamoko inguruetan. Cofindustriaren aginduen eta gobernuaren gaineko presioen ondorioz, langileek fabrikara joaten jarraitu dute, eta lan egiten duten bitartean banatuta dauden arren, gero elkartu egiten dira aldagela edo jangeletan: agi denez, pertsona hauek infekzioa zabaltzeko tresna bilakatzen dira».

Mina ere modu erabat gizagabean bizi izan dute askok itxialdian. Hala azaltzen du Loredanak, zeinak Venetoko erietxe batean egiten duen lan. «Maiz birusa harrapatu zutenen egoerak bat-batean egin zuen okerrera eta berandu eraman zituzten erietxera. Agurtu egiten ditugu, eta ez dakigu pertsona hori gehiago ikusiko ote dugun. Kasu askotan, hilkutxa batean itzultzen da, eta hura kilometrotara dagoen toki batera eramaten dute, eta jende askok egunak eta hilabeteak itxaron behar ditu erraustea egin ahal izateko, eta negar egin ahal izateko».

Marinak Milanen egiten du lan, adikzioak dituzten pertsonentzako arreta zentro batean. «Adikzioen inguruko zerbitzua 2016an Lombardian egindako azken osasun errefoma eta gero, erietxeko zerbitzu bilakatu da. Itxialdian oinarrizko jo gintuzten, eta, beraz, inoiz ez genuen itxi. Egia esan, gauza asko aldatu dira, ohiko ekintza asko bertan behera geratu direlako. Gaur arte, metadona banaketa bermatu da, eta hura epe luzeetarako eskaintzen da, baina bertan behera geratu dira taldeko terapiak, eta talde bilerak».

Loredanak dio arazo nagusia dela zuzendaritzak ez dizkiela jarraibideak ematen, eta horren ondorioz nahasmena, ezjakintasuna eta paranoia zabaldu direla.

Arrisku toki batean lan egitearen kontzientziak, eta lankideetako asko kutsatuta zeudela edo kasu susmagarriak zirela jakiteak ezinegona eta tentsioa eragin du. Eta ospitaleko administrazioak ez du laguntzen, bere erantzukizunak operadoreen gain utzi dituelako, eta prozedurak behar bezala ez jarraitzea egotzi dielako.

Datu batek ondo azaltzen du egoera, dio Loredanak: «Orain, bi hilabete eta gero, egin dizkiete proba serologikoak eta hisotopoenak osasun langileei».

Hiriburuan, Erroman, ez dute Milanen edo Bergamon adina sufritu, baina zalantza berdinak dituzte etorkizunari buruz, batez ere itxialditik irteteko lehen urratsen ostean. Buruko arazoak eta ezintasun larriak dituzten pertsonekin lan egiten duen kooperatiba sozial batean aritzen da Marco. Familia askorentzat kooperatiba horiek dira gainontzean bakarrik geratuko liratekeen pertsona hauek zaintzeko laguntza bakarra.

«Itxialdiaren ondorioz familia askok bertan behera utzi behar izan zuten zerbitzua, eta zaintzen ditugun pertsonekiko harremana ez galtzeko bestelako arreta mota bat asmatu dugu, adibidez, oinarrizko zerbitzuak lortzeko prozeduretan lagunduz, besteak beste, janaria erosten edota fakturak ordaintzen».

Marcoren esanetan, langile askok jarraitu egin dute etxeetan lan egiten, ezindu askoren kasuan ezinezkoa delako segurtasun tarteari eustea, dituzten arazoengatik. Kooperatibetan ere arazoak izan dituzte oinarrizko ekipamenduak lortzeko, besteak beste, maskarak eta xaboiak: «Gutako askok maskarak egin behar izan ditugu lanean jarraitu ahal izateko, babes ekipamenduak ez zirelako iritsi martxo amaierara arte».

Etorkizun hurbilari buruz Marcok argi du: «Koronabirusak argitara atera ditu azken urteetan salatu ditugun arazo eta hutsuneak. Orain arte kontuan hartu ez diren guztiak kolpetik agertu dira. Langileak gaixotu eta hil dira, baita ezintasunak zituzten pertsonak ere, eta hori guztia segurtasun neurriak aurreikusteko balioko lukeen antolaketa bat ez izateagatik. Gizarte kooperatibek egiten duten lana zerbitzu sozialek egin beharko lukete. Teorikoki zerbitzu publikoak dira, baina egiaz pribatuak balira bezala aritzen dira, langileen eskubideak urratzeko, eta malgutasun eta esplotatze modu berriak asmatzeko laborategi gisa lan egiten dute».]]>