<![CDATA[Oskar Epelde | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sun, 05 Feb 2023 04:23:12 +0100 hourly 1 <![CDATA[Oskar Epelde | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Lorik gabeko gauak Ngorongoron]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/014/001/2023-01-21/lorik_gabeko_gauak_ngorongoron.htm Sat, 21 Jan 2023 00:00:00 +0100 Oskar Epelde https://www.berria.eus/paperekoa/1876/014/001/2023-01-21/lorik_gabeko_gauak_ngorongoron.htm
Orain, Tanzaniako Ngorongoro barrutiko masai komunitateak helegitea aurkeztu du auzitegietan Pololetiko ehiza erreserbaren aurka, eta eskatu du berrikusi eta baliogabetzeko Tanzaniako presidenteak iazko urrian argitaratutako agindua —erreserbaren sorrera ahalbidetzen duena—, baita Suluhuri ehiza eremuak «legez kanpo sortzea» debekatzeko ere. Bide batez, iragan ekaineko erasoaldiaren bideoen estekak ere jarri dituzte helegitean, auzitegiak indarkeria hori ere kontuan har dezan.

Duela hilabete, Baliabide Naturalen eta Turismoko ministro Damas Ndumbarok hartutako antzeko erabaki baten aurka jo zuten masaien abokatuek, eta epai haren zain zeuden bitartean heldu zen presidentearen agindua. Abokatuen iritziz, estatuburuak erabaki hori auzitegien ebazpena heldu aurretik hartu izana bera ere bada helegiterako arrazoia. Legea alde dutela frogatzeko, ehiza eremu berria sortzeko gobernuak hartu dituen lurrak herriarenak direla jasotzen duten agiriak aurkeztu dituzte, baita lur horietatik indarrez eta bidegabeki kanporatutako zortzi masairen zinpeko deklarazioak ere. Modu horretan, frogatu asmo dute gobernuaren jarduerak legedia ez ezik «arrazionaltasuna» ere urratzen duela.

Kasua irabaztea espero du Jose Shangay abokatuak. Zortzi urtez zuzenbidean aritu ondoren, oraindik badu federik Tanzaniako justizia sistemaren independentzian eta inpartzialtasunean. «Galtzea kolpe handia litzateke», aitortu du. Izan ere, ez lukete galduko soilik masaien biziraupenerako berebiziko garrantzia duen 1.502 kilometro koadroko eremua, baita justiziaren balioan geratzen zaien itxaropena ere.

Gobernuak, herrietako arduradunekin hitz egiteari uko egiteaz gain, kontsultatu behar izango lituzkeen buruzagiak atxilotzeko ere agindu zuen. Handik gutxira, haiek preso zeudela gertatutako polizia baten hilketaren erantzule izateaz akusatu zituen fiskaltzak. Lau hilabetez egon dira kartzelan 24 buruzagiak; fiskalak, azalpenik eman gabe, uko egin dio hilketa kasua jarraitzeari, espetxeratuak aske geratu diren arte. Ez ziren atxilotu bakarrak izan. Beste masai andana bat ere atzeman eta kartzelatu zuten ekain hartan, migrazio legeak urratu izana egotzita. Horiek ere preso egon ziren joan den azarora arte, azalpenik gabe eta haien kontrako kargurik gabe, aske utzi zituzten arte. Azkenaldian masaien abokatuek jarritako salaketen artean bada habeas corpus bat ere; hainbat lekukoren arabera, ekaineko istiluetan segurtasun indarrek adineko bat zauritu eta eraman egin zuten. Geroztik desagertuta dago Orias Oleng'iyo.

Ez da lehenengo aldia gobernua masaien azken lur horiek atxikitzen saiatzen dela Loliondon, Longidon eta Natron lakuaren inguruan, basabizitza eremu gehiago merkaturatu ahal izateko. 2013an Tanzaniako lehen ministro zenak, Mizengo Pindak, bertan behera utzi zituen asmo horiek, eta idatzi batean onartu zuen horiek masaien lurrak direla.

Bestalde, masaiek Serengetiko parke nazionalaren ipar-ekialdeko mugan 2017an gertatutako gatazka bortitza Afrika Ekialdeko Komunitatearen auzitegira eraman zutelarik, auzitegiak gobernuari eman zion arrazoia joan den irailaren 30eko epaian, esanez parke nazionalaren barruan zeudela segurtasun indarrek suntsitutako boma (etxe) anitzak eta bortxaz kanporatutako artzainak. Baina, ebazpen horretan, auzitegiak aitortu zuen parkearen mugaz bestaldeko lurrak, orain atxiki nahi direnak, legezko herri lur erregistratuak direla, eta hori ere aurkeztu dute abokatuek frogatzeko ehiza erreserba berriaren deklarazioa legez kanpokoa dela.

Desjabetzearen historia

Serengetiko parke nazionala sortzeko, Erresuma Batuko Gobernuak, 1958an, kanporatu egin zituen Paleolitoaz geroztik 15.000 kilometro karratuko eremu hartan bizi ziren artzain masaiak. Ordu hartan, espresuki agindu zuen ordainetan masaiek betirako eskubidea izango zutela Ngorongoro eta Loliondon bizitzeko eta euren artzaintza nomadarekin jarraitzeko, eta zehaztu zuen ezen, etorkizunean kontserbazioaren eta masaien arteko gatazkarik sortuko balitz, herritarren eskubideei emango zitzaiela lehentasuna.

Urte berean, Ngorongoro kontserbazio eremua eratu zenean, Londresek aintzat hartu zituen masaien kokaleku eskubideak, eta haien hezkuntza eta bizitza garatzea jarri zuen sortutako erakundeen helburuen oinarrian. Eskubide horiek mugatuak izan ziren gero, 1975eko ordenantza batek masaien laborantza mota guztiak debekatu zituelarik. Baina, zuzenbidearen arabera, gobernuak ezin ditu, inolaz ere, bertakoen lurrak eskuratu legezko prozedurak bete gabe eta haien baimenik gabe.

Alabaina, politikarien arabera, Tanzaniako lur guztiak gobernuarenak dira, eta, 1990eko hamarkadaz geroztik, adituen arabera, masaiek euren arbasoen lurren %70 baino gehiago galdu dituzte «kontserbazioaren» ondorioz. Izan ere, Basabizitzan Inbertitzeko Eremu Berezien Legearen arabera, gobernuak ehiza erreserbak eta ehiza kontrolatutako eremuak deklaratzeko eskumena du, eta atzerritarren esku utz ditzake, 30 urterako kontzesioen bitartez.

Jakina da Pololetiko kontzesioa Arabiar Emirerri Batuetako Otterlo Business Corporation (OBC) enpresari eman nahi diola Suluhuren gobernuak. Mohammed bin Raxid al-Maktum Dubaiko buruzagi aberatsarekin lotuta dagoen OBCk basabizitza babesteko eta kudeatzeko 4.000 kilometro koadroko kontzesio bat lortu zuen 1992an, Loliondo ehiza kontrolaturako eremu gisa baliatzeko.

Urteetan, OBCk gatazka bortitzak izan ditu masaiekin, artzainei murriztu egiten dielako lurretarako eta ur iturrietarako sarbidea. 2009an, OBCk masaien 200 boma erre zituen, eta 20.000 pertsonari kalte larriak egin. Bertakoen arabera, Dubaiko erregea eta haren ehiztari taldeak heltzen diren bakoitzean, artzainei eremura gerturatzea debekatzen diete. Airbus A380 baten tamainako hegazkinentzako lurreratze pista bat egin zuten han, eta, masaien esanetan, basabizitzarekin salerosketan aritzeko erabili izan dute eremu hori.

Tanzaniako Gobernuaren eta ehiza erreserben kontzesiodunen arteko hartu-emanak ustelkeriaz josita egon dira azken urteotan. 2017an John Magufuli presidenteak OBCren kontzesioa indargabetu zuen, orduan Baliabide Naturalen ministro zen Hamisi Kigwangallak enpresako zuzendari nagusi Isaac Mollel ustelkeriagatik atxilotu ondoren. Eroskerian ahalegintzea leporatu zioten. Baina, Magufuliren heriotzaren ondoren, Suluhu presidenteak berehala berritu zuten kontzesioa, Tanzaniak eta Arabiar Emirerri Batuek sinatu dituzten 7.490 milioi euroren itun anitzen barruan, eta herrialdearen ehiza eremua zabaltzeko asmoa du orain, horretarako masaiak kanporatuz.

Lurra zaintzeko borroka

Ngorongoro barrutiko paradisuak ehunka mila turista erakartzen ditu urtero, eta jakina da Tanzaniako Estatuaren diru iturri nagusietako bat dela. Mendeetan natura eta animalia basatiak errespetatu dituen bizimodua garatzen jakin duten masai artzain-komunitateei dagokie meritua. Baina, kontserbazio garapenak bizkortzeko, iaztik, gobernuak programa bat jarri du martxan masaiak borondatez lekualdatzeko, esanez biztanleriaren hazkundeak arriskuan jartzen duela biodibertsitatea. 93.000 bizilagun handik atera eta Tanga eskualdean kokatu nahi dituzte, baina masaiek uko egin diote programa horri, aho batez.

2.000 lagunek onartu dute borondatez lekualdatzea, eta gehienak ez dira masaiak, azken urteetan iritsitako pertsonak baizik. Masaien sinesmenen arabera, Ngai —edo jainkoa— Ol Doyno Lengai mendi sakratuan bizi da, eta inguru hartan egin dituzte urte hasieratik euren bilerak, komunitatearekiko eta lurrarekiko dituzten konpromisoak indartzeko. Ahots bakarrarekin borrokatzea erabaki dute, euria, zuhaitzak eta abere basatiak zaindu eta arriskuetatik babesteko. Masaiek borondatezko lekualdatzea onartzen ez dutelarik, gobernuak Ngorongoroko hezkuntza eta osasun zerbitzuak murriztea erabaki du; aldiz, Tangako zerbitzu publikoak hobetuko dituela iragarri du.

Shangayren abokatu taldeak Afrika Ekialdeko Komunitatearen auzitegira eraman zuen auzia iragan irailean, masaiak Ngorongorotik kanporatzeko asmoa salatuz. Argudiatzen dute Ngorongoroko masaiei bizi baldintza jasangaitzak ezarri dizkietela lekualdatzea onartzera behartzeko, baita Ngorongoro kontserbazio eremuaren legearekin eratutako artzainen kontseilua ito eta hil egin dutela ere.

Helegite horren sinatzailea Thaddeus Clamian da. Haren esanetan, gobernuak Ngorongoroko estatistika demografikoak manipulatu ditu, masaiak «gehiegi» direla eta kanporatu behar dituztela sinetsarazteko. Masaiek eurek egin duten ikerketa baten arabera, Ngorongoron hamabi pertsona bizi dira kilometro koadroko, eta 1960an adina behi daude oraindik. «Klima aldaketak ekarritako gaixotasunen ondorioz, hiru abelburu gehiago bakarrik daude gaur egun», azaldu du Thaddeusek.

Masaien esanetan, gobernuak lur eremuak kontserbaziorako atxikitzen dituela esan ohi du, baina benetan turismorako eta ehizarako atxikitzen ditu. Afrika Ekialdeko Komunitatearen Auzitegiak onartua du helegitea, baina ez du oraindik iragarri noiz hasiko duten auzia.]]>
<![CDATA[Ituriko eta Ipar Kivuko setio egoera, kritiken erdigunean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/016/001/2022-02-19/ituriko_eta_ipar_kivuko_setio_egoera_kritiken_erdigunean.htm Sat, 19 Feb 2022 00:00:00 +0100 Oskar Epelde https://www.berria.eus/paperekoa/1876/016/001/2022-02-19/ituriko_eta_ipar_kivuko_setio_egoera_kritiken_erdigunean.htm
Ituriko gizarte zibilak eta hautetsiek, esaterako, eskutitzak bidali zizkioten Felix Tshisekedi herrialdeko presidenteari, talde armatuen kontrako estrategia aldatzeko eskatuz. Are, probintzia horretako gizarte zibilak hamar eguneko epea eman dio estatuburuari Johnny Luboya Nkashama gobernadore militarra aldatzeko, Codeco Kongoren Garapenerako Kooperatiba miliziak egindako sarraskien errua hari botatzen baitiote. Hilaren 1ean, esaterako, Bule herriaren inguruan 62 lagun hil zituzten —denak desplazatuak ziren—, eta, horrek agerian utzi du ez armadak ez Monusco Kongoko Errepublika Demokratikorako Nazio Batuen Misioak ezin izan dutela bermatu desplazatuek eskatzen duten babesa.

Bien bitartean, militarren operazioaz kritiko agertu diren diputatuen aurkako jazarpena larritzen ari da, eta horietako batzuek ezkutatu egin behar izan dute. Horren erakusle da hilaren 6an gertaturikoa, herrialdeko zerbitzu sekretuek (ANR) Beni lurraldeko hautetsi baten aurka egin zutenekoa: Jean-Paul Ngahangondi diputatua atxilotu zuten, eta, hiru egun bakartuta eduki ondoren, Munzenzeko kartzelara eraman zuten. Han dago orain ere.

Epaiketa aurreko eginbideetan dabiltza oraindik, baina, Elie Kisiko abokatuaren esanetan, Ngahangondiri «leporatutako karguak hautesleekin egindako bilkurak eta adierazpen publikoak dira», eta auzia, «juridikoa izan beharrean, erabat politikoa» da.

Beni lurraldeko beste diputatu bat ere ezkutatuta bizi da egun hartatik; ANRkoak dabiltza haren etxe inguruan. Handik alde egin zuen, eta orain «gatibu» da. BERRIAri bidalitako erantzunetan, zera dio: «Gu ez gaude setio egoeraren aurka, baina benetako ebaluazioa egiteko ardura duena biztanleak dira. Gure aurkako eginbide hauek zuzengabeak eta demokraziaren tara bat dira. Iragan igandean Ngahangondi eta [Alain] Siwako atxilotu beharra zituzten; beraz, nire aurkako mehatxu eta agindu larriak daude».

«Bilana», neurriaren «etsai»

Siwakoren iritziz, setio egoeraren «etsaia» horri buruz egiten ari diren «bilana» da. Hasieran, azken hamarkadako segurtasunik ezaren ondorioz, ontzat hartu zuten Tshisekedik ezarritako salbuespen egoera. Gerora, iazko azaroaren 30ean, ADF Indar Demokratiko Aliatuak miliziaren aurka Ugandako armadak hasitako bonbardaketak ere txalotuak izan ziren, eraso horiek azken itxaropena berpiztu baitzuten heriotzaren hirukia deituriko eremuan (Ipar Kivun).

Operazio militarrek, baina, ez dute eragotzi sufrimendua; aitzitik, inguruko hainbat tokitara hedatu da herriak hil eta husten duen jasan ezina. Siwakok egindako ikerketa baten arabera, setio egoera ezarri aurretik hilean 67 laguni moztu zieten lepoa: «Bederatzi hilabeteren ondoren, 213 hiltzen dituzte hilean, eta segurtasunik ezaren ondorioz hustu diren herrien kopuruak ere gora egin du: lehen 98 ziren, eta orain, 216».

Ituri mugaldeko Babila-Babombi lurralde elkargoan ere gaiztotu egin du segurtasunik eza. Setio egoera indarrean sartu aurretik, Ebola izurritearen garaian, hainbat talde armatu osatu ziren Biakato herria inguratzen duten basoaren inguruan, baina talde gehiago agertu dira, eta horrek belaunaldi berrien etorkizuna belztu egin du. BERRIAk Kasereka Sivamwenda gizarte zibileko eragileari setio egoeraren ebaluazioa eskatu dionean, zera erantzun du: «Hamarretik hutsekoa da. Setio egoeran Babombiren %70 hustu da».

Ipar Kivun ere kritiko agertu dira setio egoerarekin, hango 26 hautetsik neurri hori eta parlamentuaren behin-behineko etenaldia bertan behera uzteko eskatu baitzioten estatuburuari, hilaren 14an. Testu horretan, ordezkari politikoek diote setio egoera «operazio politiko-mediatiko bat» besterik ez dela. Hala, armadaren «operazio indartsuagoak eta erabakigarriagoak» eskatu, eta gizarte zibilaren aurkako eginbideak gaitzetsi zituzten.

Siwakoren arabera, Tshisekedik estrategia aldatu beharra dauka, eta agintariak kasu egin behar die herritarrek zabaltzen dituzten «alertei». Ihesean den diputatu horrek uste du gobernuak herritarren lankidetza «mespretxatzen» duela, eta bakerako bidea bilatzeko aukera galtzen duela horren ondorioz.

Kongoko Errepublika Demokratikoko armadak, berriz, esan du ahalegin handiak egiten ari direla; batetik, militarren diziplina eta erantzukizuna zaintzeko, eta, bestetik, talde armatuak suntsitzeko. Ugandako armadaren (UPDF) laguntzarekin ADF milizia ahultzea eta sakabanatzea lortu dutela dio.

UPDFren eledun baten esanetan, ADFk Semuliki arroan zituen base ugari suntsitu dituzte. Eta aurrera begira, gerraren legea saihesteko, matxinoek desmobilizatzea beste aukerarik ez dute, amnistia baten zain.]]>
<![CDATA[500 milioi dolar Kongoko basoei eusteko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1933/012/002/2021-11-03/500_milioi_dolar_kongoko_basoei_eusteko.htm Wed, 03 Nov 2021 00:00:00 +0100 Oskar Epelde https://www.berria.eus/paperekoa/1933/012/002/2021-11-03/500_milioi_dolar_kongoko_basoei_eusteko.htm
Gobernuak eta gizarte zibilak ezinbesteko erronka dute baliabideen ustiaketa eta plangintza sustatzeko, baina, Parisko Hitzarmenaz geroztik, herri aberatsenek munduko birikak babesteko esleitutako funtsak ez dira nahikoak izan. Tshopo probintziako Basoko barrutian, adibidez, argindarra dutenak ez dira %8ra iristen. Egurra edo ikatza behar dute janaria prestatzeko, eta erretako lurretan egiten den nekazaritza da bizibide nagusia. Populazioa haziz doan neurrian, basoez arduratuko den instituzio bat sortu ezean eta energiaren arazoari irtenbide bat aurkitu ezean, deforestazioa zabalduz joango da. Kongok bere esku du klima larrialdia erregulatzea, baina finantza baliabideak eskatzen ditu, legedia bete dadin eta biztanleek basoen zaintza berma dezaten, ordaindua izateko beharra eta eskubidea duela esanez, kontuan hartuta isurien ardura duten estatuek eskura dituztela bitarteko horiek.

Geroari begiratzeko ordua

Datozen bost urteetarako, CAFI Afrika Erdialdeko Basoen Aldeko Ekimenerako 500 milioi dolarreko funtsa sortzea proposatu dute iparraldeko estatuek. Kongoko ordezkaritza, baina, ez da erabat ados agertu. «Erabili dituzten hitzetan hipokrisia nabari zen. Finean, esan dute orain badituztela 500 milioi, eta bost urte barru ikusiko dela zer gertatzen den», zioen herrialdeko ordezkaritzako kide batek.

Kongon mehatxu handia da deforestazioa. Basoko eskualdean, esaterako, Kongo ibaiaren alde batean, palmondoak landatu dituzte kopuru izugarrietan, eta basoa suntsitu dute, bertakoen eskubideak zapalduz, eta Europako Batasunaren garapenerako laguntzekin. Ibaiaren beste aldean, hamaika enpresa dabiltza etengabeko zur-esportazioan. Horietako batek, Txinako FODECOk, 2018an lortu zuen ustiaketa baimena, baina Norvegia eta Frantziako gobernuek salatu zuten esleipen hura legez kanpokoa zela. Salaketak zuhaitz mozketak gelditu beharrean, azkartu egin zituen. Orain, inguru berean Txinako beste enpresa baten bederatzi draga daude, meatzaritza azterketak egiteko baimenarekin, ustez ustiapen betean, Antoinette N'samba meategien ministroak baimena eten arren.

Akordioa atzeratu duen desadostasun nagusia egur ustiaketarako baimen berrien gaineko moratoria kendu nahiak eragin du, nahiz eta Kinshasako gobernuak zura erauzteko baimenak eman dituen moratoria indarrean egon den artean ere. CODELT Legezkotasunez eta Gardentasunez Ingurumena Babesteko Batzordeak salatu egin ditu Claude Nyamugabo ministro ohiak iaz emandako 22 baimen. «Legez kontrakoak dira, ez moratoria urratu zutelako bakarrik, baita legeak finkatzen dituen baldintzei eta gehienezko azalerei jaramonik egin gabe esleitu zirelako ere», dio Augustin Mpoyik, CODELTeko adituetako batek.

Salaketa publikoaren ondoren, urriaren 18ko ministroen kontseiluan, Felix Tshisekedi presidenteak ustiaketa baimen guztiak aztertu eta ikuskatzeko auditoriak agindu zituen. «Zalantzazkoak» indargabetu beharra zegoela esan zuen, eta horietatik sei aipatu zituen, guztiak Nyamugabo ministro ohiak emandakoak. Tshisekediren esanetan, «neurrigabeko azalera» dute guztiek. Baina Mpoyik dio beste hamaseiak ere legez kanpokoak direla. Greenpeacek arrazoia eman dio. «Ditugun frogek erakusten dute gobernua ez dela basoa babesteko neurriak hartzen ari, basoa babesteaz hizketan baizik. Ekintzak eta hitzak ez dira gauza bera», azaldu du Tall Harrisek, Greenpeaceko Afrikarako bozeramaileak. Haren iritziz, nazioarteak ez lioke ezer eman behar basoa babesten duela esanez ia Frantziaren tamainako azalerako zur-ustiapen industrialaren esku utzi duenari.

Gobernuak erabakia du ustiaketa berrien gaineko moratoria kentzea. Eve Bazaiba presidenteorde eta Ingurumen eta Garapen Iraunkorrerako ministroak egin du dagoeneko eskaera ofiziala, eta gobernuak emana dio lehen baiezkoa. «Errepublikaren engaiamendua ez da basoa babesteko bakarrik, baita baliabideen kudeaketa eraginkorra egiteko ere», esan du estatuburuak. Gizarte zibilak ere moratoria kentzea txalotu du, sinetsiz hori dela nazioartea diru funtsa handitzera bultzatzeko bidea. CODELT eta beste eragile batzuk, berriz, aurka azaldu dira, ez dielako kontsultatu.

Mpoyiren esanetan, moratoria kentzeko, bete beharreko hutsune bat dago, hitzarmenean duela 16 urte jasotako hirugarren baldintza: programazio geografikoa. Baldintza hori betetzeko dagoela gogorarazi dio CODELTek Kongoko lehen ministroari. «Esleipen prozesuaren gardentasuna bermatuko duen legedia sortzea da bigarren baldintza, eta bete da, baina programazio geografikoarena gobernuaren kontua da. Zerbait egin aurretik planifikatu egin behar da», esan du Mpoyik.

Basoen ustiaketan hainbat ministeriok hartzen dute parte, eta horiek ematen dituzten baimenek gatazkak sortzen dituzte tokian tokiko komunitateetan ere. «Orain arte bezala esleipenak kontrolik gabe ematen jarraitzen badute, ustiaketa jardueraren ikuskaritzarako aurrekonturik ez badago eta esleipen prozesuan gardentasunik eta koherentziatik ez dagoen bitartean, moratoria kentzea egundoko mehatxua da», ohartarazi du Mpoyik.

Irizpide horiek bermatzeko heldu da akordioa. Moratoria ez da kenduko programazio geografikoaren baldintza betetzen ez den artean, eta hori CAFIk finantzatu beharko du. Adostutako asmo-agiriak Kongoko biztanleen garapen sozioekonomikoa eta basoen kontserbazioa lerrokatzen ditu. Aurreko bost urteetarako mila milioi dolar eskatu baziren, 200 milioi kapitalizatu ziren CAFIrekin, eta, arrakala horren erruz, basoei egindako presioa handituz joan da. Deforestazioak eragindako isuriak ezin izan dira murriztu. Tokian tokiko komunitateek eta gobernuz kanpoko erakundeek ez dute sarbiderik izan finantzaketan. Kongoko eragileen engaiamendua benetakoa baldin bada, aldebiko akordioen bidez osatu beharko dira arazoa konpontzeko behar diren aurrekontuak. «Eskoziara ekarri duten mezua urtez urte landu dute, nahiz eta COP26ra eraman duten proposamenak ez duen ezer berririk», kritikatu du Kongoko ekintzaile Julian Mathek.]]>
<![CDATA[Kenyako emakumeak lurjabe eskubidea bermatzeko urratsak egiten hasi dira]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/002/001/2021-10-28/kenyako_emakumeak_lurjabe_eskubidea_bermatzeko_urratsak_egiten_hasi_dira.htm Thu, 28 Oct 2021 00:00:00 +0200 Oskar Epelde https://www.berria.eus/paperekoa/1876/002/001/2021-10-28/kenyako_emakumeak_lurjabe_eskubidea_bermatzeko_urratsak_egiten_hasi_dira.htm
Susan Athiengek chapatiak —irinarekin eta urarekin egiten diren talo modukoak egiten ditu arratsaldero Siaya barrutiko Apuoyo herrian. «Seme-alabek eta nik bizirik iraungo badugu, ezin besterik egin», dio. Noizbehinka auzokoentzako laborantza lanak ere egiten ditu jornalaren truke, berak ez baitauka lurrik. Muzee-ak (etxeko gizonak) emazte gehiago hartu zituenean hasi ziren liskarrak eta tratu txarrak. Hark etxetik bidali zuenean, gurasoen etxera itzuli zen. 2010eko konstituzioak lurra jaraunsteko eskubidea aitortzen die alabei ere, eta itxaropen horrekin itzuli zen gurasoenera. Baina anaiak ez zuen onartu lurrak arrebarekin banatzea. «Semeak nituelako egin zion uko lurrak banatzeari», azaldu du Athiengek. Herrigunera joatea erabaki zuen orduan, eta, harrezkero, gorriak ikusi ditu seme-alaben elikadura eta hezkuntza ordaintzeko. Baina inoiz ez du agintariengana jo oinordetza erreklamatzeko. Muzeeren jipoiak salatzeko ere ez da inoiz polizia etxera joan.

Bortxaketak jasaten dituzten emakumeek uko egiten diote maiz salaketa jartzeari, azken orduan erasotzaileei aurre egiteak ekarriko lituzkeen ondorioen beldur. «Horixe izan ohi da erronka nagusia», John Titus Onyango mediku eta nekazariaren esanetan. Bere inguruan aitaginarrebaren familiarengandik bortxaketak jasan dituzten alargun asko ezagutu ondoren, emakumeen giza eskubideen aldeko ekintzaile bihurtu da. «Alargunak lurra bere izenean eduki behar luke senarra hiltzen denean, aitaginarrebaren tratu txarrak pairatuko ez baditu», dio Onyangok. Medikuak salatzen du emakumeek ez dutela inongo eskubiderik lurraren gainean, lurra goldatu ere ezin dutela egin: «Zerbait landatu nahi badute, baimena eskatu behar diote senarrari, edo, alargunak badira, aitaginarrebari. Emakumeak lurgabetzat hartuak dira. Ez dute lurrari buruzko eztabaidetan parte hartzen, ezta mugaketetan ere, horrek ere arazo asko ekartzen ditu senarra hiltzen denean, lurraren mugak ere ez baitituzte ezagutzen. Kultur aldaketa batek mesede handia egingo luke».

Lurraren auziak gizonak berekoiago bihurtzen baditu, lur urritasuna larritzean, emakumeek euren duintasun eta eskubideak aitzinaratzeko behar eta gogo are handiagoa daukatela erakutsi dute KPL baserritarren elkarteak antolatu dituen komunitate elkarrizketek.

Eztabaidetan parte hartu duten gizon helduek mitoei heldu behar izan diete emakumeen bazterketa denboran luzatzeko. Bibliako Evaren bekatua ere aipatu du batek, jatorrizko hutsegite horren ondorioz gizonek gaur egun dituzten eskumenak zuritu nahian. Baina, Evelyn Okothen hitzetan, eztabaidetan beste gai bat geratu da agerian: «Emakumeek gizonen hutsegiteak salatzen dituzte. Euren izenak ez daude lurren jabetzari buruzko dokumentuetan jasota. Emakume nekazari askok lurren alokairua ordaindu behar izaten dute hainbat urtez, eta, bakarrik geratzen badira, ez dute lurrik izaten seme-alabak aurrera ateratzeko».

Bileretan salatu diren egitateek argi utzi dute kultur aldaketaren beharra: Apuoyora ezkondu zen Monika Athieno Owiti, nahiz eta egun alarguna den. Owitik etengabeko erasoak pairarazi izan dizkio senarra zuenaren familiak. Lur jabetzaren dokumentuak edukita ere, gauez joan izan zaizkio baserri ingurura ikaratu dadin. «Matxetearekin ate joka ibili ohi ziren», dio Owitik. Zortzi seme-alabaren ama da, eta salatu du bertako agintariek ez dietela eman behar besteko babesik.

Dorcas Awuorrek, esaterako, senarrak erositako lurraren salerosketa dokumentuari esker lortu du bere lursailtxoa hamar urtez atxikitzea. Teresa Athienok ere berdin, senarrak erosi zuen lursail txiki bat atxikitzea lortu du, baina senarrari zegokion familia oinordetza guztia kendu egin zioten, ezer esateko aukerarik eman gabe.

Lurren jabetza nahi dute batetik, eta, bestetik, tokian tokiko erakundeek sortzen dituzten batzorde guztietan parte hartzeko aukera, besteak beste, jabetzen arteko mugak zehazten dituztenetan. Senarrei testamentua egin dezatela ere eskatzen diete, hiltzean euren ondarea jarauntsi ahal izateko. Bileretan nabarmen geratu da gizonak beldur direla azken borondatea idatzi eta ordaintzeko, nahiz eta argi esan ez, sakonean dagoen konfiantza falta agerian gera ez dadin.

Finean, emazteek eskatzen dutena da erabakietan parte hartzeko aukera. Horrelaxe dio 41 urteko Doris Akiengek: «Emakumeak baserriaren kudeaketan parte hartzeko askatasuna beharko luke». Kenyako baserritarren ligako kide eta herriko nagusi izandako gizon baten bigarren emaztea da Akieng. Emakumeek nekazaritza eremura ekar ditzaketen hobekuntzak aitortu ditu haren senarrak. Orain , One Acre Fund nekazari txikiei aurrera egiteko behar dituzten baliabideak ematen dizkien enpresaren eskema baliatu izan du bere artadian, maileguz lortutako hazi eta ongarri kimikoak erabiliz. Baina Akiengen gomendioari jarraituz, orain bertako haziak eta etxeko ongarriak probatzen ari da, eta hobeto omen dabiltza.

Elikadura subiranotasuna indartzeko emakumeak lurren jabe izatea garrantzitsua dela azpimarratu dute batzarreko agirietan; bereziki, seme-alabak eskolara eraman, eta osasun arreta eskaini ahal izateko, emakumeek lurren beharra dutela. «Haurrak ezin dira egon ama gabe, baina amari indarra ez datorkio lur kopurutik. Lortzen duen errespetuaren eta bera bizi den inguruan dagoen lurren banaketaren zuzenbidearen araberakoa du indarra», azaldu du Asker Akinyi alargunak.

Akinyiren garaipena

Duela hiru urte lur jota zegoen Akinyi. Mulo herrian bizi zen, erdigunean, semeekin batera alokairuan hartutako etxe batean. 2007an senarra hil eta gero, aitaginarrebak lurrak harrapatu, eta etxetik bota zituen. Indarkeria mota asko jasan behar izan zituen. Herrena izateagatik ez zela «gai» leporatzen zioten, biraoka, baina tratu txar fisikoak behar izan zituzten Akinyi makurtzeko. Etsituta egonik ere, seme-alabak aurrera ateratzeko gai izan zen. Ikatza saltzen zuen, besteen lurrak goldatzen, ereiten eta garbitzen zituen, uztak jaso, arropak garbitu... Horri esker, haren semerik zaharrena, Raila, KPLko kidea da, eta irakasle lanetan aritzen da eskola batean. Aitaren hilobia aitaginarrebak harrapatu zion, eta beste norbaiti saldu, eta haren lursail handi baten erdian dago. Railaren laguntzaz, eta 2018an agroekologiari buruzko udako eskoletan jardun ondoren, bidegabeko lur harrapaketa nabarmena izaki, agintariengana jotzea erabaki zuen Akinyik. Harrezkero lursail txiki bat berreskuratzea lortu du. Senarraren lurren zati txiki bat besterik ez da, oraingoz behintzat, baina bizitza aldatu zaio; poz sakon bat antzematen zaio aurpegian.

Semeekin, eta Railaren emaztea Eunice Athienoren laguntzaz, artoa ereiten ari da orain agintarien aurrean eman berri dioten lur txiki harritsu batean, eta, aitzurra eskuan duelarik, ez zaio ezintasunik igartzen. Urrunago, bera bizi zeneko lurraren kanpoaldean, beste akre bat ere eman diote, eta paradisu botaniko txiki baten oinarriak eraiki ditu urtebeteko epean. «Lanpetuta nago; emakumeak ezin dira lanik egin gabe egon», dio irribarre zabal batekin.

Patatak prest daude, tipula eta beste hainbat barazki ere badira, ur putzu bat dauka, zuhaitzak ere landatu ditu, mangoa, papaia eta bananak. Oilategia egiten ari da, baita bere etxea ere. Egitura eta teilatua egin ditu jada; lurrezko hormak betetzen ari da orain, baina dagoeneko bertan bizi da, burdinazko txabola txiki batean. «Urtebetean egin ahal izan dudana itzela da herrian nengoen garaiarekin alderatzen badut. Orduan ez nuen ezer egiten, nire proiektua gauzatzeko tokirik ez nuelako», dio Akinyik.

Herrian zuten logela Athienok alokatzen du orain, eta ikatza saltzen du, bera ere ezin delako lanik egin gabe egon. Neska izanik esku hutsik atera zen gurasoen etxetik. Bere aitak hiru emazte ditu, eta bera gazteenaren alaba da. Salatzen du emakumeek ez dutela lurrari buruz ezer esateko eskubiderik: «Haurrak bagina bezala tratatzen gaituzte. Hitz egiteko eskubidea duzula jakin arren, ezin duzu ezer esan. Emakumeek lurrari buruz hitz egiteko eskubiderik ez dutela uste dute. Zure arbasoen etxean ezin duzu ezer esan, eta, ezkondu ondoren, zure senarraren etxean, ezin duzu ezer esan mutilen bat jaio arte behintzat. Neska ez dute aintzat hartzen. Zure seme-alaben aita hil, eta neska txiki batekin uzten bazaitu, kanporatu egingo zaituztete».

Hori aldatzeko neurriak hartzeko eskatzen diete neska gazteek emakume helduei. Athienoren ustez, etxeko komunikazioa lantzea litzateke irtenbidea. «Elkarrizketak familia batu, eta bakea ekar dezake guraso eta seme-alaben arteko harremanetara. Konfiantza lantzeko balio du. Horrela, lur kontuak eztabaidatu ahal izango dira, eta, aita noizbait hiltzen bada, egoera hobean geratuko dira besteak», argudiatu du. Elkarrizketak edozein arazo konpontzeko balio dezakeela defendatzen du. Emakumeen bazterketaren atzean dauden aurreiritziak zentzugabeak direla ohartu da komunitatean egin dituzten batzarretan. Luo etniako lege zaharren arabera, neskak ezin dira gurasoen lurren jabe izan. Baina konstituzioak argi dio neskek ere oinordetza jasotzeko eskubidea dutela. Emakumeak lurrak saldu edo hura oker erabiliko dutela uste dute Luo etniakoek, baina agerian da ez dela egia.]]>
<![CDATA[Krokodriloen erasoen beldurrez Kenyako Katuit eskualdean]]> https://www.berria.eus/albisteak/202208/krokodriloen_erasoen_beldurrez_kenyako_katuit_eskualdean.htm Mon, 23 Aug 2021 15:27:11 +0200 Oskar Epelde https://www.berria.eus/albisteak/202208/krokodriloen_erasoen_beldurrez_kenyako_katuit_eskualdean.htm <![CDATA[«Jendearen beharrek ez dute zerikusirik Jacob Zumarekin»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1889/016/001/2021-07-15/jendearen_beharrek_ez_dute_zerikusirik_jacob_zumarekin.htm Thu, 15 Jul 2021 00:00:00 +0200 Oskar Epelde https://www.berria.eus/paperekoa/1889/016/001/2021-07-15/jendearen_beharrek_ez_dute_zerikusirik_jacob_zumarekin.htm
Protesta baketsuak egin dituzten bakoitzean jasan omen dute indarkeria; idazten dituzten memorandumak zaborrontzira botatzen dizkiete; «gezurrak bakarrik» esaten dizkiete; eta sortzen dituzten lanpostu guztiak gobernuko alderdikoei ematen dizkiete, salatu dutenez. Aldiro beren etxeak «txikitzen» dituztela ere azaldu dute, eta maiz legez kanpoko kanporatzeak izaten direla. Hori guztia, egoera lazgarri batean, baieztatzen baitute «pobrezia izugarrian» bizi direla eta egoera «jasanezina» dela.

Mugimendukoek diote astelehenetik Hegoafrikan izan diren istiluek ez dutela zerikusirik Jacob Zuma herrialdeko presidente ohiarekin; izan ere, gazteen %74 baino gehiago lanik gabe daude, eta horietako asko janaria lortu nahian ari dira: besteak beste, etorkinak. COVID-19aren eraginak arintzeko jasotzen zituzten laguntzak ere galdu dituzte, azaldu dutenez: «Sentitzen dugu ez dugula etorkizunik», memorandumean azaldu dutenez.

Istiluek ekarriko duten beldur direla ere aitortu dute, eta sumatzen dute suntsiketek are gehiago okertuko dutela egoera. Salatu dute batzuen helburua kateak eragitea dela, azpiegiturak, fabrikak eta hipermerkatuak erreta, eta horren harira erabaki zuten herenegun egun osoz biltzea, memoranduma idatzi eta beren arrazoiak azaltzeko.

Orain, xenofobia eta tribalismoa zabaltzen ari da zurrumurruen bitartez, eta beren txabolak berriz erreko dituztela sumatzen dute, gobernuan dagoen ANC Afrikako Kongresu Nazionaleko eragile lokalak berriz zatiketak eragiten saiatzen ari baitira.

Azpimarratu dute gazteak eta zaharrak janaria harrapatzen ibiltzeak gobernuaren porrota erakusten duela, bereziki Zumarenaren porrota eta ustelkeria.

Orain arteko harrokeria irentsi eta aitorpen hori egiteko eskatu diete herrialdeko agintariei, eta egun pairatzen ari diren krisiaren errudun direla ere onartzeko: «Eztabaidatzen eta negoziatzen irakatsi beharrean, gogorkeria irakatsi diete».

Egoera larrian eta oso kezkatuta daudela adierazten dute txaboletan bizi direnek, eta, egunotakoaz, salatu dute ANCko bando batek sustatutako harrapaketak gertatu diren tokietan ez dela ez helikopterorik, ez poliziarik agertzen. «Haiek beren familientzat janaririk ez duten bitartean, politikariek estatua arpilatzen eta aberasten jarraitzen dute», idatziaren arabera.

Eskari zerrenda bat

Puntuz puntu beren jarrera argitzean, hitzematen dute Konstituzioaren alde daudela, «legeek, neurri batean, alderdiko gangster politikoengandik babesten» dituztelako.

Horrekin batera, eskaeren zerrenda baten berri eman dute: batetik, diru sarrerarik ez duten langabetu guztiek, baita janaririk ez dutenek ere, laguntza zuzenak jasotzea, betiere zinegotzien eskutik pasatu gabe.

Bestetik, lurra eskatzen diote gobernuari, etxeak egiteko eta komunitate nekazaritza garatzeko; baita hiri nekazaritzako kooperatibak suspertzeko laguntzak ere, eta, ororen gainean, lanpostuak sortzeko programa bat.

Argi utziz lasaitasunaren eta bakearen alde egitea denen ardura dela eta xenofobia eta tribalismo forma guztiak arbuiatzen dituztela, tokian tokiko eztabaidak martxan jartzea proposatu dute, baita herrialde osokoak ere, denen artean erabakitzeko bakea eta justizia nola eraiki.

Beren mugimenduan umuntu ngumuntu ngabantu printzipioa borroka guztien erdian jartzen dute; hau da, «herria maite duten gizaki arduratsuak izatea, bizi baldintzak eta duintasuna aintzat hartzea hori eratu nahi duen gizartearen ezinbesteko baldintza baita», adierazi dutenez.

Orain arte, Ubuntu filosofiaren baloreak erabili dituzte estatu indarkeriari, pobreziari, langabeziari eta ezberdintasunei aurre egiteko, eta horrela lortu dute beren indarrak bizirik irautea.

Proposamenak berriz baztertzen badituzte, promesa hutsalekin erantzuten badiete edota eskatzen duten eredu demokratiko berriak aurrera egiten ez badu, Abahlali baseMjondolo mugimenduak erronka are handiagoak izango ditu aurrera begira, indarkeriak eragiten dizkien zatiketak eta kalteak kontuan hartuta. Idatzian dioten modura: pobreen haserreak norabide ugari har ditzake.]]>
<![CDATA[Herriak hitz egin du]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1917/016/001/2021-07-08/herriak_hitz_egin_du.htm Thu, 08 Jul 2021 00:00:00 +0200 Oskar Epelde https://www.berria.eus/paperekoa/1917/016/001/2021-07-08/herriak_hitz_egin_du.htm
Bortxakeria sua bezala hedatu zen, geldialdi politikoa, beldurra, segurtasunik eza eta gorrotoa nagusitu ziren heinean. Hego Sudan desintegrazio arriskuan zegoen liderren arteko gatazkaren ondorioz, eta hitz horiekin berberekin aitortu zuen hala zela Salva Kiirrek, 2016ko abenduan, Hego Sudango Elkarrizketa Nazionala ireki zuenean estatu porrotaren sakoneko sustraiak aztertzeko eta zerrapo politikoa apurtzeko. Hitza herritarrei eman nahi zien, ordura arte isilarazitako ahotsek hil ala biziko aldaketarako bidea erakutsi zezaten.

Elkarrizketa Nazionala garatzeko, presidenteak talde zuzendari bat izendatu zuen, eta hamaika helburu zehaztu. Besteak beste, hauek: biolentzia politikoa eta leinuen artekoa amaitzea, armada eraldatzea, batasun nazional indartsuago bat eratzea, estatua berregituratzea, herritarren eta gobernuaren arteko kontratua berritzea, eta aniztasuna kontuan hartuko zuen egitura nahiz baliabideak esleitzeko eta konpartitzeko araudiak garatzen laguntzea.

Elkarrizketaren katarsia

Hego Sudango 77 konderritan egin zituzten kontsultak, 2017tik aurrera, elkarrizketa nazionala bideratzeko. Parte hartzaileei bi galdera sakon egin zizkieten: arazoa zein zen, eta egoera zuzentzeko zer egin ote zitekeen. Orduan jasotako erantzunak irakurtzean nabaria da beldurra gaindituta hitz egin zutela herritarrek, katarsi betean baleude bezala, eta estreinako aldiz adierazpen askatasunerako espazio bat ireki.

Lehenik eta behin, liderren porrota salatu zuten herritarrek, gerra SPLM Sudango Herria Askatzeko Mugimenduaren kulpagatik zela esanez, promesak ez zituela bete, oinarrizko irudipen estrategikoaren falta nabarmena zutela agintariek. Salva Kiirri eta Riek Macharri karguak uzteko eskatzen zieten behin eta berriro.

Hego Sudango askapen mugimenduaren sakoneko helburua herritarren bizitza hobetzea izan zen, petrolioaren onurekin nekazaritza garatzea, hezkuntza eta osasuna zabaltzea... baina, independentziaz geroztik, aurrerabiderik ez zen ikusten. Gizabanakoak galduta zeuden, batasun helbururik gabe, eta ondare moral, politiko, ekonomiko eta kulturala galtzeko zorian. Halaxe erakusten zuen kontsultetan jasotako erantzunen bildumak.

Bi gizonen arteko gatazka

Herritarren ahotsak erantsi zuten, SPLMn tradizio despotikoak nagusitu zirelarik, autoritarismoa garatu zela azken bi hamarkadetan lehia demokratikoa saihesteko, eta konponbidea bi pertsonen arteko gatazka gaindiezinean trabatuta zegoela. Eta, ondorioz, estatua ez zela gai barne kohesioa bermatzeko, ezta lurralde osotasuna eta botere hertsatzailearen monopolioa ziurtatzeko ere.

Administrazio publikoaren maila guztietako hutsegitea ere salatu zuten. Zerbitzu sozialen falta. Ekonomia garatzeko proiekturik ere ez zela; hondatuta zegoela ekonomia. Lanik ez zen sortzen. 2005etik aurrera errepide azpiegiturarik ez zuten eraiki. Estatuaren aurrekontuaren %90 Juba hiriburuan gastatzen zen, eta ur garbi falta ikaragarria zegoen Juban bertan, Bake Akordio Orokorra sinatu zenetik, sei urtean, petrolioaren iturritik gobernuak 20.000 miloi dolar jaso bazituen ere. Funtzionarioek ere ez zituzten soldatak jasotzen. Zuzenbiderik ez, segurtasunik ez. «Hego Sudango estatua kolapsatuta dagoela edo izenez bakarrik existitzen dela esatea ez litzateke exajerazioa», dio orduko irizpenak.

«Arazoa zein den» galderari erantzunez, herritarrek gatazkaren sakoneko kausak mahaigaineratu zituzten. Horien artean, izugarrizko ustelkeria. Agintariek diru publikoa nahi bezala desbideratzen zutela, inbertsio publikoen zantzurik utzi gabe. Gainera, euren legitimitatea onartua izateko, bereizkeria etnikoa erabiliz bilatu zutela herrien babesa. Beste arazo askoren artean, inpunitatea ere aipatzen da orduko irizpenetan: «Krimen izugarriak burutu dituzten asko gobernuko ospetsuak dira orain».

Herriak hitz egin du izena eman zioten txostenari.

Kolapsatutako ekonomia

Herria pobrezia gorrian dago; Munduko Bankuaren esanetan, Hego Sudango biztanleen %82,3 pobreziaren mugaren azpitik bizi dira. Ekonomia kolapsatuta dago eta, aldi berean, laguntza humanitarioenganako dependentzia handia du 1983az geroztik. Eta elikadura segurtasunik ez da, Hego Sudanek goldatu gabeko lur emankor asko baditu ere. Zera dio garai hartako dokumentuak: «Eguneroko janaria mundu zabaleko zerga ordaintzaileengandik jasotako dohaintzei esker jasotzen dugularik, gure balio kolektiboaren sena eta harrotasuna ere irainduak dira. Eta dependentziarekin apurtzeko gaitasun eza eta agintaritzaren eta estatuaren porrota dakartza».

Elkarrizketa Nazionala garatzen zen bitartean, Riek Macharrek erbestean zen 2017tik behintzat, Hegoafrikan- eta Salva Kiirrek akordio berriak sinatu zituzten, Khartumen, 2018ko abuztuan eta irailean, gerra berriz bukatu eta gobernu berri bat sortzeko: Indarberritutako Batasun Nazionalaren Trantsizio Gobernua. Hala ere, bakea iraunkorra izango bazen, hegosudandarren arteko Elkarrizketa Nazionala eliteen arteko negoziazioa bezain garrantzitsua zen, eta eskualdeko konferentzietan elkarretaratu ziren gizarte eragileak, zentzu hertsiko elkarrizketa hasiz.

Konferentzia horietako lehena Bahr el-Ghazaleko Wauen egin zuten, 2019ko otsailean. Herri txikiek, baztertuak ez izatearren, autogobernua eskatzen zuten, eta sistema federala eratzeko proposamenak nabarmendu ziren hastapenetik. Bestetik, integrazio soziala eta garapen ekonomikoa suspertzeko azpiegiturak eraikitzearen beharra nabarmendu zuten. Bigarren konferentzia, Goi Nilokoa, Malakalen egin behar zen, baina hiria suntsituta zegoenez ordezkariei ostatu emateko tokirik ez zegoen eta osasun zerbitzurik ere ez zuenez, Juban bertan egin zuten azkenean, 2019ko maiatzean. Hirugarren konferentzia ere, Ekuatoriakoa, bertan egin zuten.

Iparrorratz berri bat

Azkenik, 2020ko azaroan egin zuten Konferentzia Nazionala. 80 konderritako 520 delegatuk hartu zuten parte. Federalismoaren hautua erabatekoa zen, hauteskunde libre eta zuzenen eskaria bezala. Batasun nazionala gizarte egonkorraren ezinbesteko baldintza dela nabarmentzeaz gainera, delegatuek euren arteko batasun eredugarria erakutsi zuten, adostasunaren bila beti. Gobernantza, segurtasuna, ekonomia eta kohesio soziala idazpuru bezala hartuta, egiazko aldaketa lortzeko iparrorratzak markatu zituzten.

Indarberritutako bake akordio horrek zehaztutako engaiamenduak berretsi eta sakondu zituzten konferentzietan: armadaren bat egitea eta profesionalizatzea, konstituzio berria egitea, lekuz aldatutako milioika desplazatuen itzulera, milizia artzainen desarmatzea, zerga sistema, berradiskidetzea...eta trantsizioa nola burutu eta itxi behar den ere zehaztu zuten orduan.

Erabaki horien guztien gordailua Jubako unibertsitatea da, han gordetzen baitira Elkarrizketa Nazionaleko dokumentu guztiak. Garapena eta bakea lortzeko, bai Salva Kiirrek eta bai Riek Macharrek trantsizioa bukatu orduko agintea utzi behar dutela ezartzen du adostutako testuak. Ezingo dute hauteskundeetara aurkeztu, bata bestearen kontra lehiatzen badira behintzat. Hala ere, ezin da jakin Elkarrizketa Nazionalaren ebazpenak noiz sartuko diren indarrean, orain arteko engaiamendu idatziak maiz promesa hutsak izan direlako munduko estaturik berrienean. Bitartean, presidente jarraitzen du Kiirrek, eta presidenteorde Macharrek.

Bihar: Etorkizunera begirako erronkak.]]>
<![CDATA[Iraganeko zauriak, berriz odoletan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1917/018/001/2021-07-07/iraganeko_zauriak_berriz_odoletan.htm Wed, 07 Jul 2021 00:00:00 +0200 Oskar Epelde https://www.berria.eus/paperekoa/1917/018/001/2021-07-07/iraganeko_zauriak_berriz_odoletan.htm
Aldiz, herritarren artean hezkuntza eta gaitasunak hedatu edo sortzeari zegokionez, eta gizarte zerbitzuen alorrean, Hego Sudanek ez zuen aurkitzen aurrerabide garbirik. Elikaduraren segurtasunik ezaz eta behar humanitarioez NBE Nazio Batuen Erakundeko agentziak eta gobernuz kanpoko erakundeak arduratzen ziren, giza eskubideen aurrean zuloa sakontzen ari zirela ez balekite bezala, eta gizarte eragileen kritikak ere gutxituz joan ziren atxiloketen eta hilketen astinduz.

Salva Kiir presidenteak, trantsizioko konstituzioari helduz betiere, botere gehiago bereganatu zituen SPLMren barruan, haren buruzagitzaren kontrako oposizioa eraginkorragoa bilakatu zenean. John Garangen SPLMren garaian eragilerik boteretsuenak ziren bor dinken eliteak -dinken arteko hegoaldeko taldea- eta nuerren lider bihurtutako Riek Machar presidenteordea ahalegindu egin ziren elkarrengana hurbiltzen, iraganeko liskarrak gaindituz; SPLMren barruan erreformak eskatu, eta Salva Kiirren alternatiba bat proposatu zuten, 2015eko balizko hauteskunde orokorrei begira.

Jubako deklarazioaren ondoren (2006), nuerren armada eta politikariak gobernuko alderdian barneratu zirenetik, 2008ko alderdiaren kongresutik gutxienez, Riek Machar zain zegoen bere hautagaitza noiz aurkeztu ahal izango zuen, eta 2013aren hasieran erabakia hartuta zuen. Hala ere, Salva Kiirrek beharrezkoa zatekeen erreforma blokeatu zuen, gerrilarien artean konnotazio garrantzitsua duen diziplinaren izenean, eta urte hartako uztailean, Riek Machar eta beste hogei ministro gobernutik kanporatu zituen, azalpen gehiago eman gabe.

Abenduaren 6an, alderdiaren batzarraren aurretik, Riek Macharrek, beste hainbat politikariz inguratuta, prentsaurreko gogor bat egin zuen Salva Kiirren jokaera salatu eta SPLM demokratizatzeko galdatuz. Esan zuen, era berean, nabari zela Hego Sudango buruzagitzan NCP Kongresu Nazionalaren Alderdia infiltratu zela. Abenduaren 15eko gauean, berriz, Salva Kiirrek estatu-kolpe saiakera bat leporatu zion Riek Macharri. Haren ondoan agertutako politikariak atxilotu egin zituzten, eta Riek Macharrek ihes egin zuen Jubatik. Gau hartan, SPLM bitan zatituta geratu zen.

Biharamunean, tiroketak eta hilketak zabaldu ziren Jubara lan eta etorkizun bila iritsitako nuer familien auzoetan. Armadako komandante nuerrek matxinadarekin bat egin ahala, gatazka ziztu bizian bilakatu zen gatazka etniko, eta aurretik ere elikaduraren segurtasunik ezagatik gordina zen egoera humanitarioa are gehiago okertu zen.

Adiskidetu, nor-norekin

2014ko urtarrilaren bukaerarako, desplazatuak 700.000 ziren, eta beste 100.000, mugaz kanpo alde eginak. NBEren laguntza humanitariorako buru Valerie Amosek halaxe azaldu zion kazetari taldeari. Gerra zibila saihesteko, berradiskidetzea bultzatu nahian zebilen NBE, eta kazetari batek zera galdetu zuen: «Nor-norekin adiskidetu nahi duzue, presidenteak konstituzioaren aurkako estatu-kolpe saiakera bat izan dela dioenean?». Toby Lanzerrek, NBEren izenean, zera erantzun zion: «Hegosudandarrak adiskidetzea da kontua, ez nik nor-norekin adiskidetu nahi dudan. Hau da, Hego Sudango eragile guztiek, maila guztietan, aitortu behar dute elkarrekin lan egin behar dutela etorkizuna bermatzeko».

Laguntza humanitarioaren gaitasunak gainezka egin zuen aurreikusi gabeko desplazatu uholde harekin. Adjumanin, Ugandako iparraldean prestatutako harrera zentro batera ehunka emakume eta haur iristen ziren egunero, gizonak gudalekuetan galdu ondoren, eta gaixotasunek jota eta oinarrizko behar itzelekin bazeuden ere, eguzkipean zain zeuden; «mantarik ere ez lo egiteko», zioen Jongleytik iritsitako Debora Akuaim dinkak. Urik ere ez zegoen aski. Bitartean, gutxienekoa baino gutxiago eman behar zuten dohaintza emaileen funtsen zain jarraitzen zuen UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak.

2014ko urtarrilean, Juban jarraitzen zuten nuer guztiak aireportuaren ondoko UNMISSen eremuan babestuta zeuden -NBEk igorritako soldaduen eremuan-, eta gabeziak izugarriak ziren han ere, baina ez zuten inongo gogorik etxera itzultzeko. Afrika ekialdeko erbestera ihes egiteko bitartekoak izan zituzten nuerrek, berriz, genozidioa salatzen zuten, Juban etxez etxe hil zituztela esanez eta 1991n nuerren SSDF taldeak bor dinken aurka egindako krimenak gogoraraziz Salva Kiirrek hilketen bezperan egindako irrati adierazpenak aipatuz. Nuerrak eta dinkak, batuta, ez ziren hegosudandarren erdiak ere, baina haien arteko konponezinak gerra ekarri zuen, eta, iraganeko bizimoduari eutsiz, armadak eta miliziak sortzeari ekin zioten tokian tokiko leinuek eta gizataldeek, eraginkortasun politikoa lortzeko. Iraganeko zauriak odoletan ziren ostera.

Ugandako armadak SPLA ofizialaren alde egin zuen berehala, Afrikako Batasunaren oniritzia ere itxaron gabe, eta IGAD Gobernu Arteko Garapenerako Agintaritza Addis Abebako elkarrizketak sustatzen saiatu zen. UPDF Ugandako armadak gudalekuetan emandako abantailarekin, baina, SPLA Sudango Herria Askatzeko Armada ofizialak Jubatik iparraldera bultzatu zuen matxinoen armada zuria -gero Oposizioko SPLA deitua izango zena-. 2014ko urtarrilaren 12an, Batasuna estatuko Bentiu hiriburua -gehiengo nuerra du- hartu zuen SPLA ofizialak.

Soldaduen poza, herri hutsa

Azkarki aurrera egiten zutela erakusteko, SPLAko militarrek kazetari talde bat eraman zuten hegazkinez Bentiura, azken segadek utzitako gorpuak oraindik ere eguzkipean usteltzen ari zirela, baina, horrek baino gehiago, bi gauzak harritu zuten kazetari hau: petrolio gordinaren milioika upel ematen duen lurralde hori zenbateraino azpigaratuta zegoen, eta soldadu taldeak bozkarioz batetik bestera zebiltzan arren hiriko etxe, denda eta banku xumeak zeharo hustuta zeudela eta bertako biztanle guztiek ihes egin zutela.

SPLAk Jongleyko Bor hiria hartu nahi zuen jarraian, hegoaldetik eta iparraldetik ere eraso eginez. Aitzinatze militar azkarrak sakoneko adiskidetzea ez ote zuen atzeratzen pentsatuz, su-etena agendan ote zegoen galdetu nion James Mai SPLAko komandante nagusiari, eta honela erantzun zuen hark: «Ez dago. Agendari buruz Addis Abeban ari dira hitz egiten; guk ez dakigu zertaz ari diren hizketan».

Bentiutik Malakalera, Goi Niloko hiriburura eraman zuen armadak kazetari taldea; hango erdigunea ere azkar konkistatu zuten, baina han ere, biztanleriaren desplazamenduen ordainarekin. Nuerrak UMMISSen kanpalekuen ondoan pilatzen ziren babes bila eta laguntzaren zain, eta gaztetxo asko, nuerrak bereziki, armada zuriaren matxinadak harrapatzen zituen. Horren aurrean, Simon Kun Goi Niloko gobernadoreak zioen gerraren bitartez ez zela ezer lortuko eta azkenean denek galduko zutela. Hiria suntsitua eta arpilatua zegoen harrezkero, baina okerrena etortzekoa zen oraindik, Bentiu eta Malakal, beste hainbat leku bezala, aldiroko gudalekuak izan baitziren. 2013tik 2018ra arte iraun zuten Hego Sudango borrokek, eta, kalkulurik ilunenen arabera, 400.000 pertsonak galdu zuten bizitza, eta desplazatuen kopurua lau milioira iritsi zen.

Borrokek Borreko dinken artean eragindako hondamendia dokumentatzea zen kazetarien ardura 2014ko urtarril hartan, baina oinazea erakusteko aukera errazik ez zegoen, horretan saiatzeari matxinoen aldeko ezkutuko lana baitzeritzoten. Borretik Jubara egunero soldadu zaurituak iristen zirela egiaztatu ahal izan zuen kazetari honek, ospitale militarreko zuzendaria zen jeneralaren ahotik. Ospitalea grabatzeko baimena eman zuen hark. Baina, tupustean, Defentsa ministroa agertu zen han. Zaurituei dinkeraz animoak ematera zetorrelakoan. Kazetaririk gabe eta presaka bezala alde egin zuenean, soldadu talde batek kazetari hau atxilotu zuen, eta Jubako kanpoaldean inteligentzia agentziak zuen eraikin batera eraman.

Tresna eta disko guztiak harrapatu eta kendu, eta, orduetako itxaronaldiaren ondoren, «armada desmoralizatzeko asmoa» leporatu zioten kazetari honi. 24 ordu Hego Sudandik alde egiteko; alferrik izan ziren kazetariaren eta haren lagunen ahalegin guztiak goitik iritsitako aginduaren aurka. Ordu luzeen ondoren, azken erabakia jakinarazi zion gizonak zera gaineratu zion: hegosudandarren laguna izan ez balitz kartzelara eramango zuketela.

Bakearen haziak

Bi asteren buruan berriz itzultzeko aukera izan nuen, ordea, Canterburyko gotzaina iritsi zelarik Jubara. Adiskidetzearen haziak ereiteko ordua zela zioen Eliza anglikanoko gotzainak, Hego Sudanen duen indarra baliatzearren, barkamenaren sustraiak botatzen hasteko. Baina gerrak aurrera jarraitzen zuen; eta Addis Abebako elkarrizketen bilerek, batzuetan, minutuak ere ez zuten irauten. Gerrak goratutako ahotsek baino egiazkotasun eta zilegitasun handiagoa zuten isilarazitako ahotsek. Izan ere, gerrak ezinezko bihurtzen zuen ustelkeriaren aurkako lana, eta estatu komuna inoren onurarako suntsitzen ari zen, gainera, hainbeste milaka hildakoren ondoren.

Bakea behar zuten, ez behin-behinekoa, baizik eta iraunkorra. Horretarako, «paper zati batean barik, bihotzetan inprimatzea da behar duguna», zioen Victor Kerik, 2005ean sortutako egunkari bateko zuzendariak. Militarrak nagusitu zirelarik, gizarte zibilak isilean egin behar zuen bere lana, nahiz eta inork baino zintzoago islatu hegosudandarren sakoneko nahia. Deng Rehanek, gizarte zibilaren aliantza baten izenean, nazioarteko komunitateari neutraltasuna eskatzen zion, eta herritarrei, pazientzia, etorkizuneko agintariak aukeratzeko 2015eko hauteskundeak egin ahal izango baziren. «Gizarte zibilak bere burua hezteko aukera behar du, eta garaia da». Ustelkeriaren aurkako epaitegiak behar zirela zioen, eta horretarako beharrezkoa zela herritarren batasuna, «banaketa nagusituko balitz ez baikenuke aukerarik izango eskubideez hitz egiteko ere». Elkarlanaren haziak ernaltzen ahalegintzen zen gizarte zibila, baina urteak beharko ziren sustraiak egiterako.

Bihar: Elkarrizketa Nazionala eta bakerako akordioa.]]>
<![CDATA[Agur, Sudan, agur]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1969/002/001/2021-07-06/agur_sudan_agur.htm Tue, 06 Jul 2021 00:00:00 +0200 Oskar Epelde https://www.berria.eus/paperekoa/1969/002/001/2021-07-06/agur_sudan_agur.htm Bye, bye, Sudan (Agur, agur, Sudan) berresteko ilaretan, Sudan Askatzeko Herri Armadako (SPLA) agintariek eta estatu-nazio berriaren nazioarteko babesleek bultzatutako irudikapen sinplistarekin bat zetozen erantzunak ematen zizkieten kazetariei boz emaileek. Haien esanetan, Sudango hegoaldean bizi ziren «afrikarrentzat» beharrezkoa zen urrats hura, iparraldeko arabiar islamisten eskutik jasandako zapalkuntza eta bazterketa historikoari aurre egiteko. Argudiatzen zuten 1983az geroztik gerran arituak zirela estatu federal baten alde, eta, «Khartumen maltzurkeriaren ondorioz», ezinezkoa zela batasun gobernu bat, nahiz eta 2005ean Sudango Gobernuak eta SPLAk Bake Akordio Orokorra sinatu zuten.

Bake akordio horren arabera, aurreko sei urteetan ustiatutako petrolioaren irabazien erdia hegoaldeko trantsizio gobernuari zegokion arren, Khartumek %74 beretzat hartzen jarraitzen zuen -halaxe jasotzen zuen Global Witness elkartearen argitalpen batek-. Hori ere hizpide zen bake akordioak jasotako sezesio aukera egikaritzeko unean Juban nagusitu ziren aho batezko garaipen ospakizunetan.

Akordioak sinatu eta sei urtera, trantsizio gobernua eratu zenean, eta NBE Nazio Batuen Erakundea eta Mendebaldeko bestelako laguntza erakundeak iristearekin batera, 4x4 ibilgailuen buxadurak egundokoak ziren Jubako erdigunean; kanpoko laguntzak eta inbertsioek ekarri behar zuten garapen bizkorraren adierazle zirela sinetsi nahi zuten herritarrek. 2005ean Hego Sudan guztian asfaltatutako kilometro bakarra zegoen, eta auto bakan batzuk besterik ez; hori esaten zien Garraio ministroak kazetariei, herrialdea zer egoeratik zetorren ohar zitezen, nahiz eta 2011n ere asfaltatutako bideak ez ziren askoz gehiago.

Hego Sudango herriek munduko errealitate gordin azpigaratuenetako bat zuten, osasun, hezkuntza eta garapen gabezien ondorioz. SPLAk -dinka eliteen esku zegoen- eratu zuen Batasun Nazionaleko Gobernua, AEBek, Erresuma Batuak eta Norvegiak buru-belarri sustatutako bake akordioaren bidez. Hego Sudango Gobernua herri aniztasuna egituratu eta herritar xumeen beharrei erantzuteko gai ez bazen, Sudango presidente Omar al-Baxirren NCP Kongresu Nazionalaren Alderdia jotzen zituzten traba nagusitzat, eta garrantzitsuena sezesioa bultzatzea zen.

Dinkak eta nuerrak

Nazioarteko troikak ontzat emandako propagandaren itzalean, beldurrak menderatutako eremu isiletan, esan gabe geratu ziren egia osoaren zati gehienak. Jubako herri indigenen auzo xume batera joan zen kazetari hau erreferendumaren egunetan eta, oinarrizko baliabideak eskuratzeko zituzten zailtasunak erakutsi ondoren, beste galderak erantzuteari uko egin zioten nabarmenki. Inork ez bide zuen gogoratu nahi gerraren azken urteetako borrokak hegosudandarren artekoak ere izan zirela -iparraldeko armadaren zeharkako esku hartzearekin, bestalde-, batez ere John Garang eta dinken SPLAren eta SSDF Hego Sudango Defentsa Indarren taldeko nuerren artekoak.

Hala ere, bake prozesua bizkortzearren, SSDF -hegoaldeko beste talde eta milizia guztiak bezala- bake negoziazioetatik at geratu zen. Esan gabe geratu zen, baita ere, SPLAk irabazi eta aldarrikatzen zituen eskualde gehienak atzerriko armadek askatu zituztela; eta Ekuatoriako leinuen eta beste gutxiengoen ordezkaritzarik ez zuela trantsizio gobernuak; eta eliteek bereganatutako boterea eta haien balizko ustelkeriak eragozteko gaitasunik gabe zegoela gizartea; eta azken hamarkadetan sortu ziren tokiko ekimen armatu anitzak euren buruak defendatzeko sortuak zirela, eta ez bakarrik iparraldeko armadaren aurka, baita SPLAren aurka ere.

Bake akordioa eta estatu berriaren sorrera prestatu zuten diplomatikoek bigarren mailako arazotzat hartu zituzten horiek. Errealitatearen azterketa sakon eta egiazalea, Al Baxirren oposizioak landutako Sudan Berriaren ametsa bezala, John Garangekin batera ehortzita geratu zen, 2005eko akordioa sinatu eta berehala -istripu batean hil zen-.

Sei urtez Juba berriaren kontrola hartu zuten dinkek bezala, nuerrek ere itxaropen handiak zituzten. Salva Kiir SPLAren eta trantsizio gobernuaren nagusi berriak 2006ko urtarrilean sinatu zuen Jubako Adierazpena Paulino Matieb SSDFko buruarekin, armadan nuer taldeen integrazioa bideratzeko. Barrakoi bereiziak izaten jarraitu zuten dinkek eta nuerrek eta elkarren arteko mesfidantzak nagusi ziren, baina armaden bat egite ofizialak garrantzi handia izan zuen hainbat eskualdetan bakea bermatzeko. Botere posizioetan dinkak ziren nagusi, baina indar armatu nuerren kopurua handiagoa zen, eta kanpora begira Bye, bye, Sudan leloari eusten bazioten ere, hiriburura iritsitako nuerren arteko bilera itxietan ikusten zen boterea hartzeko txanda eske ari zirela.

Hego Sudango Gobernuaren legezkotasuna bermatzearren, Mendebaldeko troikak finantzatutako Garapenerako Gobernuen Arteko Agintaritzak (IGAD) sustatu zuen bake prozesua, eta Mendebaldeko estatuetako erakundeez hornitu zuen trantsizio gobernua. Itxurazko zuzenbide estatuak handik gutxira ezagutuko zuen desastrea kontuan hartuta, kopiatutako erakunde eredu horiek bertako errealitatean egokitu gabeak suertatu dira, helburu ezkutua aberastea eta lurrak harrapatzea ez bazen behintzat.

Hego Sudanen gerra zibila sortuko zela ez genekien oraindik. Lurraldera egokitutako demokrazia bat lantzen ari zirela esaten zuten agintariek eta haien nazioarteko lagunek. Ez genekien justizia ekonomikoa landu eta ezberdintasunen aurka eraginkorki borrokatuko zuten ala ez. Babesteko erantzukizunaren dotrina zen hizpide AEBetako politikarien artean, esku hartzea justifikatzeko.

Erreferendumerako boto bulegoetan Jimmy Carter agertu zen, AEBetako presidente ohia. Zera galdetu nion: «Sahararrek ere eskatzen dute autodeterminazioa, baina Estatu Batuek ez dute berdin jokatzen han. Zergatik?». James Baker bere lagunaren lana aipatuz atera zen estualditik, Al-Baxirri buruz ezer esan gabe.

Bihar: Estatua sortu osteko arazo politiko eta sozialak.]]>
<![CDATA[Zorrak kitatzeko ordua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1858/019/001/2021-06-04/zorrak_kitatzeko_ordua.htm Fri, 04 Jun 2021 00:00:00 +0200 Oskar Epelde https://www.berria.eus/paperekoa/1858/019/001/2021-06-04/zorrak_kitatzeko_ordua.htm
«Auzi honek kenyarren bizitzari eragiten dio, baina baita Afrika ekialdeko beste herrialde guztiei ere; auzitegiaren epaiak ebatziko baitu hemendik aurrera Uganda, Ruanda eta beste herrialdeetako gobernuek ez ote dioten Kenyaren ildo berari jarraituko mailegu-goseari dagokionez», dio Emily Osiemo abokatu gazteak.

Gobernuak mailegu gehiago eskuratu ahal izan zitzan, parlamentuak eta senatuak Finantza Publikoen Legearen zuzenketa bat onartu zuten joan den irailean: zor publikoaren goiko muga bederatzi bilioi txelinetan finkatu zuten, eta, aldi berean, legearen testutik ezabatu zuten BPGaren %50eko muga lehenagotik ezarrita zegoen. Horregatik eta azken maileguarekin komunitatearen legea urratu dutelako jo dute abokatuek egoitza Arushan duen auzitegira, auzitegi horrek baitu EACren tratatu eratzailearen eta komunitate legeen xedapenen interpretazio eta aplikazioaren eskuduntza. Salaketaren ondoren, bi hilabeteko epemuga ezartzen da auzi eskea onartu edo ez ebazteko, eta, horregatik, azken mailegua aurkaratu ahal izan dute bakarrik.

Salaketarekin batera aurkeztu dituzten dokumentu ofizialen arabera, Kenyako Banku Zentralak eta Altxor Publikoak 2020an aitortu zuen zorrak BPGaren %60 gainditu duela, zorra 7'6 bilioira iritsi zela esanez. Apirilaren 2an iragarritako azken mailegua sinatu aurretik, NDFk ere bazuen egoeraren berri. Gainera, urte hasieran, iparraldeko hartzekodunak ordezkatzen dituen Parisko Klubak onartu egin zion Kenyako Gobernuari ordainketak sei hilabetez atzeratzea, koronabirusaren ondorioz zorrak eta interesak ezin zituelako ordaindu. Gerora, Pariseko Klubaren kide NDFk adierazi zuen 2022aren amaierarako zorra %70era iritsiko dela. Are gehiago, abokatuen arabera, Kenyako Altxor Publikoak zorraren sabaia bederatzi bilioitik hamabira igo nahi du.

Interes publikoa duen gaia dela dio abokatu bulego bereko kide Christopher Ayiekok: «Azkenean, zergadunak dira mailegu hauek ordaindu behar dituztenak, eta gobernuak mailegu gehiago eskatzen jarraitzen du zorrak eta zorren interesak ordaintzeko».

Ondorioak

Kenyako kontu ikuskari nagusiak berriki esan du gobernuak zorra ordaintzera zuzentzen duen diru kopurua honezkero beste gastu publiko guztien batuketa baino handiagoa dela. Mombasako portuaren jabetza Txinako mailegu baten berme gisa baliatu dutela ere jakin zen urte hasieran. Era berean, NDFk, hartzekodunen interesak bermatzeko, estatuaren administrazioan murrizketak ezarri ditu azken maileguaren baldintzetan, besteak beste, BEZ zerga igotzea.

Azken hilabeteetan, gobernuz kanpoko eragileek protesta ozenak egin dituzte, bai sare sozialetan, baita komunikabideetan ere. Txinak emandako maileguekin Nairobin errepideak eraikitzen ari badira ere, osasun eta hezkuntza zerbitzuak oso kaskartzat jotzen dituzte hiritarrek. Salatzen dute osasun zentroetan sendagaiak falta dituztela, eskola publikoetan ikasgela berriak behar dituztela, eta bizitza garestituz doala; gobernuari, berriz, leporatzen diote ez duela erantzukizunez eta gardentasunez jokatzen mailegatutako diruaren kudeaketan.

«1.200 dolarreko [988 euro] zorra zamatzen du Kenyako ume bakoitzak, jaio orduko», dio Sidi Otienok, KPL-Kenyako nekazarien ligako idazkariak. Probonus bulegoko abokatuek egin duten salaketaren bultzatzaileetako bat da KPL; bestea Kenyako Zorren Aboliziorako Sarea da. Horien esanetan, gobernuak maileguak eskatzen jarraitu du mailegatutako baliabideak zuhurki erabiltzen direla ziurtatzen duen neurririk hartu gabe. Salatzaileek argudiatzen dute maileguek ez dutela sortzen zorrak kitatzeko behar liratekeen kanpo merkataritza negoziorik, ez dietela laguntzen enpresa txikiei ere, eta, beraz, pobrezia areagotzen dutela.

Osiemoren esanetan, euren helburua zera da, Kenyako Gobernuak NDFrekin izan duen jokaera «legez kanpokoa» dela berretsiko duen deklarazio bat lortzea, EACrekiko ituna bortxatu duela adieraziko duena, baita Afrikaren Batasun Ekonomikoaren Tratatua ere, «komunitate ezberdinek batasunaren helburuaren atzean elkarrekin lan egiteko eskatzen duelako».

Estatuaren abokatu nagusia eta EACren idazkari nagusia dira bi akusatuak. Lehena, legezko betebeharren aurrean gobernuak egindako hutsegiteengatik, eta bigarrena, EACren kontseiluak duen ikuskaritzaren akatsengatik. Orain, erantzuleek 40 eguneko epea dute euren argudioak finkatzeko. Gaia berria da, eta, sententziak, batera edo bestera joko balu ere, aurrekari garrantzitsu bat sor lezake Afrikan.]]>
<![CDATA[Exekutibo berria eta gatazka zaharra Kongoko Errepublika Demokratikoan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2003/021/001/2021-04-17/exekutibo_berria_eta_gatazka_zaharra_kongoko_errepublika_demokratikoan.htm Sat, 17 Apr 2021 00:00:00 +0200 Oskar Epelde https://www.berria.eus/paperekoa/2003/021/001/2021-04-17/exekutibo_berria_eta_gatazka_zaharra_kongoko_errepublika_demokratikoan.htm
Emakumeak dira gobernu berriko kideen %27, eta %80, aurpegi berriak. Sama Lukonde lehen ministroak nabarmendu du «bazter politiko ugari» bateratu direla, «jatorri eta ideologia politiko ezberdinetakoak». Guztira, 56 kidek osatzen dute gobernua. Lukondek esan du FCC Kongoko Fronte Komuna eta CACH Cap for Change alderdien arteko koalizioa —Joseph Kabilak zuzendutakoa— historiako atal txar bat izan dela, eta denbora larregi igaro dela gobernu berria osatzeko, eta hau gaineratu du: «Hainbeste eginbehar daukagu, ezen ezin baitugu denbora gehiago galdu». Bi urte eskas ditu aurretik, eta emaitzak lortu behar ditu, ez bakarrik hauteskundeak adosteko, baita beste lehentasunetan ere: justizian, osasunean, hezkuntzan, nekazaritzan, arrantzan eta artzaintzan, ekonomian, azpiegituran eta, bereziki, segurtasunean.

Ipar Kivuko lurraldeetan talde armatuen erasoak etengabeak izan dira Kabilaren aldeko koalizioaren porrotaz geroztik. Gobernu berriak duen erronka erabakigarrienetako bat da zorigaitz horren kurba apaltzea.

Jokamolde ezberdina

Lehen ministroak armadaren barruan gertatu ohi diren funts desbideraketak ikertu nahi ditu. «Jakina da soldadu soilei ez zaiela dirurik iristen, eta zehazki jakin beharra dago zer gertatzen den», esan du. Defentsa ministro Gilbert Kabanda Bukavuko unibertsitate katolikotik dator, baina, jeneral-mediku erretiratua delarik, ondo ezagutzen ditu armadaren barruko prozedurak. Haren lana da, segurtasuna bermatzearekin batera, armada erreformatzea. Baina aurrekontu oso txikia du, eta armadak piramide alderantzikatuaren egitura du, non diru iturriak eta leialtasunak biziki aldakorrak diren. Aldi berean, Armagabetze, Desmobilizazio eta Gizarteratze komunitarioaren programak gabezia itzelak ditu. Etengabeko lana egin beharko litzateke gazteei aukerak eskaintzeko hirietan eta landa eremuetan, talde armatuek aukerarik izan ez dezaten diru promesekin eta konspirazioekin horiek errekrutatzeko.

Sakoneko autokritikak egin behar ditu nazioarteak ere Beni eta Butemboko manifestariek MONUSCO Nazio Batuen Erakundearen Kongorako misioa areriotzat hartu duten honetan. Hamar hildako utzi dituzte manifestazioek. Herritarrak ez babestea leporatzen diote MONUSCOri. Izan ere, oso zabaldua dago Beni eskualdean gertatu diren sarraskiak botere erregional ezberdinen arteko talkaren ondorio diren susmoa.

Lehen ministroa izendatuta, bi hilabete behar izan dituzte gobernua osatzeko. Bide horretan, nabarmentzekoa da emakume bat izendatu izana Justizia ministro: Rose Mutombo. Emakume Kongoarren Adostasunaren Eremuko presidentea ere bada Mutombo. Estatu-kontseiluko magistratua izan da, gainera, eta azken urteetan ikasketa anitz egin ditu atzerrian emakumeen eskubideen aitortza gobernu ereduan sartzeko.

Ingurumen ministro berria, Eve Bazaiba, Basoko eskualdekoa da jatorriz, eta MLC Kongo Askatzeko Mugimenduko kidea orain arte oposizioko alderdi nagusia izan da. Erakunde ekologistek eskari argia egin diote ministro berriari: giza eskubideekiko eta bereziki bertako komunitateen eta oihanetik bizi diren jatorrizko herrien eskubideekiko engaiamendu berri bat. Kongoko Errepublika Demokratikoak lehen mailako baso tropikalen 122 milioi hektarea ditu: hau da, gaitasun izugarria du herrialde garatuenek isurtzen duten karbono dioxidoa xurgatzeko. Jakina da planeta berotzeak eta muturreko klimek ondorio latzak dituztela karbono dioxido gutxien isurtzen duten herrialdeetan, Afrikan bereziki, eta Kongon ere hasiak dira arrisku horri aurre egiteko finantza bideak lortzeko lanetan.

Etorkizuna

Kongo arroaren oihanetan herritarrak basozaintzaren onurak bilatzen dituzte, euren kabuz gizadia eta izadia babesteko. Hurrengo belaunaldiek baliatuko dituzte borroka horren emaitzak. Egur eta mineralen ustiaketak luze gabeko mozkin nabariak ekarri dizkie agintariei orain arte, baina aldi berean kalteak eragin dizkiete basoetan bizi diren herritarrei. Adibide bat jartzearren, arrantza nabarmen murriztu da, meatzaritzak Lohaleko uretan eragiten duen kutsaduraren ondorioz. Gainera, trukean ez dute jasotzen kalitatezko osasun zerbitzurik, ez hezkuntzarik ere. Garraiobideak hobetzea ere eskatu dute zuhaitzak moztu eta ateratzea onartuko badute, baina sinaturiko promesak ez dira bete, eta ezin inori konturik eskatu.

Gerora begirako askotariko ekimenak sortu dituzte herritarrek. Adibidez, Mambasa eskualdean, giza eskubideen aldeko taldeek erreferendum bat antolatu asmo dute Txinako enpresa batek eskualdeko basoan egiten duen jardueraz galdetzeko. Bazaiba ministroarekin itxaropena handiagoa ote den galdetuta, Mambasako John Vuleveryo abokatuak hala dio: «Agian bai, baina gure politikariengan itxaropen gutxi daukat nik». Hala, ikusteko dago ekimenok gobernuaren laguntza izango duten.]]>
<![CDATA[Osasun sistemak porrot egin du]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1996/016/001/2021-04-10/osasun_sistemak_porrot_egin_du.htm Sat, 10 Apr 2021 00:00:00 +0200 Oskar Epelde https://www.berria.eus/paperekoa/1996/016/001/2021-04-10/osasun_sistemak_porrot_egin_du.htm boda-boda edo mototaxi batean zihoan istripua gertatu zenean. Motor gidaria berehala hil zen. Bera Peace ospitalera eraman zuten, haustura anitzekin.

Ceeren laguna zen mediku batek BERRIAri azaldu dio gertatutakoa. «Azterketa medikoa egiten utzi nituen, eta lepoko baten bila atera nintzen. Itzultzean, bentrikulu-fibrilazioa egiten aurkitu nituen; intubatua zegoen, eta, gainera, atxilotuta, istripua gertatu aurreko gauean protesta batzuetan parte hartu zuelako. Halako batean, CPR-berpiztea egiten hasi ziren, baina konpresioen sakonera ez zen egokia. Ardura nire gain hartu nuen, eta saiatu egin nintzen, ez nuela berpiztuko ikusi, eta utzi nuen arte. Odola beranduegi iritsi zen. Osasun sistemak porrot egin du», azaldu du Sokiri doktoreak.

Ceek 27 urte zituen, eta alaba bakarra zen. 4 urte zituenean, aitarengandik banandu behar izan zuten, SPLA Sudan Askatzeko Herri Armadaren aurkako gerra zela eta. «Ama ez zen berriz ezkondu; aitaren zain jarraitu du, eta, orain, alaba galdu du: nola iraunen du?», esan du Sokirik.

Sistemaren hutsak

Cee hil aurreko gauean protestak izan ziren hirian. Manifestariek diote minaz betetako eremuan bizi direla. Abeslaria hil ostean, hainbat lagun bildu ziren istripua izan zen gunean, osasun sistemaren gabeziak salatzeko. Poliziak, ordea, indarrez sakabanatu zituen, eta atxilo eraman zituen batzuk. Horietako bat, AK Dans komikoa, polizia etxetik atera ondoren odol transfusioetarako zerbitzu arduraduna ikustera joan zen lagun talde batekin, galdetzeko istripua gertatu zen egunean zerbitzua zergatik zegoen itxita. «Lur jota gaude. Gure osasun sistemaren gabeziak konpontzea ez da arratsaldeko lauretan etxera joatea erabakitzen duen medikuaren ardura; ez da 1,69 euroko soldata duen erizain baten eginkizuna, ezta aurrekontu orokorraren %1 jasotzen duen Osasun Ministerioarena ere».

Ardura euren gain hartzeko prest, odol bilketa kanpaina bat jarri dute martxan AK Dansen taldekoek, baina, horrekin batera, are ozenago eta beldurrik gabe eskatzen dizkiote kontuak gobernuari. Hego Sudango Osasun Profesional Arduratsuen Elkarteak dio osasun azpiegitura egokiarekin eta bizitzaren zainketarako ekipamenduekin, horrelako heriotza asko eragotziko liratekeela. Idatzi batean salatu dute Ceeren heriotza «osasun langile batzuen zabarkeriak» eragin bazuen ere «sistemaren hutsegite sistemikoek» eragiten dituztela heriotzak.

Nabarmendu dute, baita ere, Osasun Ministerioak ez daukala gaitasun instituzional eta teknikorik politika berriak martxan jartzeko: «Duela hamar urtetik hona hiru puntu gutxitu da dagokion aurrekontua. Osasun zerbitzuen %80 giza laguntzarako erakundeen eta garapen agentzien esku uzten dute». Salatu dute 100.000 pertsonarentzako bi mediku eskas daudela, eta 50.000 pertsonarentzako, erizain bakarra; ez dela inbertsiorik egin osasun langileak trebatzeko; Hego Sudango ospitale nagusi Juba Teaching Hospitalek ez duela behar duen kirurgia-ekipamendurik, ezta trauma sistemarik ere, eta, transfusioetarako odol nahikorik ere ez dutenez, gaixo asko hil egiten direla.

Gizarte zibileko eragileek ere kritikatu dute gobernuaren arduragabekeria. Antolakuntza Aurreratzeko Komunitateen Ahalduntzea erakundeko Edmund Yakanik gobernuari egotzi dio krisi garaian herritarrak alde batera utzi izana, eta egoera nazioarteko erakundeen esku uztea.

Hamar urteko independentziaren ondoren, menpekotasuna sakondu egin da. Hamabi milioi biztanle ditu Hego Sudanek, eta gero eta gehiago dira elikadura eta laguntza humanitarioa behar dutenak. Halaxe ohartarazi zuen NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren ordezkari ohi David Shearerrek, kargua utzi aurretik Segurtasun Kontseiluan egin zuen azken agerraldian. Batetik, esan zuen Hego Sudango aberastasunak, petrolioa eta abar, herriari onurarik eman gabe ustiatzen dituztela, sekretupean eta ondorioez kezkatu gabe, eta, bestetik, nazioarteko komunitateak ere baduela zerikusirik Hego Sudango gaur egungo egoerarekin. «Bakea ez dute oraindik eraiki». Hego Sudango presidente Salva Kiir Mayarditek behin egotzi omen zion «eskaleen nazio» bihurtzen ari zirela herrialdea. Shearerrek, erantzukizuna onartu arren, gogorarazi zion gobernuaren menpeko erakundeek ere urratsak egin behar lituzketela.

Bake akordioaren arabera, armadak bateratu behar dituzte, konstituzio bat idatzi, Afrikako Batasunarekin batera justizia sistema bat eraiki, eta, azkenik, bozak egin. Baina oinarrizko segurtasuna ere ez da bermatu oraindik toki askotan. Herritarrek egin dute lehen urratsa. «Politikariak ahaztu, eta bila ditzagun konponbideak», adierazi du Ceeren lagun batek.]]>
<![CDATA[Mendekuaren mehatxupean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1943/020/001/2021-02-21/mendekuaren_mehatxupean.htm Sun, 21 Feb 2021 00:00:00 +0100 Oskar Epelde https://www.berria.eus/paperekoa/1943/020/001/2021-02-21/mendekuaren_mehatxupean.htm
Orain, gaizkileen indarrak ahultzeko aitzakiapean, erabateko kontrola ezarri dute, eta herritarrek arazoak dituzte janaria eta erregaia eskuratzeko. Zaila da kazetarien lana ere. Herritarrak hitz egiteko beldur dira, baita telefonoz aritzeko ere, segurtasun indar bereziak gainean dituztelako une oro, eta jakinaren gainean daude edozer gauza gerta daitekeela aginduei aurre eginez gero. Kontraesana badirudi ere, polizia operazioa abian den arren, zaila da horri buruzko informaziorik aurkitzea sareetan.

«Polizia da lehenengo susmagarria», esan du IMLU Osasun eta Lege Aholkularitza Independenteko zuzendaria den Peter Kiamak, Arabalgo sasien artean aurkitu dituzten hilotzen azterketa egin eta gero. Tortura aztarnak zituzten, eta heriotza zauri guztiak antzekoak ziren. «Ondo trebatutako eskuek egindakoak», Kiamaren esanetan. Adierazpen horiek Kenyako egunkarietan argitaratu zituzten otsailaren 2an, baina gaiari buruz plazaratutako azken artikuluak izan ziren. Biktimek Tebakolen hilketarekin zerikusia zutela hedatu zen hamaika xehetasunez hornitutako zurrumurruen bidez, eta, geroztik, inork ez du gertatutakoari buruz galdetzen.

Gerora hilik agertuko ziren sei gazteak urtarrilaren 19ko ilunabarrean harrapatu zituzten, Txemolingot herriko klub batean. Paul Kosgei zen haietako bat. Lekukoen arabera, segurtasun indar bereziek zazpi lagun bahitu zituzten. Kosgei ez beste guztiak bertakoak ziren, pokotak. Kosgei bera eta bahituetako beste bi hautetsiak ziren. Bata irakaslea zen, eta bestea, Hauteskunde Batzordeko ordezkaria Tiatyn bertan. Kosgei giza baliabideen arduraduna zen eskualde berean. Zenbait zurrumurruren arabera, Kosgeik auto ofiziala erabili zuen gaizkileentzako armak garraiatzeko. Haren alargunak, ordea, ukatu egin zuen gaizkileekin zerikusirik zuela.

Zazpi gazteak harrapatu ondoren hainbat iturriren arabera, polizia zen zazpigarrena, pokoten eskualdearen hegoaldeko ertzeraino eraman zituzten. Hurrengo egunean jakinarazi zuten kaleko arropekin jantzitako sei gizonen gorpuak aurkitu zituztela mendian. Hasieran, Rift bailarako notario George Natembeyak ez zuen hildakoen izenik eman. Soilik esan zuen aurreko gauean han inguruan eraso bat izan zela, eta 50 behi lapurtu zituztela.

Salbuespen egoera

Kapedoko ingurua «eremu nahasi» deklaratu zuen gobernuak urtarrilaren 25ean. Pokoten lurraldeko eskolak itxi egin zituzten polizia operazioak irauten zuen bitartean. Errepide bakar eta bakartian hainbat polizia kontrol jarri zituzten, eta bertako hautetsi ezagunenak polizia etxera eraman zituzten behin baino gehiagotan, haiek ere erasotzaileekin zerikusia izan zezaketelakoan. Harrez geroztik etxean daude, baina isilik, bai William Kamket Tiatyko diputatua, bai Nelson Lotela Silaleko eskualdeko legebiltzarreko kidea.

Ez zaie oraindik ahaztu 2017ko hauteskunde garaiko lehorte hartan gertatutakoa. Armak eskuan, morani pokotek, euren abereentzako belarrik aurkitzen ez omen zutelarik, inguruko belazeetan sartu zituzten, eta, ordainetan, segurtasun indarrek tiroka hil zizkieten behiak. Urte hartako otsaileko gau batean, hautetsi bat eta hautagai bat hil zituzten Marigateko klub batean. Gero, ustezko Polizia talde batek Thomas Minito Tiatyko Legebiltzarreko ordezkaria bahitu zuen Kabarneteko jantoki batean, eta, egun batzuen ondoren, Kenya erdialdeko Athi ibaian agertu zen haren gorpua.

2018ko uztailean, berriz ere ustezko poliziek Nelson Lotela bahitu zuten, baina, haren gidariak bahitzaileen kotxearen zenbakia hartu eta salaketa jarri zuelarik, bizirik agertu zen. Ez dira horiek, hala ere, pokot politikarien aurkako krimen bakarrak.

Armak, eskura

Gobernuak esan ohi du abereen lapurreta eta salmentarekin aberastutako «mafiak» direla pokotak. Baina pokot guztiak ez dira lapurretan aritzen. Gaizkiletzat jotzen dituzten horiek helduen aholkuari jaramonik egiten ez dioten gazteak direla dio Kapsukumek: «Eskola utzi behar izan duten gazteak dira; Ak-47a eskuratzen dutelarik, ezin dira ezer egin gabe eserita geratu».

Iparraldeko mugan, turkana etniako herritarren abere taldeei erasotzen diete tarteka, bereziki lehortearen astinduz baliabideak murrizten direnean. Hegoaldeko Mukutani eta haratagoko Arabalen masai eta tugen abereak ere lapurtu izan dituzte azken urteetan, eta heriotzak ere ez dira falta izan.

Bortxazko jarduera horiek, ordea, ez diote onurarik ekartzen pokot herriari. Seme-alabak eskolaratzeko edota sendabideak eskuratzeko aurkitzen dituzten zailtasunez mintzo ohi dira Komolionetik gora bizi diren komunitateak. Neskak harrapatuta gelditzen dira gabezietara egokitutako kultura baten halabeharrezko ezkontzetan.

Mutilek, eskola utzi badute, abereen atzetik mendira joatea beste aukerarik ez dute, lan berririk nekez sortzen baita, eta komunitatearen diru iturri nagusia abeltzaintza baita.]]>
<![CDATA[«Egiarekin irabazten da horrelako gerra bat»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1984/017/001/2020-12-16/egiarekin_irabazten_da_horrelako_gerra_bat.htm Wed, 16 Dec 2020 00:00:00 +0100 Oskar Epelde https://www.berria.eus/paperekoa/1984/017/001/2020-12-16/egiarekin_irabazten_da_horrelako_gerra_bat.htm
Nondik dator muturreko indarkeria?

Musulman batzuk Indian eta Saudi Arabian hezi ziren, eta 1940ko eta 1950eko hamarkadetan heziketa wahhabiarekin [muturreko musulman kontserbadoreak] itzuli. Baina Mozambikeko islamaren eraikuntza talde suniten esku egon bada ere, populazioaren gehiengoa, XV. eta XVI. mendeetan konbertitu ondoren, norabide sufiko kofradietan bilduta zegoen. Gero, XIX. mende bukaeratik, kolonialismoa indar betean zela, Eliza katolikoa bihurtu zen erlijio ofizial. Landa eremuko gazte asko katoliko egin ziren hezkuntzan edo elizaren lurretan lan egiteko aukera izatearren.

2.000 hildakotik gora utzi dituzte borrokek eta 500.000 desplazatu inguru. %400 hazi da bortxakeria.

Ez dakigu teknika terroristak erabiltzen dituen gerrilla bat den, ala gerrilla teknikak erabiltzen dituen terrorista talde bat. Izan ere, alde guztiek jotzen dute indarkeriara, Euskal Herrian ere ondo dakizue, gobernuaren errepresioak insurgentzia indartzen eta elikatzen duela.

Zeintzuk dira indarkeria handitu duten faktoreak?

Lehenik, gazteak daude, zeintzuek ez duten lan finkorik, eta meatzaritzan edo kale salmentan diharduten, eta maiz bizi ahal izateko legez kanpoko lanak egin behar dituzten. Bestetik, azken hamarkadetan meatzaritza enpresak ezarri dira Cabo Delgadon. Urteetan hango lur jabeak izan direnak bota egin dituzte kalte-ordainik gabe, eta euren lurretik atera eta beste batera eramanak diren herritarrek matxinatzeko beharra sentitzen dute. Azkenik, ingurumen krisia dago. Gehiegi ustiatu dituzte baso baliabideak, horrek eragin ditzakeen kalteak ezagutu gabe. Horrek guztiak bultzatzen du indarkeria. Finean, matxinoek nahi dutena da gobernuak denen artean bana ditzala natur baliabideen ustiaketatik ateratako irabaziak.

Matxinadaren sakonean, aztertu beharreko bidegabekeriak daude. Nolatan ez dituzte negoziazioak bultzatu?

Bi aldeek onartu behar lukete elkarrizketa bidezko irtenbidea. Badakigu negoziazio batzuk izan direla adibidez milizianoek Moçimboa da Praian harrapatu zituzten bi ahizpa brasildarrak askatzeko. 24 ordu izan ziren matxinatuen esku. Basoa ondo ezagutzen duen pertsona talde batek zaindu zituela esan omen zuten. Irrati-komunikazio ekipo modernoak zituztela, satelite bidezko telefonoak, armak... eta 24 orduko txandak egiten zituztela. Baita begi argiko gizon zuriak ikusi zituztela ere, europarrak edo Ekialde Hurbilekoak.

Matxinoen ezaugarrietako bat da emakumeak bahitzen dituztela. 700 edo 800 neska bahitu dituzte. Familiako neskak itzuli ote ziren galdetu nion behin desplazatu bati, eta ezetz erantzun zidan. Nikah zeremonien bitartez matxinoen emazte bihurtzen direla uste dute. Neska gazteekin batera zaharragoak ere bahitzen dituzte. Gazteei massa deitzen diete, zaharrei sorgo. Milizianoek kontrolatzen dituzten lurretan haur kopuru handi bat dutela ere badakigu. 7-8 urterekin bahitu zituzten duela hiru urte. Trebatu egin dituzte eta ikasitakoa praktikan jartzeko irrikan daude.

Gatazkatik ihesi joan behar izan dutenentzat bizitoki berriak aurkitzea ere ez da erraza izaten ari.

Gobernuak barruti seguruetan birkokatu eta lurrak eman nahi dizkie, kanpoko laguntzen menpe bizi behar ez daitezen. Baina prozesuak ez dira errazak. Lehenik eta behin, hutsik edo okupatu gabeko lurrik ez dagoelako. Bitartean, genozidio isil baten biktimak sentitzen dira iheslariak. Ez dituzte hil, baina lurrik gabe geratu dira, eta ez dakite inoiz itzuli ahal izango diren.

Lur jabe izateari utzi diote, eta orain atzerriko estatuetara jo behar dute morroi edo epoth bilakatzeko. Cabo Delgadoko estatu -idazkariak ehun herri berri eraikitzeko asmoaren berri ere eman du. Armindo Ngunga linguista eta ikerlariak esan du herriek pertsonak ondo bizitzeko baldintza guztiak beteko dituztela, baina zalantzak daude. Argindarra eta ura duen auzo batean etxea eraikitzea, ez da hori bakarrik, herritarron ohiturak eta legeak aintzat hartu behar dira. Bertako nekazari eta arrantzaleek hainbat erritu egiten dituzte tokiz aldatzeko. Ura duten lur emankorrak ez daude hutsik, lur jabeak eta araudiak dituzte. Toki berri baten bila ateratzen direnean, nahiago izaten dute basoan finkatu, basoa garbituz jabetza eurena bilakatuko delakoan.

Zer garrantzi du erlijioak gatazka honetan?

Populazio dentsitate handia ez duten tokietan finkatu dira desplazatuak. Hainbat tokitan baliatzen ez ziren kolonia garaiko machamba edo uzta eremu zaharrak daude. Euren herrietan utzitako lurrak, berriz, jenderik gabe geratzen ari dira. Lur horiek erakunde erlijiosoek kudeatzen dituzte. Balio tradizionalarekin lotutako erakunde horiek komunitateko liderrek zuzentzen dituzte, eurak dira herritarrengandik gertuen dauden agintariak ere. Janzkera propioa eta onura ekonomiko batzuk izateaz gain, zergak biltzeaz ere arduratzen dira, baita dokumentuak egiteaz ere. Beste herri batera joateko dokumentu ofizial bat erakutsi behar da kontrol postuetan.

Tokian tokiko agintariek praktika sunitak dituzte, baina bestelako sinesmen eta fedeen ohiturekin nahastuta. Ondorioz, haien aurka daude islam garbia, zuzena eta kanokikoa ezagutzen eta praktikatzen dutela uste dutenak. Atzerrian hezitako gazteen artean intolerantzia oso zabalduta dago. Horietako batzuek herrialde musulmanetan egin dituzte ikasketak, eta ez daude iritzi desberdinak dituztenekin hitz egiteko prest. Ez dituzte desberdin pentsatzen dutenak errespetatzen, eta musulmanen nagusigoari eutsi nahi diote, estatu aparatuetan postuak izan eta kargu politikoak lotzeko.

Matxinada mendebaldera edo hegoaldera hedatzea gerta daiteke?

Bai, hegoaldera eta herri guztira heda daiteke, Mozambikeko Gobernuak ez baitu bermatzen herritar guztien integrazioa eta garapena eta aberastasunen banaketa zuzena. Eskandalu finantzarioak ere aurkitu dira. Adibidez, jakin berri da arrantzontzien garapenera zuzendutako 1.600 milioi euro armadara desbideratu dituztela.

Niassan ere egoera ez da askoz hobea.

Cabo Delgado, Niassa eta Nampulan asmo dira elikadura arazoak dituzten eta osasun arreta jasotzen ez duten edo eskolara joan ezin diren adin txikikoak. Niassan milizianoen eraso batzuk izan dira. Matxinoek diote sistema aldatu nahi dutela, baliabide naturalek bertakoen esku egon behar dutela, eta ustelkeriaren eta injustiziaren aurka mintzo dira. Baina ez dira oso sinesgarriak, kontuan hartzen baditugu euren aurkako tortura eta bahiketa salaketak.

Muidumben sartu eta atera dabiltza. Moçimboa da Praia euren esku dago abuztutik, LNG proiektuaren egoitzatik 60 kilometrora. Armadak hiria gaur hartuko balu,hari eusteko gai izango litzateke?

Matxinoak lurralde zabalean dabiltza. Hegoaldean Quissangatik Moçimboa da Praiara, gero Angatik Marerera eta orain lautadan Muidumberaino. Gerrilla gerra batean gerrillariek ez dute base egonkorrik. Gerra mugituz doa. Armadak kuartelak ezartzen ditu koadrante bakoitzean gerrilla geratzeko, gerrilla berriz sartu, jo eta atera egiten da. Matxinoak ez dira nekazaritzan iaioak. Ez dute administrazio alternatiborik sortu. Lortu dute estatu administrazioa, bankuak eta sare komertzialak suntsitzea.

Orain Mozambikeko armadaren soldadu gehiago trebatu dira AEBetako segurtasun pribatuko enpresen laguntzaz. Duela egun batzuk Iboko bizilagun batek esaten zidan Defentsa eta Segurtasun Indarren unitateek harreman hobeak dituztela orain bertakoekin, eta ordena eta segurtasuna bermatzen dutela, baina orain artekoek herritarrei ez zieten inongo begirunerik. Tortura salaketa ugari bildu dira. Oraintsu, Muedako lautadan, milizien erasoen ondoren edo haien erasoen beldurrez hainbat herri hustu dira, eta soldaduek gero herriak arpilatu dituzte.

Gobernua ADIN Iparraldeko probintzien garapena bultzatzeko agentzia sortu du. Baina zer nolako garapena behar da matxinada bat indargabetzeko?

Argi geratu da matxinada armen bitartez bakarrik ezin dela bukatu, horregatik sortu da ADIN. Armez gainera, garapen eta ekintza psikosozialak behar dira. Garapen alternatibo eta iraunkorra behar da, nekazariek euren ekoizpen gaitasuna landu dezaten, taldeka, kooperatibekin edo nahi duten eran, baina euren etekinak hobetu eta aberastasuna jasotzeko. Agentziak bederatzi hilabete ditu. Baliabideen mobilizazioa ez da lan erraza, baina uste dut ahal duena egiten ari dela.

Bestalde, maiz, estatuaren ekintzak ez datoz bat bere diskurtsoarekin. Estatua bere burua antolatzen ari da, ez da lan erraza. Deszentralizazioa era erabakigarrian burutu behar da helburua betez, tokian tokiko organoei boterea itzuliz alegia. Talde eta komunitateei bidea ireki behar lieke planifikazioan, inplementazioan eta proiektuen emaitzak aurrezagutzen parte har dezaten. Baina jarduera horiek ohiko politikak aldatzea eskatzen dute. Alderdia eta estatua ezin dira nahastu justizia edota kontu publikoen erakundeek zuzen jokatuko badute.

Gasa ustiatzeko proiektuaren segurtasuna beste ezer baino gehiago zaintzen dute. Multinazionalek errepideak eta klinikak eraiki dituzte komunitateentzat.

Nire ustez, multinazionalen lehen helburua gasa ahalik eta azkarren ateratzea da. Eraikuntzaren erritmoa mantentzeko miliziei zergak ordaindu behar balizkiete ere, egingo lukete. Erietxeak, eskolak eta abar eraikitzeaz gainera, komunitateekin batera lan egin behar lukete. Multinazionalak ez dira karitateak deituta etorri, baina elkartasuna ere ez da euren berezitasuna. Estatuaren legeak errespetatu behar dituzte, eta ustelkeriaren aurkako borrokan jardun. Bestalde, ez dute ahaztu behar agindutakoa betetzen ez badute herritarrak euren aurka matxinatuko direla.

Zer ondorio izan ditu harribitxien ustiaketak?

Muturreko taldeak Balama eta Namunoren arteko mugako meskita batean agertu ziren estreinako aldiz. Errubiaren ustiaketa eta meatzari artisauen bazterketa gerrarekin oso lotuta dagoela diote batzuek. Inguruko nekazariak ez zeuden ados euren lurrak galtzearekin eta estatuaren zapalkuntzarekin. Hamasei urteko gerrak zauri sakonak eragin ditu. Londresko auzitegiek lortu zuten Leigh Day enpresa zigortzea, eta bide batez legeak aplikatzea eta meatzariei lana egiten uztea ingurumena babestuz.

Non jarri behar dira indarrak?

Egia eta justizia dira bakea eraikitzeko behar diren oinarriak. Duela urte batzuk Cabo Delgadon kartzelara joateak heriotza zigorra zekarren. Segurtasun indarren gehiegikeriak epaitu behar dira. Estatuaren diskurtsoa aldatu behar da. Hark dio matxinoek ez dutela aurpegirik, ez direla existitzen, «terroristak» direla, dena suntsitzen dutela, baina bera ere ez da saiatu erasoak argitzen, ez du benetako ahaleginik egin gatazkari irtenbide negoziatu bat emateko.

Gobernuaren kontrapropagandak, bere milizia zibernetikoak onurak baino kalte gehiago ekartzen ditu, denek ontzat ematen dutena ezeztatzen saiatzen baitira. Populazioaren kontrolerako garapenaren eta prentsaren poliziek ez garamatzate inora. Gerra bat demokrazia areagotuz irabazten da, askatasuna areagotuz, eta egia areagotuz. Azalpen ideologikoek ez dute herria konbentzitzen.]]>
<![CDATA[Koronabirusaren abiadura azkartu egin da Kenyan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/006/001/2020-11-13/koronabirusaren_abiadura_azkartu_egin_da_kenyan.htm Fri, 13 Nov 2020 00:00:00 +0100 Oskar Epelde https://www.berria.eus/paperekoa/1918/006/001/2020-11-13/koronabirusaren_abiadura_azkartu_egin_da_kenyan.htm
Azaroaren 4an, Kenyako presidente Uhuru Kenyattak neurriak zertxobait zorroztu zituen, baina oraindik ere taberna, bide eta merkatuek 21:00 arte irekita jarraitzen dute, eta BBI egitasmo politikoa plazaratzeko agintari eta, politikoek nonahi egin zituzten manifestazio itzelak ikusi ondoren, are gehiago kosta zaie herritarrei orain maskara janztea. Hildakoen kopuruaren gorakada ere nabarmena da: 1.100 hildakoetatik ehun hilaren lehen astean hil ziren; gehienak, erietxeetan egundoko zorrak utziz.

Pandemiaren kudeaketa konderrietako gobernuen esku utzi berri dute, baina horietako askok osasun egitura eta finantza baliabide eskasak dituzte. Gobernadoreek, azaroaren 4ko kontseilu bilera bereziaren ondoren, irudi iluna zabaldu zuten: hamabi konderri ez dira iristen gutxienez eskatzen diren 300 ospitale oheetara. «Osasun langilerik gabe geratzen ari gara», esan zuen gainera mikrofonoen aurrean Wycliffe Oparanya mendebaldean dagoen Kakamegako gobernadoreak, urriaren bukaeran hango ospitale nagusian izandako kutsatu kopuruaren ondoren.

Gainera, gobernuak esan berri duenez, NHIF osasun aseguru publikoak -kontratua duten langileek bakarrik dute- ez ditu ordainduko COVID-19agatik ospitaleratutakoen gastuak, ikaragarrizkoak direla argudiatuta. Gaixotasun larrien tratamenduak ordaintzeko kostu handiak, jakina, ospitaletik uxatzen ditu hainbat gaixo.

Bestalde, izena eman ezin duen mediku baten arabera, izurritearen hedapena behe diagnostikatuta egon daiteke, oraindik ere pneumoniatzat edo tuberkulositzat hartzen baitira, testik egin gabe.

Egoeraren larriagotzea pandemiak ekonomian eragin dituen askotariko kolpeekin batera dator. Turismoaren bat-bateko gainbehera eta ehunka mila lanposturen galera, esaterako; eta, bitartean, zor publikoaren zama gora doa etenik gabe. Joan den maiatzean Kenyak 626 milioi euroko mailegua eskuratu zuen Munduko Bankuaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren partetik, baina beste bat eskatu beharko du pandemia kudeatzeko gai izango bada.

Pfizer-Biontech txertoa Osasunaren Mundu Erakundearen Covax prestazioaren eskutik eskatuko dute, dosi bakoitzagatik 254 euroko prezioa ordainduta. Aurreneko dosiak Ameriketako Estatu Batuetara, Europako Batasunera eta beste herri aberatsetara bidaliko dituzte, baina Kenyara urtebete barru, 2021eko abenduan iritsiko direla dio The Star egunkariak.

Eskolak, poliki-poliki

Urriaz geroztik, eskolak pixkanaka ari dira berriz irekitzen; hiru hezkuntza zikloetako azken urteetako klaseak lehendabizi, eta urtarrilean beste guztiak. Gabezia eta erronkak nabarmenak dira, eta, hainbeste hilabetetan itxita egon ondoren, ez da berrikuntzarik egin.

Mendebaldeko Baringo lakuko Ol Kokwe irlako barnetegian, esaterako, aldaketa falta hori sumatu dute. «Klaseei dagozkien azpiegiturena da alderik zailena. Lehen genituen klase berdinak ditugu; nik, adibidez, zortzigarren mailan 46 haur ditut ikasgela berean», dio Wesley Tulia eskolako zuzendariak. Haurren arteko distantzia mantendu behar dute, baina hori bermatzeko gobernuak agindu dien laguntza bakarra ikasmahai berriak dira, hiru ikasleren ordez bi eseri daitezen bakoitzean; halere, ez dute ikasmahai berriak sartzeko adina lekurik. Gainera, klaseak zatitu behar balira, irakasle gehiago beharko lituzkete.

Eskolako zuzendariaren esanetan, erronka nagusia inguruko pobrezia maila da. «Familia askok ezin diote eutsi beren haurren eskolatzeari, ez baitira gai egoerak eskatzen duena ziurtatzeko. Maskarak, adibidez; batzuek badituzte, baina beste batzuek ez».

Absentismo indizea ere oso handia da. Masaien zirkunzisio errituengatik, inguruko mutil gehienak oraindik ez dira agertu, baina askotan etxean duten egoeragatik egiten dute kale: «Gurasoek ez badiete janaria prestatzen, ezin dira etorri, eta beste kasu batzuetan gurasoek eginbeharrak ematen dizkiete», dio Tuliak.

Eskolatik kanpo, ez dute etxetik ikasteko edo lan egiteko inongo aukerarik; batzuek, telebista pizteko argindarrik ere ez. Ohiko ekonomia jardueretan bezala, hezkuntzan ere aurrera egiteko behar gero eta handiagoa sumatzen dute, pandemiaren kurbak gorako bidea hartu badu ere.]]>
<![CDATA[Ekonomia indartu, kurba apaldu gabe]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1936/014/001/2020-06-06/ekonomia_indartu_kurba_apaldu_gabe.htm Sat, 06 Jun 2020 00:00:00 +0200 Oskar Epelde https://www.berria.eus/paperekoa/1936/014/001/2020-06-06/ekonomia_indartu_kurba_apaldu_gabe.htm
Afrikako gobernu gehienek garaiz hartu zituzten neurri zorrotzak, martxoaren hasieran, lehenengo kasuak baieztatu zituztenean atzerritik joandako hainbat pertsonarengan. Itxialdiak ekonomian izan zitzakeen ondorioen mehatxua alde batera utzi, eta aireportuak, eskolak, merkatuak, elizak, garraiobideak eta abar itxi zituzten. Horri esker, bigarren hiruhilekoan pandemiaren hedapena geldotzea lortu dute, eta denbora irabaztea osasun zerbitzuak prestatzeko eta gizartearen jarrerak aldatzeko.

Hegoafrikan, nahiz eta 40.792 kutsatu dauden, pandemiak izan zezakeen ibilbide are arriskutsuagoa aldatzea lortu dute itxialdiari esker, Osasun Ministerioaren arabera. Modu horretan, errazagoa izan da komunitateak zaintzea, eta milioi erdi pertsonari probak egitea. Hiru hilabeteren buruan, ordea, nabaria da, batetik, birusa ez dela hiruhileko batetik bestera desagertuko, eta, bestetik, orain arte bezala itxialdiei eustea jasangaitz bihurtu dela. Lehentasuna biziak salbatzea izanik ere, ezinbestekoa da familien bizimoduak aintzat hartzea, asko diru sarrerarik gabe geratu direlako hiru hilabeteko geldialdiaren ondoren.

Kenyan ehunka mila lanpostu galdu dira. Turismoa, agidanez, itxita dago erabat. Kenya Airwaysek 77.200 euro galdu ditu hilero, eta konpainiaren 36 hegazkinak lurrean daude. Baina murrizketak arintzen hasiko direla iragarri dute. Hasieran, herrialde barruko hegaldiei ekingo diete, baina uztailetik nazioartekoak jarriko dituzte abian. Berdin autobus konpainietan eta Standard Gaude trenbidean, segurtasun tarteak gordetzeko, autobusetan bidaiarien erdiak joango dira, tokian tokiko matatu-etan egiten den bezala.

Mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen lautik hiruk itxi egin beharko dute aldaketarik ez bada. Gobernuak ere langileen errentaren gaineko zergak behar ditu beste lanei eusteko, eta «gutxi dabil lanean»: horrela esan du Barne ministro Karanja Kibichok, eta gaineratu datorren astetik aurrera ekonomia berriz abian jartzearen aldekoa dela, betiere mailaka egiten bada.

OME Osasunaren Mundu Erakundeak iragarri du haurren malnutrizioaren zama handitzen ari dela itxialdien ondorioz, batez ere lehendik elikadura gabeziak zituzten eskualdeetan. Errenta gutxien dutenek ez dute dieta orekatua egiteko aukerarik, eta horrek ondorioak ditu osasunean eta bizitzan.

Osasun ikuspuntutik ondorio malerusak izan ditzake irekierak

Nekazaritza eremu bateko erietxe batean lan egiten duen eta izenik eman nahi ez duen mediku baten ustez, Kenyan«zorigaiztokoa» izan daiteke, kasuak ugaritu eta ugaritu ari diren honetan, indarrik gabe uztea bakartze neurriak, bulego eta negozioen itxierak eta etxeratze aginduak: «Jakina da ekonomiak sufritu behar duela; mundu guztia ari da sufritzen. Hartzen diren neurriak orekatuagoak izan daitezke, eta toki bakoitzaren arriskuei egokitutakoak. Baina herritarrek izan behar dute lehentasuna, eta ez ekonomia handiek. Orain arte lortutakoa arriskuan jartzen bada, kasuak ugaritu egingo dira, eta horrekin batera beharrak, eta, jakina, heriotzak ere bai».

Koronabirusaren heriotza tasa %3,2 da gaur egun Kenyan, baina indize horrek gorabehera asko izan ditzakeela ikusi da. Osasun langileak beldur dira gaixo kopuruaren zama handitzen bada ez ote diren baliabideak faltako probak egiteko, kasu positiboekiko kontaktuak ikertzeko, eta bakartzeak eta tratamenduak bermatzeko. Batez ere, nekazaritza eremuetan, non osasun azpiegiturak are eskasagoak baitira, jakina denez.

«Ez dugu beste aukerarik»

«Ohiko bizimodura itzultzera behartuta gaude», dio Maureen Amolo soziologia ikasleak. Badirudi harekin bat datozela Nairobiko herritar gehienak. Etxeko alokairua ordaintzeko, eta supermerkatura joan eta erosketak egiteko lan bila zebilela, etxetik egin ahal duen lan bat aurkitu berri du. Baina, hala ere, jabetzen da inguruan ikusten duen sufrimenduaz eta goseaz. Ekonomia berriz martxan jartzearen aldekoa da, jakina. «Jendeak bere bizimodua berreskuratu nahi du».

Orain arte, baimen bereziak behar izan dituzte Nairobitik irten edo Nairobira sartzeko. Baina hiri barneko merkataritza guneak, eta matatu-ak taxi pribatuak lanean dabiltza iluntzera arte, eta banakoen esku dago birusari aurre egiteko neurriak hartzea. Amolo bere maskararekin eta sanitizer-arekin ateratzen da etxetik; jendartean segurtasun tartea gehiago zaintzen du, eta supermerkatura edota bankura sartu aurretik eskuak garbitzen ditu. Matatu-etan ohiko bidaiari kopuruaren erdia onartzen da, baina txartelak ere bikoitza balio duela dio Amolok.

Arazoa konfinamendua balitz bezala, herritarrek informazioa jasotzen dute, erakunde eta egunkarien bitartez, hark eragin dituen galera ekonomikoez, mugetako kamioi ilarez, gaueko atxiloketez -Kenyako Poliziak 11 pertsona hil ditu-, ondasunen garestitzeaz eta elikadura segurtasunik ezaz. Hegoafrikak bezala, Ugandak, Ruandak eta Tanzaniak murrizketak arindu dituzte ekonomia suspertzeko.

Tanzaniak nazioarteko hegaldiak ere hasi ditu turismoaren diru sarrerak berreskuratzeko. Hegoafrika hirugarren eta laugarren fasean sartu da, eta datorren astelehenetik eskolak irekiko ditu berriz, zazpigarren eta hamabigarren mailako ikasleentzat. Segurtasun tarteak baliatuz kutsadurak eragotzi daitezkeela uste dute gehienek, nahiz eta oraindik ere kutsatu kopurua %5 inguru handitzen den egunero Hegoafrikan.

Ugandak ere murrizketak leundu ditu astelehenetik, nahiz eta igandetik asteazkenerako tartean 183 kasu berri baieztatu dituzten kolpetik.

Mezu horiek guztiak nahasten direlarik, indarra hartzen ari da konfinamenduak ez direla beharrezkoak diotenen diskurtsoa.

Mukuruko bazter auzoko arazo ikusezina

Mukuru kwa Njenga txabola auzoko xafla izurtuzko etxeetan egunero agertu dira kasu gehiago azken astean. Hango bizilagunek egunean eguneko ordaindutako lanak aurkitzeko aukera gutxiago dute orain, eta, lana aurkituta ere, gutxiago ordaintzen diete. Bodaboda edo mototaxietan lan egiten duen gazte andana bat lan bila dabil noraezean. «Ezer lortuz gero, ez da lehen bezala», esan du Ashek. Gizonen kasuan, buruko osasun arazoak zabaldu egin dira, kasu askotan ez direlako gai euren familien beharrizanak asetzeko.

Amos Omondia eraikuntza lanak egiten ari diren tokietara joaten da lan bila egunero, eta batzuetan ematen diote. Haren bizilagun Purity Kamanthik gibela handituta dauka 17-63 zentimetroko hepatomegalia du, eta ez du dirurik behar dituen sendagaiak erosteko. Auzokoen artean bildutako dirua hartu, matatu-ra igo, eta hirigunera joan da Omondia, Kamanthirentzako sendagaiak erostera, auzoko botiketan ez baitago. Kamanthik, gainera, sei hilabeteko haurra du, baina, diru sarrerarik ez duenez, depresioak jotako gizon batekin bizi da auzogunearen erdian. Egoera berezi horri aurre egiteko, laguntza behar du. Hepatomegalia sendatzeko, barazki fresko organikoak behar dira, baina laguntza bakarra auzotarren elkartasunaren eskutik jasotzen du, gobernuarentzat ikusezina baita.

Koronabirusaren probak, berrogeialdiak eta ospitaleko tratamenduak ordaintzeko engaiamendua hartu du Kenyako gobernuak. Ez du beste aukerarik izan, kutsatu kopuruak gora egin ahala. Hala, nazioarteko diru laguntzak lortu ditu, beti bezala nazioarteko finantza erakundeen maileguen bitartez.

Aurrera begira, finantza erronka handiak izango ditu, komunitateetan gero eta test gehiago egiteko gaitasuna ordaindu beharko baitu, baita osasun publikoko Kenyako ereduak desberdintasun sozialak gainditzeko duen ezintasuna konpondu ere. Familia pobreen elikadura ere bermatu beharko luke, eta aitortu pertsona guztiak sendatu arte inor ez dela seguru egongo.]]>
<![CDATA[Aurrera egiteko bide berriak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2102/018/001/2020-04-08/aurrera_egiteko_bide_berriak.htm Wed, 08 Apr 2020 00:00:00 +0200 Oskar Epelde https://www.berria.eus/paperekoa/2102/018/001/2020-04-08/aurrera_egiteko_bide_berriak.htm
Ia galdutzat ematen ziren arbasoen hazi eta landareak berreskuratu dituzte, rapokoa eta munga bereziki, artoak baino hobeto jasaten baitute lehortasuna eta ez baitute kimikorik behar. Shonga kulturaren arabera, lurrarekin batera sortu ziren landareak dira, eta eguneroko sadza irinarekin egiten den oinarrizko elikagaia ale txiki horiekin egiten dute orain, baita haurren gosaria ere, eskolara joan aurreko olo-ahi katilukada. Haziak ez dituzte erosten, ezta ongarriak ere; ez daukate horretarako dirurik. Haziak partekatu eta trukatu egiten dituzte, eta, lurraren emankortasuna zaintzeko, hosto eta belar lehorrak edo baserrian egindako konposta erabiltzen dute.

Zailtasunek begiak ireki dizkiotela dio Patronela Shamuk. Gosha herrian, ezkondu zeneko baserrian, elikagai ugari lortzen ikasi du arbasoek egiten zuten bezala, gari, barazki, belar eta zuhaitz anitzen bitartez. Shamuren esanetan, belar bakoitzak gaitasun bereziak ditu. Uztari balio erantsia eman nahian, okra belarra lantzen du artisauki baserrian —hipertentsioa zaintzeko balio du—, baita kalabaza hostoak lehortu ere, eta sesamo, moringa edo ahuakateen hazi hautsak prestatu ere bai.

Gainontzeko auzokideei bezala, behiak hil egin zitzaizkion, izurrite baten ondorioz. Goldatu eskuz egin behar dute orain, baina baserritik jasotzen dutenetik elikatzen dira, eta, agroekologia praktiken esperientziaren erronkan sartuta, berrikuntzen egarri dira.

Ortuen diseinua

Shamuk sari bat ere irabazi du, erakusteagatik lursail txikia izan arren aukera izan badagoela bertatik uzta oparoa ateratzeko. Euri ura jasotzeko landu du ortua. Ura biltzeko egin dituen zuloetan usteltzen uzten ditu adaxka, hosto eta belarrak, emankortasuna zaintzeko. Hazi oheen inguruan, forma geometrikoak osatzen dituzten kanalak eraiki ditu, urak bideratu, jaso, eta haziak ernatzeko umeltasun egokia bermatzeko.

Klima aldaketaren eraginez, ezinbestekoak zaizkie euri ura biltzeko garatu dituzten teknikak. Eurialdia azaroan hasten da han, baina azken urteetako euriteak eskasak eta berantiarrak izan dira. Lehorteak gero eta luzeagoak dira, eta, ondorioz, urtegiak eta ubideak egiten ere ikasi dute.

Mashona ekialdeko mendialdean, Paradzai Chibandak ura eraman dezake bere lursailen ondoan egin dituen putzuetara, eskuz eraiki duen ubide sarearen bidez. Urteak darama sorkuntza horretan lanean, eta etengabeko lana da, baina urte osorako uzta bermatzea lortu du.

Kanyonga Kahukwak ere auzokoen laguntzaz egin zuen ubidea. Garai batean, ez zuen diru nahikorik alaba guztiak eskolaratzeko, eta behiak saldu behar izan zituen proiektua aurrera ateratzeko. Baina egun ekoizten dituen elikagaien erdiak baino gehiago Kawele herriraino eramaten ditu, eta handik Mutoko eta Harareraino, saltzeko. Irabaziekin, baserri bat eraiki du.

Herritarrek martxan dituzte hurrengo proiektuak ere; nagusia, agroekologia eskola bat zabaltzea. Oraingoz, lortu dute haize errota konpondu eta martxan jartzea.]]>
<![CDATA[Kongoko hiriburuan dirudunen auzoan zabaldu da koronabirusa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1954/015/002/2020-04-05/kongoko_hiriburuan_dirudunen_auzoan_zabaldu_da_koronabirusa.htm Sun, 05 Apr 2020 00:00:00 +0200 Oskar Epelde https://www.berria.eus/paperekoa/1954/015/002/2020-04-05/kongoko_hiriburuan_dirudunen_auzoan_zabaldu_da_koronabirusa.htm
Gomben, agintariak eta herritarrik aberatsenak bizi diren auzoan daude oraingoz kasu gehienak, eta, beraz, auzoa ixteko aholkatu dio Tamfumek gobernuari. Litekeena da, hala ere, laster hiriburua ez ezik Kongo osoa ere berrogeialdian jarri behar izatea. Horregatik, eta familia askoren diru sarrerei eragingo diela jakin arren, itxialdiak berekin ekar ditzakeen mugetara egokitzen ikasteko eskatu die herritarrei.

Koronabirusak arazoak eragingo ditu Kongoko osasun sisteman, lehendik ere ahula baita, baina azpiegitura hobetuz joango den itxaropena agertu du Tamfumek: «Azpiegitura ahula dugu. Ikusi besterik ez dago zertan diren erietxeak: ez dago anbulantzia nahikorik, sendagaiak falta dira... Hala ere, aurrera egiten dugun heinean, herritarren konfiantza berreskuratuko dugu. Partikularrak ere hasi dira sistemari ekarpenak egiten, eta denon artean harrera baldintzak hobetu beharko ditugu».

Kinshasan konfiantza falta arazo bilakatzen ari da; izan ere, gaixo askok uko egiten diote erietxera joateari. «Egia da», aitortu du Muyembek. «Batzuk etxean geratzen dira. Ezin ditugu guztiak ospitaleratu. Euskal Herrian ere argi geratu da gaixotasun hau oso larria dela. Hemen gaixoak hiru taldetan sailkatzen ditugu: larriak, moderatuak eta arinak. Arinak etxean gera daitezke, ingurukoak ez kutsatzeko ardura hartzeko gai baldin badira. Baina erietxera joateari uko egiten dioten kasu larriak ere baditugu hemen».

Baina Kinshasan gaixotu diren lehenak dirudunak izan dira. Birusa Gombetik auzo txiroetara zabaltzen bada, inoiz izan gabeko hondamendi bat izan daiteke. «Ez da oihuka hasteko garaia» dio Muyembek: «Batzuek Frantzian daudela uste dute oraindik, eta han dituzten tratamendu berdinak nahi dituzte, baina errealistak izan behar dugu».]]>
<![CDATA[Errotik moztu behar da]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1942/010/001/2020-03-22/errotik_moztu_behar_da.htm Sun, 22 Mar 2020 00:00:00 +0100 Oskar Epelde https://www.berria.eus/paperekoa/1942/010/001/2020-03-22/errotik_moztu_behar_da.htm
Negua ate joka dute Hegoafrikan, Senegalen eta Etiopian, eta guztietan agertu dira COVID-19ak kutsatutakoak. Hegoafrikan, esaterako, 202 kasuren berri eman dute. Burkina Fason, legebiltzarreko bigarren presidentea hil da. Infekzioa Europatik ekarri zuen hark; baina Italiako enbaxadorea ere gaixotu da Uagadugun, eta hilabeteak daramatza Italiara joan gabe. Kongoko Errepublika Demokratikoko hiriburuan beste hiru kasuren berri eman zuten herenegun, eta horietatik bi bertan kutsatu ziren, Osasun ministroaren arabera horiekin 23 dira kutsatutakoak. Ekonomia ministroaren bulegoko arduraduna ere hil egin da. Aldi berean, sendatutako lehen gaixoaren berri ere eman dute.

Arrisku faktoreak

Afrikako testuinguruan, faktore anitz daude birusaren hedapena erraztu dezaketenak. Kenyako hiriburuan, adibidez, egunero bi milioi ibilgailu irteten dira kalera. Hori dela eta, ahal den neurrian, etxean geratu eta segurtasun tartea gordetzeko eskatu zaie herritarrei, baita garbiketa neurriak arreta handiz betetzeko ere. Dentsitate handiko txabola auzoetan, adibidez, ez dute iturriko urik, eta, etxean geratuz gero, janaria eta xaboia erosteko dirurik ere ez lukete izango.

Egoera horrek guztiak are nabarmenago egin ditu osasun egitura publikoen ahuleziak. Izena eman nahi izan ez duen hango mediku baten arabera, «arazoak izango ditugu COVID-19a eta Kenyan ohikoak diren arnasketa sistemaren gaixotasun kronikoen artean bereizteko». Gainera, konderrietako ospitaleek ez dute oraindik koronabirusaren azterketak egiteko gaitasunik. «Protokoloen arabera, 4. eta 5. mailako ospitaleek zainketa intentsiboetarako eta erreanimazioak egiteko behar diren baliabideak behar lituzkete, baina ez dituzte». Itxaropen bakarra da prebentzioa eta osasun neurriak ahalik eta ondoen lantzea, transmisioa geldotzeko, izuak gizartearen egiturak ez hondatzeko, eta ahalik eta pertsona gehien salbatzeko.

Prebentzio neurriak

Eskolak itxi eta elkarretaratzeak debekatu dituzte herrialde gehienetan, baita Zimbabwen eta Ugandan ere, kasurik agertu ez den arren. Are zailagoa izan da hegaldiak bertan behera uztea. Ruandan -11 kasu daude han-, bertan behera utzi dituzte Kigalitiko eta Kigalirako hegaldiak. Kongon ere agertu berri da lehen kasua.

Kenyan zazpi kasu agertu dira oraingoz, guztiak atzerritik joandakoenak, eta herritarren mugimendua murriztu dute. Berdin egin dute Etiopian ere; han bederatzi izan dira baieztatutako kasuak. Eskuak aldiro garbitzeko xaboiak eskuratzen laguntzea -horretarako diru publikoa mahai gainean jarrita- eta segurtasun tartea uzteko gomendioak ematea dira, gobernuaren ustez, itxialdia saihesteko neurri eraginkorrenak. Izan ere, Uhuru Kenyatta presidentearen esanetan, neurri gogorragoek ekonomiaren gainbehera eragingo lukete.

Kongoko Errepublika Demokratikoan hamar ebola izurrite ezagutu dituen Jean Jacques Muyembe birologoak ohartarazi du COVID-19a ebola baino kutsakorragoa dela, eta iritsi dela unea konfinamenduak indarrean jartzeko. Urte eta erdi iraun duen ebola epidemiaren aurkako kanpaina zuzendu du Muyembek, eta hari eman dio Felix Tshisekedi presidenteak koronabirusaren aurkako erantzunaren ardura ere. Europan baino are zailagoak dira Afrikan konfinamenduak, etxeetako elikadura segurtasuna kolokan jar lezaketelako.

Nairobin jende asko euren jatorrizko nekazaritza guneetara itzultzen ari da, segurtasun tarteari eustea errazagoa izango dela pentsatuz. Beste askok lana galdu dute, eta ez dute inolako diru laguntzarik; eta badira uste dutenak Kenyako osasun sistema ez dela pandemiari aurre egiteko gai. Gobernuak konderrietara ez alde egiteko eskatu die hiritarrei, eta Murang'ako gobernadoreak sarrera debekatu die beste konderrietakoei. Lehenengo aldiz hartu da horrelako giza bakartze neurri bat.

Herri mailan, gehienak jabetu dira koronabirusaren arriskuez. Adinekoen artean beldurra zabaldu da. Garbiketak inoiz baino zorrotzagoak dira orain etxeetan, eta arratsaldeko elkarrizketetan maiz Jainkoari buruz mintzatzen dira. Irtenbidea haren esku bakarrik dagoela esaten dute batzuek, eta beste batzuek, berriz, gizartea zigortua izan dela Jainkoaren borondatea ez obeditzeagatik, eta COVID-19a ez dela hasiera besterik, gero otien izurritea eta gosetea etorriko direla.]]>
<![CDATA[«Europatik Afrikarako bidean galdu da garapenerako zen dirua»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2063/019/001/2020-02-04/europatik_afrikarako_bidean_galdu_da_garapenerako_zen_dirua.htm Tue, 04 Feb 2020 00:00:00 +0100 Oskar Epelde https://www.berria.eus/paperekoa/2063/019/001/2020-02-04/europatik_afrikarako_bidean_galdu_da_garapenerako_zen_dirua.htm
Zer ondorio ditu Feronia konpainiaren lanak Kongoko Errepublika Demokratikoko komunitateetan?

ALPHONSE MEYA: Etengabeko gatazka dugu komunitateen eta lurrak ustiatzen dituen sozietatearen artean. Feroniak urteak daramatza hau eta beste egingo duela esaten, baina, unea heltzen denean, guztiak berdin jarraitzen du. Inoiz ez gaituzte errespetatzen. Garapen bankuek ere bete behar dituzte nazioarteko arauak. Baina gure zalantza da arau horiek benetan ote diren herritarrei laguntzeko, edo nahasmena sortzea ote duten helburu. Jakina da garapen banku baten finantzaketa baldintzatua dagoela. Badakigu inbertsioen beharra zegoela, fabrikak eta uzta eremuak eraberritzeko, besteak beste; baina, era berean, komunitateen adostasuna lortzen ere saiatu behar zuten. Kontuan hartu eurenak ziren basoak sozietatearenak direla orain, eta natur baliabiderik gabe utzi dituztela. Beraz, badute eskubidea kalte-ordainak eskatzeko.

PIERRE KUMYELE: Europako bankuek multinazionalak baliatzen dituzte herrialde txiroetan garapenerako proiektuak bultzatzeko. Feronia 1911. urtean hasi zen lurrak bereganatzen, eta berdin jarraitu du orain arte. Baina tarte horretan ez du garapenean inolako inbertsiorik egin: bideak ez dituzte konpondu, ez dago eskolarik, ez erietxerik... ezer ere ez hainbeste urteren ondoren. Hau da, Europako bankuek inbertitutako diru horren onurarik ez dute jaso komunitateek. Galdu egin da dirua; desagertu egin da Europaren eta Afrikaren arteko bidean. Hondarrak besterik ez dira iritsi. Pentsa, hainbeste mila milioi jasotzen duen sozietateak eguneko dolar bat baino gutxiago ordaintzen die langileei.

Alemaniako Garapen Bankuan Feroniaren kontrako kexa bat jarri zenuten 2018ko azaroan. Zer eskatzen duzue?

A.M.: Bankuaren bitartekaritza eskatu dugu komunitatearen eta sozietatearen arteko elkarrizketak hasteko, eta onartu egin digute. Baiezkoa jaso eta berehala hasi ginen balizko bilera horiek prestatzen, baina bi urte igaro dira eta zain jarraitzen dugu. Komunitatea negoziatzeko prest dago. Lurrak herriei itzultzea eskatzen du, ez duelako sinesten inbertsioek onurarik ekarriko dutenik.

P.K.: Nire ustez, azken urte hauetan izan dituzten mozkinetatik komunitateei dagokien zatia ordaintzea da lehen urratsa. Gero, hartu dituzten lurretatik batzuk itzuli behar liekete herritarrei; izan ere, herriek ez dute Feronia bidali nahi, baina lurrak behar dituzte, eta, Feroniak halakorik egin nahi ez badu, nahiago dugu hemendik alde egitea. Bestalde, geratzen bada komunitateari garatzen lagundu beharko dio.

1911n, kolonien garaian, lurrak Unilever multinazionalaren esku geratu zirenean, alferrik izan ziren protestak. Orain, zuen eskubideak aldarrikatu dituzuen honetan, zer erantzun du konpainiak?

P:K.: Feroniak ez du argi hitz egiten. Akordioak eta akordioak egin ditugu konpainiarekin, baina gero ez du esandakoa bete. Horren ordez, promesak egiten ditu eta itxaroten igarotzen dugu denbora. Gure eskubideak aldarrikatzen ditugunean, gurekin hitz egiteko prest daudela esaten digute eta bilerak ere egiten ditugu; baina gero betikoa gertatzen da, alegia, ezer ere ez. Aspertuta gaude.

Feroniak dio ehun komunitaterekin elkarlanan ari direla eta horietatik soilik bederatzi kexatu direla.

P.K.: Feroniaren lanaren ondorioz lur guztiak galdu dituzten Lokutuko bederatzi komunitateek sinatu dute salaketa. Gezurra da ehun komunitaterekin lanean ari dela.

Azken urtean egoerak okerrera egin duela salatu duzue. Mehatxuak jaso dituzue, eta hildakoak ere izan dira, ezta?

P.K.: Hala da, etengabeko mehatxupean bizi gara. Euren esku balego, hilko gintuzketen. RIAOko lagun bat hil zuten Equateuren lanean ari zela, eta, orain, Yalifomboko bost herritar kartzelan sartu dituzte. Besteok izutzeko zigortu dituzte; euren inbertsioen kontra protestatzen dutenen patua hori izango dela ohartarazi digute modu horretan.

A.M.: Atxiloketa arbitrarioak izan dira. Sozietateek agintariak baliatzen dituzte gu mehatxatzeko. Hondamendia da gertatzen ari dena. Bost ekintzailek bost hilabete egingo dituzte espetxean euren kontrako salaketak zeintzuk diren jakin gabe. Duela gutxi izan da haien aurkako lehen auzi saioa, eta soilik estu hartu ditugulako egin dute. Oso larria da, sistema neokoloniala da hemen ezarri nahi dutena.

Zer jarrera du gobernuak?

A.M.: Estatuak aintza hartu behar ditu herritarrak. Kongoko Errepublika Demokratikoak esnatu egin behar du, eta multinazionalek eta agintariek legeak errespetatu behar dituzte.

Betetzen dituzte?

A.M.: Ez, bestela ez genuke horrelako epaiketarik ikusi beharko.

P.K.: Ez dugu itxaropena galdu, hala ere. Oraindik goiz da aldaketarik nabaritzeko.]]>