<![CDATA[Pako Aristi | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 10 Aug 2020 03:39:20 +0200 hourly 1 <![CDATA[Pako Aristi | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Zumetaren koloreak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1961/015/001/2020-08-09/zumetaren_koloreak.htm Sun, 09 Aug 2020 00:00:00 +0200 Pako Aristi https://www.berria.eus/paperekoa/1961/015/001/2020-08-09/zumetaren_koloreak.htm
Jose Luis Zumeta izan zen horietako bat. Nire ibilaldiak Getarian egiten hasi nintzenean maiz igarotzen nintzen San Anton erretegiaren aurretik. Ikusiaren poderioz lagun egin nituen bertako jabeak, Juanjo eta Iñaki anaiak. Egun batean han kamarera bezala lan egiten zuen neska bat hurbildu zitzaidan. Monika zen, Zumetaren alaba. Ume txikiak zeuzkan, eta nire haur liburuak irakurtzen zituzten, antza. Asko gustatzen omen zitzaizkien, eta berak bota zidan ideia: «Egingo al zenuke liburu bat nire aitak ilustratzeko?» Aho zabalik utzi ninduen; nola ez nuen nahiko? Nik uste euskal idazle ororen ametsa litzatekeela Zumetak bere liburu bat ilustratzea. Inoiz ez zuen halakorik egin. «Konbentzitzen baduzu...» «Utzi hori nire esku!», erantzun zuen baikor. Zein alaba bat baino hobe bere aita konbentzitzeko!

Lortu zuen. Idatzi nuen testua, Scott Barberenaren bizitzako lehen pausoak, eta bisita egin nion margotzen jarduten zuen Beteluko tailerrera. Behiala autobusak egoten ziren garaje handi bat zen. Hurbildu baino 30 metro lehenago usaintzen zen kanpotik olioaren usaina, agoarrasarena. Egurrezko ate eskas bat zen barruko zientoka margoren gordailu bakarra, ostikoz jota bota zitekeena. Museoetan arte-lanen inguruan dauden segurtasun neurri zorrotzez oroitu nintzen. Naturala eta umila iruditu zitzaidan Euskal Herriko margolari ospetsuenaren tailerra, bere margoen eta horiek disfrutatu nahi zituztenen artean mugarik jarri nahi ez balu bezala.

Auto beltz batean iritsi zen. Ni bere koadroak ikusteko irrikan nengoen, baina bazkalondoa zen, eta Tourreko etapa ikustera joan ginen ondoko tabernara, berak whiski bat eta nik orujo bat hartzen nuen bitartean. harreman errazekoa zen, hurbila, bat ere ez konplikatua. Ni bizitzaren erdibidean nengoen, bera amaiera aldera hurbiltzen, eta sumatu nion joera arriskutsu bakarra hau izan zen: agian jende berria ezagutzeko interesa galduxea zuela, bizitzan ezagutu litezkeenen kupoa betea baleuka bezala. Nire pertzepzioa da, ez dakit zinez haren baitan hori zegoenentz. Nortasun lotsati baten ondorio ere izan zitekeen.

Margotzen zuen egunetan hobeto sentitzen zela esan zidan, nahiz eta ia egunero margotzen zuen; ez zuen beti gustuko emaitzarik lortuko. Sormenaren sorginkeriak bizi zuen, baina baita ere munduari bakoitzak bere ahalen neurriko edertasuna eskaini behar dionaren kontzientziak, eta gogotik saiatu zen horretan. Koadro bakoitza zure zentzumenak esnatuko zituen obra bat behar zuen izan; energiaren margolaria izan da Zumeta. Tailer hartan, bere ehunka koadro haien aurrean, begia ez zen aspertzen kolore eta forma bizien artean, irudimena isiotzen zuten pintzelkada haiei begira; indar berrituta ateratzen nintzen handik.

Liburuaren aurkezpena ere kuriosoa izan zen. Etorri zen Zumeta hasteko ordu laurden bat falta zela, atera genituen argazkiak, eta mahaira gindoazela esan zidan: «Beno, ni baniak». Erantzun nion: «Geratu hadi, Zume, ez baduk hitz egin behar ere, mahaian kurioso emango duk». «Ez, ez, hik ondo egingo duk». Betelutik Donostiaraino etorri zen, eta lau argazki aterata itzuli zen berriro Betelura. Horrelakoa zen Zumeta. Esango nuke ez zuela hitz arranditsuetan sinesten, ez zuela solemnitatea maite, xumetasuna baizik, bere abizenari X bat jarrita bizi zen gustura: Zume Xume zen.

Artium-en erakusketa bat antolatu ziotenean ere, katalogorako testu bat idazteko eskatu zidan. Baldintza hau jarri zidan: «Ez idatzi arteari buruzko testu enpalagosorik, ez dizkiat sufritzen testu artistiko ulertezin horiek. Egintzak ipuin bat edo». Berari margotzea gustatzen zitzaion, ez margotutakoaz hitz egitea. Modu espontaneo eta aske batean margotzen zuen, Monikak filmatu zuen bideo batean ikusten den bezala, baina bere margolaritza erabaki eta praxi artistikoaren ondorioa da, zalantza barik. Agian irakurri ez bazituen ere, taoisten bizi-filosofiarekin bat egiten zuen haren margoketa teknikak: bizitza ez da konponbide eske datorren arazo bat, diote ekialdean, bizi egin behar den esperientzia bat baizik. Eta bizitza bezala heriotza. Misterio bat da. Eta misterioak bere baitan murgiltzea eskatzen du, esperientzia bizi, sentitu, bere baitatik igaro, eta utzi dizun aztarnarekin bizitzen jarraitzea. Besterik gabe. Ez dago guztiari hitzak jarri beharrik. Eta gutxiago arte obra bati.

Garai hartan Euskadi sarietara norberak aurkeztu behar zuen lana. Gainera, gazte literaturarekin batera ilustrazioari ere saria ematen hasi ziren, eta gure liburua bietara aurkeztea proposatu nion, ni idazle gisan, bera ilustratzaile moduan. Ezetz esan zidan, ez zuela nahi. «Etzaukat sarien beharrik, eta gazte bati irabazteko aukera kenduko niokek beharbada. Hark hartuko duen ilusioa ezin zioat kendu». Diskrezioa maite zuelako agian, edo erakunde ofizialekiko mesfidantza zeukalako.

Ez da ahaztu behar herri kultura erakunde autonomikoekin tentsioan bizi zen garaia ezagutu zuela, herrigintzak asimilazio instituzionalari aurre egin zionekoa, eta Zumetak beti agertu zuen kontzientzia sozial handia, eta inplikazioa. Laboaren diskoen azal gehienak egin zituen; milaka pertsonak eduki dute eskuetan Zumeta bat, Mikelen diskoa erosten zuten bakoitzean.

«Zoriontsu ikusten haut!», esan nion behin, halakoxe gozatsua zeukan barrea. «Bai, hala sentitzen nauk aspaldian», esan zidan. «Aspaldian» hori noiztik zetorren pentsatzen utzi ninduen. Umore onekoa zen, lotsatia izanagatik ere erreparorik gabe agertzen zuena. Azken urteetan gutxixeago ikusi banuen ere, ziur nago bizitzeko poza eta margotzeko gogoa ez zituela galdu azken egunera arte.

Batzuek diote norbait hiltzen zaigunean hutsunea uzten duela guregan; ez da nire esperientzia izan. Aldiz, gogo-beteta uzten gaitu. Zumetaren izaera eraman errazekoa zen, eta bere koloreak nire begietan txertaturik geratu dira betirako ixten diren arte.]]>
<![CDATA[Idazleen zahartzaroa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/025/002/2020-06-07/idazleen_zahartzaroa.htm Sun, 07 Jun 2020 00:00:00 +0200 Pako Aristi https://www.berria.eus/paperekoa/1950/025/002/2020-06-07/idazleen_zahartzaroa.htm
Lehendik ere prekarietatean zegoen sortzailearen bizitzak koronabirusaren auziarekin okerrera egin du nabarmen. Iruditzen zait iritsi dela unea, idazle guzti-guztiek ere, euren lana duintasunez egin eta hortik bizitzeko baldintza txukunak planteatu eta lortzekoa. Arazoak jar ditzagun mahai gainean, literatur sisteman eragina duten ekintzaile guztiek ezagutu ditzaten. Inertziak agindutako soraiotasuna hautsi dezagun, harreman zakarrak bideratu. Asmo onarekin ez da aski, eta kontzientzia jarri beharko dugu, hemendik aurrera, ekintzen aurretik. Honi guztiari gorputza emateko sortu dugu Lanartea, euskararen sortzaileak biltzen dituen elkarte inter-sindikala, ez gogoeta eragiteko, soilik, gauzak eraldatzeko baizik; inplikatuak dauden gure kontratatzaile guztiei exijituko zaien eraldaketa.

Ez da ahaztu behar funtsezko gauza bat: guk liburuak sortzen ditugu, eta liburu horiek gure herriaren nortasuna aberasten dute, identitatea sendotzen dute, forma eta mamia ematen diote, euskaldun izatea zer den finkatuz, eguneratuz etengabe. Eta, bestetik, liburua produktu bihurtzen da, merkatuaren salerosketa zirkuituan parte hartuko duena; gure ametsa egikari ekonomikoa bilakatzen da, eta milaka lanpostu sortzen dira horren inguruan. Ni oso harro nago idazle izateaz; gizartean diru publikotik bizi besterik egiten ez duten sektore askoren aldean, langileak gara gu, ekintzaileak, zerbait eskaintzen diogu herriari, zerbait agertzen dugu jendearen aurrean, objektu bat. Ez gara hitzontzi hutsak, bilera, txosten eta promesa hutsalen atzean ezkutatzen diren politiko eta diru publikoaren edoskitzaile profesionalak.

Esana dut, baina esan beharra dago beti: euskararen sortzaileek gainean daukaten prekarietatea latza da, izugarria, gogorra zinez. Eta sarritan, euskararen alde ari diren era guztietako estamentuek, itxuraz fede onarekin aritu arren, prekarietate hori sakondu baino ez dute egiten. Desoreka nabarmen bat dago erakundeon lanean: pentsatzea euskara bultzatu eta indartu daitekeela euskaraz sortzen dutenei gutxi ordainduta. Hori ezinezkoa da; lotuta dago dena, eta hizkuntza goratuko da hizkuntza horretan lana egiten dutenen diru sariak goratuta. Teoria antikapitalistak baldin badio pertsona jarri behar dela erdigunean, berdin gertatzen da teoria pro-linguistikoan ere: pertsona jarri behar da erdigunean, eta gure kasuan euskaraz ari den sortzailea.

Gazte batzuekin izandako esperientzia konta dezaket. Nik hitzaldi bat ematea nahi zuten euren herrian. 300 euro eskatu nizkien; nire curriculumak hainbeste ahalbidetzen du. Unibertsitateko irakasleek bezala, idazleak ere badu bere meritu sorta, antzinatasuna, prestigioa. 150 eskaini zizkidaten. 200era jaitsi nuen, akordio bati eskua luzatuz; ez zuten onartu. Nik ere ez nire prezioaren degradazioa. Pena eman zidan ezetz esan beharrak. Horrela dago gaizki ohituta euskal kultura: gauzak antolatzen dira sortzaileei miseria bat ordainduz. Halere, herri antolakuntza funtsezkoa da euskararen anemia instituzionalari aurre egiteko, baina euskararen aktibo nagusietako bat, sortzailea, gutxietsi gabe.

Arropa dendetan, edo informatikakoan, tabernetan, linterneroaren bisitetan isil-isilik ordaintzen bada eskatutakoa, zergatik negoziatu behar zaio idazleari prezioa? Ez naiz ohitzen gure prezioa auzitan jartzera, jendeak kulturaren prezioa kuestionatzera. Alabaina, idazlea ere ez da aingeruzko izakia. Sortzaileak sortzailea zapaltzen ere badaki, bera boteregunean dagoenean. Eta, bestalde, hainbat hedabidetan debalde idazten dutenek ez diote mesederik egiten gure arrazoi kolektiboari.

Aspaldikoa da gure egile eskubideen eztabaida ere. Saltzen dugun liburu bakoitzeko %10ean dago finkatua. Dendariak 20a jasoko du, banatzaileak 30a eta argitaletxeak 40a. Eskoletako umeak izugarri harritzen dira banaketa horrekin. Kapitalismoa zer den erakusteko aukera eskaintzen didate: lehengaia produktu bilakatzen duenak kobratzen du gutxien, idazleak, arrantzaleak, nekazariak... eta hura merkaturatzen duenak gehien. Portzentaje horiek berrikusteko asmoa aspaldikoa da, beti atzeratua gure patronalaren aldetik. Orain dator garaia.

Liburuaren industriari tasa bat jartzeko asmoa ere aspaldi entzun nuen, transakzio eta diru mugimendu guztiei ehuneko txiki bat erantsiz kutxa publiko batean gordeko dena, idazleen zahartzaroa mimatzeko, leuntzeko, babesteko, leku askotan egiten den bezala. Pentsioak osatzen lagundu, osasun arazoek sorturiko beharrak asetu, etxebizitza arazoak konpontzeko dirua... Laguntzak eskuratzeko orduan ere, idazleen alderdi humanoa hartu behar litzateke kontuan, beren ibilbide profesionalaz gaindi, eta ez hainbeste zergen mundu korapilatsuan egin duten nabigazioa. Batetik, sistemak miseria ekonomikoan bizitzera behartzen gaitu; eta bestetik zerga guztiak txukun ordaintzea exijitzen digu larrialdiko laguntzak jasotzeko. Tranpa perfektua da gu ezer gabe uzteko... Eta beste gauza asko daude egiteke, gure lanari aitortza, balio eta plus berezi eta beharrezkoa emango lioketenak.

Horri guztiari forma emateko sortu da Lanartea, euskararen langile autonomoen inter-sindikala; laster egongo da sortzaile saldo bat bere eskubideak defendatzen, prezio duinak eskatzen. Antolatzaileek ere, edozer antolakuntza ekonomiko dutelarik ere, pilak jarri beharko dituzte aurrerantzean.

Hitzen atontzaile eta esaldien sortzaile gara, ederra lana; idazten dut, eta askok diote «oso ondo, segi horrela», «ez etsi!», «badago zuk esaten dituzun gauzak esateko beharra!», baina proposatzen ditudan gauzak ez dira inoiz gauzatzen. Eta nahi nuke proposamenak gauzatzen ikustea; adinaren exijentzia izango da, beharbada. Bizitza oso bateko lanak eta hausnarketak zerbaiterako balio izan dutela sentitzea, idazleen lan baldintzak, bereziki, eta Euskal Herriaren egoera, orokorki, hobetzen sumatzea.

Ea gure kulturaren eta hizkuntzaren ekosisteman aldaketa galantak gertatzen diren, ezinbestekoak izango dira euskal nortasunaren irauteko.]]>
<![CDATA[Euskaldunen aspirazioak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/022/002/2020-04-05/euskaldunen_aspirazioak.htm Sun, 05 Apr 2020 00:00:00 +0200 Pako Aristi https://www.berria.eus/paperekoa/1957/022/002/2020-04-05/euskaldunen_aspirazioak.htm
778. urtean Iruñea sutan ikusi zutenean euskaldunak ez ziren konformatu. Eta ongi antolatua zeuzkaten herri eta bailara ezberdinak bildurik eskarmentu itzela eman zioten Karloman erregeari, gauza bat ikas zezan: baskoien lurralde hark bazeukala jabea, kontzientzia eta antolakuntza, eta ez zela berriro debalde igaroko lur haietan barrena. Erresuma bat sortu zuten, beste erresuma batzuen aurrean herri haren bizitza salbatzeko.

1200. urtean Gaztelak Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba konkistatu zituenean, euskaldunak ez ziren konformatu. Eta ikusi zutenean Gaztela konkista militarraren memoria ezabatzen ari zela, eta elkarren arteko hitzarmen baten ideia zabaltzen, konkistatik lau mendetara ere Gipuzkoako Batzar Nagusiek galdegin zuten ea non zegoen idatzita hitzarmen hori... eta inork ez zuen aurkitu. Eta galdegin zutenean Gipuzkoako hiztunen %95a euskalduna izanik zergatik exijitzen zieten batzarkide izateko gaztelera jakitea... inork ez zuen erantzun. Gaztelak inposizioz gobernatu baikaitu beti, ez akordioz.

Eta Gaztelak 1512an Nafarroari jake-matea eman zioenean, euskaldunak ez ziren konformatu, eta behin, bitan, hirutan saiatu ziren independentzia berreskuratzen, eta lautan, bostetan, seitan edo zazpitan saiatuko ziren indar amiñi bat aurkitu izan balute.

1620an Frantziako Erregeak Pabera soldaduak bidali eta Nafarroako gorteak desegin zituenean, euskaldunak ez ziren konformatu, eta eutsi zioten modu sinboliko hutsean nafar soberaniari, eta afixa ezarri zuten Pabeko jauregian, Parlament de Nabarre zioena, eta gaur ere han dagoena.

Gerra karlistak galdu zirenean, euskaldunak ez ziren konformatu forurik gabe bizitzera, euskara iraungitzen ikustera, eta euskal kulturaren berpizkunde bat antolatu zuten, eta formulazio politiko berriak erein zituzten XX. mende hasierako garai zail haietan. Izan gara protagonista Espainiako eta Frantziako historian, baina inoiz ez dugu gure historia propioa erein gabe utzi. Inoiz ez garelako konforme egon Espainiaren eta Frantziaren baitan. Eta gaur ere ez gaude konforme. Harri bihurtu behar izan dugu menperatzaileen egitura politikoetan disolbatuko ez bagina, baina samurtasuna ez dugu galdu, umorea, bizi-poza; euskaldun gisan bizi nahi sotil bat baino ez gara.

Agirre lehendakaria ere ez zen konformatu bere garaiko baldintzekin, eta desterruan lagun bati idatzitako gutunean aitortu zion mila bider nahiago zukeela Nafarroako Erresuman burujabe izan zen Euskal Herri hura berreskuratzea, eta ez berari kudeatzea egokitu zitzaion autonomia zikiratua.

Frankismoan ere «hau da dagoena» esaten zigutenean, euskaldunok ez ginen konformatu zegoenarekin, eta jarraitu genuen gauza berriak sortzen, erakunde berriak, kontzientzia berriak. Euskarari buruz ere inora joateko ez zuela balio esaten zigutenean, euskaldunak ez ginen konformatu, eta sortu ditugu ikastolak, literatura, antzerkia, prentsa, bideo joko eta milaka kanta brri. «Hori ez da errealista» esan zaigun bakoitzean, euskaldunok ez gara konformatu izan, hemen errealismoa menpekotasunari deitu izan zaiolako, eta erreal bilakatu ditugu irreal ziruditen gauza asko; ez guztiak, halere. Eta gauzarik ezinezkoena independentzia dugula esan zaigun arren, independentziaren ideia etengabe barreiatu da euskaldun askoren baitan mende askotan zehar, eta tinko dago gaur ere ideia nagusia: gure borondatearen aurka ebatsi ziguten hura haien borondatearen aurka eskuratuko dugula, indar eginez, adimentsu eta ausart jokatuz.

Zeren orain ere, Espainia demokratizatzeaz hitz egiten zaigunean, eta elkarbizitzaz, eta aniztasunaz, estatus berriaz eta 40 urteko atzerapena daramaten eskuduntzak berreskuratzeaz, euskaldunak ez gara konformatzen, ideia horiek guztiak gure herriaren ukazioa baitira, geure buruaren jabe ez garen bitartean. Gure menpekotasuna sakondu, onetsi eta txalotu egiten duen politikaren sustantiboak dira guzti-guztiak, beti Espainia edota Frantziaren tutelapean egotera kondenatuak bageunde bezala. Gure zerumuga bakarra menpekotasuna dela berresten duen saldukeria, beste bat gehiago historia luze baten ibilbidean. Eta euskaldunok ez dugu horrekin konformatu nahi. Ulertu behar dugu euskararen etorkizuna ere lotuta dagoela botere politikoaren ugaltzearekin; botere politiko hegemonikorik gabe euskara ez dela hegemonikoa izango inoiz bere lurrean.

Ezin dugu konformatu, ez badugu betirako ukatua ikusi nahi gure asmo gorena, helburu nagusi bakarra, atzerriko estatuen hiritar hutsak izatetik salbatuko gaituen proiektu bakarra: euskaldun izatea, bere horretan, munduko herri aske guztien pare, besterik ez. Ez gehiago, baina gutxiago ere ez, inola. Izan zirelako gara, garelako izango dira dioen leloa aldatu beharrean gaude: Konformatu ez zirelako gara, eta konformatzen ez bagara izango dira.

Eta etorkizunean ez gaituzte hainbeste epaituko gure lorpenen arabera, baizik eta zein neurritan asmatu genuen ez konformatzen, zenbateraino ohartu ginen otzantasunera ginderamatzaten gezur haietaz, zelako argitasunez ukatu genituen asimilazio mezuak, zein indarrekin jakin genuen esaten gure arazo nagusia nazionala zela, nazionala dela, eta izango dela kendu ziguten burujabetza hura, guk inondik inora entregatu ez genuena, berreskuratzen ez dugun bitartean.

Gure arbasoei esker iritsi da guregana ez konformatzearen altxorra, injustizia nagusi den garaian dagoen armarik boteretsuena.]]>
<![CDATA[Estatu bat euskarari]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/015/002/2020-02-02/estatu_bat_euskarari.htm Sun, 02 Feb 2020 00:00:00 +0100 Pako Aristi https://www.berria.eus/paperekoa/1950/015/002/2020-02-02/estatu_bat_euskarari.htm
Nolatan edukiko zukeen Islandiak, bere 350.000 biztanlerekin, Literatura Nobel sari bat, Danimarkatik independizatu eta bere hizkuntza indartzeko boterearen baliabide guztiak erabili ez balitu? Edo Norvegiak dituen lau Nobelak, 1904ko independentziarekin norvegiera bultzatzea erabaki ez balu? Nola burutu zuen Israelek halako balentria, hilda zegoen hebreera piztea, egun zortzi milioi hiztun izateraino, ez bada independentziarekin? Tel Aviv-eko tiradera batean dago hizkuntza politikarik onenaren plangintza estrategikoa.

Irlandaren diskurtsoak auto-ukazioan ditu oinarriak, gure erraietatik erauzi ezin dugun ezerez-konplexu sakonean. Funtsean independentzia nahi ez dutenen aitzakia gisan funtzionatzen du: begira, estatuarekin ere ezin da hizkuntza salbatu, ahantz dezagun eldarnioa! Inperialismotik askatu ezin denaren azken heldulekua. Hain da astuna espainolaren eta frantsesaren pisua euskaldunengan, ezin dutela irudikatu ere egin hori inoiz gainetik kendu dezakegunik. Eta hortik sortzen da beste diskurtso toxikoa, hizkuntzen arteko elkarbizitzarena, diglosia gero eta desorekatuagora garamatzana; eta diglosia gaizki bukatzen da historian zehar: hizkuntza gutxitua gero eta gutxituagoa, gero eta aleatorioagoa, ez-beharrezko, azkenean edergailu bilakatu arte, meritu txiki bat, eta luzarora, folklore hizkuntza.

Edozein enpresetan baztertuko lukete funtzionatu ez duen modelo bat eredutzat hartzea, ondo atera diren beste 30 modelo daudenean. Euskararen normalizazioa desiratzea Euskal Herriaren independentzia desiratu gabe, beharrezko ikusi gabe, hori da sartu diguten ziririk borobilena, gure artean hedatu den diskurtsorik toxikoena. Zur eta lur uzten nau independentziak ez duela euskara salbatzea bermatzen dioen jendeak. Zerk bermatuko du, menpekotasunak? Holokausto linguistikoa praktikatu duten bi estaturen barnean jarraitzeak? Niretzat zalantzarik ez duen ebidentzia da euskarak ez duela XXI. mendea gaindituko independentzia politikorik gabe. Espainiaren eta Frantziaren mendean gaudelarik euskara indartu daitekeela sinestea auto-iruzurra da, gezur arriskutsu bat. Beti kuestionatu eta boikotatuko dute euskararen edozein aurrerapauso, haien estatu elebakarrentzat irain bat delako hizkuntza aniztasuna nazioaren mugen barruan. Hala dekretatu zuten, eta hala izango da, hizkuntza bakarrak osatzen duelako euren eraikuntza nazionalaren muina, euren hizkuntzak, noski; gurea besteena da, gu ez baikara haiek, ezberdin hitz egiten dugun bitartean. Menderakuntza horren oinarrietako bat suntsiketa linguistikoa da, badakitelako, aspalditik jakin ere, hizkuntza galtzen duen herria kikildu egiten dela bere aspirazio nazional eta identitarioetan, ezabatu aktore politiko gisan, konplexuz betetzen, bere burua gutxietsiz etengabe; eta gutxiespena transmititu egiten da belaunaldiz belaunaldi, etxez etxe, eskolaz eskola, idazletik idazlera.

Bere hizkuntzaz harro dagoen herri bat zailagoa da birrintzen, hori Katalunian garbi ikusi dugu, eta garbi ikusi zuen XIX. mendeko burgesiak katalanari eustea erabaki zuenean, hizkuntza murraila bat dela, Espainiaren baitan guztiz asimilaturik ez geratzeko. Ez da kasualitatea, katalanez idazten duten hamar idazleetatik bederatzi independentziaren alde egotea, eta espainolez idazten dutenen %99k Katalunia Espainiaren mende ikusi nahia. Hor hautu politiko bat dago, Kataluniaren biziraupenari hizkuntza propioak dakarkion plusaren kontzientzia irmo bat; eta alderantziz, Katalunia askatuta nahi ez duten idazleen kasuan, espainola erabiliz eta hedatuz Espainiarekiko loturak sendoago bihurtuko diren kalkulua.

Zer jarrera hartuko lukete euskal idazleek mugimendu independentista sendo eta taxuzkoa sortuko balitz? Mendetako kolonizazio kulturalaren ondorioetan igeri ez ote gabiltzan susmoa daukat. Gezur hori, gaztelera ere hemengo hizkuntza dela esaten denean, adibidez. Etimologikoki gaztelera Gaztelako hizkuntza da, eta historikoki koertzioz inposatu duen prozesu baten ondorioz hedatu da hizkuntza arrotza gure herrian. Baldin eta ez badugu hartzen Euskal Herria Gaztelaren (versus Espainiaren) zatitzat. Frantsesa hemengoa da?

Hemen dago, bai, gaztelera; baina ez da hemengoa. Ez dute lortu euskara ezabatzerik, eta horrek min ematen die. Baina lortu dute gure anbizioa geuk inposiziotzat har dezagun, eta horrek lasaitzen ditu. Kolonizazioa auto-kontzientziaren kamuste prozesu luze bat da, ezertan hasi aurretik desaktibatu beharrekoa; bestela, euskaraz egin arren alienazioa barreiatuko dugu etengabe. Desikasi da, gurean, aditzik politikoena.

Euskaldunok ezin dugu sinetsi euskarak etorkizun hobea erdiets dezakeenik; mende askotako akulturizazioak gogor kolpatu gaitu, otzan bihurtu gaitu, beti baimena eskatzera, txikiak garela pentsatzera, intelektual askok etengabe errepikatzen duen bezala, euren txikitasuna babesteko konplexua sozializatuz. Gaixotasun identitarioa nozitzen dugu, gure hizkuntzarekin norbait molestatzen badugu pauso bat atzera ematera garamatzana.

Txikiak gara auzoko erraldoiekin alderatuz, frantsesarekin eta espainolarekin, baina mundua da auzo, gaur egun, eta ez gara bat ere txiki beste nazio eta hizkuntza askoren ondoan. Aldea da estatua duten herrialdeetan inork ez duela esaten «gure literatura txikia da», literatura nazionala delako, de facto, eta haien mugak dira euren mundu sinboliko eta erreferentzialaren muga bakarrak. Ez dute erraldoirik ondoan, mendez mendez «zu txikia zara, ezdeusa zara, ni gabe ez zara ezer!» xuxurlatuz. Eta guk bai. Eta okerrena da sinetsi egin dugula.

Presio hori gainetik kentzeko bada ere behar dugu estatu bat; horrela, S-rik gabe.]]>
<![CDATA[Euskara ispiluaren aurrean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/019/002/2019-12-01/euskara_ispiluaren_aurrean.htm Sun, 01 Dec 2019 00:00:00 +0100 Pako Aristi https://www.berria.eus/paperekoa/1950/019/002/2019-12-01/euskara_ispiluaren_aurrean.htm
Irudia botere harremanen ondorio bat da, irabazleak miresten ditugu, auto azkarrak, autore saridunak, aktore ederrak, pertsona boteretsuak, aberatsak eta, nahi gabe, haien ahotan entzuten ditugun hizkuntzak. Glamour sozial eta mediatikoa da hizkuntza baten kapital nagusia. Hori, eta sostengua ematen dion botere politikoa, estatua, nagusiki. Esaten denean hizkuntza bat salbatzen dela beharrezko denean, eta beharrezko dela derrigorrezko denean, gaineratu behar da estatuak dauzkala, gaur gaurkoz, hizkuntza derrigortzeko ahalmen legegilea eta horri dagozkion mekanismo koertzitiboak, eta kezkarik gabe erabiltzen dituela, konstituzioan hala jasota. Espainol guztiek jakin behar dute espainola derrigorrez, legez behartuta; bestela estatuak eskaintzen dituen abantaila gehienak galduko dituzte.

Errealitateak, gure begien aurrera agertzeko dauzkan mekanismo guztien bitartez adierazten digu euskara ez dela garrantzitsua, jendea ez dagoela buru-belarri hura ikastera eta perfekzionatzera emana, eta erakunde, jatetxe, denda edo era guztietako instantzietan existituko ez balitz bezala jokatzen dutela, erabiltzeko ahalegin izpirik gabe, erabiltzailea errespetatu barik. Jaurlaritzak hiritarrei zabalik dauzkan edozelango bulegoetan zenbat funtzionario erdaldun, «buenos dias», «a la derecha», «gracias» eta «hasta luego»-ka. Berrogei hitz jakinda aski lukete hizkuntza ko-ofizialarekiko errespetu itxura bat gordetzeko, baina horretarako ere ganoratik ez dago erakunde autonomiko derrotista hauetan.

Gizarteak ispilu-joko bat bezala funtzionatzen du, eta denok jasotzen ditugu mezuak, agerikoago edo ezkutukoago, benetan merezi duten gauzei eta baloreei buruz, eta merezi ez dutenei buruz. Euskara, tamalez, eta min dut hau idatzi beharra, azken multzo horretan dago aspalditik. Guk bezala umeek ere sumatuko dute, eta haiek guk baino erreparo gutxiagorekin, bizitzaren aurrean sentitzen dugun betetasun emozionalean euskarak ez daukala protagonismo handirik, ez duela balio pasio sakonen garraio-tresna izateko ere.

Ispilu-joko horretan denok ari gara mezuak jasotzen eta mezuak ematen. Euskara, funtsean, ezdeus zaiela disimulatzeko bederen kontzientzia maila gutxienekorik ere ez duten euskaldunekin harritzen naiz, etengabe espainolera joaten direnekin. Eta biziki harritzen nau, aspaldiko urteotan euskarari buruz ezagutzera eman diren ikerketa, inkesta, proposamen eta ildo estrategikoetan ez aipatzea hizkuntzak boterearekin daukan harreman sinbiotikoa, ez aztertzea munduko herrialde askotan askatasun politikoak hizkuntzari eman dion goraldia, indarra eta hegemonia, ez jasotzea, ezinbesteko pausotzat, botere-kuota handitu beharra eta koertzio positiboaren unibertso interesgarria. Hizkuntza ohiturak ez baitaude herri batek arnasten duen egoera politikotik isolatuak.

Hizkuntza baten osasuna babesa ematen dion botere politikoak markatzen du. Nazio aberatsak eta pobreak dauden bezala, hizkuntza aberatsak eta pobreak daude, ez linguistikoki ederrago edo zarpailago direlako, hizkuntza horiekin lor litekeen progresio sozialaren arabera baizik. Hizkuntza zentralak daude, eta periferikoak, hizkuntza nagusiak eta bazterrekoak. Lan merkatuan, nazioarteko ibilbidean kotizazio altua duten hizkuntzak daude, eta kotizazio baxua dutenak.

Indar-gune nagusi baten orbitan biraka dabilenari deitzen zaio periferiko; zure herria ordezkatzen ez duen estatu baten mende egoteak bihurtzen zaitu periferikoa, alegia, zentrotik urrundua. Horren aurrean bi aukera bakarrik daude: edo gunea gurera ekarri, gurean berrezarri, berreskuratu... edo bestela beti metropolira gauzak eskatzera joango den erromes bihurtu. Eta euskaldunak, mendeetan, ez gara politikaren aktore, erromesak baizik.

Ahuldade endemikoan dagoen hizkuntzarentzat, arnas-guneak ere burbuila-gune bilakatzen dira, erraz zulatzen direnak: herrian etxe berriak egitea aski, zeinetan erdaldunak ezarriko diren; erdaldun bat koadrilan; euskalduna izan arren kanpo-maite den partaide berri bat bulegoan, etxepean, zerbitzarien artean, edonon, edonola; segituan hausten da euskal homogeneotasuna. Zergatik? Homogeneotasun hori ez delako politikoa, sinbolikoa baizik.

Politikoa balitz, gure bizitzaren antolamendu eta garapenean oinarrizkoa litzateke, eta defendatu egingo genuke, gizartea den ispilu-joko horretan beste kolektiboak ere ikusiko genituzkeelako euskara defendatzen, hala nola politikoak, sukaldariak, futbolariak, ertzainak... Politikoa balitz, gainera, botere kopuru eragingarri bat eskuratua geneukakeela esan nahiko luke, eta euskarari administraziotik egiten zaizkion irainak epaitegietara eramango genituzkeela. Baina hizkuntzarekiko atxikimendua postureoaren eta aurrera eraman nahi ez diren helburuen eremuan dagoenean, irmotasun ahulekoa izan ohi da, aldakorra, eta saminik eragiten ez duena.

Inkontzienteki bada ere, denok dakigu. Denok sentitzen dugu euskara herri galtzaile baten hizkuntza dela, eta espainola (frantsesa bezala) herri irabazle batena, eta inork ez du galtzaile izan nahi. Horretarako aski dira bi gauza: edo hizkuntza erregistroa aldatuz irabazleen alorrean kokatzen zara automatikoki, edo diagnostikoa aldatuz ez zara galtzaile sentitzen, erakunde autonomikoek egiten duten moduan, haserretzeko motiborik ez daukagula esanez, euskara askatasunean bizi delako espainolarekin harreman baketsuan. Arazoa da gero, errealitateak, krudelki eta egunero sentiarazten zaituela galtzaile. Eta hori umeek ere sumatzen dute. Espainolez ez dago galtzeko ezer; euskaraz, beti arriskua.

Hizkuntza ez da lexiko eta gramatika arau sorta bat soilik; kode komunikatibo gisan sortu zuen herriari lotua dago bere etorkizuna. Hizkuntza bat herri baten hizkuntza da beti, munduko bazter guztietan. Herriaren osasuna izango da hizkuntzaren osasuna. Eta euskararekiko asmo on guztiek behar dute eduki, funtzionalak izango badira, Euskal Herriaren egoera politikoa hobetzea xede. Eta baieztatua dago historian zehar, gaurkoz, independentzia dela etorkizunean herri baten eta bere hizkuntzaren etorkizuna berma dezakeen tresna politiko bakarra.]]>
<![CDATA[Rosa ez da itzuli]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/022/002/2019-10-06/rosa_ez_da_itzuli.htm Sun, 06 Oct 2019 00:00:00 +0200 Pako Aristi https://www.berria.eus/paperekoa/1957/022/002/2019-10-06/rosa_ez_da_itzuli.htm
Rosa fikziozkoa da, ordea, baina bere fikziozko bizitzan ere ez du zorte handirik izan. Adiskide lituzkeen hedabideetan bizkarra eman diote, gehienek ez dute sakondu nahi izan haren arrazoietan, ez propagandarik ere eskaini. Penaz frogatu du Rosak generikoki abertzalea dei litekeen hedabide sarea nola urrundu den garai bateko posizioetatik, identitate menderatuontzat guztiz hilkorra den elkarbizitza politiko-kultural asimetrikoaren ideia besarkatuz.

Baina bere fikziozko bizitzak eman dion poz bat izan da ohartzea jende asko dagoela, oraindik, egoera honekin konformatzen ez dena, milaka eta milaka direla, eta iritsi da sinestera hor dagoela herri hau eraldatzeko benetako palanka, energia soziala, gogo nazionala. Hor, eta ez Gasteizko parlamentuan, Nafarroako gorteetan, ez Madrileko kongresuan, ez alderdi politikoetan.

Eta honek merezi du esplikazio bat, izan ere, Rosaren fikziozko bizitzaz ez da kritikarik agertu lehenago aipaturiko hedabideetan. Beste batzuetan agertu direnak, aldiz, guztiz ideologikoak ziren, eta hori Rosari murrizketa kognitiboa iruditzen zaio, bere bizitza ez baita soilik ETA izan, hor daude bere amaren alzheimerra, senitarteko sekretuak, amodio platonikoak, miresmen larregiaren ondorioak, mendekuak, traizioak... Gai asko, baina kritikak batean laburtzen dira: Rosaren fikzioan alderdi bat agertzen dela soilik, ez herri honek omen daukan pluraltasuna, ez gatazkaren sufrikario guztiak. Eta Rosak esplikatu behar izan du, fikziotik, herri bat menderatzen dutenean hiru giza-talde sortzen direla nagusiki, hiru korronte ideologiko, egoera ikusteko hiru modu.

Lehen multzoa menderakuntza justifikatzen duen taldea da, kanpokoa izan edo etxekoa, ondo ikusten dute konkista eta asimilazioa, ez dute konplexurik agertzen; horretarako daukate boterea, propaganda ahalmena, indarra, armada eta estatu baten zilegitasuna.

Bigarren multzoa egoera horri erresistentzia agertzen dion taldea da, edo, behintzat, deserosotasunaren kontzientzia duen jendea, egoera hau ez dela naturala, ez dela egokia, sanoa, ez dela justiziazkoa adierazten duena, eta gutxiago demokratikoa. Talde honek konfrontazioa bilatzen du, edo desobedientzia sinbolikoak egin ditzake. Rosaren kasuan erresistentzia armatua izan zen bere hautua. Hargatik Rosa asko harritzen da irakurtzen dionean Foro Sozialari, adibidez, orain, ETA desegin zenetik badirela elkarbizitza demokratikorako baldintzak, errealitateari begirada bat ematea aski baitzaio ohartzeko zeinen menperatuak gauden, asimilatuak, alienatuak. «Egoera horretan baldintza demokratikoez hitz egin liteke?», galdetzen du. ETA baldin bazen menderakuntza horren sintoma, uste dugu sintoma desagerturik gaitza sendatu dela?

Hirugarren multzoan status quo honen proposamen politikoetan parte hartzen dutenak daude, hartara euskal gizartean eragina lortuko dutelakoan. Baina subordinaziotik sistema ezin dela aldatu ohartzen direnean halako bipolaritate patxadatsu batean bizitzen hasten direnak, errealitateak etengabe ukatzen dizkien hitzak eta mezuak erabiliz galeriara begira, eta de facto menpekotasuna onartuz erabaki praktiko guztietan. Multzo hauek ez daude finko eta geldi, aldatzen doaz historiako une ezberdinetan, eta aldaera horietan jokatzen da herri baten existentzia eta etorkizuna.

Rosari, noski, bigarren multzoa iruditzen zaio interesgarriena, bere bizitza hor gauzatu eta garatu delako, erabakirik muturrekoena hartuz ondorio guztiekin: bere kondena bete zuen zintzo-zintzo, 25 urte, eta inoiz ez du kontzienteki herri hau galbidean eta salbidean ipini. Hori du bere bakea.

Okupazio politiko-militarrak sortzen dituen hiru giza talde horien markoan Rosak bere begietatik kontatu du historia, denek egiten duten bezala. ETAren historia, gure herriarenaren zati bat denez, Espainiatik ari zaizkigu kontatzen nagusiki, medio guztiak erabiliz: Patria nobela lehen multzoko ikuspuntutik idatzia da, eta laster serie bilakatuko digute, berdin La linea invisible telesaila ere, edo El comensal nobelan oinarritutako filma. Izan ere, menderatzaileen mezu hegemonikoa da gure espazio komunikatiboa osoki okupatzen duen airea. Eta erakunde autonomoena pentsamendu ofizialaren ongarria da, alderdi politiko guztiek bereganatu duten marko politikoaren erreferente bakarra. Kontua da bi joera nagusi hauen artean isilarazi nahi dutela herri honetan erresistentziaz geratzen dena. Eta hori da Rosaren kezka, kexa. Hor sentitzen du Rosak interesa eduki dezakeela bere bizitzak. Ez dago Madrilen, bere herrian zergatik ezin du bere historia kontatu eta normaltasunez zabaldu?

Euskal literatura irakurtzen baitu Rosak, eta ohartua da beste bitxikeria batez ere: gurean hobesten eta promozionatzen diren obrak Espainiaren hegemonia funtsean zalantzan jartzen ez dutenak direla, edo ez gehiegi, behintzat; autonomismoarekin atseginak direnak. Orain, kontsideratzea metropoliaren ikuspuntua dela unibertsala, eta mendekoaren kronika, aldiz, sektarioa, alde bakarrekoa, miopia ideologikoa iruditzen zaio; hori pentsatzea da, hain zuzen, menderatzaileak guk pentsatzea nahi duena.

Dena prestatua dago, ETAkide bat nobelan agertzen denean, damutua izan dadin, edo, gutxienez, barne oinazeak izan ditzan, egindako minaren kontzientzia. Horri deitzen zaio sakontasuna.

Inongo armadako soldadurik ez da damutzen egindako minaz. Dominak banatzeko orduan oinarrizko meritua da etsaiari kalte larriak eragin izana: «45 abioi alemaniar suntsitu zituen», edo «134 etsai garbitu zituen gure frankotiratzaile loriatsuak».

Biolentzia antolatu legitimoan meritua dena talde armatu klandestinoari gaitzespen modura aplikatzeak garbi adierazten du ez direla etikaz ari, politikaz baizik. Haien helburua ez da morala edo humanitarioa, herri baten kontrol ideologikoa mantentzea baizik. Honekin hasi, eta usurpazio hori posible egin zuen herriaren historia kontatzeko modua bahitu arte, atsedenik hartu gabe. Eta literaturak ere balio die horretarako.

Ez pentsa; ni neu ere ez nago ados askotan Rosarekin, ados ez nagoen bezala Aureliano Buendiarekin, Akab kapitainarekin edota Fakirrarekin. Baina afinitate ideologikoetatik landa dagoen beste plazer baten gailurra aurkitu dut haien orrietan.]]>
<![CDATA[Euskararen diru-kontuak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1961/018/001/2019-08-04/euskararen_diru_kontuak.htm Sun, 04 Aug 2019 00:00:00 +0200 Pako Aristi https://www.berria.eus/paperekoa/1961/018/001/2019-08-04/euskararen_diru_kontuak.htm
Diagnostikatua dagoen arazo bati hitzak jartzera nator: euskaraz lan egiten duten sortzaileen egoera larria. Eta egia batzuk kontatzera, jendeak ez baitaki ziur nola bizi garen, subentzioetatik lasai ederrean, edo pobrezia larrian, gehienek ez dute ulertzen idazten jarraitzeko gure pasioa ere. Mesfidantza hau berau da gizarteari boteretik ezarri zaion kulturarekiko ezjakintasunaren sintoma nagusiena.

Euskaldunok erreparo izugarria diogu diruaz hitz egiteari, baina gure prekarietatearen ezaugarri nagusia diru falta denez, ausartuko naiz nire datuak ematera: 2018an 12.500 euro izan zen nire irabazia. 2016an 14.700 izan zen; datu okerrena 2015ean erdietsi nuen, 10.700. Urte hobeak izan ditut, halere, 2008koa esaterako: 25.300 euro, krisiak mileurismoaren azpira bidali aurretik. Horri, noski, egitura gastuak kendu behar zaizkio, gizarte segurantza, ezinbesteko interneta, gasa, garraioa, dietak eta abar luze bat. Sektore batzuetan dugun prestigioaren ifrentzua zaigu sortzaileoi gure lanetik (ia) bizi ezin hau. Eta horrela da urtez urte, ni hasi nintzenetik.

Sortzaileok lan egiten ari gara euskal kulturarentzat, eta jarraitu nahi dugu langile orok merezi duen duintasunarekin. Eta nazio bakarra dago munduan lan hori baloratu dezakeena: Euskal Herria. «Talentua esportatzen dugu» eta gisako euforia instituzionalistak irakurtzen ditudanean garbi geratzen baita ez direla gutaz ari: euskal idazle batek ezin du joan atzerrira bere lanean eta bere hizkuntzan aritzera. Ala euskal idazleok migratu egin behar ote dugu beste hizkuntza batzuetara, idazle sentitu gaitezen? Ahantzi gabe «esportazio» deitzen duten hori emigrazio gordina baizik ez dela, Euskal Herria gaur ez delako gauza bere talentuak baliatzeko. Horri «esportazio» deitzea ez da euskal talentudunek soldata duinaren bila kanpora joan beharraren lotsa estaltzeko iruzur semantikoa baino.

Gure lan hizkuntzak lotzen gaitu lurraldera, lotzen hari bereziekin naziora, horregatik behar dugu beste inork baino gehiago nazio oso baten inplikazioa gure lanean. Urte hauetan, aitzitik, atzerapen izugarria jasan du euskal kulturak. Gure herrietan jan-edanaren «kulturak» hartu du lehen kultura izendatzen zenaren lekua. Orain sagardoaren kulturaz hitz egiten da, txakolinaren kulturak, bisiguaren kulturaz, eta pintxoak bihurtu dira, eskulturaren bat edo beste tartean, turistei euskal kulturaz egiten zaien eskaintza.

Herri guztietan, lehen, askoz hitzaldi, aurkezpen eta ekitaldi gehiago antolatzen zen, orain gastronomiarekin lotutako egun askotako ospakizunek hartu duten lekua; dena da oso subertsiboa, bai. Eta kuriosoki, hau gertatzen da udal guztiak teknikari mordo batez bete direnean, teorian euskara eta kultura biziberritzeko zeudenak, baina horrek gu pobreago egin gaitu, dirua bitartekari horietan gastatzen baita, eta ez da guregana ia zipitzik iristen. Eta zenbat diren bitartekariak, gudaroste bat ia: erakunderik bitxienetako zuzendariak, aldundietako aholkulariak, EITB bezalako mastodontearen erdi-mailako karguak etab.

Ez dago pedagogiarik euskal sormenak maitatzeko; udalek, erakundeek, eskolek ez dute egiten. Eta pedagogiarik ez dagoenean, atzera goaz. Eta ez dago pedagogiarik gure diru sarrerak eguneratzeko: duela hamar urte prezio batean hasitako kolaborazioak prezio berean jarraitzen du. Gure sektorera ez da iristen Kontsumo Prezioen Indizearen araberako igoerarik. Sektorea guztiz hiltzen utzia dago, ezelango oinarri komunik gabe: hitzaldi bat kobratzen dugu igual 50 euro, igual 263. Kultur etxe bateko zuzendaria zuhurkerian hasi zitzaidan behin: autoan banentorren 80 euro emango zizkidan bidaia-sari, trenean banentorren txartelaren 16 euroak. Diru publikoa kobratzen duen kargua idazle xumearen soldata merkatzen!

Baina, hori guztia tamalgarria izanik ere, ez da gure herriaren egoera endekatuaren sintoma bat baizik. Idazleok nazioaren oinarria sendotzen dugu, horixe baita euskara. Literatura da zentzu horretan, baina gobernuen erabaki estrategikoetatik (nahiko sasikoak izanagatik ere) kanpo dago. Kritikoegiak ote gara? Baina kritika ahalmena ez ote da kultura baten osasun seinale, aurrera egiteko tresna?

Erabaki ekonomikoetatik ere at gaude. Jaurlaritzak 2.000 euro eman dizkie 2.300 pertsonei auto berri bat erosteko, 5 milioi guztira Renove deituriko planean. Liburuak erosteko zenbat? Ezer ez, kultur bonu batzuk eta laguntza anekdotiko batzuk kenduta. Industria poligonoek ere badute beren Renove plana, 1,2 milioikoa. Euskal kulturak ez du behar renoverik?

Euskal sortzaileok Euskal Herria dugu soilik, mundu osoan, gure lan esparrua, gure diru-irabazien sorburu bakarra. Eta nahikoa izan behar luke, baina ez da. Nazio bat egon ordez, bere sortzaileak egoki bizitzeko baldintzetan edukiko lituzkeena, akulturizazioa bultzatzen duen nazio zuntz gabe bat dagoelako, sortzaileen bazterketa sistemikoa praktikatzen duena, mendeetako auto-erdeinuaren azken edo azken aurreko kapitulua idazteko tematuta.

Eta botere autonomiko otzanei bizirik irauteko ezinbesteko zaien multi-kulturalismoaren ideiara subordinaturik dagoen sare komunikatibo bat dago, non euskaraz zein espainol/frantsesez lan egiten dutenak maila berean aurkezten dituzten, hizkuntzek duten irismen ahalmena berdina balitz bezala, orekatua, berdintasun idiliko baten pareko. Ez da diskriminatzen, bertako kultura funtsezko ezaugarritzat daukaten nazioetan egiten den legez, hizkuntza propioa hizkuntza arrotzen aurrean, alderantziz baizik: espainol/frantsesez egindako kultura mediokreak askoz leku gehiago du euskarazkoak baino, honen bikaintasunaren gainetik ere askotan.

Nire lanaren aitortzarik ederrena Azpeitiko lagun batek eskaintzen dit topo egiten dugunean. Kafe batera gonbidatzen nau beti, esanez: «Hik sekulako meritua daukak, 30 urte idaztetik bizitzen... Eta gainera euskaraz!». Ea laster meritua izateari uzten dion, bere kultura maite duen herri baten adierazle bihurtzeko.]]>
<![CDATA[Erresistentzia bikoitz bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/028/002/2019-06-02/erresistentzia_bikoitz_bat.htm Sun, 02 Jun 2019 00:00:00 +0200 Pako Aristi https://www.berria.eus/paperekoa/1957/028/002/2019-06-02/erresistentzia_bikoitz_bat.htm
Guztiz asaldatu ninduen loturak: Danimarka, alajaina, Europako erresumarik zaharrenetakoa, Nafarroa eta beste batzuekin batera, eta Nafarroa ez bezala independente jarraitu duena. Danimarka eta Nafarroa! Antzina maila politiko berean egondakoak zein urrun dauden egun! Zer gertatu da bien bitartean?

Herri baten existentzia hasten da biztanleek haren parte diren kontzientzia sortzen dutenean, eta hori desagertzean bukatzen da. Existentzia hori askatasunez antolatzen eta egituratzen duenean, arrotzen esku-hartzerik gabe, edo erabatekoa ez den esku-hartze gutxieneko batekin, herri hori munduko bizitza politikoaren erdigunean kokatzen da. Aldiz, konkistatua izan denean, periferia bilakatzen da automatikoki, bere menperatzaileen periferiako lurralde bat, erabakiak hartzeko gunea lekuz aldatu delako. Hargatik Euskal Herria bizi da, gaur egun, etengabe Madrili gauzak eskatzen, Parisi erregu egiten. Beti eskean dabilen herria, herri-eskale, lotsa ere galduta. Madrilen edo Parisen baimena behar beti, estatu horietako gobernuetan eragiteko ahalmenera murrizturik gure errebindikazio guztiak. guztiak. Politika egiteko modu tristea.

Esaten zaigu kolore politiko batzuekin lor litezkeela zenbait gauza, eta beste koloreei beldurra izan behar diegula, suntsituko baitute gu garen oro. Eta hor sortzen da, batetik, beldurraren politika, eta bestetik hitzarmen posibilistaren politika. Eta hortik dator, batetik, gure etsaiei zilegitasun bat aitortzea gure bizitzan esku har dezaten, eta bestetik gure egitura infra-politikoen gainbalorazio bat, lorpen handitzat aurkeztuz autonomia erkidego bat, elkargo bat eta foru komunitate bat. Lorpen izugarriak balira bezala, herri batek behar duen duintasun gutxieneko batera hurbiltzen den ezer ez daukagunean: herri bat hiru zatitan txikitua, bizirik irauteko funtsezkoak dituen aspirazio guztien kamustea eta ukapena, hala nola hizkuntza, kultura propioa, ekonomia, lurralde batasuna, eta dauzkagun sasi-erakundeekin konformatzeko dei bat, etsipena baino ez dakarrena, hamarkadak igaro ahala gero eta sakonagoa. Beldurra, egoera honetan, lokarturik daudenak esnatzeko baino jendea sisteman integratzeko tresna perfektua da.

Eta menderatutako herriaren politikoak ezker-eskuinaren jokora jolastuz, politiko espainiarrek Euskal Herriarekiko politika nazionala aplikatzen dutelarik: haiek gaituzte arazo nazionaltzat hartzen, guk Europako edozein demokrazia estandar bagina bezala jokatzen dugun bitartean. Eta mintzo dira, hemengo politikoak, otzantasunaren aldarri larria dakarten mezuekin, batetik, esanez saiatu behar dugula gutxieneko adostasunak lortzen menderatzen gaituztenekin, gure kontra jar ez daitezen, gure kontra mendeak daramatzatenean, eta biolentzia guztiak aitortu, eta bizikidetza bermatu, gure subiranotasunari errespetu txikienik ez diotenekin. Eta bestetik, inoiz betetzeko asmorik ez dituzten aldarrikapen barren-hutsekin, hala nola, aldika, gaztetan inoiz izan zuten errebeldia punttuaren oihartzun higatu baten modura edo, desobedientzia aipatzen dutenean, Espainiako legeak zintzo-zintzo bete ondoren, jadanik, gutxienez guk inoiz onartu gabeko konstituzio baten igaliak direla esatera iritsi gabe.

Edo hemerotekan txiripaz aurkitu dudan Joseba Egibarren aipua, 2012an: «Iritsi da unea herri independente bat bagina bezala pentsatzeko eta ekiteko». Izango zen 2012an hala-moduzko koiunturaren bat, baina hain da agerikoa erantzuna: ezin dela independente bagina bezala bizi estatu bat eduki gabe, ejerzitoa, euskal ogasuna, muga administratiboak, erakunde propioak eta enbaxadak. Politikoek uste dute haien hitzak irekitzen eta ixten dituela aro historikoak, baina hori soilik gertatzen da herri batek, kohesio maila handi batekin bere borondatea gauzatzeko indarra daukanean, gu asimilaturik ikusi nahi gaituztenen erruki izpirik gabe, erortzen dena erortzen dela.

«Orain da herri gisa jokatzeko ordua» esaldia ere ziklikoki agertzen da haien ahotan, urtero da ordua, eta inoiz ez da gauzatzen. Edo «Madrilen gure taldea erabakigarria izango da», «Euskadiren interesak guk defendatuko ditugu», edo inflexio puntua iragartzen duten ekitaldiak, edo hauteskunde guztietan «hauek bai, benetan garrantzitsuak dira» errepikatzeko joera.

Honek guztiak iradokitzen dit gure kontzientziak erresistentzia bikoitz baterako prestatu beharko ditugula, XXI. mendea gure askatasunaren mendea izatea nahi badugu, behintzat, jadanik hasi baitira teoriko batzuk esaten Euskal Herriak ez duela mende hau gaindituko, herri gisan erabat asimilatua geldituko dela, eta euskara bera azken hondar-izpi bihurturik, funtzionaltasunik gabe, identitate-sortze ahalmenik gabe, herria bera bezala exotismo folkloriko batera murriztua. Ez nuke nire mundualdia zama horrekin bukatu nahi, ez behintzat horren aurka idatzi nuela eta nire ahalmenen barruan horren aurka borrokatu nuela adierazi gabe.

Erresistentzia bikoitz bat, batetik Espainiak eta Frantziak herri honekin burutu nahian daramaten genozidio eta suntsiketa linguistikoaren aurrean, haien zapalkuntza sistema politikoak eskaini dizkigun ezein parte-hartze aukerari zilegitasunik ez onartzeko; eta bestetik Euskal Herria desideologizatu duen posibilismo politikoarekin inongo konplizitaterik ez izateko, nolabaiteko lorpen eta irabazien amuarekin gero eta espainolago eta frantsesago egiten gaituen horrekin. Inoiz ahaztu gabe, bidenabar, Espainiatik eta Frantziatik askatzen garenean soilik izango ditugula haiekin harreman normalizatuak, errespetuzkoak, eta maila berekoak, beti ere gure herriaren interesak defendatzeko haien interesen aurrean. Eta, beti ere, guk harreman horiek izatea erabakitzen baldin badugu. Modu naturalean.]]>
<![CDATA[Irlandatik barrena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2006/020/003/2019-04-07/irlandatik_barrena.htm Sun, 07 Apr 2019 00:00:00 +0200 Pako Aristi https://www.berria.eus/paperekoa/2006/020/003/2019-04-07/irlandatik_barrena.htm The journey (Bidaia) filma, Nick Hamm zuzendariarena, 30 urtetan elkarri hitzik zuzendu ez zioten bi etsairen 85 kilometroko bidaia kontatzen duena. Timothy Spall eta Colm Meaney zoragarri daude Ian Paisley eta Martin McGuinnessen paperean. Bidaia existitu ei zen; filmean kontatzen dena fikzioak hornituta dago. Dauzkan inplikazioengatik, uste dut gidoilaria zuhur ibiliko zela.

Kontua nola amaitu zen badakigunez, ez dizuet istorioa ikusteko intrigarik ezabatuko aireportuan gertatzen den azken eszena kontaturik, filmaren (eta moralejaren) unerik gorena baita. Paisleyk baldintza bakar bat eskatzen dio aurkariari bakea sinatzeko: barkamena eskatzea. McGuinnessek, monologo eder baten ondoren, erantzuten dio: «Ez, ez dut barkamenik eskatuko». Eta Paisleyk, miretsirik: «Hori da politikoa izatea. Ez eskatu inoiz barkamenik egin duzunaz». Epilogoa amaitzeko badu, ordea, esaldi gogorragorik: «Gaitzesten dut egin duzun guztia». Eta batere uste ez dugunean eskua luzatzen dio, bakea hitzartzeko. McGuinnessek estutuko duena, esaldi berbera erabiliz: «Gaitzesten dut egin duzun guztia».

Ausardia eta argitasuna behintzat aitortu behar zaie irlandarrei euren egoerari hitzak jartzeko orduan. Ez dira itzulinguruka ibiltzen; eufemismoak, neurrian. Beste kontu bat da lorpenei begiratzea: bake prozesu hartatik hogei urtera ezer aldatu ez izanak zer pentsa ematen du: bakea irabazi zuten, baina askatasuna ez. Bakea armak isiltzearekin lotzean dago akatsa; ez esatea okupazioa eta menderakuntza ere biolentzia dela, izatez eta egituraz, eta hori ezabatu artean herri batek ez duela bakean antolatu ahal izango bere bizitza. Bakearen definizio murritz hori onartzea errore estrategikoa izan ohi da gatazka duten herrialde guztietan, gatazka hitzetik beretik hasita.

Izan ere, filmak duen merituaz landa, gauza bat ez da argi geratzen, ez da azpimarratzen: Ingalaterra dela Irlanda konkistatu, okupatu, demografikoki eraldatu eta kolonizatu zuena. «Zuen jendea etorri zen gure lurrera, gu ez ginen Ingalaterrara joan, ez zaituztegu irlandar bihurtu nahi izan». Horixe da alde nagusia, horixe filmean falta den esaldia, haien eta gure arrazoiaren habea, analisi guztien abiapuntua. Eta horixe ondoren etiketa ezberdinez bataiatu dizkiguten biolentzia guztien sorburua. Gertakari historiko hori kontuan hartzen ez bada, arriskua dugu oso diagnostiko okerretara iristeko, Eusko Ikaskuntzak esan zuenean bezala hemen hiru identitate daudela, espainola, euskalduna eta frantsesa, eta hiruetako inor ez dela gailentzen besteen aurrean. Bada bai, gailentzen da, gailentzen dira bi baten gainetik, baina hau esan beharra bera gure herriaren ehuntze ideologikoan eman den atzerapenaren ispilu larria iruditzen zait.

Biolentzia ezberdinak egon direla esaten da, jatorri ezberdinekoak, ezin dela biktimen artean hierarkiarik ezarri, ez diskriminaziorik haien aitortzan. Horren arabera Estatuaren biolentzia legoke, bere indar armatuen gehiegikeriak, ETArena... guztiz okerra dena. Biolentzia bakarra dago, beste guztien sorburua dena: herri batek (gure kasuan bik) bestea konkistatu eta denboran menderaturik mantentzearen biolentzia gorena. Hortik eratorriak dira beste guztiak. Ez daude bi, hiru, lau biolentzia mota, bat baizik, eta arazo nazionala konpondu denean soilik esan behar genuke bakea iritsi dela.

Estaturik gabeko nazioak daudela esaten da, esaten dugu; estaturik gabeko nazioak, fenomeno meteorologikoak balira bezala, munduan pobreak daudela esaten den lasaitasunarekin. Eta honetan kapitalismoak bat egiten du inperialismoarekin: pobreak badaude, euren errua da, ez dira gai euren bizitza behar den bezala antolatzeko, estaturik gabeko nazioak ez diren bezala. Diskurtso honek ezkutatzen du beti mahai gainean eduki behar genukeen egia: estaturik gabeko nazio bakoitzari ukatu egin zaiola estatua edukitzea, sarritan zeukaten estatua militarki konkistatu, okupatu, ordezkatu eta debekatu ondoren. Genozidioa erabili dela horretarako, makro-operazio demografikoak, ondasunen bahiketa, jazarpen administratiboa, hezkuntza sistemaren manipulazioa, helburua herri honen suntsiketa zuen (eta duen) biolentzia, agerikoa ala mozorrotua. Michel Foucault filosofoak zioen bezala, naturaltzat hartzen ditugun gauza gehienak emaitza historikoak dira. Naturaltzat ez hartzea da erresistentziaren lehen pausoa. Pauso bat haratago, esango du: «Herri batek beste bat menderatzen duenean, hori ez da inoiz bukatzen»... Herria askatu arte, edo asimilatua izan arte, gaineratuko nuke.

Asimilazioak aurpegi asko ditu. Ez genuke egin behar asimilazio horretan sakontzen duen ekimenik. Zeintzuk diren detektatu ondoren, horiek ez egitea, ez parte hartzea jada osasungarria da herri batentzat. Hurrengo pausoa litzateke askatasunera hurbilduko gaituzten ekimenak antolatzea. Bi helburu horien artean garbi bereizten jakitea ezinbesteko ariketa da adimen politikoa garatzen joan dadin. Herri baten ezaugarri nagusia da bere bizitzari arnas kolektiboa emango dioten ekimenak edukitzea. Baina horren baitan norbanako bakoitzak ere lan egin behar du bere buruarekin, elikatu behar du bere adimen politikoa, hausnartuz ekimen horiek askatasun estrategia baten barruan lagungarri diren, edo kaltegarri. Eta euskaldunen ezaugarri bat bada, tamalgarria deritzodana, da uko egiten diotela barne-gogoetari, aski jotzen dutela honen edo haren alde kalera aterata, zerbait egiten ari diren sentsaziopean ezkutatuz egindakoa zuzena edo okerra den aztertu beharko lukeen analisia. Marko historiko bat ezarri gabe, diskurtso asimilazionistak irensten ditugu hartara.

Oso axioma sinple bat betetzen da, edozeinek bere bizitza pribatuan aise ulertuko duena, menderaturik dauden herrietan: zure legeak ezartzen ez badituzu, besteek ezarritako legeetan bizi beharko duzu. Eta besteek ezarritako lege horietan nabigatuz herri batek askatasuna lor dezakeela sinestea, eta sinetsaraztea da politikaren praxian egon daiteken irrealismorik handiena.

Zeren zapalkuntza nazionala dagoela onartzen badugu, hor ez dago demokraziarik; baina demokrazian bageunde bezala jokatzen badugu, askok egiten duten moduan, automatikoki Espainiako erregio bat gehiago garela aitortzen ari gara. Horrekin, hainbeste mendetako erresistentziak, berezi eta bereizi izan nahi horrek zentzu guztia galduko luke, deblauki, ondorengo belaunaldientzat. Ipar Irlandako ez-independentzia horren lekuko!]]>
<![CDATA[Kulturaren inperioak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/022/002/2019-02-03/kulturaren_inperioak.htm Sun, 03 Feb 2019 00:00:00 +0100 Pako Aristi https://www.berria.eus/paperekoa/1957/022/002/2019-02-03/kulturaren_inperioak.htm herri-hizkuntzan arrakasta izan arren, itzulirik Espainian irakurlerik lortzen ez dutenak. Katixa Agirreren Los turistas desganados aipatzen zuen tartean, zeinak jatorrizko bertsioan sariak eta txaloak jaso arren, Espainian ez duen jaso merezi zuen oihartzunik.

Hitzek, ordea, deskribatzen dutena baino gehiago esaten dute idatzi dituenaz, eta antzeko testuei darien nagusitasuna eta prepotentzia begien aurrera jaurtitzen digute euren testuinguruan irakurtzen hasiz gero. Politikoki menderatutako herriak literarioki ere menderatuak baitira, eta hori da kultura hegemonikoarekin daukaten harremanaren ezaugarri nagusia. Ez da kalitatearen arabera neurtzen haien balioa, indar harremanetan daukaten lekuarekin baizik.

Politikoki inperialista den nazioa, kulturalki eta linguistikoki ere inperialista da; badaki menderatutako herrien nazioarteko aitortza bere galbahetik igarotzen dela, bere kontrolpean daukala, eta kamuste-ahalmen hori erabili egiten du. Badaki erreferentzialtasun txartelak berak banatzen dituela, herrialde horien eskumen infra-politiko guztiak bezala, eta aldika, tantaka, operazio guztiz neurtuen bidez aitortuko dio mendeko herriko artistaren bati bere kalitatea, letra larriekin idazten den nazioarteko kulturaren kontzertuan. Zeren badaki, baita ere, menderatuei tarteka onura zenbait eskaini behar zaizkiela gustura egon daitezen; ukamen orokorrak oldarraldi nazionalak eragin ditzakeela, eta noizbehinkako sariek, aldiz, baretasuna, kultura inperialistarenganako konplizitatea, aitortuak izatearen sentimendu gozagarri otzana, metropolian onartuak izateko desira sortuz sortzaileengan, edo onartuak ez izatearen konplexu sakon eta ernegagarri bat.

Suso de Torok galizieraz idazten du, eta diagnostiko bertsua egina du: «Gure ahuldade politikoa dela eta, munduko beste hizkuntzetara iristeko derrigorrez espainolaren eremutik igaro beharra dago, zeina liburuen zabalkundea murrizten duen aduana bat baino ez den». Baina Arturo Casas teoria literarioaren irakasle galiziarrak zorrotzago esango du: «Gune hegemoniko guztien aspirazioa da haien zaindariek periferian seinalatzen duten hura bereganatzea, metabolizatzea, haren ezaugarri identitarioak kamustea. Botere hegemonikoaren baitan beti dago periferiarekin interlokutore pribilegiatu bat. Aduanak ditu gustuko. Hitz egiten du idazle edo intelektualekin, zentroan aurkezten ditu, eta zerrenda bat prestatzen du, hurrena aukeratuak izango diren ordezkoekin». Harkaitz Canok bizi izan du gertaera bitxi bat, Twist nobela aurkeztuz Madrilen, oro har nahiko txukuna izan zena, baina desagerpen misteriotsu batekin bukatu zena: La Razón egunkariko kazetari batek egin omen zion elkarrizketarik interesgarriena, baina inoiz ez zen testu hura argitaratu. «Hark ere izango zian jeferen bat...».

Liburuak itzuli, itzultzen dira, baina metropolian ez dute horien ezagutzarik bultzatuko; itzultzen da, ezinbestean, espainola dugulako Europako beste hizkuntzetarako balizko itzulpenak ahalbidetzen dituen instantzia bakarra; itzultzen da gure ezintasunaren froga bezala, boluntarismo handiz eta debalde; itzultzen da, ez irakurle ugariagoen bila, nazioarteko editoreentzako baizik; itzultzen da, hamar urtetik behin Espainian sari nazional bat ematen digutelako, eta ez obra ona denean, arazo politikorik sortuko ez duen idazlea detektatzen dutenean baizik; itzultzen da, euskarari bizkar emanda bizi direnen arrazoiak aitzakia huts direla baieztatzeko, itzulita ere ez zaiela zipitzik axola gure herriaren jatorrizko kultura; itzultzen da, erregu eginez bezala, leku baten eskaera, txikiak garela sinetsarazi digutenei esateko «txikiak, baina onak»; itzultzen da, enfin eta poema bukatzera doa, testua amen batean ahaztua geratzeko.

Kultura batek bestea menderatzen duenean, itzulpenak ez duelako jasotzailerik aurkitzen bestaldean. Baina gure sistema komunikatiboan ere etengabe ageri da gure prekarietate linguistikoa. Adibidez, urriaren 7an Juan Jose Ibarretxeren artikulu bat zetorren erdarazko euskal egunkari batean, «Olas...» izenburuduna. Gero euskaraz irakurri genuen, erredakzioan itzulia aipuarekin. Bi galdera pizten dizkit gertaera xume baina esanguratsu honek: euskaraz badakien pertsona baten testua itzultzeko lana hartu behar du euskal kazetariak? Eta bi: noiz ikusi dugu euskaraz idatzitako testu bat espainolezko egunkarietan traducido en la redacción aipuarekin? Ez da kalitatea arrazoia, botere harremanak baizik; interesa ez du kalitateak pizten, indar mediatikoak baizik, boteretsuak galbanizatzen ditu kultura azpiratuak, eta definitzen ditu, bazterreko, periferiako, erregional, txiki, hura gabe ezdeus direla sinetsaraziz.

Eta gure sufrikarioa bikoitza da: itzultzen ditugu, batetik, euskara ikasteko gogorik izan ez dutenen artikuluak, edo jakinda ere idazteko gogorik izan ez dutenenak, eta itzultzen ditugu, bestetik, gure liburuak, irakurri nahi ez dituztenen eskura jartzeko. Kultura bat beregaina ez bada, ez baditu garapen bide propioak, beste kulturekin berdintasunezko harremanak, ez badu gogo bizi bat, askatasun psikologikoa, indar politikoa, orduan sub-kultura bilakatzen da, hegemonikoen azpi-sail bat, haien zabalkunde zidorretan modu trakets batean ibiliko dena, indiferentziaz inguratuta, aldikako onguraz liluratuta, baden edo ez ote den zalantzan, zenbateraino ote den, noiz arte izanen den. Eta kultura hori bizi bada bere txikikeriaren kontzeptu galgarrian eroso sentitzen den klase politiko baten itxaropenean, galga bikoitz bat nozituko du, metropoliarena, batetik, eta bertako eliteena, bestetik; ez da kasualitatea Euskal Herriko eliteek egin zuten espainol hizkuntzaren aldeko hautu programatikoa, existentziala eta kulturala, tinko mantentzen dutena gaur egun ere.

Gure hizkuntzaren inexistentzia litzateke haientzat, bai metropoliaren jagoleentzat, bai bertako eliteentzat, ahopeka onartua bada ere, egoera perfektua; eta dolutzen zaie hala ez delakoz. Gure hazkundearen murrizketa kontrolatua darabilte, bitartean, arazoak gainezka egin ez diezaien.

Honela zuen izenburua erreportajeak: Egile periferikoak. Eta azpian: «Hauek dira Espainian irakurtzen ez ditugun egile espainolak».]]>
<![CDATA[Hiru gogoeta federalismoaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/020/002/2018-12-02/hiru_gogoeta_federalismoaz.htm Sun, 02 Dec 2018 00:00:00 +0100 Pako Aristi https://www.berria.eus/paperekoa/1957/020/002/2018-12-02/hiru_gogoeta_federalismoaz.htm
-Federalismoa aurrekari historikorik ez daukan egitura politiko bat da. Espainia ez da inoiz federala izan, inperialista eta totalitarioa baizik. Federalismoaren oinarrian hitzarmenaren ideia dago, baina hori historiaren faltsutze bat baino ez da. Espainiak inoiz ez du ezer negoziatu bere mendeko lurraldeekin; biolentziaren eta armen bidez bereganatu ditu ahal izan zituen lurraldeak (Portugal ezin, hor daukate arantza!), eta biolentziaren aldaera modernoekin jarraitzen du bere nagusitasuna mantentzen.

Euskal estatu bat, aldiz, existitu izan da: Nafarroako Erresumaren forma hartu zuen, erresumaren egitura zelako garaiko estatu guztiek ezagutzen zuten erakundetze modua, eta bere hizkuntza zein zen garbi zehaztu zuen, 1167ko dokumentu batean ageri denez: Lingua Navarrorum, euskara, alegia. Gaur egun ere euskaldunok munduko eskubide guztia daukagu Estatu bat edukitzeko, eta horretarako ahalmena badaukagu mundu guztiak ezagutuko du, zalantzarik gabe, gure zapaltzaileek ezik.

-Federalismoa eredutzat hartzeko aipatzen dira, maiz, Alemania, Suitza, Estatu Batuak... Baina hemen identitate arazo saihetsezin bat planteatzen da: azken batean, Suitzako kantoietako biztanle guztiak dira suitzar, Alemaniakoak alemaniar, besteak estatubatuar... Baina gu ez baikara espainol, ez frantses: gu euskaldunak gara soilik, ez gehiago, ez gutxiago. Federalismoak gutxiagotu egiten gaitu. Euskaldun soilik Espainiaren baitan izan gaitezkeen mezu galgarria barreiatzen du. Eta Iparraldea non kokatzen da balizko federazio horretan? Frantziak haiei eragin dien endekapen bortitza ikusita ausartuko gara esaten haiek euskaldun soilik Frantziaren baitan izan daitezkeela?

Ez da zaila ulertzea zer kalte ekarriko ligukeen gure kultura, hizkuntza eta izate politikoa suntsitzen saiatu den (eta saiatzen den) Estatu batean jarraitzeak, Katalunian ohartu ziren bezala, abiada bizian baztertuz hirugarren bidea. Ulertzea zail zaidana da euskara maitatu eta hari bizitza osoko lana eskaini dionak nahiago izatea gure gauzekiko erabakimena atzerrian egotea.

Diskurtso honek bat egiten du gure herriaren patuak Espainiari atxikita joan behar duela dioen beste diskurtso nagusiarekin, autonomismoarekin. Eta bien sustraian espiritu bereko mezu subliminal bat datza: independentzia zerbait irreala dela sinestaraztea jendeari, utopia bat, urruna, guk ikusiko ez duguna; behin animo hori hedatu ondoren, lortzen dute desaktibatzea euskal gizartean egon zitekeen konfrontazio gogo apurra, eta bideratzen dute jende ernearen berezko sumindura kausa sozialetara, humanitarioetara, esanez: «Utzi politika guri, ezin da helburu handirik lortu, ahaztu amets gorenak, heldu lorpen txikien pozari».

Politika-kortsea praktikatzen dute, alegia: politika mugatu behar da lor daitezkeen gauzen esparrura. Nik politikaren aspiraziorik nobleenetan sinesten dut, ezertan sinesten badut: Politika gustatzen ez zaigun eta injustua den errealitate bat aldatzeko palanka bat dela, hiru osagarri dituena: historia, hona hain modu traketsean nola iritsi garen jakiteko; diagnostikoa, gure egoera benetan eta apaingarririk gabe zein den zehazteko; eta estrategia, helburuak eta horretara iristeko ditugun indarrak elkar elikatzen jarriko dituen diseinu zorrotza, denboran eutsiko duguna, taktikak garaira egokituz baina inoiz helburuak abandonatu gabe.

-Diskurtso horren azpi-geruzan badago, ordea, beste sentipen bat: Espainiarekiko atxikimendu intimo bat, zure bizitza hura gabe irudikatu ezin bat, badu erru-printzak dauzkan espainolismo baten mozorro tankera, etsipen nagi bat bezala, gure botere politikoaren jabetza lur honi arrotz zaizkion eskuetan uztea, gure parte-hartze kuota murritz bat onartzea, herri honek gehiagorako talenturik ez baleuka bezala. Eta prozesu historikoen ezagutza falta bat. Edozein entziklopedia aski da, haietara bidaiatzen dugun herri askeen historia jakitea, ikusteko independentziarekin sekulako gorakada izan zuela haien kulturak, hizkuntza propioen iraupena bermatua geratu dela, badutela haien kultura munduko erakusleihoetan kokatzeko etiketa bat. Errealismo historikoak honakoa dio: XX. mendean herrialde independente askoz gehiago sortu da, herrialde federalak baino.

Desorekak desoreka, mundualde garatua deitzen den esparruko independentzia prozesu guztiak arrakastatsuak izan dira ia maila guztietan, zer esanik ez hizkuntzan, gu bereziki ikaratzen gaituen alorra aipatzeko. Kasu bat soilik atera da gaizki, dozenaka kasu positiboen ondoan. Eta esanguratsua da: hitzaldietan beti ateratzen du norbaitek kasu ezkorraren hizpidea; inoiz ez kasu baikorren eredua. Gure egoera psikologikoa zeinen ezkortasunera okertua dagoen adierazten du, etorkizun eder baten beldurrak irentsirik.

Diagnostiko akats erraldoia iruditzen zait gaur, hemen, esatea eta zabaltzea eskuragarriagoa dela Espainia honetan zerbait federala lortzea, edota estatutuaren berrikuntza kualitatibo bat, iritsi garen puntura iritsita, Kataluniako ispiluak ageri duen gisan: independentzia izango da herrialde menderatuontzat aurrerantzean bizirik jarraitzeko berme bakarra, mende hauetan Espainia eta Frantzia saiatu direnaz gain suntsitze aro berri bat baitator gure aurka. Eta birrintze aroa ez da sofistikatua izango, basatiagoa baizik, gero eta oztopo gutxiago dituztelako, bai Europaren aldetik, populismoaren eta (estaturik gabeko) nazionalismoaren izua erabiliz, bai gure barne erresistentziaren ahuldadeaz ohartu direlako: euskaldunok biolentziaren anatemarekin paralizatuak gauzkate, batetik, eta bestetik geuk laguntzen diegu, barrutik, suntsitze lanean. Euskalgintzak ideologikoki birziklatu behar izan du, ekonomikoki kolapsatuta geratu aurretik, helburu eta jokamolde nabarmen mantsotuak bereganatzeko.

Hain zaila egiten zait irudikatzea kualitatiboki benetan esanguratsua litzatekeen estatutuaren berrikuntza bat, hain urruna dena egiteko eta inoiz ezer demostratzeke daukan federalismoaren proposamen mortua, non independentzia soilik ageri zaidan mendeetan Espainiarekin eta Frantziarekin daukagun dema honetan lor daitekeen ekimen politiko praktiko bakarra, aukera errealista bakarra.]]>
<![CDATA[ETA osteko dinamikak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/026/002/2018-10-07/eta_osteko_dinamikak.htm Sun, 07 Oct 2018 00:00:00 +0200 Pako Aristi https://www.berria.eus/paperekoa/1957/026/002/2018-10-07/eta_osteko_dinamikak.htm
Euskal gizartearen aktibo guztien posizio hartze bat ikusi dut, eta funtsean hiru multzo nagusitu dira, hiru mezu:

1-ETA da herri honi gertatu zaion gauzarik txarrena. Etsenplu gisan, Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiari eginiko elkarrizketa labur bat telebistan, bere agintaldiaz zer oroitzen zuen galdetu ziotelarik: «Gauza txar asko, ETAren atentatuak, bahiketak... Baina onak ere bai, ekonomiaren suspertzea, langabeziaren beherakada...». Gauzarik txarrena, eta bakarra, beraz, ETA; hitzik ez Espainiarekiko subordinazio egoerak sortutako desoreka, tortura, estatu krimen eta abar luzeari buruz. Honen anaikidea da, ildo berekoa, jarraipen logikoa, Urkulluk ahoskatutakoa: Injustua izan zen.

2-Ez genuen ikusten jakin, ez genuen mailarik eman. Jarrera hau, batez ere, idazle, intelektual eta iritzi-emaileek zabaltzen dute, atzera begirako mea culpa bat, baina gaur dauzkaten lanpostu erosoetatik emana. Baina noski, hori da partida nola amaitzen den ikusi arte itxoitea, gero irabazlearen alde zeundela aitortzeko. Iraganean mintzo dira, abantailarekin, zer komeni den dakitenean. Bada jendea bizi dena orainaz ezer esan gabe, eta hartaz igaro denean soilik idazten duena. Bide-sari baten itxura ere badauka, kolaborazio susmoen zuritze bat, gaurko hedabideetan lekua egin diezazuten.

3-Nola kontatu 15 urteko bati ETA zer izan zen. Hau elkarrizketetan ageri da maiz, eta historia bere osotasunean esplikatzeko beldurra erakusten du, ETA taula handi baten pieza bat besterik ez baita, herri baten desagerpena bilatzen duen menderakuntza genozida baten erreakzioari dagokion atal bat, planteamendu politiko batzuen abangoardia armatua, milaka eta milaka pertsonen, sendien eta kargu politikoen babesa izatera iritsi zena. Testuinguruari uko egitea esan nahi du, kriminal talde bat zen, eta kito; estali gaitzala errezel lodi batek.

Joxe Manuel Odriozolaren hitzak hartuz, euskaldunok ez daukagu autonomia eta gaitasun ideologikorik ETAren iraganaz kontakizun taxuzko bat egiteko. Eta ez digutela uzten, gaineratuko nuke, epaitegiak ditugula begirale, eta isunak, bazterketa eta kartzela bera etorkizun, horretan hasiz gero. Baina hau demokrazia ez dela esateko adorea, behintzat, behar genuke.

Horren ordez hedatu dira hainbat mezu toxiko, Espainiaren ikuspegi inperialistaren garaipen direnak. Baketze eta adiskidetze programa guztiek ideia bakarra dute oinarrian, eta aspaldikoa da: euskal gizartea gaixo dagoela, fanatismoz eta biolentziaz gaixo, eta terapia behar duela. Edo espainolismoaren hainbat ikurri gure hedabideetan lekua egitea dela aniztasuna, menperatzaileari ahotsa ematea baino ez denean. Ez baita eraikitzailea, ez ideien zirkulazio askea: nolabaiteko euskal kontzientzia nazionaldun hedabideek espainolismo militanteari ateak irekitzen dizkioten bezala, kontrakoa ez da gertatzen: duda bako kontzientzia espainoldun hedabideek ez diote aterik zabaltzen haien ideia politikoak ezbaian jartzen dituen inori. Aldebikotasunik gabe ez dago inoiz orekarik, ez kulturan, ez linguistikan, ez politikan, ez etikan.

Euskal idazle batek idatzia ere ikusi dut hau: helburuak birformulatu behar ditugula elkarbizitzaren mesedetan, tarteko bideak bilatu, zubiak eraiki, besteak kontuan hartu. Itzulita: Espainiaren baitan eroso bizitzen ohitu behar dugula, gure aspirazio gorenei uko egin ondoren. Gure egin ditugun ETA osteko narratiba guztiak Espainiaren think tank mediatikoetan sortuak dira, etsaiaren narratibekin mintzo gara. Baina horrek sor zezakeen gatazka ideologikoa saihesteko, etsai etiketa ezabatu behar izan zaio Espainiari. Orain, estatus berriaren arabera, Espainia bere legedia eta erakundeak gure mesedetan jartzen dituen konplize bihurtu da.

Maialen Iriartek uztaileko elkarrizketa batean: «PNVrekin lortu dugun akordioa koska bat da gure azken helburua lortzeko, Euskal Estatu independente bat». Duela 40 urte horixe zen PNVren mezua, Aberri egunetarako, jakina: Gernikako estatutua zela independentziarako lehen pausoa. Ezker abertzaleak ez zuen sinetsi, nik ere ez. Garai hartan pegatinak jartzen genituen paparrean: Estatutuari EZ. Aitortzen du Iriartek ponentzian ez dela independentzia ageri, baina onartu litekeela konstituzioa ukitu gabe.

Abuztuan, ordea, Rafa Diezek kontrakoa dio beste elkarrizketa batean: «... gaurko estatutuaren eta konstituzioaren egiturak aldaketa erradikal bat behar du». Diezek aipatzen du estatus berria ez dela haustura modelo bat, ez Estatutik alde egitekoa, baina era berean aitortzen du Estatuan ez dagoela bitartekari demokratikorik. Nola den hitzartzen zerbait existitzen ez den norbaitekin, hori daukate zaila argitzen. Ikusi besterik ez dago, azken aldian, duela ez hainbeste defendatuko ez zuketena justifikatzeko hartu duten lana.

Ilegalizazioak kalte handia egin ziola aitortu zuen ezker abertzaleak, eta ondorio honetara iritsi zen: Espainiako sistematik kanpo ez gara ezer; beraz, integratu gaitezen bertan. Egia justu kontrakoa denean: Espainiako (eta Frantziako) legedietatik kanpo soilik izango da Euskal Herria herri eta Estatu.

Historia honetako protagonista guztiek kantatu zuten Benitoren beste kanta hura: «Gurasoen mundu aldrebes hau ez dugu onartzen». Orain eurak dira mundu aldrebes horren defendatzailerik sutsuenak, eta belaunaldi berriei ez diote halakorik kantatzen utzi nahi. Herri askotako kaleetan afixa interesgarriak agertu baitira: «Iruzur autonomiko berririk ez». EH Bilduk orain sinesten du estatutuan; nik jarraitzen dut sinetsi gabe. Tamalez, afixa horiek ez dute asko iraun kaleetan. Iraun dezatela, arren!]]>
<![CDATA[Bide zuzenetik goaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1992/016/001/2018-08-05/bide_zuzenetik_goaz.htm Sun, 05 Aug 2018 00:00:00 +0200 Pako Aristi https://www.berria.eus/paperekoa/1992/016/001/2018-08-05/bide_zuzenetik_goaz.htm
Iruditu zitzaidan gaiari darion larritasunak eta, larritasun horrek eskatzen duen diagnostiko ahalik eta zehatzenaren beharrak ez zuela onartzen halako arinkeria bat, ez genukeela onartu behar gure hizkuntzari buruzko iritziak, eta are gehiago telebista publikoan eta Autonomia Erkidegoko hizkuntza arduradun politiko gorenaren aldetik, halako auto-konplazentziarekin «despatxatzerik».

Esan baitzen, baita ere, diskurtso mota hau apaintzen duen harribitxia, euskaldunok milioi bat garela. Eta euskararen apustuez galdeturik, Zupiriak euskal hiztunak seinalatu zituen, eta haiek bakarrik, esanez euskararen apustu nagusia dela hiztunok hitz egiteko ahalmena eta aukera daukagun bakoitzean, erabiltzea. Entzun nuen, baita ere, txikiak gareneko marmar azkenaldian nekagarri samarra, eta estatu diren herrialde batzuei aurreratu egin gatzaizkiela hizkuntzaren batasunean, mezu subliminala lerratuz, bide batez: autonomismoaren gorazarrea, hizkuntzak ez duela zertan estaturik behar, ez legedi koertzitiborik, ahazturik arau bihurtzen ez den hizkuntza beti izanen dela salbuespen.

Ez dago hobeto azaltzerik, hitz gutxitan, «ondo goaz» diskurtsoak dauzkan hiru zutabe nagusiak:

Bat, euskara testuingururik gabe agertzen zaigu, historia politikorik gabe, alegia. Etsairik izan ez duen hizkuntza bat. Beraz, ez da gutxietsia, baztertua, umiliatua, iraindua, degradatua, zaborreratua, debekatua, pertsegitua, erdeinatua izan; euren hiztunak ez dira astakilotzat, zakurtzat, barbarotzat, egoskortzat, fanatikotzat, talibantzat hartuak izan, ez dira milaka bider espainolez egitera behartuak izan, azkenean paisaia linguistikoaren gauza naturaltzat hartzeraino bat-bateko elebiduntasun hori, lehengoan miraturik Uruguaiko turista batek esan zidan bezala, nire euskara/espainol jarioa ikusita; berak, espainola eta ingelesa jakinda, ezin omen du hain azkar aldatu batetik bestera. «Praktika kontua da», argitu nion.

Euskarak ez du jasan uholde demografikoen eraso brutalik (gazteek esango luketen moduan), edo «ingeniaritza demografikoa», Guillem Calaforra linguistaren definizioan: alegia, giza taldeen lekualdatze masibo eta batzuetan derrigortuak, herri baten gizarte esparruak ordezkatzeko, eta haiekin batera, hizkuntza erabilera aldatzeko. Nafarroaren 1512ko konkista ondoren, XIX. mendeko Bizkaian, Lapurdin aro ezberdinetan, XX. mendean 60ko hamarkadako Bizkaia eta Gipuzkoan, 2000.etik aurrera Lapurdik izan duen frantses jubilatu eta langabetuen inbasioa... Europako inongo estatuk onartuko ez lukeen bezalako jende uholdeak, herri bezala desagertzeko arrisku seguruaz oharturik, onartu behar izan ditugu guk, ez genuelako muga arrazionalak ezarriko zituen estaturik.

Bi, frankismoak ordezkatu du, orain, mende askotan bi estatu zapaltzaileek planifikatu eta gauzatu duten euskara desagertzeko eginahal basati eta krudela. Gaztela, eta Frantzia ondoren, euskaldunok sortu genuen botere egitura (Nafarroako Erresuma) suntsitzen hasi zirenetik 800 urte igaro dira, baina frankismoa bihurtu da, 40 urteko epe historikoki aski labur bat, konparazio iturri bakarra, erreferentzia isolatua, gure suntsiketa linguistikoa bertan hasi eta bukatu balitz bezala. Franco hil geroztik 40 urte pasa direnez, desaktibatua da 40 urteko diktadura. Zerotik hasteko moduan gaude, berdintasun egoera ideal batean. Orain orduan baino askoz hobeto gaude, aske gara, eta eskura daukagu nahi duguna egitea hizkuntzarekin. Ez dago etsairik; izatekotan geu gara geure buruaren etsaiak, ez dago aitzakiarik.

Hiru, eta hau aurrekoen ondorioa da, guk euskaldunok daukagu euskararen ia ardura bakarra, kasik gure gain botatzen da bere egoeraren okerra, ez dugu aski maite, zabarrak gara, erraz pasatzen gara espainolera, ez dugu libururik erosten eta gainera modu indibidualean planteatzen da guztia, gutako bakoitzaren jarrerak eragin balezake bezala aldaketa loriotsua. Eta non dago testuingurua, diot berriro. Hizkuntzak behar duen bulkada politikoa, babes sozial uniforme bat, erreferenteen aurpegi ematea, ez dakitenekiko presio legala, koertzio kuota jasangarri baina aldi berean eragingarri izango direnak, ea. Euskal hiztunak %12 baldin bagara, nola eragingo diogu, indibidualki arituz, hitz egin nahi/ahal ez dutenen %88ri? Suizidio hutsa da. Hizkuntza baten egoera gutxitua hizkuntza hori ez dakitenek eta jakin nahi ez dutenek eragiten dute, eta logikaz, normalizazioa litzateke jende horrek ikastea eta erabiltzea, ikasaraztea eta erabilaraztea. Euskaraldiak, ordea, berriro ere fokua euskal hiztunongan jartzen du, gure bizitza erabat euskaraz garatzea galerazten digutenei ezer exijitu gabe, harro egoteko modukoa ez den politika otzana gauzatuz.

Baina euskararen historia luze honen laburpena baldin bada euskal hiztunon gain dagoela auzia, eta gainera modu indibidualean, norberaren eguneroko borroka bakartian, ezer ulertu ez dugun seinalea da. Xabier Aizpurua Euskara teknikariak zioen bezala, hezkuntzari buruzko ikerketa batean: «Herri euskaldunetako ikasleak ez badira gai esateko euskara hizkuntza gutxitua dela, zerbait gaizki doa». Nola izango dira ba, telebistan euskararen arduradun gorenak ez badu esan, justu kontrakoa adierazi badu!

Bai, badakit programa adeitsua dela, zuria, irudi zaharrak eta bromak tartekatzen dituena, baina kazetaritzako karrera egin duen orok daki (ez nituen alferrik bost urte eman) kazetariaren lehen funtzioa dela elkarrizketatua pixka bat deseroso sentiaraztea, gutxienez. Kolokan jartzea, kritikoen aipu bat edo beste mahaian jartzea. Eta are gehiago pertsona botereduna bada, gobernu bateko kidea. Bestela boterearen propaganda hutsa bilakatzen da, politika erratu askoren promozio, lehendik ere gobernuaren ia bozeramaile lana egiten duen telebista baten barruan.]]>
<![CDATA[Euskal errepublikaren txostena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2234/025/003/2018-06-03/euskal_errepublikaren_txostena.htm Sun, 03 Jun 2018 00:00:00 +0200 Pako Aristi https://www.berria.eus/paperekoa/2234/025/003/2018-06-03/euskal_errepublikaren_txostena.htm
Tamalez, gure herriak hamarkada asko igaro zituen alferrikako proposamen hutsalak egiten, maila politiko serio batera ere iristen ez zen ideologia autonomista infra-estrategiko batean erabat burua galduta. Herriarena baino, buruzagi politikoena izan zen errua, ezjakintasun politiko, aitortu gabeko ezintasun bat eta zinismoaz osaturiko koktel batek hartu baitzuen hamarkada horietako euskal politika, herriaren energia xahutuz ekimen politiko antzuetan.

Baina zorionez herria esnatu egin zen konformismotik, kolonialismotik, heldutasuna erdietsi zuen inork espero ez zuen bezalako kohesio nazional bat erakutsiz. Horretarako kirurgia politiko erradikal bat egin behar izan zuen gure nazioak, euskal kasta politikoa erauzi, gainditu eta baztertuz, oztopo bihurtu baitziren independentziarako bidean, erreflexu politikoak galduta, konplexu identitarioz beteta, zeinak herriari kutsatzen zizkioten eguneroko agerraldi mediatikoen bidez. Maila infantil batean nahi zuten herria, haien kontsignak obeditzen beti. Baina herri hau miresgarria da, eta buruzagi belaunaldi berri bat sortzeko gauza izan zen.

«Nahikoa da!», esan zuen herriak, eta helburua, independentziarena, garbi identifikaturik, indarrak biderkatzeko makina perfektu bat bihurtu zen, abila nazioarteko negoziazio diplomatikoetan, eta Errepublika aldarrikatu eta ezarri zuenean berehala ikusi zuen munduan zehar, poliki-poliki, gero eta estatu gehiagok aitortzen zutela, Euskal Errepublikarekin harreman komertzialak hitzartzen eta munduko goi-bileretara gonbidatzen. Globalki aztertzen diren ongizate mailako estatistiketan ere agertzen hasi ginen, Europako nazio eredugarrienen pare. Iaz ezagutu dugu euskal hizkuntzari emandako lehen Nobel sariduna, Joan Mari Irigoien, euskal mundu tradizionala eta zalantza moral berriak uztartzen jakin duelako. Baina, batez ere, munduak Euskal Errepublikari eman dion behin betiko ongietorria izan da saria, Irigoienek berak Stockholmerako prestatu zuen diskurtsoan zehazten duenez, Williams Butler Yeats idazle irlandarraren hitzak errepikatuz, Irlanda zioen tokian Euskal Errepublika ipiniz: «Sari honen ohorea ez da hainbeste niretzat, baizik eta, Euskal Errepublikako literaturaren ordezkari naizen unetik, errekonozimendu hau Europak gure estatu libreari eskaintzen dion ongietorria da».

Zer esan Espainiaz eta Frantziaz? Haien okupazio luzeari amaiera jarri eta haien inolako esku-hartzerik gabe biziko ginela ulertu zutenean boikot kanpaina gogorra abiatu zuten, medioetan, kantzelaritzetan, oinarrizko jaki, sendagai eta erregaien alorrean, baina ongi prestatuak aurkitu gintuzten, aurre hartu baikenien alor estrategiko eta sensible guztiei. Harremanak moztu behar izan genituen guztiz haiekin, kaltea eurak nozitzen hasi ziren arte: Euskal Errepublika garraio gune garrantzitsua da Europarentzat, eta Bruselak inola ere ez zuen onartu Europa barneko herri subirano eta aske baten gaineko blokeorik. Iaz hasi dira bi nazio inperialista-harroskoak guri harreman galdezka, eta aztergai dago gobernu honen mahaian.

Kupoa eta gisakoak, lorpentzat saltzen zizkigutenak, historia dira. Menpekotasunaren Museoan dago guztia ongi esplikatua belaunaldi gazteentzat, alde batean menperatzaileen historia luzea, zitalkeriaren historia unibertsala izenburupean, non jasotzen den okupazio espainol-frantsesak eragin dituen euskal hildako, deserriratutako eta torturatuko guztien kopurua: 756.890 zortzi mendetan; eta bestean, Erresistentziari eskainitako erakusgela ugariak, non jasotzen diren mendeetan gure herriari bizirik eutsi zioten pertsona eta ekimen ugariak: euskaltzaindia, gudariak, Nafarroa hiru aldiz askatzen saiatu ziren oldartsuak, kantariak, antropologoak, arrantzaleak ea.

ETAko presoen arazoa Hagako auzitegian konpondu genuen. Deskonkistako gerra ez-ohiko baten testuinguruan kokatu genuen haien egoera, eta aldi berean Espainiako agintari batzuen auziperatzea lortu. Europan bazegoen Espainiari eta Frantziari eskarmentu bat emateko gogo itzela, eta hura aprobetxatu genuen gure mesedetan.

Euskarak milioi eta erdi hiztun irabazi ditu hamarkada honetan, hain da indartsua estatu batek hizkuntzari ematen dion zilegitasuna, prestigioa, presentzia eta erakargarritasuna! Espainol hizkuntza gure lurretatik urruntzen hasi da, duela 800 urteko bidearen kontrakoa eginez, bere sorlekura itzuliz, Ebrotik behera dauden lurraldeetara. Berdin frantsesa ere, Atturri ibaitik landa. Elebidunak izatekotan, hobe dugu euskal-ingeles elebidunak izan. Inposatu zizkiguten hizkuntzak desinposatzeari ekin genion; orain gurea da, erabat, hizkuntza politika, eta estatudun nazio guztietan normala den bezala, orain gure kultura eta hizkuntza propioa indartuko ditugu.

Akats batzuk ere egin ditugu, une ilunak ekarri dizkigutenak. Euskal Armada bat sortzeko asmoaren inguruan berehala piztu zuten eztabaida gogorra mugimendu sozialek, Euskal Herrian tradizio luzea dutenak, intsumisoek, pazifistek eta anti-militaristek. Haien zilegitasuna onarturik ere, Estatu bat gauza serioa da, ezin armarik eta ejerzitorik gabe munduan errespetatua izatea espero. Tamalgarria izan zen Javier Ventura Aperribai gaztearen heriotza Bilboko manifestazioan; gure segurtasun indarren jokaera neurrikoa izan arren, zoritxarrak eraman zuen bere bizitza. Alabaina, azpimarratu nahi dugu Javierren hiltzailea berehala utzi zuela Euskal Errepublikako gobernuak epaileen esku.

Izan ere, estatu bat edukitzeak hori esan nahi du: etsaiak (lagunak bezala) izendatzeko ahalmena daukazula, eta zure aurkako haien ekimenak baliogabetzeko tresnak. Ez dela gupidarik existitzen estatuen artean, elkarri min egiteko indar oreka bat baizik, gerra eta konkista asmo gehienak paralizatzen dituen oreka armatua, koertzitiboa, komertziala edo beste ezein eratakoa.

Oharra: debekatuak geratu dira fiesta rociera guztiak, estetikoki itsusiak direlako, ez beste ezergatik; ahaztu nahi dugun iragan anakroniko baten lekuko bihurtu dira. Gaur sinatu du dekretua Asisko Urmeneta Errepublikako Lehen Ministro Jaunak.]]>
<![CDATA[Herri bat begien aurrean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/024/003/2018-04-01/herri_bat_begien_aurrean.htm Sun, 01 Apr 2018 00:00:00 +0200 Pako Aristi https://www.berria.eus/paperekoa/1832/024/003/2018-04-01/herri_bat_begien_aurrean.htm
Norbaiti buruz «probokatzailea» dela esatean iradokitzen duzuna hau baita: «Ba, gustatzen zaio bere burua nabarmentzea, egolatra hutsa da, beti dabil xextra bila». Bere iritzia debaluatzen duzu, funsgabea balitz bezala. Karikaturatik oso hurbil dago, eta hortik probokatzaile omen denaren ezer ez irakurtzera, pauso bat, pauso errazegia. «Ez da gurea» esaldi lazgarriak kalte handia egin du gurean. Niretzat ardura kontua da gure egoeraz pentsatzen dudana idaztea, ez begiak ixtea, botere gune ezberdinetatik zabaltzen dituzten kontakizun auto-konplazienteak ezbaian jartzea.

Badira zazpi urte, 2011tik, nire lana fase politiko batean sartu zela, nire lanari zentzu kolektibo bat emateari ekin niola. Liburuak idatzi ditut, artikuluak, hitzaldi pilo bat eman, ikerketa eta gogoeta partekatu nahian. Beharrezkoa zitzaidan nire lanari, euskal idazle gisan, marko historiko-politiko bat ezartzea, gure gabeziak ulertzeko. Politikaz idazten dut, baina baita ere politikak berak etengabe deitzen gaitu gu, politika gure bizitza erabakitzen ari delako egunero, bai indibidualki, bai herri gisan.

Idaztea, hasieran nahiko praktika egotikoa izan daiteke, nire kasuan hala gertatu zen. Baina, une batean, idaztea ego horren bazka izatetik ekarpen kolektibo bihur zitekeela sumatu nuen, hor zeukala bere azken zentzua, nik, artez edo moldez, zertxobait menperatzen nuen ofizio hark. Noiz gertatu zen hau? Herri kontzientzia piztu zitzaidanean.

Idazlea aske da bere hastapenetan, ez du ezagutzen mugarik, izurik eta auto-zentsurarik. Esparru pertsonalean hasten da bizitzen, eta gero, bere ibilbidean geruzak zeharkatu ahala, are eta inplikazio sakonagoetan sartzen: nire asmazio pertsonalak irakurlearengana iristen dira, herri hori osatzen duten baldintza historiko, ekonomiko, soziologiko eta abarrak aurkitzen ditu bidean; sakonerago joanez, nazio bat aurkituko du, bere arazo eta erantzukizunekin, gatazka politikoak, historiari buruzko kontakizun ezberdinak, nahasmen estrategikoak, teoria politikoak. Herri hori, nire kasuan, Euskal Herria da, kasu berezia: askatasuna erdietsi ez duen herri bat. Askatasuna kudeatzea gauza bat da; askatasuna lortzea, beste bat guztiz ezberdina. Eta gure herriak bigarren ezaugarri hori dauka. Horrek bereizten gaitu, beste gauza batzuen artean, idazle espainol bat, eta ni, idazle italiar bat eta ni, Fernando Aranburu bat eta ni.

Idazle bakoitzak erabakiko du noraino iritsi nahi duen. Itsas-murgilketa sakoneko probetan bezala, zenbat eta gehiago lerratu sakonera, orduan eta presio handiagoa izango du, orduan eta arnasa gutxiago hartzen utziko diote. Ni beti izan naiz konprometitzekoa, pausoa ematekoa, nire hitza idaztekoa, horrek, atzean geratu banintz, izango ez nituzkeen arazoak ekarri arren. Gizartearen aurrean kokatzen den idazleari, edo kazetariari eskolara hasten den umeari bezala gertatzen zaio: begira dauzka denak, ea zertan hasten den. Ikara horren aurrean, batzuek neurtzen hasten dira zer irabaz eta zer gal dezaketen halakorekin eta bestearekin... Horrela hasten dira euren askatasuna murrizten.

Azalean ibiltzea librea da oso; kostunbrismoa, etxe-barruko munduaren agerpena, obsesio eta frustrazioen alardea ez dago penalizatua. Baina «idazle-florero» bihurtzen dira, «kazetari-florero», eta niretzat hori da probokatzailerik handiena: erosotasunagatik beste aldera begiratzen duena, idazteko leku bat eduki eta funtsezko gaiak saihestuz, inoiz zalantzan jarri gabe gutaz esaten duten ezer. Zenbat aldiz irakurtzen ditugun gatzik gabeko testuak, ezer esaten ez dutenak! Zenbat egun hedabideak irakurri eta ezer interesgarririk aurkitu gabe! Zenbat aldiz egunkariak balio duen euro eta 40 xentimo gastatu eta trukean ezer jaso gabeak!

Funtsean, idaztea, niretzat ardura bat da, nire buruarekin, eta nire herriarekin. Gainerako guztia merchandising hutsa da, egoen dantza, hedabideen asmakizun, ergelkeria hantusteen monumentu, jolas burges eta burges aspertuen lore-jokoak, eta hori garbi ikusten da: oso ondo idazten duen jende asko dago, baina globalki gure egoerari ekarpenik egiten ez diona. Ondo idaztea meritua da, bai, baina herrigintza beste hori da, plus hori.

Nik nire iritzia ematen dut, ez besterik; arrazoitua, testuinguru baten barruan kokatua, jakinekoa den errealitateaz landa gauzak beste modu batean izan litezkeela irudikatuz. Nire gogoen subjektua bat da: Euskal Herria. Ez alderdi bat, ez doktrina bat, ez politikagintza bat. Eta hori da nire akatsa, niretzat bertute dena. Ikerketa urte hauetan gauza bat deskubritu baitut, bat beste guztien gainetik: izaki ororen nahia dela askatasunean bizitzea eta hala jokatzea. Eta herri ororen nahia ere bai. Eta gogo horrekiko zalantzan dagoen herriak arazo latz bat daukala; normalean, kolonizatua izan da, politikoki menderatua, akulturizazioa jasan du eta ohitu egin da subordinazioan bizitzera. Eta status quo horretan leku erosoa hartu dutenek bigarren mailako subordinazioa jartzen dute martxan, iritzien barne-kontrola. Eta hau gauzatu dadin, etiketak: botereak, edozein mailatakoak, kritiko diren ahotsak zilegitasunik gabe uzteko asmatu zuen txartel mingarria, marka faxista bat bezala, inkontzienteki erabiltzea haren konplize egiten gaituena.]]>
<![CDATA[Euskalgintzan datorrena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/022/003/2018-02-04/euskalgintzan_datorrena.htm Sun, 04 Feb 2018 00:00:00 +0100 Pako Aristi https://www.berria.eus/paperekoa/1832/022/003/2018-02-04/euskalgintzan_datorrena.htm
Halako mugimenduen aurrean atoan datorkit galdera: Zer baliabide ditugu hizkuntza gutxituok gure asmoak gauzatzeko? Zer onura dakarkio hizkuntzari, haren egoera erreala kamuflatzen dutenekin batzeak? Eta guztia iruditzen zait prozesu zabalago baten azpi-atal bat, dardara tektoniko handiagoen albo-kalte moduko bat, peaje bat ezerezera bidean. Politikan ezker abertzaleak egin duen biraketa euskalgintzara aplikatua.

Urte askotan, gure herriaren etorkizunarentzat ezker abertzalearen ekimenak ezinbestekotzat izan nituen. Lanerako esparru bat zen niretzat, lurralde bat, bi helburu edo zeregin ikusten nizkionak. Bat: trantsizioa deitzen garaiko hitzarmen lotsagarri haien aurka, gure herria sistema espainolean txertatu, hesitu eta modu subalternoan menderatu zutenen aurka indarrak metatzea, irauli eta gainditu ahal izateko. Bi: independentziaren pedagogia egitea, diskurtso hegemonikoari kontra-diskurtso boteretsua eta erakargarria jarriz.

Banekien lurralde hori kudeatzen zutenek kontrolatu nahi zituztela bertaratzen zirenen indarrak, dirigismo politikoaren gaitzak hor zirela espontaneitate soziala kamustuz, alderdia eta bere iraupena hobetsiz herriaren proiektu askatzailearen aurretik, baina erreferentzialtasuna, behintzat, onartzen nien.

Niretzat lanerako funtsezkoak ziren bi esparru hauek desaktibatu egin ditu Bilduk, edo zehatzago esanda, ezker abertzale ortodoxoaren herentzia jaso zuen Sortuk. Koalizioan duen ustezko nagusitasuna bere printzipio batzuei uko eginda lortu du, Aralar, EA eta Alternatiba lehen zeuden lekuan baitaude, erakunde espainolak onartuz, ETA euskaldunon gaitz nagusitzat apuntatuz eta sistemaren barrutik gure nolabaiteko askatasuna, haiek autogobernua sendotzera mugatzen duten hori predikatuz.

Independentziari buruzko estrategia eginkor eta sinesgarririk gabe soilik izan du posible Sortuk Bildu osatzea. Gaur, independentziaren gaia Bildu eta bere eraginetik kanpo dauden beste esparru batzuetan lantzen da soilik. Tamalez, ezker abertzalearen eragin esparrua oso zabala da: herrigintzara iristen da, espetxeetara, eta euskalgintzara.

Euskalgintzan halako zerbait gertatzen dela iruditzen zait, euskarari buruzko eztabaida integrala euskalgintzatik kanpo aurkitzen dela soilik, azken batean hizkuntza erabaki politikoen eta koertzio ahalmenaren lotura estu-estuan bizi baita. Eta zer ari da gertatzen? Indar eta prestigio galtze bat, kanpaina koloretsu baina eraginkortasun gabeek disimulatu ezin duten amore emate bat, desjabetze sinboliko eta estruktural bat. Kolaborazio inter-instituzionalak euskararen deskafeinatze bat ekarri du. Euskalgintzak prezio bat ordaindu du hizkuntza erakundetzearen truke, eta euskal identitatearen eztabaidarik gabeko habea behar lukeena edergarri huts bilakatu da, meritu txalogarria: lore bat gehiago kultur ekosistema asimilatuan.

Hizkuntza baten indarra atzean daukan bulkada politikoaren eta kolektiboaren neurrikoa izaten da. Ezker abertzaleari onartu behar zaio PNVren desinteres estrategikoaren aroan euskarari eman dion arnas luzea. Baina bere asimilazio politikoak asimilazio linguistikoaren sakontzea ekarriko du oso abiada bizian.

Nago Euskal Herria ez ote den bihurtu aita errepresoreaz maitemindutako Edipo-herri bat, Espainiak ulertu gaitzan erreguka, onartu, baloratu, berriki agertu den albisteak iradokitzen duen bezala, Espainiako Sari nazionaletan onartuko dela, Euskaltzaindiaren eskariz, espainoletik Espainiako beste hizkuntzetara itzulitako obra, Luis Baraiazarrarena gertatu ostean. Euskaltzaindiak bere web orrian agertu duenez, «oso garrantzitsua delako herrialde berean dauden hizkuntzen eta kulturen arteko elkarbizitza eta errespetua praktikatzea». Esaldi honekin, baina, Euskaltzaindia historiatik kanpo kokatzen da, Espainia eta Euskal Herria ez direlako herrialde bera, batak bestea konkistatua baizik, herri subiranoa probintzia bihurtua, eta euskarak ez duelako inoiz errespeturik jaso Espainiarengandik, egoskor horien zakur-zaunka suntsitu ezin izanaren erresumina baizik.

Baina ageri digu Euskaltzaindiak ere fetitxe bihurturiko hitza: «elkarbizitza», edo, bere bertsio politikoan, «bizikidetza». Gure herri identitatearen ehunari kalte larria egin dion hitza, beste birekin batean: «bakegintza», eta «aniztasuna». Historian gure lekua zein den propio ahazturik, dominazioaren testuingurua ezabaturik, herri-biktima bat borrero bihurtu duena, eta zapaltzailea, berriz, askatzaile.

Egun bertsuetan zetorren, ez kasualitatez, Martin Garitanoren agintaldiko euskara planaren baliogabetzearen albistea, Espainiako tribunal baten orpotik. Eta aurreko hiru hitzen baliogabetze automatikoa ere.

Eta egun bertsuetan, telebistan, Madril goiburu eta jomuga duten albiste. Turismo azoka irekiko dela bertan eta euskal komunitate autonomoak itxaropen handiak dauzkala; Bilbon ilusio handiz aurkeztu dela Espainiako itzuliaren etapa, bikaina omen... Eta diputatu nagusiak mahaira hurrengo erronka: Frantziako Tourraren etapa bat ekartzea. Madril, nagusiki, Paris gutxiago, gure ilusioen sorburu!

Poetak zioen maldan-behera honetan abiaturik, jada ez gara espainol hiztunak amiñi bat molestatzen ere ausartzen, Aho bizi belarri prest kanpainak iradokitzen duen bezala: jada ez dute euskaraz ikasi behar, bere espainolarekin segi baizik, gu euskaraz toleratzen gaituzten bitartean. Jada ez daukagu gure herri nortasun kulturalaren alde borrokatzeko ausardiarik ere. Emaitzen faltan, erakundeen hizkuntza politikan fiskalizaziorik ez dagoen bitartean, zama guztia herritar euskaltzaleen bizkarrera botea dago. Urtetik urtera tresna gutxiago dauzkagu.

Horren azpian dagoen susmoa: desaktibazio ideologiko bat eman dela, oso sakona gainera. Presoei borroka nazionalaren ezaugarria ezabatu zaien bezala, euskara ere hizkuntza nazionalaren ezaugarriaz biluztua izan dela.]]>
<![CDATA[Gure Txillardegi]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/028/003/2017-12-03/gure_txillardegi.htm Sun, 03 Dec 2017 00:00:00 +0100 Pako Aristi https://www.berria.eus/paperekoa/1832/028/003/2017-12-03/gure_txillardegi.htm Txillardegiren borroka abertzalea. Haratago joanda, egun honek urtero idazle bati dedikatua behar luke egon, haren obra ezagutzera eta (garrantzitsuagoa dena) irakurtzera emana izan dadin. Egun seinalatuekin beste modu batera joka liteke, hain da urria jendeak bere kulturaz eta hizkuntzaz ezagutzen duena!

Lan handia, ongi egina eta modu ezin interesgarriagoan aurkeztua da Sudupek egin duena, Txillardegik etengabe idazten eman baitzuen bere bizitza, testuinguru sozio-politiko bakoitzari erantzunez. Gaztetako Txillardegi da, zentzu horretan, zorrotzena, garaiko giro politikoan ere gauzak gaur baino argiago zeuden seinale edo. Zer zen hura! Ez pertsona bat, hiru baizik, gutxienez. Berak aipatzen du 1976ko testu batean, Iparraldeko bizitza lasai eta europarra utzi eta Hego Aldeko borrokalekura itzultzea erabaki zuenean: «[...] Larresoro hemen geldituko da aurrerakoan, Iparralde honetan, Kanbo-alde baketsu horretan, urte luze hauen lekuko mutu. Txillardegi, berriz, antiguar ezaguna, hor doakizue, ene aurretik, mezulari, herra-zulo madarikatu horretan burrukan segitzeko gertu; ondotik ni neu ere zuen artera agertzeko esperantzan». Eta zehaztu zuen euskal intelektualaren papera: «Zer egin behar du euskaldun intelektualak? Gure herria barnetik eta sakonki ezagutu: gaurkoa eta atzokoa. Intelektual batek argi egiten lagundu behar du, eta huntarako bere herria eta bere mendea ezagutu behar ditu: ezagutu, maitatu eta nortu».

Liburuak, bere horretan, sentipen gazi-gozoak sortzen ditu, ilusio zapuztuen kronika bilakatzen da, eta bere bigarren zatian, Txillardegi zahartzen doan heinean, ezintasun baten ispilu, berea eta kolektiboa dena, ezin kokatu bat, sigla asko, iritzi kontrajarriak, ezer aportatzen ez duten joan-etorri estrategikoak, eta nahasmen ideologikoa; azken batean, herri honen askatasunaren helburua lortu ez duenaren eta ezin duenaren etsipen eternala. Baina orriotan ikusi dugu nola saiatu den bere bizitza guztian handik edo hemendik menpekotasun hegemonikoari arraildurak aurkitzen, irmotasuna puskatzen, sarritan bertako kolaboratzaileen aurka.

1978an utzi zuen definizio antologikoa, etorkinen inguruan piztutako polemika baten harira, euskaldun nor den eta nor ez erabakitzeko: «Euskalduna da, Euskadin bizi eta lan eginda, gure herria bere egiten duena». Eta Sudupek egiten dion iruzkina: «Planteamendu horietatik hain urrun sumatu dugu gure herriko iritzi publikoa, ezen irakurtzeak bakarrik harridura sortzen baitu».

1980an 35 urtez aurreratu zen gaur independentziaren ideologo batzuek diotenari, euskara ez ote den galga indarrak biltzeko orduan: «Oraindik pentsatzen dugu, edo pentsatzen dute batzuek, kontu linguistikoa galga dela. Hori faltsua da. [...] Planteamendu linguistikoak ez du zertan izan apolitikoa, lotsatia, askotan esan den moduan; erabat planteamendu politikoa izan behar du».

Aurreratu zen, baita ere, gaur ia inork zalantzan jartzen ez duen sistema autonomikoa gure herria asimilatzeko tresna huts bat baino ez dela kritikatzera. 1975ean gobernu probisional baten ideia plazaratu zuen: «Euskal Herriak ez dauka oraindik erakunde abertzale bat, ez klandestinoa, ez exilioan, Madrilen euskal alternatiba bat inposatzeko gai dena, Hego Euskal Herriko indarren sostenguarekin. Euskal gobernua deritzana, gaur egun eratua dagoen bezala, ez da. Hilabeteak badoaz, urteak badoaz; eta Euskal Erakunde Goren ospetsu hori, beste askoren artean Enbatak eskatu duena, ez da agertzen inondik ere. Norena da errua?».

1997an ere berretsiko du autonomismoaren amarrua: «Azkeneko hogei urte honetan Hegoaldean, Madrilen onespenarekin eraiki den tramankulu autonomikoak helburu hau dauka: trauma mingarririk gabe, poliki-poliki, ikurriña balkoi ofizialetan eskegita, Hego Euskal Herria Espainian integratzea. PNVa, Madrilen beharrezko laguntzaile bihurtu da. Madrilek berak egin ez dezakeena, jelkideek egiten diote [...]».

2000. urtean berretsiko zuen mesfidantza: «[...] Nik uste garaia dela saio politiko bat egiteko; baina ez politika parlamentarioa (hori behar bada egin dezatela, baina nik ez dut horretan sinesten), baizik eta desobedientzia zibilaren politika, gandhismoa: masiboa, gogorra». Baina 2002an Aralarren afiliatu zen, zeinak parte hartzen zuen ahal zuen erakunde guztietan. 2007an dimisioa eman zuen, eta 2008an EAE-ANV alderdiko kideekin hedabideen aurrean agertu zen, Espainiako hauteskundeetarako hautagai-zerrenda aurkezten.

Halere, ez zuen inoiz bistatik galtzen gure herriaren arazoa zein zen. Hau dio 2005ean: «Euskal arazoa beste hau baita: orain dela bost mende, herri hau zapalduta bizi dela. Eta vascongado/navarro/vasco-frances zatiketa hirukoitzak geure hondamendira garamatzala. Ongi dakite, era berean, hemen hispano-frantses legetasuna gerra bidez inposatu zela behin eta berriz. Euskal herriak bizirik iraungo badu, Auto-determinazioa eta Independentzia behar ditugu [...]».

Nik esango nuke ezin dela Independentzia defendatu, eta era berean independentziaren uko nagusia den sistema autonomikoa defendatu, eta Txillardegik agertu zuela, bere konpromisoaren ausardiaz beti ere, herri honek heldutasun estrategiko batera iristeko daukan ezintasun guztia.

Baina Txillardegi irakurtzeak denok inplikatzen gaitu bete-betean herri honen etorkizunaren aurrean. Iragan uztailean, BERRIAn, honela titulatzen zuen Dani Goñik artikulu bat: «Ai Txillardegi, zer egin huen horrela tratatua izateko?». Bertan kontatzen zituen Donostiako Udal Liburutegiari Txillardegi izena jartzeko egin zituzten gestioak, eta hara non aurkitu zuten hitz magikoaren murraila: kontsentsua. Eta zabala, gainera. Eta nola PSEk pikutara bidali zituen, etsipenaren galbidean geratu da egitasmoa. Gaiak, ordea, gu interpelatzen gaitu, eta honela behar luke izenburuak: «Barka Txillardegi, zer egin dugu guk zu horrela tratatzeko?». Gu gara bere lekua errebindikatzen jakin ez dugunak, arduradun sare itzela osatu arte, Euskaltzaindiatik hasita, eta gure ahuldade politikoa da omenaldirik kaskarrena.

Zer egin zuen Txillardegik? Lana gogotik, eta herri honen askatasuna desiratu. Hustu zuen bere garuna, eta katarsi horren olatuek denok bustitzen gaituzte. Espainolismoak ez du maite, lana ondo egin zuen seinale. Gu gara, orain, espainolismoa garaitu behar dugunak. Jose Luis Alvarez Enparantza, gure herriaren ispilu, zer ikasi, zer pentsa ugari eman zigun gizona, baita zer ahaztu, gainditu eta arbuiatu ere.]]>
<![CDATA[Enarak badoazen urtaroari begira]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2229/033/003/2017-10-01/enarak_badoazen_urtaroari_begira.htm Sun, 01 Oct 2017 00:00:00 +0200 Pako Aristi https://www.berria.eus/paperekoa/2229/033/003/2017-10-01/enarak_badoazen_urtaroari_begira.htm en castellano, por favor esaten dizuna, non, eta Itziarren. Beharrik por favor esan zuela, baina horrek ez du ezabatzen etxeratzerakoan hartzen nauen erresumina. Batzuetan oheratzen naiz hemen euskaraz inork ez dakiela pentsatuz, ez gasolindegikoak, ez dendariak, ez autopistako kobratzaileak, ez ertzainek, ezta...

Okerrena da euskalgintzaren baitan ere ez dudala aurkitzen nire arrangura honen islarik. Egunotan irakurri dut Euskara irabazteko bidean, non euskalgintzako ehun pertsona seinalatuen iritzi mosaikoa biltzeko lan eskerga eta zorrotza burutu duen Garikoitz Goikoetxea kazetariak.

Zalantza asko sortu dizkit liburuak, baina oro har orri guztietan nabari den inpotentzia eta ezintasun sentipena izan da nagusiena. Eta galderak. Normalizazioz ari denean, zertaz ari da euskalgintza? Euskararen hegemoniaz, ala bazterketa murrizteaz? Gradu kontu bat da? Bazterketa zortzitik seira murriztu dugula esateaz? Zein bazterketa portzentaje kontsideratzen da hizkuntza bat normalizatu dela esateko?

Gehienak funtzionariok dira; apenas dagoen zer esan handia leukakeen idazle, itzultzaile, aktore, bertsolari... Eta kontraesanak daude nonahi, ugari: interneten euskarak egin duen bide oparoa omen, baina kaleak salbatzen omen du hizkuntza, ez sareak; eredugarria izan omen da prozesua, baina hizkuntza hiltzera doala; immigrazioaz esaten zaigu %30ekoa dela Euskal Herrian, baina Amelia Barquinek dio ez dela horrenbestekoa, Europan tasarik altuena duen Suitza, bere %25arekin aise gainditzen dugularik, euskara politikatik atera behar dela baina herra politikoarekin zer ikusi zuzena duen datua, harriduraz aipatua, hala nola eremu erdaldunetan etorkinek baino jarrera negatiboagoa dutela euskararekiko bertako gazteek, diskurtsoari buruzko zalantza asko, asmatu ezinik euskara nola saldu behar zaien maite ez dutenei. Aditz potentziala da nagusi testuan, lukete, litzateke, balute, legoke, balira... eta ni aurkitu zain nengoen hitza, funtsezko deritzodana, ia inon ez, kasik bukaeran: Boterea. Pello Jauregik aipatzen du argi 214. orrian, «Boterea daukatenek hartzen dituzte neurriak» esateko, berretsiz diskurtso pertsonalizatuek dituzten mugak hizkuntzaren arloan. Aldiz, gehiegizkoa da erakartzeak, hautuak eta inor ezertara ez behartzeak daukaten pisua.

Botere propio eta partekatu gabeak lekarkeen legediaren koertzio ahalmenaren desira falta sumatu dut, eta hizkuntza orotan zutabe den ideiaren definizio esplizitua: hizkuntza bat, hizkuntza oro, beharrezkoa denean soilik salbatzen dela, lana bilatzeko, soldata hobea lortzeko, integratzeko, gustuko ekimenak bizitzeko, eskailera sozialean gora egiteko. Eta hori botereaz ongi hornitutako estrategia leun adina barkamenik gabeak soilik lortzen duela. Kontrara, liburuko mezu gehienak marko batera mugatzen dira: «Zer uzten digute egiten?». Plastikozko poltsa bat da hori gure helburuentzat, hortik sortu didan itomena.

Pasarte batean Xamar kezkaturik agertzen da Jon Sarasuaren Hiztunpolisa liburuak ez duelako eztabaida nazionala sortu, «ez ikusiarena egin zaio». Beldurra aipatzen du, politika aldatu beharra hizkuntza gai zentral bilakatzeko, «hala ez bada, segituko dugu agonia luzatzen, jendea nekatzen, etsipena zabaltzen». Sarasuaren liburua bikaina da, mugarria izatera zetorrena, baina baztertu egin dute. Sopetuan datozkit galderak bata bestearen atzetik: Egia al da hori? Nork erabaki zuen? Nori molestatzen zion liburuak? Nork kudeatzen du euskalgintza deitzen den interes pertsonal, egotiko, bolondres bihotz-oneko eta inposturaren profesionalez osatua dagoen magma hori? Nork paralizatzen ditu mezu eta ekimen ausartak, ohiko epelkeriatik ateratzen diren jarrera sano erradikalak?

Sortzaileen artean ere kezka eta etsipena gero eta sakonagoak dira, dirua ez baita iristen guregana. Goi eta ertain estratuetan galtzen da, era guztietako bitartekarien patriketan, administrazioko egitura hanpatu eta parasitarioetan. Guri apurrak iristen zaizkigu, soldata festaren hondarrak. Euskaraz egin nahi lana, hari eskaini nahi gure talentuaren energia dena, eta ezin. Botere politikoak zuzenean, eta euskalgintzak zeharka ez dute bermatzen bizitza euskarari eskaintzea errentagarria izatea, bakoitzak gogokoen eta gehien menderatzen duen alorrean ekarpen nazionala egin nahi izatea ez da duin ordaintzen; askotan ez da ordaindu ere egiten. Gibela bihurritzen didate auzolanaren aldarria egiten dutenak bulego dotore eta kontu korronte ongi hornituetatik.

Sentsazioa dago, elite ekonomikoek krisia deitu eta guri krisia izan dela sinetsarazi diguten lapurreta unibertsalak gizartean hedatu duen mezu berbera hedatu dela euskalgintzan ere: salba dezala bakoitzak bere burua. Sortzaileok, behintzat, Tarzan oihanean baino biluziago sentitzen hasi baikara aspaldi. Halako jarrera bat: ez ditzadan zenbait gauza esan, ez dezadan halako mindu, datorrena datorrela ere. Kalkulu bat, kalte egin diezaguketen haiekiko otzan egiten gaituena. Hemen, politikoki zuzena izan beharraren tirania ez baitator hainbeste kanpotik; geuk geure barnean ernea da.

Eta sentipena dago, gure elkartasun eta konplizitate sareak hautsi direla, dirua banatzeari utzi zaiola norabide jakin batzuetan, eta bakoitza hasi dela babes-txoko baten bila, itzal ona luketen erakundeen abaroan, kargu bat hemen, ordezkaritza bat han, zuzendaritza bat hemen, kudeatzaile postu bat han. Liburuan ageri diren ehun pertsona soldatapekoak izango dira, denak ez bada gehienak.

Ez soldata txarra delako, sortzen dituen morrontzak direlako, baizik, iritziaren murrizgarri, kargua justifikatu beharrak zein puntutan uzten duen iritziaren jario askea, ausarta, apurtzailea, eraikitzailea, gure gairik garrantzitsuenaren geroaz ari garelarik, planteatzen duen dialektika gotorra, nire erosotasuna arriskuan jarriko ez duen iritziak zein neurritaraino islatuko duen benetan errealitatearen gordina, zenbat izango duen egiatik nire diagnostikoak, aldatuko ote duen nire egoera ekonomikoa euskara ongixeago eta okerxeago egon. Erantzuna ezetz balitz kuestionatzeko modukoak bailirateke iritziok.

Enarak joan dira, joatea agintzen dien urtaroan, eta euskara eraman dute mokoen erdian. Eta niri euskara-mina utzi didate bihotzean.]]>
<![CDATA[Konfuzio Euskal Herrian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/016/001/2017-08-06/konfuzio_euskal_herrian.htm Sun, 06 Aug 2017 00:00:00 +0200 Pako Aristi https://www.berria.eus/paperekoa/1832/016/001/2017-08-06/konfuzio_euskal_herrian.htm
Zehatza da planteatzen duena: Arazo baten izena aldatzeak arazoa konpontzen al du? Arazo baten izena leuntzeak arazoa leuntzen du? Hori aurrerapena al da, ala iruzurra?

Japonian diotenez, hitzek beti dute erremedioa, baina errealitateak ez. Bihurritu liteke egoera baten deskribapena, baina errealitateak edozein lekutatik eginen du jauzi mahai gainera. Hitzak eta errealitatea bat ez etortzeak niri deserosotasun itzela sorrarazten dit. Hitzak eta errealitatea bat ez datozenean engainua dago, zintzotasun falta, inpostura, manipulazio-borondate zital bat, politikan ohikoa dena, baina herritarrok onartu behar ez genukeena. Hitzak, eta, egunero ikusten ditugun ekintzak zenbat eta disoziatuago egon, orduan eta desorekatuagoa da herri baten ikusmena dauzkan arazoei buruz.

Euskal Herriak nozitzen duen distortsio narratiboa oso nabarmena da maila guztietan, eta, historia garaikidera mugatuz, 1978an hasi zen, espainiarrentzat antolatu zen demokraziari ez geniolako deitu, guk, gurekiko zeukan izenez: Inperialismoa. Eta hauteskunde espainoletan parte hartuz gure aurkako sistema politiko bat Europan homologatu genuelako. Geroztik sakondu baino ez da egin errealitateak daukan erraztasuna gure hitzen kristala apurtzeko. 2016an, adibidez, GED-en deialdian independentziari bai esan zioten gehienek, handik bi astera, Espainian zeinek agindu bozkatu zuten ekainaren 26an. Antinomia hutsa.

Oso erraz detektatzen da politikan. Mezu politiko ia guztiak buruzagien inoperantzia estaltzera bideratuak daude; hitzak mozorro gisan, ez argitasun meategi. Ahantzezina da PNVren honako sekuentzia. 2016ko abuztuko titularra: «PNVek Rajoyri gaztigatu dio Euskadin beste fronte bat daukala», euskal arazoaz hitzik ez zuelako esan inbestidura hitzaldian. Urkulluk irailean: «Badago [Gasteizen] gehiengo bat Kataluniako bidea jarraitzera bultzatzen gaituena, baina ez dut jarraitu, eta ez dut jarraituko». Aurten PPren aurrekontuak babestu ditu PNVek, eta irailean dute biek bilera, 40 urte ondoren Gernikako Estatutua deituriko akats historiko haren hondar-eskumenei buruz. Itzul gaitezen hasierara: Zer zen Rajoyk Euskadin zeukan fronte hura? Errealitateak txikitutako ispilu sintaktiko hutsa.

Baina Rajoy (edo Espainiako estatua) gurean etsaitzat hartzen den edo ez antzematea ez luke erraza izango ezta Konfuzio berak ere, etsairik gabeko herri bat eraiki nahiaren falaziak bide luzea egin baitu; hori laguntzera ekarri dituzte bi mozorro linguistiko, aniztasuna eta bizikidetza, iraungitze datarik gabeko asimilazio baten errealitatea ezkutatu nahi luketenak.

Uztailean irakurri diogu Bilduko buruzagi bati: «Beldurra ematen du Rajoyk Euskal Herria denerako eredu gisa jartzeak, haren gobernuak herri honi behin eta berriro bere identitatea ukatzen baitio». Alabaina, pertsona berberak justu kontrakoa esan zuen 2016 irailean, elkarrizketa digital batean, Rajoyrekin kaferik hartuko al zuen galdeturik: «Baita 125 kafe ere hartuko nituzke. Eta eskatuko nioke Euskadiri begiratzeko, bere behar guztiak. Eta kasu egiteko Euskadiko hiritarrek nahi dutenari». Hau gertatzen da alderdiko interesak direnean jomuga (iraileko hauteskundeak), eta ez egia, argitasuna, herriaren berrarmatze ideologikoa.

Diskurtso politikoa zirrara ahalmen oro galdu duen murmurio monokorde astuna bilakatu da, ideia askatzaileen hutsune larriaren zama daramana hitz, esaldi eta deklarazio bakoitzean. Irrealitateak dena kutsatzen du: euskarari buruzko diagnostiko baikorrak, 650 eurorekin legokeen bizitza duina, etorkinei egozten dizkiegun ezaugarri negatiboak, AHT bera, turismoa… Erakunde guztien txostenetan inflazio baloratiboa gertatzen da, errealitatea dena baino ederrago agertzen da, oso koloretsu eta glamouros, haien erdipurdiko ekimen grisak estaltzeko. Ez dago nahiko hitzik kolore guztietako inkonpetenteak mozorrotzeko! Maria Gonzalez Gorosarri ikertzaileak dioenez, «Hemen, albisteen protagonistak politikariak dira, baita kultur albisteetan ere. Ez dago kultur eragilerik Teleberrin. Gurean, politika kazetaritzaren gainetik dago». Gezurraz ohartzea euskal herritarrok daukagun zeregin zibiko nagusiena da.

Presoen gaira ere iritsi da ordezkapen semantikoa, Iñaki Lasagabaster Zuzenbideko katedradunak zioenez: «Presoen gaiaz aritzen garenean, ez gara politikaz ari, giza eskubideez baizik». Madrileko talde parlamentarioei agertu die arazoa, hiru urraketa mintzagai: presoen sakabanaketa, zigorrak metatu ezina, eta hiltzeko zorian daudenen auzia. «Politika» hitza ez omen dute inoiz aipatzen. Baina Jakes Goikoetxeak azpimarratzen zuenez, «(…) agerian geratu da Espainiako Gobernuak irizpide politikoak eta estrategikoak lehenetsi dituela presoen zaintzan (…)». Etsaiak gogorarazi behar digu zinez preso politikoak direla, haien errealitateari dagokion hitza «politika» dela; bestela Gurutze Gorria arduratuko litzateke haietaz.

Eta errematean giza-eskubideak eta demokrazia binomioa aipatzen zuen Lasagabasterrek: «Giza eskubideak errespetatzen ez dituen estatu batean ez dago demokraziarik». Menderakuntza egoera bat demokratikoa izan baliteke bezala! Lehen giza eskubidea herri batek bere burua nahi bezala gobernatzeko eskubidea da, eta hortik eratorriak dira beste guztiak. Giza eskubideak ez dira existitzen testuinguru politikotik aparte. Eta «politiko» epitetoa kenduz arrazoiz desjabetzen da presoen gaia; ahaztu barik, espetxeez ari garelarik, giza-suntsiketa praktikatzeko esparru ezin politikoagoak direla demokrazia guztietan. Kepa del Hoyoren izenak bat egin du, tamalez, errealitate honekin.

Errelatoa ez da hainbeste zeinek zer egin zuen ezagutzea, herri baten adimen kolektiboa aktibatzea baizik. Ezagutza memoriaren ondorioa da; ezagutu litezke gauza asko, fitsik ulertu gabe. Jakinduriak dakar ulermena, bizitzea egokitu zaizun garaia irakurtzen jakitea da, eta adimena horretarako tresna, errealitateak apurtuko ez dizun begirada propio bat, eta errealitate horretatik urruntzen diren perifrasi maltzurrak detektatzen lagunduko dizuna. Eta hitzak egoki erabiltzea da, milesker, Konfuzio, horretarako baldintza lehena.]]>
<![CDATA[Nafarroako estatu batuak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/026/003/2017-06-04/nafarroako_estatu_batuak.htm Sun, 04 Jun 2017 00:00:00 +0200 Pako Aristi https://www.berria.eus/paperekoa/1832/026/003/2017-06-04/nafarroako_estatu_batuak.htm
Ni ere ikasten ari naiz politikoki nola pentsatu, diskurtsoa zorrozteko, ez erratzeko, arazoak egoki planteatzeko, zer ez dugun egin behar zehaztetik hasi eta egin behar dugunera iristeko, jakintza propioa beste irabazirik gabe. Horregatik uste dut nik baino ardura gehiago dutela soldata arruntetik askoz goragoko dirutzak kobratuz politikan daudenek, exijentzia gehiago izan behar luketela, eta euren borondatez eskuratzen ez badute guri dagokigula akatsak nabarmentzea, eta hau politikaren oinarrizko arautzat ez duenak arazo bat daukala bere buruarekin, herria baino bere alderdia (bere ipurdia) gehiago maitatzera iritsi delako, eta ez duela gure aurka gutxiespen hitz eta jarrerekin etortzeko eskubiderik. Gure idiosinkrasian erroturik dagoen jarrera hau desaktibatu arte ez baita herri hau askatasun bidean abiatuko.

Gogoeta hauek piztu dizkit hil honetan EH Bilduk egingo duen lehen kongresurako prestatu duten proposamen bitxi batek. Ez zen titularretan etorri, hizki txikitan baizik: «Proposatzen dugu EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria estatu bilakatzea erritmo eta bide propioen arabera, hirurek batera euskal errepublika konfederatua osatzeko».

Larritzen nau gure atomizazio honek, txikira pentsatzeko joerak. Hiru milioi gara euskaldunak, bi pasatxo EAEn, 600.000 inguru Nafarroan, 300.000ren bueltan Iparraldean. Munduaren azalera erdia bost estatuk okupatzen dutenean (Errusia, Txina, India, Brasil, Ameriketako Estatu Batuak), guk hiru sortu behar ditugu mapako puntu berde purtzil honetan, zeinak etorkizun hipotetiko/sikodeliko batean konfederatuko diren, NEB akronimoarekin?

Lurra garrantzitsua da herri batentzat. Ikusi bestela zenbat milioika pertsonen heriotza eragin duten lurrari atxikitako gerlek munduan. Eta gure herriaren lurraldetasuna, gaur ezagutzen diogun espazioa marra gorriz margotu beharrekoa, politikoei deuseztatzen utzi behar ez dieguna.

Lurrak biltzen du subjektu politikoaren eguneroko bizitza, bere kideekiko identifikazioa, bat egiten gaituen hitzarmen historikoa, soziala eta politikoa. Subjektu politikoa ez da zatitzen, erdibitzen, hain zuzen ere zatiketa delako asimilazioaren lehen pausoa, eta asimilazioa geratu nahi badugu, subjektuaren batasuna ezinbesteko baldintza estrategikoa izanen da.

Zatiketa etsaiaren helburuei dagokio, hark eragingo du. Guri batasuna bermatzea dagokigu, artikulatzea, babestea, defendatzea. Bat izan den herria ez da konfederatzen ahal; aska dezakezu edo ez, duzun indarraren eta hauen harremanen arabera. Konfederatzea eskain diezaiekegu Burgosi, Kantabriari, Errioxari, Aragoiri, erabakitzeko eskubidea, nahi badute guregana bildu, baina gure herriaren etorkizun bateratua zalantzan jartzeko eskubiderik ez daukate politikoek.

Trantsizioa deitzen den post-frankismoan militar faxista batzuen presioak eragin zuen Nafarroa eta EAE bereiztea. Ontzat emango dugu orain, besterik gabe, eta harengan kokatuko dugu estrategia politiko askatzaile bat?

Ustelkeria dela eta, zer gehiago behar dugu, ez al da argumentu ezin hobea Espainiatik alde egiteko beharra mahai gainean jartzeko, tinko, estrategia moduan? Frantzia eta Espainiaren sistema politikoarekin harremanak eten eta geure bidea egiteko? Gainera, Kataluniako etsenplua ikusita, hausketa horrek bat-batekoa izan behar du, kirurgikoa, lehenbailehen, gainera. Gogoratu Joxean Lizarribarren esana: «Independentzia behar dugu, eta lehenbailehen bada, hobe». Edo Juan Zelaiarena: «Espainiatik urrundu behar dugu, eta tartean itsasoa balego, hobe».

Eta negoziaketa ahaleginik gabe, arren; zalantza bazegoen, «euskal» epitetoaz izendaturiko erakunde post-kolonialista guztiengan itxaropena zutenen eta hedatu dutenen desarrazoiak argi utzi du bere ondorioa Kataluniakoan: erakundeok herri batek modu baketsuan pilatu dezakeen askatasun indarraren «ralentizadoreak» direla ikusi dugu, azkar eta garbi lortzekoa zirudiena nola urrundu eta atzendu duten. A zer antzezpena ari diren eskaintzen! Eta gainera zera esateko: «Bai, zeren independentziarekiko entusiasmoa apaldu egin da». Ez da apaldu, apaldu egin duzue, zuek.

Gaurkotasun handiko hitzak idatzi ditu berriki Eneko Bidegainek: «Frantziako hauteskundeetan ez bozkatzea erabakitzea zama bat gainetik kentzea bezala da. Askeago bihurtzen gara, Frantziatik deskonektatuago (...) Kontua ez da zuri bozkatzea. Hauteskunde horiek arrotzak direla ohartzeak dakar bozka bulegora ez joatea». Eta gaurkotasuna diot, hango Elkargo sortu berriko presidenteak esan duelako bera frantsesa dela, hala sentitzen dela, eta harro gainera.

Biekin da berdin, Espainiarekin eta Frantziarekin: ez dugu izanen haserrea, zapalkuntza, borroka eta disgustuak besterik haiekin. Alferrik gabiltza zibilizatuarenak egiten mendeetan tratu txarrak eman dizkigutenekin. Ohitu egin dira; eta, tamalez, gure politikoak ere bai subordinaziora, ekimen antzuetara, ezin irudikatu dute beste politikarik. Haien nekea guri ez kutsatzea, lor dezakegun balentriarik handiena da. Desobedientzia gure klase politikoari, gauza ez direlakoz zapaltzaileei desobeditzeko.

Panorama nola dagoen ikusita, uste dut beharrezkoa ez ezik ezinbestekoa izango zaigula luzaroan politikaz hausnartzen jardutea. Nola isildu noraezean dagoen eta herri honek hain xaloki bere konfiantza doan eskaintzen dion klase politikoaren aurrean!]]>