<![CDATA[Pako Sudupe | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Fri, 03 Jul 2020 15:54:07 +0200 hourly 1 <![CDATA[Pako Sudupe | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Gotorlekutik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1941/024/002/2020-01-23/gotorlekutik.htm Thu, 23 Jan 2020 00:00:00 +0100 Pako Sudupe https://www.berria.eus/paperekoa/1941/024/002/2020-01-23/gotorlekutik.htm Gu, BERRIA, 2020-01-22).

Zein dira gotorlekuko benetako euskaldunak? Herri euskaldunetan jaiotakoak izango gara; etxean euskaraz ikasi dugunak, eta eskolara hasi orduko —demagun berrogeita hamarretik gora dugunok—, gaztelania ikasi beharra izan dugunak, eta horregatik eta inoiz herrian bertan edo bestela herritik hirira edo pixka bat mugituz gero, erdaraz egin behar izan dugunak. Norbere herrian norbere hizkuntzaren ukazioa jasan dugunak. Eta guk baino are gehiago, zer esanik ez, gure aurrekoek.

Pentsa ezazue momentu batez zein frustragarria den etxean hain natural ikasi duzun hizkuntza horrek, onenean, zeure herriko kalean erabiltzeko baino balio ez izatea, edo kalean batzuekin bakarrik hitz egiteko era informalean, eta eskolarako baliorik ez izatea, administraziorako eta hedabideetarako ere ez, eta askotan lanerako ere ez. Hori ez duzue aipatzen artikuluan, ez duzuelako hori bizi izan.

Hortik abiatu gara, herri-hizkera etxean natural ikastetik, bere aberastasunekin eta aldi berean bere muga guztiekin, Gaztelan edo Extremaduran etxean soilik ikasitako gaztelerak dituen mugekin alde batera, baina aldi berean muga gehiagorekin, hizkuntza artean batu gabe zegoelako eta gizartean arlo gutxitan erabiltzen zelako. Benetako euskaldunak izateaz harro? Bai, alde batera, harrotzekoa, baina bestera, zenbat aldiz entzun dugun «zein motza den euskaraz bakarrik jakitea», zenbat gutxiagotasun konplexuren jasaile eta eroale ere izan diren eta garen, eta gorago esan bezala beti beharturik, ustez Euskal Herrian egonagatik, hizkuntzaz aldatzera gutxi-asko ezagunak izango zaizkizuen hamaika arrazoirengatik.

Zuek beste era bateko zapalkuntza jasan duzue bizi-baldintza hauetatik: «Guk beti gaztelaniaz hitz egin dugu, Espainiako familia migratzaile pobreen ondorengo garelako edota Euskal Herriko hiri/herri erdaldun batean hezi garelako. [...] Gu ez gara subjektu pribilegiatu zapaltzaileak, estrategia inklusiboen faltaren ondorioetariko bat baizik».

Idatzi honen xedea ez da elkarri errua botatzea, elkar ulertzeko bidea jorratzea baino, hori bai bakoitzaren esperientziatik eta egiatasunez, ahal den neurrian. Zuen aurrekoek eta zuek ere beste neurri batean, lurralde berri batera joateak eskatzen duen egokitzapen gutxi asko neketsua eta gogorra jasan behar izan zenuten, baina, hizkuntza aldetik, ziur nago ez zenutela apenas arazorik izan. Eskolan bizi izan zenutena; gorago esan dut, guk alderantziz bizi izan genuen.

Ematen du, diozuenagatik, benetako euskaldunok denok bloke, komunitate homogeneo bat osatzen dugula. Ez nator bat. Euskal herri txiki edo handi samar batean, eta kalean jaiotakoak, edota, aldiz, landa ingurunean jaiotakoak, edota herri handi erdaldundu edota hirietan jaiotako euskaldunek txikitan markatu gaituzten esperientzia ezberdinak bizi izan ditugu eta ez gara inola ere berdinak. Gustu ezberdinak ditugu, sentikortasun diferenteak, eta denok ez gara bertsozaleak edo herri kirolzaleak edo...

«Zein ondo hitz egiten duzun ezkerraldekoa izateko, euskaldun berria eta euskaraz liburu bat idaztera ausartu zara?» nik neuk hor behintzat diskurtso baztertzailea baino zuen hipersentsibilitatea sumatzen dut, eta honako honetan ondorio kezkagarria bezain baztergarria: «Gainera, badute bere eragina 'gure' euskal komunitatera geureganatu garen kide berriongan; komunitatea bera etsaitasunezko sentitzea eta bertatik urruntzea lortzen baitute askotan. Zenbatetan txiokatu behar izan dugu gazteleraz gehiegitan arreta deitu digutelako gure euskararen 'maila eskasa' dela eta?». Ziur nago euskaraz egiten diren hanka-sartzeak erdaraz egingo balira, hedabideetan luzaroan beste konturik ez litzatekeela egongo, eta Hezkuntza Sailak neurriak hartuko lituzkeela.

«Nahi duguna da euskararen esentzia horren atzean gertatzen diren prozesu subjektibatzaileak erdigunean jarri». Bi joera nagusi sumatzen ditut euskaldunen artean; bata da: elkar gaitezen giza eskubideak urratuak sentitzen ditugun guztiok: feministak, migratzaileak, pentsionistak eta LGBT, eta euskaltzaleak; eta, gainerakoentzat, aldiz, euskararen aldeko borroka ez da giza eskubide demokratiko horiekin lotu behar, estatua duten nazioetan (Espainian, Frantzian...) lotzen ez den bezala.

Ez naiz hegemonikoa sentitzen, eta ez zaituztet euskaldun sasikotzat hartzen, baizik eta komunitate bereko.]]>
<![CDATA[Burgotar aita-semeak eta estatutua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1888/019/002/2020-01-09/burgotar_aita_semeak_eta_estatutua.htm Thu, 09 Jan 2020 00:00:00 +0100 Pako Sudupe https://www.berria.eus/paperekoa/1888/019/002/2020-01-09/burgotar_aita_semeak_eta_estatutua.htm DV-n egindako elkarrizketan zioen eskubide historikoek ez dutela autodeterminazio eskubidea legitimatzen: hori kontra-foru itzela da. Lehen foruen kontrako bidegabekeriak estatu zentralistak egiten bazituen, orain PNV-Bilduren arteko «kontubernioa» aurrera ateraz gero —judeo-masónico-comunista-internacional oroitarazten du—, Euskadiko instituzio komunek egingo zituztela.

F. Aoizek El retorno de lo reprimido. Notas para una biografía a mala leche de Jaime Ignacio del Burgo biografian dioenez (Tres tristes trileros. Txalaparta. 2016. 125-230), XIX. mendean, indarrean egondako binomio ideologikoak (zentralismo-foralismoa, tradizio-liberalismoa, errege legitimoa-errege ilegitimoa) aldez beste iraulkatu ziren XX. mendeko lehen bi hamarkadetan, eta ardatz ideologiko berriak ezarri ziren: Espainia versus komunismoa eta separatismoa (anti-Espainia). Espainiak ordena, jabetza, hierarkia sozialak, patriarkatua eta erlijio katolikoaren nagusitasuna sinbolizatzen ditu, haren irakurketa erreakzionarioenean, eta Elizaren paper gailena, halaber. Horren guztiaren jarraitzaile abantailatua da Jaime Ignazio del Burgo.

Haren aita Jaime del Burgo Torres, hura ere Iruñean jaioa, eta karlista, baina karlismotik tradizionalismo frankistara igaroa, gazterik hasi zen nabarmentzen Agrupación Escolar Tradicionalistan (AET), eta izen bereko aldizkarian: «Izan gaitezen gizonak eta jakin dezagun eroritakoa mendekatzen; sozialistei beren zentroetan urte osorako xingola beltzak ipinaraziz bada ere. Zeren horien aurka edozein prozedura da ona: bonba, puñala, eta sutea» (137or.).

1934ko urtarriletik, Jaime del Burgok paper garrantzizkoa jokatu zuen karlismoa mugimendu faxisten helburuetara eta hiztegira egokitzen. Iruñeko gazteria tradizionalista paramilitarki antolatzeko lantegia AET aldizkaria argitaratzearekin aldizkatu zuen, eta haren orrietarik iraultza sozial eskuindarrera deitu zen argiro eta nabariro. J.M. Torrealdaik oraindik orain plazaratutako liburuan, frankismo guztian zentsura gotorra ezartzeaz arduratu ziren ordezkari probintzial gailenenak izendatu dizkigu, eta Nafarroatik, Jaime del Burgo Torres huraxe (De la hoguera al lápiz rojo. 2019.119or.). Hogeita hiru urtez aritu zen zentsore nagusi gisa Nafarroatik.

Jakina, semeak ez du aitaren hobenen edo merezimenduen errurik edo bertuterik, baina Jaime Ignazioren kasuan, Aoizek frogatu du aitaren seme duina izan dela Jaime Ignazio, frankismo garaian hasita, aitaren uberan eta hark utzitako herentziaz harro-harro gaurdaino, beti ekialdeko eta mendebaldeko euskaldun penintsularrok elkarrengandik bereizten eta etsaitzen, eta beti demokraziaren aurka, Nafarroako Foru Hobekuntzari buruzko erreferendumaren aurka, eta nafar izatea eta espainol izatea biga ez baizik eta bat dela defendatzen eta goresten; nazio bakarra espainola eta nafarra haren aldaera bat, eta, noski, rol horixe jokatu du adituen batzordean ere, bere ibilbide politikoarekin era-erara.

Egungo egunera etorririk, Jaime Ignazio del Burgoren posizioaren jakitun, nola ikusi du hark PSEren ordezkaria delako adituen batzorde horretan? Bere kideko ikusi du kasik, askoz ere hurbilago bere posizioetatik EAJren posizioetatik baino: «PSEko ordezkariak ez du Euskadiren nazio definizioa partekatzen; proposatzen du batere erreferentziarik ez egotea Nafarroari atariko tituluan, eta zehazki lurraldeari dagokion artikuluan aldezten du País Vasco Autonomi Erkidego bat dela, eta ez du Kontzertu Politikoaren Batzorde Mistorik onartzen eta errefusatzen du estatuarekiko gatazkak Arbitraje-Batzorde batean ebaztea. Ez du onartzen Eusko Legebiltzarrak erreferendumera deitzeko ahalmena izatea, eta batez ere, erabakitzeko eskubideari buruzko xedapena kentzeko eskatzen du».

Orduan, galdera berez bezala dator, %80an bat etorri omen dira EAJ-PSE-Podemos, baina zein da %80 horren eduki kualitatiboa, beste %20ko desadostasun horietan, eduki hain axola handikoak baldin badaude, Jaime Ignaziok azerikiro aditzera eman bezala? Kontent egoteko moduan da iruinseme «basko» nafar-espainola, eta gu ez!]]>
<![CDATA[Joxe Azurmendiren obrari etekina atera nahian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2054/020/002/2019-12-18/joxe_azurmendiren_obrari_etekina_atera_nahian.htm Wed, 18 Dec 2019 00:00:00 +0100 Pako Sudupe https://www.berria.eus/paperekoa/2054/020/002/2019-12-18/joxe_azurmendiren_obrari_etekina_atera_nahian.htm
Nolako iraultza burgesa izan zen Espainiako Independentzia gerra deiturikoa? «Iraultza bat iraganaren alde», dio Azurmendik. Frantziako tropek Espainia osorik hartu zutenean, Fernando VII.ak abdikatu zuen Baionan, eta ilustratu espainiar puntakoenak antiabsolutistak ziren (despota ilustratuaren aldeko, baina) eta frantziartuak zeuden, eta Jose Bonaparteren kolaborazionistak izan ziren. Frantzian Luis XVI.ari eta Maria Antonietari lepoa moztu zieten; Espainian? Frantziarren inbasiopean, frantziarren aurka definitu beharra izan zuen iraultzak, eta frantziarra izateak berekin zekarren guztiaren aurka. Iraultza eskuindarra, funtsean; Francorekin gertatu zen bezala, aldeak alde.

Jose Alvarez Junco historiako katedradunak honela dio: «Zaila da ukatzea oinordekotzaz jasotako erlijioaren aldeko aldarriak nagusitu egin zitzaizkiela iraultzaile ateoei, behe kleroaren aldarriak bereziki; hain zuzen, frantziarrek eta haien kolaboratzaileek matxinadaren bultzatzaile nagusi gisa salatu zuten klero hori hasiera-hasieratik».

Azurmendirentzat, Independentzia gerra deritzana mitologia nazional espainiarraren asmazio bat da: «Aitortu beharrekoa ematen du: hasteko, inbasorerik ez zegoela; gero, herriaren altxamendu espontaneoa elizak eta nobleziak xaxatu eta antolatua izan dela; eta, amaitzeko, gerra krudel hori gurutzada erlijioso bat izan dela, Errege-erregina Katolikoen eta Filipe II.aren tradizio espainiarrik hoberenean, zer eta pentsamendu ilustratu-jakobino modernoaren inbasioaren aurka». Horixe dago, bada, estatu-nazio espainolaren eraikuntzaren hasmentan. Eta haren bilakaeran?

Zer eragin izan du estatu-nazio espainolaren eraikuntzak galiziar, katalan eta euskal nazioentzat? Liberalen asmakizuna den estatu-nazioaren kontzeptua XIX. mendetik hona esperimentu txarra izan dela dio; izan ere, Antzinako Erregimeneko gorputz politikoa, monarkaren buruan bateratzen zena birpentsatzean, gorputz mistikoa hartu zuten erreferentziatzat, estatu-nazioa eliza nazional bihurtuz, dogma eta inkisizio guztiekin. Nazio espainiar berriari komeni bezalako historia asmatu zitzaion, aurrerapenarekin lotuz eta gainerako herriak mespretxatuz. Orain, nahitaez, espainiarra izan beharra dago, eta Espainiaren esentzia ez da inoiz katalana, galegoa edo euskalduna, baizik eta gaztelarra. Kultura eta memoria historiko bakarra: konstituzio bat, hizkuntza bat (beste hizkuntzak toleratu egiten dira, baina bakarra inposatzen eta lehenesten, besteak ahulduz eta galbideratuz).

Eta Espainiaren ezina, Espainia benetan federala onartzeko. Zer izan da estatu moderno espainiarraren sorkuntza Azurmendirentzat? «Gurutzada basati bat, berdin erlijiosoa erlijio laikoz orain, berdin krudela eta suntsikorra, berdin dogmatikoa. Eta XI. eta XII. mendeko gurutzadak gustuko ez baditugu, zergatik gustatu behar zaizkigu gurutzada liberalak?»

Etorkizunari begira zer? Hizkuntza, Nazioa, Estatua (2017) liburuan, esan digu independentismoa, beste itxaropenik ez denean, azken esperantza dela. Espainia eta Frantzia hain zentralistak eta jakobinoak izango ez balira, beste planteamendu batzuk posible izan litezke, benetako federalismoaren edo konfederalismoaren ildotik.

Frantzia eta Espainiaren artean komunitate txiki diferentziatu batek bizirik irauteko separatismoa da salbazioa, Azurmendiren ustez. Bestela, estaturik gabeko beste nazio guztien bidetik joango da gurea ere andeatzen, desegiten eta desagertzen.

Jakina. separatismoa ez da harremanik ez izatea, burujabetasuna baizik: «Ez-dependentzia Parisek eta Madrilek gure zeregin guztietan esku hartu behar horretatik, Espainiako justizia zikin politikotik, Torturaren Barne Ministeriotik. Ez-dependentzia gure lana, ekonomia, hezkuntza eta osasunbidea erabakitzeko. Guretzat hoberena zer den geuk erabakitzea. Erantzukizuna geurea izatea».

Ikusi berri dugu estatus politiko edo estatutu politiko berriari buruz zer adostu duen %80an, EAJ-PSE-Podemos gehiengo berriak, EAJ-EH Bildu gehiengoak adostutako oinarri konfederalak bazterturik EAJk. Azurmendiren hitzek argitasun bikoitza hartzen dute. Egungo statu quo-aren bermatzaileak nola izango dira gauza hura hautsi eta beste bat, Euskal Herriarentzat demokratiko(ago)a, abian jartzeko?

Azurmendiri eskertu behar diogu historia eta politika eta beste gauza asko geure euskaldun begiz ikusteko egindako lana, eta baliatzen saiatu.]]>
<![CDATA[Ez zen ondo egon, eta ez dago ondo]]> https://www.berria.eus/paperekoa/5101963/023/003/2019-10-16/ez_zen_ondo_egon_eta_ez_dago_ondo.htm Wed, 16 Oct 2019 00:00:00 +0200 Pako Sudupe https://www.berria.eus/paperekoa/5101963/023/003/2019-10-16/ez_zen_ondo_egon_eta_ez_dago_ondo.htm
Molak eta Francok izu-laborria zabaltzeko emandako agindua betez, gerra-frontetik kanpo, Euskal Herri penintsularrean bakarrik, bide bazterretan, arerio ideologikotzat jotako 6.000pertsona baino gehiago erailtzea 3.000 baino gehiago Nafarroan bakarrik-, eta 1978ko erregimenak hura ez aitortzea eta barkamenik ez galdegitea.

Ez zen ondo egon berrogei urteko diktaduragatik barkamenik ez eskatzea, eta estatu egitura garrantzizkoak mantentzea (armada, polizia, sistema judiziala, Auzitegi Nazionala), eta ez zen ondo egon Galizia, Katalunia eta Euskal Herri penintsularrari autodeterminazio eskubidea ukatzea 1978ko Konstituzioan, eta Espainiako estatuaren batasuna zatiezin aitortzea.

Ez zen ondo egon ETAk hiltzea, bahitzea eta jazartzea. Eta ez zen ondo egon batailoi paramilitarrek eta GALek hiltzea, bahitzea eta jazartzea, estatuak ordainduta eta lagunduta. Ez zen ondo egon guardia zibilak eta polizia nazionalak torturatzea eta hiltzea, eta ertzaintzak torturatzea ere ez.

Ez dago ondo, ETA deseginik dela, euskal presoekiko mendeku jarrerari eta dispertsioari eustea.

Ez dago ondo Altsasuko gazteekin botere judizialak egin duena, eta ez dago ondo Kataluniako preso politikoak espetxean egotea.

Ez dago ondo autodeterminazio eskubidea ukatzen jarraitzea Galizia, Katalunia eta Euskal Herri penintsularrari.

Gisa horretako ekimenekin, Espainiako estatu antidemokratikoa eta estatutismoa sendotzen dira.]]>
<![CDATA[Puigdemont: batu gaitezen berriz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1896/014/001/2019-08-28/puigdemont_batu_gaitezen_berriz.htm Wed, 28 Aug 2019 00:00:00 +0200 Pako Sudupe https://www.berria.eus/paperekoa/1896/014/001/2019-08-28/puigdemont_batu_gaitezen_berriz.htm
Baina itzulinguruak utzita, goazen harira. Honako izenburu hau duen liburuxka argitaratu berri du Carles Puigdemontek: Reunimnos. Reflexions sobre el retorn a la unitat (La Campana. 2019ko uztaila. 57 orrialde, formatu txikikoak; katalanez idatzia). Gezur asko haizatu dute Puigdemonten izen ona zikintzeko hedabide espainiarrek: balen kontrako txalekoak erabiltzen dituela, Thailandian egon dela erbesteratua, otorduak egin dituela ETAko kideekin, bipolarra dela, depresioak jota dagoela, luxuzko jatetxeetan sekulako dirutzak xahutu dituela, orgia bisexualak eta erritual satanikoak egin dituela...

Gezur horiei hedabideetan aurre egiten astia galdu beharrean, Belgikan daramatzan 21 hilabete hauetan egin dituen gogoeten harira, ondorio nagusi honetara iritsi da: Kataluniako Errepublika independentea lortu nahi bada, independentista guztiak batu behar dira, eta erabakiak zuzendaritza aliatu batek (direcció aliada) hartu behar ditu une politiko bakoitzean Errepublika independentearen beharren arabera, eta ez alderdi independentista bakoitzaren interesen arabera, eta horrekin batean, tamalez, Estatuarekiko konfrontazioa beharrezkoa izango da, eta konfrontazio horrek baketsua izan behar du.

Hauteskundeetara banaka joanda, independentismoa irabazian aterako zela uste zuten batzuek; eta, bien bitartean alderantziz gertatu da. Bartzelonako alkatetza ezin garrantzizkoagoa galdu da; Bartzelonako Diputazioa galdu da, udalak galdu dira, eta Espainiako «eskuina gerarazteko» xedez, alderdi sozialista espainolari opariak egin zaizkio, jakinik afera nazionalari dagokionez, PP eta PSOE berdintsuak direla mamira joz gero, diskurtso moderatuagoak gorabehera.

Bozetara zatiturik joanda, gertaturiko galeretatik harago, lehen ez zekizkiten gauzak dakizkite orain katalanek, hots, eskarmentuak begiak irekiarazi dizkie. Lehen ez zuten uste Estatuak errepresiora joko zuenik erreferendum demokratiko bat aurrera eraman nahi izateagatik, eta orain bai. Felipe VI.ak erakutsi zuen aurpegi zigortzailea ere aurretik ikusi gabea zioten haren aitari, baina orain ikusia eta ikasia dute.

Espainiako gizarteak eta klase gidariak erlijio askatasunari dagokionez, edota immigrazio edo sexu-identitateari dagokionez egin duen bilakaera miresgarria izan dela dio Puigdemontek -seguru irakurle asko ez dagoela honekin ados, edo erabat ados, eta ezta zer egonik ere, noski!-. Nazionalkatolizismoan, inperialismoaren nostalgian, matxismoan, homofobian eta antisemitismoan hezitako belaunaldia giza eskubideen aldera igaro izanari, ezkontza homosexuala errespetatu eta defendatzera igaro izanari, eta migratzaile olatuen aurrean jarrera xenofoboak baztertzera egin izanari, miresgarri deritzo; besteak beste, horregatik, ez zuten uste erreferendumarekikoan Estatuak errepresioarekin erantzungo zuenik, baina orain garbi dute, ezen %47,5 boto-emaileen ordez, %65,5 izanda ere, edota independentistak bi milioi izan beharrean, bi milioi eta zortziehun mila izanda ere, berdin-berdin ukatuko lukeela Estatuak erreferendum loteslea, bi alderdi nagusi eta Auzitegi Konstituzionala estu-estu elkarturik.

Aberriaren batasuna jokoan denean, espainiarrek duten irrika atabikoa aipatzen du. Tradizio politiko espainolarentzat, aberriaren batasuna garrantzizkoagoa da bertan bizi behar duten herritarren bizia baino. Espainiarren arrakasta historikoetako bat omen da ideia horrekin gizarte espainolaren parte inportante batek bat egin izana. 2015ean egindako inkesta baten arabera, galdekatutako espainiarren %48,3k zioten prest egongo zirela familiagatik ez ezik, beste zerbaitegatik bizia emateko. %40k "beren aberri, nazio eta herriagatik—. Inkesta horretan, katalan eta euskal herritarrak ere barne ginen; bada, %71 katalanek eta %74 euskal herritarrek zioten ezetz, ez liratekeela bizia emateko prest egongo, familiagatik izan ezean. Aldiz, Gaztela-Mantxan %57k eta Andaluzian %55ek baietz esan zuten.Azken hogeita bat hilabeteetan ikusi eta ikasitakoak gogoan, Puigdemontek alderdi independentisten batasuna eta zuzendaritza aliatua behar-beharrezkotzat jotzen ditu esan bezala, eta konfrontazio ez-oldarkorra: ekintza zuzen ez-oldarkorra, erresistentzia aktibo ez-oldarkorra, boikot baketsuzko ekintzak, zerga- eta kontzientzia-eragozpenak, eta abar, estrategia orokor eta amankomun baten barruan, une historiko jakin bakoitzean, tentuz eta ausardiaz erabilirik haiek Kataluniako Errepublika askea helburu.

Katalanek jarraitu beharra dute salatzen Estatuak jarraitzen duela bidegabekeriaz tratatzen herritar katalanak, balantze fiskalak monitorizatzen, eskumen murrizketak salatzen, Auzitegi Konstituzionalaren inpartzialtasun eskasia, katalan hizkuntzaren diskriminazioa eta Estatuaren zabarkeria aniztasun kulturala eta linguistikoa babesteko garaian, migratzaile olatuak kudeatzeko finantzaketa aski-ez kronikoa, osasun zerbitzu eta azpiegitura falta. Zeren independentzia ez dute nahi Espainiako demokraziaren antzeko bat abian jartzeko, Espainiako Kongresuko 350 parlamentariren ordez Kataluniako Parlamentuko 135 ezartzeko, edota bandera espainolaren ordez katalana, eta Errege Martxaren ordez Els Segadors kantatzeko, baizik eta herritarrei parte hartzeko aukera emateko, legeak egiteko eta administratzeko mekanismoak aldatzeko eta hobetzeko.

Galderekin amaitzen du. Prest al daude katalanak Espainiak katalanentzat prestatua duen harresiari, errepresio harresiari aurre egiteko? 2017ko urriaren 1a baino lehen, ez zuten uste Estatua errepresioa ezartzera ausartuko zenik; orain, aldiz, badakite baietz. Ez du esperantza galtzen Puigdemontek, eta Kataluniako Errepublika independentea lortzeko estrategia horretan parte hartzeko gogo eskasik ere ez du.

Azken ohartxo bat: katalanek ez digute euskal aberria askatuko, baina begirik ez diegu kenduko datozen hilabeteotan, eta askatasuna opatzeaz gainera, elkartasunik ere, ez ahal diegu ukatuko!]]>
<![CDATA['Herri People'-ren etorkizun zalantzakoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1888/012/002/2019-08-14/herri_people_ren_etorkizun_zalantzakoa.htm Wed, 14 Aug 2019 00:00:00 +0200 Pako Sudupe https://www.berria.eus/paperekoa/1888/012/002/2019-08-14/herri_people_ren_etorkizun_zalantzakoa.htm Herri people izendatu duten ETB1eko programaren etorkizunaz ari, baizik eta han ageri ohi diren herriko jendearena. Portzierto, hitzak hizpidea ekarririk, nola ez aprobetxatu aukera hau programaren izena lotsa-emangarria dela adierazteko; «Herriko jendea» behar luke nire iritzi apal edo harroan. Ez al duzue etnia desagertuen museora igarotzeko zorian eta trantzean ikusten herri people programan ageri ohi den jendea? Hemendik urte batzuetara programa horiek ez ote dira ikusi beharko behialako euskaldunak nolakoak ziren jakiteko? Burutazio bitxi horiexek hartzen didate gogoa.

Euskal Herriko ingurune populatu samar batera hurbilduz gero, gero eta zailago gertatzen da euskal etniako jendea aurkitzea. Exajeratzen ari naizela esango duzue, egoera muturrera eramaten, baina pentsa zer-nolako burutapenak izateraino heldu naizen: euskalduna ume gehiago ekartzera motibatu beharko ote luke euskal administrazioak, zerga-kenkari edo hobarien bitartez? Entzuten ari naiz: burutik egiten hasia hago; zelako etniakeria, Pandoraren kutxa irekiko duk motel...!

Euskal etnia ez dut mitifikatzen eta ez munduko onenentzat jotzen. Euskal etniakoa naiz, euskaldunen artean hazia eta hezia, eta denetik ezagutu dut: jende jatorra eta gaiztoa, zintzo-eratsua eta petral eta erretxin askoa, eta gehienak, jakina, tartekoak -neu ere halaxe izango naiz-; beste edozein etniaren antzekoa alegia, baina, diferentea bai, eta etnia hori herri txikietan ez, baizik eta hirietan eta inguru populatuetan nahi nuke ikusi Euskal Herrian, etniaz nahasiago nahi baduzue, baina egungo kultura modernora egokitua eta bera kultura modernoaren sortzaile dela.

Gai arantzatsu hau garatzeko laguntza bila, J.L. Carod Rovira katalan politikariak kazetari bati duela hamabost urte emandako erantzunetara joko dut (Vicent Sanchis: Qué piensa J.L. Carod-Rovira. Deria. 2004), baliorik galdu ez duelakoan, eta aldeak alde, eta badira, gure egoeraren ispilu delakoan.

Kazetariak galdeturik ea politikoki ez-zuzena den pentsatzea Kataluniara Espainiatik hirurogeiko urteetan heldu zen immigrazio masiboak, diktadura betean eta integratzeko posibilitate ezin urriagoekin, Kataluniako herriaren egitura sozial, kultural eta politikoa arriskuan jartzen zuela, Carod-Roviraren erantzuna hauxe izan zen: «Bistakoa da gizarte baten edozein aldaketa demografikok modu masiboan aldatzen dituela gagozkion herriaren identitate ezaugarriak. (...) Uste dut xede hori ere bazuela seguraski frankismoak Espainiako estatutik bereziki gazteleradun etorkinen baina halaber galegodun etorkinen Kataluniarako immigrazioa erraztean. (...) Nahiz eta Kataluniak une haietan etorkinei harrera eta abegi egiteko tresna egokirik ez zuen, zeren Katalunia bera baitzen, erabat harturik, klandestinitatean zegoena, kontent egon gaitezke etorkin haietatik gehienek iritsitako lur berria beren herritzat hartu zutelako, egia bada ere horietako askok, horien seme-alabek ez bezala, ez zuela inoiz aukerarik izan etxe inguruan baino erabil ez zitekeen hizkuntza berena egiteko».

Zein neurritan daukagu guk esaterik beste horrenbeste hona etorriez?, eta etorkinen seme-alabez? Katalunian ere pentsatzen dut gai horretaz buru hainbat aburu egongo direla.

Dena den, 2004an, arazoa beste bat zen Carod-Rovirarentzat: «Orain, arazoa ez da nola amaitu etorkin haien seme-alabak eta bilobak integratzeko lana, zeinak naturaltasun osoz bertarako eginak dauden, nahiz eta hiri handietan oraindik ere badiren auzoak benetako ghetto bihurtuak daudenak... arazoa ez da nola integratu katalan herrian etorkin gaztelaniadunen azken belaunaldiak, baizik eta nola integratu europar erkidegotik kanpoko etorkin saldo berria».

Gure egoera, irakurle gehienak ados egongo direla iruditzen zait, okerragoa da Kataluniakoa baino hizkuntzari dagokionez, nahiz eta han ere hizkuntza ez-markatua gaztelania den, eta ez katalana, leku gehienetan. Zer egin, bada, migratzaile berriak integratzeko katalan komunitatean? Â"Honako hau esatea: Â"Hemen ez da beste inor kabitzen- bezain desegokia da esatea: Â"Paperak denentzat-, zeren ez dago herririk, munduko aberatsena izanda ere, biztanleko errenta maila handiena izanik ere, gai denik bertara joan nahi duen orori duintasunez leku bat egiteko. (...) Lehen baieztapena: zer behar du gure herriak? Tresna legal eta ekonomikoak behar ditu duintasunez hartzea erabakitako immigranteak har ditzan-.

Garbi dago ez Kataluniak eta ez Euskal Herriak, ez EAEk eta ez Nafarroako Foru Erkidegoak edo Euskal Hirigune Elkargoak dituztela behar-beharrezkoak diren tresna legal eta ekonomikoak, eta Frantziako eta Espainiako estatuek hartzen dituztela erabaki nagusiak, eta horrenbestez, teoriatik ezin garela praktikara igaro, baina aurrera egin dezagun, itzuliko gara-eta atzera berriz puntu honetara.

Nork egokitu behar du norengana: kanpotik etorriak ala bertakoak?: Â"Halaber esan behar da, absurdoki, gaitzesgarri dirudiela esatea ezen herri batera iristen denak ezin duela espero harrera-herria izatea berari egokituko zaiona. Egokitu behar duena bera da, jakinik elkarren arteko harremanetan beti bi aldeak ateratzen direla aberasturik eta aldaturik-.

Beharrezko ikusten zuen Carod-Rovirak etorkinei formakuntza-, murgiltze eta egokitze ikastaroak ematea. Eta hizkuntzei doakienez: Â"Herriaren hizkuntza ezagutzea funtsezkoa da kasu hauetan guztietan, zeren aukera ematen du jendearekin harreman osoak izateko. Gure kasuan katalanaren oinarrizko ezagutza izatea esan nahi du, eta halaber, gaztelaniarena. Hori ulertzen ez duenak ez daki badela herririk, Ameriketako Estatu Batuetan kasu, non gainera nazio ereserkia kantarazten zaien-.

Nik neuk, zuek ez dakit, beste arrazoi bat gehiago ikusten dut gai ekonomiko-politiko eta soziologiko-kultural honetan independentziaren beharra azpimarratzeko.

Etorkizuneko euskaldunek biharko EITBren artxiboetan ikasi beharko ote dute behialako euskal herrietako euskaldunak nolakoak ziren, jada desagertuak izango direlako?, ditugun eskumen politikoekin eta daramagun martxan posible ote da, funtsean, euskalduna hiriko jendea bihurtzea, gauza batzuetan arras aldaturik, baina, funtsik funtsenean, behialakoarekin jarraitutasunean, hizkuntza ardatz dela? Edota suizidio kolektiboaren amilburutik hurbil gaude? ]]>
<![CDATA[Hizkuntza-desleialtasunak: euskara erdigunean!]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/014/001/2019-07-24/hizkuntza_desleialtasunak_euskara_erdigunean.htm Wed, 24 Jul 2019 00:00:00 +0200 Pako Sudupe https://www.berria.eus/paperekoa/1876/014/001/2019-07-24/hizkuntza_desleialtasunak_euskara_erdigunean.htm Euskara eta desleialtasunak artikulua (2019-07-20) gogoeta-eragile gertatu zait, bereziki ama-hizkuntza erdararekin desleial izan den eta izan beharra aldarrikatzen duen batengandik datorrelako.

Ama-hizkuntza euskara dugunok euskararekiko desleial askotxo ezagutu dugu eta ezagutzen dugu. Jakina, graduak daude. Ama-hizkuntza beren adinekoekin bakarrik erabili ohi dutenak, seme-alabekin ez; seme-alabekin bai, baina senar-emazteek elkarrekin ez, eta lagun-taldean ere ez; hitz egiteko bai, idazteko ez... mila aldagai eta arrazoi eta erdi-arrazoi eta aitzakia eta erdi-aitzakia.

Ama-hizkuntza euskararekiko desleialtasunak aipatu orduko Xalbador zenaren Herria eta hizkuntza bertsoak datozkit gogora: «Iragan egun batez, ostatu batean/bi lagun ari ziren ez ba ta ba betean/(...) Bat herria goratzen arrotz baten gisa,/arrotz nahiak berriz herriaren hitza,/gureak ja egin du, gaiten garbi mintza,/lano pean bezala galduak gabiltza,/ez daizke bi nagusi batean zerbitza!». Hizkuntza eta herria elkarri lotzeko oihu minbera bezain ederra da Xalbadorrena. Ederra eta garbia eta minbera, baina pentsatu eta neurtitzetan paratu zen garaian ere atzeraka zetorrena Euskal Herri euskaldunenean —Nafarroa Behereko laborari, artzain eta ofiziale herrixka euskaldunetan—, eta, jakina, Iparraldeko kostaldeko herri erdaldunduetarako urruna, arrotza, hizkuntza-ordezkapena hagitz aitzinatuagoa izaki.

Hasier Arraizen artikulua, aldiz, ordezkapen-zantzu nabarmenetatik ez, baizik eta berreskuratzetik abiatzen da, aspalditxo erdaldundutako Gasteizko hizkuntza-berreskurapenetik, apala nahi baduzue, baina berreskurapena, ama-hizkuntza erdararen alderako desleialtasunetik etorki: «Zenbat jendek uko egin dio gure lurralde txiki honetan bere eremuan nagusi den (ala zen) ama hizkuntzari euskaraz bizi izateko? Milaka eta milaka euskal herritarrek gaztelaniarekiko eta frantsesarekiko «desleial» izatea erabaki(tzen) dute, normalean, beren barnean dauden arrazoi ideologikoak edo politikoak direla medio».

Jakina, hori, ez da batere erraza; nago erdaratik euskarara igarotzeko urrats zail horien balioa aitortzeko sentiberenak ama-hizkuntza euskara dugunok garela, hizkuntza ezberdina ikasi beharra zer den badakigulako. Bere hitzetara etorriz, aurkako diglosia-egoera latzari aurre egitea erronka sekulakoa da; eta «euskaraz bizitzearen aldeko sare indartsua behar-beharrezkoa da, bizitzaren arlo desberdinetan euskara erabiltzeko aukera emango duen sarea, baita euskaraz bizi beharra gure bizitzen erdigunean jarriko duena ere».

Gasteizen, filologiako ikasle zenetik hona, ordea, gauzak aldatu egin dira: «Mundu hau nekez adieraz dezakegu garai hartako kontzeptuekin, eta, ondorioz, mundu hau adierazteko eta hartan gure tokia bilatzeko kontzeptu (eta eredu) berriak beharko ditugula». Hori irakurrita, galdera hauxe sortzen zait: hogeita bost urteotan zer aldatu da, bada, gure gizarteari eta hizkuntzari dagokiola? Honako gertakari soziopolitiko hauek bururatzen zaizkit labur-zurrean: SESBen desegitea eta 2001eko Dorre Bikien atentatuaren ondoko estrategia; migratzaileen etorrera ugaria; ETAren eta estrategia politiko-militarraren desagerpena; nazionalismo espainolaren berrindartzea; eta, sakelako telefono eta teknologia digitalaren hedapen alimalekoa, azken urteotako euskararen erabileraren geldierarekin batean, ez aurrera ez atzera.

Ideologikoki hurbilekoen dituenei kritika egiten die honela dioenean: «Aitortu behar dut euskara bide bazterrean uzteko erabaki orok harritu egiten nauela. Ez da plaza publikoan euskaraz egiten ez dugulako, baizik eta agenda gehienetatik, erdigune politikotik, euskara bat-batean aienatu delako. [...] Nonbait, euskara erdigune politikora ekartzeak gaur egun erosoa ez den identitate ardatzaren gainean kokatzen gaitu, eta, ondorioz, euskal gizartearen baitan gehiengo berriak osatzeko asmoz gure erakarmen ahalmena gutxitu egiten omen du».

Diosku iraganari begira ez, baizik eta etorkizunera begira eman behar diogula euskarari aterabidea: «Nolako komunitatea osatu nahi dugun eta haren barnean nola komunikatu nahi dugun kontatu behar dugu».

Balioak ez ditu zehazten; euskara erdigunera ekartzeari ematen dio lehentasuna, taldekideak horretan uzkur ikustearen eraginez edo, eta, euskal identitateaz, partekatzen ez dudan halako arbuio moduko bat agertzen du. Sabino Aranak zehaztutako euskal identitateari erakusten diola mespretxua ulertu behar ote da?, zeren Krutwig eta Txillardegiz gero, euskara da euskal identitatearen ardatz.

Euskaltzale guztiok berarekin bat egingo dugu honetan: «Komeni da euskararen erabilpena suspertzeko estrategia berriak ideologiari bainoago hizkuntzaren prestigio sozialari lotzea». Hori instituzio guztiei dagokie. Eta, azkenik, euskararen erabilera suspertzeko estrategia berriak Euskal Herriko hiriguneetan sortu eta saiatu beharra azpimarratzen du.

Halaber, amaierako hitzokin ere nola ba, bat ez etorri: «Desleial izateko ausardia aldarrikatu nahi nuke. Ausardia, euskara erdigune politikora berriro ekartzeko; (...) ausardia, euskara arnasguneetatik ateratzeko eta hirigunean aurreiritzirik gabe beste hizkuntza batzuekin nahasteko, zikintzeko, errazteko... edozein gunetan edonoiz hitz egingo den hizkuntza izan dadin».

Lortuko al du taldekideak konbentzitzea? Ai halako bat! Nahiago nuke Eusko Jaurlaritza eta EAJ norabide horretan balira. Nolanahi ere, Arraizen iritzi-ildo horri norabide onekoa deritzot.]]>
<![CDATA[Gure nazioaren egoeraz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1945/020/002/2019-05-07/gure_nazioaren_egoeraz.htm Tue, 07 May 2019 00:00:00 +0200 Pako Sudupe https://www.berria.eus/paperekoa/1945/020/002/2019-05-07/gure_nazioaren_egoeraz.htm
Euskal Herri penintsularreko azken hauteskundeetako emaitzak ez dira txarrak izan, EAEn batez ere. Berriki irakurri ahal izan dugu euskarazko egunkari bakarrean, Euskadi nazio gisa ikusten duten hiritarrak gehiengoa direla berresten dutela boz horiek, eta estatus berriaren inguruan barne adostasun zabalak lortzeko baldintzak badirela, eta horretaz gainera, erabakitzeko eskubidea epe erdian gauzatzeko estrategian estatu gabeko beste europar nazioekin batera elkarlanean jarraitzeko oinarriak sendoak direla.

Oso ikuspegi baikorra da. Jeltzaleek eta bilduzaleek estrategia aski bateratua dutela bistakoa balitz, eta Europan ere elkarren eskutik dabiltzala, bat etor gintezkeen, baina denok ikusten dugu epe laburrera behintzat —laburrera bakarrik?— adostasun zabalenak jeltzale eta espainiar obedientziapeko eusko sozialisten artean gertatzen ari direla gurean, eta segur aski gertatuko direla, eta autonomi estatutuan jasotako eskumenen transferentzian zentratuko direla —erpina Gizarte Segurantzaren eskumena izan liteke (eskumen harribitxia)—, eta pauso bat aurrera emateko eskumenen transferentzian, bat atzera egiteko eskatuko dutela sozialistek erabakitzeko eskubidean. Europa politikoari dagokionez ere, ez ditugu abertzaleak batera ikusten, sakabanatuak baizik.

Boto-emaileek moderazioa saritzen dutela dirudien honetan, ez al du aurrera egingo eskumen borroka instituzionalak, hots, estatuaren deszentralizazioaren aldekoak EAEn, eta epe luzeagora Katalunian ere —han estatuak plantea dezakeen formula desmobilizatzailea kontzertu ekonomikoa izan liteke—; autodeterminazio eskubidearen aldeko borrokaren kaltean?

Politikatik kulturara etorrita, eta kulturan gure hizkuntza normalizatu gabea ardatz harturik, ikuspegi baikor eta axaletikoagoa eman nahi izatera, esan liteke D ereduaren bitartez eta, euskararen ezagutza hazi egin dela, eta Euskaraldi eta Korrika eta gisako kanpainetan herri-mugimendu eta instituzioen arteko elkarlan itxaropentsua sumatzen dela —bide batez galdera bat: elkarlan horrek ekar al lezake epe labur samarrera 1982ko eta 1986ko euskararen lege zaharkituak euskararen aldera hobetzeko dinamikarik?—, baina sakonagora jota, eta politikaren arloko moderazioarekin erara, ez al da ikusten Gandiagaren behialako diagnostiko poetiko hartatik, funtsean, ez garela asko aldendu, eta aldentzekotan ez alde onenetik: 70eko hamarkadako bizi nahi tirtiri hura galdu ez ote dugun, bi hizkuntzak, gurea eta modu askotara zapaltzen eta limurtzen ere gaituena, gureak direlako lelo faltsuaren eraginez.

Gandiagaren aspalditxoko hitz hauek hausnar ditzagun: Euskal Herriaren mikaztasunak arima erretzen du, txakolinak bere mikaztasunaz ahoa erretzen duen bezala. Ardo pobrea da, ardo nahi lukeena, baina beste ardoen artean ardo ez dena, baina ardo dena halaz ere. Euskal Herria Herri da Baskongadas barruan, arima delako, kontzientzia delako, samin delako, urduritasun eraman ezina delako. Euskal Herriak ez du bozkariorik ematen: kiskali egiten du. Izan nahiak ematen dio izatea (Hiru gizon bakarka. 1974). Gure nazioa ardo ondua izateko asko dugu eskas, baina txakolinak berezko duen garraztasunari nola ihes egingo gabiltza. Gurea ere ba omen dugun ardo ondua dastatzen dugu gutxiz gehienetan telebistan, eta beste hainbat hedabide eta sareetan. Irakaskuntzan, administrazioan, lan-munduan eta aisialdi eta gainerakoetan ez dugu lidergo eta estrategia garbirik egun gehiengo diren erdal hiri eta herrietatik gutxiago diren euskal herrietara igarotzen joateko, izan nahia suspertu eta ahaleginaren garraztasunari aurre egiteko, ezaxola gudukatuz.

Moderazioak baditu abantailak baina arrisku larri bat ere bai: nazio politikoa garela esan eta esan dihardugula —politikoki planteamendu txarra ez da kontzientzia politikoa baduen herria garela aldarrikatzea eta horretan oin harturik, eskubideak gauzatzea galdegitea—, nazio linguistiko-kulturala egoera kaskarrean, beti leku bertsuan lardaskatzekoa, Irlandako egoeratik hur-hurrean.

Pesimismoa eta derrotismoa txarrak dira, errealitatean oinarritu gabeko optimismoa bezalaxe. Ezkortasun aktiboan jarraitu behar, harik eta dagokigun, eta batez ere desio badugu behintzat, era batera edo bestera eraikitzen joan behar dugun euskal nazio eta euskal errepublika askea lortu arte.]]>
<![CDATA[Sanchez eta Urkullu: antzeko mantra!]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1941/026/002/2019-02-12/sanchez_eta_urkullu_antzeko_mantra.htm Tue, 12 Feb 2019 00:00:00 +0100 Pako Sudupe https://www.berria.eus/paperekoa/1941/026/002/2019-02-12/sanchez_eta_urkullu_antzeko_mantra.htm
Estatu burujabe batek autodeterminazio erreferenduma antolatzen duenean, Eskozian eta Kaledonia Berrian berriki egiaztatu den bezala, irabazteko aukerak gehiago ditu galtzekoak baino; hedabideak alde ditu, elite ekonomikoak ere bai, estatukoak bezala menderatutako herrietakoak ere hein handi batean; hau da, ez litzateke batere samurra izango autodeterminazio erreferendum lotesle bat irabaztea, ez Katalunian eta ez Euskadin, baina ez dugu horren kezka eta kuidadurik ez, ez daukagunez, ezin baita horrelakorik gertatu Espainia bezalako estatu zentralista-esentzialistan, eskuindarrak baino zarata gutxiagorekin bada ere, ezkertiarrak ere nazio bakarraren eta subjektu politiko bakarraren soldadu diziplinatu eta setatsuak ditugunez gero.

Tamalez, Europa estatuen kluba da, eta gurea bezalako nazioen edo nazio-nahien aurkari gehiago lagun baino; alabaina, estatuen Europa utzita, EAEra etorrita orain: zergatik ez du bat egiten Urkulluk Torrarekin autodeterminazio eskubidearen defentsan? Zergatik ez du aldarrikatzen lau haizetara eskubide demokratiko hori onartzen ez duen estatua antidemokratikoa dela, inperialista? -Orain ez dago ETAren aitzakiarik, baina berdin jarraitzen du Espainiak-, Espainiako demokrazia guretzat ez dela demokrazia, demokrazia bakarrik espainolentzat dela, politikoki -linguistikoki eta kulturalki eta identitarioki eraginik ez balu, gaitzerdi litzateke-, espainol izatera behartzen gaituenez gero?

EAJren buruzagien praktika politikoa ikusita, pentsa liteke egun ezinezko den autodeterminazio erreferenduma biharkoren batean antolatuko balitz, ez luketela independentziaren alde egingo, halako estatu hibrido eusko-espainol baten alde baizik.

Sanchez Espainian dena, demokrata espainol elkarrizketazalea, Urkullu da Euskadin, aldeak alde; demokrata, baina demokrata espainol, Euskadin besterik ezin baita izan, gehiengo zabala behar delako aitzakiapean -gure egoeran ezinezkoa den %70 edo %75 alde izanda ere, ez litzateke gehiengo aski zabala espainolentzat-, autodeterminazio erreferendum loteslearen bideari ekin nahi ez diona, elkarrizketaren bandera samurragoa altxata.

Aulkiari itsatsita urteak elkarrizketaren alde emateko gertu, eta Eusko Legebiltzarraren ehuneko hirurogeitik gora izanik ere, inoiz momentu onik ez autodeterminazioaren bideari heltzeko; eskumen autonomikoetan katramilaturik gozoroago, Euskadi gero eta Euskadiago dela saltzen. Antzeko mantra, eta jokabidea ere!]]>
<![CDATA[Xamar. Etxera bidean.]]> https://www.berria.eus/albisteak/159105/xamar_etxera_bidean.htm Fri, 09 Nov 2018 18:31:04 +0100 Pako Sudupe https://www.berria.eus/albisteak/159105/xamar_etxera_bidean.htm <![CDATA[Monzon eta Txillardegiren irakaspenak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/014/001/2018-11-02/monzon_eta_txillardegiren_irakaspenak.htm Fri, 02 Nov 2018 00:00:00 +0100 Pako Sudupe https://www.berria.eus/paperekoa/1876/014/001/2018-11-02/monzon_eta_txillardegiren_irakaspenak.htm
1957an ezagutu zuten elkar aurrez aurre: Txillardegik kontatu zigunez, Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuzaren Donibane Lohizuneko Mende Berri etxean. Eta 24 urtez, bien arteko adiskidetasuna erne, hozitu eta burutu zen, ardatz nagusi honen inguruan: zazpi lurraldez osaturiko euskal errepublika euskalduna lortzeko grina, eta araberako konpromiso eta borroka.

Bide ezberdinetatik zetozen elkartu zirenean. Hogeita bost urte zaharrago zen Monzon ordurako dimisioa emana zen erbesteko Eusko Jaurlaritzako kultur sailburutzatik, funtsean, bi arrazoirengatik: konbentzitua zegoelako Eusko Jaurlaritzak ez zituela euskara eta euskal kultura behar bezala bultzatzen, eta, erbesteko Eusko Jaurlaritza legitimitate errepublikano espainolari lotuegi zekusalako.

Txillardegi, aldiz, plazaratu zenean nahiko polemiko gertatu zen Leturiaren egunkari ezkutua nobela argitaratu berri zen Albert Camusen Arrotza eta Izurria nobelen eraginpekoa, tematika aldetik, mugarri; aldekoak asko Koldo Mitxelena, Salbatore Mitxelena, Bitoriano Gandiaga, Juan San Martin... eta aurkakoak ere ugari izan zituen euskal idazleen artean aita Villasante, Iñaki Bastarrika, Orixe..., eta politikari dagokionez, Ekin-etik laster ETA sortzera igarotzekoa zen gogaideekin batera, Euzko-Gaztedirekiko loturak erabat hautsirik.

Txillardegik 1961eko Urtats egunez Dantxarineako muga iragan, eta Parisetik bueltan Iparraldean kokatu zenetik, bien arteko harremana hurbilagoa eta usuagoa gertatu zen. Enbata mugimendu abertzaleak Euskal Herri kontinentalean, Itsasu herrian lehenbizikoz ospaturiko Aberri Egunean (1963) han ziren biak ala biak, eta urte hartan bertan eratutako Idazkaritzan ere bai, euskara batuaren oinarriak ezartzeko xedez. Jakina denez, Baionan delako Idazkaritzan elkarturiko Lafitte, Davant, Monzon eta Txillardegik, besteak beste, hartutako erabakietan oinarritu ziren 1968an Arantzazun ospatu ziren jardunaldiak. Garbi ikusten da euskal errepublika askatuaren aldeko borroka eta euskararen aldekoa biak elkarri estuki atxikirik bururatzen zituztela bi abertzale handiek.

Txillardegi handik laster desterrura joan beharrean gertatu zen, baina antiguatarra Bruselan, eta Monzon Donibane Lohizunen zirela, gutunez jarraitu zuten harremanetan. Txillardegik ziotson Monzoni gutun horietan, bera abertzalea izateaz gain, sozialista zela, baina ez zuela lekurik PSOE inperialistan, eta horrenbestez behar-beharrezkoa zela gurean alderdi abertzale sozialista. Oso duda gutxirekin baiezta daiteke Txillardegik eragin handia izan zuela Monzonek gizarte gaietan izandako bilakaeran; Monzon ez zuen sozialista bilakatu Txillardegik Txillardegi ez zen komunista. Bere burua sozialdemokraziaren ezkerrera kokatzen zuen; Frantzian Mendes-France politikariak ordezkatzen zuen posizioan gutxi gorabehera, baina bultzatu zuen Monzon EAJko zuzendaritzari eskatzera abertzale berri ezkertiarragoei leku egin behar zitzaiela. Hasiera baten pentsatu zuen EAJ barruan lekua izan zezaketela Txillardegi bezalako sozialistek, baina laster igaro zen pentsatzera alderdi berean ez, baina haiekin elkaturik bai jokatu behar zela, eta orduan ekin zion Fronte Abertzalea eratzeko ideari.

Ezaguna denez, Anai Artea sortu zuen Monzonek Larzabal eta Arregirekin batean 1969an, iheslari politikoei babesa eta laguntza emateko. Txillardegi Bruselatik Iparraldera itzuli zenean, Anai Artean kidetu zen, eta 1971n Monzonekin eskuz esku Fronte Abertzalea eratu nahian aritu zen Burgosko 1970eko auzi famatuaren ondotik. Aitzakia horrekin Frantziako Gobernuak Monzon eta Txillardegi biak behartu zituzten Iparraldetik alde egitera.

Erabaki horren aurka, Baionako katedralean gose-grebari ekin zioten 35 etakide inguruk. Han ziren, besteak beste, Eustakio Mendizabal Txikia, Goikoetxea, Korta, Azkoiti. Harreman horien ondorioz sortu zuen Monzonek esapide giltzarri hura: Lehengo gudariak 1936ko gerrakoak eta oraingo gudariak Francoren diktaduraren aurka armak altxatu zituzten etakideak.

Monzon eta Txillardegi Nogaron, Gers departamenduan, Salles d´Armagnacen, sei hilabetez bizi izan ziren harmonia ederrean elkarrekin, 1971ko maiatzetik azarora.

Franco hiltzean, Txillardegi itzuli zen Euskadi penintsularrera eta Euskadiko Sozialisten Biltzarra (ESB) alderdia sortzen ahalegindu zen; eta tarte labur horretan, Monzon bakarrik gelditu zen, baina denbora gutxirako. Laster elkartu ziren biak Herri Batasunan independente gisa, 1978an Monzon 1977ko azaroan egotzi zuten EAJtik, bere borondatearen aurka. Horregatik Monzon ez zen bat-batean sozialista ezkertiar bilakatu, jarraitu zuen bere mentalitate kristau-demokratarekin, baina ongi hartu zuten Herri Batasunan, garai hartan koalizioarentzat garrantzitsuena, beharbada, independentzia zelako.

Monzonek hil aurretitxoan Egin-en plazaratu zuen azken artikuluan geroari buruz hiru oinarri hauek behar genituela oroitarazi zizkigun: 1. Beti ohitu behar dugu Euskal Herria osorik ikusten, Aturrin hasi eta Ebroraino. 2. Euskal Herrian bizi diren biztanleen osotasuna. Beraz, Euskal Herri bat bakarrik dagoela, bai eremuz, bai lurraldez eta baita biztanlez ere aitortu behar dugu; eta 3. Euskal Herriari lokarri bat eman behar diogu. Benetako herri bat sortu nahi badugu eta bere buruaren jabe izan nahi badu, oinarri nagusi bat behar dugu eta oinarri hau euskara da. Txillardegik ere beste horrenbeste esaten zuen. Horiexek dira bi abertzale handi horien irakaspen nagusiak.]]>
<![CDATA[Ulertzen ez gaituztenean ulertuko gaituzte!]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1896/011/001/2018-08-15/ulertzen_ez_gaituztenean_ulertuko_gaituzte.htm Wed, 15 Aug 2018 00:00:00 +0200 Pako Sudupe https://www.berria.eus/paperekoa/1896/011/001/2018-08-15/ulertzen_ez_gaituztenean_ulertuko_gaituzte.htm Vasconia liburuari eginiko iruzkinean, Baionako Enbata astekarian («Ego-aize golpea...») argitaratutako artikuluan. Liburu-idazleari eskainitako zenbait laudoriorekin batean, eta gauza batzuetan bat ez zetorrela aditzera emanik, liburu haren egiazko hutsa honako hau iruditzen zitzaion: «Erderaz idatzia dugu, ori ere. Erderaz eta beti erderaz. Euskararen alde... erderaz. Betiko lelo bera. Argatik ez nuke ezarriko liburu ori 'dans la nouvelle vague'». Eta kritika horrek bide emanik, adierazi zuen izenburuan paratu dugun esaldia. Zer esan nahi du esaldi horrek?, bai baitu paradoxa kutsurik! Erantzun baino lehen, labur-zurrean Telesforo Monzonek euskarari ematen zion balioaz arituko naiz.

Aita Bizentek eta aitaren aldeko arbasoek eman zioten euskara poxi bat txikitan Telesforo haurrari —ama Sevillakoa zuen, eta haren aita Guatemalakoa; beraz, ama-hizkuntza gaztelania—; euskara aita-hizkuntza izan zuen hein apal batean, baina zinez euskara menderatzeari bere borondatez Madrilen ekin zion, Ateneoan, J. Ruiz de la Escalera Maidagan irakasle zuela, eta ondotik Tolosako Urkizu auzoan, eta berehala hasi zen II. Errepublikaldian hitzaldiak euskaraz egiten. Baina zer eginkizun esleitzen zion Telesforok gure hizkuntzari abertzaletasunean?, zer balio politiko? Gaztelania eta frantsesa aski ongi jakinda, euskara ikasiko ote zuen aski ongi, ahoz nahiz idatziz, hari baliorik eman izan ez balio?

Nire iritzirako, jada heldua zela, gaztea baina aldi berean heldua (25 urtetik aurrera hortxe nonbait), hausnarketa sakona egin zuen, eta lehenbizi bere guraso eta arbasoen hizkuntza-praktikari erreparatu zion, eta ikusi zuen Euskal Herriko goi klaseek, ukandunek, euskara gutxietsi eta jende apal-xumearekin hitz egiteko hizkuntzatzat zutela, eta hizkuntza-jokabide horrek espainolen mendeko bihurtu zituela haiek, kulturalki bezala politikoki, eta hori iraultzeko borondate irmoa hartu zuen. II. Errepublikaldian hitzaldiak euskaraz soilik ez zituen egiten, baina sarri askotan bai, eta okasio batean behinik behin egiaztatua dago Zumarragan 1934ko irailean, euskal parlamentariak udaletako ordezkariekin batean egindako batzarrean, gobernadore zibila buru zela: han ere euskaraz egin zuela; hobeki esanik, han euskaraz egin zuen bakarra bera izan zela. Zergatik? Garbi uzteko beste nazio batekoak zirela, eta beste estatu bat eratzea zegokiela.

1931tik 1936ra egindako hitzaldietan maiz errepikatzen zuen autonomi estatutua ona zela espainiarrentzat, baina euskotarrentzat axola handiena zuena euskal nazioa eraikitzea zela, eta hor gure hizkuntzak leku giltzarria zuela.

60ko hamarkadatik aurrera, bereziki Iparraldera etar iheslariak heltzen hasi zirenetik, eta Enbata erakunde abertzalea sorturik Aberri Egunak antolatzen hasi zirenetik-eta (1962-1963...), berak zioen bezala, bi mistika jotzen zituen ezinbesteko euskal estatu askatua sortze bidean jartzeko: Nafarroaren mistika eta euskararena. Gaur egun, tamalez, gaztelaniak jarraitzen du izaten gizarte-kohesionatzaile nagusia Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean, eta Baiona, Donibane Garazi eta Maulen frantsesak; bada, berak proposatzen zuen, amesten zuen euskara izatea kohesionatzaile, nazio-egile, eta horri mistika deitzen zion, hots, izan zitzakeen balio praktikoez gainera, halako balio transzendental-sakratuz hornitua eta dohatua begitantzen zuen euskal estatu askeari buruz.

1975ean, norbaitek gutun bat bideratu zion Enbata kazetaren bitartez, esanez gaztelaniaz eta frantsesez jakinik zergatik idazten zuen euskaraz, berak ez zekiela euskaraz ez ziotelako erakutsi. Besteak beste, honela erantzun zion: «Luzarora begiratuz, abertzale gisa jokatzekotan, ez dugu beste irteerarik: Adur-etik asi eta Ebro-rainoko haurrideok geure hizkuntza ikasi, eta hartaz balia sehaskatik hil-hobiraino, maila guztietako ikastaroak barne. Baina hartara nola heldu, geure burujabetza lortu artean? Bihar libro izatekotan, ordea, gaur borroka egin behar. Eta geure borroka hori, zentzuz eramatekotan, eskuz esku eraman behar. Eta hartako elkar behar ulertu. Eta elkar ulertzeko, askotan erdara bat ala beste behar erabili. Eta erdera erabiltzean, etsaiaren jokoa egiten... Horra genozidioaren emaitzak! Horra, geure Herria ondatzearren, arrotzek Euskadi erdian eraikitako Babel-Dorrea! Baina... ez! Ez arrotzek soilik! Geu, euskaldunok ere, hobendun baikara! Geronek ere, euskaldunok, arras itxuturik arrotzen mutil bilakaturik, hargintzan ibiliak baikara, Euskadi erdi-erdian, Babel-Dorre bat eraikitzen» («Gutun bi»).

Eta aurrerago zioen presoen alde gose-grebak egiten genituen bezala, eta lan-errebindikazioen alde grebak, erdara-grebak egin behar genituela: 600.000 euskaldun elizetan, ostatuetan, lantokietan, udaletxeetan, bulegoetan, dendetan, trenetan, diru-etxeetan, prefeturan, gobernu zibilean, antzoki eta zinemategietan. Nonahi euskaraz: «Hori litzake hori, euskara-problema golpez sutan ezartzea!».

Nago garbi geratu dela artikulu honen hasieran egin dudan galderaren erantzuna: espainiarrek eta frantziarrek ikusten dutenean Euskal Herrian jendeak euskaraz egiten duela; orduan ulertuko dute beste nazio bat garela, espainiar eta frantses naziotik bestelakoa. Eta ulertuko dute gure nahia estatu independentea sortzeko. Ez da erraza hori sinesten!, eta, tokitan gaude egokiera horretan egotetik!, baina hori besterik da, Monzonek euskarari zer balio ematen zion ari ginen azaltzen.

Hala utzi zigun idatzita hiltzeko hilabete eskas falta zitzaiola, testamentu gisa: «Euskal Herriari lokarri bat eman behar diogu. Zein lokarri emango diogu? Arraza? Denok dakigu gure geroko Euskal Herriari ezin diogula arraza eman. Erlijioa? Honetaz ere denok dakigu Euskal Herrian badirela erlijio gabekoak, beraz, ezin diogu erlijioa eman. (...) Beraz, benetako Herri bat sortu nahi baldin badugu eta bere buruaren jabe izan nahi baldin badu oinarri nagusi bat behar dugu eta oinarri hau Euskara da. Hortaz, ez badugu Euskararen gain finkatzen Euskal Herria, ez dugu Euskal Herri bat sortuko» («Hiru oinarri», Egin, 1981-II-12).]]>
<![CDATA[Telesforo Monzonen barkamen eskaintza!]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/021/001/2018-06-23/telesforo_monzonen_barkamen_eskaintza.htm Sat, 23 Jun 2018 00:00:00 +0200 Pako Sudupe https://www.berria.eus/paperekoa/1876/021/001/2018-06-23/telesforo_monzonen_barkamen_eskaintza.htm
Jakina den bezala, Nafarroa Garaian, jendartean izua hedatu zuten hiltzaileak eta salatzaileak asko izan ziren, Mola jenerala eta Rodeznoko kondea buruzagi eta xaxatzaile nagusi zituztela, eta haien aginduetara falangistak eta errekete boluntarioak -haietako buruzagi nagusietako bat Ignazio Baleztena--, gerra-frontetik landa. Gerra-galtzaile eta aipatu ditugunen basakerien pairatzaile gehienen pentsaeran eta sentieran, Franco agintean zen bitartean, gorrotatu baino ezin ziren egin hiltzaileak eta haien laguntzaileak, eta Franco hil ondoan, justizia egin behar zen. Ez zen iritzi berekoa Telesforo Monzon; honako gertakari honek erakusten duen bezala.

1949ko irailean, Euskal Dantzarien Besta ospatu zen Baionan, eta bertan Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko bostehun bat dantzari ibili ziren Baionako karriketan barna katedralean amaitzeko, eta haiekin batean Nafarroako Muthiko Alaiak peñako dantzariak, buru Ignazio Baleztena errekete buruzagi famatua eta haren arreba Dolores Baleztena zituztela. Egun hartan Monzon Baionako bikario P. Narbaitzen etxean zen bazkaltzen, Terrier orduko Baionako apezpiku, Jean Saint-Pierre Cartagoko apezpiku ohi, Manu Sota, Eskualdun Gazteriako omonier Idieder, Filipe Oihanburu Oldarra dantza-taldeko zuzendari eta beste handiki batekin batera.

Otordu garaian, zerbitzari batek jakinarazi zien Nafarroa Garaiko dantzariak piknika egiten ari zirela, eta ogirik gabe zeudela. Orduan, Telesforo Monzon Manu Sotarekin atera zen arrapaladan ogi bila, eta lorturik, ogi preziatuarekin nafar dantzari eta baleztenatarrengana joan ziren ogi eskaintza egitera. Ignazio Baleztenak eskerrak eman omen zizkion Telesforori, eta ordainetan ardo zahatoa eskaini bide zion, eta bai edan ere Telesforok.

Oraindik orain kontatu du gertakari hura Filipe Oihanburuk, iruzkin hau erantsirik: «...etsai politiko handiak izan ondotik! Izigarriak! Baina biak katolikoak ziren, eta hori gertatu zen Monzonek zuen antzezle alde horrengatik. Hark bazuen antzezle hori, eta ni parekoa naiz. Inportantea da bizitzan antzeztea, noiztenka» (Alegria, Oskar: Filipe Oihanbururi elkarrizketa, Jakin 218, 2017 urtarrila-otsaila).

Telesforok berak Alderdin plazaratutako artikuluan, eguberrietako ipuin moduan kontatu zuen. Terrier apezpikuak Aita gurea laudatu omen zuen, hura otoitzik ederrentzat jorik, eta aipatu omen zuen haurrak zenbait euskal herritan biltzen zirela iluntzean, eta aita gurea erraten zutela. Barka iezazkiguzu gure zorrak erratera iritsitakoan gelditu, eta norbait norbaitekin haserretua egonez gero, harengana joan eta barkamena galdegiten ziotela. Eta haiek ere, Monzonek eta Sotak gauza bertsua egin zutela, alegia.

Itxura batera gertakari komikoa da, baina azala bakarrik du komikoa. Hamahiru urte lehenago Mola eta Francoren matxinadari laguntza erabakigarria emandako buruzagi karlista-tradizionalista-frankista bati eman zion ogia Telesforok, eskaini zion barkamena, baina berak kristau ekintza gorena egin nahi zuen, batetik, horretan sinesten zuelako. Beraz, barkamenaren ekintza kristaua. Zein urrun dagoen egungo jarrera mendekatietatik! Soil-soilik ekintza erlijiosoa?

Ez, soil-soilik ez. 1936ko gerra hasi berritan, Nafarroatik Oiartzunera sartu ziren erreketeak, eta, jakina, bidean harrapatzen zituzten gudariak eta milizianoak hiltzen saiatu ziren. Halako batean, Trintxerpe inguruko miliziano batzuek Baztan aldeko errekete euskaldun batzuk preso hartu omen zituzten eta Donostiara eraman, Aldundira. Han omen zeuden Defentsa Batzordeko kide ziren Manuel Irujo eta Telesforo Monzon. Eta Telesforok errekete baztandar euskaldun haiek euskaraz mintzatzen entzunda, gutxi gorabehera esan omen zion gaztelaniaz Manuel Irujori: ni hauen etsai ezin naiz izan, hauek nire anaiak dira, eta ez ezkertiar erdaldun horiek. Eta Irujok esan omen zion: bai, baina honako bidean, nafar euskaldun horiek eusko gudariak hil omen dituzte!

Telesforo Monzonentzat euskaldunok nafarrekin adiskidetu behar genuen, haiei barkatu behar genien 1512an mendebaldeko nafarrek ez al genion Gaztelari lagundu Nafarroa konkistatzen? Ordain moduan edo, ez eskuin espainolari, eta, horretarako horrelako keinuak behar ziren, esaterako, erreketeen buruzagi izana buru zuten nafar dantzariei ogia ematea. Ekintza erlijiosoa hein handi batean, baina ez osoki. Telesforok bizia zazpi euskal lurraldez osaturiko estatu euskaldunaren alde eman zuen.

Egungo koiunturan, aldiz, egungo adiskidetu behar eta aitortza kontuotan, nagusi dabilena alde handiz alde politikoa da, Monzonen kasuan ez bezala, nahiz harenean ere alde politikoa ere bazegoen.]]>
<![CDATA['Independentzia helburu': independentistei egurra emanez!]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/017/001/2016-01-02/independentzia_helburu_independentistei_egurra_emanez.htm Sat, 02 Jan 2016 00:00:00 +0100 Pako Sudupe https://www.berria.eus/paperekoa/1832/017/001/2016-01-02/independentzia_helburu_independentistei_egurra_emanez.htm
Katalunian, demagun, autonomi estatutuari emandako egurra, erabakitze eskubidearen ukazioa izan direla gertakaria, independentistak ugaritzeko humusa. Oraindik oraingo inkesta baten arabera, %15 dira katalan sentitzen direlako independentista, eta unionisten artean, %46 espainol sentitzen direlako. Arazoa %15 katalanista horiek dira —ANC eta Omnium Culturalekoak—, bi milioiko langa gainditzeko?

Gurean ere, demagun, %15 garela independentziaren alde euskal sentimenduagatik gaudenok. Gutako nork esango lioke ezetz independentziari, euskaltasuna estrategikotzat jo gabe etor bide daitekeelako?

Mendean gauzkaten bi estatuak gero eta identitarioago bihurtzen ari dira. Espainiar nazionalitatea lortzeko espainieraren azterketak jartzen hasi dira, gehi konstituzioaren ezagutza, gehi...; Frantzian ere bai. Guk ez, guk beste honekin lortuko dugu unibertsaltasuna: prest zaude giza eskubideak, justizia soziala, demokrazia sostengatzeko? Bada, euskal estatu independentearen herritar izango zaitugu, zeinahi identitate kultural eta linguistiko duzula ere!

Gemma Zabaleta politikari sozialista ohiarentzat euskara aurkikuntza ikaragarria izan da, eta erdal kulturaren pisua hain handia da, ezen zapaldu egiten baitu euskal kultura. Euskara Euskal Herrian unibertsal eta ezinbesteko bihurtzeko borroka akordio politikoetatik bazter uztea; euskal irakaskuntzaren, administrazioaren, euskal hedabideen aldeko inbertsioak estrategiko jotzeari uztea, urte luze eta gogorretako borrokari bizkar ematea da eta independentzia nahiaren suspergarri diren emozio ugari gutxiestea. Ane Larrinagak gogora ekarri digu berriki (BERRIA, 2015-12-20) emozioek politikan zer-nolako garrantzia duten.

Politika ikuskizun gisa bizi dugu gaur egun, hedabideetan-eta espainiar kultura da jaun eta jabe, eta gazte euskaldun asko aberriaren aldeko sakrifizioak hotz uzteak independentziarako bidea oztopatzen digu, baina irtenbidea ez da euskalduntasuna baztertzea hainbat arrazoirengatik desiratzen dugun independentziarako.]]>
<![CDATA[Katalanen plebiszitua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/017/003/2015-09-15/katalanen_plebiszitua.htm Tue, 15 Sep 2015 00:00:00 +0200 Pako Sudupe https://www.berria.eus/paperekoa/1832/017/003/2015-09-15/katalanen_plebiszitua.htm
M. Aranburu politologoak kontatu digu berriki alderdikeriek zer eragin izan duten han, eta Catalunya Sí es Pot-en garaipenak Bartzelonan zer lurrikara eragin zuen, eta bi hitzetan esanda erraza ez dagoela baiezkoak irabaztea; hala eta guztiz ere, Euskal Herritik ikusita, ez al dute ondo bideratu prozesua Junts Pel Si-koek: herri erakundeak -ANC eta Omnium- eta ezker eta eskuin subiranista bat eginda, hedabideetan eta kalean, eta independentista ezkertiarragoei CUPen aukera utzita, horiek ere baiezkoaren alde? Diadako manifestazio erraldoiak ere halaxe erakutsi digu, apustu egokia izan dela eta ilusioa berpiztu duela.

Baina oraindik orain zabaldu den datu bat geratu zait gogoan iltzatua: katalan independentziazaleetatik %5ek ematen omen du botoa identitate katalanaren aldeko jarrera arrazoi nagusi duela; gainerakoek independentziarekin herrialde hobea eraikiko dutelakoan ematen bide dute; aldiz, espainol unionistetatik %45ek espainol identitate sentimenduagatik.

Inkestak inkesta dira, eta fidagarritasuna hala moduzkoa izan ohi dute sarri-askotan, baina zer esan nahi du horrek? Axola gutxi zaiela katalan izan edo espainol izan; garrantzizkoena hilean mila euro irabazi ordez, mila eta berrehun irabaztea dela? Ez dut gutxietsi nahi ongizatearen garrantzia, baina identitatearena ongizatearekin lotua ikusten dut. Badirudi aurrerakoi direlako askok hori lorpentzat jotzen dutela, niretzat ahultasuna da, eta beste ezer baino gehiago estaturen indarra adierazten du bere lurraldean estatuaren identitatea txertatzeko nazionalguztiei.

Zer ezagutzen da hobeto Katalunian: katalan historia ala Espainiaren historia; katalan kulturaren agerpenak: hizkuntza, musika, literatura, artea, antzerkia, zinema... ala espainiar kulturarena? Gurerako berdin-berdin balio dute galderok. Estatuak identitate arazoak hutsaldu eta lausotzea lortzen du, estalkipean eta bestela bezala berea inposatuz nazionalguztiei.

Plebiszituaren emaitzak nola eragingo dio katalan hizkuntza eta kulturari? Gurean 1982ko Euskararen Legea hor dago bazter utzia, aldatu beharrik ez balu bezala; bien bitartean Katalunian, 1983ko legea 1997an aldatu zuten, katalanaren eta katalanen mesedetan aldatu ere; eta, orain, estatu berria aldarrikatu eta konstituzio berria ezartzen bada, honela dio jada prestatua duten konstituzio berriaren IV. artikuluak:

«1. La llengua oficial i pròpia de Catalunya és el català, i per tant, serà emprada de forma preferent per totes les Administracions publiques.

2. El castellà gaudeix de l'estatut de llengua cooficial, i podrà ser emprat oralment i per escrit per tots aquells ciutadans que així ho desitgin.

L'aranès és la llengua oficial i pròpia de la Vall d'Aran, en règim de cooficialitat plena amb el català».

Inperialismo linguistikorik ez, Pirinioetako aranerari aitortzen diotenez Aranen Katalunian katalanari aitortzen dioten estatus juridiko berbera.

Katalanaren erabilerak izan dezakeen erabileraz mintzo, honela jasotzen ditu J.M. Odriozolak Estatu etnozidaren kontraderitzan liburuan, Salvador Cardus i Ros katalan soziologoaren hitzak:

«Kataluniako egoera zertan den ikusita, katalanaren erabilerak eduki dezakeen aurrerabidea batez ere burujabetasun politikoaren esku dago. Erabileraren auzia hizkuntzarekiko atxikimendua sorraraz dezaketen baldintza politikoen kontua da».

Eta horri eransten dio ezen Katalunian oinarri etnolinguistiko eta kulturalaren humus-a bizirik dagoenez, burujabetza politikoa lortzeak ikaragarri hobetu dezakeela nazio-hizkuntzaren estatusa, eta hortaz, eransten diot nik, hartan oinarritu edo haren bitartez lantzen eta garatzen den kultura, eta beste hainbat elementurekin batean, katalan identitatea sendotzeko prozesua.

Artikulu honen sarreran adierazi dut hedabide espainiarren itzala luzea dela Katalunian ere. Igandeko alean adierazi digu egunkari honetan bertan Cardus i Ros soziologoak katalanez argitaratzen diren bi egunkari nagusiak, alde handiarekin, unionistak direla modu irekian. Eta TV3, hots, katalan telebista ozta-ozta heltzen dela %15era, eta subiranista katalan bat topatzea ia ezinezkoa den Espainiako telebista-kateetan daudela harrapaturik ikus-entzuleen %85. Horra hein adierazgarri batean inkestek adierazten dutena esplikatua. Eta artikulu berean dioenez, Oxfordeko unibertsitateak argitaratu duen txosten baten arabera, Espainiako hedabideak dira sinesgarritasun gutxiena dutenak Europan, eta sinesgarritasun txikiena dutenetatik bigarrenak munduan.

Konstituzio espainola den nazio menderatuen kaiolatik hanka egitea opa diegu katalanei eta euren nazio-hizkuntza eta kultura, presarik gabe baina etenik gabe nagusiaraztea, hots, hegemoniko bihurtzea beren lurraldean, hartara denok aberastuko baikara, katalanak, euskaldunak, eta munduko herri guztietako herritarrak hizkuntza eta identitate aniztasunaren mesedetan.

Nire adinekook, beharbada, edo segur aski, ez dugu ezagutuko, baina pare bat belaunalditan, berrogei bat urtean, Bartzelonan bertan ere, Katalunia guztian bezala, katalana egun Madrilen eta Espainian espainiera dena bilaka liteke, hortxe nonbait.

Bide zaila izango dute, baina ondo abiatuak iduri dute. Ikasbide ederra eman diezagukete estatu bera zapaltzaile dugunoi!]]>
<![CDATA[Txillardegi: ezkerreko abertzalea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/014/003/2015-01-20/txillardegi_ezkerreko_abertzalea.htm Tue, 20 Jan 2015 00:00:00 +0100 Pako Sudupe https://www.berria.eus/paperekoa/1832/014/003/2015-01-20/txillardegi_ezkerreko_abertzalea.htm
Sei hamarkadatan barrena (1950-2010), bere ikuspegi estrategikoa oso garbi adierazi du, unean-unean politikari abertzaleen artean eta hurbileko munduan boladan zer zegoen errespetaturik, baina desados egoteko askatasuna baliatuz, eta hortik, itxura batera, politikan zabuka ibili den irudipena.

50eko hamarkadan garbi ikusi zuen errepublikano espainiarrekiko leial eta Franco hil zain geldi egonik, gure herriak jai zuela, hiltzen ari zela, eta neokarlismoak bazter utzirik, geure indar soiletan fidaturik hasi behar genuela estrategia eta praktika burutzen. Horregatik, EAJrekiko loturak haustea, eta Ekin-etik ETAra igarotzea.

60ko hamarkada erbestean hasi zuen. 1961ean, Parisen, erbesteko Jaurlaritzaren egoitzan, Euzko Gaztedik eta ETAk osatu behar zuten fronte abertzaleari buruz mintzatu zen. Hamarkada hartan finkatu zituen irmo bere ideologiaren oinarriak. V. Biltzarra baino lehen, 1965-1966etan, asko idatzi zuen politikaz, barne korronteez, eta fronte abertzaleaz. Delako fronte horrek programa politiko gutxieneko bat izan behar zuen: autonomia zabala Hegoko lau lurraldeentzat eta beste horrenbeste Iparraldeko hirurentzat, eta orduko lehentasuna ez zen fronte gerrillero utopiko bat eratzea. 1966ko uztailean erakundeko zuzendaritzako hiru kiderekin elkarturik, V. Biltzarrerako bi korronteko erakundea eratzea proposatu zien: bata marxista-leninista, eta bestea sozialista autogestionarioa. Biltzarrean ez zen onartu proposamena, eta Benito del Valle, Manu Agirre eta Xabier Imazekin batera atera egin zen erakundetik.

70eko hamarkadaren hasieran, T. Monzonekin batean saiatu zen fronte abertzalea gauzatzen. Fronte horretan eskuinak egon behar zuen —EAJ—, eta ezkerrak ere bai: sozialista-komunista-anarkista abertzaleek, baina PSOE eta PCE eta gainerako espainolistek ez; axolazkoena, lehenbizi, aberria askatzea zelako; aberria askatu ondotik, orduan sozialismoa.

Franco hiltzean, erbestetik itzuli, klandestinitatetik atera eta politika posibilista, autonomista —Nafarroa bizkarrezur zela, Nafarroa da Euskadi!— egin behar zela iritzirik, ESBren sorreran esku hartu zuen. 1978ko ekainaren 17an, ESBko batzorde nazionalak, hiru sortzaile egotzi zituen: Mikel Garmendia, Sabin Irizar eta Txillardegi. Egotziek Enbata aldizkarian agertu zituzten zuzendaritzarekin liskartzera eraman zituzten lau arrazoiak: 1. Fronte nazionala baztertu izana; 2. Euskararen alderako eskakizunak alderdi barruan bazter utzi izana; 3. Eusko gudarien aurka aritu izana; eta alderdi barruko autogestioa urratu izana. Herri Batasunera igaro zen, independente gisa.

80ko hamarkadaren hasieratik behin baino gehiagotan salatu zuen saminki eta suminki EAJren saldukeria. Saldukeria klase-interesei egozten zien. 1983an zioen Euskal Herriak Espainia eta Frantziarekin duen gatazkaren aterabidea autodeterminazioaren eskubidea erabiltzea zela. Eta Kautsky sozialistaren hitzak bere eginez: «Ez dago burujabetzarik nazio-hizkuntzarik gabe. Euskadi ez da Askatua inoiz izango, Euskalduna ez bada».

SESBen desegitea gertatu zelarik, 1992an, berriro Enbatatik zioen unea autodeterminazio eta independentziarena zela: «Le programme doit être Euskadi askatua, sans plus. Il faut rejeter tout préalable et tout addenda». Hori bai, autodeterminazioa eta independentzia emantzipazio gisa ulertua. Programa berriak jende berria galdegiten zuen: «Ceci veut dire d´une façon plus précise que les personnes qui se sont mouillées au long des dernières années sur des lignes d´action aujourd´hui dépassees doivent quitter le devant de la scène politique. C´est una condition de crédibilité politique». Bestela, euskal politika jasaten ari zen impasse egoera ezin gainditua zela.

Bizia Euskal Herriaren alde emateko prest ziren gudariak beti miretsi eta goretsi zituen, baina haien hainbat ekintza ez zituen ulertzen. Blanco hil zutenean: Qui prodest? galdetzen zuen: «Azkeneko asteotan ezagutu dugun goranzko eupada miresgarriak, zokoraturik zeuzkan, beldurturik, ezindurik, zer egin ez zekitela, errejionalista kolaboratzaileak eta españolistak oro. Hots, mementu horretantxe hain zuzen, [...] goranzko abiadura sendoa brauki moztu da, erabat eten; errejionalistak eta españolistak berriro harrotu. [...] Nork irabazi du? Berek ala guk? [...] Etsaiak ez du ELA-LAB elkarketak inolaz ere irautea nahi. [...] Nor dago pozik gaur? Gu abertzaleak, ala berak? Irakurleak erantzun beza».

2002an, «Meniatik Auto-Determinaziora» zioen. Hemen Madrilek agintzen zuen, eta Lakuak eta «Pamplonak» obeditzen: «Honetarako balio izan du joan den maiatzeko garaipen elektoralak? Horretarako behar genuen Jaurlaritza abertzalea, PNV eta EA alderdi abertzaleek gidatua? Gehiengoa omen dugularik hori baldin bada dena, 163 urte galdu ditugu. Eta 'Viva Espartero' oihukatzea aski genuen! [...] Nork sabotatu zuen Lizarra-Garazi abiapuntua? Abertzaleok ala Aznarrek? Noren mesedetan gertatu da etendura hura? Otoi, aberkideok. Irek begiak! [...] Zernahiren gainetik, abertzaleon arteko batasuna behar dugu. Gaur, meniatik Auto-Determinaziora».

Gerokoa ezaguna da irakurlearentzat. Aralarren, 2007ra arte. 2008an, EAE-ANVren zerrendetan. 60 urte abertzale borrokan. Euskalgintza-aberrigintzara guztiz emaniko urteak. Utzi digun altxorra jakingo ahal dugu poxiño bat baliatzen, beraren abertzale eredutik legoatara geldituagatik. Goian bego, baina bere lana gure begien aurrean, eta balia dezagula!]]>
<![CDATA[Beltzak gu bezalakoak?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/023/003/2014-11-28/beltzak_gu_bezalakoak.htm Fri, 28 Nov 2014 00:00:00 +0100 Pako Sudupe https://www.berria.eus/paperekoa/1832/023/003/2014-11-28/beltzak_gu_bezalakoak.htm
Telebistan Fergusoneko beltz bat ikusi dut haserre hitz hauek esaten: txakur bat bezala hil zuten. Michael Brown gu bezalakoa ote zen? Gu bezalako Darren Wilson poliziaren jokabidea ulertzen al dugu?, onartzen al dugu?, berdin jokatuko al zuen zuri batekin?, nahitaez tiro egin beharra al zuen atxilotzeko?, AEBak eta armak; zuriak eta beltzak...

Albiste hori, halabeharrez, Joxe Azurmendik berriki aurkeztu duen Historia, Arraza, Nazioa liburuaren irakurketarekin bateratu zait. Liburuak protagonista nagusi bat du: Renan; baina, jakina, Renan bere ingurunean, bere erreferentzia munduan, eta hura arrazista izan bazen —ez al genuen, bada, Renan, nazionalismo zibiko, demokrata, progresistaren aita-ponteko miresgarria?— historialari gisa, orientalista gisa, filosofo moduan, haren erreferentzia izan zirenak ere, hura kokatzen den tradizioko maisuak ere beste horrenbeste ote ziren?

Voltaire pentsalari ilustratuen aita-ponteko handiarentzat, esaterako, beltzek tximinoen antz askoz gehiago zuten gu zuriona baino: «un animal noir qui a de la laine sur la tête, marchant sur des pattes, presque aussi adroit qu'un singe, moins fort que les autres animaux de sa taille, ayant un peu plus d'idées qu'eux, et plus de facilité pour les exprimer; sujet d'ailleurs à toutes les mêmes nécessités; naissant, vivant, et mourant tout comme eux» (Traité de Métaphysique) (179 or.).

Beltzak Zuriak baino beheragokoak ziren, tximinoak beltzak baino beheragokoak ziren hein berean, eta ostrak tximinoak baino beheragokoak diren bezalatsu: «Les Blancs sont supérieurs à ces Nègres, comme les Nègres le sont aux singes, et comme les singes le sont aux huîtres»(T de M). Beltzak erosten zituen Voltairek etxeko esklabo izateko; hori bai bakarrik beltzen artean hautatzen zituen esklaboak, eta hori aurpegiratzen ziotenei ziotsen esklabo-eroslea baino askoz okerragoa zela bere haurrak salerosten zituen herria, hots, beltzek eurek zutela erru gehiena edo osoa.

Kant pentsalari handiarentzat ere beltzak ezgauza ziren pentsatzeko eta sentitzeko, alferrak ziren, eta kiratsa zerien; haren arabera ere, zurien eta beltzen artean fisikoki ez ezik, batez ere espiritualki, «diferentzia esentziala» dago (Ikus Werke). Kantek judu eta emakumeei buruz ere iritzi lotsagarriak zituen.

Humerentzat, orobat, beltzak ez ziren gizaki razionalak izatera heltzen; kulturarik ez, zientziarik ez, adimena daukaten inolako zantzurik ez; gisa zen europarren esklaboak izatea.

Halere, erdaretan ez ezik euskaraz ere irakurriak gaude, sari-irabazle oparoak direnen lumatik, Voltaire, Kant, Hume, Ilustrazioaren ordezkaririk onenetariko guztiak, arraza eta mugarik ezagutzen ez duen gizarte eta gizaki kontzepzioaren aldekoak zirela esplizituki, Ilustrazioaren ideala, idealik izatekotan, nazioa ez baizik gizateria zela, eta nazionalismoa ez baizik kosmopolitismoa, esentzia historikoen bilaketa ez baizik eta progresoa.

Azurmendik, Voltaire guztiz ilustratuari buruz aipu ugarirekin frogatzen duenez, hark gizatasun unibertsalaren sentimendurik eta kontzepziorik ere ez zeukan, europarraren gizatasun «unibertsalarena» soilik edo, hobeto, frantsesarena, edota, kasik, zehatzago, paristarrarena: «Voltaireren gizadia, hurbildik begiratuta, txoko txikitxo bat da. Harentzat beltzak, hotentoteak, etab., edo txinatarrak, etab., kuantitatiboki giza-jendearen gehien-gehiengoa, arras bestelako abere jendeak dira» (179 or.).

Nork du arrazoia: gurean azken urteotan Ilustrazioaren mitoa harrotzera eta hauspotzera dedikatu diren intelektual progre ustekoek ala Azurmendik, Ilustrazioa ez baizik Ilustrazioak egon direla, eta handik ideia askatzaileak bezala ideia zanpatzaileak etorri direnez, tentu handiz ibili beharra dagoela harekin aldezten duenak?:

«Historia espainolak iraganean erreferentzia demokratiko askorik ez du eta, erreferentzia bezala Alfonso Guerrak Ilustrazioaren kontsigna bota zuen. Orain denak ziren demokratak; politiko-jende berriaren harmonia eta kohesioa lantzeko, denentzat balioko zuten erreferentziak bilatu behar ziren historian. H.d., betiko demokrata guztientzako tradizio komun bat, Espainiaren historia berri bat eraiki behar zen. PSOEko sozialistek, arestian marxismoari uko eginak baitziren, Errepublikari eta memoria errepublikarrari ere aise uko eginez, ez zizuten hautatu Pi i Margall-edo esate baterako, ezpada, Juan Carlos erregearen eta haren herrikoitasunaren aldera deboziorik handienaz, demokrata berri guztientzat baliozko erreferentzia bezala Karlos III.a Bourbondar monarka —despota— ilustratua proklamatzen hasi ziren, 1988tik aurrera batez ere. (1989an Universidad Carlos III de Madrid sortu zuten). Alderdiak esan eta, Euskal Herrian ere, zenbait neo-'euskaldun fededun', atzo arte marxista eta iraultzailea, Transizioaren ideologo organikoa orain, bat-batean Ilustrazioa deskubritzen eta haren apologia egiten jarri da zintzo-zintzo lanean, esplikatu beharra baitago euskaldunoi, irrazionaloi batik bat, demokratikoa eta razionala eta Ilustrazioaren jarraitzailea dela dekretatu den ordena berria zein tradizio bikainetan dagoen Ilustrazioaren tradizioan egonda (eta Ilustrazioaren tradizioan Konstituzioa, eta nazioaren kontzeptua, etab.). (176 or.).

Pena da euskaldunak alferrak izatea saioak irakurtzeko, batez ere euskaraz, baina ziur nago astia horretara bideratzen duenari ez zaiola damutuko, eta erantzun ahalko diola galdera horri.

Eta beltzak, gu bezalakoak ote dira? Ematen du lanak hartu beharrean direla hala direla frogatzeko, protesta gogorrak eginez, bestela ezinean, Ilustrazio eta sasi-ilustraziondo guztiak gorabehera.]]>
<![CDATA['Lasa eta Zabala' filmaren irakurketa bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/020/003/2014-10-31/lasa_eta_zabala_filmaren_irakurketa_bat.htm Fri, 31 Oct 2014 00:00:00 +0100 Pako Sudupe https://www.berria.eus/paperekoa/1832/020/003/2014-10-31/lasa_eta_zabala_filmaren_irakurketa_bat.htm
Zergatik sartu ziren Lasa eta Zabala ETAn?, Iparraldera igaro aurretik zer ekintza egin zituzten? Ekintza ezagun bakarretarikoa, nik dakidala, aurrezki kutxa batean gaizki ateratako lapurreta ahalegin bat. Bestaldean nola bizi ziren poliziek bahitu baino lehen? Galdera horiek ikustera doanak eraman litzake gogoan, baina ez dira film zuzendari eta gidoilariari interesatu izan zaizkien galderak. Poliziek kolpea jotzea zergatik erabakitzen duten, argiago gelditzen da: untxiak bezala akabatzen zituzten guardia zibilak eta poliziak urte haietan, eta mendeku hartu nahi zuten, zituzten baliabide guztiak baliatuta, eta ez ziren gutxi, estatua eta estatuko funtzionarioak lagun zituztela.

Torturatzaile eta hiltzaileen ekintzak, hitzak, jokabideak, eta haiek epaiketan eserarazteko Iñigo Iruinena egiten duen Unax Ugalde aktoreak eta laguntzaileek, Iñigo Gastesik bereziki, egin zituztenak filmera ekartzea dute xede nagusi zuzendari-gidoilariek.

Blogetan eta aipatu da hitanoa —forma alokutiboak— ez dituztela behar bezala erabiltzen. Ziur txukunago egon zitekeela euskara aldetik, baina, oro har, nik uste, gaizki ez dagoela bi hizkuntzen tratamenduaren aldetik, eta, oro har, sinesgarri gertatzen dela.

Bestera etorriz, Tolosako hilerrian ertzainek izan zuten jardun tamalgarria bere gordintasunean islatua dago? Esango nuke eztitua dagoela, baina, ageri da, eta garbi gelditzen da estatuaren errepresioan kidego horrek eta EAJ buru zuen Jaurlaritzak izandako kolaborazioa.

Gorago esan bezala, filmean leku handia dute errealitatean Iñigo Iruin abokatuak bere laguntzaileekin egindako ahaleginek epaiketa, lehenbizi, egin zedin, eta bigarrenik, epaia egitateen araberakoa izan zedin, justu samarra alegia. Bada, Lasa eta Zabalaren atxilotze, torturatze eta erailtze katean protagonista nagusiak inplikarazteko abiatutako deklarazio bilaketan, Holms-Watson eskema begitantzen zaiguna erreproduzitzen da: Iruinena egiten duena Holms, eta haren laguntzailea, Watson; bataren azkartasuna nabarmentzeko, bestearen moteltasuna areagoturik.

Bada, haatik, alde nabarmen bat Holms-Watsonen harremanetik urruntzen gaituena: une batean, izugarrikeriaren protagonistek ehuntzen duten babes-amaraunean harrapaturik eta ezinak jota delarik, Unax Ugalde aktoreak proposatzen dio Galindok-Elgorriagak-Verak afaldu zuten jatetxe-jabeari gezurrezko lekukotasun bat emango al duen abertzalea denez gero; tentatzen du, eta orduan beraren laguntzaileak errieta egiten dio, abokatuaren lerratze moralgabea leporatuz, denak ez duela balio aurpegiratzen diola.

Alta, epaiketan, Unax Ugaldek atzera egiten du, eta ez du lekuko abertzale delako hori deitzen. Tentazioan jausi bai, baina moralgabekeria burutu ez!

Argumentu-lerro hori, jakina, fikzioa da —Iñigo Iruin berari entzun ahal izan diogun bezala egin dizkioten elkarrizketetan—, eta polizia thriller kutsua ematen dio filmari, eta atseden pixka bat ikusleari, emozio-zurrunbilotik landa.

Guardia zibil protagonistena, eta halaber haien buru Galindorena egiten dutenak modu sinesgarrian daude irudikatuak, haien sadismoa torturaketan ongi ispilatua, eta epaiketan agertzen dituzten ahultasun une apurrak ere; kritika batean irakurri dudanez, zenbait kritikari espainiarri karikaturak iruditu arren, filmean bete behar duten eginkizunen amoretan karikaturizatuak alegia. Alde horretatik, torturaren errealitate latza bere gordintasunean agertzen duen dokumentu bikaina da film hau, estatu-torturaren erakusgarri ezin ukatuzkoa.

Galindorena egiten duen aktoreak epaiketaren une batean dio berak ez duela inor torturatu, eta bere gizonek ere ez, eta gisa hartako gizonekin, bikainenak bere ustean, ez zela ezinezko izanen Hego Amerika berriz konkistatzea, bere eldarnio inperialistak bikain islaturik filmak.

Iñigo Iruin eta laguntzaileen —epaiketan bertan bihotzekoak emanda hil zen komisarioa agertzen da estatu funtzionarioen artean figura nobleen eta justiziaren aldekoen— neke eta ahalegin laudagarriei esker lortu zen epaiketa burutzea, eta kondena urte luzez zigortzea epaileak; baina filmaren amaieran gogorarazten zaigunez, beren bizi guztia kartzelan eman barik, sei urte egin zituzten Dorado eta Bayo torturatzaile-hiltzaileek, lau haien buru Galindo jeneralak, eta bat baino ez Elgorriaga gobernadore zibilak.

Hortxe dago film honen baliorik handiena nire iritzian: argi eta garbi erakusten du etakideen borroka armatuak estatu-funtzionario armatuak, buruak bereziki, eta haien mendeko hainbat gizapiztia bilakatu zituela, eta estaltzaile sare luze bat ehundu zela, estatuaren erakunde guztietara hedaturik; azkenean, indultua emateraino izugarrikeria haien egileei. Estatuak ez du barkamenik eskatzen; indultuak eta dominak eman bai funtzionario leial-ausartei! Eta horri lotu-lotua torturaren errealitatea aitortu beharra Estatuak, eta herritarrok hori ez ahaztea.

Gogorra da ikusteko, marka uzten du, emozio desatseginak sortzen ditu, baina txaloak merezi ditu, ez ahazten laguntzen digunez gero.]]>
<![CDATA['Charles Taylor eta Quebec' artikulua dela eta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2035/018/004/2014-10-14/charles_taylor_eta_quebec_artikulua_dela_eta.htm Tue, 14 Oct 2014 00:00:00 +0200 Pako Sudupe https://www.berria.eus/paperekoa/2035/018/004/2014-10-14/charles_taylor_eta_quebec_artikulua_dela_eta.htm status quoa aldatzeko desira urdintzea. Seinalatutako filosofoa ona orduan, baina artikuluaren helburua unionisten aldekoa?

Charles Taylor, besteak beste, Sources of the self. The making of the modern identity liburu bikainaren egilea da, eta nire deiturakideak aipatzen duen Reconciling the solitudes: Essays on Canadian Federalism and Nationalism liburuarena, eta Kanadan bizi delako birritan izan du aukera Quebecen independentziari ezezkoa emateko.

Gurean, berriz, nahikoa dugu Katalunian zer gertatzen ari den ikustea eta han eta hemen ere zer esaten diren entzutea —azkenengo perla originala Idoia Mendiarena: erabakitzeko eskubidea ez datorrela demokraziarekin bat; espainiar demokraziarekin ez, euskal demokraziarekin bai!—, nik Jon Suduperi opa diodana gauzatzeko aukera: Katalunian egin nahi duten gisako galdeketa batean bi galderei ezezkoa emateko abagunea; ez du ematen puska batean izango dugunik, eta emana ez baizik gure borondate sendoz erauzia beharko du izan, Espainiako estatuak eta espainiar askok duten batasun sakratuaren sentimendu irrazional eta inpositiboaren erruz.

Autonomia, edo federalismoa edo independentzia hautatzeko aukera dugun egunean utziko diot gisa honetako artikuluak jorratzeari; ezen Rajoy, Mendia, eta gisakoekin lerrokatzen baitira azken buruan, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko eskubidearen ukatze bidean.]]>
<![CDATA[Argia ikastolaren irakaspenak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1513/004/001/2013-09-11/argia_ikastolaren_irakaspenak.htm Wed, 11 Sep 2013 00:00:00 +0200 Pako Sudupe https://www.berria.eus/paperekoa/1513/004/001/2013-09-11/argia_ikastolaren_irakaspenak.htm
Banekien dokumentala aurkeztu behar zutela, Badira bagara izenekoa, Mondragon Unibertsitateko ikasle zirela, Olatz Artolak, Itxaso Frauk eta Marta Prolek egina. Ez ninduen dezepzionatu. Gipuzkoan egin dutena, beste euskal lurraldeetan ere egingo dute, urrian, Nafarroa Oinez han izanen dela baliaturik.

Gisa denez —han ziren Gipuzkoako ahaldun nagusia, eta MUko errektorea, besteak beste—, Argia ikastolako lehendakariak bereziki premia ekonomikoak aipatu zituen. Erriberako hamalau herritako ikasle askotxok kilometro franko egin beharra dute ikastolaratzeko, eta diru-laguntzarik apenas, Euskararen Foru Legearen zonifikazioa tarteko. Guraso eta lagunek lan asko egin behar dute eraikina margotzen, egokitzen, altzariak eramaten. Euskaltzale bakoitzak euro bat bada ere emango bagenie, haientzat laguntza handia. Alde erreibindikatibo hori presente egon zen, noski, baina beste alderdi jakingarriago batzuk ere bai.

Dokumentala ikusita, euskararen transmisioaren garrantzia geratu zitzaidan gogoan iltzatua, eta hori sentimenduz egitearena. Egon dira zenbait euskaltzale hara bizitzera joandakoak —Karmen Albisu, esaterako— euskara transmititu egin nahi izan dutenak. Eta egon dira transmisio horren hartzaile izatea onartu dutenak: ahaide, lagun eta abar. Hortik sortu da Tafallatik behera, Ebro alderago, gure aberriaren gune estimagarri hori. Bardeetako basamortuaren ondoan oasia. Eta horrekin batera kontzientzia, euskaldun guztiok osatzen dugun nazio kulturalaren kontzientzia, eta ikastolatik kanpo ere, nahiz aukerak oso ere murritzak izan, euskara atxiki beharra, mantendu eta erabili beharra.

J.M. Jimenez Jurio zenak Nafarroako euskararen historiari eskainitako liburuan, zamorar albaitari baten kasua kontatzen du. XVI. mendearen erdialdean, tuterar emazte batekin esposatu zen, eta Tuteran bizitzen jarririk, Nafarroako erresumako «protoalbéitar» plaza lortu nahi izan zuen —erresumako albaitarien artean nagusia—. Iruñeko albaitariek zamorar albaitariaren asmoaren aurka egiteko auzitara jo zuten, eta argudio nagusi gisa erabili zuten zamorarrak euskararik ez zekiela. Jimeno Jurioren hitzak euskaraturik:

«Soilik hizkuntzari helduz, ondorioztatzen dugu XVI. mendearen erdialdera arrunta eta ohikoa izan behar zuela euskara entzutea Erriberan, erresumako zati handieneko hizkuntza, batez ere merkatari, mandazain eta euskaraz baino mintzo ez zirenengatik, eta euskal elebakar haiek ferratzaile, albaitari, mediku, zirujau, botikariak, eskribau eta beste ofizialeen beharrean ziren. Batzuetan, interpretearen premian gertatzen ziren, Zamorako albaitariarekin bezala. Inola ere ez da sumatzen mendialdeko nafarrak beren hizkuntza ezberdinagatik baztertzeko joerarik; aitzitik, ematen du damu zirela haiei zuzenean ulertzeko gauza ez izategatik, euskaraz jakiteko gogoarekin batean». (Navarra, historia del euskera, Txalaparta, Tafalla, 1997, 97).

XVI. mendetik hona gauzak asko aldatu dira hizkuntzaren aldetik; besteak beste, euskaldun elebakarrik ez da egun Erriberan, eta segur aski, euskarak orduan baino aurkari gehiago ditu nafar-espainol sentitzen direnen artean, euskararekin batean euskal abertzaletasuna zabalduko eta indartuko den beldur; baina, euskaraz ez jakitea damu dutenak badira, eta ikasi nahi dutenak ere bai, eta dokumentalak dioen bezala, izango bagara haiek izatea ere behar-beharrezkoa dugu.

Baina guztietan miragarriena, dokumentalean bi neskak aditzera eman zutena gertatu zitzaidan. Honelatsu adierazi zuten: ikastola askatasunaren espazioa da guretzat, kalean ez bezala —euskaraz ez dakiten lagunak ditugu— han euskaraz egin dezakegu. Irakasle eta ikasleen artean konplizitate berezia dago, eta adierazi zuten bezala ematen zuen askatasunaren kontu hori ikastolan bai, kalean gehienetan ezin murritzago horretatik harago zihoala, euskara eta askatasuna lotuak bezala ikusten zituztela.

Neska horiek adierazten duten gogo hori, euskararen ikuspegi hori, askatasunarekin lotze hori, zenbat botatzen den faltan sarri askotan, Euskal Herrian leku euskaldunagoetan bizi direnen artean. Euskaraz jakin, baina erabili nahi ez. Gaztelaniaz Hegoaldean, eta frantsesez Iparraldean, nahitaez jakin beharra dagoen honetan, eta ingelesa ere, maila batean ezinbesteko den honetan, zergatik euskara ikasi, eta zergatik euskaraz egin? Argia ikastolakoen erantzuna: sentimendua transmisioan, euskara eta askatasuna lotzearena...

Eusebio Osa ahaztuak, gutxi gorabehera Argia ikastola sortu zen garai inguruan, honela idazten zuen Egin-en, euskara euskal hiztunontzat zer denari buruz:

«Euskal hiztunontzat euskara —bakoitzarentzat bere hizkuntza-hizkera— askoz ere gehiago da. Lan eta komunikazio-tresna izateaz gain, giro bat eta egurats bat ere bada. Alfonso Sastre gureak sarri esan ohi du gaztelera dela bere aberria. Gehiegikeria? Bai hizkuntzarekiko harreman utilitarioak bizi dituenarentzat, bai hizkuntza asignaturazko gorabehera bihurtu zaionarentzat, bai ofiziozko linguista arima-galduarentzat. Ez poetarentzat, ez hizkeraz maiteminduarentzat eta hizkuntza-hizkera bere odol-haragietan barreiatu duenarentzat.(...) Euskara, beraz, gure aberria. Zerk batuko, zerk bategingo gaitu sakonago gauzak, pozak, nigarrak, jaiotzak eta heriotzak izendatzeko hizkera berdinak baino? Hau omen da kreazioaren funtsa, gauzei izena ezartzea. Hau dateke kulturaren gailurra. (Lotsa guztien gainetik, Egin, 1985-05-03).

Nafar kontzientzia duenak Erriberan, funtsean, bi aukera ditu: 1. Euskara mendiko nafarren ondarea dela pentsatu, berarekin zerikusirik ez duena, edo 2. Beretzat hartu. Hor ditugu Argia ikastolako zuzendari-irakasle-ikasleak, gurasoak, eta era askotako laguntzaileak, denak behar-beharrezkoak, bigarren aukerari indarra emateko. Euskararen ofizialtasuna ere bai, noski, Nafarroan eta Euskal Herri osoan. Nola ez diegu, bada, lagunduko!]]>