<![CDATA[Patxi Azparren | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Fri, 09 Dec 2022 02:40:27 +0100 hourly 1 <![CDATA[Patxi Azparren | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Burujabetza, berpublifikazioa eta kontsumoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/016/001/2022-09-03/burujabetza_berpublifikazioa_eta_kontsumoa.htm Sat, 03 Sep 2022 00:00:00 +0200 Patxi Azparren https://www.berria.eus/paperekoa/1876/016/001/2022-09-03/burujabetza_berpublifikazioa_eta_kontsumoa.htm
Hainbat hitzen artean zenbaitek interes gehiago sortzen didate, hala nola: elkar; nire burua, gogoa, bizipoza, nahia, elkartasuna... Gaurkoan beste bat azpimarratu nahi nuke: Burujabetza, txikitatik biziki atsegin izan dudana, indar handikoa. Burujabetza hitza bi eremutan erabiltzen da: norbanakoena eta taldeena. Nire ustez burujabetza kontzeptuak garrantzi handia du euskal pentsamoldean zein sistema juridikoan, jardun askoren eta gertaera historiko anitzen ardatza delakoan nago.

Burujabetza eta hiru funtsak (poltsak). Jendarte antolaketa tradizionaletan, (hau da, estatu, jauntxo, errege, eliza ala multinazional baten menpe egon aurretik) unitate bakoitzak, familia zabala kasu gehienetan, hiru funts bereizten zituen: egunerokotasunerakoa, ospakizunetarakoa eta larrialdietarakoa. Xedea, ahalik eta autonomoen izatea, eta hortaz, buruaren jabe izatea.

Eguneroko funtsean: elikagaiak, tresnak, ura, energia, jantziak kokatzen dira; ospakizunetarako funtsean: jaki, edari, jantzi bereziak, bitxiak, opariak... Soberan zegoena, egun jakin batzuetan xahutzeko, aliantzak sortzeko, gozatzeko, bizipoza elikatzeko; bukatzeko, larrialdietarako funtsean: gosete, lehorte, guda, uholde, izurriteen aurrean taldearen jabetzak galdu gabe egoera latzei aurre egiteko.

Jendarte-sistema batek larrialdiei aurre egiteko arautzen duen prozeduran antzematen da sistema horren muinetako bat, egituraketa juridiko gisa uler daitekeena. Geurean garrantzia itzela izan duen tresna: komunalak. Izan ere, larreak, basoak, errekak erabiltzeko baimena, bermea zen egunerokotasunerako eta larrialdietarako. Jabetza kolektiboa biziraupenerako bermea zen, alegia.

Jauntxo, errege, eliza eta enparauen helburu nagusiena larrialdietarako funtsaren kontrola zen. Eta bistan da, sarritan larrialdiak beraiek sortzen zituzten herritarren menpekotasuna lortze aldera. Egun ere, larrialdi franko boteretsuenek sortzen dituzte, eta badirudi larrialdi egoera betikotzea helburu dutela eragile askok.

Jendarte-sareak orain oso desberdinak dira, pribatizazio prozesuak azken muturreraino eraman baitituzte. Hiru funtsen kudeaketak herritarron eskuetatik at daude eta gure menpekotasuna handitu da hainbat arlotan, itxuraz juridikoki askeak izanagatik ere. Soldata txukuna eta finkoa dutenek aske direla pentsatu nahi dute, baina horien menpekotasuna ere erabatekoa da. Gehienok zenbat hilabete iraungo genituzke bat-batean soldatarik gabe geratuko bagina? Bi, hiru? Zein neurrikoa da gure elkartasun-sarea? Merkatuen gorabeherekiko zenbateko lotura dugu? Gure etxeetan nork kudeatzen ditu funts horiek orain?

Hausnarketa sakonagoa eskatzen du ospakizunetarako funtsak. Bi helburu zituen: batetik, familiak ala taldeak behar zuena baino gehiago ekoiztea. Hau da, larrialdietarako gorde beharrekoa baino gehiago lortzea, soberakinak eduki, beharrezkoa zena baino lan gehiago eginez; eta bestea familiaren ala taldearen egutegian zein data berezietan: jaiotzetan, ezkontzetan, hiletetan, auzolan deialdietan... bere ahaide eta lagunei opariak ematea euren elkartasun sarea zabaltzeko eta sendotzeko. Zenbat eta gaitasun gehiago eduki soberakinak oparitzeko, orduan eta sare zabalagoa.

Azken hamarkadetan, kontsumismoa nagusituta, ospakizun funts txiki bat izateko ahalmena izan dutenek aisialdian eta oporraldian erabili dute. Garaipen sozialaren ikur bihurtu dira, baina ikur hutsala, irudi bat, erakutsi nahi den argazki bat, egunerokoak sortzen dizkigun estualdi eta loturetatik egun batzuetarako aske sentiarazten gaituena.

Itzul gaitezen, berriz, larrialdietako funtsaren arlora. Estatuen agintaritzan bestelakoak egongo balira, herritarron bizkarra ondo babestuta dagoela pentsa genezake, teorian estatu demokratikoak larrialdietarako funtsaren arduradun nagusiak baitira. Aitzitik, norbait fio da multinazionalen esanetara lanean ari diren horietaz? Ekonomia eta baliabide naturalen kudeaketa demokratikoa lortu ezean, esklabotza eredu berritara eramango gaituzte. Urrats handiak egin dituzte azkenekoetan. Dagoeneko badakite egungo jendarteetan menpekotasun egoera zabaltzean herritarron gehiengoek ziurtasun faltsua eskaintzen duten gezurtiei bozkatzen dietela. Neurria ederki hartu digute.

Bizitza aurrera eramateko behar diren baliabideak gure eskuetatik kanpo baldin badaude, burujabetza galdu dugu. Herri baten biziraupenerako beharrezkoak diren tresnak eta baliabideak beste herri batek eskuratu baditu, herri hori ez da askea. Neoliberalismoaren mito nagusia den Hazkunde Iraunkorra indarrean egon den bitartean, kontsumismoak sortzen dituen beharren bidez ostu dute langileok sortutako aberastasuna. Mito hau eroritakoan, kontsumismoaren mugak agerian geratu diren hauetan, eguneroko beharren bitartez osatuko dituzte kate berriak, egunerokotasunerako behar ditugun gauzak garestituz.

Gure aurrekoek bazekiten komunalak zirela euren burujabetza bermatzeko gakoa. Gure buruaren jabe izan nahi badugu, energia, elikagaien, ingurune eta erabaki estrategiko guztien demokratizazioa behar da, berpublifikazio prozesu sakon eta erradikal baten beharra dugu. Kontsumo eredu jasangaitza ere errotik aldatu behar dugu. Egoera honetara eraman gaituzten iruzurtiengandik askatu behar dugu gure burua, gure buruaren jabe izan gaitezen.]]>
<![CDATA[Kalaxnikova eta desmilitarizazioa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2084/017/002/2022-03-11/kalaxnikova_eta_desmilitarizazioa.htm Fri, 11 Mar 2022 00:00:00 +0100 Patxi Azparren https://www.berria.eus/paperekoa/2084/017/002/2022-03-11/kalaxnikova_eta_desmilitarizazioa.htm
Zer da garrantzitsuago, zer eraginkorrena? Zer da zilegi? Nork du horrelako agindua emateko gaitasuna? Norena da erantzukizuna? Zer egingo genuke ukrainarrak bagina? Zer egingo genuke Euskal Errepublika baten lehendakariak horrelako zerbait eskatuko baligu? Zer egingo genukeen 1936an frankistek Irun konkistatu eta gero? Ihes egitea zilegi da, Gurutze Gorrian izena ematea zilegi da, haurrak babestea ezinbestekoa da, ihes egin ahal izateko denbora lortzea hil ala biziko kontua da.

1936an, askok alde egitea erabaki zuten; beste batzuk, berriz, ehizarako eskopeta edo aitzurra eskuan hartuta frankistei aurre egiten saiatu ziren iheslariak babesteko. Aste batzuk irabazi ahal izan ziren, Elgetan geldiarazi zituzten hiltzaileak beste aste batzuetarako. Horri esker, milaka pertsonaren bizitzak salbatu ziren. Jaurlaritzak armak eskatu zituen, gutxi iritsi ziren. Inork ez daki zer gertatuko zen hasierako aste erabakigarri horietan Ingalaterrak eta Frantziak Errepublikari lagundu izan baliote.

Orain ere, Ukrainan inork ezin du esan zein den erabakirik hoberena. Noraeza, etsipena, beldurra nagusitu dira berriro. Pandemia huskeria izan daiteke etorkizunak ekar lezakeenarekin alderatuta, ezin jakin garbi; ezin epaitu zorrotz.

Antimilitarismotik eta mugimendu bakezaletik aspalditik iragartzen ari ginena gertatu da: «Disuasio nuklearra Damoklesen ezpata da, guztion bizitza arriskuan jartzen duen joko hilkorra». AEBak izan ziren lehergailu nuklearra botatzen lehenak, baina jaurti zuten unean ez zegoen gaitasun apokaliptiko hori zuen areriorik. Bere etsai estrategikoak arma nuklearraz hornitu zirelarik, mundua Hirugarren Mundu Gerraren atarian egon zen Kubako eta Turkiako misilen aferagatik.

Kide gehiago elkartu dira klub nuklear beldurgarri horretara: India, Pakistan, Israel, Frantzia, Ipar Korea... Azkeneko urte hauetan guztietan, eta oreka hauskor horrek sortzen zuen egoera baliatuz, AEBek, NATOk eta bere aliatuek hainbat sarraski egin dute Libian, Panaman, Kosovon, Serbian, Yemenen... Zerrenda luzea da, luzeegia. Horrelakoen berri izan dugun guztietan Gerrarik Ez oihukatu dugu. Horrelako guztietan errefuxiatuak sortu dira, horrelako guztietan arma trafikanteak aberastu dira. Horrelako guztietan Gerraren jaunak nagusitu dira.

Oraingoan, Gerraren jaun handi bat sartu da joko makabro honetan: Putin. Ez da, ordea, jauntxo xume bat, potentzia nuklear baten buru despotikoa baizik. AEBek euren gerretan erabili dituzten argudio berberak erabili ditu, eta NATOk lagundu dio argudio horiek hornitzen.

NATOtik ikasi du Putinek, disuasio nuklearrak herri txikiak erasotzea ahalbidetzen dio potentzia nuklear bati, besteak ezin dio-eta erantzun, gerra erabatekoa ez badu nahi, bederen. Putinek bere karta erabili du Txinarekin eta AEBekin duen lehian hobeto kokatzeko. Megalomanoak horrelakoak dira, eta zoritxarrez megalomano andana dago Kremlinen, Pekinen eta Wall Streeten. Ordaina, kasu honetan, Europako, Ukrainako zein Errusiako zibilek pairatuko dute, Europa peoi bilakatu baita indar nuklearren xake-taulan.

Zer egin behar den baino, zer ez den egin behar zertxobait argiago dela ematen du. NATOk erasoak egin zituenean Gerrarik Ez leloak elkartu gintuen; errefuxiatuak ekartzeak elkartu gintuen. Ez genuen pentsatu armak hornitzeak zerbait konponduko zuenik. Gure bihotzak uzkurtu dituen gerra berri honetan, aldiz, bi keinu eredugarrik piztu dituzte argi izpi itxaropentsuak: Ukrainan, tankeen aurrean esku-hutsik jarri diren ukrainarrena; Errusian, Poliziaren aurrean manifestatzen ari diren errusiarrena. Biak ala biak ari dira une honetan egin daitekeen ekintzarik kementsuena egiten: Gerren jauntxo guztiei aurre egitea, herrien adiskidetasunaren alde zorrotz borrokatzea.

Putin XIX. mendeko pentsamendu inperialistak bultzaturik, XX. mendeko teknika militarrak erabiltzen ari da, gerra endemikoa sortzea helburu baitu, NATOren antzera, biek elkarren beharra dutelako. XXI. mendeko erantzunek desmilitarizazioa dute ibilbide, pertsonen eta herrien autodeterminazioa, lurraldetasuna ulertzeko modu berriak, naziotasuna kudeatzeko era malguak... Bide horri heldu ezean, gureak egin du.]]>
<![CDATA[Sistema-aditua eta distopiak (eta II)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2084/018/002/2022-02-02/sistema_aditua_eta_distopiak_eta_ii.htm Wed, 02 Feb 2022 00:00:00 +0100 Patxi Azparren https://www.berria.eus/paperekoa/2084/018/002/2022-02-02/sistema_aditua_eta_distopiak_eta_ii.htm Online erositako armairua osatzeko modurik ez dut; telefonoa ez didate hartzen; gasolina bota dut, txartela sartu, irentsi dit; ez dago inor leihatilaren beste aldean. Modema izorratu, eta nire errua dela dio telefonoaren hariaren beste aldean dagoen robot batek.

Sistema-aditua aspalditik ari da hedatzen gurea bezalako jendarteetan. Kapitalismo transnazionala oinarrizko behar guztien kudeaketa eskuratzen ai da, eta batik bat behar berriak sortu ditu, behin betiko, euren atzaparretan egon gaitezen. Ez dago ihesbiderik. Sistema-adituak ez du herritarrekin aritu nahi, bezeroekin mintzatzen da, kontsumitzaileekin solastatzen da.

Lan horretan ezinbestekoa izan da, ordea, zenbait politikariren laguntza, herritar izaera ukatu eta bezero gisa tratatzen baikaituzte: produktu faltsuak saltzen, emandako hitza jaten, manipulatutako estatistikekin itsutzen. Euren lanak saria izango du, Legebiltzarreko jesarlekua enpresa horietako larruzko besaulkiz ordezkatuko dutelako erretiroa hartu baino lehen.

Pandemiak areagotu du jarrera hau. Adituen hitzak sententzia bilakatuz, zalantza debekatuz, kritika madarikatuz. Aditu batzuen hitzak titular guztietan ageri dira, beste ahots batzuk, berriz, iraindu dituzte etiketa inozoak jarriz.

Pandemia kudeatzeko beste bide batzuk bazeuden, baina neoliberalismoak ez zeukan tresnarik. Zerbitzu publiko gehienak birrindu ostean, estatu neoliberalek ezin zioten aurre egin egoerari multinazionalen laguntzarik gabe, multinazional horiei negozio itzela eskaini gabe, alegia.

Kapitalismo transnazionalak indarrean jarri zuen bizimoduak gogaitzen gaituenez, aisialdia zen ihesbidea. Aldiz, sistemaren langileak trebeak direlarik, aisialdiaren kontrola ere bereganatu behar zuten. Aisialdiak kontsumo konpultsiborako unea izan behar zuen. Hori lortutakoan, bere nagusitasuna egonkortzeko beste pauso eman behar zuten: aisialdirako baimena eskuratzea. Pandemiaren kudeaketaren ardatzetako bat hori izan da.

Euskal Ezkerrak ere (ume)zurtz utzi gintuen. Sistema urrats erraldoi bezain arriskutsua emateko prestatzen ari zelarik, eskubide kolektiboak eta indibidualak uztartzeko gaitasunik ez zuen izan. Norabide estrategiko aldaketa batean ari zela, zorrotzetan zorrotzenekin bat egitea erabaki zuen, zaurgarriak ziren sektore askoren premia material eta psikosozialei erreparatu gabe.

Eszenatoki sozial berri hartan, hutsuneak sortu ziren, kaleak hustu ziren. Betetzen hasi zirenerako, munstro batzuk jaioak ziren; eskubide indibidualak kolektiboen gainetik ezarri nahi dituztenak eta sistema-adituaren alter ego osagarria: ukatzaileak. Bertsio ofizialak bere guru orojakitunak dituen moduan, ukatzaileek ere eurenak dituzte. Batzuk eta besteak datuen zaparradan ito ziren, ito gaituzte.

Orain kaos hutsa pairatzen dugu. Jendarte sareak birrinduta, mesfidantza, arrakala itzela ezkerreko kolektiboetan, lagun taldeak haserre... Kikilduta gaude, amorratuta, muturtuta, sistema-adituak lortu du. Ez dakigu norekin gauden haserre, ez dakigu zergatik galdu dugun bizipoza, itxaropena, kemena. Horretan datza sistemaren garaipena, hain zuzen ere.

Eskubide kolektiboak eta indibidualak batera, une orotan, babestu behar ditugula barneratu gabe, ez dago alternatibarik. Kontsumitzaile izateari uko eta herritar aktibo izateari heldu ezean, akabo, distopiaren atarian geundeke.]]>
<![CDATA[Sistema-aditua eta distopiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/019/001/2021-12-16/sistema_aditua_eta_distopiak.htm Thu, 16 Dec 2021 00:00:00 +0100 Patxi Azparren https://www.berria.eus/paperekoa/1879/019/001/2021-12-16/sistema_aditua_eta_distopiak.htm online ala kutxazain automatikotik egiteko proposatu digu, eta gure denboraren ordu erditxo bat galdutakoan, bost euroko komisioa ordaindu ondoren, ezinezkoa zen tramite hura egina izango dugu.

Iragarkietan poz-pozik azaltzen diren aktoreek denetik saldu nahi digute. Gure onerako diren hamaika aukera eskainiko dizkigute: etxe berri bat, auto hobea, pentsio pribatua, osasun-zerbitzua, ortodontzia distiratsua, oporraldia... Gure lagunak bailiran jokatzen dute, atseginak dira, ederrak, azkarrak. Lehenengo ordainketa egindakoan, amua jandakoan, aldiz, irribarre horren atzean ezkutaturik zeuden letaginak agertzen hasten dira. Lehenengo arazotxoa eduki orduko, kosk egingo digute: etxearen gainbalorazioa, mailegu aldakorra, komisio ezkutuak, bizitza osorako soka...

Sistema-adituak ederki hartu digu neurria. Adituek baino ezin dute konpondu beraiek sortutako arazoa, eta aditu horrek sarritan ez du aurpegirik, ez da inor, logaritmo bat omen da.

Buruhauste hauetako batekin ari nintzela, aurrekoan, Miren Basaras birologoaren hitz batzuk ikusi nituen: «Txertoa jarri nahi ez dutenen jarrera ez dut ulertzen». Miren Basaras oso ezaguna egin da azkeneko urte honetan, beti neurri zorrotzenak ezarri nahi dituztenekin lerratu delako, eta beti, horiexek Basarasez baliatu dira euren erabaki irmoenak justifikatzeko.

Esaten zuten bezain eraginkorra ez den txertoa jarrita badut ere, niri behintzat arraroa iruditu zait «ez dut ulertzen» hori. Batik bat aditu gisa mintzo den pertsona baten ahotik.

Baina birologoaren pasadizo hau joera orokor baten adierazle baino ez da. Egungo sistema beste arlotan erabiltzen ari den sistema-adituaren jokaera maisuki erabili baitu pairatzen ari garen krisi sanitario eta sozialean. Sistema-adituen bozeramaileek gertaeren ikuspegi bakarra azpimarratzen duten aditu bakoitzari dagokion esparrua, alegia. Esparru horietan adituen diren neurrian, euren hitzak ezin dira zalantzan jarri. Hala egiten duena burutik egina dago edota harrokeriak jota dago. Trebea da gero, noski, sistema-aditua; aditu horiek botatzen dituzten datuak egiazko datuak izan daitezke eta. Aldiz, adituen datuen zaparrada horrek badu zeregina: ikuspegi osoa, holistikoa, lausotzea. Muina ezkutatzea, bestelako arazoak baztertzea, bestelako iritziak bekatuen mundura erbesteratzea.

Sistema-aditua dugu sistema holistikoaren arerioa. Bigarrena, gertaerak modu orokorrean ulertzeko baliabideak eman nahi dituen jokabidea da. Hau da, herritarrak pertsona heldu, arduratsu, ahaldundu eta aske gisa tratatzen dituena.

Krisi sanitario larri honek ondorio latzak ekarri ditu: hildako kopuru izugarria, krisi ekonomiko sakona, gaixotasun mental andana, mesfidantza, paranoiak, kontrol soziala... Ekar zitzakeen ere bestelako aldaketa positiboak: elkartasuna, zerbitzu publikoen berrindartzea, desazkundea, jokaera arduratsua. Ez da horrela suertatuko, ordea, besteak beste, bozgorailua duten adituak ardura gehien izan duten eragileen baldarkeriak zuritzeko erabiltzen ari direlako. Pertsona aske gisa erabaki zentzudunenak hartzeko eskubidea ukatu nahi digutelako. Erabakiaren monopolioa logaritmo bati eman behar diogulako. Utopia berdintzaile eta askatzaileak distopiaz ito nahi dituztelako.]]>
<![CDATA[Gutxieneko ezagutza unibertsala, 'belarriprestak']]> https://www.berria.eus/paperekoa/1888/019/001/2021-10-02/gutxieneko_ezagutza_unibertsala_belarriprestak.htm Sat, 02 Oct 2021 00:00:00 +0200 Patxi Azparren https://www.berria.eus/paperekoa/1888/019/001/2021-10-02/gutxieneko_ezagutza_unibertsala_belarriprestak.htm
Itxuraz, Gipuzkoan ipar-ekialdeko eskualdeetan ez dago baldintza txarrik euskararen ezagutzan eta erabileran aurrerapenak izateko: euskararen ofizialtasuna, aldeko jarrera soziala, hiztun kopuru handia, behar komunikatiboa, eskola eta euskaltegien sare zabala, D eredu ongi errotua, diru-laguntzak... Duela hamar urte euskararen loraldi bat antzeman genuen. Hamar urteren buruan, azkeneko bietan bereziki, kontrako norabideko jarrerak susmatzen dira. Adibidez, oso zaila da nerabe kuadrillak euskaraz entzutea. Antolatutako ekimen batean edota heldu euskaldun hiztun aktibo batekin mintzatzen ez badira, gazte hauek gaztelera baino ez dute erabiltzen ohiko komunikazioan, eta euskararen erabilera urria bezain itxurazkoa da.

Duela hamar urte euskarak bultzada handia izan zuen. Lau aldagai aipatuko ditut: egoera politiko baikor eta positiboa, euskalgintzak Euskaraz bizi nahi dut lelopean egin zuen paradigma aldaketa, baby boom garaian jaiotako guraso euskaltzaleen seme-alaba andanaren jaiotza, eta titulazioaren beharra. Aspaldiko partez, ume gehiago jaio ziren urte horietan, D ereduko gela berriak zabaldu behar izan ziren eta heldu askok euskaltegien atea jo zuten.

Hamar urte pasa direlarik, berriz, faktore horiek aldatu direlakoan nago. Eraldaketa politikorik ez da suertatu, eta indar politiko euskaltzale-subiranisten gaitasuna neutralizatu dute; Euskaraz bizi nahi dut elastikoa jantzita hiztun aktibo bilakatu ziren askok amore eman dute; jaiotze tasa apaldu da; titulazioaren beharra, azkenean, ez da horren handia izan.

Bereziki goibeltzen nau guraso euskaltzaleen seme-alabak gazteleraz eta frantsesez gizarteratzen ari direla ikusteak. Aspaldiko ariketa matematiko hark (7 euskaldun + erdaldun 1 = 8 erdaldun) bere horretan darrai. Aski da lagun bakar bat erdalduna izatea, edo euskaraz deseroso aritzea, talde osoan erdara nagusitzeko. Bistan da: egun, lagun hori kuadrilla guztietan dago, familia guztietan dago. Izan ere, ezinezkoa da hori ez gertatzea, gure herria askoz pluralagoa eta konplexuagoa baita duela hamar urte baino. Noski, erantzuna ezin da izan hiztun-komunitatea ixtea, erabat ezinezkoa izateaz gain, heriotza ekarriko liokeelako euskarari.

Azkenekoetan arretaz jarraitu ditut hiru soziolinguistaren ekarpenak: Kike Amonarriz, Patxi Saenz eta Pello Jauregirenak, hain zuzen ere. Kikeren mezu baikor, alai, maitekorra; Patxiren ohar zorrotzak eta mezu sakona; eta Pelloren proposamen eraikitzaile eta berriak.

Baikortasuna behar dugu, jarrera atsegina, autoestimua. Kikek dioen moduan, jakitea euskara ez dela horren txikia, Txapeldunen Ligan ari garela, gaztelerari, frantsesari eta ingelesari aurre egiteko gai. Euskara jakiteak eta erabiltzeak plus bat ematen digu, Jon Maia bertsolariak ederki adierazten duen bezala: «begirada berezia» ematen digu. Begirada argia, sakona, luzea, mundu aldakor eta hauskor honetan hankak sendo finkatzeko eta nahi dugunean, nahi dugun norabidean, mugitzeko.

Zorroztasuna ere behar dugu. Euskara ez baita oraindik ofiziala Euskal Herri osoan, hizkuntza gutxitua da, larriki zauritua, gure eskubideak ez dira bermatzen. Estatuen konstituzioek eta euskal erakundeek elebiduntasun desorekatua bereganatu dutelarik, erdaldun elebakarra izateko «eskubidea» bermatzen dute. Euskarari bizkarra eman diotenek badakite, eta horregatik, ez dute ikasten, badakite-eta boterea dutela gure hizkuntz-hautua oztopatzeko.

Proposamen eraikitzaileak ere ezinbestekoak dira eta arlo honetan biziki interesgarria izan da aho bizi / belarri prest kontzeptuak garatzea.

Mundua erabat aldatu da, gehiago aldatuko da. Euskal Herria zeharo aldatu da eta gehiago aldatuko da. Aurreko artikulu batean aipatu nuen moduan, ziurki, orain Euskal Herrian historia osoan lehenengo aldiz aspalditik etorritakoen ondorengoak etorri berriak eta etorri berrien ondorengoak baino gutxiago dira. Horregatik eta beste hamaika arrazoirengatik, garai bateko lan ildoak, estrategiak eta erreferenteak dagoeneko existitzen ez den Euskal Herri bati zuzenduta daude. Globalizazioaren etapa labainkor horretarako egokitutako joerak, xedeak eta estrategiak behar ditugu, mendearen bukaerarekin batera euskararen amaiera etor ez dadin.

Euskara berriro Euskal Herriaren ohiko hizkuntza izan dadin lanean ari garenok erronka berriak ditugu. Ez da aski euskara kultur baliabide gisa poltsikoan gordeta dagoen zerbait izatea, egunerokotasunean normala izan behar du, esparru guztietan. Ezin dugu ontzat eman bi erdaren normalizazioa. Ezin dugu ontzat eman elebiduntasun desorekatua. Ahobiziok jarraitu behar dugu gure eleaniztasunetik, egoera, une, gune euskal elebakarrak sortzen. Landu behar dugu gune, eremu, ekintza horiek erdaldunentzat erakargarriak izan daitezen, eta jakin-mina zein beharra sortzen. Soilik 300.000 bat omen gara euskaldun hiztun aktiboak. Litekeena da portzentualki inoiz egon den tasarik baxuena izatea; baina, bide batez, paradoxikoki, 300.000 horien baldintza, ezagutza eta prestakuntzagatik euskara ez da egon inoiz egun bezain sendo.

Gune euskaldun elebakarrak sortzen jarraitu behar dugun legez, egoera komunikatibo elebidunak ere landu behar dira, baina ahobizi/belarriprest ikuspegiari eutsiz, elebiduntasun desorekatua ekiditen, egoera komunikatibo berriak sortuz. 1+7=8 gehiketa (kenketa) behin betiko ezabatu behar dugu eta hautu garbia egin, erakunde guztietatik, gutxieneko ezagutza lehenbailehen bermatzeko eta eskatzeko, euskararen bizitza eta garapena belarripresten esku ere bai baitago.]]>
<![CDATA[Paradigma independentistari eusteko premia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/016/001/2021-05-06/paradigma_independentistari_eusteko_premia.htm Thu, 06 May 2021 00:00:00 +0200 Patxi Azparren https://www.berria.eus/paperekoa/1876/016/001/2021-05-06/paradigma_independentistari_eusteko_premia.htm
Hegoaldeko bi talde politiko nagusiak joko zelai berean ari dira norgehiagoka Espainiako Gobernuarekiko balizko elkarlanetik lor lezaketenaren sariarengatik lehian. Biak ala biak joko mediatikoan sartu dira, hiperliderazgo telematikoak bultzatuz; geldirik, sakabanatua, aspertua, etsitua, harritua dagoen oinarri soziologikotik zeharo urrunduta, hain justu gure herri izaera errotik aldatzen ari den garaiotan. Enbata soziokultural, demografiko, sanitario, politiko, ekonomiko honetan, Hegoaldeko euskal politikariek menpeko egoera onartu dute.

Maite ez dugun egoera aldatzeko errealitatea objektiboki aztertzea ezinbestekoa bada ere, errealitate hori eraldatzeko grina galtzen badugu, akabo. Errealitatea onartzea dugu esaldi gakoa. Ditxosozko esaldia ahoskatzen den unetik, lerro bat zeharkatzen da, atzera-bueltarik ez duen mugarri bat, alegia. Gogo aldaketa handi bat gorpuzten baitu, xede aldaketa, paradigma iraulketa.

Paradigmak ez dira doktrinak, tresnak baizik. Gertaera konplexuak hobeto ulertzeko lanabesak eskaintzen dizkigun metodoa eta gure helburuak lortzeko jarraibide koherentea eman ahal digun mapa. Egun pairatzen ari garen egoera zail honetan, paradigma subiranista eta independentista baztertu da, zenbait premia asetzeko traba izan daitekeelakoan. Ni, berriz, kontrako iritzikoa naiz, paradigma burujabe eta independentistari eutsi izan bagenio, bestelako erantzun eraginkorragoak bideratzeko gai izango ginatekeela uste dut eta.

Gure tradizio juridikoari eta kulturalari uko egin diogu. Tradizio horrek gizaki askeak herri askean bizitzeko jaio garela dio. Horri heldu beharrean, osasun-krisiaren aurretik, eta krisi honekin askoz nabarmenago, gure politikariek politika postdemokratikoaren zenbait jokabide barneratu dituzte.

Dagoeneko, talde politikoek ez dute oinarri aktibo baten beharrik, kongresu telematikoak egin daitezke, bilera birtualak, militantzia birtuala. Zaparrada informatiboak, gaininformazioak, funtsezkoa den informazioa ezkutatzen du. Gehiago esango nuke, politikari profesionalek funtsezko informazioa ezkuta dezaketela uste dute, politikari profesionalak denetik dakitela sinetsita daude, politikari profesionalek gure izenean dena erabaki dezaketela deliberatu dute. Euskal politikariak ere herriarengandik urrundu dira.

Arestian nioen moduan, egun nagusitu den joera lehendik zetorren. 2008ko krisiaren ondoren, Estatu espainiarra kinka larrian zebilen. Utopia neoliberalak sortutako krisiari bestelako krisi batzuk batu zitzaizkion. 78ko erregimenak arazoak zituen. Erregimen hori aldatzeko sortu omen ziren talde espainiarrak berehala erregimenaren igeltsero bihurtu ziren. Soilik Katalunian eutsi zioten erronka horri, Europan egin den desobedientzia zibilaren ekintza jendetsuena eginez, hain zuzen ere.

Egun hartan, hain justu irudikatu zen Hego Euskal Herriko talde politiko abertzaleen jokabide berria. EAJk, unionismoari lagunduz; EHBilduk, atzeraka urrats bat eginez. Zintzoki elkartasun kanpaina, ekimen eta ekintza ugari egin bagenituen ere, egiari zor, Katalunia bakarrik utzi genuen gehien behar gintuen unean. Estatu espainiarra krisi larrian zegoelarik, aldebakartasunari uko egin genion, ordea.

Paradigma independentistari eutsi behar diogu. Aldebakartasuna zein aldebikotasuna, bata zein bestea, ezinezkoak diren hauetan, paradigma burujabeak baino ezin gaitu atera inkoherentzia itogarritik. 78ko erregimenaren igeltsero lanetan ez badugu ibili nahi, frantziar eta espainiar estatuen zilegitasuna ukatu behar dugu une orotan. Ukazio horrek ez du esan nahi elkartasunari muzin egiten diogunik; aitzitik, burujabetasunetik laguntza behar duten pertsona eta herriei laguntzeko prestutasuna eta ahalmena eduki nahi dugula baino. Ukazioak aske egiten gaitu, libre, bestelako eredu bat sortzen hasteko, etapismo kudeaezina eta birrintzailea ekiditeko.

Euskal demokrazia herritar askeok osatu behar dugu, euskal errepublika egungo Euskal Herria osatzen dugun herritarrok eraiki behar dugu; eraikitzeari ekin diezaiokegu, alternatiba gauzagarria, egingarria eta erakargarria baita. Ibilbide originala izango da, gure egoera berezia bezain berria delako.]]>
<![CDATA[Euskalherrigintza, euskal errepublikagintza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1961/032/001/2020-12-06/euskalherrigintza_euskal_errepublikagintza.htm Sun, 06 Dec 2020 00:00:00 +0100 Patxi Azparren https://www.berria.eus/paperekoa/1961/032/001/2020-12-06/euskalherrigintza_euskal_errepublikagintza.htm
Europako beste herri askotan gertatu zen bezala, hemen ere, XIX. mendearen bigarren zatian kulturari balio handia ematen hasi zitzaion. Desagertzear zeuden ohiturak, janzkerak, portaerak, hizkuntzak, hizkerak, ipuinak, sinesmenak... berreskuratzen saiatu ziren, eta sarritan, egindakoa, interpretazio bat baino ez zen izan. Gauzak horrela, egun, euskal tradizioaren ikur preziatu asko, berez, lauzpabost belaunalditan besterik ez ziren egin. Hau da, modernoak ziren XIX. mendearen hasieran eta tradizionaltzat hartu ziren XX. mendearen bukaeran.

Euskal Herrian, inguruko beste herri askotan lez, autoestimua indartzeko beharra genuen. Hori gabe modernitateak zekartzan aldaketa sakonek herri sentimendua eta jendarte kohesioa birrinduko zituzten, eta, saiakera horretan, gure herri-epika eraiki genuen, garai hartarako egokitua.

XIX. mendean eta hurrengoaren hasieran hauspotutako hainbat erreferente, ziur aski ez ziren zuzenak. Garai hartan betiko euskalduntzat hartzen zena ez zen guztiz zuzena. Jakina da, ehun bat urte lehenagoko euskalherritarren gehiengoa Nafarroako lurraldeetan bizi zela. Ezaguna da ere, zerbait lehentxeago euskaldun gehiago zeudela Mediterraneo isurialdean kantuari isurialdean baino. Baina kulturei garrantzia ematen hasi zitzaienerako, mende luzeetako panorama aldatzen hasita zegoen, eta eskualde batzuetan zeuden adierazpen batzuk nagusitu ziren.

Urrunago joango bagina ere, litekeena da duela gutxi arte gure herri-nortasunaren zutabe batzuk zuzenak ez izatea. Litekeena da XIX. mendeko begiradaz, euskaldun, basque ala vasconavarrotzat hartzen zena behin baino gehiagotan errotik aldatu izana. Nire ustez, egun Euskal Herria izenaz ezagutzen dugun herriaren etnogenesi zaharrena Burdin Aroan sortutako aldaketa izan zen. Aldaketa teknokulturala, non hiru osagarrik egin zuten kultur-eremu berria. Hala nola Paleolitotik zetorren populazioak, Neolito garaian iritsitako hainbat taldek, eta Burdin Aroan iritsitako beste batzuek. Hiru osagarri horiek modu ezberdinetan konbinatuz eskualdeka, mendetako hartu-emana eta gero, osatu zuten, nire ustez, erromatarren garaietan eta ondorengo mendeetan Baskonia izenaz izendatu zutena, geroan egitura juridikoa ere hartuko zuen eremua.

Ikerlan polita dago egiteke. Hainbat ikerlari txundituta uzten dituen fenomenoak -Indoeuropar aurretik zegoen populazioaren ondorengo batzuek berezko kultur ezaugarriak bizirik egoteak- salbuespena izaten jarraitzen du eta, nola ez, autoestimurako lanabes indartsua.

Hala eta guztiz ere, erronka hori baino askoz beharrezkoa dugu orain, Euskal Herria deitzen diogun herri honentzat, etorkizuna eraikitzen hastea gozatzen eta pairatzen dugun Aro Planetarioan.

Ziur aski historia osoan lehenengo aldiz lurralde hauetan kanpotik etorritakoak gehiago dira aspalditik etorritakoen ondorengoak baino. Horrek isla du hainbat eta hainbat adierazpenetan. Beldur naiz ez ote diogun gaizki erantzungo egoera honi. Ez ote dugu amore emango, konplexuek jota, eta uholdeak eramanda; ala berriz ez ote dugu gure burua museo batean sartuko, garai berrien beldurrez.

Egoera berri honi gehitu behar zaio Antropozenoak sortu duen eraldaketa masiboa. XX. mendean eraikitako oinarriak erori dira, hemen eta lur osoan. Gure espeziearen bizi-iraupena kolokan dago. Arrisku horren aurrean, gizakiaren batasuna eta aniztasuna dira aldi berean, jardun paradoxikoan, sendabidea: kultura jakintsuenen ondareaz baliatzea eta konpartitzea, unibertsalak izan daitezkeen baloreak bilatzea eta tokian tokiko baloreak eta ondareak zaindu eta garatzea.

Lurraren txoko honetatik dagokigu ekarpen bat egitea, beste epika txiki bati ekitea. Aldakorra, dinamikoa, baina autoestimua berreskuratzen lagun dezakeena, herria saretzeko lagungarri izan daitekeena, indibidualismoaren morrontzak gainditzen lagundu ahal duena. Erronka horri Euskalherrigintza deituko nioke, Euskal Herriko eskualde guztietako herritarrei zuzenduta, iragana ezberdina dugulako, baina etorkizun komuna dugulako. Jaso ditugun altxor eta lanabes preziatuenak eskainiz, bestelako jendarte-eredua gorpuzteko, elkar zaintza erdigunean kokatuko duen eredua.

Aniztasunaren izenean aniztasuna bera ukatzen dutenek, nazionalismo kolonialek, etnizitatera muga gaitezen nahi lukete. Lehen herri izaera ukatzen ziguten moduan, orain naziogintza eskubidea ukatu nahi digutelako.

Euskalherrigintza, euskal errepublikagintzaren ehuna josteari ekiteko, bi jostorratzak behar ditugu: bat egonkorragoa, sendoa, euskara, kultura, nortasun kolektiboak, belaunaldi gaindiko egitasmoak garatzeko gaitasuna duena, lurralde honetan tinko errotuta; bestea, arina, mugikorra, hari ezberdinak uztartzeko gaitasuna duena, eskubide kolektiboak behin betiko bermatzeko gaitasuna izango duena.

Euskalherritar berrien laguntzarik gabe, herri hau geriatriko kudeaezina izango litzateke jadanik; lur honetan sakonki sustraituta dauden lagunen laguntzarik gabe, lur eremu hau neoliberalismoak eta globalizazioak birrinduko lukeen Ez-Toki bilakatuko litzateke. Lan honi ekin ahal izateko, autoestimua bezain garrantzitsua, egitasmo autozentratua garatzea da; hori egin ezean, menpeko egoeratik ateratzea ezinezkoa izango da. Bi jostorratzak erabili behar ditugu une orotan, bata bestearen gainetik lehenetsi gabe. Horrela lortuko dugu lan honek behar duen koherentzia.]]>
<![CDATA[Herioa ate joka hasi zenekoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2212/023/002/2020-10-29/herioa_ate_joka_hasi_zenekoa.htm Thu, 29 Oct 2020 00:00:00 +0100 Patxi Azparren https://www.berria.eus/paperekoa/2212/023/002/2020-10-29/herioa_ate_joka_hasi_zenekoa.htm
Errealitate gordinaren susmo hori gizaki guztiok izan dugu eta kultura guztiek ukan dute. Bizi-itxaropena 30 bat urtera mugatzen zelarik, eta umeen erdiak gurasoen besoetan hiltzen zirenean, susmo horrek sortzen zuen oinaze hura erlijioekin baino ezin zen apaldu. Egun ere, gerra edo pobrezia larria pairatzen duten tokietan erlijioak berpizten dira, jendarte-egitura egonkortzeko eta hartu-eman pertsonalak arautzeko baliagarriak baitira.

Gure testuinguruan, aldiz, lehenengo aldiz historian, jaiotzeko unean gehienok 80-85 urteko bizi-itxaropenarekin munduratzen gara, eta horrek zeharo aldatu du, oso epe laburrean, gure jarrera. Batetik, inoizko bizitza luzeena izan dezakegu aurrean; eta, bestetik, inoiz baino kontzienteago gara zein laburra den.

Gurea bezalako jendarte oparoetan, gaztetxoak garela, etxe gehienetan hiru belaunaldi mahaian eserita ikusteko parada dugu, birraitona-amonak ezagutzea ez da salbuespena eta bizitzaren hasierako urte horietan, mahaian eserita, ematen du denbora amaiezina dela. Sentsazio horrekin koxkortu ginen eta aurreikuspen horrekin ekin genion gaztaroari.

Nork esango zuen! 2020. urtean herioa besteen etxeetatik irten, ipuinetatik atera, eta gure ateetan jo zezakeenaz ohartu ginen. Ezustean harrapatu gintuen eta ez genuen jakin izan nola erantzun.

Ziurtasunak nahi genituen, baina ez adituek, ezta gobernuek ere, ezin izan ziguten horrelakorik eskaini. Beste ugaztunek egiten duten bezala, elkartu nahi ginen, baina, arerio berri honek dituen ezaugarriak direla medio, etxe zuloetan giltzapean geratu ginen, supermerkatuko produktuak irensten, telefonoari itsatsita, ulergaitzak ziren mezu kontraesankorretan itotzen.

Ziurtasunak galtzen direnean, helduleku bila edozein euskarri izan daiteke baliagarria. Oraingo honetan bi izan dira erabilgarrienak: errealitatea ukatzea edo negazionismoa, eta bertsio ofizialari ortodoxiaz eustea. Bi euskarri labainkorren arteko guztia ukatu egiten da. Zalantza, kritika, susmoa… herejiaren tokian kokatzen dira, eztabaida aske, atsegin eta emankorrak desagertuz; irainak, haserreak eta ezinulertuak nagusitu dira.

Lerro hauetatik, izurrite garai hauetan, La Peste liburuaren egileak aldarrikatu zuen moduan: zalantza dutenen dantzaren aldeko hautua egingo dut.

Elkartasuna, askatasuna, ardura eta sen kritikoa uztartzeko gai ez bagara, iparrorratza galdu dugulakoan nago. Azalpen xume eta inozoek ezin diote egoera konplexu honi erantzun eraginkorrik eskaini; gobernuek egiten duten errelato kontraesankor eta aldakorrak ez du herritarrongan sinesgarritasunik lortuko. Keinu autoritarioek zauri larria utziko dute gure etorkizun hurbilean, eztabaida antzuek gogaituko gaituzte, eta, bukaeran... noraez horretan, arrantzan zein ehizan, krisi guztietatik elikatzen diren betiko marrazoak garaile.]]>
<![CDATA[Independentismoa 'erresetatu']]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/016/001/2019-03-20/independentismoa_erresetatu.htm Wed, 20 Mar 2019 00:00:00 +0100 Patxi Azparren https://www.berria.eus/paperekoa/1876/016/001/2019-03-20/independentismoa_erresetatu.htm
XXI. mendean erabat murgildurik gaudenotan, hainbat paradigma erori dira. Iragan den mendean jaiotakook nekez ulertzen ditugu gertaera sozial asko. Belaunaldi berriekiko arrakala itzela da, mundu berri bat sortzen ari baita. Iraunkorra den gertaera bakarra aldaketa da, etengabeko aldaketa, zurrunbilo bizkorretan suertatzen dena.

Euskal politikan ere erreseta egiteko beharra behin baino gehiagotan nabarmena izan da. 1992an, 1998an...eta azkenekoa, borroka armatuaren amaierarekin gertatu zen. Geroztik eragile soziopolitikoen jarduna aldatu da, baina tamalez, ez du ematen alternatiba gauzagarriak egituratzeko gaitasuna dugunik.

Dena den, borroka armatuaren zorioneko amaierak hainbat kontu sakonki aldatu dituela onartu arren, urteek aurrera egin ahala, emeki-emeki ohartuko gara ziur aski beste aldaketa estrukturalek eragin handiago izango dutela.

Nortasun kolektiboak eta indibidualismoa

Aurreko mendeetan egituratu ziren nortasun kolektiboen ardatz gehienak aldatu dira. Besteak beste, bi indartsuenak: langile-nortasuna; nazio-nortasuna. Oso sakonak izan diren beste batzuk ere errotik eraldatu dira. Esaterako, Europako hego eta mendebaldeko kulturetan ardatz izan zen familia-zabalaren ereduaren azkeneko zantzuak desagertu dira eta horrekin batera, bere antagonista, maitasun erromantikoaren mitoa, hain zuzen ere. Bizimodua aurrera ateratzeko hamaika bide daude, dena konplexuagoa da.

Egun, pertsona gehienek hartzen dituzten erabaki garrantzitsuenetan paradigma indibidualista nagusitu da. Erabaki horiek kudeatzeko, berriz, logikoa denez, ingurukoen laguntza behar dugu, gizakiak ezin baitio uko egin bere izaera sozialari. Hortaz, indibidualismoa praktikan kudea-ezina da eta nortasun kolektibo berriak sortzeko premia dago.

Iragan den mendeko nortasun horiek krisian egonik, jendeak noraezean, sarritan, babesa aurkitzen du zaletasunetan, gimnasioan, psikologo konduktistengan eta coaching-engan. Jendarte berri horren aitzin, iragan den mendean aktibista gainideologizatuok jai dugu.

Nortasun kolektibo berri asko sortzen ari dira, eklektikoak, behin-behinekoak asko; beste batzuk epe luzekoak, ordea. Europako jendarte zaharkituetan herritarrak kontsumitzaile bilakatu dira eta garai bateko eragile soziopolitikoek indarra galdu dute. Panorama arriskutsua da, testuinguru honetan ez da harritzekoa neofaxismoen gorakada beldurgarria.

Neoliberalismoa langile-nortasuna ezabatzea ahalegindu den bezalaxe, korronte ideologiko horiek nazio-nortasunak ere ezabatzeko lanean dabiltza, nazio-nortasunak eragile boteretsuak sortzeko gaitasuna baitu, herritar aktiboa versus kontsumitzaile dialektika sortzeko gauza da eta.

Independentismoa eten da

Europa osoan ematen ari den ekaitza honen zurrunbiloan jira-bueltaka, Hego Euskal Herrian prozesu independentista eten egin da. Kataluniako saiakera ikusitakoan, hemengo indar politikoek bigarren pitzadura zabaldu beharrean, katalanek patxadaz har dezaten deialdiarekin bat egin dutela esango nuke nik.

Bistan da, egoera ez da batere erraza. Kataluniako Errepublika ezin izan da indarrean jarri. Presidentea erbestean da; ETAren aurka eraikitako salbuespen legealdia Kataluniako independentismoari ezarri diote.

Haatik, Euskal Herriko independentismoak balazta zapaldu izanaren arrazoia indar-korrelazioan oinarritutako hausnarketa batetik harago doala uste dut. Ezintasuna ideologikoa dela pentsatzen hasita nago. Hautu estrategikoa bilaka daiteke ezintasuna, alegia.

Arestian nioen moduan, pasa den mendekook mundu berrian kokatzeko zailtasuna ditugun lez, aurreko fase historikoan aritu garenok ezintasuna dugu independentismoak berraktibatzeko. Hemendik 15-20 urtera jubilatuta egongo garenok ezin dugu aro berriak behar dituen erabaki estrategikoen monopolioa ukan. Bizimodua eta sistema bera aldatu nahi genituen, ez gara ohartzen, aldiz, amu guztiak irentsi ditugula. Menpekotasun egoeran gaude: maileguak, zaintza, jubilazioak... segurtasuna premia dugu, eta hortaz, ezin dugu proposamen ausarten ardura hartu. «Denbora jauzi zaigu gainean» eta irtenbide berriak oztopatzen ari gara seguruak diren bideak jorratu nahi ditugulako. Amets hiltzaile bihurtu gara, gureak gauzatzeko gaitasunik izan ez dugulako.

Otsoaren beldurrez, babes bila, aitaren etxeko atean jo dugu, handik alde egiteko hainbeste ahaleginak egin ondoren, ez gara konturatzen aldaketak alabek piztu berri duten suaren inguruan gorpuzten ari direla.

Lekukoa pasa

Oztopoa gara, zamaz beteriko motxilak ditugulako, galtzerdietan zuloak ditugulako, bota zaharretan harri koxkorrek min egiten digutelako eta batik bat, aspaldian erositako betaurrekoek irtenbide eta gailur berriak ikusteko alferrikakoak direlako.

Independentzia premiazkoa da. Premia horren ohiko arrazoiak bere horretan darraite: nazio ukapena, hizkuntza , kultura, menpetasun juridikoa... Bestelako premiak ere badaude: desmilitarizazioa; patriarkatua hautsi; eskubide sozialak behin betiko bermatu; aniztasuna kudeatu; ekonomia demokratizatu; desazkunde prozesua benetako burujabetza (nazio zein pertsonala) eduki ahal izan dezagun...

Euskal nazio sentimendu kolektiboa indar boteretsua da, baina sentimendutik errealitate juridiko izatera ez bada igarotzen, epe laburrean lurralde hauetako beste «hiri-leinu» bat baino ez da izango euskal naziotasunari lehentasuna ematen dion jendarte sektorea. Hemendik 15-20 urtera begirako Euskal Herria sasoi betean irudikatzeko ahalmena duten belaunaldien txanda da.

Besteok ez gara etxera joango, laguntzeko prest izango gaituzte, noizean behin aholkuren bat edo beste zuzena izango da, baina mundu berrian ganoraz aritzeko gaitasuna duten sektore eta belaunaldi berriek hartu behar dute lema.

Esan bezala, dantzak, alabek piztu duten suaren inguruko akelarre berrietan izango dira. Aurten berriro erakutsi eta irakatsi digute. Aitaren etxean, aldiz, herdoilduko gara.]]>
<![CDATA[Euskal naziotasuna; Podemos eta bestelakoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1896/011/001/2018-08-21/euskal_naziotasuna_podemos_eta_bestelakoak.htm Tue, 21 Aug 2018 00:00:00 +0200 Patxi Azparren https://www.berria.eus/paperekoa/1896/011/001/2018-08-21/euskal_naziotasuna_podemos_eta_bestelakoak.htm
Eroskiren marka zuriko zenbait produktutan elkargo horren maparekin batera Euskadi irakurtzean, Erkorekarekin gogoratzen naiz. Gure bi aitonen jaioterrietara joaten naizenean (Goizueta eta Morentin) atzerritarra ote naizen galdetzen diot neure buruari; Gure Esku Dagoren azkeneko giza katearen mapa ikustean, AHTren Y-ibilbide berria izango ote zen pentsatu nuen; Ezker Abertzalearen eledun ohi baten artikuluan vasco y navarros irakurri nuenean, betaurrekoen beharra nuela pentsatu nuen.

Azkeneko hilabeteetan EAE izeneko eremu horretan indarrean dagoen estatus juridikoa aldatzeko negoziazioek ez naute motibatu. Eragile politikoen jarrera, ulertu, uler dezaket, baina herrikide askori gertatzen zaien moduan, ilusio gutxi pizten dit negoziazio horretatik atera daitekeenak.

Ilusioa, eraldaketa sakona eta lan-grina berpiztu ahal dituzten bestelako proposamenak jorratzea eskatzen dit nire gogoak. Hori dela eta, ez ditut sakonki jarraitu negoziazio horietan eman diren eztabaidak. Izan ere, sakonki ezagutzeko ere zailatasunak izango nituzke, elite politikoen arteko solasaldia izaten ari baita.

Halako batean, berriz, eztabaidetako batean, jarrera harrigarri batek asaldatu ninduen: Podemosek balizko estatutu berri horretan onar zitekeen «euskal naziotasuna» ez luke ontzat emango.

Podemosek, EAJk eta EH Bilduk ados lezaketen estatus juridiko berriak nekez aseko lituzke ezkerreko independentiston nahiak, baina gai hori pertsonalki (milaka herrikideri bezalaxe) ukitzen nauelako, bereziki haserretu naiz, talde moratuak diskriminatzen nauela/gaituela baieztatu da eta.

Jakina denez, naziotasun eskubidea NBEren 15. artikuluaren bidez babesten da. Inori ezin zaio naziotasuna ukatu edota naziotasuna inposatu. Horretaz gain, Estatu espainiarraren konstituzio aurretiko eskubide onartua dugu euskal herritartasuna, garatu ez badute ere. Gauzak horrela, harrigarria bezain lotsagarria da Podemosek euskal naziotasuna ukatu izana.

Estatu espainiarreko bipartidismoa birrintzeko sortu omen zen Podemos alderdiak Katalunian erakutsi zuen nori zor dion leialtasuna; orain, Euskal Herriko mendebaldeko hiru herrialdetan ere erakutsi du espainiar supremazismoa onartzen duela. Hau da, Podemosek ez du inolako arazorik espainiar naziotasuna onartzeko. Gehiago esango nuke, ez du arazorik espainiar naziotasuna eta subdito izaera derrigorrez inposatzeko; aitzitik, euskal naziotasuna ez luke arautuko.

Arestian nioen gai honek pertsonalki ukitzen nauela. Batetik neure burua ezkerreko ekintzaile gisa kokatzen dudalako, eta ezkerreko alderdi batengandik elkartasuna espero nuelako; baina batik bat, 2.000. urtean beste 200 lagunekin batera espainiar naziotasunari uko egin niolako euskal naziotasuna aldarrikatzen (beste lagun batzuek frantsesari uko egin zioten, noski). Ekintza hark espetxera eraman ninduen, eta garai hartako Estatu espainiarreko ezkerreko taldeek ez zuten ezer egin, eta ikusten dudanez, etorkizunean jarrera aldaketarik ez da antzematen.

2.000. urteaz geroztik ez dut DNIrik; pasaportea ere zaharkitu zait, nire hitza eusteko asmotan nabil, nirea ez den naziotasuna onartzeko asmorik ez dut. Gure giza eskubidea da, horren aurrean zer proposatzen du Podemosek? Diskriminazioa, menpekotasuna, bigarren mailako herritarra izatea?

Katalunian bezala; Euskal Herrian ere Podemosek bere mugak non dauden erakutsi du. Estatu espainiarreko beste alderdi politiko bat besterik ez da, jakobinismotik askatzeko gaitasuna ez duen eskaintza politikoa. Podemos-«Euskadik» jarrera hori hartzean, marra jakin batzuk zeharkatzeko asmorik ez duela erakutsi du eta datu hori letra gorriz idatzi behar dugu balizko ibilbide-orri guztietan.

Euskal naziotasuna izateko eskubidea, giza-eskubide den neurrian, gehiengo/gutxiengo dinamika guztietatik at dagoen aldarrikapen demokratikoa da, eta, nire ustez, euskal prozesu askatzaile, eraldatzaile baten ardatzetako bat, herritar guztiok subjektu politiko aktibo bilakatzen gaituen ahalduntze metodoa baita, eta Estatu espainiar zein frantsesarekin haustura egiteko baimena ematen digun eskubidea.]]>
<![CDATA[Jantzi, mozorrotu eta nortasunak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2263/023/002/2018-04-25/jantzi_mozorrotu_eta_nortasunak.htm Wed, 25 Apr 2018 00:00:00 +0200 Patxi Azparren https://www.berria.eus/paperekoa/2263/023/002/2018-04-25/jantzi_mozorrotu_eta_nortasunak.htm Jantzi aditza mozorrotu aditzaz ordezkatzea biziki mingarria egiten zaio eta. Sarritan, dantzaldien ondorengo otorduetan egin ohi diren solasaldietan Mikelek errieta egiten die bertaratutakoei.

Neu ere adinean aurrera egiten ari naizelarik, gazteekiko belaunaldi-jauzia antzematen ari naiz, eta esaterako, San Tomas eta bestelako jai tradizionaletan, Ezkerro jaunak ukan dituen antzeko egoerak ere bizi izan ditut.

Jakin badakit tradizioek kulturari aurrea hartzea adierazpen kezkagarria dela. Izan ere, bizirik dagoen kultura bat etengabe berrasmatzeko eta berritzeko gai da eta fosilizatzen hasita dagoena, aldiz, mitifikatutako iragan idiliko baten zurrunbiloan itotzen da.

Jakitun naiz ere, euskal abertzale askoren erreferentzia estetiko indartsuenak XIX. mendeko baserritar, laborari, arrantzale eta behargin Euskal Herrian dugula. Hori dela eta, iragan den mendeko euskaldunok jaietan ez gara baserritar mozorrotzen, janzten baino. Gure belarrietan irain kutsua hartzen du mozorrotu aditzak, baina ez dugu ikasi sentimendu horren jatorria zein den ondo adierazten eta gazte askok ez dute dagoeneko ulertzen.

XX. mendekoontzat XIX. mendeko erreferentziek aitona-amonen munduraino eraman gaitzakete, hots, fisikoki ezagutu eta maitatu ditugu pertsonenganaino. Belaunaldien gaindiko transmisio funtsezkoa da, gure espeziearen ezaugarri nagusienetarikoa baita. Desagertu den mundu horren ezaugarriak, baloreak, bizipenak ezagutzea oso baliagarria da.

Dena den, egun, non bilakaera historikoa bizkortu den, hori bezain garrantzitsua da belaunaldi berrien sentimendu eta beharrak ulertzeko ahalegina egitea. Hainbat arrazoirengatik, gure nortasunaren muina diren erreferenteak oso urrun daudelako.

Gure gazte urteetan aitona-amonen tradizioak berrinterpretatzeko eta eredu berriak eta propioak asmatzeko gai izan ginen. Kalea berreskuratu genuen, jai herrikoiak berrasmatu ziren. Erreferentzia ugari izanda ere, haustura-jarraipena ariketa egitea lortu genuen eta euskal kultura euskarri erakargarria izatea lortu zen.

Igandero mezetara joaten ziren aitona-amonen begietan guk egiten genuena astakeria zen, zalantzarik ez. Ikusten ez zituztenak ikustekotan, izutuko ziren, baina gure ustez gu egiten ari ginena euskal kultura zen, eta ze demonio! arrazoia genuen. Mundu anglosaxoniarretik indartsu zetozen korronteak euskal munduan kokatzeko gauza izan ginen, hiri-leinuak ere euskal munduan kokatu ahal izan ziren.

Autoestima oso ona da, dominak batzuetan erakustea ez dator gaizki. Halere, oraingo honetan, nire ustez, albo batera jotzea tokatzen zaigu. Ikusi behar dugu, entzun, eta batik bat, egiten utzi behar dugu. Horrela, elkarri hobeto ulertuko diogu.

Tresnak bideratu behar dira belaunaldi berriek euren ahalduntze-prozesuak, euren sortze-ariketak egin ahal izan ditzaten. Noski, gure betaurrekoak eskaini behar dizkiegu, nahi dutenean, tarteka, horietatik begiradatxo bat bota dezaten; haiek sortu behar dituzte euren erreferentziak, ordea. Euskal Kulturak bizirik jarraitzeko, XXI. mendekoek lekukoa hartu behar dute; euskararen erabileraren tasa handitzeko, haiek hartu behar dute ardura... eta euskal politikagintzan ariketa berriak egin ahal izateko, gazteak lehenengo lerrora igaro behar dira.]]>
<![CDATA[Batzarren errepublika, eraldaketari ekin]]> https://www.berria.eus/albisteak/149097/batzarren_errepublika_eraldaketari_ekin.htm Thu, 22 Feb 2018 20:01:39 +0100 Patxi Azparren https://www.berria.eus/albisteak/149097/batzarren_errepublika_eraldaketari_ekin.htm Jendarte-sistema bidegarri eta osasungarri guztiak pragmatikoak dira. Pragmatikoak dira hain zuzen ere, behar materialez gain, gizakion banakako eta talde behar guztiak asetzen saiatzen direlako, egungoak eta etortzeke dauden belaunaldienak. Irizpide hau gogoratzea ondo datorkigu une honetan, zenbait sektorek berriki Euskal Herrian ere "pragmatismo anglo-saxoniarra" aldarrikatzen ari direnean. Alta, neoliberalismoa eta indibidualismoaren sortzaile nagusia. Jarraibide horretatik segituz, interesgarria iruditu zitzaidan Euskal Herriko antolaketa indigena (esaterako, erromatarrak iritsi aurretik) nola izan zitekeen irudikatzea. Interesgarria, besteak beste, indoeuropar jatorria ez duen kultura baten antolaketa ereduaren ezaugarriak ezagutzea egungo bizimodurako baliagarria izan ahal zela pentsatzen dudalako.
Bakoitzak bere mamuak ditu eta nire mamuetako bat, aitortu behar, jendarte-sistema indoeuropearrak dira. Jainko antropomorfiko, gerlari, matxista, hierarkiko eta sarraskitzaileen mundua. Hots, gure testuinguruan nagusitu diren kulturak, munstro ideologikoak sortu dituzten kultur dogmatiko eta antropozentrikoak. Gaizto/zintzo dikotomietatik at, eta iraganaren mitifikazio inozoetatik ihes egiteko ahalegina eginez, Burdin Aroan erreparatzea deliberatu nuen, garai horretarako Euskal Herrian bizi ziren pertsonek jendarte-sistema identifikagarria eta berezia antolatzeko beharra izango zutela pentsatzen baitut. Burdinaren erabilpenak aldaketa sozial, ekologiko, kulturalak eta politikoak bizkortu zituen. Horiekin batera, hazkunde demografikoak ere eragin handia izango zuen. Ahaidetasunaren gaindiko egiturak hobeto arautzeko premia areagotuko zen.
Une horretan kokatuko nuke lurralde hauetan eman diren prozesu etnogenetikoetako bat, eta hor kokatuko nuke ere, Euskal Herrian sortu diren jendarte-antolaketa indigenetako bat, beste batzuk egongo baitziren aurretik eta beste batzuk suertatu ziren ondoren.
Erromatarrak iritsi zirenerako, (egungo) Euskal lurraldetan bizi ziren taldeek konfederazioak eginak zituzten, nitxo ekologiko guztiak ustiatzeko gaitasuna zuten, komertzioa, komunikabideak, hiriak… Gehiena dago ikertzeke, halere batzuetan iragana irudikatzeko modua ez da aurkitutakoa aztertzea, falta dena baizik. Zera esan nahi dut, erromatarrak iritsi zirenerako, lurralde hauetako eskualde guztietan talde antolatuak zeudela, harreman iraunkor eta arautuetan. Albait, ez dugu erdigune-bazterra antolaketaren inolako zantzurik aurkitu. Hau da, gure aurrekoek aukeratu zuten ereduan konfederazioa izango zen hartu-emanak arautzeko bidea. Izan ere, konfederazioa izan da ohiko antolaketa eredua jendarte-sistema gehienetan, eredu zentralizatuak baino askoz gehiagotan . Erroma klasikoari, inperioa sortu zuenari “Estatu" hitza jarri ohi zaio. Estatu izena jar dakioke Amerikako Inkeen inperioari, Egiptori Chinari, Erdi Aroko erresumei, XIX. mendeko Estatu-nazioei. Estatua izan zen Nafarroako Erresuma, Estatu baten ezaugarri batzuk izango zituzten Pirinioetako bi aldeetan egon ziren bi Baskoniek, baina desegokia litzateke “Estatu" izena erabiltzea Erroma aurreko euskal munduari, erakunde juridikoak, politikoak, soziokulturalak eta ekonomikoak izango zituztela jakinda ere. Hurrengo urteetan lantzen jarraitu nahi dugun aurrehipotesiaren arabera, Erroma iritsi aurretik sortu zen sistemaren zantzu batzuek jarraipena izan zuten hurrengo mende luzeetan. Erroma eta gero Euskal Herrian inposatu diren eredu ofizial guztien azpitik, euskaraz pentsatu, amestu eta jardun duten pertsonek bestelako eredu baten ezaugarriak gorde eta garatu dituztela uste dut, eta horrek isla izan du sarritan Estatu horiekiko egon diren gatazka eta auzietan. Lur publikoaren defentsa zorrotza; pertsonen askatasun juridikoaren defentsa sutsua, zaintza kolektiboa eta beste hainbat adierazpen, euskara eta euskal kulturaren bidez gaur arte iritsi zaizkigun aintzineko antolaketa baten zantzuak direla esango nuke nik. Antolaketa horren oinarrian “Batzarra" kokatzea zilegi dela uste dut. Batzar-biltzar horien ezaugarriak askotan aldatu direla jakin arren, eta ziurki termino hori dexente “berriagoa" izango dela susmatu arren, balizko batzar-sistema batek ondo erantzuten dio Erromatar heldu aurretik irudikatu ahal dugun panoramari. Batzarren bitartez antolatutako Euskal Herria izan da Estatuen eskutik etorri diren zentralizazio saiakerei erantzun diena. Eredu zentralista guztien aurrean euskal herritarrek antzeko aldarrikapena egin dituzte mendeetan zehar. Aldarrikapen horietako muinean ere aurkitzen dira egungo aldarrikapen eta behar batzuk. Lehen erasoak eliza eta erregeen eskutik etorri ziren, ondoren Estatu-nazioak izan ziren-dira, orain “merkatuak" dira eragile bortitzena askotan.
Beste etorkizun posibleak irudikatzeko, beste iragan posibleak aztertzea baliagarria dela uste dut. Idazten den historia ofizialetik landa, hamaika historia eta istorioa daude; liburu eta telesaio ofizialetik kanpo, hamaika gertaera eta mundu egon ziren Agintzen dutenek bultzatzen duten etorkizun goibelik at, beste etorkizun eskuragarri batzuk baditugu. Xede horretan kokatzen dut ezezaguna den iraganari buruzko gogoetak egitea, ahalduntze-prozesu kolektiboetarako tresna bat izan daitekeelako, erabiltzen ari diren beste paradigma batzuekin batera gure jarduna elikatzen lagun dezakeelako. Asmo horrekin ibili naiz, han-hemenka, azkeneko urteetan, egungo Euskal Herriko sektore eta lagun aktiboenen gogoa zertan dabilen ikuskatzen. Ondoko lerroetan aurkitutako zenbait ezaugarri konpartitu nahi nituzke. Egungo Euskal Herria
Euskal Herria mundu globalizatuan erabat txertatuta dago. Mundu globalizatu horren erdigunetik nahikoa hurbil dago eta Aro Berriak (Aro Planetarioa, egile askoren esanetan) sortu dituen aldaketak eragin itzela izan du geurean.
Garai bateko herri indigenaren ezaugarriak zantzu txiki batzuetan baino ez dira ageri; beste garai bateko Euskal Herria langile, arrantzale, nekazaria eta aktiboa ere, iragan hurbileko kontua da. Egun, Euskal Herria, herri “heldua" da, zentzu zabalean, demografikoa zein antropolitikoan. Euskal Herria eredua izan da herri minorizatu askorentzat, eta arlo batzuetan oraindik, zer erakutsi badu ere, oraingoan gehiago dugu ikasteko irakasteko baino. Oso konplexuak eta anitzak diren gertaerengatik, une honetan, Euskal Herriko sektore aktiboenetan aritzen diren herrikideak gutxi dira, sakabanatuak eta noraezean gabiltza. Herri gehienetan aurkitutakoak adierazten digu gehienok gertuko eremuan aurkitu dugula babesleku. Kontraesana dirudi, hain justu orain, komunikazio sareek muga guztiak gainditu dituzten garaian, jende askok gertuko sareari garrantzi handiagoa ematea, horrela geratzen ari da, ordea. Arlo sozialean aktibo jarraitu nahi duten gehienak herritik ala auzotik at ez dira apenas mugitzen. Egia da, sare-sozialek gure gertuko eremutik kanpokoekin harreman iraunkorra izateko aukera ematen digutela. Eta egia da, komunikatzeko bide berri horiek zenbait arlotan eragin itzela dutela, baina Euskal Herri osorako sareetan modu iraunkorretan parte hartzeko grina jaitsi da. Bestalde, oso nabarmena da “denboraren kudeaketa" aldatu dela. Nekez aurkitzen dugu urte luzetako militantzia aurreikuspena egiten duen pertsonarik. Lan-boluntario egiteko prestutasuna duen lagun andana dago, baina partehartze soziopolitikoa egiteko moduak aldatu dira, zeharo. Militantzia soziopolitikoaren konpetentzia handiena aisialdia da. Oso zaila egiten ari zaigu abian jarri den talde bati jarraipena ematea, bertaratutakoak aise nekatzen dira eta epe mugatu eta ardura mugatutako eratzukizuna baino ez dute hartu nahi. Nire ustez, hurrengo urteetan horrela jarraituko dugu eta hortaz, eraldaketa sozialerako konpromisoari eutsi nahi diogun lagunok argi eduki behar dugu bidaideen jokamoldea bestelakoa dela, berria. Gainideologia dugunon asmoak ez dira beteko, frustrazioa erortzeko arriskua dago, baina hala eta guztiz ere, aurrera egitea badago, jokamolde berriak oraindik ongi ulertzen ez baditugu ere. Adibidez, toki gehienetan, indar handiz “Zaintza" kontzeptua kezka nagusi gisa atera da. Estatuek ez dute bermatzen gure bizi-iraupena; merkatuek ebatsi digute denbora; gure erakundeen ahalmena oso mugatuta dago, belaunaldien arteko elkartasuna ahuldu da… Hainbat eta hainbat herritarrengan etorkizunarekiko kezka handia sortu da eta gertuko komunitatean ari da bilatzen irtenbidea. Honek zenbait pista ematen digu.
Tokian tokiko talde burujabeek baino ez dute epealdi estrategiko batek eskatzen duen iraunkortasuna edukiko. Euskal Herri osoko talde politiko eta sindikal handienetatik aparte, sor daitezkeen erreferentziak (guztiz beharrezkoak) tokian tokiko egituraketan izango dute oinarri. Beste ezer ez da ongi aterako. “Goitik" jaiotzen diren erreferentzia guztiekiko mesfidantza erabatekoa da eta. Tokian tokitik hasi
Batzarrak izan ziren Estatuen ahaleginei aurre egin zieten erakundeak. Erdi Arotik aurrera jauntxoek batzarrak kontrolatzen hasi ziren arren, antolaketa eredu honen berezko ezaugarri batzuk oso baliagarriak izan ziren komunitateari eusteko, herritar xumeen oinarrizko eskubide batzuk babesteko, jabetza publikoari eusteko, komunitateari eusteko, zaintza ardura kolektibo gisa ulertzeko.
Gertuko komunitateak berregituratzeko, gure beharrak asetzen laguntzeko, XXI.mendeko herri batzarrak osatzen saiatzea ariketa emankorra izan daiteke. Ahalduntze-prozesu handi baten baitan kokatu beharko genuke saiakera hau, herritar aktiboak eta burujabeak izateko ahalegin eraikitzailea. Eskualde, herri, auzo bakoitzean lehentasuna eta beharrak desberdinak izango dira. Herri Batzar bakoitzak forma ezberdina hartuko du, ardura ezberdinak izango ditu , gaitasun ezberdina, baina denek osa dezakete mugimendu zabal bat, eraldaketa sozialari ekarpena egiteko moduan egon daitekeen mugimendua. Euskal Errepublika Eraikitzen
Esan bezala, herri batzarrak ala batzordeak modu sistematikoan sortzen hasiko balira, Euskal Herriko mapan aniztasun handia izango genuke. Tokian tokiko egoera ezberdina den neurrian, lehentasuna eta beharrak ere desberdinak izango dira. Leku batzuetan euskaldun aktiboak izatea izan liteke lehentasuna; beste batzuetan agian agureen zaintza; txikien zaintza, banka etiko bat sortu; denboraren kutxa bat kudeatu, inguru naturalak babestu, turismoa kontrolatu, energia garbiak lortu, produktu ekologikoak kontsumitu, desmilitarizazioa… behar handiak daude, asko, anitzak. Hala ere, mapa konplexu honek itxura koherente bat har lezake ahalegin kolektibo zabal batean kokatzen bada. Ahalegin kolektibo horri “Euskal Errepublika Eraikitzen" deituko nioke, nire kasuan, jarduna Euskal Herriko markoan kokatzen baitut. Beste marko posible batzuk nik aukeratutakoa bezain ulergarriak dira, noski.
Eraikitze lan hori hasteko moduan gaude, Euskal Errepublikaren herritar aske gisa antolatzen has gaitezen.]]>
<![CDATA[Tsipras eta Puigdemont; Grezia eta Katalunia]]> https://www.berria.eus/albisteak/146767/tsipras_eta_puigdemont_grezia_eta_katalunia.htm Mon, 06 Nov 2017 17:24:03 +0100 Patxi Azparren https://www.berria.eus/albisteak/146767/tsipras_eta_puigdemont_grezia_eta_katalunia.htm <![CDATA[Elorrietaren elkarrizketa; Lizarra ezkerretik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2513/018/003/2017-01-28/elorrietaren_elkarrizketa_lizarra_ezkerretik.htm Sat, 28 Jan 2017 00:00:00 +0100 Patxi Azparren https://www.berria.eus/paperekoa/2513/018/003/2017-01-28/elorrietaren_elkarrizketa_lizarra_ezkerretik.htm
Akordio hari buruz, zera dio Elorrietak: «Lizarra-Garazi EAJk eta ETAk egin zuten, beraiek ziren protagonistak, besteok laguntzaileak». Idazkari Nagusia ohia ez da isilik geratzen zen horietakoa, eta urteetako isilunea eta gero, eskertzekoa da «hondar politikora» jaitsi izana. Hala ere, zilegi begit, erantzun txiki hau plazaratzea.

Elorrietak ondo dio, Lizarra-Garaziren oinarrian EAJ eta ETAren arteko solasaldia-akordioa zegoen. Baina, hasiera batean horrela bazen ere, ezin ahaztu Lizarra-Garazira iritsi ahal izateko lehenengo urratsak ELAk eta LABek egin zituztela. Lizarra-Garazi egindakoan, Elorrietak berak hau esanez,»alderdien garaia da» erdigunetik atera zuen bere sindikatua. Hortik aurrera, Lizarra-Garaziren kudeaketa estrategikoan sindikatuak bigarren tokira pasatu ziren.

Laguntzaile xume izatea onartzea Elorrietaren taldearen erabakia izan zen. Euskal Herriko erakunde soziopolitiko handiena izanik, bestelakoa protagonismoa har zezakeen, baina ez zuten hartu.

Garai horietan denok egin genituen hanka-sartzeak. Horren harira eta gaurko gorabeheren harira, Elorrietak astindu ederrak ematen ditu elkarrizketan.

Haatik, bere erantzukizuna onartzea ere eskertuko genuke askok, ELAk garai hartan egin zuen atzerapauso hura hanka-sartze estrategiko itzela izan baitzen.

Zorionez, hanka-sartzetatik ikastea badago eta denborak aurrera egin ahala, bide berriak jorratzeko aukera ere zabaltzen da. Elorrietak eskainitako elkarrizketan prozesu soberanista ezkerreko indarren metaketan duela abiapuntua. Bat nator berarekin, ea oraingoan talde bakoitzaren epe laburreko interesen gainetik komuneko helburu estrategikoak nagusitzen diren.]]>
<![CDATA[Txetx eta besteak aska]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2223/024/003/2016-12-20/txetx_eta_besteak_aska.htm Tue, 20 Dec 2016 00:00:00 +0100 Patxi Azparren https://www.berria.eus/paperekoa/2223/024/003/2016-12-20/txetx_eta_besteak_aska.htm
[...] Eskua ez ezik, burua ere jarriko nuke Txetx eta besteen alde sutan. Oraingoan, berriz ere, bakearen aurkako eragileek atxilotu dute. Baina lekukoa ez da eroriko, herritar andana prest baikaude eskutan hartzera eta aurrera egitera, bakearen bidetik askatasuna datorrelako eta desmilitarizazio osoa beharrezkoa dugulako.]]>
<![CDATA[Prozesu heterokronikoa eta ibilbide-orria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/018/001/2016-09-10/prozesu_heterokronikoa_eta_ibilbide_orria.htm Sat, 10 Sep 2016 00:00:00 +0200 Patxi Azparren https://www.berria.eus/paperekoa/1832/018/001/2016-09-10/prozesu_heterokronikoa_eta_ibilbide_orria.htm
Hainbat lagunekin batera, Miramonen, proposamena lehenengo eskutik ezagutzeko aukera izan nuen; ekitalditik sentsazio gazi-gozoz atera nintzen.

Gazia, ezkerreko independentista askok bezala, askoz gehiago nahi genukeelako; gozoa, azkenean ibilbide-orri baten hastapena mahai gainean jarri delako.

Proposamenean ageri denez, hiru dira jorratu beharreko gaiak: burujabetza; lan eskubideen eta eskubide sozialen bermea; eta bakea. Ezaugarri honek zenbait aukera zabaltzen du, aurpegi asko izan dezakeen prozesutaz hitz egin ahal izango dugulako. Gazi-gozotasunaren osagarri batzuk azaltzen saiatuko naiz.

Eragozpenak. Proposatutakoak nekez sortuko du lan-grina ezkerreko independentiston oinarri soziologikoan, beste bi eragile politiko horiekin adostu daitekeena autonomia berri batetik urrunagora ezin baita iritsi. Izan ere, egun, EAJ eta Ahal Dugunekin egon daitezkeen komuneko eremuak urriak dira. Bestalde, Estatu espainiarrak emango duen ezekoa aurreikusirik, ez dago oraingoz zantzurik pentsatzeko beste bi alderdiak prest egongo direla ezezkoari aldebakartasunetik erantzuteko.

Kezkagarria izan daiteke, era berean, ezkerreko independentismoaren jardun estrategikoaren ardatza EAEn kokatzea, duela hiru hamarkada EAJk hautu zuen bezala. Euskal Herriko beste lurraldeetan prozesu eraldatzaileak ez badira berpizten, sakabanaketa sakon liteke.

Arlo sozialean ere trabak handiak dira, egungo sistema neoliberala sutsuki defendatzen eta bultzatzen duen eragilearekin (EAJ) akordioak sinatzea biziki zaila izango baita. Arlo horretan, akordioa baino gehiago, ereduen arteko konfrontazioa handitzeko beharra dagoela argi du euskal gehiengo sindikalak.

Galizan eta Katalunian ez bezala, Hego Euskal Herrian, Podemos ez da eragile autonomoa; autonomia hori ez dute eskatu, eta barne egituraketa errotik aldatu ezean, Errejonek eta Iglesiasek azkeneko hitza edukiko dutela pentsa genezake.

Aukerak. Arestian nioen moduan, nire ustez, proposamenak badu hainbat alde on ere. Lehenengoa, eta oso garrantzitsua, bost urteko nora ezari amaiera eman diola, norabide ulergarri batean aitzinean kokatuz. Apala, atzerapauso bat eginez, azeleragailua zapaldu baino, zapaltzeko ahalegina egin aurretik oina altxatuz, baina, aurki, azeleragailuari ekingo diola hitza emanez, Errepublika burujabea lortu arte eta koherentzia erakutsi duen zuzendaritza talde berri baten konpromisoaz.

Bigarrena, eraginkorrak diren bi printzipio politikori heltzen diela, hots, errealitatearen kontzeptuari eta indar-korrelazioen kontzeptuari. Hortaz, abiapuntua zuzena izan daitekeelakoan nago, errealitateak dituen ezaugarrietatik abiatuta baino ezin da-eta errealitatea eraldatu, platonismo antzutik at eta pragmatismo erreformistatik landa, utopia gozagarriak bultzatutako helburu gauzagarriek errealitatea aldatzeko ahalmena baitute.

Mendebaldeko hiru herrialdeetako hauteskundeetako emaitzek parada ematen badute, hemendik lau astera Euskal Herriko lurralde horietako mapa politikoa aldatuta egon daiteke. PP eta PSOEren indarrak ahulduko da eta 1978ko erregimenaren krisia areagotuko da. Dagoeneko Nafarroa Garaian urrats batzuk eman dira.

Proposamenak indar-korrelazioan aldaketa handiak sortzeko ahalmena du, birkokapen politikoak guztiengan eragina izango duelako. Aldaketa norabide onean eta beharrezkoa den abiadura bizian gerta dadin, ezker subiranista eta independentistaren oinarri osoa lanean jarri behar da. Aldiz, gogoz lanean jar gaitezen, bi dira ezinbesteko baldintzak: barne demokrazia osoa; helburu gauzagarriak laster lortzea.

Ezker Subiranistaren indar nagusiak dira bere lan gaitasuna, koherentzia eta konpromisoa; geure burua hauteskunde emaitzen arabera mugatzea akats estrategikoa litzateke. Hauteskundeetan emaitzak hobetzeaz gain, beste ate batzuk ere zabaldu behar ditugu. Akordioez mintzatzeak itxita zeuden ate batzuk zabaltzen laguntzen du.

H.C. Anderesen ipuinean bezala, «Erregea biluzik dago» esateko prest dauden kide, ekintzaile eta herritarren ekarpena baliotsuena da harrokerian erortzen hasten garenean.

Beste eragilea. Euskal jendarte zibilean hauteskundeetako lehian ari diren alderdi eta koalizioekin batera, bestelako eragile soziopolitikoak ere badaude. Balizko akordioek herritarron onespena beharko duten lez, akordio horiek adosteko garaian funtsezkoak izango dira alderdi politikoak ez diren beste eragileen ekarpenak.

Bereziki interes handia dute menpeko egoera pairatzen duten eragileen ekarpenek, egungo sistema juridiko-politiko, kultural eta sozioekonomikoan kaltetuak diren jendarte esparruak, hain zuzen ere. Sei azpimarratuko nituzke: emakumeak, gazteak, langileria, euskaldun aktiboak, Europar Batasunetik kanpoko etorkinak eta gatazka armatuaren ondorioak jasan dituztenak.

Burujabetzara eraman gaitzakeen marko juridiko-politiko berria adosteko ahalegin horretan, jendarte esparru horiek ordezka ditzaketen eragileen parte hartzea beharrezkoa da, guztiz. Horien parte hartze zuzenaz soilik berma baitaiteke balizko akordioen edukietatik prozesu eraldatzaileak jaiotzea.

Prozesuen prozesua, prozesu heterokronikoa. Akordioez ari den bezalaxe, prozesuez mintzatu beharko genukeela uste dut, eraldaketa sozialera, burujabetza-independentziara eta bake iraunkorrera eramango gaituen prozesu zabalak hainbat prozesu izango dituelako bere baitan.

Lizarra-Garazi akordioaren hausturaren oinarrian, besteak beste, lurraldetasunak izan zuen eragin handia. Zenbait eragilek Euskal Herri osorako prozesu bakarra proposatu zuten; izan ere, garai hartan gertatu zen aldaketaren indarrak horren ausarta izateko tenorean ginela pentsarazi zigun, hasieran bederen. Tamalez, ez ginen prest. Hausturaren atarian «prozesu diakronikoaz» mintzatu ginen, lurraldetasuna eta erabaki-subjektua bereiztea zegoelakoan.

Orain, testuingurua errazagoa bada ere, konplexuagoa ere bada, eta ziur aski honi aurre egiteko modu bakarra aurpegi anitzetako prozesu askatzaile heterokronikoa abian jartzea izango da. Hau da, euskal errepublika eraikitzeari ekin, norberak euskal herritar gisa, lurralde guztietako euskal herritarrok (eta kanpoan bizi direnek) eta bide batez hainbat prozesu askatzaile eta eraldatzaile piztu, lurralde guztietan eta esparruka.

Oina altxatuta, lehenbailehen azeleragailua indarrez zapaltzeko, bakoitza dagoen tokitik, bultza dezagun gogoz.]]>
<![CDATA[Euskal Naziotasunaren onarpen juridikoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/014/001/2016-08-04/euskal_naziotasunaren_onarpen_juridikoa.htm Thu, 04 Aug 2016 00:00:00 +0200 Patxi Azparren https://www.berria.eus/paperekoa/1832/014/001/2016-08-04/euskal_naziotasunaren_onarpen_juridikoa.htm
Ekintza sinboliko batzuk egin ostean, ezustean, aldarrikapen bat nagusitu zen, euskal naziotasunaren eskaera, alegia. Gure aurreikuspenak bestelakoak izan arren, naziotasunaren aldarriak indar eraldatzaile eta mobilizatzaile handia ukan zezakeela ikusi genuen.

Irekitako zirrikitua zabaltze aldera, sinadura bilketa bati ekin genion. Sinatzaileok postal bana izenpetu genuen, Juan Carlos Borboikoari zuzenduta, bere subdito izaerari uko egiten geniola esanez. 1.000 lagunen postalak, agiri ofizial batean bildurik, Gasteizen zegoen Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzan aurkeztu genituen. Halere, sinbolismotik harago joan behar zela garbi genuen eta Ipar zein Hego Euskal Herrian ekintza bateragarriak beharrezkoak zirela argi zegoen.

Euskal Naziotasunaren aldeko aldarria zabaldu zen, Udalbiltzaren babesaz, Bai Euskal Herria herri ekimenak EHNA izeneko agiria kudeatu zuen. 200.000 bat herrikidek EHNA eskatu zuten; 200 lagunek frantziar eta espainiar nortasun agiriak Bruselara eraman genituen, inposatutako naziotasunari uko eginez. Koktel erakargarria gorpuzten hasi zen: herri mugimendu zabalak, Udalbiltza, giza eskubide batean oinarritutako aldarrikapenen pertsonala eta kolektiboa, eta lanabes bat, desobedientzia.

Euskal naziotasunaren aitorpen juridikoaren nahia eta beharra zurrunbilo politikoaren erdigunean kokatu zen. Estatu espainiarrak gogor jokatu zuen: besteak beste, 18/98 sumarioaren atal batzuk astindu horretan koka daitezke. Rodriguez Zapaterok bere DNI-a eskuan zuelarik, horrela esan zuen «jakin dezatela euskal herritarrek (los vasco/as bere hizkuntzan) agiri hau dela euren eskubideak bermatzen dituen dokumentua»; Joseba Egibarrek Zapaterori arrapostuz, Gasteizko Legebiltzarrean, elkarte batek argitaratu zuen ENA eskuan hartuta, euskal naziotasuna aldarrikatu zuen; Ibarretxeren proposamenak mendebaldeko hiru herrialdeetatik at ere eragina izango zuen euskal naziotasunaren aitortza proposatu omen zuen. Utz dezagun, aldiz, gure iragan hurbila hemeroteka lanetarako eta azter dezagun egoera politiko berriak zabaldu dituen aukerak.

Tematia izateko beldurrik gabe, egun ere, duela 18 urte bezala, naziotasunaren aldarrikapena eztabaida eta agenda politikoaren erdigunera eramateko beharra dagoela uste dut.

Norberaren naziotasuna errespetatua izatea Giza Eskubideen Agiriaren 15. artikuluan jasota dago. Inori ezin zaio naziotasuna ukatu; inori ezin zaio naziotasun bat inposatu. Irizpide unibertsal eta demokratiko horretatik abiatuta, berriz ere, euskal herritarrok gure naziotasunaren onarpen juridikoa lortzeko jardunari ekin behar diogu.

Euskal herritarrok, Euskal Herriko lurralde historikoen eskualde guztietan egoteaz gain, lur horietatik at ere badaude, munduan barrena, gero eta gehiago gainera. Bestalde, Euskal lurraldeetan, beste naziotasunekin batera, euskal naziotasuna onartzeko prest dauden milaka herrikide ere baditugu. Hortaz, masa kritiko zabala dugu prest.

Euskal naziotasunaren aldarrikapena bazterketaren aurkako eskaera berdintzailea da. Osagarri kulturalak, politikoak, sozialak, linguistikoak dituen eskaera eraldatzailea, onarpen juridikoa ez baita keinu sinboliko hutsa, eskubide zibil eta politikoetan ondorio handiak dituen onarpena baizik.

Harridura handiz irakurri nuen Iker Casanovaren artikulu bat. Bertan, hizkuntz eta kultur aldarrikapenak iraganean eta «sentimenduen» eremuan kokatzen zituen; aldarrikapen sozioekonomikoetan sentimenduak eta enpatia desagertuko bailiran; edota kultur aldarrikapenak irrazionalak balira bezala. Ezuste itzela, eztabaida hori duela 30 bat urte gainditu baitzuen euskal sindikalismoak, herri mugimenduek eta euskalgintzak.

Herritar gisa, norbanakoak eta kolektiboki gure naziotasunaren onarpen juridikoa exijitzeak aldarrikapen sozialak eta demokratikoak ditu bere baitan, ezinbestean. XXI. mendeko Euskal Herrian, berrasmatzen ari garen gure herri zaharberritu honetan, nazio-subjektu politiko osoa aktibatzeko beharra dago, aurreiritzi guztiak gaindituz, mugak gaindituz, Euskal Herri koloretsu berrian, euskara, euskal kultura, aniztasuna, auzolana eta elkartasuna guztion ondarea direla barneratuz.

Duela 18 urte osatu genuen koktel bera egiteko parada dago; eta, gainera, askoz aproposagoa den testuinguruan. Euskal herritar guztiok aldaketaren subjektu bilaka gaitezke, aktiba gaitezke, geldikeria gaindituz, garai berriko herri mugimenduetan antolatuz, Udalbiltza berrindartuz, inposaketak ukatuz, desobedientziari helduz.

Zilegi eta beharrezkoa da joko-zelai politiko klasikoaren eremuan aritzea. Beharrezkoa da esparru guztietatik lanean aritzea ditugun arazo materialak, gabeziak, beharrak, konpontzen saiatzeko. Behar horiek lehenbailehen asetzeko beharra dagoela ikusten ez duena, besaulkian eroso kritikatzen bizi dena, ez da mugituko; ez lehen: borroka armatuak gainditu ezineko harresi bat eraiki zuenean; ezta orain ere: politikari profesionalek herritarroi ardura kendu nahi digutenean. Haatik, eraldaketa lortuko dugu soilik, menpeko eremu klasiko horietatik kanpo ere aritzeko gaitasuna izatekotan, beste Euskal Herri posiblea, ametsa izatetik errealitatea izatera igarotzen lortzen badugu, laster.

Estatu-nazio zaharkituaren ezaugarrien arabera eraikitako Estatuak kinka larrian daude. Estatu espainiarra bereziki. Estatu ustel horretatik askatzeko premia areagotu da: Kataluniak zabaldu du ihesbidea; euskal herritarrok ere gurea lehenbailehen ireki beharko dugu.]]>
<![CDATA[Aporiatik eraldaketara]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/016/003/2016-01-07/aporiatik_eraldaketara.htm Thu, 07 Jan 2016 00:00:00 +0100 Patxi Azparren https://www.berria.eus/paperekoa/1832/016/003/2016-01-07/aporiatik_eraldaketara.htm
Azken hauteskundeak izan eta gero, Katalunia eta Euskal Herriko ezker independentistan aporia egoeran geratu dira zenbait. Aporiatik askatutakoan, eraldaketa emankorra lor daitekeelakoan, lerro batzuk egiteari ekin diot.

Euskal Herriko mapa politikoan gertuen izan ditudan lagunak Aralarreko Irauli korrontean lerrokatu ziren. Behin, Gernikako Akordioaren ekitaldi batetik gentozela, umorez, horietako batek horrela adierazi zuen: «hau marka!, gu gara kritikoen, kritikoen, kritikoen, kritikoak, hau ganoraz kudeatzea zaila da benetan». Izan ere, Irauli Aralarren korronte kritikoa zen; Aralar, Ezker Abertzalearen enbor nagusiarekiko kritikoa; Ezker Abertzalea jeltzaleen nazionalismoarekiko kritikoa eta bukatzeko, abertzale guztiok frantziar eta espainiar estatuen arerioak.

Oro har, jarrera kritikoa eta eszeptikoa oso osasungarria da, gizakiak egin dituen aldaketa nagusiak egitura zaharrak gainditzean gertatu baitira. Hori dela eta, jokabide kritikoa elikatu beharreko jarrera aktiboa dela uste dut. Hala ere, hiperkritikook zenbait gaitz ere baditugu, horietako nabarmenena: gainideologizazioa.

Arlo soziopolitikoan ekintzaile den orok bere jardunari zentzua emateko ideologia-sistema baten baitan kokatzen du. Zenbat eta gehiago sakondu, hainbat eta zorrotzagoa bilakatuko da ekintzailea. Herri Mugimenduen eraginaren indarrak horretan datza, hain zuzen ere. Hots, jendartean esparru jakin batean eraldaketa beharrezkotzat jotzen denean, (ekologismoa, esaterako) esparru horretako taldea espezializatuko da, aditua izango da. Hausnarketa erradikala egiteko premia izango du eta lanketa horrek ekintza bilakatuko da jendartean aldaketa sortze aldera. Jardun-metodologia hau oso eraginkorra izaten da. Esaterako, duela gutxi arte minoritarioak ziren hainbat eta hainbat lorpen sozioekonomiko eta kulturalak oso txikiak ziren herri mugimenduen lanari esker lortu dira. Haatik, erakunde politiko orokor batentzat, gainideologiaren mugak handiagoak izan daitezke.

Bistan da erakunde politiko, sindikal edota sozialetan ari garenok gertaerak ikuspegi gainideologizatu batetik ikusten ditugula. Horren ondorioz, sarritan antolatu gabeko herritarren begirada ulertzea zaila egiten zaigu. Adibide bat azkeneko hauteskundeetan ukan dugu, eta ez naiz solik EH Bilduz ari, CUP eta EAEko Podemoseko zuzendaritza ohiari buruz ere ari naiz, hiru taldeetan bere esparruko herritar askoren hautua aurreikusteko gaitasunik ez dute/dugu izan eta.

Gainideologizazioak mugak ditu, pedagogiaz eta komunikazioaz gainditu beharreko hesiak. Inondik inora ez dut zalantzan jartzen hausnarketa politiko erradikalak zuzenagoak direla arinkeria ideologikoak baino. Alabaina, jokuzelaiaren arauak sistemaren aldeko eragileen alde egin direnez, jokabide berriak asmatu beharko ditugula ematen du.

XXI. mendera egokitzen

Euskal Herriko jendarte zibila duela 20 urte baino askoz desideologizatuta dago. Jendarte zaharkitua izateaz gain, kapitalismoaren baloreak nahi genukeen baino askoz barneratuago daude, Joseba Egibar berehala ohartu zen eta kanpaina pare bat eginez, boto-emaile poltsa ederrak eskuratu dituzte jeltzaleek. Euskal kulturaren ezaugarriak oso minorizatuta daude, euskararen ohiko erabilera %13ko tasa beldurgarri bezain lotsagarrian dago. Gatazka armatuaren zauri asko oraindik ez ditugu sendatu…

Agertoki zail honetan, ezkerreko independentismoak prozesu bikoitza abian jarri nahi du: kapitalismoa alboratuko duen sistema sozioekonomiko alternatibora eramango gaituena; euskal errepublika burujabera eramango gaituen prozesu askatzailea. Erronka handia bezain ederra eta beharrezkoa. Ustez baino luzeago joko duen arren, eskura daukagun prozesu eraldatzaile bikoitza.

EH Bilduren jaiotzan egon zen aldeko olatua baretu da. Indar sistemazaleek neurria hartu diote eta hurrengo faseari ekiteko garaia da.

Gutxi lagundu dio EH Bilduri «partidokrazia» (zorionez) ukatzen den hauetan, alderdi politiko tradizionalen gaitz gehienak garatu izanak. Gutxi lagundu dio erabaki taktiko guztiak politikari profesionalen begietatik hartu izanak eta kalte ikaragarria egin dio ezker subiranistari lehenengo hauteskundeetan lortutako arrakasta itzelak hegemonia eskura izango zuela amesteak.

80ko hamarkadaren bukaeran, ezker independentistaren ordezkaritza ez zen egungoa baino txikiagoa, desberdintasuna joera soziokulturaletan dago. Urte haietan, ordurako, ETA erakundea jasangaitza zen gurpil eroan sartzen hasita bazegoen ere, ezkerreko abertzaletasuna gazteentzako korronte ideologiko-estetiko erakargarriena zen; orain, belaunaldi berrietan, non eklektismoa nagusitu den, ezkerreko abertzaletasuna aukera anitzen arteko beste bat baino ez da.

Ziur naiz, XXI. mendearen hastapena den honetan, korronte ideologiko modernoenak , beharrezkoenak, eta zuzenenak, ezkertiarrak eta subiranistak direla. Bai hemen, baita Katalunian eta Grezian ere. Herritarron burujabetza, herrion burujabetza, ekonomikoaren sozializazioa, ama lurra babestea, demokrazia erradikala aldarrikatzea punta-puntako aldarrikapenak dira. Oso erakargarriak pedagogia handiz plazaratzeko eta garatzeko gai bagara.

Pablo Gorostiagak esan zuen: «erori gara», altxatzean dena ezberdin ikusiko da eta gauza asko errotik aldatu beharko dira.

Arestian nioen, ezker subiranista eta independentista ez da korronte ideologiko hegemonikoa, ez da epe laburrean izango, baina horrek ez du esan nahi helburu estrategikoak balizko etorkizun zoragarri baterako atzeratu behar direnik.

Helburu estrategikoan egunerokotasunean praktikan jarri behar dira, etxetik hasita eta gehiengo alternatiboak dauden tokietan.

Helburu estrategikoetako bat, benetako demokrazia izanik, ezkerreko independentismoan lerrokatuta dauden talde guztiak gardentasun eta zorroztasun osoz demokratikoak izan behar dira, parte hartzaileak eta herritarrak. Hegemonia eduki gabe, eraldaketa posible da. Kritikoen kritikoen kritikoen kritikoek sarritan egiaztatu dugu. Horren xelebre, arraro, friki ez zaretenok gaitasun eta ardura handiagoa daukazue. Animo, aporiatik eraldaketara pasa gaitezke eta.]]>
<![CDATA[Trena Maltzagatik igaro da]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/019/003/2015-11-17/trena_maltzagatik_igaro_da.htm Tue, 17 Nov 2015 00:00:00 +0100 Patxi Azparren https://www.berria.eus/paperekoa/1832/019/003/2015-11-17/trena_maltzagatik_igaro_da.htm Maltzagako Aldarria izeneko ekimena bultzatu genuen. Raul Arkaia kazetariarekin idazkaritza lanetan aritzea egokitu zitzaidan.

Oso gaztetik ezkerraren sektore asanbleario eta bihurrienetan aritzea aukeratu banuen ere, beste pentsaera bat dutenekin lanean aritzeko zailtasunik ez dut izan. Euskal Herrian denok ditugu gure inguru afektibo gertuenean oso ezberdin pentsatzen eta jarduten duten lagunak; hortaz, aniztasun horretan bizitzeko dohainak garatu ditugu. Gatazka armatuaren aroak sortutako harresiak ezarritako mugen gainetik salto egiten ohituta ginenok trebetasun horiek landu behar izan ditugu.

Ibarretxeren bigarren gobernua estatus juridiko-politikoa aldatzeko ahaleginetan zebilen. 2007ko udaberria zen, eta, Lizarra-Garaziko Akordioaren garaietan zabaltzear egon zen prozesu subiranista berpiztea aldarrikatuz, sinadura bilketa bati ekin genion. Talde txikia izanik, atxikimen kopurua baino, bestelako ezaugarriak lehenetsi behar izan genituen. Ipar eta Hego Euskal Herriko alderdi abertzale, gehiengo sindikal eta herri mugimenduetako lagun ezagun askok aldarriarekin bat egin zuten.

Lizarra-Garaziko Akordioaren 10. urteurrenarekin batera, Abertzaleen Batasuneko zenbait kideren laguntzaz, Garazin elkartu ginen. Garai hartako sindikatu nagusiaren idazkari nagusia zenak kale egin zuen; «ekimen boluntarista» omen baitzen geurea. Horren ondorioz, hitzordura joatekotan zeuden beste sindikatuetako kideak ez ziren etorri. Zer esango dugu, bada: Elorrietak arrazoi zeukan, boluntarista hutsak eta inozoak ginen, gara; baina konpromiso politikoari muzin egin nahi ez dioten inozoak, ekintza politiko eta sozialean erretirorik ez dagoela uste duten horietakoak.

2008an, Lakuara 1.500 sinadura eraman genizkion eskura lehendakariari. Bereziki handia izan zen Euskal Diasporaren kide aktiboenek egin zuten ekarpena; izan ere, Euskal Etxeetako ehunka kidek agiria sinatu zuten.

Lakuan egon ginenerako, eszenatokia osatua zegoen. Ibarretxeri aurrez aurre bidea «etxetik» moztuko ziotela ohartarazi genion. Eta laster horrela gertatu zen, EAJko buruek ez baitzuten ez gogorik, ez kemenik, mendebaldeko hiru herrialdeetan zegoen gehiengo subiranista aktibatzeko.

Lehendik, batzuen eta besteen kokapena erabakita zegoen. EAJren Josu Jon Imazen aldekoek ez zuten sekula Lizarra-Garazi maite izan. Egungo lehendakariak, Bizkai Buru Batzarreko burua zelarik, herriz herri sortu ziren «Lizarra-Garazi txikiak» oztopatzeko ahaleginak egin zituen; estrategia politiko-militarra porrotera eramaten ari zitzaigun; Ezker Abertzalearen eledun nagusienek PSOEren balizko ildo vasquista batekin amesten zuten… korapiloa ez zen askatzen. Urteek ematen diguten ikuspegiak parada ematen digu garai hartan gertatutakoak hobeto ulertzeko.

Ibarretxeren proposamena mugatua zen: mendebaldeko hiru herrialdeetako erakundeetatik abiatutako prozesua zen; osagarri sozialik ez zuen; Estatu espainiarrak ezarritako legea errespetatuz egitura juridikoa eraldatu nahi zuen, EAJren babesa izango zuela uste zuen… Desobedientziarako prestasuna ez edukitzekotan, Ibarretxeren planak ez zeukan jarraibiderik.

Ziurrenik, Ibarretxek izena eman lezake Garazin elkartu ginen boluntarista taldean. Nik, aldiz, jeltzale bat politikoki kokatuta egon daitekeen tokietatik hamaika kilometrora egonda ere, beste zerrenda labur batean ere jarriko nuke, politikari zintzoen zerrendan, alegia.

Harresi berri baten kontra jotzera gindoazela bagenekien ere, Maltzagako Aldarria bultzatu genuenok bat egin genuen Ibarretxeren legealdiaren hondarretan sortu zen «Erabaki» Plataformarekin. Azken aukera zen, eta kontraesan anitz egonagatik ere, saiakera zintzoei zintzotasunez erantzun behar zaiela uste dugulako, hor aritu ginen.

Maltzagatik igaro da

Ezaguna denez, «Maltzagaraino elkarrekin» leloa Telesforo Monzonek zabaldu zuen. Maltzagako ikurra abertzale guztien arteko elkarlanaren adierazgarria da. Hori dela eta, Maltzagako Aldarria izena jarri genion, 2006tik 2008ra bultzatu genuen ekimen apala.

Beste garai historiko bat zen, beste baldintza politiko batzuk zeuden, beste eragile eta protagonista batzuk ziren. 2008an mendebaldeko hiru herrialdeetatik abiatuta, Euskal Herri osorako estatus juridiko-politikoa aldatzeko proposamena egitea bideragarria izan zitekeela ematen zuen. Lizarra-Garazik sortutako aliantzek Euskal Herri osorako prozesu dinamiko bat bultzatu ahal zutela uste genuen. Aldiz, trena Maltzagatik pasa zen eta bidaiariak ez ziren igo.

Trena pasa zen. Bidaiariak egon bazeuden, baina txartelak ez ziren salgai jarri. Batzuek bolanteari heltzeko lehian ibili nahiago izan zuten; beste batzuek trenbideko burdinak eten zituzten, besteek argindarraren kablea…

Ibarretxeren saiakerarekin batera, EAJren azkeneko aukera historikoa igaro zen. Egun, EAJ Kataluniako Duran i Lleida dagoen kokapen politikoan dago.

Ezkertiarrok gure egitasmo eraldatzaileak zokoratu behar omen genituen Maltzagan trena hartzekotan. Eskuindarrok, berriz, euren eredu sozioekonomikoa inposatzen jarraitzeko edozein bidaide aukeratzea zilegi omen zuten. Hegoaldeko azkeneko hauteskundeetan EAJk hautu hori berretsi du, Ardanzaren garaian baino urrunago eramanez eta, gainera, hautu hori jasangaitz bilakatzen duen testuinguru berri batean.

Bai Euskal Herrian, bai nazioartean, testuingurua zeharo aldatu da. Euskal indar politiko subiranista guztiek gatazka armatuaren garaia bukatutzat ematen dute; Europan eman den «Merkatuen» Estatu-kolpeak demokrazia akabatu du (Grezia kasu); kapitalismoak, militarismoak, pobreziak eta fanatismoek gerra egoera iraunkorrera eraman gaitzakete. Herritarrok eta herriok burujabetza eskuratu behar dugu, sistema ekonomikoa errotik aldatu, ordezkaritza sistema zeharo irauli behar da, demokrazia erradikala praktikatuz, bake politikak nagusitu behar dira, aniztasunaren txertoa fanatismo guztiei aurre egiteko sendagaia zabaldu behar da…

Bidaia berri batean ari gara eta jeltzaleek ez dute parte hartu nahi. XX. mendeko nazionalismoak bukatu dira; XXI. mendeko mugimendu independentistek ezkerrez idazten dute.]]>
<![CDATA[Euskal Herria Aro Planetarioan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/023/001/2015-10-16/euskal_herria_aro_planetarioan.htm Fri, 16 Oct 2015 00:00:00 +0200 Patxi Azparren https://www.berria.eus/paperekoa/1832/023/001/2015-10-16/euskal_herria_aro_planetarioan.htm
XVI. mendean lurraren lurralde guztiak harremanetan jartzeko bidea aurkitu zenetik, mundua aldatzen hasi zen, abiadura bizian. Afrikatik irtendakoan, lurraren bazter guztietan barrena barreiatu zen espeziea, gurea alegia, hamaika adartxotan sakabanatu zen mundutik, ulertzeko milaka modu asmatu zituelarik. Denborak aurrera egin ahala, gero eta ezberdinago bilakatu ziren kultura eta taldeak. XVI. mendetik hona aniztasuna murrizten joan da eta gure espeziearen diaspora elkartzeko bideari ekin dio.

Aro Planetarioaren aurrehistorian protagonista nagusiak Europako mendebaldeko nazio txiki batzuk izan ziren. Estatu izaera hartu zuten talde horiek antropozentrismoaren gaitzaz jota zeuden. Sarraskia izan da aurrehistoriaren ezaugarrietako nagusia: ondasunen sarraskia, gizakien esplotazioa, emakumeen bazterketa, herrien zapalketa…

Europan gertatu zen hazkunde demografikoak ondorio latzak izan zituen. Milioika europar atera ziren euren jatorrizko lurraldeetatik eta euren bizimodua inposatu nahi izan zuten. Lasterketa eroak, aurrehistoria horren hondarretan, bi Mundu Gerra odoltsuetara eraman gintuen.

Aste hauetan, Siriako errefuxiatuen mugimenduak Aro Planetarioan zeharo murgildurik gabiltzala egiaztatu du.

Mugimendu nazionalistak XIX. mendean izan ziren iraultzen uholdean koka daitezke. Nekazari munduaren nagusitasunaren amaierarekin batera bizimodua errotik aldatu zen. Dirua izatea derrigortu zen, soldaduska inposatu , denbora ziklikoa eta pausatua kronometratu zuten, familia zabalaren babesa ahuldu zen. Estatu-Nazioaren boterea etxe barruraino heldu zen. Minorizatutako nazioak anaia-arrebatasun sinbolikoa landuz, kapitalismoak eta inperialismoak sortu zituzten hutsuneak betetzen ahalegindu ziren.

Nazio minorizatuen nazionalismoaren aldarrikapenek osagarri sozialak zituzten, izan ere, herri-burujabetzarekin batera hasten ziren mugimenduak, demokrazia aldarrikatzen zuten, alfabetizazioa, osasun zerbitzuak, lehengaien kudeaketa publikoa.

Askoz konplexuagoa izan arren, XIX. mendeko nazionalismoetan bi eredu nagusitu ziren: alemana eta frantsesa. Oso interesatuta dauden irakurketa batzuen arabera, Alemaniakoari nazionalismo etnikoa deitu zaio eta frantsesari, berriz, zibikoa. Baina, Joxe Azurmendik bere azkeneko liburuan gogorarazi digun moduan, bi eredu horien arteko desberdintasuna itxurazkoa besterik ez da, biek antzeko Estatu-nazioa eredua eratu baitute: lege bat, hizkuntza bat, ejerzito bat, moneta bat, errege-presidente bat.

Estatu-nazio eredu bikoitz hori zabaldu zen. Nazio batzuek sakabanatuta zeuden herrikideak elkartzeko erabili zuten; besteek lurralde geografiko bateko herriak nazio nagusiaren irizpideen arabera berdintzeko erabili zuten. Aurki, nazio minorizatuetako eliteek nazio inperialisten osagarri eta portaera errepikatu zituzten.

Kataluniak, Eskoziak eta Euskal Herriak ez zuten bide hori egiteko paradarik izan, zorionez eta zoritxarrez. Azurmendik berak ederki adierazi berri duen moduan, Euskal Herriak ezin izan zuen bere burua garai berrira egokitu: estatuen menpe, trantsizioa ezinezkoa egin zitzaion eta XXI. mendera herri gisa desagertzeko zorian iritsi da.

Europan askatu ziren nazioekin batera Euskal Herriak bere burujabetza (ber)eskuratu ahal izan balu batek daki zer nolako panorama izango genukeen egun. Ziur aski, euskara Euskal Herri osoko hizkuntza nagusia izango litzateke. Litekeena da hemen ere, orain bezala, kontserbadoreak eta diruzaleak gobernuetan egotea, auskalo. Nazionalismo hura garatzeko aukera pasatu da, eta orain, Aro Planetarioan, minorizatutako herriek eta komunitateek erronka berriak dituzte. Nazionalismotik subiranismora pasatu gara, herrien burujabetza, demokrazia erradikala eta pertsonen burujabetza exijitzen dituen korronte askatzaile berrira.

Estatu-Nazioen jardunaren ardatza uniformizazioa zen, aniztasuna ukatuz eta indarrez sistema, kultura, ohiturak eta lege bakarra ezarri. Egun, berriz, kontrako norabidean joateko beharra dago. Aniztasuna osasuntsu kudeatuko duten nazioak izango dira XXI. mendeko Errepublika demokratikoak, aniztasuna ukatzen jarraituko duten Estatuak totalitarismo berrian eroriko dira.

Egun, Estatu Batuetan jaio diren biztanleen %20ren ama-hizkuntza ez da ingelesa. Katalunian jaio diren pertsonen %51ren ama-hizkuntza gaztelera da, mota guztietako pentsaera, izaerak, baloreak, unibertsoak elkartzen dira mapetan azaltzen diren Estatuen mugen barrutik, azpitik eta gainetik. XXI. mendeko mugimendu subiranistek eta independentistek Aro Planetarioaren konplexutasuna kudeatzeko tresnak sortu beharko dituzte.

Euskal Herria, herri minorizatua, bere jatorrizko lurralde historikoetan bertan minorizatua eta Estatu izaerarik gabe. Ahul gaude, baina, aldiz, abantaila handia dugu: aniztasuna onartzen eta kudeatzen maisu gara. Lehen, agian konplexuek jota, gaur, berriz, kontziente, aniztasuna maite dugu, minorizatuok horrela bizitzen ohituta baikaude. Batzuek nortasun sendoa izanik, asko euren burua berrasmatzen, sarritan telebistako prototipo inozoetan murgiltzen… Baina Estatu-Nazio inperialistak eta jakobino guztiak baino askoz prestuago eta prestatuagoak mundu berrirako.

Hala ere, hau bideragarria izango da soilik, geuk, Euskal Herrian bizi garenok, inolako mugarik gabe antolatzeko gaitasuna badugu. Aldebakartasunetik egin beharreko bidea da. Nazionalista espainiar eta frantziarrak ezin dira egon balizko negoziazio mahaiaren bi aldeetan eta oraingo honetan presa handia dago, Aro Planetarioaren ezaugarrietako bat aldaketen abiadura baita.]]>