<![CDATA[Patxi Meabe | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sun, 25 Oct 2020 09:28:54 +0100 hourly 1 <![CDATA[Patxi Meabe | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Joxe Mari Korta gogoratuz aurrera egin]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1896/014/001/2018-08-08/joxe_mari_korta_gogoratuz_aurrera_egin.htm Wed, 08 Aug 2018 00:00:00 +0200 Patxi Meabe https://www.berria.eus/paperekoa/1896/014/001/2018-08-08/joxe_mari_korta_gogoratuz_aurrera_egin.htm
Hainbat urteren ondoren, gertaera hura eta bere esanahia gogoratzea beharrezkoa da eta ondorengoei adieraztea ere bai. Ankerkeriaren aukera hortxe baitago. Gauzarik larriena ez baita erailketa injustua gertatu izana soilik, injustizia hori ahaztea baizik. Zoritxarrez, asko dira gure artean bakean bizitzeko gertaera hauek ahantzi egin behar direla diotenak.

Oroitzapen defendatzailea soilik eskatzen dugu, ez mendekua.

Honek ez baititu pertsonak gizatiartzen, baina isiltasunak eta hala nahita egindako ahanzturak ere ez. Gure herriaren etorkizuna beste balio batzuen baitan, hala nola egia, justizia eta barkamenaren baitan eraiki nahi dugu. Baina geure burua engainatu eta gure herriaren historia faltsutu nahi ez badugu, zoritxarreko garai batean eragindako zauriak nolabait ere osatuz, ezin ditugu inoiz gertatu behar ez zuten erailketak eta sufrimendu injustua isildu eta desitxuratu.

Aldi berean, Joxe Mari Kortaren bizitzan beste alderdi bat ere nabarmendu beharrekoa da: gizon langile eta ekintzailea zen. Urola Beheko baserri xume bateko semea, zailtasunak zailtasun garapen tekniko eta balio lehiakor handiko enpresa bat sortu zuen. Nolabait ere euskal enpresarien sinboloa zen, aldarrikatutako hainbat balioren paradigma. «Zerga iraultzailearen» xantaia immoralaren aurka egiteak heriotzara eraman zuen, bide bera egin zezaketen beste batzuen eredu izanez. Beharrezkoa da gogoratzea eta ezin gara isildu. Une hauetan eredu eta sinboloez hitz egitea arriskutsua da, baina oroitzapen honetan egitea egokia iruditzen zaigu.

Etengabe aipatzen da iraganaren azterketa kritikoa egin beharraz, indarkeriaz, terrorismo politikoaz, atentatuez, errepresioaz, etab. Bizitutako garai triste honen «orrialdea pasatu egin behar da» esaten da modu interesatuan. Baina zer esan nahi du honek, beste pertsona batzuen aurka atentatu larriak eta heriotzak eragin eta ondare publikoak desegin dituzten pertsonei etengabe omenaldiak eta harrera arranditsuak egiten zaizkienean, heroi eta «gudari» gisa aurkeztuta eta egin zena «egin beharrekoa zela» esaten denean behar historikoa zelako? Joxe Mari Kortaren erailketa ere, beste batzuena bezala, «behar historikoa» izan al zen, hil egin behar al zuten? Nor engainatu nahi da gertaera nabarmen hauek faltseatuz? Nola hitz egin daiteke elkarbizitza, elkarrizketa eta «garai berri» batez, biktimak eta euren familiak modu honetan umiliatzen direnean?

Egiteko modua eta horrek dakartzan eskakizunak eztabaidagarriak badira ere, sentsibilitate apur bat eta elkarbizitzaren normalizazioa nahi duen orok ez du zalantzan jartzen ETAko presoen gerturatzea, birgizarteratzea eta askatasuna, nahiz eta honi dagokionez ere, beharrezkoa den gogoratzea ETA bera eta bere ingurua izan direla urte luzez presoentzat bide hori eragotzi dutenak. Beste behin ere errepikatu nahi dugu, oraingoan Joxe Mariren heriotza odoltsuaren urteurrenean, bakea eta elkarbizitza lortzeko benetako arma politikoa hainbat biktima errugaberi eragindako kalte injustua aitortzea dela, borroka antiterroristaren gehiegikeriek eragindakoak ere ahaztu gabe. Torturaren salaketan zorrotzak garenez, are gehiago heriotza injustuetan. Eta hau ez da beti egiten.

Presoen izaera politikoa aldarrikatzea, jakinik kartzelan daudela, ez euren ideia politikoengatik, beste hiritar batzuek ere badituztenak, baizik eta egindako ekintza odoltsuengatik, memoria eta egia faltsutzea da. Azken hau isiltasunak eta ahanzturak usteltzen du, baina batez ere gezurrak, bai ahozkoak nola idatzizkoak.

Ukaezina da Euskal Herrian motibazio politikoa izan duen indarkeria ilegitimoak eragindako biktima aniztasuna izan dela. Beste kontu bat da indarkeria politiko horri eman nahi izan zaion legitimazio politiko eta etikoa. Hanka-sartze edo errakuntzaz eragindako biktimei soilik barkamena eskatzea eta besteei aipamen hotz bat egitea keinu odoltsua izan da, areagotu egin du mina, eta ikusi dugun bezala, euskal gizartearen gehiengoak ez du onartu.

Maite den norbaiten heriotza injustua izugarria da.

Oroitzapena eta mina bereiztea ezinezkoa da. Oroitzeak mina eragiten du, baina are gogorragoa da ahaztea. Egoera hauetan gorrotoa eta mendeku nahiak gain hartzea erraza da, baina penak banandu bakarrik ez, batu ere egiten du. Ez da bide xamurra. Nahasia da eta sarritan kontraesanez betea, baina barne-indar horrek maitatutakoen heriotzari eta geure buruari ere zentzua ematen die. Elkar gorrotatu dugunok elkar ulertzera beharturik gaude, etsipenak gaindi ez gaitzan.

Horregatik, gaur, Joxe Mari gogoratuko dugu modu xume baina maitakorrean, erail zuten leku berean. Adiskide, egun handira arte!

ARTIKULUA HONAKO HAUEK ERE SINATZEN DUTE: PAKO ETXEBESTE, ARTURO GARCIA ETA JOXE MARI MUÑOA.]]>
<![CDATA[Kontsumitzen dut... beraz, banaiz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2175/023/003/2017-06-24/kontsumitzen_dut_beraz_banaiz.htm Sat, 24 Jun 2017 00:00:00 +0200 Patxi Meabe https://www.berria.eus/paperekoa/2175/023/003/2017-06-24/kontsumitzen_dut_beraz_banaiz.htm
1.- Kontsumitzea nahitaezkoa da, hil nahi ez badugu. Beti kontsumitu izan da, baina kontsumitzearen ideia oso desberdina da «kontsumitzaileen gizarte» batean, non «sindrome kontsumista» deitu zaiona sortu eta azkartasuna, gehiegikeria eta alferrik galtzea bultzatzen baitira. Alegia, bizitzeko beharrezkoak ez diren produktuak kontsumitzen dira eta, askotan, artifizialki sortu eta elikatutako desira mugagabeak asetzeko kontsumitzen eta gastatzen dugu. Arrazoi osoarekin esan izan da gizarte bat zenbat eta aberatsago eta okituago izan, kontsumitzeko gurari gehiago sortzen dituela, bai eta haiek asetzeko bitartekoak ere.

Gizarte «kontsumistan», izan ere, kontsumitzeko ohiturak sortzen dira, mugarik gabe kontsumitzen jarraitzeko xedearekin. Gure gizarteetan ezinezkoa da nahikoa egitea, egunero sortzen baitira premia eta desira artifizial berriak. Sortzen ari garen pentsamoldearen arabera gauza asko eduki behar dira, hori da garrantzizkoena, gauza asko eduki, erabili eta bota, iraupen-denbora gero eta laburragoekin. Behin eta berriro esaten da hori dela biderik errazena status soziala mantentzeko eta arrakasta, ospe ona eta norberaren zoriona erdiesteko. Baina erabili ondoren zaborretara botatzen diren hainbat produkturekin batera joaten dira huts egindako hainbat ilusio eta itxaropen ere.

Horrela bada, kontsumoa jotzen bada produkzioaren motorra eta gupidarik gabe kontsumitu behar bada gizarteak funtziona dezan, begi-bistakoa da zoriona ongizate material soil batera mugatzen dela, epe laburrean bizi eta gozatu beharreko zerbaitetara. Guk uste dugu, ordea, besteentzat bizitzea dela norberarentzat bizitzeko modurik onena. Hori ez da sakrifizio bat, zoriona partekatzea baizik. Zoriona, izan ere, kontsumoko gizarteak esaten digunaren kontrara, ez da batzuek zer jana soberan izatea, besteek nahikoa ez duten bitartean, edo auto berri bat erostea, status sozial on bat izatea, diru asko irabaztea edota, premiarik izan gabe, hainbat gauza erostea. Aldiz, besteekin parteka dezakegun bizi proiektu bat izatea, hori da egiazko zoriona. Horri deitzen diogu etika pertsonalista.

Berriro diogu, bizitzeko beharrezkoa den arren ondasunak kontsumitzea —bide batez, jarduera ekonomikoa sustatuz— ondasun horiek pertsona modura hobeak izaten lagundu behar ligukete. Beharrezkoa zaigu elikatzea, janztea, lan egitea, kulturalki garatzea, besteekin harremanak izatea, bidaiatzea, aisialdia gozatzea, etab. Baina zenbateraino? Zer parametroren arabera neurtzen da herri baten, pertsona baten ongizatea? Gozamena da neurria? Gizartean ospe ona izatea? Gainerakoak mendean edukitzea? Bizitzak planteatzen dizkigun arazoetatik ihes egitea?

Egia da ez dela erraza gehiegikeriaren eta eskasiaren artean asmatzea, kalitateko bizi proiektu baten eta elkartasunaren eta justizia sozialaren eskakizunen artean erabakitzea. Baina argi dago kontsumo neurrigabe eta akritikoak besteekiko hurbiltasunetik, gutxieneko premiak asetzera ere iristen ez diren haiekiko elkartasunetik aldentzen gaituela. Geure buruarekin isolatzen gaitu.

2.- Baina kontsumoaren dimentsioak badu dimentsio makroekonomikoa ere. Gure erabakietako bakoitzak kontsumitzen ditugun produktuen atzean dagoen bilbe ekonomikoa eta enpresak sendotzen ditu. Horregatik, garrantzi handikoak dira eskala txikian hartzen ditugun erabakiak. Orain ez gara galdezka hasiko zer sektore ekonomiko eta politiko elikatzen ditugun eta zer-nolako eragina duten horiek gure bizimoduetan. Hori hurrengo beste gogoeta baten xede izango da.

3.- Kontsumo arduratsua. Gurpil zoro deabruzko horretan erori nahi ez badugu, kontsumo arduratsuaren alde egin beharra daukagu. Sozialki arduratsua den kontsumo batek ondorengo hauen gisako galderei erantzun behar die: Badakit zer erosten dudan? Zergatik erosten dudan eta zein den erosten edo kontsumitzen ditudan produktu horietako bakoitzaren atzean dagoen gizarte-errealitatea? Horrela baizik ez gara hurbilduko bidezko kontsumoa deitzen diogun horretara.

Badakigu perspektiba hori ez dela praktikatzen erraza. Epe luzera, geure askatasuna jokatzen ari gara, geure gauzatze pertsonala, bizi garen gizarte honen giza kategoria, eta horrek guztiak nork bere bizimoduan zehar bizi izan ditugun esperientziak aztertzera eramaten gaitu.

Guztiok dugu gogoan, txikitan, mahaian eserita geundela, hainbeste aldiz esaten ziguten esaldi hura: «Ixo! Jan ezazu!». Horra hor gure gizarte kontsumistaren irudi bikain bat, behin eta berriro oihu egiten baitigute: «Ixo! Kontsumi ezazu!».]]>
<![CDATA[Joxe Mari Korta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2130/019/002/2016-08-06/joxe_mari_korta.htm Sat, 06 Aug 2016 00:00:00 +0200 Patxi Meabe https://www.berria.eus/paperekoa/2130/019/002/2016-08-06/joxe_mari_korta.htm
Joxe Mari Korta 2000ko abuztuaren 8an erail zuten. Bere autoan ezarritako bonba-lapa batek eten zion bizia, familia eta inguruko guztiak samintasun eta nahigabean hondoraturik utziz. Garai hartan ezarria zen «sufrimenduaren sozializazioaren» biktima bat gehiago zen. Bazekien seinalatua zegoela. Horrela bizi behar izan zuen jazarpen indarkeriak erail zuen arte. Seinalatze hori estigmatizazio, isiltasun eta baztertzearen aurrekaria izan zen. Beste askok ere bizi izan zuten egoera hori, baina batez ere, Joxe Marik bezala, ignominia eta xantaiari aurre egin ziotenek.

Hastapenak bere baserrian emanez, ahalegin handiz eta sutsuki sortu zuen Urola behean punta puntako enpresa bat. Asko dira datozkidan burutazioak. Beste batzuk egin beharko lituzkete: enpresario eredugarria, langile nekaezina, euskaltzalea, herriko ekintza sozial eta kiroletan konprometitua eta abar.

Nahiz eta bizi dugun egoera ekonomikoa zaila den, justiziazkoa da esatea, euskal enpresa askoren garapen tekniko eta konpetitiboa, langile askoren eta Joxe Mari bezalako enpresarien ahalegin eta lanaren fruitu direla. Gaur bezala, orduan ere, une zailak bizi izan ziren baina etorkizunaren aldeko apustua egin zen arriskuak hartuz eta elkarlana eginez enpresak aurrera ateratzeko eta zailtasunak gainditzeko.

Egia da, aurrera begiratu behar dela, eta gure herrietan urraturik dagoen harreman sarea berreraiki behar dugula. Hori da gizartearen gehiengo handi batek nahi duena, benetako kartzela politikaren humanizazioa eskatuz, presoen dispertsio anakronikoa amaituz eta gaixo daudenak askatuz. Arlo honetan egiten den guztia bake eta elkarbizitzarako aurrera pausoa da. Baina horrek guztiak bere ibilbidea du, eta oinarri sendoak izan behar ditu. Oso positiboa iruditzen zait euskal erakundeak egiten ari diren ahalegina presoei informazioa emanez, onurak izateko zein prozedura eta baldintza bete behar dituzten. Estrategia politiko eta ideologikoengatik urrats hauek emateari uko egitea, bere azken garai odoltsua gainditu nahi duen euskal gizartearen gehiengoaren itxaropenari irain larria egitea da.

Baina guzti hau memoria , egia eta justiziatik egin behar da. Mendekuak, gorrotoak eta erresuminak ez dute ezer eraikitzen, baina ahazteak, injustiziaren manipulazioak edo gezur disimulatuak ere ez. Eta are gutxiago heroi eta martiri bezala goraipatuz, hala ez direnak. Besterik gabe, horrelakoak baieztatzea manipulatzea da: «hemen denok sufritu dugu»; «mina denok egin ahal izan dugu»; edo «hemen ez dago errelato bakarrik, askotarikoa baizik». Hemen errealitate bakarra, konstatagarria eta demostragarria gertatu da, non erailketak, atentatuak, bahiketak eta, kasu askotan, torturak egin diren. Ezin dira atzean utzi ETAren ekintza gordinen urte luzeak, aldebakarreko erabakiz hasi zuena eta duela bost urte aldebakarreko erabakiz utzi zuena. Denak parekatu eta ardurak denei berdintasunean banatzea ez da zuzena. Hanna Arendt filosofoak gogorarazi zigun: «denak errudun direnean, inor ez da». Biktima eta presoen oroimenez egiten diren ekitaldi eta omenaldi asko oraindik ere aurkari politikoaren aurkako salaketak egiteko gune bilakatzen dira, mina partekatu ordez, oroimena eta omenaldiaren helburua desitxuratuz. Horrela ez da herria eraikitzen , ezta elkarbizitza solidariorik ere.

Ez da Talionen legearen garaia, baina bai justizia eta egindako kaltearen onarpena eta kalte ordainena. Agian baita ere, (barkatu ausardia) eskaini... eta onartutako barkamenarena. Elkarri eskua emateko garaia da, eta bide ertzean ahazturik, humiliaturik eta mespretxaturik geratu direnei, asko eta alde askotakoei laguntzeko garaia. Ziur nago Joxe Mari Korta lehena izango litzatekeela konpromiso honetan inplikatzen. Joxe Mari, gogoan zaitugu!]]>
<![CDATA[Botoa eman, bai; baina zertarako?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1513/006/001/2011-05-03/botoa_eman_bai_baina_zertarako.htm Tue, 03 May 2011 00:00:00 +0200 Patxi Meabe https://www.berria.eus/paperekoa/1513/006/001/2011-05-03/botoa_eman_bai_baina_zertarako.htm
Edozein dela ere botoa emateko eskubidea duen herritar bakoitzak gertakari horien aurrean izan dezakeen postura, kontua da hauteskundeak egin egingo direla. Eta emaitzek garrantzi berezia izango dute. Hain zuzen ere, hauteskunde hauen inguruan gertatzen ari den guztiagatik. Nahikoa arrazoi izan behar luke horrek norberak inoiz baino seriosago har dezan dagokion erabakia. Botoa emateko edo ez emateko, alde batekoei edo bestekoei emateko. Botoa emateko eskubidearen aurrean hartzen den posturak beti izango ditu ondorio politikoak: ez dago horren aurrean axolagabe geratzerik. Are gutxiago bizi dugun egoeran, bereziki garrantzitsuak izango baitira, diotenez, gure herriaren etorkizunerako.

Hori horrela izanik, beste ezer baino lehenago, honako hau eskatu beharko litzaieke guztiei, gizabanakoei eta taldeei, herritar eta agintariei: aitor dadila, pertsona ororen eskubide demokratiko gisa, askatasunez botoa emateko eskubidea. Herriari egozten bazaio aginpide demokratikoa, ondorioz, herritar guztiei eta bakoitzari aitortu behar zaio eskubide hori, eta ezingo da berorren egikaritza debekatu, ez eta Estatuaren beraren aginpidez ere, ez bada oso kasu berezietan eta guztion onak justifikatutako arrazoiengatik, baina ez interes partikularren edo aukera alderdikoien mesedetan.

Botoa emateko eskubide demokratikoak xede jakin bat eduki behar du, berori justifikatzen duena, hau da, aginte publikoaren azken arrazoia den helburua gauzatzea. Helburu hori agintariak zerbitzatu behar duen erkidegoaren guztion ona bilatzea da. Erkidego politikoaren aginpidea herriarena izateak —eta, ondorioz, hura osatzen duten herritar guztiena eta bakoitzarena— ez du eragozten autoritatearen izateko arrazoia eta justifikazioa, beti, erkidego politiko horren ongia izatea, alegia, erkidegoa osatzen duten pertsona guztien eskubide guztiak aitortu behar ditu, hala gizabanakoarenak nola kolektiboak.

Autoritatea ez da existitzen agintean daudenei mesede egiteko, ezta haiek hautatu dituzten pertsona zehatzei ere. Autoritatea, politikoa edo administratiboa izan, erkidegoa osatzen duten guztien ongiaren funtzioan existitzen da. Ez dago hura justifikatzeko beste modurik. Herri demokraziak demokrazia izaera galtzen du baldin eta bere xedea agintean dauden alderdien interesak zerbitzatzea bada. Ez da hori guztion ona, eta guztion onarekiko erreferentziarik gabe, aginpidea ez da benetan demokratikoa. Sufragio unibertsalari dagokion demokrazia ez da herriaren zati batena, zati hori gehiengoa izanik ere, baizik eta herri osoarena, nornahi dela ere agintean dagoena.

Zerbitzatu behar duen herriaren osotasunaren ikuspegi horretatik bakarrik hartzen du benetako zentzua agintea herriari egozteak. Haren izenean agindu beharko dute botoen bidez eta alderdi politikoen bitartekaritza dela medio hautatuak izan diren pertsonek. Aginpidea herriarena baita, herri osoarena, eta horrexegatik, hain zuzen, herri osoaren zerbitzuan egon behar du. Herria osatzen duten gizabanako guztiei egin behar die erreferentzia, eta hor sartu behar dute herritar guztien eskubide indibidual eta kolektibo guztiak, horixe baita, hain zuzen ere, eta ez beste ezer, guztion ona.

Benetako demokrazia gauzatzeak berarekin dituen dimentsio horiek guztiak eta horretarako dauden bideak hartu beharko dira kontuan botoa nori eman erabakitzeko momentuan. Botoa alderdi bati ematen zaio, hala eskatzen baitu herritar guztien eskubide zibiko-politikoak aitortzen dituen gizarte bati dagokion pluralismoak. Baina alderdi bati emandako botoaren bidez lortu beharreko ongia ezin daiteke alderdi horri mesede egitera mugatu. Aldiz, erkidego osoari on egiten saiatu behar du, dela estatu osokoa, autonomia erkidegokoa, foru lurraldekoa edo udalerrikoa. Norberari fidagarriena iruditzen zaion alderdiari eman behar zaio botoa, aginpide publikoaren xedea ongien zerbitzatuko duenari, alderdien bitartekotzari esker. Xede hori gizartearen ongia izango da, momentu honetako egoeran, baina baita etorkizuneko perspektibarekin ere, norberaren balorazioen arabera, norbere kontzientziatik abiatuta.

Azken urteotan herritarrei egiten zaizkien inkestek argi erakusten digute gizarteak estimazio eskasa diela, ez bakarrik politikariei, baita politikari berari ere, edo nahiago bada, politikariek gauzatzen duten politikari. Geuk hautatu behar ditugu pertsona horiek, eta beharrezkoak zaizkigu, ordezkaritzan oinarritutako eredu demokratiko honen muina betetzea nahi badugu. Aurrean ditugun errealitate hauen aurrean, logikak eskatzen digu konfiantza handiena merezi diguten alderdiak, programak eta pertsonak aukeratu behar ditugula. Eta konfiantza hori, jakina, hautagaien eta izango duten aginpide publikoaren izateko arrazoia den helburuari erreferentzia eginez neurtu beharko da.]]>