<![CDATA[Patxi Saez Beloki | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 19 Aug 2019 02:35:31 +0200 hourly 1 <![CDATA[Patxi Saez Beloki | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Perretxikoak ikusi]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/017/001/2019-05-25/perretxikoak_ikusi.htm Sat, 25 May 2019 00:00:00 +0200 Patxi Saez Beloki https://www.berria.eus/paperekoa/1876/017/001/2019-05-25/perretxikoak_ikusi.htm
Hizkuntza gutxiagotuen ezaguera dagoenetik, munduaren luze-zabalean, inon ere, inoiz ere, hizkuntza gutxiagotu baten aldeko gizarte ekintzailetza sustatzeko ekimen batek ez du lortu, inondik ere, gizarte bereko herritarren artean -herritar guztien artean- Euskaraldiak izan duen adostasun zabala.

Euskaraldiak euskara eta euskaldunak erdigunean jarri ditu, herritarren arteko komunikazioaren ardatzean. Eta euskara eta euskaldunak erdigune horretan jartzetik, komunikazioa hezurmamitzeko egoera soziolinguistiko berriak sortu ditu, euskararen ulermena komunikaziorako ardatz bihurtu duten egoera berriak, orain arte euskal gizartean sekula ezagutu gabekoak. Euskaraldiak, ulermenean ardaztutako jardunbidetik, euskara komunikazio hizkuntza bihurtzeko behar naturala (Saez, 2017) sorrarazi du herritar askoren unibertso linguistikoan, baita euskararen orbitatik urrun ditugunetan ere.

Euskaraldiaren lorpen handienetako bat euskaldun ez diren herritarrek ekimenarekin erakutsi duten errespetua eta onarpena izan da. Euskaraldian izena eman ez dutenen artean, oro har, eta salbuespenak salbuespen, hizkuntzen bizikidetzari buruzko jarrera eta jokabide aldaketa sumatu da: naturaltasunez eta aurkako jarrerarik gabe onartu dute beraiei ere euskaraz egitea. Era berean, jendartean nahiz lagunartean izan dituzten hizketa-lagunek talde osoari euskaraz egitea ere eragozpenik gabe ametitu dute, naturaltasun osoz. Eta naturaltasun horrekin berarekin eskatu dituzte argibideak zerbait ulertzen ez zuten bakoitzean. Hori guztia aurrerapauso handia izan da elkarbizitza linguistikoan.

Baina, arestian esan dudan bezala, guztiaren gainetik Euskaraldiak ikusgarri bihurtu ditu euskara eta euskaldunak. Ikusgarritasun hori, ordea, oraindik ez da telebista publikora iritsi. Gaur, hemen eta orain, horretaz hitz egin nahi dut.

Inork ez du ukatuko EITB euskara sustatzeko sortu zenik. Halaxe jaso zuen EITBren 1982ko sorrera legeak: «Euskararen sustapena eta zabalkundea bereziki kontutan izanik».

Euskal Irrati Telebistak dituen gaztelera hutsezko kateek gizartearen errealitate elebiduna ezkutatzen dute, euskaldunak eta euskara ezkutatzen dituzte. Gazteleradun hiztunak baizik ez dituen gizarte elebakarra erakusten dute, gaztelania hegemonikoa den Madrilekoaren pareko gizarte bat, euskaldunik eta euskararik gabeko gizarte irreal bat, Euskal Herrian existitzen ez den gizarte bat. Gainera, bi hizkuntza komunitateak elkarrengandik bereizita eta isolatuta biziko balira bezala, euskaldunek eta erdaldunek elkarren arteko harreman soziolinguistikorik izango ez balute bezala, etxe eta jendarte berean biziko ez balira bezala, eta elkarren hizkuntzen arteko zubirik eta ulerbiderik gabeko komunitateak balira bezalaxe irudikatzen dituzte. Euskaraldiak plazaratutako eta euskal gizartearen begi bistan jarritako guztia ezkutatzen du erdarazko gure irrati eta telebista publikoak.

Hedabideek lan bat baldin badaukate, lan hori legitimazio lana da. Hedabideak errealitatea eraikitzeko tresna bihurtuta daude egungo gizarte guztietan. Eta errealitatea eraiki eta legitimatzeko tresna boteretsuak dira eragina duten gizarteetan. Euskararen Herriko hedabide publiko nagusienak, EITBk, erdara hutsezko irrati eta telebistaren bidez, gaur-gaurkoz, ez du euskararen aurrerabiderako errealitate linguistikoa eraikitzen, ez du euskara gizartearen ardatzean jartzen eta, batez ere, ez du legitimatzen euskara komunikazio orokorrerako hizkuntza izatea.

Azken 30 urteotan etengabea izan da Euskal Herri euskaldunago baten eraikuntza. Errealitate hori gaur egun euskararekin eta euskaldunekin eraikita dago: EAEn 20 urte arteko gazteen % 97k euskara hitz egiten edota ulertzen du. Hamar urte barru, 30-35 urte arteko ia herritar guztiek hitz egingo edota ulertuko dute euskara. Errealitate hori ezkutatu egiten du gure irrati-telebistak. Euskaldun peto-petoak diren gazteei erdaraz eginarazten zaie El Conquistador del Fin del Mundo bezalako saioetan, orain azkena 19 urteko Getariako Xabier Etxaniz gazteari gertatu zaion lez. Jokin Altuna, Iker Irribarria, Asier Illarramendi eta Mikel Martinez bezalako punta-puntako pilotari eta futbolari gazteak ere erdaraz hitz egitera behartzen dituzte erdarazko guztion telebistan eta irratian azaltzeko. Gure gazteek euskaraz egiten dute; eta errealitate hori, legitimatu beharrean, ezkutatu egiten du guztiona den Euskal Irrati Telebistak.

Euskararen sustapenean eta aurrerabidean mugarri berriak jarri nahi baditugu, Euskararen Herria egituratzen duten erakundeak -lan erakundeetatik hasi eta azken herri-erakunderaino- eta denen artean, bereziki gure irrati-telebista, Euskaraldiaren dinamikara ekarri behar ditugu. Sistema goitik behera eta behetik gora aldatu nahi badugu, dinamika berean murgildu behar dugu sustraietatik azken adarreraino.

Dinamika horretara etorrita ahobizi eta belarriprest rolek nagusitu egin behar dute erdarazko irrati eta telebistaren tertulietan, berri emankizunetan, elkarrizketetan, reality show saioetan, erreportajeetan eta, oro har, kazetaritza eredu eta genero guztietan. Euskararen Herriko irrati eta telebistarik nagusienak euskararen aurrerabidean gizartean gertatzen diren praktika linguistikoak erakutsi eta legitimatu egin behar ditu. EITBk, euskararen sustapenerako gizarte ekintzailetzatik, Euskaraldiak erakutsitako bideari jarraiki, heldu egin behar dio perretxikoak ikusgarri egiteari.]]>
<![CDATA[Euskararen gibelatzea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/015/001/2019-01-11/euskararen_gibelatzea.htm Fri, 11 Jan 2019 00:00:00 +0100 Patxi Saez Beloki https://www.berria.eus/paperekoa/1876/015/001/2019-01-11/euskararen_gibelatzea.htm
1234-1239koa da agirietan agertzen den euskararen aurkako hizkuntzakeriari buruzko testigantzarik zaharrena. Sasoi hartan Errioxako Ojacastro herrian, eta baita eskualde osoan ere, euskara zen egunerokoan herritarrek hitz-jario bizian erabiltzen zuten hizkuntza. Baina, Gaztelako merioak, erregearen izenean lurralde hartan epaile lanak egiten zituenak, epaiketetan euskaraz egiteko debekua ezarri zien. Debekuaren aurrean, Ojakastroko alkateak Gaztelako merio nagusia zen on Morial jaunari frogatu zion lurralde hartako herritarrei foru edo lege zaharrak aitortu egiten ziela euskaraz egiteko eskubidea. La «fazanya» de Ojacastro du izena herri usadio zaharrean oinarri zuen epai historiko hark. Euskarak lurralde batean legez aitortutako ofizialtasunaren lehen testigantza dugu Ojacastrokoa.

1349. urtetik hasita, Aragoiko koroaren mendean zegoen Oska hirian argitaratutako udal agindu edo ordenantzetan, herriko azokan pertsonen arteko salerosketetan artekaritza lana egiten zutenei, arabiera, hebraiera eta euskara erabiltzea debekatu zieten eta garai hartako kristautasunaren hizkuntza zen aragoitar erromantzea erabiltzera derrigortu zituzten. Aldi hartan, artekariek, iruzurrik ez gertatzeko, pertsonen arteko salerosketak egiaztatzen zituzten.

Oska hiriko ordenantzetatik, denbora igaro ahala, arabieraren eta hebraieraren debekua kendu bazuten ere, hizkuntza haiek lurralde hartatik desagertu egin zirelako, euskararen debekuak hirurehun urtez iraun zuen, XVII. mendera arte.

1768 eta 1770. urteetan hartutako erabakien bidez, Espainiako Karlos III.a erregeak inperioko eskola guztietan, baita Amerikakoetan ere, gaztelania derrigorrezko ezarri zuen eta gainontzeko hizkuntza guztiak erabiltzea debekatu eta zigortu egin zuen Borboi etxeko errege glotofobo hark.

Frantziako iraultzaren garaian, 1794. urtean, Frantzia osoan hizkuntza bakarra ezartzearen aldeko Barère txostena gailendu zen. Jakobino iraultzaileek frantsesa estatu-nazioaren hizkuntza bakar eta nagusi bihurtu nahi zuten garai hartan, Henri Gregoire abade iraultzaileak, 1794ko ekainaren 4an, Frantziako Lehen Errepublika sortu zuen batzar konstituziogilearen aurrean, «Dialektoak suntsitzeko eta Frantziako hizkuntzaren erabilera orokortzeko, behar eta baliabideei buruz» aurkeztu zuen txostenean zioenez, Frantziako biztanleen % 11k besterik ez zuen hitz egiten Napoleonek ere ikasi beharra izan zuen hizkuntza. 28 milioi biztanleetatik 3 milioi baino gutxiagok egiten zuen frantsesez. Frantzia iraultzaile hartako 83 departamentuetatik 15etan bakarrik egiten zen frantsesez. Garai hartako errealismo linguistikotik oso urrun zegoen Frantziaren luze-zabalean iraultzaren agintetik ezarri zuten hizkuntza.

Frantzian ere, iraultza handiaren ondoren, XIX. mendean barrena, hainbat legeren bidez eskolako hizkuntza bakartzat ezarri zuten frantsesa (1833ko Guizot legea, 1850eko Falloux legea, 1882ko Ferry legea...).

1876an, Bigarren Karlistaldiko gerratearen ondoren, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan Foruak galdu zirenean, gaztelania ezarri zen hizkuntza bakar. Gerra galtzeak herrigintzarako ahalmena, erabakimena eta ekimena galtzea ekarri zuen eta hortik berebiziko atzerakada etorri zen euskararentzat. Garai hartako Madrilgo El Imparcial egunkariak hauxe argitaratu zuen bere editorialean: «Quitarles los Fueros no es suficiente, ahora tenemos que quitarles la lengua... ».

1914an, Lehen Mundu Gerra piztu zenean, Ipar Euskal Herriko baserriak -Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberokoak- hustu egin ziren gazte-jendez. Lau urte iraun zuen gerra luze eta odoltsu hartara joan ziren gazte euskaldunak frantsestuta itzuli ziren lubakietatik, Frantziaren aldeko herritartasun atxikimenduz beterik. Borrokaren lehen lerroan ziren euskaldun anitz frantsesa ez jakiteagatik hil ziren, aginduak ez ulertzeagatik. Kantuak dioen bezala, «Euskara baizik ez zekiten haiek, morts pour la patrie». Eskolak eta armadak funtsezko funtzioa izan zuten frantses nazioaren sorkuntzan, nazio kontzientzia horren errotzean. Eta Euskal Herrian ere eragina izan zuten.

Gerrek on guztia eraman eta txar guztia ekartzen dute. Falangisten fusilen aurrean zigortutako euskaldunekin herri askotako hormak tiroz zulatu eta odolez gorritu zituen erregimen frankistak ekarri zuen euskararen erabateko debeku eta jazarpena. 1938an, esate baterako, haur jaioberriei euskarazko ponte-izena jartzea debekatu zuen eta 1944an, idazki publiko guztietan debekatu zen euskara, baita hildakoen hilobietan ere. Euskaraz jaio, bizi eta hiltzea debeku eta zigorra zen.

Baina euskararen galera inondik etorri bazen, modernizazioak ekarritako lan egiteko moldearen aldaketatik etorri zen. Industrializazioak euskararen lurraldea kolonizatu eta urbanizatu egin zuen, bereziki Espainiatik saldoka etorritako langile erdaldunekin. Erdaraz lan egiten zuten fabrika haietan soldatapeko langile bihurtzeko ezinbestekoa zen euskara bazter uztea, baita erdaldunez jositako hiri, herri eta auzoetan bizitzeko ere. Biztanleriaren hazkunderik handiena 1950 eta 1975. urteen artean gertatu zen: % 93 hazi zen biztanleen kopurua Hego Euskal Herrian, 1.300.000 herritar gehiago hogeita bost urtean.

Eta gaur egun, euskararekin ere, horretan gaude. Gizakia gizaki denetik biziraupena eta garapena lanean ardaztuta dituen gizarteak nola bihurtuko du euskara bere hizkuntza nagusi, lanerako baliorik ematen ez dion bitartean? Euskara lan egiteko hizkuntza izaten dugunean, orduan bihurtuko dugu euskaldunez osatutako gizartearen ardatz-hizkuntza. Azken batean, gizakiaren hiru oinarri funtsezkoenak euskaratik eraikitzea da gakoa: familia, lagunartea eta lana. Horiek azken mila urteotan etxetik eta euskaratik eraiki ditugu. Eta aurrerantzean ere, euskaratik eraiki beharko ditugu euskaldunon mintzoa, morrontzarik gabe, bere buruaren jabe izatea nahi badugu.]]>
<![CDATA[Euskaraldiaren indarra]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/020/001/2018-11-23/euskaraldiaren_indarra.htm Fri, 23 Nov 2018 00:00:00 +0100 Patxi Saez Beloki https://www.berria.eus/paperekoa/1876/020/001/2018-11-23/euskaraldiaren_indarra.htm
Euskaraldia badator, eta olatu handiaren itxura hartuta dator. Zazpi Euskal Herrietako 400 udalerrietan baino gehiagotan astindu ditu euskararen itsasoko urak. Milaka eta milaka herritar azaldu dira ur horietan igeri egiteko prest: 200.000 ekintzailetik gora izango direla diote aurreikuspenek. Sortutako olatuen kalparrean aparra ikusten da, ilusioaren aparra. Olatu horiek, gaurtik, azaroaren 23. egunetik aurrera iritsiko dira, bata bestearen atzetik. Eta, iritsi ahala antzemango da astindua zenbaterainokoa izango den. Gaurtik aurrera ikusiko dugu olatu horiek itsasoari jarritako harresiak gaindituko ote dituzten, botako ote dituzten.

Apar bihurtuko diren euskararen olatuak, lehertzean izango duten indarrarekin, erdaldunengana ere iritsiko dira; izan ere, ezezagunari lehen hitza euskaraz egitea izango da Euskaraldiaren olatuek lehorrean daudenei ekarriko dieten ezusteko bustialdia.

Olatuek nahikoa indar eta oldar ekartzen eta elkartzen badute, Euskaraldia euskaldunon hizkuntzari jarritako harresiak -erresistentziak- erorarazteko saiakera izango dugu; orain arte, elebitasunaren baitan, erdalduntasunaren aldetik jarritako harresiak jausarazteko saiakera. Horretarako, bi mezu unibertsal gizarteratuko ditu: askatasunarena eta berdintasunarena.

Askatasuna, nor bakoitzak bere hizkuntzan egiteko. Erdaldunek erdaraz egiten duten bezala, euskaldunek euskaraz egiteko. Horretarako, ezinbesteko baldintza bat bete beharra dago gurea bezalako gizarte elebidunean: erdaldunek euskaldunei erdaraz egiteko duten askatasun eta aukera berbera izan behar dute euskaldunek erdaldunekin euskaraz egiteko. Eta, horretarako, nahitaezkoa da erdaldunek euskaraz egiten dietenei ulertzea. Horixe bultzatzen du Euskaraldiak elkarrizketa elebidunekin: hizkuntzen arteko benetako berdintasuna irudikatzea.

Euskaraldian belarriprest rola hartu behar dutenek elkarrizketa elebidunak bultzatuko dituzte: beraiei euskaraz egitea onartuko dute, nahiz eta beraiek erdaraz erantzutea izango duten. Horretarako, jakina, euskaraz egiten dieten horiei ulertzeko gaitasuna izan behar dute. Hain zuzen ere, horixe da Euskaraldiak dakarren berrikuntzarik handiena, ulermena erabileraren akuilu bihurtzea.

Askatasun guztiek, demokratikoak eta unibertsalak izateko, beti dute berdintasunaren muga: lagun hurkoaren askatasuna eta norberarena berdinak ez badira, ez dago berdintasunik, ez dago benetako demokraziarik. Eta, eskubide berdintasunik ez dagoenean, hauxe gertatzen da: batzuek gizartean duten nagusitasunetik pribilegioak hartzen dituztela lagun hurkoaren eskubideen bizkarretik, betiere, ahulagoa denaren lepotik. Gure gizarte elebidunean, eta gurea bezalako hizkuntza ahuldua duten gizarte elebidun guztietan, horixe gertatzen da: erdaldunek erdaraz egiteko duten nagusitasunetik beren hizkuntza eskubideak aldarrikatzen dituzte, baina euskaldunek euskaraz egiteko duten eskubideari buruzko ardurarik hartu gabe eta horretan daukaten erantzukizuna kolkoratu gabe. Lagun hurkoaren askatasun eskubideaz arduratuko balira, euskaldunok erdara ulertzen dugun neurri berean ulertu beharko lukete erdaldunek euskara. Argi eta garbi mintza gaitezen: erdaldun asko, euskararik ulertu gabe, euskararen gor-mutuak izanda, pribilegio horrekin, bizi dira gure artean. Eta, pribilegio horretatik, euskara ez ulertzetik, galarazi egiten zaigu euskaldunoi euskaraz egiteko askatasuna. Gizarte demokratiko orotan, askatasuna, herritarrek elkarri aitortutako askatasuna, elkar hartuta eta elkarri errespetua erakutsita baino ezin da hezurmamitu.

Euskaraldiak, azken batean, funtsezko eskubide unibertsaletan oinarritutako gizarte hitzarmena proposatzen du. Gizartearen baitako adostasunetik -askatasunaren eta berdintasunaren sustrai demokratikoetan errotutako adostasunetik- hizkuntzen arteko berdintasun soziala lortzea helburu duen gizarte hitzarmena proposatzen du Euskaraldiak. Hain zuzen ere, Euskaraldia gizarte bereko hizkuntzen arteko berdintasuna lortzeko ekinbidea da; hizkuntzen berdintasunerako gizarte ekintzailetza sustatzeko jarduera. Euskaraldiak, hizkuntzen arteko gizarte oreka lortze aldera, elikatu egiten du ahulezia egoeran dagoen hizkuntzaren aldeko hiztun-hautua. Izan ere, hiztun-kinka bizi du euskarak: ardatz-hizkuntza euskara duen hiztun multzo zabal eta esanguratsu baten premia du euskarak bere aldeko erabileraren beharra naturala gerta dadin; azken finean, hiztun-hautua inkontzientea izan dadin. Euskaraldiak zubigile lan hori dauka: euskararen aldeko hiztun-hautu kontzientetik inkontzienterako zubigintza egitea. Euskaraldia, funtsean, Gurdiaren Paradigma (Saez, 2016) edo hizkuntzaren behar naturalaren paradigma elikatzera dator.

Dena dela, zail du euskaraldiak lehenengo kolpean euskarari mugak jartzeko eraikitako harresi gotorrak goitik behera eraistea. Erresistentzia handiak daude gure gizartean erderen alde eraikiak. Erresistentzia horietako asko exogenoak dira, gutaz kanpokoak, baina badira erresistentzia endogenoak ere, gure baitatik eragiten digutenak. Txomin Artolak kantatzen duen bezala, «Aberriaren mugak; euskararenak gure baitan daude gehienak».

Euskaraldiak harresi erraldoiak izango ditu aurrez aurre. Zail izango du beren nagusitasunetik eraistea, baina pitzadurak sorraraziko balitu, aurrera egiteko bidearekin asmatu izanaren zantzua litzateke hurrengo ekinaldietarako. Itsasoaren indarra handia da. Eta, gu, itsasoa gara.]]>
<![CDATA[Egiazko euskaldunak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/014/001/2018-09-04/egiazko_euskaldunak.htm Tue, 04 Sep 2018 00:00:00 +0200 Patxi Saez Beloki https://www.berria.eus/paperekoa/1876/014/001/2018-09-04/egiazko_euskaldunak.htm eska eibartarra eta euskalduna, horrela aurkeztuko nuke nire burua. Aitari aita esaten diot eta amari ama, mugikorrean ere aita eta ama dauzkat jarrita. Sei neba-arreba gara eta gure artean euskaraz egiten dugu. Baina, oraindik ere, badira etorkin ikusten gaituztenak».

Etorkin ikusten dutela dio euskararen EGA maila egiaztatuta daukan neska eibartar batek. Hori dio Euskal Herriko Unibertsitatean magisteritza graduko ikasketak euskaraz egin dituen 25 urteko neska gazte euskaldun batek. Bere ikasle diren neska-mutilekin euskaraz egiten duen andereño euskaldun batek. Romaesa Benslaiman musulmanak. Buruzapia jazten duen musulman euskaldunak. Noiz utziko dio askoren begien aurrean etorkin izateari? Noiz izango da gutarra? Noiz arte jarraituko diote bere euskalduntasunari entzungor egiten?

«Askotan euskaraz egin eta gaztelaniaz erantzuten didate. Ez dut ulertzen hori. Badirudi burmuina gelditu egiten zaiela, stop! Ez dute entzun ere egiten euskaraz ari naizela!».

Horrelakorik sekula ezagutu ez dutelako, euskaldun askori ez zaio burutik pasa ere egiten arabiar eiteko neska batek euskaraz egitea daukanik. Erabat ezinezkoa iruditzen zaie eta beren buruari ukatu egiten diote solaskideak euskaraz egin dezakeenik. Eta ukazio horretatik egiten diote erdaraz.

Gazteizko plaza batean magoa ekarri dute umeen gozagarri eta aztoragarri. Magoak atsegin eta jator azaldu nahi du umeen aurrean eta, haurrak bereganatzeko, galdezka hasi zaie (Barquin, 2018):

Magoa: Kaixo, nola duzu izena?

Rachid: Rachid.

Magoa: Eta nongoa zara?

Rachid: Gasteizkoa.

Magoa: Ez, baina zu, nongoa zara?

Rachid: Ba, Gasteizkoa.

Magoa: Baina, zure gurasoak nongoak dira?

Rachid: Algeriakoak.

Magoa: Eta non Algerian?

Rachid: Ez dakit.

Noiz arte erantzun beharko dio Rachidek nondarra deneko galderari? Nongoa den galdetuz, noiz arte ukatuko diote Rachidi bere euskalduntasuna? Rachidek noiz arte ordaindu beharko du larrutik bere azalmintz kolorea?

Rachidek eta Romaesak bezalako bizipenak dituztenek maiz beren burua ez dute ez hemengo eta ez hango ikusten. Hemen bezala, han ere bere hangotasuna ukatzen dietelako. Maiz beren burua ez dute inongo ikusten. Identitate oro ukatzen zaielako, hangoa eta hemengoa.

Romaesak oso argi azaldu digu:

«Ez daude ohituta eta kosta egiten zaie hori buruan sartzea. Batzuetan jendeak ez du ulertzen musulmana eta euskalduna izatea, ez hemen, Euskal Herrian, ez han, Tangerren. Landare bat toki batetik bestera eramaten duzunean, landarea nongoa da? Non ditu sustraiak?».

Lursagarra -patata- aipatu digu Romaesak. Landarea XVI. mendean Amerikako Ande mendien goi-lautadan ia 4.000 metrora dagoen Titikaka aintzira ingurutik ekarritakoa dugun arren, gaur egun Arabako patataren jatorri izendapena dugu: Euskal Herriko patata. Musulman euskaldunekin ere berdin gertatuko dela dio Romaesak baina horretarako denbora beharko dugula:

«Hemen oraindik atzeratuta gaude immigrazioa berandu heldu zelako. Amerikan eta Ingalaterran hori gaindituta dago. 40 urte barru, hemen ere, beharbada, gauzak Ingalaterran bezala izango dira».

Romaesak euskararekin duen ustearen berri ere eman digu. Bertakotasuna ukatzen zaiolako bere burua hemengo ikusten ez duenak beste ukazio batekin erantzun ohi du eta, horregatik, gehienetan, euskara ikasteari uko egiten dio. Nork bere burua bertakoa izatea bezalakorik ez dago euskara kolkoratzeko.

Gure gizarte hurbila gero eta zabalagoa eta anitzagoa bihurtzen ari zaigun honetan, elkarbizitzarako txertoaren premian gabiltza, aurreiritziak sendatzeko txertoaren premian. Txerto hori gabe, bidegabekerian oinarritutako gizarte egiturak eta praktikak eraikiko baititugu.

Gure seme-alabak, ilobak eta bilobak larruazal ilunagoko euskaldunen eskolakide, ikaskide, gelakide, taldekide, mahaikide, jolaskide, adiskide, anaikide, herrikide, etxekide, bizikide, bikotekide eta, azken batean, parekide nahi al ditugu?

Seme-alaba, iloba eta biloba horien ikaskidea sultan edo kalifa musulman baten aberats-etxeko alaba balitz, edo Algeriako gasarekin aberastutako enpresari baten semea, eta, gainera, ikaskide horiek euskaradunak balira, jarrera bera izango ote lukete aita-ama, osaba-izeba eta aiton-amona horiek?

Hemen, gure artean, hazten eta hezten ari dira; eta hemengo guztia ere bada beraiena. Euskalduntasuna ere bada beraiena. Euskaldun peto-petoak izatea ere bada beraiena. Egiazko euskaldunak izatea ere bada beraiena eta, batez ere, berdinen arteko elkarbizitza ere bada beraiena.]]>
<![CDATA[Hizkuntzakeriaren piztijendea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/023/003/2018-06-05/hizkuntzakeriaren_piztijendea.htm Tue, 05 Jun 2018 00:00:00 +0200 Patxi Saez Beloki https://www.berria.eus/paperekoa/1832/023/003/2018-06-05/hizkuntzakeriaren_piztijendea.htm molt honorable berriak, Quim Torra presidente jaunak, orain hamar urte, La llengua i les bèsties artikulua idatzi eta argitaratu zuen katalanaren aurkako hizkuntza bazterketa salatzeko. Artikuluan, katalanari eraso eta kalte egiteko helburua zuen kexa baten salaketa egin zuen Torra jaunak. Kexaren arrazoia, berriz, katalanaren erabilera hegazkinetan: kexugileak ez zuen katalana hegazkinetan erabiltzerik nahi.

Torra jaunak, artikulu hartan, Espainiako politikari kexugileak azaldutako hizkuntzakeria eta katalantasunaren aurkako gorrotoa salatzeko, txikitan anai-arreba guztiek gurasoen etxean irakurrita zeukaten alegiazko ipuin liburu bat hartu zuen abiaburu, De quan les bèsties parlaven, Manuel Folch i Torres idazlearena. Animalia eta piztijendeari buruzko metaforaz, hiperonimoz eta hiperbolez betetako ipuin liburua.

Hortik, Espainia aldeko hainbat hedabide eta politikari sutan jarri dira presidente berriak, Kataluniako hizkuntzari gorroto dioten espainiarren salaketa egiteko, esan zuelako beren baitan eta barru-barruan daramatela hizkuntzakeriaren piztia, hainbat espainiarrek katalanari dioten gorrotoaren piztia. Azken batean, artikulu hartan katalantasunaren aurkako «piztijendea» hartu zuelako eztabaidagai.

Euskararen aurkako piztijendea ere bada gurean. Euskarari gorroto itsua dion jendea. Euskararen edozein arrasto ikusi eta entzuten dutenean begi-belarriak mintzen zaizkion jendea. Euskara zerri-askara bidali nahi duen jendea. Gure artean bizi dugu jende hori. Eta beti, bat eta bakarra da euskara baztertzeko erabiltzen duten estrategia: baztertzaile horiek baztertu gisa, kaltetu gisa azaltzen dute beren burua.

Ana Beltranek, Nafarroako PPko legebiltzarkideak, honela jardun zuen 2018ko apirilaren 17an: «Beste zeregin asko ditugu, euskararekin denbora galtzen ibiltzeko. Nafarroan %7k baino gutxiagok erabiltzen dute euskara, eta Iruñean ia hutsaren hurrengoa da euskararen presentzia. Europako hizkuntza gutxituen ituna bihurtu da abertzaleen salbamendu taula bakarra. Eta orain, itun horrek diolako, euskararen ofizialtasuna ezarri behar al dugu? Gehiengoaren eskubideak dira errespetatu eta lehenetsi behar ditugunak. Eremu mistoan edo ez-euskaldunean agiri ofizialak euskaraz irakurri behar izatea, hori ez al da inposizioa? Eta are okerragoa dena, euskarazko bertsioa gaztelaniaren gainetik jartzen dute... Hori bidezkoa iruditzen zaizue?». Agiriak euskaraz eta gaztelaniaz azaltzea, bi hizkuntzetan azaltzea, euskararen «inposizioa» omen da Beltranentzat. Jakina, euskara kenduta ez dute «inor» baztertzen.

Enrique Maiak, Iruñeko alkate ohi eta egungo UPNko zinegotziak, honela zioen 2018ko urtarrilaren 11n Iruñeko Udalak merkataritzan eginiko inkesta soziolinguistikoari buruz: «Lauko gobernukoek esanen dute inkesta hutsa dela. Niretzat, nazismoa da saltokiak markatzea. Hitlerren garaian, juduak markatzen zituzten; orain, euskaraz jakiteagatik edo ez jakiteagatik markatzen zaituzte».

Ez harritu eta ez larritu datorren udazkenean Euskal Herri osoko 340 herritan baino gehiagotan egingo den Euskaraldiarengatik antzeko zerbait esaten badute; izan ere, ahobiziak eta belarriprestak txapa baten bidez identifikatzea baino hitlerkeria eta holokausto handiagorik ba al da?

Baina, gehienetan, gizajende arrunta da hizkuntzakeriaren piztia bere baitan daraman jendea, gure etxepeko bizilaguna edota gure enpresako lankideak, departamenduburua nahiz gerentea.

Kale gorrian utziko duten beldurrez bere buruaren eta bere enpresaren berri ematerik ez duen langile euskaldun batek lantokian euskararekin gertatutakoa salatu zuen Twitter harreman sarean 2018ko otsailaren 23an: «Euskal Autonomia Erkidegoan egiten dut lan. Aste honetan, enpresara neska gazte bat etorri da, praktiketan, euskalduna. Bion artean, mintegian bakarrik gaudenean, euskaraz hitz egiten dugu, eta beste norbait etortzen denean, gaztelerara aldatzen dugu, enpresan gaztelera erabiltzen baita. Beno, ba gaur departamenduburuak, eguna amaitu baino lehen, gerenteak gurekin bildu nahi zuela esan digu. Bere bulegora zuzenean joan gara. Zer esan digu? Gure artean euskaraz ezin dugula hitz egin, bakarrik egon arren.

»Baliteke norbait entzuten egotea zuek jakin gabe, eta zer esaten duzuen jakin behar du. Euskaraz ezin duzue hitz egin lantokian. Kotxean, etxerako bidean, oraindik haserre, ea zenbat enpresatan antzerako egoerak emango diren pentsatzen jarri naiz».Christiane Taubirak, Frantziako François Hollande presidentearen justizia ministroak, inkesta bat egiteko agindu zuen jakin ahal izateko ea Frantziako populazioak ontzat ematen al zuen lantokian bi lagunek elkarrekin «erregioko» hizkuntzan hitz egitea.

Irlandan ere, iazko irailean, gaelikoaren aldeko elkarteek errepublikako bigarren hiririk jendetsuena den Corkeko pub baten aurkako protesta antolatu zuten, nagusiak zerbitzari bati lanean gaelikoz egitea debekatu ziolako. Horrelakorik ez gertatzeko Galesko Hizkuntz Komisarioaren bulegoa zabaldu zuen Galesko Gobernuak 2012ko apirilaren 1ean, eta orain bi urte, 2016an, urrats garrantzitsuak egin zituen: langile jendeari legezko eskubide osoa aitortu zion gaelera lanean erabiltzeko. Lehenengo aldiz langile talde batek lanean gaeleraz egin nahi badu, langile horiek badute legezko babes bat, eta isunak ezar daitezke eskubide hori betetzen ez bada.

Hizkuntzakeria ez da arazo linguistikoa, soziala baizik. Hizkuntzakeriaren piztia jende askoren baitan bizi da, eta piztijende horrek beti jokatzen du hizkuntza hegemonikoaren alde eta gutxituaren aurka. Gehienetan, gainera, egiten ari diren kaltearen jakinaren gainean direlarik.]]>
<![CDATA[Hizkuntzakeriaren arrautzaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/018/003/2018-04-10/hizkuntzakeriaren_arrautzaz.htm Tue, 10 Apr 2018 00:00:00 +0200 Patxi Saez Beloki https://www.berria.eus/paperekoa/1832/018/003/2018-04-10/hizkuntzakeriaren_arrautzaz.htm
Gaztelaniaren eta frantsesaren hizkuntzakeriak elebitasun mota bat eta bakarra bultzatzen du: gaztelaniaren nahiz frantsesaren nagusitasuna mantentzea eta betikotzea helburu duen elebitasuna. Elebitasun mota horren arabera, menpeko hizkuntza gutxituak, gurean euskarak, identitatearen funtzioa betetzen du eta, hizkuntza nagusiak, menderatzaileak -gurean gaztelaniak eta frantsesak-, komunikazioaren funtzioa. Elebitasun mota horrek bultzatzen duenaren arabera, hiztunek ez daukate hizkuntza gaitasun berbera gizarteko bi hizkuntzetan. Gaitasun eta erraztasun handiagoa dute gizartean komunikazioaren funtzioa betetzen duen hizkuntza menderatzailean, gizartean erabateko nagusitasuna duen hizkuntzan. Eta gaitasun kaskarragoa, berriz, hizkuntza gutxituan, hizkuntza horretan komunikazioa oztopatu eta ezinezkoa bihurtzerainokoa. Beraz, gizartean ahulagoa den hizkuntzak, gurean euskarak, identitatearen funtzio sinbolikoa betetzen du -euskaldun izatearena- eta, gaztelaniak nahiz frantsesak, aldiz, hizkuntza orok duen funtziorik garrantzitsuena, komunikazioarena.

Elebitasun hau menpekotasunezko elebitasuna dugu, hizkuntza nagusiak nagusi izaten jarraitzen duelako eta menpeko hizkuntza gutxituak bere ahulezia eta menpekotasuna betikotzen duelako. Menpekotasunezko elebitasun honen gakoa hizkuntza gaitasunean dago. Izan ere, hizkuntzen arteko menpekotasuna hizkuntza gaitasunean ardaztuta dago, hizkuntza gaitasunaren nagusitasunak hizkuntzaren gizarte nagusitasuna baitakar.

Hain zuzen ere, gaur egun, azaldu dugun menpekotasunezko elebitasun horixe dugu indarrean Euskal Herriaren luze-zabalean, arnasgune gutxi batzuetan izan ezik. Gaur-gaurkoz, gure artean, gaztelaniak eta frantsesak, bakoitzak bere eragin eremuan, erabateko nagusitasuna dute gizarteko komunikazio hizkuntza gisa. Euskarak, aldiz, berbadun berrien artean batik bat eta eremu erdaldunetan bereziki, identitatearen funtzioa bakarrik betetzen du, «gutartasunaren» funtzioa, tribuko kide sentiarazteko funtzioa; eta, eguneroko gizarte bizitzan, berriz, euskararen erabilera oso apala da.

Beraz, euskararen etorkizuna berezko hiztunekin trinkotutako harreman-sareak etxez etxe, herriz herri eta hiriz hiri hedatzean datza. Euskaraz beste edozein hizkuntzatan baino gaitasun eta erraztasun handiagoa duten euskaldunak dira euskararen berezko hiztunak; euskara dutenak beren kolkorako, beren kautarako, barne-mintzo eta gogoetarako tresna. Azken batean, berezko mintzoa euskara dutenak, ardatz-hizkuntza euskara dutenak: euskaratik eta euskaraz bizi direnak. Gaur egun, euskararen berezko hiztunak, bereziki, Amezketa, Aulestia, Leitza eta Azpeitia bezalako arnasguneetan aurkitzen dira eta ugariak dira hamar urte arteko neska-mutikoen artean.

Euskararen berezko hiztunek badute ezaugarri bat: gaztelania ulertzeko hainbestean moldatzen dira, arazorik gabe, baina mintzatzeko ez dute euskaraz adinako erraztasunik. Erdal eremuko hiztun berriei euskararekin gertatzen zaienaren antzera, baina ez neurri berean, askoz txikiagoan.

Hain zuzen ere, Espainiako nazionalismo linguistikoak euskararen hiztun horiek zigortu izan ditu bereziki. Gaztelaniaren nagusitasunaren jagoleek garrantzi ikaragarria ematen diote gaztelania zuzen eta egoki erabiltzeari, jakin badakitelako hor jokatzen dutela gaztelaniaren nagusitasunaren etorkizuna. Horregatik, gaztelania euskararen doinu eta egituratik hitz egiten duten euskararen berezko hiztun horiek gaztelaniaren hizkuntzakeriatik bultzatutako burla eta isekak jaso izan dituzte. Euskararen aurkako hizkuntzakeria bereziki erasokorra eta krudela gertatu zen joan den XX. mendean bizi izan ziren euskararen azken hiztun elebakarrekin. Gaur egun, oraindik ere, euskararen berezko hiztunen memoria kolektiboan iltzatuta dago hizkuntzakeria hura eta gaztelaniarekin arazorik izan daitekeenaren beldur-haize horrek eragina du «erdaraz ongi egiten» ikasteko.

Orain hurrena, Bilboko gaztelaniaren zulokotean jaio, bizi eta eskolak euskaldundu duen Aitor Zurdo gazteak horrela idatzi zuen Zuzeu agerkari digitalean: «Bilbon errealitate erdaldunak inguratu eta itotzen du euskara. [...] Edonola ere, euskararen borroka horretarako, nik beste slogan hau aukeratuko nuke: Elebakarra da, bide bakarra! [...] Euskara aldarrikapena baino, hiztunentzat komunikaziorako tresna naturalena izan behar da».

Eta bere senetik eta esperientziatik aurkitutako bidea proposatu digu Aitorrek: «Gutxi gorabehera ingelesarekin dugun egoerara heltzea, baina erdararekin. Hau da, ulertu bai, baina erabat menperatu ez».

Maialen Lujanbio bertsolariak, berriz, horrela azaldu du bide hori: «Marrazteko konpasak orratz bat izaten du, eta orratz hori finkatutakoan zirkuluak marrazten dira beste besoarekin. Eta jakina, orratz hori zenbat eta finkoago sartuta egon, orduan eta lasaiago, errazago eta zabalago ireki ahal izango dugu zirkulua. Bada, hizkuntzarekin berdin. Guk orratza euskaran sendo finkatuta baldin badaukagu, orduan eta beldur gutxiago izango dugu beste hizkuntzetara zabaltzeko, ez dugulako gure oinarria galtzeko arriskurik izango. [...] Era berean, iruditzen zait gure eleaniztasunaren zortea sentitu eta aldarrikatu behar dugula. Askotan arazotzat bizi dugu eleaniztasuna, ondoko hizkuntzak nagusiagoak direnez, beldur garelako gurea zurrupatuko ote duten, baina lortzen badugu euskara ardatzean finko lotzea ez daukagu ezeren beldurrik izan beharrik. Gu ez gara erdia; gu doblea gara, eta ez dugu zertan lotsatu».]]>
<![CDATA[Euskararen behar naturala]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/023/001/2018-02-08/euskararen_behar_naturala.htm Thu, 08 Feb 2018 00:00:00 +0100 Patxi Saez Beloki https://www.berria.eus/paperekoa/1832/023/001/2018-02-08/euskararen_behar_naturala.htm
Egoera normalizatu batean dagoen hizkuntzak hiztunengan eragindako behar hori berezkoa du, naturala. Hizkuntzaren berezko hiztunentzat, batik bat elebidundu gabe daudenentzat, hizkuntzaren beharra ikusezina da: berezko adierazpide duten hizkuntzaren erabilera erabat arrunt eta ohikoa zaie. Ikus dezagun Bernardo Atxaga idazlearen testigantza:

«Haurtzaroko aldi labur batean hizkuntza erabat arrunta izan zitzaidan euskara. Ez nuen hari buruzko iritzi edo, gerora maiz bezala, kezkarik. Aitari eta amari atta eta ama deitzen nien, euriari ebi edo eguzkiari eguzki deitzen nien bezala, eta horretan erabakitzen zen dena, pertsonak eta gauzak izendatzeko modu betikoaren erabileran».

Gizakiak bere gizakitasunetik bi mailatako behar naturalak ditu: alde batetik, norbanakoari dagozkion oinarri-oinarrizko beharrak ditu, behar fisiologikoak, bizirik irauteko nahitaezkoak (arnasa hartu, elikatu, lo egin, bere burua garbitu, jantzi, osasuna zaindu...). Eta, beste alde batetik, gizarte mailako beharrak ditu, gainontzeko gizakiekin dituen harreman edo gizarte mailako elkarrekintzetatik sortutako beharrak (familia sortu, lagunak izan, maitasuna erdietsi, onarpena izan, estatus bat lortu, prestigioa izan, arrakasta lortu, autoerrealizazioa...). Hain zuzen ere, hizkuntza bat -gurean euskara- bere hiztunek dituzten beharrizanak asetzeko tresna baliagarria den neurrian bihurtuko da ezinbesteko edo hutsaren hurrengo.

Hizkuntza batek asetzen duen komunikazio beharrik oinarrizkoena haur jaioberriarena da. Gizakiak dituen beharrik oinarrizkoenak behar fisiologikoak dira, alegia, gizakiak bizirik irauteko oinarrizkoenak. Beraz, gizakiaren berezko behar naturalen mailarik oinarrizkoenean, haur jaioberriarena izango genuke. Hil ala bizikoa du haur jaioberriak ama duenari bere behar oinarrizkoen berri ematea. Haurtxo babesgabeak ez du gaitasunik bere kasa elikatzeko, eta amarik gabe ezin du iraun. Lehenengo egun eta hilabeteetan haurrek negarra dute adierazpide eta, hizkuntza ikasteko gaitasuna garatu ahala, esan ohi duten lehenengo hitza munduko hizkuntza guztietan ia berbera da: «ama». Gizakiarentzat ahoskatzeko fonemarik errazenak ezpainbikoak dira: m, p eta b. Baita a bokal irekia ere. Hitz egiteko saiakeran, haurraren ahotik irten ohi diren lehen soinu horiek, gurasoek beren buruarekin lotzen dituzte eta, horregatik, munduko hizkuntzetan «ama» da hitzik unibertsalena. Horregatik, hain zuzen ere, munduaren bi muturretan, Nepalen eta Euskal Herrian, izen berbera dauka gu guztion sortzaileak: «ama».

Gizakiak, edozein harreman sistematara iristen denean, familia izan, lagunartea izan, lantokia izan edo herri bat izan, ahalegin betea egingo du harreman-sare horretan erabiltzen den komunikazio moldea bereganatzeko. Izan ere, gizaki orok antolaketa sozial batera egokitzeko ahalegina egingo du, antolaketa sozial horrek bere gizatasunaren oinarrizko beharrak betetzen dituen neurrian.

Hizkuntza ororen bizi-indarra antolaketa sozial batean duen funtzionaltasunaren araberakoa da. Hizkuntza bat zenbat eta funtzionalago eta erabiliago izan, orduan eta ezagutza zabalagoa eta orokortuagoa izango du sistema sozial horretako kideen artean. Azken batean, hizkuntza batek funtzionaltasun eta erabilera handia badu antolaketa sozial jakin batean, «behar natural» handia sorraraziko du bertan txertatu nahi duten kide berrien artean.

Ikus dezagun herri mailako antolaketa sozial baten adibidea:

Hilabete batzuk daramatzate Azpeitian bizitzen Valeria Silva brasildarrak eta Veronica Medina espainiarrak. Ez batak, ez besteak, ez zuten uste Azpeitian beharrezko izango zutenik euskara bizitzeko. «Iritsi nintzenean harrituta gelditu nintzen, zera pentsatu nuen: zer gaztelania arraro hitz egiten dute hemen?», azaldu du Silvak. Segituan erabaki zuten euskara ikasten hastea.

«Egia da euskara ezin duzula erabili Euskal Herritik kanpo; baina berdin du, garrantzitsua da orain hemen gaudelako. Ogia erosteko behar dut euskara», adierazi du Medinak. Lagunak ere euskaldunak egin dituela esan du; hori dela-eta ematen dio garrantzia hizkuntzari.

«Lagunak egiteko baino gehiago, lanerako ikusten dut garrantzitsua hizkuntza. Hemen gelditzeko etorri naiz, eta hemengo jendeari zerbitzuren bat eman nahi badiot, euskara jakin beharra dago», erantzun dio Silvak.

Valeria Silva brasildarrari eta Veronica Medina espainiarrari gertatu zaien bezala, euskara erabiltzearen aldeko egoera sozial batean murgilduta dagoenak, nahiz eta erdaraz hobeto moldatu, ahalegina egingo du egoerak sortzen dion behar natural horretara egokitzeko eta gehiengoak duen hizkuntza jokabidera moldatuko da. Beharbada, moldaketa edo egokitzapen hori ez du egingo nahi duelako, ezta horretarako borondatea duelako ere, baizik eta jokabide sozialaren aurka ez joateagatik, azken batean, sistema horretan euskara erabiltzeko dagoen arau soziala ez urratzeagatik eta gatazka ez sortzeagatik. Sistema sozial batean gehiengoak finkatutako arau soziala ez betetzeak gatazka sor dezake eta sistema sozial horren periferian, baztertuta gelditzeko arriskua dago. Beraz, gure gizatasunetik etengabeko onarpenaren eta integrazioaren bila gabiltzanez, egokitu egingo gara gizarte-sistemak finkatutako jokabideetara, baita euskaraz egiteko dagoen arau sozialera ere. Euskararen aldeko egoera sozial batean murgilduta dagoena, nahiz eta erdaraz hobeto moldatu, euskaraz egiten ohitzen joango da, gaitasuna eskuratzen, jarrera aldatzen eta, azken batean, euskara erabat erabilgarri bihurtuko zaio, izan ere, praktika etengabeak ekarriko baitu hizkuntza barneratzea eta erraztasunez erabiltzea.]]>
<![CDATA[Lingua Navarrorum eta hizkuntzakeria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/023/001/2017-10-25/lingua_navarrorum_eta_hizkuntzakeria.htm Wed, 25 Oct 2017 00:00:00 +0200 Patxi Saez Beloki https://www.berria.eus/paperekoa/1832/023/001/2017-10-25/lingua_navarrorum_eta_hizkuntzakeria.htm
1. Iraganaren ukazioa

Espainiako hizkuntzakeriatik ukatu egiten dute Nafarroako Erriberan gaztelania ez den beste hizkuntzarik sekula izan denik. Espainiako hizkuntzakeriarentzat, Nafarroako «eremu erdalduneko» berezko hizkuntza bakarra gaztelania da, eta hor ez omen da euskararik sekula izan.

Iruñean dagoen Nafarroako Errege Artxibo Nagusian zabaldu berri duten Navarrorum erakusketak, erromatarren garaitik aurrera jasotako 36 dokumentu historikoen bidez, zalantza izpirik ez du uzten nafarren euskalduntasunaz. Erdi Aroan, Ameriketako kolonizazioa hasi aurretik, Nafarroa osoan ez ezik, Nafarroatik kanpo ere komunikaziorako hizkuntza nagusia zen euskara. Garai hartan, Errioxa eta Burgosko mugetan barrena hitz egiten zen euskara, eta Huesca eta Lleidaraino ere iritsita zegoen orduko nafarren Lingua Navarrorum.

Hizkuntzakeriaren ukazio hori beldur baten ondorio da: Espainiako nazionalismoaren hizkuntzakeriatik beldur dira Araban gertatutakoa Nafarroan ere gertatuko den. Araban, Francoren diktadura garaiko arabarrek, euskara galduta zeukaten ordurako, baina, ezpainetan euskararik ez bazuten ere, bihotzean bai, ordea. Euskararendako diktadura ukatzaile eta zapaltzaile hura amaitutakoan, arabarrei euskara sustatzeko bidea eman zaienean, beraien baitan erabat iraungi gabe zeukaten euskal senaren txingarretik, euskalduntasunaren berpizkundea gertatu da Araba osoan. Gaur egungo Araban euskara belaunaldi gazteena da. Horrela kontatu digu Xabier Euzkitze kazetari eta bertsolariak: «Askoren begietan lur arrotzak ziren euskararentzat. Arabako Errioxan bereziki, aldeko sentsibilitatea zeukatenek ere ez zuten euskararik mintzo. Aitzindari batzuek ereindako haziari esker, gaur egungo ikasle askok eta askok guraso euskaldunak dituzte. Duela pare bat hilabete izan nintzen bertan, pilota emankizun baten karietara. Beste hainbat haurren artean —ia denak euskaraz ari ziren— hiruzpalau urteko neskatxa bat ari zen pilotan, zaharragoetatik bereiz. Ni begira ikusi ninduenean, «¿juegas?» galdetu zidan. «Noski, baina nik euskaraz badakit, e!» erantzun nion. Neskatikoaren epaiak zur eta lur utzi ninduen: «A, bai? Eske zaharra zara!». Alegia, Lantziegoko errealitatean zaharrak erdararekin eta gazteak euskararekin lotzen dituzte.

2. Orainaren ukazioa

Hizkuntzakeriak berezko hizkuntzaren ukaziorako daukan beste estrategia bat hiztunen hizkuntza eskubideena da. Hizkuntza ez omen da inongo eskubideren jabe. Hizkuntzakeriatik diotenez, eskubideen jabe diren bakarrak hiztunak omen dira, herritarrak, alegia. Kontua da, horrela, hizkuntza galdu duten hiztunek ez dutela hizkuntza eskubiderik, hizkuntzaren jabe ez direlako. Modu honetara, Nafarroako «eremu erdaldunean» belaunaldiz belaunaldiko katean euskara galdu duten nafarrek ez dute hizkuntza eskubiderik euskararik ez dakitelako. Beraz, hizkuntzakeriaren arrazoibidetik hizkuntzarik ez dakienak ez du hizkuntza eskubiderik; horregatik, Nafarroako «eremu erdaldunean» hizkuntzakeriak ez du euskara ofiziala egin, ez dakienari eskubiderik aitortzeko beharrik ez dagoelako. Baina hizkuntzakeriaren arrazoibidea erabat hankamotza da; izan ere, hizkuntza ez da norbanakoarena bakarrik: hizkuntza zerbait bada, komunikazio ekintza da eta, ekintza horretan, hiztun batek baino gehiagok esku hartzen du. Gizatalde batek egina da hizkuntza. Hizkuntza elkarrekintza kolektiboa da, hiztunek elkarrekin elkarbanatzen dituzten kultur erreferentzien gainean eraikia. Eta nafarren herria eskubideduna baldin bada, eskubide kolektibo batzuk aitortzen zaizkiolako —eta hala aitortzen zaizkio herri eskubide horiek Nafarroari— euskararen hiztun-herriari ere bere aitortza zor zaio herritarrez osatutako kolektiboa den aldetik. Baina hizkuntzakeriatik eskubide horiek ukatu egiten dira, eskubideen edukitzaile bakarra hiztuna dela esanda. Arrazoibide horretatik ere huts egiten du hizkuntzakeriak; izan ere, eskubideak, tartean herritar bakarra baldin badago ere, babestu beharrekoak dira herri-erakundeen aldetik, eta Nafarroako «eremu erdaldunean», oraindik orain eta orain bertan, badira euskararen hiztun bat baino gehiago. Hizkuntzakeriaren gaitzak jotako herri-erakundeek, Nafarroakoak kasu, hizkuntza zapalkuntzari begi-belarriak ixten dizkiote bertako eta berezko hizkuntzari eta hiztunei kalte egiteko.

3. Etorkizunaren ukazioa

Hizkuntza menderatuak izandako zapalkuntza eta bidegabekeriak oso nabarmenak direnean, berriz, hizkuntzakeriatik, onenean, halakorik gertatu dela onartuko dute aho txikiarekin; baina, gertatua gertatuta dagoela, eta, aurrera egiteko, kontuak bere horretan uztea dela onena esango digute. Alegia, egindako okerrak ez duela bueltarik eta ez dagoela ezer egiterik egindako okerra konpontzeko. Azken batean, gizateriaren historia hildako hizkuntzez beteta dagoela azpimarratuko digute hizkuntzakeriatik eta latinaren adibidea jarriko digute. Hau da, gaztelania nagusitu baldin bada herritarren mintzo gisa, konponbiderik ez dagoela esango dute hizkuntzakeriatik, euskara hilda eta galduta dagoelako herritar horien artean. Baina hori lan istripuek konponbiderik ez dutela esatea bezalakoxea da: lan istripuz hildako langileak ezin direla berpiztu eta bakean uzteko. Alegia, lan istripuan hildakoak hilda daudelako, segurtasun neurri gehiago hartzea alferrikakoa dela esatea bezalakoxea da. Hildako langileei begiratu beharrean, bizirik daudenei begiratu behar zaie eta hizkuntza kontuetan gauza bera: hizkuntza bat biziberritzeko belaunaldi berriei begiratu behar zaie, eta belaunez belauneko hizkuntza sorberritzeari begirako lanari lotzea da etorkizuna irabazteko bidea, Araban egin duten bezalaxe.]]>
<![CDATA[Hizkuntzakeriaren jokoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/017/003/2017-06-07/hizkuntzakeriaren_jokoa.htm Wed, 07 Jun 2017 00:00:00 +0200 Patxi Saez Beloki https://www.berria.eus/paperekoa/1832/017/003/2017-06-07/hizkuntzakeriaren_jokoa.htm
Espainiako eta Frantziako nazionalismoen hizkuntzakeriek euskararen herria erdalduna nahi dute, gaztelaniaren eta frantsesaren uztarpean gatibu. Eta, hizkuntzakeria horiek, menpekotasun egoera hori betikotzeko, euskara beren makila guztien zahagi bihurtuta daukate. Eta, euskara bezalaxe, Espainiako eta Frantziako lurraldeetako gainerako hizkuntzak ere bai.

Orain hurrena esan bezala, Espainiatik datorkigun hizkuntzakeriak, gaztelaniaren nagusitasuna indartzeko eta iraunarazteko, ideia monolitiko bat zabalduta dauka lau haizetara. Ideia horren arabera, Espainian gaztelania da —eta Frantzian frantsesa— herritar guztiak elkartzen dituen hizkuntza bakarra, eta euskarak, Espainiako lurraldeetako gainerako hizkuntzek bezalaxe, herritarrak elkartu beharrean, zatitu eta baztertu egiten ditu. Baina Espainiako hizkuntza nazionalismoak ondo ezkutuan gordetzen du egiazko bazterketa eta zatiketa gaztelaniak eragiten duela. Baztertu eta isolatu egiten ditu gaztelaniarik ez dakiten mugaz bestaldeko euskaldunak eta, aldi berean, euskararen herria zatitu egiten du espainol-euskaldun eta frantses-euskaldunen artean. Euskal Herrian euskarak elkartzen duena, auzoko bi erdarek zatitzen eta bereizten dute. Erdara horiek hainbat euskaldunen etxeko sukalderainoko bidea egina dute eta, ez gutxitan, norberaren kolkorako barne-mintzoa izaterainokoa ere bai. Hortik, euskararen hiztunen artaldea galbide arriskuan dago: Espainia da otsoa eta Frantzia azeria.

Berriki, Europako, Ipar Amerikako, Australiako eta Japoniako 15.000 lagunekin egindako ikerketa batek nazio nortasunaren ezaugarririk garrantzitsuena, funtsezkoena, hizkuntza dela eman du jakitera. Espainian ere %62k hori erantzun du; eta Frantzian % 77k. Baina, ikerketarik egin beharrik gabe, aspalditik da horren jakitun Espainiako hizkuntza nazionalismoa —baita Frantziakoa ere— eta, horregatik, euskararen debeku, ukapen eta zapalkuntzan oinarritutako gaztelaniaren —eta frantsesaren— hizkuntzakeriatik bultzatutako helburu linguizida ezkutatuz, aldarrikapen hauxe egiten dute behin eta berriro gaztelania eta frantsesa euskararen maila berean jartzeko: euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza da, baina gaztelania eta frantsesa ere bai. Gaztelania eta frantsesa euskararekin alboz albo, maila berean jarrita, euskarak Euskal Herrian bertako hizkuntza gisa duen berezkotasuna eta zilegitasuna lortzea da Espainiako eta Frantziako hizkuntza nazionalismoek Cervantes eta Moliereren hizkuntzak gurean bertakotzeko eta etxekotzeko darabilten estrategia. Baina gaztelania ez da euskaradun guztien hizkuntza, ezta frantsesa ere. Euskara da Euskararen Herriko euskaldun guztiak lotzen eta elkartzen dituen berezko hizkuntza bakarra.

Espainiako hizkuntzen ofizialtasuna ere euskararen hondamendi eta galeratik kudeatzen du Espainiako hizkuntzakeriak. Espainiako Konstituzio Legeak, gaztelaniaz gain, Espainiako gainontzeko hizkuntzak ere, bakoitza bere Autonomia Erkidegoan, ofizialak izango direla dioen arren, Espainiako hizkuntza nazionalismoak, lurraldeetako hizkuntzen ofizialtasuna gutxiesteko, «koofizial» hitza asmatu du herritarren aurrean Espainiako lurraldeetako hizkuntzen ofizialtasuna bigarren mailako bihurtzeko eta gaztelaniarena lehentasunezko ofizialtasuna dela aditzera emateko. Hori bakarrik ez, euskararen kasuan, Espainiako hizkuntzakeriak euskararen ofizialtasuna mugatu, murriztu eta hesitu egin du Nafarroan. Euskara Nafarroa osoan ofiziala izateko ebazpena onartu zuen Nafarroako Legebiltzarrak 1980. urtean, Nafarroako Foru Erkidegoa osatzeko legea izango zenaren oinarriak sinatzean. Nafarroako Legebiltzarrak ordezkaritza bat bidali zuen lege proposamena Madrilen defendatzeko; baina itzultzean euskara «eremu euskaldunean» baino ez zen ofiziala. Horregatik, Nafarroako herritarren % 10ek bakarrik dute euskara ofiziala, 65.000 nafarrek besterik ez. Espainiako hizkuntza nazionalismoaren aizkorak Madrilen egindako kimaketak euskaren arbola adaxkarik gabe, hostorik gabe eta arnasbiderik gabe utzi zuen 600.000 nafarrentzat.

Irakaskuntza da Espainiako hizkuntzakeriaren beste gudaleku bat. Inperialismo linguistikoak ez du sekula onartzen gazteleradun elebakarrak elebidun bihurtu behar izatea. Bidezko eta legezko iruditzen zaie euskaldunek gaztelera ikasi behar izatea, baina alderantziz dena da inposizioa, zapalkuntza, diskriminazioa eta bidegabekeria. Euskara ez ikasteko eskubidea aldarrikatzen dute, analfabetismorako eskubiderik balego bezala, matematika ez ikasteko eskubiderik balego bezala, ezjakintasunerako eskubiderik balego bezala. Ezjakintasunak euskaraz egitea ezinezko bihurtzen du, bi hizkuntzen arteko berdintasuna ezinezko bihurtzen duelako; eta, horregatik, euskaldunen oinarrizko hizkuntza eskubidea ukatzen duen pribilegio zapaltzailea da. Gainera, ezjakintasuna oso garestia da. Adibide baterako, ikusi besterik ez dago zenbat itzultzaile ordaindu behar ditugun, guztion patrikak zimurtuz, euskararik ulertzen ez duten politikari horientzat eta bere lana euskaraz egiteko gaitasunik ez duten funtzionario horientzat. Ezjakintasuna liskar iturri ere bihurtuta daukate Espainiako hizkuntzakeriatik, herri-administrazioan euskararen ezjakintasunarentzat lanpostu gehiago, funtzionario gehiago, eskatuz. Azkena Nafarroan gertatu da: euskararik irakatsi ezin duten irakasle lanpostuak sortu dituzte.

Munduaren zilborra direlakoan, hizkuntzarekin futbolarekin bezala jarduten dute Espainiako hizkuntzakeriatik: Zergatik jokatu Euskal Selekzio kaskarrarekin munduko txapeldunarekin jokatzeko aukera izanda? Eta futbolarekin euskararekin bezala gertatzen da: «euskaldunen selekzioari» oztopo guztiak jartzen dizkiote aurrera ez egiteko. Horixe bera da hizkuntzakeriak euskararekin duen jokoa.]]>
<![CDATA[Hizkuntzakeria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/020/003/2017-05-04/hizkuntzakeria.htm Thu, 04 May 2017 00:00:00 +0200 Patxi Saez Beloki https://www.berria.eus/paperekoa/1832/020/003/2017-05-04/hizkuntzakeria.htm
Gaurko Espainiatik datorkigun hizkuntzakeriak gaztelania euskarari eraso egiteko erabiltzen du, euskararen errepresiorako, euskararen zabalkundea mugatzeko eta oztopatzeko. Euskararekin bezalaxe jokatzen du Espainiako lurraldeetako gainontzeko hizkuntzekin, katalana, aranera, aragoiera, asturiera eta galizierarekin, besteak beste.

Espainiako aginte guneetatik datorkigun hizkuntzakeriak gaztelaniaren hegemonia babesteko eta indartzeko diskurtsoa egiten du. Diskurtso hegemoniko hori ideia monolitiko batean dago ardaztuta: gaztelania da herritar guztiak elkartzen dituen hizkuntza bakarra, eta euskarak, Espainiako lurraldeetako gainerako hizkuntzek bezalaxe, herritarrak elkartu beharrean, banandu eta baztertu egiten ditu. Eta ideia horri, gainera, lege oinarria eman dio Espainiako nazionalismo linguistikoak: gaztelania inolaz ere ez da baztertzailea, Espainiako herritar guztiek jakiteko obligazioa dutelako, Espainiako lege gorenak, Konstituzioak, hala agintzen duelako. Okupazio linguistikoa lege bihurtu du Espainiako nazionalismoaren hizkuntzakeriak gaztelaniaren nagusitasuna eta jakiteko obligazioaren monopolioa betikotzeko. Esaerak dioen bezala: «Handia, beti legez; txikia, behin ere ez».

Gainera, ez da egia, inondik ere, gazteleraz hitz egiten duten hiztun guztiak elkartzen dituela gaztelaniak. Euskaldunoi bezalaxe gertatzen zaie kolonizazio linguistikoa jasan duten gainontzeko hiztun guztiei ere, besteak beste, Kolonbiako, Peruko, Boliviako, Mexikoko, Txileko, Ekuadorko eta Argentinako espainieraz mintzo direnei. Izan ere, horiek guztiek, Espainiako nazionalismo linguistikoaren erdeinua eta ezin ikusia jaso ohi dute, hitz egiten duten gaztelaniari mespretxua erakutsiz eta guztiak gutxiesteko hitz berberak erabiliz: «sudaca», «panchito» eta «machu pichu». Gaztelaniaren 400 milioi hiztunetatik % 90 Hego Amerikan bizi den arren, Espainiako Gaztelan egiten den gaztelania ezarri zaie batasunaren eredu. Hitz egiten duten gaztelaniaren arabera sailkatzen eta mailakatzen ditu hiztunak Espainiako inperialismo linguistikoaren hizkuntzakeriak. Espainiako nazionalismoaren hizkuntzakeriak Cervantesen hizkuntza hiztunak jatorriaren arabera bereizteko erabiltzen du, ez elkartzeko. Besterik gertatzen da euskara ikasitakoekin, izan ere, euskaraz mintzo diren une beretik dira euskaldun, beste edozein euskaldunen pareko, ez gehiago, baina, batez ere, ez gutxiago. Maiz, gainera, gainontzeko euskaldunen esker ona eta miresmena jasotzen dute euskaraz egiteagatik. Euskarak bere hiztunak «egiazko» euskaldun bihurtzen ditu; ez, ordea, gaztelaniak bereak. Horrek Espainiako hizkuntzakerian du sorburua.

Gaztelaniak Espainian duen monopolio linguistikoa babestu eta indartu nahi dutenek zera diote: bere hiztunek eragindako egoera duela euskarak. Alegia, bere hiztunek erabiltzen ez dutelako, bizkar eman diotelako, iritsi dela abelera horretara. Eta, dagoen egoera horretara bere hiztunek eraman baldin badute, zertarako «xahutu» behar den herritar guztien dirua gutxiengo batek sortutako egoera aldatzeko. Maiz, gainera, krisi ekonomikoaren aitzakiarekin, hizkuntza sustapenean herri-diruak «harrika botatzea» gaitzesten dute. Baina horrela hitz egiten dutenek ezkutatu egiten dute gaztelaniaren sustapenerako Cervantes Institutuak urtero 115 milioi euroko aurrekontua daukala, Euskararen Etxepare Institutuak milioi eskaseko aurrekontua duen bitartean.

Baina diskurtso horrek ere egi-egia ezkutatu nahi du: Espainiako inperialismoaren hizkuntzakeriak, historiaren sokan, Colon jauna Ameriketara iritsi zenetik, etnozidio linguistikoa eragin duela armen bidez mendean hartu dituen hiztun-herri guztietan. Eta, itsasoz haraindiko herri haietan bezala, hemen ere, Espainiako estatuaren hizkuntzakeriak euskararen etnozidio linguistikoa eragin eta bultzatu duela euskararen herrian. Espainiako nazionalismoaren hizkuntzakeriak ezkutatu egiten du Estatuak gaztelania Espainiako lurralde osoan bortxakeriaz eta armen bidez inposatu zuela gerra zibil batek ekarritako diktadura baten bidez. Eta diktadura horren ondoren ere, demokrazia izeneko garai honetan, gaztelaniaren eta Espainiako lurraldeetako gainontzeko hizkuntzen arteko desoreka iraunarazteko, diskurtso eta lege baztertzaileak dituela gaur egun. Diskurtso eta lege horiek, euskararen zabalkundea oztopatzea dute helburu, Espainiako estatuko gainontzeko hizkuntzena bezalaxe. Adibide baterako, Nafarroako kasua dugu: Espainiako nazionalismoaren hizkuntzakeriak Nafarroan euskararen aurkako diskurtso oldarkorra dauka, batetik, eta, bestetik, euskararen ofizialtasuna eta zabalkundea Nafarroa osoan mugatzen eta oztopatzen duen Foru lege bat ere bai.

Espainiako nazionalismoaren hizkuntzakeriak kate motzean eta larre motzean nahi du euskara. Nafarroan dugu adibiderik argiena: euskara erabiltzeko aurrerapausorik txikiena egin nahi denean, beti da «bidegabekeria», «diskriminazioa» eta «inposizioa». Gaztelaniaren aldeko nazionalismoak zapalkuntza linguistikoaren ekaitz politiko eta mediatikoa leherrarazten du han-hemengo gizartea, batik bat nagusi diren erdaldunak, euskararen aurka jartzeko. Orain hurrena, horrela zioen Nafarroako PPko legebiltzarkide batek: «Euskara erabilita, nazionalistez bete nahi diguzue administrazioa». Espainiako nazionalistek, hizkuntza kontuetan, ez dagoenean ere, besteen buruan beti ikusten dute bartza, baina norberaren buruko zorria sekula ez.]]>
<![CDATA[Euskarak Bilbo behar du]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2175/017/003/2017-02-02/euskarak_bilbo_behar_du.htm Thu, 02 Feb 2017 00:00:00 +0100 Patxi Saez Beloki https://www.berria.eus/paperekoa/2175/017/003/2017-02-02/euskarak_bilbo_behar_du.htm
Euskal Herriko hiriburuak erdararen uztarripean dauden eremuak dira: Hego Euskal Herriko lau hiriburuetatik hirutan —Bilbon, Gasteizen eta Iruñean— euskara eta gaztelania ez diren beste hizkuntzak euskara baino gehiago erabiltzen dira kalean: euskara %3 bakarrik erabiltzen da. Baionan ere kaleko erabilera %3 da. Erabilerarik handiena Donostiak du (%16).

Erabilerak duen oztopo nagusienetako bat erraztasun eza izaten da. Euskal Herriko hiriburuetan bizi diren euskaldun gehienek erraztasun handiagoa dute erdaraz euskaraz baino. Hiriburuetan bizi diren euskararen berezko hiztunak (euskaraz erraztasun handiagoa dutenak) %1 besterik ez dira Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Donostian eta Ipar Euskal Herriko hiriburuetan, berriz, %6. Beraz, hiriburuetan bizi diren hamar euskaldunetatik bederatzi baino gehiago, hobeto eta errazago moldatzen da erdaraz euskaraz baino.

Hiriburuetan bizi diren euskaldunak sakabanatuta dauden ur tantak bezalakoxeak dira. Erdararen lur elkorra ukitu ahala lurruntzen diren tantak dira. Tantek elkartuta bakarrik busti dezakete eta horixe falta zaie hiriburuetako euskaldunei. Bilbo da euskaldun gehien dituen munduko hiria, ia 75.000 euskaldun baititu, baina biztanleen ia %80 erdalduna da. Euskaldun direnen artean ere %90ek baino gehiagok errazago egiten du erdaraz. Baina, oztopoak oztopo, Bilbo gero eta euskaldunagoa da: orain 30 urte %6 ziren euskaldunak Bilbon; gaur egun, berriz, %22 dira (%16ko gorakada gertatu da). Gorako joera hori Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan gertatzen ari da. Ipar Euskal Herrikoetan, aldiz, euskaldunen beherakada etenda dago gaur egun, eta euskaldun kopuruari eutsi egiten zaio %9aren bueltan.

Hiriburuak erdalgune izatearen pertzepzioa erabat zabalduta dago eta pertzepzio horrek berez direna baino erdaldunago bihurtzen ditu. Isildutako euskara da hiriburuetakoa: herri euskaldunagoetan eta arnasguneetan bizi diren euskaldun gehienek, lehen hitza euskaraz egiten ahalegindu gabe, zuzen-zuzenean, erdaraz egiten dute Euskal Herriko hiriburuetan. Izan ere, gatazka linguistikoa gertatzeko arriskuaren aurrean, zuzen-zuzenean, erdaraz egiten dute, ziurtasunik ez dutelako solaskideak euskaraz jakingo ote duen. Hortaz, Euskal Herriko hiriburuetan ziurtasun linguistikoaren faltak eta gatazka linguistikoaren mehatxuak euskaldunak erdaraz egitera bultzatzen ditu.

Euskara erabiltzea oztopatzen duten eremu urbano erdaldunetan hiztunek euskara erabiltzea daukate, euskaraz eraikita dituzten harreman-sareen arabera. Eraikiak dituzten harreman-sareak euskarazkoak baldin badira, euskaraz bizitzea izango dute neurri handi batean, baita Bilboko auzorik erdaldunenean ere. Gure hirietan bizikletaz ibiltzeko ibilbideak eraiki ditugun bezalaxe, Euskal Herriko hiriburu eta hirietan euskararen bidegorriak eraiki behar dira euskararen praktikarako sareak osatzeko.

Hiriburuetan euskara euskaldunen arteko harreman-hizkuntza bihurtzeko, lehen-lehenik, harreman-sare egituratuak eraiki behar dira. Harreman-sare egituratu horiek, besteak beste, herritarren kontsumo eta aisialdi ohituretan oinarrituta eraiki daitezke: jo dezagun lurralde bateko herritarrek arropa erostera hiriburura joateko ohitura dutela. Jo dezagun arropa erostera hiriaren alde zehatz batera joaten direla herritar horiek. Bide beretik, jo dezagun, hamabostean behin, futbol ligako lehen mailako taldeak jokatzen duenean, probintzia osotik partida ikustera joan ohi diren zaleak hiriburuko kale jakin batzuetako taberna jakin batzuetara joaten direla partida hasi aurretik. Eta, jo dezagun hiriburuetako unibertsitateetan ikasten ari den ikasle jendea ostegunero taberna berberetan elkartzen dela. Herritarren jokabide horiek kontuan hartuta, hiriburuko udalak hirigintza antolamenduan alde horietan dauden dendak eta tabernak euskararen lehentasunezko azpiegitura izenda ditzake eta udalerriaren hirigintza antolamendutik hizkuntza baldintzak eta betekizunak eska ditzake euskarazko zerbitzua berma dadin azpiegitura horietan. Bide beretik, euskararen lehentasunezko azpiegitura diren aldetik lurraldeko foru aldundiak ere hobari-fiskalak zehaztu ditzake herritarrei euskarazko zerbitzua bermatzearren.

Hiriburuetako euskarazko harreman-sare egituratuek, euskararen praktikarako oztopoz betetako ingurune urbanora, ziurtasun linguistikoa ekarriko lukete, batetik, eta, bestetik, eragin biderkatzailea izango lukete, izan ere, harreman-sare horietaz baliatzeko aukera euskaldun guzti-guztiek izango lukete, hiriburuetan bizi diren euskaldunek eta baita hiriburuetara jotzen dutenek ere. Azken batean, herrietako euskaldunei euskaraz egiteko aukera emanez gero, hiriburuak euskaldunago bihurtuko dira.

Munduko herrialderik aurreratuenetan hirigintza antolamendua gizarte garapenerako tresna garrantzitsua da. Euskararen berdintasun soziala Euskal Herriko gizartearen garapenerako ezinbesteko helmuga da. Horregatik, hirigintzaren antolamendutik euskararen gizarte berrikuntza erdiesteko bideak hezurmamitu behar dira, baita hiriburuetan ere. Baita Bilbo irabazteko ere.]]>
<![CDATA[Berezko hiztunak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2117/020/003/2016-12-02/berezko_hiztunak.htm Fri, 02 Dec 2016 00:00:00 +0100 Patxi Saez Beloki https://www.berria.eus/paperekoa/2117/020/003/2016-12-02/berezko_hiztunak.htm
Irudika dezagun euskara landare bat dela eta loreontzi batean dugula. Loreontzi horrek gaur egun orain 30 urte baino % 70 lur gehiago dauka. Baina lur berri horrek ez dio landareari bizi-indarrik ematen. Landarea ez da hazten, ez da indartzen. Gainera, gure landarea ahultzen ari ote den irudipena dugu; izan ere, hosto batzuk horaildu egin zaizkio (gune euskaldunetan, euskararen arnasguneetan, galerak antzeman dira azken mapa eta inkesta soziolinguistikoetan). Horixe dugu euskararen gaur egungo egoera: azken 30 urteotan hiztun asko irabazi ditu, baina hiztun horiek ez diote bizi-indarrik ematen.

Zer gertatzen ari da? Euskarak lur berri dituen hiztunak etengabe irabazten dituen arren, zergatik ez du indarrik hartzen euskal gizartean komunikaziorako tresna gisa? Erantzuna begi bistakoa da: euskararen landareak lur gehiago irabazi duen arren, lur horretan beste bi landare ere badirelako, euskara baino handiagoak eta indartsuagoak: gaztelania eta frantsesa. Bi landare horiek sustrai luze eta indartsuak dituzte eta euskarak daukan lur horretatik elikatzen dira. Bi landare horiek euskararen funtsezko bizigaia bereganatzen dute: hiztunak bereganatzen dituzte.

Beraz, nahiz eta euskarak azken 30 urteotan % 70 lur gehiago izan; nahiz eta elikatzeko % 70 aukera gehiago izan, lur hori elikagai potentziala du, baina ez benetakoa. Euskara elika dezakeen lur berri horrek, hiztun berri horiek, ez dute euskara elikatzen, loreontzi berean dauden erdarak elikatzen dituzte. Hiztun horiek horregatik moldatzen dira hobeto erdaraz: bizi-indarra erdarari ematen diotelako eta ez euskarari. Euskararen hiztun potentzialak dira, baina ez funtzionalak.

Datuek ere horixe diote: EAEko euskaldunen % 44 hobeto eta errazago moldatzen da erdaraz euskaraz baino. Horrela dio 2016ko urrian argitaratu berri den VI. Inkesta Soziolinguistikoak. Hauts horretatik sortua da lohitzen gaituen lokatza.

Euskarak indarberritzeko duen hiztun beharra aldarrikatuz, horrela irakur zitekeen, 2015eko 19. Korrikaren hasieran, Urepeleko herrian etxe baten leihotik zintzilik jarritako banderola edo pankarta batean: «Gutarik bakoitzak anitz hizkuntza ukan ditzake, euskarak gu baizik ez gaitu».

Eta hemendik beste galdera bat sortzen zaigu: Nolakoak behar dute hiztunek hizkuntza bati bizi-indarra emateko? Zer hiztun mota behar du hizkuntza batek gero eta indartsuagoa izateko? Nolakoak izan behar dira hizkuntza baten taxuzko hiztunak edo berezko hiztunak, alegia, hizkuntza batek bere-bereak dituen hiztunak?

Bi ezaugarri nagusi izango dituzte berezko hiztun horiek:

1. Ezagutza: Hiztunak hizkuntza hori erabiltzeko beste edozein hizkuntza erabiltzeko baino erraztasun handiagoa izatea. Hizkuntza horretan pentsatzea.

2. Erabilera: Hiztun aktiboa edo funtzionala izatea: hizkuntza hori erabiltzeko aukera duen komunikazio harreman guztietan hizkuntza hori aukeratzea. Hizkuntza horretan bizitzea.

Gurdi bereko bi gurpilak dira ezagutza eta erabilera: ibiliz ikasten da oinez, eta hizkuntza, erabiliz. Zenbat eta gehiago erabili, orduan eta erraztasun handiagoa lortzen dugu. Erabiltzearen poderioz, ikasitakoa praktikan jartzen dugu modu errepikakor, automatiko eta inkontzientean, hizkuntza erabat gure baitakoa bihurtu arte. Gurpil bi horiek mugitzeko indarra, berriz, komunikaziorako behar naturala da: hizkuntza orok, neurri handiagoan edo txikiagoan, duen behar sozio-funtzionala. Halaxe azaldu nuen, Gurdiaren Paradigma 2016, Euskara Biziberritzen Jarraitzeko Erronkak Jardunaldian, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitza nagusian, 2016-02-12an.

Hizkuntza batek dituen berezko hiztunen artean hiru motatakoak ditugu, bai behintzat, euskararen kasuan: elebakarrak, elebidunak eta eleaniztunak. Euskaldun elebakarrik ez dago gaur egun, azken euskaldun elebakarra orain hogei urte inguru desagertu zen. Euskaldun elebidunak ere desagertzeko bidean dira, mende honen bukaera iristerako ez da alerik izango. Euskarak iraungo badu, nagusi behar ditugunak berezko hiztun eleaniztunak dira. Horiek sortzen egin behar dugu ahalegina.

Hiztunen batezbestekoari dagokionez, munduan nagusi eta hegemoniko diren hizkuntzek dituzte hiztun elebakar gehien (ingelesak, txinerak, arabierak, gaztelaniak eta errusierak, besteak beste) eta ahuldutako hizkuntzek, aldiz, hiztun elebidun eta eleaniztun gehien.

Honela dio, elebakarrei buruz, Kataluniako Carme Junyent hizkuntzalariak: «Francoren sasoian katalanak ez zuen hiltzeko perilik, hiztun elebakarrak bazirelako. Orduan, ezinezkoa zen hizkuntza desagerraraztea. Gure amatxik, erratekoz, ez zekien katalanez bertzerik: alferretan zen hari gaztelania inposatzea».

Beraz, hizkuntza bat hiltzeko arriskua hiztun elebidunak sortzetik eta horiek erdalduntzetik dator.

Gaur egun, bospasei urte arteko haur gutxi batzuk ditugu euskaldun elebakar eta ale bakar. Hain zuzen ere, haur horiei elebidun bihurtzeko halabeharretik sortzen zaie erdalduntzeko arrisku bizia, batez ere, eskualde erdaldun batean bizi badira.

Tolosako Juan Inazio Hartsuaga antropologoak ere idatzi du elebakarrei buruz: «Bada zerbait, beraz, hizkuntzaren batasuna, euskarazko irakaskuntza, euskarazko komunikabideak eta euskararentzako lege babesa baino indartsuagorik: euskaldun elebakarrak. Izan ere, zenbat iraun du euskarak bere etengabeko atzerakadan elebakarren oxigenoa amaitu zaionean? Mende bat, mende terdi, bi mende? Hogei urte inguru izango dira azken elebakar apurrei lur eman geniela eta dagoeneko hasi gara erabilpen mailan sintoma kezkagarriak sumatzen han eta hemen».

Euskarak berezko hiztunak behar ditu, bere-bereak dituen hiztunak, komunikazio egoera guztietan euskara lehenetsiko duten hiztunak. Euskaltzale porrokatuak izan gabe eta izan beharrik gabe, modu naturalean, hizkuntza berezkoa dutelako, euskaraz bizi eta pentsatuko duten hiztunak eta, aldi berean, munduari zabalik dauden hiztun eleaniztunak. Izan ere, horrelako hiztunek, eta ez bestelakoek, emango diote bizi-indarra eta iraupena euskarari.]]>
<![CDATA[Euskara, beharra da gakoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/020/003/2016-02-18/euskara_beharra_da_gakoa.htm Thu, 18 Feb 2016 00:00:00 +0100 Patxi Saez Beloki https://www.berria.eus/paperekoa/1832/020/003/2016-02-18/euskara_beharra_da_gakoa.htm
«Hizkuntza gutxituak», berriz, bere hiztunek dituzten komunikazio behar guztiak betetzen ez dituzten hizkuntzak dira, beste hizkuntza batek, menderatzaileak, beren komunikazio-esparru eta funtzioak bereganatu dituelako. Hizkuntza gutxitua galbide arriskuan legoke, hizkuntza menderatzaileak bere komunikazio-eremu eta funtzio guztiak bereganatuta dituenean eta hizkuntza gutxituak bere hiztunen komunikazio-beharretarako inongo baliorik ez duenean. Gurean, euskara dugu hizkuntza gutxitua.

Hizkuntza, gure kasuan euskara, komunikazio tresna bat da. Beraz, tresna hori komunikaziorako, zein mailatan, zein gradutan den beharrezko, erabilera horren araberakoa izango da (baita ezagutza ere). Euskara, komunikaziorako, gero eta beharrezkoago bada, orduan eta erabilera eta ezagutza handiagoak izango ditu. Baina baterako dena, besterako ere bada: zenbat eta komunikaziorako behar txikiagoa izan, orduan eta zokoratuago eta baztertuago.

Argi eta garbi mintza gaitezen: beharrezkoa ez dena desagertu egiten da. Darwinek ere hala frogatuta utzi zigun hautespen naturalaren teoriarekin. Gaur egun, non da beharrezko euskara? Gizarteko zein eremu funtzionaletan da ezinbesteko? Inon ez. Euskara bigarren mailako hizkuntza dugu. Euskaldunak askotan behartuta gaude, ezinbestean, gurea ez den hizkuntza erabili behar izatera lagun urkoarekin komunikatu ahal izateko.

Euskararen aldeko aldaketa soziala eragin nahi badugu, euskara gizartearen periferiatik erdigunera ekarri nahi badugu, bigarren hizkuntza izatetik lehen hizkuntza izateko bidean jarri nahi badugu, azken batean, euskara gizartearen ardatzean jarri nahi badugu, nahitaez, Euskal Herriko herritarren balio-eskalan euskarak garrantzi handiagoa irabazi behar du eta hori bide bakar batetik lortuko dugu: euskara Euskal Herriko herritarren gizarte bizitzan komunikaziorako beharrezko eta ezinbesteko bihurtuta. Izan ere, gaur egun, euskara, bere txikitasunetik, bere funtzionaltasun eskasetik, herritarren begietara, hutsaren hurrengo azaltzen da gaztelaniaren eta frantsesaren ondoan. Lluís Vicent Aracil Valentziako soziolinguistaren hitzetan, euskararen ahuleziak gaztelaniaren garrantzia eta beharra are eta nabarmenagoa egiten du: «El euskara subraya la importancia del castellano».

Beharra bizilege

Gizakia gizaki denetik bere oinarri-oinarrizko behar nagusia betetzeko, elikatzeko, beharrean ibili da, badabil eta hala ibili beharko du gizaki den artean ere. Lana izan da gizakiaren zeregin nagusia historiaren sokan. Berak betetzen zuen bizitzaren ia denbora guztia. Gaur egungo gizarte antolaketan ere, esna egiten dugun denboraren erdia, askotan gehiago, lanean igarotzen dugu.

Gaur egungo gizartean bizitzako lehen 25 urteak lanera begirakoak ditugu. Haurtzaro, nerabezaro eta gaztaroan jasotako heziketa eta prestaketa oro lan munduari zuzenduak dira. Lanaren garrantzi soziala ukaezina da, toki bat ematen digu gizartean, baita gizarte maila bat ere.

Lana da gure gizarte antolaketaren jarduera garrantzitsuena. Gizakiak berezkoa du lana eta bere izanari, bere gizakitasunari lotuta dago. Lanaren garrantzia gaur egungo estatu moderno guztietako legedietan ere aitortzen da, oinarrizko eta funtsezko giza-eskubide gisa. Gizakiak, duintasunez bizi ahal izateko, lana funtsezko jarduera du. Lanaren bitartez gizakia mundura, bere ingurunera, egokitu ahal izan da eta mundua eraldatzeko gaitasuna eta ahalmena garatu du. Lanak arrazoian du oinarria eta gizakiak hori du bereizgarri gainerako piztiengandik. Beraz, gizakiak, bere garapen pertsonalerako, ezinbestekoa du lana edo beharra.

Nola bihurtuko dugu euskara euskaldunez osatutako gizartearen hizkuntza nagusia, lanerako edota beharrerako hizkuntza gisa baliorik ez duen bitartean?

Euskaltzaindiaren Euskara biziberritzen jarraitzeko erronkak jardunaldian 2016-02-12an irakurritako hitzaldiaren laburpena. Hitzaldia oso-osorik hemen: www.patxisaez.eus]]>
<![CDATA[Euskaltzaindiari proposamena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2301/022/002/2015-12-03/euskaltzaindiari_proposamena.htm Thu, 03 Dec 2015 00:00:00 +0100 Patxi Saez Beloki https://www.berria.eus/paperekoa/2301/022/002/2015-12-03/euskaltzaindiari_proposamena.htm
Badirudi, euskarak egin beharreko bideari dagokionez, euskaltzale jendearen artean kezka handia dagoela nondik jo behar ote dugun horretan. Euskaltzale mordoska bat gara euskararen berreskuratzeak ondorengo urte-hamarkadetan egin beharreko ziklo luzearen nondik norakoak kezkatuta gaudenak eta uste dugunak oraintxe dela unea eztabaida hori hauspotzeko eta gizarteratzeko.

Oraintxe dugu une historiko egokia euskararentzat dinamika berri bat sorrarazteko. Azken helburua euskararekin gaur egun dauden inertziak aldatzea eta iraultzea litzateke, Euskara gizartearen periferiatik erdigunera ekartzea litzateke, euskara gizartearen bigarren hizkuntza izatetik gizartearen hizkuntza nagusi bihurtzeko dinamika berria abian jartzea proposatu nahi dizut.

Euskara da euskaldunon aberria. Euskarak egiten gaitu: dagiguna gara. Euskarak elkartu egiten gaitu. Euskara oso elementu trinkotzaile eta indartsua da euskaldunon artean. Euskal Herriko gizarteak, nire ustez, aisa bultzatuko luke Euskararen Herrian euskaraz bizi nahi duten herritarrak bereizkeriaz diskriminaturik dituen inertzia hausteko dinamika berri bat abian jartzea.

Proposatu nahi dizudan dinamika berriaren erdigunean Euskaltzaindia dago. Euskarari dagokionez, Euskaltzaindia da euskaldun guztion artean onarpenik zabalena duen erakunde nagusia. Gainera, erakunde neutrala eta zabala da, alderdikeriarik gabekoa eta, batik bat, euskal gizarte osoaren onarpena eta aitortza duena.

Ondo baino hobeto dakizun bezala, Euskaltzaindia 1918an sortu zen eta Euskaltzaindiaren 50. urteurrenean, 1968an, egin zen Euskara batu edo estandarizatu zuen Arantzazuko Biltzar Nagusia, eta harrezkeroztik, azken 50 urteotan, Euskararen Corpus Plangintza egin du Euskaltzaindiak, batik bat.

Euskaltzaindia, aurki, 2018an, mendeurrena betetzear da. Euskararen aro berriari hastapena Euskaltzaindiak antolatuko lukeen Mendeurreneko Batzar Nagusiak emango lioke, oraingo honetan, Status Plangintza egiteko, alegia, ondorengo 25-30 urteko ziklo luzean jarraitu beharreko gizarte-dinamikak zehazteko eta nondik norakoak finkatzeko eta erabakitzeko, betiere, euskara gizarteko hizkuntza nagusi bihurtzeko jomugarekin. Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Batzar Nagusi horretan erabakitzen den bide-orria guztiz akademikoa litzateke, guztiz teknikoa, 1968ko Batzar Nagusia Euskararen Batasunarena izan bazen, oraingo hau Euskararen Erabilerarena izango litzateke.

Euskarak beste mugarri bat jarri beharra dauka ziklo berria zabaltzeko. Mugarri hori Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Batzar Nagusi horrek jarriko luke. Euskararentzat, hil ala bizikoa da, euskal gizartea mugiarazteko eta etorkizunerako nondik norakoak finkatzeko, horrelako aukera bat ez galtzea: bigarren hizkuntza izatetik lehen hizkuntza izatera pasatzeko, gune euskaltzaletatik gizarte osora zabaltzeko, azken finean, euskarak gizartean zentralitatea eta lehentasuna lortu ahal izateko.

Euskaltzaindiak hizkuntza akademia klasikoen Corpus Plangintza lantzeaz eta garatzeaz gain Status Plangintza lantzeari ekin beharko lioke bere lan esparrua zabalduz eta berrituz, betiere, euskararen etorkizunaren mesederako, izan ere, Albert Einsteinek ziotsan bezala «emaitza aldatzea ezinezkoa da beti berdina eginda». Berrikuntza eta garapenerako beldur guztiak uxatu behar direla ere bazioen Einstein jaunak:«Inoiz hutsik egin ez duenak ez du sekula ezer berririk egiteko ahaleginik egin».

Etxekalte jokatuko genuke euskarari mesede egiteko aukera esku-eskura izan eta ausardia faltaz helduko ez bagenio. Eutsi diezaiogun Txillardegiren espirituari! Hauxe eskatu nahi dizut, Andres: mesedez, eraman ezazu proposamen hau Euskaltzaindiaren Osoko Bilkurara sakonetik aztertua izan dadin eta euskaren etorkizuna irabazteko bide berriak zabal daitezen. Euskarak aurrera egiteko, gaur-gaurkoz, lidergoa eta estrategien antolamendua behar ditu. Euskaltzaindia ur horietan zaildutako mariñela dugu. Lehen egin zuen eta orain ere egingo duela ez dugu zalantzarik.

Aldez aurretik, esker mila, bihotz-bihotzez.]]>