<![CDATA[Patxi Zabaleta | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sun, 18 Apr 2021 04:18:20 +0200 hourly 1 <![CDATA[Patxi Zabaleta | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Monzonen Xibertako bake saiakera]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2004/027/001/2021-04-17/monzonen_xibertako_bake_saiakera.htm Sat, 17 Apr 2021 00:00:00 +0200 Patxi Zabaleta https://www.berria.eus/paperekoa/2004/027/001/2021-04-17/monzonen_xibertako_bake_saiakera.htm
Gogoan izanda Xiberta eta ondoren Sokoako ekimen haiek, 1977ko Espainiako hauteskunde orokorren aurrean jokabide bateratu zehatz bat adostuz, negoziazio politikoa lortzea zeukatela xedetzat, bakegintza izan zen saio haien helburu nagusia. Bakegintza soilik negoziazioaren bitartez lor zitekeela euskal gizartearen uste sendoa zen orduan; eta baita geroztik hamarkada luzeetan, Lizarra-Garaziraino hain zuzen ere.

Xiberta eta Sokoako ekimen haiek, bestalde, 1970eko hamarkadako lehen sei urteetan garatzen saiatutako negoziazio saio andana luzearen azken urratsa izan ziren. Haustura eta Erreformaren arteko lehiaren azken adibidea zen, alegia. Hau da, Estatu mailan Junta Demokratikoak, Plataforma Demokratikoak eta Plata-Junta deitutako haiek egindako ahaleginen antzeko azkeneko jokaldia.

Haustura Demokratikoaren bidea garaile irten izan balitz, diktaduraren egitura sakonki ezabatu ez ezik, demokraziaren arauetan sakontzea ekarriko zukeen. Hori zen borroka armatuaren bukaera lortu ahal izan zedin bide logikoa ez ezik, gizarteko gehiengoak aldarrikatzen zuena. KAS alternatiba bera balizko negoziazio saiorako gutxieneko ekarpena besterik ez zen. Xibertan lehenik eta Sokoan gero, ETA erakundearen M eta PM adarrak eta Bereziak taldea ere ordezkatuak zeuden bilera anitz haietan, horrek esan nahi zuen bermearekin.

Baina egiazki, 1976ko erdi aldean Estatuko alderdi politiko garrantzitsuenek aldaketa estrategikoa egin zuten Suarezek deitutako Erreforma Politikoaren erreferendumaren ondorioz. Hausturaren alde egotetik Erreformaren ildoetan jokatzera igaro ziren. Aldaketa hark, ordea, monarkiaren aintzat hartzea ez ezik, frankismoko egitura sozio-ekonomikoa, gudarostea, epai-egiturak, zerbitzu sekretuak eta polizialak onartzera eraman zituen. Adibide eta ondorio samina da, esate baterako, alderdien legeztapenari buruz bakoitzak bere buruari besterik ez ziola begiratu; eta alderdi independentisten legeztapenik ezaz ez zirela ez PCE, CiU, EAJ eta abar arduratu. Beraz, 1978ko erregimenaren gabeziak ez dira soilik eskuinaren eta zentralismoaren erantzukizuna, eta frankismo sozio-ekonomikoaren esku zabaltasunaren leloa fake lotsagabe bat da.

Xibertako porrota eskuin eta ezker abertzalearen arteko arrakalaren iruditzat hartzen den arren, zatiketa hori lehenagotik zetorren: ideologikoki eta estrategikoki egiturazkoa zen, eta politikoki beharrezkoa eta onuragarria. Xibertako ekimena bakegintza saiakera taktiko peto-petoa izan zen.

Ondoren Sokoan ezker abertzaleko indar politikoek beste ahalegin bat egin genuen, baina honek ere ez zuen aurrerago biderik aurkitu. Sokoako sakristiatik ANV, ESB eta EIA alderdiek alde egin zutenean, EHAS indar politiko bakarra gelditu zen, eta han ezabatu zen azken bake ahalegina.

Zergatik orduan, Telesforo Monzonen irudi politikoa soilik batasun abertzalearen bultzatzaile izan balitz bezala azaltzen da? Zergatik Xibertaren aipua erabiltzen da bereziki horretarako? Agian alde batetik, Telesfororen olerki edo artikulu eta irudi batzuen arrakastarengatik; esate baterako, Aupa gizona edo Maltzagaren ikurra. Bigarrenik, behar bada, fronte edo batasun abertzalea edo poloa eta antzekoak sustatu dituztenek horrelako argudioak behar dituztelako. Baina egiazki, ordea, hamarkada luzeetan Euzkadiko Gobernu transbertsaleko kidea izandako Telesforo Monzonek ez zion inoiz uko egiten beste nazioetako politikariekin adostasunak bilatzeari.

Joan den mendeko 70 eta 80ko hamarkadetan bakea elkarrizketaren eta negoziazioaren bitartez soilik lortu zitekeela uste politiko irmoa eta oso zabaldua zen. Garaikoetxearen mahaiak, Aljerko negoziazioek, Ajuria Eneako mahaiak eta Lizarra-Garaziko ekimenak horixe adierazten zuten... Xibertako eta Sokoako ahaleginak testuinguru horretako ekimenak izan ziren.

Izan ere, Telesforok ez zuen sekula Francoren gerra bukatutzat eman. Diktadura gerraren jarraipena besterik ez zen haren ustez; horregatik, etakideak lehenagoko gudarien jarraitzaileak baizik ez ziren, eta Haustura politikoa ez lortzeak benetako bakeari oztopoa egiten ziola uste zuen.

Agerikoa da orain 1977ko hauteskunde orokorrei aurre egiteko behar zen indar politiko kopururik ez zela bildu, eta, ondorioz, ETAren jardunak eta borroka armatuak jarraitu agin zutela. Agian EHAS alderdiak ere ez zuen asmatu eta beste alderdiak ere ez ziren behar zen mailan egon. Gaurtik begiratuta, esan daiteke oso zaila edo ezinezkoa zela garai hartan pentsatzea ere borroka armatuaren etena alde bakarretik eta ordainik gabe —eta negoziaketa politikorik gabe— garatu eta lortu beharko zenik. Zorionez bakearen truke ezer lortzea demokratikoki ezin dela onartu eta gainera ez litzatekeela politikoki onuragarria izanen, geroago ikasi genuen. Letratuak badaki, baina nozituak hobeki dio euskal erranairu zahar eta jakintsuak.]]>
<![CDATA[Julen Madariagaren mezua ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/003/001/2021-04-07/julen_madariagaren_mezua.htm Wed, 07 Apr 2021 00:00:00 +0200 Patxi Zabaleta https://www.berria.eus/paperekoa/1957/003/001/2021-04-07/julen_madariagaren_mezua.htm
>Esaldi eta irizpide horretatik ondorio asko atera litezke, baina garrantzitsuena eta lehendabizikoa, zalantzarik gabe, zera da, politikagintzaren lehentasuna. Hau da, bakegintzan bideak egiteko ez zaiola lorpen politikoak eskuratzeari itxoin behar. Are gehiago; norberaren irizpideak eta ideiak edozein lorpen edo baldintza politiko lortzetik bereizi egin behar direla.

>Gaur egun oraindik, borroka armatua eten eta hainbeste urte igaro ondoren, politikari bat baino gehiagok biktimen arteko mailak egiten ditu, eta arerioari etikaren kolpeak eta mehatxuak jaurtitzen dizkio. Baina gizartean gero eta zabalduago eta errotuago dago indarkeria guztien biktima eta kaltetu guztiak kontuan hartu behar direla. Hain zuzen ere, biktimen bakegintzako mezu sakona elkartze horretatik bailetorke.

>Euskal gizartea zorionez ez dago zatituta. Arrakala soilik politikari batzuen egoan eta onura ilun eta kutsatuetan dago.

>Julenek eredu miresgarririk ere utzi izan digu; euskaldun berria izanagatik, hain egin zuen berea gure hizkuntza, erabilpen literarioan ere murgildu eta saiatzen baitzen, etxeko piszinan itotako haurrari egindako olerki zirraragarrian bezala. Bestea da euskal lurraldetasunaren uztarketa, Hegoaldeko eta Iparraldeko aldi berean bilakatuz.

>Badakit errelatoko aroa bizi dugula, eta, oraindik ez baldin bada 1512ko Nafarroako konkistaren kontakizunari buruzko eztabaida bukatu, ezinezkoa zaigula ETArena bukatutzat ematea. Baina kontraesanez, ametsez eta adorez betetako Julenen oroitzapenak lagundu eginen digu. Egiari zor diogu, bere autobiografiaren izenburuak dioen bezala. ]]>
<![CDATA[Hizkuntza akademien akordioa eta diplomazia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1942/016/003/2021-03-11/hizkuntza_akademien_akordioa_eta_diplomazia.htm Thu, 11 Mar 2021 00:00:00 +0100 Patxi Zabaleta https://www.berria.eus/paperekoa/1942/016/003/2021-03-11/hizkuntza_akademien_akordioa_eta_diplomazia.htm euskarritegi bat beharko luke. Horixe da nolabait amestu zutena Arana-Martijak eta beste batzuek Euskaltzaindiaren liburutegiaz... Bestalde, gainera, egiazko eta ganorazko diplomazia ere beharrezkoa zaio nazio izan nahi duen edozein herriri. Diplomaziaren lehen agindua akordioen testuak beren bertsio guztietan aztertu eta irakurtzea da; bai sinatu aurretik, nola aztertzerakoan.

BERRIAk bere erreportajean eta Jose Manuel Odriozolak bere artikuluan Euskaltzaindia, Institut d'Estudis Catalans eta Real Academia Galega erakundeek izenpetutako akordioaren bertsioetan dauden ezberdintasunak ez dituzte ez aintzat hartu eta ezta aipatu ere. Niri berriz, guztiz esanguratsuak iruditzen zaizkit, ondoren azaltzen saiatuko naizen bezala. Hitzarmen hau ez zen Euskaltzaindiako Osoko Bilkuran eztabaidatua izan, baizik eta zuzendaritzak onartu eta erabakia. Hiru atal edo puntu dauzka akordioak eta bakoitzean badago zer pentsaturik.

Lehenengo atala, «autonomia printzipioarekin bat etorriz» hasten dena da. Zein da printzipio hori? Non dago idatzita? Nork promulgatu edo jarri du indarrean? Gogoan izan beharrekoa dirudi hiru akademia hauetatik bik beren onarpen legala Arias Navarro Espainiako Gobernuko presidente zela eskuratua zutela; Euskaltzaindiak 1976/02/26an eta Institut d'Estudis Catalans delakoak 1976/11/26an.

Akademia hauen arautegiak orduan onartuak dira, eta geroztik soilik aldaketa xumeak egin izan zaizkie; eta ez gehienetan onerako. Beraz, bitxia gertatzen da autonomia eta pre-autonomia baino lehenagoko lege jatorria daukaten erakundeok balizko autonomia printzipio batetik abiatzea. Edozeinek daki gaur egun ez litzatekeela holako arau-bide bat onargarria gertatuko. Zalantzarik gabe euskarak nazio-artekotasuna aldarrikatu behar du; gutxienez, naziotasuna legalki aldarrikatu ezin duen bitartean; eta hizkuntza eskubideetan oinarritu eta babestu.

Bigarren ataleko lehendabiziko esaldia da, bai BERRIAren azterketan nola Jose Manuel Odriozolaren idazlanean gogoeta-gai hartzen dena. Zera alegia, «hizkuntzetako bakoitzean eta gaztelanian gaitasun oso eta berdina izatea». Baina bigarren atal horretan hezurdura ideologikoa zoritxarrez beste esaldi batean dago; Katalunian edo Galizian behar bada nozitzen ez duten esaldi batean, baina hemen, Euskal Herrian, eta zehazkiago Iparraldean eta Nafarroan, samina, mingarria eta guztiz gogorra egiten zaigun esaldi edo konstatazio batean.

Bigarren atal horretako hirugarren puntuak hauxe dio hitzez-hitz: «Aipatutako erkidegoetako bakoitzaren lege-araudiak ezartzen du ikasleek ezagutu behar dituztela gaztelania eta dena delako erkidegoan dagoen hizkuntza berekia derrigorrezko irakaskuntzaren bukaeran». Esaldi hau zoritxarrez ez da egia. Nafarroako Amejoramenduak edo LORAFNAk eta Iparraldeko Euskal Elkargoaren legeztapenak eta haien garapenean eraikitako legediak, ez dute horrelakorik bermatzen. Zer nahiago genuke Tuteran edo Iruñean, edo Baionan baieztapen hori egia izatea baino? Zertan ari ziren pentsatzen hori sinatu dutenak? Europako hizkuntzarik zaharrena izateagatik europarrena den hizkuntzak, hau da, euskarak, bestelako errespetu eta begirunea mereziko luke; baina sumindurarik handiena, zalantzarik gabe, Nafarroako Erriberan euskararekiko eskubiderik gabe edo oso eskubide murritzekin egon arren euskaraz zer edo zer egiten saiatzen direnak ahaztu izanak ematen du.

Akordioaren hirugarren ataleko hirugarren perpausan, ezberdintasun sakon eta garrantzitsu bat dago. Euskarazko testuak dio hitzez hitz: «Hartara, nahi genuke eztabaida publiko informatu eta arrazoizko baten parte izatea, estatu espainiarreko hizkuntza-erkidegoen eta hizkuntzen artean elkarri begirunea izateko eta haien arteko bizikidetza errazteko». Baina gailegozko testuak diona da «convivencia entre as comunidades lingüisticas e os/as falantes das diversas linguas do Estado español». Eta katalanezko testuak, berriz diona da, «la convivéncia entre les comunitats lingüistiques i els parlants de les diverses llengües de l´Estat espanyol». Agerikoa da hizkuntzen arloan eskubideduna, hau da, hizkuntza eskubidearen nor edo jabea, edo subjektua dena, hau da, hiztuna aipatu egiten dela testu galego eta katalanean baina ez euskarazkoan. Zergatik? Balizko itzultzaileari errua botatzea ez dirudi sinesgarria.

Jose Manuel Odriozolak bere artikulu bikainean, gutxienez zortzi aldiz soziolinguistika aipatzen du zehazki, baina zalantzarik gabe zuzenbide eta eskubide aipamenak, nahiz maila xumeago eta apalago batekoak irudi, ezin dira aipatu gabe gelditu. Hizkuntza eskubidea, giza eskubidea da, norberaren identitateari dagokion heinean eta nazio-arteko aitortza eta onarpena merezi duen hizkuntza europarrena den euskarak abiapuntu bezala hori eduki behar du. Jakina Jose Manuel Odriozolak defendatzen duen ondorioa egiazkoa dela; baina galegoek eta katalanek, falantes eta parlants aipatu dituzten bitartean, gurean euskal hiztunak ez dira aitatuak izan. Eta hortxe eta horietan dago edozein hizkuntza aldarrikapenaren arrazoia.]]>
<![CDATA[«Komunikazio europarra»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/023/001/2021-02-11/komunikazio_europarra.htm Thu, 11 Feb 2021 00:00:00 +0100 Patxi Zabaleta https://www.berria.eus/paperekoa/1876/023/001/2021-02-11/komunikazio_europarra.htm
Garai baten ezkerreko pentsamenduaren ezaugarritzat jotzen zen «inkautazioa, nazionalizazioa edo nolabaiteko publifikazioa» aldarrikatzea; ezkerreko mugimenduek krisialdi eta egoera zailen aurrean berehala «nazionalizazioa» aldarrikatzen zuten eta genuen. Denbora aurrera joan ahala, eskuineko pentsamolde aurrerakoiek ere, «Keynesianismoa» eredu zutelarik, nazionalizazioen jokaera ontzat hartu zuten; onura publikoak beste aterabiderik ez zeukanean edo/eta konpetentziaren arauak zeharo urratuta gertatzen zirenean, eskuin zibilizatuak berak ere ezinbestekotzat jotzen zituen nazionalizazioak. Bera, batzuek marxismoaren izenean eta besteek keynesianismoa zela esanez, denak eta denok nazionalizazioaren alde agertzen ginen. Bestelakoa zen Ultra-eskuinaren eta diktadoreen jokabidea; haiek batzuei —beren arerioei, alegia— zuzenki «inkautatu» eta kendu egiten bai zieten eta besteei —beren aldekoei, jakina— eman eta oparitu.

Noiz arte iraun dute «nazionalizazioen» aldarrikapenek? Aspaldiko erretorika ote dira bada?

Bai zera! Atzo arte iraun dute. 2007-2013 urteetako azken krisialdi basati eta estrukturaletan oraindik bankuen eta industria estrategikoen nazionalizazioak aldarrikatu eta egikaritu ziren. 2017an Banco Popular Español zelakoaren desjabetzea edo expropiazioa bera ezkutuko nazionalizazio bat besterik ez zen izan. Kasu honetan EBk sortutako MUR izeneko erakunde orokor eta goren batek hartu zuen erabakia eta gero, FROB izeneko Espainiako bakuen ustezko babeserako funtsak euro batean saldu zion Banco Santander delakoari. Beraz, Europako Batasunak, EBk hartu zuen desjabetzearen erabakia. Zergatik? Ze ondasun eta onura garrantzitsu defendatzeagatik? Nolatan ez zitzaion merkatuari bere porrotaren edo kiebraren arau eta bidaiak egiten utzi, 2007an AEBetan Lehman Brothers banku erraldoiari utzi zitzaion bezala? Beraz eta laburbilduz, Banku Popular zelakoarena «komunalizazioa» izan zen.

Galdera guzti horien erantzunetan bankuen sistemaren zaintzan jartzen diren aginteak eta bitartekoen mailak daude. Zeinek agintzen du bankuetan eta non eta zertan ez dute agintzen bankuek? Ikusia dago, adibidez, beltzezko gizonen eta espekulatzaileen eta merkatarien Europako Batasunean, EBn alegia, banku batek kiebra jotzeak garrantzi gehiago duela Greziako pentsionistak pentsiorik gabe gelditzeak baino. Baina hori ez da Europa soziala, non argiaren prezioa pandemiako neguan igo zutenak kartzelan egon beharko luketen, behar bezalako «delitu soziala» Zigor Kodean balego.

Eta gaur egun, begien aurrean eta komunikabide guztien atal buruetan daukaguna, berriz, COVID-19ko txertoen ekoizpen eskasia da. Hori eskandalu bat da, aberrazio bat da, gizateriaren kontrako krimen bat da! Badaude Europan —eta Europatik kanpo ere bai—, txerto askoz ere gehiago ekoitzi ahal lituzketen enpresak. Nafarroatik beretik hasita. Patente horiek «komunalizatu» egin beharko lirateke eta kito! Nazionalizatu alegia, baina Europako Batasunaren mailan eta eskuan jarriaz.

Ikerkuntzan eta prestaketan eta frogetan gastatutako dirua izaten da beti patenteen pribatizazioaren arrazoia eta aitzakia… Baina oinarrizko ikerkuntza edo basikoa, %90ean baino gehiago diru publikoarekin egiten da; eta ondoreneko ikerkuntza aplikatua edo ekoizpen atarikoa da enpresek eta merkatariek ekoitzi eta saltzeko prestatzen dutena.

Gauden bezalako pandemia baten kasuan, eta eman omen diren diru-laguntza erraldoiak emanda, patente horiek esku publikoetan jarriak egon beharko lirateke eta txertaketak —ekoiztegatik baldin bada behintzat— hilabete pare batean egin. Gizateriaren osasuna jokatzen denean, irabazpenak, konpetentziaren arauak, merkatuaren erregelak eta EBko beltzezko gizonen aholkuak eta aginduak, hankapetu eta zapaldu egin behar dira.

Egia esan, Trump aroaren amets gaiztotik oraindik guztiz esnatu ez garen honetan, zerbait argi eta garbi baldin badago dagoeneko, merkatuarekiko mespretxua da. Nork egin die irri eta kaka eta pixa gehiago nazio-arteko arantzelei, aduanei edo salerosketei Tumpek baino?

Ondorioz, hona aldarrikapen bat, COVID-19aren kontrako txertoen patenteak «komunalizatu» eta marka txuriko ekoizpenak edo pribatutasuna galdu duten patenteen ekoizpenak bezala landu. Helburua, pandemiaren aurka gizateria zaintzea. Xedea, bi hilabetetan gizarte osoa txertatu ahal izatea.]]>
<![CDATA[Errege Santxoren malenkoniaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/019/001/2021-01-09/errege_santxoren_malenkoniaz.htm Sat, 09 Jan 2021 00:00:00 +0100 Patxi Zabaleta https://www.berria.eus/paperekoa/1876/019/001/2021-01-09/errege_santxoren_malenkoniaz.htm Arista latinoak Aritza ezkutatu eta ordezkatu aholkatzearena; eta Santxo, Santxiz-Santxez beharrean Antso-Santxiz-Santxez ezarri nahi izanarena.

Beste edozein akademiaren kasuan arauen garrantzia oso mugatua izaten da; gomendio hutsak baizik ez dira. Baina Euskaltzaindiaren kasuan arauek esanahi berezia eduki dute, euskararen batasuna euskararen lurralde guztietako erakunde bakarrari —bere hutsegiteak eta guzti— herritarrek men eginez lotua izan delako… Eta hori, nahiz batasunaren meriturik handiena ez zuten euskaltzain urgazle batzuk baizik eduki; Txillardegik, Arestik eta abar. Gogorapen honek inoiz baino zentzu gehiago dauka urgazle eta ohorezkoen eskubideak errespetatzen ez diren garaietan.

Eneko Aritza Cordobako historiagile arabiarrek Wannaqo Ibn Wannaqo deitu zuten. Horrela transkribatzen da, besteak beste, Eneko Aritzaren Hilobia izeneko nire eleberrian. Lau mende beranduagoko latinezko idatzietan Arista goitizen latinoa eman zioten; aipamenik ezagunena Garesko Ximenez de Rada artzapezpikuarena izan zelarik, «quia asper in proelis» argudiatuz; hau da, «gudualdietan azkarra» izateagatik jarri ziotela goitizen hori, alegia. Eta Arista Aritza baino lehenagokoa omen zelako arrazoi «extra-historikoa» erabiliz ezarri da hori. Nik uste dut kulturalki eta sozialki Aritza beharko lukeela. Gazteleraz arrazoi berdina erabiliz Iñigo baztertu egin beharko lukete eta Eneko —edo Enneco— jarri, testu zaharrenetan (latinezko eta arabiarrezkoetan) bereziki horrela agertzen delako. Baina uste al du inork RAEk Iñigo izena baztertzea aholkatuko duenik? Bai zera!

Santxo-Antso-ren kasuan, berriz, zehazki kontrakoa eta kontradiktorioa den ikuspegia erabiltzen da Antso lehenestean. Hasteko, nik ez dut uste Santxo eta Antso erro berekoak direnik. Bigarrenik, eta erro berekoak balira ere, Santxo lehenagokoa da eta lehenik agertzen da lekukotasun idatzietan. Hirugarrenik, ez dago eztabaidatzerik Santxo deituraren euskal jatorri peto-petoa; ikerketa eta erreferentzia guztietan agertzen den bezala. Laugarrenik, Santxo deiturak pertsona izena, abizena eta etxe edo baserri izena bezala iraun ez-ezik adibide oso ugariak eta anitzak eskaintzen ditu. Bosgarrenik, Santxo hitzetik eratorriak daude patronimikoetatik hasita; hau da, aitaren edo leinuaren izena adierazten dutenak. Gogoratu beharra dago itz, iz, ez atzizkiak euskarak bere deklinabidetik erromantzeen egiturari egindako emaitzak direla besteak beste. Beraz, Antso delako baten alaba edo semeak Santxitz edo Sanchez patronomikotzat edukitzea irrigarri gelditzen da. Antso omen zelako errege baten txanponak Santxete izena izatea barregarri gelditzen den bezala.

Seigarrenik, ordea, Santxo eta Antso deiturak erro berekoak direla eta Antso izena Santxotik eratorria dela Luis Mitxelenak teorizatzen du Apellidos Vascos izeneko liburuan. Anso (58) eta Santxo (537) deituren ikerketan. Lehenik esaten du Anso-tik sortzen dela San(t)so bi txistukarien asimilazioz; eta gero, Santxo-k galdu egiten duela lehen kontsonantea «disimilazioz». Ondoren Mitxelenak aitortzen du Santxo-k iraun egin duela gaurdaino «apelatibo» moduan, baina abizenen zerrendatik kanpoan uzten du. Nire ustez, azterketa hau hasiera-hasieratik, -asimilazio/disimilazio-, kontraesankorra da. Gainera, disimilazioa ez da fonetikoki onargarria Santxo hitzari dagokionez; lehenengo kontsonantzia frikatiboak eta bigarren kontsonantzia oklusiboak ez daukatelako elkarrekiko antzekotasunik edo trabarik. Mitxelenaren liburu hura deskatalogatuta dago eta araketa hura guztiz zaharkituta. Baina hala ez balego ere, errealitate ukaezina da euskal jatorrizko Santxo izenak, abizenak, toponimoak, apelatiboak eta haren errotik eratorritako ugariak hor dirautela, patronimikoetatik hasita.

Baskonia zaharreko -Iruñea, Naiara-, Nafarroa- errege-erreginen eta beren leinuen deiturak arautzea edo homologatzea zeregin kulturala eta soziala da; ez soilik akademikoa; eta askoz gutxiago, pseudo-historikoa. Agerian dago gaur egun Santxo hitza eta izena erabiltzen dituztela euskal erregeen plazez, etorbideez edo fundazioez ari direnek. Eta joera horrek horrela jarraituko du eta azkartu eginen da. Ziur nago Erriberriko Teobaldoen kaleko ostatuan ardo gorri bana hartuz arakatzen dugun bitartean zenbat bizkaitarrek ote dakien ze izena zuen Bizkaiako Jaurerria sortu zuen eta lehen Bizkaiako jauna izendatu zuen Iruñea-Naiarako erregeak.

Honela bada, Euskaltzaindiaren 192 arauetatik zuzendu beharreko ehun baino gehiagoren araketa eta azterketa egiten denean, azkeneko arau hau ere zuzendu egin beharko da. Egia da arazo hau ez dela Euskaltzaindiak bere bigarren ehun urtekoan daukan erronka bakarra; eta ezta erronka larriena ere. Genero berdintasunaren premia, euskal kulturaren ordezkaritza egokia, urgazle eta ohorezko euskaltzainen eskubideak aintzat hartuz eta endogamian edo karguen betikotzean erori gabe. Gainera, bi estatu eta hiru lurralde politikotan eragina daukan erakundearen horniketa juridikoa eguneratzeak gero eta beharrezkoagoa dirudi, kontuan izanez gero gaur egungo hezurdura juridikoa Erreformako lehen garaietakoa dela. Izan ere, etimologien edo ikurren arloko lehiek edo hizkuntzaren jatorri, bilakaera, morfologia, hiztegi, atlas eta arauei buruzko eztabaidek badute beren garrantzia; baina askoz garrantzitsuagoa litzateke euskal literaturan eta beste ekimen kulturaletan inoiz ezagutu den aro oparoenak bizimoduko beste ataletan izan behar lukeen eragina eduki dezan.]]>
<![CDATA[La RAE, El Cid eta etorkizuna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1965/022/003/2020-12-18/la_rae_el_cid_eta_etorkizuna.htm Fri, 18 Dec 2020 00:00:00 +0100 Patxi Zabaleta https://www.berria.eus/paperekoa/1965/022/003/2020-12-18/la_rae_el_cid_eta_etorkizuna.htm
RAEk komunikatu labur bat argitaratu du; eta bertan, lehenik, bere esku-hartzea justifikatzearren bi ustezko zilegitasun aipatzen ditu; baina bien ala bietan harrokeriaren eta errespetu faltaren gogoko bekatuak egikaritzen ditu. Bigarrenik, RAEk kulturako hiru erreferentzia mahairatzen ditu; baina hiruretan RAEk kontzeptu mailako hutsegitea, oreka gabeziako okerra eta etorkizunaren ikuspegi falta adierazten ditu.

Ustezko zilegitasun horietatik lehendabizikoa da «ezbaian dagoen lege testuak espainolaren erabilera estatuko lurralde osoan zalantzan jarriko ote duen kezka…». Bigarrena da «legegilea ez dadila espainolari Konstituzioko 3. artikuluak ematen dion babes agindutik desbideratu…». Hara bada, RAEk ez dauka hezkuntzako legea bezalako gaietan iritzi baten alde edo bestearen kontra jarduteko eskumenik; batez ere, ez duelarik pertsonen hizkuntza eskubideen izenean egiten. Gainera —eta hau bereziki larria da—, RAEk bere konstituzioaren aipamenean testu osoa ez azaltzearen iruzurra egiten du; izan ere, nahiz konstituzioko testua ez den guztiz asegarria, hizkuntza hainbaten ko-ofizialtasuna aurreikusten du, eta hori ezkutatzea ez da zuzena. Berriro eta helburu dialektikoekin Arestiren eredua jarraituz, gogoratu behako litzateke RAE ez dela gazteleraren akademia bakarra, eta ezta ere estatuko hizkuntza baten akademia bakarra.

Eta hona beren hurrenkeran RAEren komunikatuak dauzkan kultura itxurako hiru erreferentziak: «600 milioiko komunitate kultural baten zatia gara…». «Gobernuek, eta bereziki espainiarrak, espainolaren ezagutza eta erabilera askea bermatu behar dute». Eta «Espainolak gure nazioarentzat duen garrantzia…». Kontzeptu mailako okerra da lehen erreferentzia hori, XXI. mendeko komunitate kulturalak ezin daitezkeelako elebakarrak izan; aitzitik, gaur egungo jendartea osatzen duten pertsonak eleanitzak dira eta denborarekin gero eta gehiago izango dira. Bigarren erreferentzian ez dago orekarik; izan ere, hizkuntza eskubideek eta askatasunek aitortza, errespetua izatekotan aniztasuneko aukera askea behar dute; eta ez bakarkeria. Hirugarren aipamenak, berriz, nazio bakarraren aipua eginez eta espainolari ematen dion garrantziarekin, RAEren mezuaren irudia osatzen du.

RAEren mezuaren muinak, honela oinarriturik, El Cid-en mitoari ematen dio distira, pertsonen hizkuntza eskubideak eta askatasunak eta etorkizuna aldarrikatu beharrean. Eta hori, nahiz eta El Cid-en benetako historia Iruñea-Naxara erresuma baskoiaren aurka, hiru Santxoen Guduan egindako gerrilari jardunean oinarritzen den… Hizkuntza ingelesak ez dauka eta ez du inoiz eduki akademiarik; baina halere, ingelesa da, gaur-gaurkoz, gazteleraren quid nagusia; eta hobe luke RAEk horretaz arduratzea, hezkuntza legearen eztabaidetako gorabehera eta zertzeladetan sartu baino.

Richelieu kardinala, Frantziako eta Nafarroako errege Luis XIII.aren albokoa izan zen lehen akademia sortu zuena 1635ean; eta haren itxurara jardun dute hurrengo guztiek. RAE bera ia mende bat beranduago Martzillan jaiotako Juan Manuel Fernandez Pachecok sortu zuen, nahiz herri horretan sortu izana bere aita Nafarroako erregeorde kargua hartzera zetorrelako gertatu zen. Euskararen Errege Akademiaren, Euskaltzaindiaren kasuan, ordea, gertatzen da, nahiz Espainiako erresumaren lurraldeetan eskumen akademiko ofiziala duten lau akademietatik bat izan, Frantziako Errepublikako herritarrak, eta euskaltzainburu bikain bat barne, badituela kidetzat.

Europak eta etorkizunak hizkuntzen akademiak bezalako leinu zaharreko erakundeen aggiornamentua behar dute (hitz hori RAEren eta Euskaltzaindiaren hiztegietan sartuko baita berandu baino lehen). Izan ere, Garbitu, Tinkotu eta Distira eman lelo zaharkituak ez die dagoeneko behar bezalako erantzunik ematen gazteleraren benetako erronkei; Ekin eta Jarrai lelo borroka kutsukoak Euskal Herriko biztanleen borondate eta premiei erantzuten ez dien bezala. Seguru aski akademia guztiek autokritika sakona eta berrikuntza behar dugu.]]>
<![CDATA[Funts putreak eta fiskalitatea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1937/017/003/2020-11-17/funts_putreak_eta_fiskalitatea.htm Tue, 17 Nov 2020 00:00:00 +0100 Patxi Zabaleta https://www.berria.eus/paperekoa/1937/017/003/2020-11-17/funts_putreak_eta_fiskalitatea.htm
Funts putreek finantza arloko zeregin asko berenganatu dituzte. Ordezkatu zituzten enkanteetatik bizi ziren subastari edo epaitegietako putreak; ordezkatu dituzte ere frakezko kobratzaileak eta antzekoak; eta berenganatu dituzte garai baten soilik eta zehazki bankuenak ziren zeregin ugari. Artikulu honetan bankuen zorren kobratzeko egitekoari eta bere tratamendu fiskal desegokiari so egiten zaio

Gaur bertan —eta atzo, bihar, herenegun, etzi— ehunka eta milaka herritarrek telefono dei edo eskutitz beldurgileak eta itxura mafiosokoak jasoko dituzte, ustezko zorrak ordaintzeko eskatuz. Bankuak eta epaitegiko prozedurak aipatuko dituzte mehatxu moduan.

Mafia kiratsa lehenik telefono partikularrak eskuratu eta erabiltzearekin lortzen dute. Gainera, batzuetan ustezko zordunaren familiakoei ere deitzen diete, datu pertsonalen defentsarako inon diren arau guztiei iseka eginez. Bigarrenik, funts putreek ez dituzte beren helbide zehatzak edo postalak ematen; are gutxiago, harreman pertsonalak edukitzeko biderik. Soilik beraiek nahi eta deitzen dutenean, mintzatu liteke haiekin.

Egiazki funts putreen egoitza nagusiak gehienetan paradisu fiskaletan egoten dira; baita ere, Luxenburgon, Irlandan eta abar. Haien ordezkaritzak Madril inguruko zonalde industrialen batean edo Coruñako auzoren batean daude; nahiz horrek ere itxura hutsa dirudien. Funts putreen ordezkariak kobratzaile ahaldunduak, telefonari mehatxulariak eta abokatuak dira; Corleoneren kondairan bezalaxe.

Bankuen zor eta galpenen kobratzaile moduko funts putreen jokabide pseudo-bankarioa trikimailuz beteta dago. Zakurraren putza delakoaren prezioan erositako funtsak aldez aurretik bankuek galdutzat aitortu edo emandakoak izaten dira. Bankuek aitortza hori zergak murrizteko erabiltzen dute, ustez kitatu edo dotatu ondoren. Horrela kreditu multzo itzelak esku-aldatzen dituzte notari idatzi kriptikoen bitartez, zordunaren balizko erretraktoa izeneko eskubidea ezintzeko edo oztopatzeko asmoz.

Baina kreditu multzo horiek puxikan erosi ondoren, funts putreek %100 aldarrikatzen dute; eta ahal izanez gero, kobratzen dute. Xede horrekin, epaitegietako prozeduretan ordezkatu egiten dituzte bankuak, haien tokian jarriz eta jarraituz. Funts putreek ez dute fakturarik egiten, baizik soilik «zorra kitatutzat eman» edo «gehiago aldarrikatzeari uko egin» adierazten duten dokumentu alde bakarrekoak. Horrela ondorio fiskalik izan ez dadin. Hona adibide arrunt bat; bankuak funts putreari zor-maila 400.000 eurotan daukan hartzekoa 1.500 eurotan saldu dio; funts putreak hartzekoa bere osotasunean aldarrikatu, eta ahal badu, kobratuko du. Baina funts putreak uste baldin badu ez daukala osotasunean eta azkar kobratzeko modurik, beherapenak egiten hasten da; %90 edo %95 arteko beherapenek. Eta zeren truke? Telefonoz deitzez, kartak bidaltzez eta ikaratzez uztearen truke; hau da, mafiakeriak egitez uztearen truke.

Ezaguna da funts putreek ez dutela inbertsiorik egiten, ezta kapitala arriskatzen, baizik soilik espekulatzen. Agerikoa da ez dutela ekoizpen egiturarik edo lanposturik sortzen edo tinkotzen, baizik soilik ezabatzen. Jakina da irabazi azkarrak, zorrik edo betekizunik gabeak eta itxoin beharrik ez dutenak bilatzea dutela xedetzat. Baina irabazi pseudo-bankario horiek gauzatzen diren tokian, ez dute gaur-gaurkoz jardun horri legokiokeen inolako zergarik ordaintzen funts putreek. Zein da ekintza horregatik ordaindu beharko luketenaren zerga-oinarria, zein zerga-mota eta zein zerga-tipo?

Konbenio eta Kontzertu Ekonomikoaren eredua zaharkituta gelditu da jokabide hauek orokortu direlarik; nahiz eta egiazki ez den hori gertatu zaion eredu bakarra, kontutan izanez adibidez, Kontsumoko Ministeritza bezalakoen nagikeria. Zerga-oinarria funts putreek kredituengatik ordaintzen dutenaren eta jasotzen dutenaren arteko diferentzia beharko luke. Zerga-mota, Elkarte Zerga. Eta ordainketa maila edo zerga-tipoa, elkarte zergaren etekin gordinen %25ekoa.

Baina nola kontrolatu zerga-oinarri horiek, funts putreen jardunean ez baldin badago ez fakturarik eta ezta ere kontraturik, baizik soilik alde bakarreko errenuntzia dokumentu pribatuak eta bankuetan egindako diru-sarrerak? Eta nola gauzatu dagokion diru bilketa, baldin Konbenioa eta Kontzertua ez badaude antolatuta estatu-autonomia bikoiztasuneko enpresa egituretarako baizik, eta hori, beren «negozio zenbaketa erlatiboa» bezalako aipamen zaharkituekin?

Behar bada, orain dela gutxiko Nafarroako Foru Berriaren eguneratzeak badauka arazo sozial honi legokiokeen aterabidearen iradokizun bat. Lege aldaketa hartan balizko kreditu erosleari —hau da, funts putreari— betekizun zehatz bat ezartzen zaio; zera alegia, zordunari ordaindu duen prezioa jakinarazi beharra, erretrakto eskubidea bideragarri bihurtze arren. Hara bada, betekizun horren ondorioz, egikaritutako erretraktoari onura fiskal ttipi bat emanez gero, agerian geldituko litzateke jokabide osoaren sabela…

Jakina da ez dela gauza erraza. Ezin da ahaztu funts putreek babesle eta lagun ahaltsu asko dutela. Baina gero eta zabalduagoa dagoen arazo sozialaz ari gara. Caixa, Banco Santander, BBVA… banku gehien-gehienek saldu dizkiete milaka eta milaka kreditu, bizi-etxe eta ondasun funts putreei lau sosetan. Zergatik? Onura fiskalengatik ezezik, beraiek ere irabazi egien dutelako.

Bai; egunero, goizero eta ilunabarrero milaka eta milaka herritarrek hartuko dituzte —gaur, bihar, etzi, etzidamu eta hurrengoan— nekatzen, aspertzen eta etsitzen ez duten aldarrikatzaileen telefono deiak, kartak, jakinarazpenak eta mehatxu… leunak!]]>
<![CDATA[Euskararen Liburu Zuria 'biz']]> https://www.berria.eus/paperekoa/1888/020/001/2020-10-20/euskararen_liburu_zuria_biz.htm Tue, 20 Oct 2020 00:00:00 +0200 Patxi Zabaleta https://www.berria.eus/paperekoa/1888/020/001/2020-10-20/euskararen_liburu_zuria_biz.htm Euskararen Liburu Zuria izenekoa. Liburu hura bederatzi gizonek idatzia izan zen (Mitxelena, Pagola, Aguirrebaltzategi, Intxausti, Villasante, Lekuona, Larrañaga, Barandiaran eta Satrustegi), eta Jose Luis Lizundia buru zuen beste bost gizoneko taldeak koordinatua. Esanguratsua dirudi, gainera, aipatutako autore gehienak teologiako doktoreak edo lizentziatuak zirela gogoratzea.

Euskararen Liburu Zuria ondorioak ateratzen dituen atal batean bukatzen da. Ondorio horietan Bigarren eta Hirugarren liburuak aurreikusten dira; eta bakoitzari, gainera, bere xedea eta egitaraua ipintzen zaio. Hitzez hitz esaten da «bigarren liburu bat gaur eguneko euskararen erabilkera linguistikoaz darraikioke» eta «hirugarren liburu bat euskararen normalizapenari buruzko ihardunketa plan posible baten aurreprojektua darraikioke». Aurreikusitako bigarren liburuak «gauregungo euskararen erabilkera linguistikoa» landuko omen zuen; eta hirugarrenak, berriz «euskararen normalizapenari buruzko plan posible baten aurreprojektua».

Garai hartan oraindik Aitorren Hizkuntz Zarra abestiaren oihartzunak entzuten ziren eta erronka «akademikoa» euskara bizimodu modernorako tresna egokia egitea zen; hau da, euskararen estandarizatzea edo batasuna. Hori da euskal gizarteak lortu duena, horretarako protagonismoa Euskaltzaindiari aitortuz, estaturik ezean. Euskaltzaindiak gainera ekimen bereziak bultzatu eta babestu izan ditu denboran zehar: Bai Euskarari, bertsolariak, ikastolak, euskalduntzerako eta alfabetatzeko ahaleginak gau-eskolak zirenetatik hasita… Ez ziren zehazki egiteko akademikoak, baina ez zegoen beste nork eginik, lege arazoak zirela, edo beste gabeziaren bat zela eta. Bestalde, Bai Euskarari, Euskal Herrian Euskaraz, Euskaraz bizi, Euskaraldia… bezalako kanpainak, helburuak eta leloak, nahiz aintzat hartzekoak izan, bestelako estrategia eta aldarrikapen batzuekin osatzen dira; adibidez, hizkuntzen berdintasuna eskaria; askoz prosaikoagoa eta hotzagoa badirudi ere.

Jakina den bezala, ordea, ez da liburu zuriaren jarraipenik izan; ez dira aurreikusitako bigarrena eta ezta hirugarrena ere egin. Agian hobe horrela, gaur egungo erronka nagusiak eta premia gorenak guztiz ezberdinak baitira. Halere, beharrezkoa dirudi Euskaltzaindiaren ehun urte hurrena igaro ondoren, gogoeta egitea euskararen etorkizunari buruz ez ezik, baita Euskaltzaindiaren zereginei dagokienez ere. Ezin da ahaztu asmo hutsean gelditu ziren bigarren eta hirugarren liburu zuri haiei aurreikusitako asmoen artean, oraindik burutu gabeko asko daudela, adibidez gramatikaren arloan, baina batez ere, eman diren urratsak eta lortu diren helburuak ez ezik aurrean ditugun erronka berriak eta beharrezkoak zaizkigun ideia eta estrategia berriak zehazteko.

Iaz, edo hobeki esateko 2018/19 biurtekoan zehar, Euskaltzaindiak 100 urte bete zituen. Efemeride hori ospatzeko eta aprobetxatzeko- hainbat ekitaldi antolatu eta burutu ziren asmaketa maila eta arrakasta ezberdinez. Bestalde, euskarari buruz, eta gehienetan euskararen alde, egunero argitaratzen dira gure artean artikulu, saio, azterketa eta ekintza ugari eta anitz. Ezin zaie ahalegin eta ekimen horiei meriturik ukatu, baina XXI. mendeko lehen herena bukatzera abiatu garen honetan, lehengo eta orain arteko helburuak, xedeak, leloak eta batez ere, estrategiak berrikusi, osatu, eraberritu eta egokitu beharrean gaude.

Jendarte eleanitza gara dagoeneko XXI. mendeko lehen heren honetan, pertsona eleanitzez osatutako gizartea, alegia. Hizkuntza zuzenbidea eta eskubideak eta hizkuntza ofizialen —edo ofizialak beharko luketenen— arteko berdintasuna dira aurreran ditugun erronkak. Adibidez, ertzainek, erizainek, maisuek edo administralgo publikoko langileek erdaraz (frantsesez eta gazteleraz) jakin behar dutela ez du inork dudan jartzen, baina euskaraz ere jakin behar izatea diskriminazioa delako argudio faltsua legeetan, jurisprudentzian, politikarien pentsaeran eta, zoritxarrez, gizarte osoan sakonki sartzea lortu dute zapalkuntzaren pentsalariek. Gaztelera edo frantsesa jakin behar izatea diskriminaziotzat aitortzera inor ausartuko ez litzatekeen bezala, iraingarria eta zuzengabea da euskaraz jakin behar izatea diskriminaziotzat jotzen duen argudio zapaltzailea. Ortografiak diskriminatzen al du ba? Edo matematikak? Edo diren hainbeste eta hainbeste teknikek? Hizkuntzen berdintasuna aldarrikatzea lehen mailako xedea da dagoeneko eleanitza den eta gero eta gehiago izango den gizarte honetan. Ez da helburu maitagarria edo modan jartzeko erraza, baina ikuspegi horretatik eraiki beharko da estrategia berria.

Euskaltzaindiari berari ere premia larrikoa bihurtu zaio bere egitura eta egitarauak eguneratzea. Genero berdintasuna atzera ezinekoa da; are gehiago, euskal kultura, irakaskuntza eta literaturako protagonismoak urrats hori eman duelarik; zentzu horretan, batasunaren arrakastako froga eta eskaparatea den euskal literaturan dagoeneko gehiengoa diren emakumeak, ezin dira erakundeetan gutxiengo hain nabarmenean utzi. Euskal gizarteak ez luke ulertuko horretarako aldatu behar diren arauak eta jokabideak ez aldatzea. Aldi berean, garai bateko bilera irekiak berreskuratuta, euskaltzain urgazle eta ohorezkoei hitza emateak aberastu egingo bailuke erakundearen jarduera, arlo akademikoetan beti tentazioa eta arriskua den endogamia uxatuz eta gardentasuna areagotuz.

Euskaltzaindia zerbitzu publikoko erakundea bezala aitortu eta antolatu behar da; kanpotik eta barrendik. Euskararen hiru lurralde administratibo-politikoetan egoitza bana edukitzeak —eta ez soilik ordezkaritzak, orain bezala— itxura egokiagoa ez ezik, onura eta izaera publikoa duen erakundearen irudia emango luke. Iruñean eta Baionan Euskaltzaindiak benetako egoitzak behar ditu, eta hori gaur egungo bitartekoekin ahalbidekoa da.

Gainera, Euskaltzaindiak euskararen irudia eta ezagutza nazioartean hedatzeko ahaleginak areagotu beharko ditu. Xede horretan Azkue Biblioteka eta Artxibategiari euskal biblioteken biblioteka izaera eskuratzen saiatu beharko luke; zera, euskarazko sorkuntza guztien azalpena nazio-artean emateko eta errazteko xedeaz, biblioteka eta artxibategi nazionalik ez daukagun herri honetan. Baina horretarako, jakina, krisialdiak guztiz murriztuarazi zituen jokabideak aldatu egin beharko lirateke.

Biz? Zergatik biz? Nolatan ulertu biz?

Euskarak Europan zehar utzi dituen arrastoen artean euskal eta nafar erregeen patronimikoak daude; zera, iz, itz, ez, etz, es deklinatuz, leinua adierazten zuten ikurrak. Horiei ere, gurasorik eta aitarik gabe uzteko zorian diren honetan bihoakie bi aldiz eta aldi biz nire omenaldia.]]>
<![CDATA[Deslokalizazioen sindrome soziala]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1962/020/003/2020-09-10/deslokalizazioen_sindrome_soziala.htm Thu, 10 Sep 2020 00:00:00 +0200 Patxi Zabaleta https://www.berria.eus/paperekoa/1962/020/003/2020-09-10/deslokalizazioen_sindrome_soziala.htm
Siemens-Gamesaren deslokalizazioa arbuiatzeko erabili ziren argudio eta esloganetan Nafarroako Pirinio edo Auñamendi guztia zeharo txirotuta eta pobre geldituko zela argudiatzen zen. Baina enpresak lortu zuen «negoziaketa» lan-harreman zuzena zeukaten langileekiko gora-beherara mugatzea; eta arlo soil horretan, eztabaida irabazteko egoeran zegoen eta hala gertatu zen. Egiazki, Nafarroako gizarteak ELA eta LAB sindikatuei beren jarrerari behin berriro eutsi izana eskertu beharra dauka. Baina erronka hau ez da hemen bukatzen.

Ez genuke ahaztu beharko Nafarroa aitzindaria izan zela energia berriztagarri eta alternatiboak abian jartzeko ahaleginetan; bereziki energia eolikoaren arloan. Nafarroako enpresa publiko bat izan zen, Energía Hidro-eléctrica de Navarra (EHN), gaur egungo parametroetako parke eoliko modernoak abian jartzen hasi zena, nahiz Danimarkako patente baten bidez. Zoritxarrez, ordea, UPNren gobernu batek saldu egin zuen enpresa hura nafar guztion kaltetan. Nafarroak ez zituen bere esku mantendu, ezta bertako lurraldean zeuden parkeak edo/eta ekoizpen egiturak ere, nahiz hori guztia egingarria zen eta Parlamentuan oposizioak askotan eskatu izan zuen.

Izan ere, badira nazioartean bestela jokatzeko ereduak; adibidez, hain gertutik ukitzen gaituen Volkswagen enpresaren kasua, bere jatorrizko herrialdearen erakundeek, Wolfburg-koek alegia, jabetzaren partaidetza erabakigarria mantentzen baitute.

EHN saldu ondoren barregarrikeria hutsean gelditu ziren, ustelkeriaz kutsaturik ez bada, Acciona enpresako zuzendaritzan hurbileko pertsonaren bat sartu izana edo iraupen laburreko iker-guneak eraikita azaldutako harropuzkeriak. Aldiz, Nafarroak bere eskutan mantendu izan balitu Nafarroako EHNren parkeak eta ekoizpen egiturak eta soilik kanpokoak saldu, gaur egun oraindik ahotsa, entzungarritasuna eta autoritatea edukiko luke nazioarteko energia berriztagarrien arloan. Eta gainera, buka ezineko diru-sarrerak.

Nola ahalbidetu ote zen orain bi hamarkada energia berriztagarrien arlo hain garrantzitsuaren ekoizpenean Nafarroa munduko aitzindari bilakatzea? Nola gertatu zen fenomeno hura ikerketa eta ekoizpen egitura aurreraturik izan gabe? Nola gertatu zen aurrerakada hura orduko egoeraren jaun eta jabe ziren CAN kutxa eta UN unibertsitatea protagonistak izan gabe? Gai honek artikulu bat, monografia bat edo doktoradutzako tesi bat baino askoz gehiago merezi du; hor uzten dugu hori.

Ezin da ahaztu bazter guztietako sasi-jakintsuek, tertuliakideek eta aprobetxategiek energia atomikoaren ezinbestekotasunaz pontifikatzen zuten garaiaz ari garela. Berdindu eta elkartu egiten ziren energia nuklearra eta aurrerapena, eta aurka agertzen ziren guztiak txarretsi eta kondenatu. EHNko egiazko anima mater izandako Esteban Morrás jaunak kontatu zidan garai hartan haize indarraren ikerkuntzaz edo erabileraz berriak bilatzen saiatzeko Iberdrolaren bibliotekara jo zuela; baina han liburu bat besterik ez omen zegoen, Artajerjes enperadorearen aipamenetik hasi eta La Manchako haize errotekin bukatzen zena; anekdota bilduma baizik ez.

Garai haietan beretan Aoiz-Agoitz bezalako herriei promesa puztu eta faltsuak egin zitzaizkien. Izan ere, Itoizko urtegia justifikatzeko edozerk zilegia zirudien, baita atzerakako eragina zeukan legea onartzeko ustelkeria bera ere. Promesa haiek guztiak ezer ezean gelditu dira.

Halere, ez da deslokalizazioekin etsi behar; lehia hori izanen da etorkizuneko borroka iraunkor bat. Munduan diren, izan diren eta izango diren Siemens-Gamesa guztien erabaki gune nagusietara iritsi behar da eta beren jokaldi espekulatiboek luzarora irabazpenak beharrean galpenak ekarriko dizkien mezua helarazi behar zaie. Bestalde ez da aski lehen emandako diru-laguntzen itzulpena eskatzearekin, Chivitek egin duen bezala; hipoteka bitartez bermatu behar dira diru-laguntzak. Eta inolako gupidarik gabe aldatu behar da arrazoi publikoengatik eskuratu eta inkautatzeko legedia.

Nafarroak lurralde oreka behar du; Erriberan eta Mendialdean bizimodu duinak izatea ahalbidetu beharra dauka. Eta horretarako, XXI. mendeko bigarren herenari so, gainditu egin behar du deslokalizioen aurrean menderatu izan deneko uste edo sentsazioa; gainditu egin behar du deslokalizaioen sindrome soziala.]]>
<![CDATA[Iruña-Veleiaren egia ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/019/001/2020-07-28/iruntildea_veleiaren_egia.htm Tue, 28 Jul 2020 00:00:00 +0200 Patxi Zabaleta https://www.berria.eus/paperekoa/1876/019/001/2020-07-28/iruntildea_veleiaren_egia.htm Eneko Aritzaren Hilobia izeneko nobelan deitoratzen dudanez, ezin jakin. Iruña-Veleiakoa ere, ezin jakin. Sententziak sententzia, batzuen batzuek idazkunen faltsuketa orokor eta osoa ezinezkoa dela pentsatzen jarraitzen baitugu. Are gehiago, indusketako garaian harantz eta honantz zebiltzan guztien esku-hartzerik gabe. Eta oraindik are gehiago, balizko eta ustezko faltsuketak egin ziren garbitegiko inor salaturik ez dagoelarik. Denborak jarriko du bakoitza bere tokian. ]]> <![CDATA[Atzo genioen bezala]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1896/021/001/2020-04-30/atzo_genioen_bezala.htm Thu, 30 Apr 2020 00:00:00 +0200 Patxi Zabaleta https://www.berria.eus/paperekoa/1896/021/001/2020-04-30/atzo_genioen_bezala.htm
Izan ere, ezin ditugu ahaztu, eta ezta alde batera utzi bitartean hain modu gogorrean joan zaizkigunak —zahar eta gazte, artista eta langile—, eta sortu zaizkigun arazo berriak —sozialak, ekonomikoak, politikoak eta giza mailakoak— eta ezta aurrean ditugun erronkak —gordinak, zailak eta ezezagunak—. Hain modu azkarrean joan zaizkigun guztiek utzi diguten mezua da bizitza ez dela denbora, baizik epea; zeren eta joandakoekin eta etorriko direnekin batera osatzen baitugu herria deitzen dugun gizarte hau. Horregatik da hain premiazkoa egoera eta arazo berriak oraindik sortu ez zirenean edo sortzear zirenean esaten genuena eta aurrean genituen kezka nagusiak gogoratzea.

Hain da sakona egoera honen eragina gure izaeran, bizimoduan eta pentsaeran, zaila zaigula irudikatzea bera ere. Agian, tximeletaren hegoen mugimenduak urrun-urrunean izan lezakeen balizko eragin harena gogoratu beharko genuke. Ezer gutxian uzten baitu oraingo honek; zera, alegia: Txinako merkatu bazter batean piztia batetik gizakien leinura jauzi ebolutiboa egindako infra-mikrobio baten pseudo-hegalkadak Europako, Afrikako edo Ameriketako edozein bazter ezezagunetan eragin ahal izatea, alegia.

Zer agertzen zen egunkarien lehen orrialdeetan orain dela 45 egun? Betiko eta ohiko berriaz gainera, etorkizunerako eragin esanguratsua duten bost gai axaletik arakatuko ditut oraingo honetan:

Bat, Hong Kong hiriko demokrazia aldarrikapenak. Aldarrikapen horrek eragin zuzena izango du —nahiz ez berehala— Txinako estatu eta potentzia erraldoi hartan; eta ondorioz mundu osoan; gu ere barne, jakina. Eta zalantzarik gabe, eragina izanen du —agian luzarora— Tibet bezalako herri zapalduen askatasunerako ere. Tamalez, Hong Kong hiriko mugimendu garrantzitsu hura ahaztua edo baztertua dagoela dirudi, koronabirusa dela-eta; baina gizateriak oroitu beharreko zerbait da.

Bigarren gai bat, Europaren gabeziak Brexitaren ondorioak, Libiako gerratea eta abar izan litezke. Pandemia hau ez da estatuen mugen barrukoa; pandemia hau Europan Europarena da. Besterik da estatuak, armadak, monarkiak eta abarrek zerbaitetarako balio dutela azaldu nahian ibiltzea, egoeraz baliatuz. Baina zoritxarrez, agerikoa da Europa ez dagoela beharko lukeen mailan. Greziako krisian greziar bakoitzaren jubilazio edo erretretak Greziako banku bakoitza bezain europartzat hartua izan behar zuen bezala, orain ere Albazeteko edo Amurrioko baten koronabirusa holandar batena bezala tratatu beharko litzateke Europan. Brexit-aren arazoan, berriz, ez genuke atzendu beharko eskoziarrak eta irlandarrak gu bezain europarrak direla; eta haiek eta beste milioika britaniar europazaleak aintzat hartuz jokatzeak izan beharko lukeela gure xedea. Dublin eta Edinburgo gabe ezin da Europa irudikatu, Bartzelona gabe ezin den bezala. Eta Libiako gerratea zer? Europaren ezkaratzean jokatzen da, Europaren erruz sortutako guda europar bat gehiago da; Balkanetakoak, Kaukasokoak, Ukrainakoa, Siriakoa eta Palestinakoa diren bezala. Zenbat samin Europak!

Nekazari eta abeltzainen traktorekadak eta jendez hustutako lurraldeen aldarrikapenak. Nahiz aspaldiko kontua diruditen, atzoko eta biharko erronka gordinak dira. Ez da soilik prezioen gorabehera; janarien eta premiazko ondasunen ekoizpena eta haien salmenta edo kontsumitzailearen eskuetara iristeko moduak, bideak eta arazoak daude tartean. Komertzio tradizionalaz eta herri merkatuez gainera, baserri eta ekoizteko guneetan ekoizleen salmenta zuzena bideragarri egiten duten neurri eta baldintzak zehaztu beharra dago, Europako beste lurralde batzuetan egiten den bezala. Nafarroan lege foral bat egin genuen orain dela hamar urte baino gehiago ekoizleen salmenta zuzena sustatzeko, baina ez da garatu.

Trump eta antzekoek gure bizimoduan eragiten jarraituko dute. Batzuetan arlote arriskugarriaren papera jokatzen duela badirudi ere, egiten duenak guztion bizimoduan du eragina eta ez daukagu helduleku demokratikorik horren aurrean; inperioaren ondorioak dira. Ez da ahaztu behar hark eta hura bezalatsuko batzuek dauzkatela eskuetan mundua birrindu lezaketen lehergailu atomikoen giltzak.

Ekonomiaren eta osasunaren arteko lehia faltsua eta zahar etxeen eredua aldatu beharra; Zaldibarko zabortegiaren itzal luzea, eta izadiaren berpizkundea, otsoen zain eta antzinako beldurraz. Nahiz izurrite eta lepraren kontrako lazaretoen historiak eta kondairak ezagutzen genituen, ez zen inoiz etxe barruko konfinamendua ikusi munduan. Bizipen eta gaizpentsu berriak dira. Bestalde, ustezko ekonomiaren koma hondoa jotzearen aurretik jartzeak, etikari ostikoa eman ez ezik, ekonomiaren ikuspegi atzerakoia azaltzen du; euskal eta europar kapitalik eta lehengairik garrantzitsuena eta iraunkorrena pertsonak baitira. Pandemia honek ekarri dizkigun erakuspenen artean, lehena zalantzarik gabe da neurri handi batean diru publikoz hornitzen diren zahar etxeen ereduak iraultza osoa beharko duela; ez bakarrik agerian gelditutako gabeziengatik, baizik eta baita justiziaren agindu zehatzengatik ere.

Sozialki hain garratza gertatzen ari den aro honetan, izadia berpizten ari dela ezin uka; basurdeak, oreinak eta piztia mota guztiak hiriguneetan agertu dira; eta, agian, Nafarroan omen dagoen 12.000 basurdeko kopurua egonik, izadiak berezkoak dituen mugatzaile naturalak beharko ditu. Eta paper hori otsoek bete izan dute betidanik. Beraz, etorriko dira. Nork daki ez ote dabiltzan jada inguru hauetatik, pandemiaren mendietako isiltasunaz eta gizakien usainik ezaz baliatuta?]]>
<![CDATA[Euskararen akordioa Nafarroan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/023/001/2020-02-08/euskararen_akordioa_nafarroan.htm Sat, 08 Feb 2020 00:00:00 +0100 Patxi Zabaleta https://www.berria.eus/paperekoa/1876/023/001/2020-02-08/euskararen_akordioa_nafarroan.htm
1. Hizkuntza eremuen kontzeptuak ez du zehaztasunik, ez dauka antzekotasunik nazioartean edo arlo autonomikoan, eta zaharkituta gelditu da. Hizkuntza eremuetan oinarritutako arauketa hau hizkuntza politikaren eta soziolinguistikaren arteko nahasketa oker batean oinarritzen da. Hizkuntza eremuak soziolinguistikako gauza dira, baina hizkuntza eskubideek berdinak behar dute Goizuetako edo Mendigorriko herritarren artean.

Nazioartean edo estatuko autonomietan ez dago hizkuntza eremurik. Euskaltzaindiak arautu berri ditu munduko estatuen hizkuntza ofizialen izenak; eta ez dago inon zonaldekako arauketarik. Ezta bi hizkuntza ofizial dituzten autonomietan ere, nahiz zonalde soziolinguistiko ezberdinak eduki. Bestalde, Nafarroako kasuan, hiriburuan euskara koofiziala ez izateak zentzu guztia kentzen dio lur-eremu ofizialtasunari. Ezin liteke ahaztu, gainera, euskaldunik gehiena duen udalerria Iruñea dela.

2. Foru Hobekuntzaren 9. artikulua trikimailu edo sabotaje politiko batean oinarritzen da. Nafarroako Legebiltzar Foralak 1981ean Foru Hobekuntzaren oinarriak erabakitzerakoan, euskarak eta gaztelerak Nafarroa osoan koofizialak behar zutela eta luketela erabaki zuen. Horixe izan zen negoziatzaileei emandako agindu zehatza.

Baina Foru Hobekuntzaren zirriborroa negoziatu zuten Nafarroako bost ordezkariak izan ziren hizkuntza eremu edo zonaldeen asmakeria mahai gainean jarri zutenak. Ez estatuko ordezkariak. Aitzitik, estatuko ordezkariak harrituta gelditu ziren, baina, haietako baten lekukotasunaren arabera, ez zuten eragozpenik jarriko Nafarroako koofizialtasuna beste autonomietan eta mundu guztian bezalakoa izan zedin. Beraz, Foru Hobekuntza negoziatu zutenek tranpa edo sabotaje bat egin zieten Nafarroako Parlamentu Foralari eta herri osoari.

Esandakoari gehitu egiten zaio Foru Hobekuntza ez zela herritarren onarpenera erreferendumean aurkeztua izan. Gaur egun Nafarroako hizkuntza politika eredu homologarrietara eramatekotan sabotaje hura gainditu beharra dago. Ez dira nahikoak 1986ko legearen garapenean egindako dekretuak eta aginduak, eta ezta legearen beraren aldaketa ere.

3. Foru Hobekuntzaren 9. artikulua ez dator bat, eta ez du betetzen Konstituzioaren 3. artikulua. Konstituzioaren 3.2 artikuluak hitzez hitz esaten du: «Beste hizkuntza espainiarrak ere ofizialak izango dira, zein bere erkidego autonomoan dagokien estatutuaren arabera». Beraz, ez dio eremukako arauketari babesik ematen. Zentzu berean, Prozedura Administratibo Komuneko 39/2015 Lege Organikoak ere ez du eremu posibilitaterik aurreikusten edo aipatzen.

Okerrago oraindik, hizkuntzaren ofizialtasun kontzeptua hiriburuaren arauketarekin lotuta dagoenez gero, hiriburu batean hizkuntza ofiziala ez denean, Iruñean gertatzen den bezala, erkidego osoko ofizialtasuna hutsaldu egiten da.

Laburbilduz, esan genezake hizkuntzei buruzko konstituzioaren arauketa txarra baldin bada, Foru Hobekuntzak okertu egiten duela; eta are gehiago, 1986ko legeak okertu egiten du oraindik gehiago Foru Hobekuntzaren okerra. Nafarroari eta bere legegintza arloko ekimenari dagokionez, premiazkoa da hizkuntzaren araudia parametro duin eta zuhurretara eramatea, eta horretarako ez da aski 1986ko Lege Forala aldatzea; eta gutxiago oraindik lege hori garatzen duten dekretuak edo aginduak eta abar hobetzea edo txukuntzea.

4. Euskarari buruzko epaien kontraesana eta Europatik behin eta berriro datozen eskakizunak. Nafarroako Auzitegi Nagusiak azken 40 urteetan emandako epai anitzek halako ezaugarri «isomorfo» bat daukate; hain zuzen ere, guztiek gai berdinaz jarduten dutela. Betiko gai komun eta berdin hori zera da: ea hurrenkeran ebatzitako Foru Dekretuak, Foru Aginduak, Hizkuntza Arau edo Ordenantzak eta mota guztietako Lan Deierak gainditzen ote duten ala ez zonifikazioaren muga.

Baina azpimarratzekoa da 2019ko azken aldean emandako epaietan, lehengo argudiaketa berresteaz gainera, behin eta berriro errepikatzen den leloa hauxe dela: «Hizkuntza herritarraren eskubidea da». Iradokizuna ematen du. Legea edo arauketa osoa aldatu beharra dagoen iradokizuna.

Bestalde, Europatik behin eta berriro errepikatzen zaizkio Nafarroari euskararen erabilpen ofizialak gainditzeko eskakizunak. Baina eskakizun horiek guztiak ezin dira behar bezala bete, ez baldin bada sakontasunez Nafarroako euskararen araudi eredua aldatzen. Hau da, ez baldin bada Foru Hobekuntzako 9. artikulua aldatzen.

5. Irlandako adibidea. Ipar Irlandako indar politikoek, hiru urteko gobernu haustura gaindituta, lortu berri dute azkenean adostasun bat. Akordio horren oinarri eta muina gaeliko edo irlanderaren koofizialtasuna ezartzea izan da. Arlene Foster Erresuma Batuaren aldeko DUP alderdiko liderrak hurrengo gogoeta egin du: «Badago nortasun irlandarreko eta nortasun britaniarreko jendea, eta ez dago pertsona bat bestearen gainetik jarri beharrik».

Nafarzaletasunak, nabarrismoak alegia, XXI. mende honetan bere XIX. mendeko jatorrira itzuli beharko luke eta euskararen aldeko jarrera berreskuratu. Nafar gizartea euskarari buruzko aldaketa aurrerakoi, demokratiko eta homologarria egiteko prest dago. Akordioak Foru Hobekuntzaren 9. artikulua aldatzea izan beharko luke, orain 40 urteko trikimailu hura gaindituz. Herritarrek ongi eta lasai hartuko luketela eta hartuko dutela ez dago zalantzarik. Soilik zentralismoaren frankiziak egongo lirateke aurka, baina egiazko nafarzaletasunak alde egon beharko luke. Dagoeneko Ipar Irlandan ez da inor Ian Paisley erreberendoaz oroitzen.]]>
<![CDATA[Agur nafar gobernu zeharkakoari]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1896/012/001/2019-08-10/agur_nafar_gobernu_zeharkakoari.htm Sat, 10 Aug 2019 00:00:00 +0200 Patxi Zabaleta https://www.berria.eus/paperekoa/1896/012/001/2019-08-10/agur_nafar_gobernu_zeharkakoari.htm gur euskal hitzak esanahi bat baino gehiago du. Nafarroan euskaraz dakitenek ez ezik, ez dakiten gehien- gehienek ere badakizkite agur hitzaren bi esanahi garrantzitsuenak. Besteak beste, «Agur, jaunak» (... eta andreak) abestia oso ezaguna eta entzuna delako gure artean. Iruindar gehien-gehienek badakite agur ez dela soilik adios adierazten duen hitza, baizik baita ere diosala egiteko eta begirunea adierazteko erabiltzen dena. Egia esan, jakinduria apur hau ez da oraindik Iruñeko zinegotzi den Esporrin andrearenganaino iritsi, bere «Agur, Asiron!» oihu tamalgarria entzun genuenok ederki ulertu bezala. Are gehiago, proba egiten baduzue Iruñeko edozein karrikatan eta edonori galdetu ea Esporrin zein den, hamarretatik bederatzitan erantzungo dizue hauteskunde gaueko beroaldian «Agur, Asiron!» oihua bota zuen hura dela, nahiz Esporrin andreak hogeita bost urte luze daramatzan nafar politikan.

Artikulu honen izenburuan euskal jatorrizko abizena duen Txibite andrearen gobernuari diosala eta begirune adierazpena dira agur hitzaren xedea. Ongietorri bat ematea alegia, gizalegezkoa eta heziera onekoa den bezala. Poztekoa da Nafarroan izaera anitzeko gobernu zeharkakoa osatu izana, bazterketa guztiak —bereziki ahalegin eta eginkizunetan kide beharko direnekin egindakoak— okerrak, atzerakoiak eta txarrak direlako. Txibite andreak gobernu hau osatzeko egindako jokabidean asmaketa bat eta bi hutsegite daude nabarmentzekoak; asmaketa da gobernu aurrerakoiaren hautua; hutsegiteak, berriz, EH Bilduren bazterketa eta Navarra+koekin ez hitz egitea. Hitz egin denekin hitz egin behar da, herritarren ordezkari diren heinean. Hutsegite larriena EH Bilduren bazterketa da; jokabide zentzugabea. Etika, morala, ideologia eta printzipioak norberak zaindu beharrekoak baitira.

Gobernu akordioa oso eskasa da; asmoz, norabidez eta gogo onez hornituta dago, baina neurri eta zehaztasunik ez dauka. Inbestidurako hitzaldia bera ez zegoen egitarau eta xede zehatzez hornituta. Jakina da, ordea, dema ez zegoela horretan. EH Bilduren abstentzioko erabakia, berriz, asmaketa osoa izan dela mundu guztiak aitortu du; egoera ezin hobean utzi du indar politiko hau, lehen baino erabakiorragoa izan liteke eta bere helburu eta xedeak nortasun osoz markatzeko aukera izango du. Betiere, EH Bilduk egin beharreko lehen azterketa da ea zergatik udal hauteskundeetan jasotako 67.500 boz foru hauteskundeetan 50.400 bihurtu ziren, kasu batzuetan, hautagai zerrendak aukera gutxiago eskaini arren. Bestalde, gainera, eta entzuten direnak entzunda, EH Bilduk aurrean laster batean eduki lezakeen erronka da hauteskunde orokorren balizko aurrerapena; beharrezkoa da kongresuan Nafarroako abertzaletasunaren ordezkaritza lortzea, baita horretarako NaBai berri bat sortu beharko balitz ere.

Nafarroako gobernu berriari buruz hiru zehaztasun iruditzen zaizkit azpimarragarriak bere abierako une eta gunean:

Lehena da Nafarroako alderdi sozialistak, PSNk alegia, gainditu egin duela, ematen duenez, «abuztukadaren sindromea». Zeharkakotasun edo transbertsalitatearen apustua egin eta, batez ere, aitortu du. Erantsi du, gainera, Txibite andreak izaera horrek nafar gizartea irudikatzen eta ordezkatzen duela. Gobernuaren beraren osaketan eta egituran eta adierazitako jokabideetan hutsune nabariak daude, baina ekintzek erakutsiko dute, beste ezerk baino gehiago, gobernuaren sena. Nafar gizarteak beharrezkoa du zeharkako nortasun edo identitateko gobernua. Oraingo hau, koaliziokoa izanik, halakoa da, joan den legealdikoa ez bezala. Izan ere, koaliziorik eza izan zen, nire ustez, igaro den legealdiko hutsegiteetako bat.

Bigarrenik, azpimarratu beharrekoa da zeharkakotasunaren aldeko urrats hau arrazoi sendoetan oinarrituta dagoela. Ez da bakarrik hainbestetan errepikatu den bezala, gobernuan dauden alderdiek 23 legebiltzar kideren ordezkaritza daukatela; Navarra+ren 20koa baino gehiagokoa, alegia; baizik eta joan den legealdiko aldaketaren lau alderdien boz kopurua Navarra+ren kopurua baino handiagoa dela, nahiz Navarra+k 20 parlamentari lortu eta beste lau alderdiek 19. Nafarroako indar politikoen bilakaeran eskuina pixkanaka-pixkanaka jaisten ari da eta indar abertzale eta aurrerakoien kopurua hazten. Gogoan izan behar da Navarra+k eskuratu zituela hauteskunde foraletan eskuineko boz guztiak, Voxekoak barne, hauteskunde orokorretako edo europarretako bozen konparaketak azaltzen duen bezala.

Hirugarrenik, ezin da ahaztu Madrilgo politikak eta indar orekek nafar politikan duten eragina. UPN alderdiak eskuak lotuta dauzka edonolako adostasunak bilatzeko PSNrekin. Gainera, inoiz arrotzak izan ez zaizkion eskuin muturreko aldarriak ezin ditu dagoeneko ezkutatu nafar izaeraren defentsa irmoaren itxurarekin, foruen kontrako indarrekin bat eginda dagoelarik. Adibide eta lekuko bezala, hor daude Iruñeko Navarra+ko alkatetzak hartu dituen lehen erabakiak —Foixko Katalina erregina erbesteratu berriro eta txirrindularien eta ibiltarien eskubideak murriztu, autoen mesedetan edo euskararen ordenantza mugatua atzera bota—. Luze egingo zaio Nafarroako eskuin politikoari beste lau urteko epea agintaritzarik gabe. Navarra+k UPN desitxuratu du eta ez dio onurarik ekarri. Halere, antolatu den gobernuaren ondorioak bere ekintzen eta jokabideen ondoren neurtu beharko dira, beste indarren bilakaeran baino gehiago.

Laburbilduz, egoera berri batean gaude eta igaro den aldaketaren legealdiko balantzea eta kitapenak bere lorpen eta gabeziekin egiteaz gainera, etorkizunerako aurreikuspena arrazoitu behar dugu. Nire ustez, Txibiteren gobernuak lau urteak iraungo du eta aurrekontuak ere onartuko ditu, gutxienez urte batzuetan. Navarra+ barne arazo sakonetara zigortuta dago, orain arteko norabideak ez baditu sakonki aldatzen. EH Bilduk aukera ezin hobea du Erriberan hedatzeko eta berezkoak zaizkion ezaugarri ezkerreko, aurrerakoi eta abertzaleak bere osotasunean azaldu eta defendatzeko. Cintruenigoko euskal jatorriko abizena duen Txibite andreari, agur bere lehendakari karguan, eta ez adiorik oraingoz.]]>
<![CDATA[Nafarroako hizkuntza ereduak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/020/001/2019-03-15/nafarroako_hizkuntza_ereduak.htm Fri, 15 Mar 2019 00:00:00 +0100 Patxi Zabaleta https://www.berria.eus/paperekoa/1876/020/001/2019-03-15/nafarroako_hizkuntza_ereduak.htm
1986ko Legean ematen zaio garapena 1982ko Amejoramenduan asmatutako hizkuntza eremu edo zonalde linguistikoen esapide zabarrari. Esapide horrek ez dauka berdinik ez nazioartean, eta ezta estatuko beste autonomietan ere. Egiazki inolako zehaztasunik gabeko esaera da. Jatorria sabotaia politiko batean dauka, bere edukia nahasketa zatar bat da, eta bere defentsa dialektikoa gezur batean oinarritzen da.

Nafarroako euskararen ofizialtasunari buruz egindako sabotaiaren historia hau da: 1982ko Foru Hobekuntza eztabaidatzeko, garai hartako Foru Parlamentuak oinarri batzuk onartu zituen; zehazki euskarari dagokionez Nafarroa osoan koofiziala izan behar zuela erabakiz. Baina agindu horri Nafarroaren izenean aritutako ordezkariek sabotaia egin zioten. Izan ere, aurretiko tituluaren zirriborroa proposatu zutenak Nafarroako bost ordezkari edo negoziatzaileak izan baitziren. Gezurra badirudi eta lotsa ematen badu ere, Nafarroa hiru zatitan puskatzea ez zen Madrileko negoziatzaileen ekimena izan.

Are gehiago, Amejoramenduaren 9. artikuluan dagoen hizkuntza eremuen asmakeria ez dator bat Espainiako Konstituzioaren 3. artikuluarekin. Bat ez etortze horren ondorioak anitzak eta bitxiak dira; adibidez Prozedura Administratibo Amankomuneko 39/2015 legearen 15. artikuluan eta beste hainbestetan ez da aurreikusten zatituta dagoen autonomiarik.

1986an Nafarroako Euskararen Lege Forala onartzen denean, Amejoramenduaren 9. artikuluan aipatzen diren bi eremuen ordez, hiru eremu sortzen dira; bat euskal eremua, non euskara teorikoki koofizialtzat aitortzen den; eremu ez euskalduna, non euskarari ofizialtasuna ukatzen zion; eta eremu edo eremu mistoa, non Amejoramenduan aurreikusi gabeko izendapena erabiltzen den. Euskararen Legea ere ez dator bat Amejoramenduarekin; askoz gutxiago, jakina, Konstituzioaren 3. artikuluarekin. Lardaskeria guzti honek ez dauka justifikabiderik, ez jakintzaren edo zientziaren arloan, ez politikan, eta askoz gutxiago giza eskubideekin. Okerrena da Iruñea ez zela eremu elebidunean gelditu, baizik eta eremu mistoan; eta horrek inon diren eta ez diren murrizketak eta arazoak sortu ditu. Ezin baita ahaztu, gainera, Iruñea dela Nafarroako euskal hiztunik gehiena bizi den hiria eta bizimoduko harreman ofizialik gehienak ez ezik, ekonomiako, kulturako, ikaskuntzako, ikerketako eta beste hainbeste arloko ekintzarik gehienak egiten diren tokia.

Nahasketa zatar baten ondorioa da. Hizkuntza bat baino gehiago toki berean daudenean eta elkarbizitza garatu behar dutenean ko-ofizialtasunaren eredua eta aitorpena dira ohiko aterabideak, eta eredu edo aitortza horren ondorioa herritarren askatasunezko aukera izaten da. Beraz, hizkuntza eskubideen bermea eta askatasuna ofizialtasunaren aitortzetik sortzen dira; eta aldiz, hizkuntzekiko menpekotasuna eta eskubide ukatzea ofizialtasun ezberdinetatik sortzen dira.

Hizkuntza eremua soziolinguistikako kontzeptu bat da; estatistikarekin ez ezik, hizkuntzaren aurrerapen edo atzerapenarekin eta horren guztiaren arrazio eta ondorioekin du zerikusia. Baina soziolinguistikako kontzeptu hori hizkuntza zuzenbide arlora eramatea nahasketa zatar eta maltzurra da. Agerikoa da Nafarroan Euskararen erabilerak ezberdintasunak dauzkala toki batzuetan eta besteetan; Gasteizen, Bilbon, Valentzian, Coruñan edo Tarragonan, eta Bruselan gertatzen den bezala. Baina beste toki horietan guztietan ez zaie burutik pasa ere egiten, hizkuntza eremuak bezalako asmakeria barregarririk sortzea.

Soziolinguistika eta hizkuntza zuzenbidea ez dira gauza bera; ezta antzekoa ere. Baina zoritxarrez, nahasi egiten dira maiz, Nafarroako euskararen legeak bere senean daraman iruzurra estaltzeko egin zen bezala. Hainbeste eta hainbestetan pertsonaren edo jendarte baten hizkuntza eskubideez ari garelarik hizkuntza zuzenbideaz ari gara; eta ez soziolinguistikaz. Euskal filologia ematen duten unibertsitateetako ikasketetan soziolinguistika ikasgaia da, baina hizkuntza zuzenbidearen arrastorik ez da agertzen. Euskaltzaindiak berak eginak ditu hainbat adierazpen hizkuntza eskubideen defentsan eta aldarrikapenean, erakunde bezala dituen xedeei men eginez; are gehiago, badauka liburu bat adierazpen guzti horiek biltzen dituena. Baina halere, Euskaltzaindiak berak 100. urteurrenaren karietara egindako Iruñeko jardunaldiei izena aldatu berri die Hizkuntza eskubideei buruzko jardunaldiak deituraren ordez, Hizkuntza gutxiagotuak jagon, euskaraz bizi izen ospetsu eta baketsu berria jarriz.

Agian, 1996ko Bartzelonako Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala da arlo honetako panorama kamutsaren aurrean salbuespenik esanguratsuena. Edonola ere, hizkuntza zuzenbidea aintzat hartu ez-ezik, aztertu, sakondu eta ikertu beharreko gaia da. Gogoan izan behar adibidez, hizkuntzak gizarte bati nazio izaera ematen diola; edo Nafarroako Arartekoak urte asko eta askotan izan dituen kexa eta salaketarik gehienak hizkuntza eskubideen arlokoak izan direla; edo/eta eskubide hauen izaerak pertsonaren nortasunarekin eta ondorioz giza-eskubideekin zerikusia daukala... Hori guztia horrela izanik, ez ote luke toki bat beharko filologia ikasketetan?

Ofizialtasuna obligazioarekin lokaztu eta lotzearen trikimailu maltzurra da. Amejoramenduak eta 1986ko euskararen legeak euskarari berari baino nafarroi ematen digun trataera mingarri eta iraingarria da. Nafarroaren ondare eta ezinbesteko ezaugarria den euskarak ez du horrelakorik merezi; baina egiazki suminduak eta irainduak nafarrok gara.

Azken finean Nafarroako hizkuntza eremuena inon ez dagoen neurria da; sumingarria eta iraingarria euskara eta Nafarroa maite ditugunontzat. Sabotai politiko batean oinarritutako trikimailu nardagarria nafar guztiontzat; eta lotsagarria Nafarroa osoarentzat. Egoera tamalgarri eta iraingarri honen zuzenketa ez da erraza. Hamarkadak eta hamarkadak igaro dira eta, beharbada, ez dugu jakin eztabaida ideologikoa irabazten... Hori baita lehenik irabazi beharrekoa. Zuzenketak Amejoramentutik beretik hasi beharko luke eta gero legera iritsi. Gelditzen zaiguna da lege hain txar batekin euskarak aurrera egin baldin badu Nafarroan, zer ez ote genukeen lortuko legea normala —ez gehiago— balitz. Beste baterako utziko ditugu sabotai politikoa egin zutenen izenak eta bestelako bitxikeriak.]]>
<![CDATA[CAN eta kutxen euskal federazioa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1933/017/003/2019-02-05/can_eta_kutxen_euskal_federazioa.htm Tue, 05 Feb 2019 00:00:00 +0100 Patxi Zabaleta https://www.berria.eus/paperekoa/1933/017/003/2019-02-05/can_eta_kutxen_euskal_federazioa.htm
Legebiltzarreko batzorde aztertzaile honetan azken garaiko gorabeherak soilik aztertu direla dirudi; nire ustez, zoritxarrez. Gai honetaz idatzi diren zabalkunde handiko bi liburuetan gertatzen den bezala: El banquete, Intxusta, Gil eta Zamorarena; eta CAN: eta hemen ez da ezer gertatu, Senarrena. Liburu bi horietan oso lerro gutxi eskaintzen zaizkio lehenagoko bilakaerari; eta hori, baldin eta ez bada azkeneko istiluekin lotura zeukatelakoan edo. Ez da behar bezala aintzat hartu eta ez zaio ondoriorik ateratzen igarotako azken hiru hamarkada eta erdian gertatukoari. Pixka bat agian, epaitegietan gertatu denaren antzera.

Horra bada, lokatzetan murgiltze aldera, bi galdera eta bi baieztapen arranditsu bezain gogor. Zergatik gertatu ziren agintean zeuden politikari batzuk protagonista zuzen eta nagusiak CAN zelakoaren azken uneetan? Zergatik ez zen kontuan hartu ehun urte baino gehiagoko euskal kutxen elkargo edo federazioa? Eta hona baieztapenak: CAN legez eta etikaz kanpoko egoera batean kudeatu zen eta bilakatu zen 1980ko hamarkadako lehen urteetatik hasita bere bukaera arte. CAN, Nafarroako finantza erakunde publikoa zena, pribatua baina jaberik gabea balitz bezala kudeatua izan zen. Jar ditzagun mahai gainean hainbat zehaztasun:

1976an Nafarroako Aurrezki Kutxaren estatutuak berritu beharreko garaian, egindako bidea Ogasuneko Ministerioarekin itun bat egitea izan zen; eta horri «konbenioa» deitura eman zitzaion eta foru izaera eta maila aitortu zitzaizkion besterik gabe, horrela foruen aitzakia erabili eta lege arauak saihesteko asmoz.

1979an, Suarezen gobernuko lehendakariorde ekonomikoa zen Fuentes Quintanak lehen dekretu bat eman zuen kutxetako zuzendaritzak politikaren arlotik bereizte aldera; eta agindu hura, Nafarroako Kutxak izan ezik, beste guztiek bete egin zuten, euskal beste lurraldeetakoak ere barne. Desobedientzia haren aitzakia itxuran erabili zen Nafarroako Aurrezki Kutxetako baten estatutuak foru eta konbenio izaera zeukalako leloa, nahiz eta sakoneko arrazoia beste bat zen, zera alegia, Nafarroa estatu gakotzat zeukala zentralismoak.

1981eko Nafarroako estatutuan, hau da, LORAFNA edo Amejoramenduaren 56-1-F artikuluan (gaur egun indarrean jarraitzen du), Nafarroari aitortzen zaio eskumen osoa aurrezki kutxa gaietan. Inoiz ez da bete lege hori, horretarako Nafarroako Kutxaren 76ko estatutuen leloa erabiliz (nahiz konstituzioa eta Amejoramendua baino lehenagokoa izan) eta bere aldaketarako beste konbenio bat beharko litzatekeela argudiatuz, eta ondorioz Amejoramenduari foru arloko goieneko izaerarik aitortu gabe.

1987an, 7/87ko apirilaren 21eko aurrezki kutxen zuzendaritzak arautzeko Lege Forala onartu zen. Ondoren, lege hori garatzeko Dekretu Forala ere, eta bi agindu horiek indarrean egon ziren 2014. urtea arte; baina UPN-PSN erregimenak ez zituen sekula bete. «Pase forala» kargu publikoen soldatak borobiltzeko erabiltzen zen, PPko sobreak bezala eta sobre horiekin bateraezintasunik gabe...

Lekukotasuna eman nezake neronek Aurrezki Kutxa Munizipalean, 87ko Lege eta Dekretuaren araberako estatutuen berritzea prestatu zela, baina agindu bat jaso zen Nafar Gobernutik bertan behera uzteko ahalegin horiek, eta denak berdin jarraitu zuen hondamendiraino.

2/2014 Lege Forala, Ogasun Ministerioaren eta Espainiako Bankuaren esanetara egin zenean, ordura arte eraikitako gezur sare eta trikimailu guztiak agerian gelditu ziren, adibidez, CAN erakunde pribatua zelakoa eta ez publikoa. Egia esan, ezin liteke itxuragabekeria barregarriagorik baieztapen hura baino, zeren eta ez baitziren gai pribatua baldin bazen jabea nor zen esateko ere. Betiere banketean eseri zirenen arteko eskandalurik lotsagarriena da Goñi eta Sanz jaunek onurak jasotzen jarraitu dutela CANen hondamendiarekin pagotxa egin zuen La Caixa erakundearen aldetik.

Nafar biztanleek aurrezki kutxa edukitzen jarrai zezaten modu bakar bat zegoen; eta hori zen 100 urte zeukan Euskal Kutxen Federakundearen ildo, esparru eta eredua jarraitzean. Baina navarrismo-aren erregimena ez zen errudun bakarra izan, zeren eta txanpon beraren beste aldea den bizkaitarrismo-ak ere nahiago izan baitzuen Kordobako kanonigoen porrot egindako kutxa eskuratu, CAN zelakoaren arduradun ergelak CAJASOL izenekoaren hondarrekin nahasten ziren bitartean. BBK kutxak bazuen arrazoi bat CANekin ez elkartzeko eta zen Vital, Kutxa eta CAN, hirurak batean, BBK baino handiagoak zirela. Orain berriki Kutxabank erakundeko lehendakari ahalguztidun eta harroak berriro bota du Kutxabank erakunde pribatua delako astakeria. Zantzu txarrekoa da harroputzak horrelako leloekin astea, horrek pribatizatzeko irrika besterik ez baitu adierazten; eta horra nola dabilen orain Euskaltel burtsako edozein marrazok irentsiko duen arriskuan.

CAN erakundearen desagerpena, gaur egun La Caixaren %1 baizik ez baita, nahiz aldi berean egin duen pagotxaren eskerraren arrazoia ere izan, ez zen hondamendi bat gertatuko, gertatu den bezala, baldin eta zentzuzko esparru eta egitura onartu izan balitz; Euskal Kutxen Federazioarena, alegia. ]]>
<![CDATA[Frantziskori gutun irekia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/019/001/2018-10-26/frantziskori_gutun_irekia.htm Fri, 26 Oct 2018 00:00:00 +0200 Patxi Zabaleta https://www.berria.eus/paperekoa/1876/019/001/2018-10-26/frantziskori_gutun_irekia.htm Jesus Ekiza zenaren obituarioa.
Gaurko Nafarren pentsaeran eraginagatik.

Hizkuntzarik europarrenean idazten dizut; hemen, Europan baitzegoen euskara hizkuntza indoeuroparrak iritsi baino lehen. Gero, bi mila urte luzez, latina izan da munduko hizkuntza frankoa, baina hori ere bukatu egin da, nahiz betikoa zirudien.

Piarres Xarritonek, Etchegaray kardinalaren adiskide eta Euskararen Akademiako kideak, Euskaltzaindira etorrita zen azken bileran hona zer aitortu zidan hitzez hitz: «Elizarekin bakean hilko naiz, oraingo Aita Santuari esker». Xarriton bezala, milioika eta milioika pertsona gara munduan kristauak eta ez-kristauak gizateriaren arazo larrien aurrean elizaren eta beste erlijioen erantzun berri eta sakonen zain gaudenak. Aldaketa askatzaileen premia dauka munduak eta gizateriaren etorkizunak. Beste erlijioek eta munduko biztanlegoaren gehiengo laikoa zain daude ea kristautasunak zer egiten ote duen.

Eliza bera inoizko krisirik sakonenean murgildu da eta ezin izango du krisi hori funts-funtsezko aldaketarik gabe gainditu. Elizaren baitan eztanda egin duen krisi ikaragarriak gizateria osoaren krisiarekin zerikusia dauka. Ez dira soilik apaizen eta elizgizonen pedofilia eskandalu gaizto eta nardagarriak, baizik gaiztakeria eta oker sistemikoak. Gaizkileek merezi duten zigorra jaso behar dute, baina hori ez da aski. Aski ez den bezala zelibatua izena duen asmakeria ezabatzea. Baina horretarako ezinbesteko lehen urratsa emakume eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatzea da. Gaur egungo humanismoak feminismoa izena du. Ezin da inolako aldaketa funtsezkorik egin feminismotik abiatu gabe eta feminismoan oinarritu gabe.

Elizgizonen pedofilia kasuak ez dira kasu bakartiak. Eskandalu onartezin eta zigortu beharreko horiek ez dira pertsona batzuen oker, bekatu edo delitu tamalgarriak. Elizaren beraren usteltze sintomak eta frogak dira.

Noiznahi berandu izanen da, Frantzisko; noiznahi beranduegi izanen da. Dagoeneko Elizako arratoi eta narrastiak, garai bateko deabruen papera bereganatuta, mugitzen hasiak dira eta.

Erlijioek, erlijio guztiek Kristautasunetik hasita, izadiarekin, zientziarekin eta gizateriarekin bakea egin beharra daukate, baldin eta datozen mendeetan gizateriarentzat onuragarri izango badira. Erlijioen papera zeharo aldatu egin da munduak bere buruaz beste egin dezakeenetik eta egin dezakeela jakitun denetik. Eta ez modu batera bakarrik, baizik hiru modutara; lehergailu atomikoaren leherketa bat-batekoaz; edo desoreka ekologikoaren eztanda geldoaz; edo oldarketa sozialaren ankertasun gogorraz. Mundua jakinaren gainean dago eta badaki ezin diola jada laguntzarik Jainkoari eskatu.

Izadiarekin bakea egiteak esan nahi du gauden mundua, gizartea eta etorkizuna lehenetsi behar direla; sexua, zoriona eta poza ez direla berez gaiztoak. Zientziarekin eta jakintzarekin bakea egiteak esan nahi du ezin zaiola biderik itxi munduaren aurrerapenari. Gizateriarekin bakea egiteak giza eskubideak lehenetsi eta demokraziaren jokabideak arlo guztietan onartzea esan nahi du. Garai hauetako pobrezia, migrazio, indarkeria eta beste hainbeste eta hainbeste arazo eta tragedia humanitarioren aurrean ez daiteke egon bestelako erantzun erlijiosorik.

Izan ere, XXI. mende honetako iraulketa ideologikoa XVI. mendekoa baino sakonagoa eta garratzagoa gertatzen ari da. Galileok eta Kopernikok munduaren antropozentrismoa urratu zuten eta Genesiaren irudikapen guztia irauli. Baina gaur egungo zientziak, ordea, Apokalipsiaren beraren sustraiak ezabatu ditu eta ezinezkoa bihurtu dio gizateriari bere etorkizunaz eta beharrezko aurrerapenez erlijioari galdetu ahal izatea. Eta orain arteko erlijio guztietan diren Genesi eta Apokalipsiaren kontaketak kenduta, zein da erlijioen mezuei gelditzen zaien tartea? Zein dira munduko zortzi mila milioiko gizateriak erlijioei galdetuko, eskatuko eta aldarrikatuko dizkion erantzunak? Zein erlijio bakoitzaren ebanjelioa?

Dagoeneko ez da aski izanen elizaren egiturak moldatu edo zuzenbide kanonikoa itxuratzea. Sinesgarritasunak eskatzen du emakume eta gizonen arteko erabateko berdintasun oinarri hartzea beste aldaketa ororako. XIX. mendeaz geroztik gizateria astindu duen benetako iraultza horixe da. Komunikazioen bilakaerak, besteak beste, gizartea zeharo aldatu du, baina pertsonen berdintasun feministan oinarritzen ez den ezer ez da iraunkorra izanen. Elizak, kristautasunak eta erlijio guztiek, beren mezu erlijioso nagusia ikuspegi horretara zuzendu beharko dute, gizateriarentzat onuragarriak izatekotan. Erlijioek ez daukate jada zer esanik gizateriaren arrisku, beldur eta biziraupenaren arloetan. Genesia kolokan jarri zuten Galileok, Kopernikok eta Darwinek: eta Apokalipsia zientzia garaikideak. Hemendik aurrera, orain arte bezala, teologiaren funtsa gizateriaren etorkizuna izanen da; hantxe baitago zerua Ekizak mirestutako Teilhard de Chardin-ek iragarri zuenez.

Igaro dira bost urte Argentinatik etorri eta Vatikanoko estatu irudikatuan buru jarri zinenetik. Beste bosten bat urte edo gelditzen zaizkizu agintean. Ez daukazu denborarik Elizaren erantzukizun historikoei aurre egiteko, egindako hainbeste eta hainbeste gaiztakeria kitatzeko edo, adibidez, pilatutako aberastasunen arazoa konpontzeko. Baina izan zenezake oraindik denbora pertsona guztien erabateko berdintasun feminista aldarrikatu eta izadiarekin, zientziarekin eta gizateriarekin bakea sinatu ahal izateko.]]>
<![CDATA[Bruno, zer habil motel?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/023/001/2016-06-30/bruno_zer_habil_motel.htm Thu, 30 Jun 2016 00:00:00 +0200 Patxi Zabaleta https://www.berria.eus/paperekoa/1955/023/001/2016-06-30/bruno_zer_habil_motel.htm
Azken hiru hamarkadatan Jose Mari Eskubi edonolako jokabide politiko edo organizatibotik urrutiratua bizitu da, baina frankismoaren azken garaietan, hain zuzen ere ETA erakundearen IV, V eta VI asanbladetan lehen mailako pertsonai oso esanguratsua eta neurri batean oso eztabaidatua izan zen. Jose Mari Eskubik Bruno izengoitia erabiltzen zuen eta ohitura handia zeukan herriko norbaitekin topo egiten zuen aldiro, «Zer habil motel?» galdetzeko. Horra ba, zergatik artikulu honen izenburua.

Jose Maria Eskubiren errautsak Leitzan, bere ama zenaren jaioterrian utziak izan zitezen egindako ekitaldi xumean, bere adineko lagun batek esan zidan: «Ez dut ezagutu Jose Marik adinako erakarmen pertsonala zeukan inor».

ETA erakundea sortu aurretik edo gutxienez erakunde horretara atxiki aurretik Jose Mari Eskubik eta beste batzuk Iratxe izeneko taldea sortu zuten Nafarroan. Jose Mariri leporatzen zaion lehen ekintza, Iruñeko Los Caidos delakoaren ate nagusiaren bi aldeetako marmolezko laukietan (orain estalita) dauden Francoren eta Jose Antonioren hitzaldien kontrakoa izan zen; 1964ko abenduan. Diskurtso horiek, oker ez banago, hantxe jarraitzen dute oraindik, denbora hobeagoen zain, noski, Sanjurjoren monumentuak eraitsi gabe jarraitzen duen bezalaxe, Navas de Tolosako karrikan. Deigarria bada ere, aurtengo Sanferminetarako Iruñeko Peña baten pankartan Los Caidos monumentua eraitsia izan dadin aldarrikapena agertzen da. Baina bitartean «diskurtsoan» jarraitzen dute ezkutatuta.

Ez da idazlan honen asmoa Jose Mari Eskubik ETA erakundean garatutako bidea aztertzea, baizik bere pertsona maila eta ezaugarriren bat aipatzea. Zentzu horretan aipatuko dut behin Bera herrian, atxilotuta zeukaten karteletik ihes egin zuela, komuneko leihotik esku lotuekin salto eginda. Portugaldarrak Frantziara kontrabandoan pasatzen zireneko garaia zen eta haietako bat hil omen zuten tiroz, Jose Mari zelakoan. Hiru hamarkada edo geroago, topo egin genuen Beran, Nafarroa Oinez zela eta: «Zer habil motel?» eta gertakari triste hartaz hasi ginenean, negarrari eman zion: «Nork errepara lezake orain gizagaixo harena?».

Francoren kartzeletan hiltzera zigortutako baten semea izaki eta horrek baldintzatu bazuen ere bere hasieretan, gero sasi garai luzeek eta bere ibilera arazotsuek baldintzatutakoa zen Jose Mari Eskubi: «Beharrezkoa izanen huan gure hura, baina denetatik zeharo damutua nagok ni, baita damutzetik damutua ere», eta makurtu egiten zen irri egiteko, hain berezkoa zitzaion keinuarekin.

Jose Mari Eskubi eta bere garaikideen, lagunen (eta arerio edo etsaien) lekukotasuna beharrezkoa da garapen eta bilakaera osoan frankismoaren (batez ere kontrako) historia ulertu ahal izateko. Zein izan ziren ekintzaileenak, zein eraginkorrenak, nolakoa izan zen Frankismoaren kontrako borroka eta horrelako galderek erantzun eta azterketa asko behar dute oraindik eta erantzun horiek osoak behar dute; mutilatu gabeak alegia. Jose Mari Eskubi lekukoa zen historian badaude argiak eta badaude ilunak, baina denak dira gabezia ikaragarriak dituen demokrazia triste honen aurrekariak.

Brunok eskertuko luke gaur hemen balego gaurkoan hauteskundeez ez hitz egitea, baina gero agian berbera hasiko litzateke hauteskundeez lehenago eta aldez aurretik hitz egin beharko litzatekeela eta abar. Izan ere, Bruno, nahiz «damutzeaz ere damuturik egon» eta «munstro bat erdituz gero, munstroarenak itxaro behar», egin zuena egitera politikako asmo, xede, grina eta sen ukaezinek bultzatutakoen adibide eta froga da. ]]>
<![CDATA[Iruñeko eskailera]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/023/001/2016-06-16/irueko_eskailera.htm Thu, 16 Jun 2016 00:00:00 +0200 Patxi Zabaleta https://www.berria.eus/paperekoa/1955/023/001/2016-06-16/irueko_eskailera.htm
1979an jarri ziren Iruñean udalaren lehendabiziko zortzi haur-eskolak eta haietatik bi euskaraz. Geroztik haur-eskolak ugaritzen joan dira, baina nahiz eta euskarazko eskari handia izan, -ehunka gurasoena- udalak entzungor egin du orain arte. Orain azkenean bi haur-eskola gehiago euskaraz jartzea erabaki delarik eratu eta organizatu zen kontrako jarrera laguntza, bitarteko, oihartzun mediatiko esanguratsuekin.

Antolatu diren haur-eskolak ez dira nahikoak; eskariari erantzuteko; gehiago behar dira eta itxaro dezagun erantzun hori emateko aukerak izango direla datozen urteetan.

Baina zergatik Iruñeko eskailera? Iruñean izen hori ematen zaio Sanferminetarako bidean, urteko zazpi lehen hilabeteetako egun bana hartuz -urtarrilaren bat, otsailaren bia eta abar— kantatu ohi den lelo ezagunetik hartutako kalendarioari. Izan ere, denbora guztia jaiaren inguruan antolatu behar balitz bezala baitira kantu hori aurretik eta jaien bukaeran Gizajoa ni eta jada gutxiago falta da abestiekin bukatuz. Jakina den bezala eskaileraren kantua euskarazko eguberri-kanta bat besterik ez da, letra aldatuta, Olentzero buru handia...

Baina halere, zeren lotura dauka delako eskailerako kantuak haur-eskolen arazo eta lehiarekin? Haur-eskolak ez dira soilik euskararen sustapenari dagozkion egiturak, baizik eta bereziki hiritar duin batzuei —urte erditik hiru urterakoak badira ere- eman beharreko zerbitzua, baina euskararen etorkizuna etorkizuneko hiritar horien eskuetan egonen dela badakigu denok eta horrek aldapa gora igo beharraren irudia eta itxura du; eskailera batena alegia. Euskal gatazka Nafarroako dema da eta hori Iruñean jokatzen da bereziki...

Mundua Sanferminetan bukatzen delako esaera bada gurean eta egun hauetan Osasuna gora eta Osasuna behera eta hauteskundeen zalaparta eta inon diren beste gatazka eta arazoen eraginek estututa gabiltzalarik, ongi baino hobeki datorkigu berri onak noizbehinka badirela gogoratzea eta Euskal Herri osoko jaietaz oroitzea, bizipozari tokia egiteko besterik ez bada ere.

Iruñeko eskailera delakoaren letra konposatu zuena Ignazio Baleztena Azkarate izan zen, (a) Tiburtzio de Okabio, (a) Premin de Iruña eta bigarren pseudonimo horrekin Iruñean kalea daukana, alajaina.

Liburu bat idatzi zuen, Navarrerías, baina milaka artikulu eta lan motz eta askotan erabili ohi zuen esaldia da, «aurkikuntzaren bat egiten duzunean, argitara ezazu akats nimiño batekin, kopiatuko dizutenen arrastoa jarraitu ahal izateko».]]>
<![CDATA[Tortura, ustelkeria eta krimenak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/022/001/2016-06-02/tortura_ustelkeria_eta_krimenak.htm Thu, 02 Jun 2016 00:00:00 +0200 Patxi Zabaleta https://www.berria.eus/paperekoa/1955/022/001/2016-06-02/tortura_ustelkeria_eta_krimenak.htm
Gogoratzekoa da orain aste pare bat edo Nafarroan Espainiako Gobernuak duen ordezkariak tortura hitza soilik jartzen duen pintaketa baten aurka egindako ahaleginak prentsan agertu zirela, eta horregatik salatu egin zituela herritar batzuk. Baina orain zortzigarrenez Espainia zirgotua gertatu delarik, ezer ez. Nazioarteko amnistiaren aldeko erakundeak egindako salaketei eta emandako gomendio eta aholkuei ere ez bakarrik ez zaie men egin, baizik eta ez dira aintzat hartuak izan.

Tortura eta beste gizateriaren aurkako krimenek dauzkaten ezaugarri nagusiak dira agintaritzaren bitartez eginak izaten direla eta ez direla preskribitzen. Izaera horrexegatik agintariek ardura eta arreta berezia eduki beharko lukete argituak gerta daitezen eta ez inolako aitzakiarik bota denbora igaro izanari.

Azkenaldian, batik bat duela bi urtez geroztik edo, terrorismoko delituak gizateriaren aurkako krimenen barruan sartu eta nahasi nahian saiatu dira. Ahalegin honetan aitzindari estatuaren lan zikina egiten duten eskuin muturreko taldeak dabiltza, biktimen aldeko mozorroarekin, baina PP alderdiko ordezkari batzuek ere jarraitu diote. Zorionez Erromako 2002-07-01eko Gizateriaren Krimenen aurkako Kortea sortu zenetik, asko argitu dira arlo honetako gorabeherak. Terrorismo ekintza eta beren ondorioei larritasunik kendu gabe, aitortu behar da ez direla gizateriaren aurkako krimenen artean sartzen eta dauzkaten izaera ezberdintasunak funtsezkoak direla eta ondorioak esentziazkoak.

Ondorioen artean nagusia preskripzioari dagokiona da. Frankismoko krimenak, eta zehazki fusilamentuak, gizateriaren aurkako krimenak dira nazioarteko zuzenbideko definizioen arabera, eta ondorioz ez dute preskribatzen. Ez da zuzena hainbestetan eta hainbestetan entzun izan dugun esaldi hain bortitza, zera alegia, horiek aspaldiko kontuak dira, horiek iraganeko kontuak dira eta abar. Ezin da ahaztu Euskal Herri osoan, eta bereziki Nafarroan Frankismoak utzitako ondorioak ez direla gainditu eta oraindik eragina daukatela; eragin ekonomikoa, soziala, kulturala eta batez ere politikoa. Beharrezkoa izan da beti, eta beharrezkoa izaten jarraitzen du «altxamendua» deitutako gizateriaren aurkako krimena izan zen hartan protagonismo zuzena eduki zuten erakunde, enpresa eta instituzio batzuek aitorpena eta autokritika egitea; zehazki Garcilasok zuzentzen zuen egunkariak enpresa bezala, edo Holaetxeak gidatzen zuen elizak, instituzio bezala.

Torturatik hasi eta gizateriaren aurkako krimenetara igaro, baina ustelkeria aipatu gabe ezin bukatu. Espainiako estatua ustelkeriaren oldeak estali eta gainezka dago. Komunikabideetan dena estaltzen dute eta gainezka jarri. Kezkagarriena, ordea, da jendearen eta jendartearen asperra edo axola ttipia. Gezurra dirudi nazka eta amorru gehiago ez agertzea, batik bat etengabe bizi garen hauteskunde kanpaina hauetan. Politikarioi edo politikan ari direnei interesatzen zaie inori baino gehiago ustelkeriaren lohia, herdoila, kutsua eta pozoia ezabatzea. Agian ustelkeriari nazka soziala sortzea helburu duen elkartea sortu beharko litzateke. Nazka, amorrua eta barkamenik eza ustelkeriari.

Baina nola aitortuko dute horrelakorik, torturaz zigortuak gertatu ondoren aztoratzen, urduritzen edo mugitzen ez direnek.]]>
<![CDATA[Nafarroa Bai gogoan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/020/001/2016-05-19/nafarroa_bai_gogoan.htm Thu, 19 May 2016 00:00:00 +0200 Patxi Zabaleta https://www.berria.eus/paperekoa/1955/020/001/2016-05-19/nafarroa_bai_gogoan.htm
Euskal Herria Bilduk 34.856 boz jaso zituen, eta Geroa Baik, 30.554; beraz, Nafarroan 65.410 boz abertzale ordezkaritzarik gabe geratu ziren. Bien bitartean PSNk ordezkaritza lortu zuen 54.700 boz eskuratuta, eta Podemosek, berriz, diputatu bakoitza 40.482 botorekin atera zuen.

Nafarroako abertzalegoak, Nafarroa Bai sortu arte, soilik behin lortu zuen ordezkaritza hauteskunde orokorretan, Herri Batasunaren eskutik eta, beraz, bestelako aurrerapausoak eman ahal izateko ezinbestekoa zen abertzaleoi berez zailagoak zaizkigun hauteskunde hauetan ere giharra erakustea. Horixe izan zen Nafarroa Bai-ren sorreran helburu nagusia, hain zuzen ere; zera, alegia, Nafarroako abertzalegoak ordezkatzen duen gizarte zatiari irudia ematea.

Nafarroa Bai sortu genuenok beti lehenetsitako oinarri ideologiko bat zehartasuna edo transbertsalitatea da. Zehartasunak, ordea, esan nahi du norbera izatez utzi gabe bestelakoekin elkarlana eta elkarbizitza garatzeko prestasuna. Esaldi bitxiak dion bezala, ordea, norbera izateko lehenik nor izan behar da. Nafarroan inork ez digu abertzaleoi transbertsalitatean irabazten, baina norbera izateaz lotsatzen denak nor izatez uzten du.

Zoritxarrez entzun berri dugu, Koldo Martinezen hitzetan, Nafarroan abertzale guztiak elkar hartuta joateak frontearen itxura emango lukeela, ondoren frontearen itxura hori txarretsiz. Adierazpen hori Nafarroa Bairen jatorrizko ideia nagusiaren kontra doa. Gainera politikoki antzua da eta nafar aurrerakoi, ezkerreko eta zehartasunaren aldekoentzat kaltegarria.

Bestalde, Nafarroako Gobernuari eusten dioten lau indar politikoak hauteskunde orokorretan elkarturik joateko proposamena politikako arau tinkoen aurkakoa da; ezinezko eta alferrikako proposamen antzua; besteak beste, Podemos eta IUren sukaldeak, sukaldariak eta onura elektoralak Madrilen elikatzen direlako. Senaturako zerrenda bateratuak egiteak, berriz, lehengo aurrekariak dauzka eta ez dirudi ezinezkoa, nahiz eta balio eta eragin mugatua daukan. Hurrengoan malguago eta azkarrago jokatu beharko dute Araizek eta alboko eledunek.

Hautagaiak aukeratzeko tenorean ager zitezkeen arazoak eta gainditzeko bide demokratiko bezain aurrerakoia bat besterik ez da bizi garen garai hauetan, zera: aukera edo primaria irekiak egitea alegia. Badakigu Sabin Etxeko hegemonia ametsari ezinezkoa zaiola oraindik abertzalegoan eskuina eta ezkerra eta aniztasuna badaudela dion baieztapenetik abiatzea, baina denbora kontua da.

Biharamunean, edo hobeki esateko ekainaren 26ko arrats edo ilunabar luze-luzean agian norbaiti aipatutako oroitzapena gogoratuko zaio; NaBai alegia.

Eta Madrilera zertarako oraindik galdetzen duten adiskideei, berriz, zer esan, lana, hitza eta bizimodua gogoratzea baizik, baina baita agur esateko besterik ez balitz ere, joan, egon eta lan egin beharko litzateke. Bakea, elkartasuna eta ingurumena; lana, zerbitzu publikoak, kultura, barne eta irakaskuntza euskaraz aldarrikatu beharrekoak dira. Madrilera zergatik? Eta nora ez Euskal Herriarengatik!]]>