<![CDATA[Peru Magdalena | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Wed, 06 Jul 2022 12:32:39 +0200 hourly 1 <![CDATA[Peru Magdalena | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Ero horiek]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2040/035/003/2021-07-27/ero_horiek.htm Tue, 27 Jul 2021 00:00:00 +0200 Peru Magdalena https://www.berria.eus/paperekoa/2040/035/003/2021-07-27/ero_horiek.htm
Erokeria bat denez eromen ukiturik gabe bizitzea, argiz pizten gaituzten zoro zoragarriak nahi nituzke omendu.

Ero horiek. Norbere komenentziaren probetxuz jokatzen ez dutenak. Kalkulu barik maitatzen dutenak. Errima eder baten bila orduak igaro ditzaketenak. Ume bati, txakur bati ala presidente bati berdin hitz egiten diotenak. Dentistari bere lana, diruz beharrean, eskulturekin ordaintzen diotenak. Agerizko arrazoi beharrik barik ahoan irribarre bat sarritan loratzen zaienak, Maxeren moduan. Lagunartean kantuan hasten direnak. Zeure mina beraiena lez sentitzen dutenak. Hiztun gutxiko hizkuntzak ikasten dituztenak. Zaindu egiten dutenak, ingurukoak, natura, edozer. Bere itxura zaintzen ez dutenak. Eguerdira arte lo egitea gustatzen zaienak. Egunez lorik egin gabe egiten zaienak. Hanka sartzen dutenak, konpontzeko beste hanka sartzen dutenak, eta azkenean zuloaren bestaldetik ateratzen direnak. Poetak. Sukaldean nahasketa arraro eta leherkariak egiten dituztenak. Entonatzen jakin gabe kantatzen dutenak. Beste inori gogo hutsagatik laguntzen diotenak, eta gehienbat lagundu izana erakusteko beharrik ez dutenak. Liburu artean denbora alferrik irabazten ibiltzen direnak. Beraiekin sekula aspertzen ez garen zoro horiek. Urmuga mendebaldetik ekialdera oinez egiteko ideia izan zuena. Biolontxeloak eta pianoak mendi puntetara eramaten dituztenak. Ur tanta bi isurialdeetara nola, musika gure bi belarrietara banatzen diguten musikariei. Tximeletei. Zuri. Eskerrik asko.]]>
<![CDATA[Hegal egiten]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2040/041/003/2021-07-25/hegal_egiten.htm Sun, 25 Jul 2021 00:00:00 +0200 Peru Magdalena https://www.berria.eus/paperekoa/2040/041/003/2021-07-25/hegal_egiten.htm
Bi mendi hegaletan gora bizi garenok batzen gaitu mendi ertzak. Ur beherak edaten ditugu, ur berdinak igarotzen gaitu. Goian batzen dira bi isurialdetakoon begiradak, bisagra batean bezala, eta tximeleta bihurturik egiten dute hegan, garen herria aireratuz.

Aireratze pista bat baita mendia. Mendian ibili, gero eta arinago ibili, abiaduraz eta pisuz gero eta arinago, atzean eta behean utzi ardurak, iraganak erantzi, ilunguneak izerditu. Garen haria biluztu eta hari hori naturarekin josi. Gogoak hegan egin dezan abiada hartu. Eta gogoak hegan egiten du. Lotzen da, han goian, ideia berriekin, ametsetako irudiekin, inkontzientearekin, badakigunik ere ez genekienarekin.

«Mendia intimitatea da» esaten dut Felipe Uriartek. Ezin dut gehiago azpimarratu, sinatu, neure egin esaldi hau. Zertara noa ba mendira neurekin egotera ez bada, funtsean natura den neure barruarekin egotera?

bide eginez
ibiliari
ematen natzaio pozik
bi oinak ditut jantzita eta gogoa daukat ortozik

Hala idatzi zuen Mikaela Arriagak, hemeretzigarren mendeko Anbotopeko biztanle batek. Ez da apenas bere izkriburik iritsi gaur egunera, baina sentsibilitate handiko emakume naturzalea omen zen. Urkiolan gora egin omen zuen oinez bere azken egunean, eta ez omen zen gehiago itzuli. Basoan ortozik desagertzen irudikatzea gustatzen zait.]]>
<![CDATA[Hego-hegala]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2040/043/003/2021-07-24/hego_hegala.htm Sat, 24 Jul 2021 00:00:00 +0200 Peru Magdalena https://www.berria.eus/paperekoa/2040/043/003/2021-07-24/hego_hegala.htm
Tanta bi erori ziren lainoetatik behera, beste milaka tantekin batera. Mendi punta ukitzear zeudela haize ufada batek tanta bat iparraldeko isurialdera bultzatu zuen. Gure gaurko tantak, ordea, hegoaldeko aldapatik egin zuen behera.

Behera egin zuen, haitz leun batean zehar. Likenen ondotik igaro, belar txikietan labain egin eta lurrean barrena iragazi zen. Zizareak, hutsuneak, mineralak, oihartzunak haizpeko galerietan zehar. Isilunea, argi puntu bat, argi gehiago, eta harlauza artetik atera zen bailara eguzkitsu eta zabal batera.

Errekasto txikia beste handiago batekin elkartu eta lursail horixken artetik egin zuen behera, lasai eta lodi. Eguzki loreak ikusi zituen. Berde argitik horira igarotzen ziren landak. Azal beltzarana zuen amona bat orburuak batzen. Zainzuriak al ziren ondoko horiek? Haizea. Eta bat-batean beste ibai zabalago batekin batu. Ur geldoak, lodiak, emari handikoak. Eta zeru zabalean iluntze infinitu bat, inongo mendilerro edo lainorik gabeko laranja erdia. Eta gauez izarrak, denak. Antzinako zubi erraldoiak eta katedralak. Eta bailara luze eta zabal eta horiak. Urtegiak, presak, giza eraikuntzak. Jausi eta segi. Harik eta haize ezberdin bat heldu arte; ibaia zabaldu, hedatu eta sakabanatu arte, oroitzapenak denboran bezala.

Arroz-soroak, txori migratzaileak, ura gazi. Eta itsasoa, izena lur artetik hartzen duen itsaso zaharra, eta hartan barrena gure tanta. Kaioak eta haizea. Arrain txikiak, koloretsuak, zapalak, luzengak. Eguzki erraldoia. Odisea baten neurriko korronteak. Izurdeak. Espezia usainak, berriz ere kaioak. Eta irla zuri-zuri bat. Ur gardenek harri zapal batean uzten dute gure tanta laguna, eguzkitan. Badirudi irla gainean laino bat sortzen ari dela.]]>
<![CDATA[Ipar-hegala]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2040/044/003/2021-07-23/ipar_hegala.htm Fri, 23 Jul 2021 00:00:00 +0200 Peru Magdalena https://www.berria.eus/paperekoa/2040/044/003/2021-07-23/ipar_hegala.htm
Lainoetatik askatu eta zeruan behera datoz tanta bi, dantzari, beste milaka tanten artean. Haizearen menera kulunkatzen da beraien erorialdia, arin, arduragabe, lurreratzerakoan biziko duten bidaiaren ezjakin.

Mendi punta ukitzear daudelarik haize ufada batek kolpatu eta iparraldera bultzatuko du tantetako bat, lagunarengandik banatuz. Mendiaren ipar aldapa hortan hasiko du bere bidaia geure gaurko tanta lagunak, hegoaldera eroritako beste tantarekiko guztiz ezberdina izango dena. Haitz leun batean zehar labainduko da. Liken artean igaro, belar txikiak besarkatu eta lurrean barrena filtratuko da. Zizareak, hutsuneak, mineralak, oihartzunak haizpeko galerietan zehar. Harri artetik aterako da beherago, behelainopean dagoen bailara berde eta umel batera.

Errekasto gardenak baserri handi baten ondotik pasaraziko du, piper txikiak eta azelgak baratzean, azal zuridun amona bat lanean. Bat-batean, abiada gelditu eta harri leunak eta zapaburuak putzu batean. Eta ume batzuk zapaburuak harrapatu nahian. Baina eta berriz ere abiada, sagarrondo artetik igarotzeko, han behean tolareak. Antzinako pagadi batean zehar urmugalariak, lehengo kontrabandisten bideetatik oinez. Ur-jauzi bat. Bihurguneak, etxe gehiago, industria poligonoak. Ibai zabal baten ur-uherra zubi azpietatik igarotzen. Behinola itsasontziak itsasoratzeko erabili zen moila desegina. Herri bat, autoak, arrantza itsasontzi handien mastak, ur gazia.

Itsasoa. Olatuak. Arrain mota ezberdinak saldoka. Korronte batek barrurantz egiten dio bultz gure tanta lagunari. Sakontasun iluna azpian. Gorputz erraldoi batek gorantza darama. Bale baten azalean aterako da urazalera. Han, urrutian, mendi berde batzuetan euria ari du.]]>
<![CDATA[Tximeleta bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2040/045/003/2021-07-22/tximeleta_bat.htm Thu, 22 Jul 2021 00:00:00 +0200 Peru Magdalena https://www.berria.eus/paperekoa/2040/045/003/2021-07-22/tximeleta_bat.htm
Euri-tanta huts bat erortzen da mendilerro puntan. Milimetroen arabera erabakiko da hego-isurialdera ala ipar-isurialdera bideratuko den. Geure bizitza bideratzen duten erabakiak bezala. Milimetro bat, segundo bi, beste pertsona bat. Beste pertsona bat, eta erabat ezberdin garatuko da geure bizitza.

Urmuga tximeleta bat da. Pla-pla egiten dute bi hegalek gorputzaren bandan. Iraganaren eta geroaren hegalek orainaren bisagran pla-pla egiten duten moduan. Neure izatea ere bi isurialdeek egiten dute. Iparraldekoak ditut amaren aldeko sustraiak. Hegoaldekoak aitaren aldekoak. Eta bien konbinaketak osotzen nauen moduan sinesten dut herri hau ere antzera samar osotzen dela, sustraiak motxilan eramanda, ibilian, bere bila dabilen borobilaren eran.

Mendi gailur baten azpian bizi garenok gora begiratzen dugu. Gure begirada hegalean gora doa, eta goian batzen da beste hegaletik ere gora begiratzen duten begiradekin. Bi begirada, mendi puntan elkartzen. Bi isurialde, mendiaren magal berean babesten. Estatuek ezarritako beste mugatik aparte, burokraziak ala poliziak ez dezakeen modu batean batzen gaitu urmugak.

Hamaika ero ari dira egunotan gure lurrak mendebaldetik ekialdera zeharkatzen. Egunez egun eta pausoz pauso, gelditu gabe, tximeletak hegalak astintzen dituen edertasun iheskorrez. Gora begiratzen dut. Harrizko herri honek tximeleta gehiago behar ditu.]]>