<![CDATA[Pilar Kaltzada | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Fri, 02 Jun 2023 23:24:09 +0200 hourly 1 <![CDATA[Pilar Kaltzada | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Hautua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2023-06-01/hautua.htm Thu, 01 Jun 2023 00:00:00 +0200 Pilar Kaltzada https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2023-06-01/hautua.htm
Euskal Autonomia Erkidegoan udal eta foru hauteskundeak egin berri ditugu, eta Nafarroan udaletarakoak eta gobernurakoak. Honezkero jakina da zer gertatu den, hortik aurrerakoak oraindik ikuskizun badira ere. Zenbakien mozkorraldia bizkor gainditu beharko dugu, laster berriro itzuli beharko dugu hautets-eskoletara, uda betean. Tartean bestelako ezustekorik ez bada, hurrengo urteko udaberriaren bueltan hirugarren deialdi bat izango da, kasu horretan Eusko Legebiltzarreko eserlekuak banatzeko, eta, itxuraz, bikoitza izango da, Europara bidaliko ditugun ordezkariak aukeratzeko ere hitzordua jarrita baitago 2024. urtean. Urte bateko aldean, lau aldiz (gaur-gaurkoz dakigunaren arabera, behinik behin) izango dugu, bada, Diogenesen antzera, hautua egiteko aukera: konfiantzaren gorpuzkiak zakur-bazka gisa barreiatu edo etorkizun posibleen alde egin.

Gure gizartea plurala dela lehendik genekien, hauteskundetako botoak zenbatu beharrik ez baitago horretarako, baina agian azkenaldian bizi ditugun garai politiko bizkor eta histrionikoak ulertzeko gakoa izan daiteke, hain justu ere, boterearen mekanismoak eta horien jagoleak ez direla oraindik behar bezain pluralak.

Iragan berri ditugun hauteskundeen ondorioz, alderdiei kamiseta izerditzea dagokie, guztiak geratu dira elkarren mugimenduen mende. Halakoxea da, bada, herri hau: askok uste zuten baino anitzagoa, beste askok nahiko luketenaren aldean anitzegia.

Alde batekoek nahiz bestekoek, baina, bat egin behar dute, ezinbestean, punturen baten: akordioak ezinbestekoak dira, zailtasunak zailtasun, ez baitago alternatibarik. Ez diot hau etsipenez, beste aukeraren bat balego eroso edo zoriontsuagoa nintzatekeela iradokiz edo. Aitzitik, akordioetara iritsi beharra (derrigortuta bada ere) espazio publikoa kudeatzeko modurik osasungarriena dela uste dut. Desadostasunak kontserbadoreak eta paralizatzaileak dira, eraldaketarako aukerak erabat zokoratu egiten dituztelako. Zenbat eta urrutiago kokatu joko-zelaiaren ertzetan, orduan eta zailagoa izango da ezinbestekoak zaizkigun sakoneko aldaketetan aurrera egitea. Mapa politikoa errealitatearen isla da, eta errealitatean kapaz gara marra gorririk gabeko ibilbideetan elkarrekin aurrera egiteko, desberdintasunak desberdintasun, leku hobe batera iritsi beharra dagoela adosten badugu. Gure eguneroko bizitza baldintzatzen duten krisi partikularretatik haratago, krisi estrukturalen gainean eraiki dugun mundua da gurea. Erantzun partzialek ez dute hondoko itsasoa ukitu ere egiten, eta, berandu baino lehen, azalera aterako dira. Ez dugu erakunde sendorik behar soilik gaurko gure bizitza gobernatzeko, zer bizitza mota izan nahi dugun elkarrekin erabakitzeko baizik.

Abstentzioaren datuak ikusirik, herritarren konfiantza ere azken hatsa ematekotan ez ote dagoen galdetzea zilegi zaigu. Hautua egin dezagun, egin dezaten, etorkizunaren alde, zakur-bazka nahikoa eta sobera bada-eta, inguruan.]]>
<![CDATA[Desio duguna gara]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/024/001/2023-05-18/desio_duguna_gara.htm Thu, 18 May 2023 00:00:00 +0200 Pilar Kaltzada https://www.berria.eus/paperekoa/1891/024/001/2023-05-18/desio_duguna_gara.htm Kantu bat gara entzuten da etxean, kantatzen duguna garela gogoratzeko. Halako baten Jose Antonio Marina pentsalariaren Desio amaiezinak liburura iritsi naiz, eta bertan irakurri dut deseatzen duguna garela, mugiarazten gaituzten desioek azaltzen dutela nor garen, non gauden eta nola iritsi garen hona. Giza historia garaian garaiko itxaropenak eta beldurrak ulertuta konprenitu daitekeela dio Marinak, eta berak barne-bulkada horiek pentsamendu filosofiko eta antropologikoaren galbahetik pasatzea proposatzen du, psikohistoria egiteko.

Emanuele Felice ekonomialariak, bere aldetik, Historia benetan aldarazten duena garai bakoitzean herritarrok zoriontasunaz dugun ikuspegia dela dio, eta argi horretatik begiratuta, ulergaitz zaiguna errazago ageri omen da.

Eustatek maiatzean kaleratu dituen jaiotzen eboluzioari buruzko datuek ez dute inor harritu, zaharra baita kopuru berriek erakusten duten argazkia. Joera argia da: gero eta ume gutxiago jaiotzen da gurean, eta lehen umea izateko adina atzeratuz doaz biologikoki ama izateko sasoian dauden emakumeak. Berritasunik ez da izan datuen analisian, eta beste behin ere —oraingoan udaberriarekin—, negualdi demografikoaren alarma gorriak piztu dira.

Arrazoizko ongizate-maila lortu duten gizarte guztietan jaiotza-tasa baxuen joera hori geldiezina dela baieztatzen dute datuek. Baina besterik ere erakusten digute, besteak beste, azaleraren azpian gauzak zeharo aldatu egin direla jadanik, zorionez.

Umeak izan ala ez erabaki ahal izateko gaitasuna ez da debalde izan gure munduan, eta prezio altua ordaindu behar izan zuten gure aurrekoek, bai ama izatearen patuak hazitako emakumeek eta baita patu horren kontra altxatu zirenek ere. Memoria laburrekoak gara, antza. Edonola ere, askapen-prozesu hori luzea eta malkartsua izan dela diogunean, ezkutatu egiten dugu burutu gabe dagoela oraindik. Munduko toki askotan amatasuna ez da aukera bat eta, antza, gurean ere askok begi onez ikusiko lukete halaxe izatea, krisi demografikoaren ingurumarian hatz akusatzaileaz idazten diren mezuek iradoki dutenez.

Ilargia seinalatzen duen behatzari begiratzen diogu, ikuspegi osoak zorabiatu egiten gaituelako. Umerik gabeko herriei buruzkoa izua eragiten duen pelikula dela uste dugu, baina funtsean gure seme-alabak biziko diren munduari buruzko luzemetraiaren trailerra baino ez da, izatekotan. Hobe genuke kontakizun osoari erreparatzea, sakoneko joera horiek nola edo hala bideratzeko modua aurkitu ezean, etxean metro koadro gehiago utziko dizkiegulako oinordetzan, baina baita makina bat arazo ere.

Gaur egun alderik alde zeharkatzen gaituzten krisi ia guztietan bere garaian modernitatearen argitan eskuratu ziren konkisten B alderdia ikusten ari gara. Ongizatearen eskutik krisi klimatikora heldu ginen, iritzi-askatasunak gorroto-diskurtsoak bidezko egin zituen, oparotasunak gaitz berriak sortu dizkigu eta neurririk gabeko kontsumoak planeta erabat idortu du. Askatasuna alde bakarreko txanpona dela uste genuen, baina denborarekin borrokan lortutako eskubideen albo-ondorioak ez genituen aurreikusi, edo ez ditugu onartu nahi.

Oscar Wilderen ahotan jarri ohi da herri-jakintzak lehendik emana zuena: «Kontuz desio duzunarekin, deskuiduan bete daiteke eta».]]>
<![CDATA[Informazioa eta geu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2023-05-04/informazioa_eta_geu.htm Thu, 04 May 2023 00:00:00 +0200 Pilar Kaltzada https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2023-05-04/informazioa_eta_geu.htm
Duela aste pare bat Reuters-en Kazetaritza Ikertzeko Institutuak Informazio Digitalaren urteroko txostena kaleratu zuen, eta, datu jakingarri askoren artean, hauxe nabarmena: gero eta jende gehiago ari da albiste garrantzitsuak kontzienteki saihesten, eta 35 urtetik beherakoen artean bereziki nabarmena da joera hori, albisteek aldartea gaiztotu egiten dietela argudiatuta. Pandemiari buruz jaso genuen informazioaren gainkarga jarri du txostenak gerora bizkortzen joan den joeraren hasieran.

Ez dugu gertatzen dena jakin nahi, pisu egiten zaigulako, batetik, eta ez garelako gehiegi fio esaten zaigunaz, bestetik. Izan ere, albiste-ekoizleekiko konfiantza ere gutxitzen ari dela nabarmendu du ikerketak. Galdetutakoen erdiak baino gutxiago dira komunikabideetatik jasotzen duten informazioa sinesgarritzat hartzen dutenak, eta, beraz, askoz gehiago dira albisteen intentzioaz fidatzen ez direnak, botere politiko eta ekonomikoekiko lerrokatuegi daudelako. Komunikabideak demokraziaren laugarren boterea direla ikasi genuen, baina galdeketaren emaitzei erreparatuta, aurreko hiru botereekiko morroi ikusten ditugu gaur. Gazteen artean plataformak gailendu zaizkie jadanik komunikabideei informazioa kontsumitzeko orduan.

Munduaz dakiguna, asko ala gutxi izanda ere, jasotzen dugun informazioaren bitartez eskuratzen zaigu. Ezinezkoa da ebidentzia soilaz baliatzea zer gertatzen den jakiteko, are gutxiago, ulertzeko. Informaziorik gabe, ezin izango genioke eguneroko bizitzari neurria hartu, gainezka egingo liguke. Informatuta egotea ez da soilik dagokigun eskubide bat, hori ere badela ahaztu gabe, noski. Informazioa ezinbestekoa da gero eta konplexuagoa den testuinguru baten bizirik irauteko, iritzi propioa izateko eta iritzi kolektiboak eraikitzeko. Informazioak komunitateei eta gobernatzeko moduari buruzko erabakiak hartzeko gure gaitasuna elikatu egiten du, eta, beraz, informazio fidagarria eskuratzea gizarte demokratiko osasuntsu baten muinean dago.

Ardura pertsonala da, eta erantzukizuna kolektiboa. Zer egin, bada, gero eta jende gehiagok informatuta egoteari utzi nahi dionean? Milioiko galdera. Errua sendi ugariko semea izaten da beti, eta, beraz, ezin da soilik komunikabideak bazter utzi dituztenen gainean utzi. Urteak daramatzagu erreferentziazko kazetaritza higatzen, klik bizkorra lehenesten, irakurleei kalitatea eskaini ordez erabiltzaile aseezinak alferrik asetzeko moduak bilatzen, horretarako albisteak eta errealitatea sinplifikatu behar baditugu ere, kontsumo erraz eta bizkorraren bidez. Guk geuk elikatu ditugu joera horiek, orain hezurretan dauden komunikabideen gaitasunak gutxituta.

Gure aldartea goibeltzen duten albisteen atzean zer dagoen jakiteari uko egiten diogun bakoitzean, errealitate horrekiko dugun ardurari ere bizkar ematen diogu. Eztabaida horren mahaian denok eseri behar dugu; ahal dela, albistegia ikusi eta gero.]]>
<![CDATA[Badaezpada]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/023/001/2023-04-20/badaezpada.htm Thu, 20 Apr 2023 00:00:00 +0200 Pilar Kaltzada https://www.berria.eus/paperekoa/1891/023/001/2023-04-20/badaezpada.htm badaezpada zen, gerokoak dakarrenaren ziurtasunik ez denean, zer gertatuko ere, aldez aurretik kontuak ateratzen direla adierazten duen aditzondoa.

Diktaduraren ondoko urte latzetan bizi izan zen amona, eta agian horregatik, nahitaez ikasiko zuen lerro artean hitz egitearen artea, baita xuxurlatzearena ere, sekula hitz zehatzak ez ahoskatzea garrantzizkoa, hil ala bizikoa, izan zitekeelako. Hitzak, nahita edo ohartu gabe, aukeratu egiten ditugu, eta denboraren poderioz hautaketa horrek bilakatuko garen pertsona-moldea ematen digu, testuingurura egokitzeko prozesuaren baitan. Laborantza-lur mota bakoitzak produktu batzuk baino ez ditu ematen, zapore bereizgarria txertatuz, gainera, eta berdin-berdin, gure esperientziek hazpegi propioa ematen digute. «Badaezpada» horrek ez zuen ezertxo ere esaten, baina den-dena islatzen zuen aldi berean.

Aurrekoan bere zutabe mamitsuan Onintza Enbeitak zioen lehortearen aurrean gutxi eta gaizki prestatu dugula geure burua, eta orain ikusten ari garela berandu gabiltzala erronkari eusteko. Orain dela gutxi arte soilik beste leku batzuetan gertatzen ziren fenomenoen aurrean gu ukiezinak ginelakoan edo, ez gara arduratu ur-kontsumo zentzuzkoa zertan den ulertzen eta horretara egokitzen, eta orain, nonahi ageri diren argi gorriekin zer egin asmatu ezinda gabiltza. Gure baserrietan beste lurralde batzuetako laborantzak sartzen ari dira, klimaren patroia aldatzen ari baita hezetik lehorrera. Azokan frutak eta barazkiak luxuzko produktu bilakatu dira, eta azken datuen arabera, joan den urteko martxoarekin alderatuta, lekaleen eta barazki freskoen prezioa %28 igo da, ia %6 hilabete bateko aldean. Eguraldia berez aldatu egiten da, baina geu ari gara klima eraldatzen, eta alde handia dago batetik bestera. Hobe genuke geuk ere geroak zer dakarren batere ziurtasunik ez dugula ohartzea, zantzuak aski argiak baitira.

Oxfordeko Unibertsitatean, Gizateriaren Etorkizunaren Institutua izenekoa dago, zeinean urteak daramatzaten ikertzen zein den gizakiak espezie gisa bizirauteko duen arriskurik handiena. Diziplinarteko zientzialari-talde bat da, Nick Bostrom filosofoa buru duena, eta arrisku existentzialen zerrendak argitaratzen dituzte. Eskala kontua da: gaur egun zeharo kezkagarria zaiguna planetaren biziraupenaren mailan kokatzen badugu, apika, ez da horren larria izango, eta, aldi berean, egunean egunekoari begira ari garen bitartean, entzungor egiten ari gatzaizkio horren begien bistakoak ez diren beste alarma gorri batzuen zaratotsari. Pandemiak edo gerrak, arriskutsuak izanik ere, mendean hartzeko modukoak direla diote ikerlari hauek, berritasunak berritasun, aspaldidanik ezagutzen ditugu eta. Arrisku tradizional horiek institutuaren zerrendetan behera kokatzen dira orain, eta klima-aldaketa eta kontrolik gabeko teknologia-aurrerabideak gailendu dira nabarmen.

Bidegurutzean gaudela ohartarazten digute: haurren mailan erantzukizun moralari dagokionez, baina helduen gaitasun teknologikoarekin. Izan ere, historian lehen aldiz gu geu gara munduarentzat arriskurik handiena, egitez edo ez-egitez.

Badaezpadarik gabeko kontsumitzaileak gara, esne-mamitan hazi gara eta, jainko-jainkosek aukeratutako ume kapritxosoen gisan, den-dena beti eskura izango dugula pentsatu izan dugu. Amonak behin eta berriro zioen moduan, badaezpada gehiago hitz egin beharko genuke benetan garrantzitsuak diren gaiei buruz; izan ere, geroak guretzat dakartzan galderak ulertzen asmatzen ez badugu, emaitza, literalki, katastrofikoa izan daiteke. Jokoan dagoena ez da txantxetakoa: oker bagaude, gizateriaren azken mendea izan daiteke.]]>
<![CDATA[Erre aurretik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/016/001/2023-04-06/erre_aurretik.htm Thu, 06 Apr 2023 00:00:00 +0200 Pilar Kaltzada https://www.berria.eus/paperekoa/1891/016/001/2023-04-06/erre_aurretik.htm
Teknologiak eskura jartzen dizkigun aukera guztiak ez dira zertan bere horretan onargarri edo positibotzat hartu behar, ezta alderantziz ere. Noiz eta zertarako baliatu, zein testuingurutan eta nork galarazi eztabaidatzea nahitaezkoa da eskuetatik ihes egingo ez badigu. Hortik dator, bada aurrerapen bizkor hori behin-behinekoz eteteko eskaera, itzulerarik izango ez duen puntura iritsi baino lehen.

Adimen artifizialaren munduan, Singularity edo Berezitasuna deitzen zaio, hain zuzen ere, puntu horri, gutunak hitzez hitz aipatu ez, baina aditzera ematen duen balizko horizonte ezezagun horri. Adimen Artifizialak erdietsi dezakeen garapen-mailarik altuena da, hots, gizakion kontroletik haratago garatu eta gizartea azkar mendean hartuko lukeena. Nola jakin noiz egon gaitezkeen maila horretan? Hainbat ikerlarik itzulpen-gaitasuna proposatzen dute irizpide gisa, eta, beraz, Adimen Artifiziala gizaki batengandik espero litekeen xehetasun eta zehaztasun berberaz diskurtso bat itzultzeko gai den momentuan, Berezitasunaren ertz-ertzean geundeke. Itxura guztien arabera, ez gaude batere urruti.

Neure buruarekin proba egin nuen aurreko baten, GPT4 delakoari galdetuta zer dakien niri buruz. Kontakizun aski ongi josia, han-hemenka argitaratuta dauden egiaren zatiak bere erara nahastuta bueltatu zizkidan, nire bizitzaren alegiazko kontakizun distopikoa sortuz. Bilaketa sinple baten bidez jakin nuen, adibidez, 2018ko uztailaren 16an hil nintzela Donostian, gaixotasun luze baten ondorioz. Nire lasaitasunerako (edo), euskaraz galdetu nionean ez zuen nire heriotza aipatu.

Bilaketa horrek harritu egin ninduen, jakina, baina kaltegabea zen. Beste erabilera batzuk, ordea, oso bestelakoak izan daitezke. Edo ez. Ez dugu zertan aurresan laster makina super adimendunak izango ditugunik, dena kontrolatu eta gure espeziea suntsituko dutenak, baina zenbaiten ondorio kezkagarriak oso agerian geratu dira jadanik. Giza adimena anplifikatzeak gaur-gaurkoz irtenbiderik ez duten arazoak konpontzeko bidea zabal dezake, eta baita konponbiderik izango ez duten arazo berriak sortu ere.

Lehen aldiz sua piztea lortu zuen hominidoaren berri zehatzik ez dugu. Hipotesi hutsa da, beraz, zer jazo zen une horretan, baina ez nintzateke batere harrituko ikertzaileek paper bat argitaratuko balute, ebidentzia zientifikoak eskainiz baieztatzeko zibilizazioa aldatu zen une horretan hominido gaixoa erre egin zela. Edo larriagoa izan zitekeena, inguru osoa kiskaldu egin zuela ihes egingo zion txinparta batek. Lehen aldiak, bizitzako arlo guztietan, arriskutsuak dira, nahitaezkoak izanik ere. Zentzuzko dirudi, beraz, sua barreiatu baino lehen, suteak pizteko baldintzak adostea.]]>
<![CDATA[Ez da hain fazila]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2023-03-23/ez_da_hain_fazila.htm Thu, 23 Mar 2023 00:00:00 +0100 Pilar Kaltzada https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2023-03-23/ez_da_hain_fazila.htm Abinojii Mikanah izena proposatu dute, zeinak ojibwe bertako jatorri-hizkuntzan Haurren Bidea esan nahi duen. Izen berriarekiko erreakzioa askotarikoa izan da, baina aitortu behar dut bereziki harritu nauela izen berria ahoskatzen zaila delako aldaketa arbuiatuz mozioa aurkeztu izanak. Bertako hizkuntza nagusia gaur egun ingelesa da, eta, itxura denez, ingelesdunek oso zaila dute ojibwe-ko soinu-egitura errepikatzea. Herriko agintariek ez dute oraindik erabakia hartu, baina sesio bizia dabil inguru horietan, eta, auzia bideratze aldera, «denok ahoskatzeko» moduko zerbait proposatzeko eskatu dute.

Komunitate indigenek ezezko biribila ematen dute, izena aldatzea ez dela kapritxo linguistiko bat argudiatuz, iragan kolonialaren irakurketa kritikoa baizik. Izan ere, gaur egun merkataritza-zentro dotoreak eta aisialdirako zabalgune ederrak dauden bulebar horretan garai baten haur indigenentzako barnetegiak zeuden, agintari kolonialen eta Artzapezpiku-barrutiaren babespean urte askotan izu-leku ilunak izan zirenak. Datu zehatzik ez dago, baina dokumentatuta dago jadanik ehunka haur indigena desagerrarazi zituztela bertatik, gerora jakin denez, sexu-abusu eta bestelako basakerietatik igaroarazi eta gero. Haurren Bidea etxera bidera sekula itzuli ez ziren haur horien omenez jartzea memoria eraikitzeko oinarria izan daitekeela diote, Kanadako iragan kolonialeko unerik tragikoenetako baten jazo ziren izugarrikeriei aurrez aurre begiratzeak min ematen badu ere. Ahoskatzen zaila dena, agian, ez da hizkuntza bera, eztarrian trabatuta geratu den barkamen-eskea baizik.

Hizkuntza bat ikasten zaila dela esaten digutenean, zakurren zaunkaren antza duela esaten zaigunean edo ahoskatzen zaila dela aurpegiratzen zaigunean, zer da egiazki esaten ari zaiguna?

Eremu publikoan zer den zilegi, zer dagoen legitimatuta publikoki eta modu unibertsal batez zabaltzeko eta zer ez, horixe da auzi hauek erakusten dutena, Kanadan eta Laudion, esate erraz baterako. Hizkuntzek botere-harremanak txirikordatzen dituzte eta, paisaian txertatzen direnean, begietatik barruraino sartuta, egonkortu egiten dituzte. Botere-egitura da auzitan jartzen dena, berriz, eremu publikoan legitimaturik ez dauden hizkuntzak sartzen direnean. Horregatik ahalegindu ohi dira bazterrera berriro eramaten, anekdota exotikoaren kategoriaren ingurumarian baino ez baita onargarria.

Euskaldun berriaren balada Jon Sarasuak idatzi zuen eta Oskorrik makina bat euskara ikasleren ereserki bihurtu zuen, ni neu tarteko. Ez, ez da fazila, ez hizkuntza bat ikastea ezta hizkuntzen kontrako oldarraldia ulertzea ere. Zeurea ez den hizkuntza batez jabetzeak ahalegin handia eskatzen du beti, eta prozesu nekosoa izan daiteke jende arruntarentzat. Zeurearekiko zenbat eta urrunago egon ikaskizun duzuna, orduan eta latzago izango da; ez horregatik, baina, ezinezko. Zegokion euskara-gaitasuna frogatzeko kapaz izan ez zen langile publikoa atzera berriro kontratatzera behartu zuen epaileak kontrakoa uste duen arren, hizkuntzak ez dira, berez, zailak edo errazak, ikaslearen, testuinguruaren eta jatorri-hizkuntzaren arabera gehiago edo gutxiago kostatu arren.

Beraz, hizkuntza bat beste bat baino zailagoa dela esaten zaigunean, beste zerbait aditzera ematen ari dela pentsatu behar dugu. Zer, ordea? Txokokeria delakoan Iruñeko erdiguneko plazaren Constitución izenaren ondoan Konstituzioa idaztea arbuiatzen dutenek ez dute, bada, inolako kontraesanik ikusten asteburu pasa Urdaibaiko txori-gunera joan ordez Bird Centrera doazela esaten dutenean.]]>
<![CDATA[Justiziaren aurka]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2023-03-09/justiziaren_aurka.htm Thu, 09 Mar 2023 00:00:00 +0100 Pilar Kaltzada https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2023-03-09/justiziaren_aurka.htm
Estatu Batuetako eskubide zibilen kausaren mugak zabaldu zituen King doktoreak, indarkeriarik gabeko protestak eta desobedientzia zibil masiboa aldarrikatuz. Arrazoiak injustiziak makurrarazi zitzakeela sinisten zuen berak, eta ez dago dudarik haren ekarpenaz, baina Historiak erakusten digu berez gertatuko dela uste izaten dugun hori ez dela, askotan, berez etortzen.

Baikor izan nahi dut, baita egoerarik zailenetan ere, baina honek pentsamolde magikotik askotxo duela uste dut: bizitza haize-kontran doakizunean ere, sinistu ezazu noizbait aldatu egingo dela aroa, ezinbestean, arrazoia alde duenak justizia ere alde izango duelako. Nahi nuke sinistu hala dela, baina azken bolada luzean, oso bestelakoak dira justiziarengandik jasotzen ari garen adibideak; arkua behin eta berriro tenkatzen ari da, gezia begiaren erdian sartzeko.

Bertolt Brecht idazlea kexu zen begien bistakoa dena ere aldarrikatu eta defendatu behar zen garaian bizitzea egokitu zitzaiolako. Berdin jarraitzen dugu, ordea. Jakina izanagatik ere, behin eta berriro errepikatu behar dugu, hizkuntz eskubide esaten zaien arren ez direla hizkuntzarenak berez, geu garela, hiztunok, eskubide horien subjektu. Eta defendatu behar ditugu, logika guztiaren kontra, justiziaren beraren kontra ere, geure herrian gure hizkuntzatan arta jasotzeko eskubidea dugula, ofizialak diren hizkuntzetako edozeinetan, eta ez bakar batean. Begien bistakoa bada ere, lanpostu publikoen deialdian parte hartzeko eskubidea herritar guztiek dutela, baina lanpostu publiko bat lortzea ez dela berez eskubide bat, meritu-lehiaketa zintzo baten bidez irabazten den zerbait baizik. Eskubide eta desioak ez direla gauza bera, hori ere behin eta berriro errepikatu behar da. Zenbat aldiz erori eta altxatu behar da bat bidean zertxobait aurrera egiteko? Brecht kexatu egiten zen eta gu nekatu egiten gara.

Sisifo gaixoaren oinordekoak gara: gaitz hereditario bat belaunez belaun transmititzen den bezala, aldez aurretik ezarritako patu makurra jaso dugu guk. Geure infernu handi edo txikietan harritzar bat daramagu bizkar gainean, maldan gora beti. Pauso txiki bakoitza eta guztiak pozez ospatzen baditugu ere, aurrerapena oso txikia da, edo berriki (enegarrenez) ikusi dugun bezala, ahulegia. Malda hori, izan ere, oso pikoa da eta zuloz beterik dago. Gutxien espero duzunean, harria gainbehera amiltzen da edo norbaitek zangotrabak ipintzen dizkigu, eroraraziz. Berriro harritzarra hartu eta berriro gora, berriro ekitera, gero eta nekatuago, gero eta abailduago. Sisifo gara euskaldunak, eta ni neu, behintzat, nekatuta nago betikoa esan beharraz, betikoa borrokatu beharraz, betiko hori betirakoa ez ote den pentsatzen hasita.

Garaipena ziurtatuta dagoela pentsatzea inozoa da, noski, baina den-dena galduta dagoelako amore ematea axolagabea litzateke. Bidearen erdian egon behar du irtenbideak. Arkua ez da berez tenkatzen, ezta lasaitzen ere: eskuak behar dira, pultsua, indarra eta punteria behar dira dianaren erdian asmatuko badugu.]]>
<![CDATA[Zatiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2023-02-23/zatiak.htm Thu, 23 Feb 2023 00:00:00 +0100 Pilar Kaltzada https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2023-02-23/zatiak.htm Akelarre negargarri baterako osagarri anekdotiko hutsa besterik ez gara, non publikoaren libertimendurako bazka baino ez garen, ezjakintasunaren sutzarrean behin eta berriro erreko duten sorgina, publikoaren algararen artean.

Herri guztiek dute beren ahots propioa, edo antzeko zerbait, eta horretarako sortu zen Euskaldunon Egunkaria, egunero gure buruari hitz egiteko eskubidea izan genezan. Horregatik, hura ez zen «beste egunkari bat» soilik. Horregatik mina, horregatik amorrua, horregatik behin eta berriro altxatu behar hori, nekearen nekeaz alferrik dela uste izan arren. Apika, horretxegatik itxi zuten, bortxaz, duela hogei urte.

Hedabideen sistema mekano moduko bat da, pieza txiki bakoitzak bere lekuan egon behar du zerbait osoa dela esan ahal izateko, elkar eragiteko, elkar mugiarazteko. Pieza guztiak behar dira, giltzadurak eta lotailuak ondo olioztatuta mugimenduak marruskadurarik ez izateko. Erdi-guneko piezak, eraikuntzari eusten diotenak, eta baita ertzetakoak ere, zernahitarakoak, kolore eta neurri desberdinekoak, artez eta moldez anitzak. Euskarazko hedabideen sistema osatuz joan da urtez urte, ahalegin nekagaitzari esker, eta halaxe joan da zabalduz ere. Langintza amaigabea dirudi, oraindik osatu gabe dagoelako, oraindik pieza asko falta direlako puzzlea biribiltzeko.

Duela hogei urte abian jarritako gurutze-bideaz zehatzen hitz egin dezaketenak Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera bidegabearen ondorioak zuzen-zuzenean pairatu zituztenak dira, baina herri-ahotsa behar dela uste duen herria da bidegurutzean jarri zena, gure buruari hitz egiteko eskubidea dugula uste duen herria.

Duela hogei urte, otsailaren 20ko amesgaizto horretan, euskarazko prentsaren bizkarrezurra izan zen hamaika puskatan utzi zutena Euskaldunon Egunkaria-ren ateak zigilatu zituztenek eta baita hura «espero izatekoa zela» esan zutenek ere. Eta gero, zati horietako bakoitza eta guztiak birrindu egin zituzten Soto del Realeko espetxe atarian ahots dardartiaz hitz egin zuenari barre egin ziotenek (bai, barre), Joan Mari Torrealdairen burua makurrarazi nahi izan zutenek bezainbeste. Giro basatian, zauriak ez dira berez osatzen: norbaitek zaindu egin behar du hautsitakoa bere onera itzuliko bada noizbait. Giro basatian zauriak ez dira bakarrik zauri, baliaezintasun iraunkorra baizik. Zati horiek berreskuratu, kolpetik altxatu eta zulo hura nola edo hala berriro betetzen saiatu gara. Askoren laztanek eta zaintzak zertxobait goxatu badute ere, zauriak piku egiten jarraitzen du zornaturik dagoelako.

Dagoeneko esan ez denik ez da geratzen. Horregatik, den-dena esan eta gero oraindik injustiziaren mina ez delako arindu batere, horregatik, urtero otsailaren 20a iristearekin batera zerbait gehiago esan beharra dagoela uste izaten dugu. Berri edo originala ez bada ere, zerbait. Esaldi laburrez saiatzen gara orduko hura berriro paperera ekartzen, beste erremediorik ez dugulako: betirako gogoan geratu zitzaigulako, batetik, eta beste batzuek jakin behar dutelako ez dugula ahazten utziko, bestetik.]]>
<![CDATA[Gerrarako emakumeak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2023-02-09/gerrarako_emakumeak.htm Thu, 09 Feb 2023 00:00:00 +0100 Pilar Kaltzada https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2023-02-09/gerrarako_emakumeak.htm
Aurrez aurreko borroka odoltsuetan gehiegi zikindu beharra saihesteko, eraso kirurgikoak egin ditzaketen arma adimenduak daude gaur egun, baina azaleko aldaketa da hori, parafernalia teknologikoa gora-behera, oraingo gerrak garai batekoak bezain gerra direlako: boterearen monopolioa duten gutxi batzuek erabakitzen dute, haren ondorioak botererik batere ez duten betikoek pairatuko dituztela jakinda.

Emakumeak, kasurako.

Mendeetan zehar, gizakiok era guztietako kontrol- eta menderatze-moduak erabili ditugu gure hurkoen gainean: erregimen teokratikoak, inperioak, demokrazia aurreratuagoak edo ez hain aurreratuak izan ditugu. Izan ditugu erresumak, errepublikak, komunitaterik gabeko elkarteak. Erregeak, presidenteak, parlamentuak, senatuak, zaharren tribuak, handikien batzarrak. Planeta honetan bizi garen denbora guztian ahuldu ez den botere modu bakarra emakumeak menderatzen dituena da. Sistema honek izan dituen mutazioak nabarmenak dira, baina Historiari urrutitik ikusteko betaurrekoekin begiratuta, berehala antzematen dira ezaugarri komunak, patriarkatua ideologia erresistenteena, iraunkorrena, suntsitzen zailena bihurtzen duten estrategia berberak.

Bigarren Mundu Gerraz geroztik, nazioarteko zuzenbide humanitarioak gerra-krimentzat jo du sexu-indarkeria gerra-arma gisa erabiltzea. 1998an, Nazioarteko Zigor Auzitegiak (NZA) sexu-indarkeria gerrako krimen gisa sartu zuen bere Estatutuan. Auzitegi honen lehen epaia, baina, 2016. urtera arte ez zen gertatu, Jean-Pierre Bemba Kongoko Askapen Mugimenduko buruzagi militarra bortxaketa, hilketa eta harrapaketen erruduntzat jo zuenean. Garaipen pirrikoa da emakumeek gerra-inguruetan bizi dituzten egunerokoekin alderatuta.

Ehundik gora dira azken hamar urte hauetan Israelgo preso palestinarren espermatik ugalketa-artifizialaren bidez jaio diren haurrak. Ugalketa erresistentzia-arma da borroka demografikoan aurrera egiteko, eta horregatik, askatasunaren enbaxadore izenaz ezagutzen dira neke handiak eta gero militanteen hazietatik jaio diren haur horiek. Izan ere, ez da batere erraza segurtasun handiko espetxeetako kontrolak gainditzea, ondoren Zisjordaniako edo Gazako ugalketa zentroetara eramatea eta 48 orduko epean prozesua biribilduko duen emakumearen gorputzean txertatzea. Gutxik lortzen dute, eta, horregatik, ospatu eta horren berri harrotasunez zabaltzen dute ume bat jaiotzen den aldiro, kausaren aldeko lorpen handia baita.

Honen berri irakurri dudanean gogora etorri zait duela gutxi Mendebaleko Saharako errefuxiatuen kanpamentura egindako bidaian kontatu zigutela familia ugarien aldeko politikak erresistentziarako borrokaren parte direla, bere eskubideen defentsan diharduen herri bat direla aldarrikatu ahal izateko, beste ezer baino lehen herri bat behar delako, eta zenbat eta handiagoa hobe.

Nola izendatu behar dugu sexu-indarkeria etsaiak baino etxekoek eraginda denean? Nola izendatzen dugu indarkeria hori aurkariaren erasorako baino, norberaren defentsarako erabiltzen denean? Deserosoa, ez da?]]>
<![CDATA[Gose naiz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/020/001/2022-06-30/gose_naiz.htm Thu, 30 Jun 2022 00:00:00 +0200 Pilar Kaltzada https://www.berria.eus/paperekoa/1891/020/001/2022-06-30/gose_naiz.htm We are the world, we are the children ezaguna, US for Africa ekimenaren kariaz AEBetako entzute handiko musikari-talde baten eskutik lau haizetara zabaldu zena. «Mundua gara, egun distiratsuagoa egingo dugun haurrak gara geure bizitzen defentsan, elkar salbatzea beste biderik ez baitago». 36 urte igaro dira, eta denbora honetan guztian kanta da ahaztu ez dugun bakarra. Ia lau hamarkada igaro eta gero, oraingoan behintzat, izan gaitezen zintzoak: ez gara mundua, munduko parte pribilegiatua baizik, eta ez gara haurrak, are gutxiago 40 urte igaro eta gero sabelak puztuta argazkietan berriro begiratzen gaituzten haur horiek. Ez da batere erraza jakitea zenbat pertsona diren gose direnak, kontzeptua bera zeharo desberdina baita munduko zein tokitan zauden. Ni gose izaten naiz eguneko hiru otorduetako ordua baino lehen, eta «hau gosea!» esango dut. Bitartean, munduko toki askotan (guk uste baino gehiagotan) 181 milioi pertsona daude une oro gose direnak, eta, goseak hitzeko zorian, batez beste, 49 milioi dira. Ez ditugu entzuten, kexatzeko indarrik ere ez dutelako. Zenbakien arazoa da: informazioa ematen digute, baina aldi berean urrundu egiten gaituzte. Errealitatea ikusgarri ematen digute zenbakiek, baina ikustea ez da nahikoa ez begiratzea erabaki badugu. Konponbidea duten izugarrikerien artean, gosea da gutxien axola ohi zaiguna, sufritzen dutenak beste batzuk direlako. Pobreziak deseroso sentiarazten gaitu, eta, horregatik, begiratu ere ez diogu egiten kale-bazter batetik dei egiten digun eskaleari, edo hedabideek erakusten dizkiguten haur mehar eta desesperatuen begiradari iskin egiten diogu. Artez edo moldez, gure erantzukizuna ikusten dugu haien begitean. Lotsa (barne-lotsa, auzo-lotsa) sentitzen dugu horrelakoetan, eta baita izendatzen ez dakidan beste zerbait. Hiztegiak eskaintzen dituen askotariko aukeren artean ezin asmatuta nabil. Zein hitz erabiliko zenuke zuk, irakurle, definitzeko irtenbidea duen arazo bat konpontzeko adorerik eza? Eta konpondu nahi ez den arazo horren ondorioa 0 eta 5 urte arteko 350.000 haur hil egingo direla jakitea denean, nola esango zenioke? Hitzik ba al da hori izendatzeko? ]]> <![CDATA[Galderak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/023/001/2022-06-16/galderak.htm Thu, 16 Jun 2022 00:00:00 +0200 Pilar Kaltzada https://www.berria.eus/paperekoa/1891/023/001/2022-06-16/galderak.htm
«Zer nahi duzue, medikuak izatea edo mediku euskaldunak izatea?», galdetu du urliak, eta bistakoa da zein den galdera horrek berekin dakarren intentzionalitatea. Galdera ez da bat-bateko aterraldia izan, ez da testuingururik gabea; aitzitik, osasun- sistemaren norantzaz eztabaida sakona dagoen unean jaulki du gezia, eta lortu du, tarte batez bederen, begiak dianaren erditik kentzea. Garaian garaiko aldaerekin, euskararen komodina argumentu erosoa geratzen zaie batzuei, bereziki erantzun deserosoei iskin egiteko amarru gisa erabiltzeko, mediku nahikorik zergatik ez dugun galdera askoz sakonagoari ez heltzeko, adibidez.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak egindako adierazpenek harrabotsa sortu dute, kultura-aldaketa dela medio, hurrengo urteetan osasun-sistema aldatu egingo dela iradoki baitzuen, eta horretara ohitzen hasi behar omen dugula esan zuelako. Bere hitzek espero ez zuen oihartzuna izan dutela esanez kexu zen hurrengo egunetan, eta esandakoaren gaineko ñabardurak eta zehaztapenak egin bazituen ere, bolo-bolo jarraitu du eztabaidak.

Osasun-sistema gure ongizatearen zutaberik garrantzitsuenetako bat da, hezkuntza eta gizarte-zerbitzuekin batera. Gizarte-antolaketaren zimenduetan dautza, justizia eta ekitatea bezalako kontzeptu gorenak, ederrak baina ukiezinak zaizkigunak, gorpuztu egiten dituztelako. Anbulatorioetan, eskola-sarreran edo udaletako gizarte-zerbitzuen bulegoetan ukitu egiten da herrigintza, garenaren neurria ematen dute eta. Publikoa dela esaten dugu ez bakarrik denok erabiltzeko eskubidea dugulako, guztion erantzukizuna ere badelako baizik.

Herri-hitzarmen inplizitu bat datza sistema horien gibelean: elkarri aitortzen diogu ez gaudela bakarrik egurats gorrian, gizarte-sare bat dugula elkarren zaintza eta ardurak bermatzeko, norberaren gaitasun eta ahaletatik haratago, herri-gaitasunak garatuko ditugula inor atzean ez uzteko. Inozoa irudi lezake, baina nik sinistu egiten dut hala izan daitekeela.

Egia da gure ohiturak aldatu egin direla eta teknologiak posible egin duela gutxira arte pentsaezina zena. Egia da gure egitura demografikoa itzulipurdiz jarri dela eta beharrizanak areagotu dituela esparru batzuetan, eta eraldatu dituela beste batzuetan. Zuzen dago Osasun sailburua: sistema eta zerbitzu publiko guztiak aldatuko dira luze gabe, gizarte-hitzarmenari eusten dioten baldintzak aldatu egin direlako, besteak beste. Oker dago, ordea, ohitzea beste erremediorik ez dugula esaten duenean. Proiekzioak ez dira egia absolutuak: deus egiten ez badugu zer gertatuko den baino ez digute esaten.

Aldaketaren komodina erabiltzea erosoa izan daiteke, baina ez da zintzoa, ezta nahikoa ere, hori esan eta berehala zerbitzu publikoak nola aldatzea nahi dugun galdetzen ez badugu. Zerbitzu publikoak gizartearen premietara egokitu behar dira, ez alderantziz.

Ez dakigu nolakoa izango den etorkizuna, baina modu bakarra dago jakiteko: galdera egokiak egin, erantzunak adostu eta printzipio eta eskubideak ukigarri egiten dituen sarea indartzea. Erantzun errazik ez duten galderak egitea arte bat da, gurean gutxi praktikatzen dena.]]>
<![CDATA[Hartu eta eman]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2022-06-02/hartu_eta_eman.htm Thu, 02 Jun 2022 00:00:00 +0200 Pilar Kaltzada https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2022-06-02/hartu_eta_eman.htm Hartu eta eman-etik dator harreman berba, eta, ezinbestean, adostasun moduren bat datza bi zatiki horien atzean. Izan ere, hala ez denetan, ebatsi eta derrigortu beharko luke, ez da? Auzi linguistikotik harago doa kontua, baina hizkuntzak modu erraz batez erakusten ditu kontraesanak.

Espainiako Kongresutik pasa da jadanik eta orain Senatuari dagokio behin betiko onespena ematea. Sexu Askatasuna Erabat Bermatzeko Lege Organikoa da Aldizkari Ofizialean jasoko den izendapena, baina Soilik baietz da baietz izenaz ezagun da. Askotariko berrikuntzak, nabarmenak oso, dakartza legeak, baina onarpenaren gainean ezarri du ardatz esanguratsuenetakoa.

Legeak askatasunak aldarrikatzen ditu, baina adostasunaren inguruan harrotu dira hautsak. Ez zait metafora egokiagorik bururatzen emakumeon kontrako biolentzia sistemikoaren nondik norakoak ulertzera emateko. Aske izan nahi dugu emakumeok sexua izan ala ez erabakitzeko, baina onartzen dugula adierazi beharra ere askotxo iruditzen zaio askori. Aske izatetik zein urruti gauden argi eta garbi ikusten da.

Harritu ez banau ere, lotsatu eta amorratu egin nau ikusteak horren modu gordinez Legearen eztabaidak azalera ekarri duen ankerkeria. Ez dakit zein hitz erabili behar dugun onarpen eta adostasun irizpide horrekin bere burua erasotutzat ikusten duten horiek izendatzeko, ez bada sexu-predatzailea. Sexu-harremanak izateko orduan emakumeen adostasuna bermatzen duen lege bat izateak gizonen erruduntasuna harrotzea dakarrela irakurri dugu, hitzez hitz, hainbat komunikabidetan eta baita legearen proiektuaren eztabaida-saioetan, tertulia merkeak baino errespetagarriagoak beharko luketen foroetan. Behin eta berriro, koloreak gorritu gabe.

Feminismoak alderantzikatze-metodologia eman digu horrelakoak ulertzeko, maiz ikusten ez diren desberdintasunak eta bazterkeriak ikusgarri egiteko. Egoerari buelta eman, aldatu ikuspegia, mendez mende barrura sartu zaizkigun arauak biluzik uzteraino. Metodo hori erabilita, beraz, ondorioztatu behar dugu adostasunik gabe sexua izatea onargarria iruditzen zaiela adostasuna eta onarpena arbuiatzen dituztenei. Erabat sanoa iruditzen zaiela norbaitekin sexua izatea pertsona horrek askatasunez, modu objektiboan eta zalantzarik gabe ados dagoela esaten ez badu ere; baita kontrakoa esaten duenean ere. Legea onartuko den beldur, gizon eta emakumeen arteko harremanak (sic) arriskupean daudela diote eta beren burua arriskuan ikusten dute, potentzialki erruduntzat har ditzakeelako epaitegi batek sexua onarpenik gabe izatera behartzen badute norbait.

Lege Organikoaren aurreproiektuak horixe besterik ez du esaten, zehatz-mehatz, bere bosgarren xedapenean: Zigor Kodea aldatzen denean, sexu-erasoaren delitua egingo du haren baimenik gabe beste pertsona baten sexu-askatasunaren aurka jarduten duenak. Bestela esanda, egiten uztea (beldurraren beldurrez ala beste arrazoiren batengatik) ez dela onarpena, eta adostasuna modu eztabaidaezin eta zalantzagabeen bidez adierazi behar dela.

Hain iraultzaile, hain arriskutsu al da hori gizon horientzat?

Beren burua (orain) erasotutzat ikusten duten horientzat sexua edozein egoeratan, edozein baldintzatan, edonoren gogo edo desiraren kontra izatea eskubide besterenezina da.

Legeak ez ditu errealitateak sortzen, baina haien gaineko ikuspegia ezarri egiten du. Gizartean elkarrekin bizi ahal izateko zein irizpide eta balore onartzen ditugun esaten digu, eta bizikidetza hori nola antolatzen dugun arautu egiten dugu. Legeak ez ditu gizon guztiak errudun egiten, soilik gizon delitugileak. Legeak ez gaitu aske egiten, baina menpeko ez izateko zirrikitu bat irekitzen digu.]]>
<![CDATA[Urrutiegi]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2022-05-19/urrutiegi.htm Thu, 19 May 2022 00:00:00 +0200 Pilar Kaltzada https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2022-05-19/urrutiegi.htm egunonak» eta «zermoduzak» elkarri esan eta berehala, hileko mingarria izaten ote dudan galdetu dit, kafea azukrearekin edo gabe hartzen dudan galdetuko zukeen modu aseptiko berberaz. Garai baten bai, baina azken bolada luzean ezetz. Hilekoaren mina adinarekin aldatzen ote den galdetu du ondoren, eta ez duela zertan erantzun diot nik. Hirugarren galderaren bat mihi-puntan zuela igarri diodanean, gaiaz aldatu dut. Ohartu da, eta desenkusatzeko edo, Espainian legez arautu nahi den hileko mingarrien kontu hori ulertu nahi duela esan dit, horregatik ari omen dela inguruko emakume guztiei galdetzen.

Batere balio estatistikorik ez duen sasi-ikerketa dela jakin arren, bi ondorio nagusirekin amaitu dut kafea: hilekoa erabat arrotza zaio gizonari, eta uste du hori gure errua dela, gure hutsa, maitekiro eta modu didaktiko batez ez diogula orain arte kontatu izan gure intimitatearen berri.

Zalaparta handia eragin du hileko mingarriaren kasu medikoetan gaixoaldi-baimena eskuratzeko kontu horrek, eta ni harrituta nauka, zeharo, eztabaida horren kariaz berriro nabarmen geratu delako zein urruti bizi garen gizon eta emakumeak, itxuraz batera bizi garen arren. Zein urruti dagoen gure aita, anaia, lankide, lagun edo maitalea hilean behin munduko emakume guztion (baita haien alaba, arreba, lankide, lagun eta maitaleen) errealitatetik. Urruti gaude, eta neure buruari galdetzen diot nola den posible. Emakumeok batez beste 520 ziklo inguru izaten ditugu gure bizitzan zehar, berrogei bat urtez. Urtero 100.000 milioi tanpoi eta konpresa erabiltzen dira mundu osoan. Munduko populazioaren erdiak behintzat hortik pasatuko dira bere bizitzan zehar, hilero-hilero, hutsik egin gabe, edo ia-ia, eta hala ere, oharkabean pasatu zaio askori.

Bagenekien. Gizonen bizitzak unibertsalak dira, emakumeenak kategoria zehatz baten kokatuta eta zokoratuta geratu diren bitartean. Emakumeei berariaz eragiten digutenak halaxe izendatzen dira: emakumeen osasuna, emakumeen futbola, edo emakumeen txirrindularitza (ia-ia behartuta antolatu behar den dena delako hori, badakizue). Bereizketa egiten ez den kasuetan, bada, unibertsala omen da kontua, baina ez, gizonen osasunaz, gizonen futbolaz edo gizonen txirrindularitzaz hitz egiten ari garela ulertu behar dugu, nahiz eta hori ez den esan ere egin behar.

Emakumeak obszenoak gara eztabaida publikoan, gai unibertsalen auzietan: hau da, eszenatik kanpo jarraitzen dugu, eta erdigunera pausoa egiten dugun aldiro, bistara ageri da desberdinkeria.

Bagenekien. Emakumeak bortxaz kimaturiko zuhaitz meharrak gara eta halaxe izan gara Historiaren basoan. Irudi lezake mundu paralelo baten bizi garela, zeinean hilean behin batzuek, ohetik jaiki ezinda, amarruak asmatu behar izan dituzten ondoezik daudela ezkutatzeko, gizonen neurrira eraikitako munduan eguneroko bizitza egiten jarraitu ahal izateko. Irudi lezake ez dugula arterik egin, ez dugula ganorazko libururik idatzi, ez garela musikan nabarmendu, ezta zientzietan, edo kiroletan, edo burura letorkizukeen prestigiozko esparruetako bakar baten ere.

Bagenekien hori guztia, eta badakigu zergatik den hori: boterea dutenek eraikitzen dutelako mundua ikusteko modua; eta mundua nola ikusiko dugun erabaki dutelako boterea izaten jarraituko dute. Horregatik egon behar dugu plaza publikoan (ere): hor jokatzen delako beste mundu posible bat, zaharretik deseraiki behar duguna.]]>
<![CDATA[Demokraziaren suizidioa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2022-05-05/demokraziaren_suizidioa.htm Thu, 05 May 2022 00:00:00 +0200 Pilar Kaltzada https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2022-05-05/demokraziaren_suizidioa.htm The Whasington Post egunkari estatubatuarrak 2017. urtean goiburu edo eslogan bat ezarri zuen bere bertsio digitalean, gerora paperera ere zabaldu dena: «Demokraziak ilunpean hiltzen dira» irakur daiteke geroztik. Bob Woodward ikerketa-kazetari ospetsuari zor omen zaio esaldia, eta ongi zekien berak zein sakon izan ohi diren erakundeen barrunbeak, Watergate kasu ezaguna hark (beste askorekin batera) ekarri baitzuen argitara. Bada, hain zuzen, horrexegatik aukeratu zuen kazetak gerora bere lanaren ikur bilakatu den esaldia.

Ezagun denez, hedabideen egitekoa norbaitek ezkutuan gorde nahi duen dena delakoa argitara ekartzea dela esan ohi da, eta Trumpismoaren garaiko oldarraldiaren ingurumarian, gobernuak erorarazten eskarmentua duen egunkariak prentsaren lekua aldarrikatu nahi izan zuen. Goiburua aldatu zuten egunean adierazi zuten horixe egingo zutela «demokraziaren defentsan, berau bahituta duten botereen aurrean».

Egunkariaren esaldia iradokitzailea da, beraz, baina ez guztiz zehatza, hiltzeko edo demokraziak akabatzeko moduak askotarikoak baitira, eta azken bolada honetan, suizidio-tasa oso altuak dira. Bere buruaren kontra egiten du demokraziak, barrutik erasan egiten dio bere buruari.

Adibidez, salbuespen-egoera baten dagoela argudiatuz, oinarrizko arauak urratzea ontzat ematen dugunean, urraketa horrek eragingo duen balizko mesedearen izenean. Gaixotzen hasten da horrela eta konturatzerako salbuespena eguneroko ogia da, arau-urraketa hori arau bihurtzen da. Eskubide oinarrizkoak eten egiten dira eta ia beti esan izaten da aldi baterako etena izango dela, egoera bere onera itzuli orduko lehengoratuko dela eskubideen aitortza, baina une hori ez da sekula iristen. Eta hori ere, ontzat ematen dugu, aurkari politikoak etsai bihurtzea normaltzat jotzen dugun modu berean.

Gure inguruko demokraziak hiltzen ari dira, edo, baikortasun poxi bat uzteko, larri gaixotuta daude. Azken aste hauetan, ia egunero izan dugu gure begien aurrean gaixoaldi terminalaren antz handia duen ikuskizunaren pasarte bat edo beste. Ministro batek aurkari politikoak zelatatzea defentsa-estrategia gisa aldarrikatu du, bere oposizio politikoaren txaloen artean; botere legegilearen egoitzan gutxiegi zelatatu izanagatik penatuta ageri den herri-ordezkari bat ere gehitu dakioke lapikoari. Demokraziaren balizko defentsan, hori bai. Gaixotasunaren zein fasetan gauden ez dakit, baina diagnostikoak ez du itxura onik.

Pegasus ez da independentismo katalanaren aurkako erasoa, edo ez hori bakarrik: demokraziaren beraren eta eskubide zibilen kontrako Troiako zaldia da.

Gure iruditerian demokraziak haiei bortizkeriaz eraso eginda hiltzen dira, estatu-kolpe batez, adibidez. Militarrak altxatu egiten dira eta hiriburua mendean hartzen dute, misilez suntsitzen dituzte azpiegitura oinarrizkoak eta bandera berria paratzen dute, demagun, gobernu-egoitzaren zabaltzan. Horrela gertatzen da telebistako film eta saioetan, baina ikuspegi klasiko hori aspaldi gainditu zen. Gaur egun, atzeraldi demokratikoa hautetsontzietan bertan hasten da, eta handik zabaldu egiten da barne-organo guztietara.

Historian zehar, denetariko adibideak daude: bat-batekoak eta agonia luze baten ostean iristen direnak, ageriko sintoma argirik erakutsi gabe edo higatze nabarmenaz. Ilunpean edo denok ikusteko moduan. Demokraziaren suizidioa ikuskizun latza da, eta, egun hauetan, gure begien aurrean odolusten ari da.]]>
<![CDATA[Beste puntan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2022-04-21/beste_puntan.htm Thu, 21 Apr 2022 00:00:00 +0200 Pilar Kaltzada https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2022-04-21/beste_puntan.htm
Boris Johnsonek joan den astean iragarri du Erresuma Batura aterpe bila modu irregularrez iristen diren pertsonak Ruandara lekualdatuko dituztela, eta hango asilo-legediaren menpe geratuko direla aurrerantzean. Ruandako agintariek, beren aldetik, errefuxiatuen nazioarteko krisia konpontzen laguntzen ari direla diote, hori bai, borondate onaren truke, inbertsioak jasotzea espero dutela gaineratuz.

Erresuma Batura aterpe bila iristen diren migratzaile eta errefuxiatuetako askori nekeza egingo zaie ulertzea nolatan amaitu duten Afrika erdialdean Mantxako kanaletik barrena abiatu badira. 6.500 kilometroko distantzia horrek gizatasun eta nazioarteko ordenamenduarekiko errespetu faltaren sakontasuna neurtzeko balio du.

Ez da lehen aldia, baina oso gutxitan ikusi dut nik neuk horren azalpen gordin eta disimulurik gabea. Johnson Lehen Ministroaren agerraldian entzuna da hau: «Gure errukia infinitua izan daiteke, baina jendeari laguntzeko baliabideak ez». Asilo, babes eta zaintza-printzipiorik oinarrizkoenei uko eginez, beraz, eskubideen outsourcing moduko bat gauzatuko dute. Bere aldetik, Ruandak diru-truke onartzen du ihesi joandako migratzaile eta errefuxiatuen kargu hartzea, zehazki nola eta zein baldintzetan egingo duen argitu gabe, baina.

Iragarpen hori egin zen egun berean, AEBetako Estatu Departamentuak giza eskubideen urraketari buruzko Ruandako txostena eman zuen ezagutzera. Asilo-eskatzaileentzako prozesamendu-zentro gisa jardungo duen herrialdearen egiteko moduez «arrazoizko kezkak» daudela dio, tratu txarrak, lege-babesik eza, bortxaketak eta argitu gabeko desagertzeak aipatuta.

Bertako genozidio-gerrez geroztik, Ruandako garapen ekonomiko eta soziala oso ikusgarria izan da, eta adierazle ia guztietan gora egin du. Militarizazio-maila edo kanpo-harremanak bezalako faktoreak barne hartzen dituen Bakearen Indize Globala, ordea, ez da apenas mugitu, eta Ruanda oso behean kokatzen jarraitzen du. Daturik txarrena, gainera, espetxe eta harrera-egoeran dagoen populazioren proportzioa da, akordio berriarekin are gehiago larriagotuko dena.

Oraindik ez dira planaren xehetasunak baieztatu, baina hainbat iturrik baieztatu dute, printzipioz, gizonezko asilo-eskatzaileak lehenetsiko direla kanporatze-estrategia honetan, eta «arrakastatsua» bada (sic) familia osoak edota bakarrik bidaiatzen duten haurrak hartzeko prozesuak ere abia daitezkeela. Erresuma Batuko mugetara iritsiko diren migratzaile eta errefuxiatuak Ruandara bidean jarriko dituzte bertako mugazainek (6.500 kilometro, gogoratu), eta une horretatik aurrera, Ruanda arduratuko da beren asilo-prozesuaz. Harrera-zentroetan izango dira prozesu hori gauzatzen den bitartean, eta horren amaieran, gerta daiteke Ruandan geratzeko baimena eskuratzea, edo ez. Asilo-eskaera onartzen ez den kasuetan zer jazoko den inork ez du esan oraindik.

Giza eskubideak besterenezinak diren bezala, horien zaintzak eta bermeak ere halakoxeak beharko lukete. Xehetasunak jakin arte itxaron behar omen da iritzi sendo bat izateko, baina esango nuke nahikotxo dakigula jadanik. Gizagabea da, moralki gaitzesgarria, legez kanpokoa ziurrenik, eta bideraezina, gainera. Eta hala ere, egin egingo da, migratzaile eta errefuxiatuen eskubideak oso urritu geratzen zaizkigulako. Munduko beste puntan.]]>
<![CDATA[Sugusak eta doneteak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/023/001/2022-04-07/sugusak_eta_doneteak.htm Thu, 07 Apr 2022 00:00:00 +0200 Pilar Kaltzada https://www.berria.eus/paperekoa/1891/023/001/2022-04-07/sugusak_eta_doneteak.htm sic) iruditu zitzaiola eta hori besterik ez zuela esaten galdetzen genionean. Txantxa partikularra hiru hamarkadaz luzatzea lortu dugu lagunok: goxokien izenarekin bataiatu genuen ordura arte gutxik ezagutzen genuen eta handik oso gutxira denon ahotan egongo zen Europako bazter hura. Zer den bizitza. Joan den hilean, adiskide horiek errefuxiatu ukrainarrak hartu zituzten beren etxean, ama eta bi alaba txiki. Jugoslavia esaten asmatzen ez zuen mutiko hori orain bi urteko neska baten aita da, zeinak aurrekoan kontatu baitzidan lagun berriak «Donete» hirikoak direla, eta berak izugarri atsegin dituena doneteak, bereziki txokolatezkoak.

Gerra ez da jolasa, baina haurrek ispilatzeak sortzeko gaitasuna dute eta, une batez bada ere, barre egiten dugu. Barre egiten dugu beren aterraldi xelebreek errealitatearen tolesetan barna eramaten gaituztelako, edo beren hitz-korapiloek gauzak azaltzeko duten modu horrek eguneroko dramatik apur bat aldetu egiten dutelako. Edo irribarre egiten dugu, hitzen bidez ulertzeko zailtasuna duten adin bereko haurrek jolas nola egiten duten ikusten dugunean. Izan ere, jolasa baita haurrek bakarrik dakiten hizkuntza unibertsala, eta begi hutsez ikusi dut Donetsken eta Euskal Herrian berdin-berdin jolasten dela ezkutaketara, aurkitua ez izateak oso esangura desberdina badu ere.

30 urte dira Balkanetako gerrak eztanda egin zuenetik. Hedabideetan barra-barra dabil kontu hori, gaurkotasunak espero ez genuen egokiera ekarri duelako Europako bihotzean lehertu zen gerraren urteurrena gogoratzeko. (Nonbait «ospatu» irakurri dut egunotan, baina akatsa izango zela pentsatu nahi dut). 1.170 kilometroko aldea dago Sarajevotik Kievera, Bilbotik Bruselarako distantzia ia berbera. Hiru hamarkada igaro dira, baina gaur goizean ikusitako irudiek hango berberak dirudite.

Gerra hura lehertu zenean gaur egun nire alabek duten adinaren bueltan nintzen ni neu, eta gerren historia begien aurrean azken aldiz pasatzen ikusteko aukera nuela uste nuen. Lehen eta Bigarren Mundu Gerrak testu-liburuetan ikasi nituen nik, baina Balkanetakoa egunkari eta telebistan ikusiko nuen. Neurri baten, nire belaunaldiko gazte europarrontzat lehen gerra izan zen hori, munduan beste asko zirela jakinda ere, auzoan eta eguneroko albistegietan jarraitzeko aukera genuen lehena izan baitzen. Eta, bitxia bada ere, aldi berean azken gerra handia ere izango zela uste nuen nik, horrelakorik sekula berriro ez genuela ikusiko. Sinesgaitza egiten zitzaidan pentsatze hutsa munta horretako beste konflikto armatu orokorturik piztuko zenik Europan. Ez munduko beste lekuetakoak baino zintzoago edo bizkorrago garelako geu, noski, zerbait ikasteko gauza izango ginela uste nuelako baizik. Oker nintzen.

30 urte geroago, alabetako batek esan dit Ukrainakoa Europako azken gerra izango dela, haren ondorioak ikusita neurriak hartuko direlako berriro halakorik gerta ez dadin. Nik hotzikara sentitu nuen Srebrenicako hilerriko harlauza zurien artean, eta litekeena da min sor bera sentitzea alabak Butxako oraingo hobi komunak ordezkatuko dituen tokian.]]>
<![CDATA[Bihotza eta burua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/016/001/2022-03-24/bihotza_eta_burua.htm Thu, 24 Mar 2022 00:00:00 +0100 Pilar Kaltzada https://www.berria.eus/paperekoa/1891/016/001/2022-03-24/bihotza_eta_burua.htm
Gerra-irudiek astindu egiten dute gutariko bakoitza bizitzan zehar pilatuz joan den buruko artxiboa, eta horregatik dira bereziki eraginkorrak, sekula gerrarik bizi izan ez dugunok ere berehala egiten dugulako geure min hori. Begien aurrean ikusten ari garena nahastu egiten zaigu lehenago hamaika aldiz ikusitakoarekin, eta berdin dio suntsituriko hirien izenak gogoratzen ez baditugu ere: oraingoan ihesi ateratzen ikusten ditugun emakume eta haurrak ezagunak zaizkigu, lehenago Bosniatik, Siriatik edo aitona-amonen herrietatik ihes egindako emakume eta haur berberak direlakoan.

Iturri desberdinek datu desberdinak ematen dizkigute, eta horrek ez gaitu jadanik harritzen, gerra-jokoaren arauetako bat baita. Datu zehatzik ezin segurutzat hartu, baina batera edo bestera 10 milioi herritar inguru omen dira errefuxiatu bilakatu direnak hilabete eskasean. Europan Bigarren Mundu Gerraz geroztik ez da munta honetako giza-dramarik ikusi, ez zen horrelakorik aurreikusten, baina gertatu egin da, eta gure sakelako telefonoraino sartu zaigu.

Eta honela, konbinaziorik perfektuena eta arriskutsuena osatzen da: izu kolektiboa eragiten da, batetik, eta hunkidura sortzen da, bestetik. Bihotzak agintzen du horrelakoetan, ez buruak. Elkartasuna, baina, entrenatu behar den muskulua da. Laguntza humanitarioan urteak daramatzan adiskide batek maiz esan izan dit hori, azken aldiz joan den astean. Ukraina eta Polonia arteko mugako harrera-zentro baten ari da lanean, eta handik erantzun zidan, telefonoaren beste aldetik, zertan lagun nezakeen galdetzeko deitu nionean. «Trabarik ez egin, mesedez», esan zidan.

Tapakiak, eskularruak, galtzerdiak. Autobusak, kamioiak, auto partikularrak eta baita taxiak ere. Goraino bete dugu laguntza garraiatzeko balio duen edozein garraiobide, eta milaka kilometrotara dagoen mugetako pasabideetara iritsi direnean, laguntza-ilarak sortu dira, drama eta traumaren eraginpean doazen errefuxiatuei zernahi eskaintzeko, baita behar ez dutena ere.

Zerbait egin beharra dagoela esaten diogu elkarri, zernahi, ezer egin gabe egote hutsean geratzea zantarregia zaigu-eta. Zerbait egin behar dugu, eta, zintzoki hitz eginda, guregatik egin behar dugu dena delako hori, gu lasaitzearren, gure bihotz minberatua solidaritatearen ukendu magikoarekin laztanduz.

Traba egiten ari gara, borondaterik onenarekin bada ere. Ihesi irten diren milaka errefuxiatuen beharrik latzena ez da arroparik ez izatea, arropa hori eta behar izango duten beste guztia erosteko modurik ez izatea baizik. Aldi baterako bada ere, bizitza berri bat hasteko orduan zer behar duten galdetuz gero, berehala erantzungo dute: etxe bat, haurrentzako eskola, osasun-zerbitzuak eta diru-iturri duina, eskale ez direla sentiaraziko dien modu duin batez aitortuta. Dagozkien eskubideak bermatzea behar dute.

Bihotza ez da nahikoa horrelakoetan: burua behar da laguntza benetan eraginkorra izango bada.

Jario etengabea da, eta ez dago inpaktu bisualari ihes egiteko modurik: nonahitik sartzen zaizkigu barruraino suntsitutako hiriak, bonbek zartatutako ospitaleak, umezurztegiak ei ziren barrakoi modukoak eta segida luzea. Gerra-eszenatokia.]]>
<![CDATA[Asintomatikoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2022-02-24/asintomatikoak.htm Thu, 24 Feb 2022 00:00:00 +0100 Pilar Kaltzada https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2022-02-24/asintomatikoak.htm
Kanpotik guztia ikusi zuen norbaitek egindako hutsaz ohartarazi zien arte, gizonak ez ziren mugitu (ez bata, ez bestea, ezta hirugarrena ere). Beste behin ere, guztien artean kargudunik kargudunena, emakume dena eta emakume delako, baztertuta gertu zen. Ez da lehen aldia izan, eta ez da azken aldia izango.

Adiskideen artean aipatu dugu auzia, eta espero izatekoa zenez, bitan egin da solasaldia: batzuk amorratuta geunden, eta beste batzuek, berriz, ulerkor baina epel, gertatutakoari garrantzia kendu diote, huskeria delakoan nor agurtu eta nor ez. Azala mehegi uzten omen du feminismoak, ahizpa maiteok, eta harramazkarik txikienak ere erreminduta uzten omen gaitu.

Feminismo asintomatikoaren garaian bizi gara. Gutxi dira gizon eta emakumeen berdintasunaren kontra mintzatuko direnak, baina asko dira, gehiegi, esaldi horri «baina» bat gehituko diotenak. Bai, baina. Feminista, baina. Gauzak hobetzearen alde, baina ez gehiegi, arren, ingurukoak deseroso senti ez daitezen. Injustiziak eta desberdinkeriak salatzearen alde, baina ez bizkorregi, bakoitzak bere erritmora, denok ohitzea baita kontua. Feminista asintomatikoek nagusitasunez eta nagusikeriatik hitz egiten dute, beren eguneroko bizitzako azturei eusteko moduko zerbait baita beraientzat. Kutsatuko ziren noizbait, ez dut dudarik zertan eginik, baina modu arin batez pasatuko dira handik, ondoriorik laga gabe.

Pandemiaren garai honetan osasun-datuez oka egin arte asebete gara, datuek agerira ekartzen baitute begi hutsez ikusten zaila dena. Emakumeen kontrako biolentzia, endemia sor eta hilgarria da. The Lancet aldizkariak argitaratutako ikerketa baten arabera, munduan lau emakumetik ia bik jasan du genero-indarkeria bere bizitzan zehar, eta egin kontu zenbaketa horretatik kanpo geratzen direla bikotekide ez diren edo izan ez direnek eragindakoa. Emakumearen aurkako Indarkeriaren Prebalentziari buruzko Osasunaren Mundu Erakundearen Munduko Datu Basetiko datuak erabili dituzte, hau da, mundu osoko emakumeen %90 kontuan hartuta iritsi dira ondorio horretara.

Beren burua feminista konplizetzat jotzen dute asintomatikoek, berbaren adierarik ederrena bera ere bihurrituz, eta irribarre eginez esaten dute hori, gainera, hitzak errealitatearen gordintasuna ezabatzeko ukendu magikoak bailiran. Eta konplizeak dira, bai: baina mendetako zapalkuntza eta bidegabekeriak iraunarazteko nahitaezkoak diren horietakoak.

Feminismoak sukarra eragin behar du aldaketarako gaitasuna izango badu. Barruan eta kanpoan nabaritu behar da, barrutik eta kanpotik aldatu behar gaituelako. Bilera-burua emakumea delako ez agurtzea txikikeria bat dela uste baduzu, kasurik onenean, feminista asintomatikoa zara. Biolentzia aitortuta ere, besteren gaitza dela uste baduzu, asintomatikoa zara. Eta besteen sukarraren aurrean barre egiten baduzu, asintomatikoa eta batere graziarik gabea zara. Barkatu atrebentzia, baina norbaitek esan behar zizun.]]>
<![CDATA[Aldaezin]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2022-02-10/aldaezin.htm Thu, 10 Feb 2022 00:00:00 +0100 Pilar Kaltzada https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2022-02-10/aldaezin.htm
Bi urte beteko dira laster mundua hankaz gora jarri zigula pandemia malapartatuak. Egun batetik bestera, ordura arte pentsaezina zena eguneroko ogi bilakatu zitzaigun. Ilarak egiten ikasi behar izan genuen huskeriak ziruditen zeregin hutsaletarako. Etxetik ez ateratzeko agindua errespetatu beharra zegoela esan zion bere buruari sekula inoren agindurik bete ez duenak ere. Etxeratze aginduak, herritik ez ateratzekoak, baita sei lagunetik beherako talde burbuiletan elkartzekoak ere izan ditugu. Elkar agurtzeko modua aldatu egin dugu, begi-keinu soil batez ordezkatuz besarkadak eta musuak, eta ohartu gara kasu askotan, aizu, ongi dagoela hori. Den-dena aldatu dela esaten diogu geure buruari, eta hala ematen du lehen begi-kolpean. Baina sasiko eraldaketa honen gibelean beti-betikoak dirau, zutik.

Bigarren umea iritsi berri da bere etxera eta gure ilobak lana utzi behar izan du, urte pare batez etxeko zaintza zeregin nagusi eta ia bakarra izango baita. Kontatzera etorri denean esan digu ezinezkoa zaiola uztartzea lanpostuak eskatzen dizkion ordutegi-aldaketak eta haurrekiko ardurak, eta berdin-berdin, ezinezkoa zaiola ordura arte bere bizitzaren ardatz izan diren beste hamaika zeregin eta bi haurren kargua batera eramatea. Iloba ez da guraso bakarra, eta bikotekidearekin batera adostu dute bera izango dela lana aldi baterako utziko duena. Azalpen luzea eman nahi izan digu, baina ez da behar izan, zuzenean edo zeharka, beti-betikoa eta guztiona den kontakizuna baitzekarren, hark soilik berea zela uste bazuen ere. Iloba hitzak ez du genero-markarik euskaraz, baina seguru nago, irakurle, emakume iloba irudikatu duzula hau guztia leitzean. Eta zuzen zaude.

Familia-lege berria proposatuko zaio Madrilgo Parlamentuari legealdia amaitu baino lehen, edo behintzat, hori da iragarri duten asmoa. Neurrietako bat jakin dugu aste honetan: zazpi eta bederatzi egun arteko baimen ordaindua ezartzea, etxeko zaintza errazteko, hau da, seme-alabak, edo zaintza behar duten gainerako senide edo bizikideak atenditu ahal izateko. Gure ilobak pozik hartuko luke bederatzi eguneko baimen ordaindua, baina gainerako 356 egunetan orekariarena egiten jarraitu beharko luke, ez erortzeko ahalegin antzuan. Zaintza-krisia ez da zazpi edo bederatzi eguneko auzia, hori ere garrantzitsua izanik ere. Gure bizitzeko modu hau ez da bizitzarekin ezkontzen, eta hori aldatzeko hitzarmen askoz zabalagoa beharko da, etxetik bertatik hasita (nork bere buruarekin ere) eta gure bizitzari eragiten dioten esparru guztietaraino eraman behar dena.

Aukera ederra genuen mundua bera geratu zitzaigunean, baina alferrik pasatzen utzi dugu. Pandemiak askotariko arazo eta buruhauste berriak ekarri dizkigu, eta nekea sortu duenik ezin da ukatu. Bakoitzak daki bere berri, eta ni, adibidez, ez naute irizpide-aldaketek gogaitu, ezta ulergaitz egin zaizkidanean ere. Indarge utzi nauena da benetan aldatu behar denak bere horretan jarraitzen duela ohartzea.

Beste mundu bat posible dela esaten dugu, eta zinez hala dela uste dut. Oraingoz, baina, ez daukat frogarik.]]>
<![CDATA[Apetak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/019/001/2022-01-27/apetak.htm Thu, 27 Jan 2022 00:00:00 +0100 Pilar Kaltzada https://www.berria.eus/paperekoa/1891/019/001/2022-01-27/apetak.htm
Ez da hau lehen kasua, eta ez da azkena izango. Inguruan galdetu dudanean horrelako gehiagoren berri ba ote zuten, zerrenda aski luzea eman didate, prentsa arrosan entzute handikoak diren izen askorekin. Gehienak, oraingo bikote honena bezalaxe, lau haizeetara zabaldutakoak.

Edonola ere, gehien harritu nauena da haurraren berri emateko zabaldu duten oharrean horren argi azaldu izana errentapeko haurdunaldiaren bide horretara zergatik jo duten, eta esaldi horiek jariatzen duten balizko normaltasuna. Guztiz eztabaidagarriak dira beste zenbait kasutan ordainpeko haurdunaldien alde esan izan diren argumentuak, baina askoz gordinago ikusten da horrela. Izan ere, oraingo honetan ez dago biologikoki guraso izatea ezinezko duten pertsona edo bikoteren balizko eskubideen aldarrikapena, ezta dohaintza altruistaren oihartzunik ere. Egoera honek, aurretik izan diren beste hamaikaren antzera, biluzik agertzen du haurdunaldi subrogatuen auziaren gordinkeria. Salerosketaren esparru soilean lagatzen du auzia.

Bikoteak ez du denborarik aurkitu gurasotasun-desio hori elkarrekin eta bitarteko propioez betetzeko, baina hori ez da oztopo. Izan ere, bere gorputza besteren apeten zerbitzura jarriko duten emakumeak aurkitzea ez da zaila, itxuraz. Agentzia mordo bat dago nonahi, eta ez dut uste kasualitatea denik munduko mapako bazterrik txiroenetan egotea alokairuzko sabelen negoziorik handienak. Logika kapitalistaren ondorio zuzena da, beraz, bikote gazte eta dirudun honek hartu duen bidea: ez daukazun zerbait erosteko aukera baduzu, salduko dizuna topatzea baino ez da falta, handik aurrerakoa, prezio-kontu hutsa izango baita. Denbora da diruz eros ezin daitekeen ia ondasun bakarra. Oraingoz, behintzat, ezin dira hilabete edo urte batzuk erosi, munduko beste puntan bizi den norbait hori ere saltzeko prest legoken arren. Denbora besterenezina da, asko balio du, baina ez dauka preziorik; bai, ordea, emakumeen eskubideak, are gorputzak. Pobreziak eta askotariko menpekotasunek merkatu handia sortu dute horretarako, salneurri lehiakorrak, kalitate-bermeak eta baita itzulketa-politika zehatza eskaintzen duena ere.

Beti egongo da munduan besteen apetak betetzeko orduan bere burua eskainiko duenik, kapritxo horiek ordaintzeko diru nahikoa duten erosleei zernahi emango diena, salbuespenak salbuespen, bizirautearen truke. Biribila biribildu egin dute: apetak eskubide bilakatzen direnean, eskubideak salgai daudela onartzea beste erremediorik ez dago.]]>