<![CDATA[Ricard Gonzalez | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sun, 24 Sep 2023 11:45:35 +0200 hourly 1 <![CDATA[Ricard Gonzalez | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Zatiketa amaitzeko deia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1941/002/002/2023-09-21/zatiketa_amaitzeko_deia.htm Thu, 21 Sep 2023 00:00:00 +0200 Ricard Gonzalez https://www.berria.eus/paperekoa/1941/002/002/2023-09-21/zatiketa_amaitzeko_deia.htm Daniel zikloiak biztanleen kontzientzia astindu du. Horrixe heldu zion, hain zuzen, NBE Nazio Batuen Erakundearen Libiarako mandatariak, Abdoulaye Bathily senegaldarrak, iragan astean: libiarrei eskatu zien bat egin dezatela, bai zoritxar hau gainditzeko eta bai azken urteetako historiak traumatizatutako herrialde horren zauriak sendatzeko. Hain zuzen, Libiako egoera politiko kaotikoak zerikusia izan du hondamendiaren larritasunarekin; izan ere, zikloiaren indarrarengatik ez ezik, mantentze lanik ezagatik ere kolapsatu dira hango bi urtegi, eta horregatik suntsitu da Derna hiria.

Ikusi gehiago: Beste krisi bat eragozteko premia

Bathily, kargua hartu zuenetik, Libia batzeko prozesu politiko bat berrabiarazten saiatu da, gatazkan dauden bi gobernuren artean zatitua baitago herrialdea: batetik, Batasun Nazionaleko Gobernua dago, egoitza Tripolin duena eta nazioarteak aitortua; bestetik, ekialdeko eskualdea gobernatzen duena dago, Khalifa Haftar jeneralak kontrolatua. Hain justu, ekialde horretan eragin du Daniel zikloiak txikiziorik handiena, historikoki Zirenaika esan izan zaion eskualdean.

Nazioarteak, azken urteetan, hauteskundeak egitea jo izan du herrialdea adiskidetzeko giltzarritzat. Baziren presidentetzarako boz batzuk antolatuak 2021eko abenduaren 24rako, baina epemugarik gabe atzeratu zituzten, arrazoi politikoak eta logistikoak zirela medio; hori ikusirik, Bathilyk helburu gisa jarri zuen urte hau bukatu baino lehen antolatzea hauteskundeak, baina, epea bukatu ahala, NBEren mandataria gero eta ezkorrago dago, eta segurtasun arazoak nabarmendu ditu oztopo nagusi gisa: batez ere, talde armatu ugari jardunean ari direla eta. Horrez gainera, beste oztopo bat da ez direla ados jartzen hauteskundeak egiteko arauen inguruan, zeren eragile politiko bakoitzak berak irabazteko moduko baldintzetan baino ez baititu antolatu nahi.

«Ez zait iruditzen inolako aukerarik dagoenik hauteskundeak luze gabe egiteko, urtea bukatu baino lehen. Inork ez du hauteskunderik nahi: horra hor arrazoia», esan du Britainia Handiko RUSI think tank-eko ikertzaile batek, Jalel Harchaouik. Azken urteetan, jendaurrean, Libiako eragile politiko guztiek esan dute hauteskundeak egitea iruditzen zaiela gatazka politikoari irtenbidea emateko modua; baina ez dago batere argi benetan ari diren edo ez.

2011n, Udaberri Arabiarrak piztu zirenean, Libia kaos eta indarkeria zurrunbilo batean hondoratu zen, eta, horregatik, «huts egindako estatu bat» dela esan izan da sarritan. Gerra zibil baten ondorioz, erreka jo zuen Muammar Gaddafi koronelaren garaiak, eta garaile ateratako fakzioen arteko botere borroken eraginez, ezin izan zen instituzio nazional sendorik sortu, eta milizia konstelazio baten mende geratu zen herrialdea. 2015etik, bi aliantza politiko handi eratu dira, nork bere eskualdea duela oinarri, eta borrokan ari dira boterea zeinek lortuko, bulegoetan batzuetan, eta gudu zelaian beste batzuetan.

Boterea, ordea, hain dago zatitua, ezen, zenbaitetan, bando bereko miliziak hasten baitira elkarrekin borrokan. Hiriburuko miliziarik boteretsuenetako bi, 444 delakoa eta Disuasio Indar Bereziak izenekoa -Rada ere esaten diote-, borrokan ibili ziren, eta, 24 ordu inguruan, gutxienez 55 lagun hil ziren, eta 146 zauritu. Batasun Nazionalaren Gobernua babesten duen koalizioaren parte dira biak -Abdul Hamid Dbeibeh lehen ministroa da haren burua-.

Atzerriko esku hartzeak

Libiako ekuazio politikoan, nazioarteko eta eskualdez eskualdeko potentziak ere funtsezkoak dira, nahiz eta maiz ezkutuan jarduten duten. Frantziarekin batera, Egipto izan da Haftarren babesle nagusia, eta hura ari da, orobat, argi eta garbien sustatzen hauteskundeak; izan ere, Batasun Nazionaleko Gobernuko lehen ministroa -Nazio Batuen Erakundearen babesean hautatu zuten, baina agintaldia iraungia du- lasta bat da Egiptoren interesetarako.

Tripoliko gobernuak, bestalde, Arabiar Emirerri Batuen eta Italiaren babesa du. «AEBek eta Erresuma Batuak ez dute jarrera argirik, baina bada eragile funtsezko bat: Turkia. Beti babestu izan du Dbeibeh. Dena den, badirudi jarrera hori berraztertzen ari dela, interes handia baitu Egiptorekin adiskidetzeko, eta baliteke prezio horixe ordaindu behar izatea», esan du Mohamed Eljarh analista politiko libiarrak.

Partida hori jokoan dela, herritarrei hobetu egin zaie egoera materiala azken bi urteetan. Hein handi batean, petrolioaren prezioa egonkortu izanaren ondorioz oparotzen ari da herrialdea -munduko petrolio erreserba nagusietan bederatzigarrena du Libiak-, eta, batez ere, indarkeriarik ezaren ondorioz. 2020ko udazkenetik abuztuaren erdialdera arte, ez da izan gerra ekintzarik; ia hamar urtean izan den meniarik luzeena da hori, eta orain, berriz ere, petrolioaren jarioak ez du oztoporik.]]>
<![CDATA[«Libiara deportatutako dozenaka lagun hil dira, eta EB konplizea da»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1857/012/001/2023-08-17/libiara_deportatutako_dozenaka_lagun_hil_dira_eta_eb_konplizea_da.htm Thu, 17 Aug 2023 00:00:00 +0200 Ricard Gonzalez https://www.berria.eus/paperekoa/1857/012/001/2023-08-17/libiara_deportatutako_dozenaka_lagun_hil_dira_eta_eb_konplizea_da.htm
Badirudi EBk interes handia duela bat-batean Tunisiaren inguruan. Zergatik?

Iaztik, nabarmen handitu da Tunisia zeharkatzen duen migrazio bidea, eta beste bide batzuk ixteaz batera gertatu da hori: Kanarietakoa eta Balkanetakoa ixteaz batera, besteak beste. Baina, horretaz gainera, EB benetan kezkatuta dago Tunisiako krisi politiko, ekonomiko eta sozialak ez ote duen kolapsatuko hemengo segurtasun sistema. Hortaz, Europako buruzagiak deliberatuta daude egonkortasunari eustera, kontuan hartu gabe nork gobernatzen duen eta modu demokratikoan gobernatzen duen ala ez.

Buruzagi horientzat, Saied bazkide bat da orain, prest dagoena migrazio lankidetza are gehiago sakontzeko: esate baterako, tunisiarrak aberrira itzularaztea onartzeko. Saied prest zegoen prezio hori ordaintzeko, hartara modua izango baitzuen nazioarteak bera bakartzeari utz ziezaion.

Posible al da itsasoan erreskatatutako migratzaile guztien harreragune moduko bat bihurtzea Tunisia?

Horixe nahi luke EBk, baina Tunisiarentzat marra gorri bat da hori, baita Saiedentzat berarentzat ere.

Saied presidenteak diskurtso arrazista bat plazaratu zuen otsailean. Horren ondorioz handitu da alde egiten dutenen kopurua?

Bai. Inork ez zuen espero Saiedek otsailean egindako diskurtso hura, eta oso ondorio kaltegarriak izan ditu. Sare sozialetako diskurtso arrazistak beretu zituen, eta urrunago ere joan zen, oinarri harturik Europako eskuin muturrik erradikalenaren «ordezkatze handiaren» tesia. Gorroto diskurtso hura sareetatik kalera pasatu zen; Saharaz hegoaldeko jende ugari bota zuten etxetik, lanetik, eta kanporatutako askok, beraz, erabaki zuten pentsatu baino lehenago abiatzea Europara. Asko migrazio proiektu baten barruan iristen dira Tunisiara, baina hemen geratzen dira denboraldi batez; lan egiten dute, eta dirua aurreztu, bidaia ordaintzeko. Horren ondorioa da aurten jende gehiagok alde egin izana.

Tentsio horiengatik, uztailean liskarrak piztu ziren Sfaxen...

Bai. Tunisiako industriaren hiriburua da Sfax, eta, horregatik, han dago Saharaz hegoaldeko migratzaileen komunitaterik handiena. Egoera hartan, indarkeria onartuta zegoenez, sare kriminalek abagunea aprobetxatu zuten migratzaile haien etxean sarekadak egiteko eta dirua lapurtzeko, uste baitzuten dirua edukiko zutela etxean, emigratzeko aurreztuta. Mafia haien asmoa, berez, ez zen haiek jipoitzea, ezta haiek Tunisiatik botatzea ere; haiek dirua besterik ez zuten nahi. Jakina, migratzaileek beren burua defendatu zuten, eta liskarrak izan ziren. Halako borroka batean, tunisiar bat hil zen uztailaren hasieran, eta orduantxe jarri zen giroa bor-bor Sfaxeko kaleetan. Gobernuak erreakzionatu egin behar izan zuen ezinbestean, eta 1.200 lagun deportatu zituen desertura, Libiako mugara, eta beste bostehun Aljeriako mugara.

Zer-nolako jendea deportatu zuten?

Lehen egunetan, kalean aurkitutako beltz guztiak deportatu zituen Poliziak, umeak eta haurdun zeuden emakumeak barne. Bidegabea izan zen erabat. Asko legez bizi ziren hemen; ikasleak ziren, UNHCR-k iheslari estatusa onartutako errefuxiatuak... Tunisiar beltzak berak ere sartzen zituzten mugaranzko autobusetan, ezer esaten ez bazuten; halaxe aitortu zidan Poliziako iturri batek. Lehenik, Sfaxeko zentro batera eramaten zituzten; kanpoko munduarekin komunikatu ez zitezen, sakelako telefonoa konfiskatzen zieten, eta autobusean eramaten zituzten Libiako edo Aljeriako mugara. Mila pertsona baino gehiago eraman zituzten Libiako mugara; Aljeriara, berriz, ehunka, Aljeriak eta Tunisiak harreman estua baitute. Eta hantxe utzi zituzten, ez janik, ez urik, muturreko tenperaturetan.

Gutxi gorabehera zenbat daude oraindik han?

Aljerian, bakar bat ere ez; Libian, berriz, 150 bat. Deportazio masiboak egin eta astebetera, Tunisiako agintariek atzera egin zuten, eta Gurutze Gorriari agindu zioten estatuaren aterpe eta harrera zentroetara eramateko Aljeriako guztiak eta Libian abandonatuetatik seiehun bat. Han, inkomunikatuta daude orain, eta ez diete uzten irteten. Gainera, egunero jartzen dizkiete aurrean paper batzuk «borondatez itzultzea» sina dezaten: behin eta berriz esaten ari zaizkie ea jaioterrira itzuli nahi duten.

Zer lortu nahi du Tunisiak, politika horren guztiaren bidez?

Ba, «borondatez itzultzeko» eskaintza hori onar dezaten. Eta halako esperientzia gogorra izan dute, jakin gabe noiz utziko dieten irteten, ezin etorkizunik begiztatu... ezen, azkenerako, askok onartu egiten baitute.

Zenbateraino da EB erantzule?

Erabat, bai baitaki zer gertatzen ari den, bai baitaki nola ari diren giza eskubideak urratzen, eta ez baitu ezer esan. Libiako militarren iturrien arabera, hara deportatutako dozenaka lagun hil dira. Eta Aljerian ere, beste hogei bat hil dira otsailaz geroztik halako deportazio ilegalen ondorioz. Drama horien guztien konplizea da EB.]]>
<![CDATA[«Marokorekin genuen krisi sakona gainditu dugu»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1864/020/001/2023-03-31/marokorekin_genuen_krisi_sakona_gainditu_dugu.htm Fri, 31 Mar 2023 00:00:00 +0200 Ricard Gonzalez https://www.berria.eus/paperekoa/1864/020/001/2023-03-31/marokorekin_genuen_krisi_sakona_gainditu_dugu.htm
Bada urtebete Espainiak Magreben inguruko politika aldatu zuela. Nolakoa da balantzea?

Oso ona. Krisi sakon bat gainditu dugu, eta oinarri egokiak ezarri ditugu halakorik berriz gertatu ez dadin. Diplomazia, zientzia bat baino gehiago, arte bat da; ez dago lege matematikorik, baina badago horren antzeko zerbait: ahalik eta harreman onena izan behar da herrialde mugakideekin. Eta Maroko da horietako bat. Espainiak demokrazian izandako presidente guzti-guztiek, salbuespenik gabe, lehentasun osoa eman izan diote beti Marokori atzerriko politiketan. Beraz, ez da batere arraroa harremana estutu izana. Anbizio bera izan dugu bi herrialdeok: ez genuen krisia azkar eta ondo konpondu gabe amaiarazi nahi, bion arteko harremana guztiz hoztuta. Gora begiratu dugu, goi asmoak eta oinarri berriak ezarriz: elkar errespetatzea, biontzako onurak lortzea, aldebakarreko ekintzarik ez egitea, eta adostutako konpromisoak errespetatzea.

Argi dago Marokori zertan egin dion mesede Mendebaldeko Sahararen inguruko jarrera aldaketa horrek. Zer ekarri dio Espainiari?

Zenbait elementu daude: gure merkataritza harremanek goia jo dute; 20.000 milioi euro ditugu aldebiko merkataritzan, eta 12.000 milioi esportazioetan. EBtik kanpokoetan, AEBak eta Erresuma Batua baino ez dira bezero hobeak. Espainiako 1.100 enpresa inguru Marokon daude, eta bidea zabaldu diogu hango inbertsio plan bati: 45.000 milioi euroko ekarpena egingo die gure enpresei. Pertsonekin trafikatzen duten mafien kontrako borrokari dagokionez, 2022ko urtarrileko eta 2023ko urtarrileko datuak konparatuta, ikusten da migratzaile irregularren kopurua %69 apaldu dela Andaluziako kostan, eta %82 Kanarietan —Frontexen datuak dira—. Balkanetako bidean, berriz, %157 handitu da kopurua. Gainera, azken hilabeteetan, jihadisten sei sare desegin ditugu, Espainiako eta Marokoko polizien elkarlanari esker. Ceutako eta Melillako mugak ireki ditugu; urtarrilaren 27an berriz ireki genuen Melillako aduana, eta, historian lehen aldiz, Ceutan ere aduana bat ireki dugu...

Baina abian dira benetan?

Pixkanaka irekitzen ari gara. Zenbait urrats egin ditugu, eta ondo ari dira. Gainera, azken goi bileran beste arlo bati ekin diogu: kulturari eta hezkuntzari. Duela zortzi urte egin zen halako azken bilera, eta oraingoa historikoa izan da, inoiz baino ministro gehiago bildu baitira, eta inoiz baino akordio gehiago lortu: hogei. Akordio horietan, besteak beste, adostu da sail elebidunak jarriko direla Marokoko zenbait eskolatan, eta beste eskola espainiar bat eraikiko dela herrialde horretan.

Zehaztua duzue noiz ariko diren berriz lanean Marokorekiko aduana komertzial guztiak?

Badago egutegi bat, goi bilerako adierazpen bateratuko 42. puntu adostuak dioenez. Baina, pertsonen igarobidearekin egin genuen bezala, orain ere ez dugu horren berri emango jendaurrean, ez baitugu nahi jende olderik; ez dugu nahi berriz merkataritza atipikorik izatea, aurrez gertatu zen bezala. Horretan bat gatoz alde batekoak eta bestekoak.

Nolanahi ere, laster irekiko dira?

Ahalik eta azkarrena ari gara lanean.

Marokorekin hobeto doa kontua, baina Aljeriarekin, nahiko gaizki. Hobetzeko esperantzarik baduzue?

Beste auzo herrialdeekin lortu nahi dugun gauza bera lortu nahi dugu Aljeriarekin ere: adiskidetasunean, errespetuan eta biontzako onuran oinarrituko den harreman bat, eta barne arazoetan ez esku hartzeko konpromisoa. Espainia horretarako prest dago hasiera-hasieratik. Aitortzen dugu Aljeria gas hornitzaile fidagarria dela, baina, jakina, horrek ez du esan nahi guk ez ditugunik gogor defendatuko gure enpresak eta haien interesak.

Espainiak zer politika ofizial du migratzaileak mugan bertan kanporatzearen inguruan? Ohikoa al da hori gertatzea?

Migrazioarekin lotutako kontuak ez dagozkit niri, baina segurtatu dezaket Espainiak migrazioaren arloan dituen politika guztiek erabat errespetatzen dituztela giza eskubideak. Migrazioa fenomeno oso konplexua da: Espainiako mugatik milaka kilometrora hasten da, eta oso kausa sakonak daude tartean. Hori dela eta, lankidetzarako lege berri bat sinatu dugu parlamentuan, eta ugaritu egin ditugu Afrikako herrialdeen garapena bultzatzeko lankidetza programak: lehen halako hiru dira orain. Horregatik egin berri dut bira bat Afrikako zenbait herrialde bisitatzeko. Marokotik jende gutxiago irten denez, ehunka eta ehunka lagunen bizia salbatu da. Ez da ahaztu behar Europara iristeko biderik arriskutsuena Atlantikoko bidea dela, Kanarietakoa.]]>
<![CDATA[Marokoren eta EBren arteko harreman onak, mehatxupean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/015/001/2023-01-27/marokoren_eta_ebren_arteko_harreman_onak_mehatxupean.htm Fri, 27 Jan 2023 00:00:00 +0100 Ricard Gonzalez https://www.berria.eus/paperekoa/1905/015/001/2023-01-27/marokoren_eta_ebren_arteko_harreman_onak_mehatxupean.htm
Iragan asteko ostegunean, hogei urtean lehenbizikoz, Europako Parlamentuak ebazpen gogor bat onartu zuen, Marokon giza eskubideak urratzen direla gaitzesteko; ebazpen horretan, berariaz aipatzen dira Rif eskualdeko egoera eta Pegasus espioitza programa zibernetikoaren erabilera. Horretaz gainera, testuan exijitzen da aska ditzatela kritiko izateagatik kartzelatutako kazetariak —hala nola Omar Radi—, eta zera adierazten: «Kezka sakona dugu, Marokoko agintariek Europako Parlamentuko zenbait diputatu erosi dituztelako akusazioak direla eta». Hasieran, Qatargate izena jarri zioten eskandaluari, baina, Belgikako hedabideei isilpean helarazitako berriek iradokitakoaren arabera, badirudi Marokok sortu zuela trama guztia, duela hamar urte baino lehenago. Horregatik hasi zaio Qatargate hari Moroccogate deitzen.

«Litekeena da bozketa mugarri bat izatea, Maroko EBko erakundeen begikoa izan baita Mediterraneo hegoaldean, ia ukiezina emateraino», azaldu du Irene Fernandez-Molinak, Exeter Unibertsitateko irakasle eta Marokon espezializatua denak. Katedradun horren iritziz, eroskerien eskandalu hori izan da gainezka eragin diena, Rabatek eta Europako zenbait herrialdek —Frantziak eta Alemaniak— berriki desadostasun batzuk izan ondoren; horri erantsi behar zaio Ceutan migranteen krisia gertatu zela 2021ean, Marokoko agintariek mugaldea ireki baitzuten eta milaka migrante sartu baitziren herrialdera bat-batean. Orduan ere, Europako Parlamentuak Rabaten inguruko ebazpen kritiko bat onartu zuen.

Hain zuzen, Ignacio Cembrerok ezin hobeto daki Afrika iparraldeko herrialde horretako barrunbeen berri, El País egunkariaren korrespontsal aritu baita urte askoan Rabaten, eta, hark azaldu duenez, eskandalu hori agerian geratu da zenbait zerbitzu sekretu —besteak beste, Espainiakoa, Frantziakoa eta Italiakoa— aspalditik zebiltzalako irrikaz, noiz-nola harrapatuko Marokoko zerbitzu sekretuak. Atzeneko urteetan, ustelkeriaren inguruko trama ez zuen jadanik Marokoko diplomaziak kudeatzen, baizik eta Marokoko zerbitzu sekretuek, eta horrek atezuan jarri zituen Europako zenbait herrialdetako zerbitzu sekretuak. Dirudienez, horiexek ohartarazi zituzten Belgikako agintariak ikerketa lanei ekin ziezaieten.

Hala ere, Pedro Sanchez Espainiako presidentearen alderdikideek, hau da, PSOEko europarlamentariek ebazpenaren kontra bozkatu zuten. Haiekin batean, ordea, eskuin muturreko diputatu banaka batzuek eta kide ez diren zenbaitek baino ez zuten bozkatu kontra: mozioaren kontrako 32 boto izan ziren, eta aldekoak, berriz, 356. «Marokok lobby lan ikaragarria egin zuen azken egunetan; horrek bere ondorioa eragin zuen PSOEn, alderdi hori toki ahulean baitago aspalditik Marokorekiko harreman bilateraletan», adierazi du Fernandez-Molinak. «Beldur ziren ez ote zen bertan behera geratuko otsail hasierarako aurreikusia zuten aldebiko goi bilera, edo ez ote zen ordezkari gutxi agertuko. Izan ere, batek eta besteak ez dute interes bera aldebiko harreman hori berritzeko. Espainiak behin baino gehiagotan iragarri du berrekingo diotela, baina Maroko gerotik gerora dabil, epeak berak kontrolatzen dituela erakustearren», erantsi du.

Ondorio kaltegarriak

Maati Monjib politika kazetari marokoarra bat dator azterketa horrekin, eta nabarmendu du litekeena dela Moroccogate-ren ondorioak kaltegarriak izatea Rabatek EBrekin dituen harremanetarako. Erregimenak, izan ere, suari sua baino ez dio eman bere jarreraren bidez. Kongresuak eta Senatuak bilkura bateratu egin zuten astelehenean, eta mozio bat onartu: bertan, «Europako Parlamentuarekiko harremanak berrikustea» exijitzen du, eta «onartezintzat» jotzen Europaren ebazpena. «Europako erakundeekiko harreman politikoak eta ekonomikoak kaskartu egingo dira, eta hori arriskutsua da, Marokorentzat ezinbesteko bazkidea baita», zehaztu du Monjibek, eta arrantza ituna aipatu du, tirabira handitzeak kalte egingo diolakoan.

2021eko irailean, Europako Justiziak baliogabetu egin zituen akordio horretako zenbait puntu, Mendebaldeko Saharari buruzkoak, argudiaturik nazioarteko legedia urratzen zutela, legedi horrek ez baitio Marokori subiranotasunik onartzen lurralde horren gainean. Hortaz, ituna salbatzeko asmoz, Europako erakundeek elkar hartu zuten, eta kasazio errekurtso bat aurkeztu. Sententzia lorpen handi bat izan zen Fronte Polisarioarentzat, eta hura jotzen dute Moroccogate-ren onuradun nagusitzat.

Monjiben ustez, Rabatek ez du amore emango, oraingoz behintzat: «Hasia du disidenteen kontrako kanpaina bat, haiei traidoreak izatea leporatuz ebazpena babesteagatik. Horregatik, Bruselarekiko tirabirak ez dira baretuko lehen fasean». Alabaina, analista horrek iragarri duenez, hilabete batzuk barru, Marokok ahalik eta modurik errespetagarriena aurkituko du preso dauden kazetari horiek askatu eta EBrekin nolabait adiskidetzeko. Monjibek ederki dakizki errepresio aparatuaren zirrikitu guztiak, zenbait hilabete eman baitzituen kartzelan. Gose greba bat egin zuen, eta, haren ondorioz hiltzeko zorian zegoelarik, aske utzi zuten, askatzeko eskatuz AEBetako Kongresuak txio bat idatzi zuen egunean bertan.

Omar Radi da ebazpenean aipatzen den kazetaria, sei urteko kartzela zigorra betetzera kondenatua, eta Radiren aitak ere pentsatzen du erregimenak men egin beharko diela azkenean Europaren eskakizunei, eta askatu iritzia emateagatik atxilotutakoak: «Erregimenak ez dauka beste aukerarik, EB bazkide garrantzitsuegia da eta. Ez dago nazioartean bakarturik geratzeko moduan», argudiatu du Driss Radik. «Oso kontentu gaude bozketarekin, erakusten baitu Omar bidegabekeria baten biktima izan dela, nahita asmatutako akusazio batzuen biktima. Hutsegite bakarra egin zuen: ikerlan artikulu batzuk argitaratzea, erregearen zenbait ministroren eta kontseilariren ustelkeria agerian utzi zutenak», bota du, harro.]]>
<![CDATA[Bosnian, eskolan bertan hasten da sektarismoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1917/014/001/2023-01-04/bosnian_eskolan_bertan_hasten_da_sektarismoa.htm Wed, 04 Jan 2023 00:00:00 +0100 Ricard Gonzalez https://www.berria.eus/paperekoa/1917/014/001/2023-01-04/bosnian_eskolan_bertan_hasten_da_sektarismoa.htm
Daytongo Bake Akordioan, sistema bat sortzeaz gainera kargu politikoak kuota etnikoen bidez banatzeko serbiarren, kroaziarren eta bosniaken artean, zenbait administrazio maila ere ezarri zituzten: esparru autonomo bat Brckon, eta bi eskualde, Serbiako Errepublika eta federazio kroaziar-musulmana, hamar kantonamendutan banatuta. Administrazio maila horietako bakoitzak bere hezkuntza ministerioa du, eta bere hezkuntza sistema. Zenbait tokitan, eskola publiko konfesionalak daude; beste batzuetan, berriz, etnia ezberdinetako ikasleak gela berean egoten dira, baina bereizi egiten dituzte zenbait ikasgaitan, hala nola erlijioan, hizkuntzan eta historian. Hiru kantonamendutako 56 eskolatan, bestalde, ikasle guztiak zentro berera doaz, baina ez ikasgela berera. Sistema horrek badu izen bat: bi eskola teilape bakarrean.

«Komunitate guztietako alderdi nazionalistek babesa ematen diete ikasleak segregatzen dituzten sistema horiei, hala modua baitute beren kontakizuna irakasteko ikasleei. Ez dute nahi talde ezberdinetako ikasleak nahastea», kontatu du Jajce-ko Hezkuntzarako eta Sozializaziorako Zentroko arduradunak, Samir Beharic-ek. Kantonamendu kroaziar-musulmanean dago hiri hori, eta, hango lehen hezkuntzan, bi eskola teilape berean sistema da nagusi. Hezkuntzarako eta Sozializaziorako Zentroak nazioarteko zenbait erakunderen diru laguntzak jasotzen ditu, eta eskolaz kanpoko orotariko jarduerak antolatzen ditu, udalekuak barne, etnia ezberdinetako haurrak elkarrekin egon daitezen.

Ikasleak bereizteko ahaleginean, 56 eskola horietako batzuek ikastetxera sartzeko ordutegi bana ezarria diete komunitateei; hartara, neska-mutikoek ezin dute ezta atsedenaldian elkarrekin jolastu ere egin. «Gure udalekuetan, gogoeta egiteko jarduerak sustatzen ditugu. Inoiz, 12 urteko neska-mutilek esan izan digute ez daudela pozik, ezin direlako lagunekin batera ikasgela berean egon. Arazoa da gurasoek berek bultzatzen dutela segregazio hori», esan du Beharicek, penatuta.

2016an, Jajceko agintariek iragarri zuten plan bat egingo zutela segregazioa bigarren hezkuntzara ere hedatzeko; izan ere, ziklo horretan, ikasle kroaziarrak eta bosniakak zenbait ikasgaitan baino ez zituzten bereizten: adibidez, erlijioko eskolan. «Ikasleak mobilizatu egin ziren neurri haren kontra, eta oihartzun eta babes handia lortu zuten. Azkenean, alderdiek atzera egin zuten. Gerra bukatu zenetik, huraxe izan zen lehen aldia gizarte zibilak plataforma ez-konfesional baten bitartez alderdi nazionalistei irabazi ziena», azaldu du Beharicek, zeinak laguntza eman baitzien neska-mutilei beren kanpaina antolatzeko.

Historia, ezberdin irakatsia

Curriculum sektario horietako bakoitzean, guztiz ezberdin esplikatzen dute Bosniaren historia. «Komunitate bakoitzak ikuspegi bere-berea ematen du, eta ez soilik 90eko hamarkadako gerraren ingurukoa», kontatu du Jasmin Medic historialariak. Haren ustez, nahitaezkoa da hezkuntza programa askotarikoak koordinatzea, ikuspegiak pixka bat bateratzeko, baita gairik arantzatsuenen gainean ere. «Gutxien-gutxienez, oinarri komun bat ezarri behar litzateke, egiaztatuta dauden egitateetan oinarrituta. Adibidez, aukera bat da Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiaren sententziak oinarri hartzea, hura instituzio neutral bat denez gero», esan du Medicek.

Bosniako Serbiar Errepublikako eskoletan, ukatu egiten da Srebrenican bosniaken genozidio bat izan zela —nahiz eta nazioarteko justiziak berretsia duen—, eta Medic oso kritiko mintzo da horretaz. 1995ean, izan ere, serbiarren indar paramilitarrek 8.000 bosniak exekutatu zituzten herri hartan.

Etnia askotarikoetako herritarren interakzio sozial mugatuaren eta kontakizun nazionalisten hegemoniarengatik, alderdi konfesionalak garaile atera izan dira bozetan. Azkenekoetan, urriaren 2an, berriz ere alderdi nazionalistek lortu zuten boto gehien hiru talde etniko nagusietako bakoitzean, eta, hortaz, pisu erabakigarria izango dute parlamentuan.

Nolanahi ere, Daytonek ezarritako kuota etnikoen sistemaren kontra dauden alderdi multietnikoek garaipen sinboliko bat lortu zuten, haien eraginaren erakusgarri: presidentetzan diren hiru kideetatik bi, kroaziarren ordezkaria eta bosniakena, nazionalistak ez diren alderdietakoak izango dira historian lehen aldiz.

«Bosniarrok oso harro gaude gure identitateaz. Orain arte, horren ondorioz, jendeak bere komunitateko alderdiei baino ez die eman botoa. Baina irudipena dut hori aldatzen ari dela pixkanaka», esan du Haris Idrizek, Mostarren ikasle kroaziarrak eta bosniakak nahasten dituen institutu bakarreko zuzendaria izandakoak. Egia da, dena den, heziketa fisikoa eta informatika baino ez dituztela ematen gela berean ikastetxe horretan. «Ez du zentzu handirik, baina bi curriculum daude, bata bosniakentzat eta bestea kroaziarrentzat, baita matematikan ere», esan du, etsita.]]>
<![CDATA[«Aurkariek egindako kanpainengatik du ospe txarra Qatarrek»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1921/024/001/2022-11-29/aurkariek_egindako_kanpainengatik_du_ospe_txarra_qatarrek.htm Tue, 29 Nov 2022 00:00:00 +0100 Ricard Gonzalez https://www.berria.eus/paperekoa/1921/024/001/2022-11-29/aurkariek_egindako_kanpainengatik_du_ospe_txarra_qatarrek.htm Qatar. La perla del Golfo (Ediciones Peninsula, 2022). Qatarri buruz mintzatu da, Europan herrialde ezezaguna baita oraindik ere, nahiz eta gero eta presentzia handiagoa duen arlo ekonomikoan eta sozialean.

Nolakoa da Qatarrek Ekialde Hurbilean duen tokia?

Qatar potentzia txiki bat da, baina potentzia ertain bat balitz bezala jokatzen du, eta halakotzat jotzen dute. Hain zuzen, arlo ekonomikoari eta energia arloari dagokienez, potentzia ertain bat da. Egungo emirraren aitak ezarritako kanpo politikak bultzada handia eman zion herrialdeari eskualdean, zenbait politikaren bitartez; besteak beste, Al-Jazeera sortu izanak asko lagundu zuen horretan.

Zure ustez, haren kanpo politika ideologikoa da, ala pragmatikoa?

Nire ustez, ideologikoa da batez ere, eta Anaia Musulmanei ematen dien babesaz ari naiz. Haiek arabiar nazionalismoaren formulazio modernotzat-edo daukate beren ideologia, eta uste dute eskualdeko beste herrialdeen babesa lortzen lagunduko diela horrek. Zera interesatzen zaie: gai izatea arabiar mundua kohesionatzeko, zeina orain zatitua eta liskartua baitago. Edonola ere, kontuan izatekoa da Qatarrek babesa ematen diela nazionalismo arabiarraren alde egiten duten pentsalari ez-islamista batzuei ere, hala nola Azmi Bixarari.

Qatar zenbateraino izan zen garrantzitsua Udaberri Arabiarrean?

Saudi Arabia buru duen talde kontrairaultzaileak aurka egin dion bloke erreformazaleko partaide eta buru da Qatar. Al-Jazeerak 24 orduz protesten berri eman izanak domino efektua sortu zuen, eta oso garesti ordaindu behar izan zuen hori. 2011tik aurrera, okertu egin zen Qatarrek auzo herrialdeekin zuen harremana, eta, azkenean, blokeoa iritsi zen 2017an. Hain zuzen, Al-Jazeera ixtea da blokeoa amaitzeko baldintzetako bat.

Baina Al-Jazeera zabalik dago oraindik...

Hamahiru baldintza jarri nahi izan zizkioten; haietako bat, Anaia Musulmanak babesteari uztea. Baina, blokeoa indargabetu eta gero, ez du baldintzetako bat ere bete. Qatarrek lortu du bere autonomiari eustea.

Zein dira Qatarko sistema politikoaren ezaugarri nagusiak?

Autokrazia bat da, eta emirrak botere handiak hartzen ditu bere esku; ez bakarrik botere exekutiboan, baita legegilean eta judizialean ere. Ez dago benetako botere banaketarik, eta askatasun publikoak oso mugatuta daude, inguruko herrialdeetan bezala, baina agian ez dago haietan bezainbesteko zapalkuntzarik. Azken urteetan, zenbait erreforma ezarri dira, itxura hobea emateko; horietako bat da Xuraren Kontseiluaren eta Udal Kontseiluen aukeraketa. Nolanahi ere, aginteko dinastiaren hurbilekoak dira aurkezten diren hautagai bakarrak.

Eskualdeko beste herrialde batzuen aldean, Qatarrek ospe okerragoa du nazioarteko prentsan. Zergatik?

Eskualdean Qatarrek aurkari dituen herrialdeen desinformazio kanpainak daude horren atzean, pisu handia baitute. Harreman publikoetarako nazioarteko agentziak kontratatu dituzte, eta bot sareak erabili dituzte sare sozialetan Qatarren ospea zikintzeko. Ez da ahaztu behar beste herrialde arabiarrek lortu ez duten zerbait lortu duela Qatarrek: Munduko Txapelketa bat antolatzea. Eta protagonismo hori, arrakasta hori, ez zaie gustatu Saudi Arabiari eta Arabiar Emirerri Batuei. Gainera, Ameriketako Estatu Batuen hautagaitzari gailendu zaionez, hedabide anglosaxoiek ere bat egin dute kritikekin. Bitxia da zeinen gogor kritikatzen duten Qatar immigranteen lan eskubideen kontuagatik, herrialde mugakideetan beste hainbeste gertatzen baita. Eta bitxia da orain nola ari diren LGTBI komunitatearen eskubideak urratzeaz, horretaz inork ez baitzuen ezer esan 2018an Errusian egindako Munduko Txapelketan, ezta besoko beltzik eraman ere.

Islamofobia ere badago tartean?

Baliteke. Edo, behintzat, tartean egon liteke Mendebaldearen nagusitasun moral eta etikoa, eta beste eskualdeei lezioak eman nahia, ikuspuntu neokolonial batetik.

Zer ikuspegi du Qatarrek islamaren inguruan, eskualdeko beste herrialdeen aldean?

Saudi Arabiarekin batera, erritu wahabistari jarraitzen dion bakarra da. Sunismoaren adarrik puritanoena da wahabismoa, baina Qatarkoa bigunagoa da: ez dago moralaren poliziarik, ezta zartaden gisako zigor fisikorik ere; ez da heriotza zigorrik ezartzen; kultu askatasuna dago; gutxiengo xiitari ez zaizkio jazartzen; baimendua dago elizak eraikitzea, eta abar. Herrialde kontserbadorea da, tradizionala, eta xaria aplikatzen da, beste herrialde arabiar askotan bezala.]]>
<![CDATA[Qatar, potentzia izan nahi zuen emirerri txikia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1980/028/001/2022-11-27/qatar_potentzia_izan_nahi_zuen_emirerri_txikia.htm Sun, 27 Nov 2022 00:00:00 +0100 Ricard Gonzalez https://www.berria.eus/paperekoa/1980/028/001/2022-11-27/qatar_potentzia_izan_nahi_zuen_emirerri_txikia.htm
1995ean aitaren lekukoa hartu ondotik, Hamad bin Khalifa al-Thani emirrak bururatu egin zuen 70eko urteetan hasitako trantsizioa, eta, hala, Britaniar Inperioko kolonia gibelatu bat zena mundu osoko ardatz ekonomikoetako bat bilakatu zen, gas naturalaren erreserba apartak zituelako, munduko handienetan hirugarrenak. Qatarrek bi milioi eta erdi biztanle ditu; horietatik %11k dute qatartar herritartasuna, eta haien artean banatzen dituzte hobiek emandako etekinak. Bertze guziak atzerritarrak dira, hala Mendebaldetik joandako lepo zuriko langileak nola Asiakoak, gehien-gehienak Indiako azpikontinentekoak. Hori oinarritzat hartuta, munduko per capita errentarik handieneko komunitate nazionala bilakatu dira qatartarrak: 90.000 dolarrekoa da, gutxi goiti-beheiti.

Al-Thani emirrak bide eman zion herrialdea irekitzeari, eta, horren erakusgarri, Al-Jazeera abiarazi zuen, lehenbiziko telebista kate panarabiarra. Kate arrakastatsu horrek goitik beheiti aldatu zuen eskualde hartako hedabideen panorama grisa, eta, munta handiko aldaketen garai baten aurrekari eta bultzatzaile izan zen, aldi berean. Are gehiago: urteetan, erreferentziazko hedabidea izan zen eskualdean, eta Qatar ezagun egin zuen mundu zabalean. Urteak dira bertze hizkuntzetako kateak ere abiarazi zituela, tartean ingelesezko bat.

«1996an, Al-Jazeera kazetaritza independentearen adibide zen, zalantzan paratzen baitzuen mundu arabiarreko estatu komunikabideen kontakizuna; horretarako, gainera, lekua egiten zien Israelgo eta Irango eragileen iritziei ere, zeinak bertze kate batzuetan bazterrean uzten baitzituzten beti», zehaztu du Gulf State Analytics enpresako Corrado Cok aholkulariak. Edozein modutan, Udaberri Arabiarriak eragindako polarizazioak eta Al-Jazeerak islamisten alde agertutako joerak mugatu egin dute kate horrek «botere biguneko» tresna gisa zuen balioa. «2011ko matxinadak ezegonkortasun iturri gisa ikusten hasi zen iritzi publikoaren parte bat... Gainera, Saudi Arabiaren eta Arabiar Emirerri Batuen ildoko hedabide panarabiarrak agertzeak apaldu egin du Al-Jazeeraren eragina».

1825ean Al-Thani dinastiak Qatarko agintea hartu zuenetik, independentziari eustea izan da herrialdeko atzerri politikaren ardatza, eta, horretarako, aliantzak egin dituzte munduko zenbait superpotentziarekin: lehenbiziko, Erresuma Batuarekin, eta, geroago, AEB Ameriketako Estatu Batuekin. Gaur-gaurkoz, Qatarren dago AEBek Ekialde Hurbilean dituzten base militarretan handiena. Segur aski, base hori gabe Washingtonek ezin izanen zituen abiatu Afganistanen eta Iraken aurkako gerrak.

Dena den, Qatarrek ez du inongo arazorik izan Washingtonen etsairik sutsuenetako batzuekin harreman ona atxikitzeko; bertzeak bertze, Iranekin eta Hamasekin. Baina, aldi berean, Tel Avivekin zuzeneko harremana zuten estatu arabiar bakanetako bat zen duela gutxi arte. Independentziari eusteak modua eman dio zenbait gatazkatan bitartekari edo bideratzaile aritzeko: errate baterako, Darfurkoan, eta, bereziki, Afganistangoan. Zortzi urtez, talibanen kanpo harremanetarako bulegoa Dohan egon zen, eta Trumpen gobernuak eta fundamentalistek han sinatu zuten AEBetako tropak erretiratzeko ituna, zeinek bidea ireki zien talibanei agintea berriz hartzeko.

Hain kide heterodoxoak izateak ez dio arazorik sortu Dohari Mendebaldeko aliatuekin. «Qatarrek eragin sare trinko bat du Washingtonen, eta, hari esker, babestua dago errepresalietatik, bere atzerri politika goiti-beheiti. Gainera, AEBek Qatarren jarria dute eskualde hartan dituzten base militarretan handiena», xehatu du Cokek. Halarik ere, gogora ekarri du AEBetako zenbait administraziok kritikak egin dizkiotela Dohari, bertzeak bertze Donald Trumpen gobernuak. Hori bai, Al-Thani emirrak egoera bideratzea lortu zuen, eta Washingtonentzat erabilgarri izatea erdietsi. «Qatarrek, AEBekin negoziatu nahi zuenetan, eskura paratu zizkien Iranen eta talibanen artean dituen kontaktuak... Oraindik ere, Qatar da AEBen eta talibanen arteko ezkutuko lotura diplomatiko nagusia», erran du analistak.

Udaberri Arabiarra abiatu zelarik, Dohak ikusi zuen aukera paregabea sortu zitzaiola bere eragina zabaltzeko. Lehengo ordena kolokan zegoen, eragile berriak agertu ziren, eta Qatarrek babesa eskaini zien berehala, gerorako aliatuak bereganatzeko asmoz. Libiako matxinoen alde egitea zekarren horrek, bai eta Egiptoko Anaia Musulmanak eta Baxar al-Assaden aurka ziharduten Siriako miliziak babestea ere. «Politika hori ikuspegi pragmatiko baten ondorio da, eta ez ideologiaren ondorio. Ustez irabazteko aukera gehien zutenen alde egin zuen Qatarrek; ez zituen ideologia islamista zutelako babestu», adierazi du Georges Fahmi Europako Unibertsitate Institutuko ikertzaileak.

Al-Thani emirra, Saudi Arabiako printze Bin Salan ez bezala, ez zen beldur matxinadaren bat piztuko ote zen bere mugen barrenean, eta horrexegatik abiatu ahal izan zuen islamismoaren aldeko politika hori. Qatarren, Udaberri Arabiarrak ez zuen mugimendu politikoa biziagotu ere egin. Qatartar gutxiegi daude (300.000 inguru) eta aberatsegiak dira oposizio mugimendu zabal bat lora dadin. Hori bai, emirrak ez du barkatzen bere boterearen aurkako ekintza bakar bat ere, eta horren erakusgarri da, hain zuzen, Raxid al-Marri abokatua, atxilo hartu baitzuten iaz, ordezkaritza sistema indartu zezatela eskatzeko protesta bat antolatzeagatik.

Presioari buru eginez

Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek, ordea, bekatu barkaezintzat hartu zuten Qatarrek atzerri politikan egindakoa, bai eta Anaia Musulmanekin aliantza egin izana ere. 2017an, bi herrialde horiek, Egiptok eta Bahrainek blokeo ekonomikoa eta aire blokeoa ezarri zizkioten Qatarri, haren atzerri politika «errebeldea» amaiarazteko. Baina Doha ez zen kikildu: bertze ibilbide eta bazkide batzuk bilatu zituen. 2020an, jada agerikoa zelarik blokeoak porrot egin zuela, Riadek deliberatu zuen hura bertan behera uztea, Joe Biden presidente hautatu berriari borondate ona erakusteko. Horren truke, teorian behinik behin, Al-Thani emirrak konpromisoa hartu zuen, zehaztasun handirik gabe betiere, bere politikak aldatzeko, baina ez da halakorik gertatu egiazki.

Qatar monarkia absolutu bat da, baina, duela zenbait hamarkadatik hona, erreforma batzuk egin ditu, zenbait eskumen legegile emateko Xuraren Kontseiluari, hots, gobernuari aholkua ematen dion aspaldiko erakundeari. 2003an erreformatutako konstituzioaren arabera, kontseiluko 45 kideetatik 30 sufragio unibertsalaren bidez hautatu behar dira; gainerakoak, berriz, emirrak izendatzen ditu. Behin baino gehiagotan gibelatu ondotik, 2021ean egin zituzten hauteskundeak lehenbiziko aldiz. Giza Eskubideen Aldeko Golkoko Institutuak salatu zuenaren arabera, dozenaka hautagaik uko egin zioten bozetan parte hartzeari, segurtasun aparatuak presio egin baitzien, erregimenaren aldekoek irabaz zezaten.

Qatar kontserbadorea da, errotik, baina ez du lan aktiboa egin islamaren bere interpretazioa herrialdetik kanpo zabaltzeko, Saudi Arabiak eginaz bestera; izan ere, Riadek hainbatetan paratu du dirua herrialdetik kanpo meskitak eraikitzeko. «Saudi Arabiak erlijioaren beharra du zilegitasuna lortzeko; bertzeak bertze, hango dinastiak Mekaren zaindari titulua duelako. Qatarrek, baina, ez du horren beharrik, eta nahiago du botere biguneko tresnak erabili bere eragina zabaltzeko», xehatu du Elkano Errege Institutuko ikertzaile Haizam Amirah Fernandezek.

Qatarrek ausart jokatzen du ekonomian ere. Ukrainako gerrak are gehiago nabarmendu du haren balio estrategikoa. Ezin da ahantzi munduko gas erreserbarik handienetan hirugarrena duela. Azken hilabeteotan, Europako agintari anitz izan dira Dohan, itun berriak egiteko. Nolanahi ere, zenbait kirol ekitaldi bultzatu izanak, tartean Munduko Kopa, ez dio ikusgaitasuna bakarrik eman Qatarri, haren jokaera xehekiago aztertzea ere ekarri baitu.]]>
<![CDATA[Aljeriako suteei lotutako zalantzak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1994/012/001/2022-09-10/aljeriako_suteei_lotutako_zalantzaknbsp.htm Sat, 10 Sep 2022 00:00:00 +0200 Ricard Gonzalez https://www.berria.eus/paperekoa/1994/012/001/2022-09-10/aljeriako_suteei_lotutako_zalantzaknbsp.htm
Al-Tarf probintzia izan zen gehien kaltetua, 36 pertsonak galdu baitzuten bizia han. Al-Kalako zoologikoa izan zen dramaren gertaleku nagusietako bat, «suzko tornado» batek irentsi baitzuen parkea. Dozena bat lagun alfer-alferrik ahalegindu ziren autobus batean ihes egiten, sugarren pean geratu baitzen bat-batean, eta tranpa hilgarri bihurtu. «Familiei ihes egiten laguntzen ahalegindu gara. Inor ez zitzaigun etorri laguntzera, ez suhiltzailerik, ez eta beste inortxo ere. Hemengo langileok ahalegindu gara jendea parketik ateratzen, sugarrek inguratuta baitzeukaten»; hala adierazi dio AFP prentsa agentziari zoologikoko enplegatu batek, Takyeddinek.

Hein batean, agintariek klima baldintza ohiz kanpoko batzuei egotzi diete tragedia. Hiru urtean lehortea izan eta gero, 48 graduko tenperaturak izan ziren zenbait egunetan, bai eta haize indartsua ere, orduko ia 90 kilometrorainokoa. «Baso suteak izango zirela aurreikusirik, estatuak eskura dauzkan baliabide guztiak mobilizatu ditu uda hasieratik», adierazi zuen Kamal Beldjud Barne ministroak, zeinak armada eta beren helikopteroetako batzuk baliatu baitzituzten suaren kontrako borrokan laguntzeko.

Berotze azkarragoa

«Aljeria herrialde erdibasamortutarra da, eta zuzen-zuzenean eragin diote klima aldaketak ekarritako nahasmenduek. Baso oso zerratuak ditu ondare, mediterraneoak, eta oso kaltebera direnak muturreko klima egoeretan», nabarmendu du sute arriskuetan beteranoa den aditu batek, Abdelkarim Txelgum aljeriarrak. Medecc Mediterraneoko klima eta ingurumen aldaketei buruzko aditu taldeak egindako txosten baten arabera, eskualde mediterraneoan batez beste planeta osoan baino %20 lasterrago ari dira handitzen tenperaturak, eta uste dute 2030erako %30 gutxituko direla hango baliabide hidrikoak. Aljeriako demografia laster batean handitu izanak ere, batez beste hiru haur emakume bakoitzeko, askoz ere gehiago larritzen du lehortearen arazoa.

Bere burua zuritze aldera, gobernuak, halaber, esan du sute horietako ugari nahita piztuak izan direla, eta, guztira, hamahiru susmagarri ere baditu atxilotuak. Agintariek iaz izan zuten erreakzioa, berriz, oso susmagarria izan zen, ziurtzat jo baitzuten sute haien atzean MAK alderdia zegoela, amazigen Kabilia eskualdearen autodeterminazioaren alde diharduena; iradoki ere egin zuten Marokoren lankidetza izan zuela. Halaber, Aljerrek alderdi hori «erakunde terroristatzat» edukirik —inolako atentaturik ez eginagatik ere—, MAKi egotzi zioten Djamel Bensmail gaztearen lintxamendua eta erailketa; Bensmail boluntario joana zen eremu hartara sua itzaltzeko asmoz, eta jendaila asaldatu batek piromanotzat hartu zuen.

Aljeriako komunikabideek ez dute azaldu, ordea, Aljeriako suteen kontrako borroka Espainiarekiko tirabira politikoen biktima dela, Pedro Sanchezen gobernuak bira politikoa eman duela-eta Mendebaldeko Sahararen inguruan Espainiak zuen neutraltasun jarrerari dagokionez, Rabaten tesia bere egiteraino. Iaz, Espainiako Plysa konpainiak —Air Nostrumen filial bat, suteak itzaltzen espezializatua— bi hidrohegazkin laga zizkion Aljerri, sugarren kontrako borrokaldiaren unerik gorenean. Bere jarduerarekin gogobeterik, irailean, gobernuak kontratu bat sinatu zuen lau hegazkin eskuratzeko, udarako prest egon beharko luketenak. Hala ere, Aljeriako Mena-Defense webgunearen arabera, Aljerrek kontratua urratu zuen, errepresalia modura; Espainiak Sahararen inguruko politikan emandako bira dela eta, ekainean haren kontrako zenbait neurri hartu zituen, zeinen ondorioz blokeatuta geratu baita bien arteko merkataritza.

Ali Idir kazetariak kritika artikulu bat idatzi zuen TSA egunkarian, agintariek prebentzio politikarik ez zutela salatzeko; han, halaber, «hidrohegazkinak berandu eskuratu izana» kritikatu zuen, eta «ulertezintzat» jo zuen Errusiari hegazkin bakarra alokatzea arriskutsua izango zela aurreikusia zuten uda bati aurre egiteko. «Gutxietsi egin al da mehatxua?», galdetu zion bere buruari.]]>
<![CDATA[EBk ugaritu egin ditu Ekialde Hurbilerako arma salmentak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/011/001/2022-08-26/ebk_ugaritu_egin_ditu_ekialde_hurbilerako_arma_salmentak.htm Fri, 26 Aug 2022 00:00:00 +0200 Ricard Gonzalez https://www.berria.eus/paperekoa/1877/011/001/2022-08-26/ebk_ugaritu_egin_ditu_ekialde_hurbilerako_arma_salmentak.htm petromonarkia horiekin.

Esaterako, nazioarteko eta EBko legedia urratzea izan liteke Frantziak Arabiar Emirerri Batuetara esportatzea Caesar kamioi artilleriadunak. «Legeak zenbait kontzeptu lauso darabiltza, hala nola arrisku eta larri, eta interpretazio ugari izan ditzakete. Baina, zehazki Yemengo gerran, argi dago armen esportazioak legea urratzen duela», adierazi du Eduardo Melanok, Delas Bakearen Aldeko Ikerketa Zentroko kideak.

Saudi Arabia

Atzeneko hamarkada honetan, aldi bereziki istilutsua izan dute Ekialde Hurbilean, lehendik ere gatazkak jotako eskualde bat izaki. Yemengo gerraz gain, Siriako eta Libiako gerra amaitu gabekoak dituzte, eta Egiptoko estatu kolpea. Suediako SIPRI gobernuz kanpoko erakundearen arabera, 2013tik 2017ra aurreko bosturtekoan halako bi gehitu ziren Ekialde Hurbileko arma inportazioak; hots, munduko merkataritzaren %32 izan ziren, eta ehuneko horrek bere hartan iraun du hurrengo urteetan ere.

Gaur egun, Saudi Arabia dago arma inportazioen sailkapen globalaren buruan, eta Egipto hirugarren dago zerrendan. Bai herrialde horiek biek eta bai Arabiar Emirerri Batuek —zeinek urteak baitaramatza lehenengo hamarren artean— Frantzia, Erresuma Batua, Alemania eta AEBak dituzte hornitzaile nagusi, nahiz eta giza eskubideen urraketa larriak egiten dituzten. Ekialde Hurbilerako salmenta gero eta sarriagoen ondorioa da, neurri batean, Europako arma industriaren bat-bateko goraldia: 2008an, 33.000 milioi euroko negozioa zen; 2018an, berriz, ia 170.000 milioikoa.

Estatu kideen esku

2014az geroztik indarrean den nazioarteko tratatu batek arautzen du armen merkataritza, eta debekatu egiten ditu horrelako salmentak, baldin eta gerra krimenak edota nazioarteko giza eskubideak urratzea badakarte. EBk, berriz, Jarrera Batua onartu zuen 2008an, zeinak zortzi irizpide ezarri baitzituen esportazioak baimentzeko, estatu kide guztiek bete beharrekoak. «Arazoa zera da, estatu kideek berek interpretatzen dituztela arau horiek, eta, eskuarki, oso laxo jokatzen dute horretan, esportazioak baimendu nahian interes ekonomiko eta geoestrategikoek hartaraturik», azaldu du Melerok. Hori eragozteko, Berdeak taldekoek proposamen bat aurkeztu dute Europako Parlamentuan, Europa barruan kontrol mekanismo bat sortzeko eta zigorra ezartzeko Jarrera Batuan jasotakoak betetzen ez dituzten estatuei.

Zenbait herrialdetarako esportazioen legezkotasuna alde batera utzita, bada aintzat hartu beharreko beste kontu bat ere: ea esportazio horiek arriskuan jartzen duten eskualdeko bakea eta segurtasuna. «Behatzaile gehienak bat datoz Saudi Arabiara eta Arabiar Emirerri Batuetara armak esportatu izanak sendotu egin diela Yemenen garaipen militarra lortu ahal dutelako ustea, eta horrek luzatu egin du gatazka», azaldu du SIPRIko ikertzaile Pietr Wezemanek.

Litekeena da Europako arma sektorearen oparoaldiak aurreko urteetan baino gehiago baldintzatzea oraintxe zenbait herrialderen kanpo politika. 2015etik 2019ra, arma esportazioak %72 ugaritu ziren Frantzian; hein handi batean, Egiptoko erregimen basatiarekin 2015ean egindako salmentei esker, hala nola 24 Rafale hegazkin bonbardatzaile saldurik, 5.000 milioi euroren truke. «Akordio haren bidez, Egiptok Rafale hegazkinen ekoizpen lerro oso bat salbatu zuen. Eta, hori jakinda, errazago ulertzen da Paris eta Kairo atzeneko urteotan hainbeste lerrokatu izana», adierazi du Egipton espezializatutako analista batek, Timothy Kaldasek.

Parisek jarri zion amaia Abdulfatah Al-Sisik kolpe odoltsuaz geroztik nazioartean izan zuen ostrazismo aldiari. Mendebaldean, François Hollande izan zen lehenbiziko buruzagia bere hiriburuan alfonbra gorria zabaldu ziona Egiptoko diktadoreari, Rafale hegazkinen salmentaren aurretixe. «Al-Sisik bere merkataritza itunak baliatu izan ditu —batez ere arma alorrekoak eta azpiegitura proiektuenak— nazioartean babes politikoa eskuratzeko», azaldu du Kaldasek. Arabiar Emirerri Batuak dira Frantziaren beste eskualde aliatu handia: abenduan, 80 Rafale hegazkin bonbardatzaile erosi baitzizkioten, 16.000 milioi euroren truke.

Frantziaren eta Alemaniaren ondoren, Espainia eta Italia dira EBn arma industria ahaltsua eta gero eta handiagoa duten bi herrialdeak: munduko arma esportatzaileen sailkapenean, zazpigarrena eta hamargarrena dira, hurrenez hurren. Biei adeitasun berezi bat sumatzen zaie bezero nagusi dituztenekin kanpo politiketan. Madrilek, adibidez, Turkiari ezartzekoa den edozein zigorren kontrako oposizio ororen buru jardun du, hura baitu defentsa alorreko bazkide nagusietako bat.]]>
<![CDATA[«Kais Saied eratzen ari den sistema hibridoa izango da, erdi demokratikoa»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1926/010/001/2022-08-16/kais_saied_eratzen_ari_den_sistema_hibridoa_izango_da_erdi_demokratikoa.htm Tue, 16 Aug 2022 00:00:00 +0200 Ricard Gonzalez https://www.berria.eus/paperekoa/1926/010/001/2022-08-16/kais_saied_eratzen_ari_den_sistema_hibridoa_izango_da_erdi_demokratikoa.htm
Zer iritzi duzu konstituzioari buruzko erreferendumaz?

Uste dut %30,5eko parte hartzea txikia dela, baina askok espero baino handiagoa; izan ere, are gutxiagok parte hartu zuten etorkizuneko konstituzioaren edukiari buruz aurrez online egindako kontsulta batean. Nik neuk uste nuen 1,5 milioi pertsonak emango zutela botoa, eta, azkenean, 2,8 milioik eman zuten. Jende askok ez zion jaramonik egin erreferendumari, bazekitelako emaitza aurrez erabakita zegoela.

Oposizioak hauteskunde iruzurra salatu du, parte hartze datuak puzteko asmoa izan delakoan. Uste duzu hauteskundeak garbiak izan direla?

Bai, eta Murakibun gobernuz kanpoko erakundearen iritzian oinarritzen naiz, hark ikuskatu baititu 2011z geroztiko hauteskunde guztiak, baita erreferendum hori ere, eta beti oso modu profesionalean aritu izan da. Haren ebaluazioaren arabera, prozesua garbia izan zen, eta haien begiraleek tokian tokian jasotako parte-hartze datuak bat etorri ziren ISIE Hauteskunde Batzordeak emandakoekin.

Erreferenduma egin eta berehalaxe, ordea, ISIEk datu kontrajarriak argitaratu zituen...

Uste dut hutsegiteren batengatik izan zela, batzordekideen abilezia faltagatik, eta ez datuak manipulatzeko ahalegin batengatik. Arazoa ISIEren sinesgarritasunean dago; izan ere, Saiedek nahieran izendatu zituen batzordeko kideak, eta, hortaz, ez da berez erakunde independente bat. Horregatik ez zuen ezer esan arau hauste batzuk gertatu zirenean. Esaterako, presidenteak aldatu egin zuen konstituzioaren zirriborroa hauteskunde kanpaina bete-betean, telebista publikoak ez zituen modu inpartzialean tratatu alde guztiak, eta abar. Baina ez zen hauteskunde iruzurrik izan.

Orduan, %30 hori zeren ispilu da, Saieden onarpenaren ispilu?

Bueno, Tunisiako gizartearen zati bati ez zaio politika interesatzen; esan liteke ia erdia dela, gutxi gorabehera. Uste dut gainerakoen artean gehienek babesa ematen diotela Saiedi orain ere. Nire ustez, oposizioaren hanka sartze bat izan zen ez aurkeztea, baina, aurkeztu izan balitz, ziur nago galdu egingo zuela, eta «baiezkoa» berdin-berdin gailenduko zen. Hain zuzen ere, horren jakitun zeuden, eta horregatik boikotatu zuten. Ohikoa da parte hartzearen ehunekoa aurreko hauteskundeetakoekin konparatzea, eta apalagoa izan da. Baina hori engainagarria da, inskribatuak gehiago baitira [ia bi milioi gehiago]. Boto emaileen guztizkoari erreparatuz gero, ez da oso bestelakoa parlamenturako 2019ko hauteskundeetan izandakoarekin konparatuta.

Norantz doa Tunisia konstituzio berriarekin?

Uste dut sistema hibrido baterantz doala, edo sistema erdi demokratiko baterantz. Konstituzio berriak presidentearen eskuetan biltzen ditu botere guztiak; alegia, bide ematen dio sistema autokratiko bati. Baina ez dut uste hori denik Saieden asmoa. Oposizioa oker dabil Ben Ali II.a izango delakoan; baita nazioartea ere, Tunisiako demokraziaren amaia delakoan. Are gehiago, bestelako lider batzuekin alderatu behar da, izaera autoritario edo populista dutenekin: hauteskundeak badaude halako sistemetan, baina lehia ez da beti erabat justua izaten. Nire ustez, [Turkiako presidente Recep Tayyip] Erdoganekin parekatzeko moduko lider mota bat da. Biak dira kontserbadoreak, populistak, eta burua teoria konspiratzailez betea dute.

Tunisian zurrumurrua dabil litekeena dela presidenteak legez kanpo uztea alderdiak, edo, gutxienez, alderdi batzuk, hala nola Ennahda islamista. Sinestekoa iruditzen al zaizu?

2021eko uztailaren 25ean botere osoak hartu zituelarik, dei diezaiogun kolpe edo dena delakoaren bidez, ez da izan oposizioaren kontrako errepresio kanpaina masiborik. Oro har, salbuespenen bat salbuespen, errespetatu egin da adierazpen askatasuna. Komunikabide pribatuetan, oposizioa gonbidatzen dute, eta libre esan liteke Saiedek estatu kolpe bat eman zuela. Eta ez dut uste hori aldatuko denik eta alderdi politikoak desegingo dituztenik, ezta Ennahda ere. Nahi izanez gero, abenduaren 17ko hauteskundeetan parte hartu ahalko dute. Eta, nire ustez, parte hartu behar lukete, herritarrekiko loturarik ez galtzeko. Hanka sartze bat da 2011ko uztailaren 25aren aurreko egoerara itzuli nahi izatea. Sistema berrian integratu behar lukete, eta hura barrenetik aldatzen ahalegindu.

Saied gai izango al da bere erregimen berria sendotzeko?

Egoera sozialaren araberakoa izango da dena. Hilabete hauetan, ez da izan asaldura handirik, aurreko urteekin konparatuz gero. Dena dela, datorren urtea gogorra izango da. Tunisiak [Nazioarteko Diru Funtsa] NDFren ekarpen bat behar du iraun ahal izateko, eta horrek berekin ekarriko du egiturazko neurri mingarri batzuk hartzea. Horrez gainera, nazioarteko egoera ez da batere lagungarria: hor dago atzeraldia, eta inflazio handia ere bai, erregaien prezioak direla eta. Beraz, litekeena da leherketa sozial bat egotea, eta sendotze hori eragoztea. Dirudienez, oposizioak horrexen alde egingo du, eta uste du Mendebaldearen presioek eragina izango dutela.

Erreferendumaren ondoren, AEBek gogortu egin zituzten Saieden jarrerari buruzko kritikak.

Bai, baina ez dira harago joango. Tunisia EBren atzealdeko patioaren parte bat da, eta oso kezkatuta dago litekeena delako herrialdean kaosa gailentzea, eta milaka pertsonak pateran alde egitea Mediterraneoa gurutzatzeko asmoz. NDFren kredituek baldintza batzuk ekartzen dituzte: neoliberalak, batetik, baina baita geopolitikoak ere, bestetik. Eta bai EBk eta bai AEBek eragotzi egin nahi dute Txina eta Errusia indarrez sar daitezen Ekialde Hurbilean eta Afrika iparraldean. Horrexegatik babesten dituzte indarrean dauden erregimenak.

Tentsio sozialik piztuz gero, nola erantzungo du UGTT sindikatu ahaltsuak?

Duela bi hilabeteko greba hark porrot egin zuen nagusiki, eta uste dut ahul daudela. Beldur dira Kais Saiedek ez ote dituen epaileak erabiliko beraien kontra egiteko. Bestalde, estatuaren mende daude, finantzaketari dagokionez. Uste dut Saiedekin itunen bat egiten ahaleginduko direla. Ez dute onartuko, ordea, estatuaren beste erakunde bat gehiago izatea, Ben Aliren agintaldian bezala. UGTTk ez dio kalean aurre egingo Saiedi. Nolanahi ere, leherketa sozialik izango balitz, bat egingo lukete mugimendu horrekin, eta orduan aurre egingo liokete Saiedi.

Panorama horretan guztian, zer egiteko dute armadak eta Barne Ministerioak?

Haizeak nora, haiek hara jo dute. Barne Ministerioa hainbat ataletan zatituta dago, ez dago ekintza batasunik. Armada, berriz, deseroso sentitu da, Saiedek erabili egin duelako. Neurri garrantzitsuagoak iragarri dituzte, militarren aurrean iragarri ere, bat datozela aditzera emanez. Tunisian, armadak ez du politikan sartu nahi. Oposizioa presidentearen kontra matxinatzen bada, orduan bai, orduan esku hartuko du, alde batera baztertu dadin, 2011n gertatu zen bezala.]]>
<![CDATA[Normaltasunerako itzulera nahasia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2084/011/002/2022-08-07/normaltasunerako_itzulera_nahasia.htm Sun, 07 Aug 2022 00:00:00 +0200 Ricard Gonzalez https://www.berria.eus/paperekoa/2084/011/002/2022-08-07/normaltasunerako_itzulera_nahasia.htm
Azken astean, agerian geratu da Aljeriako Gobernuaren eta hango bankuen arteko erronka, Espainiarekin izan beharreko harremanen harira. Ostegunean, ABEF Aljeriako bankuen patronalak eskutitz bana bidali zien bere kideei, eta hor agindu zien normaltasunez ekitea Espainiako bankuekiko diru fluxuei —ekainaren 9an eten zituzten—. Baina, eskutitz hori kaleratu eta bi egunera, Aljeriako Atzerri Ministerioak ohartarazi zuen Espainiarekiko harremanetan ez zela «atzera-bueltarik» izan, eta ABEFek ez zuela eskumenik Aljeriaren subiranotasunari dagozkion gaietan erabakiak hartzeko.

Aljeriako instituzioen kontraesanezko keinuek kezka handia eragin diete han interesak dituzten Hego Euskal Herriko eta Espainiako enpresei. Espainiako Gobernuak ezin izan die lagundu, BERRIAk jakin duenez, Aljerrekiko harremanak «hautsita» daudelako. «Banku transferentzia bat prest genuen, eta egin ahal izan dugu. Duela astebete merkantzia batzuk atera ahal izan genituen portutik. Uste genuen arazoak amaitu zirela, baina aireportuko aduanetan ez digute baimenik ematen beste bidalketa bat egiteko. Kalbario bat da!», azaldu du Aljerian lan egiten duen azpiegitura arloko enpresa bateko arduradunak.

Baikor dago, ordea, Jamel-Eddin Bou Abdalla, CCIAE Aljeria-Espainiako Merkataritza eta Industria Zirkuluko presidentea. «Jende askorekin hitz egin dut, eta iritzi zabalduena da Aljeriako Gobernuak merkataritza harremanak normaldu nahi dituela. Arazoa da opor betean gaudela, eta arduradun asko ez daudela lanean».

Abuztu erdirako espero du arazoak gainditzea. «Banku batzuk jada ari dira Espainiarekin normal lanean, eta espero dugu gainontzekoak aurki aritzea», azaldu du Bou Abdallak, eta gaineratu du arazo gehien Algexek jartzen dituela, aduana lanak egiten dituen agentziak. Haren ustetan, Aljeriako Atzerri Ministerioaren agiri nahasgarriak ez du ABEFen testua baliogabetzen, harreman politikoei buruzkoa delako, eta ez ekonomikoei buruzkoa.

Otman Lahiani analista aljeriarrak ere uste du merkataritza harremanak normaltzeak ez duela esan nahi gatazka politikoa amaitu denik. «Krisia irekita dago. Bankuen arteko transferentziak baimentzea ez da Madrilen aldeko keinu bat, baizik eta herrialdearen interesak babestea; Aljeriako enpresa batzuk jada antzematen ari ziren osagaiak eta lehengaiak falta zitzaizkiela, eta lanpostu batzuk arriskuan zeuden». Lahianik baztertu egin du ABEFen agiria bankuen matxinada bat izatea, bankuen patronala erakunde sasi-publiko bat delako, eta Finantza Ministerioaren agindu zuzenak jasotzen dituelako.

EBren esku hartzea

Hain da opakoa Aljeriako erregimena, non Espainiarekiko harremanen egoerari buruzko iritzi kontrajarriak dauden. Espainiako iturri diplomatiko batek azaldu du normaltasun komertzialera itzultzeko gakoa Europako Batasunaren erantzuna izan dela. Madrilek Bruselaren laguntza eskatu zuen, eta hark oroitarazi zion Aljerri harreman komertzialak eteteak hautsi egiten zituela Aljeriaren eta EBren arteko akordioak, eta ondorioak izango zituela. Kontakizun horren arabera, erregimenak hilabete eta erdia itxaron zuen harremanei berrekiteko, berez atzera egin zuela ezkutatu nahian.

Espainiako produktuak inportatzen dituzten Aljeriako enpresek salatu dute gas naturalarekin salbuespena egin duela bere gobernuak. Gasbideak beteta egon dira, eta haren inguruko ordainketak arazorik gabe egin dira. Gasa da, berez, Espainiak Aljeriatik inportatzen duen ia produktu bakarra. 2019an, 3.995 milioi dolar izan ziren: Aljeriaren esportazioen %11,15.

Aljeriak Espainiatik inportatutakoak gutxiago dira —2.909 milioi—, baina sektore askotan banatuta daude: erdimanufakturak 1.100 milioi dira; metalurgia, 605 milioi; eta autogintza, 460 milioi.

«Blokeatzeak hilabete eta erdi iraun du. Hiru hilabetera iritsiko bagina, hondamendia izango litzateke. Zaila da hornitzaileak epe laburrean aldatzea. Esaterako, Aljerian kontsumitzen den oilaskoaren %70 Espainiatik dator. Inflazioa jada antzematen da, eta beste haragi batzuetara hedatu da», gaineratu du Bou Abdallak.]]>
<![CDATA[Iparraldeko gas fidagarria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1983/003/002/2022-07-27/iparraldeko_gas_fidagarria.htm Wed, 27 Jul 2022 00:00:00 +0200 Ricard Gonzalez https://www.berria.eus/paperekoa/1983/003/002/2022-07-27/iparraldeko_gas_fidagarria.htm
«Potentzial handia dago, 2022an Europari gehiago saltzeko lain, eta horrek energia osagarria ekarriko lioke Europako merkatuari, 100 TWh inguru». Hala adierazi zuten joan den hilean, bat eginik, Kadri Simon Europako Energia komisarioak eta Norvegiako haren homologo Terje Aasland-ek. Norvegiak jadanik %8 handitu du kontinente zaharrera (Erresuma Batua barne) esportatzen duen gasa; hortaz, aurten, 122.000 milioi metro kubiko salduko dizkio. «Enpresak ahalik eta gehien ekoizten ari dira», esan zuen Aaslandek.

Halaxe ari da Norvegiako erraldoia, Equinor enpresa, zeinaren akzioen %67 baititu gobernuak: Equinorrek bere ekoizpena handitzea baimendu du, gutxienez 1.400 milioi metro kubiko gehiago, bere bi esparru nagusitan: Oseberg eta Heidrun.

«Nabarmentzekoa da Norvegiaren ahalegina, baina ezin luke inondik ere ordezkatu Errusiatik ekarritako gasa, Putinek iturria itxiko balu... Dena den, oso garrantzitsua da Europako zenbait herrialde kalteberentzat», dio Martin Jirusekek, Txekiako Masary Unibertsitateko irakasle eta Energian espezializatuak. Jirusek batez ere herrialde baltikoez eta Poloniaz ari da, datorren udazkenetik aurrera Danimarka zeharkatzen duen gas hodi baten bidez lotuko baitira Norvegiarekin. Lau herrialde horiexek izan dute jarrerarik etsaiena Errusiarekin, hark Ukraina inbaditu eta gero: areago, Europako zigorrak indarrean sartu baino lehen utzi diote erregai fosilak Errusiari erosteari.

Guztira, Europako Batasunaren gas eskariaren %20 bete zuen Norvegiak 2021ean, eta, adituen kalkuluen arabera, %25 ere beteko du 2022. urtea amaitzerako. «Aurrerantzean, litekeena da ehuneko hori are handiagoa izatea, Europa bere kontsumoa murrizteko gai bada, Europako Batzordeak nahi duen moduan. Hala ere, ikusteko dago posible izango ote den», erantsi du Jirusekek.

Gas naturalaren sektoreak hazteko gaitasun mugatua du Norvegian, arrazoi logistikoengatik zein politikoengatik. «Gas hobi berriak herrialdearen iparraldean daude, eta, gaur egungo azpiegituren bidez, ezin da gas gehiagorik garraiatu hegoaldeko gas hodietara, Europarekin lotzen gaituzten horietara», azaldu du Jakub M. Godzimirski-k, Norve- giako Nazioarteko Arazoetarako Institutuko Energia adituak. «Gainera, bada beste oztopo politiko posible bat ere: alderdi batzuk, berdeak batik bat, gehiago zulatzearen kontra daude», erantsi du.

Norvegia, aitzindaria

Alderdi askotatik, Norvegia ezohiko erraldoi energetiko bat da. Batetik, munduko gas esportatzaileetan laugarrena da, eta petrolio esportatzaileetan zazpigarrena. Baina, aldi berean, petroliotik eratorriak ez ditu diruz laguntzen bere herritarrentzat. Libian eta Iranen, adibidez, gerta daiteke litro bat gasolina litro bat ur baino gutxiago kostatzea; Norvegiako gidariek, berriz, Europan denik eta garestien ordaintzen dute gasolina: 2,53 euro litroa. Horren erdia baino gehiago zenbait zergari dagokio. Europako gobernu askok —Espainiakoak eta Frantziakoak, besteak beste— hala eginagatik, Norvegiak berriki ez die inolako deskonturik ezarri tasei inflazioa mugatzearren.

«Agintariek politika izugarri anbiziotsu bat abiarazi dute auto elektrikoak sustatzeko, eta gasolinaren kostuak ez du inolaz ere sustatzen gasolina autoak erostea», nabarmendu du Godzimirskik. Esaterako, ez dago auto elektrikoak erostearen gaineko zergarik, auto ilararik sortuz gero bide lasterretik ibiltzeko aukera dute, eta ez dute ordaindu beharrik kalean aparkatzeagatik, edo oso gutxi ordaintzen dute. Oso neurri arrakastatsuak izan dira, salduriko auto guztien %80 baino gehiago auto elektrikoak izateraino. Dagoeneko, auto horiek osatzen dute Norvegiako automobil parkearen erdia, sekula ez bezalako mugarria mundu osoan.

Trantsizio berdeari buruzko adostasun politikoa alde batera utzita, lorpen hori ezinezkoa litzateke erosahalmena handia ez balitz, zeina gasetik eta petroliotik eratorritako diru sarreren ondorio baita. Legez, gobernuak baliabide horien ehuneko mugatu bat baino ezin du erabili: automatikoki funts subiranora doaz, eta funts horrek bermatu behar die aberastasuna norvegiarren hurrengo belaunaldiei, behin petrolioa agortzen denean. Hain zuzen ere, agintariek berriro kalkulatu dituzte aurreikuspenak, erregaien prezio berrien eraginez, eta iragarria dute aurten 64.000 milioi euro sartuko dituztela funts horretan. Norvegiakoa da munduko funts subiranorik handiena, eta nazioarteko merkatuko akzioen %1,3 ditu.

Argindarrarekin, ordea, gasolinarekin ez bezala jokatu du gobernuak: diru laguntzen bidez esku hartu du, prezioen igoera mugatzeko asmoz; argindarraren igoerak manifestazioak egitera bultzatu zuen jendea hegoaldean. Izan ere, neguan, hegoaldeko biztanleek iparraldekoek baino 100 aldiz gehiago ordaindu zuten argia. «Bi arrazoirengatik gertatu zen hori: batetik, Europako gainerako herrialdeetan ere garestitu zelako, eta hegoaldekoen sare elektrikoa gainerako herrialdeetako sarearekin lotua dagoelako; bestetik, urtegietako ur maila ohi baino apalagoa izan zelako», azaldu du Godzimirskik, eta gogora ekarri Norvegian kontsumituriko argindarraren %97 bitarte hidroelektrikoa dela. Eskandinavian ere hasiak dira klima aldaketarekin zerikusia duten aldaketak nabaritzen plubiometria ereduetan.]]>
<![CDATA['Stambeli'-aren azken dantza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/029/001/2022-07-14/stambeli_aren_azken_dantza.htm Thu, 14 Jul 2022 00:00:00 +0200 Ricard Gonzalez https://www.berria.eus/paperekoa/1876/029/001/2022-07-14/stambeli_aren_azken_dantza.htm stambeli-a praktikatzeari eta zabaltzeari emana bizi da. Stambeli-a musika mota bat da, duela zenbait mende Saharaz hegoaldeko Afrikatik indarrez ateratako milaka esklabo Tunisiara iritsi ondoren sortutakoa. Azken lau hamarkadetan, gauza asko aldatu dira, baina aldaketa gutxi izan dira stambeli-aren mesedetan, gaur egun desagertzeko arriskuan baitago. Hori eragoztea obsesio bihurtu da Ezzawexentzat. Musikaria da, eta mundu osoko agertokietan ibili da stambeli-a ezagutarazten. Batzuek jazzarekin konparatzen dute musika klase hori, jatorria Afrikan duelako eta mestizoa delako.

Hasieran, Ezzawexek stambeli-arekin zuen grinak maitasun erromantiko eta ia ezinezko horietako baten antza zeukan. Erdiko klaseko musulman jainkozale baten semea da Ezzawex, eta ezerk ez zuen bultzatu esklaboen ondorengoen arte bat eta haien erritu animistak praktikatzera. «Nire gurasoak gaixotu egin ziren esan nienean stambeli musikaria izan nahi nuela. Haientzat lotsagarria zen. Baina ezin izan zuten eragotzi», azaldu du, irribarre abaildu batez. Beltzen komunitateko kide ez bazen ere, stambeli-aren maisuek azkenean beste kide bat balitz bezala hartu zuten, eta arte horren sekretu guztiak erakutsi zizkioten. Izan ere, stambeli-a musika erritmo bat baino gehiago da, edo zen, hobeto esanda.

Maisuak gombri izeneko instrumentu bat jotzen du, eta, maisuarekin batera, arifa ere funtsezkoa da stambeli-an. «Kantuak errezitatzen zituen, baina ez hori bakarrik: bitartekari lanak ere egiten zituen komunitatearen barruan. Gainera, jendeak gaitzen bat zeukanean, harengana joaten zen, eta stambeli saioak sendabidearen parte izaten ziren», ekarri du gogora Ezzawexek, nostalgiaz. Medikuntza modernoak desagerrarazi egin du arifa, baina ez dantzarien bira frenetiko eta errepikakorrak. Haiek ahaleginak egiten dituzte trantzean sartu eta bat egiteko errealitate fisikotik haragoko batekin.

Eskola, galtzeko arriskuan

Alde espiritual horren bidez elkartu ziren stambeli-a eta sufismoa. Islamaren bertsiorik hedatuena da sufismoa, eta gizon santuei gorazarre egiten die, fededunen eta Jainkoaren arteko bitartekari gisa. Izan ere, stambeli-a sufismoarekin estu lotuta dago gaur egun, erritual animistak egiten zituzten esklabo haiek islamizatu egin baitziren denboraren poderioz. Horregatik, stambeli-a ez da Afrikatik Tunisiara lekualdatutako arte bat, baizik eta mendeetako fusio kulturalaren emaitza.

Hain zuzen, Ezzawexek 2016an stambeli-a irakatsi eta zabaltzeko sortutako elkartearen egoitza zawia batean dago sufien santutegi txiki bat, Sidi Ali Lasmar maisu sufiari eskainitakoan. Sidi Ali Lasmar zawia-ko gela batean hilobiratuta dago, Tunisko medina inguratzen zuen harresi zaharretik hurbil, eta badira bost mende fededunak hara joaten direla laguntza bila. Hala ere, musika mota horrekin gertatzen den bezala, tenplua bera ere arriskuan dago, Tunisko medinaren zati handi baten gentrifikazio prozesuaren ondorioz.

Independentziaren ondoren, eraikina estatuaren esku geratu zen, eta hark erosle pribatu bati saldu zion, nahiz eta balio handia duen ondare kultural eta erlijioso gisa. Geroztik, komunitateak alokairu bat ordaindu dio hilero, zintzo. Baina duela gutxi jabea hil, eta gauzak aldatu egin dira. «Haren semeak Libiako promotore bati saldu nahi dio, eta hark solairu askotako eraikin bat egin nahi du. 120.000 dinar eskatzen dizkigu [40.000 euro inguru]. Lehenago erosten ez badugu, abuztuan salduko du. Nondik aterako dut nik diru hori guztia?», esan du Ezzawexek, nahigabetuta. Sidi Ali Lasmar musika taldearen burua izateaz gain, Ezzawex zawia mantentzeaz arduratzen da, eta erlojuaren kontrako borroka bat hasi berri du hura salbatzeko.

Estatuaren sostengu falta

Teorian, estatuaren ardura da santutegia babestea, baina ez du inolako interesik adierazi, stambeli-arekin bezalaxe. Habib Burgibak, independentziaren aitak, herrialde laiko bihurtu nahi zuen Tunisia, eta mespretxua zion sineskeriekin zerikusia zuen espresio kultural orori. Geroago, arrazakeria estrukturalaren ondorioz, estatuak ez du Tunisiako ondare kulturaltzat hartu musika mota hori, gauza arrotz bat balitz bezala. «Ez da neurririk hartu stambeli taldeen garapen pertsonal edo artistikoa sustatzeko, eta ez da dirurik jarri herentzia kultural hori babesteko», dio Tunisiako Arts Solution gobernuz kanpoko erakundeak txosten batean.

Oztopo horietaz guztiez gain, gazteek ez dute interesik adierazten stambeli-a ikasteko, diru gutxi ematen baitu, eta famarik batere ez. Gaixotasun baten ondorioz ahulduta dagoen arren, Ezzawexek ez du amore emango. Oraindik ez behintzat.]]>
<![CDATA[Erdoganekin adostutakoa salatuz ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2037/002/001/2022-07-13/erdoganekin_adostutakoa_salatuz.htm Wed, 13 Jul 2022 00:00:00 +0200 Ricard Gonzalez https://www.berria.eus/paperekoa/2037/002/001/2022-07-13/erdoganekin_adostutakoa_salatuz.htm Amineh Kakavabeh: «Ez dut uste Suediak orain NATOn sartzeko beharrik duenik» ]]> <![CDATA[«Ez dut uste Suediak orain NATOn sartzeko beharrik duenik» ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1931/003/002/2022-07-13/laquoez_dut_uste_suediak_orain_naton_sartzeko_beharrik_duenikraquo.htm Wed, 13 Jul 2022 00:00:00 +0200 Ricard Gonzalez https://www.berria.eus/paperekoa/1931/003/002/2022-07-13/laquoez_dut_uste_suediak_orain_naton_sartzeko_beharrik_duenikraquo.htm Erdoganekin adostutakoa salatuz ]]> <![CDATA[Buztinezko oindun erraldoi energetikoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1942/013/001/2022-06-08/buztinezko_oindun_erraldoi_energetikoa.htm Wed, 08 Jun 2022 00:00:00 +0200 Ricard Gonzalez https://www.berria.eus/paperekoa/1942/013/001/2022-06-08/buztinezko_oindun_erraldoi_energetikoa.htm
«Oraintxe bertan, kalkuluen arabera, Aljeriaren soberakina bi-hiru bcm [bilioi metro kubiko] ingurukoa baino ez da; Europako herrialdeek, berriz, urtean 100 bcm baino gehiago inportatzen dute Errusiatik. Beraz, Aljeriak ezingo luke inolaz ere Errusia ordeztu, ez luze gabe eta ez luzera begira», azaldu du Aurelia Mañek, Bartzelonako Unibertsitateko irakasle eta energia adituak. Errusiak Europako Batasuneko gas kontsumoaren %40 baino gehiago hornitzen du; Aljeriak, berriz, eskariaren %8-10 bitarte baino ez.

Kopuru hori askoz ere handiagoa da Mediterraneoko auzo herrialdeetan. Esaterako, Aljeriako gasa, zenbait urtetan, Espainiako Estatuan urtean kontsumitzen denaren %50 inguru izan da, eta Italian, berriz, %30 inguru. Nolanahi ere, litekeena da Erromaren eta Madrilen rolak elkarren artean trukatzea aurki, Pedro Sanchezen gobernuak Marokoren tesia bere egiteak ekarri duen krisi diplomatikoaren eraginez, Mendebaldeko Sahararen auziari dagokionez.

Aljer aspaldidanik dabil Rabatekin borrokan eskualde hegemonia lortzearren, eta Fronte Polisarioaren babesle da. Berehala erantzun zuen, eta Madrilgo enbaxadorea erretiratu. Orain, beldur dira ez ote duen errepresalia neurririk hartuko eta Espainiari ez ote dion maila apalduko lehentasunezko bazkide komertzial gisa.

Italiaren eskakizuna

Apirilean, Italiako lehen ministro Mario Draghik Aljeria bisitatu zuen, eta hainbat merkataritza itun sinatu zituen, Erroma bihur dadin Aljeriako gasaren Europako banaketa gune nagusi, eta EBn hornitzaile jardunean egiteko garrantzitsuagoa izan dezan. «Aljeriak hitzeman du beste bederatzi bcm bidaliko dituela Italiara osagarri, baina niri kontuak ez datozkit bat. Hori egiteko modu bakarra legoke: iturria ixtea Espainiari, eta haren sei bcm horietaz baliatzea, baina Aljeriaren ezaugarrietako bat da beti betetzen dituela bere kontratuak», erantsi du Mañek. Aljeriako erregimenak, ordea, zeinak zutik iraun baitu 2019an demokraziaren aldeko protesta olde handi bati eutsi eta gero, ez du gardentasuna bereizgarri. Horregatik, nekeza da informazio publikoak eta zurrumurruak kontrastatu ahal izatea.

Magrebeko herrialde hori mundu osoan gas naturaleko erreserbarik handienak dituzten herrialdeetako bat da, hamargarrena. Halere, 2005az geroztik ezin du handitu ekoizpen ahalmena eta, batik bat, esportazio ahalmena, zenbait arrazoirengatik. Batetik, inbertsio bolumena ez delako nahikoa, legediak atzerriko kapitala erakartzeko moduko pizgarririk jasotzen ez duenez gero. Legeak dioenez, Sonatrach konpainia nazionalak bere esku izan behar ditu edozein ustiategi berriren akzioen %51 gutxienez, eta ez zerga sistema eta ez arbitraje mekanismoa ez dira batere erakargarriak sektoreko multinazionalentzat. Horrez gainera, gasaren barne eskariak gorantz segitzen du, demografia hazkunde jarraitu batek bultzaturik. 2008tik 2018ra, barne eskaria %70 inguru handitu zen.

Ekoizpena nabarmen handitzeko, aukera bat litzateke eskisto gasaren erreserbak ustiatzen hastea, fracking deritzon teknika baliatuta, Afrika iparraldeko herrialde horrek baititu baliabide natural horren erreserbarik handienak, hirugarrenak munduan. Nolanahi ere, Otman Lahiani analista aljeriarrak baztertu egin du aukera hori: «Ez dirudi, inondik inora ere, gobernuak bide horretatik joko duenik».

Protesta oldea

2004. urte amaiera aldean, erregimenak iragarri zuen eskisto gasaren bidetik jotzeko asmoa zuela. Jardun hori ezin kutsagarriagoa da, eta ur kantitate izugarria kontsumitzen du. Hori dela eta, protesta olde andana piztu zen herrialdearen hegoaldean, eskualde pobreenetariko batean, Ain Salah-n. Azkenik, agintariek atzera egin behar izan zuten. Abdelmajid Tebbun presidenteak eskualdea garatzearen alde egin du, eta horrek nekazaritza sustatzea dakar nahitaez, baina hori ez da bateragarria eskisto gasa erauztearekin.

«Hain labaina den kontu bati heldu aurretik, Aljeriako Gobernuak nahiago du herrialdeko hego-ekialdean aurkitu berri dituzten gas tradizionaleko hobiak ustiatzen inbertitu», adierazi du Lahianik. Hain zuzen ere, Aljerrek iragarri du 40.000 milioi euro jarriko dituela 2022 eta 2026 bitartean gas hobiak esploratzeko, eta gasa ekoitzi eta fintzeko. Zati handi bat hego-mendebaldeko hobi berri horietarako erabiliko da.

Nolanahi ere, gas naturaleko hobi berri horiek ustiatzeak baditu zenbait arrisku eta ondorio, Mañek ohartarazi duenez: «Malitik oso gertu dagoen eskualde bat da, eta, segurtasunaren aldetik, Sahel ez da batere lasaia. Beraz, ez da hornidura iturbururik seguruena EBrentzat». Lahianiren iritziz, Aljeriako Gobernuaren asmoa da Europako ekuazio energetikoko eragile funtsezko bihurtzea, baina «ez dago batere argi horretarako gauza izango den benetan».]]>
<![CDATA[Tunisia, autoritarismoaren mehatxupean berriro]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1928/020/001/2022-06-05/tunisia_autoritarismoaren_mehatxupean_berriro.htm Sun, 05 Jun 2022 00:00:00 +0200 Ricard Gonzalez https://www.berria.eus/paperekoa/1928/020/001/2022-06-05/tunisia_autoritarismoaren_mehatxupean_berriro.htm
«Presidenteak gorroto diskurtso bat darabil oposizioaren aurka, indarkeriaz betea. Oztopoak jarri dizkio biltzeko eta manifestazioak egiteko eskubideari. Gainera, presidentea kritikatze hutsagatik auzitegi militar batera eraman dezakete edonor», kexatu da Jawhar Ben Mbarek, Salbaziorako Fronte Nazionalaren barneko Herritarrak Kolpearen Kontra plataformako burua.

Giza eskubideen aldeko elkarte batzuek, besteak beste Amnesty Internationalek, salatu dute joera autoritarioa zabaltzen ari dela eta horrek berekin ekarri duela hainbat lagun modu arbitrarioan atxilotu eta auzipetzea, bereziki politikari islamistak.

Tunisiako trantsizio demokratikoaren norabidea aldatu egin zen bat-batean iazko uztailaren 25ean: Kais Said presidenteak konstituzioaren 80. artikuluaren interpretazio eztabaidagarri bat egin zuen, salbuespen egoera ezarri ahal izateko. Saidek 64 urte ditu, Zuzenbideko irakaslea da, eta, indar kolpea justifikatzeko, bi argudio erabili zituen: pandemiak eragindako osasun krisia, batetik, eta hilabete batzuk lehenagotik gehiengo parlamentarioarekin zeukan gatazka, bestetik. Politikari independentea zen Said, eta 2019an hautatu zuten presidente, botoen %70 baino gehiago lortuta. «Klase politiko ustelari» egotzi zion 2011ko Iraultzaz geroztik herrialdea sozialki eta ekonomikoki ez aurrera eta ez atzera egotea.

«Kais Saidek ez dio inori entzuten. Babesten duten alderdiekin ere ez da biltzen. Are, azken hilabeteetan dimisioa eman dute haren kolaboratzailerik gertuenetako batzuek», esan du Aimen Herbewi kazetariak. Tunisiako estatua «traidoreetatik, pertsona usteletatik eta atzerriko eragileetatik» garbitu beharraz konbentzituta, hilabetez hilabete boterea pilatzen aritu da, eta bere borondatea geldiaraziko zuten instituzio independente guztiak desegituratzen. Adibidez, urtarrilean Magistraturaren Kontseilu Gorena desegin zuen, eta botere judizialaren independentzia arrisku larrian jarri zuen horrela. Martxoan, beste hainbeste egin zuen legebiltzarrarekin, zeina «geldiarazita» baitzegoen uztailetik.

Said, definitzeko zaila

Saidek lehendik ez zeukan esperientziarik politikan telebistako tertulietan egin zen ezagun, eta politikari heterodoxoa da, definitzeko zaila. Frantziako hedabideek «islamistatzat» jo zuten bere moral kontserbadoreagatik, eta beste batzuek, berriz, nahiago izan zuten «erradikal» edo «populista» deitu, orain arte ikusi gabeko proiektu politiko bat duelakoan eta proposamen lausoak egiten dituelakoan. «Kais Saidek ez du sinesten demokrazia liberalean. Demokrazia zuzeneko sistema bat ezarri nahi du, tokian tokikoan oinarritua. Arazoa da ez daukala behar adinako babesik aldaketa hori egiteko, eta horrek gatazka sortuko du», ohartarazi du Tarek Kajlawi politologoak, zeinak harreman estua baitu presidentearen inguruarekin.

Bai AEBek eta Europako Batasunak, bai UGTT Tunisiako sindikatu ahalguztidunak, hainbat aldiz deitu dute «elkarrizketa inklusibo bat» egitera egungo krisi politikotik ateratzeko, baina badirudi Saidek erabakia duela Tunisiako politikaren josturak hautsi eta bere proiektua inposatzea. Sarean herri galdeketa bat egin ondoren, presidenteak legelarien batzorde bat osatuko du berehala, konstituzio berria idatz dezaten, eta, gero, horren inguruko erreferendum bat egingo da herritarren artean, uztailaren 25ean.

«Ez dugu erabaki zer egingo dugun galdeketa horren inguruan, oraindik ez baita hartarako deialdi ofizialik egin ere. Baina ez dugu parte hartuko legez kontrako prozesu horretan, are gutxiago kontuan hartuta orain Saidek nahierara aukeratu dituela Hauteskunde Batzordeko kideak», adierazi du Ben Mbarekek. Azken hauteskundeetan boto gehien eskuratutako bi alderdiak, Ennahdako islamistak eta Qalb Tuneseko populistak, frontean bilduta daude, eta, haientzat, behar-beharrezkoa da boz aurreratuak egitea eta 2014ko konstituzioa berritzea, zeina trantsizio demokratikoaren lorpen nagusia baita.

Gobernua eta oposizioa mokoka dabiltzan honetan, herritar asko kezkatuago daude krisi ekonomikoaz eta inflazio gero eta handiagoaz, are gehiago kontuan izanda arazo horiek larritu egin direla Ukrainako gerra hasi zenetik. «Jendeak aldaketak nahi zituen nola edo hala, eta horregatik zen horren ospetsua Kais Said iazko udan. Baina hilabeteak pasatu dira, eta ezer ez da hoberako aldatu», azaldu du langile auzo bateko etxekoandre batek, Faridak, eta kexu azaldu da semearen pixoihalak %50 garestitu direlako denbora gutxian. Nahiz eta galdeketek erakusten duten presidenteak babes nahiko handia duela, joan den astean ehunka pertsona baino ez zituen mobilizatu bere erreforma programa babesteko manifestazio baterako. Uda oso beroa espero da Tunisian.]]>
<![CDATA[Ukrainako gerrak ere ezin ditu batu bi Hungariak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1900/019/001/2022-04-02/ukrainako_gerrak_ere_ezin_ditu_batu_bi_hungariak.htm Sat, 02 Apr 2022 00:00:00 +0200 Ricard Gonzalez https://www.berria.eus/paperekoa/1900/019/001/2022-04-02/ukrainako_gerrak_ere_ezin_ditu_batu_bi_hungariak.htm La casa de papel telesail ospetsua hartu dute oinarri —han Lapurreta handia jarri diote izenburua— igandeko hauteskundeetarako mezu optimista bat zabaltzeko. Viktor Orban ultrakontserbadoreak berriz hautatua izatea du jokoan bozetan.

«Jendeak erreakziona dezan egin dugu performance hau, jendeak bere kabuz pentsa dezan eta ez ditzan sinetsi hedabide ofizialisten gezurrak. Bada garaia erregimen ustel hau deuseztatzeko», adierazi du Janos Matzikek, taldeko liderrak, zeina barne diseinatzaile baita ofizioz. Memo taldeko militanteak direla diote. Zentroko alderdi berri bat da Memo, duela hiru hilabete baino ez sortua eta Hungariako politikan hutsetik hasi beharra defendatzen duena, baita klase politiko tradizionala kanporatzea ere.

Orbanen kontra dago Memo, baina, hala ere, ez du parte hartzen sei alderdik lehen ministro polemikoa tronutik botatzeko asmoz eratutako koalizioan; zentro-eskuineko alderdiak nola ezkerrekoak biltzen ditu koalizio horrek, eta sekula egin gabe zegoen halakorik. Hauteskunde hauetan, hamaikagarren norgehiagoka izango da Orbanen gobernuak iraun duen hamabi urteetan eratutako bi Hungarien artean —komunismoa erori zenetik Erdialdeko Europan bere postuan luzaroen iraun duen buruzagia da Orban—: herrialdearen erdiak gorroto du lehen ministro hungariarra, eskuin muturraren erreferente bilakatua, eta beste erdiak, berriz, izugarri maite du.

Memoko ekintzaileek kontrakoen eremuan dihardute. Bere garaian, oihartzun handiko eskandalu bat piztu zen bideo filtratu batzuetan alkate ohi bat agertu zelako yate batean prostituta batzuekin orgian, eta hala ere ez zen amaitu Fideszek, Europaren esentzia kristauaren aldeko alderdiak, Gyorren daukan hegemonia. Gargo, 25 urteko mutil dotore bat, Orbanen alderdiaren boto emaile tipikoa da: «Abertzalea naizelako ematen diet botoa. Haiek baino ez dituzte defendatzen nazioaren interesak».

Elkarrizketa berehala bihurtu da Ukrainako gerrari buruzko eztabaida: auzi polemikoa da hori Hungarian. Alderdi ofizialistek ia batere iragazkirik gabe zabaltzen dute Kremlinen propaganda, eta maiz entzuten dira Ukrainako presidente Volodomir Zelenskiren kontrako akusazioak, «CIAko agente bat» izatea egotzita. «Gerra hau amerikarrek eragin dute, armak salduz dirua egiteko. Historia berriz ere berdin», bota du Gargok. Sinetsita dago munduko ordenan konspirazio bat dagoela, hamahiru familia aberatsek egindako «itun» baten ondorioz; «elite global progresista» moduko bat omen da, nazioarteko prentsa kontrolatzen duena. Tesi bitxia, inondik ere, finantzen esparru globalizatuan lan egiten duen gazte baten ahotan.

Orban, 2010ean boterea berreskuratu zuenetik, kontakizun bat harilkatuz-harilkatuz joan da, eta, hala, bere herrialdearen etsai nagusitzat jo ditu hala EB Europako Batasuna nola ustezko elite global bat. Beharbada horregatik uko egin dio Robert Borsik, Fidesz alderdiaren Gyorko kanpainaren arduradunak, BERRIArekin hitz egiteari. «Lau egun daramat ito beharrean. Ezin dut. Barkatu»: horra desenkusa. Hurrengo kanpaina ekitaldiaren inguruko informazioa eskatu zaionean, berriz, erantzun du ez dagoela bakar bat ere programatuta.

Otsailaren amaieran, Vladimir Putinek Ukraina inbaditzea erabaki zuenean, oposizioak pentsatu zuen bere aldera ekarri ahalko zuela kanpaina. Azken urteetan Errusiako presidenteak Europan izan duen aliaturik hurkoena bihurtu da Hungariako buruzagia. Gerra piztu zenean, berriz, Orbanek kontortsionismo ariketa politiko nabarmena egin zuen, eta Putinengandik urrundu, baina hein batean baizik ez. Babesa eman zien EBk jarritako zigorrei, baina ez zuen baimenik eman NATOk Ukrainako armadari bidalitako armak Hungariako lurraldetik pasa daitezen. Horregatik, Zelenskik, Europar Kontseiluaren azken bilkuran, gezi pozoitsu bat jaurti zion Orbani: «Viktor, ikusi al duzu zer gertatzen ari den Mariupolen?», bota zion, sarkasmoz, eta, segidan, eskatu zion lerra zedila behingoz bi aldeetako baten alde.

Orbanen aldea

«Orbanek bakearen bermatzaile gisa agertu nahi du orain, eta ohartarazi du oposizioak gerrara eraman nahi duela herrialdea, soldaduak Ukrainara bidaliz. Gezur hutsa da hori, baina haren jarraitzaileek sinetsi egin diote. Bere senean dagoen inortxok ere ez du nahi gerrarik», dio erretiroa hartutako irakasle batek, Irdikok. Oraingoz, badirudi gobernuaren estrategia funtzionatzen ari dela; izan ere, azken hilabetean inkestek lehengoan iraun dute, eta hiru bat punturen aldetxoa ematen diote oraindik Orbani.

Gyorren kanpoaldeko herrixka batean ere, Vamoszabadin, ez dirudi Hungariako buruzagiari garesti ateratzen ari zaionik Putinekin duen aliantza. «Orbanen alde bozkatuko dut, hark baino ez gaitu-eta mantenduko gerratik kanpo», esan du Beak, herriko jaki denda bakarraren jabeak. Fideszen merituak zerrendatzen hasita, alderdia immigrazioaren aurka dagoela aipatu du, baina salbuespen bat nabarmenduta: «Ez naiz ari ukrainarrez: haiek, beste batzuek ez bezala, ez dute arazorik ematen». Ez du zehaztu, baina, «beste batzuek» dioenean, siriarrez ari da, irakiarrez, afganiarrez... hots, musulman pobreez.

Elkarrizketa bete-betean, lepo sendoko mutil musugorri bat sartu da dendara, prakak pinturaz zikinduta. Edari bat erosi du, eta, atetik irten baino lehen, jira egin eta bota du: «Moztu dezala lepoa: horixe da Orbanek egin lezakeen onena». Beak irribarre egin du, erdi gogaiturik eta erdi etsirik. Hungariako gizartearen polarizazioa ez da atzo goizekoa, eta ez du itxurarik bihar desegingo denik, hautetsontzien emaitza zeinahi delarik ere.]]>
<![CDATA[Azterketa zaila Marokoko islamistentzat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1932/002/001/2021-09-08/azterketa_zaila_marokoko_islamistentzat.htm Wed, 08 Sep 2021 00:00:00 +0200 Ricard Gonzalez https://www.berria.eus/paperekoa/1932/002/001/2021-09-08/azterketa_zaila_marokoko_islamistentzat.htm
Hala ere, adituen artean nagusi den iritzia da PJDk zail izango duela 2011ko eta 2016ko garaipen argiak lortzea oraingoan ere; horiei esker, ordutik herrialdea kudeatu duten koalizio gobernuetako buru izan da. Hauek dira herrialdean egiten dituzten hirugarren hauteskundeak Udaberri Arabiarra esan zitzaien protestak piztu zirenetik; Marokon, herri manifestazioek ez zuten izan eskualdeko beste herrialdeetan adinako indarrik.

Orduan, islamistak, inoiz gobernuko kide izan ez zirenak, aldaketak nahi zituzten horien ikur bilakatu ziren. «Nik alderdian izen eman nuen pentsatu nuelako garbiena zela eta herrialderako demokrazia nahi zuela», azaldu du Jasserrek, duela hamarkada bat herritarrak PJD agintera eramatera bultzatu zituzten arrazoietako bat aipatuz. Hala ere, badaude zantzuak iradokitzen dutenak ezen bigarren agintaldian, aurreko buruzagi Abdelilah Benkirane baino karisma gutxiagoko Saad Eddin al-Othmani grisa buru dutela, haien sostenguak nabarmen egin duela behera.

«Makhzen-ak [estatu sakonak] islamistek galtzea nahi du», azaldu du Marokoko analista politiko batek, zeinaren arabera onartu berri duten hauteskunde lege berriak kalte egingo dien alderdi islamistei. Haren esanetan, mehatxu bilakatu zaizkie azken hilabeteetan lehertutako hainbat eskandalu ere, zeintzuen atzean zerbitzu sekretuen aztarnak antzeman daitezkeen. «Ez dute gustuko gobernuan egotea, bi arrazoirengatik: lehenik, demokratizazio handiagoa nahi dutelako, eta hori lortzeko erregeari eskumenak kendu behar dizkiotelako; eta, bigarrenik, PJD tradizionalista delako, eta mendebaldetze prozesuaren edo makhzen-ek eta Mohamed VI.a erregeak bultzatzen duten moralaren modernizazioaren aurka dagoelako», gehitu du.

Lau mende luzez boterea kudeatzen aritzeak ematen duen esperientziarekin, errege etxe alauiak jakin zuen nola maltzurkeriaz jokatu hartara 2011ko protestak geldiarazteko —Otsailaren 20ko Mugimendu gisa ezagun egin zirenak—. Kooptazioa, errepresio selektiboa eta erreformak baliatuta egin zuen hori. Aldaketa nagusia izan zen konstituzioa erreformatzea, eta erabakia erreferendum bidez berretsi zuten. Hark eskumen gehiago ematen zizkien parlamentuari eta lehen ministroari, erregearen kaltetan. Adibidez, erregea derrigortuta dago orain bozak irabazi dituen alderdiko norbait lehen ministro izendatzera.

Hala ere, praktikan, erreforma horiek ezerezean geratu dira, eta herrialdeko erabaki nagusiak erregearen eta haren makhzen-aren esku daude oraindik ere. Horren adibide argirik bada, Israelekiko harremanak normaldu izanarena da. Hiru aldeko akordioa izan zen hura, eta bertan jasotzen zen orduan AEBetako presidente zen Donald Trumpek Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasuna aitortzen ziola Marokori. Hainbat hilabete lehenago, Saad Eddin al-Othmani lehen ministroak atzera bota zuen «erakunde sionistarekiko normaltasun oro», eta urte batzuk lehenago esan zuen halakorik egitea «zibilizazioaren genozidioa» zela, baina burua makurtu zuen Mohamed VI.aren aurrean, eta akordioak sinatu zituen Israelekin; horrek eztabaida gogorrak eragin zituen alderdiaren barruan. Hala, PJDk bere hautesleen parte bat gal dezake datozen hauteskundeotan.

'Marea berdea'

Maroko da marea berdea deiturikoaren azken aztarna, Udaberri Arabiarraren ondoren eskualdeko hainbat herrialdetara heldu ziren protesten azken arrastoa. Arabiar autokrazien aurkako oposizio indar nagusia izan zen hamarkada askoan, eta alderdi islamistak izan ziren iraultzen, lubakien eta erreformen 2011 bizi haren onuradun nagusiak. Anaia Musulmanak Egipton, eta euren jatorrizko alderdietatik Tunisian, Libian eta Marokon jaiotako beste alderdi batzuk, hautetsontzien bidez iritsi ziren boterera, eta euren ospea nola handitzen zen ikusi zuten Jordanian eta Yemenen, adibidez. Hala ere, Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek zuzendutako eta Egipton estatu kolpe odoltsua jasan zuen olatu kontrairaultzaile batek atzera eragin die. Tunisiako Ennahda da boterea galdu duen azken alderdia, Kais Said presidenteak uztailaren amaieran emandako indar kolpearen ostean.

Errege etxea herrialdeko boteregune ukiezina denez eta izango denez, marokoar askok ez dute interes handirik hauteskundeetan. Sistemaren kontrako oposizio erradikalak prezio bat du, espetxea, Rifeko matxinadaren buruzagiek egiaztatu duten bezala, edo duela gutxi Omar Radi kazetariak. «Ez naiz bozkatzera joango. Ez dut inoiz bozkatu. Zertarako?», erantzun du zakar Anwarrek, gazte askoren jarrera islatzen duen zerbitzari batek.

Azken hauteskundeetan, izena eman zuten herritarren %43k parte hartu zuten: 35 milioi pertsonatik gorako herrialde batean, sei milioi pertsonak baino gutxiagok. Hauteskunde kanpainako ekitaldiak mugatu eta krisi ekonomikoa eragin duen pandemia dela eta, parte hartzea oraindik apalagoa izango dela uste dute askok. «Orokorrean, PJDk izan ezik, alderdi guztiek enbor komuna dute, alde gutxi daude. Horregatik, zaila da hautesleen interesa piztea», adierazi du Mustafa Sehimi politologoak.

«Bozkatuko dut, noski. Betebehar bat da», azaldu du Jamal taxilari beteranoak. Lehen ezkerrarekin eta orain islamista moderatuekin lortutako oposizioaren kooptazio eta etxekotzeak eztabaida publikoa despolitizatzea lortu dute. Horrek azaltzen ditu boto aldaketa batzuk, ideologikoki ulertzen ez direnak. «Nik lehen PJDri eman nion botoa, baina orain Akhannoutxen alderdiaren alde egingo dut. Aberatsa da, eta, horregatik, ez du diru publikorik lapurtuko. Gainera, programa ekonomiko ona du», gaineratu du Jamalek.

Independenteen Konbergentzia Nazionaleko (RNI, frantsesezko siglengatik) liderra da Aziz Akhannoutx, eta herrialdeko gizonik aberatsenetako bat. Akwa Group konglomeratuaren zuzendari exekutiboa ere bada, energiaren sektorean espezializatua. Errege etxeak beti du gogoko alderdi bat, nekazari eremuetan indartsua izaten dena, non jauntxoen praktikek bere horretan jarraitzen duten. Aurreko hauteskundeetan, makhzen-aren gustukoena PAM zen, baina higaduraren ondoren, RNI gorantz ari da kotizatzen. Establishment-aren marka berria da. Izan ere, PAMeko eta PJDko politikari nabarmenek babesa bilatu dute euren hauteskunde zerrendetan. Izan ere, transfugismoa, eszena politikoaren desideologizazioaren azken adierazpena, oso ohikoa da Marokon. Alderdi nabarmenen zerrenda USFFko sozialdemokratek eta Istiqlaleko nazionalistek osatzen dute, bi historikok, hain zuzen ere.

Bestalde, ez da erraz jakiterik noren alde edo noren aurka bozkatuko duten herritarrek, ez bakarrik transfugismoagatik, baita inkestarik plazaratu ez dutelako ere. Izan ere, 2016an debekatu egin zituen galdeketak Barne Ministerioak. Horrez gain, lehen aipatutako hauteskunde legearen erreformak kalte egingo die alderdi handienei, ordezkaritza lortzeko gutxieneko %3ko muga ezabatu baitzuten haren bitartez, PJDri pisua kentzeko asmoz. Aldiz, USFFko sozialdemokraten eta bestelako alderdi historikoen mesedetan izan daiteke aldaketa.

Modernizazioa

Azken urteotan, Marokoko azpiegiturak nabarmen modernizatu dira: abiadura handiko tren bat martxan jarri du, kontinenteko energia berriztagarrien plantarik handienak eraiki ditu, eta Tangerko portua berritu du, Mediterraneoko portu nagusietako bat bihurtzeko. Gainera, herrialdeak Txinarekin akordioak lortu ditu COVID-19aren aurkako Sinopharm txertoa ekoizteko, eta dagoeneko herritarren %40 daude txertoa hartuta, Afrikako kontinentearen buru. Marokon dagoeneko 15 milioi pertsona txertatu dituzte —herritarren %42—, eta bozak hirugarren olatu betean egingo dituzte. Azken asteetan hildako kopuruak ere gora egin du, eta egunean ehun heriotza inguru jakinarazi dituzte. Horrek ere eragina izango du parte hartzean, asko izan baitaitezke kutsatzeko beldurrak etxean uzten dituen herritarrak.

Hala ere, Marokoko errealitate ekonomiko eta sozialaren beste alde bat dago. Desberdintasuna etengabe hazten ari da, eta benetako langabezia tasa %10 ofiziala baino askoz handiagoa da; hori dela eta, inkesta batzuen arabera, gazteen erdiek ere Europara emigratu nahi dute.

Herritarren desafekzioaz jabetuta, erregeak garapen inklusiboagoa lortzeko erreforma programa handi bat aurkeztu du, osasun publiko unibertsala jasotzen duena. Hautetsontzietan islatutako indar oreka berrien ondorioz sortutako hurrengo ministroei errege asmoak ezartzea egokituko zaie, Marokon antzina-antzinatik gertatzen den bezala.

Bestalde, emakumeei dagokien ordezkaritza ere handitu du hauteskunde legeak, eta gaurko bozetan 90 eserleku izango dira haientzat —legebiltzarrak 395 aulki ditu—, aurrez baino 30 gehiago. Feministek, ordea, gutxiegitzat jo dituzte kopuruak.]]>
<![CDATA[Mendebaldeko Sahara dago Rabaten eta Aljerren arteko krisiaren atzean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1926/004/001/2021-09-08/mendebaldeko_sahara_dago_rabaten_eta_aljerren_arteko_krisiaren_atzean.htm Wed, 08 Sep 2021 00:00:00 +0200 Ricard Gonzalez https://www.berria.eus/paperekoa/1926/004/001/2021-09-08/mendebaldeko_sahara_dago_rabaten_eta_aljerren_arteko_krisiaren_atzean.htm
Beste behin, Aljerren —Marokorekin zuen gatazkan babes politiko eta militarra eman zion Fronte Polisarioari— eta Rabaten ezinikusien bihotzean Mendebaldeko Saharako gatazka dago. Bere jendaurreko agerraldian, Lamamrak berak esan zuen Marokoren Mendebaldeko Sahararekiko «ekintza gauzatuen» politika izan zela harremanak haustea eragin zuten arrazoietako bat. Eskualdeko egoerak azaroan egin zuen okerrera, Fronte Polisarioak 1991tik indarrean zegoen su-etena hautsi zuela iragarri zuenean

«[Donald] Trumpek Marokok Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasuna duela onartu izanak aldatu egin du gatazkaren statu quo-a, eta horrek, Marokoren eta Israelen arteko harremanen normaltzearekin batera, okertu egin ditu historikoki gatazkatsuak izan diren harreman horiek», adierazi du Haizam Amirah-Fernandezek, Elcano institutuko ikertzaileak. Hau da, statu quo-a Rabaten alde mugituz doa, eta Aljer hura geldiarazten saiatu da mahaian kolpe bat emanez.

Duela bi aste Aljerreko Goi Segurtasunerako Kontseilua egin zutenetik aurreikusten zen okerrera egingo zutela bi herrialdeen harremanek. «Aljeriaren aurkako Marokoren etsaikeria ekintzek bi herrialdeen arteko harremanak berriz pentsatzera eraman dute, eta mendebaldeko mugako segurtasuna handitzera», zioen bileraren ostean Abdelmajid Tebbune presidentearen bulegoak, komunikatu batean.

Zehazki, Aljeriako agintariek, etsaikeria ekintzez ari direnean, erreferentzia egiten diote, besteak beste, Rabatek ustez bi alderdi politikori emandako babesari: MAKi, zeinak Kabilia eskualde amazigaren independentzia defendatzen duen; eta, Ratxad islamistari, biak ala biak «erakunde terroristatzat» zerrendatuak joan den otsailetik. Praktikan, Aljerrek bi talde horiei eta zeharka Marokori egotzi die milaka hektarea suntsitu eta 90 hildako eragin dituzten suteen atzean egotea.

Espioitza eta suteak

Aljerrek aurkeztutako irainen zerrendan aurki daiteke nazioarteko hainbat komunikabidek egindako jakinaraztea, zeinaren arabera Marokoko zerbitzu sekretuek Israelgo Pegasus espioitza sistema erabiliko zuketen 10.000 pertsonaren telefonoetako informazioa eskuratzeko, horietatik 6.000 aljeriarrak eta tartean buruzagi politiko eta militarrak. Israelgo Atzerri ministro Yair Lapidek duela gutxi Marokora egindako bidaian Aljeriako Gobernua kritikatu izana bi herrialde horien azpijokoaren froga gisa hartu zuen Aljeriako prentsak.

Marokok, berriz, erantzun zuen komunikatu bat argitaratuz non Aljeriaren erabakia «bidegabetzat» jotzen zuen, «gezurrezko eta zentzugabeko» argudioetan oinarritzen zelako, ziurrenik Aljeriako suteen atzean egotearen akusazioei erreferentzia eginez. Herrialdea hainbat krisitan sartuta dagoen honetan, Aljeriako agintariek akusazioekin arreta eta herritarren amorrua kanpora desbideratu nahi izan dutela ondorioztatu du Marokoko prentsak. Suteen zoritxarrari, izan ere, COVID-19aren pandemiak ekarritako osasun krisia gehitu behar zaio, eta lehorte luze batek eragindako ur etenak. Gainera, Magrebeko herrialde hori krisi politiko sakon batean dago Hirak herri mugimendua agertu zenetik —Abdelaziz Buteflika presidentearen dimisioa bultzatu du, eta eskatzen du gobernuak dimiti dezala eta sistema politikoan muturreko aldaketak egin daitezela—.

«Argi dago askotariko barne krisiek, batez ere osasunari eta ekonomiari lotutakoek, auzoko herrialdearekiko harremanak berotzea eragiten dutela. Baina hori ez da soilik Aljerian gertatzen, baita Marokon ere. Badira hilabete batzuk bi aldeetako prentsa ofizialak elkarren aurka ari direla, eta elkarrekiko etsaitasun giroa sortu da», azaldu du Amirah-Fernandezek, zeinak, hala ere, zehaztu duen halako gorrotorik ez dutela bi herrialdeetako herritarrek.

Irene Fernandez-Molinak ere, Exetergo Unibertsitateko irakasleak, zuzeneko lotura ikusten du barne arazoen eta Magrebeko bi aldeko krisien artean. Munduan gutxien integratuta dauden eskualdeetako bat da, bi estatuek ez baitzuten ia merkataritza harremanik ere. «Segurtasunik ezaren pertzepzioa asimetrikoa denean —orain bezala, Marokok bere burua sendoago ikusten baitu Aljeriak baino—, harremanak okertu eta krisiak sortzen dira», adierazi du irakasleak.

Harremanak etetearen iragarpenetik ordu batzuetara, lehen albo biktimaren izena jakin zen: Magreb eta Europaren arteko gasbidea (GME), zeinak Aljeriako gasa Espainiara eramaten duen, Marokoko lurretatik. Aljeriako Energia ministro Mohamed Arkabek komunikatu batean iradoki zuen gobernuak ez duela berrituko Magrebeko gasbidearen gaineko hiru aldeko akordioa, zeina urrian iraungiko den, baina ziurtatu zuen horrek ez diola kalterik eragingo Espainiarentzako gas hornidurari. Udazkenetik aurrera, hidrokarburo horren esportazio guztiak Medgaz gasbidean zehar bakarrik egingo dira, zeinak Alborango itsasoa zeharkatuz Aljeria eta Espainia elkartzen dituen.

Lehen begiratuan, GME itxi izanaren kaltetu nagusia Maroko da, bide horretatik esportatutako gasaren gaineko %7ko bidesaria jasotzen du eta. 2019an, kopuru hori txikia izan zen, eta, erregaien prezioaren gainbeheraren ondorioz, ez zuen gainditu 50 milioi euroko langa, baina 2014an 200 milioietara gerturatu zen. Gainera, GMEk Maroko gasez hornitzen zuen —kontsumitzen zen gasaren %45—, oso merke hornitu ere.

Neurri txikiagoan bada ere, erabakiak Aljeriari berari ere egiten dio kalte, Espainia gasez hornitzeko bere ahalmena erdira murriztuko baita, eta irteera bide bakarraren menpe geratuko. GMEren gaitasuna urtean 8.000 milioi metro kubokoa da, eta Medgaz gasbidea handitzeak —udazkenean 8.000 milioitik 10.000 milioira igaroko da— ezin du berdindu galera hori. Espainiara eta Portugalera gasa esportatzeko gaitasuna 16.000 milioi metro kubotik 10.000ra jaitsiko da hemendik hilabete batzuetara.

Egia bada ere azken urteetan gaitasun horren %60 bakarrik erabili zela, GME gabe, Aljeriako agintariek ezin izango lukete euren merkatuko kuota handitu lehiakideren batek hornidura etengo balu ere. Hori gertatu ahalko litzateke, adibidez, Europako Batasunak debekatuko balu AEBetatik eskisto gasa inportatzea hark ingurumenean eragiten duen kaltea handia dela argudiatuta. Orain bai, Aljerren eta Rabaten arteko ezinikusia berriz indartu den honetan, eskualdeko etsaia zigortzeko aukerak norbere interesa defendatzekoak baino pisu handiagoa izan du.

Aljerren eta Rabaten arteko egungo krisia 1994tik piztutako larriena da; ordu hartan, bi aldeek mugak itxi zituzten, eta itxita daude oraindik. Aditu zenbaitek ohartarazi dute gatazkaren gorakadak irisgarritasun mugatuko gerra bat ere eragin dezakeela, elkarrekin oso gaizki moldatzen diren bi auzokideren arteko hirugarrena litzatekeena.]]>