<![CDATA[Rikardo Arregi Diaz de Heredia | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Thu, 09 Apr 2020 06:43:15 +0200 hourly 1 <![CDATA[Rikardo Arregi Diaz de Heredia | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Armairu bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1920/035/001/2018-06-28/armairu_bat.htm Thu, 28 Jun 2018 00:00:00 +0200 Rikardo Arregi Diaz de Heredia https://www.berria.eus/paperekoa/1920/035/001/2018-06-28/armairu_bat.htm
Ez, uda ez dut gustukoa, baina ez nago hiru hilabetez erresuminduta bizitzeko prest, eta abantailak, aurkitu ahala, aletzen dizkiot nire buru gehiegi berotuari: hasteko, eta garrantzizkoena da zalantzarik gabe, udan gainerako urtaroetan baino opor egun gehiago dut lanean, nahi dudana, irakurri adibidez, egin ahal izateko. Kontsolabideak, edo engainuak, horrela bilatzen ditut egun freskoagoen esperoan. Aurten, gainera, udak niretzat dituen abantailetako batean saiatuko naiz berriro ere, asko kostatzen zaidan arren: kanpoan irakurtzea.

Parkeetako eserlekuetan liburuak irakurtzen dituztenei poema bat eskaini nien behin, benetan miresten baititut (asko ere ez dira). Haiek bezalakoa izan nahi nuke, baina ez naiz beti ausartzen. Etxe ondoan plaza eta parke ederrak daude bertan goxo egoteko, eta askotan pentsatu dut, bertatik igarotzean, primeran egongo nintzatekeela hor, zuhaitzek babestuta, gerizpe abegikorrean irakurtzen lasai asko udako goiz argitsu edo arratsalde luzeetan. Baina, esana dut, ez naiz beti ausartzen, jende gehienaren begirada salatzaile, mesfidati edo errukiorrak sentitu ditudalako nire gainean parke edo plaza batean irakurtzera eseri naizenean, zer esan taberna bateko terrazan eseri naizenetan. Badirudi hemen (Gasteizen, euskal txokoetan) jende askorentzat parke edo plaza batean eserita irakurtzen ari den figura bakartiak zerbait susmagarria dakarrela berez. Zergatik ez du hori, irakurri alegia, etxean egiten? Hain bakarrik dago? Hain zeregin gutxi dauka horrela egoteko? Autobusean egongo balitz behintzat! Egia da teknologia berriek arindu dutela apur bat jende bakartiaren gainean dagoen zalantza, mesfidantza edo errukia, gaur egun edozein gailu elektroniko eskuetan erabiltzeak adierazten baitie besteei pertsona ez dagoela isolaturik, kontektatuta dagoela, lanean beharbada, probetxuzko zerbait egiten alegia. Jendeak ez nau hain gaizki begiratuko, liburu baten ordez gailu elektroniko bat izango banu esku artean. Proba egin dut, baina liburuak nahaigo ditut. Hemen esan dut, zeren beste herrialde batzuetan (iparralderago ia beti, Salvador Espriuren poema ospetsuan bezala: «nord enllà / on diuen que la gent és neta / i noble, culta, rica, lliure, / desvetllada i feliç!)» ez baitut errukiz beteriko begirada hori sentitu parke, plaza edo kafetegi batean irakurtzen egoteagatik bakarrik. Buenos Aireseko salbuespenarekin, jakina.

Gaurko eguna, ekainaren 28a (oi, harrotasuna), aprobetxatu beharko nuke armairu honetatik ateratzeko, beldurrak uxatzeko, irakurtzen ari naizen liburua hartu eta ondoko plazako eserleku batean harro esertzeko, irakurtzea gauza bitxi, arraro, xelebre eta queer bat dela pentsatzen (pentsatu?) dutenei erakusteko ez nauela lotsatzen naizen hau: irakurle bat. Lantokian nire antzeko bat aurkitu dut; hasieran gaiaz tentuz berbetan, segituan aitortu diogu elkarri gustatzen zaigula, uda iristean, plaza, parke edo terraza batean lasai esertzea eta irakurtzea, baina batzuetan lotsa ematen digula gure perbertsio honek. Aurten geldituko gara noizbehinka.]]>
<![CDATA[Nola adierazi]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1945/029/001/2018-06-07/nola_adierazi.htm Thu, 07 Jun 2018 00:00:00 +0200 Rikardo Arregi Diaz de Heredia https://www.berria.eus/paperekoa/1945/029/001/2018-06-07/nola_adierazi.htm Lágrima. Hitzak sentimentalegiak izan daitezke, baina ez doaz bakarrik, musika dago, eta emaitza bikaina da, musika arte-lan txiki horretan oinarri nagusia baita: sentimentalkeria, beraz, atzean gelditzen da.

Gai berberaz aritu zen Jorge de Sena poeta portugesa (ai, lotura lusofonoak!) Schuberten abestiei buruzko poema batean: Schuberten abestiak Wilhelm Müllerren testuekin. Jorge de Senak 1968an Arte de Música poema liburua argitaratu zuen (geroago handitu egin zuena), bertan musika eta musikariak dira poesiagai, Bach eta Wagner, baina baita Edith Piaf edo Arnold Schönberg ere. Schubertek poeta askoren testuak erabili zituen bere abestiak egiteko: poeta handiak edo hilezkorrak, nahi baduzue, Goethe edo Heine bezalakoak; eta gaur egun ezezagunak diren poeta txikiagoak, edo ez hain ezezagunak, ezagunak baitzaizkigu Schubertek erabili zituelako.

Horietako bat Wilhelm Müller (1794-1827) zen. Bizirik zela, haren poema abertzaleak (alemanak) eta filohelenoak izan ziren irakurrienak, Erromantizismo alemaniarraren gai tipikoak, ez hainbeste amodioari buruzkoak, Schubertek aukeratu zituenak abesti zikloetarako: Neska errotari ederra eta Negu-bidaia. Are gehiago, azken poema horiek sentimentalegiak ziren garaiko kritikarako, eta ez ahantzi Erromantizismo betean gaudela. Horrela hasten da Jorge de Senaren poema: «Sentimentalismo hutsalerako poemak ziren,/ duinak izateko inolako kategoriarik gabeak./ Kritikak horrela dio...». Baina, baina, eta hor dator poemaren garapena, Schubertek hitz beharbada pobre horiekin lortzen du maisulan miragarria. «Nola izan zen posible?», galdetzen du Jorge de Senak. «Musikak eman zien poemei poemek ez zutena? Edo poemek/ bazuten poesiak batzuetan izan ahal duena poesia/ zehazki izan gabe...?». Musika handia egin da poesia txarrarekin, eta alderantziz. Zer gertatzen da? Jorge de Senaren erantzuna haren pentsamendu poetikoarekin bat dator, jakina: poesiaren oinarrian ahotsa dago, eta musikak hitz pobre horien artean ezkutaturik zegoen ahots hori, poesia alegia, deskubritu egin du, azaleratu. Egia da Andrés Neuman saiatu zela Müllerren lana (Winterreise, Negu-bidaia) berreskuratzen Acantilado argitaletxerako 2003an egin zuen itzulpenarekin (Neska errotari ederra zikloarekin ez zuen saiakera bera egin), baina edozeinek aitortuko du hori ez dela benetako Negu-bidaia. Noski, Wilhelm Müllerren poema sentimentalegirik gabe, eta Negu-bidaia hobexeagoa da, Schuberten abesti eder horiek (lieder) ez ziren existituko.

Literatura sentimenduak, giza esperientziaren beste atal guztiak bezala, adierazteko dago, inork ezin du hori ukatu. Arazoa ez da beraz, nire ustez, literaturak ihes egin behar dien sentimenduei ala ez, baizik eta nola adierazi sentimendu horiek. Guztiok egon gara triste, guztiok egon gara pozik, guztiok maite egin dugu, guztiok sufritu dugu, guztiok eseri gara itsasoaren aurrean eta ederra dela pentsatu. Arazoa da nola esan hori: triste nago, maiteminduta nago, utzi naute, itsasoa ederra da. Horretan saiatzen gara idazten dugunok, ezta? Batzuetan lortzen dugu, askotan ez. Era berean, badakigu hori egiteko mila modu dagoela, zailak eta errazak, dotoreak eta ziztrinak, merkeak eta duinak, eta sentimenduen benetakotasuna ez dela ezeren bermerik. Hor ditugu liburuak, aspaldian idatzi zirenak eta gaur egun idazten direnak. Hor Wilhelm Müllerren kasuak iradoki ahal duen kontsolabidea: txarra izan arren, agian egun batean, musikari batek, margolari batek, auskalo nork nire poema bat hartuko du eta...]]>
<![CDATA[Liburu baten promesa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1966/032/001/2018-05-17/liburu_baten_promesa.htm Thu, 17 May 2018 00:00:00 +0200 Rikardo Arregi Diaz de Heredia https://www.berria.eus/paperekoa/1966/032/001/2018-05-17/liburu_baten_promesa.htm Genero nahasmendua, Elkar 2018), adibidez. Pozik, haize kontra ere, euskal idazle eta itzultzaileek segitzen dutelako (dugulako) hor, temati, euskal artaldearen erdian.

Pozik nago, oro har, eta Iñigo Astizen poema gogoangarri bat buruan (Reno, Vita Minima, Baita hondakinak ere liburuan, Susa 2012) nire barneko kontuak eta euskal irakurlegoari buruzko kezkak alde batera utzi ditut, vita minima horretara guztiz emana: hau da, etxetik atera naiz tabakoa, ogia eta liburu bat erostera, nire poztasunari eusteko une honetan behar dudan guztia. Tabakoarena eta ogiarena erraz bete dut, baina liburuarena ez. Banekien liburua ez zela liburudendan egongo, prestaturik joan naiz eta ekartzeko eskatu dut lasai.

Nire poztasuna gotorleku bat da eta liburua jasoko dudan minutu magikora ihes egin dit gogoak. Liburua gaztelaniaz dago (barkatu, barkatu), itzulpena da, eleberria, Sexto Piso-k atera du (orain dela zutabe pare bat aipatu nuen argitaletxe hori); izenburua: Qué queda de la noche; egilea: Ersi Sotiropoulos; gaia, eta horixe da garrantzitsuena: Konstantino Kavafis. Sare asozialetan edo sakelakoan kontsultatzen ditudan egunkarietako batean ikusi nuen erreferentzia. Ersi Sotiropoulos emakume greziarra da, Patrasen jaioa; antropologia ikasi zuen Italian, hainbat liburu (poesia, saiakera, eleberriak) idatzi du eta Grezian hainbat sari jaso; haren liburu batzuk ingelesez, frantsesez eta alemanez argitaratu dira. Eleberrian Ersi Sotiropoulosek kontatzen du edo irudikatu edo asmatu, irakurri dudanaren arabera, Konstantino Kavafisek 1897an Parisera bere anaia Jon-Konstantinorekin egin zuen hiru eguneko bisita laburra. Kavafisek hanbait anai-arreba izan zuen: Jon-Konstantino horri garai hartan Alexandrian Kavafis poeta deitzen omen zioten (ingelesez idatzi zuen); beste anaia bati, Paul izenekoari, aldiz, Kavafis homosexuala. Bitxia, benetan.

Nire poztasuna gotorleku bat da, baina harresi eta dorreetan sortzen diren arrakalak konpondu egin behar dira noizbehinka, beraz, etxera iritsi eta Kavafisen liburuak ireki ditut, zigarro bat eskuan azkenik (Kavafis erretzaile amorratua zen, laringe-minbiziak hil zuen). Egia esan, ia maiatzero berrikarkurtzen dut Kavafis: nire lagun batek, institutuko irakasleak, ia urtero eskatzen dit bere ikasleen aurrean agertzea, Literatura Unibertsala hautatzen duten heroi horiekin Kavafisen poemak irakurri eta Kavafisi buruz hitz egiteko. Hor, sakabanaturik, izan ditut irekita liburu guztiak: Olga Omatosekin batera Andolin Eguzkitza zenak eginiko euskarazko itzulpena (Pamiela, 1995), gaztelaniazko pare bat eta (bai, mitomanoa naiz) portugesezkoa, italierazkoa, frantsesezkoa, ingelesezkoa... Kavafisek gaztetzen nau: hemezortzi urte nuenetik lagun, adiskide, bidaide eta gogaide izan dut.

Arrakalak konpontze lanetan berrikusi dut youtube-n Iannis Smaragdisek 1996an zuzendutako Kavafis filma, grezieraz, ez bainaiz gai izan azpititulurik aurkitzeko, ezta ingelesez ere. Berdin dio, filmean irudia da nagusi, Vangelisen musika eta Kavafisen poemak errezitatzen duen ahotsa. Hainbeste urteren ondoren, ederki ikasita dut Itaka izaki ahoskatzen dutela grezieraz. Izaki.

Liburu berri baten promesarekin bizi naiz orain. Noiz irakurriko dut? Non?]]>
<![CDATA[Eztabaidarena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/3072/032/001/2018-04-26/eztabaidarena.htm Thu, 26 Apr 2018 00:00:00 +0200 Rikardo Arregi Diaz de Heredia https://www.berria.eus/paperekoa/3072/032/001/2018-04-26/eztabaidarena.htm establishment txiki sendoak (zeren euskal literaturan establishment bat baitago) nahiago du kasu gehiegirik ez egin, eskuak garbitu eta hurrengo Durangora pasa.

Era berean, nekosoa izan daiteke aspaldiko eztabaida batzuk berpiztea, ez garai hartan ondorioztatukoa behin-betiko dogma aldaezina delako, baizik eta gurean adanismorako joera handia dugunez, adinean sartzen ari garenoi ahoa zabaltzen zaigulako nahi gabe eztabaida bera, hitz berberekin, jarrera berberekin, pentsakera berberekin errepikatzen ikusten dugunean. Gainera, gorago aipatu dudan bezala, teoria postmodernoak dena errazteko (edo zailtzeko, batek daki) etorri ziren: kanon eta arau zahar estuak atzean utzi eta dena ondo dagoela, dena dela baliotsua aldarrikatu zenetik. Herrigintzan buru-belarri sartu nahi duzula? Aurrera. Autofikzio narzisista dela zurea? Primeran. Eleberri beltz sozialarekin amets egiten duzula? Arazorik ez. Sintaxia desegin eta puntuazioaren zamarekin bukatu? Zergatik ez. Gaztelaniaz idatzi gura duzula euskal literatura? Jakina. Arthur Rimbaud-en Il faut être absolument moderne hartatik «erlatiboki posmoderno izan behar dugu» lasaigarrira egin dugu jauzia. Erlatiboki, noski.

Gainera, zertarako denbora galdu eztabaida korapilatsuetan teoria postmodernoak ere zaharkiturik utzi dituen merkatua ororen gainetik dagoenean? Merkatua da literaturaren jainko bakarra: saldu ala ez saldu, that is the question.

Ironiak eta zinismoak gordeko ditut eta serio jarriko naiz. Demagun, laburbiltzeko, bi parametro dudala liburu baten aurrean: estetikoa, hau da, nola dagoen idatzita, estiloa, nahi baduzue; eta etikoa, liburuak dakarren ideologia edo mundu ikuskera. Idazkera txarra eta nirearekin zerikusirik ez duen mundu ikuskera dituen liburu bat berehala alboratuko nuke, penarik gabe, ez nuke ezta irekiko ere. Idazkera bikaina eta nirearekin bat datorren ideologia dituen liburua irakurriko nuke, oso gustura eta beharbada apur bat beldurtuta perfekzio erabatekoaren aurrean. Idazkera txarra baina ideologia gustukoa dituen liburuarekin arazoak izango nituzke: orrialde batzuk irakurri, gainerakoen gainean begiak pausatu, esaldi gogoangarri baten bat bilatu eta bukatu gabekoen multzora bidaliko nuke lasai asko. Idazkera primerakoa eta mundu ikuskera antagonikoa duen liburua bukatu nuke, bai, apur bat amorraturik, zein ongi idazten duen nazkante honek pentsatu bitartean. Baina mundu honetan gauzak ez dira, zorionez, hain garbiak: idazkera guztiz bikainaren eta idazkera guztiz txarraren artean hamaika ñabardura daude, hamaika estilo, hamaika modu poema bat egiteko, istorio bat sortzeko, ipuin bat edo eleberri bat idazteko; mundu ikuskerari dagokionez, ergel totala izango nintzateke pentsatuko banu nirea bezalakorik ez dagoela, eta adostasun-desadostasunetan ñabardurak ere infiniturantz zabaltzen dira beti. Horregatik liburuz liburu hitz egitea, eztabaidatzea nahiago baduzue, atsegin dut, dauden ikuspuntu guztiak, eztabaida guztiak, kritiko guztiak (sic) eta teoria guztiak (baita postmodernoak ere) kontuan harturik. Altxorrak oharkabean pasa dira askotan, eta bai, eztabaida publikoak lasai eta espanturik gabe egiteko zailtasunak ditugu, zergatik ukatu.]]>
<![CDATA[Fantasia bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/033/001/2018-04-05/fantasia_bat.htm Thu, 05 Apr 2018 00:00:00 +0200 Rikardo Arregi Diaz de Heredia https://www.berria.eus/paperekoa/1905/033/001/2018-04-05/fantasia_bat.htm
Euskaldun ikasien artean (gutxi, antza) ezaguna da Joanes Leizagarrak (edo Joanes Leizarragak zuzendutako talde batek) Itun Berria euskaratu zuela (Bearnoko protestateen sinodoan egin zioten enkargua 1563an), eta oso edizio zaindua atera zela Arrotxelan 1571ean, Joana erreginaren armarria lehen orrialdean, Iesvs Christ Gvre Iavnaren Testamentv Berria izenburuarekin. Beharbada ez da hain ezaguna erreginaren programa erlijiosoan euskara ez ezik, bearnesa ere sartzen zela: 1563an Joan Kalbinen katixima argitaratu zen bearnesez, eta 1568an Arnaut de Saleta-k Clement Marot-en salmoen bertsioa moldatu zuen. Joana erreginak unibertsitate protestante bat sortu zuen Ortezen. Ez zen lorontzi-erregina izan, politika kontuetan oso sarturik, Agrippa d'Aubigne idazle kalbinista barrokoarentzat «emakume izaeratik sexua baino ez zuen» Nafarroako erreginak. Emakume bat gizonezkoen lanetan, badakizue.

Nire balizko fantasia horretan euskal telebista publikoak prozesio katolikoak sustatzearekin batera (aurten suharki egin duen zerbait), balizko eliza erreformatu horren ekitaldiei buruz ere informazio osoa emango zuen, edo (ai, oi, fantasiaren fantasia) erlijioak alde batera utzi eta erromatarren filmak emango zituen, eta, nola ez, Loiuko aireportuari buruzko albiste eternal horiek. Egia da eliza kalbinisten soiltasunak ezin duela lehiatu prozesio katoliko-erromakoen oparotasunarekin (loreak, kandelak, estatua odoleztatuak, txano puntadunak, mantelina beltzak, legionario zangarrak, ministro espainiarrak, kateak, jendea oinutsik, odol gehiago... ). Horregatik, nire fantasian eliza luterano bat ere sartuko nuke, musikagatik bereziki: prozesio katolikoen musika karrankariegia da,, eta eliza kalbinistetan musika-tresnarik ez dago (ez zegoen lehen behintzat), salmoen kantu errazak baino ez: Bachek Köthen-eko gorte kalbinistan lan egin zuenean musika profanoa soilik idatzi zuen, eta horri esker Brandeburgeko kontzertuak, biolontxelorako suiteak eta biolinerako partitak, besteak beste, ditugu orain.

Nire balizko fantasia horretan euskal telebista publikoak prozesio katolikoak sustatzearekin batera (aurten suharki egin duen zerbait; esan al dut?), Bachen Nekaldietako bat eskainiko zuen urtero ikusle luteranoak pozik izateko, edo katoliko, erreformatu eta luteranoez nekaturik betiko programazioarekin segituko zuen, erlijioak ahazturik.

Nire fantasia borobiltzeko, eliza ortodoxo bat sartuko nuke. Ez da oso ideia burugabea: errepublika barik, gure erkidego autonomo eta foraletan gero eta gehiago dira Europako ekialdetik etorri direnak, Errumaniatik demagun. Kristautasun ortodoxoak abantaila asko ditu: hasteko, Berpizkundeari ematen diote garrantzia, eta ez dute hainbeste atsegin hartzen kontu odoltsu eta morbosoetan; bigarren, beste egutegi bat dute (Pazko igandea aurten apirilaren 8a izango da), eta hori aprobetxa dezakegu oporrak beste modu batean antolatzeko; eta hirugarren, euskal telebista publikoak zuzenean eman zezakeen Pazko bezperan Jerusalemgo Hilobi Santuaren elizatik Argi Santuaren errito ikusgarria. Edo fantasiaren fantasia...

Gasteizko prozesio ateoen garaikoa naiz ni, bertan oihukatzen genuena ezin dut hemen idatzi, ez naiz ausartzen. Eliza katoliko-erromakoaren nagusitasunaz nekaturik, beste hiru eliza kristau, gutxienez, izatea iruditzen zait orain biderik egokiena. Lau aldaera duen egia bat airea baino arinagoa da. Euskal telebista publikoaren baimenarekin, jakina.]]>
<![CDATA[Emakumeen gerra]]> https://www.berria.eus/paperekoa/3072/032/001/2018-02-22/emakumeen_gerra.htm Thu, 22 Feb 2018 00:00:00 +0100 Rikardo Arregi Diaz de Heredia https://www.berria.eus/paperekoa/3072/032/001/2018-02-22/emakumeen_gerra.htm Gerrak ez du emakume aurpegirik (Itzultzailea: Iker Sancho Insausti; Elkar, 2017) da irakurri dudan azken euskarazko liburua eta oraindik dabilkit ametsetan; irakurri ditudan azken liburuetatik ederrena, zalantzarik gabe. Esana dago. Badakit asko harrituko direla eder hitz arriskutsua erabili dudalako gerrari buruz eta gerraren izugarrikeriei buruz aritzen den liburua balioesteko: harrituei gogoratu beharko nieke, beharbada, edertasuna gauza polittekin soilik lotzen duen pentsamendu estetikoak gaindituta daramala mende batzuk, baina ez naiz orain teoria estetikoen basoetan sartuko.

Gerrak ez du emakume aurpegirik liburuan Svetlana Aleksievitxek Bigarren Mundu Gerran, Aberriaren Aldeko Gerra Handian, esku zuzena izan zuten emakume sobietarren lekukotasunak biltzen ditu. Kalkulatzen da Sobiet Batasuneko milioi bat emakume armadan ibili zirela mota guztietako zereginetan: erizain, betiko moduan, baina baita frankotiratzaile ere; sukaldari, betiko moduan, baina baita hegazkin-pilotu ere; garbitzaile, betiko moduan, baina baita aire-erasoen aurkako bateriako komandante ere. Liburuak dituen ia 300 orrialdeetan zehar idazleak bildu dituen emakume horien guztien ahotsak agertzen dira gerra garaiko bizipenak era zuzenean kontatzeko: sei lerro besterik ez batzuetan, sei orrialde beste batzuetan. Atal bakoitzaren hasieran soilik agertzen da idazlea azaltzeko zergatik gerra libururik maite ez zuen batek gerrari buruzko liburu hau egin nahi izan zuen edo nola lortu zuen lekuko horrekin edo harekin harremanetan jartzea. Autofikzioaren garaiko idazle ego hanpatuen ondoren, eskertzekoa da, zinez, idazlea lehen lerrotik aldentzeko ahalegina benetako lehen lerroan, frontean, egon zirenei leku eta protagonismo guztia uzteko.

Zer dela-eta hemezortzi urte ere ez zituzten neska haiek guztiek erabaki zuten gerrara joatea? Nola moldatu ziren gizonen artean gizonezko lanetan? «Kondekorazioak ere txikiak ematen zizkiguten», aitortzen du haietako batek. Nola tratatu zituzten gerra amaitutakoan, Garaipena iristean? Zer pentsatzen zuten alemaniarrez edo Stalinez? Emakumeek gerra ez dute kontatzen, ez dute gogoratzen, gizonek bezala, diosku Svetlana Aleksievitxek, bizitzarekin eta naturarekin beste lotura bat dute: lekuko batek azaltzen du nola, idazlea etxera iritsi baino lehenago, senarrak behartu duen mapa zabalduen aurrean fronteak, lerroak, dibisioak eta jeneralen izenak errepasatzera, baina berak beste kontu batzuez aritu nahi du, gerran ibilitako beste neskekin, liburua prestatzen ari zenerako adinean sartutako emakumeekin, bakarrik hitz egiten duenaz, edo berrogei urtez isildu duenaz.

1984an argitaratu zen liburua lehendabizikoz, geroago 2002an, zentsura zaharrak atzean utzirik, berridatzi eta osatu zuen liburua Aleksievitxek. Zentsurari eta autozentsurari buruzko orrialde gutxi batzuk daude liburuaren hasieran, baina, kontuz, Svetlana Aleksievitx ez da ergela: elkarrizketa batean zentsura berriari buruz mintzo da Bielorrusian bere liburu bat 30 euroan dagoela eta bere alaba irakasleak 300 euro hileko irabazten duela azaltzen duenean.

Hamar lerroko testigantza bat irakurri eta liburua itxi egin behar dut lasaitzeko, eztarrian egin zaidan korapiloa poliki-poliki desegiteko. Inguratzen gaituen hunkigarrismotik urrun baino urrunagoa (badirudi den-denak emozio bat sortu behar duela nahitaez), liburu honetako pasarte asko hunkigarriak dira berez, tranpa literariorik eta bestelako tranparik gabe, beharbada Gerrak ez du emakume aurpegirik liburuan kazetaritza nagusitzen delako batez ere, eta ez plastikozko literatura erraza, onak eta gaiztoak lerro argiz bereizten dituena, lezioak eman nahi dituena, auzo lotsa jasangaitza egiteraino errazkeriekin eraikitzen dena.

Ohar oso garrantzitsua: Iker Sancho Insausti itzultzailearen lana, irakurlea lerrotik lerrora erraz eramaten duena, ohar gutxi baina argigarriekin.

Ohar garrantzigabea: Svetlana Aleksievitxi Nobel Saria eman zioten 2015ean, «gure garaiko oinazeari eta ausardiari eginiko oroitarria» izateagatik.

Maialen Berasategik aurrekoan plazaratutako galderek zentzu berria hartzen dute liburu honen argitan.]]>
<![CDATA[Hildakoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2497/025/001/2018-02-01/hildakoak.htm Thu, 01 Feb 2018 00:00:00 +0100 Rikardo Arregi Diaz de Heredia https://www.berria.eus/paperekoa/2497/025/001/2018-02-01/hildakoak.htm
Bizirik geldirik garenontzat hildakoak beti dira ezeroso: alde batetik, norberaren heriotza seguruaren ispilua garbitzen dutelako eta, bestetik, norberak ez dakielako oso ondo zer egin haiekin negarraren ondoren. Bakoitzak konpodu beharko du kontua bere hildako pertsonalekin. Baina zer egin arteak edo literaturak etengabe ekoizten dituen hildako ospetsu horiekin guztiekin? Hasierakoa erraza da gehienetan: laudoriozko artikuluak egunkarietan testu beti labur batzuekin, azken elkarrizketaren berrargitalpena beharbada, minutu gutxiko bideoak telebistetan, abesti pare bat irratietan, presaka antolaturiko ekitaldiren bat. Gero egunak eta asteak eta hilabeteak ahantzurak bere lan geldo edo azkarra egin dezan eta, hildakoa zorionekoa bada, urtemuga iristen denean, laudoriozko artikulu bat (bat) eta, nork daki, presa gutxiagorekin antolaturiko ekitaldi bat, edo ez, modak beste bide batetik joateko ohitura gorrotagarria du.

Kasu batzuetan hildakoarekiko zekenkeria heriotzaren hurrengo segundoan hasten da eta oso luze jo daiteke, bizirik zegoenean ere zikoizkeria arrunta baitzen. Txillardegiren kasua eredu argia da. Donostiako herritar batzuek orain dela gutxi eginiko omenaldia zela eta, Eneko Goia alkatearen hitz laburrek harritu ninduten, ez hainbeste erakusten zuten xuhurkeriagatik, baizik eta azalerazten zuten ezjakintasun entziklopedikoagatik: ez al da konturatu Goia jauna berak darabilen euskaran Txillardegi, gustatu ala ez, txertaturik dagoela, nire hitz hauetan bezala, 2018ko euskaldun guztiongan bezala? Ez dut Txillardegi euskalduntasunaren santu izendatzeko asmorik, ez nion Labartzari agur (Erein, 2005) bere azken eleberriari kritika goxorik egin, baina deabrutzat hartzea absurdoa da guztiz.

Kontrakoa gertatzen da askotan, eta berehala euskal santu-santa egin nahi ditugu hiltzen zaizkigun idazle, kantari edo margolariak. Eta hor hasten dira komeriak zeren, pentsamendu magikoaren bidez, idazle edo margolari ona pertsona on, zintzo eta prestu bilakatu nahi baikenuke, hil ondoren batez ere, eta kontua ez da beti ondo ateratzen: liburu onak idazteak ez du inor pertsona hobeago bihurtzen, nire iritziz behintzat. Azken urteetan Artzeren pentsamoldea kontserbatzailea omen zen; horren aurrean askok nahiago lukete ezinikusiarena egin edo alde ustez gogaikarri hori ezkutatu. Baina Artzeren balizko azken usteek ez diote ezer kentzen, ezta gehitzen ere, bere literatur lanari. Zer egingo genuke, orduan, Borgesekin, T. S. Eliot-ekin edo, muturrerago joanda, Ezra Poundekin? Hartuko al du norbaitek Artzeren biografia serio bat egiteko lana?

Horregatik mirestekoa iruditu zait Koldo Izagirrek, begirune eta kritika (biak zentzurik onenean) uztartuz, prestatu duen Leteren antologia, epilogoa eta guzti. Idazle hildako bati egin dakiokeen omenaldirik onena bere liburuak bizirik mantentzea da, berrargitaraturik edo antologaturik, edo haren gaineko liburuak ateratzea. Euskal kultur munduko pertsona batzuek ez dute begi onez ikusi mundu guztiak zekiena, plagioarena, aipatzea. Zergatik ez hitz egin arazoaz mundu guztiak baldin bazekien? Beti pentsatu izan dut mundu guztiak dakiena eta inork ez dakiena oso esapide sinonimoak direla askotan, eta mundu guztiak dakien horren atzean, azken buruan, iniziatu batzuek baino ez dakitena bizi dela gorderik. Euskal kulturaren munduan horrelako asko dago, horrelako hitz erdiak, horrelako isiltasunak, horrelako diskrezioak, horrelako sekretutxo merkezurrekoak. Egiak, hildakoen antzera, ezeroso izan daitezke, baina beti izango dira askatasunaren bide..]]>
<![CDATA[Urteko lehendabizikoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2550/024/001/2018-01-11/urteko_lehendabizikoa.htm Thu, 11 Jan 2018 00:00:00 +0100 Rikardo Arregi Diaz de Heredia https://www.berria.eus/paperekoa/2550/024/001/2018-01-11/urteko_lehendabizikoa.htm
Orain dela urte batzuk sineskeria berezi samar bat garatu nuen, zeinaren arabera urte berrian irakurriko nukeen lehen liburuak urte osoaren ibilbidea (amodioa, osasuna, dirua) baldintzatuko baitzuen. Banekien zein libururekin hasiko nintzatekeen aurten, horretarako propio, gutxi gorabehera, erosi izan nuelako orain hilabete batzuk; banekien, era berean, Dorre Ikaragarri horietako batean zetzala. Beraz, dorreak arakatzeari ekin nion, hautsa kendu eta gero, eta topatu nuen 2018ko nire lehen liburua. Lotsa apur bat ematen dit aitortzeak ez dela euskarazko liburu bat (heretiko bat naiz, barkatu), ezta poesia liburu bat ere, eta idazlearen izena guztiz ezezaguna zitzaidala: Mario Satz, Pequeños paraisos. El espiritu de los jardines (Acantilado, 2017).

Gorago erabili dudan propio hitza ez dela batere egokia konturatzen naiz orain; egun hartan liburudendara sartuko nintzen beste liburu bat erosteko asmoz ziur aski, baina hiruzpalau libururekin atera beti bezala, horregatik beldur pixka bat diet liburudendei. Azalak eta izenburuak deitu zidaten: azala berdexka da, zuhaitz lausoak, hostoak (liburuak Hayami Gyoshu-ren irudia dela dio, XX. mende hasierako margolari japoniarra, eta koadroaren izenburua Hosto berriak dela); izenburuaz zer esan, lorategi eta parkeak maite ditut itsuki. Aurkibidea irakurri (Paradisua: sinbolo eta utopia, Lorategi pertsiarra, Lorategi hindua, Lorategi sufia, Lorategi txinatarra, Kabalako paradisua... ), Atxaga gogoratu eta liburua eskuetan itsatsirik gelditu zitzaidan. Egileaz liburu gehienek dakartena irakurri nuen gero: argentinarra (puntu bat alde), Coronel Pringles izena duen hirian jaiotzeko kemena izan zuen (beste puntu bat), Kabalan aditua (beste bat), Giovanni Pico della Mirandola humanistaren gaineko ikerketak (puntu bat); ederki, eruditoak atsegin ditut. Geroago irakurri nuen Wikipedian idazle emankorra dela. Gustatu zait liburua; ez nau liluratu, baina. Nolanahi ere badakit liburutxoak oihartzuna izango duela nire baitan, batek daki noiz. Parkeak, zuhaitz orain biluziak, belaze elurrez estaliak begi jakintsuagoz ikusten ditudala orain iruditzen zait. Epikuro, Paul Valery, Omar Khayam, Apuleio, Dante berrirakurtzeko gogoa piztu dit liburuak; beste liburu eta idazleei ateak zabaltzen dizkieten liburuak eskertzekoak dira beti.

Urtea hain goi-arnas hasi ondoren, mistizismoa garbitu beharra nuen eta Dorre Ikaragarrietara joan nintzen berriro: mistizismoarekin batera hautsa kendu (izugarria da liburuek hautsa erakartzeko duten ahalmena) eta bi liburu aukeratu nituen (Maialen Berasategik literatur polimaitasuna ez dela bekatu idatzi zuen). Lehendabizikoa, Patxi Larrionen Feriatzaileak (Susa, 2016), jende guztiak irakurria izango du dagoeneko, baina ez naiz ni berritasunak berehala jaten dituen horietakoa. Bigarrena, Vicente Luis Mora, ez literatur kritika saiakera oraingoan, eleberria baizik: Fred Cabeza de Vaca (Sextopiso, 2017). Bi horiekin nago orain aldi berean.

Pozik nago, beraz, dorreei hiru solairu kendu dizkiedalako. Baina laster sartuko naiz liburudenda batera Ana Malagonen azkena erostera, burua hotz sartu ere, Ana Malagonenarekin bakarrik ateratzeko. Badakit tentazioak handiak izango direla, dorreak gose-egarri dira.]]>
<![CDATA[Plazent eta atsegin]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/024/001/2017-12-21/plazent_eta_atsegin.htm Thu, 21 Dec 2017 00:00:00 +0100 Rikardo Arregi Diaz de Heredia https://www.berria.eus/paperekoa/1905/024/001/2017-12-21/plazent_eta_atsegin.htm Agur jaunak kantatzen al dute?). Gaztelania zen nagusi eta ikasi egin behar zen atzerriko hizkuntza, frantsesa (Marseillesa buruz dakit oraindik). Oso-oso aspaldi, bai.

Eskolan ikasi eta irakurritakoari esker segida eman ahal diet, ahalegin berezirik egin gabe, gaztelaniazko literaturan esaldi edo pasarte mitiko bilakatu direnei (Caminante, no hay camino... edo Nuestras vidas son los ríos que... eta abar). Suposatzekoa da gaur egun hezkuntza euskalduna izan duten gehienek antzeko trebetasuna izango dutela eta Lizardi, Rimbaud etorri duk mitikoari segida eman diezaioketela hitanoa sekula erabiltzen ez badute ere, edo Egun batez, konpainia on batean, euskaldunik baizen bezalakoen aurrean haien buruak etxeko egongelan sentituko dituztela eroso, Gero osorik inoiz ez badute irakurri ere. Baina iristen zaizkidan oihartzunek ez diote bide askorik ematen baikortasunari: Leire Narbaiza kexu agertu da EAEn jaio eta B ereduan ikasitakoek ez baitute Mikel Laboa edo hainbat euskal kanta mitiko ezagutzen (D eredua ere ez da bermea); Iban Zalduak zenbait testutan, bereziki (Euskal) literaturaren alde (eta kontra) (Elkar, 2016) liburuan eta Euskal literaturaren mitoak (eraisten) artikuluan, aztertu ditu zer liburu mota ematen zaien ikasleei eskoletan gaztelaniaz eta euskaraz, eta ondorioztatu gaztelaniazko kasuan oraindik nolabaiteko kanon bati eusten dioten bitartean, euskarazkoan kaosa eta azken best seller halamoduzkoak direla nagusi. Horrela zaila da gogoan pasarte edo esaldi mitiko eta beraz klasikoak gordetzea, horrela ezinezkoa da mundu baten partaide sentitzea. Ai, Leire, irakasle askok pentsatuko dute, gainera, ikasleei ez zaiela Mikel Laboa interesatzen, ez badute pentsatzen Laboa zaharrunoa dela. Ahanzten zaigu ezagutzen ez denak ezin duela interesa piztu, ezagutzen ez dena maitatu ezin den moduan.

Euskal telebistaren hasierako garaian batzuk harritzen ziren Far-West generoko filmetan indioak euskaraz mintzatzen zirenean (agian indioen berezko mintzaira infinitiboz jositako gaztelania hura zela uste zuten); orain, aldiz, batzuek beren sukaldetxokoak ez diren euskara guztiak arbuiatzeko joera dute eta emaitza argia da: beren sukaldetxokoak ez diren beste euskarak, hau da euskara, ulertzeko zailtasunak dituzte. Mota guztietako erreferentziak (baita, barkatu, kulturalak ere), hezkuntza, ohiturak, film bikoiztuak eta azpitituludunak, horiek guztiak eta gehiago beharrezkoak ditugu «erresonantzia-kaxa» ospetsu hori sendotzeko, Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai bezalakoak lasai ulertzeko, kanta batuegia edo gipuzkeregia den ala ez eztabaidatu barik, bizigai horren jatortasun mailari buruzko digresio aspergarririk gabe. Are gehiago euskarara itzultzen diren film edo liburuak aurreiritzirik gabe jaso arte, gaztelaniazkoekin egiten dugun bezalaxe, ezin izango dugu egoera irauli.

Orain dela aste pare bat, konpainia on batean, euskaldunik baizen etzen lekhuan nengoela pertsona euskaldun gutxi gorabehera ospetsu bati buruz aritu ginen, sexu kontuak hizpide jakina, mingainak gaixtoki zorroztuz; halako batean lagunetako batek hauxe bota zuen: «Auskalo zer egingo duen gizon horrek bere bakardadean!». Barreak ez ziren Gasteiztik pertsona euskaldun ospetsu hori bizi den tokiraino, kostalderaino, iritsi gutarik bik, barre algaren ordez, galderaz beteriko irribarre gizalegezkoa baino ez zutelako erakutsi. Txantxaren nondik-norakoak, erreferentzia literarioa eta abar, azaldu behar izan genizkien, txantxa zapuztuz, noski. Horrelako gauzetarako, batez ere horrelako gauzetarako, behar ditugu, nire ustez, hizkuntza, literatura eta kultura, ondo pasatzeko, konplizitate sarea zabaltzeko; horrela beharbada irakurle gehiago erakarriko ditugu. Eta hala segur da euskarako bidea, behar den bidean hartzen duenarentzat, plaun dela, plazent eta atsegin.]]>
<![CDATA[Sautrela eta Sònia Moll]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/032/001/2017-11-09/sautrela_eta_snia_moll.htm Thu, 09 Nov 2017 00:00:00 +0100 Rikardo Arregi Diaz de Heredia https://www.berria.eus/paperekoa/1905/032/001/2017-11-09/sautrela_eta_snia_moll.htm autrela-ren desagerpenarekin ere hasiko dut nire txanda gaurkoan, kexatzeko, jakina, eta laster ETBko euskal adar txiroan literaturari edo liburuei buruzko programa berria izango dugun itxaropen eszeptikoarekin. Telebista publikoari buruzko ideia zaharrunoak ditut, badakizue: kultura sustatu, euskara bultzatu eta ergelkeria horiek. Agian sukaldaritzarekin, kirolarekin eta bertsolaritzarekin ETBk betetzen ditu dagoeneko helburuok, eta literatura edo liburuak lekuz kanpo edo baztertxo batean daude euskal kulturaren mundu zoragarri honetan, eta ni naiz zoratuta dagoena. Batek daki. Irakurri dut nonbait Sautrela desagertu dela finantzaketa arazoak zeudelako, dirurik ez zegoelako alegia, arrazoi benetan bitxia telebista publiko batez mintzatzen denean, baina ez naiz jarriko zergak zintzo-zintzo ordaintzen dituen herritar haserrearen paperean. Azkenaldian, edozein kontu kritikatzen denean, agintean daudenek proposamenak eta alternatibak eskatzen dituztenez, hona hemen nireak balizko programa berri horretarako: programa zaharrean agertzen ziren koadro eta eskultura moderno haien ordez, dirua emango duten enpresa babesleen publizitatea jarri beharko lukete, pilotalekuetan bezala, eta aurkezleek, baita haien liburuak aurkeztera joaten diren idazleek ere, paparrean eta, batez ere, ipurdian enpresa horien logotipoak harro erakutsi beharko lituzkete futbolarien moduan; edozer txalotzeko prest egongo litzatekeen ikusle gatibu talde bat eramatea ere ez legoke gaizki. Horrekin nahikoa ez balitz, beste ideia batzuk ditut buruan bueltaka: eleberriak-eta idaztea ondo dago, baina badakite euskal idazleek fundamentuzko porrusalda bat egiten?

Hain kontu serioarekin fribolizatzea gaizki dagoela pentsatuko dute batzuek. Ez nago ados; uste dut, gutxienez astero, plazaratu beharko genukeela zerbait, fribolo nahiz serio, literaturak edo liburuek euskal kulturan duten lekuari edo ez-lekuari buruz.

Katalunia hona ekartzea zen gaur ene helburua, Kataluniako liburuak, literatura, poesia. Ez politika, lasai, literatura eta liburuak politika badira ere, Sautrela-koa kontu politikoa den bezala. Izan ere, irakurri dudan azken poeta emakume katalana da: Sònia Moll Gamboa (Bartzelona, 1974). Ez nuen ezagutzen, baina orain dela aste pare bat bere azken liburua irakurri eta zatitxo bat itzultzeko aukera izan nuen. Liburuaren izenburua da I Déu en algun lloc (2014, Vic: Café Central i Eumo Editorial), euskaraz Eta Jainkoa nonbait, badago gaztelaniazko itzulpena: Y Dios en algun lugar (2017, Barcelona: Godall Edicions). Poema liburuak idatzi ditu, narrazioak, zutabeak prentsan, blog batean aritzen da, helduen irakasle ibilia. Azken poema liburu horren ardatza amaren gaixotasuna da, alzheimerra, eta poemaz poema heriotza handi beldurgarria prestatzen duten heriotza txiki mingarriak aletzen ditu, testu luzeak eta laburrak tartekatuz, baliabide narraziozkoekin zein lirikoenekin.

«Ez dut zutaz gehiago hitz egingo./ Joaten utziko zaitut,/ jakintsuek nola egin esaten diguten bezala/ —zu ni gabe/ ni zu gabe/ nola ibili bide hau?/ Zuregana eramaten ninduten mendi guztiak/ igo eta jaitsi ditudala./ Geratzen zaidan maitasun guztia/ azken malda zatia igotzeko baino ez zaidala iristen:/ gaurko isiltasun hau,/ kontu tristeen/ usain nahasezin hau».

Oso zaila Sònia Mollen katalan erritmiko ia-ia monosilabikoa euskaraz ematea, eta erraza poemak ulertu, berarekin hitz egin eta, horrela, testuen muinera eta idazlearen gogora barneratu ahal izatea. Zainketaz asko hitz egin genuen, elkarren zaintzeaz. Zahar etxeari buruzko poemak gogoangarriak dira («Zure etxea/ ez da inoiz gehiago nire etxea izango»). Zaintzea ez bakarrik familiakoak eta gertuko gaixoak, Kataluniak oraintxe duen egoera zailean guztiok elkarren zaindu behar premiazkoaz mintzatu zitzaidan Sònia Moll. Poesia eta politika. Aita Menorkakoa, ama Txileko indigena, «Bartzelonako Sant Andreu auzokoa ni», Katalunia berriaren ispilu iruditu zitzaidan Sònia Moll. Poemak, errebelazio ustekabea.]]>
<![CDATA[Filmak eta sariak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/032/001/2017-10-19/filmak_eta_sariak.htm Thu, 19 Oct 2017 00:00:00 +0200 Rikardo Arregi Diaz de Heredia https://www.berria.eus/paperekoa/1905/032/001/2017-10-19/filmak_eta_sariak.htm Egunaren azken hondarrak, jatorrizkoan The Remains of the Day, eta Ez nazazu sekula joaten utzi, jatorrizkoan Never Let Me Go), eta lehendabizikoa oso-oso ezaguna dela; izan ere, ziur naiz Kazuo Ishiguro inoiz irakurri ez duen jende askok ikusi duela James Ivory-k zuzendutako filma. Telebista publikoen zereginen artean kultura sustatu eta populazioaren heziketa handitzea daude nire aurreiritzi zaharruno eta gaur egun beharbada lekuz kanpokoaren arabera; horregatik, programazioari adi egongo naiz hurrengo asteetan ea, Nobel Saria profitatuz, ETBri bururatzen zaion aipaturiko bi film horiek eskaintzea.

Maialen Berasategik pasa den astekoan iradoki bezala, gerta daiteke The Remains of the Day eleberria liburudendetako erakusleihoetan berriro agertzea, gaztelaniaz jakina, larruazalean Emma Thompson eta Anthony Hopkins afaria zerbitzatzeko prest. Zer egingo diogu. Literaturaren eta zinemaren arteko harremanez asko idatz daiteke, hiru aste daramagu hemen, Juan Luis Zabalak hasita, aferaren alde batzuk jorratzen.

Bi kontu gehiago besterik ez. Lehenengoa: bat-batean Daphne du Maurier-en Rebecca irakurtzeko gogoa etorri zaidala, inoiz leitu gabea Alfred Hitchcock-en filma hamaika aldiz ikusi eta beti mirestu dudan arren (zuzendari beraren Txoriak filmak, jatorrizkoan The Birds, idazle beraren ipuin bat du iturburu). Bigarrena: orain dela gutxi lagun bat, haserre ez dut esango, baina apur bat urduri sumatu nuen, esan nionean berak hainbestetan goraipaturiko Neskamearen ipuina, jatorrizkoan The Handmaid's Tale, telesaila eleberri batean oinarrituta dagoela; galdeketa sakon eta osoa egin zidan: nor zen idazlea (Margaret Atwood, nik; inoiz entzun gabea, berak), noiz argitaratu eleberria (1985ean, nik; hain aspaldikoa, berak) eta abar. Berarekin telesailaren bi kapitulu eta erdi ikusi arte, ez zuen bakerik izan. Eleberria irakurtzeko egin nion gomendioa alferrikakoa izan zela uste dut. Zer egingo diogu. Telesaila ondo dago. Liburua ondo dago. Plazaratzen den distopiak hausnarketarako bide oparoa eskaintzen du. Telesailaren bidez jende gehiagok Margaret Atwooden berri badu, primeran.

Nobel Sariarekin hasi naiz eta Euskadi Sariekin bukatu nahi dut gaurkoa. Aspaldian bi une zuten Euskadi Sariek: egun batean sarien berri ematen zen eta hedabideetan saridunak eta saridunen liburuak agertzen ziren, artikulu pare bat, elkarrizketaren bat agian, eta handik aste batzutara sari emanaldia zetorren, askotan telebista publikoaren bidez ikusteko aukera genuen eta guzti, eta idazleen eta liburuen aipamenak berriro entzun edo irakurtzen genituen. Geroago sariak biderkatu ziren eta sarituen berri pixkanaka-pixkanaka aditzera ematen zen. Garai berean, edo lehenago, edo beranduago, ez naiz oroitzen, Euskadi Sarien kontrako manifestuak agertzen hasi ziren, urte batzuetan bai, beste urte batzuetan ez. Orain Euskadi Sariena telesail bat da, ia-ia kulebroi bat, hilabeteak eta hilabeteak hartzen dituena. Lehenik, Euskadi Sariari uko egiten dioten idazleak datoz, handik aste batzuetara finalistak, beste aste batzuen ondoren kategoria batzuetako irabazleak, geroago beste kategorietako irabazleak eta bukatzeko sari emanaldi protokolarioa. Nik ondo deritzot tenperatura txikian egindako errezeta horri, zenbait liburuk aipamen gehiago izango baitute horrela, gaur egun liburuek duten iraungitze data luzatuz. Bide batez, pozgarria da poema liburu bat (Asier Serranoren Linbotarrak) euskarazko Euskadi Sari nagusia irabaztea. Asier Serranorena, garai batean (orain dela hamar urte) Sarien aurkako manifestuetako bat sinatutakoa, hain zuzen...]]>
<![CDATA[Udarako liburuak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1912/031/001/2017-09-28/udarako_liburuak.htm Thu, 28 Sep 2017 00:00:00 +0200 Rikardo Arregi Diaz de Heredia https://www.berria.eus/paperekoa/1912/031/001/2017-09-28/udarako_liburuak.htm
Uda hasieran liburu gomendatuen jolasa dugun bitartean, ez dut ulertzen zergatik ez dugun, uda bukaeran, liburu irakurrien jolasa: irakurleak bideren bat izan beharko luke eskura gomendatutako liburu irakurrien gainean iritzia eman ahal izateko, zerbait irakurri badu behintzat; horrela, hurrengo urtean udarako liburuak gomendatu behar dituztenek laguntza izango lukete. Denbora azkar doa, baina, eta orain udazkenean kezka bestelakoa da: zeinek zer aterako Durangorako, zeinek zer aurkeztuko. Beste liburu zerrenda dugu aurretik.

Ez didate niri inoiz ofizialki eskatu udarako liburu gomendiorik (ea horrela segitzeko aukera dudan); lagunek edo ezagunek soilik egin ohi didate galdera eta zer erantzunik ez gelditzen naiz ia beti, atakatik ateratzeko baliabide tranpatiak ditudan arren. Izan ere, nik udan liburu erosi pilatuetatik ateratzen dut irakurgaia eta, batez ere, nire literatur perbertsioetatik. Lehendabizikoa: aitortu behar dut unibertsitatea utzi nuenetik literatur kritika dela nire irakurketen iturri nagusietako bat udarako. Ez dago azterketarik, beraz, ez dut zertan oharrik hartu behar, ez dut zertan mahairik erabili behar eta hondartzan edo igerilekuan begiratzeko asko dagoenez (zeruaren urdin aldakorrak, hodei are aldakorragoak, olatuen erritmoa, edalontzian apurka sortzen diren tantatxoak eta abar), gogoa aske irristatzen da kontzeptuen artean orrialderen baten goiko punta noizbehinka tolestatuz berrirakurketa balizkoa prestatzeko. Vicente Luis Mora kritikariak ordu zoriontsuak oparitu dizkit pasa den udan.

Bigarren perbertsioa, askozaz ere inuxenteagoa, XIX. mendeko eleberriei buruzkoa da. Aurtengo udan Tolstoiren Gerra eta bakea egokitu zait eta Andrei Bolkonski printzearekin ametsak izan nituen ia gauero. Eleberria irakurtzen ari nintzen bitartean, konturatu nintzen gaur egun literatur berritasun moduan aurkezten dizkiguten osagai asko Toltsoiren eleberri luzean daudela, hau da, XIX. mendeko eleberri oso ezagun batean, bata bestearen atzetik agertzen zaizkigula XXI. mendeko eleberri berri berritzaile askoren aurkezpenean editoreak edo idazleak berak berritasunei buruz botatakoak. Txoko honetan bertan pasa den asteko Maialen Berasategirena irakurtzean, Deskubrituak deskubritzen, udako sentsazioen oihartzuna itzuli zen nire gogo-gorputzera. Tolstoiren eleberriak fikzioa (istorioak) badu eta badu ez-fikzioa (Historia); pertsonaia fikziozkoek eta pertsonaia historikoek gela berean egiten dute dantza, eta leku berean gerra; fikziozko Bolkonski printzeak Kutuzov jeneral historikoarekin hitz egiten du; eta bat-batean Tolstoik pertsonaia horiek guztiak abandonatzen ditu historiografiaz aritzeko, garaiko historialariak kritikatzeko, Historia egiteko bestelako moduak proposatuz. Aste gutxi barru norbaitek, azken eleberria saltzeko, kontatuko digu fikzioa eta errealitatea nahasi dituela lehendabiziko aldiz unibertso honetan. Hurrengo udan XIX. mendeko zer irakurri hasiko naiz pentsatzen orduan.]]>